Gosea eta malnutrizioa ezabatzeari buruzko Adierazpen Unibertsala
1974-12-17Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Gosea eta malnutrizioa ezabatzeari buruzko Adierazpen Unibertsala
Elikaduraren Munduko Konferentziak onetsia 1974. urteko azaroaren 16an, Batzar orokorrak 1973. urteko abenduaren 17an deitua, 3180 (XXVIII) ebazpenaren bitartez; Biltzar orokorrak bereganatu zuena 1974. urteko abenduaren 17an, 3348 (XXIX) ebazpenaren bitartez,
Elikaduraren Munduko Konferentziak,
Nazio Batuen Biltzar orokorrak deitua, honi eman zaio agindua baliabideak eta hautamenak lantzeko, nazioarteko erkidegoak zehatz jardun dezan munduan elikadura-arazoa konpontzeko, garapen-esparru zabalenean eta nazioarteko lankidetza ekonomikoaren esparruan,
Ondorengo Adierazpena onesten du:
GOSEA ETA MALNUTRIZIOA EZABATZEARI BURUZKO ADIERAZPEN UNIBERTSALA
Aitortuz,
a) Elikaduren gaineko krisi larriak ukitzen dituela garapen bidean dauden herriak; besteak beste, munduan gose eta malnutrizioaren menpeko pertsonen gehiengoa bertan bizi dira, eta herri horietan munduko biztanleriaren bi herenek baino gehiagok ekoizten dute batez beste munduko elikagaien herena–desoreka hori hurrengo hamar urtean gehitzeko arriskua izanik ere–; aurreko horrek ekonomian eta gizartean ondorio larriak eragiten ditu eta zalantza gogorrean jartzen ditu, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak biltzen dituzten bizitza-eskubidearekin eta giza duintasunarekin lotutako printzipio eta balio oinarrizkoenak egikaritzea,
b) Gizarte mailan Aurreratze- eta Garatze-bideei buruzko Nazio Batuen Adierazpenaren helburuetako bat gosea eta malnutrizioa ezabatzea dela, eta egoera hori eragiten duten arrazoiak ezabatzea dela herri guztien helburu erkidea;
c) Gosea eta malnutrizioa jasaten duten herrien egoera inguruabar historikoek sorrarazi dutela, bereziki desberdintasun sozialek, barne hartuta gehienetan atzerritarrekiko menpekotasuna eta kolonialismoa, atzerritarren okupazioa, arraza-bereizkeria, apartheida eta neokolonialismo modu guztiak, eta horiek jarraitzen dutela oztoporik handiena izaten garapen-bidean dauden herriek eta, oro har, ibilbide horretan sartutako herri guztiek burujabetza osoa eta garapena lortzeko;
d) Aspaldiko urteetan egoera hori larriagotu egin dela, hain zuzen ere, munduko ekonomiak pairatu duen krisiagatik, besteak beste, nazioarteko diru-sistemaren narriaduragatik, inportazio-kostuen inflazio-igoeragatik, garapen-bidean dauden herri askori kanpo-zorrak ordainketa-balantzan eragindako zama astunagatik, zati batean demografia-presioak eraginda, elikagaien eskaria igotzeagatik, eta, oro har, espekulazioagatik, eta nekazaritza-ekoizpenaren oinarrizko baliabideen gabeziagatik eta horien kostuak igotzeagatik;
e) Gertakari horiek Estatuen Eskubide eta Eginbehar Ekonomikoen Gutunari buruzko egungo negoziazioen markoan hartu behar direla, eta Nazio Batuen Biltzar orokorrari eskatu behar zaiola aho batez adosteko eta onesteko Gutun bat, Gutun hori izan dadin baliabide eraginkorra nazioarteko mailan, ekitate eta justiziaren printzipioetan oinarritutako harreman ekonomiko berriak sortzeko,
f) Herrialde guztiak berdinak direla, txikiak nahiz handiak izan, aberatsak nahiz txiroak.Herrialde guztiek dute eskubide osoa elikadura-arazoei buruzko erabakietan parte hartzeko;
g) Munduko herri guztien ongizatea elikagaien ekoizpen eta banaketa egokien mende dagoela zati handi batean, behinik behin, eta baita elikagaien segurtasun-sistema baten mende ere, edozein unetan eta prezio egokietan nahiko elikagai eskura izatea ziurtatuko duen sistemaren mende, hain zuzen ere, klimaren gorabeherak eta aldizkako apetak alderdi batera utzita, eta inolako presio politiko eta ekonomikorik gabe, eta, orobat, garatze-bidean dauden herrien garatze-prozesua errazten duen sistemaren mende;
h) Bakeak eta justiziak dakartela munduko arazo ekonomikoak konpontzeko eta azpigarapena ezabatzeko orduan lagungarri den dimentsio ekonomikoa, horrek ere herri guztien elikadura-arazoa konpontzeko irtenbide iraunkorra eta behin betikoa eskaintzen du, eta herri guztiei bermatzen die garapen-arazoak, askatasunez eta modu egokian, aurrera eramateko eskubidea.Helburu horretarako behar-beharrezkoa dela mehatxuak eta indarkeria ezabatzea eta ahalik eta neurri zabalenean estatuen arteko lankidetza baketsua sustatzea, beste estatuen barruko gaietan eskua ez sartzeko printzipioa aplikatzea, eskubide-berdintasun osoa eta independentziari eta nazio-subiranotasunari errespetua, eta estatuen arteko lankidetza baketsua bultzatzea, estatu horien politika-sistemak eta sistema sozialak eta ekonomikoak edozein direla ere.Nazioarteko harremanen etengabeko hobekuntzak sorraraziko dituela lankidetzarako baldintza onuragarriagoak arlo guztietan, eta horri esker, ezbairik gabe, finantza-baliabideak eta baliabide materialak erabiliko direla, besteak beste, nekazaritza-ekoizpena gehitzeko eta munduko elikadura-segurtasuna nabarmen hobetzeko;
i) Elikadura-arazoari irtenbide iraunkor bat lortzeko ahal diren ahalegin guztiak egin behar direla garapen-bidean dauden herrien eta garatutako herrien arteko aldea ezabatzeko, alde hori gero eta zabalagoa delako, eta, berebat, nazioarteko ekonomia-ordena berriak lortzeko.Herri guztiek egon behar dutela nazioarteko harreman ekonomikoetan parte hartzeko baldintzetan, era aktibo eta eraginkorrean, kasuan kasuko nazioarteko sistema egokien bitartez; sistema horiek gai izan behar dute egintza egoki bat martxan jartzeko, nazioarteko lankidetza ekonomikoan harreman zuzenak eta ekitatearen araberakoak ezartzeko helburuarekin;
j) Garapen-bidean dauden herriek berretsi dutela euren ustea, hau da, eurei dagokiela, batik bat, garapen azkarra ziurtatzeko erantzukizuna.Horrenbestez, gertu daudela euren ahaleginak, norbanakoak edo kolektiboak, indartzen jarraitzeko eta, modu horretan elkarrekiko lankidetza gehitzeko nekazaritza-garapenaren arloan eta elikagaien ekoizpen-arloan, barne hartuta gosea eta malnutrizioa ezabatzea;
k) Ikusirik garapen-bidean dauden herri askok, hainbat arrazoirengatik, ezin dutela oraindik euren elikagai-beharrizanak ase, behar-beharrezkoa da lehenbailehen herri horiei laguntzeko nazioarteko egintza eraginkorra hastea, presio politikorik gabe.
Biltzar orokorrak, seigarren ezohiko bileran onetsitako Nazioarteko ekonomia-ordena berriak ezartzeari buruzko Adierazpenaren eta Egintza Programaren helburu eta xedeekin bat etorriz,
Ondorioz, Konferentziak ospe handiz aldarrikatzen du:
1.Gizon-emakume eta haur guztiek dute goserik eta malnutriziorik ez jasateko eskubide besterendu ezina, euren osotasunean garatu ahal izateko eta gaitasun fisikoak nahiz mentalak zaintzeko.Gizarteak baditu egun baliabide, antolatzeko gaitasun eta teknologia nahikoak, eta horien ondorioz, helburu hori lortzeko gaitasuna ere.Aurrekoaren ondorioz, gosea ezabatzea da nazioarteko erkidegoa osatzen duten herri guztien helburu erkidea, batik bat, herri garatuena eta horretarako laguntza emateko baldintzetan dauden beste batzuena ere.
2.Gobernuen erantzukizun nagusia da elkarrekin lan egitea elikadura-ekoizpen handiagoa lortzeko eta elikagaien banaketa, ekitate eta eraginkortasun gehiagorekin egiteko, herrien artean eta euren barruan.Gobernuek berehala hasi beharko lukete borroka bateratua eta indartsuagoa, malnutrizio kronikoaren aurka eta gabeziak eragindako gaixotasunen aurka, horiek ukitzen baitituzte talderik ahulenak eta diru-sarrera baxuenak dituztenak.Gobernuek elikagaien eta nutrizioaren arloan, denentzat nutrizio egokia ziurtatzeko helburuarekin, politika bidezkoak egin beharko lituzkete, eta halakoak ere izaera orokorreko gizarte- eta ekonomia-garapenaren planetan eta nekazaritzarako garapen-planetan sartu, betiere politika horiek elikagaiak ekoizteko baliabide erabilgarrien nahiz erabili daitezkeenen taxuzko ezaguera batean oinarritzen badira.Horren inguruan, azpimarratzekoa da nutrizioaren ikuspuntutik, giza esneak duen garrantzia.
3.Ekonomia eta gizartea garatzeko nazio-planak eta -programak moldatu eta gauzatzearekin batera aurre egin behar zaie elikadura-arazoei, eta horien alde humanitarioak nabarmendu.
4.Estatu interesdun bakoitzari dagokio, subiranotasun-erabakiekin eta barruko legeriarekin bat etorriz, elikagaiak ekoiztea eragozten duten oztopoak ezabatzea eta nekazaritza-ekoizleei pizgarri egokiak ematea.Helburu horiek lortzeko, nahitaezkoa da zerga, kreditu eta inbertsio-politiken eraldaketa sozioekonomikoa egitea, nekazaritza-eraldaketaren bitartez, eta nekazaritza-azpiegiturak antolatzeko neurri eraginkorrak hartzea, esaterako: jabetzaren baldintzak eraldatzea, ekoizle- eta kontsumitzaile-kooperatibak sustatzea, garapen-bidean dauden herrietan, nekazaritza-garapen osoa lortzeko, giza baliabideen, gizonezkoen zein emakumezkoen ahalmena bultzatzea, eta nekazari txikiek, arrantzaleek eta lurrik gabeko langileek parte hartzea elikadura-ekoizpena eta enplegua lortzeko ahaleginetan.Bestalde, behar-beharrezkoa da aitortzea emakumeak duen zeregina herrialde askoren nekazaritza-ekoizpenean eta nekazaritza-ekonomian, eta, bide beretik, emakumeei ziurtatzea, gizonezkoekin berdintasun baldintzetan, hezkuntza egokia, zabaltze-programak eta finantza-erraztasunak.
5.Egun, sekula baino garrantzi handiagoa du itsas baliabideak eta barne urak erabiltzeak elikagai-iturri eta ongizate ekonomiko bezala.Ondorenez, baliabide horien bidezko ustiapena sustatzeko neurriak hartu behar dira, baliabide horiek izan daitezen batez ere giza kontsumorako, herri guztien elikagai beharrizanak asetzeko helburuarekin.
6.Elikagaien ekoizpena igotzera bideratutako eginahalek eskatzen dute, berebat, ahalik eta ahalegin handiena egitea elikagaiak, edozein dela horien forma, alferrik galdu ez daitezen.
7.Garapen-bidean dauden herrietan eta, bereziki, gutxien garatutako herrietan eta horien artean gehien kaltetutako herrietan, elikagaien ustiapena indartzeko, garatutako herriek eta horretarako baldintzak dituzten herriek berehala eta modu iraunkorrean, nazioarteko neurriak hartu beharko dituzte, haiei laguntza teknikoa eta finantza-laguntza emateko, baldintza onuragarrietan eta euren beharrizanak asetzeko heinean, bitariko edo alderdi anitzeko akordioen bitartez.Laguntza hori ezin da lotu onuradun estatuen subiranotasunaren aurkakoak izan daitezkeen neurriekin.
8.Herrialde guztiek, batez ere, industrializazio maila altua dutenek elikagaiak ekoizteko teknologiaren aurrerapena sustatu beharko dute eta ahalik eta ahalegin handienak egin elikagaiak ekoizteko teknologia egokia eskualdatzeko, moldatzeko eta hedatzeko, garapen-bidean dauden herrien mesedetan; horretarako, besteak beste, ahalegindu beharko dira euren ikerketen emaitzak jakinarazten garapen-bidean dauden herrien gobernuei eta erakunde zientifikoei, horiek nekazaritza-garapen iraunkorra sustatu ahal dezaten.
9.Elikagaiak ekoizteko erabiltzen diren edo erabil daitezkeen baliabide naturalak egoki zaintzen direla ziurtatzeko, herrialde guztiek elkarrekin lan egin behar dute ingurumena babesteko, itsas ingurumena barne.
10.Garatutako herri guztiek eta horretarako baldintzak dituzten herriek garapen-bidean dauden herriekin lan egin behar dute, teknika- zein finantza-mailan, nekazaritza-ekoizpenerako, lur- eta ur-baliabideak gehitzeko, eta ziurtatzeko, bidezko kostuarekin, ongarri eta produktu kimiko, kalitate handiko haziak, kreditua eta teknologia moduko nekazaritza-lehengaiak berehala eskuragarri izatea.Horren inguruan, oso garrantzitsua da garapen-bidean dauden herrien arteko lankidetza.
11.Estatu guztiek egin beharko dute ahalegin berezia nekazaritza-politikak egokitzeko, halakoa bidezkoa denean, horien bitartez elikadura-ekoizpenari lehentasuna emateko, eta horren inguruan aitortu beharko dute munduko elikadura-arazoaren eta nazioarteko merkataritzaren arteko lotura.Garatutako herrialdeek kontuan izan beharko lituzkete, ahal dela, garapen-bidean dauden herri elikagai-esportatzaileen interesak, horien esportazioei ondorio kaltegarriak saihesteko helburuarekin, batez ere, nazio mailan elikadura-ekoizpenerako nekazaritzari eusteko programen aurrean jarrerak zehazteko orduan.Bestalde, herrialde guztiek elkarrekin lan egin beharko lukete euren artean har daitezen neurri egokiak munduko merkatuen egonkortze-arazoari aurre egiteko eta susta daitezen ekitatearen eta ordainketa zuzenaren araberako prezioak, nazioarteko akordioen bitartez, halakoa egitea komenigarria denean; merkatuetarako sarbidea hobetzeko, garapen-bidean dauden herriei interesatzen zaizkien produktuentzako oztopoak murriztuz eta ezabatuz, oztopo horiek zerga izaerakoak izan ala izan ez; era berean, igo egin beharko lituzkete herri horien esportazio-kontzeptuagatiko diru-sarrerak eta herri horiei ere gai desberdinetako esportazioak egin ditzaten lagundu; halaber, merkataritza-negoziazioetan halakoei Tokioko Adierazpenean hitzartutako printzipioak aplikatu, barne hartuta ez elkarrekikotasun eta tratu onuragarriagoren kontzeptuak.
12. Nazioarteko erkidego osoaren erantzukizun erkidea izanik uneoro bermatzea mundu mailako oinarrizko elikagaien hornikuntza egokia, erreserba egokien bitartez, barne hartuta larrialdi kasuetarako erreserbak, herrialde guztiek elkarrekin lan egin beharko dute munduko elikaduraren segurtasun-sistema eraginkorra ezartzeko. Horretarako, herrialde guztiek euren partaidetza eskainiko dute eta, nekazaritza- eta elikadura-arloan, Mundu mailako Alerta- eta Informazio-sistemaren funtzionamendua babestuko dute; halaber, Mundu mailako Elikadura Segurtasunari buruzko Nazioarteko Konpromisoak proposatutako eta Elikaduraren Munduko Konferentziak berretsitako helburuei, politikei eta norabideei atxikiko zaizkie; era berean, eta ahal duten neurrian, larrialdiko nazioarteko elikadura-beharrizanak asetzeko izakin eta funtsak emango dituzte, Mundu mailako Elikadura Segurtasunari buruz Nazioarteko Konpromisoak proposatutakoaren arabera eta nazioarteko norabideak landuko dituzte izakin horiek koordinatzeko eta erabiltzeko; gisa bertsuan, elikadura-beharrizanak eta larrialdiko beharrizanak betetzeko laguntza ematen lankidetzan arituko dira, eta oro har, nekazaritza-enplegua sustatzen garapen-proiektuen bitartez.
Herrialde emaile orok onartu eta aplikatu beharko du elikadura-laguntzarako aurreikusitako plangintza eta ahalegin biziak egin beharko ditu zereal nahiz bestelako elikadura-produktuen kopuru nahikoa bermatzen duten oinarrizko produktuak eta laguntza ekonomikoa emateko.
Denborarik ez dago.Ezinbestekoa da berehala eta etengabe jokatzea.Horrenbestez, Konferentziak herri guztiei eskatzen die, banaka edo euren gobernu eta gobernuz kanpoko erakundeen bidez, adierazi dezatela euren borondatea, zertarako eta gosearen aspaldiko zigorrari amaiera ematen laguntzeko.
Munduko Konferentziak baieztatzen du:
Estatu parte-hartzaileen erabakia, Nazio Batuen sistema oso-osorik erabiltzeko, adierazpen hau eta Konferentziak onetsi ditzakeen beste erabakiak betearazteko.