Gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko Genevako Hitzarmena
1949-08-12Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazioarteko Hitzarmenak moldatzeko, Konferentzia diplomatikoa
Gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko Ginebrako Hitzarmena
Gerraren biktimak babestera zuzendutako Nazioarteko Hitzarmena egiteko diplomazia Konferentziak 1949k abuztuaren 12an onartua, Ginebran egina 1949ko apirilaren 12tik abuztuaren 12ra
Indarrean jartzea:1950eko urriak 21
I. Titulua:Xedapen orokorrak
1. artikulua
Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Hitzarmen hau inguruabar guztietan errespetatzeko eta errespetarazteko.
2. artikulua
Bake garaian indarrean jarri behar diren xedapenez gain, Hitzarmen hau aplikatuko da gerra adierazpen kasuan edo bi alderdi kontratugile gorenen artean edo zenbaiten artean sor daitekeen bestelako gatazka armaturen kasuan, alderdietako batek gerra egoera onartu ez badu ere.
Hitzarmena ere aplikatuko da alderdi kontratugile goren baten lurraldea osotasunean edo zati batean okupatzen denean, okupazio horrek erresistentzia militarrik izan ez arren.
Gatazkan dagoen potentzietako bat Hitzarmen honen alderdi ez bada, Hitzarmenaren alderdi diren potentziak behartuta egongo dira potentzia horri dagokionez, azken honek Hitzarmenaren xedapenak onartu eta aplikatzen baditu.
3. artikulua
Nazioarteko izaera ez duen gatazka armatuaren kasuan eta alderdi kontratugile gorenetako baten lurraldean suertatzen denean, gatazkako alderdi bakoitzak gutxienez ondorengo xedapenak aplikatzeko betebeharra izango du:
1) Erasoan zuzenean parte hartzen ez duten pertsonak, baita armak baztertu dituzten indar armatuetako kideak eta gaixotasunagatik, zauriagatik, atxiloketagatik edo beste edozein arrazoi dela eta borrokatzeko gai ez diren pertsonak, inguruabar guztietan gizatasunez tratatuak izango dira, inolako bereizkeria kaltegarririk gabe, horren oinarri denean arraza, kolorea, erlijioa edo sinesmena, sexua, jaiotza edo aberastasuna, edo antzeko beste edozein irizpide.
Horri dagokionez, edozein denboratan eta lekutan, goian aipatutako pertsonei eragiten dienean ondorengoa debekatzen da:
a) bizitzaren eta gorputz-osotasunaren aurkako atentatuak, bereziki erailketa, horren forma guztietan, mutilazioak, tratu krudelak, tortura eta sufrimenduak;
b) pertsonak bahiturik hartzea;
c) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, bereziki tratu umiliagarri eta apalesgarriak;
d) herri zibilizatuek ezinbestekotzat onartutako berme judizialekin zuzenbidearen arabera eratutako auzitegi baten aurrean epaiketarik egin gabe emandako kondenak eta exekuzioak.
2) Zaurituak eta gaixoak jasoak eta sorotsiak izango dira.
Erakunde humanitario inpartzial batek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitea bezalakoa, gatazkan dauden alderdiei bere zerbitzuak eskaini ahal izango die.
Gainera, gatazkan dauden alderdiek ahal dutena egingo dute hitzarmen berezien bitartez, Hitzarmen honen beste xedapenen osotasuna edo zati bat indarrean jartzeko.
Aurreko xedapenen aplikazioak ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoen gain.
4. artikulua
A. Gerrako preso dira, Hitzarmen honen esanguran, jarraian aipatuko diren kategoria batekoak diren pertsonak, etsaiaren esku jausten direnean:
1) gatazkan dagoen alderdi bateko indar armatuen kideak, bai eta milizietako kideak eta indar armatu horietako parte diren talde boluntarioen kideak;
2) beste milizietako kideak eta beste talde boluntarioen kideak, barne hartuta antolatuta dauden erresistentzia mugimenduak, gatazkan dauden alderdietako bati dagozkienak eta lurralde barnean edo kanpoan dihardutenak, lurralde hori okupatuta egon arren, beti ere milizia edo talde boluntario horiek, antolatuta dauden erresistentzia mugimendu hauek barne, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:
a) bere menpekoengatik erantzuten duen pertsona bat izatea taldearen buru;
b) urrutira ezagutzeko modukoa den ikur bereizgarri iraunkorra izatea;
c) armak agerian eramatea;
d) euren eragiketak gerraren legeekin eta ohiturekin bat etorriz zuzentzea;
3) gobernu baten edo atxiloketa gauzatu duen potentziak onartu gabeko agintaritza baten jarraibideak jarraitzen dituzten legezko indar armatuen kideak;
4) indar armatuak jarraitzen dituzten pertsonak, benetan horien parte izan gabe, esaterako, hegazkin militarren tripulazioaren kide zibilak, gerra-berriemaileak, hornitzaileak, militarren ongizateaz arduratzen diren lan- edo zerbitzu-unitateen kideak, baldin eta zein indar armaturi laguntza eman eta indar armatu horren baimena jaso badute, eta helburu honetarako, indar armatuek eranskin gisa agertzen den ereduaren antzeko izaera duen txartel bat eman beharko diete laguntzaileei;
5) tripulazioetako kideak, barne hartuta patroiak, pilotuak eta merkataritzako marinaren itsasmutilak, eta gatazka alderdien abiazio zibilen tripulazioak, nazioarteko zuzenbidearen beste xedapen batzuen arabera tratu mesedegarriago baten onura izan ez dezaketenean;
6) okupatuta ez dagoen lurralde bateko biztanleria, etsaia hurbiltzean, armada erasotzaileari aurre egiteko armak har ditzala, legezko indar armatu gisa eratzeko denborarik izan gabe, armak agerian eramaten baditu eta gerrako legeak eta ohiturak errespetatzen baditu.
B. Ondorengoek ere Hitzarmen honetan gerrako presoentzat erreserbatutako tratuaren onura jasoko dute:
1) okupatutako herrialdearen indar armatuetako kide diren edo izan diren pertsonak, kidetza hau dela eta, okupazioa gauzatu duen potentziak, hasiera batean aske utzi baditu ere okupatutako lurraldetik kanpo erasoak jarraitzen zuten bitartean, pertsona horiek barneratzea beharrezkoa dela kontsideratzen badu, bereziki pertsona horiek kide diren eta borrokan diharduen indar armatuetara batzeko huts egindako saiakera baten ondoren, edo euren esku hartzeagatik egindako larderiari jaramonik egiten ez diotenean;
2) artikulu honetan zerrendatutako kategorietako batean barneratuta dauden pertsonak, euren lurraldean potentzia neutralek edo gerragilea ez denak harrera egin dietenak, eta lurralde hauek, nazioarteko zuzenbidea betez, pertsona horiek barneratzeko betebeharra dutenean, potentzia horiek tratu mesedegarriagoa ematea egoki delako iritziari kalterik egin gabe, 8, 10, 15, 30.5, 58 eta 67. artikuluetako xedapenak salbuetsita, bai eta potentzia babeslearen inguruko xedapenak ere, gatazkan dauden alderdien artean eta potentzia neutralaren edo gerragilea ez den potentzia interesatuaren artean, diplomazia harremanak daudenean.Halako harremanik dagoenean, pertsona horiek menpe aurkitzen diren gatazkan dauden alderdiek, baimena izango dute Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitzen zaizkien zereginak pertsona horiekiko egikaritzeko, alderdi horiek normalean egikaritzen dituztenei kalterik egin gabe, usadioekin eta diplomazia eta kontsul hitzarmenekin bat etorriz.
C. Artikulu honek ez du eraginik izango osasun-arloko edo erlijio-arloko langileen gain, Hitzarmen honen 33. artikuluan ezartzen den bezala.
5. artikulua
Hitzarmen hau aplikatuko da 4. artikuluan aipatutako pertsonei, arerioaren eskutan jausten diren unetik aurrera eta horien askapenerarte eta euren behin betiko aberriratzerarte.
Zalantzarik izanez gero, borroka egintzaren bat gauzatu duten pertsonak eta etsaiaren menpe erori direnak 4. artikuluan zerrendatutako kategorietako bateko kide diren edo ez, pertsona horiek Hitzarmen honen babesa izango dute, auzitegi eskudun batek horien estatutua zein den ezartzeko zain dauden bitartean.
6. artikulua
10, 23, 28, 33, 60, 65, 66, 67, 72, 73, 75, 109, 110, 118, 119, 122 eta 132. artikuluetan beren beregi ezarritako akordioez gain, alderdi kontratugile gorenek beste akordio berezi batzuk hitzar ditzakete beste edozein gairen inguruan, gai horiek konpontzea beharrezkoa dela iritzi dutenean.Akordio bereziek ezingo dute presoen egoera kaltetu, Hitzarmen honetan arautzen den bezala, ezta Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideak murriztu ere.
Gerrako presoek akordio hauen onurak izango dituzte Hitzarmena aplikagarri zaien heinean, akordio horietan edo geroagoko akordioetan beren beregi jasotako kontrako hizpaketak salbu, edo baita ere, salbu eta gatazkan dauden alderdietako batek edo besteak eurentzat mesedegarriagoak diren neurriak hartzen badituzte.
7. artikulua
Gerrako presoek ezingo dute, inolako inguruabarretan, Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideei oso-osoan edo zati batean uko egin eta, hala denean, aurreko artikuluak aipatutako akordio berezietan jasotako eskubideei.
8. artikulua
Hitzarmen hau gatazkan dauden alderdien interesak babesteko ardura duten potentzia babesleen lankidetzarekin eta horien kontrolpean aplikatuko da.Horretarako, potentzia babesleek, euren diplomazia edo kontsul langileez gain, ordezkariak izenda ditzakete euren herritarren artean edo beste potentzia neutral batzuen herritarren artean.Ordezkari hauek zein potentziaren aurrean burutu behar euren misioa eta horien onarpena jaso beharko dute.
Gatazkan dauden alderdiek ahalik eta gehien erraztuko dute potentzia babesleen ordezkarien eginkizuna.
Potentzia babesleen ordezkariek ez dute Hitzarmen honetan ematen zaizkien misioaren neurriak gainditu behar; kontuan izan beharko dute, bereziki, euren zereginak gauzatzen dituzten estatuaren ezinbesteko segurtasun beharrizanak.
9. artikulua
Hitzarmen honen xedapenak ez dira oztopo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak, edo beste erakunde humanitario inpartzial batek, gerrako presoen babeserako has ditzaketen ekintza humanitarioentzat, bai eta gatazkan dauden alderdi interesatuen baimenarekin eman dakizkieken sorospenentzat.
10. artikulua
Alderdi kontratugile gorenek edozein unetan adostu ahal izango dute Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitutako zereginak inpartzialtasun eta eraginkortasun berme guztiak eskaintzen dituen erakunde baten esku uztea.
Gerrako presoak, edozein arrazoi dela bide, potentzia babesle baten ekintzen edo aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera izendatutako erakunde baten ekintzen onurak jasotzen ez baditu edo dagoeneko jasotzen ez baditu, atxiloketa gauzatu duen potentziak estatu neutral bati edo erakundeari eskatu beharko dio, gatazkan dauden alderdiek izendatutako potentzia babesleei Hitzarmen honetan esleitutako zereginak beregana ditzala.
Bide hau erabilita ezin bada babesa lortu, atxiloketa gauzatu duen potentziak erakunde humanitario bati, esaterako Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari, eskatu beharko dio potentzia babesleari Hitzarmen honetan esleitutako eginkizun humanitarioak bete ditzala, edo erakunde horren zerbitzu eskaintzak onartu beharko ditu, artikulu honetako xedapenei kalterik egin gabe.Edozein potentzia neutral edo potentzia interesatuk gonbidatutako edozein erakunde edo aipatu helburuarekin eskaintzen dena, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonak zein gatazka alderdikoak izan eta gatazka alderdi horrekiko duen erantzukizunaz ohartu beharko da.
Ezingo dira aurretiazko xedapenak indargabetu potentzien arteko akordio zehatzen bidez horietako bat mugatua dagoenean bere askatasunean, aldi baterako bada ere, beste potentziarekin edo bere aliatuekin negoziatzeko, jarduera militarrak direla eta, bereziki bere lurraldea osotasunean edo zati handi baten okupatua izan den kasuetan.
Hitzarmen honetan potentzia babeslea aipatzen den aldi oro, aipamen horrek aldi berean izendatzen ditu artikulu honen esanguran potentzia babeslea ordezkatzen duten erakundeak.
11. artikulua
Pertsona babestuen intereserako egokia dela iritzi duten bakoitzean, bereziki gatazkan dauden alderdiak ados jartzen ez direnean Hitzarmen honen xedapenen aplikazio edo interpretazioaren inguruko kasuetan, potentzia babesleek euren jardunbide egokiak emango dizkiete auzia ebazteko.
Helburu honekin, potentzia babesle bakoitzak aukera izango du, alderdietako baten gonbidapenaren ondoren, edo berezko ekimenaren bidez, gatazkan dauden alderdiei euren ordezkarien bilera bat proposatzeko eta, batez ere, gerrako presoez arduratzen diren agintariena, posible bada behar bezala aukeratutako lurralde neutral batean.Gatazkan dauden alderdiek, zentzu horretan egiten zaizkien proposamenak onartzeko betebeharra izango dute.Potentzia babesleek aukera izango dute, hala denean, gatazkan dauden alderdien onarpenaren menpe egongo den potentzia neutral bateko pertsona ospetsu bat proposatzeko edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkari bat proposatzeko, eta pertsona hori bileran parte hartzera gonbidatua izango da.
II. TituluaGerrako presoen babes orokorra
12. artikulua
Gerrako presoak potentzia etsaiaren esku daude, eta ez harrapatu dituzten norbanako edo tropa taldeen esku.Egon daitezkeen banakako erantzukizunez gain, atxiloketa gauztu duen potentzia erantzule da presoek jasotzen duten tratuaz.
Atxiloketa egin duten potentziak ezin ditu gerrako presoak eskualdatu, eta egitekotan bakarrik egin ahal izango du Hitzarmenean alderdi den beste potentzia bati eskualdatzen badio eta atxiloketa egin duen potentziak egiaztatu duenean beste potentziak Hitzarmena aplikatu nahi eta ahal duela.Presoak horrela esku aldatuak izan direnean, Hitzarmena aplikatzeko erantzukizuna presoak hartzea onartu duen potentziarena izango da, horiek bere esku dauden denboran zehar.
Hala ere, potentzia honek edozein puntu garrantzitsutan Hitzarmenenaren xedapenak aplikatzeko bere betebeharra betetzen ez duen kasuan, gerrako presoak eskualdatu dituen potentziak, potentzia babeslearen jakinarazpena jaso eta gero, egoera konpontzeko neurri eragingarriak hartu beharko ditu, edo gerrako presoak berari itzultzea eskatu beharko du.Eskaera hori bete egin beharko da.
13. artikulua
Gerrako presoak gizalegez tratatuak izan beharko dira inguruabar guztietan.Debekatuta dago eta Hitzarmen honen aurkako arau-hauste larritzat hartuko da, atxiloketa egin duen potentziak gauzatutako egintza ez zilegi oro eta ez egite ez zilegi oro, egite edo ez egite horrek bere esku dagoen gerrako preso baten heriotza eragiten badu edo horren osasuna arrisku larrian jartzen badu.Batez ere, gerrako presoei ezingo zaie ebaketa fisikorik egin edo beraiekin mediku- edo zientzia-esperimenturik egin, horien izaera edozein izanik ere, hori jasaten duen presoaren mediku-tratamenduak justifikatzen ez badu, eta presoaren onerako ez direnean.
Era berean, gerrako presoak denbora guztian zehar babestu behar dira, batik bat indarkeria edo larderia egintza guztien aurka, irainen eta jendearen jakin-minaren aurka.
Presoen aurkako errepresalia neurriak debekatuta daude.
14. artikulua
Gerrako presoek eskubidea dute, inguruabar guztietan, euren pertsonaren eta euren ohorearen errespetuari.
Emakumeak bere sexuari zor zaizkion begirune guztien arabera tratatu beharko dira eta, edozein kasutan ere, gizonek jasotzen duten tratua bezain mesedegarria dena jasoko dute.
Gerrako presoek euren gaitasun zibil osoa mantenduko dute, harrapatuak izan zirenean zeukatena bezala.Atxiloketa gauzatu duen potentziak ezingo du gaitasun horren egikaritza mugatu ez bere lurraldean ez horretatik kanpo ere, mugatze hori gatibualdiak eskatzen duen neurrian bakarrik gauza daiteke.
15. artikulua
Gerrako presoak atxilotzen dituen potentzia behartuta dago horiei dohainik mantenua ematera eta euren osasun egoerak behar duen mediku-laguntza dohainik ematera.
16. artikulua
Mailaketaren inguruko Hitzarmen honen xedapenak direla eta, bai eta sexua ere, eta osasun egoera, adina edo bere lanbide-gaitasunak direla eta gerrako presoek jaso dezaketen tratu pribilegiatuari kalterik egin gabe, atxiloketa egin duen potentziak modu berean tratatu behar ditu preso guztiak, inolako bereizketarik egin gabe, horiek izaera kaltegarri duen arraza, naziotasun, erlijio, iritzi politiko edo bestelakoak, antzeko irizpideetan oinarrituak.
III. TituluaGatibualdia
I. Atala:Gatibualdiaren hasiera
17. artikulua
Gerrako presoak ez dauka aitortzeko betebeharrik, hori dela eta galdeketa egiten zaionean; hala ere, ondorengo datuak adierazteko betebeharra izango du:izen-abizenak, maila, jaiotze data eta bere matrikula zenbakia edo, matrikula zenbakirik ez daukan kasurako, adierazpen baliokide bat eman beharko du.
Arau hau borondatez hausten badu, bere maila edo estatutuko presoei emandako abantailen murrizketa izateko arriskua izango du. Gatazkan dagoen alderdietako bakoitza behartuta egongo da bere jurisdikziopean dauden pertsona guztiei txartel bat ematera, pertsona horiek gerrako preso bihur daitezkeenean. Txartel horretan ondorengo datuak agertuko dira: izena, abizena eta maila, matrikula zenbakia edo adierazpen baliokidea eta jaiotze-data.Nortasun txartel honek jaso dezake, sinadura edo hatz-markez gain, edo biak, gatazkan dauden alderdiek euren indar armatuetako kideei dagokienean, jasotzea nahi izan dezaketen beste edozein argibide.Posible den neurrian, horren neurria 6,5 x 10 zm.-koa izango da eta bi ale egingo dira.Gerrako presoak nortasun txartel hau eskatzen zaion bakoitzean aurkeztu beharko du, baina inolaz ere ezingo zaio txartel hori kendu.
Gerrako presoei ezingo zaie tortura fisiko edo moralik egin, ezta inolako presiorik ere, edozein izaerako datuak lortzeko xedearekin.Erantzutera ukatzen diren presoei ezingo zaie mehatxu egin ezta iraindu ere, ezta edozein motatako eragozpen edo desabantailarik eragin ere.
Egoera fisiko edo mentala dela eta, euren nortasuna adierazteko gai ez diren gerrako presoak Osasun Zerbitzuaren esku utziko dira.Preso hauen nortasuna bide posible guztien bitartez zehaztuko da, aurreko paragrafoko xedapenei kalterik egin gabe.
Gerrako presoen galdeketa presoek beraiek ulertzen duten hizkuntza batean egingo da.
18. artikulua
Norberaren erabilerarako gauzak eta objektuak – armak, zaldiak, tresna militarrak eta agiri militarrak salbu – gerrako presoen esku geldituko dira, bai eta metalezko kaskoak, gasaren aurkako aurpegi-babesak eta norberaren babeserako eman zaizkien gainontzeko gaiak.Presoen esku geldituko dira, baita ere, janzteko eta elikatzeko balio duten gai eta objektuak, gai eta objektu horiek tresna militar ofizialen osagai izan arren.
Gerrako presoek inoiz ez dute faltan izan beharko norberaren nortasun agiria.Atxiloketa egiten duten potentziak agiria egin eta emango dio horrelakorik ez daukanari.
Gerrako presoei ezingo zaizkie kendu mailaketa ezta naziokotasun bereizgarriak, kondekorazioak ezta, bereziki, balio pertsonal edo sentimentala duten objektuak.
Gerrako presoek daramatzaten diru kopuruak ezingo zaizkie kendu, ez bada ofizial batek emandako aginduagatik eta kopuru horien zenbatekoa eta edukitzailearen datuak erregistro berezi batean gordailatu ondoren, eta zehaztutako jaso-agiria eman ondoren; jaso-agiri horretan agertu beharko dira, ondo irakurtzeko moduan, agiri hori egiten duen pertsonaren izena, maila eta atala.Atxiloketa egin duen potentziaren monetan dauden kopuruak edo, presoak eskatuta, moneta horretara bihurtu direnak, presoaren kontuan sartuko dira, 64. artikuluarekin bat etorriz.
Atxiloketa egiten duen potentziak ezingo die gerrako presoei baliozko objektuak kendu, segurtasun arrazoiengatik ez bada.Halako kasuetan, diru kopuruak kentzeko erabiltzen den prozedura berdina jarraituko da.
Objektu hauek, bai eta atxiloketa egin duen potentziaren monetan ez baino beste moneta batean kendutako kopuruak eta horien edukitzaileak moneta horien bihurketa eskatu ez duenean, potentzia horrek gorde beharko ditu eta presoak jasoko ditu, horien hasierako forman, gatibualdia amaitzean.
19. artikulua
Gerrako presoak, harrapatuak izan eta ahalik eta azkarren, arriskurik ez izateko borroka gunetik aski urruti kokatuta dagoen kanpamendu batera eramango dira.
Gerrako presoak aldi batez atxiki ahal izango dira gune arriskutsu batean, soilik, zauri edo gaixotasunen ondorioz arrisku handiagoa dutenean bertatik ateratzen badituzte bertan geldituz gero baino.
Gerrako presoak ez dira alferrik arriskuan jarriko borroka gune batetik ateratzeko zain dauden bitartean.
21. artikulua
Gerrako presoen ateratzea gizatasunez egingo da eta atxiloketa gauzatu duen potentziaren tropen lekualdaketen antzeko baldintzetan egingo da.
Atxiloketa gauzatu duen potentziak, gerrako preso ebakuatuei edateko ura eta elikagaiak kopuru nahikoan emango dizkie, bai eta arropa eta beharrezko mediku laguntza; horiek ateratzean beharrezko neurriak hartuko ditu presoen segurtasuna bermatzeko eta ahalik eta azkarren ateratako presoen zerrenda egingo du.
Gerrako presoak igarobidezko kanpamenduetatik pasa behar badira ebakuatzeko bidean, bertako egonaldia ahalik eta laburrena izango da.
II. Atala:Gerrako presoen barneratzea
I. Kapitulua:Orokortasunak
21. artikulua
Atxiloketa gauzatu duen potentziak gerrako presoak barneratu ahal izango ditu.Zein kanpamenduetan barneraturik egon eta kanpamendu horretatik distantzia jakin batetik haratago ez urruntzera behar ditzake edo, kanpamendua hesitua badago, eremu horretatik ez ateratzera.Zigor eta diziplinazko zehapenei buruzko Hitzarmen honetako xedapenei kalterik egin gabe, preso horiek barneratuak edo giltzaperatuak izan daitezke soilik hori beharrezkoa denean horien osasunaren babeserako; edozein kasutan, egoera hori ezin izango da luzatu inguruabarrek arabera beharrezkoa dena baino denbora luzeagoz.
Gerrako presoak oso-osorik edo zati batean askatuak izan daitezke horiek hitz ematen badute edo promesa eginez, zein potentziaren mende egon eta potentzia horren legeek hori ahalbidetzen duten neurrian; neurri hau hartuko da bereziki presoen osasun egoerarentzat mesedegarria izan daitekeen kasuan.Presoak ezin dira behartu euren askatasuna onartzera euren hitza edo promesa ematearen trukean.
Borrokaldiaren hasieran, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak aurkariari jakinaraziko dio zein lege eta erregelamendutan onartu edo debekatzen den bere herritarrei askatasuna onartzea hitza edo promesa emanez.Hitza eman edo promesa egin ondoren askatuak izan diren presoak, helburu horrekin jakinarazitako lege eta erregelamenduekin bat etorriz, euren ohorearengatik behartuta gelditzen dira, zein potentziaren herritar izan eta potentzia horren aurrean, bai eta harrapatu zituen potentziaren aurrean, hartutako konpromisoak zehatz-mehatz betetzera.Halako kasuetan, zein potentziaren herritar izan eta potentzia horrek ezingo die eskatu ezta beraiengandik onartu ere emandako hitza edo egindako promesaren aurkako den zerbitzurik.
21. artikulua
Gerrako presoak lur lehorrean kokatuta dauden eta higiene eta osasungarritasun berme guztiak betetzen dituzten establezimenduetan bakarrik barnera daitezke; presoen interes propioek justifikatzen dituzten egoera berezietan izan ezik, presoak ez dira espetxeetan barneratuak izango.
Gune osasungaitzetan barneratutako gerrako presoak edo leku horretako klima kaltegarri suertatzen zaienak, klima mesedegarriagoa duen beste leku batera lekualdatuak izango dira ahalik eta lasterren.
Atxiloketa gauzatu duen potentziak gerrako presoak kanpamenduetan edo kanpamenduetako ataletan taldekatuko ditu, euren naziokotasuna, hizkuntza eta euren ohiturak kontuan izanda, preso hauek harrapatuak izan ziren unean zein indar armatuetan egon eta indar armatu horretako gerrako presoengandik bereiziak izan ez daitezen, beraiek ados daudenean izan ezik.
23. artikulua
Gerrako preso bat ezingo da inoiz bidalia edo atxikia izan, borroka guneko tiroketen arriskupean gelditzen den erregio batera, era berean ezingo da erabili gerrako presoa bertan egotea, leku jakin batzuk operazio militarren ondoreetatik babesteko.
Gerrako presoak, bertako biztanleria zibilarentzat ezarritako neurri berdinean, aireko bonbardaketa eta gerrako beste arrisku batzuen aurkako babeslekuak izango dituzte; alde batera utzita arrisku horien aurka euren kantonamenduen babesean parte hartzen dutenak, presoak ahalik eta azkarren joan daitezke babeslekuetara alerta seinalea eta gero.Era berean aplikagarri izango zaie biztanleriaren mesedetan hartutako beste edozein babes neurri.
Atxiloketak gauzatu dituzten potentziak elkarri jakinaraziko diete, potentzia babesleen bitartez, gerrako presoen kanpamenduen egoera geografikoari buruzko datu erabilgarri guztiak.
Izaera militarreko kontsiderazioek baimentzen dutenean, gerrako presoen kanpamenduak seinaleztatu egingo dira, egunez PG edo PW hizkien bitartez, airetik erraz ikusteko moduan ipiniz; baina potentzia interesdunek seinaleztatzeko beste modu batzuk erabaki ditzakete.Gerrako presoen kanpamenduak bakarrik seinaleztatu daitezke modu horretara.
24. artikulua
Igarobidezko kanpamenduak edo sailkapen iraunkorrekoak atal honetan deskribatutakoaren antzera egokituko dira, eta gerrako presoak beste kanpamenduetan izandako erregimen berdina izango dute.
II. Kapitulua:Gerrako presoen ostatua, mantenua eta jantziak
25. artikulua
Gerrako presoen ostatu baldintzak erregioan akantonatutako atxiloketa egin zuen potentziaren tropen ostatuaren bezain egokiak izango dira.Baldintza hauek presoen ohiturekin bat etorri beharko dira eta inolaz ere ez dira euren osasunarentzat kaltegarriak izango.
Aurreko hizkapetak gerrako presoen logelei ezarriko zaizkie bereziki, bai azalera guztiari eta airearen gutxieneko bolumenari dagokionean, bai eta instalazioei orokorrean eta lo egiteko materialari dagokionez, mantak barne hartuta.
Presoen banakako edo taldeko erabilerarako lokalak hezetasunaren aurka guztiz babestuak egon beharko dira eta berokuntza nahikoa eta argiztatze nahikoa izan beharko dituzte, bereziki iluntzetik argiak itzali arte.Sute arriskuaren aurka posible diren neurri guztiak hartuko dira.
Gerrako presoak eta aldi berean presoak dauden kanpamendu guztietan, logela bananduak izango dituzte.
26. artikulua
Eguneko oinarrizko anoa nahikoa izango da kopuruz, kalitatez eta barietatean presoak osasun egonera onean mantentzeko eta pisua galtzea edo elikagarri hutsuneak eragozteko.Presoak ohituta dauden elikadura mota ere izango da kontuan.Atxiloketa egin duen potentziak, lan egiten duten gerrako presoei egokitu zaizkien eginbeharrak gauzatzeko beharrezko jaki gehigarriak emango dizkio.Gerrako presoei edateko ur nahikoa emango zaie.Tabako kontsumoa baimenduta dago.
Posible den neurrian presoek jatekoaren prestaketan parte hartuko dute; horretarako, sukaldean lana eman diezaiekete.Gainera, dauden jaki gehigarriak beraiek prestatu ahal izateko bideak erraztuko zaizkie.
Lokalak atonduko dira janlekuetarako eta ofizialen jantokietarako.Janariari dagokionean, diziplina neurri kolektibo oro debekatuta dago.
27. artikulua
Janzkera, barruko arropa eta oinetakoak atxiloketa egin duen potentziak kantitate nahikoan emango dizkie gerrako presoei, presoak dauden erregioaren klima kontuan izanda.Herrialdeko klimari egokitzen badira, gerrako presoak janzteko, atxiloketa egin duen potentziak inkautatutako arerioaren armadaren uniformeak erabil daitezke.
Atxiloketa egin duen potentzia arduratuko da erregulartasunez arropa eta oinetakoak ordeztu eta konpontzeaz.Gainera, lan egiten duten gerrako presoek jantzi egokiak jasoko dituzte euren lanaren izaerak hala eskatzen duenean.
28. artikulua
Kanpamendu guztietan kantinak ipiniko dira bertan gerrako presoek elikadura gaiak, erabilera erkidegoko objektuak, xaboia eta tabakoa lortzeko aukera izan dezaten, eta horien prezioa ezin izango da izan bertako saltokietakoa baino garestiagoa.
Kantinetako irabaziak gerrako presoen mesedetan erabiliko dira; helburu horrekin funts berezi bat sortuko da.Konfiantzazko gizonak kantinaren administrazioan eta funts horren kudeaketan laguntzeko eskubidea izango du.
Kanpamendu bat uztean, funts bereziaren mesederako saldoa nazioarteko erakunde humanitario bati emango zaio, funts hori eratzen lagundu dutenean naziokotasun berbera duten gerrako presoen mesederako erabiltzeko.Aberriratze orokorraren kasuan, irabazi horiek atxiloketa egin zuen potentziaren esku geldituko dira, salbu eta potentzia interesdunek hitzartutako aurkako akordioa badago.
III. Kapitulua:Higienea eta mediku laguntza
29. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak betebeharra izango du kanpamenduetan garbitasuna eta osasungarritasuna bermatzeko eta epidemiak saihesteko beharrezko higiene neurri guztiak hartzeko.
Gerrako presoek, gau eta egun, higiene neurriekin bat etorriz eta beti garbi dauden instalazioak izango dituzte.Gerrako presoak dauden kanpamenduetan instalazio bereiztuak izango dituzte.
Gainera, eta kanpamenduetan egon behar diren komun eta dutxei kalterik egin gabe, gerrako presoei ur eta xaboia emango zaie kopuru nahikoan eguneroko gorputz-garbiketarako eta arropa garbitzeko; xede honekin, beharrezko instalazioak, erraztasunak eta denbora izango dute.
30. artikulua
Kanpamendu bakoitzean erietxe egoki bat egongo da gerrako presoek behar duten laguntza jaso dezaten, bai eta elikadura-dieta egokia izan dezaten ere.Beharrezkoa izango balitz, aislamendurako lokalak erreserbatuko dira gaixotasun kutsakorrak edo buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzat.
Larriki gaixo dauden gerrako presoak edo duten egoeragatik tratamendu berezia behar dutenak, ebaketa kirurgikoa edo ospitaleratzea, beraietaz arduratzeko kalifikatuta dagoen unitate zibil edo militar batean onartuak izan behar dira, berain aberriratzea epe laburrerako aurreikusita egon arren.Erraztasun bereziak emango dira elbarriei laguntzeko, batez ere itsuei, eta beraien berreziketarako aberriratzearen zain dauden bitartean.
Posible bada, gerrako presoak zein potentziakoak izan eta potentzia horren medikuek tratatuko dute eta, ahal bada, bere naziokotasun berdina duena.
Ezin izango da eragotzi gerrako presoak mediku-agintaritzarengana joatea aztertuak izan daitezen.Atxiloketa egin dute agintariek, aztertuak izan eta hala eskatzen duten presoei, aitorpen ofizial bat emango zaie, eta bertan jasoko da zaurien edo gaixotasunaren izaera, tratamenduaren iraupena eta jaso duen laguntza.Aipatu aitorpenaren kopia bat igorriko zaio Gerrako Presoen Agentzia Zentralari.
Laguntza gastuak, barne hartuta gerrako presoak osasun egoera onean mantentzeko beharrezko aparatuak, bereziki hortz-protesiak edo bestelakoak, eta betaurrekoak,atxiloketa egin duen potentziaren kargura izango dira.
31. artikulua
Gutxienez hilabetean behin, presoei mediku ikuskapenak egingo zaizkie.Preso bakoitzaren pisuaren kontrol eta erregistroa jasoko dute.Horien xedea izango da, batik bat, osasun eta elikaduraren egoera orokorraren kontrola, garbitasunaren egoera, bai eta gaixotasun kutsakorrak antzematea, bereziki tuberkulosia, paludismoa eta gaixotasun benereoak.Horretarako, erabilgarri dauden baliabide eraginkorrenak erabiliko dira, esaterako, tuberkulosia horren hasieran antzemateko mikrofilmarengain seriean egindako aldizkako erradiografia.
32. artikulua
Gerrako presoak, euren indar armatuen Osasun Zentzuan barneratuak izan gabe, medikuak, dentistak, erizainak direnak, atxiloketa egin duen potentziak enplega ditzake mediku egintzak gauzatzeko euren potentzia berekoak diren gerrako presoen mesedetan.Kasu horretan, preso izaten jarraituko dute, baina atxiloketa egin duen potentziak atxikitako medikuntzako langileei dagokien trataera berdina emango zaie.49. artikuluarekin bat etorriz ezar dakizkiekeen bestelako lan guztietatik salbuetsita egongo dira.
IV. Kapitulua:Gerrako presoei laguntza emateko atxikitako medikuntza eta erlijio arloko langileak
33. artikulua
Gerrako presoei laguntza emateko atxiloketa egin duen potentziaren esku atxikita dauden osasun eta erlijio arloko langileak ez dira gerrako preso gisa hartuko.
Dena den, Hitzarmen honen abantaila guztiak eta babesa izango dute gutxienez, bai eta gerrako presoei mediku eta erlijio laguntza emateko behar dituzten erraztasun guztiak ere.
Atxiloketa egin duen potentziaren lege eta erregelamendu militarrekin bat etorriz, jardunean jarraituko dute, euren zerbitzu eskudunen agintaritzapean eta euren kontzientzia profesionalaren arabera, eta euren mediku edo espiritu zereginen arabera gerrako presoen mesedetan, eta bereziki, beraiek zein indar armatuetako kide izan eta indar armatu berdineko presoen mesedetan.Gainera, euren mediku eta espiritu misioan jarduteko, eta ondorengo erraztasunak izango dituzte:
a) Kanpamendutik kanpo kokatuta dauden lan destakamenduetan edo ospitaleetan dauden gerrako presoak aldia-aldian ikusteko baimena izango dute.Helburu honekin, atxiloketa egin duen agintaritzak beharrezko garraiobideak ipiniko ditu beraien eskura.
b) Kanpamendu bakoitzean, gorengo graduazioan nagusiena den mediku militarrak kanpamenduko agintari militarren aurrean erantzungo du atxikitako osasun lagungileen egintzekin zerikusia duen guztiaren inguruan.Horretarako, gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira, erasoen hasieratik, euren osasun langileen graduazioen baliokidetasunari dagokionean, barne hartuta kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 26. artikuluan aipatzen diren sozietateak.Euren misioaren inguruko gai guztietarako, aipatutako medikuak, bai eta, gainontzekoan, kapilauak, kanpamenduko agintari eskudunengana heltzeko zuzenean jotzeko aukera izango dute, eta gai horien inguruan beharrezko erraztasunak emango dizkiete.
c) Kanpamenduko barne diziplinaren menpe egon arren, atxikitako langileak ezin izango dira behartu euren mediku edo erlijio misiotik ezberdina den beste lan bat egitera.
Erasoaldien bitartean, gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira atxikitako langileriaren aldi baterako errelebuari dagokionean, horren modalitateak zehaztuz.
Aurreko xedapenek ez dute atxiloketa egin duen potentzia askatzen, gerrako presoekiko osasunaren bai eta espiritualen inguruan dituzten betebeharretatik.
V. Kapitulua:Erlijioa, egintza intelektual eta fisikoak
34. artikulua
Gerrako presoek askatasun osoa izango dute euren erlijioan jarduteko, barne hartuta euren kultuaren ekitaldietara joatea, agintaritza militarrak agindutako diziplina neurri arruntekin bateragarriak izateko baldintzapean.
Erlijio-ekitaldietarako lokal egokiak erreserbatuko dira.
35. artikulua
Potentzia etsaiaren esku jausten diren kapeilauak eta gerrako presoei laguntza emateko atxikitzen direnak edo helburu horretara zuzentzen direnak, bere zerbitzuaren laguntza emateko baimena izango dute eta bere erlijiokideen artean askatasunez jardutera, euren erlijio kontzientziaren arabera.Kanpamendu edo lan destakamendu ezberdinen artean banatuko dira, horietan indar armatu berdinetako kide diren gerrako presoak egongo dira, hizkuntza berdina hitzegiten dutenak edo erlijio bereko kide direnak.Beharrezko erraztasunak izango dituzte, 33. artikuluan ezarritako garraiobideak barne, euren kanpamenduetatik kanpo dauden gerrako presoak ikusteko.Zentsurapean, korrespondentzia askatasuna izango dute, euren zerbitzuetako erlijio-ekitaldietarako, atxilotuak dauden herrialdeko eliza-agintaritzarekin eta nazioarteko erlijio erakundeekin.Helburu honekin bidaltze diren gutun eta posta-txartelak 71. artikuluan ezarritako gertakarietara gehituko dira.
36. artikulua
Euren armadaren kapeilau izan gabe kultu baten zerbitzari diren gerrako presoak, baimena izango dute euren erlijiokideen artean beraien zerbitzuak osotasunean egikaritzeko, kultuaren izendapena edozein izanik ere.Horri dagokionez, atxiloketa egin duen potentziak atxikitako kapeilauei ematen zaien tratua jasoko dute.Ez zaie behartuko bestelako lanik egitera.
37. artikulua
Gerrako presoek ez daukatenean atxikitako kapeilau baten edo euren kultuaren zerbitzari den preso baten laguntza, zeregin hori gauzatzeko zerbitzari bat izendatuko da, preso interesatuen eskaera jaso ondoren.Izendapen hau atxiloketa egin duen potentziak onartu behar du, preso interesatu guztien adostasunarekin egingo da eta, beharrezkoa denean, sinesmen bereko tokiko erlijio agintaritzaren baieztapena izango du.Horrela izendatutako pertsonak atxiloketa egin duen potentziak ezarritako erregelamendu guztiak bete beharko ditu, diziplina eta segurtasun militarraren alde.
38. artikulua
Preso bakoitzaren lehentasunak errespetatuz, atxiloketa egin duen potentziak horien jarduera intelektualak, heziketa, jolas eta kirol-jarduerak sustatuko ditu; bakoitzari dagokion ariketa bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu horien esku lokal egokiak eta beharrezko ekipamendua ipiniz.
Gerrako presoek ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute, kirolak eta jokoak barne, bai eta atari zabalera irteteko aukera ere.Helburu honekin, kanpamendu guztietan atari zabaleko espazio nahikoa erreserbatuko dira.
VI. Kapitulua:Diziplina
39. artikulua
Gerrako presoen kanpamendu bakoitza ofizial arduradun baten agintaritza zuzenaren menpe egongo da, atxiloketa egin duen potentziaren legezko indar armatuen kide dena.Ofizial honek Hitzarmen honen testua izango du, xedapen hauek bere aginduak bete behar dituztenek ezagutu ditzaten ardura izango du eta honen aplikazioaren erantzukizuna bereganatuko du, gobernuaren beraren zuzendaritzapean.
Gerrako presoek, ofizialak salbu, agurtu egingo dute eta armada beraren indarrean dauden erregelamenduetan ezarritako ageriko errespetu keinuak adieraziko dizkiete atxiloketa egin duen potentziaren ofizial guztiei.
Gerrako preso diren ofizialek agurtzeko beharra izango dute potentzia horretako graduazio gorenagoko ofizialei bakarrik; dena den, kanpamenduaren komandantea agurtu beharko dute, horren graduazioa edozein izanik ere.
40. artikulua
Graduazio eta naziokotasun bereizgarrien erabilera baimentzen da, bai eta kondekorazioak ere.
41. artikulua
Kanpamendu bakoitzean, Hitzarmen honen testua, horren eranskinean eta 6. artikuluan ezarritako akordio guztien osagaiak ikusgai egongo dira, gerrako presoen hizkuntzan, guztiek kontsultatzeko moduko leku batean.Ikusgai dagoen alea aztertzeko aukerarik ez duten presoei horren inguruko informazioa komunikatuko zaie, horiek aurretiaz egindako eskaeraren arabera.
Presoen jokabideari buruzko izaera guztietako erregelamendu, agindu, ohartarazpen eta argitalpenak, presoek ulertuko duten hizkuntzan jakinaraziko zaizkie; gorago azaldutako baldintzetan egongo dira ikusgai eta konfiantzako gizonari aleak igorriko zaizkio.Presoei banan-banan zuzendutako agindu eta manu guztiak ere ulertuko duten hizkuntza batean emango zaizkie.
42. artikulua
Gerrako presoen aurka armak erabiltzea, bereziki ihes egiten dutenen aurka edo ihes egiten saiatzen direnen aurka baliabide gisa erabiliko da soilik, aurretiaz inguruabarrei egokitutako beste beldurrarazte bide batzuk erabili behar dira.
VII. Kapitulua:Gerrako presoen graduazioa
43. artikulua
Erasoen hasieratik jada, gatazkan dauden alderdiek elkarri jakinaraziko dizkiote Hitzarmen honetako 4. artikuluan aipatzen diren pertsona guztien titulu eta graduazioak, graduazio baliokideko presoen arteko tratu berdintasuna bermatzeko xedearekin; geroago titulu eta graduazioak ezartzen badira, antzeko jakinarazpenak egin beharko dira hauen inguruan.
Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoen maila-igoerak onartuko dituzte eta zein potentziaren kide izan eta horrek behar bezala jakinarazten badie.
44. artikulua
Estatutu baliokideko preso eta ofizialak euren graduazio eta adinari zor zaizkien begiruneen arabera tratatu beharko dira.
Ofizialen kanpamenduetan zerbitzua bermatzeko, indar armatu bereko gerrako preso soldaduak izendatuko dira eta, posible denean, hizkuntza berdina hitzegiten dutenak, zenbateko nahikoan, ofizialen graduazioa eta estatutu baliokidea duten presoena kontuan izanda; ez zaie behartuko bestelako lanik egitera.
Edozein modutan, elikagaien kudeaketa ofizialen beraiek egingo dute.
45. artikulua
Ofizialak edo estatutu baliokidea duten presoak ez diren gerrako presoek, euren graduazio eta adinari zor zaizkien begiruneen arabera tratatu beharko dira.
Edozein modutan, elikagaien kudeaketa presoek beraiek egingo dute.
VII. Kapitulua:Gerrako presoen lekualdaketa kanpamendu batetara heldu eta gero
46. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak kontuan izan beharko du, presoen lekualdaketa erabakitzen duenean, presoen berain interesak, bereziki, euren aberriratzearen zailtasunak ez areagotzeko.
Presoen lekualdaketa gizatasunez gauzatuko da beti eta atxiloketa egin duen potentziak bere tropen lekualdaketetan izaten dituzten baldintzak baino okerragoak ez diren baldintzetan gauzatuko da.Beti izan beharko dira kontuan gerrako presoak zein klima baldintzetara ohituta dauden eta, lekualdaketaren baldintzak ezin dira inola ere kaltegarriak izan euren osasunerako.
Atxiloketa egin duen potentziak, lekualdaketan zehar, edateko ura eta elikagai nahikoa emango die gerrako presoei osasun egoera egokian mantentzeko, bai eta arropa, ostatua eta behar izan dezaketen osasun laguntza ere.Neurri egokiak hartuko ditu, bereziki itsasoz edo airez egin beharreko bidaien kasuan, lekualdaketan zehar segurtasuna bermatzeko helburuarekin eta irteera baino lehen, lekualdatzen diren presoen zerrenda oso bat egingo du.
47. artikulua
Gaixo edo zaurituta dauden gerrako presoak ez dira lekualdatuak izango bidaiaren ondorioz euren sendatzea arriskuan egon daitekeenean, ez bada bere segurtasunak erabat exijitzen duela.
Borroka gunea kanpamendu batera hurbiltzen bada, bertan dauden gerrako presoak bakarrik lekualdatu ahal izango dira operazio segurtasun baldintza nahikoarekin egin daitekeenean bakarrik, edo arriskua handiagoa denean bertan geldituta lekualdatuak izatean baino.
48. artikulua
Lekualdaketa gauzatzen bada, presoei modu ofizialean jakinaraziko zaien beraien irteera eta posta-helbide berria; jakinarazpen hori aurrerapen nahikoarekin egingo da presoek euren ekipajea egiteko denbora izan dezaten eta euren familiak jakinaren gainean jartzeko.
Norberaren gauzak, eskutitzak eta jaso dituzten fardelak eramateko baimena izango dute; gai horien pisua muga daiteke, lekualdaketaren baldintzek horrela eskatzen badute, preso bakoitzak zentzuz eraman dezakeenera; edozelan ere, eraman daitekeen pisua ez da hogeita bost kilo baino gehiagokoa izango.
Aurreko kanpamendura bidalitako eskutitz eta fardelak atzerapenik gabe igorriko zaizkie.Kanpamenduaren komandanteak, konfiantzazko gizonarekin bat etorriz, gerrako presoen ondasun erkideen transferentzia bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu, bai eta artikulu honetako bigarren paragrafoaren arabera ezarritako murrizketengatik presoek beraiek eraman ezin duten ekipajea transferitzeko.
Lekualdaketek eragindako gastuak atxiloketa egin duen potentziaren kontu izango dira.
III. Atala:Gerrako presoen lana
49. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak langile gisa enplega ditzake fisikoki egoki diren gerrako presoak, berain adina, sexua eta graduazioa kontuan hartuta, bai eta horien gaitasun fisikoak, bereziki osasun egoera fisiko eta moral egokian mantentzeko helburuarekin.
Gerrako preso diren ofizialordeak zaintza lanak egitera baino ezin dira behartu.Horretara behartuta ez daudenak komeni zaien beste lanen bat eska dezakete eta, ahal den neurrian, lan hori emango zaie.
Ofizialek edo antzeko estatutua duten pertsonek komeni zaien lan bat eskatzen badute, hori eman egingo zaie, posible den neurrian.Inolaz ere ezingo dira lan egitera behartuak izan.
50. artikulua
Kanpamenduaren administrazioa, atondura eta artatzearekin zerikusia duten lanez gain, gerrako presoak ezin izango dira behartu ondorengo kategoriatan zerrendatzen diren lanetatik kanpo beste batzuk egitera:
a) nekazaritza;
b) industria ekoizleak, erauzgailuak edo manufakturazkoak, salbuetsita gelditzen dira metalurgia industriak, industria mekanikoak eta kimikoak, obra publikoak eta izaera militarreko eraikuntzak edo helburu militarra dutenak;
c) garraiobideak eta elikadura, horien izaera eta helburua militarra ez denean,
d) merkataritza jarduerak eta jarduera artistikoak;
e) etxe-zerbitzuak;
f) izaera eta helburua militarra ez duten zerbitzu publikoak.
Agindu hauek urratzen badira, 78. artikuluarekin bat etorriz gerrako presoek kexa eskubidea egikari dezakete.
51. artikulua
Gerrako presoek lan baldintza egokiak izan beharko dituzte, bereziki ostatua, elikadura, janzkera eta materialei dagokienean; baldintza horiek ezin dira izan antzeko zereginak egiteko atxiloketa egin duen potentziaren naziokotasuna duten pertsona enplegatuek dituztenak baino okerragoak.
Gerrako presoen lana erabiltzen duen atxiloketa egin duen potentziak, presoek lan egiten duten erregioetan, lanaren babesari buruzko lege nazionalen aplikazioa bermatuko du eta, bereziki, lan egiten dutenen babesari buruzko erregelamenduak.
Gerrako presoek burutu behar duten lanerako heziketa jasoko dute eta babes-tresna egokiak izango dituzte, eta atxiloketa egin duen potentziaren herritarrentzat ezarritakoen antzekoak izango dira.52. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, lan-esku zibilak normalean izaten dituen arriskuen aurrean egon daitezke.
Diziplina neurriek ezingo dituzte inola ere lan baldintzak okerrago bihurtu.
52. artikulua
Berezko borondatez ez bada, gerrako presoak ezin izango dira zeregin osasungaitz eta arriskutsuetan enplegatu.
Gerrako presoei ez zaie esleituko atxiloketa egin duen potentziako indar armatuen kide batentzat umiliagarria kontsidera daitekeen lanik.
Minak edo antzeko gailuak jasotzea lan arriskutsu gisa kontsideratzen da.
53. artikulua
Gerrako presoen eguneko lanaren iraupena ez da gehiegizkoa izango, barne hartuta joan-etorriko ibilbidea; inola ere ez da izango erregioko langile zibilentzat, atxiloketa egin duen potentziaren herritarrak, izaera berdineko lanetan enplegatuek duten lanaldiarentzat onartutakoa baino luzeagoa.Gerrako presoei, eguneroko lanaldiaren erdialdera, derrigorrez onartuko zaie ordu beteko atsedenaldia, gutxienez; atsedenaldia atxiloketa egin duen potentziaren langileentzat ezarritakoaren berdina izango da, hauentzat ezarritakoa luzeagoa bada.Astero hogeita lau ordu jarraian izango dituen atsedenaldia ere onartuko zaie, posible den neurrian igandea, edo euren jatorrizko herrialdean jai-eguna den egunean.Gainera, urtebetez lan egin duen preso orok jarraikako zortzi eguneko atsedenaldia izango du, eta epe horretan zehar lanagatik dagokion ordaina ordainduko zaie.
Somaran lan egitea bezalako sistemak erabiltzen badira, lanaren iraupena ez da gehiegizkoa izan behar.
54. artikulua
Gerrako presoentzat lanagatik jasotzen duten ordaina Hitzarmen honen 62. artikuluaren hizpaketen arabera zehaztuko da.
Lan istripuen biktima diren gerrako presoek, edo berain lanaren ondorioz edo horretan jarduten duten bitartean gaixotasunak harrapatzen dituztenek, beraien egoerak eskatzen duen laguntza jasoko dute.Gainera, atxiloketa egin duen potentziak mediku ziurtagiria emango die beraien potentziaren aurrean beraien eskubideak baliatu ahal izateko eta horren kopia bat 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agintzea Zentralari igorriko dio.
55. artikulua
Lanerako gerrako presoen gaitasuna aldizka kontrolatuko da mediku azterketen bidez, gutxienez hilabetean behin.Azterketa horietan kontuan izan beharko da, bereziki, gauzatu behar dituzten lanen izaera.
Gerrako preso batek lan egiteko ezindua dagoela kontsideratzen badu, bere kanpamenduko mediku agintaritzaren aurrean aurkezteko baimena izango du; medikuak gomenda dezakete preso batzuk lan egitetik aske uzteko, euren iritziz zereginerako ezgaiak badira.
56. artikulua
Lan destakamenduen antolakuntza eta administrazioa gerrako presoen kanpamenduenaren parekoak izango dira.
Lan destakamendu orok gerrako presoen kanpamendu baten kontrolpean jarraituko du, eta administratiboki honen menpe egongo da.Agintaritza militarrak eta aipatu kanpamenduko komandantea, berain Gobernuaren kontrolpean, lan destakamenduan Hitzarmen honen xedapenak bete daitezen arduratuko dira.
Kanpamenduko komandanteak bere kanpamenduaren menpe dauden lan destakamenduen zerrenda eguneratua izango du eta potentzia babeslearen ordezkariei, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkariei edo kanpamendua bisitatzera joaten diren beste erakunde batzuen ordezkariei eta gerrako presoei laguntza ematen dietenei jakinaraziko die.
57. artikulua
Partikularrek enplegatutako gerrako presoei zor zaien tratua, partikularren euren erantzukizunaren pean presoen zaintza eta babesa bermatu arren, Hitzarmen honetako ezarritakoaren berdina izango da gutxienez; atxiloketa egin duen potentziak, agintaritza militarrek eta preso horiek zein kanpamendutan egon eta bertako komandanteak erantzukizun guztiak bereganatuko dituzte gerrako presoen elikadura, laguntza, tratua eta gauzatzen duten lanaren ondorioz jaso behar duten ordainketaren inguruan.
Hauek eskubidea izango dute mende dauden kanpamenduetako konfiantzazko gizonekin kontaktuan mantentzeko.
IV. Atala:Gerrako presoen diru baliabideak
58. artikulua
Borrokaldien hasieratik, eta zentzu honetan potentzia babeslearekin ados jartzeko zain, atxiloketa egin duen potentziak zehaztu ahal izango du gerrako presoek izan dezaketen eskudirua edo antzeko formaren zenbatekoa.Beraien esku lege bidez daukaten soberakinak kendu eta atxikitzen bazaizkie, bai eta eurek egindako diru gordailu oro, euren kontuan sartu beharko da eta ezin izango da beste moneta batean bihurtu diruaren jabearen baimenik gabe.
Gerrako presoen baimena dutenean erosketak egiteko eta zerbitzuak jasotzeko, eskudirutan egindako ordainketaren bidez, kanpamendutik kanpo, ordainketa hori presoek beraiek edo kanpamenduaren administrazioak egingo du; administrazioak gastuak erregistratuko ditu dagokion kontuaren zorrean.Atxiloketa egin duen potentziak gai honen inguruko beharrezko xedapenak emango ditu.
59. artikulua
Atxilotze unean gerrako presoei atxiloketa egin duen potentziaren monetan zituzten eta kendu zaizkien zenbatekoak, 18. artikuluarekin bat etorriz beraien kontuan sartuko dira, Atal honen 64. artikuluan xedatzen den moduan.
Era berean, kontu horretan sartuko dira, beste moneta batetatik atxiloketa egin duen potentziaren monetara bihurtutako kopuruak, diru hori gerrako presoei atxiloketa une horretan bertan kendutakoa delarik.
60. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak gerrako preso guztiei hileko ordainketaren aurrerapen bat abonatuko die, eta zenbateko hori zehaztuko da potentzia horren monetara bihurtzetik, ondorengo kopuruetan:
I. Kategoria:sarjentua baino mailaketa baxuagoa duten presoak: zortzi franko suitzar.
II. Kategoria:sarjentuak eta mailaketa baliokidea duten beste ofizialorde edo presoak:hamabi franko suitzar.
III. Kategoria:kapitain maila arteko ofizialak edo mailaketa baliokidea dutenak:berrogeita hamar franko suitzar.
IV. Kategoria:komandante, teniente koronelak, koronelak edo mailaketa baliokidea duten presoak:hirurogei franko suitzar.
V. Kategoria:jeneralak edo mailaketa baliokidea duten presoak:hirurogeita hamabost franko suitzar.
Hala ere, gatazkan dauden alderdi interesatuek akordio berezien bitartez, zerrendatutako kategorietako presoei ordaindu beharreko aurrerapenen zenbatekoak aldaraz ditzakete.
Gainera, lehenengo paragrafoan ezarritako kopuruak altuegiak badira atxiloketa egin duen potentziako indar armatuen kideek jasotzen duten ordainketarekin konparatuz edo, beste edozein arrazoirengatik arazo larriak sortarazten badizkio potentzia horri, honek, gerrako presoak zein potentziako kide izan eta horrekin aipatu kopuruak aldarazteko akordio berezi bat ituntzeko zain:
a) presoen kontuan lehenengo paragrafoan ezarritako kopuruak sartzen jarraituko du;
b) denboraldi batez bidezkoak diren zenbatekoetara muga ditzake kopuruak, ordainketa aurrerapenak kenduta, presoen eskura ipiniko dituenak hauek erabil ditzaten; hala ere, I. kategoriako presoentzat, kopuru horiek ez dira inoiz izango atxiloketa egin duen potentziak bere indar armatuetako kideei ordaintzen diena baino baxuagoa.
Atzerapenik gabe jakinaraziko zaizkio potentzia babesleari mugatze horren arrazoiak.
61. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak onartu egingo ditu gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta horrek bidalitako ordainketa osagarriak, kategoria berdineko preso guztientzat kopuruak berdinak izateko baldintzapean, potentzia horren menpe dauden kategoria horretako preso guztiei eman diezazkietela, eta ahalik arinen, presoen norbanako kontuen sartuak izan daitezen, 64. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Ordainketa osagarri hauek ez dute atxiloketa egin duen potentzia askatzen Hitzarmen honen arabera bete behar dituen betebeharretatik.
62. artikulua
Gerrako presoek, zuzenean jasoko dute atxiloketa egin duten agintarien eskutik, euren lanagatik ekitatezko ordainketa, eta horren zenbatekoa aipatu agintariek zehaztuko dute, baina inolaz ere ezingo da ordaindu franko suitzar baten laurdena baino gutxiago lanaldi oso baten trukean. Atxiloketa egin duen potentziak presoei jakinaraziko die, bai eta hauek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri, potentzia babeslearen bitartez, eguneko lanaldiaren ordainketa gisa zehatu dituen zenbatekoak.
Atxiloketa egin duten agintariek, administrazioarekin, barne egokitzapena edo kanpamenduen zaintzearekin zerikusia duten lan profesionalak egin edo zereginak gauzatzeko iraunkortasunez esleituta dauden gerrako presoei lanagatiko ordainketa bat ere ordainduko zaie, bai eta euren erkideen mesedetan zeregin espiritualak edo mediku zereginak gauzatzeaz arduratzen diren presoei ere.
Konfiantzazko gizonaren, bere laguntzaileen eta, kasu batzuetan, bere aholkularien lanagatiko ordainketa, kantinako irabaziek sortutako funtsetatik aterako dira; zenbatekoa konfiantzazko gizonak zehaztuko du eta kanpamenduko komandanteak onartu. Halako funtsik ez badago, atxiloketa egin duten agintariek lanagatiko ekitatezko ordainketa bat emango diete presoei.
63. artikulua
Gerrako presoek banaka edo taldean bidaliak izan zaizkien diruzko bidalketak jasotzeko baimena izango dute.
Preso bakoitzak bere kontuaren mesedeko saldoa xeda dezake, hurrengo artikuluan zehazten den moduan, atxiloketa egin duen potentziak zehaztutako mugen barruan, eskatutako ordainketak gauzatuko dituena. Honek ezinbestekoak direla kontsideratzen dituen finantza eta moneta mugaketei kalterik egin gabe, presoek baimena izango dute atzerrian ordainketak egiteko. Kasu horretan, atxiloketa egin duen potentziak, presoek beraien kargura dauden pertsonei jiratutako ordainketak egitea erraztuko du bereziki.
Edozein kasutan, gerrako presoek zein potentziaren mende egon eta aurretiaz potentzia horren baimena izanda aukera izango dute, norberaren herrialdean ordainketak egiteko ondorengo prozeduraren arabera: atxiloketa egin duen potentziak aipatu potentziari igorriko dio, potentzia babeslearen bitartez, bidaltzailearen eta jasotzailearen inguruan komenigarri diren aipamen guztiak jasotzen dituen jakinarazpen bat, bai eta ordaindu behar den zenbatekoa ere, atxiloketa egin duen potentziaren monetan adierazia; jakinarazpen hau preso interesdunak sinatuko du eta kanpamenduko komandantearen oniritzia izango du. Atxiloketa egin duen potentziak zenbateko hori zordunduko du dagokion kontuan; horrela zordundutako kopuruak presoak zein potentziaren menpe egon eta horren hartzekoan sartuko dira.
Aurreko manuak aplikatzeko, Hitzarmen honetako V. eranskinean agertzen den erregelamendu eredua erabilgarritasunarekin kontsulta daiteke.
64. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak preso bakoitzarentzat kontu bat irekiko du, eta horrek gutxienez ondorengo argibideak izan beharko ditu:
1) presoari zor zaizkion kopuruak edo horrek ordainketa aurrerapen gisa jasotakoak, lanagatiko ordainketa gisa edo beste edozein arrazoirengatik; atxiloketa egin duen potentziaren monetako kopuruak, presoari kenduak eta honen eskaeraren bitartez potentzia horren monetara bihurtuak;
2) presoari eskudirutan edo antzeko modu batean emandako kopuruak; bere kontura, eta berak eskaera egin ondoren, egindako ordainketak; aurreko artikuluaren hirugarren paragrafoaren arabera transferitutako kopuruak.
65. artikulua
Gerrako preso baten kontuan egindako ohar guztiek bere sinadura edo izenpekoa izango dute, edo bere izenean diharduen konfiantzazko gizonarena.
Gerrako presoei, edozein unetan, berain kontua kontsultatu eta horren kopia jasotzeko erraztasunak emango zaizkie; kontua potentzia babeslearen ordezkariek ere egiazta dezakete kanpamenduak ikuskatzen dituztenean.
Gerrako presoak kanpamendu batetik beste batera lekualdatzen direnean, berain kontu pertsonala ere lekualdatuko da. Atxiloketa egin duen potentzia batetatik beste batera transferitze kasuan, beraienak diren kopuruak eta atxiloketa egin duen potentziaren monetan ez daudenak ere transferituko dira; euren kontuaren hartzekodunean gelditzen diren beste kopuruengatik egiaztagiria emango zaie.
Gatazkan dauden alderdi interesatuak elkar komunikatzeko ados jar daitezke, potentzia babeslearen bitartez eta denbora tarte zehatzetara egiteko, gerrako presoen kontuen egoerak jakinarazteko.
66. artikulua
Gerrako presoaren gatibualdia askapenagatik edo aberriratzeagatik amaitzen denean, atxiloketa egin duen potentziak adierazpen bat emango dio, eskumena duen ofizial batek sinatua, eta horretan jasoko da gatibualdia amaitzean zein den mesederako saldoa. Beste aldetik, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoak zein potentziaren mende egon eta potentzia horri bidaliko dio, potentzia babeslearen bitartez, aberriratzeagatik, askapenagatik, ihesagatik, heriotzagatik edo beste edozein modurengatik gatibualdia amaitu duten presoen inguruko argibide guztiak jasotzen dituzten zerrendak eta zerrenda horietan bereziki agertu beharko dira, beraiei dagozkien kontuen mesederako saldoak. Zerrenda horietako orri bakoitza atxiloketa egin duen potentziak baimendutako ordezkari batek kautotuko ditu.
Lehenago ezarritako xedapenak oso-osoan edo zati batean aldaraziak izan daitezke potentzia interesdunen arteko akordio bereziaren bitartez.
Gerrako presoa zein potentziaren menpe egon eta horrek beregain hartzen du atxiloketa egin duen potentziak zor dion bere mesederako saldoa likidatzeko erantzukizuna, behin gatibualdia amaitutakoan.
67. artikulua
Gerrako presoek jasotako ordainketa aurreratuak, 60. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren izenean egindako ordainketa gisa kontsideratuko dira; ordainketa aurreratu hauek, bai eta 63. artikuluaren hirugarren paragrafoaren eta 68. artikuluaren arabera potentzia horrek egindako ordainketa guztiak, potentzia interesdunen artean adostasunerako gai izango dira, behin borrokak amaitu eta gero.
68. artikulua
Gerrako presoek, lanaren ondoriozko istripu edo edozein ezgaitasunengatik egindako kalte-ordainen eskaera oro zein potentziaren menpe egon eta horri jakinaraziko zaio potentzia babeslearen bitartez. 54. artikuluko xedapenekin bat etorriz, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoari, edozein kasutan, adierazpen bat bidaliko dio eta bertan agertuko da zauriaren edo ezgaitasunaren izaera, zein inguruabarretan gertatu den eta jaso duen mediku edo ospitale-laguntzaren inguruko datuak. Adierazpen hau atxiloketa egin duen potentziaren ofizial erantzule batek sinatuko du; mediku izaera duten txostenak Osasun Zerbitzuko mediku batek egiaztatuko ditu.
Era berean, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri jakinaraziko dio preso batek egindako kalte-ordain eskaera oro norberaren gauzen inguruan, kopuruen inguruan edo kenduak izan zaizkion objektuen inguruan, 18. artikuluaren arabera eta aberriratua izan denean ez zaizkionak itzuli, bai eta presoak atxiloketa egin duen potentziari edo horren agenteren bati egozten dion galera baten ondorioz egin duen kalte ordain eskaera oro. Bestalde, atxiloketa egin duen potentziak bere kontura ordeztuko ditu presoak gatibualdian zehar behar dituen norberaren gauzak. Kasu guztietan, atxiloketa egin duen potentziak ofizial erantzule batek sinatutako adierazpen bat igorriko dio presoari, eta bertan jasoko da gauzak, kopuruak edo baliozko objektuak ez itzultzeko arrazoiei buruzko informazio egoki guztia. Presoa zein potentziaren menpe egon eta horri adierazpen horren kopia bat igorriko zaio 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez.
V.Atala
Gerrako presoek kanpoaldearekin dituzten harremanak
69. artikulua
Gerrako presoak bere esku dituen bezain laster, atxiloketa egin duen potentziak hauei eta hauek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri jakinaraziko die, potentzia babeslearen bitartez, Atal honetako xedapenak aplikatzeko ezarritako neurriak; neurri hauen edozein aldarazpen ere komunikatuko die.
70. artikulua
Gerrako preso bakoitzak baimena izango du, atxilotua izan bezain laster edo, geroago, kanpamendu batera heldu eta aste betera, igarobidezko kanpamendua izan arren, orobat gaixotasunagatik edo ospitale batera edo beste kanpamendu batera lekualdatu behar duten kasuan, zuzenean bere familiarengana zuzentzeko eta baita 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralarengana, txartel bat bidaltzeko, eta posible den neurrian, hori idatzia izan dadin Hitzarmen honi erantsitako ereduaren arabera, beraien gatibutasunaren, bere helbidearen eta osasun egoeraren inguruan informatuz. Txartel horiek ahalik eta arinen bidaliko dira, eta horien bidalketa ezin da inola ere atzeratu.
71. artikulua
Gerrako presoak gutunak eta posta-txartelak bidali eta jasotzeko baimenduta egongo dira.Atxiloketa egin duen potentziak posta-truke hau mugatzeko beharra kontsideratzen badu, baimena eman beharko du, gutxienez, hilean bi gutun eta lau txartel bidaltzeko, posible den neurrian, Hitzarmen honen eranskineko ereduen arabera idatziak (hau 70. artikuluan ezarritako txartelak kontuan izan gabe).Mugak ezarri ahal izango dira soilik potentzia babesleak arrazoiak baditu muga horiek presoen intereserako egokiak direla kontsideratzeko, kontuan izanda atxiloketa egin duen potentziak izan ditzakeen zailtasunak beharrezko zentsura gauzatu ahal izateko itzultzaile kalifikatu nahikoa biltzeko.Presoei bidalitako korrespondentzia mugatu egin behar bada, erabaki hori menpe dauden potentziak baino ezingo du hartu, behin behinean baino ez, eta atxiloketa egin duen potentziaren eskaera jaso eta gero.Gutunak eta txartelak atxiloketa egin duen potentziak dituen bide azkarrenen bidez igorri beharko dira; ezin izango dira atzeratu edo geldiarazi diziplina arrazoiengatik.
Denbora luzean zehar beraien familien berririk ez duten gerrako presoek edo bide arruntetik jaso edo bidaltzeko aukerarik ez dutenek, bai eta sendiarengatik distantzia handiagatik bereiztuta daudenak, telegramak bidaltzeko baimena izango dute eta horien kostua atxiloketa egin duen potentziaren kontuko zorren idatz-ohartuko da edo bere esku dagoen diruarekin ordainduko da.Presoek neurri hau erabil dezakete baita ere larrialdi kasuetan.
Erregela orokor gisa, presoen korrespondentzia bakoitzaren ama hizkuntzan idatziko da.Gatazkan dauden alderdiek beste hizkuntza batzuetan egindako korrespondentzia onar dezakete.
Presoen korrespondentziak dituzten sakak kontu handiz lakratuko dira, edo horien edukia modu argian azaltzen duten etiketak izango dituzte, eta destinoko Correos-eko bulegora zuzenduko da.
72. artikulua
Gerrako presoek baimena izango dute, posta bidez edo beste edozein bideren bitartez, banakako edo taldeko fardelak jasotzeko, horien edukia denean, bereziki, jakiak, arropa, botikak eta beraien beharrak asetzeko gaiak, erlijio, ikasketa edo aisiari dagokionez, kontuan izanda liburuak, kultu objektuak, material zientifikoa, azterketa ereduak, musika-tresnak, kirol osagarriak eta presoei euren ikasketekin jarraitu edo egintza artistiko bat gauzatzeko aukera ematen dien materiala.
Bidalketa horiek ezingo dute, inolaz ere, atxiloketa egin duen potentzia askatu Hitzarmen honen arabera dituen betebeharretatik.
Bidalketa hau ezar dakizkiekeen mugaketa bakarrak potentzia babesleak proposatutakoak baino ez dira izango, gerrako presoen intereserako, edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo gerrako presoei laguntza emateko bertara doan beste edozein erakundek ezarritakoa, bakar-bakarrik garraiobide eta komunikabideentzat ezohiko gainkargarekin egiten diren bidalketen inguruan.
Banakako edo taldeko fardelen bidalketaren modalitateak potentzia interesatuen arteko akordio berezien objektu izango dira hori beharrezkoa izango balitz, eta alderdiek ezingo dute, inolaz ere, gerrako presoen artean laguntza bidalketen banaketa atzeratu.Jaki eta arropa bidalketek ez dute libururik edukiko; orokorrean, mediku laguntzak fardel kolektiboetan bidaliko dira.
73. artikulua
Laguntza kolektiboen bidalketen jasoketa eta banaketaren inguruko modalitateei buruz potentzia interesatuen artean akordio berezirik egon ezean, Hitzarmen honetako eranskinaren erregelamendua aplikatuko da.
Gorago aipatutako akordio berezietan ezingo da mugatu, inolaz ere, konfiantzazko gizonek duten eskubidea gerrako presoei zuzendutako laguntza kolektiboko bidalketen edukitza hartzeko, hori banatzeko eta horiek xedatzeko presoen beraien intereserako.
Akordio horietan ere ezingo da mugatu potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearenak edo presoei laguntza eman eta bidalketa kolektiboen igorpena beraien kontura egiten duten edozein erakunderenak duten eskubidea, bidalitakoa hartzaileen artean banatzen dela kontrolatzeko.
74. artikulua
Gerrako presoentzako laguntza bidalketa guztiak sarrera, aduana eta bestelako eskubide batzuetatik libre egongo dira.
Posta-tasa guztietatik libre egongo dira, bai jatorrizko herrialdean eta destinoko herrialdean, bai eta tarteko herrialdeetan ere, gerrako presoei zuzendutako korrespondentzia, laguntza fardelak eta baimendutako diru bidalketak, edo beraiek posta bidez bidalitakoak, hori zuzenean zein zeharka egin, 122. artikuluan ezarritako informazio bulegoen bitartez eta 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez.
Gerrako presoentzako laguntza bidalketen garraio gastuak, pisuaren ondorioz edo beste arrazoiren bat dela bide, posta bidez igorriak izan ezin direnean, atxiloketa egin duen potentziaren kargura egingo dira horren kontrolpean dauden lurralde guztietan.Hitzarmenean alderdi diren beste potentziek ordainduko dituzte bakoitzari dagozkion garraio gastuak.
Potentzia interesatuen artean akordio berezirik ez badago, gorago aipatutako frankiziek ordainduak izan ezin diren bidalketa hauen ondoriozko garraio gastuak, bidaltzailearen kontura izango dira.
Alderdi kontratugile gorenak presoek bidalitako edo hauei bidalitako telegramen tasak ahalik eta gehien murrizten ahaleginduko dira.
75. artikulua
Ekintza militarrek potentzia interesatuei 70, 71, 72 eta 77. artikuluetan ezarritako bidalketen garraioa bermatzeko duten betebeharra betetzea oztopatzen badie, potentzia babesle interesatuak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo gatazkan dauden alderdiek onartutako beste edozein erakundek bidalketa horien garraioa bermatzeaz ardura daitezke, horretarako bide egokiak erabiliz (bagoiak, kamioiak, itsasontziak edo hegazkina, etab.).Helburu honekin, alderdi kontratugile gorenek garraiobide hauetaz hornitzeko posible den guztia egingo dute eta hauen zirkulazioa baimentzeko, etab ereziki ibiltzeko beharrezko baimen agiriak emanaz.
Garraiobide hauek ere erabil daitezke ondorengoak bidaltzeko:
a) 123. artikuluan ezarritako Informazioaren Agentzia Zentralaren artean eta 122, artikuluan ezarritako bulego nazionalen artean korrespondentzia, zerrendak eta txostenak trukatzeko;
b) potentzia babesleak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo presoei laguntza ematen dien beste edozein erakundek elkartrukatzen duten gerrako presoei buruzko korrespondentzia, zerrendak eta txostenak, hori ordezkari propioekin egin zein gatazkan dauden alderdiekin egin.
Xedapen hauek ez dute inolaz ere murrizten gatazkan dauden alderdiek duten eskubidea beste garraiobide batzuk antolatzeko, horrela egitea nahiago badute, eta erabaki daitezkeen baldintzetan ibiltzeko baimen agiriak emateko.
Akordio berezirik egon ezean, garraiobide hauek erabiltzeagatik sortutako gastuak modu proportzionalean ordainduko dituzte zerbitzu horiek gatazkan dauden zein alderdietako herritarrek erabili eta alderdi horiek.
76. artikulua
Presoei zuzendutako korrespondentziaren edo beraiek bidalitakoaren zentsura ahalik eta epe laburrenean gauzatu beharko da.Estatu bidaltzaileak eta jasotzaileak bakarrik egin dezakete, eta bakoitzak behin bakarrik egin dezake.
Gerrako presoei zuzendutako bidalketen kontrola ez da gauzatuko kontrolatutako gaien iraupena arriskua jartzen duten baldintzetan; kontrol hori gauzatuko da, idatzi edo inprimakiak ez diren kasuetan, jasotzailearen edo berak baimendutako erkide baten aurrean.Ezingo da atzeratu banakako bidalketa edo bidalketa kolektiboen ematea zentsura zailtasunen aitzakiarekin.
Arrazoi militar edo politikoengatik gatazkan dauden alderdiek ezarritako korrespondentzia debeku oro behin-behinekoa izan beharko da eta ahalik eta iraupen laburrena izan beharko du.
77. artikulua
Potentzia babeslearen edo 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez, atxiloketa egin duten potentziek erraztasun guztiak emango dituzte aktak, egiaztagiriak eta dokumentuak bidaltzeko, hauek gerrako presoei zuzenduta daudenean edo horiek bidaltzen dituztenean, batik bat, ahalorde eta testamentuen kasuetarako.
Edozein kasutan, atxiloketa egin duten potentziek gerrako presoei halako agiriak idazteko erraztasunak emango dizkiete; bereziki baimena emango diete legelari batekin kontsulta egiteko eta neurri egokiak hartuko dituzte beraien sinaduraren kautotasuna ziurtatzeko.
VI. Atala
Gerrako presoek agintariekin dituzten harremanak
I. Kapitulua
Gatibutasunaren erregimenaren ondoriozko gerrako presoen kexak
78. artikulua
Gerrako presoek eskubidea izango dute, zein agintaritza militarren esku egon eta horiei gatibutasun erregimenaren inguruko eskaerak aurkezteko.
Eskubidea izango dute baita ere, inolako murrizketarik gabe, konfiantzazko gizonaren bitartez edo zuzenean, beharrezkoa dela uste badute, potentzia babesleen ordezkariengana zuzentzeko, gatibutasunaren erregimenaren inguruan dituzten kexa arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko.
Eskaera eta kexa horiek ez dira mugatuko eta ez da kontsideratuko 71. artikuluan aipatutako korrespondentzia gertakizunen osagai direnik. Berehala igorri beharko dira eta horren ondorioz ezingo da zigorrik ezarri, kexak oinarririk gabekoak izan arren.
Konfiantzazko gizonek kanpamenduen egoeraren inguruan eta gerrako presoen beharrizanei buruzko aldizkako txostenak bidal diezazkiekete potentzia babesleen ordezkariei.
II. Kapitulua
Gerrako presoen ordezkariak
79. artikulua
Gerrako presoak dauden leku bakoitzean, ofizialak daudenetan salbu, presoak askatasunez eta boto sekretuaren bidez konfiantzako gizona aukeratuko dute seihilabete bakoitzeko, bai eta postua hutsik gelditzen den kasuetarako, presoak agintaritza militarren aurrean, potentzia babesleen aurrean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen aurrean eta laguntza ematen dien beste edozein erakunderen aurren ordezkatuko dituena; konfiantzazko gizonak berriz hauta daitezke.
Ofizialen edo estatutu baliokidea duten pertsonen kanpamenduetan edo kanpamendu mistoetan, graduazio altuenean lehenengo atxilotutako gerrako preso ofiziala izendatuko da konfiantzazko gizona. Ofizialen kanpamenduak, ofizialek aukeratutako kontseilari bat edo batzuek sustatuko dituzte; kanpamendu mistoetan laguntzaile hauek ofizialak ez diren gerrako presoen artean aukeratuko dira eta beraien artean izango dira hautatuak.
Gerrako presoentzako lan kanpamenduetan herritartasun bereko ofizial presoak izendatuko dira gerrako presoei eragiten dieten administrazio zereginak gauzatzeko. Gainera, ofizial hauek konfiantzazko gizonen karguetarako hautatuak izan daitezke artikulu honetako lehenengo paragrafoko xedapenekin bat etorriz. Kasu honetan, konfiantzazko gizonaren laguntzaileak ofizialak ez diren gerrako presoen artean aukeratuko dira.
Bere zereginak onartu baino lehen, atxiloketa egin duen potentziak onartu beharko du aukeratutako konfiantzazko gizona. Potentzia babeslea ukatu egiten bada gatibutasunean dauden gainontzekoek aukeratutako gerrako preso bat onartzera, potentzia babesleari jakinarazi beharko dizkio bere ezezkoaren arrazoiak.
Edozein kasutan, konfiantzazko gizona ordezkatzen dituen gerrako presoen naziokotasun berekoa izango da, hizkuntza bera hitzegingo du eta ohitura berdinak izango ditu. Horrela, naziokotasuna, hizkuntza edo ohituren arabera kanpamenduko atal ezberdinetan banatutako gerrako presoek konfiantzazko gizon bat izango dute atal bakoitzean, aurreko paragrafoetako xedapenekin bat etorriz.
80. artikulua
Konfiantzazko gizonak gerrako presoen ongizate fisikoa, morala eta intelektualaren sustapenean lagundu beharko du.
Batik bat, presoek beraien artean elkar laguntzeko sistema bat antolatzea erabakitzen badute, antolakunde hori konfiantzazko gizonen ardurakoa izango da, Hitzarmen honek beste xedapen batzuetan esleitzen dizkien beste zeregin berezi batzuez gain.
Konfiantzazko gizonak ez dira erantzule izango, duten betebeharragatik soilik, gerrako presoek egindako arau-hausteengatik.
81. artikulua
Konfiantzazko gizonei ezingo zaie behartu bestelako lanik egitera, horrekin euren zereginean jardutea oztopatzen bada.
Konfiantzazko gizonek presoen artean behar dituzten laguntzaileak izenda ditzakete. Erraztasun material guztiak emango zaizkie eta, batik bat, nolabaiteko mugikortasun-askatasuna, bere zereginak gauzatzeko beharrezkoa dena (lan destakamentuetara bisitak, laguntza bidalketen jasoketa, etab.).
Konfiantzazko gizonak baimenduta egongo dira gerrako presoak barneratuta dauden lokalak ikuskatzeko, eta presoek eskubidea izango dute askatasunez euren konfiantzazko gizonari kontsula egiteko.
Konfiantzazko gizonei erraztasun guztiak ere emango zaizkie posta-truke eta truke telegrafikoa izateko atxiloketa egin duen agintaritzarekin, potentzia babesleekin, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearekin eta horren ordezkariekin, mediku komisio mistoekin, bai eta gerrako presoei laguntza ematen dieten erakundeekin ere. Lan destakamenduetan dauden konfiantzazko gizonek erraztasun berdinak izango dituzte kanpamendu nagusiko konfiantzazko gizonarekin korrespondentzia izateko. Korrespondentzia hauek ez dira mugatuko eta ez da kontsideratuko 71. artikuluan aipatutako korrespondentzia gertakizunen osagai direnik.
Konfiantzazko gizona ezin izango da lekualdatu ez bazaio zentzuzko beharrezko denbora eman bere ondorengoari aribidean dauden gaien inguruan jakinaren gainean jartzeko.
Kargugabetze kasuan, erabaki horren arrazoiak potentzia babesleari komunikatuko zaizkio.
III. Kapitulua
Zigor eta diziplina zehapenak
I. Xedapen orokorrak
82. artikulua
Gerrako presoak atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetan indarrean dauden legeen, erregelamenduen eta agindu orokorren menpe egongo dira.Atxiloketa egin duen potentziak ahalmena izango du lege, erregelamendu edo agindu orokor horien aurkako urratze bat egin duten gerrako preso guztien inguruan neurri judizial edo diziplinazkoak hartzeko.Dena den, ez da onartuko kapitulu honen xedapenen aurkakoa den jazarpen edo zehapenik.
Atxiloketa egin duen potentziaren legeetan, erregelamenduetan edo agindu orokorretan ezartzen bada zigorgarriak direla gerrako presoek egindako egintzak, egintza berberak zigorgarriak ez direnean atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kide batek gauzatzen dituenean, ezar daitezkeen zigorrak diziplina izaerakoak baino ezin dira izan.
83. artikulua
Gerrako preso batek egindako arau-hauste bat diziplina edo judizio bidez zigortu behar den zehaztu behar denean, atxiloketa egin duen potentziak zaindu beharko du agintari eskudunek ahalik eta barkaberatasun handiena erabiltzea gaiaren inguruan hautematean eta posible den guztietan, diziplina neurrietara jo dezatela epaiketa eginbideetara baino.
84. artikulua
Auzitegi militarrek soilik epai dezakete gerrako preso bat, ez bada atxiloketa egin duen potentziaren legerian beren beregi baimentzen dela auzitegi zibilek potentzia horren indar armatuetako kide bat epai dezaketela presoaren aurkako salaketa eragin duen antzeko arau-hauste batengatik.
Ez da gerrako presorik auzitegi baten aurren agerraraziko, auzitegi hori edozein izanik ere, ez baditu orokorrean aitortutako oinarrizko independentzia eta inpartzialtasuna bermatzen eta, bereziki, prozedura horrek salatuari ez badizkio 105. artikuluan ezarritako defentsa eskubide eta baliabideak bermatzen.
85. artikulua
Harrapatuak izan aurretik gauzatutako egintza bat dela eta atxiloketa egin duen potentziaren legeriaren arabera salatuak izan diren gerrako presoek Hitzarmen honen onurak izango dituzte, kondenatuak izan arren.
86. artikulua
Gerrako presoa behin bakarrik zigor daiteke egintza berdinarengatik edo salaketa berdinarengatik.
87. artikulua
Agintari militarrek eta atxiloketa egin duen potentziaren auzitegiek ezingo dituzte gerrako presoak zigortu, potentzia horren indar armatuetako kideek egintza berdinak egiteagatik horientzat ezarritako zigorretatik ezberdinak diren bestelako zigor batzuekin.
Zigorra zehazteko, auzitegiek edo atxiloketa egin duen potentziaren agintariek kontuan izango dute, ahalik eta neurri handienean, salatua, atxiloketa egin duen potentziaren herritarra ez izateagatik, ez daukala, berari dagokionean, inolako fideltasuna betebeharrik, eta bere esku dagoela presoaren borondateaz besteko inguruabarrak direla eta.Presoari aurpegiratu zaion arau-haustearentzat aurreikusitako zigorra askatasunez arintzeko ahalmena izango dute eta honen inguruan, ez dute zigor horren gutxienekoa aplikatzeko betebeharrik.Debekatuta daude norbanakoek gauzatutako egintzengatik zigor kolektiboak ezartzea, gorputz-zigorrak, eguzkiaren argia sartzen ez den lokaletan kartzelaratzea eta, orokorrean, tortura edo ankerkeria modu oro.
Gainera, atxiloketa egin duen potentziak ezingo ditu presoak berain graduazioaz gabetu, ezta euren bereizgarriak eraman ditzatela debekatu ere.
88. artikulua
Graduazio baliokidearen kasuan, modu diziplinario edo judizialean zigortuak izan diren gerrako preso diren ofizialak, ofizialordeak edo soldaduak, ez dute tratu zorrotzagoa izango zigor berdinarentzat atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kideentzat ezarritakoa baino.
Gerrako preso diren emakumeak ez dira zigor zorrotzagoetara kondenatuko eta zigorra betetzen duten bitartean, ez dute tratu zorrotzagoa izango atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kide diren emakumeek antzeko arau-hauste batengatik zigortuak izatean izango luketena baino.
Inolaz ere, gerrako preso diren emakumeak ez dira zigor zorrotzagoetara kondenatuko eta zigorra betetzen duten bitartean, ez dute tratu zorrotzagoa izango atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kide diren gizonek antzeko arau-hauste batengatik zigortuak izatean izango luketena baino.
Ezarri zaizkien diziplina edo judizio zigorrak bete eta gero, gerrako presoak ezingo dute beste presoek jasotzen duten tratuaren ezberdina den beste tratu bat jaso.
II.Diziplina zehapenak
89. artikulua
Gerrako presoei ezartzeko moduko diziplina zigorrak ondorengoak dira:
1) 60 eta 62. artikuluetan ezarritako ordainketa aurrerapenaren eta lanagatiko ordainketaren ehuneko 50 arteko isuna, horren iraupena gehienez hogeita hamar egunekoa izango da;
2) aitortutako abantailak ezabatzea, Hitzarmen honetan ezarritako tratuaz gain;
3) egunean bi ordu baino gehiagoko iraupena ez duten zereginak;
4) atxiloketak.
Hala ere, 3. zenbakian jasotako zigorra ezingo zaie ofizialei ezarri.
Diziplina zigorrak ez dira, inolaz ere, jasanezinak, basatiak edo gerrako presoen osasunarentzat arriskutsuak izango.
90. artikulua
Zigor berdinaren iraupena ez da inolaz ere hogeita hamar egunetik gorakoa izango.Diziplina falta baten kasuan, entzunaldia edo zigorra ezarri baino lehenago aurreneurrizko atxiloketarekin betetako aldia ezarritako zigorraren iraupenetik kenduko da.
Ezingo da hemen ezarritako hogeita hamar eguneko gehieneko iraupena gainditu, nahiz eta gerrako preso batek kondenaren unean elkarren artean erlazionatuta dauden edo erlaziorik ez duten zenbait egintzengatik modu diziplinarioan erantzun behar duenean.Ez da hilabete baino behiago igaroko diziplina erabakia hartu eta hori betearazten den arte.
Gerrako preso bati diziplina zigor berri bat ezartzen zaion kasuan, zigor bakoitzaren betepena hiru eguneko epe batez bananduko dira gutxienez, horietako baten iraupena hamar egun edo gehiagokoa bada.
91. artikulua
Hurrengo kasuetan preso batek ihes egin duela kontsideratuko da:
1) zein indar armatuen menpe egon eta horietara batzea lortu duenean edo potentzia aliatu baten indar armatuetara batzea lortu duenean;
2) atxiloketa egin duen potentziaren esku dagoen lurraldetik edo potentzia baten esku dagoen lurraldetik irten denean.
92. artikulua
Ihes egiten ahalegindu den preso bat eta 91. artikuluko zentzuan ihes egitea lortu baino lehen harrapatua denean, hori ez da zigorgarria izango, ezta berrerorle kasuan ere, ez bada diziplina zigor batekin baino.
Berriro ere harrapatua izan den presoa agintari militar eskudunei entregatuko zaie berehala.
88. artikuluaren laugarren paragrafoan ezarritakoa gorabehera, lortu ez den ihesaldi baten ondorioz zigortuak izan diren gerrako presoak zaintza araubide bereziaren menpe jar daitezke, hala ere, baldintza batzuk bete behar ditu: araubide horrek presoaren osasunean eraginik ez izatea, gerrako presoen kanpamendu batean betetzea, eta horrek ez dezala eragin Hitzarmen honetan jasotako bermeetatik bat bera ere ezabatzea.
93. artikulua
Ihesa edo ihes saiakera ez da inguruabar astungarri gisa kontsideratuko, berrerortzea egon arren, gerrako presoa auzitegiaren aurren agertu behar bada ihesaldian zehar edo ihesaldi saiakeran zehar egindako arau-hauste batengatik.
83. artikulu hizpaketekin bat etorriz, gerrako presoak bere ihesa errazteko asmo bakarrarekin egindako arau-hausteak eta pertsonen aurkako indarkeria erabili ez denean, esaterako, jabetza publikoaren aurkako arau-hausteak, irabaz asmorik gabeko lapurreta, agiri faltsuak egin eta erabiltzea edo arropa zibila erabiltzea, diziplina zigorrak baino ez dituzte eragingo.
Ihesaldi batean edo ihesaldi saiakuntza batean lagundu duten gerrako presoek, diziplina zigor bat baino ez dute jasoko egintza horrengatik.
93. artikulua
Ihes egin duen preso bat berriz ere harrapatzen bada, 122. artikuluan ezarritako modalitatearen arabera zein potentziaren menpe egon eta horri jakinaraziko zaio, ihesa jakinarazia izan dadin.
95. artikulua
Erabaki baten zain dagoen bitartean, diziplina falta batengatik salatuak izan diren gerrako presoak ez dira aurreneurrizko atxiloketan mantenduko, ez bada neurri berdin hori aplikagarria denean atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideentzat antzeko arau-hauste batengatik, edo beharrezkoa denean ordena eta kanpamenduko diziplina interes gorenei eusteko.
Gerrako preso guztientzat, aurreneurrizko atxiloketa, diziplina falten kasuan, gutxiengo hertsira mugatuko da, eta horren iraupena ez da hamalau egun baino gehiagokoa izango.
Kapitulu honetako 97 eta 98. artikuluetako xedapenak diziplina faltengatik aurreneurrizko atxiloketan dauden gerrako presoei aplikatuko zaizkie.
96. artikulua
Diziplinaren aurkako faltak diren egintzak berehala ikertuko dira.
Auzitegien eta agintari militar gorenen eskumenari kalterik egin gabe, diziplina zigorrak kanpamenduko komandante gisa diziplina ahalordeak dituen ofizial batek baino ezingo ditu ezarri, edo hori ordezkatzen duen ofizial arduradun baten edo bere diziplina ahalordeak zein pertsonarengan eskuordetu eta pertsona horrek.Ahalorde hauek inoiz ere ezin dira eskuordetu gerrako preso baten gain ezta gerrako preso batek egikaritu ere.
Diziplina zigor bat ezarri aurretik, erruztatutako gerrako presoari horren berri emango zaio, zehaztasunez, bere gain ezartzen diren egintzen gain eta bere portaera azaldu eta defenditzeko aukera emango zaio.Baimenduta dago, batik bat, lekukoak aurkeztera eta beharrezkoa izango balitz, interprete aditu baten laguntzara jotzeko baimena ere izango du.Erabakia gerrako presoari eta konfiantzazko gizonari iragarriko zaie.
Kanpamenduko komandanteak erregistro batean idatziz jaso beharko ditu ezarritako diziplina zigorrak; erregistro hau potentzia babeslearen ordezkarien eskura egongo da.
97. artikulua
Gerrako presoak ez dira inolaz ere presondegietara (espetxeak, presondegiak, kartzelak, etab.) eramango diziplina-zigorrak bertan betetzeko.
Diziplina zigorrak betetzen diren lokal guztietan 25. artikuluan ezarritako higiene-betebeharrak beteko dira. Zigortutako gerrako presoek garbitasun egoeran mantentzeko baldintzak izango dituzte, 29. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ofizialak eta antzeko estatutua duten pertsonak ez dira atxiloturik egongo ofizialorde edo soldaduak dauden lokaletan.
Modu diziplinarioan zigortuak izan diren gerrako preso emakumeak, gizonen lokaletatik ezberdinak diren beste batzuetan beteko dute atxiloketa, eta modu zuzenean emakumeen zaintzapean egongo dira.
98. artikulua
Diziplina-zigor baten ondorioz atxilotuak izan diren gerrako presoak Hitzarmen honen xedapenen onurak izaten jarraituko dute, salbu eta atxiloketak xedapen horiek aplikagaitz egiten dituenean. Hala ere, inolaz ere ezingo zaizkie kendu 78 eta 126. artikuluetako abantailak.
Modu diziplinarioan zigortuak izan diren presoei ezingo zaizkie ukatu bere graduari dagozkien pribilegioak.
Modu diziplinarioan zigortutako gerrako presoak egunero kirola egiteko eskubidea izango dute, bai eta atari zabalean egotekoa ere, gutxienez, bi orduz.
Baimena izango dute, aurretiaz eskaera eginda, egunero medikuarengana joateko; euren osasun egoerak behar duen laguntza jasoko dute eta, noizean behin, kanpamenduko erizaindegira edo ospitale batera eramango dira.
Idazteko eta irakurtzeko baimena izango dute, bai eta gutunak bidali eta jasotzeko baimena ere.Fardelak eta diru bidalketak aldiz, zigorra amaitu arte presoei ez ematea posible izan daiteke; bitartean konfiantzazko gizonari emango zaizkio, eta honek erizaindegira bidaliko ditu fardeletan dauden gai galkorrak.
III. Eginbide judizialak
99. artikulua
Ezingo da presorik epaitu edo zigortu atxiloketa egin duen potentziaren legerian edo indarrean dagoen nazioarteko zuzenbidean beren beregi debekatuta ez dagoen egintza baten ondorioz, debeku hori ezarrita ez badago egintza gauzatu zen unean.
Ez da presio moral edo fisikorik gauzatuko gerrako preso baten gain, berari egozten zaion egintzaren errudun dela aitor dezan eragiteko helburuarekin.
Ezin izango da gerrako presorik zigortu bere burua defenditzeko aukerarik izan ez badu eta defentsari aditu baten laguntza izan ez badu.
100. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziaren legeriaren arabera heriotza zigorrarekin zigor daitezkeen arau-hausteak zeintzuk diren adieraziko zaie gerrako presoei eta potentzia babesleei, ahalik eta arinen.
Ondoren, ezingo da arau-hausterik zigortu heriotza zigorrarekin, presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren baietzik gabe.
Preso baten aurka heriotza zigorra ezar daiteke soilik bereziki auzitegiari atentzioa eman badio, 87. artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat etorriz, salatua atxiloketa egin duen potentziaren herritar ez izateagatik, ez daukala potentzia honekiko inolako fideltasun betebeharrik eta potentzia horren menpe dagoela bere borondatearen aurkakoak diren inguruabarren ondorioz.
101. artikulua
Gerrako preso baten aurka heriotza zigorra ezartzen bada, epaia ez da betearaziko, gutxienez, sei hilabeteko epea igaro baino lehen. Epe hori zenbatzen hasiko da 107. artikuluan ezarritako jakinarazpen zehaztua potentzia babeslearengana horrek adierazitako helbidera heltzen den unetik.
102. artikulua
Epai batek gerrako preso baten aurka baliozkotasuna izango du soilik, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kideekiko erabiliko litzatekeen prozedura berdina jarraitzen denean eta auzitegi berdin horiek emandako epaia denean eta, gainera, kapitulu honetako xedapenak bete badira.
103. artikulua
Gerrako presoen aurkako eginera judizialak inguruabarrek baimentzen duten bezain azkar egingo dira eta prozedura ahalik eta arinen eginez. Ez da aurreneurrizko atxiloketan presorik mantenduko, ez bada neurri berdin horiek atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kideei aplikagarria denean antzeko arau-hausteengatik, edo nazio-segurtasunak horrela eskatzen duenean. Aurreneurrizko atxiloketa honek, inolaz ere, ez du hiru hilabete baino gehiago iraungo.
Gerrako preso baten aurreneurrizko atxiloketaren iraupena, ezarri zaion askatasun gabetzailea den zigorretik kenduko da; gainontzean, zigorra ezartzean izan beharko da kontuan.
Aurreneurrizko atxiloketak irauten duen bitartean, gerrako presoak kapitulu honetako 97 eta 98. artikuluetako xedapenen onurak izaten jarraituko dute.
104. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak gerrako preso baten aurka eginbide judizialak hastea erabakitzen duen kasu guztietan, potentzia babesleari jakinaraziko dio ahalik eta azkarren eta, gutxienez, auziaren bista baino hiru aste lehenago. Hiru astetako epe hau zenbatzen hasiko da jakinarazpen hau potentzia babeslearengana heltzean, honek aurretiaz atxiloketa egin duen potentziari adierazitako helbidera.
Jakinarazpenean ondorengo argibideak agertuko dira:
1) gerrako presoaren izen eta abizenak, gradua, bere matrikula zenbakia, jaiotze data eta lanbidea, halakorik izanez gero;
2) barneratze edo atxilotze lekua;
3) salaketaren arrazoia edo arrazoien zehaztapena, aplikagarri diren lege xedapenak aipatuz;
4) epaituko duen auzitegiaren aipamena, bai eta auziaren bistarako ezarritako data eta lekua.
Atxiloketa egin duen potentziak jakinarazpen berdina egingo dio gerrako presoaren konfiantzazko gizonari.
Prozedura hastean, ez bada probarik aurkezten potentzia babesleak, presoak eta dagokion konfiantzazko gizonak gorago aipatutako jakinarazpena jaso izanaz, gutxienez, auziaren bista baino hiru aste lehenago, hau ezin izango da gauzatu eta atzeratu egin beharko da.
105. artikulua
Gerrako presoak eskubidea izango du preso erkide batek lagundurik joateko, berak aukeratutako abokatu aditu batek defendi dezan, lekukoak ager daitezen egitea eta beharrezkoa dela uste badu, interprete aditu baten zerbitzuetara jotzeko.Atxiloketa egin duen potentziak, bere garaian, eskubide hauen jakinaren gainean jarriko du auziaren bista egin baino lehen.
Presoak defendatzailerik aukeratu ez badu, potentzia babesleak bat ipiniko dio; horretarako aste bat izango du gutxienez.Potentzia babesleak eskatzen badu, atxiloketa egin duen potentziak zerrenda bat aurkeztuko dio defentsa bermatzeko egokiak diren pertsonekin.Gerrako presoak eta potentzia babesleak defendatzailerik aukeratu ez duten kasurako, atxiloketa egin duen potentziak ofizioz, salatua defenditzeko gai den abokatu bat izendatuko du.
Salatuaren defentsa prestatzeko, defendatzaileak bi astetako epea izango du, gutxienez, auziaren bista baino lehen, bai eta beharrezko erraztasunak ere; batik bat, salatua askatasunez ikusi ahal izango du eta berarekin elkarrizketa izan lekukorik gabe.Zuribide-lekuko guztietan elkarrizketa daiteke, baita gerrako presoekin ere.Erraztasun hauen onura izango du gora jotzeko epeak amaitu arte.
Salatua izan den gerrako presoak, auziaren bista hasi baino lehenago denbora nahikoarekin jakinarazpena jasoko du, berak ulertzen duen hizkuntzan, prozeduraren autoaren inguruan bai eta orokorrean salatuari jakinarazten zaizkion autoena ere, atxiloketa egin duen potentziaren armadetan indarrean dauden legeen arabera.Jakinarazpen berdina eta baldintza berdinetan egin beharko zaio bere defendatzaileari.
Potentzia babeslearen ordezkariek prozesura joateko eskubidea izango dute, ez bada, salbuespenez, ateak itxita egiten dela, estatuaren segurtasunaren intereserako; kasu horretan, atxiloketa egin duen potentziak potentzia babesleari jakinaraziko dio.
106. artikulua
Gerrako preso orok eskubidea izango du, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideen baldintza berdinetan, gora jotzea, kasazio edo berrikuspen helegiteak aurkezteko bere aurka emandako epai ororen aurka.Helegite eskubideen inguruan beharrezko informazio guztia emango zaio bai eta horiek egikaritzeko epeen inguruan ere.
107. artikulua
Gerrako preso baten aurka emandako epai oro potentzia babesleari jakinaraziko zaio berehala, azaleko jakinarazpen forman, bertan agerraraziz aldi berean, presoak gora jotze, kasazio edo berrikuspen helegitea jartzeko eskubidea duen.Jakinarazpen hau dagokion konfiantzazko gizonari ere egingo zaio.Era berean, gerrako presoari jakinaraziko zaio berak ulertzen duen hizkuntzan, epaia bere aurrean eman ez denean.Gainera, atxiloketa egin duen potentziak berehala jakinaraziko dio potentzia babesleari gerrako presoak bere helegite eskubideak egikaritzeko edo ez egikaritzeko hartu duen erabakia.
Orobat, behin betiko kondenaren kasuan eta, heriotza zigorra denean, lehenengo auzialdian ebatzitako kondena den kasuan, atxiloketa egin duen potentziak, ahalik eta azkarren, ondorego puntuak jasotzen dituen jakinarazpen zehaztu bat igorriko dio potentzia babesleari:
1) epaiaren idatzi zehatza;
2) sumarioa eta prozesua laburtzen duen txostena, agerian jarriz, bereziki, salaketaren eta defentsaren osagaiak;
3) hala denean, epaia bete behar den establezimenduaren adierazpena.
Aurreko paragrafoetan ezarritako jakinarazpenak potentzia babesleari igorriko zaizkio honek aurretiaz atxiloketa egin duen potentziari adierazitako helbidera.
108. artikulua
Dagoeneko lege bidez betegarriak diren gerrako presoen aurka emandako epaiak, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideentzako ezarritako establezimendu berdinetan eta baldintza berdinetan beteko dira.Edozein kasutan, baldintza hauek higiene eta gizatasun exijentzien araberakoak izango dira.
Horrelako epai bat gerrako preso emakume baten aurka ematen denean, lokal ezberdin batean beteko du eta emakumeen zaintzapean.
Edozein kasutan, askatasun gabetzaileak diren zigorretara kondenatuak izan diren gerrako presoak, Hitzarmen honetako 78 eta 126. artikuluetako xedapenen onurak izaten jarraituko dute.Gainera, baimena izango dute korrespondentzia jaso eta bidaltzeko, hilean behin, gutxienez, laguntza fardelak jasotzeko eta erregulartasunez atari zabalean kirola egiteko; berain osasun egoeraren araberako mediku laguntza izango dute, bai eta nahi duten laguntza espirituala ere.Ezarri beharreko zigorrak 87. artikuluko hirugarren paragrafoko xedapenen araberakoak izango dira.
IV. Titulua
Gatibualdiaren amaiera
I. Atala:
Aberriratze zuzena eta herrialde neutraletan ospitalizazioa
109. artikulua
Gatazkan dauden alderdiek, artikulu honetako hirugarren paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, zenbat diren eta horien gradua kontuan izan gabe, eta lekualdatuak izateko baldintzetan ipini eta gero, larri gaixotutako edo zauritutako gerrako presoak aberriratzeko betebeharra izango dute, hurrengo artikulu lehenengo paragrafoarekin bat etorriz.
Borrokaldiek irauten duten bitartean, gatazkan dauden alderdiek posible den guztia egingo dute, potentzia neutral interesdunekin elkarlanean, herrialde neutralean hurrengo artikuluko bigarren paragrafoan aipatutako zaurituen edo gaixo dauden presoen ospitalizazioa antolatzeko; gainera, gatibutasunean egon diren eta osasun egoera onean dauden presoen aberriratze zuzenerako edo herrialde neutral batean barneratzeko xedearekin akordioak egin ditzakete.
Aberriratzeko hautatua izan daitekeen zauritutako edo gaixorik dagoen gerrako presorik ezingo da aberriratua izan bere borondatearen aurka borrokaldiek irauten duten bitartean, artikulu honetako lehenengo paragrafoarekin bat etorriz.
110. artikulua
Ondorengoak zuzenean aberriratuko dira:
1) sendaezinak diren zauritu eta gaixoak, horien gaitasun intelektual edo fisikoak murrizketa handia izan duela ematen duenean;
2) mediku aurreikuspenen arabera, urte bateko epean senda ezin daitezkeen zauritu eta gaixoak, eta horien egoerak tratamendua behar duenean eta horien gaitasun intelektual edo fisikoak murrizketa handia izan duela ematen duenean;
3) osatu diren zauritu eta gaixoak, horien gaitasun intelektual edo fisikoak murrizketa handia izan duela ematen duenean.
Herrialde neutral batean ondorengoak ospitaliza daitezke:
1) hurrengo urtean sendatuta egongo direla aurreikusten den zaurituak eta gaixoak, urtebete hori zenbatzeko kontuan hartuko da zauria gertatutako unea edo gaixotasuna hasten den unea, tratamendua herrialde neutral batean egiteak sendatze ziurragoa eta arinagoa aurreikusten badu;
2) mediku aurreikuspenen arabera, gatibutasunean mantentzeagatik osasun intelektual edo fisikoa arrisku larrian duten gerrako presoak, baina herrialde neutral batean ospitalizatuz arrisku hori saihets dezaketenak.
Herrialde neutraletan ospitalizatutako gerrako presoak aberriratuak izateko bete behar dituzten baldintzak, bai eta euren egoera ere, potentzia interesatuen arteko akordioen bidez zehaztuko dira.Orokorrean, herrialde neutraletan ospitalizatuta dauden eta ondorengo kategoria duten gerrako presoak aberriratuak izango dira:
1) osasun egoera, aberriratze zuzenerako baldintzak betetzeraino larriagotu zaienak;
2) tratamendua eta gero, oraindik ere gaitasun intelektual edo fisikoaren egoera neurri handi batean murriztua dutenak.
Gatazkan dauden potentzia interesatuen arteko akordio berezirik ez badago aberriratze zuzena edo herrialde neutralean ospitalizatzea dakarten ezgaitasun edo gaixotasun kasuak zehazteko, kasu hauek zehaztuko dira zauritutako eta gaixo dauden gerrako presoak zuzenean aberriratzeari eta herrialde neutralean ospitalizatzeari buruzko akordio-ereduan eta Mediku Batzorde Mistoei buruzko erregelamenduan jasotako printzipioekin; bi horiek Hitzarmen honen eranskinak dira.
111. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia hori eta bi potentzia horiek onartutako potentzia neutral batek, borrokaldiak amaitu arte, gerrako presoak potentzia neutral horren lurraldean barneratzea baimentzen duten akordioak lortzeko posible den guztia egingo dute.
112. artikulua
Eta gatazkaren hasieran, Mediku batzorde mistoak izendatuko dira gaixorik eta zauritua dauden presoak aztertzeko eta horren inguruan erabaki egokiak hartzeko.Batzorde hauen izendapena, zereginak eta funtzionamendua Hitzarmen honi erantsitako erregelamenduko xedapenen araberakoak izango dira.
Dena den, atxiloketa egin duen potentziaren mediku agintarien ustetan modu nabarmenean zaurituak edo larri gaixotuta dauden presoak, aberriratuak izan daitezke Mediku batzorde batek azterketa egin beharrik gabe.
113. artikulua
Atxiloketa egin duen potentziak izendatutako agintari medikuez gain, jarraian zerrendatuko diren kategorietakoak diren preso zauritu eta gaixoek eskubidea izango dute aurreko artikuluan ezarritako Mediku batzorde mistoen azterketa izateko:
1) mediku herrikide batek edo gatazkan potentzia alderdi den eta presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren aliatu direnen herritarrek proposatutako zauritu eta gaixoak, kanpamenduan bere zereginak gauzatzen ari dena;
2) konfiantzazko gizon batek proposatutako zauritu eta gaixoak;
3) zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek edo presoak laguntzera doan eta potentzia honek onartutako erakunde batek proposatutako zauritu eta gaixoak.
Hala ere, hiru kategoria hauetako kide ez diren gerrako presoak Mediku batzorde mistoek aztertzeko aurkez daitezke, baina kategoria horietakoak aztertu eta gero aztertuko zaie hauei.
Mediku batzorde mistoaren azterketaren menpe dauden gerrako presoen mediku herrikidea eta horien konfiantzazko gizonak baimena izango dute azterketa horretara joateko.
114. artikulua
Istripuen biktima diren gerrako presoak, zauritu boluntarioak alde batera utzita, aberriratzeari edo salbuespenez herrialde neutral batean ospitalizatzeari dagokionez, Hitzarmen honen xedapenen abantailak izango dituzte.
115. artikulua
Aberriratzerako edo herrialde neutral batean ospitalizatzeko aurreikusitako baldintzak betetzen dituen presorik eta diziplina zigor bat betetzera kondenatua izan dena, ezingo da atxikia izan ezarritako zigorra ez betetzeagatik.
Judizio bidean auzipetu edo kondenatuak izan diren gerrako presoak, aberriratzerako edo herrialde neutral batean ospitalizatzeko hautagai direnak, prozesua edo zigorraren betepena amaitu baino lehen neurri hauen abantailak izan ditzakete, atxiloketa egin duen potentziak horrela kontsideratzen badu.
Gatazkan dauden alderdiek elkar jakinaraziko diote prozesua edo zigorraren betepena amaitu arte atxikitzen dituztenen izenak.
116. artikulua
Gerrako presoen aberriratze gastuak edo horiek herrialde neutral batera lekualdatzekoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren kontura izango dira atxiloketa egin duen potentziaren mugez haratago.
117. artikulua
Aberriratuei ezin zaie zerbitzu militar aktibo bat esleitu.
II. Atala
Borrokaldiak amaitu eta gero gerrako presoen askapena eta aberriratzea
118. artikulua
Behin borroka aktiboak amaitu eta gero, gerrako presoak atzerapenik gabe askatu eta aberriratuko dira.
Borrokaldiak amaitzeko gatazkan dauden alderdien artean hitzartutako akordio batean ez badago gai honen inguruko xedapenik, edo halako hitzarmenik egon ezean, alderdi atxilotzaile bakoitzak bere kontura antolatuko du aberriratze plana, inongo atzerapenik gabe, aurreko paragrafoan adierazitako printzipioarekin bat etorriz.
Kasu batean zein bestean, hartutako erabakiak gerrako presoei komunikatuko zaizkie.
Gerrako presoak aberriratzearen ondorioz sortutako gastuak banatu egin beharko dira, edozein kasutan, modu proportzionalean atxiloketa egin duen potentziaren artean eta presoak menpe dauden potentziaren artean.Horri dagokionez, banaketarako, ondorengo printzipioak izango dira kontuan:
a) bi potentzia horiek mugakideak direnean, gerrako presoak zein potentziaren mende egon eta potentzia horrek aberriratze gastuak bere gain hartuko ditu atxiloketa egin duen potentziaren mugetatik aurrera;
b) bi potentzia horiek mugakideak ez direnean, atxiloketa egin duen potentziak bere gain hartuko du gerrako presoen lekualdaketa gastuak bere lurraldean bere muga arte edo presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horretatik hurbilen dagoen ontziratze-portura arte.Aberriratzearen ondorioz sortutako gainontzeko gastuei dagokienez, alderdi interesatuak ados jarriko dira gastuak proportzioan banatzeko.Akordio horrek ezingo du inola ere justifikatu gerrako presoen aberriratzean atzerapen txikiena ere.
119. artikulua
Gerrako presoak lekualdatzeko Hitzarmen honetako 46. artikulutik 48. artikuluetara ezarritako baldintzen antzekoak diren baldintzetan egingo da aberriratzea, bi artikulu horiek barne, eta 188. artikuluko eta ondorengo xedapenak kontuan izanda.
Aberriratzea egitean, 18. artikuluaren xedapenen arabera gerrako presoei kendutako baliozko objektuak eta atxiloketa egin duen potentziaren monetara bihurtu ez diren moneta atzerritarrean dauden kopuruak itzuli egingo zaizkie.Edozein arrazoi dela bide, presoak aberriratzean itzuli ez zaizkien baliozko objektuak eta atzerriko monetan dauden kopuruak, 122. artikuluan ezarritako informazio bulegoan utziko dira.
Gerrako presoek baimena izango dute norberaren gauzak, korrespondentzia eta jaso dituzten fardelak beraiekin eramateko; gai hauen pisua muga daiteke aberriratzearen inguruabarrek hala eskatzen badute, presoek zentzuz eraman dezaketenera mugatuz; edozein kasutan, preso bakoitzak gutxienez hogeita bost kilo eraman dezala baimenduko da.
Aberriratua izan den presoaren gainontzeko objektu pertsonalak atxiloketa egin duen potentziaren esku geldituko dira, eta honek presoa zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrekin garraiobide modalitateak zehaztu eta aberriratzeak eragiten dituen gastuek ordainketako zehazteko akordio bat egin bezain laster bidaliko dizkio.
Krimen edo delitu batengatik auziperatuak diren gerrako presoak prozesua amaitu arte atxiki daitezke eta, salbuespenez, epaia bete arte.Gauza berdina ezartzen da zigor zuzenbideko krimen edo delitu batengatik kondenatuak izan direnen inguruan.
Gatazkan dauden alderdiek elkar jakinaraziko diote prozesua edo epaiaren betepena amaitu arte atxikitzen dituzten gerrako presoen izenak.
Gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira batzordeak eratzeko, sakabanatuta dauden presoak aurkitzeko eta ahalik eta epe laburrenean horien aberriratzea bermatzeko.
III. Atala
Gerrako presoen heriotza
120. artikulua
Gerrako presoen testamentuak euren jatorrizko herrialdearen legeriak eskatzen dituen baliozkotasun baldintzak biltzeko moduan idatziko dira, eta jatorrizko herrialdeak beharrezko neurriak hartuko ditu atxiloketa egin duen potentzia baldintza horien jakinaren gainean egon dadin.Gerrako presoaren eskaera eta gero, eta edozein kasutan bere heriotza eta gero, testamentua atzerapenik gabe bidaliko zaio potentzia babesleari; kopia bat, hori zehatza dela egiaztatuta, Informazioaren Agentzia Zentralera igorriko da.
Hitzarmen honetako eranskineko ereduaren araberako heriotza-ziurtagiriak, edo zerrendak, ofizial arduradun batek sinatuak, gatibutasunean hildako gerrako preso guztiekin, ahal bezain epe laburrenean 122. artikuluaren arabera eratutako Gerrako Presoen Informazio Bulegora igorriko dira.
Ehorzketa edo errausketa baino lehen gorpuari mediku azterketa egin beharko zaio heriotza egiaztatzeko, txosten baten idazketari bide emateko eta, bidezkoa izanez gero, hildakoa identifikatzeko.
Atxiloketa egiten duten agintariek zainduko dute gatibualdian hildako gerrako presoak ohorez ehorztuak izan daitezela, posible bada bere erlijioaren errituen arabera, eta hilobiak errespetatuak izan daitezela, modu egokian mantenduak eta markatuak beti antzemanak izateko moduan.Posible den heinean, potentzia beraren menpekoak ziren hildako gerrako presoak leku berean lurperatuko dira.
Hildako gerrako presoak banan banan ehortziko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, honek ehortz-toki kolektibo bat egin beharra eskatzen badu.Gorpuak ezingo dira erraustuak izan, ez bada higiene edo hildakoaren erlijioaren ezinbesteko arrazoiek hala eskatzen dutelako, edo hildakoak holako nahia adierazi zuelako.Errausketa kasuan, heriotz aktan jasoaraziko da, horretarako arrazoiak azalduz.
Beti hilobiak aurkitu ahal izateko xedearekin, hauen inguruko eta ehorzketen inguruko datu guztiak erregistratu beharko dira atxiloketa egin duen potentziak eratutako Hilobien Zerbitzuan.Gerrako preso hauek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri igorriko zaizkio hilobien zerrendak eta hilerrietan edo beste leku batzuetan ehortzitako gerrako presoen inguruko datuakLurraldea kontrolatzen duen potentziaren ardura izango da, Hitzarmenaren alderdi bada, hilobi horiek zaintzea eta gorpuen ondorengo lekualdaketa guztiak erregistratzea.
Xedapen hauek errautsei ere aplikatuko zaie, eta hauek Hilobien Zerbitzuak gordeko ditu jatorriko herrialdeak horren inguruan hartu nahi dituen behin betiko xedapenak komunikatu arte.
121. artikulua
Gerrako preso baten heriotz edo zauri larri oro, zentinela batek, gerrako beste preso batek edo beste edozein pertsonak eragindakoa, edo horietako batek eragin duelako susmoa badago, bai eta zergatia ezagutzen ez den heriotza oro, berehala ikerketa ofizial baten objektu izango da atxiloketa egin duen potentziaren aldetik.
Potentzia babeslea berehala informatuko da gai honen inguruan.Lekukoen adierazpenak jasoko dira, bereziki gerrako presoenak; potentzia horri lekukotza hauek jasotzen diren txosten bat igorriko zaio.
Ikerketak pertsona baten edo batzuen erruduntasuna frogatzen badu, atxiloketa egin duen potentziak neurri egokiak hartuko ditu erantzulearen edo erantzuleen aurka eginbide judizialak hasteko.
V. Titulua
Gerrako presoei eragiten dieten informazio bulegoak eta laguntza sozietateak
122.artikulua
Gatazka baten hasieran, eta edozein kasutan okupazioan, gatazkan dauden alderdietako bakoitzak informazio bulego ofizial bat osatuko du bere menpe dauden gerrako presoei dagokienean; potentzia neutralek edo gerra-egile ez direnak eta euren lurraldeetan 4. artikuluan aipatutako kategorietako baten pertsonak jaso badituzte, beste horrenbeste egingo dute pertsona hauen inguruan.Potentzia interesatua arduratuko da informazio bulegoak eraginkortasunez jarduteko behar dituen lokalak, materiala eta pertsonak izateko.Askatasuna izango du horretan gerrako presoak enplegatzeko, Hitzarmen honetako gerrako presoen lanari buruzko atalean jasotako baldintzak errespetatuz.
Ahalik eta eperik laburrenean gatazkan dauden alderdietako bakoitzak bere bulegoari emango dizkio artikulu honetako laugarren, bosgarren eta seigarren paragrafoan aipatzen diren datuak, bere esku erori eta 4. artikuluan aipatzen diren kategorietako batekoak diren arerio guztien inguruan.Era berean jardungo dute potentzia neutralek edo gerra-egileak ez direnak kategoria horietakoak izan eta euren lurraldean jaso dituzten pertsonen inguruan.
Bulegoak, premiaz, biderik azkarrenen bidez, datu horiek igorriko dizkie potentzia interesatuei, batetik, potentzia babesleen bidez, eta, bestetik, 123. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bidez.
Datu hauek ahalbidetuko dute familia interesatuei berehala jakinaraztea.Informazio bulegoaren ahalmenarekin aritzen badira, 17. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, gerrako preso bakoitzaren inguruan datu hauek jasoko ditu: izena, abizenak, gradua, matrikula zenbakia, lekua eta jaiotze data osoa, zein potentziaren menpe dauden, aitaren izena eta amaren ezkongabeko abizena, informatu behar den pertsonaren izena eta helbidea, bai eta presoarentzat den korrespondentzia zein helbideetara bidal daitekeen.Informazio bulegoak, zerbitzu eskudun ezberdinetatik adierazpenak jasoko ditu lekualdaketei, askapenei, aberriratzeei, ihesei, ospitalizazioei, heriotzei buruz, eta artikulu honetako hirugarren paragrafoan ezarritako moduan izapedituko ditu.
Modu berean igorriko dira erregulartasunez, ahal den neurrian astero, modu larrian gaixo edo zauritutako gerrako presoen osasun egoerari buruzko datuak.
Informazio bulegoa arduratuko da baita ere, gerrako presoen inguruan egiten zaizkion eskaera guztiei erantzuteaz, gatibutasunean hildakoen ingurukoak ere; egin beharreko ikerketak gauzatuko ditu bere esku ez dauden eta eskatu zaizkion datuak lortzeko.
Bulegoak egiten dituen idatzizko komunikazio guztiak sinadura edo zigilu batekin kautotuko dira.
Gainera, informazio bulegoaren ardura izango da baliozko norberaren gauzak jaso eta potentzia interesatuei igortzea, barne hartuta atxiloketa egin duen potentziaren monetan ez beste batean dauden kopuruak eta ahaiderik hurbilenekoentzat garrantzia duten agiriak, hauek gerrako presoak bertan utzi dituztenean euren aberriratzea, askapena, ihesa edo heriotza gertatzean.Bulegoak objektu hauek fardel lakratuetan bidaliko ditu, objektuak zein pertsonenak izan eta horien identitatea zehaztasunez idatziz jasotzen diren adierazpenak ere izango dituzte, bai eta fardelaren inbentario oso bat ere.Preso hauen beste objektu pertsonalak gatazkan dauden alderdi interesatuen arteko akordioekin bat etorriz igorriko dira.
123. artikulua
Herria neutral bakoitzean Informazio Agentzia Zentral bat sortuko da gerrako presoei dagokienez.Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak, beharrezko irizten badu, halako Agentzia antolatzea proposatuko die potentzia interesatuei.
Agentzia hau bide ofizial edo pribatuaren bidez lor daitezkeen presoen inguruko datu guztiak bateratzeaz arduratuko da; ahalik eta azkarren presoen jatorrizko herrialdera edo menpe dauden potentziara izapidetuko ditu.Izapide horiek gauzatzeko erraztasun guztiak jasoko ditu gatazkan dauden alderdietatik.
Alderdi kontratugile gorenek, eta batik bat Agentzia Zentralaren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren herrialdeak, horri beharrezko finantza laguntza ematera gonbidatuko zaie.
Ez da kontsideratu behar xedapen hauek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen eta 125. artikuluan aipatutako laguntza sozietateen jarduera humanitarioa mugatzen dutela.
124. artikulua
Informazio bulego nazionalak eta Informazio Agentzia Zentralak posta-frankiziaren abantaila izango dute, bai eta 74. artikuluan ezarritako salbuespen guztiena ere eta, posible den neurrian, telegrafia-frankizia edo, gutxienez, tarifen murrizpen handi bat izatea.
125. artikulua
Segurtasuna bermatzeko edo bestelako edozein zentzuzko beharrizanei aurre egiteko ezinbesteko kontsideratzen dituzten neurriei kalterik egin gabe, atxiloketa egin duten potentziek ahalik eta harrera onena emango diete erlijio antolakundeei, laguntza sozietateei edo gerrako presoei laguntza ematen dieten beste edozein erakunderi.Horiei emango zaie, bai eta behar bezala eskuetsitako beraien ordezkariei, presoak ikuskatzeko beharrezko erraztasunak, laguntzak, erlijio xedeetara zuzendutako edozein jatorri duen materiala, heziketa materiala eta jolaserakoa banatzeko, edo kanpamenduetan libre duten denbora antolatzen laguntzeko.Aipatutako sozietateak edo erakundeak, izan atxiloketa egin duen potentziaren lurraldean izan beste herrialde batean eratua ahal izango dira edo nazioarteko izaera izan dezakete.
Atxiloketa egin duen potentziak sozietateen eta erakundeen zenbatekoa mugatu ahal izango du horien ordezkariek eskumena dutenean euren lurraldean eta euren kontrolpean jarduerak zabaltzeko, dena den, mugapen horrek gerrako preso guztiei laguntza nahikoa eta modu eraginkorrean eskaintzea ez eragozteko baldintzarekin.
Honen inguruko Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen egoera berezia beti izango da aitortua eta errespetatua.
Gerrako presoei laguntzak edo materialak ematen zaizkienean goian aipatutako helburuarekin, edo gutxienez, epe laburrean, laguntza sozietateei edo erakunde bidaltzaileari preso hauen konfiantzazko gizonak sinatutako jasotze-agiria igorriko zaie, bidalketa bakoitzari buruz.Aldi berean, presoak zaintzen dituzten administrazio agintariek bidalketa hauen inguruko agiriak igorriko dituzte.
VI. Titulua
Hitzarmenaren aplikazioa
I. Atala
Xedapen orokorrak
126. artikulua
Potentzia babeslearen ordezkariak eskuetsita egongo dira gerrako presoak dauden leku guztietara joateko, bereziki barneratze, atxilotze eta lan lekuetara; presoek erabiltzen dituzten lokalak guztietara sar daitezke.Lekualdatutako presoen irteera, igarobide edo heltze leku guztietara joateko eskuetsita ere egongo dira.Presoekin hitzegin dezakete inongo lekukorik gabe eta batik bat, euren konfiantzazko gizonarekin, interprete baten bitartez hori beharrezko balitz.
Potentzia babeslearen ordezkariek askatasun osoa izango dute ikuskatu nahi dituzten lekuak aukeratzeko; ez da mugatuko bisita horien iraupena eta maiztasuna, eta hori debekatu ahal izango da soilik beharrizan militar premiazkoengatik eta bakarrik salbuespenez eta denbora aldi baterako baino ez.
Ikuskatuak izan behar diren atxiloketa egin duten potentziak eta presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia hori ados jar daitezke, salbuespenez, presoen herrikideak bisitetan parte hartzeko baimenduak izan daitezen.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komisioaren ordezkariek pribilegio berdinen onurak izango dituzte.Ordezkari hauen izendapena, bisitatuak izan behar diren gerrako presoak zein potentziaren esku egon eta potentzia horren onarpenaren menpe egongo da.
127. artikulua
Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute ahalik eta zabalen hedatzeko, bake garaian zein gerra garaian, Hitzarmen honen testua dagokion herrialdean, eta bereziki heziketa militarren programetan horren ikastea barneratzeko eta, posible bada, heziketa zibilean, horrela Hitzarmenaren printzipioak ezagunak izan daitezen indar armatuen multzoaren artean eta baita biztanleriaren artean ere.
Agintari militarrek edo gerra garaian gerrako presoen gain erantzukizuna bereganatzen dituzten beste batzuk, Hitzarmenaren testua izan beharko dute eta bereziki horren xedapenen inguruan jakinaren gainean egon.
128. artikulua
Alderdi kontratugile gorenek elkar jakinaraziko diote, Suitzako Kontseilu Federalaren bidez eta, borrokaldiek irauten duten bitartean, potentzia babeslearen bitartez, Hitzarmen honen itzulpen ofizialak, bai eta honen aplikazioa bermatzeko agian onartu ahal izan dituzten lege eta erregelamenduak.
129. artikulua
Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute egoki diren legegintza-neurri guztiak hartzeko, ondorengo artikuluan definitutako Hitzarmen honen aurkako edozein arau hauste larrietako bat gauzatu duten edo gauzatzea agindu duten pertsonei aplikatu beharreko zigor zehapen egokiak zehazteko.
Alderdi kontratugile bakoitzak edozein arau hauste larri egiteaz edo egitea agintzeaz salatuak izan diren pertsonak bilatzeko betebeharra izango du eta euren auzitegien aurren agerrarazi beharko ditu, pertsona horien naziokotasuna edozein izanik ere. Nahiago badu, eta euren legerian zehaztutako baldintzen arabera, aukera izango du beste alderdi kontratugile interesatu bati emateko honek epai dezan, azken honek pertsona horien aurka kargu nahikoak azaldu baditu.
Alderdi kontratugile bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu, ondorengo artikuluan definitutako arau hauste larriez gain, Hitzarmen honetako xedapenen aurkako ekintzak ere amai daitezen.
Erruztatuek, inguruabar guztietan, prozedura bermeen eta defentsa askearen onurak izango dituzte, eta onura horiek ezingo dira izan Hitzarmen honetako 105. artikulua eta ondorengoetan ezarritakoak baino txarragoak.
130. artikulua
Aurreko artikuluan aipatzen diren arau hauste larriak ondorengo egintzetatik edozein barneratzen dituenak dira, Hitzarmenak babestutako pertsona edo ondasunen aurka egiten badira: Nahitaezko erailketa, tortura edo gizabidezkoak ez diren tratuak, barne hartuta esperimentu biologikoak, nahita sufrimendu handiak eragitea edo osotasun fisiko edo osasunaren aurka modu larrian atentatu egitea, gerrako preso bat potentzia etsaiaren indar armatuei zerbitzu ematera derrigortzea, edo Hitzarmen honen manuen arabera legebidez eta inpartzialtasunez epaitua izateko eskubideaz gabetzea.
131. artikulua
Alderdi kontratugileetako bat bera ere ezingo da salbuetsi, ezta beste alderdi kontratugile bat salbuetsi, bera edo beste alderdi kontratugile bat erori en erantzukizunez aurreko artikuluan ezarritako arau hausteen ondorioz.
132. artikulua
Gatazkan dagoen alderdietako baten eskaera jaso eta gero, galdeketa bat hasi beharko da, alderdi interesatuen artean zehaztutako modalitateen arabera, alegatutako Hitzarmenaren urraketa guztien inguruan.
Ez bada akordio batera heltzen galdeketa prozeduraren inguruan, alderdiak arbitro bat aukeratzeko ados jarriko dira, eta honek jarraitu beharreko prozeduraren gain erabakiko du.
Behin urraketa egiaztatuta, gatazkan dauden alderdiek hau amaitaraziko dute eta ahalik eta azkarren eragotziko dute.
II. Atala
Azken xedapenak
133. artikulua
Hitzarmen hau frantsesez eta ingelesez idatzita dago Bi testuak kautoak dira.
Suitzako Kontseilu Federala arduratuko da Hitzarmenaren itzulpen ofizialak errusierara eta espainolera egin daitezen.
134. artikulua
Hitzarmen honek 1929ko uztailearen 27ko Hitzarmena ordezten du alderdi kontratugile gorenen arteko harremanetan.
135. artikulua
Lurreko gerraren lege eta ohiturei buruzko Hagako Hitzarmenarengatik behartuta dauden potentzien arteko harremanetan, Hitzarmen hori 1899ko uztailaren 29koa izan zein 1907ko urriaren 18koa, eta potentziok hitzarmen honen alderdi direnean, honek aipatutako Hagako Hitzarmenen eranskin den Erregelamenduaren II. Kapitulua osatuko du.
136. artikulua
Hitzarmen honek, gaurko data izango duena, 1950ko otsailaren 12ra arte sina daiteke, 1949kok apirilaren 21ean Ginebran inauguratutako Konferentzian ordezkatutako potentzien izenean, bai eta Konferentzia horretan ordezkatuta egon gabe 1929ko uztailaren 27ko Hitzarmenaren alderdi diren potentzien izenean.
137. artikulua
Hitzarmen hau ahalik eta arinen berretsiko da, eta berrespenak Bernan gordailatuko dira.
Berrespen tresna bakoitzaren gordailuaren akta jasoko da, horren kopia bat, kopia zehatza dela egiaztatua, Suitzako Kontseilu Federalak igorriko die Hitzarmena zein potentzien izenean sinatu den edo atxikipena jakinarazi duten potentzia guzti horiei.
138. artikulua
Gutxienez bi berrespen tresna gordailatu eta data horretatik sei hilabetetara jarriko da indarrean Hitzarmen hau.Ondoren, indarrean jarriko da alderdi kontratugile goren bakoitzarentzat bakoitzaren berrespen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.
139. artikulua
Indarrean sartzen den datatik, Hitzarmen hau zabalik egongo da potentzia guztien atxikipenera, berain izenean sinatu ez den bitartean.
140. artikulua
Atxikipenak idatziz komunikatuko zaizkio Suitzako Kontseilu Federalari, eta komunikazioa jaso eta sei hilabete geroago sortuko ditu ondoreak.
Suitzako Kontseilu Federalak atxikipenak komunikatuko dizkie Hitzarmena euren izenean sinatu duten potentzia guztiei edo atxikipena jakinarazi dutenei.
141. artikulua
2 eta 3. artikuluetan ezarritako egoerak eragingo dute gordailatutako berrespenak eta gatazkan dauden alderdiek borrokaldiak edo okupazioa hasi aurretik edo geroago jakinarazitako atxikipenek berehalako ondoreak sor ditzatela.Gatazkan dauden alderdien berrespen edo atxikipenen komunikazioak, biderik azkarrenaren bidez, Suitzako Kontseilu Federalak egingo du.
142. artikulua
Alderdi kontratugile goren bakoitzak Hitzarmen hau salatzeko ahalmena izango du.
Salaketa idatziz komunikatuko zaio Suitzako Kontseilu Federalari, eta honek alderdi kontratugile goren guztien gobernuei komunikatuko die jakinarazpena.
Salaketak ondoreak sortuko ditu Suitzako Kontseilu Federalari jakinarazi zaioenetik urtebete igarotakoan.Dena den, potentzia salatzailea gatazkaren batean dagoenean jakinarazitako salaketak ez du inolako ondorerik sortuko bakea adostu bitartean eta, edozein kasutan, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonen askapen eta aberriratze egintzak amaitu bitartean.
Salaketa baliozkoa izango da soilik potentzia salatzailearekiko.Ez du inolako ondorerik sortuko gatazkan dauden alderdiek bete behar dituzten betebeharrekiko, jendeen zuzenbidearen printzipioen arabera, nazio zibilizatuen artean ezarritako ohituretatik, gizateria legeetatik eta kontzientzia publikoaren eskaeretatik ondorioztatzen den moduan.
143. artikulua
Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmen hau Nazio Batuen Idazkaritzan erregistraraziko du.Era berean, Suitzako Kontseilu Federalak Nazio Batuen Idazkaritza informatuko du Hitzarmen honi dagokionez jasotze dituen berrespen, atxikipen eta salaketa guztien inguruan.
Horren fede emanaz, behean sinatzen dutenek, dagozkien ahalorde osoak gordailatu eta gero, Hitzarmen hau sinatu dute.
Ginebran egina, 1949ko abuztuaren 12an, frantsesez eta ingelesez.Jatorrizkoa Suitzar Konfederazioko artxiboetan gordailatu behar da.Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmenaren kopia bat bidaliko dio, kopia zehatza dela egiaztatuta, estatu sinatzaile bakoitzari, bai eta Hitzarmenera atxiki diren estatuei.
I. Eranskina
Zauritutako eta gaixo dauden gerrako presoak zuzenean aberriratzeari eta herrialde neutral batean ospitalizatzeari buruzko akordio eredua
(110. artikulua ikusi)
I.- Aberriratze zuzenerako edo herrialde neutralean ospitalizatzeko printzipioak
A. Aberriratze zuzena
Ondorengoak zuzenean aberriratuko dira:
1) Traumatismoen ondorioz, ondorengo gaitzak jasaten dituzten gerrako preso guztiak:gorputz-adar baten galera, elbarritasuna, artikulazioetako arazoa edo bestelakoak, horrek eragiten duenean, gutxienez, esku edo hanka baten galera, edo esku edo hanka baten galeraren baliokidea denean.
Interpretazio zabalago bati kalterik egin gabe, uste izango da ondorengo kasuak esku edo hanka baten galeraren baliokideak direla:
a) Eskuaren galera, atzamar guztien galera edo esku bateko hatz lodia eta erakuslearen galera; hankaren galera edo behatz guztien eta hanka bateko metatarsoen galera.
b) Zurrunketa, hezur-ehunaren galera, esku bateko hatz-artikulazio handi bateko funtzionamendua ezeztatzen duen uzkurdura orbaintzailea.
c) Hezur luzeen pseudoartrosia.
d) Haustura edo beste istripu batzuen ondoriozko itxuragabetasunak eta jardueraren murrizpen handia eta pisuak eramateko gaitasunaren murrizpen handia eragiten dutenean.
2) Gerrako preso guztiak, horien egoera kroniko bilakatu denean, hainbesteraino, non badirudien, tratamenduez gain, horien pronostikoak alde batera uzten duela berrezarpena zauria gertatu eta jarraikako urtearen barruan, esaterako ondorengo kasuetan:
a) Bihotzean jaurtigaia, Mediku batzorde mistoak, azterketa egitean, nahasmendu larririk egiaztatu ezin izan badu ere.
b) Metalezko pintza burmuinean edo biriketan, Mediku batzorde mistoak, azterketa egitean, nahasmendu larririk egiaztatu ezin izan badu ere.
c) Osteomielitisa, horren sendaketa ezin denean iragarri zauria gertatu eta jarraikako urtea igaro bitarterako eta artikulazio baten edo esku baten edo hanka baten galeraren baliokideak diren beste asaldadura batzuek zurrundura izango dituela dirudienean.
d) Artikulazio handietan zauri sakona eta zornea dariona.
e) Garezurrean zauria hezur-ehunaren galera edo desplazamenduarekin.
f) Aurpegian zauria edo erredura ehunen galerarekin eta lesio funtzionalekin.
g) Bizkarrezur-muinean zauria.
h) Nerbio periferikoen lesioa, horren ondorioak esku bat edo hanka baten galeraren baliokide direnean eta horren sendatzeak zauria gertatu eta urte bete baino denbora gehiago behar duenean, esaterako:plexu brakialean edo lunbar errainean zauria, nerbio ertain edo ziatikoan, nerbio erradial eta kubitalean zauri konbinatua edo perone-nerbio arruntean eta tibialean, etab.Neribo radial, kubital, perone edo tibialetan isolatutako zauriak ez du aberriratzea bidezkotzen, uzkurdura edo nahaste neurotrofiko larrien kasuetan salbu.
i) Gernu-aparatuan zauria, horren funtzionamendua modu larrian arriskuan jartzen duenean.
3) Gerrako preso guztiak, horien egoera kroniko bilakatu denean, hainbesteraino, non badirudien, tratamenduez gain, horien pronostikoak alde batera uzten duela berrezarpena gaixotasuna hasi eta jarraikako urtearen barruan, esaterako ondorengo kasuetan:
a) Edozein organoetako eboluzio-tuberkulosia, eta mediku pronostikoaren arabera, dagoeneko sendaezina dena edo, gutxienez, hobekuntza handiak izango ez dituena herrialde neutral batean jasotako tratamenduaren bitartez.
b) Pleuresia exudatiboa.
c) arnasketa organoen gaixotasun larriak, tuberkulosoa ez den etiologiaduna, sendaezinak direla uste direnak, esaterako: birika-enfisema larria (bronkitisarekin edo halakorik gabe), asma kronikoa, bronkitis kronikoa gatibualdian urte bete baino gehiago iraupena duena; bronkoektasia; etab.
d) Zirkulazioaren gaixotasun kroniko larriak, esaterako: gaixotasun balbularrak eta miokardioarenak, gatibualdian zehar desoreka zeinuak izan dituztenak, Mediku batzorde mistoak, azterketa egitean, halako zeinalerik ezin ziurtatu arren; periokardio eta odol-hodietako gaixotasuna (Buerger-en gaixotasuna, hodi handien aneurisma); etab.
e) Digestio-aparatuen gaixotasun kroniko larriak, esaterako: sabeleko edo duodenoko ultzera; gatibualdian zehar izandako sabeleko ebakuntza-kirurgikoaren ondorioak; gastritis, enteritis edo kolitis kronikoa urte bete baino gehiagoko aldian eta egoera orokorrari modu larrian eragiten diotenean; zirrosi hepatikoa, kolezistopatia kronikoa; etab.
f) Organo urogenitalen gaixotasun kroniko larriak, esaterako: giltzurruneko gaixotasun kronikoak ondoz-ondoko nahasteekin, neferktomia giltzurrun tuberkulusoarentzat; pielitis edo cistitis kronikoa, hidro edo pionefrosis, gaixotasun ginekologiko larriak; haurdunaldiak eta gaixotasun obstretikoak, herrialde neutral batean ospitalizatzea ezinezkoa denean; etab.
g) Nerbio-sistema zentralaren eta periferikoaren gaixotasun kroniko larriak; esaterako: ageriko psikosi eta psikoneurosi guztiak, hala nola, histeria larriak, gatibutasunaren psikoneurosi larria, etab., behar bezala egiaztatuak aditu baten bidez; kanpamenduaren medikuak behar bezala egiaztatutako epilepsia oro; garun-arteriosklerosi; neuritis kronikoa urte bete baino gehiagokoa; etab.
h) Sistema neurobegetatiboaren gaixotasun kroniko larriak, gaitasun intelektual edo gorputz gaitasunen murrizketa handiarekin, pisu galera nabariarekin eta orokorrean, asteniarekin.
i) Bi begien itsutasuna, edo batekoa bakarrik, bestearen ikusmena 1-ekoa baino txikiagoa denean, betaurreko egokiak erabili arren; ikuste-zorroztasunaren murrizketa eta gutxienez begi bati dagokionez 1/2an zuzendua izan ezin daitekeena; gainontzeko begietako gaixotasun larriak; esaterako: glaukoma; iritis; kloroiditis; trakoma; etab.
k) entzumen nahasteak, hala nola, belarri bateko gortasun osoa, beste belarriak ezin duenean ulertu hitz arrunta metro bateko tartean;
l) Metabolismoaren gaixotasun larriak, esaterako:intsulina tratamendua behar duen diabetes azukretua; etab.
m) barne jarioko guruinen nahaste larriak, esaterako:tireotoxikosia; hipotireosia; Addisonen gaixotasuna;; Simondsen kakexia; tetanos; etab.
n) Sistema hematopoiektikoaren gaixotasun larri eta kronikoak.
o) Intoxikazio kroniko larriak, esaterako:saturnismoa; hidrargirismoa; morfinismoa; kokainismoa; alkoholismoa; gas edo irradiazioengatik intoxikazioak; etab.
p) Lokomozio-organoen gaixotasun kronikoak ageriko nahaste funtzionalekin, esaterako:artrosi deformatzaileak; lehen mailako eta bigarren mailako poliartritis kroniko ebolutiboa; erreumatismoa adierazpen kliniko larriekin; etab.
q) Azaleko gaixotasun kroniko eta larriak, tratamenduari erantzuten ez diotena. r) Neoplasma gaizto oro.
s) Infekzio-gaixotasun kroniko larriak, agertu eta urte bete geroago oraindik irauten dutenak, esaterako:paludismoa asaldura organiko handiekin; disenteria amibianoa edo bazilarra asaldura larriekin; hirugarren mailako erradioetako sifilisa, tratamenduari erantzuten ez diona; legenarra; etab.
t) Abitaminosi larria edo ahuleria larria.
B. Herrialde neutralean ospitalizazioa
Ondorengoek herrialde neutral batean ospitalizatuak izateko aukera izango dute:
1) Gatibutasunean senda ezin daitezkeen zauritutako gerrako preso guztiak, baina herrialde neutral batean ospitalizatuak izanez gero senda daitezkeenak edo horien egoera izugarri hobetzeko aukera dagoenean.
2) Edozein tuberkulosi mota jasaten duten gerrako presoak, kaltetutako organoa edozein izanik ere, herrialde neutral batean jasotako tratamenduak sinesgarriro horren sendatzea lor dezakeenean edo, gutxienez, hobekuntza handi bat, alde batera utzita gatibutasuna baino lehen sendatutako lehen mailako tuberkulosia.
3) Arnasketa-, zirkulazioa-, digestio-, nerbio-, zentzumen-, urogenital-, azal-, lokomozio-organoetako, eta beste zenbait organoetako tratamendua behar duten gaixotasuna jasaten duten gerrako presoak, eta nabaria denean emaitz hobeak lor daitezkeela herrialde neutraletan gatibutasunean baino.
4) tuberkulusoa ez den giltzurrunetako gaixotasuna dela eta gatibutasunean nefrektomia bat jasan duten gerrako presoak, edo osteomielitisa sendatze bidean edo ezkutuan dutenak, edo intsulina tratamendua behar ez duen diabetes azukretua dutenak, etab.
5) Gerra edo gatibutasunak eraginda neurosia duten gerrako presoak.
Gatibutasunaren neurosi kasuak, herrialde neutral batean ospitalizatu eta hiru hilabetetara sendatzen ez direnean, edo, epe hori igaro eta gero, modu nabarian ez badaude behin betiko sendatze bidean, aberriratuak izango dira.
6) Intoxikazio kronikoa (gasa, metalak, alkaloideak, etab.) daukaten gerrako preso guztiak, horientzat herrialde neutral baten sendatzeko aukerak bereziki onuragarriak direnean.
7) Haurdun dauden gerrako preso emakume guztiak eta ama diren presoak, euren bularreko aurrekin eta seme-alaba txikiekin.
Ondorengoak herrialde neutral batean ospitalizatzetik salbuetsiko dira:
1) Behar bezala frogatutako psikosi kasu guztiak.
2) Sendaezintzat jo diren nerbio gaixotasun organiko edo funtzional guztiak.
3) Gaixotasun kutsakor guztiak, kutsakorra izan daitekeen aldian zehar, tuberkulosia salbuetsita.
II.Oharbide orokorrak
1) Goian azaldutako baldintzak , orokorrean, ahalik eta izaera zabalenarekin interpretatu eta aplikatu behar dira.
Gerrak edo gatibutasunak eragindako egoera neurotikoak eta psikopatikoak, bai eta tuberkulosi kasu guztiak horren gradu guztietan, hauek, bereziki, askatasun honen onura izan behar dute.Hainbat zauri izan dituzten gerrako presoak, eta horietako bakoitza modu isolatuan kontutan izanda nahikoa ez bada aberriratzea bidezkotzeko, izaera berdinarekin aztertuko dira, dituen zauri guztiak direla eta traumatismo fisikoa kontuan izanda.
2) Aberriratze zuzenerako eskubidea ematen duten kasu eztabaidaezin guztiak (moztea, itsumena edo gortasun osoa, biriketako tuberkulosi erabatekoa, buruko gaixotasuna, neoplasma gaiztoa, etab.) kanpamenduko medikuek edo atxiloketa egin duen potentziak izendatutako mediku militarren batzordeek ahalik eta arinen aztertuak eta aberriratuak izango dira.
3) Gerraren aurrekoak diren zauri eta gaixotasunak, larritu egin direnak, bai eta soldadutza berriro hastea eragotzi ez duten gerrako zauriak, ez dute aberriratze zuzenerako eskubidea emango.
4) Xedapen hauek antzeko moduan interpretatu eta aplikatuko dira gatazkan alderdi diren estatu guztietan.Potentzia eta agintari interesdunek Mediku batzorde mistoei beraien zeregina gauzatzeko beharrezko erraztasunak emango dizkiete.
5) Goiko 1) zenbakian aipatutako adibideak kasu arruntak baino ez dira.Xedapen hauei zehatz-mehatz ez dagozkien kasuak, Hitzarmen honen 110. artikuluko hizpaketen eta hitzarmen honen edukiaren printzipioen espirituarekin epaituko dira.
II. Eranskina
Mediku batzorde mistoei buruzko erregelamendua
(112. artikulua ikusi)
1. artikulua.- Hitzarmenaren 112. artikuluan ezarritako Mediku batzorde mistoak hiru kidez osatuta egongo dira, horietako bi herrialde neutral batekoak izango dira; hirugarrena atxiloketa egin duen potentziak izendatuko du. Kide neutralen presidentzia gauzatuko du.
2. artikulua.- Bi kide neutralak Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak izendatuko ditu, potentzia babeslearekin bat etorriz, atxiloketa egin duten potentziaren eskaera jaso eta gero. Pertsona horiek euren jatorrizko herrialdean, beste herrialde neutral batean edo atxiloketa egin duen potentziaren herrialdean bizi daitezke.
3. artikulua.- Kide neutralak gatazkan dauden alderdi interesdunek onartuak izan behar dira, euren baieztapena Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari eta potentzia babesleari jakinaraziko diotena. Jakinarazpen hau egitearekin bat, kide horiek benetan izendatuak moduak izango dira.
4. artikulua.- Era berean, ordezko kideak izendatuko dira titularrak ordezteko besteko kopuruan, beharrezkoa izango balitz. Izendapen hori titularren izendapenarekin batera egingo da edo, gutxienez, ahalik eta epe laburrenean.
5. artikulua.- Edozein arrazoi dela eta, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak ezin baditu kide neutralak izendatu, potentzia babesleak egingo du.
6. artikulua.- Posible den heinean, kide neutraletako bat zirujaua izango da eta bestea medikua.
7. artikulua.- Kide neutralek independentzia osoa izango dute gatazkan dauden alderdiekiko, eta hauek erraztasun guztiak eman beharko dizkiete beraien misioa betetzeko.
8. artikulua.- Atxiloketa egin duen potentziarekin bat etorriz, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak interesdunen zerbitzu baldintzak zehaztuko ditu, erregelamendu honen 2 eta 4. artikuluetan adierazitako izendapenak egiterakoan.
9. artikulua.- Kide neutralak onartuak izan bezain laster, Mediku batzorde mistoak bere lana hasiko du ahalik eta azkarren eta, edozein kasutan, hiru hilabetetako epean onarpenaren datatik zenbatzen hasita.
10. artikulua.- Mediku batzorde mistoak Hitzarmenaren 113. artikuluan aipatzen diren preso guztiak aztertuko ditu. Aberriratzea proposatuko du, aberriratzea alde batera uztea edo aberriratzea atzeratzea geroagoko beste azterketa bat egiteko. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.
11. artikulua.- Bista egin eta ondorengo hilabetean, kasu bakoitzean Komiteak hartutako erabaki zehatza atxiloketa egin duen potentziari, potentzia babesleari eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari jakinaraziko dio. Mediku batzorde mistoak bisitatu duen preso bakoitza ere informatuko du hartutako erabakiaren inguruan, eta zein presoen aberriratzea proposatu duen eta preso horiei Hitzarmen honen eranskineko ereduaren antzekoa den ziurtagiri bat emango die.
12. artikulua.- Atxiloketa egin duen potentziak Mediku batzorde mistoaren erabakiak ezarri beharko ditu behar bezala informatua izan denetik hiru hilabeteko epean.
13. artikulua.- Mediku batzorde misto baten egintza beharrezko dela ematen duen herrialde batean mediku neutralik ez badago, eta ezinezkoa bada edozein arrazoi dela bide beste herrialde batean bizi diren mediku neutralak izendatzea, atxiloketa egin duen potentziak, potentzia babeslearekin bat etorriz jardunda, Mediku batzorde misto baten zeregin berdinak bereganatuko dituen Mediku batzorde bat eratuko du, erregelamendu honen 1, 2, 3, 4, 5 eta 8. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.
14. artikulua.- Mediku batzorde mistoak iraunkortasunez arituko dira lanean eta kanpamendu bakoitza ikuskatuko dute, sei hilabetetakoak baino luzeagoak ez diren tarteetan.
III. Eranskina
Gerrako presoentzat laguntza kolektiboei buruzko erregelamendua
(73. artikulua ikusi)
1. artikulua.- Konfiantzazko gizonek euren ardurapean dauden laguntza kolektiboak banatzeko baimenduta egongo dira, banaketa hori administratiboki bere kanpamenduari dagozkion preso guztien artean egin beharko da, barne hartuta ospitaletan, espetxeetan edo bestelako espetxe-establezimenduetan daudenak.
2. artikulua.- Laguntza kolektiboen bidalketen banaketa emaileei jarraibideen arabera egingo da eta konfiantzazko gizonek ezarritako planekin bat etorriz; hala ere, mediku laguntzen banaketa, posible bada, mediku-buruekin bat etorriz gauzatuko da. Mediku-buruek jarraibide horiek indargabe ditzakete ospitaleetan, euren pazienteen beharrizanak hala eskatzen duten neurrian. Horrela definitutako esparruan, banaketa hau beti egingo da modu ekitatiboan.
3. artikulua.- Jasotako gaien kopurua eta kalitatea egiaztatu ahal izateko eta honen inguruan, emaileei, konfiantzazko gizonei edo hauen laguntzaileei igorriko zaizkien txosten zehatzak idazteko euren kanpamenduetatik gertu dauden lekuetarako joateko baimena izango dute, laguntza kolektiboko bidalketak heltzen diren puntura.
4. artikulua.- Konfiantzazko gizonek beharrezko erraztasunak izango dituzte laguntza kolektiboen banaketa egin den egiaztatzeko, bere kanpamenduko azpi banaketa guztietan eta eranskin guztietan, bere jarraibideekin bat etorriz.
5. artikulua.- Baimendu egingo da konfiantzazko gizonek bete dezatela eta betetzea egin diezaietela, lan destakamenduen konfiantzazko gizonei edo ospitaleetako mediku-buruei, emaileei igorriko zaizkien formulario edo galdeketak eta laguntza kolektiboen buruzkoak direnean (banaketa, beharrizana, kopuruak,etab.). Halako formulario eta galdeketak, behar bezala beteta, emaileei igorriko zaizkie atzerapenik gabe.
6. artikulua.- Euren kanpamenduetako gerrako presoei laguntza kolektiboaren banaketa zuzena bermatzeko eta kasuan-kasuan, preso berri gehiago heltzeak sor ditzakeen beharrizanei aurre egin ahal izateko, konfiantzazko gizonek laguntza kolektiboen erreserba nahikoak sortu eta mantentzeko baimena izango dute. Horretarako, biltegi egokiak izango dituzte; gordailu bakoitzaren atean bi sarraila egongo dira; bateko giltza konfiantzazko gizonak izango du, eta bestearena kanpamenduaren komandanteak.
7. artikulua.- Arropa bidalketa kolektiboak direnean, gerrako preso bakoitzak berea izango du, gutxienez, gai guztiez osatutako joko bat. Preso batek arropa joko bat baino gehiago badauka, konfiantzazko gizonak baimena izango du hobekien hornituta daudenei soberan dituzten gaiak kentzeko edo unitate bat baino gehiago dituzten artikulu jakin batzuk kentzeko, horrela jardutea beharrezkoa denean gai gutxien dituzten presoen beharrizanak asetzeko. Dena den, ezingo da barruko arropa, galtzerdi edo oinetakoen bigarren jokoa kendu, ez bada ez dagoelako bestelako biderik halakorik ez duen presoari horiek emateko.
8. artikulua.- Alderdi kontratugile gorenek eta, batik bat, atxiloketa egin duten potentziek baimendu egingo dute, posible den neurrian eta biztanleria hornitzeari buruzko erregelamenduari kalterik egin gabe, gerrako presoei laguntza kolektiboak banatzeko bere lurraldean egindako erosketa guztiak; era berean, funtsen eta bestelako finantza-neurrien, neurri tekniko edo administratiboen lekualdaketak erraztuko dituzte, erosketa horiei dagokienez.
9. artikulua.- Aurreko xedapenek ez dute gutxiesten gerrako presoek duten eskubidea laguntza kolektiboak jasotzeko kanpamendu batetara heldu aurretik edo euren lekualdaketan zehar, ezta potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komisioaren ordezkariek edo presoei laguntza ematen dien beste edozein erakunde eta laguntza horiek emateaz arduratzen direnen ordezkariek duten aukera, egoki iritzi duten beste edozein bideren bidez euren jasotzaileei banaketa bermatzeko.
IV ERANSKINA:A. NORTASUN TXARTELA; B. HARRAPATZE TXARTELA; C. KORRESPONDENTZIA TXARTELA ETA GUTUNA; D. HERIOTZA OHARRA; E. ABERRIRATZE ZIURTAGIRIA
V. ERANKINA. Gerrako presoek euren herrialdera igorriko ordainketei buruzko erregelamendua
(63. artikulua ikusi)
1.63. artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako jakinarazpenak, ondorengo aipamenak jasoko ditu:
a) ordainketa egiten duen gerrako presoaren matrikula zenbakia 17. artikuluan zehaztua, gradua eta izen-abizenak;
b) ordainketa jasoko duen jasotzailearen izena eta helbidea jatorrizko herrialdean;
c) ordaindu beharreko kopurua atxiloketa egin duen potentziaren monetan adierazita.
2.Jakinarazpen hau gerrako presoak sinatuko du.Idazten ez badaki, lekuko batek egiaztatutako zeinu bat ipiniko du.Konfiantzazkok gizonak oniritzia eman behar du.
3.Kanpamenduko komandanteak ziurtagiri bat gehituko dio jakinarazpenari; ziurtagiri horretan jasoko da gerrako preso interesdunaren kontuaren mesederako saldoa ez dela ordaindu beharreko kopurua baino txikiagoa.
4.Jakinarazpen hauek zerrenda moduan egin daitezke.Zerrenda hauen orri bakoitza konfiantzazko gizonak egiaztatuko du eta kanpamenduko komandanteak kopia zehatza dela ziurtatuko du.