Azaroaren 26ko 49/2003 Legea, Landa-errentamenduena
2003-11-26Itzulpena nork: Aristondo, Aiora; Etxebarria, Arantza; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andres; Urrutia Idoiaga, Esther; Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2003/11/27, 284. zk.
I
Gizarteari eta ekonomiari dagokien arloan, nekazaritza-ustiategien egiturak egokitzea giltzarria da, nekazaritza modernizatzeko edozein estrategiatan, batez ere merkatuetan lehia hobetu eta enpresa bideragarriak sendotu nahi badira, errenta- eta okupazio-maila egokiak sortzeko.
Hori dela eta, egitura berritzea edo hobetzea beharrezkoa da Espainiako nekazaritzaren zati zabal batean, azkenaldian egiten ari diren aldaketa sakonak gorabehera, zati horrek oraindik egitura-gutxiegitasunak dituelako, bai oro har eta lurraldeari begira, bai beste estatu batzuen aldean; hain zuzen ere, azken horiekin batera, egunean-egunean irekiagoak eta lehiakorragoak diren merkatuak eta interesak ditu.
Egitura hobetzeko, funtsezko osagaietako bat lurraren mugikortasuna da, eta helburu hori lortzeko mekanismorik egokienetarikoa errentamenduaren erakundea da.
II
Espainiako 1978ko Konstituzioaren 130.1 artikuluaren arabera, botere publikoak «sektore ekonomiko guztien modernizazio eta garapenaz arduratuko dira, eta, batez ere, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta eskulangintzaren kasuan, espainiar guztien bizitza-maila berdina izan dadin».
Horren ondorioz, landa-errentamenduen arauketa egokia ezartzea, nekazaritza-ustiategiak modernizatzen laguntzen duenez, ez da soil-soilean ekonomia- eta gizarte-politikaren tresna, botere publikoei zuzendutako konstituzio-agindua baizik, eta, zehazki, estatuari zuzendutakoa, Oinarrizko Arauaren 149.1 artikuluaren 8.a erregelak estatuari eman baitio horren gaineko eskumen esklusiboa: «legegintza zibila; horri kalterik egin gabe, autonomia- erkidegoek zuzenbide zibilak, forudunak nahiz bereziak, iraunarazi, aldatu eta garatu ahal izango dituzte, halakoak direnetan».
III
Joera desberdinak ikusi izan dira azken hamarkadetan, Espainian, lurraren edukitzari dagokionez. Zalantzarik gabe, joera horiek eragina izan dute lurraren mugikortasunean eta egitura egokitzeko prozesuan.
Esangura horretan, errentamenduak gora egin duela ikusi da, lurra edukitzeko gainerako moduekin alderatuta.
Horrela, errentamenduaren zabalkunde handiari lotuta dago 60ko hamarkadako berregituraketa.
Aitzitik, 70eko hamarkadan, eta, batez ere, 80koan, ustiategien neurriak aldatzeko joera murriztu zen, errentamenduen zabalkundea gelditzean, lurraren eskualdagarritasuna oztopatu zelako, nola edo hala, Landa-errentamenduen 1980ko Legearen ondorioz.
Lege horrek 1978ko Konstituzio berriaren arabera erakundea egokitu eta Espainia Europar Batasunean erabat integratzeko ikuspegian kokatu zuen, eta, azken buruan, zentzuzko arau orok egin behar duen bezala, nekazaritzaren inguruabarrei erantzun zien, orduan oso desberdinak ziren eta, ez 1935eko Legeko inguruabarrak, ezpada 60ko eta 70eko hamarkadetakoak.
Orain berrikuspena nahitaezkoa da, arrazoiak bestelakoak badira ere.
Europar Batasunean, nekazaritza-politikako eraldaketak oinarri duen pentsamoldean, garrantzi handiko aldaketak gertatzen ari dira.
Oinarrizko erronka ustiategien eragingarritasuna handitzea da, nekazariek eta abeltzainek izan ditzaketen errenta-galerak konpentsatzeko.
Oro har, horretarako gaur egungo ustiategiak baino askoz handiagoak behar direla jotzen da, lur-azalerari eta emankortasunari begira; eta, batez ere, lurraren merkatua dinamizatu beharra dago.
Eta, hain zuzen ere, puntu horretan errentamendua agertzen da lur berriak lortzeko tresnarik egokienetako bat legez, horren bidez ere, euren zereginetan irauteko asmoa duten nekazariek lur berri horiek euren lurrei gehitu ahal izateko.
Modu horretan, landa-gune batzuetan, enpresaburu gutxi batzuek barruti osoa landatu, eta lurrak landuta, bizirik eusten diete haiei, eta, horri esker, erkidegoak bideragarriak dira; bestalde, hiriko biztanleen turismoa hartzeko gaitasuna dute. Horrela, nekazariek errenta osagarriak eskuratzen dituzte, eta, horrenbestez, eginkizun bikoitza lor daiteke, alegia, elikagaiak ekoiztea eta ingurumena zaintzea.
Cork-eko Adierazpenean, 1996ko azaroaren 9koan (hortik sortu ziren, neurri handi batean, ustiategiak berrantolatzeko joerak), nekazaritza garatzeko helburua zalantzarik gabe jaso zen, eta, ordutik aurrera, helburu hori nekazaritza- sektoreari lotuta dago.
Nekazaritzaren gaur egungo ezaugarriei dagokienez, garrantzi handiko aldaketak gertatu dira, eta, beraz, errealitate berriei eta etorkizuneko ikuspegiei erantzuteko arau berriak behar dira. Horrenbestez, gaur egun bizi-baldintzak eta enplegu-maila hobetu behar dira, eta landa-inguruan jarduera ekonomikoa dibertsifikatu behar da.
Ziurrenik, etorkizunean nekazaritzako biztanleria aktiboak behera egiten jarraituko du, baina horrek ez du esan nahi nekazari gazteak kokatzeko laguntza-politiken ondore mesedegarriak ezagunak ez direnik, beste faktore batzuekin batera, beherakada hori leuntzen laguntzen dute eta.
Estatistiken arabera, nekazaritza-ustiategietako arduradunen artean, erdiek baino gehiagok ez dute ondorengorik ustiategian.
1999ko Nekazaritza Erroldaren arabera, data horretan, 746.944 ustiategiren buruzagitzan 55 urteko edo gehiagoko titular bat zegoen, eta horrek ez zuen ondorengorik, alegia, enpresaburutzat pertsona fisikoa duten ustiategien ehuneko 44 ziren, erroldatutako ustiategi guztien ehuneko 42.3 (gutxi gorabehera, erroldatutako azalera osoaren ehuneko 20), hain zuzen ere, hurrengo hamarkadan desager daitezkeenak.
Landatu gabe geratzen diren lurrak beste batzuen eskuetara igaro beharko lirateke, eta, horri esker, azalera- oinarri ona pilatuko lukete: gaur egun, Espainiaren hegoaldean batez ere, joera argia dago inoren finkak administratu edo errentan emateko, sozietateak ugaltze aldera; horiek ekoizpen-unitate handiagoak ekarriko dituzte, teknifikatuagoak, hobeto informatizatuak, merkataritza-sareetan hobeto integratuak, berba gutxitan esateko, enpresa- irizpideak dituztenak.
Esangura horretan, eta egindako aurreikuspenen arabera, hurrengo hamarkadan, 400.000-500.000 ustiategi inguruk nekazaritza-jarduera bertan behera utziko dute, eta, gutxi gorabehera, lau milioi hektarea libre geratuko dira; teorian, hektarea horiek beste ustiategi batzuei erantsi ahal izango zaizkie, eskuarki, errentamendua erabiliz.
Hori dela eta, beharrezkoa da horien araubidea berrikustea, eragingarritasuna handitzeko, eta libre geratu azaleren bidez etorkizun hobea duten ustiategiak neurriz aldatzeko edo hobetzeko. Izan ere, hasteko, ez bide da berregituratze hori lurren salerosketaren bidez egingo, horien salneurria anitz garestitu baita.
Azken buruan, legeak oinarri duen funtsezko orientabidea da Espainian landa-errentamenduen araubidea malgutzea, 1995. urtean, uztailaren 4ko 19/1995 Legeak, nekazaritza-ustiatiegiak modernizatzeari buruzkoak, irekitako bideari jarraituz.
Lege horrek 1980koa eraldatu zuen errentamenduen iraupenari dagokionez; legezko luzapenak ezabatu eta gutxieneko iraupenepe berria ezarri zuen, bost urtekoa, aurreko arauketako 21 urteen aurrez aurre.
Horren ondorioz, landa-errentamenduak berpiztu egin ziren.
Horrela, 90eko hamarkadan, errentamendua indartsu zabaldu eta 2.3 milioi hektareatan handitu da.
Lege berriak harago eramaten du norabide berbera.
IV
I. kapituluan, alderdien borondatearen autonomiari lehentasuna emateko helburua aipatu da (1. artikulua), legearen eduki aginduzko eta oso mugatuaren aurkakoa ez den guztiaren inguruan.
Finken errentamenduaz gain, ustiategiena ere aipatu da (2. artikulua); eta, errentamenduaren kasuan, nekazaritza-ekoizpeneko eskubideen araubideari aipamen egin zaio (3. artikulua), Europar Batasunaren zuzenbidean horiek hartu duten garrantziarekin bat etorriz.
II. kapituluan, alderdi kontratugileak arautu dira, eta, horretarako, berrikuntza garrantzitsuak egon dira, besteak beste, ondasun-erkidegoek eta kontratatzeko gaitasuna duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek kontratuak egin ahal izatea. Hain zuen ere, erkidegoa gero eta gehiago erabiltzen den elkarte-modua da, 1999ko Nekazaritza Erroldak erakusten duenez (9. artikulua).
Aipatzekoa da gertatutako orientabide- aldaketa, ezabatu direlako, bai 1980ko Legeak eskatutako «profesionaltasun »-betekizuna, bai lege horrek lurren metatzea saihesteko kopuruari begira ezarrita utzi zuen muga ere.
Arauak aplikazio praktikoan huts egin zuela esan daiteke, legeak bere norainokoa hutsaldu zuen eta, gutxieneko betekizunak zituzten sozietateei, erraz-erraz eratzen zirenei, errentari izaten utzi zielako, eta arauok ez betetzeagatik zehapen egokirik ezarri ez zuelako.
Europako gainerako estatuetan, ez zen pareko eraldaketarik jazo; horren bidez, «titulu nagusi gisa nekazari zena» babestu nahi zen, Europako nekazaritzaegituren pertsonaia nagusia zen eta, 1972ko gizarte- eta egitura-araudietatik aurrera.
Hala ere, Europar Batasuneko irizpidea aldatu egin zen Kontseiluaren 1257/1999 Araudiaren bidez (EB), 1999ko maiatzaren 17koaz, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF) kontura nekazaritzaren garapenerako emandako laguntzari buruzkoaz, horrek zenbait erregelamendu aldarazi eta indargabetu zituen eta.
Arau horretan titulu nagusi gisa erabat desagertu da nekazari den horren irudia, baina arlo horretan estatu kide bakoitzaren arauketa errespetatu da; horrenbestez, nekazaritza-ustiategien bideragarritasuna izango da egitura-politika berriaren oinarria.
Espainiako ustiategien titulartasunak adierazten du, arestian izandako garapenari erreparatuz gero, banakako ustiategiek behera egin dutela; aitzitik, pertsona juridiko pribatua (esaterako, merkataritza-sozietateak edo kooperatibak) titular gisa duten ustiategiak eginkizun garrantzitsua hartzen ari dira, Espainiako nekazaritza berregituratzeko prozesuan; baina horrek ez du esan nahi familia-ustiategiaren zeregina eta nahitaezko babesa alde batera uzten direnik, ustiategi modu hori ezinbestekoa da-eta landa-inguruan gizarte-garapen egokia bermatzeko.
Arau berriaren funtsezko alderdietako bat errentamenduaren iraupena da, IV. kapituluan arautua.
1995eko Legearen liberalizazio-esperientzia, lehen esan bezala, oinarrizkoa izan da gaur egungo arauketa eratzeko, bide berari jarraitzen baitio; gainera, epea bost urtetik hiru urtera murriztu eta hiru urteko isilbidezko luzapenen sistema ezarri du.
Europar Batasunaren barruan, gure inguruko estatuetan, iraupenaren puntu horri dagokionez, itunak egiteko askatasun osoa onartu da; baina Espainian hori egitea gehiegitxo dela pentsatu da, zalantzarik gabe, errentariak erabilitako kapitalak amortizatu eta enpresari ezinbesteko egonkortasuna emateko denbora behar duelako.
1995eko eraldaketak agerian utzi zuen iraupena aldarazita bertan behera geratu zela, bai 1935eko Legearen oinarria, bai 1980koarena. Egiatan, legezko luzapenak ukatzean, sistema aldatu zen, eta sistema berria 1889ko Kode Zibilarekin identifikatu, edo, behintzat, testu horretara hurbildu zen.
Iraupenari buruzko arauketa berriarekin, 1980ko Legean modu xehean araututako eskuratze-eskubideek, eroslehentasunak eta atzera-eskuratzeak euren esangura galdu dute; bestalde, eskubide horiek aplikatuz gero, jabetza nabarmen mugatzen da, eta jabeak errentamendutik urruntzen dira. Beraz, eskubideok orain ezabatzea egokia dela uste da, lurrak joan-etorri askea izan dezan, egunean-egunean egokiagoa dela uste baita.
Era berean, VI. kapituluan gastuen eta hobekuntzen arauketa azpimarratu behar da.
Aurreko arauketa erabili da, baina sinplifikaturik eta argiturik, eta zenbait berrikuntzarekin; besteak beste, ureztatzaileen erkidegoek ureztaketak modernizatzearen inguruan lortutako hitzarmenen bidez ezarritako hobekuntza bete beharrekotzat jo da, eginkizun hori Espainiako nekazaritza modernizatzeko zutabe garrantzitsuenetakoa da eta.
Gune ureztatuetan kokatutako finken errentamenduak modernizaziorako oztopo ez izatea lortu nahi da.
VII. kapitulua berrikuntza garrantzitsua da, besterentzea eta azpierrentamendua arautu dituelako.
Besterentzeari dagokionez, Legea Kode Zibilaren 1571. artikuluan jasotako emptor non tenetur stare colono printzipio juridiko erromatarretik urrundu, eta, orain, guztiz kontrakoa xedatu da, erosleak Hipoteka Legearen 34. artikuluaren babesa izan arren (22. artikulua).
Lagatzea edo azpierrentamendua baimendu dira, aurreko sistemaren aurrez aurre; baina azpierrentamenduaren errentaren zenbatekoa mugatu da, bitartekari espekulatzaileek lurren merkataritzan jardutea saihesteko.
Horretarako, kontuan hartu da kontratua sozietate bati lagatzeak edo ekarpena egiteak, beharbada, kasu batzuetan unitateak handitzea sustatuko duela. Handitzeak, egiturari buruzko politikako beste tresna batzuekin batera (gazteak sartzea, hobekuntza-planak…), mesede egin behar dio ustiategiak modernizatzeari.
IX. kapitulua ere azpimarratu behar da, apartzerien araubidea eguneratu duelako.
Betekizun bat ezabatu da, alegia, finkaren titularrak, gutxienez, makineriaren, abereen eta kapital ibilkorraren balio osoaren ehuneko 25 ekartzea; modu horretan, apartzeriaren eta errentamendu partziarioaren arteko bereizketa ezabatu da.
Elkarte-apartzeriari dagokionez, itunik ez dagoenean, sozietate-kontratuak arautuko du hori (32. artikulua).
Apartzeria indarrean dago zenbait autonomia-erkidegotan, eta, bestalde, irudi berrietan agertzen da, besteak beste, nekazaritza eta industriako kontratuetan, eta integrazioari lotutakoetan.
Azken buruan, testuak errentamenduaren araubidea malgutzeko orientabidea du; hain zuzen ere, gogoetaren eta adituekin egindako kontsulten emaitza da, baita Nekazaritzako Kontseilu Nagusiaren txostenarena ere.
Malgutze hori bateragarria da alderdiek kontratuan duten orekarekin; eta, berbarako, finkaren jabetza kenduz gero errentariak dituen eskubideetan islatzen da (bigarren xedapen gehigarria).
Kontratuaren iraupen laburra ere konpentsatzen da errentariak berak bakarrik kontratuan atzera egiteko duen eskubidearekin, nahikoa da-eta urtebete lehenago abisua ematea [24.d) artikulua].
Malgutzeak eta orekak lurraren eskualdagarritasun handiagoa bideratu behar dute, baita gure nekazaritza-ustiategien modernizazioa ere.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Landa-errentamendua
1. Landa-errentamendutzat hartuko dira finka bat edo gehiago, edo finkon zatiren bat, aldi baterako lagatzeko kontratuak, horietatik nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-aprobetxamendua atera dadin, prezio edo errenta baten truk.
2. Kontratuoi alderdiek esanbidez adostutakoa aplikatuko zaie, lege honen aurkakoa ez bada.
Ordezko moduan, Kode Zibila aplikatuko da, eta, koderik ez badago, aplikatzeko modukoak diren erabilera eta ohiturak.
3. Nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-ustiategien errentamenduek izaera bera dutela ulertuko da, eta horiei lege honen xedapenak aplikatuko zaizkie, euren izaerarekin bateragarriak badira eta alderdiek esanbidez besterik adostu ez badute.
2. artikulua. Ustiategiaren errentamendua
Ustiategiaren errentamendua dela ulertuko da, kontratuaren aurretik zein kontratua egitean, hura jada eratuta badago, errentamenduaren objektua ustiategia bera izan delarik, beraren osagai guztiekin, unitate organiko moduan, eta, alderdiek esanbidez agerrarazten badute hori, inbentario egokia erantsita.
3. artikulua. Nekazaritza-ekoizpeneko eskubideak eta bestelako eskubideak
Nekazaritza-ekoizpeneko eskubideek eta finkei edo ustiategiei datxezkien bestelako eskubideek osatuko dute kontratuaren edukia, bai finken errentamenduan, bai ustiategien errentamenduan, alderdiek esanbidez kontrakoa ezartzen ez badute, estatuan, autonomian edo erkidegoan aplikatu beharreko arauketarekin bat etorriz.
4. artikulua. Errentamenduen arteko bateragarritasuna
1. Finka beraren gain aldi bereko errentamendu batzuk era daitezke, errentamenduon objektuak aprobetxamendu desberdin, bateragarri eta nagusiak direnean.
2. Esanbidezko itunik ez badago, finka bat nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-aprobetxamendurako errentan ematean, bestelako aprobetxamenduak, adibidez ehiza, ez dira barruan sartuko.
5. artikulua. Landa-errentamendutzat hartzen ez diren kontratuak
Ez dira landa-errentamendutzat hartuko produktuen zati baten truk eta uzta biltzeko egindako kontratuak, ezta, oro har, nekazaritzako zeregin zehatz bat egitekoak ere, horiek produktuetan parte hartzearekin edo aprobetxamendu berezi batekin ordaindu edo konpentsatu arren.
6. artikulua. Lege honetatik salbuetsitako errentamenduak
Lege honetatik salbuetsita daude:
a) Denboraldi bateko errentamendu-motak, nekazaritza-urtea baino laburragoak.
b) Jabeak bere kontura landu edo prestatutako lurren errentamenduak, kontratuan zehatz aipatutako ereinaldiak edo landaketak egiteko.
c) Herri-onura edo gizarte-interesa dela-eta eskuratutako finken gainekoak, aplikatu beharreko legeria berezian xedatutakoaren arabera.
d) Xede nagusitzat hurrengoa dutenak:
1. Uztondoen, bigarren mailako bazkalekuen, luberritutako larreen, ezkur-larreen aprobetxamenduak, eta, oro har, bigarren mailako aprobetxamenduak.
2. Haziak ereitera edo lugorriak hobetzera bideratutako aprobetxamenduak.
3. Ehiza.
4. Abeltzaintzako ustiategi industrialak edo modu esklusiboan abereak ukuiluan haztera bideratutako lokal edo lursailak.
5. Nekazaritzakoa, abeltzaintzakoa edo basokoa ez den jardueraren bat.
e) Herri-ondasunak, tokiko korporazioen berezko ondasunak eta amankomuneko herri-basoak ukitzen dituzten errentamenduak; horietan kasuan kasuko arau zehatzak aplikatuko dira.
7. artikulua. Legea ez aplikatzea
1. Lege hau ez zaie aplikatuko Hirierrentamenduei buruzko Legearen aplikazio-eremura bildutako errentamenduei, lege horren I. tituluarekin bat etorriz, ezta hasieran edo amaieran xedetzat finkak dituzten errentamenduei, horietan hurrengo inguruabarretariko bat gertatzen bada:
a) Legeria zehatzaren arabera, lurzoruaren araubideari eta balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legearen 27.1 artikuluak aipatutako hiri-lurzorua edo lurzoru urbanizagarria izatea.
b) Landa-erabilerarik ez duten eraikinen edo ustiategien eranskinak izatea, betiere landa-izaerakoa ez den etekina landa-etekinaren bikoitza baino handiagoa denean.
c) Nekazaritza-erabilerakoa ez den beste inguruabar bat dela eta, eskualdean edo inguruan kalitate edo lugintza berekoek izan ohi duten salneurria baino bi aldiz handiagoa izatea.
2. Kontratua indarrean dagoela, aurreko paragrafoan ezarritako inguruabarren bat agertzen bada, errentatzaileak errentamendua bertan behera utzi ahal izango du, 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtebeteko aurreabisua emanda.
Ustiategien errentamenduan ere hori aplikatuko da, aipatu inguruabarrek ustiategiko finken edo beste osagai batzuen gain eragina dutenean, ehuneko 50ean baino proportzio handiagoan.
8. artikulua. Kontratuaren garapena
1. Landa-finken errentariak eskubidea du lugintza-mota zehazteko; hala ere, errentamendua amaitzean, finkak hartu zituen egoeran itzuliko ditu, eta lege honetan hobekuntzei buruz xedatutakoa kontuan hartu beharko du.
Errentariari lugintzen edo produktuen destinoaren gain murrizketaren bat ezartzen dioten itunak deusezak izango dira, lurra pobretzea saihestu nahi dutenak eta lege- edo arau-xedapenen ondorio direnak izan ezik.
2. Lugintza-mota edo -sistema zehaztean, helburua eraldatu edo aparteko hobekuntzak egiten direnean, alderdien arteko esanbidezko hitzarmenaren bidez soilik egin ahal izango da hori, eta, hala denean, lege edo arau egokiak beteta.
3. Era berean, ustiategien errentamenduari dagokionez, errentariak erabateko autonomia du, kontratuaren arabera enpresa-jarduera egikaritzeko; baina betebeharra du ustiategiaren batasun organikoari eusteko, ustiategia osatzen duten osagai guztiei begira, eta errentamendua amaitzean berori errentatzaileari itzultzeko.
Alderdi kontratugileak
9. artikulua. Gaitasuna
1. Landa-errentamenduak pertsona fisikoen edo juridikoen artean egin daitezke.
Pertsona fisikoen kasuan, kontratatzeko gaitasuna soilik behar da zuzenbide erkidearen arabera.
2. Nekazaritza-jardueretan aritzen diren ondasun-erkidegoak ere errentari izan daitezke.
3. Adingabeak, bere finkak edo ustiategiak aitak edo tutoreak errentan eman baditu, kontratua bertan behera utzi ahal izango du emantzipatu ondoren, betiere 12. artikuluan ezarritako gutxieneko iraupena igarota; egoera horretara iritsi eta sei hilabeteko epean jakinarazi beharko dio hori errentariari, edo, bestela, gutxieneko iraupenaren epea amaitzeko urtebete falta denean.
Edonola ere, kontratuaren salaketak ez du ondorerik izango, berori egin eta urtebete igaro arte.
4. Atzerriko pertsonak eta erakundeak ezin dira errentari izan.
Hala ere, salbuetsita daude:
a) Europar Batasuneko estatu kideen eta Europako Esparru Ekonomikoan jatorria duten pertsona fisiko eta juridikoak, eta bestelako erakunde nazionalak, eta aipatu estatuetako herritarrentzat ezarri den araubidea hedatzeko nazioarteko hitzarmenen bat sinatuta duten estatuetakoak.
b) Gainerako estatuetako naziotasuna duten pertsonak, bizileku iraunkorra lortu baldin badute atzerritarrei buruzko legerian ezarritakoarekin bat etorriz.
c) Gainerako estatuetako pertsona juridikoak eta erakunde nazionalak, arlo honetan espainiarrei elkarrekikotasun-printzipioa aplikatzen baldin bazaie.
10. artikulua. Lagatzailearen eskubidea suntsiaraztea
Gozamendunek, azalera-eskubidedunek, enfiteusidunek eta finkaren edo ustiategiaren gain antzeko gozatze-eskubidea duten gainerakoek emandako errentamenduak errentatzailearen eskubidea azkentzean suntsiaraziko dira, salbu eta nekazaritza-urtea amaitu ez denean; kasu horretan, urte hori amaitu arte iraungo dute.
Kontratuan itundutako denboran ere iraun dezakete errentamenduek, denbora hori eskubideon iraupena baino luzeagoa denean, errentamendua egitean jabeak parte hartu badu.
Forma
11. artikulua. Irizpide eta betekizun formalak
1. Errentamendu-kontratuak idatziz agerrarazi behar dira.
Edozein unetan, alderdi batek bestea behartu dezake kontratuok agiri publikoan jasotzera, eta gastuak eskatzailearen kontura izango dira.
Errentapeko ondasunen inbentarioa egitera ere behartu dezake batak bestea.
2. Ustiategiaren errentamenduetan, euren izaera dela eta, gehitu behar da ustiategia osatzen duten osagaien inbentarioa, bai eta azaldu ere errentariak zein kontserbazio-egoeratan hartu dituen osagaiok; eta adierazi behar dira kontratua modu egokian garatzeko beharrezkoak diren inguruabar guztiak.
Errentamenduaren iraupena
12. artikulua. Iraupena
1. Errentamenduek hiru urteko gutxieneko iraupena izango dute.
Alderdiek klausularen batean iraupen laburragoa hizpatuz gero, berori deuseza izan eta ez-jarritzat hartuko da.
2. Alderdien artean iraupen luzeagoa hizpatu ezean, finken eta ustiategien errentamendua hiru urteko eperako itundu dela joko da. Hori dela eta, epe hori bukatu ondoren, kontratua egitean edo geroago alderdiek bestelakorik xedatu ez badute, finken errentariak errentatzailearen esku jarriko du errentapeko finken edukitza.
3. Errentatzaileak, kontratuaren epea amaitzean finken edukitza berreskuratzeko, errentariari jakinarazpen sinesgarria egin beharko dio urtebete lehenago.
Bestela, epea amaitu ondoren, errentariak errentatzailearen esku jartzen ez badu errentapeko finken edukitza, kontratua hiru urterako luzatu dela joko da.
Luzapen horiek elkarren segidan mugarik gabe gertatuko dira, kontratuaren salaketarik egiten ez den bitartean.
Errenta
13. artikulua. Errenta finkatzea
1. Errenta diruz finkatuko da, eta alderdiek modu askean hizpatuko dute errenta hori.
Hala ere, gauzaz edo zati bat diruz eta beste zati bat gauzaz finkatuz gero, diru bihurtuko dute.
2. Alderdiek errenta eguneratzeko sistema ezarriko dute egokitzat dutena.
Behin eguneratzea itunduta, aurkako hizpaketarik izan ezean, errenta urte bakoitzerako eguneratuko da, Kontsumoko Prezioen Urteko Indizea erreferentzia gisa hartuta.
3. Prezioa goren mugako zenbatekoan finkatzen bada errentamenduak dirauen denbora guztirako, eta alderdien artean itunik ez badago, itundutako urte-kopuruarekin zatituko da, urtero ordaindu behar den zenbatekoa zehazteko.
14. artikulua. Ordainketa
Itundutako moduan eta lekuan gauzatuko da errentaren ordainketa, eta, aplikatzeko moduko itun edo ohiturarik ez badago, eskudiruz ordainduko da, mugaeguneratutako urte bakoitzean eta errentariaren egoitzan.
Errentatzaileak errentariari ordainketaren jaso-agiria eman beharko dio.
15. artikulua. Errentarekin berdinetsitako kopuruak
1. Errentatzaileak eska ditzake ordaindu behar dituen kopuru guztiak eta legezko xedapena dela-bide errentariari jasanarazi ahal zaizkionak, errentatzaileak, ordaintzen dituen unetik, kontzeptua, zenbatekoa eta jasanaraztea baimentzen duen xedapena adieraziz.
2. Kopuru horiek ordaindu ezean, errenta ordaindu gabe dagoela ulertuko da.
3. Jasanarazte-eskubidea preskribatuko da, errentatzaileak ordainketa egin eta urtebetera.
16. artikulua. Aseguru-kontratua
Errentariak, alderdiek besterik adostu ez badute, finkaren edo ustiategiaren ekoizpen arrunta aseguratu ahal izango du, aseguratzeko modukoak izan ohi diren arriskuen aurka, eta errentatzaileari jasanarazi ahal izango dio primaren zati bat, itundutako aseguruaren berri ematen dion unetik, alegia, zenbateko osoari dagokionez errentaren eta aseguratutako kopuru osoaren arteko proportzio bera duena.
Gastuak eta hobekuntzak
17. artikulua. Printzipio orokorra
1. Errentatzaileak eta errentariak betebeharra dute, beste alderdi kontratugileak egin behar dituen edo egin ditzakeen obrak, konponketak eta hobekuntzak baimentzeko.
2. Konponketa eta hobekuntza horiek egingo dira, nahasmendu gutxien eragiten duen urteko sasoian eta moduan, salbu eta atzeratu ezin direnean.
18. artikulua. Artatzeko gastuak errentatzailearen kontura
1. Errentatzaileak beharrezko lan eta konponketa guztiak egingo ditu, finka kontratua ituntzean erabakitako aprobetxamendurako edo ustiapenerako erabiltzeko moduan egon dadin; baina horren ondorioz ezin izango du errenta igo.
2. Errentatzaileak, agindeia jaso ondoren, aurreko paragrafoan aipatutako obrak egiten ez baditu, errentariak horretara behartu dezake modu judizialean, edo kontratua suntsiaraz dezake, edo errentaren proportziozko murrizketa lor dezake, edo, berak egiten baditu obrak, ordaintzeke dauden errentekin konpentsazioa lor dezake, horiek mugaeguneratzen diren neurrian.
3. Ezinbesteko kasuan, errentapeko finkak kalte-ordainarekin ordaindu ezin diren kalteak dituenean, eta horien kostua urteko errenta baino handiagoa denean, errentatzaileak ez du konponketa hori egin beharko, eta hori errentariari adierazi beharko dio; azken horrek kontratua hutsal dezake eta errentatzaileari hori idatziz adierazi, edo errentamenduan iraun dezake, errenta proportzioz murriztuta.
19. artikulua. Beste gastu batzuk errentatzailearen kontura
1. Errentatzaileari dagozkio, orobat, errentapeko finkan egin beharreko lan, hobekuntza eta inbertsioak, horiek egin behar badira lege-xedapenaren edo ebazpen judizial nahiz administratibo irmoaren edo ureztatze-sistema aldatzeko ureztatzaileen erkidegoak ureztaketak modenizatzeari buruz egindako hitzarmen irmoaren ondorioz.
2. Aurreko paragrafoan aipatutako lan, hobekuntza edo inbertsioek, euren izaera dela eta, finkaren ohiko artapena gainditu, eraldaketa eragin eta ekoizpena handitzea badakarte, orduan errentatzaileak errenta proportzioz birbaloratzeko eskubidea izango du, eta, hala denean, kontratua hutsaltzeko ere, errentaria birbalorazio horrekin ados ez badago.
20. artikulua. Errentariaren konturako obrak eta hobekuntzak
1. Errentariari dagokio konponketa, hobekuntza eta inbertsioak egitea, horiek nekazaritza-enpresaburuari jardueran aritzean dagozkionak badira, eta lege-xedapenaren edo ebazpen judizial nahiz administratibo irmoaren ondorioz, edo, nekazaritza-enpresaburuari ere jardueran aritzean ureztatzaileen erkidegoak ureztaketa hobetzeari begira egindako hitzarmenaren ondoriozkoak badira; hala eta guztiz ere, horregatik ez du eskubiderik izango errenta murrizteko ez errentamendua luzatzeko, alderdien arteko hitzarmenaren bidez edo lege-xedapenaz edo ebazpen judizial nahiz administratiboaz besterik ateratzen ez bada.
2. Errentariak errentapeko lurren hormak, hesiak, palaxu biziak edo hilak, zangak eta bestelako itxitura-moduak ken ditzake, horiek ustiapen-unitate bereko finka bi edo gehiago bereizten badituzte; hala eta guztiz ere, errentamenduaren amaieran, gauzak jaso zituen bezala itzuli beharko ditu, Kode Zibilaren 1561. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Errentamenduan zehar egindako hobekuntzak errentariaren kontura egin direla uste da.
21. artikulua. Hobekuntza onuragarri eta borondatezkoak
Errentariak errentapeko finketan egin hobekuntza onuragarri eta borondatezkoei dagokienez, horien izaera gorabehera, beteko da, lehenengo, alderdiek kontratua egitean edo beste edozein unetan adostutakoa; eta, itunik ez badago, Kode Zibilak onustedun edukitzailearentzat ezarritako araubidea aplikatuko da.
Besterentzea eta azpierrentamendua
22. artikulua. Errentapeko finka besterentzea
Finkaren eskuratzailea, Hipoteka Legearen 34. artikuluak babestuta egon arren, errentatzailearen eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da, eta errespetatu beharko du aribidean dagoen kontratuaren edo isilbidezko luzapenaren gutxieneko iraupenetik geratzen den epea.
23. artikulua. Lagatzea eta azpierrentamendua
Lagatzeko eta azpierrentamendurako, alderdiek itundutakoa beteko da, eta, edozein kasutan ere, finka edo ustiategi osoari egokituko zaio, eta errentaldia amaitzeko falta den denbora guztirako egiletsi behar da; errenta ezin izan daiteke errentatzailearen eta errentariaren artean itundutakoa baino handiagoa.
Errentariak ezin du finka edo ustiategia laga edo azpierrentan eman, errentatzailearen esanbidezko adostasunik gabe.
Errentamenduaren amaiera
24. artikulua. Errentamenduaren amaiera
Errentamendua amaitzen da:
a) Errentapeko gauza erabat galdu delako eta nahitaezko jabetza-kentzea gertatu delako, erabatekoa baldin bada kentze hori; zati bat soilik galtzen bada, errentariak errentamenduan irauteko aukera du, baita nahitaezko jabetza-kentzearen kasuan ere, eta errenta proportzioz murriztuko da.
Azken kasu horretan, gainera, errentariak eskubidea du Administrazioak finkatutako kalte-ordaina jasotzeko.
b) Hitzarmenezko edo legezko epe-muga, eta, hala denean, luzapenarena, agortu delako.
c) Alderdiek euren artean hala adostu dutelako.
d) Errentariak, berak bakarrik, atzera egin duelako nekazaritza-urtea amaitzean; errentatzaileari urtebete lehenago jakinaraziko dio hori.
e) Errentaria hil delako, oinordeko legitimoen eskubideari kalterik egin gabe.
Kasu horretan, testamentugileak esanbidezko izendapenik egin ez badu, oinordekoek euren artean gehiengoz hautatu beharko dute nor subrogatzen den hildako errentatzailearen baldintza eta eskubideetan.
Azken inguruabar horretan, kasuan kasuko jakinarazpena idatziz egingo zaio errentatzaileari, heriotza gertatu eta urtebeteko epean.
f) Pertsona juridikoen edo ondasun-erkidegoen mesederako egindako errentamenduetan, pertsona juridikoa edo erkidegoa azkentzen den unetik aurrera.
g) Errentatzailearen eskubidea suntsiarazi delako.
h) Legez ezarritako kasuetan kontratua suntsiarazi edo hutsaldu delako.
25. artikulua. Errentatzaileak hala eskatuta, errentamendua suntsiaraztea
Kontratua, edozein kasutan ere, errentatzaileak hala eskatuta suntsiaraz daiteke, hurrengo arrazoi bat dela medio:
a) Errenta eta horrekin berdinetsitako kopuruak ez ordaintzea.
b) Finka hobetu edo eraldatzeko betebeharra modu larrian ez betetzea, bai errentariak kontratuan horiek egiteko konpromisoa hartu bazuen, bai lege-arauaz edo ebazpen judizial nahiz administratiboaz halakoak ezarri badira.
c) Finka ez ustiatzea, zati batean bada ere, edo, osorik edo zati batean, kontratuan ezarritako aprobetxamenduak ez diren horietarako erabiltzea, programa eta planek ezarritako kasuetan izan ezik, horiek betetzea beharrezkoa denean laguntzak edo konpentsazioak jasotzeko, estatuan, autonomian edo erkidegoan aplikatu beharreko arauketa aplikatuz.
d) Errentamendua azpierrentan eman edo lagatzea, 23. artikuluko betekizunen bat alde batera utzita.
e) 7.1 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gerora agertzea.
f) Finkan kalte larriak eragitea, doloarekin edo zabarkeria nabariarekin.
26. artikulua. Hutsaltzea
Errentatzaileak nahiz errentariak kontratua hutsal dezake, beste alderdiak artapen- eta hobekuntza-gastuak ordaintzeko betebeharra betetzen ez badu, lege honen 18, 19 eta 20. artikuluen arabera.
27. artikulua. Ondoreak
Errentari izateari uzten dionak errentari hasi berriari utzi behar dio lokala erabiltzen, eta hurrengo urtea prestatzeko lanetarako beharrezkoak diren gainerako baliabideak erabiltzen ere bai; eta, halaber, errentari hasi berriaren betebeharra da, errentari izateari uzten dionak fruituak bildu eta aprobetxatzeko behar duen oro ahalbidetzea, Kode Zibilaren 1578. artikuluak ezarritako moduan.
Apartzeriak
28. artikulua. Apartzeria-kontratua
1. Apartzeria-kontratuaren bidez, finka edo ustiategiaren titularrak finka edo ustiategiaren, bertako aprobetxamenduren baten edo ustiategiko osagaien (abelburuen, makineriaren zein kapital ibilkorraren) erabilera eta luperketa aldi baterako lagatzen du, eta lagapen-hartzaile apartzeroarekin hitzarmena egiten du produktuak zati alikuotetan banatzeko, bakoitzak egindako ekarpenen arabera.
2. Kontrako itunik ez badago, uste izango da apartzeria-kontratuak ez duela jasotzen lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean lan-harremanik. Lotura hori esanbidez itunduz gero, gainera, kasuan kasuko legeria aplikatuko da.
29. artikulua. Apartzeriaren araubidea
Esanbidezko itunik, foru-araurik edo zuzenbide berezirik eta ohiturarik ez badago, kapitulu honetako xedapenak aplikatuko dira, eta, ordezko moduan, lege honen II, III eta VI. kapituluetara landa-errentamenduei buruz bildutako arauak.
Hala ere, legez edo ebazpen judizial nahiz administratibo irmoaz edo kasuan kasuko ureztatzaileen erkidegoaren hitzarmen irmoaz ezarritako hobekuntzei dagokienez, alderdiek euren artean itundutakoaren arabera egin behar dituzte hobekuntza horiek; eta, itunik ez badago, kontratua suntsiaraz daiteke, lagatzaileak edo lagapen-hartzaileak hala eskatuta.
30. artikulua. Lan arloko araubidea eta Gizarte Segurantzakoa aplikatzea
Lege honen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakotik salbuespen gisa hartutako kontratuak dira apartzeroak bere lana soilik, eta, hala denean, ustiapen-kapitalaren eta balio osoaren ehuneko 10 baino gutxiagoko kapital ibilkorraren zati bat ekartzen dutenak.
Kasu horretan, apartzeroari bermatu behar zaio kontratuaren xede diren finkak landatzen erabilitako denborari dagokion gutxieneko alokairua, eta, oro har, lan-legerian eta Gizarte Segurantzakoan xedatutakoa bete behar da.
31. artikulua. Iraupena
Kontratuaren iraupena askatasunez itundutakoa izango da, eta, itunik ez badago, nekazaritzako urte batekoa dela joko da; urtebetez luzatu dela ulertuko da, 12. artikuluan errentamendurako adierazitakoaren arabera.
Urtebeteko iraupena edo laburragoa duten kontratuetan, kontratua amaitzeari buruzko aurretiazko jakinarazpena, gutxienez, sei hileko aurrerapenarekin egingo da.
Apartzeria laborantza jakin bat egiteko hitzartu bada, iraupenaren gutxieneko epea goldaketa edo laborantza-ziklo bat osatzeko beharrezko denbora izango da.
32. artikulua. Elkarte-apartzeria
Kontratu partziario batean pertsona bik edo gehiagok finken, kapitalaren, lanaren eta ekoizpeneko bestelako osagaien erabilera eta luperketa batera ekarri edo erkidegoan jartzen badute, nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-ustiategia eratzeko edo handitzeko, eta lortutako onura egindako ekarpenen proportzioan banatzea erabakitzen badute, kontratu hori arautuko dute eraketako erregelek, eta, halakorik izan ezean, sozietate-kontratuko erregelek; dena den, hala denean, errentamenduetarako ezarritako gastu eta hobekuntzei buruzko erregelak ere aplikatu beharko dira.
Prozesuko arauak
33. artikulua. Jurisdikzioa eta eskumena
Jurisdikzio zibilaren arloko epaitegi eta auzitegiei dagozkie lege honen babesean gerta daitezkeen auzien gaineko eskumena eta ebazpena.
34. artikulua. Epaiketatik kanpoko auzigaiak
Aurreko artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, alderdiak tartekariaren esanetara jar daitezke, arlo honetan aplikatu behar den legerian ezarritakoaren arabera.
Lehenengoa. Hobekuntzak eta errenta
Ustiategiak modernizatzeko edo finkak eraldatzeko hobekuntzetan, alderdiek hitzar dezakete, kontratua egitean edo geroagoko uneren batean, errenta izatea, osorik edo zati batean, egin beharreko hobekuntza edo eraldaketa bera.
Bigarrena. Jabetza kentzea
Jabetza Nahitaez Kentzeari buruzko 1954ko Legearen 44. artikuluarekin bat etorriz, landa-errentamenduetan eta apartzerian araubide hau ezarri da jabetza nahitaez kentzeko:
1. Errentapeko finken jabetza kentzea:
a) Errentariaren eskubidearen jabetza osorik edo zati batean kenduz gero, horrek jabetza-kentzaileari begira honetarako eskubidea du:
1. Urteko errenta eguneratua jasotzeko, eta, gainera, errenta horren laurdena, urte bakoitzeko, edo gutxieneko aldia edo legezko luzapenaren aldia agortzeko falta den denborari dagokion kopurua.
Jabetza zati batez kentzen denean, kendutako zatiari dagokion errentaren gainekoak izango dira zenbateko horiek.
2. Errentatzaileak gastuak eta hobekuntzak direla-bide zor duen kopurua jasotzeko.
3. Nahitaezko jabetza-kentzeak finka osoa har dezan eskatzeko, baldin eta kendu gabeko zatiaren errentamenduari eustea errentariarentzat ekonomikoa ez bada, errenta murriztu arren.
4. Jabetza kentzean bildu gabe dauden uzten zenbatekoa jasotzeko.
5. Nekazaritza-ustiategiak izan dituen kalte-galeren ordaina jasotzeko, errentamendua ustiategi horren osagaietako bat baldin bada.
6. Hala denean, bizilekua aldatzeak sortutako kalte-ordaina jasotzeko.
7. Zenbateko osoaren gain kalkulatutako lotura-saria jasotzeko.
b) Jabetza-kentzaileak errentatzaileari balioespenetik kenduko dio errentariari gastu eta hobekuntzengatik ordaindu behar zaiona, zenbateko hori errentatzaileak ordaindu behar badu.
c) Errentamenduaren hasieran finkak landa-izaerakoak badira, eta, jabetza kentzeko espedientean, gainbalioa lortu baldin badute une horretan bestelako kalifikazioa egokitu zaielako, zein jaberi kendu eta jabe horrek, gainbalio horren kontura, errentariari eman behar dio lurzoruaren prezioaren hamabirena, kontratuaren iraupen-urte bakoitzeko; lurzorua balioetsiko da errentapeko landa-finkaren antzekoek duten prezioaren arabera, eta jabeak ordaindutakoa ezin izan daiteke finkei emandako balio osoaren balioa, ez eta gainbalioaren erdia ere.
d) Jabetza kentzen baldin bada gizarte-interesa, ureztatze-inguruak edo bestelako arrazoiren bat dela bide, eta errentariak lehenespeneko eskubidea badu kendutako ustiategiaren ordez beste bat adjudikatzeko, inguruabar hori kontuan hartuko da, kalte-ordainaren zenbatekoa ekitatez murrizteko.
2. Apartzerian emandako finken jabetza kentzea:
Apartzerian lagatako finka baten jabetza kentzen bada, xedapen gehigarri honen 1. paragrafoan xedatutakoa beteko da, eta errentatzat hartuko dira: a) Aurreko paragrafoko
a).1 idatz-zatia aplikatuz, urteko errentamendu-errentaren zati alikuota bat, kasuan kasuko finkari aplikatzeko modukoa dela joz gero.
b) Aurreko paragrafoaren a).4 letra aplikatuz, bildu gabeko uzten atalari dagokion zenbatekoa.
c) Aurreko paragrafoaren c) letra aplikatuz, lurzoruaren prezioaren hamabirenari aplikatu beharreko kontratuan hizpatu den zati alikuotaren modukoa, kontratuaren indarraldiari gelditzen zaion urte bakoitzeko.
Hirugarrena. Landa-errentamenduen erregistroei buruzko informazioa
Autonomia-erkidegoek, urtero-urtero, euren lurraldean egindako landa-errentamenduen kontratuei buruzko informazioa emango diote estatuari.
Gobernuak, urtebeteko epean, informazio-sistema egokia arautuko du.
Lehenengoa. Indarreko kontratuak, lege hau indarrean jartzean
Lege hau indarrean jartzean dirauten errentamendu- eta apartzeria-kontratuetan, horiek egin ziren egunean aplikatu beharreko arauketa aplikatuko da.
Bigarrena. Amaitzeke dauden prozesuak
Lege hau indarrean jartzean aribidean dauden prozesu judizialen eta epaiketatik kanpokoen inguruko izapideak egingo dira, garaiz aplikatu behar zitzaien landa-errentamenduei buruzko legeria substantiboaren arabera.
Bakarra. Arauak indargabetzea
Indarrik gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, lerrun bera izan zein beheragokoa, eta, beren beregi, hurrengo hauek:
a) Abenduaren 31ko 83/1980 Legea, Landa-errentamenduena.
b) Nekazaritza Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 28. artikulua.
c) Otsailaren 12ko 1/1987 Legea, landa-errentamendu jakin batzuk luzatzeari eta jabetza eskuratzeko epeak ezartzeari buruzkoa.
d) Urriaren 9ko 2235/1985 Errege Dekretua, Landa-errentamenduen Erregistro Berezia Antolatzeari buruzkoa.
e) 1981eko abenduaren 1eko Agindua Landa-errentamenduen Kontratu-tipoei buruzkoa.
f) 1982ko urriaren 8ko Agindua, Landa-errentamenduen tartekaritza-batzak modu iragankorrean eratzeari buruzkoa.
g) 1982ko urriaren 8ko Agindua, Landa-errentamenduen tartekaritza-batzen jardunbideari buruzkoa.
Lehenengoa. Eskumen-gaikuntza
Lege hau Konstituzioaren 149.1.8.a artikuluan xedatutakoaren babesean eman da.
Aurrekotik salbuetsita daude 30. artikulua, 149.1.7.a artikuluaren babesean eman dena; bigarren xedapen gehigarria, 149.1.18.a artikuluaren babesean; eta X. kapitulua eta bigarren xedapen iragankorra, 149.1.6.a artikuluaren babesean, guztiak ere Konstituziokoak.
Bigarrena. Aplikazio-eremua
Lege hau estatu osoan aplikatuko da, zuzenbide zibil, foru-zuzenbide edo zuzenbide bereziko arloetan autonomia-erkidego eskudunek eman eta lehenespenez aplikatzekoa den arauketari kalterik egin gabe.
Hirugarrena. Indarrean jartzea
Lege hau «Estatuaren Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta sei hilabete igaro ondoren jarriko da indarrean.