Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Zuzenbide humanitarioa

Nazioarteko Gatazka Armatuetako Biktimen Babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenei protokolo osagarria (I. Protokoloa)

1977-06-08

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Gatazka Armatuetan aplikagarria den nazioarteko giza zuzenbidearen berresteari eta garapenari buruzko Konferentzia diplomatikoa

Nazioarteko Gatazka Armatuetako Biktimen Babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenei protokolo osagarria (I. Protokoloa)

Gatazka Armatuetan Aplikagarria den Berresteari eta Nazioarteko Garapen Humanitarioari buruzko diplomazia Konferentzia 1977ko ekainaren 8an onartua.

Indarrean jartzea:1978ko abenduaren 7an, 95. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Alderdi kontratugile gorenak:

Bakea herrien artean nagusi izan dadin bere desira sutsua adieraziz,

Gogoratuz, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, estatu orok mehatxura jotzeko edo burujabetzaren aurka, lurralde osotasunaren aurka edo edozein estaturen independentzia politikoaren aurka, edo Nazio Batuen xedeekin bateraezina den beste edozein forman indarra erabiltzeari uko egiteko betebeharra daukala,

Hala ere, gatazka armatuetatik biktimak babesten dituzten xedapenak berretsi eta garatzea beharrezkoa dela kontuan izanda, bai eta xedapen horien aplikazioa indartzeko neurriak osatzea,

Bere uste osoa adieraziz, Protokolo honen xedapenak ezta 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenetakoak ere ezin direla interpretatu Nazio Batuen Gutunarekin bateraezina den edozein eraso-egintza edo indarraren beste edozein erabilera bidezkotu edo baimentzeko esanguran,

Berretsiz, gainera, 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenetako xedapenak eta Protokolo honetakoak osotasunean aplikatu behar direla inguruabar guztietan tresna horiek babesten dituzten pertsona babestu guztiei, gatazka armatuaren izaera edo jatorrian edo gatazkan dauden alderdiek argudiatutako zioetan edo berari egotzitakoetan oinarritutako izaera kaltegarririk gabeko inolako bereizketarik gabe.

Hurrengoa hitzartu dute:

I. Titulua:Xedapen orokorrak

1. artikulua:Printzipio orokorrak eta aplikazio esparrua

1.Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Protokolo hau inguruabar guztietan errespetatzeko eta errespetatua izan dadin.

2.Protokolo honetan edo beste nazioarteko hitzarmen batzuetan aurreikusi gabeko kasuetan, pertsona zibilak eta soldaduak jendeen zuzenbidearen printzipioen babes eta inperioaren menpe gelditzen dira, horiek ezarritako usadioetatik, printzipio humanitarioetatik eta kontzientzia publikoaren iritzietatik eratortzen dira.

3.Protokolo hau, gerrako biktimen babeserako 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmena osatzen duena, aipatu Hitzarmenentzat berdina den 2. artikuluan ezarritako egoeretan aplikatuko da.

4.Aurreko paragrafoak aipatzen dituen egoerek barne hartzen dute kolonia mendekotasunaren eta atzerriko okupazioaren aurka eta erregimen arrazisten aurka borrokatzen duten herrien gatazka armatuak, herrien determinazio askearen eskubideak egikarituz, Nazio Batuen Gutunean eta nazioarteko zuzenbideko printzipioei buruzko Adierazpenean aldarrikatua, estatuen arteko adiskidetasun harremanak eta lankidetzaren ingurukoak, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

2. artikulua:Definizioak

Protokolo honen ondoreetarako:

a) “I. Hitzarmena", “II. Hitzarmena”, “III. Hitzarmena” eta “IV. Hitzarmena” ulertzen da, hurrenez hurren, Kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten duten patua arintzeko Ginebrako Hitzarmena, 1949ko abuztuaren 12koa; Itsasoan indar armatuetako kide zaurituek, gaixoek eta itsasoan galdutakoek duten patua arintzeko Ginebrako Hitzarmena, 1949ko abuztuaren 12koa; Gerrako presoekiko tratuari buruzko Ginebrako Hitzarmena, 1949ko abuztuaren 12koa; Gerra garaian pertsona zibilen babesari buruzko Ginebrako Hitzarmena, 1949ko abuztuaren 12koa; "Hitzarmenak" bezala, gerrako biktimen babeserako 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako lau Hitzarmenak ulertzen dira;

b) “gatazka armatuetan aplikagarriak diren nazioarteko zuzenbidearen arauak" gisa ulertzen da, gatazkan dauden alderdiak alderdi diren nazioarteko akordioetan jasotakoak, bai eta orokorrean onartutako gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen printzipio eta arauak;

c) "potentzia babesle” gisa ulertzen da estatu neutral bat edo gatazkan alderdi ez den beste estatu bat eta, gatazkako alderdi batek izendatua izanik eta kontrako alderdiak onartua, Hitzarmenek eta Protokolo honek potentzia babesleari esleitutako zereginak gauzatzeko prest dagoenean;

d) “ordezko” gisa ulertzen da potentzia babeslea ordezten duen erakundea, 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. artikulua:Aplikazioaren hasiera eta amaiera

Une oro aplikagarri diren xedapenei kalterik egin gabe:

a) Hitzarmenak eta Protokolo hau Protokolo honetako 1. artikuluan aipatzen diren edozein egoeraren hasieratik aplikatuko dira;

b) Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioa amaitu egingo da, gatazkan dauden alderdien lurraldean, operazio militarren amaiera orokorra gertatzean eta, lurralde okupatuen kasuan, okupazioa amaitzerakoan, salbu eta, bi kasuetan, behin betiko askapena, aberriratzea edo lekukotzea geroagoko une batean egingo den pertsonentzat.Pertsona horiek Hitzarmenen eta Protokolo honen dagozkien xedapenen onurak izaten jarraituzko dituzte berain behin betiko askapen, aberriratze edo lekukotzea gertatu arte.

4. artikulua:Gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoa

Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioa, bai eta tresna hauetan ezarritako akordioak egiteak, ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoan.Lurralde baten okupazioak eta Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioak ez du horren estatutu juridikoan eraginik izango.

5. artikulua:Potentzia babesleen eta horren ordezkoen izendapena

1.Gatazkan dauden alderdien betebeharra da, gatazka hasten den unetik, Hitzarmenaren eta Protokolo honen ikuskapena eta betearaztea ziurtatzea potentzia babesleen sistema aplikatzearen bitartez, horrek barneratzen du, besteak beste, potentzia horien izendapen eta onarpena, ondorengo paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz.Potentzia babesleak gatazkan dauden alderdien interesak babesteaz arduratuko dira.

2.1. artikuluan adierazten den egoeretako baten hasieratik, gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak atzerapenik gabe potentzia babesle bat izendatuko du Hitzarmenak eta Protokolo hau aplikatzeko helburuarekin, eta atzerapenik gabe eta helburu berdinarekin, alderdi estasian izendatu eta horrek potentzia babesle gisa onartutako potentzia babesle baten jarduera ere baimenduko du.

3.1. artikuluan aipatzen den inguruabarretako baten hasieratik potentzia babesle baten izendapen edo onarpenik egon ez bada, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak, beste edozein erakunde humanitario inpartzialek era berean hori egiteko duten eskubideari kalterik egin gabe, gatazkan dauden alderdiei bere jardunbide egokiak eskainiko dizkie, gatazkan dauden alderdien onarpena duen potentzia babesle bat atzerapenik gabe izendatzeko xedearekin.Horretarako, Komiteak aukera izango du, inter alia, alderdi bakoitzari gutxienez bost estatuz osatutako zerrenda bat bidal diezaiola eskatzeko, alderdi horren arabera bere izenean kontrako alderdi baten aurrean potentzia babesle gisa aritzeko egokiak direnak, eta kontrako alderdi bakoitzari beste alderdiaren potentzia babesle zereginak egiteko onartzeko prest dagoen gutxienez bost estatuz osatutako zerrenda bat bidal diezaiola; zerrenda horiek Komiteari igorriko zaizkio eskaera jaso eta hurrengo bi asteen barruan; Komiteak alderatu egingo ditu eta bi zerrendetan agertzen den edozein estaturen baieztapena eskatuko du.

4.Dirudienaren gorabehera, potentzi babeslerik ez balego, gatazkan dauden alderdiek atzerapenik gabeko onartuko dute Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo inpartzialtasun eta eraginkortasun berme guztiak aurkezten dituen beste edozein erakundeek egindako eskaintza, aipatu alderdiekin aurretik kontsulta eginez eta kontsulta horietako emaitzak kontuan izanda, ordezko gisa jarduteko.Ordezkari horren zereginen egikaritza gatazkan dauden alderdien onarpenaren menpe dago; gatazkan dauden alderdiek euren ahalegin guztia ipiniko dute ordezkoak bere misio betetzean zeregina errazteko, Hitzarmenekin eta Protokolo honekin bat etorriz.

5.4. artikuluarekin bat etorriz, Hitzarmenak eta Protokolo hau aplikatzeko helburuaren potentzia babeslearen izendapen eta onarpenak, ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoen gain, ezta edozein lurraldeko estatutu juridikoaren gain, lurralde okupatu bat barne hartu.

6.Gatazkan dauden alderdien arteko diplomazia harremanen mantentzea edo alderdi baten eta bere herritarren interesen babesa hirugarren estatu baten esku uzteak,diplomazia harremanei buruzko nazioarteko zuzenbideko arauen arabera, ez da oztopo izango Hitzarmenak eta Protokolo hau aplikatzeko helburuarekin potentzia babesleak izendatzeko.

7.Aurrerantzean, Protokolo honetan potentzia babesle baten inguruan egindako adierazpen orok ordezkoa ere izendatuko du.

6. artikulua:Langile adituak

1.Alderdi kontratugile gorenak, gerra garaian hasita, Gurutze Gorriaren Sozietate nazionalen laguntzarekin (Ilargi Erdi Gorriak, Lehoi eta Eguzki Gorriak), Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioa errazteko langile adituak trebatzen ahaleginduko dira eta, bereziki, potentzia babeslearen jarduerak errazteko.

2.Langile horiek erreklutatzea eta trebatzea eskumen nazionala da.

3.Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak alderdi kontratugile gorenen eskura izango du honek trebatu dituen pertsonen zerrenda, eta honek ondore honetarako jakinarazitakoak.

4.Nazio lurraldetik kanpo langile hauen zerbitzuak erabiltzeko baldintzak, kasu bakoitzean, alderdi interesatuen arteko akordio berezien objektu izango dira.

7. artikulua:Bilerako

Protokolo honen gordailua, alderdi kontratugile goren batek edo batzuek eskatuta eta horien artean gehiengoak onartua, alderdi kontratugile gorenen bilera bat deituko du Hitzarmenak eta Protokoloaren aplikazioaren inguruko arazo orokorrak aztertzeko.

II. Titulua:Zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak

I. Atala:Babes orokorra

8. artikulua:Terminologia

Protokolo honen ondoreetarako:

a) “zaurituak” eta “gaixoak” bezala ulertzen da, militarrak edo zibilak diren pertsonak, traumatismo baten ondorioz, gaixotasun bat edo beste nahasketa edo izaera fisiko edo mentalezko ezgaitasuna dela eta, mediku laguntza edo zaintza behar dutenak eta borroka egintza oro egiteari uko egiten diotenak.Esangura horiek ere aplikagarri dira erdi-urrenean dauden emakumeei, jaio berriei eta berehalako mediko laguntza edo zaintza beharra duten beste pertsona guztiei, esaterako, elbarriak eta haurdun dauden emakumeak, eta borroka egintza oro egiteari uko egiten diotenak;

b) “itsasoan galdutakoak” bezala ulertzen da, militarrak edo zibilak diren pertsonak, itsasoan edo beste ur batzuetan arrisku egoeran aurkitzen direnak, beraiei eragiten dien ezbehar baten ondorioz edo garraiatzen zituen itsasontzi edo aireontziari eragiten dioten ezbehar baten ondorioz, eta borroka egintza oro egiteari uko egiten diotenak.Pertsona hauek, borroka egintza oro egiteari uko egiten jarraitzen duten bitartean, itsasoan galdutako pertsona bezala kontsideratzen jarraituko dira salbamenduak irauten duen bitartean, Hitzarmenekin edo Protokolo honekin bat etorriz beste estatutu bat lortzen duten arte;

c) “osasun langile” gisa ulertzen da, gatazkan dagoen alderdietako batek e) atalean zerrendatutako osasun zereginetara soilik aritzen diren pertsonak, edo osasun unitatearen administraziora edo funtzionamendura edo osasun garraiobideen administraziora aritzen direnak.Halako zerbitzuetan jarduteak izaera iraunkorra edo aldi batekoa izan dezake.Esamoldeak bere baitan hartzen ditu:

i) osasun-langileak, militarrak edo zibilak izan, gatazkan dagoen alderdi batekoak direnean, I eta II. Hitzarmenetan aipatutakoa barne, bai eta babes zibileko erakundeena ere;

ii) Gurutze Gorriaren Sozietate nazionalen (Ilargi Erdi Gorria, Lehoiarena eta Eguzki Gorria) eta gatazkan dagoen alderdi batek behar bezala onartu eta baimendutako bestelako borondatezko laguntza erakunde nazionalen osasun-langileak.

iii) 9. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako unitate edo osasun garraiobideen osasun-langileak;

d) “erlijio arloko langile” gisa ulertzen da, militarrak edo zibilak diren pertsonak, esaterako, kapilauak, beraien ministerioan soilik jarduten direnak eta ondorengoei atxiki daudenak:

i) gatazkan dagoen alderdi baten indar armatuei,

ii) gatazkan dagoen alderdi baten osasun unitateei edo osasun garraiobideei,

iii) 9. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako unitate edo osasun garraiobideei, edo

iv) gatazkan dagoen alderdi bateko babes-erakunde zibilei.

Erlijio arloko langileen esleitzeak izaera iraunkorra edo aldi batekoa izan dezake, eta k) ataleko dagozkien xedapenak aplikagarri zaizkie langile horiei;

e) “osasun unitate” gisa ulertzen da, establezimendu eta beste formazio batzuk, militarrak edo zibilak, osasun helburuekin antolatuak, esaterako:zaurituen, gaixoen eta itsasoan galdutakoen bilatzea, jasotzea, garraioa, diagnostiko edo tratamendua (lehen sorospena barne hartuta), bai eta gaixotasunen prebentzioa.Esamoldeak barneratzen du, besteak beste, ospitaleak eta antzeko beste unitate batzuk, odol-transfusiorako zentroak, aurreneurrizko medikuntzako zentro eta institutuak, bai eta osasun material eta unitate horietako farmazia produktuen biltegiak.Osasun unitateak finkoak edo mugikorrak izan daitezke, iraunkorrak edo aldi baterakoak;

f) “osasun garraiobide” gisa ulertzen da lehorreko, itsasoko edo airez egindako zaurituen, gaixoen eta itsasoan galdutakoen, osasun edo erlijio langileen garraioa, edo Hitzarmenek eta Protokolo honek babestutako osasun tresneria eta materiala;

g) “osasun garraiobide" gisa ulertzen da garraiobide oro, militarra edo zibila izan, iraunkorra edo aldi baterakoa, osasun garraioan erabilia soilik, gatazkan dagoen alderdi bateko agintari eskudun baten gidaritzapean;

h) “osasun ibilgailu” gisa ulertzen da lehorreko osasun garraiobide oro;

i) “osasun ontzi eta itsasontzi” gisa ulertzen da uretako osasun garraiobide oro;

j) “osasun aireontzi” gisa ulertzen da aire bidezko osasun garraiobide oro;

k) “iraunkorrak” dira osasun langileak, osasun unitateak eta osasun garraiobideak, aldi zehaztugaberako osasun xedeetarako soilik destinatuak.“Aldi baterakoak” dira osasun langileak, osasun unitateak eta osasun garraiobideak aldi jakin batean osasun xedeetarako soilik erabiltzen direnak eta epealdi horiek irauten duten bitartean.Beste ezer zehazten ez den bitartean, “osasun langileak”, "osasun unitatea” eta “ osasun garraiobide” esamoldeak langileak, unitateak eta osasun garraiobideak barneratzen ditu, bai iraunkorrak bai eta aldi baterakoak ere;

l) “ikur bereizgarri" gisa ulertzen da gurutze gorria, ilargi erdi gorria edo lehoi eta eguzki gorriak hondo zuriaren gainean, horiek osasun unitateen eta garraiobideen eta osasun eta erlijio langileen, horien tresnen eta materialaren babeserako erabiltzen direnean;

m) “zeinu bereizgarri” gisa ulertzen da Protokolo honetako I. Eranskinekok III. Kapituluan zehaztutako seinalizazio moduak eta osasun unitate eta garraiobideak identifikatzeko soilik erabiliak.

9. artikulua:Aplikazio-esparrua

1.Titulu hau, bere helburua delarik bere xedapenak zauritu, gaixo eta itsasoan galdutakoen baldintzak hobetzea, 1. artikuluan aurreikusitako egoera batek eragindako guztiei aplikatuko zaie, inolako bereizkeria izaerarik gabe arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio edo sinesmen, iritzi politiko edo beste izaera bateko iritziak, nazio edo gizarte jatorria, aberastasuna, jaiotza edo beste baldintza bat edo antzeko beste edozein irizpidezko arrazoiak direla bide.

2.I. Hitzarmeneko 27 eta 32. artikuluetako xedapenak osasun unitate eta osasun garraiobide iraunkorrei aplikatuko zaizkie (ospitale ontziei salbu, horiei II. Hitzarmeneko 25. artikulua aplikatzen zaie), bai eta unitate horien langileei edo garraiobide horien langileei, helburu humanitarioekin gatazkan dagoen alderdi baten esku jarriak izan direnak:

a) estatu neutral batek edo gatazka horretan alderdi ez den beste estatu batek jarriak;

b) estatu horrek onartu eta baimendutako laguntza sozietate batek;

c) nazioarteko erakunde humanitario inpartzial batek.

10. artikulua:Babesa eta laguntza

1.Zauritu, gaixo eta itsasoan galdutako guztiak, horiek zein alderditakoak diren kontuan izan gabe, errespetatuak eta babestuak izango dira.

2.Inguruabar guztietan gizalegez tratatuko dira eta posible den neurrian eta ahalik eta eperik laburrenean, beraien egoerak behar dituen osasun zainketan jasoko dituzte.Horien artean ez da inolako bereizkeriarik egingo mediku-irizpideetan oinarrituta ez badago.

11. artikulua:Pertsonaren babesa

1.Ez dira arriskuan ipiniko, inolako egite edo ez egite bidegabeen bidez, alderdi etsaiaren esku dauden pertsonen osasuna edo osotasun fisiko edo mentala, edo barneratuak, atxilotuak edo 1. artikuluan aurreikusitako egoera baten ondorioz beste edozein modutan askatasunaz gabetuak izan diren pertsonena. Ondorioz, artikulu honetan adierazten diren pertsonak beraien osasun egoeraren arabera beharrezko edozein egintza mediku ezartzera debekatzen da eta orokorrean onartutako mediku arauekin bat ez datozenak, arau horiek antzeko mediku inguruabarrenak aplikatuko zaizkienak egintza gauzatzen duen alderdiaren nazional diren eta askatasunaz gabeturik ez dauden pertsonei.

2.Aipatu pertsonen baimena egon arren, bereziki ondorengoa debekatzen da:

a) ebaketa fisikoak;

b) mediku- edo zientzia-esperimentuak;

c) transplanteetarako ehunak eta organoak ateratzea,

salbu eta egintza horiek bidezkotuta daudenean 1. paragrafoan ezarritako baldintzetan.

3.2. paragrafoko c) atalean ezarritako debekatuak aplikatzeaz bakarrik salbuetsi ahal izango dira odol-transfusioetarako odol emateak eta azal-mentuetarako azal emateak, horiek borondatez eta derrigortze edo inolako presiorik gabe egiteko baldintzarekin, eta xede terapeutikoetarako soilik, orokorrean onartuta dauden mediku arauei eta emaile eta jasotzaileen onurarako gauzatutako kontrolei dagozkien baldintzetan.

4.Protokolo honen arau-hauste larria izango da, nahita egindako egite edo ez egite oro, horrek modu larrian arriskuan jartzen badu pertsona horiek zein alderdiren menpekoak izan eta beste alderdi batekoak diren pertsonen osasuna edo osotasun fisiko edo mentala, horren bitartez 1 eta 2. paragrafoetan adierazitako edozein debeku urratzeagatik, edo 3. paragrafoan agindutako eskakizunak betetzen ez dituelako.

5.1. paragrafoan aipatzen diren pertsonak edozein ebakuntza kirurgikori uko egiteko eskubidea dute.Ebakuntza ukatzen den kasuan, osasun langileak zentzu horretan gaixoak sinatu edo onartutako adierazpen idatzi bat lortzen saiatuko dira.

6.Gatazkan dagoen alderdi orok odol-transfusioetarako odol emateen eta azal-mentuetarako azal emateen mediku erregistro bat eramango du, 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonek eginak, emateak alderdi haren erantzukizunpean egiten badira.Gainera, gatazkan dagoen alderdi orok pertsona barneratu, atxilotu edo 1. artikuluan ezarritako edozein egoeraren ondorioz beste edozein modutan askatasunaz gabetutakoen inguruan gauzatutako mediku egintza ororen erregistro bat eramaten saiatuko da. Aipatu erregistroak potentzia babeslearen esku egongo dira, une oro, horiek ikuskatu ahal izateko.

12. artikulua:Osasun unitateen babesa

1.Osasun unitateak une oro errespetatuak eta babestuak izango dira eta ez dira inolako erasoren xede izango.

2.1. paragrafoa osasun unitate zibilei aplikatzen zaie ondorengo baldintzetako bat betetzen duten kasuan:

a) gatazkan dagoen alderdi batekoa izatea;

b) gatazkan dagoen alderdietako bateko agintari eskudunengatik onartu eta baimendua egotea;

c) Protokolo honetako 9. artikuluko 2. paragrafoarekin edo I. Hitzarmenaren 27. artikuluarekin bat etorriz baimenduta egotea.

3.Gatazkan dauden alderdiek beraien osasun unitate finkoen kokapena elkar jakinaraz diezaiokete.Halako jakinarazpenik ez egoteak ez du alderdirik askatzen 1. paragrafoan jasotakoa ez betetzeko.

4.Osasun unitateak ez dira, inolako inguruabarretan erabiliko, xede militarrak erasotatik babesten ahalegintzeko.Posible den heinean, gatazkan dauden alderdiak ziurtatuko dute, xede militarren aurkako erasoek osasun unitateak arriskuan jartzeko moduan kokatuta ez daudela.

13. artikulua:Osasun unitate zibilen babesaren amaiera

1.Osasun unitate zibilei zor zaien babesa amaitu ahal izango da, soilik, unitate horiek erabiltzen direnean horien helburu humanitarioa alde batera utzita, arerioarentzat kaltegarriak diren egintzak gauzatzeko.Hala ere, babesa amaitu egingo da larderia baten ondoren, beharrezkoa denean zentzuzkoa den epe bat ezarrita, ondorerik sortzen ez duenean.

2.Hurrengoak arerioarentzat egintza kaltegarriak ez direla kontsideratuko da:

a) unitateko langileek banakako arma arinak izatea norberaren defentsarako edo euren zaintzapean dauden zauritu eta gaixoen defentsarako;

b) unitatea pikete batek, zentinelek edo eskolta batek zaintzea;

c) unitatean zaurituei eta gaixoei hartutako arma erabilgarriak eta munizioak egotea, oraindik zerbitzu eskudunari entregatuak izan ez direnak.

d) halako unitate batean, mediku arrazoiak direla eta, indar armatuetako edo beste borrokalari batzuk egotea.

14. artikulua:Osasun unitate zibilei konfiskazioak egiteari mugak

1.Potentzia okupatzaileak okupatutako lurraldean biztanleria zibilaren mediku beharrizanak asetuak izaten jarraitzen dutela ziurtatzeko betebeharra dauka.

2.Potentzia okupatzaileak ezingo ditu, beraz, konfiskatu, osasun unitate zibilak, horien tresneria, horien materiala eta horren langileen zerbitzuak, baliabide horiek beharrezkoak direnean biztanleria zibilak behar dituen mediku zerbitzuak emateko eta dagoeneko tratamenduan dauden zauritu edo gaixoen mediku laguntzarekin jarraitu ahal izateko.

3.Potentzia okupatzaileak aipatu baliabideak konfiska ditzake beti ere 2. paragrafoan ezarritako arau orokorra betetzen jarraitzen badu eta ondorengo baldintza zehatzak betetzen baditu:

a) baliabideak beharrezkoak izatea potentzia okupatzailearen indar armatuen edo gerrako preso zauritu eta gaixoen berehalako mediku tratamendu egokia ezartzeko;

b) konfiskazioa beharrizan horrek irauten duen bitartean bakarrik mantentzea; eta

c) berehalako xedapenak hartzea biztanleria zibilaren mediku beharrizanei aurre egiten jarraitzeko, bai eta tratamenduan dauden zauritu eta gaixoenak, konfiskazioak eragindakoak.

15. artikulua:Osasun eta erlijio langile zibilen babesa

1.Osasun langile zibilak errespetatuak eta babestuak izango dira.

2.Beharrezko den kasuan osasun langile zibilari posible den laguntza guztia emango zaio gerra egintzak direla eta osasun zerbitzu zibilak nahasita dauden guneetan.

3.Okupatutako lurraldeetan, potentzia okupatzaileak laguntza mota oro emango die osasun laguntza zibilei, beraien misio humanitarioa ahalik eta egokien gauza dezaten.Potentzia okupatzaileak ezingo du eskatu, bere misioaren betepenean, langile horiek lehentasuna ematea edozein pertsonaren tratamenduari, salbu eta mediku arrazoiak direla bide.Ez dira behartuko beraien misio humanitarioarekin bateragarriak ez diren zereginak gauzatzera.

4.Osasun langile zibilak beraien zerbitzuak ezinbestekoak diren lekuetara lekualda daitezke, gatazkan dagoen alderdi interesatuak beharrezko iritzi dituen kontrol eta segurtasun neurriei kalterik egin gabe.

5.Erlijio langile zibilak errespetatuak eta babestuak izango dira.Pertsona hauei aplikagarri zaie Hitzarmenen eta Protokolo honen osasun langileei buruzko babes eta identifikazio xedapenak.

16. artikulua:Mediku misioaren babes orokorra

1.Ez da inor zigortuko deontologiaren arabera mediku egintza bat gauzatu izanagatik, egintza horren inguruabarrak edo onurak edozein izanik ere.

2.Mediku egintza bat gauzatzen duten pertsonak ezingo dira behartu deontologia edo zaurituak eta gaixoak babestera zuzendutako bestelako mediku arau batzuen aurkakoak diren egintzak edo lanak gauzatzera, edo Hitzarmenen edo Protokolo honen aurkakoak direnak, ezta aipatu arau edo xedapenek eskatutako egintzak gauzatzeari uko egitera ere.

3.Mediku egintzaren bat gauzatzen duen edozein pertsona ezingo da behartu alderdi areriokoa den norbaiti, edo bere alderdiko norbaiti, azken honen inguruan legeak xedatutakoa salbu, pertsona horrek zaintzen dituen edo zaindu dituen zauritu eta gaixoen inguruko inolako informaziorik ematera, bere iritziz, informazio hori interesatuentzat edo horren senideentzat kaltegarria izan daitekeenean.Hala eta guztiz ere, gaixotasun kutsakorren derrigorrezko adierazpenaren inguruko aginduak errespetatu beharko dira.

17. artikulua:Biztanleria zibilaren eta laguntza sozietateen betekizuna

1.Biztanleria zibilak zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak errespetatuko ditu, alderdi etsaiarenak izan arren, eta ez du indarkeria egintzarik gauzatuko horien aurka.Biztanleria zibilari eta laguntza sozietateei, hala nola, Gurutze Gorriaren Sozietate nazionalak (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorria), baimena emango zaie, baita euren ekimen propioarengatik ere, halako pertsonak jaso eta zaintza emateko, baita indarrez hartutako edo okupatutako erregioetan ere.Ez da inor gogaituko, auzipetuko, kondenatuko ezta zigortuko halako egintza humanitarioengatik.

2.Gatazkan dauden alderdiak deialdia egin diezaiekete biztanleria zibilari edo 1. paragrafoan aipatutako laguntza sozietateei zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak jasoak eta zaintza emateko eta hildakoak bilatu eta non aurkitzen diren komunikatzeko; alderdi horiek beharrezko babesa eta erraztasunak emango dizkiete halako deialdiari erantzuten dietenei.Alderdi arerioak erregioaren kontrola eskuratu edo berreskuratzen badu babes hau eta aipatutako erraztasunak ematen jarraituko du hori beharrezko den heinean.

18. artikulua:Identifikazioa

1.Gatazkan dagoen alderdi bakoitzak ziurtatu beharko du osasun eta erlijio langileak bai eta osasun unitate eta garraiobideak identifikatuak izan daitezkeela.

2.Gatazkan dagoen alderdi bakoitza ahaleginduko da, ikur bereizgarria eta zeinu bereizgarriak erabiltzen dituzten osasun unitate eta garraiobideak identifikatuak izatea ahalbidetzen duten metodo eta prozedurak hartu eta aplikatzera.

3.Lurralde okupatuan eta borrokaldian garatzen diren edo garatzea posible den guneetan, osasun langile zibilak eta erlijio langile zibilak ezagutaraztera emango dira, arau orokor gisa, ikur bereizgarriaren bitartez eta beraien baldintza egiaztatzen duen nortasun txartel baten bidez.

4. Osasun unitate eta garraiobideak seinalizatuak izango dira, agintaritza eskudunaren baimenarekin, ikur bereizgarriaren bitartez.Protokolo honetako 22. artikuluan aipatutako ontzi eta itsasontziak II. Hitzarmenaren xedapenekin bat etorriz seinalatuko dira.

5.Ikur bereizgarriaz gain eta Protokolo honetako I. Eranskinaren III. Kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz, gatazkan dagoen alderdi batek zeinu bereizgarrien erabilera baimen dezake osasun unitate eta garraiobideak identifikatzeko. Salbuespen-tituluarekin, Eranskinaren III. Kapituluan ezarritako kasu berezietan, osasun garraiobideetan zeinu bereizgarriak erabili ahal izango dira ikur bereizgarria agertu gabe.

6.1. paragrafotik 5. paragrafora arteko xedapenen betearazpena Protokolo honetako I. Eranskinaren I. Kapitulutik III. Kapitulura artekoen bidez eraenduko da.Aipatu Eranskinaren III. Kapituluarekin bat etorriz, osasun unitate eta garraiobideentzat soilik erabiltzen diren seinaleak, Kapitulu horretan ezarritakoa salbu, bakarrik erabiliko dira bertan zehaztutako osasun unitate eta garraiobideak identifikatzeko.

7.Artikulu honek ez du baimentzen, bake garaian, ikur bereizgarriari I. Hitzarmeneko 44. artikuluan ezarritako erabilera baino erabilera zabalagoa ematea.

8.Ikur bereizgarriaren erabileraren kontrolari eta horren gehiegizko erabilera saihestu eta zigortzeari buruzko Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenak zeinu bereizgarriei aplikagarri zaizkie.

19. artikulua:Estatu neutralak eta gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuk

Estatu neutralak eta gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuek Protokolo honetako xedapenak beteko dituzte berain lurraldean jasoak edo barneratuak izan daitezkeen eta Titulu honek babesten dituen pertsonekiko, bai eta jaso ditzaketen gatazkan dauden alderdien hildakoekiko ere.

20. artikulua:Errepresalien debekua

Titulu honek babesten dituen pertsona eta ondasunen aurkako errepresaliak debekatzen dira.

II. Atala:Osasun garraioak

21. artikulua:Osasun ibilgailuak

Osasun ibilgailuak Hitzarmenetan eta Protokolo honetan osasun unitate mugikorrentzat ezarritako moduan errespetatuko eta babestuko dira.

22. artikulua:Ospitale ontziak eta kostakok salbamendu itsasontziak

1.Hitzarmenetako ondorengoei dagozkien xedapenak:

a) II. Hitzarmeneko 22, 24, 25 eta 27. artikuluetan deskribatutako ontziei,

b) euren salbamendu txalupei eta itsasontzi txikiei,

b) beraien langileei eta tripulazioei, eta

d) ontzian dauden zauritu, gaixo eta itsasoan galdutakoei,

ontzi, txalupa edo itsasontzi horiek zaurituak, gaixoak edo itsasoan galdutako pertsona zibilak garraiatzen dituzten kasuan ere aplikatuko dira, pertsona horiek II. Hitzarmeneko 13. artikuluan aipatutako kategorietakoen kide ez direnean.Hala ere, pertsona zibil horiek ezin izango dira gatazkan dagoen alderdi bati eman, norberaren alderdia izan ezik, ezta itsasoan harrapatuak izan ere.Norberarena ez den gatazkan dagoen alderdi baten esku badaude, IV. Hitzarmenaren eta Protokolo honetako xedapenak izango zaizkie aplikagarri.

2.II. Hitzarmeneko 25. artikuluan deskribatutako ontzientzat Hitzarmenetan ezarritako babesa helburu humanitarioekin gatazkan dagoen alderdi baten esku ipinitako ospitale-ontzietara ere hedatuko da:

a) estatu neutral batengatik edo gatazka horretan alderdi ez den beste estatu batengatik; edo

b) nazioarteko erakunde humanitario inpartzial batengatik;

beti ere bi kasuetan aipatu artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

3.II. Hitzarmeneko 27. artikuluan deskribatutako itsasontziak babestuak izango dira horretan ezarritako jakinarazpena egin ez arren. Dena den, gatazkan dauden alderdiei gonbitea luzatzen zaie halako itsasontzien identifikaziorako eta antzemateko informazio guztia elkarri komunika diezaioten.

23. artikulua:Beste osasun ontzi eta itsasontzi batzuk

1.Protokolo honetako 22. artikuluan eta II. Hitzarmeneko 38. artikuluan aipatutako osasun ontzi eta itsasontzietatik ezberdinak direnak, itsasoan edo beste ur batzuetan egon arren, Hitzarmenetan eta Protokolo honetan osasun unitate mugikorrentzat ezarritako moduan errespetatuak eta babestuko dira. Osasun ontzi eta itsasontzi moduan identifikatu eta antzematea posible denean bakarrik izan daitekeen eraginkorra babes hori, halako ontziek ikur bereizgarria eraman beharko lukete eta, posible den neurrian, II. Hitzarmeneko 43. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoa bete.

2.1. paragrafoan aipatzen diren ontzi eta itsasontziak gerrako legeen menpe egongo dira.Gainazalean nabigatzen duen gerrako ontzi oro eta berehala bere agindua betetzeko baldintzetan dagoena, geldiaraztea agin diezaieke, urrun daitezela edo ibilbide zehatz bat har dezatela, eta izaera honetako agindu oro bete egin beharko da.Ontzi eta itsasontzi horiek ezingo dira beste edozein modutan beraien osasun misiotik desbideratu ontziratuta dauden zauritu, gaixo eta itsasoan galdutakoentzat beharrezkoak diren bitartean.

3.1. paragrafoak ematen duen babesa bakarrik etengo da II. Hitzarmeneko 34 eta 35. artikuluetan ezarritako baldintzetan.2. paragrafoan ezarritakoaren arabera emandako agindu bat betetzeko zalantzarik gabeko ezeko oro, arerioarentzat egintza kaltegarria izango da II. Hitzarmeneko 34. artikuluaren ondoreetarako.

4.Gatazkan dagoen alderdi orok edozein alderdi areriori jakinaraz diezaioke, bidaia baino lehen posible den aurrerapen handienarekin, izena, deskribapena, irteerarako aurreikusitako ordua, ibilbidea eta osasun ontzi edo itsasontziarentzat uste den abiadura, bereziki 2.000 tona gordin baino gehiagoko ontzien kasuan, eta horien identifikazio eta antzematea erraz dezakeen beste edozein informazio ere eman dezakete.Alderdi arerioak informazio hori jaso izanaren berri emango du.

5.II. Hitzarmenaren 37. artikuluko xedapenak ontzi eta itsasontzi horietako osasun eta erlijio langileei aplikatuko zaizkie.

6.II. Hitzarmeneko xedapenak II. Hitzarmeneko 13. artikuluan eta Protokolo honetako 44. artikuluan aipatzen diren kategorietakoak diren zauritu, gaixo eta itsasoan galdutakoei aplikagarri izango zaizkie, osasun ontzi eta itsasontzi horietan daudenean. II. Hitzarmeneko 13. artikuluan aipatzen diren kategorietakoak ez diren zauritu, gaixo eta itsasoan galdutako pertsona zibilak, ezin izango dira entregatuak izan itsasoan aurkitzen badira, norberarena ez den alderdi bati ezta ontzi edo itsasontzi horiek abandonatzera behartu ere; hala ere, norberarena ez den gatazkan dagoen alderdi baten esku badaude, IV. Hitzarmenaren eta Protokolo honen babespean egongo dira.

24. artikulua:Osasun aireontzien babesa

Osasun aireontziak errespetatuak eta babestuak izango dira Titulu honetako xedapenekin bat etorriz.

25. artikulua:Osasun aireontziak alderdi arerioak mendean ez dituen guneetan

Indar aliatuek egitatez menderatutako lurreko guneak edo alderdi arerio batek egitatez menderatu gabeko itsasoko guneetan, bai eta beraien aireko espazioan, gatazkan dagoen alderdi baten osasun aireontzien errespetu eta babesa ez da inolaz ere alderdi arerioarekin akordioa izatearen menpe egongo.Hala ere, segurtasun handiagoa izateko, halako guneetan osasun aireontziak erabiltzen dituen gatazkan dagoen alderdiak edozein alderdi areriori 29. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena eman diezaioke, bereziki aireontzi horiek alderdi arerioaren aire-gainazaleko arma sistemen irismenera jartzen dituzten hegaldiak gauzatzen dituenean.

26. artikulua:Osasun aireontziak lotura guneetan edo antzekoetan

1.Indar aliatuek egitatez izendatuta dauden lotura guneko zatiak eta egitatezko menderatzea zeinen esku dagoen argi zehaztugabeko guneetan, bai eta horren aireko espazioan, osasun aireontzien babesa guztiz eraginkorra izango da soilik gatazkan dauden alderdien agintari militar eskudunen artean aurretiazko akordioa badago 29. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Halako akordiorik izan ezean beraien arrisku eta menturara diharduten osasun aireontziak, osasun aireontzi gisa onartuak izan direnean errespetatuak izan beharko dira.

2.“Lotura gune” gisa ulertzen da edozein lurreko gune, horietan indar arerioen elementu aurreratuak elkarrekin kontaktuan daudenean, batik bat lurretik tiro zuzenen arriskuan daudenena.

27. artikulua:Osasun aireontziak kontrako alderdiak menderatutako guneetan

1.Gatazkan dagoen alderdi baten osasun aireontziek babestuak izaten jarraituko dute kontrako alderdi batek egitatez menderatutako itsasoko eta lurreko guneen gainetik hegan egiten duten bitartean, horretarako baldintza izango da hegaldi horietarako aurretiaz aurkako alderdi horren agintari eskudunaren akordioa lortu izana.

2.1. paragrafoan ezarritako akordiorik gabe, edo hitzartutakoa bete gabe, aurkako alderdiak egitatez menperatutako gune baten gainean hegan egiten duen osasun aireontziak, nabigazio oker bat dela eta edo hegaldiaren segurtasuna konprometitzen duen larrialdi egoera bat dela eta, bere esku dagoen guztia egin beharko du identifikatzeko eta aurkako alderdiari zein egoeratan aurkitzen den informatzeko.Kontrako alderdiak osasun aireontzi hori onartu bezain laster, bere esku dagoen guztia egingo du 30. artikuluko 1. paragrafoan adierazten den lurreratzeko eta itsasoratzeko agindua emateko edo beste xedapen batzuk hartzeko alderdi horren interesak babesteko xedearekin eta, bi kasuetan, aireontziaren aurkako erasoa hasi aurretik, agindua betetzeko denbora emateko.

28. artikulua:Osasun aireontzien erabilerari buruzko murrizketak

1.Debekatu egiten da gatazkan dauden alderdien osasun aireontziak erabiltzea kontrako alderdi baten aurren abantaila militarrak lortzen saiatzeko.Osasun aireontziak egotea ezingo da erabili xede militarrak eraso batetatik babesteko.

2.Osasun aireontziak ez dira erabiliko informazio militarra jaso ezta bidaltzeko, eta ez du garraiatuko helburu horietara bideratutako tresneriarik.8. artikuluko f) atalean jasotako definizioan ez dauden pertsona edo kargamentuak garraiatzea debekatzen zaie. Ez da debekatzen bidaiarien norberaren gauzak ontzian garraiatzea edo nabigazioa, komunikazioak edo identifikazioa erraztera soilik zuzendutako tresneria garraiatzea.

3.Osasun aireontziak ez dute inolako armamenturik garraiatuko, salbuespenez garraia ditzakete ontzian dauden eta oraindik zerbitzu eskudunari entregatuak izan ez diren zaurituei, gaixoei eta itsasoan galdutakoei hartutako arma eramangarriak eta munizioak, eta ontzian dauden osasun langileak beraien burua babesteko eta euren ardurapean dauden zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak babesteko beharrezkoak diren banakako arma arinak.

4.Kontrako alderdiarekin aurretiazko akordioa salbu, osasun aireontziak ezingo dira erabili, 26 eta 27. artikuluan aipatzen diren hegaldiak egiterakoan, zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak bilatzeko.

29. artikulua:Osasun aireontzien inguruko jakinarazpen eta akordioak

1.25. artikuluan aipatzen diren jakinarazpenak eta 26, 27, 28.4, eta 31. artikuluetan aipatzen diren aurretiazko akordioaren eskaerak, aurreikusitako osasun aireontzien kopurua adierazi beharko du, horien hegaldi planak eta identifikazio bideak; halako jakinarazpen eta eskaerak interpretatuko dira, hegaldiak 28. artikuluko xedapenekin bat etorriz gauzatuko direlako esanguran.

2.25. artikuluaren arabera egindako jakinarazpena jasotzen duen alderdiak hartu izana adieraziko du atzerapenik gabe.

3.26, 27, 28.4 edo 31. artikuluetan ezarritakoaren arabera egindako aurretiazko akordioaren eskaera jasotzen duen alderdiak, ondorengoa ahalik eta azkarren jakinaraziko dio eskaera hori egin duen alderdiari:

a) eskaeraren onarpena;

b) eskaeraren ukatzea; edo

c) eskaerari zentzuzko ordezko proposamena.Gune horretan beste hegaldi batzuen debeku eta mugaketa proposa dezake zehaztutako denboraldian zehar.Eskaera aurkeztu duen alderdiak kontraproposamen horiek onartzen baditu, bere onarpena jakinaraziko dio beste alderdiari.

4.Alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte denbora galtzerik gabe jakinarazpen eta akordio horiek egin ahal izateko.

5.Alderdiek, beharrezko neurriak ere hartuko dituzte jakinarazpen eta akordio horien funtsezkoena unitate militar interesatuen artean arin heda daitezen, horiei osasun aireontziek erabiliko dituzten identifikazio bideen inguruko informazioa emango zaie.

30. artikulua:Osasun aireontzien lurreratzea eta ikuskapena

1.Kontrako alderdiak egitatez menderatutako guneen gainetik hegan egiten duten osasun aireontziek edo menderatzea argi zehaztuta ez dagoen guneen gainetik hegan egitean dutenak, lur hartzera behartuak izan daitezke edo, hala denean, itsasoratzera, hurrengo paragrafoetan ezarritako ikuskapena egiteko xedearekin.Osasun aireontziek halako aginduak beteko dituzte.

2.Halako aireontzi batek agindu bat betez edo beste edozein inguruabar dela eta lur hartu edo itsasoratzen bada, artikulu honetako 3 eta 4. paragrafoetan aipatzen diren puntuak egiaztatzeko bakarrik ikuskatu ahal izango dira.Ikuskapena atzerapenik gabe hasiko da eta arin gauzatuko da..Ikuskapena egiten duen alderdiak ez du eskatuko zauritu eta gaixoak aireontzitik lehorreratzea, ez bada hori beharrezko delako ikuskapenerako edo lehorreratze horrek zauritu eta gaixoen egoera larritzen ez badu.

3.Ikuskapenak ezagutzera ematen badu aireontzia:

a) 8. artikuluko j) atalaren esanguran osasun aireontzia dela,

b) 28. artikuluan agindutako baldintzak urratzen ez dituela, eta

c) ez duela hegaldia gauzatu aurretiazko akordiorik gabe edo hori urratuz halako akordiorik beharrezkoa denean,

kontrako alderdi batenak edo estatu neutral batenak edo gatazkan alderdi ez den beste estatu batenak diren aireontzi eta horren bidaiariak, atzerapenik gabe hegaldiarekin jarraitzeko baimenduko dira.

4.Ikuskapenak ezagutzera ematen badu aireontzia:

a) 8. artikuluko j) atalaren esanguran osasun aireontzia ez dela,

b) 28. artikuluan agindutako baldintzak urratzen dituela, edo

c) hegaldia gauzatu duela aurretiazko akordiorik gabe edo hori urratuz halako akordiorik beharrezkoa denean,

aireontzia atzemana izan daiteke.Horren bidaiariak Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenen arabera tratatuko dira.Osasun aireontzi iraunkor bezala erabilia izan den atzemandako aireontzi oro, aurrerantzean osasun aireontzi gisa bakarrik erabili ahal izango da.

31. artikulua:Estatu neutralak eta gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuk

1.Osasun aireontziak ezingo dute estatu neutral baten edo gatazkan alderdi ez den beste estatu baten lurraldearen gainean hegan egin, ezta horretan lurreratu edo itsasoratu ere, salbu eta aurretiazko akordioa betez.Dena den, halako akordiorik egonez gero, aireontzi horiek errespetatuak izango dira hegaldiak irauten duen bitartean eta noiz behinka lurralde horretan egin beharreko geldialdiek iraun bitartean.Hala ere, lurreratzeko agindu oro bete beharko dute edo, hala denean, itsasoratzeko agindu oro.

2.Aurretiazko akordiorik gabe edo akordio batean hitzartutakoa bete gabe estatu neutral baten edo gatazkan alderdi ez den beste estatu baten lurraldearen gainean hegan egiten duen osasun aireontzia, hori gertatzen bada nabigazio akatsagatik edo hegaldiaren segurtasunari eragiten dion larrialdi egoera bat dela eta, bere esku dagoen guztia egiten ahaleginduko da hegaldia jakinarazteko eta identifikatua izan ahal izateko.Kontrako alderdiak osasun aireontzi hori onartu bezain laster, bere esku dagoen guztia egingo du 30. artikuluko 1. paragrafoan adierazten den lurreratzeko eta itsasoratzeko agindua emateko edo beste xedapen batzuk hartzeko estatu horren interesak babesteko xedearekin eta, bi kasuetan, aireontziaren aurkako erasoa hasi aurretik, agindua betetzeko denbora ematea.

3.Osasun aireontzi batek, aurretiazko akordioarekin edo 2. paragrafoan aipatutako inguruabarretan, estatu neutral bateko edo gatazkan alderdi ez den beste estatu bateko lurraldean lehorreratu edo itsasoratzen bada, agindu bat betez edo beste edozein inguruabar dela eta, ikuskapenari lotua egongo da osasun aireontzia ote den zehazteko.Ikuskapena atzerapenik gabe hasiko da eta arin gauzatuko da.Ikuskapena gauzatzen duen alderdiak ez du eskatuko aireontzia erabiltzen duen alderdiaren mende dauden zuritu eta gaixoak aireontzitik irtetea, ez bada hori beharrezkoa delako ikuskapena egiteko.Edozein kasutan, alderdi hori arduratuko da ikuskapena edo lehorreratzeak zauritu eta gaixoen egoera larritu ez dezan.Ikuskapenak agertzen badu aireontzia benetan osasun aireontzia dela, aireontzi hori bere bidaiariekin batera, salbu eta gatazka armatuetan aplikagarri den nazioarteko zuzenbideko arauekin bat etorriz atxikiak izan behar direnak, hegaldiarekin jarraitzeko baimenduko dira, eta horretarako erraztasun egokiak izango dituzte.Ikuskapenak agertzen badu aireontzi hori ez dela osasun aireontzia, aireontzia atzemana izango da eta bidaiariak 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

4.Aldi baterako lehorreratuak direnak salbu, estatu neutral bateko edo gatazkan alderdi ez den beste estatu bateko lurraldeko tokiko agintaritzaren onarpenarekin zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak osasun aireontzi batetik lehorreratuak, agintaritza horren zaintzapean geldi daitezke gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen arauek hala eskatzen badute eta estatu horrek eta gatazkan dauden alderdiek beste zerbait hitzartzen ez badute, berriz ere borrokaldietan parte hartu ezingo dutelarik.Ospitalizazio eta barneratze gastuak pertsonak zein estatutakoak izan eta estatu horren kontura izango dira.

5.Estatu neutralek edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuk gatazkan dauden alderdi guztiei modu berdinean aplikatuko diete osasun aireontziak bere lurraldearen gainetik hegan egiteari buruzko salbuespenezko murrizpen eta baldintzak, edo osasun aireontziak beraien lurraldean lurreratzeari.

III. Atala – Desagertutako pertsonak eta hildakoak

32. artikulua:Printzipio orokorra

Atal honen aplikazioan, alderdi kontratugile gorenen, gatazkan dauden alderdien eta Hitzarmenetan eta Protokolo honetan aipatutako nazioarteko erakunde humanitarioen egintzak, arrazoituak egon beharko dira guztiaren gainetik familiek duten eskubideaz beraien kideen patua zein den ezagutzeko.

33. artikulua:Desagertuak

1.Inguruabarrek ahalbidetzen duten bezain laster, eta beranduenik borrokaldi aktiboen amaieratik, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak kontrako alderdiak zein pertsonen desagertzea adierazi eta pertsona horiek bilatuko ditu.Bilaketara hori errazteko helburuarekin, kontrako alderdi horrek bilatzen diharduten pertsonen inguruko informazio guztia komunikatuko du.

2.Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz informazioa lortzea errazteko xedearekin, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak, Hitzarmenen edo Protokolo honen arabera baldintza mesedegarriagoen onura ez duten pertsonei dagokienez, ondorengoa egin beharko du:

a) IV. Hitzarmenaren 138. artikuluan xedatutako moduan pertsona horiei buruzko informazioa erregistratu, hori atxilotua, espetxeratua edo beste edozein gatibutasun moduan bi aste baino gehiago egon denean borrokaldien edo okupazioaren ondorioz edo atxiloketa epealdi batean zehar hil denean;

b) posible den neurrian, erraztu eta, beharrezkoa izango balitz, pertsona horien inguruko informazioaren bilaketa eta erregistroa egin pertsona hori beste inguruabar batzuetan hil bada borrokaldien edo okupazioaren ondorioz.

3.Zein pertsonen desagerpena adierazi eta pertsona horiei buruzko informazioa, 1. paragrafoarekin bat etorriz, eta informazio horren eskaerak zuzenean edo potentzia babeslearen bidez, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen Bilaketa Agentzia Zentralaren bidez, edo Gurutze Gorriaren Sozietate nazionaren bidez (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorriak) igorriko dira.Informazioa Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen bidez eta bere Bilaketa Agentzia Zentralaren bidez igorria ez denean, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak zainduko du informazioa Agentzia horri ere heltzeko.

4.Gatazkan dauden alderdiak, bataila-eremu guneetan hildakoak bilatu, identifikatu eta berreskuratzeko eratutako taldeak horretan aritzea ahalbidetzen duten xedapenen inguruan ados jartzen ahaleginduko dira; xedapen horiek aurreikus dezakete, hori bidezkoa denean, talde horiek kontrako alderdiaren langileekin batera joan daitezela beraien misioa alderdi horrek kontrolatutako guneetan gauzatzen dituzten bitartean.Talde horiek langileek errespetatuak eta babestuak izan beharko dira misio horietan bakarrik jarduten duten bitartean.

34. artikulua:Hildako pertsonen gorpuzkiak

1.Okupazioaren ondorioz edo okupazioa edo borrokaldiak direla eta atxilotuak zeuden bitartean hildako pertsonen gorpuzkiak, eta borrokaldien ondorioz hil diren pertsonak, pertsona horiek zein herrialdetan hil eta herrialde horren nazional ez direnenak, errespetatuak izan beharko dira eta pertsona guzti horien hilobiak errespetatuak, mantenduak eta IV. Hitzarmeneko 130. artikuluan ezarritakoaren arabera seinaleztatuak izango dira, gorpuzki eta hilobi horiek Hitzarmenen eta Protokolo honen arabera baldintza mesedegarriagoen onurak ez dituzten bitartean.

2.Arerio diren alderdien arteko inguruabarrek eta harremanek ahalbidetzen duten bezain laster, hilobiak zein alderdi kontratugile gorenen lurraldean egon eta, edozein kasutan, borrokaldien ondorioz, okupazioaren bitartean edo atxilotuak zeuden bitartean hildako pertsonen gorpuzkiak aurkitzen diren beste lekuetan, akordioak egingo dituzte ondorengo helburuekin:

a) hildakoen familiako kideei eta hilobien erregistro zerbitzu ofizialen ordezkariei hilobietara joatea erraztea, eta bertaratzeko arlo praktikoko xedapenak zehaztea;

b) hilobia horien babesa eta mantenu iraunkorra ziurtatzea;

c) jatorrizko herrialdera hildako pertsonen gorpuzkien aberriratzea eta norberaren gauzen itzulketa erraztea, herrialde horren eskaera eginda edo, herrialdea horren kontra agertzen denean, senide hurbilenen eskaeraren bidez.

3.2. paragrafoaren b) edo c) ataletan ezarritako akordiorik egon ezean eta hildako pertsona horien jatorrizko herrialdea hilobia horien mantenuari dagozkien gastuak ordaintzera prest ez badago, hilobia horiek zein alderdi kontratugile gorenen lurraldean egon eta horrek erraztasunak eskain ditzake gorpuzkiak jatorrizko herrialdera itzultzeko.Halako eskaintza onartua izango ez balitz, alderdi kontratugile gorenak, eskaera datatik bost urte igarota eta jatorrizko herrialdeari aurretiaz egin beharreko jakinarazpena eginda, bere legerian hilerri eta hilobien inguruko xedapenak ezar ditzake.

4.Alderdi kontratugile gorenek, horren lurraldean aurkitzen direnean artikulu honetan aipatzen diren hilobiak, hobitik gorpuzkiak bakarrik atera ahal izango ditu ondorengo kasuetan:

a) 2. paragrafoaren c) atalean eta 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, edo

b) hobitik ateratzeak interes orokorreko premiazko beharra denean, osasun beharrizan edo administrazio- edo epai-ikerketak barne, kasu horretan alderdi kontratugile gorenak gorpuzkiei zor zaien errespetua izan beharko du une oro eta jatorrizko herrialdeari horiek hobitik ateratzeko asmoa komunikatu, hilobiratze berria zein lekutan ematea proposatzen duen lekuaren zehaztasunak emanez.

III. Titulua:Gerra metodo eta bideak – Borrokalari eta gerrako preso estatutua

I. Atala – Gerra metodoak eta gerra bideak

35. artikulua:Oinarrizko arauak

1.Gatazka armatu guztietan, gatazkan dauden alderdiek gerra egiteko metodo eta bideak aukeratzeko eskubidea ez da mugagabea.

2.Debekatuta gelditzen da armak, jaurtigaiak, materialak eta gerra egiteko metodoak erabiltzea, horien izaera dela eta beharrezkoak ez diren gaitzak edo beharrezkoak ez diren sufrimenduak sortzen dituztenak.

3.Debekatuta gelditzen dira, ingurumen naturalari oinaze zabalak, iraunkorrak eta larriak eragiteko sortu diren, edo sor dezaketela aurreikus daitezkeenen, gerra egiteko metodo edo bideak erabiltzea.

36. artikulua:Arma berriak

Alderdi kontratugile goren batek, arma berri bat, edo gerra bide edo metodo berria ikertu, garatu, eskuratu edo bereganatzen duenean, zehaztu beharko du ea horien erabilerak, baldintza jakin batzuetan edo baldintza guztietan, Protokolo honek debekatuko lukeen edo alderdi kontratugile goren horri aplikagarri zaion nazioarteko zuzenbideko bestelako arauren batek debekatuko lukeen.

37. artikulua:Traizioaren debekua

1.Debekatuta gelditzen da arerio bat hiltzea, zauritzea edo harrapatzea traizio bideak erabiliz.Traizio egintzak izango dira, aurkari baten fede onaz aprobetxatuz hori traizionatzeko asmoarekin, aurkariari ulertarazten diotenean babes eskubidea duela, edo babesa ematera behartuta dagoela, gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen arauekin bat etorriz.Traizio adibide dira ondorengo ekintzak:

a) parlamentu edo amore emate banderarekin negoziatzeko asmoaren itxurak egitea;

b) zauriengatik edo gaixotasunagatik ezgaitasunen baten itxura egitea;

c) borrokalaria ez den pertsona zibilaren estatutuaren itxura egitea; eta

d) babes estatutu bat izatearen itxura egitea, Nazio Batuen edo estatu neutralen edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuen ikurren, ezaugarrien edo uniformeen erabileraren bitartez.

2.Gerra-amarruak ez daude debekatuta.Gerrako-amarruak dira aurkari batengan okerra eragin edo zuhurtziagabekeriak egitea eragitea xede duten egintzak, baina gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbideko araurik urratzen ez dutenak, eta traiziozkoak ere ez dira ez baitute aurkari baten fede onera jotzen eskubide horretan aurreikusitako babesari dagokionez.Gerra-amarru adibide dira ondorengo ekintzak:kamuflajea, azpijokoak, itxura egindako eragiketak eta informazio faltsuak.

38. artikulua:Onartutako ezaugarriak

1.Debekatuta gelditzen da gurutze gorriaren, ilargi erdi gorriaren edo lehoiaren eta eguzki gorrien edo Hitzarmenetan edo Protokolo honetan ezarritako beste ezaugarri, ikur edo seinale batzuen erabilera desegokia egitea.Debekatuta gelditzen da baita ere, gatazka armatu batean nazioarte mailan onartutako beste babes ezaugarri, ikur edo zeinuak nahita gehiegikeriaz erabiltzea, barne hartuta parlamentuaren bandera eta kultura-ondasunen babes ezaugarria.

2.Debekatuta gelditzen da Nazio Batuen ezaugarri bereizgarriaren erabilera egitea, salbu eta Erakunde horrek baimentzen duen kasuetan.

39. artikulua:Nazionalitate ikurrak

1.Debekatuta gelditzen da gatazka armatu batean estatu neutralen edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuen banderen edo ezaugarri,bereizgarri edo uniforme militarren erabilera.

2.Debekatuta gelditzen da erasoek irauten duten bitartean aurkako alderdiaren banderen edo ezaugarri, bereizgarri edo uniforme militarrak erabiltzea, edo eragiketa militarrak estali, mesede egin, babestu edo oztopatzeko.

3.Artikulu honetako edo 37. artikuluko 1. paragrafoko d) puntuko inongo xedapenek, ez dute eraginik izan espioitza edo itsasoko gatazka armatuen dirauten bitartean banderak erabiltzeari aplikagarri zaizkien orokorrean onartuta dauden nazioarteko zuzenbideko arauei.

40. artikulua:Kuartel

Debekatuta gelditzen da inor bizirik ez gelditzea agintzea, aurkaria horrekin mehatxatzea edo borrokaldian erabaki horren arabera zuzentzea.

41. artikulua:Borrokatzeko gai ez den etsaiaren zaintza

1.Inongo pertsonak ezin dira eraso baten xede izan borrokatzeko gai ez dela onartzen duenean edo, inguruabarrak kontuan izanda, borrokatzeko gai ez dela onartu behar denean.

2.Ondorengo pertsona guztiak ez dira borrokatzeko gai:

a) kontrako alderdi baten esku dagoena;

b) amore emateko asmoa modu argian adieraz dezala; edo

c) beste edozein modutan konorterik gabe edo ezgaituta egotea zauriak edo gaixotasunaren ondorioz, eta ondorioz, bere burua defendatzeko gai ez dena;

eta beti ere, horrelako edozein kasutan, etsaiaren aurkako egintza oro egiteari uko egin diezaiola eta ihes egiten ez saiatzea.

3.Gerrako presoek daukaten babes eskubidea duten pertsonak eta ezohiko borroka baldintzetan kontrako alderdi baten esku erori direnak, eta III. Hitzarmenaren III. Tituluaren I. Atalean aurreikusitako moduan beraien hustutzea oztopatzen dutenak, askatuak izango dira, beraien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartu beharko direlarik.

42. artikulua:Aireontzietako bidaiariak

1.Ez da pertsonarik erasotuko arriskuan dagoen aireontzi batetik paraxutean salto egiten duena horren jaitsierak irauten duen bitartean.

2.Lur lehorrera iristean kontrako alderdi batek kontrolatutako lurraldean, arriskuan dagoen aireontzi batetik paraxutean salto egin duen pertsonak amore emateko aukera izan beharko du erasotua izan aurretik, salbu eta agerikoa denean arerioa erasotzeko egintza bat egiten ari dela.

3.Airez garraiatutako tropak artikulu honek babesten ditu.

II. Atala - Borrokalari eta gerrako preso estatutua

43. artikulua:Indar armatuak

1.Gatazkan dagoen alderdi baten indar armatuak indar, talde eta unitate armatu eta antolatu guztiez osatzen dira, alderdi horren aurrean bere mendekoen jokabidearen erantzule den agintari baten mende jarriak, nahiz eta agintari hori gobernu batek ordezkatzen duenean edo aurkako alderdi batek onartu gabeko agintari batek.Halako indar armatuek gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen arauak betearazten dituen barneko diziplina erregimen baten menpe egon beharko dira, inter alia.

2.Gatazkan dagoen alderdi baten indar armatuen kideak (III. Hitzarmeneko 33. artikuluan aipatzen diren osasun eta erlijio langileen kide direnak salbu) borrokalariak dira, hau da, borrokaldietan zuzenean parte hartzeko eskubidea dute.

3.Gatazkan dagoen alderdi batek erakunde paramilitar bat edo orden publikoa zaintzeaz arduratutako zerbitzu armatu bat bere indar armatuetan gehitzen duen bakoitzean, gatazkan dauden beste alderdiei jakinarazi beharko die.

44. artikulua:Borrokalariak eta gerrako presoak

1.Borrokalari orok, 43. artikuluan definituta gelditzen den moduan, kontrako alderdi baten esku jauzten denean gerrako preso izango da.

2.Borrokalari guztiak gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbideko arauak kontuan izatera behartuta egon arren, arau horien urratzeak ez du borrokalari bat gabetuko borrokalari gisa kontsideratua izan dadin duen eskubideaz edo, aurkako alderdi baten esku erortzen bada, gerrako preso kontsideratua izateko eskubideaz, 3 eta 4. paragrafoetan ezarritakoa salbu.

3.Borroken ondorioen aurka biztanleria zibilaren babesa sustatzeko helburuarekin, borrokalariak biztanleria zibilarengandik desberdintzera behartuta daude eraso baten bitartean edo eraso bat prestatzeko eragiketa militar baten bitartean.Hala ere, borrokaldien izaera dela eta, gatazka armatuetan borrokalari armatuak biztanleria zibilarengandik desberdindu ezin daitezkeen egoeran daudenez, borrokalari horrek borrokalari estatutua mantenduko du beti ere halako egoeretan armak ikusteko moduan badaramatza:

a) liskar militarrak irauten duen bitartean; eta

b) arerioarentzat agerian dagoen denboran zehar parte hartu behar duen eraso baten jaurtiketa baino lehen zabaltze militar batean parte hartzen ari den bitartean.

Ez dira traiziozko ekintza gisa kontsideratuko, 37. artikuluko 1. paragrafoaren c) atalaren esanguran, paragrafo honetan zerrendatutako baldintzak biltzen dituzten egintzak.

4.Kontrako alderdi baten esku erortzen den borrokalaria eta 3. paragrafoko bigarren esaldian zerrendatutako baldintzak betetzen ez dituenak, gerrako preso gisa kontsideratua izateko eskubidea galduko du, baina, hala ere, babes baliokideak jasoko ditu, zentzu guztietan, III. Hitzarmenak eta Protokolo honen gerrako presoei emandakoak.Babes honek III. Hitzarmenak gerrako presoei emandako babesen baliokideak direnak barneratzen ditu, pertsona hori, egin duen edozein arau-hausterengatik epaitua edo zehatua den kasuan.

5.Kontrako alderdi baten esku erortzen den borrokalaria eraso batean edo eraso bat prestatzeko eragiketa militar batean parte hartzen ari ez den bitartean, bere aurreko egintzen ondorioz ez du galduko borrokalari eta gerrako preso moduan kontsideratua izateko eskubidea.

6.Artikulu honek ez du pertsona bat gabetuko gerrako preso gisa kontsideratua izateko eskubideaz, III. Hitzarmenaren 4. artikuluarekin bat etorriz.

7.Artikulu honen asmoa ez da gatazkan dagoen alderdi baten legezko unitate armatu eta uniformatutakoen borrokalariek eraman behar duten uniformeari dagokionez estatutuek orokorrean onartutako praktika aldaraztea.

8.I. eta II. Hitzarmenetako 13. artikuluan aipatutako pertsonen kategoriez gain, gatazkan dagoen alderdi bateko indar armatuetako kide guztiak, Protokolo honetako 43. artikuluan definitzen den moduan, Hitzarmen horien arabera emandako babeserako eskubidea izango dute zaurituta edo gaixo badaude edo, II. Hitzarmenaren kasuan, itsasoan edo beste ur batzuetan galdutakoak badira.

45. artikulua:Borrokaldietan parte hartu duten pertsonen babesa

1.Borrokaldietan parte hartzen duen pertsonak eta aurkako alderdi baten esku erortzen dena, gerrako presoa dela uste izango da eta, ondorioz, III. Hitzarmenak babestuta egongo da gerrako preso estatutua eskatzen duenean, horren eskubidea dela ematen duenean, edo zein alderdiren menpe egon eta alderdi horrek estatutu hori eskatzen duenean presoaren mesedetan atxiloketa egin duen potentziari edo potentzia babesleari igorritako jakinarazpenaren bitartez. Horrek gerrako preso estatutu eskubidea duen edo ez zalantzarik badago, pertsona horrek estatu honen onurak izaten jarraituko du eta, ondorioz, III. Hitzarmenaren eta Protokolo honen babesa izaten jarraituko du auzitegi eskudun batek horren inguruan erabaki arte.

2.Aurkako alderdi baten esku erori eta gerrako preso gisa atxilotuta ez dagoen pertsona eta alderdi horrek epaitu behar duenean borrokaldiarekin harremana duen arau-hauste bat dela eta, aukera izango du auzitegi judizial baten aurrean berak duen gerrako preso estatuturako eskubidea egikaritzeko eta auzi hau erabakia izan dadin eskubidea egikaritzeko.Aplikagarria den prozeduraren aurkakoa ez den guztietan, auzitegiak arau-haustearen inguruan epaia eman baino lehen, auzi horren inguruan erabakiko du.Potentzia babeslearen ordezkariek auzia ebatzi behar den ekitaldietara joateko eskubidea izango dute, ez bada, salbuespenez eta estatuaren segurtasunaren interesean, egintza horiek atea itxita egiten badira.Kasu honetan, pertsona zein potentziaren esku egon eta potentzia horrek potentzia babeslea informatuko du gai honen inguruan.

3.Borrokaldietan parte hartu duen pertsonak eta gerrako preso estatutua izateko eskubidea ez duena ezta tratu mesedegarriago baten onura IV. Hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorriz, une oro Protokolo honetako 75. artikuluko babesa izateko eskubidea izango du. Halako pertsonak, okupatutako lurraldean daudenean eta beti ere espia bezala atxilotuta ez dagoenean, IV. Hitzarmeneko 5. artikuluan ezarritakoa gorabehera, Hitzarmen horretan aurreikusitako komunikazio eskubidearen onura ere izango du.

46. artikulua:Espioia

1.Hitzarmenen eta Protokolo honen edozein xedapen gorabehera, gatazkan dagoen alderdi baten indar armatuetako kide bat aurkako alderdiaren esku erortzen denean espioitza egintzak gauzatzen dituen bitartean, ez du gerrako preso estatutua izateko eskubidea izango eta espioi gisa tratatua izan daiteke.

2.Gatazkan dagoen alderdi batetako indar armatuetako kide batek alderdi horren mesedetan, aurkako alderdiak kontrolatutako lurralde baten barnean informazioa jasotzen badu edo jasotzen ahalegintzen bada, ez da kontsideratuko espioitza egintzak gauzatzen dituela beti ere, hori egiterakoan zein indar armatuetako kidea izan eta horren uniformea jantzita badarama.

3.Ez da kontsideratuko gatazkan dagoen alderdi batetako indar armatuen kide batek espioitza egintzak egiten dituela kontrako alderdiak okupatutako lurraldeko egoiliarra denean eta, zein alderdiren menpe egon eta alderdi horren mesedetan, interes militarreko informazioa jasotzen badu edo jasotzen saiatzen bada lurralde horren barnean, salbu eta aitzakia faltsuen bitartez egiten badu edo berariaz modu klandestinoan badihardu.Gainera, egoiliar horrek ez du gerrako preso estatutua izateko duen eskubidea galduko eta ezingo da espioi gisa tratatua izan ez bada espioitza egintzak egiten dituen bitartean harrapatua izan denean.

4.Gatazkan dagoen alderdi batetako indar armatuetako kidea, aurkako alderdi batek okupatutako lurraldean egoiliarra ez dena eta lurralde horretan espioitza egintzak gauzatu dituena, ez du gerrako preso estatutu eskubidea galduko eta ezingo da espioi gisa tratatua izan, ez bada, zein indar armatuetako kide izan eta indar armatu horietara berriz batu baino lehen harrapatua bada.

47. artikulua:Mertzenarioak

1.Mertzenarioek ez dute borrokalari edo gerrako preso estatutua izateko eskubidea izango.

2.Mertzenario gisa hartuko dira ondorengo pertsona guztiak:

a) lurralde horretan bertan edo atzerrian gatazka armatu batean borrokatzeko helburuarekin erreklutatua izan dena;

b) egitez, borrokaldietan zuzenean parte har dezala;

c) bereziki, onura pertsonal bat lortzeko nahiak bultzatuta har dezala parte borrokaldietan eta pertsona horri gatazkan dagoen alderdi batek edo horren izenean promes egiten zaionean, alderdi horretako indar armatuetan antzeko maila eta zereginetako borrokalariei eskaini edo ordaintzen zain ordainketa materiala baino askoz handiagoa.

d) gatazkan dagoen alderi bateko nazionala ez izatea ezta gatazkan dagoen alderdi batek kontrolatutako lurralde bateko egoiliarra ere;

e) gatazkan dagoen alderdi bateko indar armatuetako kide ez izatea; eta

f) gatazkan alderdi ez den estatu batek bere indar armatuen kide gisa misio ofizialean bidalia ez izatea.

IV. titulua:Biztanleria zibila

I. Atala:Borrokaldien ondorioen aurkako babes orokorra

I. Kapitulua:Oinarrizko arauak eta aplikazio eremua

48. artikulua:Oinarrizko arauak

Biztanleria zibilaren eta izaera zibila duten ondasunen errespetua eta babesa bermatzeko helburuarekin, gatazkan dauden alderdiek une oro bereizketa egingo dute biztanleria zibila eta borrokalarien artean, eta izaera zibileko ondasunak eta helburu militarrekoen artean eta, ondorioz, helburu militarren aurka bakarrik zuzenduko dituzte beraien eragiketak.

49. artikulua:Erasoen definizioa eta aplikazio esparrua

1.“Erasoak” bezala ulertzen dira aurkariaren kontrako indarkeria egintzak, horiek erasotzaileak edo defentsarakoak izan.

2.Erasoei dagokienez Protokolo honetako xedapenak, eraso guztiei izango zaizkie aplikagarri horiek gauzatzen diren lurralde guztietan, baita ere gatazkan dagoen alderdi batena den lurralde nazionalean ere, baina aurkako alderdi baten kontrolpean dagoenean.

3.Atal honetako xedapenak lehorrean biztanleria zibilari, pertsona zibilei eta izaera zibileko ondasunei eragin diezaiokeen lehorreko, itsasoko edo aireko edozein gerra operaziori aplikatuko zaizkio.Itsasotik edo airetik lurreko objektiboen aurkako eraso guztiei ere izango zaie aplikagarri, baina ez diete beste modu batean eragingo itsasoko edo aireko gatazka armatuei aplikagarri zaizkien nazioarteko zuzenbideko arauei.

4.Atal honetako xedapenek IV. Hitzarmenean jasotako giza eskubideen babesari buruzko arauak osatzen dituzte, bereziki bere II. Tituluan, eta alderdi kontratugile gorenak behartzen dituen gainontzeko nazioarteko akordioetan, bai eta lurreko, itsasoko edo aireko borrokaldien ondorioen aurka pertsona zibilen eta izaera zibileko ondasunen babesari buruzko nazioarteko zuzenbideko gainontzeko arauak.

II. Kapitulua:Pertsona zibilak eta biztanleria zibila

50. artikulua:Pertsonen eta biztanleria zibilaren definizioa

1.Pertsona zibila da III. Hitzarmeneko 4, A. 1), 2), 3) eta 6) artikuluan, eta Protokolo honetakok 43. artikuluan aipatzen diren pertsona kategorietakoak ez direnak. Pertsona baten izaeraren inguruan zalantzak egonez gero, zibila izango balitz bezala kontsideratuko da.

2.Biztanleria zibilak pertsona zibil guztiak barneratzen ditu.

3.Biztanleria zibilaren artean pertsona zibilaren definizioarekin bat ez datorren baldintza duten pertsonak egoteak ez dio biztanleria horri bere zibil izaera ukatzen.

51. artikulua:Biztanleria zibilaren babesa

1.Biztanleria zibilak eta pertsona zibilek eragiketa militarretatik eratorritako arriskuen aurkako babes orokorra izango dute.Babes hau eragingarria izateko, aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen gainontzeko arauez gain, inguruabar guztietan ondorengo arauak ere izango dira kontuan.

2.Biztanleria zibila eta pertsona zibilak, izaera hori izateagatik, ez dira erasoen jomuga izango.Debekatuta gelditzen dira indarkeria egintzak eta mehatxuak, horien helburu nagusia biztanleria zibila izutzea denean.

3.Pertsona zibilek Atal honek eskaintzen duen babesa izango dute, salbu eta borrokaldietan zuzenean parte hartzen badute eta parte hartze horrek irauten duen bitartean.

4.Bereizketarik gabeko erasoak debekatzen dira.Bereizketarik gabeko erasoak dira:

a) xede militar zehatz baten aurka zuzentzen ez direnak;

b) xede militar zehatz baten aurka zuzendu ezin daitezkeen borroka metodoak edo bideak erabiltzen dituztenak; edo

c) Protokolo honek eskatzen duenaren arabera ondorioak mugatzea posible ez den borrokarako metodo eta bideak erabiltzen dituztenak;

eta ondorioz, horrelako edozein kasutan, bereizketarik gabe xede militarrak eta pertsona zibilak edo izaera zibila duten ondasunei eraso egin diezazkieketenak.

5.Besteak beste, ondorengo eraso motak bereizi gabeak direla kontsideratuko da:

a) bonbardaketa bidezko erasoak, erabilitako metodo edo bideak edozein izanik ere, xede militar bakar gisa hainbat xede militar zehatzak eta modu argian bereiziak daudenak hartzen dituztenak, horiek kokatuta daudelarik hiri, herri, herrixka edo pertsona zibil edo izaera zibila duten ondasunen antzeko kontzentrazioa dagoen beste gune batean;

b) erasoak, biztanleria zibilaren artean hildakoak eta zaurituak, edo kalteak izaera zibila duten ondasunei, edo biak, ezustean eragingo dituztela aurreikusteko modukoa denean, kalte horiek gehiegizkoak izango liratekeenean aurreikusten den abantaila militar zehatz eta zuzenari dagokionez.

6.Errepresalia gisa biztanleria zibila edo pertsona zibilen aurka zuzendutako erasoak debekatuta daude.

7.Biztanleria zibila edo pertsona zibilak egotea edo horien mugimenduak ezingo dira erabili puntu edo gune jakin batzuk eragiketa militarretatik babesteko, batez ere helburu militarrak babesean jartzen saiatzeko, ezta eragiketa militarrak babestu, mesedetu edo oztopatzeko.Gatazkan dauden alderdiek ezingo dituzte biztanleria zibilaren edo pertsona zibilen mugimenduak zuzendu helburu militarrak erasoetatik babesteko, edo operazi militarrak babesteko.

8.Debeku hauen urraketek ez ditu gatazkan dauden alderdiak lekatuko biztanleria zibilaren eta pertsona zibilekiko duten betebehar juridikoetatik, barne hartuta 57. artikuluan ezarritako arreta neurriak hartzeko betebeharra.

III. Kapitulua:Izaera zibila duten ondasunak

52. artikulua:Izaera zibila duten ondasunen babes orokorra

1.Izaera zibila duten ondasunak ez dira erasoen ezta errepresalien xede izango.Izaera zibila duten ondasunak dira, 2. paragrafoaren esanguran xede militarrak ez diren ondasun guztiak.

2.Erasoak xede militarretara mugatuko dira hertsiki.Ondasunei dagokienean, xede militarrak objektuen izaera, kokapena, helburua edo erabilerak egintza militarrari modu eragingarrian lagunduko dioten horietara mugatuko dira edo horien suntsiketa osoa edo zati batekoak, atzemate edo deuseztapenak erabateko abantaila militarra eskaintzen duenean kasu horren inguruabarren arabera.

3.Zalantzarik badago normalean helburu zibiletarako erabiltzen den ondasun bat, esaterako kultu leku bat, etxe edo etxebizitza bat edo ikastetxe bat, egintza militarrari modu eragingarrian laguntzeko erabiltzen ote den, uste izango da ez dela helburu horretarako erabiltzen.

53. artikulua:Ondasun kultural eta kultu lekuen babesa

Gatazka Armatu kasuan Ondasun Kulturalak Babesteko 1954ko maiatzaren 14ko Hagako Hitzarmeneko eta aplikagarri diren nazioarteko beste tresna batzuen xedapenei kalterik egin gabe, debekatuta gelditzen da:

a) herrien kultura- edo espiritu-ondarea osatzen duten monumentu historiko, artelan edo kultu lekuen kontra zuzendutako borroka egintzak gauzatzea;

b) ondasun horiek esfortzu militarraren mesedetan erabiltzea;

c) ondasun horiek errepresalien xede bihurtzea.

54. artikulua:Biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunen babesa

1.Debekatuta gelditzen da, gerra metodo gisa, pertsona zibilei gosea jasanaraztea.

2.Debekatu egiten da biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunak, hala nola elikagaiak eta horiek ekoizten dituzten nekazal guneak, uztak, abereak, edateko uraren instalazioak eta erreserbak eta ureztatze lanak erasotzea, suntsitzea, ebastea edo erabili ezin bihurtzea, ondasun horiek gabe uzteko berariazko asmoarekin, biziraupena ziurtatzeko bide gisa duten balioagatik, biztanleria zibilari edo aurkako alderdiari, horren arrazoia edozein izanik ere, izan pertsona zibilei gosea jasanarazteko, izan lekualdaketak eragiteko, edo beste edozein asmorekin.

3.2. paragrafoan ezarritako debekuak ez dira aplikatuko bertan aipatutako ondasunei aurkako alderdi batek ondorengoa egiten duenean:

a) ondasun horiek bere indar armatuetako kideen biziraupenerako bide gisa bakarrik erabiltzen dituenean; edo

b) egintza militar baten laguntza zuzen gisa erabiltzen dituenean, dena den, horren baldintza izan beharko da inolaz ere ondasun horien aurka neurriak har ez daitezela, aurreikus badaiteke horien emaitza izango dela biztanleria zibila elikagairik edo urik gabeko utziko duela, hainbestean non gosea jasanarazi beharko duen edo lekualdatzera behartuta egongo den.

4.Ondasun hauek ez dira errepresalien xede izango.

5.Kontuan izanda gatazkan dagoen alderdi horrentzat bere lurralde nazionalaren inbasioaren aurka defendatzeak suposatzen duen ezinbesteko betekizunak, gatazkan dagoen alderdi batek 2. paragrafoan adierazitako debekuak betetzeari utz diezaioke bere kontrolpean dagoen lurralde horren barnean premiazkoa beharrizan militar batek hala eskatzen duenean.

55. artikulua:Ingurumen naturalaren babesa

1.Gerra egiterakoan ingurumen naturalaren babesa zainduko da kalte zabal, iraunkor eta larrien aurka.Babes honek barne hartzen du ingurumen naturalari kalte larriak eragiteko sortutako edo sor ditzakeela aurreikus daitezkeen gerra egiteko metodo edo bideen erabileraren debekua, kalte horiek biztanleriaren osasun edo biziraupena arriskuan jar dezaketenean.

2.Debekatuta gelditzen dira errepresalia gisa ingurumen naturalaren aurkako erasoak.

56. artikulua:Indar arriskutsuak dituzten obra eta instalazioen babesa

1.Indar arriskutsuak dituzten obra edo instalazioak, hau da, presak, dikeak eta energia elektrikodun zentral nuklearrak, ez dira erasoen xede izango, nahiz eta xede militarrak izan, hala erasoek indar horien askapena eragin dezaketenean eta ondorioz, biztanleria zibilaren artean heriotz ugari gerta daitezkeenean.Obra edo instalazio horietan edo horien inguruan kokatutako beste xede militarrak, ez dira erasoen xede izango eraso horiek indar arriskutsuek askapena eragin dezaketenean eta ondorioz, biztanleria zibilaren artean heriotz ugari gerta daitezkeenean.

2.1. paragrafoan ezarritako eraso ororen aurkako babes berezia amaitu egingo da:

a) presa eta dikeentzat, normalean zein zereginetarako erabili eta horietatik ezberdinak diren beste zeregin batzuetarako erabiltzen direnean soilik eta operazio militarren laguntza erregular, garrantzitsu eta zuzenerako erabiltzen direnean, eta eraso horiek halako laguntzari amaiera emateko bide egingarri bakarrak badira;

b) energia elektrikodun zentral nuklearrentzat, bakarrik zentral horiek korronte elektrikoa hornitzen badute operazio militarren laguntza irregular, garrantzitsu eta zuzenean, eta eraso horiek halako laguntzari amaiera emateko bide egingarri bakarrak badira;

c) obra edo instalazio horietan, edo horien inguruan kokatutako beste xede militarrentzat, bakarrik operazio militarren laguntza erregula, garrantzitsu eta zuzenean erabiltzen badira, eta eraso horiek halako laguntzari amaiera emateko bide egingarri bakarrak badira.

3.Edozein kasutan, biztanleria zibilak eta pertsona zibilek nazioarteko zuzenbideak ematen dien babes ororen eskubidea mantenduko dute, barne hartuta 57. artikuluan ezarritako arreta neurriak. Babesa amaitzen bada eta edozein obra edo instalazio edo 1. paragrafoan aipatutako edozein xede militar erasotzen bada, praktikan posible diren arreta guztiak hartuko dira indar armatuen askapena saihesteko helburuarekin.

4.Edozein obra eta instalazio edo 1. paragrafoan aipatutako xede militarrak errepresalien objektu bihurtzea debekatuta dago.

5.Gatazkan dauden alderdiek 1. paragrafoan aipatutako obra edo instalazioen inguruan xede militarrak ez kokatzeko ahalegina egingo dute. Hala eta guztiz ere, babestutako obra edo instalazioak erasoen aurka babesteko helburu bakarrarekin eraikitako instalazioak baimentzen dira, eta halako instalazioak ez dira erasoen helburu izango, borrokaldietan erabiliak ez izateko baldintzarekin, salbu eta babestutako obra edo instalazioen aurkako erasoei erantzuteko beharrezko diren defentsa egintzetan, eta horien armamentuak babestutako obra edo instalazioen aurkako borroka egintzen kontra egiteko soilik balio duten armetara muga daitezela.

6.Alderdi kontratugile gorenei eta gatazkan dauden alderdiei agintzen zaie, indar arriskutsuak dituzten ondasunei babes osagarria ematen dieten akordioak hitzar ditzatela beraien artean.

7.Artikulu honek babestutako ondasunen identifikazioa errazteko, gatazkan dauden alderdiek ikur berezi batez marka ditzakete, Protokolo honetako I. Eranskinaren 16. artikuluan adierazten den moduan, ikur hori ondorengoa izango da: laranja kolore biziko hiru zirkuluko talde bat ardatz berdin baten luzetara.Halako seinalizaziorik ez egoteak ez ditu gatazkan dauden alderdiak inola ere lekatuko artikulu honetatik eratorritako betebeharretatik.

IV. Kapitulua:Arreta neurriak

57. artikulua:Arreta erasoan

1.Operazio militarrak biztanleria zibila, pertsona zibilak eta izaera zibila duten ondasunak babesteko etengabeko arretarekin egingo dira.

2.Erasoei dagokienez, ondorengo arretak hartuko dira:

a) eraso bat prestatu edo erabakitzen dutenek, ondorengoa egin beharko dute:

i) egingarria den guztia egitea erasotzeko asmoa dagoen objektiboak pertsona zibilak ez direla egiaztatzeko, ezta izaera zibileko ondasunak ez direla, eta babes berezia ere ez dutela, baizik eta objektibo militarrak direla 52. artikuluko 2. paragrafoaren esanguran eta Protokolo honetako xedapenek horiei eraso egitea debekatzen ez dituenak;

ii) nahigabe biztanleria zibilaren artean gerta daitezkeen zauritu eta hildakoen kopurua, bai eta izaera zibileko ondasunei sor diezazkieketen kalteak ahal den neurrian saihestea, edo gutxienez, murrizteko, egingarriak diren arreta guztiak hartzea eraso bide eta metodoak aukeratzerakoan;

iii) eraso bat erabakitzeari uko egitea, erasoak, biztanleria zibilaren artean hildakoak eta zaurituak, edo izaera zibila duten ondasunengan kalteak, edo biak, ezustean eragingo dituztela aurreikusteko modukoa denean, kalte horiek gehiegizkoak izango liratekeenean aurreikusten den abantaila militar zehatz eta zuzenari dagokionez;

b) eraso bat geldiarazi egingo da edo bertan behera utziko da helburua militarra ez dela nabaritzen bada edo babes berezia daukala nabaritzen bada, edo aurreikustekoa denean erasoak biztanleria zibilaren artean hildakoak eta zauritua, edo izaera zibila duten ondasunei kalteak, edo biak, ezustean eragingo dizkiela, kalte horiek gehiegizkoak izango liratekeenean aurreikusten den abantaila militar zehatz eta zuzenari dagokionez;

c) beharrezko aurrerapenarekin eta bide eragingarriak erabiliz, biztanleria zibilari eragin diezaiokeen edozein erasoren berri emango da, salbu eta inguruabarrek eragozten dutenean.

3.Hainbat helburu militarren artean aukera daitekeenean abantaila militar baliokidea lortzeko, kasu horretan, aurreikusten denaren arabera, pertsona zibilentzat eta izaera zibileko ondasunentzat arrisku gutxien aurkezten duen helburua aukeratuko da.

4.Itsasoko edo aireko operazio militarretan, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak, gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbideko arauen arabera dagozkien eskubide eta betebeharrekin bat etorriz, bidezko arreta neurri guztiak hartu beharko ditu biztanleria zibilean jendea hiltzea saihesteko eta izaera zibila duten ondasunei kalteak saihesteko.

5.Artikulu honetako xedapenetatik bat bera ere ezingo da interpretatu biztanleria zibilaren aurka, pertsona zibilen aurka edo izaera zibila duten ondasunen aurkako eraso bat baimentzearen esanguran.

58. artikulua – Erasoen ondoreen kontrako arreta neurriak

Eragingarria den puntura arte, gatazkan dauden alderdiek ondorengoa egin beharko dute:

a) IV. Hitzarmenaren 49. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, bere kontrolpean dauden biztanleria zibila, pertsona zibilak eta izaera zibila duten ondasunak helburu militarren hurbiltasunetik urruntzen ahaleginduko dira;

b) jende asko bizi den guneen barnean edo horien inguruetan helburu militarrak kokatzea saihestuko dute;

c) bere kontrolaren pean dauden biztanleria zibila, pertsona zibilak eta izaera zibila duten ondasunak operazio militarretatik ondorioztatzen diren arriskuen kontra babesteko beharrezko gainontzeko arreta neurriak hartuko dituzte.

V. kapitulua:Babes bereziaren pena dauden herriak eta guneak

59. artikulua:Babestu gabeko herriak

1.Debekatuta dago gatazkan dauden alderdiek edozein bide erabilita, babestuta ez dauden herrialdeei eraso egitea.

2.Gatazkan dagoen alderdi baten agintari eskudunek babestuta ez dagoen herritzat jo dezakete edozein leku bertan jendea bizi bada eta indar armatuak kontaktuan dauden gune baten inguruan edo horren barnean dagoenean eta kontrako alderdi batek hori okupatzeko aukera daukanean.Halako herriak ondorengo baldintzak bildu beharko ditu:

a) borrokalari guztiak kanporatuak izan beharko dira, bai eta arma eta material militar mugikorrak;

b) instalazio edo establezimendu militar finkoak ez dira erabiliko eraso ekintzak gauzatzeko;

c) ez agintzariek ezta biztanleriak ez dute borroka egintzarik gauzatuko;

d) ez zaio inolako ekintzari ekingo operazio militarrei laguntzeko.

3.Hitzarmenek eta Protokolo honek bereziki babestutako pertsonak herri horietan egotea, bai eta ordena publikoa mantentzeko helburu bakarrarekin atxikitako polizia indarrak egotea, ez da 2. paragrafoan aipatutako baldintzen aurkakoa.

4.2. paragrafoaren arabera egindako adierazpena aurkako alderdiari zuzenduko zaio eta ahalik eta zehaztasun handienarekin babestuta ez dagoen herriaren mugak definitu eta adieraziko ditu.Adierazpena jasotzen duen gatazkan dagoen alderdiak hori jaso izanaren berri emango du eta herri hori babestuta ez dagoen herri gisa tratatuko du, ez bada benetan 2. paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez direla, kasu horretan, berehala jakinaraziko dio adierazpena egin duen alderdiari.2. paragrafoan adierazitako baldintzak ez bildu arren, herriak Protokolo honetako gainontzeko xedapenetan eta gatazka armatuei aplikagarri zaizkien nazioarteko zuzenbideko beste arauetan ezarritako babesa izaten jarraituko du.

5.Gatazkan dauden alderdiak ados jar daitezke babesik gabeko herriak ezartzeko, baita herri horiek 2. paragrafoan adierazitako baldintzak biltzen ez badituzte ere. Ahalik eta zehaztapen handienarekin, akordioak babes gabeko herrialdearen mugak definitu eta adierazi beharko lituzke; beharrezkoa izango balitz, ikuskapen modalitateak finka ditzake.

6.Halako akordioaren objektu den herri bat zein alderdiren esku egon eta alderdi horrek, posible den neurrian, beste alderdiarekin hitzartutako ikurrekin seinalizatuko du, ikur horiek argiro ikus daitezken lekuetan ipiniko dira, bereziki herriaren inguruan eta mugetan eta errepideetan.

7.Herri batek babestuta ez dagoen herriaren estatutua galduko du 2. paragrafoan adierazitako edo aipatu akordioko 5. paragrafoan aipatutako baldintzak biltzeari uzten dionean. Kasu horretan, herriak Protokolo honetako gainontzeko xedapenetan eta gatazka armatuei aplikagarri zaizkien nazioarteko zuzenbidearen beste arauetan ezarritako babesa izaten jarraituko du.

60. artikulua:Gune desmilitarizatuak

1.Gatazkan dauden alderdiek debekatuta daukate, akordio bidez gune desmilitarizatu estatutua eman dieten guneetara beraien operazio militarrak hedatzea, hedatze hori akordio honetan hitzartutakoaren aurkakoa bada.

2.Akordioa berariazkoa izango da, hitzez edo idatziz itun daiteke, bai zuzenean edo potentzia babeslearen edo erakunde humanitario inpartzial baten bitartez, eta elkarrekikoa eta bat etortzearen adierazpenez osa daiteke.Akordioa bake garaian itun daiteke, edo behin borroka hasita, eta ahalik eta zehaztasun handienarekin, gune desmilitarizatuaren mugak definitu eta adierazi beharko lituzke eta, beharrezkoa izango balitz, ikuskapen modalitateak finka ditzake.

3.Normalean, akordio horren objektu izango da ondorengo baldintzak biltzen dituen gunea:

a) borrokalari guztiak kanporatuak izan beharko dira, bai eta arma eta material militar mugikorrak;

b) instalazio edo establezimendu militar finkoak ez dira erabiliko eraso ekintzak gauzatzeko;

c) ez agintariek ezta biztanleriak ez dute borroka egintzarik gauzatuko;

d) ahalegin militarrarekin zerikusi duen ekintza guztiak amaitu beharko dira.

Gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira d) atalean adierazitako baldintzari eman beharreko interpretazioari buruz eta 4. paragrafoan aipatutako pertsonez gain, gune desmilitarizatuan onartuak izan daitezkeenen inguruan.

4.Hitzarmenek eta Protokolo honek bereziki babestutako pertsonak gune horretan egotea, bai eta ordena publikoa mantentzeko helburu bakarrarekin atxikitako polizia indarrak egotea, ez da 3. paragrafoan aipatutako baldintzen aurkakoa.

5.Halako gunea zein alderdiren esku egon eta alderdi horrek, posible den neurrian, beste alderdiarekin hitzartutako ikurrekin seinalizatuko du, ikur horiek argiro ikus daitezken lekuetan ipiniko dira, bereziki herriaren inguruan eta mugetan eta errepideetan.

6.Borrokak gune desmilitarizatu batera hurbiltzen badira, eta gatazkan dauden alderdiek hala hitzartu badute, alderdietatik batek ere ezingo ditu gune horiek erabili operazio militarrekin zerikusia duten helburuetarako,ezta alde bakarrez horien estatutua ezeztatu ere.

7.Gatazkan dagoen alderdi batek 3 edo 6. paragrafoetako xedapenak urratzen baditu, beste alderdia askatu egingo du guneari gune desmilitarizatu estatutua ematen dion akordiotik eratorritako betebeharretatik.Kasu horretan, guneak bere estatutua galduko du baina Protokolo honetako gainontzeko xedapenetan eta gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen beste arauetan ezarritako babesa izaten jarraituko du.

VI. Kapitulua- Babes zibilaren zerbitzuak

61. artikulua: Definizioak eta aplikazio esparrua

Protokolo honen ondoreetarako:

a) “babes zibil” gisa ulertzen da, jarraian aipatzen diren zeregin humanitario batzuen edo guztien betepena, biztanleria zibila borrokaldien eta hondamendien arriskuen aurka babestera zuzenduak eta horren berehalako ondorioetatik leheneratzera lagunduz, bai eta biziraupenerako beharrezko baldintzak erraztera.Zeregin hauek ondorengoak dira:

i) alarma zerbitzua;

ii) ebakuazioa;

iii) babeslekuen prestaketa eta antolaketa;

iv) iluntze neurrien aplikazioa;

v) salbamendua;

vi) osasun zerbitzuak, lehen sorospenak eta erlijio laguntza barne;

vii) suteen aurkako borroka;

viii) gune arriskutsuen antzematea eta seinalizatzea;

ix) deskontaminazioa eta antzeko babes neurriak;

x) ostatu hornitzea eta larrialdiko hornikuntzak;

xi) larrialdi kasuan kaltetutako guneetan ordena berrezarri eta mantentzeko laguntza;

xii) presako neurriak ezinbesteko zerbitzu publikoa berrezartzeko;

xiii) presazko hileta zerbitzuak;

xiv) biziraupenerako funtsezkoak diren ondasunen zaintzarako laguntza;

xv) aipatutako edozein zeregin gauzatzeko beharrezko egintza osagarriak, besteak beste, plangintza eta antolakuntza barnean hartuta;

b) “babes zibileko erakunde” gisa ulertze da, gatazkan dagoen alderdi bateko agintaritza eskudunak sortu edo baimendutako establezimendu eta beste unitateak, a) atalean aipatutako zereginetatik edozein gauzatzeko eta bakar bakarrik zeregin horiek gauzatzera zuzendu eta dedikatuak;

c) babes zibileko erakundeen “langile” gisa ulertzen da, gatazkan dagoen alderdi batek a) atalean aipatutako zereginak bakarrik gauzatzeko izendatutako pertsonak, barne hartuta alderdi horretako agintaritza eskudunak erakunde horien administraziorako bakarrik izendatutako langileak;

d) babes zibileko erakundeen “material” gisa ulertzen da, a) atalean aipatutako zereginak gauzatzean erakunde horiek erabilitako hornikuntza eta garraiobideak.

62. artikulua:Babes orokorra

1.Babes zibileko erakunde zibilak eta horien langileak errespetatuak eta babestuak izango dira, Protokolo honetako eta xedapenekin bat etorriz eta batik bat Atal honetan jasotakoarekin.Erakunde horiek eta horien langileek beraien babes zibileko zereginak gauzatzeko eskubidea izango dute, salbu eta premiazko beharrizan militarren kasuetan.

2.1. paragrafoko xedapenak pertsona zibilei ere aplikatuko zaizkie, pertsona hauek babes zibileko erakunde zibiletako kide izan gabe, agintari eskudunen deialdiari erantzun eta horien kontrolpean babes zibileko zereginak gauzatzen dituztenean.

3.Babes zibil helburuarekin erabilitako eraikinak eta materiala, bai eta biztanleria zibilari zuzendutako babeslekuak ere, 52. artikuluan xedatutakoaren arabera zuzenduko dira. Babes zibil helburuarekin erabilitako ondasunak ezin izango dira suntsitu ezta beste helburu batzuekin erabili ere, zein alderdikoak izan eta alderdi horrek salbu.

63. artikulua:Babes zibila lurralde okupatuetan

1.Lurralde okupatuetan, babes zibileko erakunde zibilak beraien zereginak betetzeko beharrezko erraztasun guztiak jasoko dituzte agintariengandik.Inolako inguruabarretan ez dira bere langileak behartuko beraien zeregina erabat betetzea zailduko duten egintzak egitera.Potentzia okupatzaileak ezingo du inolako aldaketarik egin erakunde horien egituran ezta langileen artean ere, horrek bere misioaren betepen eraginkorra kalte badezakeenean.Erakunde horiek ez dira behartuko potentzia okupatzailearen interesen edo bere nazionalen mesedetan lehentasunez jardutera.

2.Potentzia okupatzaileak ez ditu babes zibileko erakunde zibilak behartuko, beldurraraziko edo zirikatuko beraien zereginak biztanleria zibilaren intereserako kaltegarriak diren moduan gauzatzeko.

3.Segurtasun arrazoiak bide, potentzia okupatzaileak babes zibileko langileei armak ken diezazkiekete.

4.Potentzia okupatzaileak, babes zibileko erakundeenak diren materialak eta eraikinak edo horiek erabiltzen dituztenak, ez ditu zuzenduko objektuei dagozkien xedeetatik ezberdinak diren beste batzuetara, eta konfiskatuko ere ez ditu egingo, beste xede batzuetara zuzentzea edo horien konfiskazioa kaltegarria izango balitz biztanleria zibilarentzat.

5.Potentzia okupatzaileak aipatu baliabideak konfiska ditzake beti ere 4. paragrafoan ezarritako arau orokorra betetzen jarraitzen badu eta ondorengo baldintza zehatzekin:

a) eraikinak edo materiala beharrezkoa izatea biztanleria zibilaren beste beharrizan batzuk asetzeko; eta

b) konfiskazioa edo beste helburu batzuetara zuzentzeak beharrizan horrek irauten duen bitartean bakarrik jarrai dezala.

6.Potentzia okupatzaileak ez ditu babeslekuak beste helburu batzuetara zuzenduko ezta konfiskatuko ere biztanleria zibilak erabiltzeko ezarritakoak edo biztanleria zibilarentzat beharrezkoak direnean.

64. artikulua:Estatu neutralen edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuen babes zibileko erakunde zibilak eta babes zibileko nazioarteko erakundeak

1.62, 63, 65 eta 66. artikuluek estatu neutralen edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuen babes zibileko erakunde zibilen langileei eta materialari ere aplikatuko zaizkie, eta erakunde horiek gatazkan dagoen alderdi baten lurraldean 61. artikuluan aipatutako babes zereginak gauzatzen dituena, alderdi horren onarpenarekin eta bere kontrolpean gauzatuko du zeregin hori.Laguntza hau kontrako alderdi interesatu bakoitzari jakinaraziko zaio ahalik eta azkarren.Ekintza hau ez da inolako inguruabarretan gatazkan esku-sartze gisa kontsideratuko.Hala ere, eraginak izan diren gatazkan dauden alderdien segurtasun interesak behar bezala kontuan hartutako gauzatu beharko litzateke.

2.1. paragrafoan aipatzen den laguntza jasotzen duten gatazkan dauden alderdiek eta laguntza hori ematen duten alderdi kontratugile gorenek, babes zibilen egintza horien nazioarteko lankidetza erraztu beharko dute, bidezkoa izanez gero.Kasu horretan, Kapitulu honetako xedapenak nazioarteko erakunde eskudunei aplikatuko zaizkie.

3.Lurralde okupatuetan, potentzia okupatzaileak estatu neutralen edo gatazkan alderdi ez diren beste estatu batzuen eta nazioarteko lankidetza erakundeen babes zibileko erakunde zibilen egintzak bakarrik baztertu edo murritz ditzake, berak bere baliabide propioen bidez edo okupatutako lurraldearen baliabideen bidez babes zibileko zereginen betepen egokia ziurtatzeko baldintzetan badago.

65. artikulua:Babes zibilaren amaiera

1.Babes zibileko erakunde zibilek, horien langileek, eraikinek, babeslekuek eta materialak duten babes eskubidea, bakarrik amaitu ahal izango da beraien legezko zereginez aparte, arerioarentzat kaltegarriak diren egintzak gauzatzen badituzte edo halako egintzak gauzatzeko erabiltzen badira,Hala ere, babesa amaitu egingo da larderia baten ondoren, beharrezkoa denean zentzuzkoa den epe bat ezarrita, ondorerik sortzen ez duenean.

2.Hurrengoak arerioarentzat egintza kaltegarriak ez direla kontsideratuko da:

a) babes zibileko zereginak agintari militarren zuzendaritzapean edo kontrolpean egitea;

b) babes zibileko zerbitzuetako langile zibilek lankidetzan jardun dezatela langile militarrekin bere zereginak gauzatzeko edo militar batzuk babes zibileko erakunde zibiletara batu daitezela;

c) nahigabe biktima militarrei onura egin diezazkiekeen babes zibileko zereginak gauzatzea, batik bat borrokatzeko gai ez diren biktima militarrei.

3.Babes zibileko zerbitzuetako langile zibilek banakako arma arinak eramatea ordena mantentzeko edo norberaren defentsarako helburuekin ez da arerioarentzat egintza kaltegarri gisa kontsideratuko.Hala ere, lurreko borroka bat gertatzen den edo gerta daitekeen guneetan, gatazkan dauden alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte arma horiek eskuko armak bakarrik izateko, hala nola, pistolak edo errebolberrak, babes zibileko zerbitzuen langileen eta borrokalariek arteko bereizketa errazteko helburuarekin.Gune horietan beste banakako arma arin batzuk eraman arren, babes zibileko zerbitzuetako langileak errespetatuak eta babestuak izango dira halako izaera onartzen zaien bezain laster.

4.Babes zibileko erakunde zibilak eredu militar baten arabera antolaturik egoteak edo horien langileak derrigorrezko errekrutatzearen xede izateak ez ditu Kapitulu honek ematen dien babesaz gabetuko.

66. artikulua:Identifikazioa

1.Gatazkan dagoen alderdi bakoitza ahaleginduko da, babes zibileko erakundeak, bai eta horien langileak, eraikinak eta materiala, babes zibileko egintzak betetzera soilik esleituta daudenean, identifikatuak izan daitezen ziurtatzeaz.Biztanleria zibilari zuzendutako babeslekuak modu berean identifikatu beharko dira.

2.Gatazkan dagoen alderdi bakoitzak babes zibileko nazioarteko ikur bereizgarria erabiltzen duten babesleku zibilak, bai eta langileak, eraikinak eta babes zibileko materiala identifikatzea ahalbidetzen duten metodoak eta prozedurak hartu eta aplikatzen ere ahaleginduko da.

3.Lurralde okupatuan eta borrokaldiak garatzen diren edo garatzea posible den guneetan, langileak ezagutaraztera emango dira, arau orokor gisa, ikur bereizgarriaren bitartez eta beraien baldintza egiaztatzen duen nortasun txartel baten bidez.

4.Babes zibileko nazioarteko ikur bereizgarriaren irudia, laranja koloreko hondo baten gainean hiruki aldeberdin urdin bat da, hori babes zibileko erakundeen babeserako erabiltzen denean, bai eta bere langileen, eraikinen eta materialaren edo babesleku zibilen babeserako.

5.Ikur bereizgarriaz gain, gatazkan dauden alderdiak ados jar daitezke zeinu bereizgarrien erabileraren inguruan babes zibileko zerbitzuak identifikatzeko xedearekin.

6.1. paragrafotik 4.era ezarritako xedapenen aplikazioak Protokolo honetako I. Eranskinaren V. Kapituluaren arabera jardungo du.

7.Bake garaian, 4. paragrafoan deskribatutako ikurra babes zibileko zerbitzuak identifikatzeko erabili ahal izango da agintari nazional eskudunen baimenarekin.

8.Alderdi kontratugile gorenak eta gatazkan dauden alderdiek babes zibileko nazioarteko ikur berezigarriaren erabilera kontrolatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte, bai eta horren erabilera desegokia eragotzi eta zigortzeko.

9.Osasun eta erlijio langileen identifikazioa, osasun unitateena eta babes zibileko osasun garraiobideena ere 18. artikuluaren arabera izango da.

67. artikulua:Babes zibileko erakundeetara esleitutako indar armatuetako kideak eta unitate militarrak

1.Babes zibileko erakundeetara esleitzen diren indar armatuetako kideak eta unitate militarrak errespetatuak eta babestuak izango dira ondorengo baldintzekin:

a) langile horiek eta unitate horiek modu iraunkorrean esleituta egon daitezela eta 61. artikuluan aipatutako edozein zeregin gauzatzera bakarrik jardutea;

b) hala esleitutako langileak bestelako zeregin militarrik ez gauzatzea gatazkak iraun bitartean;

c) langile horiek argiro bereizi ahal izatea indar armatuetako beste kide batzuetatik, babes zibileko nazioarteko ikur bereizgarria tamaina egokian agerian erakusten dutelarik, eta beraien izaera bermatzeko Protokolo honetako I. Eranskineko V. Kapituluan aipatzen den nortasun txartela eraman dezatela;

d) langile horiek eta unitate horiek banakako arma arinak bakarrik izatea, ordena mantentzeko edo norbera defenditzeko helburuarekin.65. artikuluko 3. paragrafoko xedapenak kasu honetan ere aplikatuko dira;

e) langile horiek borrokaldietan zuzenean parte ez hartzea, eta arerioarentzat kaltegarriak diren egintzak ez gauzatzea edo gauzatzeko ez erabiltzea, beraien babes zibileko zereginez gain;

f) langileak eta unitate horiek babes zibileko zereginak bere alderdiaren nazio lurraldearen barnean bakarrik gauzatzea.

Debekatuta gelditzen da a) eta b) ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituzten indar armatuetako edozein kidek e) atalean ezarritako baldintzak ez betetzea.

2.Babes zibileko erakundeetan zerbitzuak eskaintzen dituen langile militar bat aurkako alderdiaren esku erortzen bada, gerrako preso kontsideratuko da.Lurralde okupatuan beharrezkoa den neurrian babes zibileko zereginetarako enplegatu ahal izango da, beti ere lurralde horretako biztanleria zibilaren intereserako baino ez denean, dena den, zeregin horiek arriskutsuak badira, zeregin horietarako boluntario eskaintzeko baldintzapean.

3.Babes zibileko erakundeei esleitutako unitate militarren eraikinak eta tresneria eta garraiobideen osagai nagusiak modu argian seinaleztatuak egongo dira babes zibileko nazioarteko ikur bereizgarriarekin.Ikur bereizgarri hau beharrezkoa den bezain handia izango da.

4.Babes zibileko organismoei modu iraunkorrean esleitutako unitate militarren material eta eraikinak eta babes zibileko zereginak gauzatzeko soilik erabiliak, gerrako legeen menpe egoten jarraituko dute aurkako alderdiaren esku erortzen badira.Dena den, premiazko beharrizan militarren kasuan salbu, ezingo dira babes zibiletik ezberdinak diren beste helburu batzuetarako erabili babes zibileko zereginak gauzatzeko beharrezkoak diren bitartean, ez bada aurretiaz biztanleria zibilaren beharrizanei erantzuteko xedapen egokiak hartu direla.

II. Atala – Laguntza biztanleria zibilaren mesedetan

68. artikulua:Aplikazio-esparrua

Atal honen xedapenak biztanleria zibilari aplikatuko zaizkio, Protokolo honen esanguran ulertuta, eta IV. Hitzarmeneko 23, 55, 59, 60, 61 eta 62. artikuluak eta egoki diren gainontzeko xedapenak osatzen ditu.

69. artikulua:Oinarrizko beharrizanak lurralde okupatuetan

1.IV. Hitzarmenaren 55. artikuluak elikagai eta mediku produktuen inguruan ezartzen dizkion betebeharrez gain, potentzia okupatzaileak bere baliabideen neurrian eta izaera kaltegarria duen inolako bereizketarik gabe, janzteko eta oheko arropa, presazko ostatuak eta lurralde okupatuan biztanleria zibilaren biziraupenerako oinarrizkoak diren beste hornigai batzuez hornitzea ere bermatuko du, bai eta kulturako beharrezko diren objektuez hornitzea ere.

2.Lurralde okupatuetan biztanleria zibilaren mesedetan laguntza egintzak IV. Hitzarmenaren 59, 60, 61, 62, 108, 109, 110 eta 111. artikuluen arabera zuzentzen dira, bai eta Protokolo honetako 71. artikuluan xedatutakoaren arabera ere, eta atzerapenik gabe gauzatuko dira.

70. artikulua:Laguntza egintzak

1.Lurralde okupatua izan gabe, gatazkako alderdi baten kontrolpean dagoen edozein lurraldetako biztanleria zibila zenbateko nahikoan hornitua ez dagoenean 69. artikuluan aipatutako hornikinez, alderdi interesatuen arteko akordioarekin bat etorriz, izaera humanitario eta inpartziala duten laguntza egintzak gauzatuko dira eta izaera kaltegarria duen inolako bereizketarik gabe burutuko direnak.Halako laguntzen eskaintza ez da gatazkan esku-hartze edo erasotzeko egintza gisa kontsideratuko.Laguntza bidalketen banaketan lehentasuna emango zaie, hala nola haurrak, haurdun dauden emakumeak, erdi-urrenean dauden emakumeak eta bular-emaileak diren emakumeak bezala, tratu pribilegiatua dutenak edo IV. Hitzarmenarekin edo Protokolo honekin bat etorriz babes berezia dutenak.

2.Gatazkan dauden alderdiak eta alderdi kontratugile gorenek Atal honetan xedatutakoarekin bat etorriz hornitutako bidalketa, laguntza material eta langile guztien igarotze azkar eta oztoporik gabea baimendu eta erraztuko dituzte, barne hartuta laguntza hori aurkako alderdiaren biztanleria zibilari zuzenduta dagoenean.

3.2. paragrafoaren bat etorriz bidalketa, langile material eta langileen igarotzea baimentzen duten gatazkan dauden alderdiek eta alderdi kontratugile gorenek:

a) igarotze horiek onartzeko baldintza teknikoak finkatzeko eskubidea izango dute, ikerketa barne;

b) baimen horren emakida laguntzaren banaketa tokiko potentzia babesle baten ikuskapenarekin egiteko baldintzaren menpe jar dezake;

c) ezingo dituzte laguntza bidalketak, inolaz ere, esleitu zaien destinotik desbideratu, ezta horien igarotzea atzeratu ere, eragindako biztanleria zibilaren interesean presazko beharrizan kasuetan salbu.

4.Gatazkan dauden alderdiek laguntza bidalketak babestuko dituzte eta horien banaketa azkarra erraztuko dute.

5.Gatazkan dauden alderdiek eta alderdi kontratugile goren interesatuek 1. paragrafoan azaltzen diren laguntza egintzen nazioarteko lankidetza eragingarria sustatu eta erraztuko dute.

71. artikulua:Sorospen egintzetan parte hartzen duten langileak

1.Beharrezkoa denean, sorospen langileek eman beharreko edozein sorospen egintzetan parte izan daitezke, batez ere garraiorako eta bidalketen banaketarako; langile horien parte hartzea zein lurraldetan eman behar laguntza eta lurralde horretako alderdiaren onarpenaren mende gelditzen da.

2.Langile horiek errespetatuak eta babestuak izango dira.

3.Laguntza bidalketan jasotzen dituen alderdiak, posible den neurrian, 1. paragrafoan aipatzen diren sorospen langileei lagunduko die horien misioa gauzatzean.Premiazko beharrizan militarren kasuan bakarrik mugatu daitezke sorospen langileen egintzak eta beraien mugimenduak aldi batez murriztuak.

4.Sorospen langileek ezingo dute, inolako inguruabarretan, beraien misioaren mugak gainditu Protokolo honetan ezarritakoarekin bat etorriz.Zein alderditako lurraldean zerbitzuak eskaini eta horren segurtasun eskakizunak izango dituzte batez ere kontuan.Baldintza hauek errespetatzen ez dituen sorospen langileen kide ororen misioa amaitutzat eman ahal izango da.

III. Atala:Gatazkan dagoen alderdi baten esku dauden pertsonei tratua

I. Kapitulua:Aplikazio esparrua eta pertsona eta ondasunen babesa

72. artikulua:Aplikazio-esparrua

Atal honetako xedapenek IV. Hitzarmenean, eta batik bat bere I. eta III. Tituluan, jasotako gatazkan dagoen alderdi baten esku dauden pertsona zibilen eta izaera zibila duten ondasunen babes humanitarioari buruzko arauak osatzen ditu, bai eta nazioarteko izaera duten gatazka armatuek iraun bitartean oinarrizko eskubideen babesaren inguruan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbideko gainontzeko arauak.

73. artikulua:Errefuxiatuak eta aberrigabeak

Borrokaldiak hasi baino lehen aberrigabeak edo errefuxiatuak kontsideratutako pertsonak, alderdi interesatuek onartutako egoki diren nazioarteko tresnen esanguran edo hartu dituen edo bizi diren estatuaren nazio legeriaren esanguran, inguruabar guztietan eta izaera kaltegarria duen inolako bereizketarik gabe aberrigabe edo errefuxiatu izango dira pertsona babestu gisa IV. Hitzarmeneko I eta III. Tituluetako esanguran.

74. artikulua:Sakabanatutako familien bateratzea

Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek posible den neurrian gatazka armatuaren ondorioz sakabanatuta dauden familien bateratzea erraztuko dute eta batik bat zeregin honetan diharduten erakunde humanitarioen egitekoa adoretzera, Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenekin bat etorriz eta bakoitzaren segurtasun neurriekin bat etorriz.

75. artikulua:Oinarrizko bermeak

1.Protokolo honetako 1. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean aurkitzen direnean, gatazkan dagoen alderdi baten esku dauden pertsonak eta Hitzarmenen eta Protokolo honen arabera tratu mesedegarriagoa ez dutenek, inguruabar guztietan gizatasunez tratatuko dira eta artikulu honetan ezarritako babesa izango dute gutxienez, izaera kaltegarria duen inolako bereizketarik gabe arrazan, kolorean, sexuan, hizkuntzan, erlijioan edo sinesmenetan, iritzi politikoetan edo beste mota batekoetan, jatorri nazional edo sozialean, aberastasunean, jaiotzan edo beste egoera edo beste edozein antzeko izaeratan oinarrituta.Alderdi bakoitzak pertsona guztien izatea, ohorea, sinesmenak eta erlijio eginerak errespetatuko ditu.

2.Denbora eta leku guztietan debekatuta daude eta debekatuta geldituko dira ondorengo egintzak, egintza horiek eragile zibilek nahiz militarrek eginak izan:

a) pertsonen bizitza, osasuna eta osasun fisiko edo mentalaren aurkako atentatuak, batik bat:

i) erailketa;

ii) edozein motatako tortura, hori fisikoa zein mentala izan;

iii) gorputz-zigorrak; eta

iv) ebaketak;

b) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, bereziki tratu umiliagarri eta apalesgarriak, derrigortutako prostituzioa eta apaltasunari atentatu den edozein modu;

c) pertsonak bahiturik hartzea;

d) talde-zigorrak; eta

e) aipatutako egintzak gauzatzearekin mehatxu egitea.

3.Gatazka armatuarekin zerikusia duten egintzengatik atxilotutako, preso hartutako edo barneratutako pertsona oro atzerapenik gabe informatuko da, berak ulertzen duen hizkuntza batean, neurri horiek eragin dituzten arrazoien inguruan.Zigor arau-haustearengatik gertatutako atxilotze edo espetxeratze kasuetan salbu, pertsona hori ahalik eta arinen askatuko da eta edozein kasutan atxiloketa, espetxeratzea edo barneratzea bidezkotu duten inguruabarrak desagertu bezain laster.

4.Ez da kondenarik ezarriko ezta zigorrik exekutatuko ere, gatazka armatuarekin zerikusia duen zigor arau-hauste batengatik errudun aitortua izan den pertsona batekiko, ez bada auzitegi inpartzial batek emandako epaiaren arabera baino, auzitegi hori legearen arabera eratua izan denean eta prozedura judizial arruntarentzat onartutako printzipio orokorrak errespetatzen dituena, eta batik bat, ondorengoak:

a) prozedurak ezarriko du akusatua atzerapenik gabe informatu behar dela egozten zaion arau-haustearen zehaztapenen inguruan eta epaiketa baino lehen gauzatzen diren egintzetan eta epaiketa bitartean, akusatuari eskubide eta beharrezko defentsa bide guztiak bermatuko dizkio;

b) inor ezin da arau-hauste batengatik zigortu ez bada beraren norbanako zigor erantzukizunean oinarrituta ez bada;

c) inor ez da akusatua edo zigortua izango, egintza gauzatzerako unean aplikagarri zaion nazio zuzenbidearen edo nazioarteko zuzenbidearen arabera delitu ez diren egite edo ez-egiteengatik.Halaber, ez da ezarriko arau-haustea gauzatzerako unean aplikagarri litzatekeena baino astunagoa den zigor bat.Delitua egin ostean legeak zigor arinagoa ezarri behar dela xedatzen badu, arau-haustea egin duenak xedapen horren onura izango du;

d) arau-hauste bat gauzatzeaz akusatua den pertsona errugabea dela uste izango da legearen arabera bere erruduntasuna frogatzen ez den bitartean;

e) arau-hauste bat egiteaz akusatua izan den pertsona orok epaitua den bitartean bertan egoteko eskubidea izango du;

f) inor ezingo da behartu bere buruaren aurka adierazpenik egitera ezta nork bere burua errudun aitortzera ere;

g) arau-hauste bat gauzatzeaz akusatu den pertsona orok eskubidea izango du egozbide-lekukoei galdeketa egiteko edo galdeketa eginarazteko, eta zuribide-lekukoen agerraldia lortzeko, eta lekuko horiei egozbide-lekukoen baldintza berdinetan galdeketa egiteko;

h) inor ezingo da alderdi berdinarengatik epaitua eta zigortua izan, legeria berdinaren arabera eta prozedura judizial berdinarekin, dagoeneko epai irmo, zigortzaile edo absoluziozkoa eman den delitu bati dagokionez;

i) arau-hauste bat egiteagatik epaitua izan den pertsona orok eskubidea izango du epaia jendaurrean emana izan dadin; eta

j) kondenatua izan den pertsona oro informatua izango da, bere kondenaren unean, errekurtso judiziala eta mota guztietakoa aurkezteko duen eskubideaz, bai eta eskubide horiek egikaritzeko dituen epeen inguruan ere.

5.Gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta askatasunaz gabetuak diren emakumeak, gizonezkoak dauden lokaletatik ezberdinak diren beste batzuetan egongo dira.Hauen zuzeneko zaintza emakumeen ardurapean egongo da.Hala ere, posible den guztietan, atxilotutako edo barneratutako familiei, familia-unitate gisa, leku berean emango zaie ostatu.

6.Gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta atxilotutako, espetxeratutako edo barneratutako pertsonak artikulu honek emandako babesa izango dute, baita gatazka armatua amaitu eta gero ere, beraien behin betiko askapena, aberriratzea edo lekukotzea gertatu arte.

7.Gerrako krimenengatik edo gizateriaren aurkako krimenengatik akusatutako pertsonen prozedura eta epaiketaren inguruko edozein zalantza saihesteko helburuarekin, ondorengo printzipioak aplikatuko dira:

a) krimen horiengatik akusatuak diren pertsonak aplikagarri diren nazioarteko zuzenbide arauen arabera epaituak izan beharko dira eta horrek ezarritako prozeduraren menpe; eta

b) Hitzarmenen edo Protokolo honen arabera tratu mesedegarriago bat ez duen pertsona horietatik edozeinek, artikulu honetan ezarritako tratua jasoko du, egozten zaizkion krimenak Hitzarmenen edo Protokolo honen arau-hauste larria diren edo ez alde batera utzita

8.Artikulu honetako xedapenetako bat bera ere ezingo da interpretatu beste edozein xedapen mesedegarriago bat mugatu edo urratzeko moduan eta 1. paragrafoan jasotako pertsonei babes handiagoa eskaintzea aplikagarri diren nazioarteko zuzenbidearen beste arau batzuen arabera.

II. Kapitulua:Emakumeen eta haurren mesedetan neurriak

76. artikulua:Emakumeen babesa

1.emakumeak errespetu berezi baten xede izango dira eta bereziki indarkeria, derrigortutako prostituzioa eta apaltasunari atentatu den beste edozein formaren aurka babestuak.

2.Lehentasun osoarekin erantzungo dira haurdun dauden emakumeen kasuak eta adin txikiko haurrak euren ardurapean dituzten emakumeen kasuak, gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta atxilotuak, espetxeratuak edo barneratuak izan direnak.

3.Posible den neurrian, gatazkan dauden alderdiek haurdun dauden emakumeei edo adin txikiko haurrak euren ardurapean dituzten emakumeei gatazka armatuarekin zerikusia duten delituengatik heriotz zigorra ezartzea saihestuko dute.Halako delituengatik emakume horiei ezarritako heriotz zigorra ez da exekutatuko.

77. artikulua:Haurren babesa

1.Haurrak errespetu berezi baten xede izango dira eta apaltasunari atentatu den edozein formaren kontra babestuko dira.Euren adinagatik edo beste edozein arrazoirengatik behar dituzten zaintzak eta laguntza emango dizkiete gatazkan dauden alderdiek.

2.Gatazkan dauden alderdiek posible den neurri guztiak hartuko dituzte hamabost urtetik beheragoko haurrak borrokaldietan zuzenean parte har ez dezaten, bereziki euren indar armatuetarako erreklutatzeari uko eginez.Hamabost urtetik gorako baina hamazortzi urtetik beherako pertsonak erreklutatzean gatazkan dauden alderdiek lehenengo adin nagusienekoak izen ematea ahaleginduko dira.

3.2. paragrafoko xedapenek ezarritako gorabehera, salbuespen kasuetan, hamabost urtetik beherako haurrek borrokaldietan zuzenean parte hartzen badute eta kontrako alderdiaren esku erortzen badira, artikulu honek emandako babes bereziaren babesa izaten jarraituko dute, gerrako presoak izan edo ez.

4.Gatazka armatuarekin zerikusia duen arrazoiak direla eta atxilotuak, espetxeratuak edo barneratuak izanez gero, haurrak helduentzako diren lekuetatik ezberdinak diren beste batzuetan egongo dira, salbu eta 75. artikuluko 5. paragrafoan ezarritako moduan familia-unitateetan ostatu emanda dauden familien kasuetan.

5.Gatazka armatuarekin zerikusia duen arau-hauste batengatik ezarritako heriotz zigorra ez da exekutatuko, arau-haustea egindako pertsonak, hori egiterako unean hamazortzi urtetik beherakoa balitz.

78. artikulua:Haurren kanporatzea

1.Gatazkan dagoen alderdietako bat berak ere ez du atzerriko herrialde batetatik bere naziokotasunekoak ez diren haurren kanporatzea aginduko, salbu eta aldi baterako kanporatzeen kasuan hala eskatzen dutenean haurraren osasunarekin, bere mediku tratamenduarekin edo, lurralde okupatuan salbu, bere segurtasunarekin lotura duten premiazko arrazoiek.Gurasoak edo tutoreak aurki daitezkeenean, kanporaketarako hauen baimen idatzia eskatuko da.Horiek ezin badira aurkitu, kanporatze horretarako legearen edo ohituraren arabera haurren zaintzaren erantzule nagusiak diren pertsonen baimen idatzia eskatuko da.Izaera horretako kanporatze oro potentzia babesleak kontrolatuko du alderdi interesatuekin bat etorriz, hau da, kanporatzea antolatzen duen alderdia, haurrak hartzen dituen alderdia eta kanporatuak diren pertsonak zein naziokotasunekoak izan eta alderdi horiekin.Edozein kasutan, gatazkan dauden alderdi guztiek posible diren arreta neurri guztiak hartuko dituzte kanporatzea arriskuan ez jartzeko.

2.1. paragrafoarekin bat etorriz kanporatze bat gauzatzen denean, haurren heziketa, euren gurasoek nahi duten erlijio eta moral heziketa barne, ahalik eta jarraitasun handienarekin segituko da zein herrialdetara eramana izan eta herrialde horretan dagoen bitartean.

3.Artikulu honen arabera kanporatutako haurrak euren familiaren barnera eta euren herrialdera itzultzeko errazteko helburuarekin, kanporatzea agintzen duen alderdiaren agintariek eta, hori bidezkoa izanez gero, haurrak hartu dituen herrialdeko agintariek haur bakoitzarentzat txartel bat egingo dute argazki eta guzti, eta hori Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen Bilaketa Agentzia Zentralera bidaliko dute.Ahal izanez gero eta haurrarentzat inolako kalte arriskurik ez badakar, txartel horrek ondorengo datuak jasoko ditu:

a) haurraren abizena(k);

b) haurraren izena(k);

c) haurraren sexua;

d) jaiotza lekua eta data (edo, data ezagutzen ez bada, gutxi gorabeherako adina);

e) aitaren izena(k) eta abizena(k);

f) amaren izena(k) eta abizena(k) eta beharrezkoa izango balitz bere ezkongabe abizena;

g) haurraren senide gertukoenak;

h) haurraren naziokotasuna;

i) herri-hizkuntza eta haurrak erabil ditzakeen beste edozein hizkuntza;

j) haurraren familiaren helbidea;

k) haurraren identifikazioa ahalbide dezakeen edozein zenbaki;

l) haurraren osasun egoera;

m) haurraren odol-taldea;

n) ezaugarri bereziak;

o) haurra zein lekutan aurkitu zen eta horren data;

p) haurra bere herrialdetik irteteko lekua eta data;

q) haurraren erlijioa, izango balu;

r) haurraren oraingo helbidea, haurra hartu duen herrialdean;

s) haurra bere itzulera baino lehen hilko balitz, heriotzaren data, lekua eta inguruabarrak eta zein lekutan dagoen lurperatua.

III. Kapitulua - Kazetariak

79. artikulua:Kazetarien babes neurriak

1.Gatazka armatuko guneetan lanbide-zeregin arriskutsuak gauzatzen dituzten kazetariek, pertsona zibilak kontsideratuko dira 50. artikuluko 1. paragrafoaren esanguran.

2.Halakoak izango balira bezala babestuko dira Hitzarmenekin eta Protokolo honekin bat etorriz, bere pertsona zibil estatutuari eragingo ez dion edozein egintza gauzatzeari uko egitearen baldintzapean eta baimendutako gerra-berriemaileei indar armatuen aurrean III. Hitzarmeneko 4, A.4) artikuluak aitortzen dien estatutuaren onura izateko eskubideari kalterik egin gabe.

3.Identifikazio txartel bat lortu ahal izango dute Protokolo honetako II. Eranskinaren ereduaren arabera.Txartel hori, kazetariak zein estatuko nazionalak izan eta bertako gobernuak egingo du edo bizi diren lurraldeko gobernuak, edo bere zerbitzuak enplegatzen dituen berri-agentzia edo informazio-organoa kokatuta dagoen herrialdeko gobernuak, txartelaren titularraren kazetari egoera egiaztatuko du.

V. TituluaHitzarmenen eta Protokolo honen exekuzioa

I. Atala:Xedapen orokorrak

80. artikulua:Exekuzio neurriak

1.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek atzerapenik gabe beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte Hitzarmenen eta Protokolo honen arabera eragiten dieten betebeharrak betetzeko.

2.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek agindu eta jarraibide egokiak emango dituzte Hitzarmenen eta Protokolo honen errespetua bermatzeko eta hauen aplikazioaz arduratuko dira.

81. artikulua:Gurutze Gorriaren eta beste erakunde humanitario batzuen egintzak

1.Gatazkan dauden alderdiek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari euren esku dauden erraztasun guztiak emango dizkiote Hitzarmenek eta Protokolo honek ematen dizkion zeregin humanitarioak gauzatu ahal izateko, gatazken biktimei babesa eta laguntza emateko helburuarekin; Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak beste edozein egintza humanitario ere egin dezake biktima horien mesedetan, gatazkan dauden alderdi interesatuen aurretiazko baimenarekin.

2.Gatazkan dauden alderdiek bakoitzak bere Gurutze Gorriaren erakundeei (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorria) beharrezko erraztasunak emango dizkie gatazkako biktimen mesedetan egintza humanitarioak egikaritzeko, Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenekin bat etorriz eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Konferentzietan jasotako Gurutze Gorriaren oinarrizko printzipioekin bat etorriz.

3.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek, posible den neurrian, Gurutze Gorriaren erakundeek (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorria) eta Gurutze Gorriaren Sozietateen Elkarteak gatazken biktimei ematen dien laguntza erraztuko dute, Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenen arabera eta Gurutze gorriaren nazioarteko Konferentzietan jasotako Gurutze Gorriaren oinarrizko printzipioen arabera.

4.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek, posible den neurrian, 2 eta 3. paragrafoetan aipatutakoen antzekoak diren erraztasunak emango dizkiete Hitzarmenetan eta Protokolo honetan aipatzen diren gainontzeko erakunde humanitarioei, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak behar bezala baimendua daudenak eta beraien egintza humanitarioak Hitzarmenen eta Protokolo honen xedapenen arabera gauza ditzaten.

82. artikulua:Aholkulari juridikoak indar armatuetan

Alderdi kontratugile gorenek une oro, eta gatazkan dauden alderdiek gatazka armatu garaian, bidezkoa denean, Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioaren inguruan eta horren inguruan indar armatuei eman beharrezko heziketaren inguruan komandante militarrei maila egokian aholku ematen dieten aholkulari juridikoak izan ditzatela zainduko dute.

83. artikulua:Hedapena

1.Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute, bai bake garaian zein gatazka armatu garaian, bakoitzak bere herrialdeetan Hitzarmenak eta Protokolo hau ahalik eta zabalen hedatzeko eta, bereziki, heziketa militarreko programetan horien ikasketa sartzeko eta biztanleria zibilaren artean horien ikasketa sustatzeko, horrela trena horien indar armatuen artean eta biztanleria zibilaren artean ezagutuak izan daitezen.

2.Gatazka armatu garaian, Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioaren arabera erantzukizunak bereganatzen dituzten agintari militarrak, testua bere osotasunean ezagutu beharko dute.

84. artikulua:Aplikazio legeak

Alderdi kontratugile gorenek, ahalik eta azkarren, gordailuzainaren bitartez eta, hala denean, potentzia babesleen bitartez, elkar jakinaraziko dizkiete Protokolo honen itzulpen ofizialak, bai eta honen aplikazioa bermatzeko onartzen dituzten lege eta erregelamenduak.

II. Atala – Hitzarmenen edo Protokolo honen arau-hausteen zigortzea

85. artikulua:Protokolo honen arau-hausteen zigortzea

1.Arau-hausteen eta arau-hauste larrien inguruko Hitzarmenen xedapenak, Atal honen bidez osatuak, Protokolo honen arau-hausteen eta arau-hauste larrien zigortzeari dira aplikagarriak.

2.Protokolo honen arau-hauste larri moduan ulertzen da, Hitzarmenetan arau-hauste larri moduan deskribatutako egintzak Protokolo honetako 44, 45 eta 73. artikuluarengatik babestuta dauden kontrako alderdi baten esku dauden pertsonak, edo Protokolo honek babestutako aurkako alderdiaren zauritu, gaixo edo itsasoan galdutakoen aurka, edo kontrako alderdiaren kontrolpean dauden eta Protokolo honek babesten dituen osasun edo erlijio langileen, osasun unitateen edo osasun garraiobideen aurka.

3.11. artikuluan definitutako arau-hauste larriez gain, Protokolo honen arau-hauste larritzat joko dira ondorengo egintzak, nazioarte mailak gauzatzen direnean, Protokolo honen xedapenak urratzerakoan, eta heriotza eragiten dutenean edo osotasun fisikoaren aurka edo osasunaren aurka modu larrian atentatu egiten dutenean:

a) biztanleria zibila edo pertsona zibilak erasoen xede bihurtu;

b) bereizi gabeko eraso bat egitea biztanleria zibilari edo izaera zibila duten ondasunei eragiten diena, jakinaren gainean egonda halako erasoak hildakoak edo zaurituak eragingo dituela biztanleria zibilaren artean edo kalteak izaera zibila duten ondasunetan eta ondorio hauek gehiegizkoak izango direla 57. artikuluko 2. paragrafoko a) iii. puntuaren esanguran;

c) indar arriskutsuak dituzten obra edo instalazioen aurka erasotzea, jakinaren gainean egonda eraso honek hildakoak edo zaurituak eragingo dituela biztanleria zibilaren artean edo kalteak izaera zibileko ondasunen artean, eta ondorio horiek gehiegizkoak izango direla 57. artikuluko 2. paragrafoko a) iii puntuaren esanguran.

d) babestuta ez dauden herriak eta gune desmilitarizatuak erasoen xede bihurtzea;

d) pertsona bat erasoen xede bihurtzea pertsona hori borrokatzeko gai ez dela jakin arren;

f) gurutze gorriaren, ilargi erdi gorriaren edo lehoiaren eta eguzki gorrien edo Hitzarmenetan edo Protokolo honetan aitortutako beste ikur babesle batzuen erabilera desleiala egitea, 37. artikulua urratuz.

4.Aurreko paragrafoetan eta Hitzarmenetan definitutako arau-hauste larriez gain, ondorengo egintzak ere Protokolo honen arau-hauste larritzat joko dira nazioarte mailan gauzatzen direnean eta Hitzarmenak eta Protokoloa urratuz:

a) potentzia okupatzaileak berak bere biztanleria zibileko jendea okupatutako lurraldera lekualdatzea, edo erbesteratzea edo okupatutako lurraldearen barnean edo kanpoan lurralde horretako biztanleriaren osotasunaren edo zati baten lekualdatzea, IV. Hitzarmenaren 49. artikulua urratuz;

b) gerrako presoak edo pertsona zibilak aberriratzean justifikatu gabeko atzerapena;

c) apartheid-aren praktika eta arraza bereizkerian oinarritutako gainontzeko praktika krudel eta umiliagarriak, duintasun pertsonalaren aurkako iraina eragiten dutenak;

d) modu argian antzemandako monumentu historiko, artelan edo kultu lekuen kontra eraso bat zuzentzea, leku hauek herrien kultura- edo espiritu-ondarea osatzen dutenean eta babes berezia eman zaienean akordio berezien arabera, esaterako, nazioarteko erakunde eskudun baten esparruaren barnean egindakoak, eraso horien ondorioz leku horietan suntsiketa handiak eragin direnean, aurkako alderdiak 53. artikuluaren b) atala urratu izanaren frogarik ez dagoenean eta halako monumentu historikoak, kultu lekuak edo artelanak xede militarren inguru hurbilean kokatuta ez daudenean;

e) Hitzarmenek babestutako pertsona bat edo artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako pertsona bat ohiko moduan eta modu inpartzialean epaitua izateko duen bere eskubidea ukatzea.

5.Hitzarmenen eta Protokolo honen aplikazioari kalterik egin gabe, tresna horien arau-hauste larriak gerrako krimentzat joko dira.

86. artikulua:Ez egiteak

1.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek arau-hauste larriak zigortu beharko dituzte eta jarduteko betebehar bat ez betetzetik ondorioztatzen diren Hitzarmenen edo Protokolo honen gainontzeko arau-hausteak amaitzeko beharrezko neurriak hartu.

2.Hitzarmenen edo Protokolo honen arau-haustea menpeko batek egin izanak, kasuaren arabera, ez ditu menpeko horren nagusiak zigor- edo diziplina-erantzukizunetik salbuesten, horiek ezagutzen bazuten menpeko hori arau-hauste hori gauzatzen ari zela edo gauzatzekotan zegoela, edo momentuko inguruabarren arabera hori ondorioztatzeko informazioa bazuten, eta arau-hauste hori saihestu edo zigortzeko euren esku zeuden neurri egingarri guztiak hartu izan ez balituzte.

87. artikulua:Nagusien betebeharrak

1.Alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek buru militarrei eskatuko diete, beren agindupean dauden indar armatuen kideei dagokienez eta euren agintaritzapean dauden gainontzeko pertsonei dagokienez, Hitzarmenen eta Protokolo honetako arau-hausteak eragoztea eta, beharrezkoa izango balitz, zigor ditzatela eta agintari eskudunen aurrean sala ditzatela.

2.Arau-hausteak saihestu eta zigortzeko helburuarekin, alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek eskatuko dute buruek, euren erantzukizun mailaren arabera, neurriak har ditzatela beraien agindupean dauden indar armatuetako kideek Hitzarmenen eta Protokolo honetako xedapenen arabera dituzten betebeharren berri izan dezatela.

3.Edozein buruk, bere menpekoak edo bere agintaritzapean dauden beste pertsona batzuek Hitzarmenen edo Protokolo honen arau-hauste bat gauzatu behar dutela edo gauzatu dutela badaki, alderdi kontratugile gorenek eta gatazkan dauden alderdiek Hitzarmenen eta Protokolo honen halako urraketak saihesteko beharrezko neurriak hartzera behartuko dituzte eta, beharrezkoa izango balitz, diziplina edo zigor akzio bat egikari dezala urraketen egileen aurka.

88. artikulua:Elkarrekiko laguntza judiziala zigor arloan

1.Alderdi kontratugile gorenek posible den laguntza handiena emango diote elkarri Hitzarmenen edo Protokolo honen arau-hauste larrien inguruko zigor prozesuei dagokienez.

2.Hitzarmenek eta Protokolo honetako 85. artikuluko 1. paragrafoak ezarritako eskubide eta betebeharrei kalterik egin gabe, eta inguruabarrek ahalbidetzen dutenean, alderdi kontratugile gorenek lankidetzan jardungo dute estradizio-arloan.Alegatutako arau-haustea zein lurraldetan gauzatu eta bertako estatuaren eskaera behar bezala hartuko du kontuan.

3.Kasu guztietan, eskatutako alderdi kontratugile gorenaren legea izango da aplikagarri.Hala ere, aurreko paragrafoetako xedapenek ez dute eraginik izango alde biko edo alde anitzeko beste edozein hitzarmenetan jasotako xedapenek ematen dituzten betebeharretan, hitzarmen horiek zigor arloan elkarrekiko laguntza judiziala osotasunean edo zati batean arautzen duena edo arautu izan duena.

89. artikulua:Lankidetza

Hitzarmenen edo Protokolo honen urraketa larrien egoeretan, alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Nazio Batuekin lankidetzan aritzeko, batera edo bakoitzak bere aldetik, eta Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

90. artikulua:Nazioarteko Inkesta Batzordea

1.a) Nazioarteko Inkesta Batzorde bat eratuko da, aurrerantzean “Batzordea” deitua, moral handiko eta inpartzialtasun ezaguneko hamabost kidek osatua.

b) Gutxienez hogei alderdi kontratugile gorenek Batzordearen eskumena onartzea hitzartzen duten unean 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta osterantzean bost urtetako tarteka, gordailuzainak alderdi kontratugile goren horien ordezkarien bilera deituko du, Batzordearen kideak aukeratzeko xedearekin.Bilera horretan, ordezkariek Batzordeko kideak boto sekretu bidez aukeratuko dituzte zerrenda batetatik, eta zerrenda hori osatzeko alderdi kontratugile goren bakoitzak izen bat proposa dezake.

c) Batzordeko kideek modu pertsonalean jardungo dute eta euren agintea gauzatuko dute hurrengo bileran kide berriak hautatu arte.

d) Hautaketa egiterakoan, alderdi kontratugile gorenek ziurtatuko dute hautagai bakoitzak badituela beharrezko gaitasunak eta Batzordeak, bere osotasunean, ordezkaritza geografiko ekitatiboa eskaintzen duela.

e) Kideren baten lekua hutsik geldituko balitz, Batzordeak berak kide berri bat hautatuko du aurreko ataletako xedapenak behar bezala kontuan hartuta.

f) Gordetzaileak beharrezko administrazio zerbitzuak emango dizkio Batzordeari bere zereginak betetzeko.

2.a) Protokoloa sinatu, berretsi edo atxikitzerako unean, edo geroago beste edozein unetan, alderdi kontratugile gorenek ipso facto eta akordio berezirik gabe eta betebehar bera onartzen duen beste edozein alderdi kontratugile goreni dagokionez, Batzordearen eskumena onartzen dutela aitor dezakete, beste alderdi horrek egindako salaketen inguruan ikerketa bat egin dezan, artikulu honek baimentzen duen moduan.

b) Lehen aipatutako adierazpenak gordetzaileari aurkeztuko zaizkio, eta horrek adierazpenen kopiak igorriko dizkie alderdi kontratugile gorenei.

c) Batzordeak ondorengoa egiteko eskumena izango du:

i) Hitzarmenetan edo Protokolo honetan arau-hauste larri moduan definitutako edo Hitzarmenen edo Protokolo honen beste edozein urraketa larri moduan alegatutako edozein egintzaren inguruan ikerketa bat egitea;

ii) euren jardunbide egokien bidez, Hitzarmenen eta Protokolo honen errespetu jokaerara itzultzea erraztea.

d) Beste kasu batzuetan, Batzordeak ikerketa bati ekingo dio gatazkan dagoen alderdi baten eskaera jarraituz, beste alderdiaren edo interesatutako beste alderdien baimenarekin soilik.

e) Paragrafo honetako aurreko xedapenei, I. Hitzarmenaren 52. artikuluko, II. Hitzarmeneko 53. artikuluko, III. Hitzarmeneko 132. artikuluko eta IV. Hitzarmeneko 149. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, Hitzarmenen ustezko urraketa guztiei aplikatzen jarraituko zaie eta Protokolo honetako ustezko urraketa guztietara zabalduko dira.

3.a) Alderdi interesatuek beste zerbait hitzartu ezean, ikerketa guztiak zazpi kidez osatutako Sala batek gauzatuko ditu; kide horiek ondorengo moduan izendatuko dira:

i) Batzordeko bost kide, gatazkan dauden alderdien naziokoak ez direnak, Batzordeko Presidenteak izendatuak erregio geografikoetako ordezkaritza ekitatiboan oinarritua, aurretiaz gatazkan dauden alderdiei kontsulta eginez;

ii) gatazkan dauden alderdien nazional ez diren bi kide ad hoc, horietako bakoitza gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak izendatua.

b) Ikerketa bat egiteko eskaera jasotzerakoan, Batzordearen Presidenteak epe egoki bat finkatuko du Sala bat eratzeko.Ad hoc kideetako bat edo biak ezarritako epearen barruan izendatuak izango ez balira, Presidenteak berehala Salaren osaketa osatzeko beharrezkoak direnak izendatuko ditu.

4.a) Sala, 3.paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz ikerketa bat egiteko eratua, gatazkan dauden alderdiak bertaratzeko eta frogak aurkezteko gonbitea egingo die.Salak, gainera, komenigarri deritzon frogak lortzen ahaleginduko da eta egoeraren ikerketa in loco gauzatzen ahaleginduko da.

b) Froga guztiak alderdi interesatuei ezagutzera emango zaizkie, eta Batzordeari horien inguruko oharrak egiteko eskubidea izango dute.

c) Alderdi interesatu bakoitzak froga horien aurka egiteko eskubidea izango du.

5.a) Batzordeak alderdi interesatuei txosten bat aurkeztuko die Salak egintzen inguruan atera dituen ondorioekin, egoki deritzon gomendioekin batera.

b) Sala ondorio objektibo eta inpartzialetara heltzeko froga nahikoa lortzeko ezintasunean aurkitzen bada, Batzordeak ezintasun horren arrazoiak ezagutaraziko ditu.

c) Batzordeak ez ditu bere ondorioak argitara emango, ez bada gatazkan dauden alderdi guztiek hala eskatzen dutelako.

6.Batzordeak bere Araudi propioa ezarriko du, Batzordearen eta Salen presidentetzari buruzko arauak barne.Arau horiek Batzordearen Presidentearen zereginak une oro gauzatuko direla bermatuko dute eta, ikerketa kasuan, gatazkan dauden alderdien nazionalak ez diren pertsonek gauzatuko dituztela.

7.Batzordearen administrazio gastuak 2. paragrafoarekin bat etortzearen adierazpena egin duten alderdi kontratugile gorenen ekarpenen bidez ordainduko dira, eta borondatezko ekarpenen bitartez.Ikerketa bat egin dadila eskatzen duen gatazkan dagoen alderdiak edo alderdiek, Sala batek sortutako gastuak estaltzeko beharreko funtsak aurreratuko dituzte eta salaketen objektu izan den alderdiak edo alderdiek itzuliko dute diru hori gastu horien ehuneko berrogeita hamar arte.Salari elkarrekiko salaketak aurkezterako kasuan, bi alderdietako bakoitzak beharrezko funtsen ehuneko berrogeita hamarra aurreratuko du.

91. artikulua:Erantzukizuna

Hitzarmenen edo Protokolo honen xedapenak urratzen dituen gatazkan dagoen alderdia kalte-ordaina ematera behartuta egongo da hori beharrezkoa balitz.Bere indar armatuak osatzen dituzten pertsonek egindako egintza guztien erantzule izango da.

VI. Titulua:Azken xedapenak

92. artikulua:Sinadura

Protokolo hau Hitzarmeneko alderdi direnak sinatzeko zabalik geratuko da Azken Aktaren sinaduratik sei hilabete geroago eta zabalik jarraituko du hamabi hilabetetako aldian zehar.

93. artikulua:Berrespena

Protokolo hau ahalik eta azkarren berretsiko da.Berrespen tresnak Suitzako Kontseilu Federalaren esku gordailatuko dira, Hitzarmenen gordailuzaina dena.

94. artikulua: Atxikipena

Protokolo hau, Protokoloaren sinatzaile izan gabe Hitzarmenen alderdi diren guztien atxikipenera zabalik egongo da.Atxikipen tresnak gordailuzainaren esku gordailatuko dira.

95. artikulua:Indarrean jartzea

1.Protokolo hau indarrean jarriko da bi berrespen edo atxikipen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.

2.Geroago berresten duen edo atxikitzen den Hitzarmenetako alderdi bakoitzarentzat, Protokolo hau indarrean jarriko da alderdi horrek bere berrespen edo atxikipen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.

96. artikulua:Protokolo hau indarrean jarri eta gero hitzarmenezko harremanak

1.Hitzarmenetako alderdiak Protokolo honetako alderdi ere badirenean, Hitzarmenak Protokolo honen bitartez osatuta gelditzen diren moduan aplikatuko dira.

2.Gatazkan dagoen alderdietako bat Protokolo honen bidez behartuta egon ez arren, Protokolo honetako alderdiak behartuta egoten jarraituko dute beraien elkarrekiko harremanetan.Alderdi horrekin dituzten harremanetan ere Protokolo honek behartuko ditu alderdi horrek Protokoloaren xedapenak onartu eta aplikatzen baditu.

3.1. artikuluaren 4. paragrafoan aipatutako motako gatazka armatu batean alderdi kontratugile goren baten aurka doan herri bat ordezkatzen duen agintaritzak, gatazka honi dagokionez Hitzarmenak eta Protokolo hau aplikatzeko konpromisoa har dezake, gordailuzainari zuzendutako alde bakarreko adierazpenaren bitartez.Adierazpen hau, gordailuzainak jasotzen duenean, gatazkaren inguruan ondorengo ondorioak sortuko ditu:

a) gatazkan alderdi izateagatik, Hitzarmenak eta Protokolo hau berehala jarriko dira indarrean agintari horri dagokionez;

b) aipatu agintaritzak Hitzarmenetan eta Protokolo honetan alderdi kontratugile gorenek dituzten eskubide berdinak gauzatuko ditu eta horien betebehar berberak bereganatuko ditu; eta

c) Hitzarmenek eta Protokolo honek modu berean behartuko ditu gatazkan dauden alderdi guztiak.

97. artikulua:Zuzenketak

1.Alderdi kontratugile goren orok zuzenketa bat edo batzuk proposa ditzake.Proposatutako edozein zuzenketaren testua gordailuzainari komunikatuko zaio, eta honek, alderdi kontratugile goren guztiekin eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearekin kontsula egin eta gero, proposatutako zuzenketa aztertzeko konferentzia bat deitzea komenigarria ote den erabakiko du.

2.Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenak eta Hitzarmenetan alderdi direnak gonbidatuko ditu konferentzia horretara, Protokolo honen sinatzaile izan edo ez.

98. artikulua:I. Eranskinaren berrikuspena

1.Lau urtetako gehienezko epean, Protokolo hau indarrean jartzen denetik eta, aurrerantzean, gutxienez lau urtetako tarteetan, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak alderdi kontratugile gorenei kontsulta egingo die Protokolo honetako I. Eranskinaren inguruan eta, beharrezkoa dela iritzi badu, tekniko adituen bilera bat egitea proposa dezake I. Eranskina berrikus dezaten eta komenigarriak diruditen zuzenketak proposa ditzaten.Baldin eta alderdi kontratugile gorenei bilera egiteko proposamena komunikatu eta hurrengo sei hilabeteen barruan horietatik heren bat bilera egitearen aurka agertzen ez bada, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak bilerarako deialdia egingo du, eta bilera horretara dagozkien nazioarteko erakundeetako behatzaileak ere gonbidatuko ditu.Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edozein unetan egingo du bilera horretarako deialdia alderdi kontratugile gorenen heren batek eskatuta.

2.Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenen eta Hitzarmenetan alderdi direnen konferentzia baterako deialdia egingo du tekniko adituen bilerak proposatutako zuzenketak aztertzeko, bilera hori amaitu eta gero hala eskatzen badu Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo alderdi kontratugile gorenen heren batek.

3.Konferentzia horretan I. Eranskinaren inguruan zuzenketak har daitezke bertan dauden eta botoa ematean duten alderdi kontratugile gorenen bi heren gehiengoaren bidez.

4.Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenei eta Hitzarmenetan alderdi direnei horrela onartutako zuzenketa guztiak komunikatuko dizkie.Horrela komunikatua izan denetik urtebeteko epea igaro eta gero, zuzenketa onartutzat joko da, ez bada epe horren barruan alderdi kontratugile gorenen heren batek zuzenketa ez onartzearen adierazpena igorri diola gordailuzainari.

5.4. paragrafoarekin bat etorriz onartutzat jotzen den zuzenketa oro, indarrean jarriko da bere onarpenetik hiru hilabetetara alderdi kontratugile guztientzat, salbu eta paragrafo honen arabera ez onartzearen adierazpena egin duten alderdiekiko.Halako adierazpena egin duen edozein alderdik edozein unetan ezeztatu ahal izango du hori, eta kasu horretan zuzenketa indarren jarriko da alderdi horrentzat adierazpena ezeztatu eta hiru hilabetetara.

6.Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenei eta Hitzarmenetan alderdi direnei jakinaraziko die zuzenketa ororen indarrean jartzea, zein alderdi behartzen dituen, alderdi bakoitzarentzat indarrean jartzeko data, 4. paragrafoaren arabera egindako ez onartzearen adierazpenak, bai eta adierazpen horien ezeztapenak.

99. artikulua:Salaketa

1.Alderdi kontratugile goren batek Protokolo hau salatzen duen kasuan, salaketak ondorenak sortuko ditu salaketa tresna jaso eta urte bete geroago.Hala ere, urtea amaitzerakoan alderdi salatzailea 1. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean aurkitzen bada, salaketaren ondoreak etenda geldituko dira gatazka armatua amaitu arte edo okupazioa amaitu arte eta, edozein kasutan, Hitzarmenek edo Protokolo honek babestutako pertsonen behin betiko askapen, aberriratze edo lekukotze operazioak amaitu arte.

2.Salaketa idatziz jakinaraziko zaio gordailuzainari.Azken honek alderdi kontratugile goren guztiei komunikatuko die.

3.Salaketak alderdi salatzailearekiko bakarrik sortuko ditu ondoreak.

4.1. paragrafoaren arabera aurkeztutako salaketek ez dute eraginik izango dagoeneko Protokolo honen arabera gatazka armatua dela eta alderdi salatzaileak bereganatutako betebeharren gain, salaketa hori egin arte gauzatutako edozein egintzari dagokionez.

100. artikulua:Jakinarazpenak

Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenak eta Hitzarmenetan alderdi direnak, Protokolo honen sinatzaile izan edo ez, ondorengoaren inguruan informatuko ditu:

a) Protokolo honetan agertzen diren sinadurak eta berrespen eta atxikipen tresnen gordailua, 93 eta 94. artikuluekin bat etorriz;

b) Protokolo hau indarrean jartzeko data, 95. artikuluarekin bat etorriz;

c) jasotako komunikazio eta adierazpenak, 84, 90 eta 97. artikuluekin bat etorriz;

d) 96. artikuluko 3. paragrafoarekin bat etorriz jasotako adierazpenak, ahalik eta prozedura azkarrenaren bidez komunikatuko direnak;

e) 99. artikuluaren arabera jakinarazitako salaketak.

101. artikulua:Erregistroa

1.Behin protokolo hau indarrean jarri denean, gordailuzainak Nazio Batuen Idazkaritzari igorriko dio horren erregistro eta argitaratzea gauzatzeko helburuarekin, Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz.

2.Gordailuzainak, Protokolo honen inguruan jasotzen dituen berrespenak, atxikipenak eta salaketa guztien inguruan ere informatuko du Nazio Batuen Idazkaritza.

102. artikulua:Testu kautoak

Protokolo honen jatorrizkoa, zeinaren testu arabiarra, txinera, espainola, frantsesa, ingelesa eta errusiera era berean kautoak direnak, gordailuzainaren esku gordailatuko da, eta horrek kopia ziurtatuak bidaliko ditu Hitzarmenetan alderdi diren guztiei.

I. Eranskina

Identifikazioari buruzko erregelamendua

I. Kapitulua:Nortasun txartela

1. artikulua:Osasun eta erlijio langileek, zibil eta iraunkorren nortasun txartela

1.Zibilak eta iraunkorrak diren osasun eta erlijio langileen nortasun txartela, Protokoloaren 18. artikuluaren 3. paragrafoan adierazten denak, ondoren aipatzen den modukoa izan beharko litzateke:

a) ikur bereizgarria eduki eta patrika batean eramatea ahalbidetuko duen tamaina;

b) posible den material iraunkorrenarekin egina egotea;

c) hizkuntza nazional edo ofizialean idatzita egotea (beste hizkuntza batzuetan ere gehitu ahal izango lirateke);

d) titularraren izena, jaiotze data (edo, halakorik ezean, bere adina txartela egiterako unean) eta nortasun zenbakia, horrelakorik izanez gero, aipatu behar dira;

e) adierazi, Hitzarmenen eta Protokoloaren babesaren titularrak zer dela eta duen horren eskubidea;

f) titularraren argazkia izatea, bai eta bere sinadura edo hatz lodiaren hatz-marka, edo biak;

g) agintari eskudunak zigilatua eta sinatua egotea;

h) txartela zein datatan eman den eta noiz bukatzen den adierazi.

2.Nortasun txartela berdina izango da alderdi kontratugile goren bakoitzaren lurralde osoan eta, posible den bezain laster, mota berekoa gatazkan dauden alderdi guztientzat.Gatazkan dauden alderdiak 1. irudian, hizkuntza bakar batean, agertzen den ereduan oinarri daitezke. Borrokaldien hasieran, gatazkan dauden alderdiek elkarri komunikatuko diote norberak erabiliko duen nortasun txartelaren eredu bat, txartela 1. irudian agertzen den ereduaren ezberdina bada. Posible bada, nortasun txartelaren bi ale egingo dira, horietako bat txartela ematen duen agintaritzaren esku gelditu beharko da, eta horrek ematen dituen txartelen kontrola izan beharko luke.

3.Inolako inguruabarretan ezingo dira osasun eta erlijio langileak, zibilak eta iraunkorrak, nortasun txartelaz gabetu.Txartel bat galtzen bada, titularrak kopia bat lortzeko eskubidea izango du.

2. artikulua:Osasun eta erlijio langileek, zibil eta aldi baterakoaren nortasun txartela

1.Osasun eta erlijio langile zibil eta aldi baterakoentzat nortasun txartela, posible den heinean, Erregelamendu honetako 1. artikuluan ezarritakoaren antzekoa izan beharko litzateke.Gatazkan dauden alderdiak 1. irudiaren ereduan oinarri daitezke.

2.Inguruabarrek eragozten dutenean osasun eta erlijio langileei, zibilak eta aldi baterakoak direnei, Erregelamendu honetako 1. artikuluan deskribatutakoaren antzekoak diren nortasun txartela ematea, langile horiei agintari eskudunak sinatutako ziurtagiri bat eman dakieke; ziurtagiri horretan jasoko da zein pertsonarentzat ematen den ziurtagiria eta pertsona hori zerbitzu batera atxikita dagoela aldi baterako langile gisa, posible bada, zerbitzura atxikita egongo den denbora eta ikur bereizgarria eramateko eskubidea adieraziz.Ziurtagiri horiek titularraren izena eta jaiotze data (edo halakorik izan ezean, ziurtagiria luzatzeko unean duen adina), titularraren zeregina eta nortasun zenbakia, halakorik badu, adierazi beharko ditu.Interesatuaren sinadura edo hatz lodiaren hatz marka, edo biak izango ditu.II. Kapitulua – Ikur bereizgarria

3. artikulua:Forma eta izaera

1.Ikur bereizgarria (gorria hondo zuriaren gainean) inguruabarrek bidezkotzen duten bezain handia izango da.Alderdi kontratugile gorenak, gurutzearen, ilargi erdiaren eta lehoi eta eguzkiaren formarako, 2. irudian agertzen diren ereduetan oinarri daitezke.

2.Gauez edo ikuspena urria denean, ikur bereizgarria argiztatua egon daiteke; halaber, antzemate teknika bideei esker horien ezagutzea ahalbidetzen duten materialaz eginak egon daitezke.

4. artikulua:Erabilera

1.Egingarria denean, ikur bereizgarria gainazal lau baten gainean edo banderetan jarriko da, norabide posible guztietatik eta ahalik eta distantzia handienetik ikusgai izateko moduan.

2.Agintari eskudunaren instrukzioei kalterik egin gabe, bataila eremuan jarduten duten osasun eta erlijio langileak, posible den neurrian, ikur bereizgarria eramango dute burukoan eta jantzian.

III. Kapitulua:Zeinu bereizgarriak

5. artikulua:Mediku erabilera

1.Erregelamendu honetako 6. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Kapitulu honetan unitateen eta osasun garraiobideen erabilerarako soilik aurreikusitako zeinuak ez dira beste edozein xedetarako erabiliko.Kapitulu honetan aipatzen diren zeinu guztien erabilera mediku erabilera da.

2.Aldi baterako osasun aireontziak, denbora faltagatik edo beraien ezaugarriengatik, ikur bereizgarriarekin markatuak izan ezin direnak, Kapitulu honek baimendutako zeinu bereizgarriak erabil ditzakete.Osasun aireontzi bat identifikatu eta antzemateko seinalizazio metodo eragingarriena, dena den, ikusteko zeinu baten erabilera da, ikur bereizgarria izan edo 6. artikuluaren deskribatutako zeinu argiztatua izan, edo biak, Erregelamendu honetako 7 eta 8. artikuluetan aipatzen diren gainontzeko zeinuekin osatuak.

6. artikulua:Argiztatutako seinalea

1.Osasun aireontzien zeinu bereizgarri gisa dirdirak dituen argi urdin bat den argiztatutako seinalea ezartzen da.Beste edozein aireontzik ez du seinale hau erabiliko.Gomendatzen den argi urdina ondorengo koordena trikomatikoen erabilerarekin adierazten da:

berdeen muga, y = 0,065 + 0,805 x; zurien muga, y = 0,400 – x; purpuren muga, x = 0,113 + 0,600 y.

Argi urdinarentzat gomendatzen den dirdiraren maiztasuna minutuko 60tik 100erakoa da.

2.Osasun aireontziak beharrezko argi guztiak izan beharko lituzke seinaleak norabide posible guztietan ikusteko modukoak izan daitezen.

3.Gatazkan dauden alderdien artean, dirdirak dituen argi urdina osasun ibilgailu, ontzi eta itsasontzien identifikaziorako erreserbatzen duen akordio berezirik ezean, ez da debekatuko beste ibilgailu edo itsasontzik hori erabiltzea.

7. artikulua:Irrati seinalea

1.Irrati seinalea mezu radiotelefoniko edo radiotelegrafiko bat izango da aurretiaz aukeratutako ezaugarria duen zeinu bereizgarri bat izango duena eta Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren Irrati-komunikazioaren Mundu Administrazio Konferentzia batek onartua.Zeinu hori hiru aldiz emango da dagokion osasun garraioaren dei bereizgarria baino lehen.Mezu hori ingelesez emango da, maiztasun egokiekin eta frekuentzia zehatz baten edo batzuetan, artikulu honetako 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.Lehentasunezko seinalearen erabilera osasun unitate eta garraiobideentzat bakarrik erreserbatuko da.

2.1. paragrafoan aipatzen den lehentasunezko zeinu bereizgarria aurretiaz duen irrati mezuak, ondorengo osagaiak izango ditu:a) osasun garraiobidearen dei bereizgarria;

b) osasun garraiobidearen kokapena;

c) osasun garraiobideen kopurua eta mota;

d) aurreikusitako ibilbidea;

e) bidaiaren iraupena eta aurreikusitako irteera eta helmuga orduak, kasuak kasu;

f) beste datu batzuk, hala nola, hegaldiaren altuera, entzuteko radiofrekuentzia, hitzarmenezko hizkuntzak, eta bigarren mailako zaintzaren radar sistemaren moduak eta kodeak.

3.1 eta 2. paragrafoetan aipatzen diren komunikazioak errazteko xedearekin, bai eta Protokoloaren 22, 23, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31. artikuluetan aipatzen diren komunikazioak errazteko, alderdi kontratugile gorenak, gatazkan dauden alderdiak edo horietako batek, biak ados jarrita edo bakoitzak bere aldetik, Telekomunikazioen Nazioarteko Hitzarmenaren eranskin den Irrati-komunikazioen Erregelamenduan agertzen den frekuentzien banden banaketaren koadroarekin bat etorriz halako komunikazioetarako erabiltzea erabaki dituzten frekuentzia nazionalak izendatu eta argira ditzakete.Frekuentzia horiek Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunari jakinaraziko zaizkio, Irrati-komunikazioaren Mundu Administrazio Konferentzia batek onartutako prozedurarekin bat etorriz.

8. artikulua:Bide elektronikoen bidez identifikatzea

1.Osasun aireontziak identifikatzeko eta horien bidea jarraitzeko, bigarren mailako zaintza radarra (SSR) erabili ahal izango da, 1944ko abenduaren 7ko Nazioarteko Abiazio Zibilari buruzko Chicagoko Hitzarmenaren 10. Eranskinean zehazten den moduan.Osasun aireontziek bakarrik erabiltzeko erreserbatu beharreko SSR modua eta kodeak, alderdi kontratugile gorenek, gatazkan dauden alderdiek edo gatazkan dagoen alderdietako batek zehaztuko dituzte, beraien artean ados jarrita edo bakoitzak bere aldetik, Nazioarteko Erakunde Zibilak gomendatutako prozedurekin bat etorriz.

2.Gatazkan dauden alderdiak, akordio berezi bidez, beraien artean erabiltzeko, antzeko sistema elektroniko bat erabil dezakete osasun ibilgailu eta osasun ontzi eta itsasontziak identifikatzeko.

IV. Kapitulua:Komunikazioak

9. artikulua:Irrati-komunikazioak

Erregelamendu honetako 7. artikuluan ezarritako lehentasunezko seinaleak, aurretiaz osasun unitate eta osasun garraiobideen irrati-komunikazio egokia izan dezake, Protokoloko 22, 23, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31. artikuluekin bat etorriz gauzatzen diren prozedurak aplikatzeko.

10. artikulua:Nazioarteko kodeen erabilera

Osasun unitateek eta osasun garraiobideek Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak eta Gobernuen arteko Itsasoko Kontsulta-Erakundeak ezarritako kode eta seinaleak ere erabil ditzakete.Kode eta seinale horiek aipatu Erakundeek ezarritako arau, jardute eta prozeduren arabera erabiliko dira.

11. artikulua:Beste komunikabide batzuk

Aldi biko irrati komunikazioa izatea posible ez denean, Zeinuen Nazioarteko Kodean ezarritako seinaleak erabil daitezke, Gobernuen arteko Itsasoko Kontsulta-Erakundeak onartua edo 1944ko abenduaren 7ko Nazioarteko Abiazio Zibilari buruzko Chicagoko Hitzarmeneko dagokion Eranskinean, geroago barneratutako aldarazpenekin.

12. artikulua:Hegaldi planak

Protokoloko 29. artikuluan aipatzen diren hegaldi planei buruzko akordio eta jakinarazpenak, posible den heinean, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak ezarritako prozedurekin bat etorriz gauzatuko dira.

13. artikulua:Osasun aireontzien intertzeptaziorako seinale eta prozedurak

Aireontzi intertzeptatzaile bat erabiltzen bada hegaldia egiten ari den osasun aireontzi bat identifikatzeko edo aireontzi horri lur har dezan agintzeko Protokoloaren 30 eta 31. artikuluekin bat etorriz, osasun aireontzia eta intertzeptatzaileak 1944ko abenduaren 7ko Nazioarteko Abiazio Zibilari buruzko Chicagoko Hitzarmeneko 2. Eranskinean ezarritako ikusmenezko eta irrati bidezko intertzeptazioaren prozedura normalizatuak erabili beharko lituzkete, horien ondorengo aldarazpenekin.

V. kapitulua:Babes zibila

14. artikulua:Nortasun txartela

1.Protokoloko 66. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako babes zibileko zerbitzuen langileen nortasun txartela, Erregelamendu honetako 1. artikuluko arauen arabera gauzatzen da.

2.Babes zibileko langileen nortasun txartela 3. irudian adierazten den ereduaren araberakoa izan daiteke.

3.Babes zibileko langileek banakako arma arinak izateko baimena badute, horren aipamena jaso beharko litzateke nortasun txartelean.15. artikulua – Nazioarteko ikur bereizgarria

1.Protokoloaren 66. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako babes zibileko nazioarteko ikur bereizgarria hiruki aldeberdin urdina hondo laranja baten gainean izango da.Jarraian, 4. irudian, eredu bat agertzen da.

2.Ondorengoa gomendatzen da:

a) hiruki urdina bandera, besoko edo bizkarraldeko batean erabiltzen bada, horiek hondo laranja izatea;

b) hirukiaren angeluetako batek gorantz seinalatu dezala, bertikalean;

c) hiru angeluetatik batek ere ez dezala hondo laranjaren ertza ukitu.

3.Nazioarteko ikur bereizgarria inguruabarrek bidezkotzen duten bezain handia izango da.Posible denean, ikurra gainazal lau baten gainean edo banderetan ipiniko da, norabide posible guztietatik eta ahalik eta distantzia handienetik ikusgai izateko moduan.Agintari eskudunaren jarraibideei kalterik egin gabe, babes zibileko langileek, posible den neurrian, ikur bereizgarria eramango dute burukoan eta jantzian.Gauez edo ikuspena urria denean, ikur bereizgarria argiztatua egon daiteke; halaber, antzemate teknika bideei esker horien ezagutzea ahalbidetzen duten materialaz eginak egon daitezke.

VI. Kapitulua:Indar arriskutsuak dituzten obra eta instalazioak

16. artikulua:Nazioarteko ikur berezia

1.Indar arriskutsuak dituzten obra eta instalazioentzako nazioarteko ikur bereziak, Protokoloaren 56. artikuluaren 7. paragrafoan ezarritakoa, laranja kolore biziko hiru zirkuluko talde bat da ardatz berdin baten luzetara ageri direnak, zirkuluen arteko distantzia euren erradioaren baliokidea izan beharko da, 5. irudiak adierazten duen moduan.

2.Ikurra inguruabarrek bidezkotzen duten bezain handia izango da.Gainazal zabal baten gainean jartzen denean, inguruabarren arabera egoki den aldi guztietan errepika daiteke ikurra.Posible den heinean, gainazal lau baten gainean ipiniko da edo banderetan, horrela norabide posible guztietatik eta ahalik eta distantzia handienetik ikusgai izateko moduan.

3.Ikurra bandera batean dagoenean, ikurraren kanpoaldeko mugen arteko eta banderaren alboko aldeko distantzia zirkulu baten erradioaren baliokidea izango da.Bandera angeluzuzena izango da eta horren hondoa zuria izango da.

4.Gauez edo ikuspena urria denean, ikurra argiztatua egon daiteke.Orobat, antzemate teknika bideei esker horien ezagutzea ahalbidetzen duten materialez eginak egon daitezke.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra