Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilarena

2000-01-07

Itzulpena nork: Aiora Aristondo, Aiora; Atxabal Rada, Alberto; Otadui, Ana; Libano, Arantza; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther; Arrieta Idiakez, Francisco Javier

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2000/1/8, 7. zk.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilarena

«EAO», 7. zk., 2000. urteko urtarrilaren 8koa; akatsak zuzentzea, «EAO», 90. zk., 2000. urteko apirilaren 14koa, eta 180. zk., 2001. urteko uztailaren 28koa.

ZIOEN AZALPENA

I Konstituzioaren 24. artikuluko lehen paragrafoak jasotzen du herritar guztiek babes judizial eragingarria izateko eskubidea dutela. Hori bat dator justizia zibil berria izateko gizarteak dituen gogo eta premiekin; justizia horren ezaugarri nagusia izan behar da, hain zuzen ere, eragingarritasuna.

Justizia zibila eragingarri izateak esan nahi du, hori justiziaren barne kontzeptuari berezko zaion heinean, prozesuko berme guztiak ziurtatzea.

Eragingarri izateak berarekin dakar, orobat, erantzun judiziala azkarrago ematea, babes-eskakizunetatik hurbilago egotea denboraren aldetik eta gauzak errealitate bihurtzeko gaitasun handiagoa izatea.

Hortaz, justizia zibila eragingarri izateak adierazi nahi du kasu zehatzetan alde juridikoak behin betiko zehazteko behar den denbora murriztea eta xede hori duten tresnen multzoa eskura izatea. Bestera esanda, epaiak prozesua hasi zenetik ahalik arinen eman behar dira; kautela-neurriak eskuragarriagoak eta eragingarriagoak izan behar dira; nahitaezko betearazpenak karga gutxiago ekarri behar dizkio hori eragiten duenari; eta, eskubide eta interes legitimoak benetan asetzeko, aukera gehiago izan behar dira.

Kreditu zibil nahiz merkataritzakoaren izaerak eta prozesu zibiletan ebatzi beharreko egoera pertsonalek zein familia-egoerek ez dute ahalbidetzen konponbide eragingarria lortu arte hainbat eta hainbat urte igarotzea; izan ere, urte luze horietan, aldaketa anitz gerta daitezke auzitegi zibiletara jo duten gizabanako horien bizimoduan.

Babes judizial zibilaren eragingarritasunak ekarri behar du justiziapekoak justizia hurbilago izatea. Eragingarritasun hori, ordea, ez da justiziaren irudia hobetzea, horrek eskuragarri-itxura izan dezan, baizik eta jurisdikzioaren lana prozesuaren ikuspuntutik egituratzea. Bada, auzitegiak hobeto jarraitu behar du auzi bakoitza, eta gehiago arduratu behar da, hala auzi horren hasierako planteamenduaz, kasuan kasuko eragozpenak eta prozesuko baldintzarik eza gainditzeko —ez baitago gauza eragingabeagorik prozesua auzialdiko absoluzio- epaiarekin bukatzea baino—, nola benetan eztabaidagarria dena zehazteaz. Gainera, froga gauzatu eta baloratzean, aintzat hartu behar ditu ahozkotasuna, publizitatea eta hurrekotasuna.

Laburbilduz, prozesua errealitatearekin bat etorriz gero, desagertu egingo da izapide gehiegi eta luzeek eragin ohi duten justizia-irudia; izan ere, izapideotan zaila da epaitegien, auzitegien eta horiek osatzen dituztenen interesa eta ahalegina atzematea.

Amaitzeko, justizia zibila eragingarri izateak esan nahi du epai hobeak ematea. Epaiok etorkizunerako oinarri sendoak eratuko dituzte, Espainiako zuzenbide-iturrien sistemaren barruan. Era berean, epaiok lagungarri izango dira, bihar-etzi auziak saihesteko eta legearen araberako berdintasuna indartzeko, betiere epaitzeko askatasunari, eta jurisprudentziaren bilakaerari eta aldaketari kalterik egin gabe.

Prozedura zibilari buruzko lege berriak aintzat eta helburutzat hartu du, oso-osorik, justiziapekoen interesa, alegia, subjektu juridiko guztien interesa, eta, ondorenez, gizarte osoarena.

Lege honek ez ditu bazter utzi justizia zibilean protagonista diren profesionalen esperientzia, ikuspuntuak eta proposamenak. Alabaina, lege honek kontuan hartu ditu, gehienbat, beren eskubide eta interes legitimoentzat jurisdikzio-babes eragingarria eskatu dutenak edo eska dezaketenak.

II Aipatu helburuetara bideratuta daude prozedura zibilari buruzko lege berriaren xedapen guztiak. Horregatik, legea bat dator mundu osoan zentzuzkoagotzat hartu diren joera eraldatzaileekin eta errealitatean arrakastarik handiena izan duten esperientziekin. Esperientzia horietan, babes judiziala behar den beste bakarrik atzeratzen da. Izan ere, nolabaiteko atzerapena beharrezkoa da beti, prozesuko aurkakotasuna bermaturik gera dadin, eta epaia prestatzeko nahitaezkoak diren jarduerak gauza daitezen.

Dagoeneko, munduan ez dira onartzen, justizia zibila berriztatzeko panazea gisa hartu eta osagai gutxi batzuetan oinarritzen diren eredu sinpleegiak, horiek funts juridiko ahulak baitituzte eta errealitatean huts egin baitute. Esate baterako, egun sumatu da ez dela aldaketa positiboa prozesuko egintzak besterik gabe bateratzea eta bateratze hori edozein motatako kasuei aplikatzea.

Era berean, ez da gomendagarria, ezta eragingarria ere, justizia zibileko protagonisten zereginak funtsean eraldatzea.

Bestalde, ezagunak dira beste eredu juridiko batzuetatik prozesuko erakunde zenbait ekarri eta horietan oinarritu diren eraldaketa mimetikoen emaitza kaskarrak.

Mimetismo hori arrazoitzeko, ez da nahikoa auzitegien edo prozesuko tresnen izendapenak berdinak edo antzekoak izatea.

Are zentzugabeagoa da, bertako justiziaren ordez, beste herrialde edo eremu geografiko eta kultural batzuetako justizia besterik gabe onartzeko joera, gehienetan hori konturatu gabe egiten dela.

Egia esan, horrelako ordezpenak ezinezkoak dira, baina joera horrek duen eragin hutsa oso kaltegarria da legeak eraldatzeko: arazo berriak eta astunagoak sortzen dira, eta proposatu edo lortutako hobekuntzak, nabaritzeko modukoak bederen, oso urriak dira.

Beste herrialdeetako erakundeak eta esperientziak barneratzea positiboa izan dadin, ezinbestekoa da batzuk eta besteak ondo ezagutu eta ulertzea. Horretarako, erabat ezagutu eta ulertu behar da erakundeok eta esperientziok jaso dituen eredua edo sistema osoa, beraren printzipio eratzaileak, sustrai historikoak eta jardunbidearen baldintzak, giza baldintzak, egiazko abantailak eta desabantailak barne.

Aldaketa hori gauzatzeko, Prozedura Zibilaren Legea ez da egin euren artean loturarik ez duten zati bakartuak inportatuz eta ezarriz, metodo horrek koherentziarik gabeko eredu edo sistema dakarrelako, aurkako edo kontraesaneko ereduak modu kaltegarrian nahasiz.

Legeak, egungo errealitatetik abiatuta, berme guztiak dituen justizia zibil berria eratu du, aipatu funtsezko berrikuntzak eta aldaketak ezarriz. Horretarako, legeak ez ditu erabili hitz eta manu bakartuak, ezpada erabat antolatutako arauketa koherenteak. Horren guztiaren xedea da, argi dagoenez, jurisdikzio zibilari dagokion babesa eragingarritasunez gauzatzea.

Prozesuko lege zibil eta erkidea egitean, ezin da alde batera utzi epai eta ebazpenen egokitasuna. Ezin zaio eraldaketari ekin, soil-soilik, auziak ahalik azkarren ebazteaz arduratuko den murrizketa kuantitatibo eta estatistikoarekin, horixe baita, hain zuzen ere, bazterrarazi behar dena.

Benetan eragingarria den babes judizial azkarra lortu behar da, eta hori lor daiteke, bermeei kalterik egin gabe. Horregatik, zorrotz jokatuz, legeak izapide eta errekurtsoak gutxitu ditu. Baina, jada esan bezala, legeak aintzat hartu du alderdien arteko gatazkaren agerpen logiko eta bidezkotu gisa uler daitekeena, bai eta epaia emateko prozesu-uneak behar den moduko prestakuntza izatea ere.

III Historia eta kulturaren ikuspuntutik, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen balioa ikaragarria da.

Alabaina, errealitatearen esangura jasotzen duen ikuspuntu hori dela bide, kontuan izan behar da, aurrenik, dagoeneko agortutzat jo dela zatikako eraldaketen metodoa, jurisdikzio-ordena zibilak eman beharreko justizia hobetzeko; eta, hurrenik, lege berria behar dela aurreko lerrokadetan aipatu planteamenduak modu zeharo berritzailean bildu eta egituratzeko.

Egin-eginean ere, mende batetik gorako esperientzia juridikoa aprobetxatu behar da; baina prozesu zibilari buruzko kode berria ere beharrezkoa da, lege zaharraren katramila izugarriek, bata bestearen atzetik egindako ukituek eta xedapen bitxiek sortutako egoera gainditzeko.

Lege berria behar da, batez ere, joan den mendeko legearen arabera konponezin edo konpongaitz ziren arazo askori aurre egin eta erantzuteko.

Baina, batez ere, prozedura zibilari buruz lege berria behar da, horrek egiazkotasunez adierazi eta gauzatu behar baitu babes judizial eragingarriaren konpromisoak dakarren pentsaera-aldaketa nabaria. Horretarako, legeak errespetatu behar ditu Espainiaren kultura-eremu bereko beste herrialde batzuen prozesu-lege zibiletan jasotako balio iraunkorreko printzipio, erregela eta irizpideak. Ordena zibilaz besteko jurisdikzio-ordenetan adierazi eta gauzatu behar da, berebat, aipatu pentsaera-aldaketa nabaria, lege berria izango baita prozesuko lege ordezko eta erkidea.

Gizarte-eraldaketek prozesuaren erabateko berrikuntza aldarrikatu dute, bai eta ahalbidetu ere; berrikuntza horrek zatikako eraldaketa baten edo batzuen edukia gaindituko du.

Urte askotan, esparru juridiko-material berrien jurisdikzio- babesak eragin du lege sustantibo modernoetan prozesuko erregela bereziak sortzea, nahiz eta hori beti justifikatuta egon ez.

Halere, gizarteak eta zuzenbideko profesionalek izaera orokorreko aldaketak eta sinplifikazioak erreklamatzen dituzte. Nolanahi den ere, aldaketa nahiz sinplifikazio horiek gauzatu behar dira, errealitateari bizkarra eman gabe, errealitate hori, antzina baino korapilatsuagoa baita. Aipatu aldaketa eta sinplifikazioek egoera katramilatsuari aurre egiteko bideak sortu behar dituzte.

Azken hamarkadetan prozedura zibilari buruzko lege berriaren inguruan egindako lan ofizialek eta gizabanakoen lan ugariek agerian jarri dute berrikuntza beharrezkoa dela.

Estatuaren onura gizarteari zor zaion zerbitzu eskuzabalaren adierazle garbia izanik, lege honek ez ditu bazter utzi lan horiek.

Haatik, Prozedura Zibilaren Legea egiteko balio eta interes handiko osagaiak dira, eta, horregatik, xehexehe aintzat hartu dira 1881eko Legearen hainbat manu, egoki oso direlako, lege horrek eratorritako jurisprudentzia nahiz doktrina oparoa, eta organo eta erakunde desberdinek nahiz profesional eta aditu ospetsuek egindako txosten eta iradokizunak.

Orobat, zehatzmehatz eta probetxu osoz aztertu dira, hala Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren nahitaezko txostena, nola Estatu Kontseiluari eskatutakoa.

Beraz, esan behar da lege hau egiteko guztiz zabal eta bizia izan dela erakundeen eta pertsona adituen parte-hartzea; horixe zen, izan ere, nahia, eta komenigarria ere bada, egun legearen ezaugarri bihurtu den hori.

IV Lege honetan berdin-berdin saihestu dira atzerriko prozesu-lege batzuen ezaugarri diren larregikeria eta eskema hutsak. Ezaugarriok ez datoz bat gure tradizioarekin, ezta mota honetako kodeen jasotzaileek nahiago duten prozedura- arauketa zehatzarekin ere. Areago, jasotzaileek nahiago dute halako arauketa, kodea egokitasunez eta segurtasunez aplika dadin.

Hortaz, arauketan gehiegi luzatu gabe, lege honek 1881eko Legeak jaso ez edo gainetik jaso zituen auzi eta gai ugari jorratu ditu. Gainera, egoera oro jaso nahiak eraginda, gehiegi zehazteak arazo gehiago dakar, konpondutakoen aldean.

Egia esan, hutsune horiek betetzean, legearen edukia gehitu egin da, baina horrek ez du adierazi nahi luzatu eta zaildu denik, ezpada hori osatu egin dela.

Legegilearen zeregina eta erantzukizuna da, argi eta garbi, aspaldiko esperientziak nabarmendu dituen egiazko arazoei aurre egitea. Kontrakoa, itxurazko erraztasun baten aitzakiarekin jokatzea izango litzateke.

Legean jorratutako gai berrien bidez, erantzuna eman nahi zaie garrantzi juridikoa izan eta mende batetik gora jurisprudentziak eta doktrinak lege-oinarri zehatzik gabe argitu behar izan dituzten zalantzei.

Guztiz onartezin ematen du, konponbide arau-emaileei dagokienez, legegintza errazaren itxura egitea, arauketa orotatik ihesi, begiak itxi eta errealitate katramilatsua ukatuz.

Prozedura benetan errazteko, errepikapenak ezabatu, arauketa gabeziak konpondu eta beste modu batera antolatu dira prozesu adierazleak, errekurtsoak, nahitaezko betearazpena eta kautela-neurriak. Antolaketa berriak xede ditu argitasuna, erraztasuna eta osotasuna, kontuan hartzen baititu auzitegien, justiziapekoen eta justizia zibilari laguntza eman behar diotenen auziak, eskubideak, ahalmenak, eginbeharrak eta zamak.

Bestalde, legea ahalegindu da, teknika juridikoaren nahitaezko aginduetara moldatu beharra gorabehera, edozein herritarrek ulertzeko moduko hizkera erabiltzen. Ildo horretatik, ezabatu egin dira esapide zaharkituak edo ulergaitzak, alegia, teknika juridikoaren nahitaezko aginduei baino, auzitegien usadioei lotzen zitzaizkienak.

Doktrinarismo-itxura ere saihestu da. Hori dela eta, desegoki baino, bultzatzeko ikusten du legeak errealitate bera adierazteko esapide desberdinak erabiltzea, fenomeno hori hizkera arruntean nahiz juridikoan barneratu denean.

Esate baterako, 1881eko Legeak, eta geroagoko jurisprudentziak eta doktrinak, inongo arazorik gabe, mende batez baino gehiagoz egin zuten bezala, lege honek eutsi egin dio «epaiketa» eta «prozesu» terminoak sinonimo gisa erabiltzeari; eta, batzuetan, «uzia» edo «uziak» hitzak darabiltza, eta, beste batzuetan, «akzioa» edo «akzioak».

Barne-igorpenak ahalik eta gehien gutxitu dira, eta, batez ere, zein manutara igorri eta horren inguruan ezer esaten ez dutenak. Artikuluak zenbakidun paragrafoetan zatitzeko joerari heldu zaio, hala behar denean, eta ahalegina egin da paragrafook berez esanahia izan dezaten, elkarren arteko lotura duten lerrokadekin gertatu aldera.

Gehiegi zehazteko arriskuan jarri gabe, jurisdikzio-organoa aipatzeko «auzitegi » terminoa, hots, organoaren izaera zehazten ez duen terminoa aukeratu da, organoa kide bakarrekoa ala anitzekoa den aintzakotzat hartu gabe.

Aukera horrekin, «epaitegiak eta auzitegiak» esapidea artikulu askotan behin eta berriz errepikatzea saihesteaz gain, kontuan hartu da, legeria organikoak ezarritakoari helduz, kide anitzeko auzitegiek eskumena izan dezaketela prozesu zibil batzuetako lehen auzialdian.

V Legearen eduki orokorrari dagokionez, bazter utzi da borondatezko jurisdikzioari buruzko alorra. Badirudi, beste herrialde batzuetan bezala, hobe dela beste lege batek gai hori arautzea. Lege horretara bildu behar dira, halaber, egun nahitaezkoa ez den adiskidetzeari buruzko xedapenak eta gatazka judizialik gabeko jaraunsle-adierazpenari buruzkoak.

Era berean, lege hau bat dator konkurtso-zuzenbidea lege berezi batek arautu behar duelako irizpidearekin.

Hala eta guztiz ere, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legeak horren inguruan ezarritako xedapenak indarrean egongo dira, aipatu lege berezia onetsi eta indarrean jarri arte.

Aurreko ekimenei eutsiz, Prozedura Zibilari buruzko Legearen helburua da prozesuko lege erkidea izatea. Ondorenez, asmoa da Botere Judizialari buruz indarrean dagoen 1985eko Lege Organikoaren edukia mugatzea beraren izendapenak barruratzen duenera, eta lege hori Konstituzioaren 122. artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoari egokitzea.

Egin-eginean ere, ezin da ulertu, eta Konstituzioaz geroko legegileak, jurisprudentziak eta doktrinak ere ez dute sekula ulertu, manu horrek aipatu epaitegien eta auzitegien «jardunbidera » bildu direnik prozesuko arauak; Konstituzioaren beste manu batzuetan, alderantziz, esanbidez aipatu dira prozesuko arauak.

Bada, ez dago inolako eragozpenik Botere Judizialaren Lege Organikoa prozesuko arauetatik askatzeko. Asko dira, gainera, horren aldeko arrazoiak. Botere Judizialaren Lege Organikoak prozesuari buruz jasotako arau ugari egokiak dira; baina arauok ez dira behar bezala kokatu, eta duda-muda anitz sorrarazi dituzte, horiekin batera prozedura-legeek ezarritako arauak baitaude.

Zentzuzkoa denez, lege honek eutsi egin die 1985eko prozesu-arauketaren alde positiboei.

Nabarmentzekoa da lege honetan abstentzio- eta ezespen-erakundeak prozeduraren ikuspuntu hertsitik arautzeko erabakia.

Gai honek alde desberdin asko ditu, eta prozedura-legeek halaxe jaso zuten. Gerogarrenean, alabaina, Botere Judizialari buruzko 1985eko Legeak gai hori arautu zuen, abstentzio- eta ezespen-arrazoi berriak zerrendatuz.

Dena den, arazoak sortu ziren, prozesuko legeek gai horren inguruko xedapenei modu formalean eutsi zietelako; bestetik ere, 1985eko arauketa hobe zitekeen, eta horixe da, hain justu ere, abenduaren 4ko 5/1997 Lege Organikoak egin zuena.

Prozedura Zibilaren Legeak hobekuntza hori buru dezake, ondoko ezespen- mota hauek bereiziz: ausartegiak, prozesua luzatzeko asmoa dutenak edo ezestutako epaile nahiz magistratua berehala ordezteko egindakoak.

Esangura horretan, epez kanpoko ezespena zehatzago arautu da, izapidetza ez onartzeko arrazoi gisa, eta hasierako izapideak arindu eta erraztu egin dira, prozedura ahalik gutxien alda dadin.

Amaitzeko, munta handiko isuna ezarriko zaie ezespenei, gaitzustez eginak izan direla zehazten badu kasuan kasuko ebazpenak.

VI Prozedura zibilaren lege berriak oraindik ere oinarri du erregu-printzipioa edo printzipio esku-emailea. Printzipio horretatik zentzuzko ondorio guztiak atera daitezke: prozesu zibilen xedea, askotan, subjektu juridiko batzuen eskubide eta interes legitimoak babestea da, subjektuoi prozesuko ekimena eta prozesuko objektua prestatzea dagokielarik; eta, gainera, subjektu horiei eratxikitako prozesu-zamek eta subjektuok eskatutako babes judiziala lortzeko duten arreta logikoak zentzuz prestatu ahal eta behar dute jurisdikzio-organoaren lana, guztion onurarako.

Oro har, prozesu zibilak, eskubide eta interes legitimoak kontuan izanda erreparatu egiten dio, babes judiziala behar duela uste duenaren ekimenari.

Aipatu prozesu-printzipioaren ariora, ez da zentzuzkoa jurisdikzio-organoak ikertu eta egiaztatu behar izatea kasuankasuan alegatutako egitateen egiazkotasuna, kasu zehatz horrek zuzenbidearen araberako babes-erantzuna behar duelako ustetan.

Ildo bertsutik, auzitegiari ez zaio ezarri babes-mota orotatik kasu zehatzari zein dagokion erabakitzeko eginbeharra eta erantzukizuna.

Babesa behar duela uste duenari dagokio horixe eskatzea, bai eta hori xehetasun nahikoarekin zehaztea, egitateak alegatu eta frogatzea, eta eskatutako babesaren uziari dagozkion oinarri juridikoak azaltzea ere.

Hain zuzen, zama horiei guztiei defentsarik eza barik eta behar besteko bermeekin aurre egiteko, alderdiei abokatuaren laguntza izatea ezarri zaie, erraztasun handiko kasuetan izan ezik.

Prozesuaren funtsezko oinarri horrek, ordea, ez du eragotzi —nahitaez bete beharreko interes publikoa nagusi  den kasuetan izan ezik— lege honek agindutakoa, hau da, auzitegiak dakien zuzenbidea aplikatzea, eskatzeko arrazoiaren ikuspegi juridikoak zehaztutako mugen arabera.

Printzipio horrek ez du eragotzi, orobat, legeak auzitegien ahalmen hertsatzaileak nabarmenki indartzea, haien ebazpenak bete daitezen edo babes eragingarriaren aurkako prozesu- jokabidean zeha daitezen.

Aitzitik, legearen xedapenak bat datoz alderdiei eratxikitako eginkizunarekin. Eginkizun horren arabera, alderdiek euren gain hartu behar dituzte, eta benaz hartu ere, prozesuari datxezkion zamak eta erantzukizunak, prozesuko gainerako subjektuei eta Justizia Administrazioaren funtzionamenduari galerak sorrarazi gabe.

VII Xedapen orokorren esparruan, legeak berrikuntza ugari egin ditu, helburu nagusiak hiru direla: aurrena, egundaino legezko arauketarik izan ez duten gai eta arazo asko arautzea, osotasun eta zentzu handiagoarekin; hurrena, ahalegina egitea prozesuko jarduna hobeto gauza dadin; eta, azkena, epaian berme egokiak indartzea.

Legeak behar besteko garrantzia eman die gai zehatz batzuen inguruko xedapen orokor guztiei, xedapenok prozesuko fase desberdinetan aplikatzeko moduko erregelak era ditzaten, arau eta araudi osoak errepikatu beharrik gabe. Gaion artean daude, hala nola, jurisdikzioa eta eskumena, prozesuko subjektuak, euren egintzak eta eginbideak, ebazpen judizialak eta errekurtsoak.

Alderdiei dagokienez, legeak manu berriak sartu ditu; manuok osotasun handiagoarekin, eta antolaketa eta argitasun hobearekin arautu dute alderdien arazoa. Prozesuaren ondoreetarako, gainditu egin da pertsona fisikoen eta juridikoen arteko bikoiztasuna, eta hobetu egin dira beste alde batzuk, berbarako, prozesuko oinordetza, auzikidetzara gehitutako parte-hartzea eta eragindako parte-hartzea.

Orobat, zehaztasun handiagoarekin ezarri dira auzilarien zeregina eta erantzukizuna, esanbidez eta batera arautu baitira xedapen-egintzak (uko-egitea, amore-ematea, atzera-egitea eta transakzioa), bai eta, tokirik egokienean, alegazioaren eta frogaren zama ere.

Gai horien gaineko arauek jurisprudentziaren eta zientzia juridikoaren lorpen baketsua erakusten dute; arauok, halaber, guztiz garrantzitsuak dira, prozesua epai zuzenarekin buka dadin.

Hariari segiz, alderdien prozesu-aitorpen eta tratamendua gainditu arren, nabarmentzeko modukoa da legeak nola heldu dion errealitateari, taldeen interes juridikoak babestean. Zinez, interesok prozesura eraman ditzakete zuzenean kalteak jaso eta bere banakako babesa nahi dutenek eta ukitutako taldeek ere bai; eta, aurrekook ez ezik, interesok defendatzeko eratu eta legezko gaikuntza duten pertsona juridikoek ere.

Legeak kontsumitzaile eta erabiltzaileen inguruko aipamenarekin agertu du taldeen interes juridikoak babesteko errealitate hori. Alabaina, errealitate hori beste gai baten mende dago, hain zuzen ere, gai eztabaidagarri eta zail baten inguruan arau sustantiboek ezarri dutenaren edo etorkizunean ere ezar dezaketenaren mende. Gai hori da, izatez, kolektibitate diren heinean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesei aipatu erakundeen bidez eratxiki beharreko babes zehatza.

Babes hori emateko, gainera, ez da beharrezkotzat jo prozesu edo prozedura berezirik; bai, ordea, toki egokietan kokatutako arauketa berezia.

Batetik, arazorik gabe ahalbidetu da pertsona juridikoek eta taldeek prozesuan jardutea, prozesuko nortasun, gaitasun eta ordezkaritzari dagokionez.

Bestetik, erakundeon legimitazio berezia finkatzen duen araua ezarri ondoren, legeak toki egokietan jaso ditu hurrengo gai hauen inguruko arauak: demandatzaile izan gabe, prozesuan parte hartzeko interesa izan dezaketen horiei deitzeari buruzkoak; akzioak eta prozesuak pilatzeari buruzkoak; eta epaiari eta epaiaren nahitaezko betearazpenari buruzkoak.

Orokorrean prozesuan parte hartzeko ezarritako aukera zabalak ahalbidetu du demandak hasieran nahitaez pilatu behar ez izatea, pilatze horrek prozesua atzeratzea baitakar. Sarri askotan, gainera, atzerapen horrek eragotzi egingo luke lortu nahi den babesaren eragingarritasuna.

Epaien eragingarritasun subjektiboari helduz, eta babes-mota desberdinak daudenez gero, desegokitzat jo da arau oro hartzailea ezartzea.

Hortaz, auzitegiak epaiari dagokion babesa agindu behar duela ezarri da, betiere epai horren edukiaren arabera, eta kasuan kasuko eskubideak eta interesak indarreko zein arau sustantibok babestu eta horrek emandako babesarekin bat etorriz.

Era horretan, legeak ez ditu prozesuko tresnak modu hertsian arautu, kontsumitzaile eta erabiltzaileek horien hartzaile bakarrak bailiran. Aitzitik, babes horri buruz lege sustantiboetan egin daitezkeen aldaketen mende geratu da legea.

Amaitzeko, prozesuotan erabaki da aurretiazko kauziorik ez agintzea eta kostuetarako kondena bereziki ez arautzea.

Laguntza juridikoaren doakotasunari dagokionez, Prozedura Zibilaren Legea ez da arau egokia, doakotasun hori zein erakunderi dagokion eta zein kasutan behar den erabakitzeko.

Prokuradorearen nahitaezko ordezkaritza eta abokatuaren aginduzko laguntza arautzean, legeak ez du oinarrizko aldaketarik egin, aurreko xedapenei begira.

Txosten askoren ondorio den esperientziak bermatzen du erabaki horren egokitasuna.

Hala ere, legeak ez ditu erantzunik gabe utzi arrazionalizazio- eskakizunak: ahalordea askiesteko betekizuna ezabatu da, aspalditik zentzurik ez zuelako, eta erabat bateratu da prokuradorearen ordezkaritza eta abokatuaren laguntza nahitaezko izan behar duten esparru materiala.

Prozesuko sistema berrian ugaritu egin dira prokuradoretzaren eta abokatutzaren erantzukizunak, eta, ondorenez, nabarmendu egin da euron eginkizunak justifikatzea.

Jurisdikzioari eta eskumenari dagokienez, eta prozesuko baldintza horiek kontrolatzeko, alderdiek hala eskatuta, deklinatoria da legeak arautu duen tresna bakarra. Halaber, legeak ezarri du tresna hori demandari erantzun aurretik erabili behar dela.

Horrela, amaitu egin dira, batetik, «nazioarteko eskumen (edo eskugabezia) » deritzonari zegozkion lege-hutsuneak, eta, bestetik, deklinatoria, inhibitoria eta salbuespena maiz nahasten zituen arauketa, antolaketarik eta loturarik gabekoa zena. Nahasketa horren ondorio zen, sarri-sarri, alegazio- eta froga-aurkakotasun eta guzti prozesua gauzatu ostean, auzialdiko absoluzio- -epaia ematea, jurisdikzio edo eskumenik ezarengatik.

Lege honen arabera, gauzen izaerarekin bat dator alderdi pasiboak prozesuko baldintzak aurretiaz adierazi behar izatea, auzitegiak baldintzok bere arioz kontrolatu behar izateari kalterik egin gabe. Bada, alderdi pasiboaren aurretiazko adierazpena aintzat hartuta, auzitegiak berari dagozkion prozesu-baldintzak ez baditu betetzen, prozesuak ez du aurrera egingo, edo, beste kasu batzuetan, prozesuak auzitegi eskudunean jarraituko du.

Inhibitoria, izatez, demandatuaren aurkaratze-ahalmena errazteko prozesu-erakundea da. Erakunde hori ezabatzeko arrazoien artean, kontuan izan behar da komenigarria zela lurralde--eskumenaren prozesu-tratamendua erraztea; izan ere, deklinatoria-inhibitoria bikoiztasunak alferrik zailtzen zuen tratamendu hori, eta askotan galera handiekin gainera. Halaber, ez da ahaztu behar hogeita batgarren mendean askoz ere errazagoa dela demandatuarentzat auziaren gaineko ardura duen auzitegira jotzea.

Edonola ere, eta demandatuari eragozpen larririk ez sortzeko, legeak ahalbidetu du deklinatoria demandatuaren beraren egoitzako auzitegian aurkeztea, hori auziaren gaineko ardura duen auzitegira berehala igorriz.

Jurisdikzioari, eta, hein handi batean, eskumen objektiboari helduz, lege hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren manuen mende dago. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren manuok, aldiz igorpena egiten dute, prozesuko legeetara, auzitegia aurretiaz legez zehazteko beste tresna batzuei dagokienez. Tresnon artean daude, esaterako, eskumen funtzionala, gai batzuetan, eta, bereziki, lurralde-eskumena.

Ondore horietarako, arau egokiak ezarri dira.

Legeak eutsi egin die lurralde-eskumena eratxikitzeko irizpide orokorrei, gaiaren araberako foru bereziak alferrik ugaritu barik, eta erregela horiek guztiak nahitaez aplikatu beharreko xedapen bihurtu gabe.

Horregatik, oraindik kasu askotan ahalbidetzen da alderdiak auzitegiaren eskumenpean jartzea, baina hobetu egin da demandatzailea eta demandatua auzitegiaren eskumenpean isilbidez jartzeko araubidea. Esangura horretan, demanda jarri, hori onartu eta demandatua epatu baino lehen, beren beregi ezarri da atariko eginbideak gauzatzea, edo kautela- -neurriak eskatu, eta, hala denean, horiek erabakitzea.

Legeak, foru orokor gisa, arauketa errealista eta malgua ezarri du egoitzari buruz, eta arauketa horren bitartez aurre egin nahi die esperientziak nabarmendutako beharrizanei; are gehiago, legea ahalegindu da bi alderdien interes legitimoen arteko orekari eusten.

Jurisdikzioari buruzko arauketa organikoak ezarritakoa oinarri hartuta, eta horrek jasotakoa zeharo errespetatuz, lege honek auziak banatzeko funtsezko diziplina eratu du. Zentzuzkoa denez, oinarrizko diziplina horrek kontuan izan ditu prozesuko aldeak, bai eta alderdien bermeak ere. Aldi berean, justizia zibilaren errealitatea eta irudia hobetzen ahalegindu da.

Hori dela eta, legean ez dago arauketa bikoiztasunik, eta ez da gainditu legegintzaren esparru zehatza.

Gauza bat da banaketa- arauak ezarri eta aplikatzea gobernu- eginkizun gisa hartzea, ez, ordea, jurisdikzioaren eginkizun legez; eta beste gauza bat, guztiz desberdina, eginkizun hori betetzeak prozesuan edo jurisdikzioan inolako garrantzirik ez izatea.

Egin-eginean ere, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen manu bakarturen batek banaketaren inguruko prozesu-ondorioa ezarri zuen.

Lege honek zentzuz garatu du 1881eko Legeak «eskumen erlatibo» izenaz aipatutakoaren prozesu-aldea, hemen kontuan hartu baita Konstituzioaren 24. artikuluko bigarren paragrafoa. Konstituzio Auzitegiaren doktrinak, berebat, ez du garrantzi gabekotzat jo banaketa-araurik ez izatea, ezta arauok haustea ere.

Garbi dago banaketak, azkenean, zehaztuko duela auzi bakoitzaren gaineko «epaile arrunt» eskuduna.

Egia esan, Konstituzioaren araberakotzat jo da zehaztapen hori egitea, lege-lerruneko araurik berehala aplikatu gabe. Arau batzuek agintzen badute, «epaile arrunt» baten ordez, beste batek eskumena izatea, orduan, arau horiek lege- -lerrunik gabekoak izan arren, logika eta teknika juridikoaren ikuspegitik ez da onargarria arauok ez aplikatzearen edo haustearen ondorio bakarra gobernu- zehapena izatea.

Zinez, nekez justifikatuko litzateke ondoko bi hauek batera izatea: batetik, «epaile arrunta» aurretiaz zein arauk ezarri eta horren haustea aitortuko lukeen gobernu-zehapena; eta, bestetik, aurretiaz zehaztutako arauen arabera, auzitegi egokiak auzia ebatz dezan eskubidea nork izan eta gizabanako horrentzat prozesu-ondorerik ez gertatzea.

Hori guztia dela eta, lege honek ezarri du, aurrena, auzien banaketari buruzko legezkotasunaren arau-haustea alegatu eta zuzen daitekeela, eta, hurrena, tresna hori alferrekoa izanez gero, banaketa-arauen ariora, auziaren gaineko eskumenik ez duen organoaren ebazpenak deusezta daitezkeela, alderdi kaltedunak hala eskatuta. Horrela, saihestu egin da errotikako deuseztasunaren zehapen gogorra; egun, zehapen hori jurisdikzioaren eta eskumen objektiboaren gaineko legezko arau-hausteetan ezarri eta auzitegien arioz bakarrik adieraz daiteke.

Lege honek epaitu aurrekotasunaren inguruko arauketa bateratua egin du, eta alde batera utzi ditu 1881eko Legeak jasotako arau barreiatu eta zehaztugabeak.

Horrez gain, zigor-arloko epaitu aurrekotasunari dagokionez, prozesu zibila ez eteteko erregela orokorra ezarri da. Hala ere, erregela orokor horrek baditu salbuespenak. Ildo horretatik, prozesu zibila eten egingo da, auzi kriminala gauzatu kasuetan, baldin eta auzi kriminal horretan prozesu zibileko alderdien uziak zein egitatetan oinarritu eta egitate horiek, delitu-itxura izateagatik, ikertzen ari badira, eta, gainera, auzi kriminaleko epaiak eragin erabakigarria izan badezake prozesu zibilean eman beharreko epaian.

Hortaz, zigor-arloko epaitu aurrekotasunak prozesu zibilean eragina izan dezan, ez da nahikoa kereila onartzea edo salaketa artxibatu gabe egotea.

Baina, aipatu osagai guztiak izanda ere, prozesu zibila eten egingo da, bakarrik, epaia ematearen zain dagoenean.

Prozesu zibilera ekarritako agiri baten faltsutze penala, izatez, kasu berezia da, eta kasu horrek soilik ahalbide dezake prozesu zibilaren berehalako etendura, betiere agiri hori erabakigarri denean prozesu zibilaren epaitzarako.

Zigor-arloko epaitu aurrekotasunaren tratamendua zentzuzkoagoa izan dadin, eta, aldi berean, oinarririk gabeko kereilek eta salaketek zigor-prozesuan bidegabeko geldiarazpenak eta atzerapenak eragin ez ditzaten, beren beregi ezarri da erantzukizun zibila, luzapen etengarriak eragin kalte-galeren ondorioz, baldin eta epai penalak adierazi badu agiria egiazkoa dela edo horren faltsutasuna frogatu ez dela.

Halaber, zigor-arloaz besteko epaitu aurreko arazoak azal daitezke, eta arazo horiek ondore etengarri eta lotesleak izan ditzakete, prozesu zibileko alderdiak ondoreokin ados egonez gero.

Bukatzeko, ondore etengarriak dituen epaitu aurrekotasun zibila ere onartu da, baldin eta prozesuak pilatu ezin badira edo prozesuetako bat amaitzeko badago.

VIII Prozesu zibilaren objektua alde desberdinak dituen gaia da, alde horiek guztiak garrantzi handikoak direla.

Ezagunak dira doktrinaren eztabaidak eta jurisprudentziaren nahiz lan zientifikoen teoriak eta joerak.

Legeak gai hori zenbait tokitan arautu du, baina erregela berrien helburu bakarra da 1881eko Legeak konpondu ez eta konpontzeko aukerarik gabe utzi zituen egiazko arazoei aurre egitea.

Bi irizpide eratzaile ditu, erro-erroan, legeak: batetik, segurtasun juridikoaren premia; eta, bestetik, justiziapeko berberentzat prozesu desberdinak ezartzea, eta, horren ondorioz, jurisdikzio- -organo batzuen jarduera eragin dadin bidezkoa ez izatea, auzigaia organo bakarrak zentzuz ebatz badezake.

Irizpide horiek prozesuko berme guztiekin bat egin behar dute, eta, gauzak horrela, legeak, beste xedapen batzuen artean, Espainiako zuzenbidean eta beste antolamendu juridiko batzuetan ezaguna den preklusio-erregela ezarri du, egitateak eta oinarri juridikoak alegatzeko.

Ildo horretatik, legean negozio juridikoen deuseztasunari buruzko bidegabeko eztabaida bikoitza —bata, salbuespen bitartezkoa; bestea, aldiz, demanda edo akzio bitartezkoa — saihestu da, eta tratamendu bereizia eman zaio konpentsazioa alegatzeari. Orobat, legeak egitate berrien eremua zehaztu du, egitateok berritzat hartu ahal direnean, itxuraz aurreko uzi bera dena bigarren uzi moduan oinarritzeko.

Gai horietan guztietan, manu berriak jurisprudentzian eta doktrinan oinarritu dira, horiek sustrai sendoak dituztela.

Jurisdikzioaren jarduera eta edozein prozesuk dakartzan zamak alferrik ez ugaritzeko asmoz, objektu anitzen araubideak helburu ditu prozesuko ekonomia, eta, aldi berean, prozesuen esparru objektiboa eratzea. Lortu nahi da esparru objektibo horrek, jarraitu beharreko prozedura dela eta, komeni ez den zailtasunik ez eragitea, edo, behintzat, behar besteko arrazoirik gabe, auziak gauzatu eta erabakitzeari oztoporik ez jartzea.

Ondorenez, debekatu egin da auzi-jartzailearen uziekin loturarik ez duen errekonbentzioa, eta, hitzezko epaiketetan akzioen pilaketa mugatu da.

Orokorrean, akzioak pilatzearen inguruko arauketa berriztatu egin da, hobekuntza batzuekin, eta, batik bat, orain arte horri eman ez zaion prozesu- -tratamendu zehatzarekin.

Prozesuen pilatzeari dagokionez, argitu egin dira hori justifikatzeko baldintzak, baita erakunde horren prozesu-betekizunak eta -eragozpenak ere, prozedura ahalik eta gehien erraztuz.

Gainera, legeak arau batzuk jaso ditu, prozesu-pilaketa behar bezala erabil dadin. Arauon arabera, ez da pilatze hori onartuko, geroagoko prozesua edo prozesuak eragotz badaitezke auzibitarte-salbuespenaren bitartez, edo pilatu prozesuetan zer azaldu eta hori aurretiaz eragiteko aukera izan bada, akzioak pilatuz, demanda zabalduz edo errekonbentzioa eginez.

IX Epaiketa-jardunaren inguruko V. tituluak Botere Judizialaren Legetik arauak hartu eta antolatu egin ditu, esperientziaren ondoriozko hobekuntza batzuk eginez.

Xedapen batzuk bereziki nabarmendu behar dira, horiek ezartzen dutelako frogaldi, agerraldi eta ikustaldietan publizitatea nahitaezkoa izatea eta epailea edo magistratuak —txostengileaz gainekoak ere, organoa kide anitzekoa bada— bertan egotea.

Behin eta berriro arau orokorrak azpimarratu ostean, prozesu desberdinak arautzean zehaztu dira, oso-osorik, arau orokor horiek. Dena den, errotikako deuseztasunarekin zehatu da epailea edo magistratuak bertan egoteari buruz nahiz esangura zabalean hurrekotasunari buruz ezarritakoa haustea.

Fede emateari dagokionez, legeak bazter utzi ditu idazkari judizialen oinarrizko zeregin horren aurkako zenbait proposamen. Hala ere, legean ahalegina egin da fede-emaileen erantzukizun hori behar dena baino gehiago ez hedatzeko eta ahal dena baino harago ez eramateko.

Horrela, legeak fede-emaile publiko eta judizialaren esku-hartzea agindu du, auzitegian edo beraren aurrean gauzatu prozesu-jardunari buruz fede eman eta hori jaso dezan. Orobat, idazkiak jasotzeko aukera onartu da, horretarako ezarri erregistroan, ulertu baita fede publiko judizialak, idazkiak jaso izanaren inguruan, erregistroko datuak bermatzen dituela.

Jarduna agirietan jasotzeko erabil daitezke, aktak, oharrak eta eginbideak ez ezik, osotasuna eta kautotasuna bermatzen dituzten bide teknikoak ere.

Ahozko ikustaldi eta agerraldiak, berriz, erreproduzitzeko moduko euskarrietan erregistratu edo grabatu beharko dira.

Komunikazio-egintzak arautu dira modu antolatuan, argitasunez eta esangura praktikoarekin.

Horrela lortu nahi da auzilariek eta beraien ordezkariek, euren guztien onerako, eginkizun aktiboago eta eragingarriagoa izatea. Gainera, modu horretan, auzitegien lana arinduko da, auzitegiok ez baitute bidegabeko kudeaketa lanik egin behar, eta, batez ere, izapidetza bera atzeratzen duten «hutsarteak» ezabatu baitira.

Auzitegietako prokuradoreak eredu berri horren osagai garrantzitsuak dira, alderdien ordezkari izateaz gain, prozesuaren gainean ezaguera teknikoak izateagatik, jakinarazpenak jaso, eta aurkako alderdiari idazki eta agiri asko helaraz diezazkioketelako.

Prozesuen izapideak bidegabeko luzapenik gabe egin daitezen, prokuradoreen elkargoak ere izan dira kontuan, helburua baita horien jakinarazpen-zerbitzuek jardunbide eragingarria izatea; Botere Judizialaren Lege Organikoak, orduko, zerbitzu horiek ezarri zituen.

Komunikazio-egintzen eragingarritasunari buruzko kezka zegoen, hori baitzen auzi askoren ebazpena bidegabe atzeratzeko arrazoia. Kezka horren eretzean, legeak garrantzia eman die erroldan edo erakunde nahiz erregistro publikoetan agertutako egoitzei; egin-eginean ere, legeak ulertu du pertsonek egoitzarekin izan dezaketen axolagabetasuna edo arduragabekeria ez datorrela bat gizartean herritar zintzoek izan behar duten jokabidearekin.

Komunikazio-egintzen ondoreetarako, egoitza gisa hartu da lan egiten den tokia, betiere hori noizbehinkakoa ez denean.

Bide bertsutik, garrantzitsuak dira aipatu komunikazio-egintzen arauketan egindako aldaketak, ediktuak azken aukera gisa bakarrik erabil daitezkeela.

Prozesuan nahitaezkoa bada prokuradorearen parte-hartzea, edo, nahitaezkoa izan ez arren, alderdiak ordezkaritza horrekin bertaratu badira, komunikazio-egintzak prokuradoreen bidez egingo dira, euron helburua edozein izanda ere.

Prokuradore bidezko ordezkaritza nahitaezkoa ez bada, edo prokuradorea oraindik bertaratu ez bada, ahaleginak egingo dira komunikazioa posta ziurtatuaren bidez eta hartu izanaren agiriarekin egiteko, egoitza moduan izendatu den tokian, edo, toki desberdinetan, auzitegiak komunikazioa egiteko hori egokiagoa dela uste izanez gero.

Bide horrek huts egiten badu, orduan bakarrik ahaleginak egiten daitezke komunikatu beharrekoa auzitegiaren bitartez emateko, dela jasotzaileari, dela, hura aurkitu ez bada, esanbidez aipatu beste pertsona batzuei.

Demandatua hasieran ager dadin egin beharreko epatze edo zitazioen ondoreetarako, demandatzaileari dagokio komunikazio-egintzetan aintzat hartu beharreko tokia edo tokiak zehaztea. Hala eta guztiz ere, demandatuak, bertara agertuz gero, egoitza desberdina izenda dezake.

Demandatzaileak ez badaki egoitza zein den, edo zehaztutako tokian ezin izan bada komunikaziorik egin, auzitegiak ikertu beharko du zein den egoitza; legeak, gainera, indartu egin du ikerketon eragingarritasuna.

Epeei helduz, legean erabat ezabatu dira zehaztapen judizialeko epeak, eta gainerako epeak errealitatea kontuan hartuta ezarri dira, hau da, justizia zibileko protagonista nagusietan eta 1881eko Legearen zatikako eraldaketa batzuen ondorioetan oinarrituta.

Esangura horretan, egiaztatuta dago, alderdien egintzentzat legeak zein epe ezarri eta epe horiek murriztuta ere, ez dela lortzen epaia arinago ematea.

Bestela esanda, epeak oso laburrak izan arren, ez da lortzen behar adinako bermeak dituen ebazpena ematea, babes eragingarriaren helburua atzerapenik gabe betez.

Lege honek, bada, alderdien egintzei dagokienez, epe labur eta behar bestekoen aldeko apustua egin du.

Auzitegiarentzat ere epe laburrak ezarri dira; aldi berean, epeon bitartez, jurisdikzio- organoek izan beharreko arreta ziurtatu da.

Aitzitik, entzunaldien, epaiketen eta ikustaldien data zehaztean saihestu egin dira aginduzko arauak, horiek bete gabe geratuko baitira; horren ildotik kontuan izan behar da, legeak egintzak bateratzearen ondorioz, data zehazteak egundoko garrantzia duela, prozesu adierazleen egitura berriaren barruan. Beste batzuetan, berriz, ulertu da auzitegietako egutegiek, egintzoi dagokienez, bat egingo dutela prozesuen egoerarekin eta Justizia Administrazioko zerbitzari guztiek legez nahiz erregelamendu bidez duten eginbeharra betetzearekin.

Lehen auzialdian epaia emateko epeei dagokienez, hamar eguneko epea ezarri da hitzezko epaiketarentzat, eta hogei egunekoa, epaiketa arruntarentzat.

Berez, epeok ez dira oso laburrak; bai, ordea, zentzuzkoak eta betetzeko modukoak.

Halakoetan, kontuan izan behar da, aipatu prozesu arrunten egitura berria dela eta, auziak ezagunak direnez gero, epaileek ez dutela zertan prozesuaren amaieran horiek aztertu edo berraztertu. Horrek ekarriko luke, ostera ere, banan-banan ikertzea, batetik, modu banatuan gauzatutako froeginbide guztiak; eta, bestetik, alderdien hasierako alegazioak eta uziak, nahiz eta alderdiak gerogarrenean horiek aipatu ez.

Hitzezko epaiketetan, argi dago epaia emateko unea hurbil dagoela frogetatik eta uzietatik nahiz horien oinarrietatik.

Prozesu arruntean, epaiketaekitaldiaren bidez lortu da epaia hurbil egotea frogatik —eta, beraz, hein handi batean, auzitik—. Orobat gertatzen da epaiketa baino lehenagoko entzunaldiarekin; horretan, eztabaidaren objektua finkatzen da, eta horrek ere hurbildu egiten ditu alderdien uziak auzia erabakitzeko jurisdikzio-jarduerara.

Legeak, oraina gogoan eta geroa ahaztu gabe, leku egin die sistema elektroniko, telematiko eta antzekoez baliatuta aurkeztutako idazki nahiz agiriei, bai eta jakinarazpen-egintzei ere. Dena dela, justiziapekoei eta herritarrei ez dizkie sistema horiek ezarri, eta beren beregi arautu ditu komunikazio-sistemok erabiltzeko eskakizunak.

Aipatu sistemak erabiliz zein egintza gauzatu eta egintza horiek ondore guztiak izan ditzaten, nahitaezkoa da erabilitako tresnek honako hau bermatzea, alegia, komunikazioa eta komunikatutakoa benetan egin dituela horietan egile moduan agertzen denak.

Era berean, bermatu behar dira komunikazioa osorik jasotzea eta legearentzat garrantzitsu diren gainerako inguruabarrak.

Ildo horretatik, erabilitako bidearen ezaugarriek segurtasun horiek bermatzen ez dituztenerako, edo sistema manipula daitekeenerako, zentzuz agindu da behar besteko azterketa edo egiaztapena ahalbidetzeko aurkezpenak edo ekarpenak egitea, idazkiak eta agiriak egiaztapen- eta froga-ondoreetarako eragingarriak izan daitezen.

Alabaina, zentzuzko kautela horiek ez dute eragotzi behar aurrerapen zientifikoak eta teknikoak kontuan hartzea, ezta, ahal dela, aurrerapenok prozesu zibilean erabiltzea ere.

Legeak bere izaerarekin eta iraupen- asmoekin bat ez datorren araudikeria oro hartzailea saihestu du.

Jurisdikzio- organoei dagokienez, aipatu moduko komunikazio-bideak ezartzeko eta horien ezaugarri teknikoak zehazteko legezko oinarri aproposak dira Botere Judizialaren Lege Organikoak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta Gobernuari emandako eskumenak.

Gainera, zentzuzkoa da uste izatea, aurrerantzean, prokuradoreek, abokatuek, bai eta justiziapeko askok ere, komunikazio-bide tradizionalak utzi, eta legeak zein baldintza ezarri eta baldintza horiek betetzen dituzten komunikazio- bide berriak erabiltzen hasiko direla, euron ahalmenen eta auzitegiek dituzten baliabideen arabera.

Laguntza judiziala emateko ere, legeak kontuan hartu du sistema informatiko judiziala. Laguntza judizialaren arauketan egindako hobekuntzen artean dago, berbarako, bake-epaitegiek eman beharreko laguntza zehaztea.

Gai horretan, auzitegiek zentzuzko ahalmen hertsatzaile eta zehatzailea dute, alderdiek arretarik ez izatearen ondorioz atzerapenak gertatzen direnerako.

Aipatu lehenengo liburuko V. tituluan egindako beste berrikuntza adierazgarri bat da, besteak beste, ikustaldiak egin aurretik berriro ere data zehaztea, ikustaldion etendura ahalik eta gehien saihesteko; eta, halaber, auzien botazio eta epaitzari dagokienez, esangura hertsiko hur-hurrekotasuna bermatzeko ezarri arauak. Arauon ariora, eta zentzuzko salbuespenak gorabehera, epaia eman behar dute epaiketan edo ikustaldian gauzatutako frogak zein epailek eta magistratuk ikusi, eta horiek beroriek.

Arau horiekin, legeak ez du larregi handitzen prozesu zibilean hur-hurrekotasunak duen garrantzia, eta ez du inolako utopiarik helburutzat. Egineginean ere, hur-hurrekotasunak berebiziko garrantzia du, edozein motatako auziak egoki epaitzeko; horrekin batera, lege honek prozesu zibil berrien inguruan jasotako antolaketa dela eta, froga bateratuta gauzatu behar da, eta epaia emateko unetik hurbil gauzatu ere.

Ebazpen judizialen inguruko kapituluan, berrikuntza nabarienak dira ebazpenon aldaezintasunari, argitzeari eta zuzentzeari buruz ezarritakoak.

Berrikuntza horien ondorioz, gehitu egin da segurtasun juridikoa, ebazpenak noiz argitu eta zuzendu behar diren zehaztu delako. Gainera, adierazpenaren inguruko ez-egite agerikoak auzitegiaren arioz ala alderdiek hala eskatuta berehala ongitzeko tresna jaso da. Horrela, osatu egingo dira okerraren ondoriozko ez-egiteak jasan dituzten epaiak.

Legeak erakunde berri horretaz ez abusatzeko adinako arauketa zehatza egin du. Bestalde, aipagarria da epaien forma eta edukiari buruzko manuak areagotu egin duela zati xedatzailean izan beharreko kontua; esangura horretan, epaiaren zati xedatzailean alderdien uziei buruzko erabaki guztiak jaso behar dira, eta ez dira onartu orain arte sarri askotan oinarri juridikoen artean jaso diren isilbidezko erabakiak.

Horrela, ez dago zertan bidegabe behartu «argitze-errekurtso» deritzonaren erabilera; horrekin batera, ez erabakitzearen ondoriozko kongruentziarik eza ezin izango da oinarri moduan hartu, errekurtso arruntak eta bereziak jartzeko.

Argi dago, eta horrela utzi du legeak ere, erakunde hori ezertan ere ez doala epai osatugabeak izan dezakeen irmotasunaren aurka.

Izan ere, batetik, emandako erabakiak irmoak dira berez, eta, bestetik, erabaki horiek eraldatzea debekatuta dago. Halakoetan, onartu egin da, bakarrik, jaso ez diren erabakiak gehitzea.

Orain arte, idazkari judizialen ardurapean izan dira antolaketarako eginbideak eta ebazpena emateko proposamenak. Esangura oso desberdineko proposamenen aurrean, legeak eutsi egin die antolaketarako eginbideei, nahiz eta euron edukia zabaldu; eta ezabatu egin ditu ebazpena emateko proposamenak.

Legeak ahaleginak egin ditu, auzitegien eta idazkari judizialen jardun-esparrua argitzeko, eta ahalegin horien ondorio dira, hain zuzen ere, aipatu neurriak. Bada, auzitegiek probidentziak, autoak eta epaiak ematen dituzte, eta idazkari judizialek garrantzi handiko eginkizun asko dituzte; esate baterako, fede-emaile publiko eta judizial gisa duten eginkizuna ordeztuezina da, eta, gainera, eurok dira antolaketarako eginbideak erabili eta prozesua behar bezala antolatuta egoteaz arduratu behar direnak.

Botere Judizialari buruzko 1985eko Legeak sartu zituen, sartu ere, ebazpena emateko proposamenak, baina horiek ez dute balio izan, idazkari judizialek dudarik gabe duten ezaguera teknikoa baliatzeko. Aitzitik, proposamenok areagotu egin dute idazkari judizialen eta auzitegien eginkizunei buruz zegoen nahastea, eta epaitegi eta auzitegien artean jarduteko irizpide desberdinak eragin dituzte, maiz, segurtasunik eza eta nahigabea sortuz.

Ondorenez, ez da komenigarritzat jo proposamenoi eustea, eta nahiago izan da organo judizialen jardunbidea hobe dezaketen formula alternatiboak ematea.

Hariari segiz, legeak nahiago izan du zehatz-mehatz ezartzea probidentziak eta autoak zer diren, manu bakoitzean xedatuz noiz eman behar diren batzuk eta noiz besteak.

Horrela, auzitegiek ebatzi behar dituzte, probidentzia edo auto bidez, erabaki judiziala behar duten prozesu-arazo guztiak.

Alabaina, legeak idazkari judizialei eratxiki dizkie prozesuaren antolaketa formala eta materiala, alegia, prozesua bultzatzeko ebazpenak. Halaber, legeak testu osoan zehaztu du, forma inpertsonalak erabilita, antolaketarako eginbidea noiz eman behar den. Horrek ahalbidetu du kasuan kasuko jarduna idazkari judizialek gauzatu behar dutela ondorioztatzea, prozesuaren izapidetza egokia euren ardura delako.

Lege honen beste berrikuntza batzuk dira, jurisprudentzia eta doktrina pisuzkoenarekin bat, epaiaren edukiari buruzko erregelak jaso dituzten arauak.

Horren adibide dira, besteak beste, iuxta allegata et probata, froga-zama, kongruentzia eta gauza epaitu materiala jaso dituzten manuak.

Garrantzitsuak dira, berebat, likidazioa gerorako uzten duten epaiak, nahitaezkoa denean soilik eman daitezkeenak, eta etorkizuneko kondenak arautu dituzten xedapenak.

Froga-zamaren gainean, legeak gainditu ditu orain arte izan den arau orokor bakarraren terminoak. Termino horiek berez esangura urria zuten; horregatik, horien ordez, jurisprudentziak eztabaidarik gabe onartutako kontzeptuak sartu dira legean.

Epaiketan froga-zamari buruzko arauetara jo behar da, prozesu bakoitzean garrantzitsuak izan eta eztabaida sortu duten egitateen inguruan ziurtasunik ez dagoenean bakarrik. Hala ere, arauok ezinbesteko erregelak dira, alderdien jarduera bideratzeko.

Era berean, erregelok, ondo aplikatuz gero, epaileari ziurtatzen diote, horrek egitateak egoki epaitu dituela. Hala egingo da, salbu eta epaileak bere arioz egitateak argitzeko aukera guztiak agortu behar dituenean, ukitutako interesa publikoa izateagatik.

Hori guztia dela eta, garrantzitsua da legegileak egindako ahalegina.

Epaien behar besteko sakontasunari eta kongruentziari buruzko manua, zehaztasun batzuekin aberasteaz gain, osatu egin da kongruentziaren izatea oinarritzen duten beste arau batzuekin; arauon artean daude, gainera, arestian aipatutako batzuk.

Gauza epaituari helduz, legeak doktrinarismo oro baztertu du, eta urrundu egin da ia-ia izaera metajuridikoa duten ikuskera gaindituetatik. Teknika juridikorik onena oinarri hartuta, legeak ulertu du gauza epaitua prozesu-izaera duen tresna dela batez ere. Gauza epaituaren helburuak dira, hain zuzen ere, auziak alferrik errepika daitezen eragoztea, eta, epaitu aurretik elkarri lotutako auzietan, edukiari buruzko erabakidun epaiak bateratzen ahalegintzea, aurretiaz epaitutakoarekin lotura positiboa ezarrita.

Ikuspuntu horrekin, alde batera utzi dira egiazkotasun-presuntzioaren ideia, «gauza epaituaren santutasun» topikoa eta epai askoren ondore juridiko-materialekin sortutako nahastea. Egun ulertu da, bidezkotutako salbuespenak gorabehera, gauza epaituak berariazko eragingarritasuna izan dezan, alderdiak berberak izan behar direla.

Beste osagai batzuei dagokienez, legeak ezarri du gauza epaituak eragingarri egin behar duela egitateak eta oinarri juridikoak alegatzeko lehen aipatu preklusio- erregela.

Lege honetan prozesuko egintzen deuseztasuna arautu da, lehenik, errotikako edo zuzenbide osoko deuseztasun- egoerak zehaztuz.

Eutsi egin zaio errotikako deuseztasun-egoerak salatzeko sistema arruntari; horren arabera, errekurtsoak jarri behar dira edo auzitegiak bere arioz adierazi behar du deuseztasuna, prozesua amaitzeko ebazpena eman aurretik.

Alabaina, Konstituzio Auzitegiak bere garaian nabarmendutakoari segiz, nahitaezkoa da prozesuko konponbide zehatz bat bilatzea, errotikako deuseztasuna ezin denerako ofizioz adierazi, ezta errekurtso bidez salatu ere, deuseztasun hori zein akatsek eragin eta akats hori gertatu zeneko unea kontuan hartuta, betiere akats larria denean eta defentsarik eza eragiten duenean.

Akatson artean daude, esate baterako, epaia eman aurreko ikustaldietan jarduteko aukerarik ez izatea edo errekurtso egokiak jartzeko epaia ezagutzeko aukerarik ez izatea.

Nolanahi den ere, prozesuko bide horretatik at utzi da kongruentziarik eza.

Arean ere, prozesua amaiarazten duten ebazpenen kongruentziarik ezak beti ez dakar errotikako deuseztasunik; gainera, beraren izaera ere zeharo desberdina izaten da kasu anitzetan, eta, kasu horietan, deuseztasun-akatsak eragindako defentsarik eza konpontzeko, ez da beharrezkoa jardunak atzera egitea. Are gehiago, lehen esan bezala, legeak tratamendu desberdina eman dio ez-egitearen ondoriozko kongruentziarik eza nabariari.

Egia esan, jarduna deuseztatzeko intzidente bereziaren bitartez, irmotzat har daitezkeen epaiak eta beste azken ebazpen batzuk uki daitezke.

Baina legegileak ezin dizkio, irmotasunaren izenean, aurretik dagoen errotikako deuseztasunari begiak itxi, deuseztasun horrek, bere ezaugarri —irmotasuna barne— eta ondore guztiekin, ebazpena ukitu duelako.

Beraz, legeak nahiago izan du deuseztasunari aurre egitea, horren izaera oinarri hartuta, ez, ordea, errealitateen arteko antzekotasuna oinarri hartuta, antzekotasun hori beste erakunde batzuetan aintzakotzat jotzen bada ere; horixe gertatzen da, berbarako, berrikuspen-errekurtsoarekin edo auzi-ihesean dagoen kondenatuari egindako entzunaldiarekin.

Une honetan aztergai den salbuespeneko konponbidea oinarri gisa ezartzen da zenbait kasutan, eta, kasu horietan, ez dago epai irmoak hutsaltzeko arrazoirik. Batetik, ez du ematen zuzena denik deuseztasuna arrazoi horiekin nahastea; eta, bestetik, benetako babes judiziala lor dadin, ez da komeni epai irmoak hutsaltzeko prozedura jarraitzea, ezta epai irmoak hutsaltzeko eskumena duen organora deuseztasuna eramatea ere.

Prozesuko beste eskubide batzuekin gertatzen den bezala, jarduna deuseztatzeko salbuespeneko eskabidea bidegabe erabili eta horretaz abusatzeko aukera beti dago; baina legeak arrisku hori aurreikusi du, eskabidea oinarritzeko kasuak kontu handiarekin zehaztuz eta beste erregela batzuk ezarriz. Hala nola, betearazpena ez etetea, jarduna deuseztatzeko eskabidea ezestearen ondorioz; kostuak ordaintzera kondenatzea; eta eskabidea ausartegia izateagatik isuna ezartzea.

Gainera, auzitegiek atzera bota ditzakete eskabideak, agerikoa bada eskabideon oinarririk eza; horretarako, labur arrazoitutako probidentzia erabili behar dute, intzidentea gauzatu gabe eta autoa eman beharrik gabe.

X Lege honen II. liburuak, prozesu adierazleei buruzkoak, prozesua zehazteko erregelak jaso ditu xedapen erkideen gaineko kapituluan.

Zehaztapen hori egin da, gaiaren eta muntaren inguruko irizpideak aintzat hartuta.

Baina, 1881eko Legeari helduz, muntaren aldean gaiari nagusitasuna eman arren, lege honek askozaz ere garrantzi handiagoko osagai gisa hartu du gaia bera. Hori guztiz zentzuzkoa da, legearen kezka baita babes judiziala eragingarria izatea.

Arean ere, babes judiziala eragingarria izan dadin, gaiari dagokionez, kasu eta arazo asko azkar ebatzi behar dira —orain arte baino azkarrago —, kontuan hartu gabe auziko interesen diruzko balioa.

Une egokia iritsi da Konstituzioaren 53.2 artikulua oinarri hartu eta ikusteko lege honetan zer-nolako tratamendua jaso duen, prozesu zibilaren esparruan, anitza izan arren, modu bateratuan aintzat hartu beharreko gai batek, alegia, oinarrizko eskubideen gaiak.

Aho bateko interpretazioarekin bat etorriz, legeak ulertu du Konstituzioaren manu horrek ezarritako sumariotasuna ez dela esangura hertsian eta tekniko-juridikoan ulertu behar; hau da, alegazioak eta froga mugatzeagatik ez da ulertu behar gauza epaiturik ez dagoenik. Gai horri behar bezala ekiteko, ezinbestekoa da bereiztea, batetik, prozesutik kanpo urratu diren oinarrizko eskubideak; eta, bestetik, prozesuan bakarrik urra edo hauts daitezkeen oinarrizko eskubideak, euron izaerak eta edukiak horrela agintzen dutelako.

Lehenengoak prozesura eraman behar dira lehenespenez izapidetu eta azkar babestuak izan daitezen: eskatutakoaren arabera, gerogarrenean biltzen da jurisdikziora oinarrizko eskubidea urratu omen duen prozesuaz landako egitate edo jokabidea.

Duda-mudarik gabe, aipatu konstituzio-manuaren helburua da babes judiziala ahalik azkarren ematea.

Haatik, berez prozesuko eskubide eta bermeak diren oinarrizko eskubideei dagokienez, guztiz zentzugabea izango litzateke kasuan kasuko urratzeari aurre egiteko, zuzenbideak jurisdikzio arruntean ezartzea, hala prozedura paralelo bat edo batzuk, nola oinarrizko eskubidea urratu eta konpondu gabe utzi duen prozesuaren atzetik beste prozesu bat.

Esan beharrik ez dago lehenengo irtenbidea zentzugabea dela.

Bigarren irtenbideak jurisdikzio-prozesuak bikoiztea ekarriko luke.

Are gehiago, bikoiztasun hori —guztiz alferrekoa, eta, paradoxa badirudi ere, lortu nahi denaren aurkakoa — gutxienekotzat jo daiteke, bigarren prozesu horretan, hipotesi gisa, ezerk ez baitu eragozten, prozesu-izaerako oinarrizko eskubideak berriro urratzea, edo, behinik behin, hori uste izatea.

Hori guztia dela eta, lehen multzoko oinarrizko eskubideei dagokienez, hau da, epaiketaz kanpoko ondasun juridikoen ingurukoak diren horiei dagokienez, legeak ezarri du, kasuan kasuko prozesuaren izapideak lehenespenez egiteaz gain, horiek gauzatu behar direla Oinarrizko Eskubideen Jurisdikzio-Babesari buruzko 1978ko Legeak ezarri prozedura-bidea baino azkarragoa den bide hau erabilita: epaiketa arrunten bidea, demanda eta erantzuna idatziz aurkeztuta, eta ikustaldia egin eta epaia emanda.

Edozein auziren izapidetza egin bitartean hauts daitezkeen eta prozesu- izaera duten oinarrizko eskubideei erreparatuz, aldiz, legeak baztertu du, arau-hausteen gaineko salaketei aurre egiteko, prozedura berezia ezartzea, hori zentzugabekoa baita. Legearen ariora, kasuan kasuko arau-hausteak zein prozesutan gauzatu eta horretan bertan konpondu behar dira.

Hori ahalbidetu nahi dute lege honen alde eta arazo ezberdinak arautu dituzten xedapen askok. Xedapenon helburua da Konstituzioan jaso diren prozesu-bermeen babes azkarra.

Xedapen horietatik gehienak orokorrak dira, eurek arautzen duten gaia ere halakoa delako eta gai horrek beti sorraraz dezakeelako Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideak, prozesu-izaera dutenak, babesteko beharra. Horregatik, ez da zentzuzkoa lehenespeneko izapidetza ezartzea.

Alderantziz, erregela berezien adibide gisa aipa daiteke kexa-errekurtso guztien lehenespeneko izapidetza, bai eta demandak onartu ez dituzten auto batzuen aurkako gora-jotze errekurtsoen lehenespeneko izapidetza ere.

Esperientzia aintzat hartuta, legeak, geroago ikusiko den moduan, bereziki arautu du honako egoera hau: errotikako deuseztasuna dakarren defentsarik eza egon, eta, hori eragin unea dela eta, ezin zaio horri aurre egin ez errekurtsoak jarriz, ez auzitegiak bere arioz jardunez.

Prozedura-bide desberdinetan eratxiki beharreko auzi-motei ostera ere helduz, hitzezko epaiketa hasten da demanda laburrez eta ikustaldirako zitazioa berehala eginez. Legeak epaiketa horrentzat erreserbatu ditu honako auzi hauek: eztabaidagai errazekoak eta interes ekonomiko txikia dutenak.

Gainerako auziek epaiketa arruntaren bidea jarraitu behar dute, horrek ere ezaugarritzat dituela baterakuntza, hur-hurrekotasuna eta ahozkotasuna.

Edonola ere, gaia kasu askotan prozeduraren irizpide erabakigarri izan arren, muntak badu oraindik ere zeregin garrantzitsua. Munta finkatzeko erregelak esperientzian oinarritu eta nabarmen aldatu dira, horien edukia eta egitura hobetuz; orobat, ahaleginak egin dira hasierako zehaztugabetasuna bakarrik gerta dadin prozesuaren balioa gutxi gorabehera ere zenbatuezinekoa denean.

Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legeak prozesuaren atariko eginbideak ezarri zituen, baina eginbide horiek erabat zaharkituta zeuden eta ez ziren erabilgarriak; izan ere, urriak ziren legeak agindutako jokabide-prestatzaileak ez betetzeagatik sortutako ondorioak, nahiz eta auzitegiak bidezkotzat jo interesdunak eginbideok eskatzea.

Arrazoi horiek direla bide, prozesuko zuzenbide zibila eraldatzeko ekimen zehatz batzuek bazter utzi zuten erakunde hori.

Lege honen ariora, ordea, neurri egokiak badira izan, prozesua prestatzeko.

Batetik, eska daitezkeen eginbideak gehitu dira, baina zehaztugabeak izatera iritsi gabe.

Bestetik, justifikatu gabeko ezezkoa ematen bada, orduan, kalte-galeren ondoriozko erantzukizunaren aldean eragingarritasun askoz ere handiagoa duten ondorio praktikoak ezarri dira, baina horien bitartez gehiegiko hertsatzea eragin gabe.

Oreka zuzena bilatu nahian, kauzioa ezarri zaio atariko neurrien eskatzaileari, neurrion subjektu pasiboei eragin dakizkiekeen gastu, kalte eta galerak konpentsatzeko. Zernahi gisaz, neurrion gaineko eskumena zein auzitegik izan eta horrek ahalik arinen erabakiko du kauzioa zertarako erabili.

Prozesuaren hasierako uneetan, demandarekin edo alderdia bertaratzearekin batera, prozesuko baldintza jakin batzuk egiaztatzeko agiriak aurkezteaz gain, oso garrantzitsua da, aurkako alderdia jakinaren gainean egon dadin, auziaren edukiari buruzko agiriak aurkeztea. Gainera, aurkeztu beharreko agirioi legeak gehitu die alderdien uzientzat oinarrizko egitateak (esaterako, hitzak, irudiak eta zenbakiak) jasotzen dituzten bideak eta tresnak, bai eta egitateei buruzko irizpen idatziak eta beste txosten batzuk ere.

Era berean, arau berriek agindu dute demanda kasu batzuetan onartzeko zein agiri behar eta agiri horiek aurkeztea. Hariari segiz, arauetan argi eta garbi ezarri da, zentzuzkoa eta arrazoizkoa denez, edukiari buruzko agiriak hasierakoak ez diren uneetan aurkeztu ahal izatea, baldin eta aurkako alderdiaren alegazioek agirion garrantzia ondorioztatzen badute.

Hemen, beste arazo batzuetan gertatzen den bezala, legeak areagotu egin ditu alderdien zamak, eta ahalik eta gehien murriztu du espediente, artxibo eta erregistro publikoetara jotzeko aukera.

Legean zehatz-mehatz arautu dira hasierako unetik kanpo edukiari buruzko agiriak, eta beste idazki eta tresna batzuk aurkezteko aukerak. Bestalde, alderdiak ez du hitzik eman behar edo zinik egin behar edukiari buruzko agiri, eta beste idazki eta tresna horien berri izan ez duelako edo horiek lortzea ezinezko izan zaiolako; baina, horren ordez, inguruabar hori egiaztatzeko zama du.

Horrekin bat etorriz, auzitegiei ahalmena eman zaie agiriak kontuan hartzea komenigarri ez dela erabakitzeko, baldin eta, jarduna aurrera joan ahala, egiaztatu ez badira agirion berri ez izatea eta horiek lortzeko ezintasuna.

Agiria aurkeztean gaitzustea edo prozesua luzatzeko asmoa dagoela erabakiz gero, auzitegiak isuna ere ezar dezake.

Idazkien eta agirien kopiak emateko, eta gainerako alderdiei helarazteko arauketari dagokionez, lehen aipatu da prokuradoreen ardura dela idazkiak eta agiriak alderdiei helaraztea, baldin eta prokuradoreok prozesuan parte hartu badute eta bertaratu badira. Bada, hori berrikuntza garrantzitsua da.

Auzitegiak idazkiak eta agiriak helarazitzat joko ditu, horrek jakin dakienetik kopiak eman zaizkiola prokuradoreen elkargoak antolatutako jakinarazpen- -zerbitzuari.

Horrela, zentzuz arindu da jurisdikzio-organoen lana, eta, batez ere, jurisdikzio-izaerarik gabeko langileen lana; egia esan, lan hori alferrekoa da, ez dator bat jurisdikzio-organoen eta jurisdikzio-izaerarik gabeko langileen eginkizunekin, eta oztopo galanta da horiek beste lan batzuk egiteko.

Gainera, gorago esan bezala, sistema berriak «hutsarteak» ezabatzea ahalbidetuko du, behin idazkiak eta agiriak aurkeztu eta horiek helarazi direla egiaztatuta, zenbatzen hasiko baitira gerogarrenean prozesuko edozein jardun gauzatzeko epeak.

XI Badirudi egokiagoa dela frogaren gaineko arauak jurisdikzio-jarduera adierazleari buruzko xedapen orokorretan kokatzea, ez, ordea, prozedura- -mota zehatza ezarri duten xedapenetan. Horretarako, kontuan hartu behar da frogaren gaineko arauak orokorrak direla lehen auzialdiko prozesu adierazle guztietan, bai eta, hala denean, bigarren auzialdikoetan ere.

Legeak froga arautu du, beharrezko batasun eta argitasunarekin, aipatu xedapenen artean hori kokatuz eta Kode Zibilean prozesu-garrantzia besterik ez duten manuak indargabetuz. Bestalde, hiru aldetan hobetu du lege honek, eta nabarmen gainera, frogaren arauketa.

Hasteko, egokitasun- eta erabilgarritasun- irizpideen arabera zehaztu dira frogaren objektua, froga-jarduera hasteko ekimenari buruzko erregelak eta horren onargarritasunaren ingurukoak. Gainera, kontuan izan behar da, orain arte prozesu-tratamendurik izan ez arren, legeak manu errazekin arautu duen zilegitasun- irizpidea.

Jarraitzeko, prozedurako aldeei dagokienez, berrikuntza garrantzitsua dakar legeak; izan ere, froga zatika gauzatu beharrean, orain froga osoa gauzatu behar da epaiketan edo ikustaldian, eta, egiaztatutako arrazoiak direla bide, jendaurreko ekitaldi horietan gauzatu ezin diren eginbideak ekitaldiok baino lehenago gauzatu behar dira, epaileak eta magistratuak bertan egongo direla oso-osorik bermatuz.

Halaber, 1881eko Legeak arau bakarturen batean aipatu zituen froga aurreratua eta froga ziurtatzea, lege honetan, berriz, osotoro arautu dira.

Amaitzeko, frogabideek eta presuntzioek aldaketa garrantzitsu asko izan dituzte lege honekin.

Aldaketa horien artean, lehendabizi aipatu behar da, alegatutako egitateak egiazkoak direla ziurtatzeko, legeak izaera irekia duela; izaera ireki horren aurkakoa da, izan ere, frogabideen kopurua mugatu eta itxia izatea.

Orobat, esanbidez onartu dira hitzak, soinuak eta irudiak edo datuak, zenbakiak eta eragiketa matematikoak jaso eta erreproduzi ditzaketen tresnak.

Bestalde, legean argitasun eta malgutasun handiagoa dago, frogabiderik sustraitu eta iraunkorrenak ulertu eta gauzatzeko.

Aitorpenak jatorri historikoaren zama jasan behar izan du, hein handi batean hori gainetik kentzea lortu badu ere; ondorenez, zin-egitearekin nahasi izan da. Horregatik, aitorpenaren ordez, alderdien adierazpena ezarri da; adierazpen hori asko urruntzen da «posizioei erantzuteak» zekarren zurruntasunetik.

Alderdien adierazpen horren oinarriak izan behar dira galdeketa aske batean egindako itaunak. Horrek bermatzen du erantzunak bat-batekoak izatea, itaunak egitean malgutasunez jokatzea, eta, azken buruan, prestatu gabeko adierazpenaren osotasuna.

Alderdien adierazpena baloratzeari dagokionez, guztiz zentzuzkoa da oraindik kontuan hartzea, egitateak finka daitezen, egitateok egiazko gisa aitortu behar dituela horietan parte hartu eta horien ondorioz kalteak izan dituenak.

Aitzitik, zentzugabea da legeak onarpen edo aitorpen horri erabateko froga- balioa ematea beti.

Azken hamarkadetako jurisprudentziak ezarri eta doktrinarik onenak egiaztatutakoari helduta, balorazio askea ezarri behar da, gauzatutako osterantzeko frogak ere aintzakotzat harturik.

Lege honek frogari buruzko manuen artean arautu ditu agiriak, egitateen gainean jurisdikzio-epaiketa eratzeko ondoreetarako bakarrik. Dena den, argi dago agirion eragingarritasun horrek zeharkako ondoreak izango dituela trafiko juridikoan.

Prozesu zibilaren ikuspuntutik, agiri publikoek indar nabari eta berezia dute, egitateen gaineko epaiketa eratzean; betidanik izan dute indar hori, eta aurrerantzean ere horrexeri eutsi behar diote.

Agiri pribatuek, ordea, ez dute berezko indarrik prozesuko egiazkotasuna oinarritzeko, eta, beraz, agiriok, euren ondorioz kalteak izan ditzaketen subjektuek horiek egiaztatu ezik, balorazio askearen edo kritika zintzoaren araberako erregelen mende geratu behar dira.

Agiri publikoek froga-indar berezia dute, uste osoa jarri delako legez baimendu edo gaitutako fede-emaileen esku-hartzean.

Prozesuko legeak, hizkera ulergarriarekin eta bere ondore zehatzetarako, aintzat hartu behar du esku-hartze hori; baina prozesuko legea ez da aproposa fede-ematearen betekizunak, eskumen-esparrua eta beste inguruabar batzuk ezartzeko.

Ildo horretatik, prozesuko legeriak ez ditu interpretazio- eztabaidak ebatzi behar, horiek sortzen direnean fede-emateari buruzko arauen inguruan edo negozio juridikoak agirian jasotzeko beharrezko laguntza juridikoaren inguruan.

Amaitzeko, legegileak zeharo desegokitzat jo du lege honek negozio juridikoak agirian jasotzeko betekizunak ezartzea edo lehendik legez xedatutako aukerak eraldatzea.

Beste eredu batzuk aintzat hartu eta negozio juridikoen kostu ekonomikoak txikiagotzeko asmoarekin, iritzi-iturburu batzuek proposatu dute trafiko juridiko pribatuan, hots, merkataritzakoan eta zibilean, fede publikoa erabat eraldatzea. Legea, ostera, iritzi horien aurkakoa izan da, eta errespetatu egin du fede-emate hori.

Hala ere, begirune hori bat dator justiziapekoen interes legitimoarekin, eta, batez ere, Justizia Administrazioaren interesarekin. Hori dela eta, legearen helburua da alderdi bakoitzak argi eta garbi agertzea zein jarrera duen bere aurka ekarritako agiriekiko; izan ere, alderdiak agiriok onartzen baditu edo horien egiazkotasuna aurkaratzen ez badu, egitateei buruzko eztabaida desagertu edo gutxitu egingo da.

Gainera, lege batzuen manuetan agiri publiko gisa hartu dira «kontrako froga» izenekoa onartzen duten agiriak, nahiz eta onarpen hori, batzuetan, esanbidez ezarri eta, besteetan, isilbidez.

Lege honek errespetatu egin ditu beste lege horietako xedapenetan ezarritakoa; baina nahitaez bereizita arautu behar izan ditu kontrako froga onartzen duten agiri publikoak eta berez oso-osorik frogatutzat jotzen diren gainerako agiri publikoak.

Laburbilduz, badirudi oso eta argia dela lege honek agiri-frogaren inguruan egindako arauketa bateratua.

Bestalde, praktikan zentzurik gabe geratu dira frogari buruzko arauen beste zati batzuek konpondu dituzten arazoak.

Agiri-frogara ezin izango da bildu gainerako frogabideetara bildu ezin eta egitateen egiazkotasuna finkatzeko prozesura ekarri den guztia.

Agiri-itxurako irizpen eta txosten idatziak egin eta ekar daitezke; baina adituen eta lekukoen irizpen- eta txosten-izaera izango dute. Halaber, legeak, baztertu beharrean, beren beregi arautu ditu froga gauzatzeko tresna berriak, esate baterako, datuak, zenbakiak, eta kontuak jasotzeko egun oso zabalduta ez dauden euskarriak. Hortaz, froga gauzatzeko tresna berriak agiri-frogen parekoak dira.

Interes publikoa bete behar duten prozesu zibiletan izan ezik, lege honek koherentziaz ulertu du adituen irizpena frogabidea dela prozesu zehatz batzuetan; horietan, aipatu salbuespenak bazter utzita, auzitegiak ez ditu ikertu eta egiaztatu behar egitate erabakigarriak, nahiz eta alderdien babes-uziak egitate horietan oinarritu; aitzitik, alderdiei dagokie egitate horiek alegatu eta frogatzeko zama.

Horregatik, alderdiek izendatutako adituen irizpenak onartu dira, eta ezarri da auzitegiek izendatuko dutela aditua, alderdiek hori eskatu badute edo nahitaezkoa bada.

Horrela, 1881eko Legean jasotako arauketa katramilatsuaren aldean, asko erraztu da aditu-froga gauzatzeko prozedura.

Ez da onartu adituen ezespena, horien irizpena alderdiek ekarri badute; kasu horretan, adituek narrioa bakarrik jasan dezakete. Edonola ere, aditu guztiek zin egin edo hitz eman behar dute euron jardunean objektiboak eta inpartzialak izango direla. Gainera, legeak xedapenak ezarri ditu adituek euren irizpenak aurkakotasun osoarekin azal, argi eta osa ditzaten.

Hemeretzigarren mendeko arauketak ez zuen argitu aditu-jardueraren izaera —hots, frogabidea ote zen ala epaile-jardueraren osagarri nahiz lagungarri —. Egungo arauketarekin, alderantziz, aditu-jarduera bat dator, oso-osorik, froga-jarduera arautu behar duten printzipio orokorrekin; eta, horregatik, guztiz zentzuzkoa da aditujarduerari buruzko balorazio askea.

Bada, premiazkoa zen aditu-jardueraren izaera argitzea, eta argitu egin da; baina horrek badakar zeharkako ondore garrantzitsua ere: adituei garaiz eta egoki ordaintzeko arazoa konpontzea, edo, behintzat, arazo hori arintzea. Zinez, praktikan itzelak dira adituen ordainketari buruzko arazoak.

Alabaina, legeak kontuan hartu du asko direla, egun, adituen lanari lotutako eragiketak eta zereginak; ondorenez, 1881eko arauketatik urrundu eta kasuismorik gabe onartu du aditu-frogabidea anitz eta zabal izatea. Legeak nabarmendu egin du, berebat, aditu-froga, maiz, beste frogabide batzuen osagarritzat erabili dela, eta ez idazkera alderatzerako bakarrik.

Lekukoen galdeketari erreparatuz, alderdien adierazpenari buruzko arrazoi berdintsuak direla bide, legeak ezarri du galdeketa hasieratik askea dela.

Lege honek arautu ditu, halaber, alderdiek aurretiaz ekarritako txostenetan zein egitate jaso eta egitate horiei buruzko galdeketa. Era berean, pertsona juridikoek egindako adierazpena xedatu da, horiek publikoak izan nahiz pribatuak izan. Horrekin guztiarekin lortu da esperientziak gomendatzen dituen berezitasunei so egiteaz gain, froga gauzatzean aurkakotasuna eta hur-hurrekotasuna bermatzea.

Legeak esangura zabalagoan arautu du azterketa judiziala, eta, esan bezala, frogabideen artean arautu ditu hitzak, soinuak eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko tresnak ez eze, datuak, zenbakiak eta eragiketa matematikoak artxibatzekoak ere.

Presuntzioak egitate batzuen egiazkotasuna finkatzeko metodo gisa barneratu dira, eta behar beste arautu da, interes publikoa nagusi denean izan ezik, prozesu zibilean oinarrizko den froga- -zama. Behin hori guztia kontuan hartu eta Kode Zibilaren manu batzuk indargabetuta, froga zibilak duen arauketa bikoitza ezabatu ahal izango da.

XII Esperientziak erakusten du, mundu osoan zehar, alderdiek hasierako alegazioak egin ondoren, berehala ahozko ekitaldira jotzen bada, eta, ekitaldi horretan, epaia ere berehala eman aurretik, alegazio osagarri eta froga-jarduera guztiak pilatzen badira, orduan, ia gehienetan, hurrengo arriskuetatik bat egon ohi dela: bata, larri-larria, eta, horren eretzean, auziak ebatz daitezke, aurkakotasun osoa bermatzen duten erregela guztiak bete gabe eta epaitzaren oinarri izan behar duten osagai guztietan beharrezko arreta jartzeke; bestearen ondorenez, epaiketara edota ikustaldira berehala jotzearekin ustez irabazi den denbora gal daiteke etendurekin eta gertakizun bereziekin. Etendura eta gertaera horiek ez dira beti arrazoitugabekotzat eta huts-hutsik luzatzailetzat hartu behar, maiz beharrezkoak baitira auzien konplexutasuna dela eta.

Bestalde, babes judizial eragingarriaren eskakizun zentzuzkoa eta Konstituzioaren araberakoa da prozesuko baldintzei eta oztopoei buruzko arazoak ahalik arinen ebaztea. Horrela, saihestuko dira, batetik, auzigaiaren edukiari heltzen ez dioten epaiak; eta, bestetik, prozesuari, horren objektua ebatzi gabe, amaiera ematen dioten ebazpenetatik beste edozein, alderdien eta auzitegien alferreko ahalegin neketsuen ondoren.

Ondorenez, esan bezala, egintzak ahalik eta gehien bateratzea egokia da, soil-soilik, konplexutasunik gabeko auzigaietan edo babes guztiz azkarra behar duten auzigaietan.

Beste kasu batzuetan, epaiketa arrunta da zentzuzko lege-aukera, horren aurretiazko entzunaldiarekin, prozesua arazteko eta eztabaidaren objektua zehazteko.

Aurreoinarri horiekin, orokorrean legeak bi bide atondu ditu, babes judizial adierazlerako: batetik, «epaiketa arrunt» deritzon prozesua, izen horrek ideia adierazteko duen erraztasunarekin; eta, bestetik, «hitzezko epaiketa».

Prozesu horietara bildu dira, kasu batzuetan xedapen berezien bidez, oraintsu arte lau prozedura arrunten bitartez gauzatutako auziak, baita esanbidez arautu gabeko intzidenteak ere. Horrela, ohiko intzidente-prozedura ere ezaba daiteke.

Horrez gain, prozedura zibilari buruzko lege berri honek ahalbidetu du, bermeak gutxitu gabe, prozedura zibilari buruzko lege arruntetik kanpo beste hamaika legetan barneratutako auziei aurre egitea.

Horren adibide dira, besteak beste, xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak.

Horrenbestez, prozedura horien bidez erraztu dira jurisdikzio-babes anitz eta orotarikoen prozesu-izapideak.

Justifikatutako berezitasunak ez dira alde batera utzi, hori zentzugabea izango litzatekeelako, bai onargarritasunerako edo prozedurarako baldintza bereziei dagokienez, bai prozeduraren alde zehatz batzuei dagokienez.

Ez da galdagarri ez desiragarri itsuitsuan bateratzea, baizik eta beharrezkoa ez dena ezabatzea, batez ere, gehiegizko arau-sakabanaketarekin bukatuz.

Bestalde, geroko arau-xedapenei ezin zaie bidea itxi, ez zentzuz, ez Konstituzioarekin bat eginez; aitzitk, ahaleginak egin behar dira lege honetara bildutako xedapenak behar bestekoak izan daitezen, euron aurreikuspen eta malgutasunarengatik, gai eta arazo berrien jurisdikzio-tratamendurako.

Legeak prozesu adierazleak diseinatu ditu, hur-hurrekotasuna, publizitatea eta ahozkotasuna eragingarri izan daitezen.

Hitzezko epaiketetan, ikustaldiaren garrantziarengatik; epaiketa arruntean, prozedurako gertaerarik nabarienak direlako, demanda eta erantzunaren ostean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldia eta epaiketa bera. Bi-biotan, epaileak nahitaez bertan egon behar du.

Oro har, prozesu arruntaren garapena honela laburbil daiteke:

Aurretiazko entzunaldian, lehenik, alderdien artean ahaleginak egingo dira prozesua bukaraziko duen hitzarmena edo transakzioa erdiesteko. Hitzarmen hori lortu ezean, prozesuko baldintzei eta eragozpenei buruzko arazoen inguruan ebatziko da, alderdien uziak eta eztabaidaren esparrua behar bezala zehaztuko dira, eta auzilarien arteko hitzarmena erdiesteko saiakera egingo da berriro. Hitzarmenik lortu ezean, eta egitate eztabaidagarriak izanez gero, froga egokiak proposatu eta onartuko dira.

Epaiketan, froga gauzatuko da eta horri buruzko ondorioztapenak azalduko dira. Epaiketa alde juridikoei buruzko txostenekin amaituko da, alderdi guztiek idatziz informatzea nahiago izan ezean edo auzitegiak hori egokitzat jo ezean.

Gainera, azpimarratu behar da, grabatzeko eta erreproduzitzeko tresna egokien bidez jasoko dela jendaurreko eta ahozko jardun guztia, bi auzialdietan, beharrezko aktei kalterik egin gabe.

Legeak ezabatu ditu «hobeto epaitzeko eginbideak». Horien ordez, azken eginbideak onartu dira legean. Azken eginbideen eta «hobeto epaitzeko eginbideen» baldintzak desberdinak dira.

Aldaketa horren arrazoi nagusia izan da prozesu zibilen hasiera, garapen eta bukaeran, oro har, izan beharreko funtsezko espirituarekin bat egitea.

Horrez gain, komenigarri da epaiketa-ekitaldiaren garrantzia indartzea, epaiaren aurreko jarduera behar-beharrezkoa den horretara mugatuz.

Horrenbestez, azken eginbide gisa bakarrik onartuko dira behar bezala proposatu eta onartutako froga-eginbideak, baldin eta horiek ezin izan badira gauzatu froga-eginbideok zein alderdik eskatu eta horri egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

Legeak bidegabekotzat jo du proposatu izan zitekeena eta proposatu ez dena burutzea. Bidegabekoa da, orobat, auzitegiaren edozein jarduera, baldin eta jarduera horrek alderdien arteko auzi-berdintasuna hausten badu, haien arretarik eza osatzeko.

Erregela horren gaineko salbuespenak xehetasunez hausnartu dira, eta bat datoz ekitatearen irizpideekin. Horrela, horiek ez dute bidegabeko aukerarik emango, prozesuko egitura nahasteko edo aurkakotasunaren berdintasunari kalte egiteko.

Esangura tekniko-juridikoan, prozesuen izaera sumarioari dagokionez, legeak xedatu du honako epai hauek ez dutela gauza epaituaren indarrik: edukitzaren edo ukantzaren berehalako babesa eskatzeko prozesuetan, horiek amaiarazten dituzten epaiek; jabetza intelektualaren eta industria-jabetzaren arloko jarduera ez-zilegiak utzarazteko eskaeretan, horiek ebazten dituzten epaiek; obra berri edo aurrizkoen aurrean berehalako babesa emateko epaiek; errenta edota alogera ez ordaintzeagatik maizterra botatzeari buruz edo finka berreskuratzeari buruz ebazten duten epaiek; eta, orobat, inskribatutako eskubide errealen eragingarritasunari buruzko epaiek, horien aurka jartzen direnen edo eskubideon erabilera nahasten dutenen aurka, aurka-jartzea edo nahasmendua justifikatzen duen eta inskribatuta dagoen titulurik izan gabe.

Aitzitik, eragingarritasunik ezaren, segurtasun juridikorik ezaren eta prozesuan gorabehera gehiegi izatearen esperientziak gomendatzen du prozedura sumario gisa ez itxuratzea, maizterra botatzeko uziaren oinarri gisa, prekario-egoera alegatzen dutenak. Hobetsi da prozesuan alegazioak eta frogak bete-betean ematea eta hori eragingarritasun osoz bukaraztea.

Horrez gain, mantenuari eta antzeko gaiei buruzko prozesuak ez dira nahasi behar behin-behineko neurriekin; horiek, halaber, ez dute gauza epaituaren indarrik galdu behar euron bukaeran.

Egitate berriek bete-betean justifika ditzakete geroko erreklamazioak.

XIII Lege honek arauketa bakarra du gora jotzeko errekurtsoari eta bigarren auzialdiari buruz, araubide-aniztasuna bidegabekotzat eta nahasgarritzat jo baita.

Babes judizialik azkarrena lortzeko, prozesuaren eta epaiaren seriotasuna gogoan izanik, xedatu da prozesua amaiarazi ez duten ebazpenen aurkako birjartze-errekurtsoa ebatzi ondoren, ezin izango dela gora-jotzerik jarri, eta egin daitekeen gauza bakarra dela balizko desadostasunari ekitea, lehen auzialdiko epaiaren gaineko errekurtsoa aurkeztean.

Gisa horretan, ia-ia desagertu dira ebazpen interlokutorioen aurkako gora-jotzeak.

Gainera, xedapen iragankor egokiarekin lortu nahi da errekurtsoen araubide berri hori ahalik arinen ezartzea.

Gora-jotzea berresten da, gora jotako ebazpenaren jurisdikzio-berrikuspen betearen aldetik. Gora jotako ebazpena lehen auzialdian emandako epaia izanez gero, legez ezarri da bigarren auzialdia epaiketa berria ez izatea, bertan egitate- eta argudio-mota guztiak ager edo kasuari buruzko beste uzi batzuk azal ezin daitezkeela.

Gora jotzeko epaiaren edukia koherentziaz arautu da, batez ere, epai horren kongruentzia berezia kontuan izanik.

Beste xedapen batzuen bitartez, epaiketaren balizko okerrak zuzentzeko aukerak areagotu nahi izan dira, berme egokiekin. Horrez gain, hainbat manuren bidez, prozedura errazagoa erdietsi nahi izan da, bai eta, bigarren auzialdian, ahalik kasurik gehienetan edukiari buruzko epaia ematea ere.

Aipatu beharra dago lege honek ez duela erabiltzen gora-joatzeari atxikimetzea deituriko kontzeptua, kontzeptu horrek hainbat zalantza sorrarazten baititu. Haatik, lege honek nabarmendu eta zehazten du zer-nolako eginkizuna betetzen duen, beste alderdiaren gora-jotzea ikusita eta hasieran gora jotako alderdia izanik, errekurtsoaren aurka jartzen denak, horrek, aldi berean, jadanik gora jotako autoa edo epaia aurkaratzen badu, auto edo epai hori ezeztatzea edo onuragarriagoa den beste batekin ordeztea eskatuz.

Lege honetan, oraindik, bereizi egiten dira, batetik, errekurtsoaren berehalako prestaketa, aurkaratzeko borondatea erakusten duena, eta, bestetik, geroagoko aurkaratze zioduna.

Ez dirudi egokia denik irmotasuna ezagutzeko unea edo auzibitarteari eusten zaiola jakiteko unea geroratzea, horrek dituen ondoreekin. Ez dirudi egokia denik, berebat, errekurtsoa oinarritzeko lanak gehiegi bizkortzea.

Hala ere, auzien gaineko izapidetza hobetzeko, hurrengo prozedura-berriztapena egin da: errekurtsoa zein ebazpeni jarri eta ebazpen hori eman duen auzitegian, errekurtsoa prestatu eta jarriko du errekurtsogileak, geroago auzi-paperak goragokoari igorriz.

Gauza bera xedatu da errekurtso berezientzat.

XIV Babes judizialaren eragingarritasunaz eta Justizia Administrazioak mundu osoan zehar zeintzuk arazo izan eta horiek behar duten arretaz benetan arduratuta eta horrekin guztiarekin bat etorrita, lege honek errekurtso berezien, eta, batez ere, kasazioaren hurrengo ideia hau gainditu nahi du, hori ohikoa izan arren, eragin handikoa baita: errekurtso horiek hirugarren auzialditzat jotzen ez badira ere, askotan zuzenbidea kasuan-kasuan definitzeko, horiek beharrezko azken pauso gisa hartuko dira.

Ikuspegi hori benetan onartezina denez gero, eta prozesu-erakunde garrantzitsuak gainbeheratzen eta itxuraldatzen dituenez gero, aipatu errekurtsoen zentzuzko eta balizko zereginari, eta jurisdikzio-antolaketaren goreneko organoari edo organoei buruzko ikerketa zehatza eta gogoeta xehea egiten ari dira, hala Espainiako sistema juridiko bera duten herriak, nola sistema juridiko desberdina dutenak.

Uste izan da Justiziaren eraldaketak, arlo honetan nahiz beste arlo batzuetan, ezin dituela alboratu eta ez dituela alboratu behar berezko sistema juridikoaren historia, idiosinkrasia berezia eta balio positiboak. Eraldaketa egokia da, izatez, subjektu juridikoen eskubide eta interes legitimoak babesteko, kasu zehatzetako prozedura osoaren mailak edo auzialdiak gutxitu eta hobetzen dituena. Aitzitik, goragoko auzitegien ahalegina eta zeregina mugatu behar da, beharrizan juridiko berezien arabera, beharrizan horietan lan juridikoak kalitate eta aginte berezia izan behar baitu.

Aspalditik aitortu da kasazio zibilaren egoera Espainian desegokia dela. Gainera, ez da batere erraza egoera hori konpontzea, ez behintzat kritikak egun duen onarpen-maila berberarekin.

Lege honen abiapuntua, horretarako, hauxe izan da: ezintasun edo oker teoriko nahiz praktikoa gertatuko litzateke uste izanez gero kasazio egokiena dela inolako gairik eta bigarren auzialdiko inongo epairik baztertzen ez duena.

Aipatu kasazio hori ezin da gure gizartean gauzatu; gainera, hori ez da beharrezkoa, ezta egokia ere, justiziaren zentzuzko irizpideekin bat ez datorrelako, oraindik justiziapekoaren eskubide eta interes legitimoak ebazteke dituen auzigaia hiru jurisdikzio-prozedura maila desberdinetatik igaro ahal izatea, nahiz eta prozedura horietatik azkena kasazio-prozedura mugatu eta berezia izan.

Espainiako tradizio historikoari ez dagokio, eta ez da Konstituzioaren agindua kasazioaren eginkizun nomofilaktikoa edozein epaitara edota edozein arazo nahiz gaitara hedatzea.

Dena den, inork ez du eztabaidatu Espainiako justizia zibilaren eraldaketa egin behar dela, sistema juridiko eta jurisdikzionalaren balio positiboen arabera, balio horiek sendo bermatuta baitaude. Zeregin horretan tentuz jardun beharra dago, erakunde osoak baztertu gabe eta, horien ordez, erakunde berriak edo Espainiako eredu juridiko eta judizialen ataletatik asko aldentzen direnak ezarri gabe.

Egin-eginean ere, kasazioaren funtsari eutsi behar zaio, kasazioari datxezkion helburu eta ondoreekin. Baina kasazioan esparru objektiboak bat etorri behar du lehen aipatu beharrizanarekin, alegia, bereziki aginteduna den jurisprudentzia-doktrinarekin.

Muntari buruzko mugek ez dute, besterik gabe, esparru objektibo hori zentzuz eta ekitatez finkatzen; izan ere, muntaren faktore hori ez da nahikoa zeregin horretarako.

Zinez, kasazioaren esparru berria itxuratzea nahitaezkoa da hainbat arrazoiren ondorioz, eta arrazoi horiek ez dira unean unekoak edo tokian tokikoak besterik gabe. Alabaina, segurtasun juridikoaren eta tratu-berdintasunaren gose diren justiziapekoentzat ez da egokia, ezta asegarria ere, itxuraketa hori egitea, «kasazio- interesa» duten autuetatik zenbait kasuz kasu hautatuz, baldin eta hautaketa hori burutzeko eginkizuna guztiz subjektibo gertatzen bada.

Lege honek hiru osagai erabili ditu, kasazioaren esparrua zehazteko.

Lehenik, lege honetatik arlo zibileko edo merkataritza-arloko gai bat ere ez baztertzea; bigarrenik, prozesuko legeen urratzea kasaziotik kanpo uzteko erabakia, gero aztertuko denez, erabaki hori batere funtsgabea ez dela; hirugarrenik, jurisprudentzia-doktrina aginteduna sortzeko eginkizunaren garrantzia, hori baita kasazioaren zeharkako eginkizuna.

Eginkizun hori lotuta dago erakunde horri datxekion herri-interesarekin, erakunde horren jatorritik egun arte.

Espainiako sistema juridikoan, aurrekariak ez du indar loteslerik; indar loteslea eratxikitzen zaie legeari eta zuzenbide objektiboaren gainerako iturriei bakarrik. Horregatik, guztiontzat berebiziko garrantzia du aurrekariarekin lotutako doktrinaren eragingarritasunak; aurrekari hori, aginduzkoa barik, aginte juridiko bereziaz hornitutakoa izan behar da.

Halaber, uste da kasaziorako interesa badela, baldin eta zein arauren urratzea salatu eta arau horiek ez badira indarrean egon euren aplikazio eta interpretazioari buruz jurisprudentzia- -doktrina aginteduna sortzeko behar den zentzuzko denbora baino gehiago, salbu eta eduki bera edo antzekoa duten lehenagoko arauei buruzko doktrina dagoenean.

Era horretara, errekurtsoaren beharrizana zentzuzko objektibotasunarekin ezarri da.

«Kasazio-interesa» modu objektiboan itxuratzeak segurtasun juridiko handiagoa dakarkie justiziapekoei eta euren abokatuei, eta horixe hobetsi da zenbait erakundek proposatutako beste metodo batzuen kalterako; beste metodo horietan, kasazioko auzitegiari ahalmena ematen zaio bere eskumeneko auziak hautatzeko.

Itxuraketa horrek ezabatzen ditu, besteak beste, mesfidantza eta auzitegiaren erabakiekin bat ez etortzeko arriskuak.

Behin-behineko betearazpen-sistema berria ezarri ondoren, legeak ez du beharrezkotzat ez egokitzat jo gordailuaren eskakizuna orokortzea, kasazio- -errekurtsoa (edo prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia) erabili ahal izateko.

Justiziapekoengan eragin desberdina duen aurretiazko gordailu horrek, justizia garestitzeko faktorea izateaz gain, hainbat arazo sortzen ditu, berbarako, berdintasun- -printzipioaren arabera. Hariari segiz, berdintasun printzipioa urra daiteke, babes judizial eragingarriaren oinarrizko eskubidea egikaritzeko orduan gordailu hori eragozpen izanik.

Lehen eta bigarren auzialdietako epaien behinbehineko betearaztasuna badirudi berez nahikoa dela, errekurtso ausartegiak edo luzatzeko asmoa besterik ez duten errekurtsoak uxatzeko.

Errekurtso berezien sistema osatzen da auzitegi nagusietako arlo zibileko salei prozesu-arazoen gaineko eskumena eratxikiz.

Kasazio-errekurtsoa eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia banantzeak bultzatu behar du, ezbairik gabe, horiek alegatzeko seriotasuna.

Gainera, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezi horrek zabaldu eta sendotzen du izaera prozesala duten oinarrizko eskubideen babes judizial arrunta. Eskubide horien balizko urratzeak auzi asko sortzen ditu, duela urte-hamarkada bat baino gehiagotik.

Ez da batere heterodoxoa, ez ikuspuntu organikotik, ezta prozesuko ikuspegitik ere, eta are gutxiago Konstituzioaren ikusmiratik, jada auzialdi bi agortu badira, kasazio-errekurtso berezia zentzuz mugatzea; eta prozesuko arau-hauste larriak jasan dituela uste osoa duen pertsonari galdatzea, aldi berean, berorrek Zuzenbide substantiboko arau-hausteen berrikuspena ez eskatzeko.

Norbaitek prozesuko arau-hauste astuna gertatu delako uste osoa badu, eta, arau-hauste horren ondorioz, jarduna ekarri behar bada arau-hauste hori noiz gertatu eta horren aurreko egoerara, orduan ezin daiteke esan araua zentzugabekoa dela, horrek baztertzen duenean aldi berean beste epai bat eskatzea, jarduna aurreko egoerara ekarri ordez.

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoari on iritziz gero, beste epai bat eman behar da. Beste epai horrek zuzenbide material edo substantiboko arau-hausterik eraginez gero, epai horri kasazio-errekurtsoa jar dakioke, lege hau baino lehenagoko araubidean bezala.

1881eko Legearen eta horren berrikuntza ugarien arabera, kasaziora sarbidea izan zitzaketen auzi-motak mugatuak ziren eta tratamendu berezia zuten. Horren eretzean, lege honek ezarritako kasazio-errekurtsoan, dagoeneko ezin da eskatu errekurtsoa zein epairen aurka jarri eta hori deuseztatzea, auzialdira berriro igorriz, eta, aldi berean, modu subsidiarioan, auzialdiko epaiaren ordeztea eskatu, berori zuzenbide substantiboarekin bat ez datorrelako.

Lege honek jardunaren prozesu-zuzenketarako tresna egokiagoak jasotzen ditu. Gainera, uste izan da Auzitegi Gorenaren eskumenak zentzuz itxuratu behar direla, Auzitegi Gorenaren jarduna arlo substantibora mugatuz. Hori bat dator, etorri ere, gizarte- beharrizanekin, Espainiako antolamendu juridikoaren erakundeekin eta kasazio-erakundearen jatorriarekin.

Bestalde, ezin da ahantzi, 1881eko Legearen arabera, aldi berean forma- -urratzea eta epaiari buruzko arau-hausteak alegatzen zituen kasazio-errekurtsoa jarriz gero, lehenengo, eskatutako forma-urratzea aztertu eta horri buruz erabakitzen zela, eta, errekurtsoari forma- urratzeagatik on iritziz gero, auzipaperak auzialdiko auzitegira berriro igortzen zirela, horrek beste epai bat eman zezan. Era berean, epai horri beste kasazio-errekurtso bat jar zekiokeen, lehenik, «legea urratzeagatik»; bigarrenik, epaiketaren oinarrizko formak urratzeagatik; eta, hirugarrenik, bi kontzeptuongatik.

Lege honetan ez da funtsezko aldaketarik ezarri, izapideak bizkortzeko mekanismoak adibidez, auzilarietatik bakoitzak epai berberaren aurka errekurtso berezi desberdina aukeratu duenerako.

Agian, kasazio-errekurtsoaren eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren artean aukera egin daitekeen une bakarrean, lege honetan ezarritako errekurtso berezien araubidea ez da aurreko kasazioa bezain «eskuzabala» auzilari menderatuekin, eta horien abokatu eta prokuradoreekin. Dena den, araubide hori «eskuzabalagoa» da gainerako justiziapekoekin orokorrean. Gainera, orain aipatutakoaren arabera, esparru substantibora mugatutako kasazioa barneratu da, horretarako Espainiako antolamendu juridikoan ezarri babes-erakunde juridikoak kontuan hartuz.

Egin-eginean ere, ezin arbuia daiteke honako oharbide hau: Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluari jarraituz, legez babes-errekurtsoak jar daitezke, gehienak prozesu-arazo askori buruzkoak.

Prozesuko arazo horiek, aldi berean, «konstituzio-bermeak» dira, Espainiako Konstituzioaren 123. artikuluaren ikuspuntutik.

Espainiako Konstituzioaren 161.1 artikuluko b) letra eta 53.2 artikulua kontuan izanik, bideraezina da Konstituzio Auzitegiari kentzea Espainiako Konstituzioaren 24. artikulura bildutako gai guztiak. Hortaz, Konstituzio Auzitegiaren doktrinari erreparatu behar zaio.

Ondorenez, Espainiako Konstituzioaren arabera, prozesuko gai askoren interpretazioa egiteko, auzialdi bakar eta gorena dago.

Beste gai batzuetarako, jarraian aztertuko dugunez, guztiz birmoldatu da legearen intereserako errekurtsoa.

Konstituzioaren 24. artikuluan oinarritutako babes-errekurtsoek orain arte asko luzatu dute epai ezeztaezina lortzeko epea. Epe hori gehiegi luzatzen zen, halaber, 1881eko Legearen eta hurrengo eraldaketen araberako jurisdikzio arruntean.

Gauzak horrela, Konstituzioaren 24. artikulua hausteagatiko babes-errekurtso horiek bidezko izateari utzi diote, baldin eta ahaleginak egin ez badira kasuan-kasuan prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia jartzeko.

Bestalde, errekurtso berezien araubide horrekin asko murriztu dira Auzitegi Gorena eta Konstituzio Auzitegia bat ez etortzeko aukerak.

Mugaketa hori ez da errekurtso berezien sistema eratzeko printzipioa; bai, ordea, arbuia ezin daitekeen irizpide onuragarria.

«Konstituzio-bermeetan» Konstituzio Auzitegiaren mesederako salbuespenari men egitea bat etor daiteke Auzitegi Gorenaren jarrerarekin, eta, are gehiago, bat-etortze hori komeni da. Espainiako Konstituzioaren 123. artikuluak Auzitegi Gorenari eratxiki dio nagusitasun- jarrera orokorra, aipatu salbuespena eratxikitzeko erabiltzen duen argitasun eta enfasi berberarekin.

Laburbilduz, Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jar daiteke, honako epai hauek tartean izanik:

1.) Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubideei buruzko epaiak izan ezik, probintzietako audientziek oinarrizko eskubideei buruz emandakoak, baldin eta antolamendu juridikoak zenbai arau ezarri baditu prozesuko auzigaiak ebazteko eta epaiek arau horiek urratu badituzte;

2.) Probintzietako audientziek bigarren auzialdian emandako epaiak, epaiok arau substantiboak urratu badituzte, eta, gainera, errekurtsoak berebiziko garrantzia badu, lehen aipatu bezala, justiziapeko jakin batzuen eskubide eta interes legitimoen gainetik.

Oinarrizko eskubideei buruzko auzi zibilak beti eraman daitezke Konstituzio Auzitegira. Horregatik, pentsa daiteke soberan dagoela auzi horiek Auzitegi Gorenera eramateko aukera.

Irizpide hori aintzat hartu behar bada ere, legeak aurkako xedapenari eutsi dio.

Horren aldeko arrazoiak anitz eta desberdinak dira.

Batetik, aipatu auziek ez dute jurisdikzio-lana astuntzen.

Bestalde, une konstituziogiletik, egokitzat jo zen gai horretan kasazio-errekurtsoa ezartzea, asmo horri buruzko desadostasunik edo susmo txarrik agertu gabe. Asmo hori koherentea da, batetik, legearen xedearekin, hots, kasaziotik gai zibil bat ere ez baztertzeko xedearekin —gai zibilak baitira, ezbairik gabe, nortasunari datxezkion eskubideak, Konstituzioan aitortuak—; eta, bestetik, Auzitegi Gorena Konstituzioaren epaile ere badela adierazi ideiarekin, gainerako jurisdikzio-organo arruntak bezala.

Gainera, Konstituzio Auzitegian jarritako babes-errekurtsoa ordezko moduan hartu behar zen kontuan, legegintza-aukera horretan.

Horregatik, ezin arbuia daiteke, behin- -behineko betearazpenaren araubide berriak, errekurtso guztietan, baita errekurtso berezietan ere, izango duen eragina. Oro har, oinarrizko eskubideen arloko kondena-epaiak ez dira araubide berri horretatik baztertu, hasieran bederen. Oinarrizko eskubideen gaineko epaiok, sarritan, diruzko kondena- erabakiak jasotzen dituzte.

Bestalde, auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko saletan bidezkoa da prozesuko arau-haustearen ondorioz jarritako errekurtso berezia, probintzietako audientziek emandako epaien aurka, garrantzia berezia duten prozesu- arazoetan, eta, orokorrean, Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubideak urratzen direnerako.

XV Azkenik, Konstituzio Auzitegiari eratxiki gabeko prozesu-arazoei dagokienez, eta itxierako osagaia moduan, legearen intereserako errekurtsoari eutsi zaio, errekurtso hori Auzitegi Gorenaren arlo zibileko salan jar daitekeela. Errekurtso hori jurisprudentziaren batasun desiragarria erdiesteko sortu da. Dena den, errekurtso horren egungo eraketa oso desberdina da, auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko salek kontraesaneko epai irmoak ematen dituztenerako.

Jarduera hori sustatzeko legitimazioa dute Fiskaltzak, Herriaren Defendatzaileak, bai eta zuzenbide publikoko pertsona juridikoek ere, baldin eta pertsona horiek interes legitimoa frogatzen badute, errekurtsoan prozesuko zein arazo eragin eta arazo horri buruz jurisprudentzia-doktrina izan dadin.

Benaz, legearen intereserako errekurtsoa ez da benetako errekurtsoa; izan ere, emandako epaiak ez du ezeztatuko irmoa ez den beste epai bat (ezta epai irmoa hutsalduko ere). Hala ere, izen horri eutsi zaio, aurrekarien arabera adierazgarriena eta komunikatiboena delako.

Legearen intereserako errekurtsoari esker, aukera gehiago ezartzen dira, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia- -doktrina sortu eta doktrina hori bereziki aginteduna izan dadin. Horrekin batera, aipatu errekurtsoari esker, prozesuko gaiak ez dira Auzitegi Gorenaren zereginetik baztertzen, betiere Konstituzio Auzitegiari dagokion babes- errekurtsoarekin gatazka sortzen ez den bitartean.

Aitzitik, eskumenak, ahaleginak eta legitimazioa dutenen interesak bermatzen dute Auzitegi Gorenak prozesu-arazo garrantzitsuen gaineko eskumenari eustea. Auzitegi Gorena, Konstituzioaren arabera, ordena guztien gaineko organoa da; garbi dago, ordea, Auzitegi Gorenak ez duela auzi guztien gaineko eskumenik.

Legearen intereserako errekurtsoaren arabera Auzitegi Gorenak zein epai eman, eta Konstituzio Auzitegiak bere esparruan zein epai eman, eta epai horietara jurisprudentzia-doktrina bilduko da. Jurisprudentzia-doktrina hori gidari izan behar da, prozesu-arauak ezarri eta interpretatzean, segurtasun juridikoari eta berdintasunari dagokienez. Segurtasun juridikoa eta berdintasuna bat etorri behar dira Espainiako sistemaren berezko prozedura-askatasunarekin eta jurisprudentziaren bilakaera egokiarekin.

Behin hona iritsita, eta errekurtso bereziekin bukatzeko, gogoratu behar da jurisprudentziak edo aurrekariak benetako garrantzia duela Espainiako sistema juridikoan, ez euren indar lotesleagatik, baizik eta beren aginte eta eragingarritasunarengatik.

Aginte horrek jatorria du erabakiaren kalitatean, horren justifikazioan eta justifikazio hori adierazteko modu arduratsuan. Aginte hori, «case law» sistema juridikoetan ere, garrantzitsuen bihurtzen ari da.

Gainera, aginte hori da eta izango da, kasazioan emandako epaiei, kasu zehatzaz gain, egotz dakiekeen bakarra.

Hori guztia dela eta, Auzitegi Gorenaren ebazpenak gutxiestea, zuzeneko eragina ez dutelako beste epai edo subjektu juridiko zehatz batzuen eskubideen gainean, ez dator bat Espainiako antolamendu juridikoan jurisprudentzia- doktrinari eratxiki zaion balioarekin; halaber, ez dator bat ikerketa iuskonparatibo zorrotzenekin; ezta Justizia Administrazioko jurisdikzio-organo gorenen zereginari buruz aipatu joera modernoekin ere.

XVI Agian, lege honen berrikuntza nagusia da behin-behineko betearazpenaren arauketa.

Prozedura zibilari buruzko lege berriak apustu argia egin du Justizia Administrazioarenganako konfiantzaren alde, baita justizia lehen auzialdian ematearen alde ere. Ondorenez, legeak behin-behinean betearazteko modukotzat jo ditu lehen auzialdian emandako kondena-epaiak, zentzuzko baldintza eta salbuespenekin.

Behin-behineko betearazpena bideragarri izango da, fidantzarik edo kauziorik eman gabe. Aitzitik, honako hauek ezarri dira: batetik, betearazpen horren aurka jartzeko araubidea; eta, bestetik, behin-behinean betearazitako ebazpenak ezeztatzen direnerako erregela zehatzak. Erregela horiek ez dute besterik gabe erretorika bidez aitortzen kalte-galerengatiko erantzukizuna, kasuan kasuko prozesu arruntera igorriz; haatik, horiek ordainaraztea ahalbidetzen dute, premiamendu-bidea erabiliz.

Behin-behineko betearazpena eskatu ondoren, auzitegiak betearazpena aginduko du, salbu eta epaia betearaztea ezinezkoa denean edo epai horrek kondena-erabakirik ez duenean.

Behin- -behineko betearazpena agindu ondoren, kondenatua horren aurka jar daiteke, aipatu lege-baldintzak bete ez direla uste badu kondenatuak.

Legeak ezarri duen benetako aurka-jartzea desberdina da, kondena diruzkoa denean eta ez denean.

Kondena diruzkoa ez bada, aurka-jartzearen oinarria izan daiteke ezinezkoa edo guztiz zaila izatea behin-behineko betearazpena eman aurretiko egoerara itzultzea edo betearazpena jasan duenari konpentsazio ekonomikoa ematea, kalte-galeren ordainaren bidez, epaia ezeztatzen bada.

Kondena diruzkoa izanez gero, ez da osotasunean ahalbidetuko behin- -behineko betearazpenaren aurka jartzea. Halakoetan, aurka-jartzea mugatu behar da premiamendu-prozeduraren betearazpen-jardun zehatzera, horrek berrezarrezina den egoera sortzen badu edo kalte-galerak ordainduz konpentsazio ekonomikorik izango ez duena.

Betearazpen-neurri zehatzen aurka jartze horrek eta diruzkoak ez diren kondenen betearazpenaren aurka jartzeak oinarri berbera dute, hau da, behin- -behineko betearazpenaren ondorioz eragindako egoerak lehengoraezinak izatea, eta, horrekin batera, ekitatezko konpentsazio ekonomikoa ezinezkoa izatea, epaia ezeztatzen bada.

Diruzko kondenagatiko behin-behineko betearazpenaren kasuan, legeak agintzen dio betearazpen-jardun zehatzaren aurka jartzen denari, batetik, hautabidezko neurri bideragarriak adieraztea; eta, bestetik, behar besteko kauzioa ematea betearazpenaren atzerapenari erantzuteko, auzitegiak hautabidezko neurriak onartzen ez baditu eta geroago diruzko kondena baieztatzen bada.

Hautabidezko neurriak eskaini eta kauziorik eman ezean, aurkajartzea ez da bidezkoa izango.

Erregela gisa ezin uka daiteke diruzko kondena horien behin-behineko betearazpena ezartzea arriskutsua dela, baldin eta behin-behineko betearazpenetik onura lortu duenak ezin badu dihartutakoa itzuli, behin-behinean betearazitako epaia ezeztatuz gero.

1881eko Legearen eta beraren berrikuntzen sistemari helduta, eskatzaileari eskatutako kauzioak arrisku hori ezabatzen zuen, behin-behineko betearazpena larregi ixtearen truk. Horrela, behin-behineko betearazpena uzten zen baliabide ekonomiko likidoak zituztenen esku soil-soilik.

Horrez gain, baziren beste zenbait arrisku garrantzitsu: hartzekodunak bere kredituaren betepena atzeratzea; eta kondenatutako zordunak bigarren auzialdiko denbora- -tartea eta balizko errekurtso berezia baliatzea, bere erantzukizuna saihesteko.

Zinez, lege honen sistemarekin, arriskua da behin-behineko alderdi betearazleak kobratzea, eta, gero, kaudimengabe bihurtzea. Edonola ere, arrisku hori gutxienekoa izan daiteke zenbait kasutan, eurentzat behin-behinean betearaz daitekeen epaia onuragarria denean.

Bestalde, esandakoaren arabera, behin-behinean betearazitakoa ezeztatzean, legeak ez du prozesu adierazlera jotzen, konpentsazio ekonomikoa erdiesteko; aitzitik, premiamendu-prozedurara jotzen du, nahitaezko behin- -behineko betearazpenaren izapideak egin dituen edo egiten ari den organoan.

Lege honek egin duen aukeraren oinarrizko faktorea da, kontrajarritako arriskuak aztertu ondoren, lehen auzialdiko epaien eragingarritasuna. Epai horiek eta administrazio-prozeduran emandako epaiek berme berberak dituzte, gaiari eta prozedurari dagokienez, zuzenbidearekin bat datozela ziurtatzereko. Izan ere, administrazio-prozeduran zehar, administrazio publikoen egintzak eta ebazpenak ematen dira, eta horiek zuzenean betearaz daitezke, jurisdikzioari eskatutako eta horrek emandako kautela- etendura izan ezik.

Lege honek, lehen auzialdiko epaitegien aldeko apustua egin du, horiek justizia zibilaren oinarri baitira, esangura guztietan.

Oro har, lege honen arabera, lehen auzialdiko epaitegiek berehalako eragingarritasuna duten epaiak emango dituzte, behin-behineko betearazpenaren bidetik. Orokorrean, epai horiek ez dira epai platonikoak, ezta eragingabeak ere; izan ere, lege honekin, gora-jotzeak eta bigarren auzialdiak ez dute beti jada ebatzitakoa neutralizatuko, ziurtzat hartzen diren gertakizun gisa.

Eskura dauden estatistikek eta errealitateak berak ere ez dute justifikatzen «lehen auzialdiko justizian» konfiantza galtzea sistematikoki, erabat eta orokorrean. Errealitate hori ezaguna da profesional askoren —epaile, magistratu, abokatu, zuzenbideko irakasle eta abarrekoen — esperientziaren bitartez.

Bestalde, lehen auzialdiko justizia eragingarriagoa eta arduratsuagoa egin ezean, Prozedura Zibilari buruzko Legea arazo xeheetan eraldatu baino ez da egingo, arazook ugariak eta garrantzitsuak izan arren.

Erabateko aldaketa hori gogoan izanik, eta behin-behineko betearazpenaren aurka jartzea kontuan hartuz, aintzat izan behar da zailtasun bera dutela aurka-jartze horri buruz jurisdikzio-organoak emandako erabakiak eta kaute-neurrien eskaerari buruz emandako ebazpenak.

Horrela, behin-behineko betearazpenaren aurka jartzean, kontrajarritako faktoreak baloratu behar dira, baina faktore horiek eta kautela-neurriak eskatzean kontuan izan behar direnak zailtasun berekoak dira.

Bi erakunde desberdin horiek okerrak egiteko arriskua dakarte. Arrisku horiek antzekoak dira, eta onartu beharrekoak, babes judizialaren eragingarritasunerako eta kredituaren nahitaezko babeserako.

Behin-behineko nahitaezko betearazpena ez da kautela-neurria, eta kautela-neurrien ondoreek baino indar eta eragingarritasun handiagoa du.

Batetik, zentzuzko aurka-jartzeaz gain, berme guztiak dituen prozesuko epaia dago; bestetik, «zuzenbide onaren kea» baino ez.

Ziurrenik, behin-behineko betearazpenaren araubide berri horrek zuzeneko onura gehiago ekarriko ditu, galerak eta bidegabeko kasuak baino. Halaber, oso onuragarriak izango dira ezarritako erabateko berrikuntzaren zeharkako ondoreak, baita auzia luzatzeko helburua besterik ez duten errekurtsoak murriztea ere.

Berrikuntza horrekin, legeak pentsamolde- aldaketa erdietsi nahi du, bai itunetan, bai auzietan.

Itunetan, horiek betetzeko asmoarekin gauzatzeko; auzietan, egun ohikoa dena baino esparru hurbilagoan, auzion emaitzak seriotasunez onartzeko.

Era horretara agertzen da Justiziari seriotasuna emateko xedea, xede hori ahozkoa bakarrik ez dela.

Lehen auzialdiko organoei ezin zaizkie akats asko eratxiki. Argudio hori ez dator bat bigarren auzialdiko berrespen-epaiekin.

Gainerakoan, mota honetako legea egin behar da, epailearen benetako zeregina oinarri hartuta, auzialdi guztietan eta errekurtso berezietan. Legea ezin da oinarritu zeregin horren ustezko edo benetako kalitate gabezia horretan. Izan ere, ez dago akats hori zuzen dezakeen legerik.

XVII Lege honek, 1881eko Legeak ez bezala, nahitaezko betearazpena arautu du era bateratuan, argian eta osoan.

Betearazpen- prozesu egokia diseinatu da, lehenik, benetako betearazpen-titulutzat har daitekeenarentzat, hori titulu judiziala izan zein kontratu bidezko titulua izan; bigarrenik, nahitaezko betearazpen arruntarentzat; eta, hirugarrenik, legean arreta berezia jaso duen hipoteka- bermearentzat.

Dena den, nahitaezko betearazpenaren funtsezko batasun horrek ez ditu eragotzi behar hainbat gaitan zentzuzkoak diren berezitasunak.

Berezitasunak dira, berbarako, betearazpenaren aurka jartzean, tituluak izaera judiziala izatearen edo ez izatearen araberako zentzuzko berezitasunak, edota hipotekatutako nahiz pignoratutako ondasunen gaineko exekuzioaren beharrezko berezitasunak, exekuzioa horien aurka soilik zuzendu bada.

Nahitaezko betearazpenari buruzko lege-araubideek ezin dute saihestu, ezta konpentsatu ere, prozesuaren aurretik ematen den kreditu-berandutza. Halaber, lege-araubideari ezin zaio eskatu hartzekodun guztiei euren kreditu guztiak ordaintzea beti.

Lege honetara ez da bildu nahi formula utopikorik.

Aitzitik, lege honetara arauen multzoa bildu da, eta, arau horiekin, batetik, hobeto babestu nahi da hartzekoduna, horren eskubideak behar besteko agerpen juridikoa badu; eta, bestetik, arauok xedatzen dituzte orain arte kontuan hartu ez diren edo legeak alde batera utzi dituen egoera eta arazoak.

Legeak xehe-xehe arautu du betearazpenean parte hartzen duten alderdiei eta subjektuei buruzko gaia; bigarrenik, eskumenari, errekurtsoei, eta ebazpenak eta betearazpen-jardun zehatza aurkaratzeko egintzei —egintza horiek ez dira nahasi behar nahitaezko betearazpenaren aurka jartzearekin— buruzkoa; hirugarrenik, betearazpenaren aurka jartzeko eta betearazpen-prozesua eteteko arrazoiei eta prozedura- -araubideari buruzkoa.

Legeak betearazpenaren aurka jartzeko intzidente bakarra ezarri du betearazpen guztietarako; salbuespenez, araubide berezia dute berme erreala gauzatzea helburu duten betearazpenek.

Aurka-jartzea betearazpen-prozesuan gauzatzen da, eta hori aurretiaz aipatutako kasuetan bakarrik oinarri daiteke. Aipatu kasuak desberdinak dira, titulua judiziala denean eta ez denean.

Gai honetan erabateko berrikuntza da, epaiak eta titulu judizialak betearazi behar direnean, betearazpen horren aurka jartzeko araubidea.

Jakina denez, 1881eko Legeak ez zuen arautu epaien betearazpenari buruzko aurka-jartzea. Horrek aurka-jartzearen bidezkotasunari buruzko ezbai-egoera deitoragarria sortu zuen, baita aurka-jartzeko arrazoi onargarriei eta intzidentearen izapidetzari buruzko ezbaia ere.

Hainbat arrazoirengatik, titulu horien eragingarritasuna desiragarria da, eta, horregatik, ez da gutxietsi behar. Hortik abiatuta, lege honek kontuan hartu ditu errealitatea eta justizia, eta, ondorenez, epaien betearazpenaren aurka-jartzea ahalbidetu du honako arrazoi hauek direla medio: lehenik, epaian agindutakoa ordaindu edo betetzea, hori agiri bitartez egiaztatuz gero; bigarrenik, betearazpen-akzioa iraungitzea; eta, hirugarrenik, alderdiek ituna edo transakzioa egitea betearazpena saihesteko, itun edo transakzio hori agiri publikoan agertuta.

Badirudi arrazoi horiek gutxi direla; baina, egia esan, funtsezkoak ere badira. Gainera arrazoiak ezin dira baztertu, epai irmoa betearaztea ez delako eragiketa automatikoa, eta, horrekin batera, ez delako zentzuzkoa epaia eman eta hori irmo denetik epaiaren betearazpena eskatu bitartean jasotako guztia alde batera uztea.

Bestalde, epaiketaz kanpoko tituluetan oinarritutako aurka-jartzea onartzen da honako arrazoi hauek tartean direnean: agiri bidez egiazta daitekeen ordainketa; konpentsazioa, baldin eta alderdi betearazlearen kredituaren aurka jarritako kreditua likidoa bada eta indar betearazlea duen agiritik badator; gehiegi eskatzea; alderdi betearazlearen eskubidea preskribatu nahiz iraungitzea; kita eta itxaroteko ituna edo ez eskatzekoa, hori agiri bidez agertuz gero; eta, orobat, agiri publikoan jasotako transakzioa.

Erraz atzeman daitekeenez, aipatu aurka-jartze horretarako arrazoi gehiago dago, epaien eta beste titulu judizial batzuen betearazpenaren aurka jartzeko baino. Dena den, aurka jartzeko arrazoi ugari izateak ez du betearazpenaren aurka-jartzea bihurtu behar epaiketa adierazle plenarioko eztabaidaren antzeko eztabaida, horrek jurisdikzio- -babes judiziala zapuztuko bailuke.

Izan ere, lege honek epaiketaz kanpoko titulu betearazleak benetako titulu betearazletzat jotzen ditu eta, ez, ordea, epaien eta frogabide gisa bakarrik balio duten agirien arteko hirugarren mota moduan. Horrela, epaiketaz kanpoko titulu betearazleen ezaugarriek zentzuzko oinarria ematen diote zuzenbideari, zorra egiazkoa dela uste izateko, benetako eta nahitaezko betearazpena agintze-ondoreetarako.

Epaiketaz kanpoko tituluetan oinarritu betearazpenaren aurka jartzea ez da tituluaren ustezko ahuleziari emandako konpentsazioa; alderantziz, justiziaren eskakizuna da, epaien, ebazpen judizialen edo tartekaritza-ebazpenen aurka-jartzean gertatu bezala.

Aurka jartzeko arrazoi gehiago egoteagatik sortzen den desberdintasuna aurretiazko prozesua egotean edo ez egotean datza.

Agiri zehatz batzuei garrantzi handiko prozesu-ondoreak eratxiki dakizkieke, horiek betearazpen-titulutzat jo ezin badira ere; bada, agiri horiek, lege honen arabera, toki egokia dute prozesu monitorioaren barruan.

Epaien eta epaiketaz kanpoko tituluen betearazpenaren aurka jartzeko arrazoia da prozesuko akatsak egotea ere: alderdi betearaziak demandatuaren izaerarik edo ordezkaritzarik ez izatea, alderdi betearazleak gaitasunik edo ordezkaritzarik ez izatea eta betearazpena agintzean errotikako deuseztasuna gertatzea.

Legeak guztiz erraztu du aurka-jartzearen izapidetza, tituluaren izaera edozein izanda ere; horrela, hitzezko epaiketarentzat ezarritakora igorri du aurka-jartzearen izapidetza.

Bestalde, betearazpenaren aurka jartzeko arrazoiak dira aurretiaz aipatutakoak bakar- bakarrik; horregatik, legeak esanbidez ezarri du aurka-jartzea zein autok ebatzi eta horren ondoreak betearazpen- prozesura mugatzea.

Nahitaezko betearazpenaren osteko epaiketa adierazlea hizpide izanik, bistakoa da nahitaezko betearazpena epaiaren bidez agintzean epaiak izan behar duela horri eratxiki dakiokeen indarra.

Halaber, legeak betearazpenaren etendura orokorra arautu du, hipoteka- -betearazpenerako izan ezik, hipoteka- betearazpenak araubide berezia baitu.

Egiatan, epaiketaz kanpoko tituluak betearazpenaren oinarri direnean, aurka- jartzearen intzidenteak etendura eragiten du. Nolanahi ere, kasu hori bazter utzita, legeak honako etendura- -arrazoi hauek bakarrik ezarri ditu: auzi-ihesean emandako epaia berrikusteko edo hutsaltzeko demanda jartzea eta onartzea; kalte konpongaitza sor dezakeen betearazpen-jardunaren aurka, errekurtsoa jartzea; alderdi betearaziaren konkurtso-egoera; eta, berebat, epaitu aurrekotasuna zigor-arloan.

Legeak araubide orekatsua ezarri du arau horien bidez. Araubide horrek ahalbidetzen du, batetik, hartzekodun betearazleak duen eskubidearen babes eragingarria, aurka-jartzeko eta eteteko aurretiaz aipatu arrazoien zerrenda mugatuarekin, baina, zerrenda horrek hutsaltzen ez duela betearazpen-tituluaren eragingarritasuna; eta, bestetik, araubide horrek ez du zordun betearazia defentsa-bideez gabetzen, betearazpenaren ez-zilegitasun kasurik astunenetan.

Diruzko betearazpenaren arloan, legeak enbargoa edo ondasunen lotura eta lotura horren bermea jorratu ditu lehendabizi, betearazpenaren funtsezko jurisdikzio-jarduera honen gai bakoitzak zein izaera duen kontuan hartuta.

Sistematika eta edukiaren aldeko argitasunarekin definitu eta arautu dira honako hauek: enbargoaren helburua eta enbargoaren egintza eratzaileak; hori nahikoa izan behar delako irizpidea —zehaztugabeko enbargoa debekatuz —; erabat edo zati batez enbarga ezin daitekeena; oker enbargatzeagatik lehenbailehen jaregin behar dena; enbargoa zabaltzea edo murriztea; eta, halaber, administrazio judiziala ondasunak lotzeko tresna gisa, hori zentzuzko bermea dela alderdi betearazlearen betepenarako.

Auzitegiak, bere arioz, alderdi betearaziari aginduko dio, betearazpena agintzeko autoan, betebehar hori bete dezala, salbu eta alderdi betearazleak, betearazpen-demandan, alderdi betearaziaren ondasun batzuk aipatu dituenean, ondasunok enbargatzeko modukoak izanik eta alderdi betearazlearen ustez behar adinakoak.

Zordunak zein erantzukizun izan ahal eta hari horretaz ohartzeaz gain, legean ezarri da alderdi betearaziari aldizkako hertsatze-isunak ezartzeko aukera, alderdi betearaziak agindeiari behar bezala erantzun arte; horrela, alderdi betearazlearen betebehar horri benetako eragingarritasuna eman zaio.

Aukera horrek konpontzen du 1881eko Legearen akats nagusia; izan ere, lege hori adeitsuegia zen zordunarekin, eta alderdi betearaziaren ondarearen ondasunak arakatzeko zama alderdi betearazleari eta epaileari egotzi zitzaien, alderdi betearaziari lankidetzan aritzeko betebeharrik ezarri gabe.

Alderdi betearaziaren ondasunak aurkitzeko tresna bakarra ez da alderdi betearaziak bere ondasunak agertzea, betearazpen-ondoreetarako.

Legeak ezarri du, ondasunak adierazi ezin izan dituen, edo betearazpena behar bezala gauzatzeko behar besteko eta kalitate egokiko ondasunik aurkitu ez dituen alderdi betearazleak hala eskatuta, auzitegiak herri-erakundeei eta pertsona juridikoei nahiz fisikoei eskatu ahal izatea alderdi betearaziak bere erantzukizunari aurre egiteko ondasun eta eskubideei buruzko datuak.

Alderdi betearazleak azaldu behar du, labur bada ere, zeintzuk diren alderdi betearaziaren eta elkarlanean aritzeko agindeia jaso duten erakunde eta pertsonen arteko harremanak, ez litzatekeelako zentzuzkoa izango lege-agindu horiek oker erabiltzea, ondare-ikerketa generikoetarako edo oinarririk ez duten ikerketetarako.

Ikerketa-neurri horiek ez dira legean ezarri ondasun-agerpenaren subsidiariotzat; aitzitik, ordainketa-agindeirik behar ez den nahitaezko betearazpenaren kasuan, neurriok agin daitezke betearazpena agintzen duen autoan, eta betearazpena berehala gauza daiteke. Horixe gauzatuko da, alderdi betearaziak esan beharrekoak entzun gabe eta betearazpena agintzeko autoaren jakinarazpena eragingarria izan gabe, baldin eta zentzuzko arrazoiak badaude uste izateko, atzerapena gertatuz gero, betearazpenaren arrakasta zaputz daitekeela.

Jabari-hirugarrengotza jada ez da jabaria definitzeko prozesu arrunta, eta ez du bigarren mailako ondorerik hirugarrengotzako ondasunaren enbargoa ezerezean uzteko. Orain, jabari-hirugarrengotza betearazpenaren intzidentea da esangura hertsian, eta horren bidez zuzenean eta soil-soilik erabakiko da bidezkoa zer den, jaregitea ala enbargoari eustea.

Doktrinak gomendatutako aukera horri egotz dakiokeen abantaila da kasuan kasuko ondasunari begira betearazpen-prozesuaren atzerapenik ez ekartzea. Legeak prozesu arruntak errazago arautu baditu ere, atzerapena kontuan izan behar da auzialdi bikoitzaren itzalpean. Gainera, behin-behineko betearazpenaren araubide berriak ezin du aipatu arazoa konpondu, gauzatzeko dagoen betearazpenari buruz.

Lege honek eskubide hobeko hirugarrengotzari edo lehenespen-hirugarrengotzari eutsi dio. Dena den, legeak zenbait berrikuntza ezarri ditu, berbarako, alderdi betearazleak amore eman edo atzera egin ahal izatea, eta hirugarrengotzadunak berak sustatu ez duen nahitaezko betearazpenaren kostu ekonomikoak ordaintzea.

Bestalde, jabari- -hirugarrengotzan gertatu ez bezala, eskubide hobeko hirugarrengotzan beharrezkoa da auzitegiak zein epai eman eta epai horrek kreditua eta beraren lehenespena zehazteko indarra izatea, epai horrek beste egintza batzuk aldez aurretik epaitu ez arren.

Legeak aldaketa asko ezarri ditu, batez ere, ordena eta aurreikuspenaren ingurukoak, betearazpenak ukitutako ondasunen premiamendu-prozeduran edo ondasunok diru bihurtzeko fasean, ondasunok baloratu ondoren, ondasunen izaeraren arabera.

Hutsune asko betetzeaz gain, enkante bakarra ezarri da. Ezarritako xedapenen bitartez emaitza onuragarriagoa lortu nahi da zordun betearazlearentzat, ahal den neurrian merkatuko arauekin bat etorriz. Gainera, kostu ekonomikoa murrizteko ahaleginak egin dira.

Enkantea arautzean egindako hobekuntzak gorabehera, legeak aukera eman die hautabidezko besterentze-bide nahitaezkoei. Hautabidezko neurri horiek, inguruabar zehatzetan, ahalbidetuko dute enkantea arintzea eta horren zeregina hobetzea.

Horrela arautu dira, batetik, alderdi betearazlearen eta alderdi betearaziaren artean balioa diru bihurtzeko hitzarmenak; eta, bestetik, alderdi betearazleak hala eskatuta edo horren adostasunarekin, epaileak erabakitzea pertsona edo erakunde espezializatuak ondasuna besterendu dezan, enkante judizialetik kanpo.

Enkanterako deialdia arautu da ondasunaren balioa ondoen adierazten duen eran, batez ere, ondasun higiezinei buruzko enkantea denean.

Ondasun higiezinen enkante bidezko besterentzeak behar duen arreta berezia jaso du legean, eta, bereziki, kontuan hartu dira erregistroari eta hirugarrenak babesteari buruzko arazoak.

Zamak indarrean irauteari eta zamen kitapenari dagokienez, honako sistema honi eutsi zaio: betearazitako zamaren aurretiko zamak indarrean diraute eta geroko zamak kitatzen dira. Sistema hori osatzen da indarrean dirauten zamen zenbatekoa baloraziotik kenduz, ondasun higiezinek enkantean izan behar duten balioa zehazteko.

Aukera horrek abantaila hau du: enkantean eskainitako kopuruak, horiek txikiak badira ere, betearazteke dagoen onurarako izango direla bermatzen du beti. Hori ez litzateke beti erdietsiko zamen ohiko likidazioarekin.

Ondasun higiezinen nahitaezko besterentzearen arloan, berrikuntza garrantzitsu gisa arautu da betearazpen-prozesuan besterendutako ondasun higiezinen okupatzaileak entzutea eta horien balizko irtenaraztea.

1881eko Legeak ez zuen ezer ezarri horren inguruan. Lege horrek eskaintzariak behartzen zituen euren kontura ikerketa neketsuak egitera eta euren eskaintzak ezbai-egoeran azaltzera, honako hauek jakin gabe: okupatzaileak aurkituko zituzten; okupatzaile horiek euren egoerari eusteko eskubiderik izango zuten; eta, okupatzaileek finkaren edukitzari eusteko eskubiderik izan ez arren, ea beharrezkoa izango zen finkatik irtenarazteko prozesu adierazle luze eta neketsura jotzea.

Zentzuzkoa denez, horrek guztiak ez zuen bultzatzen enkante judiziala erakargarria izatea, ezta ekonomiaren ikuspuntutik eragingarri egitea ere.

Lege honek okupatzaileen arazoa konpondu nahi du. Lehenik, legea saiatzen da betearazpen-prozesuan zehar horren berri izatea.

Hori erdiesteko, honako aurreikuspen hau ezarri da: alderdi betearaziak ondasunen zerrenda aurkeztean, zerrenda horretan adierazi behar da, ondasun higiezinei dagokienez, okupatuta dauden, eta, kasuan-kasuan, nork okupatzen dituen eta zein tituluren arabera.

Bestalde, ezarri da betearazpenaren berri eman behar izatea okupatzaileei. Okupatzaile horiek ezagunak izan daitezke, alderdi betearaziak ondasunak agertzearen bidez edo beste era baten bidez. Okupatzaileek hamar eguneko epea izango dute euren egoera zein titulurekin justifikatu eta titulu horiek betearazpen-auzitegian aurkezteko.

Horrez gain, legeak agindu du enkantearen iragarkian adieraztea, ondasun higiezinaren edukitza-egoera ahalik zehatzen, balizko eskaintzariek balora dezaten balizko irtenarazteak izan ditzakeen eragozpenak.

Azkenik, intzidente laburra arautu da betearazpenean. Intzidente horrek ahalbidetzen du egitez edo behar besteko titulurik izan gabe okupatzailetzat jo daitezkeenak berehala irtenaraztea.

Okupatzaileek egiaztatu badute edukitzari eusteko behar besteko titulua dutela, orduan, haiek irtenarazteko, beharrezkoa izango da kasuan kasuko prozesu adierazlera jotzea.

Gisa horretan, legeak tentuz eta zentzuz erantzun dio okupatzaileen arazoari.

Era berean, errealismo handiagoarekin arautu da ordaintzeko administrazioa. Ordaintzeko administrazio hori bereizi da nahitaezko besterentzearen bidezko diru bihurtzetik.

Oro har, lege honen III. liburuko IV. kapituluaren xedapenak baliatzen dira urte luzeetan bildutako esperientziaz. Horrela, askotan arau zehatzik izan ez arren, benetako arazoak nabarmendu, konponbideak aurkitu eta proposamenak azaldu dira, esanahi juridiko egokiarekin.

Legeak kapitulu berezi batean jorratu ditu hipotekatutako edo pignoratutako ondasunen betearazpen-berezitasunak.

Arlo honetan, hipoteka-betearazpenaren aurreko araubideari eutsi zaio oinarrian. Araubide horrek erabat mugatzen zituen zordunak betearazpenaren aurka jartzeko erabil zitzakeen arrazoiak, bai eta betearazpena eteteko kasuak ere.

Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz adierazi du araubide horrek ez duela Konstituzioa hausten; gainera, araubide horretan funtsezko aldaketak sartzeak bidegabe alda dezake hipoteka- kredituaren merkatua, eta hori ez da batere gomendagarria.

Hipotekatutako eta pignoratutako ondasunak betearazteko arauketa berriarekin, aurreko egoera gainditu eta aurrera egin da. Lehenik, Prozedura Zibilari buruzko Legera ekarri da hipoteka bidez bermatutako kredituak betearazteko prozesuen arauketa, betearazpen horien jurisdikzio-izaera, sarritan eztabaidatu dena, indartuz. Bigarrenik, berme errealeko kreditu-betearazpenen arauketa bateratu da, egungo arauketa- -aniztasuna ezabatuz. Eta, hirugarrenik, era egokiagoan antolatu dira egungo betearazpena eteteko arrazoiak. Arrazoi horien artean bereizi dira betearazpenaren aurka jartzeko arrazoiak (hipoteka-bermea edo kreditua azkentzea, eta hartzekodunak erreklamatutako saldoarekin ados ez egotea); eta jabari- hirugarrengotza eta zigor-arloko epaitu aurrekotasuna. Aitzitik, prozedura eteteko izaera murriztuari eutsi egin zaio kasu guztietan.

Azpimarratu behar da diruzkoa ez den betearazpenean gertatutako aldaketa.

Zalantzarik gabe, beharrezkoa zen ikuspegi desberdinetatik eraldatzea gaindituta zegoen arauketa.

Lege honek agindeiak eta isun hertsagarriak ezarri ditu zerbait egiteko eta ez egiteko betebeharrak betetze aldera. Horrela, agerian aldendu da 1881eko Legearen joeratik, hots, diruzko kalte-ordaina berehala ezartzeko joeratik.

Hala ere, gehiegizko hertsatzeak saihestu dira. Oreka lortu nahi da honako hauen artean: batetik, betearazpenaren interesa eta justizia esangura hertsian; eta, bestetik, borondateari eta errealismoari zor zaien begirunea. Begirune horren eretzean, ez da ahalegin berezirik egin behar prestazioak derrigorrean lortzeko, baldin eta prestazio horiei badatxezkie borondatezko betepenaren ezaugarri pertsonalak.

XVIII Lege honek kautela-neurriak arautu ditu manuen multzo bateratuan. Manuen multzo horretatik baztertu dira, soil-soilik eta jarraian azalduko diren arrazoiengatik, zenbait prozesu zibil bereziren neurri zehatzei buruzkoak.

Horrekin, egoera deitoragarria gainditu da, arauak gutxi eta askiez izateaz gain, sakabanatuta baitzeuden, 1881eko Legean eta beste lege askotan.

Dena den, aipatu manuen multzo hori ez da «ohikotzat» jo daitezkeen kautela- neurrien arauketa batzearen emaitza, horien baldintzak eta prozedura ezarriz.

Lege honek hobetsi du neurri zehatz batzuen ezaugarri orokorrak argi eta garbi finkatzea; izan ere, neurri horiek ezinbesteko gerta daitezke, etorkizuneko epai baten eragingarritasuna ezerezean gera ez dadin. Horrela, legeak baldintza eta eskakizun orokorrak ezarri ditu, kautela-neurrien araubide irekia lortzeko, ez, ordea, kopuru mugatuaren edo itxiaren sistema.

Dena den, orokortasuna eta zabaltasuna ez dira zehaztugabetasunaren edo zuhurtziagabekeriaren pareko.

Legeak oinarri hartu ditu orokorrean sendo eta onargarri izan ohi diren doktrina eta jurisprudentzia.

Kautela-neurriak hartzeko, faktore oinarrizko eta erabakigarriak dira: «fumus boni iuris» edo zuzenbide onaren itxura, prozesuko berandutzaren arriskua eta kauzioa ematea.

Babes zehatza eman dezakeen epaiarekiko kautela- -neurrien tresna-izaera, eta, horrenbestez, eransgarritasuna eta behin-behinekotasuna, behar bezala bermatu dira arau egokiekin.

Ahaleginak egin dira, xedapen zehatzen bitartez, kautela-neurriak berez bila ez daitezen, prozesu-jardueraren helburu bakar edo nagusi gisa.

Dena dela, azpimarratu behar da, ezarritako kautela-neurrien araubidearekin, justiziapekoek euren esku dituztela orain arte eska zitzaketen kautela-neurriak baino eragingarriagoak.

Kautela- -neurriak eragingarriak izatea erdietsi nahi da, batetik, kondena-epaia nola edo hala betearazteko; eta, bestetik, ameskeriazko epaia saihesteko.

Kautela-neurriak beharrezkoak dira «periculum in mora» eragozteko. Halaber, jakinekoa da kautela-neurriek beste arrisku batzuk dakartzatela.

Horregatik, beharrezkoa da honako hauek arreta handiarekin arautzea, eta, hain zuzen ere, hori da legearen asmoa: kautela-neurrien aurka jartzea, kautela--neurriak zentzuz ordeztea, berrikustea eta aldaraztea, eta kontrakautelak edo kautela-neurriak neutralizatuko edo ezerezteko balio dutenak hartzea, kautela- -neurriak premiarik gabekoak edo alferrekoak izan ez daitezen, edo karga txikiagoakoak izan daitezen.

Kautela-neurriak eska daitezke, prozesua hasi baino lehen, demandarekin batera edo auzia ebazteke dagoenean.

Erregela orokor gisa, kautela- -neurriak ez dira aurkakotasunik gabe hartzen. Zernahi gisaz, ezarri da kautela- neurriak hartu ahal izatea, eskatutako neurriaren subjektu pasiboak esan beharrekoa entzun gabe, hori justifikatuta badago.

Kasu horietan, berehalako aurka-jartzea ezarri da.

Aurretiazko entzunaldian nahiz aurka-jartzean, baita geroago ere, eskatutako edo jadanik agindutako kautela-neurria ordezteko kontrakautela ezar daiteke.

Zenbait adituk diotenari eutsiz, kautela- neurrien gaineko ardura eta neurriok ebazteko eskumena eratxiki behar zaio prozesu nagusiaren gaineko eskumena zein jurisdikzio-organok izan eta beste bati. Jarrera hori, nolanahi ere, baztertu egin da, eta legeak ez du eskumena banandu. Halere, demanda jarri baino lehenago eskatu neurriei buruzko prozeduraren inguruan alderdi pasiboak zein jarduera izan eta jarduera horrek ez du prozesua jarriko auzitegi zehatz baten eskumenpean.

Aukera horrek kontuan hartu du demanda baino lehen edo prozesuan zehar hartutako kautela-neurrien gaineko erabakiek epaian eragin ditzaketen aurreirizkeriak edo alderdi baten aldeko nahiz aurkako iritziak sortzeko arriskua.

Dena den, arrisku hori kautela- -neurrietatik landa ere badago, aurreirizkeria sor daitekeelako epaiketa baino lehenagoko entzunaldian edo demanda eta erantzuna irakurri ondoren.

Horrez gain, legeak oinarri bikoitza du. Batetik, epaile eta magistratu guztiek behin-behineko iritziak gaindi ditzakete, alderdien ondoz ondoko uziak inpartzialtasunez kontuan hartzeko, eta frogatutako egitateei eta aplikatu beharreko zuzenbideari lotzeko.

Bestetik, kontuan izan da kautela-neurriek beti lotura izan behar dutela prozesu nagusian eskatutakoarekin, baita prozesuan zehar alda daitezkeen gorabeherekin eta inguruabarrekin ere. Horrela, prozesu horren gaineko eskumena zein organok izan eta bera da ebazteko egoerarik egokienean dagoena, batez ere, kontuan izanez gero, kautela-neurriak ezerezean uzteko, aldatzeko edo ekitatezko kontrakautelarekin ordezteko aukera.

Hori guztia, kontuan izan gabe eskumena ez bereizteak prozedurarako konplexutasun txikiagoa dakarrela.

XIX Legeak ezinbesteko prozesu bereziak ezarri ditu.

Lehenik, zalantzarik gabe eta eztabaidaezin diren berezitasunekin, gaitasunari, seme-alabatasunari eta ezkontzari buruzko gaietan, izapidetza berezia izan behar duten prozesuak.

Gisa horretan, aurreko egoera deitoragarria bukatu da, prozesuko lege erkidera bildu baita lege horretan egon behar dena, nahiz eta orain arte hori miatu edo ondorioztatu dela guztiz sakabanatuta zeuden eta ilun bezain eztabaidagarri ziren xedapenetan.

Bigarrenik, ondareak banatzeko prozesu judizialak. Idazpuru horretara bildu dira jarauntsiaren banaketa judiziala eta ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzeko prozedura berria. Horiek ahalbidetuko dute jurisdikzio-liskarrik gabe ebatzi nahi ez edo ebatzi ezin izan diren arazoak konpontzea.

Azkenik, aurrekoak baino berriagoak diren prozesu bi, alegia, epaiketa monitorioa eta kanbio-prozesua.

Printzipio esku-emailea prozesuetan aplikatzen ez denean, edo, prozesuko objektuari datxekion herri-interes zalantzaezinarengatik, printzipio horren eragina txikiagoa den prozesuetan, legea ez da mugatu horiek kodetzera; aitzitik, prozedura errazak diseinatu ditu, eta, bereziki, kontuan hartu ditu esperientziak agertutako benetako arazoak. Hori guztia egin du, arau substantiboak errespetatuz, prozesua arau substantibo horien tresna izan behar baita.

Nabarmendu behar da ezarritako kautela-neurri zehatzak prozesu berezi horiei erantsi zaizkiela, ez, ordea, irizpide sistematikoen arabera, teorikoki eta beharbada, hobeak diren kautela-neurrien arauketa orokorrari. Horrekin erdietsi nahi dira gai horiei buruzko prozesu-arauketa bateratu eta osoaren benetako abantailak.

1881eko Legearen arabera, testamentu- epaiketa zaila eta neketsua zen, jarauntsiaren banaketa judizialerako. Lege honek, ostera, prozedura errazagoa eta arinagoa ezarri du.

Prozedura horrekin batera, beste prozedura bat arautu da zehatz-mehatz, ezkontzako ondasun-eraentzaren likidazio judizialerako. Prozedura horrekin asetzen da gai honen inguruko prozesu-arauketaren beharrizana. Beharrizan hori behin eta berriz agertu zen, aurreko legeria indarrean zegoen bitartean.

Prozesu monitorioari dagokionez, legeak uste osoa du prozedura horren izapideen bidez justiziapeko askoren diruzko kreditu likidoa azkar eta eragingarriro babestuko dela, batez ere, profesional eta enpresaburu ertain nahiz txikien diruzko kredituak. Prozedura horren izapideak eragingarriak izan dira hainbat herrialdetan.

Laburbilduz, prozedura hori zordunaren egoitzako lehen auzialdiko epaitegiari zuzendutako eskabidearen bidez hasiko da, prokuradoreak edo abokatuak parte hartzeko beharrizanik gabe. Eskabide horretarako, inprimakiak nahiz formularioak erabil daitezke.

Prozesu honen giltzarria da eskabidearekin batera agiriak ekartzea, zorraren itxura juridiko onaren oinarria agertzeko.

Legeak kasu orokorrak eta zehatz nahiz ohikoak ezarri ditu.

Esan beharra dago agiriek prozesu monitorioan duten eragingarritasuna modu harmonikoan osatu dela, epaiketaz kanpoko jatorrizko titulu betearazleak indartuz.

Legeak agiri zehatz batzuk itxura horren oinarri moduan hartu baditu edo auzitegiak horrela erabaki badu, zordun gisa nor agertu eta horrek aukera dezake ordaintzea edo «kontu-arrazoiak ematea ». Horrela, zorduna auzitegian agertu ez bada edo aurka jarri ez bada, behar bezala justifikatuta dago betearazpena agintzea, legean xedatutakoaren arabera.

Haatik, «kontu-arrazoiak emanez gero», hots, zorduna aurka jarriz gero, zordunaren eta hartzekodunaren arteko desadostasuna gauzatuko da, erreklamatutako zorraren munta zein izan eta horri dagokion epaiketaren prozesu-izapideen bitartez.

Azken epaiketa hori prozesu arrunta eta plenarioa da, eta, beraz, epaiketa gauza epaituaren indarra duen epaiaren bidez bukatuko da.

Zorduna agertzen ez bada edo aurka jartzen ez bada, betearazpena aginduko da, epai judizialetarako ezarritakoaren arabera.

Nahitaezko betearazpen honetan, aurka-jartze mugatua gauza daiteke. Horrek, ordea, badu berezitasunik, bidea ixten baitzaio prozesu arruntari. Prozesu arrunt horretan zor bera edo prozesu monitorioko betearazpenetik lor daitekeena itzultzea erreklama daiteke.

Auzitan jarduteko aukerak ixtea bat dator, eta koherentea da, zordunak defentsarako duen aukera bikoitzarekin; eta hori, gainera, beharrezkoa da, prozedura monitorioa eragingarri izan dadin.

Azkenik, ohartarazi behar da, prozesu monitorioari dagokionez, legeak kontuan hartu duela beste herrialde batzuetako arauketa. Arauketa horietan, izapide berezi hau ez da muntaren arabera mugatzen.

Dena den, jurisdikzio--babeserako tresna hau Espainiako prozesu zibilaren sisteman sartzean, egokiagotzat jo da munta zentzuzko kopurura mugatzea. Horrela, gehiegizkoak ez diren diruzko erreklamazioak izapidetzea ahalbidetu da; dena den, munta horiek hitzezko epaiketan ezarri munta- muga gainditu behar dute.

Bestalde, kanbio-epaiketa da kanbio- -letretan, txekeetan eta ordaindukoetan idatziz jasotako kredituek behar duten auzibidea.

Jurisdikzio-babes berezia da, trafiko juridikoko tresna horiei buruz lege berezian ezarritakoaren arabera.

Kanbio-kredituaren babes eragingarria bermatzen da aurreneurrizko eta berehalako enbargoarekin. Berehalako eta aurreneurrizko enbargo hori betearazlea da zuzen-zuzenean, zordunak aurka-jartzerik azaltzen ez badu edo aurka-jartze horri gaitz irizten bazaio.

Aurka-jartzeari on irizten zaion kasuetatik kanpo, aurreneurrizko enbargoa ezerezean utz daiteke, soil-soilik, sinaduraren faltsutzeari edo ordezkaritzarik ezari buruz alegazio oinarridunak azalduz gero. Horrela, eragingarritasun bera dute lege honetako kanbio-kredituaren jurisdikzio-babesaren sistemak eta indargabetutako legeriaren sistemak.

XX Bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrien bitartez lortu nahi da, batetik, etorkizunean munten inguruan egin beharreko eguneratzeak eta egokitzapenak ahalbidetzea, besteak beste, euroa bete-betean ezartzeagatik; eta, bestetik, ikustaldiak, entzunaldiak eta agerraldiak jasotzeko baliabide material berriak eragingarriro xedatzea.

Bigarren xedapen gehigarriari dagokionez, munta pezetetan eta euroetan azaltzeari eutsi zaio eta horrek erraztu nahi du lehenengo auzialdiko prozedura zehaztea, bai eta zenbait errekurtso erabili ahal izatea ere. Horrela, saihestu nahi da zenbatespenaren oinarri izan behar diren agirietan eta erregistroetan adierazi muntak Europako dirura bihurtzea, munta horiek Europako dirutik oso aldenduta egon daitezkeelako.

Ulertzeko eta ezartzeko errazak diren zentzuzko irizpideekin bat, xedapen iragankorrek zenbait arazo aurreikusi dituzte, legea indarrean jartzean ebazteke dauden prozesuetan sor daitezkeenak, legearen azken xedapenean ezarritako urtebeteko «vacatioa» eta gero.

Kasu desberdinen irizpide orokorra da legea eragingarri egin behar dela, ahalik arinen.

Xedapen indargabetzailera arau asko bildu dira, legearen izaeraren ondorioz eta xedapen indargabetzaile orokorra saihestu nahi izateagatik, Kode Zibilaren 2. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat.

Klausula orokor hutsaren erabilera erraza, teknika juridikoaren, eta, batez ere, legegintza- teknikaren ikuspegitik, gaitzesgarria da, eta, gainera, arazo larriak sortzen ditu sarritan.

Xedapen indargabetzailearen lehenengo paragrafoak Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen inguruan dihardu, eta lege hori erabat indargabetzeko beharrezko denbora-salbuespenak ezarri ditu, konkurtsoari, borondatezko jurisdikzioari eta arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko etorkizuneko legeak direla eta.

Era berean, orain arteko zenbait prozesu-manu indargabetu dira hogeiren bat legetatik, besteak beste, Udal Justiziaren prozesu arauei buruzko 1952ko azaroaren 21eko Dekretua, eta Enpresen Enbargoari buruzko 1969ko urriaren 20ko Lege-Dekretua.

Sarritan, lege honen arau berriek manu horiek ordeztu dituzte.

Beste batzuetan, manuok legera bildu dira.

Beste zenbait kasutan, izaera desberdineko azken xedapenek eraldatu dituzte manuok. Jarraian aztertuko dira aipatu azken xedapenak.

Kode Zibilari dagokionez, nabarmendu behar da, nahiz eta frogabideei buruzko arauak ezabatu, eutsi egin zaiela trafiko juridikoan garrantzia izan ditzaketen agiriei buruzko manuei.

Manu horiek esanbidez aipatzen dute froga; gainera, manuok bat badatoz eta harmonia gordetzen badute lege honen manuekin, ulertu behar da manu horiek epaiketaz kanpoko egiazkotasunaz eta eragingarritasunaz dihardutela.

Arau horiek sustrai sendoak dituzte, eta, horregatik, ez dira indargabetu, etorkizunean arauok hobetzea gorabehera.

Azken xedapen batzuen xede bakarra da lege berezietan Prozedura Zibilari buruzko Legera egindako igorpenak egokitzea.

Beste xedapen batzuek, ordea, zenbait manu aldatu dituzte, legeak ezarritako berrikuntzak direla eta.

Hori gertatu da, adibidez, Ondasun Higikorrak Epeka Saltzeari buruzko Legearen 15. artikuluko zenbait paragrafoarekin eta lehenengo xedapen gehigarriarekin.

Espainiako antolamenduan prozesu monitorioa sartu da, eta, aipatu legeak araututako kontratuetan gertatu ez bezala, lege honetan esanbidez jaso dira ordaindu gabeko epeengatiko zorrak. Horregatik, beharrezkoa da zenbait tituluri eratxikitako betearazpena lege honetan xedatutakoari egokitzea.

Lege honek aldaketa eragin du jurisdikzioaren prozesu-tratamenduan, eta, aldaketa horren arabera, beharrezkoa da Tartekaritzari buruzko Legearen 11. artikulua eraldatzea.

Eraldaketa horrek tartekaritza-erakundearen eragingarritasuna indartuko du; izan ere, aurrerantzean, prozesu judizialean baliatu ahal izango da auzia tartekaritzapean egotea. Horrela, auzitegia auziaren arduraz abstenituko da prozesuaren hasieran, eta ez amaieran. Lehen, auzitegia prozesuaren amaieran abstenitzen zen, konpromiso-alegazioa itxuratu zelako luzatzeko salbuespen gisa.

Arreta bereziarekin aztertu dira Hipoteka Legearen berrikuntzak. Horien bitartez lortu nahi da lege honen arauketa bateratzea Hipoteka Legearen osotasun eta argitasun handienarekin.

Halaber, beharrezkoak dira lan- eta zigor- arloetako prozesu-legeen zenbait aldaketa. Horrela, bete-betean arautu dira prozesu horietako abstentzioa eta ezespena, bai eta beste zenbait gai ere.

Zigor-arloko Prozedurari buruzko Legean egokitzat jo da instrukzio-jardun judizialaren egun eta ordu baliodunei buruzko manua aldatzea.

Lege honen joera da kauzioen ematea edo gordailuen eraketa ahalik eta gehien erraztea. Joera horrekin bat, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioan, Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen xedapen gehigarria eraldatu da.

Justiziapeko askoren eskubide eta interes legitimoak direla eta, Justizia Administrazioaren ardura ez da beste justiziapeko batzuek gordailuetarako eta kauzioetarako eskudirua izatea. Aitzitik, Justizia Administrazioaren ardura da, behar den unean, diru- -kopuru zehatzak berehala erabili ahal izatea legeak xedatu helburuetarako.

ATARIKO TITULUA - PROZESUKO ARAUAK ETA EUREN APLIKAZIOA

1 artikulua. Prozesuko legezkotasun-printzipioa

Prozesu zibiletan, nahiz auzitegiek nahiz bertara jo eta bertan parte hartuko dutenek jardun beharko dute lege honek xedatzen duenaren arabera.

2 artikulua. Prozesu zibileko arauen aplikazioa denboran zehar

Zuzenbide iragankorreko lege-xedapenek besterik agindu ezik, auzitegi zibilek eurei dagozkien auziak gauzatuko dituzte indarreko prozesu-arauen arabera. Arauok ez dira inoiz ere atzeraeraginezkoak izango.

3 artikulua. Prozesu zibileko arauen lurralde-eremua

Nazioko lurraldean gauzatutako prozesu zibilei Espainiako prozesu-arauak soilik aplikatuko zaizkie, nazioarteko itun eta hitzarmenek ezar dezaketena salbuetsita.

4 artikulua. Prozedura Zibilaren Legeak duen ordezko izaera

Lege honen manuak aplikatuko dira zigor, administrazioarekiko auzibide-, lan- eta armada-prozesuetan, prozesu horiek arautu dituzten legeetan xedapenik izan ezean.

LEHENENGO LIBURUA - EPAIKETA ZIBILEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO TITULUA - EPAIKETAN AGERTU ETA JARDUTEA

5 artikulua. Jurisdikzio-babesaren motak

1. Auzitegiei eskatu ahal izango zaizkie prestazio zehatza egiteko kondena, eskubide eta egoera juridikoak badirelako adierazpena, azken horien eratze, aldarazte edo azkentzea, betearazpena, kautela-neurriak hartzea eta legeak beren beregi zehaztutako bestelako babesak.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako uziak aurkeztuko dira auzitegi eskudunean eta uziaren gaineko erabakiak uki ditzakeen subjektuen aurka.

LEHENENGO KAPITULUA - Alderdi izateko gaitasuna, prozesuko gaitasuna eta legitimazioa

6 artikulua. Alderdi izateko gaitasuna

1. Auzitegi zibiletako prozesuetan alderdi izan daitezke:

1.) Pertsona fisikoak.

2.) Jaio gabeko ernaldua, onuragarri izan dakizkiokeen ondore guztietarako.

3.) Pertsona juridikoak.

4.) Ondare-masak edo ondare bananduak, behin-behinean titularrik ez badute edo titularra xedatze- eta administratze- ahalmenez gabetua izan bada.

5.) Nortasun juridikorik gabeko erakundeak, baldin eta legeak alderdi izateko gaitasuna aitortu badie halakoei.

6.) Fiskaltza, legearen arabera alderdi gisa zein prozesutan esku hartu eta prozesu horiei begira.

7.) Gertaera kaltegarri batek ukitutako kontsumitzaile- nahiz erabiltzaile- -taldeak, taldea osatzen duten gizabanakoak zehaztuta daudenean edo horiek erraz zehatz daitezkeenean. Epaiketaren bidez demanda jartzeko, kaltedun gehienek osatu behar dute talde hori.

8.) Europako Erkidegoaren legeriaren arabera bukarazte-akziorako gaitutako erakundeak, akzio hori kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeen egikaritza babesteko denean.

2. Legearen aginduz kudeatzaileek eta partaideek izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe, edozein kasutan, demandatuak izan daitezke pertsona juridikoak izateko lege-eskakizunak bete ez dituzten erakundeak, baldin eta pertsona- eta ondare-osagai ugariek osatu badituzte halakoak, betiere, helburu zehatza lortzeko.

7 artikulua. Epaiketa-agerraldia eta -ordezkaritza

1. Eskubide zibilen egikaritza osoa dutenak soilik agertu ahal izango dira epaiketan.

2. Aurreko paragrafoaren kasuan ez dauden pertsona fisikoek agertu behar dute legeak zein ordezkaritza edo laguntza, baimen, gaikuntza edo defendatzaile agindu eta horrekin.

3. Ernaldu eta jaiogabeen ordez, horiek jaio ostean modu legitimoan nork ordezkatu eta horiek agertuko dira.

4. Pertsona juridikoen izenean, legez nork ordezkatu eta horiek agertuko dira.

5. Aurreko artikuluko 1. paragrafoaren 4. zenbakian aipatutako ondare- -masak edo ondare bananduak epaiketan agertuko dira, legearen arabera horien administrazioa nork izan eta horien bitartez.

6. Aurreko artikuluko 1. paragrafoaren 5. zenbakian aipatutako nortasunik gabeko erakundeak epaiketan agertuko dira, legeak kasuan-kasuan erakunde horien epaiketarako ordezkaritza eratxiki dien pertsonen bitartez.

7. Aurreko artikuluko 1. paragrafoaren 7. zenbakiak eta 2. paragrafoak aipatutako nortasunik gabeko erakundeen ordez, epaiketan agertuko dira, egitez zein erakundearen erabakiz, hirugarrenen aurrean erakunde horren izenean diharduten pertsonak.

8. Konkurtsopean daudenen gaitasunari buruzko mugak eta horiek gainditzeko moduak arautuko dira Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera.

8 artikulua. Prozesuko gaitasuna osatzea

1. Pertsona fisikoa aurreko artikuluaren bigarren paragrafoko kasuan egon eta epaiketan agertzeko legez ordezkatu edo lagunduko dion pertsonarik ez badago, pertsona hori izendatu arte, auzitegiak defendatzaile judiziala izendatuko du probidentzia bidez, eta horrek pertsona fisikoaren ordezkaritza eta defentsa bereganatuko ditu.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako kasuan, eta demandatuari defendatzaile judiziala izendatu beharreko gainerakoetan, Fiskaltzak bereganatuko ditu haren ordezkaritza eta defentsa, defentsari judiziala izendatu arte.

Edozein kasutan, prozesua eten egingo da, Fiskaltzaren esku-hartzea bertan jaso ez den bitartean.

9 artikulua. Auzitegiak gaitasunik eza ofizioz aintzat hartzea

Auzitegiak ofizioz aintzat har ditzake alderdi izateko gaitasunik eza eta prozesuko gaitasunik eza, prozesuaren edozein unetan.

10 artikulua. Prozesuko alderdi legitimoa izatea

Alderdi legitimoak izango dira epaiketan agertu eta bertan auzipeko harreman juridikoen edo auzigaiaren titular gisa dihardutenak.

Salbuespen gisa hartzen da legeak titular ez denari legitimazioa eratxiki dion kasua.

11 artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide eta interesen defentsarako legitimazioa

1. Kaltedunen banakako legitimazioa gorabehera, legez eratutako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak legitimatuta daude elkartuen nahiz elkartearen eskubide eta interesak epaiketan defendatzeko, bai eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko ere.

2. Gertaera kaltegarriaren ondoriozko kaltedunak erabat zehaztuta izan edo erraz zehatz daitekeen kontsumitzaile- edo erabiltzaile-talde bateko kideak direnean, interes kolektibo horien babesa lortzeko legitimazioa dagokie kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei, interes horien defentsan edo babesean diharduten eta legez eratuta dauden erakundeei, bai eta kaltedunen taldeei beraiei ere.

3. Gertaera kaltegarriaren ondoriozko kaltedunek kontsumitzaile edo erabiltzaile kopuru zehatzezina edo zehatzgaitza osatzen dutenean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dagokie soil- -soilean zehaztugabeko interes horien defentsa epaiketaren bidez demandatzeko legitimazioa, legearen arabera ordezkaritza nahikoa badute.

4. Halaber, Fiskaltza eta 6.1.8 artikuluan aipatu erakunde gaituak legitimatuta daude bukarazte-akzioa egikaritzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeen egikaritza babesteko bada.

II. KAPITULUA - Alderdi-aniztasuna

12 artikulua. Auzikidetza

1. Epaiketan zenbait demandatzaile edo demandatu batzuk agertu ahal izango dira, bertan egikaritutako akzioek titulu bera edo eskatzeko arrazoi bera dutenean.

2. Epaiketaren objektua dela eta, eskatutako jurisdikzio-babesa subjektu batzuen aurka batera bakarrik eragingarri izan daitekeenean, horiek guztiek auzikide moduan demandatuak izan beharko dute, legeak beren beregi besterik xedatu ez badu.

13 artikulua. Jatorriz demandatzaile edo demandatu ez diren subjektuen parte-hartzea

1. Prozesua erabakitzeko dagoen bitartean, demandatzaile edo demandatu gisa onartua izan daiteke auziaren emaitzan zuzenekoa eta legitimoa den interesa egiazta dezakeena.

Zehazki, edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek parte hartu ahal izango du, horien interesen defentsarako legeak zein erakunde onartu eta erakunde horiek eskatu dituzten prozesuetan.

2. Parte hartzeko eskabideak ez du aribideko prozedura etengo.

Auzitegiak hamar eguneko epe erkidean auto bidez emango du ebazpena, bertaratutako alderdiek esan beharrekoa entzun eta gero.

3. Parte-hartzea onartu bada ere, jardunak ez du atzera egingo; baina parte-hartzailea prozesuan alderdi izango da ondore guztietarako. Parte- -hartzaileak defendatu ahal izango ditu berak edo beraren auzikideak aurkeztutako uziak, horretarako prozesuan aukera badu, nahiz eta haren auzikideak uko egin, amore eman, atzera egin, edo, beste edozein arrazoi dela medio, prozesutik baztertu.

Parte-hartzaileak bere defentsarako beharrezkoak diren alegazio guztiak egin ditzan ere onartuko da, halakoak egiterik izan ez badu bera prozesuan onartua izan baino lehenagoko prozesu-uneei zegozkielako.

Alegazio horiek, edozein kasutan, bost eguneko epean helaraziko zaizkie gainerako alderdiei.

Era berean, parte-hartzaileak errekurtsoak jarri ahal izango ditu bere interesen kalterako ebazpenen aurka, auzikideak ebazpenak onartu arren.

14 artikulua. Parte-hartze eragina

1. Legeak hala baimentzen duenean, demandatzaileak hirugarrenari dei diezaioke prozesuan parte hartzeko, hori demandatua izan gabe. Kasu horretan, parte hartzeko eskabidea demandan bertan egin beharko da, legeak beren beregi besterik xedatu ez badu.

Auzitegiak onartu duenean prozesuan hirugarrenak parte hartzea, hirugarren horrek izango ditu legeak alderdiei jarduteko emandako ahalmenak.

2. Demandatuak prozesuan parte hartzeko dei diezaioke hirugarrenari, legeak hala baimentzen duenean. Kasu horretan, erregela hauen arabera jokatuko da:

1.) Demandatuak auzitegiari eskatuko dio auzia erabakitzeko dagoela hirugarrenari jakinaraztea.

Eskabidea aurkeztu behar da, demanda erantzuteko epean, edo, hitzezko epaiketa denean, ikustaldirako eguna etorri baino lehen.

2.) Auzitegiak demandatzaileak esandakoa entzungo du hamar eguneko epean, eta bidezkotzat jo duena auto bitartez ebatziko du.

Behin jakinarazpena egitea erabaki eta gero, hirugarrena demandari erantzuteko epatuko da, demandatua epatu den era eta baldintza berberekin.

Hitzezko epaiketa bada, auzitegiak ikustaldirako beste egun bat jarriko du probidentzia bidez, alderdiei eta prozesura deitua izan den hirugarrenari zitazioa eginez.

3.) Demandari erantzuteko demandatuak duen epea eten egingo da, 1. erregelak xedatutako eskabidea egin denetik. Epea berriz hasiko da, demandatuari jakinarazi zaionean bere eskaerari gaitz iritzi zaiola, edo, oniritzia bada, hirugarrenak aurkeztutako erantzun-idazkia helarazi zaionean, eta, edozein kasutan ere, hirugarrenari demanda erantzuteko emandako epea amaitu denean.

4.) Hirugarrena agerturik, demandatuak uste badu hirugarrenak bere lekua bete behar duela prozesuan, 18. artikuluan xedatutakoarekin bat jokatu beharko du.

15 artikulua. Kontsumitzaileen et erabiltzaileen eskubide eta interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko prozesuen publizitatea eta horietan parte hartzea

1. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesen babeserako eratutako elkarte nahiz erakundeek edota kaltedunen taldeek eragindako prozesuetan, epaiketara deituko zaie prozesua hasteko arrazoi den produktuaren kontsumitzaile edo zerbitzuaren erabiltzaile izateagatik kaltedun gertatu direnei, euren banakako interesa edo eskubidea erabil dezaten.

Deialdi hori egiteko, eskubide edo interes horien lesioa zein lurralde-esparrutan gertatu eta bertako komunikabideetan demanda onartu dela argitaratuko da.

2. Prozesuan, gertaera kaltegarriaren ondoriozko kaltedunak erabat zehaztuta egon edo erraz zehatz daitezkeenean, demandatzaileak edo demandatzaileek interesdun guztiei aldez aurretik komunikatu behar izango diete demanda aurkeztu izana.

Kasu horretan, deialdia egin ondoren, kontsumitzaileak edo erabiltzaileak prozesuan parte har dezake edozein unetan, baina prekluitu ez diren prozesu-egintzak gauzatzeko soilik.

3. Prozesuan, gertaera kaltegarriak pertsona zehaztugabeekin edo zehazgaitzekin osatutako taldearen gain eragina izan duenean, deialdiak eten egingo du aribideko prozesua, gehienez bi hilabeteko epean. Epea zehaztuko da, kasuan kasuko inguruabarrak edo gertaeraren konplexutasuna, baita kaltedunak zehaztu eta aurkitzeko zailtasuna ere, aintzat hartuta.

Prozesuari berriz ekingo zaio deialdira agertutako kontsumitzaile guztiek parte hartuta, eta ez da onartuko kontsumitzaile edo erabiltzaileak banaka geroago aurkeztea, azken horiek euren eskubide edo interesak erabil ditzaketen arren, lege honen 221 eta 519. artikuluek xedatutakoaren arabera.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutako horretatik salbuetsiko dira, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko, bukarazte-akzioaren egikaritzarekin hasitako prozesuak.

III. KAPITULUA - Prozesuko oinordetza

16 artikulua. Prozesuko oinordetza,heriotzaren ondorioz

1. Epaiketaren objektua «mortis causa» eskualdatu denean, kausatzailearen oinordekoek haren lekuan jarraitu ahal izango dute epaiketan, ondore guztietarako.

Auzitegiak prozesua eten egingo du, edozein auzilariren heriotzaren berri ematen badio haren oinordeko izan behar duenak. Auzitegiak horren berri helarazi behar die gainerako alderdiei, heriotza nahiz oinordetza-titulua egiaztatu eta izapide egokiak bete ondoren. Auzitegiak, hala badagokio, bertaratutakotzat joko du oinordekoa, hildako auzilariaren izenean, horretarako emango duen epaian oinordetza kontuan hartuz.

2. Auzitegiak auzilaria hil dela jakin eta heriotzatik hurrengo bost egunetako epean oinordekoa bertaratzen ez bada, gainerako alderdiek eska dezakete prozesua badela oinordekoei jakinaraztea, azken horiek hamar eguneko epean agertzeko epatuz; horretarako, gainerako alderdiek oinordekoak eta oinordeko horien egoitza identifikatuko dituzte.

Jakinarazpena egitea erabaki eta gero, prozesua eten egingo da, oinordekoak agertu arte edo agerraldirako epea bukatu arte.

3. Hildako auzilaria demandatua izan bada eta gainerako alderdiek horren oinordekoak ezagutzen ez badituzte, edo oinordekoak ezin badira aurkitu edo agertu nahi ez badute, prozesuak aurrera egingo du, alderdi demandatua auziihesean dela adierazita.

Hildako auzilaria demandatzailea izan bada eta horren oinordekoak aurreko lerrokadaren lehenengo bi arrazoiengatik bertaratzen ez badira, atzera egindakotzat joko da, demandatuak horren aurka jarri ezean; azken kasu horretan, 20. artikuluko hirugarren paragrafoa aplikatuko da.

Oinordekoak bertaratzen ez badira agertu nahi ez dutelako, alderdi demandatzaileak egikarituriko akzioari uko egin diola ulertuko da.

17 artikulua. Auzigaia eskualdatzeagatiko

oinordetza

1. Epaiketaren objektua eskualdatu bada epaiketa oraindik erabakitzeko dagoenean, eskuratzaileak eskualdaketa egiaztatuz gero, eskatu ahal izango du alderdi gisa onartua izatea eskualdatzailearen lekuan.

Auzitegiak eskaera horri bide emango dio jardunaren etena aginduz, eta hamar egunez beste alderdiak esan beharrekoa entzungo du.

Epe horretan beste alderdia eskaeraren aurka jartzen ez bada, auzitegiak etendura desegingo du auto bidez, eta xedatuko du eskuratzaileak har dezan eskualdatzaileak epaiketan zuen lekua.

2. Aurreko paragrafoak emandako epean, eskuratzailea epaiketan sartzearen aurka azaltzen bada beste alderdia, auzitegiak auto bidez ebatziko du bidezkotzat jotzen duena.

Beste alderdiak egiaztatzen badu, epaiketaren objektuari begira, alderdi eskualdatzailearen aurka soilik erabil ditzakeen eskubide edo defentsak badituela, uzia ez da onartuko. Halaber, uzia ez da onartuko, beste alderdiak errekonbentzio-eskubidea badu, errekonbentzioa erabakitzeko dagoenean edo alderdi-aldaketak beste alderdiaren defentsa modu nabarian oztopa dezakeenean.

Eskualdatzaileak epaiketan jarraituko du eskuratzailearen uzia onartu ez denean, bion arteko harreman juridiko pribatuak gorabehera.

3. Konkurtso-prozeduretan zein ondasun eta eskubide auzigai besterendu eta besterentze horrek ondorioztatutako prozesu-oinordetza arautuko da Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera.

Halakoetan, beste alderdiak konkurtsopean dagoenaren aurka zein eskubide eta salbuespen izan eta horiek modu eragingarrian aurka jar diezazkioke eskuratzaileari.

18 artikulua. Parte-hartze eraginaren ondoriozko oinordetza

14. artikuluaren 2. paragrafoko 4. erregelak aipatutako kasuan, demandatuak aurkeztutako eskabidea gainerako alderdiei helaraziko zaie, bost eguneko epez, euren eskubideei dagokiena alegatzeko. Ondoren, auzitegiak auto bidez erabakiko du bidezkotzat jotzen duena oinordetzaren egokitasunari buruz.

IV. KAPITULUA - Alderdien xedatze-ahalmena, prozesuaren eta uzien inguruan

19 artikulua. Auzilarien xedatze-eskubidea. Transakzioa eta etendura

1. Auzilariek epaiketaren objektuaren gainean xedatze-ahalmena dute, eta uko egin, epaiketan atzera egin, amore eman, tartekaritzapean jarri eta epaiketaren objektuaren gainean transakzioa egiteko ere bai, salbu eta legeak hori debekatu duenean, edota interes orokorrarengatik nahiz hirugarrenaren onurarengatik legeak mugak ezarri dituenean.

2. Alderdiek transakzio judiziala nahi badute eta euren artean lorturiko akordio edo hitzarmena aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat badator, auziaren gaineko ardura duen auzitegiak akordio edo hitzarmen hura homologatuko du, auziari amaiera emateko.

3. Aurreko paragrafoetan aipatutako egintzak buru daitezke, euren izaeraren arabera lehen auzialdiaren, errekurtsoen edo epaiaren betearazpenaren edozein unetan.

4. Alderdiek, halaber, prozesua etetea eska dezakete. Auzitegiak hori erabakiko du auto bidez, interes orokorrari edo hirugarrenari kalterik egiten ez badio eta eteteko epea hirurogei egunetik gorakoa ez bada.

20 artikulua. Uko egitea eta atzera egitea

1. Auzi-jartzaileak aurretiaz egikaritutako akzioari nahiz bere uziaren oinarri den eskubideari uko egitea azaltzen badu, auzitegiak epaia emango du, demandatua absolbituz, salbu eta uko- -egitea legez onartezina denean.

Halakoetan, autoa emango du, prozesuari ekiteko aginduz.

2. Demandatzaileak alde bakarrez epaiketan atzera egin dezake, demandatua demanda erantzuteko epatua izan baino lehen, edo azken horrek epaiketarako zitazioa jaso aurretik.

Era berean, alde bakarrez atzera egin dezake edozein unetan, demandatua auzi-ihesean badago.

3. Demandatua epatu bada, atzera egiteko idazkia hamar eguneko epez helaraziko zaio demandatuari.

Demandatua atzera-egitearekin ados badago edo aurreko lerrokadan aipatutako epean demandatua aurka jartzen ez bada, auzitegiak largespen-autoa emango du; auzi-jartzaileak, orduan, objektu berari buruzko epaiketa berria eragin ahal izango du.

Demandatua atzera-egitearen aurka jartzen bada, auzitegiak egokitzat jo duena ebatziko du.

21 artikulua. Amore ematea

1. Demandatuak amore ematen badu auzi-jartzaileak aurkeztutako uzi guztien inguruan, azken horrek eskatutakoaren araberako kondena-epaia emango du auzitegiak. Kontrara, amore-ematea lege-maulan egiten bada, edota interes orokorraren aurkako uko-egitea nahiz hirugarrenarentzako galera badakar, autoa emango da hura bazter utzita, eta prozesuak aurrera egingo du.

2. Amore-ematea zati batekoa bada, auzitegiak, demandatzaileak hala eskaturik berehala eman dezake autoa, amore-ematearen inguruko uziak onarturik.

Beharrezkoa da horretarako, uzien izaera dela eta, erabaki banandua posible izatea, amore-ematearen barruan ez diren beste uziok aldez aurretik epaituko ez dituena, horiei buruzko prozesuak aurrera jarraituko baitu.

Autoa betearaz daiteke, lege honen 517. artikuluak eta ondorengoek ezarritakoaren arabera.

22 artikulua. Prozesuaren amaiera, prozesutik kanpo betetzeagatik edo gertatze bidez objekturik ez izateagatik. Maizter-botatzea ezerezean uzten duen kasu berezia

1. Demandaren eta errekonbentzioaren gainean gertatze bidezko inguruabarrak badira, eta, horien ondorioz, babes judiziala lortzeko interes legitimoa bertan behera uzten bada, auzi-jartzailearen uziak, eta, hala denean, demandatu errekonbentzio-egilearenak prozesutik kanpo betetzeagatik edo beste arrazoi baten ondorioz betetzeagatik, orduan inguruabar hori auzitegiari adieraziko zaio, eta, alderdien arteko akordioa izanez gero, prozesuaren amaiera auto bidez dekretatuko da.

Prozesua amaitzeko autoak absoluzio- epai irmoaren ondoreak ditu, eta kostuetarako kondena ez da bidezkoa.

2. Auzitegiak agerraldira deituko die alderdiei, hamar eguneko epean, baldin eta horietako batek oraindik interes legitimoa duela adierazten badu, bai prozesutik kanpo bere uziak ez direla bete azaldu duelako zioak emanez, bai bestelako argudioak erabiliz. Agerraldiaren gai bakarra hori izango da.

Agerraldia bukatu denean, hurrengo hamar egunetako epean, auzitegiak auto bitartez erabakiko du epaiketari ekitea ala ez. Halakoetan, jardun horren kostuak ezarriko zaizkio beraren uzia aurkeztu ondoren ezetza jaso duenari.

3. Epaiketaren jarraipena agindu duen autoaren aurka ez da errekurtsorik onartuko. Epaiketaren amaiera agindu duenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa onartuko da.

4. Errentariak zorretan dituen errentak edo kopuruak ordaindu ez eta hiri- -finkatik maizterra botatzeko hasitako prozesuak amaituko dira, baldin eta ikustaldia egin baino lehen errentariak auzi-jartzaileari ordaintzen badio, edo auzitegian nahiz notarioarenean auzi-jartzailearen esku uzten baditu demandan erreklamaturiko kopuruak, bai eta maizter-botatzea ezerezean utziko duen ordainketaren unean zorretan dituen gainerakoak ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko, errentariak lehenengo batean maizter-botatzea ezereztu badu; ezta errentatzaileak errentariari, modu sinesgarrian, zorra ordaintzeko agindu badio ere, demanda aurkeztu baino gutxienez bi hilabete lehenago eta ordainketa egin ez bada demanda aurkeztean.

V. KAPITULUA - Prozesuko ordezkaritza eta defentsa teknikoa

23 artikulua. Prokuradorearen parte-hartzea

1. Epaiketan agertzea egingo da, epaiketaz zein auzitegi arduratu eta horren aurrean legez jarduteko gaituta dagoen prokuradorearen bidez.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, auzilariak euren kabuz agertu ahal izango dira honako kasuetan:

1.) Hitzezko epaiketetan, 900 eurotik gorakoa ez bada munta, eta prozedura monitorioen hasierako eskaeretan, lege honek ezarritakoaren arabera.

2.) Epaiketa unibertsaletan, agerraldia kreditu-tituluak edo eskubideak aurkezteko denean, edota batzetan agertzeko denean.

3.) Doako laguntza juridikoaren gaineko ebazpenak aurkaratzeko intzidenteetan, bai eta epaiketaren aurretik presako neurriak eskatu direnean ere.

24 artikulua. Prokuradoreari ahalordea ematea

1. Alderdiak prokuradoreari ordezkaritza ematen dion ahalordea notarioak eskuetsi behar du, edo, bestela, auziaren gaineko ardura duen auzitegiko idazkari judizialaren aurreko agerraldian eman beharko da.

2. Ahalorde-eskritura prokuradoreak aurkeztutako lehen idazkiari batuko zaio, edo, hala badagokio, lehen jardunarekin batera; eta «apud acta» egilespena lehen idazkiaren aurkezpenarekin batera egin beharko da, edo, hala denean, lehen jarduna baino lehen.

25 artikulua. Ahalorde orokorra eta ahalorde berezia

1. Auzietarako ahalorde orokorraren bidez, prokuradoreak ahalmena izango du, ahalorde-emailearen izenean, auzien izapidetzan ohi diren prozesuko egintza guztiak baliozkotasunez egiteko.

Dena den, ahalorde-emaileak ahalorde orokorretik gaiak eta jarduna baztertu ahal izango ditu, legearen aginduz horietarako ahalorde berezia ematea behar ez denean. Bazterketa hori beren beregi eta zalantzarik gabe jaso beharko da.

2. Ahalorde berezia beharrezkoa da:

1.) Uko egiteko, transakziorako, atzera egiteko, amore emateko, tartekaritzapean jartzeko eta prozesuaren largespena sor dezaketen adierazpenetarako, dela prozesutik kanpo betetzearren, dela gertatze bidez objekturik gabe geratzeagatik.

2.) Ahalorde-emaileak ahalorde orokorretik baztertutako ahalmenak egikaritzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3.) Legeek halaxe agindu duten bestelako kasu guztietan.

3. Ezin izango dira prokuradorearen bitartez egikaritu, legearen arabera, auzilariek euren kabuz burutu behar dituzten egintzak.

26 artikulua. Ahalordearen onarpena. Prokuradorearen eginbeharrak

1. Ahalordea onartu delako ustea dago, prokuradoreak hori erabili duenean.

2. Behin ahalordea onartuz gero, prokuradoreak honako hauek egiteko betebeharra du:

1.) Auziaren jarraipena egitea, 30. artikuluan adierazitako arrazoiengatik ordezkaritza utzi ez duen bitartean.

2.) Bezeroak edo prokuradoreak berak hautatutako abokatuari ematea berari bidali dizkioten edo berak lor ditzakeen agiri, aurrekari edota jarraibide guztiak, ahalordeak hori barnean hartzen duenean, eta ahalorde-emailearen interesen defentsan beharrezkoa dena eginez, legeek mandatariari ezarri dioten erantzukizunaren menpe.

Jarraibiderik izan ezean edo ahalorde- emaileak emandakoak nahiko ez badira, gaiaren izaeraren arabera beharrezkoa dena egingo du prokuradoreak.

3.) Prokuradorearen esku utzitako gaiaren bilakaerari buruz, berri ematea ahalorde-emaile eta abokatuari beti; abokatuari bidaliko dizkio prokuradoreari jakinarazitako ebazpen guztien eta auzitegiak nahiz gainerako alderdien prokuradoreek helarazitako idazki eta agirien kopiak.

4.) Bere ahalorde-emaile eta abokatuaren idazkiak gainerako alderdien prokuradoreei helaraztea, 276. artikuluak xedatutakoaren arabera.

5.) Auzigaiaren gaineko ardura bertan behera utzi duen abokatuarengandik horri dagozkion idazki, agiri eta gainerako aurrekarien kopiak gai horren inguruan hartu, eta auzigaiari jarraituko dionari edo ahalorde-emaileari ematea.

6.) Auzitegiari berehala komunikatzea bere ardurapean dagoen jarduna betetzeko ezintasuna.

7.) Berak eskaturik sorrarazi diren gastu guztiak ordaintzea, abokatuen zerbitzu- sariak eta adituei dagozkienak salbu, ahalorde-emaileak prokuradoreari ordainketa horiek egiteko funtsik eman ezik.

27 artikulua. Ahalordea ematearen inguruko ordezko zuzenbidea

Ahalorde-emailearen eta prokuradorearen arteko harremanei buruz beren beregiko xedapenik izan ezean, legeria zibil aplikagarrietan mandatu-kontratuari buruz jasotako arauek eraenduko dituzte harreman horiek.

28 artikulua. Prokuradoreak ordezkaritza pasiboa izatea

1. Ahalordea indarrean dagoen bitartean, gaiak dirauen bitartean eta epaia betearazi den arte, prokuradoreak edozein motatako epatze, zitazio, agindei eta jakinarazpenak entzun eta sinatuko ditu, bere alderdiari buruzko epaiak barne. Ahalorde-emaileak horietan guztietan zuzenean parte hartu izan balu adinako indarra izango du aipatu jardunak, eta prokuradoreak ezin eska dezake jardunean ahalorde-emaileak parte-hartzea.

2. Jakinarazpenen eta epeen nahiz epe-mugen ondoreetarako, prokuradoreak jasoko ditu, orobat, gainerako alderdien prokuradoreek eman dizkioten idazkien eta agirien kopiak, 276. artikuluak xedatutakoaren arabera.

3. Jakinarazpenak jasotzeko, Prokuradoreen Elkargoak antolatutako zerbitzu bat izango da, auzitegi zibilen egoitza diren eraikin judizial guztietan.

Zerbitzu horretan jakinarazpenak jasotzean, jakinarazpenok ondore guztiak izango dituzte, bai eta prokuradoreek emandako idazki eta agirien kopiak jasotzean ere, gainerako alderdiei horiek helarazteko ondoreetarako.

Jasoketa agertzeko eginbidearen kopian adieraziko dira hartutako kopien kopurua eta kopia horien jasotzaile diren prokuradoreen izenak.

4. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa ez da kontuan hartuko, legeak xedatzen duenean helarazpenak, epatzeak, zitazioak eta agindeiak egitea auzilariei eurei.

29 artikulua. Funts-hornikuntza

1. Ahalorde-emaileak prokuradorea funtsekin hornitu behar du, legeria zibil aplikagarriak mandatu-kontratuarentzat ezarritakoaren arabera.

2. Behin prozesua hasi eta gero, ahalorde- emaileak behar besteko funtsak eskuratzen ez badizkio prokuradoreari, horrek prozesua segi dezan, prokuradoreak premiamendu bidez eska dezake ahalorde-emaileak funtsak jartzea.

Uzi hori auziaz arduratu den auzitegian gauzatuko da. Auzitegi horrek ahalorde- emaileak esan beharrekoa hamar egunen barruan entzun eta gero, auto bitartez ebatziko du bidezkoa dena. Auzitegiak, premiamendu ohartarazpena eginda, beharrezkotzat jotzen duen kopurua zehaztuko du, bai eta, hala badagokio, funtsak emateko epea ere.

30 artikulua. Prokuradoreak kargua uztea

1. Prokuradoreak ordezkaritza utziko du:

1.) Ahalordea esanbidez edo isilbidez ezeztatzeagatik, kargu-uzte hori auzi-paperetan jaso denetik.

Ahalordea isilbidez ezeztatutzat joko da, harrezkero beste prokuradore bat izendatu eta hori agertzen bada auzian.

Azken kasu horretan, epaiketan diharduen prokuradoreak arazoa eska dezake, dela hura ordeztu nahi duenak adierazitako ordezkaritzaren inguruan, dela ordezkaritza horren benetako izate edo baliozkotasunaren inguruan. Auzitegiak auto bitartez ebatziko du arazoa, ahalorde bakoitza egiletsi duen pertsona edo pertsonak entzun ondoren.

2.) Borondatezko uko-egiteagatik, lanbidea uzteagatik edota lanbidearen egikaritzan eteteko zehapena jasotzeagatik.

Lehenengo bi kasuetan, prokuradoreak, aurretiaz eta modu sinesgarrian, gertaera hori ahalorde-emaileari eta auzitegiari ezagutarazi behar die.

Etendura gertatuz gero, Prokuradoreen Elkargo eskudunak auzitegiari emango dio horren berri.

Auzi-paperetan uko-egitea edo kargu- uztea egiaztatu eta uko-egiletzat edo kargua utzitakotzat jo arte, prokuradoreak ezin izango du utzi ahalorde- -emailearen ordezkaritza, azken horrek bestelako prokuradore bat izendatu arte, hamar eguneko epean.

Egun horiek igaro direnean beste prokuradorerik izendatu barik, ordu arteko prokuradorea beraren ordezkaritzatik behin betiko baztertutzat joko da.

3.) Ahalorde-emailea edo prokuradorea hiltzeagatik.

Aurrenekoan, prokuradoreak auzitegiari ezagutarazi behar dio gertaera, heriotza behar bezala egiaztatuz, eta, hildakoaren jaraunsle edo kausadunek emandako beste ahalorderik aurkeztu ezik, 16. artikuluan xedatutakoa beteko da.

Prokuradorea hilez gero, ahalorde- -emaileari hori komunikatuko zaio, hamar eguneko epean beste prokuradore bat izenda dezan.

4.) Ahalorde-emailea berak aurkeztu duen uzi nahiz aurka-jartzetik aldendu denean, eta, edozein kasutan, auzia amaitu izateagatik edo egintza gauzatu izateagatik, ahalordea egintza horretarako egiletsi bada.

2. Pertsona juridikoaren legezko ordezkariak, ondare-masa nahiz ondare bananduaren administratzaileak, edota legearen arabera epaiketan nortasunik gabeko erakundearen ordezkari denak ahalordea egiletsi duenean, pertsona juridiko, ondare-masa nahiz ondare banandu edota nortasunik gabeko erakunde horien ordezkaritzan nahiz administrazioan gertaturiko aldaketek ez dute prokuradorearen ahalordea azkenduko, eta horien ondorioz ez da beharrezkoa izango berriz agertzea.

31 artikulua. Abokatuaren parte-hartzea

1. Abokatuek auzilariak zuzenduko dituzte. Abokatuak gaituta egon behar dira, auziaren gaineko ardura duen auzitegian euren lanbidean aritzeko.

Ez da eskabiderik bideratuko abokatuaren sinadurarik gabe.

2. Abokatuaren parte-hartzea honakoetan soilik salbuetsiko da:

1.) 900 eurotik gorako munta ez duten hitzezko epaiketetan, eta prozedura monitorioa hasteko eskaera egitean, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.) Epaiketan bertaratzeko, epaiketa baino lehen presako neurriak eskatzeko edo bisten nahiz jardunaren presako etendura eskatzeko idazkietan.

Abokatuari beren beregi dagozkion arrazoietan oinarritu bada bisten edo jardunaren etendura, abokatuak berak ere, ahal izanez gero, idazkia izenpetu beharko du.

32 artikulua. Abokatu eta prokuradorearen parte-hartzea manuzkoa ez izatea

1. Abokatu eta prokuradorearen parte-hartzea manuzkoa ez denean, demandatzaileak nahi badu bere kabuz agertu eta abokatuak defendatua edo prokuradoreak ordezkatua izatea, edota auzi-jartzaileak bi profesionalen laguntza aldi berean nahi badu, orduan demandan hori adieraziko du.

2. Demandaren jakinarazpena jaso ondoren, demandatuak abokatu eta prokuradoreak ere erabili nahi baditu, auzitegiari hala adieraziko dio hurrengo hiru egunetan. Era berean, eta hala badagokio doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea eskatu ahal izango du demandatuak.

Azken kasu horretan, auzitegiak prozesuaren etendura agin dezake, eskubidea aitortu ala ukatu arte edota abokatu eta prokuradorea behinbehinean izendatu arte.

3. Demandatuari ere badagokio 1. paragrafoan aipatutako profesionalen laguntzarekin prozesuan agertzeko ahalmena, auzi-jartzailea abokatu edo prokuradorearen laguntzarik gabe dagoenean.

Demandatuak auzitegiari adieraziko dio bere erabakia, demanda jakinarazi zaionetik hiru egunetako epean, eta auzi-jartzaileari hori komunikatuko zaio. Demandatzaileak, orduan, abokatu eta prokuradorearen zerbitzuak baliatu nahi baditu, jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egunetan auzitegiari adieraziko dio hori, eta, auzi-jartzaileak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea eskatzen badu, etendura erabaki ahal izango da, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera.

4. Alderdietako bati jakinarazpena egiten bazaio, beste alderdiaren asmoa abokatu eta prokuradorea baliatzea dela komunikatuz, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 6.3 artikuluaren arabera dagokion eskubideari buruz informatuko zaio, eskakizun egokia egin dezan.

5. Abokatu eta prokuradorearen parte- hartzea manuzkoa ez denean, profesional horien zerbitzuez baliatu ez den alderdiari kostuetarako kondena ezartzen bazaio, profesional horiengatik sortutako eskubide eta zerbitzu-sariak baztertuko dira; salbuespenez, halakoak ere ordaindu behar dira, auzitegiak ausarkeria ikusten badu kostuak ordaintzera kondenatua izan den alderdiaren jokaeran, edo alderdi ordeztu eta defendatuaren egoitza eta epaiketaren izapidetza zein lekutan egin eta leku hori ezberdinak badira. Azken kasu horretan, lege honen 394. artikuluaren 3. paragrafoan aipatutako mugak aplikatuko dira.

33 artikulua. Prokuradorea eta abokatua izendatzea

1. Doako Laguntza Juridikoaren Legean ezarritako ofiziozko izendapenetatik kanpo, alderdiek kontratatuko dituzte, epaiketan haiek ordezkatu eta defendatuko dituzten prokuradore eta abokatuaren zerbitzuak.

2. Dena den, doako laguntza juridikorako eskubiderik ez duen auzilariak eska dezake abokatuaren, prokuradorearen edo bien izendapena, horien parte- -hartzea manuzkoa denean, edo, halakoa ez bada ere, aurkako alderdiak auzitegiari adierazi dionean abokatuak defendatuta eta prokuradoreak ordezkatuta jardungo duela.

Eskakizun horiek Doako Laguntza Juridikoaren Legearen arabera gauzatu eta erabakiko dira, eta ez da beharrezkoa laguntza hori jasotzeko eskubidea egiaztatzea, baldin eta eskatzaileak bere gain hartzen badu berari izendatu zaizkion profesionalen zerbitzu-sari eta eskubideak ordaintzeko konpromisoa.

3. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 1. zenbakian aipatu epaiketetatik batean, alderdietako edozeinek doako laguntza juridikoaren eskubidea aitortzea eskatzen badu, auzitegiak, horren berri izan bezain laster, ebazpen zioduna emango du. Ebazpen horretan, lanbide- -elkargoei galdatuko die abokatu eta prokuradorearen behin-behineko izendapena, horiek lehenago egin ez badira. Horrek ez dio kalterik egingo eskatzaileak zerbitzu-sariak ordaindu behar izateari, geroago berorri doako laguntza juridikoaren eskubidea ukatuz gero.

Ebazpen hori abokatu eta prokuradoreen elkargoei komunikatuko zaie biderik azkarrena erabiliz, eskabide horren izapidetza Doako Laguntza Juridikoaren Legean ezarritakoaren arabera eginez.

34 artikulua. Prokuradorearen kontua

1. Prokuradoreak ahalorde-emaile zordunari eskatu behar badizkio azken horrek auziaren ondorioz zor dizkion eskubide eta gastuen aurrerakinak, orduan kontu xehea eta egiaztatua aurkeztuko du auziaren gaineko ardura duen auzitegian. Hor adieraziko du eratorri eta erreklamatu dituen kopuruak zor zaizkiola eta ordaindugabeak direla.

Prokuradoreen eskubidea euren jaraunsleek ere izango dute, prokuradoreek jaraunsleei izaera horretako kredituak utzi dizkietenean.

2. Kontua aurkeztu denean, ahalorde- emaileari agindeia egitea aginduko zaio kopuru hori ordain dezan, kostuak barne direla, edo kontua aurkara dezan, hamar eguneko epean, premiamenduohartarazpena eginda, kopurua ordaindu ez edo aurkaratzea aurkezten ez badu.

Epe horretan, ahalorde-emailea aurka jartzen bada, auzitegiak aztertuko ditu kontua, jardun prozesala eta ekarritako agiriak. Ondoren, hamar eguneko epean, autoa emango du, prokuradoreari ordaindu beharreko kopurua zehaztuz, premiamendu-ohartarazpena eginda, jakinarazpenetik hurrengo bost egunetan ordainketa egin ez bada.

Aurreko lerrokadako autoaren aurka, ez da errekurtsorik onartuko, baina auto horrek ez du aurretik ezarriko, ezta zati batez ere, hurrengo epaiketa arruntean eman daitekeen epaia.

3. Lehen ezarritako epean ahalorde- -emailea aurka jartzen ez bada, betearazpena aginduko da, kontuaren kopuruarengatik, kostuak gehituta.

35 artikulua. Abokatuen zerbitzu-sariak

1. Auzian sortutako zerbitzu-sarien ordainketa erreklama diezaiokete abokatuek, beraiek defendatutako alderdiari. Minuta xehea aurkeztu eta forma egokiz adierazi beharko dute zerbitzu- -sari horiek zor zaizkiela eta ordaindu gabeak direla.

2. Erreklamazioa aurkeztu denean, zordunari agindeia egitea aginduko zaio kopuru hori ordain dezan, kostuak barne direla, edo kontua aurkara dezan, hamar eguneko epean, premiamenduohartarazpena eginda, ordaindu edo aurkarapena aurkezten ez badu.

Epe horretan, zerbitzu-sariak aurkaratzen badira zor ez direlako, aurreko artikuluko 2. paragrafoko bigarren eta hirugarren lerrokadetan xedatutakoaren arabera jardungo da.

Zerbitzu-sariak gehiegizkoak izateagatik aurkaratzen badira, lehenik 241. artikuluan eta ondorengoetan xedatutako arauketari ekingo zaio, abokatuak aurkaratzaileak aurretiaz onartutako aurrekontu idazkia badela egiaztatu ezik. Autoa emango da zor den kopurua zehazteko, premiamendu-ohartarazpena eginez jakinarazpenetik hurrengo bost egunetan ordainketa egiten ez bada.

Auto horren aurka ez da errekurtsorik onartuko, baina auto horrek ez du aurrez ezarriko, ezta zati batez ere, hurrengo epaiketa arruntean eman daitekeen epaia.

3. Aurretiaz ezarritako epean zerbitzu- sarien zorduna aurka jartzen ez bada, betearazpena aginduko da minutaren kopuruarengatik, kostuak gehituta.

II. TITULUA - JURISDIKZIOA ETA ESKUMENA

LEHENENGO KAPITULUA - Auzitegi zibilen jurisdikzioa eta epaitu aurreko arazoak

LEHENENGO ATALA

Auzitegi zibilen jurisdikzioaren hedadura eta mugak

36 artikulua. Jurisdikzio-ordena zibilaren hedadura eta mugak. Nazioarteko eskumenik eza

1. Espainiako auzitegi zibilek zein jurisdikzio izan, eta horren hedadura eta mugak zehaztuko dira Botere Judizialaren Lege Organikoan eta Espainia kide den nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoaren arabera.

2. Espainiako auzitegi zibilek ez dute beren eskumenpean jarritako auzien gaineko ardurarik hartuko, honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

1.) Demanda aurkeztu edo betearazpena eskatu denean, nazioarteko zuzenbide publikoaren arabera jurisdikzio- edo betearazpen-ukiezintasuna duten subjektu nahiz ondasunekiko.

2.) Espainia zein nazioarteko itun edo hitzarmenetako kide izan, eta, hori dela bide, eratxiki zaionean beste estatu bati auziaren gaineko jurisdikzio esklusiboa.

3.) Behar bezala epatutako demandatua agertu ez denean, Espainiako auzitegiek duten nazioarteko eskumenaren oinarri bakarra izan badaiteke alderdiak isilbidez haien eskumendean jartzea.

37 artikulua. Jurisdikziorik eza. Auzitegi zibilen abstentzioa

1. Jurisdikzio zibileko auzitegi batek uste badu bere eskumenpean jarritako auzia jurisdikzio militarrari, edo herri-administrazio bati edo kontabilitateko eginkizunetan diharduen kontu auzitegiari dagokiola, auzia gauzatzeaz abstenituko da.

2. Era berean, auzitegi zibilak abstenituko dira, beren eskumenpean jarritako auziak jurisdikzio arrunteko beste jurisdikzio-ordena bateko auzitegien gaineko ardura direnean. Kontu Auzitegia jurisdikzio-eginkizunetan ari denean ulertuko da, administrazioarekiko auzibideen arloko ordenaren barnean dagoela.

38 artikulua. Nazioarteko eskumenik eza eta jurisdikziorik eza ofizioz aintzat hartzea

Nazioarteko eskumenik eza zein jurisdikziorik eza dela eta, auzia bestelako jurisdikzio-ordenari dagokiola ohartu bezain laster, ofizioz aginduko da aurreko bi artikuluetan aipatutako abstentzioa, alderdiek eta Fiskaltzak esan beharrekoa entzun eta gero.

39 artikulua. Nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza, alderdiak hala eskaturik aintzat hartzea

Demandatuak sala dezake, deklinatoriaren bidez, nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza, auzia bestelako jurisdikzio-ordenari dagokiolako nahiz gatazka tartekaritzapean jarri delako.

2. ATALA

Epaitu aurreko arazoak

40 artikulua. Epaitu aurrekotasuna zigor-arloan

2. Aurreko paragrafoan aipatutako kasuan, prozesu zibileko jardunaren etendura aginduko da, honako inguruabar hauek gertatzen direnean bakarrik:

1.) Auzi kriminala badela egiaztatu bada, eta, bertan, egitateren bat edo batzuk ikertzen ari badira; betiere horiek, prozesu zibilaren alderdi-uzientzako oinarriak izanda ere, delitu-itxura dutenean.

2.) Zigor-auzitegiaren erabakiak, auzi kriminalean prozedura hasteko egitateari buruzkoa izanik, auzi zibilaren ebazpenean eragin erabakigarria izan badezake.

3. Aurreko paragrafoan aipatutako etendura auto bitartez aginduko da, prozesua epaiaren zain soilik dagoenean.

4. Nolanahi ere, etendura aginduko da, prozesura ekarritako agirietatik bati begira faltsutze-delitua egon daitekeenean, baldin eta auzitegiaren ustez agiri hori erabakigarria bada auziaren funtsa ebazteko. Kasu horretan, prozeduraren amaiera arte itxaron gabe etendura aginduko da, delitu horren aurka auzi kriminala hasi dela egiaztatu bezain laster.

5. Aurreko paragrafoan aipatutako kasuan ez da etendurarik aginduko, edo agindutakoa desegingo da, baldin eta alderdiak uko egiten badio bere mesederako agiri horri.

Uko egin denean, agiria auzi-paperetatik kanpo geratzea aginduko da.

6. Artikulu honetan aipatutako etendurak desegingo dira, egiazta daitekeenean epaiketa kriminala amaitu dela edo epaiketa hori gerarazi dela beraren jardunbide arrunta eragotzi duen zioarengatik.

7. Agiri baten faltsutzeari buruzko zigor-auzia alderdietako baten salaketaren edo kereilaren ondorioa bada, eta auzia bukatzen bada agiria kautoa dela edo faltsutzea frogatu gabe geratu dela adierazi duen ebazpenarekin, orduan prozesu zibilean kalte-galeren ordaina eskatu ahal izango du prozesu zibila eteteagatik kalteak izan dituen alderdiak, 712. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

41 artikulua. Epaitu aurrekotasun penalak eragindako jardunaren etendura. Etendura horri buruzko ebazpena eta horren aurkako errekurtsoak

1. Auzi zibilaren etendura ukatu duen ebazpenaren aurka, birjartze-errekurtsoa jar daiteke.

Dena den, etenduraeskabidea berriro egin daiteke, bigarren auzialdian, eta, hala denean, bai prozesuko arau-hausteen ondoriozko errekurtso berezien izapideak bai kasazio-errekurtsoenak egiten diren bitartean.

2. Etendura agindu duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke. Gora-jotzean etendura agindu edo berresteko emandako autoen aurka, kasuan- kasuan, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia jar daiteke.

42 artikulua. Zigor-arlotik kanpoko eta epaitu aurreko arazoak

1. Epaitu aurreko ondoreetarako soilsoilik, auzitegi zibilek erabaki ditzakete administrazioarekiko auzibide-arloko uziak eta lan-arloko auziak.

2. Aurreko paragrafoak aipatzen dituen arazoei buruz auzitegi zibilen erabakiak ez du ondorerik sortuko prozesu zibiletik kanpo.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, legeak ezartzen badu, edo alderdiek batera etorriz eskatzen badute, edo horietako batek bestearen adostasunarekin eskatzen badu, orduan auzitegi zibilek aribideko jarduna etengo dute, epaia eman aurretik, epaitu aurreko arazoa, kasuan-kasuan, herri-administrazio eskudunak, kontu auzitegiak edo jurisdikzio-ordena eskuduneko auzitegiek hori ebatzi arte.

Kasu horretan, auzitegi zibilarentzat loteslea da epaitu aurreko arazoari buruz organo horiek hartutako erabakia.

43 artikulua. Epaitu aurrekotasun zibila

Auzigaia ebazteko, arazo bati buruz erabakitzea beharrezkoa bada, eta, arazo hori, aldi berean, auzitegi horretan edo beste auzitegi zibil batean prozesuaren auzigai nagusia bada, eta, arazo hori erabakitzeko egonik, autoen metaketa ezinezkoa bada, orduan auzitegiak, auto bitartez, aribideko jardunaren etendura agin dezake, jardun hori dagoen egoeran dagoelarik, epaitu aurreko arazoa xede duen prozesua bukatu arte. Bi alderdiek edo horietako batek eskatu behar diote etendura auzitegiari, aurkakoari entzun eta gero.

Eskaerari ezetza eman dion autoaren aurka, birjartze-errekurtsoa jar daiteke; etendura agindu duenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke.

II. KAPITULUA - Eskumena zehazteko erregelak

44 artikulua. Aurretiaz legeak zehaztutako eskumena

Auzitegi zibilek kasuan-kasuan eskumena izan dezaten, beharrezkoa da auziaren gaineko ardura lege-lerruneko eta jardunaren hasiera baino lehenagoko arauen bidez eratxikita izatea.

LEHENENGO ATALA

Eskumen objektiboa

45 artikulua. Lehen auzialdiko epaitegien eskumena

Lehen auzialdiko epaitegiek auzi zibil guztien gaineko ardura dute lehen auzialdian, baldin eta esanbidezko lege- -xedapenaren bitartez bestelako auzitegiei eratxikita ez badaude auzi horiek.

Era berean, epaitegi horiek ardura dute Botere Judizialaren Lege Organikoak eratxikitako gai, egintza, arazo eta errekurtsoen gainean.

46 artikulua. Lehen auzialdiko epaitegi batzuen espezializazioa

Arrazoi horrengatik arazoa sortzen bada, hori eskumen-arazo gisa bideratuko da.

47 artikulua. Bake epaitegien eskumena*

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 90 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

Bake epaitegiek auzi zibilen gaineko ardura izango dute lehen auzialdian, baldin eta auzi horiek 15 000 pezetatik gorako muntarik ez badute, eta, gaiaren ondorioz, 250. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako kasuetan ez badaude.

48 artikulua. Eskumen objektiborik eza ofizioz aintzat hartzea

1. Eskumen objektiborik eza ofizioz hartuko da aintzat, auziaren gaineko ardura duen auzitegia horretaz ohartu bezain laster.

2. Auzitegiak auziaren gaineko ardura duenean, bai bigarren auzialdian, bai prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren nahiz kasazio- errekurtsoaren izapideak egin bitartean, eta auzitegi horrek uste badu lehen auzialdia erabaki zuen auzitegiak horretarako eskumen objektiborik ez zuela, orduan jardun guztiaren deuseztasuna aginduko du. Hala ere, alderdiek euren akzioak egikaritzeko eskubidea izango dute auzitegi eskudunean.

3. Aurreko paragrafoek aipatu kasuetan, auzitegiak, ebazpena eman baino lehen, alderdiak eta Fiskaltza entzungo ditu, hamar eguneko epe erkidean.

4. Eskumen objektiborik eza adierazi duen autoak zehaztuko du auziaren gaineko ardura zein auzitegi-motari dagokion.

49 artikulua. Eskumen objektiborik eza zehaztea, alderdiak hala eskaturik

Demandatuak deklinatoria bidez sala dezake eskumen objektiborik eza*.

* Abenduaren 28ko 1/2004 Legeak zenbait neurri ezarri ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko (EAO, 313. zk., abenduaren 29koa). Lege organiko horren 57. artikuluak 49bis artikulua erantsi dio prozeduralege honi.

Zernahi gisaz ere, lege organikoaren azken xedapenetatik zazpigarrenaren arabera, eraldaketa ez da indarrean jarriko, ondore hauetarako, 2005. urteko ekainaren 29a arte.

49bis artikulua. Eskumena galtzea, emakumearen aurkako indarkeria-egintzak gertatzen direnean

1. Epaileak, lehen auzialdian, prozedura zibilaren gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki indarkeria-egintzaren bat burutu dela, Genero Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa emateko Neurrien Lege Organikoak bere 1. artikuluan definitzen dituen horietarikoa, eta, egintza horren ondorioz, zigor-prozesua hasi edo babes-agindua eman bada, orduan, Botere Judizialaren Legeko 87 ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, eskumenari utziko dio, eta auzi-paperak dauden-daudenean igorriko dizkio emakumearen aurkako indarkeria-epaile eskudunari, salbu eta ahozko epaiketaren fasea jadanik hasita dagoenean.

2. Epaileak, prozedura zibilaren gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki indarkeria-egintzaren bat burutu ahal izan dela, eta, egintza horren ondorioz, ez bada zigor-prozesurik hasi, ezta babes-agindurik eman ere, orduan, Botere Judizialaren Legeko 87 ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, alderdiei zitazioa egingo die, Fiskaltzarekin batera agerraldia egin dezaten; agerraldi hori hurrengo 24 orduetan egingo da, epaileak bil ditzan gertatutako egitateei buruz erabakigarri izan daitezkeen datuak.

Agerraldiaren ondoren, Fiskaltzak berehala erabaki beharko du ea hurrengo 24 orduetan genero-indarkeriaren inguruko egintzak salatuko dituen, edo emakumearen aurkako indarkeria-epaitegi eskudunari babesagindua ematea eskatuko dion.

Salaketa jarri edo babes-agindua eskatuz gero, Fiskaltzak salaketaren kopia edo eskariarena eman beharko dio auzitegiari, eta auzitegiak auziaren gaineko ardurari ekingo dio, harik eta, hala denean, emakumearen aurkako indarkeria-epaile eskudunak eskumenari uzteko eskatu arte.

3. Genero-indarkeria dela eta, emakumearen aurkako indarkeria-epaileak, zigor-auzi baten gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki prozesu zibilen bat bidean dagoela, eta Botere Judizialaren Legeko 87 ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen badu, orduan auzitegi zibilari agindeia egingo dio, eskumenari utz diezaion; auzitegi zibilak berehala erabaki beharko du eskumenari uztea eta agindeia egin duen organoari auzi-paperak igortzea.

Aurreko lerrokadaren ondoreetarako, eskumenari uzteko agindeiarekin batera aurkeztuko da aurretiazko eginbideak hasi direlako lekukotza edo falta-epaiketari buruzkoa, kereila onartzen duen autoarena, edo emandako babes- aginduarena.

4. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan ezarri kasuetan, auzitegi zibilak auzi-paperak igorriko dizkio emakumearen aurkako indarkeria- epaitegiari, eta ez da aplikagarria izango Prozedura Zibilaren Legeko 48.3 artikuluan xedatutakoa; alderdiak, une horretatik, aipatu organoan agertu beharko dira.

Kasu horietan, ez dira aplikagarriak izango atal honen gainerako arauak, eta, era berean, ez da deklinatoria onartuko; alderdiek emakumearen aurkako indarkeria-epaitegiaren eskumena baliatu nahi badute, orduan, epaitegi horrek emandako ebazpenetatik edozein hartu, aurreko paragrafoaren azken lerrokadak aipatzen dituen horietarikoa, eta horren lekukotza aurkeztu beharko dute.

5. Emakumearen aurkako indarkeria-epaitegiek modu esklusibo eta baztertzailean erabiliko dituzte arlo zibilean dituzten eskumenak, betiere Prozedura Zibilaren Legean ezarritako prozedurekin eta errekurtsoekin bat etorriz.

BIGARREN ATALA

Lurralde-eskumena

50 artikulua. Pertsona fisikoen foru orokorra

1. Legeak besterik xedatu ezean, lurralde-eskumena demandatuaren egoitzako auzitegiari dagokio, eta, demandatuaren egoitza ez badago nazioko lurraldean, epaile eskuduna izango da demandatuak lurralde horretan bizilekua non izan eta bertako auzitegia.

2. Espainian egoitza edo bizilekurik ez dutenak demandatuak izan daitezke Espainian dauden tokian bertan, edo nazioko lurraldean izan duten azken bizilekuko tokian; eta horrela ere eskumena zehazterik ez badago, orduan auzijartzailearen egoitzako tokian izango dira demandatuak.

3. Enpresaburuak eta profesionalak, euren enpresa- zein lanbide-jardueran sortutako auzietan, jarduera hori non gauzatu eta bertan izan daitezke demandatuak; eta euren ardurapeko establezimenduak toki ezberdinetan badituzte, orduan auzi-jartzaileak horietako bat aukeratu eta bertan izan daitezke demandatuak enpresaburu eta profesionalak.

51 artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko erakundeen foru orokorra

1. Legeak besterik xedatu ezean, pertsona juridikoak euren egoitza non izan eta bertan izango dira demandatuak.

Era berean, auzipeko egoera edo harreman juridikoak non sortu edo ondoreak non izan eta bertan demandatuak izan daitezke, betiere pertsona juridikoek toki horretan dutenean jendaurrean zabalik dagoen establezimendua edo erakundearen izenean jarduteko ordezkari baimendua.

2. Nortasunik gabeko erakundeak kudeatzaileen egoitzan edo jarduera gauzatu duten tokietatik edozeinetan izan daitezke demandatuak.

52 artikulua. Lurralde-eskumena kasu berezietan

1. Aurreko artikuluetan ezarritako foruak ez dira aplikatuko eta artikulu honetan ezarritakoaren arabera zehaztuko da eskumena, honako kasu hauetan:

1.) Epaiketetan ondasun higiezinen gaineko akzio errealak egikaritzen direnean, epaiketetan auzitegi eskuduna izango da auzigaia dagoen tokikoa.

Akzio erreala zenbait ondasun higiezinen gainean edo esparru desberdinetan dagoen ondasun higiezin baten gainean egikaritu denean, auzitegi eskuduna euretako edozein izango da, demandatzaileak hala aukeratuta.

2.) Demandak jartzen direnean inoren ondasunen administratzaileek egin beharreko kontuen aurkezpen eta onespenari buruz, auzitegi eskuduna izango da kontu horiek aurkeztu behar diren tokikoa; toki hori zehaztuta ez badago, mandatugile, ahalorde-emaile edo ondasun-jabearen egoitzakoa edo administrazioa gauzatzen duen tokikoa izango da eskuduna, auzi-jartzaileak hala eskatuta.

3.) Berme-betebeharraren edo betebehar osagarrien gaineko demandetan, auzia erabakitzeko auzitegi eskuduna izango da betebehar nagusiaren gaineko eskumena duena edo jada horren gaineko arduran diharduena.

4.) Jarauntsi-arazoei buruzko epaiketetan, auzitegi eskuduna izango da hildakoaren azken egoitzari dagokion tokikoa, eta, hildakoak azken egoitza atzerrian izan badu, Espainian izandako azken egoitzaren tokiko auzitegia, edo haren ondasun gehienak diren tokiko auzitegia, demandatzaileak hala aukeratuta.

5.) Epaiketetan ezgaien, ezgaituen edo zarrastelkeria-adierazpena dutenen laguntza- edo ordezkaritza-akzioak egikaritzen direnean, horiek bizilekua non izan eta bertako auzitegia izango da eskudun.

6.) Ohorerako eskubide, pertsona eta familiaren bizitza pribaturako eskubide, eta norberaren irudirako eskubideen arloetan, eta, oro har, oinarrizko eskubideen babes zibilaren arloan, demandatzailearen egoitzako auzitegia izango da eskuduna, eta, demandatzaileak egoitza Espainiako lurraldean ez badu, kasuan kasuko oinarrizko eskubidea urratu duen egitatea non gauzatu eta bertako auzitegia izango da eskuduna.

7.) Ondasun higiezinen gaineko errentamendu eta maizter-botatze epaiketetan, finka non egon eta bertako auzitegia izango da eskuduna.

8.) Jabetza horizontalari buruzko epaiketetan finka non egon eta bertako auzitegia izango da eskuduna.

9.) Epaiketetan, ibilgailu motordunen zirkulazioa dela-eta kalte-galeren ordaina eskatzen denean, kalteak non eragin eta bertako auzitegia izango da eskuduna.

10.) Sozietatearen erabakiak aurkaratzeari dagokionez, sozietatearen egoitzako auzitegia izango da eskuduna.

11.) Prozesuetan, jabetza intelektualaren arauak hausteari buruzko demandak egikaritzen direnean, arau-haustea non gauzatu, edo arau-haustearen zantzuak non egon, edo ale ez-zilegiak non egon, eta toki horretako auzitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

12.) Elkarlehia desleialari buruzko epaiketetan, demandatuak establezimendua zein tokitan izan eta bertako auzitegia izango da eskuduna, eta, demandatuak establezimendurik ez badu, bere bizileku edo egoitza zein tokitan izan eta bertako auzitegia izango da eskuduna; demandatuak hori Espainiako lurraldean ez badu, elkarlehia desleialeko egintza non gauzatu, edo egintzak ondoreak non sortu, eta bertako auzitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

13.) Marka eta patenteen arloan eskudun izango da, gai horretako legeria bereziak ezarritako auzitegia.

14.) Prozesuetan, akzioak egikaritzen direnean, kontratazioaren baldintza orokorreko klausulak kontratuari ez eransteko edo horien deuseztasuna adierazteko, demandatzailearen egoitzako auzitegia izango da eskuduna.

Era berean, gai horretan akzio adierazlea, bukarazte-akzioa edo atzera jotzeko akzioa egikaritzen direnean, demandatuak establezimendua non izan eta bertako auzitegia izango da eskuduna, eta demandatuak establezimendurik ez badu, beraren egoitzari dagokion auzitegia izango da eskuduna; demandatuak egoitza Espainiako lurraldean ez badu, atxikimendua egin den tokiko auzitegia izango da eskuduna.

15.) Premiamenduko prozedura administratiboetan jarritako jabari-hirugarrengotza edo eskubide hobeko hirugarrengotzaren kasuan, enbargoa zein organok erabaki eta organo horren egoitzako auzitegia izango da eskuduna, lurralde-eskumenari dagokionez herriadministrazioentzat ezarritako berezitasunei kalterik egin gabe.

16.) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeen defentsarako bukarazte-akzioa zein prozesutan egikaritu eta prozesu horietan eskuduna izango da demandatuak establezimendua zein tokitan izan eta bertako auzitegia, eta demandatuak establezimendurik ez badu, bere egoitza duen tokiko auzitegia; demandatuak hori Espainiako lurraldean ez badu, auzi-jartzailearen egoitzaren tokikoa.

2. Artikulu honen aurreko paragrafoko arauak aplikatu beharrekoak ez direnean aseguruetan, ondasun higigarri gorpuzdunen eperako salmentetan eta horien finantzaketarako kontratuetan, edota zerbitzuak emateko kontratuetan nahiz ondasun higigarriei buruzko kontratuen inguruko auzietan, kontratua burutu baino lehenago eskaintza publikoa egin bada, orduan auzitegi eskuduna izango da asegurudun, erosle edo mailegu-hartzailearen edo eskaintza onartu duenaren egoitzakoa, hurrenez hurren.

53 artikulua. Lurralde-eskumena, akzioak metatzen direnean eta demandatu- aniztasuna dagoenean

1. Zenbait akzio aldi berean egikaritu direnean pertsona baten edo batzuen aurka, auzitegi eskuduna izango da gainerako akzioen oinarri zein akzio izan eta horri dagokion tokikoa; halakorik izan ezean, akzio metatu gehienen gaineko ardura zein auzitegik izan eta hori izango da eskuduna; eta, azken buruan, zenbateko handieneko akzioari dagokion tokiko auzitegia izango da eskuduna.

2. Demandatu batzuk daudenean, eta, artikulu honetan eta aurrekoetan xedatutako erregelekin bat, toki bateko baino gehiagoko epaileei badagokie lurralde- eskumena, orduan demanda jarri ahal izango da horietatik edozeinetan, demandatzaileak hala aukeratuta.

54 artikulua. Lurralde-eskumenari buruzko arauen izaera esku-emailea

1. Lurralde-eskumena banatzeko lege-erregelak aplikatuko dira, bakarrik, alderdiak esanbidez edo isilbidez jarri ez badira mugabarru zehatz bateko auzitegien eskumendean.

Salbuespenez, aginduzko izaera dute 52. artikuluaren 1. paragrafoko 1. zenbakian eta 4. zenbakitik 15.era artekoetan ezarritako erregelek eta artikulu horren 2. paragrafoan ezarritakoek, baita lege honek zein beste batek esanbidez halako izaera eratxiki dien gainerako erregelek ere.

Hitzezko epaiketaren bitartez erabaki beharreko gaietan ere, ez da baliozkoa izango esanbidez edo isilbidez eskumendean jartzea.

2. Atxikimendu-kontratuetan, alderdietako batek ezarritako baldintza orokorreko kontratuetan edo kontsumitzaile nahiz erabiltzaileekin egindakoetan, ez da baliozkoa izango esanbidez auzitegien eskumendean jartzea.

3. Baliozko eta eragingarria izango da alderdiek auzitegiaren eskumendean jartzea, baldin eta kasuan kasuko gaiaz arduratzeko eskumen objektiboa duten auzitegien alde egiten bada.

55 artikulua. Auzitegien eskumendean esanbidez jartzea

Esanbidezko eskumendea da interesdunek hala itundutakoa, zein auzitegiren menpean jarri eta auzitegi horien esparrua zehatz izendaturik.

56 artikulua. Auzitegien eskumendean isilbidez jartzea

Honako hauek isilbidez auzitegien eskumendean jarri direla ulertuko da:

1.) Demandatzailea, horrek mugabarru jakin bateko auzitegietara jo duenean, demanda jarriz nahiz demandaz arduratzeko auzitegi eskudunari aurkeztu beharreko eskaera zein eskabidea eginez.

2.) Demandatua, baldin eta demanda jarri ondoren epaiketan bertaratu bada eta edozein jardun egin badu, deklinatoria forma egokiz proposatzea izan ezik.

57 artikulua. Auzitegien eskumendean esanbidez jartzea eta banaketa egitea

Alderdiak auzitegien eskumendean esanbidez jartzeak mugabarrua zehaztea ekarriko du, auziaz arduratu behar diren auzitegiei begira.

Mugabarruan mota bereko zenbait auzitegi daudenean, auzien banaketak zehaztuko du auzitegi horietatik zeini dagokion auziaren gaineko ardura; alderdiak ezin dira jarri auzitegi zehatz baten menpe, gainerako auzitegiak baztertuz.

58 artikulua. Lurralde-eskumena ofizioz zehaztea

Aginduzko erregelek lurralde-eskumena finkatu badute, auzitegiak ofizioz aztertuko du bere lurralde-eskumena, demanda aurkeztu bezain laster. Fiskaltzak eta bertaratutako alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, auzitegiak uste badu auziaz arduratzeko lurralde- eskumenik ez duela, orduan auto bidez adieraziko du hori, eta lurralde- eskumena duen auzitegiari jarduna igorriko dio.

Aukerazko foruak aplikatzeko modukoak badira, ondore horietarako auzitegiak demandatzaileari zuzenduko dio agindeia eta demandatzaileak adierazitakoa beteko du.

59 artikulua. Lurralde-eskumenik eza alegatzea

Aginduzko erregelek lurralde-eskumena legez zehaztu duten kasuetatik kanpo, lurralde-eskumenik eza zehatz daiteke, soilik, demandatuak edo epaiketan alderdi legitimo izan daitezkeenek deklinatoria garaiz eta forma egokiz proposatzen badute.

60 artikulua. Lurralde-eskumenari buruzko gatazka negatiboa

1. Lurralde-eskumenik ezaren ondorioz, auzitegiak eskumena baliatzeari uzteko erabakia hartu badu, deklinatoria bidez edo alderdi guztiak entzun eta gero, orduan jarduna zein auzitegiri igorri eta horrek erabakia onartu behar du, eta ezin izango du ofizioz bere lurralde-eskumenik eza adierazi.

2. Lurralde-eskumenik ezaren ondorioz, eskumena baliatzeari uzteko erabakia hartu izan bada alderdi guztiak entzun gabe, orduan jarduna zein auzitegiri igorri eta auzitegi horrek adieraz dezake ofizioz bere lurralde- -eskumenik eza, lurralde-eskumenik eza aginduzko erregelen bidez zehaztu behar denean.

3. Eskumenik eza adierazi duen ebazpenak aginduko du aurrekari guztiak zuzenean gorago dagoen auzitegi erkideari igortzea. Auzitegi horrek auto bidez erabakiko du zein auzitegi arduratu behar den auziaz, eta, hala badagokio, hurrengo hamar egunetan aginduko du auzitegi horri auzi-paperak igortzea eta alderdiak epatzea. Auto haren aurka, ez dago errekurtsorik.

3. ATALA

Eskumen funtzionala

61 artikulua. Loturaren ondoriozko eskumen funtzionala

Legezko xedapenek besterik xedatu ezik, auziaz arduratzeko eskumena duen auzitegiak eskumena izango du, orobat, auziaren intzidentziak ebazteko, berak emandako probidentziak eta autoak betearazteko, eta epaia edo onetsitako hitzarmenak nahiz transakzioak betearazteko.

62 artikulua. Errekurtsoaz arduratzeko eskumena ofizioz zehaztea

1. Auzitegi bati zuzendutako errekurtsoen izapidetza ez da onartuko, baldin eta auzitegiak horiez arduratzeko eskumen funtzionalik ez badu.

Aurrekoa gorabehera, errekurtsoa auzitegiari zuzenduta, horrek onartu eta ulertzen badu errekurtso horretaz arduratzeko eskumen funtzionalik ez duela, orduan, bertaratutako alderdiek hamar eguneko epe erkidean esan beharrekoa entzun ondoren, autoa emango du, horren gaineko arduraz abstenitzeko.

2. Aurreko paragrafoko autoa jakinarazi eta gero, auzilariek bost eguneko epea izango dute, errekurtsoa behar bezala jarri edo iragartzeko; egun horiek gehituko zaizkie izapideok burutzeko legez ezarri diren epeei.

Auzilariek epea gainditzen badute errekurtsoa behar bezala jarri gabe, ebazpen hori irmo bihurtuko da.

III. KAPITULUA - Deklinatoria

63 artikulua. Deklinatoriaren edukia, deklinatoria proposatzeko legitimazioa eta deklinatoriaz arduratzeko auzitegi eskuduna

1. Deklinatoriaren bidez, demandatuak eta jada eragindako epaiketan alderdi legitimo izan daitezkeen horiek sala dezakete, demanda zein auzitegitan jarri eta auzitegi horren jurisdikziorik eza, demandaren gaineko ardura atzerriko auzitegiei nahiz beste jurisdikzio- ordena bateko organoei edo tartekariei dagokielako.

Edozein motatako eskumenik eza salatzeko ere deklinatoria proposatuko da.

Deklinatoriaren oinarria lurralde- -eskumenik eza bada, zehaztu beharko da jarduna zein auzitegiri igorri behar zaion, auzitegi horren lurralde-eskumena dela eta.

2. Deklinatoria proposatuko da auziaren gaineko ardura duen auzitegian, baldin eta uste bada auzitegi horrek jurisdikziorik edo eskumenik ez duela.

Aurrekoa gorabehera, deklinatoria, aurkez daiteke, orobat, demandatuaren egoitzako auzitegian. Azken auzitegi horrek deklinatoria helaraziko dio, komunikazio- biderik azkarrena erabiliz, demanda zein auzitegitan aurkeztu eta auzitegi horri, deklinatoria aurkeztu eta egun horren biharamunean ofizio bidez igortzeari kalterik egin gabe.

64 artikulua. Deklinatoria proposatzeko prozesu-unea eta haren zuzeneko ondoreak

1. Deklinatoria proposatu beharko da, demanda erantzuteko epearen lehenengo hamar egunetan, edo ikustaldirako zitazioa jaso eta hurrengo lehen bost egunetan. Deklinatoriak etengo ditu, bera ebatzi arte, demanda erantzuteko epea edo ikustaldi egunerako zenbaketa, bai eta aribideko prozedura nagusia ere.

2. Deklinatoria aurretiaz alegatzearen ondorioz prozedura nagusia eten bada ere, horrek ez du eragotziko auzia erabaki behar duen auzitegiak, alderdi legitimoak hala eskaturik, froga ziurtatzeko edozein jardun nahiz kautela- -neurri agintzea, halakorik hartu ezean auzi-jartzailearentzat galera konponezinak sortzen badira. Ez da halakorik egingo, demandatuak behar besteko kauzioa eman duenean, oinarririk gabeko deklinatoriaren izapidetzak sor ditzakeen kalte-galerei aurre egiteko.

Kauzioa eman daiteke eskudiruz edo lehen agindeian ordain daitekeen iraupen zehaztugabeko abal solidarioz, azken hori eman badu kreditu-erakunde batek edo elkarrekiko berme sozietate batek; beste edozein modutan ere eman daiteke kauzioa, auzitegiaren iritziz kasuan-kasuan bermatzen bada kopuru horrek berehalako eskuragarritasuna izango duela.

65 artikulua. Deklinatoriaren izapidetza eta horren gaineko erabakia

1. Deklinatoriaren idazkiarekin batera aurkeztuko dira deklinatoriaren oinarri diren agiriak edo froga-hastapenak, betiere gainerako auzilarien besteko kopia-kopuruarekin. Auzilari horiek auzitegiaren jurisdikzio edo eskumenari eusteko egokitzat jotzen dutena alega eta ekar dezakete; horretarako, bost egunetako epea izango dute, deklinatoriaren jakinarazpenetik hasita. Auzitegiak hurrengo bost egunetan erabakiko du arazoa.

Deklinatoria lurralde-eskumenik ezari buruzkoa bada, auzi-jartzaileak, hori aurkaratzean, auzitegiaren lurralde- eskumenik ez hori alega dezake, auzitegi horri eman nahi bazaio auziaren gaineko ardura.

2. Auzitegiak ulertzen badu jurisdikziorik ez duela, auziaren gaineko ardura beste estatu bateko auzitegiei dagokielako, orduan horixe adieraziko du auto bitartez, prozesuaren gaineko ardurarik ez du hartuko, eta largetsiko du.

Auzitegiak modu berean jardungo du, auzia tartekaritzapean jarri eta deklinatoriaren oinarria hori bada.

3. Auzitegiak ulertzen badu jurisdikziorik ez duela, gaia beste jurisdikzio- -ordena bateko auzitegiei dagokielako, orduan auzitegiak adieraziko die, auziaren gaineko ardura hartu ez duen autoan alderdiei, euren eskubidea zein organotan baliatu beharko duten. Ebazpen berbera emango du auzitegiak, eskumen objektiborik ez duela ulertuz gero.

4. Lurralde-eskumenari buruzko deklinatoria jarri bada eta aginduzko erregelek eskumen hori zehaztu ez badute, orduan auzitegiak, deklinatoria horri oniritzia eman ahal izateko, eskudun iritzi beharko dio deklinatoriaren eragileak aipatu organoari.

5. Lurralde-eskumenaren inguruko deklinatoriari oniritzia ematean, auzitegiak auziaren gaineko ardura utziko du eskumena zein organori egokitu eta horren esku. Era berean, auzitegiak auzi-paperak igortzea erabakiko du, eta alderdiak hamar eguneko epean epatuko dira auzitegi horretan agertzeko.

IV. KAPITULUA - Jurisdikzio eta eskumenari buruzko errekurtsoak

66 artikulua. Nazioarteko eskumen, jurisdikzio, tartekaritzapean jartze eta eskumen objektiboari buruzko errekurtsoak

1. Gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke auzitegiaren autoaren aurka, horrek auziaren gaineko ardura har ez dezan, baldin eta auto hori eman bada nazioarteko eskumenik ez dagoelako, auzia beste jurisdikzio-ordena bateko auzitegiari dagokiolako, auzia tartekaritzapean jarri delako, edo eskumen objektiborik ez dagoelako.

2. Nazioarteko eskumenik, jurisdikziorik edo eskumen objektiborik ezari uko egin bazaio auto bidez, orduan birjartze- errekurtsoa bakarrik jar daiteke; horrek ez dio kalterik egingo prozesuko baldintza horien eza alegatzeari, behin betiko epaiaren aurkako gora jotzean.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa aplika daiteke, halaber, autoak ezetza eman dionean auzia tartekaritzapean jartzeari.

67 artikulua. Lurralde-eskumenari buruzko errekurtsoak

1. Lurralde-eskumena ebatzi duten autoen aurka, ez da errekurtsorik egongo.

2. Gora jotzeko errekurtsoan eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezian, lurralde-eskumenik ezari buruzko alegazioak onartuko dira, kasuan-kasuan, aginduzko erregelak aplikagarriak direnean bakarrik.

V. KAPITULUA - Auzien banaketa

68 artikulua. Banaketa nahitaezkoa izatea. Prozesuko tratamendua

1. Auzi zibil guztiak lehen auzialdiko epaitegien artean banatuko dira, epai-barrutian lehen auzialdiko epaitegi bat baino gehiago dagoenean. Erregela berbera aplikatu behar zaie probintziako audientzien ardurapeko diren auziei, audientziak ataletan banatuta daudenean.

2. Auzitegiek ez dute baimenduko banaketapeko auzia bideratzea, horretan banaketaren eginbide egokia agertzen ez bada.

Eginbide hori agertzen ez bada, auziaren banaketa agintzeko ez den jarduna deuseztatu egingo da, edozein alderdik hala eskaturik.

3. Banaketari buruzko erabakien aurka, deklinatoria ez da bidezkoa izango. Hala ere, auzilarietatik edozeinek aurkara dezake indarreko banaketa- arauak haustea, jarduna hasteko idazkia edo eskabidea aurkezten den unean.

4. Banaketa-arauen arabera auziaren gaineko ardura auzitegi bati edo batzuei badagokie eta beste auzitegi batek ematen badu auziaren gaineko ebazpena, orduan ebazpenok deusezak direla adieraziko da, horiek zein alderdiri kalte egin eta alderdi horrek hala eskatuta. Horretarako, alderdiak deuseztasuna eskatu beharko du banaketa- -arauak hautsi direla jakin eta hurrengoxeko prozesu-izapidean, arau-hauste hori aurreko paragrafoak ezarritakoaren arabera zuzendu ez bada.

69 artikulua. Banaketa egiteko epea

Auziak banatu eta epaitegi nahiz atal egokira igorriko dira, jarduna hasteko idazkia edo eskabidea aurkeztu denetik hurrengo bi egunetan.

70 artikulua. Presako neurriak, banatu gabeko auzietan

Epaile dekanoek, eta auzitegi eta audientzietako buruek ere presako neurriak har ditzakete, banatu gabeko auzietan, alderdiak hala eskaturik, neurri horiek hartu ezean eskubide-urraketa edo -galera larri eta konponezina sor badaiteke.

III. TITULUA - AKZIO- ETA PROZESU-METAKETA

LEHENENGO KAPITULUA - Akzio-metaketa

71 artikulua. Metaketaren ondore nagusia. Akzio-metaketa objektiboa. Balizko metaketa

2. Auzi-jartzaileak demandan meta ditzake demandatuaren aurka dituen akzio guztiak, akzioen jatorria titulu ezberdina izan arren, betiere akzio horiek elkarren artean bateraezinak ez direnean.

3. Akzio bi edo gehiago batera epaiketa berean egikaritzea ezinezkoa izango da, eta, ondorioz, akzio horiek ezin daitezke metatu, baldin eta akzioek elkar baztertzen badute edo elkarren aurkakoak badira. Bi kasu horietan, akzio bat aukeratzeak bestearen egikaritza eragotzi edo eraginik gabe utziko du.

4. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, auzi-jartzaileak elkarren artean bateraezinak diren akzioak metatu ahal izango ditu, eta horretarako, adieraziko du zein den akzio nagusia, eta, lehen akzio nagusi hori oinarrigabea dela ulertzen bada, aldiz, zeintzuk diren bestelako akzioa edo akzioak, berak egikarituko dituenak.

72 artikulua. Akzio-metaketa subjektiboa

Subjektu batek subjektu anitzen aurka edo subjektu anitzek subjektu baten aurka dituzten akzioak meta daitezke, aldi berean egikarituz, baldin eta akzio horien artean lotura badago tituluaren ondorioz edo eskatzeko arrazoiaren ondorioz.

Titulua edo eskatzeko arrazoia bera dela edo lotura badela ulertuko da, akzioak egitate berberetan oinarritzen direnean.

73 artikulua. Prozesuko zioengatik akzio-metaketa onargarria izatea. Beharrezko metaketaren kasu bereziak

1. Akzio-metaketa onargarri izan dadin, beharrezkoa izango da:

1.) Akzio nagusiaren gaineko ardura duen auzitegiak jurisdikzioa eta eskumena edukitzea akzio metatuen gaineko ardura izateko, gaia nahiz munta dela eta.

Hala ere, epaiketa arruntean bideratu beharreko akzioari meta dakioke, muntaren arabera, berez hitzezko epaiketan gauzatu beharreko akzioa.

2.) Gaia dela eta, metatutako akzioak epaiketa-mota ezberdinetan bideratu behar ez izatea.

3.) Legeak metaketa ez debekatzea, akzio zehatzak egikaritu diren kasuetan, gaia nahiz jarraitu beharreko epaiketa- motaren ondorioz.

2. Sozietatearen erabakiak aurkaratzeko demandari ofizioz metatuko zaizkio batza edo biltzar berean, edota kide anitzeko administrazio-organoaren saio berean hartutako erabakien deuseztasun- edo deuseztagarritasun- -adierazpena eskatu duten demanda guztiak. Demanda horiek lehen demanda aurkeztu denetik hurrengo berrogei egunetan aurkeztu beharko dira.

Edozein kasutan ere, lehen auzialdiko epaitegi bat baino gehiagoko tokietan, lehen demandaren gaineko ardura izan duen epaitegiari banatuko zaizkio demanda horren ondoren aurkeztutako gainerako demandak.

3. Halaber, demanda berean metatuko dira akzio ezberdinak, legeek kasu zehatzetarako hala xedatu dutenean.

4. Akzio batzuk behar ez bezala metatu badira, epaileak, demanda onartzeari ekin baino lehen, auzi-jartzaileari aginduko dio, bost eguneko epean akatsa ongitu dezan, meta daitezkeen akzioei eutsiz.

Epe-muga igaro bada ongitze barik, edo auzi-jartzaileak iraunarazi nahi dituen akzioak elkarren artean metaezinak badira, besterik gabe demanda artxibatzea aginduko da.

II. KAPITULUA - Prozesu-metaketa

LEHENENGO ATALA

Prozesu-metaketa: xedapen orokorrak

74 artikulua. Prozesuak metatzearen helburua

Prozesuen metaketa dela bide, prozesu horiek prozedura batean gauzatuko dira, eta epai bakar batek bukaraziko ditu horiek guztiak.

75 artikulua. Prozesuen metaketa eskatzeko legitimazioa

Legeak beren beregi besterik xedatu ezean, prozesu ezberdinen arteko metaketa bakarrik agin daiteke, baldin eta metatu nahi diren prozesuetatik edozeinetan alderdi denak hala eskatu badu.

76 artikulua. Prozesu-metaketa zein kasutan den bidezkoa

Prozesu-metaketa honako kasu hauetan bakarrik aginduko da:

1.) Prozesuetatik batean eman beharreko epaiak beste prozesuan epaitu aurreko ondoreak sor ditzakeenean.

2.) Metaketa zein prozesutarako eskatu eta prozesu horien objektuen artean lotura badago, lotura horrek ekar dezakeela, prozesuok banan-banan jarraituz gero, epaiak ematea eta epai horietan jasotako erabaki edo oinarriak kontraesanekoak, bateraezinak edo elkarren artean baztertzaileak izatea.

77 artikulua. Metatzeko moduko prozesuak

1. Lege honen 555. artikuluan betearazpen- prozesuen metaketari buruz xedatutakoa izan ezik, prozesu adierazleen metaketa bidezkoa izango da, izapide berdinen bidez bideratu badira edo prozesu horien izapidetza prozesuko eskubideen galera barik batera badaiteke, betiere kapitulu honetan adierazitako arrazoietatik bat gertatzen denean.

2. Prozesuak auzitegi ezberdinetan erabakitzeko daudenean, metaketa ezinezkoa izango da, baldin eta antzinatasun gehieneko prozesuaren auzitegiak eskumen objektiborik ez badu, metatu nahi diren prozesuez arduratzeko, gaia nahiz munta dela eta.

3. Metaketa ez da bidezko izango, berebat, legearen arabera alderdiek ezin badute indarrik gabe utzi antzinatasun gutxieneko prozesuaren gaineko ardura duen auzitegiaren lurralde-eskumena.

4. Prozesu-metaketa onargarri izateko, nahitaezkoa da horiek lehen auzialdian egotea eta prozesu horietatik batean ere lege honen 433. artikuluko epaiketa bukatuta ez egotea.

78 artikulua. Prozesu-metaketa bidezkoa ez izatea. Salbuespenak

1. Prozesu-metaketa ez da bidezkoa izango, arriskua badago epaiak eman eta epai horietan jasotako erabaki edo oinarriak kontraesaneko, bateraezin edo elkarren artean baztertzaile izateko, eta hori saihestu badaiteke auzibitarte- salbuespenaren bidez.

2. Era berean, prozesuak ezin daitezke metatu, baldin eta lehen demandarekin, horren zabaltzearekin, halakorik bada, edo errekonbentzioarekin batera egiaztatzen ez bada ezin izan dela eragin honako prozesua, metatu nahi diren prozesu ezberdinetan agertu eta oinarri berdineko uzi eta arazoak biltzen dituena.

3. Metatu nahi diren prozesuak demandatzaile berak edo errekonbentzio- -egile demandatu berak eragin baditu, dela bakarrik, dela auzikidetzan, orduan metaketa ez da bidezkoa izango, prozesu bakarra eragin zitekeela ulertuko delako, aurreko paragrafoan zehaztu bezala, salbu eta hori egiaztatzen denean.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez da aplikagarria izango, nahiz eta 76 eta 77. artikuluen arabera prozesuak metatzeko modukoak izan, legeek kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aitortu dizkieten eskubide nahiz interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko prozesuetan. Hala izango da, elkarte, erakunde eta talde legitimatu, nahiz kontsumitzaile edo erabiltzaile zehatzek prozesu ugari eragin eta prozesu horiek ezin izan badira saihestu, dela akzioen metaketaren bidez, dela 15. artikuluan xedatutako parte-hartzearen bidez.

Halakoetan, prozesu-metaketa aginduko da, ofizioz bada ere, lege honek xedatutakoaren arabera.

79 artikulua. Metaketa zein prozesutan eskatu behar den

1. Prozesu-metaketa beti eskatuko zaio antzinatasun gehieneko prozesuaren gaineko ardura duen auzitegiari, eta prozesu horri metatuko zaizkio prozesurik berrienak.

Betekizun hori ez bada gauzatzen, auzitegiak, auto bidez, ez du eskabidea onartuko. Auto horren aurka, ez da errekurtsorik izango.

2. Demanda noiz aurkeztu eta data horren arabera zehaztuko da antzinatasuna.

Demandak egun berean aurkeztu badira, lehenik zein prozesu-txandatan banatu eta hori da antzinatasun gehienekoa.

Prozesuak metatzeko eskabidea prozesu horietatik edozeinetan eskatu ahal izango da, baldin eta ezin bada zehaztu txandatan zein demanda banatu den lehenik, betiere prozesuak auzitegi ezberdinetan erabakitzeko egon edo beste edozein arrazoirik dagoenean.

80 artikulua. Prozesu-metaketa hitzezko epaiketan

1. Hitzezko epaiketetan, auzitegi berean hurrengo ataleko arauen bidez metatuko dira erabakitzeko dauden prozesuak.

Metaketa-eskabidea ikustaldi- ekitaldian eta ahoz egingo da, lehenago aurkeztu ez bada.

Kasu horretan, ekitaldira agertu diren gainerako alderdiek egokitzat jotzen dutena adieraziko dute eskatutako metaketaren bidezkotasunari buruz, eta bidezkotasun hori ikustaldi berean ebatziko da.

2. Prozesuak auzitegi ezberdinetan erabakitzeko daudenean, hitzezko epaiketan aurkeztutako metaketa-eskabidea aurreko paragrafoaren arabera egin, eta hori bideratuko da, ahal den neurrian, kapitulu honen 3. ataleko arauen arabera.

2. ATALA

Auzitegi berean erabakitzeko dauden prozesuen metaketa

81 artikulua. Prozesuak metatzeko eskabidea

Prozesuak auzitegi berean gauzatzen badira, metaketa idatziz eskatuko da. Idazki horretan argiro adieraziko da metatzeko prozesuak zeintzuk diren eta horien prozesuko egoera zein den, metaketa egiaztatzeko arrazoiak ere azalduz.

Prozesuak metatzeko eskabideak ez ditu etengo metatu nahi diren aribideko prozesuak. Hala ere, auzitegia prozesu horietatik edozeinetan ez du epaia emango, metaketaren bidezkotasunari buruz erabaki arte.

82 artikulua. Prozesuak metatzeko eskabideari hasieran gaitziritzia ematea

Auzitegiak, auto bidez, ez du metaketa- eskabidea onartuko, eskabide horrek ez baditu jasotzen aurreko artikuluak galdatutako datuak edo eskabidearen edukiaren arabera metaketa bidezkoa ez bada, bai prozesuen mota, bai horien prozesu-egoera, bai aurreko artikuluetan ezarritako gainerako prozesubetekizunen ondorioz.

83 artikulua. Prozesu-metaketaren intzidentea gauzatzea eta horren gainean erabakia hartzea. Errekurtsoa

1. Prozesu-metaketa behar bezala eskatu bada, eskabidea helaraziko zaie, bai bertaratutako gainerako alderdiei, bai metatu nahi diren prozesuetatik edozeinetan alderdi direnei, nahiz eta metaketa eskatu den prozesuan alderdi izan ez, horiek metaketari buruzko alegazioak egin ditzaten, hamar eguneko epe erkidean.

2. Epe hori igaro denean edo alegazioak jaso direnean, auzitegiak arazoa ebatziko du hurrengo bost egunetan.

Intzidentean alderdi diren guztiak metaketarekin ados badaude, auzitegiak besterik gabe aginduko du metaketa hori.

Alderdien arteko adostasunik ez badago, edo horietatik inork alegaziorik egiten ez badu, orduan auzitegiak bidezkotzat jotzen duena ebatziko du, eskatutako metaketa aginduz edo berori ukatuz.

Eskatutako metaketa erabaki behar duen autoaren aurka, birjartze-errekurtsoa baino ez dago.

84 artikulua. Metaketa agindu duen autoaren ondoreak

1. Metaketa onartu ondoren, auzitegiak aginduko du antzinatasun gutxieneko prozesuak antzinatasun gehienekoei batzea, horiek prozedura berean edo izapide berdinak erabiliz gauzatzen jarraitu eta epai berean erabaki ahal izateko.

2. Lehen auzialdian metaturiko prozesuak fase berean ez badaude, aurreratuenaren etendura aginduko da, gainerakoak egoera berdinera edo antzekora heldu arte.

85 artikulua. Metaketa ukatu duen autoaren ondoreak

1. Metaketa ukatuta, epaiketak banan- banan gauzatuko dira.

2. Metaketa ukatu duen autoaren bidez kondenatuko da metaketa zein alderdik eragin eta hori, berorrek intzidentearen kostuak ordain ditzan.

3. ATALA

Auzitegi ezberdinetan erabakitzeko dauden prozesuen metaketa

86 artikulua. Arau aplikagarriak

Auzitegi ezberdinetan erabakitzeko dauden prozesuen metaketari aplikatuko zaizkio kapitulu honen aurreko ataletan ezarritako arauak, hurrengo artikuluetan adierazitako berezitasunekin.

87 artikulua. Prozesuak metatzeko eskabidea

81. artikuluan xedatutakoaz gain, prozesuen metaketa eskatzeko idazkian adierazi behar da, metatu nahi diren prozesuak zein auzitegitan erabakitzeko izan eta auzitegi hori zein den.

88 artikulua. Prozesuak metatzeko eskabideak ondore etengarririk ez izatea

1. Prozesuak metatzeko eskabideak ez ditu etengo aribideko prozesu ukituak; horrelakoren bat epaiaren zain soil-soilean geratzen bada, une horretatik bertatik eten egingo da eskabidea.

Halakoetan, epaia emateko epea eten egingo da.

2. Metaketa eskatu bezain laster, beste auzitegiari horren berri emango zaio biderik azkarrena erabiliz, auzitegi horrek edozein kasutan epaia ez emateko, eskatutako metaketaren inguruan behin betiko erabakia eman arte.

3. Metaketa-eskabidea helaraziko zaie bertaratutako gainerako alderdiei, horiek metaketaren bidezkotasunari buruz alegazioak aurkez ditzaten, hamar eguneko epe erkidean.

Auzitegiak auto bitartez bost eguneko epean ebatziko du, eta, auzitegi horrek metaketa ukatu badu, beste auzitegiari hori komunikatuko dio, eta azken horrek epaia eman ahal izango du.

89 artikulua. Prozesu-metaketa bidezkoa dela adierazi duen autoaren edukia

Auzitegiak metaketa bidezkoa dela jotzen badu, auto berean aginduko du beste auziaren gaineko ardura duenari ofizioa igortzea, prozesuen metatzea eta bertara ekartzea eskatuz.

Ofizio horrekin batera ekarri behar da auzitegiak berak zehaztu aurrekarien agiri kautoa, aurrekariok nahiko direnean metaketa eskatzeko arrazoia aditzera emateko, eta, hala denean, metaketa eskatu ez duten alderdiek azaldutako alegazioak ere ekarri behar dira.

90 artikulua. Auzitegi errekerituak metaketarako agindeia jaso eta auzilarientzat ikustaldia egitea

1. Auzitegi errekerituak ofizioa eta agiri kautoa jaso dituenean, bertara zein alderdi agertu eta alderdioi helaraziko dizkie horiek.

2. Auzitegi errekerituan bertaratutakoen artean inon badago auzitegi errekeritzailean aribidean dagoen prozesuan bertaratu gabe, orduan horrek bost eguneko epea izango du, auzitegi horren idazkaritzan ofizio eta agiri kautoaren jakitun izateko, baita metaketari buruzko idazkia aurkezteko ere, bertan bere eskubideari dagokiona adieraziz.

91 artikulua. Metaketa-agindeiari buruzko ebazpena

1. Aurreko artikuluak aipatutako bost eguneko epea igaro eta gero, auzitegiak autoa emango du, metaketa-agindeia onartu edo horri uko egiteko.

2. Auzitegi errekerituan bertaratu diren alderdietatik inor metaketaren aurka jartzen ez bada, edo alderdiok auzitegi errekeritzailean alegatu dituzten datu eta argudioez bestelakoak alegatzen ez badituzte, orduan auzitegi errekeritua abstenituko da metaketa eskatu duen autoaren oinarriak aurkaratzeaz, oinarri horiek 76 eta 77. artikuluetan xedatutako betekizunei buruzkoak direnean. Auzitegi errekerituak agindeiari ezetza emateko arrazoia izan daiteke, bakar-bakarrik, auzitegi errekurrituan erabakitzeko dauden prozesuak metatu beharra.

92 artikulua. Auzitegi errekerituak metaketa onartzearen ondoreak

1. Metaketa-agindeia onartu eta gero, berehala jakinaraziko zaie hori auzitegi errekerituan alderdi direnei, horiek hamar eguneko epean auzitegi errekeritzailean bertara daitezen. Auzitegi errekeritzaileari auzi-paperak igorriko zaizkio, auzi-paper horiek auzitegi horretan, kasuan-kasuan, euren bidea egin dezaten.

2. Prozesuen metaketa erabaki eta gero, aribideko prozesuetatik aurreratuena eten egingo da, metaketa zein prozesutan gertatu eta hori bestearen prozesu- -mailara iritsi arte.

93 artikulua. Auzitegi errekerituak prozesu-metaketa ez onartzearen ondoreak

1. 91. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera, auzitegi errekerituak metaketa-agindeia onartu ez badu, hori bidegabekotzat jotzeagatik, edo metaketa auzitegi horretan erabakitzeke dauden prozesuekin egin behar dela uste izateagatik, orduan auzitegi errekerituak hori komunikatuko dio auzitegi errekeritzaileari, eta auzitegi biek desadostasuna erabakitzeko auzitegi eskudunaren menpe utziko dute erabakia.

2. Prozesu-metaketaren arloko desadostasunak ebazteko auzitegi eskuduna da auzitegi errekeritzailearen eta errekerituaren goragoko auzitegi erkidea.

94 artikulua. Auzitegi eskudunean desadostasuna gauzatzea

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, hala auzitegi errekeritzaileak, nola auzitegi errekerituak, lehenbailehen auzitegi eskudunari igorriko diote, metaketaren gaineko desadostasuna ebazteko auzitegien esku dagoenaren agiri kautoa.

2. Auzitegi errekeritzaileak eta errekerituak alderdiak epatuko dituzte, alderdiok bost eguneko epe luzaezinean auzitegi eskudunean ager daitezen eta idatziz euren eskubideari dagokiona alega dezaten.

95 artikulua. Desadostasunari buruzko erabakia

1. Auzitegi eskudunak auto bidez emango du erabakia, hogei eguneko epean, eta auzi-paperetan agertzen diren aurrekariak eta alderdien idatzizko alegazioak kontuan izanik, azken horiek aurkeztu badira.

Horrela emandako autoaren aurka ez da errekurtsorik izango.

2. Prozesu-metaketa erabakitzen bada, lege honen 92. artikuluan xedatutakoa aginduko da.

Metaketa ukatzen bada, prozesuek banan-banan euren bidea egin beharko dute, eta epaia emateko epearen etendura, halakorik badago, desegingo da.

96 artikulua. Bi prozesu baino gehiagoren metaketa. Metaketa-agindei anitz

1. Kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, bi epaiketa baino gehiagoren metaketa eskatu denean.

2. Bi auzitegik edo gehiagok auzitegi berari agindeia egin badiote metaketa dela eta, azken horrek auzi-paperak igorriko dizkio auzitegi guztien goragoko auzitegi erkideari, eta hori komunikatuko die auzitegi errekeritzaile guztiei, horiek erabakia goikoaren menpe utz dezaten.

Halakoetan, aurreko bi artikuluetan xedatutakoaren arabera jardungo da.

97 artikulua. Bigarren metaketa-intzidentea debekatzea

1. Prozesuak metatzeko intzidentea prozesu batean eragin eta gero, ez da eskabiderik onartuko harrezkeroko epaiketa bat metatzeko, baldin eta metaketa eskatu duena izan bada metatu nahi den epaiketa eragin duena.

2. Aurreko paragrafoko eskabidea zein auzitegitan aurkeztu eta auzitegi horrek besterik gabe uko egingo dio eskabide horri, probidentzia bidez.

Aurreko debekua gorabehera, beste intzidente hori eratu bada, egitateaz konturatu bezain laster aginduko da eskabidearen ondoriozko jardunaren deuseztasuna, eskabidea zeinek aurkeztu eta horri kostuak ezarriko zaizkiola.

4. ATALA

Banakako prozesuak eta prozesu unibertsalak metatzea

98 artikulua. Banakako prozesuak eta prozesu unibertsalak metatzeko kasuak

1. Prozesuen metaketa orobat aginduko da:

1.) Demanda ondasun batzuen aurka jadanik aurkeztu bada edo aurkezten bada eta horiek erabakitzeko dagoen konkurtso-prozesu baten menpe badaude ondasun horiek.

Halakoetan, konkurtso- legeriak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

2.) Akzioa jarauntsiko ondasunen aurka jada aurkeztu bada edo aurkezten bada eta aribidean dagoen oinordetza- prozesu baten menpe badaude ondasun horiek.

Salbuespenez, zenbaki honetan aipatutako metaketa ez da aginduko, prozesuak betearazpenekoak badira eta horietan ondasun hipotekatuak edo bahituak soilik pertsegitzen badira. Horrez gain, ondasun horiek ez dira inoiz oinordetza-prozesuan barruratuko, betearazpena hasteko data edozein izanik ere.

2. Aurreko paragrafoak ezarritako kasuetan, metaketa eskatu behar zaio prozesu unibertsalaren gaineko ardura duen auzitegiari, eta metaketa beti egin behar da prozesu unibertsalarekin, prozesurik antzinakoenak zeintzuk diren kontuan izan gabe.

3. Horrelakoetan, bidezko bada, kapitulu honen arauek prozesu-metaketa eraenduko dute, konkurtso- eta oinordetza-prozesuei buruzko lege bereziek xedatutako berezitasunekin.

IV. TITULUA - ABSTENTZIOA ETA EZESPENA

LEHENENGO KAPITULUA - Abstentzioa eta ezespena: xedapen orokorrak

99 artikulua. Legearen aplikazio-eremua eta legezkotasun-printzipioa

1. Prozesu zibilean, titulu honetan xedatutakoak eraenduko ditu epaile nahiz magistratuen abstentzioa eta ezespena, baita Fiskaltzako kideena, idazkari judizialena, adituena eta Justizia Administrazioaren zerbitzupean dauden langileena ere.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako abstentzioa eta kasuan kasuko ezespena bidezkoak izateko, Botere Judizialaren Lege Organikoan epaile eta magistratuentzat ezarritako abstentzioeta ezespen-arrazoiak gertatu behar dira.

100 artikulua. Abstentzio-eginbeharra

Legez xedatutako arrazoiren bat gertatuz gero, epaile edo magistratua auziaren gaineko arduraz abstenituko da, ezespenari itxaron gabe.

2. Legeak xedatutako arrazoietatik bat gertatuz gero, eginbehar bera dute idazkari judizialak, ofizialak, laguntzaileak nahiz agente judizialak, Fiskaltzako kideak, bai eta epaileak izendaturiko adituak ere.

101 artikulua. Ezesteko legitimazio aktiboa

Alderdiek bakarrik eska dezakete ezespena auzi zibiletan. Fiskaltzak ere ezespena eska dezake, betiere esku har dezakeen edo esku hartu behar duen prozesua horietako bat denean, gatazkan dauden eskubideen izaera dela eta.

II. KAPITULUA - Epaileen, magistratuen, idazkari judizialen, fiskalen eta auzitegi zibilen zerbitzupeko langileen abstentzioa

102 artikulua. Epaile eta magistratuen abstentzioa

1. Magistratu edo epailearen abstentzioa komunikatuko zaio magistratua edo epailea nongo atal edo salatakoa izan eta atal edo sala horri, edota epaien aurkako errekurtsoetan eskumen funtzionalaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horri, hurrenez hurren, atal, sala nahiz auzitegiak hamar eguneko epean ebatz dezan.

Abstentzioaren komunikazioa idazki ziodunaren bidez egingo da, abstentzioaren arrazoiaz ohartu bezain laster.

2. Epaile edo magistratuaren abstentzioak eten egingo du aribideko prozesua, abstentzioari buruzko ebazpena eman arte.

3. Artikulu honen 1. paragrafoko auzitegiak uste badu abstentzioa bidegabea dela, epaile edo magistratuari aginduko dio auziaren gaineko ardurarekin jarrai dezan, alderdiek ezezpena baliatzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

Agindua jaso eta gero, auzitegiak probidentzia emango du, prozesuaren etendura amaituz.

4. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera auzitegi eskudunak uste badu abstentzioa bidezkoa dela, abstenituak autoa emango du auzitik behin betiko aldentzeko eta bere ordezko izan behar duenari ordu arteko jarduna igorriko dio. Abstenitu dena kide anitzeko auzitegi baten partaidea bada, abstenitu dena zein sala edo ataletakoa izan eta horrek emango du autoa. Auto horren aurka ez da errekurtsorik onartuko.

Aurreko kasu bietan, prozesuaren etendura amaituko da, hurrenez hurren ordezkoak ordu arteko jarduna jaso duenetik edo ordezkoa abstenituaren atalean nahiz salan sartu denetik.

5. Abstenitu den epaile edo magistratuaren abstentzioa eta ordezpena alderdiei komunikatuko zaizkie, ordezkoaren izena ere adieraziz.

103 artikulua. Idazkari judizialen abstentzioa

1. Idazkari judizialak abstenituko dira epaileari edo magistratuari zuzendutako idazki ziodunaren bidez, baldin eta arduraduna epaitegia bada, edo buruari zuzendutako ziodun idazkiaren bidez, sala edo atala bada.

Arazoa erabakiko du, hurrenez hurren, epaileak edo magistratuak, eta salak edo atalak.

2. Abstentzioa berretsiz gero, abstenitu den idazkari judizialaren ordez, lege-ordezkoa jarriko da; abstentzioari uko eginez gero, idazkari judizialak auzian jarraitu beharko du.

104 artikulua. Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen abstentzioa

1. Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen abstentzioa komunikatuko zaio, idazki ziodunaren bidez, prozesuaren gaineko ardura nork izan eta epaile edo auzitegiko buru horri, abstentzioaren bidezkotasunari buruz erabaki dezan.

2. Abstentzioa onartuz gero, abstenitzeko lege-arrazoia duen ofizial, laguntzaile edo agentearen ordez jarriko da legez hura nork ordeztu behar eta bera.

Abstentzioa onartu ezean, ofizialak, laguntzaileak edo agenteak auzian jardun beharko du.

105 artikulua. Adituen abstentzioa

1. Auziaren gaineko ardura duen epaile, atal edo salak zein aditu izendatu eta hori abstenitu beharko da, legez ezarritako arrazoiren bat gertatuz gero.

Abstentzioa ahozkoa edo idatzizkoa izan daiteke, betiere behar bezala justifikatuta.

2. Abstentzioaren arrazoia badago aditua izendatzeko unean, adituak ez du kargua onartuko, eta ordezko adituak berehala ordeztuko du hasierako aditua, halakoa izendatu denean.

Ordezko adituak kargua onartzen ez badu, abstentzio-arrazoi bera edo ezberdina gertatu delako, lege honen 342. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da. Arrazoia kargua onartu ondoren jakin edo gertatu bada, abstentzioaren berri emango zaio epaile edo magistratuari, epaitegia bada, edo magistratu txostengileari, atala edo sala bada, epaile edo magistratu horrek arazoa erabaki dezan, alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren.

Epaile edo magistratuaren autoaren aurka ez dago errekurtsorik.

106 artikulua. Fiskaltzako kideen abstentzioa

Fiskaltzako kideen abstentzioa eraenduko dute euren Estatutu Organikoan ezarritako arauek.

III. KAPITULUA - Epaile eta magistratuen ezespena

107 artikulua. Ezespena proposatzeko unea eta modua

1. Ezespena proposatu behar da, horren oinarri den arrazoia jakin bezain laster; bestela, ez da horren izapidetza onartuko.

Zehatz esateko, ez dira onartuko honako ezespen hauek:

1.) Prozesuaren hasieran proposatu ez direnak, baldin eta ezespenaren arrazoia jakin izan bada prozesua baino lehen.

2.) Prozesua erabakitzeko dagoenean proposatu direnak, baldin eta ezespena prozesuko zein unetan proposatu eta prozesu-une hori baino lehen jakin izan bada ezespen-arrazoia.

2. Ezespena idatziz proposatuko da. Idazkian bertan, ezezpenaren oinarri diren legezko arrazoia eta zioak zehazki eta argiro adieraziko dira, horien froga- -hastapenarekin batera.

Idazki hori sinatuko dute, auzian parte hartzen badute, abokatuak eta prokuradoreak, baita ezesleak ere, edo, horrek sinatzen ez badaki, beste norbaitek, ezeslearen eskariz.

Edozein kasutan, prokuradoreak ezespen horretarako ahalorde berezia aurkeztu beharko du.

Prokuradorea eta abokatua parte hartzen ez badute, ezesleak auzitegiko idazkariari berretsi beharko dio ezespena.

3. Ezespena eskatu ondoren, hori helaraziko zaie prozesuko gainerako alderdiei, hiru eguneko epe erkidean, horiek adieraz dezaten, dela proposatutako ezespen-arrazoiaren inguruan euren atxikimendua edo aurka jartzea, dela une horretan beste ezespen-arrazoiren bat jakitea.

Epe horretan ezespena proposatu ez duen alderdiak ezin izango du hori geroago proposatu, salbu eta behar bezala egiaztatzen duenean alderdiak une horretan ez zekiela ezespen-arrazoi berria.

108 artikulua. Ezespen-intzidenteetan instrukzioa egiteko eskumena

1. Honako hauek egingo dute instrukzioa ezespen-intzidenteetan:

1.) Auzitegi Goreneko edo Auzitegi Nagusiko burua edo bertako magistratu bat ezetsia bada, ezetsia zein salatako kide izan eta sala horretako magistratu batek egingo du ezespen intzidentearen instrukzioa; magistratu hori antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko da.

2.) Probintziako audientziako burua ezetsia bada, Auzitegi Nagusi eskudunaren arlo zibileko eta zigor-arloko salaren magistratu batek egingo du ezespen intzidentearen instrukzioa; hori antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko da.

3.) Probintziako audientziako magistratua ezetsia bada, audientzia bereko magistratu batek egingo du ezespen- intzidentearen instrukzioa; hori antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko da, betiere magistratu hori ezetsiaren atalekoa ez denean.

4.) Sala bateko magistratu guztiak ezesten badira, auzitegiko kide den magistratu batek egingo du ezespen-intzidentearen instrukzioa; hori antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko da, betiere ezespenak magistratu hori ukitzen ez duenean.

5.) Lehen auzialdiko epailea ezetsia bada, probintziako audientziako magistratu batek egingo du ezespen-intzidentearen instrukzioa; hori antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko da.

6.) Bake epailea ezetsia bada, epai- -barruti horretako lehen auzialdiko epaileak, edo, lehen auzialdiko epaitegi bat baino gehiago dagoenean, antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatu denak.

Antzinatasunari aplikatuko zaio epaile- karrerako lerrundegi-hurrenkera.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezin bada bete, auzitegi eskudunaren gobernu-salak izendatuko du instruktorea. Horretarako, gobernu-sala saiatuko da izendatu beharreko instruktorea ezetsia edo ezetsiak baino maila handiagokoa izan dadin, edo, behintzat, ezetsia baino antzinatasun gehiagokoa.

109 artikulua. Ezespen-intzidentearen gauzatzea eta horrek auzi nagusian dituen ondoreak

1. 107. artikuluaren 3. paragrafoak aipatu epea bukatzen den egun berean, edo hurrengo egun baliodunean, ordezkoak hartuko du auziaren gaineko ardura. Horrelakoetan, intzidentearen instrukzioa egiteko auzitegi eskuduna zein izan eta horri igorri beharko zaizkio ezespen-idazkia eta -agiriak.

Aurrekoarekin batera aurkeztuko da ezetsiak egindako txostena, ezespen- -arrazoia onartzeari buruzkoa.

2. Ezespenen izapidetza ez da onartuko zioen oinarriak zeintzuk izan eta horiek adierazi ez badira, edo 107. artikuluko 2. paragrafoan aipatu agiriak aurkeztu ez badira.

3. Ezetsiak ezespen-arrazoia egiazkoa dela onartzen badu, intzidentea besterik gabe ebatziko da.

Hori gertatu ezean, instruktoreak onartzen badu proposatutako ezespenaren izapidetza, orduan, hamar eguneko epean, eskatutako frogetatik egoki eta beharrezkotzat zein jo, eta hori burutzea aginduko du. Jarraian, instruktoreak auzitegi eskudunari igorriko dio ordu arteko jarduna, azken horrek intzidentea erabaki dezan.

Ezespena zein auzitegik erabaki behar eta auzitegi eskudun horrek jaso badu jarduna, hori Fiskaltzari helaraziko zaio, azken horrek, hiru eguneko epean, txostena egin dezan. Epea igarotakoan, intzidentea hurrengo bost egunetan erabakiko da, Fiskaltzaren txostenarekin zein txosten barik.

4. Ezespenak ez du geldiaraziko aribideko auzia. Auzi hori gauzatzeari eutsiko zaio, behin betiko epaiaren zitazioa heldu arte; une horretan, eten egingo da auzia, dagoenean dagoela, ezespen- intzidentea erabaki arte, intzidente hori bukatu ez bada.

110 artikulua. Ezespen-intzidentea erabakitzeko eskumena

Ezespen-intzidenteak erabakiko dituzte honako hauek:

1.) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarri salak, ezetsiak Auzitegi Goreneko burua, Auzitegi Goreneko sala zibileko burua edo sala horretako bi magistratu edo gehiago badira.

2.) Auzitegi Goreneko sala zibilak, hori osatzen duten magistratuetatik bat ezetsi bada.

3.) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aipatu salak, ezetsiak badira autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiko burua, bertako arlo zibileko eta zigor-arloko salaren burua, autonomia erkidegoko probintzia-audientziaren burua edo autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiaren arlo zibileko eta zigor-arloko salaren bi magistratu edo gehiago, edo atal bateko edo probintziako audientzia bateko bi magistratu edo gehiago badira.

4.) Autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salak, auzitegi horietako magistratu bat edo batzuk ezetsiak badira.

5.) Probintziako audientziak ezetsia probintziako audientziako magistratua bada, ezetsia kide izango ez dela. Probintziako audientzia atal bik edo gehiagok osatzen badute, ezetsia zein ataletako kide izan eta beste atal batek erabakiko du, edo atal gehiago izanez gero, ezetsia zein ataletan kide izan eta zenbakizko hurrenkeran hurrengoa den atalak.

6.) Lehen auzialdiko epailea ezetsia bada, horren ebazpenen aurkako errekurtsoen gain ardura duen probintziako audientziaren atalak, eta, zenbait atal badira, lehen ataletik hasiko den txanda ezarriko da.

7.) Bake epailea ezetsia bada, ezespen- intzidentearen epaile instruktoreak berak ebatziko du.

111 artikulua. Ezespen-intzidentearen berezitasunak, hitzezko epaiketetan. Bestelako kasu bereziak

1. Hitzezko epaiketen izapideak erabilita gauzatu diren prozesuetan, baldin eta epaile ezetsiak berehala onartzen ez badu ezespen-arrazoia egiazkoa dela, jarduna helaraziko zaio intzidentearen instrukzioa egitea dagokionari; bitartean auzi nagusia eten egingo da.

Instruktoreak aginduko du alderdiak bere aurrean ager daitezen, hurrengo bost egunetan, berak zehaztu egun eta orduan. Alderdiak entzun ondoren, eta egoki adierazitako froga burutu denean, instruktoreak egintza berean ebatziko du ekitaldi berean ezesteari buruz, probidentziaren bidez.

2. Epaile edo magistratuak ezesteko ikustaldiaren data zehaztu ondoren, lege honen 190. artikulutik 192.erakoetan xedatutakoaren arabera jardungo da.

112 artikulua. Intzidentearen erabakia, kostuak eta isuna

1. Ezesteari gaitziritzia eman dion autoaren bidez aginduko da auziaren gaineko ardura ezetsiari itzultzea, hori dagoen moduan dagoela, eta ezeslea kostuak ordaintzera kondenatuko da, salbu eta beste erabaki bat justifikatzen duten ohiz kanpoko inguruabarrak daudenean.

Intzidentea zein ebazpenek erabaki eta erabaki horrek beren beregi adierazten badu ezeslearen gaitzustea, azken horri isuna ezar dakioke*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 180 eurotik 6 000 eurorako kopurua ezarri du atal horretarako.

2. Ezespena onartu duen autoaren bidez, ezetsia behin betiko baztertuko da auziaren gaineko arduratik.

Ordezpena zeini egokitu eta horrek izango du, bukaera arte, auziaren gaineko ardura.

113 artikulua. Autoaren jakinarazpena eta errekurtsoak

Ezespen-intzidentearen erabakiaren aurka ez da errekurtsorik egongo. Horrek ez du kalterik egingo, auzia ebatzi duen ebazpenaren kontrako errekurtsoan deuseztasuna baliatu ahal izatearen ebazpen aurkaratua eman duen epaile edo magistratuak edo sala nahiz atala osatu duenak ezespen-arrazoi horren barnean zegoelako.

IV. KAPITULUA - Auzitegi zibiletako idazkarien ezespena

114 artikulua. Arauketa aplikagarria

1. Idazkari judizialak ezin izango dira ezetsi, horiek euren ardurapeko edozein eginbide edo jardun gauzatzen ari direnean.

2. Epaitegi, sala edo ataletako idazkari judizialei aurreko ataleko manuak aplikatuko zaizkie, hurrengo artikuluetan adierazitako berezitasunekin.

115 artikulua. Ezespen-intzidenteen instrukzioa egiteko eta horiek ebazteko eskumena

1. Ezespen-piezaren instrukzioa egingo du epaile edo magistratuak berak, baldin eta ezetsia lehen auzialdiko edo bake epaitegiko idazkaria bada, edo txostengileak, baldin eta idazkaria bada Probintziako audientziaren atal batekoa, autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salakoa edo Auzitegi Goreneko sala zibilekoa.

2. Ezespena ebatziko du, auto bidez, probintziako audientziako atal batek, edo, kasuan-kasuan, auziaren gaineko ardura duen salak edo atalak.

116 artikulua. Idazkia onartzea eta hori instruktoreari helaraztea

Ezespen-idazkia aurkeztu ondoren, idazkari judizial ezetsiak idatziz eta zehazki adieraziko du alegatutako arrazoia egiazko eta bidezkoa dela onartzen duen ala ez; auzi-paperak dagozkionari helaraziko dizkio, azken horrek ezespenaren gaineko ardura duen salari edo atalari horren inguruan kontu-arrazoiak eman diezazkion.

117 artikulua. Ezetsiak ezespena onartzea

1. Ezetsiak ezespen-arrazoia egiazkoa dela onartzen badu, auzitegiak besterik gabe autoa emango du, eta auto horren aurka ez da errekurtsorik egongo. Horrelakoetan, auzitegiak ezetsitzat hartuko du hura, baldin eta arrazoia legezkoa dela uste badu.

2. Arrazoia legean tipifikatu direnen artean ez dagoela uste badu auzitegiak, ezespena bidezkoa ez dela adieraziko du. Auto horren aurka ez da errekurtsorik egongo.

118 artikulua. Ezetsia aurka jartzea eta ezespena gauzatzea

Ezetsiak ukatu badu ezespenaren oinarri moduan alegaturiko arrazoia egiazkoa dela, lege honen 109. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

119 artikulua. Idazkari judizial ezetsiaren ordezpena

Idazkari judizial ezetsiaren ordez jarriko da, ezespen-idazkia aurkeztu den unetik, haren legezko ordezkoa.

V. KAPITULUA - Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen ezespena

120 artikulua. Legeria aplikagarria

Prozesu zibilean, Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen ezespena gerta daiteke, bakarrik, legez zehaztutako arrazoiengatik eta idazkari judizialak ezesteko ezarri diren izapideen bitartez, kapitulu honetan beren beregi xedatutakoa izan ezik.

121 artikulua. Ezespen-intzidentearen instrukzioa egin eta hori ebazteko eskumena

Ofizial, laguntzaile edo agente judiziala ezesteko gobernu-intzidentearen instrukzioa egingo du autoetan esku hartzen ari den epaitegi, sala edo ataleko idazkariak, eta intzidente hori erabakiko du, hurrenez hurren, epaileak edo buruak.

122. artikulua. Ezespen idazkia ez onartzea

Ezespen-idazkia kontuan izanik, idazkari judizialak uste badu ezespen- -arrazoia legez tipifikaturikoen artean ez dagoela, ez du hori onartuko eskaera-egintza horretan, ezespena ez onartzeko oinarri diren arrazoiak adieraziz.

Ebazpen horren aurka, 224. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako errekurtsoa jar daiteke.

123. artikulua. Intzidentea gauzatzea; ezetsiak ezespena onartzea ala ez

1. Ezespen-idazkiaren izapidetza onartu ondoren, eta idazkia jaso den egunaren biharamunean, ezetsiak idazkari judizialari adieraziko dio alegatutako arrazoia gertatzen den ala ez.

Ezetsiak ezespen-arrazoia egiazkoa dela onartzen badu, idazkari judizialak erabakiko du ezetsia legez zeinek ordeztu behar eta hori jartzea.

Ebazpen horren aurka ez da errekurtsorik izango.

2. Ezespenaren oinarri moduan zein arrazoi alegatu eta arrazoi horren egiazkotasuna ukatzen badu ezetsiak, ezespena ebatzi behar duenari igorriko dio idazkari judizialak jarduna, hark intzidenteari buruz erabaki dezan. Hori guztia idazkari judizialak egingo du bosgarren egunean barne, ezetsiak alegatutakoa entzun ondoren, eta ezetsiak proposatu eta egoki diren egiaztapenak burutu edo idazkari judizialak premiazko derizkionak gauzatu ondoren.

VI. KAPITULUA - Adituen ezespena

124 artikulua. Adituen ezespen-esparrua

1. Auzitegiak zozketa bidez izendaturiko adituak bakarrik izan daitezke ezetsiak, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera. Xedapen hori aplikatuko zaie aditu titularrei nahiz ordezkoei.

2. Alderdiek aurkeztu irizpenen egile zein aditu izan eta aditu horiek narriopean jar daitezke, lege honen 343 eta 344. artikuluetan ezarritako arrazoi eta moduan soilik; alderdiek, ordea, ezin izango dituzte aditu horiek ezetsi.

3. Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritako arrazoiez gain, adituak ezesteko arrazoi dira:

1.) Gai berari buruz, lehenago alderdi ezeslearen aurkako irizpena eman izana, bai prozesuan, bai prozesutik at.

2.) Aurkako auzilariarentzat aditu gisa zerbitzuak egin izana, edo horren menpeko nahiz horren bazkide izatea.

3.) Prozesuko alderdietatik bat zein sozietate, establezimendu edo enpresa izan, eta horretan partaidetza izatea.

125 artikulua. Adituen ezespena nola proposatu

1. Ezespena egingo da, alderdiaren abokatu eta prokuradoreak eratutako idazkiaren bidez, baldin eta horiek auzian parte hartzen badute. Idazkia zuzenduko zaio epaitegiko titularrari edo magistratu txostengileari, kide anitzeko auzitegia bada.

Idazki horretan, ezespen-arrazoia eta hura frogatzeko bideak zehazki adieraziko dira, eta, idazki horrekin batera, ezetsiarentzako eta prozesuko gainerako alderdientzako kopiak aurkeztuko dira.

2. Ezespen-arrazoia aditua izendatu baino lehenagokoa bada, izendapena noiz jakinarazi eta hurrengo bi egunetan aurkeztu beharko da idazkia.

Arrazoia aditua izendatu eta gerokoa bada, baina adituak irizpena eman baino lehenagokoa, ezespen-idazkia aurkeztu ahal izango da, epaiketa edo ikustaldirako zehaztutako eguna baino lehen edo horren hasieran.

3. Epaiketa edo ikustaldia egin ondoren, ez dago aditua ezesterik. Horrek ez dio kalterik egingo bestelako ezeste-arrazoiak agertzeari, hain zuzen ere, irizpena eman aurretik zirenak, baina epaiketa edo ikustaldiaren ondoren jakin izan direnak; horiek auzitegiari agertu ahal izango zaizkio epaia eman aurretik, eta, hori ezinezkoa bada, bigarren auzialdiko auzitegi eskudunari.

126 artikulua. Ezespen-idazkia onartzea

Ezespena garaiz eta forma egokiz proposatu ondoren, idazkiaren kopia helaraziko zaie aditu ezetsiari eta alderdiei.

Aditu ezetsiak adierazi beharko dio idazkari judizialari ezestea zein arrazoitan oinarritu eta arrazoi hori egiazkoa den ala ez.

Aditu ezetsiak hori egiazkoa dela onartzen badu, eta auzitegiak onarpena arrazoidun dela ulertzen badu, hura ezetsitzat joko da besterik gabe, eta ordezkoa haren lekuan jarriko da.

Ezetsia ordezkoa bada, eta onartzen badu arrazoiaren egiazkotasuna, lege honen 342. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

127 artikulua. Ezespen-intzidentearen gauzatzea eta hori erabakitzea

1. Adituak ukatzen badu ezeste- -arrazoia egiazkoa dela, edo auzitegiak ez badu onartzen adituak egindako aitorpena, auzitegiak alderdiei aginduko die bere aurrean ager daitezen, berak zehaztu egun eta orduan; hartara, zehazturiko egun eta orduan agertuko dira alderdiak, erabili nahi dituzten frogak bertara ekarriz, eta euren abokatu eta prokuradoreaz lagundurik, horien parte-hartzea manuzkoa bada.

2. Ezeslea agertzen ez bada, ulertuko da horrek ezespenean atzera egin duela.

3. Ezeslea agertzen bada eta ezespenari eusten badio, auzitegiak froga egoki eta erabilgarriak onartuko ditu, eta jarraian ebatziko du, auto bitartez, bidezkotzat jotzen duena.

Ezespena onartuz gero, ordezkoa jarriko da aditu ezetsiaren ordez.

Ezetsia ordezkoa izateagatik aditu gehiagorik ez badago, lege honen 342. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

4. Adituaren ezespenari buruz zein ebazpenek erabaki eman eta ebazpen horren aurka ez da errekurtsorik izango, alderdiek arazoa goragoko auzialdian azaltzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

128 artikulua. Kostuak

Adituen ezezpenari aplikatuko zaio epaile eta magistratuen ezespen-intzidentean kostuetarako kondenari buruz aplikatu beharreko araubidea.

V. TITULUA - EPAIKETA-JARDUNA

LEHENENGO KAPITULUA - Epaiketa-jardunaren tokia

129 artikulua. Epaiketa-jardunaren tokia

1. Epaiketa-jarduna auzitegiaren egoitzan gauzatuko da, horren izaerarengatik beste tokiren batean burutu behar denean izan ezik.

2. Laguntza judizialaren bidez burutuko da prozesuaren gaineko ardura duen auzitegiak egoitza non izan eta bertako epai-barrutitik kanpo gauzatu beharreko jarduna, hori bidezkoa denean.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, auzitegiak eratu ahal izango dira, jarduna burutzeko, horren mugabarruko lurraldearen edozein tokitan, hori justiziaren administrazio onerako beharrezkoa edo egokia denean.

Auzitegiak, gainera, tokiz alda daitezke euren mugabarruko lurraldetik kanpo froga jarduna gauzatzeko, lege honetan eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren 275. artikuluan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA - Epaiketa-jardunaren denbora

LEHENENGO ATALA

Egun eta ordu baliodunak

130 artikulua. Egun eta ordu baliodunak

1. Epaiketa-jarduna egun eta ordu baliodunetan gauzatu behar da.

2. Urteko egun guztiak dira baliodunak, igandeak, nazio-jaiegunak eta autonomia erkidegoan nahiz herrian lan-ondoreetarako jaiegunak direnak izan ezik.

Baliogabeak dira, halaber, abuztuko egunak.

3. Ordu baliodunak dira goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak artekoak, legeak jardun zehatz baterako besterik xedatu ezik.

Komunikazio- eta betearazpen-egintzetarako ordu baliodunak dira gaueko zortzietatik hamarrak artekoak.

131 artikulua. Egun eta ordu baliogabeak baliodun bihurtzea

1. Ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, auzitegiek baliodun bihur ditzakete egun eta ordu baliogabeak, presako arrazoirik badago horretarako.

2. Auzitegiaren jarduna presakoa da, baldin eta horren atzeratzeak kalte larria eragin badiezaie interesdunei nahiz justiziaren administrazio onari, edota horren atzeratzeak sor badezake ebazpen judizialaren eragingabetasuna.

3. Aurreko paragrafoko presa-jarduna gauzatzeko, baliodun dira abuztuko hilaren egunak, eta ez da beharrezkoa beren beregi horiek baliodun bihurtzea.

Ordu baliodunetan hasitako presa-jarduna ordu baliogabeetan jarrai daiteke, behar-beharrezkoa den bitartean, eta horretarako azken horrek baliodun bihurtu beharrik gabe.

4. Egun eta ordu baliogabeak baliodun bihurtzeko ebazpen judizialen aurka ez da errekurtsorik onartuko.

2. ATALA

Epeak eta epe-mugak

132 artikulua. Epeak eta epe-mugak

1. Epaiketa-jarduna bere epe-muga edo epeetan gauzatuko da.

2. Eperik edo epe-mugarik zehaztu ez denean, ulertuko da epaiketa-jarduna luzapenik gabe gauzatu behar dela.

3. Auzitegiek eta Justizia Administrazioaren zerbitzupean dauden langileek arrazoi zuzenik gabe hausten badituzte artikulu honetan xedatutako arauak, arau-hauste horiek diziplina bidez zuzenduko dira, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritakoaren arabera; horri kalterik egin gabe, alderdi kaltedunak bestelako erantzukizunak eskatzeko eskubidea du.

133 artikulua. Epeak zenbatzea

1. Epeak zenbatzen hasiko dira, legeak epearen hasiera zein komunikazio- egintzaren mende jarri, hori egin eta egun horren biharamunean; eta epeotan muga-eguna ere zenbatuko da, hori hogeita lau ordutan amaituko dela.

Dena den, legeak epea zehazten badu, eta epe hori beste epe bat noiz amaitu eta orduantxe hasten bada zenbatzen, hura zenbatzen hasiko da, beste epe horren muga-egunetik biharamunean, bestelako jakinarazpenik egin gabe.

2. Egunetan zehaztutako epeen zenbaketan, ez dira zenbatuko egun baliogabeak.

Epeen zenbaketarako, 131. artikuluko 2. paragrafoak adierazi presa-jardunean ez dira baliogabeak izango abuztuko hilaren egunak. Zenbaketa horretan, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

3. Hiletan edo urteetan zehaztu epeak datatik datara zenbatuko dira.

Muga-egunaren hilean zenbaketaren hasierako egunaren parekorik ez badago, epea amaituko da hilaren azken egunean.

4. Epeak igandean edo beste egun baliogabe batean bukatzen direnean, epe horiek hurrengo egun balioduna arte luzatzen direla ulertuko da.

134 artikulua. Epeen luzaezintasuna

1. Lege honetan ezarritako epeak luzaezinak dira.

2. Dena den, epeak geldiaraz eta epe-mugak atzera daitezke, horien betetzea eragozten duen ezinbesteko kasua gertatzen bada. Horren zenbaketa berriro hasiko da, geldiarazpena edo atzerapena eragin duen arrazoia desagertzen denean.

Auzitegiak zehaztuko du, ofizioz edo berori jasan duen alderdiak hala eskaturik, eta gainerako alderdiek esan beharrekoa entzun eta gero, ezinbesteko kasua dagoen ala ez.

135 artikulua. Idazkiak aurkeztea, prozesuko egintzen denbora-betekizunari dagokionez

1. Idazkia epean aurkeztu behar bada, idazki hori aurkez daiteke, epea noiz bukatu eta hurrengo egun balioduneko arratsaldeko hirurak arte, auzitegiko idazkaritzan edo, erregistro zentraleko bulegoan nahiz zerbitzuan, halakorik badago.

2. Auzitegi zibilekiko jardunean ez da idazkien aurkezpenik onartuko, guardiako zerbitzua eskaintzen duen epaitegian.

3. Idazkari judizialek edo horiek izendatutako funtzionarioek eginbideak gauzatuko dituzte aurkezpen-eguna eta -ordua agerrarazteko, demandetan nahiz prozedura hasteko idazkietan, edota bestelako idazkietan ere, horien aurkeztea epe luzaezinaren mende dagoenean.

4. Edozein kasutan, alderdiari emango zaio aurkeztu idazkien eta agirien ordainagiria, bertan horien aurkezpen- -data eta -ordua adieraziz. Agiriak eta idazkiak hartu izana adieraz daiteke, halaber, alderdiak aurkeztu kopia soilean.

5. Auzitegiek eta prozesuan parte hartzen duten subjektuek idazkiak eta agiriak igorri, eta horiek ohi moduan jasotzeko bide teknikoak badituzte, komunikazioaren kautotasuna bermatzeko, eta igortze eta jasotze oso-osoa eta horien data modu sinesgarrian agerrarazteko, orduan idazkiak eta agiriak bide horien bitartez igorri ahal izango dira; modu berean ordainagiria adieraziko da, eta horiek aurkeztutzat joko dira, eskubideen egikaritza eta eginbeharren betetze ondoreetarako, legearen arabera zehaztu denboran.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, froga-ondoreetarako eta legezko betekizunen ondoreetarako, azken horien arabera beharrezkoak badira jatorrizko agiriak edo kopia fede- -emaileak, agiriok eta kopiok auzitegiari eramango zaizkio, aurreko lerrokadaren arabera egindako igorpenetik hurrengo hiru egunetan.

6. Idazkien eta agirien helarazpenari dagokionez, II. liburuaren I. tituluko III. kapituluan xedatutakoa beteko da. Hala ere, helarazpen hori prokuradore edo gainerako alderdiei aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera egin ahal izango zaie, bertan zehaztu baldintzak betetzen direnean.

136 artikulua. Preklusioa

Epea igarota edo alderdiei prozesu- -egintza gauzatzeko ezarri epe-muga agortuta, preklusioa gertatuko da, eta egintza hori gauzatzeko aukera galduko da.

Idazkari judizialak, eginbide bitartez jasoko du, epea igaro dela, eta bidezkoa dena erabakiko du, edo horren inguruan kontu-arrazoiak emango dizkio auzitegiari, horrek ebazpen egokia eman dezan.

III. KAPITULUA - Hurrekotasuna, publizitatea eta hizkuntza ofiziala

137 artikulua. Epaileak eta magistratuak egotea adierazpenetan, frogetan eta ikustaldietan

1. Auziaren gaineko ardura duten epaileak edo auzitegi-magistratuak bertan egongo dira, alderdi eta lekukoen adierazpenetan, bekalduretan, adituek eman beharreko azalpen eta erantzunetan, adituok emandako irizpenaren aurkako ahozko kritikan, eta legean ezarritakoaren arabera alderdien arteko aurkakotasunaren bidez eta jendaurrean egin beharreko bestelako froga-egintzetan.

2. Auziaren gaineko ardura duen epailearen edo auzitegi-magistratuen aurrean egin behar dira ikustaldiak eta agerraldiak, horien xedea bada alderdiek esan beharrekoa entzutea, ebazpena eman baino lehen.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa hausteak jardunaren deuseztasun osoa ekarriko du.

138 artikulua. Ahozko jardunaren publizitatea

1. Jendaurreko entzunaldian gauzatuko dira froga-jarduna, ikustaldiak eta agerraldiak, horien xedea bada alderdiek esan beharrekoa entzutea, ebazpena eman baino lehen.

2. Dena den, aurreko paragrafoko jarduna ateak itxita gauza daiteke, hori beharrezkoa bada gizarte demokratikoan ordena publikoaren babeserako nahiz nazioaren segurtasunerako, edo adingabeen interesek nahiz alderdien bizitza pribatuaren eta bestelako eskubide eta askatasunen babesak hala behar badute, edo, azkenik, auzitegiak hori behar- -beharrezkotzat jotzen badu, inguruabar bereziak egon eta horiek direla-eta publizitateak kalte egin ahal badie justiziaren interesei.

3. Edozein jardun ateak itxita gauza dadin agindu aurretik, auzitegiak entzungo ditu ekitaldian dauden alderdiak.

Ebazpena auto bidez hartuko du auzitegiak, eta horren aurka ez da errekurtsorik onartuko, protesta aurkezteari, eta, hala denean, behin betiko epaiaren aurkako errekurtsoan arazoa eragiteari, kalterik egin gabe.

139 artikulua. Kide anitzeko auzitegien eztabaidak sekretuak izatea

Sekretuak dira kide anitzeko auzitegien eztabaidak.

Botazioen emaitza ere sekretua da, legeak boto berezien publizitatearen inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.

140 artikulua. Jardunari buruzko informazioa ematea

1. Idazkari judizialek eta auzitegien zerbitzupeko langile eskudunek interes legitimoa nork egiaztatu eta horri emango diote jardun judizialaren egoerari buruz eskatu informazio guztia, jardun hori aztertu eta ezagutzeko.

Halaber, interes legitimoa nork egiaztatu eta horrek eska dezake, bere kontura, auzi-paperetan jaso diren idazki eta agirien kopia soilak ematea.

2. Aurreko paragrafoko pertsonek hala eskaturik, eta euren kontura, idazkari judizialak agiri kautoak luzatuko ditu, bertan jasotzailea nor den adieraziz.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, auzitegiek auto bidez isilpeko izaera eman diezaiekete auzi- -paper guztiei edo horietatik batzuei, neurri hori justifikatzen bada 138. artikuluaren 2. paragrafoan aipatu inguruabarrengatik.

Alderdiek, euren ordezkariek eta defendatzaileek bakarrik jakin dezakete isilpeko jarduna. Horrek ez dio kalterik egingo zigor-arloan, zerga-arloetan edo beste arloetan egitate eta datuentzat ezarritakoari.

141 artikulua. Liburu, artxibo eta erregistro judizialak aztertu ahal izatea

Interes legitimoa nork egiaztatu eta horrek azter ditzake isilpeko izaerarik ez duten liburu, artxibo eta erregistro judizialak; agiri kautoa edo ziurtagiria ere lor dezake, bere kontura, bertan adierazitako gaiei buruz.

142 artikulua. Hizkuntza ofiziala

1. Jardun judizial guztietan, epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkari judizialek, eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania, estatuko hizkuntza ofiziala, erabiliko dute.

2. Epaileek, magistratuek, idazkari judizialek, fiskalek, eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek, zein autonomia erkidegotan egon eta bertako hizkuntza ofizial berezkoa ere erabil dezakete, baldin eta alderdietatik bat aurka jartzen ez bada, hizkuntza hori ez jakiteak defentsarik eza ekar diezaiokeela alegatuz.

3. Alderdiek, euren prokuradore eta abokatuek, eta lekuko eta adituek, epaiketako jarduna zein autonomia-erkidegoren lurraldetan izan eta horretako hizkuntza ofiziala ere erabil dezakete, idatzizko nahiz ahozko adierazpenetan.

4. Autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako epaiketa- jardunak eta aurkeztutako agiriek baliozkotasun eta eragingarritasun osoa dute, gaztelaniara itzuli gabe. Nolanahi ere, ofizioz itzuliko dira jarduna eta agiriok, autonomia erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondoreak sortu behar dituztenean, salbu eta ondoreak sortu behar dituztenean berezko hizkuntza ofizial berbera duten autonomia erkidegoetan.

Jarduna eta agiriok itzuliko dira, halaber, legeetan hala xedatzen bada edo defentsarik eza alegatu duen alderdiak hori eskatzen badu.

5. Ahozko jardunean, auzitegiak probidentzia bidez izenda dezake, interpretatzaile gisa zein hizkuntza erabili eta berori dakiten gizabanakoetatik edozein, itzulpen zehatza egingo duela zin egin edo hitz ematen badu.

143 artikulua. Interpretatzaileen parte-hartzea

1. Gaztelania edo hala denean autonomia erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ez dakien pertsonari itaunketa egin behar bazaio, edo pertsona horrek adierazpenen bat egin behar badu, edo ebazpenen bat berari jakinarazi behar bazaio, orduan auzitegiak, probidentzia bidez, hizkuntza hori dakiten gizabanakoetatik edozein izenda dezake interpretatzaile gisa, horri itzulpen zehatza egingo duelako zin-egitea edo hitzematea eskatuz.

Halakoetan, jardunaren akta jasoko da. Bertan, testuak jatorrizko hizkuntzan agertuko dira, eta hizkuntza ofizialera egindako itzulpena gaineratuko da. Akta hori interpretatzaileak ere sinatuko du.

2. Aurreko paragrafoko kasu berberetan, pertsona hori gorra bada, aipatu paragrafoan xedatutakoaren arabera izendatuko da beti zeinuen hizkuntzako interpretatzaile egokia.

Halaber, pertsona gorrekin gauzatutako jardunaren akta jasoko da.

144 artikulua. Hizkuntza ez-ofizialean idatzitako agiriak

1. Agiria idatzi bada gaztelania edo, hala denean, autonomia erkidego baten berezko hizkuntza ofiziala ez den hizkuntza batez, orduan, agiri horrekin batera, itzulpena aurkeztuko da.

2. Itzulpen hori pribatua izan daiteke, eta, halakoetan, alderdietako batek itzulpena aurkaratzen badu bere helarazpenetik hurrengo bost egunetan, zehatza ez dela adieraziz eta desadostasunaren arrazoiak azalduz, orduan desadostasuna agiriaren zein zatitan egon eta zati horren itzulpen ofiziala aginduko da, itzulpen pribatua aurkeztu duenaren kontura.

Nolanahi ere, alderdiak hala eskaturiko itzulpen ofiziala eta pribatua oinarrian esangura berekoak badira, itzulpen ofizialaren gastuak bestea eskatu duen alderdiaren kontura izango dira.

IV. KAPITULUA - Fede publiko judiziala eta jarduna agirietan jartzea

145 artikulua. Fede publiko judiziala

1. Agintari-izaera duela, idazkari judizialari dagokio prozesu-jardunaren fede ematea, jardun hori auzitegian edo auzitegiaren aurrean gauzatzen bada, hori edonon era daitekeela; modu berean, idazkari judizialari dagokio sekretuak ez diren eta alderdi interesdunentzat erreserbatuta ez dauden kopia ziurtatuak eta lekukotzak luzatzea.

Zehatzago, idazkari judizialak:

1.) Idazkiak, eta, horiekin batera, agiriak eta ordainagiriak aurkeztu direlako fede emango du, berak zuzenean, edo, erregistroaren jardunbideaz arduratzen bada, erregistro horren bidez.

2.) Modu sinesgarrian jasoko du auzitegian edo auzitegiaren aurrean prozesu- egintzak gauzatu direla, eta garrantzi prozesaleko egitateak sortu direla.

2. Idazkari judiziala ordeztua izan daiteke Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

146 artikulua. Jarduna dokumentatzea

1. Idazkiez eta agiriez besteko prozesu- jarduna dokumentatzeko, akta, eginbide eta oharrak erabiliko dira.

2. Legean akta egin behar dela xedatuz gero, bertara bilduko da zehatz- -mehatz jardun guztia.

Hala ere, lege honen arabera, grabatu eta erreproduzitzeko balio duen euskarrian erregistratu behar bada jarduna, aktan jasoko dira alderdien eskaerak eta proposamenak, eta auzitegiak emandako ebazpenak bakarrik, baita euskarri hartan jaso ezin daitezkeen inguruabar eta intzidentziak ere, denbora eta tokiari buruzko datuekin batera.

3. Auzitegiek bide teknikoak erabil ditzakete jarduna eta jasotako idazkiak nahiz agiriak dokumentatu eta artxibatzeko, lege honen 135. artikuluko 5. paragrafoan aipatu bermeekin.

Bide teknikoak erabil ditzakete, halaber, prozesuen egoeraren jarraipena eta horiei buruzko estatistika egiteko.

147 artikulua. Jarduna dokumentatzea, irudia eta soinua grabatu eta erreproduzitzeko sistemen bitartez

Ikustaldi eta agerraldietan, ahozko jarduna erregistratuko da, soinua nahiz irudia grabatu eta erreproduzitzeko balio duen euskarrian.

Grabazioa idazkari judizialaren fedepean egingo da. Idazkari judizialak zainduko ditu grabazioak zein euskarritan egin eta euskarri horretako zintak, diskoak eta eragingailuak.

Alderdiek eska dezakete, euren kontura, jatorrizko grabazioen kopia.

148 artikulua. Auzi-paperak eratu, zaindu eta gordetzea

Idazkari judizialak eratuko ditu auzi-paperak, eta horiek gorde eta zaintzea ere berari dagokio. Ez da hori gertatuko, auzi-paperok epailearen nahiz magistratu txostengilearen edo auzitegia osatu duten beste magistratuen esku dauden bitartean.

V. KAPITULUA - Epaiketako komunikazio-egintzak

149 artikulua. Auzitegiaren komunikazio-egintzak. Motak

Auzitegiaren komunikazio-egintza prozesalak honako hauek dira:

1.) Jakinarazpenak, horien helburua denean ebazpen, eginbide edo jardun baten berri ematea.

2.) Epatzeak, epean bertaratu eta epe baten barnean jarduteko.

3.) Zitazioak, agertu eta jarduteko tokia, data eta ordua zehazten dutenean.

4.) Agindeiak, legearen arabera jokabide bat egitea edo ez jardutea agintzeko.

5.) Manamenduak, ziurtagiri edo agiri kautoen igorpena agintzeko, baita jarduna gauzatzeko ere, baldin eta jabetza- erregistratzaileek, merkataritzakoek, ontzietakoek edo ondasun higigarrien eperako salmentetakoek, notarioek, merkataritzako elkargoetako artekariek edota epaitegi nahiz auzitegiko agenteek betearaziko badute jardun hori.

6.) Ofizioak, epaiketaz besteko agintariei eta aurreko zenbakian aipatu gabeko funtzionarioei komunikazioak igortzeko.

150 artikulua. Ebazpenen eta antolaketarako eginbideen jakinarazpena

1. Ebazpen judizialak eta antolaketarako eginbideak prozesuko alderdi guztiei jakinaraziko zaizkie.

2. Auzitegiak hala xedatzen badu, auzi-paperen arabera bihar-etziko epaiak nortzuk ukitu eta horiei ere jakinaraziko zaie prozesua erabakitzeko dagoela.

Komunikazio hori egingo da, betekizun berberekin, auzitegiak zantzuak atzematen baditu alderdiek prozesua zertarako eta iruzur egiteko darabiltela uste izateko.

3. Jakinarazpena hirugarrenei ere egingo zaie, legeak arautu kasuetan.

151 artikulua. Komunikazioa egiteko denbora

1. Ebazpen judizial eta antolaketarako eginbide guztiak jakinaraziko dira, gehienez jota, euren data edo argitalpenetik hiru egunetako epean.

2. Estatuko Abokatutzarentzako eta Fiskaltzarentzako komunikazio-egintzak, baita prokuradoreen elkargoek antolatu jakinarazpen-zerbitzuen bidez egindakoak ere, eginbidean zein jasotze- data agertu eta data horren biharamunean joko dira gauzatutzat.

152 artikulua. Komunikazio-egintzen forma. Erantzuna

1. Komunikazio-egintzak idazkari judizialaren zuzendaritzapean gauzatuko dira, hori zerbitzuaren antolaketa egokiaz arduratzen dela.

Egintzok gauzatuko ditu idazkari judizialak berak edo horrek izendatu funtzionarioak, forma hauetatik edozein erabiliz, lege honetan xedatutakoaren arabera:

1.) Prokuradorearen bitartez, komunikazioak prozesuan bertaratutakoentzat badira eta prokuradoreak horiek ordezkatzen baditu.

2.) Igorpenaren bitartez, postaz, telegramaz edo bestelako bide teknikoen bitartez igorri behar denean komunikatu beharrekoa; azken kasu horretan, bide teknikoak ahalbidetu behar du auzi-paperetan modu sinesgarrian agerraraztea komunikazioaren jasoketa, data eta edukia.

3.) Jasotzaileari emanez jakinarazi beharreko ebazpenaren, auzitegiak zuzendutako agindeiaren, edo zitazionahiz epatze-zedularen hitzez-hitzezko kopia.

2. Zedulak adieraziko du ebazpena zein auzitegik eman duen; zein auzitan eman den; zitazioa edo epatzea zein pertsonari egin zaion eta zeintzuk diren horren izen-abizenak; zitazio edo epatzearen objektua; zitatua agertu beharreko tokia, eguna eta ordua, edo epatzeak zein jardun aipatu eta hori gauzatzeko epea; kasuan-kasuan ere, legeak xedatu ondoreak bertan ohartarazita.

3. Jakinarazpen, zitazio edo epatzeetan, interesdunaren erantzunik ez da onartuko, ez idatziz jasoko, hala agindu ez bada behintzat.

Agindeietan, errekerituak emandako erantzuna onartuko da, eta eginbidean hori labur-labur jasoko da.

153 artikulua. Prokuradorearen bidezko komunikazioa

Epaiketan bertaratu alderdiekin komunikazioa egingo da prokuradorearen bidez, horrek alderdiok ordezkatzen dituenean.

Prokuradoreak sinatuko ditu bere ahalorde-emaileari epaiketan zehar egin beharreko jakinarazpen, epatze, zitazio eta agindeiak, horiek edozein motatakoak izanik, barne dela epaiak eta ahalorde-emaileak bere kabuz gauzatu beharreko jarduna.

154 artikulua. Egintzak prokuradoreei komunikatzeko tokia

1. Komunikazio-egintzak gauzatuko dira, auzitegiaren egoitzan edo Prokuradoreen Elkargoak antolatu jasoketa- zerbitzu erkidean.

Zerbitzu horren barne-araubidea Prokuradoreen Elkargoaren eskumenekoa izango da, legean ezarritakoaren arabera.

2. Zerbitzu horri igorriko zaio, bikoizturik, ebazpen edo zedularen kopia; prokuradoreak horietatik ale bat jaso eta bestea sinatuko du, eta zerbitzuak berak azken ale hori auzitegiari itzuliko dio.

155 artikulua. Komunikazio-egintzak, oraindik bertaratu ez diren edo prokuradoreak ordezkatu ez dituen alderdiekin. Egoitza

1. Alderdiek prokuradorearen ordezkaritzarik gabe jardun badute, edo demandatuaren lehen epatze- edo zitazio- -kasuan, auzilariek egoitza non izan eta hara bidaliko dira komunikazio- -egintzak.

2. Demandatzailearen egoitza izango da demandan edo prozesua hasteko eskaera nahiz eskabidean agerrarazi dena.

Halaber, demandatzaileak zehaztuko ditu demandatuaren egoitza gisa, artikulu honen hurrengo paragrafoak aipatu tokietatik bat edo batzuk, haren lehen epatze- edo zitazio-ondoreetarako.

Demandatzaileak demandatuaren egoitza gisa toki batzuk zehaztu baditu, tokien arteko hurrenkera adieraziko du bere ustez, komunikazioa arrakastatsua izan dadin.

Era berean, demandatzaileak demandatuari buruz dakizkien datuak eta demandatua aurkitzeko erabilgarri izan daitezkeen horiek adierazi beharko ditu, kasurako, telefono-zenbakiak, fax-zenbakiak edo antzekoak.

Demandatuak, agertu ondoren, beste egoitza bat zehatz dezake hurrengo komunikazioetarako.

3. Komunikazio-egintzen ondoreetarako, egoitza gisa zehatz daiteke udal erroldan dagoena edo beste ondore batzuetarako modu ofizialean agertzen dena. Halaber, erregistro ofizialean edo elkargo profesionalen argitalpenetan zein egoitza agertu eta hori ere zehatz daiteke, baldin eta, hurrenez hurren, enpresak eta bestelako erakundeak badira, edo lanbidean aritzeko nahitaez elkargoko kide izan behar duten pertsonak badira.

Noizean behinkakoa ez den lanbide- edo lan-jarduera non gauzatu eta hori ere zehatz daiteke egoitza gisa.

Demandan egikaritzen bada 250. artikuluaren 1. paragrafoko 1. zenbakian aipatutako akzioren bat, demandatuaren egoitza gisa zehatz daiteke, komunikazio- egintzen ondoreetarako, errentapeko etxebizitza edo lokala.

4. Prokuradoreak alderdiak ordezkatzen ez baditu, ondore guztiak izango dituzte aurreko paragrafoan egoitza gisa aipatu tokietatik edozeinetan eginiko komunikazioek. Horretarako, komunikatu beharrekoa ondo igorri dela egiaztatu behar da, nahiz eta jasotzaileak hori jaso duela agerrarazi ez.

Hala ere, komunikazioaren helburua bada alderdiak epaiketan bertaratzea, prozesuko jardun jakin bat gauzatzea edo horretan alderdiek eurek parte hartzea, eta interesdunak komunikazio hori jaso izana egiaztatzen ez bada, orduan 158. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

5. Prozesua bideratu bitartean alderdiek egoitza aldatzen badute, auzitegiari komunikatuko diote hori berehala.

Halaber, alderdiek euren telefono, fax edo antzekoen zenbaki-aldaketak komunikatu beharko dituzte, baldin eta azken horiek auzitegiarekin komunikatzeko tresna gisa erabiltzen badira.

156 artikulua. Egoitzari buruz auzitegiak egindako ikerketak

1. Demandatzaileak demandatuaren egoitza edo bizilekua zehazterik ez duela adierazten duenetan, demandatuaren pertsonazio ondoreetarako erabiliko dira inguruabar horiek ikertzeko egoki diren bideak; horrelakoetan, jo daiteke, kasuan-kasuan, 155. artikuluko 3. paragrafoan aipatu erregistro, erakunde, elkargo, erakunde eta enpresetara.

Komunikazio horiek jasotzean, erregistro eta erakunde publikoen jarduera zein xedapenek arautu eta xedapen horien arabera jardungo dute erregistro eta erakundeak.

2. Komunikazio-egintzen ondoreetarako, egoitza artxibo edo erregistro publikoetan agertu eta horietara jotzeko aukera badago, inola ere ez da ezinezkotzat joko egoitza hori zehaztea.

4. Ikerketa horiek emaitzarik gabekoak badira, komunikazioa ediktuen bitartez egingo da.

157 artikulua. Auzi-iheslari Zibilen Erregistro Zentrala

1. Aurreko artikuluan aipatu ikerketak inolako emaitzarik gabe egin dituzten auzitegiek Auzi-iheslari Zibilen Erregistro Zentralari komunikatuko dizkiote demandatuaren izena eta jasotako gainerako datuak. Erregistro horrek Justizia Ministerioan izango du egoitza.

2. Demandatuaren egoitza ikertu behar duten auzitegietatik edozeinek jo dezake Auzi-iheslari Zibilen Erregistro Zentralera, demandatua erregistro horretan agertzen den, eta bertan dauden datuak eta auzitegiak dituenak berdinak diren egiaztatzeko.

Halakoetan, probidentzia bidez, zuzenean agin daiteke demandatuari ediktu bidezko komunikazioa egitea.

3. Aipatu erregistroan inskribaturik dagoen demandatuak inskripzioaren ezereztea eska dezake, baldin eta adierazten badu epaiketako komunikazioak zein helbidetara igorri ahal zaizkion.

Demandatu horren aurkako prozesua zein auzitegitan izan eta auzitegi horiei igorriko die erregistroak, demandatuak komunikazioetarako adierazi egoitza. Une horretatik aurrera, baliozkoak izango dira egoitza horretara igorri komunikazioak.

158 artikulua. Emate bidezko komunikazioa

155. artikuluaren 1. paragrafoko kasuetan ezin badaiteke egiazta jasotzaileak komunikazioa jaso duela, eta komunikazioaren helburua bada epaiketan bertaratzea edo alderdiek prozesuko jardun jakin bat gauzatu zein horretan parte hartzea, orduan komunikazioa emate bidez egingo da, 161. artikuluan xedatutakoaren arabera.

159 artikulua. Lekuko, aditu eta epaiketan alderdi ez diren bestelako pertsonei eginiko komunikazioak

1. Lekuko, aditu eta epaiketan alderdi izan gabe bertan parte hartu behar duten bestelako pertsonei egin beharreko komunikazioak egingo dira, horien jasotzaileei igorriz, 160. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Alderdi interesdunak zehaztu egoitzara egingo da igorpena, eta 156. artikuluan aipatu ikerketak egin daitezke, hala denean.

2. Auzitegiak 161. artikuluaren arabera jardutea aginduko du, baldin eta auzi-paperetan igortze bidezko komunikazioak huts egin badu edo kasuan kasuko inguruabarren arabera hori komenigarria bada, komunikazioaren helburua eta komunikazio horren menpeko jardunaren izaera kontuan izanik.

3. Artikulu honetan aipatu pertsonek, prozesua bideratu bitartean, edozein egoitza-aldaketa komunikatuko diote auzitegiari.

Pertsona horien lehen agerraldian, jakitera emango zaie betebehar hori.

160 artikulua. Komunikazioak postaz, telegramaz edo antzeko moduez igortzea

1. Ebazpenaren kopia edo zedula igortzea bidezkoa izan daiteke, posta ziurtatuaren nahiz telegramaren ordainagiriarekin, baita antzeko moduez ere, azken modu horrek ahalbidetzen badu auzi-paperetan modu sinesgarrian agerraraztea komunikazioaren jasoketa, horren data eta edukia; halakoetan, idazkari judizialak fede emango du, auzi-paperetan, igorpenaren eta igorritakoaren edukiaren gainean, eta auzi- -paperei batuko die, kasuan-kasuan, hartu izanaren agiria edo jasoketa agerrarazteko modua.

2. Alderdiak hala eskaturik eta interesdunaren kontura, agin daiteke 155. artikuluko 3. paragrafoan ezarri tokietatik zenbaitetara aldi berean igorpena egitea.

3. Auzitegiaren egoitza zein epaibarrutitan egon eta bertan jasotzaileak egoitza badu, eta komunikazioaren helburua ez bada bertaratzea, alderdiek jarduna gauzatzea edo jardunean parte- -hartzea, orduan epatze-zedula jasotzaileari igorri ahal izango zaio, 1. paragrafoan aipatutako moduetatik edozeinez; horrela, jasotzailea auzitegiko egoitza horretan agertuko da, jakinarazpena, agindeia edo idazkien bat berari helarazteko.

Zedulak behar bezalako zehaztasunarekin adieraziko du epatua agerrarazteko zergatia, bertan prozedura eta auzia aipatuz. Halakoetan, ohartaraziko da, epatua agertzen ez bada zehaztu epean, ez agertzeko arrazoi zuzenik izan gabe, ulertuko dela komunikazioa gauzatu eta helarazpena burutu dela.

161 artikulua. Komunikazioa egitea, ebazpenaren kopia edo zedula emanez

1. Ebazpenaren kopiari edo zedulari buruzko komunikazioa jasotzaileari emango zaio auzitegiaren egoitzan, edo pertsonaren egoitzan bertan jakinarazi, errekeritu, zitatu zein epatu behar bada.

Ematea idatziz jasoko da eginbide batez; eginbide hori sinatuko dute idazkari judizialak edo eginbidea gauzatu duen funtzionarioak, bai eta ematea jaso duen pertsonak ere, azken horren izena eginbidean bertan agerrarazita.

2. Komunikazioaren jasotzailea bere egoitzan badago eta ebazpenaren kopia edo zedula jasotzeari uko egiten badio, edo ematea egiaztatzeko eginbidea sinatu nahi ez badu, orduan idazkari judizialak edo izendatu funtzionarioak jasotzaile horri ohartaraziko dio aurreko paragrafoan ezarritako betebeharra.

Jasotzaileak ezetzari eusten badio, funtzionario jarduleak jakitera emango dio ebazpenaren kopia edo zedula epaitegiko idazkaritzan bere esku geratzen dela; horrek komunikazioaren ondoreak izango ditu, eta hori guztia agerraraziko da eginbidean.

3. Komunikazioa zein egoitzatan gauzatu nahi eta hori bada jasotzailearen egoitza, udal erroldaren arabera edo zergaondoreetarako edo erregistro ofizialaren nahiz lanbide-elkargoen argitalpenen arabera, edota berori bada demandatuari errentan emandako etxebizitza edo lokala, eta jasotzailea bertan ez badago, orduan ematea egin dakioke toki horretan bertan dagoen eta hamalau urtetik gorako den edozein langile edo senideetatik edozeini, edo finkako atezainari, horrelakorik badago. Komunikazioaren hartzaileari ohartaraziko zaio behartuta dagoela jasotzaileari berari ebazpenaren kopia edo zedula ematera, edo jasotzaileari abisu ematera, baldin eta hartzaileak badaki jasotzaile hori non dagoen.

Komunikazioa jasotzaileari zuzendu bazaio, noizean behinkakoa ez den bere lantokira eta jasotzaile hori bertan ez badago, orduan jasotzailea ezagutzen duela nork adierazi eta horri emango zaio, edo, agiri nahiz objektuak hartzeko bulegorik badago, horren gaineko arduradunari emango zaio.

Eginbidean agerraraziko dira komunikazioa jaso behar duen pertsonaren izena, hori bere egoitzan bilatu eta bertan aurkitu ez den data eta ordua, ebazpenaren kopia edo zedula hartu duen pertsonaren izena, eta pertsona horren eta jasotzailearen arteko lotura; horrela eginiko komunikazioak ondore guztiak izango ditu.

4. Komunikazio-egintza gauzatzeko zein egoitzatara jo eta bertan ez badago inor, idazkari judizialak edo izendaturiko funtzionarioak ikertuko du komunikazio-egintzaren jasotzailea bertan bizi den ala ez.

Jasotzailea dagoeneko egoitza horretan bizi ez bada edo bertan lan egiten ez badu, eta galdetutako pertsonetatik inork ez badaki zein den oraingo egoitza, azken egoitza hori jasoko da komunikazio- -eginbide negatiboan.

Bide horretatik ezin bada jakin zein den demandatuaren egoitza, eta demandatzaileak beste egoitza bat zehaztu ez badu, 156. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

162 artikulua. Bide elektronikoetatik, informatikoetatik eta antzekoetatik gauzatutako komunikazio-egintzak

1. Epaitegiek eta auzitegiek, eta alderdiek edo komunikazio-egintzen jasotzaileek, bide elektroniko nahiz telematikoak, infotelekomunikazioak edo antzekoak badituzte, komunikazio- -egintzak bide horien bitartez igorri ahal izango dira, horiei dagokien hartu izanarekin; bide horiek ahalbidetu behar dute idazkiak eta agiriak igorri eta jasotzea, komunikazioa eta beraren edukiaren kautotasuna bermatzea, eta igortze eta jasotze osoa, eta horiek egiteko unea modu sinesgarrian agerraraztea.

Alderdiek eta prozesuan parte hartzen duten profesionalek auzitegiari komunikatuko diote aipatu bideak badituztela eta zein den euren helbidea.

Era berean, Justizia Ministerioan eratuko da elektronika-bidezko sarbidea duen erregistroa, bertan erakunde publikoei dagozkien bide horiek eta helbideak zehaztuta.

2. Aurreko paragrafoan aipatu bideak direla eta zein ebazpen, agiri, irizpen edo txosten aurkeztu nahiz igorri eta horren kautotasuna bakarrik aitortu edo begizta badaiteke zuzeneko azterketa edo bestelako prozeduren bitartez, orduan ebazpen, agiri, irizpen edo txostenok alderdiei eta interesdunei eman edo igorri beharko zaizkie, aipatu prozedurekin bat datorren eran edo aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera, legeak kasuan-kasuan adierazi denbora- eta toki-betekizunekin.

163 artikulua. Jakinarazpenen Zerbitzu Erkidea

164 artikulua. Ediktu bidezko komunikazioa

Hala denean, 156. artikuluan aipatu ikerketak burutu badira, eta komunikazioaren jasotzailearen egoitza ezin bada jakin, edo hori aurkitzea edo berorri komunikazioa ondore guztiekin egitea ezinezkoa bada aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera, edota horrela erabakitzen bada 157. artikuluaren 2. paragrafoan aipatu kasuan, orduan auzitegiak, probidentzia bidez eta inguruabar horiek jaso ondoren, komunikazioa aginduko du ebazpenaren kopia edo zedula epaitegi edo auzitegiko iragarki-taulan jarriz.

Alderdiak hala eskaturik bakarrik eta beraren kontura, komunikazioa argitaratuko da, probintziako edo autonomia erkidegoko «aldizkari ofizialean», «Estatuko Aldizkari Ofizialean», edo Espainia osoan nahiz probintzian zabalkundea duen egunkari batean.

165 artikulua. Laguntza judizialaren bidezko komunikazio-egintzak

Komunikazio-egintzak zein auzitegik agindu eta hori ez den auzitegi batek gauzatu behar dituenean egintza horiek lege honen 161. artikuluan xedatutakoaren arabera, orduan idatzagiriari batuko zaizkio dagokion kopia edo zedula eta kasuan-kasuan bidezko den guztia.

Komunikazio-egintzok, gehienez jota, hogei egunetako epean beteko dira, egintzok jaso direnetik zenbatzen hasita.

Aurrekoa egiten ez bada zehaztu epean, auzitegiari hori bete dezan agindeia eginda, azaldu beharko dira, hala denean, luzapenaren arrazoiak.

166 artikulua. Komunikazio-egintzen deuseztasuna eta ongitzea

1. Deusezak dira kapitulu honetan xedatutakoaren arabera burutu ez diren eta defentsarik eza ekar dezaketen komunikazio- egintzak.

2. Hala ere, jakinarazi, zitatu, epatu edo errekeritu beharreko pertsonak bere burua auziaren jakituntzat jotzen badu, eta auzitegian eginbidearen deuseztasuna salatzen ez badu bere lehen agerraldiko ekitaldian, orduan eginbide horrek une horretatik aurrera ondore guztiak izango ditu, legearen xedapenen arabera egin izan balitz bezala.

167 artikulua. Ofizioak eta manamenduak gauzatzeko modua

1. Manamenduak eta ofizioak luzatu dituen auzitegiak zuzenean igorriko dizkio halakoak agintari edo funtzionario eskudunari. Halakoetan, lege honen 162. artikuluan ezarri moduak erabil daitezke.

Dena den, alderdiek hala eskatuz gero, alderdiek eurek gauza ditzakete manamendu eta ofizioak, eginbidearen bitartez.

2. Edozein kasutan, artikulu honetako ofizioak eta manamenduak igortzea zein alderdik eskatu eta horrek ordaindu beharko ditu horiek betetzearen ondoriozko gastuak.

168 artikulua. Prozesuko komunikazioan parte hartzen duten funtzionario eta profesionalak

1. Kapitulu honetan ezarri eginkizunak gauzatzean, maltzurkeria edo zabarkeria medio, bidegabeko atzerapenak edo luzapenak sortu dituen idazkari judizial, ofizial, laguntzaile edo agentea diziplina bidez zuzenduko ditu horren gaineko agintariak, eta, gainera, hark sortu kalte-galerengatik erantzukizuna izango du.

2. Komunikazio-egintzak gauzatzea bere gain zein prokuradorek hartu eta hori dolo nahiz berandutzan erortzen bada, edo legezko formalitateren bat errespetatzen ez badu, hirugarrenari kaltea eginez, orduan sortutako kalte- -galeren erantzule izango da, eta zigortua izan daiteke, lege nahiz estatutuetako arauetan xedatutakoaren arabera.

VI. KAPITULUA - Laguntza judiziala

169 artikulua. Laguntza judiziala noiz den bidezkoa

1. Auzitegi zibilak behartuta daude elkarri laguntza ematera, baldin eta horietatik batek agindu jarduna gauzatzeko beharrezkoa bada beste baten elkarlana.

2. Auziaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horren mugabarrutik kanpo egin behar den jardunerako laguntza judiziala eskatuko da, azterketa judizialeko egintzak barne direla, auzitegiaren iritziz, ezinezkotzat edo desegokitzat jotzen badu lege honek bere mugabarrutik kanpora lekualdatzeko ematen dion ahalmena erabiltzea jardun hori gauzatu dadin.

3. Halaber, laguntza judiziala eska daiteke, jarduna agindu duen auzitegiak egoitza zein udal-mugartetan izan eta horretatik kanpo baina epai-barruti nahiz mugabarru horretan bertan burutu beharreko jardunerako.

4. Alderdien galdeketa, lekukoen adierazpena eta adituen berrespena, auziaren gaineko ardura duen epaitegi edo auzitegiaren egoitzan egingo dira, nahiz eta aipatu pertsonen egoitza epai-mugabarru jakin horretatik kanpo egon.

Epaitegi edo auzitegiko egoitzan zitatuak izan diren pertsonen agerraldia ezinezkoa edo oso nekeza bada, distantzia, joan-etortzeko zailtasuna, nahiz alderdiaren, lekukoaren edo adituaren beraren inguruabarrengatik, edota antzeko arrazoiren batengatik, orduan bakarrik eska daiteke laguntza judiziala aurreko lerrokadako froga-egintzak burutzeko.

170 artikulua. Laguntza judiziala emateko organo eskuduna

Laguntza judiziala zein tokitan burutu behar eta bertako mugabarruko lehen auzialdiko epaitegiari egokituko zaio hori ematea.

Aurrekoa gorabehera, toki horretan bake epaitegiak egoitza badu eta laguntza judiziala komunikazio- egintza bada, orduan bake epaitegiaren gaineko ardura izango da jarduna gauzatzea.

171 artikulua. Exhortoa

1. Laguntza judiziala behar duen auzitegiak exhorto bidez eskatuko du laguntza, nori eta laguntza hori eman behar duen auzitegiari zuzenduta. Exhorto horrek honako hauek barneratuko ditu:

1.) Auzitegi exhorto-emaile eta exhorto- hartzailearen izendapena.

2.) Exhortoa luzatzeko arrazoia zein auzi izan den adieraztea

3.) Auzian, alderdi eta euren ordezkari eta defendatzaile nortzuk diren adieraztea.

4.) Gauzatu beharreko jarduna zehaztea.

5.) Gauzatu beharreko jarduna epe batean egin behar bada, exhortoan adieraztea noiz bukatuko den epe hori.

6.) Exhortoa betetzeko, agiriak aurkeztu behar badira, horiek guztiak beren beregi aipatzea.

2. Idazkari judizialari dagokio exhortoak luzatu eta baimentzea.

172 artikulua. Exhortoa igortzea

1. Exhortoak zuzenean igorriko zaizkio organo exhorto-hartzaileari, informatika- sistema judiziala erabiliz edo exhortoa jaso dela agerrarazteko bermea ematen duten komunikazio-sistemetatik beste edozein erabiliz.

2. Dena den, exhortoa betetzea nahi duen alderdiak hala eskatzen badu, berorri emango zaio exhorto hori, beraren erantzukizupean, organo exhorto-hartzaileari hurrengo bost egunetan aurkezteko.

Halakoetan, exhortoan adieraziko da berori kudeatzeko ardura nork duen; pertsona hori bakarrik izan daiteke auzilaria bera edo laguntza zein auzitegitan eman behar eta bertan jarduteko gaiturik dagoen prokuradorea.

3. Gainerako alderdiek ere izenda dezakete gaiturik dagoen prokuradorea, laguntza zein epaitegitan eman behar eta bertan jarduteko, alderdiok nahi badute exhortoa betetzeko eman diren ebazpenak eurei jakinaraztea.

Aurrekoa egin dezake, halaber, exhortoa betetzeko interesa duen alderdiak, horrek exhortoaren ematea eskatu ez badu aurreko paragrafoaren ondoreetarako.

Izendapen horiek exhortoaren agirietan agerraraziko dira.

4. Exhortoa igorri bazaio laguntza eman behar ez duen organoari, exhortoa jaso duen organoak zuzenean igorriko dio exhortoa organo eskudunari, baldin eta organo hori zein den badaki; eta exhorto- emaileari ere igorpenaren inguruko kontu-arrazoiak emango dizkio.

173 artikulua. Exhortoa betetzea

Exhortoa jaso duen jurisdikzio-organoak exhortoa betetzea aginduko du, eta bertan zein jardun eskatu eta hori zehaztu epean burutzeko behar-beharrezkoa dena.

Hala gertatzen ez bada, auzitegi exhorto- emaileak auzitegi exhorto-hartzaileari ezagutaraziko dio exhortoa betetzeko premia, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik.

Egoerak bere horretan badirau, laguntza eskatu duen auzitegiak egitateak ezagutaraziko dizkio auzitegi exhorto-hartzailearen gobernu- salari.

174 artikulua. Alderdien parte-hartzea

1. Alderdiek, eta euren abokatu eta prokuradoreek, parte har dezakete exhortoa betetzeko gauzatzen den jardunean.

Dena den, exhortoa betetzeko emandako ebazpenak jakinaraziko zaizkie exhortoaren izapidetzan parte hartzeko prokuradorea izendatu duten alderdiei bakar-bakarrik.

2. Prokuradorerik izendatu ez bada, exhortoa betetzeko behar diren jakinarazpenak bakarrik egingo zaizkie alderdiei; horixe egingo da, exhortoak agintzen badu jarduna gauzatzeko beharrezko dela alderdien zitazioa, parte-hartzea nahiz bertan egotea. Era berean, exhortoaren betepenerako datuak eta berriak eman behar dituzten jakinarazpen zehatzak ere egingo dira.

175 artikulua. Exhortoa itzultzea

1. Exhortoa bete ondoren, exhorto- -emaileari horren emaitza komunikatuko zaio, informatika-sistema judizialaren bidez edo exhortoa jaso delako bermea ematen duten komunikazio-sistemetatik beste edozeinen bitartez.

2. Laguntza judizialeko jardun gauzatua igorriko da posta ziurtatuaz, edo hori emango zaio exhortoa kudeatzeko gaineko ardura duen auzilariari nahiz prokuradoreari; auzilari edo prokuradore horrek jardun hori aurkeztuko dio, hurrengo hamar egunetan, organo exhorto-emaileari.

176 artikulua. Alderdien gaineko ardurarik eza laguntza judizialean

Auzilari baten esku utzi bada idatzagirien kudeaketa, eta auzilari hori arrazoi zuzenik gabe atzeratu bada, exhorto- hartzaileari horiek aurkeztean edo exhorto-emaileari horiek itzultzean, orduan auzilari hori zigortuko da, 172. artikuluaren 2. paragrafoko eta aurreko artikuluaren 2. paragrafoko epeak bukatu direnetik, hurrenez hurren, 30 euroko isunarekin, atzeratu den egun bakoitzeko.

177 artikulua. Nazioarteko lankidetza judiziala

1. Atzerrian epaiketako jarduna gauzatzeko, idatzagiriak bideratuko dira, Espainiak izenpetu nazioarteko itunen, eta, halakorik izan ezean, barne-legeria aplikagarriaren arabera.

2. Arau horietan xedatutakoaren arabera jardungo da, halaber, atzerriko agintari judizialek eskatzen badute Espainiako epaitegi eta auzitegien lankidetza.

VII. KAPITULUA - Auzien bideratze, ikustaldi eta erabakitzea

LEHENENGO ATALA

Azterketa arrunta

178 artikulua. Kontu-arrazoiak ematea

1. Idazkari judizialek, azterketa arrunta egiteko, bertan aurkeztu diren idazki eta agirien kontu-arrazoiak emango dizkiote salari, txostengileari edo epaileari, noiz eta, kasuan-kasuan, idazki eta agiriak aurkeztu diren egunean bertan edo hurrengo egun baliodunean.

Aurrekoa egingo dute, orobat, idazkari judizialek, epaile edo magistraturik gabe baimendutako aktekin.

2. Kontu-arrazoiak emango dira, halaber, prozesuko epeen igarotzean eta auzi-paperen egoerari buruz, hurrengo egun baliodunean, baita eman diren antolaketa- eginbideen inguruan ere.

3. Erabakitzeko dagoen auzi-kopurua dela eta, idazkari judizialak kontu- -arrazoien ematea eskuorde diezaioke auzitegi edo epaitegiko funtzionarioari, presidentearen edo epailearen aurretiazko adostasunarekin.

179 artikulua. Prozedura bultzatzea, eta, alderdien arteko adostasuna dela eta, prozesua etetea

1. Legeak besterik xedatu ezean, jurisdikzio- organoak ofizioz bere bidea emango dio prozesuari, horretarako beharrezko diren ebazpenak emanez.

2. Aribideko prozedura eten daiteke, lege honen 19. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera, eta prozedura hori berriro hasiko da, alderdietatik edozeinek hala eskatzen badu.

Etendura zein epetarako erabaki eta hori igaro bada, eta hurrengo bost egunetan inork ez badu eskatzen prozesua berriro hastea, orduan auzi-paperak behin-behinean artxibatuko dira, eta horrela egongo dira, prozesua berriro hastea eskatzen ez den bitartean edo auzialdia iraungi arte.

180 artikulua. Magistratu txostengilea

1. Kide anitzeko auzitegietan, auzi bakoitzerako izendatuko da magistratu txostengile bat, urte judizialaren hasieran sala edo atalerako ezarri txandaren arabera; horretarako, irizpide objektiboak bakarrik hartuko dira kontuan.

2. Izendapena prozesuko lehen ebazpenean egingo da, eta alderdiei jakinaraziko zaie magistratu txostengilearen izena, eta, hala denean, ezarri txandaren arabera horren ordezko denarena, ordezpenaren arrazoiak zeintzuk diren bertan azalduz.

3. Txostengilearen izendapenerako, sala edo ataleko magistratu guztiak txandakatuko dira, buruak ere barne direla.

181 artikulua. Magistratu txostengilearen eginkizunak

1. Kide anitzeko auzitegietan, magistratu txostengileari dagozkio hauek:

1.) Txandan egokitu zaizkion auzien azterketa arrunta, eta horien izapidetzaz arduratzea.

2.) Alderdiek aurkeztu frogabideen proposamena aztertzea, eta horien onargarritasun, egokitasun eta erabilgarritasunari buruz informatzea.

3.) Auzitegiaren ebazpenen aurka jarritako errekurtsoez informatzea.

4.) Probidentziak ematea eta auzitegiak eman beharreko gainerako ebazpenak proposatzea.

5.) Auzitegiak hartu ebazpenak idaztea, 203. artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. ATALA

Ikustaldiak

182 artikulua. Ikustaldien data zehaztea

1. Ikustaldien data zehaztea, probidentzia bitartez, presidenteari dagokio, kide anitzeko auzitegietan, edo epaileari, pertsona bakarrekoetan.

2. Legezko salbuespenak izan ezik, datak zehaztuko dira, prozedurak ikustaldia egin beharreko egoerara iritsi ahala, eta prozedurak egoera horretara heldu diren hurrenkerari jarraituz, alderdiek berori eskatu beharrik gabe.

183 artikulua. Ikustaldiaren beste data bat zehazteko eskabidea

1. Ikustaldira joan behar direnetatik edozeini ezinezko bazaio zehaztu egunean bertara joatea, ezinbesteko kasua edo antzeko garrantzia duten zioetatik beste edozein dela medio, orduan berehala adieraziko dio hori auzitegiari, arrazoia edo zioa behar bezala egiaztatuz, eta auzitegiari eskatuko dio edo ikustaldirako beste data bat zehaztea edo egoera hori aintzat hartzen duen ebazpena ematea.

2. Alderdietako baten abokatuari ezinezko bazaio ikustaldira joatea, auzitegiak ikustaldirako beste data bat zehaztuko du, baldin eta hark alegatu egoera aintzat hartu eta egiazta badaiteke.

3. Alderdiak alegatzen badu lehen paragrafoan ezarri ezintasun-egoera, eta auzitegiak uste badu alegatu egoera aintzat hartu eta egiazta daitekeela, orduan auzitegi horrek hartuko du honako ebazpen hauetatik bat:

1.) Alderdiak abokatuaren laguntzarik edo prokuradorearen ordezkaritzarik gabe zein prozesutan aritu eta horietako bati badagokio ikustaldia, auzitegiak beste data bat zehaztuko du.

2.) Alderdiak han bertan egon behar duen jardunerako bada ikustaldia, nahiz eta alderdi horrek abokatuaren laguntza edo prokuradorearen ordezkaritza izan, auzitegiak, era berean, ikustaldirako beste data bat ere zehaztuko du.

Zehazki, alderdia ikustaldira zitatua izan bada, 301. artikuluan eta ondorengoetan arautu itaunketari erantzuna emateko, orduan auzitegiak beste data bat zehaztuko du, horretarako bidezko zitazioak eginez.

Hori berori ebatziko du auzitegiak, joateko ezintasuna alegatu eta egiaztatu duen alderdia nor izan eta horren aurkako alderdia zitatua izan bada itaunketarako.

4. Auzitegiak ikustaldirako zitatu duen lekuko nahiz adituak adierazi eta agerrarazten badu manu honen lehenengo paragrafoko ezintasun-egoera duela, orduan auzitegiak erabakiko du, desenkusa onartzen duen ala ez; onartuz gero, eta alderdiak hiru eguneko epe erkidean entzun ondoren, auzitegiak erabakiko du ikustaldirako zehaztu data ondorerik gabe uztea eta beste bat jartzea, edota lekukoa nahiz aditua zitatzea froga-jarduna zehaztu ikustalditik kanpo burutzeko.

Auzitegiak ulertzen badu lekuko edo adituaren desenkusa ezin dela aintzat hartu edo egiaztatu, orduan eutsiko dio ikustaldirako zehaztu datari, eta lekuko edo adituari hala jakinaraziko dio, agertzeko agindeia eginez, 292. artikuluko bigarren paragrafoak ezarri ohartarazpenarekin.

5. Aurreko paragrafoetako egoerak ebaztean, auzitegiak antzematen badu, abokatu, auzilari, aditu edo lekukoak bidegabeko luzapenarekin edo inolako funtsik gabe jardun dutela, 600 eurorainoko isuna ezar diezaieke, beste data bat zehaztearen inguruan auzitegiak ebatziko duenari kalterik egin gabe.

184 artikulua. Ikustaldiak egiteko aldia

1. Ikustaldiak egiteko erabil daitezke, saio baten edo gehiagotan, eguneko ordu baliodun guztiak eta balioetsitako guztiak, eta, premiazkoa bada, hurrengo egunean edo egunetan ere jarraituko da.

2. Legeak besterik xedatu ezean, hamar egun baliodun izan behar dira gutxienez, ikustaldiaren data zehaztu denetik hori egin arte.

185 artikulua. Ikustaldiak egitea

1. Lege honetan xedatu moduan auzitegia eratu ondoren, epaile edo buruak adieraziko du jendaurreko ikustaldia egingo dela, ekitaldia ateak itxita gauzatu behar denean izan ezik. Behin ikustaldia hasita, idazkari judizialak kasuan kasuko aurrekariak edo jorratu beharreko arazoak aipatuko ditu laburki.

2. Ondoren, informatuko dute, dagokien hurrenkerari jarraituz, auzi-jartzaile eta demandatuak, edo errekurtsogile eta alderdi errekurrituak, euren abokatuen bitartez edo alderdiek eurek ere, euren kabuz, azken hori legeak baimendu badu.

3. Ikustaldi-ekitaldirako frogabideren bat onartu bada, berori egingo da, horretarako xedapenek araututakoaren arabera.

4. Froga burutu, edo, hori egin ez bada, parte hartzeko lehen txanda bukatu denean, epaile edo presidenteak alderdiei berriro emango die hitza, egitateak edo iritziak zuzen ditzaten, eta, hala denean, burututako frogen emaitzen inguruan euren eskubideari dagozkion alegazioak labur-labur aurkez ditzaten.

186 artikulua. Eztabaidak zuzentzea

Ikustaldiek dirauten bitartean, epaile edo presidenteari dagokio eztabaidak zuzentzea, eta, zehatzago:

1.) Ikustaldien ordena onari eustea, horretarako epaile edo presidenteak dituen bide guztiak erabiliz; halakoetan, epaile edo presidenteak eskatuko du auzitegiei eta horietan jarduten ari direnei zor zaien errespetua eta begirunea izatea. Horietan faltak egiten badira, berehala zuzenduko ditu, Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatutakoaren arabera.

2.) Ikustaldien garapena bizkortzea; horretarako, abokatuari edo alderdiari abisua emango dio, baldin eta horiek euren parte-hartzeetan modu nabarian aldendu badira eztabaidapean diren arazoetatik. Halakoetan, abokatu edo alderdi horri eskatuko dio premiarik gabeko erretorikarik ez egiteko, eta, jaramonik egiten ez badio berorrek egin bigarren abisuari, hitza kendu ahal izango dio.

187 artikulua. Ikustaldiak agirietan jartzea

1. Ikustaldia erregistratuko da, soinu eta irudia grabatu eta erreproduzitzeko balio duen euskarrian; hori ezinezkoa bada, soinuarena bakarrik egingo da, lege honen 147. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kasu horietan, auzitegiak egokitzat jotzen badu, auzi-paperei batuko zaie euskarri horietan erregistraturiko idatzizko transkripzioa, ahalik eta eperik laburrenean.

Dena den, alderdiek euren kontura eska dezakete ikustaldia zein euskarritan grabatu eta horren kopia.

2. Aurreko paragrafoko erregistro- -bideak ezin badaitezke erabil, edozein arrazoi dela medio, ikustaldia agirietan jasoko da, idazkari judizialak egindako aktaren bitartez.

188 artikulua. Ikustaldiak etetea

1. Zehaztu egunean ikustaldiak egitea eten daiteke, probidentzia bidez, honako kasu hauetan bakarrik:

1.) Aurreko egunetik egiteke dagoen ikustaldiaren jarraipenak hori egitea eragozten badu.

2.) Ebazpena emateko magistratu nahikorik ez badago, edo epaile nahiz idazkari judizialaren gertatze bidezko ondoezarengatik, baldin eta hori ezin badaiteke ordeztua izan.

3.) Alderdiek, ados jarrita, hori eskatu badute, auzitegiaren iritziz arrazoi zuzena alegatuz.

4.) Epaiketan edo ikustaldian itaunketarako zein alderdi zitatu eta horietako edozeinek erabateko ezintasuna badu, ezintasun hori auzitegiaren iritziz behar bezala egiaztatu denean, betiere beste data bat zehaztea ezinezkoa denean, 183. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.) Etendura eskatu duen alderdiaren abokatuaren heriotza, gaixotasuna edo erabateko ezintasuna gertatu bada. Egitate horiek, auzitegiaren iritziz, behar beste egiaztatu behar dira, eta ezinezkoa izan behar da beste data bat zehaztea, 183. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.) Abokatu defentsariarentzat egun berean auzitegi ezberdinetan ikustaldirako bi data zehaztu badira, zehaztu orduengatik bietara joatea ezinezkoa izanik, eta abokatu horrek behar bezala egiaztatu badu aldiberekotasuna saihesteko beste data bat zehazten ahalegindu zela, hori lortu gabe, 183. artikuluaren arabera.

Halakoetan, presodun auzi kriminalari dagokion ikustaldiak du lehentasuna, eta, aipatu jardunik izan ezean, data lehenago zehaztuta duenak, eta, bion data egun berean zehaztu badira, orduan eten egingo da antzinatasun gutxieneko prozeduraren ikustaldia.

Ez da aginduko ikustaldiaren etendurarik, baldin eta berori eskatzeko komunikazioa, hiru egun baino gehiagoko atzerapenarekin, bigarrenez gertatu bada jaso den data-zehaztearen jakinarazpenetik zenbatzen hasita.

Ondore horietarako, eskabidearekin batera aurkeztuko da aipatu data-zehaztearen jakinarazpenaren kopia.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko, presodun auzi kriminalen ikustaldietan; horrek ez dio kalterik egingo hortik sor daitekeen erantzukizunari.

7.) Aribideko jardunaren etendura agindu bada, edo etendura hori bidezkoa dela ulertzen bada lege honetan xedatutakoaren arabera.

2. Auzitegiak agindu etendura oro berehala jakinaraziko zaie bertaratutako alderdiei, eta lekuko, aditu edo bestelako izaera dela eta epaiketara zitatuak izan direnei.

189 artikulua. Etendako ikustaldientzat

beste data bat zehaztea

1. Ikustaldia etetean, beste data bat zehaztuko da etendura agintzeko unean bertan, eta, hori ezinezkoa bada, etendura eragin duen zioa desagertu bezain laster.

2. Beste data hori zehaztuko da, ahalik eta egunik gertuenerako, jada jarrita daudenen hurrenkera aldatu gabe.

190 artikulua. Ikustaldien data zehaztu ondoren, epaile edo magistratuak aldatzea. Balizko ezespena

1. Epaileren bat edo auzitegiko kide den magistraturen bat aldatua izan bada, ikustaldirako data zehaztu ondoren baina hori egin baino lehenago, orduan aldaketa horiek alderdiei ezagutaraziko zaizkie, aldaketok gertatu bezain laster, eta, beti, ikustaldia hasi aurretik. Horrek ez dio kalterik egingo ikustaldia egiteari, salbu eta aldaketaren ondorioz auzitegiko kide nor egin eta epaile edo magistratu hori ezetsi denean, ezespen hori ahoz gertatu arren.

2. Aurreko paragrafoko ezespena aurkeztu bada, ikustaldia eten egingo da, eta lege honetan xedatutakoaren arabera intzidentearen izapideak egingo dira. Ezespena ebatzi ondoren, beste data bat zehaztuko da.

Ezespena ahoz aurkeztuz gero, laburki adierazi behar dira horren arrazoia edo arrazoiak, eta berori idatziz aurkeztuko da, hiru eguneko epean.

Epe horretan hala egiten ez bada, ezespena ez da onartuko, eta ezesleari 150 eurotik 600 eurorako isuna jarriko zaio; halaber, ezeste hori kondenatuko da etendurak eragin kostuak ordaintzera.

Ebazpen berean ikustaldirako beste data bat zehaztuko da, ahalik eta lasterren.

191 artikulua. Ikustaldiaren osteko ezespena

1. Aurreko artikuluen 1. paragrafoak aipatu epaile edo magistratua nahiz magistratuak aldatu eta ikustaldia egin bada, ezespenik izan ez delako, eta auzitegia pertsona bakarrekoa bada, epaileak hiru egun utziko ditu ebazpena eman aurretik, eta, kide anitzeko auzitegia bada, hiru egunez etengo dira eztabaida eta botazioa.

3. Artikulu honek aipatu kasuari dagokionez, ezespenak onartuko dira bakarrik ikustaldia hasi baino lehen jakin ezin izan ziren arrazoietan oinarritzen badira.

192 artikulua. Ikustaldiaren osteko ezespena. Horren gaineko erabakiak dituen ondoreak

Aurreko artikuluaren arabera aurkeztu ezespena bidezkoa dela adierazten bada, ikustaldia ondorerik gabe utziko da auto bidez, eta beste data bat zehaztuko da egunik gertuenean, ezetsien ordezko diren epaile edo magistratu gaituen aurrean.

Ezespena bidezkoa ez dela adierazten bada, ebazpena emango dute ikustaldian egon diren epaile edo magistratuek; halakoetan, ebazpen hori emateko epea hasiko da, ezespenari buruzko erabakiaren dataren biharamunean.

193 artikulua. Ikustaldiak geldiaraztea

1. Ikustaldia hasi ondoren, hori geldiarazi ahal izango da honako kasu hauetan bakarrik:

1.) Auzitegiak ebatzi behar badu ekitaldian bertan erabaki ezin duen intzidente- arazoren bat.

2.) Auzitegiaren egoitzatik kanpo froga-eginbideren bat gauzatu behar eta berori burutu ezin bada saio baten eta bestearen artean.

3.) Epaiketara zitaturiko lekuko edo adituak agertu ez badira eta auzitegiak ulertzen badu euren adierazpena edo txostena ezinbestekoa dela.

4.) Ikustaldia hasi ondoren, berau etetea eragingo zuen inguruabarretatik bat gertatu bada.

2. Ikustaldia berriro hasiko da, geldiarazpena eragin duen arrazoia desagertu ondoren.

3. Ikustaldia ezin bada berriro hasi geldiarazpenetik hurrengo hogei egunetan, orduan beste ikustaldi bat egingo da, eta, horretarako, beste data bat zehaztuko da ahalik eta egunik gertuenerako.

Aipatu epea igaro ez bada ere, gauza bera egingo da, geldiarazitako ikustaldia zein epaileren aurrean egiten hasi eta hori ordeztu behar denean. Kide anitzeko auzitegiei dagokienez, hori gertatuko da, ikustaldia ezin bada berriro hasi, ikustaldian jardun duten magistratuetatik ebazpena emateko nahikorik ez delako.

3. ATALA

Auzien gaineko botazioak eta epaitzak

194 artikulua. Auzien gaineko epaitza eman behar duten epaile eta magistratuak

1. Ikustaldi edo epaiketa egin ondoren epaitza eman beharreko auzietan, bertara zein epaile agertu, eta horrek idatzi eta sinatuko du ebazpena, pertsona bakarreko auzitegietan; halaber, bertara zein magistratu agertu, eta horiek eztabaidatu eta botoa emango dute, kide anitzeko auzitegietan. Hala jokatuko da, nahiz eta aipatu epaile edo magistratuak ikustaldi edo epaiketa egin ondoren auziaren gaineko ardura duen auzitegi horretan eginkizunak izateari utzi.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsiko dira epaile eta magistratuak, ikustaldia edo epaiketa egin ondoren:

1.) Epaile- edo magistratu-izaera galdu badu.

Dena den, artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie adina dela-eta erretiroa hartu duten epaile eta magistratuei, eta uko egitearen ondorioz kargua utzi duten ordezko epaile eta magistratuei, horiek zein epetarako izendatu eta hori igaro bada, edo hirurogeita hamabi urte bete badituzte.

2.) Euren eginkizunen egikaritzatik kendu egin badituzte.

3.) Jurisdikzio-eginkizunarekin bateraezina den kargu publiko edo lanbidean hasi badira, edo borondatezko eszedentzia- egoeran badira, herri-hautaketa bidezko karguetarako hautagai izateko.

195 artikulua. Magistratuek auzi-paperen edukiari buruzko informazioa lortzea, kide anitzeko auzitegietan

1. Txostengileak bere esku izango ditu auzi-paperak, epaia emateko edo intzidente nahiz errekurtsoen gaineko ebazpen-erabakia emateko; auzitegiko gainerako kideek edozein unetan azter ditzakete auzi-paperok.

2. Ikustaldia bukatu ondoren, berori erabakiaren aurrekoa bada, edo bestelako kasuetan, presidenteak eztabaida, botazio eta epaitzarako data zehaztu duen egunetik, magistratuetatik edozeinek auzi-paperak eska ditzake, horiek aztertzeko.

Magistratu batek baino gehiagok auzi-paperak eskatu badituzte, auzitegiko buruak zehaztuko du magistratu bakoitzak zenbat denboraz izan ditzakeen auzi-paperok, epaiak eman ahal izateko, aldez aurretik zehaztutako epean.

196 artikulua. Ebazpenen gaineko eztabaida eta botazioa, kide anitzeko auzitegietan

Kide anitzeko auzitegietan, ikustaldia burutu bezain laster, ebazpenak eztabaidatuko dira eta botoa emango da, baldin eta ikustaldi hori egin bada; bestela, presidenteak zehaztuko du ebazpenok eztabaidatu eta botoa emateko eguna, legeak ezarri epean.

197 artikulua. Ebazpenen gaineko eztabaida eta botazioa egiteko modua, kide anitzeko auzitegietan

1. Kide anitzeko auzitegietan, presidenteak zuzenduko ditu ebazpenen gaineko eztabaida eta botazioa; horiek beti egingo dira ateak itxita.

2. Magistratu txostengileak sala edo atalaren esku utziko ditu egitezko gaiak, eta zuzenbideko arazo eta oinarriak, sala edo atalak eztabaida ditzan, eta beraren ustez egokia den erabakia eman dezan; beharrezko eztabaida egin ondoren, botazioa egingo da.

198 artikulua. Ebazpenen gaineko botazioa

1. Presidenteak agin dezake botazioa egitea, dela egitezko dela zuzenbideko erabaki ezberdinei buruz, banan- -banan edo eman beharreko erabakiaren zati bati buruz.

2. Lehenik, txostengileak emango du botoa, eta, gero, gainerako magistratuek, euren antzinatasunaren alderantzizko hurrenkerari jarraituz.

Presidentea azkena izango da botoa ematen.

3. Botazioa hasiz gero, ezin izango da geldiarazi, horretarako eragozpen gaindiezinik ez badago.

199 artikulua. Ikustaldiaren ondoren ezinduta geratu diren magistratuen botoa

1. Ikustaldia egin ondoren magistraturen bat ezinduta geratu bada, eztabaida eta botaziora joan ezin dela, berorrek botoa emango du idatziz, arrazoituta eta sinatuta, eta zuzenean igorriko dio auzitegiko buruari.

Halakoetan, magistratuak ezin badu idatzi edo sinatu, idazkari judizialaz baliatuko da.

Horrela emandako botoa besteokin batera zenbatuko da eta epai-liburuan gordeko da, buru denak hori sinatu ondoren.

2. Magistratu ezinduak ezin badu modu horretan ere botorik eman, auzia erabakiko dute ikustaldira joan diren gainerako magistratuek, horiek nahiko badira gehiengoa osatzeko.

Ez badira nahiko, beste ikustaldi bat egingo da, aurreko ikustaldian izan direnekin eta ezinduak ordeztu behar dituztenekin; kasu horri lege honen 190. artikulutik 192.erakoetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, ikustaldian esku hartu zuten magistratuetatik edozeinek parte hartu ezin badu eztabaidan eta botazioan, 194. artikuluaren 2. paragrafoan ezarri kasuetatik bat berari gertatzeagatik.

200 artikulua. Ikustaldiko epailearen ezintasuna

Pertsona bakarreko auzitegietan, ikustaldia egin ondoren bertan egon den epailea ezinduta geratu bada eta ezin badu ebazpenik eman, ezta idazkari judizialaren laguntzarekin ere, orduan beste ikustaldi bat egingo da, ezindua ordeztuko duen epailea ikustaldi horren buru izanik.

Aurrekoa egingo da, berebat, ikustaldian parte hartu duen epaileak ezin badu ebazpenik eman, 194. artikuluaren 2. paragrafoan ezarri kasuetatik bat gertatzeagatik.

201 artikulua. Botoen gehiengoa

Kide anitzeko auzitegietan, autoak eta epaiak emango dira, botoen erabateko gehiengoaren arabera, legeak beren beregi proportzio handiagorik aipatu ezik.

Gehiengoaren erregela ezin izango da inoiz ezerezean utzi, adostutako boto-kopuru jakin bat galdatuz.

202 artikulua. Bat ez etortzea

1. Ebazpen baten gaineko botazioan, egitezko zein zuzenbideko erabakietatik edozeinen alde ez badaude boto gehienak, boto-emaileek berriro eztabaidatu eta botoa emango dute, bat etorri ez diren gaien gainean.

2. Adostasunik lortu ezean, bat ez etortzea ebatziko da, beste ikustaldi baten bidez, aurreko ikustaldira joan ziren magistratuak, gehi beste bi bertan agertuz, bakoitia izan bada bat ez datozenen kopurua, eta gehi beste hiru, bikoitia izan bada hori.

Halakoetan, honako hauek bilduko dira; lehenik, sala edo ataleko burua, lehenago bertan izan ez bada; bigarrenik, auzia ikusi ez duten eta sala berekoak diren magistratuak; hirugarrenik, audientziako burua; eta, azkenik, gainerako sala zein ataletako magistratuak, jurisdikzio-ordena berekoek lehentasuna dutela, gobernu- -salak erabaki hurrenkeraren arabera.

3. Aurreko paragrafoaren arabera osatu salaren buru izan behar denak data zehaztuko du, probidentzia bitartez, bat ez etortzea argitzeko ikustaldirako eta izendapen egokietarako.

4. Artikulu honen bigarren paragrafoan aipatu salak ebazpenari buruzko botoa ematean, gehiengoa lortzen ez badu desadostasuneko gaietan, orduan berriro egingo du botazioa, eta horretan aintzat hartuko ditu, bakar-bakarrik, aurreko botazioan boto gehien lortu dituzten bi iritziak.

203 artikulua. Kide anitzeko auzitegietan ebazpenak idaztea

Kide anitzeko auzitegietan, txostengileari dagokio salan nahiz atalean eztabaidatu ebazpenak idaztea, baldin eta txostengile hori ados badago erabaki denarekin.

Txostengilea ez badago ados gehienen botoarekin, ezetza emango dio ebazpena idazteari, bere boto berezi eta zioduna aurkeztu beharko duela.

Halakoetan, presidenteak beste magistratu bati aginduko dio ebazpena idaztea, eta txostenen txandan ere beharrezko zuzenketak egingo ditu, bertan berdintasuna berrezartzeko.

204 artikulua. Ebazpenak sinatzea

1. Ezindu gabeko epaileak edo magistratu guztiek sinatuko dituzte ebazpen judizialak, ebazpenok emateko ezarri epean.

2. Kide anitzeko auzitegian auzia erabaki ondoren, botoa eman duten magistratuetatik edozein ezinduta geratu bada eta ezin badu ebazpena sinatu, orduan beraren ordez hori egingo du auzitegi horren buru denak; halakoetan, beraren ordez sinatuko duen magistratu horrek haren izena adieraziko du; eta magistratu ezinduak botua eman baina sinatu ezin izan zuela agerraraziko du.

Magistratu ezindua presidentea bada, orduan beraren ordez sinatuko du antzinatasun gehiena duen magistratuak.

3. Ebazpen judizialak baimenduak edo argitaratuak izango dira, idazkari judizialaren sinaduraren bitartez; hori egin ezean, deusezak izango dira.

205 artikulua. Boto bereziak

1. Epai baten edo behin betiko auto baten botazioan parte hartu duten guztiek sinatuko dute erabakitakoa, nahiz eta gehiengoarekin bat etorri ez; baina, azken kasu horretan, botazio- edo sinatze- unean aditzera emanez gero, boto berezia eman dezakete epai formarekin. Bertan, auzitegiak eman epaian egitezko zein gairekin eta zuzenbideko zein oinarrirekin ados egon eta horiek onar ditzakete, horietara igorpena eginez.

2. Boto berezia, beraren egilearen sinadurarekin, epai-liburuan barruratuko da, eta alderdiei hori jakinaraziko zaie, gehienek onartu epaiarekin batera. Legearen arabera manuzkoa bada epaiaren argitalpena, boto berezia, halakorik bada, argitaratuko da, epai horrekin batera.

3. Boto berezia aurkez daiteke, orobat, labur arrazoitutako probidentzien eta autoen kasuan, horiei aplikagarri zaien horretan, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

VIII. KAPITULUA - Ebazpen judizialak eta antolaketarako eginbideak

LEHENENGO ATALA

Ebazpen-motak, euren forma eta edukia, eta horiek eman, argitaratu eta artxibatzeko modua

206 artikulua. Ebazpen judizialen motak

1. Auzitegi zibilen ebazpenei probidentzia, auto eta epai deritze.

2. Prozesu adierazleetan, legeak ez badu adierazten erabili beharreko ebazpen- mota, honako erregela hauek beteko dira:

1.) Probidentzia emango da, ebazpena bada erabaki judiziala behar duten prozesu-arazoei buruzkoa, ez, ostera, prozesua bultzatzeko arau soilak aplikatzekoa. Probidentzia-forma erabiliko da, legeak hala xedatzen duenean, edo horrek zamak ondorioztatu eta alderdien prozesu-eskubideak ukitzen dituenean, betiere kasu horietan esanbidez auto-formarik behar ez dela.

2.) Autoa emango da, erabaki behar bada probidentzien aurkako errekurtsoei buruz, demanda onartze edo ez onartzeari buruz, errekonbentzio eta akzioen metaketari buruz, prozesuko baldintzei buruz, froga onartu edo ez onartzeari buruz, transakzio eta hitzarmenen onarpen judizialari buruz, erregistroko idatzohar eta inskripzioei buruz, kautela-neurriei buruz, jardunaren deuseztasun nahiz baliozkotasunari buruz, bai eta edozein intzidente- -arazori buruz ere, arazo horiek lege honetan izapidetza berezia izan zein izan ez.

Auto moduan emango dira, orobat, auzialdi edo errekurtso baten jardunari amaiera ematen dieten ebazpenak, betiere horien izapidetza arrunta bukatu aurretik.

3.) Epaia emango da prozesua amaitzeko, lehen edo bigarren auzialdian, legean ezarri izapidetza arrunta burutu ondoren.

Epai bitartez ebatziko dira, halaber, errekurtso bereziak, bai eta epai irmoak berrikusteko prozedurak ere.

3. Prozesu betearazleetan beteko dira aurreko paragrafoetan ezarri erregelak, aplikagarri diren neurrian.

207 artikulua. Behin betiko ebazpenak. Ebazpen irmoak. Gauza epaitu formala

1. Behin betiko ebazpenak dira lehen auzialdiari amaiera ematen diotenak eta ebazpenon aurkako errekurtsoak erabakitzen dituztenak.

2. Ebazpenak irmoak dira, horien aurka ezin bada errekurtsorik jarri, legeak halakorik xedatu ez duelako, edo, errekurtsoa xedatuta egon arren, legez ezarri denbora igaro delako, alderdietatik inork berori aurkeztu gabe.

3. Ebazpen irmoek gauza epaituaren izaera izango dute, eta ebazpenok zein prozesutan eman eta bertako auzitegiak bete beharko du horietan xedatutakoa.

4. Ebazpenaren aurka errekurtsoa jartzeko epeak igaro ondoren, berori aurkaratu ez bada, orduan ebazpena irmo bihurtuko da, eta, gauza epaitu gisa, ebazpena eman duen auzitegiak bete beharko du bertan xedatutakoa.

208 artikulua. Ebazpenen forma

1. Probidentziek euren bitartez agindutakoa besterik ez dute adieraziko; gainera, arrazoitze laburra izango dute, legeak hala xedatzen badu edo auzitegiak hori egokitzat jotzen badu.

2. Autoak eta epaiak ziodunak izango dira beti. Autook eta epaiok paragrafo banandu eta zenbakituak izango dituzte, bertan egitezko aurrekariak eta jarraikako zati xedatzailearen edo epaitzaren oinarri diren zuzenbideko oinarriak adierazteko.

3. Ebazpen guztietan adieraziko da ebazpenon tokia eta data, eurok eman dituen auzitegia, auzitegi hori osatu duten epaile edo magistratuak, euren sinadura, eta, hori kide anitzekoa bada, txostengilearen izena.

Justizia-salek emandako probidentzien kasuan, nahikoa izango da txostengilearen sinadura adieraztea.

4. Ebazpena alderdiei jakinaraztean, adieraziko da hori irmoa den edo horren aurkako errekurtsorik jar daitekeen; azken kasu horretan, aipatuko da zein errekurtso jar daitekeen, hori zein organotan jarri behar den eta errekurtsoa jartzeko epea zein den.

209 artikulua. Epaien forma eta edukiari buruzko erregela bereziak

Epaiak emango dira, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera eta honako erregela hauek betez:

1.) Goiburuan, alderdien izenak adierazi behar dira, eta, beharrezkoa bada, euren legitimazioa eta ordezkaritza, baita abokatu eta prokuradoreen izenak eta epaiketaren xedea ere.

2.) Egitezko aurrekarietan, ahalik eta argien eta laburren, jasoko dira, paragrafo banandu eta zenbakituetan, alderdi edo interesdunen uziak, uziok oinarritu dituzten egitateak, baldin eta azken horiek garaiz alegatu badira eta ebatzi beharreko arazoei lotuta badaude; proposatu eta gauzatutako frogak, eta, hala denean, frogatutako egitateak.

3.) Zuzenbideko oinarrietan, paragrafo banandu eta zenbakituetan adieraziko dira alderdiek zehaztutako egitateak eta zuzenbideko oinarriak, arazo eztabaidagarriak, betiere eman beharreko epaitzaren arrazoiak eta lege-oinarriak bertan azalduz, eta kasuari aplikatu beharreko arau juridikoak zehazki adieraziz.

4.) Epaitza 216. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari egokituko zaio. Epaitza horretara bilduko dira, zenbakituta, alderdien uziei dagozkien erabakiak, nahiz eta uziok onartzea edo ez onartzea zuzenbideko oinarriek ondorioztatu ahal izan. Halaber, kostuen gaineko erabakia bilduko da, eta, hala denean, kondenaren zenbatekoa zehaztuko du epaitzak, horren zehaztapena ezin utz daitekeela epaiaren betearazpenerako, lege honen 219. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

210 artikulua. Ahozko ebazpenak

1. Legeak erabakia geroratzea baimendu ezik, auzitegiak ikustaldia, entzunaldia edo agerraldia gauzatu bitartean eman beharreko ebazpenak ekitaldi horretan bertan emango dira. Ekitaldi hori agirietan jasoko da, bertan epaitza eta ebazpenon arrazoitze laburra azalduz.

2. Ebazpena ahoz eman ondoren, epaiketako alderdi diren guztiak ekitaldian badaude, euren kabuz edo behar bezala ordezkaturik, eta errekurtsoa ez jartzeko erabakia azaltzen badute, auzitegiak ekitaldi berean adieraziko du ebazpena irmoa dela.

Kasu horretatik kanpo, errekurtsoa jartzeko epea zenbatzen hasiko da ebazpenaren jakinarazpenetik, ebazpena behar bezala idatzita badago.

3. Ezin izango da inoiz ahozko epairik eman prozesu zibiletan.

211 artikulua. Epaiketako ebazpenak emateko epea

1. Legeak ezarri epean emango dira probidentziak, autoak eta epaiak.

2. Epea ez betetzeak diziplinako zuzengarria ekarriko du, epea ez betetzeko arrazoi zuzenik izan ez bada; diziplinako zuzengarria ebazpenean bertan agerraraziko da.

212 artikulua. Epaiak argitaratu eta artxibatzea

1. Epaiak eta behin betiko gainerako ebazpenak jakinaraziko dira, epaileak edo ebazpen horiek eman dituzten magistratu guztiek egin eta sinatu ondoren, eta auzitegiko idazkaritzan artxibatuko dira, Konstituzioak eta legeek baimendu edo agindu moduan argitaratuz.

2. Idazkari judizialek auzi-paperetara bilduko dute epaien eta behin betiko gainerako ebazpenen hitzez-hitzezko ziurtagiria.

213 artikulua. Epai-liburua

Auzitegi orok epai-liburu bat edukiko du, idazkari judizialaren zaintzapean; liburu horretara bilduko dira behin betiko epaiak, izaera bereko autoak, eta aurkeztutako boto bereziak, horiek sinatu ondoren. Horiek guztiak euren dataren araberako hurrenkeran bilduko dira.

214 artikulua. Ebazpenen aldaezintasuna. Ebazpenok argitzea eta zuzentzea

1. Auzitegiek ezin izango dituzte eurek emandako ebazpenak aldatu, horiek sinatu ondoren. Hala ere, zalantzazko kontzepturen bat argi dezakete eta ebazpenon oker materialak zuzen ditzakete.

2. Aurreko paragrafoko argiketak ofizioz egin daitezke, ebazpenaren argitalpenetik hurrengo bi egun baliodunetan. Argitzea gauza daiteke, halaber, alderdiak nahiz Fiskaltzak epe berean hala eskaturik; kasu horretan, auzitegiak ebazpena emango du argiketa eskatzeko idazkia aurkeztu denetik hurrengo hiru egunetan.

3. Edozein unetan zuzen daitezke epaiketako ebazpenen oker material nabariak eta oker aritmetikoak.

215 artikulua. Epai eta auto akastun edo osatugabeak ongitzea eta osatzea

1. Epai eta autoek izan ditzaketen hutsuneak edo akatsak ongi daitezke, auto bidez, ebazpen horiek osorik betetzeko nahitaez zuzendu behar badira. Halakoetan, epaiok eta autook ongituko dira, aurreko artikuluan xedatu epeetan eta prozedura berdinaren bitartez.

2. Prozesuan garaiz eskatu eta gauzatutako uzien kasuan, horiei buruzko erabakiak ageri-agerian barneratu ez badira epai edo autoetan, orduan auzitegiak autoa emango du, barneratu gabeko erabakiak ebazpena osatzea ebatziz, edo hori osatzea bidezkoa ez dela ebatziz. Halakoetan, alderdiak idatziz eskatu behar du autoa, ebazpenaren jakinarazpenetik bost egunetako epean, eta gainerako alderdiei eskabide hori helarazi behar zaie, alderdiok bost eguneko beste epe batean idatzizko alegazioak egin ditzaten.

3. Auzitegiak bere ebazpena osa dezake, eman epai edo autoetan antzeman baditu aurreko paragrafoko hutsuneak, epai edo auto hori noiz eman eta bost egunetako epean, ofizioz eta auto bidez, erabakitakoa aldatu edo zuzendu gabe.

4. Ez dago errekurtsorik artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu ebazpenak osatzen edo osatzea ukatzen duten autoen aurka. Horrek ez die kalterik egingo eskabidearen gaineko edo auzitegiaren ofiziozko jardunaren gaineko epai edo autoaren aurkako errekurtsoei, hala denean.

Errekurtsoon epeak zenbatzen hasiko dira, betiere bidezkoak direnean, erabakia eman ez izana aitortu edo ezezten duen eta ez-emate horren saihestea adostu edo ukatzen duten autoari buruzko jakinarazpenaren biharamunean.

2. ATALA

Epaiaren barne betekizunak eta beraren ondoreak

216 artikulua. Eskatutako justiziaren printzipioa

Auzitegi zibilek auziak erabakiko dituzte, alderdiek ekarritako egitate, froga eta uzion arabera, legeak kasu berezietarako besterik xedatzen ez badu.

217 artikulua. Froga-zama

1. Epaia edo antzeko ebazpena eman behar bada, eta auzitegiaren ustez erabakia hartzeko egitate garrantzitsuak zalantzazkoak badira, orduan auzitegiak gaitz iritziko die auzi-jartzailearen edo errekonbentzio-egilearen, edo demandatuaren zein errekonbentzio- hartzailearen uziei, uzien oinarri diren egitate zalantzazkoak frogatzeko zama nori egokitu eta horren arabera.

2. Auzi-jartzaileari eta demandatu errekonbentzio-egileari dagokie egitateen egiazkotasuna frogatzeko zama, baldin eta egitateok ondorioztatu ohi badute demanda eta errekonbentzioko uzien ondore juridikoa, egitateoi aplikagarri zaizkien arau juridikoen arabera.

3. Demandatuari eta auzi-jartzaile errekonbentzio-hartzaileari dagokie egitateak frogatzea, baldin eta egitateok aurreko paragrafoko egitateen eragingarritasun juridikoa eragotzi, azkendu edo ezereztu badute, arau aplikagarrien arabera.

4. Elkarlehia desleialari eta zilegi ez den publizitateari buruzko prozesuetan, demandatuari dagokio bertan egindako indikazio eta adierazpenen nahiz publizitatearen bidez plazaratutako datu materialen zehaztasuna eta egiazkotasuna frogatzeko zama, hurrenez hurren.

5. Aurreko paragrafoetako arauak aplikatuko dira, baldin eta lege-xedapen bereziren batek irizpide berezien arabera banatu ez badu egitate garrantzitsuak frogatzeko zama.

6. Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatzeko, auzitegiak kontuan hartu beharko ditu frogaren eskuragarritasuna eta erraztasuna auziko alderdi bakoitzarentzat.

218 artikulua. Epaien zehaztasuna eta kongruentzia. Arrazoitzea

1. Epaiek argiak, zehatzak eta kongruenteak izan behar dute, alderdiek garaiz egindako demandei eta gainerako uziei dagokienez. Epaiotan alderdiek galdatu adierazpenak egingo dira, demandatua kondenatuz edo absolbituz, eta, auzigaiaren alde guztiak eztabaidatu ondoren, horiek erabakiko dira.

Alderdiek epaiketan zerbait eskatzeko duten arrazoitik desbideratu gabe, auzitegiak eutsi beharko dio arrazoi horri, eta ezin izango du erabili alderdiok baliatu nahi izan dituzten egitezko zein zuzenbideko oinarriak besterik. Auzitegiak kasuari aplikagarri zaizkion arauen arabera emango du ebazpena, auzilariek arauok behar bezala aipatu edo alegatu ez badituzte ere.

2. Epaiak arrazoituko dira, dela frogak aintzat hartu eta baloratzeko arrazoinamendu egitezkoak eta zuzenbidekoak azalduz, dela zuzenbidearen aplikazio eta interpretaziorakoak aipatuz.

Arrazoitze horrek kontuan hartu beharko ditu auziaren osagai desberdinak, egitezkoak eta zuzenbidekoak, banaka nahiz osorik, betiere logika eta arrazoimenaren erregelen arabera

3. Auzigaiak bat baino gehiago izan badira, auzitegiak bakoitzari dagokion erabakia emango du, banan-banan.

219 artikulua. Likidazioaren erreserbarekin emandako epaiak

1. Diru-kopuru zehatzaren edo fruitu, errenta, onura nahiz edozein motatako ekoizkinen ordainketa epaiketan eskatzen bada, demanda ezin daiteke mugatu horiek eskuratzeko eskubidea adierazten duen epai hutsa lortzera; halakoetan, horiek ordaintzeko kondena eskatu beharko da, nahiz horien kopurua argi zehaztuta, zehaztapen hori ezin eska daitekeela epaia betearaztean, nahiz likidazioa egiteko oinarriak argi zehaztuta, likidazio hori eragiketa aritmetiko hutsa izango dela.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuetan, kondena-epaiak adieraziko du kopuruen zenbateko zehatza, edo argi eta zehatz finkatuko ditu horren likidaziorako oinarriak, eta likidazio hori betearazpenean egin beharreko eragiketa aritmetiko hutsa izango da.

3. Aurreko kasuetatik kanpo, demandatzaileak ezin du eskatu, eta auzitegiak ere epaia ematean ezin du ezarri, kondena likidazioaren erreserbarekin egitea, horren betearazpena dela eta.

Aurrekoa gorabehera, onartuko zaie, bai demandatzaileari eskatzea, bai auzitegiari epaia ematean ezartzea, diru-kopurua, fruituak, errentak, onurak edo ekoizkinak ordaintzeko kondena ematea, uzia hori bada soil-soilean eta geroko auzi baterako uzten badira kopuru zehatzen likidazio-arazoak.

220 artikulua. Etorkizunerako kondenak

Aldizkako korritu nahiz prestazioen ordainketa erreklamatzen bada, epaian barnera daiteke epai hori noiz eman eta une hori baino geroago sortu korritu edo prestazioak ordaintzeko kondena.

221 artikulua. Kontsumitzaile edo erabiltzaileen elkarteek eragindako prozesuak. Horien gaineko epaiak

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, lege honen 11. artikuluan aipatu legitimazioa duten kontsumitzaile edo erabiltzaileen elkarteek demandak jartzen dituztenean, horien gaineko epaiek honako erregela hauek beteko dituzte:

1.) Diruzko, zerbait egiteko, ez egiteko edo gauza zehatza nahiz generikoa emateko kondena eskatu izan bada, uziaren aldeko epaiak banan-banan zehaztuko du kondena hori dela- -eta nor diren kontsumitzaile eta erabiltzaile onuradunak, euren babeserako legeen arabera.

Banakako zehaztapena ezinezkoa bada, epaiak beharrezko datu, ezaugarri eta betekizunak ezarriko ditu, ordainketa eskatu ahal izateko, eta, kasuan-kasuan, betearazpena eskatu edo betearazpen horretan parte hartu ahal izateko, baldin eta elkarte demandatzaileak betearazpen hori eskatu badu.

2.) Kondenaren baldintza edo erabaki nagusi edo bakar gisa, jarduera edo jokabide zehatzen bat zilegi ez dela edo legearekin bat ez datorrela adierazten bada, orduan epaian zehaztuko da adierazpenak sortutako ondore prozesalak prozesuan alderdi izandako alderdientzat mugatuko diren ala ez, kontsumitzaile edo erabiltzaileak babesteko legeen arabera.

3.) Kontsumitzaile edo erabiltzaile zehatzak bertaratu badira, epaian beren beregi eman beharko da horiek aurkeztu uzien gaineko erabakia.

2. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko bukarazte-akzioaren aldeko epaietan, auzitegiak agin dezake, berori bidezkotzat jotzen badu, eta demandatuaren kontura, epaiaren oso-osoko edo zati bateko argitalpena, edota zuzenketa- adierazpena, arau-haustearen ondoreek denboran zehar iraun badezakete.

222 artikulua. Gauza epaitu materiala

1. Uzien aldeko edo aurkako epai irmoen gauza epaituak geroko prozesua baztertuko du, legearen arabera, baldin eta prozesu bien xedea berbera bada.

2. Gauza epaituak demanda eta errekonbentzioko uziak barneratuko ditu, bai eta lege honen 408. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoetan aipatu gaiak ere.

Egitate berri eta ezberdintzat joko dira, aipatu uzi horien oinarriari dagokionez, uziok zein prozesutan aurkeztu eta bertan emandako alegazio-egintzen preklusio osoaren geroko egitateak.

3. Gauza epaituak ukituko ditu berori zein prozesutan eman eta bertako alderdiak, alderdion jaraunsle eta kausadunak, eta auzilari izan gabe lege honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera alderdien legitimazioaren oinarria osatu duten eskubideen titularrak.

Egoera zibil, ezkontza, seme-alabatasun, aitatasun, amatasun, ezgaikuntza eta gaitasuna berrezartzeari buruzko epaietan, gauza epaituak ondoreak izango ditu guztiei begira, Erregistro Zibileko inskripzioa edo idatzoharra egin denetik aurrera.

Sozietateen erabakiak aurkaratzeari buruz emandako epaiek bazkide guztiak ukituko dituzte, nahiz eta bazkideok auzitan jardun ez.

4. Prozesua amaiarazi duen epai irmoan gauza epaitu gisa zer ebatzi eta hori loteslea izango da horrez geroko prozesu baten auzitegiarentzat, baldin eta gauza epaitu gisa ebatzitakoa agertu bada geroko prozesu horren xedearen arrazoizko aurrekari bezala, betiere prozesu bietako auzilariak berberak direla edo gauza epaitua eurengana zabaltzen dela, legezko xedapenaren bitartez.

3. ATALA

Antolaketarako eginbideak

223 artikulua. Antolaketarako eginbideak

1. Idazkari judizialei dagokie antolaketarako eginbideak ematea; eginbideon bitartez, auzi-paperei legeak ezarri bidea emango zaie.

2. Antolaketarako eginbideak beraietan xedatutakoa adieraztera mugatuko dira; bertan agertuko dira eginbideok eman dituen idazkari judizialaren izenak, data eta idazkari judizial horren sinadura.

224 artikulua. Antolaketarako eginbideak berrikustea

1. Zuzenbide osoz deusezak dira legearen arabera probidentzia, auto edo epai bidez ebatzi beharreko arazoak erabaki dituzten antolaketa-eginbideak.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuetatik kanpo, antolaketarako eginbideak deuseztatuak izan daitezke, kaltea nori eragin eta alderdi horrek hala eskaturik, legezko manuren bat hautsi badute edo lege honetan xedatutakoaren arabera probidentzia bitartez erabaki beharreko arazoak ebatzi badituzte.

3. Aurreko paragrafoak aipatu aurkaratzearen izapideak egingo dira eta ebazpena emango da, birjartze-errekurtsorako ezarritakoaren arabera.

IX. KAPITULUA - Epaiketako jardunaren deuseztasuna

225 artikulua. Zuzenbide osoko deuseztasuna

Prozesuko egintzak zuzenbide osoz deusezak izango dira honako kasu hauetan:

1.) Egintzok gauzatu baditu jurisdikziorik edo eskumen objektibo zein funtzionalik ez duen auzitegiak berak, edo egintzok bertan gauzatu badira.

2.) Egintzok indarkeriaz edo larderiaz gauzatu badira.

3.) Prozedurako oinarrizko arauak baztertu badira, betiere arrazoi horrengatik defentsarik eza gerta daitekeela.

4.) Egintzok abokatuaren parte-hartzerik gabe gauzatu badira, legeak parte- hartze hori beharrezkoa dela ezarri kasuetan.

5.) Gainerako kasuetan, lege honek hala xedatuz gero.

226 artikulua. Larderia edo indarkeria dagoenean jarduteko modua

1. Auzitegien jarduna larderiaz edo indarkeriaz gauzatu bada, burututako guztia deuseza dela adieraziko dute auzitegiok, larderia edo indarkeria desagertu bezain laster, eta errudunen aurkako auzia eratzea eragingo dute, egitateak Fiskaltzari ezagutaraziz.

2. Alderdien edo prozesuan parte hartu dutenen egintzak deusezak direla adieraziko da, halaber, egintzok larderiaz edo indarkeriaz gauzatu zirela egiaztatzen denean. Egintza horien deuseztasunak gainerako egintza guztien deuseztasuna ekarriko du, egintza horiei lotu edo egintza deusez horiek nabarmen baldintzatu nahiz horiekin zerikusia badute.

227 artikulua. Deuseztasun-adierazpena eta jardun prozesala deuseztatzeko uziak

1. Deuseztasun osoa, beti, eta prozesuko egintzen forma-akatsak, baldin eta euren helburua lortzeko behar-beharrezko betekizunak ez badituzte edo benetako defentsarik eza badakarte, ebazpenaren aurka legeak ezarritako errekurtsoen bitartez baliaraziko dira.

2. Aurreko horri kalterik egin gabe, auzitegiak ofizioz edo alderdiak hala eskaturik adieraz dezake jardun guztiaren edo zati baten deuseztasuna, alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren. Hori egingo da, prozesua amaitzeko ebazpena eman aurretik eta ongitzea bidezkoa ez bada.

Errekurtsoetan, auzitegiak ezin izango du ofizioz agindu jardunaren deuseztasuna, hori errekurtsoan eskatu ez bada, salbu eta jurisdikziorik eza edo eskumen objektiborik zein funtzionalik eza aintzat hartu denean, edo auzitegi horrek indarkeriaz nahiz larderiaz jarduna gauzatu duenean.

228 artikulua. Jardunaren deuseztasunari buruzko salbuespeneko intzidentea

1. Oro har, ez dira onartuko jardunaren deuseztasunari buruzko intzidenteak.

Hala ere, salbuespen gisa, alderdi legitimoek edo halakoak izan behar zutenek idatziz eska dezakete jardunaren deuseztasuna, forma-akatsetan oinarrituz, baldin eta forma-akatsok defentsarik eza sortu badute, eta, akatsak gertatu ziren unea dela eta, akats horiek prozesua amaitzeko ebazpenaren aurretik salatu ezin izan badira, eta, gainera, errekurtso arrunta edo berezia ezin bada jarri ebazpenaren aurka.

Intzidente horretaz arduratzeko eskuduna da, epai edo ebazpen irmoa eman zuena.

Deuseztasuna eskatzeko epea hogei egunetakoa da, epaia nahiz ebazpena jakinarazi denetik; eta, edozein kasutan, defentsarik eza sortu duen akatsa jakin denetik; azken kasu horretan, jardunaren deuseztasuna ezin izango da eskatu epaia nahiz ebazpena noiz jakinarazi eta hortik bost urte igaro ondoren.

Auzitegiak, labur arrazoitutako probidentziaren bidez, ez du onartuko intzidentearen izapidetza, intzidente horrekin eragin nahi badira.

Intzidentearen izapidetza onartu ez den ebazpenaren aurka, ez dago errekurtsorik.

2. Deuseztasuna eskatzeko idazkia onartu eta gero, deuseztasun horren oinarriak badira artikulu honen aurreko paragrafoan aipatu akatsak, ez dira etengo errekurtsorik gabeko epai nahiz ebazpenaren eragingarritasuna eta betearazpena, salbu eta etendura beren- -beregi agintzen bada intzidenteak bere helburua gal ez dezan. Halakoetan, idazki hori gainerako alderdiei helaraziko zaie, baita idazkiarekin batera ekarritako agirien kopia ere, agiriok, kasuan- -kasuan, egiaztatzen badute akatsaren oinarri den eskaera. Gainerako alderdiok, bost eguneko epe erkidean, euren alegazioak aurkez ditzakete idatziz, agiri egokiekin batera.

Deuseztasunari oniritzia ematen bazaio, jarduna ekarriko da deuseztasun- akatsa noiz sortu eta horren aurre- -aurreko egoerara, eta legez xedatu prozedura beteko da.

Deuseztasun-eskabideari gaitziritzia ematen bazaio, intzidentea eskatu duena auto bidez kondenatuko da intzidentearen kostu guztiak ordaintzera; gainera, auzitegiak ulertzen badu intzidentea ausarkeriaz eragin zela, 90 eurotik 600 eurorako isuna ezarriko dio.

Intzidentea ebatzi duen ebazpenaren aurka ez dago errekurtsorik.

229 artikulua. Arauzko denboraz kanpo gauzatutako epaiketa-jarduna

Arauzko denboraz kanpo gauzatutako epaiketa-jarduna deusezta daiteke, bakarrik, epe-muga edo epearen izaerak hala ezartzen badu.

230 artikulua. Egintzei eustea

1. Egintza baten deuseztasunak ez du berarekin ekarriko egintza horren gain lokabe diren geroko egintzen deuseztasuna, ezta deuseztasunari bide eman zion arau-haustea egin gabe eduki ezberdina izango ez zuketen egintzena ere.

2. Egintzaren zati bat deuseza izateak ez du berarekin ekarriko egintza horren gain lokabe diren gainerako zatiak deusezak izatea.

231 artikulua. Ongitzea

Alderdien prozesu-egintzek akatsak sortu eta akatsok ongi daitezen zainduko du auzitegiak, baldin eta egintzotan agertu bada legeak agindu baldintzak betetzeko borondatea.

X. KAPITULUA - Auzi-paperak berregitea

232 artikulua. Fiskaltzaren eskumena eta esku-hartzea

1. Edozein motatako epaiketa-jardunaren berregite oso-osoa edo zati batekoa gauzatzeko, auzitegi eskuduna izango da desagertzea edo moztea zein auzitegitan gertatu eta berori.

2. Jarduna berregiteko prozeduretan Fiskaltza beti izango da alderdi.

233 artikulua. Jarduna berregiteko espedientea hastea

Auzi-paperak berregitea eska dezake auzitegiak ofizioz, edo alderdiek nahiz euren jaraunsleek, kasuan-kasuan.

Prozedura hasi bada alderdiak hala eskaturik, honako gai hauek biltzen dituen idazkiarekin hasi beharko da:

1.) Desagertzea edo ezabatzea noiz gertatu den ahal den zehaztasunaz.

2.) Auziak prozesuan duen egoera.

3.) Jakineko datuak eta ikerketa-bideak, horiek berregitea ahalbidetzen duten heinean.

Idazki horrekin batera aurkeztuko dira, ahal den neurrian, agirien kopia kauto eta pribatuak, halakoak gorde badira; bestela, zehaztuko dira agirion matrizeak non egon edo idazkuna nahiz inskripzioa non egin eta protokolo nahiz erregistro horiek.

Erantsi ere, aurkeztu idazkien kopiak eta epaiketan emandako mota guztietako ebazpenak erantsiko dira, autoak berregiteko erabilgarri izan daitezkeen beste agiri guztiekin batera.

234 artikulua. Alderdien ikustaldirako zitazioa. Alderdiak ez agertzearen ondoreak

1. Auzitegiak alderdiak zitatuko ditu jarduna berregiteko prozeduraren hasiera probidentzia bidez agindu ondoren, gehienez jota hogei eguneko epean egin beharreko ikustaldira.

Ikustaldi horretara alderdiak eta euren abokatuak agertu beharko dira, baldin eta abokatuon parte-hartzea manuzkoa bada, jarduna berregin nahi den prozesuan.

2. Alderdietatik bat agertzen ez bada, horrek ez du eragotziko bertan dauden alderdiokin ikustaldiak aurrera egitea.

Alderdietatik bat ere agertzen ez bada, orduan izapidea Fiskaltzarekin gauzatuko da.

235 artikulua. Ikustaldiaren hasiera. Eztabaidarik eza. Froga eta erabakia

1. Ikustaldia hasteko, alderdiei eskatuko zaie adieraz dezaten ea ados dauden, prozedura eragin duen alderdiak aurkeztu idazki eta agiriekin, eta gainerako alderdiek ikustaldi horretara ekarri dituzten bestelako idazki eta agiriekin.

2. Alderdiak entzun ondoren, eta aurkeztu idazki eta agiriak aztertu ondoren, fiskalaren aurretiazko txostenarekin, auzitegiak zehaztuko du auzilariak zein gaitan dauden ados eta zeinetan ez, funtsezko ez diren ezberdintasunak baztertuta.

3. Berregiteak ukitu gaien gainean eztabaidarik ez badago, auzitegiak autoa emango du, jarduna berreginda dagoela adieraziz, eta bertan zehaztuko du kasuan kasuko epaiketak zein prozesu- egoeratatik jarraitu behar duen bere bidea.

4. Alderdien artean oso-osoko edo zati bateko desadostasuna badago, beharrezko froga proposatuko da, froga ekitaldi horretan bertan gauzatuz, edo, une horretan ezin bada, hamabost eguneko epean.

Auzitegiak auto bidez ebatziko du jarduna berregiteko modua edo horiek berregiteko ezintasuna.

Auto horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.

VI. TITULUA - EPAIKETAKO JARDUNA BUKATZEA ETA AUZIALDIAREN IRAUNGITZEA

236 artikulua. Alderdiek prozedura bultzatzea, eta iraungitzea

Alderdiek edo interesdunek prozedura bultzatzen ez badute ere, horrek ez du sorraraziko auzialdia nahiz errekurtsoa iraungitzea.

237 artikulua. Auzialdiaren iraungitzea

1. Edozein motatako auzietan, auzialdiak eta errekurtsoak bertan behera utzi direla ulertuko da, baldin eta, jarduna ofizioz bultzatu arren, bi urteko epean prozesu-jarduerarik ez badago, auzia lehen auzialdian dagoenean; eta urtebeteko epean, auzia bigarren auzialdian edo prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren zain zein kasazio-errekurtsoaren zain dagoenean.

Epe horiek zenbatuko dira alderdiei egindako azken jakinarazpenetik.

2. Birjartze-errekurtsoa eta gora jotzeko errekurtsoa jar daitezke, iraungitzea adierazten duen autoaren aurka.

238 artikulua. Iraungitzea ez gertatzea, ezinbesteko kasuaren ondorioz edo alderdien borondatearen aurka

Ez da auzialdiaren edo errekurtsoaren iraungitzea gertatuko, prozedura gerarazi bada ezinbesteko kasuaren ondorioz, edo alderdien nahiz interesdunen borondatearen aurkako arrazoien ondorioz, edo haiei egotzi ezin zaizkien arrazoien ondorioz.

239 artikulua. Betearazpenean, auzialdiaren iraungitzea ez gertatzea

Aurreko artikuluetako xedapenak ez zaizkio aplikatuko nahitaezko betearazpenaren jardunari.

Jardunak aurrera egin dezake, epaitutakoa betetzea lortu arte, nahiz eta jarduna titulu honetan zehaztu epeetan biderik gabe geratu.

240 artikulua. Auzialdia iraungitzearen ondoreak

1. Iraungitzea bigarren auzialdian edo 237. artikuluan aipatu errekurtso berezietan gertatu bada, ulertuko da gora jotzean edo errekurtsootan atzera egin dela, eta aurkaraturiko ebazpena irmo dela. Jarduna zein auzitegitatik etorri eta auzitegi horri itzuliko zaio.

2. Iraungitzea lehen auzialdian gertatu bada, ulertuko da atzera egitea auzialdi horretan gertatu dela; halakoetan, beste demanda bat jar daiteke, akzioaren iraungitzeari kalterik egin gabe.

3. Iraungitze-adierazpenak ez du kosturik ezarriko; alderdi bakoitzak ordaindu beharko ditu berak sortutako kostuak, eta kostu erkideak erdi bana izango dira.

VII. TITULUA - KOSTUEN TASAZIOA

241 artikulua. Prozesuko kostu eta gastuen ordainketa

1. Doako Laguntza Juridikoaren Legean xedatutakoa gorabehera, alderdi bakoitzak ordainduko ditu prozesuan sortutako gastu eta kostuak, horiek gertatu ahala.

Prozesuko gastuak dira prozesu horretan zuzeneko eta berehalako jatorria duten ordainketak; kostuak dira, ostera, gastuotatik honako kontzeptu hauek barneratzen dituzten zatiak:

1.) Defentsa eta ordezkaritza teknikoaren ondoriozko zerbitzu-sariak, horiek manuzkoak badira.

2.) Aribideko prozesuan nahitaez argitaratu beharreko iragarki edo ediktuak sartzea.

3.) Errekurtsoak aurkezteko beharrezko gordailuak.

4.) Adituen zerbitzu-sariak eta prozesuan parte hartu duten pertsonei egin beharreko gainerako ordainketak.

5.) Legearen arabera eskatu beharreko kopiak, ziurtagiriak, oharrak, agiri kautoak eta antzeko agiriak, auzitegiak erregistro eta protokolo publikoetara eskatutakoak izan ezik, horiek doan direla.

6.) Jardunaren ondorioz ordaindu behar diren arantzel-eskubideak, jardun hori beharrezkoa denean prozesuaren garapenerako.

2. Prozesuko jardunaren ondoriozko kredituen titularrek kostuak eta gastuak erreklama diezazkiokete horiek ordaindu behar dituen alderdiari edo alderdiei, prozesua amaitu arte itxaron gabe, eta prozesuko kostuen gaineko balizko erabakia kontuan izan gabe.

242 artikulua. Kostuak tasatzeko eskabidea

1. Kostuak ordaintzeko kondena badago, kondena hori irmo denetik, kostuak ordainaraziko dira premiamendu- -prozeduraren bitartez, betiere alderdi kondenatuak kostuok ordaindu ez dituenean, aurkako alderdiak tasazio hori eskatu aurretik.

2. Kostuen tasazioa eskatu alderdiak aurkeztuko ditu, eskabidearekin batera, ordaindu beharreko kopuruak ordaindu izanaren agiriak.

3. Kondena ezarri duen epai nahiz autoa irmo izan ondoren, prokuradoreek, abokatuek, adituek eta epaiketan parte hartu duten gainerako pertsonek, baldin eta alderdien aurka kostuen tasazioan sartu beharreko kredituak badituzte, auzitegiko idazkaritzan aurkez ditzakete euren eskubide edo zerbitzu- -sarien minuta xehea, eta ordeztutako gastuen kontu zehatz eta egiaztatua.

4. Funtzionario, prokuradore eta arantzelpeko profesionalei dagozkien eskubideak arautuko dira arantzelontzat xedatutakoaren arabera.

5. Abokatuek, adituek eta arantzelpean ez dauden gainerako profesional eta funtzionarioek euren zerbitzu-sariak zehaztuko dituzte, horien lanbide- -estatutuak xedatu arauei jarraituz, hala denean.

243 artikulua. Kostuen tasazioa egitea

1. Prozesu eta auzialdi guztietan, kostuen tasazioa egingo du, hurrenez hurren, prozesu edo errekurtsoaren gaineko ardura duen auzitegiko idazkariak, titulu honetako xedapenen arabera.

2. Tasaziora ez dira bilduko idazkiei eta jardunari dagozkien eskubideak, alferrekoak badira, horien beharrik ez badago edo legeak onartzen ez baditu; ez dira bilduko minuten diru-kopuruak ere, zehatz-mehatz adierazi ez badira edo auzian sortu ez diren zerbitzu- -sariei buruzkoak badira.

Idazkari judizialak murriztuko du abokatu eta gainerako profesionalen zerbitzu-sarien kopurua, horiek tarifapean nahiz arantzelpean ez badaude, eta erreklamatutako zerbitzu-sarion kopuruak 394. artikuluko 3. paragrafoan aipatu muga gainditzen badu eta kostuak ordaintzera kondenatu auzilariaren ausarkeria adierazi ez bada.

3. Jardunaren edo intzidenteen kostuak ere ez dira bilduko, baldin eta auzi nagusiko kostuen erabakia aldeko izan duen alderdia esanbidez kondenatua izan bada, jardun edo intzidente horretan.

244 artikulua. Alderdiei helaraztea

1. Idazkari judizialak, kostuen tasazioa egin ondoren, tasazio hori helaraziko die alderdiei, hamar eguneko epe erkidean.

2. Aurreko paragrafoan aipatu helarazpena agindu ondoren, ez da onartuko kopuru gehiago sartzea, interesdunak eskubidea duela, dagokion gizabanakoari eta dagokion moduan, kopuru hori erreklamatzeko.

245 artikulua. Kostuen tasazioa aurkaratzea

1. Kostuen tasazioa aurreko artikuluko 1. paragrafoan aipatu epean aurkara daiteke.

2. Aurkaratzeko oinarria izan daiteke tasazioan bidezkoak ez diren kopuru, eskubide edo gastuak sartzea.

Abokatuen, adituen edo arantzelpean ez dauden profesionalen zerbitzu-sariei dagokienez, tasazioa aurkara daiteke zerbitzu- sari horien zenbatekoa gehiegizkoa dela alegatuz.

3. Kostuak ordaintzeko kondena zein alderdik bere alde izan eta horrek aurkara dezake tasazioa, bertan behar bezala egiaztatu eta erreklamatutako gastuak ez sartzeagatik.

Halaber, alderdi horren erreklamazioaren oinarri izan daiteke berak hala eskaturik prozesuan jardun duen abokatuaren, edo arantzelpean ez dauden aditu, profesional nahiz funtzionarioen zerbitzu-sarien minuta guztiak sartu ez izatea, edota haren prokuradorearen eskubideak behar bezala ez sartzea.

4. Aurkaratze-idazkian aipatuko dira eztabaidatzen diren kontu edo minutak eta diru-kopuru zehatzak, baita horiek guztiak eztabaidatzeko arrazoiak ere.

Aipamen hori egin ezik, ez da aurkaratzearen izapidetza onartuko.

246 artikulua. Aurkarapenaren izapideak egitea eta horren gain erabakitzea

1. Tasazioa aurkaratzen bada abokatuen zerbitzu-sariak gehiegizkoak direla ulertu delako, abokatu horrek esan beharrekoa entzungo da bost eguneko epean, eta eskatu zerbitzu-sariak gutxitu nahi ez baditu, auzi-paperen agiri kautoa edo horietatik beharrezko den zatiarena igorriko zaio Abokatuen Elkargoari, horrek txostena egin dezan.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaio, halaber, adituen zerbitzu- sariak aurkaratzeari; horrelakoetan, txostena eskatuko da adituak partaide diren elkargo, elkarte edo korporazioan.

3. Jarduna eta emandako irizpenak kontuan izanik, idazkari judizialak eutsi egingo dio egindako tasazioari, edo, kasuan-kasuan, egin beharreko aldaketak sartuko ditu. Idazkari judizialak tasazio hori auzitegiari igorriko dio, azken horrek auto bidez bidezkoa dena ebatz dezan; ebazpen horren aurka ez dago errekurtsorik.

Aurkaratzeari gaitziritzia eman bazaio, oso-osorik intzidentearen kostuak aurkaratzaileari ezarriko zaizkio; aurkaratzeari zati batean edo oso-osoan oniritzia eman bazaio, intzidentearen kostuak ezarriko zaizkio gehiegizko zerbitzu-sariak dituen abokatu edo adituari.

4. Tasazioa aurkaratzen bada bertan zor ez diren eskubide edo zerbitzu-sarien kopuruak sartzeagatik, edo tasazioan behar bezala egiaztatutako edo erreklamatutako gastuak sartu ez direlako, orduan alderdiei ikustaldira deituko zaie, eta intzidentearen izapidetza hitzezko epaiketaren arabera gauzatuko da.

5. Abokatu eta adituen zerbitzu-sariak direla eta, kostuen tasazioan sartutako kopuruetatik bat zor ez dela, eta, halakoa izango ez balitz, gehiegizkoa litzatekeela alegatzen bada, orduan bi aurkaratze horien izapideak aldi berean egingo dira, aurreko paragrafoetan euretako bakoitzarentzat xedatutakoaren arabera; halakoetan, zerbitzu- sariak gehiegizko diren ala ez erabakitzeko ebazpena eten egingo da, aurkaraturiko kopurua zor den ala ez erabaki arte.

6. Alderdietatik bat doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra bada, kostuen tasazioari buruzko intzidentean ez da eztabaidatu edo ebatziko Administrazioaren betebeharrari buruz; betebehar horren eretzean, Administrazioak berari erreklamatu kopuruak ordaindu behar ditu, Doako Laguntza Juridikoaren Legea aplikatuz.

VIII. TITULUA - PROZESUKO ONUSTEA

247 artikulua. Prozesuko onustearen erregelak errespetatzea. Erregelok ez betetzearen ondoriozko isunak

1. Edozein motatako prozesuetan parte hartzen dutenek onusteari buruzko erregelak bete behar dituzte euren jardunean.

2. Auzitegiek, horretarako arrazoiak emanez, ez dituzte onartuko, aurkeztu eskaerak eta intzidenteak, horiek egin badira eskubideaz modu nabarian abusatuz, edo lege-maulaz nahiz prozesu- -maulaz.

3. Auzitegiek uste badute alderdietatik batek prozesuko onustea errespetatu gabe jardun duela, orduan horri 180 eurotik 6 000 eurorako isuna ezar diezaiokete, hori arrazoituz eta proportzionaltasun- printzipioa errespetatuz. Isun horrek ezin gaindi dezake auziaren kopuruaren herena.

Isunaren kopurua zehazteko, auzitegiak kontuan hartuko ditu egitate horren inguruabarrak, baita prozedurari edo beste alderdiari eragin dakizkiokeen kalteak ere.

4. Auzitegiek uste badute onusteari buruzko erregelen aurkako jarduna egotz dakiokeela prozesuan parte hartu duten profesionaletatik bati, inguruabar horren berri helaraziko diote lanbide- elkargo egokiari, edozein motatako diziplina-zehapena jartzea bidezko izan daitekeelako.

II. LIBURUA - PROZESU ADIERAZLEAK LEHENENGO TITULUA

PROZESU ADIERAZLE GUZTIETARAKO XEDAPENAK

LEHENENGO KAPITULUA - Prozesu egokia zehazteko erregelak

248 artikulua. Prozesu adierazleen motak

1. Legeak bestelako izapidetzarik ezartzen ez badu, alderdien arteko auzi-liskar oro bideratu eta erabakiko da prozesu adierazle egokian.

2. Prozesu adierazleak dira:

1) Epaiketa arrunta.

2) Hitzezko epaiketa.

3) Epaiketa-mota zehazteko arauak muntaren arabera aplikatuko dira, gaia dela-eta araurik ez dagoenean bakarrik.

249 artikulua. Epaiketa arruntaren eremua

1. Honako hauek epaiketa arruntean erabakiko dira, euren munta edozein izanik ere:

1.) Pertsonaren ohorezko eskubideei buruzko demandak.

2.) Ohorerako, bizitza pribaturako eta norberaren irudirako eskubideen babesa eskatu duten demandak, eta oinarrizko eskubideetatik beste edozeinen babes judizial zibila eskatu dutenak, zuzenketa-eskubideari buruzkoak izan ezik.

Prozesu horietan,Fiskaltza alderdi izango da beti, eta prozesuon izapidetzak lehentasuna izango du.

3.) Sozietatearen erabakiak aurkaratzeari buruzko demandak, erabakiok hartu badituzte, batza nahiz biltza orokorrek, bazkideen nahiz obligaziodunen batza bereziek, edota merkataritzako erakundeen kide anitzeko administrazio- organoek.

4.) Elkarlehia desleial, industria-jabetza, jabetza intelektual eta publizitatearen inguruko demandak, horiek muntari buruzko erreklamazio hutsak ez badira; halakoak izanez gero, izapideak egingo dira erreklamatutako muntari dagokion prozeduraren arabera.

Dena den, 250. artikuluaren 1. paragrafoko 12. zenbakian xedatutakoa beteko da, publizitatearen arloan bukarazte-akzioa egikaritzen denean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko.

5.) Kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko akzioak egikaritzeko demandak, arlo horren gaineko legeriak ezarri kasuetan, 250. artikuluaren 1. paragrafoko 12. zenbakian xedatutakoa gorabehera.

6.) Ondasun higiezinen gaineko hiri- edo landa-errentamenduen autuetatik edozeini buruzko demandak, ez ordaintzeagatiko edo errentamendu-harremanen epea azkentzeagatiko botatze- kasuetan izan ezik.

7.) Edozein motatako atzera-eskuratze akzioa egikaritzeko demandak.

8.) Jabetza Horizontalaren Legeak jabeen batzei eta jabeei eurei aitortutako akzioak egikaritzeko demandak, horiek muntari buruzko erreklamazio hutsak ez badira; halakoak izanez gero, izapideak egingo dira erreklamatutako muntari dagokion prozeduraren arabera.

2. Epaiketa arruntean erabakiko dira, berebat, 500 000 pezetatik gorako munta duten demandak eta gutxi gorabehera ere kalkulatu ezin den interes ekonomikoa dutenak*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 3 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

250 artikulua. Hitzezko epaiketaren eremua

1. Hitzezko epaiketan erabakiko dira, euren munta edozein izanik ere, honako demanda hauek:

1.) Errentariak errenta edo zorretan dituen kopuruak ez ordaintzea, edo kontratuan ezarritako epea igarotzea oinarri izanda, jabeak, gozamendunak edo landa- nahiz hiri-lurretako finka edukitzeko eskubidea duten pertsonetatik beste edozeinek aurkeztutako demandak, finka horren edukitza berreskuratzeko; betiere, finka hori errentamendu arruntean, finantza-errentamenduan edo apartzerian eman denean.

2.) Jabeak, gozamendunak edo finka edukitzeko eskubidea duten pertsonetatik beste edozeinek landa- edo hiri-lurretako finkaren edukitza osoa berreskuratzeko demandak, finka hori prekarioan laga denean.

3.) Ondasunak jarauntsiaren bidez eskuratu dituen pertsonak ondasun horien edukitza eskatzeko demandak, ondasunon edukitzailerik ez badago ugazaba edo gozamendun gisa.

4.) Gauza edo eskubidea nori kendu edo gauza nahiz eskubide horretan nahasmendua nork jasan, eta horrek aurkeztu demandak, ukantzaren edo edukitzaren babes sumarioa lortzeko.

5.) Auzitegiak, era sumarioan, obra berriaren etendurari buruz erabaki dezan jarritako demandak.

6.) Auzitegiak, era sumarioan, obra, eraikin, zuhaitz, zutabe edo aurrian dagoen antzeko objektu baten errauste edo eraisteari buruz erabaki dezan jarritako demandak, horrekin demandatzaileari kalteak eragin badakizkioke.

7.) Jabetza Erregistroan inskribatutako eskubide errealen titularrek eragin dituzten demandak, eskubideon eragingarritasuna lortzeko, eskubideon aurka jarri edo horien egikaritza nahasi dutenen aurka, aurka-jartze edo nahasmendu horretarako titulu legitimo eta inskribatua izan gabe.

8.) Lege-xedapen edo bestelako titulu baten bidez, zor den mantenua eskatzeko demandak.

9.) Egitate zehaztugabe edo kaltegarrien zuzenketa-akzioa egikaritzeko demandak.

10.) Auzitegiak, era sumarioan, ebatz dezan jarritako demandak, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatutako kontratuen kasuetan eta ondore horretarako inprimaki ofizialean gauzatutako kontratuen kasuetan, baldin eta erosleak ez baditu bete kontratu horiek eratorritako eskakizunak. Halakoetan, demanda horren xedea kondena-epaia lortzea izango da, eta epai horrek ahalbidetuko du exekuzioa epetan eskuratu edo finantzatu ondasunaren edo ondasunen gainean soilik.

11.) Auzitegiak, era sumarioan, ebatz dezan jarritako demandak, baldin eta finantza- errentamenduko kontratua edo jabari-erreserbapeko eperako salmenta- -kontratua bete ez bada, betiere bi kasuotan Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatutako kontratuak eta ondore horretarako inprimaki ofizialean gauzatutako kontratuak direnean. Akzioaren egikaritzak xede izango du finantza-errentatzaileak, saltzaileak nahiz finantza-emaileak ondasuna berehala jasotzea, kontratuan zehaztu tokian, eta, hala denean, aurretik kontratuaren suntsitze-adierazpena lortzea.

12.) Kode Zibilaren 160. artikuluan aitortu eskubideak eragingarriak izan daitezen jarritako demandak.

Kasu horietan, ahozko epaiketa egingo da lege honen IV. liburuko I. tituluaren I. kapituluan xedatutako berezitasunen arabera.

2. Hitzezko epaiketan erabakiko dira, halaber, 500 000 pezetatik gorako munta ez duten demandak, baldin eta horiek aurreko artikuluko 1. paragrafoan ezarri gaiei buruzkoak ez badira*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 3 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

251 artikulua. Munta zehazteko erregelak

Munta zehaztuko da, demandaren interes ekonomikoaren arabera, interes ekonomiko hori honako erregela hauen arabera kalkulatuko dela:

1. Diru-kopuru zehatza erreklamatzen bada, demandaren muntak zehaztuko du kopuru hori. Zehaztapenik ez badago, ezta gutxi gorabeherakoa ere, ulertuko da demandak munta zehaztugabea duela.

2. Prozesuaren xedea bada ondasun higigarri nahiz higiezinak emateko kondena, erreklamazioa eskubide errealetan oinarritu nahiz pertsonaletan oinarritu, demanda aurkezteko unean ondasunok duten balioa aintzat hartuko da, mota horretako ondasunek merkatuan edo kontratazioan dituzten prezio arrunten arabera.

Aurreko kalkulua egiteko, auzilariak erabil dezake ondasun auzigaien balorazio ofizialetatik edozein, baldin eta haien balioa zehazteko beste baliabiderik ez bada. Ondasun higiezinei dagokienez, katastroan ageri balioa baino txikiagorik ezin dakieke ondasunoi eratxiki.

3. Aurreko kalkulu-erregela aplikatuko da honako kasu hauetan ere:

1.) Jabariak eratorri ahalmenen egikaritza bermatzeko demandetan.

2.) Jabari-tituluaren baliozkotasun, deuseztasun nahiz eragingarritasuna, edota jabariaren beraren izate edo hedadura ukitzen duten demandetan.

3.) Aurreko bi kasuotan zehaztu eskaerez bestelakoetan, baldin eta, uzia betetzeko, demandatzaileak egiaztatu behar badu jabea dela.

4.) Ondasun bat edo ondasun-multzo bat dela eta, horren gaineko jabetza eskuratzeko eskubidean oinarritutako demandetan, dela hori aitortu duen kreditu-eskubidea izateagatik, dela jabetza eskuratzeko bideetatik edozeinengatik, dela atzera-eskuratze eta eroslehentasun- eskubideengatik, dela erosteko aukerengatik. Ondasuna erreklamatzen bada salerosketaren objektu izateagatik, balorazio-irizpideetan lehentasuna du kontratuan itundutako prezioak, betiere berori katastro-balioa baino txikiagoa ez denean, ondasun higiezinen kasuan.

5.) Prozesua edukitzari buruzkoa denean, artikulu honetako beste erregelaren bat aplikagarri ez bada.

6.) Mugaketa-akzioan, mugarriak jartzeko akzioan eta gauza erkidea zatitzeko akzioan.

4. Erreklamazioa gozamenari, jabetza soilari, erabiltzeari, biztantzeari, txandakako aprobetxamendu-eskubideari edo jabaria mugatzen duten eskubide errealetatik beste bati buruzkoa bada, erregela berezirik izan gabe, orduan demandaren balioa zehaztuko da eskubideon eraketa edo eskualdaketaren gaineko zergari dagokion zerga-oinarria kontuan izanik.

5. Zortasun baten inguruko demandaren balioa izango da berori eratzeko ordaindu prezioa, hori egiazta badaiteke eta haren eratze-data aurreko bost urteetakoa bada. Osterantzean, kontuan izango dira auziaren unean eratze-prezioa finkatzeko diren legezko erregelak, zortasuna eskuratzeko modua edozein izanda ere; eta, erregelarik izan ezean, lur nagusiaren eta zortasunpeko lurraren balioaren hogeirena, artikulu honen bigarren erregelan ondasun higigarri eta higiezinentzat ezarritakoa kontuan izanik.

6. Berme-eskubide erreal baten izate, ez izate, baliozkotasun edo eragingarritasunaren inguruko demandetan, balioa izango da kontzeptu guztiengatik bermatu kopuruaren zenbatekoa.

7. Aldizkako prestazioak galdatzeko eskubidearen inguruko epaiketetan, balioa kalkulatuko da urteko baten zenbatekoa bider hamar eginez, prestaziook aldi baterakoak izan nahiz bizi artekoak izan; prestazioaren epea urtea baino laburragoa denean, prestazioaren zenbateko osoa izango da kontuan.

8. Betebehar-izaerako titulu baten izate, baliozkotasun edo eragingarritasunari buruzko epaiketetan, titulu horren balioa kalkulatuko da, zor den guztia kontuan izanik, nahiz eta berori epeka ordaindu behar.

Balorazio-irizpide hori aplikatuko da, prozesuaren xedea bada betebehar-izaerako tituluaren edo izaera pertsonala duen eskubidearen eratze, aldatze nahiz azkentzea, betiere artikulu honen beste erregela bat aplikagarri ez denean.

9. Ondasunen gaineko errentamenduei buruzko epaiketetan, errenta muga- -eguneratuak erreklamatzeko helburua dutenean izan ezik, demandaren munta izango da urteko errenta baten zenbatekoa, kontratuan zehaztu aldizkakotasuna edozein izanik ere. Dena den, errentapeko ondasunaren edukitza erreklamatzen denean, artikulu honen hirugarren erregelan xedatutakoa beteko da.

10. Burtsan negoziatutako baloreei buruzko demandaren kasuan, munta zehaztuko da, baloreen batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoaren arabera; trukaneurri hori zehaztuko da, demanda jarri baino egutegiko aurreko urteko legeria aplikagarriaren arabera, edota burtsan negoziatu aldian baloreek izan duten batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoaren arabera, aldi hori urtea baino laburragoa bada.

Baloreak bigarren mailako beste merkatu batean negoziatu badira, munta zehaztuko da, demanda jarri baino egutegiko aurreko urtean baloreek batez beste izan duten negoziazio-trukaneurriaren arabera, baloreok bigarren mailako zein merkatutan negoziatu diren merkatua aintzat hartuta, edota bigarren mailako merkatuan negoziatu bitartean baloreek batez beste izan duten negoziazio-trukaneurriaren arabera, baloreak merkatu horretan negoziatu izan badira urtea baino epe laburragoan.

Batez besteko negoziazio-trukaneurria, edo, hala denean, batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoa egiaztatuko da bigarren mailako merkatu horren organo artezkariak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

Baloreak negoziatzen ez badira, munta kalkulatuko da, demanda jartzean kontabilitateari buruz indarrean dauden balorazio-arauak kontuan izanik.

11. Zerbait egiteko prestazioari buruzko demandetan, horren munta izango da egin nahi den horren kostua edo hori ez egiteak sortutako kalte-galeren zenbatekoa; azken kasu horretan, ezin dira kopuru biok metatu, salbu eta, prestazioa betetzea eragiteaz gain, kalte-ordaina eskatu denean.

Kalte-galeren zenbatekoa edo kalkulua kontuan hartu beharko da, prestazioa norberak bete beharrekoa bada edo prestazioa zerbait ez egitekoa bada, nahiz eta prestazioa betetzea eskatu, uzi nagusi legez.

12. Jarauntsiari edo ondare-masen nahiz ondare bananduen multzoei buruzko auzietan, aurreko erregelak aplikatuko dira, auzipeko jarauntsiaren edo ondarearen ondasun, eskubide nahiz kredituei dagokienez.

252 artikulua. Erregela bereziak, prozesuko objektuak edo alderdiak anitz direnean

Prozesuan objektu edo alderdi anitz badira, demandaren munta kalkulatuko da erregela hauen arabera:

1.) Demandan akzio nagusi batzuk metatu badira, eta horien jatorria titulu bera ez bada, demandaren munta zehaztuko da, balio handieneko akzioaren muntaren arabera.

Irizpide bera erabiliko da, akzioak balizko moduan metatu badira ere.

2.) Metatu akzioen jatorria titulu bera bada, edo, akzio nagusiarekin batera, korrituak, fruituak, errentak edo kalte-galerak eskatzen badira, munta zehaztuko da, metatu akzio guztien balioen batuketaren arabera.

Baina akzio horietatik edozeinen zenbatekoa zehatz eta likidoa ez bada, kontuan hartuko da zenbateko zehatz eta likidoa duten akzioen balioa bakarrik.

Balioa zehazteko, ez dira kontuan hartuko etorkizuneko fruitu, korritu edo errentak, muga-eguneratuta ez badaude.

Halaber, ez da kontuan hartuko kostuetarako kondenaren eskaera.

3.) Demanda berean ondasun higigarri edo higiezin bati buruzko zenbait akzio erreal metatzen badira, demandak ez du inoiz izango auzigaiaren balioa baino goragoko muntarik.

4.) Betebehar beraren epe muga- -eguneratu batzuk eskatzen badira, munta moduan kontuan hartuko da erreklamatu zenbatekoen batura, salbu eta demandan betebeharraren baliozkotasun edo eragingarritasunari buruzko esanbidezko adierazpena eskatu denean; azken kasu horretan, betebehar horren balio osoa hartuko da kontuan.

Eperen baten zenbatekoa zehatza ez bada, hori muntaren kalkulutik baztertuko da.

5.) Errekonbentzioak edo autoen metaketak ez du eraginik izango demandaren muntaren gain, ez eta muntaren ondoriozko epaiketa-motaren gain ere.

6.) Demanda berean demandatzaile edo demandatu batzuk badaude, horrek ez du inolako eraginik izango muntaren zehaztapenean, betiere eskaera bera denean demandatzaile edo demandatu guztientzat.

Gauza bera gertatuko da, demandatzaile edo demandatuen artean solidaritate-loturarik badago.

7.) Alderdi anitz izateak berarekin badakar egikaritu akzioen aniztasuna, munta zehaztuko da, artikulu honetan munta zehazteko jaso erregelen arabera.

8.) Demanda zabaltzen denean ere, aurreko erregeletan xedatutakoa beteko da.

253 artikulua. Munta demandan adieraztea

1. Auzi-jartzaileak hasierako idazkian adieraziko du demandaren munta, hori arrazoituta.

Dena den, munta hori kalkulatuko da, aurreko artikuluetako erregelen arabera.

Demanda jarri ostean, auziaren objektu diren ondasunen balioa aldatzen bada ere, ez da aldatuko epaiketaren munta edo epaiketa-mota.

2. Demandaren munta argi eta zehatz adierazi beharko da.

Zernahi gisaz, gutxi gorabehera adieraz daiteke, auzi-jartzaileak behar bezala egiaztatu badu auziaren interes ekonomikoa epaiketa arruntaren gutxieneko muntaren parekoa dela gutxienez, edo ez duela gainditzen hitzezko epaiketaren gehieneko munta.

Auzi-jartzaileak ezin izango du inola ere epaiketa-mota besterik gabe adierazi, eta, berebat, auzi-jartzaileak ezingo dio demandatuari ezarri munta frogatzeko zama.

3. Demanda epaiketa arruntaren izapideetatik bideratuko da, baldin eta auzi-jartzaileak munta zehazterik ez badu, ezta gutxi gorabehera ere, objektuak interes ekonomikorik ez duelako, interes hori ezin delako kalkulatu munta zehazteko legezko erregelen bidez, edota, kalkulua egiteko erregela aplikagarria izan arren, munta hori demanda jartzean zehazterik ez dagoelako.

254 artikulua. Auzitegiak ofizioz kontrolatzea muntaren ondoriozko epaiketa- mota

1. Hasieran epaiketaren izapideak egingo dira, auzi-jartzaileak demandan adierazitakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, demandaren alegazioak kontuan izanda, auzitegiak uste badu auzi-jartzaileak aukeratu epaiketak ez duela zehaztutako balioa edo epaiketa hori ez datorrela bat demandan adierazi gaiarekin, orduan auzitegiak auziari emango dio berorri dagokion izapidetza egokia, probidentzia bitartez, demandan eskatu epaiketa-mota loteslea ez delako.

2. Auzi-jartzaileak adierazitakoaren aurka, auzitegiak uste badu demandaren munta egin dela balioetsi edo ezin dela zehaztu, ezta gutxi gorabehera ere, eta, horren ondorioz, hitzezko epaiketaren izapideak egoki ez direla, orduan auzitegiak ofizioz emango dio auziari epaiketa arruntaren izapidetza, probidentzia bitartez, betiere prokuradorearen izendapena eta abokatuaren sinadura jaso direnean.

3. Ofizioz zuzen daitezke auzi-jartzaileak munta zehaztean egindako oker aritmetikoak.

Halaber, zuzen daitezke munta kalkulatzeko legezko erregela aukeratzean egindako okerrak, demandan egitezko eta behar besteko osagairik badago, munta eragiketa matematiko hutsen bidez egoki zehazteko.

Munta behar bezala kalkulatu ondoren, prozesuari bide egokia emango zaio.

4. Muntaren ondoriozko prozedura desegokia dela uste badu ere, auzitegiak demanda onartuko du beti. Hala ere, demandak epaiketa-mota zehazten badu besterik gabe, edo, zehaztu munta okerra dela ofizioz adierazi ondoren, berori egoki kalkulatzeko behar besteko osagairik ez badago demandan, auzi-paperei ez zaie biderik emango, auzi-jartzaileak akatsa ongitu arte.

Akatsa ongitzeko epea hamar egunekoa da, eta, hori igaro ondoren, demanda behin betiko artxibatuko da.

255 artikulua. Munta bera eta horren ondoriozko epaiketa-mota aurkaratzea

1. Demandatuak demandaren munta aurkara dezake, baldin eta ulertzen badu, munta behar bezala zehaztuz gero, bestelako prozedura gauzatuko litzatekeela edo kasazio-errekurtsoa bidezkoa izango litzatekeela.

2. Epaiketa arruntean, muntaren ondoriozko prozeduraren egokitasuna aurkaratuko da demandari erantzutean, eta arazoa ebatziko da, epaiketa aurreko entzunaldian.

3. Hitzezko epaiketan, demandatuak munta edo muntaren ondoriozko epaiketa-mota aurkaratuko du ikustaldian, eta auzitegiak berehala ebatziko du arazoa, auziaren funtsean sartu aurretik eta auzi-jartzaileak esan beharrekoa entzun ondoren.

II. KAPITULUA - Atariko eginbideak

256 artikulua. Atariko eginbideak eta horiek eskatzea

1. Epaiketa oro presta daiteke:

1.) Demanda nori zuzendu eta horri egindako eskaeraren bidez, horrek egia esango duela zin egin edo hitz eman, eta bere gaitasun, ordezkaritza edo legitimazioari buruzko egitateren baten inguruan adierazpena egin dezan, baldin eta egitate hori jakitea auzirako beharrezkoa bada, edota gaitasun, ordezkaritza nahiz legitimazio hori jaso duten agiriak erakuts ditzan.

2.) Demandatu nahi den pertsonari egindako eskabidearen bidez, horrek bere esku duen gauza erakuts dezan, epaiketa gauza horri buruzkoa denean.

3.) Bere burua jaraunsle, jaraunskide edo legatu-hartzailetzat duenak egindako eskaeraren bidez, jarauntsi edo legatuaren kausatzaileak azken- -nahiaren egintza burutu eta egintza hori bere esku duenak halakoa erakuts dezan.

4.) Bazkide edo erkide baten eskaeraren bidez, sozietate edo erkidegoaren agiri eta kontu guztiak erakuts daitezen; aurreko eskaera hori zuzenduko zaio sozietate nahiz erkidegoari, edo agiriok eta kontuok bere esku dituen bazkide nahiz jabekideari.

5.) Bere burua kalteduntzat duenak egindako eskaeraren bidez, erantzukizun zibileko aseguruak estal dezakeen gertaera batek kalteak eragin dizkionean, aseguru-kontratua bere esku duenak berori erakuts dezan.

6.) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes kolektiboak defendatzeko prozesua hasi nahi duenak egindako eskaeraren bidez, ukitutakoen taldeko kideak zehazteko, baldin eta, horiek zehaztuta egon ez arren, erraz zehatz badaitezke.

Ondore horretarako, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, taldekideei buruzko ikerketak egiteko, kasuan kasuko inguruabarrak eta eskatzaileak ekarritako datuak kontuan izanik; halaber, demandatuari agindeia egingo zaio, zehaztapen horretan lagun dezan.

7.) Eginbide eta ikerketen inguruan egindako eskaeraren bidez, lege bereziek eginbide eta ikerketa horiek agintzen badituzte, eskubide zehatz batzuk babesteko.

2. Atariko eginbideen eskabidean, horien oinarriak adieraziko dira, prestatu nahi den epaiketaren auzigaiari buruzko inguruabarrak bertan zehaztuz.

3. Eginbideetan parte hartu behar duten pertsonei eragindako gastuak, eginbideon eskatzailearen kontura izango dira.

Eginbideok eskatzean, eskatzaile horrek kauzioa emango du, eragin daitezkeen gastuen nahiz kalte-galeren ondorioz erantzuteko.

Eskatzaileak kauzioa galduko du, aipatu pertsonen mesederako, baldin eta eginbideak bukatu zirenetik hilabetea igaro eta demandarik aurkeztu izan ez bada, auzitegiaren ustez hori behar bezala justifikatu gabe.

Kauzioa eman daiteke, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

257 artikulua. Eskumena

1. Aurreko artikuluan aipatu eskaera eta eskabideak ebazteko, eskudun izango da lehen auzialdiko epailea, epaiketa prestatzeko jardunean adierazpena egin, zerbait erakutsi edo beste era batean parte hartu behar duen pertsonaren egoitzakoa bada.

Aurreko artikuluko lehen paragrafoaren seigarren zenbakiaren kasuan, eskudun izango da demanda zehatza non aurkeztu behar eta bertako auzitegia.

2. Ez da deklinatoriarik onartuko atariko eginbideetan; hala ere, eginbideak zein epaileri eskatu eta epaile horrek ofizioz berrikusiko du bere eskumena, eta, eskabidearen gaineko ardura ez dagokiola uste badu, ardura horretaz abstenituko da, eta eskatzaileari adieraziko dio lehen auzialdiko zein epaitegitara jo behar duen.

Azken epaitegi horrek ere bere eskumenari uzten badio, epaitegi bien artean dagoen goragoko auzitegi erkideak gatazka negatiboa erabakiko du, lege honen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera.

258 artikulua. Atariko eginbideei buruzko erabakia eta errekurtsoa

1. Auzitegiak uste badu eginbidea eskatzailearen helbururako egokia dela, eta eskabideak arrazoi zuzena eta interes legitimoa jasotzen dituela, orduan auzitegiak uzia onartuko du, eman beharreko kauzioa zehaztuz.

Auzitegiak, ordea, ez du onartuko aurkeztu eginbideen eskaera, baldin eta eginbideok bidezkoak ez direla uste badu. Eskabidearen inguruko ebazpena eman beharko du, hori aurkeztu eta hurrengo bost egunetan.

2. Eginbideak agindu dituen autoaren aurka, ez dago errekurtsorik.

Eginbideak ukatu dituenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

3. Auzitegiak agindu kauzioa hiru egunetan ematen ez bada, eginbideak onartu dituen autoa eman denetik zenbatzen hasita, jarduna behin betiko artxibatzea erabakiko da.

259 artikulua. Atariko eginbideak egiteko zitazioa

1. Eskabidea onartu duen autoan, zitazioa eta agindeia egingo zaizkie interesdunei, horiek, auzitegiaren egoitzan edo toki eta modu egokian, eta hurrengo hamar egunetako epean, eskatu eta onartu den eginbidea gauza dezaten.

2. 256. artikuluaren 1. paragrafoko eginbideetan aipatu agiri eta tituluen azterketa egiteko, auzitegiaren egoitzara jo dezake eskatzaileak, gaian aditu den pertsona baten laguntzarekin, azken horrek beti eskatzailearen kontura diharduela.

260 artikulua. Demanda aurreko eginbideak gauzatzearen aurka jartzea. Erabakiaren ondoreak

1. Zitazioa jaso denetik hurrengo bost egunetan, atariko eginbideak gauzatzeko errekeritua izan den pertsona eginbideon aurka jar daiteke; halakoetan, alderdiak ikustaldi baterako zitatuko dira, eta ikustaldi hori hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak auto bidez ebatziko du aurka-jartzea bidezkoa edo bidegabea den.

3. Auzitegiak uste badu aurka-jartzea bidegabea dela, errekeritua kondenatuko du intzidenteak sortutako kostuak ordaintzera.

Erabaki hori auto bidez aginduko da, eta ez dago horren aurkako errekurtsorik.

4. Auzitegiak aurka-jartzea bidezkoa dela uste badu, hala adieraziko du auto bidez, berori gora jotzean aurkara daitekeela.

261 artikulua. Eginbideak gauzatzeari ezezkoa ematea

Zitatua eta errekeritua izan denak agindeiari jaramonik egiten ez badio eta aurka jartzen ez bada, auzitegiak, probidentzia bidez, honako neurri hauek aginduko ditu:

1.) Adierazpena eskatu bada zitatua nor izan eta horren gaitasun, ordezkaritza edo legitimazioari buruzko egitateen inguruan, ulertuko da eskatzaileak egin nahi zituen galderek baiezko erantzuna jaso dutela; horrela, egitateak geroko epaiketaren ondoreetarako onartutzat joko dira.

2.) Titulu eta agiriak erakustea eskatu bada eta auzitegiak antzematen badu zantzu nahiko dagoela horiek toki zehatz batean daudela uste izateko, toki horretan sartu eta bertan erregistratze aginduko du. Titulu eta agiriok bertan badaude, agiriok hartuko dira, eta eskatzailearen esku jarriko dira auzitegiaren egoitzan.

3.) Gauza bat erakustea eskatu bada eta berori dagoen tokia ezaguna bada edo toki batean dagoela zentzuz uste bada, aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera jardungo da, eta eskatzaileari gauza erakutsiko zaio. Eskatzaileak eska dezake gauza gordailuan jartzea edo berori artatzeko berme-neurririk egokiena hartzea.

4.) Kontabilitate-agiriak erakustea eskatu bada, egiazkotzat joko dira, geroko epaiketaren ondoreetarako, eskatzaileak aurkeztu kontu eta datuak.

5.) 256. artikuluaren 1. paragrafoko 6. zenbakian ezarri eginbidearen kasuan, taldeko kideak zehazteko errekeritua izan denak edo laguntza eman dezaketen pertsonetatik beste edozeinek ezetza ematen badu, auzitegiak aginduko du neurri esku-hartzaileak hartzea, finketan sartu eta bertakoa erregistratzea barne, behar diren agiri eta datuak aurkitzeko; betiere agintaritza judizialari desobeditzeagatik zor daitekeen zigor erantzukizunari kalterik egin gabe.

262 artikulua. Kauzioa ezartzeari buruzko erabakia

1. Agindutako eginbideak gauzatu badira, edo auzitegiak eginbideok egitea ukatzen badu, aurka-jartzea bidezkoa dela ulertzen duelako, orduan auzitegiak auto bidez kauzioa aplikatzeari buruzko erabakia hartuko du, bost eguneko epean, horretarako aurkeztu zaizkion kalte-ordainaren eskaera eta gastuen justifikazioa kontuan izanik, eta eskatzaileak esan beharrekoa entzun ondoren.

Kauzioa ezartzeari buruzko erabakiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke etendura-ondorerik gabe.

2. Aurreko paragrafoaren arabera kauzioa ezarri ondoren, gerakinik badago, berori ez zaio eginbideen eskatzaileari itzuliko, 256. artikuluko 3. paragrafoan ezarri hilabetea igaro arte.

263 artikulua. Lege berezietan araututako atariko eginbideak

256. artikuluaren lehen paragrafoko 7. zenbakian aipatu eginbideetan, kapitulu honetako manuak aplikatuko dira, manuok ez badira gaiari buruzko legeria berezian xedatutakoaren aurkakoak.

III. KAPITULUA - Agiriak, irizpenak, txostenak, eta beste baliabide eta tresna batzuk aurkeztea

264 artikulua. Prozesuko agiriak

Demandarekin batera, erantzunarekin batera, edo, hala denean, hitzezko epaiketaren ikustaldira agertzean, honako hauek aurkeztu beharko dira:

1.) Prokuradoreari emandako notario- ahalordea, prokuradoreak auzian parte hartzen badu eta ordezkaritza «apud acta» egilesten ez bada.

2.) Auzilariak bere buruari eratxikitzen dion ordezkaritza egiaztatzeko agiriak.

3.) Auzigaiaren balioa egiaztatzen duten agiri edo irizpenak, eskumena eta prozedura zehazteko ondoreetarako.

265 artikulua. Auziaren funtsari buruzko agiriak, eta bestelako idazki eta objektuak

Demanda edo erantzun orori honako hauek batu beharko zaizkio:

11.) Alderdiek nahi duten babes judizialerako eskubidea oinarritzeko agiriak.

2.) 299. artikuluko 2. paragrafoan aipatu baliabideak eta tresnak, horietan oinarri badute alderdiek aurkeztu babes-uziek.

3.) Erregistro-idazkunetatik edozeini buruzko edota edozein motatako erregistro-liburu, jardun edo espedienteen edukiari buruzko ziurtagiriak eta oharrak.

4.) Alderdiek euren uziak oinarritzeko erabili dituzten aditu-irizpenak, lege honen 337 eta 339. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Alderdietako bat doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra bada, alderdi horrek ez du irizpena aurkeztu behar demanda edo erantzunarekin batera, hori iragarri baino, 339. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5.) Ikerketa pribatuko profesionalek, legez horretarako gaituta badaude, egindako txostenak; txostenok izango dira alderdiek euren uziak oinarritzeko erabili dituzten egitate garrantzitsuei buruzkoak.

Egitateoi buruzko lekukotza- froga gauzatuko da, baldin eta horiek egiazkoak direla aitortu ez bada.

2. Demanda edo erantzuna aurkeztean, alderdiek ezin badituzte eskuratu aurreko paragrafoaren lehen hiru zenbakietan aipatu agiri, baliabide eta tresnak, orduan zehaztuko dute horiek dauden artxibo, protokolo edo tokia, edota ziurtagiria lortzeko erregistro, erregistro-liburu, jardun nahiz espedientea.

Prozesura zer ekarri nahi eta berori artxibo, protokolo, espediente edo erregistroan badago, eta horren kopia fede-emaileak eska eta lor badaitezke, orduan ulertuko da auzi-jartzaileak eskura duela hori eta demandarekin batera aurkeztu behar duela; halakoetan, ez da nahiko izango aurreko lerrokadan aipatu zehaztapena.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian, auzi-jartzaileak auziaren funtsari buruzko agiriak, baliabideak, tresnak, irizpenak eta txostenak aurkez ditzake, horien interesa edo garrantzia agerrarazi bada bakarrik demandatuak demanda erantzutean egindako alegazioengatik.

4. Hitzezko epaiketetan, demandatuak ikustaldi-ekitaldira ekarriko ditu 1. paragrafoan aipatu agiri, baliabide, tresna, irizpen eta txostenak.

266 artikulua. Kasu berezietan eskatutako agiriak

Demandari honako hauek batu beharko zaizkio:

1.) Prozesua bukatu dela eta bertan erreklamazioa edo errekurtsoa jarri dela egiaztatzeko ziurtagiri eta lekukotzak, epaile eta magistratuen aurka erantzukizun zibilari buruzko demanda aurkezten denean, horiek euren eginkizunak betetzean doloz, erruz edo ez-jakite desenkusaezinez sortutako kalte- -galeren ondorioz.

2.) Mantenua eskatzeko titulua behar bezala egiaztatzeko agiriak, hori demandaren helburua bada.

3.) Atzera-eskuratzeari buruzko demandetan, horiek oinarritzeko tituluaren froga-hastapenak diren agiriak. Prezioa zainpean uztea legez edo kontratu bidez galdatuz gero, atzera-eskuratzearen mendeko gauzaren prezio hori zainpean jarri dela egiaztatzeko agiria, baldin eta prezio hori ezaguna bada, edo prezioa jakitera zainpean uztea bermatuko duen kauzioa egiaztatzeko agiria.

4.) Demandatzailearen aldeko «mortis causa» oinordetza modu sinesgarrian agerrarazi duen agiria, eta jabe nahiz gozamendun moduan edukitzailerik ez dela adieraz dezaketen lekukoen zerrenda; horixe egingo da, auzitegiari eskatu bazaio demandatzailea ondasun batzuen edukitzan jartzea, demandatzaile horrek adierazten duenean oinordetza horren ondorioz, berak eskuratu dituela ondasunok.

5.) Demanda onartzeko lege honek edo beste batek esanbidez agindutako beste agiriak.

267 artikulua. Agiri publikoak aurkezteko modua

265. artikuluaren arabera ekarri beharreko agiriak publikoak badira, kopia soilean aurkez daitezke. Agirion kautotasuna aurkaratuz gero, auzi-paperetera agiriaren jatorrizkoa, kopia edo ziurtagiria eraman daiteke, froga- -ondoreak sortzeko nahitaezko diren betekizunekin.

268 artikulua. Agiri pribatuak aurkezteko modua

1. Ekarri beharreko agiri pribatuei dagokienez, horien jatorrizkoak edo fede-emaile publiko eskudunak kautotutako kopiak aurkeztuko dira; agiriok auzi-paperei batuko zaizkie edo horien lekukotza egingo da, aurkeztutako jatorrizkoak edo kopia fede-emaileak itzuliz, baldin eta interesdunek hori eskatu badute.

2. Alderdiak agiri pribatuaren kopia soila baino ez badu, berori aurkez dezake, eta horrek jatorrizko agiriaren ondoreak izango ditu, gainerako alderdietatik edozeinek zalantzan jartzen ez badu kopia soila jatorrizkoarekin bat datorrela.

3. Agiri pribatuaren jatorrizkoa espediente, protokolo, artxibo edo erregistro publiko batean badago, kopia kautoa aurkeztu edo artxiboa, protokoloa edo erregistroa zehaztuko da, 265. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

269 artikulua. Hasierako aurkezpenik ezaren ondorioak. Kasu bereziak

1. Demandarekin batera, erantzunarekin batera, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian, agiri, baliabide, tresna, irizpen eta txostenetatik bat aurkezten ez bada, eta, lege honetako manuen arabera, horiek une horretan ekarri behar badira, edo agiria dagoen tokia zehazten ez bada, agiria eskura ez dagoenean, orduan alderdiak ezin izango du agiria geroago aurkeztu, ezta auzi-paperetera berori ekarri ere, hurrengo artikuluan ezarri kasuetan izan ezik.

2. Ez dira demandak onartuko, horiei batu ez bazaizkie 266. artikuluan aipatu agiriak.

270 artikulua. Agiriak aurkeztea, prozesuaren hasierako unea ez denea

1. Demanda eta erantzunaren ondoren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren ondoren, auzitegiak onartuko dizkio auzi-jartzaile edo demandatuari auziaren edukiari buruzko agiri, baliabide eta tresnak, horiek honako kasu hauetako batean daudenean bakarrik:

1.) Demandaren nahiz erantzunaren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren ondorengo data dutenean horiek, betiere agiri, bitarteko edo tresnok ezin izan badira prestatu edo lortu prozesuko une horiek baino lehenago.

2.) Demandaren nahiz erantzunaren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren aurretiazko agiri, baliabide edo tresnak direnean, baldin eta horiek aurkeztu alderdiak egiaztatzen badu ez duela lehenago jakin horiek bazirela.

3.) Alderdiari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoien ondorioz, agiri, baliabide edo tresnak ezin izan direnean lehenago lortu, baldin eta 265. artikuluaren 2. paragrafoko zehaztapena, edo, hala denean, lege honen 265. artikuluaren lehen paragrafoko 4. zenbakian aipatu iragarpena garaiz egin badu alderdiak.

2. Auziaren funtsari buruzko egitateen kasuan, egitate horien gaineko agiri, bitarteko edo tresnen bat aurkezten bada aurreko paragrafoko egintzen preklusioa gertatu ondoren, gainerako alderdiek epaiketan edo ikustaldian alega dezakete hori kontuan hartzea ez dela bidezkoa, aurreko paragrafoan aipatu kasuetatik batean ere ez dagoelako.

Halakoetan, auzitegiak berehala emango du ebazpena, eta, gainera, agiria aurkeztean prozesua luzatzeko asmoa edo prozesu- -gaitzustea antzematen badu auzitegiak, erantzuleari 180 eurotik 1 200 euro isuna ezar diezaioke.

271 artikulua. Aurkezpenaren behin betiko preklusioa eta erregelaren salbuespenak

1. Ez da onartuko alderdiek ikustaldi edo epaiketa ostean aurkeztu agiri, bitarteko, tresna, txosten edo irizpenik; horrek ez dio kalterik egingo 435. artikuluko hirugarren erregelan epaiketa arruntaren azken eginbideen inguruan xedatutakoari.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsiko dira epaiak edo ebazpen judizialak nahiz Administrazioko agintarienak, baldin eta horiek eman edo jakinarazi ez badira ondorioak azaltzeko unea baino lehen, betiere horiek baldintzatzaile edo erabakigarri izan daitezkeenean lehen auzialdia nahiz edozein errekurtso ebazteko.

Ebazpenok epaia emateko epean ere aurkez daitezke, gainerako alderdiei horiek helaraziz, alderdiok bost eguneko epe erkidean bidezkotzat jotzen dutena alegatu eta eskatu ahal izateko, epaia emateko epea eten egingo delarik.

Auzitegiak epaian bertan ebazpena hartuko du agiriaren onartzeari buruz eta horren norainokoari buruz.

272 artikulua. Prozesuaren hasierako unea ez denean arrazoirik gabe agiria aurkeztu eta hori ez onartzea

Kasu eta inguruabar ezberdinen arabera, lege honetan xedatu prozesu- -uneen ostean agiriren bat aurkezten bada, auzitegiak, probidentzia bidez, ez du hori onartuko, dela ofizioz dela alderdiak hala eskaturik, eta aginduko du aurkeztu duenari hori itzultzea.

Agiria ez onartzea agindu ebazpenaren aurka, ez dago errekurtsorik, bigarren auzialdian horretaz baliatzeari kalterik egin gabe.

IV. KAPITULUA - Idazki eta agirien kopiak, eta horiek helaraztea

273 artikulua. Idazki eta agirien kopiak aurkeztea

Epaiketetara ekarri edo horietan aurkeztu idazki eta agiri guztiei batuko zaizkie alderdiak beste hitzez-hitzezko kopia.

274 artikulua. Auzitegiak beste alderdi interesdunei kopiak helaraztea, prokuradoreek parte-hartzerik ez duten kasuetan

Alderdiek prokuradorearen ordezkaritzarik gabe jarduten badute, alderdiek eurek sinatuko dituzte aurkeztu idazki eta agirien kopiak, horien zehaztasunaren erantzule izanik, eta auzitegiak kopia horiek emango dizkie aurkako alderdiari edo alderdiei.

275 artikulua. Kopiak ez aurkeztearen ondoreak

Aurreko artikuluan aipatu kasuetan, idazki eta agirien kopiak ez aurkeztea ez da izango idazki eta agiriok ez onartzeko zioa.

Kopiak ez aurkeztea alderdiari ohartaraziko zaio, bost eguneko epean aurkezpena egin dezan.

Epe horretan aurkezpena egiten ez bada, idazkari judizialak idazki eta agirien kopiak egingo ditu, horiek aurkeztu ez dituen alderdiaren kontura. Horixe egingo da, demanda eta erantzunaren idazki, edo horiekin batera aurkeztu beharreko agirien kasuan izan ezik; halakoetan, ondore guztietarako ulertuko da demanda edo erantzuna aurkeztu ez dela edo horiekin batera aurkeztu beharreko agiriak ekarri ez direla.

276 artikulua. Idazki eta agirien kopiak helaraztea, prokuradoreak parte hartzen duenean. Auzitegiak demandaren idazkia eta antzekoak helaraztea

1. Prokuradoreek alderdi guztiak ordezkatzen badituzte, prokuradore bakoitzak gainerako alderdien prokuradoreei helarazi beharko dizkie, aldez aurretik, auzitegiari aurkeztuko dizkion idazki eta agirien kopiak.

2. Prokuradoreak helarazpena egingo du, 28. artikuluko 3. paragrafoan aipatu jakinarazpenak jasotzeko zerbitzuan; prokuradoreak bertan utziko dizkie gainerako alderdi eta auzikideen prokuradoreei idazki eta agirien kopiak.

Idazkari judizialak edo izendatutako ofizialak jasoko ditu aurkeztu kopiak, eta kopiok zerbitzuaren arduradunari emango dizkio, data eta zigilua jarri ondoren. Idazkari judizial edo ofizial horrek sinatu behar du helarazpena egin delako egiaztagiria.

Egiaztagiri hori auzitegiari eman beharko zaio, horri aurkeztutako idazki eta agiriekin batera.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez da aplikatuko demanda edo epaiketako lehen agerraldiak sor ditzaketen idazkietatik beste edozein helarazten denean.

Halakoetan, prokuradoreak aurkeztu beharko ditu idazki horien kopiak, eta idazkiei batu zaizkien agirien kopiak, eta auzitegiak lege honen 273 eta 274. artikuluetan xedatutakoaren araberako helarazpena egingo du.

Prokuradoreak kopia horiek aurkezten ez baditu, ondore guztietarako ulertuko da idazkiok aurkeztu ez direla edo agiriok ekarri ez direla.

277 artikulua. Prokuradorearen bitartezko helarazpena ez egitearen ondoreak

Aurreko artikuluko lehen paragrafo biak aplikatzeko modukoak direnean, ez da onartuko idazki eta agiriak aurkeztea, baldin eta bertaratutako gainerako alderdiei kopiak helarazi zaizkiela agerrarazten ez bada.

278 artikulua. Helarazpenaren ondoreak, epeen bidean eta zenbaketan

Egintzaren helarazpena egin bada 276. artikuluan ezarri moduan, eta egintza horrek, legearen arabera, prozesuko jardun zehatzaren epea hastea eragiten badu, orduan epe horrek bere bidea hasiko du, auzitegiaren esku-hartzerik gabe; demandako kopietan zein data agerrarazi eta data horren biharamunean zenbatzen hasiko da epe hori.

279 artikulua. Kopien eginkizuna

Alderdien uziak ondorioztatuko dira, idazki, agiri eta auzitegiko ebazpenen kopiak kontuan hartuz; horiek guztiak auzilari bakoitzak gorde behar ditu bere esku.

2. Alderdiei ez zaizkie jatorrizko auzi-paperak emango; hala ere, alderdiok, euren kontura, idazki edo agiriren baten kopiak lor ditzakete.

280 artikulua. Kopia baten zehaztugabetasuna salatzea eta horren ondoreak

Auzilari bati emandako kopia eta jatorrizkoa bat ez datozela salatzen bada, auzitegiak, gainerako alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, kopia noiz eman eta hortik aurrera jardun denaren deuseztasuna adieraziko du, baldin eta zehaztugabetasunak eragina izan badu alderdiaren defentsaren gain; horrek ez dio kalterik egingo kopia zehaztugabea aurkeztu duenak izan dezakeen erantzukizunari.

Deuseztasuna adieraztean, auzitegiak aginduko du jatorrizkoarekin bat datorren kopia ematea, kasuan-kasuan bidezko diren ondoreetarako.

V. KAPITULUA - Froga: xedapen orokorrak

LEHENENGO ATALA

Frogaren objektua, beharra eta ekimena

281 artikulua. Frogaren objektu eta beharra

1. Frogaren objektu izango dira prozesuan lortu nahi den babes judizialari lotutako egitateak.

2. Frogaren objektu izango dira, halaber, ohitura eta atzerriko zuzenbidea.

Ez da ohitura frogatu behar, alderdiak ados badaude ohitura horren izate eta edukiarekin, eta ohituraren arauek ordena publikoa ukitzen ez badute.

Atzerriko zuzenbidea frogatu behar da beraren eduki eta indarraldiari dagokionez; atzerriko zuzenbide hori aplikatzeko, auzitegiak behar besteko ikerketa-bideak erabil ditzake.

3. Egitateei buruzko frogarik ez da egin behar, alderdiak erabat ados badaude egitateen gainean, prozesuaren gaia auzilarien xedatze-ahalmenetik kanpo dagoenean izan ezik.

4. Ez da frogarik egin beharko nabaritasun handi eta orokorreko egitateei buruz.

282 artikulua. Frogak eskatzeko ekimena

Frogak gauzatuko dira, alderdiak hala eskaturik.

Nolanahi ere, auzitegiak ofizioz agin dezake zenbait froga gauzatzea edo agiriak, irizpenak nahiz bestelako frogabide eta tresnak ekartzea, legeak hori ezartzen badu.

283 artikulua. Froga-jarduera desegokia edo alferrekoa izatea

1. Froga, prozesuaren objektuarekin loturarik ez izateagatik, desegokitzat jo behar bada, ez da onartu beharko.

2. Arrazoizko eta zalantzarik gabeko erregela eta irizpideen arabera, egitate eztabaidagarriak argitzeko lagungarriak ez diren frogak ere ez dira onartuko, horiek alferreko izateagatik.

3. Ez da froga gisa onartuko legeak debekatutako jardueretatik edozein.

2. ATALA

Proposamena eta onarpena

284 artikulua. Froga proposatzeko modua

Frogabide ezberdinak proposatuko dira, frogabideok banan-banan adieraziz.

Halaber, frogabide bakoitza gauzatzeko, zitazioa inori egin behar bazaio, pertsona horien egoitza edo bizilekua jasoko da.

Epaiketa arruntean, froga proposatzeko unean alderdiek ez badute pertsona horien daturen bat, auzitegira ekarri ahal izango dituzte datuok, hurrengo bost egunetan.

285 artikulua. Proposatutako frogen onargarritasunari buruzko ebazpena

1. Auzitegiak ebatziko du proposatutako froga bakoitza onartzea ala ez.

2. Ebazpen horren aurka, birjartze- -errekurtsoa soilik jar daiteke; errekurtso hori berehala bideratu eta ebatziko da, eta, gaitziritzia ematen bazaio, alderdiak protesta aurkez dezake, bigarren auzialdian bere eskubideak baliatu ahal izateko.

286 artikulua. Egitate berriak edo jakin berriak. Froga

1. Lege honetan ezarri alegazio- -egintzen preklusioa gertatu ondoren eta epaia emateko epea hasi aurretik, auzia erabakitzeko garrantzitsu izan daitekeen egitateren bat gertatu edo ezagutzen bada, alderdiek berori balia dezakete. Halakoetan, alderdiek berehala alegatu behar dute egitate hori, idazki baten bitartez, idazki horrek egitateen zabaltze izena duela, alegazioa epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian egin daitekeenean izan ezik;

azken kasu horretan, hurrengo paragrafoetan ezarritakoa egingo da ekitaldiotan.

2. Egitateak zabaltzeko idazkia helaraziko zaio aurkako alderdiari, horrek bost egunetan adieraz dezan alegatu egitatea egiazkoa dela onartu edo ukatzen duen.

Kasu horretan, zabaltze- -idazkian azal daiteke adierazitako egitatea argitu edo ezerezean utz dezakeen guztia.

3. Egitate berria edo jakin berria egiazkoa ez dela ulertzen bada, froga egoki eta erabilgarria proposatu eta gauzatuko da, lege honetan prozedura- -mota bakoitzarentzat zehaztu moduan, baldin eta jardunaren egoeragatik berori gauza badaiteke.

Bestela, epaiketa arruntean azken eginbideentzat xedatutakoaren arabera jardungo da.

4. Auzitegiak, probidentzia bidez, ez du onartuko alegazio-egintzen osteko egitateen alegazioa, baldin eta inguruabar hori behar bezala egiaztatu ez bada alegazioa aurkeztean eta, egintzon preklusioa gertatu eta gero, egitateren bat alegatzen bada, berori geroago ezagutu dela adieraziz, auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, hori aintzat hartzea bidegabea dela, baldin eta, gainerako alderdien inguruabar eta alegazioak kontuan izanik, egiaztatu gabe agertu bada egitate hori ezin izan dela alegatu prozesuan halakoetarako ezarri uneetan.

Azken kasu horretan, auzitegiak antzematen badu alegazioan auzia luzatzeko asmoa edo prozesuko gaitzustea dagoela, erantzuleari 120 eurotik 600 eurorako isuna ezar diezaioke.

287 artikulua. Froga zilegia ez izatea

1. Alderdietako batek ulertzen badu, onartutako frogaren bat lortzeko unean edo frogaren jatorrian, oinarrizko eskubideak hautsi direla, berehala alegatu beharko du hori, gainerako alderdiei, hala badagokie, helaraziz.

Arazo hori auzitegiak ere eragin dezake ofizioz, eta berori epaiketa-ekitaldian ebatziko da, edo, hitzezko epaiketa bada, ikustaldiaren hasieran, frogaldia hasi aurretik.

Horretarako, alderdiek esan beharrekoa entzungo da, eta, hala denean, ekitaldian gauzatuko dira ez- -zilegitasunari buruzko froga egoki eta erabilgarriak.

2. Aurreko paragrafoan aipatu ebazpenaren aurka, birjartze-errekurtsoa bakarrik jar daiteke. Errekurtso hori epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian bertan jarri, bideratu eta ebatziko da; horrek ez dio kalterik egingo alderdiek duten eskubideari, froga ez-zilegia berriro aurkaratzeko, behin betiko epaia gora jotzean.

288 artikulua. Froga garaiz ez gauzatzeagatiko zehapena

1. Onartutako froga garaiz gauzatzen ez bada auzilari baten erruz, auzitegiak isuna ezarriko dio auzilari horri; isuna 60 eurokoa gutxienez eta 600 eurokoa gehienez izango da. Horixe egingo da, auzilari horrek errurik izan ez duela egiaztatu ezik edo berak froga proposatu eta hori gauzatzean atzera egiten duenean izan ezik.

2. Epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian ezarriko da aurreko paragrafoan zehaztu isuna, alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren.

3. ATALA

Froga gauzatzeari buruzko beste xedapen orokor batzuk

289 artikulua. Frogak gauzatzeko modua

1. Frogak alderdien arteko aurkakotasunez gauzatuko dira, jendaurreko ikustaldian, edo, auzitegiaren egoitzan burutzen ez badira, antzeko publizitate eta agirian jarriz.

2. Epaile edo magistratuek nahitaez egon behar dute alderdi eta lekukoen galdeketan; toki, objektu edo pertsonen azterketan; hitzak, soinuak, irudiak, eta, hala denean, zenbaki eta datuak erreproduzitzean; eta adituen irizpenei buruzko azalpen, aurkarapen, zuzenketa edo zabaltzetan.

3. Idazkari judizialari aurkeztuko zaizkio jatorrizko agiriak edo kopia kautoak; berari ekarriko zaizkio frogarako beste baliabide edo tresnak; agiri pribatu baten kautotasuna aitortuko zaio; idazkera-alderatzea egiteko idazketa- multzoak haren aurrean eratuko dira; eta haren aurrean, orobat, adituaren irizpenaren egiletasuna berretsiko da.

Baina auzitegiak berak aztertu beharko ditu agiri-froga, idatzizko txosten eta irizpenak, eta epaiketara ekarritako bestelako bitarteko eta tresnak.

290 artikulua. Banan-banan gauzatu

beharreko froga-egintzen data zehaztea

Froga guztiak ekitaldi batean gauzatuko dira. Salbuespenez, auzitegiak zehaztuko ditu, probidentzia bidez, bost egun lehenago gutxienez, epaiketan edo ikustaldian gauzatu ezin diren froga-egintzen eguna eta ordua. Salbuespen gisa, froga ez bada gauzatzen auzitegiaren egoitzan, horretarako tokia zehaztu eta jakinaraziko da.

Froga horiek, edozein kasutan, epaiketa edo ikustaldia baino lehen gauzatuko dira.

291 artikulua. Alderdien zitazioa eta

euren balizko parte-hartzea, epaiketatik kanpo frogak gauzatzean

Frogaren subjektu edo objektu ez badira ere, alderdiei zitazioa egingo zaie, behar besteko aurrerapenarekin, eta, gutxienez, berrogeita zortzi ordukoa izanik, epaiketa edo ikustalditik kanpo egin beharreko froga guztiak gauzatzeko.

Alderdiek eta euren abokatuek froga- jardunean izango dute legeak kasuan frogabidearentzat baimendu parte- hartzea.

292 artikulua. Entzunaldira nahitaez

agertu beharra. Isunak

1. Zehaztutako epaiketa edo ikustaldian agertzeko beharra izango dute lekuko eta aditu zitatuek.

Eginbehar hori haustea 180 eurotik 600 eurorako isunarekin zigortuko da, bost egunetan entzunaldia egin ondoren.

2. Aurreko paragrafoko isuna ezartzean, auzitegiak probidentzia bidez agindeia egingo dio isuna jaso duenari berriro zitazioa egiten zaionean ager dadin, eta agintaritzari desobeditzeagatik beraren aurka jardungo dela ohartaraziko zaio.

3. Lekuko edo adituren bat epaiketa edo ikustaldian agertu ez bada, aurretiazko desenkusarik gabe, auzitegiak, agertutako alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, erabakiko du, probidentzia bidez, entzunaldia eten behar den edo horri eutsi behar zaion.

4. Halaber, aurretiazko desenkusarik gabe, galdeketari erantzuteko zitazioa jaso duen auzilaria agertzen ez bada, 304. artikuluan xedatutakoa beteko da, eta auzilari horri artikulu honen 1. paragrafoan zehaztu isuna ezarriko zaio.

4. ATALA

Froga aurreratzea eta ziurtatzea

293 artikulua. Froga aurreratzeko kasu eta arrazoiak. Eskumena

1. Edozein prozesu hasi aurretik, hori hasi nahi duenak, edo alderdietatik edozeinek, prozesuan zehar, auzitegiari eska diezaioke froga-jardunaren aurreratzea, baldin eta, pertsona edo gauzen egoera dela eta, beldur oinarriduna badago, jardun hori ezin izango delako gauzatu orokorrean berarentzat zehaztu prozesu-unean.

2. Froga-jarduna aurreratzeko eskaera aurkezten bada prozesua hasi aurretik, eskaera hori zuzenduko zaio auzigai nagusian bere burua eskudun jo duen auzitegiari.

Auzitegi horrek ofizioz bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa zainduko ditu, baita aginduzko arauetan oinarritutako lurralde-eskumena ere, eta deklinatoria ez da onargarria izango.

Prozesua hasi ondoren, froga aurreratzeko eskaera zuzenduko zaio auziaren gaineko ardura duen auzitegiari.

294 artikulua. Froga aurreratua proposatu eta onartzea; aldia eta errekurtsoak

1. Frogak aurreratzeko proposamena egingo da, lege honetan froga horietako bakoitzarentzat xedatutakoaren arabera, eskaeraren oinarri diren arrazoiak azalduz.

2. Auzitegiak ulertzen badu eskaera oinarriduna dela, hori onartuko du, eta probidentzia bitartez xedatuko du beharrezkotzat jo den unean jarduna gauzatzeko, betiere hori epaiketa edo ikustaldia gauzatu aurretik izango dela.

295 artikulua. Froga aurreratua alderdien arteko aurkakotasunez gauzatzea

1. Prozesua hasi baino lehen, froga aurreratzeko eskatu eta hori gauzatzea agintzen bada, froga eskatu duenak zehaztuko du sasoia denean nortzuk demandatuko dituen. Horiek zitazioa jasoko dute, bost egun lehenago gutxienez, froga-jarduna gauzatzean parte har dezaten, lege honek kasuko frogabideari buruz baimentzen duenaren arabera.

2. Prozesua erabakitzeko dagoen bitartean, aurreraturiko froga gauzatu behar bada, alderdiek froga horretan parte har dezakete, lege honetan frogabide bakoitzerako xedatutakoaren arabera.

3. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera froga gauzatu denean, jardunak ez du froga-baliorik izango, demanda aurkezten ez bada froga aurreratua gauzatu zenetik bi hilabeteko epean, epe horretan egiaztatu ezean prozesua ezin izan zela hasi ezinbesteko kasuarengatik edo garrantzi bereko arrazoietatik beste edozeinengatik.

4. Froga aurreratua gauzatu bada ere, berriro egin daiteke, froga proposatzeko unean berori gauza badaiteke, eta alderdietatik batek horixe eskatzen badu.

Halakoetan, auzitegiak onartuko du froga hori gauzatzea, eta balioetsiko ditu, kritika zintzoaren erregelen arabera, bai froga aurreratua bai geroago gauzatutakoa.

296 artikulua. Froga aurreratuetako jardunaren materialak gordetzea

1. Froga zein auzitegik agindu eta auzitegi horretako idazkariaren zaintzapean geratuko dira froga aurreratuek osatu agiriak eta gainerako konbentzimendu-piezak edo froga horietatik lortutakoak, baita gauzatu froga-jarduna eta horren emaitzak zehatz-mehatz erakusten dituzten materialak ere; hala izango da demanda aurkeztu arte, eta haiek guztiak horri batuko zaizkio, edo horiek kontuan hartzeko eta balioesteko prozesu-unea heldu arte.

2. Demandaren arduradun ez bada froga aurreratua agindu edo gauzatu duen auzitegia, orduan azken horri erreklamatuko dio, alderdiak hala eskaturik, aktak, agiriak eta jardunaren gainerako materialak bide ofizialetik igortzea.

297 artikulua. Froga ziurtatzeko neurriak

1. Edozein prozesu hasi aurretik, berori hasi nahi duenak, edo auzilarietatik edozeinek prozesuan zehar, froga ziurtatzeko neurriak hartzea eska diezaioke auzitegiari. Auzitegiak aseguramendu- neurri erabilgarriak hartu ahal izango ditu probidentzia bidez, froga garrantzitsu baten aurkezpena edo proposamena ezinezkoa edo alferrekoa izatea saihets dezaten, betiere objektu materialak edo gauzen egoerak alda edo suntsi ditzaketen giza jokaeren edota izadiko gertaeren ondorioz.

2. Neurriak izango dira, auzitegiaren iritziz gauzak edo egoerak artatzeko edo horien izatea eta ezaugarriak modu sinesgarrian agerrarazten dituzten xedapenak.

Froga ziurtatzeko asmoz, zerbait egiteko edo ez egiteko manamenduak ere agin daitezke, manamenduok bete ezean agintaritzari desobeditzeagatik jardungo dela ohartarazita.

3. Froga ziurtatzeko jurisdikzio eta eskumenari dagokionez, froga aurreratuaren kasuan xedatutakoaren arabera jardungo da.

298 artikulua. Froga ziurtatzeko neurrien betekizunak. Kontrakautelak

1. Auzitegiak aginduko ditu, probidentzia bidez, kasuan kasuko neurri egokiak, honako betekizun hauek gertatzen badira:

1.) Ziurtatu nahi den froga proposatzean, berori egingarri, egoki eta erabilgarria izatea.

2.) Arrazoi edo zioak egotea froga ziurtatzeko neurriok hartu ezean, etorkizunean froga hori gauzatzea ezinezko gertatuko dela uste izateko.

3.) Proposatutako ziurtatze-neurria edo auzitegiak hobesten duen eta helburu bera duen beste bat, egoki dela iritzi eta epe laburrean gauzatu ahal izatea hori, nahasirik dauden pertsonei nahiz hirugarrenei kalte larri eta neurrigabeak sortu gabe.

2. Frogaren aseguramendu-neurriak hartzeari buruz erabakitzeko, auzitegiak, kontuan hartzeaz gain, onartu ahal izango du neurriaren eskatzaileak behin-behineko bermea ematea, neurri horrek sortu ahal izan dituen kalte-galeren gain.

3. Halaber, auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, froga ziurtatzeko neurriaren ordez, neurria nork jasan behar eta horrek egindako eskaintza, horrek kauzio nahikoa aurkezten badu, 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan zehaztu eran, ziurtatu nahi den froga gauzatuko dela erantzuteko.

VI. KAPITULUA - Frogabideak eta presuntzioak

299 artikulua. Frogabideak

1. Honako hauek dira epaiketan erabil daitezkeen frogabideak:

1.) Alderdien galdeketa.

2.) Agiri publikoak.

3.) Agiri pribatuak.

4.) Adituen irizpena.

5.) Azterketa judiziala.

6.) Lekukoen galdeketa.

2. Lege honetan xedatutakoaren arabera, auzitegiak onartuko ditu, halaber, hitza, soinua eta irudia erreproduzitzeko baliabideak, eta berbak, datuak, zenbakiak eta kontabilitate- -helburuaz nahiz bestelakoaz egindako eragiketa matematikoak artxibatzea, ezagutzea eta erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak, horiek prozesurako garrantzitsu badira.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan esanbidez zehaztu ez den bitartekoren baten bidez egitate garrantzitsuen inguruan egiazkotasuna lor badaiteke, auzitegiak, alderdiak hala eskaturik, froga gisa onartuko du hori, kasuan-kasuan beharrezko diren neurriak hartuz.

300 artikulua. Frogabideak gauzatzeko hurrenkera

1. Auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, bestelako hurrenkera agindu ezean, frogak epaiketan edo ikustaldian gauzatuko dira, honako hurrenkera honi jarraituz:

1.) Alderdien galdeketa.

2.) Lekukoen galdeketa.

3.) Adituek euren irizpenen inguruan eginiko adierazpenak edo irizpenon aurkezpena, baldin eta, salbuespen gisa, une horretan onartu behar badira horiek.

4.) Azterketa judiziala, hori auzitegiaren egoitzatik kanpo gauzatu behar ez bada.

5.) Auzitegian bertan filmazio, grabazio edo antzeko beste tresnen bitartez lortutako hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzea.

2. Onartutako frogen artean baten bat ezin bada entzunaldian gauzatu, entzunaldiak aurrera egingo du gainerakoak gauzatzeko, bidezko hurrenkerari jarraituz.

LEHENENGO ATALA

Alderdien galdeketa

301 artikulua. Alderdien galdeketari buruzko kontzeptua eta subjektuak

1. Alderdi bakoitzak auzitegiari eska diezaioke gainerako alderdien galdeketa, epaiketaren objektuari lotuta dauden egitate eta inguruabarren berri badute.

Auzikide batek beste auzikide baten galdeketa eska dezake, baldin eta, prozesuan, bion arteko aurka- jartze edo interesen gatazka bada.

2. Alderdi legitimatua, epaiketan jardule izanda, harreman juridiko eztabaidatuen subjektua ez bada, edo akzioa eragiteko eskubidearen titularra ez bada, orduan subjektu edo titular horren galdeketa eska daiteke.

302 artikulua. Galdeketaren edukia eta galderak onartzea

1. Galdeketaren itaunak ahoz eta baiezkoan egingo dira, eta behar bezalako argitasun eta zehaztasunarekin.

Galderok ez dute balorazio edo kalifikaziorik barneratu behar, eta, hori egiten bada, egin ez direla ulertuko da.

2. Auzitegiak egiaztatuko du itaunak egitateei buruzkoak direla, galdeketa egitate horiei buruz onartu bada; eta, galdeketaren ekitaldian bertan, auzitegiak erabakiko du galderen onargarritasunari buruz.

303 artikulua. Egindako galderak aurkaratzea

Galdeketari erantzun behar dion alderdiak eta beraren abokatuak galderen onargarritasuna aurkara dezakete berehala, eta galderotan dauden balorazio eta kalifikazioak azpimarra ditzakete, euren ustez horiek bidegabeak badira eta jarri izan ez direla ulertu behar bada.

304 artikulua. Ez agertzea eta egitateak isilbidez onartzea

Galdeketarako zitazioa zein alderdik jaso eta hori epaiketan agertzen ez bada, auzitegiak egiazkotzat har ditzake alderdi horren parte-hartze pertsonala izan duten egitateak, egitateok egiazkotzat jotzea alderdi horrentzat erabat kaltegarri bada ere. Halaber, lege honen 292. artikuluko laugarren paragrafoan aipatu isuna ezarriko zaio alderdi horri.

Zitazioan interesdunari ohartaraziko zaio, arrazoirik gabe agertzen ez bada, aurreko lerrokadan aipatu ondorea gertatuko dela.

305 artikulua. Galdeketari erantzuteko era

1. Galdeketa zein alderdiri egin eta horrek erantzungo du, erantzun-zirriborrorik gabe; hala ere, ekitaldian agiriak eta oharrak begira ditzake, auzitegiaren ustez horiek oroimenarentzat lagungarri izan badaitezke.

2. Erantzunek baiezkoak edo ezezkoak izan behar dute, eta, galderak kontuan hartuz hori ezinezkoa bada, orduan erantzunak zehatz-zehatzak izango dira.

Edozein kasutan, adierazleak egokitzat jo dituen azalpenak gehi ditzake, horiek egindako galderei lotuta badaude.

306 artikulua. Auzitegiaren ahalmenak eta abokatuen parte-hartzea. Elkarren arteko galdeketa

1. Froga eskatu zuen alderdiaren abokatuak galderak egin eta horiei erantzun ondoren, gainerako alderdien abokatuek eta adierazpena egin duen horrenak, hurrenez hurren, beste galdera batzuk egin diezazkiokete adierazleari egitateak zehazteko.

Auzitegiak ukatu beharko ditu egoki edo erabilgarri ez diren galderak.

Auzitegiak, halaber, galderak egin diezazkioke adieraztera deitua izan den alderdiari, adierazitakoa argitu eta areagotzeko.

2. Abokatuaren parte-hartzea manuzkoa ez bada, alderdiek, auzitegiaren baimenarekin, elkarri egin diezazkiokete prozesuan garrantzitsu diren egitateak zehazteko galderak eta oharrak; halakoetan, auzitegiak zainduko du alderdiek elkarri etendurarik edo geldiarazpenik ez egitea.

Auzitegiak, orobat, ukatu egingo ditu egoki eta erabilgarri ez diren parte-hartzeak, eta adierazpena egiteko deitu den alderdiari galderak egin diezazkioke.

3. Adierazleak eta beraren abokatuak berehala aurkara ditzakete manu honen aurreko paragrafoetan aipatu galderak.

Halaber, 303. artikuluan zehaztu oharrak egin ditzakete.

Auzitegiak bidezko dena ebatziko du, erantzuteko hitza eman aurretik.

307 artikulua. Adierazpena egiteari ezezkoa ematea, erantzun iheskorrak eta zehaztugabeak, eta norberaren egitateak onartzea

1. Adierazpena egitera deitu alderdiak hori egiteari ezezkoa ematen badio, auzitegiak berehala ohartaraziko dio, sekretua gordetzeko lege-betebeharrik izan ezean, egiazkotzat har ditzakeela alderdi horren parte-hartze pertsonal izan duten egitateak, egitateok egiazkotzat jotzea horrentzat erabat edo zati batez kaltegarri izan badaiteke ere.

2. Adierazleak eman erantzunak iheskor edo zehaztugabeak badira, auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, aurreko paragrafoan ezarri ohartarazpena egingo dio.

308 artikulua. Norberaren egitateez bestelakoei buruz adierazpena egitea

Galderaren bat egiten bazaio adierazleari, bere egitateez bestelakoei buruz, orduan adierazleak bere jakiteen arabera erantzun beharko du, horren jatorria azalduz. Halakoetan, adierazleak proposa dezake hirugarren batek galdera horri erantzutea, hirugarren horrek bere kabuz ezagutzen baditu egitateok, gaiarekin duen lotura dela eta; adierazleak hirugarren horren adierazpenaren ondorioak onartuko ditu.

Ordezpen hori onartua izan dadin, froga zein alderdik proposatu eta horrek onetsi beharko du ordezpena.

Ordezpena onartu ezean, adierazleak eska dezake aipatu hirugarrenari galdeketa egitea, lekuko gisa; auzitegiak bidezkotzat jotzen duena erabakiko du.

309 artikulua. Pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko erakundeei egindako galdeketa

1. Alderdi adierazlea pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko erakundea bada, eta horren ordezkariak parte hartu izan ez badu prozesuan eztabaidatzen diren egitateetan, inguruabar hori epaiketa baino lehenagoko entzunaldian alegatu beharko du; eta adierazi, galdeketa zein pertsona juridikori edo erakunderi egin eta horren izenean nork parte hartu zuen, berorrek epaiketarako zitazioa jaso dezan.

Ordezkariak eska dezake pertsona horrek lekuko gisa zitazioa jasotzea, baldin eta hori dagoeneko ez bada pertsona juridiko edo nortasunik gabeko erakundearen kide.

2. Pertsona juridikoaren edo nortasunik gabeko erakundearen ordezkariari galdetzen bazaio beraren parte- -hartzea izan ez duten egitateei buruz, galdera horri erantzun beharko dio bere ezagupenen arabera, horien jatorria zein den eta egitateotan alderdiaren izenean parte hartu izan duen pertsona nor izan den adieraziz.

Auzitegiak pertsona horri zitazioa egingo dio, epaiketaz kanpoko galdeketa egiteko, azken eginbide gisa, 435. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren erregelan xedatutakoaren arabera.

3. Aurreko paragrafoetan zehaztu kasuetan, pertsona juridikoaren edo nortasunik gabeko erakundearen ordezkariak ez badaki egitateetan zein pertsonak parte hartu zuen, auzitegiak ulertuko du adierazpen hori erantzun iheskorra dela edo adierazpena egiteari ezezkoa ematen zaiola, 307. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako ondoreekin.

310 artikulua. Adierazleen arteko komunikaziorik eza

Egitate eztabaidagarriak berberak izanik, alderdi bik edo gehiagok, edo, 301. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera, alderdiei parekatutako pertsona bik edo gehiagok, adierazpena egin behar badute, beharrezko neurriak hartuko dira, elkarren artean komunikaziorik ez egoteko, eta galdera eta erantzunen edukia aldez aurretik ez jakiteko.

Antzeko neurria hartuko da, berebat, galdeketari erantzun behar badiote auzikide batzuek.

311 artikulua. Adierazlearen egoitzan eginiko galdeketa

1. Galderak erantzun behar dituen pertsona ezin bada auzitegiaren egoitzara agertu, gaixotasunaren ondorioz edo bestelako inguruabar bereziengatik, orduan, alderdiak hala eskaturik edo ofizioz, adierazlearen egoitzan nahiz bizilekuan egin daiteke adierazpena, epailearen edo auzitegiko kide egokiaren aurrean, idazkari judiziala ere bertan izanik.

2. Adierazlearen egoitzako galdeketan, gainerako alderdiak eta euren abokatuak egon daitezke, inguruabarren arabera berori ezinezkoa ez bada edo erabat desegokia ez bada.

Baina, auzitegiaren ustez, pertsona nahiz tokiaren inguruabarrak kontuan izanda, bidezkoa ez bada gainerako alderdiak eta euren abokatuak bertan egotea, orduan galdeketa egingo da auzitegian eta idazkari judizialaren aurrean. Halakoetan, galdeketa proposatu duen alderdiak galdera-agiria aurkez dezake, auzitegiak galderok egin ditzan, horiek egokitzat jotzen badira.

312 artikulua. Adierazlearen egoitzako galdeketa aktan agertzea

Aurreko artikuluko kasuetan, idazkari judizialak galdera eta erantzunen akta egingo du, horiei buruz beharrezkoak diren inguruabarrak jasota. Akta hori irakur dezake adierazpena egin duen pertsonak berak.

Pertsona horrek ez badaki irakurtzen edo ez badu irakurri nahi, idazkari judizialak irakurriko dio akta, eta auzitegiak itaunduko dio zerbait gehitu edo aldatu nahi duen galdeketa erantzun duenari, pertsona horrek esandakoa idatziz jasoko dela.

Ondoren, adierazleak eta bertan egon direnek sinatuko dute akta, idazkari judizialaren fedepean.

313 artikulua. Laguntza judizialaren bitartez, adierazlearen egoitzan eginiko galdeketa

Galdeketari erantzun behar dion alderdiak bizilekua badu auzitegiaren mugape judizialaz kanpo, eta 169. artikuluko laugarren paragrafoaren bigarren lerrokadan zehaztu inguruabarretatik bat gertatzen bada, orduan laguntza judizialaren bitartez azter daiteke alderdi horrek esan beharrekoa.

Halakoetan, idatzagiriari batuko zaio galdeketa proposatu duen alderdiak eginiko galderen zerrenda, baldin eta horrek hala eskatu badu galdeketa-ekitaldira joan ezin izateagatik.

Auziaren gaineko ardura duen auzitegiak adierazi beharko du galderak egokiak direla.

314 artikulua. Alderdien galdeketa errepikatzeko debekua

Ez da bidezkoa izango 301. artikuluko 2. paragrafoan aipatu alderdi edo pertsonei egindako galdeketa, baldin eta alderdi edo pertsona horiek jada adierazpena egin, eta adierazpen hori eta galdeketa egitate berberei buruzkoak badira.

315 artikulua. Kasu berezietan egindako galdeketa

1. Prozesuan alderdi badira estatua, autonomia-erkidegoa, toki erakundea eta beste herri-erakunde bat, eta auzitegiak horien adierazpena onartzen badu, horiei galderen zerrenda igorriko zaie, epaiketa edo ikustaldiari itxaron gabe, baldin eta auzitegiak egokitzat jotzen baditu alderdi proposatzaileak froga onartzeko unean aurkeztu dituen galderak; halakoetan, galderok idatziz erantzungo dira, eta auzitegiari erantzuna emango zaio, epaiketa edo ikustaldiaren data aurretik.

2. Idatzizko erantzunak epaiketa- -ekitaldian edo ikustaldian irakurri ondoren, auzitegiak egoki eta erabilgarritzat jotzen dituen galdera osagarriak egingo dizkio erantzunak igorri dituen alderdiaren prozesu-ordezkariari; ordezkari horrek behar bezala egiaztatzen badu ezin dituela eman eskatu zaizkion erantzunak, beste galdeketa bat igorriko da idatziz, azken eginbide gisa.

3. 307. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio artikulu honetan arautu adierazpenari.

316 artikulua. Alderdien galdeketa baloratzea

1. Gainerako frogen emaitzetatik kontrakoa ateratzen ez bada, epaian egiazkotzat joko dira alderdi batek egiazkotzat jo dituenak, baldin eta alderdi horrek parte-hartze pertsonala izan badu egitateotan eta horiek egiazkotzat jotzea erabat kaltegarri izan badakioke ere.

2. Gainerakoan, auzitegiek baloratuko dituzte, kritika zintzoaren erregelen arabera, alderdien eta 301. artikuluko 2. paragrafoan aipatu pertsonen adierazpenak, 304 eta 307. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. ATALA

Agiri publikoak

317 artikulua. Agiri publikoen motak

Prozesuan froga-ondoreetarako, agiri publikotzat joko dira honako hauek:

1.) Edozein motatako jardun judizialaren ebazpen eta eginbideak, eta horien inguruan idazkari judizialek egindako lekukotzak.

2.) Notarioak zuzenbidearen arabera eskuetsitakoak.

3.) Merkataritzako artekari elkargokideek eskuetsi dituztenak eta horiek eskuetsi eragiketen ziurtagiriak, ziurtagiriok artekariek luzatutakoak badira eta zuzenbidearen arabera eraman beharreko erregistro-liburuaren aipamena badute.

4.) Jabetza- eta merkataritza-erregistratzaileek erregistro-idazkunei buruz luzatu ziurtagiriak.

5.) Fede emateko legezko ahalmena duten funtzionario publikoek luzatutakoak, baldin eta agiriok euren eginkizunen egikaritzari buruzkoak badira.

6.) Estatuko, herri-administrazioetako edo zuzenbide publikoko beste erakunde batzuen artxibo eta erregistroei buruzko agiriak izanda, organo, administrazio edo erakunde horien xedapenei eta jardunari buruz fede emateko ahalmena zein funtzionariok izan eta horiek luzatutakoak.

318 artikulua. Agiri publikoekin froga eratzeko modua

Agiri publikoek izango dute 319. artikuluan ezarri froga-indarra, baldin eta prozesura ekartzen bada horien jatorrizkoa, edo beraren kopia nahiz ziurtagiri fede-emailea; edo kopia soila, hori aurkeztu izan bada 267. artikuluan zehaztutakoaren arabera, eta kopia soil horren kautotasuna aurkaratu ez bada.

319 artikulua. Agiri publikoen froga-indarra

1. Hurrengo artikuluetako betekizun eta kasuetan, 317. artikuluaren 1. zenbakitik 6.etara zehaztu agiri publikoek froga osoa eratuko dute agirian jaso egitate, egintza edo gauzen egoerari buruz, agiriok egin zireneko datari buruz, fede-emaileen nortasunari buruz, eta, hala denean, agiriotan parte hartu duten gainerako pertsonen nortasunari buruz.

2. 317. artikuluko 5 eta 6. zenbakietara bildu ez diren administrazio-agirien froga-indarrari dagokionez, legeek izaera publikoa eman badiete, agiriok izango dute legeek eman dieten froga-indarra.

Legeotan esanbidezko xedapenik izan ezean, emango den epaiaren ondoreetarako ulertuko da aipatu agiriotara bildutako egitate, egintza edo gauzen egoerak egiazkoak direla, salbu eta bestelako frogabideek ezerezean utzi dutenean agirion egiazkotasuna.

3. Lukurreriaren arloan, auzitegiek kasuan-kasuan emango dute ebazpena, euren ustea askatasunez eratuz, artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoa loteslea izan gabe.

320 artikulua. Agiri publikoaren froga-

balioa aurkaratzea. Alderatzea edo egiaztatzea

1. Agiri publikoaren kautotasuna aurkaratzen bada, agiri horrek froga osoa era dezan, honela jardungo da: 1.) Kopiak, ziurtagiriak edo lekukotza fede-emaileak jatorrizkoekin alderatuko dira, jatorrizkoak dauden tokian daudela.

2.) Merkataritzako artekari elkargokideek eskuetsitako polizak alderatuko dira euren erregistro-liburuko idazkunekin.

2. Idazkari judizialak alderatu edo egiaztatuko ditu agiri publikoak eta euren jatorrizkoak, horretarako jatorrizkoa edo matrizea zein artxibo edo tokitan egon eta bertara joanez; halakoetan, zitazioa jasoko dute alderdiek eta euren defendatzaileek, eta, bertara agertzen badira, euren aurrean egingo du idazkari judizialak agirion alderatzea edo egiaztatzea.

3. Alderatzea edo egiaztatzea egin ondoren, aurkaratu izan den kopia edo lekukotza kautoa eta zehatza dela ulertzen bada, alderatze edo egiaztatze horren kostu, gastu eta eskubideak ordainduko ditu aurkaratzea eskatu duenak soilik;

auzitegiaren ustez, aurkaratzea ausartegia izan bada, horri ezar diezaioke, gainera, 120 eurotik 600rako isuna.

321 artikulua. Lekukotza edo ziurtagiri osatugabea

Agiriaren zati bati buruzko lekukotza edo ziurtagiri fede-emaileek ez du froga osoa eratuko, agiri hori zein auzilarirentzat kaltegarria izan eta auzilari horrek eskatu eranskinekin hura osatu arte.

322 artikulua. Aldera edo egiazta ezin daitezkeen agiri publikoak

1. Hurrengoek froga osoa eratuko dute, egiaztatu edo alderatu beharrik gabe, aurkako frogarik ezean, eta, ahal bada, idazkera alderatzeko ahalmena eskatu ezean:

1.) Protokolorik ez duten eskritura publiko zaharrek eta euren protokolo edo matrizea desagertuta dutenek.

2.) Beste edozein agiri publikok, baldin eta bere izaerarengatik jatorrizkorik ez badu, edo hori alderatu nahiz egiaztatzeko erregistrorik ez badago.

2. Protokoloa, matrizea edo jatorrizko espedienteak desagertu direnean, Kode Zibilaren 1 221. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

323 artikulua. Atzerriko agiri publikoak

1. Prozesuaren ondoreetarako, atzerriko agiriak publikoak direla ulertuko da, baldin eta horiei lege honen 319. artikuluko froga-indarra eman behar bazaie, nazioarteko itun nahiz hitzarmenak edo lege bereziak direla bide.

2. Nazioarteko itun edo hitzarmenak nahiz lege bereziak aplika ezin badaitezke, agiri publikotzat joko dira honako betekizun hauek dituztenak:

1.) Agiria egiletsi edo egitean, berori zein herrialdetan egiletsi eta bertako eskakizunak bete izatea, agiriak epaiketan froga osoa eratu ahal izateko.

2.) Agiriak izatea Espainian kautotzat jotzeko legeztapena edo apostila, eta beharrezkoak diren gainerako betekizunak.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu atzerriko agiriek boron-

datezko adierazpenak jasotzen badituzte, adierazpenok badirela frogatutzat joko da, baina euren eragingarritasuna izango da, negozio juridikoen gaitasun-, objektu- eta forma-arloetan Espainiako eta atzerriko arauek zehaztutakoa.

3. ATALA

Agiri pribatuak

324 artikulua. Agiri pribatuen motak

Prozesuan froga-ondoreetarako, agiri pribatutzat joko dira 317. artikuluko kasuetatik batean ere ez daudenak.

325 artikulua. Froga eratzeko modua

Agiri pribatuak aurkeztuko dira, lege honen 268. artikuluan xedatutako moduan.

326 artikulua. Agiri pribatuen froga--indarra

1. Agiri pribatuek prozesuan froga osoa eratuko dute, 319. artikuluan zehaztu bezala, baldin eta agirion kautotasunak zein alderdiri kalte egin eta horrek kautotasuna aurkaratzen ez badu.

2. Agiri pribatuaren kautotasuna aurkaratzen bada, agiria nork aurkeztu eta horrek eska dezake aditu batek idazkera alderatzea, edo proposa dezake ondore horretarako erabilgarri eta egoki izan daitezkeen frogabideetatik beste edozein.

Alderatzeak edo beste frogabideak agiriaren kautotasuna ondorioztatzen badu, 320. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Agiri horren kautotasuna ezin badaiteke horrela ondoriozta, edo frogarik proposatu ez bada, auzitegiak hori baloratuko du, kritika zintzoaren erregelen arabera.

3. Agiri elektronikoaren eragingarritasunean zein alderdik interesa izan eta horrek hala eskatzen badu, edo agiriaren kautotasuna aurkaratzen bada, Sinadura Elektronikoari buruzko Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

327 artikulua. Merkatarien liburuak

Merkatarien liburuak frogabide gisa erabili behar badira, merkataritza-legeetan xedatutakoaren arabera jardungo da.

Zioak emanez eta salbuespen gisa, auzitegiak erreklama dezake liburuak edo euren euskarri informatikoa bere aurrean aurkeztea, baldin eta aztertu beharreko idazkunak halakoetan zehazten badira.

4. ATALA

Aurreko atal bietarako xedapenak

328 artikulua. Alderdiek elkarri agiriak erakusteko beharra

1. Alderdi bakoitzak gainerakoei eska diezaieke bere esku ez dituen agiriak erakustea, agiriok prozesuaren objektuari edo frogabideen eragingarritasunari buruzkoak badira.

2. Agiria erakusteko eskabideari batuko zaio agiriaren kopia soila, eta, halakorik ez bada edo berori eskatzailearen esku ez badago, orduan agiri horren edukia ahalik eta modu zehatzenean adieraziko da.

329 artikulua. Agiria erakusteari ezezkoa eman eta ezezko horrek dakartzan ondoreak

1. Aurreko artikuluko erakusketa egiteari bidegabe ezezkoa emanez gero, auzitegiak, gainerako frogak kontuan izanik, froga-balioa eman diezaioke erakusketa eskatu duenak aurkeztutako kopia soilari edo horrek agiriaren edukiaren inguruan emandako bertsioari.

2. Aurreko paragrafoan aipatu bidegabeko ezezkoa gertatzen denean, eta paragrafo horretan xedatutakoaren ordez, auzitegiak agindeia agin dezake, probidentzia bidez, zein agiri erakustea eskatu eta agiri horiek prozesura ekartzeko; horixe egingo da, agiriak prozesura ekartzea komenigarria bada, agirion ezaugarriak, ekarritako gainerako frogak, alderdi eskatzaileak aurkeztu uzien edukia eta uziok oinarritzeko alegatutakoa kontuan hartuta.

330 artikulua. Hirugarrenek agiriak erakustea

1. Lege honetan hasierako eginbideei buruz xedatutakoa izan ezik, auzilari ez diren hirugarrenei euren agiriak erakusteko agindeia bakarrik egingo zaie, baldin eta, alderdietako batek hala eskatuta, auzitegiak ulertzen badu epaia emateko erabat garrantzitsua dela agiriok ezagutzea.

Halakoetan, auzitegiak aginduko du, probidentzia bidez, agiriok noren esku egon eta hori bertan agertzeko aginduko du, eta, horrek esan beharrekoa entzun ondoren, bidezkoa dena ebatziko du auzitegiak.

Ebazpen horren aurka ez da errekurtsorik onartuko, baina interesa duen alderdiak bigarren auzialdian egin dezake berriro eskaera.

Hirugarrenak, euren borondatez, agiriok erakusteko prest badaude, ez dira behartuko agiriok idazkaritzan aurkeztera; alabaina, eurek hala galdatzen badute, idazkari judiziala euren egoitzara joango da, agirion lekukotza egitera.

2. Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, ez dira hirugarrentzat joko harreman juridiko eztabaidatuen titularrak edo horiek eragindako harreman juridikoen titularrak, nahiz eta epaiketan alderdi izan ez.

331 artikulua. Erakutsitako agirien lekukotzak

Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera erakusketa nori eskatu eta horrek ez badu agiria utzi nahi, berori auzi-paperei eransteko, idazkari judizialak agiri horren lekukotza emango du auzitegiaren egoitzan, baldin eta hala eskatu badu agiria erakutsi behar duenak.

332 artikulua. Erakunde ofizialek agiriak erakusteko duten eginbeharra

1. Estatuaren, autonomia-erkidegoen, probintzien, toki-erakundeen eta zuzenbide publikoko gainerako erakundeen bulegoek ezin izango diete auzitegiei ukatu, auzitegiok eskatu ziurtagiri etalekukotzak luzatzea, ezta euren bulego eta artxiboetan dauden agiriak erakustea ere. Salbuespena izango da agiriak legez adierazi edo sailkatuta egotea, isilpeko agiri edo agiri sekretu gisa;

halakoetan, auzitegiari zuzenduko diote izaera horren gaineko azalpen zioduna.

2. Sekretuari edo isilpekotasunari buruzko lege-eginbehar berezirik izan ezean, agiriak erakusteko betebeharra izango dute, baita ziurtagiriak eta lekukotzak luzatzekoa ere, aurreko paragrafoan zehaztu bezala, estatuaren, autonomia- erkidegoen, probintzien, udalerrien eta gainerako toki-erakundeen jardunaren gaineko ardura izan edo zerbitzu publikoak gauzatzen dituzten erakunde eta enpresek.

333 artikulua. Idatzizkoak ez diren agirien kopiak egitea

Marrazkien, argazkien, krokisen, planoen, mapen eta nagusiki idatzizko testurik ez duten beste agirien kasuan, jatorrizkoa baino ez bada, alderdiak horren kopia eska dezake erakusketa egiteko unean; halakoetan, idazkari judizialaren aurrean kopia egingo da, eta idazkari judizialak berori jatorrizkoaren erreprodukzio zehatza delako fede emango du.

334 artikulua. Kopia erreprografikoen froga-balioa eta alderatzea

1. Kopia erreprografikoen bidez aurkeztu agiriak zein alderdiri kalte egin eta horrek aurkaratzen badu erreprodukzioaren zehaztasuna, kopia hori jatorrizkoarekin alderatuko da, ahal bada; eta, hori ezinezkoa bada, beraren froga-balioa zehaztuko da, kritika zintzoaren erregelen arabera, gainerako frogen emaitza kontuan izanik.

2. Artikulu honen aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie, berebat, marrazki, argazki, margolan, krokis, plano, mapa eta antzeko agiriei.

3. Idazkari judizialak gauzatuko du artikulu honetan aipatu alderatzea, alderdiek aditu-froga proposatzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

5. ATALA

Adituen irizpena

335 artikulua. Aditu-irizpenaren objektua eta helburua. Objektibotasunez jarduteko zin-egitea edo hitzematea

1. Zientzia- edo erti-jakiteak nahiz jakite tekniko edo praktikoak behar badira auzirako egitate edo inguruabar garrantzitsuak baloratzeko edo horiek egiaztatzeko, alderdiek prozesura ekar dezakete jakite horiek dituen adituaren irizpena, edo alderdiok eska dezakete, lege honek xedatu kasuetan, auzitegiak izendaturiko adituak irizpena ematea.

2. Irizpena ematean, aditu orok adierazi behar du, egia esateko zin-egite edo hitzematearen mende, ahalik eta objektibotasun handienarekin jardun duela eta, kasuan-kasuan, hala jardungo duela; horretarako, kontuan izango du alderdietatik edozeinen aldeko nahiz aurkako guztia. Halaber, adierazi behar du, badakiela zein zigor-zehapen jar dakiokeen aditu gisa duen eginbeharra hautsiz gero.

336 artikulua. Demanda eta erantzunarekin batera, alderdiek izendatu adituen irizpenak ekartzea

1. Auzilariek irizpenak badituzte, eurek izendatu adituek eginak, eta euren eskubideak defendatzeko beharrezko edo egokiak direla ulertzen badute, demanda edo erantzunarekin batera ekarri beharko dituzte irizpenok, baldin eta erantzuna idatziz egin behar bada, lege honen 337. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. Irizpenak idatziz aurkeztuko dira, eta, hala denean, horiei batuko zaizkie adituak aditu-lanaren objektuari buruz bere iritzia azaltzeko egoki diren gainerako agiri, tresna edo materialak.

Material edo tresnok ekartzea ezinezkoa bada edo egoki ez bada, irizpen- -idazkiak behar den besteko azalpena jasoko du horiei buruz.

Irizpenari batu dakizkioke, halaber, berori hobeto baloratzeko egokitzat jotzen diren agiriak.

3. Demandatzaileak zein aditu izendatu eta horrek idatzitako irizpenak demandari batu dakizkiokeela ulertuko da, salbu eta demandatzaileak behar bezala egiaztatu duenean bere eskubidea defendatzeko demanda aurkeztu behar izan duela, eta ezin izan duela aurkezpen hori atzeratu, adituaren irizpena lortu arte.

4. Demanda idatziz erantzun beharreko epaiketetan, demandatuak ezin badu idatzizko irizpenik ekarri, demandaren erantzunarekin batera, orduan egiaztatu beharko du erantzuteko epean, irizpenok eskatu eta lortzea ezinezkoa dela.

337 artikulua. Demanda edo erantzunarekin batera ekarri ezin diren irizpenak iragartzea. Irizpenok geroago ekartzea

1. Alderdiek demanda edo erantzunarekin batera ezin badituzte ekarri eurek izendatu adituek egindako irizpenak, orduan demandan edo erantzunean zehaztuko dituzte eurek kasuan-kasuan baliatu nahi dituzten irizpenak. Irizpenok lortu bezain laster ekarri behar dituzte, aurkako alderdiari helarazteko, betiere epaiketa arrunta baino lehenagoko entzunaldia hasi baino lehen edo hitzezko epaiketako ikustaldiaren aurretik.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, irizpenok ekarri ondoren, alderdiek adierazi behar dute irizpenen egileak agertzea nahi duten lege honen 431. artikuluan eta ondorengoetan arautu epaiketan, edo, hala bada, hitzezko epaiketaren ikustaldian. Halakoetan, alderdiek adierazi beharko dute adituek irizpena azaldu behar duten; edo adituok galderei, eragozpenei edo zuzentzeko proposamenei erantzun behar dieten; edota, auzigaiaren objektuari begira, irizpena ulertu eta baloratzeko beste modu erabilgarriren batean parte hartu behar duten.

338 artikulua. Demandaren osteko

prozesu-jardunaren ondorioz, irizpenak ekartzea. Adituek epaiketan edo ikustaldian parte hartzeko eskabidea

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta irizpenen beharra edo erabilgarritasuna azpimarratzen bada, demandatuak demandari erantzutean egindako alegazioen ondorioz edo entzunaldian onartu alegazio edo uzi osagarrien ondorioz, lege honen 426. artikuluaren arabera.

Kasu horretan, auzitegiak agin dezake, gainera, epaiketa edo ikustaldian adituak egotea, aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

339 artikulua. Auzitegiari adituak

izendatzeko eskabidea egitea eta eskabide horri buruzko ebazpen judiziala.

Auzitegiak adituak izendatzea, alderdiak hala eskatu gabe

1. Alderdietatik edozein doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra bada, alderdi horrek ez du ekarri beharko adituaren irizpena demanda edo erantzunarekin batera, berori iragarri baino, adituaren izendapen judiziala gauzatze-ondoreetarako, Doako Laguntza Juridikoaren Legean ezarritakoaren arabera.

2. Halaber, demandatzaile edo demandatuak aurreko paragrafoko kasuan ez badaude ere, bakoitzak bere hasierako idazkian eska dezake adituaren izendapen judiziala gauzatzea, baldin eta uste badute adituaren txostena euren interesentzat egoki edo beharrezkoa izan daitekeela.

-

Irizpena nork eskatu eta horren kontura izango da berori, kostuen arloan agin daitekeenari kalterik egin gabe.

Demanda edo erantzunaren ostean ezin izango da eskatu auzitegiak izendatu adituak egindako txostena, txosten hori demandan ez dauden alegazio edo uziei buruzkoa denean izan ezik.

Demandaren erantzuna noiz aurkeztu eta handik bost egunera egin beharko da adituaren izendapen judiziala, izendapena nork eskatu duen kontuan izan gabe.

Alderdi biek hasieran izendapen hori eskatu badute, auzitegiak aditu bakarra izenda dezake eskatu txostena egiteko, alderdiok ados badaude;

halakoetan, adituari auzilari biek ordainduko diote erdi bana, kostuen arloan agin daitekeenari kalterik egin gabe.

3. Epaiketa arruntean, entzunaldian baimendutako alegazio edo uzi osagarrien ondorioz, alderdiek eskatzen badute auzitegiak irizpena egingo duen aditua izendatzea, 427. artikuluko laugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzitegiak hala aginduko du, betiere auzitegiak irizpena egoki eta erabilgarritzat jotzen duenean, eta alderdi biak ados daudenean aditu-lanaren objektuarekin eta auzitegiak izendatu adituaren irizpena onartzearekin.

Auzitegiak hori egin dezake, halaber, hitzezko epaiketan, baldin eta alderdiek adituaren izendapena eskatzen badute, aurreko lerrokadako betekizunekin.

4. Aurreko paragrafo bietan adierazi kasuetan, zein alderdik eskatu auzitegiak aditua izendatzea eta alderdi horiek ados badaude irizpena pertsona edo erakunde zehatz batek egitean, hala aginduko du auzitegiak.

Alderdiak ados ez badaude, aditua izendatuko da 341. artikuluan xedatutako prozeduraren bitartez.

5. Auzitegiak ofizioz izenda dezake aditua, baldin eta aditu-lana egoki bada, prozesua seme-alabatasun, aitatasun eta amatasunaren adierazpen edo aurkarapenari buruzkoa izanik, pertsonen gaitasunari buruzkoa izanik, edo ezkontzaren ingurukoa izanik.

6. Auzitegiak aditu-lanaren arazo bakoitzeko edo arazo-multzo bakoitzeko, aditu titular bat baino ez du izendatuko, baldin eta arazootan aditu ezberdinen iritzia behar ez bada, gaiaren aniztasuna dela eta.

340 artikulua. Adituen baldintzak

1. Adituek izan behar dute irizpena zein gairi buruzkoa izan eta zein izaeratakoa, eta gai eta izaera horiei dagokien titulu ofiziala.

Lanbide-titulu ofizialik ez duten gaietan, adituak izendatuko dira, gaiotako jakitun direnen artean.

2. Halaber, aditu-lana zein gairi buruzkoa izan eta horren ikerketan aritzen diren akademiei eta kultura- nahiz zientzia-erakundeei irizpena eska dakieke.

Arazo zehatzen inguruan legez gaitutako pertsona juridikoek ere irizpena egin dezakete.

3. Aurreko paragrafoko kasuetan, irizpena zein erakunderi eskatu eta horrek lehenbailehen adierazi behar du irizpena noren edo nortzuen zuzeneko ardurapean egongo den; pertsona horiei galdatuko zaie 335. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutako zin-egite edo hitzematea.

341 artikulua. Auzitegiak aditua izendatzeko prozedura

1. Urtero-urtero, urtarrilean, lanbide elkargoei, edo, horiek ezean, antzeko erakundeei, eta aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu akademia eta kultura- nahiz zientzia-erakundeei eskatuko zaie aditu gisa jarduteko prest dauden elkargokide edo elkarkideen zerrenda.

Zerrenda bakoitzaren lehen izendapena zozketa bidez egingo da, berori idazkari judizialaren aurrean egingo dela, eta, izendapen horretatik hasita hurrenez hurren, ondorengo izendapenak egingo dira.

2. Titulu ofizialik ez duen pertsonaren bat izendatu behar bada aditu, gaian trebe edo jakitun delako, orduan, alderdien aurretiazko zitazioa egin ondoren, izendapena egingo da, aurreko paragrafoan zehaztu prozeduraren bitartez. Halakoetan, urtero-urtero sindikatu, elkarte eta erakunde egokiei eskatu zerrenda erabiliko da bat, zerrenda horiek bost pertsonak osatuko dutela gutxienez.

Irizpenaren gaia zein izan eta horren berezitasuna dela eta, pertsona trebe edo jakitun bakar baten izena baino ez badago, alderdiei eskatuko zaie euren adostasuna, eta alderdi guztiak ados daudenean bakarrik izendatuko da pertsona hori aditu gisa.

342 artikulua. Izendatutako aditua deitzea, horren onarpena eta izendapena. Funts-hornikuntza

1. Izendapenetik bost egunetako epean, hori komunikatuko zaio aditu titularrari, eta, beste bost egunetako epean, aginduko zaio kargua onartzen duen adieraz dezan.

Baiezko kasuan, izendapena egingo da, eta adituak egingo du, xedatutako eran, 335. artikuluko 2. paragrafoan agindu zin-egitearen edo hitzematearen adierazpena.

2. Izendatutako adituak onarpena eragozten duen arrazoi zuzena eman, eta auzitegiak arrazoi hori behar bestekotzat jotzen badu, zerrendan hurrengoa nor izan eta horrek ordeztuko du izendatutako aditua, eta horrela, hurrenez hurren, adituaren izendapena lortu arte.

3. Izendatutako adituak eska dezake, bere izendapenetik hurrengo hiru egunetan, beharrezkotzat jotzen duen funts-hornikuntza, hori azken likidazioaren kontura izango dela.

Auzitegiak, probidentzia bidez, eskatu hornikuntzaren inguruan erabakia hartuko du, eta, alderdiak edo alderdiek doako laguntza juridikorako eskubiderik ez badute, zeinek aditu-froga proposatu eta horrek edo horiek ordaindu beharko dute kopuru hori, bost eguneko epean, auzitegiaren gordailuetarako eta zainpean uzteko kontuan.

Epe hori igaro ondoren, zehaztu kopurua ez bada gordailuan jarri, aditua irizpena emateko salbuetsita geratuko da, beste izendapenik egitea ezin izango dela.

Aditua alderdien adostasunez izendatua izan bada, eta auzilarietatik batek berari dagokiona zainpean uzten ez badu, beste auzilariari aukera emango zaio, dela faltan den kopurua jartzeko, halakoetan berak adieraziz zein diren irizpenaren gaiak, dela gordailuan jarritako kopurua berreskuratzeko, halakoetan aurreko lerrokadan xedatutakoa aplikatuz.

343 artikulua. Adituak narriopean jartzea. Narrioen aldia eta modua

1. Auzitegiak izendatu adituak bakarrik izan daitezke ezetsiak.

Ezetsi ezin diren adituak, ordea, narriopean jar daitezke, honako inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1.) Alderdi baten edo horren abokatu nahiz prokuradoreen ezkontide edo senide izatea laugarren gradu zibilean, dela odol bidez, dela ezkontza bidez.

2.) Auzian edo horren antzeko beste batean, zuzeneko edo zeharkako interesa izatea.

3.) Alderdiren batekin edo horren abokatu nahiz prokuradoreekin, une horretan edo iraganean, mendekotasun- egoera, erkidegoa edo interes-gatazka izatea.

4.) Alderdietatik edozeinekin edo horien prokuradore nahiz abokatuekin, adiskidetasun estua edo areriotasuna izatea.

5.) Lanbidean galera dakarten inguruabarretatik beste edozein gertatzea, hori behar bezala egiaztatuz.

2. Epaiketaren ondoren, edo ikustaldiaren ondoren, hitzezko epaiketetan ezin izango dira narrioak aurkeztu.

Epaiketa arruntaren kasuan, demanda edo erantzunarekin batera ekarritako irizpenen egile diren adituen narrioak proposatuko dira, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian.

Adituen narrioak aurkeztean, horiek egiaztatzeko frogak proposatuko dira, lekukoen froga izan ezik.

344 artikulua. Narrioaren aurka jartzea eta hori baloratzea. Zehapena, narrio ausart edo desleialaren kasuan

1. Interesa duten alderdietatik edozein auzitegiari zuzen dakioke, narrioa ukatu edo gezurtatzeko, ondore horretarako egoki diren agiriak ekarriz.

Narrioak adituaren ospe onari kalte egiten badio, beraren lanbidean nahiz eremu pertsonalean, aditu horrek auzitegiari eska diezaioke narrioak oinarririk ez duela adieraz dezan, prozesua bukatu ondoren, probidentzia bidez.

2. Izapide gehiagorik gabe, auzitegiak kontuan izango ditu froga baloratzean narrioa eta horren balizko ukatze edo gezurtatzea, eta, hala denean, aurkeztuko du aurreko paragrafoan xedatu narrioaren oinarririk ezaren adierazpena, probidentzia bidez.

Narrioan prozesuko ausarkeria edo desleialtasuna aintzat hartzen badu auzitegiak, narrio hori nola arrazoitu den edo noiz aurkeztu den ikusita, alderdi erantzuleari ezar diezaioke, alderdi horrek esan behar duena entzun ondoren, 60 eurotik 600 eurorako isuna.

345 artikulua. Aditu-lanaren eragiketak eta alderdiek horietan parte hartu ahal izatea

1. Irizpena egiteko, toki, objektu edo pertsonen azterketa egin behar bada, edo antzeko eragiketak egin behar badira, alderdiak eta euren defendatzaileak azterketa horietan eta eragiketotan egon daitezke, baldin eta horrek adituaren lana eragotzi edo oztopatzen ez badu, eta irizpenaren zuzentasuna eta alderdikeriarik eza berma badaiteke.

2. Alderdietatik edozeinek eskatzen badu aurreko paragrafoko eragiketetan egotea, auzitegiak bidezkoa dena erabakiko du; auzitegiak egote hori onartuz gero, adituari aginduko dio alderdiei zuzeneko abisua eman diezaien, eragiketok gauzatuko diren egun, ordu eta tokiaren inguruan, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

346 artikulua. Auzitegiak izendatu adituak irizpena egitea eta berori berrestea

Auzitegiak izendatu adituak idatziz egingo du bere irizpena, eta auzitegiari helaraziko dio irizpen hori, auzitegiak adierazi epean.

Irizpena alderdiei helaraziko zaie, alderdiok uste izan dezaketelako aditua epaiketa edo ikustaldian agertzea beharrezkoa dela, argibide-ondoreetarako edo azalpen egokiak emate-ondoreetarako

edozein kasutan auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, aditua epaiketa edo ikustaldian agertzea beharrezkotzat jotzen duela, egindako irizpena hobeto ulertu eta baloratzeko.

347 artikulua. Adituen parte-hartzea epaiketa edo ikustaldian

1. Adituek epaiketa edo ikustaldian izango dute alderdiek eskatu parte-hartzea, baldin eta auzitegiak hori onartu badu.

Auzitegiak parte-hartzearen inguruko eskabideak baztertuko ditu, bakarrik, horiek desegokiak badira edo erabilgarriak ez badira, euren helburu eta edukiagatik.

Bereziki alderdiek eta euren defendatzaileek eska dezakete:

1.) Irizpenaren azalpen osoa, baldin eta azalpen horrek beste eragiketa batzuk gauzatzea badakar, eragiketok ekarritako idazkiaren osagarri izanik, 336. artikuluko 2. paragrafoan aipatu agiri, material eta bestelako osagaiak erabiliz.

2.) Irizpena edo horren zati batzuk azaltzea, baldin eta horien esanahia froga-ondoreetarako guztiz adierazgarria ez bada.

3.) Galderei eta eragozpenei erantzuna ematea, horiek irizpenaren metodo, premisa, ondorio eta bestelakoei buruzkoak izanik.

4.) Irizpenak zein gairekin lotura izan eta gai horietara irizpena zabaltzearekin zerikusia duten eskabideei erantzuna ematea, horiek ekitaldi berean gauza badaitezke, eta, edozein kasutan, adituaren iritzia ezagutzeko asmoarekin, zabaltze horren aukera eta erabilgarritasun, eta berori gauzatzeko beharrezko epearen inguruan.

5.) Aurkako alderdiaren adituak irizpenari egindako kritika.

6.) Aditua uki dezaketen narrioak adieraztea.

2. Auzitegiak ere galderak egin diezazkieke adituei eta ekarritako irizpenaren objektuari buruzko azalpenak eskatuko dizkie; baina auzitegiak ezin dezake ofizioz agindu irizpena zabaltzea, salbu eta auzitegiak izendatu dituen adituak direnean, 339. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

348 artikulua. Adituaren irizpena baloratzea

Auzitegiak baloratuko ditu adituen irizpenak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

349 artikulua. Idazkera alderatzea

1. Adituak idazkera alderatuko du, baldin eta agiri pribatuak zein alderdiri kalte egin eta horrek agiriaren kautotasuna onartzen ez badu edo zalantzan jartzen badu.

2. Idazkera aldera daiteke, halaber, Kode Zibilaren 1.221. artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta matrizerik edo kopia fede-emailerik ez duten agiri publikoetatik edozeinen kautotasuna onartu ez bada edo hori zalantzan jarri bada; hala jardungo da, baldin eta agiri publiko hori luzatu duen funtzionarioak edo fede-emaile parte-hartzaile gisa agertzen denak ezin badu berori aitortu.

3. Idazkera alderatuko du auzitegiak izendatu adituak, lege honen 341 eta 342. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

350 artikulua. Alderatzea egiteko, zalantzarik gabeko agiriak edo idazketa- multzoa

1. Idazkera zein alderdik alderatu eta horrek adieraziko du, berori zein agiri zalantzagaberekin egin behar den.

2. Idazkera alderatzeko, ulertuko da honako hauek zalantzarik gabeko agiriak direla:

1.) Aditu-frogak zein alderdi ukitu eta alderdi horiek guztiek halakotzat aitortu dituzten agiriak.

2.) Eskritura publikoak eta nortasun- agiri nazionalari buruz artxibo publikoetan ageri direnak.

3.) Zalantzagarritasuna eratxikitzen zaion alderdiak agiri pribatuek daramaten letra edota sinadura epaiketan aitortzea.

4.) Aurkaratutako idazkia, berorrek nori kalte egin eta horrek idazkera berea dela onartu zatian.

3. Aurreko paragrafoan aipatu agirietatik kanpo, aurkaratutako agiria, edo agiria baimentzen duen sinadura zein alderdiri eratxiki eta horri errekeritu ahal izango zaio, aurkako alderdiak hala eskatuta, idazketa-multzoa egiteko, berori auzitegiak edo idazkari judizialak diktatuz.

Errekerituak idazketa-multzoa egiteari ezezkoa ematen badio, ulertuko da aurkaratu agiria aitortu dela.

4. Zalantzarik gabeko agiririk ez badago eta idazketa-multzoarekin alderatzea ezinezkoa bada, berori egin behar zuena hilda edo absente dagoelako, aurkaratu agiriaren balioa aintzat hartuko du auzitegiak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

351 artikulua. Idazkera alderatzeari buruzko irizpena gauzatzea eta baloratzea

1. Idazkera alderatzea zein adituk egin eta horrek idatziz jasoko ditu egiaztapen-eragiketak eta euren emaitzak.

2. Idazkera alderatzeari buruzko aditu-irizpenari aplikatuko zaio lege honen 346, 347 eta 348. artikuluetan xedatutakoa.

352 artikulua. Beste froga batzuen gaineko aditu-irizpenak

Frogaren edukia edo esangura jakiteko edo horren balorazioa hobeto egiteko beharrezkoa edo egoki bada, alderdiek ekar edo proposa ditzakete auzitegiak onartutako beste frogabide batzuen gaineko aditu-irizpenak, 299. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

6. ATALA

Azterketa judiziala

353 artikulua. Azterketa judizialaren objektua eta helburua, eta horretarako ekimena

1. Azterketa judiziala aginduko da, egitateak argitu eta aintzat hartzeko beharrezko edo egoki bada auzitegiak berak toki, objektu edo pertsonaren bat aztertzea.

2. Auzitegiak azterketa judizialaren zabaltasunaz uste duenari kalterik egin gabe, azterketa zein alderdik eskatu eta alderdi horrek adierazi beharko ditu azterketaren gai garrantzitsuenak eta ekitaldira arlo horretan teknikari edo praktiko batekin agertzeko asmorik duen.

Beste alderdiak proposa ditzake, azterketa judiziala gauzatu aurretik, bere intereseko dituen beste gai batzuk; alderdi horrek adierazi beharko du, halaber, ekitaldira aurreko lerrokadan adierazi pertsona batekin agertzeko asmorik duen.

3. Auzitegiak, bost egun lehenago gutxienez, azterketa judiziala gauzatu beharreko egun eta ordua adieraziko ditu.

354 artikulua. Azterketa judiziala gauzatzea, eta alderdien eta adituen parte-hartzea

1. Auzitegiak agin dezake azterketaren eragingarritasuna lortzeko beharrezko diren neurrietatik edozein, kasurako, aztertu beharreko tokian sartzeko agindua edo aztertu beharreko objektua edo pertsona zein tokitan egon eta bertara sartzekoa.

2. Alderdiak, euren prokuradoreak eta abokatuak azterketa judizialera joan daitezke, eta auzitegiari ahoz egin diezazkiokete egokitzat dituzten oharrak.

3. Auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, uste badu egokia dela aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu pertsonen oharrak edo adierazpenak entzutea, orduan horiei aldez aurretik jasoko die egia esateko zin-egitea edo hitzematea.

355 artikulua. Pertsonen gaineko azterketa

1. Pertsona zehatz bati buruzko azterketa judiziala gauzatuko da, auzitegiak egindako galdeketaren bidez; galdeketa hori kasuan kasuko beharrizanaren araberakoa izango da.

Alderdiek galdeketa horretan parte har dezakete, auzitegiaren ustez parte-hartze horrek nahasmendurik eragiten ez badu, eginbidea behar den moduan gauzatzeko; galdeketa hori egin daiteke, ateak itxita edo auzitegiaren egoitzatik kanpo, inguruabarren arabera hori komenigarri bada.

2. Edozein kasutan ere, azterketa judiziala gauzatzean, bermatuko da pertsonaren duintasunari eta bizitza pribatuari zor zaien errespetua.

356 artikulua. Azterketa judiziala eta adituaren azterketa aldi berean egitea

1. Auzitegiak egokitzat jotzen badu, probidentzia bidez agin dezake ekitaldi berean azterketa judiziala eta adituarena gauzatzea, azterketok toki, objektu edo pertsona berari buruzkoak izanez gero; halakoetan, atal honetan xedatutako prozedura beteko da.

2. Alderdiek ere eska dezakete azterketa biak aldi berean gauzatzea, eta auzitegiak, bidezkotzat jotzen badu, horixe aginduko du.

357 artikulua. Azterketa judiziala eta lekuko-froga aldi berean egitea

1. Auzitegiak zehatz dezake, probidentzia bidez, alderdiak hala eskatuta eta horren kontura, lekukoak aztertuak izatea, azterketa judiziala egin eta berehala, baldin eta tokiari, gauzei edo pertsonei so egiteak argitasuna ekar badezake lekukotzaren inguruan.

2. Halaber, alderdiak hala eskatuta, aurkako alderdiaren galdeketa gauza daiteke, aurreko paragrafoko inguruabarrak gertatuz gero.

358 artikulua. Azterketa judizialaren akta

1. Idazkari judizialak jasoko du gauzatu azterketa judizialaren akta xehea; bertan argiro jasoko ditu auzitegiaren usteak eta balorazioak, bai eta alderdiek eta 354. artikuluan aipatu pertsonek egindako oharrak ere.

2. Aktan jasoko da, halaber, azterketa judizialaren ekitaldian bertan gauzatu gainerako froga-jarduna, 356 eta 357. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

359 artikulua. Azterketa judiziala agerrarazteko, baliabide teknikoak erabiltzea

Azterketa judizialaren objektua eta horretan parte hartzen dutenen adierazpenak agerrarazteko, irudia eta soinua grabatzeko baliabideak edo antzeko beste tresna batzuk erabiliko dira; gainera, akta egin beharko da, eta horretan jasoko dira grabazioak, erreprodukzioak edo azterketak identifikatzeko beharrezko den guztia. Auzitegiak gorde beharko ditu horiek guztiak, aldaketarik izan ez dezaten.

Aurreko baliabide edo tresnen bitartez grabatu edo aldez aurretik jasotakoa erreproduzitzeko modukoa bada, kautotasun- bermeak izanik, kopia hori zein alderdiren interesekoa izan, eta alderdi horrek auzitegiari eska diezaioke kopia, eta berarengandik lortu ere, alderdi horren kontura.

7. ATALA

Lekukoen galdeketa

360 artikulua. Frogaren edukia

Alderdiek eska dezakete lekuko gisa adierazpena egin dezaten egitate eztabaidagarrien berri duten pertsonek, egitateok epaiketaren objektuari buruzkoak badira.

361 artikulua. Lekuko izateko egokitasuna

Pertsona guztiak izan daitezke lekuko, arrazoimenez edo zentzumenen erabileraz era iraunkorrean gabetutakoak izan ezik, zentzumen horien bitartez bakar-bakarrik jakin daitezkeen egitateen kasuan.

Hamalau urtekoak baino gazteagoak direnek lekuko gisa adieraz dezakete, auzitegiaren ustez adimena badute, era egiazkoan ezagutzeko eta adierazteko.

362 artikulua. Lekukoak izendatzea

Lekuko-froga proposatzean, adieraziko da lekukoen nortasuna, eta, ahal bada, izen-abizenak, lanbidea, eta euren egoitza edo bizilekua.

Halaber, lekukoa izenda daiteke, berorren kargua edo berori identifikatzeko balio duten inguruabarretatik beste edozein aipatuz, baita lekuko horri zitazioa egiteko tokia adieraziz ere.

363 artikulua. Lekukoen kopurua mugatzea

Alderdiek zenbat lekuko egokitzat jo eta horiek guztiak proposa ditzakete; alabaina, egitate eztabaidagarri bakoitzeko hiru baino gehiago proposatuz gero, hirutik gorakoen gastuak lekukook aurkeztu alderdiaren kontura izango dira.

Auzitegiak, egitate eztabaidagarri bati buruz, gutxienez hiru lekukoren lekukotza entzun badu, egitate horrekiko faltan diren lekuko-adierazpenak alde batera utz ditzake, baldin eta egindakoen bidez nahiko argi geratu bada harakoa.

364 artikulua. Lekukoaren adierazpena beraren egoitzan

1. Gaixotasunarengatik edo 169. artikuluaren 4. paragrafoko bigarren lerrokadan aipatu zioetatik beste edozeinengatik, auzitegiak uste badu lekukoren bat ezin dela agertu auzitegiaren egoitzan, orduan lekuko horri beraren egoitzan hartuko zaio adierazpena, zuzenean edo laguntza judizialaren bitartez, lekukoaren egoitza auzitegiaren mugapean dagoen ala ez kontuan hartuta.

Adierazpen horretara ager daitezke alderdiak eta euren abokatuak; eta, agertu ezin badira, horiei baimenduko zaie aurretiazko galdeketa idatzia aurkeztea, galdeketa jaso behar duen lekukoari egin beharreko itaunekin.

2. Kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik, auzitegiak uste badu ez dela zuhurra alderdi eta euren abokatuei baimena ematea, egoitzan egiteko den adierazpenera joan daitezen, lekukoak zein erantzun eman eta erantzun horiek helaraziko zaizkie alderdioi, hiru eguneko epean; epe horretan, alderdiek beste galdera osagarri batzuk egin diezazkiokete lekukoari, eta argibide egokiak eska diezazkiokete, 372. artikuluan xedatutakoaren arabera.

365 artikulua. Lekukoen zin-egitea edo hitzematea

1. Adierazpena egin aurretik, lekuko bakoitzak egia esango duelako zin egin edo hitz emango du, auzi zibilean lekukotza faltsuaren delituarentzat xedatu zigorrekin hura ohartaraziz; zigor horien inguruan, auzitegiak lekukoari azalpenak emango dizkio, lekuko horrek zigorrei buruzko jakiterik ez duela adierazten badu.

2. Lekuko adingabeen kasuan, ez zaie horiei galdatuko egia esango dutelako zin-egitea edo hitzematea.

366 artikulua. Lekukoek nola egin behar duten adierazpena

1. Lekukoek banan-banan eta hurrenez hurren egingo dute adierazpena, proposamenen hurrenkerari jarraituz, auzitegiak hori aldatzeko ziorik aurkitu ezean.

2. Lekukoek ezin izango dute euren artean komunikaziorik izan, eta batzuk ezin izango dira besteen adierazpenetara joan.

Helburu horretarako, beharrezko diren neurriak hartuko dira.

367 artikulua. Lekukoari egin beharreko galdera orokorrak

1. Auzitegiak beti galdetuko dio lekuko bakoitzari hasieran:

1.) Zeintzuk diren beraren izen- -abizenak, adina, egoera, lanbidea eta egoitza.

2.) Auzilari baten edo horren abokatu nahiz prokuradoreen ezkontidea edo senidea den ala izan den; hala bada, gradua adieraziz, dela odol bidez dela ezkontza bidez; edo haiekin adopzio-, tutoretza- edo antzeko loturak dituen.

3.) Lekukoa proposatu duen alderdiaren, edo horren prokuradore nahiz abokatuaren mendeko den ala izan den, edota horien zerbitzupean aritu izan den edo ari den, edota haiekin interes erkide edo kontrajarriko harremanak dituen ala izan dituen.

4.) Auzi horretan edo antzeko batean zuzeneko nahiz zeharkako interesa duen.

5.) Auzilarietatik baten edo horren prokuradore nahiz abokatuen lagun mina edo arerioa den.

6.) Lekukotza faltsuarengatik noizbait kondenatua izan den.

2. Aurreko paragrafoko galderei lekukoak emandako erantzunak kontuan izanik, alderdiek auzitegiari adieraz diezazkiokete lekuko horren alderdikeriarik ezari buruzko inguruabarrak.

Auzitegiak lekukoari galderak egin diezaizkioke inguruabarron inguruan, eta horretarako aginduko du galderak eta erantzunak aktan jasotzea, epaia ematean adierazpenen balorazioa egin ahal izateko.

368 artikulua. Egindako galderen edukia eta onargarritasuna

1. Lekukoari aurkeztu galderak ahoz eta baiezkoan egingo dira, eta behar bezalako argitasun eta zehaztasunarekin.

Galderok ez dute balorazio edo kalifikaziorik barneratu behar, eta, halakoak barruratzen badira, jarri ez direla ulertuko da.

2. Auzitegiak galdeketa-ekitaldian bertan erabakiko du aurkeztu galderen inguruan, egitate eta inguruabar eztabaidagarriak ikertzeko erabilgarri izan daitezkeenak onartuz, baldin eta horiek epaiketaren objektuei lotuta badaude.

Ez dira onartuko 360. artikuluaren arabera lekukoaren berezko jakiteei buruzkoak ez diren galderak.

3. Galderaren bat onartu ez baina horri erantzuna ematen bazaio, aktan ez da erantzuna jasoko.

369 artikulua. Galderen onarpena aurkaratzea eta ez-onartzearen aurkako protesta

1. Galdeketa-ekitaldian bertan, galdera zein alderdik egin ez eta alderdi horiek aurkara dezakete horren onarpena, eta galderan dauden balorazio eta kalifikazioak azpimarra ditzakete, euren ustez bidegabe badira eta egin izan ez direla ulertu behar bada.

2. Galderak ez onartzearekin ados ez dagoen alderdiak hala adierazi eta bere protesta aktan jasotzea eska dezake.

370 artikulua. Onartutako galderei buruz lekukoa aztertzea. Lekuko-aditua

1. Galdera orokorrak erantzun ondoren, lekukoa zein alderdik proposatu eta alderdi hori hasiko da lekukoa aztertzen; eta alderdi biek proposatu badute lekukoa, azterketa hasiko da demandatzaileak egindako galderekin.

2. Lekukoak berak ahoz erantzungo du, erantzunen zirriborrorik gabe.

Kontu, liburu edo agiriei buruzkoa bada galdera, lekukoak horiek kontsulta ditzake erantzun aurretik.

3. Erantzun bakoitzean lekukoak zer adierazi eta hori nola jakin duen azalduko du.

4. Lekukoak zientzia-jakiteak edo jakite teknikoak, erti-jakiteak edo jakite praktikoak baditu, jakiteok galdeketaren egitateei buruzkoak izanik, auzitegiak onartuko ditu egitate horiei buruzko erantzunetan lekukoak, jakiteok direla eta, erantsitako adierazpenak.

Adierazpen horietan, alderdiek auzitegiari adieraz diezaiokete lege honen 343. artikuluan aipatu narrio-inguruabarretatik edozein gertatzen dela.

371 artikulua. Sekretua gordetzeko beharra duten lekukoak

1. Lekukoak galdeketaren egitateei buruz sekretua gordetzeko beharra badu, bere egoera edo lanbidearengatik, horixe adieraziko du arrazoiak emanez, eta auzitegiak zuzenbidean egoki dena ebatziko du, probidentzia bidez adierazpena egiteko ezetzaren oinarria kontuan izanik.

Lekukoa erantzuna ematetik askatu bada, hori jasoko da aktan.

2. Lekukoak alegatzen badu galdetutako egitateak legez isilpeko gisa edo sekretu gisa adierazi edo sailkatutako arlo bati buruzkoak direla, eta auzitegiak uste badu Justizia Administrazioaren interesak asetzeko beharrezkoa dela, orduan, ofizioz eskatuko dio organo eskudunari, probidentzia bidez, izaera hori egiaztatzeko agiri ofiziala.

Auzitegiak isilpeko izaerari edo sekretu izaerari buruz egindako alegazioaren arrazoia egiaztatu ondoren, aginduko du agiri hori auzi-paperei batzea, sekretu ofizialak ukitutako galderak zeintzuk diren agerraraziz.

372 artikulua. Alderdiek galdeketan parte hartzea eta galdeketa zabaltzea

1. Lekuko-froga proposatu duen alderdiaren abokatuak galderak egin eta galdera horiei erantzuna eman ondoren, gainerako alderdietatik edozeinen abokatuek egitateak zehazteko beste galdera batzuk egin diezazkiokete lekukoari.

Auzitegiak errefusatu egin beharko ditu egoki edo erabilgarri ez diren galderak.

Galderok onartzen ez badira, 369. artikuluko 2. paragrafoan ez-onartzearekin ados ez egoteari buruz xedatutakoa aplikatuko da.

2. Auzitegiak ere galdeketa egin diezaioke lekukoari, behar diren argibideak eta eransketak lortzeko.

373 artikulua. Lekukoen arteko bekaldura, eta lekukoen eta alderdien artekoa

1. Lekukoak kontraesan larrietan erortzen badira, auzitegiak agin dezake, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, lekukoon arteko bekaldura.

2. Halaber, kasuan kasuko adierazpenak kontuan izanik, alderdien eta lekuko baten nahiz batzuen arteko bekaldura egitea agin daiteke.

3. Artikulu honek aipatutako jarduna eskatu behar da galdeketa amaitzean, eta, halakoetan, lekukoari alde egiteko debekuaz ohartaraziko zaio, jardun hori jarraian gauza dadin.

374 artikulua. Lekukoen adierazpenak jasotzeko modua

Ikustaldian edo epaiketan egindako lekuko-adierazpenak agirietan jarriko dira, 146. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

375 artikulua. Lekukoentzako kalteordainak

1. Adierazpena egin duten lekukoek eskubidea dute, lekukook zein alderdik proposatu eta horrengandik kalte-ordaina jasotzeko, agerraldiak eurei eragin dizkien gastu eta kalteengatik, kostuen arloan erabaki daitekeenari kalterik egin gabe.

Alderdi batek baino gehiagok lekuko bera proposatu badute, kalte- ordainaren zenbatekoa horien artean hainbanatuko da.

2. Auzitegiak, auto bidez, zehaztuko du kalte-ordainaren zenbatekoa, horretarako ekarritako datu eta inguruabarrak kontuan hartuz.

Auto hori epaiketa edo ikustaldia amaitu ondoren emango da, eta horren aurka birjartze-errekurtsoa baino ezin da jarri.

Kalte-ordaina eman behar duen alderdiak edo alderdiek hori egiten ez badute, aurreko lerrokadan aipatu ebazpena irmo denetik hamar egunetako epean, lekukoak zuzenean jo dezake premiamendu- prozedurara.

376 artikulua. Lekukoen adierazpenak baloratzea

Auzitegiek baloratuko dute lekukoek egindako adierazpenen froga-indarra, kritika zintzoaren erregelen arabera. Horretarako, kontuan izango dituzte horiek emandako jakintza-modua, lekukoon inguruabarrak, eta, hala denean, aurkeztu narrioak eta narrioen gainean gauzatu frogen emaitzak.

377 artikulua. Lekukoak narriopean jartzea

. 367. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, alderdi bakoitzak narriopean jar ditzake aurkako alderdiak proposatu lekukoak, baldin eta, lekukooi dagokienez, honako arrazoietatik bat gertatzen bada:

11.) Aurkeztutako auzilariaren edo horren abokatu nahiz prokuradorearen ezkontidea edo senidea izatea, orain edo iraganean, laugarren gradu zibilean, dela odol bidez dela ezkontza bidez, edo horiekin adopzio-, tutoretza- edo antzeko lotura izatea.

2.) Lekukoa, adierazpena egitean, berori proposatu alderdiaren, horren prokuradorearen nahiz abokatuaren mendeko izatea, edo horien zerbitzupean aritzea, edota horiekin edozein sozietate- nahiz interes-harremanak izatea.

3.) Auzian zuzeneko edo zeharkako interesa izatea.

4.) Auzilarietatik baten edo horren abokatu nahiz prokuradorearen lagun mina edo arerioa izatea.

5.) Lekukoa kondenatua izatea, lekukotza faltsuarengatik.

2. Halaber, lekukoa zein alderdik proposatu eta horrek jar diezazkioke lekukoari narrioak, baldin eta proposamenaren ondoren jakin izan badu aurreko paragrafoan ezarri narrio-arrazoiren bat dagoela.

378 artikulua. Narrioetarako sasoia

Narrioak aurkeztu beharko dira, lekuko- froga onartu denetik epaiketa edo ikustaldia hasi arte. Horrek ez dio kalterik egingo lekukoek galdeketan edozein narrio-arrazoi aitortzeko duten betebeharrari, lege honen 367. artikuluan xedatutakoaren arabera; halakoetan, artikulu horren 2. paragrafoan xedatutakoari helduta jardun daiteke.

379 artikulua. Narrioen inguruko froga eta aurka-jartzea

1. Narrioak alegatzean, horiek egiaztatzeko froga proposa daiteke, lekuko- -froga izan ezik.

2. Lekuko baten aurkako narrioa aurkeztu ondoren, gainerako alderdi horren aurka jartzen ez badira, berori aurkeztu eta hiru egunetan, ulertuko da alderdiok aitortzen dutela narrioaren oinarria.

Aurka jarriz gero, egoki deritzetena alegatuko dute, eta agiriak ekarri ahal izango dituzte.

3. Narrioa eta lekuko-adierazpena baloratzeko, 344. artikuluko 2. paragrafoan eta 376. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

380 artikulua. Txosten idatzietako egitateei buruz galdeketa egitea

1. 265. artikuluaren 1. paragrafoko 4. zenbakiaren arabera, edo geroagoko une batean, artikulu horren hirugarren paragrafoari eutsiz, auzi-paperetera ekarri badira egitateei buruzko txostenak, eta txosten horiek zein alderdirentzat kaltegarri izan eta alderdi horiek guztiek ez badituzte egitateok egiazkotzat jo, orduan txostenon egileei lekuko gisa galdeketa egingo zaie, legean xedatutakoaren arabera, honako erregela berezi hauek aplikatuta:

1.) Lekukoaren narrioa ez da bidezkoa izango, auzian interesa izateagatik, baldin eta txostena egin izan bada alderdietatik baten aginduz.

2.) Txostenaren egileak, bere lanbide- gaikuntza egiaztatu ondoren, txosten hori aitortu eta beraren edukia berretsi behar du, egingo zaizkion galderei erantzuna eman aurretik.

3.) Galdeketa txostenetan jaso diren egitateetara mugatuko da.

2. Txostenetan egileen jakite zientifikoetan, erti-jakiteetan nahiz jakite tekniko edo praktikoetan oinarritutako balioespenak badaude, 370. artikuluko 4. paragrafoan lekuko-adituari buruz zer xedatu eta horren arabera jardungo da.

381 artikulua. Pertsona juridiko eta erakunde publikoen idatzizko erantzunak

1. Prozesurako egokia bada pertsona juridikoek eta erakunde publikoek garrantzitsu diren egitateen berri ematea, egitateok euren jarduerarekin lotuta daudelako, eta prozesurako interesgarri den hori jakiteko ezin bada edo beharrezkoa ez bada pertsona fisiko zehatzak bakoiztea, orduan froga horretan interesa duen alderdiak proposa dezake pertsona juridiko edo erakunde horrek, auzitegiak hala errekerituz, idatziz egitateoi buruz erantzuna ematea, epaiketa edo ikustaldia baino hamar egun lehenago.

2. Aurreko paragrafoan aipatu froga- proposamenean argi eta garbi adieraziko dira adierazpen edo txosten idatziaren gaiak.

Gainerako alderdiek egoki deritzetena alega dezakete, eta, zehazki, adierazpen idatziaren eskaeran beste gai batzuk gehitzea edo froga proposatu duenak adierazitako gaiok zuzentzea edo osatzea nahi duten.

Auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, hala denean, proposamenaren egokitasun eta erabilgarritasunari buruz ebazpena emango du; pertsona juridikoaren edo erakundearen adierazpenaren gai den arazo edo diren arazoak zehaztuko ditu, eta agindeia egingo zaio horri adierazpena egin dezan eta zehaztu aldian auzitegiari berori igor diezaion, 150 eurotik 600 eurorako isunohartarazpena eginda, eta ez-egitearen erantzulearen aurka agintaritzari desobeditzeagatik jardungo dela ohartaraziz.

Froga hau gauzatzeak ez du aribideko prozedura etengo, auzitegiak alderdi baten edo bien defentsarik eza eragozteko beharrezkoa dela jotzen duenean izan ezik.

Idatzizko erantzunak jaso ondoren, alderdiei horiek helaraziko zaizkie, hurrengo paragrafoan ezarri ondoreetarako.

3. Idatzizko erantzunak kontuan izanda, edo horiek egiteko ezetza jaso bada edo ez-egitea gertatu bada, auzitegiak probidentzia bidez agin dezake, ofizioz edo alderdietatik edozeinek hala eskaturik, zein pertsonaren lekukotza egoki eta erabakigarri izan, eta pertsona horiek epaiketa edo ikustaldira zitatuak izatea, pertsona juridikoaren edo erakundearen adierazpen iluna edo osatugabea argitu edo osatzeko.

Halaber, auzitegiak onar dezake, alderdiak hala eskaturik, adierazpen hori gezurtatzeko froga egoki eta erabilgarrietatik edozein.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaie erakunde publikoei aplikatuko, baldin eta, 1. paragrafoan xedatu zehaztasunak dituzten egitateak jakiteko, erakundeok luzatutako ziurtagiri edo lekukotzak ekar badaitezke agiri-froga gisa.

8. ATALA

Hitza, soinua eta irudia erreproduzitzea, eta prozesurako zein datu garrantzitsu izan, eta horien artxiboa eta ezagutza ahalbidetzen duten tresnak

382 artikulua. Filmatzeko tresnak, grabaziorako balio dutenak eta antzekoak

1. Alderdiek frogabide gisa proposa dezakete auzitegiaren aurrean hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzea, horiek jaso badira filmatzeko, grabaziorako eta antzeko tresnen bidez.

Froga hori proposatzean, alderdiak, hala badagokio, ekar dezake kasuan kasuko euskarrian jasotako hitzen transkripzio idatzia, horiek kasurako erabakigarri badira.

2. Frogabide hori zein alderdik proposatu eta horrek ekar ditzake komenigarritzat jotzen dituen irizpenak eta tresna bidezko frogabideak.

Beste alderdiek ere irizpenak eta frogabideak ekar ditzakete, erreproduzitutakoaren kautotasuna eta zehaztasuna zalantzan jartzen badute.

3. Auzitegiak baloratuko ditu artikulu honen 1. paragrafoko erreprodukzioak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

383 artikulua. Erreprodukzioaren akta eta kasuan kasuko materialak zaintzea

1. Aurreko artikulua aplikatuz zein egintza gauzatu eta egintza horien inguruko akta jasoko da. Bertan agertuko da filmatze, grabazio eta erreprodukzioak identifikatzeko beharrezko den guztia, eta, hala denean, ekarritako egiaztapenak eta irizpenak, edota gauzatutako frogak.

Auzitegiak probidentzia bidez agin dezake filmatu edo grabatutako berben nahiz ahotsen hitzez-hitzezko transkripzioa, hori kasurako garrantzitsua bada, transkripzio hori aktari batuz.

2. Erreproduzitutako hitza, irudia edo soinua zein materialetan egon, eta hori auzitegiak gorde beharko du, epaiketaren autoei aipamena eginez, aldaketarik jaso ez dezan.

384 artikulua. Prozesurako zein datu garrantzitsu izan eta datu horiek artxibatu, ezagutu edo erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak

1. Auzitegiak aztertuko ditu prozesurako garrantzitsu izateagatik froga gisa zein hitz, datu, zenbaki eta kontabilitate- helburuaz nahiz bestelakoaz egindako matematika-eragiketa onartu eta horiek artxibatzea, ezagutzea eta erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak. Halakoetan, alderdi proposatzaileak ekarritako baliabideak edo auzitegiak agindutakoak erabiliko dira, eta prozesuko gainerako alderdiei ahalbidetu behar zaie euren eskubideari dagokiona alegatu eta proposatu ahal izatea.

Aurreko paragrafoan aipatu tresnei aplikatuko zaie 382. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa.

2. Auzi-paperetan dokumentazioa egingo da, tresnaren izaera kontuan hartuta egokien den moduan, idazkari judizialaren fedepean; idazkari horrek, hala badagokio, beharrezko diren zaintza-neurriak hartuko ditu.

3. Auzitegiak baloratuko ditu artikulu honen lehen paragrafoan aipatu tresnak, tresnok zein izaera eduki eta izaera horri aplikagarri zaizkion kritika zintzoaren erregelak kontuan izanik.

9. ATALA

Presuntzioak

385 artikulua. Legez ezarritako presuntzioak

1. Legeak ezarritako presuntzioen kasuan, presuntzio-egitatea zein alderdiren aldeko izan eta alderdi hori egitateak frogatzetik askatuta geratzen da.

Presuntzio horiek onargarri izango dira, bakarrik, onarpen edo froga bidez zehaztu bada presuntzioaren jatorri den egitate-zantzuaren egiazkotasuna.

2. Legeak ezartzen badu aurkako froga onartzen duen presuntzio bat, froga hori zuzen daiteke presuntzio-egitatea gertatu ez dela frogatzera, edo, kasuan- kasuan, presuntzio-egitatearen eta presuntzio horren oinarri den egitate frogatu edo onartuaren artean loturarik ez dagoela frogatzera.

3. Legez ezarritako presuntzioek aurkako froga onartuko dute, legeak berori esanbidez debekatu kasuetan izan ezik.

386 artikulua. Epaiketa bidezko presuntzioak

1. Onartu edo frogatutako egitate batetik abiatu eta beste egitate baten egiazkotasuna uste izan dezake auzitegiak, prozesuaren ondoreetarako, onartu edo frogatuaren eta presuntzio bidezkoaren artean lotura zehatz eta zuzenekoa badago, giza irizpidearen erregelen arabera.

Aurreko lerrokada zein epaitan aplikatu eta epai horrek barneratuko du auzitegiak presuntzioa ezartzeko erabili duen arrazoinamendua.

2. Epaiketa bidezko presuntzioaren aurka, auzilari kaltedunak aurkako froga gauza dezake, aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu bezala.

VII. KAPITULUA - Intzidente-arazoak

387 artikulua. Intzidente-arazoenkontzeptua

Intzidente-arazoak dira, auziaren xede nagusia osatzen ez badute ere, horrekin zuzeneko harremanak dituztenak, eta prozesuko zein baldintza eta betekizun eragile izan, eta baldintza eta betekizun horiei loturikoak.

388. artikulua. Prozedurari buruzko arau orokorra

Intzidente-arazoek ez badaukate beste izapidetzarik zehaztuta lege honetan, orduan horiek bideratuko dira, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.

389 artikulua. Erabaki berezia behar duten intzidente-arazoak

Intzidente-arazoek erabaki berezia izan behar dute, baldin eta horietan nahitaezkoa bada auzitegiak epaian horien inguruan era bananduan erabakitzea, auziaren objektu nagusia ebatzi baino lehenago.

Arazo horiek ez dute prozesuaren bide arrunta etengo.

390 artikulua. Aurretiaz erabaki beharreko intzidente-arazoak. Demandaren bidea etetea

Arazoak, euren izaera dela medio, oztopo badira epaiketak aurrera egin dezan, bere izapide arrunten bidez, orduan jardunaren bidea etengo da, arazook ebatzi arte.

391 artikulua. Aurretiaz erabaki beharreko arazoak. Kasuak

Legean esanbidez zehaztutako arazoen gain, ulertuko da aurreko kasuan daudela honako intzidente-arazo hauek:

1.) Auzilarietatik edozeinen gaitasun eta ordezkaritzari buruzkoak, egitateak gertatu badira 414. artikuluan eta ondorengoetan arautu entzunaldiaren ostean.

2.) Prozesuko beste baldintzaren bat ez izateari edo izaera bereko beste oztoporen bat agertzeari buruzkoak, baldin eta horiek aurreko zenbakian aipatu artikuluetako entzunaldiaren ostekoak badira.

3.) Epaiketan izandako gertaeretatik beste edozeini buruzkoak, baldin eta horren ebazpena erabat beharrezkoa bada, egitez edo zuzenbidez, epaiketak bere izapide arrunten bidez aurrera egin behar duen edo amaitu behar den erabakitzeko.

392 artikulua. Intzidente-arazoak planteatzea. Intzidente-arazo ez direnak ez onartzea

1. Intzidente-arazoak idatziz aurkeztuko dira, eta horiei agiri egokiak batuko zaizkie; eta, idazkian, beharrezko froga proposatuko da, eta adieraziko da, arazoa proposatu duenaren ustez, intzidente-arazo hori ebatzi arte jardunaren bide arrunta eten behar den ala ez.

2. Auzitegiak baztertuko du, auto bidez, aurreko kasuetan ez dagoen arazoaren planteamendua.

393 artikulua. Intzidente-arazoak onartu, gauzatu eta erabakitzea

1. Prozedura arruntean ez da intzidente- arazoen planteamendurik onartuko, epaiketa hasi bada, eta, hitzezkoan, proposatutako froga onartu bada.

2. Arazoaren planteamendua onartzen duen probidentzian, horren zioak labur emateaz gain, ebatziko da arazo hori aurretiaz erabaki beharrekoa den edo erabaki berezikoa den; aurretiaz erabaki beharreko arazoa bada, jardunaren bide arrunta etengo da.

3. Arazoa zein idazkitan planteatu eta idazki hori helaraziko zaie gainerako alderdiei, eta alderdiok bost eguneko epea izango dute egoki deritzetena erantzuteko; epe hori igaro ondoren, auzitegiak alderdiei zitazioa egingo die agerraldi baterako, agerraldi hori hitzezko epaiketetako ikustaldietarako xedatutakoaren arabera egingo dela.

4. Alegazioak aurkeztu, eta, hala denean, ikustaldian bertan onartutako froga gauzatu ondoren, arazoa aurretiaz erabaki beharrekoa bada, autoa emango da hamar eguneko epean, arazo hori ebatziz eta prozesuaren jarraipenari buruz bidezkoa dena xedatuz.

Arazoa erabaki berezikoa bada, hori behin betiko epaian ebatziko da, arazoa behar bezala bananduz.

5. Arazoa auto bidez ebazten bada, eta auto horrek prozesuaren amaiera agintzen badu, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da; eta, auto horrek prozesuaren jarraipena erabakitzen badu, orduan ez da errekurtsorik egongo. Horrek ez dio kalterik egingo, alderdi kaltedunak ebazpen hori aurkaratu ahal izateari, behin betiko epaia gora jotzean.

VIII. KAPITULUA - Kostuetarako kondena

394 artikulua. Kostuetarako kondenalehen auzialdian

1. Prozesu adierazleetan, lehen auzialdiko kostuak ezarriko zaizkio bere uzi guztiak baztertuta ikusi dituen alderdiari, salbu eta auzitegiak aintzat hartu duenean, hala arrazoituz, kasuak egitezko edo zuzenbideko zalantza larriak zituela.

Kostuetarako kondenaren ondoreak direla eta, kontuan izango da antzeko kasuetako jurisprudentzia, kasua zuzenbidearen arabera zalantzazkoa zela aintzat hartzeko.

2. Uzien zati batzuei oniritzia edo gaitziritzia eman bazaie, alderdi bakoitzak ordainduko ditu berak sortutako kostuak, eta kostu erkideak, erdi bana. Horrek ez dio kalterik egingo, alderdietatik batek ausarkeriaz auzitan jardun badu, berorri kostuak ezartzeari, horretarako arrazoiak badaude.

3. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuz, auzilari galtzaileari kostuak ezartzen bazaizkio, abokatuaren eta tarifapean nahiz arantzelpean ez dauden gainerako profesionalen zerbitzu- sarien kopurutik, ordaindu beharko du, bakarrik, prozesuaren munta zein izan eta horren herena baino gehiago ez den guztizko kopurua, erabaki hori lortu duen auzilari bakoitzeko; ondore horietarako soilik, 18 000 euroko balioespena izango dute zenbatetsi ezin diren uziek, salbu eta auzitegiak gaiaren zailtasuna dela-eta besterik xedatzen duenean.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko, auzitegiak adierazten badu kostuetarako kondena jaso duen auzilariaren ausarkeria.

Kostuetara kondenatua izan dena doako laguntza juridikoari buruzko eskubidearen titularra bada, behartuta egongo da, aurkako alderdiak bere defentsan sortu kostuak bakarrik ordaintzera, Doako Laguntza Juridikoaren Legean esanbidez zehaztu kasuetan.

4. Fiskaltzak alderdi gisa zein prozesutan esku hartu eta horietan ezin izango zaizkio hari kostuak ezarri.

395 artikulua. Kostuetarako kondena, amore-emate kasuan

1. Demandatuak demandaren inguruan amore ematen badu, horri erantzuna eman aurretik, ez da bidezkoa izango kostuak ezartzea, salbu eta auzitegiak demandatuaren gaitzustea aintzat hartzen duenean, hori behar bezala arrazoituz.

Edozein kasutan ere, gaitzustea dagoela ulertuko da, baldin eta demanda aurkeztu aurretik demandatuari ordaintzeko agindei fede-emailea egin bazaio, edo beraren aurka adiskidetze-demanda zuzendu bada.

2. Amore-ematea gertatzen bada demandari erantzuna eman ondoren, aurreko artikuluaren 1. paragrafoa aplikatuko da.

396 artikulua. Kostuetarako kondena, prozesua atzera-egitearen bidez bukatzen denean

1. Prozesua amaitzen bada auzi-jartzaileak atzera egin duelako, eta demandatua atzera egite horrekin ados ez badago, auzi-jartzaile hori kostu guztiak ordaintzera kondenatua izango da.

2. Prozesuari amaiera emateko atzera- egitearen inguruan demandatua edo demandatuak ados badaude, ez da auzilarietatik inor kondenatuko kostuak ordaintzera.

397 artikulua. Kostuen arloko gorajotzea

394. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da bigarren auzialdian gora-jotze errekurtsoa ebazteko, horretan lehen auzialdiko kostuetarako kondena edo kondenarik eza aurkaratuz.

398 artikulua. Kostuak gora-jotzean, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia eta kasazioa

1. Gora jotzeko errekurtsoaren, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren edo kasazio-errekurtsoaren uzi guztiei gaitz iritzi bazaie, 394. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, errekurtsoaren kostuei dagokienez.

2. Gora jotzeko errekurtsoari, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari edo kasazio-errekurtsoari oso-osorik edo zati batez on iritzi bazaio, errekurtso horren kostuetan ez da auzilarietatik inor kondenatuko.

II. TITULUA - EPAIKETA ARRUNTA

LEHENENGO KAPITULUA - Hasierako alegazioak

LEHENENGO ATALA

Demanda eta beraren objektua

399 artikulua. Demanda eta beraren edukia

1. Epaiketa demandaren bitartez hasiko da; demanda horretan, 155. artikuluaren arabera jasotako datuak, eta auzi-jartzailea eta demandatua identifikatzeko datu eta inguruabarrak, eta horiek epatzeko egoitza edo bizilekua agertuko dira. Demandan era banandu eta zenbakituan azalduko dira egitateak eta zuzenbideko oinarriak, eta argi eta zehatz finkatuko da eskatzen den hori.

3. Egitateen narrazioa egingo da era antolatu eta argian, demandatuari erantzutean egitateon onarpena edo ukatzea errazteko asmoz.

Era antolatu eta argian adieraziko dira, halaber, ekarritako agiri, baliabide eta tresnak, horiek uziaren oinarri diren egitateei lotuta badaude; eta, azkenik, egitateen inguruko balorazioak edo arrazoinamenduak egingo dira, horiek auzilariaren eskubidearentzat egokiak badira.

4. Zuzenbideko oinarrietara, planteatu auziaren funtsari buruzkoez gain, bilduko dira, behar bezala bananduz, alderdien gaitasunari, euren nahiz prokuradorearen ordezkaritzari, jurisdikzioari, eskumenari eta demanda bideratuko duen epaiketa-motari buruz bidezko diren alegazioak, eta epaiketaren baliozkotasuna eta auziaren funtsari buruzko epaiaren bidezkotasuna zein egitateren mende egon eta egitate horiek ere bilduko dira.

5. Eskaeran behar bezala bananduta adieraziko dira, eskatutako erabaki judizialak, horiek bat baino gehiago badira.

Eskaera nagusiei gaitziritzia ematen zaienerako, modu subsidiarioan aurkeztu eskaerak euren hurrenkeraren arabera eta banandurik jasoko dira.

400 artikulua. Egitateak eta zuzenbideko oinarriak alegatzeko preklusioa

1. Demandan zer eskatu eta hori egitate edo oinarri nahiz titulu juridiko ezberdinetan oinarri badaiteke, demandan jaso behar dira berori jartzean ezagun direnak edo alega daitezkeenak, eta ez da onargarria geroko prozesu batean alegatzeko erreserba.

Aurreko lerrokadan aipatu alegazio- -zamak ez die kalterik egingo lege honek demanda eta erantzunaren osteko uneetan baimendutako alegazio osagarriei, ezta egitate berrien nahiz jakinberrien alegazioei ere.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzibitartearen eta gauza epaituaren ondoreetarako ulertuko da auzi batean emandako egitateak eta zuzenbideko oinarriak, eta aurreko epaiketa batean alegatutakoak berdinak direla, baldin eta aurreko epaiketa horretan alegatu ahal izan badira.

401 artikulua. Akzioak metatzeko preklusio-unea. Demandaren zabaltze objektibo eta subjektiboa

1. Demandari erantzun ondoren, ez da akzioen metaketa onartuko.

2. Erantzun baino lehenago demanda zabal daiteke, dela egikaritutako akzioei beste akzio batzuk metatzeko, dela egikaritutako akzioak beste demandatu batzuen aurka zuzentzeko.

Kasu horretan, demandari erantzuteko epea berriro zenbatzen hasiko da, demandaren zabaltzea helarazi denetik.

402 artikulua. Akzio-metaketaren aurka jartzea

Eskatu metaketaren aurka jar daiteke demandatua, demandari erantzutean, baldin eta metaketa horrek betetzen ez badu lege honen 71. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa. Aurka-jartze horren inguruko ebazpena emango da, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian.

403 artikulua. Demandaren onarpena eta berori ez onartzeko salbuespeneko kasuak

1. Demandak ez dira onartuko lege honetan esanbidez ezarri kasu eta arrazoiengatik baino.

2. Ez dira onartuko, epaile eta magistratuen aurkako erantzukizun-demandak, horiek doloz, erruz edo ez-jakite desenkusaezinaz sortutako kalte-galerengatik, epaile edo magistratuok euren eginkizunetan aritzean eragin badituzte horiek, laidoa zein prozesutan sortu eta horrekin amaitzeko ebazpena irmoa izan arte.

Halaber, ez dira demanda horiek onartuko, prozesuan garaiz kalte-galeren sorburu den egite edo ez- -egitearen aurka erreklamazioa egin edo errekurtsoa jarri ez bada.

3. Halaber, ez dira demandak onartuko, horiei ez bazaizkie batu legeak demanda onartzeko esanbidez galdatu agiriak, edota ez badira ahaleginak egin adiskidetzea lortzeko, edo kasu berezietan galdatu agindeiak, erreklamazioak edo zainpean uzteak egin ez badira.

404 artikulua. Demandaren onarpena, demandatua epatzea eta erantzuteko epea

Auzitegiak, ofizioz, bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa, eta, bidezkoa bada, lurralde-eskumena aztertu ondoren, autoa emango du demanda onartuz, eta berori helaraziko dio demandatuari, horrek hogei eguneko epean demandari erantzun diezaion.

2. ATALA

Demandaren erantzuna eta errekonbentzioa

405 artikulua. Erantzuna eta demandari erantzuteko modua

1. Demandari erantzutean, erantzun hori 399. artikuluan xedatutakoaren arabera idatziko da, eta, bertan, auzi-jartzaileak zein uzi izan eta uzi horien aurka jartzeko oinarriak azalduko ditu demandatuak, demandatu horrek egokitzat dituen salbuespen materialak alegatuz.

Akzioen metaketa onargarri ez dela ulertzen badu demandatuak, hala adieraziko du, onargarritasunik ezaren arrazoiak azalduz.

Halaber, erantzunean adieraz dezake auzi-jartzaileak alegatu uzi batzuen inguruan amore ematen duela, baita auzi-jartzaileak alegatu uzi bakarraren zati batean amore ematen duela ere.

2. Demandari erantzutean, ukatu edo onartu beharko dira auzi-jartzaileak alegatu egitateak.

Auzitegiak isilbidezko onarpen gisa har dezake demandatuarentzat kaltegarri izan daitezkeen egitateei buruzko isiltasuna edo erantzun iheskorrak.

3. Halaber, prozesuko zein salbuespenek eta gainerako alegazioek prozesuaren baliozko jarraipena eta amaiera auziaren funtsari buruzko epaiaren bidez oztopatu eta horiek alegatuko ditu demandatuak, demandari erantzutean.

406 artikulua. Errekonbentzioaren eduki eta forma. Demandari lotuta ez dagoen errekonbentzioaren eta esan gabe doan errekonbentzioaren onargarritasunik eza

1. Demandari erantzutean, demandatuak uste badu demandatzaileari begira zenbait uzi dagozkiola, uzi horiek aurkez ditzake, errekonbentzioaren bitartez.

Errekonbentzioa onartuko da, bakarrik demandatuaren uzien eta demanda nagusiaren objektu direnen artean lotura badago.

2. Errekonbentzioa ez da onartuko, epaitegiak gaiaren nahiz muntaren ondoriozko eskumen objektiborik ez badu, edota egikaritu akzioa beste mota edo izaera bateko epaiketan gauzatu behar bada.

Hala ere, errekonbentzioaren bitartez egikari daiteke lotuta dagoen akzioa, berori, munta dela eta, hitzezko epaiketan gauzatu behar bada.

3. Errekonbentzioa erantzunaren ostean proposatuko da, eta 399. artikuluan demandarentzat xedatutako horretara moldatuko da.

Errekonbentzioak argi eta garbi adierazi behar du eskatutako babes judizial zehatza, auzi-jartzaileari eta kasuan kasuko beste subjektuei dagokienez.

Ezin izango da ulertu demandatuak bere idazkian errekonbentzioa jarri duela, baldin eta demandatuak idazki hori amaitu badu, demanda nagusiaren uziari edo uziei buruzko absoluzioa eskatuz.

4. Errekonbentzioan aplikatuko da 400. artikuluan demandari buruz xedatutakoa.

407 artikulua. Errekonbentzio-demandaren jasotzaileak. Errekonbentzioari erantzutea

1. Errekonbentzioa zuzen daiteke demandatzaile ez diren subjektuen aurka ere, baldin eta horiek auzi-jartzaile errekonbentzio-hartzailearen borondatezko edo beharrezko auzikideak direla uler badaiteke, errekonbentzio- -demandaren objektuarekin duten loturarengatik.

2. Auzi-jartzaile errekonbentzio- -hartzaileak eta aurreko paragrafoan aipatu subjektuek errekonbentzioari erantzun diezaiokete, errekonbentzio- -demandaren jakinarazpenetik hasita hogei egunetako epean.

Erantzun hori 405. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

408 artikulua. Konpentsazioaren alegazioa prozesuaren barruan eta demandaren oinarri den negozio juridikoaren deuseztasuna. Gauza epaitua

1. Auzi-jartzailearen uzia bada diru- -kopurua ordaintzeko kondena, eta horren aurrean demandatuak alegatzen badu konpentsa daitekeen kreditua, alegazio hori eztabaida dezake auzi- -jartzaileak, errekonbentzioaren erantzunarentzat ezarritakoaren arabera, nahiz eta demandatuak bere absoluzioa bakarrik eskatu, eta ez bere mesederako egon daitekeen kopuruko kondena.

2. Demandatuak bere defentsarako alegatzen baditu negozioaren erabateko deuseztasuna eragin duten egitateak, eta horietan oinarritzen badira auzi-jartzailearen uzia edo uziak, eta demandan negozio horren baliozkotasuna jakinekotzat hartu bada, auzi-jartzaileak eska diezaioke auzitegiari, eta berorrek hala aginduko du probidentzia bitartez, deuseztasun-alegazio horri erantzutea errekonbentzioaren erantzunerako ezarri epe berean.

3. Azkenean ematen den epaian ebatzi beharko dira artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu gaiak, eta gai horiei buruzko epaiaren erabakiek gauza epaituaren indarra izango dute.

409 artikulua. Erantzuneko eta errekonbentzioko uzien gauzatzea eta horien gain erabakitzea

Demandatuak erantzunean eta, hala denean, errekonbentzioan eskatu uziak gauzatu eta ebatziko dira, demanda nagusiaren objektu diren uziak gauzatu eta ebazteko une eta modu berean.

3. ATALA

Prozesua erabakitzeko dagoelako ondoreak

410 artikulua. Auzibitartearen hasiera

Auzibitartea, beraren prozesu-ondore guztiekin, demanda noiz jarri eta orduan gertatzen da, baldin eta demanda hori geroago onartzen bada.

411 artikulua. Jurisdikzioaren iraunkortasuna

Prozesua hasi ondoren gertatu aldaketak alderdien egoitzari, auzigaiaren egoerari eta epaiketaren objektuari buruzkoak badira, aldaketa horiek ez dituzte jurisdikzioa eta eskumena aldatuko; jurisdikzioa eta eskumena zehaztuko dira, auzibitartearen hasierako unean zer egiaztatu eta horren arabera.

412 artikulua. Demanda aldatzeko debekua eta aldarazpen onargarriak

1. Demandan, erantzunean, eta, hala denean, errekonbentzioan ere, prozesuaren objektua zehaztu ondoren, alderdiek ezin izango dute hori gerogarrenean aldatu.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa ulertuko da, alegazio osagarriak aurkezteko ahalmenari kalterik egin gabe, lege honetan ezarritakoaren arabera.

413 artikulua. Auziaren funtsari buruzko epaian, inguruabarren aldaketak duen eragina. Prozesutik kanpoko betetzea. Interes legitimoa galtzea

1. Ez dira epaian kontuan izango epaiketa hasi eta gero alderdiek edo hirugarrenek sartu berrikuntzak, horiek demandaren, eta, hala denean, errekonbentzioaren jatorrian izandako gauza edo pertsonen egoerari buruzkoak badira. Salbuespen gisa hartu behar da berrikuntzak behin betiko desagerraraztea demandan edo errekonbentzioan eskatu uzien interes legitimoa, uziok prozesutik kanpo edo beste edozein arrazoirengatik bete izan direlako.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, uziek euren interes legitimoa galdu badute, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

II. KAPITULUA - Epaiketa baino lehenagoko entzunaldia

414 artikulua. Entzunaldiaren helburua, prozesu-unea eta subjektu parte- -hartzaileak

1. Demandari, eta, hala denean, errekonbentzioari erantzun ondoren, edo kasuan kasuko epeak igaro ondoren, auzitegiak, hiru eguneko epean, alderdiei deituko die entzunaldira, entzunaldi hori deialdia noiz egin eta handik hogei egunetako epera egin beharko da.

Entzunaldi hori gauzatu behar da, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, zertarako eta prozesuarekin amaituko duen alderdien arteko hitzarmena edo transakzioa lortzen saiatzeko, prozesuak aurrera egitea edota prozesuaren objektuari buruzko epaiarekin amaitzea oztopa dezaketen prozesu- -arazoak aztertzeko, objektu hori eta alderdien artean gatazka eragiten duten egitezko edo zuzenbideko gaiak zehatz finkatzeko, eta, hala denean, froga proposatu eta onartzeko.

2. Alderdiak abokatuaren laguntzarekin agertu behar dira entzunaldian.

Konponketa edo transakzioa lortzen saiatzeko, alderdiak euren kabuz agertzen ez badira, baizik eta euren prokuradorearen bidez, prokuradore horri eman beharko diote uko egiteko, amore emateko edo transakzioa egiteko ahalordea.

Alderdiok euren kabuz agertzen ez badira edo ahalorde hori ematen ez badute, entzunaldian ez agertutzat joko dira.

3. Alderdietako bat ere ez bada agertzen entzunaldian, akta jasoko da hori agerraraziz, eta auzitegiak, besterik gabe, prozesuaren largespen-autoa emango du, jarduna artxibatzeko aginduz.

Halaber, entzunaldian demandatua bakarrik agertzen bada, prozesua largetsiko da, baldin eta demandatu horrek ez badu prozesuarekin jarraitzeko interes legitimorik alegatzen.

Demandatua bada agertu ez dena, entzunaldia auzi- -jartzailearekin egingo da, bidezko den horretan.

4. Demandatzailearen abokatua entzunaldian agertzen ez bada, prozesua largetsiko da, salbu eta demandatuak prozedurarekin jarraitzeko interes legitimoa alegatzen duenean, auziaren funtsari buruzko epaia eman dadin.

Demandatuaren abokatua agertzen ez bada, entzunaldia auzi-jartzailearekin egingo da, bidezko den horretan.

415 artikulua. Adiskidetzea edo transakzioalortzen saiatzea. Largespena, alde biko atzera egitearengatik. Hitzarmenaren homologazioa eta eragingarritasuna

1. Behin alderdiak agertuta, auzitegiak adieraziko du ekitaldia irekita dagoela eta euren artean oraindik auzia badela egiaztatuko du.

Alderdiek adierazten badute ados jarri direla edo berehala adostasuna lortzeko prest daudela, alderdiok prozesuan atzera egin dezakete edo auzitegiari eska diezaiokete hitzarmenaren homologazioa.

Halakoetan, auzitegiak aurretiaz aztertuko ditu gaitasun juridikoaren eta xedatze-ahalmenaren betekizunak ematen diren, ekitaldian zein alderdi edo behar bezala egiaztatutako ordezkari agertu eta horien inguruan.

2. Epaiketan homologatutako hitzarmenak izango ditu legeak epaiketa bidezko transakzioari eratxiki ondoreak, eta hitzarmen hori gauza daiteke, epaiak eta epaiketan onartutako hitzarmenak betearazteko izapideen bidez.

Hitzarmena aurkara daiteke, transakzio judizialarentzat ezarri arrazoiengatik eta moduan.

3. Alderdiek hitzarmenik lortu ez badute edo hori berehala lortzeko prest ez badaude, entzunaldiak aurrera egingo du, ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

416 artikulua. Prozesu-arazoak aztertu eta ebaztea, jurisdikzio eta eskumenari buruzkoak izan ezik

1. Alderdien arteko adostasuna lortzen ez bada, auzitegiak ebatziko du, ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, prozesuak modu egokian aurrera egitea eta edukiaren gaineko epai bidez amaitzea oztopa dezaketen inguruabarrei buruz, eta, batez ere, ondorengoei buruz:

1.) Auzilarien gaitasunik eza edo ordezkaritzarik eza, horretarako mota ezberdinak kontuan hartuz;

2.) Gauza epaitua edo auzibitartea;

3.) Beharrezko auzikidetzarik eza;

4.) Prozeduraren egokitasunik eza;

5.) Demanda, edo, hala denean, errekonbentzioa proposatzeko moduan, legezko akatsa, argitasunik edo zehaztasunik ez izateagatik alderdiak zehaztean edo eskaeran.

2. Entzunaldian, demandatuak ezin du aurkaratu auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza; halakoak deklinatoria- forman proposatu behar izan zituen demandatuak, lege honen 63. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ulertuko da, auzitegiak, ofizioz, bere jurisdikziorik edo eskumenik eza aintzat hartzearen inguruan legean ezarritakoari kalterik egin gabe.

417 artikulua. Prozesu-arazoak aztertzeko hurrenkera eta horien inguruko ebazpena

1. Entzunaldia aurreko artikuluan aipatu inguruabar batzuen ingurukoa bada, horiek aztertu eta ebatziko dira, ondorengo artikuluetako hurrenkerari jarraituz.

2. Aurreko artikuluaren arazo eta inguruabarrak bat baino gehiago badira, eta guztiak ere entzunaldiaren objektu, orduan auzitegiak, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan, auto berean erabakiko du entzunaldian bertan ahoz ebatziko ez dituen arazo eta inguruabar guztien inguruan, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

418 artikulua. Gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsak. Akats horiek ez ongitzeak edo ez zuzentzeak dituen ondoreak. Auzi-ihesaren adierazpena

1. Demandatuak erantzunean edo auzi-jartzaileak entzunaldian alegatzen baditu gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsak, eta horiek ongitzeko edo zuzentzeko modukoak badira, berehala ongitu edo zuzenduko dira; eta une horretan ezin bada halakorik egin, horretarako hamar eguneko epea emango da gehienez, bien bitartean entzunaldia eten eginez.

2. Gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsa edo hutsunea ongitu edo zuzendu ezin bada, edo hori ongitu edo zuzentzen ez bada horretarako emandako epean, entzunaldia amaitutzat joko da, eta prozesua amaitzeko autoa emango, artikulu honen hurrengo paragrafoan xedatutakoa salbuetsita.

3. Ongitu ez den akatsak ukitzen badu demandatua forma egokiz bertaratzea, demandatu hori auzi-ihesean dagoela adieraziko da, eta berak gauzatu jarduna ez da auzi-paperetan agerraraziko.

419 artikulua. Akzioen metaketa onartzea

Gaitasun eta ordezkaritzari buruzko arazoak eragin eta, hala denean, ebatzi ondoren, demandan akzio batzuk metatu badira, eta demandatua bere erantzunean metaketa horren aurka jarri bada zioak emanez, orduan auzitegiak, entzunaldian bertan, ahoz ebatziko du, aurretiaz auzi-jartzailea entzunez, metaketaren bidezkotasun eta onargarritasunaren inguruan.

Entzunaldiak eta prozesuak aurrera egingo dute, ebazpen judizialaren arabera, prozesuaren objektu izan daitekeen edo daitezkeen akzio edo akzioei dagokienez.

420 artikulua. Auzia borondatez osatu ahal izatea. Ebazpena, beharrezko auzikidetzari buruzko kasu eztabaidagarrietan

1. Demandatuak erantzunean beharrezko auzikidetzarik eza alegatu badu, entzunaldian auzi-jartzaileak idazkia aurkez dezake, egoki diren kopiekin, demandatuaren ustez bere auzikide izan behar diren horiei demanda zuzenduz. Auzitegiak auzikidetzari bidezko baderitzo, hala adieraziko du, beste demandatu horiek epatzeko aginduz, horiek demandari erantzun diezaioten; halakoetan, entzunaldia eten egingo da.

Demandatzaileak, auzikideei demanda zuzentzean, hasierako demandan alegatutakoari gehi diezazkioke, bakarrik, beste demandatu horien aurkako uziak justifikatzeko ezinbesteko diren alegazioak, eskatzeko arrazoia funtsez aldatu gabe.

2. Auzi-jartzailea auzikidetzarik ezaren aurka jartzen bada, berori demandatuak alegatu izan du, auzitegiak alderdiak entzungo ditu gai horretaz, eta, gaiaren zailtasunaren arabera komenigarri bada, auto bidez horren inguruan ebatz dezake, auto hori entzunaldia egin denetik hurrengo bost egunetako epean eman beharko dela.

Edozein kasutan, entzunaldiak aurrera egin behar du, bere gainerako helburuak direla eta.

3. Auzitegiak ulertzen badu auzikidetza bidezkoa dela, auzi-jartzaileari emango dio hori eratzeko egoki deritzon epea; epe horrek gutxienez hamar egunekoa izan behar du.

Beste demandatu horiek demandari erantzun diezaiokete, 404. artikuluan ezarri epean, bien bitartean, jardunaren bidea eten egingo da, hasierako demandatzaile eta demandatuarentzat.

4. Auzi-jartzaileari auzikidetza eratzeko eman epea igaro bada eta auzijartzaile horrek ez baditu ekarri beste demandatu horientzat demandaren eta agiri eratxikien kopiak, prozesua amaituko da, eta jardunaren behin betiko artxiboari ekingo zaio.

421 artikulua. Ebazpena, auzibitartearen edo gauza epaituaren kasuetan

1. Auzitegiak aintzat hartzen badu beste epaiketa bat erabakitzeko dagoela edo objektu berari buruzko epai irmoa badela, 222. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera, orduan entzunaldia amaitutzat joko du, eta, hurrengo bost eguneko epean, largespen- autoa emango du.

Hala ere, prozesua ez da largetsiko, baldin eta, 222. artikuluko 4. paragrafoaren arabera, aurreko epai irmoaren ondorea loteslea bada, ondorengo prozesuaren gaineko ardura duen auzitegiarentzat.

2. Auzitegiak ulertzen badu auzibitarterik edo gauza epaiturik ez dagoela, berehala hala adieraziko du hori, zioak emanez, eta entzunaldiak aurrera egitea erabakiko du, bere gainerako helburuak direla eta.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, auzibitartearen edo gauza epaituaren inguruan eragin arazoen zailtasunarengatik komeni bada, arazoon inguruan auto bidez ere ebatz dezake auzitegiak, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan; entzunaldiak, edozein kasutan, aurrera egingo du bere gainerako helburuak direla eta.

Egitezko arazoren baten inguruan ebaztea beharrezkoa bada, aipatu epean gauzatuko da auzitegiak agindutako jardun egokia.

422 artikulua. Ebazpena, muntaren ondorioz prozedura egokia ez izateagatik

1. Demandaren erantzunean alegatu bada prozedura desegokia dela, eta alegazio horren oinarria bada auzigaiaren balioari buruz dagoen desadostasuna, edo demandaren interes ekonomikoa legezko erregelen arabera zenbatzeko era, orduan auzitegiak alderdiak entzungo ditu entzunaldian, eta berehala bidezkoa dena ebatziko du; horrelakoetan, auzitegiak, hala denean, eutsiko dio alderdiek auzigaiaren balioaren inguruan lor dezaketen hitzarmenari.

2. Auzigaiaren balioari buruz hitzarmenik lortzen ez bada, auzitegiak, entzunaldian bertan, bidezkoa dena erabakiko du, ahoz eta zioak emanez. Horretarako, kontuan izango ditu alderdiek ekarri agiriak, txostenak eta balioa zenbatzeko erabilgarri izan daitezkeen osagaietatik beste edozein.

Hitzezko epaiketaren izapideak jarraitzea bidezkoa bada, entzunaldia amaituko da, alderdiei epaiketa horren ikustaldirako zitazioa eginez. Hori egingo da, salbu eta demanda jarri denean legeak, gaiaren ondorioz, ezarri iraungitze-epetik kanpo;

kasu horretan, prozesuaren largespena adieraziko da.

423 artikulua. Ebazpena, gaiaren ondorioz prozedura egokia ez izateagatik

1. Prozedura desegokia dela alegatu eta alegazio horren oinarria bada prozesuaren objektu den gaia, auzitegiak, entzunaldian alderdiak entzun ondoren, berehala erabaki dezake zioak emanez, bidezkotzat jotzen duena; eta, alegazioa oinarririk ez duela uste badu, entzunaldiak aurrera egingo du, horren gainerako helburuak direla eta.

2. Halaber, auzitegiak erabaki dezake, auziaren zailtasunaren arabera komenigarri bada, jarraitu beharreko prozeduraren inguruan bidezkoa dena, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan; halakoetan, entzunaldiak aurrera egingo du, horren gainerako helburuak direla eta.

3. Prozedura egokia hitzezko epaiketa bada, hori adieraztean alderdien ikustaldirako zitazioa aginduko da. Hori egingo da, salbu eta demanda jarri denean legeak, gaiaren ondorioz, ezarri iraungitze-epetik kanpo;

kasu horretan, prozesuaren largespena adieraziko da.

Halaber, largespena aginduko da, baldin eta, legeek, gaiaren ondorioz, demanda onartzeko zein baldintza berezi galdatu eta horiek bete ez badira ikustaldiaren hasieran.

424 artikulua. Jarduera eta ebazpena, demanda akastunaren kasuan

1. Demandatuak, demandari erantzuna ematean, alegatzen badu alderdiak zehaztean edo eskatu uzietan demanda argia edo zehatza ez dela, edota auzi-jartzaileak entzunaldian akats horiek alegatzen baditu erantzunari edo errekonbentzioari dagokionez, edota, ofizioz, auzitegiak akats horietatik bat aintzat hartzen badu, orduan auzitegiak entzunaldi-ekitaldian onartuko ditu argibide eta zehaztasun egokiak.

2. Argibideak eta zehaztasunak aurkezten ez badira, auzitegiak auziaren largespena aginduko du, bakarrik, erabat ezinezkoa denean auzi-jartzailearen uziak, edo, hala badagokio, demandatuarenak errekonbentzioan zehaztea, edota uziak zein subjektu juridikoren aurka aurkeztu diren zehaztea.

425 artikulua. Erabaki judiziala, prozesu-inguruabarrak esanbidez xedatutakoen antzekoak direnean

Ofizioz alegatu edo adierazitako inguruabarrak ebatziko dira, horiek 416. artikulukoak ez badira, inguruabarron antzekoak direnentzat manu hauetan ezarri erregelen bidez.

426 artikulua. Alegazio osagarri eta argigarriak. Uzi osagarriak. Demanda eta erantzunaren ostean gertatutako edo jakindako egitateak. Gai horien inguruan agiriak aurkeztea

1. Entzunaldian, auzilariek alegazio osagarriak egin ditzakete, euren idazkietan azaldu uziak edo uzion oinarriak funtsez aldatu gabe, eta aurkako alderdiak adierazitakoa kontuan izanik.

2. Halaber, alderdiek argi ditzakete aurkeztu alegazioak, eta zuzen ditzakete euren uzietan funtsezko ez diren gaiak, uziok eta euren oinarriak aldatzen ez badituzte.

3. Alderdi batek bere idazkietan zein eskaera aurkeztu eta eskaera horiekin erantsia edo osagarria den eskaeraren bat gehitu nahi badu, gehitze hori onartuko da, baldin eta aurkako alderdia horrekin ados badago.

Aurkako alderdia horren aurka jartzen bada, auzitegiak erabakiko du gehitze horren onargarritasunaren inguruan. Halakoetan, gehitzea aginduko da, bakarrik, auzitegiak ulertzen badu entzunaldian berori planteatzeak ez duela eragotziko aurkako alderdiak bere defentsa-eskubidea berdintasun-egoeran egikaritzea.

4. Demanda edo erantzunaren ondoren, auziko alderdien uziak oinarritzeko garrantzitsu den egitateren bat gertatzen bada, edo alderdiek horrelako ezaugarriak dituen egitateren baten berri orduan izaten badute, entzunaldian alega dezakete hori.

Egitate berria edo jakinberria alegatzean, 286. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

5. Entzunaldiko ekitaldian, alderdiek agiri eta irizpenak ekar ditzakete, horiek justifikatzen badira artikulu honen aurreko paragrafoetan zein alegazio osagarri, zuzenketa, eskaera, eransketa eta egitate berri aipatu eta horiek kontuan izanik.

Agiri horiek aurkeztean aplikatuko da, euren mota kontuan izanda, lege honen 267 eta 268. artikuluetan xedatutakoa.

6. Halaber, auzitegiak alderdiei agindeia egin diezaieke, euren demanda- edo erantzun-idazkietako egitate eta argudioei buruz beharrezko argibideak edo zehaztasunak eman ditzaten.

Argibide edo zehaztasunok egiten ez badira, auzitegiak alderdiei ohartaraziko die, alderdion aurka zein egitate eta argudio aurkeztu, eta horiekin alderdiok ados daudela uler dezakeela auzitegiak.

427 artikulua. Alderdien jarrera, aurkeztu agiri eta irizpenei begira

1. Entzunaldian, alderdi bakoitzak bere iritzia emango du, aurkako alderdiek ordu arte ekarri agiriei buruz. Halakoetan, alderdi bakoitzak adieraziko du agiriok onartu edo aurkaratu nahiz aitortu edota, kasuan-kasuan, horien kautotasunari buruzko froga proposatzen duen.

2. Alderdiek, hala denean, adieraziko dute ordu arte aurkeztu aditu-irizpenen inguruan euren eskubideei komeni zaiena, irizpenok onartuz, kontrakoa esanez edo zehaztu gaietan horien zabaltzea proposatuz.

Halaber, euren iritzia emango dute, 265. artikuluaren 1. paragrafoko 5. zenbakiaren arabera ekarri txostenei dagokienez.

3. 426. artikuluko lehen hiru paragrafoetan aipatu alegazio edo uziek alderdiren batean edo guztietan eragiten badute aditu-irizpenen bat prozesura ekartzeko beharra, alderdiok berori egin dezakete, 338. artikuluko bigarren paragrafoan zehaztu epean.

4. Aurreko paragrafoaren kasu berean, entzunaldian agertu alderdiek eska dezakete, entzunaldian bertan, borondatez izendatu adituaren irizpena ekarri ordez, irizpena emango duen aditua auzitegiak izendatzea.

Eskabide hori ebatziko da, lege honen II. Liburuko I. tituluaren VI. kapituluko 5. atalean xedatutakoaren arabera.

428 artikulua. Egitate eztabaidagarriak finkatzea eta berehalako epaia eman ahal izatea

1. Hala denean, entzunaldiak aurrera egingo du, alderdiek edo euren defendatzaileek, auzitegiarekin batera, finka ditzaten auzilariek adostutako egitateak eta adostu ez dituztenak.

2. Eztabaidaren objektua kontuan izanik, auzitegiak alderdiei edo euren ordezkari eta abokatuei aholka diezaieke auzia amaituko duen hitzarmen batera heltzea. Kasuan-kasuan, lege honen 415. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3. Alderdiek, aurreko paragrafoaren arabera, auzia hitzarmen bitartez amaitzen ez badute, baina egitate guztiekin ados badaude, eta desadostasuna arazo juridikoei begira gertatzen bada, auzitegiak epaia emango du, entzunaldia zein egunetan amaitu eta egun horren biharamunetik hogei egunetan.

429 artikulua. Froga proposatu eta onartzea. Epaiketaren data zehaztea

1. Auzia amaitzeko alderdien arteko hitzarmenik ez badago edo egitateen inguruan adostasunik ez badago, entzunaldiak aurrera egingo du froga proposatu eta onartzeko.

Auzitegiak ulertzen badu ez direla nahiko alderdiek egitate eztabaidagarriak argitzeko proposatu frogak, orduan hori adieraziko die alderdiei, bere ustez froga askiezak ukitu ahal dituen egitateak zehaztuz.

Adierazpen hori egitean, auzitegiak adieraz ditzake, orobat, gauzatzeko egokitzat jotako froga edo frogak, auzi-paperek zein froga-osagai ondorioztatu eta horiek bakarrik kontuan izanda.

Aurreko lerrokadan aipatu kasuan, alderdiek osa edo alda ditzakete euren froga-proposamenak, auzitegiak adierazitakoa kontuan izanik.

2. Froga egoki eta erabilgarriak onartu ondoren, auzitegiak epaiketaren data zehaztuko du, entzunaldia noiz bukatu eta hilabeteko epean gauzatu beharko dela.

3. Alderdiak hala eskaturik, froga guztia edo gehiena gauzatu behar bada auziaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horrek egoitza duen tokitik kanpo, auzitegiak agin dezake epaiketa bi hilabeteko epean gauzatzea.

4. Epaiketa-ekitaldian gauzatu behar ez diren frogak, hori baino lehen burutuko dira.

5. Alderdiek adierazi beharko dute epaiketan zein lekuko eta aditu aurkezteko konpromisoa hartu duten, eta zein zitatu beharko duen auzitegiak.

Zitazioa entzunaldian aginduko da, eta berori behar besteko aurrerapenarekin gauzatuko da.

Halaber, alderdiek adierazi beharko dute euren ustez zein adierazpen eta galdeketa gauzatu behar diren laguntza judizialaren bitartez.

Auzitegiak horren inguruan bidezkoa dena ebatziko du, eta laguntza judiziala eskatu behar dela uste badu, berehala aginduko du exhorto egokiak igortzea; halakoetan, alderdiei hiru eguneko epea emango zaie, horiek, beharrezkoa bada, galderen zerrenda aurkez dezaten.

Edozein kasutan, exhorto horiek ez badira betetzen, horrek ez du epaiketa-ekitaldia etengo.

6. Ez da beharrezkoa izango alderdiei epaiketarako zitazioa egitea, baldin eta alderdiok epaiketa aurreko entzunaldian agertu badira, dela euren kabuz, dela euren prokuradorearen bitartez.

7. Salbuespen gisa eta zioak emanez, eta onartutako frogak kontuan izanda, aurreikus badaiteke epaiketa ezin izango dela amaitu zehaztu egunean eta saio batekin, zitazioan hala adieraziko da, eta bertan zehaztuko da hurrengo saioa edo saioak ondorengo egunean edo egunetan edo beste batzuetan gauzatuko diren; halakoetan, beti adieraziko da epaiketako saioen hasierako ordua.

8. Onartutako froga bakarra agiriena bada, eta agiriok epaiketara ekarri izan badira aurkaratuak izan gabe, edo adituen txostenak aurkeztu badira eta alderdiek edo auzitegiak ez badute eskatu adituok epaiketan agertzea euren txostena berresteko, orduan auzitegiak epaia emango du, entzunaldia noiz amaitu eta hogei egunera, epaiketa aldez aurretik egin gabe.

430 artikulua. Epaiketarako beste data zehazteko eskaera egitea

Epaiketa-ekitaldira joan behar dutenetatik edozein ezin bada horretan agertu, ezinbesteko kasuaren ondorioz edo antzeko garrantzia duten zioetatik beste edozeinen ondorioz, eska dezake epaiketarako beste data bat zehaztea.

Eskabide hori 183. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatu eta ebatziko da.

III. KAPITULUA - Epaiketa

431 artikulua. Epaiketaren helburua

Epaiketaren helburua da alderdien adierazpen-frogak, lekuko-frogak, adituen ahozko eta kontraesaneko txostenak, epailearen azterketa, hala denean, eta hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzeko frogak gauzatzea.

Halaber, behin frogak gauzatu ondoren, epaiketan aurkeztuko dira haiei buruzko ondorioak.

432 artikulua. Alderdiak agertzea eta ez agertzea

1. Zein galdeketa onartu eta horretan alderdiek beren kabuz parte hartzeari kalterik egin gabe, alderdiak epaiketan agertuko dira, prokuradoreak ordezkatuta eta abokatuaren laguntzarekin.

2. Alderdietatik edozein epaiketan agertzen ez bada, akta jasoko da hori agerraraziz, eta auzitegiak besterik gabe adieraziko du auzia epaia emateko moduan dagoela.

Alderdietako bat bakarrik agertzen bada, epaiketari ekingo zaio.

433 artikulua. Epaiketa-ekitaldia garatzea

1. Epaiketa hasiko da, onartu frogak gauzatuz, 299. artikulu eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; hala ere, frogaren bat lortzean edo horren jatorrian, oinarrizko eskubideak hautsi direlako zalantza sortu bada edo sortzen bada, orduan lehenengo arazo hori ebatziko da.

Halaber, frogak gauzatu baino lehen, aurretiazko entzunaldiaren ondoren gertatutako edo jakindako egitateak alegatu badira edo alegatzen badira, orduan alderdiak entzuteari eta 286. artikuluan aipatu frogak proposatu eta onartzeari ekingo zaio.

2. Frogak gauzatu ondoren, alderdiek ahoz aurkeztuko dituzte egitate eztabaidatuen inguruan euren ondorioak, eta era antolatu, argi eta zehatzean azalduko dute, euren ustez, egitate garrantzitsuak onartuak izan diren edo izan behar duten eta, kasuan-kasuan, horiek frogatuak izan diren edo izan behar duten, edota zehaztugabeak diren edo izan behar duten.

Helburu horretarako, alderdi bakoitzak egingo du egitate horien inguruan gauzatu froga bakoitzaren laburpena, eta, kasuan-kasuan, epaiketaren auzipaperei igorpen xehea egingo zaie.

Egitateren bat presuntzio bidez egiazkoa dela ulertu behar bada, hala adieraziko dute alderdiok, euren irizpena oinarrituz.

Halaber, zalantzazkotzat jotzen dituzten egitateen inguruan froga-zamak zer ondorioztatu eta hori alega dezakete alderdiok.

Frogen emaitzari buruz eta presuntzioei edo froga-zamari buruz, alderdi bakoitza hasiko da beraren uzien alde alegatu egitateekin, eta berak jarraituko du, aurkako alderdiak alegatu egitateekin zerikusia duenarekin.

3. Egitate eztabaidagarrien ondorioak aurkeztu ondoren, alderdi bakoitzak txostena egin dezake, bere uzien oinarri diren argudio juridikoei buruz, eta uziok ezin dira une horretan aldatu.

4. Auzitegiak kasuari dagokionez bere burua nahiko jakitun ikusten ez badu, aurreko paragrafoetan aipatu ondorioztapen eta txostenei begira, orduan hitza emango die alderdiei, alderdiok informazioa eman dezaten, auzitegiak beharrezko jotzen duen beste aldiz, eta berak adierazi arazoen inguruan.

IV. KAPITULUA - Epaia

434 artikulua. Epaia

1. Epaia emango da, epaiketa noiz amaitu eta hurrengo hogei egunetan.

2. Epaia emateko epean eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, azken eginbideak agintzen badira, epaia emateko epea eten egingo da.

435 artikulua. Azken eginbideak. Bidezkoak izatea

1. Alderdiak hala eskaturik bakarrik agin dezake auzitegiak, auto bidez, azken eginbide gisa, froga-jarduna gauzatzea, honako erregela hauen arabera:

1.) Ez dira gauzatuko, azken eginbide gisa, alderdiek garaiz eta behar bezala proposatu ahal izan dituzten frogak; horren barne dira 429. artikuluko 1. paragrafoan aipatu auzitegi-adierazpenaren ostean proposatu ahal izan direnak.

2.) Froga zein alderdik proposatu eta horren esku ez dauden arrazoiengatik, onartutako frogetatik bat ezin izan denean gauzatu.

3.) Halaber, froga egoki eta erabilgarriak onartu eta gauzatuko dira, horiek 286. artikuluan xedatutako egitate berri edo jakinberriei buruzkoak badira.

2. Salbuespen gisa, auzitegiak agin dezake, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, egitate garrantzitsuei buruzko frogak berriro gauzatzea, horiek garaiz alegatu badira, eta aurretiazko froga-jarduna ez bada ondorio-sortzaile izan, jada desagertu diren, eta alderdien borondate eta arretarekin zerikusia ez duten inguruabarrengatik. Halakoetan, zio oinarridunak izan behar dira, jardun berriak egitate horiei buruzko egiazkotasuna eskuratzea ahalbidetuko duela uste izateko.

Kasu horretan, eginbideak gauzatzea zein autotan agindu eta horretan xehetasunez adierazi behar dira inguruabar eta zio horiek.

436 artikulua. Azken eginbideak gauzatzeko epea. Geroko epaia

Aurreko artikuluetan zer xedatu eta horren arabera agindu eginbideak gauzatuko dira hogei eguneko epean, legean mota horretako frogetarako ezarritakoaren arabera.

Eginbideok gauzatu ondoren, alderdiek, bost egunetan, idazkia aurkez dezakete, eginbideon emaitza laburtuz eta balioetsiz.

2. Epaia emateko hogei eguneko epea berriz zenbatzen hasiko da, aurreko paragrafoan aipatu idazkia alderdiek aurkezteko duten epea igaro ondoren.

III. TITULUA - HITZEZKO EPAIKETA

437 artikulua. Demandaren forma

1. Hitzezko epaiketa demanda laburraren bidez hasiko da; demanda horretan jasoko dira auzi-jartzailearen eta demandatuaren identifikazio-datu eta -ezaugarriak, eta horiek zitatzeko egoitza edo egoitzak, eta eskatutakoa argi eta zehatz adieraziko da.

2. 900 eurotik beherako kopurua duten hitzezko epaiketetan, demandatzaileak demanda jar dezake, ondore horretarako dauden inprimaki normalizatuak betez; inprimakiok haren esku egongo dira kasuan kasuko auzitegian.

3. Demandan eskatzen bada hiri-finkatik errentaria botatzea, errentatzaileari zordundutako errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, demandatzaileak iragar dezake, demandan bertan, errentariari zor guztia edo zati bat eta kostuak barkatzea; halakoetan, barkatze hori baldintzatuta dago adierazi epean borondatezko irtenaraztera, epe hori demanda jakinarazi eta hilabetekoa gutxienez izan behar dela.

438 artikulua. Errekonbentzioa, eta akzioen metaketa objektibo eta subjektiboa

1. Ez da errekonbentziorik onartuko, legearen arabera gauza epaituaren ondorerik gabe amaitu behar diren hitzezko epaiketetan.

Hitzezko gainerako epaiketetan, errekonbentzioa onartuko da, bakarrik, hori auzi-jartzaileari jakinarazten bazaio ikustaldia baino bost egun lehenago gutxienez, hitzezko epaiketan bidegabe izatea ez badakar, eta errekonbentzioko uzien eta demanda nagusiko uzien artean lotura badago.

2. Hitzezko epaiketetan, demandatuak alegatzen badu konpentsa daitekeen kreditua, hori jakinarazi beharko dio auzi-jartzaileari, ikustaldia baino bost egun lehenago gutxienez.

Konpentsa daitekeen kredituaren inguruan, hitzezko epaiketarekin jarraitu ahal izateko munta baino handiagoa bada demandatuaren alegazioa, auzitegiak alegazio hori egin ez dela ulertuko du, demandatuari hala ohartaraziz, horrek bere eskubidea auzitegi eskudunean eta izapide egokiak erabiliz balia dezan.

3. Hitzezko epaiketetan, ez da akzioen metaketa objektiborik onartuko, salbuespen hauek izan ezik:

1.) Egitate berberetan oinarritu akzioen metaketa, baldin eta hitzezko epaiketak bidezkoa izaten jarraitzen badu.

2.) Kalte-galeren ordaina emateko akzioa beste akzio bati metatzean, beste akzio hori hura epaitu aurrekoa bada.

3.) Errentei edo antzeko munta muga-eguneratu eta ez ordainduei buruzko erreklamazioen akzio-metaketa, ordainketarik ezaren ondorioz finkatik maizterra botatzeko epaiketetan, eskatutako kopurua kontuan izan gabe*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuaren arabera, hitzezko epaiketetan akzioak metatzeko gehieneko kopurua 500 000 pezetakoa (300 eurokoa) da.

4. Subjektu batek subjektu anitzen aurka edo subjektu anitzek subjektu baten aurka dituzten akzioak meta daitezke, lege honen 72. artikuluko eta 73. artikuluko 1. paragrafoko eskakizunak betetzen badira.

439 artikulua. Demanda ez onartzea kasu berezietan

1. Ez dira demandak onartuko, baldin eta horiekin edukitza atxiki edo berreskuratu nahi bada eta demanda horiek aurkeztu badira, nahasmendu- edo kentze-egintza noiz gertatu eta urte bateko epean.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, ez dira demandak onartuko honako kasu hauetan:

1.) Demandetan azaldu ez badira eman beharreko epaiaren eragingarritasuna ziurtatzeko beharrezkotzat jotako neurriak.

2.) Demandatzailearen uko-egitea salbuetsiz, uko-egite hori demandan azalduko dela, demandan adierazten ez bada 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadaren arabera demandatuak eman beharreko kauzioa, berori agertu eta erantzuten duen kasurako; hori egingo da, demandatuak behar ez bezala jaso dituen fruituez, sortu dituen kalte-galerez eta epaiketaren kostuez erantzuteko.

3.) Demandari batu ez bazaio Jabetza Erregistroaren hitzez-hitzezko ziurtagiria, bertan beren beregi agerraraziz, aurkakotasunik gabe, demandatzailea legitimatzen duen idazkunaren indarraldia.

3. Ez dira onartuko hiri-finkatik errentaria botatzeko demandak, errentari horrek zor dituen errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, baldin eta errentatzaileak adierazten ez baditu kasu horretan maizter-botatzea ezerezean uztea ahalbide dezaketen inguruabarrak.

4. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10 eta 11. zenbakien kasuetan, egikaritutako akzioaren oinarria bada ondasun higigarrien eperako salmenta-kontratua ez betetzea, orduan ez dira demandak onartuko, demandarekin batera ez bada aurkezten zordunari egindako ordainketa- agindeiaren egiaztapena, ordaindu ez delako eta ondasuna eman ez delako eginbidearekin, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Legearen 16. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera; demandarekin batera aurkeztu behar da, orobat, ondasunok Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatzeko ziurtagiria, ondasunok erregistro horretan inskriba badaitezke.

Finantza-errentamenduaren kontratua ez betetzean oinarritutako akzioak egikaritzen badira, ez dira demandak onartuko, horiei batu ez bazaie zordunari egindako ordainketa-agindeiaren egiaztapena, ordaindu ez delako eta ondasuna eman ez delako eginbidearekin, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Legearen lehen xedapen gehigarriko hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5. Halaber, hitzezko epaiketaren demandak ez dira onartuko, horiek betetzen ez badituzte legeetan kasu berezietarako ezarri onargarritasun-baldintzak.

440 artikulua. Demanda laburra onartu eta helaraztea, eta ikustaldirako zitazioa

1. Auzitegiak, bost eguneko epean, bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa, eta, hala denean, lurralde-eskumena aurretik aztertuta, autoa emango du. Auto horretan aginduko du, kasuan-kasuan, demanda onartzea eta demandatuari berori helaraztea, eta alderdiei ikustaldirako zitazioa egingo die, eguna eta ordua adieraziz; halakoetan, hamar egun gutxienez eta hogei egun gehienez izan behar dira, zitazio egunaren biharamunean eta ikustaldiaren artean.

Zitazioan agerrarazi behar da ikustaldia ez dela etengo demandatua bertan ez agertzeagatik, eta auzilariei ohartaraziko zaie baliatu nahi dituzten frogabideekin agertu behar direla, bertan ohartaraziz, auzilariok agertzen ez badira, eta euren adierazpena proposatu eta onartu bada, galdeketaren egitateak onartutzat jo daitezkeela, 304. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Halaber, demandatzaileari eta demandatuari ohartaraziko zaie, horiek ikustaldian ez agertze-kasurako 442. artikuluan xedatutakoarekin.

Zitazioan ere alderdiei adieraziko zaie, zitazioa noiz jaso eta hurrengo hiru egunetako epean, horiek euren kabuz aurkeztu ezin dituzten pertsonak zehatz ditzaten, auzitegiak horiei zitazioa egiteko, pertsona horiek ikustaldian alderdi edo aditu gisa adierazpena egite aldera. Helburu horretarako, zitazioa egiteko beharrezko diren datu eta inguruabar guztiak emango dira.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, ikustaldirako zitazioan demandatuari ohartaraziko zaio, ez-agertze kasuan, epaia emango dela, auzi-jartzaileak inskribatu eskubidearen eragingarritasunerako zein jardun eskatu eta jardun hori aginduz.

Halaber, demandatuari ohartaraziko zaio, hala denean, epai hori emango dela, nahiz eta demandatua ikustaldi-ekitaldira agertu, demandatu horrek kauzioa ematen ez badu, auzitegiak, demandatua entzun ondoren, zehaztu kopurukoa, berori auzi-jartzaileak eskatu duen kopuruaren barne egongo dela.

3. Zorrean diren errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, hiri-finkatik maizterra botatzeko demandak jartzen direnean, auzitegiak adieraziko du, hala denean, ikustaldirako zitazioan, maizterbotatzea ezerezean uzteko aukera, lege honen 22. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Halakoetan, auzitegiak adieraziko du, berebat, demandatzaileak demandan 437. artikuluaren 3. paragrafoko konpromisoa hartu badu, konpromiso horren onarpena 21. artikuluko ondoreak dituen amore-ematearen parekoa izango dela. Auzitegiak bost eguneko epea emango dio demandatuari, horrek agindeia onartzen duen adieraz dezan.

Halaber, demandatuari ohartaraziko zaio, ikustaldian agertzen ez bada, maizter-botatzea besterik gabe adieraziko dela.

Era berean, auzitegiak, onartze-autoan, botatzea gauzatzeko eguna eta ordua zehaztuko ditu, hori guztia ikustaldiaren datatik zenbatzen hasita hilabete baino lehenago egin daitekeela. Demandatuari ohartaraziko zaio, epaia kondenatzailea bada eta horren aurka errekurtsorik aurkezten ez bada, botatzea zehaztu epean gauzatuko dela, demandatzaileak hori eskatzen badu 549. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

441 artikulua. Ikustaldi aurreko jarduna, kasu berezietan

1. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakiaren kasuan, demanda jarri ondoren, auzitegiak deituko die demandatzaileak proposatu lekukoei, eta, euren adierazpenak kontuan izanda, autoa emango du, eskatu edukitza ukatuz edo emanez, ondore horretarako egoki den jarduna gauzatuz; horrek ez dio kalterik egingo eskubide hobeari.

Autoa ediktuen bidez argitaratuko da, auzitegiaren egoitzan, ageriko toki batean, baita probintziako «Aldizkari Ofizialean» eta probintzian zabalkunde handieneko egunkari batean ere, demandatzailearen kontura. Halakoetan, interesdunei erreklamatuko zaie, demandatzailearen eskubidea baino hobea dutela uste badute, bertan ager daitezela eta erreklamazioa egin dezatela, berrogei eguneko epean.

Inor agertzen ez bada, demandatzaileari edukitzan berretsiko zaio; baina erreklamatzaileak agertzen badira, euren idazkiak demandatzaileari helarazi ondoren, horri ikustaldirako zitazioa egingo zaio, agertu diren guztiekin batera, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera jarduna gauzatuz.

2. Demanda jarri bada obra berri baten etendurari buruz, izaera sumarioarekin ebazpen judiziala lortzeko, auzitegiak, ikustaldirako zitazioa baino lehenago ere, obraren jabe edo arduradunari berehala zuzenduko dio etendura- agindua. Jabe edo arduradun horrek kauzioa eman dezake obra jarraitzeko, eta jada eraikitakoa mantentze aldera beharrezko diren obrak gauzatzeko.

Auzitegiak agin dezake azterketa judiziala, adituarena, edo biena, ikustaldia egin baino lehen.

Kauzioa eman daiteke, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

3. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, auzitegiak, demanda onartu bezain laster, eskatu neurriak hartuko ditu, horiek, inguruabarrak kontuan izanda, beharrezkoak badira eman litekeen epaiaren betetzea bermatzeko.

4. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10. zenbakiaren kasuan, auzitegiak, demanda onartzean, aginduko du ondasunak edukitzaileari erakustea, agintaritza judizialari desobeditzeagatik beraren aurka jardungo dela ohartarazpena hari eginez. Auzitegiak aginduko du, halaber, aurreneurrizko eta berehalako enbargoa ondasunen gainean, berori gordailutzearen bidez bermatuko dela, lege honetan xedatutakoaren arabera.

250. artikuluaren 1. paragrafoko 11. zenbakian xedatutakoaren arabera, egikaritutako akzioen oinarria bada finantza- errentamenduaren kontratua edo jabari-erreserbapeko eperako salmenta- kontratua, orduan auzitegiak aginduko du, demanda onartzean, zein ondasun ematea eskatu eta hori gordailutzea.

Demandatzaileari ez zaio kauzioa galdatuko, kautela-neurri horiek hartzeko, eta ez da horien inguruan demandatuaren aurka-jartzea onartuko.

Halaber, ez dira onartuko neurriok kauzioarekin aldatu edo ordeztea.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaz gain, demandatua bost egunez epatuko da, jardunean prokuradorearen bidez bertara dadin, demandari beraren aurka- jartzea iragartzeko, 444. artikuluko 3. paragrafoan xedatutako arrazoietatik batengatik.

Demandatuak epe hori igarotzen utzi badu, bere aurka-jartzea iragarri gabe, edo aurka-jartze hori 444. artikuluko 3. paragrafoan bilduta ez dauden zioetatik batean oinarritu nahi badu, auzitegiak besterik gabe emango du auzi-jartzailearen uzien aldeko epaia.

Demandatuak erreklamazioari buruzko aurka-jartzea iragartzen badu, aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera, alderdiei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta, demandatua ikustaldi horretara agertzen ez bada arrazoi zuzenik gabe, edo, agertzen bada, baina aurka- jartzerik aurkezten ez badu, edo aurka-jartzea oinarritu nahi badu 444. artikuluko 3. paragrafoko zioez beste batean, orduan, besterik gabe, auzi-jartzailearen uzien aldeko epaia emango du auzitegiak.

Halakoetan, erreklamazioaren balioa zein izan eta horren bosten baterainoko isun-zehapena ezarriko zaio demandatuari, hori 180 eurokoa gutxienez izango dela.

Aurreko lerrokadetan aipatu aurka-jartzerik gabeko kasuetan, emandako epaiaren aurka ez dago errekurtsorik.

442 artikulua. Alderdiak ikustaldian

ez agertzea

1. Demandatzailea ikustaldian agertzen ez bada, eta demandatuak prozesuaren jarraipenean interes legitimorik alegatzen ez badu funtsari buruzko epaia eman dadin, berehala ulertuko da demandatzaileak demandan atzera egin duela; eragindako kostuak ezarriko zaizkio eta kondenatuko zaio agertu den demandatuari kalte-ordaina ematera, horrek hori eskatu eta jasandako kalte-galerak egiaztatzen baditu.

2. Demandatua agertzen ez bada, auzi-ihesean dagoela adieraziko da, eta, zitazioa berriro egin gabe, epaiketak bere bidea jarraituko du.

443 artikulua. Ikustaldiaren garapena

1. Ikustaldia hasiko da, demandatzaileak eskatutakoaren oinarriak azalduz, edo, demanda aurkeztu bada epaiketa arrunterako xedatutakoaren arabera, hark demandan azaldutako oinarriak berretsiz.

2. Jarraian, demandatuak aurkez ditzake bere eskubideei dagozkien alegazioak. Kasu horretan, hala denean, alegazioak hasiko dira, onargarri ez diren akzioen metatzearekin, eta beste edozein egitate edo inguruabarrekin, baldin eta egitate edo inguruabar horrek eragotz badezake prozesuak jarraitzea eta prozesu hori edukiari buruzko epaiarekin amaitzea.

Demandatuak une horretan ezin du aurkaratu auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza; horiek deklinatoria- formarekin aurkeztu behar izan zituen, lege honen 64. artikuluan xedatutakoaren arabera, auzitegiak ofizioz bere jurisdikziorik edo eskumenik eza aintzat hartzeari kalterik egin gabe.

3. Demandatzaileari aurreko paragrafoan aipatu arazoen inguruan entzun egingo zaio, eta demandatuaren nortasun eta ordezkaritzaren inguruan behin hori egin eta gero, auzitegiak bidezkoa dena ebatziko du, eta, epaiketarekin jarraitzea agintzen badu, demandatuak eska dezake bere desadostasuna aktan jasotzea, eman litekeen epaiaren aurka gora-jotze ondoreetarako.

4. Aurreko paragrafoetan aipatu prozesu-arazoak eragiten ez badira, edo, horiek eragin ondoren, auzitegiak epaiketarekin jarraitzea ebatzi badu, alderdiei hitza emango zaie, alderdiok euren uziak zein egitate garrantzitsutan oinarritu, eta horiek argi eta garbi zehatz ditzaten.

Egitateon inguruan adostasunik ez badago, frogak proposatuko dira, eta, egoki edo erabilgarri direnak onartu ondoren, jarraian gauzatuko dira.

Alderdien froga-proposamena osa daiteke, 429. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

444 artikulua. Ikustaldiaren edukiari buruzko erregela bereziak

1. Hitzezko epaiketan eskatzen bada errentapeko hiri- edo landa-finka berreskuratzea, errenta edo antzeko kopurua ez ordaintzeagatik, orduan demandatuari baimenduko zaio, bakarrik, ordainketa bera edo hori ezerezean uzteko inguruabarrak alegatu eta frogatzea.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, demandatua demandaren aurka jar daiteke, bakarrik, baldin eta, kasuan-kasuan, auzitegiak zehaztu kauzioa ematen badu, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutako moduetatik edozein erabiliz.

Demandatuaren aurka-jartzea, oinarri gisa, honako arrazoi hauetatik bat bakarrik izan daiteke:

1.) Erregistroko ziurtagiriaren faltsutzea edo ziurtagirian inskribatutako eskubide edo baldintzak bertan ez agertzea, horiek egikaritu akzioa ezerezean uzten badute.

2.) Demandatuak eztabaidatu finka edukitzea edo eskubidea egikaritzea kontratu bidez, azken titularrarekin edo aurreko titularrekin izandako zuzeneko harreman juridikoetatik edozeinen bidez edo preskripzio bidez, baldin eta preskripzioak kalte egin ahal badio inskribatutako titularrari.

3.) Finka edo eskubidea demandatuaren mesederako inskribatuta egotea eta hori egiaztatzea, Jabetza Erregistroko inskripzioa indarrean dagoelako egiaztatze-ziurtagiria aurkeztuz.

4.) Demandatuak zein finka benetan eduki eta hori inskribatutakoa ez izatea.

3. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10 eta 11. zenbakien kasuetan, demandatuaren aurka-jartzeak oinarri gisa honako arrazoi hauetatik bat bakarrik izan dezake:

1.) Auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza.

2.) Agiri bidez egiaztatutako ordainketa.

3.) Demandatuaren adostasunik eza edo adostasun horren baliozkotasunik eza, sinaduraren faltsutzea barne dela.

4.) Kontratua zein agiritan formalizatu eta horren faltsutzea.

445 artikulua. Froga eta presuntzioak, hitzezko epaiketetan

Froga- eta presuntzio-arloetan, hitzezko epaiketei aplikatuko zaie liburu honen I. tituluko V eta VI. kapituluetan ezarritakoa.

446 artikulua. Frogari buruzko ebazpenak, eta errekurtsoak

Auzitegiaren ebazpenen aurka, horiek frogak ez onartzearen ingurukoak badira, edo, frogak onartzearen ingurukoak izanda ere, oinarrizko eskubideak hautsiz lortu direla salatzen bada, alderdiek protesta aurkez dezakete, bigarren auzialdian euren eskubideak baliatze-ondorerako.

447 artikulua. Epaia. Gauza epaiturik eza, kasu berezietan

1. Frogak proposatu eta onartu badira, horiek gauzatu ondoren, edo, bestelako kasuan, alderdiek alegazioak aurkeztu ondoren, ikustaldia amaitutzat joko da, eta auzitegiak epaia emango du hurrengo hamar egunetan.

Hitzezko epaiketak salbuesten dira, horietan hiri-finkatik maizterra botatzea eskatzen bada; hitzezko epaiketa horietan, epaia hurrengo bost egunetan emango da, ikustaldi-ekitaldian alderdiak auzitegiaren egoitzara deituz, horiek epaiaren jakinarazpena jaso dezaten.

2. Epaiek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak sortuko, horiekin amaiera ematen bazaie edukitzaren babes sumarioaren inguruko hitzezko epaiketei; hiri- nahiz landa-finkatik maizterra botatzeko edo finka hori berreskuratzeko uzien inguruan erabakitzen badute, finka hori errentamenduan eman eta errenta edo alogera ordaindu ez denean; eta, era berean, lege honek babes sumario gisa kalifikatu beste uzi batzuen ingurukoak badira.

3. Halaber, hitzezko epaiketetan emaniko epaiek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak izango, epaiketa horietan eskatu bada inskribatutako eskubide errealen eragingarritasuna, titulurik inskribatuta izan gabe, eskubideon aurka jarri direnen edo eskubideon egikaritza nahasi dutenen kontra.

4. Halaber, ebazpen judizialek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak izango, legeek, kasu zehatzetan, ondore horiek ukatu badizkiete.

IV. TITULUA - ERREKURTSOAK

LEHENENGO KAPITULUA - Errekurtsoak: xedapen orokorrak

448 artikulua. Errekurtsoak jartzeko eskubidea

1. Alderdiek jar dezakete legean ezarri errekurtsoa, eurei kalte egiten dieten ebazpen judizialen kontra.

2. Errekurtsoa jartzeko epeak zenbatuko dira, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horren jakinarazpenaren biharamunetik, edo, hala denean, ebazpenaren argitzea noiz jakinarazi edo argitze horren ukatzea noiz jakinarazi eta egun horren biharamunetik.

449 artikulua. Errekurtsoa jartzeko eskubidea, kasu berezietan

1. Botatzea dakarten prozesuetan, ez zaio demandatuari onartuko gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa, baldin eta, horiek prestatzean, adierazten ez badu, idatziz egiaztatuz, errenta muga-eguneratuak eta kontratuaren arabera aldez aurretik ordaindu beharrekoak jada ordaindu dituela.

2. Aurreko paragrafoan aipatu gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio-errekurtsoa ezerezean daudela ulertuko da, horien egoera edozein izanik ere, errekurtsook gauzatzean demandatu errekurtsogileak uzten badio muga-eguneratutako epeak edo aurreratu beharrekoak ordaintzeari.

Errentariak aurrera dezake edo zainpean jar dezake muga-eguneratu gabeko zenbait aldiren ordainketa, eta aldi horien likidazioa epaia irmo denean egingo da.

Edozein kasutan, kopuru horien ordainketa ez da kontratuaren berritze gisa ulertuko.

3. Prozesuetan eskatzen bada ibilgailu motordunak gidatzearen ondoriozko kalte-galerak ordaintzeko kondena, kalte- ordaina ordaintzera kondenatua izan denari ez zaio onartuko gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoa, baldin eta, horiek prestatzean, egiaztatzen ez badu gordailua eratu duela; gordailu horren kopuruak bere barruan hartuko ditu kondena gehi korrituak eta galda daitezkeen errekarguak, horretarako ezarri establezimenduan.

Gordailu horrek ez du eragotziko, hala denean, emandako ebazpenaren behin-behineko betearazpena.

4. Prozesuetan eskatzen bada auzotarren erkidegoari jabe batek zor dizkion kopuruak ordaintzeko kondena, ez zaio kondenatuari gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoa onartuko, baldin eta, horiek prestatzean, egiaztatzen ez badu kondena-epaiko kopuru likidoa ordaindu edo zainpean jarri duela.

Kopuru hori zainpean uzteak ez du eragotziko, hala denean, emandako ebazpenaren behin-behineko betearazpena.

5. Aurreko paragrafoetan galdatu gordailua edo zainpean uztea egin daiteke, orobat, lehen agindeian ordain daitekeen eta iraupen zehaztugabea duen abal solidarioaren bidez, abal hori ematen badu kreditu-erakunde batek nahiz elkarrekiko berme-sozietate batek; egin daiteke beste edozein modutan ere, kasuan-kasuan bermatzen bada, auzitegiaren iritziz, zainpean edo gordailuan jarritako kopuru hori berehala eskura daitekeela.

6. Aurreko paragrafoetako kasuetan, errekurtsoak ukatu edo ezerezean daudela adierazi aurretik, lege honen 231. artikuluan xedatutakoa beteko da, errekurtsogileak berari dagozkion kopuruak ordaintzeko, zainpean edo gordailuan jartzeko nahiz abala emateko borondatea azaldu badu, baina auzitegiaren iritziz, agiri bidez egiaztatu ez badu eskakizun horien betetzea.

450 artikulua. Errekurtsoetan atzera egitea

1. Errekurtsogile orok errekurtsoan atzera egin dezake, horri buruzko ebazpena eman aurretik.

2. Errekurtsogile batzuk badaude, eta euretako batek edo batzuek bakarrik atzera egiten badute, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta ebazpen hori ez da irmoa izango atzera-egite horrengatik; baina, halakoetan, atzera egin dutenei dagozkien aurkaratze-uziak bertan behera geratu direla ulertuko da.

II. KAPITULUA - Birjartze-errekurtsoa

451 artikulua. Errekurtsopeko ebazpenak. Ondore etengarririk ez izatea

Birjartze-errekurtsoa bidezkoa izango da edozein auzitegi zibilek emandako probidentzien aurka eta behin betiko auto ez direnen aurka, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman zuen auzitegian bertan; errekurtso horri kalterik egin gabe, agindutakoa beteko da.

452 artikulua. Epea, modua eta ez onartzea

Birjartze-errekurtsoa bost eguneko epean jarri beharko da, birjartze-errekurtso horretan errekurtsogilearen ustez zein ebazpenen arau-haustea gertatu eta hori azalduz.

Aipatu betekizun biak gertatzen ez badira, probidentzia bidez ez da errekurtsoa onartuko; probidentzia horren aurka ez dago errekurtsorik.

453 artikulua. Errekurtsoa zein alderdiri jarri eta alderdi horiei entzunaldia egitea, eta errekurtsoaren ebazpena

1. Birjartze-errekurtsoaren izapidetza onartu ondoren, bertaratutako gainerako alderdiei bost eguneko epe erkidea emango zaie, hura aurkaratzeko, horri egoki baderitzote.

2. Aurkaratze-epea igaro ondoren, idazkiak aurkeztu badira nahiz aurkeztu ez, auzitegiak, besterik gabe, bost eguneko epean ebazpena emango du auto bidez.

454 artikulua. Birjartzea ebatzi duen autoaren aurka errekurtsoa jartzeko ezintasuna

Kexa-errekurtsoa bidezko denean izan ezik, birjartze-errekurtsoa ebatzi duen autoaren aurka ez dago errekurtsorik; horrek ez dio kalterik egiten, behin betiko ebazpenaren aurka errekurtsoa jartzean bidezkoa bada, birjartze-errekurtsopeko arazoa errepikatzeari.

III. KAPITULUA - Gora jotzeko errekurtsoa eta bigarren auzialdia

LEHENENGO ATALA

Gora jotzeko errekurtsoa eta bigarren auzialdia: xedapen orokorrak

455 artikulua. Gora jotzea ahalbidetzen duten ebazpenak. Eskumena eta lehenespeneko izapidetza

1. Bost eguneko epean gora jo daitezke edozein motatako epaiketetan emandako epaiak, behin betiko autoak eta legeak beren beregi adierazitako bestelako autoak.

2. Gora jotzeko errekurtsoen gaineko ardura dute:

1.) Lehen auzialdiko epaitegiek, gora jo daitezkeen ebazpenak euren epai-barrutiko bake epaitegiek eman badituzte.

2.) Probintziako audientziek, gora jo daitezkeen ebazpenak euren mugabarruko lehen auzialdiko epaitegiek eman badituzte.

3. Gora jotzeko errekurtsoek lehentasuneko izapidetza izango dute, legez ezarritakoak badira, eta demandak onartu ez dituzten autoen aurkakoak badira, legeak kasu berezietarako galdatu eskakizunak bete ez izateagatik.

456 artikulua. Gora jotzeko errekurtsoaren eremua eta ondoreak

1. Gora jotzeko errekurtsoaren bidez, eska daiteke, lehen auzialdiko auzitegian aurkeztu uzien egitezko nahiz zuzenbideko oinarrien arabera, auto edo epaiaren ezeztatzea, eta, horren ordez, errekurtsogilearen aldeko beste auto edo epai bat ematea, lehen auzialdiko auzitegian gauzatu jarduna berriro aztertuz, eta, lege honetan xedatu kasuen arabera, gora jotzeko auzitegian gauzatu froga kontuan izanik.

2. Demandari gaitziritzia ematen dioten epaien kontrako eta prozesuarekin amaitzen duten autoen kontrako gora-jotzeak ez du ondore etengarririk izango, eta ebatzitakoaren aurka jardutea ez da inoiz ere bidezkoa izango.

3. Demandari oniritzia ematen dioten epaien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen bada, epai horiek lege honen III. liburuko II. tituluan ezarri eragingarritasuna izango dute, euren erabakien izaera eta edukiaren arabera.

2. ATALA

Gora-jotzea gauzatzea

457 artikulua. Gora-jotzea prestatzea

1. Gora jotzeko errekurtsoa prestatuko da aurkaratutako ebazpena eman duen auzitegian, bost egunetako epean, ebazpen hori noiz jakinarazi eta egun horren biharamunean zenbatzen hasita.

2. Prestatze-idazkian, gora-joleak gora jo den ebazpena bakarrik aipatuko du, eta adieraziko, errekurtsoa jartzeko borondatea, aurkaratutako erabakiak aipatuz.

3. Aurkaratutako ebazpena gora jo badaiteke eta errekurtsoa garaiz prestatu bada, auzitegiak errekurtsoa prestatu dela ulertuko du, eta alderdi errekurtsogilea hogei egunez epatuko du, alderdi horrek errekurtsoa aurkez dezan, 458. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

4. Aurreko paragrafoan errekurtsoa prestatzeari buruz aipatu eskakizunak betetzen ez badira, auzitegiak autoa emango du, prestatze hori ukatuz.

Auto horren aurka, kexa-errekurtsoa baino ez dago.

5. Gora-jotzea prestatu dela ulertu duen probidentziaren aurka ez dago errekurtsorik; baina errekurtsoa jasan behar duen alderdiak gora-jotzearen onargarritasunik eza alega dezake, lege honen 461. artikuluan aipatu errekurtsoaren aurka-jartze izapidean.

458 artikulua. Errekurtsoa jartzea

1. Aurreko artikuluan ezarri epean, gora-joleak gora-jotzea jarri behar du, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman duen auzitegian.

Gora-jotze hori idazkiaren bidez gauzatuko da, horretan aurkaratzearen oinarri diren alegazioak aurkeztuz.

2. Gora-joleak errekurtsoa jartzeko idazkia garaiz aurkezten ez badu, gora jotzeko errekurtsoa ezerezean dagoela ulertuko da, eta errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori irmo izango da.

Gora-jotzea ezerezean dagoela adierazi diren ebazpenak gora-joleari ezarriko dizkio sortutako kostuak, horrelakoak badaude.

459 artikulua. Arauak edo prozesuko bermeak hausteagatiko gora-jotzea

Gora jotzeko errekurtsoan alega daiteke lehen auzialdian arauak edo prozesuko bermeak hautsi izana.

Halakoetan, errekurtsoa jartzeko idazkian aipatuko da hautsi direla ulertu arauak, eta alegatuko da, hala denean, jasandako defentsarik eza.

Gora-joleak egiaztatu behar du, halaber, arau-haustea garaiz salatu zuela, prozesuan horretarako aukera izan badu.

460 artikulua. Errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera aurkez daitezkeen agiriak. Frogak eskatzea

1. Errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera 270. artikuluko kasuetan aipatu agiriak aurkez daitezke, bakarrik, agiriok lehen auzialdian ekarri ezin izan badira.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkian eska daiteke, gainera, bigarren auzialdian honako froga hauek gauzatzea:

1.) Lehen auzialdian bidegabe ukatutakoak, ukatua izan den ebazpenaren birjartzea saiatu bada edo ikustaldian protesta egokia aurkeztu bada.

2.) Lehen auzialdian proposatu eta onartutakoak, baldin eta frogak gauzatu ezin izan badira, ezta azken eginbide gisa ere, frogok eskatu dituenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoietatik edozeinengatik.

3.) Auzia erabakitzeko garrantzitsu diren egitateei buruzkoak, horiek gertatu badira lehen auzialdian epaia emateko epea ireki ondoren, edo epe-muga hori baino lehen gertatu badira, azken kasu horretan alderdiak egiaztatzen duenean egitateok geroago jakin dituela.

3. Demandatua auzi-ihesean dela adierazi bada, berari egotz ezin dakizkiokeen arrazoietatik edozeinengatik, eta demandatu hori bertaratu bada auzi-paperetan lehen auzialdian froga proposatzeko ezarri unearen ondoren, bigarren auzialdian eska dezake bere eskubideei dagokien froga gauzatzea.

461 artikulua. Gora-jotzea jasan behar duen alderdiari errekurtsoa jartzeko idazkia helaraztea. Errekurtsoaren aurka jartzea eta epaia aurkaratzea

1. Gora jotze-errekurtsoa jartzeko idazkia gainerako alderdiei helaraziko zaie, azken horiek hamar eguneko epean epatuz, gora jotzeko errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman zuen auzitegian aurka jartzeko idazkia, edo, hala denean, gora jo den ebazpena aurkaratzeko idazkia aurkez dezaten, eurei kalte egiten dien horretan.

2. Errekurtsoaren aurkako idazkiak, eta, hala denean, hasieran errekurtsoa jarri ez duenak epaia aurkaratzeko eginiko idazkiak, aurkeztuko dira, errekurtsoa jartzeko idazkiari buruz xedatutakoaren arabera.

3. Gora-jotzea jasan behar duen alderdiak edo alderdiek beharrezko direla ulertu agiriak batu eta frogak eska daitezke, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera; eta ekarritako agirien onargarritasunaren inguruan eta gora-joleak proposatu frogen inguruan egoki diren alegazioak ere aurkez daitezke.

4. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan aipatu aurkaratze-idazkiak gora-jole nagusiari helaraziko zaizkio, horrek hamar eguneko epean egokitzat jotzen duena adieraz dezan.

462 artikulua. Lehen auzialdiko auzitegiaren eskumena gora jotzean

Gora jotzeko errekurtsoa gauzatzean, errekurtsopeko ebazpena zein auzitegik eman eta horren jurisdikzioak barne hartuko du, bakarrik, gora jo izan den ebazpenaren behin-behineko betearazpena gauzatzeko jarduna.

463 artikulua. Auzi-paperak igortzea

1. Gora jotzeko errekurtsoak jarri ondoren, eta, kasuan-kasuan, aurka jartzeedo aurkaratze-idazkiak aurkeztu ondoren, gora jo den ebazpena zein auzitegik eman eta horrek aginduko du auzi-paperak auzitegi eskudunari igortzea, azken horrek gora-jotzearen inguruan ebazpena eman dezan, alderdiak 30 egunez epatuz; baina, behin-behineko betearazpena eskatu bada, lehen auzialdiko auzitegian utziko da betearazpen horretarako beharrezko denari buruzko lekukotza.

2. Gora-jotzea ebazteko auzitegi eskudunari auzi-paperak igorri ondoren, behin-behineko betearazpena eskatzen bada, eskatzaileak lehenago lortu behar du betearazpenerako beharrezko zer izan eta horri buruzko lekukotza.

464 artikulua. Frogak onartzea eta ikustaldirako data zehaztea

1. Gora-jotzea ebatzi behar duen auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, agiri berriak ekarri badira edo froga proposatu bada, hori onartzearen inguruan bidezko dena aginduko da, hamar eguneko epean.

Froga gauzatu behar bada, ikustaldirako eguna zehaztuko da froga zein ebazpenetan onartu eta horretan bertan; ikustaldi hori hurrengo hilabetean, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Froga proposatu ez bada edo proposatu den guztia onartu ez bada, probidentzia bidez ikustaldia egitea ere agin daiteke, alderdietako batek hori eskatzen badu edo auzitegiak hori beharrezko dela ulertzen badu.

465 artikulua. Gora jotzeko epaia

1. Auzitegiak gora jotzeko errekurtsoaren inguruan ebazpena emango du, ikustaldia noiz amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Ikustaldia egin ez bada, epaia eman behar da hilabeteko epean, auzitegi eskudunak auzi-paperak noiz jaso eta egun horren biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Prozesuko arau-haustea alegatu eta arau-hauste hori lehen auzialdiko epaia ematean egin bada, gora jotzeko auzitegiak prozesuaren objektu den arazoari edo diren arazoei buruz emango du ebazpena, gora jo den epaia ezeztatu ondoren.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoan ezarritakoa ezin bada aplikatu, eta prozesuko arau-haustea bada jardun osoaren edo horren zati baten erabateko deuseztasuna sortzen duten horietakoa, auzitegiak hori adieraziko du probidentzia bidez, eta arau-haustea noiz sortu eta orduko egoerara ekarriko da jarduna.

Ez da jardunaren deuseztasuna adieraziko, prozesuko akatsa bigarren auzialdian ongi badaiteke; horretarako, auzitegiak hamar egunekoa baino luzeago ez den epea emango du, salbu eta akatsa ikustaldian agerrarazi denean eta ekitaldian ongi daitekeenean.

Ongitzea gertatu ondoren, eta, kasuan-kasuan, alderdiak entzun ondoren eta froga onargarria gauzatu ondoren, gora jotzeko auzitegiak auziaren objektua den arazoari edo diren arazoei buruzko epaia emango du.

4. Gora-jotzean emandako epaiak erabaki behar ditu, bakarrik, errekurtsoan, eta, hala denean, 461. artikuluan aipatu aurka jartze- edo aurkaratze-idazkietan planteatu gai edo arazoak.

Epaiak ezin izango dio gora-joleari kalterik egin, salbu eta kaltea badator auzitegiak aurkaratutako ebazpenari oniritzia emateagatik, hori hasieran gora-jotzea jasan behar izan duenak aurkeztu duenean.

466 artikulua. Bigarren auzialdiko epaiaren aurkako errekurtsoak

1. Edozein prozesu zibiletako bigarren auzialdian, probintziako audientziak eman epaien aurka, alderdi legitimoek aukera dezakete prozesuko arau-haustearen errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa jartzea.

2. Alderdi berberak, ebazpen beraren aurka, aurreko paragrafoan aipatu errekurtso biak prestatzen baditu, kasazio- errekurtsoa ez da onartuko.

3. Prozesu bereko auzilari ezberdinek aukeratzen badute errekurtso berezien artean mota ezberdina, lege honen 488. artikuluan xedatutakoa beteko da.

467 artikulua. Kasazio-errekurtsoa, probintziako audientziek emandako epaien aurka, prozesuko arau-haustearen errekurtso bereziari oniritzia eman ondoren

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, probintziako audientziek emandako epaien aurka, prozesuko arau-haustearen errekurtso bereziari oniritzia eman bazaio, ez da errekurtso berezi hori berriro onartuko, salbu eta errekurtso hori oinarritu denean lehen errekurtsoa zein arau-hauste eta arazotan oinarritu, eta horiek ez diren beste batzuetan.

IV. KAPITULUA - Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia

468 artikulua. Organo eskuduna eta errekurtsopeko ebazpenak

Auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko salek, arlo zibileko sala gisa, eskumena dute, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoetan, probintziako audientziek bigarren auzialdia amaitzeko eman epai eta autoen aurka.

469 artikulua. Zioak. Auzialdian aldez aurretik eginiko salaketa

1. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia honako zio hauetan bakarrik oinarri daiteke:

1.) Jurisdikzioari eta eskumen objektibo edo funtzionalari buruzko arauak haustean.

2.) Epaiari buruzko arau prozesalak haustean.

3.) Prozesuko egintza eta bermeei buruzko lege-arauak haustean, arau-hausteak legearen arabera deuseztasuna badakar edo defentsarik eza eragin badezake.

4.) Prozesu zibilean, Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubideak urratzean.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia bidezkoa izango da, bakarrik, arau-hauste hori edo Konstituzioaren 24. artikulua hautsi izana auzialdian salatu bada, eta, hori lehen auzialdian gertaturik, salaketa bigarren auzialdian errepikatuz gero.

Halaber, oinarrizko eskubidea hausteak ongi daitekeen falta edo akatsa sortu badu, ongitze hori auzialdi egokian edo egokietan eskatu behar da.

470 artikulua. Prestatzea

1. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatuko da, epaia edo autoa eman duen auzitegian, epai edo auto hori noiz jakinarazi eta bost egunetako epean.

2. Errekurtsoa prestatzeko idazkia aurkeztu ondoren, eta alderdi guztiek prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatzeko zein epe izan eta horiek igaro ondoren, auzitegiak aurkeztutzat joko du errekurtso hori, ebazpena errekurtsopekoa bada, 469. artikuluan aipatu zioren bat alegatu bada, eta, hala denean, artikulu horren 2. paragrafoaren arabera jardun bada.

3. Prestatze-idazkiak artikulu honen 2. paragrafoan xedatu eskakizunak betetzen ez baditu, auzitegiak autoa emango du, errekurtso berezia ukatuz. Auto horren aurka, kexa-errekurtsoa bakarrik jar daiteke.

4. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia zein probidentziaren bidez prestatutzat jo eta horren aurka ezin izango du errekurtsorik jarri errekurtsoa jasan duen alderdiak; baina alderdi hori aurka jar daiteke prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartzearen inguruan, auzitegi nagusian agertzen denean.

471 artikulua. Errekurtsoa jartzea

Errekurtsoa prestatutzat noiz jo eta hurrengo hogei egunetan aurkeztu beharko da, errekurtsoa zein epairen aurka jarri eta hori eman duen auzitegian, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia jartzeko idazkia; idazki horretan arau-haustearen zioak azalduko dira, eta, hala denean, prozesuaren emaitzan arau-hauste horrek izandako eragina adieraziko da.

Halaber, errekurtsoa jartzeko idazkian eska daiteke, bai beharrezko den froga bat gauzatzea, egindako arau-haustea egiaztatzeko, bai ikustaldia egitea.

Errekurtsoa jartzeko epea amaitu ondoren, errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ez bada, orduan errekurtsoa ezerezean dagoela adieraziko da, eta errekurtsogilea kondenatuko da berak eragin dituen kostuak ordaintzera.

472 artikulua. Auzi-paperak igortzea

Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, jatorrizko auzi-paper guztiak igorriko zaizkio, hurrengo bost egunetan, 468. artikuluan aipatu salari, alderdiak 30 egunez bertan epatuz. Horrek ez dio kalterik egingo, auzi-paperak igorri behar izateari, errekurtsogile ez den auzilari batek edo batzuek kasazio- errekurtsoa prestatu badute epai horren aurka. Halakoetan, kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura duen sala eskudunari igorriko zaio epaiaren eta kasazio-errekurtsogileak eskatu xehetasunez inguruko lekukotza; bertan, ohar baten bidez, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatu dela adieraziko da, lege honen 488. artikuluan xedatu ondoreetarako.

473 artikulua. Errekurtsoa onartzea

1. Auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, magistratu txostengileari emango zaio jarduna, horrek hori azter dezan eta salaren erabakipean jar, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartu edo ez onartzearen inguruan ebatzi beharrekoa.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia ez da honako kasu hauetan onartuko:

1.) Errekurtsoa prestatutzat jo arren, izapide honetan 467, 468 eta 469. artikuluetan xedatu betekizunak bete ez direla aintzat hartzen bada.

2.) Errekurtsoak ageri-agerian oinarririk ez badu.

Salak, ebazpena eman aurretik, errekurtsoa ez onartzeko balizko arrazoia adieraziko die bertaratutako alderdiei, horiek, hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Salak ulertzen badu errekurtsoa ez onartzeko arrazoietatik bat gertatzen dela, autoa emango du, errekurtsoa onartu ez dela eta errekurtsopeko ebazpena irmoa dela adieraziz.

Errekurtsoa ez onartzeko arrazoiak eragina badu alegatutako arau-hausteren batean bakarrik, auto bidez ebatziko du salak, errekurtsoak salatu gainerako arauhausteak onartzearen inguruan.

3. Prozesuko arau-haustearen errekurtso berezia onartzeari buruz zein autok ebazpena eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

474 artikulua. Errekurtsoa jasan duten alderdien aurka-jartzea

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia osorik edo zati batez onartu ondoren, errekurtsoa jarri delako idazkia emango zaie errekurtsoa jasan duten alderdiei, bertaratu badira, horiek idatziz aurkez dezaten euren aurka- jartzea, hogei eguneko epean.

Epe horretan jarduna ikusgai egongo da idazkaritzan.

Aurka-jartzeko idazkian alega daitezke, halaber, errekurtsoaren onargarritasunik ezaren arrazoiak, horiek gertatzen direla ulertzen bada eta auzitegiak horiek ukatu ez baditu; zein froga beharrezkotzat jo eta horiek eska daitezke, eta ikustaldia egitea ere eska daiteke.

475 artikulua. Ikustaldia eta froga

1. Aurreko artikuluan aipatu epea igaro ondoren, aurka-jartze idazkiak aurkeztu nahiz aurkeztu ez, salak probidentzia bidez zehaztuko ditu eguna eta ordua, hurrengo hogeita hamar egunetan, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezian ikustaldia egiteko, edo, hala denean, horren botazio eta epaitzarako.

2. Frogaren bat gauzatzea eskatu eta onartu bada, edo salak, ofizioz nahiz alderdiak hala eskaturik, justizia hobeto emateko egoki dela uste badu, errekurtso berezian ikustaldia egitea aginduko da; ikustaldi hori hasiko da alderdi errekurtsogilearen txostenarekin, ondoren errekurtsoa jasan behar duen alderdiarenarekin jarraituz.

Alderdi errekurtsogile batzuk badaude, errekurtsoak zein hurrenkeratan jarri eta hori kontuan izango da, eta, errekurtsoa jasan behar duten alderdiak batzuk badira, agertze-hurrenkera izango da kontuan.

3. Frogen gauzatzeari aplikatuko zaio lege honetan hitzezko epaiketen ikustaldirako xedatutakoa.

476 artikulua. Epaia. Ondoreak

1. Salak epaia emango du, ikustaldia amaitu denetik edo botazio eta epaitzarako zehaztu datatik hurrengo hogei egunetan.

2. Errekurtsoa oinarritu bada jurisdikzioaren edo eskumen objektibo nahiz funtzionalaren arauak haustean, lehendabizi zio hori aztertu eta erabakiko da.

Jurisdikziorik edo eskumen objektiborik eza salatu bada, eta errekurtsoari on iritzi bazaio, aurkaratutako ebazpenaren kasazioa egingo du salak; horrek ez dio kalterik egingo alderdiek duten eskubideari, euren uziak leku egokian egikaritzeko.

Errekurtsoa jarri bada jurisdikziorik edo eskumenik eza berretsi edo adierazi duen epaiaren aurka, eta salak horri on iritzi badio, epaiaren kasazioa egin ondoren, auzitegi eskudunari aginduko dio auziaren ardurarekin hasi edo jarraitzeko. Hori egingo da, salbu eta jurisdikziorik ezari okerraren ondorioz oniritzia eman bazaio, demandari erantzun eta frogak gauzatu ondoren; horrelakoetan, auzitegi eskudunari aginduko zaio auziaren funtsari buruz ebazpena emateko.

Gainerako kasuetan, alegatu arauhauste guztien edo baten gaineko errekurtsoari on iritzi bazaio, salak errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori deuseztatuko du, eta jarduna arau-haustea gertatu egoerara eta unera itzultzea aginduko du.

3. Alegatutako zioetatik bat ere bidezko ez direla ulertzen badu salak, errekurtsoari gaitz iritziko dio, eta jarduna itzuliko dio hori zein auzitegitatik etorri eta horri.

4. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren epaiaren aurka, ez dago errekurtsorik, Auzitegi Goreneko sala zibilean legearen intereserako errekurtsoari buruz xedatutakoa izan ezik.

V. KAPITULUA - Kasazio-errekurtsoa

477 artikulua. Kasazio-errekurtsoaren zioa eta kasazioan errekurtsoa jartzeko ebazpenak

1. Kasazio-errekurtsoaren oinarria behar da, zio bakar gisa, prozesuaren objektu diren arazoak ebazteko arau aplikagarriak haustea.

2. Kasazio-errekurtsopekoak izango dira, bigarren auzialdian probintziako audientziek emandako epaiak honako kasu hauetan:

1.) Oinarrizko eskubideen babes judizial zibilerako ematen direnean, Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutakoak izan ezik.

2.) Auziaren munta 25 000 000 milioi pezetakoa baino handiagoa denean*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 150 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

3.) Errekurtsoaren ebazpenak kasaziorako intereseko direnean.

3. Errekurtsoak kasaziorako interesa duela ulertuko da, baldin eta errekurtsoa hartu duen epaia Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa bada; edo epai horrek ebatzi baditu probintziako audientzien kontraesaneko jurisprudentziaren gai eta arazoak; edota bost urte baino gehiago indarrean egon ez diren arauak aplikatzen baditu, betiere, ez dago Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrinarik, azken kasu horretan, eduki bereko edo antzeko edukia duten aurretiazko arauei buruz.

Errekurtsoa bada auzitegi nagusiaren ardurapekoa izan behar duen horietakoa, orduan ere kasazio-interesa dagoela ulertuko da, baldin eta errekurtsoa hartu duen epaia jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa bada edo auzitegi nagusian halako doktrinarik ez badago, kasuan kasuko autonomia erkidegoaren zuzenbide bereziari buruzko arauei dagokienez.

478 artikulua. Eskumena. Errekurtsoen aldiberekotasuna

1. Arlo zibilean, kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura dagokio Auzitegi Goreneko lehen salari.

Dena den, auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko salak dira kasazio- errekurtsoen arduradunak, errekurtso horiek autonomia erkidegoan egoitza duten auzitegi zibilen ebazpenen aurkakoak badira, betiere errekurtso horren oinarria denean, zio bakar gisa edo beste zioekin batera, erkidego horretako zuzenbide zibila, foru-zuzenbidea edo zuzenbide berezia, eta kasuan kasuko autonomia-estatutuak eskumen hori xedatu duenean.

2. Alderdi berberak, epai beraren aurka, kasazio-errekurtsoak prestatzen baditu Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Nagusian, lehena probidentzia bidez ez aurkeztutzat joko da, behin inguruabar hori egiaztatuta.

479 artikulua. Errekurtsoa prestatzea

1. Kasazio-errekurtsoa prestatuko da, epaia zein auzitegik eman eta bertan, epai hori jakinarazi denetik hurrengo bost egunetan.

2. 477. artikuluko 2. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri epaietatik baten aurka errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze- idazkia mugatuko da oinarrizko eskubidearen arau-haustea laburki azaltzera.

3. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 2. zenbakiaren arabera, epairen baten aurkako errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze-idazkiak adierazi beharko du gauzatu arau-haustea bakarrik.

4. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 3. zenbakiaren arabera, epairen baten aurkako errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze-idazkiak adierazi beharko du, gauzatu arau-hausteaz gain, alegatutako kasazio-interesa oinarritzeko jurisprudentzia- doktrina edo kontraesaneko jurisprudentzia.

480 artikulua. Errekurtsoa prestatzeari buruzko ebazpena

1. Zein kasazio-errekurtso prestatu eta errekurtso horiek aurreko artikuluan ezarri eskakizunak bete badituzte, auzitegiak ulertuko du horiek prestatu direla.

Eskakizunak bete ez badira, auzitegiak autoa emango du, errekurtsoa ukatuz. Auto horren aurka, kexaerrekurtsoa baino ezin daiteke jar.

2. Kasazio-errekurtsoa prestatutzat jo duen probidentziaren aurka, errekurtsoa jasan behar duen alderdiak ezin izango du errekurtsorik jarri; baina, alderdi hori kasazio-auzitegian agertzean, errekurtsoa onartzearen aurka jar daiteke.

481 artikulua. Errekurtsoa jartzea

1. Kasazio-errekurtsoa prestatutzat noiz jo eta hurrengo hogei egunetako epean, errekurtsopeko epaia zein auzitegik eman eta horretan aurkeztu beharko da errekurtsoa jartzeko idazkia. Idazki horretan, behar besteko zabaltasunarekin azalduko dira errekurtsoaren oinarriak, eta bertan ikustaldia egitea eska daiteke.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkiari batuko zaio aurkaratutako epaiaren ziurtagiria, eta, bidezkoa bada, kasazio-interesaren oinarri gisa alegatutako epaien testua.

3. Hala denean, errekurtsoa jartzeko idazkian, kasazio-errekurtsoa oinarritzeaz gain, era arrazoituan adierazi beharko da arauaren indarraldiari buruz egoki den guztia, bai eta ustez hautsi den araua zein izan eta horri buruzko jurisprudentzia-doktrinarik ez izatea ere.

4. Kasazio-errekurtsoa jartzeko epea amaitu bada, errekurtsoa jartzeko idazkirik aurkeztu gabe, errekurtsoa ezerezean dagoela adieraziko da, eta sortutako kostuak ezarriko zaizkio errekurtsogileari, halako kosturik badago.

482 artikulua. Auzi-paperak igortzea. Ziurtagiriak luzatzeari ezezkoa ematea

1. Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, hurrengo bost egunetan auzi-paper guztiak igorriko zaizkio kasazio- errekurtsoaren gaineko ardura duen auzitegi eskudunari, alderdiak 30 egunez hartara joateko epatuz.

2. Errekurtsogileak ezin izan badu 481. artikuluan aipatu epaiaren ziurtagiria lortu, aurreko paragrafoan ezarri auzi-paperen igorpena egingo da.

Ziurtagiria luzatzeko ezezkoa edo erresistentzia diziplina bidez zuzenduko da, eta, beharrezkoa bada, kasazio-salak ziurtagiri hori erreklamatuko dio berori luzatu behar duen auzitegiari edo auzitegiei.

483 artikulua. Errekurtsoaren onarpenari buruzko erabakia

1. Auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, magistratu txostengileari emango zaio jarduna, horrek hori azter dezan eta salaren erabakipean jar, kasazio-errekurtsoa onartu edo ez onartzearen inguruan ebatzi beharrekoa.

2. Kasazio-errekurtsoaren onarpena ez da bidezko izango, honako kasu hauetan:

1.) Errekurtsoa prestatutzat jo arren, bidezko ez bada, epaia errekurtsopekoa ez delako edo errekurtsoa prestatzean ongitu ezin diren forma-akatsetatik edozein egin delako.

2.) Errekurtsoa jartzeko idazkiak ez baditu betetzen legeak kasuan-kasuan xedatu eskakizunak.

3.) Auzia eskatutako muntara iristen ez bada, edo kasazio-interesik ez badago, jurisprudentzia-doktrinari buruzko aurka-jartzerik ez dagoelako edo kontraesaneko jurisprudentziarik ez dagoelako, edo ustez zein arau hautsi eta hori bost urte baino gehiago indarrean egon bada, edo, salaren ustez, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrina badago arau horri buruz edo eduki bera edo antzeko edukia duen hori baino aurretiazko arau bati buruz.

Halaber, errekurtsoa ez da onartuko 477. artikuluko 3. paragrafoaren bigarren lerrokadako kasuetan, auzitegi nagusi eskudunak ulertzen badu doktrina eman duela eztabaidatu arauari buruz edo eduki bera edo antzeko edukia duen hori baino aurretiazko beste bati buruz.

3. Salak, ebazpena eman aurretik, errekurtsoa ez onartzeko balizko arrazoia adieraziko die probidentzia bidez bertaratutako alderdiei, horiek hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

4. Salak ulertzen badu errekurtsoa ez onartzeko arrazoietatik bat gertatzen dela, autoa emango du, kasazio-errekurtsoa onartu ez dela eta errekurtsopeko ebazpena irmoa dela adieraziz.

Errekurtsoa ez onartzeko arrazoiak eragina badu alegatutako arau-hausteren batean bakarrik, auto bidez ebazpena emango du salak, errekurtsoak salatu gainerako arau-hausteak onartzearen inguruan.

5. Kasazio-errekurtsoa onartzearen inguruko ebazpena zein autoren bidez eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

484 artikulua. Eskumenari buruzko erabakia, onartze-izapidean

1. Aurreko artikuluan aipatu onartze- izapidean, salak aztertuko du kasazio- errekurtsoaren gaineko ardura izateko eskumenik duen, errekurtso horren onargarritasunaren inguruan erabaki aurretik.

Salak bere burua eskuduntzat jotzen ez badu, aginduko du, alderdiak hamar egunez entzun ondoren, bere burua eskuduntzat jotzen duen salari jarduna igortzea eta alderdiak epatzea, horiek hamar eguneko epean sala horretan ager daitezen.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuan, bere burua eskuduntzat jo duen salak jarduna jaso eta alderdiak sala horretan bertaratu ondoren, errekurtsoaren gauzatzeak aurrera egingo du, onartze-izapidetik bertatik.

3. Auzitegi nagusietako salek ezin izango diote ezetzik eman kasazio-errekurtsoen gaineko ardura izateari, errekurtsook Auzitegi Goreneko lehen salak igorri badizkie sala horiei.

485 artikulua. Kasazio-errekurtsoa onartzea eta gainerako alderdiei helaraztea

Kasazio-errekurtsoa onartu ondoren, errekurtsoa jartzeko idazkia helaraziko zaie, erantsitako agiriekin batera, errekurtsoa jasan behar duen alderdiari edo alderdiei, horiek idatziz aurka-jartzea formaliza dezaten, hogei eguneko epean, eta ikustaldia beharrezkoa dela uste duten ala ez adieraz dezaten.

Aurka-jartze idazkian alega daitezke, halaber, errekurtsoaren onargarritasunik ezaren arrazoiak, horiek gertatzen direla ulertzen bada eta auzitegiak jada horiek ukatu ez baditu.

486 artikulua. Botazioa eta epaitza. Balizko ikustaldia

1. Aurreko artikuluan aipatu epea igaro ondoren, aurka-jartze idazkiak aurkeztu nahiz aurkeztu ez, salak probidentzia bidez zehaztuko ditu eguna eta ordua, hurrengo hogeita hamar egunetan, kasazio-errekurtsoan ikustaldia egiteko, edo, hala denean, horren botazio eta epaitzarako.

2. Auzitegiak erabakiko du justizia hobeto emateko ikustaldia egiteari buruz egokiena dena. Ikustaldi hori, edozein kasutan, egin behar da, alderdi guztiek hori eskatzen badute, eta berori errekurtsogilearen txostenarekin hasiko da, ondoren errekurtsoa jasan behar duen alderdiarenarekin jarraituz.

Alderdi errekurtsogile batzuk badaude, errekurtsoak zein hurrenkeratan jarri eta hori kontuan izango da, eta errekurtsoa jasan behar duten alderdiak batzuk badira, agertze-hurrenkera izango da kontuan.

487 artikulua. Epaia. Ondoreak

1. Salak kasazio-errekurtsoaren inguruko epaia emango du, ikustaldia amaitu denetik edo botazio eta epaitzarako zehaztu datatik hurrengo hogei egunetan.

2. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 1 eta 2. zenbakietan aipatu kasazio-errekurtsoak badira, kasazio-errekurtsopean jarritako epaiak hori oso-osorik edo zati batez berretsi edo horren kasazioa egingo du.

3. Kasazio-errekurtsoa 477. artikuluaren 2. paragrafoko 3. zenbakian aipatu horietatik bat bada, eta epaiak aintzat hartzen badu errekurtsoa oinarriduna dela, aurkaratutako ebazpenaren kasazioa egingo du, eta kasuaren inguruan ebazpena emango du, jurisprudentzia-doktrinaren aurka-jartzea edo jurisprudentziaren aurkakotasuna nahiz desadostasuna kontuan izanik, egoki dena adieraziz.

Kasazioan emandako epaiaren erabakiek ez dituzte ukituko aurkaratutakoaz beste zein epai alegatu eta epai horiek sortu dituzten egoera juridikoak.

488 artikulua. Kasazio-errekurtsoa eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia gauzatzea eta erabakitzea, epaiketa bereko auzilariek errekurtso berezi ezberdina aukeratu dutenean

1. Prozesu bereko auzilari desberdinek errekurtso berezietatik mota ezberdina aukeratu badute, prozesuko arau-haustean oinarritutakoa lehenespenez gauzatuko du auzitegi eskudunak; hala ere, kasazio-errekurtsoaren izapidetza hasiko da, eta, beraren onarpena erabaki arte, izapidetza horrek aurrera egingo du, gerora kasazio-errekurtsoa eten egingo dela.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoari buruzko epaia ematen bada, eta, horretan, erabateko gaitziritzia eman bazaio errekurtsoari, kasaziorako auzitegi eskudunari berehala egingo zaio komunikazioa, kasazio- errekurtsoaren etendura berehala deseginez eta kapitulu honetan xedatutakoaren arabera berori gauzatuz.

3. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari oniritzia eman bazaio, aurkeztu kasazio-errekurtsoa ondorerik gabe geratuko da, lege honen 467. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

489 artikulua. Foru-kasazioko errekurtsoa eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia gauzatzea eta erabakitzea, auzi bereko auzilariek errekurtso berezi ezberdina aukeratzen dutenean

Prozesu bereko auzilari desberdinek errekurtso berezietatik mota ezberdina aukeratu badute, batek prozesuko arauak hausteagatik, eta besteak autonomia-erkidegoko foru-zuzenbide zibilaren edo bertako berezko zuzenbide bereziaren arauak hausteagatik, errekurtso biak gauzatu eta erabakiko dira, pieza batean metatuta, salak epai batean bakarrik ebatziz; salak kontuan izango du kasazio-errekurtsoari buruzko erabakia bakarrik eman daitekeela, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari gaitz iritzi bazaio.

VI. KAPITULUA - Legearen intereserako errekurtsoa

490 artikulua. Legearen intereserako errekurtsopekoak izan daitezkeen ebazpenak

1. Legearen intereserako errekurtsoa jar daiteke, jurisprudentzia-doktrinaren batasunerako, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziak ebatzi dituzten epaiei buruz, baldin eta auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor- arloko salek irizpide ezberdinak badituzte, prozesuko arauen interpretazioaren inguruan.

2. Ez da bidezkoa izango legearen intereserako errekurtsoa, Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsopean jarritako epaien aurka.

491 artikulua. Legearen intereserako errekurtsoa jartzeko legitimazioa

Edozein kasutan, legearen intereserako errekurtsoa jar dezakete Fiskaltzak eta Herriaren Defendatzaileak.

Halaber, errekurtso hori jar dezakete zuzenbide publikoko pertsona juridikoek, euren jarduera eta eginkizunak direla eta, errekurtsoarekin lotutako prozesuko arazoen inguruan, baldin eta horiek arazoon jurisprudentzia-batasunean interes legitimoa egiaztatzen badute.

492 artikulua. Errekurtsoa jartzea eta gauzatzea

1. Legearen intereserako errekurtsoak jarriko dira, antzinatasun gutxieneko epaia noiz eman eta urtebeteko epean, zuzenean Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan.

2. Legearen intereserako errekurtsoa zein idazkitan jarri eta hori aurkeztuko da honako agiriekin batera:

1.) Alegatutako desadostasuna adierazten duten ebazpenen kopia ziurtatua edo lekukotza.

2.) Konstituzio Auzitegiak luzatu ziurtagiria, horrek egiaztatzen badu, babes- errekurtsopean jartzeko epea igaro ondoren, errekurtso hori ez dela jarri alegatu epaietatik baten aurka.

3. Errekurtsoa jartzeko idazkia edo idazkiak, erantsitako agiriekin batera, helaraziko zaizkie errekurtsoaren objektu zein epai izan eta horiek eman ziren prozesuetan alderdi gisa bertaratutakoei, horiek, hogei eguneko epean, alegazioak aurkez ditzaten, euren ustez oinarririk handiena duten irizpide juridikoak adieraziz.

493 artikulua. Epaia

Legearen intereserako errekurtsoetan emandako epaiak beti errespetatuko ditu alegatutako epaiek ondorioztatu dituzten egoera juridiko bereziak, eta, epai horrek oniritzia jasotzen badu, jurisprudentzia-doktrina zehaztuko da epaitzan.

Halakoetan, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da, eta, horretan jarri denetik, antolamendu juridikoa osatuko du, arlo zibileko jurisdikzio- ordenako epaile eta auzitegi guztientzat, Auzitegi Gorenarentzat izan ezik, lotesle izanik.

VII. KAPITULUA - Kexa-errekurtsoa

494 artikulua. Kexa-errekurtsopeko ebazpenak

Ebazpena zein auzitegik eman eta horren autoen aurka, gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoaren izapidetza ukatu bada, kexa-errekurtsoa jar daiteke, izapidetzarik izan ez duen errekurtso hori ebatzi behar duen organoan.

Kexa-errekurtsoak lehenespenez izapidetu eta ebatziko dira.

495 artikulua. Gauzatzea eta erabakitzea

1. Kexa-errekurtsoa prestatuko da, bosgarren egunaren barruan, errekurtsopeko autoaren birjartzea eskatuz; eta birjartze horri gaitziritzia ematen zaionerako, ebazpen bien lekukotza eskatuko da.

2. Auzitegiak birjartzea onartzen ez badu, aginduko du alderdi interesdunari, hurrengo bost egunen barruan, lekukotza hori ematea; idazkari judizialak, jarraian, emate-data egiaztatuko du.

3. Lekukotza eman eta hurrengo hamar egunetan, hori eskatu alderdiak kexa-errekurtsoa aurkeztu beharko du organo eskudunean, lortutako lekukotza ekarriz.

4. Errekurtsoa eta lekukotza garaiz aurkeztu badira, auzitegiak bost eguneko epean emango du errekurtso horren inguruan ebazpena.

Auzitegiak errekurtsoaren izapidetza ukatzea egokia dela ulertzen badu, kasuan kasuko auzitegiari ezagutaraziko dio hori, auzi-paperetan hala agerrarazteko.

Auzitegiak izapidetza hori ukatzea bidezkoa dela ulertzen badu, kasuan kasuko auzitegiari aginduko dio izapidetzarekin aurrera egiteko.

5. Kexa-errekurtsoa zein autok ebatzi eta auto horren aurka ez dago errekurtsorik.

V. TITULUA - AUZI-IHESA ETA EPAI IRMOAK HUTSALTZEA, ETA AUZI-IHESEAN DAGOEN DEMANDATUA BERRIRO ERE ENTZUTEA

496 artikulua. Auzi-ihesari buruzko adierazpena eta horren ondoreak

1. Zitazioan eta epatzean zehaztu datan edo epean behar bezala agertu ez den demandatua auzi-ihesean dagoela adieraziko da.

2. Auzi-ihesari buruzko adierazpena ez da ulertuko amore-emate gisa edo demandan jasotako egitateen onarpen gisa, legeak esanbidez aurkakoa xedatzen duenean izan ezik.

497 artikulua. Jakinarazpenen araubidea

1. Auzi-ihesa adierazi ebazpena demandatuari jakinaraziko zaio postaz, beraren egoitza ezaguna bada, eta, ediktuen bidez, halakoa ezaguna ez bada.

Jakinarazpena egin ondoren, ez zaio horri beste jakinarazpenik egingo, prozesuari amaiera eman dion ebazpenari buruzkoa izan ezik.

2. Prozesuari amaiera emateko epaia edo ebazpena demandatuari berari jakinaraziko zaio, lege honen 161. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Baina demandatua non dagoen jakiterik ez badago, jakinarazpena ediktu bidez egingo da, berori «Estatuko Aldizkari Ofizialean » argitaratuz.

Gauza bera aplikatuko zaie gora-jotzean, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezian edo kasazioan emandako epaiei.

498 artikulua. Ediktuen bidez, zitazioa jaso duen edo epatua izan den demandatu auzi-iheslariari prozesua badela komunikatzea

Demandatu auzi-iheslariak egoitza ezagunik ez duelako edo non dagoen jakiterik ez dagoelako, ediktuen bidez bertaratzeko zitazioa jaso badu edo epatua izan bada, prozesua erabakitzeko dagoela komunikatuko zaio, ofizioz edo bertaratutako alderdietatik edozeinek hala eskaturik, komunikazioa egiteko tokiaren berri izan bezain laster.

499 artikulua. Demandatua geroago agertzea

Demandatu auzi-iheslaria agertzen bada prozesuaren egoera edozein izanik ere, izapidetza egingo da bera kontuan izanda, izapidetzan inola ere atzera egin gabe.

500 artikulua. Demandatu auzi-iheslariak errekurtso arruntak jartzea

Demandatu auzi-iheslariari berari epaia jakinarazi bazaio, epai horren aurka balia ditzake, bakarrik, gora-jotzeko errekurtsoa, eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio-errekurtsoa, horiek bidezko badira eta legezko epean jartzen badira.

Errekurtso horiek balia ditzake demandatu auzi-iheslariak, epaia demandatuari berari jakinarazi ez bazaio; baina, kasu horretan, errekurtsook jartzeko epea zenbatuko da, epaia jakinarazteko ediktua «Estatuko Aldizkari Ofizialen », Autonomia Erkidegokoan edo probintziakoan noiz argitaratu eta egun horren biharamunetik hasita.

501 artikulua. Auzi-iheslariak hala eskatuta, epai irmoa hutsaltzea. Noiz den bidezkoa

Etengabe auzi-ihesean egondako demandatuek epai irmoa eman duen auzitegiari eska diezaiokete epai hori hutsaltzea, honako kasu hauetan:

1.) Ezinbesteko kasu etengabean, horrek auzi-iheslariari agertzea eragotzi badio, nahiz eta auzi-iheslari horrek auziari buruzko ezagutza izan, behar bezala zitazioa jaso edo epatua izan delako.

2.) Demanda eta auziaren berri izan ez denean, zitazioa edo epatzea 161. artikuluaren araberako zedula bidez egin izan bada, baina zedula hori demandatu auzi-iheslariaren eskura heldu ez bada, berorri egotzi ezin zaizkion arrazoien ondorioz.

3.) Demanda eta auziaren berri izan ez denean, demandatu auzi-iheslariak ediktuen bidez zitazioa jaso badu edo epatua izan bada, baina absente egon bada prozesua non gertatu eta bertatik, edota Estatuko nahiz Autonomia Erkidegoko beste edozein tokitatik, ediktuak haietako aldizkari ofizialetan argitaratu badira.

502 artikulua. Hutsaltze-akzioaren iraungitze-epeak

1. Demandatu auzi-iheslariak hala eskatuta, epai irmoaren hutsalketa bidezkoa izango da, bakarrik, hori hurrengo epeetan eskatzen bada:

1.) Hogei egunetako epean, epai irmoaren jakinarazpenetik hasita, jakinarazpen hori demandatu auzi-iheslariari berari egin bazaio.

2.) Lau hilabeteko epean, epai irmoa jakinarazteko ediktua argitaratu denetik, epai hori demandatu auzi-iheslariari berari jakinarazi ez bazaio.

2. Aurreko paragrafoko epeak luza daitezke, 134. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera, baldin eta ezinbesteko kasuak badirau, eta horrek auzi-iheslariari agertzea eragotzi badio; baina hutsalketa-akzioa ezin izango da inola ere egikaritu, epaiaren jakinarazpenetik hamasei hilabete igaro ondoren.

503 artikulua. Hutsaltzerik eza, gauza epaituaren ondorerik gabeko epaietan

Ez da epai irmoen hutsalketarik gertatuko, baldin eta epaiok, lege-xedapenaren bitartez, gauza epaituaren ondoreak ez badituzte.

504 artikulua. Betearazpenaren balizko etendura. Hutsaltze-prozedura

1. Auzi-ihesean emandako epai irmoak hutsaltzeko demandek ez dute euren betearazpena etengo, lege honen 566. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

2. Demandatu auzi-iheslariaren uzia, epai irmoa hutsaltzeko, epaiketa arruntean ezarri izapideen bidez gauzatuko da, berori prozesuan alderdi izan direnek has dezaketela.

505 artikulua. Hutsalketa-epaia

1. Epaiketa egin ondoren, horretan hutsalketa egiaztatzeko arrazoien inguruan froga egokia gauzatuz, auzitegiak epai bidez hutsalketari buruzko ebazpena emango du, eta epai horrek ez du errekurtsorik onartuko.

2. Alderdiak hala eskatuta, betearazpenaren auzitegiak agindu beharko du hutsaldu epaiaren betearazpena etetea, baldin eta, 566. artikuluan xedatutakoaren arabera, auzitegi horrek jada etendura agindu ez badu.

506 artikulua. Kostuak

1. Auzi-ihesean kondenatua izan den auzilariak hutsalketa eskatzen badu, eta auzitegiak hutsalketa hori bidezkoa ez dela adierazten badu, auzilari horri ezarriko zaizkio prozeduraren kostu guztiak.

2. Hutsalketa bidezkoa delako epaia ematen bada, auzilarietatik inori ez zaizkio kostuak ezarriko, salbu eta auzitegiak horietako batean ausarkeria badela aitortzen duenean.

507 artikulua. Prozedura gauzatzea, uziari oniritzia ematen dion epaiaren ondoren

1. Demandatu auzi-iheslariaren uziari on iritzi ondoren, hutsalketa bidezkotzat zein epaitan jo eta epai horren ziurtagiria igorriko zaio auziaren gaineko ardura lehen auzialdian izan duen auzitegiari, eta, bertan, honako erregela hauen arabera jardungo da:

1.) Demandatuari auzi-paperak hamar egunez emango zaizkio, beraren eskubideei dagokiena azaldu eta eskatu ahal izateko, demanda erantzuteari buruz xedatutakoaren arabera.

2.) Demandatuak azaldu eta eskatutakoa aurkako alderdiari helaraziko zaio, beste hamar egunez, horri idazki eta agirien kopiak emanez.

3.) Aurrerantzean, kasuan kasuko epaiketa adierazlearen izapideak egingo dira, bidezko epaia eman arte; epai horren aurka, lege honetan xedatu errekurtsoak jar daitezke.

2. Ez da beharrezkoa izango lehen auzialdiko auzitegiari aurreko paragrafoan aipatu ziurtagiria igortzea, auzitegi hori izan bada hutsalketa bidezkotzat jo duena.

508 artikulua. Demandatuaren jarduerarik eza eta beste epai bat

Demandatuak aurreko alegazio eta eskaerak aurkezten ez baditu artikuluko lehen erregelan aipatu izapidean, ulertuko da entzuna izateari uko egin diola, eta beste epai bat emango da, hutsaldu den epaiaren esanahiarekin.

Epai horren aurka ez dago errekurtsorik.

VI. TITULUA - EPAI IRMOAK BERRIKUSTEA

509 artikulua. Organo eskuduna eta errekurtsopeko ebazpenak

Epai irmoen berrikuspena Auzitegi Goreneko sala zibilari edo Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salei eskatuko zaie, Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

510 artikulua. Zioak

Epai irmoa honako zio hauengatik berrikus daiteke:

1.) Epai irmoa eman ondoren, agiri erabakigarriak berreskuratu edo lortu badira, horiek ezinbesteko kasuarengatik edo epaia aldeko izan duen alderdiaren erruz erabili ezin izan badira.

2.) Epai irmoa eman bada, agiriak kontuan izanik, baldin eta zigor-prozesu batean agiriok faltsuak direla adierazi izan bada, alderdietako batek hori jakin gabe, edo agirion faltsutzea geroago zigor-arloan adierazten bada.

3.) Epai irmoa eman bada, lekuko- edo aditu-frogen arabera, eta lekukoak edo adituak kondenatuak izan badira, epaiaren oinarri zein adierazpen izan eta adierazpen horietan emandako lekukotza faltsuarengatik.

4.) Auzia irabazi bada, zuzena ez den eran, funtzionario-eroskeriaz, indarkeriaz edo iruzurrez.

511 artikulua. Legitimazio aktiboa

Berrikuspena eska dezake aurkaratutako epai irmoaren ondorioz kaltedun gertatu den alderdiak.

512 artikulua. Berrikuspena jartzeko epea

1. Aurkaratu nahi den epaia argitaratu ondoren bost urte igaro badira, ezin izango da inola ere berrikuspena eskatu.

Epe hori igaro ostean aurkeztu berrikuspen oro ez da onartuko.

2. Aurreko paragrafoan zehaztu epean, berrikuspena eska daiteke, baldin eta hiru hilabete igaro ez badira agiri erabakigarriak, funtzionario-eroskeria, indarkeria edo iruzurra aurkitu direnetik, edota faltsutzea aitortu edo adierazi denetik.

513 artikulua. Gordailua

1. Berrikuspen-demanda jarri ahal izateko, demandari batu behar zaio, ondore horretarako establezimenduan 300 euro gordailuan jarri direla egiaztatzeko agiria.

Kopuru hori itzuliko da, auzitegiak berrikuspen-demandari on irizten badio.

2. Aipatu gordailua egiten ez bada edo nahiko ez bada, eta hori ongitzen ez bada, auzitegiak, probidentzia bidez adierazi epean, epe hori inola ere bost egunekoa baino luzeagoa izango ez dela, besterik gabe baztertuko du demanda hori.

514 artikulua. Gauzatzea

1. Berrikuspen-demanda aurkeztu eta onartu ondoren, auzitegiak eskatuko du zein auzitako epaia aurkaratu eta horri buruzko jardun guztia igortzea; eta horretan auzian aritu diren guztiak edo horien kausadunak epatuko ditu, hogei eguneko epean demandari erantzuteko, euren eskubideei dagokiena alegatuz.

2. Berrikuspen-demandari erantzun ondoren, edo aurreko epea igaro bada horri erantzun gabe, jardunari emango zaio hitzezko epaiketetarako xedatu izapidetza.

3. Edozein kasutan, Fiskaltzak informatu behar du berrikuspenaren inguruan, demandari buruz oniritzia edo gaitziritzia jasotzen duen epaia eman aurretik.

4. Berrikuspena izapidetu bitartean zigor-arloko epaitu aurreko arazoak eragiten badira, lege honen 40. artikuluan ezarri arau orokorrak aplikatuko dira; ez da aplikatuko, ordea, 512. artikuluko 1. paragrafoan aipatu iraungitzeari buruzko epe orokorra.

515 artikulua. Betearazpenaren balizko etendura

Berrikuspen-demandek ez dute etengo horien oinarri diren epai irmoen betearazpena, lege honen 566. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

516 artikulua. Erabakia

1. Auzitegiak berrikuspena bidezkoa dela aintzat hartzen badu, hori adieraziko du, eta aurkaratu epaia hutsaltzeari ekingo dio.

Ondoren, epaitzaren ziurtagiria luzatzea aginduko du, eta auzi-paperak itzuliko dizkio horiek zein auzitegitatik etorri eta berorri, alderdiek epaiketa egokian euren eskubideak balia ditzaten, alderdioi dagokienaren arabera.

Epaiketa horretan, oinarri gisa hartuko dira, eta ezin izango dira eztabaidatu berrikuspen-epaian egindako adierazpenak.

2. Auzitegiak berrikuspenari gaitz irizten badio, kostuak ordaintzera kondenatuko da demandatua, eta aurretiaz egindako gordailua galduko du.

3. Berrikuspen-auzitegiak zein epai eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

III. LIBURUA - NAHITAEZKO BETEARAZPENA ETA KAUTELA-NEURRIAK LEHENENGO TITULUA

TITULU BETEARAZLEAK - LEHENENGO KAPITULUA

Epaiak eta gainerako titulu betearazleak

517 artikulua. Akzio betearazlea. Titulu betearazleak

1. Akzio betearazlearen oinarri izan behar du betearazpena dakarren tituluak.

2. Honako titulu hauek bakarrik dakarte betearazpena:

1.) Kondena-epai irmoak.

2.) Tartekaritza-laudo edo -ebazpenek.

3.) Transakzio judizialak eta prozesuan lortutako hitzarmenak onetsi edo homologatzen dituzten ebazpen judizialek; hala behar bada, jardunaren lekukotza ere ekarriko da, ebazpenon eduki zehatza jasotzeko.

4.) Eskritura publikoek, baldin eta horiek lehenengo kopia badira; edo, bigarren kopia izanez gero, hori manamendu judizialaren ondorioz eman bada, kaltea jasan behar duen pertsonari edo horren kausatzaileari zitazioa eginez, edo alderdi guztiak bat etorrita luzatu bada.

5.) Alderdiek eta esku hartu duten merkataritza-artekari elkargokideek sinatutako merkataritza-kontratuen polizek, horiekin batera ekarri bada artekariak luzatu ziurtagiria, eta horren bitartez egiaztatzen bada poliza bat datorrela erregistro-liburuko idazkunekin eta horien datarekin.

6.) Legebidez luzatu eta muga-eguneratutako obligazioak ordezkatzeko tituluek, eramailearentzako direnek nahiz izendunek, bai eta titulu horien kupoi muga-eguneratuek ere, baldin eta kupoiak bat badatoz tituluekin, eta tituluok, beti, taloitegi-liburuekin.

Aurkaratze-ekitaldian tituluaren faltsutasunaren aurka egindako protestak, egokia izanez gero, ez du eragotziko betearazpena agintzea; hala ere, zorduna, gerogarrenean, betearazpenaren aurka jar daiteke, tituluaren faltsutasuna alegatuz.

7.) Balore-Merkatuari buruzko Legearen arabera, kontuko idatzoharraren bidez zein balore ordezkatu eta balore horien inguruan kontabilitate-erregistroen gaineko ardura duten erakundeek luzatutako ziurtagiri iraungigabeek, baldin eta horiekin batera ekartzen bada baloreak ordezkatzeko eskritura publikoaren kopia, edo, indarreko legeriaren arabera beharrezkoa bada, jaulkipenari dagokion eskrituraren kopia.

Betearazpena eskatu eta agindu ondoren, ez dira iraungiko aurreko lerrokadan aipatu ziurtagiriak.

8.) Gehienez erreklama daitekeen kalte-ordaina zein autok ezarri eta berorrek, hori eman bada, ibilgailu motordunen erabilera edo zirkulazioa dela eta, Erantzukizun Zibileko Nahitaezko Aseguruak babestutako egitateen ondorioz hasitako zigor-prozesuetan, betiere akusatua auzi-ihesean dagoenean, edo absoluzio-epaia nahiz largespena eman denean.

9.) Lege honek edo beste batek ezarritakoaren ariora, betearazpena dakarten gainerako ebazpen judizialek eta agiriek.

518 artikulua. Epai judizialean edo tartekaritza-ebazpenean oinarritutako akzio betearazlea iraungitzea

Epaian, eta transakzio judiziala nahiz prozesuan lortutako hitzarmena onetsi duen ebazpen judizialean, bai eta tartekaritza-ebazpenean ere, zein akzio betearazle oinarritu eta hori iraungiko da, epaia edo ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo bost urteetan, kasuan kasuko demanda betearazlea jarri ez bada.

519 artikulua. Onuradunak banaka zehaztu gabe kondena-epaia ematea, eta, epai horretan oinarrituta, kontsumitzaile eta erabiltzaileek akzio betearazlea izatea

221. artikuluaren lehenengo erregelan aipatu kondena-epaiak banakako kontsumitzaile eta erabiltzaile onuradunak zehaztu ez dituenean, epaia betearazteko auzitegi eskudunak autoa emango du, interesdun batek edo batzuek hala eskatu eta kondenatua entzun ondoren; auto horrek ebatziko du eskatzaileak kondenaren onuradunak diren ala ez, epaiak ezarri datu, ezaugarri eta betekizunak aintzat hartuta.

Auto horren lekukotzarekin, aitortutako subjektuek betearazpena eska dezakete.

520 artikulua. Titulu judizial eta tartekaritzako titulu ez direnetan oinarrituta, akzio betearazlea izatea

1. 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4, 5, 6 eta 7. zenbakietan zein titulu betearazle ezarri eta titulu horiei dagokienez, betearazpena agin daiteke, soil-soilik, baldin eta horren kopuru zehatzak 50 000 pezeta gainditzen badu eta kopuru hori eman bada*:

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 300 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

1.) Eskudirutan.

2.) Atzerriko diru bihurgarrian, betiere horrela ordaintzeko betebeharra baimenduta dagoenean edo legeak onartzen duenean.

3.) Diruz zenbatzeko moduko gauza edo espeziean.

2. Aurreko paragrafoko kopurura heltzeko, batu daitezke paragrafo horretan jasotako titulu betearazleetatik batzuk.

521 artikulua. Epai adierazle hutsak eta epai eratzaileak

1. Ez da aginduko epai adierazle hutsak eta epai eratzaileak betearaztea.

2. Ziurtagirien, eta, hala denean, manamendu judizial egokien bidez, epai eratzaile irmoek inskripzioak eta aldarazpenak ahalbide ditzakete erregistro publikoetan, betearazpena agindu beharrik gabe.

3. Epai eratzaileak kondena-erabakiak jasotzen baditu, erabakiok betearaziko dira lege honetan ezarri moduan.

522 artikulua. Epai eratzaileei men egin eta horiek betetzea. Beharrezko jardun judiziala eskatzea

1. Pertsona eta agintari guztiek, eta, batez ere, erregistro publikoen gaineko ardura dutenek, epai eratzaileetan ezarritakoari men egin behar diote, horietan ezarritakoa bete behar dute, eta epaiok sortutako egoera juridikoak aintzat hartu behar dituzte, salbu eta Erregistroko legeria bereziak oztopoak ezartzen dituenean.

2. Prozesuan alderdi izan direnek edo zuzeneko interes legitimoa egiaztatzen dutenek auzitegiari jardun egokia eska diezaiokete, epai eratzaileak eragingarriak izan daitezen, eta epaiotan zer ezarri eta horren aurkako balizko jazarpenak gaindi daitezen.

II. KAPITULUA - Atzerriko titulu betearazleak

523 artikulua. Indar betearazlea Espainian. Prozedurari aplikatu beharreko legea

1. Atzerriko epai irmoak eta gainerako titulu betearazleak Espainian betearazteko, kontuan izan behar da nazioarteko itunetan eta nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko lege-xedapenetan ezarritakoa.

2. Atzerriko epai eta titulu betearazleak Espainian betearaziko dira, lege honen xedapenen arabera, Espainian indarrean dauden nazioarteko itunetan besterik agintzen ez denetan.

II. TITULUA - EBAZPEN JUDIZIALAK BEHIN-BEHINEAN BETEARAZTEA

LEHENENGO KAPITULUA - Behin-behineko betearazpena: xedapen orokorrak

524 artikulua. Behin-behineko betearazpena: demanda eta edukia

1. Behin-behineko betearazpena demanda bidez eskatuko da, lege honen 549. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Lehen auzialdirako zein auzitegi eskudun izan, eta horrek agindu eta gauzatuko du, betearazpen arruntean bezala, irmo ez diren kondena-epaien behin-behineko betearazpena.

3. Kondena-epaiak behin-behinean betearaztean, alderdiek betearazpen arruntean prozesuko zein eskubide eta ahalmen izan, eta horiek beroriek izango dituzte.

4. Epaiak irmo ez diren bitartean, edo, irmo izanda, auzi-ihesean emandako epaiaren aurka hutsaltze-akzioa egikaritzeko lege honetan ezarri epeak igaro ez badira, epaien aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, soil-soilik, epai horiek erregistro publikoetako idazkunak inskribatzea edo ezereztea agintzen edo baimentzen badute.

5. Lehenespeneko da oinarrizko eskubideak babesten dituzten epaien behin-behineko betearazpena.

525 artikulua. Behin-behinean betearazi ezin daitezkeen epaiak

1. Ezin izango dira inola ere behinbehinean betearazi:

1.) Aitatasun, amatasun, seme-alabatasun, ezkontza-deuseztasun, banantze eta dibortzio, gaitasun eta egoera zibilari eta ohorezko eskubideei buruzko prozesuetan emandako epaiak, salbu eta prozesuaren objektu nagusiari zein ondare-betebehar eta -harreman lotu, eta horiek arautu dituzten erabakiei dagokienez.

2.) Borondatezko adierazpena egiteko kondena ezartzen duten epaiak.

3.) Industria-jabetzari buruzko tituluen deuseztasuna edo iraungitzea adierazten duten epaiak.

2. Irmo ez diren atzerriko epaiak ere ezin dira behin-behinean betearazi, Espainian indarrean dauden nazioarteko itunetan esanbidez aurkakoa xedatu ezik.

3. Behin-behineko betearazpena ez da bidezkoa izango, kalte-ordaina emateko erabakietan, horiek jaso badira ohorerako eskubidea, pertsona eta familiaren bizitza pribaturako eskubidea, eta norberaren irudirako eskubidea hautsi direla adierazten duten epaietan.

II. KAPITULUA - Lehen auzialdian emandako kondena-epaiak behin-behinean betearaztea

LEHENENGO ATALA

Behin-behineko betearazpena eta horren aurka jartzea

526 artikulua. Lehen auzialdian emandako kondena-epaien behin-behineko betearazpena. Legitimazioa

Aurreko artikuluan aipatu kasuetan izan ezik, lehen auzialdian emandako kondena-epaian bere aldeko erabakia nork izan, eta horrek eska eta lor dezake, aldi berean kauziorik eman gabe, epaia behin-behinean betearaztea. Behin-behineko betearazpena egingo da, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

527 artikulua. Behin-behineko betearazpena eskatzea, hori agintzea eta errekurtsoak

1. Behin-behineko betearazpena edozein unetan eska daiteke, gora jotzeko errekurtsoa prestatutzat zein probidentziatan jo eta hori jakinarazi denetik, edo, hala denean, alderdi gora-joleari idazkia jakinarazi zaionetik, bertan gora-jotzea jasan behar duen alderdia errekurtsoari atxikiz; eta, betiere, gora jotzeko errekurtsoan epaia eman aurretik.

2. Gora-jotzea ebazteko auzitegi eskuduna zein izan eta horri autoak igortzen bazaizkio, eta, horren ondoren, behin-behineko betearazpena eskatzen bada, eskatzaileak aurretiaz auzitegiari eskatu behar dio betearazpenerako beharrezko denaren lekukotza hori, eta berori eskaerari batu behar zaio.

Behin-behineko betearazpena eskatzen bada aurreko lerrokadan aipatu auzi-paperak igorri baino lehen, lehen auzialdiko auzitegiak luzatuko du lekukotza, igorpena egin baino lehen.

3. Epaia behin-behinean betearaztea eskatu ondoren, auzitegiak betearazpena aginduko du, salbu eta epai hori 525. artikuluan jasotakoetatik bat denean edo eskatzailearen aldeko kondena- epairik ez badakar.

4. Behin-behineko betearazpena zein autok ukatu eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, berori lehenespenez izapidetu eta ebatziz.

Behin-behineko betearazpena zein autok agindu eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri, alderdi exekutatuak hurrengo artikuluaren arabera aurkez dezakeen aurka-jartzea gorabehera.

528 artikulua. Behin-behineko betearazpenaren eta jardun betearazle zehatzaren aurka jartzea

1. Alderdi exekutatua behin-behineko betearazpenaren aurka jar daiteke, bakarrik, berori agindua izan eta gero.

2. Behin-behineko betearazpenaren aurka jartzea honako arrazoi hauetan bakarrik oinarri daiteke:

1.) Betiere, behin-behineko betearazpena agintzea, aurreko artikuluan ezarritakoa hautsiz.

2.) Kondena-epaia diruzkoa izan ez, eta, jardun betearazlearen izaera aintzat hartuta, ezinezkoa edo oso zaila bada, epaia ezeztatu kasurako, behin-behineko betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo alderdi exekutatuari konpentsazio ekonomikoa ematea, berari eragindako kalte-galeren ordaina emanez.

3. Kondena-epaia diruzkoa bada, alderdi exekutatua ezin da behin-behineko betearazpenaren aurka jarri; aitzitik, premiamendu-prozeduraren jardun betearazle zehatzaren aurka bakarrik jar daiteke. Hori gertatuko da, alderdi exekutatuak uste badu jardun horrek egoera konponezina edo kalte-galerak ordainduta konpentsazio ekonomikori ez duen egoera sortuko duela.

Neurri betearazle zehatzen inguruko aurka-jartzea aurkeztean, alderdi exekutatuak beste neurri edo jardun betearazle batzuk direnak zehaztu beharko ditu, posible, eta, alderdiaren ustez, aurka-jartzera bildutako jarduna edo neurriak zein egoera sortu eta horren antzekorik eragiten ez dutenak. Gainera, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa eman behar du, betearazpenaren atzerapenari aurre egiteko, auzitegiak neurri alternatiboak onartu ez eta gerogarrenean diruzko kondenaren erabakia berresten duenerako.

Alderdi exekutatuak ez badu neurri alternatiborik zehazten, ezta behar besteko kauziorik ematen ere, ezin daiteke betearazpenaren aurka jar, eta horixe aginduko da berehala, errekurtsoa jartzeko aukerarik gabe.

529 artikulua. Behin-behineko betearazpenaren edo jardun betearazle zehatzaren aurka-jartzea gauzatzea

1. Behin-behineko betearazpenaren aurkako idazkia betearazpen-auzitegian aurkeztu beharko da, aurka-jartzeak ukitutako ebazpena jakinarazi eta hurrengo bost egunetan, ebazpen horretan betearazpena agindu edo jardun zehatza ezartzen bada.

2. Betearazpenaren aurkako idazkia eta horrekin batera ekarritako agiriak, alderdi betearazleari eta behin-behineko betearazpenean bertaratu direnei helaraziko zaizkie, bost eguneko epean, horiek egokitzat jotzen dutena adieraz eta egiazta dezaten.

3. Diruzkoa ez den kondena-epaia behin-behinean betearazten denean, 528. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren arrazoia alegatu bada, behin-behineko betearazpenaren aurka jartzeko, orduan behin-behineko betearazpena nork eskatu eta horrek behar besteko kauzioa eman dezake, betearazpenaren aurka alegatu dena aurkaratzeaz gain; kauzio horrekin bermatuko da, epaia ezeztatuz gero, aurreko egoera berrezarriko dela, edo, hori ezinezkoa bada, sortutako kalte-galeren ordaina emango dela.

Kauzioa eskudirutan eman daiteke edo iraupen zehaztugabeko abal solidarioa erabilita, berori kreditu-erakundeak nahiz elkarrekiko berme-sozietateak egindako lehen agindeian ordainduz. Halaber, auzitegiaren ustez kasuan kasuko kopurua berehala eskuratu ahal izatea zein bidek bermatu eta hori ere erabil daiteke.

530 artikulua. Behin-behineko betearazpenaren eta neurri betearazle zehatzen aurka jartzeari buruzko erabakia. Errekurtsoa jartzeko ezintasuna

1. 528. artikuluaren 2. paragrafoko lehenengo arrazoian oinarritutako aurka-jartzeari on iritzi bazaio, auto bitartez ebatziko da behin-behineko betearazpenaren aurka-jartzea. Auto horretan adieraziko da behin-behineko betearazpenaren geldiarazpena, erabakitako enbargo, traba eta berme-neurriak deseginez.

2. Diruzkoa ez den kondena-epaia behin-behinean betearaztean aurka-jartzea aurkeztu bada, eta auzitegiak uste badu, gerogarrenean kondena ezeztatuz gero, ezinezkoa edo oso zaila izango dela behin-behineko betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo betearazpena eskatu duenak egin dezakeen kauzioarekin ordainketa bermatzea, orduan autoa emango du, betearazpena eten eginez; baina erabakitako enbargoek eta berme-neurriek indarrean iraungo dute, eta egokitzat jotzen diren berme-neurriak hartuko dira, 700. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Kondena-epaia diruzkoa izan eta aurka-jartzea jarduera betearazle zehatzaren kontra aurkezten bada, auzitegiak aurka-jartzeari on iritziko dio, uste badu behin-behineko alderdi exekutatuak zehaztutako jarduera edo neurri alternatiboak posible direla eta hasierako jardueren antzeko eragingarritasuna dutela. Era berean, auzitegiak aurka-jartzeari on iritziko dio, behin-behineko alderdi exekutatuak betearazpenaren atzerapenari aurre egiteko behar besteko kauzioa eman ondoren, auzitegiak uste badu, kondena ezeztatuz gero, guztiz ezinezkoa izango dela betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo behin-behineko alderdi exekutatuari konpentsazio ekonomikoa ematea, geroago horri kalte-galeren ordaina emanez.

Aurka-jartze horri on iriztearen ondorioz, ukatu egingo da aurka-jartzearen objektu den jarduera betearazle zehatza gauzatzeko aukera; hala ere, premiamendu-prozedurak aurrera egingo du, lege honetan ezarritakoari helduta.

4. Behin-behineko betearazpenaren edo neurri betearazle zehatzen aurka-jartzeari buruz zein autok erabaki eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri.

531 artikulua. Behin-behineko betearazpena etetea, diruzko kondena-epaietan

Diru-kopuru likidoak ordaintzeko kondena-erabakien behin-behineko betearazpena eten egingo da, alderdi exekutatuak epaitegiaren esku uzten baditu kondenatzat ezarri diru-kopurua, kasuan kasuko korrituak eta une hori arte eragindako kostuak, horiek guztiak alderdi betearazleari emateko, hurrengo atalean ezarritakoa gorabehera.

Korrituen likidazioa eta kostuen tasazioa egin ondoren, auzitegiak erabakiko du betearazpenak aurrera egin behar duen ala hori artxibatu behar den.

2. ATALA

Behin-behinean betearazitako epaia ezeztatzea edo berrestea

532 artikulua. Behin-behinean betearazitako ebazpena berrestea

Epaia ematen bada behin-behinean betearazi erabakiak berresteko, betearazpenak aurrera egingo du, betearazpen hori oraindik amaitzeko badago, salbu eta alderdi betearazleak esanbidez atzera egiten duenean.

Berrespen-epaiaren aurka ezin bada errekurtsorik jarri edo errekurtsorik jartzen ez bada, betearazpenak, atzera egin denean izan ezik, aurrera egingo du, behin betikoa balitz legez.

533 artikulua. Diru-kopurua ordaintzeko kondenak ezeztatzea

1. Behin-behinean betearazitako erabakia dirua ordaintzeko kondena izan eta erabaki hori erabat ezeztatzen bada, behin-behineko betearazpena largetsi egingo da. Halakoetan, alderdi betearazleak, hala denean, jasotako diru-kopurua itzuli beharko du; alderdi exekutatuari behin-behineko betearazpenagatik zein kostu ordaindu eta horiek itzuliko dizkio; eta exekutatuari betearazpenak zein kalte-galera eragin eta horiek ordainduko dizkio.

2. Epaia zati batez ezeztatzen bada, alderdi betearazleak jasotako diru-kopuruaren eta epaia zati batez berrestearen ondoriozko diru-kopuruaren arteko aldea bakarrik itzuliko da; alabaina, alde horri gehitu behar zaio, kopurua noiz jaso eta ordutik, urtero-urtero, diruari aplikatu beharreko legezko korritu-tasa.

3. Ezeztatze-epaia irmoa ez bada, premiamendu-bidera jo daiteke, artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu kopuru eta gehikuntzak jasotzeko; eskaera egingo da, behin-behineko betearazpena gauzatu duen auzitegian. Kalte- galerak likidatuko dira, lege honen 712. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Diru-kopurua eta kostuak itzultzeko, eta kalte-ordainak emateko betebeharra nork izan eta hori premiamendu-jardun zehatzaren aurka jar daiteke, 528. artikuluaren 3. paragrafoan agindutakoaren ildotik.

534 artikulua. Diruzkoak ez diren kondenak ezeztatzea

1. Behin-behinean betearazi eta gero, ezeztatutako ebazpenak ondasun jakin bat emateko kondena ezarri badu, ondasun hori exekutatuari itzuliko zaio, alderdi horrek izan duen modu berean; ondasunarekin batera itzuli behar dira, halaber, errentak, fruituak nahiz ekoizkinak, edo ondasunaren erabilerak duen diruzko balioa.

Ondasuna itzultzea ezinezkoa bada egitez nahiz zuzenbidez, exekutatuak kalte-galeren ondoriozko ordaina eska dezake, eta kalte-galerok likidatuko dira, 712. artikuluan ezarri prozedura erabiliz.

2. Zerbait egiteko kondena ezarri duen ebazpena ezeztatzen bada, eta egite hori jada bete bada, eska daiteke egindakoa desegitea eta sortutako kalte- galeren ondoriozko ordaina ematea.

3. Ezeztatze-epaia irmoa ez bada, aurreko paragrafoetan ezarri bezala, betearazpen-bidera joko da, gauza itzultzeko, txarto egindakoa suntsitzeko edo kalte-galerak ordainarazteko; hori egingo da, behin-behineko betearazpenean eskumena duen auzitegian.

4. Aurreko paragrafoetan ezarri kasuetan, itzultzeko, desegiteko edo kalte- ordaina emateko betebeharra duena betebehar horren aurka jar daiteke, betearazpen- bidera jota, lege honen 528. artikuluan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA - Bigarren auzialdian emandako kondena-epaiak behin-behinean betearaztea

535 artikulua. Bigarren auzialdian emandako epaiak behin-behinean betearaztea

1. Lege honen aurreko kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da bigarren auzialdian eman eta irmo ez diren epaien betearazpena, baita betearazpen horren aurka jartzea ere.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuetan, behin-behineko betearazpena edozein unetan eska daiteke, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa prestatutzat jo duen ebazpena jakinarazi denetik, eta, betiere, errekurtso horien ondoriozko epaia eman aurretik.

Lehenengo auzialdian prozesuaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horretan aurkeztuko da eskabidea. Eskabidearekin batera, behin-behinean betearazi nahi den epaiaren ziurtagiria ekarriko da, baita beharrezkotzat jotzen diren alde guztien lekukotza ere. Gora jotzeko epaia zein auzitegik eman eta horretatik, edota gora jotzeko epaiaren aurka jarritako errekurtsoaren gain eskumena zein organok izan eta horretatik eskuratu beharko dira ziurtagiria eta lekukotza.

3. Behin-behineko betarazpenaren eta neurri betearazle zehatzen aurka jartzea, bigarren auzialdian, lege honen 528. artikulutik 531.erakoek arautuko dute.

536 artikulua. Behin-behinean betearazitako ebazpena bigarren auzialdian berrestea

Bigarren auzialdiko epaia behin-behinean betearazi eta erabaki guztietan berresten bada, 532. artikuluko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera jardungo da.

537 artikulua. Bigarren auzialdian behin-behinean betearazitako ebazpena ezeztatzea

Bigarren auzialdian eman eta behin-behinean betearazitako epaia ezeztatzen bada, 533 eta 534. artikuluak aplikatuko dira.

III. TITULUA - BETEARAZPENA: XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO KAPITULUA - Betearazpeneko alderdiak

538 artikulua. Nahitaezko betearazpenaren alderdiak eta subjektuak

1. Betearazpen-prozesuan alderdi dira betearazpena agintzea eskatu eta lortu duena edo dutenak, bai eta agindutako betearazpena jasan behar duen pertsona edo pertsonak ere.

2. 540. artikulutik 544.erakoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, titulu betearazlearen araberako hartzekodunak hala eskatuta, honako subjektu hauen aurka bakarrik agin daiteke betearazpena:

1.) Titulu horren arabera zorduna denaren aurka.

2.) Titulu betearazlearen arabera zorduna izan ez arren, zorraren gaineko erantzukizun pertsonala duenaren aurka, legeak horrela xedatzen duelako edo agiri publikoaren bitartez egiaztatutako fidantza dagoelako.

3.) Titulu betearazlearen arabera zorduna izan ez arren, zorra ordaintzeari beren beregi lotuta dauden ondasunen jabearen aurka, betiere lotura hori legeak agintzen duenean edo agiri fede-emaileak egiaztatzen duenean.

Pertsona horiei dagokienez, betearazpena mugatuko da, beren beregi lotutako ondasunetara.

3. Legeak alderdi exekutatuari zein defentsa-bide eman eta bide horiek erabil ditzakete betearazpen-aginduan aipatu ez diren pertsonek; horixe egingo da, auzitegiak ezartzen badu betearazpena pertsona horien ondasunetara hedatzea, ondasunok alderdi exekutatuarenak izan ez arren, prozeduraren hasieran zein betebehar izan eta ondasunok betebehar horri lotuta daudela uste duelako auzitegiak.

4. Alderdi betearazleak auzitegiari induzitu badio betearazpena hedatzera, tituluaren edo legearen arabera betearazpena gerta ezin daitekeen pertsona edo ondasunen aurka, orduan alderdi betearazleak izango du kalte-galeren gaineko erantzukizuna.

539 artikulua. Ordezkaritza eta defentsa. Betearazpenaren kostuak eta gastuak

1. Abokatuak zuzendu eta prokuradoreak ordezkatu behar dituzte alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua, salbu eta betearazi beharreko ebazpenak eman direnean profesional horiek nahitaez parte hartu behar ez duten prozesuetan.

Aurka-jartzerik gabeko prozesu monitorioen ondorioz betearazpena gauzatzeko, nahitaezkoa da abokatuak eta prokuradoreak parte hartzea, baldin eta agindutako betearazpenaren kopurua 900 eurotik gorakoa bada.

2. Lege honek, esanbidez, kostuen inguruko erabakia betearazpen-prozesuko zein jardunerako ezarri eta jardun horretan alderdiek ordaindu behar dituzte lege honen 241. artikuluan xedatu gastuak eta kostuak, betiere auzitegiak kostuen inguruan hartutako erabakiaren ondorioz egin beharreko itzulketak gorabehera.

Alderdi exekutatuak ordainduko ditu betearazpen-prozesuari begira aurreko lerrokadan jaso ez diren kostuak, hori esanbidez agindu beharrik gabe; halere, kostuok likidatu arte, alderdi betearazleak ordaindu beharko ditu prozesuak aurrera egin ahala sortutako gastuak eta kostuak. Zernahi gisaz, alderdi exekutatuak edo beste subjektu batzuek hala eskatuta zein jardunak gastu eta kostuak sortu eta horiek ordaindu beharko dituzte kasuan kasuko jarduna eskatu dutenek.

540 artikulua. Alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua oinordetza-kasuetan

1. Betearazpena agin daiteke, titulu betearazlean alderdi betearazle gisa nor agertu eta horren oinordeko dela egiaztatzen duenaren mesederako; eta tituluan alderdi exekutatu gisa nor agertu eta horren oinordekoa dela egiaztatzen duenaren aurka.

2. Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, oinordetza egiazta dadin, oinordetza hori jaso duten agiri fede-emaileak aurkeztu beharko zaizkio auzitegiari.

Auzitegiak, ondore horietarako, egokitzat jotzen baditu agiriok, horien arabera oinordekoa nor den aintzat hartu eta horren mesederako edo horren aurka aginduko du betearazpena, besterik gabe.

3. Oinordetza agiri fede-emaileetan jasotzen ez bada edo auzitegiak agiriok behar bestekotzat jotzen ez baditu, tituluan alderdi exekutatu gisa agertzen denari eta horren oinordeko moduan bere burua aurkezten duenari helaraziko zaie alderdi betearazlearen eskaera; horiek guztiak agerraldian entzun ondoren, auzitegiak oinordetzaren inguruan bidezkoa dena erabakiko du, betearazpena agintze-ondoreetarako soil-soilean.

541 artikulua. Betearazpena irabazpidezko ondasunetan

1. Irabazpidezko erkidegoaren aurka, ez da betearazpenik aginduko.

2. Betearazpena oinarritzen bada ezkontideetatik batek hartutako zorretan, eta zor horien gaineko erantzukizuna irabazpidezko sozietateak badu, demanda betearazlea jar daiteke ezkontide zordunaren aurka bakarrik; baina irabazpidezko ondasunen enbargoa beste ezkontideari jakinarazi beharko zaio. Beste ezkontide horri demanda betearazlea eta betearazpena agindu duen autoa helaraziko zaizkio, ezkontide horrek, epe arruntean, betearazpenaren aurka jartzeko aukera izan dezan.

Betearazpenaren aurka jartzeko arrazoiak izan daitezke alderdi exekutatuak dituen arrazoi berberak, eta, gainera, betearazpena zein zorren ondorioz agindu eta zor horrengatik irabazpidezko ondasunekin erantzun behar ez izatea.

Aurka-jartzea azken arrazoi horretan oinarritzen bada, hartzekodunari dagokio irabazpidezko ondasunen erantzukizuna frogatzea.

Erantzukizun hori egiaztatzen ez bada, alderdi exekutatuaren ezkontideak ezkontza-sozietatea desegitea eska dezake, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3. Betearazpena ezkontideetatik batenak bakarrik diren zorretan oinarritzen bada, eta, ezkontide horrek ondasun pribatiborik ez izateagatik edo horiek behar beste ez izateagatik, ondasun erkideen aurka jotzen bada, ondasun erkide horien enbargoa jakinaraziko zaio zordun ez den ezkontideari.

Hori dela eta, zordun ez den ezkontideak erabakitzen badu ezkontza-sozietatea desegitea, auzitegiak, ezkontideak entzun ondoren, ondarea banatzearen inguruan bidezkoa dena ebatziko du. Hala badagokio, auzitegiak erabakiko du banatzea lege honetan xedatutakoaren arabera gauzatzea; bien bitartean, ondasun erkideen gaineko betearazpena eten egingo da.

4. Aurreko paragrafoen kasuetan, enbargoa zein ezkontideri jakinarazi eta horrek alderdi exekutatuak dituen errekurtsoak jar eta aurkaratze-bideak erabil ditzake, irabazpidezko erkidegoaren interesak defendatzeko.

542 artikulua. Zordun solidarioaren aurkako betearazpena

1. Zordun solidario baten edo batzuen aurka bakarrik lortutako epai, laudo eta beste titulu betearazle judizialek ez dute titulu betearazle gisa baliorik izango, prozesuko alderdi izan ez diren zordun solidarioen aurka.

2. Titulu betearazleak epaiketaz kanpokoak badira, betearazpena agin daiteke, bakarrik, titulu horietan edo zorraren izaera solidarioa egiaztatu eta legearen araberako betearazpena dakarren beste agiri batean zordun solidarioa nor izan eta horren aurka.

3. Titulu betearazlean zordun solidario batzuk badaude, zordun horietako baten, batzuen edo guztien aurka eska daiteke betearazpena agintzea, zorren, korrituen eta kostuen zenbateko osoan.

543 artikulua. Aldi baterako elkarteak edo erakundeak

1. Titulu betearazlearen arabera enpresa edo erakunde desberdinen arteko elkarte edo taldeak badira zordunak, orduan, horien bazkide, kide nahiz partaideen aurka betearazpena agindu ahal izateko, nahitaezkoa da horiek guztiek elkartearen edo taldearen egintzen ondoriozko erantzukizun solidarioa izatea, eurek hala erabaki dutelako edo legeak horrela agindu duelako.

2. Legeak esanbidez ezartzen badu aurreko paragrafoan aipatu elkarte edo taldeetako kide nahiz partaideen erantzukizun subsidiarioa, orduan, horien aurkako betearazpena agintzeko, nahitaezkoa izango da elkartearen edo taldearen kaudimengabezia egiaztatzea.

544 artikulua. Nortasun juridikorik gabeko erakundeak

Nortasun juridikorik gabeko erakundeek trafikoan subjektu bereizi gisa jardun eta euren aurkako titulu betearazleen kasuan, erakundearen izenean trafiko juridikoan zein bazkide, kide eta kudeatzailek jardun eta horien aurka agin daiteke betearazpena, auzitegiaren ustez behar bezala egiaztatzen bada bazkide-, kide- edo kudeatzaile-izaera, baita hirugarrenei begira erakundearen izenean jardun dela ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez zaie aplikatuko jabetza horizontalaren araubidepean dauden ondasun higiezinen jabe-erkidegoei.

II. KAPITULUA - Auzitegi eskuduna

545 artikulua. Auzitegi eskuduna. Ebazpenen forma, nahitaezko betearazpenean

1. Ebazpen judizialak, eta epaiketan homologatu edo onetsitako transakzio eta hitzarmenak betearazteko, auzitegi eskuduna izango da lehen auzialdian auziaren gaineko eskumena izan zuena, edo transakzioa nahiz hitzarmena onetsi zuena.

2. Titulua tartekaritza-laudoa bada, laudo hori zein tokitan eman eta bertako lehen auzialdiko epaitegiak izango du betearazteko eskumena.

3. Aurreko paragrafoetan aipatu diren tituluez beste batzuk betearazteko, eskumena izango du lege honen 50 eta 51. artikuluen arabera kontuan hartu behar den tokiko lehen auzialdiko epaitegiak.

Halaber, alderdi betearazleak hala aukeratuta, betearazpena eska daiteke, tituluaren ariora betebeharra zein tokitan bete behar eta bertako lehen auzialdiko epaitegian, edo alderdi exekutatuaren ondasunetatik enbargatzeko modukoak zein tokitan egon eta toki horietatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegian. Inola ere ez dira aplikatuko I. liburuaren II. tituluko II. kapituluaren 2. atalak jasotako erregelak, esanbidez edo isilbidez eskumendean jartzeari buruzkoak.

Alderdi exekutatu batzuk badaude, auzitegi eskuduna izango da, aurreko lerrokadaren arabera, alderdi exekutatuari begira eskudun izan daitezkeen horietatik edozein, eta, horien artean, alderdi betearazleak aukeratzen duena.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, beren beregi hipotekatutako edo bahitutako ondasunak bakarrik betearazi behar badira, eskumena zehaztuko da, lege honen 684. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Betearazpen-prozesuetan auto-forma izango dute auzitegiaren ebazpenek, horiek behin-behineko edo behin betiko betearazpena agintzea erabakitzen badute, enbargoa edo horren desegitea agintzen badute, betearazpenaren aurka-jartzea, etendura, largespena edo betearazpenarekin aurrera egitea agintzen badute, edota hirugarrengotzen inguruan erabakitzen badute; gainerako ebazpenek ere auto-forma izango dute, lege honetan hala xedatuz gero.

Esanbidez ezarritako egoeretan, auzitegiak probidentzia bidez emango du erabakia, eta, gainerako kasuetan, idazkari judizialak emango ditu kasuan kasuko ebazpenak, antolaketarako eginbideen bitartez.

546 artikulua. Lurralde-eskumena ofizioz aztertzea

1. Betearazpena agindu aurretik, auzitegiak ofizioz aztertuko du bere lurralde-eskumena, eta, titulu betearazlearekin eta demandarekin batera ekarritako gainerako agiriak aintzat hartuta, auzitegiak ulertzen badu ez duela lurralde-eskumenik, autoa eman, eta, betearazpena ez agintzeaz gain, demandatzaileari adieraziko dio zein auzitegitan aurkeztu behar duen demanda.

Ebazpen horren aurka errekurtsoa jar daiteke, 552. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2. Betearazpena agindu ondoren, auzitegiak ezin izango du bere lurralde- eskumena ofizioz berrikusi.

547 artikulua. Deklinatoria, nahitaezko betearazpenean

Alderdi exekutatuak auzitegiaren eskumena aurkara dezake, deklinatoria proposatuz, betearazpen-prozesuaren lehenengo jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egunetan.

Deklinatoria gauzatu eta erabakiko da, lege honen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA - Betearazpena agintzea

548 artikulua. Ebazpen judizialak eta tartekaritza-ebazpenak betearazteko itxaronaldia

Auzitegiak ez du aginduko ebazpen judizialak, tartekaritza-ebazpenak edo epaiketan onetsitako hitzarmenak betearaztea, kondena-ebazpena edo hitzarmena onesteko ebazpena alderdi exekutatuari jakinarazi eta hurrengo hogei egunetan.

549 artikulua. Demanda betearazlea. Edukia

1. Alderdiak hala eskatuta bakarrik aginduko da betearazpena, demanda bitartez, eta, bertan, honako hauek jasota:

1.) Alderdi betearazleak oinarri duen titulua.

2.) Eskatutako babes betearazlea, hori ekarri titulu betearazleari lotuta dagoela; hala denean, lege honen 575. artikuluaren arabera erreklamatu kopurua zehaztuko da.

3.) Alderdi betearazleak dakienaren arabera, alderdi exekutatuaren ondasunetatik enbarga daitezkeenak, eta, hala denean, alderdi betearazleak betearazpena gauzatzeko ondasunok behar bestekotzat jotzen dituen ala ez.

4.) Kasuan-kasuan, ondasunak aurkitu eta ikertzeko neurriak, lege honen 590. artikuluaren arabera.

5.) Betearazpena zein pertsonaren aurka agintzea eskatu eta pertsona hori edo horiek identifikatzeko inguruabarrak, pertsona horiek tituluaren arabera zordunak direlako edo lege honen 538. artikulutik 544.erakoen arabera betearazpena jasan behar dutelako.

2. Titulu betearazlea bada betearazpenaren gaineko eskumena duen auzitegiak emandako epaia edo ebazpena, nahikoa izango da demanda betearazleak betearazpena agintzeko eskabidea jasotzea, betearazi beharreko epaia edo ebazpena zehaztuz.

550 artikulua. Demanda betearazlearekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Demanda betearazlearekin batera, honako hauek ekarriko dira:

1.) Titulu betearazlea, salbu eta betearazpena oinarritzen denean epaian, edo auzi-paperetan jasotako hitzarmenean nahiz transakzioan.

Titulua laudoa bada, demandarekin batera ekarri beharko dira, orobat, tartekaritza- hitzarmena eta laudo hori alderdiei jakinarazi zaiela egiaztatzeko agiriak.

2.) Prokuradoreari egiletsitako ahalordea, betiere ordezkaritza «apud acta» eman ez denean edo hori jardunean jada jasota ez dagoenean. Horixe egingo da, epaiak, edo epaiketan onetsitako transakzioak nahiz hitzarmenak betearaztea eskatzen denean.

3.) Diruzkoak ez diren zorretan, horiek diruz zenbatzeko zein prezio edo kotizazio aplikatu behar eta horiek egiaztatzen dituzten agiriak, baldin eta datu ofizialak edo jendaurrekoak ez badira.

4.) Betearazpena agintzeko, legeak ezarritako gainerako agiriak.

2. Demanda betearazlearekin batera, ekar daitezke, halaber, alderdi betearazlearen ustez betearazpena gauzatzeko erabilgarri edo egoki diren agiriak, eta betearazpena agintzeko datu interesgarriak jasotzen dituztenak.

551 artikulua. Betearazpena agintzea. Errekurtsoak jartzeko ezintasuna

1. Demanda betearazlea aurkeztu ondoren, auzitegiak beti aginduko du betearazpena, horretarako prozesu-baldintzak eta -betekizunak gertatzen badira, titulu betearazleak forma-irregulartasunik ez badu, eta eskatu jardun betearazlea tituluaren izaera eta edukiarekin bat badator.

2. Betearazpena auto bitartez aginduko da, errekurtsoak jartzeko aukerarik gabe. Horrek ez dio kalterik egingo alderdi exekutatuak lege honen arabera aurka-jartzea aurkezteari.

552 artikulua. Betearazpenaren gaineko agindua ukatzea. Errekurtsoak

1. Auzitegiak ulertzen badu betearazpena agintzeko legezko baldintzak eta betekizunak ez direla gertatzen, autoa emango du, betearazpenaren gaineko agindua ukatuz.

2. Betearazpena agintzeari ezetza zein autok eman eta hori zuzenean gora jo daiteke, gora-jotzea hartzekodunarekin bakarrik gauzatuz.

Era berean, hartzekodunak, hala eskatzen badu, gora jotzeko errekurtsoa jarri aurretik, birjartze-errekurtsoa aurkez dezake.

3. Betearazpena agintzeari ezetza zein autok eman eta hori irmoa bada, hartzekodunak kasuan kasuko prozesu arruntean bakarrik balia ditzake bere eskubideak, prozesu arrunt hori eragotzi ez badu epai edo ebazpen irmoaren ondoriozko gauza epaituak, epai edo ebazpen hori betearazpen-demandaren oinarri izanik.

553 artikulua. Betearazpena agintzen duen autoa. Edukia eta jakinarazpena

1. Betearazpena agindu duen autoak honako alde hauek jaso beharko ditu:

1.) Betearazpena zein pertsonaren aurka agindu den; betearazpena modu solidarioan ala mankomunatuan agindu den; eta, betearazpenaren alderdiei nahiz betearazpenaren edukiari dagokienez, bidezko diren beste zehaztasunetatik edozein.

2.) Kasuan-kasuan, zein kopurutan agindu den betearazpena.

3.) Alderdi exekutatuaren ondasunak aurkitzeko eta ikertzeko hartu beharreko neurriak, lege honen 589 eta 590. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.) Une horretatik aurrera erabaki beharreko jardun judizial betearazlea, eta, horren barruan, ahal izanez gero, ondasun zehatzak enbargatzea.

5.) Zordunari egin behar zaion ordainketa- agindeiaren edukia, legeak agindei hori xedatu kasuetan.

2. Betearazpena agindu duen autoa, demanda betearazlearen kopiarekin batera, alderdi exekutatuari jakinaraziko zaio, zitazio eta epatzerik gabe, alderdi hori edozein unetan betearazpenean bertaratu dadin; alderdi exekutatua bertaratuz gero, geroagoko jarduna berarekin gauzatuko da.

554 artikulua. Betearazpena agindu eta berehalako neurriak

1. Ordainketa-agindeirik ezarri ez bada, aurreko artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakian aipatu neurriak berehala gauzatuko dira, aurretiaz alderdi exekutatua entzun gabe, eta betearazpena zein autok agindu eta horren jakinarazpenaren zain egon gabe.

2. Ordainketa-agindeia egin behar bada ere, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da, alderdi betearazleak hori eskatzen badu; halakoetan, alderdi betearazleak, auzitegiaren ustez, egiaztatu beharko du ondasunak aurkitzeko eta ikertzeko atzerapenetatik edozeinek betearazpenaren emaitza ona desegin dezakeela.

555 artikulua. Betearazpenak metatzea

1. Edozein alderdik hala eskatuta, aginduko da hartzekodun betearazle eta zordun exekutatu berberen artean erabakitzeko dauden prozesu betearazleak metatzea.

2. Alderdi betearazleetatik edozeinek hala eskatuta, alderdi exekutatu beraren aurkako prozesu betearazle guztiak meta daitezke, baldin eta antzinatasun gehiena duen prozesuko auzitegi eskudunak egokiagotzat jotzen badu hori, hartzekodun betearazle guztientzat.

3. Metatze-eskaera gauzatuko da, 74. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

4. Betearazpenak ukitzen baditu beren beregi hipotekatutako ondasunak soil-soilik, orduan, horren inguruko prozesua beste betearazpen-prozesu batzuekin meta dadin, nahitaezkoa da beste prozesu horiek xedetzat izatea ondasun berberen gaineko beste hipoteka- berme batzuen eragingarritasuna.

IV. KAPITULUA - Betearazpenaren aurka jartzea eta legearen edo titulu betearazlearen aurkako betearazpen-egintzak aurkaratzea

556 artikulua. Ebazpen judizialen edo tartekaritza-ebazpenen eta epaiketan onetsitako transakzio eta hitzarmenen aurka jartzea

1. Titulu betearazlea bada kondena- epaia, kondena-ebazpen judiziala, tartekaritzako kondena-ebazpena edo prozesuan lortutako transakzio nahiz hitzarmena onetsi duen epai, ebazpen judizial edo tartekaritza-ebazpena, orduan, alderdi exekutatua horren aurka jar daiteke, betearazpena agindu duen autoa jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan; horretarako, idatziz alegatu eta agiri bitartez egiaztatu behar du epaian agindutakoa ordaindu edo bete duela.

Halaber, aurka-jartzea oinarri daiteke akzio betearazlearen iraungitzean eta betearazpena saihets dadin hitzartutako itun eta transakzioetan, baldin eta itun eta transakzio horiek agiri publikoan jasotzen badira.

2. Aurreko paragrafoak aipatu kasuetan aurkeztutako aurka-jartzeak ez du betearazpena etengo.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, betearazpena 517. artikuluaren 2. paragrafoko 8. zenbakian aipatu autoaren bitartez agintzen bada, alderdi exekutatuaren aurka-jartzeak betearazpena etengo du; gainera, aurka-jartze hori, hurrengo artikuluan ezarri arrazoietatik edozeinetan ez ezik, honako arrazoi hauetan ere oinarri daiteke:

1.) Biktimak bakarrik errua izatea.

2.) Ibilgailua gidatzearekin edo ibilgailuaren jardunbidearekin zerikusirik ez duen ezinbesteko kasua.

3.) Erruak metatzea.

557 artikulua. Betearazpenaren aurka jartzea, titulu judizialak eta tartekaritzako tituluak ez diren horietan oinarrituta

1. Betearazpena agintzen bada 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4, 5, 6 eta 7. zenbakietan ezarri tituluetan, eta 9. zenbakian aipatu indar betearazlea duten agiriak oinarri hartuta, alderdi exekutatua betearazpen horren aurka jar daiteke, aurreko artikuluan ezarri epe eta forman, honako arrazoi hauek oinarri hartuta bakarrik:

1.) Ordainketa, alderdi exekutatuak hori agiri bitartez egiazta badezake.

2.) Kreditu likidoa konpentsatzea, hori indar betearazlea duen agiriak ondorioztatzen badu.

3.) Gauzazko zorrak diruz zenbatzean, gehiegi eskatzea edo gaindikina eskatzea.

4.) Preskripzioa eta iraungitzea.

5.) Agirian jasotako kita, itxarotea edo ez eskatzeko ituna nahiz hitzematea.

6.) Transakzioa, hori agiri publikoan jasotzen bada.

2. Aurreko paragrafoan ezarri aurka- jartzea aurkezten bada, betearazpena eten egingo da.

558 artikulua. Aurka-jartzea, gehiegi eskatzeagatik. Berezitasunak

1. Aurka-jartzea gehiegi edo sobera eskatzean oinarritzen bada, aurka-jartze horrek ez du betearazpenaren bidea etengo, salbu eta alderdi exekutatuak bere ustez zor duen kopurua auzitegiaren esku jartzen duenean, auzitegiak kopuru hori berehala eman diezaion alderdi betearazleari.

Azken kasu horretatik kanpo, betearazpenak aurrera egingo du; baina enbargatutako ondasunak saltzearen ondorioz zer lortu eta hori ez zaio alderdi betearazleari emango, aurka-jartzea erabaki arte, lortu denak alderdi exekutatuak aitortutako zorra gainditzen duen kopuruan.

2. 572 eta 574. artikuluek aipatu kasuetan, kontuen saldoei eta korritu aldakorrei buruzkoetan, auzitegiak, alderdi exekutatuak hala eskatu eta probidentzia bitartez, aditua izenda dezake, horrek zorraren zenbatekoari buruz irizpena eman dezan.

Kasu horretan, irizpena bi alderdiei helaraziko zaie, eta ez da ikustaldirik egingo, irizpena helarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, hamar egun igaro arte.

559 artikulua. Prozesuko akatsen ondorioz aurka-jartzea gauzatzea eta ebaztea

1. Alderdi exekutatua, honako akats hauek alegatuta, betearazpenaren aurka jar daiteke:

1.) Alderdi exekutatuak demandatu- izaerarik edo -ordezkaritzarik ez izatea.

2.) Alderdi betearazleak gaitasunik edo ordezkaritzarik ez izatea, edota demandatzaile- izaera edo ordezkaritza ez egiaztatzea.

3.) Agindutako betearazpena erabat deuseza izatea, epaiak edo tartekaritzalaudoak kondena-erabakirik ez jasotzeagatik, aurkeztutako agiriak betearazpena eragiteko legezko eskakizunak ez betetzeagatik edo betearazpena agintzean lege honen 250. artikuluan xedatutakoa hausteagatik.

4.) Titulu betearazlea notarioaren protokoloan jaso ez den tartekaritza-laudoa bada, hori kautoa ez izatea.

2. Alderdi exekutatuaren aurka-jartzea prozesuko akatsetan soil-soilik oinarritzen bada, edo horietan eta beste zio eta arrazoi batzuetan, alderdi betearazleak prozesuko akatson inguruko alegazioak aurkez ditzake, bost eguneko epean.

Auzitegiak ulertzen badu akatsa ongi daitekeela, probidentzia bitartez hamar eguneko epea emango dio alderdi betearazleari, horrek akatsok ongi ditzan.

Akatsa edo falta ezin bada ongitu edo epe horretan ongitzen ez bada, autoa emango da, agindutako betearazpena ondorerik gabe utziz eta alderdi betearazleari kostuak ezarriz.

Auzitegiak erabakitzen badu aurka-jartzean prozesuko akatsik ez dagoela, autoa emango du, aurka-jartzeari gaitz iritziz eta betearazpenak aurrera egitea aginduz, eta alderdi exekutatuari ezarriko dizkio aurka-jartzearen inguruko kostuak.

560 artikulua. Funtsaren inguruko zioengatik aurka-jartzea gauzatzea

Betearazpenaren aurka-jartzea prozesuko zioetan oinarritu bada edo zio horiek ez badira alegatu, alderdi betearazleak aurkara dezake funtsaren inguruko zioetan oinarritutako aurka-jartzea horretarako, bost eguneko epea du, prozesuko zio horien gainetako ebazpena noiz jakinarazi edo aurka-jartzearen idazkia noiz helarazi eta ordutik zenbatzen hasita.

Alderdi exekutatuak edo alderdi betearazleak ikustaldia egitea eska dezake, aurka jartzeko idazkian, eta aurkajartzea aurkaratzeko idazkian hurrenez hurren. Auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du ikustaldia egitea, baldin eta aurka-jartzeari buruzko eztabaida ezin bada konpondu ekarritako agiriekin; halakoetan, auzitegiak ikustaldia egiteko eguna ezarriko du, aurkaratzeko izapidea amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Ikustaldi hori eskatzen ez bada edo auzitegiak uste badu hori egitea ez dela komeni, besterik gabe ebatziko da aurka- jartzearen inguruan, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egitea agindu ondoren, eta alderdi exekutatua agertzen ez bada, auzitegiak ulertuko du alderdi exekutatuak aurka-jartzean atzera egin duela, eta 442. artikuluko 1. paragrafoan ezarri ebazpenak emango ditu.

Alderdi betearazlea agertzen ez bada, auzitegiak alderdi hori entzun gabe ebatziko du betearazpenaren aurka-jartzea.

Bi alderdiak agertuz gero, ikustaldia egingo da, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera. Ikustaldia egin ondoren, kasuan kasuko ebazpena emango da, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

561 artikulua. Aurka-jartzea ebazteko autoa, funtsaren inguruko zioetan oinarrituta

1. Prozesuko akatsetan oinarritu gabeko aurka-jartzearen inguruan alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, eta, hala denean, ikustaldia egin ondoren, auzitegiak auto bitartez honako ebazpen hauetatik bat emango du, betearazpenaren ondoreetarako soilik:

1.) Betearazpenak aurrera egin dezan bidezkotzat jotzea, betearazpena zein kopurutan agindu eta kopuru horretan, aurka-jartzeari oso-osorik gaitz iritzi bazaio.

Aurka-jartzea gehiegi eskatzean oinarritu eta aurka-jartze horri zati batez gaitziritzia eman bazaio, betearazpena bidezkotzat joko da, kasuan kasuko kopuruari dagokionez bakarrik.

Aurka-jartzeari oso-osorik gaitz iritzi dion autoak alderdi exekutatua kondenatuko du aurka-jartzearen ondoriozko kostuak ordaintzera, 394. artikuluan kostuak ordaintzeko kondenarako zer xedatu eta horri jarraituz.

2.) Betearazpena bidezkoa ez dela adieraztea, 556 eta 557. artikuluetan betearazpenaren aurka jartzeko zerrendatu zioetatik bati on irizteagatik, edo 558. artikuluaren arabera gehiegi eskatzea onartu eta hori behar bezala oinarrituta egoteagatik.

2. Betearazpenaren aurka jartzeari on irizten bazaio, betearazpena ondorerik gabe utziko da, eta enbargoak eta ukitutako ondasunen gain ezarri berme-neurriak desegitea aginduko da. Halakoetan, betearazpena agindu aurreko egoeran utziko da alderdi exekutatua, 533 eta 534. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, alderdi betearazlea kondenatuko da aurka- jartzearen ondoriozko kostuak ordaintzera.

3. Aurka-jartzea ebatzi duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke. Errekurtso horrek ez du betearazpena etengo, baldin eta errekurtsoa zein ebazpenen aurka aurkeztu eta horretan gaitz iritzi bazaio aurka-jartzeari.

Errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horretan aurka-jartzeari gaitz iritzi bazaio, alderdi betearazleak eska dezake enbargoei eta hartutako berme-neurriei eustea, baita lege honen 697. artikuluan xedatutakoaren arabera bidezkoak diren neurriak hartzea ere. Auzitegiak hori aginduko du probidentzia bitartez, alderdi betearazleak behar besteko kauzioa ematen badu. Kauzio hori ebazpenean bertan zehaztuko da, alderdi exekutatuak kasuan-kasuan eman beharreko kalte-ordaina bermatzeko, aurka-jartzeari emandako oniritzia berresten denerako.

562 artikulua. Betearazpenean zehar lege-hausteak aurkaratzea

1.) Lege honetan ezarri birjartze-errekurtsoaren bidez, arau-haustea jasotzen edo gauzatzen bada betearazpen- auzitegiak emandako ebazpenean.

2.) Gora jotzeko errekurtsoaren bidez, lege honek esanbidez ezarri kasuetan.

3.) Epaitegira idazkia zuzenduz, errekurtsoa jartzeko esanbidezko ebazpenik ez badago. Aipatu idazkian, argi eta garbi jaso beharko da zein arau-hauste alegatu eta hori saihesteko eskatu den ebazpena edo jarduna.

2. Arau-hausteak jardunaren deuseztasuna dakarrela alegatzen bada edo auzitegiak hala ulertuz gero, kontuan hartuko da 225. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa.

563 artikulua. Titulu betearazle judizialarekin bat ez datozen betearazpen-egintzak

1. Epai edo ebazpen judizialen ondorioz betearazpena agintzen bada eta betearazpenerako auzitegi eskudunaren betearazpen-egintza titulu betearazlearekin bat ez badator, alderdi kaltedunak birjartze-errekurtsoa jar dezake, eta, horri gaitz iritziz gero, gora jotzeko errekurtsoa.

2. Aurreko paragrafoaren kasuetan, alderdi errekurtsogileak eska dezake aurkaratu jarduera betearazle zehatzaren etendura. Auzitegiak eskaera onartuko du, errekurtsogileak behar besteko kauzioa ematen badu, atzerapenak beste alderdiari ekar diezazkiokeen kalteei aurre egiteko.

Kauzioa era daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan ezarri moduetatik edozeini jarraituz.

564 artikulua. Alderdi exekutatuaren defentsa juridikoa, horren oinarriak direnean betearazpenaren aurka egiteko arrazoien artean jaso gabe dauden egitate eta egintzak

Epaiketan alegazio-aukeren preklusioa gertatu edo epaiketaz kanpoko titulua sortu ondoren, lege honek betearazpenaren aurka jartzeko arrazoien artean jaso ez dituen egitate edo egintzak gertatzen badira, horien eragingarritasun juridikoa baliozkoa izan daiteke, kasuan kasuko prozesuan, baldin eta egitate edo egintzok zuzenbidearen arabera garrantzitsuak badira, alderdi betearazleak alderdi exekutatuari begira dituen eskubideentzat edo alderdi exekutatuak alderdi betearazleari begira dituen eginbeharrentzat.

V. KAPITULUA - Betearazpena etetea eta amaitzea

565 artikulua. Betearazpena etetearen norainokoa eta etendura horri buruzko arau orokorra

1. Betearazpena eten egingo da, bakarrik, legeak esanbidez hala agintzen duenean edo betearazpenean bertaratutako alderdi guztiek hori erabakitzen dutenean.

2. Halere, betearazpenaren etendura agindu ondoren, erabakitako enbargoetarako berme-neurriak har daitezke edo jada daudenei eutsi, eta, beti, dagoeneko agindu enbargoak gauzatuko dira.

566 artikulua. Epai irmoaren hutsaltze eta berrikuste kasuetan, betearazpena etetea, largestea eta horrek aurrera egitea

1. Betearazpena agindu ondoren, berrikuspen-demanda edo auzi-ihesean emandako epai irmoa hutsaltzeko demanda jarri eta onartzen bada, betearazpenaren gaineko eskumena zein auzitegik izan eta horrek agin dezake epaia betearazteko jarduna etetea; horixe egingo da, alderdiren batek hala eskatzen badu, eta, egoeraren inguruabarrak aintzat hartuta, betearazpena etetea komeni bada.

Etendura agintzeko, hori zeinek eskatu eta berari galdatuko dio auzitegiak kauzioa ematea; kauziora bildu behar dira auziaren balioa eta epaia betearazi gabe uzteagatik eragin daitezkeen kalte-galerak.

Berrikusi beharreko epaiaren betearazpena eteteari buruz erabaki aurretik, auzitegiak Fiskaltzaren iritzia entzungo du.

Aurreko lerrokadan aipatu kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan.

2. Etendura desegitea eta betearazpenak aurrera egitea aginduko da, baldin eta betearazpen-auzitegiak jakin badaki berrikuspenari edo auzi-ihesean emandako epaia hutsaltzeko demandari gaitz iritzi zaiola.

3. Betearazpena largetsiko da, berrikuspenari on irizten bazaio, edo, auzi-ihesean emandako epaia hutsaldu ondoren, demandatuaren aldeko absoluzio- epaia ematen bada.

4. Auzi-ihesean emandako epaia hutsaldu ondoren, eduki bera duen beste epai bat ematen bada, edo, eduki desberdina izan arren, beste epai horrek kondena-erabakiak jasotzen baditu, betearazpenari ekin egingo zaio; halakoetan, aurretiazko betearazpen-egintzak baliozko eta eragingarri direla ulertuko da, horiek azken epai horren erabakien eragingarritasunerako lagungarri badira.

567 artikulua. Errekurtso arruntak jartzea eta etendura

Errekurtso arruntak jartzearen ondorioz, jardun betearazleak ez du, berez, bere bidea etengo.

Hala ere, alderdi exekutatuak jardun zehatz baten aurka errekurtsoa jarri eta horren etendura eska diezaioke auzitegiari, alderdi horrek egiaztatzen badu errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horrek kalte konpongaitza eragiten diola. Horrez gain, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa eman behar du lege honetan xedatutakoaren arabera, atzerapenak eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko.

568 artikulua. Etendura, konkurtso-egoeretan

Auzitegiak betearazpena etengo du, hura dagoen moduan, alderdi exekutatua konkurtsoan dagoela auzitegiari jakinarazi bezain laster.

Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera egingo dira hipotekatu eta bahitutako ondasunen aurka soilik zuzendutako betearazpenaren hasiera eta jada hasitako prozeduraren jarraipena.

569 artikulua. Zigor-arloko epaitu aurrekotasunaren ondorioz, betearazpena etetea

1. Salaketa aurkezteak edo kereila jartzeak, bertan delitu-itxurako egitateak azaltzen direnean eta egitate horiek titulu betearazleari edo nahitaezko betearazpena agintzeari loturik daudenean, ez du berez ekarriko betearazpenaren etendura.

Halere, delitu-itxurako egitateak ikertzeko auzi kriminala erabakitzeko badago, eta egitateok, egiazkoak izanez gero, tituluaren faltsutasuna nahiz deuseztasuna, edo betearazpen-aginduaren baliogabetasuna nahiz ez-zilegitasuna badakarte, orduan auzi horretako auzitegi eskudunak betearazpena etetea aginduko du, alderdiak eta Fiskaltza entzun ondoren.

2. Aurreko paragrafoan aipatu auzi kriminala zein ebazpenek amaitu eta horrek adierazten badu egitaterik ez dagoela edo egitateak ez duela zigor-izaerarik, orduan alderdi betearazleak kalte-galeren ondoriozko kalte-ordaina eska dezake, 40. artikuluaren zazpigarren paragrafoan zehaztu bezala.

3. Artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoa gorabehera, betearazpenak aurrera egin dezake, alderdi betearazleak behar besteko kauzioa ematen badu, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan. Kauzio horrek bermatuko ditu alderdi betearazleak jaso dezakeena eta betearazpenak alderdi exekutatuari eragin diezazkiokeen kalte-galerak.

570 artikulua. Betearazpena amaitzea

Nahitaezko betearazpena amaituko da, soilik, hartzekodun betearazleari oso-osorik ordaintzen zaionean.

IV. TITULUA - DIRUZKO BETEARAZPENA

LEHENENGO KAPITULUA - Diruzko betearazpena: xedapen orokorrak

571 artikulua. Titulu honen eremua

Titulu honen xedapenak aplikatuko dira, nahitaezko betearazpena oinarritzen bada, zuzenean edo zeharka, diru-kopuru likidoa emateko eginbeharra dakarren titulu betearazlean.

572 artikulua. Kopuru likidoa. Betearazpena, eragiketen saldoa aintzat hartuta

1. Betearazpena agin dadin, likidotzat joko da tituluan letra, zifra edo zenbaki ulergarriekin adierazitako diru-kopuru zehatz oro. Kopurua adierazteko modu desberdinak euren artean bat ez badatoz, letraz adierazitako kopurua hobetsiko da.

Halere, betearazpena agintzeko ez da beharrezkoa alderdi betearazleak eskatu kopurua likidoa izatea, betearazpen bidezko korrituak eta betearazpenak sortutako kostuak direla eta.

2. Era berean, agindutako betearazpenaren zenbatekoa izan daiteke eragiketen ondoriozko saldoa, eragiketa horien kontratuak formalizatu badira eskritura publikoaren bitartez edo merkataritza- artekari elkargokideek esku hartutako polizaren bitartez. Horretarako, tituluan bertan itundu behar da betearazpenaren ondorioz eska daitekeen kopurua hartzekodunak berak titulu betearazlean egindako likidaziotik aterako dela, alderdiek titulu betearazlean bertan hitzartutakoaren arabera.

Kasu horretan, betearazpena aginduko da, bakarrik, hartzekodunak egiaztatzen badu alderdi exekutatuari, eta, halakoa izanez gero, fidatzaileari ere, aurretiaz jakinarazi diola likidazioaren arabera eskatutako kopurua.

573 artikulua. Kontuen saldoa dela eta, demanda betearazlearekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu kasuetan, demanda betearazlearekin batera ekarri behar dira, titulu betearazlea eta 550. artikuluan jaso agiriak ez eze, honako agiri hauek ere:

1.) Hartzekodunak zein likidazio egin eta horretatik sortu den saldoa adierazten duen agiria edo agiriak; halaber, zorduntze- eta abonamendu-kopuruen laburpenak, eta betearazpena agintzeko saldoa zein kopurutan zehaztu eta horien korrituak aplikatzeari buruzko kopuruak.

2.) Alderdiek titulu betearazlean zer itundu eta horren arabera likidazioa egin dela egiaztatzeko agiri fede-emailea.

3.) Eskatutako kopurua zordunari, eta, halakoa izanez gero, fidatzaileari ere, aurretiaz jakinarazi zaiela egiaztatzeko agiria.

2. Halaber, demandarekin batera ekar daitezke zorduntze- eta abonamendu- kopuruen ziurtagiriak, alderdi betearazleak egokitzat jotzen badu hori.

3. Hartzekodunarentzat zalantzazkoa bada kopuru bat zinezkoa edo eskatzeko modukoa izatea, edo horren benetako kopurua, orduan zalantzagabeko kopurua zein izan eta horren betearazpena eska dezake hartzekodunak, eta gainerakoa kasuan kasuko prozesu adierazlean erreklamatzeko erreserba. Prozesu adierazle hori eta betearazpena aldi berean gauza daitezke.

574 artikulua. Betearazpena, korritu aldakorren kasuan

1. Alderdi betearazleak adieraziko du, demanda betearazlean, berak eskatu betearazpena agintzeko zein kalkulu- eragiketa egin behar diren; berak adieraziko du kalkulu-eragiketak ondorioztatzen duen saldoa, agindutako betearazpenaren kopuru zehatz gisa, honako kasu hauetan:

1.) Erreklamatu duen kopuruaren jatorria korritu aldakorrarekin itundutako mailegua edo kreditua izatea.

2.) Erreklamatutako kopuruaren jatorria mailegua edo kreditua izan eta horretan nahitaezko gertatzea diru desberdinen artean eta euron korritu-tasen artean parekotasuna ezartzea.

2. Aurreko kasu guztietan aplikatu behar da, aurreko artikuluaren lehenengo paragrafoko bigarren eta hirugarren zenbakietan, eta, orobat, artikulu horren bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutakoa.

575 artikulua. Betearazpenaren kopurua zehaztea eta betearazpena agintzea

1. Demanda betearazlean zein kopuru erreklamatu eta horren betearazpena aginduko da. Kopuru horretara bilduko dira kopuru nagusia eta muga-eguneratutako korritu arruntak nahiz berandutza-korrituak. Zenbateko horri gehitu beharko zaio, halaber, betearazpenean sor daitezkeen korrituei eta betearazpenaren kostuei aurre egiteko zehaztu kopurua.

Bi kontzeptu horientzat zehaztu kopurua behin-behinean ezarriko da, eta kopuru horrek ezin izango du gainditu demanda betearazlean eskatu kopuruaren 100eko 30, geroko likidazioa gorabehera.

Salbuespenez, eta betearazpenak iraun dezakeena kontuan hartuta, alderdi betearazleak egiaztatzen badu betearazpenean sor daitezkeen korrituek eta betearazpenaren kostuek aurreko lerrokadan ezarritako muga gaindituko dutela, orduan muga hori gaindi dezake kontzeptu horientzat behin-behinean ezarri kopuruak.

2. Alderdi exekutatuak gehiegi eskatzea alegatzeari kalterik egin gabe, auzitegiak ezin du betearazpenaren agindua ukatu, zor den kopurua eta alderdi betearazleak demanda betearazlean ezarri kopurua bat ez datozela ulertzeagatik.

3. Dena den, ez da betearazpenik aginduko, demanda betearazleak ez baditu jasotzen aurreko artikuluetan aipatu kalkuluak, edo demandarekin batera ez badira ekarri manuotan agindu agiriak.

576 artikulua. Prozesuko berandutzaren korrituak

1. Diru-kopuru likidoa ordaintzeko kondena ezarri duen epai edo ebazpen orok, lehen auzialdian eman denetik, hartzekodunaren mesederako ekarriko du urteko korritua sortzea. Korritu hori izango da diruaren legezko korritua, bi puntu gehituta, edo alderdiek itundutakoa, edo legearen xedapen bereziak ezarritakoa.

2. Zati bateko ezeztapenaren kasuetan, auzitegiak, bere sen onaren arabera, ebazpena emango du prozesuko atzerapenaren korrituei buruz, betiere horretarako arrazoiak emanez.

3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa aplikatuko zaie edozein jurisdikzio- ordenatako ebazpen judizial mota guztiei, ebazpenok kopuru likidoa ordaintzera kondenatzen badute. Halere, aintzat hartu behar dira ogasun publikoentzat legeak ezarri berezitasunak.

577 artikulua. Zorra, atzerriko diruan

1. Tituluak atzerriko diruan finkatzen badu diru-kopurua, betearazpena aginduko da, kopuru hori lortzeko eta emateko.

Kostuak, gastuak eta prozesuko atzerapenaren korrituak estatuko diruz ordainduko dira.

2. Enbargatu beharreko ondasunak kalkulatzeko, betearazpena zein egunetan agindu eta egun horretako trukaneurri ofizialaren arabera zenbatuko da atzerriko diru-kopurua.

Atzerriko diruak kotizazio ofizialik ez badu, zenbaketa egingo da, auzitegiak egoki ulertu trukaneurrian, alderdi betearazleak demandara ekarritako alegazio eta agiriak kontuan hartuz. Horrek ez dio kalterik egingo gerogarrenean kondena likidatzeari, lege honen 714. artikulutik 716.erakoetan xedatutakoaren arabera.

578 artikulua. Epe berriak edo zor guztia muga-eguneratzea

1. Kopuru likidoko zorraren ondorioz betearazpena agindu ondoren, betebehar beraren eperen bat edo betebeharra oso-osoan muga-eguneratzen bada, orduan ulertuko da betearazpena areagotu egin dela, beraren baitara betebehar nagusiaren eta korrituen muga-egun berriak bilduta, betiere auzi-jartzaileak hori eskatu duenean; halakoetan, prozedura ez da atzera ekarri behar.

2. Demanda betearazlean eska daiteke betearazpena areagotzea.

Kasu horretan, betearazpena zein autoren bitartez agindu eta auto hori alderdi exekutatuari jakinaraztean, ohartaraziko zaio betearazpena zuzenean areagotzen dela, baldin eta muga-egunetan epaitegiaren zainpean uzten ez badira kasuan kasuko kopuruak.

Alderdi betearazleak betearazpena zuzenean areagotzea eskatzen badu, zorraren azken likidazioa aurkeztu beharko du, zor nagusiaren muga-egunak eta betearazpenean sortutako korrituak barne.

Likidazio hori titulu betearazlearekin bat badator eta likidazioan jasotako muga-egunen zenbatekoa zainpean uzten ez bada, orduan alderdi betearazleari ordainketa egingo zaio, aurkeztutako likidazioa aintzat hartuz.

3. Betearazpena areagotzea enbargoa hobetzeko arrazoi nahikoa da, eta hori enbargoaren aurreneurrizko idatzoharrean jaso daiteke, lege honen 613. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan aipatu kasuan, betearazpena areagotzeak ez du ekarriko neurri horiek zuzenean hartzea. Neurriok aginduko dira, bakarrik, hori bidezkoa bada, alderdi betearazleak horiek eskatzen dituenean, aintzat hartu gabeko muga-egun bakoitza igaro ondoren.

579 artikulua. Diruzko betearazpena, bereziki hipotekatu edo bahitutako ondasunetan

Betearazpena zuzentzen bada soilsoilik diruzko zorra bermatzeko hipotekatu edo bahitu diren ondasunen aurka, orduan titulu honen V. kapituluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

Hipotekatu edo bahitutako ondasunak enkantera atera ostean, horien emaitza nahikoa ez bada kreditua estaltzeko, alderdi betearazleak enbargoa eska dezake falta den kopuruarengatik, eta betearazpenak aurrera egingo du, betearazpen orori aplikatu beharreko arau arrunten arabera.

II. KAPITULUA - Ordainketa-agindeia

580 artikulua. Ordainketa-agindeia noiz ez den bidezkoa

Titulu betearazlearen oinarri badira diru-kopuru zehatzak emateko betebeharra ezarri duten ebazpen judizialak, tartekaritza-ebazpenak, edo prozesuan lortutako transakzioak nahiz hitzarmenak onesteko ebazpenak, orduan ez da beharrezkoa izango alderdi exekutatuari beraren ondasunak enbargatzeko ordainketa- agindeirik egitea.

581 artikulua. Ordainketa-agindeia noiz den bidezkoa

1. Diru-kopuru zehatzak emateko betearazpena ez bada oinarritu ebazpen judizialetan, tartekaritza-ebazpenetan, edo epaiketan onetsitako transakzio nahiz hitzarmenetan, orduan ordainketa- agindeia egingo zaio alderdi exekutatuari, betearazpena agindu ondoren, erreklamazio nagusiaren ondorioz, eta, hala denean, sortutako korrituen ondorioz, demandaren data artekoak barne. Alderdi exekutatuak kopuru hori berehala ordaintzen ez badu, auzitegiak alderdi exekutatuaren behar besteko ondasunak enbargatuko ditu, agindu betearazpenaren kopuruari eta betearazpenaren kostuei ondasun horiekin aurre egiteko.

2. Aurreko paragrafoan ezarri agindeia ez da gauzatuko, baldin eta demanda betearazlearekin batera ekarri bada alderdi exekutatuari zein ordainketa- agindei egin eta hori egiaztatzeko notario-akta; ordainketa-agindei hori, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin egin behar zaio alderdi exekutatuari.

582 artikulua. Ordainketa-agindeia egiteko tokia

Ordainketa-agindeia egingo da, titulu betearazlean jasotako egoitzan.

Baina, alderdi betearazleak hala eskatzen badu, agindeia egin daiteke alderdi exekutatua zein tokitan bilatu eta toki horretan, bertan ezustean badago ere.

Alderdi exekutatua ez badago titulu betearazlean jaso egoitzan, orduan enbargoa egin daiteke, alderdi betearazleak hala eskatuz gero. Dena den, ahaleginak egin daitezke berriro agindeia gauzatzeko; horretarako, kontuan hartuko da lege honek xedatutakoa, ebazpena edo zedula emanez gauzatu komunikazio- egintzen inguruan, eta, hala denean, ediktu bidezko komunikazioaren inguruan.

583 artikulua. Alderdi exekutatuak ordaintzea. Kostuak

1. Alderdi exekutatuak ordaintzen badu, agindeia jasotzean edo betearazpena agindu aurretik, kasuan kasuko diru-kopurua alderdi betearazlearen esku jarriko da; alderdi exekutatuari egindako ordainketaren ziurtagiria emango zaio; eta, hala denean, betearazpena ere amaitutzat joko da.

2. Zordunak agindeia jasotzean ordaindu arren, beraren kontura izango dira sortutako kostu guztiak, salbu eta zordunak egiaztatzen duenean, berari egotzi ezin zaion arrazoia dela bide, ezin izan duela ordainketarik egin, hartzekodunak betearazpena eragin aurretik.

III. KAPITULUA - Ondasunak enbargatzea

LEHENENGO ATALA

Ondasunak trabatzea

584 artikulua. Enbargoaren norainoko

objektiboa eta nahikotasuna

Ezin dira enbargatu, ustez, agindu betearazpenaren kopurua baino baliotsuagoak diren ondasunak, salbu eta alderdi exekutatuaren ondarean betearazpenaren kopurua baino balio handiagoko ondasunak bakarrik egon eta betearazpenaren xedearentzat beharrezkoa denean ondasunok ukitzea.

585 artikulua. Enbargoa saihestea,

kopurua zainpean jarriz

Betearazpena agindu ondoren, ondasunak enbargatzeari ekingo zaio, lege honetan xedatutakoaren arabera. Halere, alderdi exekutatuak zainpean uzten badu agindutako betearazpenaren kopurua, enbargoa eten egingo da.

Enbargoa egin aurretik, alderdi exekutatuak ez badu kopurua zainpean uzten, edozein unetan hori egin dezake, betiere betearazpenaren aurka-jartzea erabaki aurretik.

Kasu horretan, kopurua zainpean jarri ondoren, trabatutako enbargoak desegingo dira.

586 artikulua. Zainpean jarritako kopuruaren destinoa

Alderdi exekutatuak aurka-jartzea aurkezten badu, horretarako zehaztu establezimenduan gordailutuko da aurreko artikuluaren arabera zainpean jarritako kopurua, eta enbargoak etenda iraungo du.

Alderdi exekutatuak aurka-jartzea aurkezten ez badu, enbargoa saihesteko zein kopuru zainpean jarri eta hori emango zaio alderdi betearazleari, geroago korrituak eta kostuak likidatu behar badira ere.

587 artikulua. Enbargatzeko unea

1. Enbargoa egindakotzat joko da, ebazpen judizialak enbargo hori agintzen duenetik edo enbargo-eginbidearen aktan ondasun bat deskribatzen denetik, nahiz eta traba bermatzeko edo iragartzeko neurriak oraindik hartu ez.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez die kalterik egingo hirugarren onustedunaren babeserako aplikatu beharreko arauei.

588 artikulua. Zehaztu gabeko enbargoaren deuseztasuna

1. Ondasun eta eskubideen gaineko enbargoa deuseza izango da, ondasun eta eskubideok badirela egiaztatzen ez bada.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, banku-gordailuak eta kreditu- erakundeetako kontuetan dauden saldo positiboak enbarga daitezke, baldin eta, titulu betearazlea dela eta, auto bitartez kopuru jakin bat zehazten bada gehieneko mugatzat.

Muga horretatik gorakoa askatasunez xeda dezake alderdi exekutatuak.

589 artikulua. Alderdi exekutatuak ondasunak erakustea

1. Alderdi betearazleak ondasun batzuk adierazi eta betearazpenaren xedearentzat ondasunon enbargoa nahikoa dela adierazten duenean izan ezik, auzitegiak ofizioz eta probidentzia bitartez aginduko dio alderdi exekutatuari, horrek betearazpenaren kopurua estaltzeko adina ondasun eta eskubide zerrenda ditzan; alderdi exekutatuak adierazi beharko ditu kasuan kasuko zamak eta kargak, eta, ondasun higiezinei dagokienez, okupatuta badaude, zein pertsonak okupatzen dituen horiek eta zer-nolako tituluarekin.

2. Alderdi exekutatuari bere ondasunak agertzeko zein agindei egin eta horretan jaso beharko da hari ezar dakizkiokeen zehapenen ohartarazpena. Zehapenok ezarriko zaizkio, desobedientzia astunarengatik behintzat, bere ondasunen zerrenda aurkezten ez badu, zerrendan bere ondasunak ez direnak adierazten baditu, enbarga daitezkeen ondasunak baztertzen baditu, edo ondasunon gaineko zama eta kargak aipatzen ez baditu.

3. Auzitegiak, probidentzia bitartez, aldizkako isun hertsatzaileak ezar diezazkioke aurreko paragrafoan aipatu alderdi exekutatuari, horrek behar bezala erantzuten ez badio agindeiari.

Isunen zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko dira agindutako betearazpenaren kopurua, ondasunen zerrenda aurkezteko jazarpena eta agindeia jaso duenaren ahalbide ekonomikoa. Bestalde, premiamendu ekonomikoa eraldatu edo eraginik gabe utz daiteke, agindeia jaso duenaren jokabidea eta horrek bere burua justifikatzeko egin ditzakeen alegazioak kontuan hartuta.

590 artikulua. Alderdi exekutatuaren ondareari buruzko ikerketa judiziala

Alderdi betearazleak hala eskatzen badu, berak ezin duelako betearazpenerako alderdi exekutatuaren behar besteko ondasunik zehaztu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du alderdi betearazleak aipatu finantza-erakundeetara, bestelako erakunde, eta erregistro publikoetara, eta pertsona fisiko eta juridikoengana jotzea, horiek alderdi exekutatuaren ondasun edo eskubideak zein diren jakinez gero, horien zerrenda eman dezaten.

Eskabidea egitean, alderdi betearazleak labur azaldu behar du zein arrazoi duen, kasuan kasuko erakundeak, erregistroak edo pertsonak alderdi exekutatuaren ondareari buruzko informazioa duela uste izateko.

Auzitegiak ez dizkie datuak erreklamatuko erakunde eta erregistroei, alderdi betearazleak datuok lor baditzake, bere kabuz edo bere prokuradorearen bitartez, horrek ahalorde-emaileak emandako ahalmena izanez gero.

591 artikulua. Elkarlanean aritzeko eginbeharra

1. Pertsona eta erakunde publiko nahiz pribatu guztiek betebeharra dute, betearazpen-jardunean elkarlanean aritzeko, eta auzitegiari eurek dituzten agiri eta datu guztiak emateko. Betebehar horren muga bakarrak dira oinarrizko eskubideak errespetatzea, edo legeak kasu zehatz batzuetarako esanbidez ezarritako mugak.

2. Auzitegiak, interesdunek esan beharrekoa entzun ondoren, eta probidentzia bidez, aldizkako isun hertsatzaileak ezar diezazkieke aurreko paragrafoaren arabera agindu elkarlanean aritu ez diren pertsona eta erakundeei.

Premiamendu horiek ezartzean, auzitegiak kontuan hartuko ditu 589. artikuluko 3. paragrafoan ezarri irizpideak.

3. Artikulu honen lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzitegiak betearazpenaren xedearekin zerikusirik ez duten datuak jasotzen baditu, behar besteko neurriak hartuko ditu, datuon isil-gordea bermatzeko.

592 artikulua. Enbargoen arteko hurrenkera. Enpresak enbargatzea

1. Hartzekodunak eta zordunak besterik itundu ezean, betearazpenean nahiz betearazpenetik kanpo, auzitegiak alderdi exekutatuaren ondasunak enbargatzeko aintzat hartuko du exekutatuak ondasunok besterentzeko duen erraztasuna eta enbargoak alderdi horri gutxieneko kaltea eragitea.

2. Betearazpenaren inguruabarrak direla bide, ezinezkoa edo oso zaila bada aurreko paragrafoan ezarri irizpideak aplikatzea, orduan ondasunok honako hurrenkera honetan enbargatuko dira:

1.) Dirua nahiz edozein motatako kontu-korronteak.

2.) Berehala edo epe laburrera diru bihur daitezkeen kreditu eta eskubideak, eta bigarren mailako balore-merkatu ofizialean negozia daitezkeen titulu, balore eta beste finantza-tresna batzuk.

3.) Bitxiak eta erti-lanak.

4.) Diru-errentak, horien jatorria eta horiek sortzeko arrazoia edozein izanik ere.

5.) Mota guztietako korrituak, errentak eta fruituak.

6.) Ondasun higigarriak edo abereak, akzioak, kotizazio ofizialean onartzen ez diren titulu edo baloreak eta sozietate- partaidetzak.

7.) Ondasun higiezinak.

8.) Soldatak, alokairuak, pentsioak, eta lanbide-jarduera eta merkataritza- jarduera autonomoek eratorritako diru-sarrerak.

9.) Epe ertain eta luzera diru bihur daitezkeen kreditu, eskubide eta baloreak.

3. Enpresak enbargatzea ere agin daiteke, inguruabar guztiak aintzat hartuta komenigarriagoa bada enpresa osoa enbargatzea, ez, ordea, enpresaren ondareko osagai ezberdinak.

2. ATALA

Hirugarrenen ondasunak enbargatzea eta jabari hirugarrengotza

593 artikulua. Alderdi exekutatuaren jabetza. Enbargoa ofizioz desegiteko debekua

1. Enbargatu nahi diren ondasunak alderdi exekutatuari dagozkion ala ez erabakitzeko, auzitegia oinarrituko da zentzuz hori ondorioztatzeko lagungarri izan daitezkeen ageriko zantzu eta ezaugarrietan, ikerketarik eta bestelako jarduna egin gabe.

2. Zuzeneko oharmenaren edo alderdi exekutatuaren nahiz beste pertsona batzuen adierazpenen ondorioz, auzitegiak zentzuzko arrazoiak baditu trabatu nahi dituen ondasunak hirugarren batenak direla uste izateko, probidentzia bitartez aginduko du hirugarren horri trabaren berehala egingo delako berri ematea.

Hirugarrena bost eguneko epean ez bada auzitegian agertzen edo ez agertzeko zioak ematen ez baditu, auzitegiak probidentziaren bidez aginduko du ondasunak trabatzea. Hori ez da gertatuko, alderdiek, hirugarrenari emandako epe berean, auzitegiari adierazten badiote enbargoa ez gauzatzearekin bat datozela.

Hirugarrena enbargoaren aurka zentzuz jartzen bada, bere eskubidea oinarritzeko agiriak, hala denean, ekarriz, auzitegiak bidezkoa dena ebatziko du, alderdiak entzun ondoren.

3. Ondasunen jabaria erregistroan inskriba badaiteke, haien enbargoa aginduko da, salbu eta hirugarrenak egiaztatzen duenean erregistratzaileak emandako ziurtagiriaren bitartez, erregistroko titularra dela. Inskribatu gabeko titularrek ere euron eskubidea egikari dezakete pertsona egokiaren aurka eta behar den moduan.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, enbargatu beharreko ondasuna hirugarrenaren familia-etxebizitza bada, eta hirugarrenak auzitegian aurkezten badu etxebizitza berak eskuratu duela egiaztatzeko agiri pribatua, agiri hori alderdiei helaraziko zaie; alderdiok, bost eguneko epean, enbargoa ez gauzatzearekin bat datozela adieraziz gero, auzitegiak ez du enbargoa aginduko.

594 artikulua. Alderdi exekutatuarenak ez diren ondasun enbargatuak geroago eskualdatzea

1. Alderdi exekutatuarenak ez diren ondasunen gaineko enbargoa, hala ere, eragingarria da.

Benetako titularrak bere eskubideak baliatzen ez baditu jabari- hirugarrengotzaren bidez, ezin izango du aurkaratu enbargatutako ondasunen besterentzea, erremategileak edo adjudikazio-hartzaileak ondasunak eskuratu baditu erreibindikatu ezineko moduan, legeria substantiboan ezarritakoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoak ez die kalterik egingo medeapen-akzioei, bidegabeko aberastearen ondoriozko akzioei, ezta besterentzearen deuseztasun-akzioei ere ez.

595 artikulua. Jabari hirugarrengotza. Legitimazioa

1. Jabari-hirugarrengotza demanda bitartez jar dezake, betearazpeneko alderdi izan gabe, alderdi exekutatuaren ondasun gisa enbargatutako ondasunaren jabe dela esan duenak, betiere, enbargoa trabatu ondoren, ondasuna alderdi exekutatuarengandik jaso ez duenean.

2. Halaber, enbargoa desegiteko hirugarrengotza jar dezakete, legeak beren beregi ezarritakoaren arabera, ondasun bat edo batzuk alderdi exekutatuarenak direlakoan enbargatu eta enbargatutakoak nahitaez diru-bihurtzearen aurkako eskubideen titular direnek.

3. Jabari-hirugarrengotzaren demandarekin batera, hirugarrengotza duenaren uzia zein izan eta horren oinarriaren idatzizko froga-hastapena ekarri beharko da.

596 artikulua. Jabari-hirugarrengotza jartzeko unea eta hirugarrengotza hori erabat ukatu ahal izatea

1. Jabari-hirugarrengotza jar daiteke, horrek ukitutako ondasuna edo ondasunak enbargatu direnetik, enbargoa aurreneurrizkoa bada ere.

2. Auzitegiak, auto bitartez, erabat ukatuko du eta ez du gauzatuko jabari-hirugarrengotzaren demanda, baldin eta horrekin batera ez bada ekartzen aurreko artikuluko 3. paragrafoan ezarri froga-hastapena. Auzitegiak gauza bera egingo du, legeria zibilaren arabera ondasuna jendaurreko enkantean eskuratu duen hartzekodun edo hirugarrenaren kasuan, ondasuna eskualdatzeko unea zein izan eta horren ostean aurkezten bada jabari-hirugarrengotzaren demanda.

597 artikulua. Hirugarrengotza bi edo gehiago izateko debekua

Ez da onartuko ondasun berberen gain hirugarrengotza bi edo gehiago izatea, lehenengo hirugarrengotza aurkeztu duenak bigarrena edo ondorengoak oinarritzen baditu lehenengoa aurkezteko unean jada bereak zituen titulu nahiz eskubideetan.

598 artikulua. Hirugarrengotza onartzearen ziozko ondoreak

1. Hirugarrengotzaren demanda onartzeak betearazpena etengo du, bakarrik, berak ukitzen duen ondasunari begira.

2. Auzitegiak, alderdiak entzun ondoren eta horri beharrezko baderitzo, hirugarrengotzaren demanda onartzeko baldintza gisa ezar dezake hirugarrengotza duenak kauzioa ematea, hartzekodun betearazleari eragin diezazkiokeen kalte-galerengatik.

Kauzio hori eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan.

3. Jabari-hirugarrengotza onartzea arrazoi nahikoa da, auzitegiak, alderdi batek hala eskatuta, probidentzia bitartez enbargoa areagotzea agintzeko.

599 artikulua. Eskumena eta gauzatzea

Jabari-hirugarrengotza gauzatuko da, betearazpenaren gaineko eskumena duen auzitegian eta epaiketa arrunterako ezarri izapideen bitartez.

600 artikulua. Legitimazio pasiboa. Borondatezko auzikidetza. Demandatua ez den alderdi exekutatuak parte hartzea

Hirugarrengotzaren demanda hartzekodun betearazlearen aurka jarriko da, baita alderdi exekutatuaren aurka ere, ukitu ondasuna alderdi exekutatuak aukeratu badu.

Hirugarrengotzaren demanda alderdi exekutatuaren aurka zuzendu ez bada ere, alderdi exekutatuak prozeduran har dezake parte, hartu ere, hirugarrengotzako alderdiek prozesuan dituzten eskubide berberekin.

601 artikulua. Jabari-hirugarrengotzaren objektua

1. Jabari-hirugarrengotzan enbargoa desegitea da hirugarrengotza duenak izan dezakeen uzi bakarra.

2. Enbargoari eustea edo hirugarrengotzaren objektu den ondasuna betearaztea da alderdi betearazleak, eta, hala denean, alderdi exekutatuak jabari hirugarrengotzan eska dezaketena.

602 artikulua. Ez erantzuteak dituen ondoreak

Demandatuek ez badiote erantzuten jabari hirugarrengotzaren demandari, ulertuko da demandan alegatutako egitateak onartzen dituztela.

603 artikulua. Hirugarrengotzaren gaineko ebazpena

Jabari-hirugarrengotza auto bitartez ebatziko da. Auto horrek adieraziko du ondasuna nori dagokion eta ondasun hori enbargatzea bidezkoa den. Halere, auto horrek hasita dagoen betearazpenari begira bakarrik izango ditu ondoreak, ondasunaren titulartasunari buruz gauza epaituaren ondoreak sortu gabe.

Hirugarrengotza ebatzi autoak kostuen inguruan erabakiko du, lege honen 394. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Demandari erantzun ez dioten demandatuei ez zaizkie kostuak ezarriko, salbu eta auzitegiak aintzat hartzen duenean, berori behar bezala arrazoituz, demandatuek gaitzustez jardun dutela; horretarako, auzitegiak kontuan har dezake 593. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan jaso jardunean demandatuek izan duten parte-hartzea.

604 artikulua. Hirugarrengotzari on irizten dion ebazpena eta enbargoa desegitea

Jabari-hirugarrengotzari on iritzi dion autoak aginduko du traba eta gordailua desegitea, baita aurreneurrizko idatzoharra ezereztea eta hirugarrengotzak ukitu ondasunaren enbargoa bermatzeko edozein neurri harzea ere.

3. ATALA

Ondasun enbargaezinak

605 artikulua. Ondasun guztiz enbargaezinak

Honako ondasun hauek ezin dira inola ere enbargatu:

1.) Besterenduezintzat jo diren ondasunak.

2.) Eskubide nagusiarekin batera ez bada, besterendu ezin diren eskubide erantsiak.

3.) Berez, ondare-edukirik ez duten ondasunak.

4.) Legezko xedapenen batek esanbidez enbargaezintzat jo dituen ondasunak.

606 artikulua. Alderdi exekutatuaren ondasun enbargaezinak

Halaber, enbargaezinak dira:

1.) Altzariak eta etxerako tresneria, baita alderdi exekutatuaren eta beraren familiaren jantziak ere, horiek beharrezkoak diren heinean.

Oro har, janariak, erregaiak, eta auzitegiaren iritziz alderdi exekutatuak eta beraren mende dauden pertsonek duintasunez bizitzeko beharrezko dituzten gainerako ondasunak.

2.) Alderdi exekutatuaren lanbide, arte edo ogibiderako beharrezko diren liburu eta lanabesak, horien balioak proportziorik ez duenean erreklamatu zorraren zenbatekoarekin.

3.) Ondasun sakratuak eta legearen arabera erregistratutako erlijioek euren kultu-zereginetan erabiltzen dituztenak.

4.) Legeak esanbidez enbargaezintzat jo dituen kopuruak.

5.) Espainiak berretsitako itunek enbargaezintzat jo dituzten ondasun eta kopuruak.

607 artikulua. Soldatak eta pentsioak enbargatzea

1. Enbargaezina da lanbidearteko gutxieneko alokairua gainditzen ez duen alokairua, soldata, pentsioa, ordainsaria edo parekoa.

2. Lanbidearteko gutxieneko alokairua gainditzen duten alokairu, soldata, egunsari, ordainsari edo pentsioak honako eskala honen arabera enbargatuko dira:

2.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua hirukoizten duen zenbatekoari dagokionez, 100eko 50.

3.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua laukoizten duen zenbatekoari dagokionez, 100eko 60.

4.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua baino bost aldiz handiagoa den zenbatekoari dagokionez, 100eko 75.

5.) Aurreko muntatik gora, 100eko 90.

3. Alderdi exekutatua hartukizun batzuen onuradun bada, hartukizun guztiak metatuko dira zati enbargaezina behingoz kentzeko.

Ezkontideen alokairuak, soldatak, pentsioak, ordainsariak edo parekoak ere meta daitezke, ezkontzako ondasun-eraentza ez bada mota guztietako ondasunak eta errentak banantzekoa; ezkontideek auzitegian egiaztatu beharko dute azken inguruabar hori.

4. Alderdi exekutatuak dituen familia- zamak aintzat hartuz, auzitegiak 100eko 10etik 100eko 15a arteko beherapena egin dezake artikulu honen 2. paragrafoko 1, 2, 3 eta 4. zenbakiek ezarri ehunekoetan.

5. Alokairuak, soldatak, pentsioak edo ordainsariak izaera publikoko deskontu iraunkor edo iragankorrekin kargatuta badaude, zergei, tributuei eta Gizarte Segurantzari buruzko legeria dela eta, enbargoa arautzeko tasa izango da alderdi exekutatuak jasotako kopuru likidoa, deskontuok kenduta.

6. Artikulu honen aurreko paragrafoak aplikatuko zaizkie lanbide-jarduera eta merkataritza-jarduera autonomoetan jatorria duten sarrerei.

608 artikulua. Mantenua emateko kondena eta horren betearazpena

Aurreko artikuluan ezarritakoa ez da aplikatuko, mantenua ordaintzeko kondena ezarri duen epaia betearaztean. Hori gertatuko da, legeak mantenua ordaintzeko betebeharra zuzenean ezartzen duen kasu guztietan; kasu horien artean daude, halaber, deuseztasun-, banantze- eta dibortzio-prozesuetan emandako epaien erabakiak, horiek ezkontideari edo seme-alabei zor zaien mantenuaren ingurukoak badira.

Kasu horietan, baita kautela-neurri egokiak daudenean ere, auzitegiak finkatuko du enbarga daitekeen kopurua.

609 artikulua. Ondasun enbargaezinen gaineko trabaren ondoreak

Erabat deuseza da ondasun enbargaezinen gaineko enbargoa.

Alderdi exekutatuak deuseztasun hori auzitegian sala dezake, errekurtso arruntak aurkeztuz, edo, alderdi exekutatua betearazpenean bertaratu ez bada edo bertaratu nahi ez bada, auzitegian agertuz.

610 artikulua. Berrenbargatzea. Ondoreak

1. Enbargatutako ondasun edo eskubideak berrenbarga daitezke; berrenbargatzearen ondorioz, berrenbargatzaileak eskubidea izango du, berrenbargatutako ondasunak diru bihurtzean lortutako emaitza jasotzeko. Alabaina, alderdi betearazleek aurretiaz enbargoak eskatu badituzte eta auzitegiak enbargo horiek agindu baditu, lehenengo bete behar dira alderdion eskubideok; halere, hurrengo paragrafoaren bigarren lerrokadak jasotako kasuan, ez da beharrezkoa lehendabizi eskubideok betetzea.

2. Edozein arrazoi dela bide, lehenengo enbargoa desegiten bada, lehen berrenbargoa zein prozesutan gauzatu eta horren alderdi betearazlea izango da lehen alderdi betearazlearen egoeran geratuko dena; berak izango du aukera, berrenbargatutako ondasunak nahitaez diru bihurtzea eskatzeko.

Nolanahi ere, berrenbargatzaileak berrenbargatutako ondasunak nahitaez diru bihurtzea eska dezake, aurreko enbargoa edo enbargoak desegin beharrik gabe, diru-bihurtzeak aurreko enbargatzaileen eskubideak ukitzen ez baditu.

Berrenbargoa zein prozesutan agindu eta prozesu horietako alderdi betearazleek eska diezaiokete auzitegiari traba horren inguruko berme-neurriak hartzea, baldin eta neurriok aurreko betearazpenen bat eragozten ez badute eta lehenengo enbargoa lortu zuenaren mesederako hartutako neurriekin bat badatoz.

611 artikulua. Soberakina enbargatzea

588. artikuluan xedatutakoa gorabehera, aurretiaz agindutako beste betearazpen baten ondorioz ondasunak nahitaez diru bihurtzean geratu soberakina enbargatzea eska daiteke.

Horrela lortutako kopurua sartuko da, gordailutu eta zainpean uzteko kontuan, soberakina enbargatzea agindu zuen epaitegiaren eskura.

Ondasun higiezinak badira diru bihurtutako ondasunak, aipatu kontuan sartuko da alderdi betearazleari ordaindu ostean geratu den kopurua; aurretiaz ordaindu behar zaie, hartzekodun izan eta euren eskubidea alderdi betearazlearen eskubidea baino geroago inskribatuta edo idatzohartuta egoteaz gain, soberakina enbargatzea zein hartzekodunen mesederako agindu eta horri begira lehenespena dutenei.

612 artikulua. Enbargoa hobetzea, gutxitzea eta aldaraztea

1. 598 eta 604. artikuluetan, hurrenez hurren, jabari-hirugarrengotza onartu eta horri on iriztearen inguruan ezarritakoaz gain, alderdi betearazleak enbargoa edo hartutako berme-neurriak hobetzea nahiz aldaraztea eska dezake, inguruabarrak aldatzearen ondorioz eta alderdi exekutatuari ezarritako erantzukizuna kontuan hartuta, eta enbargatutako ondasunak nahiko izango ez direlako zalantza sortzen bada.

Alderdi exekutatuak ere eska dezake enbargoa eta horren bermeak gutxitzea edo aldaraztea, horiek alda badaitezke betearazpenaren xedeei kalterik egin gabe, lege honetako 584. artikuluak ezarri irizpideen arabera.

Auzitegiak erabakiko du eskaera horien inguruan, bere irizpideetan oinarrituz eta probidentzia bitartez, eta erabakion aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.

2. Hurrengo artikuluaren laugarren paragrafoak jaso kasuetan ere erabaki daiteke enbargoa hobetzea.

4. ATALA

Enbargatzailearen lehentasuna eta eskubide hobeko hirugarrengotza

613 artikulua. Enbargoaren ondoreak. Aurreneurrizko idatzoharrak eta hirugarren edukitzaileak

1. Enbargoak hartzekodun betearazleari eskubidea ematen dio, zein ondasun enbargatu eta hori diru bihurtzean lortutako emaitza eskuratzeko, eta, horrela, tituluan jaso zorraren zenbatekoa, kasuan kasuko korrituak eta betearazpenaren kostuak kobratzeko.

2. Alderdi betearazleak ez baditu jaso bere kredituaren kapitala eta korrituak, eta betearazpenaren kostu guztiak, diru bihurtutako zenbatekoak ezin izango dira beste helburu baterako erabili, salbu eta eskubide hobeko hirugarrengotzan emandako epaiak adierazten duenean beste helburu hori lehenespenekoa dela.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, ondasunen izaerak ahalbidetzen badu ondasunon gaineko enbargoa aurreneurriz idatzohartzea, orduan ondasun horiek beste betearazpen batean zein hirugarren edukitzailek eskuratu eta edukitzaile horiek erantzukizuna izango dute, eta erantzukizun horrek barneratuko ditu, bakar-bakarrik betebehar nagusirako idatzoharrean, haiek ondasunen eskuraketa inskribatzeko unean, printzipala, korrituak eta kostuak ordaintzeko jasotako kopuruak.

4. Alderdi betearazleak eska dezake enbargoaren aurreneurrizko idatzoharrean ager dadila betearazpenak iraun bitartean sortu korrituak eta betearazpenaren kostuak gehitu direla aurreikusitakoen aldean; horretarako, alderdi betearazleak egiaztatu behar du korrituek eta kostuek gainditu dutela aurreko idatzoharrean jasotako kopurua.

614 artikulua. Eskubide hobeko hirugarrengotza. Helburua. Bigarren hirugarrengotzarako debekua

1. Hartzekodun betearazleak kreditua izan, eta, horrek baino lehenago, beste kreditu bat kobratzeko eskubidea duela dioenak eskubide hobeko hirugarrengotzaren demanda jar dezake; demandarekin batera ekarri beharko du horretarako lehenespeneko kreditu moduan aurkeztutakoaren froga-hastapena.

2. Eskubide hobeko hirugarrengotzaren demanda ez da onartuko, horrekin batera ez bada ekarri aurreko paragrafoan aipatu froga-hastapenik.

Gainera, inola ere ez da onartuko eskubide hobeko bi hirugarrengotza izatea, lehenengo hirugarrengotza aurkeztu duenak bigarren hirugarrengotza oinarritzen badu lehenengoa aurkeztean zituen titulu nahiz eskubideetan.

615 artikulua. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkezteko aldia

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkez daiteke, lehentasunak ukitutako ondasuna enbargatu denetik, lehentasuna berezia bada; edo, betearazpena agindu denetik, lehentasuna orokorra bada.

2. Ez da eskubide hobeko hirugarrengotzaren demandarik onartuko, nahitaezko betearazpenarekin lortutako kopurua alderdi betearazleari eman ondoren; edo, enbargatutako ondasunak alderdi betearazleari adjudikatu bazaizkio, horrek legeria zibilean xedatutakoaren arabera ondasun horien titulartasuna eskuratu ondoren.

616 artikulua. Eskubide hobeko hirugarrengotzaren ondoreak

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkeztu ondoren, nahitaezko betearazpenak aurrera egingo du, enbargatutako ondasunak diru bihurtu arte. Gordailutu eta zainpean uzteko kontuan gordailutuko da bildutakoa, betearazpenaren kostuak alderdi betearazleari itzultzeko eta hirugarrengotza ebaztean zehaztu lehentasun-hurrenkeraren arabera hartzekodunei ordaintzeko.

2. Eskubide hobeko hirugarrengotza duenak bere kreditua jasotzen duen titulu betearazlea badu, betearazpenean har dezake parte, hirugarrengotzaren demanda onartu denetik.

Hirugarrengotza duenak titulu betearazlerik ez badu, orduan, demanda onartu arte, hala denean, ezin izango du betearazpenean parterik hartu.

617 artikulua. Prozedura, legitimazio pasiboa eta auzikidetza

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza epaiketa arruntaren bitartez gauzatuko da, eta hartzekodun betearazlearen aurka zuzenduko da beti.

2. Alderdi exekutatuak hirugarrengotzaren inguruko prozeduran har dezake parte, prozesuko eskubide guztiekin. Alderdi exekutatua demandatu beharko da, titulu betearazlean agertzen ez bada hirugarrengotza duenak alegatutako lehenespeneko kreditua.

618 artikulua. Erantzun ezaren ondoreak

Demandatuek ez badiote erantzun eskubide hobeko hirugarrengotzaren demandari, ulertuko da demandan alegatutako egitateak onartzen dituztela.

619 artikulua. Alderdi betearazleak amore ematea eta atzera egitea. Lehenespeneko hirugarrengotza duenak betearazpenaren kostuetan parte hartzea

1. Hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jasotzen bada, eta alderdi betearazleak eskubide hobeko hirugarrengotzaren aurrean amore ematen badu, autoa emango da besterik gabe. Auto horren bidez aginduko da betearazpenak aurrera egitea, lehen-lehenik, hirugarrengotza duenari ordaintzeko. Dena den, hirugarrengotza duenari ez zaio ezer emango, aurretiaz alderdi betearazleari ez bazaizkio ordaindu horrek eskatutako jardunaren ondorioz sortu kostu eta gastuen hiru bostenak. Horretarako, aintzat hartuko da jarduna hasi eta alderdi betearazlearen kontura egindako kostuak eta gastuak, hirugarrengotzaren demanda jakinarazi artekoak.

Hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jasotzen ez bada, hirugarrengotzan bertaratutako alderdi exekutatuak bere adostasuna edo desadostasuna adierazi beharko du, alderdi betearazlearen amore-emateari dagokionez, amore emateko idazkia helarazi eta hurrengo bost egunetan.

Alderdi exekutatua bat badator amore-ematearekin, edo bost eguneko epea igarotzen uzten badu bere desadostasuna adierazi gabe, orduan aurreko lerrokadan xedatutakoa beteko da.

Alderdi exekutatua amore-ematearen aurka jartzen bada, autoa emango da, eta horretan aginduko da alderdi betearazlea amore- emailetzat jotzea eta hirugarrengotzak alderdi exekutatuarekin aurrera egitea.

2. Hirugarrengotzaren demanda jakinarazi ondoren, alderdi betearazleak betearazpenean atzera egiten badu, aurreko paragrafoan ezarritakoa beteko da, alderdi exekutatuaren adostasunik gabe, betiere hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jaso denean.

Hori gertatzen ez bada, auzitegiak betearazpen-prozesuan atzera egiteko autoa eman eta betearazpena amaitutzat joko du, salbu eta, hirugarrengotza duenaren kreditua ordain dadin, alderdi exekutatua bat datorrenean betearazpenak aurrera egitearekin.

620 artikulua. Epaiaren ondoreak. Hirugarrengotzaren kostuak eta hirugarrengotza duenak betearazpen-kostuetan parte hartzea

1. Eskubide hobeko hirugarrengotzan emandako epaiak pribilegioa dagoen ala ez ebatziko du, baita epaia zein betearazpenetan eman eta horretan kredituak zer-nolako hurrenkeran ordaindu behar diren ere; baina epaiak ez ditu baldintzatuko aurretiaz bakoitzak izan ditzakeen akzioak, eta, bereziki, aberaste-akzioak.

Halaber, epaian hirugarrengotzari gaitz irizten bazaio, hirugarrengotzaren kostu guztiak ordaintzera kondenatuko da hirugarrengotza duena.

Epaiak hirugarrengotzari on irizten badio, demandari zein alderdi betearazlek erantzun eta horri ezarriko zaizkio kostuak. Alabaina, alderdi exekutatuak hirugarrengotzan parte hartu badu, hirugarrengotzaren aurka jarriz, erdi bana ordainduko dituzte kostuak alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak. Ez da hori gertatuko, alderdi betearazleak hirugarrengotzan amore ematen badu eta hirugarrengotza alderdi exekutatuarekin bakarrik gauzatzen bada; kasu horretan, kostu guztiak alderdi exekutatuari ezarriko zaizkio.

2. Epaian eskubide hobeko hirugarrengotzari on iritziz gero, hirugarrengotza duenari ez zaio emango betearazpenean lortutako kopururik, betearazpenean epai hori eman arte sortutako kostuen hiru bostenak alderdi betearazleari ordaindu arte.

5. ATALA

Ondasun higigarrien eta eskubideen traba-bermea

621 artikulua. Diruaren, kontu-korronteen eta alokairuen gaineko enbargoak dituen bermeak

1. Dirua bera edo dibisa bihurgarria enbargatzen bada, hori sartuko da Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan.

2. Kreditu-, aurrezki- edo finantza-erakundeetan ireki kontuetatik edozeinen saldo positiboak enbargatzen badira, auzitegiak erakundeari agindua emango dio, enbargatutako kopuru zehatzak edo 588. artikuluko bigarren paragrafoan aipatu gehieneko mugaren araberako kopuruak atxikitzeko.

3. Alokairuak, pentsioak edo aldizkako beste prestazio batzuk enbargatzen badira, horiek ordaindu behar dituen pertsona, erakunde edo bulegoari aginduko zaio ordaindu beharrekoa auzitegiaren eskura atxikitzea, eta Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontura transferitzea.

622 artikulua. Korrituen, errenten eta fruituen gaineko enbargoak duen bermea

1. Korrituak, errentak nahiz edozein motatako fruituak enbargatzen badira, atxikipen-agindua igorriko zaio horiek ordaindu behar edo zuzenean jasoko dituenari, bera alderdi exekutatua bada ere; agindu hori dela medio, Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartuko ditu korrituak, sortzapenean, edo, bestelakoak badira, auzitegiaren eskura atxikiko ditu.

2. Auzitegiak, probidentzia bidez, administrazio judiziala aginduko du, fruitu eta errenten gaineko enbargoa bermatzeko, soil-soilik, ondasun eta eskubide emankorren izaerak, enbargatutako korritu, errenta nahiz fruituen garrantziak edo alderdi exekutatuaren inguruabarrek horretara eragiten dutenean.

3. Auzitegiak, halaber, administrazio judiziala agin dezake, egiaztatzen bada ordainketa egin behar duen erakundeak nahiz erakunde jasotzaileak, edo, hala denean, alderdi exekutatuak berak, ez duela bete artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatu fruitu eta errenten atxikipen-agindua edo horiek kontuan sartzeko agindua.

623 artikulua. Baloreen eta finantza-tresnen enbargoak duen bermea

1. Baloreak edo beste finantza-tresna batzuk enbargatu badira, enbargoa jakinaraziko zaio ordainketa hori egin behar duenari, ordainketa aldizka edo data jakinean egin behar bada; edo, erakunde igorleari, balore edo finantza-tresnak berriro eros badaitezke edo horien ukandun edo jabearen borondatez amortizatzekoak badira.

Enbargoaren jakinarazpenarekin batera, agindeia egingo da, balore edo finantza- tresna muga-eguneratzean, edo, horrek muga-egunik ez badu, jakinarazpena jasotzean, auzitegiaren esku atxiki daitezen balorearen nahiz finantza-tresnaren zenbatekoa, edo balorea nahiz finantza-tresna bera, baita kasuan-kasuan horiek sortutako korrituak eta dibidenduak ere.

2. Bigarren mailako merkatu ofizialetan zein balore edo finantza-tresna kotizatu eta horiek enbargatzen badira, enbargoa organo artezkariari jakinaraziko zaio, aurreko lerrokadan xedatu ondoreetarako; eta, hala denean, organo artezkariak enbargoa jakinaraziko dio konpentsazio eta likidazioaren erakunde arduradunari.

3. Sozietate zibil, kolektibo, komanditako sozietate nahiz erantzukizun mugatuko sozietateetako partaidetzak, edo bigarren mailako merkatu ofizialetan kotizatzen ez duten akzioak enbargatzen badira, enbargoa sozietateko administratzaileei jakinaraziko zaie; administratzaileok auzitegiari eman behar diote akzioak askatasunez eskualdatzea mugatzeko itunen berri, baita enbargatutako akzioak ukitzen dituzten estatutu- nahiz kontratu-klausuletatik beste edozeinen berri ere.

624 artikulua. Ondasun higigarrien gaineko enbargo-eginbidea. Enbargo-bermea

1. Ondasun higigarriak enbargatu behar badira, enbargo-eginbidearen aktan honako hauek jasoko dira:

1.) Enbargatutako ondasunen zerrenda, horien forma eta itxura, ezaugarri nagusiak, eta erabilera- eta artapen-egoera ahalik xeheen deskribatuz; era berean, ondasunen balioa gutxi dezaketen akatsak edo narrioak deskribatu behar dira, horiek agerikoak badira.

Horretarako, ondasunen deskripzioa agirian jartzeko epaitegiak dituen bide grafiko nahiz ikusmenaren baliabideak erabiliko dira, edo alderdiek ondasunak hobeto identifikatzeko ekarritakoak.

2.) Enbargoan parte hartu dutenen adierazpenak, batez ere enbargatutako gauzen titulartasunaren eta hirugarrenek izan ditzaketen eskubideen ingurukoak.

3.) Nor izendatu den gordailuzain eta non gordailutu diren ondasunak.

2. Alderdiei emango zaie ondasun higigarrien enbargo-eginbidea jasotzen duen aktaren kopia.

625 artikulua. Efektu edo ondasun publikotzat jotzea

Enbargatutako diru-kopuruak eta gainerako ondasunak efektu edo ondasun publikotzat joko dira, gordailutu direnetik edo horiek atxikitzea agindu denetik.

626 artikulua. Gordailu judiziala. Gordailuzaina izendatzea

1. Balore-tituluak edo balio handiko objektuak nahiz artapen berezia behar dutenak enbargatzen badira, horiek gordailu daitezke, establezimendu publiko edo pribatu egokienean.

2. Enbargatutako ondasun higigarriak hirugarren batek baditu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko dio hirugarren horri ondasunak auzitegiaren esku artatzea; eta auzitegiak berori gordailuzain judizial izendatuko du, salbu eta, zioak emanez, besterik ebazten duenean.

3. Alderdi exekutatua gordailuzain izendatuko da, ondasun enbargatuak erabiltzen baditu ekoizpen-jarduera batean, edo ondasunok garraiatzea nahiz biltegiratzea zaila edo garestia bada.

4. Aurreko paragrafoetan jaso kasuetatik at, edo komenigarriagotzat jotzen bada, auzitegiak probidentzia bitartez hartzekodun betearazlea, edo, horrek esan beharrekoa entzun ondoren, hirugarren bat, izenda dezake enbargatutako ondasunen gordailuzain.

Prokuradoreen elkargoak izenda daitezke gordailuzain, baldin eta elkargo horiek zerbitzu egokia badute, legearen aginduz gordailuzain orok izan behar dituen erantzukizunak hartzeko.

5. Kontuko idatzoharretan jasotako baloreen enbargoa jakinaraziko zaio kontuko idatzoharren erregistroaz arduratzen den organo edo erakundeari, horrek enbargo hori liburu egokian jaso dezan.

627 artikulua. Gordailuzainaren erantzukizunak. Behin-behineko gordailuzainak

1. Gordailuzain judizialak behar besteko arretarekin artatu behar ditu ondasunak epaitegiaren esku; epaitegiak agindu baldintzetan erakutsi behar ditu ondasunok; eta auzitegiak izendatu pertsonari eman behar dizkio horiek.

Auzitegiak, probidentzia bidez, kargutik ken dezake gordailuzaina, alderdiek hala eskatuta edo ofizioz, gordailuzainak ez baditu betetzen bere betebeharrak; halakoetan, auzitegiak beste gordailuzain bat izendatuko du, kendutako gordailuzainak izan dezakeen erantzukizun penal eta zibilari kalterik egin gabe.

2. Gordailuzaina izendatu eta horri ondasunak eman arte, alderdi exekutatuari dagokio gordailuak eratorritako betebeharrei eta erantzukizunei aurre egitea, aurretiazko onarpenik eta agindeirik gabe. Halaber, betebehar eta erantzukizunei aurre egin beharko diete enbargoaren berri duten administratzaileek, ordezkariek nahiz arduradunek, bai eta ondasunak dituen hirugarrenak ere.

628 artikulua. Gordailuaren gastuak

1. Gordailuzaina ez bada alderdi betearazlea, alderdi exekutatua edo gordailututako ondasun higigarria duen hirugarrena, gordailuzain horrek eskubidea du, ondasunak garraiatu, artatu, zaindu, erakutsi eta administratzearen ondorioz gastatutakoa berreskuratzeko. Gainera, auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake alderdi betearazleak kopuru batzuk aurreratzea, alderdi horrek kostuak direla- bide eta kopuru horiek berreskuratzeko izan dezakeen eskubideari kalterik egin gabe.

Halaber, hirugarren-gordailuzainak eskubidea du, gordailuaren ondoriozko kalte-galerak jasotzeko.

2. Gauzak erakunde edo establezimendu egokian gordailutzen badira, 626. artikuluko 1. paragrafoan ezarrtiakoaren arabera, orduan auzitegiak ezarriko du, probidentzia bidez, ogibide-saria, berori bat datorrela ohiko tarifa eta prezioekin.

Alderdi betearazleak ogibide-sariok ordaindu beharko ditu; horrek ez dio kalterik egingo alderdi betearazleak, kostuak direla bide, ogibide-sarion zenbatekoa berreskuratzeko izan dezakeen eskubideari.

6. ATALA

Ondasun higiezinak eta inskriba daitezkeen beste ondasun batzuk enbargatzeko bermea

629 artikulua. Enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra egitea

1. Ondasun higiezinak edo erregistroan inskriba daitezkeen beste ondasun nahiz eskubideak enbargatzen badira, auzitegiak manamendua luzatuko du, alderdi betearazleak hala eskatuta, Jabetza Erregistroan enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra edo kasuan kasuko erregistroan eragingarritasun bera duen idatzoharra egin dadin.

Manamendua noiz luzatu eta egun horretan bertan, hori igorriko da, fax bidez, auzitegitik Jabetza Erregistrora. Jabetza Erregistroan aurkezte-idazkuna luzatuko da, eta idatzoharra gauzatzeko izapidea eten egingo da, jatorrizko agiria hipoteka-legeriak ezarri moduan aurkeztu arte.

2. Ondasuna immatrikulatuta ez badago, edo ondasuna alderdi exekutatua ez den pertsonaren mesederako inskribatuta egon eta alderdi exekutatuak pertsona horrengandik bere eskubidea eskuratu badu, enbargoaren idatzoharra eteteko aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, hipoteka-legeriak ezarri moduan eta ondoreekin.

7. ATALA

Administrazio judiziala

630 artikulua. Noiz den bidezkoa

1. Administrazio judiziala era daiteke, enpresa nahiz enpresa-taldea enbargatzen bada, edo sozietate-kapitalaren, ondare erkidearen nahiz enpresetako edo euron ustiapenari lotutako ondasun edo eskubideen gehiengoa ordezkatzen duten akzioak nahiz partaidetzak enbargatzen badira.

2. Era berean, administrazio judiziala era daiteke, fruitu eta errenten enbargoa bermatzeko, 622. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan ezarri kasuetan.

631 artikulua. Administrazioa eratzea. Administratzailea eta kontu-hartzaileak izendatzea

1. Administrazio judiziala eratzeko, agerraldirako zitazioa egingo zaie alderdiei, baita, kasuan-kasuan, sozietateak alderdi exekutatuak ez direnean, sozietateetako administratzaileei eta enbargatu gabeko akzio edo partaidetzen bazkide nahiz partaideei ere. Horixe egingo da, administratzailearen izendapenari, kargua bete behar duen pertsonari, kauzioa ezarri behar izateari, jarduteko moduari, aurretiazko administrazioak irauteari, kontuak emateari eta kasuan kasuko ordainsariei buruz hitzarmena lor dezaten, edo kasuan kasuko alegazioak eta frogak gauza ditzaten.

Arrazoirirk gabe interesdun batzuk agertzen ez badira, ulertuko da horiek ados daudela agertutako interesdunek erabakitakoarekin.

Adostasunik lortu ez den aldeetan edo alderdiren bat aurka jarri den aldeetan, auzitegiak, probidentzia bidez ebatziko du, administrazio judizialaren inguruan bidezkotzat jotzen duena.

2. Auzitegiak enpresa baten edo enpresa- talde baten administrazio judiziala agintzen badu, enbargatutako enpresaren edo enpresen titularrak edo titularrek, kontu-hartzailea izendatuko dute; alabaina, sozietatearen kapital gehiena, edo enpresa bateko edo bere ustiapenari lotutako ondasun edo eskubide gehienak soilik enbargatzen badira, bi kontu-hartzaile izendatuko dira, bata, gehien ukitutakoek izendatuta, eta, bestea, gutxien ukitutakoek izendatuta.

3. Administratzaile judizialaren izendapena, bidezkoa denean, Merkataritza Erregistroan inskribatuko da. Administrazio judiziala, halaber, Jabetza Erregistroan inskribatuko da, administrazio horrek ondasun higiezinak ukitzen baditu.

632 artikulua. Administratzaile-karguaren edukia

1. Administratzaile judizialak aurreko administratzaileak ordezten baditu eta besterik xedatzen ez bada, berak izango ditu ordeztuek izan ohi dituzten eskubide, betebehar, ahalmen eta erantzukizun berberak. Halere, administratzaile judizialak baimen judiziala beharko du, enpresaren partaidetzak edo enpresak beste enpresa batzuetan dituenak, ondasun higiezinak, eta organo judizialak, euren izaera edo garrantzia dela eta, esanbidez aipatu ondasunak, besterendu edo kargatzeko.

2. Ukitutakoek izendatutako kontu-hartzaileak badaude, orduan, kasuan kasuko besterentzeak egiteko edo kargak ezartzeko, administratzaileak agerraldira deituko die horiei, eta bertan erabakitakoaren berri emango zaio auzitegiari; auzitegiak probidentzia bitartez ebatziko du horren inguruan.

633 artikulua. Administratzaileak jarduteko modua

1. Administrazio judiziala agindu ondoren, berehala emango zaio edukitza izendatuari; eta alderdi exekutatuari aginduko zaio ordu arte eraman duen administrazioa uztea.

2. Auzitegiak, ukitutakoak entzun ondoren, probidentzia bitartez ebatziko ditu administratzailearen egintzen inguruan sor daitezkeen desadostasunak; horrek ez dio kalterik egingo administratzaileak eman beharreko azken kontuaren aurka jartzeko eskubideari.

3. Administratzaileak aurkeztutako azken kontu egiaztatua ikusgai jarriko da, alderdientzat eta kontu-hartzaileentzat. Alderdiek eta kontu-hartzaileek bost eguneko epea dute, azken kontu hori aurkaratzeko; edonola ere, azken kontuaren konplexutasuna kontuan hartuta, epe hori hogeita hamar egun arte luza daiteke.

Aurka-jartzea izanez gero, hori ebatziko da, agerraldian interesa izan dezaketenei zitazioa egin ondoren.

Emandako autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

IV. KAPITULUA - Premiamendu-prozedura

LEHENENGO ATALA

Enbargatutako ondasunak diru bihurtzeko xedapen orokorrak

634 artikulua. Ondasunak alderdi betearazleari zuzenean ematea

1.) Eskudirua.

2.) Kontu-korronteen eta berehala eskura daitezkeen beste kontu batzuen saldoak.

3.) Dibisa bihurgarriak, kasuan-kasuan, aurretiaz bihurtuta.

4.) Beste edozein ondasun, baldin eta horren balio izenduna eta merkatu-balioa bat badatoz, edo, balio izenduna merkatu-balioa baino txikiagoa izan arren, hartzekodunak ondasunaren balio izenduna ematea onartzen badu.

2. Kontuko saldo positiboek muga-egun geroratua dutenean, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, saldo horiek kobratzeko; administratzailea izenda daiteke, hori komenigarria edo beharrezkoa bada, saldo horiek diru bihurtzeko.

3. Ondasun higigarrien eperako salmenta- kontratuak ez betetzearen ondorioz zein kopuru zordundu eta kopuru horiek ordaintzera kondenatzen duten epaiak betearaztean, alderdi betearazleari berehala emango zaizkio, berak hala eskatuz gero, epeka saldutako edo finantzatutako ondasun higigarriak, kontratuan ezarri balio-galeraren inguruko erreferentzia-taula edo -indizeen araberako balioan.

635 artikulua. Akzioak eta sozietate-partaidetzen beste forma batzuk

1. Enbargatutako ondasunak akzioak, obligazioak edo bigarren mailako merkatuetan negozia daitezkeen beste balore batzuk badira, horien besterentzea aginduko da, bigarren mailako merkatuei buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

Gauza bera egingo da, enbargatutako ondasunak edozein merkatu araututan kotizatzen badu, edo aukera badu prezio ofizialak dituen merkatuan sartzeko.

2. Akzioek nahiz edozein motatako sozietate-partaidetzek Burtsan kotizatzen ez badute eta enbargatzen badira, orduan, horiek diru bihur daitezen, aintzat hartu behar dira akzioak edo partaidetzak besterentzeko estatutuek eta legeek ezarri xedapenak, eta, bereziki, lehenespenez eskuratzeko eskubideak.

Xedapen berezirik izan ezean, notarioaren edo merkataritza-artekari elkargokidearen bitartez diru bihurtuko dira enbargatutako ondasunak.

636 artikulua. Aurreko artikuluetan jaso gabeko ondasunak edo eskubideak diru bihurtzea

1. Aurreko artikuluetan jaso gabeko ondasun edo eskubideak diru bihurtuko dira, alderdiek eta interesdunek adostutakoaren arabera; auzitegiak onetsi beharko du adostutako hori, lege honetan ezarritakoari helduta.

2. Diru bihurtzeko hitzarmenik izan ezean, honako prozedura hauetatik bat erabiliko da, enbargatutako ondasunak besterentzeko:

1.) Espezializatutako pertsonak edo erakundeak egindako besterentzea, lege honek ezarri kasuetan eta moduan.

2.) Enkante judiziala.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ondasunak enbargatu ondoren, horien enkante judizialerako beharrezkoa den jarduna gauzatuko da. Enkante judiziala zehaztu egunean egingo da, baldin eta aurretik ez bada eskatu eta agindu, lege honetan ezarritakoaren arabera, nahitaezko dirubihurtzea beste era batera gauzatzea.

2. ATALA

Enbargatutako ondasunak baloratzea

637 artikulua. Ondasunak baloratzea

Enbargatutako ondasunak ez badira 634 eta 635. artikuluetan aipatutakoak, horien balorazioa egingo da, salbu eta alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua ondasunon balioaren gainean ados jarri direnean, betearazpena baino lehenago edo betearazpenean bertan.

638 artikulua. Aditu-tasatzailea izendatzea, ezestea, eta alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak tasazioan parte hartzea

1. Ondasunak baloratzeko, kasuan kasuko aditu-tasatzailea izendatuko da, Justizia Administrazioan zerbitzuak egiten dituztenen artetik.

Horrelako aditurik ez badago, tasazioa egitea eska dakieke administrazio publikoen mende dauden erakunde edo zerbitzu teknikoei, baldin eta horiek pertsonal kualifikatua izan eta ondore horietarako Justizia Administrazioarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu badute. Erakunde edo zerbitzu horietara ere ezin bada jo, zerrenda batean jaso pertsona fisiko nahiz juridikoen artetik izendatuko da aditu-tasatzailea. Zerrenda hori osatuko da, ondasunak baloratzeko baimenak ematen dituzten erakunde publiko eskudunek emandako zerrendekin, bai eta legearen arabera ondasunak baloratzeko gaitasuna duten kideez osatutako lanbide-elkargoek ekarritakoekin ere.

2. Alderdi betearazleak eta agertu den alderdi exekutatuak ezets dezakete auzitegiak izendatutako aditua.

639 artikulua. Izendatutako adituaren jarduna, eta alderdiek eta geroagoko hartzekodunek tasazioan parte hartzea

1. Izendapena jakinaraziko zaio izendatutako adituari, eta horrek hurrengo egunean onartuko du izendapena, hori eragozten duen abstentzio-arrazoirik ez badago.

2. Adituak, enkargua onartu duenetik, zortzi egunetako epean emango dio auzitegiari enbargatu ondasunen balorazioa.

Epe hori luza daiteke, bakarrik, baloratu beharrekoaren zenbatekoa edo balorazioaren beraren konplexutasuna kontuan hartuta, auzitegiak probidentzia bitartez ezarritako arrazoi egiaztatuen ondorioz.

3. Ondasun edo eskubideen tasazioa egingo da, horiek merkatuan duten balioaren arabera. Ondasun higiezinen kasuan, ez dira aintzat hartuko horiek izan ditzaketen zama eta kargak; zama eta karga horiei begira, 666. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

4. Auzitegiak izendatutako adituak ondasunen balorazioa noiz eman eta hurrengo bost egunetan, alderdiek eta 658. artikuluan aipatu hartzekodunek aurkez ditzakete balorazio horren gaineko alegazioak, bai eta baloratu beharreko ondasunaren edo ondasunen balorazio ekonomikoa jaso duten txostenak ere, horiek aditu-tasatzaileak sinatuta.

Kasu horretan, auzitegiak errekurtsorik onartzen ez duen probidentzia bitartez zehaztuko du betearazpena gauzatzeko behin betiko balorazioa, aurkeztutako alegazioak aztertuz eta txosten guztiak kritika zintzoaren erregelen arabera kontuan hartuta.

3. ATALA

Diru bihurtzeko hitzarmena

640 artikulua. Diru bihurtzeko hitzarmena, epaiketan onetsitakoa

1. Alderdi betearazleak, alderdi exekutatuak eta betearazpenean zuzeneko interesa egiaztatzen duenak auzitegiari eska diezaiokete agerraldia deitzea, hipotekatu, bahitu edo enbargatutako ondasunak diru bihurtzeko modurik eragingarriena euren artean hitzar dezaten, betearazpena noren aurka zuzendu eta horiei begira.

2. Alderdi betearazlea agerraldiarekin bat badator eta auzitegiarentzat agerraldia ukatzeko arrazoirik ez badago, auzitegiak probidentzia bitartez onartuko du hori, ez du betearazpenik etengo, eta alderdiei eta prozesuan interesa izan dezaketenei deituko die.

Agerraldira, alderdi betearazleak edo exekutatuak gonbidatutako pertsonak joan daitezke, eta agertutako horiek guztiek proposa dezakete betearazpeneko ondasunak diru bihurtzeko edozein modu; agertutakoek aurkez dezakete, orobat, pertsona zehatz bat, pertsona horrek bere burua eskaintzen duela ondasunak eskuratzeko, enkante judizialean ustez lortuko den prezioa baino handiagoa zainpean jarriz edo horren fidantza emanez.

Halaber, alderdi betearazlearen eskubidea asetzeko beste modu batzuk ere aurkez daitezke.

3. Alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak hitzarmena lortzen badute, eta hitzarmen horrek ez badio kalterik egiten lege honetan babestu eskubideak dituen hirugarrenari, auzitegiak auto bitartez onetsiko du hitzarmena, eta betearazpena etengo du, hitzarmenaren objektu den ondasunari edo ondasunei dagokienez. Halaber, auzitegiak hitzarmena onetsiko du, eta ondore etengarri berberak sortuko dira, baldin eta hitzarmenak jasotzen badu alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua ez diren subjektu ukituen adostasuna.

Hitzarmenak ukitzen baditu erregistroan inskriba daitezkeen ondasunak, orduan, hitzarmen hori onets dadin, nahitaezkoa da hartzekodunak eta hirugarren edukitzaileak hitzarmenarekin ados egotea, baldin eta euren eskubideak erregistro eskudunean inskribatu edo idatzohartu badituzte, betearazi beharreko kargaren ostean.

4. Hitzarmena bete dela egiaztatzen bada, ukitutako ondasunaren edo ondasunen betearazpena largetsiko da. Hitzarmena ez bada betetzen itundutako epean, edota, edozein arrazoi dela bide, alderdi betearazleari ez bazaio itundutakoaren arabera ordaintzen, alderdi betearazleak eskatu ahal izango du betearazpenaren etendura desegitea, eta, lege honetan ezarritakoaren arabera, enkantea gauzatzea.

5. Artikulu honen hirugarren paragrafoak aipatu hitzarmenik ez bada lortzen, baina, auzitegiaren ustez, kasuaren inguruabarrak direla eta, ondasunak diru bihurtzeko hobe bada, orduan hitzarmena lortzeko beste agerraldi bat egin daiteke, artikulu honen lehenengo bi paragrafoetan jaso baldintzekin.

4. ATALA

Pertsona edo erakunde espezializatuak ondasunak diru bihurtzea

641 artikulua. Ondasunak pertsona edo erakunde espezializatuak diru bihurtzea

1. Alderdi betearazleak, edo alderdi exekutatuak alderdi betearazlearen adostasunarekin, hala eskatzen badu, eta enbargatutako ondasunaren ezaugarrien arabera hori komeni bada, auzitegiak probidentzia bitartez agindu ahal izango du ondasuna pertsona espezializatuak diru bihurtzea; pertsona espezializatu horrek ezagutu behar du ondasun horiek erosten eta saltzen diren merkatua, eta bete behar ditu kasuan kasuko merkatuan aritzeko legeak agindu eskakizunak.

Halaber, auzitegiak agin dezake ondasuna erakunde espezializatu publiko edo pribatuak besterentzea, baldin eta hori eskatu bada, aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera.

Hori agintzen denean, besterentzea bat etorriko da, ondasunak enkantean atera edo besterendu dituen etxearen nahiz erakundearen erregela eta usadioekin, betiere erregela eta usadio horiek bateraezinak ez direnean betearazpenaren helburuarekin, eta alderdi betearazle eta alderdi exekutatuaren interesak behar bezala babestearekin.

2. Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, pertsona edo erakunde espezializatuak auzitegiak ezarritako kauzioa eman behar du, enkargua beteko duela ziurtatzeko.

Ez da kauziorik ezarriko, erakunde publiko bati eratxiki bazaio ondasunak diru bihurtzeko ardura.

3. Ondasunak diru bihurtzeko ardura eratxikiko zaio eskabidean izendatutako pertsona edo erakundeari, horrek betetzen baditu legeak agindutako eskakizunak.

Ebazpen berean ezarriko da ondasunak zein baldintzatan bihurtu behar diren diru, horren inguruan alderdiek erabaki dutena aintzat hartuz.

Hitzarmenik izan ezean, ondasunak ezin izango dira besterendu, euron balioaren 100eko 50 baino prezio merkeagoan.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, diru bihurtu beharreko ondasunak higiezinak badira, ondasunak diru bihurtu behar dituen pertsona edo erakundea zehazteko eta ondasunak zein baldintzatan bihurtu behar diren diru finkatzeko, aurretiaz agerraldia egingo da, eta bertara deituko zaie alderdiei eta prozesuan interesa izan dezaketenei.

Auzitegiak probidentzia bitartez bidezkoa dena ebatziko du, agerraldira agertutakoen adierazpenak kontuan hartuz. Dena den, ondasun higiezinaren balioa 666. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da, eta auzitegiak ezin du baimendu ondasuna balio horren 100eko 70 baino prezio merkeagoan besterentzea, salbu eta alderdi eta interesdun guztiek hori adostu dutela jasotzen denean, agerraldira agertu diren ala ez kontuan hartu gabe.

4. Ondasunak diru bihurtu ondoren, kasuan kasuko pertsona edo erakundeak Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartuko du lortutako kopurua; baina kopuru horretatik kendu beharko dira gastuak eta kasuan kasuko pertsonak edo erakundeak, bere parte-hartzea dela eta, jaso behar duen zenbatekoa.

Auzitegiak eragiketa onetsi beharko du, edo, hala denean, ondasunak diru bihurtzearen eta horren inguruabarren gaineko justifikazioak eskatuko ditu.

Eragiketa onetsi ondoren, ondasunak diru bihurtzeko ardura zein pertsonak edo erakundek izan eta horri itzuliko zaio emandako kauzioa.

5. Enkargua egin denetik sei hilabete igaro badira ondasunak diru bihurtu gabe, auzitegiak autoa emango du, enkargua ezeztatzeko. Halere, auzitegiak ez du autorik emango, ondasunak diru bihurtzeko enkargua jaso duen pertsonak edo erakundeak egiaztatzen badu berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ondasunak ezin izan direla epe horretan diru bihurtu, eta, arrazoi horiek desagertzeagatik edo laster desagertuko direla aurreikusteagatik, enkargua eskainitako epean beteko dela, gehienez jota, hurrengo sei hilabeteetan.

Azken epe hori igaro ostean, enkargua ez bada bete, behin betiko ezeztatuko da.

Enkargua ezeztatu ondoren, betearazpenaren helburuetarako erabiliko da kauzioa, salbu eta kauzio hori eman duen pertsonak edo erakundeak egiaztatzen duenean berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ondasuna ezin izan dela diru bihurtu.

642 artikulua. Zamak irautea eta ezereztea

1. Zamak irautearen eta ezereztearen inguruan lege honek ezarri xedapenak aplikatuko dira, orobat, hipotekatutako edo bahitutako ondasun higiezinen titulartasuna eskualdatzen bada, atal honetan eta aurrekoan xedatutakoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoan xedatu ondoreetarako, betearazpenaren auzitegiak probidentzia bitartez onetsi beharko ditu aurreko bi artikuluen arabera gauzatutako besterentzeak; horretarako, auzitegiak aurretiaz egiaztatu beharko du ondasuna eskualdatzean eskuratzaileak bazekiela, zamen ziurtagiria dela eta, zein zen ondasunaren erregistro-egoera.

Eskualdaketa onetsi ondoren, eta bildutako kopuruak banatzeari, eskuratzailearen eskubidea inskribatzeari eta kargak ezerezteko manamenduari dagokienez, aintzat hartuko da ondasun higiezinen enkanteari buruz xedatutakoa.

5. ATALA

Ondasun higigarrien enkantea

643 artikulua. Enkantea prestatzea. Balio handirik gabeko ondasun enbargatuak

1. Enkantearen xedea da ondasun bat, batzuk edo ondasun-erloak saltzea, betearazpenaren emaitza onerako komenigarriena dena kontuan hartuz.

Idazkari judizialari dagokio ondasunerloak osatzea, alderdiak entzun eta gero.

Ondore horretarako, enkantea iragarri aurretik, alderdiak bost egunetan epatuko dira, enkanterako ondasun-erloak osatzearen inguruan egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

2. Ez da ondasunen edo ondasun-erloen enkanterako deialdirik egingo, ondasunon behin betiko tasazioaren edo balorazioaren arabera aurreikus badaiteke ondasuna diru bihurtuta ez dela lortuko, gutxienez, enkantearen gastuak gainditzeko beste diru-kopururik.

644 artikulua. Enkanterako deialdia

Enbargatutako ondasun higigarriak balioetsi ondoren, enkantea egiteko data ezarriko da, ordua eta tokia adieraziz.

645 artikulua. Publizitatea

1. Enkante orok publizitatea izango du, auzitegiaren egoitzako toki nabari, publiko eta begi-bistakoan, eta ohiko leku publikoetan ezarritako ediktuen bitartez.

Horrez gain, alderdi betearazleak edo alderdi exekutatuak hala eskatzen badu, eta auzitegiak hori komenigarritzat jotzen badu, enkanteari zentzuzko publizitatea emango zaio probidentzia bitartez, diru bihurtu nahi diren ondasunen izaera eta balioa kontuan hartuta egokienak diren bide publiko eta pribatuak erabiliz.

2. Alderdi bakoitzak nahitaez ordaindu behar ditu enkanteari publizitatea emateko zein neurri eskatu eta neurri horiek eragindako gastuak. Horri kalterik egin gabe, kostuen likidazioan sartu ahal izango dira kontzeptu horren ondorioz betearazleak jasan dituen gastuak.

646 artikulua. Iragarkien edukia

Aurreko artikuluko lehenengo paragrafoak aipatu ediktuetan, agiria jasoko da, enkantearen inguruko baldintza guztiekin, orokorrak, eta, hala izanez gero, bereziak, eta enkantea gauzatzeko garrantzitsuak diren datu eta inguruabar guztiekin.

Beste bide batzuk erabiliz egindako publizitatearen edukia bat etorri behar da kasuan-kasuan erabilitako bidearen izaerarekin, eta ahaleginak egin behar dira kostuen ekonomikotasuna ahalik handiena izan dadin. Horrela, publizitatearen edukia muga daiteke ondasunak edo ondasun-erloak, horien tasazio- balioa, ondasun higiezinen kasuan 661. artikuluan xedatutakoaren araberako edukitza-egoera, enkantea gauzatzeko tokia eta data, eta ediktuak argitaratuta dauden tokia edo tokiak identifikatzeko datuetara.

647 artikulua. Enkantean norgehiagoka aritzeko betekizunak. Alderdi betearazle lizitatzailea

1. Lizitatzaileek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, enkantean parte hartzeko:

1.) Euren burua behar beste identifikatzea.

2.) Enkantearen baldintza orokorrak eta bereziak ezagutzen dituztela adieraztea.

3.) Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan ondasunen tasazio-balioaren 100eko 20 gordailutu dutela edo kopuru horren banku-abala eman dutela ziurtatzeko gordekina aurkeztea.

Lizitatzaileak gordailua gauzatzen badu, osorik nahiz zati batez, hirugarren batek emandako kopuruekin, gordekinean jasoko da hori, 652. artikuluko 2. paragrafoan xedatu ondoreetarako.

2. Alderdi betearazleak enkantean har dezake parte, bakarrik, lizitatzaileak daudenean; hala bada, alderdi betearazleak hobe ditzake lizitatzaileek egindako posturak, zainpean kopururik jarri beharrik gabe.

3. Alderdi betearazleak postura egin dezake, bakarrik, errematea hirugarren bati lagatzeko ahalmena erreserbatuz.

Lagatzea auzitegian agertuz egiaztatuko da, bertan lagapen-hartzailea egon beharko dela eta horrek lagapena onartu beharko duela. Hori guztia egingo da, errematearen prezioa ordaindu aurretik edo ordaintzeko unean bertan.

Ahalmen bera izango du alderdi betearazleak, lege honetan ezarritakoaren arabera eskatzen bada enbargatutako ondasunak adjudikatzea.

648 artikulua. Idatzizko posturak

Enkantea iragarri denetik eta enkantea egin arte, idatzizko posturak egin daitezke, gutunazal itxian eta aurreko artikuluan ezarri baldintzekin.

Idazkari judizialak itxita izango ditu gutunazalak, eta horiek enkantea hastean zabalduko dira.

Gutunazaletan dauden posturak gainerakoekin batera agerraraziko dira, eta ahoz egindako posturen ondore berberak izango dituzte.

649 artikulua. Enkantea egitea eta amaitzea

1. Enkantea hasiko da, idazkari judiziala mahaiburu dela, ondasun-zerrenda, edo, kasuan-kasuan, ondasun-erloak eta enkantearen baldintza bereziak irakurriz.

Ondasun-erlo bakoitza bananduta aterako da enkantera.

2. Idazkari judizialak ahots ozenez iragarriko du enkantera ateratako ondasuna edo ondasun-erloak, baita bata bestearen atzetik egindako posturak ere.

3. Enkantea amaituko da, posturarik onena eta postura hori egin duenaren izenak iragarriz.

Enkantea amaitu ondoren, horren akta jasoko da, bertan parte-hartzaileen izenak eta egindako posturak adieraziz.

650 artikulua. Errematea onestea. Ordainketa. Ondasunak adjudikatzea

1. Posturarik onena balorazioaren 100eko 50 edo handiagoa bada, auzitegiak, auto bitartez eta egun berean edo hurrengoan, errematea onetsiko du, posturagilerik onenaren mesederako.

Erremategileak postura horren zenbatekoa, gordailuarena kenduta, zainpean jarri beharko du, hamar eguneko epean; eta, zainpean jarri ostean, ondasunen edukitza emango zaio erremategileari.

2. Alderdi betearazleak egiten badu posturarik onena, berori balorazioaren 100eko 50 edo handiagoa dela, orduan, errematea onetsi ondoren, idazkari judizialak zor nagusia eta korrituak likidatuko ditu. Likidazio hori jakinarazi ondoren, aldea egonez gero, alderdi betearazleak zainpean jarriko du berori, hamar eguneko epean, kostuak likidatu arte.

3. Egindako postura guztiak balorazioaren 100eko 50 baino handiagoak badira, baina eskaintzen bada ordainketa epeka egitea, goren mugako prezioa behar beste bermatuz, bankunahiz hipoteka-bermeekin, orduan horren berri emango zaio alderdi betearazleari. Alderdi betearazleak bost eguneko epea izango du, ondasunen adjudikazioa eskatzeko, balorazioaren 100eko 50ean.

Alderdi betearazleak ez badu eskubide hori baliatzen, errematea onetsiko da, postura horietatik onenaren mesederako.

4. Enkantean eskainitako posturarik onena balorazioaren 100eko 50 baino txikiagoa bada, alderdi exekutatuak, hamar eguneko epean, postura hobetzeko hirugarrena aurkez dezake. Hirugarren horrek eskain dezake tasazio-balioaren 100eko 50 baino kopuru handiagoa, edo, kopuru hori baino txikiagoa izan arren, alderdi betearazlearen eskubidea oso-osoan ordaintzeko beste den kopurua.

Aipatu epea igaro bada eta alderdi exekutatuak ez badu egin aurreko lerrokadan ezarritakoa, orduan alderdi betearazleak, bost eguneko epean, ondasunak adjudikatzea eska dezake, tasazio- balioaren erdiarengatik edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruarengatik, betiere kopuru hori posturarik onena baino handiagoa denean.

Alderdi betearazleak ez badu ahalmen hori baliatu, errematea posturagilerik onenaren mesederako onetsiko da, betiere eskainitako kopuruak tasazio- balioaren 100eko 30 gainditzen duenean, edo, txikiagoa izan arren, gutxienez, agindutako betearazpenaren kopurua estaltzen duenean, korrituen eta kostuen aurreikuspena barne.

Posturarik onenak ez baditu eskakizun horiek betetzen, auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, errematea onestearen inguruan ebatziko du, kasuan kasuko inguruabarrak aztertuz. Batez ere, kontuan hartuko ditu zordunak duen jarrera, betebeharra betetzeari dagokionez; hartzekodunari ordaintzeko izan daitezkeen aukerak, beste ondasun batzuk diru bihurtuz; errematea onestearen ondorioz zordunak ondarean jasan behar dituen galerak; eta, orobat, hartzekodunak errematearen ondorioz lortutako onura.

Auzitegiak errematea onesteari ezezkoa ematen badio, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

5. Errematea onetsi edo hartzekodunari ondasuna adjudikatu baino lehen, zordunak edozein unetan aska ditzake bere ondasunak, alderdi betearazleari zor zaion betebehar nagusia, korrituak eta kostuak oso-osoan ordainduz.

651 artikulua. Posturagilerik gabeko enkantea

Enkantean posturagilerik ez badago, hartzekodunak eska dezake ondasunak adjudikatzea, tasazio-balioaren 100eko 30ean edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan.

Hartzekodunak, hogei eguneko epean, ez badu ahalmen hori baliatu, enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak hala eskatuta.

652 artikulua. Enkantean norgehiagokarako eratu gordailuen erabilera

1. Errematea onetsi ondoren, gordailututako kopuruak posturagileei itzuliko zaizkie, posturagilerik onenaren kopurua izan ezik; kopuru hori gordailuan erreserbatuko da, posturagile onenaren betebeharra bermatzeko, eta, hala denean, salmentako prezioan barneratzeko.

Hala ere, gainerako posturagileek hala eskatuz gero, eurok gordailututako kopuruak ere auzitegiaren esku geratuko dira, zertarako eta, erremategileak gainerako prezioa epean ematen ez badu, errematea haren atzetik daudenen alde onets dadin, kasuan kasuko posturen hurrenkerari segiz.

2. Aurreko paragrafoaren arabera bidezkoak diren itzulketak egingo zaizkio gordailua egin zuen posturagileari edo horrek kasuan kasuko kopurua Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartzean izendatutako pertsonari.

Izendapen hori egin bada, itzulketa izendatutako pertsonari bakarrik egin dakioke.

653 artikulua. Enkantearen porrota

1. Aurreko artikuluan aipatu erremategileetatik inork ez badu prezioa zainpean jartzen ezarritako epean, edo euren erruz salmenta ondorerik gabe geratzen bada, galdu egingo dute egindako gordailua, eta beste enkante bat gauzatuko da, salbu eta erremategile horiek eratu gordailuekin ordain daitezkeenean alderdi betearazlearen kapitala, kredituaren korrituak eta kostuak.

2. Betearazpenaren helburuetarako erabiliko dira enkantearen porrota eragin duten erremategileen gordailuak, 654 eta 672. artikuluetan xedatutakoaren arabera; baina soberakina, halakoa izanez gero, gordailugileei itzuliko zaie.

Gordailuak ez badira nahiko alderdi betearazlearen eskubidea eta kostuak ordaintzeko, orduan gordailuak erabiliko dira, lehendabizi, beste enkante horrek eragindako gastuak ordaintzeko, eta gainerakoa enkante horretan lortutako kopuruei batuko zaie, eta 654 eta 672. artikuluetan xedatutakoaren arabera erabiliko da.

Azken kasu horretan, soberakina izanez gero, alderdi exekutatuari emango zaio, enkantean eskainitako prezioa osatu arte, eta, hala denean, konpentsazioa emango zaio, beste erremate horretan prezioak izan duen beherakadarengatik; konpentsazio hori gauzatu ostean eta orduan bakarrik itzuliko zaie gordailugileei geratzen dena.

3. Aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu izendapena erremategileak egin, errematearen prezioa ordaintzeko ezarri epea igarotzen utzi, eta ordainketarik egiten ez badu, gordailuaren itzulketa jasotzeko izendatu pertsonak eska dezake errematea onesteko autoa beraren alde ematea; horretarako, aldi berean zainpean jarri beharko du gordailututako kopuruaren eta errematearen prezioaren artean dagoen aldea, erremategileari ordainketa egiteko eman epea izango duela, erremategilearen epea ahitzen denetik zenbatzen hasita.

654 artikulua. Alderdi betearazleari ordaintzea eta gerakinaren erabilera

1. Errematearen prezioa alderdi betearazleari emango zaio, agindutako betearazpenaren kopuruan, eta, prezioak kopuru hori gainditzen badu, gerakina auzitegiaren esku utziko da, alderdi betearazleari azkenean zor zaiona eta betearazpenaren kostuen zenbatekoa likidatu arte.

2. Alderdi exekutatuari emango zaio kasuan-kasuan izan daitekeen gerakina, ondasunak nahitaez diru bihurtu, eta alderdi betearazleari zor zaion guztia eta kostuak ordaindu ostean.

6. ATALA

Ondasun higiezinen enkantea

655 artikulua. Atal honen aplikazio-eremua eta aurreko ataleko xedapenak ordezko moduan aplikatzea

1. Atal honen arauak aplikatuko zaizkie ondasun higiezinen enkanteei, eta, ondasun higiezinen antzera, erregistro- publizitatearen mende dauden ondasun higigarrien enkanteei.

2. Aurreko paragrafoan aipatu enkanteetan aplikatuko dira ondasun higigarrien enkanteari buruzko arauak, hurrengo artikuluetan ezarri berezitasunak gorabehera.

656 artikulua. Jabariaren eta zamei buruzko ziurtagiria

1. Enkantearen objektua atal honen eremuan badago, auzitegiak manamendua luzatuko dio kasuan kasuko erregistroaren ardura duen erregistratzaileari, horrek epaitegiari luza diezaion honako alde hauek jaso behar dituen ziurtagiria:

1.) Jabariari eta kargatutako ondasunaren edo eskubidearen gaineko eskubide errealei buruzko titulartasuna.

2.) Enbargatutako erregistro-ondasunaren gainean dauden eskubideak, horien izaera edozein dela; eta, batez ere, ondasuna kargatzen duten zama guztiak, edo, hala denean, ondasunak zamarik ez izatea.

2. Erregistratzaileak bazterreko oharraren bitartez jasoko du aurreko paragrafoan aipatu ziurtagiria luzatu dela, betiere ziurtagiria luzatzeko data eta prozedura adieraziz.

657 artikulua. Azkendutako edo beheratutako zamen inguruko informazioa

1. Alderdi betearazleak hala eskatuta, auzitegia zuzenduko zaie betearazpena agintzeko balio izan zuen kreditua baino lehenagokoak izan eta lehenespenekoak diren kredituen titularrei, titular horiek informazioa eman dezaten bermatutako kredituak iraun eta horren egungo zenbatekoaren inguruan.

Informazio hori zein hartzekoduni erreklamatu eta hartzekodun horiek ahalik zehatzen adierazi behar dute kredituak dirauen, edo, edozein arrazoi dela bide, azkendu den; kredituak iraunez gero, ordaintzeko dagoen kopurua, muga-eguna, eta, hala denean, ordainketa egiteko epeak eta baldintzak.

Kreditua muga-eguneratuta eta ordaintzeko badago, muga-eguneratutako berandutza- korrituen eta atzeratutako egun bakoitzeko sortu korrituen berri ere emango da.

Kredituen lehentasuna aurretiazko enbargoaren idatzoharrean oinarritzen bada, betebehar nagusia ordaintzeko falta den kopurua eta informazioa emateko unean muga-eguneratuta dauden korrituak adieraziko dira, baita hartzekodunari ordaindu gabe igarotzen den egun bakoitzeko sortu berandutza-korrituen kopurua eta kostuen aurreikuspena ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera ofizioak luzatu eta ofizio horiek alderdi betearazlearen prokuradoreari emango zaizkio, horiek betetzeaz ardura dadin.

2. Aurreko paragrafoan aipatu hartzekodunek kredituen iraupenari eta horien egungo zenbatekoari buruz adierazitakoa aintzat hartuz, auzitegiak luzatuko ditu, alderdi betearazleak hala eskatuta, Hipoteka Legearen 144. artikuluan ezarri ondoreetarako behar diren manamenduak.

658 artikulua. Alderdi exekutatua ez den pertsonaren izenean inskribatutako ondasuna

Erregistratzaileak luzatutako ziurtagiriaren arabera, enbargatutako ondasuna alderdi exekutatua ez den beste norbaiten izenean inskribatuta badago, orduan, bertaratutako alderdiak entzun ondoren, auzitegiak enbargoa desegitea aginduko du; auzitegiak ez du, ordea, hori aginduko, erregistroan jabe gisa nor agertu eta horren jaraunsle den alderdi exekutatuaren aurka egin bada prozedura, edo enbargoa berori kontuan hartuz trabatu bada.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, jabaria alderdi exekutatua ez den pertsonaren izenean inskribatzen bada, eta inskripzio hori baino lehenago enbargoaren idatzoharra badago, enbargoari eutsiko zaio, eta 662. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

659 artikulua. Geroago inskribatutako eskubideen titularrak

1. Erregistratzaileak betearazpena komunikatuko die zamen ziurtagirian agertzen diren eskubideen titularrei, horiek alderdi betearazlearen eskubidea baino geroagoko idazkunetan agertzen badira, betiere titularron egoitza erregistroan jasota dagoenean.

2. Jabariaren eta zamen ziurtagiria luzatu ondoren zein eskubide inskribatu eta eskubide horien titularrei ez zaie komunikaziorik egingo; baina, euren eskubidea inskribatuta dagoela egiaztatuz gero, parte hartuko dute balorazioan eta eurengan eragina duen gainerako prozedura-jardunean.

3. Betearazi beharreko karga baino geroago inskribatutako eskubideen titularrek, kreditua, korrituak eta kostuak ordaintzen badituzte errematea egin aurretik eta erregistroaren araberako erantzukizun mugaren barruan, orduan auzi-jartzailearen eskubideetan subrogatuko dira, ordaindutako zenbatekoei dagokienez.

Ordainketa eta subrogazioa jasoko dira, hartzekodunak zein kargatan subrogatu eta horren inskripzio edo idatzoharraren bazterrean, bai eta hartzekodun horien kreditu edo eskubideen inskripzioan ere. Horretarako, erregistroan aurkeztuko da aipatu kopuruak eman direla jasotzen duen notario-akta, edo, hala denean, kasuan kasuko manamendu judiziala.

660 artikulua. Komunikazioak egiteko modua

1. Aurreko artikuluan aipatu komunikazioak Erregistroan jasotako egoitzan egingo dira, postaz edo telegrafoz, hartu izanaren agiriarekin, edo beste bide fede-emaileren bat erabiliz.

Komunikazio hori igorri dela adieraziko da 656. artikuluan aipatu ziurtagirian.

Erregistroan egoitza agertzen ez bada, edo, edozein arrazoirengatik, komunikazioa erregistrora itzultzen bada, erregistratzaileak beste komunikazio bat egingo du, ediktu bitartez. Ediktu hori erregistroko iragarki-taulan argitaratuko da hamabost egunez.

2. Erregistroak komunikaziorik egin ez arren edo komunikazioek formaakatsak izan arren, betearazpenean ondasun higiezina nork eskuratu eta horrek bere eskubidea inskribatu ahal izango du.

661 artikulua. Betearazpena errentariei eta egitezko okupatzaileei komunikatzea. Edukitza-egoeraren publizitatea, enkantearen iragarkian

1. Alderdi betearazleak hala zehaztuta nahiz beste edozein modutan, alderdi exekutatuak bere ondasunak adierazten baditu, eta prozeduran jaso bada enbargatutako ondasun higiezina alderdi exekutatua ez den beste pertsona batzuek okupatzen dutela, orduan betearazpena jakinaraziko zaie guztiei, hamar eguneko epean, auzitegiari euren egoera egiaztatzeko tituluak aurkez diezazkioten.

Enkantearen iragarkian, ahalik eta zehaztasun handienarekin adieraziko da zein den ondasun higiezinaren edukitza- egoera edo ondasun higiezina okupatu gabe dagoela, inguruabar hori betearazpenaren auzitegiari behar bezala egiaztatzen bazaio.

2. Enkantea iragarri aurretik, alderdi betearazleak eska dezake auzitegiak adieraztea okupatzaileak edo okupatzaileek ez dutela eskubiderik ondasun higiezinean irauteko, ondasun hori betearazpenean besterendu ondoren.

Eskaeraren izapideak 675. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera egingo dira, eta, okupatzailea edo okupatzaileak egitezkotzat edo behar besteko titulurik gabekotzat jo daitezkeenean, auzitegiak eskaera onartu eta eskatutako adierazpena egingo du, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez.

Bestelakoetan, auzitegiak adieraziko du, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez, okupatzaileak edo okupatzaileek ondasun higiezinean irauteko eskubidea dutela, etorkizunean ondasunon eskuratzaileak okupatzaileak irtenarazteko izan ditzakeen akzioak gorabehera.

Aurreko lerrokadan aipatu adierazpenak enkantearen iragarkian jasotzea aginduko da.

662 artikulua. Hirugarren edukitzailea

1. Ondasun higiezina betearazpenean saldu edo adjudikatu baino lehenago, eta ondasun horren enbargoa idatzohartu edo premiamendu-prozedura hasi dela erregistroan jaso ostean, ondasun higiezina hirugarren edukitzaile batek eskuratzen badu, hirugarren edukitzaile horrek idazkaritzan eska dezake, bere tituluaren inskripzioa egiaztatuz, autoak erakustea. Eskabide hori aginduko da, prozedura eta geroko jarduna geldiarazi gabe.

2. Era berean, hirugarren edukitzailea da, aurreko paragrafoan aipatu denboran, hipotekatutako edo enbargatutako finkaren gozamena nahiz jabari erabilgarria soil-soilik eskuratzen duena, edo jabetza soila nahiz zuzeneko jabaria eskuratzen duena.

3. Errematea onetsi edo hartzekodunari adjudikazioa egin baino lehenago, hirugarren edukitzaileak edozein unetan aska dezake ondasuna, hartzekodunari betebehar nagusiaren, korrituen eta kostuen ondorioz zor zaiona ordainduta, betiere ondasunarekin aurre egin beharreko erantzukizunaren zenbatekoa kontuan hartuta, eta, hala denean, lege honetan 613. artikuluko 3. paragrafoa aplikatuta.

663 artikulua. Enbargatutako ondasun higiezinen tituluak aurkeztea

Ebazpenak agintzen duenean enbargatutako ondasun higiezinen jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria luzatzea, ebazpen horretan bertan, auzitegiak, probidentzia bitartez, ofizioz nahiz alderdiek hala eskatuta, alderdi exekutatuari agindeia egin diezaioke hamar eguneko epean berak dituen jabetza-tituluak aurkezteko, baldin eta ondasuna erregistroan inskribatuta badago.

Alderdi betearazleari tituluak aurkeztu direla komunikatuko zaio, tituluak behar bestekoak diren adieraz ala nabaritutako akatsak ongitzea proposa dezan.

664 artikulua. Titulurik ez aurkeztea edo ez izatea

Alderdi exekutatuak ez baditu tituluak aurkezten lehen aipatu epean, auzitegia, alderdi betearazleak hala eskatuta, premiamenduez balia daiteke, alderdi exekutatua tituluak aurkeztera behartzeko, eta, hala denean, titulu horiek kasuan kasuko erregistro edo artxiboetatik lortzeko, alderdi betearazlearen prokuradoreari horretarako ahalmena emanez.

Jabari-titulurik ez badago, titulurik ez hori gainditzeko erabil daitezke Hipoteka Legearen VI. tituluan ezarri bideak.

Ondore horretarako zein jardun judizial gauzatu behar eta jardun hori onartzeko eskumena badu betearazpenaren auzitegiak, jarduna betearazpen-prozesuan gauzatuko da.

665 artikulua. Titulurik eza gainditu gabe egindako enkantea

Hartzekodunak hala eskatuta, ondasunak enkante publikora atera daitezke, aurretiaz jabetza titulurik eza gainditu gabe eta inguruabar hori ediktuetan jasoz.

Kasu horretan, Hipoteka Legea betearazteko erregelamenduaren 140. artikuluko 5. erregelan ezarritakoa hartuko da kontuan.

666 artikulua. Enkantera ateratzeko ondasun higiezinak baloratzea

1. Ondasun higiezinak enkantera aterako dira, lege honen 637. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera; eta, horretarako, baloraziotik kenduko da betearazpena agintzea ekarri duen karga baino lehenagoko zama eta eskubide guztien zenbatekoa, horien lehenespena ondorioztatzen badu jabariaren eta erregistro-zamen ziurtagiriak.

Eragiketa hori idazkari judizialak egingo du, ondasun higiezinaren tasazio- baliotik kenduta zamen ziurtagiriak ondorioztatutako zenbateko bermatua, edo, hala denean, erregistroan agerrarazi den zenbatekoa, 657. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa aintzat hartuta.

2. Zamen edo kargen balioa ondasunari eratxikitako bera edo handiagoa bada, auzitegiak enbargoa desegingo du.

667 artikulua. Enkantea iragartzea

Enkantea noiz egin behar eta data hori baino hogei egunetako aurrerapenarekin, gutxienez, iragarriko da enkante hori.

Aurrerapen berarekin jakinaraziko zaizkio alderdi exekutatuari enkantea egiteko tokia, eguna eta ordua, titulu betearazlean jasotako egoitzan.

668 artikulua. Enkanteari buruzko iragarkiaren edukia

Enkantea 646. artikuluan ezarritakoaren arabera iragarriko da, eta ediktuetan jasoko dira, labur-labur, finkaren identifikazioa, enkantea egiteko hasierako balorazioa, hori 666. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta, eta honako alde hauek:

1.) Erregistroko ziurtagiria, eta, hala denean, enbargatutako ondasun higiezinaren edo higiezinen tituluak, idazkaritzan agerian daudela.

2.) Ulertuko da lizitatzaile orok onartzen duela dauden tituluak behar bestekoak direla edo titulurik ez dagoela.

3.) Auzi-jartzailearen kreditua baino lehenagoko zama eta kargek, horiek izanez gero, iraun egingo dutela, eta lizitatzaileak, enkantean parte hartze hutsarengatik, horiek onartu eta horiek eratorritako erantzukizunean subrogatuta geratzea ontzat hartzen duela, errematea haren mesederako adjudikatzen bada.

669 artikulua. Enkantearen baldintza bereziak

1. Enkantean parte hartzeko, posturagileek aurretiaz gordailutu behar dute lege honen 666. artikuluan ezarritakoaren arabera ondasunei eratxiki zaien balioaren 100eko 30.

Gordailua egingo da, 647. artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakian xedatutakoari helduta.

2. Enkantean parte hartze hutsarengatik ulertuko da posturagileek behar bestekotzat jotzen dituztela auzi-paperetan jasotako tituluak edo onartzen dutela titulurik eza, baita betearazpena eragin duen kreditua baino lehenagoko zametan subrogatzea ere, errematea euren mesederako adjudikatzen bada.

670 artikulua. Errematea onestea. Ordainketa. Ondasunak hartzekodunari adjudikatzea

1. Posturarik onena bada ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 edo hori baino gehiago, auzitegiak, auto bitartez, egun berean edo biharamunean, posturagilerik onenaren mesederako onetsiko du errematea.

Hogei eguneko epean, gordailututakoaren eta errematearen prezio osoaren arteko aldea zainpean jarri beharko du erremategileak, Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan.

2. Alderdi betearazlea bada posturarik onena egin duena, eta postura hori bada ondasuna enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 edo hori baino gehiago, idazkari judizialak likidatuko ditu betebehar nagusia, korrituak eta kostuak, eta, likidazio hori jakinarazi ondoren, aldea izanez gero, alderdi betearazleak horixe utziko du zainpean.

3. Egindako postura guztiek gainditzen badute ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70, baina epeka ordaintzea eskaintzen badute, geroratutako prezioa behar beste bermatuz, banku- nahiz hipoteka-bermeekin, orduan alderdi betearazleari emango zaio posturon berri. Alderdi betearazleak, hurrengo hogei egunetan, ondasun higiezina adjudikatzea eska dezake, hori enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70ean.

Alderdi betearazleak ez badu eskubide hori egikaritzen, posturarik onenaren mesederako onetsiko da errematea, postura horretan eskainitako ordainketa-baldintza eta bermeekin.

4. Enkantean eskainitako posturarik onena bada ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 baino gutxiago, alderdi exekutatuak, hamar eguneko epean, aurkez dezake postura hobetuko duen hirugarrena; hirugarrenaren posturak gainditu behar du ondasunaren tasazio-balioaren 100eko 70, edo, kopuru horren azpitik egon arren, alderdi betearazlearen eskubidea asetzeko behar bestekoa.

Aipatu epea igaro eta alderdi exekutatuak ez badu egiten aurreko lerrokadan ezarritakoa, alderdi betearazleak, bost eguneko epean, ondasun higiezina adjudikatzea eska dezake, tasazio-balioaren 100eko 70ean edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan, betiere kopuru hori posturarik onena baino handiagoa denean.

Alderdi betearazleak ez badu ahalmen hori baliatzen, errematea posturagilerik onenaren mesederako onetsiko da, baldin eta eskainitako kopurua tasazio-balioaren 100eko 50 baino gehiago bada, edo, gutxiago izan arren, gutxienez, agindutako betearazpenaren kopurua estaltzen badu, korrituen eta kostuen aurreikuspena barne.

Posturarik onenak ez baditu eskakizun horiek betetzen, auzitegiak, alderdiak entzun ostean, errematea onestearen inguruan ebazpena emango du, kasuan kasuko inguruabarrak aztertuz, eta, batez ere, kontuan hartuz betebeharra betetzeari dagokionez zordunak duen jarrera, hartzekodunari ordaintzeko egon daitezkeen aukerak beste ondasun batzuk diru bihurtuz, errematea onestearen ondorioz zordunak ondarean jasan beharreko galerak, eta, orobat, hartzekodunak errematearen ondorioz lortutako onura.

Auzitegiak errematea onestea ukatzen badu, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

5. Aurreko paragrafoen arabera ondasun higiezinaren adjudikazio-hartzailea nor izan eta horrek onartuko ditu aurretiazko zamak edo kargak, eta horiek eratorri erantzukizunetan subrogatuko da.

6. Erreklamazioa egiten bada Hipoteka Legearen 107. artikuluko 12. zenbakian aipatu hipoteka eratzeko, idazkari judizialak berehala luzatuko du errematea onesteko autoaren lekukotza, prezioa ordaintzeko egon arren, bertan luzapenaren xedea jasoz.

Eskabideak eten egingo du errematearen prezioa ordaintzeko epea, eta epe horrek ez du aurrera egingo lekukotza eskatzaileari eman arte.

7. Errematea onetsi edo hartzekodunari ondasuna adjudikatu baino lehenago, zordunak edozein unetan aska ditzake bere ondasunak, alderdi betearazleari betebehar nagusia, korrituak eta kostuak oso-osorik ordainduz.

671 artikulua. Posturagilerik gabeko enkantea

Enkantean posturagilerik ez badago, hartzekodunak ondasunak adjudikatzea eska dezake, euron tasazio-balioaren 100eko 50etan edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan.

Hartzekodunak, hogei eguneko epean, ez badu ahalmen hori baliatzen, enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak hala eskatuta.

672 artikulua. Ondasun higiezinen enkantean lortutako zenbatekoen erabilera

1. Errematearen prezioa 654. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera erabiliko da; baina gerakina, hori izanez gero, atxiki egingo da, eskubideak alderdi betearazleak baino geroago inskribatuta edo idatzohartuta dituztenei ordaintzeko.

Horiei ordaindu ondoren oraindik gerakina badago, alderdi exekutatuari edo hirugarren edukitzaileari emango zaio gerakin hori.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo beste betearazpen berezi batean nahiz edozein konkurtso-prozesutan gerakina atxikitzea agindu eta gerakin horrek izan dezakeen erabilerari.

2. Edozein interesdunek auzitegiari eska diezaioke geroagoko kredituen titularrei agintzea, hogeita hamar eguneko epean, euron kredituen iraupena eta galdagarritasuna egiazta ditzaten, eta kredituen likidazioa aurkez dezaten.

Aurkeztutako likidazioak helaraziko zaizkio intzidentea eragin duenari, horrek bere eskubideekin bat datorrena alega, eta, hamar eguneko epean, agiri-froga ekar dezan.

Auzitegiak, jarraian, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez bidezkoa dena ebatziko du, betearazpenean bildutako kopuruak banatzeko ondoreetarako soilik. Hala ere, ez zaie kalterik egingo geroagoko hartzekodunek euron eskubideak behar bezala baliatu eta kasuan kasuko subjektuen aurka egiteko izan ditzaketen akzioei.

Aipatu epea igaro ondoren, hartzekodunetatik inork ez badu kredituaren likidaziorik aurkezten, gerakinak izango du aurreko paragrafoan ezarri erabilera.

673 artikulua. Aldi bereko enkantea

Inguruabarren arabera hori komeni bada, eta alderdietatik edozeinek hala eskatzen badu, auzitegiak agin dezake, probidentzia bitartez, enkantea aldi berean iragartzea eta egitea, epaitegi betearazlearen egoitzan, eta, exhorto bitartez, enkantera ateratako ondasun higiezin guztiak edo batzuk epai-barruti desberdinetan egon eta barruti horietako epaitegi batean edo batzuetan.

Halakoetan, posturagileak askatasunez joan daitezke enkantea egiteko egoitzetatik edozeinetara, eta auzitegi betearazleak ez du errematea onetsiko, edozein komunikabideren ondorioz egoitza guztietan egindako posturen berri izan arte. Auzitegi betearazleak buruz buruko zitazioa egingo die postura bera egin duten posturagileei, auzitegian agertu eta euren artean lizitazio ebazlea egin dezaten, posturen arteko berdinketa ezin izan bada hautsi telefono bidezko komunikazioarekin, nahiz beste edozein motatako komunikazioarekin, aldi bereko enkanteak egitean.

674 artikulua. Eskuraketa inskribatzea: titulua. Zamak ezereztea

1. Jabetza Erregistroan inskribatzeko titulu nahikoa da idazkari judizialak luzatu lekukotza. Lekukotza horretan autoa jasoko da, auto horrek onesten dituela errematea, ondasunak hartzekodunari adjudikatzea edota diru-bihurtzeko hitzarmenaren bitartez edo pertsona nahiz erakunde espezializatuaren bitartez egindako eskualdaketa. Gainera, hala denean, lekukotza horrek jaso beharko du prezioa zainpean utzi dela, baita hipoteka-legeriaren arabera inskripzioa egiteko behar diren gainerako inguruabarrak ere.

Kasuan-kasuan, lekukotzak jasoko du erremategileak kreditua lortu duela, errematearen prezioari, eta, hala denean, aurretiazko gordailuari, aurre egiteko; berebat, Hipoteka Legearen 134. artikuluan ezarri ondoreetarako, finantzatutako zenbatekoak eta mailegua egin duen erakundea zehaztu beharko dira.

2. Eskuratzaileak hala eskatuta, errematea edo adjudikazioa eragin duen zamaren inskripzioa, edo, hala denean, idatzoharra ezerezteko manamendua luzatuko da.

Era berean, geroago egin diren inskripzio eta idatzohar guztiak ezereztea aginduko da, 656. artikuluan ezarri ziurtagiria luzatu ostean egindakoak barne. Manamendu horretan jasoko da saldutako edo adjudikatutako ondasunaren balioa auzi-jartzailearen kreditua bestekoa edo txikiagoa dela, eta, ondasunaren balioa kreditu horren zenbatekoa baino handiagoa bada, gerakina interesdunentzat atxiki dela.

Manamenduan jasoko dira, halaber, ezereztea inskriba dadin hipoteka-legeriak xedatu gainerako inguruabarrak.

675 artikulua. Edukitza judiziala eta ondasun higiezinaren okupatzaileak

1. Eskuratzaileak hala eskatuz gero, berari emango zaio okupatu gabe dagoen ondasun higiezinaren edukitza.

2. Ondasun higiezina okupatuta badago, berehala botako dira okupatzaileak, 661. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera, auzitegiak ebazten badu okupatzaileak edo okupatzaileek ez dutela ondasun higiezinean egoteko eskubiderik.

Irtenarazitako okupatzaileek kasuan kasuko epaiketan egikari ditzakete euren ustez eurei dagozkien eskubideak.

Ondasun higiezina okupatuta badago eta aurretiaz ez bada kontuan hartu 661. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa, eskuratzaileak betearazpenaren auzitegiari eska diezaioke 661. artikuluan xedatutakoaren arabera egitate hutseko edo behar besteko titulurik gabeko okupatzailetzat jo daitezkeenak botatzea.

Eskaera urtebetean egin behar da, erremategileak edo adjudikazio- hartzaileak ondasun higiezina eskuratu duenetik; epe hori igaro ondoren, irtenarazte-uzia kasuan kasuko epaiketan bakarrik egikaritu ahal izango da.

3. Aurreko paragrafoan aipatu botatze- eskaera jakinaraziko zaie eskuratzaileak zehaztu okupatzaileei, hamar eguneko epean, ikustaldirako zitazioa eginez. Ikustaldian, okupatzaileek duten egoeraren inguruan euren ustez egoki dena alegatu eta frogatu ahal izango dute.

Auzitegiak, errekurtsorik izango ez duen auto bitartez, ebatziko du botatzea agindu ala ez; eta, zitatutako okupatzailea edo okupatzaileak arrazoi zuzenik gabe agertzen ez badira, horiek botatzea aginduko du beti.

4. Ondasun higiezinaren okupatzaileak botatzearen inguruan zein autok ebatzi eta auto horrek ez ditu ukituko interesdunen eskubideak, horien edukia edozein dela. Interesdunek kasuan kasuko epaiketan egikaritu ahal izango dituzte eskubideok.

7. ATALA

Ordaintzeko administrazioa

676 artikulua. Administrazioa eratzea

1. Alderdi betearazleak edozein unetan eska diezaioke auzitegiari enbargatutako ondasun guztiak edo batzuk berari administrazioan ematea, ondasunon etekinarekin betebehar nagusia, korrituak eta betearazpenaren kostuak ordaintzeko.

2. Auzitegiak, probidentzia bitartez, ordaintzeko administrazioa aginduko du, hori ondasunen izaeraren arabera komenigarria bada; halakoetan, inbentarioa egin ostean, auzitegiak aginduko dio alderdi betearazleari ondasunen edukitza ematea eta alderdi betearazleak berak zehaztu pertsonak jakinaren gainean jartzea.

Administrazioa agindu baino lehenago, hala denean, entzun egingo dira enbargatutako ondasunaren gainean alderdi betearazlearen eskubidearen ondoren inskribatu edo idatzohartutako eskubideen titular diren hirugarrenak.

3. Auzitegiak, alderdi betearazleak hala eskatuta, isun hertsatzaileak ezar diezazkieke administratzailearen ahalmenak egikaritzea eragozten edo oztopatzen duen alderdi exekutatuari edo hirugarrenei, alderdi exekutatuak edo hirugarrenek izan ditzaketen gainerako erantzukizunak gorabehera.

677 artikulua. Administrazioa egiteko modua

Ordaintzeko administrazioak bete behar du alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak itundutakoa; itunik izan ezean, ulertuko da ondasunak administratu behar direla herrialdeko ohituraren arabera.

678 artikulua. Kontu-arrazoiak ematea

1. Hartzekodunak, urtero-urtero, ordaintzeko administrazioaren inguruko kontu-arrazoiak emango dizkio idazkari judizialari, auzitegiak beste zerbait agindu edo alderdiek besterik itundu ezean.

Hartzekodunak aurkeztutako kontuak alderdi exekutatuaren esku jarriko dira, hamabost eguneko epean.

Alderdi exekutatuak alegazioak aurkezten baditu, alderdi betearazleari helaraziko zaizkio horiek, bederatzi eguneko epean, alegaziookin bat datorren ala ez adieraz dezan.

2. Alderdien arteko adostasunik ez badago, alderdiei agerraldira deituko zaie bost eguneko epean. Agerraldian, proposatutako frogak onartuko dira, eta, horiek erabilgarritzat eta egokitzat jotzen badira, frogak gauza daitezen behar besteko denbora ezarriko da, betiere hamar egun gainditu gabe.

Onartutako froga gauzatu ostean, auzitegiak, bost eguneko epean, autoa eman eta bertan ebatziko du, aurkeztutako kontuak onestea bidezkoa den ala kontuok zuzendu behar diren.

679 artikulua. Administrazioaren inguruko eztabaidak

Kontu-arrazoiak ematearen inguruko eztabaidak gorabehera, enbargatutako finkak administratzearen ondorioz, hartzekodunaren eta alderdi exekutatuaren artean beste arazo batzuk sortzen badira, arazook gauzatuko dira, hitzezko epaiketarako ezarri izapideen bitartez.

680 artikulua. Administrazioa amaitzea

1. Alderdi betearazleak bere kreditua, korrituak eta kostuak kobratzen baditu administratutako ondasunen emaitzarekin, ondasunok alderdi exekutatuaren esku geratuko dira ostera ere.

2. Alderdi exekutatuak edozein unetan ordain dezake bere zorra pagatzeko falta zaiona, hartzekodunak aurkeztutako azken kontuen egoera aintzat hartuta. Kasu horretan, alderdi exekutatuari berriro ere emango zaio bere ondasunen edukitza, eta hartzekodunak ondasunon administrazioari utzi egingo dio, hurrengo hamabost egunetan eman behar duen kontu orokorra gorabehera, eta hartzekodunaren edo alderdi exekutatuaren ustez egin daitezkeen gainerako erreklamazioak gorabehera.

3. Alderdi betearazleak administrazioaren bitartez ez badu bere eskubidea asetzen, auzitegiari eska diezaioke administrazioa amaitzea eta beste bide batzuk erabiliz nahitaezko betearazpena gauzatzea, aurretiaz kontu-arrazoiak emanez.

V. KAPITULUA - Berezitasunak, hipotekatutako edo bahitutako ondasunak betearaztean

681 artikulua. Bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa eskatzeko prozedura

1. Bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa eskatzeko akzioa zuzenean egikari daiteke, bahitutako edo hipotekatutako ondasunen aurka. Akzio hori egikarituko da, titulu honetan xedatutakoaren arabera, betiere kapitulu honetan ezarritako berezitasunekin.

2. Ontzien gaineko hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa erreklamatzen bada, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie Ontzien gaineko Hipoteka Legearen 39. artikuluko lehenengo bi kasuei bakarrik.

682 artikulua. Kapitulu honen eremua

1. Kapitulu honen arauak aplikatuko dira, betearazpena zuzentzen bada, soil-soilik, ordaindu beharreko zorra bermatzen duten ondasun bahituen eta hipotekatuen aurka.

2. Hipotekatutako ondasunen aurka betearazpena zuzenduz gero, beti aplikatuko dira kapitulu honen xedapenak, baldin eta, aurreko paragrafoan xedatutakoaz gain, honako eskakizun hauek betetzen badira:

1.) Hipoteka eratzeko eskrituran interesdunek zehaztea hipotekatutako finka edo ondasunak zein prezio izango duen tasazioaren arabera, prezio hori enkantean oinarri gisa erabil dadin.

2.) Eskritura berean, zordunak zehaztutako egoitza jasotzea, bertan agindeiak eta jakinarazpenak egiteko.

Merkataritzako establezimenduen gaineko hipotekan, nahitaez hartuko da egoitza gisa hipotekatutako establezimendua zein lokaletan kokatu eta berori.

3. Erregistratzaileak hipotekaren inskripzioan jasoko ditu aurreko paragrafoan aipatu inguruabarrak.

683 artikulua. Agindeiak eta jakinarazpenak egiteko zehaztu egoitza aldatzea

1. Zordunak eta zordun ez den hipotekatzaileak alda dezakete agindeiak eta jakinarazpenak egiteko zehaztu egoitza, honako erregela hauek betez:

1.) Hipotekatutako ondasunak higiezinak badira, ez da hartzekodunaren adostasunik behar, aldaketa eskrituran zehaztutako herri berberaren barruan eginez gero, edo aldaketa finkak zein barrutitan egon eta barruti horretan kokatutako beste edozein herritara eginez gero, eta mugarte horrek balio duenean epaitegiaren eskumena zehazteko.

Aipatu tokietatik kanpora egoitza aldatzeko, beharrezkoa da hartzekodunaren adostasuna.

2.) Ondasun higigarrien gaineko hipoteka bada, ezin da egoitza aldatu, hartzekodunaren adostasunik gabe.

3.) Ontzien gaineko hipoteka bada, nahikoa da hartzekodunari egoitza-aldaketaren berri ematea.

2. Aurreko paragrafoan aipatu egoitza- aldaketak jasoko dira, notario-aktaren bitartez, eta, kasuan kasuko erregistroan, hipotekari buruzko inskripzioaren bazterrean egindako oharraren bitartez.

3. Agindei eta jakinarazpenaren ondoreetarako, hipotekatutako ondasunak eskuratu dituzten hirugarrenen egoitza izango da euron eskuraketari buruzko inskripzioan zehaztutakoa.

Hirugarren eskuratzaileak edozein unetan alda dezake egoitza hori, aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera.

684 artikulua. Eskumena

1. Kapitulu honek arautu prozeduretan, organo eskuduna izango da:

1.) Hipotekatutako ondasunak higiezinak badira, finka zein tokitan egon eta bertako lehen auzialdiko epaitegia. Finka barruti judizial batean baino gehiagotan egonez gero, finka batzuk izan eta barruti desberdinetan daudenean bezala, barruti horietatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta, eta ez dira aplikagarri izango lege honetan esanbidez edo isilbidez eskumendean jartzeari buruz jasotako arauak.

2.) Hipotekatutako ondasunak ontziak badira, hipoteka eratzeko tituluan alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, hipoteka eratu den tokiko epaitegia, hipotekatutako ontzia dagoen portuko epaitegia, demandatuaren egoitzako epaitegia edo hipoteka inskribatu den erregistroko epaitegia, auzi-jartzaileak hala aukeratuta.

3.) Hipotekatutako ondasunak higigarriak badira, hipoteka eratzeko eskrituran alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, hipoteka inskribatu den barruti judizialeko epaitegia.

Hipotekatutako ondasun bat baino gehiago izan eta ondasunok erregistro desberdinetan inskribatuta badaude, kasuan kasuko barruti judizialetatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

4.) Bahitutako ondasunen kasuan, bermea eratzeko eskrituran edo polizan alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, ondasunak dauden tokiko epaitegia, edo ondasunok biltegiratuta dauden nahiz gordailututzat jo daitezkeen tokiko epaitegia.

2. Auzitegiak ofizioz aztertuko du bere lurralde-eskumena.

685 artikulua. Demanda betearazlea eta horrekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Demanda betearazlea zordunaren aurka zuzendu behar da, eta, hala denean, zordun ez den hipotekatzailearen edo hipotekatutako ondasunen hirugarren edukitzailearen aurka, betiere azken horrek hartzekodunari egiaztatzen dionean ondasun horiek eskuratu dituela.

Hipotekatutako ondasunak edo edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiaren araubidepeko ondasunak betearazten direnean, ezin bada inskribatutako titulua aurkeztu, demandarekin batera ekarriko da hipotekaren inskripzioa eta iraupena egiaztatzen dituen erregistro-ziurtagiria.

3. Kapitulu honetan arautu prozeduraren ondoreetarako, betearazpena agintzeko behar besteko titulua da Ontzien gaineko Hipoteka Legearen 3. artikuluaren arabera erregistroan inskribatu ontzien gainean hipoteka eratzeko agiri pribatua.

4. Hipotekak ondasun higiezinen gainean eratzen badira, legearen arabera hipoteka-zedulak jaulki ditzakeen erakundearen mesederako, edo, prozedura hastean, hipoteka-bonuen jaulkipenari lotutako kredituak eta maileguak bermatzen dituzten erakundeen mesederako, orduan, hipoteka horiek betearaz daitezen, nahikoa da Jabetza Erregistroaren ziurtagiria aurkeztea hipotekaren inskripzioa eta iraupena egiaztatzeko.

Ziurtagiri hori osatuko da, hipoteka-eskrituraren kopia eskuetsietatik edozein; kopia hori zatikakoa izan daiteke, betearazpenaren mendeko finka edo finkak bakarrik jasotzen dituena.

686 artikulua. Ordainketa-agindeia

1. Betearazpena agindu duen auto berean aginduko da zordunari, eta, hala denean, demandaren jasotzaile izan eta zordun ez den hipotekatzaileari edo hirugarren edukitzaileari ordaintzeko agindeia egitea, erregistroaren arabera indarrean dagoen egoitzan.

2. Zordunari betearazpena agindu dela jakinarazteari kalterik egin gabe, aurreko paragrafoan aipatu agindeia ez da gauzatuko, baldin eta egiaztatzen bada agindeia edo agindeiak epaiketaz kanpo egin direla, 581. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Ondore horietarako, epaiketaz kanpoko agindeia egin behar da, erregistroaren arabera indarrean dagoen egoitzan, agindeia egin beharreko zordunari, zordun ez den hipotekatzaileari edo hirugarren edukitzaileari, zuzen-zuzenean, horiek egoitzan badaude, edo aipatu pertsona horien bizilekuan dagoen eta hamalau urtetik gora dituen ahaide hurbilenekoari, senideari edo langileari, eta, bizilekuan inor ez badago, atezainari edo aurkitu den auzotar hurbilenekoari.

687 artikulua. Hipotekatutako ibilgailu motordunen eta bahitutako ondasunen gordailua

1. Ibilgailu motordunen bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorrei buruzkoa bada prozedura, aginduko da bahitutako edo hipotekatutako ondasunak hartzekodunaren edo horrek izendatu pertsonaren esku gordailutzea.

Gordailututako ibilgailuak prezintatu egingo dira, eta ezin izango dira erabili, salbu eta xedapen bereziak direla-bide hori ezinezkoa denean; azken kasu horretan, kontu-hartzailea izendatuko da.

2. Aurreko paragrafoan aipatu gordailua betearazpena agintzen duen auto berean aginduko da, zordunari epaiketaz kanpoko agindeia egin bazaio.

Bestela, lege honetan ezarritakoaren arabera zordunari ordaintzeko agindeia egitea aginduko da, eta, zordunak agindeiari jaramonik egiten ez badio, gordailua eratzea aginduko da.

3. Bahitutako ondasunak atzeman ezin badira eta ondasunon gordailua ere ezin bada eratu, prozedurak ez du aurrera egingo.

688 artikulua. Jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria. Betearazpena largestea, hipotekarik ez dagoelako edo berori ezereztu delako

1. Hipotekatutako ondasunak betearazi behar badira, erregistratzaileari ziurtagiria erreklamatuko zaio. Ziurtagiri horretan jasoko dira, 656. artikuluaren 1. paragrafoko aldeak ez eze, alderdi betearazlearen mesederako eratu hipoteka indarrean eta ezereztu gabe dagoela, edo, hala denean, erregistroan jasotako ezerezpena nahiz aldarazpenak ere.

2. Erregistratzaileak hipoteka-inskripzioan jasoko du, bazterrean oharra eginez, jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria luzatu dela, luzapenaren data eta ziurtagiriak aipatzen duen prozedura badagoela adieraziz.

Bazterreko ohar hori manamendu judizialaren bidez ezerezten ez den bitartean, erregistratzaileak ezin izango du hipoteka ezereztu, betearazpenaz besteko arrazoien ondorioz.

3. Ziurtagiriak ondorioztatzen badu alderdi betearazlearen erreklamazioaren oinarri den hipoteka ez dagoela edo hipoteka hori ezereztu egin dela, auzitegiak autoa emango du, betearazpena amaitzeko.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

689 artikulua. Inskribatutako titularrarieta geroagoko hartzekodunei prozedura komunikatzea

1. Erregistroko ziurtagiriaren arabera jabariaren azken inskripzioa zein pertsonaren mesederako gauzatu eta horri aurreko artikuluetan jaso formen arabera ez bazaio egin ordaintzeko agindeirik, ez notario bidez, ezta epaiketa bidez ere, orduan pertsona horri, Erregistroan jasotako egoitzan, prozedura badagoela jakinaraziko zaio; horrela, komeni bazaio, betearazpenean parte hartuko du, 662. artikuluan xedatutakoaren ariora, edo errematea baino lehen kredituaren, korrituen eta kostuen zenbatekoa ordainduko du, bere finkaren hipotekarekin ziurtatutako zatian.

2. Auzi-jartzailearen kreditua zein hipotekak bermatu eta hipoteka horren ondoren eratutako zamak edo eskubide errealak daudenean, 659. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

690 artikulua. Hipotekatutako finka edo ondasuna administratzea

1. Ordainketa-agindeia egiten denetik, edo betearazpena agintzen denetik, agindeia epaiketaz kanpo egiten bada, hamar egun igaro ondoren, hartzekodunak hipotekatutako finka edo ondasunaren behin-behineko administrazioa edo edukitza berari ematea eska dezake.

Kasu horretan, hartzekodunak jasoko ditu muga-eguneratu baina ordaindu gabeko errentak, horrela itundu bada, baita geroko fruituak, errentak eta ekoizkinak ere; horrekin guztiarekin, ondasunen artapen- eta ustiapen-gastuak eta, gero, hartzekodunaren kreditua, estaliko dira.

Aurretiaz ezarri ondoreetarako, behin-behineko administrazioa jakinaraziko zaio ondasun higiezinaren okupatzaileari; jabeari zein ordainketa egin behar eta ordainketa horiek administratzaileari egiteko aginduko zaio okupatzaileari.

Ondasun higiezinak okupatu gabe badaude, ondasunon edukitza materiala, behin-behinean, administratzaileari eratxikiko zaio.

2. Hartzekodunak bat baino gehiago izanez gero, erregistroaren arabera lehentasuna zeinek izan eta horri dagokio administrazioa; eta, hartzekodunek lehentasun bera badute, euretatik edonork eska dezake administrazioa, guztien onurarako. Halakoetan, fruituek, errentek eta ekoizkinek izango dute aurreko paragrafoan ezarritako erabilera, betiere lainean, auzi-jartzaile guztien kredituak aintzat hartuz.

Lehentasun bera duten hartzekodun batzuek administrazioa eskatuz gero, auzitegiak probidentzia bitartez erabakiko du, bere sen onaren arabera.

3. Hartzekodunari emandako behin-behineko administrazioaren eta edukitzaren iraupena, oro har, ez da bi urtetik gorakoa izango, hipoteka ondasun higiezinen gainekoa bada, eta, hipoteka ondasun higigarrien edo ontzien gainekoa bada, ez da urtebetetik gorakoa izango.

Behin-behineko administrazioa eta edukitza amaituta, hartzekodunak kudeaketaren inguruko kontuak emango dizkio auzitegiari, eta, bidezkoa izanez gero, auzitegiak horiek onetsiko ditu.

Betekizun hori izan ezean, betearazpenak ezin izango du aurrera egin.

4. Ibilgailu motordunaren gaineko hipotekarekin bermatzen bada zorra, prozedura horietan aurreko paragrafoek aipatu administrazioa agin dadin, nahitaezkoa da administrazioa eskatu duen hartzekodunak behar besteko kauzioa ematea, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozein erabiliz.

5. Hipoteka-betearazpena eta konkurtso- prozesua metatzen badira, orduan, behin-behineko administrazioari edo edukitzari dagokionez, konkurtso-prozesuan eskumena duen auzitegiak zer ezarri eta hori beteko da, konkurtso-prozesuari buruzko arauak aintzat hartuta.

691 artikulua. Hipotekatutako ondasunen enkanterako deialdia. Deialdiaren publizitatea

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa bete, ordainketa-agindeia eta aipatu jakinarazpenak egin, eta hogeita hamar egun igaro ondoren, hipotekatutako finka edo ondasuna enkantera aterako da, auzi-jartzaileak, zordunak edo hirugarren edukitzaileak hala eskatuta.

2. Enkantea, gutxienez, hogei eguneko aurrerapenarekin iragarriko da.

Errematea egiteko tokia, eguna eta ordua aurrerapen berberarekin jakinaraziko zaizkio zordunari, erregistroan jasotako egoitzan.

3. Merkataritzako establezimenduaren gaineko hipotekarekin bermatzen bada zorra, prozedura horretan iragarkiak zehaztuko du eskuratzaileak bete beharko duela Hiri-errentamenduen Legean xedatutakoa, eta, hala denean, kontratua lagatzearen ondorioz errentatzaileak errenta igotzeko duen eskubidea onartu beharko duela.

4. Hipotekatutako ondasunen enkantea, ondasunak higigarriak izan nahiz higiezinak izan, lege honetan ondasun higiezinen enkanteari buruz xedatutakoaren arabera egingo da.

5. Kapitulu honek aipatu betearazpen- prozesuetan ere erabil daiteke titulu honen IV. kapituluko 3 eta 4. ataletan arautu hitzarmen bidezko diru-bihurtzea, bai eta espezializatutako pertsona nahiz erakundearen bidezko diru-bihurtzea ere.

692 artikulua. Hipoteka-kreditua ordaintzea eta soberakinaren erabilera

1. Errematearen prezioa erabiliko da, luzapenik gabe, auzi-jartzaileari beraren kredituaren ondoriozko betebehar nagusia, sortutako korrituak eta eragindako kostuak ordaintzeko. Hartzekodunari kontzeptu horietako bakoitzarengatik emandako zenbatekoek ezin dute gainditu kasuan kasuko hipotekak estalitakoa; gaindikina, halakoa izanez gero, gordailutu egingo da hipotekatutako ondasunaren gainean geroago inskribatu edo idatzohartutako eskubideen titularren esku. Geroagoko hartzekodunei ordaindu ondoren, hala denean, hipotekatutako ondasunaren jabeari itzuliko zaio gerakina.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, hipotekatutako ondasunaren jabea zorduna bada, errematearen prezioa erabiliko da, hipotekak estalitakoa gainditu kopuruan, alderdi betearazleari betearazpeneko kredituaren ondorioz zor zaion guztia ordaintzeko. Horixe egingo da, hipotekaren ondoren inskribatutako edo idatzohartutako kredituak ordaindu ondoren, betiere zorduna ordainketa-etenduran, konkurtsoan edo porrotean ez dagoenean.

2. Geroagoko hartzekodunei ordaindu ostean gerakina egon, gerakin hori jasotzeko eskubidea duela nork uste eta horrek eragin dezake 672. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako intzidentea.

Paragrafo honetan eta aurrekoan xedatutakoak ez dio kalterik egingo gerakinak izan beharreko erabilerari, baldin eta gerakin hori atxikitzea agindu bada beste betearazpen bereziren batean nahiz edozein konkurtso-prozesutan.

3. Alderdi betearazlearen kreditua bermatzen duen hipoteka ezerezteko, eta, kasuan-kasuan, geroagoko inskripzioak eta idatzoharrak ezerezteko, manamendua luzatzen denean, manamendu horrek, 674. artikuluan xedatutakoaz gain, adieraziko du 689. artikuluan aipatu jakinarazpenak egin direla.

693 artikulua. Epe desberdinetan ordaindu beharreko kapitalaren zati bat edo korrituen zati bat erreklamatzea. Epekako zorren muga-eguneratze aurreratua

1. Kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, kredituaren kapitala edo korrituak zati batez ordaintzen ez direnean, baldin eta kapital hori edo korritu horiek epe desberdinetan ordaindu behar badira, eta horietako bat zordunak bere betebeharra bete gabe muga-eguneratu bada, betiere hizpaketa hori Erregistroan inskribatu denean.

Kapitalaren edo korrituen eperen bat ordain dadin, ondasun hipotekatua besterentzea beharrezkoa bada, eta oraindik betebeharraren epe batzuk muga-eguneratzeko badaude, orduan salmenta gauzatuko da, eta finka erosleari transferituko zaio, ordaindu gabeko kredituaren zatiari dagokion hipoteka eta guzti.

2. Kapitalaren eta korrituen ondorioz zor den guztia erreklama daiteke, baldin eta, eperen bat ordaintzen ez den kasuetarako, erabateko muga-eguneratzea hitzartu eta hitzarmen hori erregistroan inskribatu bada.

3. Aurreko paragrafoak aipatu kasuan, zordundutako guztiaren ondorioz betearazpena agindu arren, hartzekodunak eska dezake zordunari komunikatzea, enkantea egiteko ezarri eguna arteko epea duela, ondasuna askatu ahal izateko. Zordunak ondasuna aska dezan, zainpean jarri beharko du demanda aurkeztean betebehar nagusiaren eta korrituen ondorioz muga-eguneratuta dagoen kopuru zehatza, eta, kasuan-kasuan, kopuru horri gehitu beharko dizkio prozedurak iraun bitartean sortu eta oso-osorik edo zati batez ordaindu gabe dauden mailegu muga-eguneratuak eta atzerapen-korrituak.

Ondore horietarako, hartzekodunak eska dezake 578. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa betetzea.

Hipotekatutako ondasuna familia-etxebizitza bada, zordunak, behingoz, eta hartzekodunaren adostasunik izan ez arren, ondasuna askatu ahal izango du, aurreko lerrokadan aipatu kopuruak zainpean jarriz.

Zordunak ordainketa egiten badu aurreko paragrafoan ezarri baldintzetan, kostuak likidatuko dira, eta, kostuak ordaindu ostean, auzitegiak probidentzia emango du, prozedura amaitu dela adieraziz.

Gauza bera aginduko da, ordainketa hirugarren batek egiten duenean, alderdi betearazlearen adostasunarekin.

694 artikulua. Bahitutako ondasunak diru bihurtzea

1. Bahitutako ondasunen gordailua eratu ondoren, ondasunok diru bihurtuko dira, lege honetan premiamendu-prozedurarako ezarritakoaren arabera.

2. Bahitutako ondasunak ez badira titulu honen IV. kapituluko 1. atalean aipatutakoak, enkantea iragartzea aginduko da, lege honen 645. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Ondasunen enkanterako balioa izango da bahia eratzeko eskrituran edo polizan ezarritakoa; eta, bertan baliorik ezarri ez bada, ondasunen balioa izango da erreklamazio nagusiaren, korrituen eta kostuen zenbateko osoa.

695 artikulua. Betearazpenaren aurka jartzea

1. Kapitulu honek aipatu prozesuetan, alderdi exekutatuaren aurka-jartzea onartuko da, soil-soilik, horren arrazoiak hurrengoak direnean:

1.) Bermea edo bermatutako betebeharra azkentzea, baldin eta Erregistroko ziurtagiria aurkezten bada, bertan hipotekaren ezereztea, edo, hala denean, edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiaren ezereztea jasota, edo ordainagiriaren nahiz bermea ezereztu izanaren eskritura publikoa aurkezten bada.

2.) Eskatu beharreko kopurua zehaztean okerra izatea, baldin eta bermatutako zorra bada alderdi betearazlearen eta alderdi exekutatuaren arteko kontu bat ixtean dagoen saldoa.

Alderdi exekutatuak kontuaren idazkunak jasotzen dituen libretaren alea ekarri beharko du, eta aurka-jartzea onartuko da, soil-soilik, bat ez datozenean libreta horrek jasotako saldoa eta alderdi betearazleak aurkeztutako libretaren alean jasotakoa.

Ez dago zertan libretarik ekarri, baldin eta, kreditu-, aurrezki- edo finantzaketa- erakundeek merkataritza-kontratuak eman badituzte eta kontratu horiek eratorritako kontu-korronteak edo antzeko eragiketak ixtearen ondoriozko saldoaren gainekoa bada prozedura, betiere kontratuotan adostu denean betearazpen-kasuan eskatu beharreko kopurua erakunde hartzekodunak luzatu ziurtagirian jasotakoa izango dela. Halere, alderdi exekutatuak behar besteko zehaztasunarekin adierazi beharko du zein aldetan ez datorren bat erakundeak egindako likidazioarekin.

3.) Ondasun higigarri hipotekatuak edo edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahia duten ondasunak betearazi behar direnean, ondasunok prozedura eragin duen karga baino lehenagoko bahiari, hipoteka higigarri nahiz higiezinari edo enbargoari lotuta egotea; lotura hori kasuan kasuko erregistro-ziurtagiriarekin egiaztatu behar da.

2. Aurreko paragrafoan aipatu aurka- jartzea aurkeztu ondoren, betearazpena eten egingo da.

Auzitegiak, probidentzia bitartez, alderdiak agerraldira deituko ditu, lau egunetako tartea izan behar dela zitazioa egin denetik. Halakoetan, auzitegiak alderdiak entzungo ditu, aurkeztutako agiriak onartuko ditu, eta auto bitartez bi egunetan bidezkoa dena aginduko du.

3. Autoak on irizten dionean artikulu honen 1. paragrafoko 1 eta 3. arrazoietan oinarritutako aurka-jartzeari, betearazpena largestea aginduko du; 2. arrazoian oinarritutako aurka-jartzeari on irizten dion autoak betearazpenaren kopurua ezarriko du.

4. Betearazpena largestea zein autok agindu eta horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

Kasu horretatik at, ezin zaie errekurtsorik jarri artikulu honetan aipatu aurka-jartzea ebazten duten autoei.

696 artikulua. Jabari-hirugarrengotzak

1. Kapitulu honetan araututako prozeduretan, jabari-hirugarrengotza onar dadin, demandarekin batera jabetza-titulua ekarri behar da; jabetza-titulu horren data fede-emailea bermea eratu baino lehenagokoa izan behar da.

Ondasunen jabaria erregistroan inskriba badaiteke, titulu hori hirugarrengotza duenaren edo beraren kausatzailearen mesederako egon behar da inskribatuta, eta inskripzio horren data bermearen inskripzioarena baino lehenagokoa izan behar da. Lehentasun hori egiaztatuko da, hirugarrengotza duenaren edo beraren kausatzailearen titulua inskribatuta dagoela jasotzen duen erregistro-ziurtagiriaren bidez, eta kasuan kasuko jabari- idazkuna erregistroan azkendu edo ezereztu gabe dagoela jasotzen duen ziurtagiriaren bidez.

2. Hirugarrengotzaren demanda onartzean, hirugarrengotzak ukitu ondasunen betearazpena eten egingo da; eta, ondasunok bermatutakoaren zati bat besterik ez badira, prozedurak aurrera egingo du, gainerako ondasunei dagokienez, hartzekodunak hala eskatu badu.

697 artikulua. Betearazpenaren etendura, zigor-arloko epaitu aurrekotasunarengatik

Aurreko bi artikuluek aipatu kasuetatik at, kapitulu honek aipatu prozedurak eten egingo dira, bakarrik, zigor-arloko epaitu aurrekotasunaren ondorioz. Hori gertatuko da, lege honen 569. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzen bada auzi kriminala dagoela delitu-itxurako egitateetatik edozeinen inguruan, eta egitate horrek dakarrela tituluaren faltsutasuna edo betearazpen-aginduaren baliogabetasuna nahiz ez-zilegitasuna.

698. artikulua. Aurreko artikuluetan jaso gabeko erreklamazioak

1. Zordunak, hirugarren edukitzaileak eta interesdun orok aurkez ditzaketen erreklamazioetatik, betiere aurreko artikuluetan jasotakoa ez denean, kasuan kasuko epaiketan aztertu eta ebatziko da, kapitulu honetan ezarritako prozedura inoiz eten edo oztopatu gabe. Erreklamazio horien artean daude, halaber, tituluaren deuseztasunari edo zorraren muga-eguneratze, egiazkotasun, azkentze eta zenbatekoari buruzkoak.

Prozesu honen gaineko eskumena zehaztuko da, erregela arrunten bitartez.

2. Aurreko paragrafoan aipatu erreklamazioa aurkeztean edo erreklamazio horren ondoriozko epaiketan, eman beharreko epaiaren eragingarritasuna aseguratzea eska daiteke, kapitulu honetan araututako prozeduraren bidez hartzekodunari zein kopuru eman behar eta hori oso-osorik edo zati batez atxikiz.

Atxikitzea eskatu duenak kaudimen agerikorik eta nahikorik ez badu, auzitegiak aurretiazko eta behar besteko bermea galdatu beharko dio, atzeratze-korrituei eta hartzekodunak izan ditzakeen kalte-galeretatik beste edozeinen medeapenari aurre egiteko.

3. Hartzekodunak auzitegiak agindutakoari men egiten badio, eta, lehenengo paragrafoan aipatu epaiketaren ondoreetarako, atxikitzea bermatzen badu, auzitegiak agindu kopuruan, atxikitzea desegingo da.

V. TITULUA - DIRUZKOA EZ DEN BETEARAZPENA

LEHENENGO KAPITULUA - Xedapen orokorrak

699 artikulua. Betearazpena agintzea

Titulu betearazleak jasotzen badu zerbait egiteko, ez egiteko edo diru-kopurua ez den gauza emateko kondena nahiz betebeharra, orduan, betearazpena agintzeko autoan, alderdi exekutatuari agindeia egingo zaio, titulu betearazleak ezarritakoa behar bezala betetzeko, auzitegiak horretarako egokitzat jo epean.

Agindeian, auzitegiak ohartarazpena egin diezaioke alderdi exekutatuari, horretarako banakako premiamenduak edo diruzko isunak erabiliz.

700 artikulua. Berme gisa egindako enbargoa eta ordezko kauzioa

Zerbait egiteko, ez egiteko edo dirukopurua ez den gauza emateko agindeia egin eta hori ezin bada zuzenean bete, auzitegiak berme-neurri egokiak agin ditzake alderdi betearazleak hala eskatuta kondena eragingarria izan dadin.

Alderdi betearazleak hala eskatzen badu, alderdi exekutatuaren ondasunak enbargatzea aginduko da beti, kasuan-kasuan ordezko kalte-ordainak eta betearazpenaren kostuak ordainduko direla ziurtatzeko.

Enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa ematen badu, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan. Auzitegiak, enbargoa agintzean, kauzio horren zenbatekoa ezarriko du.

II. KAPITULUA - Gauzak emateko eginbeharren ondoriozko betearazpena

701 artikulua. Gauza higigarri zehatza ematea

1. Titulu betearazleak ondorioztatzen badu egiazkoa eta zehatza den gauza higigarria emateko eginbeharra, eta alderdi exekutatuak ez badu gauza hori ematen horretarako ezarri zaion epean, auzitegiak alderdi betearazleari emango dio zordundutako gauzaren edukitza. Horretarako, auzitegiak behar besteko premiamenduak erabiliko ditu, toki itxietan sartzea aginduko du, eta, hala behar izanez gero, indar publikoaren laguntza izango du.

Ondasun higiezinen antzeko erregistro- publizitatearen araubidea duten ondasun higigarriei dagokienez, egoki dena ezarriko da, kasuan kasuko erregistroa titulu betearazlearekin bat etor dadin.

2. Gauza non dagoen jakiterik ez badago, edo berori egon beharreko tokian bilatu ondoren, aurkitzen ez bada, auzitegiak, desobedientzian erortzeko ohartarazpena eginda, alderdi exekutatuari edo hirugarrenei itaunduko die, gauza eurek duten ala ez, eta ea dakiten hori non dagoen.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera jardun ondoren, gauza ezin izan bada aurkitu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du, alderdi betearazleak hala eskatuta, diruzko konpentsazio zuzena ematea, zor den gauzaren edo zor diren gauzen ordez; konpentsazio hori 712. artikuluaren eta ondorengoen arabera ezarriko da.

702 artikulua. Gauza generikoak edo zehaztugabeak ematea

1. Titulu betearazleak aipatzen badu merkatuetan eskura daitezkeen gauza generikoak edo zehaztugabeak ematea, eta, epea igaro ondoren, agindeia betetzen ez bada, alderdi betearazleak eska dezake zor zaizkion gauzen edukitza berari ematea edo gauzok alderdi exekutatuaren kontura eskuratzeko bera ahalduntzea; aldi berean, alderdi betearazleak eskuraketa ordaintzeko beste ondasun enbargatzea aginduko du, eta, gerogarrenean, eskuraketa horren kontu- arrazoiak emango ditu.

2. Alderdi betearazleak adierazten badu, aurreko paragrafoaren ariora, gauza generikoak edo zehaztugabeak berandu eskuratzearen ondorioz, jadanik eskuraketa horrek ez duela bere interes legitimoa asetzen, orduan auzitegiak, probidentzia bitartez, eskuraketa horren diruzko baliokidea zehaztuko du, alderdi betearazleari sortu ahal izan zaizkion kalte-galerak ere kontuan hartuz; kalte-galera horiek 712. artikuluaren eta ondorengoen arabera likidatuko dira.

703 artikulua. Ondasun higiezinak ematea

1. Tituluak ondasun higiezina eskualdatzea edo ematea xedatzen badu, auzitegiak berehala aginduko du kondenaren edukiaren arabera bidezkoa dena, eta, hala denean, beharrezkoa dena xedatuko du, erregistroa titulu betearazlearekin bat etor dadin.

Eman beharreko ondasun higiezinean tituluaren objektu ez diren gauzak egonez gero, auzitegiak agindeia egingo dio alderdi exekutatuari, ezarri epean gauzok ken ditzan. Alderdi exekutatuak ondasunok kentzen ez baditu, horiek bertan behera utzitako ondasuntzat joko dira ondore guztietarako.

2. Botatze-ekitaldian, finkatik irten behar duenak erreibindikatzen badu banandu ezin diren gauzen titulartasuna, eta gauzok ondasun higiezinaren erabilera arrunterako ezinbesteko landaketak edo instalazioak badira, orduan betearazpenean ebatziko da ondasunon balioa ordaintzeko betebeharra, interesdunek hori eskatzen badute, irtenaraztea gertatu eta bost egunetako epean.

3. Botatzean agerrarazten bada alderdi exekutatuak edo okupatzaileek kalteak eragin dituztela ondasun higiezinean jasoz gero, balizko erantzulearen behar beste ondasun atxikitzea eta gordailutzea erabaki daiteke, sortutako kalte-galerei aurre egiteko; kasuan- kasuan, kalte-galerok likidatuko dira, alderdi betearazleak hala eskatuta, 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

4. Maizterra botatzeko zehaztu den data baino lehenago, titulua bada errentatzaileari zordundutako kopuruen edo errentak ez ordaintzearen ondorioz hirifinkatik maizter-botzatzeko epaiketan emandako epaia, autoa emango da, epaia betearazi dela adieraziz eta eginbidea ezereztuz. Horretarako, zehaztu maizter-botatzearen data baino lehenago, demandatzaileari benetako edukitza eman beharko zaio, eta errentatzaileak auzitegian hori egiaztatu beharko du. Horrek ez dio kalterik egingo demandatzaileak eginbide horren iraunaraztea eskatzeari, finkaren egoerari buruzko akta jaso dadin.

704 artikulua. Eman beharreko ondasun higiezinen okupatzaileak

1. Ondasun higiezinaren gaineko edukitza eman behar bada eta ondasun higiezin hori alderdi exekutatuaren edo horren mende daudenen ohiko etxebizitza bada, subjektu horiei hilabeteko epea emango zaie bertatik irteteko.

Oinarrizko zioa izanez gero, epe hori beste hil bat luza daiteke.

Aipatu epeak igaro ondoren, berehala ekingo zaio botatzeari. Hasierako ebazpenean edo luzapena agindu duen ebazpenean, botatzearen data ezarriko da.

2. Titulu betearazleak zein ondasun higiezin ematera behartu eta hori okupatzen badute alderdi exekutatuaz nahiz berarekin ondasun higiezinaren erabilera duten horiez besteko gizabanakoek, auzitegiak betearazpena agindu dela edo hori erabakitzeko dagoela jakinaraziko die horiei, hamar eguneko epean, euren egoera egiaztatzeko tituluak aurkez diezazkioten. Auzitegiak pertsona horiei jakinarazpena egingo die, horiek ondasun higiezinean daudela jakin bezain laster.

Alderdi betearazleak auzitegiari eska diezaioke egitate hutseko okupatzaileak edo behar besteko titulurik ez dutenak botatzea.

Eskaera hori helaraziko zaie alderdi betearazleak izendatu pertsonei, eta jardunak aurrera egingo du, 675. artikuluko 3 eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA - Zerbait egiteko eta ez egiteko betebeharrak betearaztea

705 artikulua. Agindeia, eta epea zehaztea

Titulu betearazleak zerbait egitera behartzen badu, auzitegiak zordunari aginduko dio ezarri epean hori egiteko, egitekoaren izaera eta inguruabarrak kontuan hartuta.

706 artikulua. Bere-berezkoa ez dena egiteko kondena

1. Titulu betearazleak agindutako egitekoa bere-berezkoa ez bada eta alderdi exekutatuak ez badu hori gauzatzen, auzitegiak ezarri epean, orduan alderdi betearazleak eska dezake egitekoa hirugarren bati enkargatu ahal izatea, alderdi exekutatuaren kontura, edo, bestela, kalte-galeren medeapena erreklama dezake.

Tituluak esanbidezko xedapena jaso badu zordunaren ez-betetzea gertatzen denerako, tituluan ezarritakoa hartuko da kontuan, eta alderdi betearazleak ezin izango du aukeratu hirugarrenak egitekoa betetzea ala medeapena jasotzea.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, alderdi betearazleak aukeratzen badu egitekoa hirugarren bati enkargatzea, lehendabizi, auzitegiak izendatu aditu-tasatzaileak baloratuko du egiteko horren kostua, eta, alderdi exekutatuak gordailutu ezean auzitegiak probidentzia bitartez onetsi kopurua, edo ordainketaren fidantza eman ezean, ondasunak berehala enbargatu eta nahitaez diru bihurtuko dira, beharrezko zenbatekoa lortu arte.

Alderdi betearazleak kalte-galeren medeapena aukeratzen badu, kalte-galerok zenbatuko dira, 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

707 artikulua. Epaia komunikabideetan argitaratzea

Epaiak agintzen badu bere edukia, osorik edo zati batez, komunikabideetan argitaratzea edo zabaltzea, prozesuan zein alderdi galtzaile izan eta horren kontura, betearazpena agin daiteke, erabaki horren eragingarritasuna lortzeko. Halakoetan, alderdi exekutatuari aginduko zaio iragarki egokiak kontratatzea.

Ezarritako epean alderdi exekutatuak ez badu agindeia betetzen, alderdi betearazleak publizitatea kontrata dezake; baina aurretiaz beharrezko dirua lortu behar du alderdi exekutatuaren ondaretik, aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

708 artikulua. Borondate-adierazpena egiteko kondena

1. Ebazpen judizialak edo tartekaritza- ebazpen irmoak borondate-adierazpena egitera kondenatu, eta, 548. artikuluan ezarri hogei eguneko epea igaro ondoren, alderdi exekutatuak ez badu borondate-adierazpenik egiten, auzitegiak, auto bitartez, egindakotzat joko du hori, betiere negozioaren oinarrizko osagaiak aurretik zehaztuta daudenean.

Borondate- adierazpena egin ondoren, alderdi betearazleak eska dezake, autoaren lekukotzarekin, manamendua luzatzea, borondate-adierazpenaren edukiarekin eta objektuarekin bat datorren erregistroan edo erregistroetan, adierazpen horren idatzoharra edo inskripzioa egin dadin.

Aurrekoak ez dio kalterik egingo egintza eta negozio juridikoen formaren inguruan eta horiek agirietan jasotzearen inguruan arau zibilek eta merkataritzako arauek ezarritakoari.

2. Aurreko paragrafoaren kasuetan, aurretiaz ez badaude zehaztuta borondate- adierazpenak ukitu behar duen negozio edo kontratuaren osagai ez-oinarrizkoak, orduan auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, osagaiok zehaztuko ditu, borondate-adierazpena egindakotzat jotzen duen ebazpenean, merkatuan edo trafiko juridikoan egin ohi denaren arabera.

Zehaztugabetasunak eragina badu borondate-adierazpenak ukitu behar duen negozio edo kontratuaren oinarrizko osagaietan, eta kondenatuak ez badu borondate-adierazpen hori egiten, betearazpena gauzatuko da alderdi betearazleari eragindako kalte-galeren ondorioz. Kalte-galerok 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera likidatuko dira.

709 artikulua. Bere-berezkoa egiteko kondena

1. Titulu betearazlea bere-berezko egitekoari buruzkoa bada, orduan, 699. artikuluan aipatu agindeia betetzeko epean, alderdi exekutatuak auzitegiari adieraz diezazkioke tituluan xedatutakoa ez egiteko arrazoiak, eta egokitzat jotzen duena alega dezake, zordundutako prestazioa bere-berezkoa izateari edo ez izateari buruz.

Epe hori igaro ondoren, alderdi exekutatuak ez badu prestaziorik egin, alderdi betearazleak eska dezake, betearazpenak aurrera eginez, zerbait egiteko prestazioaren diruzko baliokidea jasotzea ala alderdi exekutatuari isuna ordaintzeko premiamendua egitea, egitekoa gauzatzeko epea noiz amaitu eta hortik egitekoa gauzatu gabe igaro hil bakoitzeko.

Auzitegiak auto bitartez bidezkoa dena ebatziko du, eta alderdi betearazleak eskatutakoa onartuko du, auzitegiak uste izanez gero, kondenaren objektu den prestazioak bere-berezko egitekoaren ezaugarri bereziak dituela.

Bestelako kasuetan, auzitegiak betearazpenak aurrera egitea aginduko du, 706. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Zor den prestazioaren diruzko baliokidea lortzeko, betearazpenak aurrera egitea agintzen bada, ebazpen berean isun bakarra ezarriko zaio alderdi exekutatuari, 711. artikuluan xedatutakoa aintzat hartuz.

3. Alderdi exekutatuari hileko isunak ordaindu behar dituelako premiamendua eginez gero, agindeiak hiru hilabetero errepikatuko dira, lehenengo agindeia egin zenetik urtebete igaro arte.

Urtea igaro ondoren, alderdi exekutatuak tituluan xedatutakoa egiteari ezezkoa ematen badio, betearazpenak aurrera egingo du, alderdi betearazleari prestazioaren diruzko baliokidea emateko edo alderdi betearazlea asetzeko egoki diren neurrietatik edozein hartzeko. Auzitegiak neurriok har ditzake, alderdi betearazleak hala eskatuta eta alderdi exekutatuak esan beharrekoa entzun ondoren.

4. Artikulu honen aurreko paragrafoetako xedapenak ez dira aplikatuko, titulu betearazleak esanbidezko xedapena jasotzen badu zordunaren ez-betetzea dagoenerako.

Kasu horretan, titulu betearazlean xedatutakoa hartuko da kontuan.

710 artikulua. Zerbait ez egiteko kondenak

1. Zerbait ez egitera nor kondenatua izan eta horrek ez badu epaia betetzen, agindeia egingo zaio, alderdi betearazleak hala eskatuta, ahal bada gaizki egindakoa desegin dezan, eragindako kalte-ordainak ordain ditzan, eta, hala denean, epaia ostera ere bete gabe utz ez dezan. Halaber, ohartaraziko zaio agintaritza judizialari desobeditzearen ondoriozko delitua egin dezakeela.

Gauza bera egingo da, kondenatuak kondena betetzen ez duen bakoitzean, eta, gaizki egindakoa desegin dezan, auzitegiak mehatxatuko du isunak ezartzearekin, gaizki egindakoa desegin gabe igaro hil bakoitzeko.

2. Zerbait ez egiteko kondenaren izaera kontuan hartuz, ezin bada berriro bete, bete gabe utzi den kondena, eta gaizki egindakoa ere ezin bada desegin, betearazpena gauzatuko da, alderdi betearazleari eragin zaizkion kalte-galerak medeatzeko.

711 artikulua. Isun hertsagarrien zenbatekoa

1. Aurreko artikuluetan ezarri isunen zenbatekoa zehazteko, auzitegiak, probidentzia bitartez, kontuan hartuko du titulu betearazlean bere-berezko egitekoari ezarritako prezioa edo kontraprestazioa. Prezioa edo kontraprestazioa titulu betearazlean jasotzen ez bada edo gaizki egindakoa desegin nahi bada, auzitegiak kontuan hartuko du, jokabide horiek merkatuan duten diruzko kostua.

Hileko isunak prezio edo balioaren %20 izan daitezke, eta isun bakarra, prezio edo balio horren %50.

2. Hala ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektiboak eta zehaztugabeak babesteko bukarazte-akzioari on irizten dion epaiak aginduko du seiehun euro eta hirurogei mila euro arteko isuna, epaian ebazpen judiziala betearazteko zein epe adierazi eta horretan atzeratu egun bakoitzeko, sortutako kaltearen izaera, eta garrantziaren eta kondenatuaren ahalbide ekonomikoaren arabera.

Isun hori Altxor Publikoan sartu beharko da.

IV. KAPITULUA - Kalte-galerak, fruituak eta errentak likidatzea, eta kontu-arrazoiak ematea

712 artikulua. Prozeduraren aplikazio-eremua

Hurrengo artikuluek agindutakoaren arabera jardungo da, baldin eta, lege honekin bat, nahitaezko betearazpenean diruzkoa ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehaztu behar bada, edo, kalte- galerak, fruituak, errentak, onurak nahiz edozein motatako ekoizkinak direla bide, zordundutako kopurua zehaztu behar bada, edo administrazioarengatik kontu-arrazoiak eman eta horren saldoa zehaztu behar bada.

713 artikulua. Likidatzeko eskaera, eta kalte-galeren zerrenda aurkeztea

1. Kalte-galerak jasan dituenak aurkeztu behar du, epaiketan kalte-galerok zehazteko eskabide ziodunarekin batera, kalte-galeron balorazioa jasotzen duen zerrenda xehea; horrez gain, beraren ustez egoki diren irizpenak eta agiriak ekar ditzake.

2. Idazkia, kalte-galeren zerrenda eta gainerako agiriak helaraziko zaizkio kalte-galerok ordaindu behar dituenari, hamar eguneko epean, egokitzat jotzen duena erantzun dezan.

714 artikulua. Zorduna kalte-galeren zerrendarekin ados egotea

1. Zorduna kalte-galeren zerrendarekin eta horren zenbatekoarekin ados badago, auzitegiak errekurtsorik izango ez duen probidentzia bitartez onetsiko du zerrenda, eta adostutako zenbatekoa diru bihurtuko da, 571. artikuluan eta ondorengoetan diruzko betearazpenari buruz ezarritakoaren arabera.

2. Ulertuko da alderdi betearazleak alegatutako egitateekin ados dagoela zorduna, baldin eta hamar eguneko epea igarotzen utzi eta zordun horrek ezer esaten ez badu, edo kalte-galerak oro har ukatzen baditu, hartzekodunak aurkeztu zerrendatik batera ez datozen aldeak zehaztu gabe, eta bat ez etortzearen arrazoiak eta norainokoa adierazi gabe.

715 artikulua. Zordunaren aurkajartzea

Legezko epean, zorduna, arrazoiak emanez, auzi-jartzailearen eskaeraren aurka jartzen bada, kalte-galeren kopuruei dagokienez edo diruzko balorazioari dagokionez, kalte-galeren likidazioa gauzatuko da, 441. artikuluan eta ondorengoetan hitzezko epaiketetarako ezarri izapideen bitartez. Halere, auzitegiak, alderdiak hala eskatuta edo ofizioz, beharrezkotzat jotzen badu, probidentzia bitartez aditua izenda dezake, horrek kalteak benetan sortu diren erabaki eta kalteon diruzko balorazioari buruzko irizpena eman dezan.

Kasu horretan, auzitegiak zehaztuko du adituak irizpena emateko eta irizpen hori epaitegian uzteko epea. Ahozko ikustaldia ez da egingo, irizpena alderdiei zein egunetan helarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamar egun igaro arte.

716 artikulua. Kopuru zehatza finkatzeko autoa

Ikustaldia egin eta hurrengo bost egunetan, auzitegiak bidezkotzat jotzen duen ebazpena emango du auto bitartez. Ebazpenean zehaztuko du kalte- galeren ondorioz hartzekodunari ordaindu beharreko kopurua.

Auto horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, errekurtso horrek ez du ondore etengarririk, eta kostuak ezartzeko esanbidezko adierazpena jaso behar du, lege honen 394. artikuluan xedatutakoaren arabera.

717 artikulua. Diruzkoa ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehazteko eskaera

Diru-kopurua ematea ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehaztea eskatuz gero, prestazio horren diruzko balioespenak adieraziko dira, baita horien oinarri diren arrazoiak ere. Gainera, eskatzaileak ekarriko ditu eskaera oinarritzeko egokitzat jotzen dituen agiriak. Eskaera zordunari helaraziko zaio, horrek hamar eguneko epean egokitzat jotzen duena erantzun dezan.

Eskabidea gauzatu eta ebatziko da, kalte-galerak likidatzeko 714. artikulutik 716.erakoetan ezarritakoari helduta.

718 artikulua. Fruituak eta errentak likidatzea. Eskaera, eta zordunari agindeia egitea

Fruituak, errentak, onurak nahiz edozein motatako ekoizkinak direla-bide zordundutako kopurua zehaztea eskatuz gero, auzitegiak, probidentzia bitartez, zordunari agindeia egingo dio, horrek likidazioa aurkez dezan, kasuan kasuko inguruabarren arabera ezarri epean, eta, hala denean, tituluak ezarri oinarriak kontuan hartuta.

719 artikulua. Hartzekodunak aurkeztutako likidazioa eta likidazio hori zordunari helaraztea

1. Zordunak aurkezten badu aurreko artikuluan aipatu fruituen, errenten, onuren nahiz edozein motatako ekoizkinen likidazioa, likidazio hori hartzekodunari helaraziko zaio, eta, hartzekoduna horrekin bat etorriz gero, likidazioa onetsiko da, errekurtsorik jartzeko aukerarik gabe; adostutako zenbatekoa diru bihurtuko da, 571. artikuluan eta ondorengoetan diruzko betearazpenari buruz ezarritakoaren arabera.

Hartzekoduna ez badago likidazioarekin ados, likidazioa gauzatuko da, lege honen 715. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Ezarri epean zordunak ez badu aurreko paragrafoan aipatutako likidaziorik aurkezten, hartzekodunari agindeia egingo zaio, bidezkotzat jotzen duen likidazioa aurkez dezan, eta likidazio hori alderdi exekutatuari helaraziko zaio. Jardunak aurrera egingo du 714. artikulutik 716.erakoetan ezarritakoaren arabera.

720 artikulua. Administrazioaren ondorioz kontu-arrazoiak ematea

718 eta 719. artikuluetako xedapenak aplikatuko dira, titulu betearazlea bada administrazioaren ondorioz kontu- arrazoiak eta horien saldoa emateko eginbeharrari buruzkoa. Halere, auzitegiak, probidentzia bitartez, epeak luza ditzake, auziaren garrantzia eta konplexutasuna kontuan hartuta, eta hori beharrezkotzat joz gero.

VI. TITULUA - KAUTELA-NEURRIAK

LEHENENGO KAPITULUA - Kautela-neurriak: xedapen orokorrak

721 artikulua. Alderdiak hala eskatu beharra

1. Auzi-jartzaile orok, nagusiak nahiz errekonbentzio bidezkoak, auzitegiari eska diezaioke, bere erantzukizunpean eta titulu honetan xedatutakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen dituen kautela-neurriak hartzea, kasuan kasuko uziari epaiak on iritzi eta epai horrek eman dezakeen babes judizialaren eragingarritasuna ziurtatzeko.

2. Auzitegiak ezin ditu inoiz ofizioz agindu titulu honetan ezarri kautela-neurriak, prozesu berezietarako xedatutakoari kalterik egin gabe.

Halaber, auzitegiak ezin ditu hartu eskatutako neurriak baino astunagoak direnak.

722 artikulua. Kautela-neurriak, tartekaritza-prozeduran eta atzerriko auzietan

Auzitegiari kautela-neurriak eska diezazkioke Espainian ebazteke dagoen tartekaritza-prozesuan alderdi dela, edo, hala denean, Tartekaritza Legearen 38. artikuluan aipatu formalizazio judiziala eskatu duela egiaztatzen duenak; orobat, erakunde-tartekaritzari dagokionez, kasuan kasuko erakundeari beraren erregelamenduaren araberako eskabide edo enkargu egokia aurkeztu diola egiaztatzen duenak ere.

Halaber, aplikatu beharreko itun eta hitzarmenen arabera, atzerrian gauzatu jurisdikzio- edo tartekaritza-prozesuko alderdi dela egiaztatzen duenak Espainiako auzitegiari eska diezaioke kautela-neurriak hartzea, Espainiako auzitegiei soil-soilean ez badagokie auzi nagusiaren gaineko eskumena.

723 artikulua. Eskumena

1. Kautela-neurrien inguruko eskabideei dagokienez, lehen auzialdian auziaren gaineko ardura duen auzitegia da eskuduna, edo, prozesua ez bada hasi, demanda nagusiaren gaineko ardura duen auzitegia.

2. Bigarren auzialdia gauzatzean edo prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio- errekurtsoa gauzatzean, kautela-neurrien inguruan zein eskabide aurkeztu eta eskabide horiek aztertzeko eskuduna da bigarren auzialdiaren edo errekurtso horien gaineko ardura duen auzitegia.

724 artikulua. Eskumena, kasu berezietan

Kautela-neurriak eskatzen badira tartekaritza-prozesua edo tartekaritzaren formalizazio judiziala amaitzeko dagoela, auzitegi eskuduna izango da laudoa betearazi behar den tokikoa, eta, halakorik izan ezean, kautela-neurriek eragingarritasuna izan behar duten tokikoa.

Gauza bera beteko da, prozesua atzerriko auzitegian gauzatzean, itunetan ezarritakoa gorabehera.

725 artikulua. Eskumena ofizioz aztertzea. Kautela-neurriak aurreneurri moduan hartzea

1. Kautela-neurriak demanda baino lehenago eskatzen badira, ez da onartuko lurralde-eskumenik eza oinarritzat duen deklinatoriarik; dena dela, auzitegiak ofizioz aztertuko ditu bere jurisdikzioa, eskumen objektiboa eta lurralde-eskumena.

Gauza bera aginduko da kautela-neurrien eskabidea egiten duenak epaiketa nagusian zer erreklamatu nahi duen aintzat hartu eta horren arabera aplikagarri diren legezko foruak, horiek aginduzkoak izan ala ez, ezin badira izan auzitegiaren lurralde-eskumenaren oinarri.

Halere, legezko foru aplikagarria esku-emailea izanez gero, auzitegiak ez du bere eskumena bertan behera utziko, baldin eta alderdiak esanbidez jarri badira auzitegi horren jurisdikziopean, auzi nagusiari dagokionez.

2. Aurreko paragrafoak aipatu kasuetan, auzitegiak, lurralde-eskumenik ez duela uste izan arren, aurreneurri gisa, presa gehien duten kautela-neurriak agin ditzake, kasuan kasuko inguruabarren arabera hori komeni bada; gerogarrenean, auzitegi eskudunari igorriko dizkio auzi-paperak.

726 artikulua. Kautela-neurrien ezaugarriak

1. Demandatuaren ondasunei eta eskubideei dagokienez, auzitegiak honako ezaugarri hauek duen jarduna, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, agin dezake, kautela-neurri gisa:

1.) Helburua izatea uziari on irizten dion balizko epaian eman daitekeen babes judizialaren eragingarritasuna ahalbidetzea, eta, ondorenez, kasuan kasuko prozesua erabakitzeko dagoen bitartean zein egoera gertatu eta egoera horiek babes judiziala ez eragoztea edo oztopatzea.

2.) Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, ezinezkoa izatea jardun horren ordez beste neurri bat hartzea, ordeztutako neurriaren eragingarritasun bera duena, baina demandatuarentzat arinagoa dena edo galera gutxiago dakarrena.

2. Kautela-neurriak aldi baterakoak, behin-behinekoak, baldintzapekoak, aldatzeko modukoak eta desegiteko modukoak dira lege honetan; auzitegiak kautela-neurri gisa agin ditzake prozesuko uziaren antzeko edukia duten aginduak eta debekuak, azkenean emango den epaia aurretik baldintzatu gabe.

727 artikulua. Kautela-neurri zehatzak

Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, besteak beste, honako kautela-neurri hauek agin daitezke:

1.) Ondasunak aurreneurriz enbargatzea. Hori egingo da, diru-kopuruak edo prezio zehatzak aplikatuta, diruz zenba daitezkeen fruituak, errentak eta gauza suntsikorrak ematera zein epaik kondenatu eta horien betearazpena ziurtatzeko.

Aurreko lerrokadako kasuetatik at, aurreneurrizko enbargoa bidezkoa ere izango da, baldin eta, hori neurri egokia izateaz gain, beraren ordez ezin bada hartu eragingarritasun bera edo handiagoa duen eta demandatuarentzat karga gutxiago duen beste neurririk.

2.) Ondasun emankorren gaineko esku-hartzea edo administrazio judiziala, baldin eta kondena-epaia lortu nahi bada ondasunok eman daitezen jabe gisa, gozamendun gisa, nahiz emankortasunari eustean edota hori hobetzean interes legitimoa duen beste edozein bezala, edo, emankortasuna bermatzeak berebiziko interesa badu ezar daitekeen kondenaren eragingarritasunaren gain.

3.) Ondasun higigarria gordailutzea. Hori egingo da, demandan ondasun higigarria ematea eskatzen bada, eta ondasun hori demandatuaren esku badago.

4.) Ondasunen inbentarioak egitea, auzitegiak horretarako xedatu baldintzetan.

5.) Demandaren aurreneurrizko idatzoharra, demanda hori erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunei edo eskubideei buruzkoa izanez gero.

6.) Erregistroko beste idatzohar batzuk, erregistroko publizitatea erabilgarri izanez gero, betearazpenaren xede onerako.

7.) Jarduera behin-behinean uzteko agindu judiziala; aldi batez jokabidea ez gauzatzeko agindu judiziala; edo gauzatzen ari den prestazioa geldiarazteko edo uzteko aldi baterako debekua.

8.) Ez-zilegitzat jotzen den jardueraren bidez lortu sarreretan kontu hartzea eta sarrerok gordailutzea; hori egingo da, demandan erreklamatzen bada jarduera hori debekatzea nahiz uztea. Halaber, jabetza intelektuala ordaintzeko kopuruak zainpean uztea edo gordailutzea ere.

9.) Jabetza intelektualaren eta industria- jabetzaren arauak hautsiz zein lan edo objektu ekoitzi eta horien aleak aldi baterako gordailutzea, eta horiek ekoizteko erabilitako materiala gordailutzea.

10.) Aurkaratutako sozietate-erabakiak etetea. Hori egingo da, demandatzaileak edo demandatzaileek sozietate-kapitalaren 100eko 1 edo 5 ordezkatzen badute, demandatutako sozietateak aurkaratze- unean bigarren mailako merkatu ofizialean negozia daitezkeen baloreak jaulki dituen edo ez kontuan hartuta.

11.) Legeek eskubide batzuk babesteko esanbidez ezarri neurriak, edo epaiketan uziari on irizten dion epaian eman daitekeen babes judizialaren eragingarritasuna ziurtatzeko beharrezkotzat jotako neurriak.

728 artikulua. Prozesuko berandutzaren ondoriozko arriskua. Eskubide onaren itxura. Kauzioa

1. Kautela-neurriak har daitezen, nahitaezkoa da neurriok nork eskatu eta horrek egiaztatzea, kasuan-kasuan, eskatu neurriak hartu ezean, prozesua erabakitzeko dagoen bitartean uziari on irizten dion epaian eman daitekeen babesaren eragingarritasuna eragotzi nahiz oztopatzen duten egoerak sor daitezkeela.

Ez da kautela-neurririk hartuko, horien bidez aldatu nahi badira eskatzaileak luzaroan onartu dituen egitezko egoerak, salbu eta eskatzaile horrek behar bezala egiaztatzen duenean ordu arte neurriok ez eskatzeko arrazoiak.

2. Halaber, kautela-neurriak nork eskatu eta horrek aurkeztu behar ditu datuak, argudioak eta agiri bidezko egiaztapenak, horiek auzitegia bidera dezaten eskatzailearen uziak duen oinarriari behin-behinekoa eta zantzuen araberakoa den aldeko epaiketa ematera, betiere auziaren edukia aurretik epaitu gabe.

Agiri bitarteko egiaztatzerik izan ezean, eskatzaileak beste bide batzuk erabil ditzake, hori lortzeko.

3. Esanbidez besterik xedatu ezean, behar besteko kauzioa eman behar du kautela-neurria eskatu duenak; hori egingo du, kautela-neurria hartzeagatik demandatuaren ondareari sor dakizkiokeen kalte-galerei, azkar eta eragingarritasunez, aurre egiteko.

Auzitegiak, kauzioa ezartzeko, aintzat hartuko ditu uziaren izaera eta edukia, eta neurria eskatzeko oinarriaren inguruan aurreko paragrafoaren arabera egin balorazioa.

Aurreko lerrokadan aipatu kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko bukarazte-akzioa zein prozeduratan egikaritu eta prozedura horietan, auzitegiak kauzioa ematetik salbuets dezake kautela-neurriaren eskatzailea; horretarako, kontuan izango ditu kasuan kasuko inguruabarrak, eta ukitutako interes ezberdinen garrantzi ekonomikoa eta horien gizarte-eragina.

729 artikulua. Hirugarrengotzak, aurreneurrizko enbargoaren kasuetan

Aurreneurrizko enbargoan jabarihirugarrengotza jar daiteke, baina ez da onartuko eskubide hobeko hirugarrengotzarik. Horrek ez dio kalterik egingo eskubide hobeko hirugarrengotza onartzeari, hori jartzen badu beste prozesu batean zordun berari diru-kopuru bat ematea eskatu dionak.

Aurreneurrizko enbargoa agindu duen auzitegiak du aurreko lerrokadan aipatu hirugarrengotzen gaineko eskumena.

II. KAPITULUA - Kautela-neurriak hartzeko prozedura

730 artikulua. Kautela-neurriak eskatzeko aldiak

1. Oro har, kautela-neurriak demanda nagusiarekin batera eskatuko dira.

2. Halaber, kautela-neurriak demanda jarri aurretik eska daitezke, baldin eta aldi horretan neurriok eskatu dituenak presa- edo beharrizan-arrazoiak alegatzen eta egiaztatzen baditu.

Kasu horretan, agindu neurriak ondorerik gabe utziko dira, demanda jartzen ez bada, neurrion eskabideari buruzko ardura izan duen auzitegian, neurriok hartu eta hurrengo hogei egunetan.

Auzitegiak auto bitartez eta ofizioz aginduko du gauzatutako betetze- egintzak desegitea edo ezeztatzea; eskatzailea kostuak ordaintzera kondenatuko du; eta eskatzaile hori erantzule egingo du, eskatutako neurriak nork jasan eta horri sortu zaizkion kalte-galerei dagokienez.

3. Aurreko paragrafoan aipatu denbora- osagaia ez da aintzat hartuko, tartekaritzaren edo erakunde-tartekaritzaren formalizazio judiziala dagoenean.

Halakoetan, kautela-neurriari eusteko, nahikoa izango da alderdi onuradunak tartekaritza-prozedura hasteko jardun osoa gauzatzea.

4. Demanda jarri ondoren edo errekurtsoa ebazteke dagoenean, kautela-neurriak hartzea eska daiteke, soilik, eskaera oinarritzen bada une horretan eskabidea egiaztatzen duten egitate eta inguruabarretan.

Eskabide horren izapideak egingo dira, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

731 artikulua. Kautela-neurriak erantsiak izatea. Behin-behineko betearazpena eta kautela-neurriak

1. Ez zaio kautela-neurriari eutsiko, prozesu nagusia bukatzen bada, kondena-epaia edo horren pareko autoa ez den arrazoi bat dela bide. Prozesua kondena-epaiarekin edo horren pareko autoarekin bukatzen bada, ordea, agindu neurriei eutsiko zaie, lege honen 548. artikuluan aipatu epea igaro arte.

Epe hori igaro ondoren, betearazpena eskatzen ez bada, hartu neurriak desegingo dira.

Horrez gain, ezin dakioke kautela-neurriari eutsi, prozesua sei hilabete baino gehiago etenda geratzen bada, neurria eskatu duenari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

2. Epaia behin-behinean betearaztea aginduz gero, hartutako kautela-neurriak desegingo dira, horiek betearazpenari lotuta badaude.

732 artikulua. Kautela-neurriak eskatzea

1. Kautela-neurriak modu argian eta zehaztasunez eskatuko dira. Gainera, bete-betean egiaztatuko da izan badirela neurriok hartzeko legean ezarri baldintzak.

2. Eskabidearekin batera ekarriko dira hori oinarritzeko agiriak; edo beste bide batzuk gauzatzea eskainiko da, kautela-neurriak hartzea baimendu duten baldintzak egiaztatzeko.

Kautela-neurriak eskatzen badira jarduera ez-zilegiak debekatzeko edo bukarazteko demandekin hasitako prozesuetan, auzitegiari proposa dakioke, presaz eta eskabide-idazkia helarazi gabe, txostenak eskatzea edo eskatzaileak ekar nahiz gauza ezin ditzakeen ikerketak agintzea, ikerketok beharrezkoak badira eskabidea ebazteko.

Auzi-jartzaileak froga proposatzeko aukera galduko du, kautela-neurriak eskatzean.

3. Eskaera-idazkian, kauzioa ematea eskaini behar da, eskainitako kauzio- mota edo -motak zehaztuz eta proposatu zenbatekoa egiaztatuz.

733 artikulua. Demandatua entzutea. Salbuespenak

1. Erregela orokor gisa, auzitegiak ebazpena emango du kautela-neurriak eskatzearen inguruan, demandatua entzun ostean.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, neurriak nork eskatu, eta horrek hala eskatu eta egiaztatu badu presa-arrazoiak daudela edo aurretiaz demandatua entzutearen ondorioz kautela- neurriaren emaitza ona arriskuan jar daitekeela, orduan auzitegiak, besterik gabe eta auto bitartez, kautela-neurria har dezake, bost eguneko epean. Dena dela, auzitegiak banan-banan arrazoitu beharko du, bai zeintzuk izan diren kautela-neurriaren betekizunak badirela, bai kautela-neurria demandatua entzun gabe hartzea eragin duten arrazoiak.

Demandatua entzun gabe kautela-neurriak hartzea zein autok agindu eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri, eta titulu honen III. kapituluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

734 artikulua. Alderdiak entzuteko ikustaldia

1. Eskabidea jaso ondoren, eta aurreko artikuluaren bigarren lerrokadako kasuetan izan ezik, auzitegiak, probidentzia bitartez, ikustaldira deituko ditu alderdiak, bost egunetako epean, eskabidea demandatuari jakinarazi zaionetik zenbatzen hasita. Ikustaldia hurrengo hamar egunetan egingo da, ebazteke dauden auzien hurrenkerari heldu beharrik gabe, kautela-neurriaren eragingarritasunak hala behar badu.

2. Ikustaldian, auzi-jartzaileak eta demandatuak euren eskubideentzat egoki dena azal dezakete. Horretarako, auzi-jartzaileak eta demandatuak zein froga izan, eta horiek guztiak erabiliko dituzte. Froga horiek onetsi eta gauzatuko dira, kautela-neurrien baldintzei jarraituz.

Halaber, haiek azterketa judiziala egitea eska dezakete, hori alde garrantzitsuak egiaztatzeko beharrezkoa bada. Azterketa judiziala egokitzat jo eta ikustaldi-ekitaldian gauzatu ezin bada, bost eguneko epean gauzatuko da.

Era berean, kauzio-motari eta zenbatekoari buruz alegazioak azal daitezke.

Kautela-neurria jasan behar duenak auzitegiari eska diezaioke ordezko kauzioa agintzea, kautela-neurriaren ordez, lege honen 746. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Agerraldiak aurrera egiteari, horren edukiari eta proposatutako frogari buruzko auzitegi-ebazpenen aurka, ezin da errekurtsorik jarri. Edozelan ere, aurretiaz protesta eginez gero, agerraldian gauzatu arau-hausteak alega daitezke, kautela-neurrien inguruan ebatzi autoaren aurkako errekurtsoan.

735 artikulua. Kautela-neurriak hartzeko autoa

1. Ikustaldia bukatu ondoren, auzitegiak, auto bitartez, kautela-neurrien eskabideari buruz erabakiko du, bost eguneko epean.

2. Auzitegiak uste badu ezarri betekizun guztiak badirela, eta, alegazioak eta egiaztapenak aintzat hartuta, frogatu bada prozesua atzeratzeko arriskua badagoela, orduan auzitegiak onetsiko ditu eskatu neurriak. Horretarako, eskubide onaren itxura kontuan hartuta, auzitegiak zehaztasun handienarekin finkatuko ditu agindutako kautela-neurriak; neurrion araubidea ezarriko du; eta, hala denean, eskatzaileak eman beharreko kauzioaren forma, zenbatekoa eta denbora zehaztuko ditu.

Kautela-neurriak hartzea agindu duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, ondore etengarririk gabe.

736 artikulua. Kautela-neurriei gaitz irizten dien autoa. Eskabidea errepikatzea, inguruabarrak aldatuz gero

1. Kautela-neurriari gaitz iritziz auzitegiak zein auto eman eta horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa soil-soilik jar daiteke, errekurtso horren izapideak lehenespenekoak direla.

Kostuak 394. artikuluan jaso irizpideen arabera ezarriko dira.

2. Kautela-neurrien eskaera ukatu arren, auzi-jartzaileak eskabidea berriro egin dezake, eskaera egiteko unean zeuden inguruabarrak aldatzen badira.

737 artikulua. Kauzioa ematea

Kauzioa eman behar da, beti, hartutako kautela-neurria betetzeko egintzetatik edozein gauzatu baino lehen.

Auzitegiak probidentzia bitartez erabakiko du, kauzioaren zenbatekoaren egokitasunari eta nahikotasunari buruz.

738 artikulua. Kautela-neurria betearaztea

1. Kautela-neurria agindu eta kauzioa eman ondoren, auzitegiak ofizioz eta berehala betearaziko du kautela-neurria. Horretarako, beharrezko bideak erabiliko ditu, epaiak betearazteko ezarritakoak barne.

2. Aurreneurrizko enbargoa aginduz gero, 584. artikuluan eta ondorengoetan betearazpen-prozesuetarako ezarritakoaren arabera jardungo da; baina zordunak ez du zertan adierazi 589. artikuluan xedatu ondasunak.

Administrazio judiziala ezarriz gero, 630. artikuluaren eta ondorengoen arabera jardungo da.

Aurreneurrizko idatzoharra aginduz gero, erregistro eskudunaren arauen arabera jardungo da.

3. Kautela-neurriak ukitu ondasun edo eskubideen gordailuzainek, administratzaile judizialek edo erantzuleek besteren ditzakete ondasun edo eskubideok, bakarrik, auzitegiak probidentzia bitartez hori baimendu ondoren, eta, salbuespeneko inguruabarrak direla bide, demandatuaren ondarearentzat astunagoa bada ondasunei edo eskubideei eustea, horiek besterentzea baino.

III. KAPITULUA - Demandatua entzun gabe hartu kautela-neurrien aurka jartzea

739 artikulua. Kautela-neurriaren aurka jartzea

Kautela-neurria demandatua entzun gabe hartu bada, demandatua horren aurka jar daiteke, hogei egunetako epean, kautela-neurriak agindu autoa jakinarazi denetik zenbatzen hasita.

740 artikulua. Aurka jartzeko arrazoiak. Ordezko kauzioa eskaintzea

Kautela-neurriaren aurka jarri denak, aurka jartzeko arrazoi gisa azal ditzake eragingarritasunez hartu kautela-neurriaren edo neurrien egokitasunaren, betekizunen, norainokoaren, motaren eta gainerako inguruabarren aurkako egitate eta arrazoiak, mugarik gabe.

Horrez gain, ordezko kauzioa eskain daiteke, titulu honen V. kapituluan xedatutakoaren arabera.

741 artikulua. Neurriak eskatu dituenari aurka-jartzea helaraztea, ikustaldian agertzea eta erabakia

1. Aurka jartzeko idazkia helaraziko zaio kautela-neurriak eskatu dituenari; eta, ondoren, 734. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

2. Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak, bost eguneko epean, auto bitartez erabakiko du aurka-jartzearen inguruan.

Auzitegiak hartutako kautela-neurriei eutsiz gero, aurka-jartzailea kondenatuko du aurka-jartzeak eragin kostuak ordaintzera.

Auzitegiak kautela-neurriak desegiten baditu, auzi-jartzailea kondenatuko du kautela-neurriek eragindako kostuak eta kalte-galerak ordaintzera.

3. Aurka-jartzea erabaki duen autoa gora jo daiteke, ondore etengarririk gabe.

742 artikulua. Kalte-galerak ordainaraztea

Aurka-jartzeari on iritzi dion autoa irmo bihurtu ondoren, ezeztatutako kautela- neurriak kasuan-kasuan sortu dituen kalte-galerak zehaztuko dira, demandatuak hala eskatuta, eta 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarri izapideen bitartez. Kalte-galerok zehaztu ondoren, kautela-neurria eskatu duenari horiek ordaintzea aginduko zaio, eta, ordaintzen ez baditu, nahitaez eta berehala ordainaraziko dira.

IV. KAPITULUA - Kautela-neurriak aldaraztea eta desegitea

743 artikulua. Kautela-neurriak aldatu ahal izatea

Kautela-neurriak aldaraz daitezke, alegatu eta frogatzen badira neurriok hartzeko edo neurrion aurka jartzeko unean kontuan hartu ezin izan diren egitateak eta inguruabarrak.

Aldarazte-eskabidea gauzatu eta ebatziko da, 734. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

744 artikulua. Kautela-neurria desegitea, irmo ez den epaiaren ondoren

1. Demandatua lehenengo edo bigarren auzialdian absolbitu ondoren, auzitegiak berehala aginduko du hartu diren kautela-neurriak desegitea, salbu eta errekurtsogileak neurriari eustea edo bestelako neurriren bat hartzea eskatu eta auzitegiak auto bitartez eskabidea bidezkotzat jo duenean, aurkako alderdiak esan beharrekoa entzun ondoren, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanda eta kauzioaren zenbatekoa gehituta.

2. Demandari zati batez on iritziz gero, auzitegiak auto bitartez ebatziko du, aurkako alderdiak esan beharrekoa entzun ondoren, hartu diren kautela-neurriei eustearen, neurriok desegitearen edo aldaraztearen inguruan.

745 artikulua. Neurriak desegitea, absoluzio-epai irmoaren ondoren

Funtsean nahiz auzialdian, absoluzio- epaia irmo egin ondoren, hartutako kautela-neurri guztiak ofizioz desegingo dira, eta, demandatuak jasandako kalte-galerei dagokienez, 742. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

Gauza bera aginduko da, akzioari uko egitean edo auzialdian atzera egitean.

V. KAPITULUA - Kautela-neurrien ordezko kauzioa

746 artikulua. Ordezko kauzioa

1. Kautela-neurriak noren aurka eskatu edo hartu eta horrek eska diezaioke auzitegiari kautela-neurrien ordez berak emandako kauzioa onartzea, uziari on iritzi dion epaia eragingarritasunez betetzeko; kauzio hori auzitegiaren iritziz behar bestekoa izan behar da.

2. Auzitegiak, ordezko kauzioaren eskaerari buruz erabaki dezan, aztertuko ditu kautela-neurriak eskatzeko oinarria, kondena-uziaren izaera eta edukia, eta demandatuaren jarrerak izan dezakeen itxura juridiko onuragarria.

Halaber, auzitegiak kontuan hartuko du kautela-neurriak demandatuaren ondare- edo ekonomia-jarduera modu larrian eta proportziorik gabe murriztu edo oztopatu behar duen, betiere neurriak eskatzailearentzat dakarren ziurtasunarekin alderatuta.

747 artikulua. Ordezko kauzioa eskatzea

1. Kautela-neurriaren ordezko kauzioa emateko eskabidea azal daiteke, 734. artikuluan ezarritakoaren arabera, edo, kautela-neurria dagoeneko hartuta badago, aurka-jartzeko izapidean edo idazki ziodunaren bitartez. Idazki ziodun horrekin batera ekar daitezke kaudimenari eta neurria hartzearen ondorioei buruzko agiriak, bai eta prozesuko berandutzaren arriskua ahalik zehatzen baloratzeko egoki diren agiriak ere.

Kautela-neurria eskatu duenari idazkia helarazi eta bost egun igaro ondoren, alderdiak deituko dira ordezko kauzioaren eskabideari buruzko ikustaldirako, 734. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak bidezkotzat jotzen duena ebatziko du, auto bitartez, beste bost eguneko epean.

2. Ezin da errekurtsorik jarri, ordezko kauzioa onartzea edo ez onartzea ebatzi duen autoaren aurka.

3. Kautela-neurriaren ordezko kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan.

IV. LIBURUA - PROZESU BEREZIAK LEHENENGO TITULUA

GAITASUNARI, SEME-ALABATASUNARI, EZKONTZARI ETA ADINGABEEI BURUZKO PROZESUAK

LEHENENGO KAPITULUA - Xedapen orokorrak

748 artikulua. Titulu honen aplikazio-eremua

Titulu honetako xedapenak hurrengo prozesu hauetan aplikatuko dira:

1.) Pertsonen gaitasunari eta zarrastelkeria- adierazpenari buruzkoetan.

2.) Seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzkoetan.

3.) Ezkontza-deuseztasunari, banantzeari eta dibortzioari buruzkoetan, eta horietan hartutako neurriak aldarazteari buruzkoetan.

4.) Soil-soilik seme-alaba adingabeak zaintzearen eta jagotearen ingurukoetan, edo seme-alaba adingabeen izenean gurasoetako batek besteari erreklamatu mantenuaren ingurukoetan.

5.) Elizak ezkontzaren artean emandako ebazpenei edo hartutako erabakiei eragingarritasun zibila aitortzeari buruzkoetan.

6.) Adingabeak babesteari dagokionez, administrazio-ebazpenen aurka jartzea xedetzat duten horietan.

7.) Adopzioari baiezkoa eman beharraren ingurukoetan.

749 artikulua. Fiskaltzak esku hartzea

1. Ezgaiketari, ezkontza-deuseztasunari, eta seme-alabatasuna zehazteari eta aurkaratzeari buruzko prozesuetan, Fiskaltza beti izango da alderdi, nahiz eta berak prozesuok hasi ez eta legearen arabera alderdiren bat defendatzeko betebeharrik izan ez.

2. Titulu honek aipatu gainerako prozesuetan, nahitaezkoa da Fiskaltzak esku hartzea, betiere prozesuko interesdunetako bat adingabea nahiz ezgaitua denean edo legezko absentzia-egoera duenean.

750 artikulua. Alderdiak ordezkatzea eta defendatzea

1. Legearen arabera Fiskaltzak alderdiak defendatu beharreko kasuetatik at, titulu honek aipatu prozesuetan, alderdiek jardungo dute, abokatuak lagundurik eta prokuradoreak ordezkatuta.

2. Ezkontideek defentsa eta ordezkaritza bakarra izan dezakete, biek batera etorriz eskatu banantze- edo dibortzio- prozeduretan.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, auzitegiak ez badu onesten ezkontide batek proposatu ituna, alderdiei agindeia egingo zaie, bost eguneko epean adieraz dezaten defentsa eta ordezkaritza bakarrari eutsi nahi dioten, edo, kontrara, auzian bakoitzak bere defentsa eta ordezkaritzarekin jardun nahi duen.

Halaber, alderdiek sinatu eta auzitegiak homologatu hitzarmena izan arren, alderdietako batek hitzarmenaren betearazpen judiziala eskatuz gero, beste alderdiari agindeia egingo zaio, bera defendatuko duen abokatua eta ordezkatuko duen prokuradorea izenda ditzan.

751 artikulua. Prozesuko objektua xedatzeko ezintasuna

1. Uko-egiteak, amore-emateak eta transakzioak ez dute ondorerik izango, titulu honek aipatu prozesuetan.

2. Atzera-egiteak Fiskaltzaren adostasuna behar du, hurrengo kasu hauetan izan ezik:

1.) Zarrastelkeria adierazteko prozesuetan, baita seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzko prozesuetan ere, prozeduran interesa duen adingabe, ezgaitu edo absenterik ez badago.

2.) Adingabetasunaren ondoriozko ezkontza-deuseztasunari buruzko prozesuetan, deuseztasun-akzioa egikaritu badu adingabe zela, ezkondutako ezkontideak adin-nagusitasuna lortu ondoren.

3.) Okerraren, derrigortzearen edo beldur larriaren ondoriozko ezkontzadeuseztasunari buruzko prozesuetan.

4.) Banantze- eta dibortzio-prozesuetan.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, titulu honek aipatu prozesuetan zenbait uzi azaltzen badira, eta, aplikatu beharreko legeria zibilaren arabera, uziok alderdiek askatasunez xeda ditzaketen gaiak ukitzen badituzte, orduan, uzi horien inguruan uko egiteko, amore emateko, transakziorako edo atzera egiteko aukera dago, lege honetan I. liburuko I. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera.

752 artikulua. Froga

1. Titulu honetan aipatu prozesuak erabakiko dira, eztabaidatu eta frogatutako egitateen arabera, egitateok prozeduran zein unetan alegatu edo nola sartu diren aintzat hartu gabe.

Fiskaltzak eta gainerako alderdiek hala eskatu eta gauzatutako frogei kalterik egin gabe, auzitegiak ofizioz agin ditzake egokitzat jotzen dituen froga guztiak.

Era berean, titulu honek aipatu prozesuetan, auzitegiarentzat ez da loteslea izango lege honen alderdi-galdeketaren, agiri publikoen eta aitortutako agiri pribatuen indar frogatzaileari buruz ezarritako xedapenak.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa bigarren auzialdian ere aplikatuko da.

4. Titulu honek aipatu prozesuetan zenbait uzi azaldu, eta, aplikatu beharreko legeria zibilaren arabera, uziok alderdiek askatasunez xeda ditzaketen gaiak ukitzen badituzte, ez dira aplikatuko aurreko paragrafoetan jaso berezitasunak.

753 artikulua. Izapidetza

Esanbidez besterik xedatu ezean, titulu honek aipatu prozesuak hitzezko epaiketaren izapideei jarraituz gauzatuko dira. Halere, demanda helaraziko zaie Fiskaltzari, bidezkoa denean, eta legearen arabera prozeduran alderdi izan behar duten gainerako pertsonei, horiek demandatuak izan zein izan ez; horiek epatuko dira, hogei eguneko epean demandari erantzun diezaioten, lege honen 405. artikuluan ezarritakoaren arabera.

754 artikulua. Publizitatea baztertzea

Titulu honek aipatu prozesuetan, auzitegiek, probidentzia bitartez, erabaki dezakete, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, ekitaldiak eta ikustaldiak ateak itxita egitea eta jarduna isilpekoa izatea, inguruabarren arabera hori komenigarri bada, nahiz eta lege honen 138. artikuluko 2. paragrafoan jaso kasuak gertatu ez.

755 artikulua. Epaiak erregistro publikoei komunikatzea

Bidezkoa denean, titulu honek aipatu prozeduretan zein epai edo ebazpen eman eta horiek ofizioz komunikatuko zaizkie erregistro zibilei, horietan kasuan kasuko idazkunak egin daitezen.

Alderdiek hala eskatuta, epaiok eta ebazpenok beste edozein erregistro publikori ere komunikatuko zaizkio, kasuan- kasuan bidezkoak diren ondoreetarako.

II. KAPITULUA - Pertsonen gaitasunari buruzko prozesuak

756 artikulua. Eskumena

Gaitasunari eta zarrastelkeria-adierazpenari buruzko demandak aztertzeko eskuduna da eskatu adierazpena zein pertsonaren gainekoa izan eta hori bizi den tokiko lehen auzialdiko epailea.

757 artikulua. Legitimazioa, ezgaiketari eta zarrastelkeria-adierazpenari buruzko prozesuetan

1. Ezgaitasun-adierazpena eragin dezakete ustezko ezgaituak, ustezko ezgaiaren ezkontideak edo antzeko egitezko egoera duenak, ondorengoek, aurrekoek edo neba-arrebek.

2. Fiskaltzak ezgaiketa eragin behar du, aurreko paragrafoan aipatu pertsonak izan ezean edo horiek ezgaiketa eskatu ezean.

3. Edozeinek eman diezaioke Fiskaltzari ezgaiketarako erabakigarri izan daitezkeen egitateen berri.

Agintariek eta funtzionario publikoek, euren kargua dela eta, pertsona bat ezgaitzeko ustezko arrazoia dagoela jakin badakite, horren berri eman behar diote Fiskaltzari.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, guraso-ahala edo tutoretza egikaritzen dutenek bakar-bakarrik eragin dezakete adingabeen ezgaiketa, legearen arabera hori bidezko denetan.

5. Ustezko zarrastelarengandik mantenua jasotzen duten edo mantenua erreklama dezaketen ezkontideak, ondorengoek, aurrekoek edo horien legezko ordezkariek bakarrik eska dezakete zarrastelkeria-adierazpena.

Legezko ordezkariek zarrastelkeria-adierazpena eskatu ezean, Fiskaltzak eskatuko du.

758 artikulua. Demandatua bertaratzea

Ustezko ezgaia edo zarrastelkeria-adierazpenerako eskabideak ukitzen duen pertsona prozesuan ager daiteke, bere defentsa eta ordezkaritzarekin.

Hori egin ezean, Fiskaltzak defendatuko ditu halakoak, betiere berak ez duenean prozedura eragin.

Bestelako kasuetan, defendatzaile judiziala izendatuko da, aldez aurretik izendatuta ez badago.

759. artikulua. Manuzko froga eta entzunaldiak, ezgaiketa-prozesuetan

1. Ezgaiketa-prozesuetan, 752. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatutako frogez gain, auzitegiak ustezko ezgaiaren ahaiderik hurbilenak entzun, ezgaia bere kabuz aztertu, eta demandako uzien eta legeek ezarritako gainerako neurrien arabera beharrezko eta egoki diren aditu-irizpenak aginduko ditu.

Ez da inoiz ezgaiketari buruzko erabakirik hartuko, auzitegiak agindutako mediku-irizpenik gabe.

2. Ezgaiketa-demandan ustezko ezgaiari lagundu edo hura ordezkatu eta zainduko duen pertsona edo pertsonak izendatzea eskatzen bada, entzungo dira ustezko ezgaiaren ahaiderik hurbilenak, ustezko ezgaia bera, horrek adimen nahikoa izanez gero, eta auzitegiak egokitzat jotzen dituen gainerako pertsonak.

3. Ezgaiketari buruz zein epaik erabaki eta hori gora jotzen bada, bigarren auzialdian ere ofizioz aginduko da artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu manuzko frogak gauzatzea.

760 artikulua. Epaia

1. Ezgaiketa zein epaik adierazi eta horrek zehaztuko ditu ezgaiketaren hedadura eta mugak, baita ezgaituaren tutoretza- edo zaintza-araubidea ere. Horrez gain, hala denean, epaiak barnealdiaren beharrizanari buruzko erabakia emango du, 763. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. Aurreko artikuluaren 2. paragrafoak aipatu kasuan, auzitegiak eskabidea onartuz gero, ezgaiketa edo zarrastelkeria zein epaitan adierazi eta horretan izendatuko dira, legearen arabera, ezgaiari lagundu edo hura ordezkatu eta zaindu behar duen pertsona edo pertsonak.

3. Zarrastelkeria zein epaitan adierazi eta horrek zehaztuko ditu zarrastelak laguntzailearen adostasunik gabe gauzatu ezin dituen egintzak.

761 artikulua. Gaitasuna berreskuratzea eta ezgaiketaren norainokoa aldaraztea

1. Ezgaiketa-epaiak ez du eragotziko, inguruabar berriak agertzekotan, beste prozesu bat eskatzea, jada ezarri den ezgaiketa ondorerik gabe uzteko edo horren norainokoa aldarazteko.

2. Aurreko paragrafoko prozesua hasteko eskaera egin behar dute 757. artikuluko 1. paragrafoan aipatu pertsonek, babes kargua dutenek edo ezgaitua zainpean dutenek, Fiskaltzak eta ezgaituak berak.

Ezgaitua epaiketan agertzeko gaitasunaz gabetua izan bada, epailearen esanbidezko baimena lortu beharko du prozesuan bere kabuz jarduteko.

3. Artikulu honek aipatu prozesuetan ofizioz gauzatuko dira 759. artikuluan aipatu manuzko frogak, lehenengo auzialdian, eta, kasuan-kasuan, bigarren auzialdian ere bai.

Eman beharreko epaiak erabaki behar du ezgaiketa ondorerik gabe uztea bidezkoa den, edo ezgaiketaren hedadura eta mugak aldarazi behar diren.

762 artikulua. Kautela-neurriak

1. Auzitegi eskudunak norbait ezgaitzeko ustezko arrazoia egon daitekeela jakin badaki, neurri egokiak hartuko ditu ofizioz, ustezko ezgaia edo horren ondarea egoki babesteko. Gainera, auzitegiak Fiskaltzari emango dio egitatearen berri, azken horrek, bidezkotzat jotzen badu, ezgaiketa eragin dezan.

2. Halaber, Fiskaltzak, norbait ezgaitzeko arrazoia dagoela jakin bezain laster, auzitegiari eska diezaioke aurreko paragrafoan aipatu neurriak berehala hartzea.

Neurri berberak har daitezke, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, ezgaiketa-prozeduraren edozein unetan.

3. Erregela gisa, aurreko paragrafoetan aipatu neurriak hartuko dira, ukitu pertsonak entzun ondoren.

Horretarako, lege honen 734, 735 eta 736. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

763. artikulua. Borondatezkoa ez den barneratzea, buru-nahastearen ondorioz

1. Norbaitek, buru-nahasketa dela eta, ezin badu bere kabuz barneratzea erabaki, bera barneratzeko epailearen baimena behar da, pertsona hori guraso ahalpean edo tutoretzapean egon arren. Baimena eskatuko zaio barneratzeak zein pertsona ukitu eta horren egoitzaren tokiko auzitegiari.

Baimena eman behar da aipatu barnealdiaren aurretik, salbu eta neurria presako arrazoiengatik berehala hartu behar denean.

Kasu horretan, barnealdia egin den zentroko arduradunak ahalik arinen emango dio barnealdiaren berri auzitegi eskudunari, eta beti hogeita lau orduko epean, neurri horren manuzko berrespena egiteko. Berrespen hori egin behar da, hirurogeita hamabi orduko epean, auzitegiak barnealdiaren berri duenetik zenbatuta.

Presako barneratzeetan, barneratze-zentroaren tokiko auzitegiak du neurria berresteko eskumena.

Auzitegi horrek jardun behar du, hala denean, lege honen 757. artikuluko 3. paragrafoaren arabera.

2. Adingabeak beti barneratuko dira euren adinaren arabera egoki den buru-osasunerako establezimenduan, adingabeari laguntza emateko zerbitzuek txostena egin ondoren.

3. Baimena eman aurretik edo jada egin den barnealdia berretsi aurretik, auzitegiak entzungo ditu erabakiak ukitu pertsona, Fiskaltza eta beste edozein pertsona, baldin eta auzitegiak azken horren agerraldia egokitzat jotzen badu edo neurriak ukitu pertsonak hala eskatzen badu.

Gainera, kasuan-kasuan garrantzitsu izan daitezkeen frogetatik beste edozein gauzatzeari kalterik egin gabe, auzitegiak bere kabuz aztertu beharko du barnealdia jasango duen pertsona, eta berak izendatu duen medikuaren irizpena entzungo du.

Barnealdi-neurriak ukitu pertsonak ordezkaritza eta defentsa izan ditzake jardun guztitan, lege honen 758. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan ere, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke auzitegiak barnealdiaren inguruan hartu erabakiari.

4. Barnealdia agindu ebazpen berean adieraziko da, barneratuta dagoen pertsonaren zaintzaz arduratutako medikuek auzitegiari aldizka informazioa eman behar diotela neurria iraunarazteko beharrizanari buruz; horri kalterik egin gabe, auzitegiak beste txosten batzuk eska ditzake, egokitzat jotzen baditu.

Aldizkako txostenak sei hilabetero emango dira, auzitegiak epe laburragoa adierazi ezean, barnealdia eragin zuen nahastearen izaera kontuan izanik.

Aipatu txostenak jaso ondoren, auzitegiak, bere ustez nahitaezko jarduna gauzatu eta gero, barnealdiari eustearen inguruan bidezkoa dena aginduko du.

Aurreko lerrokadetan xedatutakoari kalterik egin gabe, barneratutako pertsona zaintzen duten medikuek uste badute ez dela beharrezkoa barnealdiari eustea, gaixoari alta eman eta berehala auzitegi eskudunari komunikatuko diote hori.

III. KAPITULUA - Seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzko prozesuak

764 artikulua. Seme-alabatasuna legez zehaztea, epai irmoaren bitartez

1. Auzitegiei eska dakieke seme-alabatasuna legez zehaztea; bestalde, legez zehaztu seme-alabatasuna aurkara daiteke auzitegietan, legeria zibilak ezarri kasuetan.

2. Auzitegiek ez dute onartuko demandaren izapidetzarik, horrekin aurkaratu nahi bada, edo epai irmo bidez zehaztu seme-alabatasunarekin bat ez datorren seme-alabatasuna ezarri nahi bada.

Epai irmo hori prozesua hasi ondoren egiaztatzen bada, auzitegiak besterik gabe artxibatuko du prozesua.

765 artikulua. Seme edo alaba adingabeari nahiz ezgaituari dagozkion akzioak egikaritzea eta prozesuko oinordetza

1. Seme edo alaba adingabearen nahiz ezgaituaren legezko ordezkariak edo Fiskaltzak egikari ditzakete seme edo alaba horri seme-alabatasuna zehazteko edo aurkaratzeko dagozkion akzioak, legeria zibilean xedatutakoaren arabera.

2. Kapitulu honek aipatu prozesu guztietan, auzi-jartzailea hiltzean, jaraunsleek aurrera egin dezakete jada azaldu akzioekin.

766 artikulua. Legitimazio pasiboa

Kapitulu honek aipatu prozesuetan, alderdi demandatu izango dira, seme-alabatasuna zehaztea eskatzen bada, demandan guraso-, seme- edo alaba-izaera nori eratxiki eta horiek, demanda jarri ez badute; eta, seme-alabatasuna aurkaratzen bada, legez zehaztu seme-alabatasunaren arabera guraso, seme edo alaba gisa agertzen direnak.

Horietatik edozein hilda egonez gero, horien jaraunsleak izango dira alderdi demandatu.

767 artikulua. Prozeduraren eta frogaren inguruko berezitasunak

1. Ez da demandarik onartuko seme-alabatasuna zehazteko edo aurkaratzeko, baldin eta, demandarekin batera, horren oinarri diren egitateen froga-hastapena aurkezten ez bada.

2. Seme-alabatasunari buruzko epaiketetan onargarria da froga-mota guztiak erabiltzea, biologikoak barne, aitatasuna eta amatasuna ikertzeko.

3. Zuzeneko frogarik izan ez arren, seme-alabatasuna adieraz daiteke, hori ondorioztatzen badute esanbidezko edo isilbidezko aitorpenak, edukitza-egoerak, ernalketa-garaian amarekin bizitzeak, edo, era bertsuan, seme-alabatasuna dakarten beste egitate batzuek.

4. Aitatasun- edo amatasun-froga biologikoa egiteari ezetza emateak, hori justifikaziorik gabekoa bada, auzitegiari ahalbidetuko dio erreklamatu seme-alabatasuna adieraztea, betiere aitatasunaren edo amatasunaren aldeko beste zantzu batzuk daudenean eta beste bide batzuk erabiliz aitatasunaren edo amatasunaren froga lortu ez denean.

768 artikulua. Kautela-neurriak

1. Seme-alabatasuna aurkaratzeko prozedurak iraun bitartean, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, guraso gisa nor agertu eta horren ahalpean dagoen pertsona bera eta horren ondasunak babesteko.

2. Seme-alabatasuna epaiketa bitartez erreklamatu ondoren, auzitegiak agin ditzake demandatuak behin-behineko mantenua ematea eta, hala denean, aurreko paragrafoan aipatu babes-neurriak hartzea.

3. Erregela gisa, aurreko paragrafoetan aipatu neurriak hartuko dira, neurriok uki ditzaketen pertsonak entzun ondoren.

Horretarako, lege honen 734, 735 eta 736. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Dena den, presako arrazoiak izanez gero, neurriak besterik gabe har daitezke, eta interesdunei agerraldirako zitazioa egitea aginduko da. Agerraldi hori hurrengo hamar egunetan egingo da, eta auzitegiak auto bitartez ebatziko du hartu neurrien bidezkotasunaren inguruan, betiere, agertutakoen alegazioak entzun ondoren.

Prozesu hauetan kautela-neurriak hartzeko, ez dago zertan kauziorik galdatu neurriok eskatu dituenari.

IV. KAPITULUA - Ezkontzari eta adingabeei buruzko prozesuak

769 artikulua. Eskumena

1. Esanbidez besterik xedatu ezean, kapitulu honetan aipatu prozedurez arduratzeko eskumena izango du ezkontideen egoitza zein tokitan izan eta toki horretako lehen auzialdiko epaitegiak.

Ezkontideak epai-barruti berean bizi ez badira, auzitegi eskuduna izango da ezkontideen azken egoitzari edo demandatuaren bizilekuari dagokion auzitegia, demandatzaileak edo banantzea nahiz dibortzioa adostasunez eskatu duten ezkontideek hala aukeratuta.

Egoitza edo bizileku finkorik ez dutenak demanda daitezke, demandatzaileak hala aukeratuta, dauden tokian edo euren azken bizilekuan. Era horretara ere ezin bada eskumenik zehaztu, eskumena izango du auzi-jartzailearen egoitzari dagokion auzitegiak.

2. 777. artikuluan aipatu bezala, elkarren arteko adostasunez egindako banantze- edo dibortzio-prozeduran, eskuduna izango da ezkontideen azken egoitza erkideari nahiz eskatzaileetatik edozeinen egoitzari dagokion auzitegia.

3. Seme-alaba adingabeak zaintzeari eta jagoteari buruzko prozesuetan, edo guraso batek seme-alaba adingabeen izenean beste gurasoari erreklamatu mantenuari buruzko prozesuetan, eskuduna izango da gurasoen azken egoitza erkideari dagokion lehen auzialdiko epaitegia.

Gurasoak epai-barruti berean bizi ez badira, demandatuaren egoitzaren tokiko edo adingabearen bizilekuaren tokiko auzitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

4. Auzitegiak ofizioz aztertuko du bere eskumena.

Deusezak dira alderdien hitzarmenak, horiek artikulu honetan xedatutakoaren aurkakoak badira.

770 artikulua. Prozedura

Banantze- eta dibortzio-demandak, 777. artikuluan ezarritakoak izan ezik, ezkontzaren deuseztasunari buruzkoak eta Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluaren babesean aurkeztutakoak, hitzezko epaiketaren izapideen arabera gauzatuko dira, titulu honen I. kapituluan ezarritakoari jarraituz. Gainera, demandek honako erregela hauek beteko dituzte:

1.) Demandarekin batera, ezkontzaren inskripzioari buruzko ziurtagiria ekarri behar da, eta, hala badagokio, seme-alaben jaiotzari buruz Erregistro Zibilean egindako inskripzioaren ziurtagiria, baita ezkontideak bere eskubideak oinarritzeko dituen agiriak ere.

Ondare-izaerako neurriak eskatuz gero, auzi-jartzaileak ekarri behar ditu eskura dituen eta ezkontideen eta, kasuan-kasuan, seme-alaben egoera ekonomikoa baloratzeko balio duten agiriak, hala nola, zerga-aitorpenak, nominak, bankuko ziurtagiriak, jabetza-tituluak edo erregistroko ziurtagiriak.

2.) Errekonbentzioa onartuko da, horren oinarria bada ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa eragin dezaketen arrazoietatik bat. Errekonbentzioa onartuko da, halaber, demandatutako ezkontideak nahi badu demandan eskatu ez eta auzitegiak ofizioz erabaki behar ez dituen behin betiko neurriak hartzea.

Errekonbentzioa proposatuko da, hala denean, demandari erantzuna ematearekin batera, eta auzi-jartzaileak hamar egun izango ditu errekonbentzio horri erantzuteko.

3.) Alderdiak euren kabuz agertu behar dira ikustaldian, eta ohartarazi egingo zaie justifikaziorik gabe ez agertzeak ekar dezakeela agertu alderdiak alegatutako egitateak onartzea, alderdi hori agertzen bada ondare-izaerako behin betiko neurrien eskaerak oinarritzeko.

Nahitaezkoa da, orobat, bertan alderdi bakoitzaren abokatua egotea.

4.) Ikustaldi-ekitaldian gauzatu ezin diren frogak auzitegiak zehaztu epean gauzatuko dira, eta epe hori, gehienez jota, hogeita hamar egunekoa izango da.

Epe horretan, auzitegiak ofizioz agin ditzake egokitzat jotzen dituen frogak. Froga horien xedea da ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa agintzeko kasuan-kasuan Kode Zibilak zein inguruabar ezarri eta inguruabar horiek gertatzen diren egiaztatzea; baita seme-alaba adingabeak edo ezgaituak zein neurrik ukitu eta neurri horiei buruzko erabakiak oinarritzeko egitateen inguruabarrak egiaztatzea ere, legeria zibil aplikagarriaren arabera.

Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, horiek entzungo dira, behar besteko adimena badute, eta, beti, hamabi urtetik gorakoak badira.

5.) Prozesuaren edozein unetan, 777. artikuluan ezarri baldintzak betetzen badira, alderdiek eska dezakete prozedurak aurrera egitea, artikulu horretan ezarri izapideen bitartez.

6.) Soil-soilik seme-alaba adingabeak zaintzeari eta jagoteari buruzko prozesuetan, edo seme-alaba adingabeen izenean mantenua erreklamatzeari buruzko prozesuetan, prozesu horiekin bat datozen kautela-neurri egokiak har daitezen, lege honetan ezarritakoa beteko da. Horixe egingo da, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-prozesuetan aurretiazko, aldi bereko edo behin betiko neurriak hartzeko ezarri izapideei dagokienez.

771 artikulua. Behin-behineko neurriak, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda baino lehenagokoak. Eskabidea, agerraldia eta ebazpena

1. Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa lortzeko demanda jarri nahi duen ezkontideak eska ditzake Kode Zibilaren 102 eta 103. artikuluetan aipatu ondore eta neurriak, bere egoitzari dagokion auzitegian.

Prokuradoreak eta abokatuak ez dute parterik hartu behar eskabide hori aurkezteko; baina prokuradorearen eta abokatuaren parte-hartzea beharrezkoa da geroagoko idazki eta jardun guztietan.

2. Eskabidea kontuan hartuta, auzitegiak aginduko du ezkontideei agerraldirako zitazioa egitea, eta Fiskaltzari ere bai, seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero; agerraldi hori hurrengo hamar egunetan egingo da.

Agerraldi horretara joan behar da demandatutako ezkontidea, bere abokatuak lagundurik eta bere prokuradoreak ordezkatuta.

Auzitegiak berehala agin ditzake, ebazpen berean, Kode Zibilaren 102. artikuluan aipatu ondoreak, eta seme-alabak jagoteari, eta familiaren etxebizitza eta ostilamendua erabiltzeari buruz egokitzat jotzen duena, kasuaren presa dela eta, hori komeni bada.

Ebazpen horren aurka, ez dago errekurtsorik.

3. Aurreko paragrafoan aipatu agerraldi- ekitaldian, ezkontideen artean adostasunik ez badago hartu beharreko neurrien gainean, edo, hala denean, Fiskaltza entzun ondoren, auzitegiak harako hitzarmena onesten ez badu, oso-osorik edo zati batez, orduan bertan daudenen alegazioak entzungo dira, eta horiek proposatu froga gauzatuko da, alferrekoa edo desegokia ez bada, eta auzitegiak ofizioz agindutako froga ere.

Frogaren bat ezin bada agerraldian gauzatu, froga hori gauzatzeko data zehaztuko da, hurrengo hamar egunetan.

Ezkontideren bat justifikaziorik gabe agerraldira bertaratzen ez bada, ez agertze horrek ekar dezake agertutako ezkontideak alegatu egitateak onartzea, egitateok ondare-izaerako behin-behineko neurrien eskabideak oinarrituz gero.

4. Agerraldia bukatu ondoren, edo, hala denean, agerraldian gauzatu ezin izan den froga gauzatzeko zehaztu ekitaldia bukatu ondoren, auzitegiak auto bitartez emango du ebazpena hiru eguneko epean. Auto horren aurka, ez dago errekurtsorik.

5. Artikulu honen arabera agindutako ondore eta neurriek indarrean iraungo dute, soil-soilik, ondore eta neurriok hartu eta hurrengo hogeita hamar egunetan, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-demanda aurkezten bada.

772 artikulua. Demanda baino lehenagoko behin-behineko neurriak berrestea edo aldaraztea, demanda onartzen denean

1. Demanda baino lehenago neurriak hartu badira, orduan, demanda onartu ondoren, neurriok hartzeari buruzko jarduna lotuko zaie deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-prozesuaren auzi-paperei. Horretarako, kasuan kasuko lekukotza eskatuko da, neurriei buruzko jarduna gauzatu bada demandaz arduratzen ez den auzitegian.

2. Auzitegiak uste badu aldez aurretik hartu neurriak osatzea edo aldaraztea bidezkoa dela, agerraldira deituko ditu alderdiak. Agerraldi hori aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

Emandako autoaren aurka ez dago errekurtsorik.

773 artikulua. Behin-behineko neurriak, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda onartzearen ondoriozkoak

1. Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa eskatu duen ezkontideak demandan egoki dena eska dezake hartu beharreko behin-behineko neurriei buruz, neurriok aldez aurretik hartu ez badira.

Halaber, bi ezkontideek arazo horien inguruan lortutako hitzarmena auzitegiari aurkez diezaiokete, auzitegiak hori onets dezan.

Hitzarmen hori ez da loteslea izango, alderdi bakoitzaren uziekiko, ezta behin betiko neurrien inguruan auzitegiak har dezakeen erabakiarekiko ere.

2. Demanda onartu ondoren, auzitegiak ebatziko du aurreko paragrafoan aipatu eskaeren inguruan, eta, halakorik izan ezean, bidezkoa dena aginduko du, betiere Kode Zibilaren 103. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Aurreko paragrafoan aipatu ebazpena eman aurretik, agerraldira deituko dira ezkontideak, eta, hala badagokio, Fiskaltza ere bai. Agerraldi hori 771. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

Emandako autoaren aurka ez dago errekurtsorik.

4. Demandatutako ezkontideak ere eska ditzake behin-behineko neurriak, neurriok aurretiaz hartu ez badira edo auzi-jartzaileak horiek eskatu ez baditu, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

Eskabide hori egin behar da demandari erantzutean, eta ikustaldi nagusian gauzatuko da, ikustaldi horren data zehazten bada erantzuna noiz izan eta hurrengo hamar egunetan. Epaia ezin bada eman ikustaldia egin eta berehala, auzitegiak errekurtsorik izango ez duen auto bitartez ebatziko du.

Epe horretan ezin bada ikustaldirako data zehaztu, artikulu honen 3. paragrafoko agerraldia deituko da.

5. Behin-behineko neurriak ondorerik gabe geratuko dira, epaiak, horien ordez, behin betiko neurriak ezartzen baditu, edo prozedura beste modu batean bukatzen bada.

774 artikulua. Behin betiko neurriak

1. Ezkontideek, auzitegiari aurkez diezazkiokete deuseztasunaren, banantzearen edo dibortzioaren ondorioak arautzeko zein hitzarmen lortu eta horiek. Halaber, ezkontideek hitzarmen horien bidezkotasuna zehazteko komenigarritzat jotzen duten froga proposa diezaiokete auzitegiari. Hori guztia, lehenago egin ez bada, epaiketaren ikustaldian egingo da, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2. Hitzarmenik izan ezean, ezkontideek edo Fiskaltzak proposatutako froga erabilgarri eta egokia gauzatuko da, baita auzitegiak ofizioz agindutako froga ere, hartu beharreko neurriak erabakitzeko garrantzitsu diren egitateen inguruan.

3. Auzitegiak ebatziko du ezkontideak bat etorriz eskatu neurrien gainean, hala neurri horiek dagoeneko hartu badira behin-behineko izaerarekin, nola horiek geroago proposatu badira.

4. Ezkontideen arteko hitzarmenik izan ezean edo hitzarmena onetsi ezean, auzitegiak epaian ezarriko ditu seme-alaben, familia-etxebizitzaren, ezkontzako zamen, ezkontzaren ondasun-eraentza desegitearen eta kasuan kasuko kautela edo bermeen inguruan aldez aurretik hartutako neurriak ordezteko beharrezko neurriak; era berean, kontzeptu horien inguruan neurririk hartu ez bada, bidezko neurriak ezarriko ditu.

5. Legearekin bat, epaiaren aurka jarritako errekurtsoek ez dute etengo epaian hartutako neurrien eragingarritasuna.

Aurkaratzeak neurrien gaineko erabakiak bakarrik ukitzen baditu, orduan deuseztasunari, banantzeari edo dibortzioari buruzko erabakiaren irmotasuna adieraziko da.

775 artikulua. Behin betiko neurriak aldaraztea

1. Fiskaltzak, seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, eta ezkontideek, beti, auzitegiari eska diezaiokete ezkontideek hitzartu neurriak edo hitzarmenik izan ezean hartutakoak aldaraztea, baldin eta funtsean aldatu badira neurriok onestean edo erabakitzean aintzat hartutako inguruabarrak.

2. Eskaera horien izapideak 771. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

Dena den, eskaera egiten bada bi ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin, eta hitzarmen arau-emailea ekarriz, hurrengo artikuluan ezarri prozedurari ekingo zaio.

3. Alderdiek demandan edo demandari erantzutean eska dezakete aurreko auzi batean emandako behin betiko neurriak behin-behinean aldaraztea.

Eskaera hori 773. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

776 artikulua. Neurrien gaineko erabakiak nahitaez betearaztea

Neurrien gaineko erabakiak lege honen III. liburuan xedatutakoaren arabera betearaziko dira, honako berezitasun hauekin:

1.) Ezkontide edo guraso batek behin eta berriro hausten badu berari dagozkion kopuruak ordaintzeko betebeharra, isun hertsagarriak ezar dakizkioke, 711. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrek ez dio kalterik egingo, zordunduta baina ordaindu gabe dauden kopuruak kobratzeko, ezkontide edo guraso horren ondarea erabiltzeari.

2.) Bere-berezko izaera duten eta diruzkoak ez diren betebeharrak haustean, horien ordez ez da zuzenean emango 709. artikuluko hirugarren paragrafoko diruzko baliokidea, eta hileko isun hertsagarriei euts dakieke, manu horretan ezarri urtebeteko epetik gora behar beste denbora.

3.) Guraso zaintzaileak edo zaintzaile ez denak behin eta berriro hausten baditu bisita-araubideak eratorritako betebeharrak, horrek eragin dezake zaintza eta bisiten araubidea aldaraztea.

777 artikulua. Ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatutako banantzea edo dibortzioa

1. Ezkontideek batera etorriz edo ezkontide batak bestearen adostasunarekin aurkeztutako banantze- edo dibortzio- eskaeren izapideak egingo dira, artikulu honetan ezarri prozeduraren bitartez.

2. Prozedura eragiteko idazkiarekin batera ekarri behar dira ezkontza-inskripzioari buruzko ziurtagiria, eta, kasuan- kasuan, seme-alaben jaiotzari buruz Erregistro Zibilean egindako inskripzioaren ziurtagiriak, baita hitzarmen arau-emailearen proposamena legeria zibilaren arabera, eta ezkontideak edo ezkontideek beren eskubideak oinarritzeko agiriak ere.

Egitate garrantzitsuren bat ezin bada agiri bitartez frogatu, idazki horretan proposatuko da ezkontideek egitate hori egiaztatzeko baliatu nahi duten froga.

3. Banantze- edo dibortzio-eskabidea kontuan hartuta, ezkontideei zitazioa egitea aginduko da, hurrengo hiru egunetan, euren eskaera banan-banan berrets dezaten.

Ezkontideren batek eskaera berresten ez badu, berehala aginduko da jarduna artxibatzea; erabaki horren aurka ez dago errekurtsorik. Dena den, ezkontideek banantzea edo dibortzioa eragiteko eskubidea izango dute, 770. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Ezkontideek eskabidea berretsi ondoren, ekarritako agiriak nahiko ez badira, auzitegiak, probidentzia bitartez, hamar eguneko epea emango die eskatzaileei eskabidea osatzeko.

Epe horretan gauzatuko da, hala denean, ezkontideek proposatu froga eta auzitegiak beharrezkotzat jo dituen gainerako frogak ere bai, Kode Zibilak kasuan-kasuan ezarri inguruabarrak badirela egiaztatzeko eta hitzarmen arau-emailea onestea bidezkoa den ala ez erabakitzeko.

5. Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, auzitegiak Fiskaltzari eskatuko dio hitzarmenak seme-alabei buruz ezarritakoaren gaineko txostena, eta seme-alabak entzungo ditu, baldin eta behar besteko adimena badute, eta, beti, hamabi urtetik gorakoak badira.

Jardun hori gauzatuko da, aurreko paragrafoan aipatu epean, edo, epe hori ireki ez bada, bost eguneko epean.

6. Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa bete ondoren, edo, hori beharrezkoa ez bada, ezkontideek berrespena egin ondoren, auzitegiak epaia emango du, banantzea edo dibortzioa onartuz edo ukatuz, eta, hala denean, hitzarmen arau-emaileari buruzko erabakia hartuz.

7. Banantzea edo dibortzioa onartu ondoren, epaiak hitzarmen arau-emailea onesten ez badu oso-osorik edo zati batez, hamar eguneko epea emango zaie alderdiei, horiek beste hitzarmen bat proposa dezaten. Beste hitzarmen horrek, hala denean, auzitegiak onetsi ez dituen aldeak bakarrik jasoko ditu.

Proposamena aurkeztu ondoren edo emandako epea proposamenik aurkeztu gabe igaro ondoren, auzitegiak autoa emango du, hiru eguneko epean, bidezkoa dena ebatziz.

8. Gora jotzeko errekurtsoa jar dakieke banantzea edo dibortzioa ukatu duen epaiari, eta ezkontideek zein hitzarmen arau-emaile proposatu eta horretatik aldentzeko neurriren bat agindu duen autoari.

Neurrien inguruan erabaki duen autoaren aurka zein errekurtso aurkeztu eta horrek ez du neurrion eragingarritasuna etengo, eta errekurtso horrek ez du ukituko banantzeari edo dibortzioari buruzko epaiaren irmotasuna.

Hitzarmen arau-emailearen proposamena osorik onetsi duen epaiaren edo autoaren aurka errekurtsoa jar dezake Fiskaltzak bakarrik, eta seme-alaba adingabeen edo ezgaituen intereserako jarri ere.

9. Artikulu honek aipatu prozeduretan, hitzarmen arau-emailea edo auzitegiak agindu neurriak aldaraziko dira, artikulu honetan xedatutakoaren arabera, aldarazpena ezkontideek batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatu eta beste hitzarmen arau-emaile bat proposatzen badute.

Bestela, 775. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

778 artikulua. Eliza-auzitegietan ebazpenak edo ezkontza rato eta burutugabeei buruzko erabaki pontifizioak. Horien guztien eragingarritasun zibila

1. Demandak jartzen direnean ezkontza kanonikoen deuseztasunari buruz eliza-auzitegiek emandako ebazpenen edota ezkontza rato eta burutugabeari buruzko erabaki pontifizioen eragingarritasun zibila eskatzeko, neurriak hartzea edo aldaraztea eskatzen ez bada, auzitegiak hamar eguneko epean beste ezkontidea eta Fiskaltza entzun, eta auto bitartez bidezkoa dena ebatziko du, Elizaren ebazpenak edo erabakiak ordena zibilean duen eragingarritasunaren inguruan.

2. Demandan neurriak hartzea edo aldaraztea eskatu bada, ebazpen edo erabaki kanonikoak eragingarritasun zibila izateko eskaera gauzatuko da, neurrien inguruko eskaerarekin batera, 770. artikuluaren arabera jarraitu beharreko prozedurari jarraituz.

V. KAPITULUA - Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenen aurka jartzea, eta adopzioari baiezkoa eman behar zaion erabakitzeko prozedura

779 artikulua. Eskumena

Kapitulu honetan aipatu prozedurez arduratzeko eskumena du babes-erakundearen egoitzari dagokion lehen auzialdiko epaitegiak, eta, halakorik izan ezean, edo Kode Zibilaren 179 eta 180. artikuluetako kasuetan, adopzio-hartzailearen egoitzari dagokion auzitegiak.

780 artikulua. Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenen aurka jartzea

1. Ez da aurretiaz administrazio-bidean erreklamaziorik egin behar, Administrazioak adingabeak babesteko eman ebazpenen aurka auzitegi zibiletan jartzeko.

2. Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenaren aurka nor jarri nahi eta horrek aurkeztuko du hasierako idazkia, eta bertan jasoko ditu, labur-labur, bere uzia eta aurka jarritako ebazpena.

3. Auzitegiak administrazio-erakundeari espedientearen lekukotza osoa erreklamatuko dio. Lekukotza hori hogei eguneko epean eman beharko da.

Administrazio-espedientearen lekukotza jaso ondoren, auzi-jartzailea hogei eguneko epean epatuko da, demanda aurkez dezan. Demanda horren izapideak egingo dira, 753. artikuluan ezarritakoaren arabera.

781 artikulua. Adopzioari baiezkoa eman behar zaion erabakitzeko prozedura

1. Gurasoek adopziorako euren baiezkoa behar dela badiote, espedientearen gaineko ardura duen auzitegira jo eta hori adieraz dezakete.

Auzitegiak espedientea eten eta beharrezkotzat jotzen duen epea ezarriko du demanda aurkezteko. Epe hori ez da izango hogei egunekoa baino laburragoa, ezta berrogei egunekoa baino luzeagoa ere.

Demanda aurkeztu ondoren, horren izapideak 753. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Demanda aurkezten ez bada auzitegiak ezarri epean, autoa eman eta izapidetza amaitutzat joko da.

Ebazpen hori eman ostean, ez da onartuko subjektu berberak erreklamazioa egitea, kasuan kasuko adopzioari baiezkoa eman beharraren inguruan.

II. TITULUA - ONDAREEN ZATIKETA JUDIZIALA

LEHENENGO KAPITULUA - Jarauntsiaren zatiketa

LEHENENGO ATALA

Jarauntsia zatitzeko prozedura

782 artikulua. Jarauntsia epaiketa bitartez zatitzeko eskabidea

1. Edozein jaraunskidek edo zati alikuotaren legatu-hartzailek epaiketa bitartez erreklama dezake jarauntsiaren zatiketa, baldin eta zatiketa hori gauzatu behar ez badu testamentugileak izendatutako komisario edo kontulari-banatzaileak, edo zatiketa jaraunskideen arteko hitzarmenaren nahiz ebazpen judizialaren ondorioz gauzatu behar ez bada.

2. Eskabidearekin batera ekarri behar dira kasuan kasuko oinordetzaren kausatzailearen heriotza-ziurtagiria eta eskatzailea jaraunslea edo legatu-hartzailea dela egiaztatzeko agiria.

3. Hartzekodunek ezin dute zatiketa eskatu. Halere, hartzekodunek eurei dagozkien akzioak egikari ditzakete jarauntsiaren, jarauntsi-erkidegoaren edo jaraunskideen aurka. Akzio horiek epaiketa adierazlean egikarituko dira, jarauntsia zatitzeko jarduna eten eta oztopatu gabe.

4. Dena den, testamentuan bertan aitortutako hartzekodunak, jaraunskideek aitortutakoak eta euren eskubidea titulu betearazlean jasota dutenak jarauntsia zatitzearen aurka jar daitezke, euren kredituen zenbatekoa ordaindu edo horien gaineko fidantza eman arte.

Eskaera hori edozein unetan egin daiteke, jaraunsle bakoitzari adjudikatutako ondasunak eman aurretik.

5. Jaraunskide baten edo gehiagoren hartzekodunek euren kontura har dezakete parte zatiketan, zatiketa hori euren eskubideei maula edo kalte eginez gauza ez dadin.

783 artikulua. Batza deitzea, kontularia eta adituak izendatzeko

1. Jarauntsia epaiketan zatitzea eskatu ondoren, aginduko da jarauntsiko ondasunak esku hartzea eta inbentarioa egitea, hala eskatu eta hori bidezkoa bada.

2. Aurreko jarduna gauzatu ostean, edo, hori beharrezkoa izan ezean, jarauntsia epaiketan zatitzeko eskabidea kontuan hartuta, aginduko da jaraunsleak, zati alikuotako legatu-hartzaileak eta alarguna batzara deitzea. Batza hurrengo hamar egunetan egingo da.

3. Dagoeneko jardunean bertaratu diren interesdunei prokuradore bitartez zitazioa egingo zaie.

Bertaratu ez direnei zuzenean egingo zaie zitazioa, euren egoitza zein den jakinez gero.

Egoitza zein den jakin ezean, ediktu bitartez deituko dira, 164. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Fiskaltza ere deituko da, horrek ordezka ditzan jarauntsian interesa izan baina ordezkaritza legitimorik ez duten adingabe edo ezgaituak eta toki ezezagunean dauden absenteak.

Fiskaltzaren ordezkaritza bukatuko da, adingabeek edo ezgaituek legezko ordezkaria edo defendatzaile judiziala lortzen dutenean eta absenteak epaiketan agertzen direnean edo horiei zitazioa zuzenean egin dakiekeenean, nahiz eta gero berriro absente egon.

5. Aurreko artikuluko 5. paragrafoan aipatu hartzekodunak batzara deituko dira, prozeduran bertaratu badira.

Bertaratu ez direnei ez zaie zitaziorik egingo; baina batzan har dezakete parte, batzarako ezarri egunean bertan agertu eta euron kredituak egiaztatzeko tituluak ekartzen badituzte.

784 artikulua. Kontularia eta adituak izendatzea

1. Ezarri egunean eta orduan egingo da batza, bertan agertzen direnekin. Idazkari judiziala izango da batzaburu.

2. Interesdunek ados egon behar dute kontularia izendatzeko, horrek ondasunok zatitzeko eragiketak egin ditzan, baita ondasunak baloratzean parte hartu behar duten adituak izendatzeko ere.

Ezin da aditu bat baino gehiago izendatu, baloratu beharreko ondasun-mota bakoitzeko.

3. Batzan kontularia izendatzeko hitzarmenik ez bada lortzen, kontularia zozketa bidez izendatuko da, 341. artikuluan xedatutakoaren arabera. Halakoetan, kontulari hori izendatuko da jarduneko abokatu direnen artetik, abokatu horiek, gaiaren inguruko jakite berezia izateaz gain, bulego profesionala badute epaiketa egingo den tokian.

Adituen gaineko hitzarmenik izan ezean, kontulariak edo kontulariek balorazioak egiteko beharrezkotzat jotzen duten beste aditu izendatuko dira, prozedura berari ekinez; baina inola ere ez aditu bat baino gehiago, tasazioa egin beharreko ondasun- mota bakoitzeko.

4. Zozketa bidez izendatutako kontulariari, adituak ezesteko zer xedatu eta hori aplikatuko zaio.

785 artikulua. Kontulariari agiriak ematea. Onartutako enkargua betetzeko betebeharra eta epea

1. Kontularia, eta, kasuan-kasuan, adituak aukeratu eta horiek kargua onartu ondoren, auzi-paperak kontulariari emango zaizkio, eta kontulariaren eta adituen esku jarriko dira inbentarioa, hori egiteke egonez gero, balorazioa eta likidazioa egiteko, eta jarauntsiko ondasunak zatitzeko behar diren objektuak, agiriak eta paperak.

2. Kontulariak bere kargua onartuz gero, interesdun bakoitzak eskubidea izango du, kontularia bere enkargua betetzera behartzeko.

3. Alderdiak hala eskatuta, auzitegiak, probidentzia bitartez, kontulariari ezar diezaioke zatiketaren eragiketak aurkezteko epea. Kontulariak epe hori betetzen ez badu, kalte-galeren gaineko erantzukizuna izango du.

786 artikulua. Zatiketa-eragiketak gauzatzea

1. Kontulariak zatiketa-eragiketak gauzatuko ditu, kausatzailearen oinordetzari aplikatu beharreko legean xedatutakoaren arabera. Halere, testamentugileak beste erregela batzuk ezarri baditu bere ondasunen inbentarioa, balorazioa, likidazioa eta zatiketa egiteko, erregelotan ezarritakoa hartuko da kontuan, betiere erregela horiek nahitaezko jaraunsleen seniparteei kalterik egiten ez dietenean.

Edozein kasutan, kontulariak saihestuko ditu indibisioa eta finkak gehiegi zatitzea.

2. Zatiketa-eragiketak hasi eta, gehienez jota, bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira. Eragiketok kontulariak sinatutako idazkira bilduko dira, eta idazki horretan honako hauek adieraziko dira:

1.) Banatzeko moduko ondasunen zerrenda.

2.) Zerrenda horretara bildutako ondasunen balorazioa.

3.) Ondasunen likidazioa, zatiketa eta partaide bakoitzari egin beharreko adjudikazioa.

787. artikulua. Zatiketa-eragiketak onestea. Eragiketon aurka-jartzea

1. Zatiketa-eragiketak alderdiei helaraziko zaizkie, eta alderdiok epatuko dira, hamar eguneko epean aurka jar daitezen. Epe horretan, alderdiek auzi-paperak eta zatiketa-eragiketak azter ditzakete idazkaritzan, baita eurek eskatu kopiak lortu ere, kopiok euren kontura izan arren.

Aurka-jartzea idatziz aurkeztu behar da, eta bertan adierazi behar da aurka-jartzeak zatiketa-eragiketan ukitu aldeak eta aurka-jartze hori oinarritzeko arrazoiak.

2. Epe-muga hori igaro ostean, aurka- jartzerik aurkezten ez bada edo interesdunek ados daudela adierazten badute, auzitegiak auzi-paperak ikustaldira ekarriko ditu, eta autoa emango du, zatiketa- eragiketak onetsiz eta horiek protokoloan jasotzea aginduz.

3. Denbora baliodunean zatiketa-eragiketen aurka jarriz gero, auzitegiak aginduko du kontularia eta alderdiak agerraldira deitzea. Agerraldi hori hurrengo hamar egunetan gauzatuko da.

4. Agerraldian interesdunek eragindako arazo guztien gaineko adostasuna lortuz gero, erabakitakoa betearaziko da, eta hitzartutako aldaketak egingo ditu kontulariak zatiketa-eragiketetan. Auzitegiak aldaketok onetsiko ditu, artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5. Adostasunik izan ezean, auzitegiak alderdiak entzun eta horiek proposatutako frogak onartuko ditu, baldin eta froga horiek desegokiak edo alferrekoak ez badira. Prozedurak aurrera egingo du, hitzezko epaiketari buruz xedatutakoaren arabera.

Emandako epaia betearaziko da, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera. Halere, epai horrek ez du gauza epaituaren eragingarritasunik izango. Interesdunek balia ditzakete kasuan kasuko epaiketa arruntean adjudikatutako ondasunen gainean ustez dituzten eskubideak.

6. Lege honen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduna eten bada, eta, auzi kriminala erabakitzeko egoteagatik, jarauntsiko ondasunak baloratzean egindako funtzionario-eroskeria delitua ikertzen ari bada, etendura ezerezean geratuko da, ebazpen irmoaren bitartez auziaren bukaerari itxaron gabe, interesdunek aurkaratutako balorazioa alde batera utziz eta ados jarrita beste balorazio bat aurkeztu bezain laster. Kasu horretan, azken balorazioak zer ondorioztatu eta horren arabera emango da epaia.

788 artikulua. Adjudikatutako ondasunak jaraunsle bakoitzari ematea

1. Banaketak behin betiko onetsi ondoren, interesdun bakoitzari emango zaizkio banaketan adjudikatu zaiona eta jabetza-tituluak; aurretiaz, aktuarioak jabetza-tituluetan ezarriko ditu adjudikazioaren ohar adierazgarriak.

Banaketak protokoloan jaso ostean, parte-hartzaileei euren hartzekoaren eta adjudikazioaren lekukotza-agiriak emango zaizkie, eurek hala eskatzen badute.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, jarauntsiaren hartzekodunen batek 782. artikuluko 4. paragrafoan aipatu eskaera eginez gero, ez zaie jaraunsleei eta legatu-hartzaileei ondasunik emango, hartzekodunei euren kredituen zenbatekoa oso-osorik ordaindu edo horiek bermatu arte.

789 artikulua. Prozedura bukatzea, jaraunskideen arteko hitzarmenaren ondorioz

Epaiketaren edozein unetan, interesdunak prozeduratik banan daitezke, eta egokitzat jotzen dituzten hitzarmenak agin ditzakete.

Auzitegiak epaiketa largestea eta ondasunak jaraunsleen esku uztea aginduko du, interesdunek elkarren artean bat etorriz hori eskatzen badute.

2. ATALA

Jarauntsiko ondasunak esku hartzea

790 artikulua. Jarauntsiko ondasunak eta hildakoaren agiriak aseguratzea

1. Auzitegiak, norbait hil dela jakin, eta, testamenturik ez agertzeaz gain, hildakoaren aurrekorik, ondorengorik, ezkontiderik nahiz antzeko egitezko egoeran dagoen pertsonarik edo laugarren gradurainoko albokorik agertu ezean, ofizioz hartuko ditu behar-beharrezko neurriak, hildakoa lurperatzeko, hori beharrezkoa izanez gero, eta ostu nahiz ezkuta daitezkeen ondasunak, liburuak, paperak, postatrukea eta efektuak ziurtatzeko.

Era berean jardungo da, aurreko lerrokadan aipatu pertsonak absente badaude, edo horietako bat adingabea edo ezgaitua izan eta legezko ordezkaririk ez badu.

2. Artikulu honek aipatu kasuetan, ahaideak agertu ondoren edo adingabe nahiz ezgaituentzat legezko ordezkaria izendatu ondoren, horiei hildakoaren ondasunak eta efektuak emango zaizkie, eta esku-hartze judiziala bukatuko da, hurrengo artikuluan xedatutakoa gorabehera.

791 artikulua. Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala, testamenturik edo oinordetza legitimora deitutako ahaiderik agertzen ez denerako

1. Aurreko artikuluaren 1. paragrafoak aipatu kasuan, bertan adierazi jarduna gauzatu ondoren, auzitegiak, probidentzia bitartez, neurri egokienak hartuko ditu, oinordetzaren kausatzailea testamentu-xedapenarekin edo xedapenik gabe hil den ikertzeko. Horretarako, aginduko du auzi-paperetara ekartzea Azken Nahietako Egintzen Erregistro Orokorraren ziurtagiria, eta, ahal izanez gero, heriotza-ziurtagiria.

Beste biderik izan ezean, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du hildakoaren ahaide, lagun edo auzokideengana jotzea, hildakoa abintestato hil den eta oinordetza legitimorako eskubidearekin ahaiderik dagoen aztertzeko.

2. Hildakoa testamenturik egin gabe hil bada eta legezko oinordeko izateko ahaiderik ez badu, auzitegiak auto bitartez honako hau aginduko du:

1.) Hildakoaren liburuak, paperak eta postatrukea okupatzea.

2.) Ondasunen inbentarioa egitea eta ondasunok gordailutzea, ondasunak administratzearen inguruan bidezkoa dena xedatuz, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Auzitegiak pertsona jakin bat izenda dezake, jarauntsiko ondasunen kontura inbentarioa eta gordailutzea egiteko eta bermatzeko.

Auzitegiak, ebazpen berean, ofizioz aginduko du pieza banandua irekitzea, abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena egiteko.

792 artikulua. Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala, jaraunsle-adierazpenaren izapideak egin bitartean edo jarauntsiaren zatiketa epaiketa bidez egin bitartean. Esku-hartzea, jarauntsiaren hartzekodunek hala eskatuta

1. Aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu jarduna agin daiteke honako alderdi hauek hala eskatzen badute:

1.) Ezkontideak edo oinordetza legitimorako eskubidea dutela uste duten ahaideetatik edozeinek, horiek egiaztatu badute abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena notarioaren aurrean eragin dutela, edo, jaraunsle-adierazpen judiziala eragitean jarauntsiko ondasunak esku hartzea eskatzen bada.

2.) Edozein jaraunskidek edo zati alikuotaren legatu-hartzailek, jarauntsia epaiketan zatitzea eskatzean, salbu eta testamentu-xedapenak esanbidez debekatu duenean esku-hartze hori.

2. Halaber, jarauntsiko ondasunetan esku hartzea eska dezakete, aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera, testamentuan bertan aitortutako hartzekodunek edo jaraunskideek aitortutakoek eta euren eskubidea titulu betearazlean jasota dutenek.

793 artikulua. Lehenengo jarduna, eta inbentarioa egiteko interesdunei zitazioa egitea

1. Aurreko artikuluek aipatu kasuetatik edozeinetan, jarauntsiko ondasunetan esku hartzea erabaki ondoren, auzitegiak auto bitartez aginduko du, nahitaezkoa izanez gero eta aldez aurretik egin ez bada, behar-beharrezko neurriak hartzea, ondasunen segurtasunerako, baita ostu edo ezkuta daitezkeen liburuen, paperen, postatrukearen eta efektuen segurtasunerako ere.

2. Ebazpen berean, auzitegiak inbentarioa egiteko eguna eta ordua ezarriko ditu, eta interesdunei zitazioa egitea aginduko du.

3. Inbentarioa egiteko, honako hauei egin behar zaie zitazioa:

1.) Alargunari.

2.) Jarauntsirako eskubidea izan dezaketen ahaide ezagunei, baldin eta testamenturik agertzen ez bada eta abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena egin ez bada.

3.) Jaraunsleei edo zati alikuotaren legatu-hartzaileei.

4.) Jarauntsiko ondasunetan esku hartzea agintzeko eskabidea egin duten hartzekodunei, eta, kasuan-kasuan, jarauntsia banatzeko prozeduran bertaratu direnei.

5.) Fiskaltzari, baldin eta oinordetza legitimorako eskubidea duten ahaide ezezagunak egon badaitezke; edo, jarauntsirako eskubidea duen ahaide ezagun bati, jaraunsle bati edo zati alikuotaren legatu-hartzaile bati zuzenean ezin bazaio zitaziorik egin, bere bizilekua zein den ez jakiteagatik; edota, interesdunetako bat adingabea edo ezgaitua bada eta legezko ordezkaririk ez badu.

6.) Estatuaren abokatuari, edo, legeak ezarri kasuetan, autonomia erkidegoen zerbitzu juridikoei, testamenturik ez agertzeaz gain, ezkontiderik nahiz oinordetza legitimorako eskubidea izan dezakeen ahaiderik ez badago.

794 artikulua. Inbentarioa egitea

1. Aurreko artikuluan aipatu guztiei ezarritako egunean eta orduan zitazioa egin ondoren, idazkari judizialak inbentarioa egingo du, bertan agertzen direnekin. Inbentario horretara bilduko da jarauntsiko ondasunen zerrenda, baita aurkitutako eskritura, agiri eta paper garrantzitsuen zerrenda ere.

2. Testamentu-xedapenen bitartez erregela bereziak ezarri badira jarauntsiko ondasunen inbentarioa egiteko, erregela horiek aintzat hartuta egingo da inbentarioa.

3. Ezarri egunean ezin bada inbentarioa bukatu, hurrengo egunetan jarraituko da.

4. Inbentarioan ondasunak sartzeari edo ez sartzeari buruzko eztabaida sortuz gero, ikustaldirako zitazioa egingo zaie interesdunei, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Inbentarioan ondasunak sartzeari edo ez sartzeari buruz zein epaitan erabaki eta epai horrek ez die kalterik egingo hirugarrenen eskubideei.

795 artikulua. Jarauntsiko ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari buruzko ebazpena

Inbentarioa egin ondoren, auzitegiak auto bitartez aginduko du inguruabarren arabera ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari buruz egoki dena, eta, kasuan-kasuan, aintzat hartuko du gai horien inguruan testamentugileak xedatutakoa. Testamentugileak ezer xedatu ezean, honako erregela hauek hartuko ditu kontuan:

1.) Eskudirua eta efektu publikoak zuzenbidearen arabera gordailutuko dira.

2.) Alarguna administratzaile izendatuko da, eta, alargunik izan ezean, jarauntsian zatirik handiena duen jaraunslea edo zati alikuotaren legatu-hartzailea.

Halakorik ere ez badago, edo, auzitegiaren ustez, horiek karguan jarduteko behar besteko gaitasunik ez badute, auzitegiak administratzaile izenda dezake edozein jaraunsle nahiz zati alikuotaren legatu-hartzaile, halakoa bada, edo hirugarren bat.

3.) Administratzaileak behar besteko kauzioa eman beharko du, lege honek ahalbidetutako moduetatik edozeinetan. Kauzio hori da administratzaileari zein ondasun eman eta ondasunoi aurre egiteko; auzitegiak zehaztuko du kauzio horren zenbatekoa.

Dena den, auzitegiak kauzioa ematetik salbuets dezake administratzaile izendatutako alarguna edo jaraunslea, horrek behar beste ondasunik badu berari eman zaizkion ondasunei aurre egiteko.

4.) Jaraunsleek eta zati alikuotaren legatu-hartzaileek administratzailea salbuets dezakete kauzioa emateko betebeharretik.

Horren inguruko adostasunik izan ezean, kauzioak proportzioa izango du adostasunik eman ez dutenek ondasunetan izan dezaketen interesarekin.

Beti eratuko da kauzioa, legezko ordezkaririk ez duten adingabeak edo ezgaituak jarauntsian parte hartzeari dagokionez, baita, non dauden ez jakiteagatik, zitaziorik izan ez duten absenteei dagokienez ere.

796 artikulua. Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala amaitzea

1. Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala amaituko da, jaraunsle-adierazpena egitean, salbu eta jaraunsleetatik batek jarauntsia epaiketan zatitzea eskatzen duenean; kasu horretan, eskuhartzeak iraun dezake, hala eskatzen bada, jaraunsle bakoitzari adjudikatu zaizkion ondasunak eman arte.

2. Jarauntsia epaiketan zatitzeko prozedura gauzatu bitartean, jaraunsleek batera etorriz eska dezakete esku-hartze judiziala amaitzea.

Auzitegiak hori aginduko du, salbu eta interesdunetatik bat adingabea edo ezgaitua denean eta legezko ordezkaririk ez duenean, edo, non dagoen ez jakiteagatik, zitazioa izan ez duen jaraunsle absentea dagoenean.

3. Testamentuan bertan aitortutako hartzekodunek nahiz jaraunskideek aitortutakoak badaude, edo titulu betearazlean jasotako eskubidea dutenak badaude, eta horiek jarauntsia banatzearen aurka jartzen badira, ez da aginduko esku-hartzea amaitzea, euren kredituen zenbatekoa ordaindu edo horien gaineko fidantza eman arte.

3. ATALA

Jarauntsiko ondasunak administratzea

797 artikulua. Jarauntsiaren administratzailea karguaz jabetzea

1. Administratzailea izendatu eta horrek kauzioa eman ostean, karguaz jabetuko da. Administratzaileak bere egitekoa gauzatzeko zein pertsonarekin harremanak izan behar eta horietatik berak izendatutakoei emango zaie karguaren berri.

2. Administratzaileari lekukotza emango zaio, bere ordezkaritza egiaztatu ahal izateko. Lekukotzan agertuko dira administratzailearen izendapena eta administratzailea karguaz jabetu izana.

3. Jabetza Erregistroan agerraraz daitezke jarauntsiko finken administrazio- egoera eta administratzailearen izendapena, hipoteka-legerian ezarritako betekizunekin bat datorren manamendu judizialaren bitartez.

798 artikulua. Administratzaileak jarauntsia ordezkatzea

Jaraunsleek jarauntsia onartzen ez duten bitartean, ondasunen administratzaileak jarauntsia ordezkatuko du, kausatzailea hiltzean eraginda edo jada hasita zeuden auzi guztietan. Halaber, administratzaileak hildakoari zegozkion akzioak egikarituko ditu ordezkaritza horretan, jaraunsle-adierazpena egin arte.

Jarauntsia onartu ondoren, administratzaileak jarauntsiaren gaineko ordezkaritza izango du, ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari dagokienez bakarrik; horretarako, egokia den kudeaketa egin beharko du, bidezko akzioak egikarituz.

799 artikulua. Kontu-arrazoiak aldizka ematea

1. Administratzaileak egiaztatutako kontu-arrazoiak emango ditu, auzitegiak ezarri epeetan. Epe horiek proportzioa izango dute ondasunen garrantziarekin eta baldintzekin; epeok, gehienez jota, urtebetekoak izango dira.

2. Kontu-arrazoiak ematean, administratzaileak zainpean jarriko du emate horrek eratorri saldoa, edo jatorrizko gordekina aurkeztuko du saldoa ezarri establezimenduan gordailutu duela egiaztatzeko.

Lehenengo kasuan, auzitegiak, probidentzia bitartez, berehala aginduko du gordailua; eta, bigarrenean, gordailuaren datari eta gordailututako zenbatekoari buruzko eginbide adierazgarria auzi-paperetan jasotzea.

3. Kontu-arrazoien ondoriozko izapideak egiteko, bai eta administrazioa ikuskatu edo kontu-arrazoiok zuzentzeari nahiz onesteari buruzko neurriak sustatzeko ere, haiek idazkaritzan erakutsiko dira, edozein unetan, horiek eskatu dituen alderdiari.

800 artikulua. Azken kontu-arrazoiak ematea. Kontu-arrazoiak aurkaratzea

1. Administratzaileak, jada aurkeztutako kontu-arrazoien gainean, azken kontu-arrazoi osagarria emango du, kargua uztean.

2. Administratzailearen kontu-arrazoi guztiak, azken kontu-arrazoia barne, alderdiei erakutsiko zaizkie idazkaritzan, administratzaileak kargua uztean. Horretarako, auzitegiak, probidentzia bitartez, epe bakarra ezarriko du, kontu-arrazoien garrantzia aintzat hartuz.

3. Epe hori igaro bada kontuen aurka jarri gabe, auzitegiak autoa emango du, kontuak onesteko eta administratzaileak erantzukizunik ez duela adierazteko.

Auto berean, auzitegiak aginduko du administratzaileari itzultzea horrek emandako kauzioa.

4. Kontu-arrazoiak denbora baliodunean aurkaratu badira, aurkaratzeko idazkia helaraziko zaio kontu-arrazoien emaileari, horrek erantzun dezan 404. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako xedatutakoaren arabera.

801 artikulua. Jarauntsiko ondasunak artatzea

1. Administratzaileak jarauntsiko ondasunak artatu behar ditu bere erantzukizunpean, ondasunoi kalterik egin gabe. Halaber, ahaleginak egingo ditu, jarauntsiko ondasunek errenta, ekoizkin eta onura egokiak eman ditzaten.

2. Horretarako, ondasunak artatzeko behar-beharrezko diren konponketa arruntak egin behar ditu administratzaileak.

Konponketa edo gastu bereziak beharrezkoak badira, epaitegiari emango dio horren berri administratzaileak. Epaitegiak agerraldian entzungo ditu 793. artikuluko 3. paragrafoan aipatu interesdunak, eta, adituek egoera aztertu eta aurrekontua eratu ondoren, bidezkotzat jotzen duena ebatziko du, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuz.

802 artikulua. Administratzaileak karguan jardutean bildutako kopuruen erabilera

1. Administratzaileak, luzapenik gabe, epaitegiaren esanetara gordailututako ditu bere karguan jardutean bildutako kopuruak, eta atxikiko ditu, soilik- soilik, auzien gastuei, kontribuzioei eta gainerako arreta arruntei aurre egiteko beharrezkoak direnak.

2. Aurreko artikuluan aipatu gastu bereziei aurre egiteko, auzitegiak, probidentzia bitartez, administratzailearen esku utz dezake beharrezko kopurua. Sarrera arruntak nahiko ez badira kopuru hori ordaintzeko, kopurua gordailutik ateratzea aginduko du.

Azken hori aginduko da, orobat, gastu arrunten bat egin behar bada eta jarauntsiaren administrazioak eratorritako kopuru nahikorik ez badu administratzaileak.

803 artikulua. Inbentarioko ondasunak besterentzeko debekua. Debeku horren salbuespenak

1. Administratzaileak ezin ditu inbentarioko ondasunak besterendu, ezta kargatu ere.

2. Erregela horren salbuespen dira honako ondasun hauek:

1.) Narria daitezkeenak.

2.) Artatzeko zail eta garestiak direnak.

3.) Fruituak, horiek besterentzeko inguruabar abantailatsuak badaude.

4.) Zorrak edo jarauntsi-administrazioaren beste arreta batzuk ordaintzeko besterendu behar diren gainerako ondasunak.

3. Auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake ondasun horietatik edozein saltzea, administratzaileak hala eskatuta eta 793. artikuluko 3. paragrafoan aipatu interesdunak entzun ondoren. Salmenta enkante publikoan gauzatuko da, notario-legerian edo borondatezko jurisdikzio prozeduran ezarritakoaren arabera.

Kotizazio ofiziala duten baloreak merkatu horretan salduko dira.

804 artikulua. Administratzaileari ordaintzea

1. Administratzaileak honako ordainsari hauek soil-soilik jaso ditzake:

1.) Inbentariora zein fruitu eta beste ondasun higigarri bildu eta horien salmentatik lortutako ekoizkin likidoaren %2.

2.) Ondasun higiezinen salmentatik eta edozein motatako baloreak kobratzetik lortutako ekoizkin likidoaren %1.

3.) Efektu publikoen salmentatik lortutako ekoizkin likidoaren % 0,5.

4.) Administrazioaren gainerako sarrerei dagokienez, aurreko lerrokadetan ezarri ez diren kontzeptuak direla eta, auzitegiak 100eko 4tik 100eko 10era zehaztutakoa, ondasunen ekoizkinak eta administrazioaren lana aintzat hartuz.

2. Halaber, auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake, bidezkotzat jotzen badu, administratzaileari ordaintzea beraren karguan jarduteko egin behar izan dituen bidaia-gastuak.

805 artikulua. Mendeko administrazioak

1. Hildakoak bere ondasunak zaintzeko mendeko zein administrazio izan eta administrazio horiei eutsiko zaie, hildakoak halakoei aitortutako ordainsari eta ahalmen berberekin.

2. Administratzaile horiek kontu-arrazoiak emango dituzte, eta bildutakoa administratzaile judizialari igorriko diote. Administratzaileok administratzaile judizialaren mendekotzat joko dira; halere, administratzaile judizialak horiek banan ditzan, nahitaezkoa da arrazoi zuzena egotea eta auzitegiak probidentzia bitartez baimena ematea.

3. Administratzaile judizialak baimen berarekin bete ditzake, bere erantzukizunpean, bete gabe gera daitezkeen karguak.

II. KAPITULUA - Ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzeko prozedura

806 artikulua. Aplikazio-eremua

Ezkontzaren edozein ondasun-eraentza likidatzeko, horrek badakar ezkontzako itunen edo lege-xedapenaren bitartez zama eta betebehar batzuen mendeko ondasun eta eskubideen masa erkidea izatea, aintzat hartuko dira, ezkontideen arteko hitzarmenik ez badago, kapitulu honetan xedatutakoa eta aplikagarri diren arau zibilak.

807 artikulua. Eskumena

Likidazio-prozeduraz arduratzeko eskumena du deuseztasun-, banantzeedo dibortzio-prozesuaz arduratzen ari den edo arduratu den lehen auzialdiko epaitegiak, edo legeria zibilean ezarritako arrazoien ondorioz ezkontzaren ondasun-eraentza desegitearen inguruko jardunaz arduratzen ari denak edo arduratu denak.

808 artikulua. Inbentarioa eskatzea

1. Deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda onartu ondoren, edo ezkontzaren ondasun-eraentza desegitea zein prozesutan eskatu eta hori hasi ondoren, ezkontideetatik edozeinek eska dezake inbentarioa eratzea.

2. Aurreko paragrafoan aipatu eskabidearekin batera, proposamena ekarriko da; proposamen horretan jasoko dira, behar bezala bananduta, legeria zibilaren arabera inbentariora bildu beharreko kopuru guztiak.

Eskabide horrekin batera ekarriko dira proposamenera bildutako zenbateko guztiak egiaztatzeko agiriak.

809 artikulua. Inbentarioa egitea

1. Aurreko artikuluan aipatu eskabidea kontuan hartuz, eguna eta ordua ezarriko dira, hamar eguneko epean gehienez jota, inbentarioa egin dadin; horretarako, ezkontideei zitazioa egitea aginduko da.

Zehaztu egun eta orduan, idazkari judizialak, ezkontideekin batera, ezkontza- erkidegoaren inbentarioa egingo du, legeria zibilak kasuan kasuko ezkontzaren ondasun-eraentzarentzat xedatutakoaren arabera.

Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetatik bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da ados dagoela agertu ezkontideak egindako inbentario- proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortzen badute ere, hitzarmena aktan jaso eta ekitaldia bukatuko da.

Egun berean edo hurrengo egunean ebatziko da inbentariora zein ondasun bildu, eta ondasun horien administrazioari eta xedapenari buruz bidezkoa dena.

2. Inbentarioan kontzepturen bat sartzeari edo ez sartzeari nahiz edozein kopururen zenbatekoari buruzko eztabaida sortuz gero, interesdunei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Epaian sortutako arazo guztien inguruan ebatzi eta ezkontza-erkidegoaren inbentarioa onetsiko da. Horrez gain, epaian bidezkoa dena aginduko da, ondasun erkideak administratzearen eta xedatzearen inguruan.

810 artikulua. Ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzea

1. Inbentarioa burutu bada, eta ezkontzaren ondasun-eraentza desegin dela zein ebazpenetan adierazi eta hori irmoa bada, ezkontideetatik edozeinek eska dezake ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzea.

2. Eskabidearekin batera, likidazio-proposamena ekarri beharko da. Likidazio- proposamenera bildu behar dira ezkontide bakoitzari zordundutako kalte- galerak eta itzulketak ordaintzea, eta bai gerakina proportzio egokian banatzea ere. Erloak eratzeko, kontuan hartuko dira arau zibil aplikagarrietan ezarri lehenespenak.

3. Likidazio-eskabidearen izapidetza onartu ondoren, hamar eguneko epean gehienez jota, ezkontideak idazkari judizialaren aurrean agertzeko eguna eta ordua ezarriko dira. Agerraldi hori egingo da ezkontideek hitzarmena lor dezaten, eta, hitzarmenik lortu ezean, kontularia izenda dadin, eta, kasuan-kasuan, adituak izenda daitezen, horiek zatiketa-eragiketak gauza ditzaten.

4. Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetako bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da ados dagoela agertu ezkontideak egindako likidazio-proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortzen badute ere, hitzarmena aktan jaso, ekitaldia bukatu eta gauzatuko da, lege honen 788. artikuluko lehenengo bi paragrafoen arabera adostutakoa.

5. Ezkontideak ados jartzen ez badira ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzeko, kontularia izendatuko da probidentzia bitartez, eta, kasuan-kasuan, adituak izendatuko dira, lege honen 784. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izapidetzak aurrera egingo du, 785. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

811 artikulua. Partaidetza-eraentza likidatzea

1. Ezin da eskatu partaidetza-eraentza likidatzea, ezkontzaren ondasun-eraentza desegin dela zein ebazpenetan adierazi eta hori irmoa izan arte.

2. Eskabidearekin batera, likidazio-proposamena aurkeztu behar da. Proposamen horretara bilduko da ezkontide bakoitzaren hasierako eta amaierako ondarearen zenbatespena, eta, hala badagokio, bertan adierazi behar da ondare- gehikuntzarik handiena izan duen ezkontideak ordaindu beharreko kopurua.

3. Likidazio-eskabidea kontuan hartuta, hamar eguneko epean gehienez jota, ezkontideak idazkari judizialaren aurrean agertzeko eguna eta ordua ezarriko dira, ezkontideek hitzarmena lor dezaten.

4. Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetako bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da berori ados dagoela agertu ezkontideak egindako likidazio-proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortu badute ere, hitzarmena aktan jaso eta ekitaldia bukatuko da.

5. Ezkontideak ados jartzen ez badira, horiei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Epaian sortu diren arazo guztien ebazpena emango da, eta ezkontide bakoitzaren hasierako eta amaierako ondareak zehaztuko dira. Halaber, epaian adieraziko da, hala badagokio, ondare-gehikuntzarik handiena izan duen ezkontideak ordaindu beharreko kopurua eta ordainketa egiteko modua.

III. TITULUA - PROZESU MONITORIOA ETA KANBIO-PROZESUA

LEHENENGO KAPITULUA - Prozesu monitorioa

812 artikulua. Prozesu monitorioa noiz den bidezkoa

1. Prozesu monitoriora jo dezake muga-eguneratuta dagoen eta eska daitekeen diruzko zorra berari ordaintzea nahi duenak, baldin eta zor horren kopurua zehatza bada, 5 000 000 pezeta gainditzen ez baditu eta zorraren kopurua honako bide hauen bitartez egiaztatzen bada*:

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 30 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

1.) Zordunak sinatu dituen agirien bitartez, agirion forma eta mota edo euskarri fisikoa edozein dela, edo zordunaren zigilua, lorratz nahiz marka edo beste edozein ikur, fisiko zein elektroniko duten agirien bitartez.

2.) Fakturen, emate-albaranen, ziurtagirien, telegramen, telefaxaren edo beste edozein agiriren bitartez, nahiz eta horiek hartzekodunak alde bakarrez sortu, baldin eta hartzekodunaren eta zordunaren arteko harremanetako kredituak eta zorrak jaso ohi dituztenak badira.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, eta paragrafo horretan ezarri eskakizunak betetzen dituzten zorrak izanez gero, honako kasu hauetan ere prozesu monitoriora jo daiteke: 1.) Zorra jasotzen duen agiriarekin batera, ekartzen badira aurretiazko egoera iraunkorra egiaztatzeko merkataritzako agiriak.

2.) Zorra egiaztatzen bada, hiri-lurreko ondasun higiezinetako jabe-erkidegoen gastu erkide gisa, zorrean dauden kopuruak ez ordaintzeari buruzko ziurtagirien bitartez.

813 artikulua. Eskumena

Zordunaren egoitzari edo bizilekuari dagokion lehen auzialdiko epaileak bakarrik du prozesu monitorioaren gaineko eskumena; edo, egoitza nahiz bizileku horiek ezezagunak badira, auzitegiak ordainketa-agindeia egiteko ondoreetarako, eskuduna da zorduna aurki daitekeen tokiko lehen auzialdiko epailea, salbu eta 812. artikuluaren 2. paragrafoko 2. zenbakian aipatu zorraren erreklamazioa denean. Kasu horretan, finka dagoen tokiko auzitegia ere izango da eskuduna, eskatzaileak hala aukeratuta.

Edozein kasutan, ez dira aplikatuko I. liburuko II. tituluaren II. kapituluko 2. atalera esanbidezko nahiz isilbidezko eskumenpean jartzeari buruz bildutako arauak.

814 artikulua. Prozedura monitorioaren hasierako eskaera

1. Prozedura monitorioa hasiko da, hartzekodunak hala eskatuta. Eskaera horretan adieraziko dira zordunaren nortasuna, hartzekodunaren eta zordunaren egoitza edo egoitzak, horien bizilekua edo horiek aurki daitezkeen tokia, eta zorraren jatorria eta zenbatekoa. Horrekin batera, 812. artikuluan aipatu agiria edo agiriak ekarri behar dira.

Eskaera egin daiteke inprimaki edo formularioan, horrek ahalbidetzen badu aurreko paragrafoan aipatu aldeak adieraztea.

2. Ez dago abokatuaren edo prokuradorearen beharrik, prozedura monitorioaren hasierako eskaera aurkezteko.

815 artikulua. Eskaera onartzea eta ordainketa-agindeia

1. Eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak 812. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoak badira, edo, auzitegiaren ustez, agiriok eskaeragileak duen eskubidearen froga-hastapena eratzen badute eskaeran adierazitakoa berretsiz, orduan zordunari agindeia egingo zaio probidentzia bitartez. Agindei horretan, hogei eguneko epea emango zaio zordunari, eskaeragileari ordain diezaion eta auzitegian hori egiazta dezan, edo zorduna auzitegian agertu eta aurka-jartzeko idazkian arrazoiak laburki eman ditzan, erreklamatutako kopurua oso-osorik nahiz zati batez zor ez izateko.

Agindeia lege honen 161. artikuluan ezarritakoaren arabera jakinaraziko da, eta zordunari ohartaraziko zaio beraren aurkako betearazpena aginduko dela hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta ordaintzen ez badu edo agertu ez eta ez ordaintzeko arrazoiak ematen ez baditu.

2. 812. artikuluko 2. paragrafoko 2. zenbakian aipatu zorren erreklamazioetan, jakinarazpena egin beharko da zordunak aldez aurretik izendatutako egoitzan, jabeen erkidegoari buruzko gaiekin zerikusia duten jakinarazpen eta zitazio guztietarako.

Egoitza hori izendatu ez bada, ahaleginak egingo dira komunikazioa pisuan edo lokalean egiteko, eta, horrela ere ezin bada komunikaziorik gauzatu, jakinarazpena egingo da, lege honetako 164. artikuluan xedatutakoaren arabera.

816 artikulua. Zordunari agindeia egitea, bera ez agertzea eta betearazpena agintzea. Korrituak

1. Agindeia zein zorduni egin eta hori auzitegian agertzen ez bada, auzitegiak autoa emango du, zordundutako kopuruaren betearazpena aginduz.

2. Betearazpena agindu ondoren, horrek aurrera egingo du, epai judizialak betearazteko xedatutakoaren arabera. Gainera, kasu horietarako ezarri aurka-jartzea azal daiteke. Dena den, prozesu monitorioaren eskatzaileak eta exekutatutako zordunak geroko prozesu arruntean ezin izango dute erreklamatu monitorioan erreklamatutako kopurua edo betearazpenaren bitartez lortutako kopurua itzultzea.

Betearazpena zein autotan agindu eta hori ematen denetik, zorrak sortuko ditu 576. artikuluan aipatu korrituak.

817 artikulua. Zordunak egindako ordainketa

Zordunak ordainketa-agindeia betetzen badu, orduan, hori egiaztatu bezain laster, ordaindu izanaren ziurtagiria eman eta jarduna artxibatuko da.

818 artikulua. Zorduna aurka jartzea

1. Zordunak garaiz aurkezten badu aurka-jartzeko idazkia, gaia behin betiko ebatziko da kasuan kasuko epaiketan, eta epaiketa horretan emandako epaiak gauza epaituaren indarra izango du.

Abokatuak eta prokuradoreak aurka-jartzeko idazkia sinatu beharko dute, erregela orokorren arabera euren parte-hartzea, munta dela eta, beharrezkoa bada.

Zordunak bere aurka-jartzea gehiegi eskatzean oinarritzen badu, lege honen 21. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo da, zor gisa aitortutako zenbatekoari dagokionez.

2. Uziaren zenbatekoak hitzezko epaiketaren zenbatekoa gainditzen ez badu, auzitegiak berehala egingo du ikustaldirako deialdia.

Erreklamazioak zenbateko hori gainditu, eta eskaeragileak kasuan kasuko demanda jartzen ez badu hilabeteko epean, aurka-jartzeko idazkia helarazi denetik, orduan jarduna largetsi eta hartzekoduna kostuak ordaintzera kondenatuko da.

Demanda aurkeztuz gero, demandatuari helaraziko zaio hori, lege honen 404. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA - Kanbio-epaiketa

819 artikulua. Kanbio-epaiketa noiz den bidezkoa

Kanbio-epaiketa bidezkoa izango da, soil-soilik, epaiketa hastean aurkeztu bada kanbio-letra, txekea edo ordaindukoa, horrek dituela Kanbio-Letra eta Txekearen Legean ezarri baldintzak.

820 artikulua. Eskumena

Kanbio-epaiketan eskumena du demandatuaren egoitzako lehen auzialdiko epaitegiak.

Tituluaren ukandunak zordun bat baino gehiago demandatzen badu eta zordunon betebeharra titulu beretik sortzen bada, eskuduna izango da horietatik edozeinen egoitzako lehen auzialdiko epaitegia. Zordunak epaiketan ager daitezke, ordezkaritza independentearekin.

Ez dira aplikatuko I. liburuko II. Tituluaren II. kapituluko 2. atalera esanbidezko edo isilbidezko eskumenpean jartzeari buruz bildutako arauak.

821 artikulua. Hasiera. Demanda. Ordainketa-agindeia eta aurreneurrizko enbargoa

1. Kanbio-epaiketa demanda laburrarekin hasiko da, horrekin batera kanbio-titulua ekarriz.

2. Auzitegiak, auto bitartez, kanbio-tituluaren forma-egokitasuna aztertuko du, eta, egokia bada, besterik gabe hartuko ditu honako neurri hauek:

1.) Zordunari agindeia egitea, horrek hamar eguneko epean ordain dezan.

2.) Zordunaren ondasunen berehalako aurreneurrizko enbargoa agintzea, titulu betearazlean jasotako kopuruan, baita atzerapen-korrituei, gastuei eta kostuei aurre egiteko kopuruan ere, ordainketa- agindeia betetzen ez denerako.

3. Demandatzaileak 552. artikuluko 2. paragrafoan aipatu errekurtsoak jar ditzake, aurreko paragrafoko neurriak hartzea ukatu duen autoaren aurka.

822 artikulua. Ordainketa

Kanbio-zordunak ordainketa-agindeia betetzen badu, 583. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da. Halere, kostuak zordunaren kontura izango dira.

823 artikulua. Enbargoa desegitea

1. Zorduna bere kabuz edo ordezkariaren bitartez bertaratzen bada, ordaintzeko agindeia egin zaionetik bost egunetako epean, eta bere sinaduraren kautotasuna oso-osorik ukatzen badu edo erabateko ordezkaritzarik eza alegatzen badu, auzitegiak agindutako enbargoak desegin ditzake, kasuan kasuko inguruabarrak eta ekarritako agiriak kontuan hartuta. Halakoetan, auzitegiak kauzioa edo berme egokia eska dezake, hori komenigarritzat joz gero.

2. Enbargoa ez da desegingo honako kasu hauetan:

1.) Merkataritzako artekari elkargokideak igorpenean, onarpenean, abalean edo endosuan esku hartu badu, data adieraziz, edo notarioak kasuan kasuko sinadurak legitimatzen baditu letran bertan.

2.) Kanbio-zordunak protestoan edo notario bidezko ordainketa-agindeian oso-osorik ukatu ez badu tituluan jasotako bere sinaduraren kautotasuna edo alegatu ez badu erabateko ordezkaritza eza.

3.) Kanbio-betebeharpekoak bere sinadura aitortzen badu epaiketan edo agiri publikoan.

824 artikulua. Aurka-jartze kanbiarioa

1. Aurreko artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, zordunak kanbio-epaiketaren aurka jartzeko demanda aurkez dezake, ordainketa-agindeia egin eta hurrengo hamar egunetan.

2. Aurka-jartzeak demandaren forma izango du. Kanbio-zordunak letraren, txekearen edo ordaindukoaren ukandunari aurka jar diezazkioke Kanbio-Letra eta Txekearen Legearen 67. artikuluan aurka jartzeko ezarri arrazoi edo zio guztiak.

825 artikulua. Aurka ez jartzearen ondoreak

Zordunak ez badu aurka-jartzeko demandarik aurkezten ezarri epean, erreklamatutako kopuruak betearaztea agindu eta enbargoa trabatuko da, hori aldez aurretik ezin izan bada gauzatu, edo, 823. artikuluan ezarritakoaren arabera, hori desegin bada.

Kasu horretan, agindutako betearazpena gauzatuko da, lege honetan epaiak eta ebazpen judizialak nahiz tartekaritza-ebazpenak betearazteko ezarritakoaren arabera.

826 artikulua. Aurka-jartze kanbiarioa gauzatzea

Zordunak aurka-jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, idazki hori hartzekodunari helarazi eta ikustaldirako zitazioa egingo zaio, hitzezko epaiketetarako 440. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egingo da, 443. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zorduna agertzen ez bada, auzitegiak ulertuko du aurka-jartzean atzera egin duela, eta aurreko artikuluan ezarritako ebazpenak aginduko ditu.

Hartzekoduna agertzen ez bada, auzitegiak aurka-jartzearen inguruan ebazpena emango du, hartzekoduna entzun gabe.

827 artikulua. Aurka-jartzeari buruzko epaia. Eragingarritasuna

1. Hamar eguneko epean, auzitegiak epaia emango du, aurka-jartzearen inguruan ebazpena emanez.

Aurka-jartzeari gaitz iritzi eta epaiari errekurtsoa jartzen bazaio, epaia behin-behinean betearaziko da, lege honetan xedatutakoaren arabera.

2. Aurka-jartzeari on iritzi dion epaiaren aurka errekurtsoa jartzen bada, 744. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuko da, trabatu diren aurreneurrizko enbargoei dagokienez.

3. Kanbio-epaiketan emandako epai irmoak gauza epaituaren ondoreak sortuko ditu, epaiketa horretan alega eta eztabaida zitezkeen arazoei dagokienez. Gainerako arazoak kasuan kasuko epaiketan aurkez daitezke.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Eskumen-titulua

Lege hau ematen da Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren arabera estatuari dagokion eskumenaren babespean; horrek ez dio kalterik egingo autonomia-erkidegoen zuzenbide substantiboaren berezitasunek ondorioztatutako espezialitateei.

Bigarrena. Zenbatekoak eguneratzea

1. Gobernuak, errege dekretuaren bitartez, lege honetan ezarritako zenbatekoak egunera ditzake, bost urterik behin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin eta Estatuko Kontseiluak irizpena eman ondoren.

2. Europako dirua (euroa) bete-betean ezarri aurretik, sei hilabete lehenago gutxienez, Gobernuak diru horretara bihurtuko ditu lege honek pezetetan jasotako zenbatekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin eta Estatuko Kontseiluak irizpena eman ondoren. Kasu horretan, diru horren zatikiak ezabatu eta zenbatekoak euroetan ezarriko dira, Espainiako legeetan gertatu ohi den bezala, horiek erraz erabiltzeko modukoak izan daitezen.

Aurrekoa gorabehera, Europako diruaren araberako zenbateko berriekin batera, eutsi egingo zaie lege honek epaiketa- mota zehazteari eta errekurtsoak baliatzeari buruzko erregeletan pezetetan ezarritako zenbatekoei*.

* Bihurketa hori burutu du abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak (EAO, 310. zk., abenduaren 27koa).

Hirugarrena. Baliabide materialak eta giza baliabideak, ikustaldiak, entzunaldiak eta agerraldiak jasotzeko

Lege hau onetsi denetik urte beteko epean, Estatuko Gobernuak eta eskumenak transferituak dituzten autonomia- erkidegoetako gobernu-kontseiluek beharrezko neurriak hartuko dituzte, epaitegiek eta auzitegiek premiazko baliabide materialak eta giza baliabideak izan ditzaten, lege honen 147. artikuluan xedatutakoaren arabera ahozko jarduna jasotzeko.

Laugarrena. Agirien eta tresnen kopiak lortzearen ondoriozko tasak

Lege hau onetsi eta hurrengo sei hilabeteetan, Estatuko Gobernuak errege dekretu bitartez onetsiko du prezio tasatuen sistema, auzi-paperetan jasotako eta prozesuko alderdiek eskatutako agiri nahiz tresnen kopia soilak lortzeari buruzkoa.

Bosgarrena. Prozesu zibil zehatz batzuk bizkortzeko neurriak

1. Justizia Ministerioak, arloan arloko eskumenak dituzten autonomiaerkidegoekin bat etorriz, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak baiezko txostena eman ondoren, data berehala zehazteko bulegoak sor ditzake, lehen auzialdiko epaitegiak eta instrukzioko epaitegiak banatuta dituzten epai-barrutietan.

Bulego horiek prozesuko zerbitzu erkideen izaera dute, eta horietan beteko dira, xedapen gehigarri honen prozedurei dagokienez, erregistro-, eta banaketa- eginkizunak, bai eta ikustaldien, agerraldien eta jardunaren data zehaztekoak ere.

2. Data berehala zehazteko bulegoak zein epai-barrutitan sortu eta barruti horietan aurkeztuko dira honako gai hauek jasotzen dituzten demandak eta eskabideak:

a) Lege honen 250. artikuluko 2. paragrafoan aipatu muntari buruzko erreklamazioak.

b) Zordundutako errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik hiri-finkatik maizterra botatzeak, eta, hala denean, errenta edo kopuru horien erreklamazioak, erreklamazio akzioa metatzen bada maizterra botatzeko akzioarekin.

c) Demanda baino lehenagoko edo aldi bereko kautela-neurriak, horiek 770. artikuluko 6. erregelan xedatutakoak badira.

d) Deuseztasun, banantze edo dibortzioaren inguruko behin-behineko neurriak, horiek demanda baino lehenagokoak edo aldi berekoak izan, eta 771 eta 773.1. artikuluetan ezarri badira.

e) Bi ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatutako deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demandak.

3. Data berehala zehazteko bulegoetan demanda eta eskabideak aurkeztu, eta horien izapideak egingo dira, lege honen arauekin bat, berezitasun hauekin:

Lehenengoa. Demandaren izapidetza onartu baino lehen, data berehala zehazteko bulegoetan, eta eginbide berean, honako hauek egingo dira:

a) Erregistratuko dira bertan aurkeztu eta aurreko paragrafoan aipatutako demandak edo eskabideak.

b) Horiek epaitegi eskudunari banatzea aginduko da, eta zuzenean zehaztuko da 440.1 artikuluko ikustaldiaren data, 771.2 eta 773.3 artikuluetan ezarri agerraldia, 777.3. artikuluko demanda berresteko agerraldia, eta maizter-botatzearen data eta ordua, 440.3 artikuluaren kasuan.

c) Zitazio eta ofizio egokien gauzatzea aginduko da, horiek ondore horretarako luzatuz. Zitazio eta ofizio horiek gauzatuko dira, jakinarazpen-zerbitzu erkidearen bitartez, edo, hala denean, hori eskatu duen prokuradorearen bidez; eta, horiek bete ondoren, epaitegi eskudunari emango zaizkio zuzenean.

d) Aurkeztu demanda edo eskabidea berehala igorriko zaio epaitegi eskudunari.

Bigarrena. Aurreko erregelan aipatu agerraldi eta ikustaldietarako zitazioetan jasoko dira lege honetan kasuankasuan ezarri agindei eta oharrak.

Halaber, 440. artikuluko 3. paragrafoan aipatu gaiak adieraziko dira.

Era berean, zitazioan adieraziko da, demandatuak doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena edo 33.2 artikuluan xedatu ofiziozko abokatu eta prokuradorea eskatzen duenerako, zitazioa noiz jaso eta hiru egunetako epean epaitegian egin beharko duela eskaera hori.

Hirugarrena. Demanda edo eskabidea jaso ondoren, epaitegiak aginduko du horren izapidetza onartzearen inguruan bidezkoa dena. Hala denean, epaitegiak aginduko du prozesuko akatsak ongituak izan daitezen, hiru eguneko epean gehienez.

Demanda onartuz gero, jada egindako data-zehazteari eutsiko zaio.

Demandaren izapidetza onartzen ez bada, data-zehaztea ondorerik gabe utziko da, eta epaitegiak inguruabar hori komunikatu beharko die dagoeneko zitazioa jaso dutenei.

Alderdietako batek doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena edo ofiziozko abokatu eta prokuradorea eskatu badu, lehen auzialdiko epaitegiak aginduko du profesionalak berehala izendatzea, 33. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Kasu horretan, izendapena egingo da ikustaldi edo agerraldirako egokitu profesionalen mesederako, abokatu eta prokuradoreen elkargoetan horretarako ezarri laguntza-txanda bereziari jarraituz.

Laugarrena. Data berehala zehazteko bulegoetan egingo dira xedapen honen, lehenengo ataleko 3. paragrafoaren b) lerrokadan aipatu data-zehazteak, txandari jarraikiz egoki den lehen auzialdiko epaitegian. Horixe egingo da, data zehazteko programa-sistemaren arabera, egun eta ordu baliodun gertuenetan, betiere honako epe hauetan:

a) 440.1 artikuluko ikustaldien data zehazteak egingo dira artikulu horretan zehaztu epeetan, horiek zenbatzen hasita, data berehala zehazteko bulegoetan demanda aurkeztu eta bosgarren egunetik aurrera.

b) 771.2 eta 773.3 artikuluetako agerraldien data-zehazteak gauzatuko dira, data berehala zehazteko bulegoetan eskabidea edo demanda aurkeztu eta bosgarren egunetik hamargarren egunaren artean.

c) 777.3 artikuluan xedatu demanda berresteko agerraldien data-zehazteak gauzatuko dira, demanda egokia aurkeztu eta hurrengo hiru egunetan.

d) 440. artikuluaren 3. paragrafoko azken tartekaduraren araberako maizter- botatzearen data eta ordua finkatzea gauzatuko da, kasuan kasuko ikustaldiaren data zein izan eta hortik hilabetea baino gutxiagoko epean.

Bosgarrena. Epai-barrutietan data berehala zehazteko bulegoak sortzen direnean, lehen auzialdiko epaitegi bakoitzak agenda osoa erreserbatu beharko du, jarraikako laguntza-txandan berari dagozkion datetan; horixe egingo da, Data Berehala Zehazteko Bulegoak data-zehazte horiek zuzenean gauzatu ahal izateko.

Justizia Ministerioak baiezko txostena eman ondoren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak beharrezko diren araudiak emango ditu, data zehazteko programa-sistemaren antolaketa eta jardunbidea, eta lehen auzialdiko epaitegien jarraikako laguntza-txanda arautzeko, bai eta data-zehazteak zuzenean gauza daitezen ordutegi-tarteetan zatikatzeko ere.

Seigarrena. Epai-barrutietan data berehala zehazteko bulegoak zein diren finkatzeko, banaketa-arauek ezarriko dute xedapen honen 2. paragrafoko prozedurak aztertzea lehen auzialdiko zein epaitegiri eratxikiko zaion; horrelakoetan, lehen auzialdiko epaitegia izango da jarraikako laguntza-txandaren arabera jardun behar duena, noiz eta laugarren erregelan aipatu ikustaldi eta agerraldien data-zehazteak egin beharreko egunetan.

4. Xedapen gehigarri honen esparruan gauzatutako jardunean, bertaratutako alderdien prokuradoreek, hala eskatzen badute eta ordezkatzen duten alderdiaren kontura, jakinarazpenak, zitazioak, epatzeak eta agindeiak egin ditzakete, lege honetan oro har onartutako moduetatik edozein erabiliz.

Komunikazio-egintza horiek baliozkotasunez egin direla ulertuko da, pertsona egokiari egin zaizkiola edo jasotzailearen egoitzan gauzatu direla behar beste agerrarazten bada.

Ondore horietarako, prokuradoreak egiaztatuko ditu, bere erantzukizun pertsonalpean, komunikazio-egintzaren hartzailearen nortasuna eta izaera; ahaleginak egingo ditu, kopian agerraraz daitezen haren sinadura eta komunikazioa gauzatzeko eguna.

Ebazpenaren kopia edo zedula ematearen bitartezko komunikazioetan, horiek jasotzailearen egoitzan egin behar badira, 161. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da, berori aplikagarri denean. Prokuradoreak egiaztatu beharko du artikulu horretako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horretarako, bi lekukoren laguntzaz edo bestelako bide egokiez balia daiteke.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Errekurtsoen araubidea, horiek jartzen direnean ebazpen interlokutorioen edo behin-behineko ebazpenen aurka

Lege hau indarrean jarri ondoren, prozesu eta auzialdi guztietan zein ebazpen interlokutorio edo behin-behineko eman eta horiei aplikatuko zaie lege honetako errekurtso arrunten araubidea.

Bigarrena. Lehen auzialdiko prozesuak

Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean jartzean lehenengo auzialdian dauden prozesu adierazleak gauzatuko dira, aurreko prozesu-legeriaren arabera, auzialdi horretan epaia eman arte.

Gora jotzeari, bigarren auzialdiari, betearazpenari, behin-behinekoa barne, eta errekurtso bereziei dagokienez, lege honen xedapenak aplikatuko dira.

Hirugarrena. Bigarren auzialdiko prozesuak

Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean jartzean prozesu adierazleak bigarren auzialdian badaude, auzialdi hori gauzatuko da, aurreko legearen arabera; baina, epaia eman ondoren, lege hau aplikatuko da ondore guztietarako.

Dena den, eska daiteke gora jotako uziari oniritzia eman dion epaia behin-behinean betearaztea, lege honetan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena. Kasazioko auziak

Lege hau indarrean jartzean, kasazio- errekurtsoa ebazteke duten auziak aurreko legearen arabera gauzatu eta erabakiko dira. Halere, eska daiteke kasaziopeko uziari oniritzia eman dion epaia behin-behinean betearaztea, lege honen arabera.

Bosgarrena. Epaiketa betearazleak

Lege hau indarrean jartzean ebazteke dauden epaiketa betearazleak aurreko legearen arabera izapidetuko dira, epaiketa horiek oinarritzeko titulua edozein izanda ere. Dena den, jarduna premiamendu-prozedurara heldu ez bada, une hori iristean lege hau aplikatuko da, prozedura horri dagokionez.

Seigarrena. Nahitaezko betearazpena

Lege hau indarrean jartzean jada hasita dauden betearazpen-prozesuetan, lege honek zer xedatu eta horixe aplikatuko da, alderdi betearazlea guztiz asetzeko oraindik gauza edo aldaraz daitekeen jardun betearazleari dagokionez.

Zazpigarrena. Kautela-neurriak

1. Lege hau indarrean jarri ondoren eskatu kautela-neurrietan, lege honetan zer xedatu eta horixe aplikatuko da, lege hau indarrean jarri baino lehen hasitako prozesuetan.

2. Lege hau indarrean jarri baino lehen hartutako kautela-neurriei aurreko legeko xedapenak aplikatuko zaizkie; baina lege honen arabera eska daiteke neurriok berrikustea eta aldaraztea.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

1. Prozedura Zibilaren Legea, 1881eko otsailaren 3ko Errege Dekretuak onetsitakoa, indarrik gabe geratzen da, honako salbuespen hauekin:

1.) II. liburuko XII eta XIII. tituluak, eta III. liburua. Horiek indarrean iraungo dute, Konkurtso Legea eta Borondatezko Jurisdikzioaren Legea indarrean jarri arte; salbuespenez, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen 1827. artikulua eta 1880. artikulutik 1900.erakoak indarrik gabe geratzen dira.

Halaber, aipatu legeak indarrean jarri arte, indarrean iraungo dute Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen 4. artikuluko 1 eta 5. zenbakiak, 10. artikuluko 1 eta 3. zenbakiak, eta 63. artikuluko 8, 9, 16, 17, 18, 19, 22, 23, 24, 25, 26 eta 27. erregelek.

Konkurtso Legea indarrean jarri arte, konkurtso-prozesuetan sortutako intzidenteei aplikatuko zaie lege honetan intzidenteen izapidetza egiteko zer xedatu eta horixe.

Borondatezko Jurisdikzioaren Legea indarrean jarri arte, ulertuko da III. liburuan administrazioarekiko prozedura egokiaren inguruan jasotako aipamenak hitzezko epaiketaren gainekoak direla.

2.) II. liburuko I. titulua eta 11. artikulua, adiskidetzeari buruzkoak, eta II. liburuko IX. tituluko 2. atala, abintestato jaraunsleen inguruko adierazpenari buruzkoa. Halere, horiek guztiak indarrean egongo dira, bi gai horien inguruan Borondatezko Jurisdikzioaren Legean araututakoa indarrean jarri arte.

3.) 951. artikulutik 958.erakoak, atzerriko auzitegien epaiek Espainian duten eragingarritasunari buruzkoak. Halere, indarrean egongo dira Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoaren Legea indarrean jarri arte.

2. Honako manu, lege edo xedapen hauek ere indarrik gabe geratzen dira:

1.) Kode Zibilaren 8. artikuluko 2. paragrafoa; 12. artikuluko seigarren paragrafoaren bigarren lerrokada; 127. artikulutik 130.erakoak, azken hori barne; 134. artikuluko bigarren paragrafoa eta 135. artikulua; 202. artikulutik 214.erakoak, azken hori barne; 294. artikulutik 296.erakoak, azken hori barne, eta 298. artikulua; 1214, 1215, 1226 eta 1231. artikulutik 1253.erakoak, azken hori barne.

2.) Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 119, 120, 121 eta 122.1 artikuluak, lege hori abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsitako testu bateginak jasotzen duela.

3.) Gizakiaren Oinarrizko Eskubideen gaineko Jurisdikzio-Babesari buruzko abenduaren 26ko 62/1978 Legearen 11, 12, 13, 14 eta 15. artikuluak.

4.) 1908ko uztailaren 23ko Legearen 2, 8, 12 eta 13. artikuluak, mailegu- kontratu batzuen deuseztasunari buruzkoak.

5.) Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Segurtasunari buruzko Legearen 17 eta 18. artikuluak, lege hori martxoaren 21eko 632/1968 Dekretuak onetsitako testu bateginak jasotzen duela.

6.) Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 38. artikulutik 40.erakoak, azken hori barne.

7.) Landa Errentamenduei buruzko abenduaren 31ko 83/1980 Legearen 123. artikulutik 137.erakoak.

8.) Ondasun Higigarrien gaineko Hipoteka eta Edukitzaren lekualdaketarik gabeko Bahiari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 82, 83, 84, 85, 92 eta 93. artikuluak.

9.) Ontzien gaineko Hipotekari buruzko 1893ko abuzturaren 21eko Legearen 41 eta 42. artikuluak.

10.) Uztailaren 7ko 30/1981 Legearen 1. xedapen gehigarritik 9.erakoak; lege horrek Kode Zibilaren ezkontzaren arauketa aldarazi, eta deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-auzietan jarraitu beharreko prozedura jasotzen du.

11.) Elkarlehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 23, 25 eta 26. artikuluak.

12.) Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 29, 30 eta 33. artikuluak.

13.) Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 142. artikulua, lege hori apirilaren 12ko 1/1996 LegegintzazkoErrege-dekretuaren testu bateginak jasotzen duela.

14.) Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 125. artikuluko hirugarren eta laugarren paragrafoak, 133. artikuluko bigarren paragrafoa, 135. artikulua, eta 136. artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoak.

15.) Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 9. artikuluko hirugarren paragrafoa, eta 14, 15, 18 eta 20. artikuluak.

16.) Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 12. artikulua.

17.) Enpresak Enbargatzeko Administrazio Judizialari buruzko urriaren 20ko 18/1969 Dekretu-legea.

18.) 1952ko azaroaren 21eko Dekretua, udal-justizian aplikagarriak diren arau prozesalei buruzko 1944ko uztailaren 19ko Legearen hamargarren oinarria garatzen duena.

19.) Arlo Zibilean Probintziako Audientziei Eskumenak eratxikitzeari buruzko ekainaren 20ko 10/1968 Legea.

20.) Auzi-paperak eta Jardun Judiziala Berregiteari buruzko 1940ko otsailaren 23ko Dekretua.

21.) Epaiketaren Ondoreetarako Abuztuko Egun guztiak Egun baliogabe Adierazteari buruzko uztailaren 17ko 5/1973 Dekretu-legea.

3. Halaber, lege honetan xedatutakoaren aurkakoak edo bateraezinak diren arau guztiak indarrik gabe geratzen dira, Kode Zibilaren 2. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera.

Azaroaren 27ko 52/1997 Legeak, Estatuari eta Herri Erakundeei Laguntza Juridikoa emateari buruzkoak, indarrean dirau.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Jabetza Horizontalaren Legea eraldatzea

1. Apirilaren 6ko 8/1999 Legeak egindako aldarazpenarekin, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoaren hirugarren lerrokadak idazkera hau izango du:

«Urratzaileak bere jokabideari ekiten badio, jabeen batzarako arauzko deialdia egingo da, eta, horrek baimena eman eta gero, lehendakariak bukarazte-akzioa jarri ahal izango du haren aurka; artikulu honetan beren beregi agindu ez diren arazoetan, akzio hori epaiketa arruntaren bitartez gauzatuko da.»

2. Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 21. artikuluak idazkera hau izango du:

«1. Etxebizitza edo lokalaren jabeak bete beharko ditu 9. artikuluko e) eta f) idatz-zatiek aipatzen dituzten betebeharrak, batzak ezarritako epean eta moduan. Bestela, lehendakariak edo administratzaileak, jabeen batzak hala erabakitzen badu, epaiketa bidez eska diezaioke betetzea jabeari, prozesu monitorioaren bitartez.

2. Prozedura monitorioa erabiltzeko, aldez aurretik batzaren erabakiari buruzko ziurtagiria lortu behar da. Erabaki horretan onartu behar da jabeen erkidegoarekin izandako zorraren likidazioa; erkidegoan idazkari zeregina betetzen duenak egingo du likidazio hori, lehendakariaren ikusonespenarekin. Horrez gain, prozedura monitorioa erabiltzeko nahitaezkoa izango da ukitutako jabe guztiei erabakia jakinaraztea, 9. artikuluan ezarritako moduan.

3. Aurreko paragrafoaren arabera, kopuru zehatza erreklamatzen denean, kopuru horri gehitu behar zaizkio aurretiazko ordainketa-agindeiaren gastuak, baldin eta dokumentu bidez egiaztatzen bada agindei hori egin dela, eta, eskariarekin batera, egintza horien egiaztagiria aurkezten bada.

4. Etxebizitzaren edo lokalaren aurreko titularrak erantzukizun solidarioa duenean zorraren ordainketaren gainean, horren aurka zuzen daiteke hasierako eskaria, horrek egungo jabearen aurka duen berreskaera-eskubideari kalterik egin gabe.

Erreklamazioa egin dakioke, halaber, Erregistroko titularrari, eta horrek ere izango du aurretiaz aipatutako eskubide berbera.

Kasu horietan guztietan, hasierako eskaera betebeharpekoetatik edozeinen aurka jar daiteke edo, bestela, betebeharpeko guztien aurka aldi berean.

5. Zorduna prozesu monitorioaren hasierako eskariaren aurka jartzen denean, hartzekodunak eska dezake, beharrezkoa den neurrian, haren ondasunen gaineko aurreneurrizko enbargoa, horrekin erreklamaziopeko kopuruari, korrituei eta kostuei aurre egiteko.

Edozein kasutan ere, epaitegiak aurreneurrizko enbargoa erabakiko du, eta ez da beharrezkoa izango hartzekodunak kauzioa ematea.

Edonola ere, zordunak ezerezean utz dezake enbargoa, horretarako banku-abala ematen badu, epaileak dekretatu izan duen kopuru horretan.

6. Prozesu monitorioaren hasierako eskarian, abokatuaren eta prokuradorearen lanbide-zerbitzuak erabiltzen direnean, erkidegoari zor zaizkion kopuruak erreklamatzeko, zordunak ordaindu beharko ditu bi-bion esku-hartzearen ondorioz sortutako zerbitzu-sariak eta eskubideak, bai zordunak ordainketa-agindeiari kasu egiten dionean, bai auzitegian agertzen ez denean ere; edozein kasutan ere, Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako mugak errespetatu beharko dira.

Aurkakotasuna dagoen kasuetan, erregela orokorrak aplikatuko dira kostuen arloan; baina epaia hartzekodunaren interesentzat guztiz onuragarria baldin bada, kostu horien artean sartu beharko dira abokatuaren zerbitzu-sariak eta prokuradorearen eskubideak, horiek esku hartu badute, nahiz eta esku-hartze hori aginduzkoa izan ez.»

Bigarrena. Jabetza Intelektualaren Legea eraldatzea

1. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 25.20 artikuluak idazkera hau izango du:

«20. Aurreko paragrafoak ezarri kasuan eta zerbitzu-saria ordaintzen ez denetan, kudeaketarako erakundeak nahiz erakundeek, edo, kasuan-kasuan, kudeaketarako ordezkaritzak edo elkarteak, auzitegiari eska diezaiokete, haiek izan ditzaketen akzio zibilak eta penalak gorabehera, kautela-neurri egokiak hartzea, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera, eta, zehatzago, kasuan kasuko ekipoak, aparatuak eta materialak enbargatzea.

Horrela enbargatutako ondasunak erabiliko dira, erreklamatutako ordainsaria eta kasuan kasuko kalte-galerak ordaintzeko.»

2. Jabetza Intelektualaren Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 103. artikuluak idazkera hau izango du:

«103. artikulua.—Babes-neurriak

Titulu honetan aitortutako eskubideen titularrak eska ditzake lege honen III. liburuko I. tituluan orokorrean xedatu akzioak eta prozedurak, baita kautela- neurri egokiak ere, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera.»

3. Jabetza intelektualari buruzko Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 143. artikuluak idazkera hau izango du:

«143. artikulua.—Auzi kriminalak

Lege honetan aitortutako eskubideak hausteagatik egoten diren auzi kriminaletan prozesu zibiletan bidezkoak diren kautela-neurriak har daitezke, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoarekin bat. Neurri horiek ez dute eragotziko zigor-arloko prozesu-legerian ezarritako neurrietatik beste edozein hartzea.»

4. Jabetza Intelektualaren Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 150. artikuluak idazkera hau izango du:

«150. artikulua.—Legitimazioa

Kudeaketarako erakundeek, baimena lortu ondoren, legitimazioa dute, eurek kudeatu behar dituzten eskubideak egikaritzeko eta administrazio-prozedura nahiz prozedura judizial guztietan eskubideok baliatzeko, euren estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Legitimazio hori egiaztatzeko, kudeaketarako erakundeak, prozesua hastean, bere estatutuen kopia eta administrazio- baimenaren egiaztatze-ziurtagiria bakarrik ekarri beharko ditu.

Demandatuaren aurka-jartzearen oinarri bakarrak izan daitezke auzi-jartzailearen ordezkaritzarik eza, eskubide esklusiboa duen titularraren baimena edo kasuan kasuko zerbitzu-saria ez ordaintzea.»

Hirugarrena. Sozietate Anonimoen Legea eraldatzea

1. Abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzazko Errege-dekretuaren, Sozietate Anonimoen Legeari buruzko testu bategina onetsi duen horren, 118. artikuluak idazkera hau izango du:

«Sozietatearen erabakiak aurkaratzeko, epaiketa arruntaren izapideak eta Prozedura Zibilaren Legean jasotako xedapenak beteko dira.»

2. Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 122. artikuluko bigarren eta hirugarren lerrokadak artikulu horren lehenengo eta bigarren lerrokada bihurtuko dira, hurrenez hurren.

Laugarrena. Elkarlehia Desleialaren Legea eraldatzea

Elkarlehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 22. artikuluak idazkera hau izango du:

«22. artikulua.—Prozedura

Elkarlehia desleialari buruzko prozesuaren izapideak egingo dira, Prozedura Zibilaren Legean epaiketa arrunterako xedatutakoaren arabera.»

Bosgarrena. Patenteen Legea eraldatzea

1. Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 125. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du:

«1. Lege honen babespean sor daitezkeen auzi zibilak ebatziko dira, Prozedura Zibilaren Legearen arabera egoki den epaiketaren bidez.»

2. Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 133. artikuluak idazkera hau izango du:

«Lege honetan ezarritako akzioetatik bat egikaritzen duenak edo egikarituko duenak akzio horretaz arduratuko den organo judizialari eska diezaioke akzio horren eragingarritasuna bermatzeko kautela-neurriak hartzea, betiere, egiaztatzen duenean akzioaren objektu den patentea ustiatzen duela, lege honen 83. artikuluaren arabera, edo ondore horretarako prestatze-egintza benetakoak eta eragingarriak hasi dituela.»

Seigarrena. Kontratazioaren Baldintza Orokorren Legea eraldatzea

1. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko bigarren paragrafoak idazkera hau izango du:

«2. Bukarazte-akzioak epaia lortu nahi du; epai horretan, demandatua kondenatuko da baldintza orokorretatik deusez direnak kentzera eta baldintza deusez horiek aurrerantzean erabiltzeaz abstenitzera. Halaber, egoki izanez gero, epaiak zehaztu edo argituko du baliozkotzat eta eragingarritzat jo beharreko kontratu-edukia.

Bukarazte-akzioari eranskin gisa meta dakioke, epaia zein baldintzaren gainekoa izan eta baldintza horien arabera kobratu diren zenbatekoak itzultzeko akzioa, bai eta baldintza horiek aplikatzearen ondorioz eragindako kalte- galerak ordaintzeko akzioa ere.»

2. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du:

«3. Atzera jotzeko akzioaren xede izango da epai batek demandatuari adierazi eta ezartzea, hori ados egon zein egon ez, deuseztzat hartutako baldintza orokorren klausulak erabiltzeko gomendioan atzera egin, eta, klausulok etorkizunean gomendatzeari uzteko eginbeharra.»

3. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko 4. paragrafoak idazkera hau izango du:

«4. Akzio adierazlearen xedea izango da klausula bat aitortzea kontrataziorako baldintza orokor gisa eta klausula horren inskripzioa agintzen duen epaia lortzea; inskripzio hori bidezkoa izanez gero, egin egingo da, lege honen 11. artikuluaren 2. paragrafoko azken tartekaduran ezarritakoaren arabera.»

4. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 16. artikuluaren bukaerari beste lerrokada bat gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Artikulu honetan aipatu erakunde guztiak bertara daitezke horietatik edozeinek eragindako prozesuetan, hori egokitzat jotzen badute, eurek ordezkatzen dituzten interesak defendatzeko.»

5. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitu zaio, eta xedapen gehigarri horren idazkera hauxe da:

«Laugarren xedapen gehigarria

Prozedura Zibilaren Legean kontsumitzaileei eta erabiltzaileei egindako aipamenak atxikitzaile orori buruzkoak direla ulertuko da, atxikitzaile hori kontsumitzaile edo erabiltzaile izan ala ez, kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko lege honek eratorritako banakako akzioak edo akzio kolektiboak egikaritu auzietan.

Halaber, kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko lege honetako akzio kolektiboak egikaritu auzietan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei buruzko aipamenak aplikatu behar zaizkie akzio kolektibo horiek egikaritzeko legitimazio aktiboa duten gainerako pertsona eta erakundeei.»

Zazpigarrena. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko Legea eraldatzea

1. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 15. artikuluaren 3. paragrafoko lehenengo lerrokadak idazkera hau izango du:

«3. Ondasun higigarrien aurreneurrizko enbargoa edo nahitaezko betearazpena gertatzen denean, ondasun horien, eta euren ekoizkin nahiz errenten gaineko premiamendu-prozedura largetsiko da. Horixe egingo da, erregistratzailearen ziurtagiriaren bitartez, autoetan jaso bezain laster, aipatu ondasunen gainean eskubideak inskribatuta daudela, enbargoa edo prozedura zein pertsonaren aurka jarraitu eta pertsona hori ez den beste baten mesederako. Aitzitik, ez da prozedura largetsiko, enbargoa edo prozedura jasan behar duen pertsonaren aurka egikaritutako akzioan pertsona hori jo bada erregistroaren arabera jabe denaren jaraunsletzat.

Hartzekodun betearazleak bere akzioari eutsiko dio, epaiketa berean zordunaren beste ondasun batzuen aurka jotzeko, eta kasuan kasuko epaiketan prozedura zein ondasuni dagokionez eten eta horren gainean ustez duen eskubidea aztertu eta erabakitzeko.»

2. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 16. artikuluko lehenengo paragrafoak idazkera hau izango du:

«1. Hartzekodunak eska dezake lege honetan zein kontratu araututa egon eta kontratu horrek eratorri betebeharrak betetzea, prozesu adierazle arruntekin, prozesu monitorioarekin edo betearazpen-prozesuarekin bat datozen akzioak egikarituz, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera.

Zordunaren ondarearen gaineko betearazpen-akzioa oinarritzeko, behar besteko tituluak izango dira, soil-soilik, Prozedura Zibilaren Legeko 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean ondasun higigarriak epeka saltzeari buruz jasotako kontratuak.»

3. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 16. artikuluko bigarren paragrafoaren d) letrak idazkera hau izango du:

«d) Zordunak berari eskatutako kopurua ordaintzen ez badu edo ondasunak ematen ez baditu aurreko letran aipatu enkante publikoan besteren daitezen, hartzekodunak auzitegi eskudunari erreklama diezaioke bere eskubidearen babes sumarioa, Prozedura Zibilaren Legeko 250. artikuluaren lehenengo paragrafoko 10 eta 11. zenbakietan ezarri akzioak egikarituz.»

4. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoak idazkera hau izango du:

«Finantza-errentatzaileak eska dezake lege honetan arautu kontratuek eratorri betebeharrak betetzea, prozesu adierazle arruntekin, prozesu monitorioarekin edo prozesu betearazlearekin bat datozen akzioak egikarituz, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera.

Zordunaren ondarearen gaineko betearazpen- akzioa oinarritzeko, behar besteko tituluak izango dira, soil-soilik, Prozedura Zibilaren Legeko 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean jasotako finantza-errentamendu kontratuak.»

4. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 3. paragrafoko lehenengo lerrokadak eta c) letrak idazkera hau izango dute:

«3. Prozedura Zibilaren Legearen 517. artikuluko 2. paragrafoaren 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean jasotako, edo Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko Erregistroan inskribatu eta eredu ofizialean formalizatutako finantza-errentamendu kontratua ez betetzean, errentatzaileak ondasuna berreskuratzea eska dezake honako erregela hauek beteta:

c) Zordunak berari eskatutako kopurua ordaintzen ez badu eta ondasunak finantza-errentatzaileari ez badizkio ematen, finantza-errentatzaile horrek auzitegi eskudunari erreklama diezaioke finantza-errentamenduan lagatako ondasunak berehala berreskuratzea, Prozedura Zibilaren Legean jaso 250. artikuluaren lehenengo paragrafoko 11. zenbakian ezarri akzioak egikarituz.»

Zortzigarrena. Tartekaritzaren Legea eraldatzea

Ezabatua, Tartekaritzari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legearen ondorioz.

Bederatzigarrena. Hipoteka Legea eraldatzea

1946ko otsailaren 8ko Hipoteka Legearen 41, 86, 107, 129, 130, 131, 132, 133, 134 eta 135. artikuluak aldarazi dira, eta euren idazkera hau izango dute:

1. 41. artikulua: «Erregistroan inskribatutako eskubideek eratortzen dituzten akzio errealak egikaritzeko, Prozedura Zibilaren Legean araututako ahozko epaiketa gauzatu behar da ondokoen aurka: Erregistroan inskribatutako titulurik izan gabe, bertan inskribaturiko eskubideen aurka jardun edo eskubide horien egikaritza oztopatzen duten guztien kontra.

Akzio horien oinarria da 38. artikuluak aintzatetsitako erregistro legitimazioa, eta, halakoak egikaritu ahal izateko, Erregistroko ziurtagiri bidez egiaztatu behar da kasuan kasuko idazkuna indarrean dagoela, inolako kontraesanik gabe.»

2. 86. artikulua: «Aurreneurrizko idatzoharren jatorria edozein izanda ere, horiek egin eta lau urteko epearen buruan iraungitzen dira, salbu eta legearen aginduz epe laburragoa dagoenean.

Dena dela, idatzoharron indarraldia beste lau urtetan luza daiteke, baldin eta interesdunek hala eskatzen badute, edota idatzoharra agindu zuen agintariak hala ezartzen badu. Horretarako, luzapen-agindua aurkeztu behar da, idazkuna iraungi baino lehen.

Luzatutako idatzoharra lau urteko epean iraungitzen da, luzapenaren idatzoharra egin zenetik zenbatzen hasita. Gero, jarraikako luzapenak egin daitezke, baldintza berberetan.

Aurreneurrizko idatzoharren iraungitzea Erregistroan agerrarazi behar da, ondasun higiezin edo eskubide erreal ukituaren ugazabak halaxe eskatuta.»

3. 107.12 artikulua: «12.) Enkante judizialean adjudikatu diren ondasun higiezinen gain errematatzaileak duen eskubidea. Behin errematearen prezioa ordaindu eta jabaria errematatzailearen izenean inskribatu ostean, hipotekak bere horretan irauten du, adjudikaturiko ondasunen gain.»

4. 129. artikulua: «Hipoteka-akzioa zuzenean egikari daiteke ondasun hipotekatuen aurka; kasu horretan, Prozedura Zibilaren Legeko III. liburuaren IV. tituluan xedatutakoa bete behar da, V. kapituluan ezarritako berezitasunak kontuan izanda.

Horrez gain, hipotekaren eskritura eratzailean baliozkotasunez itun daiteke bermaturiko betebeharra betetzen ez bada, epaiketatik kanpoko exekuzio-prozedura gauzatuko dela, Kode Zibilaren 1858. artikuluaren ariora.

Epaiketatik kanpoko salmenta notario bidez egin behar da, Hipoteka Erregelamenduan ezarritako formalitateak kontuan izanda.»

5. 130. artikulua: «Ondasun hipotekatuen aurkako zuzeneko exekuzio-prozedura hipoteka inskribatua gauzatzeko bakarrik erabil daiteke; inskripzioa eratzailea denez gero, kasuan kasuko idazkunean jasotako datuak hartu behar dira prozedura horren oinarritzat.»

6. 131. artikulua: «Hipotekaren deuseztasun demandari buruzko aurreneurrizko idatzoharrak eta exekuzioa eteteko arrazoiren batean oinarritzen ez direnak 133. artikuluko ezerezte-manamenduaren bitartez ezerezten dira, baldin eta zamen ziurtagiria egin dela agerrarazten duten bazterreko oharren ostekoak badira idatzohar horiek.

Ezin daiteke hipotekaren inguruko ordainagiririk inskriba, bazterreko ohar hori manamendu judizialaren bitartez ezereztu arte.»

7. 132. artikulua: «Ondasun hipotekatuen gaineko zuzeneko exekuzio-prozedurak dakartzan inskripzio nahiz ezerezteen ondoreetarako, erregistratzaileak ondoko atalok kalifikatu behar ditu:

1.) Demanda eta ordainketa-agindua bidali zaizkiola, bai zordunari, bai zordun ez den hipotekatzaileari, bai hirugarren edukitzaileei, azken horiek euren eskubidea Erregistroan inskribatuta badute, prozeduran zamen ziurtagiria egiten den unean.

2.) Hartzekodun nahiz hirugarrenei prozedura jakinarazi zaiela, horien eskubidearen inskripzioa edo idatzoharra hipotekaren ostean egin bada; zamak ziurtatzeko bazterreko oharra egin ostean agertu diren hartzekodun eta edukitzaileen kasuan, jakinarazpena ez da beharrezkoa, bazterreko oharrak horren ondoreak sortzen dituelako.

3.) Hartzekodunari kredituaren printzipala, korrituak eta kostuak ordaintzeko eman zaionak ez duela gainditzen kasuan kasuko hipotekaren estaldura.

4.) Saldu edo adjudikaturikoaren balioa auzi-jartzaileak duen kreditu osoaren bestekoa edo txikiagoa dela, edota handiagoa izanez gero, gaindikina horrexetarako establezimendu publiko bateko agintariaren zainpean utzi dela, geroko hartzekodunen esku.»

8. 133. artikulua: «Idazkari judizialak erremate edo adjudikazioari buruzko autoa jasotzen duen lekukotza egin behar du, eta, batzuetan, lekukotza horrek dakar prezioa zainpean utzi behar izatea. Lekukotza titulu askietsia da adjudikatutako finka edo eskubidea errematatzaile nahiz adjudikaziodunaren izenean inskribatzeko, baldin eta lekukotza horrekin batera zamak ezerezteko manamendua aurkezten bada, Prozedura Zibilaren Legeko 674. artikuluak aipatu bezala.

Zamak ezerezteko manamendu judiziala eta erremate edo adjudikazioari buruzko autoaren lekukotza agiri bakarrera bil daitezke; betiere, agiri horretan agerrarazi behar da inskripzioa zein ezereztea egiteko aurreko artikuluak aipatzen dituen betekizunak eta inguruabarrak betetzen direla.»

9. 134. artikulua: «Adjudikazio autoari buruzko lekukotzak eta zamak ezerezteko manamenduak dakarte finka zein eskubidea adjudikaziodunaren izenean inskribatzea eta exekuzioa eragin zuen hipoteka ezereztea. Halaber, geroko zamak, kargak zein hirugarren edukitzailearen aldeko inskripzioak ezereztuko dira, inolako salbuespenik gabe, bai eta prozeduran zamen ziurtagiria eman delako bazterreko oharraren ostean egindakoak ere.

Geroko obra berrien adierazpenek eta zatiketa horizontalek bakarrik iraungo dute indarrean, baldin eta hipoteka- inskripzioak eratortzen badu hipoteka hori eraikin berrietara hedatzen dela, legearen aginduz zein itun bidez.»

10. 135. artikulua: «Exekuzio-prozedura zein epaileren aurrean gauzatu eta erregistratzaileak epaile horri eman behar dio geroko idazkunen berri, baldin eta idazkunok exekuzioa uki badezakete. Hori horrela izango da, prozedura ondasun hipotekatuen kontrakoa denean ere.»

Hamargarrena. Kanbio Letra eta Txekearen Legea eraldatzea

1. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 67. artikuluko azken lerrokada aldarazi da, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-akzioa egikaritzearen aurka, artikulu honetan adierazi salbuespenak bakarrik onar daitezke.»

2. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 49. artikuluko bigarren lerrokada aldarazi da, «… betearazpen-bidean bezala…» esamoldearen ordez, «… kanbio-prozesu bereziaren bitartez…» esamoldea ezarriz.

3. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 66. artikulua aldarazi da, eta artikulu horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-letrak betearazpena ekarriko du, Prozedura Zibilaren Legean jaso IV. liburuko III. tituluaren II. kapituluan arautu kanbio-prozeduraren bidez, tituluan zehaztutako kopuruan eta osterantzeko kopuruetan, lege honen 58, 59 eta 62. artikuluen arabera, sinaduren inguruko epaile bidezko aitorpenik gabe.»

4. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 68. artikulua aldarazi da, eta artikulu horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-akzioa egikaritzea, kanbio- prozesu bereziaren bitartez, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako prozeduraren mende dago.»

Hamaikagarrena. Lan Prozeduraren Legea eraldatzea

Apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzazko Errege-dekretuaren, Lan Prozeduraren Legearen testu bategina onetsi duen horren, 2, 15, 47, 50, 183, 186, 234, 235 eta 261. artikuluak aldarazi dira, eta euren idazkera hauxe da: 1. 2. artikulua:

«d) Elkartuen eta mutualitateen artean, lanbide-elkargoek dituztenak izan ezik, Aseguru Pribatuak Antolatzeari eta Ikuskatzeari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legearen 64. artikuluan eta ondorengoetan, eta hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, bai eta lan-fundazioen artean edo lan-fundazioen eta horien onuradunen artean ere, erakunde horien berezko helburu eta betebeharrei lotutako betebehar zehatzak eta ondare-izaerako eskubideak betetzeari, izateari edo aitortzeari dagokionez.»

2. 15. artikulua: «1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak arautuko ditu abstentzioaren eta ezespenaren arrazoiak; eta, Prozedura Zibilaren Legeak, prozedura.

Aurrekoa gorabehera, ezespena proposatu behar da, auzialdian, adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldien aurretik; eta, errekurtsoetan, bozketarako, epaitzarako, edo, hala denean, ikustaldirako ezarri eguna baino lehenago.

Edozein kasutan ere, ezespena proposatzeagatik ez da betearazpena etengo.

2. Ezespen-intzidenteen instrukzioa egingo dute honako hauek:

a) Auzitegi Gorenaren, auzitegi nagusien edo Audientzia Nazionalaren lan-arloko salen burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein salatakoa izan eta horretako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko denak.

b) Justizia-sala bateko magistratu guztiak ezesten badira, kasuan kasuko auzitegiko magistratuak, horietatik antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatutakoak, betiere ezespenak magistratu hori ukitu ez duenean. Kasuan kasuko auzitegiaren lan-arloko salan magistratu guztiak ezesten badira, administrazioarekiko prozesuetarako sala zein magistratuk osatu eta horietatik zozketa bitartez izendatutako magistratuak.

c) Lan-arloko epailea ezesten bada, Auzitegi Nagusiaren lan-arloko salako magistratu batek, antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatuko denak.

Antzinatasuna aplikatuko da karrera judizialeko lerrun-hurrenkeraren arabera.

Aurreko lerrokadetan ezarritakoa ezin bada bete, kasuan kasuko auzitegiaren gobernu-salak instruktorea izendatuko du, eta ahaleginak egingo ditu instruktore hori ezetsitakoa baino kategoria handiagokoa, edo, behintzat, antzinatasun gehiagokoa izan dadin.

3. Ezespen-intzidenteak erabakiko dituzte honako hauek:

a) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarri salak, lan-arloko salaren burua edo sala horretako bi magistratu edo gehiago ezesten badira.

b) Auzitegi Gorenaren lan-arloko salak, sala horretako magistraturen bat ezesten bada.

c) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aipatu salak, Auzitegi Nagusiaren lan-arloko salaren burua ezesten bada.

d) Botere Judizialari buruzko Legearen 69. artikuluan aipatu salak, Audientzia Nazionalaren lan-arloko salaren burua edo sala horretako atal bateko bi magistratu baino gehiago ezesten badira.

e) Audientzia Nazionalaren lan-arloko salaren magistratu bat edo bi ezesten badira, ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta beste atalak, edo ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta zenbakizko hurrenkeran horren atzetik dagoen atalak.

f) Auzitegi nagusien lan-arloko salaren magistratu bat edo bi ezesten badira, sala osoak, hori ataletan banatuta ez badago, edo, ataletan banatuta egonez gero, ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta besteak, edo zenbakizko hurrenkeran atzetik dagoen atalak.

g) Lan-arloko epailea ezetsi bada, kasuan kasuko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko sala osoak, hori ataletan banatuta ez badago, edo, ataletan banatuta egonez gero, lehenengo atalak.»

3. 47.2 artikulua: «2. Interesdun orok azter dezake Prozedura Zibilaren Legean jaso 213. artikuluan aipatu epaien liburua.»

4. 50.1 artikulua: «1. Epaileak, epaiketa bukatzean, ozenki eman dezake epaia. Epai hori aktan jasoko da, Prozedura Zibilaren Legean ezarri eduki eta betekizunekin.

Halaber, epaileak epaitza soil-soilik eman dezake; epaitza hori aktan jasoko da, idazkari judizialak fede emanez, gerogarrenean legeak ezarri epean eta forman epaia idazteari kalterik egin gabe.»

5. 183. artikuluko lehenengo lerrokada: «Prozedura Zibilaren Legean jaso II. liburuko V. tituluan jasotako arauak aplikatuko zaizkie demandatua agertu gabe bideratu prozesuei, honako berezitasun hauekin:»

6. 183. artikuluaren 3. erregela: «Hiru hilabetekoa da entzunaldia eskatzeko epea, epaia kasuan kasuko «Aldizkari Ofizialean» jakinarazi denetik, Prozedura Zibilaren Legean jaso 501. artikuluan ezarri kasu eta baldintzetan.»

7. 186. artikulua: «Birjartze-errekurtsoa eta erreguerrekurtsoa gauzatuko dira, Prozedura Zibilaren Legean birjartze-errekurtsoaren inguruan ezarritakoaren arabera.»

8. 234. artikulua: «Gizarte jurisdikzio-ordenako organoek emandako edozein epairen aurka, bidezkoa da Prozedura Zibilaren Legean ezarri berrikuspen-errekurtsoa.

Errekurtso hori Auzitegi Gorenaren lan-arloko salan jarriko da. Sala horrek errekurtsoaren inguruan ebazpena emango du, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera. Halere, errekurtsoa jartzeko gordailutu behar da lege honetan kasazioko errekurtsoentzat ezarritako zenbatekoa.»

9. 235.1 artikulua: «1. Epai irmoak gauzatuko dira, Prozedura Zibilaren Legean epaiak betearazteko xedatutakoaren arabera, lege honetan ezarri berezitasunak kontuan hartuz.»

10. 261.2. artikulua: «2. Baloreak enbargatuz gero, baloreok salduko dira, Prozedura Zibilaren Legean eurentzat ezarritakoaren arabera.»

Hamabigarrena. Prozedura Kriminalaren Legea eraldatzea

1882ko irailaren 14ko Errege Dekretuaren, Prozedura Kriminalaren Legea aldarrikatu duen horren 54, 56, 63, 68, 201 eta 852. artikuluek idazkera hau izango dute:

1. 54. artikulua: «Botere Judizialaren Lege Organikoak arautuko ditu abstentzioaren eta ezespenaren arrazoiak; eta, Prozedura Zibilaren Legeak, prozedura.»

2. 56. artikulua: «Ezespena proposatu behar da, ezespenaren oinarri den arrazoiaren berri izan bezain laster; bestela, berori ez da horren izapidetza onartuko.

Zehatzago esanda, ez dira ezespenak onartuko:

1.) Prozesuaren edozein alditan estreinako agertzean edo parte-hartzean horiek proposatzen ez badira, betiere ezespen-arrazoia ezaguna denean, prozesua hasi baino lehen.

2.) Prozesua hasi ondoren horiek proposatzen badira, betiere ezespen-arrazoia ezaguna denean, ezespena proposatu unea baino lehen.»

3. 63. artikulua: «Ezespen-intzidenteen instrukzioa egingo dute honako hauek:

a) Auzitegi Gorenaren, auzitegi nagusien edo Audientzia Nazionalaren zigor-arloko salaren burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein salatakoa izan eta horretako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

b) Probintziako audientziako burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein ataletakoa izan eta beste atal bateko magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

Atal bakarra egonez gero, Prozedura Zibilaren Legean jaso 107. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera jardungo da.

c) Justizia-sala bateko magistratu guztiak ezesten badira, kasuan kasuko auzitegia zein magistratuk osatu eta magistratu horietatik antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatutakoak, betiere ezespenak magistratu hori ukitu ez duenean. Kasuan kasuko auzitegi-salako magistratu guztiak ezesten badira, lurralde-esparru bereko auzitegiek osatzen dituzten gainerako jurisdikzio-ordenetako magistratu guztietatik, zozketa bitartez izendatutako magistratuak.

d) Zigor-epaile zentrala edo instrukzioko epaile zentrala ezesten bada, Audientzia Nazionaleko zigor-arloko salako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

e) Instrukzioko epailea edo zigor-epailea ezesten bada, probintziako audientzia eskuduneko magistratu batek, antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatuko denak.

f) Bake-epailea ezesten bada, kasuan kasuko epai-barrutiko instrukzioko epaileak, edo, epai-barruti horretan instrukzioko zenbait epaitegi izanez gero, epaile titularrak, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.»

4. 68. artikulua: «Ezespen-intzidenteak erabakiko dituzte honako hauek:

a) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarri salak, Auzitegi Goreneko burua, zigor-arloko salaren burua edo sala bereko bi magistratu edo gehiago ezesten badira.

b) Auzitegi Gorenaren zigor-arloko salak, sala horretako magistraturen bat ezesten bada.

c) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aipatu salak, ezesten badira Auzitegi Nagusiko burua, Auzitegi bereko arlo zibil eta zigor-arloko salaren burua edo autonomia- erkidegoan egoitza duen probintzia- audientziako burua edo probintzia- audientziako sala edo atal bateko magistratu bi edo gehiago.

d) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 69. artikuluan aipatu salak, ezesten badira Audientzia Nazionaleko burua, auzitegi horretako zigor-arloko salaren burua edo sala horretako atal bateko magistratu bi baino gehiago.

e) Audientzia Nazionaleko zigor arloko salak, bertako magistratu bat edo bi ezesten badira.

f) Auzitegi Nagusietako arlo zibil eta zigor-arloko salak, bertako magistratu bat ezesten bada.

g) Probintziako audientziako magistratu bat ezesten bada, probintziako audientzia osoak, edo, probintziako audientziak bi atal edo gehiago izanez gero, ezetsia zein ataletakoa izan eta beste atalak, edo ezetsia zein ataletakoa izan eta horren atzetik zenbakizko hurrenkeran dagoen atalak.

h) Epaile zentrala ezesten bada, ezespena erabakiko du, txandaren arabera, Audientzia Nazionaleko zigor-arloko salaren atalak. Txanda hori audientzia horretako gobernu-salak ezarriko du, eta txanda horretatik baztertuko da ezetsia zein epaitegitako titular izan eta horrek emandako errekurtsoen gaineko ardura duen atala.

i) Zigor-epailea edo instrukzioko epailea ezesten bada, probintziako audientziak, edo, probintziako audientziak bi atal edo gehiago izanez gero, bigarren atalak.

j) Bake-epailea ezetsi bada, ezespen- intzidentearen epaile instruktoreak berak emango du ebazpena.»

5. 201. artikulua: «Urteko egun eta ordu guztiak baliodunak izango dira, auzi kriminalen instrukzioa egiteko, baliodunak egiteko premiarik gabe.»

6. 852. artikulua: «Edozein kasutan, kasazio-errekurtsoa jar daiteke, horren oinarri bada Konstituzioaren manuren bat haustea.»

Hamahirugarrena. Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legea eraldatzea*

* Indargabetuta, urriaren 29ko 8/2004 Errege Lege-dekretuaren ondorioz.

Hamalaugarrena. Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko Legea eraldatzea

Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8. artikuluaren 5. paragrafoari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Halaber, administraziorekiko auzibideen epaitegiei dagokie agintari sanitarioek herri-osasunerako presakoak eta beharrezkoak jotzen dituzten neurriak baimentzea edo berrestea, baldin eta neurriok badakarte askatasuna edo beste oinarrizko eskubide bat kentzea edo murriztea.»

2. Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 87. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du:

«3. Aurreko paragrafoetan ezarri kasuetan, kasazio-errekurtsoa prestatu ahal izateko, behar-beharrezko betekizuna da aldez aurretik erregu-errekurtsoa jartzea.»

Hamabosgarrena. Doako Laguntza Juridikoaren Legea eraldatzea

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluko 6. zenbakia aldarazi da, eta horren idazkera hauxe da:

«6. Adituaren doako laguntza, prozesuan zehar, jurisdikzio-organoei atxikitako langile teknikoen kontura, edo, halakorik izan ezean, herri-administrazioetako funtzionarioen, erakundeen edo zerbitzu teknikoen kontura.

Salbuespenez, eta kasuan kasuko gaian teknikorik ez izateagatik, jurisdikzio- organoetako edo herri-administrazioetako adituen laguntza ezinezkoa bada, laguntza emango dute, kasuan kasuko tekniko pribatuen artetik, prozesuko legeetan ezarritakoaren arabera izendatu adituek; horixe egingo da, epaileak edo auzitegiak egokitzat jotzen badu, ebazpen ziodunean.»

Hamaseigarrena. Errekurtso berezien inguruko araubide iragankorra

1. Auzitegi nagusiei prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren gaineko eskumena ematen ez zaien bitartean, errekurtso hori bidezkoa izango da, 469. artikuluan ezarri zioengatik, kasazio-errekurtsoa izan dezaketen ebazpenei dagokienez, 477. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatzeko, jartzeko eta ebazteko, honako erregela hauek beteko dira:

1.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren gaineko eskumena du Auzitegi Gorenaren arlo zibileko salak; baina, kasazio-errekurtsoaren gaineko eskumena auzitegi nagusien arlo zibil eta zigor-arloko salari badagokio, zein ebazpenen aurka errekurtsoa jarri eta ebazpen horiek ere aurkara daitezke, lege honen 469. artikuluan ezarri zioen ondorioz.

2.) Kasazio-errekurtsoa jarri gabe soil-soilik aurkez daiteke prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia, lege honen 477. artikuluaren 2. paragrafoko 1 eta 2. zenbakietan aipatu bezala, kasazio-errekurtsoa izan dezaketen ebazpenen aurka.

3.) Auzilari batek ebazpenaren aurka prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa jarri nahi baditu, bi errekurtsoak idazki berean prestatu eta jarri beharko ditu.

Errekurtso horiek prestatu eta jartzeko, eta auzi-paperak igortzeko, 479, 481 eta 482. artikuluetan ezarri epeak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

4.) Ebazpen beraren aurka prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa prestatzen badira, bien izapideak prozedura bakarrean egingo dira.

Auzilari desberdinek aurkeztu errekurtsoak izanez gero, horiek metatu egingo dira.

5.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa batera izapidetuz gero, salak, lehendabizi, aurkaratu ebazpenari kasazio- errekurtsoa jar dakiokeen aztertuko du, eta, kasazio-errekurtsorik ezin bada jarri, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez onartzea aginduko du.

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa aurkezten bada, horren bidezkotasuna 477. artikuluaren bigarren paragrafoko 3. zenbakian bakarrik oinarrituta, orduan salak kasazio-errekurtsoa onartzea edo ez onartzea bidezkoa den ebatziko du. Errekurtso hori ez onartzea aginduz gero, besterik gabe, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez da onartuko.

Kasazio-errekurtsoa onartzen denean bakarrik ebatziko da prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartzearen inguruan.

6.) Aurreko erregelan aipatu errekurtsoak onartu ondoren, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoaren inguruan ebatziko da beti lehenengo; eta errekurtso hori onartzen ez denean bakarrik aztertu eta ebatziko da kasazio-errekurtsoaren inguruan.

Kasu horretan, epai berera bilduko dira prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez onartzea eta kasazio-errekurtsoari buruzko erabakia.

7.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko epaiari errekurtsoa jarri bazaio, 469. artikuluaren lehenengo paragrafoko bigarren zioan oinarrituta, orduan salak, arrazoi horretan oinarritutako errekurtsoa onartuz gero, beste epai bat emango du, hala denean, kasazio- errekurtsoa oinarritzeko alegatu dena aintzat hartuz.

Hori berori ebatziko du salak, baldin eta Konstituzioaren 24. artikulua hautsi dela eta arau-hauste horrek epaia bakarrik ukitzen duela alegatzen bada eta horri on irizten bazaio.

8.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziak eta kasazio- errekurtsoak zein epaitan ebatzi eta epai horien aurka ez dago errekurtsorik.

2. Auzitegi nagusien arlo zibil eta zigor-arloko salek prozesuko arauhaustearen ondoriozko errekurtso berezien gaineko eskumenik ez duten bitartean, ez dira aplikatuko 466, 468 eta 472. artikuluak, ezta 488.etik 493.erartekoak eta 476. artikuluko 4. paragrafoa ere.

476. artikuluaren 2. paragrafoko azken lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari on irizten zaionetan; alabaina, errekurtso berezi horren oinarri izan behar dira 469. artikuluaren 1. paragrafoko 2. zioa edo Konstituzioaren 24. artikulua haustea, arau-hausteok ukitzen badute errekurtsoa zein epairen aurka jarri eta hori soil-soilik.

Ulertuko da kasazio-errekurtsoaren gaineko eskumena zein salak izan eta horri buruzkoak direla 470. artikuluko 4. paragrafoan eta 472. artikuluan auzitegi nagusiei egindako aipamenak.

Hamazazpigarrena. Abstentzioari eta ezespenari, jardunaren deuseztasunari, eta ebazpenak argitzeari eta zuzentzeari buruzko araubide iragankorra

Botere Judizialaren Lege Organikoa eraldatzen ez den bitartean, epaileak, lege honen 101. artikulutik 119.erakoak, magistratuak eta idazkari judizialak abstenitzeari eta ezesteari buruzkoak, ez dira aplikatuko, ezta azken xedapenetatik hamaikagarrenaren 2. paragrafoa eta azken xedapenetatik hamabigarrenaren 1, 2, 3 eta 4. paragrafoak ere.

Halaber, aipatu lege organikoa eraldatu arte, ez dira aplikatuko lege honen 225. artikulutik 230.erakoak eta 214. artikulua, hurrenez hurren, jardunaren deuseztasunari eta ebazpenak argitu eta zuzentzeari buruzkoak.

Hemezortzigarrena. Borondatezko Jurisdikzioaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Gobernuak borondatezko jurisdikzioari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hemeretzigarrena. Konkurtsoaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Gobernuak konkurtsoari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hogeigarrena. Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Gobernuak arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hogeita batgarrena. Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta urtebete igarota.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra