Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Hautazko Protokoloa. Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura eta berrespenerako irekia, 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) ebazpenean
1966-12-16Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Hautazko Protokoloa
Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura eta berrespenerako irekia, 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) ebazpenean
Indarrean jartzea:1976ko martxoaren 23an, 9. artikuluarekin bat etorriz.
Kontuan harturik, ziurtatu dadin Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren (aurrerantzean ituna deituko denaren) asmoak ahalik eta gehien lortzea eta horren xedapenak aplikatzea, komenigarri litzatekeela itunaren IV. zatian ezarri Giza Eskubideen Komitea (aurrerantzean Komitea deituko dena) ahalbidetzea, Protokolo honetan jasotakoaren arabera, itunaren edozein eskubide urratzeagatik biktimak direla adierazten duten gizabanakoen komunikazioak jaso eta kontuan hartzeko,
Hurrengoa hitzartu dute:
Ituneko estatu alderdi orok, protokolo honen alderdi egiten denean, aitortzen du Komitearen eskumena, estatu horren jurisdikzioaren mende dauden gizabanakoen komunikazioak jaso eta kontuan hartzeko, gizabanako horiek biktimak direla alegatzen dutenean, estatu alderdi horrek itunean aipatutako eskubideetarik edozein urratzeagatik.Komiteak ez du jasoko protokolo honetako estatu alderdi ez diren estatuen inolako komunikaziorik, nahiz eta estatu horiek ituneko estatu alderdiak izan.
1. artikuluan xedatutakoa kontuan harturik, ituneko eskubideetarik edozein urratu dela alegatzen duen gizabanako orok Komitearen esku utzi ahal izango du idatzizko komunikazioa, baldin eta barne jurisdikzioko errekurtso guztiak agortu baditu.
Komiteak onartu ezinezkotzat joko du protokolo honekin bat etorriz aurkeztutako komunikazio oro, baldin eta hori anonimoa bada, edo, bere ustez, horrek komunikazioak aurkezteko eskubideaz abusatzea badakar, edo hori ituneko xedapenekin bateraezina bada.
1.3. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Komiteak protokolo honen ondorioz bere esku jarritako komunikazio ororen berri emango dio kasuan kasuko estatu alderdiari, estatu alderdi horri begira adierazi denean ituneko xedapenetatik edozein urratu duela.
2.Sei hilabeteko epean, estatu alderdi horrek idatziz aurkeztu beharko dizkio azalpenak edo adierazpenak Komiteari, arazoa argituz eta, hala denean, estatu alderdi gisa horren inguruan hartutako neurriak zehaztuz.
1.Komiteak aztertuko ditu protokolo honekin bat etorriz jasotako komunikazioak, kontuan hartuz gizabanakoak eta estatu alderdi interesdunak idatziz emandako informazio guztia.
2.Komiteak ez du aztertuko gizabanakoen komunikaziorik, aldez aurretik egiaztatu ez badu:
a) Arazo bera ez dela aurretiaz nazioarteko beste azterketa- edo konponbide-prozedura baten esku utzi;
b) Gizabanakoak barne jurisdikzioko errekurtso guztiak agortu dituela.Arau hori ez da aplikatuko errekurtsoen izapideak justifikaziorik gabe luzatzen direnean.
3.Komiteak bere bilkurak ateak itxita egingo ditu, protokolo honetako komunikazioak aztertzen dituenean.
4.Komiteak bere oharrak aurkeztuko dizkie estatu alderdi interesdunari eta gizabanakoari.
Komiteak itunaren 45. artikuluaren arabera urtero aurkeztu behar duen txostenean jasoko du protokolo honen ondorioz gauzatu dituen jardueren laburpena.
Herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena, Nazio Batuen 1960ko abenduaren 1514 (XV) ebazpenean jaso dena, aintzat hartu eta horren helburuak lortzen ez diren bitartean, protokolo honetako xedapenek ez dute inola ere mugatuko nazioarteko beste agiri batzuek edo Nazio Batuek eta horren erakunde espezializatuek herrialde horiei eskariak egiteko aitortu dieten eskubidea.
1.Protokolo hau sinatu ahal izango du, ituna sinatu duen estatuetarik edozeinek.
2.Protokolo hau berretsi ahal izango du ituna berretsi duen edo horri atxiki zaion estatuetarik edozeinek.Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.
3.Protokolo honi atxiki ahal izango zaio ituna berretsi duen edo horri atxiki zaion edozein estatu.
4.Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, horrek gordailutu dezan.
5.Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo hau sinatu duten edo protokolo honi atxiki zaien estatu guztiei jakinaraziko die berreste- edo atxikitze-agiri bakoitzaren gordailua.
1.Protokolo hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hamargarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hiru hilabetera.
2.Berreste- edo atxikipen-agirietatik hamargarrena gordailutu ondoren protokoloa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat protokoloa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hiru hilabete igaro ondoren.
Protokolo honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei, mugarik eta salbuespenik gabe.
1.Protokolo honetako estatu alderdi orok zuzenketak proposatu eta, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu ere ahal izango ditu horiek.Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko dizkie protokolo honetako estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamenak aztertu eta horien inguruko botazioa egiteko.Estatu alderdietarik, gutxienez, heren batek konferentziaren alde egiten badu, idazkari nagusiak deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean.Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta Nazio Batuen Biltzar Orokorraren mende utziko da horiek onestea.
2.Zuzenketa horiek indarrean jarriko dira, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onetsi eta protokolo honetako estatu alderdietarik bi hereneko gehiengoak onartzen dituenean, euren konstituzio-prozedurekin bat etorriz.
3.Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, protokolo honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.
1.Estatu alderdietarik edozeinek salatu ahal izango du protokolo hau edozein unetan, Nazio Batuetako idazkari nagusiari horren inguruko jakinarazpen idatzia eginez.Salaketak ondoreak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta hiru hilabetera.
2.Salaketa egin arren, salaketak ondoreak sortu aurretik, protokolo honetako xedapenak aplikatuko zaizkio 2. artikuluaren ondorioz aurkeztutako edozein komunikaziori.
Protokolo honetako 8. artikuluko 5. paragrafoaren arabera egindako jakinarazpenak gorabehera, Nazio Batuetako idazkari nagusiak ituneko 48. artikuluko 1. paragrafoan aipatu estatu guztiei komunikatuko dizkie:
a) 8. artikuluan xedatutakoarekin bat datozen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
b) 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz protokolo hau indarrean jartzeko data, eta 11. artikuluak aipatutako zuzenketak indarrean jartzeko data.
d) 12. artikuluaren ondorioz jasotako salaketak.
1.Protokolo hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.
2.Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie ituneko 48. artikuluan aipatutako estatu guztiei.