Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Desgaituen eskubideak

Buruko gaixotasuna duten gaixoak babesteko eta buruko osasunaren arreta hobetzeko printzipioak

1991-12-17

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Buruko gaixotasuna duten gaixoak babesteko eta buruko osasunaren arreta hobetzeko printzipioak

Biltzar Orokorrak onetsiak, 1991ko abenduaren 17ko 46/119 ebazpenean

Aplikazioa

Printzipio hauek aplikatuko dira inolako bereizkeriarik gabe ezgaitasun-, arraza-, kolore-, sexu-, hizkuntza-, erlijio-arrazoiengatik, politikako edo bestelako iritziagatik, jatorri nazionala, etnikoa edo sozialagatik, egoera zibila edo gizarte-baldintza, adina, ondare edo jaiotzagatik.

Definizioak

Printzipio hauetan:

a) «Defendatzaile» gisa ulertuko da legezko ordezkaria edo beste ordezkari aditua;

b) «Agintari independente» gisa ulertuko da agintari eskuduna eta independentea, nazio-legeriak izendatua;

c) «Buruko osasun-arreta» gisa ulertuko da pertsona baten buruko osasunaren egoeraren azterketa eta diagnostikoa, eta buruko gaixotasun egiazko edo ustezkoari aplikatutako tratamendua, zaintza eta birgaikuntza-neurriak.

d) «Erakunde psikiatriko» gisa ulertzen da buruko osasun-arreta duen establezimendu oro edo establezimenduaren bulego oro, lehen eginkizuna halakoa duena

e) «Buruko osasunaren profesional» gisa ulertuko da mediko, psikologo klinikoa, erizaintza-profesionala, gizarte-langilea edo beste pertsona bat, behar bezala gaitua eta trebatua dena, buruko osasun-arretarekin zer ikusia duen espezialitate batean.

f) «Gaixo» dela ulertuko da laguntza psikologikoa hartzen duen pertsona; erakunde psikiatrikoan sartzen den pertsona orori dagokio;

g) «Pertsonaren ordezkari» gisa ulertuko da edozein arlo zehatzetan gaixoaren interesak ordezkatzeko edo gaixoaren izenean eskubide bereziak egikaritzeko eginbeharra, legeak zein pertsonari eman eta pertsona hori; berorrek barneratzen dituela adingabearen gurasoa edo legezko tutorea, nazio-legeriak bestelakoa ezartzen ez badu;

h) «Berrikuspen organo» gisa ulertuko da 17. printzipioaren arabera ezarritako organoa, berorrek berriz aztertu dezan gaixoa erakunde psikiatrikoan sartzea edo gaixoak nahi gabe bertan edukitzea.

Mugapenaren klausula orokorra

Printzipio hauetan aipatu eskubideak egikaritzea bakar-bakarrik legeak ezarritako mugapenen menpe geratzen da, mugapen horiek beharrezkoak badira kasuan kasuko pertsonaren edo pertsonen osasuna eta segurtasuna babesteko, edo jendearen segurtasuna, ordena, osasuna eta morala publikoak edota hirugarrenen eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko.

1. printzipioa

Oinarrizko askatasunak eta funtsezko eskubideak

1. Pertsona guztiek dute eskubidea buruko osasunaren arloan, ahalik eta arretarik onena izateko, buruko osasuna osasun-laguntza eta gizarte-laguntza sistemaren arlo bat izango delarik.

2. Buruko gaixotasuna duten pertsona guztiak edo arrazoi horiek direla eta, laguntza duten pertsonak gizalegez eta gizakiari datxekion duintasuna errespetatuz tratatuko dira.

3. Buruko gaixotasuna duten pertsona guztiek edo arrazoi horrengatik laguntza duten pertsonek eskubidea dute babesa izateko esplotazio ekonomikoaren aurka, sexu-esplotazio edo bestelako esplotazioaren aurka, tratu txarren edo bestelako tratuen aurka eta tratu apalesgarriaren aurka.

4.Ezin da bereizkeriarik egin buruko gaixotasun-arrazoiengatik.«Bereizkeria» gisa ulertuko da edozein bereizketa, baztertze edo lehenespen, horien emaitza bada eskubideen gozamena eragoztea edo gutxiestea, berdintasun baldintzetan.Buruko gaixotasuna duten pertsonen eskubideak babesteko helburu bakarrarekin onetsitako neurri bereziak edo horien hobekuntza bermatzeko onetsitakoak ez dira bereizkeria gisa hartuko.Bereizkeriak ez du barneratzen, printzipio hauen xedapenen arabera, inolako bereizketa, baztertze edo lehenespenik, halakoa premiazkoa bada buruko gaixotasuna duen pertsonaren edo beste pertsonen giza eskubideak babesteko .

5.Buruko gaixotasuna duten pertsona guztiek dute eskubidea eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialak egikaritzeko, horiek aitortuta baitaude Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Ekonomia-, Gizarte-, eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunean, Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunean eta beste instrumentu egokietan, dela Ezinduen Eskubideen Adierazpenean, dela atxilotuta edo kartzelan dauden pertsonen babeserako Printzipioen multzoan.

6.Buruko gaixotasunagatik pertsona batek gaitasun juridikorik ez duela erabakitzeko eta ezgaitasun horren ondorioz ordezkari pertsonala izendatzea erabakitzeko, aurretiaz nazio-legeriak ezarritako auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean ekitatearen araberako entzunaldia egin beharko da.Zein pertsonaren gaitasunaz aritu eta pertsona horrek eskubidea izango du defendatzaile bat izateko, bera ordezka dezan.Zein pertsonaren gaitasunaz aritu eta pertsona horrek ez badu bere kabuz lortzen ordezkaririk, zerbitzu horiek ordaintzeko baliabide nahikorik ez duen neurrian, halakoa jarriko da bere esku, berarentzat kargurik gabe.Defendatzaileak ezin izango ditu ordezkatu jarduera berberetan erakunde psikiatrikoa, ezta horko langileak ere, edota zein pertsonaren gaitasunaz aritu eta pertsona horren senidea ere, auzitegiak frogatu ezik ez dagoela inolako interes-gatazkarik.Gaitasuna eta ordezkari pertsonalaren premiei buruzko erabakiak nazio-legeriak ezarritako bidezko epeetan berrikusiko dira.Zein pertsonaren gaitasunaz aritu eta pertsona horrek, bere ordezkari pertsonalak, halakorik izanez gero, eta beste edozein interesdunek dute eskubidea erabaki hori goragoko auzitegi batera eramateko.

7.Gorteak edo beste auzitegi eskudunak zehazten dutenean buruko gaixotasuna duen pertsonak ezin duela bere arazoei aurre egin, beharrezko neurriak hartuko dira, pertsona horren egoerak behar duen heinean eta berarentzat egokia den heinean, bere interesen babesa bermatzeko.

2. printzipioa

Adingabeen babesa

Arreta berezia jarriko da, printzipio honen proposamenen arabera eta adingabeen babesaren nazio-legearen markoan, adingabeen eskubideak babesteko; horretarako, beharrezkoa bada, legezko ordezkaria izendatuko da, familiakoa ez dena.

3. printzipioa

Erkidegoan bizitzea

Buruko gaixotasuna duen pertsona orok du eskubidea erkidegoan bizitzeko eta, ahal den neurrian, bertan lan egiteko.

4. printzipioa

Buruko gaixotasuna zehaztea

1. Pertsona batek buruko gaixotasuna duela zehazteko nazioarte-mailan onartutako mediku-arauak aintzat hartuko dira.

2. Buruko gaixotasuna zehazteko ezin izango da inoiz ere oinarri hartu politika-, ekonomia- edo gizarte-baldintza, kultura-, arraza- edo erlijio-talde batera afiliatzea, edo beste edozein arrazoi, zuzenean zer ikusirik ez duena buruko osasunaren egoerarekin.

3. Familia edo lanbideen arteko gatazkak edo pertsonaren erkidegoan gailendutako balio moral, sozial, kultural edo politikoekin edota erlijio-sinesmenarekin bat ez etortzeak ezin dute, inola ere, faktore erabakigarria izan buruko gaixotasuna diagnostikatzeko.

4. Gaixo batek ondoz ondoko tratamendu edo ospitaleratze zerrenda bat izatea, berez ez da izango nahikoa, oraingoan zein etorkizunean, buruko gaixotasuna duela baieztatzeko.

5. Inork, norbanako nahiz agintari, ezin izango du pertsona bat buruko gaixotasuna duen pertsona gisa sailkatu, ezta beste modu batean adierazi ere, pertsona horrek buruko gaixotasuna duenik, salbu eta buruko gaixotasunarekin edo horren ondorioekin zuzenean zer ikusia duten helburuetarako denean.

5. printzipioa

Mediku-azterketa

Inor ezin izango da behartu mediku-azterketa bat egitera, buruko gaixotasuna duen ala ez zehazteko helburuarekin, ez bada azterketa hori egiten nazio-zuzenbideak baimendutako prozedura baten arabera.

6. printzipioa

Isil-gordea

Printzipio hauek nori aplikatu eta pertsona horiek, eurei dagokien informazioa, isilean gordetzeko duten eskubidea errespetatuko da.

7. printzipioa

Erkidegoaren eta kulturaren garrantzia

1. Gaixo orok du eskubidea, ahal den neurrian, bizi den erkidegoan tratatua eta artatua izateko.

2. Tratamendua erakunde psikiatrikoan egiten denean, gaixoak eskubidea du, ahal den neurrian, etxetik hurbil edo familiaren edo lagunen etxetik hurbil tratatua izateko, eta, oro har, eskubidea izango du ahalik eta lasterren erkidegora itzultzeko.

3. Gaixo orok du eskubidea bere aurrekari kulturalei egokitzen zaien tratamendua izateko.

8. printzipioa

Arreta-arauak

1. Gaixo orok du eskubidea bere osasunaren beharrizanei dagokien osasun- eta gizarte-arreta izateko, eta gainerako gaixoei aplikatzen zaizkien arau berberen arabera tratatua izateko.

2. Gaixo orori babesa emango zaio edozein kalteren aurrean, barne hartuta medikamentuak bidegabe ematea, beste gaixoen aldetik, langileen aldetik edo beste pertsonen aldetik tratu txarrak pairatzea edota beste egintza batzuk, horiek buruko estutasuna edo ondoeza eragiten badute.

9. printzipioa

Tratamendua

1. Gaixo orok du eskubidea murrizketa gutxien ezartzen dituen giro batean tratatua izateko eta ahalik eta murrizketa eta aldaketa gutxien duen  tratamendua jasotzeko, bere osasun-beharrizanei dagokiena eta hirugarrenen segurtasun fisikoa babesten duena.

2. Gaixo bakoitzaren tratamendua eta zainketak, banan-banan agindutako plangintzan oinarrituko dira, eta plangintza hori gaixoarekin aztertuko da, aldian-aldian berrikusi eta unea heltzen denean ere, aldatu eta lanbide aditu batek aplikatuko du.

3. Laguntza psikiatrikoa beti emango da buruko osasunaren inguruko profesionalen arau etiko egokien arabera, batik bat, nazioarteko mailan onarturiko etika medikoaren printzipioen arabera, printzipio horiek aplikatzen zaizkiela osasun-langileei eta, bereziki, medikuen eginkizunari, presoak eta atxilotuak babesteko, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsitako torturaren eta tratu txarren edo zigor krudelen, gizabidezko ez direnen edo apalesgarrien aurka. Psikiatria-ezaguerak eta -teknikak ezin izango dira, inola ere, bidegabe erabili.

4.Gaixo bakoitzaren tratamendua bere burujabetasuna babestera eta suspertzera bideratuko da.

10. printzipioa

Medikazioa

1.Medikazioak gaixoaren osasunaren oinarrizko beharrizanak beteko ditu eta bakar-bakarrik helburu terapeutikoekin edo diagnostikoa egiteko emango da, eta inoiz ere ez, zigor bezala edo hirugarrenen komenigarritasunerako.11.infraprintzipioaren 15. paragrafoaren xedapenekin bat etorriz, buruko osasuneko profesionalek bakar-bakarrik emango dituzte zein medikamenturen eragingarritasuna ezagutu eta frogatu, eta horiek.

2.Medikazio oro buruko osasuneko profesionalak, legez baimenduta dagoenak aginduko du, eta medikazioa gaixoaren historian erregistratuko da.

11. printzipioa

Tratamendua egiteko adostasuna

1.Gaixoari ezin izango zaio inolako tratamendurik egin, berak jakitun izanik eta horretarako emandako adostasuna lortu gabe, salbu printzipio honen 6, 7, 8, 13 eta 15. paragrafoetan aurreikusitako kasuetan.

2.Jakitun izanik emandako adostasuna da askatasunez, mehatxu gabe eta modu makurrean konbentzitu gabe lortutako adostasuna, gaixoari informazio egokia eta ulergarria eman ondoren, berak ulertzeko modu eta hizkuntza batez, hurrengoari buruz:

a) Diagnostikoa eta horren ebaluazioa;

b) Proposatutako tratamenduaren helburua, metodoa, izan dezakeen iraupena eta lortu nahi diren onurak;

c) Osterantzeko tratamendu-modalitateak, ahalik eta aldaketa gutxien eragiten dituztenak barne:

d) Proposatutako tratamenduak eragin ditzakeen minak eta eragozpenak, arriskuak eta ondorioak.

3.Gaixoak eska dezake adostasuna emateko jarraitutako prozeduraren bitartean, berak aukeratutako pertsona bat edo gehiago bertan egotea.

4.Gaixoak eskubidea du tratamendua egiteari uko egiteko edo tratamendua eteteko, salbu printzipio honen 6, 7, 8, 13 eta 15. paragrafoetan aurreikusitako kasuetan.Gaixoari adierazi egin beharko zaio tratamendua ez egiteko edo eteteko erabakiak dituen ondorioak.

5.Ez da gaixorik bultzatu edo konbentzitu behar, aurretiaz jakitun izanik eman duen adostasuna adierazteko eskubideari uko egiteko.Gaixoak halakoa egitea nahi duen kasuan, adieraziko zaio tratamendua ezin dela egin jakitun izanik berak emandako adostasunik gabe.

6.Printzipio honen 7, 8, 12, 13, 14 eta 15. paragrafoetan xedatutakoa salbu, proposatutako tratamenduaren plangintza bat aplikatu ahal izango da gaixoa jakitun izanik emandako adostasunik gabe, ondorengo inguruabarretan:

a) Gaixoa noiz tratatu eta garai horretan nahi gabeko gaixoa denean;

b) Informazio egoki guztia duen agintari independenteak, printzipio honen 2. paragrafoan zehaztutako informazioa barne, egiaztatzen duenean, gaixoa noiz tratatu eta garai horretan gaixoa ez dela gai proposatutako tratamenduaren plangintzari jakitun izanik adierazitako adostasuna emateko edo horri uko egiteko edo, nazio-legeriak halakoa aurreikusten duenean, aintzat hartuta gaixoaren eta hirugarrenen segurtasuna, gaixoak adostasuna emateari arrazoirik gabeko modu batez uko egin diola.

c) Agintari independenteak egiaztatzen duenean, proposatutako tratamenduaren plangintza dela egokiena gaixoaren osasun-beharrizanak artatzeko.

7.6.supraparagrafoaren xedapena ez da aplikatuko gaixoak legez ahalmendutako ordezkari pertsonala duenean, gaixoaren tratamenduari dagokion adostasuna emateko; nolanahi ere, printzipio honen 12, 13, 14 eta 15. paragrafoetan aurreikusitako kasuak salbu, gaixo horri tratamendua aplikatu ahal izango zaio jakitun izanik emandako adostasunik gabe, bakar-bakarrik, printzipio honen 2. paragrafoan aipatu informazioa eman ondoren, ordezkari pertsonalak, gaixoaren izenean, adostasuna eman duenean.

8.Printzipio honen 12, 13, 14 eta 15. paragrafoetan xedatukoa salbu, edozein gaixori aplikatu ahal izango zaio tratamendu bat, jakitun izanik emandako adostasunik gabe, buruko osasuneko profesional adituak, legez baimendutakoak, zehazten duenean tratamendu hori presazkoa eta beharrezkoa dela, gaixoari edo hirugarrenei gertuko edo berehalako kalte egitea eragozteko. Tratamendu hori ezin izango da aplikatu helburua lortzeko behar-beharrezkoa den epea baino gehiago.

9. Edozein tratamendu egitea baimentzen denean, gaixoa jakitun izanik emandako adostasunik gabe, ahal den guztia egingo da gaixoari jakinarazteko tratamenduaren izaera zein den eta egon daitezkeen beste tratamenduen berri emateko, eta baita lortzeko ere, gaixoak parte har dezala, ahal denean, tratamenduaren plangintzaren aplikazioan.

10.Tratamendu oro berehala erregistratuko da gaixoaren historia klinikoan eta bertan adieraziko da hori borondatezkoa ala nahi gabekoa izan den.

11.Gaixoa ez da geratuko murrizketa fisikoen menpe, ezta nahi gabeko giltzapean, erakunde psikiatrikoak modu ofizialean onartuko prozeduren arabera izan ezik, eta soil-soilik hori denean bide bakarra gaixoari edo hirugarrenei gertuko edo berehalako kalte egitea eragozteko.Eginera horiek ezin izango dira luzatu helburua lortzeko behar-beharrezkoa den epea baino gehiago.Murrizketa fisiko edo nahi gabeko giltzapetze kasu ororen arrazoiak, izaera eta iraupena gaixoaren historia klinikoan erregistratuko dira.Murrizketaren menpe edo giltzapean dagoen gaixoa baldintza duinetan zainduko da,  langile adituen zaintzapean eta berehalako eta erregulartasunez egindako ikuskaritzapean. Gaixoen murrizketa fisiko edo nahi gabeko giltzapetze ororen berri, berehala emango zaie pertsonaren ordezkariei, halakoak badira eta hori egitea bidezkoa bada.

12.Ezin izango da inoiz ere esterilizazioa erabili buruko gaixotasunaren tratamendu gisa.

13.Buruko gaixotasuna duen pertsona bati bakar-bakarrik egin ahal izango zaizkio mediku-prozedura edo ebakuntza kirurgiko garrantzitsuak, nazio-legeriak halakoak baimentzen dituenean, uste bada hori dela egokiena gaixoaren osasun-beharrizanentzat eta gaixoak horretarako jakitun izanik adierazitako adostasuna ematen badu, salbu eta adostasun hori emateko gai ez denean, orduan prozedura edo ebakuntza soilik baimenduko baita aparteko azterketa egin ondoren.

14.Erakunde psikiatriko baten nahi gabeko gaixoei ezin izango zaie tratamendu psikokirurgikorik edo euren duintasuna aldatu dezakeen atzeraezinezko beste tratamendurik egin. Izan ere, tratamendu horiek, nazio-legeriak onartzen dituen heinean, beste edozein gaixori aplikatu ahal zaizkio, horretarako jakitun izanik adierazitako adostasuna eman badu edo kanpoko organo independente batek ziurtatzen badu adostasun hori badagoela eta tratamendua egokiena dela gaixoaren osasun-beharrizanentzat.

15. Gaixoari ezin zaizkio saiakuntza klinikorik egin, ezta tratamendu esperimentalik ere jakitun izanik emandako adostasunik gabe, gaixoa adostasuna emateko gai ez denean izan ezik; kasu horretan aipatu saiakuntza kliniko eta tratamendu esperimentalak egitea berrikuspen-organo eskudun eta independenteak onetsi beharko du, beren-beregi helburu horretarako ezarria izan bada.

16. Printzipio honen 6, 7, 8, 13, 14 eta 15. paragrafoetan zehaztutako kasuetan, gaixoak edo bere ordezkari pertsonalak, edota bestelako pertsona interesdunak, eskubidea dute organo judizialera edo beste organo independentera jotzeko, jasotako edozein tratamenduari dagokionez.

12. printzipioa

Eskubideei buruzko informazioa

1. Gaixo orori, erakunde psikiatrikoan sartzen denean, jakinaraziko zaizkio, sartu eta ahalik eta arinen eta berak ulertzeko moduko hizkuntzaz, printzipio hauekin bat etorriz eta nazio-legeriaren arabera, berari dagozkion eskubide guztiak. Informazioak bilduko ditu eskubideen adierazpena eta horiek egikaritzeko modua.

2. Gaixoa ez bada gai informazio hori ulertzeko, gaixoaren eskubideak bere ordezkari pertsonalari jakinaraziko zaizkio, halakorik badu eta hori egitea bidezkoa bada, eta gaixoaren interesak ordezkatzeko gaitasun gehien duten pertsona edo pertsonei, haiek ordezkatu nahi badituzte.

3. Beharrezko gaitasuna duen gaixoak eskubidea du pertsona bat izendatzeko, bere izenean jaso dezan informazioa, eta beste pertsona bat, erakundearen agintarien aurrean bere interesak ordezkatuko dituena.

13. printzipioa

Erakunde psikiatrikoetan izan beharreko eskubide eta baldintzak

1. Erakunde psikiatrikoan dagoen gaixo orok du eskubidea, bereziki, errespetatua izateko ondorengo kasuei dagokienez:

a) Legearen arabera pertsona gisa aitortua izateko, alderdi guzti-guztietan;

b) Bizitza pribatua;

c) Komunikatzeko askatasuna, erakundean dauden beste pertsonekin komunikatzeko askatasuna barne; mezu pribatuak zentsurarik gabe igortzeko eta jasotzeko askatasuna; aholkulari edo ordezkari pertsonala pribatuan hartzeko askatasuna eta, egokia denean, beste bisitariak ere; posta-zerbitzuak edo telefono-zerbitzuak, prentsa, irratia eta telebista eskura izateko askatasuna;

d) Erlijio- edo sinesmen-askatasuna.

2.Erakunde psikiatrikoetako ingurumena eta bizi-baldintzak, ahal dela, antzeko adina duten pertsonen bizi-baldintzetatik hurbil egon behar dira eta, batez ere, hurrengoak barneratuko dituzte:

a) Jolas-jardueretarako eta aisialdirako instalazioak;

b) Heziketarako instalazioak;

c) Eguneroko bizitzarako, aisialdirako eta komunikaziorako oinarrizko gaiak erosteko eta jasotzeko instalazioak;

d) Gaixoek euren aurrekari sozial eta kulturalei egokitutako zereginak egitera bideratutako instalazioak, eta horiek erabiltzeko kasuan kasuko suspergarria, eta baita erkidegoan gizarteratzea sustatzeko birgaikuntza-neurri egokiak aplikatzera bideratutakoak ere.Neurri horiek euren barruan hartzen dituzte bokazio-orientaziorako, bokazio-gaikuntzarako eta lanpostua eskuratzeko zerbitzuak, horiek ahalbidetzen badute gaixoek erkidegoan enplegua lortzea eta mantentzea.

3.Gaixoari ezin izango zaio, inola ere, derrigorrezko lanik ezarri.Gaixoaren eta erakundearen administrazioaren beharrizanekin bateragarriak diren mugen barruan, gaixoak aukera dezake egin nahi duen lan mota.

4.Erakunde psikiatrikoan gaixoak egiten duen lana ez da esplotazio-xede izangoGaixo orok du eskubidea, lanagatik gaixoa ez den pertsona bati lan horregatik ordaintzen zaion ordainsari berbera jasotzeko, nazio-lege edo -ohiturekin bat etorriz.Edozein modutan ere, gaixo orok du eskubidea bere lanagatik jasotzeko erakunde psikiatrikoak lan horrexegatik jasotzen duen ordainsariaren bidezko proportzioa.

14. printzipioa

Erakunde psikiatrikoek izan behar dituzten baliabideak

1.Erakunde psikiatrikoek beste edozein osasun-establezimendu batek izan ditzakeen baliabideak izango dituzte eta, batik bat:

a) Behar beste mediku eta profesional aditu eta behar beste lokal, gaixoak izan ditzan beharrezko intimitatea eta terapia-programa egokia eta aktiboa;

b) Diagnostiko- eta terapeutika-ekipoa gaixoentzat;

c) Lanbide-arreta egokia;

d) Tratamendu egokia, erregularra eta osoa, medikamentuak ematea barne.

2. Agintari eskudunek, maiztasun nahikoarekin, ikuskatuko dituzte erakunde psikiatriko guztiak, dela baldintzak, dela tratamendua nahiz gaixoekiko arreta, printzipio hauekin bat datozela bermatzeko.

15. printzipioa

Harrera-printzipioak

1. Pertsona batek behar badu tratamendua egitea erakunde psikiatrikoan, ahal den guztia egingo da nahi gabeko harrera saihesteko.

2. Erakunde psikiatrikoan harrera izatea kudeatuko da, beste erakunde batean, edozein gaixotasun dela eta, harrera izateko modu berberean.

3. Nahi gabeko harrera izan ez duen gaixo orok du eskubidea edozein unetan erakundea psikiatrikoa uzteko, salbu eta nahi gabeko gaixo moduan zaintzeko segurtasunak betetzen direnean, 16infraprintzipioan aurreikusitako eran; gaixoari eskubide horren berri emango zaio.

16. printzipioa

Nahi gabeko harrera

1. Pertsona batek erakunde psikiatriko batean nahi gabeko gaixo moduan harrera izateko edo nahi gabeko gaixo moduan atxikitzeko, lehenago hala nahitako gaixo moduan bertan onartua izan bada, mediku adituak, legez baimena duenak, ondorio horretarako zehaztu beharko du, 4supraprintzipioarekin bat etorriz, pertsona horrek buruko gaixotasuna duela eta aintzakotzat hartzen dituela hurrengoak:

a) Buruko gaixotasunagatik pertsona horrentzat edo hirugarrenentzat gertuko edo berehalako kaltea egiteko arrisku larria dagoela; edo

b) Buruko gaixotasun larria duen pertsona bati eta adimen-gaitasuna ukiturik duen pertsona bati, erakunde psikiatrikoan harrerarik ez emateak edo berori bertan ez atxikitzeak, gaixo horren egoera hondatu dezakeela edo gaixoari tratamendu egokia ematea eragotzi dezakeela, halakoa bakar-bakarrik aplika daitekeenean gaixoari erakunde psikiatrikoan harrera ematen bazaio, murrizketa gutxien dakarren aukeraren printzipioarekin bat etorriz. Paragrafo honen b) atalari dagokion kasuan, ahal dela, lehenengoarengandik aparte, buruko osasuneko bigarren profesional bati kontsulta egin behar zaio. Kontsulta hori eginez gero, nahi gabeko harrera edo atxikitzea ez da egingo bigarren profesionala horrekin bat ez badator.

2.Hasieran nahi gabeko harrera edo atxikitzea aldi labur baterako egingo da, gaixoa behaketan egoteko eta aurretiazko tratamendua emateko; epea nazio-legeriak zehaztuko du, berrikuspen-organoak gaixoari harrera ematea edo berori bertan atxikitzea gogoetatzen duen bitartean.Harrera emateko edo atxikitzeko arrazoiak luzatzeke jakinaraziko zaizkio gaixoari eta harrera ematea edo atxikitzea, eta horien arrazoiak jakinaraziko zaizkie, berebat, atzerapenik gabe eta zehaztasun osoz, berrikuspen-organoari, gaixoaren ordezkari pertsonalari, halakoa dagoenean, eta gaixoaren senideei ere, gaixoa horren aurka ez badago.

3.Erakunde psikiatrikoak nahi gabeko gaixoei harrera eman diezaieke bakar-bakarrik nazio-legeriak izendatutako agintari eskudunak horretarako ahalmena eman badio.

17. printzipioa

Berrikuspen-organoa

1.Berrikuspen-organoa organo judiziala da edo beste organo independente eta inpartziala, nazio-legeriak ezarritakoa eta nazio-legeriak ezarritako prozeduren arabera arituko dena.Bere erabakiak hartzeko buruko osasuneko bi profesional aditu eta independenteen laguntza izango du eta kontuan hartuko du horien aholkularitza.

2.16.supraprintzipioaren 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, berrikuspen-organoaren hasierako azterketa, pertsona batek nahi gabeko gaixo moduan harrera izatea edo atxikitzea erabakitzeko, ahalik eta arinen burutuko da, delako erabakia onartu ondoren, eta nazio-legeriak ezarritako prozedura xume eta irekien arabera egingo da.

3. Berrikuspen-organoak aldian-aldian aztertuko ditu nahi gabeko gaixoen kasuak, nazio-legeriak zehaztutako arrazoizko epeetan.

4. Nahi gabeko gaixo orok du eskubidea berrikuspen-organoari eskatzeko nazio-legeriak ezarritako arrazoizko epeetan, zer eta alta emateko eta hala nahitako gaixo moduan hartzeko.

5. Berrikuspen-organoak azterketa bakoitzean zehaztuko du 16.supraprintzipioaren 1. paragrafoan aipatu nahi gabeko harrera-baldintzak betetzen diren eta, bestela, gaixoari nahi gabeko gaixo moduan emango zaio alta.

6. Edozein unetan, buruko osasuneko profesional arduradunak zehazten badu ez direla betetzen baldintzak pertsona bat nahi gabeko gaixo moduan atxikitzeko, orduan pertsona horri nahi gabeko gaixo moduan alta ematea aginduko du.

7. Gaixoak edo ordezkari pertsonalak edo interesa duen edozein pertsonak du eskubidea gaixoari erakunde psikiatrikoan harrera emateko edo atxikitzeko erabakia goragoko auzitegira eramateko

18. printzipioa

Prozeduraren arloko bermeak

1. Gaixoak eskubidea du defendatzaile bat izendatzeko, horrek ordezka dezan gaixo moduan, edota ordezka dezan kexa edo gora-jotzeko prozesuan. Gaixoak ez badu lortzen halako zerbitzurik, zerbitzu horiek ordaintzeko baliabide nahikorik ez duen neurrian, defendatzaile bat jarriko zaio bere esku, berarentzat kargurik gabe.

2.Beharrezkoa bada, gaixoak interpretearen laguntza izateko eskubidea izango du.Zerbitzu horiek beharrezkoak direnean eta gaixoak lortzen ez dituenean, zerbitzu horiek ordaintzeko baliabide nahikorik ez duen neurrian, halakoak emango zaizkio, berarentzat kargurik gabe.

3.Gaixoak eta bere defendatzaileak eska dezakete eta edozein entzunalditan aurkez dezakete irizpen independente bat, gaixoaren buruko osasunaren inguruan eta beste txosten eta ahozko, idatzizko eta osterantzeko proba egoki eta onargarriak.

4.Gaixoari eta bere defendatzaileari emango zaizkie gaixoaren espedientearen kopiak eta aurkeztu beharreko txosten osoa edo agiria, kasu berezietan izan ezik, hau da, informazio zehatz batzuk ezagutaraztea gaixoaren osasuna larri kaltetuko lukeela uste denean edo hirugarren segurtasuna arriskuan jartzen dela uste denean.Nazio-legeriak ezarri ahala, gaixoari ematen ez zaion agiri oro ordezkari pertsonalari eta gaixoaren defendatzaileari eman beharko zaie, betiere isilpean egin ahal bada.Gaixoari jakinarazi ez bazaio agiriaren edozein zati, gaixoari berari edo bere defendatzaileari emango zaie horren berri, bai eta erabaki horren arrazoiak, erabakia epaileak berrikusteko geratzen dela.

5.Gaixoak eta bere ordezkari pertsonalak eta defendatzaileak eskubidea dute entzunaldira joateko eta bertan parte hartzeko eta, halaber, entzunaldian hauei entzun egin beharko zaie.

6.Gaixoak edo bere ordezkari pertsonalak edo defendatzaileak eskatzen badute entzunaldian egon dadila pertsona zehatz bat, pertsona hori onartu egingo da, uste ez bada horren presentzia kaltegarria dela gaixoaren osasunerako edo hirugarrenen segurtasuna arriskuan jarriko duela.

7.Entzunaldia edo horren zatia publikoa edo pribatua izango den erabakitzeko orduan eta entzunaldian entzundakoa jendartean zabaltzeko modukoa ote den erabakitzeko orduan, aintzakotzat hartuko dira gaixoaren nahiak, bere bizitza pribatua eta beste pertsonena errespetatzeko beharrizana eta gaixoaren osasunari kalte larririk eragitea saihesteko beharrizana edo hirugarrenen segurtasuna arriskuan ez jartzeko beharrizana.

8.Entzunaldian onetsitako erabakia eta horren arrazoiak idatziz adieraziko dira.Horren kopiak emango zaizkie gaixoari eta horren ordezkari pertsonalari eta defendatzaileari.Zehazten denean erabakia osorik edo zati batean argitaratuko dela, aintzakotzat hartuko dira gaixoaren nahiak, bere bizitza pribatua eta beste pertsonena errespetatzeko beharrizana, interes publikoa justizia-administrazio irekian eta gaixoaren osasunari kalte larririk eragitea saihesteko beharrizana edo hirugarrenen segurtasuna arriskuan ez jartzeko beharrizana.

19. printzipioa

Informazioa eskuratzea

1.Gaixoak (printzipio honetan hitz horrek gaixo ohia ere adierazten duela) eskubidea izango du erakunde psikiatrikoak duen berari buruzko historia medikoaren eta espedientearen informazioa eskuratzeko.Eskubide horrek murrizketak izan ditzake gaixoaren osasunari kalte larririk eragitea saihesteko edo hirugarrenen segurtasuna arriskuan ez jartzeko.Nazio-legeriak ezarri ahala, gaixoari ematen ez zaion mota horretako informazio oro ordezkari pertsonalari eta gaixoaren defendatzaileari eman beharko zaie, betiere isilpean egin ahal bada.Informazioaren zati bat gaixoari ematen ez zaionean, gaixoari berari edo haren defendatzaileari, halakorik bada, jakinaraziko zaizkie zein den erabakia eta zein arrazoietan oinarritu den erabakia hartzeko eta arrazoi horiek, eta erabakia bera epaileak berrikusteko modukoa izango da.

2.Gaixoak edo ordezkari pertsonalak edo defendatzaileak idatziz egindako ohar oro, horietariko edozeinek hala eskatuta, gaixoaren espedientean sartu beharko da.

20. printzipioa

Delitugileak

1.Printzipio hau zigor-delituak egiteagatik espetxealdi-zigorrak betetzen dauden pertsonei aplikatuko zaie edo atxilotuak izan direnei, euren kontra egindako prozeduren edo zigor-ikerketen barruan, eta zehaztutakoaren arabera susmoa bada buruko gaixotasuna dutela.

2.Pertsona horiek buruko osasun-arloan eman daitekeen arretarik hoberena jaso beharko dute, 1supraprintzipioan xedatutakoaren arabera.Printzipio horiek ahalik eta modu zabalenean aplikatuko dira, inguruabarrek eragindako aldaketak eta salbuespenak gorabehera.Aldaketek edo salbuespenek ezin izango dituzte gutxietsi 1supraprintzipioaren 5. paragrafoak zein instrumentu adierazi eta halakoetan aitortutako pertsonen eskubideak.

3.Nazio-legeriak baimen dezake auzitegiak edo beste agintari eskudunak xedatzea, txosten mediko egokia eta independentean oinarrituta, pertsona horiek erakunde psikiatrikoan sartzea.

4.Pertsona batek buruko gaixotasuna duela zehazten denean, pertsona horren tratamendua inguruabar guztietan da bateragarria 11supraprintzipioarekin.

21. printzipioa

Kexak

Gaixo den edo gaixo izan den orok eskubidea du kexa bat aurkezteko nazio-legeriak zehaztutako prozedurekin bat etorriz.

22. Printzipioa

Zaintza eta baliabideak

Estatuek zainduko dute egon daitezen mekanismo egokiak printzipio hauek betetzeko, erakunde psikiatrikoak ikuskatzeko, kexak aurkezteko, ikertzeko eta konpontzeko eta diziplina-prozedurak edo prozedura judizial egokiak ezartzeko bidegabeko jokabide profesional kasuetarako edota gaixoen eskubideen urraketa kasuetarako.

23. printzipioa

Aplikazioa

1. Estatuek printzipio hauek aplikatzeko legegintza-, epaiketa-, eta administrazio-izaerako neurri egokiak, edo beste izaera batekoak hartu beharko dituzte, eta horiek aldian-aldian berrikusi beharko dituzte.

2. Estatuek zabal hedatuko dituzte printzipio hauek baliabide egokiak eta eragingarriak erabilita.

24. printzipioa

Erakunde psikiatrikoei buruzko printzipioen helmena

Printzipio hauek erakunde psikiatrikoan sartzen diren pertsona guztiei aplikatuko zaizkie.

25. printzipioa

Aitortutako eskubideak zaintzea

Gaixoen eskubideak, besteak beste, nazioarteko zuzenbidean edo nazio-zuzenbidean aitortutakoak, ezin izango dira murriztu, ezta indargabetu ere, aitzakiatzat jarriz printzipio hauek ez dituztela eskubideok aitortzen edo soil-soilik zati batean aitortzen dituztela.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra