Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

4/2017 Legea, ekainaren 28koa, Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legea aldatzekoa

2017-06-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/06/29, 154. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7483 4/2017 Legea, ekainaren 28koa, Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legea aldatzekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak —New Yorken egina 2006ko abenduaren 13an; Espainiak 2008an berretsia— estatu sinatzaileei eskatzen die debeka dezatela «desgaitasun-arrazoien ondorioz egindako bereizkeria oro», eta agintzen die aitor dezatela «desgaitasuna duten pertsonek gaitasun juridikoa dutela, enparauen baldintza berberetan, bizitzako arlo guztietan». Orobat behartzen ditu neurri egokiak hartzera «desgaitasuna duten pertsonen aurkako bereizkeria amaitzeko, ezkontza, familia, aitatasuna eta harreman pertsonalekin zerikusia duten gai guztietan, eta desgaitasuna duten pertsonak gainerakoen baldintza berberetan izan daitezela lortzeko», besteak beste, ziurtatzeko izango dutela «ezkondu eta familia osatzeko eskubidea, ezkongaien adostasun aske eta osoan oinarrituta».

Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legearen azken xedapenetatik lehenak Kode Zibilaren artikulu jakin batzuk aldatu zituen. Hain justu, Kode Zibilaren 56. artikulua —ezkongaiei eskatzen zaizkien gaitasun-betekizunena— aldatu zuen, desgaitasuna duten pertsonak babesteko xedez; horiek horrela, ezkontzeko behar diren betekizunak betetzen dituztela bermatzen da eta halakoen ezkontzei mesede egiten zaie. Artikulu horren idazkuntza berriak hau dio: «Ezkongaietatik edozeinek buru-, adimen- edo zentzumen-urritasunak baditu, akta edo espedientea izapidetzen duen idazkari judizialak, notarioak, Erregistro Zibilaren arduradunak edo funtzionarioak medikuei irizpena eskatuko die, pertsona horrek adostasuna emateko duen gaitasunari buruz.» Manu hori 2017ko ekainaren 30ean zen indarrean jartzekoa.

Alabaina manua interpretatzeko orduan, «desgaitasun» terminoak zenbait zalantza sortu zituen. Horregatik, Erregistroen eta Notariotzaren zuzendari nagusiaren 2016ko abenduaren 23ko ebazpen-zirkularraren bidez, zera argitu zen: akta edo espedientea izapidetzen duen Justizia Administrazioko letraduak, notarioak, Erregistro Zibilaren arduradunak edo funtzionarioak buru-, adimen- edo zentzumen-urritasunak dituzten ezkongaien adostasuna emateko gaitasunari buruzko irizpen medikoa eskatu ahalko du bakar-bakarrik urritasunak nabarmen ukitzen badu interesdunaren adostasuna emateko gaitasuna.

Kode Zibilaren 56. artikuluaren aldaketa oraindik ez denez indarrean jarri, legeak egindako erreformaren asmoa desgaitasuna duten pertsonen ezkontzei mesede egitea dela argi uzteko eta haien ezkontzeko gaitasunari buruzko edozein zalantza-arrasto desagerrarazteko, Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legearen azken xedapenetatik lehena aldatzea proposatzen da —xedapen horrek Kode Zibilaren 56. artikulua aldatu zuen—. Azken xedapenetatik laugarrena aldatzea ere proposatzen da, Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legearen 58. artikuluaren erreforma egokitzeko.

Izan ere, desgaitasunaren inguruan antolatutako gizarte zibilak, elkarteen bidez, indar politikoei, legegileei eta Estatuko Gobernuari eskatzen die manu hori alda dezatela, lege-

araubideak desgaitasuna duten pertsonen ezkontzak erraz ditzan —desgaitasuna duten pertsonek ezkondu nahi badute, jakina—, mugak ezabatuz eta laguntza emanez. Bada, orain, eskaera horri erantzuna ematen zaio.

Proposamen honen bidez, desgaitasuna duten pertsonen babesa ere indartzen da, ezartzen baita akta edo espedientea izapidetzen duen Justizia Administrazioko letraduak, notarioak, Erregistro Zibilaren arduradunak edo funtzionarioak, beharrezkoa denean, administrazioei edo desgaitasuna duten pertsonen eskubideak sustatzen eta babesten dituzten gizarte-ekimeneko entitateei giza laguntza eta laguntza teknikoa eta materiala eskatu ahalko diela, ezkongaien adostasuna ematea, interpretatzea eta jasotzea errazagoa izan dadin. Horren bidez, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren 12.3 artikuluan jasotako eskakizun hau bete nahi da oso-osorik: «Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, desgaitasuna duten pertsonei eskaintzeko gaitasun juridikoa egikaritzean beharrezkoa duten babesa lortzea». Konbentzioaren 23.1 artikuluan xedatutakoa ere bete nahi da: «Estatu alderdiek neurri eragingarri eta egokiak hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen aurkako bereizkeria amaitzeko, ezkontza, familia, aitatasuna eta harreman pertsonalekin zerikusia duten gai guztietan, eta desgaitasuna duten pertsonak gainerakoen baldintza berberetan izan daitezela lortzeko, hurrengoak ziurtatzeko helburuarekin: a) Ezkontza-adinean egonik desgaitasuna duten pertsona guztiei aitortzea ezkondu eta familia osatzeko eskubidea, ezkongaien adostasun aske eta osoan oinarrituta». Salbuespenezko kasuetan soilik eskatuko da adostasuna emateko gaitasunari buruzko irizpen medikoa; hain zuzen ere, laguntza-neurriak izanagatik ere ezkongaietako bati bere osasun-egoerak modu nabarmen, kategoriko eta funtsezkoan eragotz diezaiokeenean ezkontzeko adostasuna ematea.

Helburu hori erdiesteko eta Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legearen bidez aldatutako Kode Zibilaren 56. artikuluaren idazkuntza hobetzeko, artikulua indarrean jarri aurretik, lege hau onartzen da, 2008ko Konbentzioari erabat lotuta.

Artikulu bakarra. Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legea aldatzea.

Borondatezko Jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. Laugarren xedapen iragankorraren 2. zenbakiaren lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea osorik indarrean jarri baino lehen hasten diren ezkontza-espedienteak aurrerantzean ere Erregistro Zibilaren arduradunak izapidetuko ditu, Kode Zibilaren xedapenen eta Erregistro Zibilaren 1957ko ekainaren 8ko Legearen xedapenen arabera.»

Bi. Azken xedapenetatik lehenaren Bederatzi zenbakia aldatzen da, zeinak Kode Zibilaren 56. artikulua aldatzen baitu, eta honela geratzen da idatzita:

«Bederatzi. 56. artikulua honela geratzen da idatzita:

“Elkarrekin ezkondu nahi dutenek aldez aurretik egiaztatu beharko dute, Erregistro Zibilari buruzko legeriaren arabera izapidetutako aktaren edo espedientearen bidez, gaitasun-betekizunak badituztela edo eragozpenik ez dagoela edo eragozpen-lekapena izan dela, kode honetan aurreikusitakoaren arabera.

Akta edo espedientea izapidetzen duen Justizia Administrazioko letraduak, notarioak, Erregistro Zibilaren arduradunak edo funtzionarioak, beharrezkoa denean, administrazioei edo desgaitasuna duten pertsonen eskubideak sustatzen eta babesten dituzten gizarte-ekimeneko entitateei giza laguntza eta laguntza teknikoa eta materiala eskatu ahalko die, ezkongaien adostasuna ematea, interpretatzea eta jasotzea errazagoa izan dadin. Salbuespenezko kasuetan soilik eskatuko da adostasuna emateko gaitasunari buruzko irizpen medikoa; hain zuzen ere, laguntza- neurriak izanagatik ere ezkongaietako bati bere osasun-egoerak modu nabarmen,

kategoriko eta funtsezkoan eragotz diezaiokeenean ezkontzeko adostasuna ematea.”»

Hiru. Azken xedapenetatik laugarrenaren Bat zenbakia aldatzen da —Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legearen 58. artikuluaren 1., 2., 5., 6., 7., 8., 9., 10. eta

12.zenbakiak aldatzen dituena—, 58. artikuluaren 5. zenbakiari dagokionez, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Justizia Administrazioko letraduak, notarioak edo Erregistro Zibilaren arduradunak bi ezkongaiek esan beharrekoa entzungo du, isil-gordean eta bananduta, ezkontzeko gaitasuna badutela eta eragozpenik ez dagoela ziurtatzeko. Halaber, bidezkoak diren txostenak eskatu ahalko dira, baita bidezkoak diren eginbideak egin ere, errekeritzaileek proposatu zein ez; hala egiaztatu ahalko dira ezkongaien egoera, gaitasuna edo egoitza, edo haien adostasuna eta ezkontzaren benetakotasuna balioesteko beharrezkoak diren beste alderdi guztiak.

Akta edo espedientea izapidetzen duen Justizia Administrazioko letraduak, notarioak, Erregistro Zibilaren arduradunak edo funtzionarioak, beharrezkoa denean, administrazioei edo desgaitasuna duten pertsonen eskubideak sustatzen eta babesten dituzten gizarte-ekimeneko entitateei giza laguntza eta laguntza teknikoa eta materiala eskatu ahalko die, ezkongaien adostasuna ematea, interpretatzea eta jasotzea errazagoa izan dadin. Salbuespenezko kasuetan soilik eskatuko da adostasuna emateko gaitasunari buruzko irizpen medikoa; hain zuzen ere, laguntza- neurriak izanagatik ere ezkongaietako bati bere osasun-egoerak modu nabarmen, kategoriko eta funtsezkoan eragotz diezaiokeenean ezkontzeko adostasuna ematea.

Jardun horiek egin izana jasoko da akta edo espedientean, eta ezkontza- inskripzioa egin aurretiko agiriekin artxibatuko da.

Iragarkiak edo ordezko eginbideak argitaratu direnetik urtebete igaro bada ezkontza egin gabe, hori ezin izango da egin, beste argitalpen edo eginbide batzuk egin ezean.»

Lau. Azken xedapenetatik laugarrenaren Hamabi zenbakia aldatzen da, zeinak Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legearen azken xedapenetatik hamargarrena —indarrean jartzeari buruzkoa— aldatzen baitu, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamabi. Azken xedapenetatik hamargarrena honela geratzen da idatzita:

Azken xedapenetatik hamargarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau 2018ko ekainaren 30ean jarriko da indarrean, zazpigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriak eta azken xedapenetatik hirugarrena eta seigarrena salbu, horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko baitira indarrean, eta 49.2 eta 53. artikuluak salbu, zeinak 2017ko ekainaren 30ean jarriko baitira indarrean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du kentzen honako hauek 2015eko urriaren 15ean indarrean jartzea: 44., 45., 46., 47., 49.1, 49.4, 64., 66. eta 67.3 artikuluak eta bederatzigarren xedapen gehigarria —Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren eremuan administrazioa erreformatzeko neurrien uztailaren 13ko 19/2015 Legearen bigarren artikuluan emandako idazkuntzan—.

Lege hau osorik indarrean jarri arte, Gobernuak erregistro zibilen antolaerari eta funtzionamenduari eragiten dioten neurriak hartuko ditu eta behar diren arauak aldatuko.»

Bost. Azken xedapenetatik hogeita batgarrenaren —indarrean jartzeari buruzkoa— 3., 4. eta 5. zenbakiak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«3. Kode Zibilaren 49., 51., 52., 53., 55., 56., 57., 58., 62., 65. eta 73. artikuluen aldaketak —azken xedapenetatik lehenean jasotakoak—, bai eta Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legearen 58. eta 58 bis artikuluen, azken xedapenetatik

bigarrenaren eta azken xedapenetatik bosgarrena bisen aldaketak ere —azken xedapenetatik laugarrenean jasotakoak, ezkontza zibila izapidetu eta egiteari buruzkoak—; horiek Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea osorik indarrean jartzen den egunean jarriko dira indarrean.

4.Estatuaren eta Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioaren arteko Lankidetza Akordioaren 7. artikuluaren aldaketak —lankidetza-akordio hori azaroaren 10eko 24/1992 Legearen bidez onartu zen—, Estatuaren eta Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioaren arteko Lankidetza Akordioaren 7. artikuluaren aldaketak —lankidetza-akordio hori azaroaren 10eko 25/1992 Legearen bidez onartu zen— eta Estatuaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren arteko Lankidetza Akordioaren 7. artikuluaren aldaketak —lankidetza-akordio hori azaroaren 10eko 26/1992 Legearen bidez onartu zen—, hurrenez hurren azken xedapenetatik bosgarrenean, seigarrenean eta zazpigarrenean jasotakoak; horiek Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea osorik indarrean jartzen den egunean jarriko dira indarrean.

5.Notariotzaren 1862ko maiatzaren 28ko Legearen VII. tituluko II. kapituluko

1.ataleko xedapenak, azken xedapenetatik hamaikagarrenean jasotakoak, ezkontza-aktaren eta ezkontzaren eskritura publikoaren arauak ezartzen dituztenak; horiek Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea osorik indarrean jartzen den egunean jarriko dira indarrean.»

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2017ko ekainaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra