Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

7/2012 Lege Organikoa, abenduaren 27koa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena, gardentasunari eta iruzur fiskalaren nahiz Gizarte Segurantzako iruzurraren aurkako borrokari dagozkienetan

2012-12-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/28, 312. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15647

7/2012 Lege Organikoa, abenduaren 27koa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena, gardentasunari eta iruzur fiskalaren nahiz Gizarte Segurantzako iruzurraren aurkako borrokari dagozkienetan.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege organiko hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Zigor Kodeak, azaroaren 23ko 10/1995 Legearen zioen azalpenean azaltzen denez, gizartearen elkarbizitzaren balio eta printzipioak babestu behar ditu, eta haren edukia egungo egoeraren beharrizan berrietara eta aldaketetara egokitu behar da.

Erreforma hau gidatzen duten irizpideen oinarria bat dator administrazioaren jardueraren eta alderdi politiko eta sindikatuen erantzukizun-erregimenaren gardentasuna bultzatzeko xedearekin; orain, pertsona juridikoei dagokien erantzukizun penaleko erregimen orokorrean sartzen dira alderdi politikoak eta sindikatuak: hortik kanpora zeuden orain arte. Bestetik, diru-sarrera eta gastu publikoak kontrolatzeko tresnen eraginkortasuna hobetu nahi da; ezinbesteko elementutzat azaltzen baitzaigu krisi ekonomikoaren eraginez hartutako neurrien artean. Krisia bereziki gogorra da Europako esparruan, eta, batez ere, Espainiaren kasuan, eta aipatutako neurri horiekin batera, krisiak jotako sektore edo jarduera ekonomikoetan beharrezko erreformak egin behar dira, izan ere, jarduera ekonomiko horiei dagokienez, iruzurraren pertzepzioa handiagoa da, eta, hain zuzen ere, horiexetan egin behar dira zigor erreforma zehatzak.

Horretarako, zigor arloan, sakon berrikusi behar dira herri-ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak, Zigor Kodearen XIV. tituluan araututakoak. Hauek dira erreformaren helburuak tributuen arloan: batetik, tipo astundu bat sortzea, iruzur bereziki larriei erantzungo diena eta espetxealdi-zigorra luzatuko duena, gehienez sei urtera arte; horrek, aldi berean, arau-hauste larrienen preskripzio epea hamar urtekoa izatea dakar; bestetik, iruzur fiskaleko sare antolatuak pertsegitu ahal izatea, behin iruzurraren gutxieneko kopurura iritsita berehalako salaketa erraztuz; halaber, ordaindu gabeko tributu-zorrak kobratzeko aukerak areagotu nahi dira, prozesu penalak administrazioprozedura geldi dezan saihestuz; era berean, ogasunari eta Europar Batasuneko aurrekontuei egindako iruzurrak arautzeko hobekuntza teknikoak sartu nahi dira; eta, modu berean, tributu-egoera osorik eta borondatez zuzendu duten tributu-betebehardunak epaitegietan salatzea saihestu gura da. Halaber, zenbait mekanismo aurreikusi dira inputatuen zigorra txikiagotzeko, baldin eta, prozesu penala hasia dela, tributu-zorra ordaintzen badute edo ikerketa judizialean laguntzen badute.

Gizarte Segurantzaren kontrako delituetan egindako erreformak oinarrizko tipoari eragiten dio; izan ere, arau-haustea delitutzat jotzeko zenbatekoa jaitsi egiten da eta, horrela, zuzentzea erraztu. Delitu fiskala arautzeko erabilitako eskemaren antzekoaz baliatuta, tipo astundu bat sartzen da, sozietate-sareak pertsegitu ahal izateko, sare horien atzean langileen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa saihesteko asmoz benetako enpresari bat ezkutatzen denean. Aldi berean, Gizarte Segurantzako prestazioetan egindako iruzurrak zigortzeko berariazko tipo bat sartzen da; diru-laguntzak eta beste laguntza batzuk iruzurrez lortzeak zigor tratamendu desberdina izango du, erantzun eraginkorra eskaini nahian Gizarte Segurantzaren ondareari kalte handia dakarkioten kasuetarako. Kasu honetan ere, tipo astundu bat aurreikusten da, delitu-mota horiek egiten dituzten edo delitu horietarako bidea ematen duten organizazioei aurre egiteko: enpresa faltsuak dira, helburu bakartzat sistematik prestazioak lortzea dutenak.

Langileen eskubideen kontrako delituen aldaketa bat ere egin da (Zigor Kodearen XV. tituluan ezarritakoena). Modu horretan, lege-betebeharrak behar bezala betetzen dituzten enpresa, ekintzaile eta langile autonomoei dagokienez lehia desleial bidegabea dakarten jokabideekin laneko arautegia larriki urratzen dutenak zigortu ahal izango dira.

Azkenik, sektore publikoa gardenagoa bihurtzeko eta erakunde publikoekiko konfiantza indartzeko asmoz, tipo penal berri bat ezarri da, kontu publikoak ezkutatu, simulatu eta faltsutzeko jokabideak zigortzeko.

II Lehenengo eta behin, pertsona juridikoen erantzukizun penalaren arauketa aldatzen da, alderdi politikoak eta sindikatuak erantzukizun-erregimen orokorrean sartzeko, orain arte haiei buruz Zigor Kodearen 31 bis artikuluaren 5. paragrafoan araututako salbuespenean jasotzen zen aipamena kenduta. Horrela, gainditu egiten da bizitza politikoko bi eragile horiei buruz aurreko arauketak ahalbidetzen zuen zigorgabetasun pertzepzioa. Izan ere, legez ezarritako kasuetan, alderdi politiko eta sindikatuetara ere hedatzen da horiek beren kontura eta beren onurarako egindako legez kanpoko jardunengatiko erantzukizuna, baita eragile horien legezko ordezkariek eta administratzaileek nahiz haien agintaritzaren menpe daudenek egindako legez kanpoko jardunengatiko erantzukizuna ere, kontrol egokirik izan ez denean.

III Bigarrenik, Zigor Kodearen 305. artikuluan herri-ogasunaren kontrako delituak tipifikatzean hobekuntza teknikoak egin dira. Helburua da delitu horien pertsekuzioa erraztea eta aplikazioan antzemandako gabezia batzuk zuzentzea.

Lehenengo aldaketetako bat izan da tributu-egoeraren zuzenketa delituaren benetako ifrentzu gisa konfiguratzea; horrela, zuzenketaren bidez, aitorpen oso eta egiazkoa eginez, ekintzaren balio-galera ez ezik, emaitzaren balio-galera ere neutralizatzen da, tributu-zorra osorik ordainduta, eta ez bakarrik tributu-kuota, gaur egun gertatzen den bezala.

Zuzenketari ematen zaion konfigurazio berri honen bidez, baliokidetasun praktikoko erlazio bat ezartzen da zuzentzearen eta zerga garaiz ordaintzearen artean, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Auzitegi Gorenak azpimarratu dutenez; izan ere, zuzentzearen bidez legezkotasunera erabat itzultzen dela nabarmendu dute, zuzentzeak amaiera ematen baitio ondasun juridiko babestuaren behin-behineko urraketari, tributubetebeharrak hasiera betean ez betetzeak dakarren iruzurrak eragindakoari.

Tributu-egoeraren zuzenketaren legezko konfigurazio berri honetan, goian adierazi denez, zuzenketa delituaren ifrentzu gisa azaltzen zaigu, jokabidearen balio-galera eta emaitzaren balio-galera erabat neutralizatuz; horrela, bada, triburu-egoera zuzentzeak tributu-betebeharraren hasiera bateko urraketak eragindako bidegabekeria desagerrarazten du eta, hain zuzen ere, horrela islatzen da delitu-tipoaren idazketa berrian, legezkotasunera itzultze hori gaitzespen penalaren desagerpenarekin lotzen baitu. Aldaketa hori 4. paragrafoaren aldaketarekin osatzen da (zerga-egoera zuzentzeari buruzko paragrafoa). Aldaketaren bidez, kendu egiten dira zuzentzea absolbitzeko desenkusatzat jotzen zuten aipamenak.

Beste paragrafo bat sartzen da, tributu-administrazioari tributu-zorra kobratzeko administrazio-prozedurarekin jarraitzea ahalbidetzen diona, nahiz eta prozesu penala ebatzi gabe egon. Erreforma honen bidez, pribilegiozko egoerak kendu eta ustezko delitugilea beste edozein tributu-zordunen posizio berean kokatu nahi da, eta, aldi berean, administrazioaren kontrol zereginaren eraginkortasuna areagotu: prozesu judiziala ebatzi gabe egoteak, horrek bakarrik, ez du kobrantza-akzioa gelditzen, baina epaileak gelditu egin ahal izango du, baldin eta zorraren ordainketa bermatzen bada edo epailearen iritziz konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak gerta badaitezke. Europako Erkidegoaren ordenamenduan ezarritako eskakizun bati ere erantzuten zaio; izan ere, Erkidegoko agintariak Espainiari lege-sisteman erreforma bat egin dezaten eskatzen ari zaizkie, prozesu penal bat izateak ez dezan gelditu Europar Batasunaren baliabide propioak diren tributu-zorren kobrantza-akzioa.

Tributu-kuotaren iruzurra zenbaterainokoa den zehazteari dagokionez, erreforma honetan bi aldaketa garrantzitsu sartzen dira. Batetik, Europar Batasuneko ogasunaren diru-sarreren esparruan egindako iruzurraren zenbatekoa egutegiko urteari dagokionez zehaztuko dela argitzen du. Bestetik, erregela berezi bat sartzen da, kriminaltasun antolatuko sareak berehala pertsegitu ahal izateko, iruzurraren zenbatekoak delitua dakarren gutxieneko zenbatekoa gainditzen duen momentutik beretik hasita.

Era berean, zigorra arintzea aurreikusten da, delituen ustezko erantzuleek delitua egin dutela onartzen dutenean eta tributu-zorra oso-osorik ordaintzen dutenean, edo, agintariei laguntzen dietenean gertatutakoa argitzen eta, hala badagokio, erantzuleak identifikatu eta harrapatzen. Dena dela, onarpen, ordainketa eta laguntza hori denbora-tarte laburrean gertatu behar dira.

Ogasun publikoaren kontrako delituen barruan ere, tipo astundu berri bat aurreikusten da 305 bis artikuluan, jokabiderik larrienak edo agerian jartzeko konplexuenak direnak tipifikatzeko; gehienez ere sei urteko zigorrarekin zigortzen dira, eta, horrek, Zigor Kodearen 131. artikulua aplikatuta, preskripzio epea hamar urtekoa izatea ekarriko luke, modu horretan, jokabide larri horiek denboraren joanarekin zigorrik gabe geratzea zailagoa izan dadin. Kasu edo jokabide astundutzat jotzen da iruzurpeko kuotaren zenbatekoa seiehun mila eurotik gorakoa denean (muga hori jurisprudentziak adierazitakoa da); iruzurra organizazio edo talde kriminal batean egiten denean; edo pertsonak, negozioak, tresnak edo lurraldeak erabiltzen direnean benetako tributubetebeharduna zein den zehazten zailagoa izan dadin, edo delituaren erantzulea zein den edo iruzurraren zenbatekoa zein den zehazten zailagoa izan dadin. Paradisu fiskalak eta ezein zergarik gabeko lurraldeak berariaz aipatuta, ziurtasun eta segurtasun juridiko handiagoa ematen zaio aginduari; izan ere, dagoeneko definituta dauden kontzeptuak baitira iruzur fiskala prebenitzeko neurriei buruzko azaroaren 29ko 36/2006 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian.

Gainera, Zigor Kodearen 306. artikulua aldatzen da, jokabide tipikoaren eta 305. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arteko desberdintasuna argitzeko eta oraingo 306 eta 309. artikuluak agindu bakarrean batzeko. Iruzurra, ez denean berrogeita hamar mila eurora heltzen baina lau mila eurotik gorakoa denean, delitu gisa zigortzen da 305. artikuluko 3. paragrafoan eta 306. artikuluan, eta desagertu egiten da oraingo 627 eta 628. artikuluetan jasotako falta izaerako tipifikazioa.

Azkenik, Zigor Kodearen 310 bis artikulua aldatzen da, ogasun publikoaren kontrako delituen erantzule diren pertsona juridikoei ezarritako zigorra eta delitu berberen erantzule diren pertsona fisikoentzat ezarritakoa harmonizatzeko beharrak eraginda. Horrela, batetik, b) idatz-zatian iruzurraren zenbatekoaren bi halakotik lau halakora arteko isunzigorra ezartzen da kasu astunduetarako (305 bis artikuluan proposatu da kasu horien arauketa); eta, bestetik, bigarren lerrokada berri bat eransten da, delitu horien erantzule diren pertsona juridikoei 33. artikuluko 7. paragrafoko f) idatz-zatian orokorrean aurreikusten diren zigorrak ezartzea aurreikusten duena, 305. artikuluko 1. idatz-zatiak pertsona fisikoentzat dagoeneko ezartzen dituenak.

IV Gizarte Segurantzaren kontrako delituei dagokienez, Zigor Kodearen 307. artikulua aldatzen da, berrogeita hamar mila eurora jaisteko delitu-tipoak, zigortzeko baldintza objektiboa izan dadin, ezartzen duen zenbatekoa. Muga hori irizpide ekonomiko, politiko eta sozialen arabera ezarri behar da. Egungo errealitate sozial eta ekonomikoa kontuan izanda, gogor jardun behar da ustez delitu diren jokabideen eta sare antolatuen aurka, Gizarte Segurantzaren sistemaren iraunkortasun finantzarioa arriskuan jartzen denean.

Delitu-tipoaren zenbatekoa jaitsiz, zehapen penala ezar dakieke orain arte zehapen administratiboa baino jaso ezin zezaketen ekintza batzuei; gizarteak gogor gaitzesten dituen ekintzak baitira, enpresa-esparruan gaur egun bizi den zailtasun ekonomikoko egoera honetan.

Kotizazio-dokumentuak aurkeztuta, besterik gabe, sarritan interpretatzen da ez dela Gizarte Segurantzaren aurkako deliturik, dokumentu horiek benetakoak edo osoak diren begiratu gabe. Era berean, askotan gertatzen da, tartean jarritako pertsonek esku hartzen duten iruzur kasuetan, itxuraz zuzenak diren kotizazio-dokumentuak aurkeztea, hain zuzen ere, engainuaren parte izaten dela. Hori dela eta, azken tarteki bat erantsi da argitzeko kotizazio-dokumentuak aurkezte hutsak ez duela iruzurra baztertzen, baldin eta iruzur hori beste ekintza batzuen bidez egiaztatzen bada. Tartekiak ez dakar inolako aldaketa kontzeptualik, baizik eta arauaren benetako interpretazioa finkatu nahi du.

Tartekia 305. artikuluan ere sartu da, ogasun publikoaren kontrako delituari buruzkoan, tarteki horren falta ez dadin interpretatu aitorpenak edo autolikidazioak aurkezte hutsak iruzurra baztertzen duela kasu guztietan.

Halaber, tipo astundu berri bat sartzen da jokabide bereziki larrietarako. Bereziki larria izan daiteke itzuritako zenbatekoagatik, edo, beste inguruabar larri batzuk azaltzen direlako, esate baterako, sozietateak edo pertsonak erabiltzea, tartean jarrita, Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeko benetan erantzukizuna dutenak ezkutatzeko asmoz.

Horrek gaitzespen penala handiagoa izatea justifikatzen du. Zigorra astunagoa izateak delituaren preskripzio epea luzeagoa izatea dakar. Kasu hauetan funtsezkoa da hori, detektatzen zailak direnez berandu detektatzen direlako. Gehienezko zigorra sei urteko espetxealdira zabaltzean (gaur egun indarrean dagoena baino bat gehiago), preskripzio epea hamar urtera luzatzen da.

Ohiko tipoari zein tipo astunduari dagokienez, jokabide horien erantzulearentzat berariaz jaso dira zigor osagarri batzuk: diru-laguntzak lortzeko aukera galtzea eta onura edo pizgarri fiskalez edo Gizarte Segurantzaren onura edo pizgarriez gozatzeko eskubidea galtzea. Iraupena tipoaren larritasunaren araberakoa izango da.

Ogasun publikoaren kontrako delituarekin bezala, Gizarte Segurantzarekiko egoera zuzentzea delituaren ifrentzu gisa azaltzen zaigu, jokabidearen balio-galera eta emaitzaren balio-galera neutralizatzen baita, egoera zuzentzeak desagerrarazi egiten du-eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharraren hasiera bateko urraketak duen delitu-izaera.

Zigor Kodearen 308. artikulua ere aldatzen da, administrazio publikoen eta Gizarte Segurantzaren diru-laguntzen edo laguntza publikoen iruzurrari buruzkoa. Lehenagoko diru-laguntza kontzeptuaren eta jurisprudentziak emandako zenbait interpretazioren eraginez, langabeziako prestazioa eta sorospena diru-laguntzatzat hartu izan dira inoiz.

Horrela, kasu horietan, zenbatekoa ehun eta hogei mila eurotik gorakoa zenean bakarrik ulertu izan da iruzurra dagoela, eta gainontzeko kasuak zigorrik gabe geratzen ziren. Hori dela eta, Zigor Kodearen 308. artikulua aldatzen da, diru-laguntzen gaineko iruzurraren arauketaren barruan mantentzeko administrazio publikoen diru-laguntza eta laguntza publikoak, baldin eta zenbatekoa ehun eta hogei mila eurotik gorakoa bada bakarrik.

Gizarte Segurantzaren sistemaren prestazioak direnean, iruzurrak agindu berri batean tipifikatzen dira, 307 ter artikuluan, eta zigorra ekintzaren larritasunaren arabera ezartzen da: sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxealdia ohiko kasuetan; larritasun berezia ez duten kasuetan, isuna, iruzurraren zenbatekotik horren sei halako artekoa; eta, kasu astunduetan, bitik sei urtera arteko espetxealdia eta iruzurraren zenbatekotik horren sei halako arteko isuna. Era berean, kasu guztietan, erantzuleak diru-laguntzak lortzeko aukera galtzea eta onura edo pizgarri fiskalez edo Gizarte Segurantzaren onura edo pizgarriez gozatzeko eskubidea galtzea aurreikusten da. Irtenbide horrekin, zigor tratamendu hobea eman dakieke Gizarte Segurantzaren aurkako iruzurrei, eta orain arte ezarritako muga kuantitatiboa gainditzen ez zuten iruzur larrien zigorgabetasun arriskua saihesten da.

Iruzur horiek berariaz jorratzen ditu 307 ter artikuluak, eta, horrela, Gizarte Segurantzaren aurka iruzur egiteko sare antolatu berrien pertsekuzioa errazten du. Sare horiek gezurrezko enpresak sortzen dituzte, sistematik prestazioak lortzeko asmoz; zigorra areagotzea dakar jokabide horrek.

V Langileen eskubideen kontrako delitua, Zigor Kodearen 311. artikuluan jasotakoa, gaur egun nola konfiguratuta dagoen ikusita, zaila da, legezkontrakotasuna izateko eskatzen diren elementu subjektiboak kontuan izanda, nahitaezko asegurua egiteari dagokionez edo beren enpresa-jardueran lanean hartzen dituztenen derrigorrezko baimenak lortzeari dagokionez, tipo penala aplikatzea erantzukizunak eskatu behar zaizkienean, modu kolektiboan, bete beharrekoak betetzen ez dituztenei.

Gaitzespen penala merezi dute langileak, kopuru jakin batetik aurrera, Gizarte Segurantzaren sisteman sartu gabe edo –langileak atzerritarrak direnean– beharrezko lan-baimena lortu gabe erabiltzen dituztenek.

Jokabide horiek sortzen dituzten kalteak begi-bistakoak dira. Batetik, modu irregularrean lan egindako aldiagatik Gizarte Segurantzaren arloan izan ditzaketen eskubideak ukatzea langileei. Bestetik, ekonomia eta enpresa harremanetarako, oso kaltegarria da batzuek, arlo honetan legezko betebeharrak betetzen dituztenen aldean, lan kostu oso txikiekin produzitzea ondasunak eta eskaintzea zerbitzuak. Horrek lehia desitxuratzen du eta enpresa ekimena moteldu.

Jokabide larria da hori kasu guztietan, eta horrexegatik dauka dagokion zigorra arlo administratiboan, baina zigor penala ezartzeko, kontuan hartuko da zenbat diren erabilitako eta kaltetutako langileak, eta, horrela, zigor penala jokabiderik larrienei ezarriko zaie.

Jokabide horien larritasuna kontuan hartuta, gehienezko zigorra sei urtera zabaldu da, eta horrek, berriro ere, preskripzio epea hamar urtera arte zabaltzen du.

VI Zigor Kodearen 398. artikulua aldatzen da, tipotik kanpo uzteko Gizarte Segurantzari eta ogasun publikoari buruzko ziurtagiriak. Ez da gutxitan gertatzen, kontrata edo azpikontraten harreman juridikoaren esparruan, Gizarte Segurantzarekin zorra duten enpresek, kontratista edo azpikontratista gisa, enpresa nagusi edo kontratistei bidalitako kotizazio egoeraren gineko ziurtagiriak faltsutzea. Bada ziurtagirien faltsutzeari dagokion berariazko tipo penal bat; beraz, zalantza zen jokabide horiek agiri ofizialen faltsutzetzat (partikularrek egindakoa) edo ziurtagirien faltsutzetzat (partikularrek egindakoa) hartu behar ziren. Halaber, 398. artikulua berriz idaztea komenigarria dela ebatzi da (Zigor Kodearen 399. artikuluak artikulu horri egiten dio erreferentzia), artikulu horretan ezarritakoa garrantzi gutxiko ziurtagirien faltsutzeari aplikatzeko eta berariaz kanpoan uzteko Gizarte Segurantzari eta ogasun publikoari buruzko ziurtagiri guztiak, tributuen arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan ziurtagiri faltsuek trafiko juridikoan duten eragina kontuan izanda.

VII Azkenik, 433 bis artikulu berri bat sartzen da. Helburua da sektore publikoa ahalik eta gardenena izatea eta administrazio eta erakunde publikoen egoera ekonomikoa islatzen duten informazioen egiazkotasuna bermatzea.

Hori dela eta, kontabilitatea, egoera ekonomikoa islatu behar duten agiriak edo informazioa faltsutzen duten agintari edo funtzionario publikoak zigortu egingo dira, baldin eta faltsutze hori dagokien erakunde publikoari kalte ekonomikoa eragiteko moduan egiten badute. Erregela bat sartu da delitu hori eta agirien faltsutze delitua (lehentasunez aplikatzekoa) batera gerta daitezkeen kasuetan dauden arazoak konpontzeko; hori dela eta, bereziki aplikatzekoa izango zaio barne dokumentuen faltsutzeari eta gezurrezko barne dokumentuei, barne dokumentuak izanik ere garrantzitsuak baitira erabaki ekonomikoak hartzeko orduan.

Halaber, hasiera batean agiri baten parte izan ez arren gerora agiri horretan islatzen den informazio ekonomikoa faltsutzea tipifikatzen da. Horrela, zenbait kasutan planteatu daitezkeen tipikotasun arazoak konpontzen dira; esate baterako, egileak ez duenean agiri faltsua ematen, baizik eta gezurrezko informazioa sartzera mugatzen denean, eta gero informazio hori idatzizko agiri batean edo beste era bateko agiri batean jasotzen denean.

Eta, helburu berarekin, gezurrezko informazio hori hirugarren batzuei helaraztea tipifikatzen da, jokabide hori administrazioari kalte ekonomikoa eragiteko modukoa denean.

Jokabide horiek guztiek, agiri publiko edo ofizialen faltsutze kasuak ez direnean – Zigor Kodearen 390 eta 393. artikuluan zigortutakoak–, isun eta desgaikuntza zigorra daukate, bai eta espetxealdi-zigorra ere, benetako kalte ekonomikoa eragiten dutenean.

Artikulu bakarra.  Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren aldaketa.

Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Legea honela geratzen da idatzita: Bat.  Aldatu egiten da 31 bis artikuluaren 5. paragrafoko lehenengo lerrokada. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«5.  Pertsona juridikoen erantzukizun penalari buruzko xedapenak ez zaizkie aplikatuko Estatuari, lurralde eta erakunde mailako administrazio publikoei, organismo erregulatzaileei, agentzia eta enpresa-erakunde publikoei, zuzenbide publikoko nazioarteko erakundeei, ezta subiranotasuneko ahal publikoak edo administratiboak gauzatzen dituztenei edo politika publikoak gauzatzen dituzten edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten Estatuko merkataritza-sozietateei ere.

(…)» Bi.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 305. artikulua:

«1.  Norbaitek, egitez edo ez-egitez, estatuko, autonomia erkidegoko, foru aldundiko edo tokiko herri-ogasunari iruzur egiten badio, zergen ordainketari, atxikitako edo atxiki beharreko kopuruen ordainketari edo konturako sarreren ordainketari itzuri eginez edo bidegabe itzulketak lortuz, edo zerga-onurak ere bidegabe hartuz, betiere ehun eta hogei mila euro baino gehiagokoa denean iruzurpeko kuotaren zenbatekoa, edo bidegabe lortu nahiz hartutako atxikipenen, konturako sarreren, itzulketen edo zerga-onuren ordaindu gabeko zenbatekoa, orduan, pertsona horri urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta zenbateko horretatik horren sei halako arteko isuna, salbu eta zerga-egoera zuzentzen badu artikulu honen 4. paragrafoan adierazten den moduan.

Aitorpenak edo autolikidazioak aurkezte hutsak ez du iruzurra baztertzen, baldin eta iruzur hori beste ekintza batzuen bidez egiaztatzen bada.

Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urte arteko epean.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa zehazteko:

a)  Zergak, atxikipenak, kontura egiten diren diru-sarrerak edo itzulketak aldizkakoak badira edo aldizka aitortzen badira, zergaldi edo aitorpenaldi bakoitzean egin den iruzurra izango da kontuan, eta aldiok hamabi hilabete baino gutxiago irauten badute, iruzurraren zenbatekoa zehazteko egutegiko urtea hartuko da kontuan. Dena dela, iruzurra organizazio edo talde kriminal batean egiten denean, edo itxuraz jarduera ekonomiko erreal baten pean jarduten duten pertsona edo erakundeek egiten dutenean (benetan jarduera ekonomikorik izan gabe), 1. paragrafoan ezarritako kopurura heltzen denetik pertsegitu ahal izango da delitua.

b)  Gainerako kasuetan, zenbateko hori zehazteko, kontuan hartuko da zergaegitatea likidatzeko balio duen kontzeptu ezberdin bakoitza.

3.  Zigor berberak ezarriko dira, artikulu honetako 1. paragrafoan azaldutako jokabideak Europar Batasuneko ogasunaren aurka egiten direnean, betiere iruzurraren zenbatekoa berrogeita hamar mila euro baino gehiagokoa denean egutegiko urte bateko epean. Dena dela, iruzurra organizazio edo talde kriminal batean egiten denean, edo itxuraz jarduera ekonomiko erreal baten pean jarduten duten pertsona edo erakundeek egiten dutenean (benetan jarduera ekonomikorik izan gabe), paragrafo honetan ezarritako kopurura heltzen denetik pertsegitu ahal izango da delitua.

Iruzurraren zenbatekoa ez bada berrogeita hamar mila eurokoa baino handiagoa, baina lau milatik gorakoa bada, hiru hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da edo aipatutako kopurutik horren hiru halako arteko isuna, eta kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, sei hilabetetik bi urte arteko epean.

4.  Tributu-egoera zuzendutzat joko da tributu-betebehardunak tributu-zorra guztiz aitortu eta ordaintzen duenean, tributu-administrazioak zuzendu beharreko tributu-zorrak zehazteko asmoz egiaztatzeko edo ikertzeko jardunak hasi dituela jakinarazi aurretik, edo, jardun horiek izan ezean, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak edo autonomia erkidegoaren, foru aldundiaren edo tokiko administrazioaren ordezkari prozesalak kereila edo salaketa jarri aurretik, edota Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak jardunak egin aurretik, betiere, jardun horiek eginbideak hasi direla formalki jakiteko aukera ematen diotenean.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatzen diren zuzenketaren ondorioak aplikagarriak izango dira, administrazioak administrazio-bidean tributu-zorrak zehazteko daukan eskubidea preskribatu ondoren ordaintzen direnean zor horiek.

Tributu-betebehardunak bere tributu-egoera zuzentzen duenean, ez dute pertsegituko tributu-egoera zuzendu aurretik egindako kontabilitateko irregulartasunengatik edo bestelako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta horiek zuzendutako tributuzorraren ingurukoak baino ez badira.

5.  Tributu-administrazioak herri-ogasunaren aurkako delituren bat egin delako zantzurik ikusten badu, bereiz likidatu ahal izango ditu, batetik, herri-ogasunaren aurkako delitu izan litekeen jokabidearekin lotuta ez dauden kontzeptuak eta zenbatekoak, eta, bestetik, lotuta daudenak.

Aurreko lerrokadan aipatutako likidazioetako lehenengoan ohiko izapideak jarraituko dira, eta tributu-likidazio ororen baliabide propioen erregimenari lotuko zaio. Eta herri-ogasunaren aurkako delitu izan litekeen jokabidearekin lotuta dauden kontzeptu eta zenbatekoen likidazioa egiteko, tributuen arloko araudiak helburu horretarako ezarritako izapideak jarraituko dira, hartara eragotzi gabe azkenean prozesu penalean erabakitzen denara egokitzea.

Herri ogasunaren aurkako delituagatik prozedura penala izateak ez du tributuzorra kobratzeko akzioa geldituko. Tributu-administrazioak kobratzeko jarduerak hasi ahal izango ditu, salbu eta epaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betearazpenjarduerak etetea erabaki badu, bermea aurkeztu ondoren. Guztiz edo partez bermerik ezin izango balitz eman, salbuespen gisa, epaileak etetea erabaki ahal izango du, bermeak guztiz edo partez salbuetsita, baldin eta betearazpenak konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak eragin ditzakeela ikusten badu.

6.  Epaile eta auzitegiek tributu-betebehardunari edo delituaren egileari gradu bat edo bi gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango diote, baldin eta egotzi gisa zitazio judiziala egiten zaionetik bi hilabete igaro baino lehen tributu-zorra ordaintzen badu eta ekintzak judizialki onartzen baditu. Era berean, aipatutako hori berdin aplikatu ahal izango zaie delituan parte hartzen duten beste batzuei ere (tributubetebehardunaz edo delituaren egileaz gain), baldin eta froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badute beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko, delituak guztiz argitzeko edo Gizarte Segurantzarekiko betebehardunaren edo delituaren beste erantzule batzuen ondarea zein den jakiteko.

7.  Artikulu honetan jasotako delituengatik abiarazitako prozeduretan, isunzigorra eta erantzukizun zibila betearazteko (hor sartzen da tributu-administrazioak likidatu ez duen tributu-zorra, preskribatu delako edo legezko beste arrazoiren batengatik, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean ezarritako moduan, berandutze-interesak barne), epaile eta auzitegiek tributuadministrazioaren laguntza eskatuko dute; izan ere, premiamendu bidez eskatuko du betearazteko, lege horretan ezarritako moduan.» Hiru.  Beste artikulu bat, 305 bis, sartu da. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Herri-ogasunaren aurkako delituarentzat bi urtetik sei urte arteko espetxealdi-zigorra eta iruzurpeko kuotaren zenbatekoaren bi halakotik sei halako arteko isuna ezartzen da, iruzurrean honako inguruabar hauek azaltzen direnean:

a)  Iruzurpeko kuotaren zenbatekoa seiehun mila eurotik gorakoa izatea.

b)  Iruzurra organizazio edo talde kriminal batean egitea.

c)  Pertsona fisiko edo juridikoak edo tartean jarritako nortasun juridikorik gabeko erakundeak, negozioak edo tresna fiduziarioak edo paradisu fiskalak edo zergarik gabeko lurraldeak erabiltzea, tributu-betebeharduna edo delituaren erantzulea zein den, iruzurraren zenbatekoa zein den edo tributu-betebehardunaren edo delituaren erantzulearen ondarea zein den zehazten zailtzeko edo ezkutatzeko.

2.  Artikulu honetan deskribatutako kasuetan aplikatzekoak izango dira 305. artikuluan jasotako gainontzeko aurreikuspenak.

Kasu horietan, gainera, adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zergapizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, lau urtetik zortzi urte arteko epean.» Lau.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 306. artikulua:

«Norbaitek, egitez edo ez-egitez, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrei edo Batasunak administratzen dituen beste aurrekontuei iruzur egiten badie, aurrekontuetan sartu behar diren kopuruei itzuri eginez (305. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako kasuetatik kanpora), lortutako funtsak euren helbururako ez beste baterako erabiliz edo funtsak bidegabe lortuz (funtsak lortzeko eskatutako baldintzak faltsututa edo funtsak lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuta), betiere iruzur horren zenbatekoa berrogeita hamar mila euro baino gehiagokoa denean, orduan, pertsona horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, urtebetetik bost urte artekoa, bai eta isuna ere, aipatutako zenbatekotik horren sei halako artekoa.

Iruzurraren zenbatekoa edo bidegabe aplikatutako zenbatekoa ez bada berrogeita hamar mila eurokoa baino handiagoa, baina lau milatik gorakoa bada, hiru hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da edo aipatutako kopurutik horren hiru halako arteko isuna, eta kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, sei hilabetetik bi urte arteko epean.» Bost.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 307. artikulua:

«1.  Norbaitek, egitez edo ez-egitez, Gizarte Segurantzari iruzur egiten badio horren kuoten eta baterako bilketa-kontzeptuen ordainketari itzuri eginez, kuota horien itzulketak bidegabe lortuz edota edozein kontzepturengatik kenkariak bidegabe erdietsiz, betiere berrogeita hamar mila euro baino gehiagokoa denean iruzurpeko kuoten edo bidegabeko itzulketen nahiz kenkarien zenbatekoa, orduan, pertsona horri urtebetetik bost urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta aipatutako zenbatekotik horren sei halako arteko isuna, salbu eta Gizarte Segurantzan bere egoera zuzendu badu, artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako eran.

Kotizazio-dokumentuak aurkezte hutsak ez du iruzurra baztertzen, baldin eta iruzur hori beste ekintza batzuen bidez egiaztatzen bada.

Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urte arteko epean.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa zehazteko, egutegiko lau urtean iruzurraren zenbatekoa guztira zein izan den hartuko da kontuan.

3.  Gizarte Segurantzarekiko egoera zuzendutzat joko da Gizarte Segurantzarekiko betebehardunak zorra guztiz aitortu eta ordaintzen duenean, zorrok zehazteko ikuskapen-jardunen hasierari buruzko jakinarazpena jaso aurretik, edo, halako jardunik izan ezean, beraren aurka Fiskaltzak edo Gizarte Segurantzaren letradunak kereila jarri aurretik edo Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak jardunak egin aurretik, betiere, jardun horiek eginbideak hasi direla formalki jakiteko aukera ematen diotenean.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatzen diren zuzenketaren ondorioak aplikagarriak izango dira, administrazioak administrazio-bidean Gizarte Segurantzarekiko zorrak zehazteko daukan eskubidea preskribatu ondoren ordaintzen direnean zor horiek.

Betebehardunak Gizarte Segurantzarekiko egoera zuzentzen duenean, ez dute pertsegituko egoera zuzendu aurretik egindako kontabilitateko irregulartasunengatik edo bestelako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta horiek zuzendutako zorraren ingurukoak baino ez badira.

4.  Gizarte Segurantzaren aurkako delituagatik prozedura penala izateak ez du geldituko Gizarte Segurantzarekiko zorra likidatu eta kobratzeko administrazioprozedura, salbu eta epaileak gelditzea erabakitzen badu bermea aurkeztu ondoren. Guztiz edo partez bermerik ezin izango balitz eman, epaileak, salbuespen gisa, etetea erabaki ahal izango du, bermeak guztiz edo partez salbuetsita, baldin eta betearazpenak konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak eragin ditzakeela ikusten badu. Likidazio administratiboa azkenean bat etorriko da prozesu penalean erabakitzen denarekin.

5.  Epaile eta auzitegiek Gizarte Segurantzarekiko betebehardunari edo delituaren egileari gradu bat edo bi gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango diote, baldin eta egotzi gisa zitazio judiziala egiten zaionetik bi hilabete igaro baino lehen Gizarte Segurantzarekiko zorra ordaintzen badu eta ekintzak judizialki onartzen baditu. Era berean, aipatutako hori berdin aplikatu ahal izango zaie delituan parte hartzen duten beste batzuei ere (Gizarte Segurantzarekiko betebehardunaz edo delituaren egileaz gain), baldin eta froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badute beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko, delituak guztiz argitzeko edo Gizarte Segurantzarekiko betebehardunaren edo delituaren beste erantzule batzuen ondarea zein den jakiteko.

6.  Artikulu honetan jasotako delituengatik abiarazitako prozeduretan, isunzigorra eta erantzukizun zibila betearazteko (hor sartzen da administrazioak likidatu ez duen Gizarte Segurantzarekiko zorra, preskribatu delako edo legezko beste arrazoiren batengatik, berandutze-interesak barne), epaile eta auzitegiek Gizarte Segurantzaren administrazioaren laguntza eskatuko dute, hark premiamendu bidez betearazteko eska dezan.» Sei. Beste artikulu bat, 307 bis, sartu da. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Gizarte Segurantzaren aurkako delituarentzat bi urtetik sei urte arteko espetxealdi-zigorra eta iruzurraren zenbatekoaren bi halakotik sei halako arteko isuna ezartzen da, delituan honako inguruabar hauetakoren bat azaltzen denean:

a)  Iruzurpeko kuoten edo bidegabeko itzulketen nahiz kenkarien zenbatekoa ehun eta hogei mila euro baino gehiagokoa izatea.

b)  Iruzurra organizazio edo talde kriminal batean egitea.

c)  Pertsona fisiko edo juridikoak edo tartean jarritako nortasun juridikorik gabeko erakundeak, negozioak edo tresna fiduziarioak edo paradisu fiskalak edo zergarik gabeko lurraldeak erabiltzea Gizarte Segurantzarekiko betebeharduna edo delituaren erantzulea zein den, iruzurraren zenbatekoa zein den edo Gizarte Segurantzarekiko betebehardunaren edo delituaren erantzulearen ondarea zein den zehazten zailtzeko edo ezkutatzeko.

2.  Artikulu honetan deskribatutako kasuetan aplikatzekoak izango dira 307. artikuluan jasotako gainontzeko aurreikuspenak.

3.  Kasu horietan, gainera, adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, lau urtetik zortzi urte arteko epean.» Zazpi.  Beste artikulu bat, 307 ter, sartu da. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Norbaitek, ekintzak simulatuz edo desitxuratuz eragindako akatsaren bidez, edo jakinarazi beharreko informazioa ezkutatuz, beretzat edo inorentzat Gizarte Segurantzaren prestazioak lortzen baditu, prestazio horiek bidegabe luzatzea lortzen badu, edo beste batzuei prestazioak lortzen laguntzen badie, modu horretan, administrazio publikoa kaltetuz, orduan, pertsona horri sei hilabete eta hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

Ekintzak, iruzurraren zenbatekoa kontuan hartuta, erabilitako bitartekoak kontuan hartuta eta egilearen beraren inguruabarrak kontuan hartuta larritasun berezikoak ez badira, isun-zigorra ezarriko da, iruzurraren zenbatekotik horren sei halako artekoa.

Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urte arteko epean.

2.  Prestazioen balioa berrogeita hamar mila euro baino handiagoa bada, edo 307. artikuluko 1. paragrafoko b) edo c) idatz-zatietan adierazitako inguruabarretakoren bat balego, bi eta sei urte arteko espetxealdi-zigorra eta iruzurraren zenbatekotik horren sei halako arteko isuna ezarriko da.

Kasu horietan, gainera, adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntzak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, lau urtetik zortzi urte arteko epean.

3.  Erantzukizun kriminaletik salbuetsita geratuko da, aurreko paragrafoetan deskribatutako jokabideei dagokienez, jasotako prestazioaren balioaren adinako zenbatekoa itzultzen duena; zenbateko hori, hartu zuen unetik urteko interesa gehituta itzuli beharko du, eta interes hori diruaren interes legala gehi ehuneko bi puntukoa izango da. Halaber, erantzukizun kriminaletik salbuesteko, zenbateko hori, betiere, prestazio horiei buruzko ikuskapen- eta kontrol-jardunak hasiko direlako jakinarazpena jaso aurretik itzuli beharko du, edo, halako jardunik izan ezean, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak, Gizarte Segurantzaren letradunak edo autonomia erkidegoaren edo tokiko administrazioaren ordezkariak kereila edo salaketa jarri aurretik edo Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak jardunak egin aurretik, betiere, jardun horiek eginbideak hasi direla formalki jakiteko aukera ematen diotenean.

Era berean, subjektu hori, aurreko lerrokadan bezala, erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da egoera zuzendu aurretik egindako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta faltsutze horiek itzulitako prestazioen ingurukoak baino ez badira.

4.  Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetako delituetakoren batengatik prozedura penala izatea ez da eragozpena izango eskumena duen administrazioak bidegabe lortutako prestazioak administrazio-prozedura bidez itzul daitezen eska dezan. Itzuli beharreko zenbatekoa administrazioak behin-behinean finkatutakotzat joko da, eta, gero, azkenean prozesu penalean ebatzitakora egokituko da.

Prozedura penalak ere ez du eskumena duen administrazioaren kobrantzaakzioa geldituko; izan ere, kobratzeko jarduerak hasi ahal izango ditu, salbu eta epaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betearazpen-jarduerak etetea erabaki badu, bermea aurkeztu ondoren. Guztiz edo partez bermerik ezin izango balitz eman, salbuespen gisa, epaileak etetea erabaki ahal izango du, bermeak guztiz edo partez salbuetsita, baldin eta betearazpenak konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak eragin ditzakeela ikusten badu.

5.  Artikulu honetan jasotako delituengatik abiarazitako prozeduretan, isunzigorra eta erantzukizun zibila betearazteko, epaile eta auzitegiek Gizarte Segurantzaren administrazioaren laguntza eskatuko dute, hark premiamendu bidez betearazteko eska dezan.

6.  Artikulu honetan araututako kasuetan aplikatzekoa izango da Kode Penalaren 307. artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoa.» Zortzi.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 308. artikulua:

«1.  Norbaitek administrazio publikoetatik ehun eta hogei mila euro baino gehiagoko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzen baditu, hori eskuratzeko beharrezkoak diren baldintzak faltsutuz, edo hori eskuratzea eragotzi izango luketen baldintzak ezkutatuz, orduan, pertsona horri ezarriko zaio urtebetetik bost urte arteko espetxealdi-zigorra, bai eta isuna ere, diru-laguntza edo laguntza publikoaren zenbatekotik horren sei halako artekoa, salbu eta artikulu honen 5. artikuluan aipatutako itzulketa egiten bada.

2.  Zigor berberak ezarriko zaizkio, halaber, guztiz edo partez administrazio publikoen funtsekin ordaindutako jarduera bat garatzean funts horiek dirulaguntzarenaz edo laguntza publikoarenaz bestelako helburu batzuetarako erabiltzen dituenari, erabilitako kopurua ehun eta hogei mila eurotik gorakoa denean, salbu eta artikulu honen 5. artikuluan aipatutako itzulketa egiten badu.

3.  Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urte arteko epean.

4.  Iruzurraren zenbatekoa zehazteko, egutegiko urtea hartuko da kontuan eta diru-laguntzaren gai izan daitekeen jarduera pribatu bera sustatzeko lortu diren diru-laguntza edo laguntza publikoak izan beharko dira, nahiz eta administrazio edo erakunde publiko desberdinetakoak izan.

5.  Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako itzulketa egintzat joko da, diru-laguntza edo laguntza publikoaren hartzaileak bidegabe jaso edo aplikatutako dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzen dituenean; laguntza horiek, hartu zituen unetik diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa gehituta itzuli beharko ditu. Halaber, itzulketa egintzat jotzeko, diru-laguntza edo laguntza publiko horiei buruzko ikuskapen- eta kontrol-jardunei hasiera emango zaielako jakinarazpena jaso aurretik egin beharko du itzulketa, edo, halako jarduerarik izan ezean, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak edo autonomia erkidegoaren edo tokiko administrazioaren ordezkariak kereila edo salaketa jarri aurretik edo Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak jardunak egin aurretik, betiere, jardun horiek eginbideak hasi direla formalki jakiteko aukera ematen diotenean.

Subjektu horrek, itzulketa egiten duenean, ez dute pertsegituko egoera zuzendu aurretik egindako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta faltsutze horiek zuzendutako zorraren ingurukoak baino ez badira.

6.  Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetako delituetakoren batengatik prozedura penala izatea ez da eragozpena izango eskumena duen administrazioak bidegabe aplikatutako diru-laguntza edo laguntza publikoak administrazio-prozedura bidez itzul daitezen eska dezan. Itzuli beharreko zenbatekoa administrazioak behin-behinean finkatutakotzat joko da, eta, gero, azkenean prozesu penalean ebatzitakora egokituko da.

Prozedura penalak ere ez du administrazioaren kobrantza-akzioa geldituko; izan ere, kobratzeko jarduerak hasi ahal izango ditu, salbu eta epaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betearazpen-jarduerak etetea erabaki badu, bermea aurkeztu ondoren. Guztiz edo partez bermerik ezin izango balitz eman, salbuespen gisa, epaileak etetea erabaki ahal izango du, bermeak guztiz edo partez salbuetsita, baldin eta betearazpenak konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak eragin ditzakeela ikusten badu.

7.  Epaile eta auzitegiek delitu honen erantzuleari gradu bat edo bi gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango diote, baldin eta egotzi gisa zitazio judiziala egiten zaionetik bi hilabete igaro baino lehen 5. paragrafoan adierazitako itzulketa egiten badu eta ekintzak judizialki onartzen baditu. Era berean, aipatutako hori berdin aplikatu ahal izango zaie delituan parte hartzen duten beste batzuei ere (itzultzeko betebeharra daukanaz gain eta delituaren egileaz gain), baldin eta froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badute beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko, delituak guztiz argitzeko edo Gizarte Segurantzarekiko betebehardunaren edo delituaren beste erantzule batzuen ondarea zein den jakiteko.» Bederatzi.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 310 bis artikulua:

«Pertsona juridiko bat, 31 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, titulu honetan jasotako delituen erantzule denean, honako zigor hauek ezarriko zaizkio:

a)  Iruzurraren zenbatekotik edo bidegabe lortutako zenbatekotik horren bi halako arteko isuna, baldin eta pertsona fisikoak egindako deliturako bi urtetik gorako espetxealdi-zigorra aurreikusten bada.

b)  Iruzurraren zenbatekotik edo bidegabe lortutako zenbatekotik horren lau halako arteko isuna, baldin eta pertsona fisikoak egindako deliturako bost urtetik gorako espetxealdi-zigorra aurreikusten bada.

c)  Sei hilabetetik urtebete arteko isuna, 310. artikuluan jasotako kasuetan.

Adierazitako zigorrez gain, pertsona juridikoari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urte arteko epean.

Administrazio publikoekin kontratatzeko debekua ezarri ahal izango da.

Era berean, epaileek eta auzitegiek, 66 bis artikuluan ezarritako erregelekin bat etorriz, 33. artikuluko 7. paragrafoaren b), c), d), e) eta g) idatz-zatietan jasotako zigorrak ezarri ahal izango dituzte.» Hamar.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 311. artikulua:

«Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi hilabete arteko isuna ere:

1.  Zerbitzupeko langileak, engainuaren bidez edo inoren beharrizan-egoeraz abusatuz, laneko edo Gizarte Segurantzako baldintza txarretan jartzen dituztenei, baldintzok kalte egiten badiete legezko xedapen, hitzarmen kolektiboen edo banakako kontratuen bidez langileentzat aintzatetsitako eskubideei, edo eskubideok ezabatu edo murrizten badituzte.

2.  Aldi berean pertsona asko lanean dituztenei, eta langile horiek Gizarte Segurantzaren erregimenetako batean altan daudela ez badute jakinarazi edo, hala badagokio, ez badute lan egiteko baimena lortu, eta, betiere, ukitutako langileak gutxienez:

a)  ehuneko hogeita bost badira, lanean ehun langile baino gehiago dituzten enpresa edo lantokietan; b)  ehuneko berrogeita hamar badira, lanean hamar langile baino gehiago eta gehienez ehun langile dituzten enpresa edo lantokietan, edo; c)  denak badira, lanean bost langile baino gehiago eta gehienez hamar langile dituzten enpresa edo lantokietan.

3.  Enpresak eskualdatzen direnetan, aurreko paragrafoetan azaldutako prozedurak zeintzuk diren jakinda, beste batek ezarritako baldintza horiei eusten dietenei.

4.  Aurreko paragrafoetan aipatutako jokabideak indarkeria edo larderiaz egiten badira, beraiei dagozkienak baino gradu bat gehiagoko zigorrak ezarriko dira.» Hamaika. Hona hemen nola geratzen den idatzita 398. artikulua:

«Agintari edo funtzionario publikoak ziurtagiri faltsua ematen badu, eta horrek garrantzi gutxi badauka trafiko juridikoan, kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urtera arte etengo zaio.

Agindu hori ez zaie aplikatuko Gizarte Segurantzari eta ogasun publikoari buruzko ziurtagiriei.» Hamabi.  Beste artikulu bat, 433 bis, sartu da. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Agintari edo funtzionario publikoak kontabilitatea, egoera ekonomikoa islatu behar duten agiriak edo agiriotako informazioa faltsutzen badu, eta faltsutze hori dagokion erakunde publikoari kalte ekonomikoa eragiteko moduan egiten badu, eta 390. artikuluan aurreikusitako kasuetatik kanpora, orduan, agintari edo funtzionario publiko horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, urtebete eta hamar urte artekoa, eta hamabitik hogeita lau hilabete arteko isuna.

2.  Zigor berberak ezarriko zaizkio agintari edo funtzionario publikoari, baldin eta dagokion erakunde publikoko egoera ekonomikoaren gainean edo aurreko paragrafoan aipatutako dokumentu edo informazioen gainean gezurrezko informazioa ematen badie hirugarren batzuei, eta kalte ekonomikoa eragiteko moduan egiten badu hori.

3.  Erakundeari kalte ekonomikoa eragingo balitzaio, urtebete eta lau urte arteko espetxealdi-zigorra, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebete eta hamar urte artekoa, eta hamabitik hogeita lau hilabete arteko isuna ezarriko dira.» Xedapen gehigarri bakarra.  Tributu-aitorpen bereziaren eraginak.

Hasiera batean aitortu gabeko errentak epe barruan aitortutzat joko dira, egotzi beharreko zerga-aldi bakoitzari dagokionez, baldin eta defizit publikoa murrizteko zenbait zerga- eta administrazio-neurri sartzen dituen martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako zerga-aitorpen bereziaren bidez zuzendu badira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

1.  Indargabetuta geratzen dira Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren 309, 627 eta 628. artikuluak.

2.  Indargabetuta geratzen dira lege organiko honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.  Hautaezintasun-arrazoiak egokitzea.

Hauteskunde-araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 6. artikuluan jasotako hautaezintasun-arrazoiak, dagokion lege-aldaketa bidez, gobernu onaren alorrean lege-mailako arauetan jasotzen diren arau-hausteen ondoriozkoetara egokituko dira.

Azken xedapenetako bigarrena.  Indarrean sartzea.

Lege Organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madril, 2012ko abenduaren 27a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra