Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Bereizkeriaren aurkako prebentzioa

Arraza eta arrazaren inguruko aurreiritziei buruzko Adierazpena. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak onetsia eta aldarrikatua, Parisen bildua bere hogeigarren bileran, 1978ko azaroaren 27an

1978-11-27

Arraza eta arrazaren inguruko aurreiritziei buruzko Adierazpena

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak onetsia eta aldarrikatua, Parisen bildua bere hogeigarren bileran, 1978ko azaroaren 27an

Atarikoa

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorra, Parisen bildua, bere 20. bileran, 1978ko urriaren 24tik azaroaren 28ra,

Gogoratuz, 1945ko azaroaren 16an onetsitako Unesco-ren Konstituzioaren Atarikoan esaten dela “amaitu berri den gerra izugarri eta ikaragarria ez zen gertatuko gizakiaren duintasuna, berdintasuna eta elkarrekiko errespetua diren printzipio demokratikoak ukatu izan ez balira, eta, aurreiritziez eta ezjakintasunaz baliatuz, printzipio horiek gizakien eta arrazen ezberdintasunaren dogmarengatik ordezkatuak izateko borondaterik gabe”, eta Konstituzio horren I. artikuluaren arabera, Unescok “bakea eta segurtasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du, hezkuntza, zientzia eta kulturaren bitartez nazioen arteko lankidetza indartuz, justizia, legea, giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala ziurtatzeko helburuarekin, horiek aitortzen baitzaizkie, Nazio Batuen Gutunean, munduko herri guztiei arraza, sexu, hizkuntza edo erlijio bereizketarik gabe”,

Aitorturik Unesco sortu zenetik hiru hamarkada baino gehiago pasa ondoren, printzipio horiek gaurko egunean Konstituzioan erregistratuko zireneko garaian bezain garrantzitsuak izaten jarraitzen dutela,

Jakitun izanik aspalditik menperatuak izan ziren herrialde gehienek euren burujabetza berreskuratzeko bideraturiko deskolonizazio prozesua eta bestelako aldaketa historikoez, hain zuzen ere, nazioarteko erkidegoa talde unibertsal eta anitza egin duena eta arrazismoaren izurritea ezabatzeko eta, gizarte- eta politika-bizitzaren eremu guztietan horrelako adierazpen gorrotagarriak bukatzeko aukera berriak sortu dituztenak esparru nazional zein nazioartean,

Jabeturik giza espeziearen berezko batasunaz eta horren ondorioz, gizaki guztien eta herri guztien funtsezko berdintasunaz, filosofia, moral eta erlijioaren adierazpen gorenek aitortu dituztenak, hain juxtu ere, horiexek egun ere etika eta zientzia bateratzera jotzen dituen ideala islatzen dutela,

Jabeturik herri eta giza talde guztiak, horien osaketa eta jatorri etnikoa edozein izanik ere, euren izaera propioarekin zibilizazioen eta kulturen aurrerabideari laguntzen diotela; zibilizazio eta kultura horiek osatzen dutela euren aniztasunean eta elkarrekiko harremanei esker, gizateriaren ondare erkidea,

Atxikipena berretsiz, zeri eta Nazio Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutako printzipioei, bai eta giza eskubideei buruzko nazioarteko Itunen eta nazioarteko ekonomiaren ordena berria ezartzeari buruzko Adierazpenaren aplikazioa sustatzeko borondatea,

Erabakia hartuta, era berean, arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko, Nazio Batuen Adierazpenaren eta nazioarteko Konbentzioaren aplikazioa sustatzeko,

Aintzat harturik genozidio delitua saihestu eta zigortzeko nazioarteko Konbentzioa, apartheid krimenaren errepresiorako eta hori zigortzeari buruzko nazioarteko Konbentzioa eta gerra krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskriba ezintasunari buruzko Konbentzioa,

Gogoratuz dagoeneko Unescok onetsi dituen nazioarteko instrumentuak, eta bereziki irakaskuntza alorrean bereizkeriaren aurkako borrokari buruzko Konbentzioa eta Gomendioa, irakasleen egoerari buruzko Gomendioa, nazioarteko lankidetza kulturalaren printzipioen Adierazpena, nazioarteko elkar ulertze, lankidetza eta bakerako hezkuntza eta giza eskubide eta oinarrizko eskubideen inguruko hezkuntzari buruzko Gomendioa, zientzia ikertzaileen egoerari buruzko Gomendioa eta bizitza kulturalean herritarren parte hartze eta ekarpenari buruzko Gomendioa,

Kontuan izanik Unescok bildutako adituek onetsi dituzten arrazaren arazoari buruzko lau adierazpenak,

Berretsiz hogeita zortzigarren bilkura aldian Nazio Batuen Biltzar Orokorrak definitutako Arrazismoaren eta Arraza-bereizkeriaren aurkako Borrokaren Hamarkadaren Programaren aplikazioa, eta horretan parte hartzeko nahia, modu kementsu eta erakargarrian,

Ikusirik kezka handiz  arrazismoak, arraza-bereizkeriak, kolonialismoak eta apartheidak munduan kalte izugarriak eragiten jarraitzen dutela, beti forma berritzaileen pean, hala giza eskubideen printzipioen aurkakoak diren legeria xedapenak eta gobernu eta administrazio eginerak mantentzearen bidez, nola injustizia eta gizakiaren gutxiespen ezaugarriak dituen politika eta gizarte egituren eta harreman eta jarreren iraunkortasunagatik; hain zuzen ere horiek bazterketa, mespretxua eta esplotazioa eragiten dituzte, edo egoera ahuleko talde kideen nahitaezko asimilazioa,

Haserrea adieraziz, gizakiaren duintasunaren aurkako eraso hauen aurrean, deitoratuz herrien arteko elkar ulertzeari aurka egiten dioten oztopoak eta kezkatuta, nazioarteko bakea eta segurtasuna modu larrian haustea ekar dezaketen arriskuaren aurrean, arraza eta arraza aurreiritziei buruko Adierazpen hau onetsi eta ospe handiz aldarrikatzen du;

Lehenengo artikulua

1. Gizaki guztiak espezie berekoak dira eta jatorri berbera dute. Duintasun eta eskubideetan berdinak direla jaiotzen dira eta guztiak dira gizateriaren kide.

2. Norbanako eta talde guztiek desberdinak izateko eskubidea dute, bakoitzak bere burua horrela kontsideratzeko eta horrela ere kontsideratua izateko. Hala ere, bizitza modu ezberdinak eta ezberdintasunerako eskubidea ezin dira inolako aitzakia izan arraza-aurreiritzientzat; eta ezin dute legez edo egitez ezelako bereizkeria eginerarik legezkotu, ezta apartheid politika oinarritu ere, horixe baita, izan ere,arrazismoaren muturreko moldea.

3. Jatorrizko nortasunak ez du inolako eraginik izango gizakiek modu ezberdinean bizitzeko duten ahalmenean, ezta kultura, ingurumen eta historiaren aniztasunean oinarritutako ezberdintasunetan, edota kultura nortasuna gordetzeko eskubidean ere.

4. Munduko herri guztiek badituzte ahalmen berak, garapen intelektual, tekniko, sozial, ekonomiko, kultural eta politiko osoa lortzeko aukera ematen dietenak.

5. Herri ezberdinen arteko emaitza ezberdinak, faktore geografiko, historiko, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalengatik ulertzen dira euren osotasunean. Ezberdintasun hauek ezin dira inola ere aitzakia gisa erabili, nazioen eta herrien arteko sailkatze hierarkizatuak egiteko.

2. artikulua

1. Arraza edo etnia taldeen berezko nagusitasuna edo gutxiagotasuna aipatzen duen teoria guztiek, dela batzuei besteak, ustez gutxiago direlakoan, menderatu edo ezabatzeko eskubidea ematen dietenak, dela arraza ezberdintasunean oinarritutako iritziak, ez dute inolako oinarri zientifikorik eta gizateriaren printzipio moral eta etikoen aurkakoak dira.

2. Arrazismoak ideologia arrazistak, arraza aurreiritzietan oinarritutako jarrerak, bereizkeria jokabideak, egiturazko xedapenak eta praktika instituzionalizatuak biltzen ditu, arraza ezberdintasunak eragiten dituztenak, bai eta taldeen arteko bereizkeria harremanak morala eta zientziaren bitartez justifika daitezkeelako ideia faltsua ere; legeria- edo erregelamendu-xedapenen bidez edo bereizkeria jardueren bidez adierazten da, edota gizartearen aurkakoak diren sinesmen eta egintzen bidez; horren biktimen ibilbidea oztopatzen du, hori praktikan jartzen dutenak galbidera eramaten ditu, nazioak zatitzen ditu bere baitan, nazioarteko lankidetzarako oztopoa da eta herrien artean liskar politikoak sortarazten ditu; nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioen aurkakoa da eta, horren ondorioz, nazioarteko bakea eta segurtasuna modu larrian nahasten ditu.

3. Arraza aurreiritziak, historian zehar botere ezberdintasunei lotua egon denak, oinarri gabekoa izan eta egun norbanakoen eta giza taldeen arteko ekonomia eta gizarte arrazoi ezberdinengatik areagotzeko eta ezberdintasun horiek justifikatzeko joera ere badu.

3. artikulua

Bateraezina da nazioarteko ordena bidezko batekin eta era berean, giza eskubideen errespetua bermatzen duen ordena batekin, edozein bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasuna, hauen oinarria arraza, kolorea, etnia edo nazio jatorria, edo arrazismo arrazoietan oinarritutako erlijio intolerantzia dela; izan ere, horrek estatuen berdintasun subiranoa eta herrien determinazio askerako eskubidea suntsitu edo arriskuan jartzen du edota gizaki guztien edo giza talde guztien garapen osorako eskubidea modu arbitrario edo diskriminatzaileak mugatzen du; bestalde, eskubide honek berdintasun baldintzetan halakoetara heltzea dakar, hau da, garatzeko baliabideetara nahiz errespetuzko giro batean zibilizazioaren eta kultura nazional eta unibertsalen baloreak modu kolektiboan eta banakakoan gauzatzera.

4. artikulua

1. Arraza edo etnia arrazoietan oinarritutako oztopo oro, gizakiek euren nortasuna askatasunez gauzatzearen aurkakoa zein beraien arteko komunikazio askea zailtzen duena, gizaki oro duintasun eta eskubideetan berdina dela adierazten duen printzipioaren aurkakoa da, eta onartezina.

2. Apartheida printzipio horren urratze larrienetakoa da eta, genozidioa bezala, nazioarteko bakea eta segurtasuna modu larrian hausten duen gizateriaren aurkako krimena da.

3. Badira gizateriaren kontzientzia eta duintasunaren aurkako krimen diren bestelako arraza bereizketa eta bereizkeria politika eta eginerak, horiek  liskar politikoak sor ditzakete eta nazioarteko bakea eta segurtasuna modu larrian hautsi.

5. artikulua

1. Kulturak, gizaki guztien lana eta gizateriaren ondare erkideak, eta hezkuntzak, hitz honen zentzurik zabalenean, euren egokitzapenerako gero eta eragingarriagoak diren bideak eskaintzen dizkiete gizon eta emakumeei; bideok, aukera ematen die horiei, ez bakarrik duintasun eta eskubideetan berdinak jaiotzen direla baieztatzeko, ezpada ere giza talde guztiek nazio mailan eta nazioartean kultura nortasuna eta berezko kultura bizitzaren garapenerako duten eskubidea errespetatu behar dutela aitortzeko, kontuan izanda talde bakoitzari dagokiola askatasun osoz erabakitzea ustez euren nortasunarentzat ezinbestekoak diren baloreak mantentzea nahi duten, eta hala denean, eurok moldatzea edo indartzea.

2. Estatuak, bere konstituzio printzipioekin eta prozedurekin bat etorriz, bai eta agintari eskudun guztiek eta irakasle guztiek, erantzukizuna dute herrialde guztietako hezkuntza baliabideak arrazismoari aurre egiteko erabil daitezen ahalegintzeko, batik bat programa eta testu-liburuetan giza batasunaren eta aniztasunaren inguruko oinarrizko ezagutza zientifiko eta etikoak jaso daitezen lan eginez eta edozein herriren aurkako bereizketa gorrotagarririk ager ez dadin; helburu horiekin, irakasleen heziketa ziurtatu behar dute; eskola-sistemaren baliabideak biztanleria talde guztien eskura jarri, arraza izaerako inolako murrizketa eta bereizkeriarik gabe; era berean, eta arraza edo etnia talde jakin batzuei ezarritako murrizketak konpontzeko neurri egokiak hartu behar dituzte, murrizketa horiek heziketa maila eta bizi-mailari dagozkienean, bereziki haurrei horien transmisioa saihesteko helburuarekin.

3. Aholkatzen zaie komunikabide handiei eta horiek kontrolatzen dituztenei edo horien zerbitzura daudenei , bai eta erkidego nazionalen barnean antolatutako talde orori, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako printzipioak behar bezala kontuan izanda, batik bat, adierazpen askatasunaren printzipioa, elkar ulertzea, tolerantzia eta pertsona eta giza taldeen arteko adiskidetasuna susta ditzatela, eta berebat, arrazismoa, bereizkeria eta arraza aurreiritziak ezabatzen lagun dezatela, batez ere saihestuz, pertsonak eta giza talde ezberdinak modu estereotipatu, partzial, aldebakarreko edo maltzurrean aurkeztea. Arraza eta etnia taldeen arteko komunikazioa elkarrekiko prozesua izan behar da, hain zuzen ere, ahalbidetzen duena euren nortasuna oso-osorik adieraztea eta hala ulertuak izatea, erabateko askatasunez. Horren ondorioz, komunikabide handiak komunikazio mota hau errazten duten pertsonen eta taldeen ideietara zabaldu beharko lirateke.

6. artikulua

1. Estatuak bere gain hartzen ditu funtsezko erantzukizunak, zer eta, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aplikazioan norbanako guztiek eta giza talde guztiek duintasun eta eskubideen guztizko berdintasun baldintzetan halakoak goza ditzaten.

2. Bere eskumenaren esparruan eta bakoitzaren  konstituzio xedapenekin bat etorriz, estatuak neurri egoki guztiak hartu beharko ditu, baita lege bidez ere, batik bat hezkuntza, kultura eta informazioaren esparruan, arrazismoa, propaganda arrazista, arraza bereizketa eta apartheida saihestu, debekatu eta ezabatzeko xedearekin; era berean, ezagueren eta natur zientzia eta gizarte zientzietako ikerketen emaitzen zabalkundea bultzatuko du, horien helburuak direla  arraza aurreiritzien eta jokabide arrazisten arrazoiak eta euren prebentzioa, kontuan izanda, behar den moduan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean jasotako printzipioak.

3. Helburu horiek lortzeko arraza-bereizkeria debekatzen duen legeria, bera bakarrik, nahikoa izan ez daitekeenez gero, estatuari dagokio, modu berean, hori osatzea, dela arraza bereizkeria kasuak aldiro ikertzeaz arduratuko den sail administratibo baten bitartez, dela arraza bereizkeria ekintzen aurkako baliabide juridikoen esparru  zabal baten bidez, dela irismen handiko heziketa eta ikerketa programen bidez, arraza aurreiritzi eta arraza-bereizkeriaren aurka borrokatzera zuzenduak, dela, azkenez ere, politika, gizarte, hezkuntza eta kultura gaiei buruzko neurri positiboak dakartzaten programen bitartez, giza taldeen arteko elkarrekiko benetako errespetua bultzatzeko. Inguruabarrek halakoa bidezkotzen dutenean, gizarte-egoera ahuleko taldeen maila hobetzea sustatzeko programa bereziak aplikatu beharko dira eta, talde horiek naziokoak direnean, erkidegoarentzat erabakigarriak diren prozesuetan horien parte hartze eragingarria lortzeko programak ere.

7. artikulua

Neurri politiko, ekonomiko eta sozialekin batera, zuzenbidea da norbanakoen artean duintasuna eta eskubideetan berdintasuna lortzeko bide nagusienetako bat, eta propaganda, antolakuntza eta eginera oro baztertzeko, horiek arraza eta etnia taldeen ustezko nagusitasunean oinarritutako ideia eta teoriek bultzatzen dituztenean edota arraza gorroto edo bereizkeria justifikatu edo eragin nahi dutenean. Estatuek neurri juridiko egokiak hartu beharko dituzte eta euren zerbitzu guztiek neurri horiek bete eta aplikatzen dituztela zaindu, kontuan izanda, behar den legez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako printzipioak. Neurri juridiko horiek esparru politiko, ekonomiko eta sozial egoki batean barneratu behar dira, beraien aplikazioa aldezteko. Norbanakoek eta gainontzeko erakunde juridikoek, publiko zein pribatu izanik ere, kontuan izan beharko dituzte horiek eta bide egoki guztien bitartez lagundu beharko dute biztanleria osoak eurok ulertu eta praktikan jar ditzaten.

8. artikulua

1. Norbanakoek badute eskubidea, nazio mailan eta nazioartekoan, euren ahalmen guztiak egikaritzea ahalbidetu dezakeen ordena ekonomiko, sozial, kultural eta juridikoa izan dadin, eta egikaritze hori eskubide eta aukera berdintasunean gauza dadin;bestalde, badituzte euren eginbeharrak lagun hurkoekiko, hala bizi diren gizartean nola nazioarteko erkidegoan. Horren ondorioz, herrien artean elkar ulertzea bultzatzeko, arrazismoa eta arraza aurreiritzien aurka borrokatzeko eta arraza bereizkeria mota guztiak ezabatzeko betebeharra dute, euren eskura duten bide guztiak horretara jarrita.

2. Aurreiritzi, jokabide eta eginera arrazistei dagokienean, natur zientzia, gizarte zientzia eta kultura ikerketetako adituak, bai eta zientzia antolakunde eta elkarteak, modu zabalean diziplina artekoa den oinarriaren gain ikerketa objektiboak egitera deituak dira; estatu guztiek halakoak bultzatu behar dituzte.

3. Bereziki adituei dagokie horretan laguntzea, batez ere, euren esku dauden baliabide guztiak erabilita, beraien lanak modu iruzurtian aurkeztuak izan ez daitezen eta herritarrek euren emaitzak ulertu ditzaten.

9. artikulua

1. Gizaki eta herri guztien berdintasun printzipioa, duintasun eta eskubideetan, beraien arraza, kolore edo jatorria edozein izanik ere, orokorrean nazioarteko zuzenbideak onetsi eta aitortutako printzipioa da. Horren ondorioz, estatuak egindako arraza bereizkeria modu oro nazioarteko zuzenbidearen urratzea da, eta horrek estatuaren nazioarteko erantzukizuna dakar.

2. Neurri bereziak hartu behar dira norbanakoen eta giza taldeen duintasun eta eskubide berdintasuna bermatzeko, hori beharrezkoa den edozein lekutan; neurri horiei, arraza esparruan diskriminatzailea izan daitezkeelako itxura ematea saihestu behar da. Horri dagokionez, arreta berezia eman behar zaie gizarte eta ekonomiaren aldetik egoera ahulean diren arraza eta etnia taldeei, horren helburua izanik, berdintasun osoa eta bereizkeria eta murrizketarik gabeko esparruan legeen eta erregelamenduen babesa bermatzea, bai eta indarrean dauden gizarte neurrien onurak, bereziki ostatuari, enpleguari eta osasunari dagokienean, euren kultura eta baloreen jatortasuna errespetatzeko, eta euren sustapen soziala eta profesionala errazteko, batez ere heziketaren, eta sustapen soziala nahiz lanbidekoaren bitartez.

3. Atzerriko jatorria duten biztanleria taldeek, batik bat langile migratzaileek eta euren familiek, eurok zein herrik hartu eta herri horren garapenean laguntzen dutenek, euren segurtasuna, duintasuna eta euren kultura baloreen errespetua bermatzera zuzendutako neurri egokiak izan beharko dituzte, eta eurok jasotzen dituen ingurumenean egokitzeko eta sustapen profesionala errazteko; izan ere, horien xedea da euren jatorrizko herrialdeetara geroagoko itzulera eta herrialde horien garapenean laguntzea: modu berean haurrei euren ama hizkuntza irakasteko aukera izatea ere aldeztu beharko litzateke.

4. Nazioarteko harreman ekonomikoetako desorekak arrazismoa eta arraza aurreiritziak areagotzea eragiten dute; hartara, estatu guztiek nazioarteko ekonomiaren berregituraketan lagundu beharko lukete, ekitate zabalago batean oinarri hartuta.

10. artikulua

Nazioarteko erakundeak, erakunde unibertsalak eta erregio mailakoak, gobernukoak eta gobernuz kanpokoak gonbidatuak dira, euren eskumen eta baliabideen mugen barruan, lankidetza eta laguntza eman dezaten Adierazpen honetan jasotako printzipioen guztizko aplikazioan; honela, gizaki guztien borroka bidezkoari laguntzen diote, duintasun eta eskubideetan berdinak jaio diren gizakiok, arrazismoa, arraza bereizketa, apartheida eta genozidioaren askatasun ezaren eta zapalkuntzaren aurka jardun dezaten eta munduko herri guztiak oinaze horietatik aske bizi daitezen betiko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra