Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Formularioak >> Epaitegiak

Delituarengatik kaltetutako edo ofenditutako alderdiaren kereila

004. DELITUARENGATIK KALTETUTAKO EDO OFENDITUTAKO ALDERDIAREN KEREILA

INSTRUKZIOKO EPAITEGIARI

Ni, Jone...abizenak... andrea, auzitegietako prokuradorea, Joseba...abizenak... jaunaren izenean eta ordezkaritzan ari naiz. Horrela egiaztatzen da honekin batera aurkezten dudan ahalorde-eskritura askietsiaren bidez. Epaitegian agertzen naiz eta Zuzenbidean bidezkoen den moduan, DIOT:

Kereila kriminala aurkezten dudala, ondoren azaldutakotik ateratzen diren egitate eta delituak direla eta. Prozedura Kriminalaren Legeko –PKLko– 277. artikuluarekin bat, eta bertan zehaztutako hurrenkera gordez, honako hau jasoarazten dut:

-I-

Kereila hau Instrukzioko Epaitegi horretan aurkezten da, eskuduna baita PKLko 14-2 artikuluaren arabera, auzigai izango diren egitateak herri horretan izan dira eta.

-II-

Kereila-jartzailea:

Joseba...abizenak... jauna, adin nagusikoa, ezkondua, enplegatua eta...helbidea...helbidean bizi dena.

-III-

Kereilapekoak:

Bertan egon eta derrigortze-egintzen egile izan ziren udaltzainak, gero zehaztuko direnak, eta parte hartu zuen beste edozein.

Beraien datu pertsonalak geroago azalduko diren eginbideen bidez ikertuko dira.

-IV-

Egitateen azalpen xehatua, horiek izandako tokia eta data zehaztuz, honako hau da:

1).- Hil honetako 9an, nire ordezkatua ohean zegoen gripeak hartuta (1 eta 2 zk.ko dokumentuak). Goizeko hamaika eta erdiak inguruan bere etxebizitzako interfonoak jo zuen. Nire ordezkatuak altxatu eta leihotik begiratu zuenean ikusi zuen garabi bat zegoela etxe parean aparkatuta zuen bere jabetzako autoaren alboan —seat 124, SS ... matrikuladuna—, udaltzain baten aginduak jarraitzen.Nire ahalorde-emailearen galderen aurrean adierazi zuten ibilgailua udal-gordailura eramango zutela.

2).- Nire ordezkatuak, berehala, pijamaren gainetik jaka eta prakak jantzi eta, zapatilletan, kalera jaitsi zen. Ibilgailuaren jabea zela adierazi ondoren, udaltzainari gertatutakoa azal ziezaiola eskatu zion, eta horrek erantzun zion garabiak autoa eraman behar zuela espaloian aparkatuta egoteagatik.

3).- Nire ordezkatuak udaltzainari esan zion ibilgailua espaloian igota egotearen arrazoia, herri horretako...kalea...kaleko zirkulazioa erraztea zela; hala ere, prest zegoela ibilgailua berehala eraman eta beste toki batean aparkatzeko.

Isunari zegokionez, nire ordezkatuak adierazi zuen onartzen zuela eta araudiari jarraiki izapidetu zezala, kasua balitz bere garaian izan zitzakeen eskubideen kalterik gabe.

4).- Udaltzainak orduan erantzun zion garabi-zerbitzuaren zenbatekoa une horretan bertan ordaindu beharko zuela, eta horrela egin ezean ez ziola utziko ibilgailua hartu eta beste toki batera eramaten.

5).- Nire ordezkatuak isuna jakinaraz zekiola eta ibilgailua beste toki batera eramaten utz ziezaiotela esaten jarraitu zuen.

Udaltzainak berriz ere ukatu zion ibilgailua aipatu ondorioetarako eramatea, baldin eta une horretan bertan garabi-zerbitzuaren zenbatekoa ordaintzen ez bazuen, eta salaketaren ale bikoiztua entregatu zion; 1 zk.ko dokumentu gisa aurkezten dut, eta bertan...zk....zk. duen udaltzainaren datuak zehazten dira.

6).- Udaltzaina, nire ordezkatuaren gogoaren aurka, garabiak autoa kroka zezala agindu zuen, eta nire ahalorde-emailea ordurako auto barruan sartuta zegoenez, biak eraman zituzten, ibilgailua eta jabea, autoen udal-gordailura, herri honetako...auzoa...auzora.

Aipatu egitateak hainbat auzokok ikusi zituzten, eta horietatik hiruk beren ibilgailuak hartu eta udal-gordailura joan ziren. Nire ordezkatuak, zapatilletan eta pijamaren jaka agerian zuela, horien autoa erabili ahal izan zuen bere etxebizitzara itzultzeko.

7).- Nire ahalorde-emailearen ibilgailuak aipatu udal-gordailuan jarraitzen du atxikita bere borondatearen aurka.

IV bis.- DELITU-TIPOA (Zuzenbideko oinarriak)

Nire ordezkatuaren aurka indarkeria eta derrigortzea eragin zen.

Estatuko, udalerriko edo beste edozein erakunde publikotako poliziek, funtzionarioek eta agintariek Zuzenbidearen arabera eragin dezaketen indarkeria eta derrigortzea arau juridikoetan ezarritakoa da, eta arau juridikoan zehaztutako moduan, denboran eta arrazoian oinarrituz besterik ezin ditzakete burutu –Zuzenbidearen arabera, berriz diot–.

Poliziek, funtzionarioek eta agintariek arau juridikoan ezarritako kasuetatik at eta horietan oinarritu gabe burututako indarkeria eta derrigortzea, Zuzenbidearen aurkako indarkeria eta derrigortzea da.

Aipatutakoa esku artean dugun kasura aplikatuz, ibilgailua bide publikotik kendu eta udal-gordailura eramateak dakarren indarkeria, Zirkulazio Kodeko 292. artikuluko III. idatz-zatian arautua dago. Artikulu horrek, aipatu kasu konkretuan indarkeria baimentzen duen manu juridiko bakarra izaki, honako hau dio:

“292. art.- (...) III.a) Trafiko-agenteek bide publikoan ibilgailu bat ikusiko balute, zirkulazioa erabat oztopatzen duena, edo zirkulazioari arriskua dakarkiona edo modu larrian kalte egiten diona, neurriak hartu ahal izango dituzte: lehendabizi, errekerimendua egin beharko diote gidariari, jabeari edo ibilgailuaren ardura duen pertsonari, bertan badago, egoera irregularra konpon dezan; pertsona hori ez badago bertan, edo errekerimenduari kasurik egiten ez badio, ibilgailua xede horretarako dagoen gordailura eraman ahal izango dute.

(...)

c) Ibilgailua kentzean udal-gordailura eramango da, eta beharrezko neurriak hartuko dira gidariari lehenbailehen horren berri emateko. Ibilgailu-kentze hori unean bertan etengo da, baldin eta gidaria edo baimendutako beste pertsonaren bat bertan agertzen bada eta neurri egokiak hartzen baditu”.

Poliziek eta agintariek Zirkulazio Kodeko 292. artikuluan ezarritako kasuan eta moduan jarduten dutenean, legezko indarkeria egikaritzen dute.

Ondorioz, ibilgailua kentzen dutenean legezko baldintzak, hau da, artikuluan ezartzen direnak, bete gabe, egileek eta gainerako partaideek legearen aurkako indarkeria egikaritzen dute. Eta hori da, hain zuzen ere, egitateen azalpen xehatutik ondoriozta daitekeena. Udaltzainek egikaritutako indarkeria ez zen legezkoa izan, kereila-jartzaileak ibilgailua gatazka-lekutik kendu nahi izan baitzuen. Auto hauetako indarkeria ez da soilik kereila-jartzailearen jabetzako turismoaren gain eragin, kereila-jartzailearen beraren gain ere baizik, eta hori Zigor Kodeko –ZKko– 172. artikuluan tipifikatutako delitua da. Horretaz gain, beste delitu batzuk ere egon daitezke, legearen aurkako ordainarazteak eta pertsonen askatasunaren aurkako egintzak direla eta.

-V-

Lehenengo eta berehalako eginbide gisa, prozeduran zehar beste batzuk proposatu eta onar daitezkeen arren, egitateak ikertzeko ondorengo hauek eskatzen dira:

a).- Kereila-jartzaileari, Joseba...abizenak... jaunari, deklarazioa har dakiola.

b).-...herriaren izena +ko/go...Udal Ikuskapenera ofizioa bidal dadila, epaitegiari zehaztapen hauek jakitera eman dakizkion:...udaltzain-zk....zk.ko udaltzainaren izen-abizenak eta gainerako datu pertsonalak, eta baita beste udaltzainarenak ere, abuztuaren 9an goizeko 11:40an...salaketa-zk....zk.ko salaketa jartzen eta...matrikula...matrikulako seat-124 turismoa ibilgailuen udal-gordailura eramaten parte hartu baitzuen.

c).- Aipatu bi poliziakideen nortasuna ezagututakoan, hau da,...udaltzain-zk....zk.ko udaltzainarena eta zenbakia eta gainerako datuak ez dakizkigun bestearena, har dakiela deklarazioa kereilapeko gisa kereila honetako objektu diren egitateen inguruan.

d).- Era berean, har dakiela deklarazioa kereila honetako egitateen inguruan lekuko hauei:...zehaztu lekukoak...

e).- Nire ahalorde-emailearen ibilgailuak bere gogoaren aurka udal-gordailuan atxikita jarraitzea DELITU-IZAERAKO derrigortze-egoera EGONKORRA denez, derrigortze-delitua egiten jarraitzen ari baita, eta delituak eragoztea betebehar orokorra denez, instrukzioko epaileak horretarako ahalmenak izanik, presazko neurri gisa eskatzen zaio Udal Ikuskapenari edo, kasua denean, Udalari, agin dezala...matrikula...matrikulako seat-124 turismoa bere jabea den Joseba...abizenak... jaunaren esku utz dadila.

f).-Aurretik aipatutakoetatik ondorioztatzen diren gainerakoak.

-VI eta VII-

PKLko 277. artikuluko ondoz ondoko puntuan aipatutakoak eskaeran daude jasota eta ez da kereila-jartzailearen sinadura behar, ahalorde bereziarekin agertu bainaiz.

Azaldutakoagatik,

EPAITEGIARI ESKATZEN DIOT, idazki hau eta batera emandako dokumentuak aurkeztuta, onar ditzala; har dezala kereila egindakotzat, bertan aipatutako izenean, ordezkaritzan eta izaeran; egikari daitezela idazki honetako V. zk.an aipatutako eginbideak, besteak beste eta presazko neurri gisa, jarraitzen duen delituzko egoerari amaiera ematea,  eta HORRETARAKO AGINTZEA KEREILA-JARZTAILEARI BEREHALA ITZUL DAKIOLA bere jabetzako IBILGAILUA, udal-gordailuan atxikita dagoena; izapideak betez, erabaki daitezela, bere garaian, erantzuleen gaineko segurtasun-neurriak (atxilotzea eta espetxeratzea edo behin-behineko askatasuneko fidantza) eta baita sor daitezkeen diru-erantzukizunak segurtatzekoak ere (fidantzak eta enbargoak), PKLko 277-6 artikuluak ezarri bezala. Legezkoa denez, Justizia eskatzen dut,...herriaren izena +(e)n..., 1985eko abuztuaren 12an.

Letradua:...izen-abizenak...andrea

Prokuradorea: Jone...abizenak... andrea

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra