Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Zuzenbide humanitarioa

Gerra garaian pertsona zibilei zor zaien babesari buruzko Genevako Hitzarmena

1949-08-12

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazioarteko Hitzarmenak moldatzeko, Konferentzia diplomatikoa

Gerra garaian pertsona zibilei zor zaien babesari buruzko Ginebrako Hitzarmena

Gerrako biktimak babestera zuzendutako Nazioarteko Hitzarmena egiteko diplomazia Konferentziak 1949k abuztuaren 12an onartua, Ginebran egina 1949ko apirilaren 12tik abuztuaren 12ra

Indarrean jartzea:1950eko urriak 21

I. TituluaXedapen orokorrak

1. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Hitzarmen hau inguruabar guztietan errespetatzeko eta errespetarazteko.

2. artikulua

Bake garaian indarrean jarri behar diren xedapenez gain, Hitzarmen hau aplikatuko da gerra adierazpen kasuan edo bi alderdi kontratugile gorenen artean edo zenbaiten artean sor daitekeen bestelako gatazka armaturen kasuan, alderdietako batek gerra egoera onartu ez badu ere.

Hitzarmena ere aplikatuko da alderdi kontratugile goren baten lurraldea osotasunean edo zati batean okupatzen denean, okupazio horrek erresistentzia militarrik izan ez arren.

Gatazkan dagoen potentzietako bat Hitzarmen honen alderdi ez bada, Hitzarmenaren alderdi diren potentziak behartuta egongo dira elkarrekiko harremanetan.Gainera, Hitzarmenak behartu egingo ditu aipatutako potentzia horri dagokionez, azken honek Hitzarmenaren xedapenak onartu eta aplikatzen baditu.

3. artikulua

Nazioarteko izaera ez duen gatazka armatuaren kasuan eta alderdi kontratugile gorenetako baten lurraldean suertatzen denean, gatazkako alderdi bakoitzak gutxienez ondorengo xedapenak aplikatzeko betebeharra izango du:

1) Erasoan zuzenean parte hartzen ez duten pertsonak, baita armak baztertu dituzten indar armatuetako kideak eta gaixotasunagatik, zauriagatik, atxiloketagatik edo beste edozein arrazoi dela eta borrokatzeko gai ez diren pertsonak, inguruabar guztietan gizatasunez tratatuak izango dira, inolako bereizkeria kaltegarririk gabe, horren oinarri denean arraza, kolorea, erlijioa edo sinesmena, sexua, jaiotza edo aberastasuna, edo antzeko beste edozein irizpide.

Horri dagokionez, edozein denboratan eta lekutan, goian aipatutako pertsonei eragiten dienean ondorengoa debekatzen da:

a) bizitzaren eta gorputz-osotasunaren aurkako atentatuak, bereziki erailketa, horren forma guztietan, mutilazioak, tratu krudelak, tortura eta sufrimenduak;

b) pertsonak bahiturik hartzea;

c) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, bereziki tratu umiliagarri eta apalesgarriak;

d) herri zibilizatuek ezinbestekotzat onartutako berme judizialekin zuzenbidearen arabera eratutako auzitegi baten aurrean epaiketarik egin gabe emandako kondenak eta exekuzioak.

2) Zaurituak eta gaixoak jasoak eta sorotsiak izango dira.

Erakunde humanitario inpartzial batek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitea bezalakoak, gatazkan dauden alderdiei bere zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie.

Gainera, gatazkan dauden alderdiek ahal dutena egingo dute hitzarmen berezien bitartez, Hitzarmen honen beste xedapenen osotasuna edo zati bat indarrean jartzeko.

Aurreko xedapenen aplikazioak ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoen gain.

4. artikulua

Hitzarmen honek, edozein unetan eta edozein modutan, gatazka edo okupazio kasuan, gatazkan dagoen alderdi baten esku dauden pertsonak babesten ditu, eta baita potentzia okupatzaile baten esku dauden pertsonak horren herritar izan gabe.

Hitzarmenak ez ditu babesten Hitzarmenaren parte ez den estatu baten herritarrak.Gerragilea den estatu baten herrialdean dauden estatu neutral baten herritarrak eta gerran laguntzailea den estatu bateko herritarrak ez dira pertsona babestu gisa kontsideratuko, zein estaturen herritar izan eta estatu horrek diplomazia ordezkaritza arrunta duen bitartean herritarrak bere esku dituen estatuaren aurrean.

Hala ere, II. Tituluko xedapenek aplikazio esparru zabalago bat dute, 13. artikuluan definitua.

Kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoek duten patua arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenak babestutako pertsonak edo itsasoan indar armatuetako kide zaurituek, gaixoek eta itsasoan galdutakoek duten patua arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmena edo gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenagatik, Hitzarmen honen zentzuan ez da kontsideratuko pertsona babestuak direnik.

5. artikulua

Gatazkan dagoen herrialde batean, honek uste badu pisuzko arrazoiak dituela Hitzarmen honek babesten duen pertsona bat estatuaren segurtasunerako egintza kaltegarrietan diharduela pentsatzeko, edo frogatu egiten bada egintza horietan diharduela, pertsona hori ezingo da babestu Hitzarmen honek ematen dituen eskubide eta pribilegioetan, bere mesedetan aplikatuz gero kaltegarri suerta daitezkeenak estatuaren segurtasunerako.

Herrialde okupatu batean, Hitzarmenak babestutako pertsona bat espioia edo saboteatzailea izateagatik harrapatzen bada, edo potentzia okupatzailearen segurtasunarentzat kaltegarriak diren egintzat egiten dituela susmatzeko arrazoiak daudelako, pertsona hori Hitzarmen honetan ezarritako komunikazio eskubideen gabetua izan daiteke, segurtasun militarrak ezinbestean eskatzen duen kasuetan.

Dena den, horrelako kasu bakoitzean, halako pertsonak gizatasunez tratatuko dira beti eta, eginbide judizialen kasuan, ez zaie ukatuko ekitatezko eta legezko prozesua izatera duten eskubidea, Hitzarmen honetan ezartzen den bezala.Era berean, pertsona babestuaren eskubide eta pribilegio guztien onurak berreskuratuko dituzte, Hitzarmen honen esanguran, ahalik eta azkarren, estatuaren edo potentzia okupatzailearen segurtasuna kontuan izanda, kasuaren arabera.

6. artikulua

Hitzarmen hau 24. artikuluan aipatutako gatazka edo okupazio ororen hasieratik aplikatuko da.

Gatazkan dauden alderdien lurraldean, Hitzarmenaren aplikazioa operazio militarren amaiera orokorrarekin bukatuko da.

Lurralde okupatuan, Hitzarmenaren aplikazioa operazio militarren amaiera orokorra gertatu eta urtebete geroago bukatuko da; hala ere, okupazioak irauten duen bitartean potentzia okupatzailea derrigortuta egongo da – potentzia honek lurralde horretan gobernu zereginak gauzatzen baditu --. Hitzarmen honetako ondorengo artikuluetako xedapenez:1tik 12ra, 27, 29tik 34ra, 49, 51, 52, 53, 59, 61tik 77ra eta 143.

Pertsona babestuak, hauen askapena, aberriratzea edo lekukotzeak epe hauek eta gero egiten direnean, tarte horretan, Hitzarmen honen onurak izango dituzte.

7. artikulua

11, 14, 15, 17, 36, 108, 109, 132, 133 eta 149. artikuluetan beren beregi ezarritako akordioez gain, alderdi kontratugile gorenek beste akordio berezi batzuk hitzar ditzakete beste edozein gairen inguruan, gai horiek konpontzea beharrezkoa dela iritzi dutenean.Akordio bereziek ezingo dute pertsona babestuen egoera kaltetu, Hitzarmen honetan arautzen den bezala, ezta Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideak murriztu ere.

Pertsona babestuak akordio hauen onurak izaten jarraituko dute Hitzarmena aplikagarri zaien heinean, akordio horietan edo geroagoko akordioetan beren beregi jasotako kontrako hizpaketak salbu, edo baita ere, salbu eta gatazkan dauden alderdietako batek edo besteak eurentzat mesedegarriagoak diren neurriak hartzen badituzte.

8. artikulua

Pertsona babestuek ezingo dute, inolako inguruabarretan, Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideei oso-osoan edo zati batean uko egin eta, hala denean, aurreko artikuluak aipatutako akordio berezietan jasotako eskubideei.

9. artikulua

Hitzarmen hau gatazkan dauden alderdien interesak babesteko ardura duten potentzia babesleen lankidetzarekin eta horien kontrolpean aplikatuko da.Horretarako, potentzia babesleek, euren diplomazia edo kontsul langileez gain, ordezkariak izenda ditzakete euren herritarren artean edo beste potentzia neutral batzuen herritarren artean.Ordezkari hauek zein potentziaren aurrean burutu behar euren misioa eta horien onarpena jaso beharko dute.

Gatazkan dauden alderdiek ahalik eta gehien erraztuko dute potentzia babesleen ordezkarien eginkizuna.

Potentzia babesleen ordezkariek ez dute Hitzarmen honetan ematen zaien misioaren neurriak gainditu behar; kontuan izan beharko dute, bereziki, euren zereginak zein estaturen aurrean gauzatu eta estatu horren ezinbesteko segurtasun beharrizanak.

10. artikulua

Hitzarmen honen xedapenak ez dira oztopo izango Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak hasitako egintza humanitarioentzat, bai eta beste edozein erakunde humanitario inpartzialek hasitakoentzat, pertsona zibilen babeserako eta laguntzen babeserako, hauek aurretiaz gatazkan dauden alderdi interesdunek onarturik eman zaizkienak.

11. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek edozein unetan adostu ahal izango dute Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitutako zereginak inpartzialtasun eta eraginkortasun berme guztiak eskaintzen dituen erakunde baten esku uztea.

Pertsona babesturen bat, edozein arrazoi dela bide, potentzia babesle baten ekintzen edo aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera izendatutako erakunde baten ekintzen onurak jasotzen ez baditu edo dagoeneko jasotzen ez baditu, atxiloketa gauzatu duen potentziak estatu neutral bati edo erakundeari eskatu beharko dio, gatazkan dauden alderdiek izendatutako potentzia babesleei Hitzarmen honetan esleitutako zereginak beregana ditzala.

Bide hau erabilita ezin bada babesa lortu, atxiloketa gauzatu duen potentziak erakunde humanitario bati, esaterako Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari, eskatu beharko dio potentzia babesleari Hitzarmen honetan esleitutako eginkizun humanitarioak bete ditzala, edo erakunde horren zerbitzu eskaintzak onartu beharko ditu, artikulu honetako xedapenei kalterik egin gabe.

Edozein potentzia neutral edo potentzia interesatuk gonbidatutako edozein erakunde edo aipatu helburuarekin eskaintzen dena, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonak zein gatazka alderdikoak izan eta gatazka alderdi horrekiko duen erantzukizunaz ohartu beharko da, eta gaitasun berme nahikoak eman beharko ditu zein zeregin bete behar eta hori bereganatzeko eta inpartzialtasunez gauzatzeko.

Ezingo dira aurretiazko xedapenak indargabetu potentzien arteko akordio zehatzen bidez horietako bat mugatua dagoenean bere askatasunean, aldi baterako bada ere, beste potentziarekin edo bere aliatuekin negoziatzeko, jarduera militarrak direla eta, bereziki bere lurraldea osotasunean edo zati handi baten okupatua izan den kasuetan.

Hitzarmen honetan potentzia babeslea aipatzen den aldi oro, aipamen horrek aldi berean izendatzen ditu artikulu honen esanguran potentzia babeslea ordezkatzen duten erakundeak.

Artikulu honetako xedapenak hedatu eta egokitu egingo dira lurralde okupatu batean dauden edo estatu gerragile bateko lurraldean dauden estatu neutral bateko herritarrei, eta herritarrak zein estatutakoak izan eta honek beste estatu hartan diplomazia ordezkaritza arruntik ez duenean.

12. artikulua

Pertsona babestuen intereserako egokia dela iritzi duten bakoitzean, bereziki gatazkan dauden alderdiak ados jartzen ez direnean Hitzarmen honen xedapenen aplikazio edo interpretazioaren inguruko kasuetan, potentzia babesleek euren jardunbide egokiak emango dizkiete auzia ebazteko.

Helburu honekin, potentzia babesle bakoitzak aukera izango du, alderdietako baten gonbidapenaren ondoren, edo berezko ekimenaren bidez, gatazkan dauden alderdiei euren ordezkarien bilera bat proposatzeko eta, batez ere, gerrako presoez arduratzen diren agintariena, posible bada behar bezala aukeratutako lurralde neutral batean.Gatazkan dauden alderdiek, zentzu horretan egiten zaizkien proposamenak onartzeko betebeharra izango dute.Potentzia babesleek aukera izango dute, hala denean, gatazkan dauden alderdien onarpenaren menpe egongo den potentzia neutral bateko pertsona ospetsu bat proposatzeko edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkari bat proposatzeko, eta pertsona hori bileran parte hartzera gonbidatua izango da.

II. TituluaBiztanleriaren babes orokorra gerraren ondore jakin batzuen kontra

13. artikulua

Titulu honetako xedapenak gatazkan dagoen biztanleria-multzoari buruzkoa da, inolako bereizketa kaltegarririk gabe, bereziki arraza, naziokotasuna, erlijioa edo iritzi politikoaren inguruan, eta gerrak eragindako sufrimenduak arintzea dute helburu.

14. artikulua

Bake garaian, alderdi kontratugile gorenek eta, borrokaldiak hasi eta gero, gatazkan dauden alderdiek, bakoitzaren lurraldean eta beharrezkoa izango balitz baita lurralde okupatuetan ere osasun eta segurtasun gune eta herriak izenda ditzakete, zaurituak eta gaixoak, ezinduak, edadetuak, hamabost urtetik beherako umeak, haurdun dauden emakumeak eta zazpi urtetik beheragoko haurren amak gerraren ondoreen aurka babesteko moduan antolaturik.

Jada gatazka baten hasieran eta hori aribidean dagoen bitartean, alderdi interesatuek akordioak hitzar ditzakete beraien artean izendatu dituzten gune eta herrialdeak aitortzeko.Honen inguruan, Hitzarmen honen eranskina den akordio egitasmoan ezarritako xedapenak indarrean jar ditzakete, salbuespenez, beharrezko ikusten duten aldarazpenak eginez.

Potentzia babesleei eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari gonbidapena egiten zaie beraien jardunbide egokiak laga ditzatela osasun eta segurtasun gune eta herri horien izendapena eta aitorpena errazteko.

15. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi orok aukera izango du, zuzenean edo estatu neutral baten bidez edo erakunde humanitario baten bidez, borrokak gertatzen diren erregioetan, kontrako alderdiari borroken arriskuen aurka babesteko gune neutralizatuak izendatzea proposatzeko, inolako bereizketarik gabe, ondorengo pertsonei:

a) zaurituak eta gaixoak, borrokalaria edo borrokalaria ez dena;

b) borroketan parte hartzen ez duten pertsona zibilak eta gune horietan dauden bitartean izaera militarreko lanik egiten ez dutenak.

Gatazkan dauden alderdiak aurreikusitako gune neutralizatuaren kokapen geografikoaren, administrazioaren, hornikuntzaren eta kontrolaren inguruan ados jarri bezain laster, akordio bat idatziko da, eta gatazkan dauden alderdien ordezkariek sinatuko dute.Akordio horretan gunearen neutralizazioaren hasiera eta iraupena zehaztuko da.

16. artikulua

Zauritu eta gaixoak, bai eta ezgaitu eta haurdun dauden emakumeak, babes eta errespetu berezia izango dute.

Eskakizun militarrek uzten badute, gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak hildakoen eta zaurituen bilaketarako hartutako neurriak mesedetuko ditu, itsasoan galdutakoen laguntzan joateko eta arrisku dauden beste pertsona batzuengana jotzeko eta pertsona horiek lapurreta eta tratu txarren aurka babesteko.

17. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek euren esku dagoen guztia egingo dute tokiko akordioak egiteko, setiatutako edo inguratutako gune batetatik zaurituak, gaixoak, ezinduak, edadetuak, haurren eta erdi-urrean dauden emakumeak ebakuatzeko, bai eta gune horretarako doazen erlijio guztietako ministroak eta osasun-langile eta -materialak igarotzeko.

18. artikulua

Ezingo dira, inolako inguruabarretan, erasoen jomuga izan zaurituei, gaixoei, ezinduei eta erdi-urrean dauden emakumeei laguntzeko antolatutako ospitale zibilak; gatazkan dauden alderdiek beti errespetatu eta babestu behar dituzte.

Gatazka batean alderdi diren estatuek dokumentu bat egin beharko dute ospitale zibil bakoitzarentzat; dokumentu horretan ospitalearen izaera zibila jaso beharko da, eta ospitaleek hartzen dituzten eraikinek, 19. artikuluko esanguran, euren babesaz gabetuko dituzten helburuekin erabiliko ez direla ziurtatzen duena.

Estatuak baimena ematen badio, ospitale zibilak Kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 38. artikuluan ezarritako ikurraren bitartez seinalatuko dira.

Eskakizun militarrek uzten badute, gatazkan dauden alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, eraso egintza oro baztertzeko xedearekin lurreko, aireko eta itsasoko arerioen indarrei modu argian ikustarazteko ospitale zibilak seinalatzeko erabiltzen diren ikur ezberdinak.

Helburu militarren hurbiltasunak ospitaleentzat izan ditzaketen arriskuak direla eta, horietatik ahalik eta urrunen egon daitezela zaintzea komeni da.

19. artikulua

Ospitale zibilei zor zaien babesa ezingo da amaitu ez bada, zeregin humanitarioez aparte, arerioarentzat kaltegarriak diren ekintzat gauzatzeko erabiltzen direnean.Dena den, babesa bakarrik amaituko da, egoki den kasu guztietan, zentzuzko epe bat ezartzen duen larderiaren ondoren, eta ondorerik sortzen ez duena.

Ez da ekintza kaltegarritzat kontsideratuko ospitale horietan zauritu edo gaixo militarrei laguntza ematea edo bertan militar horiei kendutako arma eramangarriak eta munizioak egotea eta oraindik zerbitzu eskudunari eman ez zaizkionak.

20. artikulua

Ospitale zibilen funtzionamendu edo administraziorako soilik izendatutako langile erregularrak errespetatuak eta babestuak izango dira, barne hartuta zauritu eta gaixo zibilak, ezinduan eta erdi-urrenean dauden emakumeak bilatu, jaso, garraiatu eta laguntzeaz arduratzen dena.

Lurralde okupatuetan eta operazio militarren guneetan, langile hauek nortasun txartel baten bitartez ezagutaraziko dira, bertan jasoko da titularren estatutua, bere argazkiarekin eta agintaritza erantzulearen zigiluarekin, bai eta, zerbitzuan dagoen bitartean, zigilatutako besoko baten bidez, hezetasunak eraginik egiten ez diona eta ezkerreko besoan ipinita.Estatuak besoko hau emango du, indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 38. artikuluan ezarritako ikurra izango duena.

Ospitale zibilen funtzionamendu edo administraziorako izendatutako beste edozein langile errespetatua eta babestua izango da eta bere zereginak gauzatzen dituen bitartean goian aipatzen den bezala besokoa eramateko eskubidea izango du, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.Bere nortasun txartelean berari dagozkion zereginak zehaztuko dira.

Ospitale zibil bakoitzeko zuzendaritzak une oro izango du bere langileen zerrenda eguneratuta agintaritza eskudunen, nazionalen edo okupatzaileen esku jartzeko.

21. artikulua

Zauritu eta gaixo zibilen, ezinduen eta erdi-urrenean dauden emakumeen lekualdaketak, ibilgailuen konboietan eta ospitale-trenetan lehorretik egindakoak, edo itsasotik egindakoak, lekualdaketa horiek egiteko esleitutako itsasontzietan, 18. artikuluan ezarritako ospitaleak bezala errespetatu eta babestuko dira, eta estatuaren baimenarekin, indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 38. artikuluan ezarritako ikur bereizgarria altxatuz ezagutaraziko dira.

22. artikulua

Zaurituak eta gaixo zibilak, ezinduak eta erdi-urrenean dauden emakumeak lekualdatzeko bakarrik erabiltzen diren aireontziak, edo osasun langileak eta materiala lekualdatzeko, ez dira erasoko; errespetatuak izango dira gatazkan dauden alderdi interesdunen artean hitzartutako altueretan, orduetan eta ibilbide zehatzen arabera gauzatzen diren hegaldietan.

Indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 38. artikuluan ezarritako ikur bereizgarriarekin seinaliza daitezke.

Aurkako akordiorik egon ezean, debekatuta dago arerioaren lurraldearen gainean edo arerioak okupatutako lurraldearen gainean hegan egitea.

Aireontzi hauek lurreratze agindu guztiak onartu behar dituzte.Modu honetara ezarritako lurreratze kasuan, aireontzia eta horren bidaiariek hegaldia berriz has dezakete balizko kontrol baten ondoren.

23. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak sendagai eta osasun materiala daramaten bidalketa guztien igarotze askea baimenduko dute, bai eta kulturako beharrezko objektuena ere, beste alderdi kontratugile baten biztanleria zibilari zuzendutakoa soilik, etsaia izan arren.Era berean, ezinbesteko elikagaien bidalketak guztiak, arropenak eta hamabost urtetik beherako haurrentzat eta haurdun edo erdi-urrenean dauden emakumeentzat erreserbatutako tonikoen bidalketa guztien igarotze askea baimenduko du.

Alderdi kontratugile batek duen betebeharra aurreko paragrafoan adierazitako bidalketen igarotze askea baimentzeko, alderdi horrek ondoren adieraziko den egintzetako baten beldur izateko arrazoirik ez egoteko bermea izatearen baldintzari menderatuta dago:

a) bere helmugatik desbidera daitezkeen bidalketak, edo

b) kontrola eragingabea suerta daitekeenean, edo

c) horietatik, etsaiak, bere gerra ekintzentzat edo bere ekonomiarentzat abantaila nabaria lor dezakeenean, bidalketa horiekin beste modu batera beraiek hornitu edo ekoiztu beharko lituzkeen artikuluak ordeztuz, edo materiala, produktuak edo zerbitzuak liberatuz, beste modu batera artikulu horien ekoizpenera esleitu beharko lituzkeenak.

Artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatutako bidalketen igarotzea baimentzen duen potentziak horren baimenerako baldintza gisa jar dezake hartzaileei banaketa potentzia babeslearen kontrolpean egitea.

Bidalketa horiek ahalik eta azkarren bidaliko dira, eta horien igarotze askea baimentzen duen estatuak horren baldintza teknikoak zehazteko eskubidea izango du.

24. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte gerraren ondorioz umezurtz gelditu diren edo beraien familiarengandik bananduta dauden hamabost urtetik beheragoko haurrak abandonaturik gera ez daitezen, eta inguruabar guztietan mantenua, euren erlijioaren praktika eta hezkuntza emateko; posible den heinean, zeregin hau euren kultura tradizio bereko pertsonei esleituko zaie.

Gatazkan dauden alderdiek, gatazkak irauten duen bitartean haur horiek herrialde neutraletan hartzea mesedetuko dute, potentzia babeslearen baimenarekin, halakorik egonez gero, eta lehenengo paragrafoan zerrendatutako printzipioak errespetatuko direla ziurtatzeko bermeak badituzte.

Gainera, posible den guztia egingo dute hamabi urtetik beherakoak diren haur guztiak identifikatzeko neurri egokiak hartzeko, haurren nortasuna izango du duen plaka baten bitartez edo beste edozein bideren bitartez.

25. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi baten lurraldean edo horrek okupatutako lurralde batean dagoen pertsona oro, bere familiako kideei hertsiki familia izaerakoak diren berriak eman diezazkio, familiartekoak nonahi egonik ere; halako berriak jasotzeko aukera ere izango du.Korrespondentzia hori berehala igorriko da, justifikatu gabeko atzerapenik gabe.

Inguruabarrak direla eta, posta bide arruntaren bitartez korrespondentzia horren trukea zaila edo ezinezkoa suertatzen denean, gatazkan dauden alderdi interesatuak bitartekari neutral batengana joko dute, 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentrala kasu, horrekin zehazteko baldintza egokienetan beraien betebeharren betepena bermatzeko bideak, bereziki Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalen (Ilargi Erdi Gorriaren, Lehoiaren eta Eguzki Gorriaren) laguntzarekin.

Gatazkan dauden alderdiek beharrezko kontsideratzen badute familia korrespondentzia mugatzea, gehienez ere modu askean aukeratutako hogeita bost hitz izango dituen formulario modeloen erabilera inposa dezake eta hilabetean halako bat bakarrik bidaltzea.

26. artikulua

Gatazkan dagoen alderdi bakoitzak gerraren ondorioz bananduak izan diren familietako kideek hasitako bilaketa erraztuko dute, batzuen eta besteen arteko kontaktua berriz hasteko, eta familiartekoak batzeko, hori posible bada.Bereziki zeregin horretan diharduten erakundeen ekintza erraztuko du, beraiek hartutako segurtasun neurriak onartu eta aplikatzeko baldintzapean.

III. Titulua:Pertsona babestuen estatutua eta tratua

I. Atala:Gatazkan dauden alderdien lurraldeentzat eta lurralde okupatuentzat xedapen erkideak

Pertsona babestuek eskubidea dute, inguruabar guztietan, euren pertsona, euren ohorea, euren familia eskubideak, euren sinesmen eta erlijio praktikak, euren ohiturak eta euren usadioak errespetatuak izan daitezen.Beti gizatasunez tratatuko dira eta bereziki babestuak edozein indarkeria edo larderia ekintzen aurka, irainen eta jendearen jakin-minaren aurka.

Emakumeak bereziki babestuko dira euren ohorearen aurkako atentatuen aurrean eta, batik bat, bortxaketa, derrigorrezko prostituzioa eta umiltasunaren aurkako atentatu ororen aurka.

Osasun egoera, adina eta sexuaren inguruko xedapenak kontuan izanda, gatazkan dagoen zein alderdiren menpe egon eta alderdi horrek pertsona babestu oro inolako bereizkeria kaltegarririk gabe tratatuko ditu, bereziki arraza, erlijioa edo iritzi politikoei dagokienean.

Hala ere, gatazkan dauden alderdiek, pertsona babestuekiko gerraren ondorioz beharrezkoa diren kontrol edo segurtasun neurriak har ditzakete.

28. artikulua

Pertsona babestuak ezin dira erabili berain presentziaren bitartez puntu zehatz batzuk edo erregio zehatz batzuk operazio militarretatik babesteko.

29. artikulua

Pertsona babestuak bere esku dituen gatazkan dagoen alderdia erantzule da bere agenteek pertsona babestuei ematen dieten tratuaz, sor daitezkeen banakako erantzukizunei kalterik egin gabe.

30. artikulua

Pertsona babestuek erraztasun guztiak izango dituzte potentzia babeslearengana zuzentzeko, baita Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearengana, zein herrialdetan egon eta horren Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalarengana (Ilargi Erdi Gorriarena, Lehoiarena eta Eguzki Gorriarena), bai eta laguntza eskaintzen dien edozein erakunderengana.

Helburu honekin erakunde ezberdin hauek erraztasun guztiak jasoko dituzte agintariengandik, beharriz militar edo segurtasunezkoen araberako mugen barruan.

143. artikuluan ezarritako potentzia babesleen eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkarien bisitez gain, potentzia atxilotzaileek edo okupatzaileek, posible den neurrian, beste erakunde batzuetako ordezkariek pertsona babestuei egin nahi dizkieten bisitak erraztuko dituzte, horien helburua laguntza espiritual edo materiala ematea denean.

31. artikulua

Ezingo da izaera fisiko edo moraleko inolako indarkeriarik erabili pertsona babestuen aurka, batez ere beraiengandik edo hirugarrenengandik informazioa lortzeko.

32. artikulua

Alderdi kontratugile gorenak beren beregi debekatzen dute beraien burua berain esku dauden pertsona babestuen sufrimendu fisikoa edo desagertaraztea eragin dezaketen neurri oro erabiltzea.Debeku hau ez da bakarrik aplikatzen erailketari, torturari, gorputz-zigorrei, ebaketei eta pertsona babestu baten mediku tratamenduaren arabera behar ez den esperimentu mediku edo zientifikoei, ez bada baita ere agente zibil edo militarrek egindako beste edozein tratu txarrei ere.

33. artikulua

Ez da pertsona babesturik zigortuko berak egin ez duen arau-hauste batengatik.Zigor kolektiboak debekatuta daude, bai eta larderia edo terrorismo neurri oro.

Lapurreta debekatuta dago.

Debekatuta daude pertsona babestuen aukako eta horien ondasunen aurkako errepresaliak.

34. artikulua

Pertsonak bahituta hartzea debekatuta dago.

II. Atala:Atzerritarrak gatazkan dagoen alderdi bateko lurraldean

35. artikulua

Gatazka hasieran edo hori aribidean dagoela lurraldetik irten nahi duen pertsona babestu orok, horretarako eskubidea izango du, ez bada horrek era kaltegarrian eragiten diola estatuaren interes nazionalei.Bere irteerari buruzko erabakia legezko prozedura baten arabera hartuko da eta ahalik eta azkarren hartu beharko da.Behin lurraldetik irteteko baimendua izan denean, bidaiarako beharrezko dirua izan dezake eta berarekin eraman dezake norberaren erabilerarako gai eta objektuen zentzuzko kopurua.

Lurraldetik irteteko baimena ezeztatzen zaien pertsonek eskubidea izango dute auzitegi batek edo administrazio kontseilu eskudun batek, atxiloketa egin duen potentziak helburuko honekin eratutako, berriz ere ezezkoa kontsideratzeko ahalik eta eperik laburrenean.

Aurretiaz eskaera eginda, potentzia babeslearen ordezkariek aukera izango dute lurraldetik irteteko baimena eskatu duten pertsonei hori ukatzeko arrazoien azalpena jasotzeko, bai eta ahalik eta azkarren egoera horretan dauden pertsonen izenen zerrenda izateko ere, ez bada horren aurka daudela segurtasun arrazoiak edo interesatuek eragozpenak aurkezten badituzte.

36. artikulua

Baimendutako irteerak aurreko artikuluarekin bat etorriz, segurtasun, higiene, osasungarritasun eta elikadura baldintza egokietan egingo dira.Atxiloketa egin duen potentziaren lurraldetik irten eta geroko gastu guztiak, helmuga duen herrialdearen kontura izango dira edo, herrialde neutral batean egoteko kasuan, onuradunak zein potentziaren herritar izan eta potentzia horren kontura izango dira.Beharrezkoa izanez gero, lekualdaketa hauen modalitate praktikoak potentzia interesatuen arteko akordio berezien bitartez erabakiko dira.

Guzti hau gatazkan dauden alderdiek, etsaiaren esku jauzitako beraien herritarren truke eta aberriratzeari buruz agian hitzartu dituzten akordio bereziei kalterik egin gabe gauzatuko da.

37. artikulua

Aurreneurrizko atxiloketan edo askatasun gabetzailea den zigor bat betetzen ari diren pertsona babestuek gizatasunezko tratua jasoko dute beraien atxiloketak irauten duen bitartean.

Aske uzten direnean, lurraldetik irteteko eskaera egin dezakete, aurreko artikuluekin bat etorriz.

38. artikulua

Hitzarmen honen arabera har daitezkeen neurri bereziak salbuetsita, batik bat 27. artikulutik 41. artikulura, pertsona babestuen egoera, printzipioz, gerra garaian atzerritarrei zor zaien tratuari buruzko xedapenen arabera gobernatzen jarraituko dute.Edonola ere, ondorengo eskubideak izango dituzte:

1) bidaltzen dizkieten banakako laguntza edo laguntza kolektiboak jaso ditzakete;

2) euren osasun egoerak eskatzen badu, mediku-tratamendua eta ospitale laguntza jasoko dute estatu interesatuaren herritarren baldintza berdinetan;

3) euren erlijioa praktika dezakete eta euren kultuaren ministroen laguntza espirituala jaso;

4) bereziki gerraren arriskupean dagoen erregio batean bizi badira, estatu interesatuaren herritarren baldintza berdinetan lekualdatzeko baimena izango dute;

5) hamabost urtetik beheragoko haurrak, haurdun dauden emakumeak eta zazpi urtetik beheragoko haurren amak, lehenespenezko tratu ororen onura izango dute, interesatutako estatuaren herritarren baldintza berdinetan.

39. artikulua

Gatazka dela eta, irabazteko asmoarekin euren jarduera galdu duten pertsona babestuei lan ordaindua aurkitzeko aukera emango zaie eta horren inguruan, eta segurtasunari eta 40. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, zein potentziaren lurraldean egon eta horren herritarren abantaila berdinen onurak izango dituzte.

Gatazkan dagoen alderdietako batek, babestutako pertsona bat bere biziraupena irabaztea eragozten duen kontrol neurrien menpe jartzen badu, batik bat segurtasun arrazoiak direla eta, pertsona horrek ezin duenean ordaindutako lan bat bilatu bidezko baldintzetan, gatazkan dagoen alderdi horrek pertsona horren eta bere kargura dauden pertsonen beharrizanak asebeteko ditu.

Edozein kasutan, pertsona babestuek euren jatorrizko herrialdetik diru-laguntzak jaso ditzakete, potentzia babeslearengandik edo 3. artikuluan aipatutako ongintza-sozietateengandik.

40. artikulua

Babestutako pertsonak lan egitera behartzekotan, hori egingo da pertsona horiek gatazkan dagoen zein alderdiren lurraldean egon eta alderdi horren herritarren baldintza berdinetan.

Babestutako pertsonak arerioaren naziokotasunekoak badira, horiek lan egitera behartuz gero, lan horiek elikadura, ostatua, arropa, garraioa eta gizakien osasuna bermatzeko normalean beharrezkoak diren lanak baino ezingo dira izan, eta operazio militarrekin inolako harreman zuzenik ez dutenak.

Aurreko paragrafoetan aipatutako kasuetan, lan egitera behartuak izan diren pertsona babestuak, langile nazionalen lan baldintza berberak eta babes neurri berberak izango dituzte, bereziki soldatari, lanaren iraupenari, tresneriari, aurretiazko prestakuntzari eta lan istripu eta gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainari dagokionez.

Goian aipatutako manuak urratuz gero, babestutako pertsonak kexa eskubidea egikaritzeko aukera izango dute, 30. artikuluarekin bat etorriz.

41. artikulua

Babestuta dauden pertsonak zein potentziaren esku egon eta potentzia horrek uste badu Hitzarmen honetan aipatutako beste kontrol neurriak nahiko ez direla, erabil ditzakeen neurri zorrotzenak nonbaiten egotea behartzea edo barneratzea dira, 42 eta 43. artikuluetako xedapenekin bat etorriz.

39. artikuluaren bigarren paragrafoaren xedapenak aplikatuz, beste leku batean bizitzera derrigortzen dituen erabaki baten arabera beraien ohiko bizilekua uztera behartutako pertsonen kasuan, atxiloketa egin duen potentzia, ahalik eta modu zorrotzenean, barneratuei zor zaien tratuari buruzko arauei loturik egongo da (Hitzarmen honen III. Titulua, IV. Atala).

42. artikulua

Pertsona babestuen barneratzea edo nonbaiten egotera behartzea bakarrik agindu ahal izango da, zein potentziaren esku egon eta horren segurtasunarentzat ezinbestean beharrezkoa bada.

Potentzia babeslearen ordezkarien bitartez, pertsona batek bere borondatez barneratzea eskatzen badu eta egoerak berak galdatzen badu, zein potentziaren esku egon eta potentzi horrek barneratuko du.

43. artikulua

Barneratua edo leku batean egotera behartu den pertsona babestu orok eskubidea izango du auzitegi edo administrazio kontseilu eskudun batek, atxiloketa egin duen potentziak helburu honekin eratua, ahalik eta eperik laburrenean honen inguruan hartutako erabakia berriz kontsidera dezala.Barneratzea edo leku batean egoteko beharra mantentzen bada, auzitegi edo administrazio kontseiluak aldizka eta gutxienez urtean bi aldiz, pertsona horren kasua aztertuko du hasierako erabakia horren mesedetan aldarazteko xedearekin, inguruabarrek baimentzen badute.

Babestutako pertsona interesatuak aurka jartzen ez badira, atxiloketa egin duen potentziak ahalik eta azkarren komunikatuko dio potentzia babesleari barneratuak edo leku batean egotera behartuak izan diren pertsona babestuen izenak, bai eta barneratzetik edo leku jakin batean egoteko beharretik askatuak izan direnen izenak ere.Baldintza berdinetan, ahalik eta azkarren jakinaraziko zaizkio potentzia babesleari auzitegien edo artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako kontseiluen erabakiak.

44. artikulua

Hitzarmen honetan ezarritako kontrol neurriak kontuan izanda, atxiloketa egin duen potentziak ez ditu errefuxiatuak etsai atzerritar gisa tratatuko, juridikoki estatu atzerritar bateko kide izateagatik soilik, horiek, egitez, inolako Gobernuren babesa ez dutenean.

45. artikulua

Babestutako pertsonak ezingo dira Hitzarmen honen alderdi ez den potentzia bati eman.

Xedapen hau ez da oztopo izango pertsona babestuen aberriratzerako edo bere egoitzako herrialdera itzultzeko, behin borrokaldiak amaitu eta gero.

Atxiloketa egin duen potentziak pertsona babestuak Hitzarmenean alderdi den potentzia bati emateko, lehendabizi egiaztatu egin beharko du bigarren potentzia horrek Hitzarmena aplikatu nahi eta ahal duela.Pertsona babestuak horrela esku aldatuak izan direnean, Hitzarmena aplikatzeko erantzukizuna pertsona horiek hartzea onartu duen potentziarena izango da, horiek bere esku dauden denboran zehar.Hala ere, potentzia honek puntu garrantzitsu guztietan Hitzarmenaren xedapenak aplikatzen ez baditu, pertsona babestuak esku aldatu dituen potentziak, potentzia babeslearen jakinarazpena eta gero, egoera konpontzeko neurri egokiak hartu beharko ditu edo pertsona babesleak berari itzuliak izan daitezen eskatu beharko du.Eskaera hori bete egingo da.

Pertsona babestu bat inolaz ere ezingo da esku aldatu bere iritzi politiko edo erlijio iritziengatik jazarpena jasan dezakeen herrialde batera.

Borrokaldien hasiera baino lehen hitzartutako hitzarmenen arabera, artikulu honetako xedapenak ez dute zuzenbide erkidearen krimenengatik salatua izan diren pertsona babestuen estradizioa oztopatzen.

46. artikulua

Pertsona babestuekiko hartutako izaera mugatzaileen neurriak aurretiaz ezabatuak izan ez badira, borrokaldiak amaitu eta ahalik eta azkarren indargabetuko dira.

Euren ondasunen inguruan hartutako neurri mugatzaileak ahalik eta azkarren amaituko dira behin borrokaldiak amaitu eta gero, atxiloketa egin duen potentziaren legeriarekin bat etorriz.

III. Atala:Okupatutako lurraldeak

47. artikulua

Okupatutako lurralde batean dauden pertsona babestuei ez zaizkie Hitzarmen honen onurak kenduko, edozein inguruabarren ezta edozein arrazoi dela eta, horren arrazoia izanda ere okupazioaren ondorioz gertatutako aldaketa bat, erakundeetan gertatutako aldaketa bat edo dauden lurraldeko Gobernuan gertatutako aldaketa, okupatutako lurraldearen eta potentzia okupatzailearen agintarien arteko akordioagatik, potentzia okupatzaileak egindako osoko anexioagatik edo hori okupatutako lurraldeak egin duelako.

48. artikulua

Zein lurralde okupatuta egon eta potentzia horren herritar ez diren  babestutako pertsonak, 35. artikuluan ezarritako baldintzetan lurraldetik irteteko eskubidea balia dezakete, eta potentzia okupatzaileak artikulu horren arabera ezarri beharreko prozeduraren bitartez hartuko dira erabakiak.

49. artikulua

Multzoan edo banakako lekualdaketak, derrigorrezko izaera dutenak, bai eta okupatutako lurraldetik pertsona babestuak potentzia okupatzailearen lurraldera edo beste batera erbesteratzea, lurralde hori okupatuta egon edo ez, debekatuta daude, horren arrazoia edozein izanik ere.

Dena den, potentzia okupatzaileak okupatutako erregio jakin baten hustutze osoa edo zati batekoa egin dezake, biztanleriaren segurtasunak edo premiazko arrazoi militarrek galdatzen badute.

Hustuketak ezingo du pertsona babestuen lekualdaketa eragin, ez bada okupatutako lurraldearen barnean baino, salbu eta ezintasun materialen kasuetan.

Horrela lekualdatutako biztanleria, alde horretan borrokaldiak amaitua bezain laster itzuliko dira beraien etxeetara.

Potentzia okupatzaileak lekualdaketa edo hustuketa horiek egiterakoan, posible den neurrian, pertsona babestuak instalazio egokietan hartuak izateko moduan jardungo du, lekualdaketak osasungarritasun, higiene, segurtasun eta elikadura baldintza egokietan egin daitezela, eta familia bereko kideak beraien artean banatuak izan ez daitezela.

Potentzia babesleari lekualdaketa eta hustuketen berri emango zaio, hauek gauzatu bezain laster.

Potentzia okupatzaileak ezingo ditu pertsona babestuak atxiki bereziki gerraren arriskuen aurrean dagoen erregio batean, ez bada biztanleriaren segurtasunak edo premiazko arrazoi militarrek hala galdatzen dutelako.

Potentzia okupatzaileak ezin du bere biztanleria zibila kanporatu edo lekualdatu berak okupatutako lurralde batera.

50. artikulua

Agintari nazional eta tokikoen laguntzaz, potentzia okupatzaileak haurren laguntza eta hezkuntzarako erabilitako establezimenduen funtzionamendu egokia erraztuko du.

Haurren identifikazioa errazteko eta horien seme-alabatasuna erregistratzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu.Inolaz ere ezingo du beraien estatutu pertsonala aldarazi, ezta bere menpe dauden heziketa edo erakundeetan izena eman ere.

Tokiko erakundeak ezegokiak badira, potentzia okupatzaileak elikadura eta hezkuntza bermatzeko neurriak hartu beharko ditu, posible bada euren naziokotasun, hizkuntza eta erlijio berdineko pertsonen bitartez, gerraren ondorioz haur umezurtz edo euren gurasoengandik bereiziak izan diren haurrena, hurbileko senideren bat edo haur hauetan arduratzeko gai den lagunen bat ez dagoenean.

136. artikuluko xedapenen arabera ezarritako bulegoko atal berezi bat arduratuko da neurri egokiak hartzeaz, seme-alabatasunaren inguruan zalantzak daudenean haur horiek identifikatzeko.Idatziz jasoko dira, beti, aitari, amari edo beste hurbileko senide bati buruzko adierazpenak.

Potentzia okupatzaileak ez ditu okupazioa baino lehenago hartutako aurreneurrizko neurrien aplikazioa oztopatu behar, horiek hamabost urtetik beheragoko haurren mesederako, haurdun dauden emakumeentzako eta zazpi urtetik beheragoko haurren amen mesederako direnean, neurri horiek elikadura, mediku laguntza eta gerraren ondoreen aurkako babesaren inguruan direnean.

51. artikulua

Potentzia okupatzaileak ezin ditu pertsona babestuak behartu euren indar armatu edo laguntzaileetan zerbitzu ematera.Borondatezko izen emateak lortzera zuzendutako presio edo propaganda oro debekatzen da.

Pertsona babestuak ezingo dira lan egitera behartu, ez bada hamazortzi urte baino gehiago dituztela; hala ere, armada okupatzaileen beharrizanak galdatutako edo okupatutako herrialdeko biztanleriaren interes publikoko zerbitzuak, elikadura, ostatua, jantziak, garraioak edo osasun lanak baino ezingo dira izan.Pertsona babestuak ezingo dira behartu operazio militarretan parte hartzera behartzen duten lanak egitera.Potentzia okupatzaileak ezingo ditu pertsona babestuak behartu inposatua izan zaien lan bateko instalazioetako segurtasuna derrigorrez bermatzera.

Lana okupatutako lurraldearen barnean bakarrik egingo da, dagozkien pertsonak dauden lekuan.Ahal den neurrian, lan bat ezarri zaion pertsona bakoitza bere ohiko lana dagoen lekuan bizitzen jarraituko du.Lana behar bezala ordaindu beharko da eta langileen gaitasun fisiko eta intelektualen araberakoa izango da.Artikulu honetan adierazten diren lanak egin behar dituzten pertsona babestuei lan baldintzak eta babes neurrien inguruan okupatutako herrialdean indarrean dagoen legeria aplikatuko zaie, bereziki soldata, lanaren iraupena, tresneria, aurretiazko prestakuntza eta lan istripu eta gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainari dagokionez.

Edozein kasutan, lan eskuaren beharrak ezingo du, inoiz, erregimen militar edo paramilitarraren pean langileen lekualdaketa eragin.

52. artikulua

Langile bakoitzak, boluntario izan edo ez, edonon egonda ere, potentzia babeslearen ordezkariengana jotzeko eta horien esku-hartzea eskatzeko eskubidea dauka, eta ezingo da inolako kontraturik, akordiorik edo erregelamendurik egin eskubide horren aurka.

Okupatutako herrialde batean langabezia eragiten duen edo bertako langileen enplegu aukerak murrizten dituen neurri oro debekatzen da, horren xedea denean pertsona horiek potentzia okupatzailearentzat lan egitera bultzatzea.

53. artikulua

Debekatuta dago potentzia okupatzaileak ondasun higigarriak edo higiezinak suntsitzea, norbanakoei edo modu kolektiboan pertsona partikularrenak direnean, estatuarena edo herritarrena, gizarte erakundeena edo kooperatibena, salbu eta suntsiketa horiek guztiz beharrezkoak direnean gerra operazioen ondorioz.

54. artikulua

Debekatuta dago potentzia okupatzaileak okupatutako lurraldearen funtzionario edo magistratuen estatutua aldaraztea edo horien aurka zehapenak edo edozein derrigortze edo diskriminazio neurri ematea, kontzientzia iritziak direla eta berain zereginak egitera ukatzeagatik.

Azken debeku hau, ez da oztopo izango 51. artikuluaren bigarren paragrafoa aplikatzeko. Potentzia okupatzailearen boterea bere horretan uzten du funtzio publikoetako titularrak euren karguetatik gabetzeko.

55. artikulua

Bere baliabideen neurrian, potentzia okupatzaileak biztanleria elikagai eta mediku produktuekin hornitzeko betebeharra du; bereziki, elikagaiek, sendagailak eta beharrezko beste edozein gai inportatu beharko du okupatutako lurraldearen baliabideak nahikoak ez direnean.

Potentzia okupatzaileak lurralde okupatuan egon badauden elikagaiak, gaiak edo mediku horniketak bere tropentzat eta administrazio langileentzat bakarrik eskatu ahal izango ditu; biztanleria zibilaren beharrizanak kontuan izan beharko ditu.Nazioarteko beste hitzarmen batzuetan hitzartutakoari kalterik egin gabe, potentzia okupatzaileak neurri egokiak hartu beharko ditu konfiskazio oro bere justu prezioarengatik kalte-ordaina emateko.

Potentzia babesleak lurralde okupatuetako elikagaien eta sendagaien hornikuntza egiazta dezake inolako eragozpenik gabe, premiazko beharrizan militarrengatik ezar daitezkeen alde baterako murrizketei kalterik egin gabe.

56. artikulua

Bere baliabideen neurri guztietan, potentzia okupatzaileak, agintari nazional eta tokiko agintarien lankidetzarekin, establezimendu eta zerbitzu mediku eta ospitalekoak ziurtatu eta mantentzeko betebeharra dauka, bai eta osasun eta higiene publikoa lurralde okupatuetan, batik bat gaixotasun kutsakor eta izurriteen zabaltzeari aurre egiteko beharrezko neurri profilaktiko eta aurreneurrizkoak hartu eta aplikatuz.Izaera guztietako mediku langileek euren misioa betetzea baimenduko da.

Lurralde okupatuan ospitale berriak ezartzen badira eta okupatutako estatuko erakunde eskudunek dagoeneko ez badituzte beraien zereginak betetzen, okupazio agintariek, beharrezkoa izanez gero, 18. artikuluan ezarritako azterketa gauzatuko dute. Antzeko inguruabarretan, okupazio agintariek ospitaleetako langileen eta garraio ibilgailuen azterketa ere egin beharko dute, 20 eta 21. artikuluetako xedapenen arabera.

Osasun eta higiene neurriak hartzean, bai eta horiek aplikatzen dituenean, potentzia okupatzaileak okupatutako lurraldeko biztanleriaren eskakizun moral eta etikoak kontuan izango ditu.

57. artikulua

Potentzia okupatzaileak ezingo ditu ospitale zibilak konfiskatu, eta hori egitekotan, behin-behinean egingo du eta zauritu eta gaixo militarrak premiazko beharrizan kasuan sorosteko, eta ospitalizatutako pertsonen sorospena eta tratamendua bermatzeko neurri egokiak garaiz har daitezelako baldintzarekin eta biztanleria zibilaren beharrizanak asetzeko baldintzarekin.

Ezin izango dira ospitale zibiletako gaiak eta izakinak konfiskatu, biztanleria zibilaren beharrizanak asetzeko beharrezkoak diren bitartean.

58. artikulua

Potentzia okupatzaileak kultu ezberdinetako ministroak baimenduko ditu euren erlijiokideei laguntza espirituala emateko.

Era berean, erlijio izaerako beharrek behar dituzten liburu eta objektuen bidalketak onartuko ditu eta lurralde okupatuan horien banaketa erraztuko du.

59. artikulua

Lurralde okupatu bateko biztanleria edo horren zati bat modu askiezean horniturik dagoenean, potentzia okupatzaileak biztanleria horren mesederako laguntza egintzak onartuko ditu, bere baliabideen neurrian egintza horiek erraztuz.

Estatuek, erakunde humanitario inpartzial batek edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak ekin ditzakeen halako operazioak, elikagaiak, mediku gaiak eta arropa bidalketak izango dira batez ere.

Estatu kontratatzaile orok bidalketa hauen igarotze askea baimendu beharko du eta horien babesa bermatu.

Gatazkan arerioa den estaiak okupatutako lurralde bat helmuga duen bidalketen igarotze askea baimentzen dituen potentziak, bidalketak egiaztatzeko eskubidea izango du, horien igarotzea aurretiaz ezarritako ordutegi eta ibilbidearen bidez arautzeko eskubidea, eta potentzia babeslearengandik berme nahikoa jasotzeko bidalketa horien helburua beharraz duen biztanleria laguntzeko dela, eta potentzia okupatzailearen probetxurako erabiltzen ez direlako berma nahikoa jasotzeko.

60. artikulua

Laguntza bidalketek ez dute inolaz ere potentzia okupatzailea askatuko 55, 56 eta 59. artikuluetan ezartzen zaizkion erantzukizunetatik. Ezingo ditu inolaz ere laguntza bidalketak horiei ezarri zaien helmugatik desbideratu, salbu eta okupatutako lurraldeko biztanleriaren intereserako presazko beharrizan kasuetan eta potentzia babeslearen baieztapenarekin.

61. artikulua

Aurreko artikuluetan aipatutako laguntza bidalketen banaketa potentzia babeslearen lankidetzarekin eta bere kontrolpean egingo da.Potentzia okupatzailearen eta potentzia babeslearen arteko akordio baten ondoren, eginbehar hau estatu neutral bati, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari edo beste edozein erakunde humanitario inpartziali eskuetsi ahalko zaio.

Ez da eskubiderik, zergarik edo tasarik kobratuko okupatutako lurraldean laguntza bidalketa hauengatik, ez bada kobrantza hori beharrezkoa dela lurraldearen ekonomia intereserako.Potentzia okupatzaileak bidalketa hauen banaketa azkarra erraztu beharko du.

Alderdi kontratugile guztiek posible den guztia egingo dute lurralde okupatuak helmuga dituzten laguntza bidalketa hauen igarotzea eta doako garraioa baimentzeko.

62. artikulua

Ezinbesteko segurtasun kontsiderazioei kalterik egin gabe, lurralde okupatuan dauden pertsona babestuak beraiei igorritako banakako laguntza bidalketak jaso ditzakete.

63. artikulua

Potentzi okupatzailearen ezinbesteko segurtasun kontsiderazioengatik salbuespenez ezarritako behin-behineko neurriei kalterik egin gabe:

a) onartutako Gurutze Gorriaren Sozietate Nazionalak (Ilargi Erdi Gorria, Lehoiarena eta Eguzki Gorria) egintzekin jarraitzeko aukera izango dute Gurutze Gorriaren printzipioekin bat etorriz Gurutze Gorriaren Nazioarteko Konferentziak definitutako moduan.Beste laguntza erakundeek beraien egintza humanitarioekin jarrai dezakete antzerako baldintzetan.

b) erakunde horien langile eta egiturari dagokionez, potentzia okupatzaileak ezingo du goian aipatutako egintzei kalte egin diezaieketen inolako aldaketarik eskatu.

Printzipio berdinak aplikatuko dira izaera militarra ez duten egintza eta erakunde berezietako langileentzat, jada existitzen direnak edo biztanleria zibilaren bizi baldintzak bermatzeko xedearekin eratutakoak, oinarrizko zerbitzu publikoen mantentzearen bitartez, laguntzen banaketaren bitartez eta salbamendu antolaketaren bitartez.

64. artikulua

Okupatutako lurraldearen zigor legeriak indarrean jarraituko du, salbu eta potentzia okupatzaileak hori indargabetu edo eten dezakeen neurrian, halako legeria bere segurtasunerako mehatxua bada edo oztopoa Hitzarmen hau aplikatzeko.Azken kontsiderazio hau eta justiziaren administrazio eragingarria bermatzeko beharrari kalterik egin gabe, okupatutako lurraldeko auzitegiek legeria horretan ezarritako arau-hauste guztien inguruan jarduten jarraituko dute.

Hala ere, potentzia okupatzaileak okupatutako lurraldeko biztanleriari ezinbestekoak diren xedapenak ezar diezazkioke Hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak bete ahal izateko, eta lurraldearen ohiko administrazioa eta segurtasuna bermatzeko, potentzia okupatzailearena edo okupazioa indarren edo administrazioaren kide eta ondasunena, bai eta horrek erabiltzen dituen establezimendu eta komunikazio bideena.

65. artikulua

Potentzia okupatzaileak aldarrikatutako zigor xedapenak ez dira indarrean jarriko argitaratuak eta biztanleriaren hizkuntzan horien jakinaren gainean jarri arte.Ezingo dute atzeraeraginezko ondorerik sortu.

66. artikulua

Potentzia okupatzaileak 64. artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera aldarrikatutako zigor xedapenen arau-hauste kasuan, akusatua euren auzitegi militarren menpe jar dezakete, politikoak ez direnak eta legebidez eratuak hauek okupatutako lurraldean jarduteko baldintzarekin.Helegite auzitegiek ahal den neurrian okupatutako herrialdean jardungo dute.

67. artikulua

Auzitegiek, aurreko lege xedapenak arau-hausteari bakarrik ezarri ahalko diote eta zuzenbidearen printzipio orokorren arabera, bereziki zigorren proportzionaltasun printzipioari dagokionean.Kontuan izan beharko dute akusatua potentzia okupatuaren herritar ez izatea.

68. artikulua

Pertsona babestu batek arau-hauste bat egiten duenean potentzia babesleari kalte egiteko soilik, baina arau-hauste horrek okupazio indarren edo administrazioaren baliabideen bizitzari edo osotasun fisikoari eraso egiten ez badio, arrisku kolektibo larri bat eragiten ez badu eta okupazio indarren edo administrazioaren ondasunen auka edo horiek erabiltzen dituzten instalazioen aurka era larrian eraso egiten ez badu, pertsona hori barneratzearekin edo kartzelaratze soilarekin zigortuko da; barneratzearen edo kartzelaratze soilaren iraupena egindako arau-haustearekin proportziozkoa izango delarik.Gainera, barneratzea edo kartzelaratze soila halako arau-hausteei dagokienez eta babestutako pertsonen aurka har daitekeen askatasun gabetzailea den zigor bakarra izango da.Hitzarmen honetako 66. artikuluan ezarritako auzitegiek, kartzela zigorra iraupen bereko barneratzea bihur dezakete askatasun osoz.

64 eta 65. artikuluekin bat etorriz potentzia okupatzaileak aldarrikatutako zigor izaerako xedapenetan, ezingo da heriotza zigorra ezarri pertsona babestuekiko; zigor hori ezarri ahal izango da soilik pertsona horiek espioitza, potentzia okupatzailearen instalazio militarren aurkako sabotaje egintza larriak edo pertsona baten edo zenbaiten heriotza eragiten duten nahitaezko arau-hausteen errudun direnean, eta okupazioa hasi baino lehen okupatutako lurraldearen legerian kasu horietarako heriotza zigorra aurreikusita egoteko baldintzarekin.

Pertsona babestu baten aurka heriotza zigor epaia eman ahal izango da soilik auzitegia ohartarazi eta gero, batik bat, akusatua, potentzia okupatzailearen herritar ez izateagatik, ez daukala inolako fideltasun betebeharrik potentzia horrekiko.

Ez da inola ere heriotza zigor epai bat emango pertsona babestu baten aurka horrek arau-haustea egitean hamazortzi urte baino gutxiago bazituen.

69. artikulua

Kasu guztietan, aurreneurrizko atxiloketaren iraupena pertsona babestu bat kondenatutako edozein kartzelaratze zigorretik kenduko da.

70. artikulua

Pertsona babestuak ez dira potentzia okupatzailearengatik atxilotuak, auzipetuak edo kondenatuak izango, okupazioa baino lehen edo okupazioaren aldi baterako etenaldiaren bitartean egindako egintzengatik edo adierazitako iritziengatik, gerraren lege eta ohituren aurkako arau-hausteak salbuetsita.

Gatazka hasi baino lehen okupatutako lurraldean babesa bilatu duten potentzia okupatzailearen herritarrak ezin izango dira atxilotuak, auzipetuak, kondenatuak edo erbesteratuak izan okupatutako lurraldetik kanpo, ez bada borrokaldiak hasi eta gero egindako arau-hausteengatik edo borrokaldiak hasi baino lehen egindako zuzenbide erkidearen delituengatik, egintza horiek, okupatuta dagoen lurraldeko estatuaren legeriaren arabera, bake garaian estradizioa bidezkotuko balute.

71. artikulua

Potentzia okupatzailearen auzitegi eskudunek ezingo dute epairik eman aurretiaz lege prozesu bat egon ez bada.

Potentzia okupatzaileak auzipetutako akusatu orori atzerapenik gabe jakinaraziko zaio, idatziz eta horrek ulertuko duen hizkuntza batean, bere aurka egin diren kargu guztien inguruan; auzia ahalik eta azkarren izapidetuko da.Pertsona babestuen aurka potentzia okupatzaileak hasitako prozesu bakoitzaren berri emango zaio potentzia babesleari, salatzailearen karguek heriotza epaia eragin dezaketenean edo bi urte edo gehiagoko kartzelaratze zigorra; potentzia horrek prozesuaren egoerari buruzko informazioa izan dezake beti.Gainera, potentzia babesleak halako prozesuei buruzko eta pertsona babestuen aurka potentzia okupatzaileak hasitako beste edozein auziren inguruan edozein izaerako informazioa lortzeko eskubidea izango du, informazio hori eskatzen badu.

Potentzia babesleari jakinarazpena, artikulu honetako bigarren paragrafoan ezarritako dagoen moduan, berehala egin beharko da eta edozein kasutan, potentzia babeslearengana heldu beharko da lehenengo entzunaldiaren data baino hiru aste lehenago.Zigor eginbideak hasterakoan, artikulu honetako xedapenak oso-osorik errespetatu izanaren frogarik aurkezten ez bada, ezingo da entzunaldia egin.Jakinarazpenak, batik bat, ondorengo osagaiak jaso beharko ditu:

a) akusatuaren identitatea;

b) bizilekua edo atxiloketa lekua;

c) akusazio karguaren edo karguen zehaztapena (hori oinarritzen den zigor xedapenen aipamenarekin);

d) auzia epaitzeko ardura duen auzitegiaren aipamena;

e) lehenengo auzialdiaren lekua eta data.

72. artikulua

Salatu orok eskubidea izango du bere defentsarako beharrezko frogabideak erabiltzeko eta, batik bat, lekukoak deitzeko aukera izango du.Berak aukeratutako defentsari aditu baten laguntza izateko eskubidea dauka; aditu honek askatasun osoz bisita dezake salatua eta bere defentsa prestatzeko erraztasun guztiak izango ditu.

Salatuak ez badu defendatzailerik aukeratzen, potentzia babesleak defendatzaile bat ipiniko dio.Salatuak akusazio larri baten aurrean erantzun behar badu eta potentzia babeslerik ez badago, potentzia okupatzaileak defentsari bat ipini beharko dio, aurretiaz salatuaren onarpena izanda.

Salatu orok, berak borondatez uko egiten ez badio, interprete baten laguntza izango du, bai auziaren izapidetzak iraun bitartean bai eta auziaren aurreko entzunaldian ere.Interprete hori edozein unetan uka dezake eta horren ordezkoa eskatu.

73. artikulua

Kondenatu orok eskubidea izango du auzitegiak ezarritako legerian ezarritako helegite prozeduretara jotzeko.Oso-osorik informatuko zaio dituen helegite eskubideez, bai eta horiek egikaritzeko dituen epeen inguruan ere.

Atal honetan ezarritako zigor prozedura analogia bidez aplikatuko zaie helegiteei.Auzitegiak aplikatutako legerian ez bada helegite errekurtsorik aurreikusten, kondenatuak eskubidea izango du epaia eta kondenaren aurka helegitea aurkezteko potentzia okupatzailearen agintari eskudunaren aurrean.

74. artikulua

Potentzia babeslearen ordezkariek eskubidea izango dute pertsona babestu bat epaitzen duten edozein auzitegietako entzunaldira joateko, ez bada, salbuespenez, epaiketa ateak itxita ospatu behar dela potentzia okupatzailearen segurtasunaren intereserako; kasu horretan honek potentzia babesleari jakinaraziko dio.Epaiketaren lekua eta hasiera data jasotzen duen jakinarazpena igorriko beharko zaio potentzia babesleari.

Heriotza zigorra edo bi urte edo gehiagoko kartzelaratzea eragiten duten epaia guztiak potentzia babesleari jakinarazi beharko zaizkio ahalik eta azkarren, zigor hori ezartzeko arrazoiak adieraziz; 71. artikuluarekin bat etorriz egindako jakinarazpenaren aipamena izango du eta, askatasun gabetzailea den zigorra ezartzen duen epaiaren kasuan, hori bete beharko den lekuaren aipamena.Beste epaiak auzitegiaren aktetan jasoko dira eta potentzia babeslearen ordezkariek azter ditzakete.Heriotza zigorra edo bi urte edo gehiagoko askatasun gabetzailea den zigorraren kasuan, helegite epeak ez dira zenbatzen hasiko potentzia babesleak epaiaren jakinarazpena jaso arte.

75. artikulua

Heriotza zigorrera kondenatutakoei ezingo zaie inolaz ere ukatu indultua eskatzeko eskubidea.

Ez da heriotza epairik exekutatuko gutxienez, sei hilabetetako epea igaro baino lehen, potentzia babesleak heriotza kondena baieztatzen duen behin betiko epaia edo indultua ukatzen duen erabakiaren jakinarazpena jasotzen duenetik.

Sei hilabetetako epe hau kasu zehatz batzuetan laburtu ahal izango da, inguruabar larrietatik ondorioztatzen denean, potentzia okupatzailearen segurtasuna edo bere indar armatuena antolatutako mehatxuaren arriskuan dagoela; potentzia babesleak beti jasoko du epearen murrizpenaren jakinarazpena eta beti aukera izango du okupazio agintaritza eskudunei heriotza kondena horien inguruan garaiz eskaerak zuzentzeko.

76. artikulua

Erruztatutako pertsona babestuak okupatutako herrialdean atxilotuta geldituko dira eta, kondenatuak izanez gero, bertan bete beharko dute zigorra.Posible bada gainontzeko atxilotuengandik bananduak egongo dira eta osasun egoera onean mantentzeko elikadura eta higiene nahikoa bermatzen duen erregimenaren pean egongo dira, eta gutxienez, okupatutako herrialdeko presondegiei dagokien erregimenaren menpe.

Euren osasun egoerak behar duen mediku laguntza jasoko dute.

Beraiek eskatutako laguntza espirituala jasotzeko baimena ere izango dute.

Emakumeak lokal bereizietan egongo dira eta modu zuzenean emakumeen zaintzapean.

Kontuan izan beharko da adingabeentzat aurreikusitako erregimen berezia.

Atxilotutako pertsona babestuek potentzia babeslearen eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkarien bisita izateko eskubidea izango dute, 143. artikuluaren xedapenekin bat etorriz.

Gainera, eskubidea izango dute, gutxienez, hilean laguntza fardel bat jasotzeko.

77. artikulua

Lurralde okupatuan auzitegiengatik auzipetuak edo kondenatuak izan diren pertsona babestuak, okupazioa amaitzean, askatutako lurraldeko agintariei entregatuak izango dira dagokion espedientearekin batera.

78. artikulua

Premiazko arrazoiak direla eta potentzia okupatzaileak beharrezko ikusten badu segurtasun neurriak hartzea pertsona babestuei dagokienez, gehienez ere, nonbaiten bizitzera behartzea edo barneratzea ezar diezaieke.

Nonbaiten bizitzera behartzeari edo barneratzeari buruzko erabakiak legezko prozedura baten arabera hartuko dira; prozedura hori potentzian okupatzaileak zehaztuko du Hitzarmen honen xedapenekin bat etorriz.Prozesu horretan interesatuen helegite eskubidea ezarri behar da.Helegite honi dagokionez, ahalik eta eperik laburrenean erabakiko da.Erabakiak mantentzen badira, potentzia horrek eratutako erakunde eskudun batek aldizka berrikusiko ditu, posible bada sei hiletik behin.

Nonbaiten bizitzera behartutako pertsona babestuak eta, beraz, beraien egoitza utzi behar dutenak, Hitzarmen honen 39. artikuluko xedapenen onurak izango dituzte inolako murrizketarik gabe.

IV. Atala:Barneratuei zor zaien tratuari buruzko arauak

I. Kapitulua:Xedapen orokorrak

79. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek ezingo dituzten pertsona babestuak barneratu; eta hori egitekotan, 41, 42, 43, 68 eta 78. artikuluetako xedapenekin bat etorriz egin beharko dute.

80. artikulua

Barneratuek berain gaitasun zibil osoa mantenduko dute eta horretatik eratorritako eskubideak egikarituko dituzte beraien barneratu estatutuarekin bateragarria den neurrian.

81. artikulua

Pertsona babestuak barneratzen dituzten gatazkan dauden alderdiak behartuta daude horien elikaduraz doan arduratzera eta beraien osasun egoeraren araberako mediku laguntza ematera ere.

Gastu hauen diru itzulerarako, ez dira barneratuen diru-laguntzak, soldatak edo kredituak kenduko.

Atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira barnetegien menpe dauden pertsonen elikadura, pertsona horiek bizirauteko baliabide nahikoak ez badituzte edo beraien kabuz bizimodua atera ezin badute.

82. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, posible den neurrian, barneratuak euren naziokotasuna, hizkuntza eta ohituren arabera taldekatuko ditu.Herrialde bereko herritarrak diren barneratuak ez dira banatuak izango hizkuntz aniztasunean oinarrituta bakarrik.

Barneratzeak irauten duen denbora guztian zehar, familia bereko kideak, eta batez ere gurasoak eta beraien seme-alabak, leku berean bilduak egongo dira, salbu eta lan beharrizanak, osasun arrazoiak edo Atal honetako IX. kapituluan ezarritako xedapenen aplikazioak aldi baterako banaketa beharrezko egiten badute.Senideen zaintzarik gabe aske utzitako beraien seme-alabak beraiekin batera barneratuak izan daitezela eska dezakete barneratuek.

Posible den neurrian, barneratutako familia bereko kideak lokal berdinetan bilduko dira eta ez dira gainontzeko barneratuekin egongo; beharrezko erraztasunak emango zaizkie familia-bizitza egiteko.

II. Kapitulua:Barneratze lekuak

83. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ezingo ditu barneratze lekuak kokatu bereziki gerraren arriskuan dauden erregioetan.

Potentzia babeslearen bitartez, potentzia etsaiari barneratze lekuen kokapen geografikoari buruzko informazio egokia jakinaraziko dio.

Izaera militarreko kontsiderazioek baimentzen dutenean, barneratze kanpamenduak IC letrekin seinaleztatuko dira, egunez airetik argi ikusteko moduan ipiniz; hala ere, potentzia interesatuek beste seinalamendu mota batzuk ados ditzakete.Barneratze kanpamenduak bakarrik seinala daitezke modu honetara.

84. artikulua

Gerrako presoetatik eta edozein arrazoi dela bide askatasunaz gabetuak izan diren pertsonetatik bereizita administratu eta emango zaie ostatu barneratuei.

85. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak beharrezko eta posible diren neurri guztiak hartu behar ditu babestutako pertsonak barneratzearen hasieratik higiene eta osasungarritasun berme guztiak betetzen dituzten eta klimaren gogortasunen eta gerraren ondorioen aurka eraginkortasunez babesten duten eraikin edo akantonamenduetan ostatu eman diezaieten.Barneratze iraunkorreko lekuak ez dira inola ere erregio osasungaitzetan edo barneratuentzat klima kaltegarria den tokietan egongo.Aldi baterako erregio osasungaitz batean edo osasunarentzat klima kaltegarria den lekua baten barneratuta dauden kasu guztietan, inguruabarrek ahalbidetzen duten bezain azkar pertsona babestuak halako arriskuen beldur izango ez diren barneratze leku batera lekualdatuak izango dira.

Lokalak hezetasunaren aurka guztiz babestuak egon beharko dira, behar bezala argiztatuta eta berotuak, bereziki iluntzearen eta argiak itzali arteko tartean.Logelak aski zabalak izan beharko dira eta ondo aireztatuak egon; barneratuek ohe gai egokiak izango dituzte eta manta nahikoak, beraien adina, sexua eta osasun egoera kontuan izanda, bai eta lekuaren klima baldintzak ere.

Barneratuek higiene arauekin bat datozen eta beti garbi dauden osasun instalazioak izango dituzte beraien esku, gau eta egun.Eguneroko garbiketarako eta arropa garbitzeko ur eta xaboi nahikoa emango zaie; horren inguruan, beharrezko instalazio eta erraztasunak izango dituzte.Gainera, dutxa edo bainuen instalazioak izango dituzte.Norberaren garbitasunerako eta garbiketa lanetarako beharrezko denbora emango zaie.

Salbuespenezko neurri gisa, beharrezkoa denean, aldi baterako familia talde batekoak ez diren emakumeak gizonak dauden barneratze leku berdinean ostatu eman behar bazaie, logela eta osasun instalazio bereiziak egongo dira derrigorrez.

86. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratuek erlijio-ekitaldiak egiteko egoki diren lokalak utziko dizkie, horien erlijioa edozein izanik ere.

87. artikulua

Barneratuek antzeko bestelako erraztasun batzuk ez badituzte, kantinak ipiniko dira barneratze leku guztietan, elikadura gaiak eta erabilera arrunteko objektuak eskuratzeko, xaboia eta tabakoa barne, ongizate eta erosotasun pertsonala areago ditzaketenak; gai horien prezioa ezingo da inoiz izan tokiko saltokietakoa baino garestiagoa.

Kantinetako irabaziak barneratze leku bakoitzean eratutako laguntza bereziko funts batean sartuko dira eta leku bakoitzeko barneratuen onurarako kudeatuko da.Barneratuen komiteak, 102. artikuluan ezarria, kantinen administrazioa eta funts horien kudeaketa ikuskatzeko eskubidea izango du.

Barneratze leku bat itxi egiten denean, laguntza funtsaren mesederako saldoa naziokotasun bereko barneratuentzako beste barneratze leku bateko funtsera transferituko da eta, halako lekurik ez badago, laguntza funts zentral batera, oraindik ere atxiloketa egin duen potentziaren esku dauden barneratu guztien onerako administratuko dena.Askapen orokorraren kasuan, onura hauek atxiloketa egin duen potentziak izango ditu, salbu eta potentzia interesatuen artean hitzartutako akordio ezberdinen bat badago.

88. artikulua

Aireko bonbardaketa eta gerrako beste arrisku batzuen aurrean dauden barneratze leku guztietan, babesleku egokiak ipiniko dira eta beharrezko babesa bermatzeko kopuru egokian.Alarma kasuan, barneratuak babeslekuetan sar daitezke ahalik eta azkarren, halako arriskuen aurka euren akantonamenduen babesean parte hartzen dutenak salbu.Era berean aplikagarri izango zaie biztanleriaren mesedetan hartutako babes neurri oro.

Barneratze leku guztietan, sute arriskuen aurkako neurri nahikoak hartuko dira.

III. Kapitulua:Elikadura eta jantziak

89. artikulua

Barneratuen eguneko jaki anoa nahikoa izango da kopuru, kalitate eta barietateari dagokionez, osasun egoera egokian mantentzeko eta elikadura gabeziagatiko nahasteak eragozteko; barneratuak zein elikadura erregimenetara ohituta dauden kontuan izango da.

Gainera, dituzten jaki gehigarriak beraiek ondu ahal izateko bideak emango zaizkie.

Edateko ur nahikoa emango zaie.Tabako kontsumoa baimenduta dago.

Langileek jaki kopuru gehigarria jasoko dute, gauzatzen duten lanaren izaeraren araberakoa.

Haurdun dauden emakumeak eta bular-emaileak, bai eta hamabost urtetik beheragoko haurrek, jaki kopuru gehigarriak jasoko dituzte beraien beharrizan fisiologikoen araberakoak.

90. artikulua

Barneratuei erraztasun guztiak emango zaizkie jantziez, oinetakoez eta aldatzeko barneko arropaz horni daitezen beraien atxiloketa gertatzen denean, bai eta geroago lortzeko ere, hori beharrezkoa bada.Barneratuek klimarako jantzi nahikoa ez duten kasuan eta lortzea posible suertatzen ez bazaie, atxiloketa egin duen potentziak dohainik emango die.

Atxiloketa egin duen potentziak ematen dizkien jantziak eta horiek daramatzaten kanpoko markak ez dira iraingarriak ezta barregarriak izango.

Langileek lanerako jantzi bat jasoko dute, barne hartuta babes-jantzi egokiak, lanaren izaerak hori eskatzen duenean.

IV. Kapitulua:Higienea eta mediku laguntza

91. artikulua

Barneratze leku bakoitzean erizaindegi egoki bat egongo da, mediku aditu baten agintaritzapean, eta bertan barneratuta daudenak behar izan dezaketen laguntza jasoko dute, bai eta elikadura erregimen egokia.Gaixotasun kutsakorrak edo buruko gaixotasunak jasaten dituzten gaixoentzat aislamendu lokalak erreserbatuko dira.

Erdi-urrenean dauden emakumeak eta gaixotasun larriak dituzten barneratuak, edo horien egoerak tratamendu berezia, ebakuntza-kirurgikoa edo ospitalizazioa behar badu, euren tratamendurako edozein establezimendu aditutan onartuak izango dira, eta bertan laguntza jasoko dute, laguntza hori ez da izango biztanleriari eskaintzen diotena baino okerragoa.

Barneratuak, ahal den neurrian, beraien naziokotasun bereko mediku langileen esku egongo dira.

Ezin izango da eragotzi barneratuak mediku-agintaritzarengana joatea aztertuak izateko.Atxiloketa egin duten agintariek, aztertuak izan eta hala eskatzen duten presoei, aitorpen ofizial bat emango zaie, eta bertan jasoko da zaurien edo gaixotasunaren izaera, tratamenduaren iraupena eta jaso duen laguntza.140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralari aitorpen horren kopia bat igorriko zaio.

Barneratuari tratamendua bai eta bere osasun egoera ona mantentzeko beharreko edozein tresna dohainik emango zaio, bereziki hortz-protesiak edo bestelakoak, eta betaurrekoak.

92. artikulua

Gutxienez hilabetean behin mediku ikuskapenak egingo dira eta horien helburua, batik bat, osasun, elikadura eta barneratuen garbiketa egoera orokorra kontrolatzea izango da, bai eta gaixotasun kutsakorren antzematea, bereziki tuberkulosia, gaixotasun benereoak eta paludismoa.Horrek, bereziki, barneratu bakoitzaren pisua kontrolatzea eragingo du eta, urtean behin gutxienez, azterketa erradioskopikoa egitea.

V. kapitulua:Erlijioa, egintza intelektual eta fisikoak

93. artikulua

Barneratuek askatasun osoa izango dute euren erlijioan jarduteko, barne hartuta euren kultuaren ekitaldietara joatea, atxiloketa agintaritzen emandako diziplina neurri arruntekin bateragarriak izateko baldintzapean.

Kultu bateko ministro diren barneratuek baimena izango dute beraien erlijiokideen artean beraien ministerioan osotasunean jarduteko.Horri dagokionez, atxiloketa egin duen potentziak zaindu egingo du ministro horiek beraien hizkuntza berdina hitzegiten duten eta berain erlijio berekoak diren barneratuak dauden barneratze leku ezberdinetan ekitatez banatuak egon daitezen.Kopuru nahikoan ez badaude, beharrezko erraztasunak emango dizkiete, besteak beste, garraiobideak barneratze leku batetik beste batera joateko, eta ospitalean dauden barneratuak bisitatzeko baimena izango dute.Kultu bateko ministroek bere ministerioaren ekitaldietarako herrialde atxilotzailearen erlijio agintariekin posta-trukerako askatasuna izango dute eta, posible den neurrian, bere sinesmenaren nazioarteko erakundeekin.Gutun-truke hau ez da kontsideratuko 107. artikuluan aipatutako gertakizunen osagai denik, baina 112. artikuluko xedapenen menpe egongo da.

Bere kultuko ministro baten laguntzarik ez duten barneratuak daudenean edo ministroak behar besteko kopuruan ez daudenean, sinesmen bereko tokiko erlijio agintariek, atxiloketa egin duen potentziarekin ados jarrita, barneratutakoen kultu bereko ministro bat izenda dezakete edo, ikuspegi konfesionaletik posible bada, antzeko kultu bateko ministro bat edo pertsona laiko kalifikatu bat izenda dezakete.Honek, gauzatzen duen zereginaren berezkoak diren abantailak izango ditu.Horrela izendatutako pertsonak atxiloketa egin duen potentziak ezarritako erregelamendu guztiak bete beharko ditu diziplina eta segurtasunaren intereserako.

94. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratuen ekintza intelektualak, hezitzaileak, jolasekoak eta kiroletakoak sustatuko ditu, eurek askatasunez erabakiko dutelarik parte hartu nahi duten edo ez.Ekintza horiek gauzatzeko neurri posible guztiak hartuko ditu eta batik bat, lokal egokiak ipiniko ditu beraien esku.

Barneratuei posible diren erraztasun guztiak emango zaizkie beraien ikasketekin jarraitzeko edo beste ikasketa berri batzuk hasteko.

Haurren eta nerabeen heziketa bermatuko da, hauek eskoletara joan daitezke, barneratzeko lekuen barnean zein kanpoan.

Barneratuek ariketa fisikoak egiteko, kiroletan parte hartzeko eta atari zabalean jokoetan parte hartzeko aukera izango dute.Helburu honekin, barneratze leku guztietan atari zabaleko espazio nahiko erreserbatuko dira.Haurrentzat eta nerabeentzat leku bereziak erreserbatuko dira.

95. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ezingo ditu barneratuak langile gisa enplegatu, ez bada barneratuek hori nahi dutelako.Edozelan ere, debekatuta daude:barneraturik ez dagoen pertsona babestu bati ezarritako lana, hori Hitzarmen honetako 40 edo 51. artikuluetako arau-haustea izan, bai eta lan iraingarri edo umiliagarrietan enplegatzea.

Sei hilabetetako lanaldia eta gero, barneratuek lan egitera uko egin diezaiokete edozein unetan, zortzi eguneko aurreabisuarekin.

Xedapen hauek ez dute kaltetzen atxiloketa egin duen potentziak duen eskubidea barneratutako medikuak, dentistak edo beste osasun langile batzuk barneratutako beste pertsonen alde beraien lanbidean jardutera behartzeko; barneratze lekuetako administrazio eta kontserbazio lanetan barneratuak enplegatzera behartzeko; sukalde lanak edo beste izaera bateko etxeko lanak agintzeko; azkenik, barneratuak aireko bonbardaketen aurka edo gerraren ondoriozko beste arrisku batzuen aurka babestera zuzendutako zereginetan enplegatzeko.Hala ere, ezingo da barneratuta dagoen pertsonarik behartu fisikoki lan horiek egiteko ezgai dela adierazi badu administrazioko mediku batek.

Atxiloketa egin duen potentziak erantzukizun osoa hartuko du lan baldintzei, mediku laguntzari, soldaten ordainketari edo lan istripuengatiko edo gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainen ordainketari dagokion guztian.Lan baldintzak, bai eta lan istripuengatiko edo gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainak, legeria nazionalaren eta ohituraren araberakoak izango dira; inolaz ere ez dira izango erregio berean izaerako bereko lanei aplikatuko litzaiekeenak baino gutxiago.Soldatak ekitatez zehaztuko dira atxiloketa egin duen potentziaren artean, bitartekarien artean eta, salbuespenez, ¿???????. Atxiloketa egin duen potentziak erantzukizun osoa hartuko du lan baldintzei, mediku laguntzari, soldaten ordainketari edo lan istripuengatiko edo gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainen ordainketari dagokion guztian. Lan baldintzak, bai eta lan istripuengatiko edo gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainak, legeria nazionalaren eta ohituraren araberakoak izango dira; inolaz ere ez dira izango erregio berean izaerako bereko lanei aplikatuko litzaiekeenak baino gutxiago.Soldatak ekitatez zehaztuko dira atxiloketa egin duen potentziaren artean, bitartekarien artean eta, salbuespenez, atxiloketa egin duen potentzia ez den nagusiaren artean, kontuan izanda potentzia honek duen betebeharra barneratuaren elikaduran dohainik laguntzeko eta bere osasun egoerak behar duen mediku laguntza emateko duen betebeharra.Hirugarren paragrafoan ezarritako lanetan iraunkortasunez enplegatutako barneratuek ekitatezko soldata bat jasoko dute atxiloketa egin duen potentziarengandik; lan baldintzak eta lan istripuengatiko eta gaixotasun profesionalengatiko kalte-ordainak ez dira izango erregio berean izaera bereko lanagatik aplikatuko litzatekeenak baino txikiagoak.

96. artikulua

Lan destakamendu oro barneratze leku baten menpe egongo da.Atxiloketa egin duen potentziaren agintari eskudunak eta barneratze lekuaren komandantea, aipatu destakamenduetako Hitzarmen honetako xedapenak betetzearen erantzule izango dira.Komandanteak bere menpe dauden lan destakamenduen zerrenda eguneratua izango du eta hori potentzia babeslearen ordezkariei, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen ordezkariei edo barneratze lekuak bisitatzen dituzten beste edozein erakunde humanitarioen ordezkariei jakinaraziko die.

VI. kapitulua

Jabetza pertsonala eta finantza baliabideak

97. artikulua

Barneratuak beraien objektuak eta erabilera pertsonaleko gaiak mantentzeko baimena dute.Ezingo zaizkie kopuruak, txekeak, titulua, etab. kendu, ezta daramatzaten baliozko objektuak ere, ezarritako prozedurekin bat etorriz egiten ez bada.Horren inguruko jaso-agiri zehaztua emango zaie.

Diru kopuruak barneratu bakoitzaren kontuan sartu beharko dira, 98. artikuluan ezarritako dagoen moduan; ezingo dira beste moneta batera aldatu, ez bada diru horren jabea barneratua dagoen lurraldeko legeriak horrela eskatzen duelako, edo barneratuaren beraren onarpenarekin egiten delako.

Ezingo zaizkie kendu, batez ere, balio pertsonal edo sentimentala duten objektuak.

Barneratua emakumea denean, beste emakume batek bakarrik erregistra dezake.

Askatuak edo aberriratuak direnean, barneratuek esku-dirutan jasoko dute 98. artikuluan xedatutakoaren arabera eramandako kontuan beraien mesedetan dagoen soldata, bai eta barneratzeak iraun bitartean kenduak izan zaizkien objektu, kopuru, txeke, titulu, etab. guztiak, salbu eta indarrean dagoen legeriaren arabera atxiloketa egin duen potentziak gorde behar dituen objektu edo baloreak.Legeria horren ondorioz ondasun bat atxikia den kasuan, interesatuak ziurtagiri zehaztua jasoko du.

Interesatuek daramatzaten familia eta nortasun agiriak ezingo zaizkie kendu, eta hori egitekotan, jaso-agiria eman beharko zaie.Interesatuek, une bakar batean ere ez dira nortasun agiririk gabe egongo.Agiri horiek ez badituzte, agiri bereziak jasoko dituzte, agintari atxilotzaileek egindakoak, eta horiek nortasun agirien ordezko izango dira barneratzea amaitu arte.

Barneratuek diru kopuru jakin bat izan dezakete esku dirutan edo erosketa txartel moduan, bakoitzak bere erosketak egiteko.

98. artikulua

Barneratu guztiek erregulartasunez laguntzak jasoko dituzte, elikagaiak eta tabakoa, norberaren garbiketarako artikulua, etab. erosteko.Laguntza horiek kredituak edo erosketa txartelak izan daitezke.

Gainera, barneratuek zein potentziaren herritar izan eta potentzia horren laguntzak jaso ditzakete, baita laguntza ematen dien edozein erakunderengandik edo berain familiengandik, bai eta beraien ondasunen alokairuak, atxiloketa egin duen potentziaren legeriarekin bat etorriz.Jatorrizko potentziak emandako laguntzen zenbatekoa berdina izango da barneratuen kategoria bakoitzarentzat (ezgaituak, gaixoak, haurdun dauden emakumeak, etab.), eta ezingo du potentzia honek ezarri ezta atxiloketa egin duen potentziak banatu ere, Hitzarmen honetako 27. artikuluan debekatutako bereizkerian oinarriturik.

Barnetegi bakoitzarentzat, atxiloketa egin duen potentziak kontu bat eramango du behar bezala, eta bertan ohartaraziko dira artikulu honetan aipatutako laguntzak, barneratuak sortutako soldatak eta egin zaizkion diru bidalketak.Kendu izan zaizkion kopuruak eta barneratuta dagoen lurraldean indarrean dagoen legeriaren arabera bere eskura gelditze direnak ere bere kontuan sartuko dira.Dagokion lurraldean indarrean dagoen legeriarekin bateragarriak diren erraztasun guztiak emango zaizkio bere familiari edo ekonomikoki bere menpe dauden pertsonei igortzeko.Kontu horretatik gastu pertsonalentzako beharrezko kopuruak atera ditzake, atxiloketa egin duen potentziak ezarritako mugen barruan.Beti emango zaizkio zentzuzko erraztasunak bere kontua kontsultatzeko edo horren laburpenak lortzeko.Kontu hau potentzia babesleari jakinaraziko zaio hori eskatzen badu eta barneratua doan leku berdinera joango da lekualdaketa kasuan.

VII. Kapitulua

Administrazioa eta diziplina

99. artikulua

Barneratze leku oro ofizial baten edo funtzionario arduradun baten menpe egongo da, indar armatu arruntetan aukeratua edo atxiloketa egin duen potentziaren administrazio zibil arruntaren mailakoen artean.Barneratze lekuaren ofizialak edo funtzionario buruak Hitzarmen honen testua izango du bere herrialdeko hizkuntzan edo hizkuntza ofizialetako batean, eta Hitzarmenaren aplikazioaren erantzukizuna bereganatuko du.Zaintza langileei Hitzarmen honen xedapenen inguruan eta bere aplikazioari buruzko erregelamenduen inguruan irakatsiko zaie.

Barneratze lekuaren barnean eta barneratuek ulertzen duten hizkuntza batean, Hitzarmen honen testua eta honekin bat etorriz hitzartutako akordio berezien testuak egongo dira, edo barneratze komitearen esku egongo dira.

Izaera guztietako erregelamenduak, aginduak eta oharrak barneratuei jakinarazi beharko zaizkie; barneratze lekuen barnean ikusgai egongo dira barneratuek ulertzen duten hizkuntza batean.

Barneratuei banan-banan zuzendutako agindu eta manu guztiak ere ulertuko duten hizkuntza batean emango zaizkie.

Diziplinak barneratze lekuetan printzipio humanitarioekin bateragarriak izan behar du eta ez du eragingo, inolaz ere, barneratuei euren osasunarentzat arriskutsuak diren lan fisikoak edo izaera fisiko edo moraleko neurri apalesgarriak ezartzen dizkieten erregelamenduak.Tatuajeak edo gorputzean identifikazio marka edo zeinuak jartzea debekatuta dago.

Era berean debekatuta daude zaindariak edo zerrenden pase luzeak, zigor gisa ezarritako ariketa fisikoak, maniobra militarreko ariketak eta elikura murrizketak.

101. artikulua

Barneratuek eskubidea izango dute, zein agintaritza militarren esku egon eta horiei menpe dauden erregimenaren inguruko eskaerak aurkezteko.

Eskubidea izango dute baita ere, inolako murrizketarik gabe, barneratuen batzordearen bitartez edo beraiek zuzenean, beharrezkoa dela uste badute, potentzia babesleen ordezkariengana zuzentzeko, barneratze erregimenaren inguruan dituzten kexa arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko.

Halako konponbideak eta kexak berehala eta inolako aldaketarik gabe igorri beharko dira.Kexak oinarririk gabekoak suertatu arren, horrek ez du inolako zigorrik eragingo.

Barneratuen batzordeek barneratze lekuen egoeraren inguruan eta barneratuen beharrizanei buruzko aldizkako txostenak bidal diezazkiekete potentzia babesleen ordezkariei.

102. artikulua

Barneratze leku bakoitzean, barneratuek askatasunez eta boto sekretu bidez sei hilabete bakoitzean batzorde arduradun bateko kideak hautatuko dituzte, batzorde honek atxiloketa egin duen potentziaren agintarien aurrean, potentzia babeslearen aurrean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen aurrean eta laguntza ematen dien beste edozein erakunderen aurrean ordezkatu ditu.Batzorde honetako kideak berriz hautatuak izan daitezke.

Aukeratutako barneratuak jardunean hasiko dira beraien aukeraketa atxiloketa egin duten agintariek onartu eta gero.Potentzia babesle interesatuei salbuespenezko ukatze edo kargugabetzeen arrazoiak jakinarazi beharko zaizkie.

103. artikulua

Barneratuen batzordeek barneratuen ongizate fisikoa, morala eta intelektualaren sustapenean lagundu beharko dute.

Batik bat, interesatuek beraien artean elkar laguntzeko sistema bat antolatzea erabakitzen badute, antolakunde hori batzordeen ardurakoa izango da, Hitzarmen honek beste xedapen batzuetan esleitzen zaizkien beste zeregin berezi batzuez gain.

104. artikulua

Barneratuen komiteetako kideei ezingo zaie behartu bestelako lanik egitera, horrekin euren zereginean jardutea oztopatzen bada.

Batzordeetako kideek barneratuen artean behar dituzten laguntzaileak izenda ditzakete.Erraztasun material guztiak emango zaizkie eta, batik bat, nolabaiteko mugikortasun-askatasuna, berain zereginak gauzatzeko beharrezkoa dena (lan destakamenduetara bisitak, merkatugaien jasoketa, etab.).

Potentzia atxilotzaileekin, potentzia babesleekin, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearekin, bai eta barneratuei laguntzen dieten erakundeekin gutun korrespondentzia eta telegrafia-korrespondentziarako erraztasun guztiak ere emango dizkiete.Destakamenduetan dauden batzordeen kideek erraztasun berdinen onurak izango dituzte barneratze lekuko komite printzipalarekin korrespondentzia izateko.Korrespondentzia hauek ez dira mugatuko eta ez da kontsideratuko 107. artikuluan aipatutako gertakizunen osagai direnik.

Batzordeko kiderik ezin izango da lekualdatu ez bazaio zentzuzko beharrezko denbora eman bere ondorengoari aribidean dauden gaien inguruan jakinaren gainean jartzeko.

VII. Kapitulua

Kanpoaldearekin harremanak

105. artikulua

Potentzia atxilotzaileak pertsona babestuak barneratu bezain laster, zein potentziaren herritar diren eta potentzia horri eta potentzia babesleari kapitulu honetako xedapenak aplikatzeko ezarritako neurriak jakinaraziko dizkie, era berean, neurri horren aldarazpen guztien berri emango die.

106. artikulua

Barneratu orok aukera izango du, bere barneratzea hasten denetik edo, beranduenez jota, barneratze leku batera heltzen denetik aste bete geroago, bai eta, gaixotasun edo beste barneratze leku batera edo ospitale batera lekualdatze kasuan, bere familiari zuzenean eta 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralari, barneratze txartel bat bidaltzeko bere helbidearen eta osasun egoeraren berri emateko, posible bada Hitzarmen honen eranskina den ereduaren arabera.Txartel horiek ahalik eta arinen bidaliko dira, eta horien bidalketa ezin da inola ere atzeratu.

107. artikulua

Barneratuek gutun eta txartelak igorri eta jasotzea baimenduko da.Atxiloketa egin duen potentziak uste badu beharrezkoa dela barneratu bakoitzak igorritako gutun eta txartelen kopurua mugatzea, zenbateko hori ezingo da izan hilabeteko bi gutun eta lau txarteletik beherakoa, eta horiek, ahal den neurrian, Hitzarmen honen eranskinaren ereduaren arabera igorriko dira.Barneratuei zuzendutako korrespondentziari dagokionez mugak egon behar badira, muga horiek bere jatorrizko potentziak bakarrik agin ditzake salbuespenezko neurri gisa, atxiloketa egin duen potentziak eskaera egin eta gero.Gutun eta txartel horiek zentzuzko epe batean igorri beharko dira; ezingo dira atzeratu ezta atxiki ere diziplina arrazoiak direla eta.

Denbora luzean zehar beraien familiakoen berririk jaso ez duten barneratuek edo bide arruntaren bidez jaso edo igortzeko ezintasunean badaude, bai eta distantzia handiarekin beraien sendiarengandik banandurik daudenek, telegramak bidaltzeko baimena izango dute, horiei dagokien prezioa eskura daukaten monetan ordainduko dutelarik.Presa nabaria dagoen kasuan ere neurri honen onura izango dute.

Erregela orokor gisa, barneratuen korrespondentzia bakoitzaren ama hizkuntzan idatziko da.Gatazkan dauden alderdiek beste hizkuntza batzuetan egindako korrespondentzia onar dezakete.

108. artikulua

Barneratuek baimena izango dute posta bidez edo beste edozein bideren bidez, banakako bidalketak edo bidalketa kolektiboak jasotzeko, horietan bereziki elikagaiak, arropa, sendagaiak, erlijioari, ikasketei edo entretenimenduari dagokionez beraien beharrizanak asetzera zuzendutako liburuak eta objektuak bidaltzen badira.Bidalketa horiek ezingo dute, inolaz ere, atxiloketa egin duen potentzia askatu Hitzarmen honen arabera dituen betebeharretatik.

Izaera militarreko arrazoiak direla eta beharrezkoa izango balitz halako bidalketen kopurua mugatzea, potentzia babesleari, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari edo barneratuei laguntzen dieten beste edozein erakunderi, hauei bidalketa horiek igortzeko ardura eman bazaie, ohartarazi beharko da.

Banakako edo taldeko fardelen bidalketaren modalitateak potentzia interesatuen arteko akordio berezien objektu izango dira hori beharrezkoa izango balitz, eta alderdiek ezingo dute, inolaz ere, barneratuek laguntza bidalketen jasotzea atzeratu.Jaki eta arropa bidalketek ez dute libururik edukiko; orokorrean, mediku laguntzak fardel kolektiboetan bidaliko dira.

109. artikulua

Laguntza kolektiboen bidalketen jasoketa eta banaketaren inguruko modalitateei buruz potentzia interesatuen artean akordio berezirik egon ezean, Hitzarmen honetako eranskinaren erregelamendua aplikatuko da.

Goian aipatutako akordio berezietan ezingo da mugatu, inolaz ere, barneratuen komiteek duten eskubidea barneratuei zuzendutako laguntza kolektiboko bidalketen edukitza hartzeko, hori banatzeko eta horiek xedatzeko hartzaileen beraien intereserako.

Akordio horietan ere ezingo da mugatu potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearenak edo barneratuei laguntza eman eta bidalketa kolektiboen igorpena beraien kontura egiten duten edozein erakundeek duten eskubidea, bidalitakoa hartzaileen artean banatzen dela kontrolatzeko.

110. artikulua

Barneratuentzako laguntza bidalketa guztiak sarrera, aduana eta bestelako eskubide batzuetatik libre egongo dira.

Posta-tasa guztietatik salbuetsita egongo dira, bai jatorrizko herrialdean eta destinoko herrialdean, bai eta tarteko herrialdeetan ere, egiten diren bidalketa guztiak, laguntzako fardel-postalak barne, bai eta beste herrialde batzuetatik bidalitakoak diren barneratuei zuzendutako diru bidalketak edo barneratuek beraien posta bidez igorritakoak, hori zuzenean egin edo 136. artikuluan ezarritako informazio bulegoaren bidez eta 140. artikuluan aipatutako Informazio Agentzia Zentralaren bidez egin. Horretarako, Hitzarmen honen erregimenaren pean dauden barneratutako gainontzeko pertsona babestuei hedatuko zaie bereziki, kanpamenduetan edo presondegi zibiletan atxilotuta dauden etsaiaren naziokotasuna duten pertsona zibilen mesedetan 1947ko Posta Hitzarmen Unibertsalean eta Posta Hitzarmen Unibertsalaren akordioetan ezarritako salbuespenak. Akordio hauetan alderdi ez diren herrialdeek ezarritako frankiziak baldintza berdinetan emateko betebeharra izango dute.

Barneratuentzako laguntza bidalketen garraio gastuak, pisuaren ondorioz edo beste arrazoiren bat dela bide, posta bidez igorriak izan ezin direnean, atxiloketa egin duen potentziaren kargura egingo dira horren kontrolpean dauden lurralde guztietan.Hitzarmenean alderdi diren beste potentziek garraio gastuak ordainduko dituzte bakoitzari dagozkion lurraldean.

Aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera ordaindu ez diren bidalketa hauen garraioaren ondorioz sortutako gastuak, bidaltzailearen kontura izango dira.

Alderdi kontratugile gorenak barneratuek bidalitako edo hauei bidalitako telegramen tasak ahalik eta gehien murrizten ahaleginduko dira.

111. artikulua

Ekintza militarrek potentzia interesatuei 106, 107, 108 eta 113. artikuluetan ezarritako bidalketen garraioa bermatzeko duten betebeharra betetzea oztopatzen badie, potentzia babesle interesatuek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo gatazkan dauden alderdiek onartutako beste edozein erakunde bidalketa horien garraioa bermatzeaz ardura daitezke, horretarako bide egokiak erabiliz (bagoiak, kamioiak, itsasontziak edo hegazkina, etab.).Helburu honekin, alderdi kontratugile gorenek garraiobide hauetaz hornitzeko posible den guztia egingo dute eta hauen zirkulazioa baimentzeko, eta bereziki ibiltzeko beharrezko baimen agiriak emanaz.

Garraiobide hauek ondorengoak bidaltzeko ere erabil daitezke:

a) 140. artikuluan ezarritako Informazioaren Agentzia Zentralaren artean eta 136. artikuluan ezarritako bulego nazionalen artean korrespondentzia, zerrendak eta txostenak trukatzeko;

b) potentzia babesleak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak edo barneratuei laguntza ematen dien beste edozein erakundek elkartrukatzen duten barneratuei buruzko korrespondentzia eta txostenak, hori ordezkari propioekin egin zein gatazkan dauden alderdiekin egin.

Xedapen hauek ez dute inolaz ere murrizten gatazkan dauden alderdiek duten eskubidea beste garraiobide batzuk antolatzeko, horrela egitea nahiago badute, eta erabaki daitezkeen baldintzetan ibiltzeko baimen agiriak emateko.

Garraiobide hauek erabiltzeagatik sortutako gastuak modu proportzionalean ordainduko dituzte zerbitzu horiek gatazkan dauden zein alderdietako herritarrek erabili eta alderdi horiek.

112. artikulua

Barneratuei zuzendutako korrespondentziaren edo beraiek bidalitakoaren zentsura ahalik eta epe laburrenean gauzatu beharko da.

Barneratuei zuzendutako bidalketen kontrola ez da gauzatuko bidalketa horiek dituzten gaien iraupena arriskuan jartzen dituzten baldintzetan; kontrol hori hartzailearen aurrean edo berak baimendutako erkide baten aurrean egingo da.Ezingo da atzeratu banakako bidalketa edo bidalketa kolektiboen ematea zentsura zailtasunen aitzakiarekin.

Arrazoi militar edo politikoengatik gatazkan dauden alderdiek ezarritako korrespondentzia debeku oro behin-behinekoa izan beharko da eta ahalik eta iraupen laburrena izan beharko du.

113. artikulua

Potentzia atxilotzaileek bidezko erraztasun guztiak emango dituzte barneratuei zuzendutako edo hauek bidalitako testamenduak, ahalordeak edo beste edozein dokumentu igortzeko, potentzia babeslearen bitartez edo 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bidez edo beharrezko beste bide batzuen bitartez.

Edozein kasutan, potentzia atxilotzaileek barneratuei agiri horien idazketa eta modu egokian horien legeztapena erraztuko die; batik bat, legelari batekin kontsulta egiteko baimena emango zaie.

114. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak barneratze erregimenarekin eta indarrean dagoen legeriarekin bateragarriak diren erraztasun guztiak emango dizkie barneratuei beraien ondasunak administra ditzaten.Horretarako, barneratze lekutik irteteko baimen ditzakete urgentzia kasuetan eta inguruabarrek ahalbidetzen badute.

115. artikulua

Barneratu bat auzitegi baten aurrean prozesu baten alderdi den kasu guztietan, prozesu hori edozein izanda ere, atxiloketa egin duen potentziak auzitegia informatu beharko, du, interesatuak hori eskatu eta gero, bere atxiloketaren inguruan eta, lege mugen barruan, beharrezko neurri guztiak hartzen direla zaindu beharko da bere barneratzea dela eta inolako kalterik izan ez dezan bere prozesuaren prestaketa eta garapenari dagokionez, edo auzitegiak emandako edozein epairen betearazpenari dagokionez.

116. artikulua

Baimendu egingo da barneratu bakoitzak, denbora tarte erregularretan eta ahalik eta maiztasun handienarekin, bisitak izatea, batez ere bere familiartekoenak.

Larrialdi kasuan eta posible den neurrian, bereziki senitarteko baten heriotza edo gaixotasun larriaren kasuan, barneratua familia-etxera joatea baimenduko da.

IX. Kapitulua

Zigor eta diziplina zehapenak

117. artikulua

Kapitulu honetako xedapenei kalterik egin gabe, barneratuak zein lurraldetan egon eta bertan indarrean dagoen legeria aplikatzen jarraituko da barnealdiak iraun bitartean arau-hausteak gauzatzen dituzten barneratuei.

Legeetan, erregelamenduetan edo agindu orokorretan aitortzen bada barneratuek egindako egintzak zigorgarriak direla, baina ekintza berdin horiek zigorgarriak ez direla barneratuta ez dauden pertsonak egiten dituztenean, ekintza horiengatik diziplina izaerako zigorrak bakarrik ezarri ahal izango da.

Barneratu bat ezingo da behin baino gehiagotan zigortu ekintza berdinagatik edo kargu berdinagatik.

118. artikulua

Zigorra zehazteko, auzitegiek edo agintariek kontuan izango dute, ahalik eta neurri handienean, akusatua ez dela potentzia atxilotzailearen herritarra.Akusatuak egindako arau-haustearengatiko zigorra gutxitzekok askatasuna izango dute, eta honen inguruan, ez da behartuta egongo zigor horren gutxienekoa aplikatzera.

Debekatu egiten dira eguneko argirik gabeko lokaletan kartzelaratze guztiak eta, orokorrean, izaera guztietako krudelkeriak.

Diziplina edo judizio bidez ezarri zaizkien zigorrak bete eta gero, zigortuak gainontzeko barneratuak bezala tratatu beharko dira.

Barneratu baten aurreneurrizko atxiloketaren iraupena diziplina edo judizio bidez ezarritako askatasun gabetzailea den zigor guztietatik kenduko da.

Barneratuen batzordeak informatuko dira beraiek ordezkatzen dituzten barneratuen aurkako prozesu guztien inguruan, bai eta prozesu horien emaitzaren inguruan ere.

119. artikulua

Barneratuei ezar dakizkiekeen diziplina zigorrak ondorengoak dira:

1) 95. artikuluan ezarritako soldataren ehuneko 50 arteko isuna, eta horrek gehienez ere hogeita hamar eguneko iraupena izango du;

2) Hitzarmen honetan ezarritako tratuaren gainetik aitortu zaizkien abantailak ezabatzea;

3) egunean bi ordu baino gehiagoko iraupena ez duten zeregina, eta barneratze lekuaren iraupenerako gauzatzen direnak;

4) atxiloketak.

Diziplina zigorrak ez dira, inolaz ere, jasanezinak, basatiak edo arriskutsuak izango barneratuen osasunarentzat.Kontuan izan beharko da zigortuaren adina, sexua, eta osasun egoera.

Zigor berdin baten iraupena inoiz ez da jarraikako hogeita hamar egunetik gorakoa izango, hori bera aplikatuko da barneratu batek zenbait ekintzengatik modu diziplinarioan erantzun behar duen kasuetan, zigortuak direnean, ekintza horiek elkarren arteko harremana izan edo ez.

120. artikulua

Ihes egin duten barneratuek edo ihes egiten saiatu eta berriz ere harrapatuak izan direnak, ez dira horregatik zigorgarriak izango, nahiz eta berrerorleak izan, ez bada diziplina zigorrekin baino.

118. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa gorabehera, ihes baten ondorioz edo ihesaldi saiakuntza baten ondorioz zigortuak izan diren barneratuak zaintza araubide bereziaren menpe jar daitezke, hala ere, baldintza batzuk bete behar ditu: araubide horrek presoaren osasunean eraginik ez izatea, barneratze leku batean betetzea, eta horrek ez dezala eragin Hitzarmen honetan jasotako bermeetatik bat bera ere ezabatzea.

Ihesaldi batean edo ihesaldi saiakuntza batean lagundu duten barneratuek diziplina zigor batekin baino ez dira zigorgarriak izango.

121. artikulua

Ez da ihes edo ihesaldi saiakuntza kontsideratuko, berrerorlea izan arren, inguruabar astungarri gisa, barneratua auzitegien aurrean agertu behar bada ihesaldiaren bitartean egindako arau-hausteengatik.

Gatazkan dauden alderdiek zainduko dute agintaritza eskudunak barkaberak izan daitezen barneratu batek egindako arau-haustea diziplina edo judizio bidez zigortu behar den erabakitzean, batik bat ihesarekin edo ihes saiakuntzarekin lotura duten egintzei dagokienez.

122. artikulua

Diziplinaren aurkako faltak diren egintzen inguruan galdeketa bat egingo da berehala.Arau hau aplikatuko da, batik bat ihes edo ihesaldi saiakuntza kasuetan; berriz harrapatutako barneratua agintari eskudunen esku ipiniko da ahalik eta azkarren.

Barneratu guztientzat, aurreneurrizko atxiloketa, diziplina-faltaren kasuan, gutxieneko hertsira mugatuko da, eta ez da hamalau egun baino luzeagoa izango; edozein kasutan, horren iraupena ezartzen zaion askatasun gabetzailea den zigorretik kenduko da.

124 eta 125. artikuluetako xedapenak diziplina faltagatik aurreneurri gisa atxilotutako barneratuei aplikatuko zaizkie.

123. artikulua

Auzitegien eta agintari buruen eskumenari kalterik egin gabe, barneratze lekuko komandanteak edo horrek bere diziplina ahalgoa eskuordetu duen ofizial edo funtzionario arduradun batek bakarrik ezar ditzake diziplina-zigorrak.

Diziplina-zigor bat ezarri baino lehen, barneratuta dagoen akusatua zehaztasunez informatuko da egozten zaizkion egitateen inguruan.Baimena izango du bere jokabidea arrazoitzeko, bere burua defendatzeko, lekukoak deitzeko eta beharrezkoa izango balitz, interprete aditu baten zerbitzuetara jotzeko.Erabakia akusatuaren eta barneratuen batzordearen kide baten aurrean hartuko da.

Ez da hilabete baino behiago igaroko diziplina erabakia hartu eta hori betearazten den arte.

Barneratu bati diziplina-zigor berri bat ezartzen zaionean, gutxienez hiru eguneko epeak banatuko du zigor bakoitzaren betetzea, zigor horietako baten iraupena hamar egun edo gehiagokoa denean.

Barneratze lekuko komandanteak erregistro batean idatziz jaso beharko ditu ezarritako diziplina zigorrak; erregistro hau potentzia babeslearen ordezkarien eskura egongo da.

124. artikulua

Barneratuak ez dira inolaz ere presondegietara (espetxeak, presondegiak, kartzelak, etab.) eramango diziplina-zigorrak bertan betetzeko.

Diziplina-zigorrak beteko diren lokalak higiene baldintzak beteko dituzte; batez ere, logela gai nahikoa egongo da; zigortuta dauden barneratuek garbi egoteko baliabideak izango dituzte.

Diziplina-zigor bat betetzen duten barneratuta dauden emakumeak, gizonezkoen lokaletatik ezberdinak diren beste lokal batzuetan egongo dira atxilotuta eta modu zuzenean emakumeen zaintzapean egongo dira.

125. artikulua

Modu diziplinarioan zigortuak izan diren barneratuek egunero kirola egin dezakete eta atari zabalean egon daitezke, gutxienez bi orduz.

Baimena izango dute, aurretiaz eskaera eginda, egunero medikuarengana joateko; euren osasun egoerak behar duen laguntza jasoko dute eta, noizean behin, barneratze lekuko erizaindegira edo ospitale batera eramango dira.

Idazteko eta irakurtzeko baimena izango dute, bai eta gutunak bidali eta jasotzeko baimena ere.Aitzitik, zigorrak irauten duen bitartean fardelak eta diru bidalketak jasotzaileei ez emateko aukera dago; barneratuen batzordeak gordeko ditu, eta horrek erizaindegira bidaliko ditu fardel horietan dauden gai galkorrak.

Modu diziplinarioan zigortuak izan diren barneratuei ezin zaizkie ukatu 107 eta 143. artikuluetan jasotako xedapenetako onurak.

126. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziaren nazio lurraldean dauden barneratuen aurkako eginbide judizialei analogia bidez 71 eta 76. artikuluak, bi horiek barne, aplikatuko zaizkie.

X. Kapitulua

Barneratuen lekualdaketa

127. artikulua

Barneratuen lekualdaketa gizatasunez gauzatuko da beti, orokorrean trenez edo beste garraiobide batzuetan eta atxiloketa egin duen potentziaren armadak beraien lekualdaketetarako izaten dituzten baldintza berdinak izango dituzte gutxienez.Salbuespenez, lekualdaketak oinez egin behar badira, hori barneratuen egoera fisikoak ahalbidetzen badu egin daiteke soilik eta ezingo dute, inolaz ere, gehiegizko nekerik eragin.

Atxiloketa egin duen potentziak, lekualdaketan zehar, edateko ura eta elikagai nahikoa emango die barneratuei, kopuruan, kalitatean eta barietatean, osasun egoera egokian mantentzeko, bai eta arropa, ostatu egokia eta behar izan dezaketen osasun laguntza ere.Lekualdaketan zehar beraien segurtasuna bermatzeko arreta neurri egokiak hartuko ditu eta, irten aurretik, lekualdatzen diren barneratuen zerrenda osoa egingo du.

Gaixorik, zaurituta edo ezgaituta dauden barneratuak, bai eta erdi-urrenean dauden emakumeak, ez dira lekualdatuko beraien osasun egoera arriskuan jar daitekeenean bidaia dela eta, ez bada beraien segurtasunak agintzen duela.

Gerra-tokia barneratze leku batera hurbiltzen bada, barneratuak ez dira lekualdatuko, salbu eta beraien lekualdaketa segurtasun baldintza nahikoekin egin badaiteke, edo arrisku handiagoa dutenean dauden tokian geldituta lekualdatuak izanda baino.

Atxiloketa egin duen potentziak kontuan izan beharko du, barneratuen lekualdatzea erabakitzen duenean, horien interesak, bereziki, aberriratzearen edo beraien egoitza lekura bueltatzeko zailtasuna ez areagotzeko xedearekin.

128. artikulua

Lekualdaketa gauzatzen bada, barneratuei modu ofizialean jakinaraziko zaie beraien irteera eta posta-helbide berria; jakinarazpen hori aurrerapen nahikoarekin egingo da barneratuek euren ekipajea egiteko denbora izan dezaten eta euren familiak jakinaren gainean jartzeko.

Norberaren gauzak, korrespondentzia eta igorriak izan zaizkien fardelak eramateko baimena izango dute; ekipajearen pisua murritz daiteke lekualdaketaren baldintzek hala eskatzen badute, baina inolaz ere ezingo da izan hogeita bost kilo baino gutxiago barneratu bakoitzeko.

Lehenago barneratze lekura bidali zaizkien korrespondentzia eta fardelak atzerapenik gabe lekualdatu dira.

Barneratze lekuko komandanteak, barneratze batzordearekin bat etorriz, barneratuen ondasun erkideen transferentzia bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu, bai eta artikulu honetako bigarren paragrafoaren arabera ezarritako murrizketengatik barneratuek beraiek eraman ezin duten ekipajea transferitzeko.

XI. Kapitulua

Heriotza

129. artikulua

Barneratuek agintari eskudunen esku utz ditzakete beraien testamentuak, horiek testamentuen zaintza bermatuko dute.Barneratu baten heriotz kasuan bere testamentua berak izendatutako pertsonari igorriko zaio atzerapenik gabe.

Mediku batek ziurtatutako du barneratu bakoitzaren heriotza eta heriotzaren arrazoiak, eta inguruabarrak jasotzen dituen ziurtagiri bat egingo da.

Heriotz-akta ofiziala egingo da, behar bezala erregistratua, barneratze lekua dagoen lurraldean indarrean dauden aginduekin bat etorriz, eta horren kopia bat, hori zehatza dela egiaztatuta, potentzia babesleari bidaliko zaio berehala, bai eta 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralari ere.

130. artikulua

Atxiloketa egiten duten agintariek zainduko dute gatibualdian hildakoak ohorez ehorztuak izan daitezela, posible bada bere erlijioaren errituen arabera, eta hilobiak errespetatuak izan daitezela, modu egokian mantenduak eta markatuak beti antzemanak izateko moduan.

Barneraturik zeuden hildakoak banan-banan ehortziko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, honek ehortz-toki kolektibo bat egin beharra eskatzen badu.Gorpuak ezingo dira erraustuak izan, ez bada higiene edo hildakoaren erlijioaren ezinbesteko arrazoiek hala eskatzen dutelako, edo hildakoak holako nahia adierazi zuelako.Errausketa kasuan, barneratuaren heriotz aktan jasoaraziko da, horretarako arrazoiak azalduz.Atxiloketa egin duten agintaritzek kontu handiz zainduko dituzte errautsak; errautsak senide hurbilenei ahalik eta azkarren igorriko zaizkie, horiek eskatzen badute.

Inguruabarrek ahalbidetzen duten bezain laster, eta beranduenik ere borrokaldiak amaitzen direnean, atxiloketa egin duen potentziak hildako barneratuak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri igorriko dizkio, 136. artikuluan ezarritako informazio bulegoaren bitartez, hildako barneratuen hilobien zerrendak.Lista horietan hildakoen identifikaziorako beharrezko zehaztasun guztiak emango dira eta beraien hilobien kokaleku zehatza.

131. artikulua

Barneratu baten heriotza edo zauri larri oro, zentinela batek, beste barneratu batek edo beste edozein pertsonak eragindakoa, edo horietako batek eragin duelako susmoa badago, bai eta zergatia ezagutzen ez den heriotza oro, berehala ikerketa ofizial baten objektu izango da atxiloketa egin duen potentziaren aldetik.

Potentzia babeslea berehala informatuko da gai honen inguruan.Lekuko guztien adierazpenak jasoko dira eta horren inguruko txostena idatziko da, eta aipatu potentziari igorriko dio.

Ikerketak pertsona baten edo batzuen erruduntasuna frogatzen badu, atxiloketa egin duen potentziak neurri egokiak hartuko ditu erantzulearen edo erantzuleen aurka eginbide judizialak hasteko.

XII. Kapitulua

Askapena, aberriratzea eta herrialde neutraletan ospitalizazioa

132. artikulua

Barneratuta dagoen pertsona oro atxiloketa egin duen potentziak aske utziko du bere barneratzea eragin zuten arrazoiak desagertu bezain laster.

Gainera, gatazkan dauden alderdiak posible den guztia egingo dute borrokaldien bitartean akordioak egiteko, barneratu maila jakin batzuen askapena, aberriratzea, egoitza lekura bueltatzeko edo herrialde neutral batean ospitalizatzeko xedearekin, eta batik bat, haurrak, haurdun dauden emakumeak eta bular-emaileak diren emakumeak edo seme-alaba txikiak dituztenak, zaurituak eta gaixoak edo gatibualdian denbora luzean zehar egon diren barneratuak.

133. artikulua

Borrokaldiak amaitu eta gero barneratzea ahalik eta azkarren bukatuko da.

Dena den, gatazkan dagoen alderdietako baten lurraldean barneratuta egon eta beraien aurka diziplina zigor batekin bakarrik zigorgarria ez den arau-hauste batengatik zigor prozesu bat abian dagoenean, prozesua amaitu arte atxiki daitezke eta, salbuespenez, zigorra bete arte.Gauza berdina ezarriko da aurretiaz askatasun gabetzailea den zigor baten kondena izan dutenak.

Atxiloketa egin duen potentziaren eta potentzia interesatuen arteko akordioaren bitartez, borrokaldian edo lurraldearen okupazioa amaitu eta gero, sakabanatuta dauden barneratuak bilatzeko batzordeak eratu beharko dira.

134. artikulua

Borrokaldiak eta okupazioa amaitzerakoan, alderdi kontratugile gorenek posible den guztia egingo dute barneratuei beraien aurreko egoitzako lekura itzultzea bermatzeko, edo beraien aberriratzea errazteko.

135. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak ordainduko ditu askatutako barneratuak barneratu ziren unean bizi ziren lekura itzultzeko gastuak edo, bidai baten zihoala edo itsaso zabalean harrapatua izan bazen, bidaia amaitu edo abiapuntura itzuli ahal izateko beharrezko gastuak.

Atxiloketa egin duen potentziak askatua izan den barneratu bati bere lurraldean bizitzeko baimena ukatzen badio, eta aurretiaz bertan bazeukan bere ohiko egoitza, potentzia horrek ordainduko ditu aberriratze gastuak.Dena den, barneratuak nahiago badu bere herrialdera bere erantzukizun pean itzultzea, edo fideltasuna zor dion Gobernuaren aginduak betetzeko, atxiloketa egin duen potentzia ez dago behartuta bere lurretatik aurrerako gastuak ordaintzera.Pertsona bat bere eskera eta gero barneratua izan bada, atxiloketa egin duen potentziak ez dauka pertsona hori aberriratzeko gastuak ordaintzeko betebeharrik.

Barneratuak 45. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz lekualdatzen badira, lekualdaketa gauzatzen duen potentzia eta hartzen dituen potentzia ados jarriko dira bakoitzak ordaindu behar dituen gastuen inguruan.

Xedapen horiek ezingo dira izan gatazkan dauden alderdien artean hitzartu ahal izan dituzten akordio berezien aurkakoak, arerioaren esku dauden beraien herritarren truke eta aberriratzeari dagokionez.

V. Atala

Informazioen bulegoak eta Agentzia Zentrala

136. artikulua

Gatazka baten hasieran jada, eta okupazio kasu guztietan, gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak informazio bulego ofizial bat eratuko du, bere esku dauden pertsona babestuen inguruko datuak jaso eta bidaltzeaz arduratuko dena.

Ahalik eta eperik laburrenean, gatazkan dagoen alderdietako bakoitzak bulego horri igorriko dio bi astetan baino gehiago atxiloturik daramaten pertsona babestu ororen aurka beraiek hartutako neurrien inguruko informazioa, barneratua edo leku batean egotera behartua.Gainera, bere zerbitzu eskudun ezberdinei eskatuko die berehala eman diezaiotela aipatu bulego horri pertsona babestu horien egoeran gertatutako aldaketei buruzko argibideak, esate baterako lekualdaketak, askapenak, aberriratzeak, ihesak, ospitalizazioak, jaiotzak eta heriotzak.

137. artikulua

Informazio bulego nazionalak presaz igorriko du, bide azkarrenetara joz eta potentzia babeslearen eta 140. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bitartez, pertsona babestuen inguruko informazioa pertsona horiek zein potentziaren herritar izan eta potentzia horri edo beraien egoitza zein lurraldetan izan eta potentzia horri.Era berean, bulegoek pertsona babestuen inguruan beraiei zuzentzen zaizkien eskaera guztiei erantzungo diete.

Informazio bulegoek pertsona babestu baten inguruko informazioa emango dute, salbu eta datu emate horrek kalte egin diezaiokeenean pertsona interesatuari edo bere familiari.

Halako kasuetan baita ere, Agentzia Zentralari ezin izango zaio informazioa ukatu, inguruabarrei buruz behar bezala ohartarazita, 140. artikuluan aipatutako beharrezko neurriak hartuko ditu.

Bulego batek egindako idatzizko komunikazio guztiak sinadura edo zigilu batekin kautotuko dira.

138. artikulua

Informazio bulego nazionalak jasotako datuak eta berak igorritakoak datu nahikoak izan beharko dira pertsona babestua zehaztasunez identifikatu ahal izateko eta berehala bere familia jakinarazteko.Barne hartuko dute, pertsona bakoitzarentzat, gutxienez, abizena, izenak, jaiotze lekua eta data osoa, naziokotasuna, aurreko egoitza, zeinu bereziak, aitaren izena eta amaren abizena, pertsona horren inguruan hartutako neurriaren izaera eta hori zein datatan hartu zen, bai eta atxilotua izan zen lekua, korrespondentzia zein helbidetara bidal daitekeen, informatu behar den pertsonaren izena eta helbidea.

Erregulartasunek, posible bada astero, larri zauriturik edo gaixorik dauden barneratuen osasun egoerari buruzko datuak ere igorriko dira.

139. artikulua

Gainera, informazio bulego nazionala arduratuko da 136. artikuluan adierazten diren pertsona babestuek utzitako baliozko objektu pertsonalak jasotzeaz, bereziki aberriratze, askapen, ihes edo heriotza kasuan, eta objektu horiek zuzenean interesatuei igortzeaz edo, beharrezkoa izango balitz, Agentzia Zentralaren bitartez.Bulegoak objektu horiek fardel lakratuetan bidaliko ditu; objektu horiek zein pertsonei dagozkien eta pertsona horien identitateari buruzko adierazpen zehatzak erantsiko dira, bai eta fardelaren inbentario oso bat.Idatziz jasoko da, modu zehatzean, mota honetako baliozko objektuaren jasotze eta bidalketa guztiak.

140. artikulua

Herrialde neutral bakoitzean Informazio Agentzia Zentral bat sortuko da pertsona babestuei dagokienez, bereziki barneratuei.Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteak, beharrezkoa iritzi badu, potentzia interesatuei Agentzia horren antolakuntza proposatuko dio, eta antolakuntza hori gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 123. artikuluan ezarritakoa izan daiteke.

Agentzia hau bide ofizial edo pribatuen bidez lor ditzakeen 136. artikuluan ezarritako datu guztiak bateratzeaz arduratuko da; ahalik eta azkarren igorriko du pertsona interesatuen jatorrizko herrialdera edo egoitza herrialdera, salbu eta datu horiek zein pertsonen ingurukoak izan eta pertsona horiei edo bere familiari igorpenak kalte egin diezaiekeenean.Igorpen horiek gauzatzeko erraztasun guztiak jasoko ditu gatazkan dauden alderdietatik.

Alderdi kontratugile gorenek, eta batik bat Agentzia Zentralaren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren herrialdeak, Agentziari beharrezko finantza laguntza emateko gonbitea egingo zaie.

Ez da kontsideratu behar xedapen hauek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen eta 142. artikuluan aipatutako laguntza sozietateen jarduera humanitarioa mugatzen dutela.

141. artikulua

Informazio bulego nazionalak eta Informazio Agentzia Zentralak posta-frankiziaren abantaila izango dute, bai eta 110. artikuluan ezarritako salbuespen guztiena ere eta, posible den neurrian, telegrafia-frankizia edo, gutxienez, tarifen murrizpen handi bat izatea.

IV. Titulua

Hitzarmenaren aplikazioa

I. Atala

Xedapen orokorrak

142. artikulua

Segurtasuna bermatzeko edo bestelako edozein zentzuzko beharrizanei aurre egiteko ezinbesteko kontsideratzen dituzten neurriei kalterik egin gabe, atxiloketa egin duten potentziek ahalik eta harrera onena emango diete erlijio antolakundeei, laguntza sozietateei edo pertsona babestuei laguntza ematen dieten beste edozein erakunderi.Horiei pertsona babestuak ikuskatzeko beharrezko erraztasunak emango zaizkie, bai eta behar bezala eskuetsitako beraien ordezkariei ere, laguntzak, erlijio xedeetara zuzendutako edozein jatorri duen materiala, heziketa materiala eta jolaserakoa banatzeko, edo barneratze lekuetan barnean libre duten denbora antolatzen laguntzeko.Aipatutako sozietateak edo erakundeak, izan atxiloketa egin duen potentziaren lurraldean izan beste herrialde batean eratua ahal izango dira edo nazioarteko izaera izan dezakete.

Atxiloketa egin duen potentziak sozietateen eta erakundeen zenbatekoa mugatu ahal izango du horien ordezkariek eskumena dutenean euren lurraldean eta euren kontrolpean jarduerak zabaltzeko, dena den, mugapen horrek pertsona babestu guztiei laguntza nahikoa eta modu eraginkorrean eskaintzea ez eragozteko baldintza izango dute.

Honen inguruko Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen egoera berezia beti izango da aitortua eta errespetatua.

143. artikulua

Potentzia babeslearen ordezkariak pertsona babestuak dauden leku guztietara joateko baimena izango dute, bereziki barneratze, atxilotze eta lan lekuetara joateko.Pertsona babestuek erabiltzen dituzten lokal guztietan sar daitezke eta pertsona horiek mintza daitezke lekukorik gabe, interpretearen bitartez, beharrezkoa izango balitz.

Ikuskapen hauek ezin dira debekatu ez bada premiazko beharrizan militarrengatik baino eta soilik salbuespenez eta aldi baterako.Ezingo da horien maiztasuna ezta iraupena mugatu.

Potentzia babesleen ordezkariei askatasun guztia emango zaie ikuskatu nahi dituzten lekuak aukeratzeko.Atxiloketa egin duen potentziak edo potentzia okupatzaileak eta, salbuespenez, bisitatuak izango diren pertsonen jatorrizko potentziak, ados jar daitezke interesatuen herrikideek ikuskapenetan parte hartzeko onartuak izan daitezen.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komisioaren ordezkariek pribilegio berdinen onurak izango dituzte.Ordezkari horien izendapena beraien ekintzak zein lurraldetan gauzatu behar eta lurralde horiek zein agintaritzaren menpe egon eta potentzia horren onarpenaren menpe egongo da.

144. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute ahalik eta zabalen hedatzeko, bake garaian zein gerra garaian, Hitzarmen honen testua dagokion herrialdean, eta bereziki heziketa militarren programetan horren ikastea barneratzeko eta, posible bada, heziketa zibilean, horrela Hitzarmenaren printzipioak ezagunak izan daitezen biztanleriaren multzoaren artean.

Agintari zibilek, militarrek, polizia agintariek edo beste batuk, gerra garaian pertsona babestuen gain erantzukizuna bereganatzen dituztenak, Hitzarmenaren testua izan beharko dute eta bereziki horren xedapenen inguruan jakinaren gainean egon.

145. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek elkar jakinaraziko diote, Suitzako Kontseilu Federalaren bidez eta, borrokaldiek irauten duten bitartean, potentzia babeslearen bitartez, Hitzarmen honen itzulpen ofizialak, bai eta honen aplikazioa bermatzeko agian onartu ahal izan dituzten lege eta erregelamenduak.

146. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute egoki diren legegintza-neurri guztiak hartzeko, ondorengo artikuluan definitutako Hitzarmen honen aurkako edozein arau hauste larrietako bat gauzatu duten edo gauzatzea agindu duten pertsonei aplikatu beharreko zigor zehapen egokiak zehazteko.

Alderdi kontratugile bakoitzak edozein arau hauste larri egiteaz edo egitea agintzeaz salatuak izan diren pertsonak bilatzeko betebeharra izango du eta euren auzitegien aurrean agerrarazi beharko ditu, pertsona horien naziokotasuna edozein izanik ere.Nahiago badu, eta euren legerian zehaztutako baldintzen arabera, aukera izango du beste alderdi kontratugile interesatu bati emateko honek epai dezan, azken honek pertsona horien aurka kargu nahikoak aurkeztu baditu.

Alderdi kontratugile bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu, ondorengo artikuluan definitutako arau hauste larriez gain, Hitzarmen honetako xedapenen aurkako ekintzak ere amai daitezen.

Erruztatuek, inguruabar guztietan, prozedura bermeen eta defentsa askearen onurak izango dituzte, eta onura horiek ezingo dira izan gerrako pertsonei zor zaien tratuari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 105. artikulua eta ondorengoetan ezarritakoak baino okerragoak.

147. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren arau hauste larriak ondorengo egintzetatik edozein barneratzen dituztenak dira, Hitzarmenak babestutako pertsona edo ondasunen aurka egiten badira:nahitaezko erailketa, tortura edo gizabidezkoak ez diren tratuak, barne hartuta esperimentu biologikoak, nahita sufrimendu handiak eragitea edo osotasun fisiko edo osasunaren aurka modu larrian atentatu egitea, erbesteratzea edo legez kanpoko lekualdatzea, legez kanpoko atxiloketa, pertsona babestu bat potentzia etsaiaren indar armatuei zerbitzu ematera derrigortzea, edo Hitzarmen onen manuen arabera legebidez eta inpartzialtasunez epaitua izateko eskubideaz gabetzea, pertsonak bahituta hartzea, beharrizan militarrengatik bidezkotu gabe ondasunen hondatzea eta horietaz jabetzea, eta hondatzea eta jabetzea eskala handian gauzatuak direnean legearen kontra eta modu arbitrarioan.

148. artikulua

Alderdi kontratugileetako bat bera ere ezingo da salbuetsi, ezta berak beste alderdi kontratugile bat salbuetsi, bera edo beste alderdi kontratugile bat erori den erantzukizunez aurreko artikuluan ezarritako arau hausteen ondorioz.

149. artikulua

Gatazkan dagoen alderdietako baten eskaera eta gero, galdeketa bat hasi beharko da alderdi interesatuen artean zehaztutako modalitateen arabera, alegatutako Hitzarmenaren urraketa guztien inguruan.

Ez bada akordio batera heltzen galdeketa prozeduraren inguruan, alderdiak arbitro bat aukeratzeko ados jarriko dira, eta honek jarraitu beharreko prozeduraren gain erabakiko du.

Behin urraketa egiaztatuta, gatazkan dauden alderdiek hau amaitaraziko dute eta ahalik eta azkarren eragotziko dute.

II. Atala

Azken xedapenak

150. artikulua

Hitzarmen hau frantsesez eta ingelesez idatzita dagoBi testuak kautoak dira.

Suitzako Kontseilu Federala arduratuko da Hitzarmenaren itzulpen ofizialak errusierara eta espainolera egin daitezen.

151. artikulua

Hitzarmen hau, gaurko data izango duena, 1950eko otsailaren 12a arte sina daiteke, 1949ko apirilaren 12an Ginebran hasitako Konferentzian ordezkatutako potentzien izenean.

152. artikulua

Hitzarmen hau ahalik eta arinen berretsiko da, eta berrespenak Bernan gordailatuko dira.

Berrespen tresna bakoitzaren gordailuaren akta jasoko da, horren kopia bat, kopia zehatza dela egiaztatua, Suitzako Kontseilu Federalak igorriko die Hitzarmena zein potentzien izenean sinatu den edo atxikipena jakinarazi duten potentzia guzti horiei.

153. artikulua

Gutxienez bi berrespen tresna gordailatu eta data horretatik sei hilabetetara jarriko da indarrean Hitzarmen hau.

Ondoren, indarrean jarriko da alderdi kontratugile goren bakoitzarentzat bakoitzaren berrespen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.

154. artikulua

Lurreko gerraren lege eta ohiturei buruzko Hagako Hitzarmenarengatik behartuta dauden potentzien arteko harremanetan, Hitzarmen hori 1899ko uztailaren 29koa izan zein 1907ko urriaren 18koa, eta potentziok hitzarmen honen alderdi direnean, honek aipatutako Hagako Hitzarmenen eranskin den Erregelamenduaren II. eta III. atalak osatuko du.

155. artikulua

Indarrean sartzen den datatik, Hitzarmen hau zabalik egongo da potentzia guztien atxikipenera, berain izenean sinatu ez den bitartean.

156. artikulua

Atxikipenak idatziz komunikatuko zaizkio Suitzako Kontseilu Federalari, eta komunikazioa jaso eta sei hilabete geroago sortuko ditu ondoreak.

Suitzako Kontseilu Federalak atxikipenak komunikatuko dizkie Hitzarmena euren izenean sinatu duten potentzia guztiei edo atxikipena jakinarazi dutenei.

157. artikulua

2 eta 3. artikuluetan ezarritako egoerak eragingo dute gordailatutako berrespenak eta gatazkan dauden alderdiek borrokaldiak edo okupazioa hasi aurretik edo geroago jakinarazitako atxikipenek berehalako ondoreak sor ditzatela.Gatazkan dauden alderdien berrespen edo atxikipenen komunikazioak, biderik azkarrenaren bidez, Suitzako Kontseilu Federalak egingo du.

158. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak Hitzarmen hau salatzeko ahalmena izango du.

Salaketa idatziz komunikatuko zaio Suitzako Kontseilu Federalari, eta honek alderdi kontratugile goren guztien gobernuei komunikatuko die jakinarazpena.

Salaketak ondoreak sortuko ditu Suitzako Kontseilu Federalari jakinarazi zaioenetik urtebete igarotakoan.Dena den, potentzia salatzailea gatazkaren batean dagoenean jakinarazitako salaketak ez du inolako ondorerik sortuko bakea adostu bitartean eta, edozein kasutan, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonen askapen eta aberriratze egintzak amaitu bitartean.

Salaketa baliozkoa izango da soilik potentzia salatzailearekiko.Ez du inolako ondorerik sortuko gatazkan dauden alderdiek bete behar dituzten betebeharrekiko, jendeen zuzenbidearen printzipioen arabera, nazio zibilizatuen artean ezarritako ohituretatik, gizateria legeetatik eta kontzientzia publikoaren eskaeretatik ondorioztatzen den moduan.

159. artikulua

Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmen hau Nazio Batuen Idazkaritzan erregistraraziko du.Era berean, Suitzako Kontseilu Federalak Nazio Batuen Idazkaritza informatuko du Hitzarmen honi dagokionez jasotzen dituen berrespen, atxikipen eta salaketa guztien inguruan.

Horren fede emanaz, behean sinatzen dutenek, dagozkien ahalorde osoak gordailatu eta gero, Hitzarmen hau sinatu dute.

Ginebran egina, 1949ko abuztuaren 12an, frantsesez eta ingelesez.Jatorrizkoa Suitzar Konfederazioko artxiboetan gordailatu behar da.Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmenaren kopia bat bidaliko dio, kopia zehatza dela egiaztatuta, estatu sinatzaile bakoitzari, bai eta Hitzarmenera atxiki diren estatuei.

I. Eranskina

Osasun eta segurtasun gune eta kokapenei buruzko akordio proiektua

1. artikulua.- Osasun eta segurtasun guneak hertsiki erreserbatuta egongo dira kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoek izaten dituzten baldintzak arintzeko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 23. artikuluan eta Gerra garaian pertsona zibilen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmeneko 14. artikuluan aipatutako pertsonentzat, bai eta gune eta kokapen horien antolakuntza eta administrazioaz arduratzen diren langileentzat ere, eta bertan bildutako pertsonen laguntzarako.

Hala ere, gune horien barnean bizileku iraunkorra duten pertsonek bertan bizitzeko eskubidea izango dute.

2. artikulua.- Edozein arrazoia dela eta, osasun eta segurtasun gune batean bizi diren pertsonek ez dute gauzatuko, ez gune horren barnealdean ez eta kanpoaldean ere, operazio militarrekin edo gerrako materialaren ekoizpenarekin harreman zuzena duen inolako lanik.

3. artikulua.- Osasun edo segurtasun gune bat izendatzen duen potentziak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu bertan sartu edo egoteko eskubidea ez duten pertsona guztiei bertara heltzea debekatzeko.

4. artikulua,- Osasun eta segurtasun guneek ondorengo baldintzak izango dituzte:

a) gune horiek izendatu dituen potentziak kontrolatutako lurraldearen zati txiki bat baino ez dira izango.

b) bertan jende gutxi biziko da, bere ostatu aukerei dagokionez;

c) helburu militarrengandik eta instalazio industrial edo administratibo garrantzitsu guztietatik urruti eta halakorik gabe egongo dira;

d) ez dira egongo gerraren jarraipenerako seguruenik garrantzitsuak izan daitezkeen erregioetan.

5. artikulua,- Osasun eta segurtasun guneek ondorengo betebeharrak bete beharko dituzte:

a) bertan dauden komunikabideak eta garraiobideak ez dira erabiliko pertsonal edo material militarra lekualdatzeko, ezta igarotzeko ere;

b) inolako inguruabarretan ez dira modu militarrean defendituko.

6. artikulua.- Osasun eta segurtasun guneak markaturik egongo dira banda zeihar gorriekin hondo zuriaren gainean, kanpoaldean eta eraikinetan ipiniak.

Zauritu eta gaixoentzat bakarrik erreserbatutako guneak gurutze gorriekin marka daitezke (ilargi erdi gorriak, lehoiak eta eguzki gorriak) hondo zuriaren gainean.

Gauez, argiztapen egokiaren bitartez ere seinala daitezke

7. artikulua.- Bake garaian edo borrokaldiak hasten direnean, potentzia bakoitzak alderdi kontratugile guztiei komunikatuko die beraiek kontrolatutako lurraldean izendatutako osasun eta segurtasun guneen zerrenda eta gatazka baten bitartean izendatutako beste edozein gune berriren inguruan informatuko ditu.

Etsaiak goian aipatutako jakinarazpena jaso bezain laster, gunea legez eratua geldituko da.

Hala ere, alderdi aurkariak uste badu modu nabarmenean ez dela betetzen hitzarmen honetan xedatutako baldintzaren bat, gunea onartzera uka daiteke gune hori zein alderdiren menpe egon eta alderdi horri presaz bere ezekoa jakinaraziz, edo bere onarpena 8. artikuluan ezarritako kontrola ezartzearen mende jarriz.

8. artikulua.- Alderdi aurkariak izendatutako osasun edo segurtasun gune bat edo batzuk onartu dituen potentzia bakoitzak, eskubidea izango du batzorde berezi batek edo batzuek gune horiek hitzarmen honetan aipatutako baldintzak bildu eta betebeharrak betetzen dituztela egiazta dezatela eskatzeko.

Horretarako, batzorde berezien kideek, une oro, gune ezberdinetara sartzeko askatasuna izango dute eta horietan etengabe ere bizi daitezke.Beraien kontrol misioa gauzatzeko erraztasun guztiak emango zaizkie.

9. artikulua.- Batzorde bereziek hitzarmen honen xedapenen aukakoak iruditzen zaizkien egintzak frogatzen badituzte, gune hori zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri berehala komunikatuko dio eta bost eguneko epea emango diote, gehienez, egintza horiek zuzentzeko; guen hori onartu duen potentziari egintza honen berri emango diote.

Epe hori igarotakoan, gunea zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek oharra kontuan hartu ez badu, aukako alderdiak aitor dezake gune horrekiko hitzarmen honegatik jada derrigortuta ez dagoela kontsideratzen duela.

10. artikulua.- Osasun edo segurtasun gune bat edo batzuk izendatu dituen potentziak, bai eta horien existentzia jakinarazi zaizkien alderdi aurkariek, 8 eta 9. artikuluetan aipatutako batzorde berezien kide izan daitezkeen pertsonak izendatuko dituzte, edo potentzia neutralek aukeratzeko utziko dute.

11. artikulua.- Osasun eta segurtasun guneak ezingo dira, inolaz ere, erasotuak izan, eta gatazkan dauden alderdiek beti babestu eta errespetatuko dituzte.

12. artikulua.- Lurralde baten okupazio kasuan, bertan dauden osasun eta segurtasun guneak babestuak izaten jarraitu beharko dute eta xede horretarako erabiltzen.

Hala ere, potentzia okupatzaileak horien erabilera alda dezake bertan zeuden pertsonek izango duten zoria zein den bermatu eta gero.

13. artikulua.- Potentziek osasun eta segurtasun guneen helburu berdinarekin aukeratutako herriei ere aplikatuko zaie Hitzarmen hau.

II. Eranskina

Barneratu zibilentzako laguntza kolektiboei buruzko erregelamendu proiektua.

1. artikulua.- Barneratuen batzordeei euren ardurapean dauden laguntza kolektiboak banatzeko baimenduta egongo dira, banaketa hori administratiboki bere kanpamenduari dagozkion barneratu guztien artean egin beharko da, barne hartuta ospitaletan, espetxeetan edo bestelako espetxe-establezimenduetan daudenak.

2. artikulua.- Laguntza kolektiboen bidalketen banaketa emaileen jarraibideen arabera egingo dira eta barneratuen batzordeek ezarritako planekin bat etorriz; hala ere, mediku laguntzen banaketa, posible bada, mediku-buruekin bat etorriz gauzatuko da. Mediku-buruek jarraibide horiek indargabe ditzakete ospitaleetan, euren pazienteen beharrizanak hala eskatzen duten neurrian. Horrela definitutako esparruan, banaketa hau beti egingo da modu ekitatiboan.

3. artikulua.- Jasotako gaien kopurua eta kalitatea egiaztatu ahal izateko eta honen inguruan, emaileei igorriko zaizkien txosten zehatzak idazteko, barneratuen batzordeen kideek baimena izango dute laguntza kolektiboen bidalketak heltzen diren estazioetara eta euren barneratze lekutik gertu dauden beste toki batzuetara joateko.

4. artikulua.- Barneratuen batzordeek beharrezko erraztasunak izango dituzte laguntza kolektiboen banaketa egin dela egiaztatzeko, bere kanpamenduko azpi banaketa guztietan eta eranskin guztietan, bere jarraibideekin bat etorriz.

5. artikulua.- Baimendu egingo da barneratuen batzordeek bete dezatela eta betetzea egin diezaietela, lan destakamenduetan batzorde horien kideei edo ospitaleetako mediku-buruei, emaileei igorriko zaizkien formulario edo galdeketak eta laguntza kolektiboen buruzkoak direnean (banaketa, beharrizana, kopuruak,etab.). Halako formulario eta galdeketak, behar bezala beteta, emaileei igorriko zaizkie atzerapenik gabe.

6. artikulua.- Euren barneratze lekuetako barneratuei laguntza kolektiboaren banaketa zuzena bermatzeko eta kasuan-kasuan, barneratu berri gehiago heltzeak sor ditzakeen beharrizanei aurre egin ahal izateko, barneratuen batzordeek laguntza kolektiboen erreserba nahikoak sortu eta mantentzeko baimena izango dute. Horretarako, biltegi egokiak izango dituzte; gordailu bakoitzaren atean bi sarraila egongo dira; bateko giltza barneratuen batzordeak izango du, eta bestearena barneratze lekuko komandanteak.

7. artikulua.- Alderdi kontratugile gorenek eta, batik bat, atxiloketa egin duten potentziek baimendu egingo dute, posible den neurrian eta biztanleria hornitzeari buruzko erregelamenduari kalterik egin gabe, barneratuei laguntza kolektiboak banatzeko bere lurraldean egindako erosketa guztiak; era berean, funtsen eta bestelako finantza-neurrien, neurri tekniko edo administratiboen lekualdaketak erraztuko dituzte, erosketa horiei dagokienez.

8. artikulua.- Aurreko xedapenek ez dute gutxiesten barneratuek duten eskubidea laguntza kolektiboak jasotzeko barneratze leku batetara heldu aurretik edo euren lekualdaketan zehar, ezta potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komisioaren ordezkariek edo barneratuei laguntza ematen dien beste edozein erakunde eta laguntza horiek emateaz arduratzen direnen ordezkariek duten aukera, egoki iritzi duten beste edozein bideren bidez euren jasotzaileei banaketa bermatzeko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra