Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen Nazioarteko Ituna. Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura eta berrespenerako irekia, 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) ebazpenean
1966-12-16Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra
Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen Nazioarteko Ituna
Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura eta berrespenerako irekia, 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) ebazpenean
Indarrean jartzea:1976ko urtarrilaren 3an, 27. artikuluarekin bat etorriz.
Atarikoa
Itun honetako estatu alderdiek,
Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunean adierazitako printzipioekin bat etorriz, gizaki guztien duintasuna eta eskubideak berberak eta besterenduezinak direla aitortzea munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarri dela,
Aitortuz, eskubide horiek gizakiari dagokion duintasunak eratortzen dituela,
Aitortuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, ezin dela gauzatu gizaki askearen ideala, beldurretik eta miseriatik aske den gizakiarena alegia, horretarako baldintzak sortzen ez badira, pertsona bakoitzari ahalbidetzen dizkiotenak baliatzea ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak, bai eta eskubide zibil eta politikoak ere.
Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunak estatuei betebeharra ezarri diela, giza eskubideen eta askatasunen errespetu unibertsala eta eragingarria sustatzeko,
Ulerturik, gizabanakoak, beste gizabanako batzuei eta bere erkidegoari begira eginbeharrak izateagatik, ahaleginak egin behar dituela itun honetan aitortutako eskubideak sustatu eta betetzeko,
Hitzartu dute, hurrengo artikuluetan:
1.Herrialde guztiek dute determinazio askerako eskubidea.Eskubide horren ondorioz askatasunez zehazten dute euren izaera politikoa eta askatasunez bultzatzen dute euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena.
2.Herrialde guztiek, euren helburuak lortzeko, askatasunez xeda ditzakete euren aberastasun eta baliabide naturalak, kalterik egin gabe nazioarteko lankidetza ekonomikoak, elkarrekiko onuraren printzipioan oinarriturik, zein nazioarteko zuzenbideak eratorritako betebeharrei.Inola ere ezin izango da herri bat bere bizibideez gabetu.
3.Itun honetako estatu alderdiek, baita autonomoak ez diren lurraldeak eta zainpeko lurraldeak administratzeko ardura dutenek ere, sustatuko dute determinazio askerako eskubidearen egikaritza, eta eskubide hori errespetatuko dute, Nazio Batuen Gutuneko xedapenekin bat etorriz.
II. zatia
1.Itun honetako estatu alderdi bakoitzaren konpromisoa da neurri, batik bat, ekonomikoak eta teknikoak hartzea, alde bakarrez nahiz nazioarteko laguntzaren eta lankidetzaren bidez, euren baliabideen arabera ahal duten neurriraino, arian-arian lortzeko, egoki diren bide guztiak baliatuz, bai eta, bereziki, legegintzazko neurriak harturik ere, hemen aitortutako eskubideen erabateko eragingarritasuna.
2.Itun honetako estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, bertan aipatutako eskubideen egikaritza bermatzeko, inolako bereizkeriarik gabe, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein gizarte-ezaugarri dela bide.
3.Garapen-bidean dauden herrialdeek, behar bezala kontuan harturik giza eskubideak eta ekonomia nazionala, erabaki ahal izango dute zein neurritan bermatuko dizkieten itun honetan aitortutako ekonomia-eskubideak euren nazionalak ez diren pertsonei.
Itun honetako estatu-alderdiek konpromisoa hartzen dute, gizon eta emakumeek itun honetako ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubide guztiak berdintasunez izango dituztela ziurtatzeko.
Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute, itun honekin bat etorriz bermatutako eskubideak zein izan eta eskubideok egikaritzean, estatu batek horiei begira egin ditzakeen murrizketa bakarrak legeek ezarritakoak direla, betiere, hori eskubideon izaerarekin bateragarria bada eta horren xede bakarra gizarte demokratiko baten ongizate orokorra sustatzea bada.
1.Itun honetako xedapenetatik bat bera ere ez da interpretatuko estatu, talde edo banakako bati eskubidea aitortzeko, horren helburua denean itun honetan aitortutako eskubide edo askatasunetarik edozein ezabatzeko jarduerei ekitea edo ekintzak gauzatzea, edo eskubide nahiz askatasun horiek murriztea, itun honek baimendutakotik kanpo.
2.Ezin da onartu herrialde batean legeen, hitzarmenen, erregelamenduen edo ohituren ondorioz aitortutako edo indarrean dauden oinarrizko giza eskubideak murriztea edo horiei kalte egitea, aitzakiatzat jarriz itun honek ez dituela horiek aitortu edo babes gutxiagorekin aitortu dituela.
III. zatia
1.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute lan egiteko eskubidea, horrek bere baitara biltzen duela pertsona orok duen eskubidea, bizimodua ateratzeko aukera izateko, askatasunez aukeratu edo onartutako lanaren bidez, eta neurri egokiak hartuko dituzte eskubide hori bermatzeko.
2.Eskubide horren erabateko eragingarritasuna lortzeko itun honetako estatu alderdi bakoitzak hartu beharko dituen neurrien artean izan beharko dira, orientazio eta prestakuntza tekniko-profesionala, ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapen iraunkorra lortzera bideratutako programa, arau eta tekniken prestaketa eta erabatekoa nahiz produktiboa den okupazioa, denak ere gizakiaren askatasun politiko eta ekonomikoak bermatzen dituzten baldintzen mende izango direla.
Itun honetako estatu-alderdiek aitortzen dute pertsona orok duen eskubidea, lan-baldintza bidezko eta egokiak izateko; lan-baldintza horiek pertsona guztiei ziurtatuko dizkiete:
a) Ordainsariak, langileei begira eratorriko dituztenak, gutxienez:
i) Alokairu bidezkoa eta berdina, balio bera duen lanarengatik, inolako bereizkeriarik gabea; bereziki, emakumeei gizonen pareko lan-baldintzak ziurtatu behar zaizkie, alokairu bera ordainduz lan bera egiteagatik;
ii) Duintasunez bizitzeko baldintzak, eurentzat eta euren familiakoentzat, itun honetako xedapenekin bat etorriz;
b) Laneko segurtasun eta higienea;
c) Guztientzat aukera bera, aurrerakuntza izateko, euren lanean, goragoko kategoria egokia eskuratzeari dagokionez, horretarako kontuan hartuko diren inguruabar bakarrak izango direla zerbitzuak emanez jardundako denbora eta gaitasuna;
d) Atsedena, aisialdia baliatzea, lanorduak zentzuz mugatzea eta aldizkako opor ordainduak, bai eta jaiegunetako ordainsariak ere.
1.Itun honetako estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, bermatzeko:
a) Pertsona orok duen eskubidea, sindikatuak sortu eta aukeratutako horretan afiliatzeko, kasuan kasuko erakundearen estatutuak izanik horretarako muga bakarra, bere ekonomia- eta gizarte-interesak sustatu eta babesteko.Eskubide hori egikaritzeari dagokionez ez da murrizketarik ezarriko, legeak ezarritakoez landa; orobat, azken murrizketa horiek beharrezkoak izan beharko dute, gizarte demokratiko batean, segurtasun nazionalari nahiz ordena publikoari, edo gainerakoen eskubide eta askatasunak babesteari begira;
b) Sindikatuen eskubidea, federazio edo konfederazio nazionalak sortzeko, eta horien eskubidea nazioarteko sindikatu-erakundeak sortzeko edo horietan afiliatzeko;
c) Sindikatuen eskubidea, oztoporik gabe eta murrizketarik gabe jarduteko, legeak ezarritakoez landa; orobat, azken oztopo eta murrizketa horiek beharrezkoak izan beharko dute, gizarte demokratiko batean, segurtasun nazionalari nahiz ordena publikoari, edo gainerakoen eskubide eta askatasunak babesteari begira;
d) Greba-eskubidea, herrialde bakoitzeko legeekin bat etorriz egikarituko dena.
2.Artikulu honek ez du eragotziko lege-murrizketak ezartzea eskubide horien egikaritzari, eskubideok egikaritu behar dituztenean indar armatuen, poliziaren edo Estatuko Administrazioaren kideek.
3.Artikulu honetan xedatutakoak ez die baimenik emango, 1948ko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Hitzarmenean, sindikatu-askatasunari eta sindikatuko kide egiteko eskubidea babesteari buruzkoan, alderdi diren estatuei, legegintzazko neurriak hartzeko, halakoek kalte egiten dietenean hitzarmen horretan jasotako bermeei, edo legea aplikatzeko, berme horiei kalte egiteko moduan.
Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona orok Gizarte Segurantzarako duen eskubidea, bai eta gizarte-asegururako ere.
Itun honetako estatu-alderdiek hurrengoa aitortzen dute:
1.Familiari, gizartearen osagai natural eta funtsezkoa den heinean, eman behar zaio ahalik eta babesik eta laguntzarik handiena, bereziki, familia era dadin, eta familia bere ardurapeko seme-alaben zaintzaz eta hezkuntzaz arduratu behar den bitartean.Ezkontza egin beharko da ezkongaien adostasun askearekin.
2.Amei babes berezia eman behar zaie, zentzuzko epealdian, haurra jaio aurretik zein ostean.Epealdi horretan, lan egiten duten amei lizentzia eman behar zaie, ordainsariekin batera edo Gizarte Segurantzako behar besteko prestazioekin batera.
3.Babes- eta laguntza-neurri bereziak hartu behar dira, haur eta nerabe guztien mesedetan, inolako bereizkeriarik egin gabe, seme-alabatasunaren edo beste edozein ezaugarriren ondorioz.Haurrak eta nerabeak babestu behar dira ekonomia- eta gizarte-esplotazioaren aurka.Halakoak enplegatzen badira euren moralarentzat eta osasunarentzat kaltegarriak diren lanetan, edo euren bizitzarentzat arriskutsuak diren lanetan edo lan horiekin euren garapen normalari kalte egiteko arriskua sortzen bada, legeak enplegatze horiek zehatuko ditu.Halaber, estatuek adinaren inguruko mugak ezarri behar dituzte, muga horietatik behera debekatuta eta legeak zehatuta egongo dela haurren lan-eskua alokairuko gisa enplegatzea.
1.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona orok duen eskubidea, norberak eta norberaren familiak bizitza-maila egokia izateko, baita elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak ere, eta bizitza-baldintzak etengabe hobetzeko.Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte eskubide horren eragingarritasuna ziurtatzeko, ondore horretarako aitortuko dutela nazioarteko lankidetzaren garrantzia, hori adostasun askean oinarritzen denean.
2.Itun honetako estatu alderdiek, aitortuz pertsona orok duen oinarrizko eskubidea, gosearen aurka babestua izateko, beharrezko neurriak hartuko dituzte, programa zehatzak ere barnean direla, banaka eta nazioarteko lankidetzaren bidez:
a) Elikagaien ekoizpen-, kontserbazio- eta banaketa-metodoak hobetzeko, jakitate tekniko eta zientifikoak erabat erabiliz, elikadurari buruzko printzipioak hedatuz eta nekazaritza-araubideak hobetuz edo eraldatuz, aberastasun naturalen ustiapen eta erabilera eragingarriak lor daitezen;
b) Ziurtatzeko munduko elikagaien banaketa bidezkoa izatea, beharrizanen araberakoa, aintzat hartuz elikadura-produktuak inportatzen edo esportatzen dituzten herrialdeei sor dakizkiekeen arazoak.
1.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona orok duen eskubidea, osasun fisiko eta mental mailarik ahalik handiena izateko.
2.Eskubide horren erabateko eragingarritasuna ziurtatzeko, itun honetako estatu alderdiek hartu beharko dituzten neurrien artean izango dira beharrezkoak direnak:
a) Hilda jaiotakoen tasa eta haurren hilkortasun-tasa murrizteko, eta haurrak osasuntsu hazteko;
b) Laneko eta ingurumenaren higieneari buruzko alde guztiak hobetzeko;
c) Gaixotasun epidemikoak, endemikoak, lanbide-izaerakoak eta beste mota batekoak prebenitu eta tratatzeko, eta horien aurka borrokatzeko;
d) Baldintzak sortzeko, gaixotasun-kasuetan mediku-laguntza eta -zerbitzuak ziurtatze aldera.
1.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona orok hezkuntzarako duen eskubidea.Adostu dute hezkuntza bideratu behar dela gizakien nortasuna eta gizakiaren duintasunaren zentzua erabat garatzera, eta hezkuntzak indartu behar duela giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua.Orobat, adostu dute hezkuntzak pertsona guztiak gaitu behar dituela, eragingarritasunez parte hartzeko gizarte aske batean, ulermena, tolerantzia eta adiskidetzea ahalbidetzeko nazio guztien artean eta arraza-, etnia- edo erlijio-talde guztien artean, eta Nazio Batuen jarduerak sustatzeko, bakea izatearen alde.
2.Itun honetako estatu alderdiek hurrengoa aitortzen dute, eskubide horren erabateko egikaritza lortzeko helburuarekin:
a) Lehen irakaskuntza nahitaezkoa eta eskuragarria izan behar da denentzat, dohainik;
b) Bigarren irakaskuntza, horren mota desberdinetan, baita bigarren irakaskuntza teknikoa edo lanbide-izaerakoa ere, orokorra izan behar da eta denentzat eskuragarria, horretarako baliabide egoki guztiak erabiliko direla, eta bereziki, dohaineko irakaskuntza arian-arian ezarriko dela;
c) Goi-mailako irakaskuntza ere denentzat eskuragarri izan behar da, bakoitzak duen gaitasunaren arabera, horretarako egoki diren baliabide guztiak erabiliko direla, eta, bereziki, dohaineko irakaskuntza arian-arian ezarriko dela.
d) Lehen hezkuntzako zikloa osorik egin edo amaitu ez duten pertsonei begira, ahal den neurrian, oinarrizko hezkuntza suspertu edo indartu behar da;
e) Modu aktiboan jarraitu behar da eskola-sistema garatzen, irakaskuntzako ziklo guztietan, beken sistema egokia ezarri behar da, eta irakasleen baldintza materialak etengabe hobetu behar dira.
3.Itun honetako estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute gurasoen eta, hala denean, legearen araberako tutoreen askatasuna errespetatzeko, dela euren seme-alaba edo tutoretzapekoei begira eskolak aukeratzeko, agintari publikoek sortutakoez landa, betiere, eskola horiek betetzen badituzte estatuak irakaskuntza-arloan ezarri edo onetsitako gutxieneko arauak, dela euren seme-alabek edo tutoretzapekoek euren pentsaerarekin bat datorren erlijio- edo moral-heziketa izateko.
4.Artikulu honetan xedatutakoa ez da interpretatuko subjektu pribatuek eta entitateek irakaskuntza-erakundeak ezarri eta zuzentzeko duten askatasunaren murrizketa gisa, baldin eta horiek errespetatzen badituzte 1. paragrafoan aipatutako printzipioak, eta erakunde horietan irakatsitako hezkuntza bat badator estatuak ezarritako gutxieneko arauekin.
Itun honetako estatu alderdi guztiek, itun horren alderdi egiteko unean, ezin izan badute ezarri euren metropoli-lurraldean edo euren jurisdikziopeko beste lurralde batzuetan lehen irakaskuntza nahitaez eta dohainik, konpromisoa hartzen dute, bi urteko epean ekintza-plan zehaztua egin eta onartzeko, denentzat nahitaezko eta dohaineko irakaskuntzaren printzipioa arian-arian aplika dadin, planean finkatutako urte kopuru jakin eta zentzudun batean.
1.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dute pertsona ororen eskubidea:
a) Kultura-bizitzan parte hartzeko;
b) Aurrerapen zientifikoen eta horien aplikazioen onurak baliatzeko;
c) Interes moral eta materialen inguruko babesaren onuradun izateko, interes horiek eratortzen direnean ekoizpen zientifiko, literario edo artistikoen egile izateagatik.
2.Eskubide horren erabateko egikaritza ziurtatzeko, itun honetako estatu alderdiek hartu beharko dituzten neurrien artean izango dira beharrezkoak direnak zientzia eta kultura kontserbatu, garatu eta hedatzeko.
3.Itun honetako estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, ikerketa zientifikorako eta sormen-jarduerarako behar den askatasuna errespetatzeko.
4.Itun honetako estatu alderdiek aitortzen dituzte, nazioarteko lankidetza eta harremanak suspertu eta garatzearen ondorioz sortzen diren onurak zientzia- eta kultura-esparruetan.
1.Itun honetako estatu alderdiek txostenak aurkezteko konpromisoa hartzen dute, ituneko zati honekin bat etorriz, hartu dituzten neurrien inguruan, eta izandako aurrerapenen inguruan, bertan aitortutako eskubideen errespetua ziurtatzeko helburuarekin.
2.a) Txosten guztiak Nazio Batuetako idazkari nagusiari aurkeztuko zaizkio, eta horrek kopiak helaraziko dizkio Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari, txostenok azter ditzan itun honetan xedatutakoarekin bat etorriz;
b) Nazio Batuetako idazkari nagusiak erakunde espezializatuei ere helaraziko dizkie itun honetako estatu alderdiek bidalitako txostenen edo horien kasuan kasuko zatien kopiak, betiere, estatu alderdi horiek erakunde espezializatu horietako kide ere badira, eta txosten edo txosten-zati horiek halako erakundeen eskumeneko gaiekin zerikusia badute, erakunde horien eratze-agiriekin bat etorriz.
1.Itun honetako estatu alderdiek etapaka aurkeztuko dituzte txostenak, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak ezarriko duen programaren arabera, itun hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, aldez aurretik estatu alderdiak eta erakunde espezializatu interesdunak kontsultatuta.
2.Txostenek aipatu ahal izango dituzte itun honetako betebeharrak ez betetzeko dauden inguruabar eta zailtasunak.
3.Estatu alderdi batek informazio egokia aurretiaz Nazio Batuei edo espezializatutako erakunderen bati eman dionean, ez da beharrezkoa izango informazio hori errepikatzea, nahikoa izango dela horren aipamen zehatza egitea.
Nazio Batuen Gutunak giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen alorrean egindako eratxikipenen ondorioz, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak akordioak egin ahal izango ditu erakunde espezializatuekin, halako erakundeek txostenak aurkez ditzaten itun honetako xedapenak betetzearen inguruan, xedapenok euren jardueren esparruarekin bat egiten dutenean.Txosten horiek zehaztasunak jaso ahal izango dituzte, xedapen horiek betetzeari dagokionez erakunde horietako organo eskudunek onetsitako erabaki eta gomendioen inguruan.
Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Giza Eskubideen Batzordeari helarazi ahal izango dizkio, aztertzeko eta izaera orokorreko gomendioak egiteko, edo informaziorako, bidezkoa denaren arabera, estatuei 16 eta 17. artikuluekin bat etorriz giza eskubideen gainean aurkeztutako txostenak, eta 18. artikuluarekin bat etorriz erakunde espezializatuek giza eskubideei buruz aurkeztutako txostenak.
Itun honetako estatu alderdiek eta erakunde espezializatu interesdunek Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari oharrak aurkeztu ahal izango dizkiote 19. artikuluaren ondorioz izaera orokorrarekin egindako gomendioen inguruan edo izaera orokorreko gomendio horiei buruz egindako aipamenen inguruan, aipamenok jaso direnean Giza Eskubideen Batzordeko txosten batean edo txosten horretan aipatutako agiri batean.
Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak noizean behin Biltzar Orokorrari aurkeztu ahal izango dizkio izaera orokorreko gomendioak dituzten txostenak, bai eta itun honetako estatu alderdietatik eta erakunde espezializatuetatik jasotako informazioaren laburpena ere, informazio hori denean itun honetan zein eskubide aitortu eta eskubide horien errespetu orokorra lortzeko hartutako neurriei eta izandako aurrerapenei buruzkoa.
Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Nazio Batuetako beste organo batzuen, bere organo subsidiarioen eta laguntza teknikoa ematen duten erakunde espezializatu interesdunen esku utzi ahal izango du itunaren zati honetako txostenek eratorritako arazoetatik edozein, arazo horiek balio dezaketenean erakunde horiek erabakia hartzeko, euren eskumenen esparruan, nazioarteko neurrien egokitasunari buruz, neuri horiek lagun dezaketenean itun hau eragingarritasunez eta arian-arian aplikatzeko.
Itun honetako estatu alderdiek adostu dute, itun honetan zein eskubide aitortu eta eskubide horien errespetua ziurtatzeko xedea duten neurriek, halakoak nazioarteko ordenakoak direnean, euren baitara prozedurak biltzen dituztela, hala nola, hitzarmenak burutu, gomendioak onetsi, laguntza teknikoa eman eta erregio-mailako bilerak eta bilera teknikoak egitea, kontsultak eta azterketak gauzatzeko, horiek gobernu interesdunekin lankidetzan antolatuko direla.
Itun honetako xedapenak ezin dira interpretatu Nazio Batuetako Gutunaren xedapenen kaltetan, ezta ere, Nazio Batuetako organo desberdinen eskumenak zehazten dituzten erakunde espezializatuen konstituzioen kaltetan edo itunaren gaien araberako erakunde espezializatuen konstituzioen kaltetan.
Itun honetako xedapenak ezin dira interpretatu herri guztiek euren aberastasun eta baliabide naturalak oso-osoan eta askatasunean izan eta erabiltzeko duten eskubidearen kaltetan.
1.Itun hau sinatu ahal izango dute Nazio Batuetako edo erakunde espezializatuetako estatu kide guztiek, bai eta Nazioarteko Justizia Gortearen Estatutuko estatu alderdi guztiek eta Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak itun honetako alderdi izatera gonbidatutako beste edozein estatuk ere.
2.Itun hau berretsi beharko da.Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.
3.Itun honi artikulu honetako 1. paragrafoan aipatu estatuetarik edozein atxiki ahal izango zaio.
4.Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.
5.Nazio Batuetako idazkari nagusiak itun hau sinatu duten edo itun honi atxiki zaien estatu guztiei jakinaraziko die berreste- edo atxikitze-agiri bakoitzaren gordailua.
1.Itun hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeita hamabosgarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hiru hilabetera.
2.Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeita hamabosgarrena gordailutu ondoren ituna berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat ituna indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hiru hilabete igaro ondoren.
Itun honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei, mugarik eta salbuespenik gabe.
1.Itun honetako estatu alderdi orok zuzenketak proposatu eta, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu ere ahal izango ditu horiek.Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko dizkie estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamenak aztertu eta horien inguruko botazioa egiteko.Estatu alderdietarik, gutxienez, heren batek konferentziaren alde egiten badu, idazkari nagusiak deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean.Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta Nazio Batuen Biltzar Orokorraren mende utziko da horiek onestea.
2.Zuzenketa horiek indarrean jarriko dira, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onetsi eta itun honetako estatu alderdietarik bi hereneko gehiengoak onartzen dituenean, euren konstituzio-prozedurekin bat etorriz.
3.Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, itun honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.
26. artikuluko 5. paragrafoan jasotako jakinarazpenak gorabehera, Nazio Batuetako idazkari nagusiak artikulu bereko 1. paragrafoan aipatu estatu guztiei komunikatuko dizkie:
a) 26. artikuluan xedatutakoarekin bat datozen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
b) 27. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz itun hau indarrean jartzeko data, eta 29. artikuluak aipatutako zuzenketak indarrean jartzeko data.
1.Itun hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden itun-testuak.
2.Nazio Batuetako idazkari nagusiak itun honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie 26. artikuluan aipatutako estatu guztiei.