Mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako Nazioarteko Konbentzioa
1989-12-04Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako Nazioarteko Konbentzioa
Biltzar Orokorrak,
Kontuan harturiknazioarteko zuzenbidearen mailaz mailako garapena eta horren kodegintza lagungarri direla Nazio Batuen Gutunaren 1 eta 2. artikuluek ezarritako asmoak eta printzipioak gauzatzeko,
Jakitun izanik beharrezkoa dela, Nazio Batuen babespean, mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako nazioarteko konbentzioa hitzartzea,
Gogoratuz1980ko abenduaren 4ko 35/48 ebazpena, horren baitan ezarri baitzenad hoc batzordea, mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako nazioarteko konbentzioa egiteko, eta batzorde horri eskatu ziola egin zezan ahalik eta lasterren mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzea debekatzeko nazioarteko konbentzioa,
Aztertu ondoren,aipatu ebazpena betetzekoad hocbatzordeak egindako konbentzioaren proiektua, hain zuzen ere, mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako nazioarteko konbentzioa egiteko lantaldeak amaitu zuena, talde hori bildu zela biltzar orokorraren berrogeita laugarren bilkuren aldian,
Onesten duNazioarteko Konbentzio hau eta berori sinatu, berretsi eta atxikimendurako irekita uzten du; Konbentzio hau Mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkakoa da eta Konbentzioaren testua ebazpen honen eranskinean barruratzen da.
72. osoko bilkura
1989ko abenduaren 4an
ERANSKINA
Mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako Nazioarteko Konbentzioa
Konbentzio honen estatu alderdiek,
Berretsizhalakoasmoak eta printzipioak, Nazio Batuen Gutunean ezarritakoak eta, orobat, Estatuen arteko adiskidetasun-harremanei eta lankidetzari dagozkien nazioarteko zuzenbidearen printzipioei buruzko Adierazpenean ezarritakoak, eta Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz,
Jakitun izanik mertzenarioak erabili, erreklutatu, finantzatu eta entrenatu egiten direla hainbat jarduera egiteko eta horiek nazioarteko zuzenbidearen printzipioak urratzen dituztela, hala nola, berdintasun subiranoa, independentzia politikoa, estatuen lurralde-osotasuna eta herrien determinazio askea,
Adieraziz kontuan hartu behar dela mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzea delituak direla, eta horrek kezka handia eragiten diela estatu guztiei eta delitu horietatik edozein egiten duten pertsonak epaitu edo estraditatu egin beharko direla,
Jakinik beharrezkoa dela estatuen artean nazioarteko lankidetza gehitzea eta garatzea delitu horiek saihestu, epaitu eta zigortzeko,
Kezka adierazizlegez kanpoko nazioarteko beste jarduera batzuengatik, horiek zer ikusia baitituzte droga-trafikatzaileek eta mertzenarioek egindako indarkeria-egintzekin, estatuen konstituzio-ordena hondatzeko,
Jakinik, halaber,mertzenarioak erreklutatzea, erabiltzea, finantzatzea eta entrenatzearen aurkako konbentzioa onestea lagungarri izango litzatekeela jarduera gaitzesgarri horiek ezabatzeko eta, horrenbestez, Gutunak ezarritako asmoak eta printzipioak betetzeko,
Jakitun izanik horrelako izaera duen konbentzio batek arautzen ez dituen gaiak nazioarteko zuzenbidearen arauek eta printzipioek arautuko dituztela, orain arte bezala,
Hurrengoa hitzartu dute:
1. artikulua
Konbentzio honen ondorioetarako:
1.“Mertzenarioak” dira ondorengo pertsona guztiak:
a) Beren-beregi erreklutatua izan dena, lurralde horretan bertan edo atzerrian, gatazka armatu batean borrokatzeko;
c) Borroketan parte hartzen duena, batez ere, onura pertsonala lortzeko nahiak bultzatuta, eta pertsona horri gatazkan dagoen alderdi batek edo horren izenean agintzen zaionean, alderdi horretako indar armatuetan, antzeko maila eta eginkizunetako borrokalariei eskaini edo ordaintzen zaien ordainsari materiala baino askoz handiagoa.
d) Gatazkan dagoen alderdi baten nazionala ez dena, ezta gatazkan dagoen alderdi batek kontrolatutako lurraldean bizilekua duena ere;
e) Gatazkan dagoen alderdi baten indar armatuetako kidea ez dena; eta
f) Gatazkan alderdi ez den estatu batek, bere indar armatuen kide gisa, eginkizun ofiziala gauzatzeko bidali ez duena,.
2.“mertzenariotzat” hartzen da, halaber, beste egoera hauetan dagoen pertsona oro:
a) Beren-beregi erreklutatua izan dena, lurralde horretan bertan edo atzerrian, gatazka armatu batean borrokatzeko, ondorengo helburuekin:
i) Gobernua kentzea edo, modu batera zein bestera, estatuaren konstituzio-ordena hondatzea, edota,
ii) Estatuaren lurralde-osotasuna urratzea;
b) Egintza horretan parte hartzen duena, batez ere, onura pertsonal esanguratsua lortzeko nahiak bultzatuta, halako egintza egitera bultzatu duenean ordainsari materialaren aginduak edo ordainketak;
c) Egintza hori zein estaturen aurka egin eta estatu horren nazionala ez dena edo bertan bizilekua ez duena;
d) Estatu batek eginkizun ofiziala gauzatzeko bidali ez duena; eta
e) Egintza zein estatuko lurraldetan egin eta estatu horren indar armatuen kide ez dena.
2. artikulua
Konbentzio honen ondorioetarako, delitua egiten du mertzenarioak erreklutatu, erabili, finantzatu edo entrenatzen dituen pertsona orok, Konbentzio honen 1. artikuluak adierazitakoaren arabera.
3. artikulua
1.Konbentzio honen ondorioetarako, konbentzioaren 1. artikuluak adierazitakoaren arabera, delitua egiten du gatazketan edo aldez aurretik asmatutako indarkeria-egintzan zuzenean parte hartzen duen mertzenario orok.
2.Artikulu honen xedapenek ez dute mugatuko Konbentzio honen 4. artikuluaren aplikazio-esparrua.
4. artikulua
Delitua egingo du pertsona orok:
a) Konbentzio honetan aurreikusitako delituak egiten saiatzen bada;
b) Konbentzio honetan aurreikusitako delituak egin edo egiten saiatutako pertsonaren sopikuna bada.
5. artikulua
1.Estatu alderdiek ez dute mertzenariorik erreklutatu, erabili, finantzatu, ez entrenatuko, eta era horretako jarduera guztiak debekatuko dituzte, Konbentzio honen xedapenekin bat etorriz.
2.Estatu alderdiek ez dute mertzenariorik erreklutatu, erabili, finantzatu, ez entrenatuko, halakoa egitearen helburua bada, herriek, nazioarteko zuzenbidean aitortua den eta determinazio askerako duten bidezko eskubide besterenduezina egikaritzearen kontra egitea; era berean, estatuok, nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz, mertzenarioak erreklutatu, erabili, finantzatu eta entrenatzea saihesteko neurri egokiak hartuko dituzte.
3.Estatu alderdiek zigor egokiak ezarriko dituzte Konbentzio honetan aurreikusitako delituei begira, kontuan hartuta horien izaera larria.
6. artikulua
Estatu alderdiak elkarlanean arituko dira Konbentzio honetan aurreikusitako delituak saihesteko, bereziki:
a) Neurri egingarriak hartuko dituzte kasuan kasuko lurraldeetan, horien barruan nahiz kanpoan, delitu horiek egitea eragozteko, barne hartuta legez kanpoko jardueren debekua, jarduera horiek badira pertsona, talde eta erakunde batzuena, delitu horiek egiteko zirikatu, bultzatu eta antolatzen direnak edo horietan parte hartzen dutenak.
b) Beharrezkoak diren administrazio-neurriak eta bestelakoak hartzea koordinatuko dute, delitu horiek egitea eragozteko helburuarekin.
7. artikulua
Estatu alderdiak elkarlanean arituko dira Konbentzio honen aplikaziorako beharrezko neurriak har daitezen.
8. artikulua
Estatu alderdi orok, arrazoiak dituenean susmatzeko Konbentzio honetan aurreikusitako delitu bat egin dela, egiten ari dela edo egingo dela, orduan, nazio-legeriarekin bat etorriz, ukitutako estatu alderdiei igorriko die bidezko informazio guztia, zuzenean edo Nazio Batuen idazkari nagusiaren bitartez, horren berri izan bezain laster.
9. artikulua
1.Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu bere jurisdikzioa ezartzeko, Konbentzio honetan aurreikusitako delituetatik edozein egiten denean:
a) Bere lurraldean edo aireontzi baten barruan edo estatu horretan matrikulatutako ontzi baten barruan;
b) Estatuko nazionaletako batek halakoa egin duenean, edo lurralde horretan ohiko bizilekua duten aberrigabeko pertsonek halakoa egin dutenean, azken kasu honetan, estatuak horrela jokatzea egoki ikusten badu.
2.Estatu alderdi bakoitzak, halaber, beharrezko neurriak hartuko ditu bere jurisdikzioa ezartzeko, Konbentzio honen 2, 3 eta 4. artikuluetan aurreikusitako delituei dagokienez, ustezko delitugilea bere lurraldean dagoenean eta bidezkoa ez denean artikulu honen 1. paragrafoan aipatu estatuetara estraditatzea.
3.Konbentzio honek ez du baztertzen inolako zigor-jurisdikziorik, halakoa egikaritzen bada barneko zuzenbidearekin bat etorriz.
10. artikulua
1.Estatu alderdi batek, barneko legeriarekin bat etorriz, eta inguruabarrek hala jokatzea justifikatzen dutelako iritzia badu, bere lurraldean dagoen ustezko delitugilea atxilotuko du, eta, berebat, neurriak hartuko ditu ziurtatzeko atxilotua bertan egongo dela prozedura penala edo estradizio-prozedura hasteko behar den beste denboran.Estatu alderdiak berehala ekingo dio egitateen aurre-ikerketari.
2.Estatu alderdi batek, artikulu honen arabera, pertsona bat atxilotu duenean edo artikulu honen 1. paragrafoan aipatu gainerako neurriak hartu dituenean, horren berri emango die atzerapenik gabe jarraikoei, zuzenean edo Nazio Batuen idazkari nagusiaren bitartez:
a) Delitua zein estatu alderdiren lurraldean egin eta estatu alderdi horri;
b) Delitua zein estatu alderdiri zuzendua izan edo zeinen aurka egiten saiatu eta estatu alderdi horri;
c) Delitua zein pertsona fisiko edo juridikoren aurka egin edo egiten saiatu eta pertsona hori zein estatu alderdiko nazionala izan eta estatu alderdi horri;
d) Ustezko delitugilea zein estatu alderdiko nazionala izan eta estatu alderdi horri edo, delitugilea aberrigabekoa bada, horrek zein estatuko lurraldean izan ohiko bizilekua eta estatu horri;
e) Gainerako estatu alderdi interesdun guztiei, horiei jakinaraztea egokia dela uste badu.
3.Artikulu honen 1. paragrafoan aipatu neurriak aplikatu zaizkion pertsona orok du eskubidea:
a) Pertsona hori zein estatuko nazionala izan eta estatu horren ordezkari eskudun hurbilenekoarekin atzerapenik gabe harremanetan jartzeko, edo beste estatu batekin, beste arrazoien batzuengatik, berori badagokio haren eskubideak babestea, edota, aberrigabeko pertsonaren kasuan, horrek zein estatuko lurraldean izan ohiko bizilekua eta estatu horrekin;
b) Estatu horren ordezkari baten bisita izateko eskubidea.
4.Artikulu honen 3. paragrafoan xedatutakoak ez dio kalterik egingo, 9. artikuluaren 1. paragrafoaren b) tartekaduraren arabera, bere jurisdikzioa baliatu dezakeen estatu alderdi ororen eskubideari, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea gonbidatzeko, ustezko delitugilearekin harremanetan jar dadin eta berorri bisita egin diezaion.
5.Estatuak artikulu honen 1. paragrafoan aurreikusitako aurre-ikerketa egingo du eta horren emaitzak, atzerapenik gabe, artikulu honen 2. paragrafoan aipatu estatuei jakinaraziko dizkie eta, berebat, bere jurisdikzioa egikaritzeko asmorik duen adieraziko du.
11. artikulua
Konbentzio honetan aurreikusitako delituekin zer ikusia duten prozedura baten xede den pertsona orok, prozedurak irauten duen bitartean, tratu zuzena eta kasuan kasuko estatuaren legeriak aurreikusitako eskubide eta berme guztiak izango ditu.Kontuan hartu beharko dira nazioarteko zuzenbidearen arau aplikagarriak.
12. artikulua
Estatu alderdiak, bere lurraldean dagoen ustezko delitugilearen estradiziorik ematen ez duenean, behartuta egongo da, inolako salbuespenik gabe eta alde batera utzita delitua bere lurraldean egin den ala ez, kasua agintari eskudunen mende uzteko prozeduraren ondorioetarako estatu horren legeriak aurreikusitako prozeduraren arabera.Agintari horiek euren erabakia hartuko dute, edozein delitu astuni aplikatu ohi zaizkion baldintza berberetan, estatu horretako legeriarekin bat etorriz.
13. artikulua
1.Estatu alderdiek elkarri ahalik eta laguntza handiena emango diote, Konbentzio honetan aurreikusitako delituen inguruan zein zigor-prozedura hasi eta horri dagokionez, prozedurarako bere esku dauden beharrezko frogak ematea barne.Kasu guztietan zein estaturi laguntza eskatu eta estatu horren legeria aplikatuko da.
2.Artikulu honen 1. paragrafoaren xedapenek ez dute eraginik izango beste edozein itunetan hitzartutako elkarrekiko epai-laguntzaren betebeharretan.
14. artikulua
Delitugilea zein estatu alderdik epaitu eta estatu alderdi horrek, bere legeriarekin bat etorriz, prozeduraren azken emaitza jakinaraziko dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari, eta horrek igorriko diete informazioa gainerako estatu interesdunei.
15. artikulua
1.Konbentzio honen 2, 3 eta 4. artikuluetan aurreikusitako delituak, estatu alderdien artean egindako edozein estradizio-itunetan estradizioa eragiten dutenen artean barruraturik daudela ulertuko da.Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, delitu horiek estradizio-kasutzat hartzeko euren artean etorkizunean egin ditzaketen itunetan.
2.Estradizioa itun baten mende utzi duen estatu alderdi batek beste estatu alderdi batengandik estradizio-eskabidea jasotzen duenean eta estatu horrekin ez badu estradizio-itunik, orduan, zuhurtziaren arabera hartu ahal izango du Konbentzio hau oinarri juridiko gisa, delitu horiei dagokien estradizioari begira.Estradizioa, zein estatuk egin eskabidea eta estatu horren legeriak aurreikusitako gainerako baldintzen mende geratuko da.
3.Estradizioa itun baten mende utzi ez duten estatu alderdiek, delitu horiek estradizio kasutzat hartuko dituzte euren artean, eskabidea zein estaturi egin eta estatu horren legeriak ezarritako baldintzen arabera.
4.Estatu alderdien arteko estradizioaren ondorioetarako, kontuan hartuko da delituak gertatutako tokian ez ezik, estatuetako lurraldean ere egin direla, estatu horiek, Konbentzio honen 9. artikuluarekin arabera, jurisdikzioa ezartzera behartuta badaude.
16. artikulua
Konbentzio hau aplikatuko da jarraikoei kalterik egin gabe:
a) Estatuen nazioarteko erantzukizunei buruzko arauei;
b) Gatazka armatuen zuzenbideari eta nazioarteko giza zuzenbideari; armadunaren edo gerrako presoen estatutuari buruzko xedapenak barne.
17. artikulua
1.Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdi bi edo gehiagoren artean sortzen diren eztabaidak tartekaritzaren mende utziko dira, euretariko batek hala eskatuta, betiere, eztabaidak ezin badira negoziazioen bidez konpondu.Tartekaritza-eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean alderdiak ez badira ados jartzen tartekaritza antolatzeari buruz, alderdietako edonork ahal izango du eztabaida utzi Nazioarteko Justizia Gortearen esku, Gortearen estatutuarekin bat datorren eskabidea aurkeztuta.
2.Estatu alderdi batek, Konbentzio hau sinatu nahiz berresteko unean edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du artikulu honen 1. paragrafoak ez duela berau behartzen.Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoak ez ditu behartzen gainerako estatu alderdiak, erreserba egin duen estatu alderdiari dagokionez.
3.Artikulu honen 2. paragrafoaren erreserba egin duen estatu alderdiak edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari hala jakinarazita.
18. artikulua
1.Konbentzio hau estatu guztiek sinatu ahal izango dute 1990eko abenduaren 31ra arte, New Yorken, Nazio Batuen egoitzan.
2.Konbentzio hau berretsi egin beharko da.Berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, hark gordailu ditzan.
3.Estatu batek Konbentzio honi atxikimendua eman ahal izango dio.Berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, hark gordailu ditzan.
19. artikulua
1.Konbentzio hau indarrean jarriko da, berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hogeita bigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.
2.Berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hogeita bigarrena gordailutu ondoren, Konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat Konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta hogeita hamargarren egunean.
20. artikulua
1.Estatu alderdi orok sala dezake Konbentzio hau, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari idatziz egindako jakinarazpenaren bidez.
2.Salaketak ondorioak sortuko ditu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
21. artikulua
Konbentzio honen jatorrizko testua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko da, hark gordailu dezan; berebat, Konbentzioaren testuak kautoak izango dira, arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindakoak.
HORI GUZTIORI AITORTUZ, behean sinatzen dutenek, euren gobernuek behar bezala baimenduta daudela, Konbentzio hau sinatzen dute.