Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Giza Eskubideen Munduko Konferentzia eta Milurtekoaren Biltzarra

Vienako Adierazpena eta egintza-programa

1993-06-25

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Giza Eskubideen Munduko Konferentzia

VIENAKO ADIERAZPENA ETA EGINTZA PROGRAMA

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak,

Kontuan harturik nazioarteko erkidegoaren lehentasunezko gaia dela giza eskubideak sustatzea eta babestea eta Konferentzia ezinbesteko aukera dela giza eskubideen nazioarteko sistemaren eta giza eskubideok babesteko mekanismoen azterketa zehatza egiteko, zertarako eta, bultzatzeko eta sustatzeko eskubide horiek oso-osorik bete daitezen, modu zuzenean eta orekatuan,

Aitortuz eta adierazizgiza eskubideen jatorria dela gizakiaren duintasuna eta balioa eta gizakia dela giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen subjekturik nagusiena; horrenbestez, gizakia bera izan behar dela eskubide eta askatasun horien onuradun garrantzitsuena eta modu aktiboan parte hartu behar duela eskubide horiek gauzatu daitezen,

Berretsiz Nazio Batuen Gutunari eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako helburu eta printzipioei emandako atxikimendua,

BerretsizNazio Batuen Gutunaren 56. artikuluaren arabera hartutako konpromisoa, elkarrekin edo bananduta neurriak hartzeko, beren-beregi azpimarratuz nazioarteko lankidetzaren garapen eraginkorra, zertarako eta, 55. artikuluan jasotako proposamenak gauzatzeko, barne hartuta errespetu unibertsala eta guztien giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen betetzea,

Azpimarratuz, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, estatu guztien erantzukizuna dela guztien giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua sustatzea eta ahalbidetzea, inolako bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza edo erlijio-arrazoiengatik,

Gogoratuz Nazio Batuen Gutunaren atarikoa, batik bat, euren fedea berresteko erabakia gizon-emakumeen oinarrizko eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizon-emakumeen eta herri handi eta txikien eskubide-berdintasunean,

Gogoratuz, bestalde, Nazio Batuen Gutunaren atarikoan adierazitako erabakia, dela hurrengo belaunaldiak gerraren zigorretik babesteko, dela baldintzak sortzeko, zertarako eta, horien mende gorde ahal ditzaten tratatuek eta nazioarteko zuzenbidearen beste iturriek eratorritako betebeharrekiko justizia eta errespetua, dela gizarte-aurrerabidea sustatzeko eta bizitza maila igotzeko, askatasunaren kontzeptu zabalago baten barruan, dela tolerantzia praktikatzeko eta elkarrekin bakean bizitzeko, auzokide bezala, eta nazioarteko mekanismo bat erabiltzeko, horren bidez herri guztien ekonomia- eta gizarte-garapena sustatzeko,

Azpimarratuz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, herri eta nazio guztien helmuga erkidea izanik, inspirazio-iturburua dela eta Nazio Batuek euskarri gisa hartu dutela halako arauak finkatzeko, hau da, giza eskubideen A/CONF.157/23, 3. orrialdearen nazioarteko instrumentuetan adierazitakoak, bereziki, Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta Gizarte-, Ekonomia- eta Kultura-eskubideei buruzko Nazioarteko Ituna,

Kontuan harturik nazioarteko egoeran gertatu diren aldaketa garrantzitsuak eta herri guztien asmoa, Nazio Batuen Gutunean ezarri printzipioetan oinarritutako nazioarteko ordena lortzeko, batik bat, guztion giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatu eta bultzatzeko eta eskubideen berdintasun-printzipioa eta herriek duten determinazio askerako eskubide-printzipioa errespetatzeko, betiere, jarraiko baldintzen mende, baldintza horiek direla bakea, demokrazia, justizia, berdintasuna, legearen agintea, aniztasuna, garapena, bizitza-maila egokiagoak eta elkartasuna,

Erabat kezkaturikemakumeek mundu osoan arriskuan egoten jarraitzen dutelako, bereizkeria eta indarkeria mota askoren mende,

Aitortuz Nazio Batuen jarduerak, giza eskubideen esparruan, arrazionalizatu eta hobetu egin behar direla, esparru horretan Nazio Batuen mekanismoa indartzeko eta giza eskubideen nazioarteko arauekiko errespetu unibertsalaren eta betetze helburuak ahalbidetzeko,

Kontuan harturikerregio-mailan, hain zuzen ere, Tunez, San José eta Bangkok hirietan egindako bileretan onetsi ziren Adierazpenak, eta aintzat hartuta gobernuen arteko erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek egindako iradokizunak, bai eta Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren prestatze-prozesuan aditu independenteek prestatutako azterketak,

Atseginez harturik Munduko Herri Indigenen Nazioarteko Urtea, 1993an izendatua, orduan berretsi baitzen nazioarteko erkidegoaren konpromisoa zertarako eta, zaintzeko herri horiek goza ditzaten giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak eta, oro har, errespetatzeko euren kulturen eta nortasunen balioa eta aniztasuna,

Aitortuz, halaber, nazioarteko erkidegoak sortu behar dituela dauden oztopoak ezabatzeko baliabideak eta giza eskubide guztiak gauzatzea eragozten duten arazoak konpontzeko, horiek eragiten baitute mundu osoan giza eskubideak urratzen jarraitzea,

Gogoan hartuz gure garaiaren eta egungo errealitatearen espiritua, horrek eskatzen baitu munduko herri guztiek eta Nazio Batuen estatu kide guztiek has dezaten, bultzada berri batekin, giza eskubide eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko zeregin globala, eskubide horien gozatze osoa eta unibertsala bermatzeko,

Erabakia hartuta nazioarteko erkidegoak moldatutako bideari segida ematea, giza eskubideen arloan aurrerapen handiak lortzeko, nazioarteko lankidetza eta elkartasunaren alde ahalegin berritu eta iraunkorren bitartez,

Ospe handiz onesten du Vienako Adierazpena eta Egintza Programa

1.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du estatu guztiek duten konpromiso solemnea, halako betebeharrak betetzeko: errespetu unibertsala sustatzea, bai eta guztien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak betetzea eta babestea, Nazio Batuen Gutunarekin, giza eskubideei buruzko beste instrumentuekin eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.Ukaezina da eskubide eta askatasun horien izaera unibertsala.

Testuinguru honetan, giza eskubideen esparruan nazioarteko lankidetza indartzea ezinbestekoa da, Nazio Batuen proposamenak oso-osorik gauzatzeko.

Giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak gizaki guztien berezko ondare dira; ondare hori sustatzea eta babestea gobernuen erantzukizun behinena da.

2.Herri guztiek dute determinazio askerako eskubidea.Eskubide horren ondorioz, herriek askatasun osoz erabakitzen dute euren egoera politikoa eta lortzen dute euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena.

Kontuan izanik botere kolonialen edo bestelako botereen mende edota atzerritarren okupazioaren mende dauden herrien egoera berezia, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du herriek duten eskubidea, zertarako eta, edozein neurri legitimo hartzeko, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, neurri hori bideratzen bada determinazio askerako duten eskubide besterenduezina gauzatzera.

Konferentziak uste du determinazio askerako eskubidea ukatzea giza eskubideak urratzea dela eta, era berean, azpimarratzen du zein garrantzitsu den eskubide hau eraginkortasunez gauzatzea.

Nazioarteko zuzenbidearen printzipioei buruzko Adierazpenaren arabera, adiskidetasun-harremanei eta estatuen arteko lankidetzari dagokienez, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, aurretiaz aipaturiko deus ere ez da ulertuko halako esanahian, esanahi horrek baimentzen edo sustatzen badu, zer eta, estatu subirano eta independenteen lurralde-segurtasuna eta unitate politikoa oso-osorik edo zati batean, urratzera eta gutxiestera bideratutako egintzaren bat, estatu horiek jokatzen badute eskubide-berdintasunaren printzipioaren eta herriek duten determinazio askerako eskubide-printzipioaren arabera eta, horrenbestez, lurraldeari dagokion herria oso-osorik ordezkatzen duen gobernua badute, inolako bereizketarik gabe.

3.Nazioarteko neurri eraginkorrak hartu behar dira bermatzeko eta zaintzeko giza eskubideen arauen aplikazioa, atzerritarren okupazioaren mende dauden herriei dagokienez, eta, halaber, babes juridiko eraginkorra eman behar da giza eskubideen urraketaren aurka, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arauekin bat etorriz, batik bat, gerra garaian pertsona zibilen babesari buruzko Genevako Hitzarmena, 1949. urteko abuztuaren 12koa, eta aplikagarri diren giza eskubideen beste arau batzuk.

4.Giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak sustatzea eta babestea izan behar da Nazio Batuen lehentasunezko helburua, bere asmo eta printzipioekin bat etorriz, eta, bereziki, nazioarteko lankidetzaren asmoa.Asmo eta printzipio horien esparruan, giza eskubide guztiak sustatzea eta babestea nazioarteko erkidegoaren kezka legitimoa da.Hartara, giza eskubideekin zer ikusia duten organo eta erakunde espezializatuek indartu egin behar dute euren jardueren koordinazioa, oinarri hartuta giza eskubideen nazioarteko instrumentuen aplikazio bidezkoa eta objektiboa.

5.Giza eskubide guztiak dira unibertsalak eta zatiezinak eta elkarri lotuta daude.Nazioarteko erkidegoak oso-osorik tratatu behar ditu giza eskubideak, modu zuzenean eta ekitatearen arabera, berdintasun baldintzetan eta guztiei neurri bera emanez.Aintzat hartu behar da nazio eta erregioen berezitasunen garrantzia, eta, oro har, ondare historikoak, kulturalak eta erlijiosoak; hala ere, estatuen eginbeharra da giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak sustatzea eta babestea, edozein izanik ere euren politika-, ekonomia- eta kultura-sistemak.

6.Errespetu unibertsala lortzeko eta guztion giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak betetzeko, Nazio Batuen sistemaren ahaleginak lagungarri dira beharrezko egonkortasuna eta ongizatea lortzeko, nazioen artean egon daitezen bake- eta adiskidetasun-harremanak eta, berebat, ekonomia eta gizartea garatzeko, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

7.Giza eskubideak sustatzeko eta babesteko prozesuak Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioen eta nazioarteko zuzenbidearen arabera garatu behar dira.

8.Demokrazia, garapena eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunenarekiko errespetua elkarri lotuta dauden kontzeptuak dira eta batek besteak indartzen ditu.Demokraziak oinarri hartzen ditu herriaren borondatea, askatasun osoz adierazten dena, erregimen politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala aukeratzeko orduan, eta, orobat, herriaren parte-hartzea bizitzaren bestelako alderdi guztietan.

Testuinguru honetan, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak nazio- nahiz nazioarte-mailan sustatzea eta babestea unibertsalak izan, eta baldintzarik gabe gauzatu behar dira.Nazioarteko erkidegoak bere laguntza emango du mundu osoan demokrazia indartzeko eta sustatzeko, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak garatzeko eta horiek errespetatzeko.

9.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du nazioarteko erkidegoak laguntza eman behar diela demokratizazio-prozesua eta erreforma ekonomikoaren bidea aukeratu duten gutxiago aurreratutako herrialdeei, horien demokraziarako eta garapen ekonomikorako bidea arrakastatsua izan dadin; egon ere, herri horietako asko Afrikan daude.

10.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, Garapenerako eskubideari buruzko Adierazpenak aldarrikatzen duenaren arabera, garapenerako eskubidea berresten du, eskubide unibertsal eta besterenduezin gisa, eta oinarrizko giza eskubideen osagai gisa.

Garapenerako eskubideari buruzko Adierazpenean esandakoaren arabera, gizakia da garapenaren subjekturik nagusiena.

Garapenak bidea zabaltzen du giza eskubide guztiak gozatzeko; hala ere, garapen eza ezin da hartu nazioarteko mailan aitortutako giza eskubideak mugatzeko justifikazio gisa.

Estatuak elkarrekin lankidetzan arituko dira garapena lortzeko eta garapenerako oztopoak ezabatzeko.Nazioarteko erkidegoak nazioarteko lankidetza eraginkorra ahalbidetu behar du, garapenerako eskubidea gauzatzeko eta garapenerako oztopoak ezabatzeko.

Garapenerako eskubidea aplikatzeari begira, aurrerabide iraunkorrak garapenerako politika eraginkorrak eskatzen ditu nazio-mailan, eta, era berean, ekitatearen araberako harreman ekonomikoak eta inguru ekonomiko lagungarria, nazioarteko mailan.

11.Garapenerako eskubidea gauzatzeko orduan, aintzat hartuko da egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrizanak ekitatearen arabera asetzea, garapen- eta ingurumen-arloari dagokionez.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du substantzia eta hondakin toxiko eta arriskutsuak legez kontra isurtzea mehatxu larria izan daitekeela, guztion bizitza- eta osasun-eskubideei begira.

Hortaz, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak dei egiten die estatu guztiei, horiek onetsi eta zehatz-mehatz aplika ditzaten zer eta, produktu eta hondakin toxiko eta arriskutsuak isurtzeari buruz dauden konbentzioak eta, berebat, lankidetzan jardun dezaten legez kontrako isurketak prebenitzeko.

Guztiek dute eskubidea aurrerabide zientifikoa eta horren aplikazioak gozatzeko.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gogoan du aurrerapen batzuek, batez ere, zientzia biomediko eta biologikoen esparruan eta informatika-esparruan, norbanakoen osotasun, duintasun eta giza eskubideentzat ondorio kaltegarriak izan ditzaketela; hartara, nazioarteko lankidetza eskatzen du zaintzeko, zer eta, gizakiaren giza eskubideen eta duintasunaren errespetu osoa, interes unibertsala duen esparru honetan.

12.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bultzatzen du nazioarteko erkidegoak ahal duen guztia egin dezan, garapen bidean dauden herriei kanpoko zorraren zama arintzeko, modu horretara osatzeko herri horien gobernuek egindako ahaleginak, herri horien ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak oso-osorik gauzatuak izan daitezen.

13.Nahitaezkoa da estatuek eta nazioarteko erakundeek baldintza mesedegarriak sortzea, gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean, nazio-, erregio- eta nazioarte-mailan, giza eskubideen gozamen osoa eta eraginkorra izateko.Estatuek giza eskubideen urraketa guztiak eta horien zergatiak ezabatu behar dituzte, bai eta eskubide horiek gauzatzea eragozten duten oztopoak ere.

14.Muturreko pobrezia orokortzeak giza eskubideen gozamen osoa eta eraginkorra eragozten du; nazioarteko erkidegoak, beraz, lehentasun osoa ematen jarraitu behar du pobrezia hori berehala arintzeko eta gerora ere, berori ezabatzeko.

15.Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunenarekiko errespetua, inolako bereizketarik gabe, oinarrizko erregela da, giza eskubideen nazioarteko arauen artean.Arrazismoa, arraza-bereizkeria, xenofobia eta horiekin lotuta dauden intolerantzia modu guztiak berehala eta modu zabalean ezabatzea da nazioarteko erkidegoaren lehentasunezko zeregina.  Gobernuek neurri eraginkorrak hartu behar dituzte halakoak prebenitzeko eta eragozteko. Taldeek, erakundeek, gobernuen arteko eta gobernuz kanpoko erakundeek nahiz partikularrek ahaleginak areagotu behar dituzte euren artean elkarlanean aritzeko eta gaitz horien aurkako jarduerak koordinatzeko.

16.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten ditu apartheida desegiteko egindako aurrerabideak, eta nazioarteko erkidegoari eta Nazio Batuen sistemari eskatzen die eman ditzatela euren laguntza prozesu hau aurrera eramateko.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, bestalde, indarkeria-egintza iraunkorrak deitoratzen ditu, bideratuta daudenak apartheida desegiteko ahalegin baketsuak zapuztera.

17.

Nazioarteko erkidegoak neurri egokiak hartu behar ditu bere lankidetza indartzeko, terrorismoa prebenitu eta horri aurre egiteko helburuarekin.

18.Emakumearen eta neskaren giza eskubideak dira giza eskubide unibertsalen zati besterenduezina, osatzailea eta zatiezina.Emakumearen parte hartze osoa, berdintasun-baldintzetan, bizitza politiko, zibil, ekonomiko, sozial eta kulturalean, nazio-, erregio- nahiz nazioarte-mailan, eta sexuan oinarritutako bereizkeria forma guztiak ezabatzea dira nazioarteko erkidegoaren lehentasunezko helburuak.

Indarkeria eta sexu-jazarpena eta sexu-esplotazio forma guztiak, batik bat, aurreiritzi kulturalak edota pertsonen nazioarteko salerosketak eratorritakoak bateraezinak dira gizakiaren duintasun eta balioarekin eta ezabatu egin behar dira.Ezabatze hori legegintzazko neurrien bitartez eta nazio-jardueren eta nazioarteko lankidetzaren bitartez lor daiteke esparru hauetan, hala nola, garapen ekonomikoa eta soziala, hezkuntza, amatasunaren eta osasunaren arreta eta gizarte-babesa.

Emakumearen giza eskubideen kontua, Nazio Batuen giza eskubideen jardueren zati osagarria izan behar da, bereziki, emakumearekin zer ikusia duten giza eskubideen instrumentu guztiak sustatzeari dagokionez.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernuei, gobernuen arteko erakundeei eta gobernuz kanpoko erakundeei areagotu ditzatela euren ahaleginak emakumearen eta neskaren giza eskubideak babesteko eta sustatzeko.

19.Aintzat hartuta zein garrantzitsu diren, gutxiengoen partaide izan eta pertsona horien giza eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerak eta jardueron eragina, pertsona horiek zein estatutan bizi eta estatuon egonkortasun politiko eta sozialean.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du estatuen betebeharra zaintzeko zer eta, gutxiengoen partaide izan eta pertsona horiek egikari ditzaten giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak,oso-osorik eta modu eraginkorrean, inolako bereizkeriarik gabe eta, legearen aurrean, berdintasun-baldintzetan, gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonei buruzko Nazio Batuen Adierazpenarekin bat etorriz.

Gutxiengoen partaide diren pertsonek eskubidea dute euren kultura izateko, euren erlijioa aitortzeko eta praktikatzeko eta euren hizkuntza erabiltzeko, era pribatuan zein publikoan, askatasun osoz eta inoren esku-sartzerik gabe.

20.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen ditu herri indigenen berezko duintasuna eta ekarpen paregabea, gizartearen garapenari eta aniztasunari begira, eta tinko berresten du nazioarteko erkidegoaren erabakia, herri horiei bermatzeko ongizate ekonomiko, sozial eta kulturala eta garapen iraunkorraren onuren gozamena.

Estatuek bermatu behar dute herri indigenen parte hartze osoa eta askea gizartearen alor guztietan, batez ere, eurei dagozkien kontuetan.Aintzat hartuta zein garrantzitsu diren herri indigenen giza eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerak eta jarduera horien eragina pertsona horiek zein estatutan bizi eta estatu horien egonkortasun politiko eta sozialean, estatuek, nazioarteko zuzenbidearekin bat datozen neurri positiboak eta adostuak hartu behar dituzte, herri indigenen giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetua bermatzeko, berdintasuna eta bereizkeriarik eza oinarri hartuta eta, halaber, nortasuna, kultura eta gizartea antolatzeko sistema desberdinen balioa eta aniztasuna aitortu.

21.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, onespenez harturik estatu kopuru handi batek berehala berretsiko duela Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa eta ohartaraziz Haurraren biziraupenari, babesari eta garapenari buruzko Munduko Adierazpenak eta Egintza Planak, Haurtzaroaren alde Munduko Goi Bileran onetsitakoek haurren giza eskubideak aitortzen dituztela, eskatzen du Konbentzioaren berrespen unibertsala 1995. urterako egitea, eta estatu alderdiek konbentzio hori modu eraginkorrean aplikatzea, beharrezko legegintza- eta administrazio- edo bestelako neurriak onetsita eta, berebat, dauden baliabideetatik ahalik eta gehienak helburu horretarako esleitzea.Bereizkeriarik eza eta haurraren interes gorena izan behar dira lehentasunezko ardurak, haurtzaroari dagozkion jarduera guztietan, behar bezala kontuan hartuta interesdunen euren iritzia.Haurren defentsa eta babeserako mekanismoak eta programak indartu behar dira nazio- nahiz nazioarte-mailan, bereziki, nesken, haur abandonatuen, kaleko umeen eta ekonomia eta sexu aldetik esplotatutako haurren defentsa eta babeserako, barne hartuta pornografia eta haurren prostituzioa edota organo-salmentarako erabiltzen diren haurrak, gaixotasunen biktima diren haurrak, batez ere, Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea dutenak, haur errefuxiatuak eta lekualdatuak, atxilotuak, gatazka armatuko egoeran dauden haurrak eta gose, lehorte edo bestelako zoritxarren biktima direnak.Konbentzioa aplikatzeari begira, nazioarteko lankidetza eta elkartasuna sustatu behar dira eta haurren eskubideek izan behar dute lehentasuna, giza eskubideei buruzko Nazio Batuen sistemaren jarduera guztietan.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du, halaber, haurraren nortasunaren garapenak, osotasunean eta modu orekatsuan, haurra familia-giroan haztea eskatzen duela; hainbatez, babes handiagoa behar duena.

22.Ezinbestekoa da arreta berezia jartzea bereizkeria ezari eta desgaituen aldetik giza eskubide eta oinarrizko askatasunak berdintasun-baldintzetan gozatzeari, barne hartuta euren parte hartze aktiboa, gizartearen alor guztietan.

23.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du pertsona orok duela eskubidea pertsekuzio kasuan, inolako bereizketarik gabe, beste herri batzuetan asiloa eskatzeko eta gozatzeko, eta bere jatorrizko herrira itzultzeko ere.Horren inguruan, azpimarratzekoa da zein garrantzitsu diren Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951. urteko Konbentzioa eta 1967. urteko horren Protokoloa eta erregio-instrumentuak.Aitorpen berezia egiten die errefuxiatu kopuru handi bat bere lurraldeetan onartu eta jasotzen jarraitzen duten estatuei eta Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisiodunaren Bulegoari, euren zeregina betetzeko erakutsi duten arduragatik.Aitorpen berezia egiten dio, halaber, Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Herri Lan eta Sorospenerako Nazio Batuen Erakundeari.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du giza eskubideen ageriko urraketak, batik bat, gatazka armatuetan egindakoak,  pertsonak lekualdatzea ahalbidetzen dituzten faktore anitz eta konplexuetako batzuk badirela.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, ikusirik errefuxiatuen munduko krisiaren konplexutasuna, aitortzen du behar-beharrezkoa dela, zer eta, nazioarteko erkidegoak onets dezan planteamendu oso bat, Nazio Batuen Gutunaren arabera eta nazioarteko instrumentu egokien eta nazioarteko elkartasunaren arabera, zama banatzeko helburuarekin, herri interesdunen eta erakunde eskudunen koordinazio eta lankidetzarekin, betiere, aintzat hartuta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisiodunaren mandatua.Planteamendu horrek halakoak barneratu behar ditu: errefuxiatuen eta lekualdatuak izan diren pertsonen mugimenduen arrazoi sakonei eta ondorioei aurre egiteko estrategiak aurkeztea; larrialdi-egoeretako antolaketa eta horiei erantzuteko mekanismoak hobetzea; babes eta laguntza eraginkorrak ematea, betiere, aintzat hartuta emakume eta haurren beharrizan bereziak; bai eta, irtenbide iraunkorrak lortzea, ahal den neurrian borondatezko aberriratzearen bitartez, segurtasun- eta duintasun-baldintzetan, barne hartuta errefuxiatuei buruz nazioarteko konferentziak onetsitako irtenbideak.Konferentziak estatuen erantzukizuna azpimarratzen du, beren-beregi, jatorrizko herrialdeei dagokienean.

Planteamendu osoaren arabera, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den arreta berezia jartzea herrialdearen barnean lekualdatuak izan diren pertsonei eta horien arazoei irtenbide iraunkorra ematea, barne hartuta, borondatezko itzulera, segurtasun- eta birgaitze-baldintzetan, hori guztiori gobernuen arteko erakundeen bitartez eta erakunde humanitarioen bitartez.

Nazio Batuen Gutunarekin eta zuzenbide humanitarioaren printzipioekin bat etorriz, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen ditu, berebat, hondamendi naturalen nahiz gizakiak eragindakoen aurrean, biktimei emandako laguntza humanitarioaren garrantzia eta beharrizana.

24.Garrantzi berezia eman behar zaie ahuldu diren taldeen pertsonei, bereziki, langile migratzaileei, horien giza eskubideak sustatu eta babesteari begira, bai eta,  pertsona horien aurkako bereizkeria forma guztiak ezabatzeari eta giza eskubideen instrumentuak indartu eta modu eraginkorragoan horiek aplikatzeari ere.Estatuen betebeharra da neurri egokiak onestea eta horiei eustea nazio-mailan, bereziki, hezkuntza- eta osasun-alorretan eta gizartearen babes-alorrean, zertarako eta, biztanleriaren talde ahulenen eskubideak sustatzeko eta babesteko eta talde horietan dauden pertsonen parte hartzea ziurtatzeko, euren arazoei irtenbide bat emateari begira.

25.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak baieztatzen du muturreko pobrezia eta gizarte-bazterketa giza duintasunaren aurkako erasoak direla eta neurriak hartu behar direla berehala muturreko pobrezia eta horren zergatiak hobeto ulertzeko, bereziki, garapenaren arazoari lotuta daudenak, helburu zehatz batzuekin, hala nola, behartsuenen giza eskubideak sustatzea, muturreko pobrezia eta gizarte bazterketa ezabatzea eta gizartearen aurrerabideak eragindako fruituen gozamena sustatzea.

Nahitaezkoa da estatuek behartsuenen alde egitea, horiek, zein erkidegotan bizi eta horrek onetsitako erabakietan parte har dezaten eta, oro har, giza eskubideak sustatzearen alde eta muturreko pobreziaren aurkako borrokaren alde.

26.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du giza eskubideen instrumentuen kodeketan lortutako aurrerabidea, kodeketa hori prozesu dinamikoa eta pausoz pausokoa delako, eta, berebat, eskatzen du giza eskubideen tratatuen berrespen unibertsala. Zin-zinez eskatzen zaie estatu guztiei eman dezatela euren atxikimendua nazioarteko instrumentu horiei; estatuei galdatzen zaie, era berean, ahal duten neurrian, horiekiko erreserbarik ez egitea.

27.Estatu bakoitzak baliabide eraginkorren marko bat ezarriko du, giza eskubideen arau-hausteak eta urraketak konpontzeko.Justizia-administrazioa, bereziki, legea eta prozedura betearazten dituzten erakundeak, eta botere judiziala eta abokatutza independenteak erabakigarriak dira, zertarako eta, giza eskubideen nazioarteko instrumentuetara bildutako arauekin bat etorriz, giza eskubideak erabat gauzatzeko, inolako bereizkeriarik gabe, eta, halaber, ezinbestekoak dira demokratizazio eta garapen iraunkorreko prozesuetan.

Testuinguru honetan, justizia-administrazioaren ardura duten erakundeak behar bezala finantzatuta egon behar dira eta nazioarteko erkidegoak aurreikusi behar du maila handiagoko laguntza teknikoa eta finantzarioa.Nazio Batuei dagokie lehentasunez ezartzea programa bereziak aholkularitza-zerbitzuak emateko, horrela lor dezaten justizia-administrazio sendoa eta independentea.

28.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bere nahigabea adierazi du giza eskubideen urraketa ugarien aurrean, hala nola, genozidio, “etnia-garbiketa” eta gerra-egoeran gertatzen diren emakumeen bortxaketa sistematikoak, horrek guztiorrek eragiten baitu errefuxiatu eta lekualdatuak izan diren pertsonen multzokako ihesa.

Zin-zinez gaitzesten ditu halako eginera higuingarriak eta berriro dei egiten du krimen horien egileak zigortuak izan daitezen eta eginera horiek berehala buka daitezen.

29.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bere kezka larria adierazten du, giza eskubide eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren nazioarteko instrumentuen arauak betetzen ez direlako, munduko erregio guztietan gertatzen diren giza eskubideen urraketa iraunkorren aurrean, eta biktimentzako baliabide eraginkor ezaren aurrean.

Giza Eskubideen Munduko Konferentzia zeharo kezkatuta dago gatazka armatuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak direla eta, halakoek biztanleria zibila ukitzen baitute, batik bat, emakumeak, haurrak, nagusiak eta desgaituak.Horrenbestez, Konferentziak estatuei eta gatazka armatuetan parte diren guztiei dei egiten die bete ditzaten zehatz-mehatz nazioarteko zuzenbide humanitarioa, 1949. urteko Genevako Hitzarmenetan eta nazioarteko zuzenbidearen beste erregela eta printzipioetan ezarritakoa, bai eta nazioarteko konbentzioetan adierazitako giza eskubideen babeserako gutxiengo arauak.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du biktimek erakunde humanitarioengandik laguntza jasotzeko duten eskubidea, 1949. urteko Genevako Hitzarmenean eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren kasuan kasuko instrumentuetan adierazitakoaren arabera, eta, halaber, eskatzen du laguntza hori jaso dezatela azkar eta seguru.

30.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, orobat, bere nahigabea eta gaitzespena adierazten ditu, munduko hainbat erregioetan oraindik ere ageriko urraketa sistematikoak egiten direlako eta giza eskubideak oso-osorik gozatzea oztopatzen duten egoerak gertatzen direlako.Urraketa eta eragozpen horiek, tortura eta tratu edo zigor krudel, anker eta apalesgarrien gain, honako hauek barneratzen dituzte: exekuzio sumario eta nahierarakoak, desagertzeak, nahieraren araberako atxiloketak, arrazakeria forma guztiak, arraza-bereizkeria etaapartheida, atzerritarren okupatze eta menderatzea, xenofobia, pobrezia, gosea eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak ukatzea, erlijio-intolerantzia, terrorismoa, emakumearen aurkako bereizkeria eta arau juridikoen gehiegikeria.

31.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak estatuei eskatzen die ez dezatela alde bakarreko neurririk hartu, nazioarteko zuzenbidearen eta Nazio Batuen Gutunaren aurkakoak direnean, eta oztopatzen dituztenean estatuen arteko merkataritza-harremanak edota eragozten dituenean oso-osorik gauzatzea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta giza eskubideen nazioarteko instrumentuetan adierazitako eskubideak, batik bat, norbanako orok duen eskubidea bizitza-maila egokia izateko, bere osasunari eta ongizateari begira, elikadura eta osasun-zerbitzuak, etxebizitza eta beharrezko gizarte-zerbitzuak barne.Konferentziak baieztatzen du elikadura ezin dela erabili presio politikorako instrumentu gisa.

32.Giza eskubideen kontuak aztertzerakoan, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du zein garrantzitsu den eskubide horien unibertsaltasuna, objektibotasuna eta bereizketa eza bermatzea.

33.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Ekonomia- Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunean eta giza eskubideen nazioarteko bestelako instrumentuetan adierazitako estatuen eginbeharra, zertarako eta, hezkuntza bideratzeko giza eskubideen eta oinarrizko askatasunenarekiko errespetua indartzera.Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den giza eskubideen kontua hezkuntza-programetan sartzea, eta estatuei eskatzen die joka dezatela horren arabera.Hezkuntzak sustatu behar ditu, besteak beste, nazioen arteko eta arraza- eta erlijio-taldeen arteko elkar ulertzea, tolerantzia, bakea eta adiskidetasun-harremanak eta, oro har, bere laguntza eman behar du helburu horiek lortzera bideratutako Nazio Batuen jarduerak garatu daitezen.

Horren ondorioz, giza eskubideen arloko hezkuntza eta informazio egokia hedatzea, teorian nahiz praktikan, garrantzitsua da pertsona guztien giza eskubideak sustatzeko eta errespetatzeko, inolako bereizketarik gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik; hartara, hezkuntza-politiketan barneratu behar dira, nazio- nahiz nazioarte-mailan.Konferentziak uste du baliabide ezak eta erakundeen desegokitasunek berehala saihestu dezaketela helburu horiek lortzea.

34.Beraz, ahalegin handiagoak gauzatu beharko dira laguntza eskatzen duten herrietan berebiziko baldintzak sortzeko, pertsona bakoitzak goza ditzan giza eskubide eta oinarrizko askatasun unibertsalak.

Gobernuei, Nazio Batuen sistemari eta alde anitzeko beste erakundeei eskatzen zaie nabarmen ugaritu ditzatela zer eta, legeria, erakundeak eta nazio-azpiegiturak ezartzera eta indartzera bideratutako programei esleitutako baliabideak, halakoek defendatzen badituzte legearen agintea eta demokrazia eta ahalbidetzen badute hauteskundeetan parte hartzea nahiz sustatzen badituzte gaikuntza, irakaskuntza eta hezkuntza, giza eskubideen alorrean, nahiz areagotzen badute jendearen parte hartzea eta, azkenez ere, indartzen badute gizarte zibila.

Giza Eskubideen Zentroaren aholkularitzarako zerbitzu-programak eta laguntza teknikorako programak indartu behar dira, programa horiek izan daitezen eraginkorragoak eta gardenagoak, modu horretan giza eskubideekiko errespetu handiagoa lortzeko.

Estatuei eskatzen zaie igo ditzatela programa horiei eginiko ekarpenak, nahiz esleipen handiagoak sustatuz Nazio Batuen ohiko aurrekontuaren kontura, nahiz borondatezko ekarpenak eginez.

35.Nazio Batuen giza eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerak osotasunean eta modu eraginkorrean gauzatzeak, Nazio Batuen Gutunean giza eskubideei ematen zaien garrantzia islatu behar du, bai eta Nazio Batuen giza eskubideen jarduerak zein baldintzetan egin behar diren ere, estatu kideek emandako aginduaren arabera.Helburu horretarako, Nazio Batuei baliabide gehiago eman behar zaizkie, giza eskubideen jardueretarako.

36.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du nazio-erakundeek giza eskubideak sustatzeko eta babesteko betetzen duten zeregin garrantzitsu eta sortzailea, batik bat, agintaritza eskudunei aholkua emateko duten gaitasunari dagokionez eta euren zereginari dagokionez, giza eskubideen urraketak konpontzeko eta giza eskubideei buruzko informazioa zabaltzeko eta horien inguruko hezkuntza gauzatzeko.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen du era edo indar daitezen nazio-erakundeak, kontuan hartuta “nazio-erakundeen estatutuari buruzko printzipioak” eta, modu berean, aitortzen du estatu bakoitzak bere nazio-beharrizan bereziei hobeto egokitzen zaien markoa aukeratzeko eskubidea duela.

37.Erregio-erabakiek ezinbesteko zeregina betetzen dute giza eskubideak sustatzeko eta babesteko orduan; hartara, nazioarteko instrumentuetan giza eskubideei buruz dauden arau unibertsalak indartu eta babestu behar dituzte.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak erabaki horiek indartzeko eta horien eraginkortasuna gehitzeko egindako ahaleginak babesten ditu ; era berean, azpimarratzen du zein garrantzitsu den giza eskubideen jardueretan Nazio Batuen lankidetzarekin aritzea.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du beharrezkoa dela aztertzea, zer eta, erregio- nahiz azpierregio-mailan giza eskubideak sustatzeko eta babesteko erabakiak ezartzeko aukera, halakoak ez dauden tokietan.

38.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du zein garrantzitsu den gobernuz kanpoko erakundeek betetzen duten zeregina, giza eskubide guztiak eta jarduera humanitarioak sustatzeko, nazio- nahiz erregio- eta nazioarte-mailan.Konferentziak aintzat hartzen du erakunde horiek jendearen interesa areagotzeko egindako ekarpena giza eskubideen kontuetan, hezkuntza-, gaikuntza- eta ikerketa-jardueretan eta, oro har, giza eskubide eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babeseko.Aitortu arren estatuei dagokiela erantzukizun behinena, arauak onesteari dagokionez, Konferentziak estimatzen du gobernuz kanpoko erakundeek prozesu honetara egindako ekarpena.Horren inguruan, Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den gobernuek eta gobernuz kanpoko erakundeek euren arteko elkarrizketa eta lankidetza bideei segida ematea.

Giza eskubideen esparruan, benetako partaidetza duten gobernuz kanpoko erakundeek eta erakunde horien kideek, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aitortutako eskubide eta askatasunak eta nazio-legeen babesa gozatu behar dituzte.

Eskubide eta askatasun horiek ezin dira egikaritu Nazio Batuen asmoek eta printzipioek ezarritakoaren aurka.Gobernuz kanpoko erakundeak euren buruen jabe izan behar dira giza eskubideen jarduerak esku-sartzerik gabe egikaritzeko, nazio-legeriaren eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren markoan.

39.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den giza eskubide eta kontu humanitarioen inguruan informazio objektiboa, arduraduna eta inpartziala izatea; hartara, komunikabideen partaidetza handiagoa eskatzen du eta, halaber, nazio-legeriak horiei bermatzea askatasuna eta babesa.

A. Nazio Batuen sistemaren barruan, giza eskubideen esparruko koordinazioa areagotzea

1.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko koordinazioa areagotzea, Nazio Batuen sistemaren barruan.Helburu honetarako, Konferentziak eskatzen die Nazio Batuen organo eta erakunde guztiei eta erakunde espezializatuei, horien jarduerek giza eskubideekin zer ikusia dutenean, elkarrekin lan egin dezatela euren jarduerak indartu, arrazionalizatu eta errazteari begira, betiere, kontuan hartuta beharrezkoak ez diren bikoiztasunak saihesteko premia.

Konferentziak, halaber, gomendatzen dio Idazkari Nagusiari, Nazio Batuen kasuan kasuko organo eta erakunde espezializatuen goi funtzionarioek, euren bileretan, jarduerak koordinatzeaz gain, ebalua ditzatela giza eskubide guztien gozamenari buruzko estrategia eta politiken ondorioak.

2.Edu berean, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die erregio-erakundeei eta nazioarte- eta erregio-mailako finantza- eta garapen-erakunde nagusiei ebalua ditzatela eurek ere, eskubide guztien gozamenari buruzko politika eta programen ondorioak.

3.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du ondorengo erakundeek, bakoitzari dagokion arloan, betetzen duten ezinbesteko zeregina, hala nola, erakunde espezializatuek eta Nazio Batuen sistemaren kasuan kasuko organo eta erakundeek, bai eta gobernuen arteko beste erakundeek, horien jarduerak giza eskubideekin zer ikusia dutenean, eta aitortzen du, berebat, antolakunde, organo eta erakunde horiek kontuan hartu behar dituztela Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren emaitzak, kasuan kasuko eskumen-esparruan.

4.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak biziro gomendatzen du adostutako ahaleginak egitea bultzatzeko eta errazteko, zer eta, Nazio Batuen sistemaren esparruan onetsitako giza eskubideen tratatu eta protokoloak berrestea, horiei atxikimendua edota segida ematea, onespen unibertsala lortzeko helburuarekin.Tratatuen arabera ezarritako organoei kontsulta egin ondoren, Idazkari Nagusiak aztertu behar du giza eskubideen tratatuei euren atxikimendua eman ez dieten estatuekin elkarrizketa bat hasteko aukera, zertarako eta, horren aurkako oztopoak zehazteko eta horiek gainditzeko baliabideak bilatzeko.

5.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bultzatzen ditu estatuek kontuan har dezaten giza eskubideen nazioarteko edozein instrumenturi egindako erreserbaren noranahikoa mugatzeko aukera; adieraz ditzaten erreserba horiek ahalik eta zehatzen eta zorrotzen; lor dezaten erreserba bateraezina ez izatea kasuan kasuko tratatuaren helburu eta asmoarekin eta, azkenik ere, azter dezaten erregulartasunez egindako edozein erreserba, halakoa kentzeko asmoz.

6.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du behar-beharrezkoa dela indarrean dauden nazioarteko arauen goi mailako kalitatearen araberako esparru arauemaileari eustea, eta, berebat, giza eskubideen instrumentuen ugaritzea saihestea; hartara, 1986. urteko abenduaren 4ko Biltzar Orokorraren 41/120 Ebazpenean jasotako nazioarteko instrumentu berriak egiteari buruzko jarraibideak berresten ditu eta Nazio Batuen giza eskubideen organoei eskatzen die, nazioarteko arau berriak egiteko aukera ikusten dutenean, har ditzatela kontuan jarraibide horiek, kontsulta ditzatela tratatuen arabera eratutako giza eskubideen organoak, arau berriak egiteari buruz eta eska diezaiola Idazkaritzari proposatutako instrumentu berrien azterketa teknikoa egitea.

7.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du giza eskubideen funtzionarioak bidaltzea Nazio Batuen erregio-bulegoetara, halakoa beharrezkoa denean, zertarako eta, informazioa hedatzeko eta giza eskubideen esparruan gaikuntza eta bestelako laguntza teknikoa eskaintzeko, estatu kide interesdunek hala eskatuta.Giza eskubideei buruzko gaikuntza-ikastaroak antolatu behar dira, norentzat eta, eskubide horiekin zer ikusia duten zereginak egin behar dituzten nazioarteko funtzionarioentzat.

8.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du, ekimen positibo gisa, Giza Eskubideen Batzordeen bilerak ezohiko aldietan egitea eta Nazio Batuen sistemaren organoei eskatzen die har ditzatela kontuan beste baliabide batzuk, giza eskubideen egoera kritikoei erantzun bat emateko.

Baliabideak

9.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, kezkaturik Giza Eskubideen Zentroaren jardueren eta giza baliabideen, finantza-baliabideen eta bestelako izaeradunen artean handituz doan desberdintasunarekin eta kontuan izanik Nazio Batuen bestelako programa garrantzitsuak gauzatzeko behar diren baliabideak, Idazkari Nagusiari eta Biltzar Orokorrari eskatzen die onets ditzatela berehalako neurriak, giza eskubideen programari esleitutako baliabideak nabarmen areagotzeko, Nazio Batuen egungo aldirako eta etorkizuneko aldietarako aurrekontu arrunten kontura eta, berebat, onets ditzatela premia handiz, aurrekontutik kanpo, baliabide gehiago lortzeko neurriak.

10.Esparru honetan, Giza Eskubideen Zentroari zuzenean esleitu beharko zaizkio, proportzio handiagoan, aurrekontu arruntaren baliabideak, ordaindu ditzan bere kostuak eta bere gain dauden bestelako kostu guztiak, Nazio Batuen giza eskubideen organoei dagozkienak barne.Aurrekontuaren gehikuntza hori Zentroaren lankidetza teknikoaren jarduerak finantzatzeko egiten diren borondatezko ekarpenen bitartez osatu beharko da; Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen du ekarpen eskuzabalak egitea aurretiaz dauden funts fiduziarioetara.

11.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die Idazkari Nagusiari eta Biltzar Orokorrari eman diezazkiotela Giza Eskubideen Zentroari baliabide nahikoak, giza, finantza eta bestelako izaerakoak, euren jarduerak modu eraginkorrean, azkarrean eta egokian gauzatzeko.

12.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, ikusirik beharrezkoa dela giza baliabideak eta finantza-baliabideak esleitzea giza eskubideen jarduerak gauzatzeko, gobernuen arteko organoak emandako aginduarekin bat etorriz, Idazkaritza Nagusiari eta estatu kideei eskatzen die, Nazio Batuen Gutunaren 101. artikuluarekin bat etorriz, onets ditzatela irizpide zentzudunak, lortzeko zer eta, Idazkaritzari esleitzea euren mandatuak zabaltzeari dagokion baliabide kopurua.Konferentziak gonbitea luzatzen dio Idazkari Nagusiari kontuan har dezan beharrezkoa edo erabilgarria izango den aurrekontu-zikloen prozedurak eraldatzea, bermatzeko zer eta, giza eskubideen jarduerak egoki eta modu eraginkorrean gauzatzen direla, estatu kideek emandako mandatuarekin bat etorriz.

Giza Eskubideen Zentroa

13.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak Nazio Batuen Giza Eskubideen Zentroa indartzeko garrantzia azpimarratzen du.

14.Giza Eskubideen Zentroak eginkizun garrantzitsua bete behar du, giza eskubideei buruzko sistema osoa koordinatzeko.

Zentroak koordinazio-eginkizun hori betetzeko formarik onena da bera elkarlanean aritzea Nazio Batuen beste organo eta erakunde batzuekin.Giza Eskubideen Zentroaren koordinazio-eginkizunak eskatzen du New Yorkeko bulegoa indartzea.

15.Giza Eskubideen Zentroari eman behar zaizkio baliabide nahikoak, gaikako eta herrialdekako errelatore eta aditu, lantalde eta tratatuen arabera sortutako organoen sistemarako.Gomendioak aplikatzen direla aztertzea lehentasunezko gaia izan behar da Giza Eskubideen Batzordearentzat.

16.Giza Eskubideen Batzordeak giza eskubideak sustatzeko zereginetan indar handiagoa bereganatu behar du.Zeregin hori gauza daiteke estatu kideen lankidetzaren bitartez eta aholkularitza eta laguntza teknikoaren zerbitzu zabalagoaren bitartez.

Aurretiaz dauden borondatezko funtsak modu esanguratsuan gehitu behar dira helburu horiek lortzeko eta modu eraginkor eta koordinatuagoan kudeatu.

Jarduera guztiak egin behar dira proiektuen kudeaketarako dauden arau hertsi eta gardenen arabera, eta aldian-aldian programa eta proiektu desberdinen ebaluazioa egin beharko da.Helburu honekin, erregulartasunez aurkeztu beharko dira ebaluazio horien emaitzak eta bestelako informazio egokia.

Zentroak, bereziki, informazio-bilerak antolatu behar ditu, gutxienez urtean behin, bertan parte har ditzaten estatu kide guztiek eta proiektu eta programekin zuzenean zer ikusia duten erakunde guztiek.Nazio Batuen mekanismoa egokitzea eta indartzea, giza eskubideen esparruari dagokionez, barne hartuta Giza Eskubideei begira Nazio Batuen Goi Komisario kargua sortzea

17.Giza Eskubideen Konferentziak aitortzen du, giza eskubideen esparruari dagokionez, Nazio Batuen mekanismoa etengabe egokitu behar zaizkiela giza eskubideak sustatzeko eta babesteko egungo eta etorkizuneko beharrizanei, betiere, garapen orekatu eta iraunkor baten markoan.Hainbatez, Nazio Batuen giza eskubideen organoek hobetu behar dute euren koordinazioa, efizientzia eta eraginkortasuna.

18.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen dio Biltzar Orokorrari, Konferentziaren txostena aztertzerakoan, bere bileren berrogeita zortzigarren aldian, azter dezala lehendabizi, Giza Eskubideei begira, Goi Komisario kargua sortzea, giza eskubide guztiak sustatu eta babestu ahal izateko.

B. Berdintasuna, duintasuna eta tolerantzia

1.Arrazismoa, arraza-bereizkeria, xenofobia eta bestelako intolerantzia moduak

19.Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren ustez arrazismoa eta arraza-bereizkeria ezabatzea, berezikiapartheida bezalako modu egonkorrak, edo arraza nagusikerian edo esklusibotasunean oinarritutako doktrinetan jatorria dutenak edota arrazismo modu eta adierazpen garaikideak ezabatzea da nazioarteko erkidegoaren lehentasunezko xedea eta, era berean, mundu mailan giza eskubideak sustatzeko programa.Nazio Batuen organo eta erakundeak gehiago ahalegindu behar dira Arrazismo eta Arraza-bereizkeriaren aurkako Borrokaren Hirugarren Hamarkadari dagokion egintza-programa aplikatzeko eta helburu horrekin ematen zaizkien zeregin berriak betetzeko.Konferentziak zin-zinez eskatzen dio nazioarteko erkidegoari lagun diezaiola esku zabaltasunez Arrazismo eta Arraza-bereizkeriaren aurkako Borrokaren Hamarkadarentzako Programaren Funts fiduziarioari.

20.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernu guztiei hartu ditzatela berehalako neurriak eta egin ditzatela politika irmoak, prebenitzeko eta eragozteko arrazismo eta xenofobia modu guztiak edota intolerantzia antzeko bestelako adierazpenak; beharrezkoa denean lege berriak aldarrikaturik, zigor-neurriak barne, edota nazio-erakundeak sorturik horrelako gertakariei aurre egiteko.

21.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du Giza Eskubideen Batzordearen erabakia, errelatore berezia izendatzeko, berorrek aztertuko baititu arrazismo, arraza-bereizkeria, xenofobia modu garaikideak eta intolerantzia antzeko adierazpenak.Berebat, Konferentziak dei egiten die Arraza-bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioaren Estatu Alderdi guztiei, kontuan har dezaten Konbentzioaren 14. artikuluan aurreikusitako adierazpena egiteko aukera.

22.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernu guztiei, euren nazioarteko betebeharrak betetzeko eta behar bezala kontuan hartuta kasuan kasuko sistema juridikoak, har ditzatela neurri egokiak intolerantziari eta indarkeria antzeko moduei aurre egiteko, modu horiek erlijioan edo sinesmenetan oinarritzen direnean, batik bat, emakumearen aurkako bereizkeria-eginerak eta erlijio tokien profanazioa, eta aitor dezatela norbanako orok duen pentsamendu-, kontzientzia-, iritzi- eta erlijio-askatasunerako eskubidea.Konferentziak gonbitea luzatzen die, halaber, estatu guztiei abian jar ditzatela intolerantzia modu guztiak eta erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako bereizkeria guztiak ezabatzeari  buruzko Adierazpenaren xedapenak.

23.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du etnia-garbiketarekin zer ikusia duten delituzko egintzak egin edo baimentzen dituzten pertsona guztiak direla erantzule, modu pertsonalean, giza eskubideak urratzeagatik; ondorenez, nazioarteko erkidegoak ahal duen guztia egin behar du, zuzenbidearen arabera, halako delituen erantzuleak justiziaren esku uzteko.

24.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatuei, har ditzatela, banaka edo taldean, berehalako neurriak, etnia-garbiketaren aurka borrokatzeko eta atzerapenik gabe horrekin bukatzeko.Etnia-garbiketaren eginera higuingarri horren biktimek eskubidea dute kasuan kasuko helegite eragingarriei hasiera emateko

2.Gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonak

25.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen dio Giza Eskubideen Batzordeari azter ditzala bide guztiak, modu eraginkorrean sustatzeko eta babesteko, zer eta, gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonei buruzko Nazio Batuen Adierazpenean, pertsona horien mesederako aipatzen diren eskubideak.Testuinguru honetan, Konferentziak eskatzen dio Giza Eskubideen Zentroari, aholkularitza eta laguntza teknikoaren zerbitzu-programaren barruan, gobernuei eman diezazkiela, gutxiengoei eta giza eskubideei buruzko gaietan eta eztabaidak prebenitu eta konpontzeari buruzko gaietan, adituak direnen zerbitzuak, halakoak eskatzen dituztenean, helburu zehatz batekin, hau da, laguntza ematea gutxiengoen inguruan dauden edo sortu daitezkeenen egoerak konpontzeko.

26.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatuei eta nazioarteko erkidegoari gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak sustatzea eta babestea, gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaideei buruzko Nazio Batuen Adierazpenarekin bat etorriz.

27.Hartu beharreko neurriek biltzen dute, hala denean, gutxiengoen parte-hartzea bete-betean erraztea, politika-, ekonomia-, gizarte-, erlijio- eta kultura-bizitzaren esparru guztietan eta bakoitzaren herriaren aurrerabide eta garapen ekonomikoan ere.

Herri indigenak

28.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen dio Bereizkeriak prebenitzeko eta Gutxiengoak babesteko Azpibatzordearen Herri Indigenei buruzko Lantaldeari, osabete dezala, 11. bileren aldian, herri indigenen eskubideei buruzko adierazpenaren asmoa.

29.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du Giza Eskubideen Batzordeak azter dezan Herri Indigenei buruzko Lantaldearen mandatua eraberritzeko eta eguneratzeko aukera, behin herri indigenen eskubideei buruzko adierazpenaren asmoa osabete eta gero.

30.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du, berebat, Nazio Batuen sistemaren aholkularitza eta laguntza teknikoaren zerbitzu-programek modu egokian erantzun ditzatela estatuen laguntza-eskabideak, horiek herri indigenen mesederako badira.

Konferentziak gomendatzen du, gainera, Giza Eskubideen Zentroaren esku jar daitezela giza baliabide eta finantza-baliabide nahikoak, Zentroaren jarduerak indartzeko, agiri honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

31.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatuei lan egin dezatela herri indigenak parte hartzeko bete-betean eta askatasun osoz gizartearen esparru guztietan, batez ere, euren intereseko gaietan.

32.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen dio Biltzar Orokorrari aldarrika dezala munduko herri indigenen nazioarteko hamarkada bat, 1994. urteko urtarrilean hasita. Hamarkada horrek bilduko ditu egintzetara bideratutako programak, hain zuzen ere, herri indigenek, euren artean ados jarrita, zehaztutakoak. Helburu honekin borondatezko funts fiduziarioa ezarri behar da. Hamarkadaren markoan kontuan hartu beharko da Nazio Batuen sisteman herri indigenentzako foro iraunkor bat sortzea.

Langile migratzaileak

33.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatu guztiei berma dezatela langile migratzaile guztien eta euren familien giza eskubideen babesa.

34.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du harmonia eta tolerantzia gehiago sustatzen dituzten baldintzak sortzea, langile migratzaileen eta horiek zein estatutan bizi eta estatu horren gainontzeko jendearen artean.

35.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gonbitea luzatzen die estatuei kontuan har dezaten langile migratzaileen eta euren familien eskubideak babesteari buruzko nazioarteko Konbentzioa ahalik eta lasterren sinatzeko eta berresteko aukera.

3.Emakumearen izaera berdintasuna eta giza eskubideak

36.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak zin-zinez eskatzen du eman dakiola emakumeari, izaera berdintasunean, giza eskubide guztien gozamen osoa, eta izan dadila hori gobernuen eta Nazio Batuen lehentasuna.Konferentziak azpimarratzen du, halaber, zein garrantzitsu den garapen-prozesuan emakumea integratzea eta emakumeek, eragile nahiz onuradun gisa, erabat parte hartzea prozesu horretan. Ildo beretik, emakumearen mesederako neurri globalak hartzeari buruzko helburuak, jada jarriak, berresten ditu. Hori guztiori aurreikusita dago Ingurumena eta Garapenari buruz Rion egin zen Adierazpenean eta  Ingurumena eta Garapenari buruz Nazio Batuen Konferentziak onetsi zuen 21. Programaren 24. kapituluan; helburu horiek bideratuta daude aurreikusitako garapen iraunkorra eta ekitatearen araberakoa lortzera.

37.Emakumearen izaera berdintasunak eta bere giza eskubideak, Nazio Batuen sistema guztiaren jarduera garrantzitsuenetan barruratu behar dira.Nazio Batuen kasuan kasuko organo eta mekanismoek aldian-aldian eta modu sistematikoan tratatu behar dituzte gai hauek.

Bereziki, neurriak hartu behar dira lankidetza gehitzeko hauen artean: Emakumearen Izaera Juridiko eta Sozialari buruzko Batzordea, Giza Eskubideen Batzordea, Emakumearen aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Komitea, Emakumearen Garapenerako Nazio Batuen Funtsa, Garapenerako Nazio Batuen Programa eta Nazio Batuen bestelako erakundeak, eta oro har, aurrekoen helburuen eta xedeen arteko integrazio handiagoa sustatzeko neurriak.Testuinguru honetan, Giza Eskubideen Zentroaren eta Emakumearen Aurrerapenerako Dibisioaren arteko lankidetza eta koordinazioa indartu behar dira.

38.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak beren-beregi azpimarratzen du, besteak beste, emakumearen aurkako indarkeria ezabatzera bideratutako lana, bizitza publikoan nahiz pribatuan; sexu-jazarpen forma guztiak, esplotazioa eta emakumeen salerosketa ezabatzera bideratutakoa; justizia administratzeko orduan aurreiritzi sexistak ezabatzera bideratutakoa eta oro har, emakumearen eskubideen eta tradizioan eta ohituretan oinarritutako eginera batzuen, aurreiritzi kulturalen eta erlijio eremuan muturreko jokabideen ondorio kaltegarrien artean sor daitezkeen gatazkak ezabatzera bideratutakoa.Konferentziak Biltzar Orokorrari eskatzen dio onets dezala emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko adierazpenaren egitasmoa, eta estatuak bultzatzen ditu emakumearen aurkako indarkeriari aurre egin diezaioten, adierazpenaren xedapenekin bat etorriz.Emakumearen giza eskubideak gatazka armatu egoeretan urratzea giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren oinarrizko printzipioak urratzea da.Gisa horretako delituei, bereziki, erailketei, bortxaketa sistematikoei, sexu-esklabotzari eta behartutako haurdunaldiei erantzun zehatza eman behar zaie.

39.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak, ezkutukoak nahiz agerikoak, ezabatzea eskatzen du.Nazio Batuen helburua da 2000. urterako emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko konbentzioaren berrespen unibertsala lortzea, estatu guztien aldetik; horrexegatik helburu hori sustatu behar du.Irtenbideak bilatzea bultzatu behar da, kontuan harturik Konbentzioari egindako erreserben kopurua bereziki handia dela.Besteak beste, Emakumearen aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Komiteak jarraitu egin behar du Konbentzioari egindako erreserbak aztertzen.Estatuei eskatzen zaie ken ditzatela erreserba guztiak, horiek konbentzioaren xede eta helburuaren aurkakoak badira edota hitzarmen izaerako nazioarteko zuzenbidearekin bateraezinak.

40.Tratatuen arabera sortutako zaintza-organoek hedatu behar dute beharrezko informazioa, emakumeek erabili ahal ditzaten modu eraginkorragoan, jada dauden exekuzio-prozedurak, zertarako eta, euren ahaleginetan bereizkeria-eza eta berdintasun osoa lortzeko, giza eskubideen gozamenean.

Beste bide batzuk ere hartu behar dira emakumearen berdintasunaren eta giza eskubideen aldeko konpromisoak beteko direla indartzeko.

Emakumearen Izaera Juridiko eta Sozialaren Batzordeak eta Emakumearen aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Komiteak aztertu behar dute berehala halako aukera, eskaerak egiteko eskubidea onetsia izan dadin; horretarako, emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioaren hautazko protokolo bat egingo dute. Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez hartu du Giza Eskubideen Batzordeak hartutako erabakia, hau da, bere 50. bileren aldian, aintzat hartzea emakumearen aurkako indarkeriari buruzko errelatore berezia izendatzea.

41.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du zein garrantzitsu den emakumeak bizitza osoan osasun-maila ezin hobea izatea, fisikoa nahiz mentala.Emakumeari buruzko Munduko Konferentziaren testuinguruan eta emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioaren testuinguruan eta baita 1968. urteko Teherango Aldarrikapenaren testuinguruan, Konferentziak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarrituta, berretsi egiten du emakumeak duen eskubidea osasun-laguntza egokia eta familia-plangintzari buruzko zerbitzurik zabalena eskura izateko; halaber,emakumearen eskubidea, hezkuntza maila guztietan eta berdintasun egoeran, sarrera izateko.

42.Tratatuen arabera sortutako zaintza-organoek aintzat hartu behar dute euren eztabaida eta erabakietan, emakumearen izaera eta emakumearen giza eskubideen gaia, eta, halaber, sexuaren arabera sailkatutako datu zehatzak erabiliko dituzte.Estatuak bultzatu behar dira, tratatuen arabera sortu diren organoei bidalitako txostenetan, horiek eman dezaten emakumeende jure eta de facto egoerari buruzko informazioa.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du, bere 49. bileren aldian, Giza Eskubideen Batzordeak 1993/46 Ebazpena onetsi zuela, 1993. urteko martxoaren 8koa. Ebazpen horretan adierazten zen errelatore bereziak eta giza eskubideen esparruko lantaldeak ere bultzatu behar zirela gauza bera egitera.

Emakumearen Aurrerabiderako Dibisioak ere neurriak hartu behar ditu, Nazio Batuen beste organoen lankidetzarekin, zehatzago esanda Giza Eskubideen Zentroarekin, zertarako eta, ziurtatzeko Nazio Batuen giza eskubideen jardueretan aldian-aldian tratatzen direla emakumearen giza eskubideen urraketak, batik bat, emakume izaerak eragindako abusu zehatzak.Bultzatu egin behar da, halaber, Nazio Batuen langileen gaikuntza, giza eskubide eta laguntza humanitarioan adituak diren langileena, horiek gai izan daitezen emakumeak jasandako giza eskubideen abusuak antzemateko eta horiei aurre egiteko eta, oro har, euren lana aurreiritzi sexista gabe egiteko.

43.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernuei eta erregio- eta nazioarte-mailako erakundeei erraz diezaiotela emakumeari aginte-postuetarako sarrera eta onar diezaiotela parte-hartze handiagoa, erabakiak hartzeko orduan.Konferentziak eskatzen du har daitezela beste neurri batzuk, Nazio Batuen Idazkaritzan funtzionario emakumeak izendatzeko eta mailaz igotzeko, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, eta Nazio Batuen beste organo nagusiei eta subsidiarioei eskatzen die, berebat, berma dezatela emakumearen parte-hartzea berdintasun-baldintzetan.

44.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du emakumeari buruz, 1995. urtean Beijing-en egingo den Munduko Konferentzia, eta eskatzen du emakumearen giza eskubideek izan dezatela toki garrantzitsua euren eztabaidetan, Emakumeari buruzko Munduko Konferentziaren lehentasunezko gaiekin bat etorriz, alegia, berdintasuna, garapena eta bakea.

4.Haurraren eskubideak

45.Giza eskubideen Munduko Konferentziak “haurrak batez ere” printzipioa berresten du eta honen inguruan azpimarratzen du zein garrantzitsu den ahaleginak areagotzea, nazio- eta nazioarte-mailan, bereziki, Haurtzaroaren mesedetan Nazio Batuen Funtsak eginikoak, hain zuzen ere, haurrak biziraupenerako, babeserako, garapenerako eta parte-hartzeko duen eskubidearen errespetua sustatzeko.

46.Neurriak hartu behar dira Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioaren berrespen unibertsala lortzeko 1995. urterako; orobat, Haurtzaroaren mesedetan Munduko Goi Bileran onetsitako Haurraren Biziraupena, Babesa eta Garapenari eta Egintza-planari buruzko Munduko Adierazpenaren sinadura unibertsala lortzeko eta, oro har, horiek modu eraginkorrean aplikatzeko neurriak.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatuei ken ditzatela Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioari egindako erreserbak, horiek konbentzioaren xede eta helburuaren aurkakoak badira edota hitzarmeneko nazioarteko zuzenbidearekin bateraezinak.

47.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak herri guztiei eskatzen die, nazioarteko lankidetzaren laguntzarekin, eta aldez aurretik dituzten baliabideek hori egitea ahalbidetzen duten heinean, abian jar ditzatela Munduko Goi Bileran onetsitako Egintza-planean ezarritako helburuak lortzeko neurriak.

Konferentziak eskatzen die estatuei sar dezatela Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioa nazioko egintza-planetan.Nazioko egintza-plan horiek eta nazioarteko ahaleginek lehenetsi behar dute haurren heriotza-tasa eta amatasunak eragindako heriotza-tasa, malnutrizioa eta analfabetismo-tasak murriztea eta edateko ura eta oinarrizko irakaskuntza bermatzea.Beharrezkoa den kasu guztietan, nazioko egintza-planak egin behar dira hondamendi naturalak edo gatazka armatuak eragindako larrialdi suntsitzaileei aurre egiteko eta, oro har, muturreko pobrezian murgilduta dauden haurren arazoari aurre egiteko

48.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatu guztiei har dezaten, nazioarteko lankidetzarekin batera, haurren arazo larriaren ardura, horiek berez arriskutsu diren inguruabarrei aurre egin behar dietenean.Era berean, haurren esplotazio eta abusuaren aurka borrokatu behar da modu aktiboan eta horien arrazoiak konpondu.Neurri eraginkorrak hartu behar dira, besteak beste, jarraikoen aurka: neskatoen hilketa, haurren enplegua lan arriskutsuetan, haur- eta organo-salerosketa, haurren prostituzioa, haurren pornografia eta bestelako sexu-abusuak.

49.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, nesken giza eskubideak modu eraginkorrean babestu eta sustatzeko, Nazio Batuek eta bere erakunde espezializatuek  hartutako neurrien alde egingo du.Konferentziak eskatzen die estatuei indargabetu ditzatela indarrean dauden lege eta arauak eta ezabatu ditzatela neskentzat bereizkeriaren araberakoak eta kaltegarriak diren ohiturak eta eginerak.

50.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak zin-zinez egiten du proposamena honen alde, hau da, Idazkari Nagusiak azter ditzala baliabide guztiak, gatazka armatuetan haurren babesa hobetzeko.Arau humanitarioak abian jarri behar dira eta neurriak hartu, haurrak babesteko eta eurei laguntza eskaintzeko gerra-guneetan.Neurri horiek barne hartu behar dute haurra babestea, gerrako arma mota oro bereizketarik gabe erabiltzearen aurka, batik bat, pertsonen aurkako minak.Gerraren ondorioz izututako haurrek, gerora beharko duten laguntza eta errehabilitazioaren premia, berehalako gai moduan aztertu behar dira.Konferentziak Haurren Eskubideen Komiteari eskatzen dio azter dezala indar armatuetan sartzeko gutxiengo adina 18 urtera igotzea.

51.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du aldian-aldian azter daitezela giza eskubideekin eta haurren egoerarekin zer ikusia duten gaiak, eta Nazio Batuen sistemaren organo eta mekanismo eskudunek eta erakunde espezializatuen ikuskapen-organoek ikuska ditzatela halakoak, kasuan kasuko mandatuekin bat etorriz.

52.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du gobernuz kanpoko erakundeek egindako lana, bereziki, Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioarena, giza eskubideen instrumentu guztiak modu eraginkorrean aplikatzeko.

53.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du Haurraren Eskubideen Komitea beharrezko baliabideez hornitzea, Giza Eskubideen Zentroaren laguntzarekin, modu azkar eta eraginkorrean bere mandatua bete dezan, batez ere, kontuan hartuta aurrekaririk ez duen berrespen kopuru anitza eta horien ondorengo nazio-txostenen aurkezpena.

5.Torturarik ez pairatzeko eskubidea

54.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak begi onez ikusten du Nazio Batuen estatu kide askok Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa berretsi izana, eta gainerako estatu kideei eskatzen die hori berretsi dezaten lehenbailehen.

55.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du tortura dela giza duintasunaren urraketarik krudelena, horrek biktimen duintasuna suntsitzen baitu eta horien gaitasuna gutxietsi, euren bizitza eta jarduerei aurre egiteko orduan.

56.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, giza eskubideen eta zuzenbide humanitarioaren arauen arabera, berresten du torturarik ez pairatzeko eskubidea, edozein inguruabarretan babestu beharreko eskubidea dela, barne hartuta istilu edo gatazka armatu egoerak, horiek nazio edo nazioartekoak izan.

57.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, beraz, eskatzen die estatu guztiei berehala tortura-eginerekin amaitzeko eta erro-errotik kentzeko gaitz hori betiko, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta kasuan kasuko konbentzioak aplikatuta, eta behar denean, dauden mekanismoak indartuta.Konferentziak eskatzen die estatu guztiei, euren mandatua betetzeko, elkarlanean jardun dezaten torturaren gaiaren buruzko Errelatore Bereziarekin.

58.Arreta berezia eman behar zaie errespetu unibertsala lortzeari eta modu eraginkorrean aplikatzeari, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsitako “Etika medikoaren printzipioak, aplikagarri direnak osasun-langileei eta, bereziki, medikuei, presoak eta atxilotuak babesteko, tortura eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka”.

59.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den Nazio Batuen markoan neurri zehatzak hartzea, torturaren biktimei laguntza emateko eta baliabide eraginkorragoak bermatzeko, biktimek lor dezaten errehabilitazio fisiko, psikologiko eta soziala.Berebiziko lehentasuna eman behar zaio helburu horretarako beharrezkoak diren baliabideen ekarpenari, bereziki, Torturaren Biktimentzako Borondatezko Kontribuzioen Fondora ekarpen gehigarrien bitartez.

60.Gobernuek indargabetu egin behar dute halako legeria, giza eskubideak larri urratu eta urraketa horien erantzuleen zigorgabetasuna babesten duena, hala nola, torturaren kasuan, eta urraketa horiek zigortu, horrela legearen agintea indartzeko.

61.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du tortura erro-errotik kentzeko ahaleginak, batez ere, horren prebentzioan batu behar direla; ondorenez, eskatzen du onetsi dadila berehala Konbentzioaren hautazko protokolo bat, Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka; hain zuzen ere, Protokolo hori bideratuta egongo da, zertara eta, atxiloketa-tokietarako aldian aldiko bisiten prebentzio-sistema ezartzera.

Nahitaezko desagertzeak

62.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, begi onez ikusirik nahitaezko desagertzeen aurkako pertsona guztien babesari buruzko Adierazpenaren onespena, estatu guztiei eskatzen die onetsi ditzatela legegintza-, administrazio- eta epaiketa-neurriak edo bestelako neurri eraginkorrak, nahitaezko desagertzeak eragozteko, horiekin amaitzeko eta halakoak zigortzeko.

Konferentziak berresten du estatu guztien betebeharra dela, edozein egoeratan ikerketa bat hastea, arrazoiak daudenean uste izateko nahitaezko desagertzea gertatu dela estatuaren jurisdikziopean dagoen lurraldean eta, salaketak egiaztatuz gero, egileak eurak epaitzea.

6.Pertsona desgaituen eskubideak

63.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du giza eskubide guztiak eta oinarrizko askatasunak unibertsalak direla; beraz, zalantzarik gabe, pertsona desgaituak ere barneratzen dituztela.Pertsona guztiak berdinak jaiotzen dira eta guztiek dute bizitza- eta ongizate-eskubidea, hezkuntza eta lana izateko eskubidea, nork bere kabuz bizitzeko eta gizartearen arlo guztietan modu aktiboan parte hartzeko eskubidea.Horrenbestez, pertsona desgaituarekiko edozein bereizkeria edo bereizkeriaren araberako tratu kaltegarri, desgaitu horren eskubideak urratzea da.Konferentziak eskatzen die gobernuei, beharrezkoa denean, egin ditzaten legeak edo alda dezaten legeria bermatzeko, zer eta, pertsona desgaituek eskubide horiek eta beste batzuek ere eskura izatea.

64.Pertsona desgaituen tokia nonahi dago.Pertsona desgaituei bermatu behar zaie aukera-berdintasuna, horretarako gizarte mailan zehaztutako eragozpen guztiak ezabatu behar dira, fisikoak, ekonomikoak, sozialak edo psikologikoak, horiek baztertu edo mugatzen badute euren parte hartzea gizartean.

65.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, gogoratuz Ezinduentzako Munduko Ekintza Programa, Biltzar Orokorrak bere hogeita hamazazpigarren bileren aldian onetsi zuena, Biltzar Orokorrari eta Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluari eskatzen die 1993. urteko bileretan onetsi dezatela ezinduentzako aukera-berdintasunari buruzko erabereko arauen egitasmoa.

Giza eskubideen lankidetza, garapena eta indartzea

66.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du lehentasuna ematea nazio nahiz nazioarteko neurriak hartzeari, zertarako eta, demokrazia, garapena eta giza eskubideak sustatzeko.

67.Beren-beregi azpimarratu behar dira lagungarri diren neurriak, zertarako eta, giza eskubideen ardura duten erakundeak ezartzeko eta indartzeko, gizarte zibil anitza bermatzeko eta ahulagoak diren taldeak babesteko.Testu inguru honetan, garrantzi berezia du hauteskundeak aske eta beharrezko bermeekin egiteko laguntzak, gobernuek hala eskatuta ematen denak, barne hartuta hauteskundeen giza eskubideen aldeei loturiko laguntza eta hauteskundeei buruzko informazioa.Aipatzekoa da, era berean, legearen agintea sendotzeko, justizia neurriz erabiltzeko eta adierazpen-askatasuna sustatzeko eman beharreko laguntza, bai eta biztanleriaren benetako parte hartzea eta parte hartze eraginkorra lortzekoa, erabakiak hartzeko prozesuetan.

68.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du Giza Eskubideen Zentroak ematen duen aholkularitza eta laguntza teknikoaren zerbitzuak indartzeko beharrizana.Zentroak eskura jarri behar die, hala eskatzen duten estatuei, giza eskubideen gai zehatzei buruzko laguntza, barne hartuta giza eskubideen tratatuen araberako txostenak prestatzea eta giza eskubideak sustatzeko eta babesteko plan bidezkoak eta integralak aplikatzea.Programa horiek barne hartzen dituzte, besteak beste, giza eskubide eta demokraziaren defentsarako erakundeak indartzea, giza eskubideak zuzenbidearen arabera babestea, funtzionarioak eta gainerako pertsonak trebatzea eta horiei hezkuntza eta informazio zabala ematea, giza eskubideekiko errespetua sustatzeko helburuarekin.

69.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak zin-zinez gomendatzen du programa orokor bat ezartzea Nazio Batuen markoan, estatuei euren eginkizunean laguntzeko, hau da, nazio-egitura egokiak egitea eta indartzea, horiek izan ditzaten eragin zuzena giza eskubideak eta legearen agintea betetzeko orduan.Programa hori Giza Eskubideen Zentroak koordinatuko du eta hauexek bildu beharko ditu, aurretiaz gobernu interesdunak hala eskatuta: beharrezko laguntza tekniko eta finantzarioa, zigor-erakunde eta zentzategiak aldatzeari buruzko nazio-proiektuentzat; orobat, abokatuak, epaileak eta segurtasun-indarreko langileak, giza eskubide arloan dihardutenak eta legearen agintearekin zer ikusia duten jardueraren beste edozein arloko langileak formatu eta trebatzea.Programa horren barruan, halaber, estatuei eman beharko zaie beharrezko laguntza, giza eskubideak sustatzera eta babestera bideratutako egintza-planak gauzatzeko.

70.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari aurkez diezazkiola Nazio Batuen Biltzar Orokorrari proposatutako programa ezartzeko aukerak, eta programaren egitura, eragiketa-moduak eta finantzazioa.

71.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen dio estatu bakoitzari kontuan har dezala egintza-plan nazionala egiteko aukera, plan horretan zehazten direla beharrezko neurriak, estatu horrek hobetu ditzan giza eskubideak sustatzea eta babestea.

72.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak berresten du, Garapenerako eskubideari buruzko Adierazpenak ezartzen duenaren arabera, garapenerako eskubide unibertsala eta besterenduezina egia dela eta abian jarri behar dela.

Testuinguru honetan, Konferentziak begi onez ikusten du Giza Eskubideen Zentroak eratu izana garapenerako eskubideari buruzko lantaldea, gaiaren arabera, eta Lantalde horri eskatzen dio, Nazio Batuen sistemaren organo eta erakundeei kontsulta eginez eta eurekin batera, atzerapenik gabe har ditzala neurri orokor eta eraginkorrak, geroago eta berehalakotasun osoz Nazio Batuen Biltzar Orokorrak aztertuko dituenak; neurri horiek helburu izango dute Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena aplikatzea eta abian jartzea, berori oztopatzen duten eragozpenak ezabatzeko eta, oro har, gomenda ditzala halako baliabideak, estatu guztiek eskubide hori izateko.

73.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du ahalbidetu dakiela gobernuz kanpoko erakundeei eta garapen edota giza eskubideen esparruan jardunean ari diren beste oinarrizko erakundeei, zeregin garrantzitsua betetzea, nazio- nahiz nazioarte-mailan, garapenerako eskubidearekin eta hori gauzatzearekin loturiko eztabaidan eta jardueretan eta, gobernuen elkarlanarekin, garapenerako lankidetzaren kasuan kasuko arlo guztietan.

74.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernuei eta antolakunde eta erakunde eskudunei nabarmen gehitu ditzatela giza eskubideak babesteko antolamendu juridikoa indartzera bideratutako baliabideak, bai eta esparru horretan lanean ari diren nazio-erakundeei esleitutako baliabideak ere.Garapenerako lankidetzan parte hartzen dutenek kontuan izan behar dituzte garapena, demokrazia eta giza eskubideen arteko elkarrekiko harreman osagarriak.

Lankidetzak elkarrizketa eta gardentasuna izan behar ditu oinarri.Konferentziak eskatzen du, berebat, ezar daitezela programa zabalak, datu-bankuak eta langile espezializatuak barne, legearen agintea eta erakunde demokratikoak indartzeko.

75.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bultzatzen du Giza Eskubideen Batzordeak, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Batzordearekin batera, jarrai dezan Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunaren hautazko protokoloak aztertzen.

76.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du baliabide gehiago ematea erregio mailako akordioak ezartzeko edo indartzeko, giza eskubideak sustatu eta babesteari begira, hori guztiori Giza Eskubideen Zentroaren aholkularitza eta laguntza teknikoaren zerbitzuen programaren barruan.Estatuei bultzada ematen zaie, eurok laguntza eska dezaten  erregio- eta azpierregio-mailako jardueretarako, besteak beste, ikastaro, mintegi eta informazio-trukaketarako, horiek bideratuta daudela giza eskubideak sustatu eta babesteko erregio mailako akordioak indartzera,nazioarteko giza eskubideen instrumentuetan dauden giza eskubideei buruzko arau unibertsalen arabera.

77.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, sindikatu-eskubideak modu eraginkorrean babestea eta sustatzea bermatzeko, Nazio Batuek eta bere erakunde espezializatu eskudunek hartutako neurri guztiak babesten ditu, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunak eta beste nazioarteko instrumentuetan hitzartutakoarekin bat etorriz.

Konferentziak estatu guztiei eskatzen die bete ditzatela zentzutasunez, horren inguruan, nazioarteko instrumentuetan ezarritakoa.

D. Giza eskubideen arloko hezkuntza

78.Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren ustez hezkuntza, gaikuntza eta informazio-trukaketa, giza eskubideen arloan, nahitaezkoak dira erkidegoen artean harreman egonkorrak eta orekatuak ezartzeko eta sustatzeko eta elkar-ulertze, tolerantzia eta bakea bultzatzeko.

79.Estatuek ahaleginak egin behar dituzte analfabetismoa ezabatzeko eta, halaber, hezkuntza bideratu behar dute gizakien nortasuna osotasunean garatzera eta giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzera.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die estatu eta erakunde guztiei barruratu ditzatela irakaskuntza akademiko zein akademiaz kanpoko erakunde guztien ikasketa-programetan, dela giza eskubideak, dela zuzenbide humanitarioa, dela demokrazia eta legearen aginteari buruzko gaiak.

80.Giza eskubideen arloan, hezkuntzak barne hartu behar ditu bakea, demokrazia, garapena eta gizarte-justizia, giza eskubideen nazioarteko eta erregio-mailako instrumentuek xedatutakoaren arabera, zertarako eta, modu horretan erdiesteko guztiek ulertzea eta sentsibilizatzea giza eskubideen inguruan, eta, era berean,mundu-mailan horien aplikazioa lortzeko borondatea bermatua izan dadin.

81.Kontuan izanik Munduko Egintza-plana, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko hezkuntzarako, 1993. urtean Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen giza eskubide eta demokraziaren aldeko hezkuntzari buruz nazioarteko kongresuak onetsi zuena, eta giza eskubideen beste instrumentuak, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du estatuek egin ditzatela programa eta estrategia bereziak, giza eskubideen inguruan, hezkuntza-maila ahalik eta gehien zabaltzeko eta informazio publikoa hedatzeko, aintzat hartuta, bereziki, emakumearen giza eskubideak.

82.Gobernuek sustatu behar dute, gobernuen arteko erakunde, nazio-erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin, giza eskubideak eta elkarrekiko tolerantzia hobeto ulertzea.

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den areagotzea Nazio Batuek egindako Mundu mailako kanpaina, gai hauen inguruan, Informazio Publikoa zabaltzeko.Gobernuek hasi behar dituzte giza eskubideen inguruko hezkuntza-jarduerak eta halakoak babestu, eta modu eraginkorrean zabaldu gai honi buruzko informazio publikoa.Nazio Batuekin loturiko estatuen sistemaren aholkularitza-zerbitzu eta laguntza teknikoaren programak gai izan behar dira berehalako erantzuna emateko estatuek egindako eskabideei, hezkuntza- eta heziketa-jardueretarako, giza eskubideen esparruan, eta baita hezkuntza berezietarako ere, giza eskubide eta zuzenbide humanitarioaren nazioarteko instrumentuen arauei eta horien aplikazioari dagokienez; oro har, programa horien hartzailea zein izan eta, talde berezioi zuzenduta egon behar da, hala nola, indar militarrei, ordena-indarrei, poliziari eta osasun-langileei.Kontuan hartu behar da Nazio Batuen hamarkada bat aldarrikatzeko aukera, giza eskubideei buruzko hezkuntzaren inguruan, hezkuntza-jarduera horiek sustatu, bultzatu eta bideratzeko.

E.Aplikazioa eta zaintza-metodoak

83.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen die gobernuei barruratu ditzatela bere nazio-legerian, giza eskubideen nazioarteko instrumentuetan bildutako arauak eta indar ditzatela gizartearen organoak, egiturak eta giza eskubideak sustatzeko eta babesteko zeregina duten nazio-erakundeak.

84.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du indar daitezen Nazio Batuen jarduera eta programak, bideratuta daudenak estatuen laguntza-eskabideei erantzutera, estatuen nahia denean euren nazio-erakunde propioak sortzea edo indartzea, giza eskubideak sustatu eta babesteari begira.

85.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak bultzatzen du, berebat, indartu dadila giza eskubideak sustatzeko eta babesteko nazio-erakundeen arteko lankidetza, bereziki informazio- eta esperientzia-trukaketaren bitartez, eta, oro har, indartu dadila erregio-erakundeekin eta Nazio Batuekin egon daitekeen lankidetza.

86.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak zin-zinez gomendatzen du, horren inguruan, giza eskubideak sustatzeko eta babesteko nazio-erakundeen ordezkariek egin ditzatela deialdiak aldizkako bilerak eratzeko, Giza Eskubideen Zentroak babestuak, mekanismoak hobetzeko eta esperientziak partekatzeko baliabideak aztertzeko helburuarekin.

87.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen die giza eskubideen tratatuen arabera sortutako organoei, organo horien buruen bilerei eta estatu alderdien bilerei, neurriak hartzen jarrai ditzaten koordinatzeko askotariko arau eta jarraibide, aplikagarri direnak estatuek, giza eskubideen kasuan kasuko hitzarmenen arabera aurkeztu behar dituzten txostenak prestatzeko, eta azter dezatela txosten orokor bat aurkezteko iradokizuna, estatu alderdi bakoitzak tratatu batean bereganatu dituen betebeharrei buruz, horrek eragingo bailuke prozedurak eraginkorragoak izatea eta horien oihartzuna gehitzea.

88.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du giza eskubideen nazioarteko instrumentuen estatu alderdiek, Biltzar Orokorrak eta Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluak kontuan har dezatela giza eskubideen tratatuen arabera sortutako erakundeak eta hainbat mekanismo eta gaiaren araberako prozedurak aztertzeko aukera, efizientzia eta eraginkortasun handiagoa sustatu ahal izateko, organo, mekanismo eta prozedura desberdinen bitartez, kontuan hartuta, betiere, mandatuen eta zereginen bikoiztasuna eta gainjartzea saihesteko beharra.

89.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du gauza dadila etengabeko lana, tratatuen arabera sortutako organoen funtzionamendua hobetzeko, ikuskaritza-lanak barne, eta aintzat hartuta horren inguruan adierazitako proposamen anitzak, batik bat, organo horienak eta euren goiburuen bileretakoak.Halaber, tratatuen arabera sortutako organoak bultzatu behar dira, berea egin dezaten Haurren Eskubideen Komiteak onetsitako nazio-ikuspuntu zabala.

90.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du giza eskubideen tratatuen estatu alderdiek azter dezatela hautazko prozedura guztiak onesteko aukera, zertarako eta, komunikazioak aurkeztu eta aztertzeko.

91.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak kezka handiz ikusten du giza eskubideen urraketen egileak zigorgabe geratzea eta babestu egiten ditu Giza Eskubideen Batzordearen eta Bereizkeriak prebenitzeko eta Gutxiengoak babesteko Azpibatzordearen ahaleginak, gai honi buruzko alde guztiak aztertzeko.

92.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du Giza Eskubideen Batzordeak azter dezala giza eskubideen inguruan dauden instrumentuak hobeto aplikatzeko aukera, erregio- nahiz nazioarte-mailan eta, orobat, Nazioarteko Zuzenbidearen Batzordea bultzatzen du jarrai ditzan nazioarteko zigor auzitegiari buruzko lanak.

93.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak dei egiten die estatuei, eman dezaten euren atxikimendua, oraindik eman ez badute, 1949. urteko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenei eta protokoloei eta har ditzaten neurri egoki guztiak, estatu-mailan, legegintza-neurriak barne, horien osoko aplikazioa lortzeko.

94.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du, mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko adierazpen egitasmoa azkar bukatzea eta onestea.

95.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak azpimarratzen du zein garrantzitsu den prozedura berezien, errelatoreen, ordezkarien, adituen eta Giza Eskubideen Batzordearen lantaldeen sistemari eustea eta hori indartzea, bai eta Bereizkeriak prebenitzeko eta Gutxiengoak babesteko Azpibatzordearenak ere, euren mandatuak gauzatu ahal izateko munduko herri guztietan eta horiei emateko beharrezko giza baliabideak eta finantza-baliabide guztiak.Prozedura eta mekanismo horiek, euren lana arrazionalizatu eta harmonizatu ahal izango lukete, aldizkako bileren bitartez.

Estatu guztiei eskatzen zaie elkarlanean jardun dezaten bete-betean prozedura eta mekanismo horiekin.

96.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du Nazio Batuek bere gain har dezatela lan eraginkorragoa giza eskubideak sustatzeko eta babesteko, horrela ziurtatzeko nazioarteko zuzenbide humanitarioaren errespetu osoa, gatazka armatuaren egoera guztietan, Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioekin bat etorriz.

97.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak, aitorturik giza eskubideen osagaiek betetzen duten zeregina, bakea mantentzeko Nazio Batuen eragiketei buruzko hainbat akordiotan, gomendatzen du Idazkari Nagusiak aintzat har dezala Giza Eskubideen Zentroaren gaitasuna txostenak aurkezteko eta, halaber, haren esperientzia eta ezaguerak; bide beretik, aintzat har ditzala giza eskubideen mekanismoak, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

98.Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen gozamena indartzeko, beste metodo batzuk aztertu beharko lirateke, hala nola, adierazle-sistemak, neurtzeko nolako aurrerapenak egin diren Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunak adierazitako eskubideak gauzatzeari begira.Adostutako ahalegina egin behar da bermatzeko ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak aitortzen direla, nazio-, erregio- eta nazioarte-mailan.

F. Munduko Konferentziaren jarduera osagarriak

99.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak gomendatzen du Biltzar Orokorrak, Giza Eskubideen Batzordeak eta giza eskubideen ardura duten Nazio Batuen sistemaren beste organo eta erakundeek azter ditzatela baliabide guztiak, Adierazpen honetan ezarritako gomendioak osotasunean, atzerapenik gabe, aplikatzea lortzeko eta, bereziki, giza eskubideen inguruan Nazio Batuen hamarkada bat aldarrikatzeko aukera.Konferentziak gomendatzen du, halaber, Giza Eskubideen Batzordeak azter ditzala urtero-urtero arlo honetan egindako aurrerakuntzak.

100.Giza Eskubideen Munduko Konferentziak eskatzen dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 50. urteurrena dela eta, eska diezaiela estatu guztiei eta giza eskubideen ardura duten Nazio Batuen sistemaren organo eta erakunde guztiei konferentziari jakinaraztea Adierazpen hau aplikatzeko egindako aurrerakuntzak eta Giza Eskubide eta Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluaren bitartez, txosten bat aurkeztea Biltzar Orokorrari bere berrogeita hamahirugarren bileren aldian.Halaber, giza eskubideen erregio-erakundeek eta, hala denean, nazio-erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek aurkeztu ahal izango dizkiote Nazio Batuen Idazkari Nagusiari euren iritziak, Adierazpen honen aplikazioan egindako aurrerakuntzei buruz.Arreta berezia ema behar zaio lortutako aurrerakuntzen ebaluazioari, Nazio Batuen sistemaren markoan onetsi ziren giza eskubideen nazioarteko tratatu eta protokoloen berrespen unibertsala eskuratzea dela berebiziko helburua.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra