Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Bereizkeriaren aurkako prebentzioa

Erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena. Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1981. urteko azaroaren 25ean aldarrikatua [36/55 ebazpena]

1981-11-25

Erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena

Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1981. urteko azaroaren 25ean aldarrikatua [36/55 ebazpena]

Biltzar Orokorrak,

Kontuan harturik Nazio Batuen Gutunaren oinarrizko printzipioetako bat pertsona guztien berezko duintasun eta berdintasuna dela, eta estatu kide guztiek neurri bateratuak eta bakoitzak bere aldetik hartzeko konpromisoa hartu dutela, Nazio Batuen Erakundearekin lankidetzan, guztion giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsal eta eragingarria bultzatu eta suspertzeko, arraza, sexu, hizkuntza eta erlijio bereizkeriarik gabe,

Kontuan harturik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta giza eskubideen nazioarteko Itunetan legearen aurrean berdintasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioak, bai eta pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo sinesmen askatasunerako eskubidea aldarrikatzen direla,

Kontuan harturikgiza eskubideen eta oinarrizko askatasunen gutxiespenak eta urraketak, batez ere pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo edozein sinesmenen askatasunerako eskubideak, zuzenean edo zeharka gizateriari pairamen handiak eta gerrak eragin dizkiotela, bereziki beste estatu batzuen barne arazoetan atzerrikoen esku-hartzea ahalbidetzen duten kasuetan, eta herri eta nazioen artean gorrotoa eragitearen baliokide direla,

Kontuan harturik erlijioa eta sinesmenak, halakoak praktikatzen dituenarentzat, bizitzaren ikuspegiaren funtsezko osagarrietako bat direla eta horrexegatik, erlijio edo sinesmen askatasuna osotasunean errespetatua eta bermatua izan behar direla,

Kontuan harturik erlijio eta sinesmen askatasunarekin lotutako gaietan elkar ulertzea, tolerantzia eta errespetua sustatzea funtsezkoa dela eta era berean ziurtatzea erlijio edo sinesmenak Nazio Batuen Gutunarekin, Nazio Batuen beste instrumentu batzuekin eta Adierazpen honen xede eta printzipioekin bateraezinak diren helburuekin erabiliko ez direla,

Sinetsita erlijio edo sinesmenen askatasunak lagundu behar duela munduan bakea, gizarte justizia eta herrien arteko adiskidetasunaren helburuak lortzen ere, bai eta kolonialismoaren eta arraza-bereizkeriaren ideologia edo eginerak ezabatzen,

Ohartuz, poztasun handiaz, Nazio Batuen eta erakunde espezializatuen babesarekin bereizkeria modu batzuk ezabatzeko hainbat konbentzio onetsi direla, eta horietako batzuk dagoeneko indarrean jarriak izan direla,

Kezkaturik oraindik ere munduko leku batzuetan egiten diren intolerantzia adierazpenengatik eta erlijio edo sinesmenen inguruan dauden bereizkeriengatik,

Erabakia harturik beharrezko neurri guztiak hartzeko intolerantzia hori, bere modu eta adierazpen guztietan berehala ezabatzeko eta erlijio eta sinesmen arrazoiengatik sortzen den bereizkeria saihesteko eta horri aurre egiteko,

Erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria modu guztien ezabatzeari buruzko Adierazpen hau aldarrikatzen du:

1. artikulua

1.Pertsona orok du pentsamendu-, kontzientzia eta erlijio-askatasunerako eskubidea.Eskubide horrek barneratzen du pertsona horren aukerako erlijioa edo sinesmena izan edo bereganatzeko, bai eta bere erlijioa edo sinesmena banaka edo era kolektiboan agertzeko askatasuna ere, jendaurrean nahiz modu pribatuan, kultu, erritu-ospakizun, eginera eta irakaskuntzaren bidez.

2.Ezin izango da inor behartu, noraino eta bere aukerako erlijio edo sinesmena edukitzeko askatasuna murrizteraino.

3.Norberaren erlijioa edo sinesmenak agertzeko askatasunaren muga bakarrak izango dira legeak ezarritakoak, halakoak beharrezkoak direnean segurtasuna, ordena, osasuna edo moral publikoak edo gainontzekoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko.

2. artikulua

1.Inork ez du bereizkeriarik pairatuko, erlijio edo sinesmen arrazoiengatik, inongo estatu, erakunde, pertsona talde edo partikularrengandik.

2.Adierazpen honen ondorioetarako, “erlijio eta sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria” esamoldea honetara ulertzen da: erlijio edo sinesmenean oinarritutako halako bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun oro, horren helburu edo ondorioa denean, berdintasun baldintzetan giza eskubide eta oinarrizko askatasunen aintzatespena, gozamena edo egikaritza deuseztatzea edo murriztea.

3. artikulua

Erlijio eta sinesmen arrazoiengatiko gizakien arteko bereizkeria giza duintasunaren aurkako iraina da eta Nazio Batuen Gutunaren printzipioen ukatzea, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatutako eta giza eskubideen nazioarteko Itunetan xehetasunez adierazitako giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urratze gisa kondenatu behar da, eta, era berean, nazioen arteko harreman lagunkor eta baketsuentzat oztopo moduan.

4. artikulua

1.Estatu guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasunen erlijio edo sinesmen arrazoiengatiko aitorpen, gozamen eta egikaritzan gertatzen den bereizkeria oro saihestu eta ezabatzeko neurri eragingarriak hartuko dituzte, bizitza zibilaren eta ekonomia-, politika-, gizarte- eta kultura-bizitzaren esparru guztietan.

2.Estatu guztiek, kasuak kasu, legeak aldarrikatu eta indargabetzeko beharrezko ahaleginak egingo dituzte, mota honetako bereizkeria guztiak debekatzeko helburuarekin eta gai honen inguruan, erlijio eta sinesmen arrazoiengatiko bereizkeriari aurre egiteko neurri egokiak hartzeko.

5. artikulua

1.Gurasoek eta, hala denean, haurraren lege-tutoreek euren erlijio edo sinesmenen arabera familia barnean bizitza antolatzeko eskubidea izango dute eta, betiere kontuan hartuta euren ustea, haurra zein moralaren barruan hezi behar denaren inguruan.

2.Haur orok, bere gurasoen, edo hala denean, lege-tutoreen nahien arabera erlijio edo sinesmen hezkuntza izateko eskubidea izango du, eta ez zaizkio erlijio edo sinesmen batzuk irakatsiko, guraso edo lege-tutoreen nahien aurka, haurraren interes gorenaren printzipioa gidari dela aintzat hartuta.

3.Haurra babestuta egongo da erlijio edo sinesmen arrazoiengatiko edozein bereizkeria motaren aurrean.Haurra ondorengoen inguruan heziko da: elkar ulertze, tolerantzia, herrien arteko adiskidetasuna, bakea eta senidetasun unibertsala, gainontzekoen erlijio edo sinesmenen askatasunarekiko begirunea eta beraren indarra eta gaitasunak gizateriaren zerbitzura erabili behar direlako kontzientzia osoan.

4.Haurra guraso edo lege-tutoreen tutoretzapean ez dagoen kasuetan, erlijio edo sinesmenen inguruan haiek behar bezala adierazitako nahiak edo haien nahien inguruan lortutako bestelako edozein froga kontuan izango dira, haurraren interes gorena printzipio gidari gisa aintzat hartuz.

5.Haurra zein erlijio edo sinesmen egineren arabera hezia izan eta horrek ezin dio kalterik egin haurraren osasun fisiko edo adimenekoari, ezta haurraren garapen osoari ere, Adierazpen honen 1. artikuluaren 3. paragrafoa aintzakotzat hartuta.

6. artikulua

Adierazpen honen 1. artikuluarekin bat etorriz eta 1. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo sinesmen askatasunerako eskubideak, ondorengo askatasunak barneratuko ditu batez ere:

a) Erlijio edo sinesmenei lotuta, kultuaren eginerak edo bilerak egitea, eta helburu horietako lekuak eraiki eta mantentzea;

b) Ongintza erakundeak edo erakunde humanitario egokiak eratu eta mantentzea;

c) Erlijio edo sinesmen baten erritu edo ohituretarako beharrezko gai eta material kopuru nahikoa prestatu, eskuratu eta erabiltzea;

d) Eremu horietan egoki diren argitalpenak idatzi, argitaratu eta zabaltzea;

e) Erlijio edo sinesmenak irakastea xede horretarako egoki diren lekuetan;

f) Partikular eta erakundeengandik borondatezko finantza ekarpenak eta beste mota batekoak jaso eta eskatzea;

g) Gidariak gaitu, izendatu, aukeratu eta hautatzea, oinordetzaren bidez bada ere, edozein erlijio edo sinesmenen behar eta arauen arabera;

h) Erlijio edo sinesmen bateko manuekin bat etorriz, atseden egunak gorde eta jaiak eta zeremoniak ospatzea;

i) Nazio eta nazioarte mailan erlijio eta sinesmenen inguruan komunikazioak ezarri eta mantentzea norbanakoekin zein erkidegoekin.

7. artikulua

Adierazpen honetan jasotako eskubide eta askatasunak nazio legerian aitortuko dira, praktikan pertsona guztiek horiek gozatzeko aukera izateko moduan.

8. artikulua

Adierazpen honetan xedatutako deusek ere ez du mugatuko edo indargabetuko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta giza eskubideen nazioarteko Itunetan zehaztutako eskubiderik.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra