Errefuxiatuen estatutuari buruzko Protokoloa
1951-07-26Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Nazio Batuen Erakundea, Errefuxiatuen eta Aberrigabeen Estatutuari buruzko Ahalguztidunen Konferentziak
Errefuxiatuen estatutuari buruzko Protokoloa
Protokoloa onetsi zuten Ekonomia- eta Gizarte- kontseiluak, 1966ko azaroaren 18ko 1186 (XLI) ebazpenean eta Biltzar Orokorrak, 1966ko abenduaren 16ko 2198 (XXI) ebazpenean. Azken ebazpen horretan, Biltzar Orokorrak eskatu zion Idazkari Nagusiari Protokoloaren testua bidaltzea V. artikuluan aipatu estatuei, horiek Protokoloari atxikimendua eman ahal izateko.
Indarrean jartzea: 1967eko urriaren 4an, VIII. artikuluarekin bat etorriz
Protokolo honen estatu alderdiek,
Kontuan harturik Errefuxiatuen estatutuari buruzko Konbentzioa, Genevan egina, 1951eko uztailaren 28an, bakar-bakarrik errefuxiatu izaera dutenei aplikatzen zaiela, 1951eko urtarrilaren 1ean jazotako gertaeren ondorioz,
Kontuan harturik Konbentzioa onetsi zenetik gaur arte, errefuxiatuak bestelako egoeretan daudela, eta horren ondorioz, gerta daitekeela errefuxiatu interesdunak Konbentzioaren eremutik kanpo geratzea,
Kontuan harturik beharrezkoa dela errefuxiatu guztiek, Konbentzioak ezartzen duen definizioan sarturik daudenek, estatutu berbera baliatzea, alde batera utzita 1951eko urtarrilaren 1eko muga-data,
Hurrengoa hitzartu dute:
I. artikulua.- Xedapen orokorrak
1.Protokolo honen estatu alderdiak behartuta daude Konbentzioaren 2tik 34ra arteko artikuluak, biak barne, aplikatzera, nori eta, Protokoloak zehaztutako errefuxiatuei.
2.Protokolo honen ondorioetarako eta 3. paragrafoa aplikatzeari dagokiona salbu, “errefuxiatu” hitzak adierazten du Konbentzioaren 1. artikuluak zehaztutako pertsona oro; horrenbestez, ezabatuko dira 1. artikuluaren A ataleko 2. paragrafoan adierazitako esamoldeak, dela “1951eko urtarrilaren 1a baino lehenago jazotako gertaeren ondorenez”, dela “gertaera horien ondorioz”.
3.Protokolo hau estatu alderdiek aplikatuko dute estatu horietan, inolako muga geografikorik gabe; dena den, Protokolo honen arabera, aplikagarriak dira Konbentzioaren alderdi diren estatuak egindako adierazpenak ere, indarrean daudenak, Konbentzioaren 1. artikuluaren B ataleko 1. paragrafoaren “a” tartekadurarekin bat etorriz, salbu eta adierazpen horiek zabaldu direnean, 1. artikuluaren B ataleko 2. paragrafoarekin bat etorriz.
II. artikulua.- Nazio-agintarien eta Nazio Batuen arteko lankidetza
1.Protokolo honen estatu alderdiek, euren eginkizunak betetzeko euren buruak behartzen dituzte lankidetzan aritzeko Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioaren Bulegoarekin, edo horren ondorengo izan daitekeen Nazio Batuen beste edozein erakunderekin; izan ere, estatu alderdiek bereziki lagunduko diote Protokolo honen xedapenak aplikatzen direla zaintzeko zereginetan.
2.Protokolo honen estatu alderdiek euren buruak behartzen dituzte Goi Komisarioaren Bulegoari edo horren ondorengo izan daitekeen Nazio Batuen edozein erakunderi modu egokian emateko horiek eskatzen dituzten informazioa eta datu estatistikoak, eurok Nazio Batuen erakunde eskudunei txostenak aurkezteko. Datu horiek dira, besteak beste:
a) Errefuxiatuen egoera;
b) Konbentzio honen betearazpena, eta
c) Errefuxiatuei dagozkien lege, erregelamendu eta dekretuak, indarrean daudenak edo indarrean jarriko direnak.
III. artikulua.- Nazio-legeriaren buruzko informazioa
Protokolo honen estatu alderdiek Nazio Batuen Idazkari Nagusiari jakinaraziko dizkiote Protokolo honen aplikazioa bermatzeko aldarrikatzen dituzten lege eta erregelamenduak.
34. artikulua.- Eztabaidak konpontzea
Protokoloaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdien arteko eztabaida oro Justiziaren Nazioarteko Gortearen mende utziko da, eztabaidan dagoen edozein alderdik hala eskatuta, betiere, eztabaida beste bide batzuetatik konpondu ez bada.
V. artikulua.- Atxikimendua
Protokolo honi atxikimendua eman ahal izango diote Konbentzioaren estatu alderdi guztiek eta Nazio Batuen estatu kideetatik edozeinek, erakunde espezializatu baten kide den estatu horrek edota Nazio Batuen Biltzar Orokorrak gonbidatutako edozein estatuk. Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, gordailupean.
37. artikulua.- Klausula federala
Estatu federalei edo ez bateratuei dagokienez, ondorengo xedapenak aplikatuko dira:
a) Protokolo honen 1. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera aplikatu beharreko Konbentzioaren artikuluei dagokienez, horien aplikazioa botere legegile federalaren egintza legegilearen mende badago, gobernu federalaren betebeharrak dira, neurri berean, estatu ez federalak diren estatu alderdien berberak.
b) Protokolo honen I artikuluaren 1. paragrafoaren arabera aplikatu beharreko Konbentzioaren artikuluei dagokienez, horien aplikazioa estatu, probintzia edo kantoi konstituzio egileen egintza legegilearen mende badago eta horiek, federazioaren konstituzioaren erregimenarekin bat etorriz, ez badaude behartuta neurri-legegileak hartzera, orduan, gobernu federalak, ahalik eta lasterren eta aldeko gomendioa eginda, artikulu horien testua jakinaraziko die estatu, probintzia eta kantoietako agintari eskudunei.
c) Protokolo honen alderdi den estatu federal orok, federazioan eta bere unitate osatzaileetan indarrean dauden legeria eta eginerak aurkeztuko ditu; horretarako eskabidea igorriko dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiak, beste estatu kontratugileetako batek hala eskatuta; eta adierazpen horrek barneratuko du Konbentzioaren xedapen zehatz bati dagokiona, hain zuzen ere, Protokolo honen I artikuluaren 1. paragrafoaren arabera aplikatu beharrekoari dagokiona; ildo beretik, adieraziko du xedapen hori zein neurritan gauzatu den, egintza legegile edo beste izaerako baten bidez
VII. artikulua.- Erreserbak eta adierazpenak
1. Protokolo honen IV. artikuluari dagokionez eta horren aplikazioari dagokionez, Protokolo honen I. artikuluarekin bat etorriz, estatu orok, atxikitze-unean, Konbentzioaren edozein xedapenetan erreserbak egin ditzake, 1, 3, 4, 16 (1) eta 33. artikuluetan izan ezik; zernahi gisaz, Konbentzioaren estatu alderdiaren kasuan, egindako erreserbak ez zaizkie aplikatuko nori eta, Konbentzioa aplikagarri duten errefuxiatuei.
2. Konbentzioaren estatu alderdiek 42. artikuluarekin bat etorriz egindako erreserbak besterik gabe aplikatuko dira, Protokolo honen bidez hartutako betebeharren esparruan, erreserba horiek kendu ez badira.
3. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera erreserbaren bat egin duen estatu orok, edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.
4. Konbentzioaren estatu alderdi batek, Protokolo honi atxikimendua eman eta Konbentzioaren 40. artikuluaren 1 et 2. paragrafoen arabera egiten badu halako adierazpena, adierazpen hori aplikagarri izango da Protokolo honi dagokionez, salbu eta atxikimendua emateko unean estatu alderdi interesdunak kontrako jakinarazpena igortzen dioenean Nazio Batuen Idazkari Nagusiari. Konbentzioaren 40. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoen xedapenak eta 44. artikuluaren 3. Paragrafoarenak,mutatis mutandis, Protokolo honi aplikagarri zaizkiola ulertuko da.
VIII. artikulua. Indarrean jartzea
1. Protokolo hau indarrean jarriko da seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua zein datatan gordailutu eta data horretan.
2. Seigarren atxikimendu-instrumentua gordailutu ondoren Protokoloari atxikitzen zaion estatu bakoitzari dagokionez, Protokoloa indarrean jarriko da, estatu horrek zein datatan gordailutu bere atxikimendu-instrumentua eta data horretan.
IX. artikulua. Salaketa
1. Protokolo honen estatu alderdi orok salatu ahal izango du Protokolo hau edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.
2. Salaketak, estatu alderdi interesdunari dagokionez, ondorioak sortuko ditu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
X. artikulua.- Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren jakinarazpenak
Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkiete V.supra artikuluan aipatu estatuei Protokolo honen indarrean jartzeko data, atxikimenduak, berari buruzko erreserbak, egindakoak nahiz kendutakoak, eta salaketak; berebat, Protokoloari dagozkion adierazpenak eta jakinarazpenak.
XI. artikulua.- Nazio Batuen Idazkaritzaren artxiboetan gordailutzea
Protokolo honen ale bat, Biltzar Orokorraren buruak eta Nazio Batuen Idazkari Nagusiak sinatuta, Nazio Batuen Idazkaritzaren artxiboetan gordailututa geratuko da. Halaber, Protokoloaren testuak, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz eginikoak kautotasun berberekoak dira. Idazkari Nagusiak testuaren kopia ziurtatuak igorriko dizkiete Nazio Batuen estatu kide guztiei eta V.supra artikuluan aipatu gainerako estatuei.