Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Esklabotzari buruzko Konbentzioa, 1926. urteko irailaren 25ean Genevan sinatutakoa, eraldatzeko Protokoloa

1953-10-23

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Esklabotzari buruzko Konbentzioa, 1926. urteko irailaren 25ean Genevan sinatutakoa, eraldatzeko Protokoloa.

Biltzar Orokorrak onetsia, 1953ko urriaren 23ko 794 (VIII) ebazpenean

Indarrean jartzea:1953ko abenduaren7an, III. artikuluarekin bat etorriz

Protokolo honen estatu alderdiek,

Kontuan harturik 1926. urteko irailaren 25ean Genevan sinatutako Esklabotzari buruzko Konbentzioak (instrumentu honetan, aurrerantzean “Konbentzioa” deituko denak) Nazioen Elkarteari eginbehar eta eginkizun zehatzak eratxiki zizkiola, eta,

Kontuan harturik egokia dela aurrerantzean Nazio Batuek euren gain har dezaten eginbehar eta eginkizun horiek egikaritzea,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. artikulua

Protokolo honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute euren artean, protokoloaren xedapenen arabera, indar osoa eta eragingarritasun juridikoa emateko protokoloaren eranskinean adierazitako Konbentzioaren eraldaketei, eta eraldaketa horiek behar bezala aplikatzeko.

II. artikulua

1.Protokolo hau Konbentzioaren estatu alderdi guztiek sinatu edo onetsi ahal izango dute, aurretiaz Idazkari Nagusiak protokoloaren kopia bat bidali badie ondorio horretarako.

2.Estatuak protokolo honen alderdi izatera iritsi daitezke:

a) Onespenari dagokionez, erreserbarik gabe sinatu badute ;

b) Oraingo eta geroagoko onespenari dagokionez, erreserbak eginda sinatu badute;

c) Onespena eman badute.

3.Onespena gauzatuko da instrumentu bat behar den moduan Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, horrek gordailutu dezan.

III. artikulua

1.Protokolo hau indarrean jarriko da bi estatu iristen direnean alderdi izatera eta, aurrerantzean, estatu bakoitzari dagokionez, estatua bera protokoloaren alderdi izatera irizten denean.

2.Protokolo honen eranskinean dauden eraldaketak indarrean jarriko dira hogeita hiru estatu protokoloaren alderdi izatera iristen direnean.Horrenbestez, eraldaketak indarrean jarri ondoren Konbentzioaren alderdi izatera iristen den edozein estatu izango da modu horretan eraldatutako Konbentzioaren alderdi.

IV. artikulua

Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluaren 1 paragrafoarekin eta testu hau aplikatzeko Biltzar Orokorrak onetsitako erregelamenduarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak baimena du dela protokolo hau, dela protokoloak berak Konbentzioan egindako eraldaketak erregistratzeko, zein datatan indarrean jarri horietako bakoitza eta data horietan eta, orobat, ahalik eta arinen argitaratzeko, behin erregistratu ondoren, protokoloa eta konbentzioaren testu eraldatua.

V artikulua

Protokolo hau, Nazio Batuen Idazkaritzaren artxiboetan gordailutuko da; eta kautoak izango dira txineraz, espainieraz,, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.Konbentzioaren testu kautoak ingelesa eta frantsesa direnez gero eta konbentzioa eranskinaren arabera eraldatu behar denez gero, eranskinaren ingelesezko eta frantsesezko testuak ere kautoak izango dira; txineraz, espainieraz eta errusieraz dauden testuak, ordea, itzulpenak izango dira.Idazkari Nagusiak egingo ditu protokoloaren kopia ziurtatuak, eta eranskinarekin batera Konbentzioaren estatu alderdiei igorriko dizkie, baita Nazio Batuen gainerako estatu kideei ere.III. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eraldaketak indarrean jartzen direnean, Idazkari Nagusiak prestatuko ditu modu horretan eraldatutako konbentzioaren kopia ziurtatuak, estatuei igortzeko, Nazio Batuen kide ez direnak barne.

HORI GUZTIORI AITORTUZ, behean sinatzen dutenek, kasuan kasuko gobernuak behar bezala baimenduta, protokolo hau sinatu dute bakoitzaren sinaduraren alboan agertzen diren datetan.

Nazio Batuen egoitzan EGINA, New Yorken, mila bederatziehun eta berrogeita hamahirugarren urteko abenduaren 7an.

Esklabotzari buruzko Konbentzioa, 1926. urteko irailaren 25ean Genevan sinatutakoa, eraldatzeko Protokoloaren Eranskina.

7. artikuluan “Nazioen Elkartearen Idazkari Nagusiari” esamoldea honetara geratzen da “Nazio Batuen Idazkari Nagusiari”.

8. artikuluan, “Nazioarteko Justiziaren Gorte Iraunkorra” esamoldea honetara geratzen da “Justiziaren Nazioarteko Gortea”, eta “Nazioarteko Justiziaren Gorte Iraunkorrari buruzko 1920. urteko abenduaren 16ko Protokoloa” esamoldea honetara, “Justiziaren Nazioarteko Gortearen Estatutua”.

10. artikuluaren lehenengo eta bigarren paragrafoetako “Nazioen Elkartea” esamoldea honetara geratzen da “Nazio Batuak”.

11. artikuluaren azken hiru paragrafo ezabatzen dira eta ondorengoek ordezkatzen dituzte:

“Konbentzio honi estatu guztiek atxikimendua eman ahal izango diote, baita Nazio Batuen kide ez direnek ere, horiei Nazio Batuen Idazkari Nagusiak igorri badie konbentzioaren kopia ziurtatua.

Atxikimendua gauzatuko da instrumentu bat behar den moduan Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, eta horrek jakinaraziko die konbentzioaren estatu alderdi guztiei eta artikulu honek aipatu gainerako estatuei horren berri, eta, orobat, atxikimendu-agiri bakoitza zein datatan jaso den, gordailutua izan dadin.

12. artikuluan “Nazioen Elkartea” esamoldea honetara geratzen da “Nazio Batuak”.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra