Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

10/2015 Lege Organikoa, irailaren 10ekoa, Iruzur fiskalaren arloan emandako epaietan dagoen informazio jakin baterako irispidea eta haren publikotasuna arautzen dituena

2015-09-10

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/09/11, 218. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9768 10/2015 Lege Organikoa, irailaren 10ekoa, Iruzur fiskalaren arloan emandako epaietan dagoen informazio jakin baterako irispidea eta haren publikotasuna arautzen dituena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Espainiako Konstituzioak Hitzaurrean xedatutakoaren arabera, Nazioak gizarte demokratiko aurreratua ezartzeko borondatea du. Helburu hori bete ahal izateko, botere publiko guztien jarduketak hainbat printzipio izan behar ditu gidari; haien artean, jarduketa publikoen publikotasun-printzipioa.

Jarduketa judizialen eta auzitegiek emandako epaien publikotasun-printzipioa Espainiako Konstituzioaren 120. artikuluan dago jasota. Printzipio hori lotuta dago gardentasun judizialaren eta prozesuaren kontrol publikoaren printzipioekin, prozesuaren oinarrizko berme diren aldetik. Hala, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak, 232. artikuluan, jarduketa judizialen publikotasun-printzipio orokorra jasotzen du; 235 bis artikuluak, berriz, epaien testurako irispidea ezartzen du, eta muga batzuk finkatzen ditu. Era berean, 260. artikuluak berariaz aipatzen du, aukera gisa, legez ezartzea epai judizialen nahitaezko publikotasuna.

Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinek irispide horren mugak aztertu dituzte, eta ñabardurak egin dizkiote publikotasun-printzipioari, epai judizialen kasurako. Konstituzio Auzitegiak adierazi duenez, epai judizialetan jasotako datu pertsonalak ezagutaraztea, zigor-arloan bereziki, intimitaterako eskubidean bidegabe sartzea izan daiteke. Orobat, Auzitegi Gorenak mugatu egin du, epaiaren kasuan, prozesuaren publikotasun-printzipio orokorra, beste eskubide batzuek printzipio horrekin talka egin dezaketelakoan, hala nola ohorerako edo intimitaterako eskubideak.

Eskubide horiek guztiak, Konstituzioan jasota dauden arren, ez dira absolutuak, legez taxutu beharrekoak baizik; horrenbestez, legegileak salbuespen eta mugak ezar ditzake interes publikoak hala eskatzen duenean, eta, bereziki, Konstituzioan bertan jasota dauden beste balio batzuekin talka egiten dutenean. Muga horiek, dena den, beti bete behar dituzte izaera pertsonaleko datuak babesteko eskubidea taxutzen duten printzipioak –Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan daude jasota–, eta, oso bereziki, proportzionaltasun-printzipioa, zehaztasun-printzipioa eta datuak gordetzeko printzipioa, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak adierazi duen moduan.

Hortaz, epai judizialetan jasotako datuetarako irispideak izan beharreko hedadura legez taxutzeko orduan, egoki haztatu behar dira babestu nahi diren interes ezberdinak. Izan ere, gure inguruko herrialde askotan, baita zuzenbide konparatuko beste kasu batzuetan ere, epaiaren publikotasunak, arau orokor izatean, alderdien datu pertsonalak ere hartzen ditu barnean, eta datu horietarako irispidea prozesuko publikotasun-printzipioak babesten duela jotzen da; hori horrela, jurisprudentziako datu-base automatizatuen bidezko ondorengo tratamendurako baino ez dira kautela jakin batzuk hartu. Horren erakusle da, Europako eremuan, jurisprudentzia aipatzean ere, prozesuan esku hartu duten alderdiei egiten zaiela erreferentzia, horiek pertsona fisikoak edo juridikoak izan.

Iruzur fiskalarekin zerikusia duten delituen kasu zehatzean, interes publikoa gailentzen zaio kondenatuaren interesari. Kontuan hartu behar da kasuotan babestutako ondasun juridikoa konstituzio-mailara igo dela Espainiako Konstituzioaren 31. artikuluan; hori garrantzitsua da eremu honetan haztapena egitean, ez baitugu ahaztu behar gastu publikoetan laguntzeko konstituzio-betebeharrak eskubide bat daukala ifrentzuan: gizarte osoaren eskubidea, zerga-betebeharrak bete daitezen eta botere publiko guztien jarduera kontrola dadin eskatzekoa, iruzur fiskalaren kontra borrokatzearren. Gardentasun-printzipio orokorra eremu horretarako zehaztea litzateke hori, printzipio horrek jarduera publikoaren oinarri izan behar baitu, eta, oso bereziki, jarduera judizialarena.

Lege organiko honetan egiten den aldaketa bat dator Tributuei buruzko azaroaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra zati batez aldatzeko legean egiten denarekin; azken horrek ogasun publikoari –eta, ondorioz, gizarte osoari– kalte ekonomiko handien eragiten diotenen nortasuna argitaratzeko aukera arautzen du, eta salbuespen garrantzitsuak sartzen ditu bertako 95 bis artikuluan ezarritako tributu-erreserbarako printzipio orokorrari dagokionez. Hain zuzen ere, aipaturiko printzipioei jarraikiz egiten ditu halako salbuespenak. Ondorioz, aldaketa horri lotuta, eta haren osagarri banaezin gisa, orain testu honen bidez sartzen dena taxutzen da, ez baitzen koherentea izango edonolako arrazoiak direla kausa tributu- betebeharrak ordaintzeari utzi diotenen nortasuna argitaratzea, eta, haatik, era horretako delituengatik epai irmoz kondenatutako iruzurgile handiena ezkutuan gelditzea.

Alabaina, tributu-jarduketek eta jarduketa judizialek printzipio ezberdinak dauzkate gidari: lehenengoek, konfidentzialtasun-printzipioa, legez xedatutako salbuespenekin; bigarrenek, judizialek, publikotasun-printzipioa, Botere Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitako salbuespenekin. Hortaz, tributu-eremuan ez bezala, lege organiko bidez arautu behar da epaietan jasotako informaziorako sarbidea.

Nabarmentzekoa da, bestalde, iruzur fiskalarekin lotutako delituak egiteagatik ezarritako kondenek garrantzi handia dutela prozesutik kanpo; izan ere, hainbat arauk ondorioak ezartzen dizkiete kondena horiei (kontratazio publikoan, diru-laguntza eta laguntza publikoetan, edota finantza-erakundeen esku-hartze eta diziplinaren arloan), eta arau horiek, eraginkor izan daitezen, publikotasuna behar dute kondenek, partziala bada ere.

Administrazio- zein zigor-zehapenen publikotasuna babes berezia jasotzen duten hainbat eremutan sartu da gure ordenamendu juridikora. Hala gertatzen da sektore finantzarioan, laneko arriskuak prebenitzearen arloan, eta, berriki, goi-kargudunen zehapenen kasuan; ikusitakoaren arabera, era horretako neurriak eraginkorrak dira bete nahi den helburua lortzeko.

Hori guztia aintzat hartuta, lege honek egoki haztatzen ditu kondenatuak eta prozesuan parte hartzen duten gainerakoek intimitaterako eta euren datuen babeserako dauzkaten eskubideak, gure auzitegien eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziari jarraikiz, irispidea kondenatuaren edo erantzule zibilaren datuetara mugatzen baita, ez gainerako subjektuen datuetara, eta epai irmoei dagokienez soilik.

Lege honek artikulu bakarra du, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena, eta, horrez gain, xedapen iragankor bakarra eta hiru azken xedapen.

Lege organiko honen artikulu bakarrak artikulu berri bat eransten dio Botere Judizialaren Lege Organikoari; hain zuzen ere, 235 ter artikulua, zeinaren lehenengo apartatuak izaera publikoa aitortzen baitio kondena-epai irmoen epaitzetarako irispideari, kontrol fiskalerako bereziki garrantzizko diren alor batzuetan: ogasun publikoaren aurkako delituak, zigortzeko moduko kaudimengabezia-delituak, hartzekoduna altxor publikoa denean, edo, azkenik, kontrabando-delituak. Halakoetan, baimendu egiten du kondenatuaren edo erantzule zibilaren datu pertsonal jakin batzuetarako irispide publikoa.

Bigarren apartatuan garatzen da aurrekoa, eta, ezarri denez, irispide publikoa gauzatzeko modua izango da kondena-epaitzaren laburpen bat argitaratzea, datu hauek bakarrik jasota: prozesua, kondenatua eta erantzule zibila identifikatzea ahalbidetzen dutenak, zer deliturengatik kondenatu duten, zigorra eta ezarritako erantzukizun zibilaren zenbatekoa. Hartara, oso-osorik zaintzen zaizkie datu-babeserako eskubideak prozesuan

parte hartu duten baina kondenak eragiten ez dien pertsonei, eta mugatuta geratzen da publikotasunaren eremua, lortu nahi den helburua betetzeko guztiz ezinbesteko dena baino ez baitu hartuko. Laburpena egitea eta argitara ematea idazkari judizialaren lana izango dira, zeinak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 452. artikuluak eta hurrengo batzuek diotenaren arabera, esklusiboki bereganatu baitu fede publiko judizialaren eginkizuna, bai eta epaien betearazpenaren alorreko garrantzizko funtzioak ere, lege prozesalek ezarritakoaren arabera.

Estatuko Aldizkari Ofizialaren bitartez egingo da argitalpena, eta, datuek, hortaz, berme gehigarritzat izango dute aldizkari horren berariazko araudiaren aplikazioa, eta datu horiek behar ez bezala erabiltzea galaraziko da haien desindexazioari esker.

Beste alde batetik, eraginkortasuna arrazoizko epe batean lortzeko asmoz, xedapen iragankor bat sartu da, bakarra, zeinaren bitartez arau hori aplikatuko baitzaie lege hau indarrean jarri ondoren emandako epaiei. Horrenbestez, atzeraeragin ertaina baliatu da, zilegi baita ikusita neurriak izaera prozesala duela, eta ez zehapenezkoa. Hori guztia, bat etorrita Konstituzio Auzitegiak prozesu penala erregulatzen duten arauen atzeraeraginaren norainokoari buruz emandako doktrinarekin.

Horrela, nahiz eta eztabaidatu duten kondena penalaren publikotasuna zehapenezkoa izan daitekeelakoa, inoiz adierazteraino publikotasunak zigor gehigarria dakarrela, ez zaio halako tratamendurik eman ez legerian ez jurisprudentzian. Neurri prozesal batzuek, jakina, konnotazio negatiboa izan dezakete akusatuarentzat edo kondenatuarentzat; hartara, ahozko judizioaren publikotasuna, batzuetan, zama gehigarri zaio akusatuari, aulki-zigorra esaten zaiona pairatu behar baitu. Zama horrek, baina, ez die ematen berez zehapen-izaerarik akusatua ahozko judizioan nahitaez egon beharra eta ahozko judizioaren publikotasuna bera erregulatzen duten arauei; aitzitik, printzipio eta berme prozesalen aplikazioaren ondoriozko zama prozesaltzat hartzen dira.

Beste kasu batzuetan, Zigor Kodeak ezarri du publizitatea eman behar zaiola delitu jakin batzuen ondoriozko kondenari. Zigor Kodean erregulatuta dauden arren, eragindako kaltearen ordainketaren kontzeptuaren barruan sartu ditu Zigor Kodeak berak kasu horiek, zehapen-izaera ukatuta. Ildo horretatik, aipatzekoa da 216. artikulua, irain- eta kalumnia- delituari buruzkoa. Halakoetan, legegileak kontuan hartu du beste interes batzuk ere tartekatzen direla, hala nola kasu bakoitzean babestutako ondasun juridikoa guztiz erreparatu beharra, eta epaitzaren publikotasuna baimendu du kasu horietarako, zehapenaren zati gisa taxutu gabe, baizik eta ondare-erantzukizunaren parte, halakoa du-eta izaera kasu horietan.

Iruzur fiskalarekin zerikusia duten delituez denaz bezainbatean, badira interes publikoko arrazoi batzuk, bultzatu nahi den erreforma oinarritzen dutenak, gorago ere adierazita dagoenez. Lortu nahi den helburua da alor jakin horretan indartzea printzipio

batzuk, hala nola publikotasun judiziala, gardentasuna eta jarduera publikoen eraginkortasuna ─lehenago ere aipatuak─: Konstituzioak aintzatetsi dituenez eta interes

orokorrak gauzatzearen berme direnez, gailendu egin behar zaizkie, kasu honetan, intimitaterako edo datuen babeserako eskubide indibidualei. Ez dezagun ahaztu iruzur fiskalaren alorrean babestutako ondasun juridikoa berez dela ondasun publiko: horrek indartu egiten du alor jakin horretan egindako delituen eragin berebat publikoa, beste alor batzuetan egindakoekin konparatuta. Nolanahi ere den, proposatutako lege-erreformak barnean hartzen ditu neurriaren proportzionalitate edo heinekotasun egokia bermatzeko behar diren elementuak, eta behar bezalako koherentzia ematen dio tributu-datuen publikotasunaren eredu berriari, Tributuei buruzko azaroaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95 bis artikuluak aurreikusia, zeinaren izaera inolaz ere ezin baita zehapenekotzat jo.

Hona zer adierazi duen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 167/2015 txostenean: «(...) proiektatutako araudiak interes orokor bati erantzuten diola esan daiteke, haren bidez eraginkortasun administratibo nahiz judizialarekin eta ahalik eta gardentasun handienarekin lotutako helburu batzuk bete nahi baitira; izan ere, ez da zigor-kondena guztietara proiektatzen, iruzur fiskalari buruzkoetara baizik, bai eta ondasunak ostentzearen, zigortzeko moduko kaudimengabeziaren eta kontrabandoaren delituen ondoriozko kondenetara ere,

kaltetutako subjektua ogasun publikoa denean; hau da, EKren 31.1 artikuluan aurreikusitako konstituzio-betebeharra betetzean eragin argi eta agerikoa duten delituetara».

Tributu-araudian aurreikusitako egoeren tratamendu uniformea lortzearren, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako gomendioei jarraikiz, salbuespen bat eransten da irispidearen publikotasunari dagokionez; hain zuzen ere, ogasun publikoari kontzeptu guztiengatik eragindako galeraren zenbateko osoa epaia irmo bihurtu aurretik ordaindu den kasuetarako.

Azken xedapenetatik lehenengoaren bitartez adierazten da lege arruntaren izaera izango duela Kontrabandoaren Errepresioari buruzko abenduaren 12ko 12/1995 Lege Organikoan sartzen den laugarren xedapen gehigarri berriak, zeinaren bidez prozedura- arauak ezartzen diren, honako eremu hauetan: aduana- eta tributu-zorra likidatzea, kautelazko neurriak hartzea eta ondarea ikertzea.

Amaitzeko, xedapen indargabetzaile bat jasotzen da. Gainerako azken xedapenak, berriz, lege organiko hau emateko oinarri den eskumen-tituluari eta indarrean jartzeari buruzkoak dira, hurrenez hurren.

Artikulu bakarra. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari 235 ter artikulua gehitzen zaio. Hona nola geratzen den idatzita:

«1. Publikoa da kondena-epai irmoen epaitzetan jasotako datu pertsonaletarako irispidea, artikulu hauek aurreikusitako delituak direla eta eman direnean epai horiek:

a)Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren 305.,

305bis eta 306. artikuluak.

b)Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren 257. eta

258.artikuluak, iruzurra egin zaion hartzekoduna Ogasun publikoa denean.

c)Kontrabandoaren Errepresioari buruzko abenduaren 12ko 12/1995 Lege Organikoaren 2. artikulua, baldin eta galera badago Estatuaren edo Europar Batasunaren ogasun publikoarentzat.

2.Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, idazkari judizialak ziurtagiri bat egingo du, eta datu hauek jasoko ditu bertan:

a)Prozesu judiziala identifikatzea ahalbidetzen dutenak.

b)Kondenatuaren eta, hala badagokio, erantzule zibilaren izen-abizenak edo izen soziala.

c)Zer deliturengatik kondenatu duten.

d)Ezarritako zigorrak.

e)Ogasun publikoari kontzeptu guztiengatik eragin zaion galeraren zenbatekoa, epaian ezarritakoaren arabera.

Idazkari judizialak, antolaketa-eginbidez, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea aginduko du.

3.Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatzekoa izango, baldin eta kondenatuak edo, hala badagokio, erantzule zibilak, epaiaren irmotasunaren aurretik ordaindu edo kontsignatu badu, organo judizial eskudunaren gordailu eta kontsignazioen kontuan, ogasun publikoari kontzeptu guztiengatik eragindako galerari dagokion zenbateko osoa.»

Xedapen iragankor bakarra. Araubide iragankorra.

Lege organiko honetan xedatutakoa berau indarrean jarri ondoren emandako epaiei aplikatuko zaie.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Lege organiko hau indarrean jartzean, indargabeturik geratzen dira bertan ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Kontrabandoaren Errepresioari buruzko abenduaren 12ko 12/1995 Lege Organikoaren aldaketa.

Aldatu egiten da Kontrabandoaren Errepresioari buruzko abenduaren 12ko 12/1995 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bigarrena, eta honela gelditzen da idatzita:

«Azken xedapenetatik bigarrena. Legearen izaera.

Lege honen I. tituluko 4. artikuluak, II. tituluan jasotako manuek, bai eta lehenengo xedapen gehigarriaren 2 eta 3 apartatuek, laugarren xedapen gehigarriak, xedapen iragankor bakarraren 2 apartatuak eta azken xedapenetatik lehenengoaren 2 apartatuak ere lege arruntaren izaera daukate.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege organiko honek eskumen hau du babes: Estatuari prozesu-legegintzaren arloan dagokiona, Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren arabera.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko irailaren 10ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra