Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

5/2012 Legea, uztailaren 6koa, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoa

2012-07-06

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/7/7, 162. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9112

5/2012 Legea, uztailaren 6koa, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egin dudala.

HITZAURREA I

Zuzenbide-estatuaren funtsezko eginkizunetako bat herritarren eskubideen babes judiziala bermatzea da. Eginkizun hori betetzeko, ezinbestekoa da kalitatezko justizia ezartzea, gizarte moderno eta, aldi berean, konplexuan sortzen diren gatazka guztiak konpontzeko gauza izango dena.

Hori dela-eta, 1970eko hamarkadaz geroztik, ordezko sistema berrietara jo du gizarteak gatazkak konpontzeko orduan; sistema horien artean, bitartekaritza nabarmentzen da, gero eta garrantzi handiagoa hartu baitu Justizia Administrazioaren tresna osagarri modura.

Bitartekaritzak dituen abantailen artean, nabarmentzekoa da alderdien arteko gatazka jakin batzuei irtenbide praktiko, eraginkor eta errentagarriak emateko duen ahalmena; horregatik, hain zuzen, prozesu judizialaren edo arbitraje-bidearen ordezko aukera da, bai eta ezberdina ere. Bitartekaritzan, profesional neutral batek esku hartzen du, alderdiei gatazka beren kabuz modu ekitatiboan konpontzen laguntze aldera; hala, azpiko harremanei eusteko eta gatazkaren amaiera kontrolatzeko aukera ere izaten dute alderdiek.

II Espainian, azken urteetan, bultzada nabarmena izan du arlo honek autonomiaerkidegoen esparruan, baina, 5/2012 Errege Lege Dekretua onartu arte, ez zegoen auzi zibilei eta merkataritza-auziei aplika zekiokeen bitartekaritzaren antolamendu orokorrik, jurisdikzio arruntarekiko lotura bermatzen zen bitartean; hala, bitartekaritzaren lehenengo ardatza gauzatuko litzateke, hau da, zenbait gairen desjudizializazioa; izan ere, gai batzuek gatazkan dauden alderdien beharretara eta interesetara gehiago egokitzen den konponbide bat izan dezakete, lege-aurreikuspenetik erator daitekeena baino.

Bitartekaritza, autokonposizio-formula gisa, eztabaidak konpontzeko tresna eraginkorra da, gatazka juridikoak xedapenezko eskubide subjektiboei eragiten dienean.

Bake juridikora bideratutako erakundea denez, ordenamendu juridikoaren sektore honetan epaitegiak azken erremedio gisa ikusten laguntzen du, baldin eta egoera ezin bada alderdien borondate soilaz konpondu, eta epaitegien lan-karga murrizteko baliagarria izan daiteke, aurrez aurre dauden alderdiek akordio bidez amaitu ezin izan dituzten gatazkaegoeretan esku hartzera mugatuko baitira.

Lege honek, bestalde, Espainiako Zuzenbidean txertatu du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentaraua, gai zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritzaren alderdi jakin batzuei buruzkoa. Dena den, bitartekaritzaren erregulazioa Europar Batasuneko arau horren edukitik harago doa, eta uztailaren 8ko 15/2005 Legearen azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusitakoaren ildoa hartu du; horren bidez, aldaketak egin zitzaizkien Kode Zibilari eta Prozedura Zibilaren Legeari banantze eta dibortzio arloetan, eta Gorte Nagusietara bitartekaritzari buruzko lege-proiektua igortzeko ardura eman zitzaion Gobernuari.

2008/52/EE Zuzentaraua gai zibilei eta merkataritzakoei buruzko mugaz haraindiko auzietan bitartekaritza sustatzeko gutxieneko arau batzuk ezartzera mugatzen da. Errege Lege Dekretu honek xedatutako araubide orokorra Espainian gauzatutako eta ondorio juridiko loteslea izan nahi duten bitartekaritza guztiei aplikatu ahalko zaie, baina gai zibilen eta merkataritzakoen esparruan betiere. Bestalde, bitartekaritzarako finkatutako ereduak kontuan hartu ditu Nazio Batuetako Nazioarteko Merkataritza Zuzenbiderako Batzordeak (UNCITRAL) 2002ko ekainaren 24an nazioarteko merkataritza-adiskidetzeari buruz onartutako lege ereduaren aurreikuspenak.

2008/52/EE Zuzentaraua Espainiako antolamendu juridikoan txertatzeko epea 2011ko maiatzaren 21ean bukatu zen; horregatik, egoki zen bitartekaritzaren figura errege legedekretu bidez xedatzea, arau egokia baita gure Zuzenbidean beharrezko egokitzapena egiteko. Horrenbestez, konponduta gelditu zen betebehar hori betetzeari zegokionez Espainiako Estatuak zeukan atzerapena; ondorio negatiboak baino ez zituen herritarrentzat eta Estatuarentzat berarentzat, Europar Batasuneko erakundeek zigorra ezartzeko arriskua baitzegoen.

Arau honetan aurreikusitako baztertzeen helburua ez da dagozkien esparruetan bitartekaritza mugatzea, baizik eta erregulazioa dagozkien sektore-arauei gordetzea.

III Bitartekaritza-ereduan, alderdien borondatea eta erabaki askea dira oinarri, eta bitartekari baten esku-hartzea ere bai. Aktiboki esku hartzea eskatzen zaio bitartekariari, alderdiei eztabaida beren kabuz konpontzen lagun diezaien. Lege honetako araubideak malgutasuna eta alderdien borondatearen autonomiarekiko errespetua aldarrikatzen ditu.

Alderdiek eztabaida amaitutzat emango duen akordioan adieraziko dute beren borondatea, eta, alderdiek nahi izanez gero, titulu betearazle izaera hartu ahalko du akordio horrek, eskritura publikoan egiletsita. Arau honen xedea ez da, inola ere, bitartekaritzaren aniztasun eta aberastasun guztia biltzea, baizik eta haren oinarriak finkatzea eta gatazkak auzitegietan ebaztearen ordezko aukera gisa sendotzea. Eta hortxe dago, hain zuzen ere, bitartekaritzaren bigarren ardatza: hau da, deslegalizazioa; bestela esanda, legeak bere funtsezko eginkizuna galtzea, xedapen-printzipioaren mesedetan, printzipio horrek gatazkaren objektu diren harremanak ere zuzentzen baititu.

Ereduaren pieza nagusia bitartekariaren figura da, berak laguntzen baitie alderdiei elkarrizketaren bidez eta beren borondatez konponbidea aurkitzen. Arlo profesional eta sozial askotan jotzen da bitartekaritzara, eta bitartekariak izan beharreko trebetasunak gatazka motarekin lotuta egoten dira askotan. Hortaz, bitartekariak prestakuntza orokorra izan behar du eginkizun hori bete ahal izateko, eta, batez ere, zalantzarik gabeko bermea eskaini behar die alderdiei, erantzukizun zibila izan baitezake.

Legeak modu orokorrean erabili du bitartekari hitza; bat edo batzuk izan daitezke, hala ere.

Horrez gain, garrantzi berezia aitortu die bitartekaritza-zerbitzu eta erakundeei, funtsezko lana egiten baitute bitartekaritza-prozedurak antolatzeko eta sustatzeko orduan.

Erregulazio honetan, gainera, titulu betearazlea aitortu zaio bitartekaritza-akordioari; hori horrela, akordioa eskritura publikoan egiletsitakoan, zuzenean eskatu ahal izango zaie auzitegiei betearaz dezatela. Bitartekaritzaren hirugarren ardatza bitartekaritzaakordioaren erregulazioarekin lotuta dago: desjuridifikazioa, hain zuzen; hots, ez du zehazten lehengoratzeko edo konponarazteko akordioak nahitaez izan beharreko edukia.

Bitartekaritzara jotzeko pizgarri modura eskaintzen du Legeak halako esparru malgua, ez dezan ondorengo prozesu-kostuetan eraginik izan, eta alderdiek ez dezaten euren arteko kontratu-betebeharren betetzea atzeratzeko estrategia gisa erabil. Horrela, bada, prozedurari ekiten zaionean, preskripzioa gelditzeko aukera dago, arau orokorra preskripzioa etetea bada ere. Lehenengo aukera horren helburua hauxe da: alderdiek atzera ez egitea, eta bitartekaritzak nahi ez duten ondorio juridikorik ez sortzea.

Lege hau Estatuak merkataritza-legegintzaren, prozesu-legegintzaren eta legegintza zibilaren arloetan dituen eskumenen esparrura mugatzen da; arlo horietarako jaso du bitartekaritzara jotzeko aukera, autonomia-erkidegoek beren eskumenak gauzatuz ematen dituzten xedapenei kalterik egin gabe.

Bitartekaritzara jotzeko erraztasunak ematearren, izapidetzen erraza den prozedura aurreikusi du arauak, kostu txikikoa eta iraupen laburrekoa.

IV

Lege honen artikuluak bost titulutan egituratuta daude.

I. tituluan «Xedapen orokorrak» izenekoan, alderdi hauek daude araututa: arauaren esparru materiala eta espaziala, mugaz haraindiko gatazketan duen aplikazioa, bitartekaritzak preskripzio- eta iraungipen-epeetan dituen ondorioak, eta bitartekaritzaerakundeak.

II. tituluan, bitartekaritzaren printzipio informatzaileak daude zerrendatuta; hots:

borondatez eta askatasunez erabiltzearen printzipioa, inpartzialtasun-printzipioa, neutraltasun-printzipioa eta konfidentzialtasun-printzipioa. Printzipio horiekin batera, badira alderdiek bitartekaritzan jardutean bete beharreko arau edo zuzentarauak ere, hala nola fede ona, elkarrekiko errespetua, eta bitartekaria lagundu eta babesteko beharra.

III. tituluan, bitartekariaren gutxieneko estatutua dago jasota; bertan, bitartekariak bete beharreko baldintzak eta jardun-printzipioak daude zehaztuta. Bitartekariak, bere inpartzialtasuna bermatzearren, alderdiei jakinarazi beharreko zenbait inguruabar jaso ditu arauak, bitartekarientzako Europako Jokabide Kodearen ereduari jarraiki.

IV. tituluan, bitartekaritza-prozedura dago araututa. Prozedura xume eta malgua da, eta bitartekaritzaren funtsezko faseak askatasun osoz erabakitzeko aukera ematen die alderdiei. Alderdiek lortutako akordioa baliozkoa izan dadin, nahitaez bete beharreko eskakizunak finkatzera mugatzen da araua, kontuan izanik alderdiak ez daudela akordioa lortzera behartuta; izan ere, erakunde honen esperientziak aski ongi erakusten duen bezala, zenbaitetan, bitartekaritzaren bidez harremanak hobetzea baino ez dute helburu alderdiek, eta ez eduki zehatzeko akordio bat lortzea.

Azkenik, V. tituluan, akordioak betearazteko prozedura dago jasota. Prozedura hori Espainiako Zuzenbidean dauden aurreikuspenetara egokituta dago, eta ez du desberdintasunik beste estatu batean bete beharreko mugaz haraindiko bitartekaritzaakordioak betearazteko araubidearekiko. Edonola ere, titulu betearazlea izan dadin, eskritura publiko bihurtu beharko da akordioa.

V Azken xedapenetan, bitartekaritzaren erregulazioa prozedura judizialekin bateratzeko modua azaltzen da.

Horrela, bada, erreformatu egin dira martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legea, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzkoa, eta otsailaren 13ko 2/1974 Legea, Profesionalen Elkargoei buruzkoa, haien eginkizunen artean bitartekaritza sartzeko, arbitrajearekin batera; era horretan, bitartekaritza-erakunde gisa jardun ahal izango dute.

Bitartekaritza prozesu zibilaren esparruan errazago aplikatu ahal izateko hainbat aldaketa ere egin ditu arauak. Horrenbestez, auziaren xedea zehazteko eta bitartekaritzaren menpe jartzeko ahalmena eman die alderdiei, eta epaileari aukera ematen dio alderdiei akordioa lor dezaten gonbidapena egiteko, bitartekaritzara jotzeko aukera dutela jakinarazita. Berritasun horren bitartez, auziak bitartekaritzaren eta adiskidetasunaren bidez konpontzeko bideak sustatu nahi dira, alderdien borondatea errespetatuta betiere. Bestalde, bitartekaritzari men egiteko itunak betetzen ez direnerako eta bitartekaritza bideratuta dagoela demanda aurkezten denerako, deklinatoria erabiltzea aurreikusten du.

Prozedura Zibileko Legean, era berean, hainbat manu aldatu ditu, betearazpena bideratzeko eskubidea ematen duten tituluetan bitartekaritza-akordioa jasotzeko.

Aldaketa horien bitartez, modu egokian egituratu da bitartekaritzaren eta prozesu zibilaren arteko lotura, eta, bidenabar, indartu egin da bitartekaritzaren eraginkortasuna.

VI Azkenik, Lege honek urriaren 30eko 34/2006 Legea erreformatu du, abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzkoa, erantzun egokia ematearren lege hori argitaratu zenean unibertsitate-ikasketetan matrikulatuta zeuden zuzenbide-ikasleei, legea argitaratzean goitik behera aldatuta ikusi baitzituzten abokatutzan eta prokuradoretzan sartzeko baldintzak.

34/2006 Legearen arabera, abokatu edo auzitegietako prokuradore-titulu profesionala lortzeko, beharrezkoa da Zuzenbidean lizentziadun unibertsitate-titulua edo dagokion gradu-titulu edukitzea, bai eta lanbide-gaitasuna egiaztatzea ere; azken horretarako, prestakuntza espezializatu ofiziala jaso beharra dago –Justizia Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak egiaztatutako prestakuntza-ikastaroen bitartez–, eta ondorengo ebaluazio bat gainditu.

Egindako aldaketa bat dator 34/2006 Legearen zioen azalpenak adierazitakoarekin; horren arabera, hauxe da legearen helburua: «Zuzenbide-lizentziaturako edo -graduko ikasleen egungo itxaropenak» ez zapuztea. Legeak hasiera batean finkatu zuen bost urteko vacatio legisa, ordea, ez da nahikoa izan ikasketak bost urteko aldi horretan bukatzerik izan ez duten ikasleen itxaropenari erantzuteko. Hortaz, Zuzenbidelizentziaturetan 2006ko urriaren 31 baino lehen matrikulatu ziren eta ikasketak epe horretan bukatzerik izan ez duten ikasleen arazoak konpondu nahi ditu arauak –data horretan, titulu profesionalak ez ziren beharrezko abokatutzan eta prokuradoretzan aritzeko–. Legegilearen borondatez kanpoko omisioaren ondorioz, ikasle horiek bereizkeria pairatzen dute, hautsi egin zaizkielako Zuzenbide-ikasketei ekin zietenean zeuzkaten bidezko itxaropenak. Bide batez, gainera, jarduera profesionalean sartzeko araubide berezia aitortu die arauak Zuzenbidean lizentziadun direnei, edonoiz hasi edo bukatu dituztela ere ikasketak; hala, Parlamentuan aurkeztutako ekimen ugari hartu ditu aintzat arauak.

Halaber, Zuzenbide lizentziadunaren Espainiako tituluarekin homologagarri diren atzerriko tituluak dituztenen egoera ere jaso du; hartarako, xedapen gehigarri berri bat sartu du, homologazio-prozedura Legea indarrean sartu baino lehen hasi dutenek lanbide juridikoetan sartzeko aukera izan dezaten.

Etorkizuneko aldaketan jasoko da titulu profesionalak Justizia Ministerioak emango dituela.

Orobat, aipatutako 34/2006 Legearen xedapen iragankor bakarraren 3. paragrafoak eragindako ziurgabetasuna ezabatzeko, hobekuntza teknikoa egin zaio idazketari; hala, orain xedatzen du ez dela beharrezkoa Zuzenbidean lizentziadun- edo gradu-titulua edukitzea, eta aski dela eskuratzeko moduan egotea; hots, ez dela beharrezkoa titulua materialki edukitzea, legea indarrean sartzean ikasketak burututa edukitzea baizik. Era horretan, babestuta gelditzen dira ikasketak burututa dauzkaten lizentziadunen eskubideak, unibertsitateei tituluak eskatzeko orduan atzeratu edo deskuidatu direlako legearen xedapen iragankorraren esparrutik kanpo gelditu diren kasuetarako.

I. TITULUA Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Kontzeptua.

Bitartekaritza eztabaidak konpontzeko bidea da, edozein izendapen ematen zaiola ere, non, bitartekari batek esku hartuta, bi alderdi edo gehiago beren borondatez eta beren kabuz akordioa lortzen saiatzen diren.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.  Lege hau gai zibiletako edo merkataritzakoetako bitartekaritzetan aplikatuko da, baita mugaz haraindiko gatazketan ere; betiere, aplikatu beharreko araudiaren arabera, alderdien esku ez dauden eskubide eta betebeharrei eragiten ez badiete.

Alderdiek Lege honi espresuki edo tazituki men egin ezean, da gutxienez alderdietako batek helbidea Espainian duenean eta bitartekaritza Espainiako lurraldean egiten denean aplikatuko da.

2.  Nolanahi ere, honako hauek Lege honen eremutik kanpo geldituko dira:

a)  b)  c)  d)  Zigor arloko bitartekaritza.

Herri-administrazioekiko bitartekaritza.

Lan arloko bitartekaritza.

Kontsumo arloko bitartekaritza.

3. artikulua. Mugaz haraindiko gatazketako bitartekaritza.

1.  Gatazka bat mugaz haraindikoa izango da gutxienez alderdietako baten egoitza edo ohiko bizilekua beste alderdietako edozeinen egoitzaren estatuaz bestelakoa denean, baldin eta bitartekaritzara jotzea erabaki badute edota, aplikatu beharreko legediaren arabera, bitartekaritzara jo beharra badaukate. Halakotzat joko dira, halaber, aurreikusitako gatazkak edo bitartekaritza-akordio bidez konpondutakoak, egin diren tokian egin direla ere, alderdietako batek egoitza aldatu duela-eta, ituna edo horren ondorioetako batzuk beste estatu baten lurraldean gauzatu nahi direnean.

2.  Mugaz haraindiko auzia Europar Batasuneko estatu kide berean bizi ez diren alderdien artekoa denean, egoitza zehazteko, Kontseiluaren 2000ko abenduaren 22ko 44/2001 Erregelamenduaren (EE) 59. eta 60. artikuluak hartuko dira kontuan; arau hori arlo zibileko eta merkataritzako ebazpen judizialen eskumen judizialari, aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa da.

4. artikulua. Bitartekaritzak preskripzio- eta iraungipen-epeetan dituen ondorioak.

Bitartekaritza hastea eskatzean, 16. artikuluaren arabera, ekintzen preskripzioa edo iraungipena etengo da, bitartekariak eskabide hori jasotzen duen egunetik aurrera, edo bitartekaritza-erakundean utziko da, hala badagokio.

Hamabost eguneko epean, bitartekaritza hasteko eskabidea jasotzen denetik kontatzen hasita, ez balitz sinatuko 19. artikuluan aurreikusitako eratze-saioaren akta, berriz hasiko litzateke epeen kontaketa.

Etenduraren iraupena bitartekaritza-akordioa edo, horren ezean, azken akta sinatzen den egunera artekoa izango da, edota bitartekaritza Lege honetan aurreikusitako arrazoiren batengatik bukatzen denera artekoa.

5. artikulua. Bitartekaritza-erakundeak.

1.  Xedeen artean bitartekaritza bultzatzea duten erakunde publiko edo pribatuak dira bitartekaritza-erakunde, Espainiakoak zein atzerrikoak, bai eta zuzenbide publikoko korporazioak ere; hots, besteak beste bitartekaritza erraztea, kudeatzea eta bitartekariak izendatzea dutenak helburu. Gardentasuna bermatu beharko dute aipatutako izendapenean. Haien xedeen artean arbitrajea ere egonez gero, neurriak hartuko dituzte bi jarduerak bereizteko.

Bitartekaritza-erakundeak ezingo du zuzenean bitartekaritza-zerbitzurik eman, eta Lege honetan aurreikusi den moduan baino ez du esku hartuko.

Bitartekaritza-erakundeek beren esparruan jarduten diren bitartekariak nor diren ezagutaraziko dute, gutxienez beren bitartekaritza-esparruan duten prestakuntza, espezialitatea eta esperientzia jakinarazita.

2.  Erakunde horiek bitarteko elektronikoen bidezko bitartekaritza-sistemak ezarri ahal izango dituzte; bereziki, diruzko erreklamazioak diren eztabaidetarako.

3.  Justizia Ministerioak eta eskumena duten administrazio publikoek bitartekaritzaerakundeek, jarduerak egiterakoan, Lege honetan zehaztutako bitartekaritza-printzipioak errespetatzen dituztela zainduko dute, bai eta bitartekariek behar bezala jarduten dutela ere, beren arauak ezartzen dituzten moduan.

II. TITULUA Bitartekaritzaren printzipio informatzaileak 6. artikulua. Borondatez eta askatasunez erabiltzea.

1.  Bitartekaritza borondatezkoa da.

2.  Alderdiek idatzizko hitzarmen batean jaso dutenean euren artean sortu diren edo sor litezkeen eztabaidak bitartekaritzaren bidez konpontzeko konpromisoa, bitartekaritzaprozedura fede onez jarraitzeko ahalegina egingo dute alderdiek, jurisdikziora edo judizioz kanpoko beste irtenbide batera jo baino lehen. Klausula horrek ondorioak izango ditu, baita eztabaida jasota dagoen kontratuaren baliozkotasunari edo existentziari buruzkoa denean ere.

3.  Inor ez dago bitartekaritza-prozeduran jarraitzera edo akordio bat lortzera behartuta.

7. artikulua. Alderdien berdintasuna eta bitartekarien inpartzialtasuna.

Bitartekaritza-prozeduran, alderdiek erabateko aukera-berdintasuna izango dute, haien jarrerek orekatuak izan beharko dute, eta errespetatu egingo dira adierazi dituzten ikuspuntuak. Bitartekariak ezin izango du alderdietako baten kaltetan edo alde aritu.

8. artikulua. Neutraltasuna.

Gatazkan dauden alderdiek bitartekaritza-akordioa beren kabuz lortzera egongo da bideratuta bitartekaritza, eta bitartekariak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo du.

9. artikulua. Isilpekotasuna.

1.  Bitartekaritza-prozedura eta bertan erabilitako dokumentuak isilpekoak izango da.

Bitartekariak –lanbide-isilpekotasunak babestuko ditu–, bitartekaritza-erakundeek eta esku hartzen duten alderdiek izango dute konfidentzialtasun-betebeharra; horren arabera, ezin izango dute prozeduraren bidez eskuratutako informazioa zabaldu.

2.  Bitartekaritza eta bere edukia isilpekoak direnez, bitartekariak eta bitartekaritzaprozeduran parte hartzen duten pertsonak ez daude behartuta prozedura judizial batean edo arbitraje batean deklaratzera edo dokumentazioa aurkeztera, prozedura judiziala edo arbitrajea bitartekaritza-prozesu batetik eratorritako informazioari buruzkoa edo harekin lotutakoa denean, ondoko kasu hauetan salbu:

a)  Alderdiek isilpekotasun-betebeharra barkatzen dietenean, espresuki eta idatziz.

b)  Zigor arloko jurisdikzioko epaileek eskatzen dutenean, ebazpen judizial motibatu baten bidez.

3.  Isilpekotasun-betebeharra ez betetzeak erantzukizunak ekarriko ditu ordenamendu juridikoan aurreikusitako eran.

10. artikulua. Bitartekaritzako alderdiak.

1.  Alderdiek egoki deritzoten moduan antolatuta egongo da bitartekaritza; edonola ere, Lege honetan adierazitako printzipioak errespetatu beharko dituzte beti.

2.  Bitartekaritzaren mende dauden alderdiek leialtasunaren, fede onaren eta elkarrekiko errespetuaren printzipioen arabera jokatuko dute.

Bitartekaritzak irauten duen bitartean, alderdiek ezingo dute ekintza judizialik edo judizioz kanpokorik gauzatu gainerako alderdien kontra, xedeari dagokionez, kautelazko neurriak edo ondasunak edo eskubideak behin betiko galtzea saihesteko ezinbesteko premiazko beste neurri batzuk eskatzea izan ezik.

Alderdiek bitartekaritzara jotzeko hartutako konpromisoaren ondorioz, bitartekaritzari ekiten zaionetik eta horrek irauten duen denboran, auzitegiek ezin izango dute bitartekaritzaren menpe dauden eztabaidez arduratu, interesa duen alderdiak deklinatoria bidez aldarrikatzen duenean.

3.  Alderdiek etengabeko laguntza eta babesa eman beharko dizkiote bitartekariari bere jardunean, eta begirunez jokatuko dute harekin.

III. TITULUA Bitartekariaren estatutua 11. artikulua. Bitartekari gisa aritu ahal izateko baldintzak.

1.  Eskubide zibil guztiak aitortuta dituzten pertsona naturalak izan ahalko dira bitartekari; betiere, haien lanbidean bete beharreko legeriak kontrakorik adierazten ez badu.

Bitartekaritzan arituko diren pertsona juridikoek, sozietate profesionalak izan edo ordenamendu juridikoak aurreikusitako beste edozer izan, pertsona natural bat izendatu beharko dute hori gauzatzeko, eta horrek Lege honetan aurreikusitako betebeharrak bete beharko ditu.

2.  Bitartekariak unibertsitate-titulu ofiziala edo goi-mailako lanbide heziketakoa izan behar du, bai eta bitartekaritzan aritzeko berariazko prestakuntza ere. Azken hori lortzeko, behar bezala egiaztatutako erakundeek emandako berariazko ikastaro bat edo batzuk egin beharko dira, lurralde nazionalean bitartekaritza-jarduera egiteko balioko dutenak.

3.  Bitartekariak aseguru bat edo berme baliokide bat izenpetu beharko du, esku hartzen duen gatazketan duen jardunak eragin lezakeen erantzukizun zibila estaltzeko.

12. artikulua. Bitartekaritzaren kalitatea eta autoerregulazioa.

Justizia Ministerioak eta herri-administrazio eskudunek, bitartekaritza-erakundeekin elkarlanean, bitartekarien hasierako eta etengabeko prestakuntza egokia sustatu eta eskatuko dute eta borondatezko jokabide-kodeak prestatuko dituzte; halaber, ahaleginak egingo dituzte bitartekariek eta bitartekaritza-erakundeek jokabide-kode horiekin bat egin dezaten.

13. artikulua. Bitartekariaren jarduna.

1.  Bitartekariak alderdien arteko komunikazioa erraztuko du, eta behar beste informazio eta aholku eskaintzeaz arduratuko da.

2.  Bitartekariak alderdien arteko desadostasunak murriztera zuzenduko du bere jarduna, aktiboki; betiere, Lege honetan jasotako printzipioak errespetatuz.

3.  Bitartekariak uko egin ahal izango dio bitartekaritzan aritzeari; kasu horretan, ukoaren berri jasotzen duen akta eman beharko die alderdiei.

4.  Bitartekariak ezin izango du bitartekaritza-lanetan hasi, edo utzi egin beharko dio bitartekari izateari, haren inpartzialtasunari eragiten dioten inguruabarrak daudenean.

5.  Bitartekariak, bitartekaritza-lana hasi edo jarraitu baino lehen, bere inpartzialtasunari eragin diezaiokeen edo interes-gatazka sor dezakeen inguruabar ororen berri eman beharko die alderdiei. Inguruabar horien barruan, ondoko hauek egongo dira:

a)  Alderdietako batekin izandako pertsona-, kontratu- edo enpresa-harreman mota oro.

b)  Bitartekaritzaren emaitzan zuzenean edo zeharka duen edozein interes.

c)  Bitartekariak edo bere enpresa edo erakundeko kide batek, aurrez, edozein inguruabarretan, alderdietako baten alde jardun izana, bitartekaritzan salbu.

Horrelakoetan, bitartekaritza onartu edo jarraitu ahal izateko, erabateko inpartzialtasunez arituko dela bermatu beharko du bitartekariak, eta alderdiek onartu eta espresuki jaso beharko dute.

Bitartekaritza-prozedura osoan egongo da informazio hori jakinarazteko betebeharra.

14. artikulua. Bitartekarien erantzukizuna.

Bitartekariek, bitartekaritzan aritzea onartzen dutenean, fideltasunez bete behar dute mandatua; hala egin ezean, eragindako kalte-galeren erantzule izango dira.

Kaltetuak zuzenean jo ahal izango du bitartekariaren aurka eta, hala badagokio, dagokion bitartekaritza-erakundearen aurka ere bai; azken horrek, berebat, ordaintzeakzioak izan litzake bitartekarien aurka. Bitartekaritza-erakundearen erantzukizuna bitartekariaren izendapenetik edo dagozkien betebeharrak ez betetzetik eratorriko da.

15. artikulua. Bitartekaritzaren kostua.

1.  Bitartekaritza akordio baten bidez bukatu edo ez, alderdiek erdi bana edo, gehiago direnean, neurri berean ordaindu beharko dute bitartekaritzaren kostua, bestelakorik hitzartu dutenean izan ezik.

2.  Bitartekariek zein bitartekaritza-erakundeek, bitartekaritzaren kostua ordaintzeko, beharrezko deritzoten funts-hornidura eskatu ahal izango diete alderdiei.

Alderdiek edo alderdietako batek ez badu eskatutako funts-hornidura epearen barruan egin, bitartekariak edo erakundeak bukatutzat eman ahal izango du bitartekaritza.

Nolanahi ere, alderdietakoren batek ez badu funts-hornidura egin, bitartekariak edo erakundeak, bitartekaritza bukatutzat eman baino lehen, horren berri emango die gainerako alderdiei, interesa izan bailezakete funts-hornidura finkatutako epearen barruan egiteko.

IV. TITULUA Bitartekaritza-prozedura 16. artikulua. Hasiera emateko eskabidea.

1.  Bitartekaritza-prozedura honela hasi ahalko da:

a)  Alderdiek elkarrekin adostuta. Kasu horretan, ondoko alderdi hauek zehaztu beharko dira eskabidean: bitartekaria edo bitartekaritza-erakundea zein izango den, saioak non egingo diren, eta jardueren hizkuntza edo hizkuntzak zein izango diren.

b)  Alderdietako batek eskatuta, bitartekaritzara jotzeko egindako hitzarmenari jarraiki.

2.  Alderdietako batek gainerakoei proposaturiko bitartekaritza-erakundeari edo bitartekariari aurkeztu beharko zaio eskabidea, edota alderdiek jada izendatutakoari bestela.

3.  Alderdiek, prozesu judizial bat bidean dagoela, beren borondatez bitartekaritzari hasiera ematen diotenean, prozesu hura eteteko eskaera egin ahal izango dute elkarrekin adostuta, prozesu-araudian ezarritakoaren arabera.

17. artikulua. Informazioa eta informazio-saioak.

1.  Bitartekariak edo bitartekaritza-erakundeak, eskabidea jasotakoan, eta alderdiek aurkakoa itundu dutenean salbu, informazio-saioa egiteko deia egingo die alderdiei.

Alderdietakoren bat, justifikaziorik gabe, informazio-saiora joaten ez bada, bitartekaritzan atzera egin duela joko da. Saiora zein alderdi agertu ez den edo ez diren zehazten duen informazioa ez da isilpekoa izango.

Saio horretan, ondoko auzi hauen berri emango die bitartekariak alderdiei:

inpartzialtasunari eragin diezaioketen zergatiak, lanbidea, prestakuntza eta esperientzia; era berean, bitartekaritzaren ezaugarriak, kostua, prozeduraren antolaketa, lor dezaketen akordioaren ondorio juridikoak eta eratze-saioaren akta sinatzeko epea ere adieraziko dizkie.

2.  Bitartekaritza-erakundeek informazio-saio irekiak antolatu ahal izango dituzte eztabaidak konpontzeko sistema honetara jotzeko interesa duten pertsonentzat; dena den, saio horiek ez dira inoiz 1. paragrafoan aurreikusitako informazioaren ordezko izango.

18. artikulua. Bitartekari-aniztasuna.

1.  Bitartekaritzan, bitartekari bat edo batzuk aritu ahalko dira.

2.  Prozedura berean hainbat bitartekarik esku hartuz gero, gaia konplexua delako edota alderdiek hala nahi dutelako, bitartekari horiek koordinatuta aritu beharko dira.

19. artikulua. Eratze-saioa.

1.  Bitartekaritza-prozedurari eratze-saio baten bidez emango zaio hasiera; bertan, alderdiek bitartekaritza erabili nahi dutela adieraziko dute, eta ondoko alderdi hauek zehaztuko dituzte:

a)  Alderdiak zein diren.

b)  Bitartekaria edo bitartekaritza-erakundea zein izango den, edota alderdietako batek izendatutakoa onartzen dutela.

c)  Bitartekaritza-prozeduraren menpe jarritako auzia.

d)  Prozedurarako aurreikusitako jardueren egitaraua eta gehieneko iraupena; edonola ere, aukera izango dute xehetasun horiek aldatzeko.

e)  Bitartekaritzaren kostuari buruzko informazioa, edo kostu hori zehazteko oinarriak; bitartekariaren lansariak eta egon daitezkeen beste gastu batzuk bereiz adierazi beharko dira.

f)  Alderdien adierazpena, bitartekaritza borondatez onartzen dutela eta bertatik sortutako betebeharrak ere onartzen dituztela dioena.

g)  Prozedura gauzatzeko tokia eta hizkuntza.

2.  Eratze-saioaren akta egin beharko da, zehaztasun horiek guztiak jasotzen dituena, eta alderdiek zein bitartekariak edo bitartekariek sinatu beharko dute. Hala egin ezean, bitartekaritzara jotzen ahalegindu direla, baina ondoriorik izan ez duela adieraziko du aktak.

20. artikulua. Prozeduraren iraupena.

Bitartekaritza-prozeduraren iraupena ahalik eta laburrena izango da, eta jarduerak ahalik eta saio gutxienetan egingo dira.

21. artikulua. Bitartekaritza-jardueren garapena.

1.  Bitartekariak behar besteko aurrerapenarekin egingo die alderdiei saio bakoitzerako deia, eta hark zuzenduko ditu saioak; bestalde, erraztasunak emango dizkie alderdiei, euren jarrerak berdin eta modu orekatuan azal eta jakinaraz ditzaten.

2.  Bitartekariaren eta gatazkan dauden pertsonen arteko komunikazioak ez dira nahitaez aldi berekoak izango.

3.  Bitartekariak alderdi guztiei jakinaraziko dizkie alderdietakoren batekin bereiz izandako bilerak; dena den, bilera horietan aztertutakoa isilpekoa izango da. Bitartekariak ezin izango du alderdiak eman dion informazioa edo dokumentazioa jakinarazi edo banatu, alderdiak berariaz baimena eman dionean izan ezik.

22. artikulua. Prozeduraren amaiera.

1.  Bitartekaritza-prozedura akordio baten bidez edota akordiorik gabe amai daiteke.

Akordiorik gabe amaituko da alderdi batek edo guztiek jarduerak bukatutzat emateko eskubidea egikaritu dutelako, eta bitartekariari hala jakinarazi diotenean, edota alderdiek prozedura gauzatzeko adostutako gehieneko epea igaro delako; halaber, bitartekaritzaprozedura amaituko da bitartekariak justifikatzen duenean alderdien jarrerak bateraezinak direla, edota prozedura amaiarazten duen beste edozein egoera sortzen denean.

Prozedura amaitzean, alderdi bakoitzak aurkeztu dituen agiriak berreskuratuko ditu.

Alderdiei itzuli beharrekoak ez diren agiriekin, espediente bat osatuko du bitartekariak edo bitartekaritza-erakundeak, eta prozedura amaitzen denetik lau hilabeteko epean gorde eta zaindu beharko du.

2.  Bitartekariak prozedura jarraitzeari uko egiten badio edota alderdiek bitartekaria errefusatzen badute, bitartekari berria izendatzen ez dutenean soilik amaituko da prozedura.

3.  Azken aktak bukatutzat emango du prozedura, eta modu argi eta ulergarrian jasoko ditu lortutako akordioak, halakorik lortu bada; prozedura beste edozein modutara bukatu denean, horren berri jasoko du.

Alderdi guztiek eta bitartekariak edo bitartekariek sinatu beharko dute akta, eta bakoitzak jatorrizko ale bat jasoko du. Alderdiren batek ez badu akta sinatu nahi, bitartekariak horren berri emango du bertan, eta ale bana emango die nahi duten alderdiei.

23. artikulua. Bitartekaritza-akordioa.

1.  Bitartekaritza-akordioa bitartekaritzaren menpe dauden gai guztiei edo batzuei buruzkoa izan ahalko da.

Bitartekaritza-akordioan, ondoko zehaztasun hauek adierazi beharko dira: alderdien identifikazioa eta helbidea, akordioa sinatu duten tokia eta eguna, alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak, Lege honetako xedapenen araberako bitartekaritzaprozedura jarraitu dutela, esku hartu duen bitartekaria edo bitartekariak, eta, hala badagokio, prozeduraren egoitza izan den bitartekaritza-erakundea.

2.  Alderdiek edo beren ordezkariek sinatu beharko dute bitartekaritza-akordioa.

3.  Alderdi bakoitzak bitartekaritza-akordioaren ale bat jasoko du, eta bitartekariak beste bat gordeko du.

Lortutako akordioa loteslea dela adieraziko die bitartekariak alderdiei, eta, titulu betearazle bihurtu nahi izanez gero, eskritura publiko bihurtzeko aukera daukatela.

4.  Bitartekaritza-akordioan hitzartutakoaren kontra, kontratuak baliogabetzen dituzten kausengatiko deuseztasun-ekintza baino ezingo da gauzatu.

24. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez egindako jarduerak.

1.  Alderdiek bitartekaritza-jarduera guztiak edo batzuk (eratze-saioa eta hurrengoak barne) bitarteko elektronikoen bidez, bideokonferentziaren bidez edo ahots- zein iruditransmisioko antzeko beste bitarteko baten bidez egitea adostu ahalko dute, baldin eta parte-hartzaileen nortasuna eta Lege honetan aurreikusitako bitartekaritza-printzipioekiko errespetua bermatzen badira.

2.  Bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko dira, gehienbat, xedetzat gehienez ere 600 euroko erreklamazioak dituzten bitartekaritzak, alderdietakoren batek bitarteko horiek erabiltzerik ez duenean salbu.

V. TITULUA Akordioak betearaztea 25. artikulua. Titulu betearazlea formalizatzea.

1.  Alderdiek eskritura publiko bihurtu ahal izango dute bitartekaritza-prozeduran lortutako akordioa.

Horretarako, alderdiek notario bati aurkeztu beharko diote bitartekaritza-akordioa, bitartekaritzaren eratze-saioaren eta prozeduraren bukaeraren akten kopiarekin batera; ez da beharrezkoa izango bitartekaria egotea.

2.  Notarioak, bitartekaritza-akordioa eskritura publiko bihurtu aurretik, lege honetan eskatutako baldintzak bete direla egiaztatuko du, eta akordioaren edukia ez dela Zuzenbidearen aurkakoa.

3.  Bitartekaritza-akordioa beste estatu batean betearazi behar denean, beharrezkoa izango da, eskritura publiko bihurtzeaz gain, Espainia kide den nazioarteko hitzarmenetan eta Europar Batasuneko arauetan jasotako baldintzak ere betetzea.

4.  Alderdiek akordioa prozesu judiziala hasia zela gauzatutako bitartekaritzan lortu badute, akordioa homologatzeko eskatu ahal izango diote auzitegiari, Prozedura Zibileko Legean ezarritakoaren arabera.

26. artikulua. Bitartekaritza-akordioak betearazteko auzitegi eskuduna.

Prozesu bat bidean zegoela hasitako bitartekaritzaren ondorioz lortutako akordioa betearazteko eskaera, akordioa homologatu zuen auzitegiari eskatu beharko diote alderdiek.

Bitartekaritza-prozedura baten ostean formalizatutako akordioen kasuan, bitartekaritza-akordioa sinatu duten tokiko lehen auzialdiko epaitegia izango da eskudun, Prozedura Zibileko Legearen 545. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

27. artikulua. Mugaz haraindiko bitartekaritza-akordioak betearaztea.

1.  Europar Batasuneko araudiak eta Espainian indarrean dauden nazioarteko hitzarmenek xedatzen dutenari kalterik egin gabe, beste estatu batean indar betearazlea hartu duten bitartekaritza-akordioak Espainian betearazi ahal izateko, beharrezkoa izango da indar betearazlea eman dien agintariak Espainiako agintariek dituzten eginkizunen antzekoak izatea.

2.  Atzerriko agintariek betearazletzat jo ez dituzten bitartekaritza-akordioak Espainian betearazi ahal izateko, beharrezkoa izango da notario espainiar batek akordioak eskritura publiko bihurtzea, alderdiek hala eskatu diotelako edota alderdietako batek eskatu diolako, gainerakoen berariazko adostasunarekin.

3.  Atzerriko dokumentua argi eta garbi Espainiako ordena publikoaren aurkakoa denean, ez da betearaziko.

Lehen xedapen gehigarria. Bitartekaritza-erakundeak edo -zerbitzuak aintzatestea.

Bitartekaritza-erakundeek edo -zerbitzuek (herri-administrazioek legediaren arabera ezarritako edo aintzatetsitakoek) Lege honetan aurreikusitako bitartekaritza-eginkizunak bete ahal izango dituzte, baldin eta bitartekaritza-erakunde gisa jarduteko bertan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.

Bigarren xedapen gehigarria. Bitartekaritza bultzatzea.

1.  Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko materialak hornitzeko eskudun diren herri-administrazioek bitartekaritzari buruzko informazioa jarriko dute organo jurisdikzionalen eta herritarren esku, prozesu judizialaren ordezko aukera gisa.

2.  Herri-administrazio eskudunek ahaleginak egingo dituzte prozesuaren aurretiko doako aholkularitzaren eta orientazioaren barruan sartzeko bitartekaritza –Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluan daude jasota–, auzien kopurua eta kostuak murriztea ahalbidetzen baitu.

Hirugarren xedapen gehigarria. Bitartekaritza-akordioak formalizatzeko eskritura publikoak.

Bitartekaritza-akordioak formalizatzeko eskritura publikoaren notario-lansariak kalkulatzeko, notario-zergak onartzen dituen azaroaren 17ko 1426/1989 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. zenbakian aurreikusitako muntarik gabeko dokumentuei dagozkien zergak aplikatuko dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako aukeraberdintasuna.

Bitartekaritza-prozedurek ezgaitasunen bat duten pertsonentzako aukeraberdintasuna bermatu beharko dute. Horretarako, martxoaren 16ko 366/2007 Errege Dekretuan xedatutakori men egin beharko diote. Errege-dekretu horrek ezgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuneko eta ez-diskriminazioko baldintzak ezartzen ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan.

Zehazki, honako hauek bermatu beharko dira: inguruen irisgarritasuna eta zeinumintzairaren, ahozko komunikazioa laguntzeko bitartekoen, braillearen, ukituzko komunikazioaren edo ezgaitasunen bat duten pertsonei prozesuan bete-betean parte hartzeko aukera ematen dien beste bitarteko edo sistema baten erabilera.

Lege honetako 24. artikuluak aipatzen dituen bitarteko elektronikoek informazioaren gizarteko eta merkataritza elektronikoko zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legean aurreikusitako irisgarritasun-baldintzei men egin beharko diete.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetu egin da auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzko martxoaren 5eko 5/2012 Errege Lege Dekretua.

Azken xedapenetako lehena. Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen aldaketa.

Honela idatzita geldituko da Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 5. artikuluaren ñ) idatz-zatia:

«ñ) Bitartekaritza bultzatzea eta garatzea, bai eta arbitraje-funtzioak egitea, nazioan zein nazioartean, indarrean den legedian zehaztutakoarekin bat.» Azken xedapenetako bigarrena. Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen aldaketa.

Honela idatzita geldituko da Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen 2. artikuluaren 1. paragrafoaren i idatz-zatia:

«i) Bitartekaritza bultzatzea eta garatzea, bai eta merkataritza-arbitrajeko funtzioak egitea, nazioan zein nazioartean, indarrean den legedian zehaztutakoarekin bat.» Azken xedapenetako hirugarrena. Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen aldaketa.

Aldatu egin dira Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 19., 39., 63., 65., 66., 206., 335., 347., 395., 414., 415., 438., 440., 443. 517., 518., 539., 545., 548., 550., 556., 559., 576. eta 580. artikuluak, modu honetan: Bat. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 19. artikuluaren 1. paragrafoak:

«1.  Auzilariek epaiketaren objektuaren gainean xedatzeko ahalmena daukate, eta uko egiteko, epaiketan atzera egiteko, amore emateko, bitartekaritzapean edo arbitrajepean jartzeko, eta epaiketaren objektuaren gainean transakzioa egiteko ere bai, salbu eta legeak hori debekatu duenean, edota interes orokorrarengatik nahiz hirugarrenaren onurarengatik legeak mugak ezarri dituenean.» Bi. Aldatu egin da 39. artikulua, eta horrela idatzita egongo da hemendik aurrera:

«39. artikulua. Nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza, alderdiak hala eskaturik aintzat hartzea.

Demandatuak, deklinatoriaren bidez, nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza sala dezake, auzia beste jurisdikzio-ordena bati dagokiolako edota gatazka arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarri delako.» Hiru. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 63. artikuluaren 1. paragrafoaren lehenengo lerrokadak:

«1. Deklinatoriaren bidez, demandatuak eta jada eragindako epaiketan alderdi legitimo izan daitezkeenek sala dezakete auziaz arduratzen ari den auzitegiak ez duela jurisdikziorik, demanda hori ezagutzea atzerriko auzitegiei, beste ordena jurisdikzional bateko organoei, arbitroei edota bitartekariei dagokielako.» Lau. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 65. artikuluaren 2. paragrafoaren bigarren lerrokadak:

«Auzitegiak modu berean jardungo du, auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarrita dagoela adierazten duen deklinatoria baiesten badu.» Bost. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 66. artikuluak:

«66. artikulua. Nazioarteko eskumenari, jurisdikzioari, arbitraje edo bitartekaritzapean jartzeari eta eskumen objektiboari buruzko errekurtsoak.

1.  Auziaz arduratzeari uko egiten dion autoaren aurka apelazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, auzitegiak uko egin duenean nazioarteko eskumenik ez duelako, gaia beste ordena jurisdikzional bateko auzitegiari dagokiolako, auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarri delako, edota eskumen objektiborik ez duelako.

2.  Auzitegiak nazioarteko eskumenik, jurisdikziorik edo eskumen objektiborik ez duela ezesten duen autoaren aurka berraztertzeko errekurtsoa bakarrik jar daiteke; hala ere, behin betiko epaiaren aurkako apelazioan, aukera egongo da prozesuaren oinarri horiek ez daudela alegatzeko.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa aplika daiteke, halaber, autoak ezetza ematen dionean auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jartzeari.» Sei. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 206. artikuluaren 2. paragrafoaren 2. arauak:

«2. Autoak egingo dira erabakien edo dekretuen aurkako errekurtsoak egiten direnean, eskabide bat onartzeari edo ez onartzeari, errekonbentzioari, isunak pilatzeari, probak onartzeari edo ez onartzeari, transakzioen onarpen judizialari, bitartekaritza-akordioei eta hitzarmenei, kautelazko neurriei eta jardueren deuseztasunari edo baliozkotasunari buruz ebazten denean.

Auto modura emango dira, orobat, prozesuaren oinarriei buruzko ebazpenak, erregistroko idatzohar eta inskripzioei buruzkoak, eta intzidente-arazoei buruzkoak, lege honetan izapidetze berezia zehaztuta eduki edo ez, baldin eta legeak erabakia hartzera behartzen badu auzitegia; era berean, auto modura emango dira auzialdi edo errekurtso baten jardunari amaiera ematen dioten ebazpenak, horien izapidetza arrunta bukatu aurretik, non eta, azken horiei dagokienez, legeak dekretu bidez bukatu behar dutela xedatzen ez duen.» Zazpi.  Beste paragrafo bat, hirugarrena, gehitu zaio 335. artikuluari. Hau dio:

«3. Alderdiek kontrakorik adostu ezean, ezingo zaio irizpenik eskatu gai berarekin lotutako bitartekaritza edo arbitraje batean esku hartu duen peritu bati.» Zortzi. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 347. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokadak:

«Auzitegiak ondoko kasu hauetan bakarrik baztertuko ditu parte hartzeko eskabideak: euren helburu edo edukiagatik desegokiak edo alferrikakoak badira, edota konfidentzialtasun-betebeharra dagoenean, adituak alderdien arteko beste bitartekaritza-prozedura batean parte hartu duelako.» Bederatzi.  Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 395. artikuluaren 1. paragrafoaren 2. lerrokadak:

«Nolanahi ere, gaitzustea dagoela ulertuko da, baldin eta, demanda aurkeztu aurretik, demandatuari ordaintzeko agindei fede-emaile justifikatua egin bazaio, edota bitartekaritza-prozedura hasi bada, edota beraren kontra adiskidetzedemanda zuzendu bada.» Hamar. Aldatu egin da 414. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokada; hemendik aurrera, honela idatzita egongo da:

«Deialdi horretan, alderdiei jakinaraziko zaie, aurrez jakinarazi ez bazaie, negoziazio-bidera jo dezaketela gatazka konpontzen saiatzeko; besteak beste, bitartekaritzara. Horrela eginda, alderdiek entzunaldian adieraziko dute aukera horren inguruan hartutako erabakia, eta erabaki horren zergatiak.

Entzunaldia hurrengo artikuluetan zehaztutakoarekin bat egingo da, eta honakoak izango ditu xede: prozesua amaituko duen alderdien arteko akordioa edo transakzioa egitea, horrekin jarraitzea eta xedeari buruzko epaiaren bitartez amaitzea oztopa dezaketen prozesu-gaiak aztertzea, xede hori eta alderdiek eztabaidatzen dituzten puntuak, egitatezkoak edo zuzenbidekoak, zehaztasunez finkatzea, eta, hala badagokio, proba proposatzea eta onartzea.

Auzitegiak, prozesuaren xedea aintzat hartuta, prozesua amaituko duen akordioa lortzen saiatzera bultzatu ahal izango ditu alderdiak, adibidez bitartekaritzaprozeduraren bidez; hartara, informazio-saio batean parte hartzeko eskatuko die.» Hamaika. Hemendik aurrera, idazketa hau izango dute 415. artikuluaren 1. eta 3. paragrafoek:

«1. Behin alderdiak agertuta, auzitegiak adieraziko du ekitaldia irekita dagoela, eta alderdien artean auzia artean badela egiaztatuko du.

Alderdiek adierazten badute ados jarri direla edo berehala adostasuna lortzeko prest daudela, prozesuan atzera egin ahal izango dute, edota adostutakoa homologa dezala eskatu ahal izango diote auzitegiari.

Alderdiek, elkarrekin adostuta, eta 19.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozesua eteteko ere eskatu ahal izango diote auzitegiari, bitartekaritzaren edo arbitrajearen menpe gelditzeko.

Horrela gertatuz gero, auzitegiak, aurrez, aztertuko du ekitaldian parte hartzen duten alderdiek edo behar bezala egiaztatutako ordezkariek gaitasun juridikoa eta xedatzeko gaitasuna badituzten.» «3. Alderdiak ez badira akordio batera iritsi edo ez badaude berehala amaitzeko prest, entzunaldiak aurrera jarraituko du, ondorengo artikuluetan aurreikusitakoarekin bat.

Prozedura bitartekaritzara jotzeko eten bada, bitartekaritza bukatutakoan, etendura bertan behera uzteko eskatu ahal izango du alderdietako edozeinek, eta entzunaldiarekin jarraitzeko eguna adierazteko.» Hamabi.  Beste salbuespen bat, laugarrena, erantsi zaio 438. artikuluaren 3. paragrafoari. Hauxe dio:

«4. Bereizketa-, dibortzio- edo deuseztasun-prozeduretan eta Elizaren ebazpenen edo erabakien eraginkortasun zibila lortzea helburu dutenetan, ezkontideetako edozeinek izango du aukera gauza komuna banatzeko, erkidego arrunt banatu gabeko erregimenean dituztenekiko. Erkidego arrunt banatu gabeko erregimeneko hainbat ondasun badaude eta ezkontideetako batek eskatzen badu, auzitegiak batera har ditzake aintzat, loteak sortzeko edo esleitzeko.» Hamahiru. 440. artikuluko 1. paragrafoa honela geratuko da idatzita:

«Idazkari judizialak, eskabidea aztertu ondoren, hori onartuko du edo horren berri emango dio auzitegiari dagokiona ebatz dezan 404. artikuluan aurreikusitakorekin bat. Eskabidea onartuta, idazkari judizialak alderdiak deituko ditu ikustaldia egiteko, adierazitako egunean eta orduan, eta hamar egun egon beharko dira, gutxienez, hurrengoaren eta deiaren artean; inoiz ere ez hogei baino gehiago.

Dei horretan alderdiei jakinaraziko zaie negoziazio-bidera jo dezaketela gatazka konpontzen saiatzeko; besteak beste, bitartekaritzara. Horrela eginda, alderdiek entzunaldian adieraziko dute aukera horren inguruan hartutako erabakia, eta erabaki horren zergatiak ere bai.

Deian adieraziko da ikustaldia ez dela bertan behera geldituko demandatua ez bertaratzeagatik eta auzilariei ohartaraziko zaie baliatu nahi dituzten probabitartekoekin aritu behar dutela. Gainera, jakinaraziko zaie bertaratzen ez badira eta beren adierazpena proposatzen eta onartzen ez bada, galdeketaren egitateak onartutzat har daitezkeela, 304. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, 442. artikuluan xedatutakoaz ohartaraziko zaie eskatzaile eta demandatuari ikustaldira ez bertaratzearen inguruan.

Deian, zera adieraziko zaie alderdiei, halaber: deia jaso eta hurrengo hiru eguneko epean, beraiek aurkeztu ezin dituztela-eta, idazkari judizial batek ikustaldira deitu behar dituen pertsonak, alderdi edo lekuko gisa deklara dezaten.

Horretarako, deia egin ahal izateko beharrezko datu eta inguruabar guztiak emango dituzte. Hiru eguneko epe berean, alderdiek idatzizko erantzunak eskatu ahal izango dizkiete pertsona juridikoei edo erakunde publikoei, Lege honetako 381. artikuluan zehaztutako izapideengatik.» Hamalau. 443. artikuluko 3. paragrafoa honela geratuko da idatzita:

«3. Eskatzaileak aurreko paragrafoan adierazitako gaiei eta demandatuaren nortasunaren eta ordezkaritzaren inguruan proposatu beharrekoei buruz entzun ondoren, auzitegiak dagokiona ebatziko du, eta, epaiketa jarraitzea agintzen badu, demandatuak bat ez datorrela jasotzea eskatu ahal izango du, egokituko den epaiaren kontra apelatu ahal izateko.

Auzitegiak, prozesuaren xedea aintzat hartuta, prozesua amaituko duen akordioa lortzen saiatzera bultzatu ahal izango ditu alderdiak, adibidez bitartekaritzaprozeduraren bidez; hartara, informazio-saio batean parte hartzeko eskatuko die.

Alderdiek, elkarrekin adostuta eta 19.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozesua eteteko ere eskatu ahal izango diote auzitegiari, bitartekaritzaren edo arbitrajearen mende gelditzeko.» Hamabost. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 517. artikuluaren 2. paragrafoaren 2. zenbakiak:

«2. Laudo edo ebazpen arbitralak eta bitartekaritza-akordioak; azken horiek eskritura publikoan egiletsi behar dira, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzko legeari jarraiki.» Hamasei. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 518. artikuluak:

«518. artikulua. Epai judizialean, arbitraje-ebazpenean edo bitartekaritza-akordioan oinarritutako akzio betearazlea iraungitzea.

Transakzio judiziala edota prozesuan, arbitraje-ebazpenean edo bitartekaritzaakordioan lortutako akordioa onartzen duen akzio betearazlea, auzitegiaren epaian edo ebazpenean edo idazkari judizialaren ebazpenean oinarritutakoa, iraungi egingo da, baldin eta epaia edo ebazpena irmo bihurtu denetik bost urteko epean demanda betearazle egokia aurkeztu ez bada.» dio:

Hamazazpi. Lerrokada berri bat erantsi zaio 539. artikuluaren 1. paragrafoari. Hauxe «Bitartekaritza-akordioa edo arbitraje-laudoa betearazteko, abokatua eta prokuradorea beharko dira, betearazi beharreko zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa bada.» Hemezortzi. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 545. artikuluaren 2. paragrafoak:

«2. Titulua arbitraje-laudoa edo bitartekaritza-akordioa denean, laudoa eman den edo bitartekaritza-akordioa sinatu den tokiko lehen auzialdiko auzitegiak izango du laudoa edo akordioa betearaztea onesteko edo ezesteko eskuduntza, eta betearazpena agintzeko.» Hemeretzi. Aldatu egin da 548. artikulua:

«548. artikulua. Prozesuko ebazpenak, arbitraje-ebazpenak edo bitartekaritzaakordioak betearazteko itxaronaldia.

Auzitegiak ez du aginduko prozesu-ebazpenak, arbitraje-ebazpenak edo bitartekaritza-ebazpenak betearaztea, kondena-ebazpena irmo bilakatu edo alderdi exekutatuari hitzarmena onestearen ebazpena edo akordioa sinatzearen ebazpena jakinarazi eta hurrengo hogei egunetan.» Hogei. Lerrokada berri bat erantsi zaio 550. artikuluaren 1. paragrafoaren 1. ordinalari, hau dioena:

«Titulua eskritura publiko bihurtutako bitartekaritza-akordioa denean, eratzesaioaren eta prozeduraren bukaeraren akten kopia ere aurkeztu beharko da.» Hogeita bat. Aldatu egin dira 556. artikuluaren izenburua eta 1. lerrokada; hemendik aurrera, idazketa hau izango du:

«556. artikulua. Prozesu-ebazpenak, arbitraje-ebazpenak edo bitartekaritzaakordioak betearaztearen aurka egitea.

1.  Titulu betearazlea kondenako prozesu-ebazpen bat, arbitraje-ebazpen bat edo bitartekaritza-akordio bat bada, alderdi exekutatuak, betearazteko autoa jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan, horren kontra egin ahal izango du idatziz, epaian, laudoan edo akordioan agindutakoa ordaintzea edo betetzea argudiatuta; dokumentu bidez justifikatu beharko du.» Hogeita bi. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 559. artikuluaren 1. paragrafoaren 3. ordinalak:

«3. Agindutako betearazpena erabat deuseza izatea, epaiak edo arbitrajelaudoak kondena-erabakirik ez jasotzeagatik, laudoak edo bitartekaritza-akordioak betearazpena eragiteko legezko eskakizunak ez betetzeagatik, edota betearazpena agintzean lege honen 520. artikuluan xedatutakoa hausteagatik.» Hogeita hiru. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 576. artikuluaren 3. paragrafoak:

«3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa aplikatuko zaie edozein jurisdikzioordenatako ebazpen judizial mota guztiei, arbitraje-laudoei eta bitartekaritzaakordioei, kopuru likidoa ordaintzera behartzen badute. Hala ere, aintzat hartu behar dira ogasun publikoentzat legeak ezarritako berezitasunak.» Hogeita lau. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 580. artikuluak:

«580. artikulua. Ordainketa-agindeia noiz ez den bidezkoa.

Titulu betearazlearen oinarri badira diru kopuru zehatzak emateko betebeharra ezarri duten ebazpenak (idazkari judizialaren ebazpenak, ebazpen judizialak edo arbitraje-ebazpenak, edota prozesuan lortutako transakzioak nahiz hitzarmenak onesteko ebazpenak), ez da beharrezkoa izango alderdi exekutatuari bere ondasunak enbargatzeko ordainketa-agindeia egitea.» Azken xedapenetako laugarrena. Abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Legearen aldaketa.

Aldatu egin dira Abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Legearen 2. artikulua eta xedapen iragankor bakarra, eta beste bi xedapen gehigarri gehitu dira, zortzigarrena eta bederatzigarrena: Bat. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 2. artikuluaren 3. paragrafoak:

«Justizia Ministerioak emango ditu Lege honetan araututako titulu profesionalak.» Bi. Zortzigarren xedapen gehigarria erantsi zaio, hau dioena:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Zuzenbidean lizentziadunak.

Lege honetan araututako titulu profesionalak ez zaizkie eskatuko Zuzenbidean lizentziadun-titulua Legea indarrean jarri ondoren lortzen dutenei, betiere bi urteko epean gehienez, Zuzenbideko lizentziadunaren titulu ofiziala emateko eskatzeko moduan dauden unetik zenbatzen hasita, elkargokide egiten badira, jardule edo ez-jardule gisa.» Hiru. Bederatzigarren xedapen gehigarria erantsi zaio, hau dioena:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria. Atzerriko titulu homologatuak.

Lege hau indarrean sartzen denean atzerriko titulua Zuzenbidean lizentziaduntituluarekin homologatzeko eskatu dutenei ez zaizkie lege honetan araututako titulu profesionalak eskatuko, betiere bi urteko gehieneko epearen barruan, homologazio hori lortzen dutenetik zenbatzen hasita, elkargokide egiten badira, jardule edo ez-jardule gisa.» Lau. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du xedapen iragankor bakarraren 3. paragrafoak:

«3. Lege hau indarrean sartzean Zuzenbidean lizentziadun edo gradudun titulua dutenek edo berau eskatzeko moduan daudenek, betiere aurreko paragrafoan jasota ez badaude, gehienez bi urteko epea izango dute, legea indarrean hasten denetik zenbatzen hasita, elkargokide egiteko, jardule edo ez-jardule gisa, eta ez zaizkie legean araututako titulu profesionalak eskatuko.» Azken xedapenetako bosgarrena. Eskumen-titulua.

Konstituzioaren 149.1.6 eta 149.1.8 artikuluen arabera, Estatuak merkataritzalegegintzaren, prozesu-legegintzaren eta legegintza zibilaren arloan duen eskumenaren babesean eman da Lege hau. Dena den, Konstituzioaren 149.1.1, 149.1.6 eta 149.1.30

artikuluen babesean aldatu da 34/2006 Legea.

Azken xedapenetako seigarrena. Europar Batasuneko arauak txertatzea.

Lege honen bidez Espainiako Zuzenbidean txertatu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentaraua, gai zibiletako eta merkataritzakoetako bitartekaritzaren alderdi jakin batzuei buruzkoa.

Azken xedapenetako zazpigarrena. Zenbatekoak erreklamatzeko bitarteko elektroniko bidezko bitartekaritza-prozedura sinplifikatua.

Gobernuak, Justizia Ministerioaren ekimenez, diru kopuruak erreklamatzeko gatazkak bitartekaritza-prozedura sinplifikatuaren bitartez konpontzea sustatuko du; prozedura hori bitarteko elektronikoen bidez bakarrik gauzatuko da. Alderdiek bitartekaritza-prozedurara jotzeko eginiko eskabidean zehaztuko dituzte beren asmoak, eta bitartekariak edo bitartekaritza-erakundeak interesdunei emango dien erantzunean. Alderdien jarrerak ezin izango dira Zuzenbidearen aurkakotasunargudioetan oinarritu. Prozedurak gehienez hilabeteko iraupena izango du, jaso ondoko egunetik zenbatzen hasita. Iraupen hori luzatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute.

Azken xedapenetako zortzigarrena. Legean eskatutako bitartekaritza-baldintzak betetzearen gaineko kontrola erregelamenduz garatzea.

1.  Gobernuak, Justiziako ministroaren ekimenez, erregelamendu bidez zehaztu ahal izango ditu Lege honetan bitartekariei eta bitartekaritza-erakundeei eskatutako baldintzak eta publizitate-eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezko tresnak. Tresna horien artean, bitartekarien eta bitartekaritza-erakundeen erregistroa sor daiteke, Justizia Ministerioaren mende egongo dena, eta autonomia-erkidegoetako bitartekaritzaerregistroekin koordinatuta; hala bada, Lege honetan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituen bitartekariari baja eman ahal izango zaio bertan.

2.  Gobernuak, Justizia Ministerioaren ekimenez, bitartekariek bitartekaritza-lanak egin ahal izateko aurrez egin beharreko prestakuntza-ikastaroaren edo -ikastaroen gutxieneko edukia eta iraupena zehaztu ahal izango ditu, baita jaso beharreko etengabeko prestakuntzarenak ere.

Bitartekarien erantzukizun zibila segurtatzeko betebeharra norainokoa den erregelamendu bidez garatu ahal izango da.

Azken xedapenetako bederatzigarrena. Lege honen bidez hartutako neurrien ebaluazioa.

Gobernuak Lege honen bidez hartutako neurrien aplikazioari, eraginkortasunari eta eraginei buruzko txostena igorri beharko die Gorte Nagusiei bi urteko epean, horien funtzionamendua ebalua dezan.

Txostenean, halaber, beste neurri batzuk hartzeko aukera jasoko da; neurriok, funtsezkoak nahiz prozedurazkoak, auzi zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritza hobetuko dute, ekimen egokien bitartez.

Azken xedapenetako hamargarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez, Agintzen diet espainiar guztiei, banakoei zein agintariei, bete eta betearaz dezatela Lege hau.

Madrilen, 2012ko uztailaren 6an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra