Sindikatuko kide egiteko eskubideari eta negoziazio kolektiboari buruzko Hitzarmena, 1949 (98. zk.)
1949-06-08Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra
Sindikatuko kide egiteko eskubideari eta negoziazio kolektiboari buruzko Hitzarmena, 1949 (98. zk.)
Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak:
Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1949ko ekainaren 8an, hogeita hamabigarren bileran;
Erabaki ondoren, sindikatuko kide egiteko eskubidearen eta negoziazio kolektiboaren printzipioak aplikatzeari buruzko hainbat proposamen onestea, bileraren aztergaien laugarren puntua dena, eta;
Erabaki ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen forma izatea,
mila bederatziehun eta berrogeita bederatziko uztailaren 1ean, ondorengo Hitzarmena onetsi zuen. Hitzarmen hori honako izen honekin ezagutzen da: Sindikatuko kide egiteko eskubideari eta negoziazio kolektiboari buruzko Hitzarmena, 1949:
1. artikulua
1.Langileek babes osoa izango dute bereizkeria-egintza ororen aurrean, egintza horrek euren enpleguari dagokion sindikatu-askatasuna gutxiesten badu.
2.Babes hori erabiliko da bereziki egintza ororen aurka, egintza horren xedea bada:
a) langile baten enplegua baldintzapean jartzen bada, baldintza hori izanik edo sindikatu baten kide ez egitea edota sindikatu zehatz baten kide izatea bertan behera uztea;
b) langilea kaleratzea edo beste edozein modutan kaltetzea, sindikatuko kide izateagatik edo laneko orduetatik kanpo edota, enplegatzailearen baimenarekin, laneko orduetan, sindikatu-jardueretan parte hartzeagatik.
2. artikulua
1.Langileen eta enplegatzaileen erakundeek babes osoa izango dute batzuek bestearekiko esku-sartze egintzen aurrean, esku-sartze hori zuzenean nahiz agente edo kideen bitartez egiten bada, halakoen eraketan, jardunbidean edo administrazioan.
2.Artikulu honen arabera esku-sartze egintzak dira, nagusiki, enplegatzaile edo enplegatzaileen erakundearen menpe, langileen erakundeak eratzea sustatzen duten neurriak, edo langileen erakundeei konpentsazio ekonomikoa edo beste mota batekoa ematea, erakundeok enplegatzaile baten edo enplegatzaile erakunde baten menpe egon daitezen.
3. artikulua
Nazio-baldintzei egokitutako erakundeak sortu beharko dira, halakoa beharrezkoa denean, sindikatuko kide egiteko eskubidearen errespetua bermatzeko, aurreko artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
4. artikulua
Nazio-baldintzei egokitutako neurriak hartu beharko dira, halakoa beharrezkoa denean, suspertzeko eta sustatzeko, alde batetik, enplegatzaile eta enplegatzaile erakundeen artean, eta, bestetik, langileen erakundeen artean, borondatezko negoziazioaren garapen osoa eta prozeduren erabilera, kontratu kolektiboen bitartez, enplegu-baldintzak arautzeko xedearekin.
5. artikulua
1.Nazio-legeriak zehaztuko du Hitzarmen honetan aurreikusitako bermeak zein punturaino aplikatuko zaizkien indar armatuei eta poliziari.
2.Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 19. artikuluaren 8. paragrafoan ezarritako printzipioekin bat etorriz, kide batek Hitzarmen hau berresteak ez du ekartzen, nahitaez, legeak, epaiak, ohiturak edo jada dauden erabakiak gutxiestea, horiek indar armatuen edo poliziaren kideei ematen badizkie Hitzarmen honek ezarritako bermeak.
6. artikulua
Hitzarmen honek ez du arautzen estatuaren administrazioan diharduten funtzionario publikoen egoera; hartara, ezin izango da interpretatu horien eskubideen edo estatutuaren kalterako.
7. artikulua
Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatuko zaizkio, erregistra ditzan.
8. artikulua
1.Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.
2.Hitzarmena indarrean jarriko da, Zuzendari Nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.
3.Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.
9. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari komunikatutako adierazpenek, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 35. artikuluaren 2. paragrafoarekin bat etorriz, ondorengoa jaso beharko dute:
a) Zein diren Hitzarmenaren xedapenak eraldaketarik gabe aplikatzeko lurraldeak, bertan aplikazio hori egiteko kide interesdunak bere burua behartzen duela;
b) Zein diren Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin aplikatzeko lurraldeak, bertan aplikazio hori egiteko bere burua behartzen duela eta zein diren eraldaketa horien xehetasunak;
c) Zein diren lurraldeak, bertan Hitzarmenaren xedapenak aplikaezinak direla eta aplikaezina izateko arrazoiak;
d) .Zein lurraldetan gordetzen duen bere erabakia, hitzarmenaren aplikazioari buruz, lurralde horien egoeraren inguruko azterketa sakonagoa egiteko zain.
2.Artikulu honen 1. paragrafoaren a eta b lerroaldeetan zehazten diren betebeharrak, berrespenaren zatiak izango dira eta horren ondorio berberak sortuko dituzte.
3.Kide orok uko egin diezaioke, osorik edo zati batean, adierazpen berri baten bitartez, bere lehenengo adierazpenean egindako edozein erreserbari, artikulu honen 1. paragrafoaren b, c edo d lerrokaden arabera.
4.11. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kide orok Zuzendari Nagusiari adierazpen bat egin diezaioke eta bertan eralda ditzake, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; era berean, adierazpen horretan lurralde zehatzen egoera azaldu dezake.
10. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari eginiko adierazpenek, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 35. artikuluaren 4 eta 5. paragrafoekin bat etorriz, adierazi beharko dute Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin edo eraldaketarik gabe aplikatuko diren haren lurraldean; era berean, adierazpenak zehazten duenean Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin aplikatuko direla, eraldaketa horiek zertan diren zehaztu beharko da.
2.Hitzarmen honen kideak, kideek edo nazioarteko agintaritza interesdunek uko egin diezaiokete, osorik edo zati batean, geroko adierazpen baten bitartez, aurretiazko beste edozein adierazpenetan adierazitako eraldaketa bat aipatzeko eskubideari.
3.11. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kideak, kideek edo nazioarteko agintaritza interesdunak Zuzendari Nagusiari adierazpen bat egin diezaiokete eta bertan eralda ditzakete, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; era berean, adierazpen horretan lurralde zehatzen egoera azaldu dezakete, hitzarmenaren aplikazioari buruz.
11. artikulua
1.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondorerik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.
2.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.
12. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.
2.Zuzendari Nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.
13. artikulua
Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari informazio osoa jakinaraziko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.
14. artikulua
Lanaren Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.
15. artikulua
1.Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:
a) Kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du,ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 13. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;
b) Berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, kideek berau berresteari dagokionez.
2.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berau berretsi eta berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten kideei begira.
16. artikulua
Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.