Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

4/2015 Legea, apirilaren 27koa, Delituaren Biktimaren Estatutuarena

2015-04-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/04/28, 101. zk.

bcl_2050881869.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4606

4/2015 Legea, apirilaren 27koa, Delituaren Biktimaren Estatutuarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Delituaren biktimaren estatutu juridikoa osatzeko legearen helburua honako hau da: botere publikoek biktimei ahalik eta erantzun zabalena ematea, juridikoa zein soziala, zigor-arloko prozesuaren esparruan kaltea konpontzeko ez ezik, baita izaera horrek moralaren ikuspegitik izan ditzakeen bestelako ondorio traumatikoak arintzeko ere; guztia ere haren prozesu-egoera alde batera utzita.

Horregatik, estatutu honek, gaiaren arloko Europako araudiarekin eta gure gizarteak eginiko eskariekin bat etorriz, biktimen ondasun materialak eta moralak eta, horrekin batera, gizarte osoarenak, defendatu nahi ditu, haien duintasunaren errekonozimendua oinarri hartuta.

Estatutu honen bidez, Espainiak legegintza-testu bakarrean bilduko du biktimaren eskubideen katalogoa; batetik, Europar Batasunaren gai honen gaineko zuzentarauen transposizioa eginda eta, bestetik, Espainiako gizartearen eskari berezia bilduta.

II

Delituaren biktimaren estatutu honen aurrekariak eta urruneko oinarriak Kontseiluaren 2001eko martxoaren 15eko 2001/220/JAI Esparru Erabakian daude; zigor-arloko prozesuko biktimaren estatutuari buruzko zuzentarau horrek biktimei eskubide batzuk aitortzen dizkie zigor-arloko prozesuaren alorrean, babesaren eta kalte-ordainaren eskubidea barne, eta Europar Batasunaren alorrean biktimaren errekonozimendu homogeneoa lortzeko Europako legegileen lehen proiektu sakona izan zen, ondorengo araudi bereziaren ernamuina.

Europako Batzordeak txostena egin zuen 2009ko apirilean Esparru Erabaki horren betetze-mailari dagokionez. Txosten hartan agerian geratu zen estatu kide bakar batek ere ez zuela lege-testu bat onartu biktimaren eskubideak, sistematikoki, biltzeko, eta aipatutako estatutuaren alderdi batzuk modu orokor eta eraginkorrean garatu beharra nabarmendu zen.

Espainiari dagokionez, txostenak nabarmentzen du biktimaren eskubideak bermatzen dituen arau-esparrua badagoela, baina eskubide horietako batzuk prozesu-arlokoak direla soilik edo biktimen mota oso jakin batzuei dagozkiela, horien araudi bereziarekin bat etorriz, hau da: 35/1995 Legea, abenduaren 11koa, Indarkeriazko eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimei laguntza emateari buruzkoa (738/1997 Errege Dekretuak, maiatzaren 23koak, garatuta) , 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa; 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Generoindarkeriaren Kontrako Babes Osorako Neurriei buruzkoa, bai eta 29/2011 Legea, irailaren 22koa, Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babestekoa ere.

Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Eskualdeetako Lantaldeari egindako komunikazioak, 2011ko maiatzaren 18koak, «Europar Batasunean biktimen eskubideak indartzea» izenekoak, berriro aztertzen ditu indartu beharreko ordura arteko babes-alderdiak, eta Europako babes-esparru baten beharra berresten du, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko abenduaren 13ko 2011/99/EB Zuzentarauarekin, Europako babesteko aginduari buruzkoarekin, diseinatutakoaren antzera.

Testuinguru horretan onartu da 2012/29/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko urriaren 25ekoa, delituen biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dituena. Zuzentarau horrek Kontseiluaren 2001/220/JAI Esparru Erabakia ordezten du. Horrenbestez, barneko zuzenbidera ekarri behar dira 2009ko Batzordearen txostenak 2001/220/JAI Esparru Erabakiaren transposiziomailari dagokionez adierazitako gaiak ez ezik, baita Zuzentarau bereziekin eta 2012ko Zuzentarau berriak bildutako eskubide eta eskakizun berriekin bat etorriz ekarri gabe daudenak ere.

Horrela bada, Europako legegileak aipatutako 2012/29/EB Zuzentarauan azkenean onartutako testuaren bidez finkatutako gutxienekoen eskakizunari erantzuteaz gain, legegintza-testu hau asmo handiagokoa izaten ere saiatzen da, barne hartzen baititu Espainiako gizartearen eskariak eta beharrak, Zuzenbideko Estatuaren diseinua osatzearren, ia beti prozesuko bermeak eta inputatuaren, akusatuaren, auzipetuaren edo kondenatuaren eskubideak oinarri hartuta.

Alabaina, arreta horretara jarrita, ikusi ahal izan dugu, eta gizarteak bere eskariekin horrela adierazten du, delituaren biktimen eskubideak eta behar bereziak nolabait ahuldu direla, eta, gure konstituzio-ordenak adierazten duen justiziaren balio nagusiari kasu eginez, horri heldu beharra dago; aipatutako transposizioa dela eta, hain zuzen, egokia da hori egitea.

Aipatutako zuzentarauak barneko zuzenbidera ekartzeko ezarritako denbora-muga 2015eko azaroaren 16ra artekoa da, baina izaera orokorreko Europako arau horren aurretik transposizioa lehenago behar duten beste arau berezi batzuk daudenez, zeregin horri testu honetan heltzea erabaki dugu, eta biktimen eskubideen katalogo orokorrera horien kategoria batzuentzat bereziki aplikatu beharreko beste arau batzuk gehitzea.

Horrez gain, zeharkako biktimaren kontzeptuan beste kasu batzuk ere jasotzea egokitzat jo dugu, lege honen ondorioetako bat delituaren biktimaren kontzeptu unitarioa eskaintzea baita, prozesu-arloko kontsideraziotik harago; aipatutako kasu horiek ez ditu Europako arauak ezartzen, baina bai nazioarteko beste arau batzuek: pertsona guztiak bortxazko desagertzeen aurka babesteko Nazio Batuen Konbentzioak, esaterako.

III

Delituaren Biktimaren Estatutu honek delituen biktima guztien eskubideen, prozesuzkoen eta prozesutik kanpokoen, katalogo orokorra izan nahi du, behar berezidun edo zaurgarritasun berezidun biktimen arloan araudi berezira igortzea gorabehera. Hori dela eta, adingabeei dagokienez, adingabearen interes gorena gidaritzat hartu beharra dago delitu baten biktima izan den adingabe bati buruz zigor-arloko prozesu baten barruan hartzen den edozein neurri edo erabakirentzat. Horrela bada, III. tituluko babes-neurriak hartzeak, eta bereziki horiek ez hartzeak, adingabearen interes gorena izan behar dute oinarri.

Biktimaren kontzeptu zabala dago abiapuntuan, edozein dela ere delitua eta hari egindako kalte fisiko, moral edo materiala. Zuzeneko biktima hartzen du barnean, baita zeharkakoak ere (senideak edo antzekoak, esaterako) .

Horrez gain, biktimari emandako babesa eta laguntza ez dira prozesalak soilik, eta ez daude horrek prozesu batean duen posizioaren mende, prozesutik kanpoko dimentsioa baitute. Biktimaren errekonozimenduaren, babesaren eta laguntzaren kontzeptu zabalean daude oinarrituta, biktimaren zaintza osoa lortzearren. Hartarako, funtsezkoa da biktimari bere eskubideak erabiltzeko eta babesteko ahalik eta erraztasun handienak eskaintzea; besteak beste, bigarren aldiz biktima bihurtzea dakarten alferrikako izapideak gutxitu behar

zaizkio; dagozkion eskubideen eta zerbitzuen informazio eta orientazio eraginkorra eman behar zaio, eskudun agintaritzak bideratu behar du, eta tratu humanoa eman behar zaio, baita, bidezkoa den prozesu-ordezkaritza gorabehera, izendatzen duen pertsonak izapide guztietan laguntzeko aukera ere.

Jarduera guztiek pertsona izango dute ardatz beti, eta horretarako biktima guztien banako ebaluazioa eta tratua behar dira, biktima jakin batzuek eskatzen duten tratu berezia alde batera utzi gabe.

Adierazi dugun moduan, biktimaren errekonozimendua, babesa eta laguntza ez dira mugatzen alderdi materialetara eta ordain ekonomikora, alderdi moralera ere zabaltzen baitira.

Biktimaren errekonozimendua, babesa eta laguntza emateko orduan, halaber, gure herrialdean ohiko bizilekurik ez duten biktimen berezitasunak hartzen dira kontuan.

Eskubide horiek eraginkorrak izan daitezen, orobat, erakundeen erabateko lankidetza behar da; horren barnean herri-administrazioak, botere judiziala eta profesionalen eta biktimen kolektiboak ez ezik, lanpostuan biktimekin harremanetan dauden pertsona zehatzak eta, azkenik, gizarte osoa ere sartzen dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da erakundeei jarduteko protokoloak eta koordinazioeta lankidetza-prozedurak ematea; horrez gain, bulego espezializatuak zein langileen prestakuntza teknikoa, hasierakoa eta etengabea, bultzatu behar dira, baita biktimarenganako tratuak dakarren sentsibilizazioa ere, elkarteen eta kolektiboen parte-hartzea ahaztu gabe.

Estatutuaren asmo bateratzailea eta biktimen kolektibo jakin batzuen araudi berezirako igorpenak gorabehera –horiek laguntza eta babesa handituta izango lukete biktimaren eskubideen katalogo orokorraren bitartez–, zaurgarritasun berezia duten biktimen kolektibo jakin batzuentzat berariazko erregulaziorik ez dagoenez, horrelakoei babes berezia eman nahi zaie testu honetan berriki emandako beste bi Zuzentarauren transposizioaren bidez: 2011/92/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2011ko abenduaren 13koa, adingabeen sexu-abusuen aurkako eta sexu-esplotazioaren eta haurpornografiaren aurkako borrokari buruzkoa; eta 2011/36/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2011ko apirilaren 5ekoa, gizakien salerosketaren prebentzioari eta borrokari eta biktimen babesari buruzkoa, eta Kontseiluaren 2002/629/JAI Esparru Erabakia ordezten duena.

IV

Legearen edukiari eta egiturari dagokienez, haren hasieran xedapen orokorrei buruzko Atariko titulua dago, biktimaren arlo guztiak barne hartzen dituen kontzeptua ezartzen duena, delitu baten ondorioz kalte fisiko, moral edo ekonomikoa pairatzen duen pertsona orori zabaltzen baitzaio.

Halaber, zeharkako biktimaren izaera aitortzen zaie ezkontideari edo afektibitatezko antzeko harremanaren bitartez biktimari lotuta dagoen pertsonari, seme-alabei eta gurasoei, zuzeneko ahaideei eta delituak eragindako heriotza edo desagertzeagatiko zuzeneko biktimaren ardurapean dauden pertsonei, bai eta haren ardurapeko pertsonen bortxazko desagertzearekin lotuta guraso-ahala edo tutoretza dutenei ere, baldin eta horrek bigarren biktimizaziorako arrisku handia badakar.

Legeak bildutako eskubideak Espainian gertatutako edo Espainian jazartzeko moduko delituen biktima guztiei aplikatzekoak izango dira, biktimaren nazionalitatea edo legezko bizilekurik duten alde batera utzita.

Horrela bada, Atariko tituluak biktima guztien eskubide komunen katalogo orokorra jasotzen du, ondoren artikuluetan garatuko dena; horren barruan legez ezarritako laguntzeko zein justizia konpontzaileko zerbitzuak eta zigor-arloko prozesuaren fase guztietan egin beharreko jarduketak –lehen eginbideak eta gauzapena barne– aipatzen dira, zigor-arloko prozesuaren emaitza alde batera utzita. Katalogo orokor horretan, besteak beste, honako eskubide hauek biltzen dira: kasu guztietan informazioa, babesa eta laguntza izateko eskubidea, zigor-arloko prozesuan modu aktiboan parte hartzeko eskubidea, horrelako biktima gisa onartzeko eskubidea eta begirunezko tratu profesional, banakatu eta bereizkeriarik gabekoa jasotzeko eskubidea.

V

I. tituluak prozesutik kanpoko eskubide batzuk ere onartzen ditu, biktima guztientzat, alde batera utzita biktimak zigor-arloko prozesu bateko alderdi diren edo ekintzaren bat egitea erabaki duten edo ez, baita zigor-arloko prozesua hasi aurretik ere.

Berria da biktima orok, agintariekin izan beharreko eginbideetan eta tratuan, ikuspegi pertsonaletik lagundua egon dadin erraztearren, aukera duela berak izendatzen duen pertsonak lagunduta egoteko, abokatuak, hala dagokionean, esku hartzea baztertu gabe.

Titulu horretan, honako eskubide hau arautzen da: agintari edo funtzionario batengana jotzen dugunean, lehen harremanetik bertatik informazioa eskuratzea, hizkuntza erraz eta ulergarrian. Informazio horrek, zeinak zehatza eta etengabe eguneratua izan behar baitu, biktimak honelako gaietan dituen eskubideei buruzko orientazioa eta informazioa eman beharko ditu: zer laguntza-neurri dauden erabilgarri; salatzeko eskubidea nola erabili; babesteko era eta baldintzak zein aholkularitza eta defentsa juridikoarenak; kalte-ordainak, interpretazioa eta itzulpena; Europar Batasuneko beste herrialde batean bizi badira, beren interesak eraginkorrak izateko neurriak; agintari eskudunaren jarduerarik ezagatik salatzeko prozedura; komunikazioetarako harreman-datuak; justizia konpontzaileko zerbitzu erabilgarriak, eta izandako gastu judizialak atzera nola jaso.

Biktimak salatzaile gisa duen eskubidea zehazki arautzen da, eta, bereziki, honako hauek eskuratzeko eskubidea: salaketaren kopia bat, behar bezala ziurtatua, salaketa aurkeztu nahi duen biktimarentzako doako hizkuntza-laguntza eta aurkeztutako salaketaren kopiaren doako itzulpena.

Horrez gain, zigor-arloko prozesuan agertu edo ez, biktimari zigor-arloko auziaren mugarri jakin batzuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea duela aitortzen zaio.

Europako araudiarekin bat etorriz, itzultzeko eta interpretatzeko eskubidea garatzen da, bai elkarrizketetan –polizialetan barne–, bai ikustaldietako parte-hartze aktiboan; horren barruan funtsezko informazioaren itzulpen idatzia eta doakoa jasotzeko eskubidea sartzen da, bereziki auzia amaitzeko erabakiari eta epaiketa egiteko tokia eta ordua zehazteari dagokienez.

Laguntza-zerbitzuetara jotzea arautzen da; hau da, hasierako harrera, orientazioa eta informazioa eta babesteko neurri zehatzak, betiere, alde batera utzi gabe laguntza espezifikoak ematea biktima bakoitzarentzat (banako ebaluazioak aholkatutakoaren arabera) eta zaurgarritasun bereziko biktimen kategoria jakin batzuentzat.

Horrez gain, genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren ingurune batean dauden adingabeak biktima gisa ikusaraztea ere bilatzen da, laguntza-zerbitzuetarako sarbidea zein babesteko neurriak hartzea bermatzeko, haien susperraldi integrala erraztearren.

VI

II.tituluak biktimaren eskubideak zigor-arloko prozesuko parte-hartzeari dagokionez sistematizatzen ditu, biktima prozesuan babesteko neurriak aparte utzita, azken horiek III. tituluak lantzen baititu.

Biktimari prozesuan parte hartzeko eskubidea aitortzen zaio, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eta horren eraginkortasun materiala indartzen da hainbat neurriren bitartez: batetik, largesteko eta artxibatzeko ebazpenak jakinaraziz eta, behar besteko epearen barruan (jakinarazpenetik hasita) horien aurka egiteko eskubidea aitortuz, aurretik prozesuko alderdi gisa agertu edo ez; bestetik, eragin zaizkion kostuen ordainketa jasotzeko eskubidea aitortuz, auzian sortutako gastuengatik Estatuak kalteordaina jasotzeko eskubidearen gainetik, baldin eta delitua azkenean haren eskariz bakarrik jazarri badute edo hark jarritako errekurtsoa baiesteak ebazpenaren lasgespena errebokatzea ekarri badu.

Estatuak, eredu liberaletan gertatzen den modura, beretzat gordetzen du zigorrak betearaztearen erabateko monopolioa, baina horrek ez du galarazten biktimari parte hartzeko bide jakin batzuk ematea; besteak beste, bereziki larriak diren delituen kondena betetzeko araubideari buruzko ebazpen jakin batzuen aurka auzitegietan egin ahal izan dezan, jada erabakitako zigorraren betearazteari, erantzukizun zibilei edo konfiskatzeari

buruz epaile eta auzitegiek ebazteko garrantzitsua izan daitekeen informazioa eman dezan, eta kontrol-neurriak hartzeko eska dezan, biktimarentzat arrisku-egoera ekar dezaketen gertaerengatik kondenatu eta baldintzapeko askatasuna jaso dutenei dagokienez.

Bereziki larriak diren delituengatik ezarritako kondenak betetzeari dagokionez, zigorra betearazteko fasean biktimaren esku-hartzea arautzeak bermatu egiten du biktimek zigorarloko justiziarekiko konfiantza eta lankidetza izan ditzaten, baita legezkotasun-printzipioa betetzea ere, erabakia agintaritza judizialari baitagokio beti, eta, horrenbestez, zigortuaren birgizarteratzeak ez du eraginik izaten.

Halaber, biktimari eskubideen erabilera errazten zaio, doako justiziaren eskaerak aurkeztu ahal baititu dagozkion eskubideak jakinarazteko ardura duen agintariaren edo funtzionarioaren aurrean, eta era horretan ez du bulego ezberdinetara jo behar. Horrez gain, Europar Batasuneko beste herrialde batean izandako delitu-egitateengatik salaketa Espainian aurkezten duten kasuetan aplikatu beharreko prozedura ere arautzen da, bai eta biktimari, hala dagokionean, salaketa agintari eskudunei igorriko zaiela jakinarazteko prozedura ere.

Estatutuak aitortzen du, orobat, biktimak eskubidea duela bere jabetzako gauzak berehala itzul diezazkioten, betiere, salbuespenezko kasuetan, dena delako gauza horrek, aldi baterako edo behin betiko, agintarien zaintzapean egon behar ez badu prozesuaren behar bezalako garapena bermatzeko.

Azkenik, justizia leheneratzaileko zerbitzuen balizko jardunaren erreferentzia ere jasotzen da. Horri dagokionez, Estatutuak biktimaren eta arau-hauslearen arteko erreferentzia tradizionalak gainditzen ditu, eta bien artean dagoen desberdintasun morala nabarmentzen du. Horregatik, zerbitzu horien jarduna biktimaren erreparazio material eta moralera bideratuta dagoela jotzen da, eta biktimaren adostasun aske eta informatua du oinarritzat, bai eta egileak funtsezko egitateak aldez aurretik onartzea ere. Nolanahi ere, justizia leheneratzailearen zerbitzuen balizko jarduna baztertu egingo da, baldin eta arriskurik ekar badiezaioke biktimaren segurtasunari edo beste edozein kalte eragin badezake.

VII

III.tituluan biktimen babesari eta onarpenari buruzko kontuak jasota daude, eta horiekin batera, biktima jakin batzuentzako berariazko babes-neurriak.

Lekuko gisa egin beharreko galdeketa eta deklarazioetan errepresalien, mehatxuen, bigarren biktimizazioaren, kalte psikikoen edo duintasunaren aurkako erasoen aurreko eraginkortasuna bilatzen dute babes-neurriek, eta horien barruan, babes-neurri fisikoez gain, bestelako batzuk ere sartzen dira:adibidez, auzitegietan areto bereiziak erabiltzea biktima eta arau-hauslea harremanetan egon ez daitezen, baita egoerak eskatutako beste edozein ere, betiere epailearen iritziari jarraikiz.

Bereziki bigarren biktimizazioa saihesteko, neurriok daude: salaketaren ostean biktimaren deklarazioa lehenbailehen lortzea, deklarazio eta azterketen kopurua behar besteko gutxieneko kopurura murriztea, eta, prozesuko ordezkariak ez ezik, aukeratzen duen beste pertsona batek ere laguntzeko eskubidea bermatzea biktimari, ebazpen arrazoiturik ez badago.

Biktimaren banakako ebaluazioa egingo da neurriak hartu eta zerbitzu jakin batzuetara jo aurretik, era horretan berariazko babes eta neurri berezirik behar duen zehazteko. Aipatutako neurriak prozesuaren garapenarekin batera eta ondoren sortutako egoeren arabera eguneratu beharko dira.

Berariazko babes-neurriak honako hauek oinarri hartuta erabakiko dira: pertsonaren izaera, delitua eta inguruabarrak, kaltearen garrantzia eta larritasuna edo biktimaren zaurgarritasuna. Hala, arlo honetan indarrean dagoen araudi berezirako igortzearekin batera, babesteko neurri zehatzak jasotzen dira legedi berezirik ez duten kolektiboentzat eta, bereziki, honako hauentzat: abusuen, esplotazioaren edo haur-pornografiaren biktima izan diren adingabeentzat, gizakien salerosketaren biktimentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat eta bestelako kolektiboentzat (kaltetu asko eragiten dituzten eta hondamenondorioak dituzten delituen biktimentzat, besteak beste) .

VIII

IV. tituluak, azkenik, hainbat xedapen komun biltzen ditu; honako hauei buruzkoak, besteak beste: delituen Biktimen Laguntzarako Bulegoen antolaketa eta funtzionamendua; biktimenganako tratuari buruzko prestakuntza sustatzea operadore juridiko eta Justizia Administrazioko zerbitzurako langileentzat; sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotzea biktimekiko laguntzaren, babesaren eta elkartasunaren arloko informazio-, ikerketaeta hezkuntza-kanpainen bidez; lankidetza gizarte zibilarekin eta nazioarteko alorrean, eta komunikabideek biktimen duintasunari eragiten dizkieten informazioen tratamendua erregulatu dezaten sustatzea.

Nabarmendu beharra dago, halaber, Titulu horretan hainbat aurreikuspen sartzen direla biktimentzako laguntzaren arloko eginkizunak betetzen dituzten zerbitzuen arteko koordinazioa, bai eta sare publiko eta pribatuekiko lankidetza ere, sendotzeko, herritarrei emandako zerbitzuak are eraginkorragoak izan daitezen, horrela Herri Administrazioen Erreformarako Batzordearen zuzentarauei jarraikiz.

Azkenik, arautzen da delitu-simulazioagatik edo gezurrezko salaketagatik kondenatutako iruzurrezko biktimek itzuli beharko dituztela administrazioari eragindako gastuak (biktima horien errekonozimendu, informazio, babes eta laguntzagatik, baita emandako zerbitzuengatik ere) , egokiak diren gainontzeko erantzukizunak, zibilak edo zigor-arlokoak, alde batera utzi gabe.

IX

Legeak bi xedapen gehigarri ere baditu. Lehenengo xedapen gehigarriak biktimak lagundu eta babesteko sistemaren aldizkako ebaluazio orokorrerako mekanismoa sortzea eta, ondoren, erregelamenduz, garatzea aurreikusten du; inplikatuta dauden eragileek eta kolektiboek parte hartuko dute aipatutako mekanismoan, eta etorkizuneko ekimenetarako eta pixkanaka sistema hobetzeko oinarria izango da. Bigarren xedapen gehigarria baliabideei buruzkoa da.

Azken xedapenei dagokienez, azken xedapenetatik lehena nabarmentzen da; indarrean dagoen Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen du xedapen horrek. Zigor-arloko auzibidearen arauaren doikuntza horiek egin behar dira 2012/29/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duen lege honetan bildutako eskubideen funtsezko arautzearen osagarri.

Gainontzeko azken xedapenak honako hauei buruzkoak dira: Zigor Kodean erreforma oso zehatza egiteari, eskumen-tituluari, erregelamenduzko garapenari, Abokatutzaren eta Prokuradoretzaren Estatutu Orokorrak egokitzeari eta indarrean jartzeari buruzkoak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremua.

Lege honen xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie, 17. artikuluan xedatutakoa gorabehera: Espainian egindako edo Espainian jazartzeko modukoak diren delituen biktimei, horien nazionalitatea, adin nagusikoak edo adingabeak izatea edo legezko bizilekua duten edo ez kontuan hartu gabe.

2. artikulua. Eremu subjektiboa. Biktimaren kontzeptu orokorra.

Lege honen xedapenak aplikatzekoak izango dira:

a) Zuzeneko biktima gisa, bere buruaren edo ondarearen gaineko kalterik pairatu duen pertsona fisiko ororentzat, bereziki delitua egiteak zuzenean eragindako lesio fisikoak edo psikikoak, kalte emozionalak edo kalte ekonomikoak badira.

b) Zeharkako biktima gisa, delitu batek zuzenean eragindako pertsona baten heriotza edo desagerpena dagoenean, egitateen erantzuleak badira izan ezik:

1.a Legez edo izatez bananduta ez dagoen ezkontidearentzat eta hiltzeko edo desagertzeko momentuan haiekin batera bizi ziren biktimaren edo legez edo izatez banandu gabeko ezkontidearen seme-alabentzat; heriotza edo desagerketa gertatu arte biktimari afektibitatezko antzeko harremanagatik lotuta zegoen pertsonarentzat eta biktima hil edo desagertu zenean berarekin bizi ziren horren seme-alabentzat; zaintzapean zituen guraso eta ahaideentzat –lerro zuzenean edo alboko lerroz hirugarren graduaren barruan– eta haren tutoretza edo kuradoretzapean edo familia-harreraren araubidepean dauden pertsonentzat.

2.a Aurrekorik izan ezean, lerro zuzeneko gainontzeko senideentzat eta anaiarrebentzat, horien artean biktimaren legezko ordezkaritza duena lehenetsita.

Lege honen xedapenak ez zaizkie aplikatuko delituaren ondoriozko kalteak nozitu dituzten hirugarrenei.

3. artikulua. Biktimen eskubideak.

1.Biktima orok du babes, informazio, laguntza eta arretarako eskubidea, bai eta zigor-arloko prozesuan era aktiboan parte hartzeko eta begirunezko tratua, profesionala, banakatua eta bereizkeriarik gabekoa jasotzeko eskubidea ere, agintari edo funtzionarioekiko lehen harremanetik bertatik, biktimentzako laguntza-zerbitzuen eta justizia leheneratzaileko zerbitzuen jardunean, prozesu osoan eta hori amaitu ondorengo behar besteko denboran, arau-hauslearen nortasuna eta prozesuaren emaitza ezagutu edo ez.

2.Eskubide horien erabilera lege honetan eta berau garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan xedatutakoaren arabera zuzenduko da, bai eta legedi berezian eta aplikatu beharreko prozesu-arauetan xedatutakoaren arabera ere.

I. TITULUA

Oinarrizko eskubideak

4. artikulua. Ulertzeko eta ulertua izateko eskubidea.

Biktima orok du eskubidea ulertzeko eta uler dezaten, salaketa jartzen duenetik egin beharreko jarduera guztietan eta zigor-arloko prozesuaren barruan, baita salaketa jarri aurretiko informazioan ere.

Helburu horretarako:

a) Biktimekiko komunikazio guztiak, ahozko edo idatzizkoak, hizkuntza argi, erraz eta ulerterrazean egingo dira, betiere horren ezaugarri pertsonalak eta, bereziki, zentzumen-, adimenedo buru-urritasuna duten pertsonen premiak edo adingabea izatea kontuan harturik. Biktima adingabea bada edo gaitasuna judizialki aldatuta badu, komunikazioak haren ordezkariari edo laguntzen duen pertsonari egingo dizkiote.

b) Biktimari, agintariekin edo Biktimen Laguntzarako Bulegoekin lehen harremana duenetik aurrera, behar besteko laguntza edo babesak emango zaizkio horien aurrean bere burua ulertarazteko; legez onartutako zeinu-hizkuntzetako interpretazioa zein gorrei, entzuteko desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei ahozko komunikazioan laguntzeko bitartekoak sartuko dira horren barruan.

c) Biktima bere aukerako pertsona batek lagunduta egon ahal izango da agintari eta funtzionarioekiko lehen harremanetik bertatik.

5. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea agintari eskudunekiko lehen harremanetik.

1.Biktima orok eskubidea du, agintari eta funtzionarioekiko lehen harremanetik, baita salaketa aurkeztu aurretiko unean ere, informazioa behar ez den atzerapenik gabe jasotzeko (bere egoera eta baldintzetara eta egindako delituaren zein pairatutako kaltegaleren izaerara egokituta) , honako hauei dagokienez:

a) Erabilgarri dituen laguntza-neurriak (medikoak, psikologikoak edo materialak izan) , eta horiek lortzeko prozedura. Azken horien barruan, hala dagokionean, ordezko ostatua lortzeko aukerei buruzko informazioa ere jasoko da.

b) Salatzeko eskubidea eta, hala badagokio, salaketa jartzeko prozedura, eta ikerketaren ardura duten agintariei froga-elementuak emateko eskubidea.

c) Aholkularitza eta defentsa juridikoa lortzeko prozedura eta, hala dagokionean, doan lortu ahal izateko baldintzak.

d) Babesteko neurriak eskatzeko aukera eta, hala badagokio, hori egiteko prozedura.

e) Zer kalte-ordain jasotzeko eskubide duen eta, hala badagokio, horrelakoak eskatzeko prozedura.

f) Erabilgarri dauden interpretazioeta itzulpen-zerbitzuak.

g) Komunikaziorako erabilgarri dauden laguntza eta zerbitzu osagarriak.

h) Biktimak, bizilekua Espainiatik kanpo badu, bere eskubideak erabili ahal izateko prozedura.

i) Bere eskubideen aurkako deritzen ebazpenen kontra jar ditzakeen errekurtsoak.

j) Prozedura izapidetzeko ardura duen agintariaren harremanetarako datuak eta horrekin komunikatzeko bideak.

k) Justizia leheneratzaileko zerbitzuak, legez posible den kasuetan.

l) Gastu judizialen itzulketa lortu ahal duen kasuak eta, hala dagokionean, horiek eskatzeko prozedura.

m) 7. artikuluan aipatutako ebazpenen jakinarazpena jasotzeko eskaera egiteko eskubidea. Ondorio horietarako, biktimak posta elektronikoko helbide bat zehaztuko du eskaeran eta, horrelakorik ezean, posta-helbide edo helbide bat, eta horretara bidaliko ditu agintaritzak komunikazio eta jakinarazpenak.

2.Prozeduraren fase bakoitzean informazio hori eguneratuko da biktimari eskubideak erabiltzeko aukera bermatzearren.

6. artikulua. Biktimak salatzaile gisa dituen eskubideak.

Biktima orok, salaketa aurkezteko unean, honako eskubide hauek ditu:

a) Salaketaren kopia bat, behar bezala ziurtatua, eskuratzekoa.

b) Doako hizkuntza-laguntza eta aurkeztutako salaketaren kopiaren idatzizko itzulpena jasotzekoa, baldin eta salaketa aurkezten duen tokiko hizkuntza ofiziala edo ofizialak ez badu edo baditu ulertzen.

7. artikulua. Zigor-arloko auziari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

1.5.1 artikuluko m) zenbakian aipatutako eskaera egin duten biktimei, behar ez den atzerapenik gabe, epaiketaren data, ordua eta tokia jakinaraziko dizkiete, bai eta arauhauslearen aurkako salaketaren edukia ere, eta ebazpen hauek adieraziko dizkiete:

a) Zigor-arloko prozedura ez hastea erabakitzen duen ebazpena.

b) Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

c) Arau-hauslea espetxeratzea edo ondoren aske uztea erabakitzen duten ebazpenak, bai eta azken horrek ihes egin izana ere.

d) Kautela-neurri pertsonalak hartzea edo lehendik erabakitakoak aldatzea erabakitzen duten ebazpenak, horrelakoek biktimaren segurtasuna bermatzea xedetzat izan badute.

e) Indarkeria edo larderia erabiliz egindako delituengatik kondenatutako pertsonei dagozkien epaitegiedo espetxe-arloko edozein agintaritzaren ebazpenak edo erabakiak, biktimaren segurtasunari arriskua badakarkiote. Horrelakoetan eta ondorio horietarako, espetxe-administrazioak hartutako ebazpena berehala jakinaraziko dio agintari judizialari, eragindako biktimari horren berri eman diezaion.

f) 13. artikuluan aipatzen diren ebazpenak.

Komunikazio horiek, gutxienez, ebazpenaren xedapenak eta oinarriaren laburpen txikia jasoko dituzte, eta biktimaren helbide elektronikora igorriko dituzte. Salbuespenez, biktimak ez badu helbide elektronikorik, posta arruntez bidaliko dituzte eman duen helbidera. Europar Batasunetik kanpo bizilekua duten herritarrei dagokienez, komunikazioa egiteko helbide elektronikorik edo posta-helbiderik eduki ezean, bizi diren herrialdeko Espainiako bulego diplomatiko edo kontsularrera igorriko dute, horrek argitara dezan.

Baldin eta biktima modu formalean aurkeztu bada prozeduran, ebazpenak horren prokuradoreari jakinaraziko dizkiote, eta biktimari, berriz, eman duen helbide elektronikora, hurrengo zenbakian xedatutakoa alde batera utzi gabe.

2.Biktimek uneoro adierazi ahal izango dute artikulu honetan aipatutako ebazpenen berri ez dutela jaso nahi, eta egindako eskaera ondoriorik gabe geldituko da.

3.Genero-indarkeriako delituen biktimak direnean, biktimak eskatu beharrik gabe jakinaraziko dizkiete 1. zenbakiko c) eta d) letretan aipatutako ebazpenak, betiere ez badu adierazten aipatutako jakinarazpenak ez dituela jaso nahi.

4.Halaber, eskatzen duenean, prozedura zer egoeran dagoen ere jakinaraziko diote, betiere auziaren behar bezalako garapena kaltetzen ez badu.

8. artikulua. Biktimaren eskubideak bermatzeko gogoeta-aldia.

1.Abokatuek eta prokuradoreek ezin dute hondamendien, zorigaitz publikoen edo biktima kopuru handia eragin duten bestelako gertaeren, erregelamenduz zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eta delitu izan daitezkeen horien, zuzeneko edo zeharkako biktimengana jo lanbide-zerbitzuak eskaintzeko, gertaera horretatik 45 egun igarotzen diren arte.

Debeku hori ondoriorik gabe geldituko da biktimak berariaz eskatu baditu lanbidezerbitzu horiek.

2.Debeku hori ez betetzeak diziplina-erantzukizuna ekarriko du arau-hauste oso astunagatik, bidezkoak diren gainerako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

9. artikulua. Itzulpen eta interpretaziorako eskubidea.

1.Gaztelania edo dena delako jarduketan erabilitako hizkuntza ofiziala hitz egiten edo ulertzen ez duen biktima orok eskubide hauek izango ditu:

a) Ulertzen duen hizkuntza bat mintzatzen duen interprete batek doako laguntza ematekoa, epaileak, fiskalak edo poliziako funtzionarioek ikerketa-fasean deklarazioa hartzen diotenean, edo epaiketan edo beste edozein ahozko ikustalditan lekuko gisa esku hartzen duenean.

Eskubide hori aplikatuko zaie, halaber, entzuteko edo mintzatzeko mugak dituzten pertsonei.

b) 7. artikuluaren 1. zenbakiak eta 12. artikuluak aipatutako ebazpenen doako itzulpena jasotzekoa. Itzulpenak hartutako ebazpenaren oinarriaren laburpen txikia ere jasoko du, betiere biktimak horrela eskatu badu.

c) II. tituluak aipatutako eskubideak erabiltzeko funtsezko informazioaren doako itzulpena jasotzekoa. Biktimek agiri bat funtsezkotzat jotzeko eskaera arrazoitua aurkeztu ahal izango dute.

d) Epaiketa egiteko eguna, ordua eta tokia ulertzen duen hizkuntza batean jakinaraztekoa.

2.Interpretearen laguntza bideokonferentzia edo telekomunikazioko beste edozein bidez eman ahal izango da, betiere epaileak edo auzitegiak, ofizioz edo alderdiak eskatuta, ez badu erabakitzen interpretea zuzenean egon dadin biktimaren eskubideak zaintzearren.

3.Salbuespenez, agirien idatzizko itzulpenaren ordez haien edukiaren hitzezko laburpena egin ahal izango zaio, ulertzen duen hizkuntza batean betiere, baldin eta era horretan prozesuaren ekitatea behar bezala bermatzen bada.

4.Polizia-jardueren kasuan, biktimari interpretazioa edo itzulpena ez emateko erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute instrukzioko epailearen aurrean. Errekurtso hori jarrita dagoela joko da erabakiak eragindako pertsonak ados ez dagoela adierazi badu ukatzeko unean.

5.Biktimari interpretazioa edo itzulpena ez emateko erabaki judizialaren aurkako apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute.

10. artikulua. Laguntza-zerbitzuetara jotzeko eskubidea.

Biktima guztiek dute eskubidea administrazio publikoek emandako laguntzazerbitzuetara jotzeko, doan eta isilpean, erregelamenduz zehaztutako moduan, baita Biktimen Laguntzarako Bulegoek emandakoetara jotzekoa ere. Larritasun handiko kalteak eragin dituzten delituei dagokienez, aipatutako eskubidea biktimaren familiek ere izan ahalko dute, erregelamenduz ezarritako moduan betiere.

Biktimekin harremanetan jartzen diren agintariek edo funtzionarioek Biktimen Laguntzarako Bulegoetara bideratu beharko dituzte horiek, delituaren larritasunagatik hala behar denean edo biktimak horrela eskatzen duenean.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxeko indarkeria pairatu duten pertsonen seme-alaba adingabeek edo haien tutoretza, zaintza eta jagoletzari lotuta dauden adingabeek Lege honen I. eta III. tituluetan aurreikusitako laguntza-neurrietarako eskubidea izango dute.

II. TITULUA

Biktimak zigor-arloko prozesuan parte hartzea

11. artikulua. Zigor-arloko prozesuan aktiboki parte hartzea.

Biktima orok eskubide hauek ditu:

a) Zigor-arloko akzioa eta akzio zibila egiteko eskubidea, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoaren arabera, egon litezkeen salbuespenak alde batera utzi gabe.

b) Ikerketaren ardura duten agintarien aurrera agertzeko eskubidea, gertaerak argitzeko funtsezkotzat jotzen dituzten froga-iturriak eta informazioa emateko.

12. artikulua. Ikerketaren largestearen jakinarazpena, eta, biktimak hala eskatuta, hori berrikustea.

1.Largesteko ebazpena, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz, gertaerak salatu dituzten delituaren zuzeneko biktimei jakinaraziko zaie, bai eta gainerako zuzeneko biktimei ere, baldin eta horien nortasuna eta helbidea ezagutzen badira.

Delitu batek zuzenean pertsona baten heriotza edo desagerketa eragin duen kasuetan,

2. artikuluaren b) letrak aipatutako pertsonei egingo zaie jakinarazpena, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoaren arabera. Horrelako kasuetan, epaileak edo auzitegiak jakinarazpena senide guztiei egitea baztertzeko erabakia hartu ahal izango du, arrazoituta, baldin eta horietako batzuei jada egin badie edo horiek aurkitzeko egindako kudeaketa guztiek emaitzarik izan ez badute.

2.Biktimak largesteko ebazpenaren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango du Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoaren arabera, eta horretarako ez da beharrezkoa izango aurretik prozesuan parte hartu izana.

13. artikulua. Biktimak betearazpenean parte hartzea.

1.5.1 artikuluaren m) letraren arabera honako ebazpen hauek jakinarazteko eskatu duten biktimek horien aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eta auzian parte gisa agertu ez diren arren:

a) Espetxe-zaintzako epaileak, Zigor Kodearen 36.2 artikuluaren hirugarren lerrokadan aurreikusitakoaren arabera, zigortuari hirugarren graduko sailkapena zigorraren erdia amaitu aurretik ezartzeko aukera baimentzeko autoa, biktimak honako delituren bat pairatu badu:

1.a Giza hilketaren delitua.

2.a Zigor Kodearen 144. artikuluaren abortu-delituak.

3.a Lesio-delituak.

4.a Askatasunaren aurkako delituak.

5.a Tortura-delituak eta segurtasunaren aurkakoak.

6.a Sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituak.

7.a Indarkeria edo larderia bidezko lapurreta-delituak.

8.a Terrorismo-delituak.

9.a Gizakien salerosketaren delituak.

b) Espetxe-zaintzako epaileak, Zigor Kodearen 78.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, espetxe-onurak, irteteko baimenak, hirugarren graduko sailkapena eta baldintzapeko askatasunerako denboraren zenbatekoa zigorra betetzeko mugari dagozkiola (eta ez ezarritako zigorren baturari) erabakitzeko ematen duen autoa, baldin eta biktima hala bada zenbaki honen a) letran aipatutako delitu bategatik edo gaizkileen talde edo erakunde baten barruan egindako delitu bategatik.

c) Zigortuari baldintzapeko askatasuna ematen dion autoa, Zigor Kodearen 36.2 artikuluaren bigarren lerrokadan aipatutako delituetako bat denean edo zenbaki honen a) letran aipatutako delituetako bat denean, betiere bost urtetik gorako espetxe-zigorra ezarri bada.

Biktimak idazkari judizial eskudunari errekurtsoa aurkezteko nahia iragarri beharko dio bost eguneko gehieneko epean, 7.1.e) artikuluaren bigarren eta hirugarren lerrokadetan jakinarazten denetik aurrera, eta jakinarazi eta hamabost eguneko epearen barruan jarri beharko du errekurtso hori.

Abokatua ez da beharrezkoa izango errekurtsoaren aurkezpena iragartzeko.

2.Biktimek zilegitasuna ere izango dute hau egiteko:

a) Baldintzapean askatutakoari bere segurtasuna bermatzeko beharrezko jotzen dituen legez aurreikusitako jokabide-neurriak edo -arauak jar diezazkioten eskatzeko, baldin eta kondenatu badute biktimarentzat arrazoizko moduan arrisku-egoera ekar dezaketen gertaerengatik.

b) Epaileari edo auzitegiari ezarritako zigorraren betearazpenari, delituaren ondoriozko erantzukizun zibilei edo erabakitako konfiskazioari buruz ebazteko garrantzitsua izan daitekeen edozein informazio emateko.

3.Espetxe-zaintzako epaileak artikulu honen 1 zenbakian adierazitako ebazpenen bat eman baino lehenago, horren berri emango dio biktimari bost eguneko epean alegazioak aurkez ditzan, betiere biktimak Lege honen 5. artikuluaren 1 zenbakiaren m) letran aipatutako eskaera egin badu.

14. artikulua. Gastuak itzultzea.

Prozesuan parte hartu duen biktimak eskubidea izango du eskubideak erabiltzeko orduan izandako gastuak, bai eta sortu zaizkion prozesuko gastuak ere, itzul diezazkioten, eta Estatuari sortutako gastuen ordainketak baino lehentasun handiagoa izango du

itzulketa horrek, baldin eta kondenaren epaian horiek ordaintzea ezartzen bada eta akusatua, biktimak eskatuta, zigortu egin badute, Fiskaltzak akusaziorik aurkeztu ez duen delituengatik edota biktimak aurkeztutako errekurtsoagatik artxibatzeko ebazpena errebokatu ondoren.

15. artikulua. Justizia leheneratzaileko zerbitzuak.

1.Biktimak justizia leheneratzaileko zerbitzuak erabili ahal izango dituzte, erregelamenduz xedatutako moduan, delituaren ondorioz izandako kalteen erreparazio material eta moral egokia jasotzearren, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-hausleak bere erantzukizunaren jatorri diren funtsezko egitateak onartu

baditu.

b) Biktimak, haien edukiari, izan ditzaketen emaitzei eta eraginkortasunez betearazteko dauden prozedurei buruzko informazio zehatza eta inpartziala jaso ondoren, adostasuna ematea.

c) Arau-hausleak adostasuna ematea.

d) Bitartekaritza-prozedurak ez badakar arriskurik biktimaren segurtasunarentzat, eta haren garapenak biktimari kalte material edo moral berriak eragiteko arriskurik ez badago.

e) Egindako delituarentzat legez debekatuta ez badago.

2.Bitartekaritza-prozeduraren barruan izandako eztabaidak isilpekoak izango dira, eta ezin izango dituzte ezagutarazi bi aldeek adostasuna eman gabe. Bitartekaritzaprozeduran parte hartzen duten bitartekariak eta bestelako profesionalak sekretu profesionalaren mende egongo dira eginkizun horretan ezagutzen dituzten gertaera eta adierazpenei dagokienez.

3.Biktimak eta arau-hausleak bitartekaritza-prozeduran parte hartzeko emandako adostasuna edonoiz errebokatu ahal izango dute.

16. artikulua. Doako justizia.

Biktimek doako laguntza juridikorako eskubidea onartzeko eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte 5.1 artikuluaren c) letran aipatutako informazioa ematen dien funtzionarioaren edo agintariaren aurrean, eta horrek, aurkeztutako agiriekin batera, dagokion Abokatuen Elkargoari helaraziko dio.

Justizia Administrazioko Biktimei Laguntzeko Bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dute eskaera hori, eta dagokion Abokatuen Elkargoari igorriko diote horiek.

17. artikulua. Europar Batasuneko beste estatu batzuetan egindako delituen biktimak.

Espainian bizi diren biktimek Espainiako agintarien aurrean aurkeztu ahal izango dituzte Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan egindako delitu-egitateei dagozkien salaketak.

Espainiako agintariek ikerketa ez bideratzea ebazten badute jurisdikziorik ez dutelako, aurkeztutako salaketa berehala igorriko diete egitateak izan diren Estatuko agintari eskudunei eta horren berri salatzaileari ere emango diote Lege honen 5.1 artikuluaren m) letran aurreikusitakoaren arabera zehaztu duen prozedura erabiliz.

18. artikulua. Ondasunak itzultzea.

Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz, biktimek eskubidea izango dute prozesuan konfiskatutako beren jabetzako ondasunak, itzulgarriak direnak, atzerapenik gabe eskuratzeko.

Itzulketa hori ukatu ahal izango dute, baldin eta ezinbestekoa bada agintaritzak efektu horiek atxikitzea zigor-arloko prozesua behar bezala garatu dadin eta jabeari efektuak epailearen edo auzitegiaren esanetara gordetzeko betebeharra ezartzea ez bada aski.

Halaber, aipatutako efektuak itzultzea ukatu ahal izango da, aplikatu beharreko legedian aurreikusitakoaren arabera, baldin eta horiek gorde beharra badago istripu baten ikerketa teknikoko prozedura baten barruan.

III. TITULUA

Biktimak babestea

19. artikulua. Biktimen babeserako eskubidea.

Delituak ikertu, jazarri eta epaitzeko ardura duten agintari eta funtzionarioek behar diren neurriak hartuko dituzte, Prozedura Kriminalaren Legean ezarritakoaren arabera, biktimaren eta senideen bizitza, horien osotasun fisiko eta psikikoa, askatasuna, segurtasuna, sexu-askatasun eta -ukigabetasuna bermatzeko, bai eta horien intimitate eta duintasuna egoki babesteko ere, bereziki deklarazioa hartzean edo epaiketa batean lekukotasuna eman behar dutenean, eta bigarren edo errepikatutako biktimizazioa saihesteko.

Biktima adingabeei dagokienez, Fiskaltzak bereziki zainduko du babesteko eskubide hori bete dadin, eta horren interes gorenaren araberako neurri egokiak hartuko ditu beharrezkoa bada prozesuaren garapenak ekar diezazkiekeen kalteak eragozteko edo murrizteko.

20. artikulua. Biktimaren eta arau-hauslearen arteko kontaktua saihesteko eskubidea.

Zigor-arloko prozedurako ekintzak, ikerketa-fasea barne, egiten dituzten instalazioak biktimen eta senideen, batetik, eta arau-haustearen susmagarriaren edo akusatuaren artean, bestetik, zuzeneko kontaktua saihesteko moduan antolatuta egongo dira, Prozedura Kriminalaren Legearekin bat etorriz eta hurrengo artikuluetan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

21. artikulua. Biktima zigor-arloko ikerketan babestea.

Zigor-arloko ikerketaren ardura duten agintariek eta funtzionarioek, prozesuaren eraginkortasunari kalte egiten ez dion neurrian betiere, hau begiratuko dute:

a) Biktimei, behar denean, deklarazioa hartzen zaiela, justifikatu gabeko atzerapenik

gabe.

b) Biktimei deklarazioa ahalik eta gutxienetan hartzen zaiela, eta zigor-arloko ikerketaren xedeetarako behar-beharrezkoa denean soilik.

c) Biktimekin, prozesu-arloko ordezkariaz eta, hala dagokionean, legezko ordezkariaz gain, beren aukerako pertsona bat ere egon ahal dela esku hartu behar duten eginbideetan, betiere eginbidearen ardura duen funtzionarioak edo agintariak aurkakoa ebazten ez badu eginbidea behar bezala garatzea bermatzearren.

d) Biktimen osasun-azterketak zigor-arloko prozesuaren xedeetarako ezinbestekoak direnean bakarrik egiten direla, eta horien kopurua ahalik eta txikiena dela.

22. artikulua. Intimitatea babesteko eskubidea.

Epaileek, auzitegiek, fiskalek eta zigor-arloko ikerketaren ardura duten gainontzeko agintari eta funtzionarioek, bai eta modu batera edo bestera prozesuan esku edo parte hartzen duten guztiek ere, behar diren neurriak hartuko dituzte, Legean xedatutakoaren arabera betiere, biktima guztien eta horien senideen intimitatea babesteko eta, bereziki, biktima adingabeak edo babes berezia duten biktima desgaituak identifikatzea erraz dezakeen informazio oro ezagutaraztea eragozteko.

23. artikulua. Biktimen banakako ebaluazioa, horien babes-behar bereziak zehaztearren.

1.Biktima bakoitzaren egoera baloratu ondoren erabakiko da zer babes-neurri hartuko den hari kalte nabarmena sortzea saihesteko (prozesuaren ondorioz eragin dakiokeen kaltea, neurri horiek hartu ezean) . Babes-neurri horiek jarraian datozen artikuluetan arautzen dira..

2.Baloratzeko orduan hauek hartuko dira kontuan bereziki:

a) Biktimaren ezaugarri pertsonalak, eta zehazki:

1.–Biktima desgaitua den edo biktimaren eta delituaren ustezko egilearen artean mendekotasun-harremanik dagoen.

2.–Biktima adingabeak edo babes berezia behar duten biktimak diren edo zaurgarritasun handiko faktoreak dituzten biktimak diren.

b) Delituaren izaera eta biktimari eragindako kalteen larritasuna, bai eta delitua errepikatzeko arriskua ere. Ondorio horietarako, bereziki baloratuko dira honako delitu hauen biktimen babes-beharrak:

1.a Terrorismo-delituak.

2.a Gaizkileen erakunde batek egindako delituak.

3.a Egilearen ezkontidearen kontra edo hari afektibitatezko antzeko harreman baten bidez lotuta egon den pertsonaren kontra egindako delituak (baita bizikidetzarik egon ez bada ere) , edo egilearen edo haren ezkontide nahiz bizikidearen ondorengoen, arbasoen edo anai-arreben kontra egindakoak (naturalak, adopziozkoak edo ezkontzaahaidetasunekoak) .

4.a Sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituak.

5.a Gizakien salerosketaren delituak.

6.a Bortxazko desagertzearen delituak.

7.a Arrazoi arrazista edo antisemitengatik egindako delituak, edo honako hauei dagokienez egindakoak: ideologia, erlijioa edo sinesmenak, familia-egoera, haren kideak etnia, arraza edo nazio batekoak izatea, jatorri nazionala, sexua, sexu-orientazio edo -nortasuna, gaixotasuna edo desgaitasuna.

c) Dena delako delituaren zirkunstantziak, bereziki indarkeriazko delituak badira.

3.Zigor-arloko prozesuan, biktima adingabeak babesteko neurriak hartzeko orduan, horien egoera pertsonala, berehalako beharrak, adina, generoa, desgaitasuna eta heldutasun-maila kontuan hartuko dira, eta osoki errespetatuko da horrelako biktimen osotasun fisiko, mental eta morala.

4.Sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako delituren bat pairatu duten adingabeei dagokienez, 25.1 artikuluaren a) , b) eta c) letretan adierazitako neurriak aplikatuko dira beti.

24. artikulua. Ebaluatzeko gaitasuna eta prozedura.

1.Biktimaren beharrak baloratzea eta zer babes-neurri hartu behar den erabakitzea hauei dagokie:

a) Delitua ikertzeko fasean, instrukzioko epaileari edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaileari, alde batera utzi gabe fiskalak (ikertzeko eginbideetan edo Adingabeen zigor-erantzukizunaren Lege Organikoaren mendeko prozeduretan) edo ikerketen hasierako fasean jarduten duten poliziako funtzionarioek egin eta hartu beharreko behin-behineko ebaluazioa eta ebazpena.

b) Epaitzeko fasean, auziaz arduratzea dagokion epaileari edo auzitegiari.

Hartutako ebazpena arrazoitua izango da eta hartzeko zer baloratu den zehaztu beharko du.

Balorazioaren eta horren aldaketen izapideak, dokumentu bidez jasotzea eta kudeaketa erregelamenduz erabakiko dira.

2.Biktima babesteko beharren balorazioak barne hartuko ditu beti biktimak berak xede horrekin adierazitakoak, baita adierazi duen borondatea ere.

Biktimak uko egin ahal izango die 25. eta 26. artikuluekin bat etorriz erabakitako babesneurriei.

3.Biktima adingabeei edo babes berezia behar duten desgaituei dagokienez, ebaluazioak horien iritziak eta interesak hartuko ditu kontuan.

4.Biktimari laguntzeko zerbitzuek biktimaren aurretiazko baimen informatua eskuratu beharko dute biktimaren aldetik jasotako informazioa hirugarrenei helarazteko. Horrelakorik eskuratu ezean, informazioa, hala dagokionean, babes-neurria hartzen duen agintariari baino ezin izango diote helarazi. Informazio hori isilpekoa izango da.

5.Biktima babesteko beharren banakako ebaluazioak oinarri hartu dituen zirkunstantzien aldaketa garrantzitsu orok ebaluazioa eguneratzea ekarriko du, eta, hala dagokionean, erabakitako babes-neurriak aldatzea.

25. artikulua. Babes-neurriak.

1.Ikertzeko fasean honako neurri hauek hartu ahal izango dira biktimak babesteko:

a) Deklarazioa xede horretarako bereziki sortu edo egokitutako tokietan hartzea.

b) Deklarazioa biktimari kalteak murrizteko edo mugatzeko prestakuntza berezia jaso duten profesionalek hartzea, edo horien laguntzaz hartzea.

c) Biktima berari hartu beharreko deklarazio guztiak pertsona berak hartzea, betiere hori ez bada nabarmen kaltegarria prozesuaren garapenarentzat edo epaile edo fiskal batek zuzenean deklarazioa hartu behar ez badu.

d) Baldin eta 23. artikuluaren 2. zenbakiko b) letraren 3. eta 4. puntuek aipatutako biktimaren bat edo sexu-esplotazioko xedeekin salerostearen biktimak badira, deklarazioa biktimaren sexu bereko pertsona batek hartzea, betiere biktimak horrela eskatzen badu, eta horrek ez badu nabarmen kaltetzen prozesuaren garapena edo deklarazioa epaile edo fiskal batek zuzenean hartu behar ez badu.

2.Epaitzeko fasean, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz, honako neurri hauek hartu ahal izango dira biktimak babesteko:

a) Biktimak eta egitateen ustezko egileak elkar ikus dezaten saihesteko neurriak (baita froga gauzatzen den unerako ere) ; horretarako komunikazioaren teknologiak erabili ahal izango dira.

b) Biktimari epaiketa-aretoan egon gabe entzun ahal izatea bermatzeko neurriak. Horretarako, komunikazioaren teknologia egokiak erabiliko dira.

c) Biktimaren bizitza pribatuari buruzko galderak egitea saihesteko neurriak, baldin eta horiek garrantzirik ez badute epaitutako delitu-egitateari dagokionez, eta betiere, epaileak edo auzitegiak uste ez badu horiei erantzun egin behar dietela egitateak edo biktimaren deklarazioaren sinesgarritasuna behar bezala baloratzeko.

d) Ahozko ikustaldia jenderik gabe egitea. Horrelakoetan, halere, epaileak edo auzitegiko presidenteak auzian interes berezia dutela egiaztatzen duten pertsonak egotea baimendu ahal izango du.

Ikertzeko fasean ere hartu ahal izango dira a) eta c) letretan aipatutako neurriak.

3.Halaber, biktimak babesteko, 19/1994 Lege Organikoaren 2. artikuluak aipatutako babes-neurriren bat edo batzuk hartzea ere erabaki ahal izango da (19/1994 Legea, abenduaren 23koa, auzi kriminaletan lekukoak eta perituak babesteari buruzkoa) .

26. artikulua. Adingabe eta babes berezia behar duten desgaituentzako babes-neurriak.

1.Biktima adingabeei eta babes berezia behar duten biktima desgaituei dagokienez, aurreko artikuluan aurreikusitako neurriez gain, ikerketaren garapena edo epaiketa egitea

delituaren biktimarentzako beste kalte-iturri bat bihur daitezen saihesteko edo mugatzeko, ahal den neurrian, behar diren neurriak ere hartuko dira, betiere Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Zehazki, honako hauek aplikatu ahal izango dira:

a) Ikertzeko fasean jasotako deklarazioak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz grabatuko dira, eta eman ahal izango dituzte epaiketan Prozedura Kriminalaren Legeak zehaztutako kasu eta baldintzetan.

b) Adituen bidez hartu ahal izango da deklarazioa.

2.Fiskalak biktimaren defendatzaile judiziala izendatzeko eskatuko dio epaile edo auzitegiari, ikerketan eta prozesu-arloko prozesuan ordezka dezan, honako kasu hauetan:

a) Baldin eta biktima adingabearen edo gaitasuna judizialki aldatuta duen biktimaren legezko ordezkariek harekin interes-gatazka dutela baloratzen badu (ikertutako egitatearen ondoriozkoa izan edo ez) eta, beraz, ez bada espero ikerketan edo zigor-arloko prozesuan haren interesak egoki kudeatzea.

b) Baldin eta zenbaki honen a) letran aipatutako interes-gatazka gurasoetako batekin badago eta beste gurasoa biktima adingabearen edo judizialki gaitasuna aldatuta duen biktimaren ordezkaritzaeta laguntza-eginkizunak betetzeko moduan ez badago.

c) Baldin eta biktima adingabea edo gaitasuna judizialki aldatuta duena ez badago lagunduta edo guraso-ahala edo tutoretza-kargua dutenengandik bereizita badago.

3.Biktimaren adinaz zalantzarik badago eta ziurtasunez zehazterik ez badago, adingabea dela joko da, Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako.

IV. TITULUA

Xedapen komunak

I. KAPITULUA

Biktimei laguntzeko bulegoak

27. artikulua. Biktimei laguntzeko bulegoen antolamendua.

1.Gobernuak eta justiziaren arloko eskumenak beren gain hartu dituzten autonomiaerkidegoek, dagozkien esparruan, biktimei laguntzeko bulegoak antolatuko dituzte.

2.Justizia Ministerioak edo autonomia-erkidegoek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte erakunde publiko eta pribatuekin, irabazi-asmorik ez dutenekin, titulu honetan aipatutako laguntza-zerbitzuak emateko.

28. artikulua. Biktimei laguntzeko bulegoen eginkizunak.

1.Biktimei laguntzeko bulegoek emandako laguntzak hauek hartuko ditu barne gutxienez:

a) Haien eskubideen gaineko eta, zehazki, kalte-ordainen sistema publikora jotzeko aukeraren gaineko eskubideei buruzko informazio orokorra.

b) Biktimari laguntza eman ahal dioten zerbitzu espezializatuei buruzko informazioa, betiere biktimaren egoera pertsonala eta pairatu duen delituaren izaera kontuan harturik.

c) Biktimari laguntza emozionala ematea.

d) Prozesuarekin lotutako eskubide ekonomikoei buruzko aholkularitza, zehazki kalte eta galeren ordaina erreklamatzeko prozedurari eta doako justiziara jotzeko eskubideari dagokienez.

e) Bigarren biktimizazioa edo biktimizazio errepikatua gertatzeko arriskuari eta hori edota larderia edo errepresaliak prebenitzeko moduari buruzko aholkularitza.

f) Biktimari laguntzeko zerbitzuak emateko eskumena duten organo, erakunde eta entitateen koordinazioa.

g) Koordinazioa epaile, auzitegi eta fiskaltzarekin biktimei laguntza-zerbitzuak emateko.

2.Biktimei laguntzeko bulegoek haien balorazioa egingo dute, bereziki 23. artikuluaren 2. zenbakian aipatutako zirkunstantziei dagokienez, biktimari zer laguntzaneurri eman behar zaien zehazteko. Neurri horien artean honako hauek egon daitezke:

a) Laguntza psikologikoa ematea.

b) Epaiketara laguntzea.

c) Erabilgarri dauden baliabide psikosozialei eta laguntza-baliabideei buruzko informazioa eta, biktimak eskatuz gero, horietara bideratzea.

d) Babesteko behar bereziak dituen biktima bati dagokionez beharrezko izan daitezkeen laguntza-neurri bereziak.

e) Laguntza-zerbitzu espezializatuetara bideratzea.

3.Aurretik salaketa aurkeztea ez da biktimei laguntzeko zerbitzuetara jo ahal izateko baldintza izango.

4.Biktimaren senideek biktimei laguntzeko zerbitzuetara jo ahal izango dute, erregelamenduz xedatutakoarekin bat etorriz, baldin eta kalte bereziak eragin dituzten delituak badira.

5.Desgaitasuna edo babesteko behar bereziak dituzten biktimek, bai eta, hala dagokionean, horien senideek ere, behar den laguntza zuzenean edo zerbitzu espezializatuetara bideratuz jasoko dute.

29. artikulua. Justizia leheneratzaileko eta prozesutik kanpoko konponbiderako jarduketak laguntzeko eginkizunak.

Biktimei laguntzeko bulegoek laguntza emango diete justizia leheneratzaileko zerbitzuei zein legez ezarritako prozesutik kanpoko gainontzeko konponbide-prozedurei, erregelamenduz xedatutako moduan betiere.

II. KAPITULUA

Prestakuntza

30. artikulua. Biktimak babestearen printzipioei buruzko prestakuntza.

1.Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta autonomia-erkidegoek, nork bere eskumenen esparruan, zigor-arloko prozesuan biktimak babesteari buruzko prestakuntza orokorra eta espezifikoa ziurtatuko dute honako hauen prestakuntza-ikastaroetan: epaile eta magistratuak, fiskalak, idazkari judizialak, segurtasun-indar eta -kidegoak, auzitegi-medikuak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak, Biktimei laguntzeko bulegoetako langileak eta, hala badagokio, arlo honetan eginkizunak betetzen dituzten Estatuko Administrazio Orokorreko edo autonomiaerkidegoetako funtzionarioak.

Prestakuntza-ikastaro horietan arreta berezia eskainiko diete babes berezia behar duten biktimei, zaurgarritasun bereziko faktoreak dituztenei eta biktima adingabeei edo desgaituei.

2.Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek beren kideak Lege honetan jasotako biktimen babeserako printzipioetan prestakuntza eta sentsibilizazioa izatea bultzatuko dute.

31. artikulua. Jardun-protokoloak.

Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, nork bere eskumenen esparruan, biktimak babesteko behar diren protokoloak onartuko dituzte biktimen eta Lege honetan horiei aitortu zaizkien eskubideen babesa are eraginkorragoa izan dadin.

Lanbide-jardunean delituen biktimekin harremanetan daudenak eta horiei zerbitzuak ematen dizkietenak barne hartzen dituzten elkargo profesionalek, halaber, jardunprotokoloak egitea ere bultzatuko dute beren jarduera biktimak babestera orientatzeko.

III. KAPITULUA

Lankidetza eta jardunbide egokiak

32. artikulua. Profesionalekiko lankidetza eta biktimei emandako arretaren ebaluazioa.

Botere publikoek lankidetza sustatuko dute biktimenganako tratu, arreta eta babesean espezializatuta dauden kolektibo profesionalekin.

Biktimei babesa eta laguntza emateko hartzen diren arau, neurri eta gainerako tresnen funtzionamendua ebaluatzeko sistemetan horrelako kolektiboek parte har dezaten sustatuko dute.

33. artikulua. Nazioarteko lankidetza.

Botere publikoek delituaren biktimen eskubideen arloko lankidetza sustatuko dute beste estatu batzuekin eta bereziki Europar Batasuneko estatuekin, zehazki esperientziak trukatuz, informazioa sustatuz, biktima jakin batzuei beren bizilekuko agintariek laguntza eman diezaieten errazteko informazioa igorriz, kontzientziazioa, ikerketa eta hezkuntza bultzatuz, gizarte zibilarekin lankidetza sustatuz, biktimen eskubideei buruzko sareei laguntza emanez eta zerikusia duten bestelako jardueren bitartez.

34. artikulua. Sentsibilizazioa.

Botere publikoek gizartea biktimen alde sentsibilizatzeko kanpainak sustatuko dituzte; horrez gain, titulartasun publiko eta pribatuko gizarte-hedabideen autoerregulazioa ere bultzatuko dute biktimen intimitatea, duintasuna eta gainerako eskubideak zaintzearren. Gizarte-hedabideek eskubide horiek errespetatu beharko dituzte.

IV. KAPITULUA

Itzultzeko betebeharra

35. artikulua. Itzultzeko betebeharra.

1.Biktima izateagatik diru-laguntzak edo laguntzak eskuratu dituen pertsonak, baldin eta Lege honetan araututako babesteko neurriren bat jaso badu, kontzeptu horren barruan eskuratutako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta administrazioari errekonozimendu-, informazio-, babeseta laguntza-jarduerengatik, baita emandako zerbitzuengatik ere, sortutako gastuak, ordaindu ere egin beharko dizkio –zenbateko horri diruaren legezko interesa, ehuneko berrogeita hamar handituta, ere gehituko zaio–, betiere pertsona hori gezurrezko salaketagatik edo delitua simulatzeagatik kondenatzen badute.

2.Itzultzeko aurreko betebeharra likidatzeko prozedura eta kontzeptu bakoitzari zer zenbateko dagokion erregelamenduz zehaztuko da.

3.Xedapen hau Doako Laguntza Juridikoaren Legean aurreikusitakoa alde batera utzi gabe aplikatuko da.

Lehenengo xedapen gehigarria. Espainian delitu-biktimei arreta emateko sistemaren aldian behingo ebaluazioa.

Delituaren biktimei eman beharreko laguntzaren arloko erakundeen, mekanismoen eta bermeen funtzionamendua urtean behin ebaluatuko da. Justizia Ministerioak egingo du ebaluazio hori erregelamenduz zehaztutako prozedurari jarraikiz.

Ebaluazio horien emaitzak webgunean argitaratuko dira, eta babes-sistemaren hobekuntza orientatuko dute, bai eta eraginkortasuna bermatzeko behar diren neurriak hartzea ere.

Gobernuak biktimak babesteko sistemaren ebaluazioa zein hori hobetzeko proposamenak, baita eraginkortasuna bermatzeko neurriak ere, jasotzen dituen urteko txostena igorriko du Gorte Nagusietara.

Bigarren xedapen gehigarria. Baliabideak.

Lege honetan jasotako neurriek ezin izango dute langile-horniduren, -ordainsarien eta bestelako -gastuen gehikuntzarik ekarri.

Xedapen iragankor bakarra. Denbora-aplikazioa.

Lege honetan jasotako xedapenak indarrean jartzen denetik aurrera aplikatuko zaizkie delituen biktimei, baina horrek ez du jada betetako izapideen atzeraeraginik ekarriko.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Lege honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko mailako arau guztiak indargabetu dira.

Azken xedapenetatik lehena. Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea 2012/29/EB Zuzentarauan jasotako xedapen batzuk sartzeko (2012/29EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko urriaren 25ekoa, delituen biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzekoa) .

Honela gelditzen da idatzita Prozedura Kriminalaren Legea:

Bat. Aldatu egiten da 109. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«109. artikulua.

Beharrezko lege-gaitasuna duen ofendituari deklarazioa hartzeko unean, idazkari judizialak argibideak emango dizkio prozesuan alderdi izateko eskubidearen gainean, bai eta gauzaren itzulketari, kaltearen konponketari edota egitate zigorgarriaren ondoriozko kalte-ordainari uko egitearen gainean ere. Indarreko legedian jasota dauden eskubideen berri ere emango dio; nolanahi ere, biktimei laguntza ematen espezializatutako langileei eskuordetu ahal izango die aipatutako eginkizuna.

Adingabea bada edo gaitasuna judizialki aldatuta badu, eginbide bera egingo da legezko ordezkariarekin edo laguntzen duen pertsonarekin.

Aurreko bi lerrokadetan ezarritako kasuetatik kanpo, akzio zibiletan edo penaletan interesa dutenei ez zaie jakinarazpenik egingo jakinarazpen horrek auzia luzatu edo geldiarazten badu; hala ere, idazkari judizialak ahaleginak egingo ditu, ofenditu absenteari eskubide hartaz argibideak emateko.

Edozein kasutan ere, Zigor Kodearen 57. artikuluak jaso delituen ondoriozko prozesuetan, idazkari judizialak ziurtatuko du biktimari komunikatzen zaizkiola beraren segurtasunaren gain eragina izan dezaketen prozesu-egintzak.»

Bi. 109 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:

«109 bis artikulua.

1.Beren eskubideari uko egin ez dioten delitu-biktimek delitua kalifikatzeko izapidearen aurretiko edozein unetan gauzatu ahal izango dute zigor-arloko akzioa; dena den horrek ez du ekarriko aurkeztu aurretik jada egindako jarduketak atzera eramatea edo errepikatzea.

Baldin eta delituaren ondorioz biktima hil edo desagertu bada, zigor-arloko akzioa hauek gauzatu ahal izango dute: legez edo izatez bananduta ez dagoen ezkontideak eta hiltzeko edo desagertzeko momentuan haiekin batera bizi ziren biktimaren edo legez edo izatez banandu gabeko ezkontidearen seme-alabek; heriotza edo desagerketa gertatu arte biktimari afektibitatezko antzeko harremanagatik lotuta zegoen pertsonak eta biktima hil edo desagertu zenean berarekin bizi ziren horren seme-alabek; zaintzapean zituen guraso eta ahaideek – lerro zuzenean edo alboko lerroz hirugarren graduaren barruan– eta haren tutoretza edo kuradoretzapean edo familia-harreraren araubidepean dauden pertsonek.

Aurrekorik izan ezean, lerro zuzeneko gainontzeko senideek eta anai-arrebek gauzatu ahal izango dute, horien artean biktimaren legezko ordezkaritza duena lehenetsita.

2.Artikulu honekin bat etorriz eskubidea duten pertsonetakoren batek zigorarloko akzioa gauzatzeak ez du eragozten ondoren hala dutenetako beste batek ere egitea. Biktima anitz daudenean, horiek guztiak, nor bere aldetik, beren ordezkaritzarekin aurkeztu ahal izango dira. Hala ere, horrelakoetan, prozesuaren ordena ona edo behar ez den luzapenik gabeko prozesu baterako eskubidea kaltetuta gertatuz gero, epaileak edo auzitegiak, arrazoietan oinarritutako ebazpen bidez eta alderdi guztiei entzun ondoren, ordezkaritza batean edo hainbatean elkartzea xedatu ahal izango du, bai eta defentsa berak edo hainbatek zuzentzea ere, nor bere interesen arabera.

3.Biktimen elkarteek eta biktimen eskubideak defendatzeko zilegitasuna legez aitortuta duten pertsona juridikoek ere gauzatu ahal izango dute zigor-arloko akzioa, betiere delituaren biktimak horretarako baimena ematen badu.

Egindako delitu edo hutsegitearen xedea bada toki-korporazioko kideek euren eginkizun publikoak egikari ditzaten saihestu edo eragoztea, auzira bertara daiteke egitate zigorgarria zein tokitan gertatu eta toki horretako Administrazioa.»

Hiru. Aldatu egiten da 110. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«110 artikulua.

Delitu edo hutsegitearen ondoriozko kaltedunak, euren eskubideari uko egin ezean, auzian alderdi izan daitezke, baldin eta hori egiten badute delitua kalifikatzeko izapidearen aurretik; horrela, bidezkoak diren akzio zibilak egikaritu ahal izango dituzte, eurei komeni zaienaren arabera, eta horrek ez du jarduna atzeratuko.

Kaltedunak auzira alderdi gisa agertzen ez badira ere, horrek ez du esan nahi haiek uko egiten dietenik epai irmoan euren mesederako erabaki daitekeen itzulketaeskubideari, konponketaeskubideari edota kalte-ordaina jasotzeko eskubideari; izatez, beharrezkoa da eskubide horri modu argi eta zehatzean uko egitea.»

Lau. Aldatu egiten da 261. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«261. artikulua.

Era berean, ez dute salaketa egiteko betebeharrik izango:

1.Delitugilearen ezkontideak, legez edo egitez banandua ez badago, edo ezkontzaren antzeko harreman afektiboa tarteko berarekin bizi den pertsonak.

2.Delitugilearen aurrekoek eta ondorengoek, ezta bigarren gradurainoko ezkontza bidezko albokoek ere, gradu hori barnean hartuta.»

Bost. Aldatu egiten da 281. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«281 artikulua.

Aurreko artikuluan xedatutakoa betetzetik salbuetsita daude:

1.Ofenditua eta horren jaraunsleak edo legezko ordezkariak.

2.Erailketaren edo giza hilketaren delituetan, zenduaren ezkontidea edo hari afektibitateko antzeko harremanagatik lotutako pertsona, aurreko eta ondorengo ahaideak eta bigarren mailara arteko alboko ahaideak (hori barne) , biktimaren jaraunsleak eta delitugilearen gurasoak eta seme-alabak.

3.Biktimen elkarteak eta biktimen eskubideak defendatzeko zilegitasuna legez aitortuta duten pertsona juridikoak, betiere biktimak berak zigor-arloko akzioa gauzatzea berariaz baimendu badu.

Fidantzaren salbuespena ez zaie atzerritarrei aplikatzen, nazioarteko itunen arabera edo elkarrekikotasun-printzipioaren arabera hori ez badagokie.»

Sei. Aldatu egiten da 282. artikuluko lehenengo lerrokada, eta honela gelditzen da idatzita:

«Polizia judizialaren xedea eta hori osatzen duten guztien betebeharra da euren lurralde edo mugapean gertatzen diren delitu publikoak ikertzea; eurek dituzten eskumenen arabera, delituok egiaztatzeko beharrezkoak diren eginbideak gauzatu eta delitugileak atzematea; eta delituaren efektuak, tresnak edo frogak, desagertzeko arriskuan daudenak, jaso eta agintaritza judizialaren esku uztea. Biktimak polizia judizialarekin harremanetan jartzen direnean, indarreko legediak aurreikusitako informazio-betebeharrak beteko ditu. Halaber, biktimen zirkunstantzia partikularren balorazioa ere egingo dute babes egokia ematearren zer babes-neurri hartu behar diren behin-behinean zehaztu ahal izateko, betiere epaileak edo auzitegiak hartu beharko duen azken erabakia alde batera utzi gabe.»

Zazpi. Aldatu egiten da 284. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«284. artikulua.

Polizia judizialeko funtzionarioek delitu publikoaren berri izan bezain laster, edo, eginbideen izapideak aurreneurri moduan gauzatu behar badituzte delitu pribatuaren ondorioz, hori agintari judizialari edo Fiskaltzaren ordezkariari jakinaraziko diote, hori egin ahal badute prebentziorako eginbideak gauzatzeari utzi gabe. Bestelako kasuan, horixe egingo dute, eginbideok bukatu bezain laster.

Baldin eta armak, tresnak eta edozein motatako efektuak jaso badituzte, eta horiek delituarekin zerikusia izan ahal badute, eta delitua eginiko tokian bertan edo toki horretatik hurbil edo errudunaren esku edo beste toki ezagun batean aurkitu badira, horiek dauden tokia, denbora eta egoera adierazteko eginbidea ere gauzatuko dute, zehatz-mehatz deskribatuta, horiei eta aurkikuntzaren inguruabarrei buruzko ideia zehatza egin ahal izateko. Aipatutako deskribapenaren ordez erreportaje grafikoa ere gehitu ahal izango dute. Horiek guztiak aurkitu dizkioten pertsonak sinatuko du eginbidea.

Delituaren biktimarenak izan litezkeen gauzak konfiskatuz gero, horren berri emango zaio biktimari berari.

Konfiskatzeak eragindako pertsonak neurriaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du edonoiz instrukzioko epailearen aurrean, 334. artikuluaren hirugarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.»

Zortzi. Aldatu egiten da 301. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«301. artikulua.

Sumarioko eginbideak isilpekoak izango dira eta ez dute izaera publikorik izango harik eta ahozko epaiketa ireki arte, lege honetan jasotako salbuespenak aintzat hartuta.

Alderdietatik edozeinen abokatuak edo prokuradoreak sumarioaren edukia bidegabe ezagutarazten badu, 500 eurotik 10.000 eurorainoko isuna jasoko du.

Isun bera ezarriko zaie funtzionario publikoa izan gabe hutsegite bera egiten duten guztiei.

Funtzionario publikoak, aurreko lerrokaden kasuan, Zigor Kodean kasuankasuan ezarritako erantzukizuna izango du.»

Bederatzi. 301 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:

«301 bis artikulua.

Epaileak 681. artikuluko 2. zenbakian aipatutako edozein neurri hartzea erabaki ahal izango du, ofizioz edo Fiskaltzak eskatuta, betiere hori beharrezkoa bada biktimaren intimitatea edo hari edo sendiari zor zaion errespetua babestearren.»

Hamar. Gehitu egiten dira hirugarren eta laugarren lerrokadak 334. artikuluan. Honako hau diote:

«Konfiskatzeak eragindako pertsonak neurriaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du edonoiz instrukzioko epailearen aurrean. Abokatuak ez du esku hartu beharko inputatua ez beste pertsona batzuek errekurtso hori aurkezten dutenean. Errekurtso hori jarrita dagoela joko da erabakiak eragindako pertsonak edo horren senide adinez nagusi batek neurriarekin ados ez dagoela adierazi badu egiteko unean.

Delituaren biktimaren gauzak horri itzuliko zaizkio berehala, salbuespenez frogabide gisa edo bestelako eginbideak egiteko gorde behar badira izan ezik, betiere ahal den bezain laster itzultzea alde batera utzi gabe. Gauzak berehala ere itzuliko zaizkio baldin eta, frogabide gisa edo bestelako eginbideak gauzatzeko gorde beharrekoak badira ere, hori bermatu ahal bada jabeari horiek epailearen edo auzitegiaren eskura mantentzeko beharra ezarriz. Biktimak, edozelan ere, erabaki hori errekurritu ahal izango du aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera.»

Hamaika. Aldatu egiten da 433. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«433. artikulua.

Adierazpena egitera aurkeztean, lekukoek zitazio-zedularen kopia emango diote idazkariari.

Adin penala gainditzen duten lekukoek galdetzen dietenari buruz dakiten guztia esateko zin edo promes egingo dute, eta epaileak egia esan beharra dutela eta auzi kriminalean gezurrezko lekukotzaren delitu bat egin dezaketela jakinarazi beharko die, hizkuntza argi eta ulerterraz batean egin ere.

Delituaren biktimaren estatutuan xedatutakoarekin bat etorriz delitu-biktimatzat jotako lekukoek legezko ordezkaria eta aukeratzen duten beste pertsona bat izan ditzakete laguntzaile eginbide horietan, betiere azken kasu horretan instrukzioko epaileak, arrazoiak emanda, aurkakoa ebazten ez badu haren garapen zuzena bermatzearren.

Lekuko adingabeei edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonei dagokienez, biktimaren heldutasunik eza ikusita hala behar bada kalte larriak eragitea saihesteko, epaileak erabaki dezake deklarazioa adituen esku-hartzearen bidez eta Fiskaltzak esku hartuta hartzea. Xede horrekin, halaber, biktimari galderak adituek zuzenean egin diezazkioten ere erabaki ahal izango da edota biktimaren esplorazioaren tokian alderdiak egon daitezen baztertzea edo mugatzea. Horrelakoetan, epaileak behar den guztia egingo du aldeek galderak egin edo biktimari argibideak eskatu ahal izateko, betiere hori egiterik badago.

Epaileak deklarazioa ikus-entzunezko baliabideak erabiliz grabatzeko aginduko du.»

Hamabi. Aldatu egiten da 448. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«448. artikulua.

Lekukoak adierazten badu, berari 446. artikuluan aipatu prebentzioa egitean, ezin dela agertu lurralde nazionaletik kanpora joan behar delako, edo, ahozko epaiketa ireki aurretik zentzuzko eta behar besteko zioa badago haren heriotza edo ezintasun fisiko nahiz intelektualarengatik beldur izateko, orduan instrukzio-epaileak deklarazioa berehala egiteko aginduko du; alderdiek hori gezurtatzeko aukera ere bermatuko du, halaber. Horretarako, ez baldin badu, hogeita lau orduan abokatua izendatzeko eskatuko dio errudunari idazkari judizialak, eta, horrela egin ezean, ofizioz izendatuko diotela azalduko dio, lekukoaren deklarazioa jasotzeko ekitaldian aholkuak eman diezazkion. Epe hori igaro ondoren, epaileak zin-egitea jasoko du eta berriro ere lekukoa aztertuko du, auzipetuaren eta horren abokatu defendatzailearen aurrean, bai eta fiskalaren eta kereila-jartzailearen aurrean ere, baldin eta azken horiek ekitaldian egon nahi badute; kasu horretan, horiei ahalbidetuko zaie egokitzat jotzen dituzten galderak egitea, salbu eta epaileak galdera batzuk gaitzesten baditu, ageri-agerian desegoki izateagatik.

Idazkari judizialak galdera horiei emandako erantzunak jasoko ditu, eta bertaratutako guztiek sinatuko dute aipatutako eginbidea.

Adingabeen eta gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonen deklarazioa gauzatu ahal izango da, betiere horiek eta inkulpatuak aurrez aurre egotea saihesten bada; proba egitea ahalbidetzen duen edozein baliabide erabiliko da horretarako.»

Hamahiru. Aldatu egiten da 544 ter artikuluaren 7. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«7. Seme-alaba adingabeak edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonak daudenean, biktimak edo beraren legezko ordezkariak edo Fiskaltzak eskatu beharko ditu izaera zibileko neurriak; gainera, horiek betetzeko erregimena eta, bidezkoa bada, behar diren horien neurri osagarriak ere zehaztu beharko ditu, betiere jurisdikzio-ordena zibileko organoren batek aurretiaz horiek erabaki ez baditu, Kode Zibilaren 158. artikuluan ezarritako neurriak alde batera utzi gabe. Adingabeak edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonak daudenean, horiek biktimarekin bizi badira eta haren mendekoak badira, aipatutako neurriak hartzea bidezkoa den ebatzi beharko du epaileak, baita ofizioz ere.

Neurriok hauek izan daitezke, besteak beste: familia-etxebizitzaren erabilera eta gozamena esleitzea; seme-alabak edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonak zaintzeko, bisitatzeko, horiekin komunikatzeko eta eurekin egoteko araubidea zehaztea; mantenua emateko araubidea ezartzea, eta arriskutik aldentzeko edo kalteak saihesteko egokitzat jotako best edozein xedapen.

Babes-aginduak izaera zibileko neurriak jasotzen dituenean, neurri horiek 30 eguneko indarraldia izango dute. Epe horretan, biktimak edo beraren legezko ordezkariak hala eskatuta, familia-prozesua hasi bada jurisdikzio zibilean, hartutako neurriek indarrean iraungo dute demanda aurkeztu eta hurrengo hogeita hamar egunetan. Epe horretan, lehen auzialdiko epaile eskudunak neurriok berretsi, aldatu edo ondorerik gabe utzi beharko ditu.»

Hamalau. Sartu egiten da 544 quinquies artikulua; hauxe dio:

«544 quinquies artikulua.

1.Zigor Kodearen 57. artikuluan aipatutako delitu bat ikertzen denean, adingabea edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsona babesteko behar denean,

epaileak edo auzitegiak, hala badagokio, honako neurri hauetakoren bat hartuko du, arrazoiak emanda:

a) Guraso baten guraso-ahala etetea. Horrelakoetan bisitatzeko edo komunikatzeko araubidea ezarri ahal izango da, betiere adingabearen edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsonaren interesa kontuan harturik, bai eta, beharrezkoa bada, hori garatzeko baldintzak eta bermeak ere.

b) Babesa, kuradoretza, zaintza edo harrera etetea.

c) Adingabearen edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsonaren gaineko guraso-ahala, babesa edo babesteko beste edozein eginkizun ikuskatzeko araubidea ezartzea, Fiskaltzaren eta eskumena duten erakunde publikoen berezko eskumenak alde batera utzi gabe.

d) Bizikide ez denarekin edo beste senide batekin indarrean dagoen bisitaedo komunikazio-araubidea etetea edo aldatzea, baldin eta hori beharrezkoa bada adingabea edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsona babestea bermatzeko.

2.Prozesuaren garapenean adingabe baten arrisku-egoera edo balizko babesik eza agerian jartzen denean eta, nolanahi ere, aurreko zenbakiko a) eta b) letretako neurriren batzuk hartzen direnean, idazkari judizialak berehala jakinaraziko dio adingabeak babestea legez aginduta duen eskudun erakunde publikoari, baita Fiskaltzari ere, beharrezko diren babes-neurriak hartu ahal izan ditzaten. Ondorio horiekin beraiekin ere jakinaraziko diote neurriak kentzen badituzte edo horien gaineko beste edozein aldaketa, bai eta 3. zenbakian aipatutako ebazpena ere.

3.Prozedura amaituta, epaileak edo auzitegiak, ukitutako pertsonaren interesa bakarrik baloratuta, hartu dituzten babesteko neurriak berretsi edo kenduko ditu. Fiskaltzak eta neurriak eragindako aldeek aldatzeko edo kentzeko eskatu ahal izango diote epaileari Prozedura Zibilaren Legearen 770. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.»

Hamabost. Aldatu egiten da 636. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«636. artikulua.

Largesteko autoen aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da bakar-bakarrik. Largesteko autoa helbide elektronikoan jakinaraziko zaie delituaren biktimei eta, horrelakorik ezean, posta arruntez delituaren biktimaren estatuaren Legearen 5.1.m)

artikuluan aurreikusitako eskaeran zehaztutako posta-helbide edo helbidean. Delitu batek eragindako heriotzaren edo desagerketaren kasuetan, largesteko

autoa modu berean jakinaraziko zaie 109 bis artikuluaren 1. zenbakiko bigarren lerrokadan aipatutako pertsonei, baldin eta horrelakoen nortasunaren eta helbide elektronikoaren berri jasota badago. Horrelako kasuetan, epaileak edo auzitegiak jakinarazpena senide guztiei egitea baztertzeko erabakia hartu ahal izango du, arrazoituta, baldin eta horietako batzuei jada egin badie edo horiek aurkitzeko egindako kudeaketa guztiek emaitzarik izan ez badute.

Salbuespenez, Europar Batasunetik kanpo bizilekua duten herritarrei dagokienez, komunikazioa egiteko helbide elektronikorik edo posta-helbiderik eduki ezean, bizi diren herrialdeko Espainiako bulego diplomatiko edo kontsularrera igorriko dute, horrek argitara dezan.

Komunikazioa egin eta bost egunera, baliozki eginda dagoela jo eta ondorio guztiak izango ditu; hortaz, une horretatik hasiko da errekurtsoa aurkezteko epea zenbatzen. Araubide honetatik salbuetsita egongo dira biktimak komunikazioaren edukira jotzeko ezintasunaren bidezko arrazoia egiaztatzen duen kasuak.

Biktimek largesteko autoaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute hogei eguneko epean, auzian alderdi gisa agertu ez arren.»

Hamasei. Aldatu egiten da 680. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«680. artikulua.

Ahozko epaiketaren eztabaidak publikoak izango dira, hurrengo artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe; horrelakoak izan ezean, deusezak izango dira.»

Hamazazpi. Aldatu egiten da 681. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«681. artikulua.

1.Epaileak edo auzitegiak, ofizioz edo alderdietatik edozeinek eskatuta, eta horiei entzunaldia egin ondoren, erabaki ahal izango du epaiketaren ekitaldi edo saio guztiak ateak itxita egitea, baldin eta horrela eskatzen badute segurtasun edo ordena publikoko arrazoiek, edo horrela behar bada parte hartzen dutenen funtsezko eskubideak, zehazki biktimaren intimitaterako eskubidea zein horri edo horren familiari zor zaion errespetua, behar bezala babesteko, edota beharrezkoa bada biktimei prozesuaren garapen arruntaren ondorioz bestela sor litzaizkiekeen kalteak saihestearren. Halere, epaileak edo auzitegiko presidenteak auzian interes berezia dutela egiaztatzen duten pertsonak egotea baimendu ahal izango du. Aurreko murrizketa, 707. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe, ez zaie aplikatuko Fiskaltzari, delituak kaltetutako pertsonei, prozesatuei, akusatzaile pribatuari, auzijartzaile zibilari eta bakoitzari dagokion defendatzaileari.

2.Horrez gain, biktimaren eta bere senideen intimitatea babesteko, honako neurri hauek erabaki ahal izango ditu:

a) Biktimaren nortasunari, zuzenean edo zeharka identifikatzen lagun dezaketen datuei edo babesteko beharrei buruz ebazteko kontuan hartutako egoera pertsonalei buruzko informazioa zabaldu edo argitara dezaten debekatzea.

b) Biktimaren edo senideen irudiak lortu, zabaldu edo argitara ditzaten debekatzea.

3.Debekatuta dago, nolanahi ere, biktima adingabeen edo babes berezia behar duten biktima desgaituen nortasunari buruzko informazioa zabaltzea edo argitaratzea, baita horiek zuzenean edo zeharka identifikatzen lagun dezaketen datuei edo horrelakoak babesteko beharrei buruz ebazteko baloratu diren egoera pertsonalei buruzkoa ere; eta debekatuta dago, orobat, horien edo beren senideen irudiak lortu, zabaldu edo argitaratzea.»

Hemezortzi. Aldatu egiten da 682. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«682. artikulua.

Epaileak edo Auzitegiak, alderdiei entzunaldia eginda, epaiketaren saioetan ikus-entzunezko hedabideak egotea mugatu ahal izango du, eta debekatu ahal izango du entzunaldi guztiak edo batzuk graba ditzaten, betiere ezinbestekoa bada saioen ordena eta alderdien eta gainerako parte-hartzaileen oinarrizko eskubideak zaintzeko, bereziki biktimen intimitaterako eskubidea zein horri edo bere familiari zor zaion errespetua, edota hori beharrezkoa bada biktimei prozesuaren garapen arruntaren ondorioz bestela sor litzaizkiekeen kalteak saihestearren. Horretarako, ahalmen hauek izango ditu:

a) Proba jakin batzuk egiteko orduan soinua edo irudia graba dezaten debekatzea, edo zer eginbide edo jarduketa grabatu edo zabal ditzaketen zehaztea.

b) Horretan parte hartzen duen pertsonaren baten edo batzuen irudiak hartu eta zabal ditzaten debekatzea.

c) Biktimen, lekukoen, adituen edo epaiketan parte hartzen duen beste edozein pertsonaren nortasunaren berri eman dezaten debekatzea.»

Hemeretzi. Aldatu egiten da 707. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«707. artikulua.

Lekuko guztiak behartuta daude galdetu zaienari buruz dakitena adierazteko, 416., 417. eta 418. artikuluek kasuan-kasuan adierazitako pertsonak izan ezik.

Lekuko adingabeen edo babes berezia behar duten desgaituen deklarazioa horiek eta inkulpatuak elkar ikustea saihestuta egingo da, betiere hori beharrezkoa bada prozesuaren garapenak edo eginbidea gauzatzeak eragin liezazkiekeen kalteak eragozteko edo murrizteko. Horretarako proba gauzatzea ahalbidetzen duen edozein baliabide tekniko erabili ahal izango dute; hala bada, lekukoei aretoan egon gabe ere entzun ahal izango diete komunikazioaren teknologiak erabiliz.

Neurri horiek berak biktimen deklarazioei ere aplikatu ahal izango zaizkie hasierako edo ondorengo ebaluaziotik babesteko neurri horiek hartu beharra ondorioztatzen bada.»

Hogei. Aldatu egiten da 709. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«709. artikulua.

Presidenteak ez du baimenik emango lekukoak galdera edo birgaldera maltzurrak, erakargarriak edo desegokiak erantzun ditzan.

Epaitutako delitu-egitateari dagokionez garrantzirik ez duten bizitza pribatuari buruzko galderak, beharrezko ez direnak, biktimari egitea saihesteko neurriak hartu ahal izango ditu presidenteak, betiere epaileak edo auzitegiak uste ez badu horiei erantzun behar diela egitateak edo biktimaren deklarazioaren sinesgarritasuna behar bezala baloratzeko. Horrelako galderak eginez gero, presidenteak ez du erantzutea baimenduko.

Gai horri buruz emandako ebazpenaren aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da garaiz, baldin eta unean bertan kasuan kasuko protesta egiten bada.

Kasu horretan, aktan presidenteak zein galdera edo birgalderari erantzutea debekatu duen jasoko da.»

Hogeita bat. Aldatu egiten da 730. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«730. artikulua.

Alderdietatik edozeinek eskatuta sumarioan gauzatutako eginbideak ere irakurri edo erreproduzitu ahal izango dira, baldin eta, haien borondatez kanpoko arrazoiengatik, horiek ahozko epaiketan erreproduzitzerik ez badago; eta gauza bera ikertzeko fasearen barruan 448. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz biktima adingabeei eta babes berezia behar duten biktima desgaituei hartutako deklarazioei dagokienez ere.»

Hogeita bi. Aldatu egiten da Legearen 773. artikuluko 2. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«2. Fiskaltzak itxuraz delitu den egitatearen berri duenean, dela zuzenean dela salaketa edo atestatua berari aurkeztearen ondorioz, biktimari indarreko legedian jasotako eskubideen berri emango dio; biktimaren beharren ebaluazioa eta behinbehineko ebazpena egingo ditu indarreko legedian xedatutakoarekin bat etorriz, eta berak, edo, beraren aginduz, polizia judizialak gauzatuko ditu egitatea bera edo delitu horretan parte hartu dutenen erantzukizuna egiaztatzeko egoki diren eginbideak. Fiskalak jardunaren artxiboa dekretatuko du, egitateak delituezaugarriak ez dituenean; inguruabar hori komunikatuko dio kalteduna edo ofenditua dela alegatu duenari, horrek bere salaketa instrukzio-epaileari berrets diezaion. Bestelako kasuan, instrukzio-epaileari kasuan kasuko prozedura hastea eskatuko

dio, eta, horretarako, jardun osoa igorriko dio, atxilotua halakoa izanez gero, eta delituaren efektuak ere haren esku jarriko.

Fiskaltzak edozein pertsona bere aurrean agerrarazteko agindua eman dezake, deklarazioa hartzeko, legeak zitazio judizialerako ezartzen dituen baldintzekin egin ere. Deklarazio horretan Lege honetan epailearen edo auzitegiaren aurrean emandako deklaraziorako adierazitako berme berak egongo dira.

Fiskalak eginbideak gauzatzeari utziko dio, egitate berberei buruz prozedura judiziala dagoela jakin bezain laster.»

Hogeita hiru. Aldatu egiten da 779. artikuluaren 1. zenbakiaren 1. erregela, eta honela gelditzen da idatzita:

«1. Epailearen ustez egitatea ez bada arau-hauste penala, edo ez bada behar beste justifikatu halakoa gertatu denik, kasuan kasuko largespena erabakiko du. Bestalde, egitatea delitua izan daitekeela uste izan arren, eta horren egile ezagunik ez badago, behin-behineko largespena erabaki eta auzia artxibatzeko erabakia hartuko du epaileak.

Largesteko autoa helbide elektronikoan jakinaraziko zaie delituaren biktimei eta, horrelakorik ezean, delituaren biktimaren estatuaren Legearen 5.1.m) artikuluan aurreikusitako eskaeran zehaztutako posta-helbide edo helbidean.

Delitu batek eragindako heriotzaren edo desagerketaren kasuetan, largesteko autoa modu berean jakinaraziko zaie 109 bis artikuluaren 1. zenbakiko bigarren lerrokadan aipatutako pertsonei, baldin eta horrelakoen nortasunaren eta helbide elektronikoaren berri jasota badago. Horrelako kasuetan, epaileak edo auzitegiak jakinarazpena senide guztiei egitea baztertzeko erabakia hartu ahal izango du, arrazoituta, baldin eta horietako batzuei jada egin badie edo horiek aurkitzeko egindako kudeaketa guztiek emaitzarik izan ez badute.

Salbuespenez, Europar Batasunetik kanpo bizilekua duten herritarrei dagokienez, komunikazioa egiteko helbide elektronikorik edo posta-helbiderik eduki ezean, bizi diren herrialdeko Espainiako bulego diplomatiko edo kontsularrera igorriko dute, horrek argitara dezan.

Komunikazioa egin eta bost egunera, baliozki eginda dagoela jo eta ondorio guztiak izango ditu. Araubide honetatik salbuetsita egongo dira biktimak komunikazioaren edukira jotzeko ezintasunaren bidezko arrazoia egiaztatzen duen kasuak.

Biktimek largesteko autoaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute hogei eguneko epean, auzian alderdi gisa agertu ez arren.»

Hogeita lau. Aldatu egiten da Legearen 785. artikuluko 3. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«3. Baldin eta biktimak horrela eskatu badu, idazkari judizialak idatziz eta behar ez den atzerapenik gabe jakinarazi beharko dizkio epaiketaren eguna, ordua eta tokia, bai eta arau-hauslearen aurkako akusazioaren edukia ere (baita prozesuan alderdi ez bada ere eta horretan parte hartu behar ez badu ere) .»

Hogeita bost. Aldatu egiten da Legearen 791. artikuluko 2. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«2. Idazkari judizialak ikustaldia hurrengo hamabost egunetan zehaztuko du, eta bertara agertzeko zitazioa egingo zaie alderdi guztiei. Biktimak horrela eskatzen duenean, idazkari judizialak informazioa eman beharko dio, alderdi gisa agertu ez arren, eta haren parte-hartzea beharrezkoa izan ez arren.

Ikustaldia, hala dagokionean, proba eta grabazioen erreprodukzioa eginez hasiko da, horretarako arrazoirik badago. Jarraian, alderdiek ahoz laburtuko dituzte froga horren emaitza eta euren uzien oinarria.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren aldaketa.

Aldatu egiten da Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren

126. artikuluaren 2. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«2. Alderdiak eskaturik bakarrik pertsegi daitezkeen delituetatik bat denean, akusatzaile pribatuaren kostuak ordainduko dira Estatuari dagokion kalte-ordaina baino lehenago. Biktimari eragindako prozesu-kostuak ere ordainduko dira lehenago Delituaren biktimaren estatutuaren Legearen 14. artikuluak aipatutako kasuetan.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoaren babesean eman da; artikulu horrek zigoreta prozesu-legegintzaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari. Aurrekotik salbuetsita dago IV. titulua, Espainiako Konstituzioaren

149.1.5artikuluak justizia-administrazioaren arloan Estatuari esleitzen dion eskumen esklusiboaren babesean eman baita. Salbuetsita ere gelditzen da I. tituluan xedatutakoa, Espainiako Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan aurreikusitakoaren babesean eman baita; artikulu horrek eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari eskubideak erabiltzean zein konstituzio-betebeharrak betetzean espainiar guztiei berdintasuna bermatzen dieten oinarrizko baldintzak arautzearen arloan.

Azken xedapenetatik laugarrena. Gobernuari ahalmenak ematea erregelamendua garatzeko.

Gobernuari ahalmena ematen zaio lege honetan xedatutakoa garatzeko beharrezko diren erregelamendu bidezko xedapenak onartzeko.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Abokatutzaren eta Prokuradoretzaren Estatutu Orokorrak egokitzea.

Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek eta kontseilu orokorrek behar diren neurriak hartuko dituzte dagozkien estatutuak Lege honen 8. artikuluaren 2. zenbakian xedatutakora egokitzeko; gehienez ere urtebeteko epea izango dute horretarako, legea indarrean jartzen denetik hasita.

Azken xedapenetatik seigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabete igarota.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko apirilaren 27an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra