Adierazpenak. Lisboako tratatua onetsi duen gobernuen arteko biltzarraren azken aktari erantsiak
2007-12-13Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)
Erakundea: Europar Batasuna
Argitalpena: DOUE, 2010/3/30, 83. zk.
2007ko abenduaren 13an sinatua
A TRATATUETAKO XEDAPENEI BURUZKO ADIERAZPENAK
1. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari buruzko Adierazpena
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, zuzenbidez behartzeko indarra baitu, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak bermatzen dituen oinarrizko eskubideak berresten ditu, estatu kideek konstituzio-tradizio erkideetan ageri diren gisan.
Gutun honek ez du hedatzen Europar Batasuneko zuzenbidearen aplikazioa Batasunaren beraren eskumenez harago; halaber, ez du sortzen eskumen edo misio berririk Batasunarentzat, ez eta Tratatuetan definituta dauden eskumenak eta eginkizunak aldatzen ere.
2. Europar Batasunaren Tratatuaren 6. artikuluaren 2. paragrafoari buruzko adierazpena.
Biltzarra bat dator honetan: Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari atxikitzeko orduan Europar Batasunak bere ordenamendu juridikoaren berezitasunak gorde ahal izan beharko lituzke.
Biltzarrak aintzakotzat hartu du elkarrizketak izaten ari direla Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren artean; elkarrizketa hori areago indartuko da Europar Batasuna Hitzarmen horri atxikitzen zaionean.
3. Europar Batasunaren Tratatuaren 8. artikuluari buruzko adierazpena
Europar Batasunak kontuan hartuko du hurbil izateagatik berarekin harreman bereziak dituzten herrialde txikien egoera berezia.
4. Europako Parlamentuaren osaerari buruzko adierazpena.
Europako Parlamentuko eserleku gehigarria Italiari esleituko zaio.
5. Kontseilu Europarrak Europako Parlamentuaren osaerari buruzko erabaki-egitasmoaren gainean hartutako erabaki politikoari buruzko adierazpena.
Kontseilu europarrak onespen politikoa emango dio Europako Parlamentuaren 2009-2014 legegintzaldirako osaerari buruzko erabakiaren egitasmo berrikusiari, Europako Parlamentuaren proposamenean oinarriturik.
6. Europar Batasunaren Tratatuko 15. artikuluko 5. eta 6. paragrafoei, 17. artikuluko 6. eta 7. paragrafoei eta 18. artikuluari buruzko Adierazpena
Kontseilu Europarreko lehendakariaren kargua, Batzordeko lehendakariaren kargua eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren karguak beteko dituzten pertsonak hautatzeko orduan, behar bezala hartuko da kontuan Batasunaren eta estatu kideen dibertsitate geografikoa eta demografikoa errespetatzeko beharrizana.
7. Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 4. paragrafoari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluaren 2. paragrafoari buruzko Adierazpena.
Biltzarrak honako hau adierazten du: Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 4. paragrafoaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluaren 2. paragrafoaren aplikazioari buruzko Erabakia Lisboako Tratatua sinatzen den egunean hartuko du Kontseiluak, eta tratatua indarrean sartzen den egun berean sartuko indarrean.
Erabaki-proiektua honako hau da:
Kontseiluaren erabaki-proiektua
Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 4. paragrafoaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluaren 2. paragrafoaren aplikazioari buruzkoa, hots, erabakitzen du xedapen horiek nola aplikatu behar diren, batetik, 2014ko azaroaren 1a eta 2017ko martxoaren 31 artean, eta, bestetik, 2017ko apirilaren 1etik aurrera.
EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK
Honako hauek hartu ditu kontuan:
(1) Xedapenak onartu beharko liratekeela igaroaldi leun bat egiteko modua izan dadin Kontseiluan erabakiak gehiengo kualifikatuz hartzeko oraingo sistematik —xedapen iragankorrei buruzko protokoloaren 3. artikuluko 3. paragrafoan dago zehazturik sistema hori, eta 2014ko urria arte iraungo du horren aplikazioak— Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluko 4. paragrafoan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako bozketa-sistemara, zeinak 2014ko azaroaren 1az geroztik aplikatuko baita, 2017ko martxoaren 31 arteko igaroaldi batean aplikatuko diren protokolo horretako 3 artikuluko 2. paragrafoan ezarritako berariazko xedapen batzuk barne.
(2) Gogorarazi behar da Kontseiluaren ohitura dela ahalegin guztiak egitea, gehiengo kualifikatuz onartutako egintza ororen legitimitate demokratikoa indartzeko.
ERABAKI DU:
1. Atala
2014ko azaroaren 1a eta 2017ko matxoaren 31 bitartean aplikatu beharreko xedapenak.
1. artikulua
2014ko azaroaren 1a eta 2017ko martxoaren 31 bitartean, baldin eta Kontseiluan honako hau ordezkatzen duen kide-kopuru bat:
a) Gutxienez biztanleriaren hiru laurden, edo
b) gutxienez Batasuna osatzen duten estatu kideen kopuruaren hiru laurden,
horixe behar baita blokeo-gutxiengo bat eratzeko (blokeo-gutxiengo hori Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 4. paragrafoaren lehenbiziko lerrokadaren arabera edo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 2. paragrafoaren arabera eratu daiteke), Kontseiluak egintza bat gehiengo kualifikatuz onartzearen aurka agertzen bada, Kontseiluak eztabaida egingo du auziaren inguruan.
2. artikulua
Kontseiluak, eztabaida horretan, eginahal guztiak egingo ditu 1. artikuluko kontseilu-kide horiek adierazitako kezkei konponbide gogobeteko bat emateko, betiere arrazoizko epe baten barruan eta Europar Batasuneko zuzenbideak ezarritako nahitaezko epeak huts egin gabe.
3. artikulua
Horretarako, Kontseiluko lehendakariak, Batzordeak lagunduta eta Kontseiluaren barne-erregelamendua begiratuz, Kontseiluan adostasun-oinarri zabalagoa lortzeko beharrezko diren neurri guztiak onartuko ditu.
Kontseiluko kideek laguntza emango diote.
2. Atala
2007ko apirilaren 1etik aurrera aplikatzeko xedapenak
4. artikulua
2007ko apirilaren 1etik aurrera, baldin eta Kontseiluko kide kopuru bat, honako hau ordezkatzen duena:
a) gutxienez biztanleriaren %55, edo
b) Gutxienez blokeo-gutxiengo bat eratzeko behar den estatu kideen kopuruaren % 55 (blokeo-gutxiengo hori Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 4. paragrafoaren lehenbiziko lerrokadaren arabera edo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera era daiteke) Kontseiluak egintza bat gehiengo kualifikatuz onartzearen aurka agertzen bada, Kontseiluak eztabaida egingo du auziaren inguruan.
5. artikulua
Kontseiluak, eztabaida horretan, eginahal guztiak egingo ditu 4. artikuluko kontseilu-kide horiek adierazitako kezkei konponbide gogobeteko bat emateko, betiere arrazoizko epe baten barruan eta Europar Batasuneko zuzenbideak ezarritako nahitaezko epeak huts egin gabe.
6. artikulua
Horretarako, Kontseiluko lehendakariak, Batzordeak lagunduta eta Kontseiluaren barne-erregelamendua begiratuz, Kontseiluan adostasun-oinarri zabalagoa lortzeko beharrezko diren neurri guztiak onartuko ditu.
Kontseiluko kideek laguntza emango diote.
3. Atala
Indarrean jartzea
7. artikulua
Lisboako Tratatua indarrean sartzen den egunean sartuko da indarrean Erabaki hau
8. Adierazpena, Lisboako Tratatua indarrean sartzen denean Kontseilu Europarraren Lehendakaritzari eta Atzerri Arazoetako Kontseiluari buruz onartu beharreko neurri praktikoei buruzkoa
Baldin eta Lisboako Tratatua 2009ko urtarrilaren 1a baino geroago sartzen bada indarrean, Biltzarrak eskatuko die une horretan Kontseiluaren sei hileko lehendakaritza duen estatu kideko agintari eskudunei, alde batetik, eta Kontseilu Europarreko lehendakari hautatuko den pertsonari eta Batasunaren atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari izendatuko den pertsonari, bestetik, onar ditzatela, hurrengo sei hileko lehendakaritzarekin kontsultatuz, Kontseilu Europarraren eta Atzerri Arazoetako Kontseiluaren Lehendakaritzaren gai materialak eta antolaketa-kontuak behar bezala eskualdatzeko behar diren neurri berezi guztiak.
9. Europar Batasunaren Tratatuaren 16. artikuluaren 9. paragrafoari buruzko adierazpena (Kontseilu Europarrak Kontseiluko Lehendakaritzari buruz emandako erabakiari buruzkoa).
Biltzarrak honako hau adierazten du: Kontseiluak, Lisboako Tratatua sinatu bezain laster, Kontseiluaren lehendakari kargua betetzeari buruzko erabakia aplikatzeko prozedurak ezarriko dituen erabakia prestatzen hasi beharko luke, eta politikoki onartu beharko luke sei hileko epean.
Ondoren, Kontseilu Europarraren erabaki-proiektu bat jaso dugu; Tratatu hori indarrean sartzen den egunean onartuko da erabakia.
Kontseilu Europarraren erabaki-proiektua, Kontseiluaren lehendakari kargua betetzeari buruzkoa.
1. artikulua
1. Kontseiluko lehendakari kargua, atzerri arazoetako osaerari dagokionean izan ezik, hiru estatu kidetako talde aldez aurretik ezarritakoek beteko dute hemezortzi hilabetez.
Taldeok estatu kideen arteko txandakatze berdinaren arabera eratuko dira, estatu kideen dibertsitatea eta Europar Batasunaren barruko geografia-orekak kontuan hartuz.
2. Taldeko kide bakoitzak txandaka beteko du, sei hilabetez, Kontseiluaren osaera guztien lehendakari kargua, atzerri arazoetakoa izan ezik.
Taldeko gainerako kideek lagundu egingo diote lehendakariari bere eginkizun guztietan, programa erkide bati jarraituz.
Taldeko kideek beste akordio batzuk adostu ahal izango dituzte elkarren artean.
2. artikulua
Estatu kideetako gobernuen Ordezkari Iraunkorren Komiteko lehendakari-kargua honako honek beteko du: Gai Orokorren Kontseiluko lehendakari-kargua bere gain duen estatu kidearen ordezkari batek.
Politika eta Segurtasun Komitearen lehendakari kargua Europar Batasunaren atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak beteko du.
Kontseiluko era bateko eta besteko osaeren prestakuntza-organoetako lehendakari-kargua, Atzerri Arazoetako osaerarena izan ezik, dagokion osaeran lehendakari-kargua bere gain duen taldeko kideari egokituko zaio, non eta ez den kontrakoa erabakitzen 4. artikuluaren arabera.
3. artikulua
Gai Orokorren Kontseiluak, Batzordearekiko lankidetzaz, Kontseiluaren osaera batzuen eta besteen lanek koherentzia eta jarraitutasuna izan ditzaten zainduko du, betiere urte anitzeko programazioaren esparruan.
Lehendakari kargua betetzen duten estatu kideek Kontseiluaren lana antolatzeko eta ongi gauzatzeko behar diren xedapen guztiak onartuko dituzte, Kontseiluaren Idazkaritza Orokorraren laguntzarekin.
4. artikulua
Kontseiluak erabaki bat onartuko du, erabaki hau aplikatzeko neurriak ezartzeko.
10. Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluari buruzko Adierazpena
Biltzarrak uste du Batzordeak, estatu kide guztietako ordezkaririk izango ez duenean, arreta berezia jarri beharko liokeela estatu kide guztiekiko harremanetan gardentasuna ziurtatzeko beharrizanari.
Hori dela-eta, Batzordeak harreman estua eduki beharko luke estatu kide guztiekin, haiek Batzordeko kide gisa ordezkari bat izan edo ez, eta, egoera horretan, arreta berezia ezarri informazioa estatu kide guztiekin partekatzeko eta estatu kide guztiei galdetzeko beharrizanari.
Gainera, Biltzarrak uste du Batzordeak beharrezko diren neurri guztiak hartu beharko lituzkeela estatu kide guzti-guztien politika-, gizarte- eta ekonomia-errealitateak kontuan hartzeko, erabat kontuan hartu ere, are Batzordeko kideen artean herritarrik ez duten estatu kideenak ere.
Neurri horien artean, estatu kide horien egoerari antolamendu-xedapen egokien bidez erantzuten zaiolako bermea izan beharko litzateke.
11. Europar Batasunaren Tratatuaren 17. artikuluaren 6. eta 7. paragrafoei buruzko adierazpena.
Biltzarrak uste du ezen, Tratatuaren xedapenen arabera, Europako Parlamentuak eta Kontseilu Europarrak biek batera dutela erantzukizuna Europako Batzordeko lehendakaria hautatzeko prozesua ondo bidera dadin.
Kontseilu Europarrak erabakia hartu baino lehen, Europako Parlamentuko ordezkarien eta Kontseilu Europarreko ordezkarien artean beharrezkoak diren kontsultak egingo dira, egokien irizten zaion esparruan.
Kontsulta horiek Batzordeko lehendakaritarako hautagaien ezaugarriei buruz izango dira, eta Europako Parlamenturako hauteskundeak hartuko dira kontuan horretarako, 17. artikuluaren 7. paragrafoarekin bat etorriz.
Kontsulta horiei buruzko baldintzak Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren arteko adostasunez ezarriko dira, dagokion unean.
12. Europar Batasunaren Tratatuaren 18. artikuluari buruzko Adierazpena
1. Biltzarrak honako hau adierazten du: Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria izendatu aurretik egin beharreko prestatze-lanak egin bitartean, egoki diren harremanak edukiko dira Europako Parlamentuarekin; izendapen hori Lisboako Tratatua indarrean sartzen den egunean egingo da, Europar Batasunaren 18. artikuluak eta xedapen iragankorrei buruzko Protokoloaren 5. artikuluak xedatutako eran. Goi-ordezkariaren agintaldiak izendapena egiten denetik hasi eta egun horretan bertan jardunean den Batzordearen agintaldia amaitu arte iraungo du.
2. Halaber, Europar Batasunaren atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari dagokionez —2009ko azaroan hasiko da haren agintaldia, hurrengo Batzordearen agintaldiarekin batera eta haren iraupen berarekin—, Biltzarrak gogorarazten du Europar Batasunaren Tratatuaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera izango dela izendatua.
13. Atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko adierazpena
Biltzarrak honako hau nabarmentzen du: Europar Batasunaren Tratatuan atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruz ezarritako xedapenek, hala nola atzerri- eta segurtasun-politikarako goi ordezkariaren kargua sortzeak eta atzerri-ekintzarako zerbitzu europarra sortzeak, ez diote kalterik egingo estatu kideek beren kanpo-politikari dagokion guztia zehaztu eta zuzentzeko egun duten erantzukizunari edota hirugarren herrialdeetan eta nazioarteko erakundeetan izan dezaten ordezkaritzari.
Biltzarrak gogorarazten du, orobat, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea arautzen duten xedapenek ez diotela ezertan eragiten estatu kideen segurtasun- eta defentsa-politikaren berezkotasunari.
Nabarmentzen du, orobat, Europar Batasunak eta bere estatu kideek Nazio Batuen Gutunaren xedapenen pean jarraituko dutela, eta, bereziki, Segurtasun Kontseiluak eta hura osatzen duten kideek nazioarteko bakea eta segurtasuna zaintzeko duten erantzukizun nagusiaren pean.
14. Atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko adierazpena
Europar Batasunaren Tratatuaren 24. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren berariazko arau eta prozedura horiez gain, Biltzarrak honako hau ere nabarmentzen du: atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko xedapenek, atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari buruzkoak eta atzerri-ekintzarako zerbitzu europarrari buruzkoak barne, ez diete eragingo Estatu kide bakoitzak bere atzerri-politika, bere diplomazia-zerbitzua, hirugarren herrialdeekiko harremanak eta nazioarteko erakundeetan duen partaidetza (Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide izatea barne, baldin eta hala bada) zehaztu eta zuzentzeko dituen erantzukizunei eta ahalei, ez eta horiei guztiei buruzko oinarri juridikoari ere.
Biltzarra ohartzen da, orobat, atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko xedapenek ez diotela ematen Batzordeari erabakiak hartzeko ekimena baliatzeko ahal berririk, eta ez dutela, halaber, Europako Parlamentuaren eginkizuna indartzen.
Biltzarrak gogorarazten du, orobat, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea arautzen duten xedapenek ez diotela ezertan eragiten estatu kideen segurtasun- eta defentsa-politikaren berezkotasunari.
15. Europar Batasunaren Tratatuaren 27. artikuluari buruzko Adierazpena
Biltzarrak hau adierazten du: Lisboako Tratatua sinatu bezain laster, Kontseiluko idazkari nagusiak, atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak, Batzordeak eta estatu kideek atzerri-ekintzarako zerbitzu europarra prestatzeko lanei ekin beharko lieketela.
16. Europar Batasunaren Tratatuaren 55. artikuluaren 2. paragrafoari buruzko adierazpena.
Biltzarrak hau uste du: Tratatuak 55. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren hizkuntzetara itzultzeko aukera emanez, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatzeko xedea betetzen laguntzen dela, alegia, 3. artikuluko 3 paragrafoko laugarren lerrokadan adierazitako xedea. Hala, Biltzarrak berretsi egiten du Europar Batasunak Europaren kultura-aniztasunaren alde eta aipatutako hizkuntza horiei eta beste batzuei arreta berezia jartzen jarraitzearen alde hartzen duen engaiamendua.
Biltzarrak gomendio hau egiten du: 55 artikuluko 2. paragrafoan aitortzen den aukera erabili nahi duten estatu kideek, Lisboako Tratatua sinatutako egunean hasitako sei hilabeteko epearen barruan, jakinarazi diezaiotela Kontseiluari Tratatuak zein hizkuntzatara itzuliko diren.
17. Lehentasunari buruzko adierazpena
Biltzarrak gogorarazten du ezen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak behin eta berriz ezarritako jurisprudentziaren arabera, Europar Batasunak onartzen dituen tratatuek eta tratatu horietan oinarriturik onartzen duen zuzenbidea lehentasuna izango dutela estatu kideen zuzenbidearen gainetik, betiere jurisprudentzia horrek ezarritako baldintzen arabera.
Halaber, Biltzarrak erabaki du Azken Akta honi eranstea Kontseiluaren Zerbitzu Juridikoak 11197/07 (JUR 260) agiriaren bitartez lehentasunari buruz emandako irizpena:
Justizia Auzitegiak ezarritako jurisprudentziatik ondorio hau ateratzen da: Erkidegoko zuzenbidearen lehentasuna Europako Erkidegoko zuzenbidearen oinarrizko printzipio bat da. Justizia Auzitegiaren arabera, printzipio hori Europako Erkidegoaren beraren izaera bereziari datxekio. Jurisprudentzia horren lehenbiziko epaia eman zenean (Costa/ENEL, 1964ko uztailaren 15a, 6/641 kasua), Tratatuan ez zen aipatzen lehentasunik, eta halaxe gertatzen da gaur ere. Lehentasunaren printzipio hori etorkizuneko tratatuan sartu ez arren, printzipioa hor izango da, eta Justizia Auzitegiak horren inguruan ezarritako jurisprudentzia ere hor izango da.
(1) (...) Estatuen barneko lege-xedapenek, edozein dela ere horien eitea, ezin dituzte bazterrera eta indarrik gabe utzi Tratatuaren ondorioz ematen diren legeak (Tratatua bera zuzenbide-iturri beregain izanik), beren izaera berezko eta bereziaren kariaz. Izan ere, hartara, galdu egingo lukete Erkidegoko zuzenbidearen izaera, eta erkidegoaren beraren legezko oinarria bera ere auzitan jarriko litzateke”».
18. Eskumenen zedarritzeari buruzko adierazpena
Biltzarrak honako hau nabarmendu nahi du: eskumenak Batasunaren eta estatu kideen artean banatzeko Europar Batasunaren Tratatuan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan ezarritako sistemaren arabera, Batasunari esleitu ez zaizkion eskumenek estatu kideen esku jarraituko dute.
Tratatuek arlo jakin batean estatu kideekin partekatzekoa den eskumen bat esleitzen diotenean Batasunari, hark erabili ez duen heinean edo ez erabiltzea erabaki duen heinean erabiliko dute estatu kideek beren eskumena.
Batasunak erabaki hori hartzea, alegia, bere eskumena erabiltzen ez jarraitzekoa, kasu honetan gertatzen da: Europar Batasunaren instituzio eskudunek legegintzako egintza bat indargabetzea erabakitzen dutenean, subsidiaritate- eta heinekotasun-printzipioen errespetu etengabea hobeki ziurtatzeko bereziki.
Kontseiluak, bere kideetako batek edo hainbatek (estatu kideen ordezkariak) proposaturik, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 241. artikuluari jarraituz, legegintzako egintza bat indargabetzeko proposamenak aurkez ditzala eska diezaioke Batzordeari.
Biltzarrak poza adierazten du Batzordeak eskabide horiei arreta berezia jarriko diela-eta egindako adierazpenarengatik.
Era berean, estatu kideetako gobernuetako ordezkariek, Gobernu arteko Biltzar batean bildurik, erabaki dezakete Tratatuak aldatzea Europar Batasunaren Tratatuaren 48. artikuluko 2. paragrafotik 5.era artekoetan ezarritako berrikuspen-prozedura arruntari jarraituz, eta, aldaketa horren barruan, are Tratatuek Batasunari esleitzen dizkioten eskumenak gehitzea edo gutxitzea ere.
19. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 8. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarra bat dator honetan: emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatzeko bere lehian, Batasunak ahalegina egingo du, bere politiketan, etxe barruko era guztietako indarkeriaren aurka egiten.
Estatu kideek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte delituzko egintza horiei guztiei aurrea hartzeko eta egintza horiek zigortzeko, bai eta biktimei laguntza eta babesa emateko ere.
20. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 16. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak honako hau adierazten du: baldin eta 16. artikuluan oinarriturik datu pertsonalen babesari buruz hartu beharreko arauek estatu kideen estatu-segurtasunari eragin ahal badiote zuzen-zuzenean, dena delako auzi horren ezaugarri bereziak hartu beharko dira kontuan.
Gogorarazten du, orobat, egun aplikatzekoa den legediak (ikusi, bereziki, 95/46/EE Zuzentaraua) badituela berariazko salbuespen batzuk gai honi dagokionez.
21. Zigor-arloko lankidetza judizialaren eta polizia-arloko lankidetzaren arloetan datu pertsonalak babesteari buruzko adierazpena
Biltzarrak aitortzen du beharrezkoa izan litekeela datu pertsonalei eta datu horien zirkulazio libreari buruzko arau bereziak ezartzea zigor-arloko lankidetza judizialaren eta polizia-arloko lankidetzaren eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 16. artikuluan oinarrituta, eremu horien izaera berezia dela-eta.
22. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 48. eta 79. artikuluei buruzko Adierazpena
Biltzarraren iritzia da hau: baldin eta 79. artikuluaren 2. paragrafoan oinarritutako legegintzako egintza baten proiektuak kalte egiten badie estatu kide baten gizarte-segurantzako sistemaren alderdi oinarrizkoei, hala nola haren aplikazio-eremuari, kostu- edo finantza-egiturari, edota sistema horren finantza-orekari eragiten badio, 48. artikuluaren 2. lerrokadan zehaztuta dagoen eran, orduan aintzat hartuko dira, behar bezala, estatu kide horren interesak.
23. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 48. artikuluko bigarren lerrokadari buruzko Adierazpena
Biltzarrak gogorarazten du ezen, kasu honetan, Europar Batasunaren Tratatuko 15. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera, Kontseilu Europarrak adostasunez hartuko dituela erabakiak.
24. Europar Batasunaren nortasun juridikoari buruzko adierazpena
Biltzarrak honako hau berresten du: Europar Batasunak, nortasun juridikoa izan arren, ez du horregatik, inolaz ere, estatu kideek Tratatuetan esleitu dizkioten eskumenez harago jarduteko edo eskumen horiez haragoko legeak emateko baimenik.
25. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 75. eta 215. artikuluei buruzko Adierazpena
Biltzarrak hau gogorarazi nahi du: oinarrizko eskubideei eta askatasunei zor zaien begiramenak esan nahi du babestu eta errespetatu egin behar dela direnak direlako pertsona fisikoek edo erakundeek legean jasotako bermeez baliatzeko duten eskubidea.
Horretarako, eta pertsona fisiko edo pertsona juridiko bati neurri murrizgarriak ezartzen dizkioten erabakiek epaileen kontrola igaroko dutela bermatzearren, erabaki horiek irizpide garbi eta zehatzetan oinarriturik egon behar dute.
Irizpide horiek neurri murrizgarri bakoitzaren berezitasunaren araberakoak izan beharko lirateke.
26. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiko V. tituluan oinarritutako neurri batean estatu kide batek parte ez hartzeari buruzko adierazpena.
Biltzarrak honako hau adierazten du: estatu kide batek hautatzen duenean parte ez hartzea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiaren V. tituluan oinarritutako neurri batean, Kontseiluak eztabaida zabala egingo du estatu kide horrek neurri horretan parte ez hartzeak izan ditzakeen ondorioez eta eraginez.
Gainera, edozein estatu kidek eska diezaioke Batzordeari azter dezala egoera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 116. artikuluan oinarrituz.
Estatu kideek auzia Kontseilu Europarrari aurkezteko duten eskubideari kalterik egin gabe ulertu behar dira aurreko lerrokada horiek.
27. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 85. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokadari buruzko Adierazpena.
Biltzarrak uste du ezen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko 85. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokadan aipatzen diren erregelamenduek kontuan hartu beharko lituzketela estatu kideek delituei buruzko ikerketak abiarazteari buruz dituzten arauak eta ohiturak.
28. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 98. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak baieztatzen du ezen 98. artikuluan aipatzen diren xedapenak egungo ohituraren arabera aplikatuko direla.
“...Alemaniaren banaketak Errepublika Federaleko zenbait eskualdetako ekonomiari sortutako desabantaila ekonomikoak orekatzeko behar diren neurriak” dioen esaldia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako jurisprudentziaren arabera interpretatu behar da.
29. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 2. paragrafoaren c) idatz-zatiari buruzko adierazpena.
Biltzarra baieztatzen du 107. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritako jurisprudentziaren arabera interpretatu behar dela, alegia, Alemaniako Errepublika Federaleko (Alemania zatiturik zegoenean) zenbait eskualderi laguntzak emateko xedapenen aplikagarritasunari buruz auzitegi horrek ezarritako jurisprudentziaren arabera.
30. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 126. artikuluari buruzko adierazpena
126. artikuluari dagokionez, Biltzarrak baieztatzen du hazkunderako ahalmena areagotzea eta aurrekontu-egoera sendoak ziurtatzea direla Batasunaren eta estatu kideen politika ekonomiko eta fiskalaren bi zutabeak.
Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna tresna garrantzitsua da bi helburu horiek iristeko.
Biltzarrak berretsi egiten du Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunari buruzko xedapenekiko atxikimendua, xedapen horiek direlakoan estatu kideen aurrekontu-politikak koordinatzeko esparrua.
Biltzarrak berresten du arauetan oinarritutako sistema bat dela bermerik onena konpromisoak bete daitezen eta estatu kide guztiak berdintasunez tratatuak izan daitezen.
Esparru horretan bertan, Biltzarrak berretsi egiten du, orobat, bat egiten duela Lisboako estrategia deritzon horretan ezarritako helburuekin: enplegua sortzea, egiturazko erreformak gauzatzea eta gizarte-kohesioa.
Batasunaren helburua da ekonomiaren hazkunde orekatua eta prezioen egonkortasuna lortzea.
Horrenbestez, ekonomia- eta aurrekontu-politiketan, ahalik eta lehentasun egokienak ezarri behar dira gai hauei buruz: ekonomiaren erreformak, berrikuntza, lehiakortasuna eta, ekonomiaren hazkundea makala denerako, inbertsio pribatuaren eta kontsumoaren indartzea.
Estatu kideetan eta Europar Batasunean aurrekontuen arloan hartzen diren erabakietan ikusi beharko lirateke horren ondorioak, batez ere gastu eta diru-sarrera publikoen berregituratzearen bidez, betiere aurrekontu-diziplina errespetatuz Tratatuetan eta Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunean xedatutakoaren arabera.
Aurrekontuei eta ekonomiari buruz estatu kideek dauzkaten erronkek agerian uzten dute zein garrantzitsua den ekonomia-ziklo osoan zehar aurrekontu-politika egoki bat gauzatzea.
Biltzarra bat dator iritzi honetan: finantza publikoen egoera ona finkatzeko eta aurrekontuen egoera hobetzeko ekonomiaren indartze-garaiek eskaintzen dieten aukeraz baliatu beharko lirateke estatu kideak.
Helburua da ekonomiaren egoera ona den garaietan aurrekontuetan apurka-apurka superabita lortzea, eta, hartara, atzeraldietan jardun ahal izateko beharrezkoa izaten den babes hori osatzea eta finantza publikoen egoera epe luzera bideragarri izan dadin laguntzea.
Estatu kideak zain daude noiz egingo Batzordeak proposamenak eta noiz egingo estatu kideek ekarpen berriak Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunaren gauzatzea indartzeko eta argitzeko.
Estatu kideek beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte beren ekonomien hazkunde-gaitasuna handitze aldera.
Ekonomia-politikaren koordinazioa hobetuz gero, aiseago lortu ahal izango litzateke helburu hori.
Adierazpen honen bidez ez da baldintzapean jartzen Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunaren gainean egitekoa den eztabaida.
31. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 156. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak berresten du 156. artikuluan azaldutako politikak estatu kideen eskumenekoak direla funtsean.
Artikulu horretan xedatutakoari jarraituz Batasun osorako hartu beharreko sustapen- eta koordinazio-neurriak osagarriak dira.
Estatu kideen arteko lankidetza indartzea dute helburu, eta ez estatuen sistemak harmonizatzea.
Lan-munduko ordezkarien erantzukizunari buruz estatu kide bakoitzean indarrean dauden bermeek eta ohiturek ez dute eraginik jasango.
Adierazpen honek ez die ezertan eragiten Tratatuetan Batasunari eskumenak esleitzen dizkioten xedapenei, ezta arlo sozialean eskumenak esleitzen dizkiotenei ere.
32. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 168. artikuluaren 4. paragrafoaren c) idatz-zatiari buruzko adierazpena.
Biltzarrak hau adierazten du: 168. artikuluko 4. paragrafoko c) idatz-zatia aplikatuz hartzen diren neurriek segurtasunari dagozkion alderdi erkideak begiratu behar dituzte, eta goi-mailako kalitate- eta segurtasun-arauak ezartzea izan behar dute xede; barne-merkatuari eragiten dioten estatu-arauak giza osasunaren babes-maila goratu bat erdiesteko traba izanez gero, batez ere.
33. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 174. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak uste du 174. artikuluan aipatzen den «irla-eskualdeak» adierazpenak osoki irla diren Estatuak ere izenda ditzakeela, betiere beharrezko diren baldintzak betetzen badituzte.
34. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 179. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarra bat dator honetan: Europar Batasunak ikerketaren eta garapen teknologikoaren arloan gauzatuko duen ekintzan, kontuan hartu beharko dira estatu kideen ikerketa-politiketan aintzat hartutako norabide eta aukera funtsezkoak.
35. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 194. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarraren iritzia da 194. artikuluak ez diola eragiten estatu kideek beren energia-hornidura bermatzeko –betiere, 347. artikuluan ezarritako baldintzak betez– beharrezkoak diren xedapen guztiak onartzeko duten eskubideari.
36. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 218. artikuluari buruzko adierazpena (estatu kideek askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruz nazioarteko hitzarmenak negoziatu eta egiteari buruzkoa da artikulua)
Biltzarrak berresten du estatu kideek hitzarmenak egin ditzaketela hirugarren herrialdeekin eta nazioarteko erakundeekin hirugarren zatiko V. tituluko 3., 4. eta 5. kapituluek aipatzen dituzten eremuetan, betiere hitzarmen horiek Batasunaren zuzenbidearekin bat badatoz.
37. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 222. artikuluari buruzko adierazpena
Europar Batasunak, eraso terrorista bat edo hondamendi naturala nahiz gizakiak eragindakoa jasan duen estatu kide baten aldera duen elkartasun-betebeharra betetzearren, neurriak hartuko ditu; nolanahi ere, estatu kide bakoitzak, bere aldetik, egokien deritzen bitartekoak hauta ditzake estatu kide horrenganako elkartasun-betebeharra betetzeko, eta 222. artikuluko xedapenek ez diote eragingo estatu kide bakoitzaren eskubide horri.
38. Adierazpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 252. artikuluari buruzkoa (Justizia Auzitegiaren abokatu nagusien kopuruari buruzkoa da artikulua).
Biltzarrak hau adierazten du: baldin eta, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 252. artikuluaren lehenbiziko paragrafoa oinarri harturik, Justizia Auzitegiak eskatzen badu hiru abokatu nagusi gehiago edukitzea (zortzi izan beharrean hamaika), Kontseiluak aho batez onartuko du abokatu nagusien kopuruaren gehitze hori.
Hala bada, kasu horretan, Biltzarrak erabaki du Poloniak abokatu nagusi iraunkor bat izango duela eta ez duela txanda-sisteman parte hartuko, Alemaniak, Frantziak, Italiak, Espainiak eta Erresuma Batuak bezala.
Bestalde, egungo txanda-sistemak bost abokatu nagusiri eragingo die, ez hiruri.
39. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 290. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak baieztatzen du Batzordeak asmoa duela finantza-zerbitzuen arloan eskuordetzearen bidez eman beharreko egintzen proiektuak egiteko orduan estatu kideek izendatutako adituei kontsulta egiten jarraitzeko, ohi duen bezala.
40. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 329. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak hau adierazten du: lankidetza indartua eskatzean, estatu kideek adierazi ahal izango dute, 333. artikulua aplikatzea nahi duten, gehiengo kualifikatuaren bidezko bozketa hedatzea xedatzen baitu, edo legegintzako prozedura arrunta erabili nahi duten.
41. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 352. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak adierazten du ezen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 352. artikuluko 1. paragrafoak Europar Batasunaren helburuei buruz egiten duen aipamenak honako hauei buruzkoak direla: Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako helburuei buruzkoak eta 3. artikuluaren 5. paragrafoak atzerri-ekintzari buruz ezartzen dituen helburuei buruzkoak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko bosgarren zatian arautzen direnei buruzkoak, alegia.
Ondorioz, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 352. artikuluan oinarritutako ekintza baten helburuak ezin dira izan Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutakoak soilik.
Hori dela-eta, Biltzarrak ohartarazten du ezen, Europar Batasunaren Tratatuaren 31. artikuluaren 1. paragrafoarekin bat etorriz, ezin dela legegintzako egintzarik onartu atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen arloan.
42. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 352. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak nabarmentzen du ezen, Europar Batasunaren Justizia Auzitegiak ezarritako jurisprudentziaren arabera, ezin dela erabili Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 352. artikulua —eskumen esleituen printzipioan oinarritutako instituzio-antolamendu baten osagarri izaki— Europar Batasunaren ahalen esparrua hedatzeko oinarri gisa; alegia, ezin dela erabili esparru hori Tratatuaren xedapenek (Tratatua osotasunean harturik) eta, batez ere Batasunaren eginkizunak eta jarduerak zehazten dituzten xedapenek ezarritako esparru orokorraz harago hedatzeko oinarri gisa.
Artikulu hau ezin da erabili, inoiz ere, funtsean Tratatuak aldatzea —Tratatuak aldatzeko prozedura jarraitu gabe aldatzea, alegia— eragingo luketen xedapenak onartzeko oinarri gisa.
43. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 355. artikuluko 6. paragrafoari buruzko adierazpena
Tratatugile Gorenak bat datoz honetan: Kontseilu Europarrak, 355. artikuluko 6. paragrafoaren aplikazioaren ondorioz, Mayottek Europar Batasunarekiko duen estatutua aldatzeko erabaki bat hartuko du, lurralde hori eskualde ultraperiferiko bihurtze aldera, 355. artikuluaren 1. paragrafoak eta 349. artikuluak termino horri ematen dioten adieraren arabera; erabaki hori hartuko du uhartearen barne-estatutuan gertatzen ari den bilakaerak horretarako aukera ematen duenean eta Frantziako agintariek Kontseilu Europarrari eta Batzordeari hala jakinarazten dietenean.
B. TRATATUEI ERANTSITAKO PROTOKOLOEI BURUZKO ADIERAZPENAK
44. Adierazpena, Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren 5. artikuluari buruzkoa
Biltzarrak baieztatzen du ezen, baldin eta estatu kide batek jakinarazten badu, Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren 5 artikuluaren 2. paragrafoaren arabera, ez duela proposamen edo ekimen jakin batean parte hartu nahi, edozein unetan utz dezakeela baliorik gabe jakinarazpen hori, betiere Schengengo altxorra garatzeko neurri hori onartua izan baino lehen.
45. Adierazpena, Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren 5. artikuluaren 2. paragrafoari buruzkoa.
Biltzarrak honako hau adierazten du: baldin eta Erresuma Batuak edo Irlandak adierazten badiote Kontseiluari ez dutela parte hartu nahi Schengengo ondarearen zati bat garatzeko neurri batean —berek neurri horretan parte hartzen ari direlarik— orduan, Kontseiluak eztabaida zabala egingo du estatu kide horrek neurri horretan ez parte hartzeak izan ditzakeen ondorioei buruz.
Kontseiluaren eztabaida hori Batzordeak proposamenaren eta Schengengo altxorraren arteko harremanari buruz emandako jarraibideen arabera egin beharko da.
46. Adierazpena, Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren 5. artikuluaren 3. paragrafoari buruzkoa.
Biltzarrak honako hau gogorarazi nahi du: baldin eta Kontseiluak, auziaren funtsari buruz lehenbiziko eztabaida sakona egin ostean, ez badu erabaki bat hartzen, Batzordeak proposamen zuzendu bat aurkeztu ahal izango du, Kontseiluak, lau hilabeteko epearen barruan, auziaren mamia berriro ere azter dezan.
47. Adierazpena, Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren 5. artikuluaren 3., 4. eta 5. paragrafoei buruzkoa.
Biltzarrak baieztatzen du gerta litekeela Europar Batasunaren esparruan sartutako Schengengo Protokoloaren 5. artikuluaren 3. 4. edo 5. paragrafoetan aipatutako erabakian zehaztu beharreko baldintzetan honako hau ezartzea: baldin eta dena delako estatu kide horrek erabakitzen badu Kontseiluak Protokolo horretako 4. artikuluaren arabera onartutako edozein erabakitan aipatutako altxorrean parte hartzeari uztea —dela altxor osoan edo haren zati batean—, bere gain hartu beharko ditu erabaki horrek ezinbestean eta halabeharrez eragingo dituen finantza-ondorio zuzenekoak (baldin eta eragiten baditu).
48. Adierazpena, Danimarkaren jarreraren gaineko protokoloari buruzkoa
Biltzarrak baieztatzen duenez, Kontseiluak bere kabuz edo Europako Parlamentuarekin batera onartutako egintza juridikoei dagokienez, Danimarkari aplikatu beharreko xedapenak eta, horiekin batera, Danimarkaren jarrerari buruzko protokoloaren I. zatia aplikatu behar zaion oinarri juridikoa izateagatik, Danimarkari aplikatzekoak ez diren xedapenak badituzte, Danimarkak adierazi du ez duela boto-eskubiderik erabiliko aplikagarri ez zaizkion xedapenen onarpena eragozteko.
Gainera, Biltzarrak honako hau baieztatzen du: Danimarkak adierazten du, Biltzarrak 222. artikuluari buruz egindako adierazpenean oinarriturik, 222. artikuluaren arabera onartutako jardun edo egintza juridikoetan izango duen parte-hartzea Danimarkaren jarrerari buruzko Protokoloaren I. Zatiaren eta II. Zatiaren arabera izango dela.
49. Adierazpena, Italiari buruzkoa
Biltzarrak aintzakotzat hartu du Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko 1957ko Tratatuari erantsitako Italiari buruzko protokoloak –gero aldatu egin zen Europar Batasunaren Tratatua onartzeko– honako hau dioela:
«TRATATUGILE GORENEK,
Italiari eragiten dioten zenbait arazo ebatzi NAHIRIK,
Honako xedapen hauek HITZARTU DITUZTE, eta tratatuari eranskin gisa erantsi:
ERKIDEGOA ERATZEN DUTEN ESTATU KIDEEK
JAKINAREN GAINEAN daude Italiako gobernuak ekonomiaren hazkunderako hamar urteko programa bat gauzatzeari ekin diola, eta programa horren helburua Italiako ekonomiaren egiturazko desorekak konpontzea dela: hegoaldean eta uharteetan gutxien garatuta dauden eremuetan ekonomia-ekipamenduak ezartzen hasi da, eta langabeziaren aurka egiteko lanpostu berriak sortzen,
GOGORARAZTEN DUTE eurak partaide direneko nazioarteko lankidetzako zenbait erakundek aintzat hartu eta onartu dituztela Italiako gobernuaren programa honen printzipioak eta helburuak,
ONARTZEN DUTE guztien interesekoa dela Italiako gobernuaren xede horiek erdiestea;
BAT DATOZ, Italiako gobernuari eginkizun hori burutzen laguntzeko, Erkidegoko instituzioei honako hau gomendatzean: aplika ditzatela Tratatuan jasotako mekanismo eta prozedura guztiak, eta, batez ere, ekin diezaiotela Europako Inbertsio Bankuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baliabideak era egokian erabiltzeari.
BEREN IRITZIA DA Erkidegoko instituzioek kontuan hartu behar dutela, Tratatua aplikatzean, Italiako ekonomiak zer-nolako ahalegina egin beharko duen datozen urteetan, eta, orobat, tentsio arriskutsuak eragoztea komeni dela, batez ere ordainketa-balantzari edo enpleguaren mailari eragin diezaioketenak, kolokan jar baitezakete Tratatua Italian aplikatzea.
AITORTZEN dute, 109. H eta 109. I artikuluak aplikatzekotan, ahalegina egin beharko dela Italiako gobernuari eskatutako neurri horiek honako helburu hauek berma ditzaten: ekonomia-hazkunderako programa hori betetzea eta herritarren bizitza-maila handitzea.»
50. Xedapen iragankorrei buruzko protokoloko 10. artikuluari buruzko adierazpena
Biltzarrak gonbitea egiten die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari, saia daitezen, beren eskurantzen eremuaren barruan, xedapen iragankorrei buruzko protokoloko 10. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren egintzak ordezteko edo aldatzeko lege-egintzak onartzen, hala dagokionean, eta, ahal delarik, xedapen iragankorrei buruzko protokoloko 10. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den bost urteko epearen barruan.
C. ESTATU KIDEEN ADIERAZPENAK
51. Belgikako Erresumaren adierazpena, estatuetako parlamentuei buruzkoa
Belgikak argi utzi nahi du ezen, bere konstituzio-zuzenbidearen arabera, parlamentu federaleko ordezkarien ganberak eta senatuak ez ezik, erkidegoetako eta eskualdeetako legebiltzarrek ere jokatzen dutela parlamentu-sistema nazionalaren osagai gisa edo parlamentu nazionaleko ganbera gisa, Batasunak erabiltzen dituen eskumenen arabera.
52. Belgikako Erresuma, Bulgariako Errepublika, Alemaniako Errepublika Federala, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Italiako Errepublika, Zipreko Errepublika, Lituaniako Errepublika, Luxenburgoko Dukerri Handia, Hungariako Errepublika, Maltako Errepublika, Austriako Errepublika, Portugalgo Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika eta Eslovakiako Errepublikaren Adierazpena, Europar Batasunaren ikurrei buruzkoa
Belgika, Bulgaria, Alemania, Grezia, Espainia, Italia, Zipre, Lituania, Luxenburgo, Hungaria, Malta, Austria, Portugal, Errumania, Eslovenia eta Eslovakiak adierazten dute ondorengoak izango direla, aurrerantzean ere, bertako herritarrak Europar Batasuneko partaide direla eta Batasunarekin duten harremana adierazten duten ikurrak: hondo urdinaren gainean urre koloreko hamabi izar dituen bandera; Ludwig Van Beethoven-en Bederatzigarren Sinfoniako «Alaitasunaren Ereserkitik» hartutako ereserkia; «Aniztasunean bat eginik» ikurritza; euroa, Europar Batasuneko dirua den aldetik; eta Europaren Eguna, maiatzaren 9an ospatzen dena.
53. Txekiar Errepublikaren adierazpena, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari buruzkoa
1. Txekiar Errepublikak gogoratzen du Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko xedapenak Batasuneko instituzio eta organoei zuzentzen zaizkiela, subsidiariotasun-printzipioa eta Batasunaren eta estatu kideen arteko eskumen-banaketa errespetatuz, horixe berretsi baita eskumenen zedarritzeari buruzko Adierazpenean (18.a).
Txekiar Errepublikak azpimarratzen du Gutuneko xedapenak estatu kideei zuzenduta daudela, baina bakar-bakarrik Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dutenean, eta ez Batasuneko Zuzenbidearekiko independente den estatuko Zuzenbidea onartzen eta aplikatzen dutenean.
2. Txekiar Errepublikak, halaber, azpimarratzen du Gutunak ez duela hedatzen Batasuneko Zuzenbidearen aplikazio-eremua eta ez duela sortzen eskumen berririk Batasunarentzat.
Gutunak ez du estatuko Zuzenbidearen aplikazio-eremua murrizten, eta ez ditu mugatzen estatuko agintariek esparru honetan dituzten eskumenak.
3. Txekiar Errepublikak nabarmentzen du Gutunak estatu kideen konstituzio-tradizio erkidetik sortu diren oinarrizko eskubide eta printzipioak aitortzen dituen heinean, eskubide eta printzipio horien interpretazioa aipatutako tradizio horiekin harmonizatuta egingo dela.
4. Txekiar Errepublikak azpimarratzen du, gainera, Gutuneko xedapen bat ere ezin dela interpretatu giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen murrizgarri edo kaltegarri izateko, eta halaxe da, eskubide eta askatasun horiek aitortuta baitaude, bakoitzari dagokion aplikazio-eremuan, Batasuneko Zuzenbidean eta Batasunaren edo estatu kide guztien parte hartzeaz lotutako nazioarteko hitzarmenetan, eta, batez ere, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean eta estatu kideetako konstituzioetan.
54. Adierazpena, Alemaniako Errepublika Federalarena, Irlandarena, Hungariako Errepublikarena, Austriako Errepublikarena eta Suediako Erresumarena
Alemaniak, Irlandak, Hungariak eta Austriak adierazi dute Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatua ez dela funtsean aldatu indarrean sartu zenez geroztik, eta eguneratu beharra dagoela.
Hortaz, estatu kideetako Gobernuen Ordezkarien Biltzar bat egitearen alde agertu dira, eta Biltzar horretarako deialdia lehenbailehen egitearen alde.
55. Espainiako Erresumaren eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuaren adierazpena
Kanpo-harremanak estatu kide baten gain utzirik dituen europar lurralde bati bezala aplikatuko zaizkio Gibraltarri Tratatuak.
Horrek ez dio eragingo inolako aldaketarik estatu kide horietako bakoitzaren jarrerari.
56. Irlandaren adierazpena, Irlandak eta Erresuma Batuak askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruz duten jarrerari buruzko protokoloaren 3. artikuluari buruzkoa.
Irlandak berretsi egiten du Batasunarekin duen konpromisoa, Batasuna oinarrizko eskubideak eta estatu kideen sistema eta usadio juridikoak errespetatzen dituen askatasun-, segurtasun, eta justizia-esparrua den aldetik eta esparru horretan herritarrei segurtasun-maila handia eskaintzen zaien aldetik.
Hori dela-eta, Irlandak adierazten du asmo irmoa duela Erresuma Batuak eta Irlandak askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruz duten jarrerari buruzko Protokoloaren 3. artikuluaren arabera dagokion eskubidea baliatzeko eta ahal den guztietan parte hartzeko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiko V. tituluaren esparruan sartzen diren neurriak onartzen.
Bereziki, Irlandak ahal duen guztietan parte hartuko du polizia-lankidetzaren arloko neurrietan.
Gainera, Irlandak gogorarazten du ezen, Protokoloko 8. artikuluari jarraituz, Protokoloaren xedapenen pean jarraitu nahi ezean, idatziz jakinarazi ahal izango diola Kontseiluari nahi hori.
Irlandak asmoa du Lisboako Tratatua indarrean sartu eta hiru urteko epea igarotakoan xedapen hauen funtzionamendua berrikusteko.
57. Italiako Errepublikaren Adierazpena, Europako Parlamentuaren osaketari buruzkoa
Italiak adierazten du, Europar Batasunaren Tratatuaren 10. eta 14. artikuluekin bat etorriz, Batasuneko herritarren ordezkariek osatzen dutela Europako Parlamentua eta herritarren ordezkaritza beheranzko proportziozkoa dela.
Italiak adierazten du, halaber, Europar Batasunaren Tratatuko 9. artikuluaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. artikuluaren arabera, estatu kideetako nazionalitatea duten pertsona guztiak direla Batasuneko herritar.
Hortaz, Kontseilu Europarrak, Europako Parlamentuaren ekimenez eta Parlamentuak berak onartu ondoren, erabakiren bat hartzen badu Europako Parlamentuaren osaketa finkatzeko, Italiak adierazten du erabaki horrek Europar Batasuneko Tratatuko 14. artikuluko 2. paragrafoaren lehenengo lerrokadako printzipioak bete behar dituela, betiere, 2009-2014 legegintzaldiari buruzko erabakiari kalterik egin gabe.
58. Letoniako Errepublikaren, Hungariako Errepublikaren eta Maltako Errepublikaren adierazpena, Tratatuetan diru bakarra izendatzeko erabiltzen den izenaren ortografiari buruzkoa.
Europar Batasunaren diru bakarraren izenaren ortografia bateratuari kalterik egin gabe —tratatuetan aipatzen da izen hori, billeteetan eta txanponetan erakusten den gisara—, Letoniak, Hungariak eta Maltak adierazten dute ezen diru bakarraren izenaren ortografiak –izen horretatik eratorriek barne-, Tratatuen letonierazko, hungarierazko eta malterazko testuetan ageri den eran, ez duela eraginik letonierako, hungarierako eta malterako egungo arauetan.
59. Herbeheretako Erresumaren adierazpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 312. artikuluari buruzkoa.
Herbeheretako Erresumak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 312. artikuluko 2. paragrafoaren bigarren lerrokadan aipatutako erabakia onartuko du, behin Herbeheretako Erresumari, Tratatu horretako 311. artikuluaren hirugarren lerrokadan aipatutako europar araudiaren berrikuspenaren bidez, konponbide gogobeteko bat eman zaionean Batasunaren aurrekontuarekiko duen ordainketa-egoera negatibo gehiegizkoaren arazorako.
60. Herbeheretako Erresumaren adierazpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 355. artikuluari buruzkoa.
Herbeheretako Erresumak honako hau adierazten du: 355. artikuluaren 6. paragrafoan aurreikusten dena bezalako erabaki bat hartzeko ekimena, Holandarren Antillek edo Arubak Batasunean duten estatutua aldatzeko xedea duena, Herbehereetako Erresumaren Estatutuaren arabera onartutako erabaki baten oinarriaren gainean onartu beharko da nahitaez.
61. Poloniako Errepublikaren adierazpena, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari buruzkoa
Gutunak ez dio inola ere eragiten estatu kideek arlo hauetan legeak emateko duten eskubideari: moraltasun publikoa, familia-zuzenbidea eta giza duintasunaren babesa eta gizakien osotasun fisikoa eta morala.
62. Poloniako Errepublikaren adierazpena, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna Poloniari eta Erresuma Batuari aplikatzearen gaineko Protokoloari buruzkoa.
Poloniak, kontuan hartuz “Elkartasuna” izeneko gizarte-mugimenduaren tradizioa eta mugimendu horrek gizarte- eta lan-arloetako eskubideen aldeko borrokan egindako ekarpen handia, honako hau adierazten du: osoki errespetatzen dituela eskubide horiek, Europar Batasunaren zuzenbideak ezarrita dituen bezala, eta, bereziki, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren IV. tituluan berretsitakoak.
63. Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuaren adierazpena, «herritarrak» terminoaren definizioari buruzkoa
Erresuma Batuak, Tratatuei eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari dagokienez, bai eta Tratatu horietatik eratorritako edozein egintzari edo Tratatu horiek indarrean iraunarazten duen edozein egintzari dagokionez, berretsi egiten du 1982ko abenduaren 31n “herritar” terminoaren definizioari buruz egin zuen adierazpena, salbuespen bakar honekin: “Britainia Handiaren menpeko lurraldeetako herritarrak” aipamena “Britainia Handiaren itsasoz haraindiko lurraldeetako herritarrak” esanahiarekin ulertu behar dela.
64. Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren Erresuma Batuaren adierazpena, Europako Parlamenturako hauteskundeetan boto-eskubidea edukitzeari buruz
Erresuma Batuak honako hau nabarmentzen du: ez Europar Batasunaren Tratatuaren 14. artikuluak ez Tratatuetako beste ezein xedapenek ez du Europako Parlamenturako hauteskundeetako boto-eskubidearen oinarria aldatzeko xederik.
65. Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren Erresuma Batuaren adierazpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 75. artikuluari buruzkoa
Erresuma Batuak babes osoa ematen dio terrorismoa eta harekin zerikusia duten jarduerak eragozteko jardun kementsuari, bai eta haien kontra borrokatzeko finantza-arloko zigorrak onartzeari ere.
Hori dela-eta, Erresuma Batuak adierazten du asmoa duela Erresuma Batuak eta Irlandak askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruz duten jarrerari buruzko Protokoloko 3. artikuluan aipatzen den eskubidea baliatu eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 75. artikuluaren arabera egindako proposamen guztiak onartzen parte hartzeko.