Balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumeen eskulanaren arteko ordainketa-berdintasunari buruzko Hitzarmena (100. zk.). Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1951. urteko ekainaren 29an egindako hogeita hamalaugarren bileran onetsia
1951-06-29Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra
Ordainketa-berdintasunari buruzko Hitzarmena
Balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumeen eskulanaren arteko ordainketa-berdintasunari buruzko Hitzarmena (100. zk.)
Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1951. urteko ekainaren 29an egindako hogeita hamalaugarren bileran onetsia
Indarrean jartzea:1953ko maiatzaren 23an, 6. artikuluarekin bat etorriz.
Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak,
Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseilua Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1951ko ekainaren 6ean, hogeita hamalaugarren bileran;
Erabaki ondoren balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumezkoen eskulanaren arteko ordainketa-berdintasunaren printzipioaren inguruan zenbait proposamen onestea; gai hori bileraren aztergaien zerrendaren zazpigarren puntuan jasota dagoela, eta
Erabaki ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen forma izan dezaten,
Mila bederatziehun eta berrogeita hamaikagarren urteko ekainaren hogeita bederatziko datarekin, Hitzarmen hau onesten du, ordainketa-berdintasunari buruzko Hitzarmena, 1951 izendazio pean aipatua izan daitekeena,
1. artikulua
Protokolo honen ondorioetarako:
a) “Ordainketa” hitzak bere barnean hartzen du: soldata edo lansari arrunta, oinarrizkoa edo gutxienekoa, eta enplegatzaileak langileari dirutan edo espezietan, zuzenean nahiz zeharka, ordaindutako beste edozein ordainsari, ordainketa hori beharginaren lanaren ordainsari gisa egiten dela.
b) “Balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumezkoen eskulanaren arteko ordainketa-berdintasuna” esamoldeak, sexuagatiko bereizkeriarik gabe ezarritako ordainketa tasa izendatzen du.
2. artikulua
1.Kide orok sustatu beharko du, ordainketa tasak zehazteko indarrean dauden metodoen araberako bideak erabilita, balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumezkoaren eskulanaren arteko ordainketa-berdintasunaren printzipioa langile guztiei aplikatzea, eta metodo horiekin bateragarria den neurrian, printzipio horren aplikazioa ere bermatzea.
2.Printzipio hau aplikatu beharko da:
a) Dela nazio-legeriaren bidez;
b) Dela ordainketa zehazteko legeriak ezarri edo onartutako edozein sistema baten bidez;
c) Dela enplegatzaile eta langileek egindako hitzarmen kolektiboen bidez, edo
d) Dela aurrekoen arteko egintza bateratuaren bidez.
3. artikulua
1.Enpleguaren ebaluazio objektiboa sustatzeko neurri egokiak hartu beharko dira, enplegu horrek dituen zereginak oinarri gisa hartuta, neurri horien izaerak Hitzarmen honen aplikazioa errazten duenean.
2.Ebaluazio honetarako zehaztuko diren metodoak agintari eskudunek erabaki ditzakete, ordainketa tasak ezartzeari dagokionez edota alderdi kontratu egileek tasa horiek alderdi hitzarmen kolektibo bidez halakoak ezarri dituztenean.
3.Euren sexua gorabehera, langileei dagozkien ordainketa tasen arteko ezberdintasunak, burutu beharreko lanen ebaluazio objektibotik ondorioztatzen direnean, ez dira kontsideratuko balio berdineko lanagatik gizonezkoen eskulanaren eta emakumezkoen eskulanaren arteko ordainketa-berdintasunaren printzipioaren aurkakoak.
4. artikulua
Kide orok enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeekin kolaboratu beharko du, egokien irizten zaion moduan, Hitzarmen honen xedapenak ezartzeko helburuarekin.
5. artikulua
Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatuko zaizkio, horrek erregistratu ditzan.
6. artikulua
1.Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideei dagokienez, zuzendari nagusiak zein berrespen erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideak bakarrik daude behartuta Hitzarmen hau betetzeko.
2.Hitzarmena indarrean jarriko da, zuzendari nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.
3.Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.
7. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatutako adierazpenarenak, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 35. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz, ondorengoa jaso beharko du:
a) Estatu kide interesduna, zein lurraldetan behartzen duen bere burua Hitzarmenaren xedapenak eraldaketarik gabe aplikatzera;
b) Zein lurraldetan behartzen duen bere burua Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin aplikatzera, eraldaketan horien xehetasunekin batera;
c) Zein lurraldetan den Hitzarmena aplikaezina eta aplikaezina izateko arrazoiak;
d) Zein lurralde dira geroko erabaki baten erreserbapeko, horien egoeraren inguruko azterketa sakonagoa egiteko zain.
2.Artikulu honetako 1. paragrafoaren a eta b lerroaldeetan zehazten diren betebeharrak berrespenaren zati gisa hartuko dira eta horren ondorio berdinak sortaraziko dituzte.
3.Kide orok uko egin diezaioke, osorik edo zati batean, adierazpen berri baten bitartez, bere lehenengo adierazpenean egindako edozein erreserbari, artikulu honetako 1. paragrafoaren b, c edo d lerrokaden arabera.
4.9. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kide orok zuzendari orokorrari adierazpen bat egin diezaioke zeinetan eraldatzen duen, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; adierazpen horretan lurralde zehatzen egoera adieraziko du.
8. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari eginiko adierazpenek, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 35. artikuluaren 4 eta 5. paragrafoekin bat etorriz, adierazi beharko dute Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin edo eraldaketarik gabe aplikatuko diren haren lurraldean; era berean adierazpenak zehazten duenean Hitzarmena eraldaketekin aplikatuko dela, eraldaketa horiek zertan diren zehaztu beharko da.
2.Hitzarmen honen kideak, kideek edo nazioarteko agintaritzak uko egin diezaiokete, osorik edo zati batean, ondorengo adierazpen baten bitartez, aurretiazko beste edozein adierazpenetan adierazitako eraldaketa bat aipatzeko eskubideari.
3.9. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kide orok zuzendari orokorrari adierazpen bat egin diezaioke zeinetan eraldatzen duen, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; adierazpen horretan Hitzarmenaren aplikazioaren inguruko egoera adieraziko du.
9. artikulua
1.Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.
2.Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.
10. artikulua
1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.
2.Zuzendari nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.
11. artikulua
Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuetako idazkari nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.
12. artikulua
Laneko Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.
13. artikulua
1.Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:
a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du,ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 13. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;
b) berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.
2.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berori berretsi duten eta, aldiz, berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.
14. artikulua
Hitzarmen honen testuaren bertsioak ingelesez eta frantsesez, kautoak dira maila berean.