Lanaren nazioarteko erakundearen 111 zenbakidun hitzarmena, enplegu- eta okupazio-arloko bereizkeriari buruzkoa
1958-06-25Erakundea: Lanaren Nazioarteko Erakundea
1. Hitzarmen honen ondoreetarako, bereizkeria terminora biltzen da:
a) Edozein bereizketa, bazterketa edo lehenespen, baldin eta hori oinarritzen bada arraza, larru-kolore, sexu, erlijio, iritzi politiko, nazio-jatorri edo gizarte-jatorriaren araberako arrazoietan, eta horren ondorea bada enpleguan eta okupazioan berdintasun-aukerak edo -tratua deuseztatu edo aldatzea.
b) Estatu kide interesdunak, aurretiaz enplegatzaileen eta langileen ordezkaritza-erakundeekin, halakoak daudenean, eta beste antolakunde egoki batzuekin kontsultatu ondoren, zehaztu ahal izango duen beste edozein bereizketa, bazterketa edo lehenespen, horren ondorea denean enpleguan edo okupazioan berdintasun-aukerak edo -tratua deuseztatu edo aldatzea.
2. Enplegu jakin baterako zein kalifikazio eskatu eta kalifikazio horietan oinarritutako bereizketa, bazterketa edo lehenespenak ez dira bereizkeria gisa hartuko.
3. Hitzarmen honen ondoreetarako, enplegu eta [okupazio] terminoetara biltzen dira lanbide-prestakuntzako baliabideak lortzea eta enplegurako nahiz okupazio desberdinetarako onarpena, bai eta lan-baldintzak ere.
2. artikulua
Hitzarmen hau zein estatu kiderentzat indarrean izan eta estatu kide horiek euren gain betebeharra hartzen dute, enplegu- eta okupazio-arloan, aukera- eta tratu-berdintasuna sustatuko duen nazio-politika azaldu eta gauzatzeko, horren inguruko edozein bereizkeria ezabatzeko xedearekin; aukera- eta tratu-berdintasun hori sustatzeko nazio-politika gauzatuko da nazio-mailako baldintzei eta eginerari begira egoki diren metodoen bidez.
3. artikulua
Hitzarmen hau zein estatu kiderentzat indarrean izan eta estatu kide horiek euren gain betebeharra hartzen dute, nazio-mailako inguruabar eta eginerei egokitutako metodoen bidez, hurrengoak gauzatzeko:
a) Enplegatzaileen eta langileen erakundeen nahiz beste antolakunde egoki batzuen lankidetza lortzea, politika hori onartzea eta betetzea suspertzeko eginkizunean.
b) Politika hori onartzea eta betetzea berma ditzaketen legeak aldarrikatzea eta hezkuntza-programak sustatzea.
c) Legeria-xedapenak indargabetzea eta administrazio-xedapen edo -eginerak aldaraztea, politika horrekin bateraezinak izanez gero.
d) Politika hori gauzatzea, nazio-agintaritza baten zuzeneko kontrolpean dauden enpleguei dagokienez.
e) Politika horren aplikazioa bermatzea, lanbide-orientabide, lanbide-prestakuntza eta enplegua bilatzearen inguruko jardueretan, halakoak nazio-agintaritza baten mende daudenean.
f) Hitzarmen honen aplikazioaren inguruan estatu kide bakoitzak izan behar duen urteko oroitidazkian jasotzea politika hori gauzatzeko hartutako neurriak eta lortutako emaitzak.
4. artikulua
Modu legitimoan uste bada pertsona jakin batek estatuaren segurtasunaren aurkako jarduera gauzatzen duela, edo agerian utzi bada pertsona horrek jarduera horretan diharduela, ez dira bereizkeriazkotzat joko pertsona hori ukitzen dituzten neurriak, betiere, pertsona horrek errekurtsoa egiteko eskubidea duenean, nazio-egineraren arabera eskuduna den auzitegian.
5. artikulua
1. Lanaren Nazioarteko Konferentziaren beste hitzarmen edo gomendio batzuetan babesaren edo laguntzaren inguruan ezarritako neurri bereziak ez dira bereizkeriazkotzat hartuko.
2. Aurretiaz enplegatzaileen eta langileen erakundeak kontsultatuta, halakoak daudenean, estatu kide orok bereizkeriarik gabekotzat jo ditzake beste neurri berezi batzuk, neurrion xedea denean pertsona jakin batzuen beharrizanak asetzea, eskuarki, pertsona horiei aitortzen zaienean babes edo laguntza bereziko beharrizana, arrazoi desberdinak direla bide, hala nola, sexua, adina, baliaezintasuna, familia-zamak edo gizarte-maila nahiz kultura-maila.
6. artikulua
Hitzarmen hau berresten duen estatu kide orok bere gain hartzen du hori aplikatzeko betebeharra, metropoliaz besteko lurraldeetan, Lanaren Nazioarteko Erakundeko Konstituzioaren xedapenekin bat etorriz.
7. artikulua
Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatuko zaizkio, erregistra ditzan.
8. artikulua
1. Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.
2. Hitzarmena indarrean jarriko da, zuzendari nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.
3. Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.
9. artikulua
1. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz. Salaketak ez du ondorerik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.
2. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.
10. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen-, adierazpen- eta salaketa-erregistratze guztiak.
2. Zuzendari nagusiak berari komunikatu zaion bigarren berrespena jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.
11. artikulua
Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak, erregistro-ondoreetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuetako idazkari nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.
12. artikulua.
Laneko Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta hausnartuko du hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera Konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzearen komenigarritasuna.
13. artikulua.
1. Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:
a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 9. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada.
b) Berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.
2. Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean iraungo du, gaur egungo forma eta edukiekin, berau berretsi eta berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.
14. artikulua.
Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.