Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa. Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura, berrespen eta atxikipenerako irekia, 1984ko abenduaren 10eko 39/46 ebazpenean
1984-12-10Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa
Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura, berrespen eta atxikipenerako irekia, 1984ko abenduaren 10eko 39/46 ebazpenean.
Indarrean jartzea: 1987ko ekainaren 26an, 27. artikuluarekin bat etorriz (1)
Konbentzio honetako estatu alderdiek,
Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunean aldarrikatutako printzipioekin bat etorriz, gizaki guztien eskubideak berberak eta besterenduezinak direla aitortzea munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarri dela,
Aitortuz, eskubide horiek gizakiari datxekion duintasunak eratortzen dituela,
Kontuan harturik, Gutunaren ondorioz, eta bereziki, 55. artikuluaren ondorioz, estatuek duten betebeharra giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta betearazpena suspertzeko,
Aintzat hartuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 5. artikuluak eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 7. artikuluak aldarrikatzen dutela inoren aurka ezin dela torturarik egin, ezta tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk ezarri ere,
Aintzat hartuz, orobat, pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka babesteko Adierazpena, Biltzar Orokorrak 1975eko abenduaren 9an onetsitakoa,
Asmoa izanik, torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako borroka eragingarriago egitea mundu osoan,
Hurrengoa hitzartu dute:
1.Konbentzio honen ondoreetarako, «tortura» terminotzat ulertuko da pertsona bati begira gauzatzen den egintza oro, hala nahita min edo sufrimendu larriak, fisikoak nahiz mentalak eragiten dizkiona, horren helburua dela berarengandik edo hirugarren batengandik informazioa edo aitorpenen bat lortzea, gauzatu duen edo ustez gauzatu duen egintza batengandik zigortzea, edo pertsona hori edota beste batzuk ikaratzea edo derrigortzea, edota edozein bereizkeria-motatan oinarritutako arrazoi batengatik, betiere, min edo sufrimendu horiek eragiten baditu funtzionario publiko batek nahiz funtzio publikoak gauzatzen dituen pertsona batek, edo halakoek bultzatuta edo halakoen baimenarekin edo oniritziarekin jarduten dutenek.Ez dira tortura gisa hartuko zehapen legitimoen ondoriozko min edo sufrimenduak, edo zehapen horiei datxezkienak nahiz zehapen horiei begira intzidentalak direnak.
2.Artikulu honek ez die kalterik egingo nazioarteko tresnei edo legeria nazionalei, halakoek babes gehiagoko xedapenak jaso dituztenean edo jaso ditzaketenean.
1.Estatu alderdi orok legegintza-, epaiketa- eta administrazio-neurri edo bestelako neurri eragingarriak hartuko ditu, bere jurisdikziopean dagoen lurralde osoan tortura-egintzak eragozteko.
2.Tortura justifikatzeko inola ere ezin izango dira alegatu salbuespenezko inguruabarrak, hala nola, gerra-egoera edo gerra-mehatxua, estatu barneko ezegonkortasun politikoa edo beste edozein larrialdi publiko.
3.Tortura justifikatzeko ezin izango da alegatu goragoko funtzionario baten edo agintari publiko baten agindurik.
1.Estatu alderdietarik inork ez du pertsona bat beste estatu batera kanporatu, itzuli edo estraditatu, oinarritutako arrazoien arabera uste denean pertsona horrek tortura jasateko arriskua izan dezakeela.
2.Arrazoi horiek ote dauden zehazteko, agintari eskudunek kontuan hartuko dituzte egoki diren inguruabar guztiak, baita, bidezkoa denean, kasuan kasuko estatuan egoera iraunkorra izatea ere, giza eskubideak modu agerian, nabarian eta ugarian urratzearen inguruan.
1.Estatu alderdi orok zainduko du tortura-egintza guztiak delitu izatea euren zigor-legeriaren arabera.Gauza bera aplikatuko zaio tortura-saiakuntza orori eta edozein pertsonak gauzatutako egintza orori, egintza horrek berarekin dakarrenean konplizitatea edo partaidetza torturari begira.
2.Estatu alderdi orok zehatuko ditu delitu horiek zigor egokiak ezarriz, delituaren astuntasuna kontuan hartuta.
1.Estatu alderdi orok behar dena xedatuko du, bere jurisdikzioa ezartzeko 4. artikuluak aipatu delituen gainean, hurrengo kasuetan:
a) Delituak egiten direnean bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan edo estatu horretan matrikulatutako aireontzi edo ontzi batean;
b) Ustezko delitugilea estatu horretako nazionala denean;
c) Biktima estatu horretako nazionala denean eta estatu horrek egokitzat jotzen duenean.
2.Orobat, estatu alderdi orok neurri egokiak hartuko ditu, delitu horien gainean bere jurisdikzioa ezartzeko, ustezko delitugilea bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan izan eta estatu horrek estradiziorik ez dionean aitortzen, 8. artikuluarekin bat etorriz, artikulu honetako 1. paragrafoak aipatu estatuetarik inori ere.
3.Konbentzio honek ez du bazter uzten lege nazionalekin bat etorriz gauzatutako zigor-jurisdikzioetarik batere.
1.Ustez 4. artikuluko delituetarik edozein egin duen pertsona estatu alderdi bateko lurraldean badago, estatu alderdi horrek, eskuartean duen informazioa aztertu ondoren, ulertzen badu inguruabarrek hala justifikatzen dutela, pertsona hori atxilotuko du edo bestelako neurri batzuk hartuko ditu, pertsona horren presentzia ziurtatzeko.Atxiloketa eta gainerako neurriak gauzatuko dira estatu horretako legeekin bat etorriz, eta halakoei eutsiko zaie zigor- edo estradizio-prozedurari ekin ahal izateko behar den epealdian bakarrik.
2.Estatu horrek berehala ekingo dio egitateen aurre-ikerketari.
3.Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz atxilotutako pertsonak erraztasun mota guztiak izango ditu berehala komunikatzeko bere naziotasunaren araberako estatuko ordezkarien artean gertuen dagoenarekin edo, apatrida bada, ohikotasunez zein estatutan izan bizilekua eta estatu horretako ordezkariarekin.
4.Estatu batek, artikulu honen ondorioz, pertsona bat atxilotzen duenean, atxiloketa hori eta berau justifikatzen duten inguruabarrak jakinaraziko dizkie 5. artikuluko 1. paragrafoak aipatu estatuei. Artikulu honetako 2. paragrafoko aurre-ikerketa egiten duen estatuak atzerapenik gabe komunikatuko dizkie emaitzak arestian aipatu estatuei, eta bere jurisdikzioa gauzatzeko asmoa duen zehaztuko du.
1.Ustez 4. artikuluko delituetarik edozein egin duen pertsona zein estatu alderdiren jurisdikzioko lurraldetan aurkitu eta estatu alderdi horrek, 5. artikuluko kasuetan, ez badu estradizioa gauzatzen, kasua bere agintari eskudunen mende utziko du, epaiketa-ondoreetarako.
2.Agintari horiek euren erabakia hartuko dute, edozein delitu astuni aplikatu ohi zaizkion baldintza berberetan, estatu horretako legeriarekin bat etorriz.5. artikuluko 2 paragrafoan jasotako kasuetan, epaitzeko edo erruztatzeko behar diren frogen maila ez da izango 5. artikuluko 1. paragrafoko kasuetan aplikatzen den maila baino hertsitasun gutxiagokoa.
3.4. artikuluko delituetarik edozein dela bide auzipetutako pertsona orok bidezko tratua jasotzeko bermeak izango ditu prozedurako fase guztietan.
1.Ulertuko da 4. artikuluko delituak biltzen direla estradizioa eratortzen duten delituetara, estatu alderdien artean estradizioari buruz egin ohi diren tratatuen ildotik.Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, delitu horiek estradizio-kasu gisa jasotzeko euren artean estradizioari buruz etorkizunean egin ditzaketen tratatuetan.
2.Estatu alderdi batentzat nahitaezkoa bada tratatu bat izatea estradizioa gauzatu ahal izateko, estatu horrek beste estatu alderdi batetik jasotzen duenean estradizio-eskabide bat, horrekin halako trataturik izan gabe, orduan lehenengo estatu horrek konbentzio hau baliatu ahal izango du, behar adinako oinarri juridiko gisa, delitu horien ondoriozko estradizioa gauzatzeko.Estradizioak bete beharko ditu, zein estatu izan errekeritua eta estatu horretako zuzenbideak galdatutako gainerako baldintzak.
3.Estradizioa gauzatu ahal izateko baldintza gisa tratatu bat izatea ezartzen ez duten estatu alderdiek delitu horiek aitortuko dituzte, euren arteko estradizio-kasu bezala, zein estatu izan errekeritua eta estatu horretako zuzenbideak galdatutako baldintzak gorabehera.
4.Estatu alderdien artean estradizioa gauzatu ahal izateko, ulertuko da delituak egin direla, gertatutako tokian ez ezik, 5. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriz jurisdikzioa ezartzeko betebeharra duten estatuetako lurraldean ere.
1.Estatu alderdiek ahalik laguntza handiena eskainiko diote elkarri, 4. artikuluko delituen inguruko zigor-prozedurei dagokienez, laguntza horretara biltzen dela prozesurako beharrezkoak diren froga guztiak ematea ere, halakoak euren eskuetan badaude.
2.Estatu alderdiek artikulu honetako lehenengo paragrafoaren arabera dagozkien betebeharrak gauzatuko dituzte, elkarri laguntza judiziala eskaintzeari buruz dauden tratatuekin bat etorriz.
1.Estatu alderdi orok zainduko du tortura debekatzearen inguruan hezkuntza eta informazio osoa izatea legea aplikatzeko ardura duten langileen, horiek zibilak edo militarrak izatea gorabehera, medikuen, funtzionario publikoen edo beste pertsona batzuen lanbide-prestakuntzan, azken horiek parte har dezaketenean edozein atzipenaldi-, atxiloketa- edo espetxealdi-mota jasaten duen pertsonaren zaintza, galdeketa edo tratamenduan.
2.Estatu alderdi orok debeku hori jasoko du pertsona horien eginbeharrei eta eginkizunei buruz argitaratzen diren arau edo jarraibideetan.
Estatu alderdi orok modu sistematikoan aztertuko ditu galdeketari buruzko arau eta jarraibideak, metodoak eta eginerak, bai eta bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan edozein atzipenaldi-, atxiloketa- edo espetxealdi-mota jasaten duten pertsonen zaintza eta tratamendurako xedapenak ere, tortura-kasu guztiak saihesteko helburuarekin.
Estatu alderdi orok zainduko du agintari eskudunek ikerketa azkar eta inpartziala egitea, arrazoiak daudenean uste izateko bere jurisdikzioan tortura-egintza bat gauzatu dela.
Estatu alderdi orok zainduko du bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan tortura jasan izana alegatzen duen pertsona orok eskubidea izatea kexa aurkezteko, eta bere agintari eskudunek azkar eta inpartzialtasunez aztertzea pertsona horren kasua.Neurriak hartuko dira ziurtatzeko kexa aurkezten duena eta lekukoak babestuak izatea, tratu txarren edo larderiaren aurka, kexaren edo emandako lekukotasunaren ondorioz.
1.Estatu alderdi orok zainduko du bere legeriak tortura jasan duen biktimari bermatzea konponketa eta kalte-ordain bidezko eta egokirako eskubidea, barnean direla biktimaren birgaikuntza ahalik osoenerako baliabideak.Tortura-egintzaren ondorio gisa biktimaren heriotza gertatuz gero, horren kargupean dauden pertsonek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute.
2.Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo biktimak edo beste pertsona batek kalte-ordaina jasotzeko eskubideari, halakoa izan daitekeenean lege nazionalen arabera.
Estatu alderdi orok ziurtatuko du inolako prozeduratan adierazpenak ezin izango direla alegatu froga moduan, baldin eta egiaztatzen bada adierazpenok torturaren ondorioz egin direla, salbu eta adierazpenok egiten direnean torturarengatik akusatu den pertsonaren aurka, hain zuzen, adierazpen hori egin izanaren froga gisa.
1.Estatu alderdi orok konpromisoa hartzen du, bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan debekatzeko tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak eratortzen dituzten bestelako egintza batzuk, nahiz eta halakoak tortura ez izan, 1. artikuluan definitutakoaren arabera, baldin eta egintza horiek gauzatzen baditu funtzionario publiko batek edo eginkizun ofizialak betetzen dituen beste pertsona batek, edo halakoek bultzatuta edo halakoen baimenarekin edo oniritziarekin jarduten duenak.Bereziki aplikatuko dira 10, 11, 12 eta 13. artikuluetan aipatutako betebeharrak, torturari egindako erreferentziak ordeztuko direla bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriei egindakoekin.
2.Ulertuko da konbentzio honek ez diela kalterik egingo nazioarteko bestelako tresna batzuei edo lege nazionalei, halakoek debekatzen dituztenean tratu eta zigor krudel, anker edo apalesgarriak edo estradizioaz nahiz kanporaketaz dihardutenean.
1.Torturaren aurkako Komitea eratuko da (aurrerantzean Komitea deituko dena), eta horrek gauzatuko ditu beherago aipatutako eginkizunak.Komitea osatuko dute hamar adituk, moral aldetik zintzotasun handikoak eta trebetasun nabarikoak izango direnak giza eskubideen arloan; aditu horiek euren eginkizunak modu pertsonalean gauzatuko dituzte.Estatu alderdiek hautatuko dituzte adituak, kontuan hartuz geografiaren araberako banaketa orekatsua eta eskarmentu juridikoa duten pertsona batzuek parte hartzearen onura.
2.Komiteko kideak isilpeko botazio bidez hautatuko dira, estatu alderdiek izendatutako pertsonen zerrenda batetik.Estatu alderdi bakoitzak pertsona bat izendatu ahal izango du bere nazionalen artetik.Estatu alderdiek gogoan izango dute Giza Eskubideen Komitean, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren arabera ezarritakoan, kide badiren pertsonak izendatzearen onura, pertsona horiek prest daudenean konbentzio honen arabera eratutako Komiteari zerbitzuak emateko.
3.Komitearen kideak hautatuko dira estatu alderdiek, Nazio Batuetako idazkari nagusiak deituta, bi urterik behin egin beharreko bileretan.Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta Komiterako hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen duten hautagaiak.
4.Hasierako hautatzea egingo da konbentzio hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren.Hauteskunde bakoitza zein datatan egin eta, gutxienez, data hori baino lau hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagai-zerrendak hiru hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez.Idazkari nagusiak, modu horretara izendatutako pertsona guztiekin, hurrenkera alfabetikoaren araberako zerrenda prestatuko du, pertsona horiek izendatu dituzten estatu alderdiak zehaztuz; zerrenda horren berri estatu alderdiei emango die.
5.Komiteko kideak lau urterako hautatuko dira.Berriro hautatu ahal izango dira, baldin eta hautagai-zerrendan berriro aurkezten badira.Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako bost kideren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, Komiteko lehendakariak, artikulu honetako 3. paragrafoan aipatutakoak, zozketa bidez izendatuko ditu bost kide horiek.
6.Komiteko kideren bat hiltzen bada edo kide horrek karguari uko egiten badio, edo beste edozein arrazoirengatik ezin baditu aurrerantzean Komiteko eginkizunak gauzatu, hautagai gisa berau aurkeztu zuen estatu alderdiak bere nazionalen artean izendatuko du beste aditu bat, agintaldia bukatu arte bere eginkizunak gauza ditzan, estatu alderdien gehiengoak hala onartuko duelakoan.Izendapen hori onartutzat joko da, salbu eta estatu alderdien erdiak edo gehiagok ezezkoa emanez erantzuten badu, sei asteko epean, Nazio Batuetako idazkari nagusiak proposatu den hautagaia komunikatzen dienetik zenbatzen hasita.
7.Estatu alderdiek Komiteko kideen gastuak ordainduko dituzte, horiek euren eginkizunak gauzatzen dituzten bitartean.
1.Komiteak hautatuko du bere mahaia, bi urterako.Mahaiko kideak berriro hautatu ahal izango dira.
2.Komiteak bere araudia ezarriko du; araudi horretan, besteak beste, hurrengoak xedatuko dira:
a) Sei kidek osatuko dute quoruma;
b) Komitearen erabakiak hartuko dira bertan dauden kideen botoen gehiengoarekin.
3.Konbentzio honen arabera, Komitearen eginkizunak eragingarritasunez gauza daitezen, Nazio Batuetako idazkari nagusiak behar adina langile eta zerbitzu ezarriko ditu.
4.Nazio Batuetako idazkari nagusiak deituko du Komitearen lehenengo bilera.Lehenengo bilera eta gero, Komitea bilduko da bere araudian ezarritako aldietan.
5.Estatu alderdiek erantzungo dute, estatu alderdien eta komitearen bilerak direla bide egiten diren gastuengatik, erantzukizun horretara biltzen dela Nazio Batuei itzultzea edozein gastu, hala nola, langileei eta zerbitzuei dagozkienak, gastu horiek Nazio Batuek egiten dituztenean artikulu honetako 3. paragrafoaren arabera.
1.Estatu alderdiek Komiteari txostenak aurkeztuko dizkiote, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren bidez, konbentzio honen ondorioz hartutako konpromisoak zein izan eta konpromiso horiek eragingarritasunez gauzatzeko hartu dituzten neurrien inguruan, kasuan kasuko estatu alderdi interesdunarentzat konbentzioa indarrean jartzen denetik urtebeteko epean.Une horretatik aurrera, estatu alderdiek lau urterik behin aurkeztuko dituzte txosten osagarriak, gerogarrenean hartu dituzten xedapen berrien inguruan, bai eta Komiteak eskatutako gainerako txostenak ere.
2.Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdi guztiei bidaliko dizkie txosten horiek.
3.Txosten guztiak Komiteak aztertuko ditu; Komiteak egokitzat jotzen dituen iruzkin orokorrak egin ahal izango ditu eta iruzkin horiek estatu alderdi interesdunari bidaliko dizkio.Estatu alderdiak Komiteari erantzun ahal izango dio, azaldu nahi dizkion oharrak eginez.
4.Komiteak, zuhurtziara, erabaki ahal izango du artikulu honen 3. paragrafoarekin bat etorriz azaldu duen iruzkinetatik edozein sartzea, estatu alderdi interesdunaren oharrekin batera, 24. artikuluarekin bat etorriz urtero aurkeztu beharreko txostenean. Estatu alderdi interesdunak hala eskatuz gero, Komiteak artikulu honetako 1. paragrafoaren ondorioz aurkeztutako txostenaren kopia ere sartu ahal izango du.
1.Komiteak informazio fidagarria jasotzen badu, modu arrazoitsu batez uste ahal izateko sistematikoki torturatzen dela estatu alderdi baten lurraldean, orduan estatu alderdi horri gonbita egingo dio informazio hori aztertzen laguntzeko eta, helburu horrekin, kasuan kasuko informazioari begira oharrak egiteko.
2.Kasuan kasuko estatu alderdiak aurkeztutako ohar guztiak kontuan hartuta, bai eta eskuartean izan dezakeen informazio egoki guztia ere, Komiteak bere kide bat edo batzuk izendatu ahal izango ditu, hori justifikatuta dagoela erabakitzen badu, isilpeko ikerketari ekin eta horren berri lehenbailehen Komiteari eman diezaioten.
3.Artikulu honen 2. paragrafoaren araberako ikerketa egiten bada, Komiteak kasuan kasuko estatu alderdiaren lankidetza eskatuko du.
Estatu alderdi horrekin bat etorriz, ikerketa horrek berarekin ekarri ahal izango du estatu alderdi horren lurraldea bisitatzea.
4.Artikulu honen 2. paragrafoarekin bat etorriz, kideak edo kideek aurkeztutako ondorioak aztertu ondoren, Komiteak ondorio horiek bidaliko dizkio kasuan kasuko estatu alderdiari, egoeraren arabera egokitzat jotzen dituen ohar eta iruzkinekin batera.
5.Artikulu honetako 1.etik 4.enera arteko paragrafoetan Komitearen jarduerei buruz egin diren aipamen guztiak isilpekoak izango dira eta estatu-alderdiaren lankidetza eskatuko da jardueren etapa guztietan.2. paragrafoaren arabera egindako ikerketen jarduerak amaitzen direnean, Komiteak, estatu alderdi interesduna kontsultatu ondoren, erabaki ahal izango du 24. artikuluaren arabera urtero aurkeztu beharreko txostenean emaitzen laburpena jasotzea.
1.Artikulu honen arabera, Konbentzio honetako estatu alderdi orok edozein unetan adierazi ahal izango du Komitearen eskumena onartzen duela, estatu alderdi baten komunikazioak jaso eta aztertzeko, estatu horrek komunikazio horien bidez alegatzen duenean beste estatu alderdi batek konbentzioak ezarritako betebeharrak ez dituela betetzen.Komunikazio horiek onartu eta aztertu ahal izango dira artikulu honetan ezarritako prozedurarekin bat etorriz bakarrik, baldin eta komunikazio horiek aurkezten baditu estatu alderdi batek, adierazi duenak Komitearen eskumena aitortzen duela berari begira.Komiteak ez du inolako komunikaziori buruzko izapiderik egingo artikulu honekin bat etorriz, komunikazioa denean adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi batena.Artikulu honen arabera jasotako komunikazioen izapideak egingo dira hurrengo prozedurarekin bat etorriz:
a) Estatu alderdi batek uste badu beste estatu alderdiren batek ez dituela betetzen konbentzio honetako xedapenak, gai hori beste estatuaren esku utzi ahal izango du, idatzizko komunikazio baten bidez.Hiru hilabeteko epean, komunikazioa zein datatan jaso eta data horretatik zenbatzen hasita, estatu jasotzaileak komunikazioa bidali duen estatuari idatziz emango dio arazoa argitzeko azalpena edo beste edozein adierazpen; azalpen edo adierazpen horrek aipatuko ditu, ahal den neurrian eta egoki den heinean, arazoari begira hasi diren, gauzatzen ari diren edo balia daitezkeen prozedura nazionalak eta errekurtsoak.
b) Estatu jasotzaileak lehenengo komunikazioa jasotzen duen unetik zenbatzen hasita, sei hilabeteko epean, arazoa ez bada konpontzen bi estatu alderdi interesdunak asez, bi estatu alderdi interesdunetarik edonork eskubidea izango du arazoa Komitearen mende uzteko, horren gaineko jakinarazpena eginez Komiteari eta beste estatuari.
c) Artikulu honen ondorioz Komitearen mende zein arazo utzi eta Komiteak arazo horien gaineko ardura izango du, egiaztatu ondoren arazo horretan barne jurisdikzioan balia daitezkeen errekurtso guztiak jarri eta agortu direla, nazioarteko zuzenbidean orokorrean onartzen diren printzipioekin bat etorriz.Erregela hori ez da aplikatuko aipatu errekurtsoen izapideak justifikaziorik gabe luzatzen direnean edo ziurtasunik ez badago, konbentzio honetan ezarritakoa urratzearen ondorioz biktima den pertsonaren egoera benetan hobetzearen inguruan;
d) Komiteak bere bilkurak ateak itxita egingo ditu, artikulu honetako komunikazioak aztertzen dituenean;
e) Aurreko c) idatz-zatiko xedapenei katerik egin gabe, Komiteak bere jardunbide egokiak estatu alderdi interesdunen esku utziko ditu, arazoa adiskidetasunez konpondu ahal izateko, konbentzio honetan ezarritako betebeharrak oinarritzat hartuz.Ondore horretarako, bidezkoa denean, Komiteak adiskidetze batzorde berezia izendatu ahal izango du;
f) Artikulu honen ondorioz Komitearen mende utzitako kasu guztietan, Komiteak b) idatz-zatiak aipatu estatu alderdi interesdunei eskatu ahal izango die beste edozein informazio egoki ematea;
g) Aurreko b) idatz-zatian aipatu diren estatu alderdi interesdunek eskubidea izango dute ordezkaturik egoteko, arazoa Komitean aztertzen denean, eta azalpenak ahoz nahiz idatziz, edo bi eratara, aurkezteko.
h) Komiteak aurreko b) idatz-zatian aipatu jakinarazpena zein datatan jaso eta hurrengo hamabi hilabeteetan txosten bat aurkeztuko du, eta horretan:
i) Aurreko e) idatz-zatian xedatutakoaren araberako konponbidea lortu bada, labur jasoko du egitateen eta lortutako konponbidearen azalpena.
ii) Aurreko e) idatz-zatian xedatutakoaren araberako konponbiderik lortu ez bada, labur jasoko du egitateen azalpena, eta estatu alderdi interesdunen idatzizko azalpenak eta ahozko azalpenen aktak gehituko ditu.
Autu bakoitzean, estatu alderdi interesdunei bidaliko zaie txostena.
1.Konbentzio honetako estatu alderdi orok edozein unetan adierazi ahal izango du, artikulu honekin bat etorriz, Komitearen eskumena aitortzen duela, bere jurisdikzioko pertsonek bidalitako komunikazioak, edo pertsona horien izenean bidalitakoak, jaso eta aztertzeko, pertsona horiek alegatzen dutenean biktima direla, estatu alderdi batek konbentzio honetako xedapenak urratzeagatik.Komiteak ez du inolako komunikaziorik jasoko, komunikazio hori denean adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi bati buruzkoa.
2.Komiteak onartu ezinezkotzat joko du artikulu honekin bat etorriz jasotzen duen komunikazio anonimo oro, edo, bere ustez, aurkeztuz gero, eskubideaz abusatzea ekarriko lukeen komunikazio oro, edo konbentzio honen xedapenekin bateraezina den komunikazio oro.
3.Aurreko 2. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Komiteak artikulu honekin bat etorriz jasotzen dituen komunikazioak utziko ditu konbentzio honetako zein estatu alderdiren aurka alegatu konbentzioaren edozein xedapen urratu duela eta estatu alderdi horren esku, betiere, estatu horrek 1. paragrafoaren araberako adierazpena egin badu.Sei hilabeteko epean, estatu jasotzaileak Komiteari idatziz emango dizkio arazoa argitzeko eta, hala denean, estatu horrek hartu duen neurri zuzenaren berri emateko azalpenak edo adierazpenak.
4.Komiteak jasotako komunikazioak aztertuko ditu artikulu honekin bat etorriz, kasuan kasuko pertsonak, edo horren izenean jarduten duenak, eta estatu alderdi interesdunak bere esku utzitako informazio guztia aintzat hartuta.
5.Komiteak ez du aztertuko pertsona batek artikulu honekin bat etorriz aurkeztutako komunikaziorik, harik eta egiaztatu arte:
a) Arazo bera ez dela aztertu edo ez dela aribideko azterketa baten xede, nazioarteko beste ikerketa-prozedura edo konponbide baten arabera.
b) Pertsonak barne jurisdikzioan balia daitezkeen errekurtso guztiak agortu dituela; erregela hori ez da aplikatuko aipatu errekurtsoen izapideak justifikaziorik gabe luzatzen direnean edo ziurtasunik ez badago, konbentzio honetan ezarritakoa urratzearen ondorioz biktima den pertsonaren egoera benetan hobetzearen inguruan.
6.Komiteak bere bilkurak ateak itxita egingo ditu, artikulu honetako komunikazioak aztertzen dituenean;
7.Komiteak bere iritzia komunikatuko die estatu alderdi interesdunari eta kasuan kasuko pertsonari.
8.Artikulu honetako xedapenak indarrean jarriko dira konbentzio honetako bost estatu alderdik artikulu honetako 1. paragrafoak aipatu adierazpenak egin ondoren.Estatu alderdiek adierazpen horiek gordailutuko dituzte Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita; idazkari horrek adierazpen horien kopia bidaliko die gainerako estatu alderdiei.Adierazpen oro edozein unetan kendu ahal izango da, idazkari nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bidez.Adierazpen horiek kentzea ez da oztopo izango, artikulu honen ondorioz zein komunikazio eman eta komunikazio horretako edozein gai azter dadin; artikulu honen ondorioz ez da onartuko pertsona baten komunikazio berririk edo pertsona horren izenean egindako komunikazio berririk, idazkari nagusiak adierazpena kentzeko jakinarazpena jaso eta gero, estatu alderdi interesdunak adierazpen berria egin duenean izan ezik.
Komiteko kideek, eta adiskidetze batzorde berezietako kideek, 21. artikuluko 1. paragrafoko e) idatz-zatiarekin bat etorriz izendatu direnek, eskubidea izango dute Nazio Batuentzako egitekoak gauzatzen dituzten adituei zein erraztasun, pribilegio eta ukiezintasun aitortu eta halakoak eskuratzeko, Nazio Batuetako Onurabideen eta Ukiezintasunen Konbentzioko ataletan xedatutakoarekin bat etorriz.
Komiteak urtero aurkeztuko die txostena estatu alderdiei eta Nazio Batuetako Biltzar Orokorrari, konbentzio honen ondorioz gauzatzen dituen jardueren inguruan.
1.Konbentzio hau estatu guztiek sinatu ahal izango dute.
2.Konbentzio hau berretsi beharko da.Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira gordailutu ditzan.
Konbentzio honi estatu guztiak atxiki ahal izango zaizkio.Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.
1.Konbentzio hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.
2.Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hogeita hamargarren egunean.
1.Estatu alderdi orok, konbentzio hau sinatzeko nahiz berresteko unean, edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du ez duela aitortzen Komitearen eskumenik, 20. artikuluan ezarritakoari dagokionez.
2.Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz erreserba egin duen estatu alderdi orok edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuetako idazkari nagusiari hala jakinarazita.
1.Konbentzio honetako estatu alderdi orok zuzenketa proposatu eta, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu ahal izango du.Proposatutako zuzenketa Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko die estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaioten estatu alderdien konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamena aztertu eta horren inguruko botazioa egiteko.Jakinarazpen hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietarik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, idazkari nagusiak konferentziarako deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean.Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta idazkari nagusiak zuzenketa hori estatu alderdi guztien mende utziko du onarpenerako.
2.Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz onartutako zuzenketa oro indarrean jarriko da konbentzio honetako estatu alderdien hiru herenak jakinarazten dionean Nazio Batuetako idazkari nagusiari zuzenketa onartu izana kasuan kasuko konstituzio-prozedurekin bat etorriz.
3.Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, konbentzio honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.
1.Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdi bi edo gehiagoren artean sortzen den eztabaida oro tartekaritzaren mende utziko da, euretako baten batek hala eskatuta, betiere, eztabaida ezin bada negoziazioen bidez konpondu.Tartekaritza-eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean alderdiak ez badira ados jartzen tartekaritza-motaren gainean, alderdietarik edonork utzi ahal izango du eztabaida Nazioarteko Justizia Gortearen esku, Gortearen estatutuarekin bat datorren eskabidea aurkeztuta.
2.Estatu alderdi orok, konbentzio hau sinatu nahiz berresteko unean edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du artikulu honetako 1. paragrafoak ez duela berau behartzen.Paragrafo horrek gainerako estatu alderdiak ez ditu behartuko erreserba hori egin duten estatuei begira.
3.Artikulu honetako 2. paragrafoko erreserba egin duen estatu alderdi orok edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuetako idazkari nagusiari hala jakinarazita.
1.Estatu alderdi orok konbentzio hau salatu ahal izango du, Nazio Batuetako idazkari nagusiari idatziz egindako jakinarazpenaren bidez.Salaketak ondoreak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
2.Salaketa horrek ez du estatu alderdia askatuko konbentzio honek ezartzen dizkion betebeharretatik, salaketak ondoreak sortu aurretik gertatutako egite edo ez-egiteei dagokienez; halaber, salaketak ez du eragingo Komiteak aztertzeari ekindako arazoak etetea, baldin eta azterketa horri ekin bazaio salaketak ondoreak sortu aurretik.
3.Estatu alderdi baten salaketak zein datatan sortu ondoreak eta data horretatik aurrera Komiteak ez du azterketarik hasiko estatu horren inguruko arazo berriei dagokienez.
Nazio Batuetako idazkari nagusiak Nazio Batuetako estatu kide guztiei eta konbentzio hau sinatu duten edo konbentzio horri atxiki zaizkion estatu guztiei komunikatuko dizkie:
a) 25 eta 26. artikuluen araberako sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
b) 27. artikuluaren arabera konbentzio hau indarrean jartzeko data, eta 29. artikuluaren arabera zuzenketak indarrean jartzeko data;
c) 31. artikuluaren araberako salaketak.
1.Konbentzio hau, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko da, hark gordailutu dezan; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.
2.Nazio Batuetako idazkari nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie estatu guztiei.