Herriek bakea izateko eskubideari buruzko Adierazpena
1984-11-12Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Herriek bakea izateko eskubideari buruzko Adierazpena
Biltzar Orokorrak onetsia, 1984ko azaroaren 12ko 39/11 ebazpenean
Biltzar Orokorrak,
Berretsiz Nazio Batuen asmo nagusiena dela nazioarteko bakea eta segurtasuna gordetzea,
Kontuan hartuta Nazio Batuen Gutunean ezarritako nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioak,
Adieraziz herri guztien borondatea eta asmoak, gizakien bizitzatik gerra ezabatzeko eta, batik bat, mundu-mailan hondamendi nuklearra saihesteko,
Sinetsita ongizate materiala, herrialdeen loraldia eta aurrerapena lortzeko eta, oro har, Nazio Batuek aldarrikatutako gizakien eskubide guztiak eta oinarrizko askatasunak betetzeko, gerra gabeko bizitza dela nazioarte mailako lehen baldintza,
Jakitun izanik aro nuklearrean munduan bake iraunkorra ezartzea dela baldintza nagusia giza zibilizazioa eta bere izatea babesteko,
Aitortuz estatu guztien betebehar ukiezina dela herriak bakean bizi daitezen bermatzea,
1.Ospe handiz aldarrikatzen du planeta honen herriek bakerako eskubide ukiezina dutela;
2.Ospe handiz adierazten du herriek bakerako duten eskubidea babestea eta eskubide hori betearaztea, estatu ororen eginbehar nagusia dela;
3.Azpimarratzen du herriek bakerako duten eskubidea nola betetzen ari den ziurtatzeko, behar-beharrezkoa dela estatuek euren politika ahalbidetzea gerra-mehatxuak ezabatzera, bereziki, gerra nuklearra ezabatzera, nazioarteko harremanetan indarra erabiltzeari uko egitera eta nazioarteko eztabaidak bide baketsuak erabilita konpontzera, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz;
4.Dei egiten die estatuei eta nazioarteko erakunde guztiei lagun dezaten, bide guztiak erabilita, zertan eta nazio- nahiz nazioarte-mailan hartutako neurri egokien bitartez, herriek bakerako duten eskubidea betetzen ari dela ziurtatzen.