Larrialdi edo gatazka armatu egoeran emakumearen eta haurraren babesari buruzko adierazpena. Biltzar Orokorrak aldarrikatua, 1974ko abenduaren 14ko 3318 (XXIX) ebazpenean
1974-12-14Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Larrialdi edo gatazka armatu egoeran emakumearen eta haurraren babesari buruzko adierazpena
Biltzar Orokorrak aldarrikatua, 1974ko abenduaren 14ko 3318 (XXIX) ebazpenean
Biltzar Orokorrak
Azterturik Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1974ko maiatzaren 16ko 1861 (LVI) ebazpenean jasotako gomendioak,
Adieraziz bere kezka sakona, dela larrialdietan dela bakea, determinazio askea, nazio-askapena eta independentziaren aldeko gatazka armatuen aldietan biztanleria zibilaren emakume eta haurrek jasan ditzaketen sufrimenduengatik, sarri askotan horiek ekintza giza legegabekoen biktima direlako eta, ondorenez, kalte larriak jasaten dituztelako,
Jakitun izanik munduko herrialde askotako emakume eta haurren sufrimenduaz, bereziki zapalketa, eraso, kolonialismo, arrazakeria, arrotzen menderatzea eta atzerritarren zapalketaz,
Erabat arranguraturik, jarraikoen gaitzespen orokor eta zalantzarik gabekoa izan arren, kolonialismoak, arrazakeriak, arrotzen menderatzeak eta atzerritarren zapalketak herrialde asko menperatzen dituztela oraindik euren uztarrian, modurik ankerrenean nazio-askapen mugimenduak zapalduz eta galera handiak eta ezin zenbatuzko pairamenak eraginez euren mendean dagoen biztanleriari, emakumeak eta haurrak barne,
Deitoratuz, dela oinarrizko askatasunen eta gizakien duintasunaren aurka atentatu larriak egiten jarraitzea, dela potentzia kolonialek, arrazistek eta atzerritarrek giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraitzea,
Gogoratuz bake eta gerra denboretan emakumearen eta haurraren babesari buruz nazioarteko giza zuzenbideko hitzarmenen xedapenak,
Gogora ekarriz, beste dokumentu garrantzitsu batzuen artean, ondorengo ebazpenak: 1968ko abenduaren 19ko 2444 (XXIII) ebazpena, 1969ko abenduaren 16ko 2597 (XXIV) ebazpena eta 1970ko abenduaren 9ko 2675 (XXV) eta 2674 (XXV) ebazpenak, giza eskubideen eta gatazka armatuetan biztanleria zibilaren babeserako oinarrizko printzipioen errespetuari buruzkoak; eta baita Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1970ko maiatzaren 28ko 1515 (XLVIII) ebazpena, honetan Kontseiluak Biltzar Orokorrari eskatu ziola larrialdi edo gerra egoeran emakume eta haurraren babesari buruzko adierazpena idazteko aukera aztertzeko,
Jakitun izanik berez duen erantzukizunaz, hurrengo belaunaldiaren eta amen gerogarrenari buruz, amak baitira gizartean, familian eta, bereziki, seme-alaben haztean garrantzi handiko eginkizuna dutenak,
Kontuan izanik biztanleria zibilaren parte diren emakume eta haurrei babes berezia emateko beharra,
Ospe handiz aldarrikatzen du larritasun eta gatazka armatu egoeretan emakume eta haurraren babesari buruzko adierazpen hau, eta estatu kide guztiei hertsiki bete dezaten agintzen du:
1. Debekatu egiten dira eta zigortuak izango dira biztanleria zibilaren aurka egindako eraso eta bonbardaketak, horiek ikaragarrizko sufrimendua eragiten badute bereziki emakume eta haurrengan, biztanleriaren talde ahulena osatzen baitute horiek,
2. Operazio militarretan arma kimiko eta bakteriologikoak erabiltzea, 1925ko Ginebrako Protokoloaren, 1949ko Ginebrako Hitzarmenen eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen printzipioen urratze nabarienetako bat da, eta biztanleria zibiletan hildako ugari eragiten ditu, babesgabe dauden emakume eta haurrak barne; hortaz, horrelako egintzak gauzatzea zorrotz zigortua izango da.
3. Estatu guztiek oso-osorik beteko dituzte 1925ko Genebako Protokoloak eta 1949ko Genebako Hitzarmenek ezartzen dizkieten betebeharrak, eta baita gatazka armatuetan giza eskubideen errespetuari buruzko nazioarteko zuzenbidearen beste instrumentu batzuek ezarritakoak ere; horiek guztiek, emakume eta haurraren babeserako berme garrantzitsuak eskaintzen dituzte.
4. Estatuek, gatazka armatuetan, atzerriko lurraldeetako operazio militarretan edo oraindik botere kolonialen mende dauden lurraldeetako operazio militarretan parte hartzen dutenek, beharrezko den indar guztia erabiliko dute gerraren txikizioetatik emakume eta haurrak baztertzeko. Beharrezko neurri guztiak hartuko dira ondorengo egintzen debekua bermatzeko, hala nola, pertsekuzioa, tortura, zigor-neurriak, tratu apalesgarriak eta bortizkeria, bereziki biztanleria zibilaren kide diren emakume eta haurrekiko.
5.Ekintza kriminaltzat hartuko dira errepresio modu guztiak eta emakume eta haurrei egindako tratu krudel eta ankerrak, bertan direla giltzapean jartzea, tortura, hilketak, pertsona multzo handien atxiloketak, zigor kolektiboak, etxebizitzak suntsitzea eta norberaren egoitzatik nahitaez botatzea, horiek gerra-egileek gauzatutakoak direnean operazio militarretan edo okupatutako lurraldeetan.
6.Biztanleria zibilaren kide diren emakume eta haurrak, nahiz larrialdi egoeran direnak, nahiz bakea, determinazio askea, nazio-askapena eta independentziaren aldeko gatazka armatu egoeretan direnak, edo okupatutako lurraldeetan bizi direnak, ostaturako, elikagaietarako, mediku-laguntzarako eta besterenduezinak diren beste eskubide batzuetaz ez dira gabetuak izango, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunaren, Haurren Eskubideei buruzko Adierazpenaren eta nazioarteko zuzenbidearen beste instrumentu batzuen xedapenekin bat etorriz.