Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarenbertsio kontsolidatua

2010-03-30

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Europar Batasuna

Argitalpena: DOUE, 2010/3/30, 83. zk.

EUROPAR BATASUNAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO TRATATUAREN BERTSIO KONTSOLIDATUA

ATARIKOA

BELGIARREN ERREGE JAUN GURENAK, ALEMANIAKO ERREPUBLIKA FEDERALEKO LEHENDAKARIAK, FRANTZIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ITALIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, LUXENBURGOKO DUKESA GOIEN ANDREAK, HERBEHEREETAKO ERREGINA ANDRE GURENAK(1),

ERABAKI dute Europako herrien arteko batasun gero eta estuago baterako oinarriak jartzea,

DELIBERATU dute bakoitzak bere estatuaren ekonomiaren eta gizartearen aurrerapena bermatzea, ekintza bateratu baten bidez, Europa zatitzen duten oztopoak kenduz,

FINKATU dute beren herrietako bizitzako eta laneko baldintzak etengabe hobetzea dela beren eginahalen helburua,

AINTZATETSI dute ekonomiaren garapen egonkorra, merkataritzako trukaketa orekatua eta lehia leiala bermatuko dituen ekintzak hitzartua izan behar duela, dauden oztopoak kentzeko,

KEZKA daukate beren ekonomien batasuna indartu eta ekonomia horien garapen harmoniatsua bermatzeko, eskualdeen arteko diferentziak eta onurarik gutxieneko eskualdeen atzerapena gutxituz,

NAHI IZANIK nazioarteko trukaketetarako dauden murrizketak arian-arian kentzen laguntzea, merkataritza-politika erkidea eginez,

ASMOA daukate itsasoz haraindiko herrialdeekin Europak daukan elkartasuna indartzeko, eta nahi dute herrialdeon oparotasunaren garapena bermatzea, Nazio Batuen Gutuneko printzipioekin bat etorriz,

ERABAKI dute, baliabide-multzo hau eratuz, bakearen eta askatasunaren defentsa sendotzea, eta hori bera gura duten Europako beste herriei ere eginahaletan berekin elkartzeko gonbita egiten diete,

DELIBERATU dute ahal denik eta jakintza-mailarik handienaren garapena sustatzea beren herrientzat, hezkuntzara iristeko bideak zabalduz, eta jakintzak etengabe eguneratuz, eta

Xede horrekin, ahal osoko IZENDATU DITUZTE:

(ez da ahal osokoen zerrenda jaso)

PERTSONA HORIEK, beren ahal osoak, egoki eta behar bezala aitorturik, elkarri agertu ondoren, ondorengo xedapen hauek hitzartu dituzte:

LEHENENGO ZATIA

PRINTZIPIOAK

1. artikulua

1. Tratatu honek Batasunaren funtzionamendua antolatzen du, eta Batasunak dituen eskumenak zein eremu, banaketa eta baldintzatan baliatu behar diren zehazten du.

2. Tratatu hau eta Europar Batasunaren Tratatua dira Batasunaren oinarrizko tratatuak.

Bi tratatu horiek balio juridiko berbera dute eta «Tratatuak» adierazpenarekin izendatuko dira.

I. TITULUA

BATASUNAREN ESKUMEN-KATEGORIAK ETA EREMUAK.

2. artikulua

1. Tratatuek eremu jakin batean Batasunari eskumen esklusiboa ematen diotenean, Batasunak berak bakarrik egin ahal izango ditu legeak eta berak bakarrik onartu ahal izango ditu zuzenbidearen arabera lotura-indarra duten egintzak, eta estatu kideek, berriz, estatu kide diren aldetik, Batasunak horretarako ahalmena ematen badie edo Batasunaren egintzak aplikatzeko bada, orduan bakarrik egin ahal izango dute hori.

2. Tratatuek eremu jakin batean Batasunari estatu kideekin batera partekatutako eskumena ematen diotenean, Batasunak eta estatu kideek legeak egin eta zuzenbidearen arabera lotura-indarra duten egintzak onartu ahal izango dituzte eremu horretan.

Batasunak bere eskumena baliatu ez duen neurrian baliatuko dute estatu kideek beren eskumena.

Batasunak bere eskumena baliatzeari uztea erabaki duen neurrian baliatuko dute estatu kideek beren eskumena.

3. Estatu kideek beren ekonomia- eta enplegu-politikak koordinatuko dituzte tratatu honetan ezarritako moduen arabera; modu horiek definitzeko eskumena izango du Batasunak.

4. Batasunak eskumena izango du atzerri- eta segurtasun-politika erkidea zehazteko eta aplikatzeko, Europar Batasunaren Tratatuan xedatutakoaren arabera, defentsa-politika erkidea arian-arian eratzea ere barnean hartuta.

5. Eremu jakin batzuetan eta Tratatuetan ezarritako baldintzetan, Batasunak ekintzak burutzeko eskumena izango du estatu kideen zeregina koordinatu, lagundu edo osatze aldera, Batasunak, baina, berea egin gabe estatu kideek eremu horietan duten eskumena.

Batasunak, Tratatuetan ezarritako xedapenen indarrez, eremu horiei buruz onartzen dituen egintzek, zuzenbidearen arabera lotura-indarra dutela, ezin izango dute estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenen ezein harmonizaziorik ekarri.

6. Batasunak dituen eskumenak norainokoak diren eta zein baldintzatan baliatu behar diren, Tratatuetako xedapenetan zehaztuko da eremu bakoitzari dagokionez.

3. artikulua

1. Batasunak eskumen esklusiboa izango du honako eremu hauetan:

a) aduana-batasuna; b) barne-merkatuak funtziona dezan lehiari buruz beharrezko diren arauak ezartzeko zeregina; c) diru gisa euroa darabilten estatu kideen diru-politika; d) Arrantza-politika erkideari lotuta, itsasoko baliabide biologikoak jagoteko zeregina; e) merkataritza-politika erkidea.

2. Era berean, Batasunak eskumen esklusiboa izango du nazioarteko akordioak sinatzeko orduan, betiere, hori egiteko aukera Batasunaren lege-egintza batean jasota dagoenean, bere barneko eskumena baliatu ahal izateko hitzarmen hori beharrezko denean, eta arau erkideetan eragina izan dezakeen edo arauon indarra aldaraz dezakeen neurrian.

4. artikulua

1. Tratatuek Batasunari 3. eta 6. artikuluetan aipatutako eremuei ez dagokien eskumen bat ematen badiote, eskumen hori Batasunak estatu kideekin partekatutakoa izango da.

2. Batasunak eta estatu kideek elkarrekin partekatuta dituzten eskumenak honako eremu nagusi hauetan aplikatuko dira:

a) barne-merkatua; b) gizarte-politika, tratatu honetan zehaztutako gaiei dagokienez; c) ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa; d) nekazaritza eta arrantza, itsasoko baliabide biologikoak jagoteko zeregina albo batera utzita; e) ingurumena; f) kontsumitzaileen babesa; g) garraioak;

h) Europa barruko sareak; i) energia; j) askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparrua; k) osasun publikoaren arloan segurtasuna bermatzeko gai erkideak, tratatu honetan zehaztutako arloei dagokienez.

3. Ikerketari, teknologia-garapenari eta espazioari dagozkien eremuetan, Batasunak ekintzak burutzeko eskumena izango du, bereziki, programak definitu eta egiteko jardunak burutzeko eskumena; eskumen hori baliatzeak, ordea, ez du inola ere eragotziko estatu kideek euren eskumena baliatu ahal izatea.

4. Garapenerako lankidetzari eta laguntza humanitarioari dagozkien eremuetan, Batasunak ekintzak burutzeko eta politika erkidea egiteko eskumena izango du; eskumen hori baliatzeak, ordea, ez du inola ere eragotziko estatu kideek euren eskumena baliatu ahal izatea.

5. artikulua

1. Estatu kideek beren ekonomia-politikak koordinatuko dituzte Batasunaren baitan.

Helburu hori betetzeko, Kontseiluak neurriak hartuko ditu, bereziki, politika horiek izan behar dituzten norabide nagusiei dagokienez.

Xedapen bereziak aplikatuko zaizkie diru gisa euroa duten estatu kideei.

2. Batasunak estatu kideen enplegu-politiken koordinazioa bermatzeko neurriak hartuko ditu, bereziki, politika horiek izan behar dituzten norabideak zehaztuta.

3. Estatu kideen gizarte-politikak koordinatuko direla bermatzeko ekimenak onartu ahal izango ditu Batasunak.

6. artikulua

Batasunak ekintzak burutzeko eskumena izango du estatu kideen zeregina koordinatu, lagundu edo osatze aldera.

Honako hauek izango dira ekintza horien eremuak, Europa helburu dela:

a) giza osasunaren babesa eta hobekuntza; b) industria; c) kultura; d) turismoa; e) hezkuntza, lanbide-heziketa, gazteria eta kirola;

f) babes zibila;

g) administrazioen arteko lankidetza.

II. TITULUA

APLIKAZIO OROKORREKO XEDAPENAK

7. artikulua

Batasunak bere politikak eta ekintzak beren artean koherenteak izan daitezen jagongo du, bere helburuak multzoan denak batera aintzakotzat hartuta eta eskumenak emateko printzipioa errespetatuta.

8. artikulua

(lehengo 3. artikulua EET)(1)

Ekintza guztietan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak kendu eta berdintasuna sustatzea izango du helburu Batasunak.

9. artikulua

Politika eta ekintzak zehaztu eta gauzatzeko lanetan, Batasunak kontuan hartuko ditu honako arlo hauei lotutako eskakizunak: enplegu-maila handia sustatzea, gizarte-babes egokia bermatzea, gizarteko bazterkeriaren kontra borrokatzea, eta hezkuntzan, prestakuntzan eta giza osasunaren babesean maila handia lortzea.

10. artikulua

Politika eta ekintzak zehaztu eta gauzatzeko lanetan, sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo uste sendoak, ezgaitasuna, adina edo sexu-joera arrazoi dituen bereizkeria ororen kontra borrokatzen ahaleginduko da Batasuna.

11. artikulua

(lehengo 6 artikulua EET)

Batasuneko politikak eta ekintzak zehaztu eta gauzatzerakoan, ingurumenaren babeserako eskakizunak sartu behar dira bertan, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko.

() Erreferentzia hau ohartarazteko da.

Informazio zabalagoa izateko, ikusi tratatuen lehengo eta oraingo zenbakikuntzaren arteko korrespondentzia-taulak

12. artikulua

(lehengo 153. artikulua, 2. paragrafoa, EET)

Batasuneko beste politika eta ekintza batzuk zehaztu eta gauzatzerakoan, kontsumitzaileen babeserako eskakizunak hartu behar dira kontuan.

13. artikulua

Nekazaritza, arrantza, garraioak, barne-merkatua, ikerkuntza, teknologia-garapena eta espazioa direla-eta Batasunak dituen politikak zehaztu eta burutzean, Batasunak eta estatu kideek erabat aintzakotzat hartuko dituzte animalien ongizateak dakartzan eskakizunak, sentitzen duten izakiak direnez gero, eta, aldi berean, estatu kideetako lege- eta administrazio-xedapenak eta ohiturak errespetatuko dituzte, batez ere erlijio-errituei, kultura-tradizioei eta eskualdeetako ondareei dagokienez.

14. artikulua

(lehengo 16 artikulua EET)

Batasunak eta Batasuneko estatuek, bakoitzak bere eskumenen arabera, Tratatuen aplikazio-eremuan eta Europar Batasunaren Tratatuaren 4. artikuluaren eta tratatu honen 93., 106. eta 107. artikuluei kalterik egin gabe, eta Batasunaren balio erkideen artean ekonomia-interes orokorreko zerbitzuek betetzen duten tokia, eta gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatzeko zerbitzuok jokatzen duten papera ikusita, aipatutako zerbitzuok beren eginkizunak betetzeko moduko printzipioen eta baldintzen arabera (ekonomia- eta finantza-arlokoak batez ere) jardun dezaten jagongo dute.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarriko dituzte printzipio eta baldintza horiek erregelamendu bidez, legegintzako prozedura arruntari jarraituz eta estatu kideek, tratatuak errespetatuz, zerbitzu horiek emateko, gauzatzeko eta finantzatzeko duten eskumenei kalterik egin gabe.

15. artikulua

(lehengo 255 artikulua EET)

1. Gobernamendu ona sustatzeko eta gizarte zibilak parte hartuko duela bermatzeko, Batasuneko instituzioek, organoek eta organismoek irekitasun-printzipioa ahalik eta gehien errespetatuta jardungo dute.

2. Europako Parlamentuko bilkurak jendaurrekoak izango dira, baita Kontseiluarenak ere, lege-egintza proiektu bati buruz eztabaidatu eta botoa eman behar duenean.

3. Batasuneko herritar guztiek, eta estatu kideren batean bizi edo baltzu-egoitza daukaten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, Batasuneko instituzio, organo eta organismoetako agiriak eskuratzeko eskubidea daukate, euskarria edozein dela ere, paragrafo honekin bat etorriz ezarriko diren printzipio eta baldintzen arabera.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak agiriak eskuratzeko eskubide hori gauzatzeko modua arautuko duten printzipio orokorrak ezarriko dituzte, eta interes publiko edo pribatuko arrazoiak direla medio, baita mugak ere. Erregelamendu bitartez egingo du hori, legegintzako prozedura arruntari jarraituz.

Instituzio, organo edo organismo bakoitzak bere lanen gardentasuna bermatuko du eta bere agirietara iristeko berariazko xedapenak jarriko ditu barne-erregelamenduan, bigarren lerrokadan jasotako erregelamenduetan ezarritako baldintzetan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Europako Banku Zentrala eta Europako Inbertsio Bankua administrazio-eginkizunak betetzen dituztenean bakarrik egongo dira paragrafo honek xedatzen duenari lotuta.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintza-prozedurei buruzko agirien publikotasuna ziurtatuko dute, bigarren lerrokadan jasotako erregelamenduetan ezarritako baldintzetan.

16. artikulua

(lehengo 286 artikulua EET)

1. Pertsona orok du berari dagozkion datu pertsonalak babestuta izateko eskubidea.

2. Batasuneko instituzio, organo eta organismoek nahiz estatu kideek Batasuneko Zuzenbidearen aplikazio-eremuan burutzen dituzten jardueretan datu pertsonalei buruz bete behar dituzten arauak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak finkatuko dituzte legegintzako prozedura arruntaren arabera, baita datu horien zirkulazio askerako arauak ere.

Arau horiek errespetatzen diren ala ez agintaritza independente batek kontrolatuko du.

Artikulu honen indarrez onartzen diren arauak Europar Batasunaren Tratatuaren 39. artikuluan aurreikusitako arau zehatzei kalterik egin gabe ulertuko dira.

17. artikulua

1. Batasunak errespetatu egingo du, eta ez du baldintzapean jarriko, estatu kideek, bakoitzak bere barne-zuzenbidearen arabera, elizei eta erlijio-elkarte edo -komunitateei aitortzen dieten estatutua.

2. Era berean, Batasunak errespetatu egingo du estatu kideek, barne-zuzenbidearen arabera, erakunde filosofikoei eta konfesionalak ez diren erakundeei aitortutako estatutua.

3. Beren nortasuna eta berariazko ekarpenak aitortuta, Batasunak eliza eta erakunde horiekin elkarrizketa irekia eta gardena izango du aldiro-aldiro. BIGARREN ZATIA

BEREIZKERIARIK EZA ETA BATASUNEKO HERRITARTASUNA

18. artikulua

(lehengo 12 artikulua EET)

Tratatuen aplikazio-eremuan, eta horietan aurreikusitako xedapen bereziei kalterik egin gabe, nazionalitatean oinarritutako edozein bereizkeria debekatuta dago.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, aipatutako bereizkeriak debekatzeko beharrezko arau guztiak ezar ditzakete.

19. artikulua

(lehengo 13 artikulua EET)

1. Tratatuetako beste xedapenei kalterik egin gabe, eta Tratatuek Batasunari emandako eskumenen mugen barruan, Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten bidez eta Europako Parlamentuak onartu ondoren, sexua, arraza edo jatorria, erlijioa edo sinisteak, ezgaitasuna, adina edo joera sexuala arrazoi dituen bereizkeriaren kontra borrokatzeko egokiak diren ekintzak onar ditzake.

2. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, Batasunak emandako sustapen-neurrien oinarrizko printzipioak ezarri eta neurri horiek definitu ahal izango dituzte, hartara estatu kideek 1. paragrafoan aipatutako helburuak lortzen laguntzeagatik hasitako ekintzen alde egiteko, betiere, estatuon legezko eta erregelamenduzko xedapenen harmonizazio oro albo batera utzita.

20. artikulua

(lehengo 17 artikulua EET)

1. Batasuneko herritartasuna sortzen da.

Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea daukan pertsona oro izango da Batasuneko herritar.

Batasuneko herritartasuna erantsi egiten zaio estatu kide bakoitzeko herritar izaerari, ordeztu gabe.

2. Batasuneko herritarrak Tratatuetan ezarritako eskubideen titular eta eginbeharren menpeko dira.

Besteak beste, eskubide hauek dituzte:

a)

estatu kideetako lurraldean askatasunez zirkulatzeko eta bertan bizilekua hartzeko eskubidea dute;

b)

hautesle zein hautagai izateko eskubidea dute, bai Europako Parlamenturako hauteskundeetan, bai eta bizileku duten estatu kideetako udal-hauteskundeetan ere, estatu horretako herritarrek dituzten baldintza berberetan;

c)

herritar direneko estatu kideak ordezkaritzarik ez daukan hirugarren herrialderen baten lurraldean, beste edozein estatu kidetako agintari diplomatiko eta kontsularren babesa hartzeko eskubidea dute estatu horretako herritarren baldintza berberetan.

d)

Tratatuen hizkuntzetako bat erabiltzeko eta erantzuna hizkuntza horrexetan jasotzeko eskubidea dute, Europako Parlamentuari eskaerak egin, Europako Arartekoarengana jo eta Batasuneko instituzio eta organo aholku-emaileei zuzentzean.

Eskubide horiek baliatzeko orduan badira baldintza eta muga batzuk, Tratatuek ezarritakoak eta Tratatuak aplikatuta hartutako neurriek finkatutakoak.

21. artikulua

(lehengo 18 artikulua EET)

1. Batasuneko herritar orok estatu kideetako lurraldean aske ibili eta bizi izateko eskubidea du, Tratatuetan eta Tratatuak aplikatzeko onartutako xedapenetan aurreikusitako mugekin eta baldintzetan.

2. Helburu hori lortu ahal izateko Batasunaren ekintzaren bat beharrezkoa denean, 1. paragrafoan aipatutako eskubideak gauzatzeko bideratutako xedapenak onar ditzakete Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, Tratatuek gai horretan ekiteko ahalmenak aurreikusi ez badituzte.

3. Aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, eta Tratatuek horretarako jarduteko ahalak ezartzen dituztenean izan ezik, Kontseiluak hartu ahal izango ditu, legegintzako prozedura berezi baten arabera, gizarte-segurantzaren edo gizarte-babesaren inguruko neurriak.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

22. artikulua

(lehengo 19 artikulua EET)

1. Batasuneko herritar orok, bera bizi den Batasuneko estatuan bertako herritar izan ez arren, bizi den estatuko udal-hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea dauka, estatu kide horretako herritarren baldintza berberetan.

Eskubide hori, erabili, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren Kontseiluak aho batez eta legegintzako prozedura berezi baten bidez onar ditzan modalitateei kalterik egin gabe erabiliko da; modalitate horietan salbuespenak ezar daitezke Batasuneko estaturen bateko arazo bereziak nahiko arrazoi badira.

2. Tratatu honetako 223. artikuluko 1. paragrafoan eta hori aplikatzeko onartu diren arauetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Batasuneko herritar orok, bera bizi den Batasuneko estatuan bertako herritar izan ez arren, bizi den estatu kideko Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea dauka, estatu horretako herritarren baldintza berberetan.

Eskubide hori, erabili, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren Kontseiluak aho batez eta legegintzako prozedura berezi baten bidez onar ditzan modalitateei kalterik egin gabe erabiliko da; modalitate horietan salbuespenak ezar daitezke Batasuneko estaturen bateko arazo bereziak nahiko arrazoi badira.

23. artikulua

(lehengo 20. artikulua EET)

Batasuneko herritar orok, herritar deneko estatu kideak ordezkaritzarik ez badu hirugarren herrialderen batean, beste edozein estatu kidetako agintari diplomatiko eta kontsularren babesa jaso ahal izango du, estatu horretako herritarrentzako baldintza berberetan.

Estatu kideek beharrezko diren xedapenak onartuko dituzte eta beharrezko nazioarteko negoziazioak egingo dituzte babes hori bermatzeko.

Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda onartu ahal izango ditu babes hori errazteko beharrezkoak diren koordinazio- eta lankidetza-neurriak ezartzen dituzten zuzentarauak.

24. artikulua

(lehengo 21 artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, erregelamendu-bidez, legegintzako prozedura arruntari jarraituz onartuko dituzte nahitaezko prozedura eta baldintzei buruzko xedapenak herritar-ekimenen aurkezpenerako, Europar Batasunaren Tratatuaren 11. artikuluarekin bat, baita ekimena aurkezten duten herritarren jatorri diren estatu kideen kopuru minimoa finkatzeko ere.

Batasuneko herritar orok Europako Parlamentuari eskariak egiteko eskubidea edukiko du, 227. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Batasuneko herritar orok, halaber, 228. artikuluan xedatutakoaren indarrez eratutako Arartekoarengana jo dezake.

Batasuneko herritar orok, bestalde, artikulu honetan eta Europar Batasunaren Tratatuaren 13. artikuluan aipatutako edozein instituzio, organo edo erakundetara jo dezake idatziz, tratatu horretako 55. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako hizkuntzetakoren batean, eta hizkuntza berean jaso erantzuna.

25. artikulua

(lehengo 22. artikulua EET)

Batzordeak, hiru urtean behin zati honen xedapenen aplikazioari buruz txostena emango die Europako Parlamentuari, Kontseiluari, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari.

Txosten horretan Batasunaren bilakaera hartu behar da kontuan.

Hori oinarri dela, eta Tratatuen gainerako xedapenei kalterik egin gabe, Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuak onartu ondoren, 20. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako eskubideak osatzera bideratutako xedapenak onar ditzake. Xedapen horiek indarrean sartzeko, estatu kideek onartu egin behar dituzte, nork bere konstituzio-arauen arabera.HIRUGARREN ZATIA

BATASUNAREN BARNEKO POLITIKAK ETA EGINTZAK

I. TITULUA

BARNE-MERKATUA

26. artikulua

(lehengo 14. artikulua EET)

1. Batasunak hartu beharreko neurriak hartuko ditu barne-merkatua ezartzeko edo barne-merkatuaren funtzionamendua bermatzeko, aintzat hartu beharreko tratatu-xedapenen arabera.

2. Barne-merkatuak barruko mugarik gabeko esparrua sortaraziko du, eta Tratatuetako xedapenen arabera bermatuko da bertan salgaien, pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio askea.

3. Aipatutako arlo guztietan aurrerapena orekatua izango dela bermatzeko norabideak eta beharrezko baldintzak zehaztuko ditu Kontseiluak Batzordearen proposamenaren gainean.

27. artikulua

(lehengo 15. artikulua EET)

Goiko 26 bis artikuluan aipatutako helburuak lortzeko bideratutako proposamenak egiterakoan, Batzordeak kontuan hartu behar du zein izango den garapen-maila diferentea daukaten zenbait ekonomiek barne-merkatua ezartzeko egin beharko duten ahaleginaren tamaina, eta horretarako egokiak diren xedapenak proposatu ahal izango ditu.

Esandako xedapenak salbuespen moduan onartzen badira, aldi baterako izan beharko dira, eta ahal denik eta gutxien nahastu beharko dute barne-merkatuaren funtzionamendua.

II. TITULUA

SALGAIEN ZIRKULAZIO ASKEA

28. artikulua

(lehengo 23. artikulua EET)

1. Batasunak aduana-batasuna izango du bere baitan, eta horrek salgaien trukaketa guztiak hartuko ditu, eta estatu kideen arteko inportazio-esportazioetako aduana-tarifak eta ondorio baliokideak dituzten beste ordainarazpen guztiak debekatzea ekarriko du, baita hirugarren herrialdeekiko harremanetarako aduana-tarifa erkidea onartzea ere.

2. Tratatu honetako 30. artikuluko eta titulu honetako 3. kapituluko xedapenak estatu kideetako produktuei eta hirugarren herrialdeetatik etorritakoak izan arren estatu kideetan truke askean dabiltzan produktuei aplikatuko zaizkie.

29. artikulua

(lehengo 24. artikulua EET)

Hirugarren herrialdeetatik etorritako produktuak estatu kideren batean truke askean daudela ulertuko da, baldin eta, estatu kide horretan, inportaziorako izapideak bete, eta aduana-sariak eta ondorio baliokideak dituen beste edozein ordainarazpen ordaindu bada, eta eskubide eta ordainarazpen guztiak edo zati batzuk itzultzea dakarren onurarik jaso ez badute.

1. KAPITULUA

ADUANA-BATASUNA

30. artikulua

(lehengo 25. artikulua EET)

Estatu kideen artean debeku izango dira inportazio-esportazioetako aduana-zergak eta ondorio baliokideak dituzten ordainarazpenak.

Izaera fiskaleko aduana-zergen eskubideei ere debeku hau aplikatuko zaie.

31. artikulua

(lehengo 26. artikulua EET)

Kontseiluak finkatuko ditu aduana-tarifa erkidearen eskubideak Batzordearen proposamenez.

32. artikulua

(lehengo 27. artikulua EET)

Kapitulu honetan emandako eginkizunak betetzeko, Batzordeak hauek izango ditu gidari:

a)

estatu kideen eta hirugarren herrialdeen artean merkataritzako trukaketak sustatu behar dira;

b)

lehia-baldintzak aldatuz joango dira Batasunaren barruan, betiere, bilakaera horrek enpresen lehiakortasun-gaitasuna gehitzea dakarren neurrian;

c)

Batasunaren hornidura-premiak, lehen gaietan eta erdi elaboratutako produktuetan, hain zuzen amaitutako produktuen lehia-baldintzak faltsutu ez daitezen estatu kideen artean;

d)

estatu kideen ekonomian nahasmendu larriak ekidin behar dira, eta Batasunean ekoizpena zentzuz garatzea eta kontsumoa zabaltzea bermatu behar da.

2. KAPITULUA

ADUANETAKO LANKIDETZA

33. artikulua

(lehengo 135. artikulua EET)

Tratatuen aplikazio eremuan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, Batasuneko estatuen arteko eta estatuon eta Batzordearen arteko aduanetako lankidetza indartzeko neurriak hartuko dituzte.

3. KAPITULUA

KOPURUAK MURRIZTEKO DEBEKUA ERKIDEGOKO ESTATUEN ARTEAN

34. artikulua

(lehengo 28. artikulua EET)

Estatu kideen artean debekatuta dago inportaziorako kopuruak murriztea, baita ondorio baliokideak dauzkaten beste neurri guztiak ere.

35. artikulua

(lehengo 29. artikulua EET)

Estatu kideen artean debekatuta dago esportaziorako kopuruak murriztea, baita ondorio baliokideak dauzkaten beste neurri guztiak ere.

36. artikulua

(lehengo 30. artikulua EET)

34. eta 35. artikuluetako xedapenak ez dira oztopo izango inportazioa, esportazioa edo iragaitea debekatu edo murrizteko, baldin eta jokabide hori hartzeko arrazoi badira ordena publikoa; moraltasuna eta segurtasun publikoa; pertsonen nahiz animalien osasuna eta bizitza babestea edo landaretza zaintzea; estatuko arte, historia edo arkeologiako ondarea babestea, edo industria eta merkataritzako jabetza babestea.

Hala ere, debeku edo murrizketa horiek ezin dira bidegabeko bereizkeria-moduak izan, ez eta estatu kideen artean merkataritza murrizteko ezkutuko bideak ere.

37. artikulua

(lehengo 31. artikulua EET)

1. Estatu kideek egokitu egin behar dituzte estatuko merkataritza-monopolioak, estatu kideetako herritarren artean bereizkeria guztiak ezabatuko direla bermatzeko, hornidurako eta merkatuko baldintzei dagokienez.

Baldin eta estatu kideren batek, de iure edo de facto, zuzenean edo zeharka, estatu kideen arteko inportazioak edo esportazioak kontrolatu, zuzendu edo horietan nabarmen eragiteko, organismoren bat erabiltzen badu, artikulu honetako xedapenak aplikatuko zaizkio organismo horri.

Estatuak hirugarrenei utzitako monopolioei ere berdin aplikatuko zaizkie xedapen hauek.

2. Estatu kideek ez dute parte hartuko 1. paragrafoan aipatutako printzipioen kontrako ezein neurri berritan, ez eta estatu kideen arteko aduana-zergak nahiz kopuru-murrizketak debekatzeko artikuluen edukia murrizteko ezein neurritan ere.

3. Merkataritza-monopolioren batek nekazaritzako produktuen merkaturatzea erraztu edo errentagarritasuna hobetzeko araudirik badarama berarekin batera, artikulu honetako arauak aplikatuz berme baliokideak ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira, horrekin zerikusia daukaten ekoizleen enplegurako eta bizitzaren mailarako.

III. TITULUA

NEKAZARITZA ETA ARRANTZA

38. artikulua

(lehengo 32. artikulua EET)

1. Batasunak nekazaritza- eta arrantza-politika erkidea zehaztu eta aplikatuko du.

Barne-merkatuak nekazaritza, arrantza eta nekazaritzako produktuen merkataritza hartuko ditu bere barruan.

Nekazaritzako produktu dira lurreko, abeltzaintzako eta arrantzako produktuak, baita haiekin zuzeneko zerikusia izanik lehenengo transformaziokoak diren produktuak ere.

Nekazaritza-politika erkidea eta nekazaritza aipatzen direnean, eta orobat «nekazaritza» hitza erabiltzen denean, arrantza ere hor sartzen dela ulertuko da, sektore horren ezaugarri bereziak aintzat hartuta.

2. Barne-merkatuaren ezarpenari edo haren funtzionamenduari begira ezarritako arauak aplikatuko zaizkie nekazaritzako produktuei ere, 39tik 44ra bitarteko artikuluetan, biak barne direla, kontrakorik xedatu ezean.

3. Tratatuetako I. eranskineko zerrendan datozen produktuei 39. artikulutik 44. artikulura bitartekoak aplikatuko zaizkie, biak barne.

4. Nekazaritza-politika erkidea ezartzearen eskutik joan beharko dute nekazaritzako produktuen barne-merkatuaren funtzionamenduak eta garapenak.

39. artikulua

(lehengo 33. artikulua EET)

1. Nekazaritza-politika erkidearen helburuak hauek dira:

a) nekazaritzako produktibitatea gehitzea, aurrerapen teknikoa sustatuz, eta nekazaritzako ekoizpena zentzuz garatu eta ekoizpen-faktoreak, batez ere, esku-lana, ahal denik eta ondoen erabil daitezela bermatuz;

b) nekazaritzako biztanleei bizitza-maila egokia bermatzea, batez ere nekazaritzan lan egiten duen bakoitzaren errenta gehituz;

c) merkatuak egonkor bihurtzea;

d) horniketak ziurtatzea;

e) kontsumitzaileari hornigaiak zentzuzko prezioetan bermatzea.

2. Nekazaritza-politika erkidea eta horrek eska ditzakeen metodo bereziak gauzatzeko, kontuan hartu beharrekoak dira:

a)

nekazaritzako jarduerak ezaugarri bereziak dauzkala, nekazaritzaren gizarte-egituratik eta nekazaritzako eskualdeen arteko berezko eta egiturazko desberdintasunetatik sortuta;

b)

egokitzapenak pausoka egin behar direla;

c)

estatu kide bakoitzaren barruan ekonomia osoarekin estu lotuta dagoen arloa dela nekazaritza.

40. artikulua

(lehengo 34. artikulua EET)

1. Goiko 39. artikuluan aurreikusitako helburuak lortzeko, nekazaritza-merkatuen antolakunde erkidea sortzen da.

Produktuen arabera, modu hauetakoren bat hartuko du antolaketak:

a) lehiakortasunari buruzko arau erkideak;

b) estatuetako merkatu-antolaketen derrigorrezko koordinazioa;

c) Europako merkatu-antolaketa.

2. Goiko 39. artikuluan zehaztutako helburuak lortzeko beharrezko neurri guztiak bil ditzake bere baitan 1. paragrafoan aipatutako moduren batean ezarritako antolakunde erkideak, bereziki: prezioak arautzea, produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko diru-laguntzak; biltegiratzeko sistemak eta gerakinak konpentsatzeko sistemak; eta inportazioak edo esportazioak egonkor bihurtzeko tresna erkideak.

Goiko 39. artikuluan aipatutako helburuak lortzera mugatu behar da antolakunde erkidea, eta ezabatu egin behar ditu Batasuneko ekoizleen edo kontsumitzaileen arteko bereizkeria guztiak.

Prezioen politika erkidea, zein ere den, irizpide erkideetan eta era bereko kalkulu-metodoetan oinarritu behar da.

3. Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako antolakunde erkideak bere helburuak lortu ahal izan ditzan, nekazaritza bideratu eta bermatzeko funts bat edo gehiago sortu ahal izango dira.

41. artikulua

(lehengo 35. artikulua EET)

Goiko 39. artikuluan zehaztutako helburuak lortzeko, neurri hauek aurreikus daitezke nekazaritzako politika erkidean:

a)

agronomiako jakintza-gaien lanbide-heziketan, ikerketan eta zabalkundean hasitako ahaleginen koordinazio eraginkorra, batera finantzatutako proiektuak edo instituzioak barne hartuta;

b)

b) zenbait produkturen kontsumoa sustatzeko ekintza erkideak.

42. artikulua

(lehengo 36. artikulua EET)

Lehiakortasun-arauei buruzko kapituluko xedapenak nekazaritzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeari ere aplikatu ahal izango zaizkie, baina Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zehaztutako neurrian, eta 43. artikuluko 2 paragrafoko xedapenen eremuan eta bertan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz baino ez, betiere 39. artikuluan aipatutako helburuak kontuan direla.

Kontseiluak, batzordeak proposatuta, laguntzak ematea onetsi ahal izango du:

a)

naturari dagozkion baldintzak edo egitura-baldintzak direla-eta onurarik gutxien daukaten ustiategiak babesteko;

b)

ekonomiaren garapenerako programen esparruan.

43. artikulua

(lehengo 37. artikulua EET)

1. Batzordeak proposamenak aurkeztuko ditu nekazaritza-politika erkidea prestatu eta gauzatzeari buruz, baita estatuen antolakundeak 40. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako antolakunde erkideekin ordezteari buruz ere, eta titulu honetan zehazten diren neurriak ezartzeari buruz ere bai.

Titulu honetan aipatutako nekazaritzako gaien elkarren arteko mendekotasuna eduki behar dute kontuan proposamen horiek.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari aurrez kontsultatuta, 40. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako nekazaritza-merkatuen antolakunde erkidea ezarriko dute, eta bai nekazaritza- eta arrantza-politika erkidearen helburuak lortzeko beharrezkoak diren gainerako xedapenak ere.

3. Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, gai hauei buruzko neurriak hartuko ditu: prezioak ezartzea, ordainarazpenak, laguntzak eta kantitateen mugatzea, bai eta arrantza-aukeren zehaztea eta banatzea ere.

4. Estatuetako merkatu-antolakundeak 40. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako antolakunde erkideekin ordeztu ahal izango dira, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako baldintzak betez:

a)

baldin eta antolakunde erkidearekin, neurri horren kontra jarri eta kasuan kasuko ekoizpenerako estatu barruko erakunde bat daukaten estatu kideei, ekoizleen enplegurako eta bizi-mailarako berme baliokideak ematen bazaizkie, betiere, menturazko egokitzapenen eta beharrezko berezitasunen erritmoa kontuan hartuta, eta

b)

baldin eta aipatutako antolaketa erkidearekin, Batasunaren barruko trukaketetarako, estatuko merkatuan dauden antzeko baldintzak bermatzen badira.

5. Zenbait lehengaitarako antolakunde erkidea sortzen bada, eta horien eraldaketaz sortutako produktuetarako oraindik antolakunde erkiderik ez badago, Batasunaren kanpotik inportatu ahal izango dira hirugarren herrialdeetara esportatzeko eraldatuko diren produktuetan erabiltzeko lehengai horiek.

44. artikulua

(lehengo 38. artikulua EET)

Baldin eta Erkidegoko estaturen batean produkturen bat estatuko merkatu-antolaketa bati lotuta badago, edo ondorio baliokideko barruko edozein araudiri lotuta badago, eta horrela Erkidegoko beste estaturen bateko antzerako ekoizpenen baten lehiari eragiten badio, beste estatuek konpentsazio-karga bat ezarriko diote goian aipatutako antolaketa edo araudia daukan estatutik datorren produktuari, produktu horren irteeran, dagokion estatuak berak konpentsazio-kargarik aplikatu ezik.

Batzordeak finkatuko du karga horien zenbatekoa, oreka jartzeko beharrezkoa den heinean; eta beste neurri batzuk hartzeko baimena ere eman dezake, berak zehaztutako baldintza eta moduetan.

IV. TITULUA

PERTSONA, ZERBITZU ETA KAPITALEN ZIRKULAZIO ASKEA

1. KAPITULUA

LANGILEAK

45. artikulua

(lehengo 39. artikulua EET)

1. Langileei bermatu egiten zaie zirkulazio askea, Batasunaren barruan.

2. Estatu kideetako langileen artean, nazionalitatean oinarritutako bereizkeria guztien abolizioa dakar zirkulazio askeak, enpleguari, soldatei eta gainerako baldintzei dagokienez.

3. Ordena publikoa, segurtasun publikoa eta osasun publikoa arrazoi direla jarritako mugapenei kalterik egin gabe, langileen zirkulazio askeak eskubide hauek dakartza:

a)

benetako lan-eskaintzei erantzuteko eskubidea;

b)

helburu horretarako, estatu kideetako lurraldean aske ibiltzeko eskubidea;

c)

estatu kideetakoren batean bizilekua finkatzeko eskubidea, bertan lan egin ahal izateko, estatu horretako langileen enpleguari aplika dakizkiokeen legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenen arabera;

d)

estatu kideren bateko lurraldean enplegua eduki ondoren, bertan jarraitzeko eskubidea, Batzordeak ezarritako erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan.

4. Artikulu honetako xedapenak ezin izango zaizkie aplikatu administrazio publikoko enpleguei.

46. artikulua

(lehengo 40. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, langileen zirkulazio askea benetan gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte, zuzentarau edo erregelamendu bidez, 45. artikuluan zehaztutako modukoa izan dadin; bereziki

a)

estatuetako lan-administrazioen artean lankidetza estua ziurtatuko du;

b)

estatuko legeriaren ondorioz edo estatu kideen artean lehendik sinatutako akordioen ondorioz langileen mugimenduak askatzeko edota aukeran dauden enpleguetara sartzeko eragozpen diren administrazio-prozedurak eta -jarduerak badaude, kendu egingo dituzte;

c)

estatuko legedietan edo estatuen artean aurrez lotutako akordioetan aurreikusitako epe guztiak eta gainerako murrizpenak kendu egingo dituzte, baldin eta Batasuneko beste estatuetako langileei, enpleguren bat askatasunez aukeratzeko, estatu horretako langileei ezarritako baldintzen ordez bestelakoak ezartzen badizkiete;

d)

enplegu-eskaintzak eta enplegu-eskariak elkarren artean lotzeko eta orekatzeko egoki diren tresnak ezarriko ditu, eskualde eta industria batzuetako nahiz besteetako bizi-maila eta enplegu-maila arrisku larrian jar ez daitezen.

47. artikulua

(lehengo 41. artikulua EET)

Estatu kideek, programa erkide batean, langile gazteak elkarren artean trukatzeko aukerak zabalduko dituzte.

48. artikulua

(lehengo 42. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, langileen zirkulazio askea ezartzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte gizarte-segurantzako gaietan, eta, bereziki, langile etorkinei, inoren kontura zein beren kontura lanean dihardutela, eta beren eskubidedunei ondorengo puntuak bermatzeko sistema sortuko dute:

a)

estatu bakoitzeko legedietan kontuan hartutako lan-aldi guztiak metatzea, gizarte-prestazioetarako eskubidea sortu eta gordetzeko, baita prestazioak kalkulatzeko ere;

b)

Erkidegoko estatuetako lurraldeetan egoitza daukaten pertsonei prestazioak ordaintzea.

Kontseiluko kide batek deklaratzen badu lehenengo lerrokadan aurreikusitako lege-egintzako proiekturen batek bere gizarte-segurantzako osagai garrantzitsuei kalte egiten diela —hala nola, aplikazio-eremuari, kostuari edo finantza-egiturari— edo sistema horren finantza-orekari eragiten diola, gai hori Kontseilu Europarrera bidaltzea eskatu ahal izango du; hori gertatuz gero, legegintzako prozedura arrunta etenda geratuko da.

Gaia eztabaidatu ondoren, prozedura eten eta lau hilabeteko epean, Kontseilu Europarrak:

a)

proiektua berriz ere Kontseiluari itzuliko dio, eta, horrela, legegintzako prozedura arruntaren etenaldia bukatuko da; edo, bestela,

b)

ez du erabakirik hartuko edo Batzordeari beste proposamen bat aurkezteko eskatuko dio.

Horrelakoetan, hasieran proposatutako egintza onartugabetzat joko da.

2. KAPITULUA

KOKATZEKO ESKUBIDEA

49. artikulua

(lehengo 43. artikulua EET)

Ondorengo xedapenen eremuan, debekatuta egongo dira estatu kide bateko herritarrek beste estatu kide bateko lurraldean kokatzeko daukaten askatasunaren kontrako murrizketak.

Debeku hori, halaber, estatu kide bateko lurraldean kokatuta dauden beste estatu kide bateko herritarrek agentziak, sukurtsalak edo filialak irekitzeko daukaten askatasunaren murrizketen kontra ere badoa.

Kokatzeko askatasunak berekin dakar bakoitzak bere konturako enplegua sortu eta horretan aritu ahal izatea, baita enpresak eratu eta kudeatzea ere, batez ere, sozietateak, 54. artikuluko bigarren lerrokadan zehaztuta dauden moduan, bertako herritarrentzat herrialde bakoitzeko legediek jarritako baldintzetan, kapitalei buruzko kapituluko xedapenei kalterik egin gabe.

50. artikulua

(lehengo 44. artikulua EET)

1. Jarduera zehatz batean kokatzeko askatasuna lortzeari begira, erabakia Europako Parlamentuari eta Kontseiluari dagokie, eta zuzentarau bidez hartuko dute erabakia, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren.

2. Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak aurreko xedapenetan agindutako eginkizunak bete behar dituzte, batez ere:

a)

orokorrean, lehentasuna emango diete ekoizpena eta trukaketak gehitzeko lagungarri diren jarduerei, kokatzeko askatasuna berariazko moduz horretarako baliagarria den heinean;

b)

estatuetako administrazio eskudunen arteko lankidetza estua izango dela bermatu behar dute, hain zuzen, Batasunaren barruan, eragindako jardueren egoera partikularrak ezagutu ahal izateko;

c)

estatuko legedietatik edo estatuen artean aurrez lotutako akordioetatik sortutako administrazioko prozedurak eta jarduerak ezabatu egin behar dituzte, baldin eta horiei eusteak oztopoak jartzen badizkio kokatzeko askatasunari;

d)

Erkidegoko estaturen bateko soldatapeko langile izanda, eta beste estaturen bateko lurraldean enplegatuta egonik, norbere kontura lanean jarri nahi duten langileek lurralde horretan jarraitu ahal izan dezaten jagon behar dute Kontseiluak eta Batzordeak, beti ere delako jarduera hori hasi nahi duten unean estatu horretan sartuko balira eskatuko litzaizkiekeen baldintzak betetzen badituzte;

e)

estatu kideren estaturen bateko lurraldean kokatutako jabetza higiezinak beste estatu bateko herritarren batek erosi eta aprobetxatzeko moduak aukeran utzi behar dituzte, 39. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako printzipioak hausten ez diren bitartean;

f)

kokatzeko askatasunari jarritako murrizpenak arian-arian ezabatu egin behar dituzte, aipatutako jarduera-adar guztietan, bai estatu kideetako lurraldeetan agentziak, sukurtsalak edo filialak zabaltzeko baldintzei dagokienez, bai baltzu nagusiko langileak bere agentzia, sukurtsal edo filialetako kudeaketa edo kontroleko organoetan onartzeko baldintzei dagokienez ere;

g)

54. artikuluko bigarren lerrokadan zehaztutako sozietateei estatu kideetan eskatutako bermeak koordinatu egin behar dituzte, beharrezkoa den neurrian, baliokideak izan daitezen, eta, hala, kideen eta hirugarrenen interesak babesteko;

h)

eta neurriak hartu behar dituzte kokatzeko baldintzak faltsutu ez daitezen estatu kideek emandako laguntzekin.

51. artikulua

(lehengo 45. artikulua EET)

Kapitulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko, estatu kide interesdunari dagokionez, estatu horretan botere publikoa gauzatzearekin zerikusia daukaten jarduerei, nahiz eta zerikusi hori noizean behingoa izan.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, kapitulu honetako xedapenen aplikaziotik kanpo utz ditzakete zenbait jarduera.

52. artikulua

(lehengo 46. artikulua EET)

1. Kapitulu honetako xedapenek eta xedapenon indarrez hartutako neurriek ez dute zalantzan jarriko atzerritarrentzat araubide berezia ezartzen duten legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak aplikatu daitezkeen ala ez, baldin eta ordena publikoa, segurtasun publikoa eta osasun publikoa direla-eta xedapenok arrazoizkoak badira.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, aipatutako xedapenak koordinatzeko zuzentarauak onartuko dituzte.

53. artikulua

(lehengo 47. artikulua EET)

1. Pertsona bakoitzari bere konturako jarduerak sortu eta betetzeko erraztasunak emateko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntari jarraituz, zuzentarauak onartuko dituzte batak bestearen diplomak, ziurtagiriak eta beste titulu batzuk onartzeko, eta nork bere konturako jarduerak sortzeko eta horietan aritzeko estatu kideek dauzkaten lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzeko.

2. Medikuntza, paramedikuntza eta farmaziako lanbideei dagokienez, arian-arian murrizpenak gutxitzen joateko, aurrez koordinatu egin behar dira estatu kideetan lanbideok betetzeko eskatutako baldintzak.

54. artikulua

(lehengo 48. artikulua EET)

Baldin eta estatu kideren bateko legearen arabera eratutako sozietateek beren egoitza nagusia, administrazio nagusia edo jarduera nagusiko zentroa Batasunean badaukate, estatu kideetako herritar diren pertsona fisikoen parean jarriko dira, kapitulu honetako xedapenak aplikatzeko.

Sozietateak esatean zuzenbide zibileko edo merkataritza-zuzenbideko sozietateak ulertu behar dira, kooperatibak barne, baita zuzenbide publiko edo pribatuko gainerako pertsona juridikoak ere, irabazteko xederik ez daukatenak salbuespen izanda.

55. artikulua

(lehengo 294. artikulua EET)

Batasuneko estatuek beren herritarrei ematen dieten tratua emango diete Batasuneko beste estatuetako herritarrei ere, 54. artikuluan zehaztutako sozietateetako kapitalean finantza-partaidetza izateari dagokionez, Tratatuetako gainerako xedapenak aplikatu beharra albo batera utzi gabe.

3. KAPITULUA

ZERBITZUAK

56. artikulua

(lehengo 49. artikulua EET)

Hurrengo xedapenen eremuan, debekatuta utziko dira Batasuneko herrialde batean kokatuta dauden Batasuneko estaturen bateko herritarrei estatu kide batean zerbitzuak aske emateko murrizpenak, nahiz eta herrialde hori ez izan prestazio-hartzailea.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, hirugarren estatu bateko herritarrak izan eta Batasunean kokatuta dauden zerbitzu-emaileei zabaldu ahal izango dizkiete kapitulu honetako xedapenen onurak.

57. artikulua

(lehengo 50. artikulua EET)

Tratatuen arabera, zerbitzutzat hartuko dira normalean ordainketa baten truke egindako prestazioak, baldin eta salgai, kapital eta pertsonen zirkulazio askeari buruzko xedapenek arautzen ez badituzte.

Zerbitzuon artean sartzen dira, bereziki:

a) industriako jarduerak;

b) merkataritzako jarduerak;

c) eskulangintzako jarduerak;

d) lanbide liberaletako jarduerak.

Kokatze-eskubideari buruzko kapituluko xedapenei kalterik egin gabe, zerbitzu-emaileak, prestazio hori gauzatzeko, prestazioa burutzen ari den estatu kidean bete dezake bere jarduera aldi batean, estatu kide horrek bertako herritarrei ezar diezazkien baldintza berberetan.

58. artikulua

(lehengo 51. artikulua EET)

1. Garraioei buruzko zerbitzuak aske emateko, garraioei buruzko tituluko xedapenak izango dira arautzaile.

2. Kapitalen zirkulazioaren liberalizazioarekin harmonizatuta egingo da kapital-mugimenduei lotutako banku- eta aseguru-zerbitzuen liberalizazioa.

59. artikulua

(lehengo 52. artikulua EET)

1. Zerbitzu jakin baten liberalizazioa lortzeko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zuzentarau bidez erabakiko dute, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren.

2. Goiko 1. paragrafoan aurreikusitako zuzentarauak, orokorrean, lehentasunez ekoizpen-kostuetan eragin zuzena daukaten zerbitzuei buruzkoak izango dira, baita, liberalizatuta, salgaien trukaketa errazten duten zerbitzuei buruzkoak ere.

60. artikulua

(lehengo 53. artikulua EET)

Batasuneko estatuek ahaleginak egingo dituzte 59. artikuluko 1. paragrafoa aplikatuz onartutako zuzentarauen indarrez eskatutako zerbitzu-liberalizazioa baino liberalizazio handiagoa ezartzeko, baldin eta beren ekonomiaren egoera orokorrak eta kasuan kasuko sektoreko egoerak uzten badiete.

Batzordeak, helburu horrekin, gomendioak egingo dizkie interesdun diren estatuei.

61. artikulua

(lehengo 54. artikulua EET)

Harik eta zerbitzuak aske betetzeko murrizpenak ezabatu arte, 56. artikuluko lehenengo lerrokadan aipatutako zerbitzu-emaile guztiei aplika diezazkieke murrizpenok estatu kide bakoitzak, nazionalitaterik edo egoitzarik kontuan hartu gabe.

62. artikulua

(lehengo 55. artikulua EET)

Biok barne direla, 51. artikulutik 54. artikulura artekoetako xedapenak aplika dakizkieke kapitulu honetan araututako gaiei.

4. KAPITULUA

KAPITALA ETA ORDAINKETAK

63. artikulua

(lehengo 56. artikulua EET)

1. Kapitulu honetako xedapenen eremuan, debekatuta dago estatu kideen arteko eta estatu kideen eta hirugarren herrialdeen arteko kapitalen mugimenduei edozein murrizketa jartzea.

2. Kapitulu honetako xedapenen eremuan, debekatuta dago estatu kideen arteko eta estatu kideen eta hirugarren herrialdeen arteko ordainketei edozein murrizketa jartzea.

64. artikulua

(lehengo 57. artikulua EET)

1. Estatu bakoitzeko zuzenbidearen arabera zein Batasuneko zuzenbidearen arabera, kapitalen mugimenduen gainean 1993ko abenduaren 31n zeuden murrizketak hirugarren herrialdeei aplikatzeari kalterik egin gabe ulertu behar da 63. artikulua, berdin delarik kapitalok hirugarren herrialdeetara bidaltzen diren edo herrialde horietatik datozen eta, betiere, baldin eta zuzeneko inbertsioak badira —ondasun higiezinetakoak barne—, edota kokatzeko, finantza-zerbitzuak emateko edo kapitalen merkatuetan balio-tituluak onartzeko badira.

Bulgariako, Estoniako eta Hungariako estatuetako legeriaren indarrez dauden murrizketei dagokienez, kontuan hartuko den eguna 1999ko abenduaren 31 izango da.

2. Estatu kideen eta hirugarren herrialdeen arteko kapitalen zirkulazio askeari ahal den mailarik gorenean eutsi nahi izanda ere, eta tratatuetako gainerako kapituluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, neurriak hartuko dituzte kapitalen mugimenduei buruz, bai beste herrialde batzuetara badoaz, bai herrialde horietatik badatoz , baldin eta zuzeneko inbertsioak badira —ondasun higiezinetakoak barne— eta kokatzeko, finantza-zerbitzuak emateko edo kapitalen merkatuetan baloreak onartzeko badira.

3. Kapitalen mugimenduen liberalizazioari dagokionez, kapitalak hirugarren herrialdeetara joan nahiz herrialde horietatik etorri, Batasunaren zuzenbidean atzerakadaren bat gertatu ahal izateko, Kontseiluaren legegintzako prozedura berezi baten arabera, aho batez eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda bakarrik ezarri ahal izango ditu neurriak, 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera.

65. artikulua

(lehengo 58. artikulua EET)

1. 63. artikuluan xedatutakoa gorabehera, estatu kideek beretzat gordeko dute:

a)

bizilekuaren arabera edo kapitala inbertituta dagoen tokiaren arabera egoera desberdinetan aurkitzen direla-eta zergadunen arteko bereizketa egiten duten zerga-zuzenbideko xedapenak aplikatzeko eskubidea;

b)

estatu bakoitzeko zuzenbidea eta araubidea haustea galarazteko beharrezko neurriak hartzeko eskubidea, bereziki zerga-arloan eta finantza-erakundeen zuhurtziazko ikuskapen-arloan; administrazioko edo estatistikako informazioa lortzea xede izanik, kapitalen mugimenduen aitorpenak egiteko prozedurak ezartzeko eskubidea; edo ordena publikoa edo segurtasun publikoa dela-eta bidezkoak diren neurriak hartzeko eskubidea.

2. Kapitulu honetako xedapenak ez dira oztopo izango kokatze-eskubideari buruz Tratatuekin bateragarri diren murrizketak aplikatzeko.

3. Goiko 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako neurriak eta prozedurak ezin izango dira izan ez bidegabekeriazko bereizkeria-modu bat, ez 63. artikuluan zehaztu den kapitalen eta ordainketen zirkulazio askea murrizteko estalki bat ere.

4. Batzordeak, 64. artikuluko 3. paragrafoan jasotakoaren araberako aplikazio-neurririk ezean, edo Kontseiluak, estatu kide interesdunak eskaera egin eta hiru hilabeteko epean Batzordeak erabakirik hartu ez badu, erabakia hartu ahal izango dute, horren bidez aitortzeko, estatu kide batek hirugarren herrialdeekiko hartutako zerga-neurri murrizgarriak Tratatuekin bateragarritzat joko direla, Batasunaren xedeetakoren batek hori justifikatzen duen neurrian eta barne-merkatuaren funtzionamendu egokiarekin bateragarriak diren heinean.

Kontseiluak aho batez erabakiko du, estatu kide batek eskaera egin ondoren.

66. artikulua

(lehengo 59. artikulua EET)

Baldin eta, salbuespeneko egoeretan, kapitalen mugimenduek, bai hirugarren herrialdeetara doazenak, bai herrialde horietatik datozenak, ekonomia eta diru batasunaren funtzionamendurako zailtasun larriak sortzen badituzte, edo sortzeko mehatxua agertzen badute, Kontseiluak Batzordeak proposatuta eta Europako Banku Zentralari kontsulta egin ondoren, sei hilabete baino luzeago joko ez duen eperako, behar-beharrezko diren babes-neurriak har ditzake hirugarren herrialdeekiko.

V. TITULUA

ASKATASUN-, SEGURTASUN- ETA JUSTIZIA-ESPARRUA

1. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

67. artikulua

(Lehengo 61. artikulua EET eta 29. artikulua EBT)

1. Batasuna askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparrua da, oinarrizko eskubideen errespetuaren itzalpean eta estatu kideen sistema eta tradizio juridikoen errespetuaren itzalpean.

2. Batasunak barruko mugetan pertsonen kontrolik ez dela egongo bermatuko du, eta asilo-, immigrazio- eta kanpoko mugetarako kontrol-politika erkidea garatuko du, estatu kideen arteko elkartasunean oinarriturik, eta hirugarren herrialdeetako herritarrei dagokienez ekitatiboa izango dena.

Titulu honetako ondorioetarako, aberrigabeak hirugarren herrialdeetako herritarren parekoak izango dira.

3. Batasuna segurtasun-maila handia lortzen saiatuko da, eta, horretarako, delinkuentzia, arrazakeria eta xenofobia saihesteko eta borrokatzeko neurriak eta polizia-agintarien, auzietarako agintarien eta beste agintari eskudunen artean koordinazioa eta lankidetza lortzeko neurriak erabiliko ditu eta, gainera, batak bestearen zigor-arloko ebazpen judizialak onartuko ditu, eta, beharrezkoa bada, zigor-arloko legediak batak bestera hurbilduko dituzte.

4. Batasuna babes judizialaren bidea zabaltzen saiatuko da, eta, batez ere, arlo zibileko ebazpen judizialak eta estrajudizialak elkarri aitortzeko printzipioa bermatuko du.

68. artikulua

Askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparru horretan, legegintzako programazioaren eta programazio operatiboaren norabide estrategikoak Kontseilu Europarrak definituko ditu.

69. artikulua

Laugarren eta bosgarren kapituluen esparruan aurkezten diren legegintzako proposamenak eta ekimenak direla-eta, estatuetako parlamentuen ardura izango da subsidiariotasun-printzipioa errespetatu beharra zaintzea, subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak aplikatzeari buruzko protokoloaren arabera.

70. artikulua

Titulu honetan zehaztutako Batasunaren politikak estatu kideetako agintariek nola aplikatzen dituzten balioetsiko da, objektiboki eta alderdikeriarik gabe, Kontseiluaren lankidetzarekin. Horretarako, estatu kideek prozedura batzuk bete beharko dituzte, eta, prozedura horiek zehazteko, 258., 259. eta 260. artikuluei kalterik egin gabe, Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, neurriak hartu ahal izango ditu, batez ere elkarri aitortzeko printzipioa bete-betean aplikatzen laguntze aldera.

Balioespen horren edukia eta emaitzak Europako Parlamentuari eta estatuetako parlamentuei jakinarazi beharko zaizkie.

71. artikulua

(lehengo 36. artikulua EBT)

Batasunaren segurtasun-kontuetan lankidetza operatiboa sustatu eta indartu egingo direla bermatzeko, Kontseiluan horretarako komite iraunkorra osatuko da.

Komite horrek, 240. artikuluari kalterik egin gabe, estatu kideetako agintari eskudunen lanaren koordinazioa errazteko ardura izango du.

Batasuneko organo eta organismoen artetik, eraginpean direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Europako Parlamentua eta estatuetako parlamentuak lan horien jakinaren gainean eduki behar dira.

72. artikulua

(Lehengo 64. artikuluaren 1. paragrafoa EET eta 33. artikulua EBT)

Titulu hau halaxe izango da, estatu kideek ordena publikoa zaindu eta barne-segurtasuna babesteko dituzten erantzukizunak gauzatzeari kalterik egin gabe.

73. artikulua

Estatu kideek aukera izango dute elkarren artean eta beren erantzukizunpean lankidetza- eta koordinazio-motak antolatzeko, egoki iritzitako neurrian, beren estatuko segurtasuna babesteko erantzukizuna duten administrazioetan eskumena duten zerbitzuen artean.

74. artikulua

(lehengo 66. artikulua EET)

Kapitulu honetan aipaturik dauden eremuetan, estatu kideen zerbitzu eskudunen arteko administrazioen arteko lankidetza bermatzeko, Kontseiluak neurriak onetsiko ditu, baita zerbitzu horiek eta batzordearen arteko lankidetza bermatzeko ere.

Batzordeak proposaturik erabakiko du, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, eta 76. artikuluari kalterik egin gabe.

75. artikulua

(lehengo 60. artikulua EET)

Terrorismoaren eta horri lotutako jardunen aurkako prebentzio-lanari eta borrokari dagokienez, 67. artikuluan jasotako helburuak lortzeko beharrezko denean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, administrazio-neurrien esparrua zehaztuko dute kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruz, hala nola funtsak, finantza-aktiboak eta onura ekonomikoak ibilgetzeko aukera, betiere, horien jabetza, edukitza edo ukaitea pertsona fisiko zein juridikoena, taldeena edo estatuz besteko erakundeena denean.

Batzordeak proposatuta, Kontseiluak neurriak hartuko ditu lehenengo lerrokadan aipatzen den esparrua aplikatzeko.

Berme juridikoei dagokienez, artikulu honetan jasotako egintzek beharrezko xedapen guztiak jasoko dituzte.

76. artikulua

Laugarren eta bosgarren kapituluetan aipaturiko egintzak, eta, kapitulu horietan aipaturiko eremuetan administrazioen arteko lankidetza bermatzen badute, 74. artikuluan aipaturiko neurriak ere bai, honela onartuko dira:

a) Batzordeak proposaturik, edo

b) estatu kideen laurdenaren ekimenez.

2. KAPITULUA

MUGETAKO KONTROLEI, ASILOARI ETA IMMIGRAZIOARI BURUZKO POLITIKAK

77. artikulua

(lehengo 62. artikulua EET)

Batasunak garatuko duen politikak helburu hauek izango ditu:

a) barruko mugak igaro behar dituztenean, pertsonek, edozein nazionalitate dutelarik ere, kontrolik ez dutela izango bermatzea;

b) kanpoko mugak igaro behar dituztenean, pertsonen kontrolak eta zaintza eraginkorra bermatzea;

c) arian-arian, kanpoko mugak kudeatzeko sistema integratu bat ezartzea.

2. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ondorengo hauei buruzko neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera:

a) bisei buruzko eta denbora laburrerako beste bizileku-baimen batzuei buruzko politika erkidea; b) kanpoko mugak igarotzen dituzten pertsonei pasarazi beharreko kontrolak; c) hirugarren herrialdeetako herritarrek zein baldintzatan zirkulatu ahal izango duten askatasunez, aldi labur batean, Batasunean barrena;d) arian-arian kanpoko mugak kudeatzeko sistema integratu bat ezartzeko beharrezkoa den edozein neurri;

e)

barruko mugak igaro behar dituztenean, pertsonek, edozein nazionalitatekoak direlarik ere, inolako kontrolik ez izatea.

3. Baldin eta, 20. artikuluaren 2. paragrafoko a) idatz-zatian ezarritako eskubidea baliatzeko bidea egite aldera, Batasunak ekintzara jotzea beharrezkoa bada, eta Tratatuek jarduteko ahalik xedatu ez badute horretarako, Kontseiluak ezarri ahal izango ditu, legegintzako prozedura berezi baten arabera, pasaporteen, nortasun-agirien, egoitza-baimenen zein antzeko beste edozein agiriren gaineko xedapenak.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

4. Estatu kideena da beren mugak geografikoki zedarritzeko eskumena, nazioarteko zuzenbidearekin bat, eta artikulu honek ez du eskumen hori ukitzen.

78. artikulua

(lehengo 63. artikulua, 1. eta 2. puntuak, eta 64. artikuluko 2. paragrafoa EET)

1. Asilo-, ordezko babes- eta aldi baterako babes-kontuetan, Batasunak politika erkidea garatuko du, nazioarteko babesa behar duten hirugarren herrialdeetako herritarrei estatutu egoki bat eskaintzeko eta hara itzularazi beharrik ez dagoela dioen printzipioa errespetatzeko.

Politika horrek izan beharko du 1951ko uztailaren 28ko Genevako Hitzarmenaren eta Iheslarien estatutuari buruzko 1967ko urtarrilaren 31ko protokoloaren araberakoa, baita bete beharreko gainerako tratatuen araberakoa ere.

2. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak asilorako Europako sistema erkide bati buruzko neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera; honako hauek hartuko ditu barne:

a)

hirugarren herrialdeetako herritarrentzako era bereko asilo-estatutua, Batasun osorako balioko duena;

b)

asilo europarra lortu ez izanagatik nazioarteko babesa behar duten hirugarren herrialdeetako herritarrei ordezko babesa emateko era bereko asilo-estatutua;

c)

oldeka datozenerako, lekuz aldatu behar izan diren pertsonentzako aldi baterako babes-sistema erkide bat;

d)

era bereko asilo-estatutu hori edo ordezko babes-estatutu hori emateko edo kentzeko prozedura erkideak;

e)

asilo-eskari bat edo ordezko babes-eskari bat aztertzeko ardura zein estatu kidek duen zehazteko irizpideak eta tresnak;

f)

asiloa edo ordezko babesa eskatu dutenak hartzeko baldintzei buruzko arauak;

g)

asiloa, ordezko babesa edo aldi baterako babesa eskatzen duen jende-etorria kudeatzeko, hirugarren herrialdeekin elkartzea eta lankidetzan aritzea.

3. Hirugarren herrialdeetako herritarrak ustekabean etorri direla-eta, estatu kide bat edo batzuk larritasun-egoeran badaude, Kontseiluak estatu kide horiei laguntzeko behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, Batzordeak proposaturik.

Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Kontseiluak.

79. artikulua

(lehengo 63. artikulua, 3. eta 4. puntuak, EET)

1. Batasunak immigrazio-politika erkidea garatuko du, beti bermatuta egon dadin migrazio-fluxuak modu eragingarrian kudeatuko direla, estatu kideetan legez bizilekua duten hirugarren herrialdeetako herritarrak berdintasun-legez tratatuko direla, eta, bai legez kanpoko immigrazioa, bai gizakien salerosketa, saihestuko dela eta horien aurkako borroka indartu egingo dela.

2. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera. Hona hemen hartuko dituzten esparruak:

a)

estatu kideetan sartu eta bizilekua hartzeko baldintzak, eta estatu kideek denbora luzerako bisak eta bizileku-baimenak emateko arauak, familiak biltzeko balio dutenak barne direla;

b)

estatu kide batean bizilekua legez duten hirugarren herrialde bateko herritarren eskubideen definizioa, askatasunez zirkulatzeko eta bizilekua gainerako estatu kideetan hartzeko baldintzak barne;

c)

legez kanpoko immigrazioa eta legez kanpo bizilekua hartzea, baita legez kanpoko egoiliarrak kanpora botatzea eta atzera beren herrialdeetara itzultzea ere;

d)

gizakien salerosketaren aurkako borroka, batez ere emakumeena eta haurrena bada.

3. Batasunak hirugarren herrialdeekin akordioak sinatu ahal izango ditu, hirugarren herrialdeetako herritarrak beren jatorrizko edo abiaburuko herrialdeetan berriz har ditzaten, baldin eta, estatu kideetako baten lurraldean sartzeko, egoteko edo bizilekua hartzeko baldintzak betetzen ez badituzte, edo, lehen bete arren, orain betetzen ez badituzte.

4. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, hainbat neurri ezar dezakete estatu kideei beren lurraldean legezko bizilekua duten hirugarren herrialdeetako herritarrak integratzeko egiten dituzten ekintzetan laguntzeko, baina ez dute izango estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko inongo biderik.

5. Estatu kideek hirugarren herrialdeetatik lan bila datozkien kanpoko herritarretako zenbat onartu zehazteko eskubidea dute, berdin norberaren edo beste inoren konturako lan bila datozen, eta artikulu honek ez du eskubide hori ukitzen.

80. artikulua

Estatu kideen arteko elkartasun-printzipioa eta ardurak ekitatez banatzeko printzipioa izango da nagusi kapitulu honetan aipaturik dauden Batasunaren politiketan eta politika horiek gauzatzean, baita finantzei dagokienean ere.

Beharrezkoa den bakoitzean, Batasunak kapitulu honen ondorioz onartzen dituen egintzek barne hartuko dituzte printzipio horiek aplikatzeko hainbat neurri egoki.

3. KAPITULUA

ARLO ZIBILEKO LANKIDETZA JUDIZIALA

81. artikulua

(lehengo 65. artikulua EET)

1. Arlo zibileko gaietan, Batasunak garatuko duen lankidetza judizialak mugaz haraindiko eragina izango du, ebazpen judizialak eta estrajudizialak elkarri aitortzeko printzipioan oinarrituta.

Lankidetza horren barruan estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak hurbiltzeko neurriak ere sartu ahal izango dira.

2. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera, honako hauek bermatzeko, batez ere barne-merkatuak ondo funtzionatzeko beharrezkoa bada:

a)

estatu kideen artean, ebazpen judizialak eta estrajudizialak elkarri aitortzea, baita betearazpena ere;

b)

agiri judizialak eta estrajudizialak mugez haraindi jakinaraztea eta lekuz aldatzea;

c)

lege-gatazkei eta jurisdikzio-gatazkei buruz estatu kideetan aplikatu beharrekoak diren arauen bateragarritasuna;

d)

frogak lortzeko lankidetza;

e)

babes judizial eragingarria;

f)

prozedura zibilek ondo funtzionatzeko oztopoak kentzea, hain zuzen estatu kideetan prozedura zibilean aplikatu beharrekoak diren arauen bateragarritasuna sustatuz, premiazkoa izanez gero;

g) auziak ebazteko beste bide batzuk garatzea;

h) magistratuen eta justizia-administrazioko langileen prestakuntzaren alde egitea.

3. Mugaz haraindiko eragina duten Familia Zuzenbideari buruzko neurriak, 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak ezarriko ditu, legegintzako prozedura berezi baten arabera.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, erabaki bat hartu ahal izango du, zehazteko Familia Zuzenbidearen baitako alderdien artetik mugaz haraindiko eragina dutenetako zeintzuk gauzatu daitezkeen legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako egintzak erabilita.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

Bigarren lerrokadan adierazten den proposamena estatu kideetako parlamentuei jakinaraziko zaie .

Estatuko Parlamenturen batek jakinarazpena egin zaionetik sei hilabeteko epean kontra dagoela adierazten badu, ez da erabakia hartuko.

Kontra dagoenik egon ezean, Kontseiluak erabakia hartu ahal izango du.

4. KAPITULUA.

ZIGOR-ARLOKO LANKIDETZA JUDIZIALA.

82. artikulua

(lehengo 31. artikulua EBT)

1. Batasunean, epaiak eta ebazpen judizialak elkarri aitortzeko printzipioa izango da zigor-arloko gaietako lankidetza judizialaren oinarria, eta horren barnean egongo da estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenen hurbilketa ere, 2. paragrafoan eta 83. artikuluan aipaturiko esparruetan.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ondorengo hauei buruzko neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera:

a)

epai eta ebazpen judizialak, edozein formatakoak direlarik ere, Batasun osoan aitortuko dituztela bermatzeko arauak eta prozedurak zehaztea;

b)

estatu kideen arteko jurisdikzio-auziei aurrea hartzea eta ebazpena ematea;

c)

magistratuen eta justizia-administrazioko langileen prestakuntzaren alde egitea;

d)

prozedura penalari eta ebazpenak betearazteari dagokien esparruan, estatu kideetako agintari judizialen edo baliokideen arteko lankidetzari bidea erraztea.

2. Epaiak eta ebazpen judizialak elkarri aitortzeko, eta mugaz haraindiko zigor-arloan polizia-lankidetza eta lankidetza judiziala bideratzeko beharrezkoa den neurrian, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak gutxieneko arau batzuk ezar ditzakete, legegintzako prozedura arrunta erabiliz onartzen diren zuzentarauen bitartez.

Baina estatu kideen tradizioen eta sistema judizialen arteko aldeak ere kontuan izan beharko dituzte gutxieneko arau horiek.

Honako hauek dira arau horien gaiak:

a)

estatu kideen artean, frogak elkarri onartzea;

b)

prozedura penalean pertsonek zein eskubide izango dituzten;

c)

delituen biktimen eskubideak;

d)

prozedura penalaren beste osagai jakin batzuk; Kontseiluak erabaki baten bitartez aurretiaz zehaztuak.

Kontseiluak erabaki hori aho batez hartuko du, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda.

Paragrafo honetan aipaturiko gutxieneko arau horiek zehazturik egonagatik ere, horrek ez du esan nahi estatu kideek ezinezkoa dutenik pertsonentzako babes-maila handiagoa mantentzea edo ezartzea.

3. Kontseiluko kide batek uste badu 2. paragrafoan jasotako zuzentaraua proiektu horietako batek estatu horretako zigor-arloko justizia-sistemaren funtsezko alderdiak ukitzen dituela, gai hori Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake, eta, halakoetan, legegintzako prozedura arrunta, aplikatzekoa izatekotan, etenda geratuko da.

Gaia eztabaidatu ondoren, adostasuna lortzen bada, Kontseilu Europarrak prozedura hori eten eta lau hilabeteko epean proiektua berriz ere Kontseiluari itzuliko dio, eta, horrela, legegintzako prozedura arruntaren etenaldia bukatuko da.

Epe horren barruan adostasunik lortzen ez bada, eta gutxienez bederatzi estatu kidek lankidetza indartua ezarri nahi badute, dagokion zuzentarau-proiektuarekin bat, Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari jakinaraziko diete.

Halakoetan, Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluko 2. paragrafoan eta tratatu honetako 329. artikuluaren 1. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza indartu horri hasiera emateko baimena emanda dagoela ulertuko dute, eta lankidetza indartuari dagozkion xedapenak aplikatu beharko dira.

83. artikulua

(lehengo 31. artikulua EBT)

1. Delitu-eremu batzuetan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak gutxieneko arau batzuk ezarri ahal izango dituzte, Legegintzako prozedura arrunta erabiliz onartzen diren zuzentarauen bitartez, arau-hauste penalen eta zehapenen definizioari buruz, baldin eta delitu-esparru horiek bereziki larriak badira eta mugaz haraindiko dimentsioa badute, arau-hausteak halakoxeak direlako edo ondorio larriak dakartzatelako, edo, irizpide erkideen arabera, bereziki jazarri beharrekoak direlako.

Hauek dira delitu-eremu horiek:

terrorismoa, gizakien salerosketa eta emakume eta haurren esplotazio sexuala, legez kanpoko droga-trafikoa, legez kanpoko arma-trafikoa, kapital-zuriketa, ustelkeria, ordainbideak faltsutzea, delinkuentzia informatikoa eta delinkuentzia antolatua.

Delinkuentziaren bilakaera kontuan izanda, Kontseiluak erabaki bat hartu ahal izango du, paragrafo honetan ezarritako irizpideen arabera beste delitu-eremu batzuk zehazteko.

Aho batez hartuko du erabaki hori, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda.

2. Baldin eta, hainbat harmonizazio-neurri hartu diren eremu batean, Batasunaren politika eraginkortasunez gauzatuko dela bermatzekotan, ezinbestekoa bada estatu kideen zigor-arloko legezko eta erregelamenduzko xedapenak hurbiltzea, zuzentarauen bidez gutxieneko arau batzuk ezarri ahal izango dira, kasuan kasuko eremu horretako arau-hauste penalen eta zehapenen definizioari buruz.

Harmonizazio-neurri horiek hartzeko erabili zen prozedura berbera erabiliko da zuzentarau horiek legegintzako prozedura arruntaren edo bereziaren arabera hartzeko ere, 76. artikuluari kalterik egin gabe.

3. Kontseiluko kide batek uste badu 1. edo 2. paragrafoan jasotako zuzentarau-proiektu horietako batek estatu horretako zigor-arloko justizia-sistemaren funtsezko alderdiak ukitzen dituela, gai hori Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake, eta, halakoetan, legegintzako prozedura arrunta etenda geratuko da.

Gaia eztabaidatu ondoren, adostasuna lortzen bada, Kontseilu Europarrak prozedura hori eten eta lau hilabeteko epean proiektua berriz ere Kontseiluari itzuliko dio, eta, horrela, legegintzako prozedura arruntaren etenaldia bukatuko da.

Epe horren barruan adostasunik lortzen ez bada, eta gutxienez bederatzi estatu kidek lankidetza indartua ezarri nahi badute, dagokion zuzentarau-proiektuarekin bat, Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari jakinaraziko diete.

Halakoetan, Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluko 2. paragrafoan eta tratatu honetako 329. artikuluaren 1. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza indartu horri hasiera emateko baimena emanda dagoela ulertuko dute, eta lankidetza indartuari dagozkion xedapenak aplikatu beharko dira.

84. artikulua

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hainbat neurri zehatz dezakete, legegintzako prozedura arrunta erabiliz, estatu kideek delinkuentziari aurrea hartzeko egiten duten lana bultzatzeko eta babesteko, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

85. artikulua

(lehengo 31. artikulua EBT)

1. Bi estatu kideri edo gehiagori eragiten dien edo irizpide erkideen arabera jazarri beharrekoa den delinkuentzia larria ikertzeko eta jazartzeko ardura duten estatu-agintarien arteko koordinazioari eta lankidetzari laguntza ematea eta bultzada bat ematea da Eurojusten eginkizuna. Estatu kideetako agintariek eta Europolek egindako operazioetan eta emandako informazioan oinarrituko da horretarako.

Horretarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamendu bidez egongo dira zehazturik Eurojusten egitura, funtzionamendua, jarduteko eremua eta eskumenak.

Eskumen horien artean, hauek egon daitezke:

a)

ikerketa penaletarako eginbideak hastea, eta estatuetako agintari eskudunek prozedura penalak hasteko proposamena egitea, batez ere, Batasunaren finantza-interesen kalterako diren arau-hausteei buruzkoak;

b)

aurreko a) idatz-zatian aipaturiko ikerketak eta prozedurak koordinatzea;

c)

lankidetza judiziala indartzea, besteak beste jurisdikzio-auziak ebatziz eta Europako Justizia Sarearekin lankidetza estuan arituz.

Erregelamendu horietan egongo da zehazturik, era berean, zein prozedura erabili beharko den Europako Parlamentuak eta estatuetako parlamentuek Eurojusten jarduerak balioesteko.

2. Aurreko 1. paragrafoan jasota dauden akzio penaletan, eta 86. artikuluari kalterik egin gabe, estatuetako funtzionario eskudunen ardura izango da prozesuko egintza formalak aurrera eramatea.

86. artikulua

1. Batasunaren finantza-interesei kalte egiten dieten arau-hausteen aurka egiteko, Kontseiluak legegintzako prozedura berezia erabiliz onartutako erregelamenduen bidez, Europako Fiskaltza sortu ahal izango du Eurojustetik abiatuta.

Kontseiluak aho batez erabakiko du, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda.

Aho batez erabakirik hartu ezean, gutxienez bederatzi estatu kidek osatutako multzo batek erregelamendu proiektua Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake eta, halakoetan, prozedura etenda geratuko da Kontseiluan.

Gaia eztabaidatu ondoren, adostasuna lortzen bada, Kontseilu Europarrak prozedura hori eten eta lau hilabeteko epean proiektua berriz ere Kontseiluari itzuliko dio, erabakia har dezan.

Epe horren barruan adostasunik lortzen ez bada, eta gutxienez bederatzi estatu kidek lankidetza indartua ezarri nahi badute, dagokion erregelamendu-proiektuarekin bat, Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari jakinaraziko diete.

Halakoetan, Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluko 2. paragrafoan eta tratatu honetako 329. artikuluaren 1. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza indartu horri hasiera emateko baimena emanda dagoela ulertuko dute, eta lankidetza indartuari dagozkion xedapenak aplikatu beharko dira.

2. Europako Fiskaltzak eskumena izango du, hala dagokionean, Europolekin lankidetzan, Batasunaren finantza-interesen aurkako arau-hausteen egileak eta sopikunak aurkitzeko, prozedura penalari hasiera emateko, eta haien aurkako epaiketa has dadin eskatzeko; lehen paragrafoan aipaturik dagoen erregelamenduan daude definiturik arau-hauste horiek.

Europako Fiskaltzak arau-hauste horiei dagokien akzio penala eramango du aurrera, estatu kideen jurisdikzio-organo eskudunetan.

3. Goragoko 1. paragrafoan aipaturiko erregelamenduetan zehaztuko dira Europako Fiskaltzaren estatutua, bere eginkizunak gauzatzeko bete behar dituen baldintzak, fiskaltzaren jardueretan aplikatu beharreko prozedura-arauak, zein froga onartu eta zein ez onartu jakiteko arauak, eta bere eginkizunak betetzeko orduan gauzatzen dituen prozesuko egintzen jurisdikzio-kontrolerako arauak.

4. Aldi berean edo beranduago, Kontseilu Europarrak erabaki bat har dezake 1. paragrafo hori aldatzeko, Europako Fiskaltzaren eskumenak mugaz haraindiko delinkuentzia larriaren aurka zabaltze aldera. Erabaki horrek 2. paragrafoa aldatu beharra ekarriko du delitu astunen egile eta sopikunei dagokienez, delitu horiek estatu kide bati baino gehiagori eragiten dietenean.

Kontseilu Europarrak aho batez erabakiko du, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda.

5. KAPITULUA

POLIZIA-LANKIDETZA

87. artikulua

(lehengo 30. artikulua EBT)

1. Batasunak polizia-lankidetza garatuko du, eta, lankidetza horretan, estatu kideen agintari eskudun guztiek hartuko dute parte, polizia-zerbitzuak eta aduanakoak ere barnean direla, baita, eginkizun hertsatzaileak izanik, arau-hauste penalei aurrea hartzeko, antzemateko eta halakoak ikertzeko espezializaturik dauden zerbitzuak ere.

2. Lehenengo paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ondorengo hauei buruzko neurriak hartu ahal izango dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera:

a)

beharrezko informazioa biltzea, gordetzea, tratatzea, aztertzea eta elkar trukatzea;

b)

langileen prestakuntzaren alde egitea, eta langileak, ekipoak eta polizien ikerketa zientifikoa elkar trukatzeko lankidetza;

c)

antolaturiko delinkuentzia-modu larriei antzematearekin zerikusia duten ikerketa-teknika erkideak.

3. Kontseiluak ezarri ahal izango du, legegintzako prozedura berezi baten arabera, artikulu honetan adierazten diren agintarien arteko lankidetza eraginkorrari buruzko neurriak.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

Aho batez erabakirik hartu ezean, gutxienez bederatzi estatu kidek osatutako multzo batek neurrien proiektua Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake eta, halakoetan, prozedura etenda geratuko da Kontseiluan.

Gaia eztabaidatu ondoren, adostasuna lortzen bada, Kontseilu Europarrak prozedura hori eten eta lau hilabeteko epean proiektua berriz ere Kontseiluari itzuliko dio, erabakia har dezan.

Epe horren barruan adostasunik lortzen ez bada, eta gutxienez bederatzi estatu kidek lankidetza indartua ezarri nahi badute, dagokion neurri-proiektuarekin bat, Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari jakinaraziko diete.

Halakoetan, Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluko 2. paragrafoan eta tratatu honetako 329. artikuluaren 1. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza indartu horri hasiera emateko baimena emanda dagoela ulertuko dute, eta lankidetza indartuari dagozkion xedapenak aplikatu beharko dira.

Bigarren eta hirugarren lerrokadetan ezarritako prozedura berezia ez zaie aplikaziokoa izango Schengengo altxorra garatzen duten egintzei.

88. artikulua

(lehengo 30. artikulua EBT)

1. Europolen eginkizuna da estatu kideetako polizia-agintarien eta eginkizun hertsatzaileak dituzten gainerako zerbitzuen lana, eta euren arteko lankidetza babestea eta indartzea, hartara, bi estatu kideri edo gehiagori eragiten dieten delinkuentzia larriari eta terrorismoari aurrea hartzeko, eta Batasunaren politika baten bidez bideratutako interes erkidea kaltetzen duten delinkuentzia-moduei aurrea hartzeko, baita horien guztien aurka borroka egiteko ere.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamendu bidez egongo dira zehazturik Europolen egitura, funtzionamendua, jarduteko eremua eta eskumenak.

Eskumen horien artean, hauek egon daitezke:

a)

informazioa biltzea, gordetzea, tratatzea, aztertzea eta elkar trukatzea, batez ere estatu kideetako agintariengandik datorrena, edo hirugarren herrialdeetako edo hirugarren instantzietako agintariengandik datorrena.

b)

ikerlanak eta aktibitate operatiboak koordinatzea, antolatzea eta aurrera eramatea, estatu kideetako agintari eskudunekin batera eginda badaude edo elkarrekin osaturiko ikerketa-taldeek eginda badaude, hala dagokionean, Eurojustekin lankidetzan.

Europako Parlamentuak Europolen jarduera kontrolatzeko zein prozedura erabili beharko den ere erregelamendu horietan etorriko da zehazturik, eta estatuetako parlamentuek ere parte hartuko dute kontrol horretan.

3. Europolen jarduera operatibo oro jarduera horrek lurraldez ukitzen duen estatu kideetako agintariekin harremanetan eta haiekin adosturik egin beharko da.

Estatuko agintari eskudunen ardura izango da, eta ez beste inorena, neurri hertsatzaileak aplikatzea.

89. artikulua

(lehengo 32. artikulua EBT)

Kontseiluak, legegintzako prozedura berezi baten arabera zehaztuko ditu estatu kideen agintari eskudunek zein baldintzapean eta zein mugapean jardun dezaketen beste estatu kide baten lurraldean, harekin harremanetan eta jarduna harekin adosturik; agintari eskudun horiek 82. eta 87. artikuluetan daude zehazturik.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

VI. TITULUA GARRAIOAK

90. artikulua

(lehengo 70. artikulua EET)

Atal honetan arauturik dauden gaietan, garraio-politika erkide baten esparruan lortzekoak izango dira Tratatuetako helburuak.

91. artikulua

(lehengo 71. artikulua EET)

1. Aurreko 90. artikulua aplikatu ahal izateko, eta garraioen sektorearen berezitasunak kontuan hartuta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, hauek ezarriko dituzte:

a)

estatu kideren bateko lurraldetik abiatuta edo bertara sartuta, edo estatu kideren bateko edo gehiagoko lurraldean barrena egindako nazioarteko garraioei aplika dakizkiekeen arau bateratuak;

b)

egoiliarrak ez diren garraiolariek estatu kide batean garraio-zerbitzuak egiteko bete behar dituzten baldintzak;

c)

garraioetan segurtasuna hobetzeko diren neurriak;

d)

beste edozein xedapen egoki.

2. Aintzakotzat hartuko da, 1. paragrafoko neurriak onestean, hori aplikatzeak zein kasutan ekar ditzakeen eragin larriak eskualde batzuetako bizi-mailarako eta enplegurako, baita garraio-materialaren ustiaketarako ere.

92. artikulua

(lehengo 72. artikulua EET)

Tratatu honetako 91. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako xedapenak onartu artean, eta Kontseiluak aho batez salbuespen bat ematen duen neurririk hartu ezean, estatu kide batek ere ezin izango ditu onura gutxiagoko bihurtu, ez zuzenean ez zeharka, gainerako estatu kideetako garraiolarien kaltetan eta estatu horretako garraiolarien mesederako, 1958ko urtarrilaren 1etik gai hori arautzen duten xedapenak, edo, geroago atxikitako estatuen kasuan, atxikipen egunetik arautzen dutenak.

93. artikulua

(lehengo 73. artikulua EET)

Tratatuekin bateragarriak izan beharko dira, bai garraioak koordinatzeko premiei erantzuteko diren laguntzak, bai zerbitzu publikoak berarekin dakartzan betebehar batzuei dagozkien diru-itzulketarako laguntzak.

94. artikulua

(lehengo 74. artikulua EET)

Tratatuen eremuan garraioaren prezioei eta baldintzei buruz hartutako neurri guztiek garraiolarien ekonomiaren egoera eduki behar dute kontuan.

95. artikulua

(lehengo 75. artikulua EET)

1. Batasunaren barruko trafikoan debekaturik dago, salgaiak eta trafiko-harremanak berberak izanik, salneurri edo garraio-baldintza ezberdinak aplikatzea, eta, beraz, garraiaturiko produktuak zein herrialdetatik datozen edo zein estatu kidetara doazen ez da inoiz bereizkeria egiteko arrazoi izango.

2. Goiko 1. paragrafoan esandakoak ez du kentzen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 91. artikuluko 1. paragrafoa aplikatuz beste neurri batzuk hartu ahal izatea.

3. Kontseiluak, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko dela bermatzeko arauak ezarriko ditu.

Kontseiluak beharrezko xedapenak onartu ahal izango ditu, bereziki, Batasuneko instituzioek 1. paragrafoan xedatuta dagoena betetzen dela kontrola dezaten, eta xedapen horren onura osoak erabiltzaileei berma diezazkieten.

4. Batzordeak, bere ekimenez edo estatu kideren baten eskariz, 1. paragrafoan aipatu diren bereizkeria kasu guztiak aztertuko ditu, eta, interesdun diren estatu kide guztiei kontsulta egin ondoren, beharrezko iritzitako erabakiak hartuko ditu ezarritako arauen eremuan, 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

96. artikulua

(lehengo 76. artikulua EET)

1. Debeku da estatu kide batek enpresa edo industria jakin bati edo gehiagori edozein eratako babesa edo laguntza dakarkioten prezioak eta baldintzak ezartzea Batasunaren barruko garraioan, laguntza hori edozelakoa izanda ere, Batzordearen baimenez ezarritakoa ez bada.

2. Batzordeak, bere ekimenez edo estatu kideren baten eskariz, 1. paragrafoan aipatutako prezioak eta baldintzak aztertuko ditu, eta bereziki kontuan hartuko ditu, alde batetik, bai eskualdeetako ekonomia-politika egokia egiteak dakartzan eskakizunak, bai gutxi garatutako eskualdeen premiak eta bai gorabehera politikoek larri kaltetutako eskualdeen arazoak ere, eta, bestetik, prezio eta baldintza horiek garraio-mota guztien arteko lehian daukaten eragina.

Interesdun diren estatu kide guztiei kontsulta egin ondoren, Batzordeak hartuko ditu beharrezko erabakiak.

3. Aurreko 1. paragrafoan aipatutako debekuak ez dauka eraginik lehiako tarifetan.

97. artikulua

(lehengo 77. artikulua EET)

Garraioko prezioak albo batera utzita, mugak zeharkatzeagatik garraiolariek eskatutako eskubideak edo kanonak ezin izango dira arrazoizko maila batetik gorakoak izan, betiere muga horietatik pasatzeak benetan sor ditzan gastuak kontuan hartuta.

Estatu kideak gastu horiek pixkanaka gutxitzen saiatu behar dira.

Batzordeak gomendioak egin ahal izango dizkie estatu kideei artikulu hau aplikatzeko.

98. artikulua

(lehengo 78. artikulua EET)

Titulu honetako xedapenak ez dira eragozpen izango Alemaniako Errepublika Federalean hartutako neurrientzat, baldin eta Alemaniak izandako banaketak Errepublika Federaleko zenbait eskualdetako ekonomiari sortutako desabantaila ekonomikoak orekatzeko badira neurriok, orduko banaketaren eraginpean dauden eskualdeetan.

Lisboako Tratatua indarrean jarri eta bost urtera, Kontseiluak, Batzordeak proposaturik, artikulu hau indarrik gabe uzteko erabaki bat hartu ahal izango du.

99. artikulua

(lehengo 79. artikulua EET)

Batzordeari atxikita, Aholku Komitea sortu da, estatu kideetako gobernuek izendatutako adituz osatua.

Garraio-kontuetan, Batzordeak komite horri kontsulta egingo dio, hala komeni dela uste duen guztietan.

100. artikulua

(lehengo 80. artikulua EET)

1. Titulu honetako xedapenak trenbide, errepide eta bide nabigagarrietako garraioei aplikatuko zaizkie.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarri ahal izango dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera, itsasoko eta aireko nabigaziorako xedapen egokiak.

Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko dute lege edo esparru-lege hori.

VII. TITULUA

LEHIARI, ZERGA-ARLOARI, ETA LEGEDIAK HURBILTZEARI BURUZKO ARAU ERKIDEAK

1. KAPITULUA

LEHIARI BURUZKO ARAUAK

LEHENENGO ATALA

ENPRESEI APLIKA DAKIZKIEKEEN XEDAPENAK

101. artikulua

(lehengo 81. artikulua EET)

1. Barne-merkatuarekin bateraezinak diren heinean, debeku dira: estatu kideen arteko merkataritzari eragin diezaioketen eta helburu edo ondorio moduan barne-merkatuaren baitan lehiaren jokoa eragotzi, murriztu edo faltsutu nahi duten enpresa arteko akordio guztiak, enpresa-elkarteen erabaki guztiak eta itundutako jarduera guztiak; eta, bereziki, hauek:

a)

salerosketa-prezioak edo beste eragiketa-baldintza batzuk zuzenean edo zeharka finkatzea;

b)

ekoizpena, merkatua, garapen teknikoa edo inbertsioak mugatu edo kontrolatzea;

c)

merkatuak edo hornidura-iturriak elkarren artean banatzea;

d)

beste kontratatzaile batzuei baldintza diferenteak aplikatzea prestazio baliokideetarako, kontratatzaile horiei lehiarako desabantailak sorraraziz;

e)

kontratuak egin ahal izateko, berez eta merkataritzako ohituren arabera kontratu horiekin inolako loturarik ez duten beste prestazio osagarri batzuk onartu beharraren menpe jartzea beste kontratatzaileak.

2. Artikulu honetan debekatutako akordio edo erabakiak erabat deusezak izango dira.

3. Halere, 1. paragrafoko xedapenak ondorengo hauei ezin zaizkiela aplikatu deklaratu ahal izango da:

— enpresen arteko edozein akordiori edo edozein akordio-kategoriari,

— enpresa-elkarteen edozein erabakiri edo edozein erabaki-kategoriari,

— itundutako edozein jarduni edo itundutako edozein jardun-kategoriari,

baldin eta produktuen ekoizpena edo banaketa hobetzeko badira, edo teknikaren edo ekonomiaren aurrerapena sustatzeko badira, eta, aldi berean, lortutako irabazietako bidezko parte bat erabiltzaileei gordetzen badiete; eta

a)

horretan zerikusia duten enpresei helburu horiek lortzeko ezinbesteko ez diren murrizketak ezartzen ez badizkiete, eta

b)

enpresa horiei, kasuan kasuko produktuen zati handi bati dagokionez, lehia ezabatzeko aukerarik ematen ez badiete.

102. artikulua

(lehengo 82. artikulua EET)

Estatu kideen arteko merkataritzari eragin diezaiokeen heinean, barne-merkatuarekin bateraezina izango da, eta debekatu egingo da gehiegikeriaz egindako ustiapen oro, baldin eta enpresaren batek edo gehiagok barne-merkatuan edo merkatu horretako funtsezko zati baten gainean nagusitasun-egoeratik jardun badu.

Gehiegikeriazko jokaera horiek, bereziki, hauek izango dira:

a)

zuzenean edo zeharka, bidezkoak ez diren salerosketa-prezioak edo beste eragiketa-baldintza batzuk ezartzea;

b)

ekoizpena, merkatua edo garapen teknikoa kontsumitzaileen kalterako mugatzea;

c)

beste kontratatzaile batzuei baldintza desberdinak aplikatzea prestazio baliokideetarako, kontratatzaile horiei lehiarako desabantailak sorraraziz;

d)

kontratuak egin ahal izateko, berez eta merkataritzako ohituren arabera kontratu horiekin inolako loturarik ez duten beste prestazio osagarri batzuk onartu beharraren menpe jartzea beste kontratatzaileak.

103. artikulua

(lehengo 83. artikulua EET)

1. Kontseiluak, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, 101. eta 102. artikuluetan aipatutako printzipioak aplikatzeko egokiak diren erregelamendu edo zuzentarauak onartuko ditu.

2. Goiko 1. paragrafoan aipatutako xedapenen helburuak, bereziki, hauek dira:

a)

101. artikuluko 1. paragrafoan eta 102. artikuluan aipatutako debekuak beteko direla bermatzea, isunak eta hertsatzeko isunak ezarriz;

b)

101. artikuluko 3. paragrafoa aplikatzeko moduak finkatzea, alde batetik zaintza eraginkorra bermatzeko betebeharra kontuan hartuta, eta ahal den neurrian administrazioaren kontrola errazteko;

c)

premiarik balego, 101. eta 102. artikuluen aplikazio-eremua zehaztea, ekonomiako arlo guztietarako;

d)

Europar Batasuneko Batzordeak eta Justizia Auzitegiak bakoitzak dauzkan eginkizunak zehaztea, paragrafo honetan ezarritako xedapenak aplikatzeko ordurako;

e)

alde batetik, estatu bakoitzeko legedien artean, eta, bestetik, atal honetako xedapenen eta artikulu hau aplikatuz onartutakoen artean dauden loturak zehaztea.

104. artikulua

(lehengo 84. artikulua EET)

Harik eta 103. artikulua aplikatuz onartutako xedapenak indarrean sartu arte, estatu kideetako agintariek erabakiko dute ea akordioak, erabakiak eta itundutako jarduerak onargarriak diren ala ez, eta, era berean, barne-merkatuan nagusitasun egoeraz baliatuta gehiegikeriazko ustiapenik egin den ala ez, bakoitzak bere zuzenbidearen arabera eta 101. artikuluko xedapenekin bat etorriz, bereziki 3. paragrafokoekin, eta 102. artikulukoekin.

105. artikulua

(lehengo 85. artikulua EET)

1. Aurreko 104. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, 101 eta 102. artikuluetan finkatutako printzipioak aplikatzeko ardura hartuko du Batzordeak. Estatu kideren baten eskariz edo ofizioz, eta estatu bakoitzean eskumenak dauzkaten agintariekin lankidetzan arituz, laguntza emango baitiote agintariek Batzordeari, Batzordeak ikertuko du lehen aipatutako printzipioen gainean arau-hausterik egin ote den.

Arau-hausterik egon dela egiaztatzen badu, jokabide horrekin amaitzeko egokiak diren neurriak proposatuko ditu.

2. Arau-hausteari amaierarik ematen ez bazaio, arau-haustea dagoela utziko du erasota Batzordeak, erabaki arrazoitu baten bitartez.

Erabaki hori argitaratu egin ahal izango du, baita estatu kideei egoera hori konpontzeko beharrezko diren neurriak hartzeko baimena eman ere, berak zehaztutako baldintza eta moduetan.

3. Kontseiluak 103. artikuluko 2. paragrafoaren b) idatz-zatiaren arabera akordio-kategoria batzuei buruz erregelamenduren edo zuzentarauren bat onartzen duenean, Batzordeak erregelamenduak onartu ahal izango ditu erabaki-maila horiei dagokienez.

106. artikulua

(lehengo 86. artikulua EET)

1. Estatu kideek, eskubide berezi edo esklusiboak onartzen dizkieten enpresei eta enpresa publikoei dagokienez, ezin izango dute Tratatuetako arauen kontrako inolako neurririk ez hartu ez halakoei eutsi, bereziki 18. artikuluan eta, biok barne, 101. artikulutik 109. artikulura bitartekoetan aurreikusitako arauen kontrakorik.

2. Ekonomiaren interes orokorreko zerbitzuak kudeatzeko ardura duten enpresak edo monopolio fiskala duten enpresak Tratatuen arauen menpe egongo dira, batez ere lehiari buruzko arauen menpe, aipatutako arauok, de iure edo de facto, enpresoi esleitutako berariazko misioa betetzeko eragozpen ez diren heinean.

Trukaketen garapenari ezin izango zaio eragin Batasunaren interesen kontra.

3. Batzordea arduratuko da artikulu honetako xedapenak aplikatzeaz, eta, beharrezkoa den heinean, egokiak diren zuzentarauak edo erabakiak zuzenduko dizkie estatu kideei.

BIGARREN ATALA

ESTATUEK EMANDAKO LAGUNTZAK

107. artikulua

(lehengo 87. artikulua EET)

1. Tratatuetan besterik xedatu ezik, estatu kideek emandako laguntzak edo estatuko funtsen bidez emandakoak, edozein modutakoak izanda ere, barne-merkatuarekin bateraezinak izango dira estatu kideen arteko trukaketei eragiten dieten heinean, baldin eta, zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez, lehia faltsutzen badute edo faltsutzeko modukoak badira.

2. Barne-merkatuarekin bateragarriak izango dira:

a)

banakako kontsumitzaileei emandako gizarte-laguntzak, produktuen jatorrian oinarritutako bereizkeriarik gabe ematen badira;

b)

hondamendi naturalek edo salbuespeneko beste gertaera batzuek sortutako kalteak konpontzeko emandako laguntzak;

c)

Alemaniako Errepublika Federaleko zenbait eskualdetako ekonomiaren alde egiteko emandako laguntzak, Alemaniak izandako banaketaren ondorioz sortutako desabantaila ekonomikoak orekatzeko beharrezkoak diren heinean, orduko banaketaren eraginpean dauden eskualdeetan.

Lisboako Tratatua indarrean jarri eta bost urtera, Kontseiluak, Batzordeak proposaturik, idatz-zati hau indarrik gabe uzteko erabaki bat hartu ahal izango du.

3. Barne-merkatuarekin bateragarritzat jo ahal izango dira:

a)

bizi-maila nabarmen apala duten eskualdeetako, edo azpienplegu-egoera larria jasaten duten eskualdeetako ekonomia garatzeko laguntzak, baita 349. artikuluan jasotako eskualdeetako ekonomia garatzeko laguntzak ere, egitura, ekonomia eta gizarte aldetik duten egoera aintzakotzat hartuta;

b)

Europarentzat interes erkidekoa den proiektu garrantzitsuren bat sustatzeko laguntzak, edo estatu kideren bateko ekonomiaren nahasmendu larriren bat konpontzeko laguntzak;

c)

ekonomiako zenbait jardueraren edo zenbait eskualderen garapena sustatzeko laguntzak, baldin eta trukaketen baldintzak interes erkidearen kontra jartzen ez badira;

d)

kultura sustatu eta ondarea zaintzeko laguntzak, Batasuneko trukaketetarako eta lehiarako baldintzak interes erkidearen kontra jartzen ez badira;

e)

e) Kontseiluak Batzordearen proposamenaren gainean hartutako erabakiz zehaztutako gainerako laguntza-motak.

108. artikulua

(lehengo 88. artikulua EET)

1. Batzordeak, estatu kideekin batera, etenik gabe aztertuko ditu estatu kide horietan dauden laguntza-sistemak.

Barne-merkatuaren funtzionamenduak edo arian-arian egindako garapenak eskatzen duten neurri egokiak proposatuko dizkie estatu kideei.

2. Baldin eta, interesdunei beren oharpenak egiteko dei egin ondoren, estatuak zuzenean edo estatuko funtsen bidez emandako laguntzaren bat 107. artikuluaren indarrez barne-merkatuarekin batera ezina dela, edo gehiegikeriaz aplikatzen dela frogatzen badu Batzordeak, berak zehaztutako epean hura ezabaraztea edo aldaraztea eskatuko dio estatu horri.

Dena delako estatuak erabaki hori betetzen ez badu ezarritako epean, Batzordeak edo interesa daukan beste edozein estatu kidek jo dezake zuzenean Europar Batasuneko Justizia Auzitegira, 258. eta 259. artikuluetan xedatutakoa gorabehera.

Estatu kideren batek eskatuta, Kontseiluak aho batez erabaki ahal izango du, 107. artikuluan xedatutakoa edo 109. artikuluan aurreikusitako erregelamenduetan xedatutakoa gorabehera, estatu horrek eman duen edo emateko duen laguntza barne-merkatuarekin bateragarria dela, salbuespeneko gorabeherek bidezko egiten badute halako erabakia.

Baldin eta Batzordeak, laguntza horri buruz, paragrafo honetako lehenengo lerrokadan aurreikusitako prozedura hasi badu, kasuan kasuko estatu kideak Kontseiluari egindako eskariak prozedura hura etetea ekarriko du, harik eta Kontseiluak gai horretaz duen jarrera agertu arte.

Halere, eskaera egin eta hurrengo hiru hilabeteetan Kontseiluak erabakirik hartu ezik, Batzordeak hartuko du horren erabakia.

3. Laguntzak emateko edo aldarazteko proiektuen berri emango zaio Batzordeari, behar besteko aurrerapenarekin oharrak aurkeztu ahal izan ditzan.

Baldin eta Batzordeak proiekturen bati 107. artikuluaren arabera barne-merkatuarekin bateraezina dela irizten badio, aurreko paragrafoan ezarritako prozedurari ekingo dio luzamendurik gabe.

Estatu kide horrek ezin izango ditu gauzatu bere proiektuko neurriak, harik eta esandako prozeduran behin betiko erabakia hartu arte.

4. Batzordeak erregelamenduak onartu ahal izango ditu zenbait laguntza-kategoria publikori buruz, baldin eta Kontseiluak, 109. artikuluaren arabera, laguntza-kategoria publiko horiek artikulu honetako 3. paragrafoan ezarritako prozeduratik salbuetsita gera daitezkeela ebatzi badu.

109. artikulua

(lehengo 89. artikulua EET)

Kontseiluak Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, 107. eta 108. artikuluak aplikatzeko egokiak diren erregelamenduak onartu ahal izango ditu, baita 108. artikuluko 3. paragrafoa aplikatzeko baldintzak eta prozedura horretatik kanpo uzten diren laguntza-motak zehaztu ere.

2. KAPITULUA

ZERGA-ARLOKO XEDAPENAK

110. artikulua

(lehengo 90. artikulua EET)

Estatu kide batek ere ezin izango die ez zeharka ez zuzenean kargarik ezarri beste estatu kideetako produktuei, estatu barruko antzerako produktuei zuzenean edo zeharka ezartzen dizkien barruko tributuak baino handiagoak erabiliz, tributuok edozelakoak izanda ere.

Era berean, estatu kide batek ere ezin izango die kargarik ezarri beste estatu kideetako produktuei, zeharka bada ere beste ekoizpen batzuk babes ditzaketen barruko tributuak erabiltzen baditu.

111. artikulua

(lehengo 91. artikulua EET)

Estatu kide baten lurraldera esportatutako produktuek ezin izango dute barruko zergen inolako itzulketa-onurarik jaso, produktuok zuzenean nahiz zeharka jaso duten kargaren zenbatekotik gora.

112. artikulua

(lehengo 92. artikulua EET)

Negozioen guztizkoaren gaineko zergak, kontsumo-produktu jakin batzuen gaineko zergak eta zeharkako beste zergak albo batera utzita, gainerako tributuei dagokienez ezin izango da kargarik arindu ez diru-itzulketarik egin beste estatu kideetara egindako esportazioengatik, ez eta beste estatu kideetatik etorritako inportazioei konpentsazio-kargarik ezarri ere, Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, proiektuan jasotako neurriok denbora mugatu baterako aurrez onartutakoak izan ezik.

113. artikulua

(lehengo 93. artikulua EET)

Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, negozioen guztizkoaren gaineko zergei, kontsumo-produktu jakin batzuen gaineko zergei eta zeharkako beste zergei buruzko legediak harmonizatzeko xedapenak onartuko ditu, aipatutako harmonizazioa beharrezkoa den heinean, barne-merkatuaren ezarpena eta funtzionamendua bermatzeko, eta lehian distortsiorik ez egoteko.

3. KAPITULUA

LEGEDIAK ELKARRI HURBILTZEA

114. artikulua

(lehengo 95. artikulua EET)

1. Tratatuek besterik xedatu ezean, ondorengo xedapenak aplikatuko dira 26. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, estatu kideetako legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak elkarri hurbiltzeko neurriak hartuko dituzte, barne-merkatua ezarri edo jardunean jartzeko helburua daukatenean.

2. Goiko 1. paragrafoa ez zaie aplikatuko xedapen fiskalei, ez pertsonen zirkulazio askeari buruzko xedapenei, ez inoren kontura lanean diharduten langileen eskubide eta interesei buruzkoei ere.

3. Osasunari, segurtasunari, ingurumenaren babesari eta kontsumitzaileen babesari buruz 1. paragrafoan aurreikusitako proposamenak egiteko, babes-maila handian oinarritu behar da Batzordea, gertaera zientifikoetan errotutako edozein berrikuntza bereziki kontuan hartuta.

Europako Parlamentua eta Kontseilua ere helburu hori lortzen saiatu behar dira, bakoitza bere eskumenen esparruan.

4. Baldin eta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Kontseiluak edo Batzordeak harmonizaziorako neurriren bat hartu ondoren, estatu kideren batek estatuko xedapenei eustea beharrezkoa dela uste badu, betiere 36. artikuluan aipatutako garrantzizko arrazoiren batean edo lana edo ingurumena babestearekin zerikusia daukatenetan nahiko arrazoi hartuta, aipatutako estatuak Batzordeari eman behar dio xedapen horien berri, baita haiei eusteko dauzkan arrazoiena ere.

5. Era berean, eta 4. paragrafoari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Kontseiluak edo Batzordeak harmonizaziorako neurriren bat hartu ondoren, estatu kideren batek estaturako xedapen berriak ezartzea beharrezkoa dela uste badu, betiere lana edo ingurumena babestearekin zerikusia daukaten berrikuntza zientifikoetan arrazoi hartuta, eta harmonizaziorako neurria onartu ondoren estatu kide horretan sortutako arazo jakin bati aurre egiteko, aipatutako estatuak Batzordeari eman behar dio aurreikusitako xedapenen berri, baita horiek onartzeko dauzkan arrazoiena ere.

6. Goiko 4 eta 5. paragrafoetan aipatutako jakinarazpenetatik sei hilabeteko epean, Batzordeak onartu edo baztertu egingo ditu aipatutako estatu barruko xedapenak, estatu kideen arteko merkataritzarako bidegabekeriazko bereizkeria edo murrizketa estalia egiteko modua diren ala ez egiaztatu ondoren, eta barne-merkatuaren funtzionamendurako eragozpen diren ala ez egiaztatu ondoren.

Aipatutako epean Batzordeak erabakirik adierazten ez badu, onartutzat emango dira 4. eta 5. paragrafoetan aipatutako estatu barruko xedapenak.

Gaiaren konplexutasuna nahikoa arrazoi denean, eta giza osasunerako arriskurik ez dagoenean, paragrafo zati honetan aipatutako epea beste sei hilabeterainoko aldi gehigarri batez luzatzen dela jakinarazi ahal izango dio Batzordeak dagokion estatu kideari.

Goiko 6. paragrafoarekin bat etorriz, harmonizazio-neurri batetik urruntzen diren estatu barruko xedapenei eusteko edo xedapen berriak ezartzeko baimena ematen bazaio estatu kideren bati, Batzordeak berehala aztertuko du neurri hori egokitzea proposa daitekeen.

8. Aldez aurretik harmonizazio-neurriak jaso dituen eremuren batean osasun publikoko arazo zehatzen bat planteatzen badu estatu kideren batek, Batzordeari eman behar dio horren berri, eta Batzordeak berehala aztertu behar du ea egokiak diren neurriak Kontseiluari proposatzea komeni den.

9. 258. eta 259. artikuluetan aurreikusitako prozeduraren salbuespen moduan, bai Batzordeak bai edozein estatu kidek jo dezake zuzenean Europar Batasuneko Justizia Auzitegira, baldin eta beste estatu kideren batek, bere ustez, artikulu honetan jasotako ahalmenak gehiegikeriaz erabiltzen baditu.

10. Goian aipatutako harmonizazio-neurriek, dagozkien kasuetan, salbuespen-klausula bat edukiko dute, estatu kideei behin-behineko neurriak hartzeko baimena emateko, 36. artikuluan aipatu eta ekonomiakoa ez den arrazoiren bat edo gehiagorengatik denean, eta Batasuneko kontrol-prozedura baten menpe egongo dira.

115. artikulua

(lehengo 94. artikulua EET)

114. artikuluari kalterik egin gabe, Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, estatu kideetako legezko, erregelamenduzko eta administraziozko arloetako xedapenak elkarri hurbiltzeko zuzentarauak onartuko ditu, barne-merkatuaren ezarpenean edo funtzionamenduan eragin zuzena daukatenean.

116. artikulua

(lehengo 96. artikulua EET)

Baldin eta, estatu kideetako legezko, erregelamenduzko edo administraziozko xedapenen artean, desadostasunen batek barne-merkatuaren barruko lehia-baldintzak faltsutzen dituela, eta, hori dela eta, kendu beharreko distortsioren bat sortzen duela frogatzen badu Batzordeak, kontsultak egingo ditu kasuan kasuko estatuekin.

Kontsulta horiek egin arren, aipatutako distortsioa kentzeko akordiorik lortzen ez bada, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, helburu horretarako beharrezko zuzentarauak onartuko dituzte.

Tratatuek ezarritako bestelako neurri egokietarik beste edozein ere hartu ahal izango da.

117. artikulua

(lehengo 97. artikulua EET)

1. Baldin eta lege-, erregelamendu- edo administrazio-xedapenen bat onetsita edo aldatuta 96. artikuluan zehaztutako moduko distortsioren bat sor daitekeela-eta beldur izateko arrazoirik badago, neurri horiek hartu nahi dituen estatu kideak kontsulta egingo dio Batzordeari.

Batzordeak, estatu kideekin kontsultatu ondoren, distortsio hori saihesteko egoki diren neurriei buruzko gomendioa egingo die estatu kide interesdunei.

2. Baldin eta estatu barruko xedapenak onetsi edo aldatu nahi dituen estatuak Batzordeak egin dion gomendioari jaramonik egiten ez badio, beste estatu kideei ezin izango zaie eskatu, 116. artikulua aplikatuz, bakoitzak bere estatu barruko xedapenak alda ditzan, aipatutako distortsioa kentzeko.

Batzordearen gomendioa kontuan hartu ez duen estatu kideak distortsioren bat sortzen badu, eta bere kalterako bada huts-hutsik, ez dira aplikatzekoak izango 116. artikuluko xedapenak.

118. artikulua

Barne-merkatuaren ezarpen eta funtzionamenduaren eremuan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, neurriak ezarriko dituzte, batetik, Europako tituluak sortzeari buruz, Batasunean jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak era batera babestuko direla bermatzeko, eta, bestetik, Batasun osoari dagokionez titulu horiek baimentzeko, koordinatzeko eta kontrolatzeko sistema zentralizatuak ezartzeari buruz.

Kontseiluak, legegintzako prozedura berezi baten arabera, erregelamenduen bidez ezarriko ditu Europako tituluen hizkuntza-araubideak.

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

VIII. TITULUA

EKONOMIARI ETA DIRUARI BURUZKO POLITIKA

119. artikulua

(lehengo 4. artikulua EET)

1. Europar Batasunaren Tratatuko 3. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, estatu kideen eta Batasunaren ekintzak berekin ekarriko du, Tratatuek aurreikusitako baldintzen arabera, estatu kideen ekonomia-politiken arteko koordinazio estuan, barne-merkatuan eta helburu erkideak adostean oinarritutako ekonomia-politika ezartzea, betiere, lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioa errespetatuta.

2. Ildo beretik joanda, Tratatuetan aurreikusitako prozeduren eta baldintzen arabera, ekintza horrek esan nahi du diru bakar bat izango dela, hots, euroa, eta diruari buruz zein truke-tasei buruz politika bat bakarra zehaztu eta aplikatuko dela; horren helburu nagusia prezioen egonkortasunari eustea izango da, eta, xede horri kalterik egin gabe, Batasunaren ekonomia-politika orokorrari laguntzea, betiere, lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioen arabera.

3. Estatu kideen eta Batasunaren ekintza horiek berekin dakarte printzipio gidari hauek errespetatzea:

prezio egonkorrak, finantza publiko eta diru-baldintza sendoak, eta ordainketa-balantza egonkorra.

1. KAPITULUA

EKONOMIA-POLITIKA

120. artikulua

(lehengo 98. artikulua EET)

Europar Batasunaren Tratatuko 3. artikuluan zehaztu diren Batasunaren helburuak betetzen laguntzeko egingo dituzte estatu kideek beren ekonomia-politikak, 121. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako orientabide orokorren esparruan. Estatu kideek eta Batasunak lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioa errespetatuz jardun behar dute, esleitutako baliabideak eraginkorrak izan daitezen, 119. artikuluan aipatutako printzipioen arabera.

121. artikulua

(lehengo 99. artikulua EET)

1. Estatu kideek interes orokorreko gaitzat hartu behar dute ekonomiari buruz bakoitzak daukan politika, eta Kontseiluaren baitan koordinatu behar dituzte elkarrenak, 120. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Kontseiluak, Batzordearen gomendioren bat oinarri dela, ekonomia-politiketarako orientabide nagusien proiektua egingo du estatu kideentzat eta Batasunarentzat, eta Kontseilu Europarrari aurkeztuko dio horri buruzko txostena.

Kontseiluaren txostena oinarri dela, estatu kideek eta Batasunak beren ekonomia-politiken orientabide nagusien gaineko ondorioak eztabaidatuko ditu Kontseilu Europarrak.

Ondorio horien arabera, Kontseiluak gomendioa emango du, eta aipatutako orientabideak finkatuko ditu bertan.

Kontseiluak Europako Parlamentuari emango dio gomendio horren berri.

3. Ekonomia-politiken arteko koordinazioa estuagoa dela bermatzeko, eta estatu kideen ekonomiaren emaitzen elkarganatzea iraunkorra dela bermatzeko, Kontseiluak, Batzordeak aurkeztutako txostenetan oinarrituta, estatu kide bakoitzaren eta Batasunaren ekonomiaren bilakaera ikuskatuko du, baita ekonomia-politiken eta 2. paragrafoan adierazitako orientabide nagusien arteko koherentzia ere, eta ebaluazio orokor bat egingo du aldian-aldian.

Alderdi askotako ikuskapen horren ondorioetarako, estatu kideek ekonomia-politikaren gainean hartutako garrantzizko neurrien berri eman behar diote Batzordeari, baita beharrezko iritzitako beste alderdi guztien berri ere.

4. Baldin eta, 3. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera, estatu kideren bateko ekonomia-politika 2. paragrafoan aipatutako orientabide nagusiekin kontraesanean dagoela egiaztatzen bada, edo ekonomia- eta diru-batasunak zuzen funtzionatu ahal izateko arriskua dakarrela egiaztatzen bada, Batzordeak ohartarazpena egin ahal izango dio estatu kide horri.

Kontseiluak, Batzordearen gomendioa oinarri duela, beharrezko diren gomendioak egin ahal izango dizkio dena delako estatu kide horri.

Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, gomendio horiek jendaurrera ateratzea erabaki ahal izango du.

Paragrafo honen ondorioetarako, Kontseiluak erabakiko du, kasuan kasuko estatu kideak Kontseiluan duen ordezkariaren botoa aintzat hartu gabe.

Kontseiluko gainerako kideen gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

5. Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeak Europako Parlamentuari emango diote alderdi askotako ikuskapenaren emaitzen berri.

Kontseiluak bere gomendioak argitara emanda badauzka, Kontseiluko lehendakariari gonbit egin ahal izango zaio Europako Parlamentuan eskumenak dauzkan batzordean ager dadin.

6. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak neurriak hartu ahal izango dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera, erregelamenduen bidez, 3. eta 4. paragrafoetan adierazten diren alderdi askotako ikuskapenerako prozedura-moduen gainean.

122. artikulua

(lehengo 100. artikulua EET)

1. Tratatuetan ezarritako gainerako prozedurei kalterik egin gabe, Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, ekonomiaren egoerari buruz egoki diren neurriak erabaki ahal izango ditu, estatu kideen arteko elkartasuna bultzatzeko, batez ere, zenbait produktu hornitzean zailtasun larriak sortzen badira, bereziki energiaren arloan.

2. Baldin eta estatu kideren batek, berak kontrolatu ezin dituen naturako hondamendien nahiz salbuespeneko gertaeren eraginez, zailtasunak badauzka edo zailtasun larriak edukitzeko arrisku bizian aurkitzen bada, Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, estatu kide horri, baldintza batzuen menpe, Batasuneko finantza-laguntza bat ematea erabaki dezake.

Kontseiluko lehendakariak emango dio Europako Parlamentuari hartutako erabakiaren berri.

123. artikulua

(lehengo 101. artikulua EET)

1. Debeku da Europako Banku Zentralak eta estatu kideetako banku zentralek, horietako bakoitzari “estatuko banku zentrala” deituko zaio aurrerantzean, zorpekoak onartzea edo beste edozein kreditu-mota ematea Batasuneko instituzio, organo eta organismoei, gobernu zentralei, eskualdeko edo tokian tokiko agintariei edo beste agintari publiko batzuei, eta estatu kideetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoei; debeku da, halaber, Europako Banku Zentralak edo estatuetako banku zentralek aurreko guztiei zor-tresnak zuzenean erostea ere.

2. Goiko 1. paragrafoko xedapenek ez dute eraginik izango kreditu-etxe publikoetan, hain zuzen, Banku Zentralek erreserbetarako hornidura egiterakoan, kreditu-etxe pribatuen modu-moduko tratua jaso behar baitute estatuetako banku zentralen eta Europako Banku Zentralaren aldetik.

124. artikulua

(lehengo 102. artikulua EET)

Debekatuta dago zuhurtziazko kontsiderazioetan oinarritzen ez den edozein neurri, baldin eta Batasuneko instituzio, organo edo organismoei, gobernu zentralei, eskualdeko edo tokian tokiko agintariei edo beste agintari publiko batzuei, eta estatu kideetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoei finantza-etxeetara pribilejioz iristeko bide ematen badie.

125. artikulua

(lehengo 103. artikulua EET)

1. Batasunak ez du ardurarik bereganatuko, eta ez du erantzukizunik hartuko, estatu kideetako gobernu zentralen, eskualdeko edo tokian tokiko agintarien edo beste agintari publiko batzuen, eta zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoen konpromisoen gainean, betiere, proiektu jakin batzuk elkarrekin egiteko elkarrenganako finantza-bermeei kalterik egin gabe.

Estatu kideek ez dute ardurarik bereganatuko, eta ez dute erantzukizunik hartuko, estatu kideetako gobernu zentralen, eskualdeko edo tokian tokiko agintarien edo beste agintari publiko batzuen, eta beste zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoen konpromisoen gainean, betiere, proiektu jakin batzuk elkarrekin egiteko elkarrenganako finantza-bermeei kalterik egin gabe.

2. Beharrezkoa izanez gero, Kontseiluak definizioak zehaztu ahal izango ditu, Batzordeak proposaturik eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, 123. eta 124. artikuluetan eta artikulu honetan aipatutako debekuak aplikatzeko.

126. artikulua

(lehengo 104. artikulua EET)

1. Estatu kideek gehiegizko defizit publikoak saihestuko dituzte.

2. Batzordeak aurrekontu-egoeraren eta estatu kideen zorpetze publikoaren mailaren bilakaera ikuskatuko du, huts nabariak aurkitu ahal izateko.

Batez ere, aurrekontuei buruzko diziplina betetzen den aztertuko du, irizpide bi hauek kontuan hartuta:

a)

begiratu behar da aurrez ikusitako edo benetan izandako defizit publikoaren eta barne-produktu gordinaren arteko proportzioak erreferentziako balioa gainditzen duen, ez bada behintzat,

— proportzioa funtsean eta jarraian jaitsi dela, eta erreferentziako baliora hurbildu dela; edo

— erreferentziako balioa salbuespenez eta aldi baterako baino ez dela gainditzen, eta proportzioa erreferentziako baliotik hurbil zaintzen dela;

b)

ea zor publikoaren eta barne-produktu gordinaren arteko proportzioak erreferentziako balioa gainditzen duen, ez bada behintzat proportzioa behar beste jaisten dela, eta erreferentziako baliora erritmo egokian hurbiltzen ari dela.

Gehiegizko defizit kasuetan aplika daitekeen prozedurari buruz Tratatuei erantsita doan protokoloan zehazten dira erreferentziako balioak.

3. Estatu kideren batek irizpide horietako bateko edo bietako baldintzak bete ezik, Batzordeak txostena egingo du. Batzordearen txostenak, batetik, defizit publikoarekin inbertsioetako gastu publikoak gainditzen ote diren aztertuko du, eta, bestetik, dagozkion gainerako faktore guztiak hartuko ditu kontuan, estatu kide horren epe ertaineko ekonomiaren eta aurrekontuaren egoera barnean hartuta.

Nahiz eta bi irizpide horiei darizkien baldintzak bete, Batzordeak txostena egin dezake estatu kideren bat gehiegizko defizita izateko arriskuan dagoela uste badu.

4. Ekonomia eta Finantza Komiteak irizpena emango du Batzordearen txosten horri buruz.

5. Batzordeak, baldin eta estatu kideren batek gehiegizko defizita daukala edo eduki dezakeela uste badu, irizpena emango dio estatu kide horri, eta Kontseiluari emango dio horren berri.

6. Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, kasuan kasuko estatu kideak egindako oharpenak kontuan hartu, eta balioespen orokorra egin ondoren, berak erabakiko du gehiegizko defizitik dagoen ala ez.

7. Aurreko 6. paragrafoarekin bat etorriz, Kontseiluak gehiegizko defizita dagoela deklaratzea erabakitzen duenean, kasuan kasuko estatu kideari zuzendutako gomendioak onetsiko ditu, justifikaziorik gabeko luzamendurik gabe eta Batzordearen gomendio batean oinarrituta, estatu kide horrek epe jakin batean egoera hori konpon dezan.

Gomendio horiek, 8. paragrafoan xedatutakoa salbuespen dela, ez dira jendaurrera aterako.

8. Baldin eta, finkatutako epean, Kontseiluak egindako gomendioak benetan bete ez direla egiaztatzen badu, jendaurrera atera ahal izango ditu.

9. Baldin eta estatu kideren bat Kontseiluaren gomendioak bete gabe uzten tematzen bada, estatu kide horri ohartarazpena egiteko erabakia har dezake Kontseiluak, egoera konpontzeko, Kontseiluaren iritziz beharrezkoa den defizit-murriztapena lortzeko neurriak har ditzan, zehaztutako epe batean.

Kasu horretan, berariazko egutegi baten arabera txostenak aurkezteko eskatu ahal izango dio Kontseiluak dena delako estatu kideari, estatu horrek egokitzeko egindako ahaleginak aztertu ahal izateko.

10. Artikulu honetako 1. paragrafotik 9. paragrafora artekoen eremuan, ezin izango da baliatu 258. eta 259. artikuluetan aurreikusitako errekurtso-eskubideaz.

11. Estatu kideren batek bete gabe utziko balu 9. paragrafoaren arabera onartutako erabakiren bat, neurri hauetakoren bat edo gehiago aplikatzea, edo beharrezkoa bada, indartzea erabaki lezake Kontseiluak:

— obligazioak eta baloreak jaulki aurretik, Kontseiluak berak zehaztu behar duen informazio gehigarriren bat argitaratzea eska diezaioke dena delako estatu kideari;

— gomendioa egin diezaioke EIBri, dena delako estatu kideari buruz daukan mailegu-politika berrazter dezan;

— Batasunaren izenean gordailu bat jartzea eska diezaioke dena delako estatu kideari, interesik sortuko ez duen kopuru egoki batez, harik eta Kontseiluak gehiegizko defizita konpondu dela iritzi arte;

— egoerari dagokion mailako isunak ezar diezazkioke.

Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio hartutako erabakien berri.

12. Kontseiluak indargabetu egingo ditu 6., 7., 8., 9 eta 11. paragrafoetan aipatutako bere erabaki edo gomendio batzuk edo guztiak, bere ustez kasuan kasuko estatu kidearen gehiegizko defizita konpondu bada.

Baldin eta Kontseiluak aurrez bere gomendioak jendaurrera atera baditu, orduan, 8. paragrafoaren indarrez hartutako erabakia indargabetutakoan, jendaurrean adierazpena egingo du dagokion estatu kidean gehiegizko defizita desagertu dela baieztatzeko.

13. Aurreko 8, 9, 11 eta 12. paragrafoetan aipatutako erabakiei edo gomendioei dagokienez, Batzordearen gomendioren bat oinarri dela hartuko ditu Kontseiluak erabakiak.

Kontseiluak 6.etik 9.era bitarteko paragrafoetan, 11.ean eta 12.ean jasotako neurriak hartzen baditu, Kontseiluak erabakiko du, kasuan kasuko estatu kideak Kontseiluan duen ordezkariaren botoa aintzat hartu gabe.

Kontseiluko gainerako kideen gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

14. Gehiegizko defizit-kasuetan aplikagarri den prozedurari buruzko protokoloan jasotzen dira artikulu honetan adierazitako prozedura aplikatzearekin zerikusia daukaten xedapen gehigarriak, eta Tratatuei erantsita dator protokolo hori.

Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten bidez, eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentralari kontsulta eginda, aipatutako protokoloaren ordezkoak diren xedapen egokiak onartuko ditu.

Paragrafo honetako gainerako xedapenei kalterik egin gabe, Kontseiluak, aipatutako protokoloko xedapenak aplikatzeko garapen-arauak eta definizioak zehaztu behar ditu, Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari kontsulta eginda.

2. KAPITULUA.

DIRUARI BURUZKO POLITIKA

127. artikulua

(lehengo 105. artikulua EET)

1. Prezioen egonkortasunari eustea izango da Banku Zentralen Europako Sistemaren (aurrerantzean «BZES) helburu nagusia.

Helburu horri kalterik egin gabe, eta Batasunaren helburuak gauzatzen laguntzeko, BZESk babesa emango die Europar Batasunaren Tratatuko 3. artikuluan zehazten diren Batasunaren ekonomia-politika orokorrei.

Lehia askeko merkatu-ekonomia irekia printzipio duela jardungo du BZESk, baliabideen esleipen eraginkorra sustatuz eta 119. artikuluan azaldutako printzipioekin bat etorriz.

2. Hauek dira BZESk egin behar dituen oinarrizko eginkizunak:

— Batasunak daukan diru-politika zehaztu eta gauzatzea,

— 219. artikuluko xedapenekin koherentzian dauden dibisetako eragiketak egitea;

— estatu kideen dibisen erreserba ofizialak gorde eta kudeatzea;

— ordainketa-sistemek ondo funtziona dezaten sustatzea.

3. Goiko 2. paragrafoko hirugarren marran xedatutakoa ez doa estatu kideetako gobernuek dibisatan laneko kapitalak eduki eta kudeatzearen kontra.

4. Europako Banku Zentralari kontsulta egingo zaio:

— bere eskumenen eremuan sartzen diren Batasuneko egintzei buruzko edozein proposamenen gainean;

— estatu bakoitzeko agintariek ere eskatuko diote aholkua, beren eskumenen eremuan sartzen diren legezko xedapenei buruzko edozein proiekturen gainean, 129. artikuluko 4. paragrafoan aurreikusitako prozeduraren arabera Kontseiluak ezarritako muga eta baldintzen barruan.

Europako Banku Zentralak zuzenean aurkeztu ahal izango dizkie irizpenak Batasuneko instituzio, organo edo organismoei edo estatuetako kasuan kasuko agintariei, bere eskumenen eremuan sartzen diren gaiei buruz.

5. Agintari eskudunek burututako politiken kudeaketa ona izan dadin laguntasuna emango du BZESk, kreditu-etxeen zuhurtziazko ikuskapenari eta finantza-sistemaren egonkortasunari buruz.

6. Kontseiluak, legegintzako prozedura berezia erabiliz onartutako erregelamenduen bidez, aho batez, Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, zeregin zehatzak agindu ahal izango dizkio Europako Banku Zentralari kreditu-etxeen eta beste finantza-etxe batzuen zuhurtziazko ikuskapenarekin zerikusia duten politiken gainean; aseguru-etxeak hortik kanpo uzten dira.

128. artikulua

(lehengo 106. artikulua EET)

1. Europako Banku Zentralak eskubide esklusiboa izango du Batasunean bankuko billeteak eurotan jaulkitzeko baimena emateko.

Europako Banku Zentralak eta estatuetako banku zentralek jaulki ditzakete billeteak.

Europako Banku Zentralak eta estatuetako banku zentralek jaulkitako billeteak izango dira Batasunean legez onartu beharreko billete bakarrak.

2. Estatu kideek txanponak jaulki ditzakete, eurotan, baina Europako Banku Zentralaren onarpena beharko dute jaulkipenaren guztizkoari dagokionez.

Kontseiluak, Batzordeak proposaturik, eta Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, hartu ahal izango ditu zirkulazioan jarritako txanpon guztien balio izendatuak eta zehaztasun teknikoak harmonizatzeko neurriak, Batasunaren baitan ondo zirkulatzeko beharrezkoa den heinean.

129. artikulua

(lehengo 107. artikulua EET)

1. Europako Banku Zentraleko organo artezkariek zuzenduko dute BZES, hau da, Gobernu Kontseiluak eta Batzorde Betearazleak.

2. Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuak, aurrerantzean «BZESren eta EBZaren estatutuak», Tratatuei erantsitako protokolo batean azaltzen dira.

3. BZESren eta EBZaren estatutuetako 5.1, 5.2, 5.3, 17, 18, 19.1, 22, 23, 24, 26, 32.2, 32.3, 32.4, 32.6, 33.1 a) eta 36. artikuluak alda ditzakete Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera.

Erabakiko dute, bai Europako Banku Zentralaren gomendio batean oinarrituta eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, bai Batzordeak proposaturik eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda.

4. Kontseiluak, bai Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentralari kontsulta eginda, bai Europako Banku Zentralaren gomendioren baten gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta Batzordeari kontsulta eginda, BZESren eta EBZaren estatutuetako 4, 5.4, 19.2, 20, 28.1, 29.2, 30.4 eta 34.3. artikuluetan aipatutako xedapenak onartuko ditu.

130. artikulua

(lehengo 108. artikulua EET)

Tratatuek eta BZESren eta EBZaren estatutuek ematen dizkieten ahalmenak baliatzean, eta horiek esleitzen dizkieten eginkizunak eta betebeharrak betetzean, ez Europako Banku Zentralak, ez estatuetako banku zentralek, ez artezkaritza-organoetako kide batek ere, ezin izango dute eskatu, ez eta onartu ere, Batasuneko instituzio, organo edo organismoen jarraibiderik, ez estatu kideetako gobernuenik ez beste inolako organorenik ere.

Batasuneko instituzio, organo edo organismoek, eta estatu kideetako gobernuek, printzipio hori errespetatzeko konpromisoaz batera, beren eginkizunak gauzatzean, Europako Banku Zentraleko eta estatuetako banku zentraletako artezkaritza-organoetako kideengan eraginik ez sortzeko konpromisoa ere hartzen dute.

131. artikulua

(lehengo 109. artikulua EET)

Estatu kide bakoitzak bere estatuko legedia, estatuko banku zentralaren estatutuak barne direla, Tratatuekin eta BZESren eta EBZaren estatutuekin bateragarria izateko ardura hartuko du.

132. artikulua

(lehengo 110. artikulua EET)

1. BZESri agindutako eginkizunak betetzeko, Europako Banku Zentralak, Tratatuetako xedapenen arabera, eta BZESren eta EBZaren estatutuetan aurreikusitako baldintzetan:

— erregelamenduak egingo ditu, BZESren eta EBZaren estatutuetako 3.1 artikuluko lehenengo marran eta 19.1, 22 eta 25.2 artikuluetan zehaztutako eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean, eta 129. artikuluko 4. paragrafoan aipatu eta Kontseiluak egindako egintzetan ezarritako kasuetan;

— Tratatuetan eta BZESren eta EBZaren estatutuetan BZESri agindutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu;

— gomendioak egin eta irizpenak emango ditu.

2. Europako Banku Zentralak berak emandako erabakiak, gomendioak eta irizpenak jendaurrera ateratzea erabaki dezake.

3. Tratatu honetako 129. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera Kontseiluak finkatutako mugen barruan eta baldintzetan, Europako Banku Zentralaren erregelamenduei eta erabakiei dagozkien betebeharrak betetzen ez dituzten enpresei isunak eta hertsatzeko isunak ezartzeko baimena dauka EBZak.

133. artikulua

Europako Banku Zentralak dituen eskurantzei kalterik egin gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte diru bakar modura euroa erabil dadin.

Neurri horiek Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda hartuko dira.

3. KAPITULUA

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

134. artikulua

(lehengo 114. artikulua EET)

1. Barne-merkatuaren funtzionamendurako beharrezkoa den neurrian, estatu kideen politiken koordinazioa sustatzeko, Ekonomia eta Finantza Komitea sortu da.

2. Ekonomia eta Finantza Komiteak eginkizun hauek edukiko ditu:

— irizpenak ematea, bai Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta, bai bere ekimenez, aipatutako instituzio horientzat;

— Batasunak eta bere estatuek daukaten ekonomia-eta finantza-egoeraren jarraipena egitea, eta aldian-aldian Kontseiluari eta Batzordeari berri ematea, batez ere hirugarren herrialdeekin eta nazioarteko instituzioekin izandako finantza-harremanak direla-eta;

— tratatu honetako 240. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, 66. eta 75. artikuluetan, 121. artikuluko 2., 3., 4., eta 6. paragrafoetan, 122., 124., 125. eta 126. artikuluetan, 127. artikuluko 6. paragrafoan, 128. artikuluko 2. paragrafoan, 129. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan, 138. artikuluan, 140. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan, 143. artikuluan, 144. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan eta 219. artikuluan aipatutako lanak prestatzen Kontseiluari laguntzea, eta Kontseiluak agindutako kontsulta eta prestaketako beste lanak burutzea;

— Tratatuak aplikatzetik eta Kontseiluak hartutako neurrien ondorioz datozen kapital-mugimenduei eta ordainketa-askatasunari buruzko egoera aztertzea, urtean behin gutxienez.

Kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruzko neurri guztiak hartuko ditu bere baitan azterketa horrek.

Komiteak Batzordeari eta Kontseiluari emango die azterketa horren emaitzari buruzko txostena.

Estatu kideetako bakoitzak, Batzordeak, eta Europako Banku Zentralak gehienez ere bina kide izendatuko dituzte Komiterako.

3. Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Banku Zentralari eta artikulu honetan aipatutako Komiteari kontsulta egin ondoren, Ekonomia eta Finantza Komitearen osaerari buruzko garapen-arauak finkatu behar ditu.

Kontseiluko lehendakariak emango dio erabaki horren berri Europako Parlamentuari.

4. Goiko 2. paragrafoan adierazitako eginkizunez gain, baldin eta estatu kideren bat edo gehiago badaude 139. artikuluaren araberako salbuespenen bati helduta, eta hala dauden bitartean, aipatutako estatu kideen diru- eta finantza-egoera, eta ordainketen sistema orokorra ikuskatuko ditu komiteak, eta aldian-aldian emango die horri buruzko txostena Kontseiluari eta Batzordeari.

135. artikulua

(lehengo 115. artikulua EET)

Kontseiluak edo estatu kideetako batek Batzordeari eska diezaioke, kasuan kasu, gomendioren bat edo proposamenen bat aurkezteko, 121. artikuluko 4. paragrafoaren, 126. artikuluaren (14. paragrafoa salbu dela), 138. artikuluaren, 140. artikuluko 1. paragrafoaren, 140. artikuluko 2. paragrafoko 1. lerrokadaren, 140. artikuluko 3. paragrafoaren eta 219. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen diren gaiei dagokienez.

Batzordeak eskabidea aztertuko du, eta luzamendurik gabe aurkeztuko dizkio Kontseiluari bere ondorioak.

4. KAPITULUA

DIRU GISA EUROA DARABILTEN ESTATU KIDEENTZAKO BERARIAZKO XEDAPENAK

136. artikulua

1. Ekonomia- eta diru-batasunak zuzen funtziona dezan laguntzeko, Tratatuetan arlo horri dagozkion xedapenekin bat etorrita, eta, betiere, 121. eta 126. artikuluetan ezarritako prozeduretatik dagokiona erabiliz —126. artikuluko 14. paragrafoan ezarritakoa izan ezik—, Kontseiluak diru gisa euroa darabilten estatu kideei buruzko neurriak hartuko ditu, helburuak honako hauek izanik:

a)

aurrekontuei buruzko diziplina koordinatzeko eta ikuskatzeko lanak indartzea;

b)

estatu kide horiei dagokienez, ekonomia-politikan bete beharreko norabideak zehaztea, Batasun osorako onartutako norabideekin bateragarriak izan daitezen zainduta, eta norabide horiek jagongo direla bermatzea.

2. Diru gisa euroa darabilten estatu kideetako ordezkari diren Kontseilukideek bakarrik hartuko dute parte 1. paragrafoan jasotako neurriei buruzko bozketetan.

Kide horien gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

137. artikulua

Eurotaldeari buruzko protokoloan daude ezarrita diru gisa euroa darabilten estatu kideetako ministroen arteko bilera-motak.

138. artikulua

(lehengo 111. artikulua, 4. paragrafoa, EET)

1. Euroak nazioarteko diru-sisteman duen lekua bermatzeko, Kontseiluak, Batzordeak proposatutakoaren gainean, erabakia hartuko du; arlo horretan eskumenak dituzten nazioarteko finantza-instituzioei eta -biltzarrei begira, jarrera erkideak zehaztuko dira europar erabaki horretan, ekonomia- eta diru-batasunarentzat interes berezia duten gaiei buruz.

Kontseiluak Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du.

2. Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, neurri egokiak hartu ahal izango ditu, nazioarteko finantza-instituzio eta -biltzarretan ordezkaritza bakarra izateko.

Kontseiluak Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du.

3. Diru gisa euroa darabilten estatu kideetako ordezkari diren Kontseilukideek bakarrik hartuko dute parte 1. eta 2. paragrafoetan jasotako neurriei buruzko bozketetan.

Kide horien gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

5. KAPITULUA

XEDAPEN IRAGANKORRAK

139. artikulua

1. Diru gisa euroa erabiltzeko beharrezko baldintzak betetzen ote dituzten, Kontseiluak oraindik erabaki gabe dituen estatu kideek, aurrerantzean, “salbuespen bati helduta dauden estatu kideak” izendapena hartuko dute.

2. Tratatuetako xedapen hauek ez zaizkie aplikatuko salbuespen bati heldutako estatu kideei:

a) ekonomia-politiketarako norabide nagusiak finkatzeko zatien onespena, zati horiek euro-eremuari orokorrean eragiten diotenean (121. artikuluko 2. paragrafoa);

b) gehiegizko defizitak konpontzeko bitarteko zorrotzak (126. artikuluko 9. eta 11. paragrafoak);

c) BZESren xedeak eta eginkizunak (127. artikuluko 1., 2., 3. eta 5. paragrafoak);

d) euroaren jaulkipena (128. artikulua);

e) Europako Banku Zentralaren egintzak (132. artikulua);

f)

euroaren erabilerari buruzko neurriak (133. artikulua);

g)

diru-arloko akordioak eta truke-tasen politikari buruzko bestelako neurriak (219. artikulua);

h)

Europako Banku Zentralaren Batzorde Betearazleko kideen izendapena (283. artikuluko 2. paragrafoa);

i)

arlo horretan eskumenak dituzten nazioarteko finantza-instituzioei eta -biltzarrei begira, ekonomia- eta diru-batasunarentzat interes berezia duten gaiei buruz jarrera erkideak zehazteko erabakiak (138. artikuluko 1. paragrafoa);

j

nazioarteko finantza-instituzio eta -biltzarretan ordezkaritza bakarra izateko neurriak (138. artikuluko 2. paragrafoa).

Horrenbestez, a) idatz-zatitik j) idatz-zatira bitartean aipatutako artikuluek «estatu kide» esaten dutenean, diru gisa euroa darabilten estatu kideak direla ulertu behar da.

3. Salbuespen bati heldutako estatu kideak eta beren banku zentralak BZESren esparruko eskubideetatik eta betebeharretatik kanpo egongo dira, BZESren eta EBZaren estatutuetako IX. kapituluan xedatutakoaren arabera

4. Salbuespen bati heldutako estatu kideen ordezkari diren Kontseilukideen boto-eskubideak etenda geratuko dira, Kontseiluak 2. paragrafoan aipatzen diren artikuluetan jasotako neurriak onesten dituenean, baita honako kasu hauetan ere:

a)

diru gisa euroa darabilten estatu kideei, alderdi askotako ikuskapenaren esparruan, gomendioak egiten zaizkienean, egonkortasun-programei buruzko gomendioak eta ohartarazpenak ere barnean direla (121. artikuluko 4. paragrafoa);

b)

diru gisa euroa darabilten estatu kideei eragiten dieten gehiegizko defizitei buruzko neurriak direnean (126. artikuluko 6., 7., 8. , 12. eta 13. paragrafoak).

Kontseiluko gainerako kideen gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

140. artikulua

(lehengo 121. artikuluko 1. paragrafoa, lehengo 122. artikuluko 2. paragrafoa, bigarren esaldia eta lehengo 123. artikuluko 5. paragrafoa, EET)

1. Gutxienez urte bitik behin, edo salbuespen bati helduta dauden estatu kideetatik edozeinek eskatuta, Batzordeak eta Europako Banku Zentralak txostenak aurkeztuko dizkiote Kontseiluari, salbuespen bati lotuta dauden estatu kideek ekonomia- eta diru-batasuna lortzeko dituzten betebeharrak betetzean estatuok egindako aurrerapenei buruz.

Txosten horiek azterketa bat ere jasoko dute, ea estatu kide bakoitzaren legedia, estatuko Banku Zentralaren estatutuak barne direla, 130. eta 131. artikuluekin eta BZESren eta EBZaren estatutuekin bateragarria den zehazteko.

Txosten horietan, halaber, elkarganatze iraunkorra maila handian lortu ote den ere aztertuko da, estatu kide horietako bakoitzak ondorengo irizpideok zenbateraino bete dituen aintzakotzat hartuta:

— prezioen egonkortasun-maila handia lortu behar da, horretarako, erreferentziatzat hartuko da prezioen egonkortasunari hobekien eusten dioten gehienez ere hiru estatu kideen inflazio-tasa; eta estatuarenak horretatik hurbil egon beharko du;

— finantza publikoak egoera iraunkorrean aurkitu behar dira: larregiko defizit publikorik gabeko aurrekontu-egoera lortzean frogatuko da hori, 126. artikuluko 6. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz zehaztuta dagoen moduan;

— Europako diru-sistemaren truke-tasen mekanismoan aurreikusitako fluktuazioko tarte arruntei bi urtez gutxienez eutsi behar zaie, euroarekiko debaluaziorik egin gabe;

— epe luzerako interes-tasen mailetan agertu behar da, batetik, salbuespen bati heldutako estatu kideak lortutako elkarganatzea iraunkorra dela, eta, bestetik, estatu horrek truke-tasen mekanismoan daukan partaidetza ere iraunkorra dela.

Paragrafo honetan aipatutako lau irizpideak, eta irizpide horietako bakoitza betetzeko finkatutako aldiak, tratatuei erantsita doan protokolo batean zehazten dira gehiago.

Batzordearen eta EDIren txostenetan kontuan hartu beharko dira, halaber, merkatuak batera biltzean lortutako emaitzak, kontu korronteko ordainketa-balantzeen egoera eta bilakaera, eta unitatezko lan-kostuen eta beste prezio-indize batzuen bilakaerari buruzko azterlana.

2. Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, eta arazoa Kontseilu Europarrean eztabaidatu eta gero, Batzordeak proposaturik, Kontseiluak erabakiko du zein diren salbuespen bati heldutako estatu kideetatik 1. paragrafoan adierazitako irizpideen arabera beharrezko baldintzak betetzen dituztenak, eta dagokien estatu kideei salbuespena ezabatuko die.

Kontseiluak erabakiko du, bere kideen gehiengo kualifikatuak gomendioa egin ondoren. Kide horiek diru gisa euroa darabilten estatu kideen ordezkariak izan beharko dira.

Kontseiluak Batzordearen proposamena jaso eta sei hilabeteko epean erabakiko dute estatu kide horiek.

Bigarren lerrokadan adierazten diren kideen gehiengo kualifikatua 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da.

3. Baldin eta 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera, salbuespenen bat kentzeko erabakia hartzen bada, Kontseiluak, diru gisa euroa darabilten estatu kideen eta dena delako estatu kidearen aho batezkoarekin, Batzordearen proposamenez eta Europako Banku Zentralari kontsulta egin ondoren, dena delako estatu kideko dirua euroarekin ordezkatzeko tasa onartuko du behin betiko, baita euroa Batasuneko estatu horretako diru bakar moduan sartzeko beharrezko gainerako neurriak ere.

141. artikulua

(lehengo 123. artikuluko 3. paragrafoa eta lehengo 117. artikuluko 2. paragrafoaren lehenengo bost gidoiak, EET)

1. Batasuneko estaturen bat salbuespen bati lotuta badago, eta harik eta hala dagoen bitartean, 129. artikuluko 1. paragrafoari kalterik egin gabe, BZESren eta EBZaren estatutuetako 44. artikuluan aipatutako Europako Banku Zentralaren Kontseilu Nagusia Europako Banku Zentraleko hirugarren organo erabakitzaile moduan eratuko da.

2. Salbuespen bati heldutako estatu kideak dauden artean, Europako Banku Zentralak, estatu kide horiei dagokienez:

— estatuetako Banku Zentralen arteko lankidetza indartuko du;

— estatu kideen diru-politiken koordinazioa indartuko du, prezioen egonkortasuna bermatzeko;

— truke-tasen mekanismoaren funtzionamendua ikuskatuko du.

— kontsultak egingo ditu estatuetako Banku Zentralen eskumenekoak izan eta finantza-etxeen eta finantza-merkatuen egonkortasunari eragiten dieten gaiei buruz;

— Diru Lankidetzako Europako Funtsarenak ziren eginkizunak beteko ditu, lehenago Europako Diru Institutuak bere gain hartu zituenak.

142. artikulua

(lehengo 124. artikulua, 1. paragrafoa, EET)

Salbuespen bati helduta dagoen estatu kide bakoitzak interes erkideko gaitzat hartu behar du bere truke-politika.

Hori egiteko, truke-tasen mekanismoaren eremuan izandako lankidetzaz lortutako eskarmentuak hartu behar dituzte kontuan Batasuneko estatuek

143. artikulua

(lehengo 119. artikulua EET)

1. Baldin eta salbuespen bati heldutako estatu kideren batek ordainketa-balantzan zailtasunak badauzka edo zailtasunak edukitzeko mehatxu larriren baten pean badago, eta zailtasun horiek balantza horren desoreka orokorraren eraginez edo estatu horrek dauzkan dibisa-moten ondorioz sortu badira, eta, bereziki, barne-merkatuaren funtzionamendua edo merkataritza-politika erkidea egitea arriskuan jartzen dutenak badira, Batzordeak, bere eskura dauzkan baliabide guztiak erabiliz, luzamendurik gabe aztertuko du estatu horren egoera, baita Tratatuetan xedatutakoaren arabera estatu horrek hasi duen edo hasi dezakeen ekintza ere.

Batzordeak adieraziko du zer neurri gomendatzen dion estatu interesdunari.

Salbuespen bati helduta dagoen estatu kideak hasitako ekintza eta Batzordeak proposatutako neurriak nahikoak ez badira aurkitutako zailtasunak edo zailtasun-mehatxuak gainditzeko, elkarren arteko laguntza eta metodo egokiak proposatuko dizkio Batzordeak Kontseiluari, aurretiaz Ekonomia eta Finantza Komiteari kontsulta eginda.

Batzordeak egoeraren eta bilakaeraren berri eman behar dio Kontseiluari aldian-aldian.

2. Kontseiluak goian aipatutako elkarren laguntza onartuko du, eta laguntzaren baldintzak eta laguntza-motak zehazteko zuzentarauak edo erabakiak hartuko ditu.

Elkarren arteko laguntza era hauetakoa izan daiteke, bereziki:

a)

nazioarteko beste erakunde batzuekin itundutako ekintza bat, salbuespen bati helduta dauden estatu kideek erabil dezaketena;

b)

merkataritza-trafikoaren desbideraketak saihesteko beharrezko neurriak, baldin eta salbuespen bati helduta dagoen estatu kideak zailtasunak badauzka eta hirugarren herrialdeekiko kopuru-murrizketei eusten badie edo berriro indarrean jartzen baditu;

c)

beste estatu kide batzuek kreditu mugatuak ematea, betiere, estatuon adostasunez.

3. Baldin eta Batzordeak gomendatutako elkarren arteko laguntza Kontseiluak onartzen ez badu, edo onartutako elkarren arteko laguntza eta hartutako neurriak nahikoak ez badira, babes-neurriak hartzeko baimena emango dio Batzordeak, salbuespen bati helduta egonda, zailtasunak dauzkan estatu kideari, betiere, Batzordeak berak zehaztutako baldintzetan eta moduan.

Kontseiluak kendu egin dezake baimen hori, bai eta haren baldintzak eta moduak aldatu ere.

144. artikulua

(lehengo 120. artikulua EET)

1. Ordainketa-balantzan bat-bateko krisiren bat gertatu, eta, 143. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz berehala erabaki bat hartu ezik, salbuespen bati helduta dagoen estatu kideak beharrezko babes-neurriak hartu ahal izango ditu, kautela moduan.

Neurri horiek ahalik eta nahasmendurik txikiena sortu behar dute barne-merkatuaren funtzionamenduan, eta bat-batean sortutako zailtasunak gainditzeko ezinbestekoa eta behar-beharrezkoa dena baino helmen handiagoa ez dute izango.

2. Babes-neurri horien berri jaso beharko dute Batzordeak eta estatu kideek, beranduenean ere, indarrean jartzen diren unean.

Batzordeak ahalmena du Kontseiluari gomendatzeko 143. artikuluan ezarritakoaren arabera elkarri laguntza eman diezaiotela.

3. Kontseiluak, Batzordearen gomendioz, eta Ekonomia eta Finantza Komiteari aurretiaz kontsulta eginda, erabaki dezake estatu kide interesdunak babes-neurri horiek aldatu, eten edo ezabatu behar dituela.

IX. TITULUA ENPLEGUA

145. artikulua

(lehengo 125. artikulua EET)

Batasuneko estatuak eta Batasuna, titulu honekin bat etorriz, enplegurako estrategia koordinatua garatzen ahaleginduko dira, batez ere langile gaitu, prestatu eta egokitu-errazak lortzeko, eta ekonomiaren aldaketei erantzuteko gai diren lan-merkatuak sustatzeko, Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluan zehaztutako helburuak lortu ahal izan daitezen.

146. artikulua

(lehengo 126. artikulua EET)

1. Batasuneko estatuek, enplegurako beren politiken bidez, 145. artikuluan aipatutako helburuak lortzen lagunduko dute, 121. artikuluko 2. paragrafoaren arabera Batasuneko estatuek eta Batasunak ekonomiaren politikari buruz onartutako orientabide orokorrekin bat etorriz.

2. Estatu bakoitzaren barruan lan-munduko ordezkariek dituzten erantzukizunei buruzko jokaerak kontuan hartuta, estatu kideek interes erkideko gaitzat hartu behar dute enpleguaren sustapena, eta Kontseiluaren baitan koordinatu behar dituzte gai horren inguruko beren jarduerak, 148. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

147. artikulua

(lehengo 127. artikulua EET)

1. Enplegu-maila handia lortzeko lagunduko du Batasunak, estatu kideen arteko lankidetza sustatuz, eta bakoitzaren jarduerei lagunduz, eta, premiazkoa bada, beren jarduteak osatuz.

Hori egitean, estatu kideen eskumenak errespetatuko dira.

2. Batasuneko politikak eta neurriak zehaztu eta aplikatzerakoan enplegu-maila handia lortzea da kontuan hartu beharreko helburua.

148. artikulua

(lehengo 128. artikulua EET)

1. Kontseilu Europarrak urtero aztertuko du zein den enpleguaren egoera Batasunean, eta horren gaineko ondorioak aterako ditu, Kontseiluak eta Batzordeak batera urtero egindako txostenean oinarrituta.

2. Kontseilu Europarraren ondorioetan oinarrituta, Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Komiteari, Eskualdeetako Komiteari eta 150. artikuluan aurreikusitako Enplegu Komiteari kontsulta egin ondoren, orientabideak emango ditu urtero, eta kontuan hartu beharko dituzte estatu kideek, bakoitzak enplegurako bere politika egiterakoan.

Orientabide horiek bateragarri izango dira 121. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera onetsitako orientabide orokorrekin.

3. Estatu kide bakoitzak txosten bana emango die urtero Kontseiluari eta Batzordeari, bakoitzak enplegurako bere politika martxan jartzeko hartutako neurri nagusien gainean, 2. paragrafoan enpleguari buruz jasotako orientabideak kontuan hartuta.

4. Kontseiluak, 3. paragrafoan aipatutako txostenak oinarritzat hartuta, eta Enplegu Komitearen iritziak jaso ondoren, azterketa egingo du urtero estatu kideen enplegu-politiken aplikazioari buruz, enplegurako emandako orientabideen ikuspuntutik.

Kontseiluak, Batzordearen gomendioa oinarri dela, gomendioak egin ahal izango dizkie Batasuneko estatuei, aipatutako azterketa ikusita bidezkoa baderitzo.

5. Aipatutako azterketaren emaitzak oinarri direla, Kontseiluak eta Batzordeak txostena prestatuko dute batera urtero Kontseilu Europarrarentzat, Batasuneko enpleguaren egoera zein den eta enplegurako orientabideen aplikazio-maila zein den agertzeko.

149. artikulua

(lehengo 129. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, sustapen-neurriak hartu ahal izango dituzte Batasuneko estatuen arteko lankidetza bultzatzeko eta estatuok enplegu-gaietan daukaten jarduerari laguntzeko, informazioa eta jardunbide egokiak elkarren artean trukatzera zuzendutako ekimenen bidez, konparazioko analisiak eta aholkularitza emanez, eta planteamendu berritzaileak sustatu eta esperientziak ebaluatuz, bereziki proiektu pilotuez baliatuz.

Neurri horiek ez dute inolako harmonizaziorik ekarriko estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenei dagokienez.

150. artikulua

(lehengo 130. artikulua EET)

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, gehiengo soilez, Enplegu Komitea sortuko du; komite hori aholku-emailea izango da, eta horren bidez estatu kideek enpleguaren eta lan-merkatuaren arloan dituzten politiken koordinazioa sustatuko da.

Hauek dira komite horren eginkizunak:

— Estatu kideetan eta Batasunean enpleguak daukan egoera eta batzuek eta besteak enpleguari buruz dauzkaten politikak zeintzuk diren ikuskatzea;

— tratatu honetako 240. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz, edo bere ekimenez, irizpenak ematea, eta 148. artikuluan aipatutako neurriak prestatzen Kontseiluari laguntzea.

Agindutakoak betetzeko, Komiteak kontsulta egin behar die lan-munduko ordezkariei.

Estatu kideetako bakoitzak eta Batzordeak kide bina izendatuko dituzte Komitea osatzeko.

X. TITULUA GIZARTE-POLITIKA

151. artikulua

(lehengo 136. artikulua EET)

1961eko urriaren 18an Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta Langileen oinarrizko eskubide sozialen Batasunaren 1989ko Gutunean aipatutako oinarrizko eskubide sozialak gogoan hartuta, Batasunak eta estatu kideek helburu hauek dauzkate: enplegua sustatzea; bizitzako eta laneko baldintzak hobetzea, aurrerapenen bidetik langileak parekatzeko; gizarte-babes egokia; elkarrizketa soziala; giza baliabideen garapena, enplegu-maila handia eta iraunkorra lortzeko; eta bazterkeriaren kontra borrokatzea.

Helburu horretarako, estatuetako jokaera desberdinak kontuan hartuko dituzten ekintzak egingo dituzte Batasunak eta estatu kideek, batez ere hitzartutako harremanetan; kontuan hartu behar dute, halaber, Batasunaren ekonomiaren lehiakortasuna zaindu beharra ere.

Batasunak eta Batasuneko estatuek uste dutenez, bilakaera hori, batetik, barne-merkatuaren funtzionamendutik etorriko da, gizarte-sistemak harmonizatzea erraztuko baitu, eta bestetik, Tratatuetan aurreikusitako prozeduretatik eta legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak elkarri hurbiltzetik.

152. artikulua

Batasunak lan-munduko ordezkariek beren eremuetan duten zeregina aitortu eta sustatuko du, estatu kideetako sistemen aniztasuna aintzakotzat hartuta.

Beren artean elkarrizketa sustatzen lagunduko du, beren autonomia errespetatuta.

Hazkundea eta enplegua sustatzeko hiruko goi-bilera sozialak gizarte-elkarrizketa sustatzen lagunduko du.

153. artikulua

(lehengo 137. artikulua EET)

1. Aurreko 151. artikuluko helburuak lortzeko, Batasuneko estatuen ekintza babestu eta osatuko du Batasunak eremu hauetan:

a)

zehazki, lan-giroa hobetzen, langileen osasuna eta segurtasuna babesteko;

b)

lan-baldintzetan;

c)

langileen gizarte-segurantzan eta gizarte-babesean;

d)

langileak babesten, lan-kontratuak deuseztatzen direnean;

e)

langileei informazioa ematen eta kontsulta egiten;

f)

langileen eta enpresarien ordezkaritza egin eta guztion interesen defentsa egiten, kogestioa barne, 5. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe;

g)

Batasuneko lurraldean legezko bizilekua duten baina hirugarren herrialde batekoak diren herritarren enplegu-baldintzetan;

h)

lan-merkatutik kanpo dauden pertsonak lan-merkatuan sartzen, 166. artikuluari kalterik egin gabe;

i)

gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, lan-merkatuko aukerei eta laneko tratuari dagokienez;

j)

gizarte-bazterkeriaren kontrako borrokan;

k)

gizarte-babeseko sistemak modernizatzen, c) idatz-zatian esandakoari kalterik egin gabe.

2. Horretarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak:

a)

Estatu kideen artean lankidetza sustatzeko neurriak hartu ahal izango dituzte, jakintza hobetzeko, informazioa eta jardunbide egokiak elkarren artean trukatzeko, berrikuntza formulak sustatzeko eta elkarren esperientzia baloratzeko ekimenak bultzatuz, betiere Estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak inola ere harmonizatu gabe;

b)

goiko 1. paragrafoaren a) idatz-zatitik i) idatz-zatira artekoek aipatutako eremuetan, zuzentarau-bidez xedapenak onartu ahal izango dituzte, arian-arian aplikatzeko, estatu kide bakoitzean dauden baldintza eta araudi teknikoak kontuan hartuta.

Zuzentarau horiek saihestu egingo dituzte enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko oztopo izan daitezkeen eragozpenak, administrazio-, finantza- eta lege-arloetakoak.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera erabakiko dute, Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari aurretiaz kontsulta eginda.

Artikulu honetako 1. paragrafoaren c), d), f) eta g) idatz-zatietan adierazitako eremuetan, Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera erabakiko du, aho batez, eta aurretik Europako Parlamentuari eta komite horiei kontsulta eginda.

Kontseiluak, aho batez, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, erabaki bat onartu ahal izango du legegintzako prozedura arrunta 1. paragrafoko d), f) eta g) idatz-zatiei aplikatu ahal izateko.

3. Estatu kide oro lan-munduko ordezkarien esku utz dezake 2. paragrafoaren indarrez onartutako zuzentarauen aplikazioa, lan-munduko ordezkariek batera eskatzen badute, edo, hala dagokionean, 155. artikuluaren arabera onetsitako europar erabaki baten aplikazioa.

Kasu horretan, zuzentarau edo erabaki bat aldatu edo aplikatu behar denean beranduenean ere, lan-munduko ordezkariek, adostasunez, beharrezko xedapenak ezarrita dauzkatela ziurtatu behar du; estatu kide horrek aipatutako zuzentarau edo erabaki horrekin finkatutako emaitzak une oro bermatu ahal izateko beharrezko xedapen guztiak onartu beharko ditu.

4. Artikulu honen indarrez onartutako xedapenek:

— ez dute eraginik izan behar Erkidegoko estatu bakoitzak bere gizarte-segurantzako sistemaren oinarrizko printzipioak zehazteko daukan eskumenaren gainean, ez eta estatu bakoitzaren finantza-orekaren gainean eragin nabarmenik izan ere;

— eta ez dute eragozpen izan behar estatu kideek Tratatuekin bateragarriak diren babes-neurri estuagoei eutsi diezaieten, edo halakoak sartzen has daitezen.

5. Artikulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko ez lansariei, ez elkartzeko eta sindikatuko kide izateko eskubideari, ez greba-eskubideari, ez eta ugazabek itxiera ezartzeko eskubideari ere.

154. artikulua

(lehengo 138. artikulua EET)

1. Batzordeak lan-munduko ordezkariei Batasun osorako gaiak direla-eta aholkua eska dakien sustapen-lana egingo du, bai eta elkarren arteko elkarrizketa errazteko beharrezko xedapenak onartzeko ere; eta alderdi biek laguntza orekatua lor dezaten jagon behar du.

2. Horretarako, Batzordeak, gizarte-politikako proposamenak aurkeztu aurretik, lan-munduko ordezkariei kontsulta egin behar die, Batasunaren ekintzen nondik norakoari buruz.

3. Aurreko puntuan aipatutako kontsulta egin ostean, Batzordearen iritziz Batasunak ekintza bat egitea komeni bada, lan-munduko ordezkariei eskatuko die aholkua aurreikusitako proposamenaren edukiaz.

Lan-munduko ordezkariek irizpena, edo, hala badagokio, gomendioa, bidaliko diote Batzordeari.

4. Aurreko 2. eta 3. paragrafo horietan aipatutako kontsulta horien karietara, lan-munduko ordezkariek 155. paragrafoan jasotako prozesua hasteko borondatea jakinarazi ahal izango diote Batzordeari. Prozesu horrek ezingo du iraun bederatzi hilabete baino gehiago, non eta eragindako lan-munduko ordezkariek Batzordearekin ados jarrita ez duten erabakitzen prozesu hori luzatzea.

155. artikulua

(lehengo 139. artikulua EET)

1. Lan-munduko ordezkarien arteko elkarrizketa Batasun osorako denean, berek nahi badute, hitzartutako harremanak ezartzera iritsi daiteke, akordioak barne hartuta.

2. Batasun osoari begira lotutako akordioen aplikazioa bi modutan egin daiteke:edo lan-munduko ordezkariek eurek eta estatu kideek berezko dituzten prozedura eta ohituren arabera, edo, 153. artikuluari lotuta dauden arloetan, akordioa sinatu duten aldeek batera eskatzen badute, Batzordeak proposatuta Kontseiluak hartutako erabaki baten bitartez.

Europako Parlamentuari horren berri emango zaio.

Kontseiluak aho batez erabakiko du, baldin eta aipatutako akordio horretan xedapenen bat edo batzuk baldin badaude 153. artikuluaren 2. paragrafoaren ondorioz aho batez onetsi beharrekoak diren arloei buruz.

156. artikulua

(lehengo 140. artikulua EET)

Tratatuetako 151. artikuluan adierazitako helburuak lortzeko, eta tratatu honetako beste xedapenei kalterik egin gabe, Batzordeak estatu kideen arteko lankidetza sustatuko du, eta beren ekintzen koordinazioa erraztuko, kapitulu honetan gizarte-politika dela-eta landutako eremuetan, batez ere puntu hauekin zerikusia daukaten gaietan:

— enpleguarekin;

— Lan-zuzenbidearekin eta lan-baldintzekin;

— lanbide-heziketa eta lanbide-hobekuntzarekin;

— gizarte-segurantzarekin;

— laneko istripuen eta lanbide-gaixotasunen kontrako babesarekin;

— laneko higienearekin;

— sindikatuko kide izateko eskubidearekin, eta enpresaburuen eta langileen arteko negoziazio kolektiboekin.

Helburu horretarako, Batzordeak estatuekin harreman estuan jardungo du, azterlanen eta irizpenen bidez eta kontsultak antolatuz, bai estatu barruan sortutako arazoetarako, zein nazioarteko antolakundeei dagozkienetarako; batez ere honako hauek izango ditu baliabide: orientabideak eta adierazleak ezartzeko ekimenak, jardunbide egokienen elkartrukea antolatzea, eta aldika-aldika egin beharreko kontrola eta ebaluazioa egiteko behar diren tresnak prestatzea.

Horren guztiaren berri emango zaio osoki Europako Parlamentuari.

Artikulu honetan aurreikusitako irizpenak eman aurretik, Batzordeak Ekonomia eta Gizarte Komiteari egingo dio kontsulta.

157. artikulua

(lehengo 141. artikulua EET)

1. Estatu kide bakoitzak, lan berdinarengatik edo balio bereko lanarengatik gizonek nahiz emakumeek lansari berdina jaso behar dutelako printzipioa aplikatuko zaiela bermatu behar du.

2. Artikulu honen arabera, enpresaburuak lan-harremanak direla-eta langileari emandako oinarrizko edo gutxieneko soldata edo alokairua, eta, zuzenean edo zeharka, dirutan zein gauzatan emandako beste eskersari guztiak dira lansari.

Sexu-bereizkeriarik gabe, lansari berdina dela esaterakoan hau adierazi nahi da:

a)

egindako lan-unitateka ordaindutako lan berdinerako ezarritako lansaria neurri-unitate berbera oinarri dela finkatu behar dela;

b)

denbora-unitateetan neurtzen den lanaren lansaria berdina izango da lanpostu berdinetarako.

3. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, enpleguaren eta okupazioaren arloan emakume eta gizonentzako aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzen zaiela bermatzeko neurriak hartuko dituzte, lan berdinarengatik edo balio bereko lanarengatik gizonek nahiz emakumeek lansari berdina jaso behar dutelako printzipioa barne.

4. Lan-bizitzak dirauen artean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna benetakoa eta osoa izango dela bermatzeko, tratu-berdintasunaren printzipioak ez dio ezein estatu kideri eragozpenik jarriko, baldin eta, ordezkaritza txikiena duen sexuaren alde, neurri jakin batzuk hartzea erabakitzen badu, lanbide-jardueretan parte hartzeko erraztasunak jartzeko edo lanbide-karreran dauzkaten desabantailak saihestu edo orekatzeko.

158. artikulua

(lehengo 142. artikulua EET)

Ordaindutako oporrei buruzko araubideen artean dagoen baliokidetasunari eusten saiatuko dira estatu kideak.

159. artikulua

(lehengo 143. artikulua EET)

Batzordeak txostena egingo du urtero, 151. artikuluko helburuak lortzeko izandako bilakaerari buruz, eta Batasuneko demografiaren egoera jasoko du bertan.

Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari bidaliko die txosten hori.

160. artikulua

(lehengo 144. artikulua EET)

Kontseiluak, gehiengo soilez, Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, Gizarte Babeseko Komite aholku-emaile bat sortuko du, estatu kideen eta Batzordearen artean gizarte-babeserako lankidetza sustatzeko.

Eta komitearen eginkizun izango dira:

— gizarte-egoera ikuskatuko du, bai eta Batasunaren eta estatu kideen gizarte-babeserako politiken bilakaera ere;

— estatu kideen artean eta Batzordearekin batera informazioa, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko moduak bideratuko ditu;

— tratatu honetako 240. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, txostenak egitea, irizpenak ematea nahiz jarduera egokiak egitea bere eskumeneko eremuetan, bai Kontseiluak zein Batzordeak eskatuta, bai bere ekimenez ere.

Komitea, berari agindu zaiona betetzeko, harreman egokietan lotuko da lan-munduko ordezkariekin.

Estatu kideetako bakoitzak eta Batzordeak kide bina izendatuko dituzte Komitea osatzeko.

161. artikulua

(lehengo 145. artikulua EET)

Batzordeak Europako Parlamentuari urtero egin behar dion txostenean kapitulu berezi bat emango dio Batasuneko egoera sozialaren bilakaerari.

Europako Parlamentuak gonbitea egin ahal izango dio Batzordeari egoera sozialari buruzko arazo zehatzen gainean txostenak egin ditzan.

XI. TITULUA EUROPAKO GIZARTE FUNTSA

162. artikulua

(lehengo 146. artikulua EET)

Langileek barne-merkatuan enplegatzeko aukera hobeak izan ditzaten, eta horrela bizitzaren maila igotzeko, hurrengo xedapenen eremuan, Europako Gizarte Funtsa sortzen da, langileak Batasunaren barruan enplegatzeko aukerak sustatzeko eta langileen toki- eta lanbide-mugigarritasuna sustatzeko, eta industrien eraldaketetara eta ekoizpen-sistemen aldaketetara langileak errazago egokitu daitezen, batez ere lanbide-heziketaren bidez, eta lanbidea birmoldatuz.

163. artikulua

(lehengo 147. artikulua EET)

Batzordeari dagokio Funtsa administratzea.

Lan horretan, Batzordeak komite baten laguntza edukiko du; Batzordeko kide bat izango da lehendakari, eta gobernuetako, langileen sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkariek osatuko dute.

164. artikulua

(lehengo 148. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, Europako Gizarte Funtsari aplikatzeko diren erregelamenduak onartuko dituzte.

XII. TITULUA

HEZKUNTZA, LANBIDE-HEZIKETA, GAZTERIA ETA KIROLA

165. artikulua

(lehengo 149. artikulua EET)

1. Batasunak kalitatezko hezkuntza garatzen lagunduko du, estatu kideen arteko lankidetza sustatuz, eta, premiazkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatuz eta osatuz, betiere estatuen erantzukizunak errespetatuz irakaskuntzaren edukiei eta hezkuntza-sistemaren antolamenduari dagokienez, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

Kirola dela-eta, Batasunak kirolaren alderdi europarrak sustatzen lagunduko du, bertako ezaugarri bereziak, boluntarioetan oinarritutako kirol-egiturak eta eginkizun soziala eta hezitzailea kontuan izanik.

2. Batasunaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

— irakaskuntzan europartasuna garatzea, batez ere Erkidegoko estatuetako hizkuntzak ikasiz eta zabalduz;

— ikasleen eta irakasleen mugigarritasuna erraztea, batez ere tituluen eta ikastaldien onespen akademikoa sustatuz;

— ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea;

— Erkidegoko estatuetako heziketa-sistemetan dauden arazo berdinei buruzko informazioa eta eskarmentuak elkarren artean trukatzeko moduak garatzea;

— gazteen eta gizarte-hezkuntzetako eragileen arteko trukaketak gehitzeko moduak erraztea, eta gazteak Europako bizitza demokratikoan parte hartzera bultzatzea;

— urrutiko hezkuntza garatzeko bideak sustatzea;

— kirolaren europartasuna garatzea, eta, horretarako, lehiaketetan ekitatea eta zabaltasun-joera bultzatzea, kirolaren ardura duten erakundeen arteko lankidetza bultzatzea, eta kirolarien osotasun fisikoa eta morala babestea, batez ere gazteena.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza bultzatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, hezkuntza- eta kirol-gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Artikulu honetan azaldutako helburuak lortzen laguntzeko:

— Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, sustapen-neurriak hartuko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita;

— Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

166. artikulua

(lehengo 150. artikulua EET)

1. Estatu kideen ekintzak indartzeko eta osatzeko politika garatuko du Batasunak lanbide-heziketari dagokionez, lanbide-heziketaren edukiari eta antolamenduari buruz estatuek daukaten erantzukizuna osorik errespetatuz.

2. Batasunaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

— industriaren eraldaketetara egokitzeko modua erraztea, batez ere lanbide-heziketaren bidez eta lanbidea birmoldatuz;

— hasierako lanbide-heziketa eta etengabeko prestakuntza hobetzea, lan-merkatuan lehenengo aldiz eta hurrengoetan lanbideratzea errazteko;

— lanbide-heziketan sartzea erraztea, eta hezitzaileen eta prestakuntza-aldian aurkitzen direnen mugigarritasuna bultzatzea, batez ere gazteena;

— ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza akuilatzea, prestakuntza gaietan;

— Estatu kideetako heziketa-sistemetan dauden arazo berdinei buruzko informazioa eta esperientziak elkarren artean trukatzeko moduak garatzea.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza bultzatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, eta, bestetik, lanbide-heziketari dagozkion gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin.

4. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, artikulu honetan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko neurriak hartuko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita, eta Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

XIII. TITULUA

KULTURA

167. artikulua

(lehengo 151. artikulua EET)

1. Estatu kideetako kulturak suspertzen lagunduko du Batasunak, barruko nazio eta eskualdeen aniztasuna errespetatuz, eta, aldi berean, kultura-ondare erkidea nabarmenduz.

2. Batasunaren ekintzak estatu kideen arteko lankidetza suspertuko du, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatu eta osatuko du eremu hauetan:

— Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzen;

— Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babesten;

— merkataritzakoak ez diren kultura-trukaketak egiten;

— arte eta literaturako sorkuntzan, ikus-entzunezkoen arloa barnean hartuta.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza sustatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Tratatu honetako beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Batasunak kultura-ikuspegiak hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kultura-aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5. Errazagoa izan dadin artikulu honetako helburuak lortzea:

— Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, sustapen-neurriak hartuko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita.

— Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

XIV. TITULUA

OSASUN PUBLIKOA

168. artikulua

(lehengo 152. artikulua EET)

1. Batasunaren politika eta ekintza guztiak zehaztu eta gauzatzean, giza osasunaren babes-maila handia bermatuko da.

Batasunaren ekintzak, estatuen politikak osatzeko izango dela kontuan hartuta, osasun publikoa hobetzea, giza gaixotasunei aurrea hartzea eta giza osasun fisikorako eta psikikorako arrisku-iturriak saihestea izango ditu jomuga.

Gaixotasunik larrienen eta zabalduen dauden gaixotasunen kontra borrokatzeko izango da ekintza hori, gaixotasunon etiologiaren, kutsatzeko moduaren eta prebentzioaren ikerketa bultzatuz eta, era berean, osasunari buruzko informazioa eta heziketa emanez, mugak gainditzen dituzten osasunerako mehatxu larriak zainduz eta mehatxu horietako alertak zabalduz eta horien aurka borrokatuz.

Drogek osasunari eragindako kalteak gutxitze aldera, estatu kideen ekintza osatu egingo du Batasunak, informazioa zabalduz eta kalteari aurrea hartuz.

2. Estatu kideen arteko lankidetza suspertuko du Batasunak, artikulu honetan adierazitako eremuetarako, eta, beharrezkoa izanez gero, laguntza emango dio estatuon ekintzari.

Estatu kideen lankidetza-moten artetik, mugako eskualdeetan osasun-zerbitzuen osagarritasuna hobetzeko lankidetza suspertuko du bereziki.

Estatu kideek, Batzordearekin lankidetzan arituz, beren politikak eta programak koordinatuko dituzte elkarren artean, 1. paragrafoan aipatutako eremuetan. Batzordeak, estatu kideekin lotura estuan arituz, aipatutako koordinazioa sustatzeko era guztietako ekimen baliagarriak onar ditzake, batez ere honako hauek izango ditu baliabide: orientabideak eta adierazleak ezartzeko ekimenak, jardunbide egokienen elkartrukea antolatzea, eta aldika-aldika egin beharreko kontrola eta ebaluazioa egiteko behar diren tresnak.

Horren guztiaren berri emango zaio osoki Europako Parlamentuari.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza bultzatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, eta, bestetik, osasun publikoari dagozkion gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin.

4. Aurreko 2. artikuluko 5. paragrafoan eta 6. artikuluko a) idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, eta 4. artikuluko 2. paragrafoko k) idatz-zatiarekin bat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, artikulu honetan zehazturik dauden helburuak betetzen lagunduko dute, eta, horretarako, neurri hauek hartuko dituzte, segurtasun-arazo erkideei aurre egiteko:

a)

giza organoen eta substantzien, eta odolaren eta odoletik eratorritakoen kalitatea eta segurtasuna maila handikoak izateko neurriak; neurri horiek ez diote estatu kide bati ere eragotziko babes-neurri estuagoak jartzen jarraitzea edo sartzea;

b)

albaitaritzan eta arlo fitosanitarioan, zuzenean osasun publikoa babesteko diren neurriak;

c)

sendagai eta produktu sanitarioetarako, kalitate eta segurtasun handia lortzeko arauak ezartzeko neurriak;

5. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, giza osasunaren babeserako eta hobetzeko neurririk ere har dezakete, mugaz gaindiko pandemien aurka egiteko bereziki, baita zuzen-zuzenean tabako-kontsumoaren aurrean eta gehiegizko alkohol-kontsumoaren aurrean osasun publikoa babesteko den neurririk ere, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

6. Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, artikulu honetan ezarri diren helburuetarako gomendioak ere onar ditzake.

7. Estatuen osasun-politika definitzeari dagokionez eta osasun-zerbitzuak eta mediku-arreta antolatzeari eta eskaintzeari dagokionez, Batasunak osasun publikoaren arloan aurrera daraman lanak estatu kideen ardurak errespetatu beharko ditu.

Estatu kideen arduren artean dago osasun-zerbitzuak eta mediku-arretako zerbitzuak kudeatzea, eta zerbitzu horietan erabili beharreko baliabideak izendatzea

Organoak eta odola emateari dagokionez, edo organo eta odol horien erabilera medikoari dagokionez, estatuek dituzten xedapenei kalterik egin gabe ulertu behar dira 4. paragrafoko a) idatz-zatian jasotako neurriak.

XV. TITULUA

KONTSUMITZAILEEN BABESA

169. artikulua

(lehengo 153. artikulua EET)

1. Kontsumitzaileen interesak sustatzeko, eta kontsumitzaileei babes-maila handia bermatzeko, Batasunak kontsumitzaileen osasuna, segurtasuna eta interes ekonomikoak babesten lagunduko du, baita kontsumitzaileok informazioa eta hezkuntza jasotzeko duten eskubidea sustatzen, eta, beren interesak babeste aldera, beren artean antolatzeko duten eskubidea babesten ere.

2. Goiko 1. paragrafoan aipatutako helburuak lortzen lagunduko du Batasunak:

a)

barne-merkatua gauzatzeko, 114. artikuluaren indarrez onar ditzan neurriak hartuz;

b)

estatu kideek egindako politika bultzatu, osatu eta gainetik ikuskatzeko neurriak hartuz.

3. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, 2. paragrafoko b) idatz-zatian aipatutako neurriak hartuko dituzte.

4. Goiko 3. paragrafoaren indarrez onartutako neurriak ez dira eragozpen izango Batasuneko estatu bakoitzak babes gehiagoko neurriak erabiltzen jarraitzeko eta hasteko.

Tratatuekin bateragarriak izan behar dira neurri horiek.

Batzordeari eman behar zaio neurrion berri.

XVI. TITULUA

EUROPA BARRUKO SAREAK

170. artikulua

(lehengo 154. artikulua EET)

1. Tratatu honetako 26. eta 174. artikuluetan azaldutako helburuak lortzen laguntzeko, eta barruko mugarik gabeko eremu bat sortzeak dakartzan onuretan Batasuneko herritarrek, eragile ekonomikoek eta eskualdeetako eta tokian tokiko erakundeek oso-osorik parte hartu ahal izan dezaten, Europa barruko sareak ezarri eta garatzen lagunduko du Batasunak, garraio, telekomunikazio eta energiako azpiegituretan.

2. Merkatu ireki eta lehiakorren sistemaren baitan, estatuetako sareak elkarren artean lotzeko eta elkarreragile bihurtzeko, eta sareotara iritsi ahal izateko bideratuko da Batasunaren ekintza.

Ekintza horrek bereziki hartuko du kontuan, Batasuneko uharteek, kostarik gabeko eskualdeek eta eskualde periferikoek eta erdialdeko eskualdeek beren artean lotzeko daukaten premia.

171. artikulua

(lehengo 151. artikulua EET)

1. Tratatu honetako 170. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, Batasunak:

— Europa barruko sareak direla-eta aurreikusitako ekintzen helburuei, lehentasunei eta gida-lerroei buruzko orientabide-multzo bat egingo du; interes orokorreko proiektuak sartuko dira orientabide horietan;

— sareak elkarreragile izango direla bermatzeko beharrezko ekintzak egingo ditu, batez ere arau teknikoak harmonizatuz;

— lehenengo marran aipatutako orientabideen arabera zehaztu eta estatu kideek bultzatutako interes erkideko proiektuak bultzatu ahal izango ditu, batez ere bideragarritasun-azterlanak eginez, mailegu-bermeak emanez, edo interesetarako hobariak eskainiz; 177. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz sortutako Kohesio Funtsaren bidez dirulaguntzak ere eman ditzake Batasunak, Batasuneko estatuen proiektu zehatzetarako, garraio-azpiegituren eremuan.

Batasunaren ekintzak kontuan izango du, bestalde, proiektuok ekonomiaren aldetik bideragarriak diren ala ez.

2. Estatu kideek, Batzordearekin lankidetzan arituz, estatu barruan aplikatzen dituzten politikak koordinatuko dituzte beren artean, 170. artikuluan aurreikusitako helburuak betetzeko eragin nabaririk izan badezakete. Batzordeak, estatu kideekin lankidetza estuan arituz, aipatutako koordinazioa sustatzeko baliagarri den edozein ekimen onar dezake.

3. Batasunak hirugarren herrialdeekin lankidetzan aritzea erabaki dezake, interes orokorreko proiektuak sustatzeko eta sareak elkarreragile direla bermatzeko.

172. artikulua

(lehengo 156. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren eta legegintzako prozedura arruntaren arabera, 171. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako orientabideak eta gainerako neurriak onartuko dituzte.

Estatu kide bateko lurraldeari dagozkion interes orokorreko orientabideak eta proiektuak onartzeko, dena delako estatu kidearen onarpena behar da.

XVII. TITULUA INDUSTRIA

173. artikulua

(lehengo 157. artikulua EET)

1. Batasunaren eta estatu kideen ardura izango da Batasuneko industria lehiatzeko gai izan dadin beharrezkoak diren baldintzak ziurtatzea.

Helburu horrekin, merkatu ireki eta lehiakorren sistemaren baitan, hauek izango dira bere ekintzaren xedeak:

— egituren aldaketetara industria egokitzeko modua bizkortzea;

— Batasun osoko enpresen ekimen eta garapenerako egokia den giroa sustatzea, batez ere, enpresa txiki eta ertainetarako;

— enpresen arteko lankidetzarako egokia den giroa sustatzea;

— teknologiaren berrikuntzarako, ikerketarako eta garapenerako politiken industria-potentziala hobeto aprobetxatzeko erraztasunak ematea.

2. Estatu kideek elkarri kontsulta egingo diote, Batzordearekin lankidetzan arituz, eta, beharrezkoa denean, koordinatu egingo dituzte beren ekintzak.

Koordinazio hori sustatzeko, Batzordeak edozein ekimen egoki eraman dezake aurrera, eta, batez ere, orientabideak eta adierazleak zehazteko ekimenak, jardunbide egokienak elkarren artean trukatzeko ekimenak, eta aldian aldiko kontrolerako eta balioespenerako beharrezko elementuak prestatzeko ekimenak.

Horren guztiaren berri emango zaio osoki Europako Parlamentuari.

3. Batasunak, Tratatu honetako beste xedapen batzuen arabera burututako politiken eta jardueren bidez, 1. paragrafoan ezarritako helburuak lortzen lagunduko du.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren neurri bereziak har ditzakete, 1. paragrafoan aipatutako helburuak gauzatzeko Batasuneko estatuek burututako ekintzei laguntza emateko, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

Titulu hau ez da oinarri izango Batasunak lehiakortasuna faltsutzeko neurriak hartu ahal izateko, ez eta soldatako langileen eskubide eta interesei buruzko neurriak hartzeko edota zerga-xedapenak sortzeko moduko neurriak hartzeko.

XVIII. TITULUA EKONOMIA-, GIZARTE- ETA LURRALDE-KOHESIOA

174. artikulua

(lehengo 158. artikulua EET)

Batasun osoan garapen harmoniatsua sustatze aldera, ekonomiaren eta gizartearen kohesioa indartzeko ekintza gauzatuko du Batasunak, eta horretan jarraituko du.

Batasuna, bereziki, eskualdeen garapen-mailen arteko diferentziak gutxitzen ahaleginduko da, baita eskualde ahulenen atzerapena gutxitzen ere.

Garapen-mailan atzerapena jasaten duten eskualdeen artean, arreta berezia jarriko zaie landa-eremuei, industria-eraldaketa jasan dutenei, eta naturarengatik edo demografiarengatik desabantaila larriak eta iraunkorrak jasaten dituztenei, hala nola ipar-iparrean dauden eta bizilagun-dentsitate urria duten eskualdeei, eta uharte-eskualdeei, mugaz haraindiko eskualdeei eta mendialdeko eskualdeei.

175. artikulua

(lehengo 159. artikulua EET)

Estatu kideek ekonomiari buruz bideratu eta koordinatuko duten politika, 174. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko ere izango da. Batasunaren politikak eta ekintzak egin eta garatzerakoan, eta barne-merkatua garatzerakoan, 174. artikuluan aipatutako helburuak hartuko dira kontuan, eta horiek lortzen hartuko dute parte. Batasunak, halaber, helburu horiek lortzen lagunduko du, egiturak helburu dituzten funtsekin egindako jardueren bidez (Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa, "Bideratze" saila; Europako Gizarte Funtsa; Eskualde-garapenerako Europako Funtsa), Europako Inbertsio Bankuaren bidez, eta egon dauden beste finantza-tresnak erabiliz.

Hiru urtetik behin, Batzordeak txostena aurkeztuko die Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Ekonomia eta Gizarte Komiteari, eta Eskualdeetako Komiteari, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa lortzeko egindako aitzinamenduei buruz, eta artikulu honetan finkatutako baliabideek aitzinamenduok lortzen nola lagundu duten adierazteko.

Beharrezkoa izanez gero, egokiak diren proposamenak gehituko zaizkio txosten horri.

Funtsetatik aparte berariazko ekintzak egiteko premiarik agertuko balitz, eta Batasunaren beste politiken esparruan erabakitako neurrien kontra jarri gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntarekin bat etorriz onar ditzakete ekintza horiek, Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren.

176. artikulua

(lehengo 160. artikulua EET)

Eskualde-garapenerako Europako Funtsa Batasunaren barruko eskualdeen arteko desoreka nagusiak zuzentzen laguntzeko da, eskualde ahulenen garapenean eta egituren egokitzapenean, eta gainbeheran dauden industria-eskualdeen birmoldaketan parte hartuz.

177. artikulua

(lehengo 161. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, 178. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamendu bidez, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, egitura-helburuak dituzten funtsen eginkizunak, eta funtsen lehentasunezko helburuak eta antolaketa zehaztuko dituzte; eta ondorioz, metatu egin ahal izango dira funtsak

Prozedura berberari jarraituz, funtsei aplika dakizkiekeen arau orokorrak ere zehaztuko ditu, baita funtsen eraginkortasuna bermatzeko beharrezko xedapenak, eta funtsak beren artean eta egon dauden beste finantza-tresnekin koordinatzeko xedapenak ere.

Prozedura berberari jarraituz sortutako Kohesio Funts batek finantza-laguntzak emango ditu ingurumen-arloetako proiektuetarako, eta Europa barruko sareetarako, garraio-azpiegiturei dagokienean.

178. artikulua

(lehengo 162. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartuko dituzte Eskualde-garapenerako Europako Funtsari buruz aplikagarri diren erregelamenduak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren.

Nekazaritza Bideratzeko eta Bermatzeko Europako Funtsaren «Bideratze» sailari, eta Europako Gizarte Funtsari dagokienez, hurrenez hurren 43. eta 164. artikuluetako xedapenek jarraituko dute aplikagarri izaten.

XIX. TITULUA

IKERKETA ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOA, ETA ESPAZIOA

179. artikulua

(lehengo 163. artikulua EET)

1. Batasunaren helburu izango da bere oinarri zientifikoak eta teknologikoak sendotzea, Europako ikerketa-esparrua gauzatuz —esparru horretan, ikertzaileek, ezagutza zientifikoek eta teknologiek askatasunez zirkulatuko dute—; lehiatzeko gaitasuna indartzea —baita industriarena ere—, eta Tratatuetako gainerako kapituluen arabera beharrezkotzat jotzen diren ikerketa-ekintzak sustatzea.

2. Horretarako, enpresak —baita txikiak eta ertainak ere—, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak puntako ikerketa-ahaleginetan eta teknologia garatzeko ahaleginetan gogo-pizteko ardura hartuko du Batasunak, eta haien lankidetza-ahaleginen alde egingo du, honetarako batez ere: ikertzaileak mugez gaindi inongo oztoporik gabe aritu ahal izan daitezen lankidetzan, eta enpresak barruko merkatuaren aukerez balia daitezen, bereziki, kontratazio publiko nazionala zabalduz, arau erkideak definituz eta lankidetza horren aurkako legezko oztopoak eta zerga-oztopoak ezabatuz.

3. Tratatuen indarrez ikerketan eta teknologiaren garapenean egin daitezen Batasuneko ekintza guztiak, erakusketak barne, titulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz erabaki eta gauzatuko dira.

180. artikulua

(lehengo 164. artikulua EET)

Aipatutako helburuak lortzeko, Batasunak ekintza hauek egingo ditu, eta estatu kideetan hasitako ekintzak osatzeko izango dira:

a)

ikerketarako, teknologiaren garapenerako eta erakusketarako programak egitea, enpresekin, ikerketa-zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan arituz, eta entitateon arteko lankidetza sustatuz;

b)

Batasuneko ikerketa, teknologiaren garapena eta erakustaldiak direla-eta hirugarren herrialdeekin eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzeko joera sustatuko du;

c)

Batasuneko ikerketa, teknologiaren garapena eta erakusketa direla-eta egindako jardueren emaitzak zabaldu eta ustiatzea;

d)

Batasuneko ikertzaileen prestakuntza eta mugigarritasuna bultzatuko ditu.

181. artikulua

(lehengo 165. artikulua EET)

1. Ikerketa-gaietan eta teknologia garatzeko gaietan, Batasunak eta estatu kideek koordinatu egingo dute beren jarduera, estatuen politiken eta Batasunaren politikaren arteko koherentzia bermatzeko.

2. Goiko 1. paragrafoan jasota dagoen koordinazio hori sustatzeko, Batzordeak edozein ekimen egoki gauza dezake, estatu kideekiko lankidetza estuan, eta, batez ere, helburu hauek lortzeko: orientabideak eta adierazleak ezartzeko, jardunbide egokienen elkartrukea antolatzeko, eta aldian aldiko kontrolerako eta ebaluaketarako beharrezko osagaiak prestatzeko.

Horren guztiaren berri emango zaio osoki Europako Parlamentuari.

182. artikulua

(lehengo 166. artikulua EET)

1. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, urte anitzeko esparru-programa finkatuko dute, Batasunaren ekintza guztiak barne hartuta.

Esparru-programak:

— Tratatu honetako 180. artikuluan aipatutako ekintzen bidez lortu behar diren zientzia-teknologietako helburuak eta dagozkien lehentasunak finkatuko ditu,

— ekintza horien gida-lerro nagusiak adieraziko ditu,

— batetik, esparru-programaren gehienezko zenbateko osoa, eta, bestetik, Batasunak horren finantzaketan izango duen partea finkatuko ditu, baita aurreikusitako ekintza bakoitzari dagokion proportzioa ere.

2. Egoeren bilakaeraren arabera egokitu edo osatuko da esparru-programa orokorra.

3. Ekintza bakoitzaren barruan garatutako berariazko programen bidez gauzatuko da esparru-programa.

Berariazko programa bakoitzak zehaztuko ditu bera gauzatzeko moduak, baita iraupena finkatu eta beharrezko iritzitako baliabideak aurreikusi ere.

Berariazko programetarako zehaztu eta beharrezko iritzitako zenbatekoen batuketak ezin izango du gainditu esparru-programarako eta ekintza bakoitzerako finkatutako gehienezko zenbateko osoa.

4. Kontseiluak onartuko ditu berariazko programak, legegintzako prozedura berezi baten bidez, eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren.

5. Urte anitzeko esparru-programan jasotako ekintzen osagarri, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari aurretiaz kontsulta eginda, Europako ikerketa-eremua gauzatzeko beharrezko neurriak zehaztuko dituzte.

183. artikulua

(lehengo 167. artikulua EET)

Urte anitzeko esparru-programa gauzatzeko, Batasunak:

— enpresek, ikerketa-zentroek eta unibertsitateek parte hartzeko arauak finkatuko ditu;

— ikerketaren emaitzak zabaltzeko aplikatu ahal izango diren arauak finkatuko ditu.

184. artikulua

(lehengo 168. artikulua EET)

Urte anitzeko esparru-programa gauzatzean, programa osagarriak onartu ahal izango dira, baina programon finantzaketa berma dezaten Batasuneko estatuek baino ezin izango dute parte hartu horietan, nahiz eta agian Batasunak parte hartu ahal izango duen.

Batasunak ezarriko ditu programa osagarriei aplikatzeko arauak, batez ere ezagupenak zabaltzeko denean, eta Batasuneko beste estatu batzuk horietara iristeko denean.

185. artikulua

(lehengo 169. artikulua EET)

Urte anitzeko esparru-programa gauzatzean, Batasunak, horretan interesa daukaten estatu kideekin bat etorriz, zenbait estatu kideren artean hasitako ikerketako eta garapeneko programetan parte hartzea aurreikus dezake, aipatutako programak gauzatzeko sortutako egituretan parte hartzea barne dela.

186. artikulua

(lehengo 170. artikulua EET)

Urte anitzeko esparru-programa gauzatzean, Batasunak hirugarren herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea aurreikus dezake Batasuneko ikerketaren, teknologia-garapenaren eta erakusketaren esparruan.

Lankidetza hori gauzatzeko, modalitate batean zein bestean izan, Batasunaren eta hirugarren herrialdeen arteko akordioak sina daitezke.

187. artikulua

(lehengo 171. artikulua EET)

Batasunak enpresa erkideak sor ditzake, edo beste edozein egitura, baldin eta Batasuneko ikerketarako, teknologiaren garapenerako eta erakusketarako programak zuzen gauzatzeko beharrezkotzat jotzen badira.

188. artikulua

(lehengo 172. artikulua EET)

Kontseiluak Batzordearen proposamenaren gainean, eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, 187. artikuluan aurreikusitako xedapenak onartuko ditu.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari kontsulta egin ondoren, 183, 184 eta 185. artikuluetan adierazitako xedapenak onartuko dituzte. Programa osagarriak onartzeko, horretan interesa daukaten estatu kideen adostasuna behar da.

189. artikulua

1. Batasunak espazio-politika europarra osatuko du, horrela, aurrerapen zientifikoa eta teknikoa, industriaren lehiatzeko gaitasuna eta bere politiken aplikazioa errazteko.

Horretarako, bere esku izango du ekimen erkideak bultzatzea, ikerketa eta garapen teknologikoari laguntzea, eta espazioa esploratzeko eta erabiltzeko beharrezko ahaleginak koordinatzea.

2. Aurreko paragrafoan aipaturiko helburuak lortzen laguntzeko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte legegintzako prozedura arruntaren arabera; neurri horiek, forma aldetik, espazio-programa europar batean gauza daitezke, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

3. Batasunak berak ikusiko du zein harreman-modu izan Europako Espazio Agentziarekin.

4. Artikulu hau titulu honetako gainerako xedapenei kalterik egin gabe ulertu behar da.

190. artikulua

(lehengo 173. artikulua EET)

Urte bakoitzaren hasieran, Batzordeak txosten bat aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

Txosten horrek, bereziki, aurreko urtean teknologiaren ikerketan eta garapenean eta emaitzen zabalkundean egindako jarduerak aipatuko ditu, baita uneko urterako prestatutako lan-programa ere.

XX. TITULUA

INGURUMENA

191. artikulua

(lehengo 174. artikulua EET)

1. Batasunaren politika, ingurumena dela-eta, helburu hauek lortzeko izango da:

— ingurumena zaindu eta babestea, eta ingurumenaren kalitatea hobetzea;

.— pertsonen osasuna babestea;

.— naturako baliabideak zuhurtziaz eta zentzuz erabiltzea;

.— ingurumena dela-eta munduan edo eskualdeka dauden arazoei aurre egiteko neurriak sustatzea nazioartean, bereziki klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.

2. Ingurumena dela-eta Batasunaren politikak helburu izango du babes-maila handia lortzea, betiere, Batasunaren eskualdeetan askotariko egoerak ageri direla kontuan hartuta.

Printzipio hauek izango dira oinarri: batetik, zuhurtasun-printzipioa eta prebentziozko ekintzaren printzipioak; bestetik, ahal bada, ingurumenaren kontrako erasoak jatorrian bertan zuzentzeko printzipioa; eta, hurren, kutsatzen duenak ordaindu egingo duela dioen printzipioa.

Alde horretatik, ingurumenaren babeserako eskakizunei erantzuteko beharrezkoak diren harmonizazio-neurrien artean, bidezkoa denean, salbuespen-klausula bat sartuko da, estatu kideei ingurumenari dagozkion arrazoiengatik –ez ekonomiari dagozkionengatik– behin-behineko neurriak hartzeko baimena emateko; neurri horiek Batasunaren kontrol-prozeduraren baten pean egongo dira.

3. Ingurumenari buruzko politika prestatzerakoan, Batasunak kontuan edukiko ditu:

— eskuragarri dauden zientzia-tekniketako datuak;

— ingurumenaren egoera Batasuneko eskualdeetan;

— ekintzak egitearen edo ez egitearen ondorioz sor daitezkeen abantailak eta kostuak;

— Batasun osoaren ekonomia- eta gizarte-garapena, eta Batasuneko eskualdeen garapen orekatua.

4. Batasuna eta estatu kideak, bakoitza bere eskumenen esparruan, lankidetzan arituko dira hirugarren herrialdeekin eta eskumena duten nazioarteko erakundeekin.

Batasunaren eta interesa duten hirugarren aldeen arteko akordio bidez zehaztu ahal izango dira Batasunaren lankidetza horren moduak.

Aurreko lerrokadaren esanahia ez doa estatu kideek nazioarteko erakundeetan negoziatzeko eta nazioarteko akordioak lotzeko dauzkaten eskumenen kontra.

192. artikulua

(lehengo 175. artikulua EET)

1. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, 191. artikuluan finkatutako helburuak lortzeko asmoz Batasunak egin beharreko ekintzak erabakiko dituzte.

2. Goiko 1. paragrafoan erabakiak hartzeko jasotzen den prozedura ahaztu gabe, eta 114. artikuluari kalterik egin gabe, Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera, neurri eta erabaki hauek hartuko ditu, Batzordearen proposamenez, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren:

a)

batez ere izaera fiskaleko xedapenak badakartzate;

b)

gai hauei buruzko neurriak:

— lurralde-antolamenduari eragiten diotenak;

— ur-baliabideen kudeaketa kuantitatiboari buruzkoak nahiz baliabide horien erabilgarritasunari zuzenean zein zeharka eragiten diotenak;

— eta lurraren erabilpenari buruzko neurriak, hondakinen kudeaketa salbuespen dela;

c)

estatu kideren batek hainbat energia-iturriren artean aukeratzeko orduan eta estatu horretako energia-horniduraren egitura orokorrean eragin nabaria daukaten neurriak badakartzate.

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta egin ondoren, xedatu ahal izango du legegintzako prozedura arrunta lehenengo lerrokadan aipatutako eremuetan aplikagarria izan dadin.

3. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari kontsulta ondoren, lortu beharreko lehentasunezko helburuak finkatuko dituzten ekintza-programa orokorrak onartuko ditu.

Kasuan kasu, 1. paragrafoan edo 2. paragrafoan jasotako baldintzen arabera hartuko dira programa horiek betearazteko beharrezko neurriak.

4. Batasun osorako zenbait neurriri kalterik egin gabe, Batasuneko estatuek beren kontura edukiko dute ingurumenari buruzko politika finantzatu eta gauzatzea.

5. Kutsatzen duenak ordaindu egingo duela dioen printzipioari kalterik egin gabe, 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera hartutako neurriren batek sortutako kostuak estatu kideren bateko agintari publikoentzat tamainaz kanpokoak direla uste izanez gero, neurri horrek egokiak diren beste xedapen batzuk onartuko ditu:

— aldi baterako salbuespenak,

— edo finantza-laguntzak emanez, 177. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz sortutako Kohesio Funtsaren pentzutan; edo aukera biak onar ditzake.

193. artikulua

(lehengo 176. artikulua EET)

192. artikuluaren indarrez hartutako babes-neurriak ez dira eragozpen izango estatu kide bakoitzak babes gehiagoko neurriak erabiltzen jarraitzeko eta halakoak hartzeko.

Aipatutako neurriak Tratatuekin bateratzeko modukoak izan behar dira, eta Batzordeari eman behar zaio horien berri.

XXI. TITULUA ENERGIA

194. artikulua

1. Barne merkatuaren ezarpena edo funtzionamendua delarik esparrua, eta ingurumena zaindu eta hobetzeko eskakizuna dagoela kontuan izanik, Batasunaren energia-politikak helburu hauek izango ditu, estatu kideen arteko elkartasunez:

a)

energiaren merkatuaren funtzionamendua bermatzea;

b)

Batasunaren energia-horniduraren segurtasuna bermatzea;

c)

eraginkortasun energetikoa eta energia aurreztea bultzatzea, eta energia berri eta berriztagarrien garapena bultzatzea; eta

d)

energia-sareak elkarren artean lotu daitezen sustatzea.

2. Tratatuetako beste xedapen batzuk aplikatzeari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera zehaztuko dituzte 1. paragrafoan aipaturiko helburuak lortzeko beharrezko neurriak. Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari aurretiaz kontsulta eginda onetsiko dira neurri horiek.

Hala ere, estatu kideek ez dute galduko eskubidea beren energia-baliabideak ustiatzeko baldintzak zehazteko, energia-iturri bat edo bestea hautatzeko eta energia-hornidurarako zein egitura orokor nahi duten hautatzeko, 192. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatiari kalterik egin gabe.

3. Goiko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak, legegintzako prozedura berezi baten arabera, aho batez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren ezarriko ditu paragrafo horretan aipaturiko neurriak, batez ere izaera fiskalekoak badira.

XXII. TITULUA TURISMOA

195. artikulua

1. Turismo-arloan, Batasunak estatu kideen ekintza osatuko du, Batasuneko arlo horretako enpresen lehiatzeko gaitasuna sustatuz, batez ere.

Horretarako, Batasunak helburu hau izango du:

a)

arlo horretako enpresak garatzeko inguru egokia sortzeko bultzada;

b)

estatu kideen arteko lankidetzari bidea zabaltzea, jardunbide egokiak elkartrukatuz batez ere.

2. Estatu kideek artikulu honetan aipaturik dauden helburuak lortzeko egiten dituzten ekintzak osatze aldera, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera berariazko hainbat neurri zehatz ditzakete, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

XXIII. TITULUA

BABES ZIBILA

196. artikulua

1. Batasunak estatu kideen arteko lankidetza sustatuko du, naturak nahiz gizakiak eragindako hondamendiei aurrea hartzeko eta hondamendi horietatik babesteko sistemek hobeto lan egitea lortzeko.

Batasunaren ekintzak helburu hauek izango ditu:

a) estatuetan, eskualdeetan eta herrietan, estatu kideen ekintza babestea eta osatzea, arriskuei aurrea hartzeko, estatu kideetan babes zibilaren ardura duten pertsonak prestatzeko, eta, Batasunean naturak edo gizakiek eragindako hondamendirik gertatuz gero, esku hartzeko;

b) Batasunaren barruan, estatuetako babes zibileko zerbitzuen artean lankidetza operatibo bizkorra eta eraginkorra sustatzea;

c) babes zibilaren inguruan nazioartean hasitako ekintzen koherentzia sustatzea.

2. Goiko 1. paragrafoko helburu horiek lortzen laguntzeko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro albo batera utzita.

XXIV. TITULUA ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA

197. artikulua

1. Interes erkideko gaitzat hartuko da estatu kideek Batasuneko Zuzenbidea benetan aplikatzea, ezinbestekoa baita Batasunak ondo funtziona dezan.

2. Estatu kideek, Batasuneko Zuzenbidea aplikatze aldera, beren administrazio-gaitasuna areagotzeko egiten dituzten ahaleginak babestu ahal izango ditu Batasunak.

Laguntza hori, batez ere, informazioa eta funtzionarioak trukatzeko izango da, baita prestakuntza-programak babesteko ere.

Estatu kide bat ere ez dago laguntza horretaz baliatzera beharturik.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamenduen bidez, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, Batasuneko estatuetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita.

3. Artikulu honetan adierazitakoa halaxe izango da, betiere, kalterik egin gabe estatu kideek Batasuneko Zuzenbidea aplikatzeko betebeharrari, ezta Batzordearen eginbeharrei eta prerrogatibei ere.

Era berean, halaxe izango da, estatu kideen artean eta estatu horien eta Batasunaren artean administrazio-lankidetza egon dadin Tratatuetan jasotako gainerako xedapenei ere kalterik egin gabe. LAUGARREN ZATIA

ITSASOZ HARAINDIKO HERRIALDE ETA LURRALDEAK BATASUNAREKIN ELKARTZEA/ itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeen elkartea

198. artikulua

(lehengo 182. artikulua EET)

Europakoak izan gabe, Danimarkarekin, Frantziarekin, Herbeherekin eta Erresuma Batuarekin harreman bereziak dauzkaten herrialdeak eta lurraldeak Batasunarekin elkartzea erabaki dute Batasuneko estatuek.

Herrialde eta lurralde horiek “herrialde eta lurralde” izendapena izango dute aurrerantzean, eta II. eranskina osatzen duen zerrendan datoz zehazturik.

Elkartearen helburua herrialdeen eta lurraldeen ekonomiaren eta gizartearen garapena sustatzea izango da, baita herrialde eta lurraldeok eta Batasun osoak elkarren artean ekonomiari buruz harreman estuak ezartzea ere.

Tratatu honetako atarikoan adierazitako printzipioekin bat etorriz, elkarteak, lehenengo eta behin, herrialde eta lurralde horietako biztanleen interesak eta oparotasuna gehitzen lagundu behar du, lortu nahi duten garapena iritsi dezaten ekonomian, gizartean eta kulturan.

199. artikulua

(lehengo 183. artikulua EET)

Elkartea helburu hauek lortzen ahaleginduko da:

1) Estatu kideek, herrialde eta lurralde horiekiko merkataritzako trukaketetan, Tratatuen indarrez elkarren arterako onartutako trukaketa-sistema aplikatuko dute;

2) Herrialde edo lurralde bakoitzak berarekin harreman bereziak dauzkan Europako estatuari aplikatzen dion trukaketa-sistema aplikatuko du estatu kideekin eta beste herrialde eta lurraldeekin izango dituen merkataritzako trukaketetan ere;

3) Herrialde eta lurralde horiek arian-arian garatzeko behar diren inbertsioak egiten lagunduko diete lurraldeoi estatu kideek.

4) Batasunak finantzatutako inbertsioen kasuan, estatu kideetako edo herrialde eta lurralde horietako nazionalitatea daukaten pertsona fisiko eta juridiko guztiei irekitzen zaie, baldintza berberetan, lanak, zerbitzuak eta hornidura esleitzeko deialdietan parte hartzeko aukera.

5) Estatu kideen eta herrialde eta lurralde horien arteko harremanetan, herritarrek eta sozietateek kokatzeko daukaten eskubidea kokatze-eskubideari buruzko kapituluan aurreikusitako xedapenekin eta prozedura-arauekin bat etorriz arautuko da, bereizkeriarik eza oinarri dela, eta 203. artikuluaren indarrez onar daitezen xedapen bereziei kalterik egin gabe.

200. artikulua

(lehengo 184. artikulua EET)

1. Herrialde eta lurralde horietako salgaien inportazioek, Batasuneko estatuetan sartzen direnean, Tratatuetako xedapenekin bat etorriz Batasuneko estatuen artean aduana-sariei ezarritako debekuaren onurak izango dituzte.

2. Herrialde eta lurralde horietako bakoitzean estatu kideetako eta beste herrialde eta lurraldeetako inportazioak sartzen direnean, inportazioak kargatzeko diren aduana-zergak debekatuta utziko dira, 30. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3. Hala ere, herrialde eta lurralde horiek aduana-zergak jaso ahal izango dituzte, beren garapen-premiak betetzeko eta beren industrializazioaren beharrizanak betetzeko badira, edo zerga izaerako sariak jaso ahal izango dituzte beren aurrekontuak hornitzeko badira.

Aurreko lerrokadan aipatutako eskubideak ezin dira izan herrialde edo lurralde bakoitzarekin harreman bereziak dauzkan estatu kideko produktuen inportazioak kargatzeko aplikatzen direnak baino handiagoak.

4. Nazioarteko betebehar berezietara lotuta daudela-eta bereizkeriarik gabeko aduana-tarifak aplikatzen ari diren herrialde eta lurraldeei ez zaie aplikatuko 2. paragrafoa.

5. Herrialde eta lurralde horiek inportatutako salgaiak kargatzeko aduana-zergak ezartzearekin edo aldatzearekin ez da zuzeneko edo zeharkako bereizkeriarik sortu behar, egitez edo zuzenbidez, estatu kideetako inportazioen artean.

201. artikulua

(lehengo 185. artikulua EET)

Baldin eta beste hirugarren herrialde bateko salgaiak herrialde edo lurralde horietakoren batera sartzean aplika dakizkiekeen aduana-sarien zenbatekoa, 200. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa kontuan hartuta, estatu kideren baten kaltetan merkataritzako trafikoa desbiderarazteko bestekoa bada, estatu horrek eskabidea egin ahal izango dio Batzordeari, beste estatu kideei egoera hura zuzentzeko beharrezko neurriak hartzeko proposamena egin diezaien.

202. artikulua

(lehengo 186. artikulua EET)

Osasun publikoari eta segurtasun publikoari nahiz ordena publikoari buruzko xedapenei kalterik egin gabe, 203. artikuluaren arabera onartutako egintzek arautuko dute langileen zirkulatzeko askatasuna, bai herrialde eta lurralde horietako langileak estatu kideetan ibiltzeko, bai estatu kideetakoak herrialde eta lurralde horietan ibiltzeko.

203. artikulua

(lehengo 187. artikulua EET)

Herrialde eta lurralde horiek Batasunarekin elkartzetik sortutako esparruan lortutako emaitzak ikusita, eta Tratatuetan jasotako printzipioak oinarri direla, Kontseiluak, aho batez, Batzordeak proposaturik, herrialde eta lurralde horiek Batasunarekin elkartzeko moduei eta prozedurari buruzko xedapenak onartuko ditu.

Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera xedapen horiek hartzen dituenean, aho batez hartuko du erabakia, Batzordeak proposatuta eta aurretik Europako Parlamentuari kontsulta eginda.

204. artikulua

(lehengo 188. artikulua EET)

Tratatu honetako 198. artikulutik 203. artikulura artekoetako xedapenak Groenlandiari aplikatu ahal izango zaizkio, Groenlandiari aplika dakiokeen araubide bereziari buruzko Protokoloan Groenlandiarako ageri diren berariazko xedapenei kalterik egin gabe; Tratatuetako eranskin moduan dator protokoloa.BOSGARREN ZATIA

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZA

I. TITULUA

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

205. artikulua

Zati honen indarrez, Europar Batasunaren Tratatuaren V. tituluaren 1. kapituluan ezarritako xedapen orokorretako printzipioak izango dira Batasunaren ekintzaren oinarri nazioartean diharduenean; Batasunaren ekintzak xedapen horien helburua bilatuko du eta xedapen horien arabera egingo da.

II. TITULUA

MERKATARITZA POLITIKA ERKIDEA/

206. artikulua

(lehengo 131. artikulua EET)

Batasunak, 28.etik 32.era bitarteko artikuluek dioten moduan aduana-batasuna ezarriz, lagunduko du, interes erkiderako, munduko merkataritza harmonian garatzen, nazioarteko trukaketetan eta atzerriko zuzeneko inbertsioetan ezarritako murrizketak arian-arian ezabatzen eta aduanako tarifetan eta bestelakoetan sorturiko oztopoak gutxitzen.

207. artikulua

(lehengo 133. artikulua EET)

1. Merkataritza-politika erkidea printzipio uniformeetan oinarrituko da, batez ere, aduanako tarifak aldatu behar direnean; salgai- eta zerbitzu-trukatzeaz eta jabetza intelektual nahiz industrialaren alderdi komertzialez akordioak lotu behar direnean aduanako tarifei eta merkataritzari buruz; atzerriko zuzeneko inbertsioez ebatzi behar denean; liberalizazio-neurriak berdindu behar direnean; esportazio-politika zehaztu behar denean; eta merkataritza babesteko neurriak hartu behar direnean, besteak beste, dumping-a eta diru-laguntzak tartean egonez gero.

Batasunaren atzerri-ekintzarako printzipioen eta helburuen esparruan gauzatu beharko da merkataritza-politika erkidea.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak erregelamenduen bidez hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera, merkataritza-politika erkidea aplikatzeko esparrua zehaztuko duten neurriak.

3. Hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde batekin edo batzuekin akordiorik negoziatu edo egin behar bada, 218. artikulua aplikatu beharko da, artikulu honetako berariazko xedapenei kalterik egin gabe.

Batzordeak Kontseiluari gomendioak aurkeztuko dizkio, eta horrek emango dio beharrezko negoziazioetan hasteko baimena.

Kontseiluaren eta Batzordearen ardura izango da negoziatutako akordioak Batasuneko barneko politika eta arauekin bateragarriak direla zaintzea.

Batzordeak egingo ditu aipatutako negoziazioak, komite berezi bati kontsulta eginda; Kontseiluak izendatuko du komitea, Batzordeari laguntza eman diezaion, Kontseiluak emandako ildoen arabera.

Aldiro-aldiro, Batzordeak komite bereziari eta Europako Parlamentuari negoziazioen bilakaerari buruzko txostena emango die.

4. Hirugarren paragrafoan aipaturiko akordioak negoziatzeko eta egiteko, Kontseiluak gehiengo kualifikatu bidez erabakiko du.

Zerbitzu-merkataritzaren, jabetza intelektualaren eta industrialaren, merkataritza-alderdien eta atzerriko zuzeneko inbertsioen inguruan akordioak negoziatzeko eta egiteko, barruko arauak aho batez onartu beharra eskatzen duen xedapenik baldin badago akordio horietan, Kontseiluak erabakiak aho batez hartu beharko ditu.

Honako akordio hauek negoziatzeko eta egiteko ere, Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak:

a)

kulturako eta ikus-entzunezko zerbitzu-merkataritzaren esparruko akordioak, baldin eta akordio horiek Batasuneko kulturen eta hizkuntzen aniztasunari kalte egin badiezaiokete;

b)

gizarterako, hezkuntzarako eta osasunerako zerbitzu-merkataritzaren esparruko akordioak, baldin eta akordio horiek zerbitzu horien estatu-antolaketa goitik behera nahas badezakete eta estatuek zerbitzu horiek eskaintzeko duten erantzukizunari kalte egin badiezaiokete.

5. Garraioen esparruan, nazioarteko akordioak negoziatzeko eta egiteko, hirugarren zatiko VI. titulua eta 218. artikulua bete beharko dira.

6. Artikulu honek merkataritza-politika erkidearen eremuan banatzen dituen eskumenak baliatzeak ez du inolako eraginik izango Batasunaren eta estatu kideen arteko eskumen-banaketan, eta ez dakar estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenen harmonizaziorik, Tratatuetan harmonizazio horretarako bidea itxita dagoen heinean.

III. TITULUA

HIRUGARREN HERRIALDEEKIKO LANKIDETZA ETA LAGUNTZA HUMANITARIOA

1. KAPITULUA

GARAPENERAKO LANKIDETZA

208. artikulua

(lehengo 177. artikulua EET)

1. Garapenerako lankidetzaren arloan, Batasunaren politika Batasunaren atzerri-ekintzarako printzipio eta helburuen esparruan gauzatuko da.

Batasunak eta estatu kideek garapen-arloan dituzten lankidetza-politikak elkarren osagarri eta indargarri izango dira.

Eremu honetan, Batasunaren politikaren helburu nagusia pobrezia gutxiaraztea eta, azkenean, erauztea izango da.

Garatzeko bidean dauden herrialdeetan eragina duten politikak aplikatzeko orduan, Batasunak garapenerako lankidetzaren helburuak izango ditu kontuan.

2. Batasunak eta estatu kideek Nazio Batuen eta nazioarteko gainerako erakunde eskudunen esparruan hartu dituzten konpromisoak beteko dituzte, eta esparru horretan adostu dituzten helburuak izango dituzte kontuan.

209. artikulua

(lehengo 179. artikulua EET)

1. Garapenerako lankidetza-politika egikaritzeko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera hartuko dituzte beharrezko diren neurriak; neurriotan, garatzeko bidean dauden herrialdeekin lankidetzan aritzeko, urte anitzeko programak edo gai jakin batean oinarritutakoak hartu ahal izango dira oinarri.

2. Batasunak edozein akordio egin ahal izango du hirugarren herrialdeekin eta nazioarteko erakunde eskudunekin, Europar Batasunaren Tratatuko 21. artikuluan eta Tratatu honetako 208. artikuluan aipaturik dauden helburuak lortzeko egoki denean.

Lehen lerrokadan adierazitakoa halaxe izango da, estatu kideek nazioarteko erakundeetan negoziatzeko eta akordioak egiteko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

3. Europako Inbertsio Bankuak, bere estatutuetan aurreikusitako baldintzetan, 1. paragrafoan adierazitako ekintzak betetzen lagunduko du.

210. artikulua

(lehengo 180. artikulua EET)

1. Batasunak eta estatu kideek, beren jarduerak elkarren osagarriak eta eragingarriagoak izan daitezen, garapenerako dituzten lankidetza arloko politikak koordinatu, eta laguntza-programak hitzartuko dituzte elkarrekin, baita nazioarteko erakundeen eta nazioarteko biltzarren esparruan ere.

Ekintza bateratuak ere egin ahal izango dituzte.

Estatu kideek, beharrezkoa bada, Batasunaren laguntza-programak gauzatzen lagunduko dute.

2. Lehen paragrafoan aipatutako koordinazioa sustatzeko egokia den edozein ekimen onetsi ahal izango du Batzordeak.

211. artikulua

(lehengo 181. artikulua EET)

Batasuna eta estatu kideak, bakoitza bere eskumenen esparruan, lankidetzan arituko dira hirugarren herrialdeekin eta eskumena duten nazioarteko erakundeekin.

2. KAPITULUA

HIRUGARREN HERRIALDEEKIKO LANKIDETZA EKONOMIKO, FINANTZARIO ETA TEKNIKOA

212. artikulua

(lehengo 181 A artikulua EET)

1. Tratatuetako gainerako xedapenen, eta, bereziki, 208. artikulutik 211. artikulura bitartekoei kalterik egin gabe, garatzeko bidean ez dauden hirugarren herrialdeekin ere egingo du Batasunak lankidetza-ekintzarik ekonomia-arloan, finantzen arloan eta teknikaren arloan, eta, bereziki, finantzen arloko laguntzak emango ditu.

Ekintza horiek Batasunaren garapen-politikarekin koherenteak izan behar dute, eta Batasunak atzerri-ekintzarako dituen printzipio eta helburuen arabera gauzatu beharko dira.

Batasunaren eta estatu kideen ekintzak osagarriak eta elkar indartzaileak izango dira.

2. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 1. paragrafoa aplikatu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera.

3. Bakoitza bere eskumenen eremuan, Batasuna eta estatu kideak lankidetzan arituko dira hirugarren herrialdeekin eta eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin.

Batasunaren lankidetza-modalitateak akordio bidez zehaztu ahal izango dituzte Batasunak berak eta hirugarren alde interesdunek.

Lehenengo lerrokadak ez du eraginik izango estatu kideek nazioarteko erakundeekin negoziatzeko eta nazioarteko akordioak lotzeko dauzkaten eskumenen gainean.

213. artikulua

Hirugarren herrialde bateko egoera zein den ikusita, premiazkoa bada Batasunak berehala ematea finantza-laguntza, Kontseiluak hartuko ditu hartarako beharrezko erabakiak, Batzordeak proposaturik.

3. KAPITULUA

LAGUNTZA HUMANITARIOA

214. artikulua

1. Laguntza humanitarioaren eremuan, Batasunaren politika Batasunaren atzerri-ekintzarako printzipio eta helburuen esparruan gauzatuko da.

Ekintza horien helburu izango dira, kasu jakin batzuetan, hirugarren herrialdeetako biztanleei, naturak nahiz gizakiak eragindako hondamendi baten biktima direnean, laguntza eta sorospena ematea, eta biztanle horiek babestea, egoera horietan sortzen diren premia humanitarioei erantzuteko.

Batasunaren eta estatu kideen ekintzak osagarriak eta elkar indartzaileak izango dira.

2. Laguntza humanitarioa emateko ekintzetan, nazioarteko zuzenbidearen printzipioak eta beste hauek bete beharko dira: inpartzialtasuna, neutraltasuna eta bereizkeriarik eza.

3. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarriko dituzte, legegintzako prozedura arruntaren arabera, Batasunaren laguntza humanitariorako ekintzak gauzatzeko esparrua zehazteko neurriak.

4. Batasunak edozein akordio egin dezake hirugarren herrialdeekin eta nazioarteko erakunde eskudunekin, goiko 1. paragrafoan eta Europar Batasunaren Tratatuaren 21. artikuluan aipaturik dauden helburuak lortzeko egoki denean.

Lehen lerrokadan adierazitakoa halaxe izango da, estatu kideek nazioarteko erakundeetan negoziatzeko eta akordioak egiteko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

5. Batasunaren laguntza humanitariorako ekintza horietan Europako gazteek ere izan dezaten ekarpenak non-nola egin, Laguntza Humanitariorako Europako Boluntario Taldea sortuko da.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arrunta erabilita, erregelamenduen bidez ezarriko dituzte beren estatutuak eta funtzionamendu-arauak.

6. Batasunaren eta estatu kideen ekintzen arteko koordinazioa sustatze aldera, Batzordeak edozein neurri egoki har dezake, hartara, Batasunak eta estatu kideek laguntza humanitarioa emateko dauzkaten tresnek hobeto lan egitea eta elkarren artean osagarriagoak izatea lortzeko.

7. Batasunak jagongo du laguntza humanitarioa emateko ekintzak koherenteak izan daitezen eta ondo koordinatuta egon daitezen nazioarteko instituzio eta organismoenekin, Nazio Batuen sistema osatzen dutenenekin, batez ere.

IV. TITULUA

NEURRI MUGATZAILEAK

215. artikulua

(lehengo 301. artikulua EET)

1. Europar Batasunaren Tratatuaren V. tituluaren 2. kapituluaren arabera harturiko erabaki batek jasotzen badu hirugarren herrialde batekiko edo batzuekiko ekonomia- eta finantza-harremanak, dela erabat edo dela zatiren batean, geldiarazi edo gutxitu egin behar direla, Kontseiluak onartuko ditu, gehiengo kualifikatuz, horretarako beharrezko erregelamenduak eta erabakiak, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta Batzordeak batera proposaturik.

Europako Parlamentuari emango dio gero horren berri.

2. Baldin eta Europar Batasunaren Tratatuaren V. tituluko 2. kapituluaren arabera harturiko erabaki batek hala jasotzen badu, Kontseiluak bere esku izango du estatuz kanpoko pertsona fisikoen, pertsona juridikoen, taldeen edo erakundeen aurkako neurri mugatzaileak hartzea, 1. paragrafoan jasota dagoen prozeduraren arabera.

3. Berme juridikoei dagokienez, artikulu honetan jasotako egintzek beharrezko xedapen guztiak jasoko dituzte.

V. TITULUA

NAZIOARTEKO AKORDIOAK

216. artikulua

1. Batasunak hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde batekin edo batzuekin akordioa sinatu ahal izango du, baldin eta Tratatuetan hala jasota badago, edo, bestela, Tratatuan jasotako helbururen bat lortzeko, Batasunaren politiken testuinguruan, akordioa sinatzea beharrezkoa bada, edo Batasunarentzat zuzenbidearen arabera lotura-indarra duen egintzaren batean jasota badago, edo arau erkideetan eragina izan badezake edo arau horien helmena alda badezake.

2. Batasunak sinatutako akordioek Batasunaren instituzioak eta estatu kideak lotuko dituzte.

217. artikulua

(lehengo 310. artikulua EET)

Elkartea sortzeko akordioak lotu ahal izango ditu Batasunak hirugarren herrialde batekin edo gehiagorekin nahiz nazioarteko erakunde batekin edo gehiagorekin, eta elkarte horrek elkarrenganako eskubideak eta betebeharrak, ekintza erkideak eta prozedura partikularrak sortaraziko ditu.

218. artikulua

(lehengo 300. artikulua EET)

1. Batasunaren eta hirugarren herrialde edo nazioarteko erakundeen artean akordioak negoziatzeko eta sinatzeko, ondoren zehazten den prozedura bete beharko da, 207. artikuluko xedapen bereziei kalterik egin gabe.

2. Kontseiluak negoziatzen hasteko baimena emango du, negoziaziorako gida-lerroak onartuko ditu, sinadura baimenduko du, eta akordioak sinatuko ditu.

3. Kasuan kasuko akordioa atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzkoa bada soil-soilik edo nagusiki, Batzordeak edo Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak Kontseiluari gomendioak aurkeztuko dizkio, eta hark erabaki bat hartuko du, negoziatzen hasteko baimena emateko, eta Batasunaren negoziatzailea edo negoziatzaile-taldeko burua ere izendatuko du, sinatzekoa den akordioaren gaiaren arabera.

4. Kontseiluak negoziatzaileari gida-lerro batzuk eman ahal izango dizkio, eta komite berezi bat ere izendatu ahal izango du; horri egin beharko zaio kontsulta negoziazioak dirauen bitartean.

5. Negoziatzaileak proposatzen badio, Kontseiluak, erabaki baten bidez, akordioa sinatzeko baimena emango du, eta, hala dagokionean, baita indarrean sartu baino lehenago behin-behingoz akordioa aplikatzeko baimena ere.

6. Negoziatzaileak proposaturik, Kontseiluak akordioa sinatzeko erabaki bat hartuko du.

Atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzkoak diren akordioak salbuespen direla, Kontseiluak hartuko du akordioa sinatzeko erabakia:

a) honako kasu hauetan, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda:

i) elkartze-akordioak direnean, ii) Batasuna Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari atxikitzeko denean, iii) lankidetzarako prozedurak antolatuz, instituzio-esparru berezi bat sortzen duten akordioak direnean, iv) Batasunarentzat aurrekontuetan eragin handia duten akordioak direnean, v) legegintzako prozedura arruntaz bideratzen diren eremuei buruzko edo, Europako Parlamentuaren onarpena behar bada, legegintzako prozedura bereziaz bideratzen diren esparruei buruzko akordioak direnean.

Presako kasuetan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onarpenerako epe-muga bat adostu ahal izango dute.

b) gainerako kasuetan, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda.

Europako Parlamentuak epe jakin bat izango du irizpena emateko, eta epe hori Kontseiluak zehaztu ahal izango du, kasuan kasuko gaiak nolako presa duen.

Epe horretan ez badu irizpenik ematen, Kontseiluak erabaki ahal izango du.

7. Dena den, 5., 6. eta 9. paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, akordio bat sinatzean, Kontseiluak negoziatzaileari baimena eman ahal izango dio, Batasunaren izenean, akordio horren aldaketa batzuk onar ditzan, hala nola, akordio horren arabera prozedura erraztu baten bidez onartzekoak diren aldaketak, edo akordioak sorturiko organo batek parte hartuta onartu beharrekoak.

Kontseiluak baldintza berezi batzuen pean jar dezake baimen hori.

8. Prozedura osoan zehar, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak.

Baina, kasuan kasuko akordioaren eremuan Batasunaren egintzak aho batez onartu beharrekoak badira, elkartze-akordioetarako bada, edo 212 artikuluaren arabera estatu atxikigaiekin egin beharreko akordioetarako bada, aho batez hartuko ditu erabakiak.

Batasuna Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari atxikitzeko erabakia denean ere, Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak; akordio hori hartzeko erabaki hori ez da indarrean sartuko, harik eta estatu kideek erabakia hartu arte, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera.

9. Kontseiluak, Batzordeak edo Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak proposaturik, erabakia hartuko du; erabaki horren bidez, akordio baten aplikazioa etenda utziko da, eta Batasunaren izenean zein jarrera hartu behar den zehaztuko da akordio batez sortutako organismo batean, organismo horrek ondorio juridikoak dakartzan egintzak onartu behar dituenean, akordioaren instituzio-esparrua osatzen edo aldatzen duten egintzak salbuespen direla.

10. Europako Parlamentua jakinaren gainean eduki behar da, berehala eta osoki, prozedura osoan zehar.

11. Aurreikusitako akordioren bat Tratatuekin bat ote datorren jakin nahi badute, estatu kide batek, Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak Justizia Auzitegiaren irizpena eska dezakete.

Justizia Auzitegiaren irizpena aurkakoa bada, akordio hori ezin izango da indarrean sartu, non eta ez duten zuzentzen edo ez dituzten Tratatuak berrikusten.

219. artikulua

(lehengo 111. artikulua, 1a, 3 eta 5 paragrafoak, EET)

1. 218. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak, bai Europako Banku Zentralak gomendaturik bai Batzordeak gomendaturik, eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, bere esku du, prezioen egonkortasuna lortzeko helburuarekin bat etortzeko moduko adostasuna iritsi nahian, hirugarren herrialdeetako diruaren eta euroaren arteko truke-tasen sistema baterako akordio formalak sinatzea.

Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, eta 3. paragrafoan zehazturiko prozeduraren arabera.

Kontseiluak, Europako Banku Zentralaren edo Batzordearen gomendio bati jarraituz, eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, prezioen egonkortasuna lortzeko helburuarekin bat etortzeko moduko adostasuna iritsi nahian, euroaren tasa nagusiak onartu, egokitu edo alde batera utz ditzake truke-tasen sistemaren baitan.

Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio euroaren tasa nagusiak onartu, egokitu edo utzi izanaren berri.

2. Hirugarren herrialdeetako moneta batekiko edo batzuekiko truke-tasen sistemarik ez baldin badago —1. paragrafoan jasota dagoen moduan—, Kontseiluak moneta horiekiko truke-tasen politikari buruzko orientabide orokor batzuk eman ditzake, dela Batzordearen gomendio batean oinarrituta, eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, dela Europako Banku Zentralaren gomendio batean oinarritua.

Orientabide orokor horiek ez dira BZESk prezioen egonkortasuna zaintzeko daukan helburu nagusiaren kontrakoak izango.

3. 218. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Batasunak diru-araubideari edo truke-araubideari buruzko gaien gaineko akordiorik negoziatu behar badu hirugarren herrialde batekin edo batzuekin edo nazioarteko erakundeekin, Kontseiluak erabakiko du, Batzordearen gomendio batean oinarrituta eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, zein modalitate erabili akordio horiek negoziatzeko eta sinatzeko.

Aipatutako negoziazio-modu horiekin bermatuta utzi behar da Batasunak jarrera bakar bat adieraztea.

Batzordea oso-osorik lotuko zaie negoziazioei.

4. Ekonomia- eta diru-batasunari buruz Batasunak dauzkan eskumenen eta lotutako akordioei kalterik egin gabe, estatu kideek tratuak egin ditzakete nazioartean, baita nazioarteko akordioak lotu ere.

VI. TITULUA

BATASUNAK NAZIOARTEKO ERAKUNDEEKIN, HIRUGARREN HERRIALDEEKIN ETA BATASUNAREN ORDEZKARITZEKIN IZANGO DITUEN HARREMANAK

220. artikulua

(lehengo 302.etik 304.era bitarteko artikuluak EET)

1. Batasunak era guztietako lankidetza egokiak ezarriko ditu Nazio Batuen eta bertako organismo espezializatuen organoekin, Europako Kontseiluarekin, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundearekin, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin.

Batasunak nazioarteko beste erakunde batzuekin ere izango ditu harreman egokiak.

2. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren eta Batzordearen ardura izango da artikulu honetan xedaturik dagoena aplikatzea.

221. artikulua

1. Batasunak hirugarren herrialdeetan eta nazioarteko erakundeetan dituen ordezkaritzek hartuko dute beren gain Batasunaren izenean jarduteko ardura.

2. Batasunaren ordezkaritzak Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren agintaritzapean egongo dira.

Estatu kideen ordezkaritza diplomatiko eta kontsularrekiko lankidetza estuan jardungo dute.

VII. TITULUA

ELKARTASUN-KLAUSULA

222. artikulua

1. Batasunak eta estatu kideek elkarrekin batera jardungo dute elkartasunez, estatu kide bati eraso terrorista bat eginez gero edo hondamendiren bat, naturala zein gizakiak eragindakoa, gertatuz gero.

Batasunak bere esku dituen tresna guztiak erabiliko ditu, estatu kideek Batasunaren esku utzitako bitarteko militarrak ere barnean direla, helburuok hauek izanik:

a)

— estatu kideen lurraldean mehatxu terroristari aurrea hartzea;

— instituzio demokratikoak eta herritarrak balizko eraso terroristetatik babestea;

— estatu kide bati, bere lurraldean, laguntza ematea, eraso terroristaren bat gertatuz gero, bertako agintariek hala eskatuta;

b)

estatu kide bati, bere lurraldean, laguntza ematea, naturak zein gizakiak eragindako hondamendiren bat gertatuz gero, bertako agintariek hala eskatuta.

2. Estatu kideren batean eraso terroristaren bat gertatzen bada edo naturak zein gizakiak eragindako hondamendiren bat gertatzen bada, eta agintari politikoek hala eskatzen badute, gainerako estatu kideek lagundu egin beharko diote.

Horretarako, Kontseiluan estatu kideak koordinatu egin beharko dira.

3. Europar erabaki bidez zehaztuko da Batasunak zein modalitate erabil dezakeen elkartasun-klausula hau aplikatzeko. Kontseiluak hartuko du erabaki hori, Batzordeak eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak batera proposaturik.

Erabaki horrek defentsaren eremuan inolako eraginik badu, Kontseiluak Europar Batasunaren Tratatuaren 31. artikuluko 1. paragrafoaren arabera hartuko ditu erabakiak.

Europako Parlamentuari horren berri emango zaio.

Paragrafo honen helburuetarako, eta 240. artikuluari kalterik egin gabe, Kontseiluak lagun izango ditu, batetik, Politika eta Segurtasun Komitea, segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen esparruan sortutako egituren babesa eta guzti, eta, bestetik, 71. artikuluan jasotako komitearen laguntza ere bai; hala dagokionean, irizpenak batera aurkeztuko dizkiote Kontseiluari.

4. Batasunaren eta estatu kideen lana eraginkorra izango dela bermatzeko, Kontseilu Europarrak aldian-aldian aztertuko ditu Batasunak dituen mehatxuak. SEIGARREN ZATIA

INSTITUZIOEI ETA FINANTZEI BURUZKO XEDAPENAK

I. TITULUA

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

1. KAPITULUA

INSTITUZIOAK

LEHENENGO ATALA

EUROPAKO PARLAMENTUA

223. artikulua

(lehengo 190. artikulua, 4. eta 5. paragrafoak, EET)

1. Europako Parlamentuak proiektu bat prestatuko du bere ordezkariak zuzeneko sufragio unibertsalez hautatu ahal izateko beharrezkoak diren xedapenak ezartzeko asmoz, hain zuzen estatu kide guztietarako berdina den prozedura baten arabera edo estatu kide guztietarako jarritako printzipio bateratuen arabera hautatzeko.

Kontseiluak aho batez ezarriko ditu beharrezkoak diren xedapenak, legegintzako prozedura berezi baten arabera, betiere, aurretiaz Europako Parlamentuak, bere kideen gehiengoaren erabakiz onespena emanda.

Xedapen horiek estatu kideek, bakoitzak bere konstituzio-arauetan ezarritakoari jarraituz, onartu ondoren sartuko dira indarrean.

2. Europako Parlamentuak bere ekimenez finkatuko ditu, legegintzako prozedura berezia erabiliz onartutako erregelamenduen bidez, bertako kideen eginkizunak betetzeko baldintza orokorrak eta estatutua, Batzordearen irizpena jaso ondoren, eta Kontseiluak onartuta.

Bai oraingo kideen zein aurretiko kideen zerga-araubideari buruzko arau eta baldintza guztiak Kontseiluak erabakiko ditu aho batez.

224. artikulua

(lehengo 191. artikulua, 2. lerrokada, EET)

Legegintzako prozedura arruntaren arabera ezarriko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, erregelamendu bidez, Europar Batasunaren Tratatuaren 10. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren Europa mailako alderdi politikoen estatutua eta, bereziki, alderdion finantzaketari buruzko arauak.

225. artikulua

(lehengo 192. artikulua, 2. lerrokada, EET)

Europako Parlamentuak uste badu Batasunaren egintza bat behar dela gairen batean Tratatuak aplikatzeko, bertako kideen gehiengoaren erabakiz, Batzordeari gai horri buruzko proposamen egokiak egin ditzala eska diezaioke.

Batzordeak ez badu proposamenik aurkezten, Europako Parlamentuari jakinarazi beharko dizkio arrazoiak.

226. artikulua

(lehengo 193. artikulua EET)

Europako Parlamentuak, bere zereginak betetzean, eta bertako kideen laurdenek hala eskatuta, ikerketarako aldi baterako batzordea eratu ahal izango du, Tratatuek beste instituzio edo organoei emandako eskumenei kalterik egin gabe, Batasuneko Zuzenbidea aplikatutakoan arau-hausterik edo administrazio okerrik egon den ikusteko aurkeztutako alegazioak aztertzeko; salbu eta alegatutako egintzen gainean jurisdikzio-organoren batek badihardu, horrelakoetan jurisdikzio-prozedura amaitu arte itxoingo baita.

Ikerketarako aldi baterako batzordeak txostena aurkezteaz batera desegingo da batzorde hori.

Europako Parlamentuak bere ekimenez onartutako erregelamenduen bidez zehaztuko ditu ikerketarako eskubidea baliatzeko moduak, legegintzako prozedura berezia erabilita, Batzordearen eta Kontseiluaren aldez aurreko onespenarekin.

227. artikulua

(lehengo 194. artikulua EET)

Batasuneko edozein herritarrek, eta estatu kideren batean bizi edo egoitza soziala daukan edozein pertsona fisiko zein juridikok, berak bakarrik edo beste herritar edo pertsona batzuekin elkartuta, eskubidea dauka Batasunaren jardun-eremuetako edozein gairi buruz Europako Parlamentuari eskabidea aurkezteko, berari zuzenean dagokion gaia bada.

228. artikulua

(lehengo 195. artikulua EET)

1. Europako Parlamentuak Europako Arartekoa aukeratuko du; eta Batasuneko edozein herritarren, edo estatu kideren batean bizi den edo egoitza soziala daukan edozein pertsona fisiko edo juridikoren erreklamazioak jasotzeko ahalmena izango du Arartekoak, Batasuneko instituzioen, organoen edo organismoen jardunean izandako administrazio txarreko kasuei buruz; Europar Batasuneko Justizia Auzitegia salbuespen da bere jurisdikzioko eginkizunetan diharduenean.

Erreklamazio horiek aztertu eta irizpena emango du.

Arartekoak, bere xedean, bere ustez nahiko arrazoizkoak diren ikerketak egingo ditu, bai bere ekimenez, bai zuzenean edo Europako Parlamentuko kide baten bidez jasotako erreklamazioak oinarri direla, salbu eta alegatutako ekintza horiek jurisdikzio-prozeduraren baten xede badira edo izan badira.

Arartekoak administrazio okerreko kasuren bat egon dela frogatzen badu, jakinaren gainean jarriko du dagokion instituzio, organo edo organismoa, eta horrek hiru hilabeteko epea edukiko du Arartekoari bere jarrera azaltzeko.

Ondoren, Arartekoak txosten bat igorriko dio Europako Parlamentuari eta kasuan kasuko instituzio, organo edo organismo horri

Erreklamazioa egin duen pertsonari ikerketa horien emaitzaren berri emango zaio.

Arartekoak urtero aurkeztuko dio Europako Parlamentuari berak egindako ikerketen emaitzari buruzko txostena.

2. Europako Parlamentua hautatzen den bakoitzean eta hautatu ondoren izendatuko da Arartekoa, legegintzaldi osorako.

Agintaldia berritu egin daiteke.

Europako Parlamentuak eskatuta, Justizia Auzitegiak kargutik kendu lezake Arartekoa, baldin eta Arartekoak bere eginkizunak betetzeko beharrezko baldintzak betetzeari utzi badio, edo arau-hauste larriren bat egin badu.

3. Independentzia osoz beteko ditu Europako Arartekoak bere eginkizunak.

Eginkizun horiek betetzeko ez du eskatuko, ez eta onartuko ere, inongo gobernu, instituzio, organo edo organismoren jarraibiderik.

Arartekoa, bere agintaldian, ezin izango da beste inolako lanbide-jardueratan aritu, den ordaindua edo ordaindu gabea.

4. Europako Parlamentuak ezarriko ditu, legegintzako prozedura berezia erabilita bere ekimenez onartutako erregelamenduen bidez, Arartekoaren eginkizunak betetzeko baldintza orokorrak eta estatutua, Batzordearen irizpena jaso ondoren eta Kontseiluak onartuta.

229. artikulua

(lehengo 196. artikulua EET)

Europako Parlamentuak bilkura-aldi bat egingo du urtero.

Aldez aurretiko deirik egin beharrik gabe, martxoko bigarren asteartean bilduko da.

Europako Parlamentua ohiz kanpoko bilkura-aldi partzialean bildu ahal izango da, bertako kideen gehiengoak, Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta.

230. artikulua

(lehengo 197. artikulua, bigarren, hirugarren eta laugarren lerrokadak, EET)

Batzordea Europako Parlamentuaren bilkura guztietara joan ahal izango da eta haren aurrean agertuko da, baldin eta hark eskatzen badio.

Europako Parlamentuak edo bertako kideek egindako galdera guztiei erantzungo die Batzordeak hitzez edo idatziz.

Kontseilu Europarra eta Kontseilua Europako Parlamentuaren aurrean agertuko dira Kontseilu Europarraren barne-erregelamenduak eta Kontseiluaren barne-erregelamenduak ezarritako eran.

231. artikulua

(lehengo 198. artikulua EET)

Tratatuetan kontrakorik xedatu ezik, emandako botoen gehiengoz erabakiko du Europako Parlamentuak.

Barne-erregelamenduak finkatuko du quoruma.

232. artikulua

(lehengo 199. artikulua EET)

Europako Parlamentuak bere barne-erregelamendua finkatuko du, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoak onartuta.

Europako Parlamentuaren agiriak Tratatuetan eta erregelamendu horretan aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

233. artikulua

(lehengo 200. artikulua EET)

Europako Parlamentuak jendaurreko bilkuran eztabaidatuko du Batzordeak aurkeztuko dion urteroko txosten orokorra.

234. artikulua

(lehengo 201. artikulua EET)

Europako Parlamentuak, Batzordearen kudeaketari buruzko zentsura-moziorik aurkezten bazaio, mozioa aurkezten zaionetik gutxienez hiru egun igaro arte ezin izango du erabaki, eta jendaurreko bozketan erabakiko du.

Baldin eta zentsura-mozioa onartu egiten bada emandako botoen bi hereneko gehiengoarekin, eta gehiengo hori, aldi berean, Europako Parlamentua osatzen duten diputatuen gehiengoa baldin bada, orduan, Batzordeko kideek beren karguak utzi beharko dituzte, guztiek batera, eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak utzi egin beharko du Batzordean betetzen duen kargua.

Hala ere, beren karguetan jarraituko dute eta ohiko administrazio-gaiak kudeatzen jarraituko dute harik eta Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluaren arabera ordezkatzen dituzten arte.

Horrelakoetan, horiek ordezteko izendatutako Batzordeko kideen agintaldia beren karguak utzi behar izan dituzten beste kide horien agintaldia amaitzekoa zen egunean amaituko da.

BIGARREN ATALA

KONTSEILU EUROPARRA

235. artikulua

1. Kontseilu Europarreko kide bakoitzak, bozketa-kasuetan, beste kideetako bakar baten ordezkotzan jardun ahal izango du.

Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluko 4. paragrafoa eta tratatu honen 238. artikuluaren 2. paragrafoa Kontseilu Europarrari aplikatuko zaizkio, gehiengo kualifikatuz erabakia hartzen duenean.

Kontseilu Europarreko lehendakariak eta Batzordeko lehendakariak ez dute parte hartuko Kontseilu Europarreko bozketetan, erabakiak bozketa bidez hartzen dituenean.

Bertaratutako edo ordezkatutako kideen abstentzioa ez da eragozpen izango aho batez hartu beharrekoak diren Kontseilu Europarraren akordioak hartzeko.

2. Kontseilu Europarrak Europako Parlamentuko lehendakaria gonbidatu ahal izango du bere aurrean ager dadin.

3. Kontseilu Europarrak gehiengo soilez erabakiko du prozedura-gaiei buruz, eta, halaber, gehiengo soilez onartuko bere barne-erregelamendua.

4. Kontseilu Europarrak Kontseiluko Idazkaritza Nagusiaren laguntza izango du.

236. artikulua

Kontseilu Europarrak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu:

a)

Gai Orokorren eta Atzerri Arazoen osaerez besteko Kontseiluaren osaerak jasotzen dituen zerrenda ezartzen duen erabakia, Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluko 6. paragrafoarekin bat etorriz;

b)

Atzerri Arazoetakoaz besteko Kontseiluaren osaeretako lehendakaritzari buruzko erabakia, Europar Batasunaren Tratatuaren 9. artikuluko 16. paragrafoaren arabera.

HIRUGARREN ATALA

KONTSEILUA

237. artikulua

(lehengo 204. artikulua EET)

Kontseiluko lehendakariak dei eginda bilduko da Kontseilua, lehendakariaren ekimenez, kideetako batek eskatuta, edo Batzordeak eskatuta.

238. artikulua

(lehengo 205. artikulua, 1. eta 2. paragrafoak, EET)

1. Kontseiluak, erabaki bat gehiengo soilez hartu behar duenean, bera osatzen duten kideen gehiengoz erabakiko du.

2. Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, 2014ko azaroaren 1etik aurrera, xedapen iragankorrei buruzko protokoloan ezarritako xedapena aparte utzi gabe, Kontseiluak Batzordearen edo Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez erabakitzen ez duenean, gehiengo kualifikatua honela definituko da: gutxienez Kontseiluko kideen % 72, gutxienez estatu horietako biztanleriaren % 65 biltzen duena.

3. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, xedapen iragankorrei buruzko protokoloan ezarritako xedapenak aparte utzi gabe, tratatuak aplikatzearen ondorioz Kontseiluko kide guztiek parte hartzen ez duten bozketen kasuetan, gehiengo kualifikatua honela definituko da:

a)

Gehiengo kualifikatutzat joko da Kontseiluko kideen % 55 gutxienez lortzen denean, baldin eta ehuneko horretan, gutxienez, partaide diren estatu kideetako biztanleriaren % 65 ordezkatuta badago.

Blokeo-gutxiengo batek, berriz, Kontseiluko kideen gutxieneko kopurua batu beharko du, parte hartzen duten estatu kideen biztanleriaren % 35 ordezkatzen duena, gehi kide bat gutxienez; horrelakorik ezean, gehiengo kualifikatua lortutzat joko da.

b)

b) Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak Batzordearen edo Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez jarduten ez duenean, eskatutako gehiengo kualifikatua honela definituko da: gutxienez Kontseiluko kideen % 72, gutxienez estatu horietako biztanleriaren % 65 biltzen duena.

4. Bildutako edo ordezkatutako kideen abstentzioek ez diote eragotziko Kontseiluari aho batezkoak behar duten akordioak hartzea.

239. artikulua

(lehengo 206. artikulua EET)

Kontseiluko kide bakoitzak, bozketan, beste kideetako bakar baten ordezkotzan baino ezin du jardun.

240. artikulua

(lehengo 207. artikulua EET)

1. Estatu kideetako Gobernuetako Ordezkari Iraunkorrek osatutako Komitea arduratuko da Kontseiluaren lanak prestatzeaz eta Kontseiluak bere gain uzten dituen lanak egiteaz.

Komiteak prozeduraren gaineko erabakiak hartu ahal izango ditu, Kontseiluaren barne-erregelamenduan ezarritako kasuetan.

2. Idazkaritza Nagusi baten laguntza izango du Kontseiluak; Kontseiluak izendatutako idazkari nagusi baten ardurapean egongo da Idazkaritza Nagusia.

Kontseiluak erabakiko du, gehiengo soilez, Idazkaritza Nagusiaren antolaketa.

3. Kontseiluak gehiengo soilez erabakiko du prozedura-gaiei buruz, eta, halaber, gehiengo soilez onartuko bere barne-erregelamendua.

241. artikulua

(lehengo 208. artikulua EET)

Kontseiluak, gehiengo soilez, Batzordeari eskatu ahal izango dio helburu erkideak betetzeko egoki iritzitako azterlan guztiak egin ditzan, eta egoki diren proposamenak aurkez diezazkion.

Baldin eta Batzordeak ez badu proposamenik aurkezten, horren arrazoiak jakinaraziko dizkio Kontseiluari.

242. artikulua

(lehengo 209. artikulua EET)

Kontseiluak, gehiengo soilez, Batzordeari kontsulta egin ondoren, tratatuetan aurreikusitako komiteen estatutuak ezarriko ditu.

243. artikulua

(lehengo 210. artikulua EET)

Kontseiluak ezarriko ditu soldatak, bidaia-sariak eta pentsioak, bai Kontseilu Europarreko lehendakariarenak zein Batzordeko lehendakariarenak, bai Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariarenak zein Batzordeko kideenak, bai Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko lehendakari, kide eta idazkarienak, bai eta Kontseiluaren idazkari nagusiarenak ere.

Lansari gisako beste edozein ordainketa ere finkatuko du.

LAUGARREN ATALA

BATZORDEA

244. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluko 5. paragrafoaren arabera, Kontseilu Europarrean aho batez ezarritako berdintasunezko txandakatze-sistema bat erabiliko dute Batzordeko kideak hautatzeko, honako printzipio hauetan oinarrituta:

a)

Estatu kideak berdintasun zorrotzez tratatuko dira, beren herritarrak Batzordeko kide izendatzeko txanda-hurrenkera eta igarotako denbora zehazteari dagokionez; ondorioz, bi estatu kide jakinetako herritarrek betetzen dituzten agintaldien guztizko kopuruen arteko aldea ezingo da inoiz izan batetik gorakoa.

b)

denborak aurrera egin ahala sortuz joango diren Batzordeetako bakoitza, a) idatz-zatian xedaturikoari atxikiz, estatu kide guztien aniztasun demografiko eta geografikoa behar bezala islatuta osatuko da.

245. artikulua

(lehengo 213. artikulua EET)

Batzordeko kideek ez dute parte hartuko beren eginkizunen izaerarekin bateraezina den ezein egintzatan.

Estatu kideek errespetatu egingo dute haien independentzia eta ez dira saiatuko haiengan eragiten, haiek beren eginkizunetan ari direla.

Batzordeko kideak, beren agintaldian, ezin izango dira beste inolako lanbide-jardueratan aritu, ordaindua izan zein ez.

Epaileek, beren eginkizunei ekiten dietenean, beren kargutik sortutako betebeharrak errespetatuko dituztela aginduko dute zinez, bai beren agintaldiak dirauen artean eta bai hori amaitu eta gero ere, bereziki beren agintaldia amaitu eta gero zenbait eginkizun edo onura onartzeko orduan zintzotasun- eta diskrezio-betebeharrak betetzeko.

Betebehar horiek bete ezean, Justizia Auzitegiak Batzordeko kide hori kargutik kendu ahal izango du, 247. artikuluan jasotako eran, edo interesdunaren pentsiorako eskubideaz edo horren ordezko beste edozein onuraz gabetu ahal izango du, Kontseiluak, gehiengo soilez, edo Batzordeak hala eskatzen badiote.

246. artikulua

(lehengo 215. artikulua EET)

Aldikako berrikuntza-kasuak eta heriotza-kasuak albo batera utzita, Batzordeko kideen agintaldia banan-banan amaituko da, bakoitzak bere borondatez kargua uzten duenean, edo uztera behartzen denean.

Kargua bere borondatez utzi duen kide hori, edo kargua uztera behartu duten hori edo hil egin den hori, nazionalitate bereko beste kide berri batek ordeztuko du agintaldia amaitzeko geratzen den denboran; Kontseiluak izendatuko du, Batzordeko lehendakariarekin ados jarrita, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, eta Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluaren 3. paragrafoaren bigarren lerrokadan ezarritako irizpideen arabera.

Kontseiluak, aho batez eta Batzordeko lehendakariak proposatuta, ordezkapen hori ez egitea erabaki ahal izango du, batez ere, hari zegokion agintaldia amaitzeko denbora gutxi geratzen denean.

Lehendakariak kargua uzten duenean, kargutik kentzen denean, zein hiltzen denean, agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako ordezkatuko da.

Eta Europar Batasunaren Tratatuko 17. artikuluko 7. paragrafoko lehen lerrokadan aurreikusitako prozedura aplikatu ahal izango da ordezkapen horretarako.

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak dimisioa aurkezten badu, edo kargua uztera behartzen badute edo hil egiten bada, ordeztu egingo dute agintaldia amaitzeko geratzen den denborarako, Europar Batasunaren Tratatuko 18. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Baldin eta Batzordeko kide guztiek beren borondatez dimisioa aurkezten badute, karguan jarraituko dute ohiko administrazio-kudeaketa egiten, harik eta agintaldia amaitzeko geratzen den denborarako ordezten dituzten arte, Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

247. artikulua

(lehengo 216. artikulua EET)

Kontseiluak, gehiengo soilez, edo Batzordeak eskatzen badute, Justizia Auzitegiak kargutik kendu lezake Batzordeko edozein kide, baldin eta kide horrek bere eginkizunak betetzeko beharrezko baldintzak betetzeari utzi badio, edo arau-hauste larriren bat egin badu.

248. artikulua

(lehengo 217. artikulua, 2. paragrafoa, EET)

Batzordeari dagozkion erantzukizunak Batzordeko lehendakariak egituratu eta banatuko ditu Batzordeko kideen artean, Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluko 6. paragrafoan xedatutakoaren arabera, eta tratatu horretako 18. artikuluko 4. paragrafoari kalterik egin gabe.

Lehendakariak bere agintaldian erantzukizun horiek behin baino gehiagotan berrantolatzeko ahalmena du.

Lehendakariak esleitu dizkien eginkizunak bete beharko dituzte Batzordeko kideek, haren agintaritzapean.

249. artikulua

(lehengo 218. artikulua, 2. paragrafoa, eta 212. artikulua, EET)

1. Batzordeak barne-erregelamendu bat ezarriko du bere funtzionamendua eta bere zerbitzuena ziurtatzeko.

Batzordeak argitaratu egingo du erregelamendu hori.

2. Batzordeak urtero argitaratuko du Batasunaren jarduerei buruzko txosten orokorra, Europako Parlamentuko bilkura-aldia ireki baino hilabete lehenago gutxienez.

250. artikulua

(lehengo 219. artikulua EET)

Batzordearen akordioak bertako kideen gehiengoz hartuko dira.

Barne-erregelamenduak ezarriko du zein quorum behar den.

BOSGARREN ATALA

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIA

251. artikulua

(lehengo 221. artikulua EET)

Justizia Auzitegiak salatan edo sala handian eratuta jardungo du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuan horretarako ezarritako arauekin bat etorriz.

Justizia Auzitegiak Osoko Bilkuran eratuta ere jardun lezake, estatutuak hala xedatzen duenean.

252. artikulua

(lehengo 222. artikulua EET)

Justizia Auzitegiak zortzi abokatu nagusiren laguntza edukiko du.

Justizia Auzitegiak eskatzen badu, Kontseiluak, aho batez, abokatu nagusien kopurua gehitu dezake.

Abokatu nagusiaren eginkizuna hau izango da: inpartzialtasun eta independentzia osoz, arrazoitutako ondorioak aurkeztea jendaurrean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuaren arabera abokatu nagusiaren esku-hartzea behar duten auzien gainean.

253. artikulua

(lehengo 223. artikulua EET)

Batasuneko estatuetako gobernuek izendatuko dituzte Justizia Auzitegiko epaileak eta abokatu nagusiak, gobernu guztiak ados jarrita, sei urterako; independentziaren berme osoa eskaintzen duten eta, bakoitzak bere herrialdean, jurisdikzioko eginkizunik gorenak betetzeko eskatutako baldintzak betetzen dituzten edo gaitasun frogatua duten legelarien artean aukeratuko dira, 255. artikuluan adierazten den komiteari kontsulta egin ondoren.

Hiru urtetik behin aldatuko dira epaileak eta abokatu nagusiak, zatika, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko estatutuan ezarritako eran.

Epaileek beren artean aukeratuko dute Justizia Auzitegiko lehendakaria, hiru urteko eperako.

Agintaldia berritu egin daiteke.

Berriro izendatu daitezke kargua uzten duten epaileak eta abokatu nagusiak.

Justizia Auzitegiak izendatuko du bertako idazkaria, eta Auzitegiak berak ezarriko du idazkariaren estatutua.

Justizia Auzitegiak ezarriko du bere prozedura-erregelamendua.

Erregelamendua Kontseiluak onartu beharko du.

254. artikulua

(lehengo 224. artikulua EET)

Auzitegi Orokorreko epaile-kopurua Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuaren bidez ezarriko da.

Auzitegi Orokorrak abokatu nagusien laguntza eduki dezala xeda dezake estatutuak.

Auzitegi Orokorreko kideak independentzia-bermerik gorena eskain dezaten pertsonen artean aukeratuko dira, betiere goi jurisdikzioko funtzioak betetzeko beharrezko gaitasunaren jabe badira.

Estatu kideetako gobernuak ados jarrita izendatuko dira, sei urterako, 255. artikuluan aipatzen den komiteari kontsulta egin ondoren. Hiru urterik behin berrituko da, zatika.

Irteten diren kideak berriz izendatu ahal izango dira.

Epaileek beren artean aukeratuko dute Auzitegi Orokorreko lehendakaria, hiru urterako.

Agintaldia berritu egin daiteke.

Auzitegi Orokorrak izendatuko du bertako idazkaria, eta Auzitegiak berak ezarriko du idazkariaren estatutua.

Auzitegi Orokorrak bere prozedura-erregelamendua ezarriko du Justizia Auzitegiarekin ados jarrita.

Erregelamendua Kontseiluak onartu beharko du.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuan kontrakorik xedatu ezik, Tratatuetan Justizia Auzitegiari buruz jarritako xedapenak Auzitegi Orokorrari aplikatu ahal izango zaizkio.

255. artikulua

Komite bat eratuko da, hautagaiek Justizia Auzitegiko eta Auzitegi Orokorreko epaile eta abokatu nagusien eginkizunak betetzeko duten egokitasunari buruz iritzia eman dezan estatu kideetako gobernuek 253. eta 254. artikuluei jarraiki izendapenik egin baino lehen.

Komitea zazpi pertsonak osatuko dute; kideok Justizia Auzitegiko eta Auzitegi Orokorreko kide ohien, estatu kideetako gorengo jurisdikzio-organoetako kideen eta ospe handiko legelarien artean aukeratuko dira, eta horietako bat Europako Parlamentuak aukeratuko du.

Kontseiluak erabaki bat onartuko du komitearen funtzionamendu-arauak ezartzeko, eta beste bat bertako kideak izendatzeko.

Kontseiluak Justizia Auzitegiko lehendakariaren ekimenez erabakiko du.

256. artikulua

(lehengo 225. artikulua EET)

1. Auzitegi Orokorrak izango du 263., 265., 268., 270. eta 272. artikuluetan agertzen diren errekurtsoez lehen auzialdian arduratzeko eskumena; salbuespen izango dira, hala ere, 257. artikuluaren indarrez sortutako auzitegi espezializatu bati esleitutakoak eta estatutuak Justizia Auzitegiarentzat gordetakoak.

Estatutuak, bestalde, eskumenak eman ahal izango dizkio Auzitegi Orokorrari beste errekurtso-kategoria batzuetan.

Idatz-zati honen indarrez Auzitegi Orokorrak emandako ebazpenen aurka kasazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia Auzitegiari, Zuzenbideko gaiei lotuta, estatutuan finkatutako baldintzetan eta mugen barruan.

2. Auzitegi Orokorrak izango du auzitegi espezializatuen ebazpenen kontra aurkezten diren errekurtsoez arduratzeko eskumena.

Idatz-zati honen indarrez Auzitegi Orokorrak emandako ebazpenak salbuespenez Justizia Auzitegiak berraztertu ahal izango ditu, estatutuak finkatutako baldintzetan eta mugen barruan, Batasuneko zuzenbidearen batasuna nahiz koherentzia hausteko arrisku larririk badago.

3. Auzitegi Orokorrak izango du 267. artikuluaren indarrez aurkeztutako epaiketa aurreko arazoez arduratzeko eskumena, betiere estatutuak zehaztutako gai zehatzetan.

Auzitegi Orokorrak, aldiz, gairen batek Batasuneko Zuzenbidearen batasunari edo koherentziari eragin diezaiokeen printzipiozko ebazpenen bat behar duela irizten badio, gaia Justizia Auzitegiari bidali ahal izango dio, azken horrek erabaki dezan.

Epaitu aurreko arazoez Auzitegi Orokorrak emandako ebazpenak Justizia Auzitegiak aztertu ahal izango ditu aparteko izaeraz, estatutuak finkatutako baldintzetan eta bertan ezarritako mugen barruan, baldin eta Batasuneko Zuzenbidearen batasuna edo koherentzia hausteko arriskua larria bada.

257. artikulua

(lehengo 225 A artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera, Auzitegi Orokorrari atxikitako auzitegi espezializatuak sortu ahal izango dituzte, gai zehatz batzuei buruz jarritako zenbait errekurtso-kategoriaz lehen auzialdian arduratu daitezen.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak erregelamenduen bitartez hartuko dituzte erabakiak, bai Batzordearen proposamenez eta Justizia Auzitegiari aurretiaz kontsulta eginda, bai Justizia Auzitegiaren eskariz eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda.

Auzitegi espezializatua sortuko duen erregelamenduan bertan finkatuko dira auzitegi hori osatzeko moduari buruzko arauak, eta bertan zehaztuko da salari emango zaizkion eskumenen helmena ere.

Auzitegi espezializatuek emandako ebazpenen aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Auzitegi Orokorrari, Zuzenbideko gaiei mugatuta; auzitegi espezializatua sortzeko erregelamenduan jasota badago, gertakariei buruz ere jar daiteke errekurtso hori.

Auzitegi espezializatuetako kideak independentzia-bermerik gorena eskain dezaten pertsonen artean aukeratuko dira, betiere jurisdikzioko funtzioak betetzeko beharrezko gaitasunaren jabe badira.

Kontseiluak izendatuko ditu, aho batez.

Auzitegi espezializatuek Justizia Auzitegiarekin bat etorriz onartuko dute beren prozedura-erregelamendua.

Erregelamendua Kontseiluak onartu beharko du.

Auzitegi espezializatua sorrarazten duen erregelamenduak bestela xedatu ezean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari buruz tratatuetan dauden xedapenak eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuko xedapenak auzitegi espezializatuei aplikatuko zaizkie.

Estatutuko I. titulua eta 64. artikulua beti aplikatuko zaizkie auzitegi espezializatuei.

258. artikulua

(lehengo 226. artikulua EET)

Batzordearen ustez estatu kideren batek Tratatuen indarrez dagokion betebeharren bat bete gabe utzi badu, irizpen arrazoitua emango du gai horren gainean, aipatutako estatuari bere oharpenak aurkezteko aukera eman ondoren.

Baldin eta estatu hori, Batzordeak zehaztutako epean, irizpen horretara lotzen ez bada, Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo dezake Batzordeak.

259. artikulua

(lehengo 227. artikulua EET)

Edozein estatu kidek jo dezake Europar Batasuneko Justizia Auzitegira, baldin eta beste estatu kideren batek Tratatuen indarrez dagokion betebeharren bat bete gabe utzi duela uste badu.

Estatu kideren baten ustez beste estatu batek tratatuen indarrez dagokion betebeharren bat bete gabe utzi badu, Batzordeari aurkeztu behar dio auzia, beste estatu kide horren aurka errekurtsoa jarri aurretik.

Batzordeak irizpen arrazoitua emango du, interesa daukaten estatuek kontraesan-prozeduraz, bai idatziz eta bai hitzez, beren oharpenak egiteko aukera izan eta gero.

Irizpena eskatzen denetik hiru hilabeteko epean Batzordeak irizpenik ematen ez badu, irizpenik eza ez da eragozpen izango Auzitegira jotzeko.

260. artikulua

(lehengo 228. artikulua EET)

1. Baldin eta estatu kideren batek Tratatuen indarrez dagozkion betebeharretakoren bat bete gabe utzi duela deklaratzen badu Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu estatu horrek.

2. Batzordeak irizten badio dagokion estatu kideak ez dituela hartu Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezkoak diren neurriak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aurkeztu ahal izango dio auzia, aipatutako estatuari bere oharrak aurkezteko aukera eman ondoren.

Batzordeak zehaztuko du zein den, inguruabarren arabera Batzordeak egoki iritzi, eta estatu kide horrek ordaindu behar duen oro harreko zenbatekoaren edo hertsatzeko isunaren zenbatekoa.

Baldin eta Auzitegiak deklaratzen badu estatu kide horrek ez duela Auzitegiaren epaia bete, oro harreko zenbateko bat edo hertsatzeko isun bat ordaindu beharra ezarri ahal izango dio.

Prozedura hori ez da izango 259. artikuluan xedatutakoaren aurkakoa

3. Batzordeak, 258. artikulua betez, errekurtso bat aurkezten badu Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, Batzordearen ustez dagokion estatu kideak ez duelako bete legegintzako prozedura baten arabera onartutako zuzentarau baten transposizioa egiteko neurrien berri emateko betebeharra, bada, Batzordeak, egoki iritziz gero, estatu kide horrek ordaindu behar duen oro harreko zenbatekoa edo hertsatzeko isunaren zenbatekoa adieraz dezake; zenbateko hori inguruabarrei egokitu behar zaie Batzordearen iritziz.

Auzitegiak egiaztatuz gero ez dela eginbehar hori bete, oro harreko zenbateko bat edo hertsatzeko isun bat ordaindu beharra ezar diezaioke estatu kideari, Batzordeak zenbateko horrentzat adierazitako mugen barruan.

Ordaintzeko betebeharra Auzitegiak epaian ezarritako egunean hasiko da eragina izaten.

261. artikulua

(lehengo 229. artikulua EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak batera edo Kontseiluak berak Tratatuetako xedapenen indarrez onartutako erregelamenduen bidez, jurisdikzioko eskumen osoa eman dakioke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari erregelamendu horietan aurreikusitako zigorrei dagokienez.

262. artikulua

(lehengo 229 A artikulua EET)

Tratatuetako gainerako xedapenei kalterik egin gabe, Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, tratatuak oinarri direla jabetza intelektualeko edo industrialeko europar tituluak sortzeko egindako egintzen aplikazioari buruzko auziak erabakitzeko eskumena Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari emateko xedapenak onar ditzake, Kontseiluak zehaztutako neurrian eman ere.

Xedapen horiek estatu kideek, bakoitzak bere konstituzio-arauetan ezarritakoari jarraituz, onartzen dituztenean sartuko dira indarrean.

263. artikulua

(lehengo 230. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ondokoen legezkotasuna kontrolatuko du: lege-egintzena; Kontseiluaren, Batzordearen eta Europako Banku Zentralaren egintzena, gomendioak edo irizpenak ez badira; eta hirugarrenen aurrean ondorio juridikoak sorrarazteko diren Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren egintzena ere bai.

Batasuneko organo edo organismoek hirugarrenen aurrean ondorio juridikoak sorrarazteko onartuko dituzten egintzen legezkotasuna ere kontrolatuko dute.

Horretarako, estatu kideren batek, Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak jarritako errekurtsoei buruz ebazteko eskumena izango du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, errekurtsoak ondorengo arrazoiengatik jarri badira: eskumenik eza, formazko funtsezko akatsak, Tratatuak urratzea, edo Tratatuak betetzeko edozein arau juridiko haustea, edo boterea desbideratzea.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, baldintza berberetan, Kontu Auzitegiak eta Europako Banku Zentralak eta Eskualdeetako Komiteak beren prerrogatibak babesteko jarritako errekurtsoei buruz erabakitzeko eskumena edukiko du.

Pertsona fisiko edo juridiko orok jar ditzake errekurtsoak, lehenengo eta bigarren lerrokadetan aurreikusten diren baldintzetan, pertsona horri zuzendutako egintzen kontra edo berari zuzenean eta bakarrean eragiten diotenen kontra, eta berari zuzenean eragiten dioten eta betearazteko neurririk ez duten erregelamenduzko egintzen kontra ere bai.

Batasuneko organoak edo organismoak sortzeko egintzetan, baldintza eta prozedura zehatzak jaso daitezke pertsona fisiko edo juridikoek organo edo organismo horien egintzen aurka jarritako errekurtsoentzat baldin eta egintzok ondorio juridikoak sorrarazten badituzte haiengan.

Artikulu honetan aurreikusitako errekurtsoak bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, kasuen arabera, egintza argitaratu zenetik, errekurtso-jartzaileari jakinarazi zitzaionetik, edo, jakinarazpenik egin ezean, errekurtso-jartzaileak horren berri izan duenetik kontatzen hasita.

264. artikulua

(lehengo 231. artikulua EET)

Errekurtsoak oinarririk badauka, aurkapena jasotako egintza hori deuseza eta inolako baliorik eta ondoriorik gabea dela deklaratuko du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak.

Halere, beharrezkoa irizten badio, Auzitegiak adierazita utziko du deusez deklaratutako egintzatik zein ondorio hartu behar diren behin betikotzat.

265. artikulua

(lehengo 232. artikulua EET)

Baldin eta, Tratatuak urratuz, Europako Parlamentuak, Kontseilu Europarrak, Kontseiluak, Batzordeak edo Europako Banku Zentralak erabakitzeari huts egiten badiote, estatu kideek eta Batasuneko gainerako instituzioek Europar Batasuneko Justizia Auzitegian errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, urratze hori gertatu dela deklaratzeko.

Erabakitzeari huts egiten dioten Batasuneko organo eta organismoei aplikatuko zaie artikulu hau, baldintza berberetan.

Kasuan kasuko instituzio, organo edo organismoari jardun dezala aurrez eskatu zaionean, orduan bakarrik onartu ahal izango da errekurtso hori.

Errekerimendu horren ondoren bi hilabeteko epea igarota, instituzio, organo edo organismoak bere jarrera zehaztu ez badu, bi hilabeteko beste epe bat izango da errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok kexa-errekurtsoa jar diezaioke Auzitegiari, aurreko lerrokadetan aipatutako baldintzetan, Batasuneko instituzioetako batek edo organo edo organismoetako batek gomendioa edo irizpena ez den beste inolako egintzarik zuzendu ez diolako.

266. artikulua

(lehengo 233. artikulua EET)

Instituzio, organo edo organismo batek erabakitzeari huts egin izana Tratatuen kontrakoa dela deklaratu denean, edo sortu duen egintza bat deuseztatu denean, nahitaez hartu beharko ditu Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko hartu beharreko neurriak.

Betebehar hori ez doa 340. artikuluko bigarren lerrokada aplikatzetik sor daitekeenaren kontra.

267. artikulua

(lehengo 234. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eskumena dauka, epaitu aurreko arazoen kasuan, ebazpena emateko:

Tratatuen interpretazioaz

Batasuneko instituzio, organo edo organismoek onartutako egintzen baliozkotasunaz eta interpretazioaz.

Estatu kideren bateko jurisdikzio-organoren bati era horretako arazoren bat aurkezten bazaio, organo horrek, bere epaitza emateko beharrezkotzat jotzen badu gaiaren gaineko erabakiren bat, Auzitegiari eska diezaioke arazoaz erabaki bat hartzeko.

Estatu barruko jurisdikzio-organo batean oraindik erabaki gabe dagoen gai baten gainean era horretako arazoren bat aurkezten denean, eta organo horren ebazpenek barne-zuzenbidean ezin badute gero beste auzi-bidezko errekurtsorik jaso, Auzitegiaren menpe jarri behar du auzia organo horrek.

Estatu barruko jurisdikzio-organo batean oraindik erabaki gabe dagoen gai baten gainean era horretako arazoren bat aurkezten denean askatasun-gabetuta dagoen pertsona bati buruz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak albait arinen erabaki behar du.

268. artikulua

(lehengo 235. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia izango da 340. artikuluko bigarren eta hirugarren lerrokadan aipatutako kalte-ordainei buruzko auziez arduratzeko eskumena edukiko duena.

269. artikulua

Justizia Auzitegiak dauka Kontseilu Europarrak edo Kontseiluak Europar Batasunaren Tratatuaren 7. artikuluaren indarrez onartutako egintza baten legezkotasunari buruz erabakitzeko eskumena, baina soilik Kontseilu Europarraren edo Kontseiluaren egiaztapenaren xede den estatu kideak eskatuta, eta bakarrik aipatutako artikulu horretan zehaztutako prozedurako xedapenak errespetatu diren ebazteko.

Eskaera hori aurkezteko hilabeteko epea dago, egiaztapenetik zenbatzen hasita.

Auzitegiak hilabeteko epean erabakiko du, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita.

270. artikulua

(lehengo 236. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dauka Batasunaren eta bere agenteen artean sor daitezkeen auzietan erabakitzeko eskumena, Batasuneko funtzionarioen estatutuak eta Batasuneko beste agenteei aplikatu beharreko erregimenak ezartzen dituzten muga eta baldintzekin.

271. artikulua

(lehengo 237. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia izango da auzi hauei buruz erabakitzeko eskumena edukiko duena, jarraian aipatzen diren mugen barruan nolanahi ere:

a) Europako Inbertsio Bankuaren estatutuen ondorioz, estatu kideek dituzten betebeharrak bete ote dituzten erabakitzeko.

Gai horri buruz, 258. artikuluak Batzordeari esleitzen dizkion eskumenak edukiko ditu Bankuko administrazio-kontseiluak;

b) Bankuko gobernadore-kontseiluaren akordioez erabakitzeko.

Gai honen gainean, bai edozein estatu kidek, bai Batzordeak eta Bankuko administrazio-kontseiluak jar ditzakete errekurtsoak, 263. artikuluan aurreikusitako baldintzetan;

c) Bankuko administrazio-kontseiluaren akordioez erabakitzeko.

Akordio horien kontra, Erkidegoko estatuek edo Batzordeak baino ezin dute errekurtsorik jarri 263. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta Bankuko estatutuetako 19. artikuluko 2., 5., 6. eta 7. paragrafoetan aurreikusitako formazko akatsen bat dela-eta bakarrik.

d) Tratatuen eta BZESko eta EBZeko estatutuen ondorioz estatu bakoitzeko Banku Zentralek dauzkaten betebeharrak bete ote dituzten erabakitzeko.

Gai horri buruz, 258. artikuluak estatu kideak direla-eta Batzordeari ematen dizkion ahalak edukiko ditu Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak, estatuetako banku zentralen gainetik.

Baldin eta estatu kideren bateko banku zentralak Tratatuen indarrez dagozkion betebeharretakoren bat bete gabe utzi duela deklaratzen badu Auzitegiak, Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu banku horrek.

272. artikulua

(lehengo 238. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaitzeko eskumena edukiko du, Batasunak nahiz Batasunaren kontura egindako Zuzenbide publiko zein Zuzenbide pribatuko kontratu batean jasotako konpromiso-klausula baten indarrez.

273. artikulua

(lehengo 239. artikulua EET)

Tratatuen xedea dela-eta Erkidegoko estatuen artean sortutako edozein eztabaidaz erabakitzeko eskumena dauka Justizia Auzitegiak, konpromiso baten indarrez berari aurkezten bazaio eztabaida hori.

274. artikulua

(lehengo 240. artikulua EET)

Tratatuek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari emandako eskumenei kalterik egin gabe, Batasuna alderdietako bat dela sortutako auziak, alderdi denez, ezin izango dira estatuen jurisdikziokoak diren eskumenetatik kanpo utzi.

275. artikulua

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du edukiko eskumenik atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen inguruko xedapenez erabakitzeko, ez horretan oinarrituta onartutako egintzei buruz erabakitzeko ere.

Nolanahi ere, Justizia Auzitegiak izango du eskumena Europar Batasunaren Tratatuko 40. artikulua errespetatzen dela kontrolatzeko, eta tratatu honetako 263. artikuluko laugarren lerrokadan adierazten diren baldintzetan aurkezten diren errekurtsoez erabakitzeko ere bai. Errekurtso horiek Kontseiluak, Europar Batasunaren Tratatuko V. tituluko 2. kapituluari jarraiki, pertsona fisiko edo juridikoen ahalmenak gutxitzeko neurriak ezartze aldera onartzen dituen erabakien legezkotasunaren kontrolari buruzkoak izango dira.

276. artikulua

Askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruzko hirugarren zatiko V. tituluko 4. eta 5. kapituluetako xedapenak direla-eta dituen eskurantzak gauzatzean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ez dauka eskumenik estatu kideren bateko poliziak edo legea aplikarazteko ardura daukaten beste zerbitzuek egindako operazioen baliozkotasuna edo heinekotasuna kontrolatzeko, ezta estatu kideek ordena publikoa zaintzeko eta barne-segurtasuna babesteko dituzten erantzukizunak betetzean egindakoez erabakitzeko ere.

277. artikulua

(lehengo 241. artikulua EET)

263. artikuluko seigarren lerrokadan jasotako epea amaituta egon arren, Batasuneko instituzio, organo edo organismo batek onartutako helmen orokorreko egintzaren bat auzitan jartzen duen auziren batean alderdi den edonork jo ahal izango du Europar Batasuneko Justizia Auzitegira, 263. artikuluko bigarren lerrokadan jasotako arrazoiak direla-eta egintza hori aplika ezinezkoa dela alegatuz.

278. artikulua

(lehengo 242. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aurkeztutako errekurtsoek ez dute etete-ondoriorik edukiko.

Hala ere, Auzitegiak, horrela egitea eskatzen duten inguruabarrak daudela irizten badio, aurkaturiko egintza etetea agindu ahal izango du.

279. artikulua

(lehengo 243. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak beharrezkoak diren behin-behineko neurriak har ditzake berari aurkeztutako arazoetan.

280. artikulua

(lehengo 244. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiek betearazteko indarra edukiko dute 299. artikuluak ezarritako baldintzetan.

281. artikulua

(lehengo 245. artikulua EET)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutua aparteko protokolo batean finkatuko da.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak estatutuaren xedapenak aldatu ahal izango dituzte, legegintzako prozedura arruntaren bidez, I. titulua eta 64. artikulua izan ezik.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak erabakiak hartuko dituzte bai Justizia Auzitegiaren eskariz eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, bai Batzordearen proposamenez eta Justizia Auzitegiari aurretiaz kontsulta eginda.

SEIGARREN ATALA

EUROPAKO BANKU ZENTRALA

282. artikulua

1. Europako Banku Zentralak eta estatu kideetako banku zentralek osatuko dute Banku Zentralen Europako Sistema (BZES).

Europako Banku Zentralak eta diru gisa euroa darabilten estatu kideetako banku zentralek, horiek osatzen baitute Eurosistema, Batasunaren diru-politika zuzenduko dute.

2. Europako Banku Zentralaren artezkaritza-organoek zuzenduko dute BZES.

Prezioen egonkortasunari eustea izango da BZESren helburu nagusia

Helburu horri kalterik egin gabe, Batasunaren ekonomia-politika orokorrei ere laguntza emango die, Batasunaren helburuak lortzen laguntzeko.

3. Europako Banku Zentralak nortasun juridikoa edukiko du.

Berari dagokio, ez beste inori, euroa jaulkitzeko baimena ematea.

Independentziaz jokatuko du bere eskumenak baliatzean eta bere finantzak kudeatzean.

Batasuneko instituzio, organo zein organismoek, baita estatu kideetako gobernuek ere, errespetatu egin behar dute independentzia hori.

4. Europako Banku Zentralak beharrezko diren neurri guztiak hartuko ditu bere betebeharrak betetzeko, betiere, 127tik 133ra bitarteko artikuluetan eta 138. artikuluan jasotakoarekin bat, eta BZESren eta EBZaren estatutuen arabera.

Artikulu horien arabera, diru gisa euroa ez darabilten estatu kideek eta estatu horietako banku zentralek beren eskumenei eutsiko diete diru-eremuan.

5. Europako Banku Zentralari kontsulta egingo zaio, bere eskurantzei dagozkien eremuetan, Batasunaren egintza-proiektu guztiei buruz, baita estatu-eremuko araudi-proiektu guztiei buruz ere; Bankuak irizpenak eman ahal izango ditu.

283. artikulua

(lehengo 112. artikulua EET)

1. Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseilua Europako Banku Zentraleko Batzorde Betearazleko kideek eta diru gisa euroa darabilten estatu kideetako banku zentraletako gobernadoreek osatuko dute.

2. Batzorde Betearazlea lehendakariak, lehendakariordeak eta beste lau kidek osatuko dute.

Lehendakaria, lehendakariordea eta Batzorde Betearazleko gainerako kideak Kontseilu Europarrak izendatuko ditu, gehiengo kualifikatuz, diru-gaietan edo bankuko gaietan ospe handia eta lanbide-esperientzia zabala lortu duten pertsonen artean, Kontseiluaren gomendioz eta Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluari aurretiaz kontsulta eginda.

Kideon agintaldia zortzi urtekoa izango da, eta ezin izango da berritu.

Estatu kideetako herritarrak baino ezin dira izan Batzorde Betearazleko kide.

284. artikulua

(lehengo 113. artikulua EET)

1. Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeko kide batek Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluaren bileretan parte hartu ahal izango dute, baina boto-eskubiderik gabe.

Kontseiluko lehendakariak mozioa aurkeztu ahal izango dio Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluari, eztabaida dezan.

2. BZESren helburuei eta eginkizunei buruzko gaiak eztabaidatzeko diren Kontseiluko bileretan parte hartzeko gonbitea egingo zaio Europako Banku Zentraleko lehendakariari.

3. Europako Banku Zentralak urtero txostena bidaliko die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari, baita Kontseilu Europarrari ere, BZESren jarduerak eta aurreko urteko eta urte bereko diru-politikak direla-eta.

Europako Banku Zentraleko lehendakariak aurkeztuko die txosten hori Kontseiluari eta Europako Parlamentuari, eta eztabaida orokorra sortarazi dezake Parlamentuak oinarri horren gainean.

Europako Parlamentuan eskumenak dauzkaten batzordeek Europako Banku Zentraleko lehendakariari eta Batzorde Betearazleko kideei entzun ahal izango diete, Europako Parlamentuak eskatuta edo beren ekimenez.

ZAZPIGARREN ATALA

KONTUEN AUZITEGIA

285. artikulua

(lehengo 246. artikulua EET)

Fiskalizazioa, edo Batasunaren kontuen kontrola, Kontuen Auzitegiak egingo du.

Estatu kide bakoitzeko herritar banak osatuko dute Kontu Auzitegia.

Kontu Auzitegiko kideek independentzia osoz beteko dituzte beren eginkizunak, Batasunaren interes orokorraren alde.

286. artikulua

(lehengo 247. artikulua EET)

1. Estatu bakoitzean kanpo-kontroleko instituzioetan parte hartzen ari diren edo aritu izan diren, zein eginkizun horretarako berariaz prestatutako pertsonen artean hautatuko dira Kontu Auzitegiko kideak.

Independentzia-berme osoa agertu behar dute pertsona horiek.

2. Sei urterako izendatuko dira Kontu Auzitegiko kideak.

Kontseiluak Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren onartuko du estatu kide bakoitzak aurkeztutako proposamenen arabera ezarritako kide-zerrenda.

Kontu Auzitegiko kideen agintaldia berritu egin ahal izango da, amaitutakoan.

Kideek hautatuko dute Kontu Auzitegiko lehendakaria, beren artean, hiru urterako.

Agintaldia berritu egin daiteke.

3. Kontu Auzitegiko kideek, beren eginkizunak betetzean, ezin dute eskatu ez onartu inongo gobernuren ez inongo organismoren jarraibiderik.

Beren eginkizunekin bateragarri ez den egintza oro albo batera utziko dute.

4. Kontu Auzitegiko kideek, beren agintaldian, ezin izango dute beste inolako lanbide-jarduerarik burutu, ez ordaindutakorik, ez ordaindu gaberik.

Epaileek, beren eginkizunei ekiten dietenean, zinez aginduko dute beren kargutik sortutako betebeharrak errespetatuko dituztela, bereziki beren agintaldia amaitu eta gero zenbait eginkizun edo onura onartzeko orduan erakutsi beharreko zintzotasun- eta diskrezio-eginbeharrak, bai beren agintaldiak dirauen artean eta bai hori amaitu eta gero ere.

5. Aldikako berrikuntza-kasuak eta heriotza-kasuak albo batera utzita, Kontuen Auzitegiko kideen agintaldia banan-banan amaituko da, bakoitzak bere borondatez kargua uzten duenean edo 6. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz Justizia Auzitegiak kargua uztera behartzen duenean.

Agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako ordezkatuko da interesduna.

Kargua uzten den kasuetan izan ezik, Kontu Auzitegiko kideek karguetan jarraituko dute harik eta ordezkatuak izan arte.

6. Kontuen Auzitegiko kideak beren eginkizunetatik kentzeko edota pentsioa edo ordezko beste edozein onura jasotzeko eskubiderik gabe uzteko, kide horiek beharrezko baldintzak betetzeari utzi diotela edo beren karguen ondoriozko betebeharrak ez dituztela bete adierazi beharko du Justizia Auzitegiak, Kontuen Auzitegiaren eskariz.

7. Kontseiluak finkatuko ditu Kontu Auzitegiko lehendakariaren eta kideen soldatak, sariak eta pentsioak.

Lansari gisako beste edozein ordainketa ere finkatuko du.

8. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko epaileei aplika dakizkiekeen Europako Batasunaren pribilejio eta immunitateei buruzko protokoloko xedapenak aplikatuko zaizkie Kontuen Auzitegiko kideei ere.

287. artikulua

(lehengo 248. artikulua EET)

1. Kontu Auzitegiak aztertuko ditu Batasunaren sarrera eta gastu guztien kontuak.

Batasunak sortutako edozein organo edo organismoren sarrera eta gastu guztien kontuak ere aztertuko ditu, baldin eta organo edo organismo hori eratzeko egintzan azterketa-modu hori baztertzen ez bada.

Kontu Auzitegiak adierazpena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari kontuen fidagarritasunari buruz eta dagozkien eragiketen legezkotasunari eta zuzentasunari buruz; adierazpen hori Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da.

Batasunaren jardunaren eremu nagusi bakoitzari buruzko ohar zehatzekin osa daiteke arestian aipatutako adierazpena.

2. Kontu Auzitegiak sarreren eta gastuen legezkotasuna eta zuzentasuna aztertuko ditu, baita finantzen kudeaketa ona bermatu ere.

Hori egitean, bereziki, irregulartasun kasu guztien berri emango du.

Likidazioak eta Batasunari emandako kopuruak oinarri direla egingo da sarreren kontrola.

Bereganatutako konpromisoak eta egindako ordainketak oinarri direla egingo da gastuen kontrola.

Kontrol-mota biak dena delako aurrekontu-ekitaldiko kontuak itxi aurretik egin daitezke.

3. Kontabilitateko agirietan oinarrituta egingo da kontrola, eta, beharrezkoa bada, Batasuneko beste instituzioen bulegoetan, Batasunaren izenean sarrerak edo gastuak kudeatzen dituen edozein organo edo organismoren bulegoetan eta estatu kideetan, aurrekontuko funtsak jasotzen dituen edozein pertsona fisiko zein juridikoren bulegoak barnean hartuta.

Kontrola, estatu kideetan, estatuko kontrol-instituzioekin lankidetzan arituz egingo da, edo, instituzio horiek beharrezko eskumenik ez badaukate, estatuan eskumenak dauzkaten zerbitzuekin lankidetzan arituz.

Kontu Auzitegia eta estatu kideetako kontrol-instituzioak lankidetzan arituko dira, elkarrenganako konfiantzaz, eta independentziari eutsiz.

Instituzio edo zerbitzu horiek, baldin eta aipatutako kontrola egiten parte hartzeko asmorik badaukate, Kontu Auzitegiari jakinarazi behar diote.

Kontu Auzitegiak eskatuta, bere eginbeharrak betetzeko beharrezko dituen agiri edo informazio guztiak emango dizkiote auzitegi horri Batasuneko beste instituzioek, Batasunaren izenean sarrerak eta gastuak kudeatzen dituzten organo edo organismo guztiek, aurrekontuko funtsak jasotzen dituzten pertsona fisiko zein juridiko guztiek, eta estatuko kontrol-instituzioek, edo, instituzio horiek beharrezko eskumenik ez badaukate, estatuan eskumenak dauzkaten zerbitzuek.

Batasunaren sarrerak eta gastuak kudeatzean Europako Inbertsio Bankuak duen jardunari dagokionez, Bankuaren informazioetara iristeko Auzitegiak daukan eskubidea Auzitegiaren, Bankuaren eta Batzordearen artean lotutako akordioan arautuko da.

Akordio hori lortu ez arren, Bankuak kudeatutako Batasunaren sarrerak eta gastuak kontrolatzeko beharrezko informazioetara iritsi ahal izango da Auzitegia.

4. Kontu Auzitegiak, ekitaldi bakoitza itxi eta gero, urteko txostena egingo du.

Txosten hori Batasuneko instituzioetara bidaliko da eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da, Kontu Auzitegiak egindako oharrei instituzio horiek emandako erantzunekin batera.

Kontu Auzitegiak, halaber, noiznahi aurkez ditzake bere oharpenak, arazo partikularrei buruzko txosten bereziak eginez, eta irizpenak ere eman ditzake, Batasuneko gainerako instituzioetakoren batek eskatuta.

Kontu Auzitegiak bere urteko txostenak, txosten bereziak edo irizpenak onartzeko, auzitegia osatzen duten kideen gehiengoa behar du.

Hala ere, salak sor ditzake bere baitan, zenbait txosten- edo irizpen-kategoria onartzeko, Auzitegiaren barne-erregelamenduan aurreikusitako baldintzetan.

Kontu Auzitegiak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari lagunduko die aurrekontua nola bete den kontrolatzeko lanetan.

Kontu Auzitegiak landuko du bere barne-erregelamendua.

Erregelamendua Kontseiluak onartu beharko du.

2. KAPITULUA

BATASUNAREN EGINTZA JURIDIKOAK, ONARTZEKO PROZEDURAK ETA BESTELAKO XEDAPENAK.

LEHENENGO ATALA

BATASUNAREN EGINTZA JURIDIKOAK

288. artikulua

(lehengo 249. artikulua EET)

Batasunaren eskumenak baliatzeko, instituzioek erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak, gomendioak eta irizpenak onartuko dituzte.

Erregelamenduak helmen orokorra edukiko du.

Lege hori osagai guztiei dagokienez bete beharrekoa eta estatu kide bakoitzean zuzenean aplikatzekoa izango da.

Zuzentaraua jasotzen duen estatu kideari zuzentarauarekin ezartzen zaion betebeharra emaitza jakin bat lortzea da, baina estatuko agintarien aukeran uzten dira modua eta baliabideak.

Erabakia betebeharrekoa da puntu guztietan.

Erabakia betetzeko hartzaile jakin bat izendatzen denean, horrentzat bakarrik izango da bete beharrekoa.

Gomendioak eta irizpenak ez dira lotesleak.

289. artikulua

1. Legegintzako prozedura arrunta honetan datza: Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, erregelamendu bat, zuzentarau bat edo erabaki bat hartzean.

294. artikuluan zehazten da prozedura hori.

2. Tratatuek zehaztutako berariazko kasuetan, Europako Parlamentuak Kontseiluaren partaidetzaz onartuko ditu erregelamenduak, zuzentarauak edo erabakiak, edo, bestela, Kontseiluak onartuko ditu Europako Parlamentuaren partaidetzaz; horri legegintzako prozedura berezia deritzo.

3. Legegintzako prozeduraren bitartez hartzen diren egintza juridikoak lege-egintzak izango dira.

4. Tratatuek zehaztutako berariazko kasuetan, lege-egintzak estatu kideen talde baten edo Europako Parlamentuaren ekimenez onartu ahal izango dira, edota Europako Banku Zentralaren gomendioz, edo Justizia Auzitegiaren edo Europako Inbertsio Bankuaren eskariz.

290. artikulua

1. Lege-egintza batek Batzordearengan eskuordetu ahal izango ditu helmen orokorra duen lege-egintzaren funtsezkoak ez diren osagai jakin batzuk osatzen edo aldarazten dituen legez besteko egintzak hartzeko ahalak.

Lege-egintzek berariaz mugatuko dituzte eskuordetzan emandako ahalen xedeak, edukiak, helmena eta iraupena.

Lege-egintza/lege-egintza batek arautu behar ditu beti eremu bateko funtsezko elementuak, eta, horrenbestez, zeregin hori betetzeko ahalak ezin izango dira eskuordetzan eman.

2. Lege-egintzek berariaz finkatuko dute zein baldintzatan eman ahal izango den eskuordetza; hona hemen baldintzok:

a)

Europako Parlamentuak edo Kontseiluak eskuordetza ezestea erabaki ahal izango dute;

b)

eskuordetzan emandako egintza ezin izango da indarrean sartu, baldin eta Europako Parlamentuak edo Kontseiluak kontrako arrazoiak eman badituzte lege-egintzak ezarritako epean.

Europako Parlamentuak bere kideen gehiengoz erabakiko du, eta Kontseiluak, berriz, gehiengo kualifikatuz, a) eta b) idatz-zatiei dagokienez.

3. Eskuordetutako egintzen tituluan “eskuordetua” azalduko da.

291. artikulua

1. Estatu kideek barne-zuzenbideko beharrezko diren neurri guztiak hartuko dituzte, Batasunarentzat zuzenbidearen arabera lotura-indarra duten egintzak betearazteko.

2. Batasunarentzat zuzenbidearen arabera lotura-indarra duten egintzak betearazteko baldintza uniformeak behar direnean, estatu kideek betearazpen-eskumenak emango dizkiote Batzordeari edo, behar bezala justifikatutako egoera berezietan eta Europar Batasunaren Tratatuaren 24. eta 26. artikuluetan ezarritakoetan, Kontseiluari.

3. Horren aurretik, 2. paragrafoaren ondorioetarako, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arrunta erabilita onartutako erregelamenduen bidez arau eta printzipio orokorrak ezarriko dira estatu kideen kontrol-moduei dagokienez, Batzordeak betearazpen-eskumenak nola baliatzen dituen kontrolatzeko.

4. Betearazpen-egintzen tituluan «betearazpenekoa» adierazpidea azalduko da.

292. artikulua

Kontseiluak gomendioak onartuko ditu.

Batzordeak proposatuta egingo du hori, baldin eta Tratatuetan xedatzen bada Kontseiluak Batzordearen proposamenez onartu behar dituela egintzak.

Aho batez hartuko ditu erabakiak Batasunaren egintza bat onartzeko guztien adostasuna beharrezko den eremuetan.

Batzordeak, baita Europako Banku Zentralak ere, Tratatuek jasotako berariazko egoeretan, gomendioak onartuko dituzte.

BIGARREN ATALA

EGINTZAK ONARTZEKO PROZEDURAK ETA BESTELAKO XEDAPENAK

293. artikulua

(lehengo 250. artikulua EET)

1. Tratatuei jarraiki, Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, erabakirik hartzen badu, proposamen hori soilik aho batez aldatu ahal izango du, salbu eta 294. artikuluko 10. eta 13. paragrafoetan, 310., 312. eta 314. artikuluetan eta 315. artikuluko bigarren lerrokadan jasotako kasuetan.

2. Kontseiluak erabakirik hartzen ez duen bitartean, Batzordeak aldatu egin dezake bere proposamena, Batasuneko egintza bat onartzeko bideratutako prozedurek dirauten artean.

294. artikulua

(lehengo 251. artikulua EET)

1. Egintzaren bat onartzeko, tratatuetan legegintzako prozedura arrunta aipatzen denean, ondorengo prozedura hau aplikatuko da.

2. Batzordeak proposamena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

Lehenengo irakurraldia

3. Europako Parlamentuak lehenengo irakurraldian onartuko du bere jarrera eta Kontseiluari jakinaraziko dio.

4. Kontseiluak Europako Parlamentuaren jarrera onartuz gero, kasuan kasuko egintza onartuko da, Europako Parlamentuaren jarrerari dagokion formulazioan.

5. Kontseiluak ez badu Europako Parlamentuaren jarrera onartzen, lehenengo irakurraldian finkatuko du bere jarrera eta Europako Parlamentuari jakinaraziko dio.

6. Kontseiluak bere jarrera lehenengo irakurraldian hartzeko izan dituen arrazoi guztien berri emango dio osoki Europako Parlamentuari.

Batzordeak bere jarreraren berri emango dio osoki Europako Parlamentuari.

Bigarren irakurraldia

7. Helarazpen hori gertatu denetik hiru hilabeteko epean, Europako Parlamentuak:

a)

lehenengo irakurraldian onartzen badu Kontseiluaren jarrera edo ez badu inolako erabakirik hartzen, kasuan kasuko egintza onartutzat joko da Kontseiluaren jarrerari dagokion formulazioan;

b)

kideen gehiengoz, atzera botatzen badu Kontseiluak lehenengo irakurraldian finkatutako jarrera, proposatutako egintza onartugabetzat joko da;

c)

kideen gehiengoz, zuzenketak proposatzen baditu lehenengo irakurraldian Kontseiluak finkatutako jarrerarentzat, horrela aldarazitako testua Kontseiluari eta Batzordeari helaraziko die, eta azken horrek emango du zuzenketei buruzko irizpena.

8. Europako Parlamentuaren zuzenketak jaso direnetik hiru hilabeteko epean, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz:

a)

zuzenketa horiek guztiak onartzen baditu, kasuan kasuko egintza onartutzat joko da;

b)

zuzenketa horiek guztiak onartzen ez baditu, Kontseiluko lehendakariak, Europako Parlamentuko lehendakariarekin bat etorriz, Adiskidetze Komitearen bilerarako deia egingo du sei asteko epean.

9. Kontseiluak aho batez hartuko du Batzordearen irizpen negatiboa jaso duten zuzenketei buruzko erabakia.

Adiskidetzea

10. Adiskidetze Komitea Kontseiluko kideek edo horien ordezkariek eta Europako Parlamentuaren beste horrenbeste ordezkarik osatuko dute, eta bere xedea izango da Europako Parlamentuaren jarreran eta Kontseiluak bigarren irakurraldian finkatutako jarreran oinarritutako testu bateratu bati buruzko akordioa lortzea, Komitea deitu zenetik sei asteko epean, eta Kontseiluko kideen edo horien ordezkarien gehiengo kualifikatuz eta Europako Parlamentua ordezkatzen duten kideen gehiengoz.

11. Batzordeak Adiskidetze Komitearen lanetan hartuko du parte, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren jarrerak hurbiltzen laguntzeko beharrezko ekimen guztiak onartuko ditu.

12. Baldin eta, Komitea deitu zenetik sei asteko epean, Adiskidetze Komiteak testu bateratua onartzen ez badu, proposatutako egintza hori onartugabetzat joko da.

Hirugarren irakurraldia

13. Baldin eta, epe horretan, Adiskidetze Komiteak testu bateratua onartzen badu, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, biek ala biek, sei asteko epea izango dute onarpena gertatu denetik kasuan kasuko egintza testu horrekin bat etorriz onartzeko; Europako Parlamentuak emandako botoen gehiengoz hartuko du bere erabakia, eta Kontseiluak, berriz, gehiengo kualifikatuz.

Horrelakorik onartu ezean, proposatutako egintza onartugabetzat joko da.

14. Artikulu honetan ezartzen diren hiru hilabeteko eta sei asteko aldiak luzatu egin ahal izango dira, gehienez ere hilabetez eta bi astez hurrenez hurren, Europako Parlamentuaren edo Kontseiluaren eskariz.

Xedapen bereziak

15. Baldin eta, Tratatuek jasotzen dituen kasuetan, lege-egintza bat legegintzako prozedura arruntaren pean jartzen bada zenbait estatu kideren ekimenez, Europako Banku Zentralak gomendatuta edo Justizia Auzitegiaren eskariz, ez dira aplikatuko ez 2. paragrafoa, ez 6. paragrafoko bigarren esaldia, ez 9. paragrafoa.

Kasu horietan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Batzordeari helaraziko diote egintzaren proiektua, lehenengo eta bigarren irakurraldietan dituzten jarrerekin batera.

Europako Parlamentuak edo Kontseiluak prozedura osoan zehar eska diezaiokete irizpena Batzordeari, eta Batzordeak bere ekimenez ere eman dezake.

Batzordeak, halaber, eta beharrezkotzat jotzen badu, Adiskidetze Komitean parte har dezake, 11. paragrafoarekin bat etorriz.

295. artikulua

Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak kontsultak egingo dizkiote elkarri, eta denen artean adostuko dute beren arteko lankidetza nolakoa izango den.

Horretarako, eta Tratatuei zor zaien errespetuaren barruan, instituzioen arteko akordioak egin ahal izango dituzte, eta horiek lotura-indarra izan ahal izango dute.

296. artikulua

(lehengo 253. artikulua EET)

Tratatuek zein egintza-mota onartu behar den ezartzen ez dutenean, instituzioek erabaki behar dute, kasuan-kasuan aplikatu beharrekoak diren prozeduren arabera eta heinekotasun-printzipioari jarraituz.

Egintza juridikoek arrazoietan oinarrituta egon behar dute, eta Tratatuetan jasotako proposamenak, ekimenak, gomendioak, eskaerak edo irizpenak hartuko dituzte abiaburu.

Lege-egintzaren proiektua aurkezten zaienean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ez dute parte hartuko kasuan kasuko eremuan aplikatu beharreko legegintzako prozeduran jasota ez dagoen ezein egintzaren onarpenean.

297. artikulua

(lehengo 254. artikulua EET)

1. Legegintzako prozedura arrunta erabiliz onartzen diren lege-egintzak Europako Parlamentuko lehendakariak eta Kontseiluko lehendakariak sinatu behar dituzte.

Legegintzako prozedura berezi baten arabera onartutako lege-egintzak, horiek onartu dituen instituzioko lehendakariak sinatuko ditu.

Lege-egintzak Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean emango dira argitara.

Bertan finkatutako egunean jarriko dira indarrean, eta, egunik jarri ezik, argitaratzen direnetik hogei egunera.

2. Erregelamendu, zuzentarau eta, hartzailerik adierazten ez dutenean, erabaki moduan onartutako legez besteko egintzak, onartu dituen instituzioko lehendakariak sinatuko ditu.

Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko dira erregelamenduak, Estatu kide guztientzat diren zuzentarauak eta hartzaile jakinik adierazten ez duten erabakiak.

Bertan finkatutako egunean jarriko dira indarrean, eta, egunik jarri ezik, argitaratzen direnetik hogei egunera.

Gainerako zuzentarauak eta hartzailea adierazten duten erabakiak, hartzaileei jakinaraziko zaizkie, eta jakinarazpen hori egindakoan hartuko dute indarra.

298. artikulua

1. Beren eginkizunak betetzean, Batasuneko instituzio, organo eta organismoek Europar administrazio ireki, eragingarri eta independentearen sostengua izango dute.

2. Estatutua eta 336. artikuluarekin bat onartutako erregimena errespetatuta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak xede horretarako beharrezkoak diren xedapenak ezarriko dituzte, legegintzako prozedura arruntaz onartutako erregelamendu bidez.

299. artikulua

(lehengo 256. artikulua EET)

Estatuez beste pertsonei diruzko betebeharra ezartzen dieten Kontseiluaren, Batzordearen edo Europako Banku Zentralaren egintzak betearazpen-tituluak izango dira.

Nahitaezko betearazpena zein lurraldetan gauzatzen den kontuan dela, lurralde hori hartzen duen estatuan indarrean dagoen prozedura zibileko arauak izango dira betearazpena arautuko dutenak.

Estatu kide bakoitzeko gobernuak izendatu behar ditu betearazteko agindua gauzatzeko estatu barruko agintariak, eta horiek betearaziko dute agindua, titulua benetakoa dela egiaztatze hutsarekin; eta Batzordeari eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari jakinarazi behar diete gobernuek agintarion izena.

Interesdunak, bere eskariz formalismo horiek bete ondoren, barne Zuzenbidearen arabera bideratu lezake nahitaezko betearazpena, eskumenak dauzkan organora zuzenean jota.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabaki baten indarrez baino ezin da eten nahitaezko betearazpena.

Hala ere, estatu bakoitzeko jurisdikzioen eskumenekoa izango da betearazpen-neurriak Zuzenbidearekin bat datozen kontrolatzea.

3. KAPITULUA

BATASUNEKO ORGANO AHOLKU-EMAILEAK

300. artikulua

1. Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak laguntzaile izango dituzte Ekonomia eta Gizarte Komitea eta Eskualdeetako Komitea, aholkularitza-eginkizunetan jardungo baitute.

2. Ekonomia eta Gizarte Komitea osatzeko, enpresaburuen eta langileen erakundeetatik eta gizarte zibilaren ordezkaritza duten beste sektore batzuetatik hartuko dira ordezkariak, batez ere, eremu sozio-ekonomikotik zein herritar-, lanbide- eta kultura-eremuetatik.

3. Eskualdeetako Komitea eskualdeetako eta tokian tokiko erakundeetako ordezkariz osatuta egongo da, eskualdeetako edo tokian tokiko erakunderen batean hauteskunde-manuren baten titular badira, edo hautatutako biltzarren batean erantzukizun politikoa baldin badute.

4. Ekonomia eta Gizarte Komiteko eta Eskualdeetako Komiteko kideak ez dira inolako aginduzko manuri lotuta egongo.

Independentzia osoz beteko dituzte beren eginkizunak, Batasunaren interes orokorraren alde.

5. Komiteen osaerari buruz 2. eta 3. paragrafoetan jasotako arauak, aldian-aldian berrikusiko ditu Kontseiluak, Batasunaren bilakaera ekonomikoa, soziala eta demografikoa aintzakotzat hartu ahal izateko.

Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, erabakiak hartuko ditu gai honetaz.

LEHENENGO ATALA

EKONOMIA ETA GIZARTE KOMITEA

301. artikulua

(lehengo 258. artikulua EET)

Ekonomia eta Gizarte Komiteko kide-kopurua ez da hirurehun eta berrogeita hamarretik gorakoa izango:

Kontseiluak, aho batez, eta Batzordeak proposatuta, Komitearen osaera ezarriko duen erabakia hartuko du.

Kontseiluak ezarriko ditu Ekonomia eta Gizarte Komiteko kideen bidaia-sariak.

302. artikulua

(lehengo 259. artikulua EET)

1. Komiteko kideak bost urterako izendatuko dira.

Kideen zerrenda estatu kide bakoitzak proposatutakoekin bat etorriz egingo da, eta Kontseiluak onartuko du.

Komiteko kideen agintaldia berritu egin daiteke.

2. Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Kontseiluak.

Batasunaren jardueretan zerikusia duten ekonomia- eta gizarte-arloen eta gizarte zibilaren ordezkaritza betetzen duten Europako erakundeen iritzia ere eskatu ahal izango du.

303. artikulua

(lehengo 260. artikulua EET)

Komiteak berak izendatuko ditu bertako kideen artean lehendakaria eta mahaia, bi urte eta erdirako.

Barne-erregelamendua egingo du.

Komiteko lehendakariak egingo du komitearen bileretarako deia, Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz.

Komitea bere ekimenez ere bil daiteke.

304. artikulua

(lehengo 262. artikulua EET)

Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak kontsulta egingo diote Komiteari, Tratatuetan jasotako kasuetan.

Instituzio horiek bidezko iritzitako gainerako kasu guztietan ere egin ahal izango diote kontsulta Komiteari.

Irizpen bat eman dezake, halaber, egoki irizten dionean.

Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak, beharrezko irizten badiote, epe bat jarriko diote Komiteari bere irizpena aurkez dezan; epea ez da hilabetetik beherakoa izango, lehendakariari horretarako jakinarazpena egiten zaionetik zenbatzen hasita.

Irizpena jaso gabe amaitzen bada finkatutako epea, albo batera utzi ahal izango da irizpena.

Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaie, eztabaiden aktarekin batera.

BIGARREN ATALA

ESKUALDEETAKO KOMITEA

305. artikulua

(lehengo 263. artikulua, bigarren, hirugarren eta laugarren lerrokadak, EET)

Eskualdeetako Komitearen kide-kopurua ez da hirurehun eta berrogeita hamarretik gorakoa izango.

Kontseiluak, aho batez, eta Batzordeak proposatuta, Komitearen osaera ezarriko duen erabakia hartuko du.

Eskualdeetako Komiteko kideak, eta beste horrenbeste ordezko, bost urterako izendatuko dira.

Agintaldia berritu egin daiteke.

Kontseiluak onartuko du kideen eta ordezkoen zerrenda, hain zuzen ere, estatu kide bakoitzak aurkeztutako proposamenekin bat etorriz egingo dena.

300. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako agintaldia, kideok proposatzeko beharrezko oinarria izan zena, amaitzen denean, Komiteko kideen agintaldia berehala eta besterik gabe amaituko da, eta, prozedura berberari jarraituz, agintaldi horretan gelditzen den gainerako denborarako ordeztuko dituzte.

Eskualdeetako Komiteko kide bat ere ezin da izan aldi berean Europako Parlamentuko kide.

306. artikulua

(lehengo 264. artikulua EET)

Eskualdeetako Komiteak bertako kideen artean izendatuko ditu lehendakaria eta Mahaia, bi urte eta erdirako.

Barne-erregelamendua egingo du.

Komiteko lehendakariak egingo du komitearen bileretarako deia, Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz.

Komitea bere ekimenez ere bil daiteke.

307. artikulua

(lehengo 265. artikulua EET)

Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak kontsulta egingo diote Eskualdeetako Komiteari, Tratatuetan aurreikusitako kasuetan, baita instituzio bi horietako batek bidezko iritzi diezaion beste edozein kasutan ere, batez ere mugaz haraindiko lankidetzari dagozkionetan.

Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak, beharrezko irizten badiote, epe bat jarriko diote Komiteari bere irizpena aurkez dezan; epea ez da hilabetetik beherakoa izango, lehendakariari horretarako jakinarazpena egiten zaionetik zenbatzen hasita.

Irizpena jaso gabe amaitzen bada finkatutako epea, albo batera utzi ahal izango da irizpena.

Ekonomia eta Gizarte Komiteari 304. artikulua aplikatuta aholkua eskatzen zaionean, Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak Eskualdeetako Komiteari jakinaraziko diote irizpena eskatu dela.

Eskualdeetako Komiteak irizpena egin dezake gai horri buruz, baldin eta eskualdeetako berariazko interesak jokoan daudela irizten badio.

Eskualdeetako Komiteak, bidezko iritzi diezaionean, irizpena eman dezake bere ekimenez.

Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaie, eztabaiden aktarekin batera.

4. KAPITULUA

EUROPAKO INBERTSIO BANKUA

308. artikulua

(lehengo 266. artikulua EET)

Europako Inbertsio Bankuak nortasun juridikoa edukiko du.

Estatu kideak izango dira Europako Inbertsio Bankuko kide.

Europako Inbertsio Bankuaren estatutuak tratatuei erantsita doan protokolo batean jasotzen dira.

Kontseiluak, aho batez, legegintzako prozedura berezi baten arabera, Bankuaren estatutuak aldatu ahal izango ditu, bai Europako Inbertsio Bankuak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, bai Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari eta Europako Inbertsio Bankuari aurretiaz kontsulta eginda.

309. artikulua

(lehengo 267. artikulua EET)

Europako Inbertsio Bankuaren eginbeharra hauxe da: Batasunaren interesen alde, kapital-merkatuez eta bere baliabide berekiez baliatuz, barne-merkatuaren garapen orekatu eta egonkorra lortzen laguntzea. Bankuak, helburu horrekin, maileguak eta bermeak emanez, eta irabazteko xederik gabe, proiektu hauek finantzatzen lagunduko du, ekonomiaren arlo guztietan:

a)

eskualde atzeratuenen garapenerako proiektuak;

b)

enpresak berritzeko edo birmoldatzeko proiektuak, edo barne-merkatua ezartzeko edo horren ezarpenak edo funtzionamenduak eragindako jarduera berriak sortzeko proiektuak, baldin eta, handiak direlako edo beren izaeragatik, estatu kide bakoitzean dauden finantzabideekin oso-osorik finantzatu ezin badira;

c)

Estatu kide baten baino gehiagoren interes bateratuko proiektuak, baldin eta, handiak direlako edo beren izaeragatik, Estatu kide bakoitzean dauden finantza-bideekin oso-osorik finantzatu ezin badira.

Bankuak, bere eginbeharrak betetzerakoan, inbertsio-programak finantzatzeko erraztasunak emango ditu, Batasuneko egitura-funtsetako ekintzekin eta beste finantza-tresna batzuekin batera.

II. TITULUAFINANTZA-XEDAPENAK

310. artikulua

(lehengo 268. artikulua EET)

1. Batasunaren sarrera eta gastu guztiak aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagozkion aurreikuspenetan jaso eta aurrekontuan zehaztuta utzi behar dira.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarriko dute Batasunaren urteko aurrekontua, 314. artikuluaren arabera.

Sarrerak eta gastuak orekatu egin behar dira aurrekontuan.

2. Aurrekontuan zehaztutako gastuak urteko aurrekontu-ekitaldi osorako onartuko dira, 322. artikuluan adierazitako erregelamenduaren arabera.

3. Aurrekontuan zehaztutako gastuak egin ahal izateko, aurretiaz Batasunaren egintza bat onartu beharko da, zuzenbidearen arabera lotura-indarra izango duena, egintza horrek emango baitie oinarri juridikoa bere ekintzari eta dagokion gastua gauzatzeari, betiere, 322. artikuluan adierazitako erregelamenduaren arabera eta erregelamendu horrek ezarritako salbuespenak salbuespen direla.

4. Aurrekontuei buruzko diziplina bermatzeko, Batasunak ez du egintzarik onartuko, baldin eta egintza horrek aurrekontuan nabarmen eragin badezake, eta, Batasunaren baliabide propioen mugaren baitan eta 312. artikuluan aipatutako urte anitzeko finantza-esparruaren barruan, egintza horretatik etorriko diren gastuak finantzatu ahal izango direla bermatzen ez badu.

5. Aurrekontua gauzatuko da finantzen kudeaketa ona printzipio arautzaile duela.

Estatu kideak eta Batasuna elkarrekin lankidetzan arituko dira, aurrekontuan jarritako kredituak printzipio horren arabera erabil daitezen.

6. Batasunak eta estatu kideek, 325. artikuluari jarraituz, iruzurra eragotziko dute, baita Batasunaren finantza-interesen kaltean izan daitekeen legearen aurkako beste edozein jarduera ere.

1. KAPITULUA

BATASUNAREN BALIABIDE PROPIOAK

311. artikulua

(lehengo 269. artikulua EET)

Batasunak bere helburuak lortzeko eta bere politikak burutzeko behar dituen baliabideak bereganatuko ditu.

Beste sarrera batzuk edukitzea baztertu gabe, Batasunaren baliabide propioen pentzutan finantzatuko da oso-osorik aurrekontua.

Kontseiluak, legegintzako prozedura berezi baten bidez, aho batez, eta aldez aurretik Europako Parlamentuari kontsulta eginda, Batasunaren baliabide propioen sistemari buruzko xedapenak ezartzen dituen erabakia hartuko du.

Ildo horretatik, baliabide propioetan beste kategoria batzuk ere ezarri ahal izango dira, edo, daudenetatik, kategoriaren bat kendu.

Estatu kideek onartzen dutenean sartuko da indarrean erabaki hori, eta estatu bakoitzak bere konstituzio-arauetan ezarritakoari jarraituz onartu beharko du.

Kontseiluak ezarriko ditu, legegintzako prozedura berezi baten arabera, Batasunaren baliabide propioen sistema betearazteko neurriak, hirugarren lerrokadaren arabera hartutako erabakiak hala xedatzen duenean.

Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda erabakiko du Kontseiluak.

2. KAPITULUA

URTE ANITZEKO FINANTZA-ESPARRUA

312. artikulua

1. Urte anitzeko finantza-esparruak Batasunaren gastuen bilakaera ordenatua bermatzea izango du helburu, betiere, bere baliabide propioen mugen barruan.

Bost urteko gutxieneko epea ezarriko da.

Batasunaren urteko aurrekontuak urte anitzeko finantza-esparrua errespetatuko du.

2. Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera onartuko du urte anitzeko finantza-esparrua ezartzen duen erregelamendua.

Kontseiluak aho batez erabakiko du, betiere, Europako Parlamentuak, bere kideen gehiengoaren erabakiz, aurretiaz onespena emanda.

Kontseilu Europarrak erabaki bat hartu ahal izango du aho batez, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz erabakitzeko modua izan dezan lehenengo lerrokadan jasotzen den erregelamendua onartu behar duenean.

3. Finantza-esparruak zehaztuko du zenbatekoak izango diren konpromisoak betetzeko kredituen urteko gehienezko mugak, gastu-kategorien arabera, baita ordainketetarako kredituen urteko gehienezko muga ere.

Gastu-kategorien kopurua mugatua izan behar da, eta kategoria horiek bat etorriko dira Batasunaren jardunaren sektore handienekin.

Finantza-esparruak ezarriko ditu urteko aurrekontu-prozedura ondo garatzeko egokiak diren beste xedapen guztiak.

4. Baldin eta aurreko finantza-esparrua amaitutakoan ez bada artean Kontseiluaren erregelamendu bat onartu finantza-esparru berri bat ezartzeko, aurreko finantza-esparru horren azken urteko gehienezko mugak eta gainerako xedapenak ezartzen jarraituko da, harik eta egintza hori onartzen den arte.

5. Finantza-esparrua onartzeko prozeduraren barruan, onarpen hori errazte aldera beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak.

3. KAPITULUA BATASUNAREN URTEKO AURREKONTUA

313. artikulua

(lehengo 272. artikulua, 1. paragrafoa, EET)

Aurrekontu-ekitaldia urtarrilaren 1ean hasiko da, eta abenduaren 31n amaituko.

314. artikulua

(lehengo 272. artikulua, 2a 10 paragrafoak, EET)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarriko dute Batasunaren urteko aurrekontua, legegintzako prozedura berezi baten arabera, honako xedapen hauek kontuan hartuta.

1. Instituzio bakoitzak, Europako Banku Zentrala izan ezik, uztailaren 1a baino lehen, hurrengo aurrekontu-ekitaldirako dituen gastuen aurreikuspena egingo du.

Batzordeak aurreikuspen horiek guztiak batu eta aurrekonturako proiektua egingo du; elkarrengandik aldentzen diren aurreikuspenak jaso daitezke bertan.

Proiektuan sarreren aurreikuspena eta gastuen aurreikuspena jaso behar dira.

2. Batzordeak aurrekonturako proiektua jasotzen duen proposamena aurkeztu behar die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, beranduen jota aurrekontua bete aurreko urteko irailaren 1ean.

Batzordeak, prozeduran zehar, aldatu egin ahal izango du aurrekonturako proiektua, 5. paragrafoan adierazten den Adiskidetze Komitearen bilera deitu bitartean.

3. Kontseiluak aurrekonturako proiektuari buruzko erabakia hartu eta Europako Parlamentuari helaraziko dio, beranduen jota aurrekontua bete aurreko urteko urriaren 1ean.

Kontseiluak bere jarrera hartzeko izan dituen arrazoi guztien berri emango dio osoki Europako Parlamentuari.

4. Helarazpen hori gertatu denetik berrogeita bi eguneko epean, Europako Parlamentuak:

a) Kontseiluaren jarrera onartzen badu, aurrekontua onartu egingo da;

b) ez badu erabakirik hartzen, aurrekontua onartutzat joko da;

c) bertako kideen gehiengoz zuzenketak onartzen baditu, zuzenketak jaso dituen proiektua Kontseiluari eta Batzordeari helaraziko zaie.

Europako Parlamentuko lehendakariak, Kontseiluko lehendakariarekin bat, luzamendurik gabe deituko du Adiskidetze Komitea.

Alabaina, proiektua helarazi zaionetik hamar eguneko epean Kontseiluak jakinarazten badio Europako Parlamentuari horrek egin dituen zuzenketa guztiak onartzen dituela, Adiskidetze Komitea ez da bilduko.

5. Adiskidetze Komitea Kontseiluko kideek edo horien ordezkariek eta Europako Parlamentuaren beste horrenbeste ordezkarik osatuko dute, eta bere xedea izango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren jarreretan oinarritutako testu bati buruzko akordioa lortzea, Komitea deitu zenetik hogeita bat eguneko epean, eta Kontseiluko kideen edo horien ordezkarien gehiengo kualifikatuz eta Europako Parlamentua ordezkatzen duten kideen gehiengoz.

Batzordeak Adiskidetze Komitearen lanetan hartuko du parte, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren jarrerak hurbiltzen laguntzeko beharrezko ekimen guztiak onartuko ditu.

6. Baldin eta 5. paragrafoan aipatzen den hogeita bat eguneko epean, Adiskidetze Komiteak testu bateratu bati buruzko akordioa lortzen badu, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, biek ala biek, hamalau eguneko epea izango dute akordioaren egunetik aurrera testu bateratua onartzeko.

7. Baldin eta 6. paragrafoan aipatzen den hamalau eguneko epean:

a)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak testu bateratua onartzen badute edo ez badute inolako erabakirik hartzen, edo instituzio horietako batek testu bateratua onartzen badu eta besteak, aldiz, ez badu inolako erabakirik hartzen, Aurrekontua behin betiko onartutzat joko da testu bateratuaren arabera, edo

b)

Europako Parlamentuak, kideen gehiengoz, eta Kontseiluak atzera botatzen badute testu bateratua, edo instituzio horietako batek atzera botatzen badu testu bateratua eta besteak, aldiz, ez badu inolako erabakirik hartzen, Batzordeak aurrekonturako beste proiektu bat aurkeztuko du, edo

c)

Europako Parlamentuak, kideen gehiengoz, atzera botatzen badu testu bateratua eta Kontseiluak, aldiz, onartu egiten badu, Batzordeak aurrekonturako beste proiektu bat aurkeztuko du, edo

d)

Europako Parlamentuak testu bateratua onartzen badu baina Kontseiluak atzera botatzen badu, Europako Parlamentuak, Kontseiluak atzera bota duen egunetik zenbatzen hasita hamalau eguneko epean, osatzen duten kideen gehiengoz eta emandako botoen hiru bostenaz erabaki dezake erabat edo zati batean berresten dituela 4. paragrafoko c) idatz-zatian aipatzen diren zuzenketak. Europako Parlamentuaren zuzenketa bat berresten ez bada, zuzenketa egin zaion aurrekontuko partidari buruz Adiskidetze Komitean hartutako jarrerari eutsiko zaio.

Aurrekontua oinarri horren gain behin betiko hartutzat joko da.

8. Baldin eta 5. paragrafoan aipatzen den hogeita bat eguneko epean Adiskidetze Komiteak ez badu testu bateratuaren gaineko akordiorik lortzen, Batzordeak aurrekonturako beste proiektu bat aurkeztuko du.

9. Artikulu honetan ezarritako prozedura amaitu ondoren, aurrekontua behin betiko onartu dela aldarrikatuko du Europako Parlamentuko lehendakariak.

10. Instituzio bakoitzak artikulu honek esleitzen dizkion eskumenak erabiliko ditu, Tratatuak eta horiei jarraiki onartutako egintzak errespetatuz, Batasunaren baliabide propioei eta sarreren eta gastuen arteko orekari dagokienez, bereziki.

315. artikulua

(lehengo 273. artikulua EET)

Aurrekontu-ekitaldia hastean oraindik ez badago behin betiko onartuta aurrekontua, gastuak hilero burutu ahal izango dira, kapituluka, 322. artikuluan jasotako europar legearekin bat, aurreko ekitaldiko aurrekontuan zehaztutako kredituen hamabirena muga dela, eta ezin izango da aurrekonturako proiektuko kapitulu berean jasotako kredituen hamabirena gainditu.

Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, hamabirenetik gorako gastuak egiteko baimena eman dezake, lehenengo lerrokadan ezarritako gainerako baldintzak errespetatzen badira, 322. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduaren arabera. Europako Parlamentuari emango dio bere erabakiaren berri berehala.

Bigarren lerrokadan aipatutako erabakian aurreikusita utzi behar dira artikulu hau aplikatu ahal izateko baliabideei buruz beharrezkoak diren neurriak, 311. artikuluan adierazten diren egintzak errespetatuz.

Onartzen denetik hogeita hamar egunera sartuko da indarrean erabaki hori, baldin eta Europako Parlamentuak, osatzen duten kideen gehiengoz, ez badu, epe horren barruan, gastuak murriztea erabakitzen.

316. artikulua

(lehengo 271. artikulua EET)

Aurrekontu-ekitaldia amaitzen denean, langileen gastuetarako ez diren kredituak erabili gabe gelditzen badira, hurrengo ekitaldirako luzatu ahal izango dira, eta ekitaldi horretarako bakarrik, 322. artikulua aplikatzerakoan zehaztuko diren baldintzak betez.

Kredituak kapituluka zehaztuko dira, eta beren izaera edo zertarakoaren arabera pilatuko dira gastuak kapituluotan; eta azpitaldeak egingo dira, 322. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduaren arabera.

Europako Parlamentuaren, Kontseilu Europarraren eta Kontseiluaren, Batzordearen eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren gastuak aurrekontuko aparteko kontuetan agertuko dira, nahiz eta sistema berezia eduki zenbait gastu bateraturako.

4. KAPITULUA

AURREKONTUA BETEARAZTEA ETA KUDEAKETA ONARTZEA

317. artikulua

(lehengo 274. artikulua EET)

Batzordeak, bere erantzukizunaren pean eta baimendutako kredituen mugen barruan, Aurrekontua gauzatuko du estatu kideekin lankidetzan, 322. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduetako xedapenen arabera eta finantzen kudeaketa onaren printzipioarekin bat.

Estatu kideek lankidetza eskainiko diote Batzordeari, baimendutako kredituak finantza-kudeaketa onaren printzipioaren arabera erabiliko direla bermatzeko.

Erregelamenduak zehaztuko du zein diren Aurrekontua gauzatzean estatu kideek dituzten kontrol eta ikuskaritzako betebeharrak, baita horretatik ondorioztatzen diren erantzukizunak ere.

Halaber zehaztuko ditu instituzio bakoitzak bere gastu propioak gauzatzean dituen erantzukizunak eta horretan parte hartzeko edukiko dituen berariazko moduak.

Aurrekontuaren barruan, Batzordeak kapitulutik kapitulura edo azpiataletik azpiatalera eskualdatu ahal izango ditu kredituak, 322. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduak ezarritako mugekin eta baldintzetan.

318. artikulua

(lehengo 275. artikulua EET)

Batzordeak urtero aurkeztuko dizkie amaitutako ekitaldiko aurrekontuko eragiketen kontuak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

Gainera, Batasunaren aktiboaren eta pasiboaren finantza-balantzea ere bidaliko die.

Batzordeak, halaber, Batasunaren finantzak aztertzen dituen txostena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, lortutako emaitzetan oinarrituta, bereziki 319. artikuluari jarraiki Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako jarraibideei dagokienez.

319. artikulua

(lehengo 276. artikulua EET)

1. Europako Parlamentuak, Kontseiluaren gomendioz, aurrekontua gauzatzean Batzordeak izan duen kudeaketa onartuko du.

Horretarako, Europako Parlamentuak, Kontseiluak gauza bera egin ondoren, ondoko agiriak aztertuko ditu: 318. artikuluan aipatutako kontuak, finantza-balantzea eta azterketa-txostena, Kontu Auzitegiaren urteko txostena —ikuskaritzapeko instituzioek Kontu Auzitegiaren oharrei emandako erantzunekin batera—, 287. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokadan aipatutako fidagarritasun-adierazpena, eta Kontu Auzitegiaren txosten bereziak.

2. Batzordearen kudeaketa onartu baino lehen, edo Batzordeak aurrekontua gauzatzeko dauzkan eskurantzez baliatzearekin zerikusia daukan beste edozein helburutarako, Europako Parlamentuak Batzordeari azalpenak eskatu ahal izango dizkio; agerraldia gastuak gauzatzeari edo finantzak ikuskatzeko sistemen funtzionatzeko moduari buruzkoa izango da.

Batzordeak beharrezko informazio guztia emango dio Europako Parlamentuari, Europako Parlamentuak hala eskatzen dionean.

3. Batzordeak behar den guztia egingo du, bai kudeaketa onartzeko erabakiekin batera doazen oharpenak betetzeko, bai gastuak egiteko modua dela-eta Europako Parlamentuak egindako gainerako oharpenak betetzeko eta Kontseiluak egindako onarpen-gomendioekin batera doazen iruzkinak betetzeko.

Europako Parlamentuaren edo Kontseiluaren eskariz, aipatutako ohar eta iruzkinen ondorioz hartutako neurriei buruz txostenak egingo ditu Batzordeak, eta, bereziki, aurrekontua gauzatzeko ardura daukaten zerbitzuei emandako jarraibideei buruz.

Txosten horiek Kontu Auzitegiari ere bidaliko zaizkio.

5. KAPITULUA

XEDAPEN ERKIDEAK

320. artikulua

(lehengo 277. artikulua EET)

Urte anitzeko finantza-esparrua eta urteko aurrekontua eurotan ezarriko dira.

321. artikulua

(lehengo 278. artikulua EET)

Batzordeak estatu kideren bateko dirura eskualdatu ditzake beste estatu kide bateko dirutan dauzkan aktiboak, Tratatuek ezarritako helburuetarako erabiliak izateko beharrezkoak diren heinean, baina, betiere, kasuan kasuko estatu kide interesdunetan eskudun diren agintariei eman behar die horren berri.

Batzordeak, ahal den neurrian, saihestu egingo ditu halako eskualdaketak, berak behar dituen diruetan aktibo erabilgarriak edo bihurgarriak badauzka.

Estatu kide bakoitzarekin izango ditu harremanak Batzordeak, estatuok izendatutako agintarien bidez.

Finantza-eragiketak egiteko, estatu kide interesduneko jaulkipen-bankura edo horrek baimendutako beste finantza-instituzio batera joko du Batzordeak.

322. artikulua

(lehengo 279. artikulua EET)

1. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arrunta erabilita erregelamenduen bidez ezarriko dituzte, Kontu Auzitegiari kontsulta egin ondoren:

a)

Aurrekontua ezarri eta gauzatzeko moduak zehaztuko dituzten finantza-arauak eta kontuak eman eta aztertzeko moduak ezarri behar dituzten finantza-arauak;

b)

finantza-agenteen erantzukizunaren kontrola arautuko duten arauak, eta bereziki, ordainketa-agintzaileena eta kontulariena.

2. Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari eta Kontu Auzitegiari kontsulta egin ondoren, Batasuneko baliabide berekien araubidean aurreikusitako aurrekontu-sarrerak Batzordearen eskura jartzeko moduak eta prozedura finkatuko ditu, eta, premia dagoenerako, altxortegi-beharrizanei aurre egiteko aplikatu beharreko neurriak zehaztuko ditu.

323. artikulua

Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak zainduko dute Batasunak beharrezko finantza-bitartekoak izan ditzala, hirugarrenen aurrean izan ditzakeen betebehar juridikoak bete ahal izateko.

324. artikulua

Batzordearen ekimenez, aldian-aldian Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Batzordeko lehendakarien batzarrak deituko dira, titulu honetan adierazitako aurrekontuko prozeduren baitan.

Lehendakariek beharrezko diren neurri guztiak hartuko dituzte eurak buru diren instituzioen jarrerak bateratzen eta hurbiltzen laguntzeko, titulu hau aplikatu dadin lortze aldera.

6. KAPITULUA

IRUZURRAREN KONTRAKO BORROKA

325. artikulua

(lehengo 280. artikulua EET)

1. Batasunak eta estatu kideek Batasunaren finantza-interesak kaltetuko dituzten iruzurren eta legearen aurkako jarduera guztien aurka borrokatuko dute, artikulu honetan xedatutakoaren indarrez onartuko diren neurrien bidez. Neurriok disuasioko eragina izan behar dute eta babes eraginkorra eskaini behar dute estatu kideetan eta Batasuneko instituzio, organo eta organismoetan.

2. Batasuneko estatuek, Batasunaren finantza-interesei eragiten dien iruzurraren kontra borrokatzeko, beren finantza-interes berekiei eragiten dien iruzurraren kontra borrokatzeko har ditzaten neurri berberak hartuko dituzte.

3. Tratatuetako beste xedapen batzuei kalterik egin gabe, Batasunaren finantza-interesak iruzurretik babesteko bideratutako ekintzak koordinatuko dituzte estatu kideek.

Horretarako, Batzordearekin batera, lankidetza arautu eta estua antolatuko dute agintari eskudunen artean.

4. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, eta Kontu Auzitegiari kontsulta egin ondoren, ezarriko dituzte Batasunaren finantza-interesak kaltetzen dituen iruzurrari aurre hartzeko eta iruzur horren kontra borrokatzeko beharrezkoak diren neurriak, estatu kideetan eta Batasuneko instituzio, organo eta organismoetan babes eraginkorra eta baliokidea eskaintzeko xedearekin.

5. Batzordeak, estatu kideekin lankidetzan arituz, txostena aurkeztuko die urtero Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, artikulu hau aplikatzeko hartutako neurriei buruz.

III. TITULUA

LANKIDETZA INDARTUAK

326. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

Lankidetza indartuek Batasuneko Tratatuak eta Zuzenbidea errespetatuko dituzte.

Lankidetza indartuek ez diete kalterik egingo ez barne-merkatuari ez ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen kohesioari.

Estatu kideen arteko trukeetan ez dute ez oztoporik ez bereizkeriarik eragingo, eta estatu kideen arteko lehia ere ez dute itxuraldatuko.

327. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

Lankidetza indartuek errespetatu egingo dituzte lankidetza horretan parte hartzen ez duten estatu kideen eskumenak, eskubideak eta betebeharrak.

Estatuok ez dute eragotziko lankidetza indartuetan parte hartzen duten estatuek lankidetzok aplikatzea.

328. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Lankidetza indartuak, ezartzen diren unetik bertatik zabalik egongo dira estatu kide guztientzat, baina, betiere, baimena emateko erabakian ezartzen diren balizko parte hartzeko baldintzak errespetatzen badira.

Beste edozein unetan ere zabalik egongo dira, betiere, aipatutako baldintzez gain, esparru honetan dagoeneko onartutako egintzak errespetatzen badira.

Batzordeak eta lankidetza indartu batean parte hartzen ari diren estatu kideek ahaleginak egingo dituzte estatu kide gehienek parte har dezaten lankidetza horretan.

2. Batzordeak eta, hala badagokio, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak aldian-aldian emango diote Europako Parlamentuari eta Kontseiluari lankidetza indartuen bilakaeraren berri.

329. artikulua

(lehengo 27 A a 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Tratatuetan jasotzen diren eremuetako edozeinetan —eskumen esklusiboko eremuetan eta atzerri- eta segurtasun-politika erkidean izan ezik— elkarren artean lankidetza indartua eratu nahi duten estatu kideek eskaera egin behar diote Batzordeari, eta bertan zehaztuko dute bai aplikazio-eremua, bai aurreikusitako lankidetza indartuak dituen helburuak.

Batzordeak horri buruzko proposamena aurkez diezaioke Kontseiluari.

Baina inolako proposamenik aurkeztu ez badu, Batzordeak horrela jokatzeko izandako arrazoiak jakinarazi beharko dizkie estatu kide interesdunei.

Kontseiluak emango du lehenengo lerrokadan lankidetza indartua aurrera eramateko jasotako baimena, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuak aurretik onespena eman ondoren.

2. Atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen esparruan lankidetza indartua eratu nahi duten estatu kideen eskaria Kontseiluari zuzendu behar zaio.

Eskari hori, batetik, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari helaraziko zaio, aurreikusitako lankidetza indartuaren eta Batasunaren atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen arteko koherentziaren inguruko irizpena eman dezan, eta, bestetik, Batzordeari, horrek, bereziki, aurreikusitako lankidetza indartuaren eta Batasunaren gainerako politiken arteko koherentziaren inguruko irizpena eman dezan.

Europako Parlamentuari ere helaraziko zaio, jakinaren gainean egon dadin.

Lankidetza indartua aurrera eramateko baimena erabaki baten bidez emango du Kontseiluak, eta hori aho batez eman behar du.

330. artikulua

(lehengo 27 A a 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

Kontseiluko kide guztiek parte hartu ahal izango dute eztabaidan; bozketan, ordea, lankidetza indartu batean partaide diren estatu kideek Kontseiluan dituzten ordezkariek, horiexek bakarrik hartu ahal izango dute parte.

Partaide diren estatu kideetako ordezkarien botoekin, horiexekin bakarrik lortu ahal izango da ahobatezkotasuna.

238. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

331. artikulua

(lehengo 27 A a 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Aurreko 329. artikuluko 1. paragrafoan jasotako eremuetakoren batean lehenagotik sortuta dagoen lankidetza indartu batean parte hartu nahi duten estatu kideek Kontseiluari eta Batzordeari jakinarazi behar diote.

Batzordeak lau hilabeteko epean berretsiko du dagokion estatu kidearen parte-hartzea, jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Hala badagokio, jasota utziko du parte hartzeko baldintzak betetzen direla, eta lankidetza indartuaren baitan dagoeneko onartutako egintzak aplikatzeko beharrezko neurri iragankorrak onartuko ditu.

Nolanahi ere, Batzordeak iritziz gero ez direla parte hartzeko baldintzak betetzen, horretarako beharrezkoak diren xedapenak adierazi eta eskaria berriz aztertzeko epea ezarriko du.

Epea amaitutakoan, berriz aztertuko du eskaria, bigarren lerrokadan ezarritako prozeduraren arabera.

Batzordeak iritziz gero oraindik ere ez direla parte hartzeko baldintzak betetzen, dagokion estatu kideak Kontseiluari aurkez diezaioke auzi hori, eta horrek hartu beharko du eskariari buruzko erabakia.

330. artikuluaren arabera erabakiko du Kontseiluak.

Orobat, Batzordearen proposamenez, bigarren lerrokadan aipatzen diren neurri iragankorrak hartu ahal izango ditu.

2. Atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen esparruan jadanik martxan dagoen lankidetza indartu batean parte hartu nahi duten estatu kideek Kontseiluari, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari eta Batzordeari jakinarazi behar diete.

Kontseiluak berretsiko du dagokion estatu kidearen parte-hartzea; Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari aurretiaz kontsulta egingo dio, eta egiaztatuko du, hala badagokio, estatu horrek parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

Kontseiluak, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez, halaber, lankidetza indartuaren baitan dagoeneko onartu diren egintzak aplikatzeko beharrezko neurri iragankorrak ere onartu ahal izango ditu.

Nolanahi ere, Kontseiluak baiesten badu ez direla parte hartzeko baldintzak betetzen, horretarako beharrezkoak diren xedapenak zehaztu, eta parte hartzeko eskaria berriz aztertzeko epea ezarriko du.

Paragrafo honen ondorioetarako, Kontseiluak aho batez erabakiko du eta 330. artikuluarekin bat.

332. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

Lankidetza indartua aplikatzetik sortutako gastuak, baldin eta instituzioei eragindako administrazio-gastuak ez badira, lankidetzan parte hartzen duten estatu kideek ordainduko dituzte, Kontseiluak, bere kide guztiek aho batez eta Europako Parlamentuari kontsulta eginda, besterik erabaki ezik.

333. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Lankidetza indartu baten esparruan aplikagarri den Tratatuetako xedapen batek ezartzen badu Kontseiluak gehiengoz hartu behar duela erabakia, Kontseiluak gehiengoz onar dezake, 330. artikuluan xedatutakoarekin bat, erabaki bat, non ezarriko duen erabakia gehiengo kualifikatuz hartuko duela.

2. Lankidetza indartu baten esparruan aplikagarri den Tratatuetako xedapen batek ezartzen badu Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera onartu behar dituela dagozkion egintzak, Kontseiluak aho batez onar dezake, 330. artikuluan xedatutakoarekin bat, erabaki bat, non ezarriko duen erabakia legegintzako prozedura arruntaren arabera hartuko duela.

Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Kontseiluak.

3. Goiko 1. eta 2. paragrafoak ez zaizkie aplikatuko eremu militarrean edo defentsako eremuan ondorioak dituzten erabakiei.

334. artikulua

(lehengo 27 A a 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

Kontseiluak eta Batzordeak lankidetza indartu baten esparruan hasitako ekintzen koherentzia zaindu behar dute, baita ekintza horiek Batasunaren politikekin koherenteak izan daitezen ere, eta, horretarako, lankidetzan aritu behar dute.ZAZPIGARREN ZATIA

XEDAPEN OROKORRAK, ETA AZKEN XEDAPENAK

335. artikulua

(lehengo 282. artikulua EET)

Batasunak estatu kide bakoitzean bertako legeriak pertsona juridikoei aitortzen dien gaitasun juridikorik zabalena izango du; bereziki ondasun higigarriak eta higiezinak erosi edo besterendu ahal izango ditu, eta epaitegietan agertu ahal izango da.

Horretarako, Batzordeak ordezkatuko du Batasuna.

Dena dela, Batasuna instituzio bakoitzak ordezkatuko du, bakoitzaren administrazio-autonomiari jarraiki, instituzioon funtzionamenduarekin zerikusia duten gaietarako.

336. artikulua

(lehengo 283. artikulua EET)

Europar Batasuneko funtzionarioen estatutua eta Batasuneko beste agente batzuei aplikatu beharreko araubidea Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ezarriko dute legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamenduen bidez eta gainerako instituzio interesdunei kontsulta egin ondoren.

337. artikulua

(lehengo 284. artikulua EET)

Batzordeak, berari agindutako eginbeharrak betetzeko, era guztietako informazioak eskatu eta beharrezko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu, Tratatuetako xedapenekin bat etorriz Kontseiluak gehiengo soilez finkatutako mugekin eta baldintzetan.

338. artikulua

(lehengo 285. artikulua EET)

1. Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuei buruzko protokoloko 5. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, estatistikak egiteko neurriak hartuko dituzte, Batasunaren jarduerak burutzeko beharrezkoak direnean.

2. Batasuneko estatistikak egiteko, inpartzialtasuna, fidagarritasuna, objektibotasuna, independentzia zientifikoa, errentagarritasuna eta estatistikari buruzko isilekotasuna bete behar dira, eta ez zaie larregiko zamarik sortu behar eragile ekonomikoei.

339. artikulua

(lehengo 287. artikulua EET)

Batasuneko instituzioetako kideak, komiteetako kideak, eta Batasuneko funtzionarioak eta langileak, guztiok egongo dira behartuta, baita beren karguak utzi eta gero ere, informazioen izaera dela-eta lanbide-isilpekotasunez babestutako informaziorik ez zabaltzera; batez ere, enpresen datuak, eta beren merkataritzako harremanei edo beren kostuen osagaiei buruzkoak direnean.

340. artikulua

(lehengo 288. artikulua EET)

Kasuan kasuko kontratuari aplikatu behar zaion legeak arautuko du Batasunaren kontratu-erantzukizuna.

Kontratuz kanpoko erantzukizunari dagokionez, Batasunak bere instituzioek edo bere agenteek beren eginkizunak betetzean sortutako kalteak konpondu beharko ditu, estatu kideetako zuzenbideetan komunak diren printzipio orokorrekin bat etorriz.

Bigarren lerrokadan xedatutakoa gorabehera, Europako Banku Zentralak berak edo bere agenteek beren eginkizunak betetzean sortutako kalteak konpondu beharko dituzte, estatu kideetako zuzenbideetan komunak diren printzipio orokorrekin bat etorriz.

Langileek Batasunarekiko daukaten erantzukizun pertsonala beren estatutuko edo aplikagarri zaien araubideko xedapenen arabera arautuko da.

341. artikulua

(lehengo 289. artikulua EET)

Batasuneko instituzioen egoitza estatu kideetako gobernuen adostasunez finkatuko da.

342. artikulua

(lehengo 290. artikulua EET)

Kontseiluak erregelamenduen bitartez finkatuko du Batasuneko instituzioen hizkuntza-sistema, aho batez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe.

343. artikulua

(lehengo 291. artikulua EET)

Estatu kideen lurraldean bere xedeak betetzeko beharrezko pribilegio eta immunitateak edukiko ditu Batasunak, Europar Batasunaren pribilegio eta immunitateei buruzko 1965ko apirilaren 8ko protokoloan ezarritako baldintzetan.

Gauza bera aplikatuko zaie Europako Banku Zentralari eta Europako Inbertsio Bankuari ere.

344. artikulua

(lehengo 292. artikulua EET)

Tratauak interpretatu edo aplikatzeko eztabaidak Tratatuetan aurreikusitakoez bestelako irtenbide-prozeduraren menpe ez jartzeko konpromisoa hartzen dute estatu kideek.

345. artikulua

(lehengo 295. artikulua EET)

Tratatuek inola ere ez dute zalantzan jartzen estatu kideen jabetza-araubidea.

346. artikulua

(lehengo 296. artikulua EET) 1. Tratatuetako xedapenak ez dira arau hauen kontrako oztopo izango:

a) estatu kideren baten ustez informazioren bat zabaltzea bere segurtasunerako funtsezko interesen kontra badoa, ezin izango da informazio hori ematera behartu;

b)

estatu kide guztiek har ditzakete beren segurtasunerako funtsezko interesak babesteko beharrezkotzat jo, eta armak, munizioak eta gerrako materialak ekoitzi edo merkaturatzeko diren neurriak; neurri horiek ezin izango dituzte aldatu barne-merkatuko lehia-baldintzak, berariaz helburu militarretarako ez diren produktuei dagokienez.

2. Kontseiluak, aho batez, eta Batzordearen proposamenez, aldaketak sar ditzake 1. paragrafoko b) idatz-zatiko xedapenen menpe dauden produktuekin 1958ko apirilaren 15ean egin zuen zerrendan.

347. artikulua

(lehengo 297. artikulua EET)

Estatu kideek kontsulta egingo diote elkarri, hartu beharreko neurriak guztien adostasunez hartzeko, estatu kideren batek, bai bertako ordena publikoa asaldatzea ekar dezaketen barruko istilu larriek eraginda, zein gerra dela-eta edo nazioartean gerra-mehatxua sorrarazten duen tentsio-egoera larriak eraginda, nahiz bakea eta nazioarteko segurtasuna zaintzeko bereganatutako betebeharrei aurre egiteko, nahitaez hartu behar dituen neurriek barne-merkatuaren funtzionamenduari kalterik sor ez diezaioten.

348. artikulua

(lehengo 298. artikulua EET)

Tratatuetako 346. eta 347. artikuluetan aurreikusitako kasuetan hartutako neurriren batzuek barne-merkatuko lehia-baldintzak aldatzen badituzte, aipatutako neurriok tratatu honetan ezarritako arauetara egokitu ahal izateko baldintzak aztertuko ditu Batzordeak horretan interesa daukan estatuarekin batera.

Tratatu honetako 258. eta 259. artikuluetan aurreikusitako prozeduraren kontra jarri gabe, Batzordeak edo Erkidegoko edozein estatuk zuzenean jo dezake Justizia Auzitegira, baldin eta bere ustez Erkidegoko beste estaturen batek gehiegikeriaz erabiltzen baditu 346. eta 347. artikuluetan aurreikusitako ahalmenak. Justizia Auzitegiak ateak itxita erabakiko du.

349. artikulua

(lehengo 299. artikulua, 2. paragrafoa, bigarren, hirugarren eta laugarren lerrokadak, EET)

Guadalupeko, Guyana Frantseseko, Martinikako, Reunioneko, San Bartolomeko, San Martineko, Azore uharteetako, Madeirako eta Kanariar uharteetako ekonomiaren eta gizartearen egituraren egoera kontuan hartuta, hau da, oso urruti daudela, uharteak, azalera txikikoak, eta erliebe eta egurats gogorrekoak direla, produktu-kopuru txiki baten menpe daukatela beren ekonomia, eta, alderdi horiek iraunkorrak eta denak batera agertzen direlako, kalte larria eragiten diotela beren garapenari, horiek guztiok kontuan hartuta, bada, Kontseiluak, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, tratatuak eskualde horietan aplikatzeko baldintzak finkatzeko bereziki bideratutako berariazko neurriak hartuko ditu, politika erkideak barne direla.

Kontseiluak ere, legegintzako prozedura berezi baten bidez berariazko hainbat neurri hartzen dituenean, aho batez hartuko du erabakia, Batzordeak proposatuta eta aurretik Europako Parlamentuari kontsulta eginda.

Lehenengo lerrokadan jasotako neurriek eremu hauek barnean hartuko dituzte, bereziki: aduana- eta merkataritza-politikak, zerga-politika, alderdi zerga-gabeak, nekazaritza- eta arrantza-politikak, lehengaiak eta oinarrizko kontsumo-ondasunak hornitzeko baldintzak, laguntza publikoak, eta egitura-funtsetara eta Batasunaren programa horizontaletara iristeko baldintzak.

Kontseiluak, lehenengo lerrokadan jasotako neurriak hartzerakoan, eskualde ultraperiferikoen ezaugarri eta eskakizun bereziak izango ditu kontuan, baina Batasunaren zuzenbideko antolamenduaren osotasuna eta koherentzia arriskuan jarri gabe, eta barne-merkatua eta politika bateratuak tartean direla.

350. artikulua

(lehengo 306. artikulua EET)

Tratatuetako xedapenek ez dute eragotziko Belgikaren eta Luxenburgoren artean, eta Belgikaren, Luxenburgoren eta Herbehereen artean dauden eskualde-batasunak mantentzea eta hobetzea, eskualde-batasun horien helburuak Tratatuak aplikatuta lortzen ez diren heinean.

351. artikulua

(lehengo 307. artikulua EET)

Tratatuetako xedapenek ez diete eraginik sortuko estatu kide batek edo gehiagok eta hirugarren herrialde batek edo gehiagok beren artean lotutako hitzarmenetatik sortzen diren eskubide eta betebeharrei, baldin eta hitzarmen horiek 1958ko urtarrilaren 1a baino lehenago lotutakoak badira, edo, geroago atxikitako estatuak direnean, atxikitze-eguna baino lehenago lotutakoak badira.

Hitzarmen horiek Tratatuekin bateraezinak diren heinean, dena delako estatu kide horrek edo horiek nabaritu dituen edo dituzten bateraezintasunak kentzeko egokiak diren bitarteko guztietara joko du edo dute.

Beharrezkoa izanez gero, estatu kideek elkarri lagunduko diote helburu hori lortzeko, eta, hala badagokio, jarrera bateratua hartuko dute.

Lehenengo lerrokadan aipatzen diren hitzarmenak aplikatzerakoan, estatu kideek kontuan izan behar dute estatu kide bakoitzak Tratatuetan emandako abantailak Batasunaren eraketaren parte direla eta, horregatik, banatu ezineko moduan daudela lotuta instituzio erkideak sortzearekin, horiei eskumenak esleitzearekin eta gainerako estatu kideek abantaila berdinak ematearekin.

352. artikulua

(lehengo 308. artikulua EET)

1. Tratatuetan ezarritako helburuetakoren bat lortze aldera, Tratatuetan zehaztutako politiken eremuari dagokionez, Batasunak ekintzaren bat egin behar duela beharrezkotzat jotzen denean, eta horretarako beharrezko diren jarduteko ahalak jaso ez badira, Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuak neurrioi aurretiaz onespena emanda, egoki diren neurriak hartuko ditu aho batez.

Kontseiluak legegintzako prozedura berezi baten arabera xedapen horiek onartzen dituenean, aho batez hartuko du erabakia, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuak onartu ondoren.

2. Batzordeak, Europar Batasunaren Tratatuaren 5. artikuluaren 3. paragrafoan aipatutako subsidiariotasun-printzipioa kontrolatzeko prozeduraren esparruan, estatu kideetako parlamentuei jakinaraziko dizkie artikulu honetan oinarritutako proposamenak.

3. Artikulu honetan oinarritutako neurriek ezin izango dute estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenen inolako harmonizaziorik ekarri, baldin eta Tratatuek harmonizazio hori baztertzen badute.

4. Artikulu honek ez du balioko atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen eremuaren helburuak lortzeko oinarritzat, eta artikulu honen arabera onartzen den edozein egintzak Europar Batasunaren Tratatuaren 40. artikuluko bigarren lerrokadan ezarritako mugak errespetatu behar ditu.

353. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuaren 48. artikuluko 7. paragrafoa ez zaie aplikatuko honako xedapen hauei:

— 311. artikuluko hirugarren eta laugarren lerrokadei

— 312. artikuluko 2. paragrafoko lehenengo lerrokadari,

— 352. artikuluari eta

— 354. artikuluari.

354. artikulua

(lehengo 309. artikulua EET)

Batasuneko kide izateak dakartzan eskubide jakin batzuk etenda uzteari buruzko Europar Batasunaren Tratatuaren 7. artikuluaren ondoreetarako, Kontseilu Europarrean edo Kontseiluan kasuan kasuko estatu kideak duen ordezkariak ez du bozketa horretan parte hartuko, eta, era berean, kasuan kasuko estatu hori ez da kontuan hartuko artikulu horretako 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako kalkuluak egitean, hots, estatu kideen herena edo lau bostenak zehazteko orduan.

Bertaratu diren kideak edo ordezkatuta daudenak abstenituta ere, hori ez da eragozpen izango aipaturako artikuluko 2. paragrafoan adierazitako erabakiak hartzeko.

Europar Batasunaren Tratatuaren 7. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan jasotako erabakiak hartzeko, 238. artikuluko 3. paragrafoaren b) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

Kontseiluak, Europar Batasunaren Tratatuaren 7. artikuluko 3. paragrafoaren arabera, boto-eskubidea etenda uzteko erabakia hartu dela-eta, Tratatuetako xedapenetako bati jarraituz gehiengo kualifikatuz erabaki behar duenean, gehiengo kualifikatu hori tratatu honetako 238. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da, edo Kontseiluak Batzordearen edo Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez diharduenean, 238. artikuluko 3. paragrafoko a) idatz-zatiaren arabera.

Europar Batasunaren Tratatuko 7. artikuluaren ondoreetarako, Europako Parlamentuak, erabaki ahal izateko, bertan emandako botoen bi hereneko gehiengoa behar du, betiere, boto-kopuru hori Europako Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoa izanda.

355. artikulua

(lehengo 299. artikuluko 2. paragrafoko lehenengo lerrokada eta 3a eta 6 paragrafoak, EET)

Tratatuetako lurralde-eremuari buruzko Europar Batasunaren Tratatuko 52. artikuluko xedapenez gain, honako xedapen hauek aplikatuko dira

1. Tratatuetako xedapenak Guadaluperi, Guyana Frantsesari, Martinikari, Reunioni, San Bartolomeri, San Martini, Azore Uharteei, Madeirari eta Kanariar Uharteei aplikatuko zaizkie, 349. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. II. eranskinean zerrendatuta dauden itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeak IV. zatian definitzen den elkartzeko araubide bereziaren menpe egongo dira.

Tratatuak ez zaizkie aplikatuko lehen esandako zerrendan aipatu ez diren, eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuarekin harreman bereziak dauzkaten itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeei.

3. Batasuneko estatu kide batek Europako lurralderen baten kanpo-harremanak bereganatuta badauzka, tratatuetako xedapenak aplikatuko zaizkio lurralde horri ere.

4. Åland uharteei ere tratatuetako xedapenak aplikatuko zaizkie, Austriako Errepublikaren, Finlandiako Errepublikaren eta Suediako Erresumaren atxikipen baldintzei buruzko Aktako 2. zenbakiko protokoloko xedapenekin bat etorriz.

5. Europar Batasunaren Tratatuko 52. artikuluan eta artikulu honetako 1.tik 4.era bitarteko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera:

a)

tratatuak ez zaizkie aplikatuko Faroe uharteei;

b)

Tratatuak ez zaizkie aplikatuko Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak bere subiranotasunpean Zipren dituen Akrotiri eta Dhekelia eremuei, salbu eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak bere subiranotasunpean Zipren dituen eremuei buruzko protokoloan ezarritako xedapenak aplikatuko direla bermatzeko beharrezkoa bada eta, betiere, protokolo horretan xedatutakoaren arabera. Protokolo hori Txekiar Errepublika, Estoniako Errepublika, Zipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Hungariako Errepublika, Maltako Errepublika, Poloniako Errepublika, Esloveniako Errepublika eta Eslovakiako Errepublika Europar Batasunari atxikitzeko baldintzei buruzko aktari erantsita dago.

c)

Kanaleko uharteei eta Man uharteari tratatuetako xedapenak aplikatuko bazaizkie ere, Europako Ekonomia Erkidegora eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegora estatu berriak atxikitzeko 1972ko urtarrilaren 22an izenpetutako Tratatuan uharte horietarako aurreikusitako araubidea aplikatuko zaiela bermatzeko beharrezkoa den heinean egingo da.

6. Kontseilu Europarrak, dagokion estatu kidearen ekimenez, erabaki bat hartu ahal izango du 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen diren Danimarkako, Frantziako eta Herbehereetako herrialde edo lurraldeek Batasunarekiko duten estatutua aldatzeko. Kontseilu Europarrak, Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

356. artikulua

(lehengo 312. artikulua EET)

Tratatu hau epe-muga jakinik gabe egiten da.

357. artikulua

(lehengo 313. artikulua EET)

Tratatu hau tratatugile gorenek berretsiko dute, bakoitzak bere konstituzio-arauen arabera.

Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.

Berrespen-agiria gordailuan azkeneko uzten duen estatu sinatzaileak formalismo hori bete, eta hurrengo hileko lehenengo egunean sartuko da indarrean tratatu hau.

Baina, hurrengo hila hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direla egiten bada gordailua, gordailua egiten denetik hurrengo bigarren hileko lehenengo egunera arte atzeratuko da tratatu hau indarrean sartzeko eguna.

358. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuaren 55. artikuluko xedapenak tratatu honi aplikatzekoak dira.

HORREN FEDE EMANEZ, beheko sinatzaile ahal osokoek izenpetzen dute tratatu hau.

Erroman egina, mila bederatziehun eta berrogeita hamazazpiko martxoaren hogeita bostean.

(ez da izenpetzaileen zerrenda jaso)

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra