Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

16/2015 Legea, uztailaren 7koa, Espainiak Eurojust erakundean duen kide nazionalaren estatutua, jurisdikzio-gatazkak, nazioarteko lankidetzarako sare judizialak eta Justizia Ministerioak atzerrian dituen langileak arautzen dituena

2015-07-07

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/08, 162. zk.

bcl_1667342086.htm

 

I. XEDAPEN OROKORRAK

 

ESTATUKO BURUZAGITZA

7624

16/2015 Legea, uztailaren 7koa, Espainiak Eurojust erakundean duen kide

 

nazionalaren estatutua, jurisdikzio-gatazkak, nazioarteko lankidetzarako sare

 

judizialak eta Justizia Ministerioak atzerrian dituen langileak arautzen dituena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Maiatzaren 26ko 16/2006 Legeak, Eurojusteko kide nazionalaren estatutua eta Europar Batasuneko organo horrekiko harremanak arautzekoak, Espainiako antolamendu juridikoan behar beste egokitzapen egin zituen Kontseiluaren 2002/187/JAI Erabakia, 2002ko otsailaren 28koa, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, eraginkortasunez aplikatu ahal izateko. Aipatutako legeak, halaber, bestelako neurri osagarriak ere gehitu zituen, bereziki Kontseiluaren 2005/671/JAI Erabakian, 2005eko irailaren 20koan, terrorismo-delituen gaineko informazio-trukeari eta lankidetzari buruzkoan, aurreikusitakoak.

Zigor-arloko lankidetza judizialaren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 85. artikuluak agintari nazionalen arteko koordinazioa eta lankidetza lagundu eta indartzeko eginkizuna ematen dio Eurojusti, baldin eta agintari horiek bi estatu kideri edo gehiagori eragiten dien delinkuentzia larria, irizpide arrunten arabera jazarri beharrekoa, ikertu eta jazartzeko ardura badute. Europako Parlamentuari eta Kontseiluari dagokie Eurojust erakundearen egitura, funtzionamendua, jardun-esparrua eta eskumenak arautzeko erregelamenduak ezartzea; hori horrela, 2009/426/JAI Erabakia, 2008ko abenduaren 16koa, inplementatzeko (aipatutako erabakiak Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, aldatu ere egiten du) eta horren edukia Espainiako antolamendu juridikoan gehitzeko behar diren arauak ezarriko ditu lege honek.

Horrez gain, legeak Espainiako antolamendu juridikoan sartzen ditu Kontseiluaren 2009/948/JAI Esparru Erabakian, azaroaren 30ekoan, jasotako aurreikuspenak. Aipatutako esparru-erabakia zigor-arloko prozesuetako jurisdikzioaren arloko gatazkak prebenitu eta ebazteari buruzkoa da. Lege honek agintari nazionalak behartzen ditu Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari jurisdikzio-gatazka egon litekeen kasuak jakinaraztera; horregatik, gaiarekin duen loturagatik, arau egokitzat jotzen da lege hau aipatutako esparru-erabakia antolamendu juridikoan sartzeko. Hartarako, balizko jurisdikzio-gatazka horrek eragindako herrialdeetako agintari eskudunen arteko kontsultaeta erabaki-sistema bat arautzen da.

Halaber, Kontseiluaren 2009/426/JAI Erabakian, 2008ko abenduaren 16koan –Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekoan– jasotako aldaketek koordinazio nazionaleko sistema berritzailea ezarriz funtsezko hainbat alderdiri eragiten diete –besteak beste, kide nazionalaren estatutuari, Eurojusteko Espainiako ordezkaritzaren osaerari, kide nazionalaren eskumenei edo Espainiaren Eurojusteko ordezkarien eta agintari nazional eskudunen arteko harremanari–. Horregatik, lege berri bat eman beharra dago aipatutako aldaketok biltzeko eta nazioarteko lankidetza judizialaren egoera berrira egokitzeko. Era

horretan, 16/2006 Legean, maiatzaren 26koan, Eurojusteko kide nazionalaren estatutua eta Europar Batasuneko organo horrekiko harremanak arautzekoan, jasotako araudia gaindituko da.

Legearen berritasun nagusien artean, lehenik eta behin, eta Espainiaren Eurojusteko ordezkaritzari dagokionez, nabarmendu behar dugu ordezkaritza horrek gutxienez kide nazional bat, kide nazional ordezko bat eta laguntzaile bat eduki beharko dituela. Kontseiluaren 2002/187/JAI Erabakiak, otsailaren 28koak, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duenak, berriz, kide nazional bat egotea baino ez zuen nahitaezkotzat jotzen. Horrela bada, kide nazional ordezkoaren figura berria arautzen du; Hagan izango du egoitza eta kide nazionala ordezteko ahalmen osoa izango du. Halaber, nahitaezkoa izango da laguntzaile bat izendatzea; horrek Eurojusten edo Madrilen izan ahalko du lantokia. Kide nazionalaren estatutuari dagokionez, berritasunetan, haren izendapenaren iraupena dago –lau urtekoa–, bai eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari kargugabetzearen arrazoiak jakinarazi beharra ere.

Bigarrenik, koordinazio nazionalaren sistema da berritasun handiena Kontseiluaren 2009/426/JAI Erabakian, 2008ko abenduaren 16koan, Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/ JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekoan. Europako araudiaren transposizio egokia egiteko koordinazio nazionaleko sistema bat diseinatu eta arautu beharra dago. Espainiaren Eurojusteko ordezkaritzaren eta agintari nazional eskudunen artean trukatu beharreko informazio guztia azkar, eraginkortasunez eta segurtasunarekin egitea bermatu behar du sistema horrek. Hori dela eta, koordinazio nazionaleko sistemaren osaera zein jarduteko araubidea arautzeaz gain, Eurojusteko korrespontsal nazionalen eta koordinatzaile nazionalaren eginkizunak ere arautzen dira. Koordinatzaile hori sistemaren azken arduraduna izango da, orobat. Europako araudia betez, Espainiaren Eurojusteko ordezkaritzarekin komunikaziokanalak errazteko beharrezkoa den mekanismoa da Eurojusteko koordinazio nazionalaren sistema, Espainiako agintari eskudunek eta Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak elkarrekin zuzenean komunikatzeko aukera baztertu gabe betiere. Horren ondorioz, aurreko eredua aldatu beharra dago, erabakiaren araudira zein nazioarteko lankidetza judizialaren oraingo egoerara egokitzeko; batetik, horretan parte hartzen duten eragileen arteko koordinazioa hobetzeko, eta bestetik, Eurojust erakundearen edo Europako Sare Judizialaren laguntzarekin jorratu beharreko kasuak zehazten laguntzeko, bai eta kide nazionalari laguntzeko lankidetza judizialeko eskaerak betearazteko eskumena duten agintariak identifikatzen zein Europoleko unitate nazionalarekin harreman estuak edukitzen ere, hori guztia kasuak kudeatzeko sistemak agintari eskudunen aldetik informazio fidagarria jasotzen duela eraginkortasunez bermatzearren.

Legeak ezartzen duenaren arabera, Espainiako Eurojusteko ordezkaritzako kideek Eurojusti laguntzeko betebeharra dute, Eurojustek, elkargo gisa, dituen eskakizunetan. Ildo horretatik, ahalmena ematen die kide nazionalari, kide nazional ordezkoari eta laguntzaileari zuzenean komunikatzeko agintari nazional eskudunarekin –kasuen arabera– edo koordinatzaile nazionalarekin.

Horrez gain, betebeharrak betetzeko epeak ere arautzen ditu legeak; hartara, hamar eguneko epea ezartzen du agintari nazionalek erantzun diezaieten Espainiaren Eurojusteko kide nazional batek eginiko jarduketa-eskaerei, eta gehienez hilabeteko epea informazioa Eurojusti igor diezaioten, lege honen arabera informatzeko betebeharra sortzen duten baldintzak betetzen direla dakitenetik aurrera zenbatuta.

Egungo jardunean hainbat bikoiztasun sortu dira eta, batez ere, ez da aurrerapen nabarmenik egon laguntza aktiboaren eskaerei erantzuteko orduan, are gehiago Eurojusteko estatistiketan Espainia eskaera jaso duen estatu gisa zenbat aldiz agertzen den aintzat hartuta. Horregatik, Europako arauaren xedapenekin hertsiki bat etorriz, legeak honako alderdi hauek arautzen ditu: Eurojusti informazioa helarazteko bidea, informazio hori bidaltzea zein kasutan den nahitaezkoa, betebehar horren salbuespenak eta gauzatzeko epea, bai eta koordinazio nazionaleko sistemako kideek kasuak kudeatzeko sistemara jotzeari buruzko alderdi instrumentalak ere. Funtsean, Eurojusti informazioa

helarazteko modua hobetzea da helburua, eraginkortasun operatiboa areagotzeko, eta horretarako agintari nazionalen betebehar argi eta zehatzak finkatuz.

Azkenik, kide nazionalaren eskumenei dagokienez, berritasun esanguratsua ere badago. Kontseiluaren 2009/426/JAI Erabakiak, 2008ko abenduaren 16koak, Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekoak, Eurojusten operatibitatean sakontzea du helburuetako bat, hain zuzen, eta, ahal den neurrian, kide nazional ezberdinen estatusa elkarrengana hurbiltzea, haien ahalmen eta eskumenei dagokienez gutxieneko ezaugarri komunak bermatzeko. Horri jarraikiz, eta Erkidegoko arauaren agindua jasota, legeak zehatz definitzen ditu kide nazionalaren eskumenak. Bi bereizten ditu, batetik, zuzenean erabil ditzakeenak eta, bestetik, praktikan eta izaera jurisdikzionala edukitzeagatik, agintari nazional eskudunek, kide nazionalak proposatuta, gauzatuko dituztenak. Eskumenen bereizketa hori Erabakian bertan aurreikusita dago, erabateko eskumenak ematea ordena konstituzional edo justizia-sistema penal nazionalaren aurkakoa den kasuetarako, hain zuzen.

Kontseiluaren 2008/976/JAI Erabakiak, 2008ko abenduaren 16koak, Europako Sare Judizialari buruzkoak, aginduta bere aurreikuspenetara egokitu behar da 16/2006 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotako sare judizialen erregulazioa, estatu kideen arteko lankidetza judiziala indartzeko eta Europako Sare Judizialeko eta Eurojusteko harremanetarako puntuek zuzeneko eta eraginkortasun handiagoko komunikazioa izan dezaten. Nazioarteko lankidetza judizialeko sareen harremanetarako puntu izendatzeko zer baldintza dauden zehazten du legeak, baita horien eginkizunak ere; besteak beste, harremanetarako puntu gisa duten jarduerari buruzko estatistikak urtero egitea eta mendeko diren erakundeari bidaltzea, era horretan sareek Espainian zer funtzionamendu duten era argi eta dokumentatu batean ikusi ahal izateko. Legeak, gainera, Europako Sare Judizialaren koordinatzaile nazionala eta Ikertzeko Baterako Taldeen Sareko koordinatzaile nazionala berariaz arautzen ditu; dagozkien sareen idazkaritzarekiko solaskide izango dira, eta estatistika nazionalak bildu eta aipatutako idazkaritza horiei igortzeko ardura izango dute. Halaber, Europako Sare Judizialerako tresnen korrespontsala ere arautzen du. Europako Sare Judizialaren barruan zabaldu beharreko informazioa eman eta eguneratu beharko du horrek.

Legearen kapitulu batean, berriz, Justizia Ministerioaren mendeko atzerriko langileen araudia ere jasota dago, orain arte horrelakorik ez baitzegoen edo sakabanatuta baitzegoen. Justizia Ministerioaren mendeko atzerriko langileen plazak ugaritu dira, baita horien profilen aniztasuna ere; hori dela eta, komeni da berariaz arautzea loturamagistratuen, lankidetza juridikoko aholkularien edo justiziako aholkularien plazen sorrera. Aipatutako langileei atzerrian aplikatu beharreko araubide juridikoa zehazteko erregelamenduzko garapenaren berariazko gaikuntza jasotzen du legeak. Plazak sortu zein kentzeak, baita atzerriko langileei aplikatu beharreko araubide juridikoak ere, 2/2014 Legean, martxoaren 25ekoan, Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzkoan, xedatutakoa jarraitu behar dutela zehazten da.

Azken batean, 16/2006 Legearen, maiatzaren 26koaren, Eurojusteko kide nazionalaren estatutua eta Europar Batasuneko organo horrekiko harremanak arautzekoaren, (orain indargabetzen da hori) orientazioa jarraitzen du legeak oro har, eta Eurojusten, nazioarteko lankidetza judizialeko sareen eta Justizia Ministerioaren mendeko atzerriko langileen arauak Europako araudira eta nazioarteko lankidetza judizialaren oraingo errealitatera egokitzen ditu. Horretarako, agintari nazional eskudunen aniztasuna eta Eurojusten zein agintari nazional horien artean informazioa trukatzeko kanala modu argi eta homogeneoan zehaztu beharra hartzen dira kontuan, dena delako informazio hori sistema antolatu baten bidez eta segurtasun-berme osoz helarazi ahal izateko. Azkenik, behar beste arau erregulatzen dira saihesteko estatu kide ezberdinetan pertsona berari prozesu penal bat baino gehiago hastea gertaera berengatik.

I. KAPITULUA

Eurojusteko kide nazionalaren, kide nazional ordezkoaren eta laguntzailearen

estatutua

1. artikulua. Espainiaren kide nazionala Eurojusten.

Kide nazionala Espainiaren ordezkaria eta Espainiaren Eurojusteko ordezkaritzaren burua izango da. Europar Batasuneko zuzenbideak esleitzen dizkion eskumenak erabiliko ditu, lege honetan aurreikusitakoaren arabera, eta Eurojusten egoitzan izango du ohiko lantokia.

2. artikulua. Izendatzea.

1.Ministroen Kontseiluaren Errege Dekretu bidez izendatuko da Espainiaren Eurojusteko kide nazionala, Justiziako ministroak proposatuta. Karreran gutxienez hamabost urteko zerbitzua eman duten magistratu edo fiskalen artean hautatuko dute; jurisdikzio penaleko esperientzia egiaztatua zein nazioarteko lankidetza juridikoaren arloko ezagutzak izango ditu, eta ingelesa jakin beharko du.

2.Justizia Ministerioak erabakitako deialdi publikoaren bidez hautatuko da kide nazionala. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak zabalduko dute deialdi hori karrera judizial eta fiskaletan. Justiziako ministroak hautatutako izangaiaren izena jakinaraziko dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari edo Estatuko Fiskaltza Nagusiari –hautagaia zer karreratatik datorren– txosten baten bitartez karrerako antzinatasuna, jurisdikzio penaleko esperientzia, lankidetza juridikoaren arloko ezagutzak edo bete beharreko posturako garrantzitsuak diren bestelakoak egiazta ditzan; gehienez hamar eguneko epea izango du horretarako.

3.Justizia Ministerioak izendapena eta horren iraupena jakinaraziko dizkie Eurojusti eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari, organo eskudunaren bitartez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 10. artikuluan xedatutakoa betez.

3. artikulua. Agintaldiaren iraupena eta bateraezintasunak.

1.Espainiaren Eurojusteko kide nazionala lau urterako izendatuko da, eta iraupen bereko bigarren aldi batez baino ezin izango da luzatu izendapen hori. Ordezko edo laguntzaile gisa emandako denbora ez da kontuan hartuko.

Kide nazionala Eurojusteko presidente edo presidenteorde hautatuz gero, kide nazionaleko agintaldia hautatutako agintaldi hori amaitzen den arte luzatuko da.

2.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari datorren karrerako kideentzat aurreikusitako bateraezintasunen eta abstentzioaren araubidea aplikatuko zaio.

4. artikulua. Kargua uztea.

1.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak eginkizunak utziko ditu kasu hauetan:

a) Izendapenaren epea amaitzeagatik.

b) Uko egiteagatik.

c) Karrera judizial edo fiskaletik, nondik datorren, kanporatu izanagatik.

d) Erretiro edo ezgaitasunagatik.

e) Ministroen Kontseiluaren erabaki arrazoituagatik.

Justiziako ministroak Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari jakinaraziko dizkio kargua uztearen arrazoiak, betiere e) letran zehaztutako kausagatik kargua utzi baino lehen.

2.Ministroen Kontseiluaren Errege Dekretu bidez erabakiko da kargu-uztea, Justiziako ministroak proposatuta.

3.Justizia Ministerioak kargu-uzte hori jakinaraziko die Eurojusti eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari, organo eskudunaren bitartez, Herri Administrazioen Araubide

Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 10. artikuluan xedatutakoa betez.

4.Kargu-uztea izendapenaren epea amaitu delako izan bada, kide nazionalak bere eginkizunekin jarraituko du harik eta izendatutako kide berria karguaz jabetzen den arte.

5. artikulua. Jardueren memoria.

1.Kide nazionalak garatutako jarduerei buruzko txostena bidaliko die urtero Justiziako ministroari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteari eta Estatuko Fiskal Nagusiari. Gobernuak, Justiziako ministroak proposatuta, txosten horren kopia bidaliko die Diputatuen Kongresuari eta Senatuari.

2.Kide nazionalari dei egin ahal izango diote urteko txostenari zein egindako jarduerari buruzko informazioa eman dezan Gorte Nagusietako Europar Batasunaren Batzorde Mistoan eta, hala badagokio, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Justiziako eta Barne Arazoetarako batzordeetan.

6. artikulua. Kide nazional ordezkoa.

1.Ministroen Kontseiluak, Errege Dekretu bidez eta Justiziako ministroak proposatuta, kide nazional ordezko bat izendatuko du. Eurojusten egoitzan izango du lantokia eta kide nazionala ordeztuko du. Haren izenean eskuordetze bidez ere jardun ahal izango du.

2.Kide nazional ordezkoaren eginkizunak Eurojust arautzen duen Europar Batasuneko zuzenbidean aurreikusitakoak izango dira, Lege honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Kide nazionalari ohiko eginkizunetan lagunduko dio eta ordeztu egingo du ez dagoenean, gaixorik edo oporretan dagoenean edo abstentzioa eman behar duenean. Kide nazional gisa jarduten duen kide nazional ordezkoak legeak kide nazionalari aitortutako ahalmen berak izango ditu.

3.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalarentzat xedatutakoaren arabera arautuko dira izendapenari, kargu-uzteari eta administrazio-egoerari buruzko alderdiak eta Eurojust Unitateari jakinarazteko araubideari buruzko gainerako alderdiak.

7. artikulua. Kide nazionalaren laguntzaileak.

1.Ministroen Kontseiluak, Errege Dekretu bidez eta Justiziako ministroak proposatuta, Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren laguntzaile bat, gutxienez, izendatuko du. Laguntzaile horrek Eurojusten egoitzan edo Madrilen izan ahalko du lantokia. Izendatzeko Errege Dekretuak laguntzailearen lantokia zehaztuko du.

Baldin eta laguntzaileak lantokia Madrilen badu, egoitza Estatuko Fiskaltza Nagusian, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian edo Justizia Ministerioan izango du, zer karreratatik datorren.

Laguntzaile bat baino gehiago izendatuz gero, beharrezkoa denean eta Elkargoak baimenduta baino ezin izango dute lantokia Eurojusten egoitzan eduki.

2.Deialdi publikoaren bitartez egingo da izendapena magistratu, fiskal edo idazkari judizialen artean; horrelakoek karrerako hamar urteko zerbitzua, jurisdikzio penalaren arloko esperientzia egiaztatua eta nazioarteko lankidetza juridikoaren arloko ezagutzak eduki beharko dituzte, eta ingelesa ere jakin beharko dute. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak edo Justizia Administrazioaren Idazkaritza Nagusiak –Justiziako ministroak hautatutako izangaia zer karreratatik datorren– gehienez hamar eguneko epea izango dute, eskaera egiten zaienetik, txosten baten bidez haren karrerako antzinatasuna, jurisdikzio penalaren arloko esperientzia eta lankidetza juridikoaren arloko ezagutzak egiaztatzeko.

3.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalarentzat xedatutakoaren arabera zuzenduko dira laguntzaileen administrazio-egoera, atxikipen organikoa, izendapenaren iraupena, kargu-uztea eta Eurojust Unitateari jakinarazteko araubidea.

4.Laguntzaileek ohiko eginkizunetan lagunduko diote kide nazionalari, baina ordezteko ahalmenik gabe.

8. artikulua. Administrazio-egoera eta mendekotasun organikoa.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legean eta Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzen duen abenduaren 30eko 50/1981 Legean xedatutakoaren arabera dagokien administrazio-egoerara igaroko dira Espainiaren Eurojusteko kide nazionala, kide nazional ordezkoa eta laguntzaileak, eta organikoki Justizia Ministerioaren mende geldituko dira.

II. KAPITULUA

Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren aginpideak

9. artikulua. Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren aginpideak.

1.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak ahalmena izango du informazio osagarria jaso, helarazi, eskaini, bideratu eta emateko lankidetza judizialaren arloan agintari nazional eskudunek igorritako eskaeren eta ebazpenen gauzapenari dagokionez, baita elkarrekiko errekonozimenduko tresnei dagokienez ere. Zenbaki honetan jasotako eskumenak erabiltzean, agintari nazional eskudunari horren berri emango zaio ahalik eta azkarren.

2.Lankidetza judizialaren eskaera bat partzialki edo modu desegokian gauzatuz gero, kide nazionalak neurri osagarriak agintzeko eskatu ahal izango dio agintari nazional eskudunari, eskaera behar bezala gauzatu ahal izateko.

3.Europar Batasuneko beste estatu batzuetako agintari eskudunek Eurojusten bitartez eginiko laguntza judizialaren eskaerak jaso eta helaraziko ditu Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak. Premiazkoa izanez gero, Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak Europar Batasuneko beste estatu bateko agintariengandik zuzenean jaso ahal izango ditu laguntza judizialaren eskaerak, eta horiek berehala helarazi beharko dizkie agintari nazional eskudunei.

4.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren ahalmen horiek bat etorriko dira indarrean dauden hitzarmen eta akordioetan laguntza judizialaren eskaerak eta ebazpenak, elkarrekiko errekonozimenduko tresnak barne, jaso eta helarazteko agintari nazional eskudunak izendatzeari buruz aurreikusitakoarekin.

5.Lege honek emandako eginkizunen barruan kide nazionalak hirugarren estatuekin kanpoko harremanak hasten baditu, beti jardungo du Europar Batasuneko zuzenbideak eta nazioarteko lankidetza juridikoaren tresna eta hitzarmenek ezarritako bideak errespetatuta edo, hala badagokio, elkarrekikotasun-irizpideei jarraikiz, horrelakoak aplikagarri direnean.

6.Laguntza judizialaren eskaerekin lotuta, kide nazionalak akatsak zuzendu, eskaera agintari eskudunen artean banatu eta beste edozein aldaketa egin ahal izango du, betiere horrelakoak beharrezko badira azkar eta zuzen izapidetzeko.

7.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak Europako Sare Judizialeko harremanetarako puntu guztiei jakinaraziko dizkie bere iritziz aipatutako sareak hobeto tratatu ditzakeen kasu guztiak.

10. artikulua. Kide nazionalak proposatuta agintari nazional eskudunek erabilitako eskumenak.

1.Kasuan-kasuan dauden inguruabar bereziak direla-eta egoki iritziz gero, kide nazionalak honako eskumen hauek baliatzea proposatu ahal izango die agintari nazional eskudunei:

a) Lankidetza judizialaren eskaerak eta erabakiak egin eta osatzea, elkarrekiko errekonozimenduko tresnak barne.

b) Espainiako lurraldean lankidetza judizialaren eskaerak eta erabakiak gauzatzea, elkarrekiko errekonozimenduko tresnak barne.

c) Ikerketa jakin batean interesatuta dauden agintari nazional eskudunei laguntza emateko Eurojustek antolatutako koordinazio-bilera batean beharrezkotzat jotzen diren ikerketa-neurriak agintzea Espainiako lurraldean.

d) Espainiako lurraldean zaintzapeko entregatzeak baimendu eta koordinatzea.

2.Agintari nazional eskudunarentzat ez da loteslea izango 1. zenbakian aipatutako proposamena.

11. artikulua. Kide nazionalak baterako ikerketa-taldeetan parte hartzea.

1.Kide nazionalak parte hartu ahal izango du Espainiako agintariak kide diren baterako ikerketa-taldeetan, baita horrelakoen sorreran ere, betiere baterako ikerketataldea eratzeko eskuduna den agintari nazionalak berariaz onartzen badu.

2.Nolanahi ere, Espainiak interesa duen eta erkidegoaren finantzaketa aurreikusita duten baterako ikerketa-talde guztietan Eurojusten izenean parte hartzera gonbidatuko dituzte kide nazionala, kide nazional ordezkoa eta laguntzaileak.

12. artikulua. Kide nazionalak informaziora jotzea eta kide nazionalarekin informazioa trukatzea.

Eurojusteko kide nazionalak, eskumenak baliatzeko, hau egin ahal izango du:

a) Aurrekari penalen erregistro zentralean eta gainerako erregistro publikoetan sartu,

epaile eta auzitegientzat zein Fiskaltzako kideentzat aurreikusitako baldintza berberetan.

b) Puntu neutro judizialean sartu.

c) Segurtasun Indar eta Kidegoetatik edo Aduana Zaintzako Zuzendaritza Ondokotik eginkizunak gauzatzeko behar den informazio oro bildu, epaile eta auzitegientzat zein Fiskaltzako kideentzat aurreikusitako baldintza berberetan.

d) Erkidegoko araudian aurreikusitako kasuetan Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF) informazioa jaso Espainiako agintari eskudun modura.

e) Schengengo Informazio Sisteman sartu, Schengengo Akordioa, 1985eko ekainaren 14koa, aplikatzeko 1990eko ekainaren 19ko hitzarmenean edo hura aldatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, bai eta Europar Batasuneko beste informaziosistema batzuetan ere, berariazko xedapenekin bat etorriz.

f) Europako Sare Judizialak bildutako informazio zentralizatuan sartu.

13. artikulua. Lanerako aldi baterako fitxategien eta indizearen funtzionamendua.

1.Kide nazionalak lanerako aldi baterako fitxategi bat irekiko du informazioa helarazten dioten kasu bakoitzerako, betiere informazioa lege honekin eta honako xedapen hauekin bat etorriz eman badiote: Kontseiluaren 2009/426/JAI Erabakia, 2008ko abenduaren 16koa, Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/JAI Erabakia, Eurojust delinkuentziamodu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekoa, edo Kontseiluaren 2005/671/JAI, 2005eko irailaren 20koa, terrorismo-delituen gaineko informazio-trukeari eta lankidetzari buruzkoa. Ireki dituen lanerako aldi baterako fitxategien kudeaketaren erantzule izango da kide nazionala.

2.Lanerako aldi baterako fitxategi bat irekitzen duenean eta kasu partikular bakoitza kontuan hartuta, kide nazionalak erabakiko du fitxategi horren gaineko murrizketari eusten dion edo horretan edo horren zati batzuetan sartzeko aukera ematen dien, Eurojustek bere zereginak gauza ditzan, gainontzeko kide nazionalei edo Eurojusteko langile baimenduei.

3.Lanerako aldi baterako fitxategi bat irekitzen duenean, kide nazionalak erabakiko du indizean fitxategiari buruzko zer informazio sartuko den.

4.Kide nazionalak fitxategi horretan sartzea baimendu beharko dio datuak babesteaz arduratzen denari, eta datu pertsonalekin irekitzen duen lanerako aldi baterako fitxategi berri bakoitzaren berri emango dio, halaber.

14. artikulua. Datuak babestea.

1.Eurojusteko kide nazionalari emandako aginpideak gauzatuz datu pertsonalak helarazteko orduan, dena delako fitxategiaren izaeraren arabera aplikatu beharreko araudia bete beharko da.

2.Eurojusteko kide nazionalak izaera pertsonaleko datuetarako sarbidea izango du, epaile eta auzitegiek zein Fiskaltzako kideek duten baldintza berberetan.

3.Kide nazionalak, ordezkoak eta laguntzaileek zein 18.1 artikuluan jasotako pertsonek helburuak betetzeko baino ezin izango dituzte eskuratu Eurojusten esku dauden datu pertsonalak, betiere Lege honetan ezarritako mugen barruan. Hartarako, baina, kasuak kudeatzeko sistemara lotuta egon beharko dira, 20.2 artikuluarekin bat etorriz.

III. KAPITULUA

Eurojusteko korrespontsal nazionalak eta koordinazio nazionaleko sistema

15. artikulua. Eurojusteko korrespontsal nazionalak.

1.Justiziako ministroak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak edo Estatuko Fiskaltza Nagusiak baimendu ondoren, hautatutako pertsona zer kidegotatik datorren, Eurojusteko korrespontsal nazional bat edo batzuk izendatuko ditu, agindu bidez, magistratuen edo fiskalen artean.

Nolanahi ere, terrorismo-gaietarako korrespontsal nazional bat izendatuko da, aurreko paragrafoan azaldutako prozedurari jarraikiz betiere, Auzitegi Nazionalean zerbitzuak ematen dituzten magistratuen edo fiskalen artean.

2.Izendapen horiek lau urterako izango dira, berritu ahal izango dira, eta organo eskudunaren bitartez Eurojust Unitateari jakinaraziko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 10. artikuluan xedatutakoa betez.

3.Eurojusteko korrespontsal nazional izendatzeak ez du izendatuaren administrazioegoera aldatuko, eta ez du ekarriko ordura arte zuen lanpostua edo destinoa aldatzea ere.

4.Eurojusteko korrespontsal bakarra izendatu badute, Lege honetan aurreikusitako koordinatzaile nazionaleko eginkizunak hartuko ditu horrek bere gain. Korrespontsal nazional bat baino gehiago izendatzen badituzte, berriz, Justiziako ministroak horietatik koordinatzaile nazional nor izango den erabakiko du agindu bidez.

5.Korrespontsal nazionalek, izendatzen dituztenetik, Europako Sare Judizialeko harremanetarako puntuaren izaera hartuko dute, eta hori galdu egingo dute kargua uzten dutenean.

16. artikulua. Eurojusteko korrespontsal nazionalen eginkizunak.

1.Kide nazionalak horrela eskatzen duenean, beren eginkizunen barruan egindako eskaerak helarazi beharko dizkiete organo judizialei edo Fiskaltzako organoei Eurojusteko korrespontsal nazionalek. Horrez gain, kide nazionalari behar besteko laguntza teknikoa ere emango diote zeregin horiek gauzatzeko.

2.Korrespontsal nazionalek behar den laguntza emango diete agintari nazional eskudunei Eurojustekiko harremanetan.

3.Kide nazionalaren eta korrespontsal nazionalen arteko harremanek ez dituzte alde batera uzten kide nazionalaren eta agintari nazional eskudunen arteko zuzeneko harremanak.

17. artikulua. Terrorismo-gaietarako korrespontsal nazionalaren eginkizunak.

Terrorismo-gaietarako korrespontsal nazionalak Europar Batasunaren zuzenbidean aurreikusitako eginkizunak gauzatuko ditu. Hartarako, Eurojustek terrorismo-delituen arloko edozein ikerketa edo prozedura judiziali buruz helarazten duen informaziorako sarbidea izango du korrespontsalak, eta gutxienez hauetarako sarbidea:

a) Ikerketa horien eraginpeko pertsonen edo erakundeen identifikazioa.

b) Ikertu edo epaitutako ekintzak eta horien berariazko inguruabarrak.

c) Terrorismo-delituetako bestelako kasuekiko harremana.

d) Nazioarteko lankidetza juridikoaren arloarekin lotuta gauzatu dituzten jarduketak, halakorik badago, baita horien emaitza ere.

18. artikulua. Eurojusteko koordinazio nazionaleko sistema.

1. Hauek osatuko dute Eurojusteko koordinazio nazionaleko sistema:

a) Eurojusteko koordinatzaile nazionalak eta, hala badagokio, Eurojusteko korrespontsal nazionalek.

b) Terrorismo-gaietarako korrespontsal nazionalak.

c) Europako Sare Judizialeko koordinatzaile nazionalak eta Europako Sare Judizialeko harremanetarako bi puntuk (koordinatzaile nazionalaren eginkizunak betetzen ez dituzten gainerako erakundeetako bana) .

d) Harremanetarako puntu batek; baterako ikerketa-taldeen sare bakoitzak eta honako erabaki hauekin bat etorriz ezarritako sareek izendatuta: Kontseiluaren 2002/494/ JAI Erabakia, 2002ko ekainaren 13koa, genozidioaren, gizateriaren aurkako krimenen eta gerra-krimenen erantzuleekin lotuta harremanetarako puntuen Europako sarea sortzeari buruzkoa; Kontseiluaren 2007/845/JAI Erabakia, 2007ko abenduaren 6koa, delitu-produktuak edo delituarekin lotutako bestelako ondasunak jarraitu eta identifikatzearen esparruan estatu kideetako aktiboak berreskuratzeko organismoen arteko lankidetzari buruzkoa, eta Kontseiluaren 2008/852/JAI Erabakia, 2008ko urriaren 24koa, ustelkeriaren aurkako harremanetarako puntuen sareari buruzkoa.

e) Dauden lankidetzako gainerako sareen harremanetarako puntu batek.

2.Justizia Ministerioak beharrezko diren bitartekoak emango ditu Eurojusteko koordinazio nazionalaren sistemaren jarduera bermatzeko.

3.Koordinazio nazionaleko sistemako kideak sei hilabetean behin, gutxienez, bilduko dira eta, edozelan ere, kasu zehatz baten kudeaketak hala eskatzen duenean, koordinatzaile nazionalak deialdia egin ondoren. Kide nazionalak deialdien berri jasoko du eta bileretara joan ahal izango da komeni dela jotzen duenean. Osoko bilkurez gain, bilera sektorialak ere deitu ahal izango dituzte landu beharreko gaiek ez badiete eragiten sisteman ordezkatuta dauden sare guztiei.

4.Jorratu beharreko gaiaren arabera beharrezkotzat jotzen bada, Europoleko unitate nazionalari eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen edo Aduana Zaintzako Zuzendaritza Ondokoaren ordezkariei deitu ahal izango die koordinatzaile nazionalak.

5.Koordinazio nazionalaren sistemaren jarduerak ez du ordeztu ezta oztopatuko ere nazioarteko lankidetza juridikorako tresnetan aurreikusitako agintari eskudunen arteko zuzeneko harremana, eta ez ditu alde batera utziko kide nazionalaren eta agintari nazional eskudunen arteko zuzeneko harremanak ere.

19. artikulua. Eurojusteko koordinatzaile nazionalaren eginkizunak.

1.Eurojusteko koordinazio nazionalaren sistemaren jardueraren erantzule izango da koordinatzaile nazionala, eta halakotzat bere ekimenez edo kide nazionalak edo agintari nazional eskudunek eskatuta jardun ahal izango du.

2.Koordinatzaile nazionalak, Espainiako lurraldearen barruan, Eurojusten zereginak aurrera eramaten lagunduko du eta, zehazki, hau egingo du:

a) Kasuen kudeaketa-sistemak eskatutako informazioa modu eraginkor eta fidagarrian jasotzea bermatuko du.

b) Eurojustek edo Europako Sare Judizialak zer kasu tratatu behar dituen erabakitzen lagunduko du.

c) Lankidetza judizialaren eskaerak eta erabakiak, elkarrekiko errekonozimenduko tresnei dagozkienak barne, identifikatzen lagunduko dio kide nazionalari.

d) Europoleko unitate nazionalekin harreman estuak izango ditu.

3.Koordinatzaile nazionala kasuak kudeatzeko sistemara konektaturik egon beharko da eginkizunak gauzatzeko, 20. artikuluan ezarritakoaren arabera betiere.

20. artikulua. Kasuak kudeatzeko sistemarako sarbidea maila nazionalean.

1.18.1 artikuluaren a) , b) , c) , d) eta e) letretan aipatutako pertsonek, kasuak kudeatzeko sistemara konektaturik daudenean, hauetara baino ezin izango dute jo:

a) Indizera, datua sartu duen kide nazionalak berariaz ukatu ezean.

b) Espainiako kide nazionalak ireki edo kudeatutako lanerako aldi baterako fitxategietara.

c) Beste estatu kide batzuetako kide nazionalek ireki edo kudeatutako lanerako aldi baterako fitxategietara, Espainiako kide nazionalak horietarako sarbidea jaso badu, eta betiere dena delako fitxategia ireki edo kudeatzen duen kide nazionalak sarbidea berariaz ukatu ez badu.

2.Kide nazionalak, aurreko paragrafoetan ezarritako murrizketen barruan, lanerako aldi baterako fitxategietarako zer-nolako sarbide ematen duen erabakiko du.

3.Justizia Ministerioak, kide nazionalari kontsulta eginda, indizerako sarbidea norainokoa den erabakiko du, eta erabaki hori Eurojusti zein Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari jakinaraziko die. Nolanahi ere, 1. zenbakian aipatutako pertsonek gutxienez indizerako sarbidea eduki beharko dute, baldin eta hori beharrezkoa bada sartzeko baimena eman dieten lanerako aldi baterako fitxategietara jo ahal izateko.

IV. KAPITULUA

Eurojusten eta Espainiako agintarien arteko harremanak

21. artikulua. Laguntzeko betebeharra

1.Epaile eta auzitegiek, Fiskaltzako kideek eta pertsona zein erakunde publiko guztiek nahitaez eman behar dute laguntza Eurojustek elkargo gisa edo Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren, kide nazional ordezkoaren edo laguntzailearen bidez eskatzen badu, bai eta korrespontsal nazionalek eskatzen badute ere, nork bere eskumenen barruan eta legeetan xedatutakoaren arabera.

2.Beharrezko laguntza hori emateari uko egiteak, halakorik badago, diziplinaerantzukizuna ekarriko du, eta hartarako, kide nazionalak gertaerak jakinarazi ahal izango dizkie Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren edo Estatuko Fiskaltza Nagusiaren organo eskudunei, kasuen arabera.

22. artikulua. Jarduketak hastea Eurojustek eskatuta.

1.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak, kide nazional ordezkoak edo laguntzaileak zuzeneko komunikazioa izango du koordinatzaile nazionalarekin edo, nor bere eskumenen esparruaren barruan, gaiaz arduratzen den agintari nazional eskudunarekin. Estatuko Fiskaltza Nagusia eskaerak jasotzeko eskuduna izango da ikerketa baten hasierari buruzkoak badira edo gertaera jakin batzuen gaineko jarduketa penal bat bada, edota estatu kide bateko agintariek gertaera jakin batzuei buruzko ikerketa bat edo jarduketa judizial batzuk egiteko baldintza hobeak dituztela aitortzeari buruzkoak badira eskaera horiek. Eskaera jasota, Estatuko Fiskaltza Nagusiak bidezkoa den ebatziko du eta, hala badagokio, dagozkion aginduak emango ditu Fiskaltzak beharrezko diren jarduketak eska ditzan.

2.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren eskariz jarduketa-eskaera bat jasotzen duten agintari eskudunek 10 eguneko epea izango dute beren erabakiaren berri emateko. Eskaeraren izaera dela-eta epe horretan erantzutea ezinezkoa bada, atzeratzeko zergatiak jakinaraziko dituzte ahalik eta lasterren edo, hala badagokio, eskatutakoa zergatik ezin duten egin. Eskaera bati uko egiteko arrazoiak ezin badituzte eman horrek segurtasun

nazionalaren funtsezko interesei kalte egingo liekeelako edo bidean dauden ikerketen behar bezalako garapena edo pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko lukeelako, agintari eskudunek inguruabar horietan oinarritutako arrazoiak eman ahal izango dituzte.

Eurojusten eskaerak emandako datuak ez badira aski ebazteko, agintari eskudunek informazioa osatzeko edo beharrezko diren agiriak emateko eskatu ahal izango diote kide nazionalari.

23. artikulua. Eurojustek esku hartzeko eskaera.

Epaile eta magistratuek, Fiskaltzako kideek eta Justizia Ministerioak eskatu ahal izango dute Eurojustek zuzenean esku hartzeko, betiere nork bere eskumenen barruan.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzekoa ere izango da ikerketek edo jarduketek hirugarren estatu bati eragiten badiote –Eurojustek horrekin lankidetza-akordioa egin badu–, bai eta Europar Batasunaren interesei eragiten badiete ere.

Eurojusteko kide nazionalak Estatuko Fiskal Nagusiari jakinaraziko dio bere esku dagoen eta Espainiako jurisdikzioa garatzen ari den ikerketa edo prozedura penaletarako interesgarria den informazio oro, edo Europar Batasuneko beste estatu batean garatzen ari direnekin koordinatzeko beharrezko dena.

24. artikulua. Informazioa ematea Eurojusti.

1.Agintari eskudunek, legez dituzten eskumenen barruan, artikulu honetan aipatutako informazioa emango diote Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari. Estatuko Fiskaltza Nagusiaren bitartez egingo da komunikazio hori, informazioa berehala eta zuzenean helarazteko kide nazionalari. Kide nazionalari zuzenean ere egin ahal izango zaio komunikazioa, baina horren berri emango zaio Estatuko Fiskaltza Nagusiari.

2.Informatzeko betebeharra sortzen duten baldintzak betetzen direla jakin eta hilabetera gehienez, agintari eskudunek Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari jakinarazi beharko diote Eurojusten eskumeneko gaiei eragin diezaiekeen eta bere eginkizunak betetzeko beharrezko den ikerketa, prozedura edo kondena oro, lege honetan ezarritako moduan, kasuetan eta salbuespenekin. Aurrekoa gorabehera, ikerketen emaitza arriskuan ez jartzeko ezinbestekoa den denboraz atzeratu ahal izango da aipatutako jakinarazpena.

3.Ikerketa penalaren izaera sekretuak ez du oztopatuko informazio-helarazpen hori, ezta, Prozedura Kriminalaren Legean xedatutakoari jarraikiz, alderdientzat sekretutzat jotzen badute ere. Datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudia beteko du, halaber.

4.Agintari eskudunak horrela zehazten duen kasuetan baino ez da hartuko informazioa helaraztea Eurojusti eginiko laguntza-eskaeratzat.

5.Kasu zehatzetan Eurojusten eskaerei erantzuteko betebeharrari erantzuteaz gain, agintari eskudunek gutxienez hiru estatu kideri eragiten dien kasu oro ere jakinarazi beharko diote Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari, betiere horretarako gutxienez bi estatu kideri lankidetza judizialeko eskaerak igorri badizkiete, elkarrekiko errekonozimenduko tresnei dagozkienak barne, baldin eta honako baldintza hauetako edozein betetzen bada:

a) Dena delako delitua Espainian gutxienez bost urteko askatasunaz gabetzeko zigorrarekin edo segurtasun-neurriarekin zigortuta badago eta zerrenda honetan jasota badago:

1.a Gizakien salerosketa.

2.a Adingabeen sexu-esplotazioa eta haur-pornografia.

3.a Droga-trafikoa.

4.a Suzko armen, horien piezen eta osagaien zein munizioen legez kontrako trafikoa. 5.a Ustelkeria.

6.a Europako Erkidegoen finantza-interesen kontrako iruzurra.

7.a Euroa faltsutzea.

8.a Diru-zuritzea.

9.a Informazio-sistemen kontrako erasoak.

b) Erakunde kriminal bat nahasita dagoen zantzurik badago.

c) Mugaz haraindiko dimentsio handia izan dezakeela edo Europar Batasunaren mailan ondorioak izan ditzakeela edo zuzenean eragindakoak ez beste estatu kide batzuei ere eragin liezaiekeela uste izateko zantzuak badaude.

6.Halaber, agintari nazional eskudunek kide nazionalari hauek ere jakinaraziko dizkiote:

a) Jurisdikzio-gatazkak gertatu diren edo gerta daitezkeen kasuak, Lege honen V. kapituluan araututakoa alde batera utzi gabe. Epaile eta auzitegiek, eta, egokia bada, fiskalek, beste estatu kide batekin jurisdikzio-gatazkarik badute, Eurojusteko kide nazionalari eskatu ahal izango diote Eurojusteko Elkargoak gaiari buruzko irizpen idatzi ez-loteslea ematea eska dezan, betiere interesaturik dauden agintari nazional eskudunen arteko akordiorik ezean eta kide nazionalek aipatutako gatazka ebazteko moduaz ez badute akordiorik egin.

b) Gutxienez hiru estaturi eragiten dieten zaintzapeko entregatzeak, horietako bi gutxienez estatu kideak badira.

c) Lankidetza judizialaren eskaerak edo ebazpenak, elkarrekiko errekonozimenduko tresnak barne, gauzatzeko behin eta berriz izan diren zailtasunak eta ukatzeak. Agintari judizial eskudunek gaiari buruzko irizpen idatzi ez-loteslea eskatu ahal izango diote Eurojusteko Elkargoari, baldin eta hori ebazterik ez bada egon agintari nazional eskudunen artean edo kide nazional interesdunen parte hartzearekin.

7.Espainiako partaidetza duten baterako ekipoen sorrera jakinaraziko diote Eurojusti baterako ikerketa-taldea sortzeko eskumena duten Espainiako agintariek, sinatu aurretik, baita horren emaitzak ere, betiere haren eskumeneko gaiei buruzkoa bada.

8.Espainiaren Eurojusteko kide nazionalak Eurojusten eginkizunak betetzeko behar den edozein informazio trukatu ahal izango du, aldez aurretiko baimenik gabe, beste kide nazional batzuekin edo Espainiako agintari eskudunekin. Zehazki, kide nazionalari,

2.zenbakian ezarritakoaren arabera, eragiten dion guztiaren berri emango diote.

9.Kide nazionalak, kide nazional ordezkoak, laguntzaileek eta Espainiaren Eurojusteko ordezkaritzako beste edozein kidek, bai eta korrespontsal nazionalek ere, konfidentzialtasun-betebeharra bete beharko dute.

10.Artikulu honetan aurreikusitako laguntzeko betebeharra bete beharko da Espainiako estatuak eta beste herrialde batzuek izenpetutako aldebiko edo alde askotako akordioetan finkatutako baldintzak baztertu gabe, baita beste herrialde batzuek emandako informazioa erabiltzeari buruz ezarritako edozein baldintza ere.

25. artikulua. Informazioa helarazi beharraren salbuespenak.

Agintari nazionalek ez dute kasu partikular batean informazioa eman beharko, baldin eta horrek hau badakar:

a) Segurtasun nazionalaren funtsezko interesei kalte egitea.

b) Pertsonen segurtasuna arriskuan jartzea.

26. artikulua. Helarazitako informazioaren egitura.

Eurojusti nahitaez igorri beharreko informazioa emateko, formulario bat egongo da

eskuragarri formatu elektronikoan. Dena den, informazio-betebeharra beteta dagoela jo ahal izango da honako erabaki honen eranskinean jasotako gutxieneko datuak helarazita: Kontseiluaren 2009/426/JAI Erabakia, 2008ko abenduaren 16koa, Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekoa.

27. artikulua. Europar Batasuneko beste estatu batean hasitako jarduketa penalak igortzea Espainiari.

1.Baldin eta Europar Batasuneko beste estatu bateko agintari judizial batek bere herrialdean hasitako prozedura bat helaraztea erabaki badu Espainiak gertaerez arduratzeko baldintza hobeak dituela iritzita, Eurojusteko Elkargoak edo Eurojusteko kide nazionalak ikerketa horiek beren gain hartzeko eskatu ahal izango die agintari eskudunei. Baldin eta Espainian prozedura berri bat hasi beharra badago, eskaera Estatuko Fiskaltza Nagusiari igorriko diote, 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.Prozedura judizialaren egoerak hala egiteko aukera ematen duenean baino ezingo da egin aurreko zenbakian aurreikusitako zabalpena.

3.Eskatutakoa onartu ahal izateko, halere, Espainiako jurisdikzioa eskuduna izan beharko da helarazitako prozedura judizialak barne hartzen dituen gertaeraz arduratzeko eta ustez egindako delitua ezingo da preskribaturik egon Espainiako zuzenbidearekin bat etorriz.

4.Prozedura hasi edo zabaltzea onartutakoan, prozedura igortzen duen estatuak egindako instrukzio-egintzak baliozkotzat hartuko dira Espainian, betiere Espainiako antolamendu juridikoaren funtsezko printzipioen aurkakoak ez badira. Baldin eta delitua ezin bada Espainian pertsegitu alderen batek eskatuta ez bada, prozedura igorri duen estatuan eskakizun hori gabe hasitako instrukzioa baliozkotzat joko da ekintza penala egiteko eskubidea duen pertsonak berariaz onartzen badu eginiko ikerketa eta, horrez gain, dagokion kereila ere aurkezten badu.

28. artikulua. Larrialdiak koordinatzeko zelula.

1.Agintari judizial eskudunek estatu kide batean edo gehiagotan premiaz gauzatu beharreko eskaerak edo ebazpenak igorri ahal izango dizkiote Eurojusti larrialdiak koordinatzeko zelularen bitartez, baita elkarrekiko errekonozimenduko tresnei buruzkoak ere.

2.Zelulako harremanetarako puntuak berehala igorriko dio eskaera sortu den estatu kidearen zelulako ordezkariari eta, helarazten duen agintariak esplizituki eskatzen badu, baita eskaera gauzatu beharreko lurraldeko estatu kideen zelulako ordezkariei ere.

3.Kide nazionala edo kide nazional ordezkoa izango da larrialdiak koordinatzeko zelulako Espainiaren ordezkaria, eta, ondorio horietarako, eguneko ordu guztietan eta asteko zazpi egunetan jarduteko gaitasuna izango dute. Ordezkari horrek berehala jardungo du eskaera Espainian gauzatu dadin.

29. artikulua. Kontroleko Agintaritza Komuneko kidea.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren zuzendaria Eurojusteko Kontroleko Agintaritza Komuneko kidea izango da, Espainiako Estatuaren ordezkari gisa, hiru urtez (luzatu daiteke) .

Gobernuak haren izendapena eta kargu-uztea jakinaraziko dizkie Eurojusti eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari, organo eskudunaren bitartez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 10. artikuluan xedatutakoa betez.

V. KAPITULUA

Jurisdikzio-gatazkak

30. artikulua. Beste estatu kide bateko agintari eskudunari harremanetan jartzeko eskaera egitea, jurisdikzio-gatazka egon daitekeelakoan.

1.Espainiako prozesu penal baten instrukzioaz edo epaiketaz arduratzen den organo judizialak beste estatu kide batean pertsona beraren aurka eta gertaera berei dagokienez prozesu penala, instrukzio-fasean nahiz epaitze-fasean, izapidetzen ari direla uste izateko

zantzu nahikoak ikusten baditu, harremanetan jartzeko eskaera bidaliko dio beste estatu kide horretako agintari eskudunari.

2.Harremanetan jartzea eskatzeko eskumena Fiskaltzak izango du, baldin eta Fiskaltzaren aurrean gauzatutako ikerketa-eginbideak badira edo adingabeen zigorerantzukizuneko prozedura baten instrukzioa bada.

3.Aipatutako eskaera bideratzerik ez da egongo izapidetzen ari den agintari eskudunari beste bide batzuetatik jakinarazi bazaio jurisdikzio-gatazka egon litekeela.

4.Harremanetan jartzeko eskaera hamabost eguneko epean bidaliko da, Espainiako prozeduran jurisdikzio-gatazka egon litekeela dakitenetik zenbatzen hasita.

5.Agintari eskudunak, harremanetan jartzeko eskaeran, honako informazio hau jaso beharko du:

a) Espainia prozesu penalaren xede diren gertaeren eta inguruabarren deskribapen zehatza, edo ikerketa-eginbideena.

b) Espainian jokabideak zer tipifikazio duen.

c) Inputatuaren edo akusatuaren nortasunari buruzko datuak eta hartu diren atxilotze, espetxeratze edo kautelazko neurriei buruzkoak.

d) Arau-hauste penalaren biktimen datuak, hala badagokio, eta horiei dagokienez hartutako babes-neurriak.

e) Espainiako prozesu penalean zer fasera iritsi den; egindako egozpena zehazten duten ebazpen judizialen lekukotza eta instrukzio-epaileak ikusi dituen arrazoizko kriminalitate-zantzuak, bai eta, hala badagokio, Fiskaltzak eta agertutako gainerako alderdi akusatzaileek aurkeztutako akusazio-idatziaren lekukotza.

f) Espainian instrukzioaz eta epaiketaz arduratzen den agintaritza judizialaren harremanetarako datuak edo ikerketa-eginbideez arduratzen den fiskalarenak, bai eta, hala badagokio, agintari judizialentzat balizko jurisdikzio-gatazka honekin lotuta informazioa trukatzeko orduan lagungarri izan daitekeen Europako Sare Judizialaren harremanetarako puntuaren datuak edo Espainiaren Eurojusteko kide nazionalarenak ere.

g) Halaber, Espainiako agintari eskudunak informazio osagarria ere eman ahal izango du Espainiako prozeduran eginda dauden ikerketa-eginbideei edo probei dagokienez, edota auzia Espainian ikertu edo epaitzeko orduan sortu diren edo seguruenera sortuko diren zailtasunei dagokienez.

Zenbaki honetan zehaztutako informazioa ematerik ez badago segurtasun nazionalaren funtsezko interesei kalte ez egitearren edo pertsonen segurtasuna arriskuan ez jartzearren,

25. artikuluan aurreikusitako moduan betiere, kontsultan berariaz jasoko da horrelako salbuespenak daudela. Jarduketen sekretuak ez du eraginik izango kontsultabetebeharrean, Lege honen 24.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6.Beste estatu kidearen agintari eskudunarekin zuzeneko harremana egongo da, baina ez da baztertuko, dena den, Europako Sare Judizialaren harremanetarako puntuen edo Espainiaren Eurojusteko kide nazionalaren laguntza lortzea, hori beharrezkoa bada, dela tartean dauden agintari judizialen arteko zuzeneko harremana errazteko, dela nahitaez kontaktatu beharreko agintari judizialaren nortasuna ezagutzeko.

7.Harremanetarako eskaera organo judizial batek bideratzen badu, auto arrazoitu bidez erabakiko da hori, aurretik Fiskaltzari eta, hala badagokio, agertutako gainontzeko alderdiei entzunaldia eginda, eskaera egin beharreko baldintzei buruzko alegazioak idatziz aurkez ditzaten bi eguneko epean.

8.Fiskaltza eskuduna bada harremanetan jartzea eskatzeko, dekretu bidez erabakiko da eskaera.

31. artikulua Balizko jurisdikzio-gatazka dela-eta Espainiako agintari eskudunak jasotako harremanetarako eskaerari erantzutea.

1.Espainiako agintari eskudunak edozein idatzizko bitartekoz erantzungo dio beste estatu kide bateko agintaritzak balizko jurisdikzio-gatazka dela-eta bidalitako harremanetarako eskaerari. Erantzun hori aipatutako agintariak adierazitako arrazoizko

epearen barruan egingo du edo, bestela, hamabost eguneko epean eskaera jasotzen duenetik zenbatuta.

2.Espainiako agintari eskudunak legez aurreikusitako epean erantzuterik ez badu, berehala jakinaraziko dizkio agintari eskatzaileari atzeratzearen arrazoiak. Halaber, informazioa gutxi gorabehera noiz igorriko dion ere adieraziko dio; epe hori, edozelan ere, ez da hilabetetik gorakoa izango eta, premiazko eskaera bada, hamabost egunekoa izango da gehienez.

3.Agintari eskudunak, dena den, nahitaez erantzun beharko dio egindako informazioeskaerari eta erantzunak, hala dagokionean, aurreko artikuluaren 5. zenbakian zehaztutako informazioa jasoko du, betiere segurtasun nazionalaren funtsezko interesak kaltetzen ez baditu edo pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen ez badu, 25. artikuluan aurreikusitako moduan; horrela gertatuz gero, salbuespen horien berri emango du igorritako erantzunean. Jarduketen sekretuak ez du eraginik izango erantzuteko betebeharrean, Lege honen 24.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.Kontsulta jasotzen duen agintariak ez badu horri erantzuteko eskumenik, berehala helaraziko dio halakorik duen agintariari, eta igorpenaren berri emango die, orobat, Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari eta agintari eskatzaileari, agintari eskudunaren harremanetarako datuak gehituta.

5.Horri erantzuteko eskumena organo judizial batek badu, eskaera helaraziko dio Fiskaltzari eta, hala badagokio, baita agertutako gainontzeko alderdiei ere, eskaerari erantzuteko irizpideei buruzko alegazioak idatziz aurkez ditzaten hamar eguneko epean. Epaileak edo auzitegiak auto bidez ebatziko du, eta hurrengo bost egunen barruan emango du ebazpena.

Informazio-eskaera premiazkoa bada inputatua, akusatua edo prozesatua askatasunaz gabeturik dagoelako, Espainiako agintari judizialak entzunaldia emango die Fiskaltzari eta agertutako gainerako alderdiei, eta gehienez bost eguneko epea izango du ebazteko, kontsulta jasotzen duenetik aurrera.

6.Fiskaltzaren aurrean gauzatutako ikerketa-eginbideak badira edo adingabeen zigor-erantzukizuneko prozedura baten instrukzioa bada, Fiskaltza arduratuko da kontsultari erantzuteaz.

32. artikulua. Jurisdikzio-gatazkari buruzko erabakia.

1.Beste estatu kide bateko agintari eskudunarekin zuzeneko harremana hasita eta pertsona beraren kontra zein gertaera berei dagokienez bi prozesu penal aldi berean izapidetzen ari direla baieztatuta, organo judizialak Fiskaltzari eta agertutako gainontzeko alderdiei hamar eguneko epean entzungo die, jakiteko bi prozedura penalak estatu kide berean gauzatu behar ote dituzten eta Espainiako agintari judizialak jurisdikzioa beste estatu kide bati uzteko zer irizpide dauden.

2.Entzunaldiaren ostean, epaile edo auzitegiak beste estatu kideko agintari eskudunarekin adostasuna bilatuko du eta, lortu ezean, gaia Eurojusti helarazi ahal izango dio, haren eskumen-esparruko gaia bada betiere, Espainiako kide nazionalaren bitartez. Eurojusteko kide nazionalen artean ere ez badago adostasunik, Espainiako kide nazionalari eskatu ahal izango dio idatzizko irizpen ez-loteslea egiteko eska diezaion Eurojusteko Elkargoari.

3.Gatazka planteatu duen prozedura penalean hartutako edozein neurri prozesal garrantzitsuren berri emango die Espainiako agintari judizialak beste estatu kideko agintari eskudunari eta Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari.

4.Eurojusteko kide nazionalen edo Elkargoaren irizpena, loteslea izango ez dena, jaso ondoren, entzunaldia emango zaie, berriz ere, Fiskaltzari eta, hala badagokio, agertutako gainontzeko alderdiei, bost eguneko epean. Hori amaiturik, epaile edo auzitegiak, auto arrazoitu bidez, bost eguneko epea izango du prozedura Espainiako jurisdikzioaren aurrean jarraitu ala ez ebazteko.

Auto hori beste estatu kideko agintari eskudunari jakinaraziko diote, baita Eurojusti ere. Horren aurka Prozedura Kriminalaren Legean aurreikusitako errekurtso arruntak aurkeztu

ahal izango dituzte; errekurtso horiek lehentasunez izapidetuko dituzte eta ez dute prozedura etetea ekarriko.

5.Jurisdikzio-gatazka ebazteko, epaile edo auzitegiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Inputatuaren ohiko bizilekua eta nazionalitatea.

b) Arau-hauste penalaren zati handiena edo garrantzitsuena non egin duen.

c) Frogak zer jurisdikziotako arauen arabera lortu dituzten edo horiek eskuratzea non den probableena.

d) Biktimaren interesa.

e) Delituaren produktuak edo ondorioak non dauden, eta horiek zer jurisdikzioren eskariz aseguratu dituzten prozesu penalerako.

f) Estatu kide bakoitzean gauzatutako prozesu penalak zer fasetan dauden.

g) Delitu-jokabidearen tipifikazioa eta jurisdikzio-gatazka duten estatu kideetako zigorarloko legerian horrek zer zigor jasotzen duen.

6.Fiskaltzaren aurrean gauzatutako ikerketa-eginbideak badira edo adingabeen zigor-erantzukizuneko espediente baten instrukzioa bada, dekretu bidez ebatziko da. Dekretu hori arrazoitua izan beharko da, eta ikertutako pertsonei, salatzaileari eta beren buruak kaltetu edo iraindutzat aurkeztu dituztenei jakinaraziko zaie; horiek, ados ez badaude, beren uziak adierazi ahal izango dituzte instrukzioko epailearen edo adingabeen epailearen aurrean, hurrenez hurren.

VI. KAPITULUA

Nazioarteko lankidetza judizialeko sareak

33. artikulua. Harremanetarako puntuak izendatzea eta kargutik kentzea.

1.Justizia Ministerioari dagokio nazioarteko lankidetza judizialeko sareetako Espainiaren harremanetarako puntuak izendatzea eta kargutik kentzea.

2.Nazioarteko lankidetza juridikoaren arloan esperientzia egiaztatua duten pertsonen artean egingo dute izendapena, eta ingelesa edo frantsesa ere jakin beharko dute horiek, hala badagokio. Halaber, Botere Judiziala, Fiskaltza eta Justizia Ministerioa, gutxienez, ordezkatuta daudela bermatuko da. Hartarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta Estatuko Fiskal Nagusiari dagokie nork bere karrerako kide diren harremanetarako puntuak izendatzea eta kargutik kentzea proposatzea.

3.Gaiak hala eskatuz gero, Justizia Ministerioak Barne Arazoetarako Ministeriora jo ahal izango du zera eskatzeko: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako harremanetarako puntuen izendapena proposa dezala. Era berean, Zerga Administrazioko Estatu Agentziara ere jo ahal izango du zera eskatzeko: harremanetarako puntu gisa Aduana Zaintzako Ondoko Zuzendaritzako funtzionario bat izendatzea proposa dezala.

4.Harremanetarako puntuaren izaera desagertuko da pertsona horrek izendapena proposatu zuen erakundearen zerbitzura eginkizunak gauzatzeari uzten dionetik aurrera. Horren berri Justizia Ministerioari emango diote, eta Sareko Idazkaritzari jakinarazi beharko dio azken horrek.

34. artikulua. Harremanetarako puntuen eginkizunak.

1.Harremanetarako puntuak bitartekari aktiboak izango dira, eta estatu ezberdinetako agintari judizialen arteko lankidetzari laguntzea izango dute xede. Puntu horiek Espainiako agintari eskudunen esanetara egongo dira, bai eta gainerako harremanetarako puntu guztien esanetara ere, eta lankidetza judiziala hobetzeko behar den informazio juridiko eta praktikoa emango dute.

2.Harremanetarako puntuek beren jarduerari buruzko estatistika-datuak igorriko dizkiote urtero mendeko diren erakundeari. Erakunde bakoitzak dagokion koordinatzaile

nazionalari igorriko dizkio estatistika-datuak, 36. artikuluaren c) letran jasotako betebeharra betetzearren.

35. artikulua. Europako Sare Judizialaren koordinatzailea eta Ikertzeko Baterako Taldeen Sarearen koordinatzaile nazionala.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Justizia Ministerioak txandaka beteko dituzte Europako Sare Judizialaren koordinatzaile nazionalaren eginkizuna zein Ikertzeko Baterako Taldeen Sarearen koordinatzaile nazionalaren eginkizuna, bi urteko alditan eta erakunde horiek erabakitako moduan betiere.

36. artikulua. Europako Sare Judizialaren koordinatzailearen eta Ikertzeko Baterako Taldeen Sarearen koordinatzaile nazionalaren eginkizunak.

Harremanetarako puntu modura 34. artikuluan ezarritakoaren arabera dagozkien eginkizunez gain, Europako Sare Judizialaren koordinatzaile nazionalak eta Ikertzeko Baterako Taldeen Sareko koordinatzaile nazionalak, nork bere eskumen-esparruan, hauek ere izango dituzte:

a) Sarearen barneko funtzionamenduarekin zerikusia duten gaien arduradunak izango dira, eta urtean behin gutxienez harremanetarako puntuen bilera deitu beharko dute dagokien sareari buruzko gaien berri emateko.

b) Sareko idazkaritzarekiko solaskideak izango dira.

c) Erakundeen estatistikak biltzeaz eta sarera modu integratuan igortzeaz arduratuko

dira.

d) Espainiaren ordezkari gisa parte hartuko dute sareen idazkaritzek deitutako koordinatzaile nazionalen bileretan.

37. artikulua. Europako Sare Judizialeko tresnen korrespontsala.

1.Justiziako ministroak izendatuko du Europako Sare Judizialeko tresnen korrespontsala.

2.Tresnen korrespontsalak Europako Sare Judizialaren barruan zabaldu beharreko informazioa eman eta eguneratuko du.

VII. KAPITULUA

Justizia Ministerioaren mendeko atzerriko langileak

38. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1.Gobernuak, Errege Dekretu bidez eta 2/2014 Legearen, martxoaren 25ekoaren, Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzkoaren, 42.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, sortu edo kendu ahal izango ditu lotura-magistratuen, lankidetza juridikoko aholkularien eta justiziako aholkularien plazak edo beharrezkotzat jotzen duen beste edozein, eta bidezkoak diren destinoetan, betiere Europar Batasunaren zuzenbidean, nazioarteko hitzarmenetan eta elkarrekikotasun-baldintzetan hitzartutakoan aurreikusitakoaren arabera. Justiziako ministroak horiek izendatu eta kargutik kenduko ditu Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak txostena egin ondoren.

2.Justizia Ministerioaren mendeko atzerriko langile guztiei aplikatu beharreko araubidea Errege Dekretu bidez ezarriko da. Araubide horrek Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzko Legeak xedatutakoari ere jarraitu beharko dio, orobat.

39. artikulua. Europako Sare Judizialeko harremanetarako puntuaren izaera eskuratzea.

Destinoa Europar Batasuneko estatu batean duten lotura-magistratuek Europako Sare Judizialeko Sarearen harremanetarako puntuaren izaera hartuko dute, eta Lege honen 34. artikuluan aipatutako eginkizunak beteko dituzte. Lotura-magistratu izateari uzten

diotenean izaera hori ere galduko dute.

Lehenengo xedapen gehigarria. Ordainsari-araubidea.

Eurojusteko kide nazionalak, kide nazional ordezkoak eta 7. artikuluan aipatutako laguntzaileak edo laguntzaileek, baldin eta Eurojusten kanpoko egoitzan destinoa esleituta badute, bai eta Justizia Ministerioaren mendeko kanpoko gainerako langileek ere, eutsi egingo diote jatorrizko kidegoetako ordainsari-araubideari; hartarako, Ministroen Kontseiluak ordainsari osagarrien zein atzerrian destinatuta egoteagatik dagokion kalte-ordainaren zenbatekoak finkatuko ditu, urtarrilaren 13ko 6/1995 Errege Dekretuan, atzerrian destinaturik dauden funtzionarioen ordainsari-araubidea arautzekoan, jasotako aurreikuspenekin bat etorriz.

Azken kalte-ordain hori ez da jasoko laguntzailearen edo laguntzaileen destinoa Espainian dagoenean.

Bigarren xedapen gehigarria. Eurojusti eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari jakinaraztea.

Lege hau indarrean jartzen denean, Gobernuak Eurojusti eta Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiari jakinaraziko die kide nazionalak nazio-mailan erabil ditzakeen eskumenak norainokoak diren, bai eta hirugarren estatuetako agintari judizialekin lotuta jarduteko zer ahalmen duen ere, nazioarteko tresnekin bat etorriz.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gastua ez handitzea.

Lege hau onartzeak ez du langileen arloko gastua handitzea ekarriko.

Xedapen iragankorra. Izendapenen indarraldia.

Lege hau indarrean jartzen denean, Espainiaren Eurojusteko kide nazionalari agintaldia luzatuko zaio hasierako izendapenetik lau urte betetzen diren egunera arte, 3.1 artikuluan aurreikusitako epeekin bat etorriz. Agintaldiaren iraupen osoak, hala ere, lege hau indarrean jarri aurretik igarotako denbora barne, ez du orotara aipatutako artikuluan aurreikusitako zortzi urteko epea gaindituko.

Kide nazionalaren oraingo laguntzailea, berriz, lege hau indarrean jartzen denean, kide nazional ordezko bilakatuko da 6. artikuluan ageri diren moduan eta baldintzetan. Kide nazionalaren laguntzaile gisa hasieran izendatu zutenetik lau urte betetzen diren egunera arte luzatuko da haren agintaldiaren iraupena. Kide nazional ordezko gisako agintaldiaren iraupen osoak, hala ere, lege hau indarrean jarri aurretik laguntzaile emandako denbora barne, ez du orotara aipatutako artikuluan aurreikusitako zortzi urteko epea gaindituko.

Lankidetzako nazioarteko sare ezberdinetako harremanetarako puntuek, Europako Sare Judizialeko koordinatzaile nazionalak eta tresnen korrespontsalak, Ikertzeko Baterako Taldeen Sareko koordinatzaile nazionalak, Eurojusteko korrespontsal nazionalak eta terrorismoko korrespontsal nazionalak eginkizunei eutsiko diete berariaz kargugabetu arte.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta gelditzen da 16/2006 Legea, maiatzaren 26kokoa, Eurojusteko kide nazionalaren estatutua eta Europar Batasuneko organo horrekiko harremanak arautzekoa, bai eta lege honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1. 3., 5. eta 6. artikuluaren babesean eman da, zeinak Estatuari egozten baitizkio nazioarteko harremanen, justizia-administrazioaren eta prozesu-legeriaren arloko eskumenak, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Arauak garatzeko gaikuntza.

Gobernuak, Justiziako ministroak proposatuta, lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren erregelamenduzko xedapenak onartuko ditu.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez Espainiako zuzenbidean txertatzen da Kontseiluaren 2009/948/JAI Esparru Erabakia, 2009ko azaroaren 30ekoa, zigor-arloko prozesuetako jurisdikzioaren arloko gatazkak prebenitu eta ebazteari buruzkoa, eta antolamendu juridikoa egokitzen da 2009/426/JAI Erabakira, 2008ko abenduaren 16kora, Eurojust indartu ez ezik, 2002/187/ JAI Erabakia, Eurojust delinkuentzia-modu larrien kontrako borroka indartzeko sortzen duena, ere aldatzekora, bai eta Kontseiluaren 2008/976/JAI Erabakira, 2008ko abenduaren 16kora, Europako Sare Judizialari buruzkora.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 7an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra