Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zuzenbide zibila  >>  Legeria  >> Hipoteka zuzenbidea

Hipoteka Erregelamendua. 1947ko otsailaren 14ko Dekretua, Hipoteka Legea betearezteko Erregelamendua onesten duena

1947-02-14

Itzulpena nork: Gaminde Egia, Eba; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés; Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Justizia Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1947/4/16, 106. zk

Hipoteka Erregelamendua

1947ko otsailaren 14ko Dekretua, Hipoteka Legea betearezteko Erregelamendua onesten duena

EAO, apirilaren 16koa

ZIOEN AZALPENA

1944ko abenduaren 30eko Legeak aldaketa esanguratsuak sartu zituen aurreko legerian, nola ondasun higiezinen araubideko arau substantiboei buruzkoak, hala erregistratzaileen estatutu juridikoari, erregistroen lurralde antolaketari edota bertako idazkunen laburpenari buruzkoak.

1946ko otsailaren 8ko testu bateginak zehatz-mehatz jaso zituen aldaketok; testu horrek, 1909ko eta 1944ko legeak harmonizatu ez ezik, gaien antolaketa berria ere ezarri zuen, legearen tituluak modu sistematikoan banatuz. Horretarako, testu bateginean neurriz erabili ziren Gorteek Justizia Ministerioari emandako eskuespenak, erregistroen lurralde antolaketari eta erregistratzaileen estatutu pertsonalari begira.

Zernahi gisaz, indarreko testu bategina aldarrikatzean berrikuntza eta eraldaketa zeharo sakonak sartu zirenez gero, aurki ikusi zen erregelamendua behar zela, bai legearen manu berriak garatu eta legeak ahalmen erregelamendu-emailearen menpe utzitako gaiak arautzeko, bai, aldi berean, lege-testu berria eta aurreko legeriaren araberako erregelamendua aplikatzean nahitaez sortzen ziren arazo praktikoak konpontzeko; izan ere, erregelamendu zaharkitu horrek zatikako hainbat eraldaketa izan zituen ordurako.

Beharrizan nabari hori asetzeko, Justizia Ministerioak legelarien batzorde bat izendatu zuen. Batzorde horrek lege-testu bategina idatzi zuenaren ereduari ekin eta oso epe laburrean burutu du ondoko erregelamendua, zeregin horrek dakarren ahalegin izugarria ahaztu gabe.

Espainiak itsasoz bestaldean zituen antzinako probintzietan aplikatutako Erregelamenduak indarrean zirauen 1915eko abuztuaren 5az geroztik; erregelamendu horrek legearen titulu berdinak jaso zituen, legean azaldutako izendazio eta hurrenkerari eutsiz, eta aztergai dugun Erregelamenduak ere plan berbera erabili du, horretara hagitz errazten delako legearen eta erregelamenduaren arteko alderaketa.

Esangura formal huts horretan, Administrazioaren beste erregelamendu batzuetan erabilitako berrikuntza sartu da, alegia, gai berari buruzko artikuluetan oharrak jartzea bazterreko idazpuru edo epigrafeen bidez, horien kontsulta errazteko.

Bestalde ere, aurreko erregelamenduetan agertzen zen eranskina sartu da; eranskin horretara zenbait eredu bildu dira, erregistroetako idazkun, ziurtagiri, aurkibide eta estatistikek orokorrean bete behar dituztenak, kasu bakoitzaren berezitasunak bazter utzita. Bide horretatik, bulegoetako eginerak eraberekotu ez ezik, idazkun nahiz eragiketen formulak ere laburtu eta erraztu dira, gai horretan esperientziak agerian utzi duen beharrizana asetzeko asmoarekin legegileak zehatz-mehatz adierazitako gurariarekin bat etorriz.

Alde formal horretatik at eta esparru substantiboari helduz gero, gehiegizkoa izango litzateke Erregelamendu berriak aurrekoan sartu dituen berrikuntza guztiak banan-banan azaltzea, horiek era askotakoak eta batzuetan sakonak baitira; arean ere, erregelamendu horretara bildu dira, bai lege-testu bateginak sendetsitako erakunde juridiko berrien jardunbideari buruzko arauak, bai 1915az geroztik sakabanaturik agertu diren hainbat xedapenetako arauak, bai eta Auzitegi Gorenak zein Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak emandako doktrinaren ondoriozkoak ere.

Erregelamenduaren norainokoa azpimarratzeko, nahikoa izango da esanguratsuenetarikoak zerrendatzea.

Ahalak eta leherrak egin dira erregelamendu berrian administrazio-emakiden inguruko erregistro-arauketa laburtu eta sistematizatzeko, horretarako oinarria herri-lan unitatearen inskripzioa izanik; horrez landa, arauketa horretan sartu dira energia elektrikoa ekoitzi edo banatzeko industria-ustiategiak, horiek kasuan kasuko administrazio-emakidaren menpe geratu direnean.

Hariari segiz, berrikuntza aipagarria izan da prozedura egokia eratzea preskripzio bidez eskuratutako herri-uren aprobetxamenduak inskribatzeko; horri esker, aurre egin zaio Herri Administrazioak eta jabe interesdunek edukitza-informazioak kendu zirenetik zuten presazko beharrizan bati, lehen informazio horiek balio zutelako harako aprobetxamenduak inskribatzeko titulu gisa, 1927ko urtarrilaren 7ko Errege Dekretu-legearen arabera.

Jabetza Erregistroan eragina duten ondare izaerako familia-harremanen esparru pribatuan, erregela argi eta zehatzak jaso dira emakume ezkonduek ezkontza bitartean kostu bidez eskuraturiko ondasun higiezin eta eskubideak inskribatzearen inguruan, baita ondasun zein eskubideok xedatzeko egintza eta kontratuak inskribatzearen inguruan ere. Legeria zibilaren oinarrizko printzipioak zorrotz betetzen dituzten arau berri horiekin konpondu nahi izan dira beti bateratsua izan ez den jurisprudentzia oparoak sorrarazitako zalantzak nahiz zailtasunak.

Erregistroaren araubideari estu-estu lotzen zaion prozesu-eremuaren aldetik, arau xeheak eman dira inskribatutako eskubide errealen exekuzio-prozedura bereziari begira. Prozedura hori lege-testu bateginaren 41. artikuluak ezarri du, 1944ko Legeak Erregistroaren izen ona eta eragingarritasuna indartzeko sartu zuen berebiziko berrikuntzarekin bat etorriz; edu berean, irakaskuntza esperimentalei ekinez, erregistratzaileek eginiko kalifikazioen kontrako gobernu-errekurtsoen izapidetza eraldatu da, izapidetza hori labur dadin eta, betiere, agiria eskuetsi duen notarioak errekurtsoa jartzeko formalitatea izan dezan, erregistratzailearen kalifikazioak ezezkoa eman dionean agiri horri.

Ildo bertsutik, legeak emandako nahitaezko lege-agindua beteta, ahalik ondoen garatu da hipoteka-mailegua epaiketatik kanpo exekutatzeko prozedura, aurreko Erregelamenduaren 201. artikuluan «ad exemplum» araututako prozedura kontuan hartuta.

Hipoteka-eskubideari dagokionez, lege-testuaren modalitate berriak arautzeko manu osagarriak eman dira; halako modalitateak dira, besteak beste, aldian aldiko errenta edo prestazioak bermatzen dituzten hipotekak, alde bakarreko egintzaren bidez eratutakoak edota erantzukizun mugatukoak. Gai hori erregelamenduan jasotzean, hipoteka horien eraketa nahiz araubidea erraztu nahi izan dira, praktikan zinez erabil daitezen, legegileak Espainiako legerian horiek sartzean nahi zuen bezala.

Edu berean, 1944ko Legeak hasi eta testu bateginak jasotako bideari ekinez, inskribatu gabeko jabetza Erregistroan sartzea erraztu da, legeak onartutako immatrikulazio bide desberdinak xehetasunez arautuz, jabe txikiek zein ertainek erabil ditzaten bide horiek; hala ere, behar besteko bermeak ezarri dira, gerta daitezkeen iruzurrak saihesteko, eta sistemaren baliabideak inoiz izan ez daitezen ondare erkidea bereganatu nahi dutenen aldekoak, batik bat estatuaren baso-ondarea bereganatzen dutenen aldekoak.

Eta, azken buruan, neurri egokiak eman dira inskribatu gabeko agiriak epaitegi, auzitegi nahiz bulegoetan ez onartzeari buruz, Legearen 313. artikuluak ezarritakoa goitik behera bete dadin eta legegileak agindutako debekua oraingoan eragingarria izan dadin, alferreko hitz bihurtu beharrean, aurretiaz antzeko manuekin gertatu izan den bezala.

Xedapen horiek guztiak eta hemen aipatzen ez diren beste hainbat kontuan hartuta, on izango litzateke erregelamendu berria behin betiko testu moduan argitaratzea, batetik, aurrekoarekin gertatu zena berriro gerta ez dadin, hots, behin-behineko testu moduan aldarrikatu zena, hogeita hamar urte luzetan indarrean egotea, eta, bestetik, testu horren agintea indar dadin, estatuko kontsulta kidego gorenaren aurretiazko irizpenaren bidez; arean ere, irizpen hori beti da komenigarria, Ondasun Higiezinen gaineko Jabetza Erregistroa bezalako erakunde garrantzitsua arautzeko, baina are gehiago ondokoa ziurtatzeko: antolamendu berriak ez duela gainditu Administrazioaren ahal erregelamendu-emaileak duen lege-esparru zehatza.

Horren eretzean, Justizia-ministroak hala proposatuta, Estatu-kontseiluaren irizpenarekin bat etorriz eta behin Ministroen Kontseiluan gaia eztabaidatu ondoren, hauxe xedatu dut:

1. artikulua

Behin betiko izaerarekin onetsi da ondoko erregelamendua, 1946ko otsailaren 8ko Hipoteka Legea betearaztekoa.

2. artikulua

Erregelamendu hau indarrean jarriko da penintsulan, alboko uharteetan, Kanarietan eta hipoteka-legeria bereziaren menpe ez dauden Afrikako lurraldeetan, behin «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo hogei egunak igarotakoan (apirilaren 18ko Aldizkarian argitaratu da).

HIPOTEKA LEGEA BETEARAZTEKO ERREGELAMENDUA

LEHENENGO TITULUA JABETZA ERREGISTROA ETA INSKRIBATU BEHARREKO TITULUAK

JABETZA ERREGISTROA

1. artikulua

Jabetza erregistroek egungo lurralde-mugabarrua, hiriburua eta izendazioa izango dituzte, eta horiek aldaraz daitezke herri-interesak hala eskatzen duenean, legeetan eta erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. artikulua

Legearen lehenengo artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera, ondasun higiezinak zein lurralde-mugabarrutan izan eta bertako Erregistroan egin behar dira inskripzioak nahiz idatzoharrak.

Bi Erregistro, Udal zein Ataletako edo gehiagoko lurraldeetara hedatzen bada finka, deskripzioa horietan guztietan egin behar da, Atal edo Udal bakoitzari dagokion luze-zabala zehaztuz.

Edu berean, zati bakoitzaren deskripzio berezia aipatu behar da, halakoa izanez gero.

3. artikulua

Erregistro beraren barruan finkaren bat okerretara inskribatu bada horri ez dagokion Udal zein Atalean, interesdunak erregistratzaileari eska diezaioke kasuan kasuko idazkuna zein idazkunak lekutik aldatzea, eskabidearekin batera titulu inskribatua eta egitate hori egiaztatzen duen administrazio-ziurtagiria aurkeztuz.

Erregistratzaileak uste badu bidezkoa dela lekualdaketa egitea, halaxe egingo du, eta horretarako izapide bakarra izango da lekualdaketak uki ditzakeen gainerako interesdunei berori komunikatzea, lekutik aldatutako idazkunetan eta idazkun berrietan aipamen-ohar egokiak eginez.

Lekualdaketa egiteko, folioan finkaren gaineko idazkun eta ohar guztiak oso-osorik kopiatuko dira finka horri dagokion zenbaki berriarekin; aurreko historia itxiko da, eta liburuan nahiz folioan lekualdaketaren arrazoia azalduko da, kasuan kasuko bazterreko oharrak eginda.

Finka Atal edo Udal batean inskribatu behar bada, eta hori beste Erregistro bati badagokio, orduan, aurrekoaz landa, erregistratzaile bien adostasuna behar da, eta, eskabidearekin batera, okerretara inskribatutako finkaren gaineko idazkun eta ohar guztien hitzez-hitzezko ziurtagiria aurkeztu behar da. Ziurtagiri hori oso-osorik kopiatuko da kasuan kasuko folioan, eta aurreko lerrokadan ezarritako eginbideak ere gauzatuko dira.

Kasu guztietan, eragiketa egokiak egin behar dira Aurkibideetan.

Ezezkoa edo desadostasuna izanez gero, interesdunak Zuzendaritza Nagusira jo dezake, eta horrek, bidezko deritzen pertsona edo erakundeen txostenak jaso ostean, ebazpen egokia emango du, baita lekualdaketa egiteko beharrezko erregelak ere, hala behar denetan.

INSKRIBATZEKO MODUKO ONDASUN NAHIZ ESKUBIDEAK ETA INSKRIBATU BEHARREKO TITULUAK

4. artikulua

Ondasun higiezinak eta euren gaineko eskubide errealak inskriba daitezke, horiek zein pertsona fisiko edo juridikori dagozkion kontuan hartu gabe; horrenbestez, herri-administrazioen eta erakunde zibilen nahiz eliza-erakundeen ondasunak ere inskriba daitezke.

5. artikulua

Herri-jabariko ondasun higiezinak inskriba daitezke, horien gaineko legeria bereziaren arabera.

*6. artikulua

Aurreko artikuluko ondasunen baten edo horren zatiren baten destinoa aldatu eta ondasuna zein zati hori inskribatzeko moduko bihurtzen bada, erregelamendu honek xedatutakoaren arabera egingo da inskripzioa.

Jabetza pribatupeko ondasunen batek edo horren zatiren batek aurreko artikulukoen izaera hartzen badu, inguruabar hori bazterreko oharraren bidez agerraraziko da.

7. artikulua

Legearen bigarren artikuluak xedatzen duenez, lerrokada horietan aipatu eskubide errealak edo jabaria adierazi, eratu, aintzatetsi, eskualdatu, aldarazi edo azkentzeko tituluak ez ezik, izaera bereko eskubideei buruzko gainerako tituluak ere inskribatu behar dira, baita eragin erreala duen beste edozein egintza edo kontratu ere, baldin eta, zuzenbidean izen berezirik izan ez arren, egintza edo kontratu horrek berehala nahiz etorkizunean aldarazten baditu ondasun higiezinen gaineko jabari ahalmen batzuk edo eskubide errealei datxezkienak.

8. artikulua

Foru berezidun probintzietan izen desberdinekin ezagutzen diren egintza eta kontratuak ere inskribatu behar dira, baldin eta aurreko artikuluan adierazitako ondoreetarik edozein sorrarazten badute, ondasun higiezin zein eskubide errealen gain.

Egintza zein kontratuok inskribatzeko, Erregistroan aurkeztu behar dira, bai foru xedapenen arabera beharrezkoak diren agiriak, bai eta, hala denean, legeria osagarriak ezarritako baliabideak erabili direla egiaztatzekoak ere.

9. artikulua

Edozein ondasun higiezinen gain jabaria nahiz eskubide erreala eratu, eskualdatu, aldarazi edo azkentzeko betebeharra ezin da inskribatu, ezta bihar-etzi aurreko artikuluetan aipaturiko kontratuetarik edozein egiteko betebeharra, edota, oro har, bestelako betebehar zein eskubide pertsonal ere; dena den, kasu horietan, betebehar horien betetzea ziurtatzeko eratu den berme erreala inskriba daiteke edo idatzoharra egin daiteke, Legearen 42. artikuluaren arabera bidezkoa denetan.

10. artikulua

Legearen bigarren artikuluaren laugarren zenbakian xedatutakoaren ariora, ebazpen judizial batzuk inskribatu behar dira, eta ebazpenok ez dira bakar-bakarrik ondasunak administratzeko ezgaitasuna esanbidez adierazten dutenak edota, esamolde berberarekin, ondasunak askatasunez xedatzeko gaitasun zibila aldarazten dutenak, ezpada halako ezgaitasuna sorrarazten dutenak ere, berori zehatz-mehatz aipatu ez arren.

**11. artikulua

Ezin daiteke ondasun higiezinik edo eskubide errealik inskribatu, nortasun juridikorik gabeko erakundeen izenean.

12. artikulua

20. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe eta, hala denean, Legearen 205. artikuluaren arabera, ondokoak ere inskriba daitezke:

1. Finkak mugatu eta horietan mugarriak jartzeko epai-akta protokolatuen notario-kopiak, baldin eta espedientean zitazioa egin bazaie lur mugakideen jabeei.

2. Behar bezala onetsitako administrazio-mugaketak.

**13. artikulua

Kontratugileek ez dutenean eratu lagapenaren kontraprestazioa lehenengo lerrokadan ezarritako moduan edo kontraprestazio hori betebehar huts moduan eratu dutenean, ezin aplika daiteke artikulu honetan ezarritako araubidea.

Kasu horretan, idazkunaren testuan laburrean adieraziko da lagapenaren kontraprestazioa etorkizuneko obra dela, baina obra hori zehaztu gabe.

Inskripzio-aktan eta agiriaren oin-oharrean agerrarazi behar da etorkizuneko obraren gaineko eskubidea ez dela inskribatu.

Hori gorabehera, kontraprestazioa baldintza suntsiarazlearen nahiz bestelako berme errealaren bidez bermatu bada, berme horiek Hipoteka Legearen 11. artikuluaren arabera inskribatuko dira.

14. artikulua

Erosteko aukera ematen duen kontratua edo hori zehazten duen esanbidezko itun zein hizpaketa inskriba daiteke, baldin eta inskripzioa egiteko inguruabarrez gain hurrengoak ere betetzen badira:

1. Alderdien esanbidezko hitzarmena, inskripzioa egin dadin.

2. Finka eskuratzeko hizpatu den prezioa eta, hala denean, aukera-eskubidea emateko hitzartu den prezioa.

3. Aukera erabiltzeko epea; epe hori ezin da lau urtetik gorakoa izan.

Erosteko aukera ematen duen errentamenduan, aukerak horren epe osoa uki dezake, baina errentamendu-kontratuak isilbidezko nahiz legezko luzapena izanez gero, aukera hori nahitaez iraungiko da.

15. artikulua

Lege-xedapena edo errentatzailearekin eginiko hitzarmena dela bide, maizter nahiz errentariek errentan hartutako etxebizitzara edo lokalera itzultzeko eskubidea badute, eskubide hori Jabetza Erregistroan agerraraz dezakete, berreraikiko den finkaren jabari-inskripzioan egindako bazterreko oharraren bidez.

Aipamen hori egin ezean, eskubide horrek ez die kalterik egingo hirugarren eskuratzaileei.

Ohar hori egiteko, nahikoa izango da interesdunak eskabidea aurkeztea, maiztergo-nahiz errentamendu-kontratuarekin eta itzultzeko eskubidea ematen duen kontratu, epai- edo administrazio-tituluarekin batera.

Oharrak egiten direnetik bost urtera ezerezten dira, iraungitzea dela eta.

**16. artikulua

1. Inoren lurzoruan eraikinak egiteko eskubidea, lurgainean eraikin berriak egiteko eskubidea edota inoren funtseko lurzoruaren azpian halakoak egiteko eskubidea eragingarritasunez era dadin, eskubideok azaleradunaren izenean inskribatu behar dira.

Inskripzioa egiteko inguruabarrez gain, azalera-eskubide hori ezartzeko titulu publikoek hurrengo inguruabarrak ere izango dituzte:

a) Azalera-eskubidearen iraupen-epea; epe hori ezin izan daiteke berrogeita hamar urtetik gorakoa.

Epea igaro eta gero, eraikitakoa lurzoruaren ugazabarena izango da, kontrako itunik izan ezean.

b) Azaleradunak eman beharreko kanon edo prezioaren zehaztapena, eskubidea kostubidez eratzen denetan. Hizpa daiteke eraiki den guztia edo horren zati bat lurzoruaren ugazabarengana lehengoratzea, hitzartutako epea amaitu ostean.

c) Eraikina burutzeko epea, bost urtetik beherakoa izan behar dena; eraikuntza horren ezaugarri orokorrak, destinoa eta aurrekontuaren kostua.

d) Azaleradunak xedatze-egintzak gauzatzearen inguruko itunak.

e) Kontratu-itunen betetzea ziurtatzeko bermeak, eragin erreala dutenak.

Azalera-eskubidea komisopean jartzeko hizpaketak ez dira inskribatzeko modukoak.

2. Finka osoa zein horren zati bat besterentzen denean edo hirugarrenari eskualdatzen zaionean jabeak azalera-eskubiderik eratu gabe beretzat erreserbatzen badu eraikinaren gain solairu bat edo gehiago eraikitzeko eskubidea edo lurzoruaren azpian eraikitzeko eskubidea, egiten diren eraikinak bereak izanik, eskubide hori inskriba daiteke Legearen 8. artikuluaren 3. paragrafoko eta baterako arauen ariora.

Inskripzioan ondokoa agerrarazi behar da:

a) Osagai eta gastu erkideetan solairu berriei dagozkien kuotak edo horiek ezartzeko arauak.

b) Eraikina egitekotan, erkidego-eraentzaren arauak, halakorik zehaztuz gero.

*17. artikulua

Estatuarenak eta korporazio zibilenak izan eta legeria desamortizatzailearen arabera salmentatik salbuetsita dauden edo egon behar diren ondasun higiezin eta eskubide errealak euren barrutiko Jabetza Erregistroetan inskribatuko dira.

Ondasun horiek lupertzen dituzten edo euren gaineko ardura duten korporazio, bulego nahiz pertsonek zein Ministerioren menpe izan eta Ministerio horrek agindu egokiak adieraziko dizkie, kasuan kasuko inskripzioak erreklama ditzaten, eta horretarako beharrezkoak diren agiriak eta berriak emango zaizkie.

Estatuaren izenean eginiko inskripzioan, ondasunok zein erakunde edo zerbitzuri atxiki zaizkion agerraraz daiteke.

Erakunde edo zerbitzu horrek nortasun juridikoa badu eta ondasunak bere ondarekoak badira, inskripzioa erakunde edo zerbitzuaren izenean egingo da.

*18. artikulua

Estatuak edo korporazioak erregelamendu honen 4, 6 eta 17. artikuluen arabera inskribatu beharreko ondasunen gaineko jabetza duenean, eta jabetza horren inguruan inskribatzeko moduko tituluren bat dagoenean, titulua kasuan kasuko Erregistroan aurkeztuko da eta, horren arabera, ugazabaren izenean jabari-inskripzioa egiteko eskatuko da; inskripzio hori egingo da norbanakoen izenean eginiko inskripzioei buruzko erregelen eta aurreko artikuluko arauen ariora.

Inskribatzeko moduko titulurik ez dagoenean inskripzio hori egiteko, legearen 206. artikuluan eta erregelamendu honen baterako artikuluetan xedatutakoa izan behar da kontuan.

Administrazio-berrantolaketa edo -aldaketa baten ondorioz edo bestelako arrazoiren bat dela-eta Estatuaren ondasunak beste ministerio bati atxiki bazaizkio, edota ondasuna sail bereko beste erakunde zein zerbitzuren bati atxiki bazaio, kasuan kasuko administrazio-xedapena jakinaraziko da aldaketok inskribatzeko.

19. artikulua

Gisa bertsuan inskribatuko dira elizaren edo eliza-erakundeen ondasunak, edota horiei itzuli eta euren esku amortizatu behar diren ondasunak.

20. artikulua

Estatuarenak zein korporazio zibil edo eliza-korporazioenak izan eta legeria desamortizatzailearen ariora besterendu behar diren ondasun higiezin edo eskubide errealak ezin daitezke Jabetza Erregistroan inskribatu harik eta horiek norbanakoei saldu edo norbanakoen mesederako luditu, nahiz eta bien bitartean horien gaineko jabetza estatuari eskualdatu, Aulki Santuarekin hitzartutako trukearen ondorioz.

21. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu ondasunen bat saldu edo eskubideren bat luditu behar denean, ondasunak zein probintziatan egon eta bertan estatuaren jabetza eta eskubideak administratzeaz arduratzen den funtzionarioak kasuan kasuko jabari-tituluak bilatuko ditu, eta tituluok salmenta- nahiz luditze-espedienteari gehituko dizkio.

Halakorik ez badago edo bilatu ezin bada, legearen 206. artikuluak eta erregelamenduaren baterako artikuluek ezarritakoaren arabera jardun behar da.

22. artikulua

Salmenta- edo luditze-eskritura egilestean, jabetza-tituluak edo inskripzioa eragin duten agiriak erosleari edo luditzaileari emango zaizkio.

23. artikulua

Ondasun desamortizatuak erosten dituztenek edota zentsu desamortizatuak luditzen dituztenek euren eskubidea inskriba dezakete legearen 205. artikuluaren arabera; horretarako, ondasun nahiz zentsu horien tituluak eska ditzakete, eta, halakorik izan ezean, lege horren 206. artikuluan adierazitako ziurtagiria eska dezakete, erregistratzaileak kasuan kasuko inskripzioa egin dela dioen oharra eginez.

Ondorenez, estatuaren jabetza eta eskubideak administratzeaz arduratzen diren funtzionarioek halako ondasun eta eskubide guztiak inskribatu behar dituzte behingoan, Erregistrora kasuan kasuko titulu zein ziurtagiriak bidaliz; hala behar denean, titulu nahiz ziurtagiri horiei 306. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

24. artikulua

Estatuak zein korporazio zibilek ondasun higiezin edo eskubide errealen bat eskuratzen dutenean, ondasun nahiz eskubide hori zein atalen ardurapean administratu, eta atal horretako ogasun eskuordeek, agintariek edo zuzendari nagusiek zaindu behar dute, hala jabetza-tituluak bildu direla, halakoa izanez gero, nola kasu guztietan inskripzioa egin dela.

25. artikulua

Gobernu-espedienteetan ondasun higiezin eta eskubide errealen enbargoak edo adjudikazioak dekretatzen dituzten agintariek ahaleginak egingo dituzte ondasun nahiz eskubideok estatuaren nahiz korporazio zibilen izenean inskribatzeko edo idatzoharrean jasotzeko, kontribuzio eta zergen bilketari nahiz administrazio-premiamenduei buruzko indarreko xedapenen arabera, baldin eta horiek Hipoteka Legearen kontrakoak ez badira.

26. artikulua

Zordunak edo, hori auzi-iheslaria izanez gero, horren ordezko agente betearazleak eskritura publikoa egiletsi duenean adjudikaziodunarentzat, premiamendu-prozedura fiskalen ondoriozko inskripzioak eskritura horren bidez egingo dira; eskrituran agerrarazi behar dira, hala premiamendu-espedientearen izapide edo gorabehera garrantzitsuenak, bereziki zordunari eginiko zitazioa eta hirugarren edukitzaileei edo hipoteka-hartzekodunei egindako jakinarazpenak, nola Ogasunaren izenean egindako aurreneurrizko enbargo-idatzoharra azkendu delako adierazpena.

Enkantea hutsik geratzeagatik finka estatu, probintzia zein udalari adjudikatu bazaio, edota premiamendu-prozedura erabiltzeko ahalmena duen erakundeari, Ogasuneko diruzainak, Diputazioko presidenteak, alkateak edo kasuan kasuko funtzionarioak egindako ziurtagiria titulu askietsia izango da, eta bertan hauxe agerrarazi behar da: adjudikazio-probidentzia osoa, zordunaren izen-abizenak eta finka adjudikatuaren izaera, kokapena, mugak, luze-zabala nahiz horren gaineko kargak.

Herri Ogasunak berari adjudikatutako ondasun higiezinak lagatzen dituenean, jabetzen eta lurralde kontribuzioaren administratzaileak edo kasuan kasuko funtzionarioak lagapen-erabakiaren inguruan egindako ziurtagiria eskuratzailearen izenean inskribatzeko moduko titulua izango da, bai eta horren izenean immatrikulatzeko moduko titulua ere, hala denean; aurreko lerrokadetan agindutakoaren arabera, ziurtagiri horretan agerrarazi behar dira zor fiskalen ondoriozko aurreko adjudikazioaren eta lagapenaren berezitasunak.

Aurreko hiru lerrokadek aipatu tituluek jaso behar dituzte Hipoteka Legeak ezarritako inguruabar orokorrak, eta, horrez gain, inskripzioetara agirietan agertzen diren inguruabar bereziak bildu behar dira laburrean.

Tituluak Erregistroan aurkeztu baino lehen, estatuaren abokatu eskudunak aztertu behar ditu artikulu honek eta aurrekoak aipatu espedienteak.

27. artikulua

Finka besterendu edo zentsua luditu eta horren gaineko eskritura egiletsitakoan besterentze zein askatze hori hutsaldu edo deuseztatzeko espedientea hasi bada, espediente hori instruitzen duen agintari edo funtzionarioak aurreneurrizko idatzoharra eskatuko du; horretarako, ziurtagiria bikoiztuta aurkeztuko du, bertan inguruabar hori eta legearen 72. artikuluaren arabera idatzoharra egiteko beharrezkoak diren inguruabarrak jasota.

Salmenta zein luditzea hutsaldu edo deuseztatzeko ebazpena irmo bihurtzen bada, agintari eskudunak kasuan-kasuan aginduko du jabari-inskripzioa estatuaren izenean egin dadin edo inskripzioa ezerez dadin.

Toki-korporazioen ondasunak izanez gero, idazkariak luzatu behar du erabakiaren ziurtagiria, presidenteak ziurtagiri hori ontzat hartu eta gero.

Inskripzioa zein ezereztea egiteko ziurtagirietan, hitzez hitz jaso behar da kasuan kasuko ebazpen irmoa, ondokoa adieraziz: eskuratzaileari eginiko zitazioa, prozeduraren beste oinarrizko izapideak eta, estatuaren ondasunen kasuan, aurreko artikuluaren azken lerrokadak aipatu txostena.

Ondasunak nahiz eskubideak hirugarrenaren izenean inskribatuta daudenean, legearen 82. artikuluak xedatutakoa izan behar da kontuan.

28. artikulua

Enkante batean porrot adierazpena eman bada finkaren edo eskubidearen erosleak horren prezioa epean ordaindu ez duelako, adierazpenaren aurreneurrizko idatzoharra egingo da, horretarako aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera jardunda.

Kasuan kasuko idazkun nagusiaren ezereztea egiazta daiteke, deuseztasun erabaki irmoa Ogasuneko zein bulegotan agerrarazi eta bulego eskudun horrek emandako ziurtagiriaren bidez.

29. artikulua

Zergadun zordunak edo zuzenbidearen arabera horren ordezkari direnek administrazio atzera-eskuratzea egikaritzen dutenetan, Administrazioak emandako ziurtagiria nahikoa izango da, baldin eta bertan hitzez hitz jasotzen bada erabaki edo ebazpen fiskala.

Gainerako kasuetan, ogasun eskuordeek edo agintari horrek esanbidez eskuordetutako administrazio-funtzionarioek eskritura publikoa egiletsi behar dute.

30. artikulua

1. Herri-onurako basoen jabaria Erregistroan inskribatuko da estatuaren, lurraldeetako herri-erakundeen edo basook zein establezimendurenak izan eta establezimendu horren izenean.

Finka zein udaletan egon, edo, hainbat udaletan egonez gero, finka horren luze-zabalik handiena zein udaletan izan, eta bertako liburuan egin behar da inskripzio nagusia, basoaren berezitasunak eta baso hori zein erakunde edo zerbitzuri atxiki zaion zehaztuz; hala behar denetan, beste Erregistro, udal zein ataletan, aipamen-inskripzioak egingo dira.

Modu berean inskribatu behar dira baso horien mugaketa-aktak.

2. Bidezko luberritzeak, lurzatiak biltzeko tituluak eta Administrazioak kolonizaziorako zein bestelako gizarte-helburuetarako eman dituen finka zein eskubide errealak Erregistroan inskribatu behar dira.

3. Inoren landa-finkan lurgain-eskubide erreala izanez gero, finka horren folioan inskribatuko da eskubide hori, ondokoa agerrarazita: eskubidearen iraupena; eskubide horren arabera zer landatu edo ereingo den finkan; landaketa edo ereite horien destinoa, baita hobekuntzena ere, eskubidea azkentzen denean; hizpatutako hitzarmen zein prestazioak; eta, halakoa izanez gero, itundutako berme errealak.

Inguruabar berberak agerrarazi behar dira Baso Administrazioaren edo norbanakoen izenean eginiko partzuergo-inskripzioetan.

Artikulu honek aipatu tituluak erregelamendu honetako manuen arabera inskribatuko dira, gai honetan indarrean dauden xedapenak kontuan hartuta.

31. artikulua

Ondasun higiezinak ukitzen dituzten administrazio-emakidak edo ondasun horien gainekoak emakidadunaren izenean inskribatu behar dira, kasuan kasuko tituluak eratorritako hedadura eta baldintzekin.

Emakidari lotutako finka nahiz eskubide inskribatuak jabetza nahitaez kenduta edo bestelako titulu baten bidez eskuratu badira, eskuraketa hori emakidadunaren izenean inskribatu behar da, kasuan kasuko inskripzioan lotura hori agerrarazita eta emakidaren inskripzioan finka edo eskubide horiek barneratu direla aipatuta, bazterreko ohar baten bidez.

Halaber, kasuan kasuko inskripzio eta bazterreko oharretan agerrarazi behar da, emakidak dituen edo izango dituen zamek kargatzen dituztela barneratutako finkak.

Emakidari lotutako finka edo eskubide inskribatuetan, emakida horren zama edo kargak bakarrik inskriba daitezke, baldin eta Administrazio emaileak baimendu baditu horiek.

Emakida azkendutakoan finkak Administrazio emaileari lehengoratu behar bazaizko, horren izenean inskribatuko dira, eta kontraesaneko idazkunak ezereztuko dira, 175. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Emakidan emaileari lehengoratu behar ez zaion finka edo lurzati soberakoa izanez gero, emakidadunak inguruabar hori Erregistroan agerraraz dezake, baita finka emakidatik jaregin dela ere, emakida hori egin zuen erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez; ziurtagiri horretan aipatu behar da jaregitea adierazi duen ebazpena noiz eman den, ez dagoela lehengoratzerik eta emakidadunak finka askatasunez xedatzeko eskubidea duela.

Finka edo lurzatia eskuratu bada norbaiti jabetza derrigor kentzearen ondorioz, jaregitea Erregistroan agerrarazteak ez dio kalterik egingo jabetza galdu duen jabearen lehengoratze-eskubideari, eta bereizketa egin bada, inskripzio berrian agerrarazi behar da jabetza kentzearen bidezko jatorrizko eskuraketa.

32. artikulua

Jabetza nahitaez kentzeko prozedurek eratorritako idazkunak egingo dira legeria berezian ezarritako arauen eta ondoko arauen ariora:

1. Hala behar denean, erregistratzaileek kasuan kasuko inskripzioetan eginiko bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar dute, jabariaren eta zamen ziurtagiria egin dutela jabetza kentzearen ondoreetarako, eta horren data zehaztuko dute, baita prozedura zein den ere.

Ohar horiek egiten direnetik hiru urtera ezereztuko dira iraungitzearen bidez, baldin eta espediente horri lotutako idazkun berririk ez badago Erregistroan.

2. Finka edo eskubide inskribatuen kasuan jabetza kentzeko tituluak inskriba daitezen, espedientea Erregistroko titularrarekin edo horren kausaduna dela egiaztatzen duenarekin egin behar da, zuzenean edo ordezkarien bitartez, legeria berezian ezarritakoaren arabera; beste interesdun batzuk izanez gero, horiek ere parte har dezakete espedientean.

3. Jabetza nork kendu edo jabetza kentzearen onuraduna nor izan eta horren izenean aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, okupazioaren aurreko aktaren bidez eta behin-behineko gordailuaren gordekina erabilita.

Idatzoharrak izango du legearen 86. artikuluan zehaztutako iraupena, eta idatzohar hori inskripzio bihurtuko da, prezio zuzena ordaindu dela edo zainpean utzi dela egiaztatzen duen agiriaren eta okupazio-aktaren bidez.

4. Jabetza nork kendu edo jabetza kentzearen onuraduna nor izan eta horren izenean inskriba daitezkeen tituluak dira, hala ordainketa eta okupazioa jasotzen dituen akta, nola okupazio-akta bakarrik; azken kasu horretan, prezio zuzena zainpean jarri dela egiaztatzen duen agiriarekin edo gordailuaren gordekinarekin batera aurkeztu behar da akta.

Hala behar denean, immatrikulazioa ere egingo da, titulu horien arabera.

Inskripzioaren ondoreetarako, ulertzen da prezio zuzena behin betiko ezarri dela, adostasunik erdietsi ez eta Jabetza Kentzearen inguruko Probintzia-epaimahaiak edo xedapen berezien araberako erakunde eskudunak zehaztu duenean prezio hori.

5. Artikulu honek aipatu bazterreko oharraren ostean inskribatutako jabaria, zamak, kargak, eskubide errealak eta orotariko mugapenak ezereztuko dira, jabetza nork kendu edo jabetza kentzearen onuraduna nor izan eta inskripzioa horren izenean egiten denean titulu bera erabilita, nahiz eta interesdunak espedientean ez agertu alderdi moduan; hori ezerezteko, nahikoa izango da horren gaineko aipamen orokorra egitea.

Ohar horren aurreko idazkunak ezereztu ahal izateko, agerrarazi behar da interesdunei zitazioa egin zaiela legeak ezarri bezala eta horiek zuzenean edo ordezkari bidez joan direla ordainketara, edota kasuan-kasuan, prezio osoa nahiz beharrezkoa zen zatia zainpean jarri dela.

Tituluan zehaztuko da zeintzuk diren ezereztu behar diren idazkunak eta zeintzuek iraungo duten, Erregistroko datuak aipatuz.

6. Idazkunek jaso behar dituzte hipoteka-legerian inskripziorako ezarritako inguruabarrak, baita legeria bereziak agindutakoak ere.

Inguruabarren bat ezin bada agerrarazi, hori berori zehaztu behar da tituluan eta, hala denean, inskripzioan.

33. artikulua

Inskripzioaren ondoreetarako, inskripzio hori noren izenean egin eta pertsona horren eskubidearen oinarri den agiri publikoa edo agiri publikoak titulutzat hartzen dira, baldin eta inskribatzen denaren fede ematen badute berez, beste agiri osagarri batzuekin batera, edota formalitate batzuen bidez, formalitateok bete direla egiaztatzen denean.

AGIRI KAUTOAK

34. artikulua

Legearen ondoreetarako agiri kautoak dira, jabariaren, eskubide errealaren edo egin beharreko idazkunaren titulu moduan balio dutenak, baldin eta Gobernuak edo horiek emateko eskumena duen agintari nahiz funtzionarioak eman baditu agiriok, eta horiek fede ematen badute berez.

35. artikulua

Elizak interesa duenean egintza nahiz kontratu batzuen gain, zuzenbide kanonikoak betekizunak ezartzen ditu horiek egilesteko; betekizunok betetzen direla egiaztatzeko ematen diren agiri pontifizioak agiri kautoak dira, behin elizbarrutiko ordinarioak agiriok itzuli eta euren gaineko lekukotza emandakoan, eta ez da beharrezkoa horiek legezkotzea.

36. artikulua

Atzerrian egiletsitako agiriak inskriba daitezke baldin eta agiriok nazioarteko zuzenbide pribatuaren betekizunak betetzen badituzte, eta horien legezkotzea eta gainerako betekizunak gauzatu badira, Espainian agiriok kautoak izan daitezen.

Atzerriko forma nahiz solemnitateak bete direla eta egilesleak egintza gauzatzeko legezko gaitasuna duela egiaztatzeko, beste baliabide batzuen artean, Espainiako notario zein kontsularen baieztapena edo txostena erabil daiteke, edota zein herritako legeria aplikatu, eta bertako diplomatiko, kontsul zein funtzionario eskudunak emandakoa.

Espainian inskribatzeko moduko agiriak egilesten dituzten atzerritarren gaitasun zibila ere baliabide berberak erabilita egiazta daiteke.

Erregistratzaileak baliabideok bazter ditzake bere erantzukizunpean, baldin eta kasuan kasuko legeria atzerritarra behar beste ezagutzen badu, eta horrela agerrarazten badu idazkun egokian.

37. artikulua

Agiriak ez badira espainieraz idatzi, Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoak, nazioarteko lege zein hitzarmenen arabera horretarako baimena duten funtzionario eskudunek edo, hala denean, notarioek itzul ditzakete agiriok, Erregistroaren ondoreetarako; notarioak itzulpenaren fideltasunari buruzko erantzukizuna izango du.

Latina, Espainiako dialektoren bat edo antzinako letra erabili bada agiriak egiteko, edota horiek ulertezinak badira erregistratzailearentzat, agiriekin batera euren itzulpena aurkeztu behar da, edota Artxibozain eta Liburuzainen Kidegoko titular batek zein funtzionario eskudunak eginiko kopia askietsia, 35. artikuluan xedatutakoa salbu.

Erregistratzaileak kasuan kasuko hizkuntza, dialektoa nahiz antzinako letra badaki, itzulpen-agiri ofiziala bazter dezake bere erantzukizunpean.

38. artikulua

Atzerrian emandako ebazpen judizialak edo tartekari-laudoak inskriba daitezke, baldin eta auzitegi edo agintari eskudunak aintzatetsi baditu horiek, nazioarteko lege eta hitzarmenen ariora.

II. TITULUA INSKRIPZIOAREN FORMA ETA ONDOREAK

INSKRIPZIO-ESKABIDEA

39. artikulua

Inskripzioa eskatzeko asmoarekin norbaitek kasuan kasuko agiriak aurkezten baditu Erregistroan, ulertzen da pertsona hori legearen seigarren artikuluaren d) idatz-zatiko aipamenean sartzen dela.

40. artikulua

Jabetza Erregistroko ofizial, laguntzaile eta dependenteek legearen seigarren artikuluaren lehenengo hiru idatz-zatietako kasuetan bakarrik aurkez ditzakete agiriak, Erregistroan inskriba daitezen.

IDAZKUN MOTAK ETA HORIEN HURRENKERA

41. artikulua

Jabetza Erregistroko liburuetan honako idazkunak edo inskripzioak egingo dira: aurkezte-idazkunak; benetako inskripzioak, horiek luzeak nahiz laburrak, edota nagusiak zein aipamen-inskripzioak izan; aurreneurrizko idatzoharrak; ezerezteak eta bazterreko oharrak.

42. artikulua

Legearen zortzigarren artikuluaren arabera inskribatzen diren finkak zenbatzeko, udal zein atal bakoitzean inskribatzen den lehenengo finkari bat zenbakia emango zaio, eta gero ondoz ondo inskribatzen direnei, hurrengo zenbakiak emango zaizkie, daten hurrenkera hertsia kontuan izanda.

Zenbaketa hori egiteko, zifrak erabiliko dira beti.

43. artikulua

Benetako inskripzioak zein finka bakoitzari buruzko ezerezteak zenbatzeko ere, horien hurrenkera izango da gogoan.

Aurreneurrizko idatzoharrak eta euren ezerezteak bazterrean zehaztuko dira, zenbakiak erabili beharrean letrak erabilita, eta alfabetoaren araberako hurrenkera hertsiari ekinez.

Alfabetoko letrak agortuz gero, berriro jarriko da lehenengo letra, baina bikoiztuta, eta horrela jarriko dira beste guztiak ere.

Halakoetan, inskripzioak zenbatzeko erabiltzen den bazterrean hauxe idatziko da: «? letradun idatzoharra (edo ezereztea)».

FINKAK INSKRIBATU, ELKARTU, ZATITU ETA BEREIZTEA

44. artikulua

Finka ugazaba bakarrarena bada edo indibisoan badagokie hainbat ugazabari, eta interesdunek hala eskatzen badute, hurrengoak zenbaki bakarrarekin inskribatuko dira, eta legearen zortzigarren artikuluak adierazi ondoreetarako, finka bakartzat hartuko dira:

1. Landa-finkak eta orube mugakideak, bertan eraikinik izan ez arren, baita hiri-finka mugakideak ere, baldin eta azken horiek eraikin bakarra edo gela-etxea osatzen badute.

2. Kortijo, etxalde, labore, masia, larre, barruti, dorre, baserri, abeletxe, toki, basetxe, etxola eta antzeko jabetzak, baldin eta horiek eraikin baten edo gehiagoren mendekoak badira edota eraikinari lotutako ondasun-multzoa osatzen badute, zuhaitzekin nahiz zuhaitzik gabe, eta euren artean zein eraikinarekin mugakideak izan ez arren; azken kasu horretan, ustiapen-batasun organikoa egon behar da, edo, bestela, eraikina garrantzitsua izanik, finka nahiz eraikuntzok horren mendekoak izan behar dira.

3. Nekazaritza-ustiategiak eta familia-ustiategiak, azken horiek nekazaritzakoak badira; gerta daiteke ustiategiak laboretxerik ez izatea eta mugakideak ez diren lurrez osatuta egotea, baina batasun organikoa osatu behar du, eta berori bakoizteko izen berezia izan behar du, baita banakakoa ez den antolaketa ekonomikoa ere.

4. Perimetro zehatz baten barruko industria-ustiategi oro, edota elkarri lotutako zein elkarren mendeko ondasun-multzoa osatzen dutenak.

5. Herritik kanpo dagoen eraikin zein ostatua, beraren dependentzia eta eranskin guztiekin, hala nola, eskorta, estalgune, ogitegi, usategi eta abarrekin.

6. Administrazio-emakidak, beste finka edo emakiden osagarri direnak salbu.

Artikulu honetan xedatutakoa aplika daiteke, jabetzak atal, udal edo Erregistro desberdinetan egon arren.

45. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioz, inskribatuta dauden bi finka edo gehiago batzen badira bakarra osatzeko, finka hori deskripzio berriarekin inskribatu behar da, batutako finken jabetza-inskripzio bakoitzaren bazterrean horren gaineko aipamena eginda.

Batutako finkak mugakideak ez badira, horien barruko lurzatiak banan-banan eta ahalik eta zehatzen deskribatu behar dira, bai eta elkartzearen ezaugarriak edo arrazoiak ere.

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, jabe desberdinen finkak batu daitezke, baldin eta elkartzearen ondoriozko finkan horietako bakoitzari indibisoan dagokion partaidetza zehazten bada, tituluak eratorritakoaren arabera.

46. artikulua

Inskribatutako finka osoa zati bi edo gehiagotan banantzen bada, zati bakoitza finka berri moduan eta zenbaki desberdinekin inskribatu behar da, eta zatitutako finkaren jabetza-inskripzioaren bazterrean inguruabar hori laburrean aipatuko da.

Inskripzio berrietan, finken jatorria adierazi behar da, baita zatiketaren aurretik finka horiek zituzten kargak ere.

47. artikulua

Inskribatutako finkaren zati bat finka berria osatzeko bereizten denetan, bereizitako zatia beste zenbaki batekin inskribatuko da, eta finka nagusiari dagokion inskripzioaren bazterrean inguruabar hori adieraziko da, baita aurreko finkatik geratzen den zatiaren deskripzioa ere, hori ahalezkoa izango balitz, edota, gutxienez, bereizketa egiteko mugaren edo mugen luze-zabalak izan dituen aldaketak.

Finka berriaren inskripzioan, horren jatorria eta finka nagusiaren indarreko kargak adierazi behar dira.

Edozein bereizketa inskribatzerakoan, ez da oztopo izango aurreko beste batzuk Erregistroan ezin sartu izana.

Kasu horietan, finka nagusiaren bazterreko oharrean adierazi behar da gerakinak duen azalera, Erregistroaren ariora.

Eskrituran jasotako bereizketa guztiak ez badira sartu Erregistroan, finkaren gerakina ukitzen duten egintza zein kontratuak finka nagusiaren folioan egingo dira, baina inskripzioan agerrarazi behar da egintza eta kontratuok finkaren zein azalera ukitzen duten.

Aurreko jabetza-inskripzioaren bazterrean gerakinaren inskripzioari eta bereizteke dagoen azalerari buruzko oharra egin behar da.

48. artikulua

Inskribatuta dagoen finka bat edo batzuk zein bereizitako zati bat edo batzuk beste finka inskribatuari erantsi ahal zaizkio, baina, horretarako, azken horren luze-zabala, gutxienez, eransten direnen boskoitza izan behar da.

Kasuan kasuko inskripzioa finka nagusiaren folioan egin behar da, horren zenbakia aldatu gabe; inskripzioan, alabaina, finkaren deskripzio berria adierazi behar da, baita finka erantsien jatorria zein zamak ere.

Halaber, aipamen-ohar egokiak egingo dira bazterrean.

49. artikulua

Aurkeztutako tituluan finka berria osatzen bada beste bi edo gehiagorekin, edota finka baten zatia bereizten bada berori saltzeko, inskripzio bakarra egingo da, elkartzea edo bereizketa eta horien besterentzea jasota.

50. artikulua

Elkartzea, zatitzea, eranstea eta bereizketa Erregistroan agerraraz daitezke, eskritura publikoaren bidez; eskritura horretan azaldu behar da aldarazpenak ukitutako finken deskripzioa, eragiketa horien ondoriozko finkena eta gainerako lurzatiena, ahal izanez gero, edota, gutxienez, luze-zabalaren aldarazpenak, eta bereizketa egiteko mugak.

Erregistroan ez bada agertzen finken luze-zabala osoa, eragiketari buruzko bazterreko oharretan adierazi behar da berori.

INSKRIPZIOEN INGURUABARRAK

**51. artikulua

Legearen bederatzigarren artikuluak aipatu inskripzio luzeek jaso behar dituzte erregelamendu honek horietako bakoitzarentzat ezarritako betekizun bereziak; inskripziook hurrengo erregelen arabera egin behar dira:

1. Finkaren izaera zehaztu behar da ondokoa adierazita: finka hori landa-finka edo hiri-finka den; toki horretan halakoak izendatzeko erabili ohi den izena; eta, landa-finken kasuan, horiek lehorreko laborantzarako edo laborantza ureztatuetarako erabiltzen diren, baita, hala denean, helburu batera zein bestera destinatutako azalera, gutxi gorabehera.

Horrez gain, finkaren hirigintza-kalifikazioa agerraraziko da, baldin eta zedula, ziurtagiria edo lizentzia aurkezten bada, kalifikazio hori egiaztatzeko.

2. Landa-finken kokapena zehazteko, ondokoa adierazi behar da: finkak non izan, eta bertako udal-mugartea, ingurua zein barrutia, edota toki hori izendatzeko erabiltzen den bestelako izena; lau puntu kardinaletako mugak; finka mugakideen izaera; eta finka horren eta inskribatzen den beste finka baten arteko nahastea oztopatzeko inguruabarrak, hala nola, horren izen berezia, halakoa izanez gero.

Legeak ezarritako kasuetan, ondasun higiezinaren katastro-aipamena agerraraziko da.

3. Hiri-finken kokapena zehazteko, ondokoa adierazi behar da: horiek zein udal-mugarte edo herritan izan, eta horren izena; kalearen edo lekuaren izena; zenbakia, halakoa badago, bai eta aurretiaz izandakoak ere; eraikinak izen berezia izanez gero, izen hori; finkak dituen mugak ezkerraldetik (sartzean), eskuinaldetik eta barrurantz; katastro-aipamena, legeak ezarritako kasuetan; eta deskribatutako finka bereizteko balio duen beste edozein inguruabar.

Zenbaki honetan xedatutakoa gorabehera, hiri-finkaren mugak ezin badira zehaztu adierazi bezala, lau puntu kardinalen arabera zehaztuko dira muga horiek.

4. Betiere, azalera-neurria sistema metriko hamartarra erabilita zehaztuko da; halaber, herriko neurri baliokideak ere agerraraziko dira.

Landa- eta hiri-finken deskripzioa perimetroaren araberakoa izango da batik bat, finka mugakideen datu fisikoak edo katastro-datuak plano ofizialetik atera eta horiek oinarritzat erabilita.

Finkaren identifikazioa osatzeko, eskriturari erantsitako planoaren aipamena egin daiteke; halakoetan, aipamen horrekin batera planoaren kopia kautoa ekarri behar da, Erregistroan artxiba dadin.

Aurreko zenbakietako betekizunak agertzen badira egin beharreko idazkuna baino lehenagokoak diren inskripzio edo idatzoharretan, ez dira berriro jasoko idazkunean; horretarako, betekizunok bat etorri behar dira horiek eragin dituzten tituluetan jasotakoekin.

Desadostasunik izanez gero, Erregistroaren eta tituluaren arteko desberdintasunak agerrarazi behar dira.

5. Inskribatzen den eskubidearen izaera adierazi behar da tituluan ematen zaion izenarekin eta, izenik eman ezean, inskripzioan ere ez da halakorik adieraziko.

6. Inskribatzen den eskubidearen luze-zabala ezagutarazteko, tituluaren arabera eskubide hori zehazteko edo eskuratzailearen ahalmenak mugatzeko balio duten inguruabarrak adieraziko dira, eta titulu horretan jasotako baldintza etengarriak, suntsiarazleak edo bestelakoak hitzez hitz kopiatuko dira.

Edozein kasutan ere, ezin adieraz daiteke eragin errealik gabeko hizpaketa, klausula nahiz itunik.

7. Finka edo eskubide inskribatuaren zama eta mugapenak adierazteko, modu laburrean aipatuko dira inskribatuta edo idatzoharrean jasota daudenak, horiei buruzko idazkuna zehaztuz.

Edozein kasutan ere, ez dira adieraziko legearen 98. artikuluan aipatu eskubideak, ezta modu berezian aseguratu ez diren prezio-gerorapenak ere.

Tituluan aipatu arren, inskribatu edo idatzoharrean jaso ez diren zamak ezin agerraraz daitezke inskripzioan.

Zamarik izan ezean, halaxe adierazi behar da.

8. Tituluan finka edo eskubide inskribatuaren balioa agertzen bada, horrelaxe agerraraziko da balio hori.

9. Inskripzioa noren izenean egin den eta inskribatutako ondasuna nahiz eskubidea norengandik datorren zehazteko, hurrengo arauok izan behar dira gogoan:

a) Pertsona fisikoen kasuan, ondoko datuok adierazi behar dira: horren izen-abizenak; nortasun-agiria; adin nagusikoa den edo, bestela, horren adina; emantzipatua izanez gero, emantzipazioaren arrazoia; ezkondua, ezkongabea, alarguna, banandua nahiz dibortziatua den; pertsona hori ezkondua bada, eta inskribatzen den egintzak edo kontratuak ezkontza-sozietatearen oraingo nahiz bihar-etziko eskubideak ukitzen baditu, ezkontzaren ondasun-eraentza, beste ezkontidearen izen-abizenak eta egoitza; subjektuaren naziokotasuna eta auzotartasun zibila, horiek egiaztatu edo adierazten badira; eta egoitza, hori zehazteko inguruabarrekin batera.

b) Pertsona juridikoen kasuan, ondoko datuok adierazi behar dira: pertsona juridiko hori zein motatakoa den; horren izendazioa; identifikazio fiskaleko zenbakia; hala denean, kasuan kasuko Erregistroko inskripzioa; erakunde atzerritarra bada, horren naziokotasuna; eta egoitza, berori zehazteko inguruabarrekin batera.

c) Edu berean, legezko edo borondatezko ordezkaritzaren inguruabarrak adieraziko dira, hala behar denean, baita ordezkaria identifikatzeko inguruabar pertsonalak ere, eta ordezkaritza emateko ahalordea edo izendapena; bidezkoa denetan, Erregistroan eginiko inskripzioa adierazi behar da.

d) Pertsonaren inguruabarrak Erregistroko folio bereko beste idazkun batean azaldu badira, idazkun berrian pertsona fisikoaren izen-abizenak edo pertsona juridikoaren mota eta izendazioa bakarrik agerrarazi behar dira; gainerako inguruabarrei dagokienez, kasu batean zein bestean aurreko idazkunaren aipamena egingo da, aurkeztutako agiriek eratorritako aldaketak adieraziz.

e) Edozein unetan, inskribatutako titularrak zuzenean eska diezaioke erregistratzaileari egoitzaren inguruabarrak agerraraz ditzan bazterreko oharraren bidez, inskribatutako eskubidearen inguruko komunikazioak bertan jasotzeko.

10. Betiere, inskripzio-akta agerrarazi behar da, ondokoa adierazita: inskripzioa egin dela, noren izenean egin den, eskuraketaren titulu orokorra zein den eta zein eskubide inskribatu den.

11. Inskripzioa zein tituluren arabera egin, eta titulu horren mota agerrarazi behar da, baita hurrengoa ere: titulua noiz egiletsi, eskuetsi edo eman zen; titulua eskuetsi duen epaile, auzitegi, notario nahiz funtzionarioa; titulu hori zein notarioren protokoloan agertzen den eta zein epaitegi edo auzitegitatik datorren, baldin eta epaitegi edo auzitegi hori eta titulua eskuetsi duena desberdinak badira.

Notarioak egiletsi gabeko agiri osagarrien kasuan, horiek eskuetsi zituen funtzionarioaren egoitza agerrarazi behar da.

Bidezkoa denetan, agiria artxibatu dela zehaztuko da.

12. Titulua Erregistroan aurkezteko egunari eta orduari gehitu behar zaizkio kasuan kasuko idazkunaren zenbakia eta «liburu-egunkariaren» liburukia.

13. Inskribatu beharreko egintza edo kontratuak eskubideak sortu baditu estatuarentzat, inguruabar hori adierazi behar da, baita ordainagiria paper-sortan artxibatu dela ere.

Egintza edo kontratuok ordainketatik salbuetsita badaude edo administrazio-akzioa preskribatu bada, inguruabar hori agerrarazi behar da.

14. Inskripzio ororen azkenean horren data agerraraziko da.

Erregistratzaileak bere sinadurarekin eskuetsiko du inskripzioa, sinadura horrek adierazten duelako inskripzioa bat datorrela aurkeztutako tituluarekin eta agiri osagarriekin, bat-etortze hori esanbidez agerrarazi gabe.

52. artikulua

Oro har, legearen 30. artikulua inskripzio luzeei aplika dakieke, baina ez laburrei, edota euren izaera dela-eta lege zein erregelamenduaren salbuespen baten menpe daudenei.

Legearen 245. artikuluak agindutakoaren ariora egin behar diren inskripzio eta idatzohar laburrek hurrengo inguruabarrok bakarrik jaso behar dituzte:

1. Finkaren deskripzioa eta zamak.

2. Eskualdatzailearen izen-abizenak eta eskuraketa egiteko titulua edo horren inskripzioa.

3. Finkaren inguruabar bereziak eta, hala denean, finka horren gaineko erantzukizunak, hipoteka edo bestelako kontzeptuen bidez kargatzen denean.

4. Inskripzio-akta.

5. Inskripzio luzearen gaineko aipamena, data eta sinadura.

53. artikulua

Idazkunaren deuseztasuna adierazitakoan, epaileak edo auzitegiak hori ezerezteko aginduko du, eta, hala denean, beste bat egiteko, legeak ezarritakoaren ariora.

Idazkun berri horrek ondoreak sortuko ditu sortu behar dituen datatik, kasuan-kasuan.

54. artikulua

1. Finkaren edo eskubidearen zati indibisoen inskripzioek zehaztu behar dute ugazabakide bakoitzaren zati ideala, zati hori zein den zalantzarik gabe jakiteko moduko datu matematikoak aipatuz.

2. Erregela hori aplikatzen da ondasun baten zatiek izaera zein araubide desberdina dutenean, jabe bakarrarenak izan arren.

3. Zehaztapena egiteko diru-unitateak nahiz azalera-neurriak edo antzekoak bakarrik erabili badira, ulertuko da betekizun hori ez dela gauzatu.

55. artikulua

Legearen bigarren artikuluko laugarren zenbakiaren ondoreetarako, ezgaitasuna adierazteko ebazpen judizialen inskripzioak bete behar ditu aplikatu beharreko erregela orokorrak, eta, horrez gain, hurrengo inguruabarrok jasoko ditu:

1. Ezgaituaren izen-abizenak eta auzotartasuna.

2. Ezgaitasun-adierazpena, ezgaitasun mota eta horren norainokoa zehaztuz, eta administrazioaz arduratzeko baimena jaso duen pertsona, ebazpenak halakoa aipatuz gero.

3. Ebazpen judizialaren zati xedatzailea, ebazpen mota, hori eman duen epaitegi edo auzitegia eta data adierazita.

56. artikulua

Legearen 23. artikuluak aipatu bazterreko oharrek adierazi behar dute egiaztatu nahi den egitatea, hori gauzatu duten pertsonen izen-abizenak, oharra egiteko oinarritzat hartu den agiria, zergaren ordainketa edo horren inguruko salbuespena; oharrek agiri horren inguruko aurkezte-idazkunaren aipamena, data eta sinadura erdia jasoko dituzte.

57. artikulua

Legearen 27. artikuluak xedatzeko debekuak aipatzen ditu, eta, debeku horien betetzea hipoteka bidez aseguratzen bada, debekuei buruzko egintza nahiz kontratua eta eratutako hipoteka idazkun bakarrean inskribatuko dira, xedatze-debekuaren inskripzioari ezetza ematen zaiola agerraraziz.

PREZIO GERORATUA

58. artikulua

1. Interesdunek hala eskatu edo epaile nahiz auzitegiak hala aginduz gero, bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar da, bai inskripzioaren ostean eskuratzaileak salmenta-prezioaren kontura eginiko ordainketa oro, bai eta trukearen zein ordainean eginiko adjudikazioaren arteko diferentzien ordainketa ere.

Edu berean, nahiko izango da bazterreko oharra egitea, legeren batek halaxe agintzen duenean bereziki.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatu bazterreko oharra egiteko, nahiko izango da ezkontide baten adostasuna, baldin eta eskualdatu den irabazpidezko ondasun higiezina horren izenean bakarrik inskribatu bazen garaia izan zenean.

59. artikulua

Ondasun higiezinen nahiz eskubide errealen salmentan hizpatu bada kontratua zuzenbide osoz suntsiarazten dela prezioa hitzartutako epean ez ordaintzeagatik, saltzaileak erosleari jakinarazi behar dio salmenta suntsiarazi dela, eta, saltzailearen edo horren kausadunaren izenean inskripzio berria egin ahal izateko, epai- edo notario-jakinarazpena agerrarazi behar da inskripzioan, eta saltzailearen titulua aurkeztu behar da.

EMAKIDAK ETA BESTELAKO FINKA BEREZIAK INSKRIBATZEA

60. artikulua

Administrazio-emakiden inskripzioa eskritura publikoaren bidez egin behar da, eta, ez bada beharrezkoa eskriturarik egilestea, emakida-tituluaren bidez; inskripzio horrek hitzez hitz adierazi behar ditu baldintza orokorren agiria, emakidari buruzko legearen edo administrazio-ebazpenaren edukia eta baldintza bereziak nahiz ekonomikoak.

Ondokoa egiaztatzeko tituluak ere inskribatuko dira: obren zuinketa, eraikuntza, etetea edo jasotzea, emakida eta proiektuaren aldarazpenak, kontraten hutsalketa eta emakida inskribatuaren izatea edo norainokoa ukitzen dituzten bestelako administrazio- nahiz jurisdikzio-ebazpenak.

61. artikulua

Emakida zein Erregistrotan egon, eta bertan egingo da horren inskripzioa, edota, hala denean, Administrazio emaileak zehaztutako abiapuntua non izan, eta bertako Erregistroan.

Aurreko artikuluan ezarritakoaz landara, inskripzio nagusi horrek bereziki adierazi behar ditu emakidaren izaera eta izena, iraupen epea, lehengoratzearen baldintzak eta, hala behar denean, obra zein herri-zerbitzuaren abiapuntuak, eta obra horrek gurutzatutako udal-mugartea nahiz mugarteak.

Halaber, emakida edo horri lotutako finka nahiz eskubideak zein Erregistro, udal edo atal ukitu, eta horietan ere aipamen-inskripzioa egin behar da.

Inskripzioetan, ondokoa agerrarazi behar da: emakidaren izaera eta izena; tituluaren data, eskuespenaren berezitasunak zehaztuz; eta inskripzio nagusia zein liburu, folio, zenbaki eta Erregistrotan egin den.

Aipamen-inskripzio horiek egin daitezke inskripzio nagusiaren inguruko hitzez-hitzezko ziurtagiriaren bidez; inskripzio hori azken Erregistroan artxibatuko da, eta, ziurtagiria beste Erregistro batzuetan aurkeztuz gero, horren kopia soila gordeko da bertan.

Inskripzio nagusiak edo aipamen-inskripzioak zein zenbaki izan, eta zenbaki beraren menpe inskribatuko dira udal-mugarte bakoitzean emakida kargatzeko jartzen diren eskubide errealak.

62. artikulua

Jabetza Erregistroan meatzeak inskribatzeko, meatze-laukien perimetroa izan behar da kontuan, inskripzioa egingo delako perimetro horren mugapeko abiapuntuari dagokion udal nahiz atalaren liburuan; horretarako, emakida-titulua aurkeztu behar da, mugape-planoaren kopia ziurtatuarekin batera, eta inskripzioan jasoko dira, hala inguruabar orokorrak, horiek aplikatzeko modukoak diren heinean, nola emakida-titulura bildutako inguruabar bereziak.

Emakidaren perimetroak bi Erregistro, udal zein atalen edo gehiagoren lurraldeak batzen baditu, hori berori adierazi behar da inskripzio nagusian, eta gainerakoetan ere, aipamen-inskripzioa egin behar da, ondokoa agerraraziz: meatze edo emakidaren izena eta zenbakia, horren deskripzioa eta luze-zabala, emakidadunaren inguruabarrak, tituluaren data eta inskripzio nagusiaren aipamena.

Meatze-emakiden aldarazpen objektiboak agerrarazteko, finka arrunten erregelak aplikatuko dira, horiek meatze-legeriarekin bat badatoz, baita, bereziki, hurrengoak ere:

1. Aldarazpena gertatu bada gaindidura emateagatik, inskripzioa egingo da horrek zabaltzen dituen emakidei irekitako folioan edota gaindidura zein emakidei erantsi, eta horiei irekitako folioan; horretarako, kasuan kasuko administrazio-ebazpena aurkeztuko da, mugape-planoaren kopiarekin batera.

2. Aldarazpena gertatu bada emakidaren zati bat eskualdatzeagatik, emakida zatitu ostean sortu diren emakida berriei beste folio bat irekiko zaie, eskritura publikoaren eta administrazio-ebazpenaren bidez.

3. Meatze-esparruak zenbaki berriarekin inskribatuko dira, kasuan kasuko administrazio-tituluaren arabera; esparru hori aprobetxatzeko partzuergoa eratuz gero, horren estatutuak agerrarazi behar dira inskripzioan.

Edozein kasutan ere, emakida ukituen folioan, interesdunen arteko hitzarmenak eta estatutu arautzaileak agerraraziko dira.

Ustiapen nahiz ikerketarako baimenak aurreneurriz idatzohar daitezke, kasuan kasuko egilespen-titulua erabilita, eta, horrekin batera, mugape-planoaren kopia ziurtatua aurkeztuz.

Hala behar denean, inskripzio eta idatzoharren ezereztea egiaztatuko da horien iraungitzea agintzen duen ministerio-ebazpenaren bidez.

63. artikulua

Meatze-eskubideen titulartasuna egiaztatzen duen pertsonak eskubide

horien gaineko baimen edo emakida izanez gero, horiek eskualdatu eta kargatzeko egintzak ondoz ondo inskribatu edo aurreneurriz idatzohar daitezke, kasuan-kasuan; horretarako, eskritura publikoa, eta, emakida zatikakoa izanez gero, administrazio-baimena aurkeztu behar dira, eta Administrazio eskudunari «mortis causa» eginiko eskualdaketaren jakinarazpena egiaztatu behar da.

64. artikulua

Administrazio-emakidaren bidez lortutako herri-uren aprobetxamenduak 31. artikuluak agindutakoaren arabera inskribatuko dira; kasuan kasuko agiriekin batera, ziurtagiria aurkeztu behar da aprobetxamendu horiek 1901eko apirilaren 12ko Errege Dekretuak antolatutako administrazio Erregistro batean inskribatuta daudela egiaztatzeko.

Ziurtagiririk aurkeztu ezean, ongitzeko moduko akatsaren ondoriozko aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke.

Talde-aprobetxamenduak Ureztatzaile-elkartearen izenean inskribatuko dira, herri-ubideko urartuneri dagokion Jabetza Erregistroan.

Inskripzioan agerrarazi behar dira, hala aplikatu beharreko inguruabar orokorrak, nola aprobetxamenduaren datuak, barne arauketa, elkarteak dituen talde, txanda zein orduak, urartunearen obrak eta ekarketa nahiz banaketaren obra nagusiak zein erantsiak.

Zenbaki berarekin, eta ondoz ondoko idazkunetan, partaideen eskubide eta kuotak agerraraziko dira, elkartean izan eta lege-betekizunak dituzten aurrekarien araberako ziurtagirien bidez.

Ureztaketa duten finken folioetan ere eskubidea inskribatu behar da, agiri berberak erabilita eta bazterreko aipamen-ohar egokiak eginda.

Arau berberak aplikatuko dira talde-aprobetxamenduaren eskuraketa hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzen denean.

65. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu eta preskripzio bidez eskuratutako aprobetxamenduak notario-aktaren bidez inskriba daitezke; aktaren izapideak notario-legerian ezarritako erregelen eta hurrengoen arabera gauzatu behar dira:

1. Akta eskuesteko gaitasuna izango du, aprobetxamendua zein tokitan egon, eta toki horretan diharduen notarioak.

2. Norbaitek frogatzen badu egiaztatu nahi den egitatean interesa duela, eta egitate horren zehaztasuna zinpean baieztatzen badu, agiri publikoaren faltsukeria-zigorraren menpe, pertsona horrek notarioari eska diezaioke akta eskuets dezan.

3. Ahal izanez gero, akta hasitakoan, aprobetxamenduaren tokian dagoen notarioak hurrengo inguruabarrak agerraraziko ditu aktan, eskatzailearen, bi lekuko edo gehiagoren, eta aprobetxamendua non izan, eta udal-mugarte horretako auzokideen zein jabeen adierazpenetatik berak zuzenean ondorioztatutakoaren ariora: ur-hartzea non gauzatu den eta non dagoen; urak zein ubidetatik datozen; aprobetxatzeko moduko uraren bolumena; hala denean, eskubidea erabiltzeko orduak, minutuak zein egunak; aprobetxamenduaren xedea edo helburua, ur-jauziaren altuera, halakoa izanez gero, eta interesdunak ugazaba moduan edukitza noiztik duen, ahalezkoa izango balitz, lehenengo eguna zehaztuta.

Lekukoek justifikatu behar dute aurreko lerrokadako ezaugarriak dituztela, hori egiaztatzeko agiriak aurkeztuz, salbu eta notarioak hori dakienean; adierazpenak zehaztugabeak izateagatik lekukoek kalteak eragiten badituzte, kalte horien gaineko erantzukizuna izango dute.

4. Aprobetxamendua zein udalen lurraldean izan, eta udal horretako iragarki-oholen nahiz probintziako «Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko diren ediktuen bidez, aprobetxamenduaren gaineko eskubideren bat izan dezaketenei orokorrean jakinaraziko zaie eskatzailearen asmoa.

5. Ediktuak argitaratu eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunetan, kalteak jasan dituztela uste dutenak notarioaren aurrean ager daitezke euren eskubideak azaldu eta justifikatzeko; pertsona horiek egiaztatzen badute epaiketa adierazlean demanda jarri diotela auzitegi eskudunari, aktaren izapidetza etengo da, betearazpen-agindua eman arte.

6. Eginbide horiek gauzatutakoan eta, notarioaren iritzirako, egitateak egiaztatzeko bidezkoak diren frogak egin ostean, froga horiek eskatzaileak proposatu zein ez, notario horrek akta amaitutzat joko du, bere iritzirako egitateak behar bezala egiaztatu diren agerraraziz.

7. Egitateok behar bezala egiaztatu badira, akta horren kopia osoa eta eskuetsia titulu nahikoa izango da, bai Jabetza Erregistroan aurreneurrizko idatzoharra egiteko, bai eta, horren ostean, administrazio-espedientea hasteko ere.

Aurreneurrizko idatzoharra iraungiko da legearen 86. artikuluak ezarritako epean, edota inskripzio bihurtuko da, aurreko artikuluko ziurtagiria aurkezten denean.

Ziurtagiria aurkeztu bada idatzoharraren indarraldia amaitu eta gero, kasuan kasuko inskripzioa egingo da.

66. artikulua

Jabari pribatuko urak ondasun higiezinak badira Kode Zibilaren 334. artikuluko 8. zenbakiaren arabera, ur horiek finka independenteak osa ditzakete, eta eurek okupatzen dituzten edo euren jatorri diren lurretatik bereizita inskriba daitezke.

Inskripzioa egitean, erregela orokorrak bete behar dira, ondoko datuak modu teknikoan adieraziz: uren izaera eta destinoa, horiek ezagunak izanez gero; hala behar denetan, uren perimetroak osatzen duen figura erregularra edo irregularra; uren kokapena, lau puntu kardinalak aipatuz, eta hori ezinezkoa izango balitz, uren inguruko finka edo finkak nahiz uren jatorri diren lurrak kontuan hartuta; eta kasuan-kasuan urak banakotzeko balio duten inguruabar oro.

Aurreko lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe, urak zein finkaren zati izan, eta horren inskripzioan finkaren ezaugarri moduan aipa daiteke urak badaudela.

Finkek eskubidea dutenean bertatik kanpoko urak erabiltzeko, eskubide hori finken inskripzioan agerraraz daiteke, horien izaera bereizten duen ezaugarri moduan; hala ere, eskubidea ez bada agerrarazi uren inskripzioan edo, aurreko lerrokadaren kasuan, urak jasotzen dituen finkaren inskripzioan, eskubide horrek ez die kalterik egingo hirugarrenei.

Finkak inskribatu ez diren urak izanez gero, eta horien izatea ez bada agerrarazi finkaren jabetza-inskripzioan, edo urak inskripzioa egin ostean sortu badira, ur horiek finkan bertan agerraraz daitezke, ugazabak hala eskatuz gero; horretarako, urak izan badirela dioen notario-akta oinarritzat hartu eta inskripzio berria egin daiteke, edota ondasun higiezinei buruzko tituluetan urak deskriba daitezke.

Sail, landa, auzo-larre, ugarka edo antzeko erkidegoetako ur pribatuak edo horien zati nagusiak zein tokitan jaio, eta toki horretako Jabetza Erregistroan inskriba daitezke ur horiek, kasuan kasuko erakundearen izenean.

Aplikatu beharreko inguruabar orokorrez gain, inskripzioan hurrengook agerrarazi behar dira:

Emariaren bolumena; erabilera erkideko osagai higiezin zatiezinak eta erantsiak, besteak beste, ur, galeria, putzu, makineria, urmael, kanal edota banaketa-kutxatilak zein lurraldetan jaio, eta lurralde horiek; emaria osatzen duten partaidetzen eta frakzioen kopurua; antolaketa nahiz eraentzari buruzko arau eta oinarrizko printzipioak; eta inskripzioak aipatu eskubide errealen edukia edo egikaritza aldarazteko itunak.

Gainerako Erregistro, udal zein ataletan, aipamen-inskripzio egokiak egin behar dira.

Aurreko lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe, partaidekide edo erkide bakoitzak bere izenean eta finka independente moduan edo finka ureztatuaren folioan inskriba dezake uraren eta urari lotutako ondasunen gain duen kuota edo kuotak, inskripzio nagusia aipatuz.

Dena den, kuoten ondoz ondoko eskualdaketak edo kuoten gainean eratutako eskubide errealak inskribatzeko, folio berezia ireki behar da beti.

Edozein kasutan ere, bazterreko aipamen-oharrak egin behar dira.

67. artikulua

Energia elektrikoa ekoitzi eta banatzeko industria-ustiategiek kasuan kasuko administrazio-emakida badute, ustiategiok orri berezian eta zenbaki bakarrarekin inskribatuko dira, 31. artikuluak agindu bezala.

Zenbaki horretan ondokoa adieraziko da: ustiategi horiek ustiatzen dituzten emakida, uharka, zingira nahiz ur-jauziak edota euren esku daudenak; ustiategiok dituzten zentral termiko zein hidraulikoak; korrontea eskualdatu edo banatzeko airezko nahiz lurazpiko lineak; ustiategiko etxola banatzaile zein transformatzaileak eta gainerako osagaiak; bai eta nahita edo derrigor ezarritako energiaren bide-zortasunak ere, edota ustiapenerako baimen nahiz lizentziak, gai horren inguruko administrazio-lege eta -erregelamenduen arabera.

Lur-zati desberdinak Erregistro bi edo gehiagoren lurraldeetara hedatzen badira, zentral ekoizle eta banatzailea non izan, eta bertako Erregistroan egingo da inskripzio nagusia; gainerakoetan, aipamen-inskripzioak egingo dira, ahal den ginoan 62. artikuluak xedatutakoa beteta.

68. artikulua

Garaje edo aparkaleku moduan erabili ohi den finkaren kuota indibisoa eskualdatzen bada, eskualdaketaren inskripzioa egiteko beste folio bat ireki daiteke, finka nagusiaren eta kuota bakoitzaren ondoz ondoko zenbakiekin.

Folioa ireki dela agerraraziko da, finka nagusiaren inskripzioan eginiko bazterreko oharraren bidez.

Garaje- edo aparkaleku-gune zehatzaren erabilera eta gozatze esklusiboaren atxikipena agerrarazteko, tituluan sartu behar da, hala gune horren deskripzio xehea, hurrenkera-zenbakia, mugak, perimetro-neurriak eta azalera erabilgarria zehaztuz, nola osagai erkideei buruzko deskripzioa, planoa aipatuz; plano horren kopia Erregistroan artxibatuko da, lekukotza egin ostean.

Eraikin horretan trasteleku moduan erabiliko diren lokalen kuota indibisoa eskualdatuz gero, eskualdaketari aurreko lerrokadetan azaldu araubidea aplikatuko zaio, betekizun berberekin.

FOROAK, AZPIFOROAK ETA ANTZEKO ESKUBIDEAK INSKRIBATZEA

69. artikulua

Zuzeneko jabaria zein jabari erabilgarria duen ugazabak lor dezake foroak, azpiforoak eta izaera bereko eskubide errealak inskribatzea, bai eta, hurrenez hurren, zuzeneko jabaria nahiz jabari erabilgarria inskribatzea ere; horretarako, hauxe aurkeztu behar du: foroa eratu edo aintzatesteko eskritura publikoa; adiskidetze-egintzen eta epaiketa bidezko mugaketa, lur-neurketa eta lainen lekukotza; eta notarioaren aurrean egindako hitzarmenaren bidez onetsitako agiri pribatuak, baldin eta agiri horietan foroa eratu edo aintzatesten bada, edota epaiketatik kanpoko mugaketa, lur-neurketa nahiz lainak agerrarazten badira.

Eginiko inskripzioetan, finkak tituluetan agertu bezala deskribatu behar dira, gutxienez hurrengoa adierazita: foropeko ondasunen kokapena, ordaintzaileen izenak eta bakoitzak ordaintzen duen errenta; inskripzioan aipamen orokorra egin behar da, errenta horrek ordaintzaileek foropean dituzten lurrak kargatzen dituela esanez.

70. artikulua

Aurreko artikuluan adierazi tituluak zaharrak edo akastunak izanez gero, zuzeneko jabaria nahiz jabari erabilgarria duen ugazabak inskripzioa egiteko eskabidean deskriba ditzake finkak, eta erregistratzaileak deskripzio hori berretsiko du.

Finkak inskribatzeke badaude, jabeak ez ezik, inskripzioa eskatu ez duen beste partaide edo interesdunak ere sinatu behar du eskabidea; halakorik izan ezean, interesdun horri inskripzioa eskatu dela jakinaraziko zaio, bai erregistratzaileak emandako hitzez-hitzezko kopiaren bidez, bai notario-aktaren bidez eta, jakinarazpena egin denetik hogeita hamar eguneko epean interesduna ez bada jartzen eskabide horren kontra, inskripzioa egingo da lege-ondore guztiekin.

Jakinarazpena jaso duenak aurkajartzea modu kautoan egiaztatzen duenetan, eskatutako inskripzioari ezetza emango zaio, eta arazo hori kasuan kasuko epaiketa adierazlean ebatziko da; ez da beharrezkoa inskripzioaren aurka jarri denak eragitea epaiketa hori.

71. artikulua

Edu berean, 69. artikuluko eskubideak titulurik gabe ere inskriba daitezke, jabari-espedientearen edo nabaritasun-aktaren bidez, baldin eta horien izapideak legeak agindutakoaren arabera gauzatu badira; espediente zein akta horretan, zitazioa egin behar zaie halakorik eragin ez duten titularrei.

72. artikulua

Tituluen bidez jabetza eta jabariaren zati bat eskualdatu eta, aldi berean, kanona edo errenta eratzen denean, titulu horiek egilesle edo interesdun bien izenean eta idazkun bakarrean inskribatu behar dira, finka, toki etxedun edo, legearen zortzigarren artikuluaren arabera, zenbaki batean jaso daitekeen lur-talde bakoitzeko; kontratuak bakoitzarentzat eratortzen dituen lege-ondore guztiak sorraraziko ditu inskripzioak.

Hain zuzen ere, foroa nahiz karga eratzeko inskripzioaren jarraian edo hori aipatuz egingo dira jabari erabilgarri zein zuzenekoaren eskubide edo partaidetza bereziek eratorritako ondoz ondoko inskripzioak.

73. artikulua

Pentsioari lotutako finkak forodunen izenean inskribatu badira, kanona jasotzen duen ugazabak finka horien gain duen eskubidearen titulua inskriba dezake, modu, proportzio eta baldintza egokietan; ulertzen da horrek ez duela solidaritaterik apurtzen.

Finka horiek guztiak edo batzuk inskribatu badira karga adierazi gabe, edota kargaren norainokoa eta baldintzak modu desberdinean adierazita, batzuetan inskripzioari ezetza emango zaio, eta, beste batzuetan, inskripzioa etengo da; ez da halakorik gertatuko, egiaztatzen bada inskripzioa eskatu duen pertsonak edo eskatu duten pertsonek onartzen dutela inskribatzeko moduko eskubide hori ez zabaltzea behar bezala kargatu ez diren finkei.

Egiten den inskripzioan inguruabar hori agerrarazi behar da.

Interesdunen adostasunik lortu ezean, kasuan kasuko epaiketa adierazlean ebatziko da finka horiek foropean dauden ala ez.

74. artikulua

Foro, azpiforo nahiz antzeko eskubide errealen luditze-inskripzioa jasotzaile eta ordaintzaileek egiletsitako hitzarmenen arabera egingo da, edota auzitegi berezi eskudunak emandako epaiaren arabera, 1926ko ekainaren 25eko eta 1927ko abuztuaren 23ko dekretuek eta indarreko xedapenek ezarritako moduan.

EZKONTZA-ITUNAK, JARAUNTSIAK ETA OINORDETZA-ITUNAK INSKRIBATZEA

75. artikulua

Kode Zibilaren 1333. artikuluaren arabera, ezkontza-itunak Jabetza Erregistroan inskriba daitezke, baldin eta ondasun higiezin nahiz eskubide erreal zehatzei dagokienez, itunok jasotzen badute legearen 2. artikuluan eta erregelamenduaren 7. artikuluan aipatu egintzetarik bat.

Kasu horretan, oraindik ezkontzarik egin ez bada, inskripzioa eten eta etetearen aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke; idatzohar hori inskripzio bihurtuko da, ezkontza egin dela egiaztatzen bada, edota edozein egileslek eskatu eta ezereztuko da, itunak egin direnetik urtebete eta bi hilabete igarotakoan ez bada egiaztatu data horretatik urtebetera ezkontza egin denik.

76. artikulua

Testamentudun jarauntsiaren bidez eskuratutako ondasunen inskripzioan, ondokoa agerrarazi behar da: testamentu-xedapen egokiak; kausatzailearen heriotza-data, kasuan kasuko ziurtagiritik hartuta; eta Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiriaren edukia.

Testamenturik gabeko jarauntsiaren bidez eskuratutako ondasunen inskripzioan, jaraunsleen adierazpen judizialak zehaztutako berezitasunak agerrarazi behar dira.

77. artikulua

1. Oinordetza-itunen bidez eskuratutako edo etorkizunean eskuratu beharreko ondasunen inskripzioan, erakunde hori arautu edo onartzen duen kasuan kasuko legerian erabilitako izendazioaz gain, hurrengoa ere agerrarazi behar da: eskritura publikoaren hizpaketa egokiak; ezkontzaren data, ezkontza-itunak izanez gero, eta, hala denean, eskualdaketa eragin duen pertsonaren edo eragin duten pertsonen heriotza-data; Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiriaren edukia, ziurtagiri hori aurkeztea beharrezkoa denean; eta jaraunslearen izendapena jasotzen duen eskritura, testamentu edo ebazpen judizialaren berezitasunak.

2. Eskuraketa egin bada bihar-etzi ezkontza egingo delakoan eta ezkontzarik egin ez bada, inskripzioa etengo da, eta etetearen aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke; idatzohar hori inskripzio bihurtuko da, ezkontza egin dela egiaztatzen bada, eta Kode Zibilaren 1334. artikulua aplika daitekeenean, 75. artikuluaren bigarren idatz-zatian xedatutakoa beteko da.

3. Oinordetza-itunak, jarauntsiak edo kasuan kasuko erakundeak badakar ondasun higiezinak egun eskualdatzea, eta, horren ondorioz, ondasunok kausatzailea hil baino lehen inskribatu badira, unea heltzen denean heriotza agerrarazi behar da inskripzio horretan eginiko bazterreko oharraren bidez; edonola ere, hildakoak erreserbatutako ahalmen zein eskubideak ezerezteko, kasuan kasuko idazkun nagusia egingo da, hala denean.

78. artikulua

Aurreko bi artikuluetako kasuetan, aipatu ziurtagiriak aurkeztu ez badira, tituluan jaso ez badira edota ziurtagirien eta tituluaren artean kontraesanak badaude, ez da inskripziorik egingo akats horien ondorioz.

Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiria ezezkoa izan arren, edota aurkeztutako agiriaren oinarri den oinordetzatitulua ziurtagirian aipatu ez arren, ezin uler daiteke ziurtagiri hori kontraesanekoa dela, tituluaren data ziurtagirian jasotakoen ostekoa bada.

79. artikulua

Jaraunsle bakarrak hala eskatuz gero, eta 76. artikuluko agiriak aurkeztuta, jaraunsle horren izenean inskriba daitezke kausatzailearen izenean inskribatuta zeuden ondasun nahiz eskubideak; horretarako, ez da senipartedunik izan behar, ezta, oinordetza-tituluaren arabera jarauntsia adjudikatzeko baimena duen pertsonarik ere, salbu eta bigarren kasu horretan, jaraunslea bera denean jarauntsian interesa duen pertsona bakarra.

80. artikulua

1. Jarauntsi-ondasunen edo horien gaineko zati indibisoen inskripzioa lortzeko, hurrengoa aurkeztu behar da, kasuan-kasuan:

a) Banaketa-eskritura; eskritura edo, hala denean, legearen araberako banaketa-eragiketak protokoloan jasotzeko akta; edo, hainbat jaraunsle izanez gero, interesdun bakoitzari adjudikatutakoa zehazten duen ebazpen judizial irmoa.

b) Jarauntsia adierazteko eskritura, baldin eta, jaraunslea bakarra izanik, hori aurkeztea beharrezkoa bada aurreko artikuluaren ariora.

c) Ondasunen zati bat bakarrik adjudikatzen bada eta zati hori xedapen askekoa bada, interesdun guztien adostasuna jasotzen duen eskritura publikoa.

2. Jarauntsi-ondasunak seme-alaba nahiz ondorengo bati edo batzuei adjudikatu bazaizkie, eta horiek beste senipartedunen jarauntsi-zatia diruz ordaintzeko betebeharra badute, inskripzioan adierazi behar da adjudikazioak Kode Zibilaren 844. artikuluaren ariora egin direla, eta honetara gauzatuko dira adjudikaziook:

a) Testamentugileak egindako adjudikazioen kasuan, horren testamentuaren bidez, baldin eta testamentu horrek adjudikazioa jasotzen badu; bestela, adjudikazioa jasotzen duen eskritura publikoa aurkeztu behar da testamentuarekin batera.

b) Kontulari-banatzaileak eginiko adjudikazioen kasuan, dela kausatzailearen testamentuaren bidez, dela hark egiletsitako eskritura publikoaren bidez, eskritura horretan adjudikazioa jaso bada senipartedunen hartzekoen zenbatekoa finkatuz, dela, egoki bada, kontulari datiboari ahalmen hori eman zaiola egiaztatzen duen agiri publikoaren bidez.

Kasu bietan, adjudikaziodunaren edo adjudikaziodunen onarpena jasotzen duen agiria aurkeztu behar da, baita gainerako seme-alaba nahiz ondorengoen baieztapena edo epailearen onespena egiaztatzen duena ere.

Senipartedunei jarauntsi-zatia ordaindu zaiela agerrarazteko, bazterreko oharra egin behar da, ordainketa hori egiaztatzen duen agiri publikoa erabilita.

81. artikulua

Legatu berezi moduan jasotako ondasun higiezinak legatu-hartzailearen izenean inskribatzeko, hurrengoak aurkeztu behar dira:

a) Legatua adierazteko eskritura, legatu-hartzaileak berak egiletsita; horretarako, ezin da senipartedunik izan, eta testamentugileak legatu-hartzaileari beren beregi eman behar izan dio legatu bidez jasotako gauzaren edukitza izateko ahalmena.

b) Jarauntsia banatzeko eskritura edo banaketa-eragiketak onetsi eta protokoloan jasotzeko eskritura, kontularibanatzaileak eginikoa, baldin eta bertan legatu-hartzaileari esleitu bazaio legatuan emandako ondasun higiezina zein ondasun higiezinak.

c) Legatu-hartzaileak eta kontularibanatzaileak edo ematea gauzatzeko ahalmena duen albazeak edo, hala denean, jaraunsleak zein jaraunsleek egiletsitako emate-eskritura.

d) Legatu-hartzaileak eginiko eskabidea, baldin eta jarauntsi osoa legatutan banatu bada, kontulari-banatzailerik ez badago eta albazeak ez badu emate-ahalmenik.

Jarauntsi osoa legatutan banatuz gero, ondasun higiezin zehatzen gaineko legatuak ez direnak likidazio eta adjudikazio eskrituraren bidez inskribatuko dira, eta kontulari-banatzaileak, ematea gauzatzeko ahalmena duen albazeak edo, halakorik izan ezean, legatu-hartzaile guztiek egiletsi behar dute eskritura hori.

82. artikulua

Jarauntsi edo legatuak fideikomisozko ordezpena izanez gero, ordezpen-klausula agerraraziko da fiduziarioaren izenean eginiko inskripzioan.

Ondasunak fideikomisodunari eskualdatzen zaizkionean, inskripzioa horren izenean egin behar da, oinordetza-tituluaren eta eskualdaketa egiaztatzeko tituluen bidez.

Jarauntsi-ordezpenetan ordezkoak ez direnean izenez aipatu, ordezko horiek zehaztu ahal dira Notario Erregelamenduaren araberako izapideekin gauzatu den nabaritasun-aktaren bidez, baldin eta ordezpen-klausulen edo legearen ariora ez bada beste frogabiderik behar.

Halaber, nabaritasun-akta titulu nahikoa da ordezpena azkendu dela agerrarazteko, edota baldintza betetzeagatik edo ez betetzeagatik ordezpendeia baliogabea dela agerrarazteko, baldin eta azkentzea nahiz baliogabetzea eragin duten egitateak nabaritasun-aktaren bidez egiaztatu ahal badira.

Hala denean, fideikomisozko ordezpenaren mendeko ondasunak eskuratu dituenak legearen 209 eta 210. artikuluetako espedientearen bidez lor dezake fideikomisozko karga ezereztea, baldin eta hogeita hamar urte igaro badira ondasunak eskualdatu zituen fiduziarioa hil zenetik, eta, epealdi horretan, fideikomisodunak edo fideikomisodunek ez badute ezer egin.

83. artikulua

Ondasunak jaraunsleen izenean inskribatu baino lehen senipartedunek senipartea jaso badute, seniparte horri uko egin badiote edota senipartea ordaindu zaiela adierazi badute, ez dira egingo legearen 15. artikuluak senipartedunen eskubideei buruz zehaztutako aipamenak.

84. artikulua

Senipartedunen eskubideak agerrarazi badira aipamen, bazterreko ohar edo ezereztu ez den aurreneurrizko idatzoharraren bidez, gero eskubideok kalte egingo diete jarauntsi-ondasunak kostu bidez eskuratu dituzten hirugarrenei, betiere, aipamen, ohar edo idatzohar horietan ezarritakoaren arabera.

85. artikulua

Seniparteak ordaintzeko ondasun zehatzak esleitu badira, ondasunok esleipen horien onuradunen izenean inskribatu behar dira.

Seniparte-aipamena ondasun higiezin zehatzen gain egin bada, hori kasuan kasuko inskripzioan eginiko bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar da.

Kasu bietan, legearen 15. artikuluko a) erregelaren azken lerrokadak ezarritako esanbidezko onarpenik izan ezean, beste jarauntsi-ondasunen gaineko seniparte-eskubideak ere aipatu behar dira.

Aipamen hori zuzenbidez iraungi eta ezereztuko da, egin zenetik bost urte igarotakoan, kasu batean izan ezik: senipartedunetarik batek ondasunen esleipena edo bermearen zehaztapena aurkaratu duenean berori askieza izateagatik, eta demanda horren idatzoharra egin denean.

86. artikulua

Seniparte-aipamenak eta seniparteak berme moduan lotu direla agerrarazteko bazterreko oharrak edozein unetan ezereztu ahal dira, ezerezte hori esanbidez onartu duen senipartedunari, senipartea ordaindu zaiola adierazi duenari, senipartea jaso duenari edo seniparte horri uko egin dion senipartedunari begira.

87. artikulua

Legeak zehaztutako bost urteak igarotakoan, aipamena iraungitzen da eta ezereztu egingo da; horretarako, bermeari bereziki lotutako ondasunak balore higigarriak izan behar dira, eta horiek legearen 15. artikuluko b) erregelaren bigarren zenbakian adierazitako moduan eta helburuekin gordailutu direla egiaztatu behar da.

Jaraunsleek gordailupeko efektuak har ditzakete, artikulu horren azkenaurreko lerrokadak zehaztu kasuetan.

Senipartedunek egindako onarpena edo erreklamazioa modu kautoan jakinarazi behar zaio gordailuzainari, berori ukitzeko.

Gordailu horiek guztiak edozein unetan ken daitezke, baldin eta senipartedunek esanbidez onartu badute kentze hori, edo egiaztatzen bada senipartea ordaindu zaielako adierazpena egin dutela, senipartea jaso dutela edo seniparteari uko egin diotela.

88. artikulua

Legearen 15. artikuluan edo erregelamendu honen baterako artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko seniparte-eskubideen aipamenak eta oharrak ezerezteko, bazterreko oharra egin behar da, jaraunsleak, horren kausadunek nahiz ordezkariek, finkaren ugazabak edota haiek ukitutako eskubide errealen titularrak hala eskatuta.

ABSENTEEN, EZKONTIDEEN ETA EZKONTZA-SOZIETATEAREN ONDASUNAK INSKRIBATZEA

89. artikulua

Norbait etxebizitzatik edo azken egoitzatik desagertu bada ondasun guztiak administratzeko ahalmena duen ahaldunik utzi gabe, eta inork ez badaki pertsona hori non dagoen, horrek interesa izanez gero egintza edo kontraturen batean, zuzenbidearen arabera egokia den alderdiak nahiz Fiskaltzak hala eskatu eta Kode Zibilaren 181 eta hurrengo artikuluen arabera horrexetarako izendatu den ordezkariak egiletsi behar ditu egintza zein kontratu horiei buruz inskribatzeko moduko agiriak.

Absentearen jaraunskide nahiz legatukideei gehiagotu zaizkien ondasunak inskribatzean, horren zatia erreklamatzeko eskubidea duen pertsonaren izenean egindako inskripzioetan edota hildakotzat jo izan den pertsonaren ondasunak jaraunsleen izenean inskribatzean, agerrarazi behar da ondasun horiek Kode Zibilaren 191 eta 192. artikuluetan eta lege-testu horren 196.2 artikuluan xedatutakoaren menpe geratzen direla, kasuan-kasuan.

90. artikulua

1. Aplikatu beharreko foru-zuzenbide edo zuzenbide bereziaren ariora ondasunak ezkontza-erkidegoari dagozkionean, ezkontide eskuratzailearen edo ezkontide eskuratzaileen izenean inskribatuko dira, eta, bidezkoa denetan, ondasunon izaera erkidea adieraziko da, bai eta, hala denean, erkidegoak duen izendazioa ere.

Ondasunak ezkontide baten izenean inskribatu badira eta, ezkontzaren ondasun-eraentza kontuan hartuta, legearen arabera ondasunok erkidegoan sartu behar badira, inguruabar hori bazterreko oharraren bidez agerraraz daiteke.

2. Ezkontide biek eskuratutako ondasunak banantze nahiz partaidetza eraentzapean izanez gero, bataren eta bestearen izenean inskribatuko dira, eskuraketaren zati indibisoak kontuan hartuta, erregelamendu honen 54. artikuluak xedatu bezala.

3. Ezkontzaren ondasun-eraentza partaidetza eraentza izanez gero, xedatzailea nor izan, eta horren ezkontidearen adostasuna agerrarazi behar da, baldin eta tituluak eratortzen badu adostasun hori, eta xedapena dohainekoa bada.

91. artikulua

1. Aplikatu beharreko legeak agintzen duenean familiaren ohiko etxebizitzaren gaineko eskubideak xedatzeko ezkontide bien adostasuna behar dela, ezkontide baten etxebizitzaren gaineko xedatze-egintzak inskribatu ahal izateko, xedatzaileak eskrituran adierazi behar du etxebizitza ez dela erkidea.

2. Sozietatea hasi aurretik ezkontide batek epeka erositako etxebizitza gero familiaren etxebizitza bihurtu arren, ez da aldatuko ezkontide horren izenean eginiko inskripzioa, baina gerogarrenean bazterreko oharren bidez agerrarazten direnean prezio geroratuaren kontura eginiko ordainketak, ohar horietan zehaztu behar da emandako dirua irabazpidezkoa edo pribatiboa den.

3. Kode Zibilaren 1357.2 artikuluaren arabera familiaren ohiko etxebizitzan irabazpidezkoa izan behar den zati indibisoa zehazteko, ezkontide bien adostasuna behar da, eta zehaztapen hori bazterreko oharraren bidez egingo da.

92. artikulua

Atzerriko legeriak arautzen badu eskuratzaile ezkonduaren zein ezkonduen ondasun-eraentza, inskripzioa horren edo horien izenean egingo da, eta bertan agerraraziko da inskripzio hori egin dela ezkontzaren ondasun-eraentza kontuan hartuta, eraentza hori zein den zehaztuz, hori jakinez gero.

93. artikulua

1. Ezkontide biek ondasun batzuk eskuratu badituzte erkidegoarentzat, kostu bidez, ondare erkidearen kontura eta ondasunoi irabazpidezko izaera adostasunez eratxikita, edota biek batera eta kuotarik eratxiki gabe eskuratu badituzte ondasunok, horiek irabazpidezko ondasun moduan inskribatuko dira, senarraren eta emaztearen izenean.

Modu berean inskribatuko dira, irabazpidezko sozietatea hasitakoan ezkontide biei eta zati berezirik aipatu gabe dohaintzan edo testamentu bidez eman zaizkien ondasunak, baldin eta bi-biek onartu badute eskuzabaltasuna eta dohaintza-emaileak edo testamentugileak besterik xedatu ez badu.

2. Ondasun horien gaineko kostu bidezko xedatze-egintzak eta administrazio-egintzak inskribatzeko, ezkontide biek batera gauzatu behar izan dituzte egintzok, eta batek bakarrik gauzatu baditu horiek, bestearen adostasuna nahiz epailearen baimen osagarria behar da.

3. Ondasun horien gain dohainik eginiko xedatze-egintzak inskribatzeko, ezkontide biek batera gauzatu behar dituzte egintzok, edota ezkontide batek bestearen adostasunarekin jardun behar du.

4. Ezkontide batek irabazpidezko sozietatearentzat kostu bidez eskuratu dituen ondasunak ezkontide horren izenean inskribatuko dira, inguruabar hori aipatuz.

Ondasun horien gaineko xedatze-egintzak inskribatzeko, artikulu honen 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoa bete behar da, eta, hurrengo artikuluaren 2. paragrafoko egintzei dagokienez, bertan xedatutakoa bete behar da.

94. artikulua

1. Ezkontide batek kostu bidez eskuratu baditu ondasunak, irabazpidezko sozietatearentzat eskuratu dituela adierazi gabe, ondasunok ezkontide eskuratzailearen izenean inskribatuko dira, ustez irabazpidezko ondasunak direlakoan.

2. Finkak elkartu, bereizi edo zatitu badira, horien gain obra berriak egin eta hala adierazi bada, eraikinetan jabetza horizontala eratu bada, edota Erregistroko titular moduan agertzen denak antzeko egintzak gauzatu baditu bere kabuz, egintza horiek guztiak inskriba daitezke.

3. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera inskribatutako ondasunen gain kostu bidez gauzatu diren xedatze-egintzak inskribatu ahal izateko, Erregistroan titular moduan agertzen denak bere ezkontidearen adostasunarekin edo, halakorik izan ezean, epailearen baimenarekin egiletsi behar izan ditu egintzok.

4. Dohaineko egintzei aurreko artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie.

95. artikulua

1. Irabazpidezko sozietatea hasitakoan ezkontide batek ondasun batzuk eskuratu baditu, ezkontide horren ondasun pribatibo moduan inskribatuko dira, legearen arabera izaera hori dutenean.

2. Ondasuna eskuratu bada prezio edo kontraprestazioaren bidez, prezio edo kontraprestazio hori pribatiboa izan dadin, agiri publikoaren bidez frogatu behar da izaera hori.

3. Ondasun horien gaineko egintza inskribagarriak ezkontide eskuratzaileak bakarrik burutu behar izan ditu, horiek desegindako ezkontza-sozietatearen likidazioa hasi aurreko egintzak izan arren.

4. Ondasunen pribatibotasuna sortzen bada beste ezkontideak halaxe aitortu duelako bakarrik, inguruabar hori inskripzioan adierazi behar da; aitorpena zein ezkontiderentzat egin, eta inskripzioa horren izenean egingo da.

Ondasun horien gaineko egintza inskribagarriak aitorpenaren onuradun den ezkontideak gauzatu behar ditu; hala ere, aitorlea hilez gero, ezkontide horrek hildakoaren nahitaezko jaraunsleek emandako adostasuna behar du, halakoa izanez gero, salbu eta jarauntsiaren banaketak dakarrenean ondasunaren izaera pribatiboa.

5. Pribatibotasunari buruzko egiaztapena edo aitorpena prezio zein kontraprestazioaren zati bati buruzkoa bada bakarrik, aitorpenaren onuradun den ezkontidearen alde egingo da inskripzioa, tituluaren arabera horri dagokion partaidetza indibisoa kontuan hartuta, eta eskuratutako ondasunaren gainerako zatia ezkontide baten edo bien izenean inskribatuko da, irabazpidezko sozietateari begira bidezko denaren arabera.

6. Pribatibotasunaren inguruan inskripzioaren ostean eginiko egiaztapena edo aitorpena bazterreko oharraren bidez agerraraziko da.

Erregistroan agertzen bada aitorpena egin duen pertsonak aldez aurretik kontrako baieztapen edo aitorpenen bat egin duela, bigarren hori ez da agerraraziko.

96. artikulua

1. 93, 94 eta 95. artikuluetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo legeak kasu berezietarako ezarritakoari, ezta ezkontza-itunetan baliozkotasunez itundutakoari ere.

2. Ebazpen judizialen batek ezkontideen ondasunen administrazioa edo xedatzea ukituz gero, hori bazterreko oharraren bidez agerraraziko da.

INSKRIPZIOA EGITEKO EPEA

**97. artikulua Akatsik izan ezean, aurkezte-idazkuna egin eta hurrengo hamabost egunetan gauzatuko dira inskripzioak, edota hurrengo hogeita hamar egunetan, baldin eta horretarako arrazoi zuzena badago, eta, betiere, legearen 17. artikuluak aipatu idazkunaren indarraldiaren barruan.

Titulua Erregistrotik kendu bada inskripzioa egin baino lehen edo titulu horrek ongitzeko moduko akatsik badu,

epe hori zenbatuko da titulua itzuli edo akatsa ongitzen denetik.

Halakoetan, aurkezte-idazkunaren indarraldiaren azken hamar egunen barruan aurkezten badira agiriak, ulertuko da hamar eguneko epe hori amaitzeko zenbat egun geratu, eta beste horrenbeste luzatzen dela idazkuna.

Luzapen horrek aldi berean ekarriko du kontraesaneko edo lotutako idazkunena ere, idazkunok aurrekoak nahiz ostekoak izan.

Tituluak kendu badira ongitzeko moduko akatsak izatearen ondorioz, tituluok egiteko epea berriro luzatuko da beste horrenbeste, hamabost eguneko tartea bete arte; horretarako, ongitzea aurreko luzapen-epean aurkeztu behar da, eta, Erregistratzailearen iritzirako, ongitze hori nahikoa izan behar da, inskripzioa ahalbidetzeko.

Ongitze-tituluak nahiz agiriak itzuli edo ekarri badira eta aurkezte-idazkunen epea luzatu bada, idazkunotan bazterreko oharra egin behar da, inguruabar horiek agerrarazteko.

Errekurtso judiziala edo gobernu-errekurtsoa jarri bada, ebazpena erregistratzaileari noiz jakinarazi, eta data horretatik hasiko da zenbatzen inskripzioa egiteko epea.

Epeok igaro badira inskripziorik egin gabe, interesdunak kexa jar diezaioke lehen auzialdiko epaileari, eta, erregistratzaileak inskripzioa egiteko eragozpen material nahiz lege-eragozpenen bat izan dela justifikatu ezean, epaileak kasuan kasuko zuzenketa jar diezaioke erregistratzaile horri; horrez gain, interesdunak prozedura egokian eska diezaioke erregistratzaileari, inskripzioa epean ez egitearen ondoriozko kalteen ordaina ematea.

ERREGISTRATZAILEAK EGINDAKO KALIFIKAZIOA ETA HORREN ONDOREAK

98. artikulua

Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, erregistratzaileak ulertuko du inskripzioa eskatzeko erabiltzen diren orotariko agirien kanpo-formak ez direla legezkoak, baldin eta akatsen bat badago, eta, agerkarien forma ezartzen dituzten legeei helduta, akatsok agirien baliozkotasuna ukitzen badute; betiere, izan behar dira agirien testuak ondorioztatzen dituen akatsak, edota agiria ikusitakoan antzeman daitezkeenak.

Inskripzioan jaso ez bada legearen eta erregelamendu honen arabera jaso beharreko inguruabarren bat edo behar besteko argitasunik gabe jaso bada, erregistratzaileak modu berean ulertuko du akats hori, eta inskripzioa deuseztzat joko du.

99. artikulua

Administrazio-agirien kasuan, erregistratzaileak ondokoa kalifikatu behar du, betiere: organoaren eskumena, prozedura edo espediente motaren eta ebazpenaren arteko bat-etortzea, aurkeztutako agiriaren kanpo-formalitateak, prozeduraren oinarrizko izapide eta gorabeherak, Erregistroko titularrak prozedurarekin dituen loturak eta Erregistrotik sortzen diren eragozpenak.

100. artikulua

Agintari judizialak emandako agirien kasuan, erregistratzaileak ondokoa bakarrik kalifika dezake: epaitegi edo auzitegiaren eskumena, epaileak emandako aginduaren eta agindu hori emateko gauzatu den prozeduraren arteko bat-etortzea, aurkeztutako agiriaren kanpo-formalitateak eta Erregistrotik sortzen diren eragozpenak.

101. artikulua

Erregistroan aurkeztutako agirien kalifikazioak balio du eskatu den inskripzio, idatzohar, bazterreko ohar nahiz erereztea egiteko nahiz eteteko, edota horiei uko egiteko; kalifikazioa egin arren, justizia-auzitegietan tituluaren baliozkotasun edo deuseztasunari buruzko prozedura eragin daiteke, bai eta epaile edo auzitegiaren eskumenari buruzkoa ere, eta kalifikazioak ez ditu baldintzatuko prozedura horren emaitzak.

Epaiketa horretan emandako betearazpen-agindua kalifikazioaren kontrakoa izanez gero, erregistratzaileak eskatu den idazkuna egingo du, eta horrek ondore guztiak izango ditu tituluaren aurkezte-idazkunaren datatik, baldin eta kasuan kasuko aurreneurrizko idatzoharra egin bada eta hori indarrean badago.

102. artikulua

Erregistratzaileari agiria aurkeztu bazaio, eta, agiri horrek ukitzen duen autua kontuan izanda, erregistratzaileak berak, horren ezkontideak, odolkidetasun nahiz ezkontza bidezko bigarren graduko ahaideek edota euren ordezkariek zein bezeroek agiriaren gaineko interesa badute, erregistratzaile horrek ezingo du agiria bere kabuz kalifikatu.

Ondore horietarako, ulertzen da notario eskuesleak interesdun direla.

Ordezpen-zerrendak zehaztutako jabetza-erregistratzaileak kalifikatu edo luzatuko ditu agiri horiek, eta euren gaineko erabakia hartuko du, eta bateraezintasuna duen erregistratzaileak horri buruzko ofizioa bidaliko dio.

Erregela horren salbuespena da 485. artikuluko kasua, eta udal-mugarte berean Jabetza Erregistro bi edo gehiago izanez gero, bateraezintasunik ez duen erregistratzaileak egingo du hori guztia.

Aldian-aldian agiriak kalifikatu behar izan dituen erregistratzaileak arantzelaren araberako zerbitzu-sariak bakarrik jasoko ditu kalifikazio eta luzatze horren ondorioz; ez du kalte-ordainik jasoko sari nahiz bidai gastuen ondorioz, eta pertsonal- zein material-gastuak direla-eta kasuan kasuko zenbatekoa kenduko zaio.

103. artikulua

Liburu-egunkarian aurkezte-idazkuna egiten denean, ez da aplikatuko aurreko artikuluan xedatutakoa, baina bai ziurtagiriak ematen direnetan.

104. artikulua

Bidezkoa denetan, erregistratzaileak tituluen inskripzioari ezezkoa emango dio, edo inskripzio hori etengo du, horren gaineko aurreneurrizko idatzoharra eginez, beharrezkoa denetan; horrez gain, tituluak ondorioztatzen badu delituren bat egin dela, erregistratzaileak horren berri emango dio kasuan kasuko agintari judizialari, agiria bidaliz, eta inguruabar hori aurkezte-idazkunaren bazterrean agerraraziko du, baina idazkun horren indarraldia eten edo luzatu barik.

105. artikulua

Legearen 20. artikuluko bigarren lerrokadak xedatutakoa gorabehera, jabaria zein ondasun higiezinen gaineko beste eskubide errealak adierazi, eskualdatu, kargatu, aldarazi nahiz azkentzeko agirien inskripzioa eten dezake erregistratzaileak, baldin eta egintza zein kontratua egiletsi duen pertsonak agiria aurkeztean adierazi badu titular inskribatuaren kausaduna dela, edota Erregistroak eta agiri horrek ondorioztatzen badute inguruabar hori; aurkezleak hala eskatuz gero, ongitzeko moduko akatsaren ondoriozko aurreneurrizko idatzoharra egingo du erregistratzaileak.

106. artikulua

Erregistratzaileak ez badu inskripziorik egin ongitzeko moduko akatsen bat dagoelako, eta, legearen 42. artikuluko 9. zenbakiaren arabera, interesdunak eskatu badu horren ordez aurreneurrizko idatzoharra egiteko, hori berori agerraraziko da aurkezte-idazkunean eginiko bazterreko oharraren bidez.

107. artikulua

Legearen 254. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, zergen likidazioa ordaindu dela egiaztatzeko ordainagiria aurkeztu denean, edo, hala bada, egintza salbuetsita dagoela, zergapean ez dagoela edo zerga preskribatu dela ziurtatzeko oharra eman duenean bulego eskudunak eta hori aurkeztu denean, erregistratzaileak ez du kalifikatuko likidazio edo ohar horrekin lotutako ezer; hala ere, erregistratzaileak bidezko baderitzo, oker edo akats horren berri emango dio Ogasun Eskuordetza egokiari.

108. artikulua

Aurkezte-idazkunen indarraldia nahiz eteteei buruzko aurreneurrizko idatzoharren indarraldia agortutakoan ez bada egin eskatutako idazkuna, berriro aurkez daitezke kasuan kasuko tituluak, horien gain beste kalifikazio bat egin dadin.

Titulu horiek aurkezte-idazkunaren indarraldia agortu baino lehen ere aurkez daitezke, aurrekoari begira lokabea den beste idazkun bat eginez; horretarako, aurkezpen berria izan behar da aurreko idazkunetik esanbidez baztertutako finkei edo egintzei buruzkoa.

109. artikulua

Erregelamendu honetan epeak egunetan ezarri badira, egun baliodunak zenbatuko dira; salbuespenez, Erregistrorako lehiaketak egiteko edo Erregistroez jabetzeko epeen kasuan, egutegiko egunak zenbatuko dira.

Epeak hilabeteetan edo urteetan finkaturik badaude, datatik datara zenbatuko dira.

Muga-hilabetean zenbaketaren hasierako egunaren baliokiderik ez badago, epea hilaren azken egunean amaitzen dela ulertuko da.

Epearen azken eguna baliogabea izanez gero, muga-eguna hurrengo egun balioduna izango da.

110. artikulua

Ongitzeko moduko akatsen jatorria edozein izanda ere, akatsok ongi daitezke, interesdunek hala eskatuz gero; horretarako agiri publikorik edo bestelako agiri berezirik behar ez bada, ongitzea Erregistroan artxibatuko da.

111. artikulua

Legearen 19. artikuluko kasuetan, interesdunek agiria hartu eta akatsa ongi dezakete, aurkezte-idazkunaren indarraldiaren barruan; aurreneurrizko idatzoharra eska dezakete, eta horrek izango du legearen 96. artikuluak zehaztu iraupena; erregistratzaileak eginiko kalifikazioaren aurka gobernu-errekurtsoa jar dezakete, edota kasuan kasuko demanda jar dezakete auzitegietan, lege horren 66. artikuluaren arabera.

Akastuna zen agiria itzuli bada behin akatsak ongitu ostean, eta itzultze hori gertatu bada aurkezte-idazkuna edo, hala denean, aurreneurrizko idatzoharra iraungitakoan, agiria berriro aurkeztu behar da, eta aurkezpen horrek ondorioak izango ditu idazkun berria egin denetik.

Aurkezte-idazkunen eta, hala denean, aurreneurrizko idatzoharren indarraldia luzatzeak berarekin dakar horien kontrako zein horiei lotutako tituluen aurkezte-idazkunak luzatzea, tituluok aurrekoak zein ostekoak izan.

Erregistratzaileak inguruabar hori agerrarazi behar du, aurkezte-idazkunetan egindako bazterreko oharren bidez.

GOBERNU-ERREKURTSOA

**112. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu gobernu-errekurtsoa ondokoek jar dezakete:

1. Pertsona fisikoak edo juridikoak, inskripzioa horren izenean egin behar denean; eskualdatzailea izateagatik edo bestelako arrazoien ondorioz, inskripzioaren ondoreak ziurtatzeko interes ezaguna duenak; horretarako batzuen eta besteen legezko zein borondatezko ordezkaritza dutenek ageri-agerian, edo ordezkaritza hori modu kautoan egiaztatzen dutenek.

2. Agintari judizialek eginiko agirien inskripzioa eten denean edo inskripzio horri ezezkoa eman zaionean, kasuan kasuko audientziaren fiskalak, baldin eta prozedura zibil zein kriminal horretan alderdi izan bada legearen aginduz; hori gorabehera, interesdunek aurreko artikuluan xedatutako eskubidea izango dute.

3. Betiere, titulua eskuetsi duen notarioak; titulua inskribatzeko modukoa dela ebatzi bada, eta bestelako eragozpenik ez badago, interesdunak inskripzioa lortuko du beste errekurtsorik jarri gabe.

Erregistratzaileak oharrean zehaztutako akatsak ongitu eta agiri kalifikatuak inskribatu badira ere, errekurtsoa jar daiteke erregistratzailearen kalifikazioaren kontra, doktrina-ondoreekin bakarrik.

*113. artikulua

Gobernu-errekurtsoa lau hilabeteko epean jarri behar da, errekurtso hori zein oharren kontrakoa izan, eta horren datatik zenbatzen hasita; horretarako, idazkia bidali behar zaio kasuan kasuko Lurralde Audientziaren presidenteari, dela zuzenean, dela Erregistroaren barrutiko lehen auzialdiko epailearen bidez. Idazkian modu argi eta zehatzean aipatuko da oharraren zein alderen kontrakoa den erreklamazioa, eta ematen diren probidentziak nori jakinarazi behar zaizkion zehaztuko da, baldin eta pertsona horrek Audientziaren lurraldeko hiriburuan badu bere egoitza.

Idazkiarekin batera, erregistratzaileak kalifikatutako agiriak aurkeztu behar dira, edota horien lekukotza askietsia.

*114. artikulua

Errekurtsoa onartzen bada, Audientziaren presidenteak horren berri eman behar dio erregistratzaileari hiru eguneko epean, horrek bazterreko ohar egokiak egin ditzan, legearen 66. artikuluaren azken lerrokadaren ondoreetarako.

Erregistrazaileak oharrok egingo ditu, baldin eta kasuan kasuko idazkunak iraungi ez badira, eta, epe berean, harako agintariari jakinaraziko dio agindua bete duela edo agindu hori ez betetzeko arrazoiak azalduko dizkio.

*115. artikulua

Errekurtsoa onartu eta hamar eguneko epean, presidenteak txostena eskatu behar die ondokoei: erregistratzaileari, beti; eskuespena eman duen notarioari, baldin eta horrek jarri ez badu errekurtsoa, eta errekurtsopeko oharrak badio agerkariak idazkerazein eskuespen-akatsak dituela; eta idazkuna eten denean edo horri ezezkoa eman zaionean, erabaki hori ezartzeko auto nahiz espedientearen gaineko eskumena duen epaile, auzitegi nahiz funtzionarioari.

Funtzionario horiek jatorrizko espedientea jaso eta hurrengo hamabost egunetan bidali behar dute euren txostena.

*116. artikulua

Txostena erregistratzaileari eskatu zaionean, erregistratzaile horrek oso-osorik edo zati batean zuzen dezake errekurtsopeko kalifikazioa, kalifikazio hori berak egin edo ez.

Erregistratzaileak errekurtsogilearen eskaera onartuz gero, Audientziaren presidenteari horren berri

emango dio eta espedientea itzuliko du, behin kalifikaziopeko agiriak banandu ostean; agiriok Erregistroan atxikiko dira, kasuan-kasuan bidezko eragiketak egin daitezen.

Presidenteak errekurtsoa amaitutzat joko du eta hala jakinaraziko dio errekurtsogileari.

117. artikulua

Gobernu-errekurtsoan, erregistratzaileak eginiko kalifikazioarekin zuzeneko eta berehalako lotura duten autuak bakarrik eztabaida daitezke, eta eskaeraren oinarria bestelako arrazoiren bat edota epean eta modu egokian aurkeztu ez den agiriren bat izanez gero, erabat ezetsiko da eskaera hori.

*118. artikulua

Audientziaren presidenteak auto baten bidez emango du ebazpena, Prozedura Zibilaren Legeko 371. artikuluak xedatutakoa kontuan hartuta.

Ebazpen hori argia, zehatza eta prozedurak ondorioztatutako uziei egokitua izan behar da; ebazpenak inskripzioa egiteko aginduko du, inskripzioari ezezkoa emango dio, edo hori etengo du; eta, hala denean, errekurtsogileari nahiz erregistratzaileari jarriko dizkio kostuak, 130. artikuluaren arabera.

*119. artikulua

Autuaren edukia aztertu aurretik erregistratzaileak alegatu badu errekurtsogileak nortasunik ez duela edota errekurtsoaren izapideak oztopatzeko beste arrazoiren bat dagoela, eta Audientziaren presidenteak ez badio oniritzirik eman salbuespenari, presidenteak erabakiko du funtzionario horrek irizpena eman behar duela errekurtsoa eragin duten autuei buruz, eta, horretarako, hamabost eguneko epea emango dio gehienez.

Errekurtsogileak nortasunik ez duela uste izanez gero, presidenteak horren inguruko ebazpena emango du bakarrik, espedienteko eskaerak kontuan hartu gabe.

*120. artikulua

Presidenteak hogeita hamar eguneko epean ebatziko du errekurtsoa, erabaki horren oinarri izango diren agiriak espedienteari erantsi zaizkionetik zenbatzen hasita.

Epea igarotakoan ez bada erabakirik hartu, interesdunak horren berri eman diezaioke Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari, eta, bidezkoa izanez gero, Zuzendaritzak audientziaren presidenteari ofizioa bidaliko dio, artikulu honetan agindutakoa bete dezan; hala ere, presidenteak erabakirik hartu ezean, Zuzendaritzak Justizia-ministroari emango dio horren berri, kasuan kasuko ondoreetarako.

*121. artikulua

Gobernu-errekurtsoetan audientzien presidenteek emandako autoen kontra, erregistratzaile eta errekurtsogileek gorajotze-errekurtsoa jar dezakete, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian.

Errekurtso hori jarri behar da, ebazpena noiz jakinarazi, eta hurrengo hamabost egunetan, ebazpena eman duen presidenteari zuzenean edo lehen auzialdiko epailearen bidez igorritako idazkiaren bidez.

Idazki horretan argi eta garbi adierazi behar da autoaren zein atalen kontrakoa den aurkajartzea.

*122. artikulua

Auto horien kontrako gorajotze-errekurtsoa epean eta modu egokian egindakoan, presidenteak ondore bikoitzarekin onartuko du errekurtso hori, horren edukia aztertu gabe, eta, hurrengo sei egunetan, espedientea Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio.

Audientziaren presidenteak gorajotze-errekurtsoa onartu ezean, interesdunak kexa-errekurtsoa jar dezake Zuzendaritza Nagusian, errekurtso hori Prozedura Zibilaren Legeko 398. artikuluak ezarri bezala antolatuz.

*123. artikulua

Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena 118. artikuluan ezarritakoaren ariora eman eta «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko da; audientziaren presidenteari erabakiaren berri eman eta espedientea itzuliko zaio, horrek artxiba dezan.

Presidenteak Erregistroari itzuliko dizkio kalifikatutako agiriak.

Behin betiko txosten nahiz erabakietan ohore pribatuari buruzko egitateak alegatu edo eztabaidatu badira, Zuzendaritza Nagusiak ohiko neurriak hartuko ditu, egitateok zabal ez daitezen; eta errekurtsoa ebaztean ohartarazpena egin bazaie errekurtso horretan parte hartu duten funtzionarioei, ez da halakorik aipatuko, «erabakitako beste guztia» esaldia erabiliko baita.

*124. artikulua

Hobeto epaitzeko, Zuzendaritza Nagusiak edo presidenteak erabaki dezake egin diren eskaerak argitzeko lagungarri izan daitezkeen txosten nahiz agiriak espedienteari eranstea, baldin eta ez bada beharrezkoa horiek Erregistroan aurkeztea, ezezkoa edo etetea jaso duen inskripzioa egiteko.

Zuzendaritza Nagusiak txostenak eska diezazkie Erregistratzaileen Elkargoko Batzari eta Notarioen Elkargoetako Dekanoen Batzari, bidezko baderitzo.

125. artikulua

Presidenteak emandako autoa eta Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpena errekurtsogileari eta erregistratzaileari jakinarazi behar zaizkie haren aginduz, zortzi eguneko epe-mugaren barruan.

126. artikulua

Ebazpenak adierazi badu akatsa ongiezina dela, erregistratzaileak ofizioz ezereztuko ditu egin diren aurreneurrizko idatzoharrak zein bazterreko oharrak, eta aurkezte-idazkunaren bazterrean jarritako oharraren bidez agerraraziko du eman den ebazpena.

Ebazpenak adierazi badu akatsa ongitzeko modukoa dela, ebazpen hori Erregistroan jaso eta hurrengo hamabost egunetan ongitu behar da akats hori, salbu eta aurkezte-idazkunaren edo, hala denean, aurreneurrizko idatzohar zein oharraren indarraldia luzeagoa denean.

Epe-muga horretan ez bada akatsik ongitu, erregistratzaileak ofizioz ezereztuko ditu aurreneurrizko idatzohar zein bazterreko oharrak, eta aurkezte-idazkunaren bazterrean oharra egingo du, eman den ebazpena adierazteko eta epe hori amaitzeagatik idazkuna ezereztu dela zehazteko.

Ebazpenaren arabera inskripzioa egin daitekeenean tituluak akatsik ez duelako, erregistratzaileak idazkuna egingo du, kasuan kasuko agiriak aurkezten zaizkionean; aurreko lerrokadan aipatu epean agiririk aurkeztu ez bada, ofizioz egingo ditu lerrokada horrek zehaztutako ezerezteak eta oharrak.

*127. artikulua

Erregistratzaileak idazkuna eten duenean edo horri ezezkoa eman dionean, horren arrazoiak azaldu behar ditu kalifikazioan.

Ez badu halakorik egin eta agiria berriro aurkeztu bazaio, edo kasuan kasuko gobernu-errekurtsoaren ondorioz inskripzioa egitea erabaki bada, erregistratzaileak alega dezake aurreko kalifikazioan aipatu ez diren akatsak daudela; baina halakoetan, erregistratzaileari diziplina-zuzenketa jarri ahal zaio, hori bidezkoa bada, kasuaren inguruabarrak kontuan izanda.

*128. artikulua

Lurralde Audientzian gobernu-errekurtsoaren izapideak egiten direnetan, epai-arantzeletan zehaztutako zerbitzu-sariak sortuko dira.

Ez da zerbitzu-saririk sortuko, errekurtsoaren izapideak ofizioz egin behar direnean, alegia, 112. artikuluaren bigarren eta hirugarren zenbakietako kasuetan, edota estatuaren ordezkaritzak jarri duenean errekurtso hori.

*129. artikulua

Gobernu-errekurtsoak eragiteko idazkietan paper judizial tinbreduna erabili behar da, salbu eta espedientea notario eskuesleak, estatuaren abokatuak edo dohaineko laguntza judizialaren pareko onura duen erakundeak hasi duenean; halakoetan, paper arrunta erabiliko da.

Erregistratzaileek eta gainerako funtzionario zein erakundeek paper mota berbera erabiliko dute euren txostenak egiteko.

130. artikulua

Errekurtsoa eragin duten interesdunek ordaindu behar dituzte horren gastu eta kostuak; salbuespenez, notario eskuesleak eta oharra egin duen edo ohararren alde agertu den erregistratzaileak ordainduko ditu horiek, baldin eta behin betiko erabakiak ezarri badu batak edo besteak ez-jakite barkaezinaren menpe jardun duela.

Aurreko lerrokadak aipatu salbuespen kasuetan, gastuak eta kostuak ordaindu behar dituztenek kasuan kasuko itzulketa egingo diete interesdunei, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egunetan.

*131. artikulua

Errekurtsoaren gaineko behin betiko ebazpenik ematen ez den bitartean, errekurtsogileek atzera egin dezakete, eskabidea presidenteari edo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduz, espedientea noren esku dagoen kontuan hartuta.

132. artikulua

Legearen 66. artikuluaren ariora interesdunek «euren arteko» auzia eragin dutenean auzitegietan, erregistratzaileak kalifikatu agirien baliozkotasuna edo deuseztasuna dela-eta, erregistratzailea ezingo da alderdi izan, eta auzi horietan demandatua bada, auzitegiek ez dute erabakiko erregistratzaileari zitazio edo epatzerik egitea; halaber, ofizioz edo inoren zereginari esker, edozein unetan antzeman bada debeku hori urratu eta prozedura erregistratzailearekin egin dela, auzitegiek prozedura hori largetsiko dute, funtzionario horri dagokionez.

133. artikulua

Erregistratzaileak eten badu agintari judizialak agindutako idazkuna, edo idazkun horri ezezkoa eman badio, bera geratuko da manamenduaren ale batekin, eta bestea kasuan kasuko oharrarekin itzuliko du, manamendua nola jaso, eta bide berbera erabilita; beharrezkoa izanez gero, oharrean etetearen edo ezezkoaren arrazoiak azalduko ditu.

134. artikulua

Kalifikatutako agiria erantsiko zaie horren jatorri diren autoei, eta epaile edo auzitegiak Fiskaltzari, hori alderdi izanez gero, eta gainerako interesdunei bidaliko die agiri hori hiru egunerako, kalifikazioa ikusitakoan antzeman dituzten akatsen ongitzea kudea dezaten, edo, bidezko baderitzote, errekurtso egokia eragin dezaten.

135. artikulua

Erregistratzaileak eten badu agintari judizialak eginiko agiriaren inskripzioa edo inskripzio horri ezezkoa eman badio, Fiskaltzak zein beste interesdunek gobernu erreklamazioa jar dezakete erabaki horren kontra; erreklamazioa jarri eta horren izapideak egiteko, 113. artikulua eta hurrengoak izan behar dira kontuan.

136. artikulua

Epaile zein auzitegiek, negozio zibil edo kriminalaren gaineko eskumena izanda, erregistratzaileak premiatu badituzte idazkunen bat egin dezaten, eta funtzionario horien ustez idazkuna bidezkoa ez bada, erregistratzaileok kexa azal diezaiokete Audientzia eskudunaren presidenteari.

Erregistratzailearen kexa ikusita, presidenteak txostena eskatuko dio berori eragin duen epaile edo auzitegiari, eta behin txostena hartutakoan, bidezko deritzon ebazpena emango du, Fiskaltzari entzun eta gero.

Erregistratzaileak kexaren berri emango dio epaile edo auzitegiari, eta horrek erregistratzailearen kontrako prozedura oro etengo du, harik eta errekurtsoa behin betiko ebatzi arte; errekurtso horren izapideak ofizioz eta, ahal den ginoan, 113. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera egingo dira.

Erregistroa zein Lurralde Audientziaren jurisdikzioan izan, eta erregistratzaileari premiamendua egin dion epaile edo auzitegia ez dagoenean audientzia horren menpe, Justizia Ministerioari dagokio kexa-errekurtsoa ebaztea, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez; horretarako, erregistratzailearen idazkia bidaliko da, eta epaileari txostena eskatuko zaio Audientzia eskuduneko presidentearen bidez, horrek bidezko deritzen adierazpenak egin ditzan.

Audientziaren presidenteak emandako ebazpenaren aurka gorajotze-errekurtsoa jar daiteke Justizia Ministerioan, zortzi eguneko epean; aurreko lerrokadaren kasuan bezala, Justizia Ministerioak ebatziko du errekurtsoa, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez.

AKZIO ERREALAK EGIKARITZEKO PROZEDURA

137. artikulua

Legearen 41. artikuluak aipatu akzio errealak egikaritzeko prozeduran ondoko erregelok izan behar dira kontuan:

1. Finken kokalekuari dagokion barrutiko lehen auzialdiko epaileak du prozeduraren gaineko eskumena, eta finka bi barruti edo gehiagotan izanez gero, legearen 210. artikuluaren lehenengo erregelak xedatutakoa bete behar da.

2. Prozedura hasiko da Erregistroko titularrak eginiko idazkiaren bidez. Idazki horretan ondokoa adierazi behar da: titularraren titulu eskuratzailea eta horren inskripzioa Erregistroan; eskubidearen kontrako egitateak edo eskubidearen egikaritzari kalte egiten diotenak; eskubidearen aurka dagoenaren edo eskubideari kalte egiten dionaren izen-abizenak eta egoitza; fruituak itzultzeko eta kalte-galeren ordaina zein kostuak ordaintzeko, egokitzat jotzen den kauzioaren zenbatekoa; betiere, emandako epaiaren betetzea ziurtatzeko eskatzen diren neurriak eta erregua, kasuan kasuko eskaerekin.

Idazkiarekin batera, Jabetza Erregistroak eginiko hitzez-hitzezko ziurtagiria aurkeztuko da; ziurtagiri horrek esanbidez egiaztatu behar du titularrari prozedura hasteko ahalmena ematen dion idazkuna indarrean dagoela.

Halaber, titulu eskuratzailea ere aurkeztuko da.

3. Edozein unetan har daitezkeen aurreneurrizko edo segurtasun-neurriak Prozedura Zibilaren Legeko 1419, 1428 eta 1663. artikuluetakoak izan daitezke, horiek aplikagarriak diren heinean, bai eta kasu bakoitzean bidezkoa den beste edozein ere.

4. Titularrak hasierako idazkian izendatu pertsonei epatzea egin behar zaie, sei eguneko epe-mugaren barruan ager daitezen, eta epatze hori Prozesu Legearen 270. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoaren arabera egingo da.

Epatzea ediktuen bidez egin bada eta epatua ez bada agertu epe-muga horren barruan, berriro egingo zaio epatzea, beste hamabi egun gehiago emanez, eta ondokoa ohartaraziz: agertu ezean, eskubide inskribatua erabat eragingarria izateko eginbide guztiak gauzatu behar direla agintzen duen autoa emango dela, baita finkatik botatzea agintzen duena ere, hori bidezkoa izanez gero.

5. Epatua edo epatuak epe-muga horren barruan agertu ez badira, agertu arren demandari begira amore eman badute, kontraesaneko demandarik ekarri ez badute, edota gero zehaztuko den epean kauziorik jarri ez badute, epaileak autoa emango du, eskubide inskribatua erabat eragingarria izateko eginbideak gauza daitezen; eginbideok Erregistroko titularrak eskatutakoaren araberakoak izango dira, bai eta Prozedura Zibilaren Legeko 926. artikuluaren lehenengo lerrokadaren eta 1596 eta hurrengo artikuluen araberakoak ere, kasuaren inguruabarrak kontuan izanda horiek apligarriak diren heinean.

Epatzeak ediktuen bidez egin badira eta epatua agertu ez bada, epaileak, hobeto epaitzeko, beharrezkoak deritzen eginbideak agin ditzake, betearazpenaren betekizunak gauzatu direla egiaztatzeko.

Eginbideok gauzatzeko epea ezin izan daiteke hilabetetik gorakoa.

6. Epatuak auzibidean agertuz gero, agerraldian bertan eskatuko zaie legeak zehaztutako kauzio egokia jar dezaten, titularrak eskatutako zenbatekoaren arabera, epailearen ustez zenbateko hori zuzena denetan.

Epailearen iritzirako zenbatekoa gehiegizkoa izanez gero, bere uste onaren arabera urrituko du.

Kauzioa eratzeko epea ezin izan daiteke hamabost egunetik gorakoa, eta ez da halakorik eskatuko, Erregistroko titularrak kauzio horri uko egin badio esanbidez.

7. Kauzio nahikoa aurkeztutakoan, hamar eguneko epea emango da kontraesaneko demanda aurkezteko; demanda hori intzidenteen izapideen arabera gauzatuko da.

8. Kontraesaneko demandaren oinarria legearen 41. artikuluko hirugarren arrazoia denetan, demanda hori jarri duenak aurkeztu behar du Jabetza Erregistroak eginiko ziurtagiria, kasuan kasuko idazkuna indarrean dagoela egiaztatzeko, inolako kontraesanik gabe.

9. Prozedura honetako autoak ezin dakizkioke elkarri metatu, ezta beste epaiketa bateko autoei ere.

10. Kontraesaneko demandaren aurretik jarritako errekurtso oro ondore bakarrarekin onartuko dira.

11. Prozedura honetan emandako ebazpen irmoa betearazten hirugarren pertsona agertzen bada, finkaren okupatzaile moduan betearazpen horren aurka eginez, pertsona horri hamar eguneko epea emango zaio, ager dadin eta bere aurkajartzea idatziz egin dezan; idazki horrekin batera, bere eskubidearen oinarri gisa erabili duen titulua edo frogak aurkeztu behar ditu, kauzio egokia jarri eta gero.

Aurkajartzea intzidenteen izapideen arabera gauzatuko da.

138. artikulua

Kalte egin dutenek euren izenean titulua inskribatuta izan arren, aurreko artikuluak arautu prozedura egikari daiteke, baldin eta titulu hori nahikoa ez bada, kalte hori dakarten egintzak legitimatzeko.

III. TITULUA AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK

DEMANDARI BURUZKOAK

139. artikulua

Legearen 38. artikuluak eta 42. artikuluaren lehenengo zenbakiak aipatu kasuetan demanda jartzen duenak horren aurreneurrizko idatzoharra egitea eska dezake aldi berean nahiz geroago, baina adierazi behar du, demandatua absolbitzen bada horri eragin dakizkiokeen kalteak ordainduko dituela; ondore horretarako, epaileak bidezko deritzon kauzioa eska dezake.

Demanda onartzean, epaile edo auzitegiak idatzoharra egiteko aginduko du, hori bidezkoa izanez gero, eta idatzoharra geroago eskatu bada, hirugarren egunean egingo da.

ENBARGOARI ETA ZAINPEAN UZTEARI BURUZKOAK

140. artikulua

Epaiketa zibil zein kriminalean edota premiamenduzko administrazio-prozeduran ondasun higiezinak nahiz eskubide errealak enbargatzeko agindu bada, enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra egingo da, nahiz eta enbargo hori aurreneurrizkoa izan.

1. Enbargopeko finkaren jabetza pertsona baten izenean inskribaturik badago eta enbargoa ez bada pertsona horren kontrakoa, idatzoharrari ezezkoa emango zaio, edo idatzohar hori etengo da, kasuan-kasuan.

Erregistratzaileak manamendu judizialaren bikoizkin batekin geratuko dira, eta bestea itzuliko dute, 133. artikuluak agindutakoaren arabera.

2. Enbargopeko ondasunen jabetza ez badago inskribaturik, enbargoaren idatzoharra etengo da, eta, horren ordez, etetearen aurreneurrizko idatzoharra egingo da.

3. Enbargoan interesa dutenek eska dezakete errekerimendua egitea prozedura horretan ugazaba edo horren ordezkari moduan agertu izan denari, horrek egin gabeko inskripzioa egin dezan, akatsa ongituz. Errekerimendua jasotakoan, ugazabak edo ordezkariak ez badu horrelakorik egin, eta interesdunek inkripzioa egiteko behar diren tituluak izan edo aurkeztu ahal badituzte, interesdun horiek epaileari edo auzitegiari eska diezaiokete inskripzioa agintzea.

4. Epai betearazlean enbargopeko ondasunak saltzea erabaki bada, eta jabeak ez badu titulurik aurkeztu nahi, interesdunek titulu horiek ordez ditzakete, legearen VI. tituluko bideak erabilita.

5. Hala denean, interesdunek eska dezakete enbargopeko ondasunak enkantean eskaintzea, baldin eta, salmenta-eskritura egiletsi baino lehen zein horren ondoren, errematatzaileak egin ez den inskripzioa egiten badu, garaiz eta epaileak edo auzitegiak zehaztutako epean. Horretarako, aurrerago adierazi erregelen arabera jardun behar da.

Jabeak ordaindu behar ditu inskripzioa ez egiteagatik sorrarazi dituen gastuak eta kostuak.

Erregela berberak aplikatuko zaizkie gainerako idatzoharrei, euren izaerak hori ahalbidetzen duenetan.

141. artikulua

Legearen 42. artikuluko hirugarren kasuko aurreneurrizko idatzoharra ezin egin daiteke, harik eta, epaia betearazteko, epai horrek kondenatu duen pertsonaren ondasun higiezinak enbargatzea agindu arte, exekuzio-epaiketari buruz ezarritakoaren arabera.

EZGAITASUNARI BURUZKOAK

142. artikulua

Ordainketa-etendura, konkurtso nahiz porrot kasuetan ere legearen 42. artikuluko laugarren zenbakiak aipatu aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, behin legeek ezartzen dituzten izapideak gauzatutakoan.

IDATZOHARREAN JASOTAKO ONDASUNEN HIRUGARREN EDUKITZAILEA

143. artikulua

Legearen 38. artikuluko azken lerrokadak zehaztutako kasuan, hirugarren edukitzaileak prozeduran parte hartzeko eskubidea izango du, lege horren 134. artikuluaren arabera, baina legearen 126. artikuluaren ondoreetarako zitazioa egin dakion, edukitzaile horrek bere eskubidea inskribatu behar du, Prozedura Zibilaren Legeko 1489. artikuluak ezarri zamen ziurtagiria eman aurretik.

Edozein premiamendu-prozedurari begira erregistratzaileak zamen ziurtagiria eman badu Prozedura Zibilaren Legeko 1489. artikuluak agindu bezala, hurrengoa agerraraziko du eginiko enbargo-idatzoharraren edo, hala denean, hipoteka-inskripzio egokiaren bazterrean: ziurtagiria eman duela, ziurtagiri hori zein prozedurari begira eman duen, manamendua noizkoa den eta noiz aurkeztu den, eta ziurtagiria noiz eman den.

Ez da halako oharrik egingo, aldez aurretik ez bada egin kasuan kasuko enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra.

Enbargoa idatzoharrean jaso ostean eginiko idazkunaren ondorioz idatzoharra ezereztu bada, enbargopeko eskubidea urritu bada, edo idazkunaren oinarria konkurtso-prozeduran emandako ebazpen judiziala izan bada, erregistratzaileak idazkun horren berri eman behar dio idatzoharra egiteko agindu duen organoari, legeetan xedatutakoa betetzeko.

Aurreko hipoteka zein enbargoa betearezteko prozeduren gorabeherei dagokienez, erremate edo adjudikazioaren ondorioz enbargoaren idatzoharra ezereztu denean, ezerezte horren berri bakarrik emango du erregistratzaileak.

Aurreneurrizko idatzoharra ezereztu denean iraungitzearen ondorioz, erregistratzaileak ez dio horren berri eman behar idatzoharra egiteko agindu duen organo judizialari.

Erregistratzaileak ez du inoiz eman behar aurkezte-idazkunen berri.

ENBARGOAREN BESTE IDATZOHARRAK ETA BESTERENTZE-DEBEKUA

144. artikulua

1. Ezkontza-sozietatea indarrean dagoela 93. artikuluaren 1 zein 4. paragrafoen edo 94. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera inskribatutako ondasunen enbargoa Jabetza Erregistroko idatzoharrean jaso ahal izateko, demanda ezkontide bien aurka jarri dela agerrarazi behar da, edo, ezkontide baten kontrakoa izan arren, besteari enbargoa jakinarazi zaiola.

2. 95. artikuluaren 4. paragrafoaren arabera inskribatutako ondasunen kasuan, enbargoa idatzohar daiteke baldin eta ondasunak zein ezkontideren izenean inskribatu, eta demanda horren aurka jarri bada, berori ezkontide zorduna izan edo ez.

3. Enbargopeko ondasunak besterendu behar direnean, erregelamendu honen 93. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa bete behar da.

4. Irabazpidezko sozietatea desegindakoan Erregistroan ez bada agertzen horren likidazioa, enbargoa idatzohar daiteke; horretarako, demanda ezkontide bien edo euren jaraunsleen aurka jarri dela agerrarazi behar da.

Erregistroan likidazioa agertzen bada, enbargoa idatzohar daiteke; horretarako, demanda nahiz exekuzioa zein ezkontideren kontrakoa izan, eta ondasuna horri adjudikatu behar zaio, edota manamenduak eratorri behar du enbargoa eragin duen zorraren gaineko erantzukizuna duela ondasunak, eta, adjudikazioa egiletsi baino lehen, ezkontide titularrari enbargoa jakinarazi zaiola agerrarazi behar da.

5. Aplikatu beharreko legearen arabera ezkontide bien adostasuna behar bada ohiko familia-etxebizitzaren gaineko eskubideak xedatzeko, eta etxebizitzaren izaera hori Erregistroan ageri bada, orduan, ezkontide bati dagokion etxebizitzaren enbargoa idatzoharrean jasotzeko, manamenduak eratorri behar du etxebizitzak ez duela harako izaerarik edo enbargoa jakinarazi zaiola enbargopeko titularraren ezkontideari.

145. artikulua

Legearen 26. artikuluko bigarren zenbakira eta 42. artikuluko laugarren zenbakira bildutako besterentze-debekuen aurreneurrizko idatzoharrak egin badira, idatzoharrean jasotako finkaren edo ondasunaren gain titularrak idatzoharraren ostean egindako xedatze-egintzak ezingo dira inskribatu ez idatzoharrean jaso; inskripzio nahiz idatzoharraren oinarria izan bada idatzoharrean jasotako jabariaren edo eskubide errealaren aurreko idazkunen bat, ez da inolako oztoporik izango inskripzio zein idatzohar hori egiteko.

JARAUNTSI-ESKUBIDEARI BURUZKOAK

146. artikulua

Legearen 42. artikuluaren seigarren zenbakiak eta 46. artikuluak aipatu aurreneurrizko idatzoharra egitea eska dezakete:

1. Jaraunsleek.

2. Senipartedunek.

3. Zati alikuoten gaineko legatu-hartzaileek; eta 4. Jarauntsiaren hartzekodunek, baldin eta jaraunsleek ez badute berme edo fidantza berezirik ezarri horien kredituen gain; horretarako, hartzekodunek eskritura publikoaren bidez egiaztatu behar dituzte kredituok.

Gainerako kasuetan, epai-probidentzia behar da, eta legearen 57 eta 73. artikuluek ezarritakoa bete behar da, horiek aplikatzeko modukoak direnean.

LEGATUEI BURUZKOAK

147. artikulua

Legearen 56. artikuluaren arabera legatuen aurreneurrizko idatzoharra alderdien hitzarmenaren bidez egin dadin, Erregistroan ondokoa aurkeztu behar da: testamentuaren kopia eskuetsia edo, gutxienez, horren goiburukoaren, eskuespenaren eta jaraunsle izendapenari nahiz legatu-xedapenari buruzko klausulen kopia, kausatzailearen heriotza-ziurtagiria eta Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiria; horrekin batera, legatu-hartzaileak eta jaraunsleak sinatutako eskabidea aurkeztu behar zaio erregistratzaileari, idatzoharra eskatuz eta idatzohar hori zein ondasunen gain egin behar den zehaztuz, elkarrekin ados jarrita.

Eskabidearen sinadurak legitimatu behar dira eta, legitimatu ezean, eskabidea erregistratzailearen aurrean berretsi behar da.

Idatzoharra ebazpen judizialaren bidez egin behar denetan, Erregistroan manamendua aurkeztu behar da; manamendua epaileak edo auzitegiak eman behar du, legearen 57. artikuluan xedatutakoaren arabera.

148. artikulua

Jaraunsleak eta legatu-hartzaileak adostasunez eskatzen dutenean legatu baten aurreneurrizko idatzoharra egiteko, eskabidean adierazi behar dituzte kausatzailearen izen-abizenak, egoera, adina, auzotartasuna nahiz heriotza-data, bai eta testamentu-epaiketarik eragin ez dela eta jaraunsleak jarauntsia onartu duela ere.

Kasu horretan, idatzoharrean jaso beharreko finka ez bada inskribatu testamentugilearen izenean, inskripzio hori egitea eskatuko da, Erregistroan kasuan kasuko tituluak aurkeztuz.

149. artikulua

Legatu-hartzaileei legearen 49. artikuluan adierazitako jakinarazpena egiteko, jaraunsleak testamentu-epaiketaren gaineko eskumena duen epaile edo auzitegiari egingo dio eskabidea, horrekin batera testamentuaren kopia, heriotza-ziurtagiria, Azken Nahien Erregistro Nagusiak eginiko ziurtagiria eta ondasun higiezinen inbentarioa aurkeztuz.

Epaile edo auzitegiak jakinarazpena egitea aginduko du, hori bidezkoa izanez gero, eta, jakinarazpena egindakoan, aurkeztu diren agiriak nahiz jatorrizko eginbideen lekukotza interesdunari ematea aginduko du.

150. artikulua

Jakinarazpenaren datatik hogeita hamar egun igaro badira legatu-hartzaileek idatzoharra epaiketa bidez eskatu dutela egiaztatu gabe, jaraunsleak eska dezake jarauntsi-ondasun guztiak inskriba daitezen; horretarako, Erregistroan aurkeztuko ditu bere titulua eta gauzatutako eginbideen lekukotza askietsia.

Legatu-hartzaileek idatzoharra eskatu arren, idatzoharra egin ostean legatu berezien bidez eman ez diren ondasunak inskriba ditzake jaraunsleak.

Bai kasu horretan eta bai legatuhartzaileek euren idatzohar-eskubideari uko egin diotenean ere, inskripzioak aipatu behar du legatu-hartzaileen uko-egitea jasotzen duen eskritura edo jakinarazpen-eginbideak eta horien emaitzak.

151. artikulua

Legatu-hartzaileak legatu moduan ondasun higiezin zehatzak nahiz ondasunon gaineko kreditu edo pentsioak hartu dituenean, jaraunsleek edozein unetan inskriba ditzakete beste jarauntsi-ondasunak euren izenean.

Jaraunsleek badute aurreko lerrokadan adierazi ez diren legatuen karga, legearen 49. artikuluko epeak nahiz baldintzak beteta bakarrik inskriba dezakete euren oinordetza-titulua, salbu eta legatuen ordainketa zein legatu-hartzaileen uko egitea egiaztatu denean.

152. artikulua

Aurreko artikuluetan araututako aurreneurrizko idatzoharren ondoreetarako, zati alikuotaren gaineko legatu-hartzaileak jaraunsleekin berdinesten dira betiere.

153. artikulua

Legearen 42. artikuluko zazpigarren zenbakiaren eta 87. artikuluaren ondoreetarako, ulertzen da legatua eskatzeko modukoa dela, epaiketan legearen arabera horren berehalako ordainketa zein ematea eska daitekeenean.

Legatua pentsioa edo aldizkako errenta izanez gero, ulertzen da horiek eskatzeko modukoak direla epaiketan lehenengo pentsioa edo errenta erreklama daitekeenetik.

154. artikulua

Legearen 88, 89 eta 90. artikuluetako hipoteka eratu behar da pentsioak kargatutako ondasun higiezina adjudikatzeko banaketa-eskrituran, eta, halakorik izan ezean, legatu-hartzaileak edo kargapeko jaraunsleak eta pentsiodunak egiletsitako eskritura publikoan; horiek ez badira ados jartzen hipoteka eratzeko moduari buruz, hipoteka epai bidez eratuko da.

Testamentu-epaiketa eragin denean, autu hori epaiketaren intzidente moduan aztertu eta erabakiko da.

Halako epaiketarik eragin ezean, autua kasuan kasuko epaiketa adierazlean erabakiko da.

ERREFAKZIOZKO KREDITUEI BURUZKOAK

**155. artikulua

Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, errefakziozko hartzekodunaren izenean egindako aurreneurrizko idatzoharra eska daiteke, idatzizko agiri pribatuaren bidez.

Horretarako, erregistratzailearen aurrean agertu behar dira idatzoharraren gaineko interesa duten guztiak, zuzenean zein baimen berezia duen ordezkariaren bitartez, eta erregistratzaileak ziurtatu behar du, hala agertu direnen nortasuna, nola kontratuaren oinean jarritako sinaduren kautotasuna, salbu eta notarioak legitimatu dituenean horiek; kasu horretan ez da beharrezkoa interesdunok zuzenean agertzea.

Aurreneurrizko idatzoharra modu berean eska daiteke, diru-laguntza publikoak zein erakunde publikoen kredituak emateko agirien bidez, baldin eta laguntza zein kreditu horien helburua bada hiri-eraikinak, horien instalazioak, aurrealdeak nahiz osagai erkideak errefakzionatu, konpondu, birgaitu eta, hala denean, hobetzea.

Jabetza horizontalpeko eraikinetan, nahiko izango da erkidegoaren lehendakaria agertzea, baldin eta horretarako baimena eman badio Jabeen Batzak, eta Jabetza Horizontalaren Legeak ezarritako moduan nahiz gehiengoekin erabaki bada baimen hori ematea; obra-aurrekontuen zenbatekoa ezin izan daiteke emandako kreditua edo diru-laguntza baino txikiagoa, eta erkidegoak aurrekontu horiek onartu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria ekarri behar du erkidegoburuak.

Idatzoharra kasuan kasuko eraikin edo finka osoaren gainekoa izango da, eta finka nagusiaren folioan egingo da, osagai pribatiboei buruzko folioetan aipamen-ohar egokiak eginez.

156. artikulua

Errefakziopeko finka ez bada inskribatu zordunaren izenean eta inskripzioa egiteko aurkeztu den tituluak eratortzen badu finka horren gain eskubide errealen bat dagoela, erregistratzaileak inskripzioa egingo du, hori bidezkoa denetan, idatzoharrari ezezkoa emanez, harik eta legearen 61. artikuluko espedientean epaileak ebazpena eman arte, edo hitzarmen egokia egin arte.

157. artikulua

Legearen 61. artikuluko espedientea instruitzeko, zordunak eskabidea egin behar dio finka zein barrutitan izan eta bertako lehen auzialdiko epaitegiari; eskabidean finkak behar dituen obrak, horien gutxi gorabeherako kostua eta finkaren egungo balioa adierazi behar dira, eta ondasun higizinaren gain eskubideren bat duten pertsonei zitazioa egiteko eskatu behar da, pertsona horiek euren adostasuna adieraz dezaten edo euren eskubideari komeni zaiona alega dezaten.

Eskabidearekin batera, perituek zenbatespenari buruz eginiko ziurtagiria eta Jabetza Erregistroak emandakoa aurkeztu behar dira, bai eta, hala denean, zitazioa jaso behar duten pertsonen izenak nahiz eskubideak ondorioztatzeko agiriak ere.

Epaileak zitazioa egitea aginduko du, Prozedura Zibilaren Legeko 262. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako formalitateekin.

158. artikulua

Aurreko artikuluaren ariora zitazioa jaso duten pertsonak ados egon daitezke jabeak nahi duenarekin, eta kasu horretan epaileak idatzoharra baimentzeko ebazpena emango du, edo prezioaren eta egin nahi diren obren aurka jar daitezke, horien ondorioz euren eskubideak ez badira behar bezala bermatzen.

159. artikulua

Zenbatespenaren edo obren aurka jartzen direnek peritua izendatuko dute, horrek jabearen perituarekin batera, tasazioa zuzendu edo obra horien gaineko irizpena egin dezan.

Peritu hori izendatzeko eta gerta daitezkeen desadostasunak erabakitzeko, Prozedura Zibilaren Legeko 613. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa bete behar da.

160. artikulua

Peritu bidezko epaiketa amaitutakoan, epaileak idatzoharra baimendu eta errefakziopeko finken balioa adierazten duen ebazpena emango du, aurkajartzea zenbatespenari buruzkoa izan bada.

Aurkajartze hori obren ingurukoa izan bada, epaileak interesdunei eta perituei ahozko epaiketan agertzea aginduko die, lehenengoen arteko adostasuna erdiesteko; halakorik lortu ezean, epaileak egintza amaitutzat joko du, eta frogatu denaren araberako ebazpena emango du, errefakzioa debekatuz edo hori baimenduz, baldin eta perituen irizpenak ondorioztatu badu obrak egindakoan aurkajartzailearen eskubideak ez direla lehen baino gutxiago ziurtatzen, finkaren errenta nahiz salmenta prezioa urritzeagatik.

BESTE BATZUK ETETEAGATIK EGINDAKO IDAZKUNAK

161. artikulua

Inguruabar bereziak direla eta, Erregistroan aurkibiderik izan ez baina inskripzioa egiteko horiek kontsultatu behar direnean, aurreneurrizko idatzoharra egingo da, eta, legearen 86. artikuluak xedatutakoa gorabehera, idatzohar horrek iraungo du harik eta berori ezereztu edo inskripzio bihurtu ahal izan arte.

Erregistratzaileek berehala eman behar diote horren berri Zuzendaritza Nagusiari, euren erantzukizunpean.

162. artikulua

Eskatutako ezereztea ezin bada egin ongitzeko moduko akatsen bat dagoelako, etetearen arrazoia azaltzen duen idazkuna egin daiteke, ezerezte-idazkunaren antzekoa, alderdiek hala eskatuz gero.

Idazkun horren iraungitzea legearen 96. artikuluaren arabera zehaztuko da.

163. artikulua

Eskubide inskribatuak eskuratu, aldarazi edo azkentzea dakarren bazterreko oharra eskatu bada ez delako beharrezkoa inskripzioa edo idatzoharra egitea, eta bazterreko ohar hori ezin bada egin tituluan ongitzeko moduko akatsen bat dagoelako, ondokoa adierazten duen aurreneurrizko idatzoharra egingo da, alderdi interesdunak hala eskatuta: aurkeztutako agiriaren edukia, aurkezpenaren arrazoia, harako oharra eten delako adierazpena eta etete horren arrazoiak.

Aurreneurrizko bazterreko oharrak iraungitzen dira horiek egin eta hirurogei egunetara.

Epe hori ehun eta laurogei egunetara luza daiteke, horretarako arrazoi zuzenen bai izanez gero eta epai-probidentziak hala aginduz gero.

164. artikulua

Administrazio-manamenduak nahiz manamendu judizialak agindu badu aurreneurrizko idatzoharra egitea eta hori ezinezkoa bada ongitzeko moduko akatsen bat dagoelako, 169. artikuluak ezarritakoaren araberako idazkuna egingo da, interesdunek hala eskatuz gero.

Auzi kriminalen ondoriozko enbargoen kasuan, edota estatuak auziren batean zuzeneko interesa izan, eta halako auzien ondoriozko enbargoen kasuan, ez da beharrezkoa interesdunaren eskabidea, harako idatzoharra egiteko.

IDATZOHARREN INGURUABARRAK

165. artikulua

Epaileak agindutako aurreneurrizko idatzoharra egiteko, epaile edo auzitegiaren manamendua Erregistroan aurkeztu behar da; manamenduan hitzez-hitzezko ebazpena eta horren data jasoko dira, eta, hala denean, ebazpen hori irmoa dela agerraraziko da.

166. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharrak inskripzioak bezala egingo dira, eta orokorrean horientzat ezarritako inguruabarrak jasoko dira bertan, horrez gain, hurrengoa agerraraziz:

1. Zordunaren erantzukizunak direla eta, horren jaraunsle zehaztugabeen kontrako prozeduretan enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra egiteko eskatu bada, zordunaren heriotza-data adierazi behar da.

Zordunaren betebeharrak direla bide, prozedura horren jaraunsle ziur eta zehatzen aurka egin bada, aurrekoaz gain, jaraunsle horien inguruabar pertsonalak agerraraziko dira.

Demandatuaren zorrak direla eta, akzioak egikaritu badira Erregistroaren arabera titularraren jaraunsle edo legatu-hartzaile den pertsonaren aurka, ondokoak agerrarazi behar dira: testamentuaren edo jaraunsle-adierazpenaren inguruabarrak, Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiriaren inguruabarrak eta kausatzailearen heriotza-inguruabarrak.

Idatzoharra egingo da manamendu judizialak zehaztu ondasun higiezin nahiz eskubideen gain, zordunaren jarauntsi-eskubideari dagokion zatian.

2. Jabetza-demandaren idatzoharra eskatu bada, hori onartu duen erabakiaren data adierazi behar da, baita demandaren helburua eta demandatzaile zein demandatuaren inguruabarrak ere, horiek ezagunak izanez gero.

3. Idatzoharra egin bada enbargo-manamenduaren ondorioz, ondasuna zainpean uzteko manamendua dela bide edota betearazpen-aginduren bat betetzeko, hori berori adierazi behar da, ondokoa zehaztuta: printzipal moduan eta, bidezkoa denean, korritu nahiz kostu moduan aseguratu nahi den zenbatekoa, bai eta probidentzia noren aldekoa nahiz kontrakoa izan, eta pertsona horien inguruabarrak ere.

4. Idatzoharra egin bada ebazpen judizialaren bidez, pertsonaren bat konkurtsopean nahiz porrot egoeran dagoela adieraziz edota ondasun zehatzen besterentzea aldi baterako debekatuz, ebazpenaren objektua agerrarazi behar da, baita ebazpen hori lortu duen pertsonaren nahiz kasuan kasuko titularraren inguruabarrak ere.

5. Idatzoharra egin bada 10. artikuluko adierazpenen bat eskatzeko demandaren ondorioz, ezgaitasun mota, demanda onartzen duen ebazpenaren data eta demandatzailearen nahiz titularraren datuak, Erregistroaren araberakoak, adierazi behar dira.

6. Idatzoharra legatuaren gainekoa bada, ondokoa zehaztu behar da: legatu mota; horren zenbatekoa; baldintzak; jarauntsia onartu denentz; testamentu-epaiketarik eragin ez dela; ondasun banaketarik egin ez dela; idatzoharraren eskabidea aurkeztu aurretik hori egiteko legeak ematen duen ehun eta laurogei eguneko epea igaro denentz; eta idazkuna egin dela, bai ebazpen judizialaren bidez, bai legatu-hartzailearen eta jaraunslearen arteko akordioaren bidez.

7. Idatzoharra errefakziozko kreditu baten gainekoa bada, laburrean adierazi behar da ondokoa: gauzatu nahi den obra mota; horretarako egindako kontratua eta horren baldintzak; finkak berme errealik ez duela eta, izatekotan, finkari eman zaion egungo balioa, interesdunei zitazioa egin ostean; eta hori guztia eskritura publikoaren edo epaiespedientearen bidez egin den.

8. Idatzoharra legearen 45. artikuluko bigarren lerrokadan jasotakoetarikoa bada, ondokoa adierazi behar da: eskuraketa-titulua eta aseguratutako kredituaren inguruabarrak; horren inguruko adjudikazio-eskrituraren adierazpenak eta idatzoharra lortzeko modua.

9. Idatzoharra egin delako adierazpena, idatzohar mota eta noren izenean egin den.

10. Idatzoharra egiteko oinarritzat hartu den agiria eta horren data, eta, manamendu judiziala nahiz administrazio-manamendua izanez gero, hori eman duen epaitegi, auzitegi nahiz funtzionarioaren aipamena, eta ale bat artxibatzen delako adierazpena.

11. Agiria pribatua izanez gero, erregistratzaileak adierazi behar du sinadurak legitimatuta daudela edota alderdiak zuzenean nahiz ahaldunen bidez joan direla berarengana, horiek ezagutzen dituelako eta aurkeztu zaion eskabidearen oinean jarritako sinadurak kautoak direlako fede emanez; erregistratzaileak ezagutzen ez baditu interesdunak edo horien ahaldunak, eurekin batera bi lekuko ezagunek sinatu behar dute idatzoharra eskatzeko eskabidea, horiek egintzan agertuz eta haien sinaduren legitimatea ziurtatuz.

12. Beharrezkoa gertatu ahal bada erregistratzaileak idatzoharpeko titularrei komunikazioak egitea, idatzoharrean identitatearen inguruabarrak eta egoitza adierazi behar dira, egoitza hori zehazteko inguruabarrekin batera, tituluan halakoa ageri bada.

167. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharra ondasun desberdinei buruzkoa bada, ondasun horiek guztiek edo, banaketa egin bada, ondasun bakoitzak zein kreditu nahiz betebeharraren gaineko erantzukizuna izan, eta horren zenbatekoa adierazi behar da.

168. artikulua

Benetako inskripzioak etetearen ondoriozko aurreneurrizko idatzoharretan, ahal izanez gero, kasuan kasuko inskripzioa egiteko beharrezkoak diren inguruabarrak adierazi behar dira, aurreneurrizko idatzoharra ongitzeko moduko akats baten ondorioz egin dela aipatuz eta akats hori zehaztuz.

169. artikulua

Lehendabizi eskatu aurreneurrizko idatzoharrak eteteagatik egin behar diren idatzohar berriak egingo dira kasuan kasuko idatzohar nagusiak egin beharko liratekeen bezala, baina ondokoa gehituta: gauzatu nahi zen idazkuna eten dela ongitzeko moduko akats batzuk izatearen ondorioz; akatsak zehaztu behar dira.

Idatzoharrok iraungiko dira, legearen 96. artikuluak ezarritako epeak igarotakoan.

170. artikulua

Ongitzeko moduko akatsen ziozko etete-idatzoharrak inskripzio-liburuan egingo dira, horiek gauzatzeko prozedura edozein izanda ere, eta finkak nahiz eskubideak inskribatuta egon ez arren.

Prozedura zein pertsonaren kontrakoa izan eta finka nahiz eskubidea pertsona horren izenean inskribatuta agertzen bada, edo, erregelamendu honen 105. artikuluan xedatutakoa aplika badaiteke, orduan, pertsona horri irekitako folioan egin behar da etete-idatzoharra.

171. artikulua

Legearen 73. artikuluko bigarren lerrokadak aipatutako idatzoharretarik bat izateagatik horrek pertsona baten ondasun guztiak jaso behar dituenean eta tituluan ez dagoenean horien deskripziorik, pertsona beraren izenean inskribatuta agertzen diren guztiak idatzoharrean jasoko dira, inguruabar hori adieraziz eta, ondasun higiezinaren deskripzio zein zamei dagokienez, kasuan kasuko inskripzioak aipatuz.

Manamendua eman duen agintariari itzulitako alean, erregistratzaileak idatzoharrean jaso diren ondasunen aipamen laburra agerrarazi behar du, finkaren liburukia, folioa eta zenbakia zehaztuz.

172. artikulua

Ondasun higiezinen adjudikazioa agerrarazi behar duen agiri publikoak legearen 45. artikuluko lehen lerrokadaren arabera berme erreala sorrarazten badu hartzekodunentzat, agiri horrek eratzen den eskubide mota zehaztuko du, eta legeak nahiz erregelamendu honek eskubide hori inskribatzeko ezartzen dituzten betekizun guztiak izango ditu.

Artikulu horren bigarren lerrokadak aipatu aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke hartzekodunaren eta adjudikaziodunaren arteko hitzarmenaren bidez, baldin eta horiek sinatutako eskabide egokia aurkeztu bada Erregistroan, adjudikazioari eta aseguratu nahi diren kredituei buruzko agiri publikoekin batera.

Idatzohar hori epaile edo auzitegi eskudunak emandako manamenduaren bidez ere egin daiteke, legearen 57. artikuluko xedapenak aplikatuz, ahal den ginoan.

IV. TITULUA INSKRIPZIOAK ETA AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK AZKENTZEA

EZEREZTE-TITULUA ETA -PROZEDURA

173. artikulua

Inskripzioen nahiz aurreneurrizko idatzoharren erabateko ezereztea gerta dadin, Erregistroan aurkeztu behar dira, bai finka edo eskubidea azkendu dela egiaztatzen duten titulu nahiz agiriak, bai inskripzioaren zein inskribaturiko tituluaren deuseztasuna adierazten dutenak ere.

Titulu inskribatuak deusezak direla adieraztearen ondorioz egin diren ezerezteek euren ondoreak sortuko dituzte, legearen 34. artikuluak xedatutakoari kalterik egin gabe.

Zatikako ezerezteak egin behar direnetan ere, xedapen berberak aplika daitezke.

174. artikulua

Inskripzioa ezerezteko titulu nahikoa izan daiteke berori egiteko erabili den eskritura, baldin eta eskritura horrek nahiz beste agiri sinesgarri batek ondorioztatzen badu aseguratutako eskubidea iraungi edo azkendu dela.

Eskubide inskribatua interesdunen borondatez azkendu bada, eta inguruabar hori egiaztatu behar bada inskripzioa ezerezteko, ezereztea egiteko beste eskritura bat behar da, legearen 82. artikuluaren lehenengo lerrokadaren arabera.

Manamendu judizialaren zein eskritura publikoaren bidez eginiko inskripzio nahiz aurreneurrizko idatzoharrak ezereztu behar badira eta ezerezte horren ondorioz kalteak jasango dituen pertsonak ez badu horretarako adostasunik ematen, ebazpen judizial irmoa behar da ezereztea egiteko; ebazpena irmoa izan daiteke, bai errekurtsorik onartu ez delako, bai errekurtsoari gaitziritzia eman zaiolako, bai errekurtsoa jartzeko legezko epea amaitu delako.

Erregela horretatik salbuetsita geratzen da legearen aginduz gertatzen den iraungitzea.

175. artikulua

Legearen 82. artikuluaren bigarren lerrokadak xedatutakoaren ondorioz, inskripzioa ezerezteko ez denean behar interesdunen adostasunik, ezerezte hori hurrengo erregelen arabera egingo da:

1. Hipoteka-inskripzioak eta gozamen-eskubidearen gaineko beste kargak ezereztu ahal dira ondasun higiezinaren ugazabak hala eskatuta; horretarako, gozamena gozamendunaren borondatetik kanpoko egitate baten ondorioz amaitu dela egiaztatzen duen agiri sinesgarria bakarrik aurkeztu behar da.

2. Ondasun higiezinen kontrako premiamendu-prozeduraren ondorioz enbargopeko finka edo eskubidea epaiketan besterendu bada, kasuan kasuko enbargo-idatzoharraren osteko inskripzio eta idatzoharrak ezereztuko dira, horiek aurreko besterentze nahiz kargei buruzkoak izan arren, baldin eta euren oinarria ez bada enbargo-idatzoharra baino lehen inskribatutako edo idatzoharrean jasotako eskubideren bat, idatzoharrak ukitzen ez duena.

Ezereztea egingo da, finka nahiz eskubidearen ugazaba moduan agertzen denak hala eskatuta; horretarako, ezereztea agintzen duen manamendua bakarrik aurkeztu behar da, Prozedura Zibilaren Legeko 1518. artikuluak ezarritakoaren arabera emandakoa.

3. Gobernuari badagokio herri-zerbitzurako obren ustiapena ematea eta obrak zuzenean eta esklusibotasunez lotzen bazaizkio zerbitzu horri, obren gaineko hipoteka zuzenean ezereztuko da, emakidadun hipotekatzailearen eskubidea suntsiarazen denean, azkentze hori agerrarazten duen tituluaren bidez. Emakidadunak bere eskubidea suntsiarazteagatik kalte-ordaina eskuratu badu, emakidadun horrek egiaztatu behar du kalte-ordainaren zenbatekoa zainpean jarri duela, hipoteka ezereztu ahal izateko.

4. Azpihipoteka eratzen bada legearen 149. artikuluko baldintzak bete barik, azpihipoteka hori ezereztu ahal da, azpihipotekatzailearen eskubidea suntsiarazi dela agerrarazten duen eskrituraren bidez.

Betekizun horiek bete badira, beharrezkoa da, gainera, azpihipotekarioak adostasuna ematea, edo azpihipotekak bermatzen duen diru kopurua zainpean jartzea, diru kopuru hori hipoteka bidez bermatutako kopuru bera edo txikiagoa denetan.

5. Ondasun auzigaien gaineko hipoteken inskripzioak, legearen 107. artikuluaren bederatzigarren zenbakiak aipatzen dituenak, oso-osorik zein zati batez ezereztu ahal dira, eta, epaiketan zorduna galtzaile ateratzen bada, hipoteka ezereztu ahal da betearazpen-agindua Erregistroan aurkeztuz bakarrik.

6. Erregistroan inskribaturik badaude salmenta hutsaltzeko edo deuseztzat jotzeko baldintzak, hipoteka ezerezteko, Erregistroan aurkeztu behar dira, hala salmenta hutsaldu edo deuseztatu dela egiaztatzen duen agiria, nola ondokoa egiaztatzen duena: banketxe edo kutxa ofizial batean zainpean jarri dela kasuan kasuko kenkariak egin eta gero itzuli behar den ondasunen balioa edo epeen diru-zenbatekoa.

Baldintza hutsaltzaile edo suntsiarazlepeko ondasun horien gain eskubide erreala eratzekotan, eskubide horien inskripzioak ezereztu behar dira agiri berberarekin, zenbateko horiek zainpean jarri direla egiaztatu eta gero.

176. artikulua

Hipoteka-kredituak laga badira baina Erregistroan ez bada agerrarazi zordunari lagapen horren berri eman zaionik, eta zordunak lagatzaileari ordaindu badio, lagapen horren inskripzioa ezereztu ahal da ordainketa hori egiaztatzen duen agiriaren bidez, legearen 151. artikuluko erantzukizunei kalterik egin gabe.

**177. artikulua Alderdiek hitzartutako egikaritza epea duten eskubideei buruzko idazkunak iraungitzearen bidez ezereztu ahal dira, muga-eguna heldu eta bost urte igarotakoan, lege luzapenaren kasuan izan ezik; horretarako, beharrezkoa da eskubidea egikaritu, titulua aldarazi edo betetzearen inguruko epai-erreklamazioa jarri delako idazkunik ez izatea.

Hiri-errentamenduen inskripzioak eta arauketa berezidun eskubideei buruzko gainerako idazkunak arauketa horretan ezarritakoaren menpe geratuko dira.

Eskubide baten idazkuna iraungitzearen bidez ezereztu bada aurreko idatz-zatiek ezarritakoaren arabera, ezerezte horrek ekarriko du eskubide horretan oinarritutako beste idazkunak ere zuzenean ezereztea, bestelako betekizunik eskatu gabe.

178. artikulua

1. Legearen 82. artikuluko lehenengo lerrokadaren ondoreetarako, inskripzioa edo idatzoharra noren izenean egin eta pertsona horren lege ordezkariek idazkun horien ezereztea burutzeko, ondasun higiezinak nahiz horien gaineko eskubide errealak besterentzeko baimenak lortu eta lege formalitateak bete behar dituzte.

2. Adingabearentzako kredituak bermatzen dituen hipoteka ordainketaren ondorioz ezerezteko, nahikoa izango da guraso-ahala egikaritzen duen gurasoaren edo gurasoen adostasuna.

3. Adingabe emantzipatuek edo adin-nagusitasunaren onura epai bidez lortu dutenek egiletsitako ezerezteak egin daitezke.

4. Modu berean, jaraunsle fiduziarioek eta, gozamena eratzeko titulua edozein izanda ere, gozamendunek ezerezteak egin ditzakete, baldin eta kasuan kasuko fideikomisodunak edo jabe soilak ezezagunak badira, eta azkendutako eskubide errealen zenbatekoa estatuaren baloreetan inbertitzen bada, baloreok banketxe edo Kutxa ofizial batean gordailutuz, zenbateko horren gaineko eskubidea izan dezaketen pertsonen izenean.

5. Kreditua ordaintzeagatik hipoteka ezerezteko legitimazioa du ezkontideak, kreditua beraren izenean badago, nahiz eta kreditu hori ezkontza-sozietarearen onurarako inskribatuta egon.

179. artikulua

Hipoteka-kreditua ordainketaren bidez azkendu arren, kasuan kasuko inskripzioa eskritura publikoaren bidez bakarrik ezereztu ahal da, eta eskritura horretan ezereztearen gaineko adostasuna eman behar dute hartzekodunak edo legearen 82. artikuluko lehenengo lerrokadan zehaztutako pertsonek; halakorik izan ezean, inskripzioa betearazpen-aginduaren bidez ezereztu ahal da.

180. artikulua

Zor dena zainpean jartzeagatik inskripzioa ezereztu behar denean, Kode Zibilaren 1180. artikuluak aipatu manamendu judiziala behar da, eta bertan agerraraziko dira, hala zainpean jartze hori ondo egin delako adierazpena, nola ezereztea egiteko agindua.

181. artikulua

Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, interesdunek kasuan kasuko akzioak egikaritu ahal izango dituzte auzitegietan.

182. artikulua

Ezereztearen eragingabetasunari buruzko auzia dagoenean, demandaren aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, 139. artikuluan xedatutakoaren ariora.

183. artikulua

Meatze-emakidaren iraungitze-espedientearen instrukzioa hasitakoan, eskatu behar da emakidaren azken inskripzioaren bazterrean hori adierazten duen oharra egitea, Erregistroan ondoko ziurtagiria aurkeztuz: azalera-kanona ordaindu ez den kasuetan, espedientea Ogasuneko zein eskuordek hasi, eta horren erabakiaren ziurtagiria; gainerako kasuetan, meatzeen buruzagitzaren erabakiarena.

Ohar hori estatuak eskatu duenean, ziurtagiria kasuan kasuko alkatetzaren bidez aurkeztu eta ofizioz emango da.

184. artikulua

Emakidaren iraungitze-espediente guztietan Jabetza Erregistroaren ziurtagiria sartu behar da, indarrean dauden orotariko idazkunak edota aurreko artikuluko oharraren aurretik egindakoak aipatuz, halakoak egin badira; horren helburua da, espedientean interesdunak entzutea eta interesdunok subrogazio eskubidea egikaritzea, Erregistroko lehenespen hurrenkeraren arabera.

185. artikulua

Iraungitze-espedientearen instrukzioa agintzen duen probidentzia edozein arrazoiren ondorioz ezeztatu bada, erabaki berriaren ziurtagiria titulu askietsia izango da Erregistroan emandako oharra ezerezteko.

186. artikulua

Meatze-emakiden inskripzioak eta ikerketa-baimenen idatzoharrak ezereztuko dira administrazio-ebazpen irmoaren bidez; ebazpen hori «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean iragarri behar da, eta bertan iraungitzea eta lurraren frankizia adieraziko dira.

Iraungitze-adierazpena eta estatuarentzako erreserba titulu askietsia izango da, baldintza berdinetan.

Erregelamendu honen 183. artikuluak aipatu bazterreko oharraren osteko idazkun guztiak titulu horien bidez ezereztuko dira, idazkunen gaineko interesa dutenei entzun zaien argi egon ez arren.

Iraungitze edo deuseztasunaren arrazoia esanbidez agerrarazi denean Erregistroan, espedientearen gaineko interesa dutenei entzun zaienean, edota zitazioa banan-banan egin ostean interesdunok agertu ez direnean, titulu horien bidez ezereztu ahal dira aipatu bazterreko oharraren aurreko idazkunak ere; ebazpena lekualdatzean zehaztu behar dira ezereztu beharreko idazkunak, Erregistroko datuak aipatuz.

Meatze Legearen arabera karga erreal inskribatuaren titularra subrogatzen bada iraungitze kasuan erori den emakidadunaren eskubideetan Ogasun eskuordeak edo Industria nahiz Ogasun Ministerioek emandako ebazpen irmoaren bidez, harako titularrarentzako transferentzia-inskripzioa egingo da erabaki irmoaren lekualdaketaren bidez eta Industria Ministerioak emandako subrogazio-izapidea jasotzen duen emakida tituluaren bidez.

Titular subrogatuaren karga ezereztuko da, baina emakidaren gaineko beste kargek indarrean iraungo dute, eta emakidadun berria ukituko dute.

Artikulu honetan jaso ez diren kasuetan, ezereztea egingo da Hipoteka Legearen 82. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

187. artikulua

Finken gain hipotekak eratu badira salmenta prezioengatik erantzun ahal izateko, eta epe guztiak ordaindutakoan nazio-ondasunen erosleek hipoteka horiek ezereztu nahi badituzte, euren erabateko kaudimenari buruzko ziurtagiria aurkeztu behar dute, Ogasun bulego eskudunak eginikoa.

Ziurtagiri horretan argi eta garbi adierazi behar da kasuan kasuko Ogasunburuak estatuaren izenean onartu duela finkaren gaineko hipoteka ezereztea, erosleak bereganatu zituen erantzukizunen gaineko kaudimen osoaren zenbatekoraino.

Artikulu honetan xedatutakoak ez die kalterik egingo legearen hirugarren xedapen iragankorrean hipoteka-inskripzioen iraungitzeari buruz ezarritako erregela bereziei.

EZEREZTEEN FORMA

188. artikulua

Kargak ukitutako finken inskripzio nahiz idatzoharretan bakarrik aipatzen denean berori, aipamena jasotzen duen finkari buruzko azken idazkunaren bazterrean egin behar da ezerezte-oharra, ezereztearen arrazoia eta data adieraziz.

189. artikulua

Inskribatutako eskubideak eskuratu, aldarazi edo azkentzeari buruzko inguruabarrak edo egitateak adierazten dituzten oharrak bazterreko beste ohar batzuen bidez ezerezten dira, eta ezereztutako oharretatik ahalik hurbilen idatzi behar dira bazterreko oharrok.

190. artikulua

Eskubide inskribatua azkendu denean eskubideak bateratzearen ondorioz, ez da beharrezkoa ezerezte-idazkun berezirik egitea, eta nahikoa da erregistratzaileak bateratzearen ondoriozko azkentzea dakarren idazkunean bertan egitea ezereztea, interesdunak hala eskatuta, ezereztutako inskripzioaren bazterrean aipamen-oharra luzatuz.

Ezereztea ez bada egin aurreko lerrokadan baimendutako eran, geroko idazkunaren bitartez egingo da, edozein interesdunek hala eskatuta.

191. artikulua

Auzi kriminaletako manamendu judizialak eteteko idatzoharrak eta Herri Ogasunari zor zaizkion zenbatekoen ondoriozko administrazio-enbargoen idatzoharrak 170. artikuluko liburu berezian agertzen direnean, horien ezereztea egiteko, ezereztutako idazkunen zenbakiak, ezereztearen arrazoia eta data bakarrik aipatu behar dira, eta ezereztea oharren laukitxoan egingo da, ezereztutako idazkunaren ostean.

Laukitxo horretan lekurik izan ezean, idazkuna liburu bereziaren laukitxoetan egingo da, azken idatzoharraren ostean, eta kasuan kasuko idatzoharren bazterrean «Ezereztuta» hitza agerraraziko da, ezereztea zein foliotan agertzen den zehaztuz.

Gauza bera egin behar da, egungo liburuen folioak agortu bitartean.

192. artikulua

Gozamena eta jabetza soila pertsona desberdinen izenean inskribatu badira idazkun bakarrean zein hainbat idazkunetan, eta gozamena azkentzean ez badago lege eragozpenik, inskripzioa egingo da, hala eskubide horren ezerezteari buruz, nola gozamena eta jabetza soila bateratzeari buruz.

Jabetza soilaren inskripzioaren bazterrean aipamen-ohar egokia jarriko da.

EZEREZTEEN INGURUABAR OROKORRAK

193. artikulua

Ezerezte luzea kasuan kasuko liburu eta folioan egin behar da, data kontuan hartuta, eta bertan inguruabar hauek jaso behar dira:

1. Ezerezten den inskripzioaren zenbakia edo idatzoharraren letra.

2. Ezereztearen arrazoia.

3. Egilesleen edo ezereztea eskatu duen nahiz ezereztea egiteko adostasuna eman duen pertsonaren izen-abizenak eta inguruabar pertsonalak.

4. Ezereztearen oinarri den agiriaren mota eta data.

Agiri hori eskritura izanez gero, berori eskuetsi duen notarioaren izena eta egoitza; epai- edo administrazio-agiria izanez gero, agiri hori eskuetsi duen auzitegi, epaitegi, agintari edo funtzionario publikoa eta horren egoitza zehaztu behar dira; eta agiria eskabide pribatua izanez gero, interesdunek erregistratzailearen aurrean berretsi behar dute eskaera, eta horrek interesdunok ezagutzearen fede edo sinadurak legitimatu izanaren fede eman behar du.

5. Kasuan kasuko idazkuna erabat nahiz zati batez ezereztu dela azaltzen duen adierazmoldea.

6. Ezereztea egiteko oinarria den agiria Erregistroan aurkezteko eguna eta ordua, baita aurkezte-idazkuna eta liburu-egunkariaren liburukia.

7. Ezereztearen data eta erregistratzailearen sinadura.

Ezerezte-eskritura, Erregistro desberdinetan agerrarazi behar denetan, horietan guztietan aurkeztuko da, eta erregistratzaileek ohar egokiak jarriko dituzte eskrituraren oinean, kasuan kasuko hurrenkeraren arabera.

194. artikulua

Ezereztearen oinarri den tituluak eskubide errealak edo udal-mugarteko nahiz horren ataleko ondasun higiezin batzuk barneratzen dituenean, inskripzio luzea finkaren zein Erregistrotan izan eta bertan egindako idazkunaren bidez gauzatuko da ezereztea; idazkun horrek aurreko artikuluko inguruabar guztiak jaso behar ditu.

Gainerako finketan idazkun laburra egingo da, ondokoa adieraziz: artikulu horren lehenengo, bigarren eta bosgarren zenbakietako inguruabarrak; ezereztea egiteko adostasuna eman duen pertsonaren izen-abizenak edo, hala denean, ezerezte hori agindu duen auzitegi nahiz funtzionarioa; eta ezerezte luzearen inguruko aipamena, horren liburua, folioa, data eta sinadura erdia adierazita.

195. artikulua

Ezerezte kasu guztietan, erregistratzaileak ohar bat jarriko du ezereztutako inskripzio zein idatzoharraren bazterrean, data eta sinadurarekin; ohar horretan ezerezte-idazkunaren liburukia, folioa eta zenbakia edo letra agerrarazi behar dira.

BIHURKETA

196. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharra inskripzio bihur daiteke, baldin eta inskripzio hori zein pertsonaren izenean agertu, eta pertsona horrek behin betiko eskuratu badu eskubidea.

Bihurketa hori gauzatzeko, idatzoharrari buruzko aipamen-inskripzioa egin behar da, ondokoa adierazita:

1. Idatzoharraren letra eta, hala denean, folioa.

2. Idatzoharra inskripzio bihurtzen dela dioen adierazpena.

3. Bihurketaren arrazoia.

4. Bihurketa horren oinarri den agiria, hori beharrezkoa bada bihurketa gauzatzeko.

5. Hala behar denean, aurkezte-idazkun berriaren aipamena.

6. Data eta erregistratzailearen sinadura.

197. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharrak inskripzio bihurtzeko, hurrengo erregelok bete behar dira:

1. Ongitzeko moduko akatsen ondoriozko aurreneurrizko idatzoharren kasuan, ongitzea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira edo, hala denean, kasuan kasuko agiri osagarriak.

2. Idatzoharra egin bada erregistratzailearen ezintasunagatik, horrek ofizioz gauzatuko du bihurketa hori, idatzoharra eragin zuen arrazoia amaitu edo desagertu bezain laster.

3. Aurreneurrizko idatzoharra egin bada testamentugilearen ondasun higiezin zehatzen legatu-hartzaileen izenean, legatua eman dela agerrarazten duen eskritura publikoa aurkeztu behar da edo, halakorik izan ezean, kasuan kasuko ebazpen judiziala.

4. Aurreneurrizko idatzoharra egin bada aldizkako errenta zein pentsioen legatu-hartzaileen izenean, legearen 88. artikuluaren kasuetan, pentsioak kargatutako ondasun higiezina adjudikatzen duen banaketa-eskritura aurkeztu behar da; halakorik izan ezean, jaraunsle zein legatu-hartzaile kargadunak eta pentsiodunak egiletsitako eskritura publikoa edo, hala behar denean, epaiketa adierazlean emandako epaia, edota testamentu-epaiketaren inguruan 154. artikuluak aipatu intzidentean eman dena.

5. Errefakziozko hartzekodunen izenean eginiko aurreneurrizko idatzoharren kasuan, hartzekodunak eta zordunak egiletsitako eskritura publikoa aurkeztuko da edo, hala denean, legearen 95. artikuluak aipatzen duen judizioan emandako epaia.

198. artikulua

Demandaren aurreneurrizko idatzoharra egindakoan, demandak aurrera egin badu epai irmoaren arabera, horrek agintzen dituen inskripzio eta ezerezteak egin behar dira.

Betearazpen-agindua edo manamendu judiziala titulu askietsia izango da, bai kasuan kasuko inskripzioa egiteko, bai eta demanda-idatzoharraren osteko idazkunak ezerezteko ere, baldin eta idazkunok inskribatzen den eskubidearen kontrakoak badira edo eskubide hori mugatzen badute, eta idatzoharraren data baino geroagoko tituluen ondorioz egin badira, edota idatzohar idazkunaren gain lehentasuna duten idazkunen ondoriozkoak ez badira.

Demanda-idatzoharraren ezereztea betearazpen-aginduaren ondoriozko idazkunean egingo da, eta idatzoharraren bazterrean, aipamen-ohar egokia jarriko da.

Demanda-idatzoharraren aurreko tituluen ondorioz egin diren geroko idazkunak ezerezteko, demandatzaileak eskatu behar du ezerezte hori epaia betearaztean; epaileak, Prozedura Zibilaren Legeko 262 eta hurrengo artikuluen arabera idazkunen titularrei zitazioa egin ostean, ezereztea dekreta dezake, baldin eta hogeita hamar eguneko epean, titular horiek ez badira jartzen betearazlearen uziaren kontra.

Epaitegian euren aurkajartzea agerrarazi badute, epaiketak intzidenteen izapideak bete behar ditu, eta aurreneurrizko idatzoharra ez da ezereztuko, harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte.

IDATZOHARRAK IRAUNGITZEA

199. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharra egin bada arrazoi baten baino gehiagoren ondorioz, horren iraungitzea bidezkoa denean gertatuko da, iraupenik laburrena duen idatzoharra kontuan hartuta, salbu eta idatzohar hori eragin zuen akatsa ongitu denean edo gauzatu ez zen betekizuna gauzatu denean.

Legearen 86. artikuluko luzapena amaitutakoan, agintari judizialak agindutako aurreneurrizko idatzoharrak ez dira ezereztuko iraungitzearen ondorioz, harik eta aurreneurrizko idatzoharra eta horren luzapena agindu dituen prozeduran behin betiko ebazpena eman arte.

EZEREZTEA ETETEA

200. artikulua

Erregistratzaileak inskripzio zein idatzohar baten ezereztea eten duenean, bai horretarako aurkeztu den agiria askieza dela uste duelako, bai ezerezte hori agindu duen epaile edo auzitegiaren eskumenaren inguruko zalantzak dituelako, Legearen 99 eta 100. artikuluen ariora, hori berori agerraraziko du aurreneurrizko idatzohar baten bidez hala eskatzen bazaio, ondokoa adierazita: ezereztu nahi den inskripzioa nahiz idatzoharra, horretarako aurkeztu den agiria, agiri hori noizkoa den eta noiz aurkeztu den eta etetearen arrazoia.

201. artikulua

Erregistratzaileak ofizioz ezereztuko du aurreko artikuluan adierazitako idatzoharra, hurrengo kasuetan:

1. Legearen 99. artikuluaren eta 100. artikuluko lehenengo lerrokadaren kasuan, agiri horren datatik hirurogei egunetara, baldin eta lehenago ez bada ongitu ezereztea eragin duen agiriaren akatsa.

2. Lege horren 100. artikuluko bigarren lerrokadaren kasuan, Audientziaren presidenteak adierazten duenean ezereztea agindu duen epaile edo auzitegiaren eskumenik eza, baldin eta jakinarazpenaren hurrengo zortzi egunetan ez bada jarri legearen 102. artikuluko gorajotze-errekurtsoa.

Aurreko lerrokadaren kasuan, eskatutako ezerezte nagusia egin daiteke, baldin eta erabakiaren edo epaitzaren hurrengo berrogei egunetan epaile edo auzitegi eskudunaren manamendua aurkezten bada Erregistroan, ezerezte hori aginduz.

Betiere, erregistratzaileak jatorrizko ezereztea agindu zuen epaile edo auzitegiaren eskumena baieztatzeko adierazpenak egin behar ditu.

202. artikulua

Erregistratzaileak ezereztea eten badu zalantzak dituelako hori agindu duen epaile edo auzitegiaren eskumenari buruz, etete horren berri eman behar dio idatziz alderdi interesdunari, horrek hamar eguneko epean Audientziaren presidentearen aurrean agertzeko aukera izan dezan nahi izanez gero, ezereztea eskatzeko agiria aurkeztuz.

Presidenteak uste badu Erregistroko daturen bat behar duela ebazpena emateko, erregistratzaileari eskatuko dio, eta, beste izapiderik gabe, bidezko dena erabakiko du.

Horrek ematen duen ebazpena erregistratzaileari komunikatu ez ezik, interesdunari ere ohiko moduan jakinarazi behar zaio.

203. artikulua

Interesdunek nahiz epaileek errekurtsoa jarriz gero presidentearen erabakiaren kontra, Gobernu Gelak izango du horren gaineko eskumena, eta erregistratzailaren txostena jaso eta gero, behingoan entzungo du errekurtsogilea idatziz; hala denean, Gobernu Gelak hobeto epaitzeko beharrezko deritzen agiriak eskatuko ditu.

AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK LUZATZEA

204. artikulua

Legearen 96. artikuluaren kasuan idatzoharraren epea luzatzeko, interesdunak eskabidea aurkeztuko dio epaile edo auzitegiari, inskripzioaren etetea eragin duen akatsa ezin ongitu izanaren arrazoia azalduz, eta eskabidearekin batera, beraren eskubidea justifikatzeko frogak aurkeztuko ditu.

Epaile edo auzitegiak uste badu akatsa ongitzeko modukoa dela eta eskatzaileak azaldutako arrazoia frogatuta dagoela, luzapena dekretatuko du; bestela, ezezkoa emango dio luzapen horri.

Epaile edo auzitegiak idazkia bidaliko dio bost egunetarako beste alderdi interesdunari, halakoa badago, eta, alderdi hori ados egon ezean, epaile nahiz auzitegiak alderdi biei entzungo die ahozko epaiketan, legearen 57. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Luzapena beste idatzohar baten bidez agerrarazi behar da Erregistroan.

Luzapen hori agintzen duen manamendua eragingarria izan dadin, Erregistroan aurkeztu behar da, hirurogei eguneko lehenengo epea iraungi baino lehen.

205. artikulua

Legearen 20. artikuluaren hirugarren lerrokadaren arabera aurretiazko inskripzio-ezagatik eginiko aurreneurrizko idatzoharrak aurkezte-idazkunaren ehun eta laurogeita hamar egun arte luza daiteke, erregistratzaileari zuzendutako eskabidearen bidez, horren iritzirako eskabide horretan luzapenaren arrazoia egiaztatzen bada.

Luzapen hori bazterreko oharraren bidez agerraraziko da.

Arrazoi bereziak direla bide, hala nola, jabari-espedientea hastea edo antzekoak, barrutiko lehen auzialdiko epaileak erabaki dezake idatzoharra luzatzea, datatik urtebete igaro arte, baldin eta alderdiak hala eskatzen badu.

AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK EZEREZTEA

206. artikulua

Aurreneurrizko idatzoharrak ezereztu ahal dira:

1. Epai irmoaren bidez demandatua absolbitzen denean, legearen 42. artikuluaren lehenengo lerrokadaren kasuetan.

2. Aurreneurrizko enbargo, exekuzio-epaiketa, auzi kriminal zein premiamendu-prozeduraren jardunean enbargoa ezerezean uzteko agintzen denean, edota idatzoharrean jasotako finka besterendu zein ordainean adjudikatzen denean.

3. Zainpean uztea nahiz besterentze-debekua ezerezean uzteko agintzen denean.

4. Proposatutako demandari betearazpen-aginduaren bidez ematen zaionean gaitziritzia, legearen 2. artikuluko laugarren zenbakiaren probidentzietarik bat lortzeko.

5. Konkurtso nahiz porrot adierazpenari gaitziritzia ematen zaionean edo adierazpen hori ondorerik gabe uzten denean.

6. Prozedura zibil horietarik batean demandatzaileak auzia bertan behera uzten duenean, prozedura horretatik banantzen denean edo auzialdia iraungi dela adierazi denean.

7. Legatu-hartzaileak bere legatua kobratzen duenean.

8. Errefakziozko hartzekodunari ordaintzen zaionean.

9. Zorrak ordaintzeko adjudikazioa egin zenetik edota zorrok eskatzeko modukoak direnetik urtebete igaro denean, eta edozein unetan, bermatutako zorrak ordaindu direla egiaztatzen bada.

10. Legearen 42. artikuluko seigarren zenbakiaren edo erregelamendu honen 166. artikuluko lehenengo erregelaren bigarren lerrokadaren kasuan, partaidetza-eskritura aurkeztu bada, eta jaraunsleari ez bazaizkio adjudikatu jarauntsi-eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra jaso duten finkak nahiz eskubideak.

11. Idatzoharra noren izenean egin eta pertsona beraren izenean edo horren kausatzailearen izenean eginiko behin betiko inskripzio bihurtu denean, bai ofizioz, bai alderdiak hala eskatuta.

12. Idatzoharra noren izenean egon eta pertsona horrek uko egiten dionean berorri zein bermatutako eskubideari.

13. Idatzoharra legearen esanbidezko adierazpenaren ondorioz iraungi denean; kasu horretan, ezereztea bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar da, ofizioz zein ukitutako ondasun higiezinaren edo eskubide errealaren ugazabak hala eskatuta.

207. artikulua

Ezereztea egiteko, hori agintzen duen ebazpen judizial irmoa edo manamendua aurkeztu behar da, edota ezereztea eragin duen egitatea egiaztatzeko eskritura publikoa zein agiria, baita, hala denean, interesdunen eskabidea ere.

Iraungitze kasuetan, nahiko izango da ukitutako ondasun higiezinaren nahiz eskubide errealaren ugazabak eginiko eskabidea, baldin eta erregistratzailearen aurrean berretsi badu eskabide hori.

Ogasunarentzako enbargoak ezerezteko, titulu askietsia izango da idatzoharra azkendu dela agerrarazten duen eskritura edota 26. artikuluko adjudikazioaren ziurtagiria.

208. artikulua

206. artikuluko hamabigarren zenbakiak aipatzen duen uko egitea eskritura publikoaren bidez egin behar da, baldin eta ezereztu nahi den idatzoharra beste eskritura baten bidez egin bada.

Idatzoharra ebazpen judiziala dela bide egin denetan, idatzoharra agindu duen epaileari zein auzitegiari zuzendutako eskabide berretsiaren bidez egin behar da uko egitea, eta epaile edo auzitegiak erregistratzaileari manamendua bidaliko dio, hori bidezkoa bada.

Interesdunek erregistratzaileei zuzendutako eskabidearen bidez egin den aurreneurrizko idatzoharra ezerezteko, nahiko izango da interesdunok beste eskabide bat aurkeztea, bertan uko egitea agerrarazi eta ezereztea eskatuz.

Kasu horretan, erregistratzaileak uko egileari eskatuko dio beraren aurrean berrestea eskaera, eta ziurtatuko du, hala pertsonaren identitatea, nola horrek kasuan kasuko eskubidea egikaritzeko gaitasuna eta xedatze-ahalmena ditutela.

209. artikulua

Jarauntsi-eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra ezereztuko da:

1. Jarauntsia 83. artikuluaren arabera banatu denean, edota jaraunsle guztiek batera eskualdatu dutenean idatzoharrean jasotako finka nahiz eskubide erreala.

Kasu bietan, aurreneurrizko idatzoharra banaketa zein eskualdaketa inskribatzen den idazkunean bertan ezereztuko da, Erregistroan ez badago hori eragozten duen idazkunik; horretarako, ez da beharrezkoa esanbidezko eskabiderik egitea, eta aurreneurrizko idatzoharraren bazterrean kasuan kasuko aipamen-oharra jarriko da.

2. Idatzoharra iraungi denean, legearen 86. artikuluaren ariora horren datatik lau urte igaro direlako, edo zortzi, luzapen kasuetan, eta ondasun higiezinaren ugazabak edo ugazabek eskatu dutelako iraungitze hori, edota idatzoharrean jasotako finka zein eskubide errealaren gaineko zamen ziurtagiria egin behar delako; azken kasu horretan, ezereztea ofizioz egingo da, iraungitzeari buruzko bazterreko oharraren bidez.

Kasu bietan, ezereztutako idatzoharrak eragin dituen bestelako idatzoharrak ere ezereztuko dira, horien jatorria edozein izanda ere.

Erregistroan agerrarazi denean zatiketarik ez egiteko akordioa, Kode Zibilaren 400. artikuluaren bigarren lerrokadan aipatzen dena, edota 1051. artikuluak jasotako zatiketa-debekua, aurreneurrizko idatzoharra ezin ezerez daiteke iraungitzearen bidez, harik eta gauza indibisoan iraunarazteko epea igaro arte, edota agiri publikoaren bidez egiaztatu arte erkidegoa amaitu dela; halaber, interesdunek esanbidez eskatu dutenean aurreneurrizko idatzoharra ez ezereztea, ez da halakorik egingo.

210. artikulua

Ondasun higiezinaren nahiz eskubide errealaren gaineko eskubidea idatzoharrean jaso ostean hori legez azkendu bada eta idatzohargileak zein hirugarrenak ondasun edo eskubide erreal hori eskuratu badu, inskripzioa eskuratzailearen izenean egingo da, gainerakoak egin diren moduan, hori bidezkoa izanez gero, baina bertan aipamen egokia egin behar da, eta, interesdunak hala eskatuz gero, idatzoharra ezereztu dela adieraziko da, nahiz eta ezerezte hori agintzen duen manamendu judizialik ez aurkeztu, ezereztea bidezkoa izanda.

EZEREZTE BEREZIAK

211. artikulua

Endosuaren bidez eskualda daitezkeen tituluak eta eramailearentzako tituluak bermatzeko eratu diren hipoteken inskripzioak oso-osorik nahiz zati batean ezerez daitezke, legearen 156. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ezereztea egin bada prozedura arruntean, berezian edo legearen 155. artikuluko hirugarren lerrokadan ezarritakoan emandako erabakiaren edo probidentzia betearazlearen bidez, kasuan kasuko tituluak batu eta baliogabetu direla agerrarazi behar da, prozedura horretan parte hartu duen idazkariaren lekukotza erabilita.

212. artikulua

1917ko uztailaren 14ko Errege-aginduak aipatzen dituen tituluak nahiz gainerako aldeak batu direla agerrarazteko hainbat notario-akta egin badira, eramailearentzako obligazioak baliogabetu eta trukatu direla egiaztatzeko, nahiko izango da interesdunek akta horiei buruz ondokoa adieraztea, erregistratzaileari zuzendutako eskabidean:

1. Gehienez egutegiko urtearen barruan trukatu diren eramailearentzako obligazioen zenbateko osoa.

2. Eskabide bakoitzak espezie bakarreko eramailearentzako tituluak bakarrik barneratuko ditu, alegia, hipoteka berarekin bermatzen direnak; eta 3.

Obligazioak ondoz ondo zenbatzeko, horiek artxibatzeko aurkeztu diren notario-akta bakoitzaren edukia aipatu behar da, halakoetan agertzen diren zatikako zenbatekoak zehaztuta.

Aurkezten den eskabide bakoitzeko, bazterreko ohar bat egingo da jatorrizko hipotekaren inskripzioan eta beste bat bihurketa- zein helbideratze-inskripzioan, nahiz eta eskabide horiek hainbat aktari buruzkoak izan; gainerakoan, errege-agindu horren xedapenak bete behar dira.

213. artikulua

Proindibisoak dirauen bitartean, jaraunsleek kausatzailearen izenean egin diren inskripzio eta idatzoharrak ezerez ditzakete, baldin eta kausatzaile hori hil dela eta eurek jaraunsle direla egiaztatzen badute 79. artikuluaren arabera, salbu eta ahalmen hori duen komisario, kontulari edo albazea dagoenean.

214. artikulua

Zuzeneko jabaria jabari erabilgarriarekin batu bada enfiteusian emandako lurra komisopean sartu delako, azkendu egingo dira zentsu-hartzaileak zentsu-emailearen adostasunik gabe jabari erabilgarriaren gain jarri dituen zama eta kargak; baina enfiteusidunak eta horren hartzekodunek jabari osoaren ugazabaren aurka egikari ditzakete Kode Zibilaren 1650 eta 1652. artikuluek, eta baterakoek ezarritako akzioak.

V. TITULUA HIPOTEKAK

LEHENENGO ATALA Hipoteka orokorrean

HIPOTEKAREN HEDADURA

215. artikulua

Hipoteka inskribatu eta gero, finka hipotekatuaren luze-zabala gehiegizkoa dela agerrarazi bada Erregistroan, hipoteka gehiegizko zati horretara hedatuko da.

Legearen 111. artikuluaren ondoreetarako, muga-eguneratuta ez dauden errenten ordainketa aurreratzeak ezin dio inola ere kalterik egin hipoteka-hartzekodunari.

HIPOTEKA-KREDITUA BANATZEA

216. artikulua

Betebehar bera bermatzeko hipoteka eratu denean zenbait finka, eskubide erreal edo batzuen zein besteen portzio idealen gain, hipoteka hori inskribatzeko, alderdiek edo, hala denean, epaileak aurretiaz zehaztu behar dute zein kopururen gaineko erantzukizuna duen finka, eskubide edo zati bakoitzak.

Interesdunek banaketa erabaki dezakete inskribatzeko moduko tituluan bertan, beste edozein agiri publikotan, bai eta erregistratzaileari zuzendutako eskabidean ere; eskabide hori erregistratzailearen aurrean sinatu edo berretsi behar da edo, bestela, eskabide horretan agertzen diren sinadurak legitimatuak izan behar dira.

Arau bera aplikatzen zaie zentsu eta antikresien inskripzioei.

Hori guztia ez zaie aplikatzen aurreneurrizko idatzoharrei.

217. artikulua

Jabaria osatzen duten eskubide batzuk edota finka zein eskubidearen partaidetza indibisoak hipotekatu nahi badira, kasuan kasuko titularrek zein jabeek aurreko artikuluko ondoreetarako erabaki dezakete eskubide guztien gain hipoteka bakarra eratzea, aurretiaz banaketarik egin gabe.

218. artikulua

Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritakoaren arabera, eraikinaren pisu eta apartamentuak jabe desberdinei badagozkie, horiek erabaki dezakete hipoteka bakarra eratzea finka osoaren gain, aurretiaz erantzukizuna pisu eta apartamentu horien artean banatu gabe.

Hipoteka hori honetara inskribatu behar da:

a) Pisuak eta horiek osatzen duten eraikina zenbaki berarekin inskribaturik badaude, hipotekak inskribatu behar dira eraikinari Erregistroan dagokion zenbaki berean.

b) Eraikina bere osotasunean inskribatu bada eta eraikin hori osatzen duten pisu guztiak modu independentean inskribatu badira zenbaki desberdinekin, hipotekaren inskripzio luzea egingo da eraikinari Erregistroan dagokion zenbakian, eta inskripzio laburrak egingo dira, pisuei dagozkien zenbakietan.

c) Eraikina bere osotasunean inskribatu ez bada eta eraikina osatzen duten pisuak banan-banan inskribatu badira zenbaki desberdinekin, hipotekari buruz inskripzio luzea egingo da edozein pisuri dagokion zenbakian, eta inskripzio laburrak egingo dira, gainerako pisuei dagozkien zenbakietan.

Kasu horietan, hipoteka-hartzekodunak eraikin osoaren aurka jo behar du, bere eskubidea gauzatzeko.

219. artikulua

1go.) Hipoteka bidez bermatutako betebeharraren zenbatekoa, edo finka hipotekatuak zein kopururen gaineko erantzukizuna izan, eta gehieneko kopuru hori nazioko diruan adieraziko da; bestela, zehaztu behar da zein den atzerriko diruaren kontrabalioa, naziokoarekin alderatuz.

2gn.) Legearen 117. artikuluaren ondoreetarako, ulertzen da finka hipotekatuaren balioa urritu dela, finka hipotekatu ostean errentamendua eratu denean, eta kasuan kasuko inguruabarrek erakusten badute eraketa horren helburu nagusia finkaren balioa urritzea izan dela.

Kontrako frogarik izan ezean, finkaren balioa urritzeko asmoa dagoela uste izango da, errentariak urtero ordaindu behar duen errenta 100eko 6ra kapitalizatu eta gero, hortik ateratako zenbatekoa ez bada nahikoa, erantzukizun bermatua oso-osorik ordaintzeko.

Alderdiak hala eskatuta, epaileak adieraz dezake kreditua muga-eguneratu dela, epai-administrazioa agin dezake, hipoteka zordunaren beste ondasun batzuetara hedatzea agin dezake edo bidezko deritzon beste edozein neurri har dezake.

3gn.) Hipoteka-maileguaren eskrituren inskripzioetan, balioa egonkortzeko klausulak agerraraz daitezke, hurrengo inguruabarrok gertatzen badira:

1. Itundutako gutxieneko iraupena hiru urtekoa izatea.

2. Egonkortze hori hurrengo tasa edo moduluen arabera zehaztea, baldin eta horiek indarrean badaude eskritura egiletsi denean eta kreditua muga-eguneratu denean:

a) Errentak ordaintzeko, Nekazaritza Ministerioak finkatutako gari-balioa;

b) bizitzaren kostuari buruzko indize orokor neurtua, Estatistikaren Institutu Nazionalak finkatua; edo

c) aduanetako arantzel-eskubideak likidatzeko, Ogasun Ministerioak finkatutako urre-prezioa.

Inskripzioan, eskritura egilestean indarrean egon den tasa nahiz moduluaren zifra agerraraziko da.

3. Hipoteka-erantzukizunaren gehieneko muga finkatzea; korrituak nahiz kostuak bazter utzita, muga hori ezin izan daiteke printzipalaren zenbatekoa gehi 100eko 50 baino handiagoa, maileguaren epea hamar urtetik gorakoa bada, edo 100eko 25 baino handiagoa, gainerako kasuetan.

Egonkortze-klausulak eragingarriak izango dira kapital bermatua ordaintzearen ondoreetarako bakarrik; korrituak izango dira aseguratutako printzipal izendatuaren araberakoak.

Eskrituran legearen 131. artikuluan araututako exekuzio-prozedura itun daiteke, eta, prozedura horren ondoreetarako, beharrezkoa izango da:

1. Zordunari nahiz, hala denean, hirugarren edukitzaileari eginiko ordainketa-errekerimenduan, aplikatutako tasaren zein moduluen arabera eskatzen den zenbateko zehatza aipatzea.

2. Demandarekin batera, egilespen unean edo mailegua muga-eguneratzean indarrean dauden balore-tipoak agerrarazteko agiri ofiziala nahiz agiri ofizialak aurkeztea.

Zorduna hartzekodunak zehaztutako zenbatekoaren aurka jartzen bada, legearen 153. artikuluaren seigarren eta zazpigarren lerrokadek xedatutakoa izan behar da kontuan.

Hipoteka-maileguaren amortizazioa kapitala eta korrituak barneratzen dituen zenbateko finkoak aldizka ordainduta egingo dela itundu bada, egonkortze-tasa edo -modulua aldizkako muga-egun bakoitzean aplikatuko da, ordaindu beharreko zenbateko finkoak barneratzen duen kapital zatia bakarrik aipatuz.

Kreditudun kontu korronteak bermatzeko eratu diren hipotekei ez zaie aplikatuko artikulu honetan balioa egonkortzeko klausulen inguruan xedaturikoa.

220. artikulua

Korrituen ordainketaren gaineko erantzukizuna izango duen zenbateko osoa finkatu bada eskrituran, zenbateko hori ezin izan daiteke bost urtekori dagokion kopurutik gorakoa.

221. artikulua

Hipoteka-kreditua finka batzuen artean banatu eta gero, legearen 119. artikuluaren eta ondorengoen arabera, hirugarren edukitzaileak finka horietako bat eskuratzen badu, hirugarren horrek hartzekodunari ordain diezaioke finkaren erantzukizunpean dagoen zenbatekoa, bai eta, hala denean, zenbateko horrek sorturiko korrituak ere, eta, askatutako finkari edo finkei begira, hipoteka ezereztea eska dezake.

HIPOTEKA-AKZIOA EGIKARITZEA

A. Exekuzio-prozedura arruntean

222. artikulua

Legearen 126. artikuluan aipatu ordainketa-errekerimenduak epaiketa bidez egin daitezke, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera, edota notarioaren bidez; notarioak formalitate berberak bete behar ditu, bere eskumenen barruan sartzen badira eta bateragarriak badira beraien zerbitzuarekin.

Zordunaren zein hirugarren edukitzailearen egoitza ezezaguna bada edo inork ez badaki berori non dagoen, errekerimendua administratzaileari egingo zaio eta, halakorik izan ezean, hipotekatutako finkaren nahiz finken egitezko edukitzaileari, landa-finken kasuan, eta hiri-finken kasuan atezainari, eta, halakorik ez badago, maizterren bati.

Pertsona horietako bat ere aurkitu ezean, ulertuko da errekerimendua egin dela.

Artikulu honetan xedatutakoak ez du baztertzen Prozedura Zibilaren Legeko 1459 eta 1460. artikuluen aplikazioa, hala behar denetan.

223. artikulua

Finka bertan behera utzi bada exekuzio-prozedura arruntean, eta enkantean finkaren balioa kredituaren, korrituen eta aseguratutako kostuen zenbatekoa baino handiagoa bada, gaindikina hirugarren edukitzailearentzat izango da, gaindikin osoaren edo horren zati baten gaineko eskubidea duen pertsonarik izan ezean.

224. artikulua

Prozedura Zibilaren Legeko 1514. artikuluak ezarri lekukotza titulu askietsia izango da, errematea nahiz adjudikazioa inskribatzeko.

B. Prozedura judizial laburtuan

225. artikulua

Legearen 131. artikuluaren bosgarren erregelako jakinarazpena artikulu horrek aipatu hartzekodunei ez ezik, hurrengoei ere egin behar zaie: auzijartzailearen hipotekaren ondoren atzeratutako zama nahiz eskubide errealen hartzekodunei, hipoteka horren inskripzioaren osteko idatzoharra egin dutenei, bai eta jabari-zatiketen titularrei, baldintzapeko eskubideen titularrei, edo euren lerruna dela-eta kreditua egitean azkendutzat jo beharko liratekeen eta hipotekaren ostean inskribatu diren eskubideen titularri ere, baldin eta Jabetza Erregistroak kasuan-kasuan emandako ziurtagirian ageri badira horiek.

226. artikulua

Akzioa prozedura judizial laburtuan egikarituz gero, legearen 130. artikuluak eta ondorengoek ezarritakoa bete behar da; horrez gain, jarraian adierazitako erregelak izan behar dira kontuan:

1. 130. artikulu horren kasuetan zordunaren egoitza aldatu denean, aldaketaren berri eman behar zaio hipoteka-hartzekodunari.

Berri emate horrek eta beharrezkoa den adostasunak ez dute inolako ondorerik sortuko prozeduraren izapideei begira, baldin eta bi horiek ez badira agerrarazi kasuan kasuko inskripzioan zein inskripzioetan eginiko bazterreko oharraren bidez.

2. Liburu-egunkarian eskubideak egiaztatzeko tituluak inskribatu, idatzohartu edo aurkeztu dituzten pertsonei begira, 131. artikuluaren bosgarren erregelako bigarren lerrokadan agindu jakinarazpena ez da beharrezkoa izango, baldin eta tituluok laugarren erregelaren azkenaurreko lerrokadak aipatutako bazterreko oharra egin ostean inskribatu, idatzohartu edo aurkeztu badira, eta, horren ondorioz, ezinezkoa izan bada Erregistroaren ziurtagirian horiek aipatzea.

227. artikulua

Legearen 131. artikuluaren ondoreetarako, auzi-jartzailearen kredituari begira lehenespenekotzat jotzen dira, lerrun bera duten eta aldi berekoak diren kargak edo zamak.

228. artikulua

Prozedura judizial laburtuetan enkanteetako eskaintzak egin daitezke, errematea hirugarren pertsona bati lagatzeko.

229. artikulua

Legearen 131. artikuluaren 12. erregelak zehaztutako hirugarren enkantea hutsik geratzen bada lizitatzailerik ez dagoelako, eta finkaren ugazabak ez badu erabili enkantea errepikatzea eskatzeko eskubidea, hartzekodun exekutatzaileak eska dezake adjudikazioa egitea bigarrenaren tasarekin eta 10. erregelako baldintzarekin, hirugarren enkantetik bederatzi egun igaro direnean.

Finkaren ugazabak eskatzen badu beste enkante batzuk egitea eta horiek ere hutsik geratu badira lizitatzailerik egon ez delako, hartzekodun exekutatzaileak aurreko lerrokadan aintzatesten zaion eskubidea erabil dezake epe berean, azken enkantea egin zenetik zenbatzen hasita.

230. artikulua

Legearen 118. artikuluaren bigarren lerrokadako kasuan finka hipotekatua saldu zuen zordunak ordaindu badu hipotekarekin aseguratutako zorra, manu honetako subrogazioa Erregistroan agerrarazteko titulu askietsiak izango dira, hala emate-akta, nola saltzaileak subrogazio hori erabili duela adierazten duen ordainagiriaren eskritura.

231. artikulua

Auzi-jartzailearen kredituaren aurreko zama eta kargak daudenean, edota kreditu horri begira lehentasuna duten zama eta kargak daudenean, errematatzailea edo adjudikazioduna horien gaineko erantzukizunean subroga daiteke, eta zordunak edo hirugarren edukitzaileak ordaindu badu zama nahiz kargaren bat Erregistroan berme erreala ezereztu barik, legearen 118. artikuluaren arabera ulertuko da azken horiek batzuen eta besteen titularraren eskubideetan subrogatu direla, errematatzaileari nahiz adjudikaziodunari horien zenbatekoa eskatzeko.

Subrogazioa Erregistroan agerrarazi behar da zama edo kargaren inskripzioan bazterreko oharra eginda, ordainketa egiaztatzen duen eskritura zein notario-aktaren bidez; agiriotan argi eta garbi agertu behar da zordunak edo hirugarren edukitzaileak egin zuela ordainketa, eta agiriok ez badute adierazten subrogazioa erabili dela, eurekin batera horrexetarako eskaera-orria aurkeztu behar du zordunak edo hirugarren edukitzaileak.

232. artikulua

Aurreko bi artikuletan xedatutakoa aplika dakieke etorkizuneko betebehar, kreditu-kontu nahiz antzekoak bermatzeko eratu diren hipotekei, baldin eta kasuan kasuko agiriaren bidez egiaztatzen bada betebehar bermatua ez dela hartu edo azkendu dela; horretarako, hala behar denean, agiri horrekin batera zordunak egin duen eskabidea aurkeztuko da, Erregistroan subrogazioa agerraraz dadin.

233. artikulua

Legearen 131. artikuluaren 17. erregelak aipatzen duen ondasunen adjudikazio-aktan, auzi-jartzailearen kredituaren ostekoak izan eta ezereztu behar diren inskripzioak eta idatzoharrak zehaztuko dira, baita aurrekoak izanda, kreditu horren ondoren atzeratu direnak ere, horiek jasotzen dituen zenbakia edo letra, folioa eta liburukia esanbidez aipatuta, eta ez da nahiko izango auzi-jartzailearen hipotekaren osteko guztiak ezerezteko agintzea.

Aurrekoaren salbuespen dira artikulu horren laugarren erregelaren laugarren lerrokadak aipatu oharraren ostean eginikoak; horiek ezerezteko, nahiko izango da adierazpen orokor hori.

C. Epaiketatik kanpoko exekuzio-prozeduran

234. artikulua

1. Legearen 129. artikuluak ezarritako epaiketatik kanpoko prozeduraren izapideak burutzeko, hipoteka eratzeko eskrituran hizpatu behar da egilesleak prozedura honen menpe geratzen direla, eta hurrengo inguruabarrok agerrarazi behar dira:

1. Finka tasatzean, interesdunek zein balio eman dioten, balio hori enkantearen zenbatekoa izan dadin.

Hala denean, balio hori prozedura judizial laburtuari begira ezarritako balio bera izan behar da.

2. Hipotekatzaileak zehaztu duen egoitza, bertan errekerimenduak nahiz jakinarazpenak egin daitezen.

Egoitza horren zehaztapena prozedura judizial laburtuari begira ezarritakoa izan behar da, baina gero aldaraz daiteke, legearen 130. artikuluan ezarritakoa beteta.

3. Bihar-etzi finkaren salmenta-eskritura hipotekatzailearen izenean egiletsi behar duen pertsona.

Horretarako, hartzekoduna bera izenda daiteke.

4. Egilesleek egin duten hizpaketa epaiketatik kanpoko exekuzio-prozeduraren menpe geratzeko, eskrituraren beste hizpaketetatik bereizita agerrarazi behar da.

235. artikulua

1. Ondokoa bermatzeko eratu diren hipotekei bakarrik aplika dakieke epaiketatik kanpoko exekuzioa: hasieratik zenbateko zehaztua duten betebeharrak, horien korritu arruntak zein berandutza korrituak, tituluan ezarritakoaren arabera likidatuak, eta 236.k. artikuluko-gastuak.

2. Epaiketatik kanpoko exekuzioak nahitaez bete behar du hurrengo artikuluetan xedatutakoa.

236. artikulua

1. Hipoteka epaiketatik kanpo gauzatzeko, finka hipotekatua zein tokitan izan eta bertan jarduteko notario doiaren aurrean egin behar da gauzatze hori, eta bat baino gehiago izanez gero, txandaren arabera jardutea dagokionaren aurrean.

Finka hipotekatuak bat baino gehiago izan eta horiek toki desberdinetan egonez gero, eraketa-eskrituran ezar daiteke zeinek zehaztuko duen notarioaren eskumena.

Halakorik ezarri ezean, enkanteari begira eginiko tasazioan baliorik handiena jaso duen finkak zehaztuko du harako eskumena.

2. Notario-aktan hurrengo artikuluetan ezarritako izapideak nahiz dilijentziak bete direla agerrarazi ostean, ondasun hipotekatuaren besterentzea eskritura publikoan formalizatu behar da.

3. Aurreko paragrafoak aipatu akta egiteko, ez da beharrezkoa egintza batasunik, ez testuinguru batasunik, eta akta hori protokoloari erantsiko zaio, berori amaitzeko uneari dagokion zenbakiarekin edo, hala denean, etete uneari dagokionarekin; azken kasu horretan, aktari berriro ekin ahal zaio, eta akta hori geroago amai daiteke, geroko zenbakiarekin.

236.a. artikulua 1. Prozedura hasten da notarioari zuzendutako errekerimenduaren bidez, kreditua zehatza eta eskatzeko modukoa izateari eta errekerimendua egiteko unean erreklamatzen den zenbateko zehatzari buruzko inguruabarrak aipatuz, kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa zehaztuta.

2. Errekerimendua egin duenak hurrengo agiriak eman behar dizkio notarioari:

a) Hipotekaren eraketa-eskritura, hori inskribatu delako oharrarekin.

Ezinezkoa bada eskritura inskribatua aurkeztea, aurkezten denarekin batera Jabetza Erregistroaren ohar soila aurkeztu behar da, inskripzioa egin dela erakutsiz.

b) Zuzenean edo, korritu aldakorreko kredituak bermatzeko hipoteken kasuan, eragiketa aritmetiko hutsen bidez, korritu hori zehatz-mehatz aipatzea ahalbidetzen duen agiria nahiz agiriak.

236.b. artikulua 1. Notarioak errekerimendua eta horrekin batera aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta, betekizun guztiak gauzatu direla uste badu, Jabetza Erregistroari eskatuko dio hurrengo alde guztiak barneratzen dituen ziurtagiria:

1. Indarrean dagoen azken jabari-inskripzioaren hitzez-hitzezko aipamena.

2. Hipotekaren hitzez-hitzezko aipamena, indarrean dagoen bezala.

3. Ondasunen gaineko zentsu, hipoteka, karga, eskubide erreal eta idatzohar guztien zerrenda.

4. Erregistratzaileak hipotekaren bazterrean eginiko oharraren bidez agerraraziko du aipatu ziurtagiria eman duela, ondokoa adierazita: inskripzioaren data, exekuzioaren hasiera, horren gaineko eskumena duen notarioa, eta ziurtagiri horrek ez duela balio, gerogarrenean finka beraren gain edozein eskubide inskribatzen bada nahiz idatzoharrean jasotzen bada.

5. Hipoteka ezerezteko titulua aurkeztu bada Erregistroan aurreko idatzzatian aipatu idazkunaren ostean, erregistratzaileak berehala eman behar dio aurkezpen horren berri exekuzioaren gaineko eskumena duen notarioari.

236.c. artikulua 1. Erregistroko ziurtagiriak ondorioztatzen badu ez dagoela eragozpenik eskatutako hipoteka gauzatzeko, notarioak ordainketa-errekerimendua egingo dio zordunari, kreditua muga-eguneratzeko arrazoia eta data zehaztuz, bai eta kontzeptu bakoitzaren ondorioz erreklamatzen den zenbatekoa ere, eta, hamar eguneko epean ordaintzen ez badu, ondasun hipotekatuak exekutatuko direla ohartaraziko dio, exekuzio-gastuak zordunaren kontura geratzen direla zehaztuz.

2. Errekerimendua egingo da Erregistroan horrexetarako zehaztu den egoitzan; notarioak zordunari egingo dio zuzenean errekerimendua, eta hori etxean izan ezean, bertan dagoen ahaiderik hurbilenari, familiakoari edo dependenteari, hori hamalau urtekoa baino zaharragoa bada; egoitza horretan ez badago inor, atezainari edo auzokiderik hurbilenari egingo zaio errekerimendua.

3. Tokia dela-eta notarioak ez badu eskumenik, lurraldearen araberako eskumena duen beste baten bidez egingo da errekerimendua.

4. Errekerimendua ezin bada egin ezarritako moduetako batean, notarioak bere jarduna eta akta amaitutzat joko ditu, eta zabalik geratuko da kasuan kasuko epaiketa-bidea.

236.d. artikulua 1. Errekerimendua egin zenetik hamar egun igarota ez bazaio jaramonik egin horri, azken jabari-inskripzioa zein pertsonaren izenean agertu eta pertsona hori zorduna ez bada, notarioak berari jakinaraziko dio jarduna hasi dela, bai eta exekutatzen den hipotekaren osteko zama, karga nahiz idazkunen titularrei ere, horiek guztiek enkantean parte har dezaten, bidezko baderitzote, edota errematea egin baino lehen, kredituaren, korrituen eta gastuen zenbatekoa ordain dezaten, hipotekak bermatutako zatian.

2. Jakinarazpenok egingo dira interesdunen egoitzetan, Jabetza Erregistroan agertzen direnetan, notario-legeriak ezarritakoaren arabera.

Egoitzak ezezagunak badira, zedula bidezko jakinarazpena edo hartu izanaren adierazpendun posta bidezko jakinarazpena ezinezkoa bada, edota notarioak ez badaki jakinarazpena benetan jaso den, iragarkien bidezko jakinarazpena egingo da; iragarkiok Udaletxeko zein Jabetza Erregistroko tauletan agertuko dira, eta enkantearen ondoreetarako, finkaren balioa 5 000 000 pezetatik gorakoa bada, baita kasuan kasuko probintziako nahiz autonomia erkidegoko «Aldizkari Ofizial»ean ere.

3. Artikulu honetan xedatutakoaren ondoreetarako, ondasun hipotekatuaren gaineko eskubide erreala, zama edo karga eskuratu duenak nazio-lurraldearen barruko egoitza agerraraz dezake Erregistroan, exekuzio-kasuetan jakinarazpenak bertan egin dakizkion.

Pertsona hori zein eskubide erreal, zama edo kargaren titular izan, eta horren inskripzioaren bazterrean eginiko oharraren bidez agerraraziko da inguruabar hori.

236.e. artikulua 1. Hirugarren edukitzaileak erreklamatzen den zenbatekoa ordaindu badu, hipotekak bermatutako zatian, notarioak bere jarduna eta akta amaitutzat joko ditu, ordainketa egin delako eginbidearen bitartez.

Hala denean, akta hori erabil daiteke hipoteka ezerezteko.

2. Erregistroan hipotekaren ostean agerrarazitako zama, karga nahiz eskubideen titularrak egin badu ordainketa, notarioak errekerimendua egingo dio, jardunari ekitea nahi duen adieraz dezan.

Halaxe nahi izanez gero, jardunari eutsiko zaio, eta ordainketa egin zuenak berori jaso duen hartzekodunari zegokion egoera juridikoa hartuko du.

Jardunari ekin nahi ez bazaio, jarduna eta akta amaitutzat joko dira, ordainketa egin delako eginbidearen bidez.

Akta hori titulu askietsia izango da, Erregistroan agerrarazteko ordainketa jaso duen hartzekodunaren eskubide guztietan subrogatzen dela ordaintzailea.

236.f. artikulua 1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa bete ostean eta lehen aipatu ordainketa-errekerimendua nahiz azken jakinarazpena egin zirenetik hogeita hamar egun igarota, finkaren enkantea egingo da notarioaren aurrean.

2. Enkantea noiz egin eta gutxienez hogei egun lehenago iragarri behar da.

3. Iragarriak, Udaletxe zein Jabetza Erregistroko iragarki-oholean jarri ez ezik, exekuzioa zein probintzia nahiz autonomia erkidegotan gauzatu eta bertako «Aldizkari Ofizial»ean sartuko dira, baita finkak dauden probintziako edo autonomia erkidegoko «Aldizkari Ofizial»ean ere, baldin eta enkanterako zenbatekotzat hartu den balioa 5 000 000 pezetatik gorakoa bada.

Balio hori 12 000 000 pezetatik gorakoa denean, aurrekoaz landara, iragarkiak «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira.

Halaber, beste edozein baliabidetan ere argitara daiteke, hala eskatzen duen interesdunaren kontura.

4. Iragarkietan laburrean adierazi behar dira finkaren identifikazioa, enkantea egiteko tokia, eguna eta ordua, enkantearen oinarri izango den zenbatekoa eta hurrengo inguruabarrak: 236.a. eta 236.b. artikuluek aipatu agiriak zein ziurtagiria notariotzan kontsulta daitezkeela; lizitatzaileen ustez titulazioa nahikoa dela; eta exekutatzen den hipotekaren aurreko zama, karga nahiz idazkueak indarrean iraungo dutela.

Lehenengo enkantean eskaintzailerik ez egotearen edo enkante horrek huts egitearen kasuetan aurreneurriak hartzeko, bigarren enkantea egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira, beste hogei eguneko epean.

Modu berean iragarriko da hirugarren enkantea.

5. Postatruke ziurtatuaren bidez, notarioak enkanteetarako finkatu diren toki, egun eta orduaren berri emango dio azken jabari-inskripzioaren titularrari.

236.g. artikulua 1. Jarduna zein notariotzatan egin eta enkanteak ere bertan egingo dira, edota notarioak horretarako zehaztu duen lokalean.

Finka non izan eta toki horretan hainbat notariotza daudenean, Notarioen Elkargoko Zuzendaritza-batzak enkanteak egiteko lokala gaitu ahal du.

2. Lehenengo enkantean zenbatekoa izango da hipotekaren eraketa-eskrituran itundutakoa.

Ez da onartuko zenbateko horren azpitik eginiko eskaintzarik.

3. Lehenengo enkantean ez bada onartzeko moduko eskaintzarik, bost eguneko epe-mugaren barruan hartzekodunak eska dezake bere kredituaren ordainean finka nahiz finkak adjudikatzea zenbateko horrekin, aurreko zamak indarrean daudela onartuz.

Adjudikazioa eska dezake berarentzat edota hirugarrenei lagapena egitekotan.

4. Hartzekodunak ahalmen hori erabili ezean, bigarren enkantea egingo da, zenbatekoa lehenengoaren 100eko 75 izanik, eta ez da onartuko horren azpiko eskaintzarik.

5. Bigarren enkantean ere ez bada onartzeko moduko eskaintzarik, bost eguneko epe-mugaren barruan hartzekodunak eska dezake adjudikazioa, bigarren enkanteko zenbatekopean eta hirugarren idatz-zatian ezarritako baldintzekin.

6. Hartzekodunak eskubide hori ere erabili ezean, hirugarren enkantea egingo da, ezelako zenbatekorik gabe.

7. Hirugarren enkantea egindakoan eskaintza bigarrenaren zenbatekotik beherakoa izan bada, errematatzailea izan ez den hartzekodunak, finkaren ugazabak zein baimendun hirugarrenak eskaintza hori hobe dezake, bost eguneko epe-mugan.

Epe horretan eskaerarik egin ezean, finka errematatzaileari adjudikatuko zaio.

Hobekuntza eskatuz gero, horietako bakoitzak bigarren enkanteko zenbatekoren 100eko 50 jarri beharko du zainpean, hartzekodunak izan ezik, eta jarraian notarioak beste lizitazio bat irekiko du eskaintzari horien artean; finka adjudikatuko zaio proposamenik onena egin duenari.

Lizitazioa notarioak zehaztutako egunean egingo da, eskaintza hobetu zenetik bost eguneko epean.

Lehenengo eskaintzariak bigarrenak egin duen hobekuntza ikusita eskaintza egiteari uko egin duela adieraziz gero, lizitazioa bazter utzi eta finka bigarrenaren izenean errematatu dela ulertuko da.

236.h. artikulua 1. Hartzekoduna enkante guztietan ager daiteke eskaintzari moduan, eta, lizitazioan parte hartzeko, ez du ezer zainpean jarri behar.

2. Gainerako eskaintzariek lehenengo zein bigarren enkantean parte hartu ahal izateko, kasuan kasuko zenbatekoaren 100eko 30 jarri behar dute zainpean notariotzan edo horretarako destinatu den establezimenduan, inolako salbuespenik gabe.

Hirugarren enkantean, bigarrenaren zenbatekoaren 100eko 20 gordailutu behar da.

3. Enkanteetan, idatzizko eskaintzak egin daitezke agiri itxietan, enkantearen iragarkia agertzen denetik hori egin arte, eta agiriarekin batera, aurretiazko gordailua egin delako egiaztagiria aurkeztu behar da.

Notarioak itxita gordeko ditu agiriak eta lizitazio egintza hastean irekiko dira; ordurako ez dira onartuko idatzizko eskaintzarik onenaren azpitik egindako ahozko eskaintzak.

4. Exekutatzaileari eginiko adjudikazioa edo horren zein geroko hartzekodunarentzat eginiko errematea bakarrik buru daiteke hirugarrenari lagatzeko.

Ahalmen hori erabiltzen duen errematzaileak lagapena egiaztatu behar dio, enkantea zein notarioren aurrean egin eta notario horri, eta egiaztapenean lagapen-hartzailea ere egon behar da, lagapena onartzeko. Hori guztia egin behar da, erremate-prezioaren gainerako zatia ordaindu baino lehen edo aldi berean.

236.i. artikulua 1. Errematearen osteko zortzi egunetan, eskuratzaileak zainpean jarri behar du enkantean parte hartzeko gordailututakoaren eta prezio osoaren arteko diferentzia.

2. Epe berean, idatzizko eskaintza egin duen eskaintzariak adjudikazioa onartu behar du, eta, hala denean, errematea lagako da.

3. Errematatzailea hartzekoduna bera izanez gero, horrek errematearen zenbatekoaren eta hipotekak bermatutako kredituaren gehi korrituen arteko diferentzia bakarrik ordaindu behar du; hala ere, exekuzioaren gastuak likidatzean, hartzekodunari gastuok itzuliko zaizkio zainpean jarritakotik, hipotekak bermatutako zenbatekoraino.

4. Modu berean jardungo da, hartzekodunak eskatu duenean finka edo finkak adjudikatzeko, eta hipotekak bermatutako zenbatekoa enkantearen zenbateko moduan ezarritakoa baino txikiagoa denean.

236.j. artikulua 1. Enkantearen zenbatekoa estali duten eskaintzariek itzulketa eskatu beharrean kopuru zehatzak zainpean jarri dituztenean, kopuru horiek honexetarako erreserbatuko dira: errematatzaileak betebeharra bete ezean, eskaintzen hurrenkeraren arabera horren atzetik datozenentzat egin dadin errematea, baldin eta horiek euren adostasuna eman badute.

Behin adjudikaziodunak betebeharra betetakoan, eskaintzariei zainpean jarritako kopuruak itzuliko zaizkie.

2. Finkatutako epean errematzaileak ez badu zainpean jarri prezioaren osagarria, ulertuko da erremate nagusia ondorerik gabe geratu dela eta hurrengo eskaintzariarentzat egin dela; horretarako, aurreko idatz-zatiko erreserba eta onarpena egin behar izan dira, eta eskaintzari horrek eskainitako zenbatekoa gehi aurreko errematatzaileek zainpean jarri eta galdutako kopuruak izan behar dira hutsik geratutako erremate nagusiaren bestekoak.

3. Aurreko artikuluaren lehenengo idatzatiaren ondoreetarako, eskaintzariari errematearen berri eman behar zaio.

Erreserba eta onarpenik egon ez bada, edota bigarren zein hurrengo eskaintzariek ez badute bete euren betebeharra, berriro egingo da lehengo enkantea, salbu eta eratutako gordailuekin ordain daitezkeenean, hala hipoteka bidez bermatutako kreditua eta korrituak, nola exekuzio-gastuak.

4. Errematatzaileak eta, hala denean, aurreko idatz-zatiko eskaintzariek eratu gordailuak erabiliko dira, lehenik eta behin, geroko enkantearen edo enkanteen gastuak ordaintzeko, eta gerakina izanez gero, hori erabiliko da, kreditua, korrituak nahiz exekuzioaren beste gastuak ordaintzeko.

5. Errematatzailea edo adjudikazioduna bada hartzekodun exekutatzailea bera, eta erremate- edo adjudikazio-prezioaren eta hipoteka bidez bermatutako kreditu eta korrituen arteko diferentzia likidatu dela jakinarazi zaionetik zortzi eguneko epean ez badu zainpean jarri diferentzia hori, errematea ere ondorerik gabe geratu dela adieraziko da; hala ere, hartzekodunak erantzungo du gero egin beharreko enkantearen edo enkanteen gastuengatik, eta, enkanteok gauzatu bitartean, hartzekodun horrek ez du izango kredituaren korrituak kobratzeko eskubiderik.

236.k artikulua 1. Errematearen prezioa erabiliko da exekuzioa eragin duen hartzekodunari ordaintzeko, inolako atzerapenik gabe, eta hipotekak bermatutako neurrian.

2. Geroko hartzekodunak izanez gero, gerakina zainpean jarriko da establezimendu publiko egokian, kreditu horiei lotuta.

Inguruabar hori Erregistroan agerraraziko da, bazterreko oharraren bidez.

Geroko hartzekodunik izan ezean, gerakina finkaren ugazabari eman behar zaio.

3. Gastuak likidatzean, notarioak bere jardunaren eta eginiko izapideen ondoriozko zerbitzu-sariak bakarrik hartuko ditu kontuan.

236.l. artikulua 1. Errematea nahiz adjudikazioa egindakoan, eta, hala denean, prezioa zainpean jarritakoan, errematatzaile edo adjudikaziodunak eta finkaren ugazabak edo 234. artikuluaren arabera izendatutako pertsonak akta protokoloan jaso eta eskritura publikoa egiletsi behar dute.

2. Aurreko artikuluetan ezarritako oinarrizko izapide nahiz eginbideak agerraraziko dira eskrituran eta, bereziki, ondokoak: 236.c eta 236.d. artikuluek agindutako jakinarazpenak egin direla; salmenta edo adjudikazioaren zenbatekoa hipotekak bermatutako kopuru osoaren bestekoa edo txikiagoa dela, edo, handiagoa izanez gero, gerakina zainpean jarri dela, 236.k artikuluaren bigarren idatzatian zehaztu bezala.

3. Eskritura titulu askietsia izango da, inskripzioa errematatzaile zein adjudikaziodunaren izenean egiteko, bai eta exekutatuko hipotekaren inskripzioa nahiz horren ostean Erregistroan agerrazitako zama, karga eta eskubide guztien idazkunak ezerezteko ere.

Agintari judizialak agindutako idazkunak salbuespen kasuak izango dira, baldin eta idazkun horiek ondorioztatzen badute hipotekaren indarraldia bera auzipean dagoela.

236.m. artikulua Adjudikaziodunak eskuratutako ondasunen edukitza eska diezaioke, ondasunak non izan eta toki horretako lehen auzialdiko epaileari.

236.n. artikulua Eginiko enkanteak hutsik geratu badira eta hartzekodunak ez badu erabili ondasun exekutatuak beretzat adjudikatzeko eskubidea, notarioak exekuzioa amaitutzat jo, akta itxi eta protokoloan jasoko du, eta irekita geratuko da kasuan kasuko epaiketa-bidea.

236.ñ. artikulua 1. Notarioak jarduna etengo du, jardun horren oinarri den hipoteka-tituluaren faltsukeria dela-eta prozedura kriminalaren izapideak gauzatzen ari direla agirien bidez egiaztatzen denean bakarrik, baldin eta prozedura horretan kereila onartu, auzipetze-autoa eman edo akusazio-idazkia egin bada, edota 236.b. artikuluaren hirugarren idatzatiak aipatu komunikazioa jaso bada jabetza-erregistratzailearen eskutik.

2. Aurreko idatzatiko inguruabarrak egiaztatutakoan, notarioak exekuzioa etetea erabakiko du, harik eta prozedura kriminala nahiz Erregistrokoa amaitu arte, hurrenez hurren.

Exekutzaileak eskatuta, exekuzioari ekingo zaio, baldin eta faltsukeria adierazi ez bada edota hipotekaren ezereztea inskribatu ez bada.

236.o. artikulua Zordunak, hirugarren edukitzaileek zein gainerako interesdunek egin ditzaketen erreklamazioei dagokienez, Hipoteka Legearen 132. artikuluaren azken bost lerrokadetan xedatutakoa bete behar da, artikulu hori aplikatzeko modukoa den heinean.

2. ATALA Borondatezko hipotekak

ALDE BAKARREZ ERATUTAKO HIPOTEKA

237. artikulua

Legearen 141. artikuluaren bigarren lerrokadak ezarritako errekerimenduan hauxe zehaztu behar da esanbidez: hartzekodunari hipoteka onartzeko errekerimendua egin zaionetik bi hilabete igaro badira onarpenik gabe, finkaren ugazabak hipoteka ezereztu ahal duela, hori noren izenean eratu eta pertsona horren adostasunik gabe.

Ezereztea egiteko, finkaren ugazabak ezerezte-eskritura egiletsi behar du.

BALDINTZAPEKOA

238. artikulua

Baldintza etengarriak bete direla edo legearen 143. artikuluko bihar-etziko betebeharrak hartu direla Erregistroan agerrarazteko, edozein interesdunek hori egiaztatzen duen agiri publikoaren kopia aurkeztuko dio erregistratzaileari, eta, halakorik izan ezean, alderdi biek sinatu eta erregistratzailearen aurrean berretsitako eskabidea edota sinadura legitimatuak dituen eskabidea aurkeztuko da, bazterreko oharra egin dadin eskatuz eta ohar hori dakarten egitateak argiro adieraziz.

Interesdunen batek ezetza eman badio eskabidea sinatu zein berresteari, besteak demanda jar diezaioke epaiketa arruntean.

Ebazpena demandaren aldekoa bada, erregistratzaileak kasuan kasuko bazterreko oharra egingo du.

239. artikulua

Bete den baldintza suntsiarazlea izanez gero, ezerezte formala egingo da, behin aurreko artikuluan zehaztutako betekizunak gauzatutakoan.

240. artikulua

Legearen 144. artikuluan xedatutakoaren arabera egitateak edo alderdien arteko hitzarmenak oso-osorik edo zati batean berritzen badu kontratu inskribatua, inskripzio berria egin eta aurrekoa ezereztu behar da.

Hitzarmenak badakar kontratua oso-osorik zein zati batean suntsiaraztea edo eragingabe bihurtzea, ezerezte osoa edo zatikakoa egin behar da; eta, hitzarmenaren helburua bada baldintza etengarripeko kontratu inskribatua gauzatzea, bazterreko oharra egin behar da.

Zatikako ezereztea bidezkoa ez denetan, hipotekaren inskripzioaren bazterrean oharra egin daiteke, zorraren zati bat ordaindu dela agerrarazteko.

HIPOTEKA ATZERATZEA

241. artikulua

Hipoteka bihar-etziko beste hipoteka baten alde atzeratzeak erregistro-ondoreak izan ditzan, betekizun hauek gauzatu behar dira:

1. Hartzekodunak esanbidez adierazi behar du atzeratzearekin ados dagoela.

2. Zehaztu behar da kapital, korritu, kostu eta bestelako kontzeptuen gain etorkizuneko hipotekak izango duen gehieneko erantzukizuna, bai eta hipoteka horren gehieneko iraupen epea ere.

3. Aurretik jarriko den hipoteka Jabetza Erregistroan inskribatu behar da, horretarako hitzartu den epean.

Atzeratze hori agerrarazi behar da hipoteka atzeratuaren bazterrean ohar bat eginez; etorkizuneko hipoteka inskribatzen denean, ez dago zertan eskritura berririk egin.

Hirugarren zenbakian ezarritako epea igaro ondoren hipoteka berria inskribatu ez bada, atzeratze-eskubidea iraungiko da, eta inguruabar hori bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar da.

HIPOTEKA-KREDITUA LAGATZEA

242. artikulua

Hipoteka-kreditua laga bada, zordunari lagapen-kontratuaren berri eman behar zaio 222. artikuluan ezarritako baliabideak erabilita, salbu eta zordunak eskritura publiko bidez uko egin dionean eskubide horri, edo legearen 150. artikuluko kasua gertatzen denean.

243. artikulua

Inskripzioan agerrarazi behar da zordunari kredituaren lagapena jakinarazi zaiola, edo, legearen 151. artikuluaren kasuan, betekizun hori gauzatu ez dela, eta jakinarazpen hori egin dela egiaztatzen duen agiria inskripzioa egin ostean aurkezten bada Erregistroan, kasuan kasuko bazterreko oharra egin behar da.

244. artikulua

Erregistroan hipoteka-kredituaren lagapena agerraraziko da, lagapen-hartzailearen izenean eginiko inskripzio berriaren bidez, legearen 150. artikuluak aipatu kasuetan izan ezik.

KONTU KORRONTEAK BERMATZEKO HIPOTEKA

245. artikulua

Bankuen, Aurrezki-kutxen eta kreditu-sozietate baimenduen izenean hipotekak eratu badira kanbio- edo kreditu-eragiketak bermatzeko, hipoteka horietan itun daiteke aseguratutako betebeharraren zenbatekoa zehaztuko dela hartzekodunen kontabilitate-liburuek ondorioztatzen duten saldoaren arabera, horretarako unea heltzen denean, eta, halakoetan, kontu berezia aipatuko da; eskrituran legearen 142. artikuluan eta 153. artikuluaren azken lau lerrokadetan zehaztutako beste betekizunak agerrarazi badira, kontu horretan hurrengo ordainketa- eta kargu-partidak zehaztuko dira: deskontatu diren efektuen zenbatekoa, muga-egunean ordaindu diren efektuen zenbatekoa eta ordaindu gabe itzuli direnen zenbatekoa.

246. artikulua

Hipoteka-bermearekin irekitako kontu korronteen egoera egiaztatzeko, interesdunek ale bikoizdun libretak eraman ditzakete, eta eskritura eskuetsi duen notarioak zigilatu nahiz sinatu behar ditu aleok orri guztietan, lehenengoan horiek jasotzen dituen zenbakiaren adierazpen ziurtatua eginez.

ENDOSU BIDEZ ZEIN ERAMAILEARENTZAT ESKUALDA DAITEZKEEN TITULUAK BERMATZEKOA

247. artikulua

Endosu bidez zein eramailearentzat eskualda daitezkeen tituluak hipoteka bidez bermatu badira, tituluok taloiondo bikoitza izango dute; horietako bat probintziako Merkataritzako Erregistroan gordailutuko da, eta bestea erakunde jaulkitzailearen esku geratuko da.

Jaulkipena norbanakoek edo Merkataritzako Erregistroan inskribatuta ez dauden erakundeek egin badute, aurreko lerrokadak aipatu gordailua Jabetza Erregistroan egin behar da; baina interesdunek nahi badute tituluak kotizazio ofizialetan sartzea, horrexetarako bakarrik inskribatuko da norbanakoa edo erakunde hipotekatzailea Merkataritzako Erregistroan, eta taloitegiaren bikoizkina bertan gordailutuko da

Tituluok finka bat baino gehiago ukitzen dutenean, ez da beharrezkoa bertan agerraraztea legearen 154. artikuluaren azken lerrokadak aipatu inguruabarrak, eta nahikoa izango da hipoteka-inskripzioak zein Jabetza Erregistrotan egin eta Erregistro horren aipamena jartzea, bai eta, hala denean, Merkataritzako Erregistroarena ere; aipamen horietan, aurkezte-idazkunaren zein idazkunen bazterreko oharra nahiz oharrak zehaztu eta horien zenbakia eta data adierazi behar dira.

ERRENTAK BERMATZEKOA

248. artikulua

Errentak edo aldizkako prestazioak bermatzeko hipotekak, legearen 157. artikuluak aipatzen dituenak, finka hipotekatuaren ugazabak gauzatutako alde bakarreko egintzaren bidez era daitezke, eta kasu horretan, lege horren 141. artikuluak arautuko du hipoteka horren onuradunak eman beharreko onarpena.

Hipotekok azken nahien ondorioz eratu direnean, testamentua titulu nahikoa izango da horiek inskribatzeko; testamentuarekin batera, testamentugilearen heriotza-ziurtagiria eta Azken Nahien Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiria aurkeztu behar dira, eta pentsiodunak nahiz prestazioaren onuradunak jarauntsia banatzeko eskrituran zein beste eskritura batean eman dezake onarpena.

Inskripzioan nahitaez agerrarazi behar da azken pentsio edo prestazioa emateko data edota, bestela, pentsioa azkenduko duen gertakizuna edo baldintza.

Legearen 157. artikuluaren azken lerrokadak baimendutako kontrako ituna ezin izan daiteke, inola ere, bost urtetik gorakoa.

3. ATALA Legezko hipotekak

ERREGELA OROKORRA

249. artikulua

Norbaitentzako legezko hipoteka eratortzen duen agerkari publikoa egilestean, notariotza-legeriaren ariora notarioak hipoteka hori emateko betebeharraz eta berori eskatzeko eskubideaz ohartaraziko die kasuan kasuko pertsonei, horiek egilespen egintzan agertzen badira.

EZKONSARI-HIPOTEKA

250. artikulua

Legearen 169. artikuluaren lehenengo eta hirugarren zenbakiek aipatu hipoteka bereziak era daitezke ezkontza-itunetan, ezkonsari-gutunean zein eskritura publiko berezian.

251. artikulua

Erregistratzaileak egiaztatu badu ondasun higiezinen ezkonsari zenbatetsia inskribatu dela senarraren izenean eta ez bada agerrarazi emazteak uko egin dionik bere hipoteka-eskubideari, erregistratzaile horrek adieraziko du hipoteka eratzen dela ezkonsari-ondasun horien edo beste ondasun batzuen gain; azken kasu horretan, ondasunok beste Erregistro baten lurraldean izanez gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiria artxibatuko da.

252. artikulua

Ezkonsari zenbatetsiko ondasun higiezinen inskripzioak, ahal den neurrian, erregelamendu honek inskripzio ororentzat ezarritako inguruabarrak adierazi behar ditu, bai eta hurrengoak ere, inskripzio luzea egin behar denetan:

1. Ezkonsaria eman duen pertsonaren izen-abizenak eta ezkonsari horren izaera.

2. Ezkontza hitzartuta dagoelako edo egin delako adierazpena, eta, azken kasu horretan, ezkontzaren data.

3. Ezkontideen izen-abizenak, adina, egoera zibila eta auzotartasuna.

4. Ezkonsari zenbatetsia eratu delako adierazpena eta horren zenbatekoa.

5. Ezkonsari osoa edo horren zati bat inskribatu beharreko finka izanez gero, inguruabar hori.

6. Ezkonsaria zenbatesteko, finkari eman zaion balioa, balio hori alderdi bien adostasunez edo epailearen eskuhartzearekin zehaztu den adieraziz.

7. Ezkonsaria senarrari ematea.

8. Ezkonsari-kontratuan hizpatutako baldintzak, senarrak finka berean izango duen jabaria ukitzen dutenak.

9. Senarrak jabaria legeen arabera eta hizpatutako baldintza berezien arabera eskuratu duelako adierazpena.

10. Hurrengo aipamenak: finkaren gaineko legezko hipoteka eratu eta inskribatu dela, emazteak horri uko egin diola edota senarrak hipoteka beste ondasun batzuen gain eratu duela.

253. artikulua

Ezkonsari zenbatetsia dela-eta emaztearen alde eratu den hipotekaren inskripzioak, ahal den neurrian, mota horretako inskripzioentzat orokorrean ezarritako inguruabarrak adierazi behar ditu, bai eta hurrengoak ere, inskripzio luzea egin behar denetan:

1. Ezkontza hitzartu edo egin dela, bigarren kasuan ezkontzaren data zehaztuz.

2. Emaztearen izen-abizenak, egoitza, adina eta aurreko egoera zibila, halakoa jakinez gero.

3. Ezkonsaria, dohaintza edo izaera bereko ondasun-ematea eratzeko agirien zerrenda.

4. Ezkonsaria eratu duen pertsonaren izen-abizenak eta egoitza, ezkonsari hori zenbatetsia dela eta notarioak ematearen gaineko fede eman duela adieraziz.

5. Ezkonsari, dohaintza nahiz ondasun-ematearen zenbatekoa edo zenbatespena.

6. Ezkonsari-hipoteka eskatu duen pertsonaren izen-abizenak eta legezko izaera, eta, hipoteka eratzeko ebazpen judiziala eman bada, horren zati xedatzailea, data eta berori eman duen epaitegia edo auzitegia.

7. Hipotekaren onarpena eta hipoteka hori nahikoa delako adierazpena, finkak duen erantzukizunaren zehaztapena, eta, tituluaren arabera, ondasun hipotekatuen artean eginiko banaketa, ezkonsaria eratu duenak, hipoteka duenak edo, hala denean, hipoteka hori kalifikatu behar duenak egindakoa; horren inguruan epai-espedientea eragin bada, eman den ebazpena, horren data eta berori eman duen epaitegia edo auzitegia.

254. artikulua

Ezkonsaria edo ondasun parafernalak senarrari eman zaizkionean ondasun zenbatetsigabe moduan, eta horien jabetza emaztearen izenean inskribatu denean, ematea agerraraziko da inskripzio horretan eginiko bazterreko oharraren bidez.

255. artikulua

Senarrak bere ondasunen gaineko hipoteka eratu badu, ezkonsari zenbatetsigabe zein parafernal moduan edota mota bereko ezkonsaria gehitzeko jaso dituen ondasunak itzuliko dituela bermatzeko, hipoteka hori inskribatuko da inskripzioentzat orokorrean xedatutakoaren arabera, eta, bereziki, ezkonsari zenbatetsiaren hipotekari buruz ezarritakoaren ariora, desberdintasun bakarrarekin: ezkonsaria zenbatetsigabea dela agerrarazi behar da, eta ondasunak balioetsi direla finkaren erantzukizuna zehazteko bakarrik.

256. artikulua

Ezkonsari zenbatetsigabeko ondasunak ez badira inskribatu emaztearen izenean ezkonsari-hipoteka eratzean, inskripzio hori modu arruntean egingo da, 252. artikuluko inguruabarrak zehaztuta, laugarrena, seigarrena, bederatzigarrena eta hamargarrena izan ezik; horien ordez aipatu behar da ezkonsaria zenbatetsigabea dela, eta, emaztearen kasuan, jabaria legeen menpe geratzen dela.

Inskripzioa horretara eginez gero, ez da jarriko 254. artikuluak agindutako bazterreko oharra.

257. artikulua

Fiskaltzak dakienean emakume umezurtz eta adingabearen senarrari ezkonsaria eman zaiola kasuan kasuko hipotekarik gabe, hori eratzeko moduko ondasunak egonda, epaile edo auzitegiarengana joko du, horrek senarrari eska diezaion legezko hipoteka eratzea, legearen 166. artikuluan ezarritakoaren arabera jardunda.

258. artikulua

Ezkonsari-eskrituran nahitaez aipatu behar da, hala eratu den edo eratuko den hipoteka, agerkari bereizian, nola ezkonsaria ez dela horretara bermatu, senarrak ez duelako hipotekatzeko moduko ondasunik eta ezkonsarikoak ez direlako hipotekatzeko modukoak.

Azken kasu horretan, senarrak adierazi behar du ez duela halako ondasunik, eta eskuratzen dituen lehenengo ondasun higiezinen gaineko hipoteka eratzeko betebeharra hartuko du, legearen 180. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Ezkonsari moduan eman beharreko ondasunen ugazaba emakume adin nagusikoa bada eta horrek ondasun horien gaineko xedapen askea badu, senarrak ez du zertan bete aurreko lerrokadan ezarritako betebeharra, emazteak uko egin ahal diolako betepen hori eskatzeari, baina kasu horretan, notarioak beraren eskubidearen berri eman behar dio emazte horri, 249. artikuluaren ariora.

ERRESERBATU BEHARREKO ONDASUNEN ONDORIOZKOAK

259. artikulua

1. Kode Zibilaren arabera zenbait ondasun erreserbatu behar dituzten pertsonek euren izenean inskribatu behar dituzte ondasunok, horiek inskribatu gabe egonez gero.

Inskripzioa egiteko behar diren agiriekin batera legearen 185. artikuluak aipatu eskritura aurkeztuz gero, inskripzioan adierazi behar da ondasunok erreserbapekoak direla.

2. Ondasunak inskribatu badira, horien izaera agerrarazi behar da kasuan kasuko inskripzioan eginiko bazterreko oharraren bidez.

260. artikulua

Ondasun higiezinak erreserbatu beharrekoak direla Erregistroan agerrarazteko eta, hala denean, legeak zehaztutako itzulketen nahiz kalte-ordainen berme moduan hipoteka berezi eta nahikoa eratzeko, hurrengo erregelak izan behar dira kontuan, erreserbagileak eta erreserba-hartzaileek zein horien legezko ordezkariek egiletsitako eskritura publikorik izan ezean:

1. Ondasunak erreserbatzeko betebeharra duenak aseguratu behar diren ondasunen inbentarioa eta peritu-tasazioa aurkeztuko ditu lehen auzialdiko epaitegian; horrekin batera, hipotekan eskaintzen dituen ondasunen zerrenda eta horien gaineko jabaria frogatzeko tituluak aurkeztuko ditu, bai eta ondasunon balioa nahiz ondasunok zametatik aske daudela egiaztatzeko agiriak edo zamak zehazten dituzten agiriak ere.

Erreserbatu beharreko ondasunen inbentarioa eta tasazioa izango dira banaketa-eragiketetan epaiketan zein epaiketatik kanpo egin direnak eta, halakorik izan ezean, erreserbagileak horretarako egin dituenak, Prozedura Zibilaren Legeko 1066. artikuluaren hurrenkerarekin, ondasunen balioa agerraraziz eta balio hori zehazteko kontuan izan dituen datuak zein agiriak aurkeztuz.

Hipotekan eskaintzen dituzten ondasunen jabaria egiaztatzeko, erreserba egiteko betebeharra dutenek, gutxienez, azken eskuraketaren tituluak aurkeztu behar dituzte, baita erregistratzaileak egindako ziurtagiria ere, bertan ondasun horien gaineko jabetza eta zamak agerraraziz.

Agiri horiek ez badute ondorioztatzen ondasunen balioa, beste agiri sinesgarri batzuk aurkeztu behar dira, balio hori egiaztatzeko.

2. Epaileak uste badu ondasunen zerrendak zehatzak direla eta eskainitako hipoteka nahikoa dela, probidentzia emango du, espedientean bertan akta egiteko aginduz; akta horretan ondasunak erreserbatu beharrekoak direla adierazi behar da, izaera hori kasuan kasuko jabari-inskripzioen bazterrean agerrarazteko, eta artikulu honen lehenengo lerrokadan zehaztutako itzulketa nahiz kalte-ordainak bermatzeko hipoteka eratu behar da, erreserbagileak bere jabetzapeko ondasun higiezinetatik berme moduan eskaintzen dituenen gain.

3. Epaileak zalantzak baditu erreserbagileak eskainitako hipoteka nahikoa izatearen inguruan, agin dezake bidezko deritzen izapideak egin eta agiriak auzkez ditzala erreserbagile horrek, inguruabar hori egiaztatzeko.

4. Hipoteka nahikoa ez bada, eta erreserba egiteko betebeharra duenak hipotekatzeko moduko beste ondasun batzuk dituenean, epaileak aginduko du hipotekak bere barruan hartzea haren ustez erreserba-eskubidea aseguratzeko nahikoak diren ondasunak.

Erreserbagileak beste ondasunik izan ezean, epaileak aginduko du hipoteka eskaini diren ondasunen gain era dadin, baina ebazpenean ondasunok ez direla nahiko zehaztuta eta erreserbagileak lehenengo eskuratzen dituen ondasun higiezinekin hipoteka hori zabaltzeko betebeharra duela adierazita.

5. Artikulu honen bigarren erregelak aipatu aktak 263. artikuluak zehazten dituen inguruabarrak jaso behar ditu; akta hori erreserbagileak sinatu, idazkariak eskuetsi eta epaileak onetsiko du.

6. Erregistroan aktaren nahiz onespen-autoaren kopia bikoiztua aurkezten denean, kasuan kasuko idazkunak eta inskripzioak egingo dira, erreserbatu beharreko ondasunen izaera egiaztatu eta hipoteka eratzeko.

261. artikulua

1. Legearen 187. artikuluak ezarritako ehun eta laurogei eguneko epe-muga zenbatzen hasiko da, kasuan-kasuan, bigarren edo hurrengo ezkontza egiten den egunetik, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna legez zehazten denetik, adopzioaren datatik edota erreserba egiteko betebeharra duenak jarauntsia onartzen duenetik.

2. Erreserbatu beharreko ondasunak bigarren edo hurrengo ezkontza egin ostean eskuratu badira edo Kode Zibilaren 980. artikuluak aipatu kasuren bat gertatu bada, ondasunak eskuratu direnetik hasiko da zenbatzen epe-muga hori.

262. artikulua

Epaileak onetsi badu ondasun higiezinak erreserbatu beharrekoak direla adierazten duen akta edo kasuan kasuko hipoteka eratzen duena, akta horren bi kopia eskuetsiak eta onespen-autoaren kopia emango zaizkio erreserbagileari, horrek kopiak Erregistroan aurkez ditzan eta bazterreko ohar zein inskripzio egokiak egin daitezen; kopia bat artxibatu egingo da, eta bestea auzitegiari itzuliko zaio, idazkun egokia egin delako oharrarekin.

Erreserbagileak uko egiten badio kopia horiek jasotzeari edota Erregistroan aurkezteari, epaileak ofizioz igorriko ditu kopiak.

Epaileak gisa berean jardungo du, kopiak jaso eta hirurogei egun igarotakoan erreserbagileak ez badio itzuli horietako bat auzitegiari erregistratzaileak sinatutako oharrarekin, hipoteka eratu dela edo bazterreko oharra egin dela adieraziz.

Aurreko bi lerrokadetako kasuetan, erreserbaren gain interesa izan eta espedientean parte hartu duen pertsonak edo hipoteka eskatu duenak eska dezake kopiak berari ematea, horiek kasuan kasuko Erregistroan aurkezteko.

263. artikulua

Erreserbatu beharreko ondasunak bermatzeko hipotekaren eraketa-aktak borondatezko hipotekaren inguruabarrak adierazi behar ditu, baita hurrengoak ere:

1. Erreserba-eskubidearen oinarri den titulua edo legezko arrazoia eta horren norainokoa, bai eta horrekin lotutako pertsonen izen-abizenak ere.

2. Erreserba eratu duen aita zein ama berriz ezkondu bada, ezkontzaren data; Kode Zibilaren 980. artikuluko kasuetan, ezkontzaz kanpoko seme-alabaren jaioteguna edota adopzioaren data: eta, hala denean, aurrekoak ondasunak noiz onartu dituen.

3. Erreserba eskatu dutenen izen-abizenak edota, hala denean, Fiskaltzak agindu duela erreserba hori.

4. Erreserbatu beharreko ondasunen zerrenda eta balioa.

5. Erregelamendu honen 260. artikuluak edo legearen 165. artikuluak arautu espedientea instruitu delako adierazpena.

6. Epailearen adierazpena, onartu den hipoteka nahikoa dela esanez, edo, hala behar denean, erreserbagileak eskuratzen dituen lehenengo ondasun higiezinak nahiz eskubide errealak hipotekatzeko betebeharra duela zehaztuz.

264. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu hipoteken inskripzioak bertan zehaztutako inguruabarrak jaso behar ditu, baita akta onesteko eman den ebazpen judizialaren zati xedatzaileari buruzko aipamena ere.

265. artikulua

Erreserba egiteko betebeharra dutenek legearen 185.etik 187.erako artikuluek zehaztutako moduan jardun ez dutenean, eta ondasunak adjudikatzeko eskrituretan, jarauntsiak banatzeko eskrituretan edo beste edozein agiri kautotan esanbidez agerrarazi dutenean ondasunak erreserbatu beharrekoak direla, kasuan kasuko inskripzioan inguruabar hori agerrarazi behar da, bai eta eskubideak zehazteko balio dezaketen beste inguruabarrak ere.

Erreserbagileek ondasunak erreserbatu beharrekoak direla esanbidez agerrarazten ez duten bitartean, erregistratzaileek ez dute izaera hori aipatuko kasuan kasuko idazkunak egitean; eta Erregistroaren ondoreetarako, aurkeztutako agiriek edo aurreko inskripzioek ondorioztatuko datu zein aipamenak ez dira nahiko izango, ondasunok erreserbatu beharrekoak direla ulertzeko.

Inskripzioa egin ostean, bazterreko oharraren bidez agerraraziko da ondasunak erreserbatu beharrekoak direla, hori bidezkoa denetan.

GURASO-AHALPEKOEN ONDASUNEN ONDORIOZKOAK

266. artikulua

Familiako seme-alabaren ondasunak inskribatzean, agerrarazi behar da inskripzioa nork edo nortzuek eskatu duten esanbidez, legearen 191. artikuluaren arabera.

267. artikulua

Guraso-ahalaren ondoriozko hipotekaren inskripzioak borondatezko hipotekaren inguruabarrak adierazi behar ditu, baita hurrengoak ere:

1. Hipoteka eratu duen aitaren, amaren edo bien inguruabarrak eta hipotekaren onuradun den seme-alabarenak.

2. Higiezinak ez izateagatik, hipotekaren bidez aseguratu nahi diren ondasunen jatorria.

3. Ondasunen izaera eta ondasunoi eratxiki zaien balioa.

4. Hipoteka aita edo amaren borondatez eratu delako edo ebazpen judizialaren bidez eratu delako adierazpena, legearen 165. artikuluaren arabera hipoteka hori eskatu duen pertsona zehaztuz.

5. 263. artikuluaren 6. zenbakiko eta 264. artikuluaren inguruabarrak.

TUTORETZAREN ONDORIOZKOAK

268. artikulua

Familia-kontseiluari dagokio, hala tutoreek eman beharreko hipoteka-fidantzaren zenbatekoa zehaztea, nola fidantza hori nahiko den ala ez kalifikatzea.

269. artikulua

Hipoteka eratzeko eskrituran, borondatezko hipoteka eratzeko inguruabarrez gain, hurrengoak ere adierazi behar dira:

1. Tutorearen izen-abizenak eta nork izendatu duen berori.

2. Tutoretza mota.

3. Izendapena agerrarazten duen agiria eta horren data.

4. Fidantza kendu ez dela, edota tutorea fidantza emateko betebeharretik salbuetsita egon arren, Familia-kontseiluaren iritzirako beharrezkoa izan zela hori eskatzea.

5. Tutoretzapekoak dituen ondasun higigarrien, errenten eta erabilgarritasunen zenbatekoa.

6. Eman behar den fidantzaren zenbatekoa, hipotekaren, bahiaren edo fidantza pertsonalaren bidez aseguratu behar den zatia zehaztuta.

7. Modu horretara aseguratu den zenbatekoaren gaineko hipotekaren eraketa.

8. Finka bakoitzak duen erantzukizunaren zehaztapena, egin den banaketaren arabera.

9. Familia-kontseiluak fidantza onetsi badu, onespen-erabaki horren kopia.

Hipoteka inskribatuko da erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera eta artikulu honetako inguruabarrak adieraziz.

GAINERAKO LEGEZKO HIPOTEKAK

270. artikulua

Halaber, legearen 193.etik 197.erako artikuluetako legezko hipotekak eratu eta inskribatzeko, kontuan hartuko dira bai legean ezarritako betekizunak, bai eta titulu honetan ezarritakoak ere, horiek aplikatzeko modukoak diren heinean.

271. artikulua

Finka bakoitzak legezko hipotekaren ondoriozko erantzukizuna izango du legearen 194. artikuluak ezarritakoaren arabera, bai eta ondasun higiezinaren gaineko zuzeneko eta banakako kontribuzio zein zergen ondoriozkoa ere, eta estatuak, probintziek nahiz herriek lehentasuna izango dute horiek kobratzeko, beste edozein hartzekodun nahiz hirugarren eskuratzaileren gainetik, nahiz eta horrek bere eskubidea Erregistroan inskribatuta izan.

Aurreko lerrokadan zehaztutako kontribuzio zein zergak ez direnetan, eskubide erreala enbargoaren aurreneurrizko idatzohar egokiaren bidez inskribatu bada kobratze-eskubidea Erregistroan agerrarazi baino lehen, harako lehentasunak ez du ukituko eskubide erreal horren titularra.

VI. TITULUA ERREGISTROA ETA ERREALITATE JURIDIKOA BAT ETORTZEA

JABARI-ESPEDIENTEA

272. artikulua

Jabari-titulu idatzirik ez duen jabeak edo, titulu hori izan arren, edozein arrazoi dela-eta berori inskribatu ezin duenak lor dezake bere eskubidea inskribatzea, legearen 201. artikuluan xedatutakoaren arabera.

273. artikulua

Espedientea zein epaitegiren eskumenekoa den jakiteko, espedientepeko ondasunen kokaera bakarrik hartuko da kontuan, hala denean, legearen 201. artikuluko lehenengo erregela aplikatuz.

274. artikulua

Legearen 201. artikuluko bigarren erregelak aipatzen duen idazkia egiten denean finkak immatrikulatzeko, interesdunek zein euren ordezkariak sinatu behar dute idazki hori, eta bertan jaso behar da:

1. Kasuan kasuko ondasun higiezinaren edo higiezinen deskripzioa, horien gain eratutako eskubide errealak adierazita.

2. Tituluaren aipamena edo, titulurik ez dagoelako adierazpena eta, betiere, ondasunak eskuratzeko data eta arrazoia.

3. Ondasunak norenak izan eta pertsona horren zehaztapena, beraren egoitza aipatuz, hori ezaguna denean.

4. Eskuraketa hori egiazta dezaketen frogen zerrenda, eta lekukoen bidezko froga eskaintzen bada, lekukoen izen-abizen eta egoitzen adierazpena.

5. Katastroan zein amilaramenduan ondasunak noren izenean egon, eta pertsona horren izen-abizenak eta egoitza.

6. Hurrengoen izen-abizenak eta egoitza: finka mugakideen ugazabena, inskribatu nahi diren finken gaineko eskubide errealen titularrena, landa-finken kasuan finkaren egitezko edukitzailearena, eta hiri-finken kasuan atezainarena edo, halakorik izan ezean, maizterrena.

Espedientea hasten duenak idazki berean eska dezake manamendua ematea, prozeduraren hasierari buruzko aurreneurrizko idatzoharra egin dadin.

275. artikulua

Idazki horrekin batera, nahitaez aurkeztu behar dira legearen 201. artikuluaren bigarren erregelan ezarritako ziurtagiriak eta, horrez gain, interesdunak dituen agiriak bere eskubidea egiaztatzeko, agiri horiek zein artxibotan dauden zehaztuz, hala behar denean.

Jabetza Erregistroaren ziurtagiriak egiaztatuko du, erregela horren a) letrak ezarritako inskripzioa ez dagoela.

276. artikulua

Legearen 201. artikuluko bigarren erregelak aipatu ziurtagirian agerrarazi bada katastroan zein amilaramenduan kasuan kasuko finkak ez direla agertzen inoren izenan, espedienteak izapide arruntak izango ditu; baina Erregistroan onespen-autoaren lekukotza aurkeztu bada, eta bulego eskudunak ez badu ohar edo ziurtagiririk egin, une egokian bidezko zuzenketak egiteko jabari-espedientea kontuan izan behar dela zehaztuz, inskripzioa etengo da, eta interesdunak hala eskatuz gero, hirurogei egun iraungo duen aurreneurrizko idatzoharra egingo da.

Epe horren barruan, berriro aurkez daiteke agiria ohar edo ziurtagiri horrekin batera, eta, kasu horretan, idatzoharra inskripzio bihurtuko da.

277. artikulua

Legearen 201. artikuluaren hirugarren erregelak ezarri zitazioak Prozedura Zibilari buruzko Legearen 262. artikuluak eta hurrengoek zehaztutakoaren arabera egin behar dira.

278. artikulua

Finken partaidetza edo kuota indibisoak inskribatu nahi direnean, finka horren titularkideei ere zitazioa egin behar zaie, legearen 201. artikuluaren hirugarren erregelak ezarritakoaren ariora.

279. artikulua

Legearen 201. artikuluaren hirugarren erregelaren ondoreetarako, ondasunak norengandik etorri eta pertsona horren kausadun izango dira haren jaraunsleak; horiek ezagunak badira, eskatzaileak espedientea hasteko idazkian izendatuko ditu, eta, bestela, jaraunsleok pertsona ezezagunak direla adieraziko du.

Ez da beharrezkoa jaraunsle zein kausadun izaera agirien bidez egiaztatzea; baina zitazioa jaso dutenek espedientean agertuz gero, auzitegiari adierazi behar dizkiote izaera berbera duten beste pertsonen izen-abizenak eta egoitza, pertsonok badira.

280. artikulua

Zuzenean estatuarenak izan diren ondasunei buruzko jabari-espedienteetan agerrarazi behar da kasuan kasuko probintziako Ogasun eskuordeari horren berri eman zaiola.

Halaber, baso izatera destinatu diren finkei buruzko espedienteetan, espedienteon berri eman behar zaio kasuan kasuko baso-mugabarruko burutzari, eta, herri-basoetatik hurbil dauden landa-finken kasuan, gauza bera egin behar da, epaileak bidezko deritzonean.

281. artikulua

Eskainitako frogen artean epaitegiak bidezko deritzenak onartuko ditu, eta Fiskaltzak hala proposatzen duenean, edota hobeto epaitzeko egoki deritzonean, epaitegiak erabaki dezake beste froga batzuk agintzea, nahiz eta horiek ez egon interesdunek proposatutakoen artean.

282. artikulua

Jabaria egiaztatzeko espedientean, espediente hori eragin duenari ezin eska dakioke finka zein eskubidea eskuratzeko titulua aurkez dezan, halakorik ez duela adierazi duenean, eta alderdi interesdunak azal dezakeen aurkajartzea izan behar da eskatzaileak inskribatu nahi den finka osoaren nahiz zati baten jabaria eskuratu duela behar bezala egiaztatzeari buruzkoa.

283. artikulua

Jabaria egiaztatu dela adierazi ostean inskripzioa egin dadin, autoaren irmotasuna agerrarazten duen lekukotza judizial askietsia aurkeztu behar da Erregistroan.

Prozeduraren hasierari buruzko aurreneurrizko idatzoharra egin bada, idatzohar hori behin betiko inskripzio bihurtuko da.

284. artikulua

Jabaria egiaztatuta edo egiaztatu gabe dagoela adierazi arren interesdunak bere burua kalteduntzat jotzen badu, jarraian kontraesaneko epaiketa adierazlea has dezake.

285. artikulua

Jabari-espedientearen helburua denean geldiarazitako segidako traktua berriro hastea, espedientearen hasierako idazkiak 274. artikuluko inguruabarrak jaso behar ditu, eta, gainera, finka nahiz eskubide erreala noren izenean inskribatuta egon, eta pertsona horren izen-abizenak zehaztu behar dira, baita egoitza ere, hori ezaguna izanez gero.

Jabetza Erregistroak emandako ziurtagiriak legearen 201. artikuluaren c) letrako datuak jaso behar ditu, eta eskaera-orrian adierazitakoaren eta ziurtagiriaren edukiaren artean desberdintasunak antzemanez gero, espedientea etengo da, harik eta, epailearen iritzirako, desberdintasun horiek argituta geratu arte.

Ondasunak norengandik etorri eta 269. artikuluak pertsona horren kausadunentzat xedatzen duena aplikatuko zaie titular inskribatuaren kausadunei ere; espedientea eragin duenari ezin eska dakioke azken inskripziotik beraren eskubidea eskuratu arte gertatu diren eskualdaketak zehaztu edo egiaztatzea.

286. artikulua

Geldiarazitako segidako traktua berriro hasi nahi denean, jabari-espedientea onesten duen aktak aginduko du legearen 202. artikuluak aipatu kontraesaneko inskripzioak ezereztea, eta akta horrek nahitaez adierazi behar du, bai artikulu horrek kasuan-kasuan ezartzen dituen betekizunak gauzatu direla, bai legearen 201. artikuluaren hirugarren erregelako zitazioak nola egin diren.

287. artikulua

Jabari-espedientearen helburua bada Erregistroan finken luze-zabal handiagoa agerraraztea, finka horiek espedientea eragin duenaren izenean inskribatuta daudela egiaztatu behar da, azken jabari-inskripzioaren hitzez-hitzezko ziurtagiriaren bidez; ziurtagiri horrek finkaren egungo deskripziorik jaso ezean, deskripzio hori gehitu behar da, ahal den ginoan aurreko erregelak beteta.

NABARITASUN-AKTA

288. artikulua

Geldiarazitako segidako traktua berriro hasi nahi denean edo inskribatutako finken luze-zabal handiagoa inskribatu nahi denean Jabetza Erregistroan, finkak zein tokitan izan eta bertako notario doiak eskuetsi behar ditu legearen 203. artikuluak aipatu nabaritasun-aktak.

Finkak notario-mugabarru edo notario-alde bat baino gehiago ukituz gero, finkaren zatirik handiena non izan eta toki horretako notarioa izango da notario doia, legearen 210. artikuluaren lehenengo erregelak agindutakoaren arabera.

289. artikulua

Interesdunak errekerimendua egingo dio notarioari, notario-legeriak aktei begira ezarritako agerraldiaren bidez.

Aktak hurrengo inguruabarrok adierazi behar ditu:

a) Agerleari buruzko gaitasun-iritzia eta ezagutza-fedea.

b) Espedientepeko ondasun higiezinaren edo higiezinen deskripzioa eta horien gain eratu diren eskubide errealei buruzko adierazpena.

c) Ondasun higiezina eskuratzeko titulua, ahal izanez gero, ondasunak norengandik etorri eta pertsona horren zein beraren kausadunen izen-abizenak eta egoitza zehaztuz, baita jakinarazpena jaso behar duten gainerako pertsonena ere.

d) Finkak Erregistro, Katastro, Amilaramendu zein Erregistro Fiskalean duen egungo egoera.

e) Egiaztatu beharreko egitateari buruzko zinpeko baieztapena eta notarioari eginiko errekerimendua, eginbide zein jakinarazpen egokiak egin ditzan.

Aktari legearen 203. artikuluak aipatu ziurtagiriak gehituko zaizkio, bai eta interesdunak bere eskubidea egiaztatzeko aurkeztu dituen agiriak ere.

290. artikulua

Errekerimenduaren ostean, legeak agindutako jakinarazpenak ez ezik, bidezko eta egoki deritzen pertsonei eginiko jainarazpenak ere agerraraziko ditu notarioak aktan, ondoz ondoko eginbideen bidez.

Jakinarazpen horiek Notario-erregelamenduak ezarritakoaren arabera egingo dira.

Halaber, eginbide baten bitartez agerraziko da ediktuak argitaratu direla, eta iragarkiak berridatzi edo aktan sartu behar dira zati egokian, baita kasuan kasuko udalaren idazkariak emandako ziurtagiria ere.

291. artikulua

Jakinarazpen-zedula eta ediktuek hurrengoa adierazi behar dute:

1. Akta hasi dela, horren helburua eta akta eskuetsi duen notarioa.

2. Aktak aipatu finken deskripzioa.

3. Eskatzailearen izen-abizenak eta egoitza.

4. Jakinarazpena egin eta hurrengo hogei egunetan interesdunak notarioaren aurrean ager daitezkeela, euren eskubideak azaldu eta egiaztatzeko.

292. artikulua

Eginbideok gauzatu ostean notarioak uste badu kasuan kasuko egitatea behar bezala egiaztatu dela, akta onetsiko du, hori berori agerraraziz; aktaren hitzez-hitzezko lekukotza osoa ondorioztatu eta lekukotza hori epaitegiari bidaliko dio ofizioz edo interesdunari emango dio, horrek aurkez dezan, eta jatorrizkoa artxibatu egingo da, protokoloari erantsi gabe.

Notarioaren iritzirako egitatea ez bada behar bezala egiaztatu, beste eginbide zein froga batzuk egin ditzake bere kabuz nahiz interesdunak hala eskatuta, edota akta amaitutzat jo dezake, protokoloari erantsiz, amaiera-datari dagokion zenbakiarekin.

293. artikulua

Alderdiak hala eskatuta, edo, notarioak era horretara bidali badu lekukotza, ofizioz, epaileak Fiskaltzari entzun eta hilabeteko epean eman behar du ebazpena, salbu eta beste frogaren bat agintzen duenean.

Bestela, froga berriak egiteko probidentzia eman eta hurrengo hamar egunetan egin beharko dira froga horiek, eta ebazpena emateko hilabeteko epea azken froga egin denetik hasiko da zenbatzen.

Ebazpen judiziala autoa izango da, eta bertan espedientea protokoloan jasotzea eta kasuan kasuko inskripzioa nahiz ezerezteak egitea aginduko da, ezerezte horien liburukia, liburua, folioa eta zenbakia adieraziz.

Espedientea protokoloan jasotzeko, notario-akta behar da, eta, horren ostean, jatorrizko espedientea eta emandako autoaren lekukotza judiziala jarriko dira.

294. artikulua

Notarioak eman duen kopia kasuan kasuko inskripzio zein ezerezteak egiteko titulu askietsia izango da, eta kopia horrek hitzez hitz jaso behar ditu prokolatze-akta, onespen-autoa, hasierako errekerimendua, nabaritasun-aktaren eskuespena eta akta horretako eginbideen zerrenda zehatza.

295. artikulua

Segidako traktua berriro hasteko nabaritasun-aktak inskriba daitezke, kontraesaneko idazkunek hogeita hamar urtetik gorako antzinatasuna dutenean eta euren titularrari zein horren kausadunei jakinarazpena modu pertsonalean egin zaienean.

Kontraesaneko idazkunok hogeita hamar urte baino gutxiago izanez gero, aktak inskriba daitezke haien titularrak edo horren kausadunek notarioaren aurrean esanbidezko zein isilbidezko adostasuna eman dutenean bakarrik.

Ulertzen da isilbidezko adostasuna dagoela, titularra zein horren kausadunak notarioaren aurrean agertu direnean, inolako aurkajartzerik egin edo iragarri gabe.

296. artikulua

Nabaritasun-aktaren izapideak egitearen kontrako aurkajartzea 291. artikuluaren laugarren zenbakian finkatutako hogei eguneko epe-mugan egin daiteke, notarioaren aurrean agertu eta erreklamaziogilearen eskubidea egiaztatzeko agiriak erakutsiz.

Betekizun horiek gauzatutakoan, agerraldiaren osteko zortzi egunetako epean notarioak lehenengo auzialdiko epaileari bidaliko dizkio gauzatu diren eginbideak eta aurkeztu diren agiriak, beste izapiderik gabe, legearen 203. artikuluaren ondoreetarako.

Notarioak modu berean jardungo du, erreklamaziogileak kasuan kasuko idazkari judizialak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen duenean epaiketa arruntean demanda jarri duela eskatzailearen uzia aurkaratzeko, bai notarioaren ustez agerraldian erakutsitako agiriak askiezak izan direlako, bai auzia zuzenean eragin delako.

297. artikulua

Nabaritasun-aktaren izapideak egitearen kontrako aurkajartze judiziala edozein unetan egin daiteke, onespen autorik eman ez bada.

Eman den epaiak aurkarapena gaitziritzi badu, notarioari horren lekukotza bidaliko zaio jatorriko espedientearekin batera, 293. artikuluaren azken bi lerrokadetan xedatutakoa kontuan hartuta.

FINKAK IMMATRIKULATZEA, TITULU PUBLIKOEN BIDEZ

**298. artikulua

1go.) Legearen 199. artikuluaren b) lerrokadan eta 205. artikuluan xedatutakoaren arabera, inoren izenean inskribatu ez diren finkak immatrikula daitezke hurrengo kasuetan, eskuraketa-titulu publikoaren bidez:

1. Eskualdatzaileak edo kausatzaileak inskribatu nahi den finka eskuratu zuela egiaztatu duenean, agiri sinesgarriaren bidez.

2. Halakorik izan ezean, eskuraketa-titulu publikoa osatzen denean eskualdatzailea edo kausatzailea ugazabatzat hartu dela egiaztatzen duen nabaritasun-aktaren bidez.

Kasu bietan, eskuraketa-titulu publikoak nahitaez adierazi behar du immatrikulatu nahi den finkaren edo finken katastro-aipamena, eta, horrekin batera, finka horiei begira katastroak emaniko ziurtagiri deskribatzaile eta grafikoa aurkeztu behar da; deskripzio hori bat etorri behar da tituluan agertzen denarekin, eta ziurtagiriek ondorioztatu behar dute, gainera, katastroan eskualdatzailearen edo eskuratzailearen izenean agertzen dela finka.

Aurreko lerrokaden ondoreetarako, «agiri sinesgarriak» esaldiak barneratzen ditu, bai legearen 3. artikuluko agiriak, bai, Kode Zibilaren 1227. artikuluaren arabera, hirugarrenei begira froga egiten dutenak, datari dagokionez.

Agiri sinesgarriek oinarrizko inguruabar moduan jaso behar dute beti finka edo eskubidearen deskripzioa, egintza edo kontratuaren izaera, eskualdatzaile eta eskuratzailearen izen-abizenak, hala denean, funtzionario eskueslea eta agiriaren data.

Nabaritasun-akta osagarriaren helburua ondokoa da: notario eskueslearen iritzirako immatrikulatu nahi den finkaren edo finken eskualdatzailea finken ugazaba delako nabaritasuna egiaztatu eta adieraztea; akta horrek Notario-erregelamenduaren 209. artikuluaren araberako izapideak izango ditu, eta aktak zein titulu publiko osatu eta horrekin batera zein gerogarrenean eskuetsi ahal da berori.

2gn.) Inguruabar orokorrak ez ezik, egiten den inskripzioak eskualdatzailearen tituluaren edo nabaritasun-akta osagarriaren oinarrizko inguruabarrak ere jaso behar ditu.

Horrez landara, idazkuna legearen 205. artikuluaren arabera eta 207. artikuluaren mugapenarekin egin dela adierazi behar da, eta akta hori eragingarria izango da, baldin eta Erregistroan agerrarazi bada jarraiko 4. idatzatiko ediktua argitaratu dela.

Tituluaren oineko idatzagiri-oharrean alde berberak agerrarazi behar dira.

3gn.) Edu berean, inskribatutako finken luze-zabal handiagoak immatrikula daitezke, baldin eta eskuraketa-titulu publikoek hala ondorioztatzen badute, eta 1. idatzatian arautu bezala egiaztatzen bada eskualdatzaileak aldez aurretik eskuratu duela finka luze-zabal handiagoarekin, katastroko aipamena adierazten bada, eta, horrekin batera, katastroak emandako ziurtagiri deskribatzaile eta grafikoa aurkezten bada, honexetarako: finka eta luze-zabal handiagoa ondo identifikatzeko, eta katastroan finka titular inskribatuaren zein eskuratzailearen izenean agertzen dela erakusteko.

Modu berean inskriba daitezke katastroko ziurtagiriaren bidez egiaztatu diren luze-zabal handiagoak, edota, inskribatutako luze-zabalaren bostena baino txikiagoak izanez gero, kasuan kasuko ziurtagiriaren zein txosten teknikoaren bidez egiaztatu direnak, 1996ko abenduaren 30eko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera; ziurtagiri horien bitartez finka eta luze-zabal handiagoa ondo identifikatu behar dira, titulu eskualdatzailearen beharrizanik gabe.

Halaber, luze-zabal handiagoak Hipoteka Legearen eta erregelamendu honen araberako jabari-espedientearen bidez inskriba daitezke, edota aurretiaz katastroko aipamenen inguruan aipatu legeriak arautzen duen izate eta nabaritasun-aktaren bidez.

Beste alde batetik, inskribatutako luze-zabalaren hogeirenetik beherako gaindikinak Erregistroan agerraraz daitezke, azaleraren zuzenketa moduan.

Kasu guztietan, ezinbestekoa da erregistratzaileak oinarridun zalantzarik ez izatea finkaren identitateari buruz; zalantzak izan daitezke, besteak beste, aldez aurretik ere luze-zabal handiagoa agertzea inskribatuta finka beraren gain, edota finka bereizketaren, zatiketaren nahiz elkartzearen bidez eratu izana, eta horren azalera zehaztasunez adieraztea bertan.

4gn.) Inork interesa badu artikulu honen lehenengo idatz-zatian eta 3. idatz-zatiaren lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera egin diren inskripzioen gain, era pertsona horiei guztiei jakinaraziko zaizkie inkripziook, erregistratzaileak eskuetsitako ediktuen bidez. Inskripzio horietan, aurretiaz aipatu oinarrizko inguruabarrak jaso behar dira, eta finka zein udalerritan izan, eta bertako udalaren iragarki-oholean jarriko dira hilabetean; egitate hori egiaztatzeko, udal horretako idazkariak ziurtagiri edo eginbidea sinatuko du ediktuaren ostean.

Inskripzioaren bazterrean formalitate hori bete dela adierazteko oharra jarri ostean, ediktua Erregistroan artxibatuko da.

Erregistroan ez bada ediktua aurkeztu inskripzio-dataren hurrengo hiru hilabeteetan, inskripzio hori ofizioz ezereztuko da, bazterreko oharra jarrita.

Legearen 205. artikuluaren arabera inskribatutako finka osoaren edo horren zati baten gaineko eskubidea dutela uste dutenek halaxe alega dezakete auzitegi nahiz epaitegi eskudunean eginiko epaiketa adierazlean, eta epaileak agindu behar du demandaren aurreneurrizko idatzohar egokia egitea Erregistroan.

299. artikulua

Legeen zein xedapen berezien arabera zuzenean inskriba daitezkeen tituluak aurretiazko inskripzioaren betekizunik gabe inskriba daitezke, horien data edozein izanda ere.

300. artikulua

Finka zein eskubide errealaren jabari nahiz edukitza idazkun kontraesanekoren bat izanez gero, horien deskripzioa alde batzuetan bat datorrelako inskribatu nahi den tituluan jasotakoarekin, 306. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.

301. artikulua

Legearen 205. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio-emakidak immatrikula daitezke 298. artikuluak aipatu agiriak erabilita; hala denean, agiri horiekin batera ziurtagiri bat aurkeztu behar da, Administrazio Erregistro egokian titulua jaso dela egiaztatuz.

Halaber, artikulu horretan ezarritako ediktuak argitaratuko dira.

Emakida horietan segidako traktua geldiarazi denean, traktu horri ekin dakioke ziurtagiri horrekin batera aurkezten den jabari-espedientearen zein nabaritasun-aktaren bidez.

302. artikulua

Legearen 207. artikuluan jasotako bi urteko mugapenak ez ditu ukituko 1909ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko agiri publikoen bidez eginiko inskripzioak.

JABARI-ZIURTAGIRIAK

303. artikulua

Inskribatzeko moduko titulurik ez dagoenean legearen 206. artikuluko inskripzioa lortzeko, finken administrazioaz edo zaintzaz arduratzen den bulegoburuak ziurtagiri bikoitza eman behar du, baldin eta beraren kargua dela-eta aginte publikoa badu edota ziurtagiriak emateko gaitasuna badu; buru horren esku dauden inbentario zein agiri ofizialen arabera, eta aplikatu beharreko administrazio-legeriak agintzen dituen gainerako aldeei kalterik egin gabe, ziurtagiri horrek hurrengoa agerrarazi behar du:

1. Inskribatu nahi den finkaren izaera, egoera, azalera-neurria, mugak, izena eta zenbakia, hala behar denean, bai eta zama errealak ere.

2. Kasuan-kasuan immatrikulatu nahi den eskubide errealaren izaera, balioa, baldintzak eta zamak, bai eta aurreko erregelak aipatu finkarenak ere.

3. Ondasun higiezina edo eskubidea zein pertsona edo korporaziori erosi eta horren izena, ezaguna izanez gero.

4. Eskuraketa-titulua edo eskuraketa egiteko modua.

5. Finka zein herri-zerbitzutarako edo helburutarako destinatu den.

Inguruabar horietako bat ezin bada agerrarazi, horrela adieraziko da ziurtagirian, agerrarazi ez diren inguruabarrok zehaztuta.

Ziurtagiriak ofizioko zigiludun paperean egingo dira, eta sinatutako minuta geratuko da kasuan kasuko espedientean.

304. artikulua

Ondasunen administrazioaz edo zaintzaz arduratzen den funtzionarioak ez badu aginte publikorik, ezta ziurtagiriak emateko gaitasunik ere, hierarkiaren arabera funtzionario horren nagusi denak eman behar du aurreko artikuluak aipatu ziurtagiria; horretarako, ezinbestekoak diren datu eta berri ofizialak har ditzake.

Elizaren ondasunei dagokienez, kasuan kasuko apezpikuak ematen du ziurtagiria.

305. artikulua

Ziurtagiria Erregistro egokian aurkeztuko da, inskripzioa eskatzeko.

Erregistratzaileak inskripzioa egiteko oinarrizko betekizunen bat falta dela atzematen badu 303. artikuluaren arabera, ziurtagiria itzuliko du akatsa aipatuz, behin aurkezte-idazkuna egindakoan, baina aurreneurrizko idatzoharrik egin gabe.

Kasu horretan, beste ziurtagiri bat egin behar da, antzemandako akatsa zuzenean ongitzeko, edota ongitzea egiteko behar diren datuak askiezak direla agerrarazteko; horrez gain, erregistratzaileak bere kalifikazioari ekinez gero, kasuan kasuko gobernu-errekurtsoa jar daiteke, hala behar denean.

306. artikulua

Aurreko artikuluen arabera emandako ziurtagiriak ezereztu gabeko idazkunen baten kontrakoak direnean, edota jadanik inskribatuta dauden finka zein eskubide errealen deskripzioarekin bat datozenean alde batzuetan, erregistratzaileek etengo dute eskatutako inskripzioa, interesdunak hala eskatuz gero aurreneurrizko idatzoharra eginez, eta kontraesaneko idazkunen kopia bidaliko dio ziurtagiriak sinatu dituen agintariari.

Agintari horrek bidezko deritzonean ondasun higiezina zein mugabarrutan izan eta bertako lehen auzialdiko epaileari jakinaraziko dio administrazio-espedienteak ondasun higiezin horren eta beraren titularraren inguruan azaltzen duen guztia, horrekin batera erregistratzaileak bidalitako idazkunaren kopia emanez.

Lehen auzialdiko epaileak aurrekari horiek erakutsiko dizkio idazkun horren arabera ondasun higiezinaren gaineko eskubideren bat izan dezakeen pertsonari, eta, pertsona horri entzundakoan, epaileak autoa emango du kasuan kasuko agiria inskribatzeko modukoa dela edo ez dela adierazita.

307. artikulua

Inskripzioa egindakoan, erregistratzaileak ziurtagiriaren bi aleetatik bat gordeko du, eta bestea itzuliko du, kasuan kasuko oharrarekin.

OBRA BERRIAREN ADIERAZPENAK

308. artikulua

Legearen 208. artikuluan xedatutakoaren arabera, landaketa berriak, egindako eraikinak nahiz hiri-finken hobekuntzak inskriba daitezke:

1. Jabaria eta gainerako eskubide errealak adierazi, aintzatetsi, eskualdatu, aldarazi edo kargatu direla adierazten duten tituluetan berrikuntzok deskribatuz, edota landaketa, eraikina nahiz hobekuntza hutsa agerrarazten duten tituluetan deskripzio hori eginez.

2. Obra berria deskribatzen duen eskritura publikoa eginda, bertan kontratistak adierazten badu obraren zenbatekoa ordaindu zaiola, edota eskritura horrekin batera, obraren arkitekto-zuzendariak zein udal arkitektoak emandako ziurtagiria aurkezten bada, eraikuntza hasita edo amaituta dagoela egiaztatzeko.

KARGETATIK ASKATZEKO ESPEDIENTEA

309. artikulua

Kargetatik askatzeko interesa duenak has dezake kargetatik askatzeko espedientea idazki baten bidez, eta, hasierako idazki horretan, askatu nahi den finka, zama edo kargaren inguruabar orokorrak eta titularrak zehazteaz gain, preskripzio-epea noiztik zenbatu behar den ere zehaztuko da.

Idazki horrekin batera, alegatutako preskripzioa egiaztatzeko agiriak aurkez daitezke, halakoak izanez gero, eta, betiere, idazkiari legearen 210. artikuluaren bigarren erregelan ezarritako ziurtagiria gehituko zaio; ziurtagirian, erregela horrek agindutako inguruabarra ez ezik, ezereztu nahi den idazkunaren ostean zama zein karga berari buruzko beste idazkunik dagoen edo ez agerrarazi behar da.

310. artikulua

Ediktuetan auzi-jartzailearen eskaera adierazi behar da, bai eta askatu nahi den zama nahiz kargaren gain interesen bat dutenek hamar eguneko epean epaitegian ager daitezkeela ere, euren eskubideei komeni zaiena alegatzeko.

311. artikulua

Kargak askatzeko espedientean emandako epaiek ez dute gauza epaituaren ondorerik sortuko; hala ere, ezerezte-idazkunak izango ditu legearen laugarren tituluak zehaztutako ondore guztiak.

INSKRIBATU GABEKO FINKEN GAINEKO ESKUBIDE ERREALAK INSKRIBATZEA

312. artikulua

Inoren finken gaineko eskubide errealaren titularrak, eskubide hori inskribatu nahi badu eta finkak inskribatu ez badira, hurrengo erregelok bete behar ditu:

1. Titular horrek bere titulua aurkeztu behar du Jabetza Erregistroan, eta titulu horren aurreneurrizko idatzoharra egitea eskatu behar du, aurretiaz inskribatuta ez egoteagatik.

2. Idatzoharra burututakoan, ugazabari errekerimendua egiten zaio notario edo epailearen bidez, jabe horrek finkaren jabetza inskriba dezan, errekerimendua egin zenetik hogei eguneko epean; jabeari ohartarazi behar zaio epe horretan errekerimendua betetzen ez badu edo horren aurka egiten ez badu, eskubide errealari buruzko idatzoharra egin duenak eska dezakeela inskripzioa, laugarren erregelak ezarritakoaren arabera.

Kargapeko ondasun higiezinaren ugazabak egoitza non izan eta bertako udal epailea izango da epaile eskuduna.

Errekerimendua 222. artikuluak ezarri bezala egingo da, eta, hori ezinezkoa izanez gero, probintziako «Aldizkari Ofizial»ean eta zirkulaziorik handiena duten egunkarietatik batean sartutako ediktuen bidez; kasu horretan, azken ediktua sartu denetik hasiko da zenbatzen hogei eguneko epe-muga.

3. Ugazabak ezin dezake aurkarapenik egin aldi berean ez badu eskatzen jabaria inskribatzeko, legearen seigarren tituluan ezarritako bideetatik edozein erabilita.

4. Hogei eguneko epea igarotakoan, idatzoharra egin duenak jabariaren inskripzioa eska dezake, eginiko errekerimendua egiaztatuz.

Beharrezko agiriak izan ezean, agiriok zein artxibotan izan eta bertako epailearengana zein epaileengana joko du pertsona horrek, epaileak ugazabari zitazioa egin diezaion, agirien kopia ateratzea agin dezan eta kopia hori idatzohargileari eman dakion horrexetarako; agiririk izan ezean, edota agiriak akastunak izanda ugazabak ongitu nahi ez dituenean, epaileak ugazabaren jabaria egiazta dezake, legeak eta erregelamendu honek agindu bezala.

5. Inork hala eskatuz gero, erregistratzaileak aurreko erregelen arabera inskribatuko du jabaria, hala denean, errekerimendua jasotzen duen agiria artxibatuz; interesdunek hala eskatu badute, erregistratzaileak, agiri horren ziurtagiriak eman ez ezik, eskubide errealaren idatzoharra behin betiko inskripzio bihurtuko du ere.

Idatzoharra iraungi bada, eskubide erreala inskribatuko da, titulua berriro aurkeztu eta gero.

IMMATRIKULAZIO BIKOITZA

313. artikulua

Finka bera edo finkaren zati bat birritan immatrikulatu bada Erregistroko folio desberdinetan, lor daiteke Erregistroa errealitatearekin bat etortzea, hurrengo erregelak kontuan hartuta:

1. Folio desberdinetan inskribatutako finka edo, hala denean, kuota zein partaidetza indibisoak pertsona beraren izenean immatrikulatu direnean, pertsona horrek eska dezake kontraesana ongitzea; horretarako, erregistratzaileak geroko inskripzio eta idazkunak Erregistroko foliorik zaharrenera lekualdatu behar ditu, folio berrienaren azkenean itxiera-idazkuna jarrita.

Lekualdaketak geroko idazkunen titularrak ukitzen baditu, horien adostasuna behar da, eskritura publikoan adierazita.

2. Immatrikulazio bikoitza pertsona desberdinen izenean agertzen bada eta pertsona horiek ados jartzen badira, hitzartutako folioa ezereztu edo zuzendu egingo da, pertsona horiek hala eskatzen dutenean eta, hala denean, interesdun guztien adostasuna lortzen denean, eskritura publikoan adierazita.

3. Immatrikulazio bikoitzak ukitutako finken gaineko edozein eskubide erreal inskribaturen titularrak, zuzenean edo aurreko erregelako adostasunik lortu ez duenean, autoa ematea eska diezaioke finka non izan eta toki horretako lehen auzialdiko epaileari; epaileak, interesdunei zitazioa egin ostean eta, betiere, finkaren identitatea frogatu denean, autoa emango du, inskripzio bien bazterrean immatrikulazio bikoitza egon daitekeela adierazten duen oharra egitea aginduz eta, horrez gain, egoki deritzon kauzioa eska dezake, gerta daitezkeen kalteak ziurtatzeko.

Autoak ez ditu ukituko interesdunek izan ditzaketen akzioak ondasun higiezinaren gaineko eskubide hobea adierazteko, eta akzio horiek epaiketa adierazle egokian egikari daitezke.

Oharra egin denetik urtebetera iraungiko da, salbu eta aurretiaz epaiketa adierazle egokian jarritako demandaren idatzoharra egin denean.

VII. TITULUA IDAZKUN-OKERRAK ZUZENTZEA

ERREGELA OROKORRAK

314. artikulua

Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar zein ezerezte batean eginiko oker materialak zuzentzeko, idazkun berezia egin behar da; idazkun horrek kasuan kasuko zenbaki nahiz letra berria eramango du, eta bertan hauxe adierazi behar da:

1. Okerra nahiz aipamen-eza zein idazkunetan eta zein lerrotan agertu, eta horien zehaztapena.

2. Hala denean, okerretara jarritako hitzak.

3. Okerretara jarritako edo jarri gabeko hitzen ordez jartzen direnak.

4. Idazkun zaharra zuzendu delako adierazpena.

5. Zuzenketaren arrazoia.

6. Tokia, data eta sinadura.

315. artikulua

Kontzeptuari buruzko okerraren zuzenketa eta oker materialarena modu berean egingo dira, baina, lehenengoaren kasuan, okerretara jarritako hitzak aipatu beharrean, zuzendu beharreko kontzeptu osoa aipatu behar da.

Horretara, «okerretara jarritako hitzak?» esan beharrean, «okerretara jarri da kontzeptu hau? etab.» esango da.

316. artikulua

Okerra aurkezte-idazkunen batean gertatu bada, zuzenketa egiteko, beste idazkun bat egin behar da liburu-egunkarian, bazterrean hitz hauek idatzita: «? zenbakidun idazkuna zuzenduz».

Idazkunak zenbakirik izan ezean, horren ordez, folioa eta idazkunaren onuradun den pertsonaren izena aipatu behar dira.

Zuzendutako idazkunaren eta, hala denean, egin den inskripzioaren bazterrean, aipamen-ohar egokiak egingo dira.

Bazterreko oharren zuzenketa egin behar da zuzendutako oharretatik ahalik hurbilen.

317. artikulua

Inskripzioa, aurreneurrizko idatzoharra, ezereztea zein oharra zuzendutakoan, eurei buruzko beste idazkunak ere zuzenduko dira okerretara jarri badira, nahiz eta horiek beste liburu batzuetan izan.

Zuzenketa hori egingo da, kasuan kasuko bazterreko oharra luzatuta.

318. artikulua

Inskripzioa, idatzoharra, ezereztea, bazterreko oharra nahiz aurkezte-idazkuna zuzendutakoan, idazkun okerraren bazterrean idazkun berriari buruzko aipamen askietsia jarri behar da, lehenengoa beste kolore bateko tintaz gurutzatuta.

319. artikulua

Erregistratzaileak sinatu ez duenean Erregistroko idazkunen bat, horren titularrak bere sinadurarekin eskuetsi ahal du kasuan kasuko idazkuna edo idazkunak, hurrengo kasuetan:

1. Titular horrek onartzen badu idazkuna egin zuen funtzionarioak hutsegite horren ondorioz izan dezakeen erantzukizuna.

2. Inskripzioa, idatzoharra, ezereztea nahiz oharra sinadurarik gabe egin dela adierazten duen bazterreko oharra eta aurkezte-idazkuna behar bezala sinatu direnean; hala ere, aurretiaz erregistratzaileak aipamen-ezaren berri emango dio karguan beraren aurretik izan eta hutsegitea egin duenari ofizioaren bidez, eta kasuan kasuko idazkuna sinatzeko adostasuna eskatuko dio, idazkun hori egin zuen funtzionarioaren erantzukizun esklusiboaren menpe.

Funtzionario horrek ere ofizioaren bidez erantzungo du, adostasuna emanez edo adostasunik ez ematearen arrazoiak azalduz.

Ezinezkoa bada idazkunak sinatu ez zituen erregistratzailearengana jotzea, hil edo erretiroa hartu duelako edo beste arrazoi baten ondorioz, eta horrek adostasunik eman ez badu, bulegoaren titularrak horren berri emango dio Zuzendaritza Nagusiari egoki diren ondoreetarako, salbu eta titular horrek bere sinadura jartzea aukeratzen duenean, artikulu honen lehenengo zenbakiak ezarri bezala.

Idazkunetako sinadurarik ezak ongitzen direnetan, erregistratzaileak ongitze hori gauzatzeaz gain sinatzearen arrazoia azaltzen duen bazterreko beste ohar bat egingo du, idazkunen bazterrean, edota, oharren kasuan, jarraian.

Eskuespena emateko ofizioa Erregistroan artxibatuko da.

Sinadurarik eza ezin bada ongitu bide horiek erabilita, titulu honetan xedatutakoa aplikatu behar da, bai eta, hala denean, legearen 217. artikuluaren lehenengo lerrokadan ezarritakoa ere.

320. artikulua

Finka egokiari buruzko folioan egin beharrean, idazkuna beste folio batean egin bada, ulertzen da okerra legearen 213. artikuluan jasotakoetarikoa dela, eta zuzenketa eginez gero, idazkuna toki eta folio egokira lekualdatuko da, zuzendutako idazkunaren bazterrean idazkun berriaren zenbaki, folio, finka eta liburukiari buruzko oharra eginez; ohar horretan, lekualdaketaren arrazoia ere aipatu behar da.

ERREGISTRATZAILEAK ZUZENTZEKO MODUKO OKERRAK

321. artikulua

Edozein unetan erregistratzaileak atzematen badu oker bat egin dela idazkunen batean, eta bere kabuz zuzendu ahal badu legearen 213 eta 217. artikuluen arabera, halaxe egingo du, bere kontura eta bere erantzukizunpean beste idazkun bat emanez, liburu egokian eta zenbaki egokiarekin.

Zuzenketa hori egin behar da, nahiz eta zuzendu beharreko idazkuna ezereztuta egon.

Idazkuna egitean hitzen bat okerretara idatzi denean, ulerbidez, «Manzares» jarri bada «Manzanares» jarri beharrean, «legatu-hartzaileak» «legatu-hartzailea»ren ordez, «hipotekario», «hipoteka»ren ordez, eta abar, eta berehala atzematen denean oker hori, jarraian zuzen daiteke idazkun berririk egin gabe, honetara: «zuzen esateko, Manzanares; zuzen esateko, legatu-hartzaile; zuzen esateko, hipoteka», okerretara jarritako hitza edo hitzak parentesi artean sartuta.

Idazkuna sinatu baino lehen zuzendu gabeko edozein oker antzeman denean, honetara ongi daiteke: «Idazkun hau alderatzean, ikusi da ? lerroan, ? hitza irakurri beharrean ? irakurri behar dela».

Edota: «? hitza edo hitzak ez dira jarri».

Gainera, bazterreko ohar egokia egin behar da.

Edozein liburu nagusi zein laguntzailetan idazkuna hasi ondoren baina sinatu baino lehen, erregistratzaileak okerren bat antzeman badu idazkuna egin behar zen lekuaren aldetik edo eginiko lerroen aldetik, idazkuna deusezta daiteke, aurretiaz idatzitakoa ondore eta baliorik gabe geratzen dela agerraraziz, folio horretan okerretara egin delako, eta jarraian sinatuz.

Deuseztaturiko lerroen luzerak nahastea sorraraz dezakeenean, inguruabar hori adierazten duen oharra egin behar da bazterrean.

Behin idazkuna sinatutakoan, xedapen orokorraren arabera bakarrik ongi daiteke.

INTERESDUNEN ADOSTASUNIK GABE ZUZENDU EZIN DIRENAK

322. artikulua

Eginiko okerra legearen 214. artikuluko formalitateekin bakarrik zuzen daitekeenean, erregistratzaileak idatziz deituko du titulua bere esku izan behar duen interesduna, horrek titulua erakuts diezaion eta beraren aurrean zuzenketa egin dadin.

323. artikulua

Interesduna ez bada agertu bigarren gonbidapenean, edota agertu eta zuzenketaren aurka jarri bada, erregistratzaileak ofizioaren bidez joko du lehen auzialdiko epailearengana, horrek zuzenketa egiazta dezan; epaileak interesdunari entzun behar dio, legezko hipotekak eratzeari buruz ezarritakoaren arabera, edo, interesduna agertu ez bada, iheslari delako adierazpena egin behar du; gero, probidentzia emango du zuzenketari ezezkoa emanez edo zuzenketa aginduz, interesdunak eduki eta aurkeztu duen tituluaren arabera, eta titulurik aurkeztu ez bada, epaileak aginduko du zuzenketaren gaineko erabakia hartzeko beharrezkoa den titulu zatiaren lekukotza ofizioz ateratzea.

Jardun horren ondoriozko gastuak erregistratzailearen kontura geratuko dira, eta lekukotza ateratzearen ondoriozkoak, iheslari delako adierazpena jaso duen interesdunak ordaindu behar ditu.

324. artikulua

Erregistratzaileak ez dakienean non dagoen okerretara eginiko inskripzioaren titulua eduki behar duen interesduna, hogeita hamar eguneko epean zitazioa egingo dio, probintziako «Aldizkari Ofizial»ean jarritako ediktuaren bidez.

Epe-muga hori igarotakoan interesduna ez bada agertu, erregistratzaileak lehen auzialdiko epailearengana joko du, eta horrek aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo du.

325. artikulua

Aurreko bi artikuluen kasuan, zuzenketa 314. artikuluan ezarri bezala egingo da, baina «titulua Erregistroan dago» dioten hitzak kendu eta horien ordez hauxe esanda: «Horretan interesa duen J./A.ri deialdia egin ostean, eta, horren adostasunarekin, titulua niri erakutsitakoan (edota, ?k ?an emandako probidentziaren bidez), inskripzio hori zuzentzen dut, eta abar».

Zuzenketa egin bada tituluaren lekukotza berriari esker, horren aipamena ere egin behar da.

Lekukotza paper sorta egokian artxibatuko da.

326. artikulua

Erregistratzaileak kontzeptuari buruzko okerren bat antzeman duenean, legearen 217. artikuluaren lehenengo lerrokadan aipatutakoetako bat, eta uste duenean oker hori zuzendu ezean kalte egin dakiokeela norbaiti, deialdia egingo die okerretara eginiko inskripzioan interesa izan dezaketen guztiei, oker horren berri emateko eta kasuan kasuko zuzenketari buruz zer uste duten jakiteko.

Pertsona horiek guztiak agertzen badira eta aho batez zuzenketaren gaineko adostasuna ematen badute, erregistratzaileak eginiko aktan agerrarazi behar da euren erabakia, eta kasuan kasuko zuzenketa akta horren arabera gauzatuko da.

Akta Erregistroko paper sorta egokian artxibatuko da.

327. artikulua

Erregistroko datuak gaizki ulertzeagatik idazkunen batean eginiko okerra kontzeptuari buruzko okerra dela ulertuko da, legearen 217. artikuluaren lehenengo lerrokadan jasotarikoa.

INTERESDUNEK HALA ESKATUTA EGITEN DEN ZUZENKETA

328. artikulua

Inskripzioan interesa duen norbaitek oker materialen bat antzemanez gero, hori zuzentzea eska diezaioke erregistratzaileari, kasuan kasuko titulua erakutsiz; funtzionario horrek ez badu zuzenketarik egiten edo titulua hirugarren baten esku badago, 323. artikuluak ezarritakoa egin behar da.

329. artikulua

Interesdunak antzemandako okerra kontzeptuari buruzkoa bada, eta erregistratzaileak edo okerretara eginiko inskripzioan interesa duten gainerakoek zuzenketa adosten badute, 326. artikuluaren bigarren lerrokadak aipatu aktan jaso behar dira erabakiok, eta artikulu horretan ezarritakoaren arabera jardun behar da.

Erregistratzaileak zein interesdunetatik edozeinek zuzenketaren aurka eginez gero, legearen 218. artikuluak xedatutakoa izan behar da kontuan.

ZUZENKETA-GASTUAK

330. artikulua

Epaiketa bidez erabaki bada zuzenketa bidezkoa dela, auzitegiak zehaztuko du nork ordaindu behar dituen jarduketen gastuak edo kostuak eta inskripzio berriaren ondorioz sortutako zerbitzu-sariak.

331. artikulua

Zuzenketa aurretiazko epaiketarik gabe egin denean eta erregistratzaileak oker materialaren edo kontzeptuari buruzkoaren gaineko erantzukizuna duenean, inskripzio berria eta ondorengo oharrak dohainik egingo dira.

Zuzenketa egin duen erregistratzailea eta okerreko idazkuna egin zuena ez badira pertsona bera, hark ere dohainik egingo ditu idazkun berriak, bere zerbitzu-sariak aurreko titularrari edo horren kausadunei erreklamatuz.

Titulu berria behar izanez gero, interesdunek ordaindu behar dituzte inskripzio zein idazkun berriaren gastuak, baita zuzenketak eragiten dituen gainerako gastuak ere.

VIII. TITULUA PUBLIZITATE FORMALA ETA ERREGISTROKO INFORMAZIOA

PUBLIZITATE FORMALA

**332. artikulua

1. Inskribatutako ondasun higiezin edo eskubide errealen egoerari dagokionez, erregistratzaileen iritzirako norbaitek interesik badu Erregistroko liburuak kontsultatzeko, pertsona horiei liburuok erakutsiko zaizkie, baina beharrezkoa den heinean, liburuok bulegotik atera gabe eta horien artapenerako beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuta.

2. Debekatuta dago, hala edozein baliabide erabilita erregistratzaileen liburuetara, fitxategietara zein artxiboko datutegiaren gune nagusira zuzenean sartzea, nola horiek datutegietan sartu eta merkaturatu nahiz birsaltzea. Erregistratzaileek dute artxiboaren zaintza, osotasun nahiz artapenaren gaineko erantzukizuna.

Hala ere, interesdunak askatasun osoa du edozein baliabide fisiko edo telematiko erabili eta erregistratzailearekin komunikatzeko, baldin eta baztertzen bada, komunikazio-lotura apurtu eta artxiboaren edukia ezkuztatu edo tele-hustea.

3. Idazkunen inguruko informazioa lortu nahi duenak erregistratzaileari egiaztatu behar dio, horren gaineko zuzenbidearen araberako interesa duela.

Informazioa eskatzen duenak ez duenean zuzeneko interesik, baina agindua jaso badu, erregistratzaileak eskatu bezala egiaztatu behar du, hala jasotako agindua, nola agindua eman duen pertsona edo erakundearen identitatea.

Pertsona zein erakundeok ondasun higiezinen trafiko juridikoari lotutako lanbide- edo enpresa-jarduera gauzatzen badute, hala nola, finantza-erakundeek, abokatu, prokuradore edo gizarte gradudunek, kontu auditoreek, administrazio-kudeatzaileek, ondasun higiezinen jabetzako agenteek edo antzeko jarduera gauzatzen duten profesionalek, orduan, ulertzen da horien identitatea egiaztatuta dagoela, baita erakunde publiko edo detektibeena ere, baldin eta kontsultaren arrazoia azaltzen badute, eta hori bat badator Erregistroaren helburuarekin.

4. Erregistratzaileak Erregistroko idazkunen edukiari buruzko adierazpena ematen du, informazio-ohar soilaren bidez zein ziurtagiriaren bidez. Horretarako, datuok modu profesionalean jorratzen ditu, bitartekorik gabeko publizitatea ahalezkoa izan dadin, eta, aldi berean, datuon eskuztatzea eta telehustuketa ezinezkoa izan dadin.

Adierazpen mota bakoitzean, horren balio juridikoa agerrarazi behar da.

Informazio jarraituak ez du aldatzen aukeratutako adierazpen motaren izaera, horren balio juridikoa kontuan hartuta.

5. Informazio-ohar soilean, adierazpeneko finkari buruzko idazkunen edukia laburtzen da, ondokoa jasota: finkaren identifikazioa, horren gainean eraturiko eskubide errealen titularra edo titularrak eta eskubideon norainokoa, izaera zein mugapenak.

Halaber, ohar horretan agerrarazi behar dira inskribatutako titular edo eskubideei buruzko debekuak edo murrizketak.

Ohar soilak Erregistroko idazkunetan jasotako datuak zehatz-mehatz jaso behar ditu, eskatzailearen zuzenbidearen araberako interesa asetzeko beste adierazita, baina ez gehiago; ohar horrek interesdunak eskatutako aldeak aipa ditzake, baldin eta, erregistratzailea edozein izanda ere, horren ustetan behar beste egiaztatu bada zuzenbidearen araberako interesa, eskatutako informazioaren helburua kontuan izanda.

Informazioa zerga-ondoreetarako, ondasun higiezinen baloraziorako edo hipoteka-bermedun mailegu zein kredituak ematea eskatu bada, interes hori nahikoa dela ulertzen da, eta hitzez hitz aipatu behar da, interesdunak hala eskatuz gero.

Ohar horrek informaziorako balio hutsa du, eta ez du federik emango, idazkunen edukiari buruz.

6. Erregistratzaileak publizitate formala modu profesionalean jorratzeko betebeharra du, eta horrek esan nahi du publizitate hori era argi eta errazean adierazi behar dela, eta 5. paragrafoaren lehenengo tartekaduran ezarritako datuak bakarrik jaso behar dituela publizitate horrek; hala ere, agintari judizialak nahiz administrazio-agintariak edota interesdunetatik edozeinek hala eskatzen badu, erregistratzaileak hitzez-hitzezko ziurtagiriak eman behar ditu, legeak zehaztutako kasuetan.

Publizitatea atal zehatz batzuetara zabaltzea ere eska daiteke.

7. Erregistratzaileek euren eginkizun publikoa lanbidez gauzatzean, elkarri lagundu behar diote, eta publizitate formalaren eskaerak legean eta erregelamendu honetan ezarri bezala asetzeko, elkarrekin komunikatuta egongo dira, fax, posta elektroniko edo datutegiaren babesa eta osotasuna bermatzen dituen beste edozein baliabide teknikoren bidez.

8. Elkar komunikatzeko sarearen bitartez, erregistratzaileek jabetza eta merkataritzako beste erregistratzaile batzuek eginiko ohar soilen inguruko eskabideak jaso ditzakete.

Halakoetan, eskabidea jaso behar duen erregistratzaileak ikusi behar du informazioa lortzeko interesik dagoen, eskatzailearen identitate-datuak artxibatuko ditu, eta eskaera bidaliko dio informazio hori eman behar duen erregistratzaileari.

Horrek eskabidea jasotzean, bere lurralde-eskumena egiaztatuko du, bidalitako datuen eta Erregistrokoen arteko bat-etortzea konprobatuko du, batez ere, informazioa noren inguruan eskatu eta pertsona horren izen-abizenak eta nortasun agiri ofizialekoak bat datozela, Erregistroko idazkunak kalifikatuko ditu, eta, azkenean, informazio hori guztia ahalik arinen bidaliko dio hori eskatu duen erregistratzaileari, betiere, publizitatea emateko legezko epeen barruan.

Eskaera aintzat hartu eta gero, berori bidali zuen erregistratzaileak informazioa emango du, erregistratzaile erantzuleak bidalitakoa dela zehaztuz.

9. Erregistratzaileek zuzeneko komunikazioa izan behar dute erregelamendu honen 398 c) artikuluak aipatu finka eta eskubideen Aurkibide Nagusi Informatizatuarekin, horren edukiari buruzko informazioa lortzeko, bertako artxiboetan eskatzailearen identitatea eta eskabidearen arrazoiak agerraraziz.

TITULUAREN OIN-OHARRA

333. artikulua

1. Jabetza Erregistroan inskribatzen diren tituluen oinean, erregistratzaileak berak sinatutako oharra jarriko du, ondokoa adierazita: eginiko kalifikazioa, eta, horren arabera, inskribatu den eskubidea, titularra, egindako inskripzio edo idazkun mota, hori zein liburuki edo foliotan dagoen, finkaren eta egindako inskripzioaren zenbakia, inskripzio horren ondoreak agerraraziz, bai eta Hipoteka Legearen 1, 17, 32, 34, 38, 41 eta 97. artikuluen ariora idazkunen edukiari ematen zaion epai-babesa ere.

Edu berean, hala behar denean, iraungitzearen ondorioz ezereztu diren idazkunak agerraraziko dira, eta, bereziki, arrazoi hori dela-eta ezereztu diren lotura fiskalen zenbakia.

2. Aldi berean, erregistratzaileak informazio-ohar soila egingo du, eskubide inskribatua askea edo kargapekoa den adierazita, bai eta eskubidea nahiz horren titularra ukitzen duten mugapenak, urripenak edo debekuak ere.

3. Tituluan jasotako eskubidearen inskripzioari ezezkoa eman zaionean edo inskripzio hori eten denean, oharra sinatu ostean eta interesdunak hala eskatuz gero, idazkuna egiteko aurkeztu diren agirien akatsak ongitu, zuzendu edo baliozkotzeko bideak zehaztu behar ditu erregistratzaileak, «oharbide» izeneko atal batean; hala ere, interesdunak askatasun osoa du akatsak ongitzeko, bere eskubidea babesteko bidezkoen deritzen bideak erabilita.

Kasuaren konplexutasuna kontuan hartuta, eta komenigarria izanez gero, inskripzioan interesa duenak irizpen loteslea edo ez-loteslea eska dezake; irizpen loteslea eskatuz gero, Erregistroaren egoera juridikoari eutsi behar zaio, eta akatsa ongitzeko bidea bat etorri behar da irizpen horren edukiarekin.

Irizpena 355.4 artikuluko epean eman behar da.

4. Halaber, inskripzioari ezezkoa eman zaionean edo inskripzio hori eten denean, tituluaren oin-oharrean agerrazi behar dira kalifikazioaren kontrako errekurtsoak.

AHOLKULARITZA

**334. artikulua

1. Erregistratzaileek euren eginkizun publikoa lanbidez gauzatzean, informazioa eman behar diote halakoa eskatzen duen edonori, Erregistroari lotutako gaien inguruko aholkuak emanez. Informazioa izango da ondasun higiezinen gaineko eskubideen inskripzioari buruzkoa, inskribatzeko moduko eskubideei lotutako egintzen eta kontratuen erregistro-betekizunen ingurukoa, kalifikazioaren kontrako errekurtsoei buruzkoa edota burutu nahi den helburu zilegia erdiesteko erregistro-baliabiderik egokienaren ingurukoa.

2. Inskripzioa egin baino lehen, interesdunek horren gaineko minuta eska dezakete.

ZIURTAGIRIAK: MOTAK ETA HORIEK EGITEKO MODUA

335. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek ahalmena bakarrik dute, Erregistroko liburuek ondorioztatukoaren gain ziurtagiriak luzatzeko.

336. artikulua

Eskabideetan zehaztuko da ziurtagiria hitzez-hitzezkoa edo laburtua izan behar den, bai eta ziurtagirian jaso beharreko epealdia ere.

Mota zehaztu ezean, ulertzen da ziurtagiria laburtua izan behar dela.

Epealdia zehaztu ezean, kasuan kasuko bilatzea egin behar da, ziurtagiria luzatzen denetik ziurtagiri hori zein idazkunen gainekoa izan eta horren data arte, eta, halakorik izan ezean, Erregistroa ezarri edo, hala denean, berreratu zen arte.

337. artikulua

Ondasun zehatzen orotariko idazkunen ziurtagiriek indarreko jabetza-inskripzio guztiak jasoko dituzte, kasuan kasuko epealdian egiaztatu badira horiek, bai eta epealdi horretan, ondasunen gain ezarritako eskubide errealei buruzko inskripzio nahiz bazterreko ohar guztiak ere, ezereztu ez badira.

338. artikulua

Mota zehatz bateko idazkunen ziurtagiriek mota horretako idazkun guztiak jasoko dituzte, horiek ezereztu ez badira, eta adieraziko dute mota bereko beste idazkunik ez dagoela.

339. artikulua

Pertsona zehatzen izenean edo kontura emandako inskripzio-ziurtagiriek jaso behar dituzte izendatutakoen nahiz hirugarrenen ondasunen gain egin eta ezereztu ez diren inskripzio guztiak.

340. artikulua

Aurreko hiru artikuluek aipatu ziurtagirietan eta idazkun zehatz batzuk ez daudela adierazteko egindakoetan, idazkun ezereztuak aipatuko dira, epaileak, auzitegiak nahiz interesdunek aipamen hori eskatu dutenean bakarrik, betiere legearen 234. artikuluak zehaztutako kasuetan.

341. artikulua

Interesdunen eskabideek edo epaile, auzitegi nahiz funtzionarioen manamendu zein komunikazioek ez dutenean modu argi eta zehatzean adierazi erreklamatzen den ziurtagiri mota, edota ziurtagiria zein ondasun, pertsona nahiz epealdiri buruzkoa izan behar den, erregistratzaileak eskabide, manamendu eta komunikazio horiek itzuliko ditu, norbanakoen kasuan ziurtagiriari ezezkoa ematearen arrazoia ahoz adierazita, eta epaile, auzitegi nahiz funtzionarioen kasuan, behar diren aurrekariak ofizio baten bidez zehaztuta.

Manamendu eta eskabideak argiro idatzita egon arren, ustekabeko beste edozein inguruabarren ondorioz okerra edo nahastea sortzeko arriskua izan eta erregistratzaileak zalantza duenean ziurtagiriak ukitu beharreko ondasun edo idazkunen inguruan, modu berean jardungo du.

342. artikulua

Interesdunek hala eskatuz gero, erregistratzaileek euren artxiboetan dituzten agirien inguruko ziurtagiriak ere luza ditzakete, agiri horien berezko artxibo-zaintzaileak direla uler daitekeenean.

343. artikulua

Ziurtagiriak luzatzeko egin ohi diren manamendu judizialak eta eskabideak epaile, auzitegi zein funtzionarioei edo, hala denean, interesdunei itzuliko zaizkie, behin ziurtagiriok emandakoan.

344. artikulua

Laburreko ziurtagirien kasuan, esanbidez eskatu denean ziurtagiria idazkun baten edo batzuen inguruabar zehatzei buruzkoa bakarrik izatea, zehaztutako datuak baino ez ditu jasoko ziurtagiri horrek, besteak adierazi gabe, salbu eta adierazi ez diren datuak besteen kontrakoak direnean edo horiek hutsaltzen dituztenean; kasu horretan, datuok ere agerrarazi behar dira.

Adierazi gabeko datuak ez direnean ziurtagirian zerrendatutakoen kontrakoak edo ez dituztenean horiek hutsaltzen, erregistratzaileak hori berori zehaztuko du.

345. artikulua

Ziurtagirietan aurkezte-idazkunen bat jaso behar denean horrek aipatutako titulua inskribatzeke egoteagatik, idazkuna hitzez hitz kopiatuko da, kontuan hartu gabe ziurtagiriaren gainerako zatia nola egin den.

346. artikulua

Idazkunen batek zuzendu duenean ziurtagiriak jaso beharreko beste idazkun bat, bi-biak hitzez hitz jasoko dira, baina indarrean dirauen idazkunaren ondoriozko zerbitzu-sariak bakarrik kobratuko dira.

347. artikulua

Erregistratzaileek inkripzio laburraren ziurtagiria egiten dutenetan, kasuan kasuko inskripzio luzearen berezitasunak ere jaso behar dituzte bertan, baldin eta, euren iritzirako, ziurtagiriaren aldeak hobeto ulertzeko balio badute berezitasunok; ez da halakorik egingo, ziurtagiria eskatu edo agintzean horren edukia esanbidez mugatzen bada.

Ziurtagiria zein inskripziori buruzkoa izan eta horretan ez bada ageri finkaren deskripziorik, Erregistroko idazkunetan indarrean dirauen deskripzioa gehituko da jarraian, hori zein zenbaki edo letratan agertzen den aipatuz.

Inskripzioan bereizte, elkartze edo antzeko egoeren gaineko oharra izanez gero, horiek ere jaso behar dira ziurtagirian.

348. artikulua

Erregistratzaileak zalantzak dituenean inskripzioa indarrean izatearen inguruan, ez dakielako inskripzioaren ezereztea baliozkoa eta eragingarria izan den edo ez, ziurtagirian idazkun biak gehituko dizkio letrari, horren forma edozein izanda ere; betiere, erregistratzaileak adierazi behar du hori egin duela ez zekielako ezerezteak lege-ondoreak izateko inguruabar guztiak ote zituen, eta zalantza horren arrazoiak argituko ditu.

349. artikulua

Finka edo pertsona desberdinei buruzko idazkunak ziurtatu behar direnetan, horiek guztiak ziurtagiri bakarrean jasoko dira, salbu eta interesdunak ziurtagiri bereiziak jaso nahi dituenean.

350. artikulua

Ziurtagiria paperez eta kasuan kasuko zigiluarekin emango da; paper hori Jabetza Erregistrazaileen Elkargo Nazionalak inprimatu eta zigilatu ahal du, Zuzendaritza Nagusiak onetsitako eredu eta arauen ariora.

Ziurtagiria agiri baten baino gehiagotan emanez gero, azkenekoan adierazi behar dira erabilitako guztien zenbakia eta seriea.

Interesdunak hala eskatu eta erregistratzaileak bidezko baderitzo, emandako ziurtagiriak egunera daitezke jarraian paperez eta zigilu egokiarekin eginiko beste baten bidez.

Ulertzen da ziurtagiriak eman direla liburu-egunkaria itxitakoan; lehenago emanez gero, data ez ezik, ordua ere zehaztu behar da.

351. artikulua

Manamendu judizialaren ondorioz edo administrazio-agintariek hala eskatuta egin behar diren ziurtagiriak zein autu edo espedientetik etorri eta horri dagokion paper tinbredunean egin behar dira.

Dela kasu horretan, dela 336. artikuluaren kasuan, paper egokia eman behar zaio erregistratzaileari, ofiziozkoa ez bada.

Epaitegiek, paper horren aurrekontuak egiterakoan, kontuan hartu behar dituzte erregistratzaileek artikulu honen arabera eginiko eskaerak.

352. artikulua

Espediente, epaiketa edo jarduketen izapideak egiten ari diren agintari, auzitegi zein funtzionario publikoek zuzenean eska diezaiekete erregistratzaileei, hala haiek nahi dituzten ziurtagiri nahiz aurrekariak ematea, nola liburuak erakustea; agintariok ez dute izango kasuan kasuko zerbitzu-sariak ordaintzeko betebeharrik, ofizioz dihardutenean edo legearen esanbidezko adierazpen baten ondorioz salbuetsita daudenean, baina erreserba egokiak egingo dituzte, bidezkoa bada erregistratzaileei kalte-ordaina emateko.

Sortutako zerbitzu-sariak ordainarazi eta kobratu ahal izateko, horiek mailakatu behar dira, kasuan kasuko epaiketetako beste kostuak bezala.

Gainerako kasuetan, erregelamendu honen 614. artikulua aplikatuko da.

ZAMEN ZIURTAGIRIAK

353. artikulua

1. Prozedura Zibilaren Legeko 1489. artikuluak ezarritakoa betetzeko eman den ziurtagiriaren ostean, erregistratzaileak adierazi behar du lege horren 1490. artikuluko komunikazioak egin dituela, eta zehaztu behar du nola egin dituen komunikazio horiek.

Komunikaziook posta ziurtatuaren edo telegrafoaren bidez bidaliko dira, Erregistroaren arabera jabari edo eskubidearen titularrak Espainian duen egoitzara.

Betebeharrak bermatzeko hipotekaren kasuan, komunikazioa obligaziodunen sindikatuari egingo zaio, horren egoitza agerrarazi bada.

Erregistroan ez bada egoitzarik agerrarazi edo ezinezkoa ezin bada komunikazioa aurreko lerrokadaren arabera egitea, erregistratzaileak Erregistroko iragarki-oholean argitaratuko du komunikazio hori, hamabost egun baliodunetan; Erregistroko bulegoa eta finka ez badaude udal-mugarte berean, ediktuak udalera bidaliko dira, bertako iragarki-oholean argitara daitezen.

Eskubide batzuen aurkezte-idazkuna bakarrik egin bada, erregistratzaileak ez die komunikaziorik eman behar eskubide horien titularrei, baina eskubideen inskripzioa edo idatzoharra egin bada, erregistratzaileak idatzagiri-oharrean agerrarazi behar du exekuzioaren egoera, Erregistroko datuen arabera.

Erregistratzaileak ez du konturik eman behar komunikazioen gorabeherei buruz.

Zamen ziurtagiriaren kopia eta ziurtagiri horrek eragindako komunikazioen kopia artxibatuko ditu, eta horiei lotutako agiri guztiak gehituko ditu.

2. Legearen 45. artikuluak ezarritakoaren arabera, zamen edo loturen ziurtagirietan zorrak ordaintzeko adjudikazioak aipatuko dira, esanbidez hizpatu denean adjudikazio inskribatuak berme erreala sortuko duela kasuan kasuko hartzekodueni begira, edota manu horrek ezarritako aurreneurrizko idatzoharra lortu denean.

Adjudikazioaren osteko ehun eta laurogei egun igaro ez badira, inguruabar hori adierazi behar da ziurtagirian.

Zorrak ordaintzeko adjudikazioetan interesa izan eta aurreko lerrokadako kasuan ez dauden interesdunek zamen edo loturen ziurtagiria eskatu badute, ulertzen da zor horien ezereztea eskatu dela bazterreko oharraren bidez.

3. Ziurtagirian ez dira jasoko Hipoteka Legean xedatutakoaren arabera ezereztu behar diren edo iraungi diren hipoteka zein bestelako eskubideen aipamen, eskubide pertsonal, legatu, aurreneurrizko idatzohar edota inskripzioak.

Honi dagokionez, ulertzen da ziurtagiria eskatzeagatik kasuan kasuko ezereztea ere eskatu dela, eta ezerezte hori ziurtagiria eman baino lehen egingo da, kasuan kasuko bazterreko oharraren bidez.

Modu berean jardun daiteke lotutako finka edo eskubideari buruzko idazkuna egiten denean.

Finka edo eskubidearen titularra ez denak egin badu ziurtagiriaren eskabidea edota egin behar den idazkuna inskripzioa ez denean, erregistratzaileak ziurtagiria eman edo idazkuna egin baino lehen, eskatzaileari edo aurkezleari ohartaraziko dio ziurtagiriak edo idazkunak ekarriko duela iraungitako zamen ezereztea, artikulu honetan xedatutakoaren ariora.

Ziurtagiria eskatu denean «Babes Ofizialeko Etxebizitza»ren behin betiko kalifikazioa jaso duen finkaren gain, ziurtagiri horretan ez dira jasoko kalifikazio hori Erregistroan agerrarazteko bazterreko oharraren aurreko loturak; horregatik, lotura horiek aurreko lerrokadan ezarri bezala ezerez daitezke.

Kalifikazioa agerrarazi ez arren, loturok ezerez daitezke horiek jasotzen dituen bazterreko oharraren datatik hamar urte igarotakoan, baldin eta Erregistroan ez badago inolako idazkunik Administrazio eskudunak eginiko erreklamazioaren inguruan, lotura-oharrak aipatzen duen zergaren ordainketa eskatzeko.

Finkei buruzko inskripzioa egin denean, edo horien titularrak eskatuta, ziurtagiria eman denean, edukitza-inskripzioak jabari-inskripzio bihurtuko dira, kontraesaneko idazkunik ez badago.

INFORMAZIO JARRAITUA ETA IRIZPENAK

354. artikulua

1. Ziurtagiria nahi duenak eska dezake horrek informazio jarraitudun ziurtagiriaren izaera hartzea.

Informazio jarraitua izango da kasuan kasuko finkaren gain ziurtagiria luzatzen denetik hurrengo hogeita hamar egun naturalak igaro arte egin diren aurkezte-idazkunei buruzkoa.

Epe horren lehenengo hogei egunak igaro arte, eskatzaileak ezin du finka edo eskubide beraren gaineko beste ziurtagiririk eskatu.

2. Informazio jarraitudun ziurtagirien eskabideek ezin jaso dezakete finka edo eskubide bat baino gehiago, eta ziurtagiriok ezin izan daitezke immatrikulatu gabeko finkari buruzkoak.

Eskabideok bikoiztuta aurkeztu behar dira, eta nahitaez adierazi behar dute:

a) Informazio jarraitudun ziurtagiriaren izaera.

b) Jakinarazpenak jasotzeko egoitza.

c) Jakinarazpena telegrafoaren edo posta ziurtatuaren bidez egin behar den.

Aurreko betekizunak gauzatu ezean, erregistratzaileak, ahal izanez gero, eskabidearen aleetarik bat itzuliko dio eskatzaileari, antzemandako ez-aipatze edo akatsei buruzko oharrarekin, eta egitate hori beste alean agerraraziko du, eginbide baten bitartez. Ale hori berehala artxibatuko du.

3. Ziurtagiria zein finkari buruzkoa izan eta horren gaineko eskubideen titularrek, horien ezkontideek zein legezko ordezkariek bakarrik eska dezakete informazio jarraitudun ziurtagiria.

4. Eskabidea liburu-egunkarian aurkeztutakoan, erregistratzaileak ziurtagiriaren bi ale emango ditu legezko epean: bata, jatorrizkoa, Erregistroan utziko du; eta bestea, kopia, eskatzaileari eman edo bidaliko dio.

Emate edo bidaltze hori jatorrizkoan agerrarazi behar da, eginbide baten bitartez.

5. Hurrengo egun balioduna igaro baino lehen, erregistratzaileak ziurtagiriko finkaren gaineko aurkezte-idazkun ororen jakinarazpena egingo du.

Jakinarazpenak adieraziko ditu egindako aurkezte-idazkunaren zenbakia eta data, bai eta aurkeztutako tituluaren mota eta objektua, eta ziurtagiriko finkaren erregistro-zenbakia ere.

Jakinarazpena telegrafoz edo posta ziurtatuaren bidez egin daiteke, eskatu denaren arabera, betiere, ulertuko da ondo eginda dagoela, baldin eta modu pertsonalean egin bazaio jasotzaileari, eta horrek jasoagiria eman badu.

6. Egindako jakinarazpenak jatorrizko ziurtagirian agerraraziko dira eginbide baten bitartez, eta horrek nahitaez adierazi behar ditu aurkezte-idazkunaren zenbakia eta jakinarazpena egiteko modua.

Erregistratzaileak bidezko baderitzo, idazkun horren edukia laburrean adieraz daiteke.

7. Informazio jarraituaren epea igarotakoan, erregistratzaileak halaxe agerraraziko du jatorrizko ziurtagirian eginiko eginbidearen bitartez, eta ez da beharrezkoa izango eskatzaileari hori jakinaraztea.

8. Informazio jarraitudun ziurtagiriaren eskabidea postaz egin daiteke, eta kasu horretan ezinbestekoa da notarioak eskatzailearen sinadura legitimatzea.

9. Informazio jarraituaren ondoreetarako, ez da beharrezkoa aurretiaz ziurtagiria luzatzea, baldin eta 3. paragrafoko interesdunak 2. paragrafoko eta, hala denean, 8. paragrafoko betekizunak dituen eskabidean adierazi badu badakiela Erregistro.

Kasu horretan, ez da ziurtagiririk emango Erregistroak jadanik duen edukiari buruz, eta artikulu honetan zehaztutako eduki, forma, epe eta ondoreei buruzko informazioa Erregistroan geratzen den eskabidearen bikoizkinaren ondoren agerraraziko da, eginbide baten bitartez.aren egoera.

354.a. artikulua Notarioek telefaxaren bidez Erregistroko finken deskripzio, titulartasun, zama edo kargei buruzko informazioa eskatzen dutenean, erregistratzaileak prozedura bera erabilita gauzatu eta bideratuko ditu eskabideok, betiere, erregela hauek kontuan hartuta:

1. Eskabidea jasotakoan erregistratzaileak egiaztatzen badu finka beste erregistro-mugabarru batean dagoela, horren berri emango dio berehala notarioari.

2. Erregistratzaileak ohar baten bitartez eta bere erantzukizunpean emango du informazio hori; ohar horretan finkaren deskripzioa berridatziko da, baldin eta erregistroko datuak eta notarioaren eskabidean agertzen direnak ez badatoz bat, eta, laburrean bada ere, aipatuko dira, bai titularra, bai eta finkari buruzko indarreko zamak ere. Informazio horrek jaso behar du, dela eskabideak aipatu finkaren erregistro-folioko datuak eta bidaltze horren aurretik liburu-egunkarian egindako aurkezte-idazkunen edukia, dela finka beraren gain beste notario batzuek eginiko informazio-eskabideak, baldin eta eskabideok erantzun gabe badaude edo aurreko hamar egun naturaletan bidali badira.

3. Notarioak emandako datu deskribatzaile nahiz juridikoen eta Erregistrokoen artean ez badago desberdintasunik, inguruabar hori bakarrik agerrarazi behar da, eskabide-agiriaren atzealdean nahiz jarraian.

4. Erregistratzaileak ahalik arinen bidaliko du informazioa, betiere, eskabidea jaso eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan.

Ezinezkoa bada epe hori betetzea, informazioa zein finkaren inguruan eskatu eta finka horiek asko direlako edo finkaren Erregistroko nondik norakoa konplexua delako, orduan, erregistratzaileak eskabidea jasotzen duen egunean bertan adierazi behar dio notarioari noiz bidaliko dion informazioa; betiere, eskabidea jaso eta hurrengo bost egun baliodunen barruan bidali behar da informazio hori.

5. Liburu-egunkarian jatorrizko informazioa ukitu edo aldarazten duen beste titulua edo tituluak aurkeztu badira, erregistratzaileak egun berean inguruabar horren berri eman behar dio notarioari, betiere, informazioa bidali eta hurrengo bederatzi egun naturalen barruan.

Erregistratzaileak betebehar bera du, epe horretan finka beraren gain beste notario batzuengandik jasotako geroko informazio-eskabideen kasuan.

6. Notarioak informazioa egun zehatz baterako eskatu badu esanbidez, erregistratzaileak egun horretan bidaliko dio, liburu-egunkaria aurreko egunean ixtean ondorioztatzen den informazioa.

7. Finka ez bada immatrikulatu, erregistratzaileak inguruabar hori agerrarazi behar du, baina, hala denean, finka horren gaineko agiriak aipatuko ditu, baldin eta agiriok kalifikatzeke eta euren idatzagiria egiteke egon arren, aurkezte-idazkuna indarrean badago.

8. Notario-erregelamenduaren 175. artikuluak aipatu informazioa lortzeko notarioak telefaxa erabili ez arren, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da.

**355. artikulua

1. Ziurtagiri-eskabidean edo emandako ziurtagiriaren ostean, erregistratzaileari esanbidez eta idatziz eska dakioke loteslea izango ez den txosten azaltzaile laburra egitea, dela finka edo eskubide baten erregistro-egoera juridikoari buruz, dela eskatzaile horrek emandako datuen arabera erregistro-edukia eguneratzeko modurik egokienari buruz, dela erregistratzaileak eginiko kalifikazio zehatzak duen norainokoaren inguruan.

2. Eska daiteke aurreko paragrafoak aipatu txostena loteslea izatea, baina kasu horretan erregistro-egoera berari eutsi behar zaio.

3. Txosten-eskabidea finka edo eskubide bakarrari buruzkoa izan behar da.

4. Erregistratzaileak eskatu den informazioa emango du hamar eguneko epean, ziurtagiria eman behar zenetik, edo, hala denean, horren eskabidea egin zenetik zenbatzen hasita.

IX. TITULUA ERREGISTROAK ERAMATEKO MODUA

ERREGISTRO-BULEGOA

356. artikulua

Erregistro bakoitzaren lokalean jendaurrean modu iraunkorrean jarritako lauki bat edo gehiago izango da, ondokoa ezagutarazteko behar besteko argitasunez:

1. Erregistroa eratzeko data.

2. Erregistroaren mugabarruko udalen izenak, baita udal bakoitzeko herriena ere; herriren batek izena aldatu badu edo izen bat baino gehiago izan badu, Erregistroa eratu zenetik herri horrek izan dituen izen guzti-guztiak adierazi behar dira.

3. Herriren bat lehen beste Erregistro baten mugabarruan izan bada, horren aipamena, azken Erregistroari noiz gehitu zitzaion zehaztuta.

4. Erregistro horretakoak izan eta gero bereizi diren herrien izenak, bereiztearen data eta Erregistro berriaren izena adieraziz.

Erregistro baten lurraldea beste batzuen artean zatitu bada edota udal-mugartea bi atal edo gehiagotan zatitzea erabaki denean, kasuan kasuko mugak finkatzeko aginduaren zati egokia sartu behar da laukian.

Erregistratzaileak gertatu diren aldaketen berri ofiziala izanez gero, aurreko lerrokadek aipatu laukiak gehitu eta zuzenduko ditu, eta antzeman dituen akatsak ordez ditzake Geografia Erakundearen Izendegia erabilita.

Halaber, zerbitzu-sarien arantzelaren ale bat izan behar da bulegoan, jendearen esku.

357. artikulua

Erregistratzaileek instala ditzakete euren bulegoak liburuen segurtasun eta artapenari begira ezinbesteko baldintzak dituen lokalean.

Betiere, erregistratzaile titularrek bulegoen instalazioa arautzeko manuak bete behar dituzte, Elkargoaren Erregelamendua kontuan hartuta.

Erregistroaren titular gisa, erregistratzaileek Erregistroko bulegoa zein lokaletan instalatu eta lokal hori errentan har dezakete eurentzat eta euren ostean karguan egongo direnentzat.

Erregistroko bulegoetan artatzen diren liburu eta agiriei begirunea zor zaie, eta euren segurtasuna zaindu behar da; erregistratzaileen ardura da bulegoetako altzariak begirune eta segurtasun horrekin bat etor daitezen zaintzea.

Halaber, izan daitezkeen suteak berehala itzaltzeko baliabideez hornitu behar dira bulegook.

358. artikulua

Erregistro bakoitzean Espainiako armarria duen zigilua egon behar da, goialdean «?ko Jabetza Erregistroa» dioen inskripzioarekin, eta behealdean, hipoteka-barrutiaren izenarekin.

Erregistratzaileek sinatutako komunikazio eta agiri guztietan zigilu hori jarri behar da.

Justizia Ministerioak zigilu-eredu erkide eta ofiziala onets dezake.

359. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek idazmakina erabil dezakete, hala norbanakoekin nahiz gainerako funtzionario eta agintariekin harreman ofizialak izateko erabiltzen dituzten agirietan, nola Erregistroko idazkunen edukiari buruz egiten dituzten ziurtagirietan.

Halaber, zigilua erabil dezakete bazterreko ohar laburretan, aipamen-ohar soiletan eta iraungitze epea duten oharretan.

Tituluen oin-oharrak ere modu berean egin daitezke.

360. artikulua

Ondore guztietarako, baita jendeak agiriak aurkez ditzan ere, Erregistroa zabalik egongo da egun baliodun guztietan, bederatzietatik ordu biak arte eta lauretatik seiak arte; larunbatetan, Justizia-ministroak ezarritako araubidea aplikatuko da.

Erregistratzaileak ordubete lehenago ireki nahiz itxi ahal izango du bulegoa, hori komenigarria dela uste duenean eta beharrezkoa den bitartean.

Ordutegia aldatzen bada, aldaketa indarrean jarri baino zortzi egun lehenago Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi behar zaio, eta, ediktu baten bidez, bulegoan jendaurrean azaldu behar da, ikusteko moduko lekuren batean.

361. artikulua

Aurreko artikuluan aipatu orduetan aurkeztu diren agiriak bakarrik onartuko dituzte erregistratzaileek; baina ordu horietatik kanpo, erregistratzaileek euren karguko beste eragiketak betearaz ditzakete.

LIBURUAK

362. artikulua

Jabetza Erregistroetan hurrengo liburu eta koadernoak eraman behar dira: Inskripzio-liburua.

Erregistroko eragiketen liburu-egunkaria.

Ezgaituen liburua.

Finken aurkibidea (landa-eta hirifinkena) eta pertsonen aurkibidea, baldin eta aurkibideok ez badira eraman fitxen bitartez edo Zuzendaritza Nagusiak baimendutako beste artxibo zein antolaketa sistema baten bitartez.

Estatistika-liburua.

Manamendu judizialak, lan- eta administrazio-manamenduak eteteko idatzoharren liburu berezia.

Inbentarioa; eta Erregistratzaileek euren zerbitzuetarako bidezko deritzeten liburu eta koaderno laguntzaileak.

363. artikulua

365 eta 366. artikuluek aipatu Jabetza Erregistroko liburuak Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritako agindu eta ereduen arabera osatu, antolatu eta marratuko dira, eta Erregistratzaileen Elkargo Nazionalaren ikuskatzailetzaren menpe egin eta banatuko dira.

364. artikulua

Liburu bakoitzaren lehenengo orri zurian liburuen ikuskatzailetzarako eskuordeak ziurtapena egingo du, liburu horrek duen folio kopurua adieraziz, eta aipatuko du ez dela foliorik ezabatu, idatzi edo baliogabetu, baita ikuskapena noiz egin den ere.

Lehen auzialdiko epaileak Erregistroa dagoen tokian badu bere egoitza, epaile horrek eta, bestela, toki horretako agintari judizialak bere ikusonetsia jarriko du ziurtapenaren ostean, behin liburu-egunkariaren edo inskripzio-liburuaren azken orrian sinadura jarritakoan eta orri guztietan epaitegiaren zigilua jarritakoan.

Aurreko zenbakiak aipatu eginbidea gauzatu eta gero, erregistratzaileak oharra egingo du, liburua ziurtapenean azaldu bezala jaso duela agerrarazteko; ohar horretan data eta sinadura jarriko ditu.

365. artikulua

Liburu-egunkariaren azalean hauxe agerrarazi behar da: «?ko Jabetza Erregistroaren eragiketen liburu-egunkaria, ? liburukia. ? urteko ?ren ?an hasten da».

Azalaren osteko orrian, aurreko artikuluak aipatu ziurtapena eta oharra bakarrik sartuko dira.

Liburu-egunkariaren folio bakoitzak ondokoa izan behar du: bazter zuria, kasuan kasuko bazterreko oharrak egin ahal izateko; zutabea osatzen duten bi lerro bertikal, bien artean kasuan kasuko idazkunaren zifrak agerrarazteko; eta tarte zabal bat, modu horizontalean marratuta, idazkunak idazteko.

Folio bakoitzaren goialdean hurrengo sailkapena inprimatuko da, zenbakiarekin batera: Bazterreko oharrak.-Idazkunen zenbakia.-Aurkezte-idazkunak.

366. artikulua

Inskripzio-liburuaren folio bakoitzak ondokoa izan behar du: bazter zuria, kasuan kasuko bazterreko oharrak egin ahal izateko; zutabea osatzen duten bi lerro bertikal, bien artean kasuan kasuko idazkunaren zenbakia edo letra agerrarazteko; eta tarte zabal bat, modu horizontalean marratuta, inskripzio, aurreneurrizko idatzohar eta ezerezteak idazteko.

Folio bakoitzaren goialdean hurrengo sailkapena inprimatuko da, zenbakiarekin batera: «Bazterreko oharrak.-Inskripzioen hurrenkera-zenbakia.-?zenbakidun finka».

Liburu horren azalean hauxe agerrarazi behar da: «?ko Jabetza Erregistroko Inskripzio-liburua, ?ko Audientzia, ?ko udaleko ? liburukia, Jabetza Erregistro honetako artxiboaren ? liburukia».

Azalaren osteko orrian 364. artikuluak aipatu ziurtapena eta oharra bakarrik sartuko dira.

367. artikulua

Libururen baten koadernatzea suntsitu edo narriatzeagatik, hori berriro koadernatu behar denetan, erregistratzaileek egin dezakete birkoadernatzea, baldin eta bulegoan bertan egiten bada, eta azal, plano, bizkar nahiz puntak suntsitutako koadernatzearen modukoak badira; betiere, Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman behar zaio.

Inguruabar bereziak direla bide, birkoadernatzea ezin bada egin aurreko lerrokadaren arabera, zuzendaritza-zentroaren aurretiazko baimena behar da, eta horrek zehaztuko du eragiketa hori gauzatzeko modua.

ARTXIBOAREN ANTOLAKETA

368. artikulua

Jabetza Erregistroetan udal bakoitzeko liburu bat irekiko da.

Hori gorabehera, liburua ireki dakioke udal-mugarteko toki erakunde txiki bakoitzari.

Herrian lehen auzialdiko epaitegi bat baino gehiago izanez gero, mugartea nahitaez zatitu behar da bi atal edo gehiagotan, bai eta herri-komenentzia kontuan hartuta hori bidezkotzat jotzen denetan ere; horretarako, Zuzendaritza Nagusiak espediente egokia instruituko du, ofizioz edo erregistratzaileak hala eskatuta, eta espediente horretan zehaztuko dira atal bakoitzaren lurralde-mugapea eta zenbakia.

Jabetza mugimenduari begira komenigarria denean, erregistratzaileak hiru liburu arrunt ireki ditzake udal edo atal bakoitzean: bat, zenbaki bakoitidun finkak inskribatzeko; beste bat, bikoitiak inskribatzeko; eta hirugarrena, erregelamendu honen 379. artikuluko kasuetarako.

Kasu berezietan, Zuzendaritza Nagusiak erabaki dezake bidezko deritzen adina liburu arrunt irekitzea, bere kabuz edo erregistratzaileak hala eskatuta, eta zerbitzua errazteko jarraibide egokiak emango ditu.

369. artikulua

Liburuak antzinatasun-hurrenkeraren arabera zenbatuko dira eta, gainera, udal-mugarte bakoitzeko liburuek ondoz ondoko zenbaketa berezia izango dute.

Udal-mugarteren bat bi atal edo gehiagotan zatitu bada, «lehenengo edo bigarren atala» hitzak gehituko dira, edo kasuan kasukoak.

370. artikulua

Ataleko liburu berrietan zatiketaren aurreko liburuetan inskribatutako finken inguruko eragiketak egin nahi direnean, finkari kasuan kasuko zenbakia emango zaio, jarraian hauxe jarrita: «lehen ? zenbakia, ? folioa, ? liburua».

Idazkun berri hori lehenengo inskripzio edo A idatzohar moduan agertuko da, aurretik egindakoen jarraipena izango da, eta horiek erregelamenduak agindu bezala aipatuko ditu.

Zatitutako udal-mugarteko liburu zaharretan eginiko azken idazkunaren amaieran berriei buruzko aipamen-ohar egokia jarriko da.

371. artikulua

Erregistroaren lurralde-mugabarrua aldatzeagatik, udal zein atal bateko liburuak beste Erregistro batean sartu badira, ulertzen da azken horretan atal berria osatzen dutela.

IDAZKUNEN ANTOLAKETA LIBURUETAN

372. artikulua

Finka bakoitzari buruzko idazkunak ondoz ondo zenbatuko dira, eta, aurreneurrizko idatzoharren kasuan, horiek letren bidez zehaztuko dira, alfabetoaren hurrenkera modu hertsian errespetatuz.

Idatzoharrean jasotako eskubidea eskubide inskribatu bihurtuz gero, inskripzioa zein liburutan egin eta liburu horretan egin behar dira aurreneurrizko idatzoharrak ere.

373. artikulua

Erregistratzaileak sinadura osoaren bidez eskuetsiko ditu liburu-egunkariko aurkezte-idazkun, aurreneurrizko idatzohar zein ezerezte luzeak, bai eta 364. artikuluan ezarritako oharra ere.

Sinadura erdiaren bidez eskuetsi ahal dira orotariko bazterreko ohar, inskripzio, aurreneurrizko idatzohar zein ezerezte laburrak, bai eta liburu-egunkaria ixteko eginbidea ere.

374. artikulua

Ahal den neurrian, idazkun, ohar zein ziurtagiriak idaztean, erregistratzaileek jarraibide eta eredu ofizialei eutsiko diete.

375. artikulua

Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar eta ezerezteek jaso beharreko kopuru, zenbaki eta datak letraz adieraziko dira; zifren bidez adieraz daitezke lege-xedapenei buruzko aipamenak, idazkuna eragin duen tituluaren aurrekoen datak, agiri osagarrienak eta aurreko idazkunetan agertzen diren zenbaki, kopuru nahiz datak edota Erregistroko datuei buruzkoak.

Aurkezte-idazkun eta bazterreko oharretan zifrak erabiliko dira.

Idazkunetan interes berezia duten kontzeptuak azpimarraren bidez, letrakera aldatuta edo beste koloreko tinta erabilita nabarmenduko dira.

376. artikulua

Eskatu den lehenengo idazkuna eskubide erreal bati buruzkoa denean eta aurkeztutako tituluaren bidez ondasun higiezinaren eskuraketa inskriba daitekeenean, legearen 205. artikuluaren arabera, bi inskripzio egin behar dira: finkaren jabari-inskripzioa, eta gero eskubide errealaren inskripzioa.

Modu berean jardun behar da, idazkun hori aurreneurrizko idatzoharra denetan.

377. artikulua

Zuzeneko jabaria eta jabari erabilgarria bereizita badaude, lehenengo inskripzioa horietako edozeinena izan daiteke; baina gero beste jabaria inskribatzen bada, lehenengo inskribatuaren ostean egin behar da inskripzioa.

378. artikulua

Erregistratzaile bakoitzaren barrutian jabetzak dituen gorabeherak kontuan hartuta, erregistratzaileok beharrezko deritzeten beste orri erabiliko dituzte finka bakoitzarentzat, horiek betetzen hasi ahala goialdean finkaren zenbakia jarrita.

379. artikulua

Finka bati buruzko orriak bete badira edo ezin badira erabili lege-arrazoi baten ondorioz, finka horren zenbakia udal zein atal bereko liburuki arruntaren beste folio batera lekualdatuko da, edo kasuan kasuko udal nahiz atalaren zenbakien arabera ondoz ondoko liburukietan hutsik eta sobera geratu den lehenengo orrira lekualdatuko da, baldin eta orri horretako finkaren hipoteka-izatea azkendu bada beste batzuekin elkartu eta zenbaki berria osatzeagatik, edo finka hori oso-osorik suntsitu bada, kasuan kasuko bazterreko oharretan argiro egiaztatu diren bereizketen ondorioz, edota prozedura kriminalen batean enbargatua izateagatik finkaren gaineko etete-idatzoharrak egin badira, edota, azkenik, aurretiazko inskripziorik ez izateagatik egin diren aurreneurrizko idatzoharrak ezereztu badira edo ezereztu behar badira egin beharreko lekualdaketa horren aurretik.

Halakoetan, «? zenbakidun finka» hitz inprimatuen ostean, «bikoizkina, hirukoizkina» hitza jarri behar da, eta horrela ondoz ondo, eta hurrengo lerroan, aurreko idazkuna zein liburuki eta foliotan izan, eta horien aipamena, honetara egingo da: «? liburukiko ? foliotik dator».

Agortutako orrien azken orrialdean, eta lekualdatutako finkaren zenbakiaren alboan, hauxe jarriko da: «? liburukiko ? folioan jarraitzen du».

380. artikulua

Titulu bakarrak zenbaki desberdinarekin inskribatu beharreko ondasun higiezin zein eskubide erreal bi edo gehiago barneratzen dituenean, inskripzio luzean inguruabar hori aipatu behar da, eta aurkezte-idazkunaren bazterrean eginiko oharrean, zehatz-mehatz agerrarazi behar dira titulu horren ondorioz egindako idazkunen liburua, liburukia, folioa eta zenbakiak zein letrak.

381. artikulua

Erregistratzaileek inskripzio luzeak egingo dituzte finka nagusietarik batean edo baliorik handiena duen finkan.

382. artikulua

Udal-mugarte bereko hainbat finka jasotzen dituen tituluaren inskripzio luzea egindakoan, titulu bereko beste finkaren bat inskribatzea eskatu bada aurkezte-idazkun berriaren bidez, inskripzio laburra egingo da, kasuan kasuko inskripzio luzea aipatuz, baina bertan agerrarazi behar dira eginiko azken aurkezte-idazkunaren eguna eta ordua, zenbakia, folioa eta liburukia.

383. artikulua

Merkataritzako sozietateen izenean ezin inskriba daiteke ondasun higiezin nahiz eskubide errealen ekarpenik, ez eskuraketarik, hori edozein tituluren bidezkoa izanda ere, baldin eta aurretiaz ez bada egin inskripzio egokia Merkataritzako Erregistroan.

Behin Jabetza Erregistroan inskripzioa egindakoan, titulua berriro aurkez daiteke Merkataritzako Erregistroan, beste horretan eginiko inskripzioak agerraraz daitezen, kasuan kasuko inskripzioaren bazterreko oharraren bidez

384. artikulua

Zergen ziozko zorpekoak ordainarazteko premiamendu prozedura bete behar da, zorpeko horiek ordaindu ezean Jabetza Erregistroan ezin inskriba daitekeelako premiamendupeko likidazioa eragin duen egintza edo kontratua; administrazio-prozedura horri dagokionez, 1934ko abuztuaren 8ko Aginduak xedatutakoa bete behar da.

385. artikulua

Interesdunari minutaren berri eman zaionean legearen 258. artikuluak agindutakoaren arabera, horrek bere adostasuna eman badu, edo, eman ezean, lehen auzialdiko epaileak erabaki badu idazkuna nola egin, inguruabar bat edo bestea aipatu behar da kasuan kasuko idazkunean.

ADMINISTRATZE- ETA XEDATZE-AHALMENEN ALDAKETEI BURUZKO LIBURUA

*386. artikulua

Ezgaituen liburuan, legearen 2. artikuluko 4. zenbakiak eta erregelamendu honen 10. artikuluak aipatutako ebazpen judizialen inguruko idazkunak egingo dira.

Liburu hori 364. artikuluko formalitateekin eraman behar da, eta sailkapen hau agertuko da bertan: «Bazterreko oharrak.-Inskripzioaren zenbakia.-Inskripzioak».

Liburua 366. artikuluan xedatutakoaren ariora marratuko da, eta bertan inskripzioak egingo dira, hurrenkera kronologiko hertsia jarraituz.

Liburuak alfabetoaren araberako aurkibidea izango du azkenean.

Halako idazkunak ezereztuko dira euren bazterrean eginiko oharren bidez.

*387. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu ebazpena jasotzen duen betearazpen-agindua zein manamendu judiziala aurkeztutakoan, erregistratzaileek inskripzio-liburuetan kasuan kasuko idazkunak egin eta gero, 55. artikuluko inguruabarrak agerraraziko dituzte «Ezgaituen» liburuan.

*388. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu inskripzioak eta idazkuna egindakoan, erregistratzaileak oin-oharra jarriko du manamenduan; manamendua noren kontrakoa izan eta pertsona horrek ondasunak baditu, oinoharrak adieraziko du inskripzioa egin dela, eta, ondasunik ez badu, oin-oharrean adieraziko da Ezgaituen liburuan idazkun egokia egin dela, etorkizunean pertsona horrek eskura ditzakeen ondasunei buruz; azken kasu horretan, eginiko idazkunak duen zenbakia aipatuko da.

389. artikulua

Aurkezte-idazkunaren bazterrean, aurreko artikuluan zehaztutako oharraren modukoa egingo du erregistratzaileak.

390. artikulua

Erregistratzaileak betearazpen-agindua edo manamenduaren bikoizkina itzuliko dio berori bidali duen auzitegiari, hori gauzatu dela dioen oharrarekin batera; beste bikoizkina bere paper sortan gordeko du.

*391. artikulua

Ebazpen batean adierazi bada norbait bere ondasunak administratzeko edo xedatzeko ezgaia dela, eta ebazpen hori Ezgaituen liburuan jaso bada, pertsona horrek ondasun higiezinak zein eskubide errealak eskuratzen dituenean, eskuraketa agerrarazten duen inskripzioaren ostean erregistratzaileak ezgaitasuna inskribatuko du, liburu horretan eginiko idazkuna aipatuz.

AURKIBIDEAK

392. artikulua

Erregistratzaileek bi motatako aurkibideak eramango dituzte, Finken Aurkibide eta Pertsonen Aurkibide deritzenak; aurkibideetan aipatu behar da finka nahiz pertsona horiek Erregistroko zein foliotan inskribatu diren, euren izenean egin diren idazkunak, bai eta horien transferentzia eta ezereztea ere, bidezkoa denetan.

393. artikulua

Udalek eramango dituzte Finken Aurkibideak eta Erregistroek Pertsonenak.

Ataletan zatitutako udal-mugarteen kasuan, atalka eramango dira Finken Aurkibideak.

Finka eta Pertsonen aurkibideak, alfabetoaren araberakoak, eskuz edo modu mekanikoan antolatutako fitxak izango dira.

394. artikulua

Finken Aurkibidea hiru ataletan zatituko da.

Lehenengoan, landa-finkak sartuko dira.

Bigarrenean, hiri-finkak.

Eta hirugarren atalean, ez-ohiko edo berezi deritzen finkak, edota izaera zehaztugabea dutenak; azken horietan, kokapen, mota, izen eta erregistro-aipamenari buruzko datuak jaso behar dira gutxienez.

395. artikulua

Landa-finken ataleko fitxek goialdean jarritako letra nabarmenaren bitartez eramango dute, finka non egon eta inguru, barruti, toki, herrixka, parrokia edo baserri horren izena; behealdean, hurrengo idatzoharrak egiteko behar diren laukitxoak izango dituzte fitxa horiek:

1. Ondasun higiezinaren izena.

2. Laborantza edo nekazaritza-erabilera.

3. Azalera-neurria.

4. Mugak, lau puntu kardinaletatik.

5. Erregistroan finkak duen zenbakia, liburua eta folioa.

6. Katastro-aipamena, halakoa dagoenean.

7. Oharbideak.

396. artikulua

Hiri-finken aurkibideko fitxak alfabetoaren arabera antolatuko dira, udal edo atal bakoitzaren barruko hirigune, herrixka edo parrokiak kontuan hartuta, eta horietako bakoitzean, kale edo enparantzen arabera; datu horiek goialdean agerraraziko dira.

Jarraian, hurrengoa jaso behar da, kasuan kasuko laukitxoetan:

1. Zenbaki berria, eta agertzen badira, baita zaharrak ere.

2. Destinoa, solairu kopurua eta, hala denean, izena.

3. Orubearen azalera-neurria.

4. Muga finkoak, halakoak izanez gero.

5. Finkak Erregistroan duen zenbakia, liburua eta folioa.

6. Katastro-aipamena, halakoa dagoenean.

7. Oharbideak.

397. artikulua

Pertsonen Aurkibideko fitxek leku nabarian eramango dituzte pertsona fisikoen izen-abizenak eta nortasun-zenbakia, pertsona juridikoen izena edo izendazioa eta identifikazio-kodearen zenbakia, eta, jarraian, honako laukitxook:

1. Pertsona horien izenean inskribatutako finka zein eskubideen izaera.

2. Hala denean, Ezgaituen Liburuko idazkunaren aipamena.

3. Udala edo atala.

4. Kokapena.

5. Finkak Erregistroan duen zenbakia.

6. Liburua, idazkuna, liburukia eta folioa.

7. Ezerezte edo eskualdaketaren aipamena.

398. artikulua

Erregistratzaileek aurkibideetan agerrazi behar dituzte euren iritziz bertako datuak ukitzen dituzten aldaketak, horiek titulu inskribatuen, Erregistroko datuen edo bestelako datu sinesgarrien ondoriozkoak izan.

Ondore horretarako, egin beharreko lerroarteko eta ohar-jartzeak egin daitezke.

398.a. artikulua 1. Jabetza Erregistroetako pertsona eta finken aurkibideak prozedura informatikoen bidez eraman behar dira.

2. Aurkibide informatizatuak ezartzearen aurreko datuak ezari-ezarian sartuko dira aurkibideotan, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak zehaztutako epean.

398.b. artikulua 1. Jabetza erregistroek finkak identifikatzeko oinarri grafiko moduan Katastroaren Kudeaketarako eta Zerga Lankidetzarako Zentroaren Katastro Kartografia erabili behar dute, paperean edo euskarri digitalizatuan.

2. Finkak plano nagusian duen kokapenaren aipamena agerrarazi behar da finken aurkibidean.

Ondore horietarako, identifikatzaile bezala erabiliko dira, hala lurzatiaren katastro-aipamena, hiri-finken kasuan, edota UTM deritzon lurzati-aipamen koordinatua, landa-finken kasuan.

3. Oinarri grafikoak emeki-emeki ezarriko dira, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak Katastroaren Kudeaketarako eta Zerga Lankidetzarako Zentroarekin batera ezarritako jardun-planaren arabera.

398.c. artikulua 1. Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionalak eramango du nazio lurralde osoan inskribatutako finka eta eskubideen eta horien titularren Aurkibide Nagusi Informatizatua.

Erregistratzaileek aurkibide hori eratzeko beharrezkoak diren datuak bidali behar dituzte aldian-aldian.

2. Publizitate formala errazteko, aurkibide nagusi informatizatua kontsultatu nahi denean, erregistratzaileek edozein Erregistrotan pertsona fisiko edo juridiko zehatzen izenean dauden titulartasunen berri emango dute, eskatzaileak horretan interesa izanez gero.

3. Aurkibide informatizatuetan sartu behar dira, hala 398.b. artikuluaren 2. idatzatian zehaztutako katastro- eta lurzati-aipamenak, nola eskuratzailearen zein eskualdatzailearen egoitzei buruzko datuak eta Erregistroko inskripzioaren data.

4. Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionalak eskualdaketa inskribatuen inguruko informazioa bidaliko dio aldizka Katastroaren Kudeaketarako eta Zerga Lankidetzarako Zentroari, horretarako euskarri magnetikoak erabilita; informazio horretan, finka identifikatzeko datuak eta eskualdatzaile nahiz eskuratzaileen datuak zehaztuko dira.

398.d. artikulua Aurreko artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko egitarau informatikoak eraberekoak izan behar dira Jabetza Erregistro guztietan.

Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionalari dagokio egitarau horiek egin eta banatzea.

Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak onetsi behar ditu programok.

398.e. artikulua 1. Ulertzen da aurreko artikuluetan ezarritako neurrien kostua eta finantzaketa erregistroen ibilbide eta artapen gastuak direla, Hipoteka Legearen 294. artikuluak ezarritakoaren ariora.

2. Erregistratzaileek proportziotasunez hartu behar dute parte aurreko artikuluetako neurriek eragindako gastu orokor eta erkideetan, baita errregistro-zerbitzuaren sostenguan ere.

-

***399. artikulua Edukirik gabe.

LIBURU-INBENTARIOA

400. artikulua

Erregistro bakoitzean, bertako liburu eta paper sorta guztien inbentarioa egon behar da, erregistratzaileak eginda.

Urte hasieran, aurreko urtearen emaitzak gehituko zaizkio inbentarioari.

401. artikulua

Erregistratzaile berria izendatzen denean, horrek inbentarioaren arabera hartuko du Erregistroaren kargua eta emate-egintzan sinatuko du berori; inbentarioan agertzen dena ematen ez bada, aurreko erregistratzaileari dagokio horren gaineko erantzukizuna.

BEHIN-BEHINEKO LIBURUAK

402. artikulua

Erregistroren batek inskripzio-libururik edo liburu-egunkaririk izan ezean, behin-behineko liburu egokiak irekiko dira; agiri osoko koaderno batek edo gehiagok osatuko dituzte liburuok, eta erregistratzaileak beharrezko deritzon orri kopurua izango dute.

403. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera ireki beharreko liburuek behar besteko bazterra izan behar dute, bidezko oharrak egiteko; liburuok foliatuko dira, bertan epaitegiko zigilua jarriko da, eta epaileak orri guztietan jarriko du bere sinadura.

Lehenengo orrian ziurtapena egin behar da, eta epaile eta erregistratzaileak sinadura osoarekin eskuetsiko dute ziurtapen hori, aurreko artikuluak aipatu inguruabarrak zehaztuz.

404. artikulua

Behin-behineko liburu hori liburu-egunkaria izanez gero, bertan aurkezte-idazkunak egingo dira, legearen 249. artikuluak agindutakoaren arabera.

Inskripzio-liburua izanez gero, kasuan kasuko inskripzio eta idatzoharrak egingo dira, elkarren segidan, daten hurrenkera hertsia errespetatuz, eta tartean orririk edo zuriunerik utzi gabe.

405. artikulua

Agiria aurkeztu, idatzoharrean jaso edo inskribatu delako oharra tituluaren oinean jarri behar da, legearen 253. artikuluak eta erregelamendu honen 433. artikuluak agindutakoaren arabera; kasu honetan ere, oharrak xedapen horien ariora egingo dira, desberdintasun bakarrarekin: liburu-taloitegiaren liburukia eta folioa adierazi beharrean, behin-behineko liburuaren folioa eta zenbakia adieraziko dira.

406. artikulua

Liburu-taloitegiak eman eta hurrengo egunean, hori balioduna izanez gero, behin-behineko inskripzio-liburu guztiak itxi direla egiaztatu behar da, liburu bakoitzaren azkenean erregistratzaileak eta epaileak jarri eta sinatutako eginbidearen bitartez; eginbide horrek adierazi behar du liburuak dituen idazkunen zenbakia eta ez dagoela zuriune, zuzenketa, karraskatze ez lerroartekorik, edo halakoak izanez gero, horiek eginbidean zehaztu behar dira.

Behin-behineko liburuak liburu-egunkariak direnean, liburu-taloitegia jasotakoan, behin-behineko liburua behin betiko liburu bihurtuko da, azken itxiera-idazkunaren ostean jarritako eginbidearen bitartez; liburu horiei kasuan-kasuan dagokien zenbakia emango zaie, aurretiaz koadernatu ez badira modu egokian koadernatuko dira, eta toki egokian artxibatuko dira.

407. artikulua

Behin-behineko inskripzio-liburuek irekita daramaten epearen bikoitzean erregistratzaileek ez badituzte liburuotako idazkun guztiak lekualdatu, eta ez badute aipatu lekualdatze hori oztopatu duen arrazoi zuzenik, diziplina-zuzenketa izan dezakete.

408. artikulua

Lekualdaketa osoa burututakoan, erregistratzaileak ofizioa bidaliko dio epaileari, horrek zehaztutako egunean Erregistroko lokalean egiazta daitezen lekualdatutako idazkunak, eta ikusten bada idazkun guztiak ondo lekualdatu direla, halaxe agerraraziko da behin-behineko liburu bakoitzean jarritako eginbidearen bitartez; eginbide hori itxiera-eginbidearen ostean jarriko da, eta epaileak eta erregistratzaileak sinatuko dute berori. Behin hori egindakoan, liburuok Erregistroan artxibatuko dira.

Betiere, behin-behineko liburuak ireki eta itxi direla adierazi behar zaio Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari, horren arrazoia azalduta.

Behin-behineko liburuak Erregistroan gorde behar dira.

409. artikulua

Erregistratzaileren batek bere eginkizunak utzi baditu behin-behineko liburuetan egindako idazkunak liburu-taloitegietara lekualdatu baino lehen, lekualdaketa hori egingo duenari ordaindu behar dizkio lekualdatze-gastuak.

Hala denean, hildako erregistratzailearen jaraunsleek ordainketa bera egin behar diote idazkunok lekualdatzen dituenari.

Interesdunek adostasunez finkatu behar dute gastuon zenbatekoa, eta, adostasunik izan ezean, euren arteko tirabirak Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionaleko Zuzendaritza-batzari azaldu behar dizkiote. Horrek interesdun guztiei entzundakoan eta beharrezkotzat jotzen dituen aurrekariak eskatu eta gero, zuzen deritzona ebatziko du.

Ebazpena jakinarazten denetik hamabost eguneko epean ez bada horren kontrako errekurtsorik jarri zuzendaritza zentroan, ebazpena bera edo zuzendaritza zentroaren erabakia gauzatuko da, baina bere burua laidotutzat jotzen duenak epaiketa-bidera jo dezake.

Erreklamazioak gorabehera, Erregistroko arduradunak legezko epeetan lekualdatuko ditu idazkunak behin-behineko liburuetatik taloitegietara.

PAPER-SORTAK

410. artikulua

Erregistratzaileek lau paper-sorta mota egin behar dituzte, inguruabarren arabera hilabetero, hiruhilero, seihilero edota urtero: bat, ordain-gutunen bikoizkin edo kopiekin; beste bat, manamendu judizialekin; bestea, agiri publikoekin, eta azkena, agiri pribatuekin.

411. artikulua

Mota bakoitzeko paper-sortak bereziki eta ondoz ondo zenbatuko dira, horiek egin ahala.

Bakoitzaren barruan, agiriak euren data-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.

412. artikulua

Artxibatutako agiri orotan, agiria zein idazkuni buruzkoa den zehaztu behar da, eta, hala denean, tituluaren oin-oharraren kopia ere jarri behar da.

413. artikulua

Egindako zatiketaren arabera paper-sorta bakoitzak jaso beharreko epealdia igarotakoan, paper-sortak karpeten bidez itxiko dira, karpeta bakoitzean jasotako agiri mota eta epealdia zehaztuz, eta erregistratzaileak sinatutako aurkibidea eginez; aurkibideak agiri horietako bakoitzaren zenbakia eta mota adierazi behar ditu.

414. artikulua

Erregistroko paper-sortetan jasotako agiriek jatorrizko agiriak badituzte, agiriok bikoiztuta egin badira edo beste bulego batzuetan erregistratu badira, horiek baliogabe daitezke, egin direnetik hogei urte igarotakoan.

Epe bera igaro eta gero baliogabe daitezke, dela ordain-gutunak eta euren kopiak, dela 622. artikuluko egoeren oinarri diren estatistika-liburuak, dela ordainagirien taloitegiak.

Aurreko lerrokadan aipatu ez diren agiri publiko eta pribatuen paper-sortak, hipoteka-kontularitza zaharraren liburuak eta, erregistratzailearen iritzirako, interes historikoa izan dezaketen beste agiriak kasuan kasuko artxiboetara eskualda daitezke, Erregistroko bulegoan hogei urte egon eta gero; horretarako, Zuzendaritza Nagusiaren baimena behar da.

Paper-sortak baliogabetu edo liburuak nahiz agiriak lekualdatzen direnetan, horren gaineko aipamen egokia egin behar da inbentarioan.

JABEEN BATZAREN AKTA-LIBURUEN EGINBIDEA

415. artikulua

Ondasun higiezinen edo ondasun higiezin-multzoen jabeen erkidego zein azpierkidegoei aplikatu ahal bazaie Jabetza Horizontalari buruzko 49/1960 Legearen, uztailaren 21ekoaren, 17. artikulua, orduan batzen akta-liburuen eginbidea hurrengo erregelen arabera gauzatu behar da:

1. Liburuen eginbidea nahitaez gauzatu behar da, horiek erabili baino lehen.

Ezin gauza daiteke liburu berri baten gaineko eginbidea, aurrekoa oso-osorik erabili dela egiaztatu baino lehen.

Aurreko liburua galduz gero, beste liburu baten eginbidea gauza daiteke, baldin eta erkidegoaren lehendakariak edo idazkariak notario-aktaren bidez nahiz erregistratzailearen aurrean eta bere erantzukizunpean baieztatzen badu erkidegoa osatzen duten ugazabei galtze zein suntsitze horren berri eman zaiela edo ohostea salatu dela.

2. Jabetza Horizontalaren Legeari lotutako ondasun higiezina zein barrutitan izan eta bertako jabetza-erregistratzailea izango da eginbidea gauzatzeko organo eskuduna.

3. Eginbidearen eskabidea eskaera-orri baten bidez egingo da, eta bertan adierazi behar dira:

a) Eskatzailearen nortasun-aipamenak eta erkidegoaren presidenteak aginduta diharduelako baieztapena.

b) Kasuan kasuko jabeen erkidegoa identifikatzeko aipamenak eta, hala denean, Erregistroko identifikazio datuak.

c) Azken akta-liburuaren irekiera eta itxiera datak.

Inguruabarrok ez dira beharrezkoak izango, eskatzaileak bere erantzukizun pean baieztatzen badu aurretiaz ez dela beste libururen gaineko eginbiderik gauzatu.

Liburua aurkeztu bada horren gaineko eginbidea gauza dadin, orri guztiak karaktere ezabaezinekin zenbatu behar dira.

Liburua orri higigarriez osa daiteke.

4. Eskaera-orria eta liburua aurkeztutakoan, liburu-egunkarian idazkun egokia egin behar da.

Idazkunean aurkezpen-data eta eskatzailearen nahiz jabeen erkidegoaren identifikazio datuak agerrarazi behar dira.

5. Eginbidea lehenengo orrian gauzatuko da, ondokoa agerraraziz: data; erkidegoa identifikatzeko datuak -hala denean, Erregistroko datuak ere jasota-; erregistratzaileak erkidegoaren izenean liburuen gaineko eginbidea gauzatzean, liburu bakoitzari dataren arabera dagokion zenbakia; liburuak duen orri kopurua, orri guztiak erregistratzailearen zigilua dutela zehaztuz eta zigilatze-sistema aipatuz.

Liburu berri baten gaineko eginbidea gauzatu bada aurrekoa aurkeztu barik, galdu dela adierazita, eginbidean inguruabar hori aipatuko da, bai eta, aurrekoa agertu arren, bertan ezin dela akta gehiagorik jaso ere.

Erregistratzailearen zigilua inprima eta zigila daiteke, modu mekanikoan zula daiteke edota eginbidearen kautotasuna bermatzen duen beste edozein bide erabilita egin daiteke.

Liburuak orri higigarriez osatuak badira, orri guztietan karaktere ezabaezinekin agerrarazi behar dira, zigilua eta data, salbu eta orri bakoitza eginbidedun liburuari dagokiola bermatzen duen zigilatze-prozeduraren bat erabiltzen denean.

6. Erregistratzaileak eginbidea gauzatuko du, eskabidea behar bezala egin eta hurrengo bost egunetan, edo hamabost egunetan, horretarako arrazoi zuzena badago.

Ezezkoa eman bazaio eginbidea gauzatzeari, errekurtsoa zuzenean jar daiteke Zuzendaritza Nagusian, hamabost egun baliodunen epean.

7. Eginbidea gauzatutakoan, jabetza horizontalpeko eraikinari edo ondasun higiezin-multzoari inskripzio-liburuan ireki zaion folioan bazterreko oharra egingo da, hauxe adierazita: eginbidedun liburuaren hurrenkera zenbakia, orri kopurua eta, hala denean, eginbidea galdutako beste liburu baten ordez gauzatu dela.

Erkidegoa ez bada inskribatu, datuok liburu-fitxategi batean agerraraziko dira, eta hori baliabide informatikoen bidez eraman daiteke.

Eginbidea gauzatutakoan edo horri ezezkoa emandakoan, eskaera-orriaren oinean eta aurkezte-idazkunaren bazterrean idatzagiri-ohar egokiak egin behar dira jarraian.

Liburua aurkeztu zenetik sei hilabete igarotakoan, oraindik ez badu inork hori kendu, erregistratzaileak desegingo du, eta horixe agerraraziko du eraikinaren edo ondasun higiezin-multzoaren folioan edo, halakorik izan ezean, liburu-fitxategian, eta, gainera, eskaera-orriaren eta aurkezte-idazkunaren oinean.

LIBURU-EGUNKARIA ETA AURKEZTE-IDAZKUNAK

416. artikulua

Egunean-egunean, lehenengo aurkezte-idazkuna egin baino lehen, aurreko egun balioduna ixteko, azken eginbidearen osteko lerroan kasuan kasuko data jarri behar da.

Erregistroan inskripzioa, aurreneurrizko idatzoharra, ezereztea edo bazterreko oharra eragin dezakeen tituluren bat sartuz gero, liburu-egunkarian horren aurkezte-idazkuna egin behar da.

Gisa bertsuan, ziurtagiriak eta helburu berarekin norbanakoek egindako eskabideak luzatzeko, epai- eta administrazio-agiriak aurkeztuko dira liburu-egunkarian, emandako ziurtagiri horrek erregistro-idazkunen bat eragin duenean.

Gainerako kasuetan, norbanoakoen eskabideok aurkez daitezke interesdunek hala eskatzen badute, edo erregistratzaileak bidezko baderitzo.

Ezintasun materiala edo bestelako arrazoiren bat dela-eta erregistratzaileak ezezkoa ematen badio aurkezte-idazkuna egiteari, horren adierazpenarekin ados ez dagoen interesdunak kexa aurkez diezaioke lehen auzialdiko epaileari eta, horrelakorik izan ezean, herriko agintari judizialari; horiek erabakia eman behar dute, erregistratzaileari entzun eta gero.

Emandako ebazpenak agintzen badu idazkuna egiteko, erregelamendu honen 573. artikuluaren eta ondorengoen arabera jardungo da, kasuan kasuko erantzukizun zibilari kalterik egin gabe, legearen 296. artikuluaren ariora.

Aurkezte-idazkuna egin eta berehala, aurkezpenaren eguna eta ordua agerrarazi behar dira agirian, bai eta kasuan kasuko liburu-egunkariaren zenbakia eta liburukia ere, ohar egokiaren bidez.

417. artikulua

Titulua sartzean ezin bada aurkezte-idazkunik egin, dela lehenago aurkeztutako beste batzuen idazkunak egiten ari direlako, dela titulu kopuruagatik, dela sarrera hori ixteko orduan gertatu delako, edota bestelako arrazoi baten ondorioz, agirian ohar bat jarri behar da honetara: «Gaurko ?etan, jaun/andre ?ak aurkeztuta (izen-abizenak, kasuan kasuko sarrera-zenbakia eta data)».

Ohar hori aurkezleak sina dezake, baldin eta berak hala eskatzen badu edo erregistratzaileak hala agintzen badu.

Inguruabar hori agiri askotan gertatzen denean, sarrera-liburua eraman daiteke; liburu horretan, Erregistroan sarturiko agiriak agerrarazi behar dira hurrenkera zorrotzaren arabera, aurkezlea eta aurkezpen-eguna nahiz ordua adieraziz.

Betiere, liburu-egunkarian idazkunak egingo dira Erregistroan sartzeko hurrenkera kontuan hartuta, eta aurkezle zein aurkezpen-ordu gisa jarriko dira artikulu honen lehenengo lerrokadak aipatu oharrean agertzen direnak, edo, hala denean, aurreko lerrokadak aipatu liburukoak.

418. artikulua

1. Erregelamendu honen 416. artikuluak aipatu titulu eta agiriak Erregistroan noiz jaso eta, sartzeko modua edozein izanda ere, hurrenkera horren araberako idazkuna egingo da liburu-egunkarian, baldin eta aurkezpena erregelamendu bidez zehaztutako orduen barruan gertatu bada.

2. Aurkezpen fisikoa egin daiteke Erregistroa jendearentzako zabalik dagoen orduetan bakarrik.

3. Titulua postaz jaso bada, agiriaren igortzailea hartuko da aurkezletzat, eta aurkezte-idazkuna egingo da, egunean jasotako posta irekitzen denean.

4. Notarioek eskritura publikoak eskuetsi eta, Notario-erregelamenduaren 249. artikuluaren ariora, horren gaineko komunikazioak bidaltzen dituztenean telefaxaren bidez, komunikazioon idazkuna egingo da liburu-egunkarian erregela orokorraren arabera; komunikazioa bulego orduetatik at jasoz gero, ordea, idazkuna hurrengo egun baliodunean egin behar da, liburu-egunkaria ireki eta berehala, modu fisikoan ordu horretan jasotzen direnekin batera, erregelamendu honen 422. artikuluak ezarri bezala.

Eginiko aurkezte-idazkuna iraungiko da, baldin eta hurrengo hamar egun baliodunen epean Erregistroan ez bada aurkezten idazkun hori eragin zuen eskrituraren kopia kautoa.

Kopia hori epean aurkeztuz gero, halaxe agerrarazi behar da lehenengo idazkunaren bazterrean eginiko oharraren bidez, eta kalifikazioa zein idatzagiria egiteko epeak oharraren datatik hasten dira zenbatzen.

Komunikazioa jasotzean erregistratzaileak egiaztatzen badu finka beste erregistro-barruti batean dagoela kokatuta, berehala emango dio horren berri notario eskuesleari telefaxaren bitartez.

Egun horretan edo hurrengo egun baliodunean, notarioak telefaxa jaso duela baieztatuko du, eta aurkezte-idazkuna egiteko edo ez egiteko erabakiaren berri emango du, bide berbera erabilita.

5. Organo judizialek erregistro-idazkuna eragin dezaketen ebazpen judizialak bidal ditzakete Jabetza Erregistrora telefaxaren bidez, ebazpenok sinatzen diren egunean bertan edo hurrengo egun baliodunean.

Epe horretan, bide berbera erabilita eta ondore berberekin, administrazio-agintariek eman dituzten agiriak bidal ditzakete Jabetza Erregistrora.

Bidaltze horiei artikulu honen 4. paragrafoan ezarritako idazkun eta iraungitzeen araubidea aplikatuko zaie, baita bertan ondokoari buruz jasotako xedapenak ere: igortzaileak finkaren kokapenaren inguruan hartutako komunikazioei buruz, bidalitakoa jaso delako baieztapenari buruz eta erregistratzaileak aurkezte-idazkuna egiteari edo ez egiteari buruz.

418.a. artikulua Presa edo beharrizana izanez gero, agiria zein barrutitan eman eta edozein egileslek eska diezaioke barruti horretako Jabetza Erregistroari, telekopia bidez edo antzeko prozeduraren bidez, Erregistro eskudunari bidal diezazkion bertan aurkezte-idazkun egokia egiteko behar diren datu guztiak.

Erregistro bat baino gehiago duten herrietan, daudenen artean txandak egingo dira astero, aurreko lerrokadan xedatutakoa betetzeko.

418.b. artikulua 1. Aurreko artikuluak aipatu jarduna zein erregistratzaileri eskatu, eta horrek agiria aurkezteko modukoa dela kalifikatu eta gero, igorpen-idazkuna egingo du liburu-egunkarian, horri kasuan kasuko zenbakia emanez, eta, jarraian, telekopia edo antzeko baliabidea erabilita, aurkezte-idazkuna egiteko behar diren datu guztiak bidaliko dizkio erregistro eskudunari, Erregistro jasotzailearen eskumena egiaztateko datuekin, egunkarian idazkunari dagokion zenbakiarekin, zigilu eta sinadurarekin batera.

2. Jarraian, oharra egingo du agiriaren oinean, gauzatutako eragiketak eta Erregistro jasotzaileak emandako jasotze-baieztapena agerraraziz, eta agiria interesdunari itzuliko dio, horrek Erregistro eskudunean aurkez dezan, eta hamar eguneko epean aurkezten ez badu, idazkuna iraungiko dela ohartaraziko du.

3. Modu berean, hartu izanaren adierazpena telekopiaren edo antzeko prozeduraren bidez egin behar da, hori liburu-egunkarian agerraraziko da bazterreko oharraren bidez, eta kasuan kasuko paper-sortan artxibatuko da.

418.c. artikulua 1. Komunikazioa jatorrizko Erregistrotik hartu duen erregistratzaileak, bere eskumena kalifikatu eta hartu izana baieztatu ondoren, eskatutako aurkezte-idazkuna egingo du, erregela orokorraren arabera.

2. Aurreko artikuluaren bigarren paragrafoak aipatu epean, interesdunak jatorrizko agiria aurkeztu behar du lehen zehaztutako oharrarekin batera, aurkezpen hori bazterreko ohar baten bidez agerraraziz. Kalifikazioa eta idatzagiriak egiteko epeak data horrez geroztik hasiko dira zenbatzen.

418.d. artikulua Jatorrizko Erregistroak eta jasotzaileak liburu-egunkaria ireki eta ixteko ordu desberdinak izanez gero, aurreko artikuluek aipatu eragiketak egin daitezke bi-biak zabaldik dauden orduetan bakarrik.

Egun baliodunei dagokienez, irizpide berbera aplikatuko da.

418.e. artikulua Abenduaren 29ko 2537/1994 Errege Dekretuak indargabetu du artikulu hau.

419. artikulua

Titulua aurkeztu duenak hala eskatuz gero, horren jasoagiria emango zaio, eta bertan adieraziko da emandako tituluaren mota, aurkezteko eguna nahiz ordua, eta, hala denean, idazkuna zein liburu-egunkaritan egin, eta horren zenbakia eta liburukia.

Titulua itzultzean, eginiko jasoagiria hartu behar da, eta, halakorik izan ezean, eska daiteke titulua itzuli delako beste jasoagiri bat ematea.

420. artikulua

Erregistratzaileek ez dute aurkezte-idazkunik egingo hurrengo kasuetan:

1. Agiri pribatuak aurkezten direnean, salbu eta lege-xedapenek agiri horiei Erregistroko eragingarritasuna eratxikitzen dietenean.

2. Titulua beste hipoteka-barruti batzuetako finkei buruzkoa denean.

3. Aurkeztutako tituluaren izaera, edukia edo helburua dela eta, titulu horrek ezin duenean Erregistroko eragiketarik eragin.

421. artikulua

Titulu bakoitzeko, aurkezte-idazkun bakarra egingo da, nahiz eta zenbait agirik osatu titulu hori, edota, tituluaren arabera, inskripzio desberdinak egin behar.

Ez da beharrezkoa aurkezte-idazkunen agiri osagarriak aipatzea, salbu eta aurkezleak hala eskatzen duenean.

Zenbait tituluren aurkezte-idazkun bakarra egin daiteke, baldin eta horien artean legearen 249. artikuluaren 1 eta 2. inguruabarrak berdinak badira.

422. artikulua

Pertsona batek aldi berean titulu bat baino gehiago emanez gero, berak zehaztu behar du horien arteko aurkezte-hurrenkera, eta bi pertsonak edo gehiagok aurkeztu badituzte tituluok hurrenkerarik zehaztu gabe, titulu guztiei ordu berbera jarriko zaie eta ondoz ondo aurkeztuko dira, ordu berean beste bat edo batzuk aurkeztu direla agerraraziz eta horiei eman zaien edo eman behar zaien zenbakia aipatuz.

Aldi berean eta finka berari buruz aurkeztutako tituluak elkarren kontrakoak izanik, interesdunek ez dutenean adierazi zeini eman behar zaion lehentasuna, bakoitzaren gaineko aurreneurrizko idatzoharra egingo da, ondokoa adierazita: horrela egiten dela, interesdunek edo auzitegiek lehentasuna zein idazkuni eman behar zaion erabaki arte ezinezkoa delako eskatutako inskripzioa edo, hala denean, idatzoharra egitea.

Kasuan kasuko idazkunen bazterrean eta agirien oinean egindako jarduna adierazten duen oharra jarriko da.

Agiriok zein pertsona edo agintarirengandik etorri eta horri itzuliko zaio, pertsona horrek bere eskubidea erabil dezan nahi izanez gero, edota agintariak, hala denean, bidezko deritzen probidentziak eman ditzan.

Bigarren lerrokadaren arabera eginiko idatzoharrak legearen 96. artikuluan zehaztuako epea igarotakoan iraungiko dira, baldin eta epe horren barruan, interesdunek erregistratzailearen aurrean idatzi eta berretsitako eskabidearen bitartez ez badute egiaztatu idazkunetarik bati lehentasuna ematea hitzartu dutela, edota auzitegiengandik lehentasunadierazpena lortzeko demandarik jarri ez bada.

Hitzarmena erdietsiz gero, erregistratzaileak interesdunen adierazpena onartuko du, eta eskabidea kasuan kasuko paper-sortan artxibatuko du.

Haatik, auzia eraginez gero, demandatzaileak eska dezake demandaren aurreneurrizko idatzoharra egitea, eta, erregistratzaileari manamendu egokia bidali eta gero, horrek idatzoharra egingo du eta aurrekoen bazterrean aipamen-oharra jarriko du honetara: «? letra, ? folio, ? liburukiko idatzoharrean agerrarazi bezala ?k jarritako demandaren idatzoharra egiteko manamendua (x egunean) aurkeztu eta gero, ondoko idazkuna indarrean dago, harik eta betearazpen-agindua dakarren epaia eman arte».

Ematen den betearazpen-aginduaren arabera, kasuan kasuko idazkunak egingo dira.

423. artikulua

Aurkezte-idazkunak egiteko, tituluen aurkezte-hurrenkera hartzen da kontuan, euren artean argiune edo zuriunerik utzi gabe, eta bakoitzaren azken lerroa azkeneraino baliogabetuz; idazkunak egitean, horiek hurrenez hurren zenbatu behar dira, eta bertan adierazi behar dira legearen 249. artikuluan azaltzen diren inguruabarrak, baina, nahi izanez gero, aurkeztutako titulua bereizten laguntzeko inguruabarrak ere gehi daitezke, besteak beste, protokolo-zenbakia, eta idazkuna egitea dakarren agiriaren prozedura edo espedientea.

Landa-finken kasuan, finka non izan eta udal-mugarte edo toki hori aipatuz zehaztuko da horren kokapena; hiri-finken kasuan, herri, kale, enparantza nahiz auzoaren izena eta zenbakia aipatuz, halakoa izanez gero, baita pisua eta lokala ere, hala denean.

Udal-mugartearen edo tokiaren aipamena ken daiteke, Erregistroak bakarra barneratzen duenean.

Tokia eta data izango dira, egun berean eginiko idazkun guztientzat irekiera- eta itxiera-eginbidean agertzen direnak.

Erregistratzailearen sinaduraren alboan, titulua aurkeztu duen pertsonak ere berea jarriko du, horrek hala eskatu edo erregistratzaileak hala aginduz gero.

Erregistratzaileak itxiera-eginbidea sinatzeak esan nahi du horrek adostasuna ematen diela bereziki sinatu ez diren aurkezte-idazkun guztiei.

424. artikulua

Datak agerrarazitako egunean aurkeztu diren titulu guztien idazkunak egindakoan, azken idazkunaren osteko lerroan legearen 251. artikuluak agindutako itxiera-eginbidea luzatuko da, honetara: «Egunkaria ixten da ? zenbakidun idazkunekin (lehenengotik azkenekora)».

Egun horretan ez bada agiririk aurkeztu, eginbideak inguruabar hori aipatu behar du, «Egunkaria ixten da idazkunik gabe» adieraziz, eta, kasu bietan, lekua zehaztu eta erregistratzailearen sinadura jarri behar da.

425. artikulua

Titulua aurkeztutakoan horren zati bat esanbidez mugatu edo kendu ezik, ulertzen da aurkezpen horrek agirian jasotako egintza eta kontratu guztiak ukitzen dituela, bai eta tituluak aipatu finka guztiak ere, baldin eta horiek Erregistroaren mugapekoak badira, nahiz eta idazkunean titulu osoa ez agerrarazi; betiere, idatzagiri-oharrean inguruabar hori aipatu behar da.

426. artikulua

Aurkezte-idazkuna egindakoan tituluko finkak titulu horren arabera inskribatuta agertzen badira, bakoitzaren folioan aurkezpenari buruzko aipamena egin behar da; bereizte edo elkartze kasuetan, aipamen hori finka nagusiaren edo elkartuko diren finken inskripzioaren bazterrean egingo da.

Immatrikulazio kasuetan, bai eta elkartze eta bereizte kasuetan ere, datu egokiak eta finken deskripzio osoa agerraraz daitezke horretarako irekitako liburu laguntzaile batean, edota kasuan kasuko fitxa eginez.

427. artikulua

Aurkezte-idazkuna egindakoan, aurkezleak edo interesdunak agiria ken dezakete Erregistrotik, hori aurkeztu dela adierazten duen ohar hutsa jarrita.

Halaber, haiek agiria ken dezakete zergak ordaintzeko nahiz akatsak ongitzeko.

Erregistratzaileak titulua itzultzen duenetan, bertan adierazi behar du zein datatan aurkeztu den eta aurkezte-idazkunaren bazterrean oharra egingo du, agiriak itzuli direla agerrarazteko; aurkezleak edo interesdunak ohar hori sinatu behar du, erregistratzaileak hala eskatuz gero.

428. artikulua

Titulua aurkeztu eta jarraian kendu denean zergak ordaintzeko, akatsak ongitzeko edo beste edozein arrazoiren ondorioz, eta gerogarrenean titulu horren beste kopia edo ale bat ekarri denean, idazkuna azken horiekin egin daiteke, baldin eta ez bada zalantzarik kopia edo ale bien arteko identitateari buruz; inguruabar hori agerrarazi behar da aurkezte-idazkunaren bazterrean eta agirian jarritako idatzagiri-oharretan.

429. artikulua

Kalifikazioa bada aurkeztutako agiriaren idatzagiria egitearen kontrakoa, aurkezleari edo interesdunari ahoz zein idatziz jakinarazi behar zaio hori; jakinarazpena aurkezte-idazkunaren bazterrean eginiko oharraren bidez agerraraziko da, eta erregistratzaileak hala eskatuz gero, jakinarazpena jaso duenak ohar hori sinatu behar du.

Betiere, 97. artikuluak aipatu hogeita hamar eguneko epea igarotakoan, erregistratzaileak kasuan kasuko kalifikazio-oharra egingo du, edota idatzagiria emango du kalifikazioaren arabera, salbu eta aurkezleak edo interesdunak ondokoa esaten dionean ahoz zein idatziz: agiria kendu zein akatsa ongitu nahi duela, edota ongitzeko moduko akatsaren ondoriozko aurreneurrizko idatzoharra eskatu nahi duela, hala denean; ezezkoaren oharra edo etete-oharra egitea eskatuko duela, horren arrazoiak azalduz; edota idazkuna egitearekin ados dagoela, onartu ez diren itun zein hizpaketak kenduta, eta kalifikazioak agindutako edukiarekin.

Aurkezte-idazkunean eginiko oharraren bidez agerrarazi behar da aukeratutako eragiketa.

430. artikulua

Erregistratzaileak ez badu egin aldez aurretik eskatu zaion inskripzioa, ongitzeko moduko akatsen bat dagoelako tartean, horren gaineko aurreneurrizko idatzoharra egingo da, legearen 42. artikuluaren 9. idatzatiaren arabera, aurkezleak edo interesdunak hala eskatuz gero.

Aurkeztutako agiria kendu izan bada, berriro ekarri beharko da Erregistrora, etete-idatzoharra egiteko.

431. artikulua

Zerbitzu-sariak ez ordaintzeagatik ez da atzeratuko aurkeztutako agirien idatzagiriak gauzatzea, ezta haien itzulketa ere, baina erregistratzaileak premiamendu-bidean kobra ditzake zerbitzu-sariok.

432. artikulua

1. Aurkezte-idazkunaren indarraldia hurrengo kasuetan luza daiteke:

a) Erregelamendu honen 97 eta 111. artikuluetako kasuetan, baldin eta horien aplikazioak idazkuna luzatzea badakar.

b) Agiria kendu denean, zergak ordaintzeko helburuarekin eta, aurkezte-idazkunaren indarraldian barrena, kudeaketa-bulegoak ez dizkionean itzuli agiriak interesdunari.

Kasu horretan, aurkezleak edo interesdunak eskabidea egiten badu idatziz eta, horrekin batera, inguruabar hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu badu Erregistroan idazkuna iraungi baino lehen, horren indarraldia ehun eta laurogei egunetara luzatzen da, datatik zenbatzen hasita.

c) Agiriren bat agerrarazteko beharrezkoa denean geroago aurkeztu den agiria inskribatuta egotea, idazkuna hogeita hamar egun luzatzen da, azken agiri hori inskribatu izan denetik edo agiri horri buruzko aurkezte-idazkuna iraungi denetik; dena den, hori gerta dadin, aurkezleak edo interesdunak hala eskatu behar du.

d) Aurkezte-idazkuna indarrean dagoen artean edo berori egin aurretik, prozedura kriminal batean epaileak erregistratzaileari agintzen dionean auziperatuak egiletsitako tituluen idazkunik ez egitea.

Kasu horretan, idazkuna luza daiteke, prozedura kriminala amaitu arte.

2. Aurkezte-idazkunen luzapenek eta, hala denean, ongitzeko moduko akatsen bat izateagatik aurreneurriz egindako idatzoharren luzapenek berez dakarte elkarren artean kontraesanekoak diren edo lotuta dauden tituluen aurkezte-idazkunak luzatzea, idazkun horiek aurrekoak zein gerokoak izan.

3. Aurkezte-idazkunen luzapena agerrarazi behar da idazkunon bazterretan eginiko oharren bidez.

4. Beste idazkunen bat luzatzeagatik eman diren idazkunak hogeita hamar egunetan iraungiko dira, harako idazkunak aipatu agiriaren idatzagiria egin denetik edo iraungi denetik zenbatzen hasita, salbu eta horren indarraldia luzeagoa denean.

433. artikulua

Aurkezte-idazkuna indarrean dagoen bitartean, aurkezleak edo interesdunak atzera egin dezake, erabat zein zati batez, inskripzio-eskabide horretan.

Atzera egitea erabatekoa denean, agiri publiko edo pribatuaren bidez egin daiteke, sinadurak notario bidez legitimatuta.

Atzera egitea agiriaren zati batekoa izanez gero, hori ahoz egin daiteke.

Betiere, atzera egiteko eskabidea agerrarazi behar da kasuan kasuko aurkezte-idazkunaren bazterrean jarritako oharraren bidez.

Atzera egitea ez da onartuko, atzera egite horrek oztopatzen duenean Erregistroan aurkeztutako beste agiri baten idazkuna egitea. Atzera egiteak bigarren agiria ere ukitzen badu eta interesduna berbera bada, onar daiteke atzera egite hori, bai eta interesdunak desberdinak izan arren, bigarren agiria aurkeztu duenak atzera egitea eskatu duenean ere, aurreko lerrokadako formalitate guztiekin.

Atzera egitea epai- edo administrazio-agiriei buruzkoa bada, Erregistroan aurkeztutako agiria edo manamendua eman duen agintari, funtzionario edo organoak dekretatu zein eskatu behar du atzera egitea.

Edozein kasutan ere, erregistratzaileak ezezkoa emango dio atzera egiteari, bere ustez horrek hirugarrenei kalteak eragiten dizkienean.

Ezezko hori aurkezte-idazkunean eta agirian nahiz eskabidean eginiko bazterreko oharraren bidez agerrarazi behar da, eta horren aurka, gobernu-errekurtsoa jar daiteke.

Atzera egitea onartutakoan, horrek ukitutako aurkezte-idazkuna edo idazkunak bazterreko oharraren bidez ezereztuko dira.

434. artikulua

Erregistroan aurkezten diren agiriak interesdunei itzultzen zaizkie, kasuan kasuko oharrarekin, behin horiek modu egokian erabilitakoan edota aurkezte-idazkunak iraungitakoan.

Idazkuna eginez gero, oharrak inguruabar hori adierazi behar du, egindako inskripzio edo idazkun mota adieraziz, baita horren liburukia eta folioa, finkaren eta inskripzioaren zenbakia edo, hala denean, egindako idatzoharraren letra ere.

Idazkuna titulu bakarrean jasotako hainbat finka edo eskubideri buruzkoa bada, betiere, finka zein eskubide bakoitzaren deskripzioaren bazterrean, aurrekoaz landa, kasuan kasuko idazkunaren liburukia, folioa, finka eta zenbakia edo letra aipatu behar dira.

Tituluaren idatzagirian adierazi ez diren aurretiazko zama edo mugapenak erakusten baditu Erregistroak, horiek desberdinak direla edo beste zama zein mugapen batzuk daudela bakarrik agerrarazi behar da idatzagiri-oharrean, gehiago zehaztu barik; Erregistroan agerrarazi bada Prozedura Zibilaren Legeko 1489. artikuluak ezarri zamen ziurtagiria eman dela, ziurtagiri hori zein prozeduratarako eman eta horren inguruabar guztiak aipatuko dira idatzagiri-oharrean.

Erregistratzaileak eskatu den idazkuna eteten duenean edo horri ezezkoa ematen dionean, titulua itzuliko du, etetearen edo ezezkoa ematearen arrazoia behar bezala azaltzen duen oharrarekin batera, eta, hala denean, egin den etete-idatzoharraren liburukia, folioa, finka eta letra aipatuko ditu, salbu eta agiria 427. artikuluko oharrarekin bakarrik itzultzeko eskatu denetan.

Etete edo ezezko horrek tituluan jasotako itun zein hizpaketaren bat edo finka nahiz eskubideren bat bakarrik ukitzen duenean, oharrean etetea edo ezezkoa eragin duen arrazoia azaldu behar da, salbu eta aurkezleak nahiz interesdunak adierazi duenean ados dagoela idatzagiria hizpaketa edo itun hori kenduta egitearekin, edota atzera egin duenean akatsak ukitutako finka edo eskubidearen gain eragiketaren bat gauzatzean; kasu horretan, oharrak adostasuna edo atzera egitea bakarrik adierazi behar du, baina ez etetearen edo ezezkoaren arrazoiak.

Gisa berean, idatzagiri-oharretan laburrean agerrarazi behar da eginiko idazkunaren izaera edo mota, tituluan eskatutakoaren edo adierazitakoaren modukoa ez denean.

Kasu horietan guztietan, erregistratzaileak sinatu behar ditu idatzagiri-oharrak.

Aurkeztutako tituluan oharra egiteko lekurik ez dagoenean, agiriaren oinean hasiko da, sar daitekeen hitza edo silaba jarrita, eta gero beste folio batean jarraituko da.

435. artikulua

Egun horretan, agiriaren oinean egindako oharraren modukoa jarriko da aurkezte-idazkunaren bazterrean.

Aurkezte-idazkunaren bazterrean oharra egiteko lekurik ez dagoenean, ohar horrek lekua duten beste aurkezte-idazkunen bazterrean jarraituko du, xehetasunez adieraziz oharrak non jarraitzen duen eta non hasten den, beste idazkun batzuen oharrekin ez nahasteko.

436. artikulua

Aurkezte-idazkunaren indarraldia igarotakoan ez bada agiririk eman, ez bada aurreneurrizko idatzoharrik egin ongitzeko moduko akatsen bat izateagatik, edo, hala denean, ez bada errekurtsorik jarri, orduan, ofizioz ezereztuko da idazkun hori, bazterreko oharraren bidez.

Errekurtsoa jarri bada, aurkezte-idazkunaren indarraldia amaitu baino lehen bazterreko oharra egin behar da, idazkun hori errekurtsoa ebatzi arte luzatzen dela agerrarazteko.

FINKEN IZENA ETA ZENBAKIA ALDATZEA

437. artikulua

Kaleen eta eraikinen izenak nahiz zenbakiak aldatzen badira edo finken zehaztapena ukitzen duen beste edozein aldaketa gertatzen bada, alkateek horren berri eman behar diete erregistratzaileei.

Aldaketa ikusita, erregistratzaileek aurkibideetan agerraraziko dute hori, eta inskripzio berria egiten denean, baita finken idazkunetan ere, baldin eta aurkezten den agiriak inguruabar berriak jasotzen baditu.

Interesdunek ahoz zein idatziz eska dezakete azken inskripzioaren bazterrean oharra egitea, udalaren erabakia, horren data eta zuzentzen diren inguruabarrak zehaztuz, alkatetzaren kasuan kasuko ofizioaren arabera; ohar horretan, erabakia non artxibatu eta artxibo horren zenbakia nahiz paper-sorta aipatu behar dira.

X. TITULUA ERREGISTROEN ZUZENDARITZA ETA IKUSKATZAILETZA

LEHENENGO ATALA Zuzendaritza Nagusia

ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ESKUMENA ETA ANTOLAKETA

438. artikulua

Zuzendaritza- eta kontsulta-organo gorena izanik, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak dira Jabetza Erregistroaren inguruko autu guztiak.

439. artikulua

Zuzendaritza Nagusiaren osagaiak dira: Zuzendari nagusia.

Teknikarien Kidego Berezia; kidego horretan sartzen dira zuzendariordea eta zuzendaritza-atalen beste horrenbeste ofizial nahiz laguntzaile legelariak.

Antolaketari buruzko lege eta xedapenek ezarritako administrazio-langileak.

Laguntzaile mekanografoak; eta Zerbitzuen beharrizanen araberako mendekoak.

ZUZENDARI NAGUSIA

440. artikulua

Zuzendari nagusia izendatzen da Ministroen Kontseiluak emandako dekretuaren bidez.

441. artikulua

Zuzendari nagusia Administrazio Zibilaren goiburua da, kargu horri dagokion ohore eta onurabideekin.

Zuzendaria Justizia-ministroaren menpe dago, eta horri aurkeztuko dizkio beraren adostasunarekin ebatzi behar diren autu guztiak; lege edo erregelamenduen arabera halako adostasunik behar ez duten ebazpenak zuzendariak berak emango ditu.

442. artikulua

Legearen 260. artikuluak zuzendari nagusiari emandako eskumenak eta erregelamenduak kasuan-kasuan ezarritakoak ez ezik, hurrengoak ere berari dagozkio:

1. Zuzendaritza Nagusia antolatzeko eraldaketa eta aldaketak proposatzea Justizia-ministroari.

2. Ministerioko idazkariordetzari proposamena egitea, hala administrazio-langileen eta zerbitzurako beharrezkoak diren laguntzaile mekanografoen destinoei dagokienez, nola horiek zuzendaritza zentroa uzteari dagokionez.

3. Zuzenean edo zuzendariordearen bidez, hori ikuskatzaile nagusia izanik, jabetza erregistroen goi ikuskatzailetza eta zaintza egikaritzea; ondore horretarako, zuzendari nagusiek zuzeneko harremanak dituzte lurralde audientzietako presidenteekin, lurralde horretako ikuskatzaile iraunkor gisa.

Kasu zehatzetan, eta zerbitzua hobea izan dadin beharrezkoa denean, eginkizun ikuskatzaile hori legearen 267. artikuluak zehaztutako organoei eskuordetu ahal zaie, kasu bakoitzean beharrezkoak diren eskumen guztiekin.

4. Beraren eskumeneko autuetan bidezko deritzen xedapen eta neurriak ematea, lege eta erregelamenduen arabera.

5. Zuzendaritzaren barne araubidea eta zerbitzuen banaketa erabakitzea.

6. Zuzendaritzaren urtekaria argitaratzea, teknikari kidegoaren, jabetza-erregistratzaileen eta horren mendeko gainerako kidegoen lerrundegiarekin eta legearen 260. artikuluaren laugarren zenbakiak aipatu datu estatistikoekin batera, bai eta bere eskumeneko xedapen orokorren eta izapide hutsak ez diren ebazpenen argitalpena baimentzea ere.

7. Hipoteka- zein notario-legeriak eta Erregistro Zibil, Merkataritzako Erregistro zein zuzendaritzaren ardura peko beste Erregistro bereziei buruzko legeriak emandako eskumenak, baita Jabetza Erregistrazaileen Elkargo Nazionalaren Erregelamenduak horren eskumeneko gaietan, mutualitate kontuetan, elkargokide bihurtzeko autuetan eta Erregistroko langile laguntzaileen inguruan emandakoak ere.

443. artikulua

Zuzendaria absente edo gaixorik egonez gero, edo beste ezintasun zuzenen bat izanez gero, zuzendariordeak beteko ditu haren eginkizunak, eta, halakorik izan ezean, lehenengo ofizialak edo erregelamenduak zehaztutako ordezkoak.

TEKNIKARIEN KIDEGO BEREZIA

444. artikulua

Teknikarien Kidego Bereziko plantila Zuzendaritza Nagusiko atalen araberakoa izango da, legearen 261. artikuluak zehaztu bezala; horretara, atal bakoitzak buru den ofizial legelari bat eta, gutxienez, legelari laguntzaile bat izango ditu.

445. artikulua

Zuzendariorde, ofizial eta legelari laguntzaileen karguei aplika dakizkieke hipoteka- eta notario-legeriak erregistratzaile zein notarioentzat ezarritako bateraezintasunak; betiere, karguok bateraezinak dira Herri Administrazioko edozein kargurekin.

446. artikulua

Teknikarien Kidego Bereziko funtzionarioek, Zuzendaritzan zerbitzuak eman badituzte, estatuaren aurrekontuetan zehaztutako hartzekoak izango dituzte.

447. artikulua

Zuzendari nagusiak gehienez hilabeteko lizentzia eman diezaieke zuzendaritza zentroan zerbitzuak eman dituzten funtzionarioei urtero, horretarako arrazoi zuzena izanda, eta zerbitzuaren adostasunarekin.

Epealdi luzeagoko lizentziak ministroak eman behar ditu.

Betiere, eskabideak zuzeneko buruaren bidez egingo dira, eta horrek txostena egin behar du.

448. artikulua

Zuzendariorde, ofizial eta laguntzaile legelarien kasuan postu hutsak geratzen badira, horiek antzinatasun zorrotzeko igoeraren bidez hornituko dira, legearen 262. artikuluan eta argitaratutako azken urtekariko kidego-lerrundegian ezarritakoaren arabera.

449. artikulua

Zuzendaria edo horren ordezkoa izango da legearen 266. artikuluak aipatu ofizialen batzaburua, eta idazkari moduan jardungo du, atalburu den ofizial legelari berrienak.

Bidezkoa denetan, Zuzendaritza Nagusiko beste legelariek ere parte har dezakete batzarraldietan, eurek esan beharrekoa entzunez eta botoa emanez.

Zuzendaritzan batzaren bileretako aktak eramateko liburua zainduko da, eta batzarraldira joandako guztiek sinatu behar dituzte aktak.

Ofizialen Batzak irizpena eman behar du Notariotzako Dekanoen Batzak edo Erregistratzaileen Elkargo Nazionalekoak txostena egin behar duen kasuetan, bai eta Estatu-kontseiluak irizpena eman behar duenetan ere.

Zuzendaritza Nagusiak edo Ministerioak hartutako erabakia edozein izanda ere, legearen arabera beharrezkoa bada Ofizialen Batzari kontsulta egitea, argitaratzen den xedapen edo ebazpenean hurrengo esaldia adierazi behar da, kasuan-kasuan: «entzunda» edo «Zuzendaritza Nagusiko Kontsulta-batzaren adostasunez».

450. artikulua

Teknikarien kidegoan oposizio bidez sartu behar da, bai zuzenean, bai erregistratzaileen eta notarioen kidegoetan sartzeko oposizioaren bidez ere; horrez gain, legearen 262. artikuluan eta erregelamendu honetan ezarritako betekizunak gauzatu behar dira.

Eskalan aurrera egitearen ondorioz legelari laguntzaileen taldean bi postu huts geratzen direnean, horiek txandaka bete behar dira: bata, zuzenbideko lizentziadunen arteko oposizioaren bidez, horiek gizonezkoak eta hogeita hiru urtekoak baino nagusiagoak badira eta erregelamenduko beste baldintzak betetzen badituzte, eta bestea, txandaka, karguan bost urte baino gehiago daramaten jabetza-erregistratzaileen eta notarioen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez; azken horiek plaza lortuz gero, eszedentzia egoeran geratzen dira euren jatorrizko lerrundegian.

Txanda horietarik batean postu hutsen bat betetzen ez bada, postu hori hurrengo txandan hornituko dela iragarri behar da.

ZUZENEKO OPOSIZIOA

451. artikulua

Lehenengo txandari dagozkion plazak hornitzeko, Zuzendaritza Nagusiak oposizioetarako deialdia egingo du, postua hutsik geratu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta ariketak deialdiaren osteko sei hilabeteetan egin behar dira.

Deialdia «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean iragarri behar da.

452. artikulua

Hobeto epaitzeko, Zuzendaritza Nagusiak orotariko txostenak galda diezazkieke eskatzaileei eta behin betiko erabakia hartuko du oposiziogileak onartzeari buruz edota lege zein erregelamenduaren araberako gaitasuna izateari buruz, betiere, Ofizialen Batzari entzun eta gero.

453. artikulua

Ariketak lau izango dira, denak jendaurrekoak, eta honexetan dautza: Lehenengoan, hurrengo gaien inguruko sei galdera erantzun behar dira: hiru, zuzenbide zibil erkide eta foru-zuzenbide zibilaren ingurukoak, eta hiru hipoteka-legeriari buruzkoak.

Bigarrenean, beste zazpi galdera erantzun behar dira: bi, notario-legeriaren ingurukoak; bat, Erregistro zibilekoa; beste bi, merkataritzako zuzenbidekoak; bat, administrazio-zuzenbidekoa; eta beste bat, eskubide errealen gaineko zergaren legeriari buruzkoa.

Hirugarrenean, zuzenean itzuli behar dira bi testu, oposiziogileak aukeratutako atzerriko bi hizkuntzatan.

Eskaera-orrian hala eskatuz gero, oposiziogileak modu berean egiazta dezake beste hizkuntza batzuk ere badakizkiela.

Laugarrenean, erregistratzaileen kalifikazioaren kontrako gobernu-errekurtsoa konpondu behar dute, edota zuzenbide zibil, merkataritzako zuzenbide, administrazio-zuzenbide, nahiz hipoteka-, notario- zein Erregistro Zibilaren zuzenbideari buruzko zalantzazko atalen baten inguruko kontsulta erantzun behar dute.

454. artikulua

Lehenengo eta bigarren ariketak egiteko, deildiarekin batera «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko da Zuzendaritza Nagusiaren mendeko kidegoen egitarauen moduko galderasorta.

455. artikulua

Oposizioak epaimahai baten aurrean egin behar dira, eta hori ministerio-aginduaren bidez izendatu behar da. Epaimahai horretan egongo dira:

Erregistroen eta Notariotzaren zuzendari nagusia, presidente gisa.

Zuzendariordea.

Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionaleko dekanoa.

Madrilgo Notario Elkargoaren dekanoa.

Unibertsitate Zentraleko Zuzenbide Fakultateko katedradun titular bat; eta Zuzendaritza zentroko bi ofizial legelari.

Ofizial legelarien mahaikiderik berrienak idazkari moduan jardungo du.

Halaber, hizkuntzen ariketan parte har dezakete hizkuntzen bi irakasle ofizialek edo Kanpo Arazoetarako Ministerioko Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoko bi funtzionarioek, aholkulari gisa.

456. artikulua

Erregelamendu honetan oposizioen inguruan garatu ez diren gaiak, oposiziogileen eskabideei, epaimahaiaren jardunbideari, ariketak egiteari edota oposizioa gainditu duten oposiziogileen proposamenari buruzkoak, erregelamendu berezi batean jorratuko dira.

MEREZIMENDUEN LEHIAKETA

457. artikulua

Legearen 262. artikuluko baldintzen arabera, zerbitzuan bost urte baino gehiago eman dituzten jabetza-erregistratzaileen eta notarioen artean hornitu behar diren postu hutsak «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean iragarri behar dira, merezimenduen lehiaketarako, interesdunek eskabideak eta egiaztagiriak aurkez ditzaten hogeita hamar egun baliodunen epean.

458. artikulua

Lehiaketa horretan ondokoak aintzat hartuko dira bereziki: ikerketa juridikoaren inguruko lanak, merezimendu akademikoak, Ministerioaren mendeko kidegoetan emandako zerbitzu bereziak eta hizkuntzen jakitea.

459. artikulua

Eskatzaileek eskaera-orrian ondokoa adierazi behar diote Zuzendaritza Nagusiari, euren erantzukizunpean:

1. Euren administrazio-egoera, erregistratzaile edo notario karguan emandako zerbitzuak zehaztuz.

2. Merezimenduen zerrenda, bereziki lehiaketan aintzat hartzen direnena, eta alegatu nahi diren beste guztiena.

3. Kargua edo karguak betetzean diziplina-zehapen edo -zuzenketarik ez jasotzearen zinpeko adierazpena, edota, hala denean, jasotako zentzagarrien adierazpena.

Azken kasu horretan, Zuzendaritza Nagusiak zuhurtziara erabaki dezake zentzagarripekoa onartzea edo eskatzaileen zerrendatik at uztea.

Eskaera-orri horrekin batera, alegaturiko merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira, horiek ez daudenean Zuzendaritza zentroan.

Hizkuntzak jakitea alegatzen bada, oposizioetarako ezarri bezala egiaztatu behar da jakite hori.

460. artikulua

Lege eta erregelamenduaren arabera gaitasuna dutenen zerrenda «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean iragarriko da.

Hala behar denean, iragarki horretan deialdia egin dakieke postugaiei, hizkuntzen ariketa egin dezaten.

Ariketa horretan, Zuzendaritzak irakasle edo interpretatzaileei aholkua eska diezaieke, oposiziorako ezarritakoaren arabera.

461. artikulua

Eskabide eta egiaztagiriak, lortutako orotariko txostenak eta, hala denean, hizkuntza-ariketaren emaitza aztertutakoan, Zuzendaritza Nagusiak lehiaketa ebatziko du, postugaien merezimenduak kontuan hartuta, eta kasuan kasuko izendapenak proposatuko ditu.

462. artikulua

Legearen 263. artikuluaren azkenaurreko lerrokadaren ondoreetarako, Teknikarien Kidego Bereziko funtzionarioak notariotzatik etorri eta jabetzaerregistratzaileen plaza lortzen dutenean lehiaketa bidez, azken kidego horren lerrundegian kasuan kasuko zenbakia hartuko dute, zuzendaritza zentroan karguaz jabetzen direnetik lortutako antzinatasunaren arabera.

Halaber, eta kasu berean, erregistratzaileen kidegotik datozenek Teknikarien Kidego Berezi horretan duten antzinatasunaren araberako zenbakia izango dute notarioen lerrundegian.

463. artikulua

Postuak jabetzapean hornitzeko epeak zorrotz bete behar diren arren, Zuzendaritzako legelarien postu hutsak bitartean betetzeko, lehentasuna izango dute hala eskatzen duten erregistratzaile eta notarioek, eta, halakorik izan ezean, plaza horietarako oposizioetan parte hartzeko legezko gaitasuna dutenek.

Izendapenak ministerio-aginduaren bidez egin behar dira.

BARNE ARAUBIDEA

464. artikulua

Gai bakoitzaren inguruko legeria kontuan hartuta eta zuzendari nagusiaren proposamenez, Justizia-ministroari dagokio Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuak atal eta bulegoetan banatzea, zentro horretako funtzionarioen eginbeharrak finkatzea, edota zuzendaritzaren eskumeneko adarren inguruko autuak ahalik arinen eta ondoen burutzeko beharrezkoa den guztia zehaztea.

465. artikulua

Administrazio kidegoko langileek eta Zuzendaritzari atxikitako laguntzaile mekanografoen kidegoko langileek euren eskubideei eutsiko diete; langileok ministerioaren plantila orokorrean agertuko dira, eta 1917ko uztailaren 9ko Erregelamenduaren menpe geratuko dira.

Zuzendari nagusiak zehaztuko du zenbat administratzaile eta laguntzaile mekanografo behar diren Zuzendaritzari emandako zerbitzuak betetzeko, eta idazkariordetzari atxikipen egokiak proposatuko dizkio, bai eta zuzendaritza zentroan lekualdaketen edo beste arrazoi baten ondorioz gertatzen diren postu uzteak ere.

Langileak zuzendaritza zentroari atxikitakoan, horren araubide eta diziplinaren menpe geratuko dira.

Zuzendaritza Nagusiak bertako zerbitzuetan izandako hutsegiteen ondoriozko espedienteak instruituko ditu.

Baimenak edo lizentziak emateko, Zuzendaritza Nagusiak kontuan izan beharko du Ministerioaren araubide orokorrak baldintzen eta iraupenaren inguruan ezarritakoa.

2. ATALA Erregistroen ikuskapena

IKUSKATZAILETZA ZENTRALA

466. artikulua

Zuzendariordeak zuzenean gauzatuko ditu Zuzendaritza Nagusiaren ikuskapen eta zaintza gorena, legearen 267. artikuluaren arabera, eta horrek ikuskatzaile zentralaren izaera zein eskumenak izango ditu; zuzendariorderik izan ezean, zuzendari nagusiak izendatutako ofizial legelarietarik batek beteko ditu eginkizun horiek.

Ulertzen da horrek guztiak ez diola kalterik egiten zuzendari nagusiaren ahalmen gorenari.

467. artikulua

Ikuskapen horretaz arduratzen diren funtzionarioek erregelamenduaren araberako dietak eta biderakoak sortuko dituzte, horretarako aurrekontuetan agertzen den partidaren kontura.

468. artikulua

Kasu zehatzetan, ikuskatzailetza zentralak atalaren txostena jaso ostean, Zuzendaritza Nagusiari proposa diezaioke eskuordetza berezia erabakitzea lurralde audientzietako presidenteengan, Erregistratzaileen Elkargo Nazionalean edo edozein jabetza-erregistratzailerengan.

Eskuordetza Erregistratzaileen Elkargoan egiten denean pertsonarik esanbidez izendatu gabe, bertako Zuzendaritza-batzak izendatuko ditu horretaz arduratu behar diren erregistratzaileak.

Legearen 267. artikulu horren arabera, eskuordetzarekin batera kasuan-kasuan beharrezkoak diren eskumenak eta jarraibideak emango dira, eta izendatutakoei nahiz erregistratzaileari horren berri eman behar zaie.

AUDIENTZIETAKO PRESIDENTEEK EGINIKOA

469. artikulua

Lurralde bateko erregistroetako ikuskatzaile iraunkor moduan, audientzietako presidenteek bidezko deritzeten adina bisita egin ditzakete, erregistroen egoera zein funtzionamendua ezagutu eta Zuzendaritza Nagusiari horren inguruko informazioa emateko edozein unetan.

470. artikulua

Legearen 269. artikuluak aipatu eskuordetza idatziz egin behar da kasu bakoitzerako, eta horren berri emango zaio izendatutako erregistratzaile, magistratu edo epaileari.

471. artikulua

Legearen artikulu horren ariora, presidenteek urteko partea bidali behar dute zuzendaritza zentrora, ikuskapenaren emaitza moduan; parteak honako aldeak adierazi behar ditu nahitatez, lurraldeko erregistro bakoitzaren inguruan:

1. Urtean eginiko aurkezte-idazkunak, bazterreko oharrak legezko epean egin diren edo ez zehaztuz.

2. Erregistratzaileak edo horren legezko ordezkoak aurkezte-idazkunak sinatu dituelako, edota, hala denean, idazkunok sinatu ez direlako inguruabarra.

3. Liburu nagusi zein laguntzaileetan, aurkibideetan, agirietan, paper-sortetan, edota Erregistroko bulegoaren lokalean antzemandako aipamen-ezak, formalitate-akatsak nahiz barne eta kanpo akatsak, baita kasuan-kasuan hartutako neurriak eta horien betearazpena ere.

4. Aurkeztuta baina inskribatzeke dauden agirien kopurua.

5. Erregistratzaileen jokabidearen inguruan edo lanbide-eginbeharrak betetzearen inguruan jasotako txostenak eta, hala denean, kexak.

SEIHILEKO ZIURTAGIRIAK

472. artikulua

Legearen 270. artikuluaren arabera, urte bakoitzeko ekainaren 30ean eta abenduaren 31n erregistratzaileek ziurtagiri bikoiztua bidali behar diote audientziaren presidenteari, eta bertan euren erantzukizupean agerrarazi behar dute Erregistroaren egoera, aurreko artikuluaren lehenengo lau zenbakietan zehaztutako datuak aipatuz.

Halaber, agiriak eman badira 97. artikuluak ezarritako hamabost eguneko epetik kanpo, kasuok ziurtagiri horretan jaso behar dira.

Aldi berean, ziurtagiri horren kopia bidali behar zaie Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari eta Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionalari, idazki bereizi batean ondokoa zehaztuz: erregistratzailea; agiria emateko aurreko artikuluak aipatu hamabost eguneko epea luzatzearen arrazoiak; liburu-egunkariko bazterreko oharrak sinatu dituzten erregistratzaileak, oharrok egiteko egunak eta arrazoiak azalduta; bai eta Erregistroaren egoera ezagutzeko interesgarria izan daitekeen beste edozein alde ere.

Seihilekoaren azken egunean ez bada ziurtagiririk eman, egun hori baliogabea izateagatik edo zuzenbidearen araberako beste edozein arrazoiren ondorioz, atzerapenaren zergatia azalduko da, eta ziurtagiria hurrengo egun baliodunean emango da.

Horrez landara, indarreko legeriak erregistroen ibilbideari jarritako zailtasunak edo oztopoak eta horien konponbidea adieraziko dituzte erregistratzaileek, hala behar denetan.

Zailtasun edo oztopo horiek isilpean gordetzen badira, eta, horren ondorioz, konponbidea xedapen orokorren edo ebazpen berezien bidez atzeratu bada, hori hutsegitea izango da, eta erregistratzaileari kasuan kasuko zuzenketa jarriko zaio.

473. artikulua

Lurralde audientzietako presidenteek seihileko ziurtagiri horiek aztertuko dituzte, eta euren iritzirako behar bezala egin ez direnak itzuliko dituzte, hamabost eguneko epean berriro egin daitezen.

474. artikulua

Ziurtagiri horien bidez edo eginkizun ikuskatzailearen ondorioz Erregistroren batean akatsak edo irregularitateak antzeman direnean, audientzietako presidenteek horiek ongitzeko neurriak hartuko dituzte, legearen 271. artikuluaren arabera, eta Zuzendaritza Nagusiari horren berri emango diote.

475. artikulua

Erregistratzaileari esan bazaio formalitate akatsen bat ongitzeko, hori egin duela egiaztatu behar dio idatziz audientziako presidenteari.

476. artikulua

Norbaitek Erregistroren batean akatsa, formalitaterik eza edo iruzurra egin dela jakin badaki, horren gaineko salaketa idatziz aurkez diezaioke Zuzendaritza Nagusiari edo kasuan kasuko lurralde audientziako presidenteari, bai zuzenean, baita lehen auzialdiko epailearen bidez ere.

Zuzendaritzaren edo presidentearen ustetan salaketa ez bada bidezkoa, horiek ez dute berori aintzat hartuko; bestela, salatutako egitateak arakatzeko beharrezkoak deritzeten neurriak har ditzakete, behin erregistratzaileari, eta, hala denean lehen auzialdiko epaileari eta barrutiko notarioari entzundakoan.

BISITAK

477. artikulua

Zuzendari nagusiak bidezko deritzonean, eta Ikuskatzailetza Zentralaren proposamenez edo halakorik gabe, erabaki dezake jabetza erregistroetara bisitak egitea.

478. artikulua

Audientzietako presidenteek nahitaez egin behar dituzte ikuskapen-bisitak:

1. Zuzendaritza Nagusiak hala agintzen duenean.

2. Euren lurraldeko Erregistroren batean egitate larriren bat gertatu dela dakitenean, horren berri berehala emanez zuzendaritza zentroari.

479. artikulua

Bisita egiten duen funtzionarioa edozein izanda ere, berak proposatutako idazkariarekin batera joan behar da.

480. artikulua

Bisita egitea erabakitzen denetan, adierazi behar da hori orokorra edo berezia den; lehenengo kasuan, bisitak ukitu beharreko epealdia zehaztuko da, eta, bigarrenean, aztertuko diren liburu eta agiriak zehaztuko dira, edota bisitak ukituko dituen beste berezitasunak, bai eta hori egiteko modua ere.

KONTSULTAK

481. artikulua

Legearen 273. artikuluaren arabera, erregistratzaileak kontsultaren bat egiten badu idazkuna egitea oztopatzen duen zalantza baten inguruan, lege horren 42. artikuluko bederatzigarren zenbakiaren araberako aurreneurrizko idatzoharra egingo du, eta idatzohar horrek indarrean iraungo du, harik eta kontsultaren emaitza erregistratzaileari jakinarazi arte.

Idatzohar horrek ez du zerbitzu-saririk sortuko.

XI. TITULUA JABETZA ERREGISTROEN MUGAPEA ETA ERREGISTRATZAILEEN IZENDAPENA, EZAUGARRIAK NAHIZ EGINBEHARRAK

LEHENENGO ATALA Erregistroen mugapea

MUGAPEA

482. artikulua

Justizia Ministerioak erabaki behar du jabetza erregistroak sortu edo kentzea, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez eta behin espedientea gauzatutakoan; espediente horretara ekarriko dira hala datu estatistikoak, nola toki agintariek, jabetza-erregistratzaileek, notarioek, lehen auzialdiko epaileek, lurralde audientziako presidenteak eta Erregistratzaileen Elkargo Nazionalaren Batzak emandako txosten arrazoituak.

Ebazpena Ministroen Kontseiluan erabakitako dekretuaren bidez emango da, behin Estatu-kontseiluari entzundakoan.

483. artikulua

Legearen 275. artikuluaren azken lerrokadak aipatu lurralde-mugabarruak eta hiriburua alda daitezke aurreko artikuluan araututako espedientearen moduko beste baten bidez, eta horren gaineko ebazpenak ministerio-aginduaren forma izango du.

484. artikulua

Erregistroen lurralde-mugabarrua aldatzea erabaki denean, bai horiek sortu edo kendu direlako, bai udal-mugarte osoa zein horren zati bat bereizi delako, aldaketa erregistratzaile interesdunek egin behar dute, zuzendaritza zentroak zehaztu epean; horretarako, itxiera-eginbide egokia egingo da lekualdatu beharreko liburuetan, eta liburu horien, inbentario, paper-sorta nahiz agirien inbentario bikoitza egingo da, liburuok nork eman eta noren ardurapean geratu, eta titular horiek sinatuta. Inbentarioaren ale bana utzi behar da bulego bakoitzean.

Aurreko lerrokadak aipatu epea agortutakoan, Erregistroa modu automatikoan itxiko da, Erregistro berriaren lurralde-mugabarruko finken gaineko eragiketentzat.

Eman ez diren liburuetako idazkunak aldatu nahi direnean, aldaketok ziurtagirien bidez egingo dira, Erregistroko eragiketei begira beharrezkoa izan ahala.

Dena dela, hiriburu bereko erregistroen kasuan, idazkunak liburu berrietara lekualda daitezke, bereizketak izango balira bezala, eta eginiko inskripzioaren oinarri diren beharrezko inguruabarrak liburu zaharretatik hartuko dira, datuok zein inskripzio, liburuki eta foliotatik datozen aipatuz eta hurrengoa agerraraziz: finken indarreko deskripzio osoa, Erregistroaren arabera; finkak dituen orotariko zama, karga, baldintza eta mugapenen zerrenda, eta eskualdatzailearen eskuraketa-titulua, notario zein funtzionario eskueslea eta titulu hori Erregistroan aurkezteko ordua eta data aipatuta.

Jarraian, inskribatzen den tituluak erregelamenduaren arabera behar dituen gainerako inguruabarrak agerraraziko dira.

Lehenengo lekualdaketa-inskripzioak bi titularrek sinatu behar dituzte.

Liburu zaharrak iraunaraziko dituen erregistratzailearen sinadurak ondokoa besterik ez du ziurtatzen: lekualdatutako datuak bat datozela bete-betean finkak liburu zahar horietan duen egoera juridikoarekin; erregistratzaile horrek itxiera-eginbide laburra jarriko du liburuotan azken inskripzioaren ostean, eta eginbide horretan finkaren atala, liburukia, liburua, folioa nahiz zenbakia zehaztuko ditu, bai eta finka hori zein inskripziotara lekualdatzen den ere.

Eginbide horren ostean ezin daiteke inolako eragiketarik egin folio zaharrean, bertako idazkunen bazterretan egin beharreko oharrak izan ezik.

Liburuak lekualdatzeagatik erregistroetako liburukien zenbaketa orokorra aldatu behar bada, zenbakiok zuhurtziara zuzenduko dira, eta aldaketa aktan jasoko da; akta horren ale bat Erregistroan geratuko da, eta bestea Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaio.

Liburuak eta agiriak lekualdatu ostean, lekualdaketak zein herri ukitu, eta erregistratzaileak herri horietako iragarki-oholetan eta ohiko lekuetan argitaratuko du noiztik egiaztatu behar diren Erregistroan lekualdatutako finken eragiketak.

Zuzendaritza Nagusiak erregistratzailearen txostena jasotakoan ebatziko ditu zalantza edo zailtasunak.

485. artikulua

Legearen 275. artikuluaren bigarren lerrokadaren kasuan, bi titular dituzten erregistroetako barne araubidea hurrengo erregelen menpe geratzen da:

a) Erregistratzaile bakoitzari dagokio eragiketen liburu-egunkariko idazkunak eskuestea, aurretiaz eurek idatziz finkatu duten epealdian zehar.

Adostasunik izan ezean, hilabete naturalen arabera gauzatuko dute zeregin hori, eta denbora gehien daraman funtzionarioari hilabete bakoitiak esleituko zaizkio.

b) Titular bakoitzak idatziz hitzartu duenaren arabera egingo ditu aurkeztutako agirien kalifikazioa eta idatzagiria, eta emango ditu ziurtagiriak.

Hitzarmenik izan ezean, agiriak aurkezteko ordu ofizialen ostean, zozketa egingo da egunero, jakiteko zein erregistratzaileri dagokion zenbaki bakoitiarekin aurkeztutako tituluen kalifikazioa eta idatzagiria egitea; beste erregistratzaileari gainerako tituluak dagozkio.

Halaber, lehenengo horren ostean egindako beste zozketa baten bidez erabakiko da, zein titularrek eskuetsi behar dituen ziurtagiriak, eta, horretarako, zenbaki bat emango zaio eskabide edo manamendu bakoitzari, bulegoan sartzean.

Kalifikazioa egiteko erregelamenduaren araberako bateraezintasunen bat izanez gero, beste titularrak gauzatuko du eginkizun hori.

c) Kalifikazioa egiten ari den erregistratzaileak uste badu eskatutako eragiketa oztopatzen duten akatsen bat dagoela, berehala eta idazki arrazoitu baten bidez eman behar dio horren berri titularkideari; horrez gain, agiriak emango dizkio horri, eta berak uste badu harako eragiketa bidezkoa dela, bere erantzukizunpean egingo du, txandak aldatu gabe.

d) Titulua kalifikatzen duen erregistratzaileak eskumena izango du titulu horren inguruan gertatutako gorabehera, eragiketa, errekurtso edo kexen gain, eta eragindako idazkun zein oharrak sinatuko ditu.

e) Erregistratzaile bakoitzak egiten dituen eragiketen zerbitzu-sariak arautuko ditu, bere erantzukizun hutsaren menpe.

f) Hilean jasotako zerbitzu-sari guztiekin, funts bat eratuko da, eta bertatik ondokoak kendu behar dira: zerbitzusarien gaineko zerga eta gainordainen zenbatekoa, mutualitateari eginiko ekarpenak, gizarte-aseguruak eta zerbitzuak eragindako gastu guztiak, hala langileen ziozkoak, nola material, etxe eta bestelako kontzeptuen ondoriozkoak.

Gerakina erdi bana banatuko da bi titularren artean.

g) Erregistroko langile laguntzaileen plantila eta horiek ordaintzeko zerbitzu-sari zatiaren zehaztapena langile horien antolaketarako erregelamenduan ezarritakoaren arabera egingo da, betiere, bi erregistratzaileen arteko adostasunarekin.

Desadostasuna izanez gero, bakoitzak Erregistratzaileen Elkargoko Zuzendaritza-batzari aurkeztuko dio bere proposamena, horrek behin betiko ebazpena eman dezan.

h) Hipoteka Legeak eta horren Erregelamenduak jabetza-erregistratzaileei emandako eskumenak bulegoaren barne araubideari, artxiboaren segurtasun nahiz zaintzari edota jendea hartzeko orduei buruz, eta, oro har, zuzenean agirien kalifikazio eta idatzagirien ingurukoak ez diren eskumen eta ahalmen guztiak oso-osorik dagozkio denbora gehien daraman erregistratzaileari, eta berorrek izango ditu gai horren inguruan Hipoteka Lege eta Erregelamenduak ezarritako eginbeharrak ere.

Edu berean, erregistratzaile horrek hartuko ditu, langile laguntzaileen eta elkargo nazionalaren erregelamenduek erregistratzaileei emandako ahalmen eta betebeharrak, langile horien eta jabetza-erregistratzaileen zein langileon mutualitatearen inguruan.

i) Erregistratzaileok elkarren ordezko izango dira absentzia nahiz gaixotasun kasuetan, eta ordezko moduan gauzatutako egintza zein eragiketen gaineko erantzukizuna izango dute.

Titularren batek kargua uztean, postu hutsa bitartekoak beteko du, 490 eta 495. artikuluek zehaztu bezala.

j) Merkataritzako Erregistroaren despatxoa eta erregistratzaileei emandako gainerako zerbitzuena aurreko arauei egokitu behar zaizkie.

486. artikulua

Bi titular dituen Erregistroa banatu denean, denbora gehien daraman erregistratzaileak Erregistroa aukeratzeko eskubidea izango du, eta hamabost eguneko epean aukeratutakoaren berri eman behar dio zuzendaritza zentroari, kasuan kasuko ondoreetarako.

Denbora gutxien daraman erregistratzaileak aukeratu ez duen Erregistroan jarraituko du, baina beste Erregistro-lehiaketa batean parte har dezake, 497. artikuluko mugapenik gabe.

487. artikulua

Hainbat Erregistro dituzten herrietan, ahal izanez gero, erregistrook eraikin berean edo albokoetan jarri behar dira.

488. artikulua

Bulegoak behin-behinean lekualda daitezke, inguruabar bereziak direlaeta erregistratzaileek ezin dituztenean euren eginkizunak bete, edota horiek betetzeko, zuzenbidearen araberakoak ez diren agintariek ezarritako egintza, funtzionario edo agiriak onartu behar dituztenean, zuzenbidearen araberakoak izango balira bezala.

Kasuan kasuko presa eta inguruabarrak kontuan hartuta, erregistratzaileek zuzendaritza zentroari eman behar diote lekualdaketa egiteko moduaren berri, bai eta Erregistroa nora lekualdatu eta toki horren berri ere; erregistratzaileok zuzendaritza zentroaren jarraibideak bete behar dituzte, horiek ez badatoz bat behin-behinean hartutako neurriekin.

2. ATALA Erregistratzaileen izendapena, ezaugarriak nahiz eginbeharrak

POSTU HUTSAK HORNITZEA

489. artikulua

Erregistroetan postu hutsak geratuko dira bertan zerbitzuak ematen dituzten titularren heriotza, erretiroa, eszedentzia, uko egitea, borondatezko zein nahitaezko lekualdaketa edo kentzea gertatzen bada; postu hutsok lehenengo bitartean hornituko dira, eta gero jabetzapean, erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera.

A. BEHIN-BEHINEAN

490. artikulua

Erregistroetan edozein arrazoiren ondorioz postu hutsak geratzen badira, eta hori gertatzean lerrundegiko azken hereneko erregistratzaileak zerbitzuak ematen aritu badira beraietan, lehenik eta behin plazarik lortu ez duten postugaiek beteko dituzte postu huts horiek euren hurrenkeraren ariora, eta, halakorik izan ezean, erregistratzaileek, Zuzendaritza Nagusiak onetsitako ordezpen-zerrenda kontuan hartuta.

Bitartekoa izendatzeko, kontuan hartuko da postugaien zerrenda edo ordezpen-zerrendako kasuan kasuko erregistratzaile-hirukotea, eta, halakorik izan ezean, zerrendatik kanpoko erregistratzailea izendatuko da.

Erregistroa eratu bada beste bat zatitu edo bereiztearen ondorioz, eraketa hori ez da eragingarria izango, izendatutakoak kargua jabetzapean hartu arte.

491. artikulua

Ordezpen-zerrendaren arabera erregistratzaileari bitarteko moduan badagokio Erregistroan izatea eta ezin badu halakorik egin arrazoi zuzen baten ondorioz, Zuzendaritzak askatasunez izendatuko du bitartekotasun horretaz arduratuko den erregistratzaile titularra.

492. artikulua

Erregistratzaile titularrak postu hutsa uzten duenean, ulertzen da ez duela Erregistroa uzten harik eta bitarteko moduan diharduen erregistratzaileari postu huts hori eman arte; Zuzendaritza Nagusiak telegrafoz adierazi behar dio erregistratzaile horri bitarteko moduan jarduteko agindua, erregistratzaile titularrari horren berri noiz eman, eta egun berean.

Erregistratzailea ezin denean lekualdatu bitarteko moduan jardun behar duen Erregistrora edo bestelako aitzakia zuzenen bat duenean, telegrama jaso eta hurrengo 24 orduetan jakinarazi behar dio aitzakia Zuzendaritza Nagusiari.

Erregistratzailea karguaz jabetuko da telegrama jaso eta hirugarren egunean, penintsulatik kanpo dauden erregistroen kasuan izan ezik; halakoetan, epea hamar egunetara zabaltzen da.

Epe-muga horiek igarotakoan ezin izan bada bete aurretiaz agindutakoa, bitarteko moduan deitutakoa hil bada edo beste kasu bereziren bat gertatu bada, postu hutsa utzi duen erregistratzaileak horren berri emango dio Zuzendaritza Nagusiari baliabide telematikoak edo telegrafikoak erabilita; Zuzendaritzak kasuan kasuko erabakia hartuko du, zerbitzuaren beharrizanen arabera.

493. artikulua

Bitarteko erregistratzaileak legearen 292. artikuluko ahalmena egikari dezake, eta erregistratzaile hori karguaz jabetzen denetik aurreko titularrak artikulu horren arabera izendatutako pertsonak kargua utziko du.

494. artikulua

Ulertzen da bitarteko erregistratzaileak legezko egoeran daudela, Erregistroa jabetzapean edo bitarteko moduan daramatenean.

Bitartekotasuna amaitzen da titular berria karguaz jabetzen denean; bitartekoak zein Erregistrotako titularrak izan eta bertara itzuli behar dira bitarteko kargua utzi eta hurrengo hiru egunetan, edo hamar eguneko epean, Penintsulatik at dauden bulegoen kasuan.

Bitarteko erregistratzailea zein Erregistrotako titularra izan eta Erregistro hori utziz gero, Zuzendaritza Nagusiak agintzen duenean bakarrik amaituko da bitartekotasuna.

495. artikulua

Adina dela-eta erretiroa hartzen duten erregistratzaileek karguari esanbidez uko egin ezik, euren bulegoetan jarraituko dute titular berria karguaz jabetu arte; erregistratzaileok kargua jabetzapean bete dutenen eskubide eta betebeharrak izango dituzte, baina, mutualitateari begira, behin-behineko erregistratzaile moduan hartuko dira, baldin eta bi hilabete igaro badira erretiroa hartzeko adina bete dutenetik.

Pentsio pasiboen ondoreetarako zein gainerako legezko ondoreetarako, ulertzen da postu hutsak erretiro-xedapenaren datan gertatu direla.

B. JABETZAPEAN

496. artikulua

Zuzendaritza Nagusian liburu bat eraman behar da, jabetzapean hornitu behar diren postu hutsak agerrarazteko.

Lekualdaketa kasuetan, ulertzen da postu hutsa gertatu dela Erregistroko titularra beste Erregistro baterako izendatzen denean; erretiro, eszedentzia, uko egite, nahitaezko lekualdaketa zein banantze kasuetan, kasuan kasuko aginduaren data izango da postu hutsaren data; eta postu hutsa titularra hiltzeagatik gertatu bada, Zuzendaritza Nagusiak heriotzaren berri noiz izan, eta egun hori hartuko da postu hutsaren datatzat.

497. artikulua

Legearen 284. artikuluaren ariora Erregistroak hornitu behar direnean, hornikuntza hori lehiaketaren bidez egingo da; lehiaketa Zuzendaritza Nagusiak irekiko du, eta kasu bakoitzean sartu behar dira, hala aurreko lehiaketaren postu hutsak, nola lehiaketaren iragarkiaren aurreko eguna arte gertatzen direnak.

Lehiaketetan parte hartzeko, urtebete igaro behar da eskatzaileak zein Erregistrotan zerbitzuak eman eta kargu horretaz jabetu denetik.

Hori gorabehera, kendu diren edo lurralde-mugabarrua aldatu duten Erregistroen titularrek lehiaketetan parte har dezakete halako mugapenik gabe.

Jabetzapean lortutako lehenengo izendapenaz geroztik, kidegoan sartu diren erregistratzailegaiek lehiaketetako postu hutsak eska ditzakete, karguaz jabetu direnetik urtebete igaro ez arren.

Jabetzapean lortutako hurrengo izendapenetan, alabaina, artikulu honen bigarren lerrokadan ezarritako mugapenaren menpe geratuko dira.

498. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu lehiaketa-iragarkia «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko da; horren bidez, deia egingo zaie bertan jasotako postu hutsak lortu nahi dituzten erregistratzaileei, iragarkia argitaratu eta hurrengo hamabost egun naturaletan eskabidea egin dezaten, Justizia-ministroari Zuzendaritza Nagusiaren bidez zuzendutako eskaera-orrian. Eskaera-orri horretan, nahi dituzten postu hutsak eta horien arteko lehentasun hurrenkera zehaztu behar dituzte, eta bertan agerraraziko dute noiz jabetu ziren lanean diharduten Erregistroko karguaz; betekizunok jaso ez dituen edo behar bezala adierazi ez dituen eskaera-orria ez dela aurkeztu ulertuko da.

Eskaera-orriak Zuzendaritza Nagusian sartuko dira, epea noiz amaitu eta egun horretako ordu biak baino lehen, eta behin instantziok aurkeztutakoan, ezin dakieke uko egin bertan jasotako uziei, ezta horiek aldatu ere.

Egun hori jaieguna izanez gero, ulertzen da epea lehenengo egun baliodunaren ordu biak arte luzatzen dela.

Penintsulatik at dauden Erregistroen titularrek lehiaketetan parte har dezakete telegrama bidez, eta hurrengo hiru egunetan, euren eskaera berretsi behar dute eskaera-orri batean; berrespenik izan ezean, telegramek izan ditzaketen okerrei emandako interpretazioa onartu behar dute.

Eskabideak eta idatzagiri telegrafikoak artikulu honen lehenengo lerrokadan aipatu orduaren ostean jaso badira Zuzendaritza Nagusian, ulertuko da ez direla aurkeztu, atzerapenaren arrazoia edozein izanda ere.

499. artikulua

Penintsulatik at dauden Erregistroen titularrek ordezkaria izenda dezakete Zuzendaritza Nagusira bidalitako ofizio baten bidez, ordezkari horrek aurreko artikuluko uziak eska ditzan euren izenean, eta ordezkaritza ondoz ondoko lehiaketetan onartuko da, zuzendaritza zentroak ez badauka horren ezeztapenaren berririk.

500. artikulua

Deialdiaren epea amaitu eta hurrengo bost egunetan Zuzendaritza Nagusiko iragarki-oholean eskatzaileen zerrenda jarriko da.

Autonomia Erkidegoko Administrazioan izendapenak egiteko ahalmena duen organo eskudunari berehala jakinaraziko zaio lehiaketaren emaitza.

Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko izendapenak egingo dira deialdiaren epea amaitu eta hurrengo hogei egunetan.

501. artikulua

Eskatzaileen artean, zerbitzuan denbora gehien daraman erregistratzaileari egingo zaio izendapena.

Erregistratzaileek euren lerrundegian duten zenbakiaren arabera zehaztuko da kidegoko antzinatasun hori.

502. artikulua

Autonomia erkidego eskudunak azken izendapenak sinatu eta hurrengo hamar egunetan, Zuzendaritza Nagusiak postu hutsak hornitzeko beste lehiaketa baterako deialdia egingo du; horretara, urtean gutxienez lau lehiaketa egiten direla bermatu behar da.

503. artikulua

Ondoz ondo gertatu eta egiazko erregistratzaileei eman ez zaien postu hutsetan, erregistratzailegaiak erregistratzaile titular izendatuko dira, epaimahai azterlariak eman dien zenbakiaren arabera.

Postu huts bat baino gehiago izanez gero, horiek hamar eguneko epean iragarriko dira Zuzendaritza Nagusiko iragarki-oholean, bertan sartu beharreko erregistratzailegaiek euren lehentasuna adieraz dezaten; epean lehentasunik adierazi ez bada, edo erregistratzailegaiei ez badagozkie eskatutako postuak, Justizia Ministerioak askatasunez zehaztuko du horietako bakoitzak bete behar duen Erregistroa.

Iragarkia ez da beharrezkoa, zuzendaritza zentroan idatziz agerrarazi denean hornitu beharreko postu hutsen arteko lehentasun-hurrenkera.

Erregistratzailegaietatik bat ezin bada erregistratzaile izendatu legearen 280. artikuluko kasuren batean dagoelako, horrek bere txanda galduko du, eta eskubidea erreserbatuko zaio, izendapena oztopatu zuen arrazoia amaitzen denerako.

KIDEGOAN SARTZEA

504. artikulua

Norbait Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Kidegoan sartzeko, erregistratzailegaien kidegoko kide izan behar da, eta horretan oposizio askearen bidez sar daiteke.

Deialdia bi urtero egingo da, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratutako aginduaren bidez; deialdi horren bidez, dauden postu hutsak eta hurrengo bi urteetako erretiroen ondorioz egon go direnak gehi beste hamar plaza hornituko dira, izendatzeko geratzen diren erregistratzailegaien kopurua kenduta, hala denean, eta Hipoteka Legearen 277. artikuluan zehaztutako gehieneko muga gainditu gabe.

Erregistratzailegaien kidegorako berrogeita hamar postu huts erreserbatu direnean baina ez dagoenean erregistratzailegaririk bertan sartzeko, edozein unetan egin daiteke plaza horiek betetzeko oposizioetarako deialdia.

Deialdiak zehaztu behar du:

1. Deialdian zenbat plaza sartzen diren.

2. Oposiziogileek izan beharreko baldintza edo betekizunak; epaimahaiaren edo, hala denean, epaimahaien osaketa; egin beharreko ariketak eta horiek kalifikatzeko sistema edo modua. Hori guztia erregelamendu honen arabera adierazi behar da.

3. Oposizioaren lehenengo bi ariketetan aplikatu beharreko egitarauaren aipamena.

4. Azterketa-eskubideen zenbatekoa.

5. Onartutako oposiziogileen kopurua ikusita, Zuzendaritza Nagusiak bidezko deritzonean, lehiaketa berean hainbat epaimahai egon daitezkeela, ondoz ondoko zenbakiekin.

6. Eskaera-orriak aurkezteko epea.

Oposizio horretan parte hartzeko betekizunak dira: adin nagusiko espainiarra izatea, zuzenbideko lizentziaduna izatea edo lizentziatura horretako ikasgai guztiak gaindituta izatea; Hipoteka Legearen 280. artikuluko ezgaitasun kasuetan ez izatea; eta edozein Herri Administraziotan zerbitzutik banandua ez izatea, diziplina-espedientearen ondorioz emandako ebazpen irmo baten bidez.

Eskabideak Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari zuzendu behar zaizkio, deialdia «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean agertu eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen epean.

Epe hori ezin daiteke inola ere luzatu.

Eskatzaileek esanbidez eta xehetasunez adierazi behar dute euren eskaera-orrietan, artikulu honen laugarren lerrokadako betekizun guztiak dituztela eskaera-orriak aurkezteko epea agortzeko unean.

Eskaera-orriekin batera, deialdian zehaztutako azterketa-eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria aurkeztu behar dute eskatzaileek.

505. artikulua

Eskaera-orriak aurkezteko epea agortutakoan, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak oposiziogile onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratuko du «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean, eta zozketa egiteko tokia nahiz data zehaztuko ditu; zozketa jendaurrean egingo da, eta presidentea zuzendari nagusia izango da edo, horren ordezkari moduan, Erregistroen eta Notariotzaren zuzendariorde nagusia zein horren ordezkoa.

Zozketa gauzatutakoan, oposiziogileen zerrenda edo zerrendak egingo dira, bakoitzak noiz jardun behar duen kontuan hartuta; zerrendak hurrengo hiru egunetan argitaratuko dira, hala Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian, nola ariketak zein lokaletan egin, eta lokal horretan.

Oposizioa kalifikatzeko epaimahaian edo epaimahai bakoitzean, presidentea, idazkaria eta bost mahaikide izango dira, Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez emandako aginduaren bidez izendatuak; agindu hori onartuen zerrenda iragarri eta hurrengo hamabost egunetan emango da, eta «Estatuaren Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko da.

Presidentea izango da, dela Erregistroen eta Notariotzaren zuzendari nagusia, dela zentro horri atxikitako erregistratzaile zein notarioa, dela Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoko Gobernu-batzaren dekanoa zein batza horretako beste kide bat.

Presidentea zuzendari nagusia edota Zuzendaritza Nagusiari atxikitako erregistratzailea edo notarioa izanez gero, idazkaria izango da Erregistratzaileen Elkargoko Gobernu-batzaren kidea; eta presidentea Erregistratzaileen Elkargoko Gobernu-batzaren kidea izanez gero, idazkaria izango da Zuzendaritza Nagusiari atxikitako erregistratzailea edo notarioa.

Mahaikideak hurrengoak izango dira: zuzenbide zibil, merkataritzako zuzenbide, finantza- eta zerga-zuzenbide, zuzenbide erromatar, nazioarteko zuzenbide pribatu, zuzenbide prozesal nahiz administrazio-zuzenbideko katedradun edo Unibertsitateko irakasle titular bat; epaile-karrerako kide bat, jurisdikzio zibileko magistratu dena; notario bat; Estatu-kontseiluko legelari bat edo estatuaren abokatu bat, eta erregistratzaile bat.

Presidentea edo idazkaria absente daudenean, mahaikide erregistratzaileak ordeztuko ditu horiek.

Behar bezala egiaztatutako arrazoi zuzen baten ondorioz bakarrik egin dakioke uko mahaikide karguari.

Epaimahaiaren zein epaimahaien izendapena «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo hilabetean eratuko dira epaimahaiok, eta eurek erabaki behar dute lehenengo ariketa egiteko tokia eta data.

Erabaki hori gutxienez hilabete lehenago argitaratu behar da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean.

Zozketaren eta lehenengo ariketaren artean, gutxienez, hilabeteko epea igaro behar da.

Eta deialdia egin denetik ariketak hasten diren arte ezin igaro daiteke zortzi hilabete baino gehiago.

Ezin daitezke epaimahaikide izan oposiziogileen laugarren gradurainoko odol bidezko ahaideak, bigarren gradurainoko ezkontza bidezko ahaideak, ezta elkarren artean halako ahaidetasuna dutenak ere.

Ondore horietarako, epaimahaia nahiz epaimahaiak eratzeko egunean, kide bakoitzak modu formalean adierazi behar du ez dagoela halako bateraezintasun kasu batean, eta hori berori agerrarazi behar da aktan.

Epaimahai bat baino gehiago izanez gero, bakoitzak deialdiko plaza kopuru bera hornituko du; gaindikina gertatuz gero, sobera geratzen den plaza edo geratzen diren plazak ondoz ondo esleituko zaizkie epaimahai desberdinei.

Aurreko kasuan, epaimahai bakoitzaren aurrean, epaimahai horrek hornitu beharreko plaza kopuruaren araberako oposiziogileek jardungo dute, eta, hala denean, biribiltze egokia egin beharko da.

Epaimahaia edo epaimahaiak ezin era daitezke, eta horiek ezin jardun dezakete, presidentea edo idazkaria bertan izan gabe, ezta, inola ere, bost kide bertan izan gabe.

506. artikulua

Oposizioetako ariketak lau izango dira: Lehenengoan, ahoz eta gehienez ordu batean erantzun behar dira bost galdera, deialdian aipatutako egitarautik zozketaz hurrengo gaien inguruan ateratakoak: hiru, zuzenbide zibil erkideari eta foru-zuzenbideari buruzkoak (bat, egitarauaren zati bakoitzeko); bat, merkataritzako zuzenbidearen ingurukoa, eta beste bat administrazio-zuzenbideari edo zuzenbide prozesalari buruzkoa.

Bigarren ariketan ahoz eta gehienez ordu batean erantzun behar dira bost galdera, egitarau beretik zozketaz hurrengo gaien inguruan ateratakoak: hiru, hipoteka-zuzenbideari buruzkoak (bat, egitarauaren zati bakoitzeko); bat, zuzenbide fiskalaren ingurukoa, eta beste bat, notario-zuzenbideari buruzkoa.

Kasu bietan, azalpena egitarauak ezarritako hurrenkeraren araberakoa izan behar da, eta hori amaitutakoan, galderak berriro zakuratuko dira.

Zuzendaritza Nagusiak bidezko deritzonean, egitarau hori berrikusiko du, Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoari entzun eta gero.

Gaien azalpena hasi baino lehen, oposiziogileak bost minutu izango ditu, hausnartu eta, nahi izanez gero, oharrak idatziz egiteko.

Epaimahaiak ez die inolako ohartarazpenik edo galderarik egingo oposiziogileei ariketaren gaiei buruz.

Ariketa hasteko eta amaitzeko orduak presidenteak finkatuko ditu, eta oposiziogileari behin bakarrik ohartaraziko dio noiz amaitu behar duen, hamabost minutu lehenago.

Halaber, epaimahaiak oposiziogileari eska diezaioke gaia gehiago zehaztea, azalpen bidegabeak eman gabe, eta erregelamendu honetan ariketa horien inguruan ezarritakoa bete dezake.

Lehenengo eta bigarren ariketetan oposiziogilea bazter daiteke, ariketaren lehenengo ordu erdia igarotakoan epaimahaiak aho batez erabakitzen badu emandako azalpenarekin ezin daitekeela ariketa gainditu.

Hirugarren ariketan, agiri bat kalifikatu eta kasuan kasuko oharra defendatzeko txostena idatzi behar da, gehienez sei orduko epean.

Laugarren ariketan, likidazio eta erregistro eragiketak gauzatu behar dira gehienez sei orduko epean, agiria inskribatu edo idatzoharrean jaso arte, edota inskripzio zein idatzoharrari ezezkoa eman edo horiek eten arte.

Auzitegiak nahiz auzitegiek adostasunez finkatutako egunean egingo dira idatzizko ariketak agiriaren gain; agiri hori isilpekoa izango da, eta auzitegiak edo, hala denean, auzitegiek ariketa egiteko finkatzen duten egunean bertan idatziko da.

Idatzizko ariketa horiek egiteko, epaimahaiak iruzkinik gabeko lege-testuak onartuko ditu, eta oposiziogileak halakoak ekarri eta kontsulta ditzake bakarrik.

Ariketak amaitutakoan, oposiziogileek horiek sinatu eta bertan dagoen epaimahaikideari emango dizkiote gutunazal itxi batean; oposiziogileak hori ere sinatu behar du.

Epaimahaiak zehaztutako egunean, oposiziogileek euren lanak irakurri behar dituzte, behin gutunazala epaimahaiaren aurrean irekitakoan; epaimahaiari egiaztaturiko arrazoi zuzen baten ondorioz oposiziogileren bat ezin bada agertu, horrek zein epaimahaiak izendatutako beste batek irakurriko du ariketa, eta, halakorik izan ezean, presidenteak izendatutako mahaikideak egingo du irakurketa.

Epaimahaiak gutxienez hogeita lau ordu lehenago eta zozketaz eginiko zerrendaren arabera iragarri behar du egun bakoitzean jardun dezaketen oposiziogileen zerrenda, aurreko lerrokadaren kasuan izan ezik.

Lehenengo bi ariketen lehendabiziko deian agertzen ez diren oposiziogileei berriro deituko zaie zerrendaren azken oposiziogilearen ostean ager daitezen, zerrenda horren zenbakiaren arabera, eta, bigarren deian ere ez badira agertzen, behin betiko baztertuko dira oposiziotik.

Oposiziogilea ez bada agertzen lehenengo edo bigarren ariketaren lehenengo ez bigarren deian, edo ez badu egiten hirugarren edo laugarren ariketa dagokionean, oposiziotik kanpo geratuko da, ez agertzeko arrazoia edozein izanda ere.

Hirugarren eta laugarren ariketetan ez da bigarren deirik izango.

Behin ariketak hasitakoan, horiek ezin eten daitezke hamabost egun natural baino gehiago, bidezko arrazoirik izan ezean; Zuzendaritza Nagusiak onetsi behar du arrazoi hori.

Lehenengo ariketa amaitzen denetik bigarrena hasi baino lehen, gutxienez hogeita hamar egun natural igaro behar dira.

Bigarrena amaitzen denetik hirugarrena hasi arte, gutxieneko epea hamabost egunekoa izango da, eta hirugarren ariketa amaitzen denetik laugarrena hasi baino lehen, gutxienez hogeita lau ordu eta, gehienez, zortzi egun natural igaro daitezke.

Oposizioaren ariketa guztiak baztertzaileak izango dira.

Oposiziogileak honetara kalifikatuko dira:

Ariketa batetik hurrengora igarotzeko gaitasun-adierazpena eta azken ariketan onespena erdiesteko, epaimahaiaren botoen gehiengoak egin behar du horren alde.

Berdinketak presidenteak erabakiko ditu.

Gehiengoa erdietsitakoan, kalifikazioa zehazteko zatiketa bat egin behar da, behin puntuaziorik handiena eta txikiena baztertu ostean: oposiziogileak guztira lortutako puntuak zati epaimahaikideak, horien botoak baztertu ez badira; lortzen den zatidura emaitza izango da.

Lehenengo bi ariketetan, mahaikide bakoitzak batetik sei arteko puntuak eman ditzake gai bakoitzeko; eta hirugarren nahiz laugarren ariketetan, bakoitzak hogei puntu eman ditzake gehienez.

Lehenengo bi ariketak gainditu dituen oposiziogilearen gutxieneko kalifikazioa 15 puntukoa izan behar da, eta hirugarren eta laugarren ariketetan, 12 puntukoa.

Lehenengo bi ariketetatik batean galderaren bat erantzun ez duen oposiziogilea oposiziotik bazter utziko da, horren arrazoia edozein izanda ere.

Lehenengo bi ariketetan, batzarraldia amaitzean egingo dira kalifikazioak; eta hirugarren zein laugarren ariketetan, azken oposiziogileak bere lana irakurri eta egun horretan edo hurrengoan.

Jarraian, kalifikazioak jendaurrean azalduko dira, oposiziogile bakoitzak lortutako puntuak zehaztuz, eta ariketak gainditu ez dituzten oposiziogileak aipatu gabe.

Oposizioko ariketak egitean edo horiek kalifikatzean zalantzak edo galderak izanez gero, epaimahaiak modu betearazlean ebatziko ditu horiek, ahoz emandako botoen gehiengoaren bidez, eta berdinketa izanez gero, presidentearen botoak erabakiko du berori.

Interesdunek aurkara ditzakete epaimahaiaren egintzak administrazio-legeriak ezarritako kasuetan eta moduan.

507. artikulua

Azken ariketa amaitzen den egunean zein hurrengoan, epaimahaiak, edo, hala denean, epaimahai bakoitzak oposizioa gainditu duten oposiziogileen zerrenda egin behar du kalifikazio hurrenkeraren arabera eta oposiziogile bakoitzak lau ariketetan lortutako puntu guztiak kontuan izanda.

Kalifikazioa berbera denetan, epaimahaiaren botazioak erabakiko du berdinketa, hala behar denean presidentearen boto erabakigarria gogoan izanda, eta oposiziogileen jardunaren arabera epaimahaikideek horien inguruan eginiko iritzi osoa aintzat hartuta.

Epaimahaikide guztiek sinatu behar dute oposizioa gainditu dutenen behin betiko zerrenda, eta zerrenda hori Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaio.

Zerrenda horren ale bat epaimahaiaren edo, hala behar denean, epaimahai bakoitzaren idazkariak eskuetsi eta presidenteak ikusonetsiko du; zerrenda horrek oposizioa gainditu duen oposiziogile bakoitzak erdietsitako puntu guztiak batu behar ditu, eta oposizioak zein lokaletan egin eta bertan jarriko da zerrenda jendaurrean. Beste ale bat Zuzendaritza Nagusira bidali behar da hiru eguneko epean, gainditzea lortu duten oposiziogileen ariketekin eta espedienteekin batera.

Presidenteak eta idazkariak sinatu behar dituzte epaimahaiaren jarduketen aktak, eta, oposizioa amaitutakoan, akta horiek oposizioa gainditu duten oposiziogileen zerrendarekin batera bidali behar dira Zuzendaritza Nagusira.

Epaimahai kalifikatzaileak bat baino gehiago izanez gero, oposizioa gainditu dutenen kopurua zehaztean, kopuru hori ezin izan daiteke bakoitzari esleitutako plaza horiena baino handiagoa.

Modu berean, epaimahai anitz izanez gero, behin artikulu honetan aipatu agiriak Zuzendaritza Nagusiak jasotakoan, hurrengo hamar egunetan zozketa egingo da, oposiziogileek lerrundegian izan beharreko hurrenkera zehazteko bakarrik eta erdietsitako puntuazioak kontuan hartu gabe; zozketa horrek argituko du baterako zerrendan nola agertuko diren gaindituen zerrenda bakoitzean lehenengo lekuan daudenak.

Zerrenda horren lehenengo postuak horretara zehaztu ondoren, gainerakoak antolatuko dira gaindituen zerrendako hurrengo zenbakiak ondoz ondo txandakatuz, aurreko lerrokadako hurrenkeraren arabera.

Zozketa hori jendaurrean egingo da, eta hiru egun lehenago, Zuzendaritza Nagusiko iragarki-oholean iragarriko da; zozketan, zuzendari nagusiak edo horren ordezkoak jardungo du presidente gisa, eta idazkaria izango da, zuzendaritza zentroari atxikitako notarioa edo erregistratzailea.

Zozketa horren emaitzak «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira, gaindituen zerrendarekin edo zerrendekin batera.

508. artikulua

Oposizioa amaitu eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunetan, berori gainditu duten oposiziogileek hurrengo agiriak aurkeztu behar dituzte Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian, oposizioa eskatzeko eskaera-orriarekin batera aurkeztu ez badituzte:

Lehenengoa.-Nortasun agiri nazionala edo horren lekukotza.

Bigarrena.-Zuzenbide Fakultateak emandako lizentziatura edo doktoretza titulu jatorrizkoa edo horren hitzez-hitzezko lekukotza.

Hirugarrena.-Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralak emandako ziurtagiria, eginkizun publikoak egikaritzeko ezgaikuntza-zigorraren kondena jaso ez dela egiaztatuz.

Laugarrena.-Eskatzailearen adierazpena, Hipoteka Legearen 280. artikuluko bateraezintasun kasuetan ez dagoela esanez.

Bosgarrena.-Erregistratzailearen kargua betetzeko ezintasun fisikorik ez dagoela egiaztatzeko ziurtagiri medikoa.

Agiriak aurkezteko epea agortu baino hiru hilabete lehenago eman behar dira 3 eta 5. zenbakietako ziurtagiriak.

Oposizioa gainditu eta funtzionario publikoaren izaera duten oposiziogileek ez dituzte agirien bidez egiaztatu behar aurreko izendapena lortzeko frogatu behar izan dituzten baldintza eta betekizunak; oposiziogileok zein ministerio edo erakunderen menpe izan, eta horrek emandako ziurtagiria aurkeztu behar dute, euren izaera eta zerbitzu-orrian agertzen diren gainerako inguruabarrak egiaztatzeko.

Agiriak aurkeztu ez badira zehaztu epean, 4. zenbakiko adierazpena egiazkoa izan ez bada, edota agiriek ez badute erakutsi interesdunak beharrezko betekizunak dituela, ezin daiteke berori izendatu, eta horren jarduna deuseztatuko da; horrez gain, erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkio eskaera-orriaren faltsukeriaren ondorioz.

Agiri guztiak aurkeztutakoan, Erregistratzailegaien Kidegoa eratuko da, gaindituen zerrendan agertzen diren oposiziogileekin eta zerrenda horretako hurrenkeraren arabera, baldin eta oposiziogileok betekizun guztiak badituzte eta beharrezko agiriak ekarri badituzte.

Erregistratzailegaien Kidegoaren proposamena onesteko agindua «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko da.

BATERAEZINTASUNAK

509. artikulua

Norbait jabetza-erregistratzaile izendatzeko, beharrezkoa da legearen 279. artikuluko gaitasun baldintzak izatea eta lege horren 280 eta 281. artikuluetako bateraezintasun kasuetan ez egotea.

Ondore horretarako, erregistratzailegaiak bete dezakeen postua hutsik gertatutakoan, halako kasuren batean ez dagoelako zinpeko adierazpena aurkeztu behar du zuzendaritza zentroan; bestela, ez da izendapenik egingo.

510. artikulua

Aurreko artikuluan aipatutakoez landa, bateraezintasun kasua izango da erregistratzailea barrutiko notario bakarraren bigarren gradurainoko ahaide izatea odol bidez.

511. artikulua

Bateraezintasun kasuren batean dagoen benetako erregistratzaileak horren berri eman behar dio Zuzendaritza Nagusiari, Erregistroaz jabetu eta hurrengo hamabost egunetako epean; zuzendaritzak espedientea instruituko du, bidezkoa dena ebazteko.

Audientzietako presidenteek bateraezintasunen baten berri dutenean, halaxe jakinaraziko diote zuzendaritza zentroari.

Behin bateraezintasuna ministerio-aginduaren bidez adierazitakoan, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamabost eguneko epean adieraz dezan Erregistroa ala horrekin bateraezina den kargua edo enplegua aukeratzen duen, lehenago halako adierazpenik egin ez badu; bietako bat aukeratu ezean, interesdunari ohartaraziko zaio kargua edo enplegua aukeratzen duela ulertuko dela.

Aurreko artikuluko bateraezintasuna izanez gero, erregistratzaileak bateraezintasuna zein notariorekin izan eta horren ostean izendatu bada, erregistratzaile hori nahitaezko eszedentzia egoeran geratuko da, eta, horrez gain, diziplina-zuzenketa izan dezake, lehiaketan parte hartu badu bateraezintasun hori dagoela jakinda.

Notarioa izendatu bada erregistratzailearen ostean, notario-legeriak xedatutakoa izan behar da kontuan.

Erregistratzailea irakasle izan daiteke bere egoitzan, baldin eta Zuzendaritza Nagusiari horren berri ematen bazaio, herri-zerbitzuarentzat beharrezkoak izan daitezkeen arauak eman ditzan.

512. artikulua

Bateraezintasuna adierazitakoan, erregistratzailea eszedentzia egoeran geratuko da, gutxienez urtebete, aurreko artikuluan eta 541. artikuluan xedatutakoa salbu; erregistratzaile hori berriro has daiteke jardunean, baldin eta hala eskatzen badu, legearen 287. artikuluaren arabera.

Erregistroan postu hutsa sortuko da, baina behin-behinekoa karguaz jabetu arte, erregistratzaileak ekingo dio postu horri; erregistratzaileak bateraezintasun horren berri garaiz eman ez badio Zuzendaritza Nagusiari erantzukizunak izango ditu.

IZENDAPENA ETA KARGUAZ JABETZEA

513. artikulua

Erregistratzaileak ministerio-aginduaren bidez izendatzen dira, eta agindu hori «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu behar da, izendapen horren oinarri den lege-xedapena adierazita; izendatua erregistratzailegaien kidegokoa bada, bere lerrundegian duen zenbakia ere adierazi behar da.

Erregistratzaileak kargua uzten duenean Erregistro hori zein Audientziaren menpe izan eta audientzia horretako presidenteari bidali behar zaio agindua, baita, hala denean, izendapena zein Erregistrotarako egin eta horri dagokion audientziako presidenteari ere.

514. artikulua

Izendapen-agindua interesdunari ere bidaliko zaio.

Interesdun hori kidegoan sartzen denean edo kategorian igotzen denean, kasuan kasuko titulua emango zaio.

515. artikulua

Kasuan kasuko fidantza eratutakoan, erregistratzailegaiek erregistratzaile karguaren betebeharrak zintzo eta erregeari zor zaion leialtasunez beteko dituztela zin egingo edo hitzemango dute, baita Konstituzioa estatuaren oinarrizko arautzat zainduko dutela ere.

Adierazpen horren akta egingo da, Zuzendaritza Nagusiari bidaltzeko eta kasuan kasuko espediente pertsonaletan agerrarazteko.

Erregistratzailegaiek aurreko lerrokadaren arabera zin egin edo hitzeman ostean, erregistratzaile bihurtuko dira, erregistratzaile eginkizunak bitarteko gisa betetzeko.

Erregistratzailegaientzako plazak jabetzapean hornitzeko lehiaketa edo lehiaketak egin eta gero, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak bere eskumenen barruan lehiaketa hori edo horiek noiz ebatzi, eta egun hori hartuko da datatzat, lerrundegiaren ondoreetarako.

«Estatuko Aldizkari Ofizial»ean lehiaketaren zein lehiaketen emaitzak argitaratzean, data hori ere agerrarazi behar da.

516. artikulua

Erregistratzaileak euren karguez jabetuko dira izendapen dataren osteko hogei egunen barruan, edo, hala denean, aurreko destinoa uzten dutenetik hogei eguneko epean; aurretiaz fidantza nahikoa eratu ez badute, zerbitzusarien laurdena gordailutu behar dute, fidantza hori osatu arte.

Zuzendaritza Nagusiak beste hogei egun gehiago luza dezake epe hori, horretarako arrazoi zuzena izanez gero.

Erregistratzaileek zerbitzuak penintsulatik kanpo ematen dituztenean, edo halako Erregistro baterako izendatzen direnean, karguaz jabetzeko epea berrogei egunekoa da, eta beste berrogei egun luza daiteke.

Erregistratzaileak karguez jabetu direla egiaztatzeko, nahikoa izango da horien izendapena agertzea «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratutako aginduan, edota agindu hori zuzenean erakustea.

517. artikulua

Arrazoi zuzenik gabe erregistratzaileak karguez jabetu ez badira aurreko artikuluak aipatu epeetan, ulertuko da karrerari uko egin diotela; erregistratzailegaien kasuan, horiek oposizio bidez erdietsi dituzten eskubideak galduko dituzte, eta, titularren kasuan, horiek erregistratzaileen kidegotik at geratuko dira.

Hala ere, zuzendaritza zentroak espediente egokia instruitutakoan, erregistratzaileok birgaitu ahal izango dira, Justizia-ministroak bidezko baderitzo.

518. artikulua

Erregistroaren arduradunak karguaz jabetuko du titular edo bitarteko moduan izendatu den erregistratzailea, artxiboa osatzen duten liburuak eta agiriak emanez, inbentario baten bitartez; inbentario horretan, kasuan kasuko eginbidea jarriko da, bi funtzionario horiek sinatuta.

Karguaz jabetze hori aktan agerrarazi behar da, eta akta bi titularrek sinatu behar dute, sartzen denak eta irteten denak.

Akta horretan agerraraziko da erregistratzaile izendatua ez dagoela ezgaitasun edo bateraezintasun kasuetan.

Jatorrizko akta eta horren kopia hurrenez hurren bidaliko zaizkie Zuzendaritza Nagusiari eta audientziako presidenteari, hiru eguneko epe-mugaren barruan; eginbehar hori betetzean gerta daitekeen berandutza diziplina-zuzenketaren bidez zehatuko da.

Beste kopia bat Erregistroan artxibatuko da.

LERRUNDEGIA

519. artikulua

Kidegoaren lerrundegia osatzen da jardunean eta eszedentzian dauden erregistratzaile guztiekin, euren izendapen data aipatuz; horretarako, epearen edo luzapenaren barruan jabetu behar dira euren karguez. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak urtero argitaratuko du lerrundegia.

Interesdunek edozein unetan jar dezakete lerrundegiak izan ditzakeen okerren kontrako erreklamazioa; erreklamazioari oniritzia eman arren, alabaina, horrek ondoreak izango ditu berori jarri zenetik bakarrik, salbu eta, ebazpena ematean, beste zerbait xedatu denean, erreklamazio horren inguruabar bereziak direla eta.

FIDANTZAK

520. artikulua

Legearen 282. artikuluaren ondoreetarako, Erregistratzaileen Elkargo Nazionalak fidantza kolektiboa era dezake erregistratzaile bakoitzak jarri beharreko banakako fidantzaren ordez, eta, horren bitartez, erregistratzaileok kargua egikaritzean izan ditzaketen erantzukizunak bermatuko dira.

Fidantza balore publikoekin eratuko da Gordailuen Kutxa Nagusian, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren esku.

Auzitegiek bakarrik enbarga dezakete fidantza, Zuzendaritza Nagusiak erantzukizun hori sortu dela eta hori erregistro-erantzukizuna dela adierazi ostean.

Hala behar denean eta Elkargoaren Batzaren proposamenez, zuzendaritza zentroak xedapen egokiak emango ditu, fidantza kolektibo hori eratzeko edota jarritako fidantza pertsonalak ezerezteko.

521. artikulua

Kidegoan sartzen diren erregistratzaileek edota kategorian igotzeagatik euren fidantza zabaldu behar dutenek fidantza eratu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dituzte Zuzendaritza Nagusian, horrek agiriok onets ditzan; bestela, erregistratzaileok Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko diote legearen 282. artikuluko eskubidea erabiltzea aukeratu dutela, izendapena egin zenetik hogeita hamar eguneko epean, edota kategoria-igoera jasotzen duen lerrundegia argitaratu zenetik, epe berean. Arrazoi zuzena izanez gero, epe hori beste hamabost egun gehiago luza daiteke.

Epea zein luzapena igaro baina fidantzarik eratu edo zabaldu ez bada, ulertuko da erregistratzaileek aukeratu dutela fidantza eratzea artikulu horrek ezarritakoaren arabera.

522. artikulua

Erregistratzaileek egoki deritzoten moduan eratuko dituzte gordailu horiek, baina seihileko bakoitzaren azken egunean audientzietako presidenteei bidaltzen dietenean legearen 270. artikuluko ziurtagiri bikoiztua, bertan adierazi behar dira eginiko diru-sarrerak, ondokoa zehaztuz: diru-sarrerok direla erregistratzaileok karguaz jabetu zirenetik edo ziurtagiri hori eman baino hamar egun lehenago aurreko ziurtagiria eman zenetik sortutako zerbitzu-sarien laurdenaren bestekoak, behin herena gastu eta zergetarako kendu ostean.

Erregistratzaileak gordailututako zerbitzu-sariak horren karguaren fidantzari begira zehaztu den kopuruaren adinakoak direnean, zenbateko horrekin fidantza eratuko da, eta ez dago beste gordailurik egiteko betebeharrik.

523. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek jarri beharreko fidantza diruz, efektu publikoez nahiz finkez osa daiteke, interesdunak nahi duenaren arabera.

Efektu publikotzat hartzen dira estatu zorraren tituluak, altxorraren obligazioak zein, Gobernuak emandako xedapen berezi nahiz orokorren ondorioz, estatuarentzako obligazioak bermatzeko onartzen diren beste tituluak.

Fidantza moduan eskaintzen diren efektu publikoak onartuko dira, gordailua eratzen den egunean argitaratutako prezio altuenaren arabera bakarrik, azken kotizazio ofizial ezaguna kontuan izanda, salbu eta esanbidezko lege-xedapenaren aginduz, euren balio izendatu osoan onartu behar direnetan.

524. artikulua

Diruz edo efektu publikoez osatutako fidantza Gordailuen Kutxa Nagusian eratuko da, edota horretarako legez baimendutako establezimenduetan; fidantza horrek nahitaezko gordailuaren izaera izango du, eta hauxe adierazi behar du:

«? jaunak/andreak Erregistroen eta Notariotzaren zuzendari nagusi jaun/andre txit argiaren esku jartzen du fidantza hau, jabetza-erregistratzaile moduan eginiko kudeaketagatik erantzuteko».

525. artikulua

Finken bermearekin osatutako fidantza eskritura publikoaren eta hipotekaren bidez eratuko da; eskritura ondasun higiezinaren ugazabak egiletsiko du, kasuan kasuko balioa gehi kostu nahiz gastuentzako 100eko 50 jarrita, hala denean: eskritura horretan adierazi behar da fidantza Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren esku geratzen dela, erregistratzaile kargua ondo beteko dela bermatzeko.

Eskritura egiletsitakoan, Jabetza Erregistroan aurkeztu behar da, bertan inskriba dadin.

526. artikulua

Fidantza diruz edo efektu publikoez eratutakoan, erregistratzaileak gordailuaren gordekina, horren kopia soila eta, hala denean, Burtsako azken kotizazio ofiziala aurkeztu behar dizkio Zuzendaritza Nagusiari; gordekin hori interesdunei itzuliko zaie, behin bulegoak kopia alderatu eta gero.

Fidantza finken bermearekin eratu bada, erregistratzaileak hurrengook aurkeztu behar ditu: hipoteka-eskritura; kargei buruzko ziurtagiria, hipoteka inskribatu ostean emandakoa; eta Katastro-bulegoak, Erregistro Fiskalaren bulegoak nahiz kasuan kasuko udaleko idazkaritzak emandako ziurtagiria, ondasun higiezinari azken bosturtekoan zenbatu zaion errenta agerraraziz.

527. artikulua

Kasuan kasuko fidantzaren zenbatekoa kontuan izanda, Zuzendaritza Nagusiak horren inguruko agiriak aztertu eta ebazpena emango du, berori onetsi eta onartuz, edo ez dela onartzen adieraziz; baina, kasu horretan, antzemandako akatsa zehaztu behar da.

Ebazpena eman eta hurrengo hiru egunetan jakinarazi behar zaio berori interesdunari, eta horren kontra, gorabidezko errekurtsoa jar dakioke Justizia-ministroari, antzemandako akatsa ongi daiteke edota fidantza berria era daiteke, hamabost eguneko epean, jakinarazpenetik zenbatzen hasita.

528. artikulua

Hipoteka-fidantza onartu ahal izateko, hauxe bete behar da: ondasun higiezinak 526. artikuluko ziurtagiriaren arabera sortutako errenta 100eko 3tan kapitalizatuta, horren salmenta-balioa zama guztien bikoitza izatea, zamen barruan fidantza berria ere sartzen delarik.

529. artikulua

Fidantza nahiz, hala denean, haren gehikuntza onetsitakoan, edota zerbitzu-sarien laurdena zein establezimendutan gordailutu behar den zehaztutakoan, Zuzendaritza Nagusiak horren berri emango die audientziako presidenteari eta interesdunari, eta, bidezkoa denean, presidenteari titulua bidaliko dio, horrek «Bete dadin» jartzeko eta erregistratzaileari berori jakinarazteko; erregistratzaileak titulua zuzenean edo pertsona baimenduaren bidez jasoko du, kasuan kasuko ordainketa egin eta gero.

530. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek edonoiz ordez ditzakete euren fidantzak, 523. artikuluan zehaztutako beste batzuen bidez, behin Zuzendaritza Nagusiari hala eskatu eta gero.

Fidantza ordeztua itzuli edo ezerezteko agindua eman baino lehen, Zuzendaritzak fidantza berria onetsi behar du.

531. artikulua

Fidantza itzultzeko epe-muga zenbatzen hasten da interesdunak erregistratzaile kargua uzten duenetik.

532. artikulua

Erregistratzaileen fidantza erregistratzaile karguaren ondoriozko erantzukizunei bakarrik lotuko zaie, eta auzitegiek fidantza hori enbarga dezakete, baina erantzukizunon ondorioz bakarrik, behin erantzukizuna dagoela adierazitakoan, eta Zuzendaritza Nagusiak erantzukizun hori erregistro-erantzukizuna dela zehaztutakoan.

533. artikulua

Fidantza itzultzeko, erregistratzaileak bere azken zerbitzuak zein Erregistrotan eman eta interesdunak edo horren jaraunsleek Erregistro horren barrutiko lehen auzialdiko epaileari eskatu behar diote itzulketa hori ediktuen bidez argitaratzeko espedientea instrui dezan; horretara, erregistratzailearen kontrako akzioa izan dezaketenek erreklamazio egokia egin dezakete hiru hilabeteko epean, argitalpenaren egunetik zenbatzen hasita.

Ediktuak ofizioz sartuko dira, nola «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean, hala azken zerbitzuak zein Erregistrotan eman eta horren probintziako Aldizkari Ofizialean; erregistratzaileak zenbat Erregistrotan zerbitzuak eman eta horiek guztiak zehaztu behar dira.

Betekizunok gauzatu direnean, epaileak Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio espedientea, horrek ebazpena eman dezan; espedientearekin batera, jarri diren erreklamazio guztiak bidaliko dira, edo, hala denean, erreklamaziorik ez izatearen inguruko adierazpena.

Kargua utzi zenetik hamabost urte igaro direnean, Zuzendaritza Nagusiak fidantza itzultzea erabakiko du, beste izapiderik gabe, baldin eta bertan ez bada agerrarazi erreklamaziorik egon denik.

534. artikulua

Zuzendaritza Nagusiak fidantzaren itzulketa erabaki ostean, horren berri emango dio Gordailuen Kutxa Nagusiari edota fidantza zein establezimendutan gordailutu eta establezimendu horri, horrek efektuak edo dirua eman diezaien euren ugazabei.

Hipoteka-fidantzaren kasuan, Zuzendaritzak kasuan kasuko inskripzioa ezereztea aginduko du, eta interesdunari agindua bera eta hipoteka-eskrituraren lehenengo kopia emango dizkio.

Nahikoa izango da bi agiri horiek Erregistroan aurkeztea, ezereztea egiteko.

Aurreko artikuluaren laugarren lerrokadak aipatu hamabost urteak igarotzeagatik fidantza itzultzea eskatzen denetan, izapide berberak gauzatu behar dira.

535. artikulua

Erregistratzaileen lerrundegia argitaratu eta hurrengo hiruhilekoan, erregistratzaileok fidantzak zabalduko dituzte, euren kategoria pertsonalaren arabera beharrezkoa izanez gero.

Epe berean kasuan kasuko tituluak emango dira.

Hala ere, erretiro kasuetan edo beste kasu berezi batzuetan, tituluok lehenago eman daitezke.

ERREGISTRATZAILEEN ESKUBIDEAK ETA EZAUGARRIAK

536. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek eta merkataritzakoek lanbidez eta euren erantzukizunpean gauzatuko dituzte lege orokorrek eta bereziki hipoteka-legeriak nahiz merkataritzakoak eratxikitako eginkizun publikoak, eta, Hipoteka Legearen 274. artikuluak funtzionario publikoaren izaera aintzatetsi dienez, administrazio-legeek zehaztutako eskubideak izango dituzte.

Funtzionario publiko moduan, erregistratzaileak Hipoteka Barrutiko Bulego Likidatzaileen titularrak izango dira nahitaez, euren erregistro-mugapean.

537. artikulua

Bulegoaren barruan, erregistratzaileei «jaun/andre» tratamendua eman behar zaie.

Jendaurreko egintzetan, barrutiko lehen auzialdiko epailearen eskuinean jarriko dira, eta etiketa-jantzia beharrezkoa den egintzetan, zilarrezko plaka urreztatua erabili behar dute bereizgarri moduan, hirurogeita hemezortzi milimetroko diametroduna eta zortzi puntako izarraren formarekin; plaka horrek Espainiako ezkutua izan behar du erdian, urrez esmalteztatuta, eta horren azpiko aldetik bi zinta irtengo dira «Jabetza Erregistroa» dioen inskripzioarekin, eta euren lotunearen azpialdean liburu ireki bat ikusi behar da, «Prior tempore potior iure» leloarekin.

Halaber, etiketa-jantzia beharrezkoa ez den egintzetan ere, erregistratzaileek urrezko domina oktogonala erabil dezakete karguaren bereizgarri ofizial moduan; zatirik zabalenean domina horrek bost milimetroko diametroa eta lau milimetroko zabala izango ditu. Domina samatik esekitzeko, bazterretan anere zuria duen zetazko zinta esmeralda-berdea erabiliko dute.

Aurrealdean, dominak Espainiako ezkutua izango du, eta atzealdean, liburu irekia, ezkerreko orrialdean «Jabetza Erregistroa» eta eskuinekoan «Prior tempore potior iure» esanez.

Azpialdean «1861eko otsailaren 8a» agertu behar da.

Gisa bertsuan, jakaren botoi-zuloan funtzionariook plaka txikitua eraman dezakete, ohiko bereizgarri moduan.

538. artikulua

Erregistroko idazkunetan izan ezik, erregistratzaileek sinatutako komunikazio eta agiri guztietan zigilua jarri behar dute; zigiluak forma biribila eta mota horretako zigiluen ohiko neurriak izango ditu, eta, erdian Espainiako ezkutua izateaz gain, bi inskripzio izan behar ditu: bata, goian, «Jabetza Erregistroa» esanez, eta bestea, behean, hipoteka-barrutia eta erregistratzailearen izen-abizenak zehaztuz.

Jardunean ari den erregistratzailea aldian aldikoa edo bitartekoa izanez gero, Erregistroaren zigilua izen-abizenik gabe erabiliko da, baina izaera hori eta erregistratzailearen izena agerrarazi behar dira, sinaduraren alboan jarritako zigilu-markaren edo beste kopiagintzasistemaren bidez.

Modu berean, erregistratzaileek emandako ziurtagiri, ohar, txosten zein irizpenak estaltzeko erabili ohi diren karpetetan ere, egilearen izen-abizenak agertu behar dira.

Aldian aldiko erregistratzailearen kasuan, horrek titularraren izena duten karpetak erabil ditzake, baina zigilu baten bidez edo beste bideren bat erabilita, agiria luzatzen duen erregistratzailearen izen-abizenak agerraraziko ditu.

Bitarteko erregistratzailearen kasuan, horrek bere izen-abizenak dituen karpetak erabil ditzake, edota Erregistroaren aipamen hutsa dutenak, baina bere izen-abizenak agerrarazi behar ditu, lehen azaldu bezala.

Kalean, atarietan, ateetan zein kutxatilategietan Erregistroko bulegoaren kokapena iragartzeko plakak jartzen direnean, erregistratzaileek euren izen-abizenak agerraraz ditzakete plaka horietan.

ESZEDENTZIA ETA ERRETIROAK

539. artikulua

Erregistratzailea urtebete baino gehiago aritu denean karreran zerbitzuak ematen, borondatezko eszedentzia egoerara aldatzea eska dezake; horretarako eskabidea Justizia-ministroari egin behar dio Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta bertan adierazi behar du, bera ez dagoela legearen 287. artikuluko espediente kasuetan.

Zuzendaritzak ministroari ebazpen egokia proposatuko dio, bere txostenean.

Behin 287. artikulu horrek finkatutako urtea igarotakoan, erregistratzailea berriro has daiteke lanean, ohiko lehiaketetan parte hartuz gero.

Eszedentzia egoeran izan arren, erregistratzaileak lerrundegian agertuko dira, eta bertan igo dezakete.

540. artikulua

Laidoen ondoriozko errekurtsoan edo, hala denean, administrazioarekiko auzian emandako ebazpenaren ondorioz erregistratzaileari Erregistroa kendu bazaio, ulertuko da erregistratzaile hori berriro lanean hasi arte eszedentzia egoeran dagoela, aurreko artikuluak zehaztutakoaren arabera.

541. artikulua

Jabetza-erregistratzaileak legebiltzarkideak badira, legebiltzarkide gisa hautatuak izateko beharrezkoa ez denean jarduneko funtzionario izatea, edota kargu publikoak badira, izendapenerako hautespena beharrezkoa denean, edota Estatuko Administrazioaren funtzionario badira, izendapena estatuburuaren zein gobernuburuaren esku dagoenean, eginkizuna berezia izateagatik, horiek guztiek euren erregistroetako titular izaten iraungo dute; erregistro horietan, ordezpen-zerrendaren araberako erregistratzaileak bitarteko moduan emango ditu bere zerbitzuak, eta titular interesdunak gainerako kasuetan Jabetza Erregistratzaileen eta Laguntzaileen Ongintza Mutualitateak jasoko lituzkeen zerbitzu-sariak jasoko ditu.

Aurreko lerrokadak aipatu onurak eskuratzeko, interesdunak Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko dizkio, Gorte Nagusiek edo kasuan kasuko erakundeak izendapena onartu dutenetik hilabeteko epean; bestela, ulertuko da interesdunak onurei uko egiten diela eta borondatezko eszedentzia egoeran geratzen dela. Halaber, postu hutsa dagoela adieraziko da, eta hori kasuan kasuko lehiaketaren bidez hornituko da.

542. artikulua

Hirurogeita bost urte bete dituzten erregistratzaileen borondatezko erretiroa eskatzen da Justizia-ministroari Zuzendaritza Nagusiaren bidez aurkeztutako eskaera-orrian.

Erregistratzaileak hirurogeita hamar urte betetzen dituenean nahitaezko erretiroa gertatzen da, eta halako adina bete eta hurrengo zortzi egunen barruan adieraziko da egoera hori.

Erretiro-aginduan adierazi behar da erretirodunak data horretan lerrundegian duen zenbakia.

Halaber, erretiroa gertatzen da Justizia-ministroak agintzen duenean, kasuan kasuko Gaitasun-batzaren proposamenez, eta Gobernuak hala erabaki ondoren.

543. artikulua

Ezintasun fisikoaren ondoriozko erretiroa lortu nahi duen erregistratzaileak eskabidea aurkeztuko dio audientziako presidenteari; espedientearen izapideak klase pasiboen legeriak xedatutakoaren arabera gauzatuko dira.

Zuzendaritza Nagusiak eta audientzietako presidenteek erretiro-espedientea instruitzea aginduko dute, erregistratzaileren bat kargua betetzeko ezinduta dagoela ulertzeko moduko arrazoiak daudenean; kasu horretan, aurreko lerrokadan ezarritako izapideak gauzatu behar dira.

544. artikulua

Ezintasun fisikoaren ondorioz erretiroa hartzen duten erregistratzaileak jardunean has daitezke berriro ezintasun hori desagertuz gero; horretarako, aurreko artikuluan ezarritakoaren antzeko espedientea instruituko da, erretiroduna berriro ere kargua betetzeko moduan dagoela egiaztatzeko.

Hori erabakiz gero, erretiroduna berriro hasiko da jardunean, lehiaketa arruntean postu hutsa eskatuz.

Ulertzen da aurreko lerrokadak aipatu funtzionarioak eszedentzian daudela erretiroak dirauen bitartean, erretiro hori erabakitzeko data edozein izanda ere.

545. artikulua

Legearen 291. artikuluaren arabera, eskubide pasiboen ondore guztietarako ulertzen da Jabetza Erregistratzaileen Kidegoko Lerrundegiaren lehenengo hamabi zenbakietako bat duten erregistratzaileek mugarteko magistratuen soldatarik handiena izango dutela soldata arautzailetzat.

TRUKEAK

546. artikulua

Legearen 286. artikuluaren ariora destinoak elkarri trukatu nahi dizkion erregistratzaileek halaxe eskatu behar diote Justizia-ministroari, Zuzendaritza Nagusiaren bidez aurkeztutako eskaera-orri batean; eskaera-orri horretan eskaera egiteko arrazoiak azaldu behar dituzte, horrekin batera arrazoi horiek egiaztatzeko frogak aurkeztuz.

Zuzendaritzak eskatzaile bien arteko zenbakiak dituzten erregistratzaileen txostena eska dezake, eta espedientea Justizia-ministroari bidaliko dio, bere proposamenarekin batera, horrek bidezkoa den ebazpena eman dezan; betiere, trukea ematea nahibadakoa izango da.

Interesdunak ez badira jabetu euren erregistroez, ez dira onartuko truke-eskabideak.

547. artikulua

Elkarri trukatu nahi dizkioten erregistroen emaitzak ikusteko, horietan erregistro-eragiketekin eta Eskubide Errealen gaineko Zergen likidazioarekin lortutako emaitza osoak bakarrik izango dira kontuan, kasuan kasuko erregistroetako liburu ofizialetan azken bosturtekoaren inguruan agertzen diren datu estatistikoen arabera; era berean, ulertuko da bosturtekoa amaitzen dela, trukea zein urtetan eragin eta aurreko urtearen azken egunean.

Bi erregistroetan bosturteko horretako emaitzen artean emandako diferentzia legearen 280. artikuluak finkatutako laurdena baino handiagoa ala txikiagoa den zehazteko, emaitzarik txikienak dituena hartuko da kontuan.

LIZENTZIAK

548. artikulua

Erregistratzaileek Erregistroaren hiriburuan izan behar dute euren egoitza, eta lanegunetan, bulego orduetan kanpora irteteko, hauxe izan behar dute: Zuzendaritzak emandako lizentzia, Justizia-ministroak onartutako luzapena edota legeak nahiz erregelamendu honek baimendutako beste agindu zein eransketaren bat betetzeko izendapena.

Eskubide Errealen gaineko Zergaren ondorioz bildutako funtsak eman behar direnean edo bestelako arrazoi zuzenen bat gauzatzeko irten behar direnean, Hipoteka Legearen 288. artikuluak zehaztutakoa bete behar da zehatz-mehatz.

Arrazoi zuzenen ondoriozko absentziak ezin luza daitezke zortzi egun baino gehiago, eta urtean zehar gehienez lau erabil daitezke.

549. artikulua

a) Lizentzia-eskabidea zuzenean aurkeztuko zaio Zuzendaritza Nagusiari, eta eskaera-orrian agerrarazi behar da Erregistroaren egoera, urtean zehar titularra zenbat aldiz eta zenbat denbora izan den kanpoan, eta lizentziaren arrazoia, baita aldian aldiko erregistratzailearen izena ere.

Lizentzia eskatu duenak ez duenean beraren ordez jarduteko prest dagoen aldian aldiko erregistratzailerik, lizentzia-eskabidean zuzendaritza zentroari eskatuko dio horren izendapena.

b) Lizentziaren ohiko iraupena urtean hilabetekoa izango da, oporren edo bestelako arrazoi baten ondorioz.

c) Erregistratzaileari komunikatu behar zaio lizentzia eman zaiola, eta horrek berori erabil dezake eman zaiola dakienetik, nahiz eta oraindik jakinarazpenik jaso ez.

Lizentzia eman dela jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunetan erregistratzailea ez bada hasi berori erabiltzen, lizentzia hori ondorerik gabe geratuko da.

Erregistratzaileek hiru aldiz geldiaraz dezakete lizentziaren erabilera, kargua betetzeari ekinez eta gero berriro erabiliz lizentzia hori, baina, horretarako, geldiarazpen bakoitza ezin izan daiteke emandako epearen erdia baino luzeagoa, eta Zuzendaritzari komunikatu behar zaio, dela noiz geldiarazi den lizentziaren erabilera, dela noiz ekin zaion berorri.

d) Lizentzia erabiltzeak esan nahi du erregistratzaileak ez duela bulegora joateko betebeharrik, baina nahi izanez gero, joan daiteke, karguaren eginkizunak betetzeko.

Lizentzia erabiltzen hasi baino lehen, erregistratzaileak Zuzendaritza Nagusiari komunikatu behar dio nor den berak izendatutako aldian aldiko erregistratzailea, eta hori ados dagoela erregistratzaile moduan aritzeko, lizentziaren erabilera hasten denetik.

Gisa bertsuan, Zuzendaritzari komunikatu behar zaio noiz amaitzen den lizentziaren erabilera hori eta noiz uzten duen kargua aldian aldiko erregistratzaileak.

Zuzendaritza Nagusiari egin beharreko komunikaziook postaz, telegramaz edo telekopiaz egin daitezke.

e) Zuzendaritza Nagusiak hilabeteko lizentzia ematean, beste hilabete gehiago luza dezake berori, bere iritzirako arrazoi zuzena alegatu denean; hala denean, luzapen hori lizentzia arruntarekin batera eska eta lor daiteke.

Luzapena dela-eta iraupenik luzeena izan duen lizentzia ere Justizia-ministroak luza dezake, horretarako arrazoi zuzena dagoenean, eta lizentzia agortu baino lehen eskatu denean luzapen hori.

Ulertzen da lizentzien zabaltze eta luzatzeak isilbidez eman direla, baldin eta bost eguneko epean ez bazaie ezetzik eman esanbidez; halakoetan, ez da zertan komunikatu noiz hasi behar den lizentziaren erabilera.

f) Zuzendaritza Nagusiak lizentzia berezia eman dezake, gaixotasun edo istripuaren ondorioz.

Lizentzia-eskabidearekin batera gaixotasun zein istripu hori egiaztatzeko ziurtagiriak eta agiriak aurkeztu behar dira.

Lizentzia ematean zein gerogarrenean, zuzendaritzak gaixotasunaren bilakaera egiaztatzeko oharrak eta ziurtagiriak aurkezteko epeak edo epe-mugak zehaztu ahal ditu.

Zuzendaritza Nagusiak luza ditzake lizentzia horiek.

Gaixotasun nahiz istripu egoera gertatu bada erregistratzaile gaixoak edo istripua izan duenak lehiaketan parte hartu ostean, Erregistro berriaz jabetzeko epea luzatuko da, lizentziak agindutakoaren arabera; bien bitartean, behin-behinekoa arduratuko da Erregistro horretaz.

Istripua izan duen erregistratzailea edo erregistratzaile gaixoa zein Erregistroren titular izan eta aldian aldiko erregistratzailea arduratuko da horretaz.

g) Haurdunaldi eta amatasun egoeretan, erregistratzaileek bi hilabeteko lizentzia berezia izan dezakete; aldian aldiko erregistratzaileari kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

550. artikulua

Erregistratzailea Erregistrotik irten behar bada elkargo-eginbeharrak betetzeko edo aldian aldiko ezintasun ezustekoa dela bide, eta, egoera horrek dirauen bitartean, ordezkoren bat izendatu behar bada jardun zehatz eta luzaezinen bat gauzatzeko, erregistratzaile horrek duen aldian aldiko erregistratzaileak egingo du ordezpena, hori ados badago, eta, halakorik izan ezean, ordezpen-zerrendaren araberako erregistratzailea izango da ordezkoa; erregistratzaile batek zein besteak Zuzendaritza Nagusiari eta kasuan kasuko lurralde zein autonomia erkidegoko dekanoari jakinarazi behar dizkie ordezpenaren arrazoia, aldian aldiko erregistratzailearen izena eta horren adostasuna, horretarako telefaxa edo posta elektronikoa erabilita.

Lurralde nahiz autonomia erkidegoko dekanoak Erregistratzaileen Elkargoko dekano-presidenteari eta Zuzendaritza Nagusiari emango die horren berri.

Arrazoi zuzenaren ondoriozko 548. artikuluko absentzia kasuetan, erregistratzaileak Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi behar dio noiztik izango den absente, berak izendatutako aldian aldiko erregistratzailearen izena zehaztuz eta horrek adostasuna eman duela adieraziz.

Absentzia amaitzean, Erregistroaz berriro arduratuko den erregistratzaileak absentziaren berri zein organori eman, eta horrexeri komunikatu behar dio noiz amaitu den absentzia eta aldian aldiko erregistratzaileak kargua uzten duela.

Artikulu honek aipatu kasu guztietan, Hipoteka Erregelamenduaren 472. artikuluaren bigarren lerrokadan ezarritako idazki bereizian ondokoa agerrarazi behar da: ordezpena zein egunetan eta zein kasutan gertatu zen, ordezpen hori egin zuen aldian aldiko erregistratzailearen izena eta ordezpena egiteko arrazoia edo inguruabarrak; horrekin batera, seihileko ziurtagiria aurkeztuko da.

551. artikulua

Legezko lizentzia zein absentzia dela-eta erregistratzailea Erregistrotik kanpo badago eta ezin bada itzuli epean, berehala eman behar die horren berri aldian aldiko erregistratzaileari eta Zuzendaritza Nagusiari, hori egiaztatzeko agiria aurkeztuz.

Zuzendaritzak alegatu den arrazoia egiazkoa dela aztertu ondoren, bidezko deritzona ebatziko du.

Betiere, aldian aldiko erregistratzaileak bere eginkizunei ekingo die, bidezkoa dena erabaki arte.

552. artikulua

Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak jardunean ari diren jabetza-erregistratzaileak izenda ditzake, hurrengo zerbitzu-eginkizunei begira:

a) Zuzendaritza zentro horretako berezko zerbitzuekin lotuta ematen zaizkien zerbitzu-eginkizunak betetzeko.

b) Ministerio zein erakunde publikoren batean lan zehatzen bat gauzatzeko.

c) Espezializazio ikasketak eta proiektuak egiteko, Erregistratzaileen Elkargoko Gobernu-batzak eskatuta.

Zerbitzu-eginkizuna emango da Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak bidezko deritzon bitartean, lanaren izaera kontuan hartuta; denbora hori luza daiteke, inguruabarren ariora.

Ulertzen da zerbitzu-eginkizunak gauzatzeko izendatu den erregistratzailea jardunean ari dela lege- eta erregelamendu-ondore guztietarako, eta aldian aldiko erregistratzailea izendatuko da, bai aldi baterako, bai modu iraunkorrean ere.

Ulertzen da Erregistratzaileen Elkargoko Gobernu-batzako kideek zerbitzu-eginkizunak dituztela euren agintaldiak dirauen bitartean, eta aldian aldiko erregistratzailea izendatu behar da, bai aldi baterako, bai betiko.

Legeen arabera erregistratzaile izatearekin bateragarriak diren kargu publikoak dituztenek Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari eska diezaiokete euren egoera berdinestea zerbitzu-eginkizunak dituzten erregistratzaileekin, horiek aldi baterako zein betiko aldian aldiko erregistratzailea dutenean.

Kargua bateraezina bada, edo bateraezina izan ez arren, aurreko lerrokadan ezarritako berdinestea eskatu ez bada, interesduna zerbitzu berezien ondoriozko eszedentzia egoeran dagoela adieraziko da, eta interesdun horri plaza gordeko zaio; Zuzendaritza Nagusiak aldian aldiko betiko erregistratzailea izendatuko du, eta horrek jasoko ditu sortutako zerbitzu-sari guztiak.

553. artikulua

Lizentzia edo arrazoi zuzenen bat dela-eta erregistratzaileak Erregistroa utzi ahal duenean, aldian aldiko erregistratzailea izango da erregistratzaile horrek Erregistroaren hiriburuan, probintzian edo probintzia mugakideen erregistro barrutien barruan izendatzen duena, baldin eta izendatutakoak hori onartzen badu.

Bestela, Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du, ordezpen-zerrenda gogoan izanda, edo, horrez landara, erregelamendu honetan xedatutakoa kontuan hartuta.

Aldian aldiko hainbat erregistratzaile izenda daitezke, aldi berean zein ondoz ondo jardun dezaten.

Aldian aldiko erregistratzaileak erregistratzaile titularraren eginkizunak bere erantzukizunpean beteko ditu, berari dagozkion zereginetan; horretarako, honako erregelok izango ditu kontuan:

a) Jardun ahal izateko, ez da beharrezkoa karguaz jabetzea, ezta aktarik egitea ere, horren gain edo kargua uztearen inguruan.

b) Ulertzen da erregistratzaileok euren eginkizunak gauzatzen ari direla, erregistratzaile titular ordeztuaren Erregistroan daudenean.

c) Titularraren adostasunik gabe, aldian aldiko erregistratzaileak ezin alda ditzake bulegoko langileen araubidea eta antolaketa.

Erregelamendu honen 549 f) eta 552. artikuluetako kasuetan eska daiteke aldian aldiko erregistratzaileak eginkizun hori nolabaiteko jarraikortasun eta iraunkortasunez gauzatzea, eta, halakoetan, erregistratzaile titularrak edo, horrek ezintasunen bat duenean, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ahalmen orokorra eman diezaioke aldian aldiko erregistratzaileari bulegoko langileen araubidea edo antolaketa aldatzeko.

d) Aldian aldiko erregistratzaileari bitarteko erregistratzailearen jardunarauak aplikatuko zaizkio, arauok ez badira erregelamendu honetan ezarritakoaren kontrakoak.

e) Erregelamendu honen 549. artikuluaren e), f) eta g) lerrokaden kasuetan hogeita hamar egun natural baino gehiago diharduen aldian aldiko erregistratzaileak jasoko du titularrari ordezpenak dirauen bitartean legozkiokeen sarrera likidoen ehuneko berrogei, titularrarekin bestelako hitzarmenik sinatu ezean.

Zerbitzu-eginkizunen kasuan edo titularra Elkargoko Gobernu-batzaren kide denetan, betiko izendatu den aldian aldiko erregistratzaileak sarrera horien 100eko 20 jasoko du, kontrako hitzarmenik izan ezean.

Ordainketa bera dagokio Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako notario eta erregistratzaileen bitartekoari; gainerakoan, artikulu honetan aldian aldiko erregistratzaileentzat ezarritakoa aplikatuko zaie bitartekoei ere.

554. artikulua

550. artikuluan aipatu ez diren eta aldian aldikoak ez diren inguruabar berezien ondorioz, hala nola, gaixotasun edo istripuaren ondorioz, erregistratzailea ezin denean bulegoaz arduratu eta horrek ezin duenean eskatu 549 f) artikuluko lizentzia, berak zuzenean zein enplegatu edo ahaide baten bidez, horren berri emango die Zuzendaritza Nagusiari eta ordezpen-zerrendaren arabera ordezpena egin behar duen erregistratzaileari; ordezkoak beste herri bateko Erregistroan diharduenean, telematika edo telegrafia erabiliko dira horretarako, eta herri berean dagoenean edozein baliabide erabil daiteke. Erregistratzaile hori zuzenean arduratu behar da ezinduta dagoen erregistratzailearen bulegoaz, aldian aldiko erregistratzaile gisa.

Erregistratzaileak ez badio ezer komunikatu Zuzendaritza Nagusiari, horrela izendatutako aldian aldiko erregistratzaileak komunikatu beharko dio.

Ahal bezain laster, ezinduta dagoen erregistratzaileak ezintasun hori egiaztatu behar du; hala ere, Zuzendaritza Nagusiak gaixotasun-lizentzia eman dezake.

ERREGISTRATZAILEAREN ENPLEGATUAK

555. artikulua

Legearen 292. artikuluaren arabera, Erregistroko enplegatuen edo konfiantzazko pertsonen artean, erregistratzaileek proposa dezakete nor izenda daitekeen, eurek aurkeztutako agirien liburu-egunkariko itxiera-eginbideak sinatzeko.

Pertsona hori espainiarra eta adin nagusikoa izan behar da, eta ezin ditu zorrak izan estatuarekin edo funts publikoekin, ezta auzi kriminalaren menpe izan, edota dolozko delituaren ondorioz zigortua izan ere; zeregin hori baterarezina da enplegu edo kargu publiko ororekin.

Erregistratzaile titularrek egoki deritzoten pertsona proposa dezakete, behin euren destinoaz jabetu ostean.

Artikulu honek aipatu pertsonak liburu-egunkariko itxiera-eginbideak bakarrik sina ditzake, eta hurrengo kasuetan baino ez: arrazoi zuzenaren ondoriozko lizentzia zein absentzia eman denean, postu hutsa sortu denean edota erregistratzailearen legenahiz erregelamendu-ezintasuna dagoenean.

556. artikulua

Aldian aldiko erregistratzaileak ezin dezake aurreko artikuluaren arabera izendatu den pertsona bere kargutik kendu; horrek erregistratzaile titularraren erantzukizunpean jardungo du.

Pertsona hori ezinduta geratzen bada edo hiltzen bada, aldian aldiko erregistratzaileak beste norbait izenda dezake, harik eta erregistratzaile titularra Erregistroaz berriro arduratu arte.

Horrela izendatu den pertsonak kargua utzi behar du, erregistratzaile titularra izendatzen denean.

Modu berean jardungo da, ez dagoenean inor izendatuta.

557. artikulua

Bulegoko langile izan gabe 555 eta 556. artikuluen ariora izendatu den pertsonak indarreko lan-arauek zehaztutako ordainketa jasotzeko eskubidea du.

558. artikulua

Erregistratzaileak behar dituen enplegatuak izango ditu bere bulegoan; enplegatuok hark jarritako zereginak beteko dituzte, berorren erantzukizun hutsaren menpe, betiere, lan-harremanen araubide juridikoa aplikatuz.

559. artikulua

Erregistratzailearen eta enplegatuen arteko harremanei erregistratzaileen laguntzaileen hitzarmen kolektiboan jasotako arauak aplikatuko zaizkie, eta, halakorik izan ezean, edo arauok arautu ez dituzten aldeetan, lan legeria orokorra aplikatuko zaie.

3. ATALA Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoa

560. artikulua

Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoak «Erregistratzaileen Elkargoa» izen laburtua erabil dezake; elkargo hori zuzenbide publikoko korporazioa da, legeak babestu eta estatuak aintzatesten du, eta berorrek berezko nortasun juridikoa nahiz gaitasun osoa ditu.

Elkargoak autonomia izango du bere helburuak betetzeko.

Elkargoak elkargokideen gaineko eskumena du nazioko lurralde osoan, eta eskumen hori Gobernu-batzak egikari dezake zuzenean, edota beste kidego-organo batzuen bidez.

Erregistroaren eginkizun publikoa behar bezala ibiltzea zaindu behar duen korporazioa denez, hierarkiari dagokionez, elkargoa Justizia-ministroaren eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago, baita horrek eginiko ikuskapen gorenaren menpe ere; berezko eginkizunez gain, Zuzendaritzak agindutakoak bete ditzake elkargoak.

561. artikulua

Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoari aplikatuko zaio Hipoteka Legeak, Lanbide Elkargoen Legeak eta haren estatutu orokorrek xedatutakoa.

562. artikulua

«Ohoretsua» da Erregistratzaileen Elkargoaren tratamendua, eta egoitza Madrilen dago.

Erregistratzaileen Elkargoaren antolaketa nahiz zerbitzuak, baita horiek betetzeko baliabide ekonomikoak ere, estatutu orokorren araberakoak izango dira; estatutuok Gobernuak onetsi behar ditu, Elkargoaren proposamenez eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez.

XIII. TITULUA ERREGISTRATZAILEEN DIZIPLINA-ERANTZUKIZUNA

563. artikulua

Jabetza-erregistratzaileek diziplina-erantzukizuna izan dezakete, Hipoteka Legeak, erregelamendu honek eta, modu osagarrian, funtzio publikoaren araubide orokorrak xedatutakoaren arabera.

Titulu honetan araututako prozeduraren bidez bakarrik eska daiteke erantzukizun hori.

564. artikulua

Kargua betetzean, erregistratzaileek hutsegite oso astunak, astunak eta arinak egin ditzakete.

Hutsegite oso astunak bost urte igarotakoan preskribatzen dira, astunak urte bat igarotakoan, eta arinak bi hilabete igarotakoan.

Hutsegitea egiten denetik hasten da zenbatzen preskripzio-epea, edota auzi penala amaitu denetik, hutsegitea eragin duen egitateak diziplina-zehapena ekarri ahal duenean.

Preskripzioa geldiaraziko da diziplina-espedientea edo interesdunari jakinarazitako informazio erreserbatua hasten denean, eta espedientea geldirik badago sei hilabete baino gehiago, espedientepeko erregistratzaileari egotzi ezin zaion arrazoi baten ondorioz, aurrera egingo du preskripzio horrek.

565. artikulua

Hutsegite oso astunak dira:

1. Zerbitzua uztea.

2. Jarraikako hamar egun baino gehiago Erregistrotik ez agertzea, horretarako arrazoirik izan gabe.

3. Legeak ezarri ez dituen balioen gaineko arantzel-eskubideak jasotzea, doloz edo erru larriaz jardunda.

4. Funtzionarioen legeria orokorrean ezarritako bateraezintasunak haustea.

5. Elkarjotze larriak gertatzea behin eta berriro erregistratzailaren eta hipoteka-barrutiko agintarien artean, erregistratzaileari egozteko moduko arrazoien ondorioz.

6. Erregelamenduko eginbeharrak behin eta berriro ez betetzea, funtzioari kalte larria eraginez.

7. Hutsegite astuna egitea, aurretiaz beste bi hutsegite astun edo oso astunen ondorioz zigortua izan ostean, urtebeteko epean.

566. artikulua

Hutsegite astunak dira:

1. Hierarkian gorago daudenen aginduak ez betetzea.

2. Hierarkian gorago daudenei zor zaien begirunea ez izatea, aurrez aurre, horiei zuzendutako idazkietan edo jendaurrean.

3. Eginkizuna betetzean ezelako adeitasunik ez izatea lankideei, enplegatuei edo jendeari begira.

4. Jarraikako hiru egun baino gehiago Erregistrotik ez agertzea, horretarako arrazoirik izan gabe.

5. Zehaztutako orduetan jendea hartzeko betebeharra ez betetzea behin eta berriro.

6. Erregistratzailearen betebeharrak modu larrian ez betetzea behin eta berriro, ez-betetze hori hutsegite oso astuna ez denean.

7. Zerbitzu-sariak bidegabe jasotzea, hori hutsegite oso astuna ez bada.

567. artikulua

Hurrengoak hutsegite arinak izango dira, hutsegite astunak edo oso astunak ez direnetan:

1. Erregistroko bulegora ez joatea, horretarako arrazoirik izan gabe.

2. Jendaurreko ordutegia ez betetzea, horretarako arrazoirik izan gabe.

3. Adeitasunik ez izatea, goikoei, lankideei, enplegatuei nahiz jendeari begira.

4. Mutualitate zerbitzuari begira dauden eginbehar ofizialak ez betetzea, edo berandu betetzea.

568. artikulua

Erregelamendu honetan tipifikatutako hutsegiteen ondorioz, hurrengo zehapenok jar daitezke:

a) Ohartarazpena.

b) 250 000 pezeta arteko isuna.

c) Oporren ondoriozko lizentzia-eskubidea etetea, gehienez hamar hilabetetan.

d) Borondatezko lekualdaketaren eskubidea etetea, gehienez hiru urtetan.

e) Eginkizunak etetea, gehienez bost urtetan.

f) Ahal izanez gero, 125 postu atzeratzea lerrundegian, gutxienez hiru urtetan eta gehienez sei urtetan.

g) Nahitaezko lekualdaketa.

h) Zerbitzutik banantzea.

Erregistratzaileen kalifikazioen kontrako gobernu-errekurtsoak ebazten dituen agintariak eginiko ohartarazpenak ez dira diziplina-zehapentzat hartuko.

569. artikulua

Hutsegite arinen kasuan, zehapena bakarrik izan daiteke ohartarazpena eta isuna; astunen kasuan, lizentzia-eskubidea nahiz borondatezko lekualdaketaren eskubidea etetea eta eginkizunak gehienez urtebete etetea; eta oso astunen kasuan, atzeratzea, nahitaezko lekualdaketa, eginkizunen bost urte arteko etetea eta banantzea.

Hutsegite oso astunen zehapenak lau urtetan preskribatzen dira; astunen zehapenak, bi urtetan; eta arinen ondoriozkoak, lau hilabetetan.

Preskripzio-epea zenbatzen hasiko da zehapena jartzeko ebazpena irmoa denetik, edota zehapenaren betetzea hasi bada, betetze hori apurtzen denetik.

570. artikulua

Diziplina-zehapenak jartzeko organo eskudunak dira:

1. Justizia-ministroa, ondoko zehapenak jartzeko: karreran atzeratzea, urtebetetik gorako eginkizunen etetea, nahitaezko lekualdaketa eta banantzea.

Hipoteka Legearen 289. artikuluak ezarritakoaren ariora, erregistratzailea banandu edo nahitaez lekualdatzeko, Estatu-kontseiluaren irizpena behar da aurretiaz.

Justizia-ministroaren eta Estatu-kontseiluaren iritziak ez badatoz bat, Ministroen Kontseiluak eman behar du ebazpena.

Zuzendaritza Nagusiak diziplina-espedientea bidaltzen dionean ministroari aurreko lerrokadako zehapenetarik bat proposatuz, ministroak egitateen kalifikazioa alda dezake edo aurreko artikuluan ezarritako beste edozein zehapen jar dezake, erabakia hartzean.

2. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusia, 568. artikuluan zerrendatutako beste zehapenak ezartzeko.

3. Erregistratzaileen Elkargoa, Gobernu-batzaren bidez, ohartarazpena zein 250 000 pezeta arteko isuna ezartzeko.

571. artikulua

Erregelamendu honetan araututako zehapenak ezartzeko, horretarako espedientea instruitu behar da, bertan araututako prozeduraren arabera.

572. artikulua

Prozedura ofizioz hasiko da organo eskudunak hala erabakitzen duenean, dela bere arioz, dela beste organo batek hori agindu edo eskatzen diolako arrazoi egokiak eman eta gero, dela salaketaren bidez.

Espedientea instruitzeko organo eskudunak dira Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusia, eta Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoaren Gobernu-batza.

Erregistratzaileen Elkargoaren Gobernu-batzak berehala eman behar dio hasitako espedienteen berri Zuzendaritza Nagusiari, bai eta berak ezagutzen dituen egitateen berri ere, baldin eta horiek diziplina arau-hausteak ekar baditzakete, eta, batzaren ustetan, Zuzendaritzak badu zehapenon gaineko eskumena.

Aldez aurretik informazio erreserbatua erabiltzea erabaki daiteke.

Hutsegite moduan jasotako egitateek bakarrik ekar dezakete espedientea irekitzea.

573. artikulua

Prozedura hasteko erabakian instruitzailea izendatu behar da, eta ikertu

beharreko egitateak oso konplexuak edo garrantzitsuak direnean, bai eta idazkaria ere.

Kidegoan hamabost urteko antzinatasuna duten jabetza-erregistratzaileek jaso behar dituzte izendapenok.

Espedientea hasteko erabakia Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak hartu badu, zuzendaritza horri atxikitako erregistratzailea izenda daiteke horretarako.

Espedientearen hasiera eta instruitzaile zein idazkariaren izendapena jakinaraziko zaizkie erregistratzaile ukituari eta karguok izateko izendatu direnei.

Prozedura salaketaren ondorioz hasiz gero, salaketa horren sinatzaileari ere erabakiaren berri eman behar zaio.

574. artikulua

Zuzendaritza Nagusiak edo Erregistratzaileen Elkargoak egoki deritzeten neurriak har ditzakete, kasuan kasuko Erregistroak behar bezala diharduela ziurtatzeko.

Bigarren kasuan, Elkargoak hartutako neurrien berri eman behar dio Zuzendaritza Nagusiari.

Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak bakarrik erabaki dezake eginkizunak behin-behinean etetea, bai bere kabuz, bai Erregistratzaileen Elkargoaren Gobernu-batzak hala eskatuta, hutsegite oso astuna egin delako bidezko zantzuak daudenean, eta zerbitzuaren komenigarritasunari begira, etete hori nahitaezkoa denean.

Etetearen gehieneko iraupena sei hilabetekoa izan daiteke, salbu eta espedientea eteten denean, espedientepekoari egozteko moduko arrazoi baten ondorioz.

Zuzendaritza Nagusiak auzipeko erregistratzaileen behin-behineko etetea agin dezake, zerbitzuaren beharrizanei begira hori beharrezkoa denean.

Eteteak prozesuak beste iraun dezake.

Behin-behineko eteteak aldian aldiko erregistratzailearen izendapena ekarriko du, eta, hitzarmenik lortu ezean, titularrak jaso beharko lituzkeen sarrera likidoen 100eko 40 jasoko du horrek.

575. artikulua

Administrazio-legeria orokorrak abstentzio eta ezespenaren inguruan ezarritako arauak aplika dakizkieke instruitzaileari eta idazkariari.

Izendatuak alegatu behar du abstentzioa, berori eragiteko arrazoia jakin bezain laster.

Espedientepekoak instruitzailea eta idazkaria nortzuk diren jakitean, ezespena egikari daiteke.

Abstentzioa eta ezespena organo jarduleari azalduko zaizkio, eta horrek hiru eguneko epean ebatzi behar du autua, txosten eta egiaztapen egokiak egin eta gero.

Ebazpenaren aurka ezin daiteke errekurtsorik jar, baina, prozedura amaitzen duen egintzaren kontrako aurkarapena jartzean, ezespenaren arrazoia alega daiteke.

576. artikulua

Instruitzaileak beharrezkoak diren eginbideak agin ditzake, zehatu ahal diren erantzukizunak zehaztu eta egiaztatzeko.

Betiere, eta lehendabiziko jardun moduan, instruitzaileak salatzailearen berrespena eskatuko du, halakorik izan ezean, baldin eta berrespen hori ez bada egin espedientea hastea agindu zuen organoaren aurrean; instruitzaileak erruztatuaren adierazpenak jasoko ditu, ahoz nahiz idatziz, eta espedientea eragin duen komunikazio nahiz salaketak edo interesdunaren adierazpenek ondorioztatutako eginbideak gauzatuko ditu.

577. artikulua

Eginiko jarduketen arabera eta prozedura hasi zenetik hilabete igaro baino lehen, instruitzaileak kasuan kasuko kargu-orria egingo du, egozten diren egitateak jasota eta, hala denean, ustezko hutsegitea adierazita, baita aplika daitezkeen zehapenak ere; instruitzaileak hilabeteko epe hori beste horrenbeste luza dezake, inguruabarren arabera beharrezkoa bada.

Kargu-orria modu argi eta zehatzean idatzi behar da, hutsegitea dakarren eta erregistratzaileari egotzi zaion egitate bakoitzeko, lerrokada banandu eta zenbatu bat jarrita; orri horretan proposatu behar da hartu diren neurriei ekin behar zaien edo neurriok kentzen diren, eginiko jardunen arabera.

Kargu-orria erruztatuari jakinarazi behar zaio, horrek hamar eguneko epean erantzuna eman dezan bidezko deritzen alegazioekin eta interesgarri deritzen agiriak ekarrita; izapide horretan, erruztatuak eska dezake beharrezko deritzen frogak egitea, hori komenigarria dela uste badu.

578. artikulua

Orriari erantzundakoan, edo horretarako epea igarotakoan, instruitzaileak erabaki dezake eskatutako frogetatik bidezko deritzenak egitea, bai eta egoki deritzen beste batzuk ere egitea; horretarako, hilabeteko epea dago.

Instruitzaileak ezezkoa eman badio froga zehatz batzuk onartu eta egiteari, ezezko hori arrazoitu behar du, baina ebazpen horren aurka ezin daiteke errekurtsorik jar.

Prozedura erabakitzeko garrantzitsuak izan daitezkeen egitateak zuzenbidean onartutako edozein bide erabilita egiazta daitezke.

Proposatutako frogak eta bidezkoak izateagatik ofizioz erabaki direnak egiteko, espedientepeko erregistratzaileari hiru egun lehenago jakinarazi behar zaizkio horiek egiteko tokia, data eta ordua, eta espedienteari gehitu behar zaio jakinarazpena jaso delako egiaztagiria.

Egiten diren froga guztietan, oinarrizkoa da instruitzailearen esku-hartzea, eta idazkariak ezin dezake berori ordeztu; hala ere, instruitzaileak eska dezake beste erakunde edo izakunderen batek eginbide batzuk gauzatzea.

579. artikulua

Aipatu eginbideok gauzatutakoan, erruztatuari berehala erakutsi behar zaio espedientea, horrek hamar eguneko epean alega dezan bidezko deritzona, eta, hala eskatuz gero, espedientearen kopia osoa emango zaio.

580. artikulua

Hurrengo hamar egunetan, instruitzaileak ebazpen-proposamena egingo du; bertan, egitateak zehaztuko ditu, hala denean, erruztatuak proposatutako frogei ezezkoa emateko arrazoiak azalduz, eta egitateon balorazio juridikoa egingo du, gauzatutako hutsegitea, erregistratzailearen erantzukizuna eta horren ondoriozko zehapena zehaztuz.

Instruitzaileak interesdunari jakinarazi behar dio ebazpen-proposamena, horrek bere defentsarako bidezko deritzona alega dezan hamar eguneko epean.

Instruitzailearen proposamena ez da loteslea ebazpena eman behar duen organo eskudunarentzat, eta horrek proposamen hori onartu, gutxitu edo gehitu ahal izango du, edota espedientea instruitzaileari itzul diezaioke, kargu-orrian beste egitate batzuk sar daitezen edota espedientearen instrukzioa osa dadin, interesdunari hori guztia jakinaraziz.

581. artikulua

Erruztatuak aurreko artikuluaren bigarren lerrokadako alegazioak egin baditu edo epea igaro bada alegaziorik egin gabe, espediente osoa Zuzendaritza Nagusiari edota Gobernu-batzari bidaliko zaio, espediente hori nork hasi duen kontuan hartuta; organo horrek ebazpen egokia emango du, eta, zehapena jartzeko eskumenik izan ezean, espedientea goiko organoari bidaliko dio, edo instruitzaileari aginduko dio beharrezko deritzen eginbideak gauzatzea, gehienez bi hilabeteko epean.

Espedientea itzultzen bada eginbideak gauza daitezen, instruitzaileak horiek gauzatu behar ditu, eta, espedientea berriz bidali baino lehen, erregistratzaile erruztatuari erakutsi behar zaio egindakoa, horrek bidezko deritzona alega dezan hamar eguneko epean.

Prozedura zehatzailea sei hilabete baino gehiago luzatuz gero, instruitzaileak hilero jakinarazi behar dizkio Zuzendaritza Nagusiari espediente-izapideen egoera eta luzapena justifikatzeko inguruabarrak.

582. artikulua

Azken ebazpenak espedientean azaldutako autu guztiak erabaki behar ditu; ebazpen hori hogeita hamar eguneko epean eman behar da, espediente horri erabakiaren oinarri diren agiriak eta beharrezko jarduna gehitu zaizkionetik zenbatzen hasita.

Ebazpenean arrazoiak azaldu behar dira, eta kargu-orriaren zein ebazpenproposamenaren oinarri izan ziren egitateak bakarrik onar daitezke, egitate horiei beste balorazio juridiko bat eman arren.

Ebazpena emateko organo eskudunak instruitzaileak egindako egitateen tipifikazioa aldatzen badu, erruztatuari jakinarazi behar zaio aldaketa, ebazpena emateko epean; erruztatuak bidezko deritzona alega dezake hamabost eguneko epean.

Epe hori igarotakoan, organo eskudunak ebazpen egokia emango du.

Ustezko hutsegitea zehatz-mehatz aipatu behar da, hutsegite mota horri buruzko manuak, erregistratzaile erruduna eta jartzen den zehapena zehaztuz, eta prozeduraren izapideak gauzatu bitartean hartu diren behin-behineko neurriak esanbidez adierazita.

Instruitutako espedientearen gaineko eskumena zein organok izan eta organo hori izango da aurreko arauetan beheko organoen eskumen moduan aintzatetsitako zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

Ebazpenak badio ez dela hutsegiterik egin, behin-behineko neurriei buruzko adierazpen egokiak egin behar dira.

Ebazpena erruztatuari jakinarazi behar zaio, horren kontrako errekurtsoak zeintzuk diren, errekurtsook zein organori aurkeztu behar zaizkion eta horiek jartzeko epeak zeintzuk diren zehaztuz.

Prozedura salaketaren ondorioz hasi bada, ebazpena salaketa horren sinatzaileari jakinarazi behar zaio.

583. artikulua

Zehapenak ebazpenean agindu bezala eta bi hilabeteko gehieneko epean betearaziko dira, salbu eta, egiaztatutako arrazoien ondorioz, beste zerbait ezartzen denean.

Ebazpena emateko eskumena duen organoak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, erabaki dezake zehapenaren betearazpena behin-behinean etetea, preskripzioa baino epe laburragoan, horretarako arrazoiren bat izanez gero.

Nahitaezko lekualdaketaren zehapena gauzatzeko, erregistratzaileak zerbitzuak zein Erregistrotan eman eta Erregistro hori berehala uzteko esan behar zaio.

Erregistratzaile horrek hurrengo lehiaketetan parte hartuko du, postu huts guztiak eskatuz, harik eta bat lortu arte; ondore horietarako eta ebazpen zehatzaileak zehaztu bezala, ulertzen da erregistratzaile hori lerrundegian gutxienez 125 postu eta gehienez 250 postu atzeratu dela.

Eginkizunen etetea eta nahitaezko lekualdaketa betearazteko, erregistratzaile zehatuari jakinaraziko zaio kargua utzi behar duela, eta eteteak dirauen bitartean Erregistroaz arduratuko den erregistratzailea izendatuko da, bitartekotasunei buruzko araubidearen arabera.

Erregistratzaile bananduak baja eragingo du lerrundegian eta eskubide guztiak galduko ditu, elkargo-aurreikuspenak ekarritakoak eta erretiro- edo pentsio-eskubideak izan ezik, legearen arabera horiei ekin behar bazaie.

Erregistratzaileei jarritako diziplina-zehapenak euren espediente pertsonaletan eginiko idatzoharren bidez jasoko dira, zehapenok zein hutsegiteren ondoriozkoak diren zehaztuta.

Zehapena bete zenetik, urtebete, bi urte edo lau igarotakoan, banantzearekin zehatu ez diren hutsegite arinak, astunak edo oso astunak diren kontuan hartuta, idatzohar horiek ezereztuta geratzen dira, salbu eta epe horretan interesdunak zehapena dakarren prozedura berria eragin duenean.

Ezerezteak aurrekaria ezabatzen du ondore guztietarako.

584. artikulua

Diziplina-erantzukizunaren inguruko espedienteetan zehapenak jartzen dituzten erabakien aurka errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean eta auzialdi bakarrean, hurrengo organoetan:

a) Gobernu-batzak hartutako erabakien kontra, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian.

b) Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak hartutako erabakien kontra, Justizia-ministroari jar dakioke errekurtsoa.

Justizia-ministroaren ebazpenek eta Zuzendaritza Nagusiak errekurtso-bidean ematen dituen ebazpenek administrazio-bidea agortzen dute.

XIII. TITULUA INSKRIBATU GABEKO AGIRIAK

585. artikulua

Epaitegi eta auzitegiek edota estatuko kontseilu nahiz bulegoek berehala dekretatuko dute ez direla onartzen legearen 313. artikuluak aipatu agiri nahiz eskriturak, baldin eta horien bidez lortu nahi denean inskribatu behar zen eskubidea gauzatzea, hirugarrenei kalte eginez.

Horretarako, agiria itzuliko zaio berori aurkeztu zuen pertsonari, eta, hala behar denean, demanda, erreklamazio nahiz espedientea eten egingo da, harik eta agiria berriro aurkeztu arte, Erregistro egokian inskribatu delako oharrarekin.

586. artikulua

Agiria aurkeztean ez denean hirugarrenik ukitzen, onar daiteke Erregistroan inskribatu ez den eskritura edo agiria, baina, horretarako, egiaztatu behar da eskritura zein agiri horrek aipatu finka nahiz eskubidea ez dela Erregistroan sartu.

Onarpenak zein alderdiri kalte egin eta alderdi horrek onarpen horren aurka egin dezake, kasuan kasuko finka zein eskubidea Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatuz.

Hori egindakoan, modu ez egokian onartu den agiria itzuliko zaio berori aurkeztu zuenari, horrek agiria Erregistroan inskriba dezan horretarako ematen zaion zentzuzko epean, eta, berriro aurkezten ez badu, edo inskribatu gabe aurkezten badu, ulertuko da ez dela berori ikusi.

587. artikulua

Ulertzen da agiria zein eskritura Erregistroan inskribatu dela, berorrek jasotzen duen finka edo eskubideak legearen araberako idazkun egokia eragin duenean, horren izaera kontuan hartuta.

588. artikulua

Titulua jaso dela egiaztatzeko, nahiko izango da Erregistroak agiriaren oinean oharra jartzea, edota, halakorik izan ezean, erregistratzaileak ziurtagiria ematea.

Finka edo eskubidea Erregistroan sartu ez dela egiaztatu behar denetan, funtzionario horrek ezezko ziurtagiria eman behar du.

XIV. TITULUA ZERBITZU-SARIAK

ARANTZELA APLIKATZEKO ERREGELAK

589. artikulua

Liburuetan egindako idazkunen, emandako ziurtagirien eta gainerako jardunaren ondorioz, erregistratzaileek zerbitzu-sariak kobratuko dituzte, euren arantzela zorrotz beteta.

Arantzelak ez baditu eragiketa batzuen gaineko zerbitzu-sariak zehaztu, eragiketa horrek ez du halakorik sortuko.

590. artikulua

Aurkibideetan eta erregistratzaileek daramatzaten liburu laguntzaileetan egindako idazkunek ez dute zerbitzu-saririk sortuko.

591. artikulua

Erregistroko idazkunak eta ziurtagiriak ofizioz egin edo eman behar direnean, ezin uler daiteke eragiketa horiek guztiak dohainekoak direla, lege-xedapen batek esanbidez hori agintzen ez badu.

592. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

593. artikulua

Epaile edo auzitegiek euren eskumeneko epaiketetan idazkun zein ziurtagiriak egiteko agintzearen ondorioz erregistratzaileek zerbitzu-sariak sortzen dituztenean, zerbitzu-sariok epaiketaren gainerako kostuak bezalakoak direla ulertuko da, horiek ordainarazi eta kobratzeko.

Erregistratzaileak ezezkoa eman dionean titulua behin betiko inskribatzeari edo idatzoharrean jasotzeari eta epaile edo auzitegiaren ustetan ezezko horrek ez duenean oinarririk, interesdunak ez du zertan ordaindu aurreneurrizko idatzoharraren ondoriozko zerbitzu-saririk, eta, halakoa ordaindu badu, kopuru hori itzultzea eska dezake.

594. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

595. artikulua

Idazkuna zuzendu denean erregistratzaileak izan duen edozein motatako oker baten ondorioz, egiten den idazkun berriak ez du zerbitzu-saririk sortuko erregistratzailearentzat.

596. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

597. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

598. artikulua

Zenbait finka zenbaki bakarrean elkartzearen ondorioz, zerbitzu-sariak sortuko dira, baita, hala denean, idazkun berean inskribatutako beste eskubideen ondorioz ere.

Erregela bera aplikatuko da bereizketen kasuan.

599. artikulua

Finka jakina bi Erregistro edo gehiagotan inskribatu behar bada, Erregistro bakoitzean inskribatutako zatiaren araberako zerbitzu-sariak sortuko dira, hori zehaztu denean, edo, bestela, finka horren luze-zabalaren araberakoak.

600. artikulua

Herri Ogasunarekin zorrak dituztenen kontrako premiamendu-prozeduretan enbargo-manamenduak dekretatuz gero, erregistratzaileek manamendu horien idatzagiria egiteko burutzen dituzten eragiketek arantzelean zehaztutako zerbitzu-sariak sortuko dituzte.

601. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

602. artikulua

Ulertzen da hipotekarekin kargatutako finken balioa osatzen dutela horien eskualdaketa-prezioak gehi hipoteken balioak, halakoek indarrean dirautenean.

603. artikulua

Zentsuen, pentsioen nahiz betiko, aldi baterako edo luditzeko moduko beste kargen balioa ez zaio gehitzen eskualdaketa-prezioari.

604. artikulua

Eskualdaketa kostu bidez egin denean, ulertzen da finkaren balioa gutxitu dela, horrek dituen orotariko kargen balioa beste.

605. artikulua

Ulertzen da jabetza soilaren balioa finka edo eskubidearen 100eko 75 dela, eta gozamen, erabilera eta biztantzeko eskubideena, 100eko 25.

606. artikulua

Errentamendu-kontratuan ulertzen da balioa dela kontratua indarrean dagoen bitartean ordaindu behar den zenbateko osoa.

Iraupenik zehaztu ez bada, hamabi urtekoen zenbatekoa hartuko da oinarri moduan.

607. artikulua

Baliorik zehaztuta ez duten zortasunetan, finka nagusiaren 100eko 5 hartuko da halakotzat.

608. artikulua

Eskualdatzen den finka edo eskubide errealaren balioa finkatzeko horren gaineko kargaren bat zenbatu behar denean, eta karga horrek beste ondasun batzuk ukitzen dituenean, bakoitzaren erantzukizun berezia zehaztu gabe, ohar bat aurkeztu behar da paper arruntean; ohar horretan, kargapeko ondasun guztiak zehaztu behar dira, baita bakoitzaren balioa ere, erregistratzaileak kasuan kasuko kontua egin dezan, karga lainduz.

Ez bada oharrik aurkezten, erregistratzaileak karga hori bazter utz dezake.

609. artikulua

Zenbait finka ukitzen dituzten zentsuen kasuan, zentsuaren kapitala kargapeko finken kopuruaz zatituko da, eta, bakoitzean eginiko eragiketen ondoriozko zerbitzu-sariak zehazteko, zatiketa horretan lortzen den zenbatekoaren bikoitza hartuko da balio moduan.

610. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

611. artikulua

Egin diren eskualdaketa guztiak agerrarazi behar direnean inskripzioan, azken eskualdaketak kasuan kasuko zerbitzu-sari guztiak sortuko ditu, eta aurrekoek ehuneko berrogeita hamar, baina ezin jaso daiteke hiru eskualdaketa baino gehiagoren ondoriozko zerbitzu-saririk.

612. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

613. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

614. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

615. artikulua

Betiere, zerbitzu-sariok ordainaraz daitezke edota premiamendu-bidean eska daitezke, baina ezin daiteke inskripzioa eten edo ezin dakioke inskripzioari uko egin, zerbitzu-saririk ordaindu ez delako.

616. artikulua

Azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuak indargabetua.

617. artikulua

Erregistratzaileak bere zerbitzu-sariak eta, 615. artikuluan xedatutakoaren arabera, Tinbrearen zein Eskubide Errealen gaineko Zergak edo antzekoek sortutako zenbatekoak premiamendu-bidean kobratzeko, kontu egokia egin behar du, ondokoa zehaztuz: zordunaren izen-abizenak, Erregistroan egin eta zerbitzu-sariak sortu dituzten eragiketen mota eta data, horien zenbatekoa, aplikatutako arantzelen zenbaki nahiz erregelak eta sortutako gastu nahiz zenbatekoak zehazteko oharra.

Erregistratzaileak idazkia aurkeztuko dio Erregistroaren tokikoa izan eta erreklamazioaren zenbatekoaren araberako eskumena duen epaileari, aurreko lerrokadan adierazi kontuarekin batera; epaileak exekuzio-manamenduaren idatzagiria egingo du, eta laster ordainarazpena egingo da premiamendu-bidean, Prozedura Zibilaren Legeak ezarri bezala.

Pertsona batek baino gehiagok badute 615. artikuluaren lehenengo lerrokadan aipatu betebeharra, kreditu guztiak harreman bakarrera bil daitezke, eta, epaitegiaren eskumena zehazteko, erreklamatutako zenbatekoen kopuru osoa hartuko da kontuan.

Zerbitzu-sariek ordainarazteko premiamendu-bidea erabili denean, eta interesduna ez dagoenean ados erregistratzailearen kontuarekin hori gehiegizkoa dela uste duelako, kontu hori aurkara dezake, hurrengo artikuluan ezarritako errekurtsoak hamabost eguneko epean jarrita, ordainketa-errekerimendua egin denetik zenbatzen hasita; aldez aurretik, erreklamatutako zenbateko osoa zainpean utzi behar da epaitegiko idazkaritzan.

Behin zenbateko hori zainpean utzi eta aurkarapen-errekurtsoa jarri dela egiaztatu ostean, epaitegiak premiamendu-prozedura etengo du errekurtsoaren behin betiko ebazpena eman arte, eta gero bidezko deritzona erabakiko du, ebazpen hori gogoan izanda.

618. artikulua

332. artikuluaren 5 eta 6. paragrafoek aipatu aldeen inguruko oharrak ohar soil bakarrari dagozkion zerbitzusariak sortuko ditu, eskatutako aldeen kopurua edo norainokoa edozein izanda ere.

619. artikulua

Zerbitzu-sariak ordaindu arren, interesdunek errekurtsoa jar dezakete Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari berrikuspena eskatzeko, baldin eta urtebete igaro ez bada ordainketa egin zenetik, eta oker aritmetikoak edo materialak badaude, edota minutak ez baditu betetzen betekizun formalak, kontzeptu horiek guztiak zehaztuz.

XV. TITULUA LURRALDE-JABETZAREN ESTATISTIKA

620. artikulua

Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoak eraman behar du Finka eta Eskubideen Aurkibidea, estatistika helburuekin.

621. artikulua

Estatistikak egin eta argitaratzeko, erregistratzaileek eragiketa inskribatuen informazio bakoiztua bidaliko dute aldian-aldian aurkibide horretara, baliabide informatikoen bidez, baina Erregistroko finkarik edo titularrik identifikatu gabe; informazio horretan, udal-mugartea, finkaren izaera, egoera zein luze-zabala, eskubide erreala, eskualdaketa edo aldarazpen mota, balioa, titularraren naziokotasuna eta hipotekaren datuak zehaztu behar dira, bai eta estatistika balioa izan dezaketen beste datu batzuk ere.

Gisa berean, egin diren aurreneurrizko idatzoharren gaineko informazioa bidaliko dute.

622. artikulua

Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistra tzaileen Elkargoari dagokio datuok estatistikarako jorratu eta argitaratzea, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren ikuskapenaren menpe.

Elkargoak argitalpen estatistikoak egingo ditu urtero.

623. artikulua

Erregistratzaileen Elkargoak herri-erakundeei emango dizkie horiek legearen arabera eska ditzaketen estatistikak.

624. artikulua

Erregistratzaileen Elkargoak emandako datuekin, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak jabetza erregistroetako idazkun, besterentze, eskubide, hipoteka eta aurreneurrizko idatzoharren estatistikak argitaratuko ditu urtero.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Legearen 14. artikuluko hirugarren lerrokadan esanbidez araututako kasuetan izan ezik, agiri pribatuetan agerrarazitako jarauntsi-adierazpenak inskriba daitezke, adierazpen horien data sinesgarria denean, Kode Zibilaren 1227. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta adierazpenok 1945eko uztailaren 1a baino lehenagokoak direnean.

Gainerako kasuetan, legearen 46. artikuluak agindu aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke.

Bigarrena

Erregistroa suntsitzeagatik tituluak berrinskribatu behar direnetan, iraungitzearen ondoreetarako aipamenen data izango da agiri berrinskribatuaren oinean egindako inskripzio-oharrarena.

Hirugarrena

1945eko uztailaren 1a baino lehen egindako seniparte-aipamenetan, egun horrez geroztik hasiko da zenbatzen aurkarapenerako bost urteko epea.

Laugarrena

Legearen 15. artikuluko B erregelaren laugarren zenbakiko bigarren lerrokadan jaraunsleei edo euren legezko ordezkariei edozein tituluren bidez eman zaien ahalmena aplika dakieke 1945eko uztailaren 1a baino lehenagoko jarauntsiei, inskripzioaren data edozein izanda ere.

Bosgarrena

Finken jabari- eta edukitza-inskripzioak egin direnean, finka horiek elkar daitezke, nahiz eta edukitza-inskripzioak jabari-inskripzio bihurtzeko hamar urteko epea oraindik igaro ez; hala ere, bihurketa eskatu behar da, epe hori igarotakoan.

Seigarrena

Inguruabar berezien ondorioz ezin badira bete etxe emakidadunari eginiko liburu-eskaerak, behin-behineko liburuak irekiko dira, eta 1936ko uztailaren 18az geroztik irekitakoek emakidadunaren liburuen betekizun guztiak badituzte, behin betiko liburu bihur daitezke; betiere, erregistratzaileak zuzendaritza-zentroari ezagutarazi behar dizkio, hala liburu horien kopurua, nola horiei artxiboan dagokien zenbakia.

Liburuok behin betiko liburu bihurtu direla agerrarazi behar da, azalean erregistratzaileak sinatutako eginbidearen bitartez.

Zazpigarrena

Erregelamendu hau indarrean jarri eta hurrengo lehenengo hiruhilekoan, erregistratzaileek euren fidantzak zabal ditzakete, hori bidezkoa izanez gero, euren kategoria pertsonalaren ariora.

Epe horretan, kasuan kasuko tituluak emango dira.

Dena den, erretiro kasu eta antzekoetan, lehenago eman daitezke tituluok.

Zortzigarrena

395. artikuluaren ariora, finken lau mugak adierazi behar dira, baina egungo aurkibideetako folioak agortzen direnean bakarrik da beharrezkoa aipamen hori.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Erregelamendu honek lehen auzialdiko epailearen esku-hartzea agintzen duenean, herrian hainbat epaile izanez gero, epaile dekanoari dagokio eginkizun hori, betiere, Prozedura Zibilaren Legeko 59 eta 430. artikuluetan negozio zibilak banatzearen inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Bigarrena

Azaroaren 12ko 3215/1982 Errege Dekretuak indargabetu du xedapen gehigarri hau.

Hirugarrena

Interesdunek esanbidez eskatu ez arren, 1925eko maiatzaren 20ko Errege Dekretuak Erabilera Zerga ordaintzeko agintzen duen lotura-oharra egin behar dute erregistratzaileek.

AZKEN XEDAPENA

AZKEN XEDAPENA

Indarrik gabe geratzen da Hipoteka Legea betearazteko Erregelamendua, 1915eko abuztuaren 6koa.

Gisa bertsuan, ulertzen da hipoteka-gaiei buruzko dekretu, agindu eta beste administrazio-xedapen guztiak indarrik gabe geratzen direla, erregelamendu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren heinean.

Oharra

(*) Zenbait artikulu zeinu horrekin eta kurtsibaz identifikatu dira. Irailaren 4ko 1867/1998 Errege Dekretuak aldarazi zituen artikuluok, baina Auzitegi Gorenak adierazi du Errege Dekretu horrek ekarritako aldarazpena deuseza dela Zuzenbide osoz (2000ko maiatzaren 22ko eta 2001eko urtarrilaren 31ko epaiak); horren ondorioz, artikuluok (6, 17, 18, 113-116, 118-124, 127-129, 131, 386-388 eta 391. artikuluek) aurreko idazkera hartu dute berriro.

(**) Irailaren 4ko 1867/1998 Errege Dekretuak zeinu horrekin identifikatu diren artikuluak ere aldarazi zituen, baina Auzitegi Gorenak zatika deuseztatu ditu horiek. Horregatik, zenbait lerrokadek euren jatorrizko idazkera errekuperatu dute (eta horiek kurtsibaz agertuko dira), eta beste zenbait, berriz, kendu egin dira.

Zehatzago esanda, 2000ko otsailaren 24ko, 2000ko maiatzaren 22ko, 2000ko abenduaren 12ko eta 2001eko urtarrilaren 31ko epaietan, Auzitegi Gorenak adierazi du hurrengoak deusezak direla Zuzenbide osoz: 11. art.aren 2, 3, 4 eta 5. lerrokadak, eta 13. art.aren 1. 2 eta 3. lerrokadak (horiek guztiak kendu dira); 16. art.aren 1. paragrafoa (aurreko idazkerarekin agertzen da) eta 2. paragrafoaren b) eta c) letrak (kendu izan direnak); 51. art.ko 4. erregelaren azken lau lerrokadak (aurreko idazkera hartu dute horiek); 97. art.aren 2. lerrokada, horren azken tartekadura izan ezik (lerrokada horrek ere jatorrizko idazkera errekuperatu du, baina azken tartekadura ez da ukitu); 112. art.aren 3. paragrafoa eta azken lerrokada (lehenengo idazkerarekin agertzen direnak); 155. art.aren 4. lerrokada (kendu dena); 177. art.aren bigarren lerrokada (hori ere kendu egin da); 298. art.aren 4. paragrafoa (aurreko idazkera hartu du berriro); 332. art.aren 6. paragrafoaren 1. lerrokada (kendu da); 334. art.aren 3. paragrafoa (hori ere kendu egin da); eta, azkenik, 355. art.aren 1 eta 3. paragrafoak (aurreko idazkera) eta 2. paragrafoaren azken tartekadura (kendu da).

(***) Irailaren 4ko 1867/1998 Errege Dekretuak ezarri zuen zeinu horrekin identifikaturiko artikuluaren idazkera (399. art.), baina Auzitegi Gorenak 2001eko urtarrilaren 31n emandako epaian adierazi du artikulu hori deuseza dela Zuzenbide osoz. Horrenbestez, 399. artikulua edukirik gabe geratu da, horren jatorrizko idazkera bat zetorrelako erregelamendu honen egungo 400. artikuluarekin.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra