057. ERRUZTATUAREN DEFENTSAREN IDAZKIA, DOKUMENTU BIDEZKO EGINBIDEA ETA BESTE INPUTATUAREN DEKLARAZIOA PROPOSATZEKOA
INSTRUKZIOKO 4 ZK.KO EPAITEGIARI
Ni, Amaia...abizenak...andrea, auzitegietako prokuradorea, Miren...abizenak...andrearen izenean eta ordezkaritzan ari naiz, erruztatua baita 102/96 aurretiazko eginbideetan. Epaitegian agertzen naiz eta DIOT:
Ondoren azalduko ditudan arrazoietan oinarrituz, proposatzen dut aurkezten ditudan dokumentuak eranstea eta Txomin...abizenak...erruztatuaren galdeketa-eginbidea burutzea.
Aurrekari argigarriak
Nire ahalorde-emaileak eginbide hauetako gai diren egitateekin zerikusia du, herri honetako...kalea...kaleko...etxe-zk....zk.ko etxearen 1. sotoko 25 zk.ko garajearen jabe izateagatik. Izan ere, akusazioen arabera, aipatu garajean gainerako bost erruztatuek, besteak beste, nire ahalorde-emailearen koinatua den Txomin...abizenak...jaunak, gordeta zeuzkaten egozten zaizkien lapurreta-delituak egiteko tresnak (ibilgailuen matrikula faltsuen plakak, erremintak, mozorro-jantziak, etab.) eta horietatik ateratako efektuak (ibilgailuak, etab.).
Hala ere, nire ahalorde-emaileak, 80 eta 81. folioetan jaso bezala, deklaratu zuen: ez zuela inoiz jakin gainerako erruztatuek bere garajea ustez zuzenbidearen aurka erabili zutela; berak ez zuela inoiz garaje hori erabili, eta ez zuela ezta ikusi ere egin etxebizitza erosi zuenetik, garajea nahitaez erosi beharreko osagarria izan baitzen; esan zaizkion datetan, garajea zuzenbidearen aurka erabili zenean, ez zen ezta garajea osagarri zeneko etxebizitzan bizi ere, bere amaren etxera joan baitzen bizitzera, alargun geratu berri zelako eta zaindu beharra zegoelako; bere amaren etxera bizitzera joateko erabakia anai-arreba guztien artean hartu zuten, bera zelako ezkongabe eta horretarako prest egon zitekeen bakarra; eta egia zela bere koinatu Txomin...abizenak...jaunari garajea erabiltzea utzi ziola, baina helburua haren furgoneta gordetzea zela, eta, hura saldutakoan, garajea erabiltzeari utziko ziola.
Nire ordezkatuari egozten zaion parte-hartzea ikertzearen ondorioetarako, honako hau azaltzen dut:
Eginbideen proposamen arrazoitua
a.- Dokumentu bidezkoa.
Jarduketei erants dakion, honekin batera aurkezten dut, Probintzia Auzitegiko 2.Sekzioan, Miren...abizenak...andrearen behin-behineko askatasunari buruzko 32/96 apelazio-erroiluan, aurretiazko eginbide hauetatik eratorritakoan, jasota dauden jatorrizko dokumentuak. Horietatik ondoriozta daiteke:
1.- Edozeinek zabal dezakeela nire ordezkatuaren jabetzako garajeko atea (...herriaren izena +ko/go... ...kalea...kaleko...etxe-zk....zk.ko etxearen 1. sotoko...garaje-zk.... zk.ko garajea) eta bertara sartu giltzarik izan gabe. Horrela ikusten da...izen-abizenak...notarioak eskuetsitako 1996ko uztaiaren 11ko aktan.
2.- Nire ordezkatuak ez zuela inolako interesik garaje hori eskuratu eta erabiltzeko. Horrela ikus daiteke Miren...abizenak...andrearen idazkian, eskatu baitzuen etxebizitzaren salerosketan ez zedila garajea sartu, eta inmobiliariarekin izandako gainerako posta-trukean.
b.- Txomin...abizenak...erruztatuaren galdeketa.
Eskatzen dut Txomin...abizenak...jaunari galdeketa egin dakiola, 1995eko martxotik aurrera Miren...abizenak...andrearen garajeko atea zabaldu eta bertan sartu ahal izateko erabili zituen baliabideen inguruan, Txomin...abizenak...jaunak berak aitortu eta egotzi zaizkion jarduerak baitira. Eskaera datu eta arrazoi hauetan oinarritzen dut:
1.- Miren...abizenak...andreak adierazi zuen, 82. folioan jaso bezala, “garajea utzi zionean (Txomin...abizenak...jaunari) giltza-joko bat ere entregatu ziola,eta horrek itzuli egin zizkiola uztailean(1994koan)furgoneta saldu zuenean”.
2.- Miren...abizenak...andreari lankidetza egotzi zaio Txomin...abizenak...jaunak garajea 1995eko martxoan eta maiatzean erabiltzeagatik (372/5, 1618/21 eta 765. folioak), eta data horiek aipatu 1994ko uztailaren ondorengoak dira, hau da, Txomin...abizenak...jaunak giltza-jokoa nire ordezkatuari entregatu eta gerokoak.
3.- Miren...abizenak...andreak 1209. folioan dio “ez dakiela Txominek garajeko giltzen kopiarik egin ahal izan zuen”, “berak inoiz ez diola horretarako baimenik eman”.
4.- Miren...abizenak...andreak 1208. folioaren bukaeran ohartarazten du bere jabetzako garajeko atean zuloak daudela eta giltzarik gabe ere ireki daitekeela; puntu hori...izen-abizenak...notarioak eskuetsitako 1996ko uztailaren 11ko aktan dago jasoa, eta horren lekukotza aurkezten dudan dokumentuetan dago.
5.- Bai Txominek (372. folioko laugarren paragrafoa eta 1621. folioko azken-aurreko paragrafoa),eta bai nire ordezkatuak ukatu egin dute esandako datetan(1995eko martxotik aurrera)garajea erabili zenean azken horrek jakin eta parte hartu zuenik.
6.- Gainerako lau erruztatuek, akusazioak ustezko lapurreta-delituak egozten baitizkie, adierazi dute Txomin...abizenak...jaunak taldearen jardueretarako erabili zuela garajea.
Azaldutako aurrekari eta arrazoietan oinarrituz, uste dugu Miren...abizenak...andreari egotzitako parte-hartzea eta egitatearen inguruabarrak zehazteko, beharrezkoa dela Txomin...abizenak...jaunari galdeketa egitea, jakiteko zein baliabide erabili zuten berak eta gainerako erruztatuek garajera sartzeko adierazitako aldietan (delituzko egintzak izan zirenean), 1995eko martxotik aurrera izan baitziren, eta zer zekiten jabeak garajea utzita eta lagata izateari buruz.
Une honetara arte Txomini ez zaio horri buruzko galdeketarik egin.
Azaldutakoagatik,
EPAITEGIARI ESKATZEN DIOT, onar dezala idazki hau eta batera emandako dokumentuak, eta eman ditzala egindakotzat bertako adierazpenak; erants ditzala dokumentuak eta Txomin...abizenak...jaunaren galdeketa, idazki honetan zehaztutakoari buruzkoa, eta finka ditzala eguna eta ordua horretarako, nire alderdiari zitazioa eginez eginbidean parte hartu ahal izan dezan. Justizia eskatzen dut,...herriaren izena +(e)n...,...data +(e)an....
Letradua:...izen-abizenak...andrea / jauna
Prokuradorea: Amaia...abizenak...andrea