1/2013 Lege Organikoa, apirilaren 11koa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozesuari buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 5/1985 Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia eta, partez, 114. artikuluarena eteten duena
2013-04-01Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/4/12, 88. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
3860
1/2013 Lege Organikoa, apirilaren 11koa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozesuari buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 5/1985 Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia eta, partez, 114. artikuluarena eteten duena.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
ZIOEN AZALPENA Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 114. artikuluak ezartzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, eratzen denetik kontatzen hasita, bost urterik behin erabat berrituko da. Horretarako, Kontseiluaren agindua amaitu baino sei hilabete lehenago, Lehendakaria bi ganbaretako lehendakariei zuzenduko zaie, eta eskatuko die bokal berriak hautatu ditzatela, eta, halaber, jakinaraziko dizkie egun horretan Kontseiluan dauden epaile eta magistratuen mailaketaren gaineko datuak, bai eta epaile eta magistratuen elkarte profesionalen erregistroko datuak ere, zeinak erabakigarriak izango baitira hautagaiak aurkezteko 112. artikuluaren arabera.
Irailaren 22ko 1574/2008 eta 1575/2008 errege-dekretuen bidez (23ko BOE), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egungo bokalak izendatu ziren, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak proposatuta. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratzeko bilkura 2008ko irailaren 24an egin zen. Egun horretan, bokalek lehendakaria aukeratu zuten, 6/1985 Lege Organikoaren 115. artikulua dela bide. Hori dela eta, Botere Judizialaren Lege Organikoarekin bat etorriz, eta egungo Kontseilua 2008ko irailaren 24an eratu zela kontuan izanda, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lehendakariak Kontseilua berritzeko prozesua jarri beharko du martxan 2013ko martxoaren 24an.
Hala ere, 2012ko abenduaren 21ean, Ministro Kontseiluak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia erreformatzeko Lege Organikoaren Aurreproiektua onartu zen, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena. Aurreproiektu horretan, Kontseilu horretako kideak izendatzeko sistema berri bat ezartzen da, eta helburua da, argi eta garbi, Kontseilua berriz berritu behar denean, sistema berri horren arabera berritzea.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko gutxi falta dela Kontseiluko bokalak hautatzeko sistema berri bat indarrean sartzea ez da gauza berria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren historian. Hain zuzen ere, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 112. artikuluaren gaur egungo testua ekainaren 28ko 2/2001 Lege Organikoaren bidez onartu zen (ekainaren 29ko BOE), eta, artikulu horren bidez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak hautatzeko sistema aldatu zen, Kontseilu haren agintaldiaren amaierarako gutxi falta zela (Lege Organiko horren zioen azalpenean bertan azaltzen zenez). Hori dela eta, berehala, lege hori onartu eta biharamunean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lehendakariak jarraibide bat onartu zuen (ekainaren 30eko BOE), zeinaren bidez elkarte judizialek aurkeztu beharreko hautagai-kopurua adierazten baitzen eta Kontseiluko bokal izateko hautagaiak formulatzeko prozesuaren alderdiak zehazten baitziren.
Ezohiko egoera hori dela eta, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 112. eta 114. artikuluetan bokalak izendatzeko gaur egun ezarritako prozedura martxan jartzeak ez luke azkenean inolako eragin juridikorik edukiko; izan ere, berritzea egin behar denerako (2013ko irailerako), indarrean sartuta egongo bailitzateke lege berria, eta, Aurreproiektuaren azken xedapenaren 1. zenbakian ezarritakoa dela bide, indarrean sartzeak indargabetu egingo bailuke Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak berritzeko, izendatzeko eta hautatzeko eta Kontseilua eratzeko gaur egungo arauketa oro.
Horrela, bada, egoera hori gerta ez dadin, bidezkotzat jotzen da Botere Judizialaren Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia etetea, baita berritzeko prozesua martxan jartzea ekarriko lukeen 114. artikuluko zatiarena ere, gaur egun ezarrita dauden hautaketa mekanismoak martxan jar ez daitezen; izan ere, mekanismo horiek, hain zuzen ere, aldatzeko bidean den hautaketa-sistema baten araberako prozedura baten bidez jartzen dira martxan (hautaketa-sistema hori Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia erreformatzeko Lege Organikoaren Aurreproiektuaren bidez ari da aldatzen). Dena dela, etete horrek egungo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren agintaldia amaitzen denera arte iraungo du, aipatutako lege organikoaren 114. artikuluan ezarritako bost urteko epea betetzen denean, eratu zenetik kontatzen hasita.
Artikulu bakarra. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia erabat etetea, eta 114. artikuluarena partez etetea.
1. Eten egiten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia.
2. Eten egiten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 114. artikuluko zati honen indarraldia: «eskatuko die bokal berriak hautatu ditzatela, eta, halaber,».
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako eteteak egungo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren agintaldia amaitzen den egunera arte iraungo du, aipatutako lege organikoaren 114. artikuluan ezarritako bost urteko epea betetzen denean, eratu zenetik kontatzen hasita.
Azken xedapen bakarra. Indarrean sartzea.
Lege Organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.
Madril, 2013ko apirilaren 11.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY