Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Sexu-berdintasunari buruzko arauak

Kontseiluaren 2004/113/EE zuzentaraua, 2004ko abenduaren 13koa, gizon eta emakumeen tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatu duena ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean

2004-12-13

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Europar Batasunaren Kontseilua

Argitalpena: EBAO, 2004/12/21, L 373. zk.

KONTSEILUAREN 2004/113/EE ZUZENTARAUA, 2004KO ABENDUAREN 13KOA, GIZON ETA EMAKUMEEN TRATU-BERDINTASUNAREN PRINTZIPIOA APLIKATU DUENA ONDASUNAK ETA ZERBITZUAK ESKURATZEAN ETA HORIETAZ HORNITZEAN

(2004ko abenduaren 21eko EBAO, 373 L zk.)

EUROPAR BATASUNAREN KONTSEILUAK,

Europako Erkidegoa eratzeko Tratatua, eta, bereziki, horren 13. artikulua aztertuta,

Batzordearen proposamena aztertuta,

Europako Parlamentuaren irizpena aztertuta,

Eskualdeetako Komitearen irizpena aztertuta,

Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena aztertuta,

Honako hau kontuan hartuta:

1) EBren Tratatuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, Europar Batasunak oinarri ditu askatasunaren, demokraziaren, giza eskubideak nahiz oinarrizko askatasunak errespetatzearen eta zuzenbideko estatuaren printzipioak, erkide direnak estatu kideentzat; orobat, oinarrizko eskubideak errespetatzen ditu, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean bezala bermatuz, eta estatu kideen konstituzio-tradizio erkideetan bezala, zuzenbide erkidearen oinarrizko printzipio gisa.

2) Pertsona orok duen eskubidea, legearen araberako berdintasuna eta bereizkeriaren aurkako babesa izateko, eskubide unibertsala da; eskubide hori aitortu da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Nazio Batuen Konbentzioan, arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioan, Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Itunetan, bai eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean ere, non estatu kide guztiak sinatzaile diren.

3) Bereizkeria debekatzeaz gain, garrantzitsua da oinarrizko beste eskubide eta askatasun batzuk errespetatzea, hala intimitatearen eta familia-bizitzaren babesa eta esparru horretan gauzatutako transakzioak, nola erlijio-askatasuna.

4) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Europar Batasunaren oinarrizko printzipioa da. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, 21 eta 23. artikuluetan, sexu-arrazoien ondoriozko edozein bereizkeria debekatu, eta gizonen eta emakumeen artean berdintasunerako eskubidea sendotu du esparru guztietan.

5) Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 2. artikuluaren arabera, printzipio hori sustatzea Europako Erkidegoaren oinarrizko egitekoetako bat da. Edu berean, Tratatuaren 3. artikuluko 2. paragrafoak Europako Erkidegoari betebeharra ezarri dio, bere jarduera guztietan xedetzat har dezan desberdintasunak ezabatzea eta modu aktiboan suspertzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.

6) Batzordeak, «Gizarte-politikaren Agenda» komunikazioan, bere asmoa iragarri zuen, lan-merkatutik kanpo sexu-bereizkeriaren inguruko zuzentarau bat proposatzeko. Proposamen hori bat dator 2000ko abenduaren 20ko Kontseiluaren 2001/51/EE Erabakiarekin, non programa bat ezarri den, Europako Erkidegoko esparru-estrategiari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren gaian (2001-2005). Bada, programa horretara biltzen dira Europako Erkidegoko politika guztiak eta bere xedea da gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea. Horretarako, politika horiek egokitu behar dira eta ekintza zehatzak aplikatu, gizonek nahiz emakumeek gizartean duten egoera hobetzeko.

7) Europako Kontseiluak, Nizan, 2000ko abenduaren 7an eta 9an izandako bileran, Batzordeari eskatu zion berdintasun-arloan eskubideak indartzea, zuzentarau baten proposamena eginez, enpleguaz eta lanbide-bizitzaz besteko esparruetan ere genero-berdintasuna sustatzeko.

8) Europako Erkidegoak tresna juridiko ugari ezarri du, lan-merkatuan sexu-bereizkeria prebenitu eta borrokatzeko. Tresna horiek erakutsi dute legegintzazko neurriek balio dutela bereizkeriaren aurka egiteko.

9 Alabaina, lan-merkatuaz landa ere badago sexu-bereizkeria eta jazarpena, sexu-jazarpena barne. Bada, bereizkeria hori ere kaltegarria izan daiteke; areago, arazo bihur daiteke gizonen eta emakumeen integrazioa erabatekoa eta arrakastatsua izan dadin ekonomia- eta gizarte-bizitzan.

10) Arazo nabariak daude ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean. Horregatik, bidezkoa da esparru horretan sexu-bereizkeria prebenitu eta ezabatzea. Helburu hori hobeto erdiets daiteke Europako Erkidegoko legeriaren bidez. Horren adibide da, hain zuzen, Kontseiluaren 2000/43/EE Zuzentaraua, 2000ko ekainaren 29koa, pertsonen artean, horien arraza- nahiz etnia-jatorria gorabehera, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa.

11) Legeria horrek sexu-bereizkeria debekatu behar du ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean. Ondasuntzat hartu behar dira Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuan, merkatu-gaien joan-etorri askeari buruzko xedapenetan, ondasuntzat jo direnak. Zerbitzutzat hartu behar dira aipatu Tratatuaren 50. artikuluko xedapenen arabera zerbitzutzat jo direnak.

12) Sexuaren ondoriozko bereizkeria eragozteko xedearekin, zuzentarau hau aplikatu behar zaio zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeriari. Zuzeneko bereizkeria dago, soil-soilik, pertsona batek, sexuaren ondorioz, beste baten aldean tratu hain mesedegarria jasotzen ez duenean, bi-biak antzeko egoeran izanda. Horrenbestez, esate baterako, gizonen eta emakumeen derberdintasun fisikoak direla eta, osasun-zainketarako zerbitzuak ematean, gizonen eta emakumeen artean egiten diren bereizketak ez dira erkatzeko moduko egoerak, eta, horregatik, ez dute bereizkeriarik sortzen.

13) Bereizkeria-debekua aplikatu beharko zaie jendaurreko ondasunak eta zerbitzuak ematen dituzten pertsonei, betiere, zerbitzu-emate hori bizitza pribatu eta familia-bizitzatik kanpo egiten bada, eta inguru horretan gauzatzen diren transakzioei. Ez zaie aplikatuko komunikabideen edota publizitatearen edukiari, ezta irakaskuntza publiko nahiz pribatuari ere.

14) Pertsona orok askatasuna du kontratuak egiteko, baita beste kontratugilea aukeratzeko ere, transakzio jakin bat gauzatzeko. Ondasun bat edo zerbitzu jakin bat ematen duen pertsonak arrazoi subjektibo desberdinak izan ditzake beste kontratugilea aukeratzeko. Aukeratze hori kontratugilearen sexuan oinarritzen ez den neurrian, zuzentarau honek ez du ukituko pertsonak duen askatasuna beste kontratugilea aukeratzeko orduan.

15) Indarrean bada edozenbat tresna juridiko, gizonen eta emakumeen artean tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko, enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan. Hori dela eta, zuzentarau hau ez da aplikatuko esparru horretan. Arrazonamendu horri eutsiko zaio beregaineko jarduerei dagokienez ere, halako jardueren inguruan indarrean dauden tresna juridikoek tratu-berdintasunaren printzipioa jaso duten ginoan. Zuzentaraua aseguruei eta pentsioei aplikatuko zaie bakarrik, halakoak pribatuak, borondatezkoak eta lan-harremanengandik independenteak direnean.

16) Tratu-bereizketak onartu ahal izango dira, halakoen asmoak legitimoak direnean bakarrik. Asmo legitimoak izan daitezke, esate baterako, sexuaren ondoriozko indarkeriaren biktimen babesa (babes-lekuak sexu jakin bateko pertsonentzat bakarrik sortzen direnean), intimitate- eta duintasun-arrazoiak (berbarako, pertsona batek bere etxebizitzako zati batean ostatua eskaintzen duenean), genero-berdintasuna edo gizonen nahiz emakumeen interesak sustatzea (horren adibide izanik sexu berereko boluntarioen erakundeak), elkartzeko askatasuna (sexu jakin bateko pertsonentzako klub pribatuetan afiliatzeari dagokionez), kirol-jarduerak antolatzea (kasurako, sexu jakin bateko pertsonentzako kirol-jarduerak). Nolanahi ere, muga guztiak egokiak eta beharrezkoak izan beharko dira, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak emandako irizpideak aintzat hartuta.

17) Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean, tratu-berdintasunaren printzipioa gauza dadin ez da beharrezkoa gizonei eta emakumeei prestazio eta instalaziok neurri berean eskaintzea, betiere, prestazio eta zerbitzuok sexu jakin bateko pertsonei modu mesedegarriagoan eskaintzen ez bazaizkie.

18) Aseguruetan eta antzeko beste finantza-zerbitzu batzuetan ohikoa da sexuan oinarritutako faktore aktuarialak erabiltzea. Bada, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasuna bermatzeko xedearekin, sexua faktore aktuarial moduan erabiltzeak ez du eragingo desberdintasunik banakako pertsonen prima eta prestazioetan. Merkatuaren bat-bateko berregokitzea saihesteko, arau hau aplikatuko zaie zuzentarau honen transposizioa zein datatan gertatu eta data horretatik aurrera egindako kontratu berriei bakarrik.

19) Arrisku-kategoria batzuek aldaketak izan ditzakete sexuei dagokienez. Zenbait kasutan, sexua oinarrizko faktorea da, aseguratutako arriskuak ebaluatzeko, baina ez bakarra. Izaera horretako arriskuak aseguratzen dituzten kontratuei begira, estatu kideek baimenak eman ahal izango dituzte, sexua aintzat hartzen ez duten primen eta prestazioen arauari salbuespenak egiteko. Baina, horretarako, estatu kideek bermatu beharko dute kalkuluen oinarri diren datu aktuarial eta estatistikoak fidagarriak, ohikotasunez eguneratutakoak eta jendeak eskuratzeko modukoak izatea. Salbuespenak onartuko dira nazio-legeriak sexua aintzat ez hartzeko araua oraindik aplikatu ez duenean bakarrik. Zuzentarau honen transposizioa egin eta bost urte geroago, estatu kideek salbuespen horien justifikazioa berrikusi ahal izango dute, kontuan hartuta azken datu aktuarial eta estatistikoak eta transposizio-datatik hiru urtera Batzordeak gauzatutako txosten bat.

20) Haurdunaldiaren eta amatasun-egoeraren ondorioz emakumeei hain mesedegarria ez den tratua ematea sexuaren ondoriozko zuzeneko bereizkeria izango da, eta, ondorenez, debekatuta egongo da, aseguruetan eta antzeko finantza-zerbitzuetan. Horrenbestez, haurdunaldiari edo amatasun-egoerari lotutako gastuak ez zaizkie eratxiki behar sexu jakin bateko pertsonei bakarrik.

21) Sexuaren ondoriozko bereizkeria jasan duten pertsonek babes juridikorako tresna egokiak izan behar dituzte. Babes-maila eragingarriagoa ziurtatzeko helburuarekin, elkarteei, erakundeei edo pertsona juridikoei ere ahalmena eman behar zaie, horiek prozedurak has ditzaten, estatu kideek xedatutakoaren arabera, edozein biktimaren izenean edo edozein biktima babesteko, betiere, prozedurari buruzko nazio-arautegiari kalterik egin gabe, auzitegietan izan beharreko ordezkaritza eta defentsari dagokionez.

22) Froga-zamari buruzko arauak egokitu beharko dira, ustezko bereizkeria-kasua dagoenean; tratu-berdintasunaren printzipioa eragingarritasunez aplika dadin, ustezko bereizkeriaren inguruko frogak ekartzen direnean, froga-zama berriro ere alderdi demandatuaren esku utziko da.

23) Berdintasun-printzipioa eragingarritasunez aplika dadin, errepresalien aurkako babes judizial egokia ezarri behar da.

24) Tratu-berdintasunaren printzipioa bultzatzeko, estatu kideek elkarrizketa suspertuko dute, nazio-legeria eta -eginerekin bat etorriz, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean sexuaren ondoriozko bereizkeriaren aurka borrokatzeko interes legitimoa zein alderdik izan eta alderdi horien artean.

25) Sexu-bereizkeriaren aurkako babesa indartuko litzateke estatu kide bakoitzean antolakunde independente bat edo batzuk ezarrita; antolakunde horiek eskumenak izango lituztekete, arazoak ikertzeko, balizko konponbideak aztertzeko eta biktimei laguntza zehatza eskaintzeko. Antolakunde horiek izan daitezke nazio-mailan giza eskubideak defendatu nahiz banakako eskubideak babesteko, edo tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko ardura duten berberak.

26) Zuzentarau honek gutxieneko betekizunak ezarri ditu, eta estatu kideei aitortzen die xedapen mesedegarriagoak ezarri edo izateko ahalmena. Zuzentarau honen aplikazioak ezin du atzera-egiterik justifikatu estatu kide bakoitzean aurretiaz zegoen egoerari begira.

27) Estatu kideek zehapen eragingarri, proportzional eta disuasio-izaerakoak ezarri behar dituzte, zuzentarau honek eratorritako betebeharren aurka egiten denean.

28) Estatu kideek ezin dituztenez behar bezala erdietsi zuzentarau honen helburuak, hau da, estatu kide guztietan bereizkeriaren aurka babes-maila bera eta behar bestekoa bermatzea, eta, ondorenez, helburuok erkidego-mailan hobeto gauza daitezkeenez, ekintzaren norainokoa eta ondoreak direla bide, Europako Erkidegoak neurriak har ditzake, Tratatuaren 5. artikuluak ezarritako subsidiaritate-printzipoarekin bat etorriz. Artikulu horretan aipatu proportzionaltasun-printzipioarekin bat etorriz, zuzentarau hau ez da gehiegizkoa helburu horiek lortzeko.

29) «Legeak hobeto egiteko» Erakundeen arteko Akordioaren 34. puntuarekin bat etorriz, estatu kideei eskatzen zaie, euren intereserako ez eze, Europako Erkidegoaren intereserako ere, taulak egitea, ahal den neurrian horien bidez ager dezaten zuzentarauaren eta transposizio-neurrien arteko bat-etortzea, bai eta taula horiek eskuragarri uztea ere.

HURRENGO ZUZENTARAUA ONETSI DU:

LEHENENGO KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea

Zuzentarau honen xedea da ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean sexu-bereizkeria borrokatzeko esparrua sortzea, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa estatu kideetan indarrean jar dadin.

2. artikulua. Definizioak

Zuzentarau honen ondoreetarako, aintzat hartuko dira hurrengo definizioak:

a) «Zuzeneko bereizkeria»: Antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz, pertsona batek tratu ez hain mesedegarria jasan izana edo jasateko arriskua izatea, beste batek duen, izan duen edo izango zukeen tratuarekin alderatuta.

b) «Zeharkako bereizkeria»: Itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek sexu jakin bateko pertsonentzat desabantaila jakin bat ekartzea beste sexuko pertsonei begira, non xedapen, irizpide edo eginera horiek modu objektiboan justifikatzen ez diren, xede legitimo batekin, betiere, xede horiek lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak izanda.

c) «Jazarpena»: Nahi ez den jokabide bat sortu eta jokabide horrek pertsona jakin baten sexuarekin zerikusia izatea, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, etsaigokoa, apalesgarria, umilaziokoa edo ofentsakoa den ingurua sortzea.

c) «Sexu-jazarpena»: Sexu-izaerako jokabide bat sortzea, ahozkoa, ahozkoa ez dena edo fisikoa, halakorik sortzeko asmorik gabe, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea, batez ere, larderiakoa, etsaigokoa, apalesgarria, umilaziokoa edo ofentsakoa den ingurua sortzen denean.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua

1. Europako Erkidegoari eratxikitako ahalmenen mugen barruan, zuzentarau hau aplikatuko zaie jendaurreko ondasunak eta zerbitzuak hornitzen dituzten pertsona guztiei, kontuan hartu gabe nor den pertsona hori, sektore publikoari, sektore pribatuari nahiz antolakunde publikoei dagokienez, ezta ondasun eta zerbitzu horiek bizitza pribatuaren eta familia-bizitzaren esparrutik kanpo eskaintzen diren ere; halaber, zuzentarau hau aplikatuko zaie testuinguru horretan gauzatutako transakzioei.

2. Zuzentarau honek ez du ukituko pertsonak duen askatasuna beste kontratugilea aukeratzeko orduan, betiere, aukeraketa hori beste kontratugilearen sexuan oinarritzen ez bada.

3. Zuzentarau hau ez zaio aplikatuko komunikabideen edo publizitatearen edukiari, ezta irakaskuntzari ere.

4. Zuzentarau hau ez zaie aplikatuko enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaiei. Ez zaie aplikatuko beregaineko lanarekin zerikusia duten gaiei, halakoei begira Europako Erkidegoan badirenean bestelako legegintza-egintza batzuk.

4. artikulua. Tratu-berdintasunaren printzipioa

1. Zuzentarau honen ondoreetarako, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioak hurrengo esanahia du:

a) Ez da egongo zuzeneko bereizkeriarik sexu-arrazoiengatik; bereizkeria horretara bilduko da emakumeek jasandako tratu ez hain mesedegarria, haurdunaldiaren edo amatasun-egoeraren ondorioz.

b) Ez da zeharkako bereizkeriarik izango sexu-arrazoiengatik.

2. Zuzentarau honek ez die kalterik egingo xedapen mesedegarriagoei, emakumeak haurdunaldiarengandik eta amatasun-egoerarengandik babesteari dagokionez.

3. Zuzentarau honen haritik, jazarpena eta sexu-jazarpena sexu-bereizkeria dira, eta, horrenbestez, debekatuta daude. Pertsona batek halako jokabideei uko egin arren edo men egin arren ere, hori ezin izango da erabili pertsona horrengan eragina duen erabakia oinarritzeko.

4. Sexu-arrazoiarengatik zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeria egiteko agindu oro bereizkeriatzat joko da zuzentarau honi dagokionez.

5. Zuzentarau honek ez ditu debekatzen tratu-bereizketak, justifikatuta dagoenean ondasunak eta zerbitzuak ematea soil-soilik edo gehienbat sexu jakin bateko pertsonei, legitimoa den asmo bat dela bide, eta asmo hori lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak direnean.

5. artikulua. Faktore aktuarialak

1. Estatu kideek zainduko dute, gehienez ere 2007ko abenduaren 21etik aurrera egiten diren kontratu berri guztietan, aseguruen eta antzeko finantza-zerbitzuen ondoreetarako sexua prima eta prestazioak kalkulatzeko faktore gisa kontuan hartu arren ere, desberdintasunik ez sortzea gizabanakoen prima eta prestazioei dagokienez.

2. 1. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatu kideek erabaki ahal izango dute, 2007ko abenduaren 21a baino lehenago, gizabanakoen prima eta prestazioen artean desberdintasun proportzionalak baimentzea, datu aktuarial eta estatistiko egoki eta zehatzen arabera erabakigarria denean sexu jakin bateko pertsonak kontuan hartzea, arriskua ebaluatzeko. Xedapen horretara biltzen diren estatu kideek Batzordea informatu eta zainduko dute sexua faktore aktuarial erabakigarritzat hartzearen inguruko datu zehatz eta egokiak bildu, argitaratu eta erregulartasunez eguneratzea. Estatu kide horiek euren erabakia berriro aztertuko dute, 2007ko abenduaren 21etik bost urtera, kontuan hartuta Batzordearen txostena, 16. artikuluak aipatu duena; orobat, Batzordeari igorriko diote azterketa berri horren emaitza.

3. Nolanahi ere, haurdunaldiarekin eta amatasun-egoerarekin zerikusia duten kostuek ez dute eragingo desberdintasunik gizabanakoen prima nahiz prestazioetan.

Estatu kideek paragrafo hau betetzeko hartu behar dituzten neurrien aplikazioa gehienez ere bi urtez atzeratu ahal izango dute, 2007ko abenduaren 21etik aurrera. Halakoetan, kasuan kasuko estatu kideek beherala informatuko dute Batzordea.

6. artikulua. Ekintza positiboa

Praktikan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun osoa bermatzeko xedearekin, tratu-berdintasunaren printzipioak estatu kideei ez die eragotziko neurri bereziei eustea edo halakoak hartzea, sexu-arrazoiarengatik jasandako desabantailak saihestu edo konpentsatzeko.

7. artikulua. Gutxieneko betekizunak

1. Zuztentarau honetan jasotako xedapenen aldean, estatu kideek xede mesedegarriagoak ezarri ahal izango dituzte edo halakoei eutsi ahal izango diete, gizonen eta emakumeen artean tratu-berdintasunaren printzipioa babesteko.

2. Zuzentarau honen aplikazioa ez da izango, inola ere, bereizkeriaren aurkako babes-maila gutxitzeko arrazoia, zuzentarau honen esparruetan estatu kideek aldez aurretik bereizkeriaren aurka bermatua duten babesari begira.

II. KAPITULUA

BALIABIDE APLIKAGARRIAK

8. artikulua. Eskubideak defendatzea

1. Estatu kideek zainduko dute prozedura judizial eta administratiboak izatea, eta, egoki iruditzen zaienean, baita adiskidetza-prozedurak ere, zuzentarau honetan ezarritako betebeharrak gauzatzea galdatzeko, tratu-berdintasunaren printzipioa ez dela bete uste duten pertsonen mesedetan, euren burua kalteduntzat dutenean. Estatu kideek beste horrenbeste egingo dute, ustezko bereizkeria zein harremanetan gauzatu eta harremanok amaituta daudenean ere.

2. Estatu kideek euren antolamendu juridikoetan beharrezko neurriak ezarriko dituzte, kalte-ordain edo konpentsazio erreal nahiz eragingarria emateko, zuzentarau honetako bereizkeria-arrazoi baten ondorioz bere burua kalteduntzat duen pertsona orori; kalte-ordain hori izango da jasandako kaltea gainditzeko modukoa eta kalte horrekiko proportzionala. Aldez aurretik gehieneko muga bat ezarri bada ere, horrek ez du mugatuko konpentsazio edo kalte-ordain hori.

3. Estatu kideek zainduko dute, nazio-zuzenbidean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zuzentarau hau betetzearen inguruan interes legitimoa duten elkarte, erakunde edo beste pertsona juridiko batzuek, demandatzailearen izenean edo hori babesteko, eta demandatzaile horren baimenarekin, edozein prozedura judizial edo administratibo hastea, zuzentarau honen ondoriozko betebeharren gauzatzea galdatzeko.

4. 1 eta 3. paragrafoek ez diete kalterik egingo nazio-arauei, tratu-berdintasunaren printzipioaren inguruan akzio judizialak egikaritzeko epeei dagokienez.

9. artikulua. Froga-zama

1. Estatu kideek, euren nazioko antolamendu juridikoaren arabera, beharrezko neurriak hartuko dituzte, bermatzeko alderdi demandatuak egiaztatu behar duela tratu-berdintasunaren printzipioa hautsi izana, pertsona batek, bere burua kalteduntzat duenak, printzipio hori berari ez aplikatzeagatik, alegatzen dituenean, auzitegi edo beste organo eskudun batean, zuzeneko edo zeharkako bereizkeriaren presuntzioa sor dezaketen egitateak.

2. 1. paragrafoan xedatutakoak ez du eragotziko estatu kideek arauak egitea alderdi demandatzailearentzat mesedegarriagoak diren frogak onartzearen inguruan.

3. 1. paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko prozedura penalei.

4. 1, 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaio, berebat, 8. artikuluko 3. paragrafoarekin bat etorriz izapidetutako prozedura orori.

5. Estatu kideek prozedura batzuetan ez dute zertan aplikatu 1. paragrafoa, hain zuzen, auzitegiak edo beste agintaritza eskudun batek kasuko egitateak ikertu behar dituenean.

10. artikulua. Errepresaliak

Estatu kideek antolamendu juridiko nazionaletan beharrezko neurriak ezarriko dituzte, pertsonak babesteko, euren aurkako edozein tratutik edo edozein ondorio negatibotik, halakoak gerta daitezkeenean, tratu-berdintasunaren printzipioa betearaztea helburu duen salaketa edo prozedura judizial baten erantzun gisa.

11. artikulua. Elkarrizketa alderdi interesdunekin

Tratu-berdintasunaren printzipioa bultzatzeko xedearekin, estatu kideek elkarrizketa suspertuko dute, nazio-legeria eta -eginerekin bat etorriz, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean sexu-bereizkeriaren aurka borrokatzeko interes legitimoa zein alderdik izan eta alderdi horien artean.

III. KAPITULUA

TRATU-BERDINTASUNA SUSTATZEKO ANTOLAKUNDEAK

12. artikulua

1. Estatu kideek antolakunde bat edo gehiago izendatuko dituzte, pertsona guztien artean berdintasuna sustatu, aztertu, kontrolatu eta babesteko, sexu-arrazoiarengatik bereizkeriarik egin gabe, eta horretarako behar diren xedapenak emango dituzte. Antolakunde horiek izan daitezke nazio-mailan giza eskubideak defendatu nahiz pertsonen eskubideak babesteko, edo tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko ardura duten berberak

2. Estatu kideek zainduko dute 1. paragrafoan aipatu antolakundeek, besteak beste, hurrengo eskumenak izatea:

a) Bereizkeriaren biktimei babes independentea eskaintzea, bereizkeriaren ondoriozko prozedura bat hastean; horrek ez dio kalterik egingo, 8. artikuluko 3. paragrafoan aipatu biktima eta elkarteen, erakundeen eta beste pertsona juridiko batzuen eskubideari.

b) Bereizkeariaren inguruko azterketa independenteak egitea.

c) Txosten independenteak argitaratzea eta gomendioak egitea, bereizkeria-mota honekin zerikusia duen edozein gairen inguruan.

IV. KAPITULUA

AZKEN XEDAPENAK

13. artikulua. Betearaztea

Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte, tratu-berdintasunaren printzipioa errespeta dadin, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean, zuzentarau honen aplikazio-esparruan, eta, bereziki, honako helburu hauek gauza daitezen:

a) Tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aurkako lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak ezabatzea.

b) Enpresetako barne-araudietako kontratu-xedapenak, bai eta elkarteen arauetan, elkarte horiek irabazteko asmoa izan ala ez, jasotako kontratu-xedapenak ere, tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aurkakoak izanez gero, deusezak direla adieraztea edo halakoak deusezak direla adierazteko aukera izatea, edo halakoak aldaraztea.

14. artikulua. Zehapenak

Estatu kideek zehapenen araubidea ezarriko dute, aplikatuko dena zuzenbide hau aplikatzeko ezarritako nazio-xedapenak hausten direnean; halaber, estatu kideek nazio-xedapenak betetzea bermatzeko behar den edozein neurri hartuko dute. Zehapen horiek eragingarriak, proportzionalak eta disuazio-izaerakoak izango dira, eta zehapen horien artean jaso ahal izango da biktimari kalte-ordaina ematea. Estatu kideek xedapen horiek Batzordeari komunikatuko dizkiote, gehienez ere, 2007ko abenduaren 21erako, eta beherala komunikatuko diote xedapen horiek gerogarrenean izandako edozein aldarazpen.

15. artikulua. Informazioa zabaltzea

Estatu kideek zainduko dute, zuzentarau honen ondorioz ezarritako xedapenak, bai eta esparru horretan aldez aurretik ezarri ziren eta indarrean jarraitzen duten beste xedapen batzuk ere, pertsona interesdunei komunikatzea, egoki diren bide guztiak erabilita, eta estatu kideen lurralde osoa kontuan hartuta.

16. artikulua. Txostenak

1. Estatu kideek Batzordeari komunikatuko diote zuzentarau honen aplikazioari buruz eskuragarri duten informazio guztia, gehienez ere, 2009ko abenduaren 21erako, eta, gerogarrenean, bost urterik behin.

Batzordeak txosten laburtua egingo du, eta horretara bilduko da, 5. artikuluko xedapena aintzat hartuta, sexua primak eta onurak kalkulatzeko faktoretzat hartzeari dagokionez, estatu kideetan indarrean diren egineren azterketa. Txosten hori Europako Parlamentuari eta Kontseiluari aurkeztuko dio, gehienez ere, 2010eko abenduaren 21erako. Hala behar izanez gero, Batzordeak bere txostenari erantsiko dizkio zuzentaraua aldarazteko proposamenak.

2. Batzordearen txostenak kontuan hartuko ditu kasuan kasuko alderdi interesdunen ikuspuntuak.

17. artikulua. Transposizioa nazio-legeriara

1. Estatu kideek zuzentarau hau betetzeko beharrezko lege-, erregelamendu-, eta -administrazio-xedapenak emango dituzte, gehienez ere, 2007ko abenduaren 21erako. Berehala komunikatuko diote Batzordeari xedapen horien testua.

Estatu kideek halako xedapenak ematen dituztenean, xedapenok zuzentarau honi egingo diote erreferentzia, edo erreferentzia horrekin batera ageriko dira argitalpen ofizialean. Estatu kideek aipatu erreferentziaren modalitateak ezarriko dituzte.

2. Estatu kideek Batzordeari komunikatuko diote, barne-zuzenbidean eman dituzten oinarrizko xedapenen testua, zuzentarau honen aplikazio-esparruari begira.

18. artikulua. Indarrean jartzea

Zuzentarau hau indarrean jarriko da Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

19. artikulua. Jasotzaileak

Estatu kideak izango dira zuzentarau honen jasotzaileak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra