4/2012 Legea, uztailaren 6koa, turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuei, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuei, birsaltze-kontratuei eta truke-kontratuei eta zerga-arauei buruzkoa
2012-07-06Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/7/7, 162. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
9111
4/2012 Legea, uztailaren 6koa, turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuei, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuei, birsaltzekontratuei eta truke-kontratuei eta zerga-arauei buruzkoa.
JUAN CARLOS I ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
AURKIBIDEA I. titulua. Arau orokorrak.
I. kapitulua. Aplikazio‑eremua.
1. artikulua. 2. artikulua. 3. artikulua. 4. artikulua. 5. artikulua. 6. artikulua. Aplikazio‑eremua.
Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratua.
Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratua.
Kontratuen iraupena kalkulatzea.
Birsalmenta‑kontratua.
Truke‑kontratua.
II. kapitulua. Kontratuaren aurretiko informazioa eta publizitatea.
7. artikulua. Publizitatea.
8. artikulua. Informazioaren eskakizunak.
9. artikulua. Kontratuaren aurretiko informazioa.
10. artikulua. Uko egiteko eskubideari eta aurrerakinak ordaintzeko debekuari buruzko ohartarazpena.
III. kapitulua. Kontratua formalizatzea.
11. artikulua. Kontratuaren forma eta edukia.
IV. kapitulua. Uko egiteko eskubidea, aurrerakinak ordaintzeko debekua, iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuak eta osagarriak.
12. artikulua. Uko egiteko eskubidea.
13. artikulua. Aurrerakinak ordaintzeko debekua.
14. artikulua. Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuei buruzko xedapen espezifikoak.
15. artikulua. Kontratu osagarrien eraginkortasunik eza.
V. kapitulua. Erregimen juridikoa.
16. artikulua. Agindu‑izaera.
17. artikulua. Nazioarteko zuzenbide pribatuko arauak.
VI. kapitulua. Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa eta judizioz kanpoko erreklamazioa.
18. artikulua. Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa.
19. artikulua. Jokabide‑kodeak.
20. artikulua. Judizioz kanpoko erreklamazioa.
VII. kapitulua. Epai‑ eta administrazio‑babesa.
21. artikulua. Bertan behera uzteko akzioa.
22. artikulua. Zehapen‑araubidea.
II. titulua. Turismo‑erabilerako ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeari buruzko arau bereziak.
I. kapitulua. Xedapen orokorrak.
23. artikulua. Esparru objektiboa eta subjektiboa.
24. artikulua. Iraupena.
II. kapitulua. Erregimen juridikoa.
1. atala. Eratzea.
25. artikulua. 26. artikulua. 27. artikulua. 28. artikulua. Erregimena eratzea.
Eskritura arautzailea.
Erregimena erregistratzea eta hura aldatzea.
Asegurua.
2. atala. Sustapen‑ eta eskualdatze‑baldintzak.
29. artikulua. Erregimen orokorra.
30. artikulua. Kontratuaren gutxieneko edukia eta forma.
31. artikulua. Kontratua notarioaren bidez formalizatzea eta kontratuaren erregistro‑publizitatea.
32. artikulua. Kuotak ez ordaintzeagatik indargabetzea.
33. artikulua. Txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrak dituen ahalmenak.
III. kapitulua. Zerbitzuak ez betetzea.
34. artikulua. Zerbitzuak ez betetzea.
III. titulua. Zerga‑arauak.
35. artikulua. Aplikazio‑eremua.
36. artikulua. Ondarearen gaineko zerga.
37. artikulua. Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.
Xedapen iragankor bakarra. Aurretiazko kontratuak.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Azken xedapenetariko lehena. Eskumen‑titulua.
Azken xedapenetariko bigarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.
Azken xedapenetariko hirugarrena. Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzea.
Azken xedapenetariko laugarrena. Indarrean jartzea.
I. eranskina. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua.
II. eranskina. Iraupen luzeko opor‑produktuentzako informazio‑formulario normalizatua.
III. eranskina. Birsalmenta‑kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua.
IV. eranskina. Truke‑kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua.
V. eranskina. Uko egiteko formulario normalizatua aparteko agiri batean, uko egiteko eskubidea baliatzea errazteko.
HITZAURREA I
Turismoaren garapenetik sortu diren harreman ekonomiko eta juridikoen eraginez, sektore hori fenomeno unibertsal bihurtu da, eta, bertan, mundu osoko herritar eta eragileak turismo‑zerbitzuen hartzaile edo emaile bihurtu dira. Dinamismoa, etengabeko bilakaera eta merkatura egokitzeko gaitasuna dira zerbitzu horien ezaugarri nagusiak, baina baita nazioartean duten garrantzia eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten eragile ekonomikoen eta horiek jasotzen dituzten kontsumitzaileen arteko interesen gatazka edo konkurrentzia ere.
Multijabetzari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1994ko urriaren 26ko 1994/47/EE Zuzentarauak barne hartzen zuen erregulazioa nabarmendu behar da. Zuzentarau hori denbora partekatuko erregimeneko higiezinak erabiltzeko eskubidea eskuratzeko kontratuen zenbait alderdiren inguruan eskuratzaileak babesteari buruzkoa da, eta denbora partekatuko erregimeneko higiezin bat edo gehiago erabiltzeko eskubidea zuzenean edo zeharka eskuratzera zuzendutako kontratua bakarrik aurreikusi zuen. Estatu kideen zuzenbideak bateratzea zen arau horren helburua, horretarako –hau da, eskuratzaileen babesa hobetu ahal izateko–, gutxieneko arau orokor batzuk finkatuta.
Ondorioz, horrela, kontratuan jaso beharreko informazioa, kontratuaren gutxieneko edukia, hura idazteko erabiliko den hizkuntza, uko egiteko eskubidea, aurrerakinak ordaintzeko debekua eta finantzaketa‑mailegu batzuen eraginkortasunik eza finkatu ziren.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 14ko 2008/122/EE Zuzentarauak, turismo‑erabilerako ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑, iraupen luzeko opor‑produktuen erosketa‑, eta horien birsalmenta‑ eta truke‑kontratuetako zenbait alderdiri dagokionez, kontsumitzailea babesten duenak, 1994/47/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zuzentarau berriak opor‑produktu berrien sorrera du oinarri –zehaztasunez definitzen ditu–; gainera, hutsuneak betetzen ditu, Estatuen barne‑ordenamenduen bateratzea handitzen du, kontsumitzailearentzako informazioa indartzen du, uko egiteko eskubidea baliatzeko epeak zehaztasun handiagoz arautzen ditu, eskubide hori baliatzeko epean aurrerakinak ordaintzeko debekua azpimarratzen eta areagotzen du, iraupen luzeko kontratuetarako ordainketa‑egutegi bat exijitzen du eta uko egiten denerako finantzaketa‑mailegu jakin batzuen eraginkortasunik eza zehazten du.
Zuzentarauaren arabera, estatuek kontsumitzaileek dituzten eskubideen konponketa judiziala eta administratiboa antolatu eta jokabide‑kodeen sorrera sustatu beharko dute, judizioz kanpoko prozedura egoki eta eraginkorrak sortu eta garatu beharko dituzte, kontsumoaren arloko liskarrak konpontzeko, eta disuasio‑zehapen eraginkor eta egokien sistema finkatu beharko dute zuzentarau hau garatzen duten nazio‑xedapenak betetzen ez dituzten enpresariak zehatzeko.
II
1994/47/EE Zuzentaraua abenduaren 15eko 42/1998 Legearen bidez ekarri zen gure antolamendu juridikora; lege hori, turismo‑erabilerako ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubideei eta zerga‑arauei buruzkoa da. Legeak izendapen hori hartu zuen eta «multijabetzarena» alde batera utzi zuen, ez baitzen egokia. Orduan, formula instituzional batzuk edo bakarra arautu behar ote zen planteatu zuen legegileak, gainerako guztiak legez kanpo utzita. Azkenik, tarteko formula bat hautatu zuen: eskubide erreal berri bat modu xehatuan arautzea, baina, eskubidea denboraldi bateko errentamenduaren aldagai gisa eratuta. Bestalde, abenduaren 15eko 42/1998 Legea, Zuzentarauaren transposizioa zehatz‑mehatz jasotzeaz gain, erakundearen arauketa osoa jasotzen ahalegindu zen.
Gero, abenduaren 15eko 42/1998 Legearen ondare higiezinen txandakako aprobetxamenduaren eraketa‑erregimen bereziak aholkatu zuen ez sartzea hura azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onesten duen Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginean. Gainera, berezitasun horrek eragin handia zuen erregistroaren eta zergen arloan, kontsumitzaileak babesteko oinarrizko nukleotik at daudenean. Nolanahi ere, testu bategin horren araudi nagusia aplikagarri zaio gaiari.
III Aurrekari horiek oinarritzat hartuta, arau berri horretatik testu bategin bat egitea erabaki da, honako hauek barnean hartuko dituena: 2008/122/EE Zuzentarauaren transposizioa (I. titulua) eta 42/1998 Legea (II. eta III. tituluak), Zuzentarauari beharrezko egokitzapenak eginda. 42/1998 Legearekin jarraitutako irizpide berari eutsi zaio; alegia, 1994/47/EE Zuzentarauko transposizio‑arauez gain, Espainiako Zuzenbidearenak berarenak ere gaineratzea. Arauen aniztasuna eta gerta litezkeen antinomiak saihestea da konponbide horren helburua.
I. tituluan zuzentarauaren transposizioa jorratu da zazpi kapitulutan.
I. kapituluan arauaren aplikazio‑eremua mugatzera bideraturiko xedapenak jasotzen dira. Eremu objektiboan lau kontratu moten definizioa jaso da; kontratuok, zuzentarauaren baldintza beretan arautu dira eta honako hauek dira: turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamendu‑kontratua, iraupen luzeko opor‑produktuak erosteko kontratua, birsalmenta‑kontratua eta truke‑kontratua.
Turismo‑erabilerako ondasunen aprobetxamendu‑kontratuaren definizioak ondasun higiezinen kontratuak eta ontzietan eta karabanetan ostatu hartzeari buruzko kontratuak hartzen ditu barnean, besteak beste. Bestalde, ez ditu ostatu bati buruzkoak ez diren bestelako kontratuak biltzen, karabanentzako lurren alokairuari buruzkoak, esate baterako; era berean, ez ditu hotel‑logelak hainbat urterako erreserbatzeko formulak gaineratzen, horiek ez baitira kontratuak, kontsumitzailearentzat lotesleak ez diren erreserbak baizik.
Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuen kasuan, kontsumitzaileak ostatuan beherapenak edo bestelako abantailak jasotzeko eskubidea bereganatzen du, modu isolatuan nahiz beste bidaia edo zerbitzu batzuekin batera. Horrenbestez, eskubide hori kontrapartida baten truke lortzen da eta opor‑beherapenen klubak eta produktu analogoak hartzen ditu barnean. Ez die estaldurarik ematen hotel‑kateetako establezimenduetan etorkizunerako egonaldietarako beherapenak eskaintzen dituzten leialtze‑programei, ezta urtebete baino gutxiagoko epean eskainitako beherapenei edo beherapen puntualei ere.
Era berean, ez ditu biltzen helburu nagusi gisa beherapenak edo hobariak eskaintzea ez duten kontratuak.
Birsalmenta‑kontratuak barnean hartzen ditu turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamendu‑eskubide bat edo iraupen luzeko opor‑produktu bat artesari edo komisio baten truke saldu edo erosi nahi duen kontsumitzailearen eta birsalmenta‑agentearen arteko bitartekaritza‑kontratuak. Enpresari batek bitartekari gisa jarduten ez duenean, hau da, txandakako aprobetxamendu‑eskubide bat edo iraupen luzeko opor‑produktu bat erosi, eta gero hura kontsumitzaileari birsaltzen dionean, kontratua eskubide edo produktu hori saltzekoa izango da eta hori 2. eta 3. artikuluetan dago jasota, hurrenez hurren, agindu horiek ez baitira lehen eskuko erosketetara mugatzen.
Trukearen definizioak truke‑sistema batean parte hartzeko kontratuak biltzen ditu.
Eremu subjektiboaren mugaketa desberdina dela nabarmendu behar da. Izan ere, I. titulua, zuzentaraua bezala, enpresarien eta kontsumitzaileen arteko kontratuei aplikatzen zaie, eta II. titulua, ordea, 42/1998 Legea bezala, enpresarien arteko kontratuei; enpresaritzat joko dira jabe, sustatzaile edo ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduten pertsona fisiko edo juridikoak, eta eskubide horiek eskuratzen dituztenak.
II. kapituluan kontratuaren aurretiko informazioari eta publizitateari buruzko Zuzentarauaren arauak jaso dira, kontsumitzaileak uko egiteko duen eskubidea eta eskubide horrek diharduen bitartean aurrerakinak ordaintzearen debekuari erreferentzia berezia eginda. Kontratuaren aurretiko informazioa emateko moduari dagokionez, Europako arauak erabateko harmonizazioa bilatzen du, eta, horretarako, formulario normalizatu jakin batzuk betetzea eskatzen du. Formulario horiek arau honetako eranskinetan daude.
III. kapituluan formari dagokion zuzentarauaren zatia jaso da –paperean, idatziz, edo beste euskarri iraunkor batean–, baita hura idazteko erabili diren hizkuntzak, eta kontratuaren aurretiko informazioa txertatuko den kontratuaren edukia ere.
IV. kapituluan uko egiteko eskubidea arautu da, ad nutum izaera bakarreko eskubide gisa, eta horretarako arrazoiak eman beharrik izan gabe; eta hori, enpresariak kontratuaren aurretiko informazioa behar bezala eskaini, nahiz hura ezkutatu edo informazio nahikoa eman ez arren. Ez dira izaera desberdineko bi eskubide, izaera bakarrekoak baizik, eskubidea baliatzeko epearen zenbaketa bakarrik aldatzen baita bi kasuetan. Hala, 2008/122/EE Zuzentarauaren irizpide berari eusten zaio, bertsio frantsesean eta ingelesean «se retracter» eta «withdraw» terminoak erabiltzen dituenarena. Hala, alde batera uzten du 1994/47/EE Zuzentarauaren dualismoa, termino horiek ad nutum uko egiteko erabiltzen zituena, enpresariak informazioa behar bezala aurkezten zuen kasuetan; bestalde, frantsesezko eta ingelesezko «résiliation» eta «cancelation» terminoak erabiltzen zituen, hurrenez hurren, kontratuaren aurretiko informazio‑gabeziaren edo informazio okerraren kasuetarako. Tratamendu bateratu horren bidez, bukatutzat ematen da 1994/47/EE Zuzentarauaren gaztelaniazko itzulpenak sortutako nahasketa, bertan «resolución» hitza erabiltzen baitzen (indargabetu), abenduaren 15eko 42/1998 Legera eraman zena; hark, «uko egiteko» (desistimiento) sistema duala aplikatu zuen informazio zuzena ematen zen kasuetarako, eta «indargabetzea» (resolución) kontratuaren aurretiko informazio‑gabezia edo informazio okerra ematen zen kasuetarako.
Uko egiteko eskubidea baliatzeko epean kontsumitzailearen konturako ordainketak edo aurrerakinak debekatzeari buruzko arauak ere zuzentarauaren transposizioa dira; baita uko egiten denean kontratu osagarriek duten eraginkortasunik eza –baita maileguek ere–, eta iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuetarako mailaz mailako ordainketa‑planak antolatu beharra ere.
V. kapituluan, «erregimen juridikoa» deiturikoan, titulu honetan jasotzen diren xedapenen agindu‑izaera adierazten da; hori behar bezala islatzen da kontsumitzaileak arauak ematen dizkion eskubideei uko egiteko ekintzen baliogabetasun‑zehapenean eta lege‑iruzurrengatiko zehapenetan, Kode Zibileko 6. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko arauak ere jasotzen dira kapitulu horretan. Oro har, I. tituluan jasotzen diren kontratuei aplikatu beharreko zuzenbidea kontratuetako betebeharrei aplikatu beharreko legeari buruzko (Erroma I) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko ekainaren 17ko 593/2008 (EE) Erregelamendua da, haren 6. artikuluan nazioarteko kontsumo‑kontratuei aplikatu beharreko legeari dagozkion irizpideak jasotzen baitira. Erregelamendu horri jarraiki, hirugarren herrialde bateko legeria aplikagarria izan daiteke, esaterako enpresariak kontsumitzaileengana zuzentzen direnean haiek beren bizilekua ez den beste herrialde batean daudenean. Horregatik, zuzentarauak babes gehigarri bat jasotzen du, estatu kideetako organo jurisdikzional batek kontratuan eskumena duenean, kontsumitzaileak Europako arau horren babesa izan dezan; horregatik, gure ordenamendu juridikoan txertatu da aipatutako babes hori.
VI. Kapituluan, enpresariek kontsumitzaileari eman beharreko informazioari buruzko aurreikuspenak jaso dira –informazio orokorra eta jokabide‑kodeei buruzko informazioa–, eta enpresarien eta kontsumitzaileen artean sor daitezkeen arazoak arbitrajearen mende jar daitezkeela adierazten da.
«Babes judiziala eta administratiboa» izeneko VII. kapituluan, bertan behera uzteko akzioa eta zehapen‑erregimena arautzen dira, eta legeria orokorra eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legeria zehatza aipatzen dira.
«Turismo‑erabilerako ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubideei buruzko arau bereziak» izenburupean, II. tituluan 42/1998 Legea jasotzen da, Zuzentarauaren eskakizunen araberako egokitzapenak eginda. Gainera, Erkidegoko Erregelamenduen eskakizunei jarraiki, Erroma I Erregelamenduari jarraiki batik bat, lege horretan zehazten den tarteko bidearen helburua txandakako aprobetxamendu‑eskubide erreala xehetasunez arautu eta eskubide hori denboraldi baterako errentamenduaren aldaera gisa konfiguratu dadin ahalbidetzea da; hala, hainbat kontratu‑modalitate egin ahal izango dira izaera pertsonaleko edo elkarte‑izaerako eskubidea eratzeko, baina okupazio‑aldi batean baino gehiagotan gaua igarotzeko ostatu hartzea izango da horien guztien helburua. Gainera, lege honetako xedapenak eta kontsumitzailea babesten duen legeria orokorreko xedapenak aplikatu beharko dira.
Azkenik, III. tituluak I. tituluan araututako eskubideei aplikagarri zaizkien zerga‑arauak eguneratzen ditu.
I. TITULUA Arau orokorrak I. KAPITULUA Aplikazio‑eremua 1. artikulua. Aplikazio‑eremua.
1. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko eskubideak eta iraupen luzeko opor‑produktuak merkaturatu, saldu eta birsaltzeko kontratuak eta truke‑kontratuak, Lege honetan jasotakoaren arabera arautzen dira horiek enpresari eta kontsumitzaile baten artean gauzatzen direnean.
2. Enpresaria izango da bere jarduera ekonomikoarekin, negozioekin, ofizioarekin edo lanbidearekin zerikusia duten helburuak lortzeko diharduen edozein pertsona fisiko edo juridiko nahiz enpresari baten izenean edo kontura diharduen edozein pertsona.
3. Kontsumitzailea izango da, bere jarduera ekonomikoarekin, negozioarekin, ofizioarekin edo lanbidearekin zerikusirik ez duten helburuak lortzeko diharduen edozein pertsona fisiko edo juridiko.
2. artikulua. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratua.
Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratutzat joko da urtebetetik gorako iraupena duen kontratua, haren arabera, kontsumitzaileak okupazio‑aldi batean baino gehiagoan gaua igarotzeko ostatu bat edo gehiago erabiltzeko eskubidea kostu bidez eskuratzen duenean.
3. artikulua. Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratua.
Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratutzat joko da urtebetetik gorako iraupena duen kontratua, haren arabera, kontsumitzaileak, ostatuari lotutako beherapenak edo abantailak lortzeko eskubidea kostu bidez eskuratzen duenean, ostatuari dagokionez bakarrik edo bidaia edo beste zerbitzu batzuekin batera.
4. artikulua. Kontratuen iraupena kalkulatzea.
Legegintzako errege‑dekretu honetako 2. eta 3. artikuluetan definitutako kontratuen iraupena kalkulatzeko, kontratua isilean berritzeko edo luzatzeko aukera emango duen kontratuko edozein xedapen hartuko da kontuan.
5. artikulua. Birsalmenta‑kontratua.
Birsalmenta‑kontratuen bitartez, enpresariak, kostu bidez lagunduko dio kontsumitzaileari turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamendu‑eskubideak edo iraupen luzeko opor‑produktuak erosten edo saltzen.
6. artikulua. Truke‑kontratua.
Truke‑kontratutzat jotzen da hura baliatuta kontsumitzailea kostu bidez truke‑sistema bati atxikitzen zaion kontratua, haren bitartez ostatuaz edo bestelako zerbitzu batzuez gozatzeko aukera duenean, beste pertsona batzuei turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko bere kontratutik eratorritako eskubideen abantailak aldi baterako ematearen truke.
II. KAPITULUA Kontratuaren aurretiko informazioa eta publizitatea 7. artikulua. Publizitatea.
1. Publikoarentzat irekita dauden establezimenduetan eta merkataritza‑komunikazioetan jarritako iragarpen eta eskaintzetan, eta turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamendu‑eskubideak edo iraupen luzeko opor‑produktuak erosi, birsaldu edo trukatzeko kontratuei buruzko publizitatean behar bezala agertuko da lege honetan aurreikusitako kontratuaren aurretiko informazioa non lor daitekeen.
2. Kontsumitzaileari lege honetan araututako kontraturen bat eskaintzen zaion sustapen‑ edo salmenta‑ekitaldietan, argi eta garbi adieraziko da ekitaldi horren izaera eta merkataritza‑helburua.
Lege honetan aurreikusitako kontratuaren aurretiko informazioa kontsumitzailearen eskura egongo da, uneoro, sustapen‑ekitaldian zehar.
3. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko eskubideak eta iraupen luzeko opor‑produktuak ezin izango dira inbertsio gisa merkaturatu edo saldu.
8. artikulua. Informazioaren eskakizunak.
Lege honen arabera, kontratuaren aurretik nahiz hura formalizatu ahal izateko edo hura indarrean den bitartean kontsumitzaileari eskaini beharreko informazioa paperean edo beste edozein euskarri iraunkorretan jasoko da. Euskarri iraunkortzat jotzen da kontsumitzaileari edo enpresariari zuzenean helarazi zaion informazioa biltzeko aukera ematen dion tresna oro, etorkizunean hura kontsultatu ahal izateko, beharrezkoa den bitartean, informazioaren xedea aintzat hartuta, eta bestalde, aldaketarik gabe erreproduzitzeko aukera emango diona.
Agindu honen aurreko lerrokadan jasotako aurreikuspenak betetzen ez badira, kontsumitzaileak kontratu‑harremana amaitu ahal izango du; horretarako, nahikoa izango da enpresariari modu fidagarrian jakinaraztea –kontsumitzaileak ez‑proportzionatu edo urri deritzon informazio‑falta azalduko da–, eta enpresariak izango du informazioa badagoela eta nahikoa dela frogatzearen karga. Hori guztia, lege honetan araututako uko egiteko eskubideari eta, 22. artikuluaren arabera, enpresariari ezar dakizkiokeen zigorrei kalterik egin gabe.
9. artikulua. Kontratuaren aurretiko informazioa.
1. Kontsumitzaileak titulu honetan aipatzen diren kontratuen edozein eskaintzari baiezkoa eman aurretik, eta nahikoa denborarekin, enpresariak informazio zehatza eta nahikoa, argia eta ulergarria eman beharko dio, honela:
a) Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratua denean, lege honetako I. eranskinean jasotako informazio‑formulario normalizatuaren eta formulario horretako 3. zatian aurreikusitako informazioaren bidez.
b) Iraupen luzeko opor‑produktuaren kontratua denean, II. eranskinean jasotako informazio‑formulario normalizatuaren eta formulario horretako 3. zatian aurreikusitako informazioaren bidez.
c) Birsalmenta‑kontratua denean, III. eranskinean jasotako informazio‑formulario normalizatuaren eta formulario horretako 3. zatian aurreikusitako informazioaren bidez.
d) Truke‑kontratua denean, IV. eranskinean jasotako informazio‑formulario normalizatuaren eta formulario horretako 3. zatian aurreikusitako informazioaren bidez.
2. Enpresariak doan emango du artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen den informazioa, dela paperean, dela kontsumitzailearentzat sarbide errazekoa den beste edozein euskarri iraunkorretan.
3. Informazioa kontsumitzailea bizi den edo herritartasuna duen estatu kideko hizkuntzan edo hizkuntzetako batean idatziko da, betiere kontsumitzaileak aukeratutakoan, baldin eta Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala bada. Kontsumitzailea Espainian bizi bada edo enpresariak bertan jarduten badu, kontratua gaztelaniaz idatziko da, eta, alderdietakoren batek eskatzen badu, kontratua egiten den tokian ofiziala den Espainiako gainerako hizkuntzaren batean idatzi ahalko da, halaber.
4. Enpresariak kontratuaren aurretiko informazio guztia argitaratu ahal izango du enpresaren web‑orrian edo berak aukeratzen duen lanbide‑elkartearen edo enpresa‑elkartearen web‑orrian; gainera, hura etengabe eguneratzeaz gain, web‑orria eraginkor mantendu beharko du informazio horren xede diren eskubideak merkaturatzen diren bitartean.
10. artikulua. Uko egiteko eskubideari eta aurrerakinak ordaintzeko debekuari buruzko ohartarazpena.
Aurreko artikuluan aurreikusi moduan, kontratua egin aurretik enpresariak esplizituki jakinaraziko dio kontsumitzaileari kontratuari uko egiteko eskubidea duela eta eskubide hori baliatzeko duen epearen iraupena; horrez gain, epe horretan aurrerakinak ordaintzea debekatuta dagoela jakinaraziko dio, 13. artikuluan adierazten den moduan.
III. KAPITULUA Kontratua gauzatzea 11. artikulua. Kontratuaren forma eta edukia.
1. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuak, iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuak, eta birsalmenta‑ eta truke‑kontratuak idatziz formalizatuko dira, paperean edo beste euskarri iraunkor batean; tamaina tipografiko eta inprimatze‑kontraste egokian idatziko dira, irakurterrazak izan daitezen, kontsumitzailea bizi den edo herritartasuna duen estatu kideko hizkuntzan edo hizkuntzetako batean, betiere hark aukeratutakoan, baldin eta Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala bada.
Kontsumitzailea Espainian bizi bada edo enpresaburuak bertan jarduten badu, kontratua gaztelaniaz idatziko da, eta, alderdietakoren batek eskatzen badu, kontratua egiten den tokian ofiziala den Espainiako gainerako hizkuntzaren batean idatzi ahalko da, halaber.
2. Kontsumitzaileari eskainitako kontratuaren aurretiko informazioa ere –behar bezala sinatuta– kontratuaren parte izango da eta ez da inola ere aldatuko bertan parte hartzen duten alderdiek aurkakoa adierazi ezean, edo aldaketa horiek ezohiko, ezin aurreikusizko eta enpresariaren borondatearen aurkako egoeren eraginez gertatu badira eta, bitarteko guztiak erabilita ere, horien ondorioak saihestu ezin izan badira. Aldaketa horiek kontsumitzaileari jakinaraziko zaizkio, paperean edo harentzat sarbide errazekoa den beste edozein euskarri iraunkorretan, kontratua egin aurretik eta bertan esanbidez aipatuta.
3. Gainera, kontratuan alderdi bakoitzaren nortasuna, helbidea eta sinadura jasoko dira, baita kontratua noiz eta non egin den ere.
4. Kontsumitzaileak aparte sinatuko ditu uko egiteko eskubideari eta aurrerakinak ordaintzearen debekuari dagozkion kontratu‑klausulak.
Kontratuak uko egiteko formulario normalizatu bat izango du beste agiri batean, V. eranskinean agertzen den moduan.
5. Kontsumitzaileak kontratuaren eta haren eranskinen kopia bat jasoko du, gutxienez, hura sinatzen den unean.
IV. KAPITULUA Uko egiteko eskubidea, aurrerakinak ordaintzeko debekua, iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuak eta osagarriak 12. artikulua. Uko egiteko eskubidea.
1. Lege honetan arautzen diren kontratuetan, kontsumitzaileak uko egiteko eskubidea izango du inolako justifikaziorik eman beharrik izan gabe.
Lege honetan xedatutakoaren arabera arautzerik ez bada, uko egiteko eskubidea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren arabera – azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– arautuko da.
2. Horretarako epea hamalau egun naturalekoa izango da, eta honela kalkulatuko da:
a) Kontratua edo aurretiko edozein kontratu lotesle egin den egunetik aurrera zenbatzen hasita, kontsumitzaileak kontratu‑agiria momentu horretan jaso badu, edo bestela, kontratu‑agiria jasotzen duen unetik aurrera.
b) Enpresariak 11.4 artikuluan aurreikusitako uko egiteko formularioa bete eta hura kontsumitzaileari eman ez badio, kontsumitzaileari uko egiteko formularioa behar bezala beteta ematen dion unetik aurrera; edonola ere, kontratua edo aurretiko edozein kontratu lotesle egiten den egunetik, edo kontratu‑agiria jasotzen den egunetik kontatzen hasita urtebete eta hamalau egun natural igaro ondoren amaituko da epea.
c) Enpresariak ez badio kontsumitzaileari 9. artikuluan aipatutako kontratuaren aurretiko informazioa eman, formularioak barne, epea informazio hori ematen denetik aurrera hasiko da kontatzen, eta kontratua edo aurretiko edozein kontratu lotesle egiten den egunetik kontatzen hasita hiru hilabete eta hamalau egun natural igaro ondoren amaituko da, baldin eta une horretan kontsumitzaileak kontratu‑dokumentua jaso badu, edo, bestela, dokumentu hori jasotzen denetik kontatzen hasita.
3 . Tr u k e ‑ k o n t r a t u a t u r i s m o ‑ e r a b i l e r a k o o n d a s u n e n t x a n d a k a k o aprobetxamendu‑kontratuarekin batera eta aldi berean ematen bazaio kontsumitzaileari, bi kontratuetan uko egiteko epe bakarra aplikatuko da, aurreko paragrafoetan adierazitakoari jarraiki.
4. Kontsumitzaileak modu frogagarrian jakinaraziko dio enpresariari uko egingo duela, idatziz edo beste euskarri iraunkor batean, eta V. eranskineko formularioa erabili ahal izango du horretarako. Jakinarazpena legezko epean egin edo bidali beharko da eta eraginkorra izango da, enpresariak jasotzen duen eguna gorabehera.
5. Kontsumitzaileak uko egiteko eskubidea baliatzen badu, kontratua ondorerik gabe utziko du.
6. Uko egiteko eskubidea erabiltzen duen kontsumitzaileak ez du inolako kosturik ordaindu beharrik izango, ezta uko egin aurretik eman ahal izan den zerbitzuari dagozkion kontraprestaziorik ere.
7. Artikulu honetan xedatzen dena ez da oztopo izango eskubidearen arabera dagozkion baliogabetasun‑ekintzak, edo legezko edo kontratu bidezko indargabetze‑ekintzak gauzatzeko, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategineko 78. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
13. artikulua. Aurrerakinak ordaintzeko debekua.
1. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko, iraupen luzeko opor‑produktuak erabiltzeko eta trukerako kontratuetan debekatuta dago aurrerakinak ordaintzea, bermeak eratzea, dirua kontuetan gordetzea, eta enpresari edo hirugarren bati zorra edo beste edozein ordain esplizituki aitortzea, uko egiteko epea amaitu baino lehen.
2. Birsalmenta‑kontratuetan ere debeku berak aplikatuko dira salmenta gauzatu aurretik edo birsalmenta‑kontratua beste bide batzuen bitartez amaitutzat jo baino lehen.
3. Debeku horren aurkako ekintzak erabat deusezak izango dira eta kontsumitzaileak kontzeptu horien truke eman edo bermatutako kopuruen bikoitza eskatu ahal izango du.
14. artikulua. Iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuei buruzko xedapen espezifikoak.
1. Iraupen luzeko opor‑produktuak erabiltzeko kontratuen prezioa mailaz mailako ordainketa‑plan baten arabera ordainduko da. Guztiz debekatuta dago kontratuan zehaztutako prezioa aldez aurretik edo mailaz mailako ordainketa‑planean finkatzen ez den beste modu batera ordaintzea.
2. Ordainketak, balizko afiliazio‑kuotak barne, urtebeteko epeetan banatuko dira, eta horiek guztiek zenbateko bera izango dute.
3. Enpresariak ordainketa‑eskaera bat bidaliko du idatziz, paperean edo beste edozein euskarri iraunkorretan, epe bakoitza amaitu baino hamalau egun natural lehenago gutxienez.
4. Bigarren epetik aurrera, kontsumitzaileak kontratua deuseztatu ahal izango du inolako zigorrik izan gabe, betiere enpresariari asmo hori jakinarazten badio epe bakoitzari dagokion ordainketa‑eskaera jaso eta hurrengo hamalau egun naturalen barruan.
5. Artikulu honetan xedatzen denak ez dio kalterik eragingo legeak kontratua amaitutzat emateko ezartzen dituen gainerako eskubideei.
15. artikulua. Kontratu osagarrien eraginkortasunik eza.
1. Kontsumitzaileak turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuari edo iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuari uko egiteko eskubidea erabiltzen badu, kontratu osagarriak eraginkortasunik gabe geldituko dira automatikoki, truke‑ eta birsalmenta‑kontratuak barne, inolako kosturik gabe.
Kontratu osagarritzat jotzen dira kontsumitzaileari aurreko lerrokadan aipatutako kontratu horiekin loturiko zerbitzuak jasotzea ahalbidetzen diotenak, zerbitzu horiek enpresariak nahiz hirugarren batek eskaintzen dituenean (hirugarren horren eta enpresariaren artean hitzartutakoaren arabera).
2. Prezioa enpresariak edo hirugarren batek kontsumitzaileari emandako mailegu baten bidez estali bada, guztiz edo partzialki, hirugarrenaren eta enpresariaren artean adostutakoarekin bat, mailegu‑kontratua ondorerik gabe geldituko da, kontsumitzailearentzako inongo kosturik gabe, baldin eta horrek turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuari, iraupen luzeko opor‑produktuen kontratuari, birsalmenta‑kontratuari edo truke‑kontratuari uko egiteko eskubidea erabiltzen badu.
3. Ezin izango dira uko egitearen kasurako kontsumitzailearentzako zehapenak edo zigorrak biltzen dituzten klausulak sartu maileguetan. Kontsumitzailea saltzaileari emandako mailegu batean subrogatzen bada, uko egitea baliatuta, subrogazioa inolako ondoriorik gabe geratuko da.
4. Kontratu osagarria indargabetzeko, kontsumitzaileak turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko edo iraupen luzeko opor‑produktuak erabiltzeko kontratuari uko egin diola egiaztatu beharko du.
5. Indargabetze‑ekintza erabiltzeko epea bi urtekoa da, aurreko paragrafoan aipatzen den kontratuari uko egiteko eskubidea erabiltzen den egunetik kontatzen hasita.
6. Epe horretan, kontsumitzaileak hura indargabetu ahal izango du judizioz kanpo, kontratu osagarriaren parte den enpresariari jakinarazpen fede‑emaile bat igorrita; bertan, behar bezala adieraziko du turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko edo iraupen luzeko opor‑produktuak erabiltzeko kontratuari uko egiteko eskubidea noiz baliatu duen.
7. Kontratu osagarria indargabetu ondoren, kontratugileek haren bidez jaso dituzten zerbitzuak itzuli beharko dizkiote elkarri. Ezin bada espezietan itzuli, horien balioa itzuli beharko dute.
Kontratugileetako batek ez badu itzulketa egiten, bestea ezin izango da dagokiona betetzera behartu.
Kontsumitzaileak ez du inolako kopururik ordaindu beharrik izango ondasunaren balioa jaitsi egin bada, betiere beherapen hori hitzartutakoaren arabera erabiltzearen edo haren izaeraren ondorioz gertatu bada.
V. KAPITULUA Araubide Juridikoa 16. artikulua. Agindu‑izaera.
1. Kontsumitzaileek ezin izango diete uko egin lege honetan aitortzen zaizkien eskubideei.
2. Lege honek kontsumitzaileei aitortzen dizkien eskubideei uko egiteak ez du baliorik izango, eta lege‑iruzurreko ekintzak ere baliogabeak izango dira, Kode Zibileko 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
17. artikulua. Nazioarteko zuzenbide pribatuko arauak.
Enpresari baten eta turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko eskubideak, iraupen luzeko opor‑produktuen eskubideak, birsalmenta‑eskubideak eta truke‑eskubideak eskuratzen dituen kontsumitzailearen arteko kontratuari aplikagarri zaion legeak kontratuetako betebeharrei aplikatu beharreko legeari buruzko (Erroma I) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko ekainaren 17ko 593/2008 (EE) Erregelamendua jarraitu behar badu –Europako Esparru Ekonomikoko kide ez den estatu baten legea–, kontsumitzaileak lege honek ematen dion babes juridikoa eskatu ahal izango du, honako kasu hauetan:
a) Aipatutako higiezinetakoren bat Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide baten lurraldean kokatuta dagoenean.
b) Kontratua ondasun higiezin batekin zuzenean lotuta ez dagoenean, baizik eta enpresariak estatu kide batean egiten dituen jarduerekin edo estatu kide batean proiekzioa dutenekin lotuta dagoenean.
VI. KAPITULUA Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa eta judizioz kanpoko erreklamazioa 18. artikulua. Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa.
Kontsumo‑araudia kontuan hartuta, eta hala dagokionean, enpresariak lege honetako aurreikuspenei buruzko doako informazio orokorra nola eska dezakeen jakinaraziko dio kontsumitzaileari; era berean, jarraian aipatzen diren profesional ofizial eta erakunde hauei dagokienez izango dituen eskubideak jakinaraziko dizkio: turismo‑bulegoak, Kontsumoko Institutu Nazionala, turismoaren eta kontsumoaren arloan eskumena duten erakunde autonomikoak, kontsumoko udal‑bulegoak, jabetza‑erregistratzaileak eta notarioak. Informazio horretan, ondasunaren txandakako aprobetxamendu‑kontratuaren, eta haren birsalmenta‑ edo truke‑kontratuaren xede den turismo‑erabilerako ondasunetik gertuen dauden erakundeen eta profesionalen helbide eta telefonoak jakinaraziko zaizkio.
Hori guztia, arkitektoen elkargo ofizialek, ondasun higiezinen jabetzako agenteek, finken administratzaileek eta abokatuek eman dezaketen informazioari kalterik egin gabe.
19. artikulua. Jokabide‑kodeak.
1. Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko, iraupen luzeko opor‑produktuak eskuratzeko, eta horiek birsaldu eta trukatzeko kontratuetan, enpresariek dagozkien jokabide‑kodeak jakinaraziko dizkiete kontratua gauzatu duten kontsumitzaileei, horiek beren eskubideak balia ditzaten.
2. Enpresarien lanbide‑elkarteek jokabide‑kodeak sustatu ditzatela eskatuko diete beren bazkideei eta horien berri emango diete hala eskatzen duten kontsumitzaileei.
20. artikulua. Judizioz kanpoko erreklamazioa.
Enpresariak eta kontsumitzaileak kontsumo‑arbitrajearen mende jarri ahalko dituzte beren gatazkak, hura kontsumoko arbitraje‑sistemara edo gatazkak konpontzeko judizioz kanpoko beste sistema batera atxikitzen bada; dena den, sistema horiek Europako Batzordeak kontsumitzaileekin gatazkak ebazteko sistema alternatiboen inguruan argitaratzen duen zerrendan egon beharko dute, eta horrez gain, kontsumoaren arloko araudiak finkatzen dituen printzipioak errespetatu beharko dituzte.
VII. KAPITULUA Babes judiziala eta administratiboa 21. artikulua. Bertan behera uzteko akzioa.
Lege honetan jasotakoaren aurkako jokabideetan bertan behera uzteko akzioa gauzatu ahal izango da, horiek kontsumitzaileen interesei kalte egiten badiete, betiere Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginean –azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoa– finkatutako forma eta baldintzak kontuan hartuta.
22. artikulua. Zehapen‑araubidea.
Enpresek titulu honetan jasotako xedapenak betetzen ez badituzte, hori kontsumoaren alorreko arau‑hauste gisa hartuko da, eta beraz, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategineko I. liburuko IV. tituluan aurreikusitako zehapen‑araubide orokorrean eta aplikagarri den araudi autonomikoan xedaturikoa aplikatuko zaie.
Arau‑hauste larritzat joko da, uko egiteko epea igaro ondoren, enpresariak lege honetan eskatzen diren informazio‑betekizunak bete ez izana, eta hala badagokio, oso larritzat jo ahal izango da, aipatutako testu bategineko 50. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera.
II. TITULUA
Turismo‑erabilerako ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeari buruzko arau bereziak I. KAPITULUA Xedapen orokorrak.
23. artikulua. Esparru objektiboa eta subjektiboa.
1. Titulu honen xedea da ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubidea eratzea, baliatzea, eskualdatzea eta iraungitzea.
Higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideak eskumena ematen dio titularrari, bide publikora edo txertatuta dagoen eraikinaren elementu komun batera irteera propioa duela‑eta modu independentean erabil daitekeen eta altzari egokiak dituen ostatu bat urteroko epe jakin batean, bata bestearen segidan edo txandaka, modu esklusioan gozatzeko, bai eta zerbitzu osagarriak emateko eskubidea ere. Nolanahi ere, gozamen‑eskubide horretan ez dira sartuko ostatuaren edo altzarien aldaketak. Txandaka aprobetxatzeko eskubidea eskubide erreal mugatua izan daiteke, bai eta behartze‑izaera eduki ere, artikulu honetan xedatutakoarekin bat.
2. Txandakako aprobetxamendu‑erregimena eraikin bati, ondasun higiezinen multzo bati edo haiengandik arkitektonikoki bereizitako sektore bati bakarrik aplikatu ahalko zaio.
Horiek osatzen dituzten ostatu independente guztiek, lokalek salbu, erregimen hori bete beharko dute. Nolanahi ere, multzoak hamar ostatu izan beharko ditu gutxienez. Halere, ondasun higiezinen multzo bat txandakako aprobetxamendu‑eskubideen erregimenari eta beste turismo‑ustiapen bati atxikita egon daiteke aldi berean, baldin eta txandakako aprobetxamendu‑eskubideak ostatu konkretuetan eta aldi jakin batzuetarako erabiltzen badira. Kasu honetan, eraikinak –higiezin‑multzoa, edo horien sektorea, arkitektonikoki bereizia– txandaka aprobetxatzeko erregimenari buruzko araudira nahiz dagokion ustiapen‑motaren araudira egokitu beharko du.
3. Urteko aprobetxamendu‑aldia ez da inoiz ondoz ondoko zazpi egun baino txikiagoa izango eta, erregimen beraren barruan, txandek iraupen bera izan dezakete edo ez. Horrez gain, erregimen horri lotutako ostatu bakoitzarentzat gutxienez zazpi eguneko tartea gorde beharko da, konponketak edo garbiketa egiteko, edo beste helburu batzuetarako.
4. Txandakako aprobetxamendu‑eskubide erreala ezin izango zaio, inola ere, jabetzaren zatitu gabeko kuota bati lotu; era berean, ezin izango da multijabetza gisa izendatu, ezta jabetza hitza duen beste modu batera ere.
Ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen publizitatea egin, hura merkaturatu eta eskualdatu nahi izanez gero, beste edozein izendapen erabili ahal izango da, betiere azken eskuratzaileak nahasten ez baditu, eta izenaren bitartez haren gozamen‑gaitasunari dagozkion izaera, ezaugarriak eta baldintza juridiko eta ekonomikoak argi ikusten badira.
Txandakako aprobetxamendu‑eskubide erreal bakoitzak ostatuaren edo ondasun higiezinaren jabetza osoa zergapetuko du, haren gainean jabetza horizontal bat sortu den ala ez kontuan hartuta. Pertsona bakar batek aprobetxamendu‑eskubide erreala eta jabetza biltzeak, edo haren kuota bat, ez dakar eskubide erreal mugatua iraungitzea, hark erregimenaren bizitza osoan iraungo baitu.
Zuzenbide pribatuko arauen arabera, ondasun higiezinaren jabeak askatasunez baliatu ahal izango du bere jabetza‑eskubidea, oso‑osorik nahiz zati batean, betiere txandakako aprobetxamendu‑eskubideak dituzten titularren ahalmenetatik eta erregimenetik sortutako mugei kalterik egin gabe.
5. Titulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie jabeari, sustatzaileari eta txandakako aprobetxamendu‑eskubideen eskualdaketan edo merkaturatzean modu profesionalean parte hartzen duen edozein pertsona fisiko edo juridikori.
Eskuratzailetzat joko da, titulu honen esparruko kontratuetan parte hartzen duelarik, kontratuaren xede den objektuaren eskubidea bereganatzen edo jasotzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.
6. Opor‑ondasun higiezinak denboraldika alokatzeko kontratuek titulu honetan xedatutakoa bete beharko dute, baldin eta horiek denboraldi bat baino gehiagorako alokatzen badira, kontratatutako denboraldi batzuei edo guztiei dagozkien errentak aurreratu edo ez, eta urtebete baino gehiagoko kontratuak egiten badira, eskubide erreal izan gabe ere, ostatu hori edo horiek okupazio‑aldi batean baino gehiagoan erabili nahi badira, betiere Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean aurreikusitakoari eta kontsumitzailea babesten duen legeria orokorrean jasotzen denari kalterik egin gabe. Horiek ezin izango dute multijabetza izena hartu, ezta jabetza hitza duen beste izenik ere.
7. Kontratu baten bidez beste edozein eskubide erreal nahiz pertsonal sortu edo eskualdatzen bada urtebete baino gehiagorako, eta kontratu horrek ondasun higiezin bat edo gehiago urtean denboraldi zehatz batean edo zehazteko modukoan erabiltzearekin zerikusia badu, titulu hau alde batera utzita, eta hurrengo paragrafoan aipatzen den salbuespena kontuan hartuta, kontratu hori erabat baliogabea izango da; horrenbestez, eskuratzaileari edo lagapen‑hartzaileari dagozkion errentak edo kontraprestazioak itzuli beharko zaizkio, eta jasandako kalte‑galeren ordaina eman beharko zaio.
8. Titulu honetan xedatutakoaz gain, hainbat kontratu‑modalitate egin ahal izango dira izaera pertsonaleko edo elkarte‑izaerako eskubidea eratzeko, baina ostatu hartzea izango da horien guztien helburua, okupazio‑aldi batean baino gehiagotan gaua igarotzeko, hain zuzen ere. Horiek Europar Batasunaren arauen babespean eta horietan jasotako terminoetan eratzen dira, batik bat kontratuetako betebeharrei aplikatu beharreko legeari buruzko (Erroma I) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko ekainaren 17ko 593/2008 (EE) Erregelamenduan eta Espainia parte den nazioarteko hitzarmenetan.
Kontratu–mota horiei guztiei lege honetako I. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaie.
Erregimen horien eta erregimen horiek erregulatzen dituzten arauen publizitatea errazteko eta haiek hobeto ezagutu ahal izateko, nazioarteko araudiaren babespean sortutako nahitaez bete beharreko erregimenak eta horien arauak higiezinari dagokion Jabetza Erregistroan zabaldu ahal izango dira, haren erregistroko titularrak beharrezkotzat jotzen badu, eta publizitate‑ondorioetarako bakarrik.
Erregimenaren publizitatea ondasun higiezinaren jabeak eman beharreko eskritura publiko bidez egingo da, eta haren helburua erregimenaren ezaugarriak eta haren arauak jakinaraztea izango da, lege honetan jasotzen diren arauak kontuan hartuta.
Lege‑ondorio guztietarako, publizitate bidez jakitera eman diren arau guztiak indarrean daudela pentsatuko da, horien aldaketa jakinarazten ez den bitartean. Erregimenean edo haren arau erregulatzaileetan egindako aldaketa guztiak behar bezala jakinarazi beharko dira, eta jabeak bere gain hartuko ditu erregimeneko arauak behar bezala eguneratuta ez izateagatik hirugarrenei sor dakizkiekeen kalteak, hirugarren horrek aldaketak ondo ezagutzen dituela egiaztatzen duenean salbu.
24. artikulua. Iraupena.
1. Erregimenaren iraupena urtebetetik gorakoa izango da, eta ez ditu inoiz berrogeita hamar urteak gaindituko, erregimena erregistratzen den egunetik zenbatzen hasita edo, eraikitze‑bidean dauden ondasun higiezinen kasuan, obren amaiera erregistratzen den egunetik zenbatzen hasita.
2. Iraupen‑epea igaro eta erregimena iraungi egin bada, titularrek ez dute konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango.
II. KAPITULUA Araubide Juridikoa 1. atala. Eratzea 25. artikulua. Erregimena eratzea.
1. Txandakako aprobetxamendu‑erregimena ondasun higiezinaren erregistro‑jabeak eratu beharko du. Horretarako, honako hauek egin beharko ditu aldez aurretik:
a) Jabetza Erregistroan obrak amaitu izana jaso eta hura Higiezinen Katastroan txertatu. Eraikitze‑lanak dagoeneko abian badaude, eraikitzen ari den obra berriari buruzko adierazpena erregistratu beharko du.
b) Turismo‑jarduera gauzatu ahal izateko zehaztuta dauden baldintzak bete beharko ditu; horrez gain, ostatua ireki ahal izateko baimenak eta ostatuak, gune komunak eta eraikinaren xederako beharrezkoak diren zerbitzu osagarriak lehenengoz okupatzeko baimenak beharko ditu. Lanak hasita baino ez badaude, nahikoa izango da obra‑baimena eta turismo‑jarduerarako beharrezko baimena eskuratzea.
Azken hori nahitaezkoa izango da, lanak amaituta egon nahiz hasita baino ez egon, Autonomia Erkidego batzuetan, bertako legeriaren arabera, urteko denboraldi batean ostatuaz gozatzeko ahalmena eragiten duten eskubideak merkaturatzea lizentziapeko turismo‑jardueratzat hartzen denean, hain zuzen.
c) Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera, kontratua zerbitzu‑enpresa batekin egin beharko da, eta hark horrelako enpresei eskatzen zaizkien baldintzak bete beharko ditu, jabeak, baldintza horiek beteta, zerbitzu horiek zuzenean bereganatzea erabakitzen duenean salbu.
Zerbitzu‑enpresa horiek ezin izango dira zerga‑paradisuetan kokatu, eta gutxienez sukurtsal bat izan beharko dute Europar Batasuneko estatu kide batean.
d) 28. artikuluan aipatutako aseguruak edo bermeak hitzartu izana, eta hala badagokio, baita Eraikuntza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean aurreikusten diren eraikitze‑akatsek eragindako kalte materialen bermeak ere, hura higiezinaren eraikitzailea edo sustatzailea bada; bestela, haren berri emango zaie txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrei.
2. Eraikitze‑bidean dagoen ondasun higiezin baten jabeak haren inguruko erregimena eratzen duenean, banku‑abal bat kontratatu beharko du Espainiako Bankuan erregistratuta dagoen erakunde batekin, txandakako aprobetxamendu‑eskubideen etorkizuneko eskuratzaileen alde, edo bestela, Europar Batasuneko edozein estatu kidetan esparru horretan jarduteko baimena emango dion kauzio‑aseguru bat kontratatu beharko du horretarako ahalmena duen erakunde batekin; horrela, eskubidea eskuratzeko asmoarekin kontura emandako diru‑kopuruak itzuli egingo direla bermatuko da.
Diru‑kopuru horiek Kontsumo Prezioen Indizearen arabera eguneratuko dira, lanak finkatutako datan amaitu ez badira, edo eskubidearen eskuratzaileak kontratua amaitutzat ematea erabakitzen duenean, eskritura arautzailean deskribatutako altzariak gaineratu ez badira. Horrela jasotako diru‑kopuruek ez dute zerikusirik izango jabeak edo sustatzaileak kalte‑galeren ordain gisa eman behar dituen diru‑kopuruekin, azken horiek beren betebeharrak ez betetzearen ondorio izango baitira.
Txandakako aprobetxamendu‑eskubidea bereganatu ahal izateko kontura emandako diru‑kopuruen bermeak 27ko 57/1968 Legearen eta hura garatzeko arauen bitartez arautuko dira, hura aplikagarria denean. Lege horrek, etxebizitzen eraikuntzan eta salmentan jasotako aurrerakinak arautzen ditu.
Eraikuntza‑lanak amaitu direla adierazten duen notario‑akta erregistratzen ez den bitartean, egindako bermea ezin izango da inola ere kitatu, eta aseguru‑kontratua ere ez da iraungiko.
3. Ondasun higiezin baten txandakako aprobetxamendu‑erregimena eratzeko, eskritura publikoan formalizatu beharko da, eta hura Jabetza Erregistroan jaso. Eskritura zerbitzuak administratu eta eskaintzea bere gain hartu duen enpresak sinatu beharko du, jabeak zuzenean bere gain hartzen dituela adierazten duenean salbu.
Erregimena baliozkotasunez eratu aurretik txandakako aprobetxamendu‑eskubideak sortu edo eskualdatzen dituzten kontratuei, 23.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.
4. Notarioek ez dute txandakako aprobetxamendu‑erregimenaren eskritura arautzailerik baimenduko, eta erregistratzaileek ez dute hura inskribatuko artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako baldintzak behar bezala betetzen direla egiaztatzen ez den bitartean.
26. artikulua. Eskritura arautzailea.
1. Txandakako aprobetxamendu‑erregimenaren eskritura publiko arautzaileak honako datu hauek jaso beharko ditu gutxienez:
1. Txandakako aprobetxamendu‑erregimenari dagokion finkaren deskribapena eta bertan dauden eraikinen deskribapena; gainera, aprobetxamenduetako titularrek zein zerbitzu komun erabiltzeko eskubidea duten adieraziko du. Eraikuntza‑lanak hasi besterik ez badira egin, horiek amaitzeko epemuga adieraziko da.
2. Eraikuntza bakoitza osatzen duten ostatuen deskribapena. Horietako bakoitzari zenbaki korrelatibo bat emango zaio, finkari erreferentzia egingo diona. Ondasun higiezina turismo‑ustiapenera bideratu behar bada, eta aldi berean, ondasun higiezin horren txandakako aprobetxamendu‑erregimena eratzen bada, behar bezala zehaztuko da txandakako aprobetxamendu‑eskubideen kargak zein ostaturentzat eta urteko zein alditarako ezar daitezkeen.
3. Txandakako aprobetxamendura xedaturiko ostatu bakoitzean honako datu hauek adieraziko dira: kopurua, iraupena, eta hasierako eta amaierako eguna eta ordua; ostatua kontuan hartuta txanda bakoitzari dagokion kuota, zatiketa horizontala aldez aurretik egina badago, edo ondasun higiezin osoa kontuan hartuta, zatiketarik egin ez bada; altzariak, horien balioa, eta hobekuntza‑ eta mantentze‑lanetarako erreserbatuta daudelako txandaka aprobetxatzekoak ez diren urteko egunak. Aprobetxamendu bakoitzari zenbaki korrelatibo bat emango zaio, ostatu bakoitzari dagokiona.
4. Eskaini behar diren eta txandakako aprobetxamendu‑eskubideek berezko dituzten zerbitzuak aipatzea, haiek zuzenean jabeak edo zerbitzu‑enpresa batek hartzen dituen adierazita.
5. Hala badagokio, txandakako aprobetxamendu‑erregimenak kontuan hartu beharko dituen estatutuak. Estatutu horietatik ezin izango da titulu honetan ezarritakoaren aurkako betebehar edo mugarik sortu eskubideen titularrentzat.
6. Ondasun higiezinak erregistroan eta katastroan duen egoera, bai eta hirigintzaren eta, hala badagokio, turismoaren arloan ere. Higiezina deskribatzen duen katastro‑ziurtagiri grafikoduna eta solairu bakoitzeko ostatuen banaketa‑planoa gehituko dira.
7. Zerbitzuen ordainketa eta, hala badagokio, komunitateko gastuak.
8. Erregimenaren iraupena.
2. Horrez gain, zerbitzu‑enpresarekin egindako kontratua eta 28. artikuluan aipatutako aseguru‑kontratuak gehitu beharko zaizkio eskriturari, jatorrizkoak nahiz notario‑lekukotzak. Horien kopia kautotua erantsi beharko da Jabetza Erregistroan artxibatu ahal izateko.
Ondasun higiezina eraikitze‑bidean egonez gero, 25.2 artikuluan aipatutako bermea edo kauzio‑asegurua sortu izanaren egiaztagiria erantsiko da.
Eskritura aurkezten duen pertsona fisikoa edo pertsona fisikoak izango dira erantsitako kontratuen egiazkotasunaren arduradun.
3. Erregimena eraikitze‑bidean dagoen ondasun higiezin bati badagokio, eraikitze‑lanen amaiera Jabetza Erregistroan agerrarazi beharko da hiru hileko epean, lanak amaitzen direnetik zenbatzen hasita. Horretarako, 25.1 artikuluko b) idatz‑zatian aipatzen diren baimenak gaineratu beharko dira, eraikitzen ari den obra berria erregistratzeko unean aurkeztu ez baziren.
Eraikitze‑lanen amaiera erregistratu ondoren, jabeak edo sustatzaileak horien amaiera jakinarazi beharko die ondasun higiezina eraikitzen ari zen bitartean haren txandakako aprobetxamendu‑eskubideak eskuratu zituztenei.
27. artikulua. Erregimena erregistratzea eta hura aldatzea.
1. Eskritura arautzailea erregistratzeko hura Jabetza Erregistroan aurkeztu ondoren, erregistratzaileak estatutuen paragrafo edo artikulu batzuen erregistroa etengo du, baldin eta paragrafo edo artikulu horiek titulu honetan finkatutakoaren aurkako betebehar edo mugaren bat ezartzen badiete txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrei.
Eskritura arautzailearen bidez erregimena Jabetza Erregistroan sartzean, txandaka aprobetxatzera bideratutako ostatuak erregistroko finka independente gisa agertzen ez badira, erregistratzaileak folioa irekiko die, eskritura arautzailean ondasun higiezinaren zatiketa horizontalik egin ez arren. Hori egitean, aurreko artikuluko 1.3 paragrafoan aipatutako txandak eta gainerako egoerak adierazi beharko dira horietako bakoitzean.
Txandaka aprobetxatzeko eskubide baten lehenengo erosketa inskribatzerakoan, higiezinaren totalaren hipoteka‑kredituaren zati proportzionaleko subrogazioa inskribatu ahal izango du, halaber, baldin eta hala hitzartu bada eskrituran edo publiko bilakatutako kontratuan, hipoteka‑hartzekodunaren baimenik gabe, baldin eta, hipoteka eratzerakoam, hipoteka‑erantzukizuna erregimena eratzearen ondoriozko txandaka aprobetxatzeko eskubide guztien artean banatzeko sistema objektibo bat hitzartu bada.
2. Eskritura arautzailea erregistratu ondoren, eta aurkezleari titulua itzuli aurretik, erregistratzaileak hari erantsitako kontratuen kopia artxibatuko du; hori behar bezala agerrarazi beharko du erregimenaren inskripzioan eta ondasun higiezinari eta txandakako aprobetxamendu‑eskubideei buruz egindako publizitatean. Gainera, kontratu horien kopia gehitu beharko da erregimena eratu den ondasun higiezinari buruzko ziurtagirietan, ziurtagiri‑eskabidean hala eskatzen denean.
3. Erregimena eratu ondoren, Erregistroan gordetzeko ematen bada, batetik, zerbitzu‑enpresa batekin egindako kontratu berri bat (baldin eta jabeak horiek bere gain hartzen jarraitu nahi ez badu edo kontratua iraungi bada edo amaitu bada), edo, bestetik, adierazpenen akta bat (zeinetan jabeak zerbitzuak bere gain hartuko baitituen zuzenean edo 9. artikuluan aipatzen den kontratuaren aurretiko informazioa ematen denean) erregistratzaileak kopia agiritegian gordeko du eta horren berri emango du erregimenaren inskripzioaren alde batean idatzita, zer paper‑sortatan gorde diren aipatuta.
Erregistratzaileak horien artxibatzea etengo du, honako kasu hauetakoren bat gertatzen bada: jabeak ez baditu aurrekoaren baldintzak berariaz jasotzen aktan, edo zerbitzu‑enpresak ez badu halakorik egiten kontratu berrian; kontratua erregimena eratu aurretik egin bada, edo kontratuaren aurretiko agirietan ez badira 9. artikuluan eskatutako aipamenak txertatu. Era berean, erregistratzaileak kontratu horien artxibatzea etengo du, sinadurak notario bidez legitimatuta ez badaude.
Aurreko kontratu eta agirietan egindako aldaketak ez dira baliozkoak izango, titulu honek baimentzen dituen neurrian, horiek Jabetza Erregistroan agerrarazten ez badira, aurreko lerrokadan xedatutakoari jarraiki.
4. Erregimena erregistroko jabeak bakarrik aldatu ahal izango du, betiere zerbitzu‑enpresaren eta titularren komunitatearen adostasuna jaso ondoren, eta 33.4. artikuluan zehaztutakoari jarraiki. Aldaketa hori eskritura publikoan agertu eta Jabetza Erregistroan jasoko da, 25.3 artikuluan adierazitakoa betez.
28. artikulua. Asegurua.
Txandaka aprobetxatzeko eskubideen erregimena eratu baino lehen, jabeak aseguru‑poliza bat edo beste berme baliokide bat sinatu eta indarrean mantendu beharko du. Horrek berak edo mendekoren batek sortutako kalteengatik hirugarrenei ordaintzeko betebeharra sortzeko arriskua estaliko du sustapenak irauten duen denboran eta txandaka aprobetxatzeko eskubide guztiak transmititu arte.
Kontratu hori urtebeterako sinatu ahal izango da, eta erregimena indarrean den bitartean berrituko da. Aseguratutako zenbatekoa ez da multzoari esleitutako balioaren zati proportzionala baino txikiagoa izango, haren hasierako kontratazio‑aldian merkaturatu gabe utzitako zatiari dagokiona.
Horrez gain, erabiltzaileek ostatuak erabiltzean eragin dezaketen erantzukizun zibila estaltzeko asegurua harpidetu eta hura indarrean izan beharko du, baita suteen aurkako asegurua eta eraikinaren edo instalazio eta ekipoen multzoan eragindako bestelako kalte orokorren asegurua ere. Aseguruen hartzailea jabea edo sustatzailea izango da, eta primen ordainketa zerbitzu‑enpresak bere gain hartzea itundu ahal izango du, dagokion zerbitzu‑enpresarekin.
2. atala. Sustapen‑ eta eskualdatze‑baldintzak 29. artikulua. Erregimen orokorra.
1. Errege‑dekretu honetako 23.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki, erabat debekatuta dago txandakako aprobetxamendu‑eskubideak multijabetza edo jabetza hitza duen beste edozein izendapen erabilita eskualdatzea.
2. Ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen sustapena eta eskualdaketa I. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da, atal honetan adierazitako zehaztapenak kontuan hartuta.
30. artikulua. Kontratuaren gutxieneko edukia eta forma.
1. Errege‑dekretu honetako 11. artikuluan aurreikusitakoaz gain, pertsona fisiko edo juridiko orok bere lanbide‑jardueran baitan eta ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu‑eskubideen inguruan egindako kontratuetan honako alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:
1. Erregimenaren eskritura arautzailearen datuak, hots, hura eman den eguna, baimena eman duen notarioa eta haren protokolo‑zenbakia, eta Jabetza Erregistroko inskripzio‑datuak.
2. Eskualdatutako eskubidearen izaera errealaren edo pertsonalaren berariazko aipamena. Era berean, eta titulu honetako xedapenak kontuan hartuta, erregimena noiz iraungiko den adieraziko da.
3. Ondasun higiezinaren identifikazioa. Horretarako, haren katastro‑erreferentzia eta eskubideari dagokion ostatuaren, horren kokapenaren eta eraikinaren deskribapen zehatza eman beharko dira; bertan, erregistroko datuak eta kontratuaren xede den txanda adieraziko dira, baita hura hasi eta amaituko den eguna eta orduak ere.
4. Eraikuntza‑lanak amaituta dauden edo hura eraikitzen ari den adierazi behar da.
Azken kasu horretan, honako hauek adierazi beharko dira:
a) Eraikuntza zer fasetan dagoen.
b) Ondasun higiezina amaitzeko epemuga.
c) Obra‑baimenaren aipamena eta hura igorri duen Udalaren helbidea.
d) Ondasun higiezina erabiltzea ahalbidetzen duten zerbitzu komunak zer fasetan dauden.
e) Eskuratzaileak adierazitako helbidea; bertan jakinarazi beharko da obra amaitu dela eta noiztik aurrera kontatuko den erregimenaren iraupena.
f) Kontratuaren xede den ostatuaren ezaugarriei buruzko txostena.
g) Ostatuak izango dituen altzarien eta gauzen zerrenda xehea, eta 25.2 artikuluan aipatutako bermeen edo aseguruaren arabera eman zaion balioa.
h) Bermearen edo aseguruaren berariazko aipamena, eta hura zer erakundetan egin edo norekin kontratatu den; eskuratzaileak hura betearazi edo erreklamatu ahal izango du obra finkatutako epemugan amaitzen ez bada, edo zehaztutako altzariak ostatura gehitzen ez badira.
5. Eskuratzaileak ordaindu beharko duen zenbatekoa eta, eskubidea eskuratu ondoren, eskritura arautzailearen arabera zerbitzu‑enpresari edo zerbitzuen ardura hartu duen jabeari urtero ordaindu beharreko diru‑kopurua. Nolanahi ere, diru‑kopuru hori Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen duen Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera eguneratuko da, alderdiek hura eguneratzeko beste moduren bat finkatzen dutenean salbu. Eguneratze hori ezin izango da alderdi baten esku bakarrik utzi, eta indize horrek azken bost urteetan izan duen gutxi gorabeherako batez bestekoa adieraziko da. Lege honen arabera erosketari dagozkion zergen zenbatekoa ere aipatuko da, baita notarioaren ordainsariak eta Jabetza Erregistroan alta eman izanaren gutxi gorabeherako kostuak ere, kontratua eskritura publikoan jaso eta Jabetza Erregistroan izena eman bada.
6. Eskuratzaileak erabil ditzakeen zerbitzu eta instalazio komunak eta, hala badagokio, horiek erabiltzeko baldintzak.
7. Aprobetxamendu‑aldiak elkarrekin trukatzeko zerbitzuetan parte hartzeko aukera dagoen ala ez. Horretarako aukerarik badago, balizko kostuak adieraziko dira.
8. Honako hauen izena edo sozietate‑izena, helbidea, eta sozietateak izanez gero, Merkataritza Erregistroko erregistro‑datuak:
a) Jabearena edo sustatzailearena.
b) Eskualdatzailearena; gainera, kontratua egin den unean jabearekin edo sustatzailearekin duen lotura juridikoa adieraziko da.
c) Eskuratzailearena.
d) Zerbitzu‑enpresarena.
e) Hala dagokionean, trukearen ardura bere gain hartu duen hirugarrenarena.
Hirugarren hori pertsona juridikoa bada, Espainian sukurtsal bat izan beharko du irekita eta erregistratuta.
9. Erregimenaren iraupena; eskritura arautzailea eta haren inskripzio‑data ere aipatuko dira. Ondasun higiezina eraikitzen ari badira, obraren amaierari buruzko akta inskribatzeko epemuga aipatuko da.
10. Eskuratzaileak honako hauetarako eskubidea izango duela adieraziko da:
a) Ondasun higiezinaren titulartasuna eta kargak egiaztatzeko; horretarako, erregistratzaile eskudunaren informazioa eskatuko du, eta bertan haren helbidea eta fax‑zenbakia jasoko dira.
b) Eskritura publikoa eman diezaiotela eskatzeko.
c) Eskuratzea Jabetza Erregistroan sartzeko.
11. Alderdi kontratugileek berariaz aukeratutako helbide elektronikoa eta helbidea, mota guztietako eskaerak eta jakinarazpenak egiteko. Kontratua egin ostean, alderdi bakoitzak helbide edo helbide elektroniko hori aldatu ahal izango du, mezua jaso duela bermatuko duen bitartekoren baten bitartez, beste alderdiari jakinarazi ondoren.
12. Kontratua egin den lekua eta sinadura.
13. Kontratuaren xede den eskubidea hirugarrenei lagatzeko sistema antolatu batean parte har daitekeen ala ez. Aukera hori dagoenean, sistema horrek eskuratzaileari eragingo dizkion balizko kostuak adieraziko dira, gutxi gorabeherakoak izan arren.
2. Inbentarioa eta, hala badagokio, kontratuan jaso ez diren baldintza orokorrak; inskribatutako estatutu‑klausulak bi alderdiek sinatutako eranskin banaezin gisa agertuko dira.
3. Titulu honetan aurreikusitako kontratua eta kontratuaren aurretiko informazioa eskuratzailea bizi den edo herritartasuna duen estatu kideko hizkuntzan edo hizkuntzetako batean idatziko da, betiere kontsumitzaileak aukeratutakoan, baldin eta Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala bada. Eskuratzailea Espainian bizi bada edo enpresaburuak bertan jarduten badu, kontratua gaztelaniaz idatziko da, eta, alderdietakoren batek eskatzen badu, kontratua egiten den tokian ofiziala den Espainiako gainerako hizkuntzaren batean idatzi ahalko da, halaber. Era berean, eta ondasun higiezina Europar Batasuneko zein estatu kidetan dagoen kontuan hartuta, eskualdatzaileak estatu kide horretako hizkuntza ofizialera edo ofizialetako baterako zinpeko itzulpena eman beharko dio eskuratzaileari, betiere Batasuneko hizkuntza ofizialetakoren bat bada.
Europar Batasuneko estatu kideren batekoak ez diren eta horietan bizi ez diren atzerriko eskuratzaileek kontratua eta gainerako agiriak Europar Batasuneko estatu kide bateko hizkuntzara itzulita entregatzea eskatu ahal izango dituzte; beraiek aukeratzen duten hizkuntzara itzulita.
Jabeek, sustatzaileek edo txandaka aprobetxatzeko eskubideak transmititzen lan egiten duen edozer pertsona fisikok edo juridikok edozer eskuratzaileri entregatu behar dizkioten dokumentuen itzulpenak gorde behar dituzte, kontsumitzaileen erakundeek eta, hala badagokio, turismo‑agintariek eskuratu ahal izan ditzaten, bai eta baldintza orokortzat hartzen diren klausulenak ere.
Kasuan kasu sor daitezkeen erantzukizunei kalterik egin gabe, bertsio desberdinen artean desadostasunik badago, eskuratzailearentzat mesedegarriena dena aplikatuko da.
4. Hala badagokio, eskuratzaileari eraikinaren edo eskuratutako eraikin‑zatiaren energia‑eraginkortasunari buruzko ziurtagiria emango zaio kontratuarekin batera.
31. artikulua. Kontratua notarioaren bidez formalizatzea eta kontratuaren erregistro‑ publizitatea.
1. Txandakako aprobetxamendu‑eskubideak eskuratu eta eskualdatu izana Jabetza Erregistroan jaso ahal izango da, kontratua eskritura publiko bidez egin edo formalizatu bada, eta erregistratzaileak aprobetxamendu‑eskubidearen xede den txanda eskualdatu eta horri buruzko folioa irekitzen badu, betiere Hipoteka Legean xedatutakoari kalterik egin gabe.
Txandakako aprobetxamendu‑eskubide baten lehenengo eskualdaketa erregistratzean, hark azken bi kuotak ordaintzeko izaera erreala izango duela jakinaraziko du erregistratzaileak albo‑ohar baten bidez, epailearen edo notarioaren bidez erreklamazioa egiten den unetik aurrera zenbatuta, erregimenak irauten duen bitartean.
Bermea kobratzeko, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 46/1960 Legeak gastu komunen kuotak eskatzeko jabeen komunitateari baimentzen dizkion prozedura betearazleak eta hipoteka‑betearazpenaren epaiketaz kanpoko prozedura erabili ahal izango ditu zerbitzu‑hornitzaileak.
2. Kontratua notarioaren aurrean egiten bada, azken horrek behar bezala ohartarazi beharko du, 12. artikuluaren arabera, eskuratzaileak uko egiteko eskubidea izango duela; notario‑aktaren bidez egin daiteke hori. Horrez gain, lege honetan aitortzen zaizkion gainerako eskubideak jakinarazi beharko dizkio.
3. Notarioak ez du eskritura baimenduko, eta erregistratzaileak ez du eskubidea erregistratuko, kontratuak 30. artikuluan eskatutako aipamenak jasotzen ez baditu.
32. artikulua. Kuotak ez ordaintzeagatik indargabetzea.
1. Aurkako itunik egin ezean, jabeak kontratua indargabetzeko ahalmena izango du, txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen eskuratzaile titularrak, eskatuta ere, emandako zerbitzuengatiko kuotak ordaintzen ez baditu, gutxienez, urtebetez.
Jabeak indargabetzeko ahalmen hori erabili ahal izango du, zerbitzu‑enpresak hala eskatuta, aldez aurretik zordunari ordain dezan eskatuta, errekerimendu fede‑emailearen bidez. Errekerimenduan, hogeita hamar eguneko epean eskatutako diru‑kopuruak osorik ordaindu ezean kontratua baliogabetu egingo duela jakinarazi beharko du. Ordainketa, bestalde, erregistro‑helbidean edo, hala badagokio, kontratuan xede horretarako agertzen den helbidean egin beharko du zordunak.
2. Kontratua indargabetu ahal izateko, jabeak, kontratua iraungi arte geratzen den denborari dagokion prezioaren zati proportzionala kontsignatu beharko du eskubidearen titularraren alde.
Dena den, zigor‑klausula bidez, aurreko lerrokadari jarraiki indargabeturiko eskubidearen titularrari jasotzea dagokion diru‑kopuru osoa edo haren zati bat galtzea itundu ahalko da. Hori guztia, Kode Zibileko 1.154. artikuluan finkatzen den auzitegien ahalmen moderatzaileari kalterik egin gabe.
3. Artikulu honetan arautzen den ebazpen‑ahalmena baliatzen duen jabeak bere gain hartu beharko du txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen titularrak zerbitzu‑enpresari ordaindu beharreko zorren ardura, azken horrekin aurkakoa itundu ezean.
33. artikulua. Txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrak dituen ahalmenak.
1. Txandakako aprobetxamendu‑eskubide baten titularrak askatasunez baliatu ahal izango du bere eskubidea, legeetan ezarritako mugak kontuan hartuta eta eskubide hori eskualdatzeak erregimenetik eratorritako betebeharrei eragiten ez dien neurrian.
2. Txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrak modu profesionalean parte hartzen badu horien gain sortutako eskubide errealen eskualdaketan edo merkaturatzean, titulu honetan xedatutakoa bete beharko du. Lege honen arabera, eskubide horien eskuratzaileak subrogatuta geratuko dira txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen titularrei dagozkien eskubideetan, ondasun higiezinaren jabearen aurrean dituzten eskubideetan batik bat.
3. Aurreko paragrafoan deskribatutako kasuan, txandakako aprobetxamendu‑ eskubidea ez badago eskubide errealaren eskualdatzailearen edo eskubide pertsonalaren lagatzailearen izenean erregistratuta, eskuratzaileak edo lagapen‑hartzaileak txandakako aprobetxamendu‑eskubidea eskualdatzailearen edo lagatzailearen izenean erregistra dadila eska dezake, Hipoteka Erregelamenduaren 312. artikuluan araututako prozeduraren arabera.
4. Txandakako aprobetxamenduaren erregimenari dagokion eskritura arautzailean titular‑komunitate baten sorrera aurreikusi beharko da. Titularren komunitatea eskritura arautzailean aurreikusitako estatutuek edo eskubideen titularrek askatasunez hartutakoek arautuko dute, eta horien erabakiei honako arau hauek aplikatuko zaizkie:
1. Erregimena aldatzeko joera duten erabakiak titularren gehiengoak (bi herenak) hartu beharko ditu.
2. Gainerako erabakietan txandakako aprobetxamendu‑eskubidea duten titularren gehiengo soila beharko da.
3. Pertsona bakoitzak titular den eskubide‑kopurua bezainbeste boto izango ditu.
4. Gehiengorik lortzen ez bada, edo gehiengoaren erabakia interesdunentzat oso kaltegarria bada, epaileak dagokiona erabakiko du alderdietako batek hala eskatuta.
5. Jabeen komunitateen funtzionamendua arautzen duten Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 46/1960 Legearen arauak aplikatuko dira arau hauen ordezko eta subsidiario gisa.
III. KAPITULUA Zerbitzuak ez betetzea 34. artikulua. Zerbitzuak ez betetzea.
Txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularren aurrean jabea edo sustatzailea izango da zerbitzuak behar bezala eskaintzearen erantzule. Zerbitzu‑enpresak bere zereginak betetzen ez baditu, jabeak edo sustatzaileak kontratua indargabetu eta kalte‑galerak ordaindu daitezen eskatu beharko du. Kontratua indargabetzea jabeari edo sustatzaileari dagokio. Dena den, txandakako aprobetxamendu‑eskubidearen titularrak zerbitzuak behar bezala eskain ditzan eskatu ahal izango dio jabeari, eta hala gertatzen ez bada, dagozkion kalte‑ordainak eskatu ahal izango dizkio. Kontratua bete ez duen zerbitzu‑enpresarekin egindako kontratua indargabetu ondoren, jabeak edo sustatzaileak bere gain hartu beharko du zerbitzua, edo beste zerbitzu‑enpresa batekin kontratatu.
Kontratuan izandako aldaketek ez diete kalterik eragingo, inola ere, txandakako aprobetxamendu‑eskubideen titularrei.
III. TITULUA Zerga‑arauak 35. artikulua. Aplikazio‑eremua.
Titulu honetan aurreikusitako zerga‑arauak II. tituluan araututako eskubideei aplikatuko zaizkie, Espainiak izenpetutako nazioarteko Itun eta Hitzarmenetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Titulu honetan aurreikusten ez denari, zerga‑xedapen orokorrak aplikatuko zaizkio.
36. artikulua. Ondarearen gaineko zerga.
Dekretu honetako II. tituluan jasotako eskubideak, horien izaera edozein dela ere, ondarearen gaineko zergari buruzko ekainaren 6ko 19/1991 Legearen 10.3.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera balioetsiko dira, horien eskuratze‑prezioaren arabera.
37. artikulua. Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.
Lege honetan jasotzen diren eskubideen balio erantsiaren gaineko zergaren edo Kanarietako zeharkako zerga orokorraren menpe ez dauden partikularren arteko eskualdaketei, horien izaera edozein dela ere, % 4ko karga‑tasa aplikatuko zaie ondare‑eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, autonomia‑erkidegoek arlo horretan dituzten eskumenak salbu.
Xedapen iragankor bakarra. Aurretiazko kontratuak.
1. Lege hau ez zaie aplikatuko 1. eta 23. artikuluetan aipatutako enpresarien eta kontsumitzaileen arteko kontratuei, aurretiaz egin badira eta hura indarrean sartzerakoan indarrean badiraute, salbu eta kontratuko alderdiek lege honetan aitortutako modalitateren batera egokitzea adosten badute.
2. Egokitze‑ekintzen forma eta edukia lege honetan xedatutakoak izango dira, negozio juridiko bakoitzerako.
3. Aurretiazko erregimen guztiek 50 urteko iraupena izango dute gehienez ere, eta abenduaren 15eko 42/1998 Legea indarrean sartu aurretik egindakoen kasuan, horien iraupena data horretatik aurrera hasiko da zenbatzen, iraupen laburragokoak direnean edo egokitze‑eskrituran iraupen mugagaberako edo epe jakin baterako izango direla adierazten denean salbu.
4. Errege lege‑dekretu honetako 23. artikuluko 8. paragrafoan aipatzen diren eta Espainian kokatuta dauden ondasun higiezinei buruzko kontratu‑ edo elkartze‑izaerako txandakako aprobetxamendu‑erregimenek, lege hau indarrean sartu aurretik sortu zirenek, higiezina dagoen lekuko jabetza‑erregistroan egin ahal izango dute erregimenaren publizitatea, arestian aipatutako 8. paragrafoan aurreikusten den moduan.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetu egin da turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuei, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuei, birsaltze-kontratuei eta truke-kontratuei buruzko martxoaren 16ko 8/2012 Errege Lege Dekretua.
Azken xedapenetariko lehena. Eskumen‑titulua.
1. Lege hau Estatuak merkataritza‑legeriaren, prozesuei buruzko legeriaren eta legeria zibilaren esparruan duen eskumenaren babespean eman da, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6. eta 8. puntuetan ezarritakoari jarraiki, eta Autonomia Erkidegoek zuzenbide zibil, foru‑zuzenbide edo zuzenbide bereziak –halakorik dagoen lekuetan– gorde, aldatu eta garatzeko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.
2. Bestalde, III. titulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 14. puntuan ezarritakoaren arabera eman da, Estatuari ogasun orokorraren gaineko eskumena ematen diona.
Azken xedapenetariko bigarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.
Lege honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko urtarrilaren 14ko 2008/122/EE Zuzentaraua txertatzen da Espainiako ordenamendu juridikoan, hau da, kontsumitzaileak babesteari buruzkoa, turismo‑erabilerako ondasun higiezinen txandakako baliatze‑, iraupen luzeko opor‑produktuen eroste‑, birsalmenta- eta truke‑kontratuetako zenbait alderdiri dagokionez.
Azken xedapenetariko hirugarrena. Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzea.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 91. artikuluko 2. paragrafora 18. zenbakia txertatuko da, honako hau jasotzen duena:
«18. Eraikinen, ondasun higiezinen multzoen edo haiengandik arkitektonikoki bereizita dauden sektoreen txandakako aprobetxamendu‑eskubideak lagatzea, ondasun higiezinak gutxienez hamar ostatu dituenean, zerbitzu horiek arautzen dituen araudian zehaztutakoari jarraiki.» Azken xedapenetariko laugarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Horrenbestez, Agintzen diet espainiar guztiei, banakoei zein agintariei, bete eta betearaz dezatela lege hau.
Madrilen, 2012ko uztailaren 6an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY
I. ERANSKINA
Turismo‑erabilerako ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua 1. zatia: Kontratuan parte hartuko duten merkatarien nortasuna, helbidea eta estatutu juridikoa: Produktuaren deskribapen laburra (ondasun higiezinaren deskribapena, adibidez): Eskubidearen edo eskubideen izaera eta eduki zehatzak: Kontratuaren xede den eskubidea baliatu ahal izango den denbora‑tarte zehatza, eta beharrezkoa izanez gero, haren iraupena: Kontsumitzaileak kontratuaren xede den eskubidea noiztik aurrera baliatu ahal izango duen: Kontratua eraikitzen ari den ondasun jakin bati badagokio, ostatua eta instalazioetako zerbitzuak noiz amaituko diren eta erabilgarri noiz egongo diren: Kontsumitzaileak eskubidea edo eskubideak bereganatzeagatik ordaindu beharko duen zenbatekoa: Kontratuaren arabera finkatutako nahitaezko kostu gehigarriak adierazi; kostu‑mota eta dagozkion zenbatekoen adierazpena (urteko zergak, bestelako zerga errepikariak, zerga bereziak eta tokiko zergak, adibidez): Kontsumitzaileak bertan jaso ditzakeen zerbitzu nagusien laburpena (elektrizitatea, ura, mantenua eta zabor‑bilketa, adibidez) eta zerbitzu horiengatik ordaindu beharko dituen zenbatekoen adierazpena: Kontsumitzaileak erabil ditzakeen instalazioen laburpena (igerilekua edo sauna, adibidez): Horiek lehen adierazitako kostuetan sartzen al dira? Ezezkoa bada, zehaztu kostuetan zer sartzen den eta aparte zer ordaindu behar den: Posible al da truke‑sistema bateko kide egitea? Horrela bada, adierazi truke‑sistemaren izena: Afiliazio edo truke horretatik eratorritako kostuak adierazi: Merkataria jokabide‑kode bati edo gehiagori atxiki al zaio? Horrela bada, non aurki daiteke edo daitezke? 2. zatia: Informazio orokorra: Kontsumitzaileak kontratu honi uko egiteko eskubidea izango du, inolako justifikaziorik eman beharrik izan gabe; horretarako, hamalau egun naturaleko epea izango du kontratua egiten den edo aurretiazko beste edozein kontratu lotesle egiten den egunetik zenbatzen hasita, edo kontratu horiek jasotzen diren egunetik zenbatzen hasita, horiek geroago jaso badira.
Uko egiteko epe horretan kontsumitzaileak ezin izango du inolako aurrerakinik ordaindu. Debeku horrek kontrapartida guztiei eragingo die, baita ordainketari, berme‑eraketari, kontuetako diru‑erreserbei, zorraren berariazko aitorpenari eta abarri ere. Gainera, merkatariari egin beharreko ordainketez gain, hirugarrenei egin beharrekoak biltzen ditu.
Kontsumitzaileak ez ditu jasan beharko kontratuan zehazten ez diren kostu edo obligazioak.
Nazioarteko zuzenbide pribatuarekin bat, kontratua kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kideari ez dagokion beste legeria baten arabera arautu daiteke, eta gerta litezkeen auziak ere kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kidetik kanpoko organo jurisdikzionaletara bidali ahal izango dira.
Kontsumitzailearen sinadura:
3. zatia: Kontsumitzaileak eskuragarri izan behar duen informazio gehigarria eta hura lortzeko leku konkretua (liburuxka orokor bateko atala, adibidez), jarraian adierazten ez bada:
1. Eskuratutako eskubideei buruzko informazioa: Hizpide den ondasuna edo ondasunak kokatuta dauden estatu kideko edo estatu kideetako lurraldean kontratuaren xede den eskubidea arautzen duten baldintzak, eta baldintza horiek bete diren edo ez adierazten duen informazioa; bete ez badira, betetzeko geratzen diren baldintzak.
Kontratuan bizileku‑multzo batetik aukeratutako ostatu bat okupatzeko eskubideak aurreikusten badira, kontsumitzaileak multzo horretako edozein ostatu edozein unetan erabiltzeko dituen mugei buruzko informazioa.
2. Ondasunei buruzko informazioa: Kontratua ondasun higiezin jakin bati buruzkoa bada, ondasunaren eta haren kokapenaren deskribapen zehatza eta xehatua; kontratua hainbat ondasunei buruzkoa bada (turismoko guneak), ondasunen eta horien kokapenaren deskribapen egokia; kontratua ondasun higiezin bat ez den ostatu baten ingurukoa bada, ostatuaren eta haren instalazioen deskribapen egokia.
Kontsumitzaileak erabil ditzakeen edo erabili ahal izango dituen zerbitzuak (elektrizitatea, ura, mantenua eta zabor‑bilketa, adibidez), eta horiek erabili ahal izateko baldintzak.
Hala dagokionean, kontsumitzaileak eskuragarri dituen edo eskuragarri izan ditzakeen instalazio komunak (igerilekuak, saunak eta abar) eta horiek erabili ahal izateko baldintzak.
3. Eraikitzen ari diren ostatuentzako baldintza gehigarriak (hala badagokio): Ostatuaren eta hura guztiz erabilgarri egiten duten zerbitzuen amaiera‑egoera (gas‑, elektrizitate‑, ur‑ eta telebista‑konexioak), eta kontsumitzaileak erabili ahal izango duen beste ezein instalaziorena.
Ostatua eta hura guztiz erabilgarri egiten duten zerbitzuak (gas‑, elektrizitate‑, ur‑ eta telefono‑konexioak) amaitzeko epea, eta kontsumitzaileak erabili ahal izango duen ezein instalazio amaitzeko epearen estimazioa.
Obra‑baimenaren zenbakia eta agintari eskudunaren edo eskudunen izena eta helbidea.
Ostatuaren amaiera‑bermea edo, hura amaitzen ez den kasuan, egindako ordainketak itzultzeko bermea; hala badagokio, baita berme horien funtzionamendua arautzen duten baldintzak ere.
4. Kostuei buruzko informazioa: Turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamendu‑kontratuari atxikitako kostu guztien deskribapen zehatza eta egokia; kostuak kontsumitzaileei nola esleituko zaizkien eta kostu horiek nola eta noiz handitu ahal izango zaizkien; ondasunaren okupazio‑kargen, nahitaezko karga legalen (zergak eta kontribuzioak, adibidez) eta administrazio‑izaerako gastu orokorren (kudeaketa, mantenua eta konponketak, esate baterako) batura egiteko metodoa; Hala dagokionean, karga, hipoteka, zerga edo ostatu‑eskubidea kargatzen duten bestelako erregistro‑oharrei buruzko informazioa.
5. Kontratua desegiteari buruzko informazioa: Hala dagokionean, kontratu osagarriak desegiteko modalitateei eta kontratua desegiteak izan ditzakeen ondorioei buruzko informazioa.
Kontratua desegiteko baldintzak, horren ondorioak, eta kontratua desegitean sor daitezkeen kostuen aurrean kontsumitzaileak duen erantzukizunari buruzko informazioa.
6. Informazio osagarria: Ondasunaren mantentze‑lanak eta konponketak antolatzeko moduari buruzko informazioa, bai eta kudeatzeko moduari buruzkoa ere, kontsumitzaileak gai horiekin lotutako erabakietan eragiteko eta parte hartzeko aukera eta parte‑hartze horren modalitateak barne.
Kontratu‑eskubideen birsalmenta‑sisteman afiliatzea posible den edo ez adieraziko duen informazioa, dagokion sistemari buruzko informazioa eta sistema horren bitartez egindako birsalmentarekin lotutako kostuen adierazpena.
Merkatariarekin kontratuari buruz hitz egiteko erabiliko diren hizkuntzak adieraztea, adibidez, kudeaketaren, kostuen igoeraren eta informazio‑eskaeren eta erreklamazioen tratamendurako erabakietan.
Hala dagokionean, gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko bitarteko batera jotzeko aukera.
Informazioa jaso izanaren agiria: Kontsumitzailearen sinadura: II. ERANSKINA Iraupen luzeko opor‑produktuentzako informazio‑formulario normalizatua 1. zatia: Kontratuan parte hartuko duten merkatarien nortasuna, helbidea eta estatutu juridikoa: Produktuaren deskribapen laburra: Eskubidearen edo eskubideen izaera eta eduki zehatzak: Kontratuaren xede den eskubidea baliatu ahal izango den denbora‑tarte zehatza, eta beharrezkoa izanez gero, haren iraupena: Kontsumitzaileak kontratuaren xede den eskubidea noiztik aurrera baliatu ahal izango duen: Kontsumitzaileak eskubidea edo eskubideak bereganatzeko ordaindu beharko duen zenbatekoa; bertan zehazten diren ostatuaz, bidaiaz eta bestelako produktu eta zerbitzuez gozatzeko duen eskubidearen eraginez kontsumitzaileak jasan beharko dituen kostu errepikakorrak: Mailaz mailako ordainketen egutegia; bertan, kontratuaren iraupen‑urte bakoitzerako zenbateko bereko epeak eta epe horiek ordaintzeko egunak zehaztuko dira: Lehen urtea igaro ondoren, geroago ordaindu beharreko zenbatekoak doitu egin ahalko dira, epe horien benetako balioari eutsi egin zaiola bermatzeko, inflazioa gogoan izateko, esate baterako.
Kontratuaren arabera finkatutako nahitaezko kostu gehigarrien aipamena; kostu‑mota eta dagozkion zenbatekoak adierazita (urteko zergak, adibidez): Kontsumitzaileak izan ditzakeen zerbitzu nagusien laburpena (hotel‑egonaldiak eta beherapenak dituzten hegaldiak, adibidez): Horiek lehen adierazitako kostuetan sartzen al dira? Ezezkoa bada, zehaztu kostuetan zer sartzen den eta aparte zer ordaindu behar den (adibidez: urteko kotizazioan sartzen den hiru gaueko egonaldia; beste edozein ostatu aparte ordaindu beharko da): Merkataria jokabide‑kode bati edo gehiagori atxiki al zaio? Horrela bada, non aurki daiteke edo daitezke? 2. zatia: Informazio orokorra: Kontsumitzaileak kontratu honi uko egiteko eskubidea izango du, inolako justifikaziorik eman beharrik izan gabe; horretarako, hamalau egun naturaleko epea izango du kontratua egiten den edo aurretiazko beste edozein kontratu lotesle egiten den egunetik zenbatzen hasita, edo kontratu horiek jasotzen diren egunetik zenbatzen hasita, horiek geroago jaso badira.
Uko egiteko epe horretan kontsumitzaileak ezin izango du inolako aurrerakinik ordaindu. Debeku horrek kontrapartida guztiei eragingo die, baita ordainketari, berme‑eraketari, kontuetako diru‑erreserbei, zorraren berariazko aitorpenari eta abarri ere. Gainera, merkatariari egin beharreko ordainketez gain hirugarrenei egin beharrekoak biltzen ditu.
Kontsumitzaileak kontratua deuseztatu ahal izango du, inolako zigorrik jaso gabe, merkatariari bere asmoa epe bakoitzari dagokion ordainketa‑eskaera jaso eta hurrengo hamalau eguneko epean jakinarazten badio.
Kontsumitzaileak ez ditu kontratuan zehazten ez diren kostu edo obligazioak jasan beharko.
Nazioarteko zuzenbide pribatuarekin bat, kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kideari ez dagokion beste legeria baten arabera arautu daiteke kontratua, eta gerta litezkeen auziak ere kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kidetik kanpoko organo jurisdikzionaletara bidali ahal izango dira.
Kontsumitzailearen sinadura:
3. zatia: Kontsumitzaileak eskuragarri izan behar duen informazio gehigarria eta hura lortzeko leku konkretua (liburuxka orokor bateko atala, adibidez), jarraian adierazten ez bada:
1. Eskuratutako eskubideei buruzko informazioa: Etorkizuneko erreserbetarako beherapenen deskribapen egokia eta zuzena, egin berri diren eskaintzen adibideak emanez.
Kontsumitzaileak eskubide horiek erabiltzeko orduan izango dituen murrizketei buruzko informazioa, lehen bezeroari esleitzen zaizkion eskaintzen eskuragarritasun mugatua, edo beherapen bereziek edo promozio zehatzetatik eratorritakoek izango duten indarraldia, adibidez.
2. Kontratua desegiteari buruzko informazioa: Hala dagokionean, kontratu osagarriak desegiteko modalitateei eta kontratua desegiteak izan ditzakeen ondorioei buruzko informazioa.
Kontratua desegiteko baldintzak, desegitearen ondorioak, eta kontratua desegitean sor daitezkeen kostuen aurrean kontsumitzaileak duen erantzukizunari buruzko informazioa.
3. Informazio osagarria: Merkatariarekin kontratuari buruz hitz egiteko erabiliko diren hizkuntzak adieraztea, informazio‑eskaeren eta erreklamazioen tratamenduari buruz hitz egiteko, adibidez.
Hala dagokionean, gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko bitarteko batera jotzeko aukera.
Informazioa jaso izanaren agiria: Kontsumitzailearen sinadura: III. ERANSKINA Birsalmenta‑kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua 1. zatia: Kontratuan parte hartuko duten merkatarien nortasuna, helbidea eta estatutu juridikoa: Zerbitzuen deskribapen laburra (merkaturatzea, adibidez): Kontratuaren iraupena: Zerbitzuak bereganatzeagatik kontsumitzaileak ordaindu beharko duen zenbatekoa: Kontratuaren arabera finkatutako nahitaezko kostu gehigarrien aipamena; kostu‑mota eta dagozkion zenbatekoen adierazpena (tokiko zergak, notario‑gastuak eta publizitate‑kostuak, adibidez): Merkataria jokabide‑kode bati edo gehiagori atxiki al zaio? Horrela bada, non aurki daiteke edo daitezke? 2. zatia: Informazio orokorra: Kontsumitzaileak kontratu honi uko egiteko eskubidea izango du, inolako justifikaziorik eman beharrik izan gabe; horretarako, hamalau egun naturaleko epea izango du kontratua egiten den edo aurretiazko beste edozein kontratu lotesle egiten den egunetik zenbatzen hasita, edo kontratu horiek jasotzen diren egunetik zenbatzen hasita, horiek geroago jaso badira.
Kontsumitzaileak ezin izango du inolako aurrerakinik ordaindu salmenta gauzatu edo birsalmenta‑kontratua beste bide batzuetatik amaitu arte. Debeku horrek kontrapartida guztiei eragingo die, baita ordainketari, berme‑eraketari, kontuetako diru‑erreserbei, zorraren berariazko aitorpenari eta abarri ere. Gainera, merkatariari egin beharreko ordainketez gain hirugarrenei egin beharrekoak biltzen ditu.
Kontsumitzaileak ez ditu kontratuan zehazten ez diren kostu edo obligazioak jasan beharko.
Nazioarteko zuzenbide pribatuarekin bat, kontratua kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kideari ez dagokion beste legeria baten arabera arautu daiteke, eta gerta litezkeen auziak ere, kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kidetik kanpoko organo jurisdikzionaletara bidali ahal izango dira.
Kontsumitzailearen sinadura:
3. zatia:
Kontsumitzaileak eskuragarri izan behar duen informazio gehigarria eta hura lortzeko leku konkretua (liburuxka orokor bateko atala, adibidez), jarraian adierazten ez bada: Kontratua desegiteko baldintzak, horren ondorioak, eta kontratua desegitean sor daitezkeen kostuen aurrean kontsumitzaileak duen erantzukizunari buruzko informazioa.
Merkatariarekin kontratuari buruz hitz egiteko erabiliko diren hizkuntzak adieraztea, informazio‑eskaeren eta erreklamazioen tratamenduari buruz hitz egiteko, adibidez.
Hala dagokionean, gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko bitarteko batera jotzeko aukera.
Informazioa jaso izanaren agiria: Kontsumitzailearen sinadura: IV. ERANSKINA Truke‑kontratuentzako informazio‑formulario normalizatua 1. zatia: Kontratuan parte hartuko duten merkatarien nortasuna, helbidea eta estatutu juridikoa: Produktuaren deskribapen laburra: Eskubidearen edo eskubideen izaera eta eduki zehatzak: Kontratuaren xede den eskubidea baliatu ahal izango den denbora‑tarte zehatza, eta beharrezkoa izanez gero, haren iraupena: Kontsumitzaileak kontratuaren xede den eskubidea noiztik aurrera baliatu ahal izango duen: Kontsumitzaileak truke‑sistemara egin beharreko kotizazioengatik ordaindu beharko duen zenbatekoa: Kontratuaren arabera finkatutako nahitaezko kostu gehigarriak aipatzea; kostu‑mota eta dagozkion zenbatekoak adieraztea (berritze‑zergak, beste kontribuzio batzuk, zerga bereziak eta tokiko zergak, adibidez): Kontsumitzaileak erabil ditzakeen zerbitzu nagusien laburpena: Horiek lehen adierazitako kostuetan sartzen al dira? Ezezkoa bada, zehaztu kostuetan zer sartzen den eta aparte zer ordaindu behar den (kostu‑motak eta horiei dagozkien zenbatekoak; truke‑transakzio bakoitzeko ordaindu beharko den prezioaren estimazioa adibidez, kostu osagarriak barne): Merkataria jokabide‑kode bati edo gehiagori atxiki al zaio? Horrela bada, non aurki daiteke edo daitezke? 2. zatia: Informazio orokorra: Kontsumitzaileak kontratu honi uko egiteko eskubidea izango du, inolako justifikaziorik eman beharrik izan gabe; horretarako, hamalau egun naturaleko epea izango du kontratua egiten den edo aurretiazko beste edozein kontratu lotesle egiten den egunetik zenbatzen hasita, edo kontratu horiek jasotzen diren egunetik zenbatzen hasita, horiek geroago jaso b a d i r a . Tr u k e ‑ k o n t r a t u a t u r i s m o ‑ e r a b i l e r a k o o n d a s u n e n t x a n d a k a k o aprobetxamendu‑kontratuarekin batera eta aldi berean eskaintzen bazaio kontsumitzaileari, bi kontratuetan uko egiteko epe bera aplikatuko da.
Uko egiteko epe horretan kontsumitzaileak ezin izango du inolako aurrerakinik ordaindu. Debeku horrek kontrapartida guztiei eragingo die, baita ordainketari, berme‑eraketari, kontuetako diru‑erreserbei, zorraren berariazko aitorpenari eta abarri ere. Gainera, merkatariari egin beharreko ordainketez gain hirugarrenei egin beharrekoak biltzen ditu.
Kontsumitzaileak ez ditu jasan beharko kontratuan zehazten ez diren kostu edo obligazioak.
Nazioarteko zuzenbide pribatuarekin bat, kontratua kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kideari ez dagokion beste legeria baten arabera arautu daiteke, eta gerta litezkeen auziak ere kontsumitzaileak bere egoitza edo ohiko etxebizitza duen estatu kidetik kanpoko organo jurisdikzionaletara bidali ahal izango dira.
Kontsumitzailearen sinadura:
3. zatia: Kontsumitzaileak eskuragarri izan behar duen informazio gehigarria eta hura lortzeko leku konkretua (liburuxka orokor bateko atala, adibidez), jarraian adierazten ez bada:
1. Eskuratutako eskubideei buruzko informazioa: Truke‑sistemaren funtzionamenduari buruzko azalpena; trukerako aukerak eta modalitateak; truke‑sisteman kontsumitzaileari dagokion turismo‑erabilerako ondasunen txandakako aprobetxamenduari esleitutako balioaren adierazpena eta truke‑aukera zehatzen adibideak.
Erabilgarri dauden turismoko guneen kopurua eta truke‑sisteman parte hartzen dutenen kopurua, kontsumitzaileak aukeratutako zenbait ostatu erabilgarri egoteari eragin diezaiokeen edozer muga aipatuta, esaterako, eskari handiagoko aldiak direla‑eta, aurrez denbora askorekin erreserbatu behar izateko aukera edo kontsumitzaileak truke‑sisteman jarritako txandaka aprobetxatzeko eskubideetatik eratorritako aukeraketa eragin dezakeen edozer murrizketa.
2. Ondasunei buruzko informazioa: Ondasunen eta horien kokapenaren deskribapen zehatza eta egokia; ondasun higiezina ez den ostatu baten kontratua egiten bada, ostatuaren eta instalazioen deskribapen egokia; kontsumitzaileak informazio gehiago non jaso dezakeen deskribatuko da.
3. Kostuei buruzko informazioa: Trukea adostu baino lehen, merkatariak proposatutako edozer trukeri buruz eta trukeari dagokionez kontsumitzaileari egotz dakiokeen edozer gastu osagarriri buruz jakinarazteko duen betebeharrari buruzko informazioa.
4. Kontratua desegiteari buruzko informazioa: Hala dagokionean, kontratu osagarriak desegiteko modalitateei eta kontratua desegiteak izan ditzakeen ondorioei buruzko informazioa.
– Kontratua desegiteko baldintzak, horren ondorioak, eta kontratua desegitean sor daitezkeen kostuen aurrean kontsumitzaileak duen erantzukizunari buruzko informazioa.
5. Informazio osagarria: Merkatariarekin kontratuari buruz hitz egiteko erabiliko diren hizkuntzak adieraztea, informazio‑eskaeren eta erreklamazioen tratamenduari buruz hitz egiteko, adibidez.
Hala dagokionean, gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko bitarteko batera jotzeko aukera.
Informazioa jaso izanaren agiria: Kontsumitzailearen sinadura: V. ERANSKINA Uko egiteko formulario normalizatua aparteko agiri batean, uko egiteko eskubidea errazago baliatzeko Uko egiteko eskubidea Kontsumitzaileak kontratu honi uko egiteko eskubidea izango du hamalau egun naturaleko epean eta inolako justifikaziorik eman beharrik gabe.
Uko egiteko eskubidea egun honetan hasiko da:.................................. (merkatariak formularioa kontsumitzaileari eman aurretik bete beharreko datua).
Kontsumitzaileak formulario hau jasotzen ez badu, formularioa jasotzen duen unetik aurrera hasiko da zenbatzen uko egiteko epea; edonola ere, urtebete eta hamalau egun natural igarotzen direnean amaituko da.
Kontsumitzaileak ez badu eskatutako informazio guztia jasotzen, informazio hori jasotzen duenean hasiko da zenbatzen uko egiteko epea; edonola ere, hiru hilabete eta hamalau egun natural igarotzen direnean amaituko da.
Uko egiteko eskubidea baliatu ahal izateko, kontsumitzaileak euskarri iraunkor bidez egingo dio jakinarazpena merkatariari (postaz bidalitako eskutitz baten edo mezu elektroniko baten bidez, esate baterako), jarraian aipatzen diren izen eta helbidean.
Kontsumitzaileak formulario hau erabili ahal izango du, baina ez da nahitaezkoa izango.
Kontsumitzaileak uko egiteko eskubidea baliatzea erabakitzen badu, ezin izango zaio inolako kosturik egotzi.
Aurrerakinak ordaintzeko debekua Uko egiteko epean zehar kontsumitzaileak ezin izango du inolako aurrerakinik ordaindu. Debeku horrek kontrapartida guztiei eragingo die, baita berme‑eraketari, ordainketari, kontuetako diru‑erreserbei, zorraren berariazko aitorpenari eta abarri ere.
Gainera, merkatariari egin beharreko ordainketez gain, hirugarrenei egin beharrekoak biltzen ditu.
Uko egitea jakinaraztea Hartzailea (merkatariaren izena eta helbidea) (*): Honako honen bitartez jakinarazten dizut/dizugu (**) kontratuari uko egitea erabaki dudala/dugula (**) Kontratua egin den eguna (*): Kontsumitzailearen edo kontsumitzaileen izena (***): Kontsumitzailearen edo kontsumitzaileen helbidea (***): Kontsumitzailearen edo kontsumitzaileen sinadura (formulario hau paperean jakinarazten bada bakarrik) (***): Data (***): Informazioa jaso izanaren agiria: Kontsumitzailearen sinadura:
(*) Merkatariak bete beharko du, formularioa kontsumitzaileari eman aurretik.
(**) Ezabatu ez dagokiona.
(***) Kontsumitzaileak edo kontsumitzaileek bete beharrekoa, formulario honen bitartez uko egitea erabakitzen bada.