Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Naziotasuna, aberri gabetasuna, asiloa eta errefuxiatuak

Non bizi eta herrialde horretako nazionalak ez diren norbanakoen giza eskubideei buruzko Adierazpena

1985-12-13

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Non bizi eta herrialde horretako nazionalak ez diren norbanakoen giza eskubideei buruzko Adierazpena,

Biltzar Orokorrak onetsia, 1985eko abenduaren 13ko 40/144 ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Kontuan harturik Nazio Batuen Gutunak gizaki guztien giza eskubide eta oinarrizko askatasunak errespetatzea eta betetzea sustatzen dituela, inolako bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- eta erlijio-arrazoiengatik,

Kontuan harturik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutakoaren arabera, gizaki guztiak aske jaiotzen direla, berdinak izanik duintasunari eta eskubideei begira, eta pertsona orok adierazpen horretan aldarrikatutako eskubide eta askatasunak badituela, inolako bereizketarik gabe, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri direla bide.

Kontuan harturik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutakoaren arabera, gizaki orok duela eskubidea, toki guztietan, bere nortasun juridikoa aitortua izan dadin, guztiak berdinak direla legearen aurrean, eta denek dutela eskubidea, bereizketarik gabe, legearen babesa izateko eta, halaber, denek dutela babes bera izateko eskubidea, adierazpen hau urratzen duten bereizkerietatik edozeinen aurka eta bereizkeria horren eragile ororen aurka.

Jakitun izanik nazioarteko giza eskubideen itunen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dutela bermatzeko itun horietan aldarrikatutako eskubideak, inolako bereizkeriarik gabe, egikarituko direla, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide.

Jakitun izanik hedabideak hobetu ahala eta herrien artean harreman baketsu eta adiskidetsuak ezarri ahala, gero eta pertsona gehiago bizi direla eurak nazionalak ez diren herrietan,

Berretsiz Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak,

Aitortuz nazioarteko instrumentuek ezarritako giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen babesa norbanakoak zein herrialdetan bizi eta, herrialde horretako nazionalak ez direnei ere bermatu behar zaiela,

Adierazpen hau aldarrikatzen du:

1. artikulua

Adierazpen honen ondorioetarako, “atzerritar” hitza aplikatuko zaio pertsona orori, halakoa zein estatutan egon eta estatu horren nazionala ez bada, betiere, ondorengo artikuluek adierazitako zehaztapenak aintzat hartuta.

2. artikulua

1.Adierazpen honen xedapenek ez dute legeztatzen atzerritar bat edozein estatutan legez kanpo sartzea edota bertan geratzea ere.Adierazpen honen xedapenek ez dute, halaber, mugatzen edozein estatuk duen eskubidea legeak eta araubideak aldarrikatzeko, atzerritarrak herri batean sartzeari eta bertan geratzeko epeei eta baldintzei dagokienez, edota nazionalen eta atzerritarren artean desberdintasunak ezartzeko.Edonola ere, lege eta araubide horiek bateragarriak izan beharko dira estatuen nazioarteko betebehar juridikoekin, batik bat, giza eskubideen esparruan.

2.Adierazpen honek ez dio kalterik egingo nazio-legeriak emandako eskubideak gozatzeari, ezta, nazioarteko zuzenbidearen arloan, estatu orok duen betebeharraren arabera atzerritarrei eman beharreko eskubideak gozatzeari ere; barnean hartuta adierazpen honek aitortzen ez dituen eskubideen kasua edota eskubideok neurri txikiagoan aitortzen baditu ere.

3. artikulua

Estatu orok argitara emango ditu atzerritarrei dagozkien nazio-lege eta -araubideak.

4. artikulua

Atzerritarrek zein estatutan bizi edo egon eta estatu horretako legeak beteko dituzte eta estatu horren herri-ohiturei eta -tradizioei ere begirunea erakutsiko diete.

5. artikulua

1. Atzerritarrek ondorengo eskubideak izango dituzte, eurak zein estatutan egon eta, estatu horren nazio-legeriaren arabera eta estatu horrek dituen nazioarteko betebeharren mende,

a) Bizitza-eskubidea eta pertsona beraren segurtasunerako eskubidea; ezin izango da atzerritarrik nahierara atxilotu, ez atzitu; atzerritar inori ezin zaio askatasunik kendu, salbu eta legeak ezarritako arrazoiak daudenean; betiere, legeak ezarritako prozeduraren arabera;

b) Nahierarako edo legez kanpoko esku-sartzeen aurkako babes-eskubidea, bizitza pribatuan, familian, etxean edota gutunerian;

c) Berdintasunerako eskubidea auzitegien eta gainerako organoen eta justizia-administrazioaren agintari arduradunen aurrean eta, behar denean, interpretearen doako laguntza izateko eskubidea zigor jardunetan eta, legeak halakoa xedatzen duenean, bestelako jardunetan ere;

d) Ezkontidea aukeratzeko, ezkontzeko eta familia bat sortzeko eskubidea;

e) Pentsamendu-, iritzi-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea; nork bere erlijioa edo sinesmenak agertzeko eskubidea, horien mugak direla bakar-bakarrik legeak agindutakoak eta beharrezkoak direnak segurtasun publikoa, ordena publikoa, osasun edo moral publikoak edota gainontzekoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko;

f) Nork bere hizkuntza, kultura eta tradizioak gordetzeko eskubidea;

g) Nork bere irabaziak, aurrezkiak edo beste diru-ondasunak atzerrira transferitzeko eskubidea, betiere, nazioen diru-araubideen mende.

2. Legeak agindutako murrizketei kalterik egin gabe, horiek beharrezkoak direnean gizarte demokratikoan nazio-segurtasuna, segurtasun publikoa, ordena publikoa, osasun edo moral publikoak edota gainontzekoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko, eta bateragarriak direnean nazioarteko instrumentu egokietan aitortutako gainontzeko eskubideekin eta adierazpen honetan adierazitakoekin, atzerritarrek ondorengo eskubideak izango dituzte:

a) Herrialdetik irteteko eskubidea;

b) Adierazpen askatasunerako eskubidea;

c) Modu baketsuan elkartzeko eskubidea;

d) Jabetzarako eskubidea, banan-banan edo besteekin elkartuta, nazio-legeriaren mende.

3.2. paragrafoan adierazitako xedapenen mende, estatu baten lurraldean legez dauden atzerritarrek askatasunez zirkulatzeko eskubidea izango dute eta estatu horren mugetan bizilekua aukeratzeko eskubidea ere.

4.Nazio-legeriaren eta beharrezko baimenaren mende, atzerritarraren ardurapean dauden ezkontide eta adingabeko seme-alabek ahal izango dute berari lagundu, berarekin bildu eta berarekin egon, atzerritarra legez bizi denean estatu horren lurraldean.

6. artikulua

Atzerritarrek ezin izango dute torturarik pairatu, ezta tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk ere eta, bereziki, inori ezin izango zaio esperimentu mediko edo zientifikorik egin, bere adostasun askerik gabe.

7. artikulua

Estatu bateko lurraldean legez dagoen atzerritarra bertatik kanporatu ahal izango da bakar-bakarrik legearen arabera hartutako erabaki bat betetzeko; hala ere, nazio-segurtasun nahitaezko arrazoiek eragozten ez badute, atzerritarrak ahal izango du bere arrazoiak aurkeztu kanporatzea aurkaratzeko eta bere kasua agintari eskudunaren esku uzteko edo agintari eskudunak beren-beregi izendatutako pertsonaren edo pertsonen esku uzteko, horiek kasua azter dezaten; berebat, ondorio horietarako ordezkatua izan daiteke agintari, pertsona edo pertsona horien aurrean. Debekatuta dago atzerritarrak, banaka edo taldean, kanporatzea arraza, larru-kolorea, erlijioa, kultura, leinu edo jatorri nazional edo etnikoa direla bide.

8. artikulua

1. Estatu baten lurraldean legez bizi diren atzerritarrek, nazio-legeriaren arabera eta 4. artikuluan ezarritako betebeharren mende, ondorengo eskubideak izango dituzte:

a) Lanerako baldintza osasungarriak eta arriskuetatik kanpo dauden baldintzak izateko eskubidea, ordainsari zuzenak eta balio bereko lanagatik ordainsari bera izateko eskubidea, inolako bereizketarik gabe, gehienbat, emakumeei bermatuz gutxienez gizonek dituzten baldintza berberak, lan beragatik ordainsari bera aintzat hartuta;

b) Sindikatuetan eta hautatutako beste erakunde eta elkarteetan afiliatzeko eskubidea, eta horien jardueretan parte hartzeko eskubide. Eskubide hori egikaritzeari dagokionez, ez da murrizketarik ezarriko, legeak ezarritakoez landa; orobat, azken murrizketa horiek beharrezkoak izan beharko dute, gizarte demokratiko batean, nazio-segurtasunari nahiz ordena publikoari, edo gainerakoen eskubide eta askatasunak babesteari begira;

c) Osasun-babesa, mediku-laguntza, gizarte-segurantza, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, atsedenaldia eta aisialdia izateko eskubidea, kasuan kasuko araubideetan aurreikusitako parte hartzeko baldintzak betetzen baldin badira eta estatuaren baliabideentzat gehiegizko karga ez badira.

2. Atzerritarren eskubideak babesteko helburuarekin, atzerritarrok dauden herrietan jarduera legezkoak eta ordainduak egikaritzen dituztenean, gobernu interesdunek ahal izango dituzte eskubide horiek zehaztu alde anitzeko edo bi aldeko konbentzioetan.

9. artikulua

Ezin izango da, nahierara eta besterik gabe, atzerritarra ondasunik gabe utzi, berak halakoak legearen arabera eskuratu baditu.

10. artikulua

Atzerritar orok du eskubidea, edozein unetan, zein estatuko nazionala izan eta estatu horren kontsulatuarekin edo diplomazia-misioekin harremanetan jartzeko eta, halakorik egon ezean, beste edozein estatuko kontsularekin edo diplomazia-misioarekin, horien ardurapean dagoenean atzerritarra zein estatuko nazionala izan eta estatu horren interesak babestea atzerritarra bizi den estatuan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra