Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Esklabotzari buruzko Konbentzioa

1926-09-25

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundea

Esklabotzari buruzko Konbentzioa

Genevan sinatua 1926. urteko irailaren 25ean

Indarrean jartzea:1927ko martxoaren 9an, 12. artikuluarekin bat etorriz.

Konbentzioa, 1953. urteko abenduaren 7an Nazio Batuen egoitzan, New Yorken, onetsitako protokoloak eraldatu zuen, eta horrela eraldatuta, 1955. urteko uztailaren 7an indarrean jarri zen, data horretan indarrean jarri ziren 1953. urteko abenduaren 7ko protokoloaren eranskinean aipatu eraldaketak, protokoloaren III. artikuluarekin bat etorriz.

Hainbatez, 1889-1890 urteetako Bruselako Konferentziaren Akta Orokorraren sinatzaileek, gogo bereak bultzatuta, adierazi zuten esklabo afrikarren salerosketari amaiera emateko asmo sendoa,

Izan ere, 1885. urteko Berlineko Akta Orokorra eta 1890. urteko Bruselako Adierazpena berrikustea bideratutako 1919. urteko Saint-Germain-en-Layeko Konbentzioaren sinatzaileek berretsi zuten euren asmoa, esklaboen salerosketa, lehorrez nahiz itsasoz, erabat ezabatzea lortzeko ,

Kontuan izanik aldi baterako batzordearen txostena, esklabotzari buruzkoa, Nazioen Elkartearen Kontseiluak 1924. urteko ekainaren 12an izendatua,

Asmoa izanik Bruselako Aktaren arabera, Saint-Germain-en-Layeko Konbentzioaren sinatzaileek egindako lana osotu eta zabaltzeko eta, oro har, baliabideak aurkitzeko mundu guztian gauzatuak izan daitezen esklaboen salerosketaren eta esklabotzaren inguruan adierazitako asmoak, eta aitortuz horretarako behar-beharrezkoa dela onestea Konbentzio horretan agertzen diren baino xedapen zehatzagoak,

Kontuan harturik, halaber, beharrezkoa dela saihestea derrigorrezko lana bihurtu dadila esklabotzaren parekoa,

Erabaki dute Konbentzio bat egitea eta ondorio horretarako ahalguztidunak izendatu dituzte [izenak isilean gorde dira] […], eta horiek honako hau erabaki dute:

1. artikulua

Konbentzio honen ondorioetarako, hauxe ulertzen da:

1.Esklabotza norbanako baten egoera edo baldintza da; norbanako horren gainean jabetza eskubidearen ezaugarriak, guztira edo atalka egikaritzen direla.

2.Esklabotzen salerosketak honako egintzak biltzen ditu: norbanakoa atzematea, eskuratzea edo ematea, saltzeko edo trukatzeko asmoz; bide beretik, xede horietarako eskuratutako esklaboa xedeok gauzatzeko lagatze-egintza oro, eta, berebat, esklaboen salerosketa- eta garraio-egintza oro.

2. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek, beharrezko neurriak hartu ez dituzten heinean, eta bakoitza bere subiranotasun, jurisdikzio, zaintza, agintaritza (subiranotasuna) edo babesaren menpeko lurraldeei dagokienean, euren gain jarraiko betebeharra hartzen dute:

a) Esklaboen salerosketa saihesteko eta zigortzeko;

b) Arian-arian, eta ahalik eta lasterren esklabotza mota guztiak erabat ezabatzea lortzeko.

3. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute, euren lurralde-uretan, eta, oro har, euren bandera duten itsasontzietan, esklaboen ontziratzea, lehorreratzea eta garraiatzea saihestu eta zigortzen dituzten neurri eraginkor guztiak hartzeko.

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute negoziatzeko, ahalik eta arinen, esklaboen salerosketari buruzko konbentzio orokorra; are gehiago, konbentzio horrek alderdiei eskubideak emango dizkie eta ezarriko dizkie, orobat, nazioarteko arma-merkataritzari buruzko Hitzarmenak, 1925. urteko ekainaren 17koak, (II: eranskinaren, 2. atalaren 3, 4 eta 5. paragrafoaren 12, 20, 21, 22, 23. artikuluak) ezarritako izaera bereko betebeharrak; betiere, beharrezko egokitzapenei kalterik egin gabe, eta kontuan hartuta Hitzarmen orokorrak ez dituela alderdi kontratugile gorenen itsasontziak (edukiera txikikoak izanda ere) jarriko gainerako alderdi kontratugile gorenen itsasontziek duten bestelako egoera batean.

Era berean, aipatu Hitzarmen orokorra indarrean jarri baino lehen eta indarrean jarri eta gero ere, alderdi kontratugile gorenek askatasun osoa izango dute euren artean erabaki partikularrak adosteko, horiek egokiak iruditzen bazaie, ahalik eta arinen esklaboen salerosketa zeharo ezabatzeko, hori guztiori aurreko atalean hitzartutako printzipioak indargabetu gabe.

4. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek elkarri laguntza emango diote esklabotza eta esklaboen salerosketa ezabatzeko.

5. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek aitortzen dute derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatzeak ondorio larriak ekar ditzakeela eta konpromisoa hartzen dute, bakoitzak bere subiranotasun, jurisdikzio, zaintza, agintaritza (subiranotasuna) edo babesaren menpeko lurraldeei dagokienez, neurri egokiak hartzeko derrigorrezko eta nahitaezko lanak esklabotzaren pareko baldintzarik ekar ez dezan.

Hartara:

1.Hurrengo bigarren atalean aipatu xedapen iragankorrei kalterik egin gabe, derrigorrezko eta nahitaezko lana eskatu ahal izango da bakar-bakarrik herri-onurarako bada.

2.Derrigorrezko eta nahitaezko lana herri-onurarako barik, beste helburu batzuetarako dagoen lurraldeetan, alderdi kontratugile gorenak ahaleginduko dira ahalik eta arinen halakoa ezabatzen, eta derrigorrezko eta nahitaezko lanak irauten duen bitartean, halakoa ez erabiltzen salbuespen bezala baino, betiere, ordainsari egoki batekin eta baldintza zehatz batekin, hain zuzen ere, ohiko bizilekua aldatzera behartu gabe.

3.Edonola ere, lurralde interesdunaren agintaritza zentral eskudunak hartuko du bere gain derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatzeko erantzukizuna.

6. artikulua

Alderdi kontratugile gorenen legeria nahikoa ez bada gaur egunean Hitzarmen honen helburuak betetze aldera eman diren Lege eta Erregelamenduen arau-hausteak zigortzeko, orduan, alderdiok euren buruak behartzen dituzte premiazko neurriak hartzera, arau-hauste horiek zigor zorrotzak izan ditzaten.

7. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute euren artean harremanetan jartzeko eta Nazioen Elkartearen Idazkari Nagusiari komunikatzeko Hitzarmen honen xedapenak aplikatzeko orduan zein lege eta erregelamendu eman diren.

8. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek erabaki dute, Hitzarmen hau interpretatzeko edo aplikatzeko orduan, euren artean sor daitezkeen desadostasunak ezin badira konpondu zuzeneko negoziazioen bitartez, Nazioarteko Justiziaren Gorte iraunkorraren mende geldituko direla.Zein estaturen artean sortu desadostasuna eta horiek, edo horietariko bat, ez badira alderdi Nazioarteko Justiziaren Gorte Iraunkorrari buruzko Protokoloan, 1920. urteko abenduaren 16koan, orduan estatuek eurek, bakoitzaren konstituzio-arauen arabera, aukeratuko dute desadostasunak noren menpe utzi, dela Nazioarteko Justiziaren Gorte Iraunkorraren menpe, dela nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko 1907. urteko urriaren 18ko Hitzarmenaren arabera eratutako tartekaritza-auzitegiaren menpe, edo beste edozein tartekaritza-auzitegiren menpe.

9. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak, Konbentzio honen xedapenak edo horietariko batzuk aplikatzeari dagokionez, konbentzioa sinatzeko nahiz berresteko edo atxikimendua emateko unean, adieraziko du konbentzioa onesteak ez dituela behartzen ez lurralde osoa, ezta ere bere subiranotasun, jurisdikzio, zaintza, agintaritza (subiranotasun) edo babesaren menpeko lurralde zehatza; horrenbestez, geroagoko atxikimendua eman ahal izango dio berak bakarrik, konbentzio honen edukiari, oso-osorik edo zati batean, lurralde horietariko edozeinen izenean.

10. artikulua

Alderdi kontratugile gorenetariko batek Konbentzio hau salatzea nahi duen kasuetan, salaketa hori idatziz jakinaraziko dio Nazioen Elkartearen Idazkari Nagusiari eta horrek berehala komunikatuko die gainerako alderdi kontratugile gorenei jakinarazpenaren kopia ziurtatu eta adostua, eta jakinarazpena zein datatan jaso den esango die.

Salaketak ondorioak izango ditu bakar-bakarrik berori jarri duen estatuarekiko eta jakinarazpena Nazioen Elkartearen Idazkaritza Orokorrak jaso eta urtebetera.

Salaketa bereiz ere egin daiteke bere subiranotasun, jurisdikzio, zaintza, agintaritza (subiranotasuna) edo babesaren menpe dauden edozein lurralderekiko.

11. artikulua

Konbentzio hau, gaurko data duena, Nazioen Elkartearen estatu kideek sinatuko dute, 1927. urteko apirilaren 1era arte, eta konbentzioaren testuek, hain zuzen ere, frantsesez eta ingelesez diren bi horiek, fede bera ematen dute.

Nazioen Elkartearen Idazkari Nagusiak gero emango die Konbentzio honen berri, berori sinatu ez duten estatuei, baita Nazioen Elkartearen kide ez direnei ere, eta gonbitea egingo die berorri atxikimendua emateko.

Estatu batek atxikimendua eman nahi duenean, asmo hori idatziz jakinaraziko dio Nazioen Elkartearen Idazkaritza Orokorrari, eta horretarako atxikimendu-akta igorriko dio, Elkartearen artxibategian gordailutu dezan.

Idazkari Nagusiak berehala igorriko die gainerako alderdi kontratugile gorenei jakinarazpenaren kopia ziurtatu eta adostua, eta atxikimendu-aktarena ere, eta bertan adieraziko du noiz jaso dituen aurrekoak.

12. artikulua

Konbentzio hau berretsi egingo da eta berrespen-instrumentuak Nazioen Elkartearen Idazkari Nagusiaren bulegoan gordailutuko dira, eta horrek jakinaraziko die halakoa alderdi kontratugile gorenei.

Konbentzioak ondorioak sortuko ditu estatu bakoitzean, berrespena eta atxikimendua gordailutzen den egunetik.

HORREN FEDE EMANEZ, ahalguztidunek eskuetsi dute Konbentzio hau, euren sinadurarekin

Genevan EGINA, 1926. urteko irailaren 25ean, ale bakarrean. Ale hori Nazioen Elkartearen artxiboetan geratuko da gordailututa eta horren kopia ziurtatu eta adostua igorriko zaie sinatu duten estatuetariko bakoitzari.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra