Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

3/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, Justizia Administrazioaren eremuan tasen araubidea eta doako laguntza juridikoaren sistema aldatzen dituena

2013-02-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/2/23, 47. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2029

3/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, Justizia Administrazioaren eremuan tasen araubidea eta doako laguntza juridikoaren sistema aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA I

Azaroaren 20ko 10/2012 Legeak, Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan zenbait tasa arautzen dituenak, tasa batzuen araubidea eguneratu du Justizia Administrazioaren esparruan. Lege horrek aurrekontu-baliabide batzuk sortzen ditu, behar-beharrezkoak baitira doako justizia jasotzeko eskubidearen –Konstituzioaren 119. artikuluan jasotzen da– erregulazio berriaren finantziazioa bermatzeko; eskubide instrumentala da hori Konstituzioaren 24. artikuluan aitortzen den jurisdikziora iristeko oinarrizko eskubideari dagokionez.

Lan hori egiteko kontuan izan da Konstituzio Auzitegiak 2012ko otsailaren 16an emandako 20/2012 epaian eta gerora emandako beste epai batzuetan ezarritako doktrina.

Justizia Administrazioa finantzatzeko sistema misto baten bideragarritasuna baliozkotzen du doktrina horrek, zergen eta «jardun judizialaren erabiltzaileek ordaindutako tasen» bidez finantzatuko dena.

Legea aplikatu denean, agerian geratu da tasek, bai modu abstraktuan bai beren kabuz, ez dutela eskubide bakar bat ere kaltetzen, baina zenbait kasu jakin eta banakatuetan, tasaren zenbatekoa gehiegizkoa izan daitekeela. Horren ondorioz, tasen egungo eraketa bidezkoa bada ere, zenbait mekanismo ezarri behar dira, tasak garestiegiak izateagatik nahi ez diren ondorioak gerta ez daitezen (kasu gutxi batzuetan bada ere).

Azaldutakoaren arabera, premiazkoa da jurisdikzio-ahalak gauzatzeak eragindako tasaren aplikazioa Doako Laguntza Juridikoaren Lege berriaren aurreproiektuan jasotako neurri batzuetara egokitzea. Ondorio juridikoak koordinatuko ez balira, ereduaren funtzionamenduaren barne-koherentzia kaltetu egin daiteke.

II Azaroaren 20ko 10/2012 Legea da doako justiziaren funtzionamendu-oinarria, sistemak behar dituen baliabideak bermatzen baititu. Hala ere, bere arau osagarria, Doako Laguntza Juridikoaren Lege berria, baino lehenago sartu da indarrean. Izan ere, lege berri horren parlamentuko izapidetzea konplexuagoa da. Herri Defendatzaileak bistarazi du egoera hori, eta egoera hori dela-eta, egun indarrean dagoen Doako Laguntza Juridikoaren Legearen zenbait alderdi berrikusi behar dira, bi arauen ondoren edo eraginak egokitzeko. Hala, aparteko eta presazko premia dago errege lege-dekretu hori emateko, legearen aplikazio praktikoa eralda ez dadin, bi legeak une berean onartu ez direlako (parlamentuan izapidetze desberdina izan dute).

Era berean, errege lege-dekretuak aldaketa batzuk egiten dizkio azaroaren 20ko 10/2012 Legeari, besteak beste: tasen zenbatekoa murriztuko da zenbait kasutan, eta prozesu batzuetan ez da tasarik eskatuko. Aldaketa horiek eginda, errege lege-dekretu horrek bete egiten ditu Konstituzioaren 86.1. artikuluak lege-mailako arau horientzat agindutako muga materialak.

III

Ildo horretan, lehenik eta behin, aldaketa batzuk egiten dizkio azaroaren 20ko 10/2012 Legeari, Herri Defendatzaileak egindako ohartarazpenei ahalik eta azkarren erantzuteko.

Hori dela-eta, beste salbuespen bat ezarriko da Kontsumorako Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betetzeko. Tasaren zerga-kuota nola zehaztu behar den araupetzean, komeni da, egungo egoera ikusita, berariazko eskala bat ezartzea pertsona fisikoentzat, eskala orokorrarena baino tasa txikiagokoa. Eskala orokorra pertsona juridikoentzat izango litzateke. Era berean, zenbatekoaren ikuspuntutik, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan tasa aplikatzea mugatuko da, errekurtsoa zehatzeko ebazpen baten aurka aurkezten denean, eta hala, tasa ez da zehatzeko ebazpenaren zenbatekoaren ehuneko 50 baino handiagoa izango.

Praktikan, zenbait arazo eta zalantza sortu dira, gaitasuneko, seme-alabatasuneko, ezkontzako eta adingabeen alorreko prozesuetan eta konkurtso-administrariek edo ondare-banaketako administrariek aurkez ditzaketen akzioei eragiten dieten prozesuetan.

Presa eta premia direla-eta, ezinbestekoa izan da zenbait aldaketa egitea, arazo eta zalantza horiek konpontzeko.

Horrez gainera, egun indarrean dagoen Doako Laguntza Juridikoaren 1/1996 Legearen aldaketa bat egin da, desfaserik ez gertatzeko lege horretan jasotako arau-erregimenaren eta Justizia Administrazioaren eremuko tasen aplikazioaren artean. Xede horretarako zehaztu da zer kasutan aitor daitekeen doako laguntza juridikorako eskubidea. Hori horrela, kasuistika zabalago bat ezarri da egungoa baino, eta indarrean dauden mugak igo dira.

Horren ondorioz, hobekuntza nabarmen bat egin da, herritarrei zuzenean mesede egingo diena. Era berean, lanbide arteko gutxieneko soldata ez da oinarritzat hartuko, baizik eta ondorio askotariko errenta adierazle publikoa (IPREM delakoa) erabiliko da. Hala, hobetu egingo dira doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko mugak.

IV Arau honek aldatu egiten du kostuen ordainketari buruzko artikulua Prozedura Zibilaren Legean (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea). Aldaketa horren ondorioz, ohiko etxebizitza bat erosteko eratu den hipoteka bat betearazteko prozesuan, ez da kontuan hartuko jurisdikzio-ahala betetzeagatiko tasa, alderdi betearaziak ordaindu beharreko prozesu-kostuen artean. Abal-emaileak ere ez du tasa hori ordaindu beharko.

Doikuntza horiek eginez, bermatu nahi da azaroaren 20ko 10/2012 Legeak arautzen dituen tasak Justizia Administrazioan egokiago beteko direla. Horrez gainera, lehenago bete nahi dira doako laguntza juridikoaren arauketa berriko xedapen batzuk.

V Zigor-arloko prozesuetan atzitutako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai psikotropikoak gordetzea oso garestia denez eta segurtasun-arazo ugari eragiten dituenez, komeni da Prozedura Kriminalaren Legean araubide malgu bat ezartzea, gai horiek guztiak azkarrago suntsitzeko, beharrezko txosten analitikoak egin ondoren eta gerora egiaztapenak egiteko behar beste lagin gordetzen direla ziurtatu ondoren. Hala, konpondu egingo dira egungo arazo batzuk, lehenbailehen konpondu beharrekoak.

Indarrean dagoen Prozedura Kriminaleko Legearen 367. ter artikuluak xedatzen du derrigorrez gorde behar dela, edozelan ere, «geroagoko egiaztapenak edo ikerketak bermatzeko behar beste lagin». Hala ere, laginak hartzeko eta substantziak aztertzeko nazioarteko arauen arabera, oso droga kantitate handia bidali behar da lagin gisa Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalera edo Osasun Zerbitzura. Lagin horiek gordetzeak segurtasun-arazo handiak eta larriak eragiten ditu. Era berean, analisia egin eta gero, ez da beharrezkoa, ez eta komenigarria ere, dagokion organismoari bidalitako lagin guztiak gordetzea, ondoren kontraanalisi bat egiteko. Aitzitik, nahikoa da lagin adierazgarri bat edo «zientzia-irizpideen arabera, geroagoko egiaztapenak edo ikerketak bermatzeko beharrezkoak diren gutxieneko eta ezinbesteko laginak» gordetzea. Egiatan, ez dira gorde behar hasieran analisia egiteko bidali ziren droga-lagin guztiak. Nahikoa da, hasierako analisia egin ondoren, analisi kontraesankor bat eta analisi deuseztatzaile bat (ildo horretan, kontuan hartuko da 2004ko martxoaren 30eko Europako Kontseiluaren Gomendioa, analizatzeko konfiskatu diren drogen laginak hartzeko arauei buruzkoa) egin ahal izatea bermatzen duen droga-kantitatea gordetzea. Hori dela-eta, defentsarako eskubidea egoki ziurtatzeko, beharrezkoa da analisia egiteko ardura duen erakundeak zehaztea «gutxieneko lagin» horrek zenbatekoa izan behar duen, nazioarteko arauetan eta arlo horren inguruan adostutako protokoloetan ezarritako irizpide zientifikoen arabera.

Era berean, orain arteko esperientzia ikusita, oro har, gai horien kargamentuak gordetzeak ez du ez zentzurik, ez justifikaziorik. Horrenbestez, komeni da prozedura arintzea eta gai horiek suntsitzeko baimena ematea –beharrezko analisiak egin eta gutxieneko laginak hartu ondoren–, baldin eta instrukzio-epaileak, beharrezko egiaztapenak egin direla jakinarazi zaion egunetik hasita hilabete bateko epean, horiek gordetzea agintzen ez badu.

Zigor Kodeak droga toxikoen, estupefazienteen eta gai psikotropikoen trafiko delituak arautzen ditu 368. artikulutik 372. artikulura. Delitu horiek osasun publikoaren aurkakoak dira, eta artikulu horiek bermatutako ondasun juridikoa modu eraginkorrean babestu behar da. Esan bezala, modu eraginkorrean babestu behar da Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideen osasuna, baina, era berean, herri-administrazioek ahaleginak egin behar dituzte alferrikako gastu handirik ez egiteko, batez ere, egungo krisi-garaian. Gaurko garai honetan, ahalik eta azkarren hartu behar dira droga toxikoak, estupefazienteak eta gai psikotropikoak azkar suntsitzeko legegintza-neurriak, baina alderdien bermeak murriztu gabe zigor-prozesuan. Hori horrela, bete egingo da legegileak aurreko lege-erreformetan araututako arazoa konpontzeko borondatea, nahiz eta, erreforma horiek ez duten, orain artean, beren helburua bete.

Arrazoi horiek berak direla-eta, komeni da araubide iragankor bat xedatzea, administrazioagintarien zaintzapeko droga toxikoen, estupefazienteen edo gai psikotropikoen araudi berria aplikatzea baimentzeko, errege lege-dekretua indarrean sartzean.

VI Errege lege-dekretu honen amaierako zatian, xedapen gehigarri bat erantsi da.

Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak, enplegu publikoaren arloan aurrekontuegonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoak, 2. artikuluan eta ondorengoetan arautu zuen kendu egingo zitzaiela 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarria edo berariazko osagarriaren baliokidea sektore publikoko langileei eta goi-karguei. Lege-aldaketa horren ondorioz, arau-egoera berezi bat sortu zen funtzionario-mutualitateei dagozkien eskubide pasiboen kuoten eta kotizazioen ordainketen inguruan, eta xedapen gehigarri horren bidez, erregularizatu egingo da egoera hori.

Eskubide pasiboen kuota nahiz funtzionario-mutualitateei dagozkiena bi aldiz ordaindu ziren 2012ko abenduan; izan ere, hori ezarri zuten arau hauek: Estatuko Klase Pasiboen Legeko testu bateginaren 23.2 artikuluak —apirilaren 30eko 670/1987 Errege Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori— eta Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan zenbait tasa arautzen dituen azaroaren 20ko 10/2012 Legearen azken xedapenetako laugarrenak (bi).

Hala ere, ekainean eta abenduan urte bakoitzeko aipatu kuotak bi aldiz ordaintzen dira, hilabete horietan langile horiek aparteko ordainsaria jasotzen baitute hileko soldatarekin batera.

Sektore publikoko langileek 2012ko abenduan ez dutenez aparteko ordainsaririk jaso (ez eta berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria edo baliokidea ere), proportzio berean murriztu behar da, justizia materialeko arrazoiengatik, horien kotizazioa, eta murrizketa hori ahalik eta azkarren egin behar da. Hala, xedapen honek 2012ko abenduko eskubide pasiboei eta mutualitateei dagozkien kuotak erregularizatzea ahalbidetuko du, beharrezko gaikuntza legalaren bidez.

Azken xedapenetako lehenak Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen zenbait agindu aldatzen ditu 2013. urterako, agindu horiek osatzeko eta egokiago eta zuzenago aplikatu ahal izateko. Horretarako, handitu egingo da Estatu Batuen eta Espainiaren arteko Defentsarako Lankidetza Hitzarmenean jasotako salbuespenen konpentsazioa trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan aplikatzeko denbora-eremua, eta horretarako, edonola ere, beharrezkoa izango da hitzarmen bat sinatzea ukitutako udalekin. Era berean, Estatuak zergen bidez bildutako diru-sarrerak bilakaera-indize gisa nola kalkulatu argitu da. Indize hori tokiko erakundeek Estatuko zergetan 2013. urtean zer partaidetza izango duten jakiteko erabiliko da. Halaber, dagokion aurrekontu-sekzioaren gastu-egoeran zer zenbateko bildu zen zehazteko erabili zen. Azkenik, zorra murrizteko edo ekonomia onbideratzeko planen indarraldia hiru urtetik bost urtera luzatu da, tokiko erakundeek hitzartutako epe luzerako kreditu-eragiketak berriz finantzatu behar izan direnean. Aipatu zorra murrizteko planen helburuak ere argitu dira.

Beste azken xedapenetako batek arautzen du Hiri Errentamenduen Legeko (azaroaren 24ko 29/1994 Legea) erregimen berezia aplikatuko zaiela azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean adierazitako errentamendukontratuei (27/2012 Errege Lege Dekretua, hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzkoa). Arau horrek agindutakoa betez, finantza-sektorearekin kredituerakundeen jabetzako etxebizitzen gizarte-funts bat eratzea sustatu zuen Gobernuak.

Hipoteka-mailegu bat ez ordaintzeagatik etxea utzarazi zieten pertsonei babesa emateko erabiliko dira etxebizitza horiek, pertsona horiek bereziki egoera ahula bizi dutenean.

Duela gutxi hasi da funts horretako lehenengo etxebizitzak esleitzeko prozedura, eta berehala, etxebizitza horien errentamendu-kontratuak egiten hasiko dira. Horregatik, ahalik eta azkarren eman behar zaie legezko estaldura errentamendu-kontratu horiek kontuan hartu beharreko berezitasunei.

Halaber, aldatu egiten da abenduaren 12ko 10/2008 Errege Lege Dekretua, enpresa txiki eta ertainen likidezia hobetzeko finantza-neurriak eta beste neurri ekonomiko osagarri batzuk ezartzen dituena, enpresek legeak behartuta beren kapitala murriztu behar ez dezaten, eta murriztu behar badute, galerengatik desegin ez daitezen. Gaur egun, banketxeak sendotzeko prozesua dela-eta, ondasun higiezinen merkatuko balioak nabarmen egingo duenez behera, berriro luzatu behar da neurri hori, aurtengo urte osorako gutxienez. Izan ere, denbora-tarte hori beharko da gutxienez sektoreko pasiboen berregituraketa negoziatzeko, bai eta pasibo horien aplikazio-esparrua handitzeko ere, higiezinen sektoreko enpresak hartzekodunen konkurtsoan sar ez daitezen. Luzapen hori azkena izatea aurreikusten da, azken urteetan erakundeen aktiboetan doikuntzak egitean, pasiboa ere doitu egingo baita.

Bestalde, aldaketa bat eragin du 9/2012 Legeko xedapen gehigarrietako batek (9/2012 Legea, azaroaren 14koa, kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzkoa).

Xedapen gehigarri horrek argitzen du Bankuen Berregituraketatik Eratorritako Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak (SAREB) bere araudi-erregulatzailea aplikatzean egindako eragiketak ez direla kontzentrazio-eragiketak, 15/2007 Legearen arabera. Hala ere, eragiketa horietako batzuek lege horrek ezarritako jakinarazpen-mugak gaindi ditzakete, legezko agindu bat betetzeko egiten baitira. Xedapen hori premiazkoa da, 2. taldeko erakundeek aktiboak berehala eman behar dituztenez, ezinbestekoa izango baita eragiketa kontzentrazio-eragiketa gisa jakinaraztea.

Aurreko guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak ematen duen ahalmenaz baliatuta, eta Justizia, Ogasun eta Herri Administrazio, eta Ekonomia eta Lehiakortasun ministroek hala eskatuta, eta Ministro Kontseiluak 2013ko otsailaren 22ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:

1. artikulua.  Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan zenbait tasa arautzen dituen azaroaren 20ko 10/2012 Legea aldatzea.

Bat.  Hau izango da 2. artikuluaren c) letraren testua hemendik aurrera:

«c)  Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea.» Bi.  Aldatu egiten da 3. artikuluaren 1. puntua:

«1.  Jurisdikzio-ahala erabilarazten duena eta tasaren zergapeko egitatea egiten duena da tasaren subjektu pasiboa.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondoreetarako, ulertuko da zergapeko egitate bakarra egiten dela, egitate bakarra osatzen duen prozesuko egintzaren idatzian titulu beretik ez datozen akzio nagusi ugari metatzen direnean. Kasu horretan, tasaren zenbatekoa kalkulatzeko, metatu beharreko akzio bakoitzaren kopuruak batuko dira.» Hiru.  Aldatu egiten da 4. artikuluaren 1. puntuaren a) letra, eta beste hiru letra gehituko zaizkio:

«a)  Demanda jartzea eta geroagoko errekurtsoak aurkeztea, gaitasunaren, seme-alabatasunaren, ezkontzaren eta adingabeen prozesuekin, Prozedura Zibilaren Legearen IV. liburuaren I. tituluan erregulatutakoekin, lotutakoak. Hala ere, Prozedura Zibilaren Legearen aipatu tituluaren eta liburuaren 4. kapituluan erregulatutako prozedurak elkarrekin adostuta hasten ez badira edo alderdietako batek bestearen baimenaz hasten ez baditu, tasa ordaindu beharko dute, adingabeak badaude ere, eskatutako neurriak adingabeei buruzkoak bakarrik direnean izan ezik.» «g)  Kontsumorako Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betetzeko eskaera aurkeztea.

h)  Konkurtso-masaren onerako eta merkataritza-arloko epaileak baimena eman ondoren, konkurtso-administrariek aurkeztutako ekintzak.

i)  Ondareak judizialki zatitzeko prozedurak, kasu hauetan izan ezik: batetik, oposizioa egitean edo ondasunak sartu edo kentzeari buruzko eztabaida sortzean (kasu horietan, hitzezko epaiketagatiko zenbatekoa eta eztabaidatutako edo oposiziogilearen kargura dagoen banaketa-koadernoari aurka egiteagatik eratorritako zenbatekoa izango da tasa); eta bestetik, dagokien zenbatekoagatik biak aurka egiten dutenean.» Lau.  4. artikuluari beste paragrafo bat, 4.a, gehitzen zaio:

«4.  Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan, funtzionario publikoek beren estatutu-eskubideak defendatzen dituztenean, ehuneko 60ko salbuespena izango dute apelazio- eta kasazio-errekurtsoak jartzeagatik dagokien tasaren zenbatekoan.» Bost.  6. artikuluaren 2. puntuari beste lerrokada bat gehitzen zaio:

«Zerga-oinarria zehazteko ondoreetarako, zehaztu gabeko muntako prozeduratzat hartuko dira Prozedura Zibileko Legearen IV. liburuaren I. tituluaren IV. kapituluan araututako prozedurak, tasa ordaintzetik salbuetsi gabe daudenak.» Sei.  7. artikuluaren 1. puntuan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren tasaren kopuru finkoari buruzko taularen ondoren, lerrokada hau gehitzen da:

«Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren helburua zehatzeko ebazpenen kontra egitea bada, tasaren zenbatekoak, hurrengo puntuan xedatutako kantitate aldakorra barne, ezin izango du ezarritako zigor ekonomikoaren ehuneko 50 baino handiagoa izan.» Zazpi.  Hau izango da 7. artikuluaren 2. paragrafoko lehenengo lerrokadaren testua hemendik aurrera:

«2.  Subjektu pasiboa pertsona juridikoa denean, gainera, beste kopuru bat ere ordainduko da: aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztutako zergaoinarriari dagokion zerga-tasa aplikatuta sortzen dena, ondoko eskalaren arabera:» Zortzi.  7. artikuluari beste paragrafo bat, 3.a, gehitzen zaio:

«3.  Subjektu pasiboa pertsona fisikoa denean, gainera, beste kopuru bat ere ordainduko da: tasaren zerga-oinarriari ehuneko 0,10eko tasa bat aplikatuta sortzen dena, eta 2.000 euroko kopuru aldakorra izango du muga.» Bederatzi.  Aldatu egiten dira 8. artikuluaren 2. eta 5. paragrafoak:

«2.  Tasa hari dagokion eredu ofizialaren arabera ordaindu delako egiaztagiria behar bezala baliozkotuko da, eta zerga horren zergapeko egitatea sortzen duen idazki prozesal ororekin batera aurkeztuko.

Aipatu egiaztagiria aurkezten ez bada, idazkari judizialak hamar eguneko epean hura ekartzeko eskatuko dio subjektu pasiboari, eta ez du bideratuko idazkia, harik eta ez-egitea zuzendu arte. Beraz, artikuluak aipu duen idazkari-errekerimenduaren ondoren ez-egitea ez zuzendu izanak egintza prozesalaren preklusioa ekarriko du, eta prozedurak jarraitu egingo du edo amaitu egingo da, zer dagokion.» «5.  Tasa horren zenbatekoaren ehuneko 60 itzuliko da –nahiz eta horrek sekula ez duen berarekin ekarriko berekin berandutzako interesen sortzapena– kasu hauetan: zerga horren sortzapena dakarren edozein prozesutan, amore ematen denean edo epaiketa amaiarazteko hitzarmen bat lortzen denean.

Halaber, diru hori itzuliko da, baldin eta administrazio demandatuak demandatzailearen uziak erabat onartzen baditu administrazio-bidean.

Prozesua amaitzen duen eta amaitzeko modu hori idatziz jasotzen duen ebazpena irmoa den datatik aurrera izango da itzulketa horretarako eskubidea.» 2. artikulua.  Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzea.

Bat.  Letra hauek gehitzen zaizkio 2. artikuluari:

«g)  Auzitan jarduteko baliabideak alde batera utzita, doako laguntza juridikorako eskubidea, berehala emango dena, aitortzen zaie hauei: batetik, genero-indarkeria, terrorismoa edo gizakien salerosketa kasuak ematen direnean, kasu horien biktimei edo kasu horien ondorioz sortutako biktimei; eta bestetik, adingabeei eta ezintasun psikikoak dituzten pertsonei, abusuen edo tratu txarren biktimak direnean.

Halaber, biktima hiltzen denean, eskubide honen bidez kausadunak ere lagunduko dira, baldin eta erasotzaileak ez badira.

Doako justiziaren eskubidea emateko, biktimak izango dira, puntu honetan aipatutako delituetako batengatik salaketa edo kereila bat jartzen dutenak edo zigor-arloko prozedura bat hasten dutenak; eta biktimak izaten jarraituko dute zigorarloko prozedura indarrean dagoen bitartean, edo amaitu ondoren, zigor-epaia ematen bada. Doako justiziaren eskubidea galdu egingo da, absoluzio-epai finkoa ematen bada edo zigor-arloko prozedura amaitutzat jotzen bada, eta ez da beharrezkoa izango ordura arteko doako zerbitzuen kostua ordaintzea.

h)  Auzitan jarduteko baliabideak alde batera utzita, hauei aitortuko zaie doako laguntza juridikorako eskubidea: istripu baten ondorioz gelditu zaizkien behin betiko arrastoengatik, beren ohiko lanbideko egitekoak ezin dituztela egin ziurtatzen dutenei edo eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dutenei, auziaren xedea izandako kalte pertsonal eta moralengatik kalte-ordainak eskatzea denean.» Bi.  Hau izango da 3. artikuluaren testua hemendik aurrera:

«3. artikulua.  Oinarrizko betekizunak.

1.  Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortuko zaie gastu horiei aurre egiteko ondare nahikorik izan ez eta diru-sarreren muga hauek gainditzen ez dituzten pertsona fisikoei (urte osoan kontzeptu guztiengatik eta familia-unitateka zenbatutako baliabideak eta diru-sarrera ekonomiko gordinak hartuko dira kontuan):

a)  Eskaera egiteko unean indarrean dagoen ondorio askotariko errenta adierazle publikoa halako bi, familia-unitate bakar batean sartuta ez dauden pertsonak direnean.

b)  Eskaera egiteko unean indarrean dagoen ondorio askotariko errenta adierazle publikoa halako bi eta erdi, lau kide baino gutxiagoko familia-unitate modalitateetako batean sartutako pertsonak direnean.

c)  Adierazle horren halako hiru, lau kide edo gehiagoz osatutako familiaunitateak direnean.

2.  Hauek dira familia-unitate modalitateak:

a)  Legez banandu gabeko ezkontideek, eta baldin baleude, seme-alaba adingabeek osatutakoa, emantzipatuta daudenak izan ezik.

b)  Aitak edo amak eta seme-alabek eratutakoa, aurreko erregelak aipatutako betekizunak betetzen badituzte.

3.  Hala ere, baliabide ekonomikoak banaka ere zenbatetsiko dira, baldin eta eskatzaileak ziurtatzen badu kontrako familia-interesak daudela laguntza eskatu duen auzi horretan.

4.  Doako laguntza juridikorako eskubidea hauei aitortuko zaie soilik:

norberaren eskubideak edo interesak defendatzeko auzitan ari direnei edo, legezko ordezkaritza bat oinarri dutenean, besteen eskubideak edo interesak defendatzeko auzitan ari direnei. Azken kasu horretan, ordezkatuak bete beharko ditu eskubide hori eskuratzeko betekizunak.

5.  Doako Laguntza Juridikorako eskubidea aitortuko zaie aurreko artikuluaren c) letran aipatutako pertsona juridikoei, nahikoa ondare ez badute eta entitatearen urteko kontabilitate-emaitza ondorio askotariko errenta adierazle publikoa halako hiru baino txikiagoa bada.» Hiru.  Hau izango da 4. artikuluaren testua hemendik aurrera.

«4. artikulua.  Arrazoi ekonomikoengatik baztertzea.

1.  Auzitan jarduteko behar adina baliabiderik ez dutela egiaztatzeko, errentez eta eskatzaileak aitortutako beste ondare-ondasun edo baldintza batzuez gain, benetan zer ekonomia-ahal duen adierazten duten ageriko zantzuak izango dira kontuan. Doako laguntza juridikorako eskubidea ukatuko da, zantzu horiek nabarmen adierazten badute, eskatzailearen aitorpena ezeztatuz, eskatzailearen ekonomia-baliabideak handiagoak direla legeak zehaztutako muga baino.

2.  Eskatzaileak nahiko ondare duen zenbatesteko, kontuan hartuko dira eskatzailearen ohiko etxebizitza ez diren ondasun higiezinen titulartasuna eta higigarrien kapitalaren etekinak.» Lau.Hau izango da 5. artikuluaren testua hemendik aurrera:

«5. artikulua.  Eskubidea aitortzeko salbuespenezko kasuak.

1.  Eskatzailearen familiaren baldintzak, bere ardurapeko seme-alaba edo senide kopurua, tasa judizialak eta prozesua hasteak eragindako beste kostu batzuk edo antzeko kostu batzuk, objektiboki ebaluatutakoak, kontuan hartuta, eta edozelan ere, eskatzailea kategoria bereziko familia ugariko aurreko ahaidea denean, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak salbuespen gisa aitortuko dio eskubidea ebazpen ziodunaren bidez, baldin eta: 3. artikuluan zehaztutako mugak gainditzen baditu ere, pertsonaren baliabideak eta diru-sarrerak handiagoak ez badira ondorio askotariko errenta adierazle publikoa halako bost baino, nahikoa ondare ez duela ere kontuan izanda.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako baldintza beretan, hauei doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu ahal izango zaie, eskatzailearen osasun-baldintzei erreparatuta: desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, diskriminazio-ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1. artikuluaren 2. puntuan adierazitako desgaitasuna duten pertsonei; eta desgaitu bat kargupean duten pertsonei, desgaituaren izenean eta haren intereserako jarduten dutenean. Horretarako, prozedurak zerikusia izan beharko du salbuespenezko aitorpen hori eragiten duten osasun- edo ezintasun-baldintzekin.

Kasu horietan, dagokion Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak erabakiko du 6. artikuluko zer prestazio aplika dakizkiokeen eskatzaileari.» Bost.  Aldatu egiten dira 6. artikuluaren 5. eta 6. puntuak:

«5.  Tasa judizialak eta errekurtsoa aurkezteko beharrezko gordailuak ordaindu beharra ez izatea.

6.  Prozesuan adituen doako laguntza izatea. Laguntza hori organo jurisdikzionaletara atxikitako langile teknikoek edo, haiek ezin badute, herriadministrazioen mendeko organismoek edo zerbitzu teknikoek emango dute.

Salbuespen gisa, eta, dagokion esparruko teknikariak ez izateagatik, organo jurisdikzionalen edo herri-administrazioen mendeko adituek laguntza hori eman ezin dutenean, teknikari pribatuen artean prozedura-legeen arabera izendatutako adituek emango dute, epaileak edo Auzitegiak ebazpen ziodunaren bidez egokitzat jotzen badu.

Epaileak edo auzitegiak honako hau hitzartu dezake ebazpen ziodunaren bidez:

teknikari pribatuek ematea doako aditu-laguntza espezializatu hori, baldin eta laguntza abusuen edo tratu txarren biktimak diren adingabeei edo ezindu psikikoei eman behar bazaie, kasuaren gorabeherak eta adingabearen edo ezinduaren interes gorena kontuan hartuta. Laguntza hori berehala eman ahal izango da.» Sei.  Hau izango da 12. artikuluaren testua hemendik aurrera:

«12. artikulua.  Eskubide eskaera.

1.  Doako laguntza juridikorako eskubidearen eskatzaileak adierazi beharko du 6. artikuluko zer prestazio aitortzea eskatzen duen. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeak berekin ekarriko du, edozelan ere, 6. artikuluaren 5. zenbakiak xedatutako tasak eta gordailuak ez ordaintzea. Aipatu tasetatik eta gordailuetatik salbuesteko soilik egin daiteke eskubidea aitortzeko eskaera.

2.  Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzean 6. artikuluak xedatutako prestazio guztiak edo batzuk aitortu ahal izango dira. Era berean eskatzaileek leku hauetan eskatu beharko du eskubide hori aitortzea: bere eskaera izapidetzeko prozesu nagusiaz arduratu behar den epaitegia edo auzitegia dagoen lekuko abokatuen elkargoan, edo bere bizilekuari dagokion epaitegian. Azken kasu horretan, lurraldearen arabera eskumena duen abokatuen elkargoari helaraziko dio eskaera organo judizialak.

3.  Auzilari bat baino gehiago dagoenean prozesuan, interesdun bakoitzak bere kabuz eskatu beharko du doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea.

4.  Prozedura-legeen arabera, eskatzaileek auzitan defentsa edo ordezkaritza bakarra izan behar badute, eskatzaileen diru-sarrera eta ondare-baliabide guztiak zenbatetsiko dira, eskubidea aitortzeko. Kasu honetan, ziurtatuko balitz eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera eta ondare-baliabideek ez dituztela gainditzen 3. artikuluaren 1. puntuak xedatutako mugak, ofiziozko abokatua, eta hala dagokionean, prokuradorea izendatuko dira, eta auzilari guztien baterako ordezkaritzaz eta defentsaz arduratu beharko dute.

5.  Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak erabaki dezake 6. artikuluak xedatutako zer prestazio emango zaien eskatzaileei, baldin eta egiaztatzen bada eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera eta ondare-baliabideek 3. artikuluaren 1. puntuak xedatutako mugak gainditzen dituztela, baina ondorio askotariko errenta adierazle publikoa halako bost ez direla.» Zazpi.  Hau izango da 16. artikuluaren bigarren lerrokadaren testua hemendik aurrera:

«Epeak igarotzeak izapidetze baten preklusioa gertatzea edo alderdietako bat defentsarik gabe geratzea eragin dezake. Hori ez gertatzeko, eta eskubidea aitortzeko eskaera prozedura-legeek ezarritako epeetan egin bada, idazkari judizialak, ofiziozkoak edo alderdiek eskatutakoak, hauek dekretuz agindu ditzake:

auzia etetea, auzitan dohainik jarduteko eskubidea aitortu ala ukatuko den erabaki arte; edo behin behineko abokatua eta prokuradorea izendatzea, justiziaren onerako ezinbestean parte hartu beharko balute. Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan zenbait tasa arautzen dituen azaroaren 20ko 10/2012 Legearen, 8. artikuluaren 2. puntuak aipatutako zuzentze-epean ere eragina izango du etenaldi horrek.» Zortzi.  Aldatu egiten da zortzigarren xedapen gehigarriaren testua.

«Zortzigarren xedapen gehigarria.  Lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko erreferentziak ordezkatzea.

Lege honetan eta bere garapen-araudian lanbide arteko gutxieneko soldatari egindako erreferentzia guztiak ondorio askotariko errenta-adierazle publikoari egindakotzat ulertuko dira, eta adierazle hori 3. artikuluari jarraiki balioetsiko da.» 3. artikulua.  Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzea.

Bat.  Aldatu egiten da 241. artikuluaren 1. paragrafoaren 7. puntua, eta honela idatzita geratzen da:

«7.  Jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa, derrigorrezkoa denean. Ez da prozesuko kostuetako bat izango ohiko etxebizitza erosteko eratu diren hipotekak betearazteko prozesuetan ordaindutako tasaren zenbatekoa. Halaber, ez da mailegu edo hipoteka-kreditu horien ondoriozko prozesuen kostuetako bat izango, prozesuak alderdi betearaziaren edo abal-emaileen aurkakoak direnean.» 4. artikulua.  Prozedura Kriminalaren 1882ko irailaren 14ko Legea aldatzea.

Aldatu egiten da 367 ter artikuluaren 1. paragrafoa, eta testu hau izango du hemendik aurrera:

«1.  Gauza judizialen suntsipena dekretuz agindu ahal izango da, nahiko lagin utzi ondoren, beharrezkoa edo komenigarria bada atzemandako hatu motengatik edo gauzak biltegiratzeak edo zaintzeak ekar dezakeen arrisku errealarengatik edo arrisku potentzialarengatik. Horretarako, aurretik entzunaldia eman beharko zaie Fiskaltzari eta suntsitu nahi diren gauzen jabeari, ezaguna balitz, edo gauzak atzeman zitzaizkion pertsonari.

Gauza judizialak droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak direnean, instrukzio-epaileari jakinarazi ondoren, substantzia horiek zaintzen dituen administrazio-agintaritzak berehala suntsitu ahal izango ditu, baldin eta agintaritza judizialak ebazpen ziodunaren bidez ez badu agintzen substantzia horiek guztiak gorde egin behar direla, epaileari jakinarazpena egin eta hilabete bateko epean.

Horretarako, aurretik beharrezko txosten analitikoak egin beharko dira eta, zientziairizpideen arabera, geroagoko egiaztapenak edo ikerketak bermatzeko beharrezkoak diren gutxieneko eta ezinbesteko laginak gordeta daudela ziurtatu beharko da. Edonola ere, gordetakoa organo judizial eskudunaren eskura egongo da beti.» Xedapen gehigarri bakarra.  Eskubide pasiboen eta funtzionarioen mutualitateen kuotak 2012ko abenduan.

Salbuespen gisa, 2013ko apirileko eskubide pasiboen eta Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitateari, Indar Armatuen Institutu Sozialari eta Mutualitate Judizialari egindako kotizazioaren hileko kopurua murriztu egingo da. Obligaziodunak kontzeptu horiengatik 2012ko abenduan aparteko ordainsariari dagokion ordaindutako zenbatekoa murriztuko zaio hileko kuota horri. Hilabete horretako soldata-orriaren ordainagirian berariaz eta bananduta jasoko da idatziz zer zenbateko kendu zaion kuotari.

Organo ordaintzaileak, funtzionarioei 2012ko abenduko ordainsariak ordaindu zizkienak, ordaindu egin beharko die 2013ko apirilean zerbitzu aktiboan edo baliokidean diren langile funtzionarioei zenbateko hau: aparteko ordainsariari dagozkion mutualitateen eta eskubide pasiboen kuota gisa funtzionarioek 2012ko abenduan ordaindutako zenbatekoaren baliokidea. Zenbateko hori ordaindu eta hurrengo hilabetean, organo ordaintzaileak kuota horien zenbateko osoa konpentsatuko du, eta horretarako, Altxor Publikoari edo dagokion mutualitateari ordaindu beharreko kuoten zenbatekoa murriztuko du.

Enplegu publikoaren arloan aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. eta 3. artikuluen 6. puntuan aipatutako langile publikoei ez zaie aplikatuko aurreko puntuetan xedatutakoa.

Lehen xedapen iragankorra.  Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea.

Errege lege-dekretu honetako arauak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzean ere aplikatuko dira, zehazki azaroaren 20ko 10/2012ko Legearen arabera sortutako tasa judizialaren ordainketari dagokionez.

Arau honetan xedatutako irizpide eta muga berrien arabera doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zaienek, azaroaren 20ko 10/2010 Legea indarrean jarri zenetik errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den arte, 10/2010 Legearen arabera sortutako tasa gisa ordaindu dituzten zenbatekoak itzuli egin ahal izango dira. Horretarako, lehenik doako justiziarako eskubidea aitortuta izan behar dute, interesdunek eskatuta hasiko den prozedura baten bidez, abenduaren 17ko 58/2003 Legearen, Zergei buruzko Lege Orokorraren, 221. artikuluan xedatutakoari jarraiki. Xede horietarako, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu diola egiaztatu beharko du interesdunak, bai eta azaroaren 20ko 10/2012 Legearen arabera sortutako tasa judiziala ordaindu duela ere.

Bigarren xedapen iragankorra.  Egun administrazio-agintarien zaintzapean dauden droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak.

Prozedura Kriminalaren 1882ko irailaren 14ko Legearen 367 ter artikuluan araututako droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak suntsitzeko erregimena aplikatu ahal izango zaie, errege lege-dekretu honek emandako idazketa kontuan izanda, errege lege-dekretu hau indarrean jartzean administrazio-agintarien zaintzapean dauden substantzia guztiei.

Azken xedapenetako lehena.  Estatuko 2013. urteko aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legea aldatzea.

Bat.  Aldatu egiten da 104. artikuluaren lehenengo paragrafoa:

«Bat.  32 sekzioa, 02 zerbitzua, Autonomia Erkidegoekiko eta Tokiko Erakundeekiko Finantza Koordinaziorako Zuzendaritza Nagusia, 942N programa, 461.01 azalpenean esleitutako kredituen kontura, eta 1988ko abenduaren 1eko Estatu Batuekiko Defentsarako Lankidetza Hitzarmenean ezarritako zerga-onuren aplikazioaren ondorioz, 2013. urtean barkatzekoak diren kuoten konpentsazioa egingo da trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan. Halaber, konpentsazio horretan sartu ahal izango dira zerga horrengatik 2011. eta 2012. urteetako zergaaldiei dagozkien kuotak.

Aurreko paragrafoan aipatutako azalpen guztiengatik konpentsatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, ukitutako udalekin sinatutako hitzarmenak hartuko dira kontuan.» Bi.  Aldatu egiten da hamazazpigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoa:

«2.  Estatuaren 2004. urteko zerga-sarreren kalkuluari dagokionez, 22/2009 Legearen 20. artikuluak ezarritako homogeneizazio-irizpideak erabiliko dira. Hau da, autonomia-erkidegoen 2004. urteko konturako entregaren simulazioa egingo da, 2013. urteari dagozkion lagapen-baldintzetan.2002. urtearen likidazioa kalkulatzeko, autonomia-erkidegoek 2013. urteko lagapen-baldintzetan izandako behin betiko errendimenduen eta lagapen-baldintza horien arabera egindako entregen arteko diferentzia erabiliko da.

Era berean, Lege honetako VII. tituluko I. kapituluan araututako gainerako bilakaera-indizeak zehazteko, abenduaren 18ko 22/2009 Legeko 20. artikuluak xedatutakoa aplikatuko da, eta egokia bada, 2007 oinarri-urtea dagokion urtearekin ordeztuko da.» Hiru.  Aldatu egiten da hirurogeita hamazazpigarren xedapen gehigarriaren lehenengo paragrafoaren laugarren lerrokada:

«Bestalde, lege honetako azken xedapenetako hogeita hamaikagarrenean zehaztutakoaren arabera, aurrezki garbi negatiboa edo aurreko ekitaldian likidatutako sarrera korronteen %75etik gorako zorpetzea duten tokiko erakundeetan, tokiko korporazioek, osoko bilkuren erabakien bidez, finantzasaneamendurako edo zorra gutxitzeko plana onetsi beharko dute, aurrezki garbiaren zeinua aldatzeko edo zorpetze-bolumena zuzentzeko, bost urteko epean, gehienez jota. Zorpetze-mailari dagokionez, ehuneko horren eta Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren —martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen— 53. artikuluak zehaztutako ehunekoaren artekoa bada zorpetze-maila, lehen aipatutako muga horretara arte zuzendu beharko da. Gehiegizko zorpetzeko gainerako kasuetan, zorra murrizteko planak zorraren maila zuzendu beharko du, aipatutako azken aginduan zehaztutako ehunekoa izan dadin, gehienez jota.» Azken xedapenetako bigarrena.  Baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean xedatutako errentamendu-kontratuetan azaroaren 24ko 29/1994 Legea, Hiri-errentamenduei buruzkoa, aplikatzeko erregimen berezia.

1.  Etxebizitzaren errentamendu-kontratutzat joko dira baliabiderik gabeko hipotekazordunak babesteko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean gobernuari egindako aginduaren esparruan sinatutako errentamendu-kontratuak, eta azaroaren 24ko 29/1994 Legea, Hirierrentamenduei buruzkoa, bete beharko dute, 9. eta 18. artikuluetan xedatutakoa izan ezik, jarraian adierazitako berezitasunez.

2.  Errentamendu-kontratu horien iraupena bi urtekoa izango da, eta beste urte batez luzatu ahal izango dira.

3.  Errenta ordaindu gabe uzten denetik sei hilabete igaro ondoren, ordainketa guztiz erregularizatu ez bada, errentatzaileak errentaria etxetik kaleratzen has daiteke. Era berean, kontratuaren iraunaldia igaro ondoren, errentariak etxebizitza libre utziko ez balu, errentatzaileak errentaduna etxetik kaleratzeko prozedura has dezake.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Enpresa txiki eta ertainen likidezia hobetzeko finantza-neurriak eta beste neurri ekonomiko osagarri batzuk ezartzen dituen abenduaren 12ko 10/2008 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Xedapen gehigarri bakarrak testu hau izango du hemendik aurrera:

«1.  Ez dira kontuan hartuko urteko kontuetan aitortutako narriaduragatiko galerak, ibilgetu materialekoak, ondasun higiezinetako inbertsioetakoak eta izakinetakoak badira, Kapital-sozietateei buruzko Legearen testu bateginaren 337. artikuluan –uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen– araututako derrigorrezko kapital murrizketarako zein testu bategin horretako 363.1.e) artikuluan xedatutako desegiterako galerak zehazteko, eta uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 2. artikuluan xedatutako konkurtsoaren helburuko aurrekontua betetzeko.

2.  Aurreko puntuan xedatutakoa 2013. urtean itxiko diren gizarte-ekitaldietan aplikatuko da soilik salbuespen gisa.» Azken xedapenetako laugarrena.  Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatzea.

36. artikuluaren 4. paragrafoari g) letra gehitzen zaio, eta testu hau izango du:

«g)  Ez zaie Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen I. tituluko II. kapituluan xedatutako erregimena aplikatuko Bankuen Berregituraketatik Eratorritako Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak (SAREB) kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean ezarritakoaren babesean erositako aktiboei.» Azken xedapenetako bosgarrena.  Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioak (149.1.5, 6, eta 14. artikuluak) Estatuari justizia-administrazioaren, legeria prozesalaren eta herri-ogasunaren alorretan onartzen dizkion eskumenen babesean ematen da.

Xedapen gehigarri bakarra Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoaren alorrean Estatuari esleitzen dizkion eskumenen babesean ematen da.

Azken xedapenetako bigarrena Konstituzioaren 149.1.8 artikuluak legeria zibilaren alorrean Estatuari esleitzen dizkion eskumenak baliatuz ematen da.

Azken xedapenetako hirugarrena Konstituzioaren 149.1.6 artikuluak merkataritzalegeriaren alorrean Estatuari esleitzen dizkion eskumenen babesean ematen da.

Azken xedapenetako laugarrena Konstituzioaren 149.1.11 artikuluak kredituak antolatzeko oinarrien alorrean Estatuari esleitzen dizkion eskumenen babesean ematen da.

Azken xedapenetako seigarrena.  Erregelamendu bidezko garapena.

1.  Gobernuak, Justiziako eta Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroek batera proposatuta, jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa aplikatzeko behar diren erregelamenduzko xedapen osagarriak emango ditu, errege lege-dekretu honen bidez egindako aldaketak kontuan hartuta.

2.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez, tasaren autolikidaziorako ereduak aldatuko dira, errege lege-dekretu honen bidez egindako aldaketetara egokitzeko.

Azken xedapenetako zazpigarrena.  Indarrean sartzea.

1.  Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

2.  Aurrez adierazitakoa gorabehera, 1. artikuluko laugarren eta seigarren zenbakietan adierazitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteagatik eta jurisdikzio-ahala jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta lanarloko jurisdikzioan erabiltzeagatik pertsona fisikoek eta subjektu pasibo guztiek likidatu beharrekoak dituzten tasei dagokienez, errege lege-dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik eta ordena zibileko, administrazio auzien ordenako eta lan arloko ordenako jurisdikzio-ahalaz baliatzeagatiko tasaren 695 eredua (autolikidazioa) eta 696 eredua (auzia epaiketaz kanpo konpontzeagatiko eta prozesu-metaketagatiko itzultzeko eskaera) onartzen dituen Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren Agindua indarrean sartu arteko aldian, tasak bigarren data horretatik aurrera likidatuko dira, hamabost egun balioduneko epean, eta prozesuak etenda geratuko dira, dauden egoeran. Subjektu pasiboek likidazio hori egin ezean, azaroaren 20ko 10/2012 Legearen 8. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako errekerimendua egingo du idazkari judizialak.

Madrilen emana, 2013ko otsailaren 22an.

JUAN CARLOS E Gobernuko presidentea MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra