Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

4/2018 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa erreformatzen duena.

2018-12-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/29 314zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

17987   4/2018 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Botere Judizialaren uztailaren

1eko 6/1985 Lege Organikoa erreformatzen duena.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Abenduaren 27ko 8/2012 Lege Organikoaren bidez (Justizia Administrazioaren arloko aurrekontu-eraginkortasuneko neurriei buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena), beste idazkuntza bat eman zitzaien, besteak beste, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 371.3 eta 373.4 artikuluei, zeinak urteko oporraldiari eta norberaren gauzetarako baimenei buruzkoak baitira; izan ere, une hartan Estatuaren egoera ekonomikoa bereziki zaila zenez -eta hala jasota dago 8/2012 Lege Organikoaren hitzaurrean-, premiazkoa zen efizientziaren aldeko eta gastu publikoa murrizteko helburu jakin batzuk lortzea.

Erreforma hori bat zetorren administrazio publikoen beste eremu batzuetan egin ziren beste batzuekin; hain zuzen ere, Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan hezurmamitu zirenekin.

Aipatu diren mugak jartzea eragin zuten aparteko inguruabarrak gaindituz joan direnez, orain posible da krisi ekonomikoaren aurretik indarrean zeuden baldintzak lehengoratzea, bai epaile eta magistratuei, bai, hedaduraz, Fiskaltzako kideei, Justizia Administrazioaren letraduei eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei; jakina, baldintza horiek dagoeneko berreskuratuta ez badituzte.

Beraz, 371.1 artikuluan aipatzen den urteko oporraldiari dagokionez, antzinatasunagatik dagozkien egun gehigarriak berreskuratuko dituzte, eta 373.4 artikuluan jasotako norberaren gauzetarako hemezortzi baimen-egunak ere bai; ondorioz, 373. artikuluaren 8. apartatua indargabetuko da.

Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileek ere krisi ekonomikoaren ondoriozko neurriak hartu baino lehen zuten egoerara itzuli behar dute. Horretarako, 503.1 artikuluaren lehengo idazkuntza berreskuratzen da; hain zuzen ere, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren artikulu bakarraren ehun eta hogeita lau apartatuaren bidez eman zena -lege organiko horren bidez Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zen-.

Horrez gain, aitatasun-baimenaren erregulazioa parekatu beharra dago, bereziki iraupenari dagokionez, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan oro har ezarritako lau asteko aldia onartu. Bestalde, Botere Judizialaren Lege Organikoaren aurreikuspenak Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotakoari egokitu behar zaizkio, eta, beraz, adopzio aurreko harrerari egiten zaizkion erreferentziak adopzioaren aurreko bizikidetzarako zaintzari egiten zaizkiola ulertu beharra dago.

Azkenik, komeni da hizpide dugun gaiari buruz administrazio publikoen eremuan aurrerantzean onartzen diren hobekuntzak, familia eta lana bateragarri egitekoak, berehala aplikatzea Justizia Administrazioaren eremuari, bereziki epaileei, magistratuei eta fiskalei, eta, horretarako, nahitaezkoa da hobekuntzak berehala jasotzea Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan.

Orobat, lege organiko honek beste zenbait erreforma ere biltzen ditu, egokiak direnak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Oso Bilkurak Konstituzioaren 122. artikuluaren bidez esleituta dituen funtzioak leialtasun handiagoz bete ditzan.

Horrez gainera, nazioarteko konpromisoek eskatzen dituzten erreformak gehitu behar zaizkio karrera judizialeko kideen estatutuari; hain zuzen ere, gardentasunari eta ustelkeriaren kontrako borrokari buruzko erreformak eta, bereziki, irizpidezko izendapeneko karguen araubideari buruzkoak.

Lege organiko honen azken atalak Justizia Administrazioaren kudeaketarako hobekuntzak onartzen ditu, giza baliabideen plangintza eta antolamendua hobetzeko eta Justizia Administrazioaren beharrei efikazia handiagoz erantzuteko.

Artikulu bakarra. Aldatu egiten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Aldatu egiten da 98. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Justizia Ministerioaren aldeko txostena izanik eta gobernu-sala entzunda, bai eta, hala badagokio, justizia-arloan eskumenak dituen autonomia-erkidegoa ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erabaki dezake probintzia bereko eta jurisdikzio-ordena bereko epaitegietako bati edo batzuei -barruti judizial berdinekoak zein desberdinekoak izan, eta, desberdinekoak izatekotan, lurralde-eskumena aldez aurretik finkatuta- ardura ematea arlo edo gai mota jakin batzuei buruz erabaki dezaten eta, hala badagokio, horietatik datozen betearazpenak egin ditzaten, hargatik eragotzi gabe helburu horretarako sortu diren edo sortuko diren zerbitzu erkideek egin ditzaketen laguntza-jarduerak. Kasu horietan, organo espezializatuak edo espezializatuek halako espezializazioaren xede diren gai guztiez arduratzeko eskumena hartuko dute beren gain, hasiera batean beste barruti judizial bateko organoei bazegokien ere horiez arduratzea. Ezingo da akordio hau hartu hala espezializatutako organoei lege-mailako xedapenen bidez beste mota batzuetakoei esleituta dauden gaiak esleitzeko. Gainera, instrukzio-epaitegiak ere ezingo dira modu horretan espezializatu, hargatik eragotzi gabe zerbitzuaren beharrak direla-eta hartu behar diren banaketa-salbuespeneko edo indargarriko beste neurri batzuk».

Bi. 152. artikuluaren 2. apartatuari 5. puntua gehitzen zaio, idazkuntza honekin:

«5) Ebaztea 437.2 artikuluan jasota dauden atalen funtzionamenduak berekin ekar ditzakeen gaiei buruz, hargatik eragotzi gabe Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez gauza dezakeen bateratze-ahalmena eta organo horrek bete beharreko legezkotasun-kontrola».

Hiru. Aldatu egiten da 216 bis artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Orobat erabaki ahal izango da epaile laguntzaile gisa atxikitzea, hurrenkera honetan, 308.2 artikuluaren arabera destino-itxarokizunean diren epaileak, 307.2 artikuluaren arabera praktikak egiten ari diren epaileak, 347 bis artikuluan aipatzen diren lurralde-atxikipeneko epaileak eta, salbuespenez, ordezko epaileak eta ordezko magistratuak».

Lau. Aldatu egiten da 230. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«230. artikulua.

  • 1. Epaitegi eta auzitegiek eta fiskaltzek eskura duten edozer bitarteko tekniko, elektroniko, informatiko eta telematiko erabili behar dute beren jarduera egiteko eta dagozkien funtzioak betetzeko, titulu honen I bis kapituluak eta datu pertsonalak babesteko araudi organikoak bitarteko horien erabilerari buruz ezarritako mugekin.

Nahitaez bete beharko dira teknologia berriak erabiltzeari buruzko jarraibide orokorrak eta bereziak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak edo Estatuko Fiskaltza Nagusiak hurrenez hurren epaile eta magistratuei edo fiskalei zuzentzen dizkietenak, non teknologia horien erabilera zehaztuko baita.

  • 2.  Bitarteko horiekin igorritako dokumentuek, euskarria edozein dela ere, jatorrizko dokumentu baten balioa eta eraginkortasuna izango dute, baldin eta haien autentikotasuna eta osotasuna bermatzen bada eta lege prozesalek eskatutako betekizunak betetzen badira.

  • 3.  Euskarri digitalean grabatutako eta dokumentatutako ahozko jarduketak eta ikustaldiak ezingo dira transkribatu, lege batek espresuki adierazitako kasuetan izan ezik.

  • 4.  Euskarri informatikoekin izapidetzen diren prozesuetan, bermatu beharko da identifikazioa eta dagokion organoak baliatzea jurisdikzio-funtzioa, eta, orobat, euskarri horietan jasotako izaera pertsonaleko datuen konfidentzialtasuna, pribatutasuna eta segurtasuna, legeak ezarritako moduan.

  • 5.  Eskubide eta interesen babes judiziala eskatzen duten pertsonak 1. apartatuan adierazitako bitarteko teknikoen bidez jarri behar dute harremanetan Justizia Administrazioarekin, baldin eta hala jasota badago arau prozesaletan, bitarteko horiek bateragarriak badira epaitegi eta auzitegiek dituztenekin eta prozeduran aurreikusitako berme eta betekizunak gordetzen badira.

  • 6.  Justizia Administrazioan erabiltzen diren sistema informatikoek bateragarriak izan behar dute elkarren artean, Justizia Administrazio Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak zehaztutako moduan komunikatu eta integratu daitezen.

Programen eta aplikazioen definizio eta balioztatze funtzionala Justizia Administrazio Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak egingo du».

Bost. Aldatu egiten da 236. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Ediktu-taula judizial bakarrean argitaratuko dira ediktuak, erregelamendu bidez ezarriko den moduan».

Sei. 246. artikulua kentzen da.

Zazpi. Aldatu egiten da 265. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«265. artikulua.

Epaitegi edo auzitegi bakoitzean epai-liburu bat edukiko da, dagokion Justizia Administrazioaren letraduaren zaintzapean. Liburu horretan jasoko dira, sinaturik, behin betiko epai guztiak, izaera bereko autoak eta emandako boto partikularrak, dataren arabera modu korrelatiboan ordenatuta. Prozedurak kudeaketa prozesaleko sistema elektroniko baten bidez izapidetzen direnean, sistema horrek fitxategi bat sortu beharko du automatikoki, Justizia Administrazioaren letraduaren esku-hartzerik gabe, eta han jasoko dira epaiak eta autoak, sinadura-hurrenkeraren arabera zenbatuta».

Zortzi. Aldatu egiten da 271. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«271. artikulua.

Komunikazio-egintzak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, prozesuan esku hartzen duten subjektuak behartuta daudenean Justizia Administrazioaren sistema telematikoak edo elektronikoak erabiltzera, lege prozesaletan ezarritakoaren arabera eta lege horiek zehaztutako moduan.

Ostera, prozesuan esku hartzen duten subjektuak ez badaude behartuta bitarteko elektronikoak erabiltzera, edo ezinezkoa bada halakoak erabiltzea, komunikazio-egintzak beste bitarteko batzuen bidez egin ahal izango dira; bitarteko horiek, baina, aukera eman behar dute egintzen burutzea eta inguruabar nagusiak jasota uzteko, lege prozesalek agindutakoaren arabera».

Bederatzi. Aldatu egiten da 304. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«304. artikulua.

  • 1.  Karrera judizialean eta fiskalean, hurrenez hurren, epaileen eta abokatu fiskalen kategorietan sartzeko probak ebaluatzen dituen epaimahaiaren buru Auzitegi Goreneko edo justizia-auzitegi nagusi bateko magistratu bat edo sala-fiskal bat edo Auzitegi Goreneko nahiz justizia-auzitegi nagusi bateko Fiskaltzako fiskal bat izango da, eta bokalen artean izango dira: bi magistratu, bi fiskal, sartzeko probetan jorratuko den diziplina juridikoko unibertsitate-katedradun bat, Estatuaren abokatu bat, hamar urtetik gorako jarduera profesionala izan duen abokatu bat eta Justizia Administrazioaren letradu bat -lehen edo bigarren kategoriakoa-, idazkari gisa jarduteko.

  • 2.  Aurreko apartatuan aipatzen den epaimahaiko kideak honela izendatuko dira: presidentea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak eta Estatuaren Fiskal Nagusiak izendatuko dute; bi magistratuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak; bi fiskalak, Estatuaren Fiskal Nagusiak; katedraduna, Unibertsitate Kontseiluak proposatuko du; Estatuaren abokatua eta Justizia Administrazioaren letradua, Justizia Ministerioak; eta abokatua, Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak proposatuko du. Unibertsitate Kontseiluak eta Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak zenbait hiruko proposatuko ditu eta Hautaketa Batzordera igorriko, hark epaimahaiko kideak izenda ditzan, arrazoirik ez badago behintzat pertsona bakarra edo bi bakarrik proposatzeko».

Hamar. Aldatu egiten da 326. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«326. artikulua.

  • 1.  Epaile eta magistratuak karrera judizialean igotzea eta profesionalki sustatzea merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarrituko da, eta, orobat, destinoei dagozkien jurisdikzio-funtzioak betetzeko egokitasunean eta espezializazioan.

  • 2.  Karrera judizialeko destinoak lehiaketa bidez hornituko dira, lege honetan ezartzen den moduan, honako hauen destinoak izan ezik: entzutegietako, justizia-auzitegi nagusietako eta Auzitegi Nazionaleko presidenteenak eta Auzitegi Goreneko sala-presidenteenak eta magistratuenak. Izan ere, entzutegietako, justizia-auzitegi nagusietako eta Auzitegi Nazionaleko presidenteak eta Auzitegi Goreneko sala-presidenteak eta magistratuak deialdi irekiaren bidez hornituko dira. Deialdi hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta oinarrietan, zeinak Osoko Bilkurak onartuko baititu, argi eta banan-banan adieraziko da zer merezimendu hartuko den aintzat, eta bereiz jasoko dira bikaintasun judizialeko eta gobernamenduko gaitasunak eta lanpostu bakoitzerako ezarri diren merezimendu orokor eta espezifikoak. Deialdian, zehatz-mehatz azalduko da nola haztatuko den merezimendu bakoitza izangaiaren balioespen orokorrean. Izangaiek beren proposamena azaltzeko eta defendatzeko egingo duten agerraldian berdintasuna bermatzeko baldintzak bete beharko dira. Entzunaldi publikoan egingo da agerraldia, salbu eta, bilkura-aktan behar bezala kontsignatutako eta dokumentatutako aparteko arrazoiak direla medio, lanpostua eskuratu nahi duten gainerako izangaiei agerraldirako sarrera mugatu behar zaienean. Osoko Bilkurari aurkeztu beharreko proposamen orok arrazoituta egon behar du, eta banan-banan kontsignatu behar du deialdian jasotako merezimendu bakoitzaren haztapena. Kasu guztietan, izangaiaren merezimenduen, gaitasunen eta egokitasunaren baterako ebaluazioa egingo da. Horrez gain, proposamenean adieraziko da zenbateraino egiten duen bat Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

  • 3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak xedatu dezake, erabaki arrazoitu baten bidez, zenbait lanpostu huts aldi batez lehiaketara atera gabe uztea, betiere ordezko magistratuekin edo ordezko epaileekin behar bezalako arreta ematen zaienean, baldin eta beste postu batzuek lehentasun handiagoa badute, Justizia Administrazioaren beharretan, zailtasun edo lan-karga handiagoagatik.

  • 4.  Entzutegietako, justizia-auzitegi nagusietako eta Auzitegi Nazionaleko presidenteak eta Auzitegi Goreneko sala-presidenteak eta magistratuak titular diren ondasun eta eskubideen aitorpena egin behar dute, bai eta aktibo finantzarioen kontrola eta kudeaketa egin ere, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legeak 17. eta 18. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteari, bokalei eta idazkari nagusiari ezarritako baldintza berdinetan».

Hamaika. Aldatu egiten da 333. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1 . Auzitegi Nazionaleko sala-presidenteen postuak eta justizia-auzitegi nagusietako sala-presidenteenak bost urterako hornituko dira -beste bost urteko agintaldi bakar baterako berritzeko aukera dago-, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, kategoria horretan hamar urtez eta dagokion jurisdikzio-ordenan zortzi urtez jardun duten magistratuen artetik. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko apelazio-salako presidente-postua hornitzeko, karreran hamabost urtetik gorako antzinatasuna izanik jurisdikzio-ordena penalean gutxienez hamar urtez jardun duten magistratuak hartuko dira kontuan, eta, haien artean, espezialista-izaera duena lehenetsiko da. Auzitegi Nazionaleko, justizia-auzitegi nagusietako eta probintzia-auzitegietako atal-presidenteen postuak lehiaketa bidez beteko dira; 330. artikuluan ezarritako arauekin bat ebatziko da lehiaketa».

Hamabi. Aldatu egiten da 335. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Auzitegi Nazionaleko presidentetza Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hornituko du bost urterako -beste bost urteko agintaldi bakar baterako berritzeko aukera dago-, kategoria horretan hamabost urtez jardun duten magistratuen artetik, betiere kargurako baldintza egokiak betetzen badituzte, lege honetan justizia-auzitegi nagusietako presidenteentzat ezarritakoaren arabera».

Hamahiru. Aldatu egiten da 336. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Justizia-auzitegi nagusietako presidenteak bost urterako izendatuko dira -beste bost urteko agintaldi bakar baterako berritzeko aukera dago-, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, kategorian hamar urtez jardun duten eta hala eskatzen duten magistratuen artetik, betiere gutxienez hamabost urte badaramate karrera judizialean».

Hamalau. Aldatu egiten da 337. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«337. artikulua.

Probintzia-auzitegietako presidenteak bost urterako izendatuko dira -beste bost urteko agintaldi bakar baterako berritzeko aukera dago-, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, hala eskatzen duten eta karreran hamar urtez jardun duten magistratuen artetik».

Hamabost. Aldatu egiten da 338. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«338. artikulua.

Auzitegi Nazionaleko, justizia-auzitegi nagusietako, entzutegietako, Auzitegi Nazionaleko saletako eta justizia-auzitegi nagusietako saletako presidenteek kargua utzi beharko dute arrazoi hauengatik:

  • 1)  Agintaldia amaitzeagatik, non eta ez dituzten karguan berresten beste bost urteko agintaldi bakar baterako.

  • 2)  Dimisioa aurkeztu eta Kontseilu Nagusiak onartzeagatik.

  • 3)  Diziplinazko espediente batean emandako ebazpenagatik».

Hamasei. Aldatu egiten da 347 bis artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«347 bis artikulua.

  • 1.  Justizia-auzitegi nagusi bakoitzean, eta probintziaren lurralde-eremurako, lurralde-atxikipeneko epaileen plazak sortuko dira, Mugape eta Planta Judizialaren Legeak ezartzen dituen bezainbeste. Lurralde-atxikipeneko epaileen plazak ezingo dira ordeztu.

  • 2.  Lurralde-atxikipeneko epaileek hutsik dauden plazetan beteko dituzte beren jurisdikzio-funtzioak, edo titularra edozein arrazoirengatik falta den plazetan. Salbuespenez, funtzio indargarriak egiteko deitu ahal izango zaie, 5. apartatuan adierazitako baldintzetan. Mende diren justizia-auzitegi nagusiko presidenteak egingo du funtzio horietarako izendapena, bai eta, ondoren, dagokion gobernu-salari jakinaraziko ere. Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salak dagokion lurraldeko lurralde-atxikipeneko epaileen egoeraren eta destinoen berri emango die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta Justizia Ministerioari.

  • 3.  Probintzia bat baino gehiagoko autonomia-erkidegoetan, eta zerbitzuak hala eskatzen duenean, Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak deialdiak egin ahal izango ditu auzitegi horren lurralde-eremuko beste probintzia bateko organo judizialetarako.

  • 4.  Lurralde-atxikipeneko epaileak jurisdikzio osoz egingo ditu ordezpen-funtzioak dagokion organoan. Gainera, epaileen batzarretara eta ordezko lanak egiten dituen organo judizialaren gainerako ordezkaritza-ekitaldietara joan beharko du, titularra ez dagoenean.

  • 5.  Salbuespenez, lurralde-atxikipeneko epaileek funtzio indargarriak egin ahal izango dituzte, inguruabar hauek gertatzen direnean:

  • a)  Justizia Auzitegi Nagusiaren lurralde-eremuko plaza guztiak beteta daudenean, eta, ondorioz, lurralde-atxikipeneko epaileak ordezpen-funtziorik egin ezin duenean; indargarria automatikoki amaituko da, 2. apartatuan adierazitako egoeraren bat gertatzen denean eta lurralde-atxikipeneko epailea organo judizial horretan ordezpen-lanak egitera deitua izan behar denean.

  • b)  Justizia Ministerioak aurretiaz hala onesten duenean; aurrekontu-erabilgarritasuneko arrazoiengatik aurka egon daiteke ministerioa.

Kasu horretan, gobernu-salak zehaztuko ditu indargarriaren helburuak, eta gaiak behar bezala banatuko ditu, aurretik atxikipen-epaileari eta indartu den organo judizialaren titularrari edo titularrei entzunaldia emanda. Indargarria hornitzeak ezin du berekin ekarri atxikipen-auzitegiaren baliabide materialak edo giza baliabideak ez diren beste batzuk esleitzea.

Ordezpen-funtzioak betetzen ari direnean beste organo judizial bat indartzera ere deitu ahal izango dituzte, 216 bis artikulutik 216 bis.4 artikulura ezarritako prozedura arruntaren arabera; ordezpen-lana amaitutakoan, automatikoki etengo da indargarria.

  • 6.  Lurralde-atxikipeneko epailearen lekualdatzeek erregelamenduz ezartzen diren heineko kalte-ordainak izango dituzte zerbitzua dela eta.

  • 7.  Hizkuntza ofizial bat baino gehiago edo berezko zuzenbide zibila duten autonomia-erkidegoetan, lege honetan halakoetarako egin diren aurreikuspenak aplikatuko dira plaza horiek betetzeko».

Hamazazpi. 350. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Zerbitzu-eginkizunetan dauden epaile eta magistratuei egoera horretan igarotzen duten denbora zenbatuko zaie igoeren, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondoreetarako. Eskubidea izango dute egoera horretara igarotzean betetzen duten postua erreserbatzeko edo egoera horretan dauden bitartean eskuratzen duten postua erreserbatzeko. Ondorio horietarako, zerbitzu-eginkizunetan igarotzen duten denbora destino erreserbatuan emandako zerbitzutzat hartuko da».

Hemezortzi. Aldatu egiten da 351. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«351. artikulua.

Epaile eta magistratuak zerbitzu berezietan daudela joko da:

  • a)  Kargu hauetarako edo autonomia-erkidegoetako organo baliokideetako titular edo bokal izendatzen dituztenean: Auzitegi Goreneko presidente, Estatuaren Fiskal Nagusi, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal, Konstituzio Auzitegiko magistratu, Herriaren Defendatzaile edo haren alboko, Kontuen Auzitegiko aholkulari, Estatu Kontseiluko kide, Lehiaren Defentsarako Auzitegiko presidente edo bokal, Datuak Babesteko Bulegoaren zuzendari edo nazioarteko justizia-auzitegi gorenetako kide.

  • b)  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak baimena ematen dienean nazioarteko organismoetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan nazioarteko eginkizun bat betetzeko sei hilabetetik gorako aldi jakin baterako, aurretik Kanpo Arazoetako Ministerioak interes-adierazpena eginda.

  • c)  Nazioarteko edo estatuaz gaindiko izaerako erakundeen zerbitzura dauden funtzionario bihurtzen direnean.

  • d)  Letradu izendatzen edo atxikitzen dituztenean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren, Konstituzio Auzitegiaren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren edo Auzitegi Gorenaren zerbitzura, edo Auzitegi Goreneko Kabinete Teknikoko magistratu, edota Herriaren Defendatzailearen edo autonomia-erkidegoetako organo baliokidearen zerbitzura.

  • e)  Errege-dekretu bidez edo autonomia-erkidegoetan dekretu bidez izendatuta dihardutenean, betiere zuzendari nagusiarena baino maila goragokoa ez duten karguetan.

  • f)  Kargu politiko edo konfiantza-kargu baterako izendatzen dituztenean, errege-dekretu bidez, autonomia-erkidegoetako dekretu bidez edo toki-entitatearen Osoko Bilkuraren erabaki bidez, edo ordezkaritza-kargu publikoetarako aukeratzen dituztenean, dela Europako Parlamenturako, Diputatuen Kongresurako, Senaturako, autonomia-erkidegoetako batzar legegileetarako, lurralde historikoetako batzar nagusietarako edo toki-korporazioetarako.

Halako kasuetan, eta orobat 356. artikuluaren f) letran aurreikusitako kasuan, dagokien karreran berriz sartzen diren epaileak, magistratuak eta beste kidego batzuetako funtzionarioak abstenitu egin beharko dira eta, beraz, ezingo dute esku hartu alderdi edo elkarte politikoak edo kargu publikoa duten edo izan duten haietako kideak alderdi diren gaietan; hala badagokio, errekusatuak izan daitezke».

Hemeretzi. Aldatu egiten da 354. artikuluaren 2. apartatua, eta 3. apartatua gehitzen da; honela geratzen dira idatzita:

«2. Zerbitzu berezietan dauden epaile eta magistratuei egoera horretan igarotzen duten denbora zenbatuko zaie igoeren, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondoreetarako. Eskubidea izango dute egoera horretara igarotzean betetzen duten postua erreserbatzeko edo egoera horretan dauden bitartean eskuratzen duten postua erreserbatzeko, eta emandako zerbitzuak aintzat hartuko zaizkie postuen hornidura- eta sustapen-ondoreetarako, egoera horretara igarotzean betetzen duten postuaren edo egoera horretan dauden bitartean eskuratzen duten postuaren jurisdikzio-ordenan emandakoak balira bezala.

  • 3. Epaileak edo magistratuak zerbitzu berezietan badaude Konstituzio Auzitegiaren, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren letradu postuan aldi baterako adskripzio-araubidean ari direlako, zerbitzu horiek aintzat hartuko zaizkie postuen hornidura- eta sustapen-ondoreetarako, egoera horretara igarotzean betetzen duten postuaren edo egoera horretan dauden bitartean eskuratzen duten postuaren jurisdikzio-ordenan emandakoak balira bezala».

Hogei. Aldatu egiten da 371. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Epaile eta magistratuek eskubidea izango dute urte natural bakoitzean hogeita bi egun balioduneko opor ordainduak izateko, edo, zerbitzualdia urtebete baino gutxiagokoa izan bada, proportzioan dagozkion egunak. Artikulu honetan xedatutako ondoreetarako, larunbatak ez dira egun balioduntzat hartuko. Gainera, zerbitzuan hamabost urte egindakoan, egun baliodun gehigarri baterako eskubidea izango dute, eta beste bana eskuratuko dute hogei, hogeita bost eta hogeita hamar urte egindakoan; urte natural bakoitzean, gehienez, hogeita sei egun baliodun izango dituzte».

Hogeita bat. Kendu egiten da 373. artikuluaren 8. apartatua, eta aldatu egiten dira 2., 4., 6. eta 7. apartatuak; honela geratzen dira idatzita:

«2. Halaber, lizentzia jasotzeko eskubidea izango dute erditzearen, adopzio-helburuko zaintzaren, harreraren edo adopzioaren kasuetan. Gai horretako legeria orokorrak araututako iraupena eta baldintzak izango ditu lizentzia horrek. Araudi hori karrera judizialaren berezitasunetara egokituko du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, erregelamendu bidez. Nazioarteko adopzioaren kasuan, beharrezkoa baldin bada gurasoak aurrez joatea adoptatuaren jatorrizko herrialdera, adopzioa eratzen duen ebazpena eman baino gehienez ere lau aste lehenago ere hasi ahal izango da artikulu honetan xedatutako baimena».

«4. Eskubidea izango dute, orobat, hiru eguneko baimenak izateko; urte natural bakoitzean gehienez sei baimen izango dituzte, eta hilean gehienez bat. Hiru egunak bereizirik edo denak batera erabili ahal izango dira, beti hilabete beraren barruan.

Baimena emateko, eskatzaileak premia justifikatu beharko die nagusiei, eta haien baimena eskuratu beharko du; nolanahi ere, nagusiek baimena ukatu ahal izango diote, baldin eta seinalamendu, ikustaldi edo eztabaidaren batekin kointziditzen badu, salbu eta frogatzen bada aurreikusi ezin zen arrazoi batengatik edo presako arrazoi batengatik aurkeztu dela eskaera».

«6. Seme-alabaren jaiotzagatik, adopzio-helburuko zaintzagatik, harreragatik edo adopzioagatik, epaileek eta magistratuek eskubidea izango dute lau asteko aitatasun-baimena hartzeko, zeina aitak edo beste gurasoak erabiliko baitu seme-alaba jaiotzen den egunetik, adopzio-helburuko zaintza edo harrerarako administrazio-erabakiaren egunetik edo adopzioa eratzen duen ebazpen judizialaren egunetik aurrera.

Baimen horrek ez du zerikusirik 2. apartatuan aurreikusitako erditze, adopzio-helburuko zaintza, harrera edo adopzioagatik ematen den lizentziarekin, zeina gurasoen artean bana baitaiteke».

«7. Epaileek eta magistratuek Estatuaren Administrazio Orokorreko kideentzat ezarrita dauden eskubide guztiak izango dituzte gutxienez, baldin eta hobekuntzarik badakarte lana eta familia bateragarri egiteko arloan, baimenen eta lizentzien arloan eta eremu horrekin zerikusia duen beste edozein eskubide onarturen arloan. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berehala egokitu beharko ditu, Osoko Bilkuraren erabaki baten bidez, betekizun horiek betez araubide horretan gertatzen den edozein aldaketa. Horrek guztiak ez ditu ezertan eragozten epaileen eta magistratuen estatutu profesionalaren berezitasunak, ez eta egoki diren bideak erabiliz lor ditzaketen hobekuntzen sustapena ere».

Hogeita bi. Aldatu egiten da 403. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Ordainsari finkoek bi parte dituzte, oinarrizkoa eta gehigarria, eta haien bitartez ordainduko dira kide bakoitzaren karrera judizialeko kategoria eta antzinatasuna, eta orobat postuaren ezaugarri objektiboak.

Oinarrizko ordainsariak soldata eta antzinatasuna dira; ordainsari gehigarriak, berriz, destino-osagarria, berariazko osagarria eta karrera profesionalaren osagarria».

Hogeita hiru. Aldatu egiten da 425. artikuluaren 6. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«6. Zehapen-prozedurak ez du urtebete baino gehiago iraungo».

Hogeita lau. Aldatu egiten da 435. artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Bulego judizialeko lanpostuak Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionario-kidegoetako enplegatuek baino ezingo dituzte bete, eta lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera antolatuko dira.

Bulego judizialetan diharduten funtzionarioak, Justizia Administrazioaren letraduak salbu, Justizia Ministerioaren edo beren eremuan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoen mendeko dira organikoki, hargatik eragotzi gabe beren mendekotasun funtzionala».

Hogeita bost. Aldatu egiten da 437. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Eratuta dauden eta jardunean ari diren epaitegi, auzitegi-sala edo auzitegi-atalak bezainbeste izango dira zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak, eta haien titularrekin batera dagokion organo judiziala osatuko dute.

Hala ere, lan-bolumena dela-eta justifikatuta dagoenean, Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta justizia-arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoen aurretiazko txostena izanik, erabaki dezake zuzeneko laguntza emateko unitate prozesal batek jurisdikzio-ordena bereko kide bakarreko organo bati baino gehiagori zerbitzua ematea, eta, ordena horren barruan, espezialitatearen arabera ematea. Hortaz, ordena edo espezialitate bereko epaileek atal bat osatuko dute, kide zaharrena buru dutela, eta kide horrek kide anitzeko organoen atal-presidenteek dituzten eskumen berdinak izango ditu».

Hogeita sei. Ezabatu egiten da 439. artikuluaren 4. apartatua.

Hogeita zazpi. 447. artikuluaren 3. apartatuari e) letra gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«e) Karrera profesionalaren osagarria, zeinaren helburua baita karrera horizontalaren sistemaren barruan funtzionarioak izan duen bilakaera ordaintzea».

Hogeita zortzi. Aldatu egiten da 461. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Estatistika judiziala oinarrizko tresna da administrazio publikoen eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren zerbitzuan, Justizia Administrazioari buruzko politika publikoak planifikatu, garatu eta gauzatzeko, eta, zehazki, xede hauetarako:

  • a)  Justizia gaietan Estatuaren legegintza-politika egiteko.

  • b)  Antolamendu judiziala modernizatzeko.

  • c)  Justizia Administrazioaren zerbitzuko giza baliabideak eta baliabide materialak planifikatzeko eta kudeatzeko.

  • d)  Epaitegi eta auzitegien gaineko ikuskatze-lana egiteko.

Estatistika judizialak, gardentasun-plan baten barruan, hau segurtatu behar du: Gorte Nagusiek, Gobernuak, autonomia-erkidegoek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Estatuaren Fiskaltza Nagusiak informazio eguneratua, zorrotza eta behar bezala egiaztatua izango dutela, une oro eta berdintasunean, Espainiako organo, zerbitzu eta bulego judizial guztien jarduera eta lan-kargari buruz, eta orobat haien ardurapeko gaien ezaugarri estatistikoei buruz. Herritarrek irispide osoa izango dute estatistika judizialera bitarteko elektronikoen bidez, erregelamenduz ezarriko den moduan».

Hogeita bederatzi. Aldatu egiten da 464. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Gobernu-idazkari bat izango da Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalean eta justizia-auzitegi nagusi bakoitzean, eta orobat Ceuta eta Melillako hirietan; Justizia Administrazioaren letraduen kidegoa osatzen duten kideen artetik hautatuko da gobernu-idazkaria, eta gutxienez hamar urtez bigarren kategoriako postuetan zerbitzua emandakoa izango da. Dagokion auzitegiko gobernu-salako idazkari-funtzioak ere beteko ditu gobernu-idazkariak».

Hogeita hamar. Aldatu egiten da 466. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Probintzia bakoitzean idazkari koordinatzaile bat izango da, Justizia Ministerioak izendapen askeko prozeduraz izendatua, gobernu-idazkariaren proposamenez eta eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoekin ados jarrita. Justizia Administrazioaren letraduen kidegoa osatzen dutenen artetik hautatuko da idazkari koordinatzailea; hain zuzen ere, kidegoan gutxienez hamar urtez eta bigarren kategoriako postuetan gutxienez bost urtez egon diren kideen artetik.

Izendapenaren aurretik, Justizia Ministerioak izendatu behar duen izangaiari buruzko iritzia emango du Idazkaritza Kontseiluak.

Gainera, Balear Uharteetako autonomia-erkidegoan idazkari koordinatzaile bat izango da Menorca eta Eivissa uharteetan; Kanarietako autonomia-erkidegoan, berriz, beste bat Lanzarote eta La Palma uharteetan.

Probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan, gobernu-idazkariak beteko ditu idazkari koordinatzailearen funtzioak, non eta ez den komenigarritzat jotzen, zerbitzu-arrazoiak direla medio, idazkari koordinatzaile bat ere izatea.

Ezingo da hamar urtez baino gehiagoz bete idazkari koordinatzailearen kargua».

Hogeita hamaika. Aldatu egiten da 481. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«481. artikulua.

  • 1.  Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen erregistro zentral bat izango da Justizia Ministerioan, zeinean inskribaturik egongo baitira Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionario guztiak eta idatzoharrak jasoko baitira, nahitaez, haien administrazio-bizitzari dagozkion egintza guztiei buruz.

Erregistro zentral horrek Justizia Administrazioaren lanpostuei buruzko informazioa bilduko du: egoera, okupazioa eta bilakaera.

  • 2.  Autonomia-erkidegoek ere erregistroak jarri ahal izango dituzte beren lurralde-eremuan, erkidego bakoitzean diharduten Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileentzat.

  • 3.  Justizia Ministerioak onetsitako arauen bidez zehaztuko da zer informazio agertuko den Enplegatuen Erregistro Zentralean eta zer kautela-neurri beharko den datuen konfidentzialtasuna bermatzeko, indarrean den legeriak ezarritako moduan.

Erregistroetako datuak eguneratzeko, Justizia Ministerioak, eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoen laguntzarekin, behar diren lankidetza-prozedurak eta -tresnak jarriko ditu; batetik, enplegatu guztien datuei buruzko idatzoharrak egin daitezela bermatzeko, edozein dela ere zerbitzuan diharduten tokia, eta, bestetik, Justizia Administrazioari esleitutako lanpostuen sorkuntzei, aldaketei edo egungo okupazioaren eta okupazio historikoaren egoerari buruzko idatzoharrak egin daitezela bermatzeko.

  • 4.  Enplegatu orok libre izango du bere banakako espedienterako irispidea. Espediente horretan ez da agertuko, ezein kasutan, ez arraza, erlijio edo pentsaerari buruzko inolako daturik, ez lanerako garrantzirik gabeko beste ezein inguruabar pertsonal edo soziali buruzkorik.

  • 5.  Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioak kidegoan sartu zireneko hurrenkeraren arabera agertuko dira eskalafoian, non datu hauek aipatu behar baitira gutxienez:

  • a)  Nortasun-agiri nazionala.

  • b)  Izen-abizenak.

  • c)  Kidegoan emandako zerbitzuen denbora».

Hogeita hamabi. Aldatu egiten da 482. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Justizia Ministerioak enplegu publikoaren eskaintza prestatuko du, non integratuko baitira autonomia-erkidegoek zehaztutako baliabide-premiak eta eskumenak jaso ez dituzten Estatuko gainerako lurraldeenak. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioari aurkeztuko dio eskaintza, eta hark Gobernura igorriko du onesteko».

Hogeita hamahiru. Aldatu egiten da 483. artikuluaren 5. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Justizia Ministerioak lanpostu hutsak zenbat diren eta zer lurralde-eremutarako eskaintzen diren zehaztuko du deialdietan.

Halaber, lurralde bateko edo gehiagotako lanpostu hutsak batera bildu ahal izango ditu Justizia Ministerioak, postu kopuruak edo hautaketa-prozesuak egoki eramateak hala eskatzen duenean.

Deialdian agertzen diren lurralde-eremuetatik bakar batean parte hartzea eskatu ahal izango dute izangaiek.

Lurralde-eremu bakoitzean, deialdian diren lanpostuak baino hautagai gehiagok ezingo dute gainditu hautaketa-prozesu bat. Hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek destinoa lortuko dute parte hartzeko eskaeran adierazi zuten lurraldean dagoen lanpostu hutsetako batean.

Lurralderen batean posturik geratzen bada bete gabe, Justizia Ministerioak hautaketa-proba osagarri baterako deialdia egin dezake lanpostu horiek betetzeko, eta aurreko prozesuko azken ariketa egin zuten izangaiek baino ezingo dute parte hartu deialdi horretan».

Hogeita hamalau. Beste idazkuntza bat ematen zaio 484. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«484. artikulua.

Justizia Administrazioaren kidego orokor eta berezietarako sarbidea Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateginean ezarritako sistemen eta baldintzen arabera gauzatuko da».

Hogeita hamabost. Aldatu egiten da 488. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Hautaketa-prozesuan lortutako hurrenkeran esleituko zaizkie lanpostuak funtzionario sartu berriei, haien eskaeren arabera.

Esleituriko destinoak behin betikoak izango dira ondorio guztietarako, lehiaketa bidez lorturikoak bezala.

Funtzionario sartu berriei eskaintzen zaizkien lanpostuak aldez aurretik lehendik funtzionario direnei eskaini behar izan zaizkie lekualdatze-lehiaketan».

Hogeita hamasei. Aldatu egiten da 489. artikulua, eta honela geratzen da idatzita: «489. artikulua.

  • 1.  Zerbitzu-beharrengatik bitarteko funtzionarioak izendatu ahal izango ditu Justizia Ministerioak edo, bestela, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideen eskumena jasoa duten autonomia-erkidegoetako organo eskudunek, baldin eta karrerako funtzionario batek ezin badu zerbitzu hori eman premia-egoerak eskatzen duen lastertasunarekin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • a)  Karrerako funtzionarioekin bete ezin diren plaza hutsak egotea.

  • b)  Titularrak aldi baterako ordezteko beharra egotea.

  • c)  Organo judizialetan gai gehiegi edo gai-pilaketa egotea.

Bitarteko funtzionarioak hautatzean, dagokion ministerio-aginduan ezartzen diren irizpide objektiboei jarraitu beharko zaie, edo, hala badagokio, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideen eskumenak jasoak dituen autonomia-erkidegoaren xedapenean ezartzen diren irizpide objektiboei, eta prozedurak bizkorrak izango dira, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatuz kasu guztietan.

  • 2.  Bitarteko funtzionario izendatutakoek, betiere, kidegoan sartzeko eskatzen diren betekizunen eta titulazioaren jabe izan beharko dute; erregelamenduz ezarritako epean jabetuko dira lanpostuaz; eta funtzionarioen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, lanpostuaren finkotasuna izan ezik, eta oinarrizko ordainsari eta ordainsari osagarri berberak.

Egindako zerbitzuei dagozkien hirurtekoak aitortuko dira, eta Estatuaren Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera dagozkien ordain-ondorioak izango dituzte. Interesdunak eskaturik egingo da hirurtekoen aitorpena.

  • 3.  Ministerio-aginduak edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoko xedapenak ezartzen duenaren arabera kenduko dira postutik bitarteko funtzionarioak, eta kasu hauetan beti: hutsik dagoen lanpostua betetzean, haren titularra itzultzean, premia-egoera desagertzean edo 1.c) apartatuan ezarritako gehieneko epea igarotzean.

  • 4. Administrazio eskudunak, erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, indargarria luzatzea komeni den ala ez aztertuko du aldian behin, eta egiaztatuko du ebazteke dauden gaiak oraindik ere gehiegi diren edo pilatuta jarraitzen duten. Izendapenetik hiru urte igarotakoan, ikusten bada langile-beharra egiturazkoa dela, plantilla handitzea eta lanpostu-zerrenda aldatzea proposatuko da».

Hogeita hamazazpi. VI. liburuaren II. tituluan II bis kapitulua eransten da, zeinak artikulu bakarra izango baitu, 489 bis artikulua. Honela geratzen da idatzita:

«II BIS KAPITULUA

Lankidetza eta koordinazioa Justizia Administrazioan

489 bis artikulua.

  • 1.  Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektoriala da Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Justizia Administrazioak behar dituen baliabide material eta ekonomikoen eta giza baliabideen hornikuntzan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko lankidetza-organoa, eta haren funtzionamendua eta antolamendua finkatzean aintzat hartuko da administrazio publikoen araubide juridikoari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa.

  • 2.  Justizia Administrazioaren Giza Baliabideen Batzordea sortzen da lanerako organo eta organo tekniko izateko, Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialaren mende. Batzorde hori lankidetzan arituko da, langileen politikaren arloan, Justizia Ministerioarekin eta eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoen administrazioekin; batzordeak, zehazki, zeregin hauek bete behar ditu:

  • a)  Enplegu publikora irispidea izateari dagokionez printzipio konstituzionalen eraginkortasuna, osotasuna eta koherentzia bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak bultzatzea, Justizia Administrazioaren behar guztiak kontuan hartuta.

  • b)  Administrazio publikoek aurkeztutako arau-proiektuei buruz txostena egitea.

  • c)  Justizia Administrazioko enplegu publikoari buruz azterlanak eta txostenak egitea.

  • d)  Erregelamendu bidez esleitu ahal dioten beste edozein kontsulta- edo partaidetza-funtzio.

  • 3.  Hauek osatzen dute Justizia Administrazioaren Giza Baliabideen Batzordea: giza baliabideen gaineko eskumenak dituzten zuzendaritza-organoetako titularrek, bai Estatuaren Administrazio Orokorrekoek, bai justizia-arloan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoetako administrazioetakoek.

  • 4.  Justizia Administrazioaren Giza Baliabideen Batzordeak antolamenduko eta funtzionamenduko arau propioak prestatuko ditu, betiere lege organiko honekin eta beronen erregelamendu bidezko garapenarekin bat etorriz».

Hogeita hemezortzi. Aldatu egiten da 490. artikulua, eta honela geratzen da idatzita: «490. artikulua.

  • 1.  Bermaturik egongo da barne-sustapena, eta aukera hauek emango dira hartarako: sartzeko titulazio jakin bat eskatzen den kidego batetik maila bat goragoko titulazioa eskatzen den beste kidego batera igotzea edo, kidego berezien kasuan, haien barruko espezialitate batetik bestera aldatzea.

  • 2.  482. artikuluan aurreikusitakoarekin bat langile berriak sartzeko plazez gain, Justizia Ministerioak barne-sustapeneko prozesuetarako deia egingo du urtero, kidego bakoitzeko enplegu publikoaren eskaintza horren xede diren plazen ehuneko hogeita hamarraren baliokide den plaza kopurua betetzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, Justizia Ministerioak, ohiz kanpo eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aurretiazko baimenarekin, berariazko barne-sustapeneko prozesuetarako deia egin ahal izango du, Justizia Administrazioaren inguruabarrek hala gomendatzen dutenean.

Bi kasuetan, barne-sustapeneko txandan deitzen diren eta betetzen ez diren plazak ezingo zaizkie txanda askean deitutakoei gehitu, ez eta enplegu publikoaren eskaintzan sartu ere.

  • 3.  Barne-sustapenerako, oposizio-lehiaketa sistema erabiliko da, funtzionarioen sarbide, lanpostu-hornitze eta lanbide-sustapenerako erregelamendua onartzeko errege-dekretuan ezarritako moduan. Betiere, errespetatu egingo dira berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak.

  • 4.  Kidego bereko beste espezialitate batera aldatzeko barne-sustapena eduki profesionalaren nahiz maila teknikoaren aldetik eginkizun berdinak edo oso antzekoak dituzten funtzionarioen artean egingo da.

  • 5.  Kasu guztietan, dagokion kidego edo espezialitatean sartzeko eskatzen den titulazio akademikoa izan beharko dute funtzionarioek; bi urteko antzinatasuna izan, gutxienez, dauden kidegoan; ezartzen diren betekizunak bete, eta probak gainditu. Sarbide-deialdi orokorretik aparteko beste deialdi batean egin ahal izango dira proba horiek.

Barne-sustapenaren bidez sartzen diren funtzionarioek, betiere, lehentasuna izango dute eskaintzen diren lanpostu hutsak betetzeko orduan, txanda horretatik ez datozen izangaien aldean.

Deialdietan, ezagutzak egiaztatzeko probetatik salbuetsi ahal izango dira jatorriko kidegoan sartzeko ezagutza horiek behar zituztenak, eta, horretaz gain, gainditutako ikastaro eta prestakuntza-programak ere balioetsi ahal izango dira.

  • 6.  Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko Teknikari Espezialisten Kidegoko funtzionarioak Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko Fakultatiboen Kidegoan sartu ahal izango dira barne-sustapenez; betiere, horretarako betekizunak betetzen badituzte».

Hogeita hemeretzi. Aldatu egiten da 503. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Kausa justifikatuak direla medio, funtzionarioek eskubidea izango dute Estatuaren Administrazio Orokorreko funtzionarioei aplikatzen zaien indarreko araudian ezarritako baimen berdinak hartzeko, iraupen berdinarekin. Hala ere, norberaren gauzetarako baimena salbuespena izango da; izan ere, baimen hori bederatzi egunekoa izango da eta ezingo da pilatu urteko oporraldi ordainduarekin».

Berrogei. Aldatu egiten da 504. artikuluaren 5. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Norberaren funtzioak normal betetzea galarazten duen gaixotasun edo istripuren bat izanez gero, gaixotasun-lizentzia hartuko da.

Lanera joan ezinaren berri eman beharra daukate funtzionarioek, erregelamenduz zehazten den moduan, ezina gertatzen zaien eguneko lanaldiaren barruan, eta gaixotasun-lizentzia eskatu beharko diote agintari eskudunari, absentzia gertatu zen egunetik ondoz ondoko laugarren egunean.

Aurreikuspenen arabera funtzionarioak sendatzeko beharko duen aldirako emango du medikuak hasierako lizentzia, baina sekula ez hamabost egun baino gehiagorako. Gaixo-egoerak iraunez gero, berez luzatuko da hasierako lizentzia, hura emateko eskumena duen agintariak erabakitako moduan; lehenago sendatuz gero, ordea, ondorerik gabe geratuko da lizentzia.

Bai hasierako lizentzia emateko, bai luzapenak emateko, gaixo-agiria edo gaixotasuna benetakoa dela eta lanera joaterik ez dagoela egiaztatzen duen medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Prozesu patologiko beretik eratorritako gaixotasun-lizentziak emango dira -gehienez ere hamabi hilabeterako, beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin-, pentsatzekoa bada denbora horretan langileak, sendatuta egoteagatik, alta medikoa jasoko duela. Epe horiek igarotakoan, ezintasun iraunkorraren ziozko erretiroa deklaratu arte edo alta medikoa eman arte luzatuko da lizentzia, baina sekula ez hasierako lizentzia eskatu zen egunetik hogeita hamar hilabete baino gehiagorako.

Ondorio horietarako, beste prozesu patologiko batengatik ematen den gaixotasun-lizentzia beste lizentzia bat dela ulertuko da, eta modu berean jokatuko da gutxienez urtebeteko etena izan duten lizentziekin.

Gaixotasun-lizentzien kasuan, hasierako lizentzia eskatu eta hurrengo sei hilabeteetan eskubide ekonomiko bete-beteak izango dira, baldin eta prozesu patologiko berarengatik eman badira eta etenik izan ez badute edo, gehienez ere, hilabeteko etena izan badute.

Ehun eta laurogeita batgarren egunetik aurrera, ekainaren 23ko 3/2000 Legegintzako Errege Dekretuak 20.1.B) apartatuan xedatutako subsidioa jasoko da (legegintzako errege-dekretu horrek Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Gizarte Segurantzako araubide bereziari buruz indarrean diren lege-mailako xedapenen testu bategina onesten du).

Ezein kasutan mutualismo administratiboak kudeaturiko gizarte-segurantzaren araubide berezietara atxikitako funtzionarioek ezingo dute jaso, gertagarri arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren egoeran badaude, gizarte-segurantzaren araubide orokorrera atxikitako funtzionarioei dagokien baino zenbateko txikiagoa, barne harturik, hala badagokio, azken horiei aplikatzekoak zaizkien osagarriak.

Gaixotasun-lizentziak dirauen bitartean, aldi baterako ezintasuneko egoeran egongo ez balira egokituko litzaizkiekeen ordainsari-gehikuntza guztiak aplikatu behar zaizkie funtzionarioei, baita hirurtekoak ordaindu ere.

Nolanahi ere, prozesua berrikus dadila eskatu ahal izango dio enplegatu-arduradunak dagokion ikuskaritza medikoari eta ez beste inori, lizentzia ematea eragin zuten kausek dirauten egiaztatzeko».

Berrogeita bat. 516. artikuluaren B) letraren 1. apartatuari c) letra gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Karrera profesionalaren osagarria».

Berrogeita bi. 519. artikuluari 3. apartatu berria gehitzen zaio, eta orain arte 3. apartatua zenaren eta hurrengoen zenbakiak aldatu egiten dira:

«3. Errege-dekretu baten bidez eta aurrez erakunde sindikalekin negoziatuta ezarriko dira karrera profesionalaren osagarrirako irizpideak, baldintzak eta hasierako zenbatekoak; kidego guztientzat berdinak izango dira, zerbitzua non ematen den kontuan hartu gabe.

  • 4.  Berariazko osagarriaren bana-banako zenbatekoa Justizia Ministerioak edo autonomia-erkidegoko organo eskudunak zehaztuko du -aurrez erakunde sindikalekin negoziaturik, bakoitzaren eremuan- lanpostu-zerrendak prestatzean, haien baldintza partikularren balioespenaren arabera. Lanpostu guztiek izango dute izendaturik berariazko osagarri bat. Ezein lanposturi ez zaio izendatuko berariazko osagarri bat baino gehiago.

  • 5.  Justizia Ministerioak edo autonomia-erkidegoko organo eskudunak erabakiko dute, bakoitzak bere eremuan, zenbatekoa den produktibitate-osagarri indibiduala eta zein funtzionariok duten hura jasotzeko eskubidea, programa eta helburuetarako ezartzen diren banaketa-irizpideen arabera. Agintari horiek ezarriko dute zenbateko hori zehazteko ordezkari sindikalek zer parte-hartze izango duten, eta diru-kopurua formalki nola kontrolatuko den.

  • 6. Justizia Ministerioak eta autonomia-erkidegoko organo eskudunak erabakiko dituzte haborokinen zenbateko indibidualak, bakoitzak bere eremuan, eta haiek jasotzeko irizpideak zehaztuko».

Berrogeita hiru. Aldatu egiten dira 522. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. Justizia Ministerioak prestatu eta onetsiko ditu bere jarduera-eremuko bulego judizialetako lanpostu-zerrendak, ordezkagarritasun nagusiko erakunde sindikalekin negoziatu ondoren.

Ministerio hori eskudun izango da, orobat, Estatu osoko bulego judizialetan Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoari esleiturik dauden lanpostuak antolatzeko, ordezkagarritasun nagusiko erakunde sindikalekin negoziatu ondoren.

  • 2. Berenganatutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek hasierako onarpena emango diete beren lurralde-eremuetan dauden bulego judizialetako lanpostu-zerrendei, erakunde sindikalekin negoziatu ondoren. Behin betiko onarpena, berriz, Justizia Ministerioak emango du; legezkotasun-arrazoiengatik baino ezingo du ezezkoa eman».

Berrogeita lau. Ezabatu egiten da 560. artikuluaren 3. apartatua; horrez gain, 1. apartatuan, 10. puntua aldatzen da, 16. puntuko l) letra ezabatzen da, eta 24. puntu berria gehitzen da -beraz, orain arte 24. puntua zena aurrerantzean 25.a izango da-. Honela geratzen dira idatzita:

«10) Auzitegi Gorenak eta gainerako organo judizialek emandako epai eta hala erabakitzen den gainerako ebazpenen argitalpen ofizialaz arduratzea.

Hartarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, aurrez administrazio eskudunek txostena eginik, epai-bildumak nola egin, tratatu, zabaldu eta ziurtatu behar diren ezarriko du erregelamenduz, haien osotasuna, egiazkotasuna eta irispidea zaintzeko eta orobat datu pertsonalen babesari buruzko legeria betetzen dela ziurtatzeko».

«24) Etika judizialaren printzipioak biltzea, eguneratzea eta zabaltzea, eta Estatuko eta nazioarteko beste entitate edo antolakunde judizialen artean sustatzea.

Epaileei eta magistratuei aholkularitza espezializatua ematea interes-gatazken eta integritatearekin zerikusia duten beste arlo batzuen gainean.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ziurtatu behar du xede horretarako eratuko den Etika Judizialerako Batzordeak badituela helburuak betetzeko egokiak diren baliabideak eta bitartekoak».

Berrogeita bost. Aldatu egiten da 561. artikuluaren 1. apartatuaren 3. puntua, eta honela geratzen da idatzita:

«3) Epaileen eta magistratuen plantilla organikoa finkatzea eta aldatzea».

Berrogeita sei. Aldatu egiten da 563. artikuluaren 2. apartatua, eta 4. eta 5. apartatuak gehitzen dira; honela geratzen dira idatzita:

«2. Memoria horretan, eremu hauei buruzko kapitulu bana ere jasoko da:

  • a)  Kontseiluko presidentearen eta bokalen jarduera, gastuak zehatz adierazita.

  • b)  Generoak eremu judizialean duen eragina.

  • c)  Justizia-arloan hizkuntza koofizialek duten erabilerari buruzko txostena, bereziki epaileek eta magistratuek beren funtzioak betetzean egiten duten erabilerari buruzkoa».

«4. Datu eguneratuei esker Justiziaren egoera hobeto ezagutzen laguntzeko, Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen aurrean agertuko da urtero presidentea, aurreko apartatuetan memoriari buruz ezarritakoaz gain, Justiziak Espainian duen egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenen berri emateko, betiere bere eskumenen barruan.

  • 5. Salbuespenez, Kongresuak bokal bati eska diezaioke txostena egin eta Justizia Batzordearen aurrean agertzeko esleituta dituen funtzioak direla eta, baldin eta aldez aurretik gutxienez bi talde parlamentarioren eskaera arrazoitua eta Kongresuko Mahaiaren baimena baditu».

Berrogeita zazpi. Aldatu egiten da 564. artikulua, eta honela geratzen da idatzita: «564. artikulua.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetatik kanpo, Auzitegi Goreneko presidenteak eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokalek ez dute inolako betebeharrik beren funtzioak direla-eta ganberen aurrean agertzeko».

Berrogeita zortzi. Aldatu egiten da 567. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hogei bokalak Gorte Nagusiek izendatuko dituzte, Konstituzioan eta lege organiko honetan ezarritako moduan eta gizonen eta emakumeen presentzia parekidearen printzipioa betez».

Berrogeita bederatzi. Aldatu egiten da 579. artikulua, eta honela geratzen da idatzita: «579. artikulua.

  • 1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalek arduraldi esklusiboan beteko dute beren jarduera, kargu hori bateraezina baita beste postu, lanbide edo jarduera batean aritzearekin —publiko zein pribatu izan, norberaren edo besteren kontura, ordaindua zein ez-; salbuespena da ondare pertsonala edo familiarra administratze hutsa. Gainera, epaileei eta magistratuei 389. artikuluan espresuki ezartzen zaizkien bateraezintasun espezifikoak ere aplikatuko zaizkie bokalei.

  • 2.  Funtzionario publiko direnek -judizialak zein ez-judizialak izan- zerbitzu berezietako administrazio-egoera izango dute.

  • 3.  Ezingo da bokal-karguan eta eremu judizialeko beste gobernu-erantzukizun batzuetan aldi berean aritu. Hala gertatuz gero, eta bokal-karguari eusten dion bitartean, indarrean dagoen legeriaren arabera interesduna ordeztu behar duenak hartuko ditu bere gain beste gobernu-erantzukizun horiek.

  • 4.  Bokalek Osoko Bilkuraren eta kide diren batzordearen saio guztietara joan behar dute, ez joateko arrazoi justifikatua dutenean izan ezik.

  • 5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, bokalek eta idazkari nagusiak titular diren ondasun eta eskubideen aitorpena egin behar dute, bai eta beren aktibo finantzarioen kontrola eta kudeaketa egin ere, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legearen 17. eta 18. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan, Kontseiluaren antolamendua dela-eta egin beharreko egokitzapenak eginda, zeinak Kontseiluaren Antolamendu eta Funtzionamendu Erregelamenduan zehaztuko baitira».

Berrogeita hamar. Ezabatu egiten da 580. artikuluaren 1. apartatua.

Berrogeita hamaika. Aldatu egiten da 584 bis artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«584 bis artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen ordainsaria Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean funtzioaren garrantziaren arabera bakar eta esklusibotzat finkatzen dena izango da».

Berrogeita hamabi. Aldatu egiten da 586. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Hautaketa egiteko saioa hirutik zazpira egun geroago izango da, eta bozketa izendunean Osoko Bilkurako kideen hiru bosteneko gehiengoa lortzen duena izango da hautatua».

Berrogeita hamahiru. Aldatu egiten da 599. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Osoko Bilkura arlo hauetaz arduratuko da:

  • 1)  Konstituzio Auzitegiko magistratu izateko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari proposatzea dagokion bi kideak izendatzeko proposamena egitea, hiru bostenen gehiengoz.

  • 2)  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea izendatzeko proposamena egitea, lege organiko honetan aurreikusitako moduan, eta Estatuaren Fiskal Nagusia izendatzeko aurretiazko txostena egitea.

  • 3)  Auzitegi Goreneko presidenteordea eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia eta idazkariorde nagusia izendatzea, lege organiko honetan aurreikusitako moduan.

  • 4)  Hein bateko irizpidezkotasuna eta merezimendu-balioespena eskatzen duten izendapen eta sustapenetarako izendapen edo proposamen guztiak egitea.

  • 5)  Estatuko organo konstituzionalen arteko eskudantzia-gatazkak aurkeztea.

  • 6)  Batzordeetako bokalak hautatzea eta izendatzea.

  • 7)  Erregelamenduak egiteko ahala baliatzea, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

  • 8)  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrekontua onartzea eta haren betearazpenaren kontu-arrazoiak ematea.

  • 9)  Urteko memoria onestea.

  • 10)  Diziplinazko espedienteak ebaztea, haietan proposatzen den zehapena karrera judizialetik botatzea den kasuetan.

  • 11)  Diziplina Batzordearen zehapen-erabakien aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, bai eta Batzorde Iraunkorrak emandako erabakien aurka jartzen direnak ere.

  • 12)  Gobernuak edo ganbera legegileek eta autonomia-erkidegoek irizpena emateko aurkezten dizkioten lege-aurreproiektuei edo xedapen orokorrei buruzko txostenak onestea.

  • 13)  Lege honek esleitzen dizkion gainerako arloak, Kontseiluko beste organo batzuek esleituta ez dituztenak eta, aparteko arrazoiengatik, berarentzat eskatzen dituenak.

2. Osoko Bilkurak gehienez ere bi bokal izendatuko ditu autonomia-erkidego bakoitzeko. Bokal horiek, justizia-auzitegi nagusien eskumenak ezertan eragotzi gabe, lurraldeko erakunde eta agintarien eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arteko harremana bideratuko dute».

Berrogeita hamalau. Aldatu egiten dira 601. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak Batzorde Iraunkorreko bokalak hautatuko ditu urtero.

2. Batzorde Iraunkorra hauek osatuko dute: Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, bera dela buru, eta zazpi bokalek, haietako lau epaileen txandan izendatuak eta beste hirurak gaitasun-sona handiko legelarien txandan izendatuak. Txanda bateko zein besteko bokalak urtero berrituko dira, esanbidez uko egin ezean, helburua baita bokal guztiak batzorde iraunkorreko bokal izatea gutxienez urtebetez, Kontseiluaren agintaldiak irauten duen bitartean».

Berrogeita hamabost. Aldatu egiten da 602. artikulua, eta honela geratzen da idatzita: «602. artikulua.

  • 1.  Batzorde Iraunkorrari dagokio:

  • a)  Osoko bilkurak prestatzea, organo horrek ezarritako laneko planaren eta gidalerroen arabera.

  • b)  Kontseiluko Osoko Bilkuraren erabakiak zehatz exekutatzen direla zaintzea.

  • c)  Izaera guztiz arautua dutelako Osoko Bilkuraren eskumenekoak ez diren epaile eta magistratuen izendapenei buruz erabakitzea, eta haien adinaren ziozko nahitaezko erretiroa adostea eta administrazio-egoera ebaztea.

  • d)  Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren epaile eta magistratuen izendapenei buruz txostenak egitea, kasu guztietan; txosten horiek irizpide objektiboetan oinarrituta egon behar dute, behar bezala balioetsiak eta zehaztuak. Epaile eta magistratuen kalifikazio-irizpideak egoki taxutzeko, Batzordeak informazioa eskatu ahal izango die Botere Judizialeko organoei.

  • e)  Epaile eta magistratuei eman beharreko lizentziei buruz ebaztea, betiere legeak aurreikusitako kasuetan.

  • f)  Osoko Bilkurak onartu behar dituen lege-aurreproiektuei edo xedapen orokorrei buruz txostenak prestatzea.

  • g)  Karrera judizialaren eskalafoia baimentzea.

  • h)  Osoko Bilkurak eskuordetzen dizkion edo legeak esleitzen dizkion eskumen guztiak egikaritzea.

  • 2.  Batzorde Iraunkorraren erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osoko Bilkurari».

Berrogeita hamasei. Aldatu egiten da 630. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide anitzeko organoen erabakiak bertan diren kideen gehiengo osoz hartuko dira, salbu eta lege organiko honetan besterik xedatzen bada edo erabakiak Auzitegi Goreneko sala-presidenteen eta magistratuen izendapenei buruzkoak edo Auzitegi Nazionaleko presidentearen eta justizia-auzitegi nagusietako presidenteen izendapenei buruzkoak badira, halakoetan bertan diren kideen hiru bosteneko gehiengoa beharko baita. Berdinketa-kasuan, presidenteak kalitate-botoa izango du».

Berrogeita hamazazpi. Xedapen gehigarri bat, hogeita bigarrena, gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hogeita bigarren xedapen gehigarria. Lanpostuak erreserbatzea.

Auzitegi Goreneko jurisdikzio-ordena zibil edo penalean lanpostuak erreserbatzearen ondoreetarako -erreserba hori 344.a) artikuluan jasoa dago-, dagokion salaren jurisdikzio-ordenako organoetan eta karreran hogei urtez zerbitzuak eman dituzten magistratuak parekatuta egongo dira dagokion jurisdikzio-ordenako hautaketa-probak gainditu dituztenekin.

Bete nahi diren plazak jurisdikzio-ordena zibil eta penaleko kide anitzeko organoetakoak badira eta lege honek ezartzen badu espezializazioa dela haietarako merezimendu lehenetsia, bete nahi den postuaren jurisdikzio-ordenako organoetan eta kategorian hogei urtez zerbitzuak eman dituzten magistratuak espezialistatzat hartuko dira, dagokion ordenan, merkataritza-espezializazioan izan ezik. Merezimendu gisa balioetsiko da magistratu-kategoria duten karrera judizialeko kideek ordena zibil eta penaleko espezializazio-probak gaindituta izatea -Auzitegi Gorenak Karrera Judizialaren 2/2011 Erregelamenduaren 24.4 artikulua deuseztatu zuenez, proba horiek eragin juridikorik gabe geratu ziren-».

Berrogeita hemezortzi. Xedapen iragankor bat, berrogeita bigarrena, gehitzen da, idazkuntza honekin:

«Berrogeita bigarren xedapen iragankorra. Atalak eta azpiatalak.

Harik eta bulego judizial berria ezartzeko prozesua osatu arte, lan-bolumenak eta zerbitzuaren beharrek hala egitea gomendatzen dutenean, Justizia Ministerioak, behin Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurretiazko txostena izanda eta justizia-arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoak entzunda, erabaki dezake epaitegi batean bi epaile edo magistratu titular edo gehiago aritzea baldintza berdinetan; halaber, erabaki dezake jurisdikzio-ordena bereko bi epaitegi edo gehiago atal bakar batean biltzea -atal horri jurisdikzio-ordenaren izena emango zaio- eta atal bakoitza azpiataletan eratzea arlo espezifikoei erantzun ahal izateko; ataleko epaileen barne-antolamenduaren ondoreetarako, haietatik zaharrena izango da buru, zeinek kide anitzeko organoetako atal-presidenteek dituzten eskumen berberak izango baititu. Halakoetan, atala osatzen duten epaile edo magistratuek erabaki dezakete gaiak zenbakien edo arloen arabera banatzea.

Ahalmen hori erabiliz gero, atalen funtzionamenduak sor ditzakeen arazoak dagokion gobernu-salak ebatziko ditu, hargatik eragotzi gabe Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez gauza dezakeen bateratze-ahalmena eta organo horrek bete beharreko legezkotasun-kontrola».

Lehenengo xedapen iragankorra. Agintaldiak mugatzea.

Lege hau indarrean jartzen denean Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 333.1, 335.2, 336.1 edo 337. artikuluetan adierazita dagoen plazetako bat bigarren agintaldian betetzen ari direnak, salbuespenez, berriro aukeratuak izan daitezke, behin bakarrik eta bost urterako.

Bigarren xedapen iragankorra. 2017ko eta 2018ko baimen-egunak hartzea.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 503. artikuluan aipatzen diren langileek aukera izango dute, salbuespenez eta lege hau indarrean jarri eta gero, 2017. urteko norberaren gauzetarako baimenari dagozkion hiru egun gehigarri hartzeko.

Hala 2017ko hiru egun gehigarri horiek nola 2018koak 2019. urtean hartu ahal izango dira. Ezingo dira inolaz ere urte bakoitzeko hiru egunak elkarrekin pilatu, ez eta 2019koekin edo urteko oporraldi ordainduarekin ere.

Egun gehigarri horiek langileen arloan eskumena duen administrazioak emango ditu, betiere zerbitzuaren beharrak estalita geratzen direla bermatuta.

Hirugarren xedapen iragankorra. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia.

Artikulu bakarraren berrogeita seigarren apartatua (Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 563.4 artikulua), berrogeita zortzigarrena (567.1 artikulua), berrogeita bederatzigarrena (579. artikulua), berrogeita hamargarrena (580. artikulua) eta berrogeita hamahirutik berrogeita hamabosgarrenera arteko apartatuak (599., 601.1,601.2 eta 602. artikuluak) ez dira aplikatuko lege hau indarrean jarri eta gero lehenengo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratu arte.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean, salbu eta artikulu bakarren hogeigarren apartatua (Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 371.1 artikulua), hogeita batgarrena (373. artikuluaren 2., 4., 6. eta 7. apartatuak) eta hogeita hemeretzigarrena (503.1 artikulua) eta bigarren eta hirugarren xedapen iragankorrak, zeinak lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko baitira indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko abenduaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra