1/2014 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena, justizia unibertsalari dagokionez
2014-03-13Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/3/14, 63. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
2709
1/2014 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena, justizia unibertsalari dagokionez.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztiok.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta nik, hemen, berretsi egiten dudala.
ZIOEN AZALPENA Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legearen 23. artikulua aldatzearekin – azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoaren bidez egin zen aldaketa hori–, aldatu egin zen justizia unibertsala delakoaren erregulazioa eta planteamendua ere. Lege-aldaketaren planteamenduan espainiar jurisdikzioaren eskumena zehazteko ideia zegoen. Alde batetik, gehitu egin nahi ziren espainiar jurisdikzioak ikertu ditzakeen delituak, egilearen herritartasuna edozein izanda ere lurralde nazionaletik kanpo egiten direnak, eta, beste aldetik, Espainiako justizia eskumenduna izan dadin zer baldintza bete behar diren definitu nahi zen, justizia unibertsala subsidiariotasun-printzipiora, konstituzio-jurisprudentziara eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziara egokituz.
Lau urte dira aipatutako aldaketa indarrean sartu zela, eta errealitateak erakutsi du nazioarteko zuzenbideak jartzen dituen muga eta eskakizunetatik besterik ezin dela ulertu jurisdikzio unibertsala gaur egun. Jurisdikzio nazionala nazioaren mugetatik kanpora hedatu eta beste estatu baten subiranotasun-eremuan sartzeko, Espainiak onartu egin behar ditu nazioarteko zuzenbidean aurreikusitako eremuak, hartutako nazioarteko konpromisoak betez. Hau da, Espainiaren jurisdikzioa Espainiaren lurralde-mugetatik harantzago hedatzeko, beharrezkoa da nazioarteko itun bat egotea hori aurreikusi eta baimentzen duena, eta nazioarteko erkidegoak bat etorri behar du itun horrekin. Bestalde, Espainiak, 2000ko urriaren 19an, Nazioarteko Zigor Gortearen Estatutua berretsi zuen giza eskubideen babesean oinarritzen den nazioarteko ordena bidezkoago baten alde borrokatzeko funtsezko tresnatzat, eta berrespen horretatik ondorioztatutako konpromisoekin bat etorri behar du esku artean daukagun gai honen erregulazioak.
Espainiak berretsi dituen nazioarteko itunek ezartzen dituzten betebeharrak betetzeko ildo horretan, beharrezkoa da lurralde nazionaletik kanpo eginagatik espainiar jurisdikzioak pertsegitu ditzakeen delituen zerrenda handitzea. Esate baterako, zerrenda horretan sartzekoak dira Emakumeen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta indarkeria horien aurka borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean arautzen diren delituak, Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioan arautzen direnak eta ELGAren hitzarmenean aurreikusten diren atzerriko agente publikoen ustelkeria-delituak. Delitu horien guztien aurreikuspena Zigor Kodean sartu zen, baina jurisdikzio-alderdiak geratu ziren zehazteke. Lege honetan zehaztuko dira.
Horixe da orain egiten den aldaketaren zentzua; alegia, argi eta garbi, legezkotasunprintzipioa erabat aplikatuz eta segurtasun juridikoa indartuz mugatzea zein kasutan ikertu eta ezagutu ditzakeen espainiar jurisdikzioak Espainiaren subiranotasun-lurraldetik kanpo egiten diren delituak.
Helburu horrekin, espainiar jurisdikzioaren zabalkuntza posiblearen muga positibo eta negatiboak zehazten dira: atzerrian egindako zein delitu, eta zein kasu eta baldintzetan pertsegitu ditzakeen Espainiako justiziak ezarri behar du legegileak, nazioarteko itunek xedatutakoarekin bat etorriz. Bestalde, Espainiatik kanpo egindako delituen pertsekuzioa salbuespenezkoa da, eta, hortaz, horrek justifikatzen du prozedurak ireki ahal izateko kereila jarri behar izatea Fiskaltzak edo delituaren bidez laidotutako pertsonak.
Horrez gain, Espainiako auzitegien eskumena negatiboki mugatzen da, subsidiariotasun-printzipioa argi eta garbi definituz. Ildo horretan, Espainiako auzitegiek ez dute eskumenik izango prozedura nazioarteko auzitegi batean hasten denean edo delitua egiten den herrialdeko jurisdikzioak nahiz delitua egozten zaion pertsonaren nazionalitateko auzitegiak hasten duenean, azken bi kasu horietan betiere egitateak egozten zaizkion pertsona ez badago Espainian edo Espainian egon arren beste herrialde batera estraditatu edo nazioarteko auzitegi batera transferitu behar badute, ezartzen diren zehaztapen eta baldintzetan.
Nolanahi ere, jurisdikzioa duen estatua ez badago prest ikerketa egiteko edo benetan ezin badu ikerketa egin, Espainiako epaile eta auzitegiek aukera dute beren jurisdikzioa gauzatzen jarraitzeko. Gorabehera horiek, daukaten garrantziarengatik, Auzitegi Goreneko 2. salak baloratu behar ditu, Nazioarteko Zigor Gortearen Estatutuan bildutako irizpideen arabera.
Erregulazioak mugak jartzen dizkio espainiar jurisdikzioari, eta muga horiek aplikatu beharko zaizkie gaur egun izapidetzen ari diren auziei, Espainiako auzitegiek ezin baitute jarraitu dagoeneko haien jurisdikziokoak ez diren prozedurak izapidetzen.
Artikulu bakarra. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.
Aldaketa hauek egiten zaizkio Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari: Bat. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 23. artikuluko 2., 4., eta 5. paragrafoak aldatzen dira, eta paragrafo berri bat eransten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 23. artikulu horretan: 6. paragrafoa. Aurrerantzean honela idatzita geratuko dira horiek guztiak:
«2. Lurralde nazionaletik kanpo egiten diren delituen berri ere izango du espainiar jurisdikzioak, betiere delituen erantzule kriminalak espainiarrak badira edo gertakariaren ondoren nazionalitate espainiarra eskuratu dutenak, eta baldintza hauek betetzen badira:
a) Egitatea gauzatzen den lekuan egitate hori zigorgarria izatea, salbu eta nazioarteko itunen baten edo Espainia partaide den nazioarteko erakunde baten egintza arauemaileren baten arabera ez bada derrigorrezkoa baldintza hori, betiere hurrengo idatzi-zatietan ezarritakoaren kaltetan izan gabe.
b) Laidotuak edo Fiskaltzak Espainiako auzitegietan kereila jartzea.
c) Delitugileak absoluziorik, indulturik edo zigorrik ez jaso izatea atzerrian edo, zigorrik jaso izanez gero, kondena ez bete izatea. Kondenaren zati bat besterik ez badu bete, zati hori kontuan hartuko zaio, eta dagokion proportzioan txikituko zaio kondena.» «4. Era berean, espainiar jurisdikzioak eskumena izango du espainiarrek edo atzerritarrek lurralde nazionaletik kanpo egiten dituzten egitateak ezagutzeko, Espainiako legeen arabera egitate horiek tipifikagarriak badira. Esate baterako, delitu hauek sartzen dira multzo horretan, adierazitako baldintzak betetzen direnean:
a) Genozidioa, gizateriaren aurkako delitua edo, gatazka armatuaren kasuan, pertsonen eta ondasun babestuen aurkako delitua, betiere espainiar baten edo ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa bada prozedura, edo Espainian zegoen atzerritar baten aurkakoa eta Espainiako agintariek haren estradizioa ukatu badute.
b) Zigor Kodeko 174. eta 177. arteko artikuluetan aipatzen diren torturadelituak eta osotasun moralaren aurkako delituak, baldintza hauek betetzen direnean:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, edo 2.–Biktimak Espainiako nazionalitatea izatea egitateak gauzatu ziren unean eta delitua egozten zaion pertsona Espainiako lurraldean egotea.
c) New Yorken 2006ko abenduaren 20an egin zen Derrigorreko Desagertzeen Aurka Pertsona Guztiak Babesteko Nazioarteko Konbentzioan bildutako derrigorreko desagertze-delituak, baldintza hauek betetzen direnean:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, edo 2.–Biktimak Espainiako nazionalitatea izatea egitateak gauzatu ziren unean eta delitua egozten zaion pertsona Espainiako lurraldean egotea.
d) Mota hauetako delituren bat izatea: pirateria, terrorismoa, droga toxiko, estupefaziente edo gai psikotropikoen legez kontrako trafikoa, gizakien salerosketa, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitua, eta itsas eremuetan egindako nabigazio-segurtasunaren aurkako delituak, betiere Espainiak berretsitako itunetan edo Espainia partaide den nazioarteko erakunde baten egintza arauemaileren batean aurreikusten diren kasuetan.
e) Terrorismoa, betiere honako hauetakoren bat gertatzen bada:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura, 3.–Egoitza Espainian duen pertsona juridiko baten kontura egitea delitua, 4.–Biktimak Espainiako nazionalitatea izatea egitateak gauzatu ziren unean, 5.–Espainiako edozein agintaritzaren jarduna legez kontra eragin edo baldintzatzeko egitea delitua, 6.–Egoitza Espainian duen Europar Batasuneko instituzio edo organismo baten aurka egitea delitua, 7.–Espainiako bandera duen itsasontzi edo aireontzi baten aurka egitea delitua, edo 8.–Espainiako instalazio ofizialen aurka egitea delitua, enbaxadak eta kontsuletxeak ere barne direla.
Ondorio horietarako, Espainiako agintari edo funtzionario publikoek zeregin publikoak egiteko erabiltzen duten edozein instalazio iraunkor edo aldi baterako instalazio jotzen da Espainiako instalazio ofizialtzat.
f) Hagan 1970eko abenduaren 16an egin zen Legez Kontra Hegazkinen Jabe Egitea Eragozteko Hitzarmenean bildutako delituak, baldintza hauek betetzen direnean:
1.–Espainiako herritar batek egitea delitua, edo 2.–Airean Espainiako banderarekin ibiltzen den aireontzi baten aurka egitea delitua.
g) Montrealen 1971ko irailaren 23an egin zen Abiazio Zibilaren Segurtasunaren Aurkako Legez Kontrako Egintzak Eragozteko Hitzarmenean eta haren protokolo osagarrian bildutako delituak (protokolo hori ere Montrealen egin zen, 1988ko otsailaren 24an), betiere hitzarmenak baimendutako kasuetan.
h) Vienan eta New Yorken 1980ko martxoaren 3an egin zen Material Nuklearren Babes Fisikoari buruzko Hitzarmenean bildutako delituak, betiere delitu horiek Espainiako herritarrek egiten badituzte.
i) Droga toxiko, estupefaziente edo gai psikotropikoen legez kontrako trafikoa, baldintza hauek betetzen direnean:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, edo 2.–Delitu horietakoren bat gauzatzeko ekintzak egitea, edo talde edo erakunde kriminal bat eratzea, delitua Espainiako lurraldean egiteko helburuarekin.
j) Talde edo erakunde kriminal bat eratzea, finantzatzea edo halako bateko kide izatea, edo horrelako talde edo erakundeen barruan egonik delituak egitea, betiere Espainian gehienez hiru urteko edo hortik gorako espetxe-zigorra duten delituak egiteko asmoz jokatzen badute talde edo erakunde horiek.
k) Biktima adingabeen sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituak, baldintza hauek betetzen direnean:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura, 3.–Egoitza edo helbide soziala Espainian duen pertsona juridiko, enpresa, erakunde, talde edo beste edozein motatako entitate edo pertsona-elkartzeren baten aurkakoa izatea prozedura, edo 4.–Egitateak gertatzeko unean Espainiako nazionalitatea zuen edo ohiko bizilekua Espainian zeukan biktima baten kontra egina izatea delitua.
l) Emakumeen Aurkako Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Prebentziorako eta Indarkeria horien Aurka Borrokatzeko Europako Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 11ko Hitzarmenak arautzen dituen delituak, baldintza hauek betetzen badira:
edo 1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura 3.–Egitateak gertatzeko unean Espainiako nazionalitatea zuen edo ohiko bizilekua Espainian zeukan biktima baten kontra egina izatea delitua, eta delituegitatea egozten zaion pertsona Espainian egotea.
m) Gizakien salerosketa, baldintza hauek betetzen badira:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura, 3.–Egoitza edo helbide soziala Espainian duen pertsona juridiko, enpresa, erakunde, talde edo beste edozein motatako entitate edo pertsona-elkartzeren baten aurkakoa izatea prozedura, edo 4.–Egitateak gertatzeko unean Espainiako nazionalitatea zuen edo ohiko bizilekua Espainian zeukan biktima baten kontra egina izatea delitua, eta delituegitatea egozten zaion pertsona Espainian egotea.
n) Partikularren arteko ustelkeria-delituak edo nazioarteko transakzio ekonomikoetako ustelkeria-delituak, baldintza hauek betetzen badira:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura, 3.–Egoitza edo helbide soziala Espainian duen merkataritza-enpresa bateko edo sozietate, elkarte, fundazio edo erakunderen bateko zuzendari, administratzaile, langile edo kolaboratzaileren batek egitea delitua, edo 4.–Egoitza edo helbide soziala Espainian duen pertsona juridiko, enpresa, erakunde, talde edo beste edozein motatako entitate edo pertsona-elkartzeren batek egitea delitua.
o) Europako Kontseiluaren Medikuntza Produktuen Faltsifikazioari buruzko 2011ko urriaren 28ko Hitzarmenean arautzen diren delituak eta osasun publikoarentzat mehatxu diren delituak, baldintza hauek betetzen badira:
1.–Espainiar baten aurkakoa izatea prozedura, 2.–Ohiko bizilekua Espainian duen atzerritar baten aurkakoa izatea prozedura, 3.–Egoitza edo helbide soziala Espainian duen pertsona juridiko, enpresa, erakunde, talde edo beste edozein motatako entitate edo pertsona-elkartzeren baten aurkakoa izatea prozedura, 4.–Biktimak Espainiako nazionalitatea izatea egitateak gauzatu ziren unean, edo 5.–Egitateak gertatzeko unean ohiko bizilekua Espainian zeukan biktima baten kontra egina izatea delitua.
p) Espainian indarrean dagoen itunen batek edo Espainia kide den nazioarteko erakunderen bateko bestelako egintza arauemaileren batek derrigor pertsegitu beharrekotzat jotzen duen beste edozein delitu, betiere horietan guztietan zehazten diren kasu eta baldintzak betetzen badira.
Era berean, espainiar jurisdikzioak eskumena izango du Espainian zeuden atzerriko herritarrek lurralde nazionaletik kanpo lehen egindako delituak ezagutzeko ere, Espainiak herritar horien estradizioa ukatu badu eta, betiere, hala inposatzen badu Espainiarentzat indarrean dagoen itunak.
«5. Aurreko paragrafoan aipatutako delituak kasu hauetan ezin izango dira Espainian pertsegitu:
a) Espainia partaide den itun eta hitzarmenen arabera eratutako nazioarteko auzitegiren batek hasten duenean delitua ikertzeko eta epaitzeko prozedura.
b) Egitatea gauzatu den lekuko estatuan edo egitatea gauzatzea egozten zaion pertsonaren nazionalitateko estatuan hasten denean delitua ikertzeko eta epaitzeko prozedura, betiere baldintza hauek betetzen badira:
1.–Egitatea gauzatzea egozten zaion pertsona une hartan ez egotea Espainiako lurraldean, edo 2.–Hasita egotea pertsona hori egitateak gauzatu ziren herrialdera edo biktimen nazionalitateko herrialdera estraditatzeko prozedura edo hasita egotea pertsona hori nazioarteko auzitegi batek epaitzeko prozedura, salbu eta estradizioa ez bada baimentzen.
b) idatzi-zati honetan xedatutakoa ez da aplikatuko hori gauzatzeko jurisdikzioa duen estatua ez badago prest ikerketa egiteko edo estatu horrek ezin badu, benetan, ikerketa egin, eta hala baloratzen badu Auzitegi Goreneko 2. salak ere (hari bidaliko dio azalpen arrazoitua epaileak edo auzitegiak).
Estatu bat auzi jakin batean jarduteko prest dagoen ala ez zehazteko, ondoren aipatzen diren egoera bat edo bat baino gehiago –kasu bakoitzaren arabera– gertatzen diren aztertuko da, kontutan hartuta nazioarteko zuzenbideak aitortutako beharrezko bermeak eduki behar dituztela prozesu bateko printzipioek:
a) Epaiketa martxan egon izatea edo martxan egotea, edo erabaki nazionala helburu honekin hartua izatea: kasuan kasuko pertsonari erantzukizun penala kentzea.
b) Justifikaziorik ez duen atzerapena egon izatea epaiketan, eta, egoera zein den kontuan hartuta, hori bateraezina izatea kasuan kasuko pertsona justiziaren aurrera agerrarazteko intentzioarekin.
c) Prozesua ez gauzatu izatea edo ez gauzatzen aritzea modu independente edo inpartzialean, eta gauzatu izan den edo gauzatzen ari den moduaren eraginez prozesu hori bateraezina izatea kasuan kasuko pertsona justiziaren aurrera agerrarazteko intentzioarekin.
Auzi jakin bat ikertzeko edo epaitzeko gaitasunik eza zehazteko, hauxe aztertuko da: ea estatuak –bere Justizia Administrazio nazionala erabat edo oso kolapsatuta dagoelako edo halako justiziarik ez daukalako– ezin duen akusatua justiziaren aurrera agerrarazi, ea behar diren frogak eta testigantzak falta dituen estatu horrek edo ea beste arrazoi batzuk dauden epaiketa egin ezin izateko».
«6. Artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan adierazitako delituak Espainian pertsegitu ahal izateko, laidotuak edo Fiskaltzak kereila jarri beharko du; bestela, ezin izango dira pertsegitu.
Bi. Zenbaki berri bat eransten zaio Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 57. artikuluko 1. paragrafoari: 4. zenbakia. Testu hau izango du:
«4.– Lege honek esleitzen dizkion gainontzeko auziak.» Xedapen iragankor bakarra.
Lege hau indarrean sartzeko unean lege honetan adierazitako delituengatik izapidetzen ari diren auziak artxibatuta geratuko dira, lege honek ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen den arte.
Azken xedapen bakarra. Indarrean sartzea.
Lege organiko hau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Horrenbestez, Espainiar guztiei, norbanako zein agintariei, agintzen diet lege organiko hau bete eta betearaz dezatela.
Madrilen, 2014ko martxoaren 13an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY