Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1922/2006 zenbakidun erregelamendua (EE), 2006ko abenduaren 20koa, genero-berdintasunaren Europako Institutua sortzeari buruzkoa
2000-12-20Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Europako Parlamentua; Europar Batasuneko Kontseilua
EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK,
Europako Erkidegoa eratzeko Tratatua, eta, bereziki, horren 13. artikuluko 2. paragrafoa eta 141. artikuluko 3. paragrafoa aztertuta,
Batzordearen proposamena aztertuta,
Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena aztertuta,
Tratatuaren 251. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz,
Honako hau kontuan hartuta:
1) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Europar Batasunaren oinarrizko printzipioa da. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, 21 eta 23. artikuluetan, sexuan oinarritutako bereizkeria oro debekatu, eta ezarri du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna esparru guztietan bermatu behar dela.
2) Tratatuaren 2. artikuluak ezarri du gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna sustatzea Europako Erkidegoaren egitekoetako bat dela. Ildo beretik, Tratatuaren 3. artikuluaren 2. paragrafoak ezarri du Europako Erkidegoak bere jarduera guztietan helburu izango duela gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasunak ezabatzea eta euren arteko berdintasuna sustatzea. Modu horretara, bermatu nahi da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren dimentsioa Europako Erkidegoko politika guztietara biltzea
3) Tratatuaren 13. artikuluak Kontseiluari ahalmena eman dio ekintza egokiak ezar ditzan, bereizkeriaren aurka borrokatzeko, besteak beste, sexu-arrazoiengatik, Europako Erkidegoaren eskumeneko esparru guztietan.
4) Gizonen eta emakumeen aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa, enplegu- eta okupazio-gaietan, Tratatuaren 141. artikuluan ezarri da, eta egon badago gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunari buruzko legeria-multzoa ere, enplegua lortzeari eta lan-baldintzei dagokienez, azken horien artean dagoelarik ordainsari-berdintasuna ere.
5) 2004ko udaberriko Europako Kontseiluarentzat Batzordeak egindako urteko lehenengo txostenean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoan, adierazi zen genero-desberdintasun nabarmenak daudela jarduera-esparru gehientsuenetan; emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna dimentsio anitzeko fenomenoa dela, neurri desberdinak batera kontuan hartuz borrokatu behar dena; eta esfortzu handiagoa egin behar dela, Lisboako Estrategiako helburuak erdiesteko.
6) Nizako 2000ko abenduaren 7 eta 8ko Europako Kontseiluak eskatu zuen «ezaguera garatzea, baliabideak erkidegoan jartzea eta esperientziak trukatzea, batik bat, genero-gaietarako Europako institutu bat sortuz».
7) Batzordearentzat egindako bideragarritasun-azterketaren konklusioetako bat da genero-berdintasunaren Europako institutu batek, seguru asko, egungo erakundeek lantzen ez dituzten zeregin baliagarri asko gauzatuko lituzkeela, batez ere, ikerketei buruzko datuak eta informazioa koordinatu, zentralizatu eta hedatzeari dagokionez, sareak sortzeari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren norainokoa hedatzeari dagokionez, genero-ikuspegian aurrera egiteari dagokionez eta Europako Erkidegoko politika guztietara genero-berdintasuna hobeto biltzeko tresnak garatzeari dagokionez.
8) Europako Parlamentuak, 2004ko martxoaren 10eko Ebazpenean, genero-berdintasunaren gaian Europar Batasunak duen politikari buruzkoan, Batzordeari eskatu zion esfortzu gehiago egitea, institutu bat sortzeko.
9) Enpleguaren, Gizarte-politikaren, Osasunaren eta Kontsumitzaileen 2004ko ekainaren 1 eta 2ko Kontseiluak, eta 2004ko ekainaren 17 eta 18ko Europako Kontseiluak genero-berdintasunaren Europako institutu bat sortzearen alde egin zuten. Europako Kontseiluak gonbita egin zion Batzordeari, proposamen zehatz bat aurkez zezan.
10) Europako Erkidegoak genero-berdintasunaren politika eragingarritasunez sustatu eta aplikatu ahal izateko, batez ere, hedatuz doan Europar Batasunean, beharrezkoa da, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko informazio eta datu objektibo, fidagarri eta konparatzeko modukoak bildu, aztertu eta hedatzea; sexuan oinarritutako bereizkeria mota guztiak ezabatzeko tresna egokiak garatzea, eta genero-dimentsioa politika guztietara biltzea; alderdi interesdunen artean elkarrizketa suspertzea; eta Europar Batasuneko herritarren artean sentsibilizazioa gehitzea. Beraz, komeni da genero-berdintasunaren Europako institutua sortzea, Europako Erkidegoko erakundeei eta estatu kideei eginkizun horiek gauzatzen laguntzeko.
11) Genero-berdintasuna ezin da lortu soil-soilik bereizkeriaren aurkako politikarekin; aitzitik, bestelako neurri batzuk ere behar dira, sustatzen dituztenak gizonak eta emakumeak gizartean modu harmoniatsuan bizitzea eta modu orekatsuan parte hartzea; helburu hori lortzeko institutuak lagundu behar du.
12) Kontuan hartuta, oso garrantzitsua dela, Europako gizarteko esparru guztietan genero-estereotipoak ezabatzea, eta gizonek nahiz emakumeek jarrai ditzaketen adibide positiboak eskaintzea, komeniko litzateke institutuaren zereginen artean izatea ildo horretatik doan ekintza bat.
13) Estatu kideetako agintari eskudunekin eta antolakunde estatistiko egokiekin, bereziki, Eurostatekin, lankidetzan aritzea funtsezkoa da, Europa mailan konpara daitezkeen eta fidagarriak diren datuen bilketa sustatzeko. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko informazioa maila guztietan (toki-, erregio-, nazio- eta erkidego-mailetan) garrantzitsua denez, estatu kideetako agintarientzat baliagarria litzateke informazio hori izatea, lagungarria izan dadin, toki-, erregio- eta nazio-mailako politikak azaldu eta neurriak hartzeko orduan, euren eskumen-esparruetan.
14) Institutuak elkarlanean jardun behar du, ahalik gehiena, Europako Erkidegoko programa eta antolakunde guztiekin, alferrikako errepikapenak saihesteko eta baliabideen erabilerarik onena bermatzeko. Eskuarki, elkarlanean arituko da, Bizitzako eta Laneko Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioarekin, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziarekin, Lanbide Prestakuntza Garatzeko Europako Zentroarekin eta Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziarekin.
15) Institutuak lankidetza eta elkarrizketa sustatu behar ditu, gobernuz kanpoko erakundeekin eta aukera-berdintasuneko erakundeekin, ikerketa-zentroekin, gizarte-solaskideekin eta antzeko beste antolakunde batzuekin, baldin eta euren eginkizuna bada aukera-berdintasuna lortzea, nazio eta Europa mailan, eta hirugarren herrialdeetan. Efizientziaren mesedetan, komeni da institutuak genero-berdintasunaren Europako sare elektronikoa sortu eta koordinatzea, aipatu erakundeekin eta estatu kideetako espezialistekin.
16) Estatu kideen eta Administrazio Kontseiluan jarraitu behar duten kideen artean behar adinako oreka bermatzeko, Kontseiluko ordezkariak agintaldi bakoitzerako izendatu beharko dira Kontseiluaren Lehendakaritzaren txandakatze-hurrenkeraren arabera, 2007tik aurrera.
17) Tratatuaren 3. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz, komeni da Administrazio Kontseiluan gizonen eta emakumeen presentzia modu orekatsuan suspertzea.
18) Institutuak independentziarik ahalik handiena izan behar du bere egitekoak gauzatzean.
19) Institutuak aplikatu behar du Europako Erkidegoan dagoen arautegi egokia, jendeak agiriak lortzearen inguruan, 1049/2001 zenbakidun Erregelamenduan (EE) jaso dena, eta datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsonak babestearen inguruan, 45/2001 zenbakidun Erregelamenduan (EE) jaso dena.
20) Institutuari aplikatuko zaio Batzordearen 2002ko azaroaren 19ko 2343/2002 zenbakidun Erregelamendua (EE, Euratom), Batzordearen 1605/2002 zenbakidun Erregelamenduak (CE, Euratom) aipatu erakundeen finantza-arloko esparru-erregelamendua onesteari buruzkoa; bada, azken horrek onetsi zuen, Europako Erkidegoetako aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-erregelamendua.
21) Institutuak egindako kontratuei zein lege aplikatu eta lege horrek arautuko du institutuaren kontratu-erantzukizuna. Erantzukizun horri dagokionez, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak epaitzeko eskumena izan behar du, kontratura bildutako tartekaritza-klausulen arabera. Institutuaren kontratuz kanpoko erantzukizunak kalteak eratortzen dituenean, kalte horiek konpentsatzearen inguruan sor daitezkeen auzietan ere Auzitegiak izan behar du eskumena.
22) Kanpoko ebaluazio independentea egin behar da, institutuaren eragina, horren agintaldia aldarazteko aukera eta gerogarrenean egin beharreko berrikuspenen egutegia balioesteko.
23) Erregelamendu honen helburuak dira genero-berdintasuna sustatzen laguntzea eta indartzea, eta hari bertsutik genero-ikuspegia biltzea Europako Erkidegoko politika guztietara eta horien ondorio diren nazio-politika guztietara; sexuan oinarritutako bereizkeriaren aurka borrokatzea; eta Europar Batasuneko herritarren artean genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiak hobeto ezagutaraztea, laguntza teknikoa eskainiz Europako Erkidegoko erakundeei eta estatu kideetako agintariei. Estatu kideek ezin dituztenez behar bezala erdietsi helburu horiek, eta, ondorenez, helburuok erkidego-mailan hobeto gauza daitezkeenez, ekintzaren norainokoa dela bide, Europako Erkidegoak neurriak har ditzake, Tratatuaren 5. artikuluak ezarritako subsidiaritate-printzipioarekin bat etorriz. Artikulu horretan aipatu proportzionaltasun-printzipioarekin bat etorriz, erregelamendu hau ez da gehiegizkoa helburu horiek lortzeko.
24) Tratatuaren 13. artikuluko 2. paragrafoak ahalbidetzen du erkidego-mailako neurriak hartzea, sexuan oinarritutako bereizkeriaren aurkako borroka babestu eta sustatzeko, enpleguaren esparrutik kanpo. Tratatuaren 141. artikuluko 3. paragrafoa oinarri juridiko berezia da, enplegu- eta okupazio-gaietan gizonen eta emakumeen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzea bermatu nahi duten neurrietarako. Horrenbestez, 141. artikuluko 3. paragrafoa eta 13. artikuluko 2. paragrafoa oinarri juridiko egokiak dira erregelamendu hau onartzeko.
HONAKO ERREGELAMENDU HAU ONETSI DUTE:
1. artikulua. Institutua sortzea
Genero-berdintasunaren Europako Institutua sortu da (aurrerantzean «Institutua» deituko dena).
2. artikulua. Helburuak
Institutuaren helburu orokorrak izango dira genero-berdintasuna sustatzen laguntzea eta indartzea, eta, hari bertsutik, genero-ikuspegia biltzea Europako Erkidegoko politika guztietara eta horien ondorio diren nazio-politika guztietara; sexuan oinarritutako bereizkeriaren aurka borrokatzea; eta Europar Batasuneko herritarren artean genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiak hobeto ezagutaraztea, laguntza teknikoa eskainiz Europako Erkidegoko erakundeei, bereziki, Batzordeari, eta estatu kideetako agintariei, 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua. Zereginak
1. 2. artikuluan ezarritako helburuak betetzeko, Institutuak:
a) Genero-berdintasunari buruzko informazio egokia, objektiboa eta konparatzeko modukoa bildu, aztertu eta hedatuko du, eta informazio horretara bilduko dira, baita ere, estatu kideek, Europako Erkidegoko erakundeek, ikerketa-zentroek, berdintasunari buruzko nazio-antolakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, gizarte-solaskideek, kasuan kasuko hirugarren estatuek eta nazioarteko erakundeek komunikatzen dizkioten ikerketa-emaitzak eta eginera onenak. Halaber, Institutuak proposatuko du zein esparrutan komeni den ikerketa areagotzea.
b) Europa mailan, datuen objektibotasuna, konparagarritasuna eta fidagarritasuna hobetzeko metodoak ezarriko ditu, informazioaren koherentzia hobetzea eta datuak biltzean genero-gaiak kontuan hartzea ahalbidetzen duten irizpideak ezarriz.
c) Metodologia-tresnak garatu, aztertu, ebaluatu eta hedatuko ditu, genero-berdintasunaren integrazioaren alde egiteko Erkidegoko politika guztietan eta horien ondorio diren nazio-politiketan, eta genero-ikuspegia Europako Erkidegoko erakunde eta antolakunde guztietara biltzearen alde egiteko.
d) Inkestak egingo ditu, Europan genero-berdintasunak duen egoeraren gainean.
e) Genero-berdintasunaren sarea sortu eta koordinatuko du; bertan parte hartuko dute genero-berdintasunaz eta genero-ikuspegia beste jarduera batzuetara biltzeaz arduratzen diren zentro, antolakunde, erakunde eta espezialistek, ikerketa babestu eta suspertzeko, dauden baliabideak ahalik egokiena erabiltzeko eta informazioa trukatzea eta hedatzea sustatzeko.
f) Adituen bilerak ad hoc antolatzea, Institutuak ikerketa-lanean laguntza izateko, ikertzaileen arteko informazio-trukaketa suspertzeko eta Institutuaren ikerketetara genero-ikuspegia biltzeko.
g) Europako herritarren artean genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiak hobeto ezagutarazteko, egoki diren alderdi interesdunekin, Europa mailan antolatuko ditu hitzaldiak, kanpainak eta bilerak, eta halakoen emaitza eta ondorioak Batzordeari aurkeztuko dizkio.
h) Edozein gizarte-klase eta -izaerakoa izanik, estereotipatu gabeko eginkizunak hartu dituzten gizon eta emakumeak adibide positibotzat jo, eta adibide horien gaineko informazioa hedatuko du. Orobat, informazio horren inguruko ondorioak aurkeztuko ditu, bai eta adibide arrakastatsu horien publizitatea egiteko eta horien baliagarritasuna sustatzeko ekimenak ere.
i) Elkarrizketa eta lankidetza areagotuko ditu, gobernuz kanpoko erakundeekin, aukera-berdintasuna sustatzen duten erakundeekin, unibertsitateekin eta adituekin, ikerketa-zentroekin, gizarte-solaskideekin eta antzeko antolakundeekin, xede dutenak nazio nahiz Europa mailan aukera-berdintasuna lortzea.
j) Jendearentzat eskuragarri izango den agiritegia sortuko du.
k) Erakunde publiko nahiz pribatuen eskura jarriko du genero-ikuspegia esparru desberdinetara biltzearen inguruko informazioa.
l) Europako Erkidegoko erakundeei informazioa emango die, genero-berdintasunari buruz eta Europako Erkidegoari atxikitzeko bidean dauden herrialdeetan eta herrialde atxikigaietan genero-berdintasuna barneratzeari buruz.
2. Institutuak txosten bat argitaratuko du urtero, bere jardueren gainean.
4. artikulua. Jarduera-esparruak eta lan-metodoak
1. Institutuak bere eginkizunak gauzatuko ditu, Europako Erkidegoaren eskumenen esparruan, eta urteroko egitarauan jasotako helburuekin nahiz ezarritako lehentasunezko esparruekin bat etorriz, eta dauden aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta.
2. Institutuaren lan-egitaraua bat etorriko da Europako Erkidegoak genero-berdintasunaren esparruan dituen lehentasunekin eta Batzordearen lan-egitarauarekin, bai eta azken horren estatistika- eta ikerketa-lanekin ere.
3. Alferrikako errepikapenak saihesteko eta baliabideen erabilerarik onena bermatzeko, Institutuak bere jardueretan kontuan hartuko du beste iturri batzuek emandako informazioa eta, bereziki, Europako Erkidegoko erakundeek eta nazio mailako nahiz nazioarteko gainerako erakunde, antolakunde eta organizazio eskudunek gauzatutako jarduerak. Halaber, Institutua elkarlanean arituko da, modu estuan, Batzordearen zerbitzu eskudunekin, batez ere, Eurostatekin. Institutuak koordinazio egokia bermatuko du Europako Erkidegoko agentzia guztiekin eta Europar Batasuneko organo egoki guztiekin; koordinazio hori, bidezkoa denean, elkarlan-hitzarmen batean zehaztuko da.
4. Institutuak zainduko du hedatutako informazioa ulertzeko modukoa izatea azken erabiltzaileentzako.
5. Institutuak kontratu-loturak egin ahal izango ditu beste erakunde batzuekin, batik bat, azpikontratazio-loturak, halakoek Institutuak eratxikitako edozein zeregin gauza dezaten.
5. artikulua. Nortasun eta gaitasun juridikoak
Institutuak nortasun juridikoa izango du. Estatu kide bakoitzean, nazio-legeriek pertsona juridikoei aitortutako gaitasun juridikorik zabalena izango dute. Bereziki, ondasun higigarri nahiz higiezinak eskuratu edo besterendu ahal izango ditu, eta epaiketan agertu ahal izango da.
6. artikulua. Institutuaren independentzia
Institutuak bere jarduerak gauzatuko ditu independentziaz eta interes publikoaren zerbitzura.
7. artikulua Agiriak lortzea
1. 1049/2001 zenbakidun Erregelamendua (EE) Institutuaren eskuetan dauden agiriei aplikatuko zaie.
2. Administrazio Kontseiluak xedapenak emango ditu, 1049/2001 zenbakidun Erregelamendua (EE) sei hilabeteko epean aplika dadin, Institutua ezarri ondoren.
3. Institutuak 1049/2001 zenbakidun Erregelamenduarekin (EE) bat etorriz hartutako erabakien aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Herri Defendatzaileari, edo errekurtsoa egin ahal izango da Auzitegian, hurrenez hurren, Tratatuaren 195 eta 230. artikuluetan ezarritako baldintzekin bat etorriz.
4. Datuen tratamenduari dagokionez, Institutuak aplikatuko du 45/2001 zenbakidun Erregelamendua (EE).
8. artikulua. Lankidetza, nazio nahiz Europa mailako erakundeekin, nazioarteko erakundeekin eta hirugarren herrialdeekin.
1. Institutua bere eginkizunak gauzatzean, elkarlanean arituko da estatu kideetako erakunde eta adituekin, bereziki, berdintasuna sustatzeko lan egiten duten antolakundeekin, ikerketa-zentroekin eta unibertsitateekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, gizarte-solaskideekin, bai eta Europako nahiz nazioarteko erakundeekin eta kasuan kasuko hirugarren herrialdeekin ere.
2. Institutuak bere eginkizunak eragingarritasunez gauzatzeko beharrezkoa bada akordioak egitea nazioarteko erakundeekin edo hirugarren herrialdeekin, Europako Erkidegoak, Tratatuaren 300. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz, halako akordioak egingo ditu, Institutuaren interesak aintzat hartuta. Xedapen hori ez da oztopo bat izango, erakunde edo hirugarren herrialde horiekin lankidetzan ad hoc aritzeko.
9. artikulua. Institutuaren osaera
Institutua osatuko dute:
a) Administrazio Kontseiluak.
b) Adituen foroak.
c) Zuzendariak eta bere langileek.
10. artikulua. Administrazio Kontseilua
1. Administrazio Kontseilua osatuko dute:
a) Alderdi den estatu kide bakoitzaren proposamena oinarri hartuta, Kontseiluak izendatutako hemezortzi kidek.
b) Batzordea ordezkatzen duen kide batek, Batzordeak izendatuko duena.
2. Administrazio Kontseiluaren kideak izendatuko dira, bermatuz horiek izatea gaitasunik ahalik handiena eta genero-berdintasunaren esparruan egoki diren ezaguera desberdinak, espezializatuak nahiz diziplina artekoak.
Kontseiluak eta Batzordeak ahaleginak egingo dituzte, Administrazio Kontseiluan gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua izan dadin.
Kideak absente izanez gero, horiek ordezkatuko dituzten ordezkoak modu berean izendatuko dira.
Kontseiluak Administrazio Kontseiluko kideen eta horien ordezkoen zerrenda argitaratuko du Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean, Institutuaren web-gunean eta egoki diren beste web-gune batzuetan.
3. Agintaldiak hiru urte iraungo du. Agintaldi bakoitzean, Kontseiluak izendatutako kideek hemezortzi estatu kide ordezkatuko dituzte, Lehendakaritzaren txandakatze-hurrenkeraren arabera; alderdi den estatu kide bakoitzak kide bat izendatuko du.
4. Administrazio Kontseiluak bere lehendakaria eta lehendakariordea aukeratuko ditu, hiru urterako.
5. 1. paragrafoko a) edo b) idatz-zatiaren arabera Administrazio Kontseiluaren kide direnek, edo, horiek absente izanez gero, halakoen ordezkoek, boto bana izango dute.
6. Administrazio Kontseiluak Institutuaren jardunbiderako beharrezko diren erabakiak hartuko ditu. Bereziki, hurrengoak gauzatu beharko ditu:
a) 12. artikuluak aipatu duen zuzendariaren proiektua oinarri hartu, eta Batzordea kontsultatu ondoren, adostuko ditu urteko lan-programa, eta epe ertainerako lan-programa, hiru urte iraungo duena, aurrekontuaren eta erabilgarri diren baliabideen arabera; hala behar izanez gero, programak urtean zehar berrikusi ahal izango dira; urteko lehenengo programa, gehienez ere, zuzendaria izendatu eta bederatzi hilabetera adostu beharko da.
b) 3. artikuluko 2. paragrafoak aipatu txostena adostuko du; txosten horretan, besteak beste, konparatuko dira lortutako emaitzak eta urteko lan-programaren helburuak. Txosten hori, gehienez ere, ekainaren 15erako aurkeztuko zaie Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Batzordeari, Kontuen Auzitegiari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari; halaber, Institutuaren web-gunean argitaratuko da.
c) Diziplina-agintaritza gauzatuko du zuzendariaren gainean, eta hori izendatu edo kargutik kenduko du, 12. artikuluaren arabera.
d) Institutuaren urteko aurrekontu-proiektua eta behin betiko proiektua onetsiko ditu.
7. Administrazio Kontseiluak Institutuaren jardunbideari buruzko barne-arauak onartuko ditu, zuzendariak egindako proposamena oinarri hartuta, Batzordea kontsultatu ondoren.
8. Administrazio Kontseiluaren erabakiak hartuko dira bere kideen gehiengoak hala erabakita. Lehendakariak kalitateko botoa izango du. 6. paragrafoan eta 12. artikuluko 1. paragrafoan aipatu kasuetan, erabakiak hartuko dira kideen bi hereneko gehiengoarekin.
9. Administrazio Kontseiluak bere barne-araudia onartuko du, zuzendariak egindako proposamena oinarri hartuta, Batzordea kontsultatu ondoren.
10. Lehendakariak, gutxienez, urtean behin deituko du Administrazio Kontseilua. Lehendakariak beste bilera batzuk deituko ditu, bere ekimenez edo Administrazio Kontseiluko kideen herenak hala eskatuta.
11. Institutuak urtero igorriko die Europako Parlamentuari eta Batzordeari (aurrerantzean «aurrekontu-agintaritza» deituko denari) ebaluazio-prozeduren emaitzei buruz egoki den informazio guztia.
12. Hala denean, Administrazio Kontseiluko bileretan behatzaile gisa parte hartzeko gonbita egin ahal izango zaie Bizitzako eta Laneko Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioko, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Europako Agentziako, Lanbide Prestakuntza Garatzeko Europako Zentroko eta Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziako zuzendariei, erakunde horien lan-programa guztiak koordinatzeko xedearekin, genero-gaien integrazioari buruzko printzipioari dagokionez.
11. artikulua. Adituen foroa
1. Adituen foroa osatuko dute genero-berdintasunaren gaietan eskumenak dituzten antolakunde espezializatuetako kideek. Estatu kide bakoitzak ordezkari bat izendatuko du; Europako Parlamentuak bi kide izendatuko ditu, genero-berdintasunaren gaietan espezializatuak diren beste erakunde egoki batzuk ordezkatuko dituztenak; Batzordeak hiru kide izendatuko ditu, Europa mailan interesdun diren alderdiak ordezkatuko dituztenak; azken hiru ordezkari horiek ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren:
a) Europako Erkidegoko gobernuz kanpoko erakunde egoki bat, interes legitimoa duena, sexuan oinarritutako bereizkeriaren aurkako borrokan laguntzeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko.
b) Europako Erkidegoko enpresaburuen erakundeak.
b) Europako Erkidegoko langileen erakundeak.
Estatu kideek eta Batzordeak zainduko dute adituen foroan gizonek eta emakumeek ordezkaritza orekatua izatea.
Kideak berehala izendatuko diren ordezkoek ordeztu ahal izango dituzte.
2. Adituen foroko kideak ez dira izango Administrazio Kontseiluko kide.
3. Adituen foroak zuzendariari lagunduko dio, Institutuaren jardueren bikaintasuna eta independentzia ziurtatzen.
4. Adituen foroak mekanismo bat eratuko du, genero-berdintasunaren gaiei buruzko informazioa trukatzeko eta ezaguerak elkarbanatzeko. Adituen foroak zainduko du elkarlan estua izatea Institutuaren eta estatu kideetako antolakunde eskudunen artean.
5. Adituen foroaren lehendakaria zuzendaria izango da, eta hori absente izanez gero, Institutuko kide bat izango da ordezkoa. Ohikotasunez bilduko da, eta, gutxienez, urtean behin, zuzendariaren ekimenez edo bere kideetatik, gutxienez, heren batek hala eskatuta. Beraren jardunbide-erregelamendua Institutuaren barne-arauetan zehaztu eta eskuragarri izango da.
6. Adituen foroko lanetan Batzordeko zerbitzuetako ordezkariek parte hartuko dute.
7. Institutuak adituen foroari beharrezko babes logistiko eta teknikoa emango dio, eta foroko bileretan bere gain hartuko du idazkaritza.
8. Zuzendariak gonbita egin ahal izango die aditu nahiz ordezkari direnei, dela ekonomia-sektore, enpresaburuen erakunde, sindikatu, lanbide- edo ikerketa-antolakunde egokietan, dela gobernuz kanpoko erakundeetan, halakoek esperientzia nabarmena dutenean Institutuaren lanekin zerikusia duten diziplinetan, adituen foroko zeregin berezietan lankidetzan aritzeko eta kasuan kasuko jardueretan parte hartzeko.
12. artikulua. Zuzendaria
1. Institutuaren zuzendaritza izango du Administrazio Kontseiluak izendatutako zuzendariak; izendapen hori egiteko, Administrazio Kontseiluak oinarri izango du Batzordeak proposatutako hautagai-zerrenda, konkurtso irekia egin ondoren, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean eta beste leku batzuetan argitaratutako interes-adierazpenen deialdia aintzat hartuta. Izendapena egin aurretik, Administrazio Kontseiluak aukeratutako hautagaiari eskatuko dio adierazpena egitea Europako Parlamentuko batzorde egokian edo batzorde egokietan, eta horien kideen galderei erantzutea.
2. Zuzendariaren agintaldiak bost urte iraungo du. Batzordeak hala proposatuta eta aldez aurretik ebaluazioa eginda, agintaldia beste behin berritu ahal izango da, gehienez ere, bost urterako. Ebaluazio horretan, Batzordeak bereziki aztertuko ditu:
a) Lehengo agintaldian lortutako emaitzak eta horiek lortzeko modua.
b) Institutuak hurrengo urteetan izango dituen zereginak eta beharrizanak.
3. Hurrengoak izango dira zuzendariaren ardurak, Administrazio Kontseiluaren ikuskapenaren mende:
a) 3. artikuluan jasotako zereginak gauzatzea.
b) Institutuaren urteko eta epe ertainerako programak prestatu eta betetzea.
c) Administrazio Kontseiluaren eta adituen foroaren bilerak prestatzea.
d) Urteko programa, 3. artikuluko 2. paragrafoan aipatu dena, prestatu eta argitaratzea.
e) Langileen inguruko gai guztiak eta, bereziki, 13. artikuluko 3. paragrafoan jasotako eskumenak egikaritzea.
f) Egunean eguneko administrazio-gaiak, eta
g) Institutuaren lorpenak, bere helburuei dagokienez, jarraitzeko eta ebaluatzeko prozedura eragingarriak aplikatzea, aitortuta dauden lanbide-arauekin bat etorriz. Zuzendariak urtero informatuko du Administrazio Kontseilua jarraipen-sistemaren emaitzen gainean.
4. Zuzendariak bere jardueren kudeaketaren berri emango dio Administrazio Kontseiluari eta horren bileretara joango da, boto-eskubiderik gabe. Era berean, Europako Parlamentuak gonbita egin ahal izango dio, entzunaldi batera ager dadin, Institutuaren jarduerekin zerikusia duten gai garrantzitsuen gaineko informazioa emateko.
5. Zuzendaria izango da Institutuaren lege-ordezkaria.
13. artikulua. Langileak
1. Institutuaren langileei aplikatuko zaizkie Europako Erkidegoetako funtzionarioen Estatutua eta Europako Erkidegoetako beste agente batzuei aplikatzen zaien araubidea, 259/68 zenbakidun Erregelamenduaren (EEE, IAEE, Euratom) ondorioz ezarri direnak, eta Europako Erkidegoko erakundeek elkarrekin emandako erregelak, aipatu Estatutua eta araubidea aplikatzeko.
2. Administrazio Kontseiluak, Batzordearekin bat etorriz, behar diren aplikazio-xedapenak ezarriko ditu, Estatutuaren 110. artikuluak ezarritako xedapenak errespetatuz. Administrazio Kontseiluak xedapenak eman ahal izango ditu, nazioetako adituak kontratatzea ahalbidetzen dutenak; aditu horiek estatu kideek bidaliko dituzte Institutura zerbitzu-eginkizunak betetzeko.
3. Institutuak bere langileei begira gauzatuko ditu izendapenak egiteko ahalmena zein agintarik izan eta agintari horri eratxiki zaizkion eginkizunak.
14. artikulua. Aurrekontua egitea
1. Institutuaren sarrera eta gastu guztiek aurreikuspena izan beharko dute aurrekontu-ekitaldi bakoitzari begira; ekitaldi horrek urte zibilarekin bat egingo du, eta sarrera nahiz gastuak Institutuaren aurrekontuari esleituko zaizkio.
2. Aurrekontu hori orekatsua izan behar da sarrera eta gastuei dagokienez.
3. Institutuaren sarrerak hurrengoak izango dira, beste iturri batzuk gorabehera:
a) Europako Erkidegoaren diru-laguntza, Europar Batasuneko aurrekontu orokorrean inskribatuko dena (Batzordearen atala).
b) Emandako zerbitzuen ordainean jasotako ordainketak.
c) 8. artikuluan aipatu erakundeen edo hirugarren estatuen edozein finantza-kontribuzio; eta
d) Estatu kideek borondatez egindako edozein finantza-kontribuzio.
4. Institutuko gastuetara bilduko dira langileen ordainsariak, administrazio- eta azpiegitura-kostuak eta jardunbidearen gastuak.
5. Urtero, Administrazio Kontseiluak, zuzendariak egindako proiektua oinarri hartuta, Institutuaren sarrera eta gastuen estimazioa egingo du, hurrengo kontabilitate-ekitaldirako. Administrazio Kontseiluak, estimazio hori, gehienez ere, martxoaren 31rako igorri beharko dio Batzordeari; estimazio horretara bildu beharko da langileen plantillari buruzko proiektua.
6. Batzordeak aurrekontu-agintaritzari igorriko dio estimazioa, Europar Batasuneko aurrekontu orokorraren aurreproiektuarekin batera.
7. Estimazio hori oinarri hartuta, Batzordeak Europar Batasuneko aurrekontu orokorren aurreproiektuan inskribatuko ditu langileen plantillarentzat beharrezkotzat jotzen dituen kopuruak eta aurrekontu orokorraren kontura izango den diru-laguntzaren zenbatekoa, eta hori guztiori aurrekontu-agintaritzari aurkeztuko dio, Tratatuaren 272. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
8. Aurrekontu-agintaritzak Institutua diruz laguntzeko behar diren kredituak baimenduko ditu eta Institutuaren plantilla finkatuko du.
9. Administrazio Kontseiluak Institutuaren aurrekontua onetsiko du; hori behin betiko aurrekontu bihurtuko da, Europar Batasuneko aurrekontu orokorra behin betiko onetsi eta gero. Behar izanez gero, kasuan kasuko zuzenketak egingo dira.
10. Administrazio Kontseiluak ahalik arinena jakinaraziko dio aurrekontu-agintaritzari bere aurrekontuan finantza-ondorio garrantzitsuak izan ditzakeen edozein proiektu egiteko asmoa, bereziki, ondasun higiezinekin zerikusia duen edozein proiektu-mota, hala nola, lokalak alokatzea edo eskuratzea. Batzordeari ere emango dio horren berri.
Aurrekontu-agintaritzaren adarretako batek irizpena emateko asmoa jakinarazi duenean, irizpen hori Administrazio Kontseiluari igorriko dio sei hilabeteko epean, proiektua jakinarazi zen datatik aurrera zenbatzen hasita.
15. artikulua. Aurrekontuen kudeaketa
1. Zuzendariak gauzatuko du Institutuaren aurrekontua.
2. Institutuko kontulariak behin-behineko kontuak bidaliko dizkio Batzordeko kontulariari, gehienez ere, ekitaldia itxi eta hurrengo martxoaren 1erako, ekitaldiko aurrekontu- eta finantza-kudeaketari buruzko txostenarekin batera. Batzordeko kontulariak deszentralizatutako erakundeen eta antolakundeen behin-behineko kontuak sendotuko ditu, 1605/2002 zenbakidun Erregelamenduaren (EE, Euratom) 128. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
3. Gehienez ere, ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo martxoaren 31rako, Batzordeko kontulariak Institutuaren behin-behineko kontuak aurkeztu beharko dizkio Kontu Auzitegiari, 2. paragrafoak aipatu txostenarekin batera. Txostena Europako Parlamentuari eta Batzordeari bidaliko zaie.
4. Kontu Auzitegiak Institutuaren behin-behineko kontuen gainean egindako ohartarazpenak jaso ondoren, 1605/2002 zenbakidun Erregelamenduaren (EE, Euratom) 129. artikuluak xedatutakoarekin arabera, zuzendariak Institutuaren behin betiko kontuak egingo ditu bere erantzukizunaren mende, eta Administrazio Kontseiluari bidaliko dizkio, horrek irizpena eman dezan.
5. Administrazio Kontseiluak txostena emango du, Institutuaren behin betiko kontuen gainean.
6. Ekitaldia itxi eta, gehienez ere, hurrengo uztailaren 1erako, zuzendariak behin betiko kontuak bidaliko dizkie, Administrazio Kontseiluaren irizpenarekin batera, Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Batzordeari eta Kontu Auzitegiari.
7. Behin betiko kontuak argitaratuko dira.
8. Kontu Auzitegiaren ohartarazpenei erantzungo die zuzendariak, erantzuna hari bidaliz, gehienez ere, irailaren 30erako. Orobat, erantzun hori Administrazio Kontseiluari bidaliko dio.
9. Zuzendariak Europako Parlamentuari aurkeztuko dio, horrek hala eskatu ondoren, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuaren betearazpena onesteko prozedura behar bezala gara dadin behar den informazio oro; prozedura hori ezarri du 1605/2002 zenbakidun Erregelamenduaren (EE, Euratom) 146. artikuluak.
10. Europako Parlamentuak, Batzordeak, gehiengo kualifikatuarekin, aldez aurretik hala gomendatuta, N + 2 urteko apirilaren 30a baino lehenago onetsiko du zuzendariak N ekitaldiko aurrekontuaren betearazpenari dagokionez egindako kudeaketa.
11. Administrazio Kontseiluak onetsiko du Institutuari aplikatu behar zaion finantza-arauketa, Batzordea kontsultatu ondoren. Finantza-arauketa 2343/2002 zenbakidun Erregelamendutik (EE, Euratom) kanpo geratuko da, soil-soilik Institutuaren jardunbidearen baldintza bereziek hala eskatzen badute eta Batzordearekin aldez aurretik hala adostu bada.
16. artikulua. Hizkuntza-araubidea
1. Europako Ekonomia Erkidegoko hizkuntza-araubidea ezarri duen Erregelamenduaren xedapenak Institutuari aplikatuko zaizkio. Erregelamendu hori 1958ko apirilaren 15ekoa da, 1 zenbakiduna.
2. Institutuaren jardunbiderako behar diren itzulpen-zerbitzuak emango ditu, hasiera batean, behinik behin, Europar Batasuneko organoen itzulpen zentroak; zentro hori Kontseiluaren 2965/94 zenbakidun Erregelamenduaren (EE) ondorioz sortu zen.
17. artikulua. Pribilegioak eta ukiezintasunak
Institutuari aplikatuko zaio Europako Erkidegoetako pribilegioei eta ukiezintasunei buruzko Protokoloa.
18. artikulua. Erantzukizuna
1. Institutuaren kontratu-erantzukizuna arautuko du kasuan kasuko kontratuari aplikatu behar zaion legeriak.
Auzitegiak epaitzeko eskumena izango du, Institutuak egindako kontratu batek hori berori jaso duenean, tartekaritza-klausula baten bidez.
2. Kontratuz kanpoko erantzukizunaren arloan, Institutuak konpondu beharko ditu bere zerbitzuen ondorioz edo bere agenteek euren eginkizunak gauzatzean eragindako kalteak, estatu kideetako antolamendu juridikoetan erkide diren printzipio orokorrekin bat etorriz.
Auzitegiak eskumena izango du kalte-ordainen inguruko auzi guztietan, halakoak eragindako kalteen ondorio direnean.
19. artikulua. Hirugarren herrialdeen partaidetza
1. Institutuak onartuko du hirugarren estatuen partaidetza, estatu horiek Europako Erkidegoarekin akordioak egin badituzte, eta akordio horien ondorioz onartu eta aplikatzen badute Europako Erkidegoko legeria, erregelamendu honek araututako esparruan.
2. Akordio horien xedapen egokien ondorioz, mekanismoak ezarriko dira, zehaztuko dituztenak, besteak beste, herrialde horiek Institutuan izango duten partaidetzaren izaera nahiz norainokoa, eta herrialde horiek bertan parte hartzeko modua; halako xedapenen artean izango dira, baita ere, Institutuak hasitako ekimenetan parte hartzeari, finantza-kontribuzioei eta langileei buruzkoak. Langileei buruzko gaietan, akordio horiek, edozein kasutan, bat etorriko dira Europako Erkidegoetako funtzionarioen Estatutuarekin eta Europako Erkidegoetako beste agente batzuei aplikatu behar zaien araubidearekin.
20. artikulua. Ebaluazioa
1. Gehienez ere, 2010eko urtarrilaren 18rako, Institutuak bere emaitzen gaineko ebaluazioa eskatuko du, kanpokoa eta independentea izango dena, Administrazio Kontseiluak Batzordearekin bat etorriz zehaztutako agintaldian oinarrituta. Ebaluazio horrek agertuko ditu Institutuak genero-berdintasuna sustatzeari dagokionez gauzatutako lanaren ondoreak, eta sinergia-ondoreen azterketa ere jasoko du. Bereziki, jorratuko du, Institutuaren eginkizunak aldarazteko edo gehitzeko izan ahal den beharrizana, aldarazpen edo gehitze horren finantza-ondorioak aztertuz. Halaber, ebaluazioan aztertuko da kudeaketa-egituraren egokitasuna, Institutuaren eginkizunak gauzatzeko. Ebaluazioak kontuan hartuko ditu interesdunen iritziak, Europako Erkidego mailan nahiz nazio mailan.
2. Administrazio Kontseiluak, Batzordearekin bat etorriz, erabakiko du etorkizunean egin beharreko ebaluazioen egutegia, 1. paragrafoak aipatu ebaluazio-txostenaren emaitzak kontuan hartuta.
21. artikulua. Berrikuspen klausula
Administrazio Kontseiluak 20. artikuluak aipatutako ebaluazioaren ondorioak aztertuko ditu, eta Batzordeari bidaliko dizkio egokitzat jotzen dituen gomendioak, Institutuak izan ditzakeen aldaketei, Institutuaren lan-eginerei eta Institutuaren eskumen-esparruari dagokienez. Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeen Komiteari igorriko dizkie ebaluazio-txostena eta gomendioak, eta jendaurreko egingo ditu. Ebaluazio-txostena eta gomendioak aztertu ondoren, Batzordeak aurkeztu ahal izango ditu Erregelamendu honen inguruan beharrezkotzat jotzen dituen proposamenak.
22. artikulua. Administrazio-kontrola
Institutuaren jarduerak Herri Defendatzaileak gainbegiratuko ditu, Tratatuaren 195. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
23. artikulua. Institutuaren jarduerak hastea
Institutuak bere jarduerak hasiko ditu ahalik arinena eta, edozein kasutan, gehienez ere, 2008rako urtarrilaren 19rako.
24. artikulua. Indarrean jartzea
Erregelamendu hau indarrean jarriko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeigarren egunean.
Erregelamendu hau oso-osoan bete beharko da eta zuzenean aplikatu estatu kide bakoitzean.