5/2015 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Prozedura Kriminalaren Legea eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen dituena, honako zuzentarau hauen transposizioa egiteko: 2010eko urriaren 20ko 2010/64/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako interpretazio- eta itzulpen- eskubideari buruzkoa; eta 2012ko maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako informazio eskubideari buruzkoa
2015-04-27Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2015/04/28, 101. zk.
|
I. XEDAPEN OROKORRAK |
|
ESTATUKO BURUZAGITZA |
4605 |
5/2015 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Prozedura Kriminalaren Legea eta |
|
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen dituena, |
|
honako zuzentarau hauen transposizioa egiteko: 2010eko urriaren 20ko |
|
2010/64/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako interpretazioeta itzulpen- |
|
eskubideari buruzkoa; eta 2012ko maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentaraua, |
|
prozesu penaletako informazio eskubideari buruzkoa. |
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA
I
Zuzentarau zenbait gure barne-ordenamendura egokitzea da lege honen helburua. Honako hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko 2010/64/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako interpretazioeta itzulpeneskubideari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako informazio eskubideari buruzkoa.
Prozesu penaleko defentsaren bi alderdi funtsezko garatzen ditu Zuzentarau horien transposizioak, zeinak, Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketa ekartzeaz gain, prozesu penalaren bermeak modu nabarmenean babesten baititu, zehatz arautuz prozesu horretako itzulpeneta interpretazio-eskubidea eta egotziak prozesu penalaren helburuaz informazioa jasotzeko duen eskubidea; hala, defentsa-eskubideaz era eraginkorrean baliatu ahal izango da egotzia.
II
Legeak hiru artikulu, xedapen gehigarri bi, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen ditu.
Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketak jasotzen dituzte lehen bi artikuluek, zeinen egiturak, hurrenkera kronologikoa aintzat hartuz, zuzentarau bakoitzak transposizioan duen bereizketari erantzuten baitio.
Lehenengo artikuluak bederatzi paragrafo ditu eta Prozedura Kriminalaren Legea eraberritzen du. Helburua: prozesu penaletako interpretazioeta itzulpen-eskubideari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko 2010/64/EB Zuzentarauaren transposizioa.
Bigarren artikuluak bost paragrafo ditu eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen du. Helburua: prozesu penaletako informazio eskubideari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentaraua gure barnezuzenbidean txertatzea.
III
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6. artikuluan dago jasota prozedurako hizkuntza jakin ez edo ulertzen ez duten pertsonek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek itzulpenerako edo interpretaziorako duten eskubidea, hala interpretatu baitu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak. Prozedura Kriminalaren Legeari egin zaizkion aldaketek, alde batetik, erraztu egingo dute eskubide hori aplikatzea, eta, bestetik, bermatu egingo dute egotziak edo akusatuak prozesu penaletan itzulpenerako edo interpretaziorako duen eskubidea eta bidezko epaiketarako duen eskubidea.
Egotziak edo akusatuak jardun guztietan izango du interprete baten sorospena izateko eskubidea, barne hartuz poliziaren galdeketa, Fiskaltzaren galdeketa eta ikustaldi judizial guztiak. Defentsa prestatze aldera, abokatuarekin dituen harremanetan interprete bat izateko eskubidea ere izango du, baldin eta harreman zuzena badute prozesuko galdeketarekin, ikustaldi judizialekin, errekurtsoa aurkeztearekin edota prozesuan zeharko gainerako eskabideekin.
Interpretazioedo itzulpen-eskubideak, gainera, funtsezko agiriak itzuli beharra dakar edo, behinik behin, agiri horietatik bereziak diren zatiak. 2010/64/UE Zuzentarauan adierazten denez, badira zenbait agiri beti funtsezkoak direnak: pertsona bat askatasunaz gabetzen duten erabakiak, akusazio-idazkiak edo epaiak, zeinak, arrazoi horrengatik, Prozedura Kriminalaren Legeari erantsiko zaion 123. artikulu berriko 1. paragrafoaren d) idatzi-zatian dauden berariaz jasota.
Araudi berriak dioena da agiriak –zuzentarau europarraren 3. artikuluko eskakizunekin bat etorriz– epe zentzuzkoan itzuli behar direla. Araudiak aukera ematen du, halaber, interpretaziorako teknologia berriak erabiltzeko, non eta interpretearen presentzia beharrezkoa ez den egotziaren edo akusatuaren eskubideak babesteko.
Interpretazioedo itzulpen-eskubidea ukatzen duen ebazpenaren kontra errekurtsoa aurkezteko eskubidea ere bermatzen da, ebazpen judiziala idatziz dokumentatzeko beharra ezarriz; bermatzen den moduan ahozko judizioko protesta aktan jasotzea, eta, ondorioz, dagozkion errekurtsoak aurkeztu ahal izatea.
Interprete edo itzultzaile judizialak Administrazioak prestatutako zerrendetan barne hartutakoen artetik izendatuko dira. Urgentziazko egoeretan hizkuntza dakiten beste batzuk gaituko dira behin-behineko interpreteei edo itzultzaile modura, betiere trebatuta badaude ataza hori betetzeko. Sistema hori indartze aldera, ikusten bada interpretazioak edo itzulpenak ez duela behar adina berme eskaintzen, Epailea edo Fiskaltza gaituko da beharrezko egiaztapenak egiteko.
IV
Atxilotuen eta prozesu penaleko egotzien edo akusatuen informazio eskubideak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5. eta 6. artikuluetan du oinarria, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egindako interpretazioaren arabera. Prozedura Kriminalaren Legeari egindako aldaketek askatasun-eskubide hori aplikatu ahal izatea eta ekitatezko epaiketaeskubidea bermatzea ekarriko dute. Keinu-hizkuntza erabiltzen duten erabiltzaile gorrei dagokienez, urriaren 23ko 27/2007 Legeak –zeinen bidez Espainiako keinu-hizkuntzak aitortzen diren eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahokomunikaziorako laguntza-baliabideak arautzen diren– 12.2 eta 21.2 artikuluetan ezartzen du ezen Justiziaeta Espetxe-Administrazioaren baitan baldintza egokiak sustatuko direla; besteak beste: espainierazko keinu-hizkuntzetako edota autonomia-erkidegoetako keinuhizkuntza berariazkoetako –halakorik izanez gero– interprete-zerbitzuak prestatzea eta zerbitzu horietaz baliatzea, baita ere aho-komunikazioa laguntzeko baliabideak prestatzea eta baliabide horiek erabili ahal izatea.
Arrazoi hori dela-eta aldatzen da Prozedura Kriminalaren Legearen 118. artikulua, non defentsa-eskubidea arautzen baita, eta ezartzen baita, argi eta garbi, egintza zigorgarria egozten zaion norbanako orok egitate horien berri izateko eta ikerketaren helburuan eta egotzitako egitateetan izandako aldaketa esanguratsuen berri izateko eskubidea izango duela; eskubidea izango duela, halaber, honako hauetarako: defentsa eskubidea gordetze
aldera, behar besteko denboraz jarduerak aztertzeko; bere kabuz abokatua aukeratzeko; doako sorospen juridikoa eskatzeko, sorospen-prozeduraz jakiteko eta sorospenbaldintzen berri izateko; doako itzulpena eta interpretazioa izateko; isilik egoteko eta, hala nahi badu, adierazpenik ez egiteko; nork bere buruaren aurka deklaraziorik ez egiteko; eta nork bere burua errudun ez aitortzeko.
Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluan arautzen da atxilotuek edo presoek informazioa jasotzeko duten eskubidea. Lege honek jasotzen ditu dagoeneko prozesu penaletako informazio eskubideari buruzko maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentarauan adierazten diren eskubiderik gehienak. Guztiarekin, beharrezkoa da, EBko arauei egokitze aldera, eskubideen katalogoa osatzea, beren-beregi emanaz aditzera zenbait eskubide: atxilotzearen edo askatasun-gabetzearen legezkotasuna aurkaratzeko funtsezkoak diren jarduera-elementuak eskuratzeko eskubidea; interprete batek doan sorosteko eskubidea; eta informazioa jasotzeko eskubidea, hain zuzen ere, agintari judizialaren esku jarri arte atxiloketak gehienez iraun dezakeen epeari eta atxiloketaren legezkotasuna aurkaratu ahal izateko prozedurari buruzkoa.
Espedientean sartzeko eskubidea berariaz kontuan hartzekoa da. Egotziei dagokienez, bidezkotzat jo da Prozedura Kriminalaren Legearen 118. artikuluan txertatzea. 302. artikuluan eskubide horrekiko salbuespenak bildu dira. Esan bezala, atxilotuei edo askatasun-gabetuei dagokienez, Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluan jaso da sarrera-eskubidea, zeinen eragin-eremuak, EBko arauek hala aginduta, atxiloketaren edo askatasun-gabetzearen legezkotasuna aurkaratzeko funtsezkoak diren jardueraelementuak baino ez dituen barne-hartzen. Helburua da, izan ere, atxiloketaren edo askatasun-gabetzearen legezkotasuna aurkaratzeko funtsezko informazioa –eta ez beste– ematea errekurtsoa aurkeztu aurretik.
Informazioa emateko moduari dagokionez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko
5.eta 6. artikuluetan jasotako eskubideen berme egokiak eskatzen du ezen informazioa hizkera ulergarrian eman behar dela, egotziaren edo atxilotuaren adinari, heldutasunmailari, desgaitasunari edo bestelako inguruabar pertsonalei egokituz. Atxilotuen edo presoen eskubideen gaineko informazioa idatziz eman beharko da beti.
Informazioa emateko unea bera ere eskubide horiek bermatzeko modu bat da. Alegia, egotziek ezingo dute justifikaziorik gabeko atzerapenik izan eta, atxilotuei edo presoei dagokienez, informazioa berehala emango zaie.
V
Ahozko epaiketan interprete legetxe jarduteko gaikuntza egokitze aldera, aldatu egiten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 231. artikuluaren 5. paragrafoa, zeinek prozesu bakoitzeko araudi erregulatzailera bidaltzen duen.
VI
Txertatutako araudi-aldaketekin, Europar Batasuneko herrialdeen eskubide prozesalen babes-maila uniformea bermatu eta, ondorioz, Europar Batasuneko estatu-kideen arteko konfiantza indartuko da, zein nahitaezkoa baita elkar aitortzeko baliabideak bultzatze aldera, izan ere, geroz gehiago lankidetza-tresna saihetsezinak ari dira bihurtzen.
Lege hau, beraz, akusatuaren edo egotziaren, atxilotuaren edo presoaren ikuspegitik gure prozesu penala modu orokorrean hobetzeko tresna bihurtu da, garrantzi berezia emanaz defentsa-eskubidearen zenbait alderdi garrantzizkori.
VII
Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluari eragiten dio zuzenean legeak. Aldaketa juridikoak, prozesalak eta substantiboak eransten zaizkio, zeinek, Konstituzioaren artikulu horretan jasotako funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak garatze aldera, lege organikoen eremuari eragiten baitiote.
VIII
Itzultzaile eta interprete judizialen Erregistroa sortzeari buruzko azken xedapena eransten zaio legeari, zein nahitaezko tresna den profesionalek eginkizun hori –prozesuen garapenean oinarrizkoa– modu egokian berma dezaten. Jarduera horrek ere prozesu penaletako interpretazioeta itzulpen-eskubideari buruzko 2010/64/UE Zuzentarauaren edukian du jatorria. Itzultzaile eta interprete judizialen Erregistro legez sortuko denaren funtzionamendurako arauak araudi batean ezarriko dira.
Lehenengo artikulua. Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen da, zeinen helburua den prozesu penaletako interpretazioeta itzulpen-eskubideari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko 2010/64/EB Zuzentarauaren transposizioa.
Prozedura Kriminalaren Legea modu honetan aldatzen da:
Bat. Lehenengo liburuko V. tituluaren errubrika aldatzen da; aurrerantzean idazkera hau izango du:
«Defentsarako, doako sorospen juridikorako eta epaiketa kriminaletako itzulpen eta interpretaziorako eskubidea.»
Bi. Lehenengo liburuko V. tituluari I. kapitulua eransten zaio, non sartzen baitira egun indarrean dauden artikuluak –118.etik 122.era bitartekoak–, honako errubrika honekin:
«Defentsarako eta doako sorospen juridikorako eskubidea.»
Hiru. Lehenengo liburuko V. tituluari II. kapitulua eransten zaio, non sartzen baitira
123.artikulutik 127.era arteko artikuluak, honako errubrika honekin: «Itzulpeneta interpretazio-eskubidea.»
Lau. 123. artikulua eransten zaio, eta honako hau dio:
«123. artikulua.
1.Gaztelania edo jardueraren hizkuntza ofiziala jakin edo ulertzen ez duten
egotziek edo akusatuek, honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Egotzien edo akusatuen hizkuntza ulertzen duen interprete batek –bere presentzia beharrezkoa den jarduera guztietan– atenditzeko eskubidea, bai poliziaren edo Fiskaltzaren galdeketetan, bai ikustaldi judizial orotan.
b) Egotziek edo akusatuek eskubidea dute abokatuarekin dituzten elkarrizketetan interprete bat erabiltzeko; betiere galdeketarekin edo deklarazioa hartzearekin harreman zuzena badute, edo beharrezkoa bada errekurtsoa aurkezteko edo prozesuko beste eskabide batzuetarako.
c) Ahozko judizioko jarduera guztietan interpretazio-eskubidea.
d) Defentsa eskubidea bermatzeko funtsezko agiriak idatziz itzultzeko eskubidea. Beti itzuliko dira egotziaren atxiloketa-erabakia, akusazio-idazkia eta epaia.
e) Agiri bat funtsezkotzat jotze aldera, arrazoiak jasotzen dituen eskabidea aurkezteko eskubidea.
Eskubide horietaz baliatzeak dakartzan itzulpeneta interpretazio-gastuak –prozesuaren emaitza gora-behera– Administrazioak ordainduko ditu.
2.Bat bateko interpretazio-zerbitzua erabiltzea ezinezkoa bada, aurreko paragrafoko c) idatzi-zatian aipatzen diren ahozko judizioko jardueren interpretazioa –egotziaren edo akusatuaren defentsa behar bezala bermatzeko– esan ostekoa izango da.
3.1. paragrafoko d) idatzi-zatiari dagokionez, funtsezko agirien zenbait zati itzuli gabe utz daitezke, zeinak –Epailearen, Epaimahaiaren edo funtzionario eskudunaren iritziz– ez baitira beharrezkoak egotziak edo akusatuak ezagutu ditzaten haiei egozten zaizkien egitateak.
Agirien idatzizko itzulpena edukiaren ahozko laburpen batez –egotziak edo akusatuak ulertzen duen hizkuntza baten egindakoaz– ordezka daiteke, betiere haren defentsa modu egokian bermatzen bada.
4.Zentzuzko epean burutuko da itzulpena; eta aplikagarriak diren epe prozesalak indarrik gabe geldituko dira Epaimahaiak, Epaiak edo Fiskaltzak hala erabakitzen duenetik aurrera.
5.Interpreteak bideokonferentziaz edo beste era bateko telekomunikazioz bete dezake bere eginkizuna, non eta Epaimahaiak, Epaileak edo Fiskalak –ofizioz edota interesdunak edo haren defentsak eskatuta– interpretea bertan egotea eskatzen ez duen egotziaren edo akusatuaren eskubideak babesteko.
6.Ahozko edo zeinu-hizkuntzen bidezko interpretazioak –1. paragrafoko b) idatzi-zatian adierazitakoak izan ezik– jatorrizko adierazpenaren eta interpretazioaren ikus-entzunezko grabazioaren bidez dokumentatu ahal izango dira. Dokumentu baten edukia ahoz edo zeinu-hizkuntzaren bidez itzultzen bada, itzulitako testuaren kopia eta itzulpenaren ikus-entzunezko grabazioa itsatsiko zaizkio aktari. Grabazioekipamendurik ez balego eta ez balira beharrezkotzat joko, itzulpena, interpretazioa edo, hala behar izanez gero, jatorrizko deklarazioa idatziz dokumentatuko lirateke.»
Bost. 124. artikulua eransten zaio, eta honako hau dio:
«124. artikulua.
1.Administrazio eskudunak prestatutako zerrendetan inskribatuta daudenen artetik izendatuko da itzultzaile edo interprete judiziala. Itzultzaile edo interprete baten presentzia urgentziazkoa izan, baina ezinezkoa bada Administrazioak prestatutako zerrendetan inskribatutako itzultzaile edo interprete judizial batek parte hartzea, salbuespen modura, aurreko artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera eta eginkizun hori betetze aldera, unean uneko hizkuntza ezagutzen duen bat gaitu ahal izango da, hala behar izanez gero, interprete edo itzultzaile judizial modura.
2.Betetako zerbitzuaren isilpeko izaera zaindu beharko du interprete edo itzultzaile izendatuak.
3.Epaimahaiak, Epaileak edo Fiskaltzak, ofizioz edo interesdunak eskaturik, uste badu itzulpenak edo interpretazioak ez duela zehaztasun-berme nahikorik ematen, egokitzat jotzen diren egiaztapenak egiteko agindu dezake eta, hala behar izanez gero, beste itzultzaile edo interprete bat izendatzeko agindu. Gorrek edo entzumen-desgaituek, baldin eta uste badute interpretazioak ez duela zehaztasunberme nahikorik, beste interprete bat eskatu ahal izango dute.»
Sei. 125. artikulua eransten zaio, eta hau dio:
«125. artikulua.
1.Interpretearen edo itzultzailearen sorospena beharrezkoa dela aditzera ematen duten inguruabarrak agertzen direnean, Epaimahaiburuak edo Epaileak, ofizioz edo egotziaren edo akusatutakoaren abokatuak eskatuz, jardueran erabiltzen den hizkuntza ofiziala haiek era egokian ezagutu eta ulertzen dutela egiaztatuko du eta, hala behar izanez gero, interprete edo itzultzaile bat izendatzeko aginduko du –aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera– eta itzuli behar diren dokumentuak zehaztuko ditu.
2.Epailearen edo Epaimahaiaren ebazpena –defentsak funtsezkotzat jotako dokumentu bat edo haren zatiren bat itzultzea edo interpretatzea ukatu eta
itzulpenaren edo interpretazioaren kalitate faltarekin lotutako defentsaren kexak baztertzen dituena– idatziz dokumentatuko da.
Ahozko judizioan hartu bada ebazpena, egotziaren edo akusatuaren defentsak aktan jaso ahal izango ditu protestarako arrazoiak.
Ebazpen judizial horien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, lege honetan xedatutakoaren arabera.»
Zazpi. 126. artikulua eransten zaio, eta hau dio:
«126. artikulua.
123. artikuluan aipatzen den moduan eskubideei uko egitea, esanbidezkoa eta librea izango da. Balioa izateko, egotziak edo akusatuak aholkularitza juridiko nahikoa eta eskuragarria izan beharko du, ukoaren ondorioen berri izan dezan. 123. artikuluko 1. paragrafoko a) eta c) idatzi-zatietan aipatzen diren eskubideei ezin dakieke uko egin.»
Zortzi. 127. artikulua eransten zaio, eta hau dio:
«127. artikulua.
Aurreko artikuluetan jasotako xedapenak zentzumen-desgaitasuna dutenei ere aplikatu ahalko zaizkie, zeinek ahozko komunikaziorako laguntza-baliabideak ere izan ahalko dituzten.»
Bederatzi. 416. artikuluari 3. paragrafoa eransten zaio, eta hau dio:
«3. Egotziaren, auzipetuaren edo akusatuaren eta honen aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonen arteko elkarrizketak edo komunikazioak itzuli edo interpretatzen dituztenak, itzulpenaren edo interpretazioaren gai izan diren egitateei dagokienez.»
Bigarren artikulua. Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketa, zeinen helburua den prozesu penaletako informazio eskubideari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 22ko 2012/13/EB Zuzentarauaren transposizioa.
Prozedura Kriminalaren Legea modu honetan aldatzen da:
Bat. 118. artikulua aldatu egin da, eta hau dio:
«118. artikulua.
1.Egintza zigorgarria egozten zaion edozeinek egikaritu ahal izango du defentsa-eskubidea –prozeduran jardunez egintza horren berri ematen zaionetik– atxilotua izan denean, beste edozein kautela-neurri ezarri zaionean edo haren auzipetzea erabaki denean; horretarako, zenbait eskubideri buruzko argibideak emango zaizkio atzerapenik gabe:
a) Egozten zaizkion egitateen berri izateko eskubidea, baita ere ikerketaren eta egotzitako egitateen helburuan gertatutako aldaketarik esanguratsuen berri. Ahalik eta informaziorik zehatzena eman beharko zaie, defentsa-eskubideaz modu eragingarrian baliatze aldera.
b) Jarduerak behar besteko aurrerapenaz aztertzeko eskubidea, defentsaeskubidea bermatze aldera.
c) Abokatua bere kabuz aukeratzeko eskubidea, 527. artikuluko a) idatzi-zatian xedatutakoa aintzat hartuta.
d) Doako sorospen juridikoa eskatzeko, sorospen-prozeduraz jakiteko eta sorospen-baldintzen berri izateko eskubidea.
e) Doako itzulpena eta interpretazioa izateko eskubidea, 123. artikulutik 127. era xedatutakoaren arabera.
f) Isilik egon eta, gura izanez gero, ez deklaratzeko eskubidea.
g) Nork bere buruaren aurka adierazpenik ez egiteko eta nork bere burua errudun ez aitortzeko eskubidea.
Aurreko idatzi-zatietan aditzera ematen den informazioa ulergarria eta eskuragarria izango da egotziarentzat. Hori dela-eta, informazioa egokitu egingo zaie egotziaren adinari, heldutasun-mailari, desgaitasunari eta gainerako inguruabar pertsonalei, baldin eta eskura jartzen zaion informazioa ulertzeko ahalmena aldatzea badakar.
2.Prozesuan jardun ahal izateko, interesdunak prokuradore batek ordezkatu eta abokatuak defendatuko. Abokatuok ofizioz izendatuko dira honako kasu hauetan: interesdunek eurek abokaturik izendatu ez, baina eskatu badute; eta, beti, egiaztatzeko lege-gaitasunik ez badute.
Prokuradorea edo abokatua izendatu ez badute interesdunok, errekerimendua egingo zaie, edo, errekerimendua jasota ere, izendatzen ez badute, ofizioz izendatuko dira, betiere haien aholkua beharrezkoa denean edo errekurtsoa jartzeko haien jarduna nahitaezkoa denean.
3.Salaketa edo kereila onartzen bada, edota, edozein prozesu-jardunen ondorioz delitua pertsona zehatz bati edo batzuei egotzi eta jardun hori onartzen bada, horren berri emango zaie berehalakoan ustezko errudunei.»
Bi. 302. artikulua aldatu egin da, eta hau dio:
«302. artikulua.
Pertsonatutako alderdiek, egindako jardunaren berri izateaz gain, prozeduraren eginbide guztietan esku har dezakete.
Hala ere, delitua publikoa izanez gero, Instrukzio-Epaileak, Fiskaltzak edo alderdietatik edozeinek hala proposatuta, edo ofizioz, auto bidez adierazi ahal izango du –hil bat baino gehiagokoa ez den epean– isilpekoa dela, erabat edo zati batez, pertsonatutako alderdi guztientzat. Helburuak:
a) Beste norbaiten bizitzaren, askatasunaren edo osotasun fisikoaren arriskua saihestea, edo
b) Ikerketaren edo prozesuaren emaitza era larrian nahastu dezakeen egoerari aurre hartzea.
Sumario-sekretua nahitaez kendu beharko da sumarioa amaitu baino hamar egun lehenago.
Artikulu honetan ezarritakoa 505. artikuluko 3. paragrafoko bigarren lerrokadan aurreikusitakoa bazter utzi gabe ulertuko da.»
Hiru. Legearen 505. artikuluko 3. paragrafoa aldatu da, eta hau dio:
«3. Entzunaldi horretan, Fiskaltzak edo alderdi akusatzaileetatik edozeinek eskatzen badu egotziaren behin-behineko espetxealdia edo hura behin-behinean aske uztea, betiere fidantza emanez, bertaratutakoek alegazioak egin ahal izango dituzte eta frogabideak proposatu, baldin eta froga horiek unean bertan egin badaitezke, edo aurreko paragrafoan aipatutako 72 orduetan.
Egotziaren abokatuak eskuragarri izango ditu beti egotziaren askatasun gabezia aurkaratzeko funtsezkoak diren jardueren elementuak.»
Lau. Aldatu egiten dira 520. artikuluko 2., 3. eta 5. paragrafoak, eta 2. bis paragrafoa eransten zaio. Hau diote:
«2. Atxilotuta edo preso dagoen pertsona orori, modu ulergarrian, eskuragarrian, berehala eta ulertzen duen hizkuntza batean, informazioa emango
zaio idatziaz, berari egozten zaizkion egitateei eta askatasunaz gabetzea eragin duten zioei buruz, bai eta hark dituen eskubideei buruz ere, eta bereziki:
a) Isilik egoteko eskubidea, hala nahi badu, adierazpenik egin gabe; berari egiten zaion galdera bati edo batzuei ez erantzuteko eskubidea; edo adierazpena epailearen aurrean bakarrik egingo duela adierazteko eskubidea.
b) Nork bere buruaren aurka adierazpenik ez egiteko eta nork bere burua errudun ez aitortzeko eskubidea.
c) Abokatua izendatzeko eta hura bertan egotea eskatzeko eskubidea, deklarazio-eginbide polizialetan eta judizialetan egon dadin eta atxilotu edo presoari egin beharreko nortasun-azterketa guztietan esku har dezan. Atxilotuak edo presoak ez badu abokatua izendatzen, ofizioz izendatuko da.
d) Atxilotzearen edo askatasun-gabetzearen legezkotasuna aurkaratzeko funtsezko jardueretako elementuez baliatzeko eskubidea.
e) Nahi duen familiakoari edo pertsonari atxiloketa bera eta une oro zainpean zein tokitan dagoen komunikatzeko eskubidea. Atzerritarrek eskubidea izango dute aurreko inguruabarrak haien herriko kontsulatuko bulegoari komunikatzeko.
f) Doako interpretea izateko eskubidea, baldin eta gaztelania edo unean-uneko jardueraren hizkuntza ofiziala ulertu ez edo hitz egiten ez duen atzerritarra bada, edo gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta hizkuntza-arloko beste eragozpen batzuk dituztenak badira.
g) Mediku forentseak –edo haren legezko ordezkoak– azterketa egiteko eskubidea; edo, atxilotua zein erakundetan egon, bertakoak; edo estatuaren nahiz beste herriadministrazioen mendeko beste edozeinek.
h) Doako sorospen juridikoa eskatzeko, sorospen-prozeduraz jakiteko eta sorospen-baldintzen berri izateko eskubidea.
Argituko zaio, halaber, zein den gehienezko epea atxiloketa egiten denetik agintaritza judizialaren esku utzi arte, eta zein den atxiloketaren legezkotasuna aurkaratzeko prozedura.
Ezinezkoa bada atxilotuak ulertzen duen hizkuntza batean eskubideen deklarazioa izatea, interprete baten bidez emango zaio –lehenbailehen– eskubideen berri. Orduan, eskubideen idatzizko deklarazioa entregatuko zaio –bidezkoa ez den atzerapenik gabe– ulertzen duen hizkuntza batean.
Kasu guztietan izango du atxilotuak –atxiloketak dirauen artean– eskubideen idatzizko deklarazioa eskuetan izateko aukera.
2 bis. Aurreko lerrokadan aipatzen den informazioa ulergarria eta eskuragarria izan beharko da egotziarentzat. Hori dela-eta, informazioa egokitu egingo zaie atxilotuaren adinari, heldutasun-mailari, desgaitasunari eta gainerako inguruabar pertsonalei, baldin eta eskura jartzen zaion informazioa ulertzeko gaitasuna murriztea badakarte inguruabar horiek.
3.Adingabea edo gaitasuna judizialki osatua duen pertsona izanez gero, atxilotua edo presoa jagoletzan duen agintariak 2.e) paragrafoko inguruabarrak jakinaraziko dizkie atxilotu edo preso horren gaineko guraso-ahala, tutoretza edo zaintza egikaritzen dutenei, eta, pertsona horiek aurkitzen ez badira, berehala kontuarrazoiak emango dizkio Fiskaltzari. Atxilotua adingabea edo gaitasuna judizialki osatua duen atzerritarra izanez gero, atxiloketa horren berri jakinaraziko zaio, ofizioz, haren herriko kontsulari.»
«5. Atxilotuak edo presoak, hala ere, uko egin diezaioke abokatuaren aginduzko sorospenari, baldin eta atxiloketaren egitateak trafiko-segurtasunaren kontrako delitutzat baino ez badaude tipifikatuta eta, betiere, eskubidearen edukiari eta uko egitearen ondorioei buruzko informazio argia eta nahikoa ematen bada hizketa errazean eta ulergarrian. Atxilotuak edonoiz egin dezake atzera uko egitean.»
Bost. 775. artikulua aldatzen da, eta hau dio:
«775. artikulua.
1.Lehenengo agerraldian, Epaileak informazioa modurik ulergarrienean emango dio egotziari, egotzi zaizkion egitateei buruz. Aurretiaz, idazkari judizialak hark dituen eskubideei buruzko informazioa –batik bat 118. artikuluko 1. paragrafoan agertzen direnak– emango dio egotziari, Espainian helbide bat edo pertsona bat izendatzea eskatuko dio jakinarazpenak toki horretan egiteko edo pertsona horrek jakinarazpenok haren izenean jasotzeko; horrekin batera ohartarazpena egingo dio, aditzera emanez aipatu helbidean edo aipatu pertsonari zitazioa egiteak ahalbidetzen duela 786. artikuluan ezarritako kasuetan epaiketa bera gabe egitea.
Deklarazioa egin aurretik –eta ondoren ere– ahalbidetuko zaio egotziari abokatuarekin isilpean elkarrizketatzea, betiere 527. artikuluko c) idatzi-zatian ezarritakoa kontuan izanda.
2.Eginbideen emaitzen ondorioz aldaketa nabarmenen bat gertatzen bada – zeinek ikerketaren helburuan eta egotzitako egitateetan eragin dezakeen– Epaileak ahalik lasterren emango dio horren berri egotziari.
Azalpen labur batez eman daiteke informazio hori, zein egotziaren abokatu defendatzaileari idatziz jakinaraziko zaion eta nahikoa izango den defentsaeskubideaz baliatzeko.»
Hirugarren artikulua. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 231. artikuluaren 5. paragrafoa aldatzen da, eta hau dio:
«5. Ahozko edo keinu-hizkuntzako jardueretako interpretea lege prozesal aplikagarrian xedatutakoaren arabera gaituko da.»
Lehenengo xedapen gehigarria. Baliabideak.
Arau honetako neurriek ez dute pertsonal-dotazio gehiagorik ekarriko, ez eta ordainsari edo pertsonal-gastu gehiagorik ere.
Bigarren xedapen gehigarria. Prestakuntza.
Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta autonomia-erkidegoek, haien eskumenen baitan, prozesu penaletan parte hartzen duten epaileen, fiskalen eta Justizia Administrazioko zerbitzura lan egiten duen pertsonalaren prestakuntza bermatuko dute, zeinak interpretearen laguntzaren bidez burututako komunikazioaren berezitasunak aintzat hartuko baititu.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira lege honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetatik lehenengoa. Itzultzaile eta interprete judizialen Erregistro Ofiziala.
Lege hau argitaratu eta gehienez ere urte bateko epean Gobernuak, Prozedura Kriminalaren Legearen 124. artikuluak aipatzen dituen itzultzaileeta interprete-zerrendak gertatze aldera, Itzultzaile eta Interprete Judizialen Erregistro Ofiziala sortzeko legeproiektua aurkeztuko du, non inskribatuko baitira gaikuntza eta kualifikazio beharrezkoa duten profesionalak. Nahitaezkoa izango da itzultzaileak eta interpreteak Erregistro Ofizial horretan inskribatzea, Justizia Administrazioaren aurrean eta haiek beharrezkoak diren
eginbide polizialetan –salbuespenak salbuespen– jardun dezaten Epaileak edo Idazkari judizialak hartarako izendatu eta gero.
Justizia Ministerioak, Erregistro Ofizial horretan inskribatze aldera, prestakuntzaz edo titulazioaz besteko baldintza arauz ezarritakoak betetzea eska dezake, hizkuntzaren arabera. Zentzuzkoak eta ez baztertzaileak izango dira baldintzok, zeinen oinarriak izango baitira, alde batetik, lanbide esperientzia eta prozedura-gaien edota gai juridikoen ezagutza gehigarria, eta, bestetik, legeak aurreikusten dituen eginbehar deontologikoak betetzea.
Erregistro Ofizialaren arau erregulatzaileak zehaztuko ditu haren jarduera-baldintzak eta -moduak.
Azken xedapenetatik bigarrena. Lege arruntaren izaera duten aginduak.
Prozedura Kriminalaren Legearen 124., 125., 127., 302., 416.3 eta 775. artikuluek eta lege organiko honetako azken xedapenetako lehenengoak lege arruntaren izaera dute.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Eskumen-titulua.
Konstituzioko 149.1.1 eta 149.1.6 artikuluan ezarritakoaren babesean ematen da lege organiko hau. Artikulu horretan –espainiar guztien berdintasuna bermatzeko oinarrizko baldintzak arautze aldera– eskumen esklusiboa aitortzen zaio Estatuari, bai eskubideez baliatzerakoan eta bai legedi prozesalaren arloan ere.
Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.
1.Lehenengo artikulua indarrean jarriko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete igarota.
2.Lege organiko honetako gainerako aginduak indarrean jarriko dira, hura Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabete igarota.
Horrenbestez,
Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikularrei zein agintariei.
Madrilen, 2015eko apirilaren 27an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY.
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|