Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak, genozidioa barne

Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa

1948-12-09

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

1948ko Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa;

Biltzar Orokorrak onetsi eta sinadura eta berrespenerako edo atxikimendurako irekia, 1948ko abenduaren 9ko 260 A (XX) ebazpenean

Indarrean jartzea:1951eko urtarrilaren 12an, XIII. artikuluarekin bat etorriz.

Alderdi kontratugileek

Kontuan hartuta Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, 1946ko abenduaren 11ko 96 (I) ebazpenean adierazi zuela genozidioa nazioarteko zuzenbide-delitua dela, Nazio Batuen espirituaren eta helburuen aurka doana eta gizateriak gaitzetsi egiten duela,

Aitortuz historian zeharreko aldi guztietan, genozidioak zenbat kalte eragin dion gizateriari,

Jakitun izanik gizateria hain zigor higuinetik askatzeko beharrezkoa dela nazioarteko lankidetza,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. artikulua

Alderdi kontratugileek baieztatzen dute genozidioa, bake nahiz gerra garaian egina izan, nazioarteko zuzenbide-delitua dela; hartara, haiek konpromisoa hartzen dute halakoa prebenitzeko eta zigortzeko.

II. artikulua

Konbentzio honetan, genozidiotzat hartzen da jarraian aipatuko diren egintzetatik edozein, horiek egiten direnean nazio-, etnia-, arraza- edo erlijio-talde bat, oso-osorik edo zati batean, suntsitzeko asmoarekin.

a) Talde bateko kideak hiltzea;

b) Talde bateko kideen osotasun fisiko edo mentalari lesio larriak eragitea;

c) Taldea, hala nahita, ezartzea, oso-osorik edo zati batean, suntsiketa fisikoa ekarriko dion bizitza-baldintzen menpean;

d) Taldearen barruan jaiotzak eragozteko neurriak ezartzea;

e) Haurrak halabeharrez lekualdatzea talde batetik beste talde batera.

III. artikulua

Ondorengo egintzak zigortu egingo dira:

a) Genozidioa;

b) Genozidioa egiteko elkartzea;

c) Genozidioa egiteko zirikatzea, zuzenean eta jendaurrean;

d) Genozidioa egiteko saiakuntza;

e) Genozidioa egiteko sopikuntza,

IV. artikulua

Genozidioa edo III. artikuluan zerrendatutako beste egintzetatik edozein egin duten pertsonek zigorra jasoko dute, pertsona horiek agintariak, funtzionarioak edo partikularrak izanik ere.

V artikulua

Alderdi kontratugileek konpromisoa hartzen dute, kasuan kasuko konstituzioen arabera, beharrezko legegintza-neurriak hartzeko konbentzio honen xedapenen aplikazioa ziurtatzeko, eta bereziki, zigor-zehapen eragingarriak ezartzeko, genozidioa edo III. artikuluan zerrendatutako egintzetatik edozein egiteagatik pertsona errudunek zigorra jaso dezaten.

VI. artikulua

Genozidioa edo III. artikuluan zerrendatutako egintzetatik edozein egiteagatik akusatutako pertsonak zein estatuko lurraldean egintza egin eta estatu horretako auzitegi eskudunak epaituko ditu, edo nazioarteko zigor gorteak, horretarako eskumena badu, bere jurisdikzioa aitortu duten alderdi kontratugileei dagokienez.

VII. artikulua

Estradizio ondorioetarako, genozidioa eta III. artikuluan zerrendatutako beste egintzak ez dira delitu politikotzat hartuko.

Kasu horretan, alderdi kontratugileak konpromisoa hartzen dute estradizioa emateko euren legeriaren eta indarrean dauden itunen arabera,

VIII. artikulua

Alderdi kontratugile orok Nazio Batuen organo eskudunengana jo ahal izango du, horiek har ditzaten, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, egokiak irizten zaizkien neurriak, genozidio-egintzak edo III. artikuluan zerrendatutako beste egintzak prebenitzeko eta zigortzeko.

IX. artikulua

Alderdi kontratugileen arteko eztabaidak, konbentzio honen interpretazioari, aplikazioari edo betetzeari buruzkoak, barne hartuta estatu baten erantzukizunari dagozkionak ere, dela genozidio arloan, dela III. artikuluan zerrendatutako beste edozein egintzen esparruan, Nazioarteko Justizia Gortearen menpe geratuko dira, eztabaidaren alderdietako batek hala eskatuta.

X. artikulua

Konbentzio honek 1948ko abenduaren 9ko data izango du; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, ingelesez, txineraz, espainieraz, frantsesez eta errusieraz egindakoak.

XI. artikulua

Konbentzio hau 1949ko abenduaren 31a baino lehen sinatu ahal izango dute Nazio Batuen estatu kide guztiek edota ondorio horretarako Biltzar Orokorrak zein estaturi gonbitea igorri eta horrek, nahiz eta erakundearen kidea ez izan.

Konbentzio hau berretsiko da eta berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkaritza Orokorrean gordailutuko dira.

1950eko urtarrilaren 1etik aurrera, Konbentzio honi Nazio Batuen estatu kide ororen izenean atxikimendua eman ahal izango da eta, halaber, kide ez den estatu ororen izenean, horretarako lehenago aipatu gonbitea jaso badu.

Berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkaritza Orokorraren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.

XIII. artikulua

Alderdi kontratugile orok, edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez, zabal dezake konbentzio honen aplikazioa, alderdiak zein lurralderen kanpo-harremanen ardura izan eta lurralde horietako guztietara edo bakan batera.

XIII. artikulua

Lehenengo hogei berrespen- edo atxikimendu-instrumentu gordailutu diren datan, Idazkari Nagusiak akta egingo du eta horren kopia bat igorriko die Nazio Batuen estatu kide guztiei eta XI. artikuluak aipatu eta kide ez diren estatuei ere.

Konbentzio hau indarrean jarriko da berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hogeigarrena zein datatan gordailutu eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

Azken data baino geroago egindako berrespen edo atxikimendu orok eragina izango du berrespen- edo atxikimendu-instrumentua zein datatan gordailutu eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

XIV. artikulua

Konbentzio honek iraungo du indarrean jarri eta hurrengo hamar urtean .

Harik aurrera, beste bost urteko aldian jarraituko du indarrean; eta ondoz ondoko epe berdinetan ere, gutxienez, epea agortu baino sei hilabete lehenago berori salatu ez duten alderdi kontratugileei dagokienez.

Salaketa Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez egingo da.

XV. artikulua

Salaketen emaitzen ondorioz, konbentzio honen alderdiek hamasei baino gutxiago izatera iristen bada, konbentzioa indargabetu egingo da salaketa horietatik azkenak zein datatan eragina izan eta data horretatik aurrera.

XVI. artikulua

Edozein unetan eta edozein alderdi kontratugilek eska dezake konbentzio hau berrikusteko, Idazkari Nagusiari idatziz zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.

Biltzar Orokorrak, halakoa bidezkoa bada, erabakiko ditu hartu beharreko neurriak, eskaera horri dagokionez.

XVI. artikulua

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta XI. artikuluak aipatu eta kide ez diren estatuei:

a) XI. artikuluaren arabera jaso dituen sinadurak, berrespenak eta atxikimenduak;

b) XII. artikuluaren arabera jasotako jakinarazpenak;

c) XIII. artikuluaren arabera, konbentzio hau indarrean jarriko den data;

d) XIV. artikuluaren arabera jasotako salaketak.

e) XV. artikuluaren arabera, konbentzioaren indargabetzea;

b) XVI. artikuluaren arabera jasotako jakinarazpenak;

XVIII. artikulua

Jatorrizko konbentzio hau Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko dira.

Kopia ziurtatua igorriko zaie Nazio Batuen estatu kide guztiei eta XI. artikuluak aipatu eta kide ez diren estatu guztiei.

XIX. artikulua

Konbentzio hau Nazio Batuen Idazkari Nagusiak erregistratuko du zein datatan indarrean jarri eta data horretan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra