Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Naziotasuna, aberri gabetasuna, asiloa eta errefuxiatuak

Aberrigabeen estatutuari buruzko Konbentzioa

1954-09-28

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundea, Ahalguztidunen Konferentzia

Aberrigabeen estatutuari buruzko Konbentzioa

Ahalguztidunen Konferentziak 1954ko irailaren 28an onetsia, Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluak, 1954. urteko apirilaren 26ko 526 A (XVII) ebazpenean egindako deialdian

Indarrean jartzea:1960ko ekainaren 6an, 39. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Alderdi kontratugile gorenek,

Kontuan harturik Nazio Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean onetsi zuenak printzipio hau berretsi dutela, alegia, gizakiek eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak izango dituztela, inolako bereizkeriarik gabe,

Kontuan harturik, Nazio Batuek hainbat aldiz adierazi dutela aberrigabeenganako interesa, eta ahaleginak egin dituztela haiei ziurtatzeko euren eskubideak eta oinarrizko askatasunak egikari ditzaten ahal den modurik zabalenean,

Kontuan harturik Errefuxiatuen estatutuari buruzko Konbentzioak, 1961eko uztailaren 28koak, bakar-bakarrik errefuxiatuak diren aberrigabeak barneratzen dituela, eta Konbentzio horrek ez dituela barneratzen, ordea, aberrigabe asko,

Kontuan harturik aberrigabeen egoera, nazioarteko akordioaren bitartez erregularizatzeko eta hobetzeko nahia,

Hurrengo xedapenak hitzartu dituzte:

I. Kapitulua: Xedapen orokorrak

1. artikulua.- “aberrigabe” hitza definitzea

1. Konbentzio honen ondorioetarako, “aberrigabe” hitzak izendatzen du pertsona oro, halakoa estatu batek ere nazionaltzat hartzen ez duenean, estatu horren legeriarekin bat etorriz.

2. Konbentzio hau ez zaie aplikatuko:

i) Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioa ez den bestelako Nazio Batuen organo edo erakunde batengandik babesa edo laguntza jasotzen duten pertsonei, horiek babesa edo laguntza jasotzen ari diren bitartean;

ii) Herrialde batean bizilekua finkatzen duten pertsonei, horiei herrialdeko agintari eskudunek aitortzen dizkietenean herrialdearen naziotasunari datxezkion eskubide eta betebeharrak;

iii) Pertsona batzuei dagokienez, horiekiko arrazoi oinarridunak daudenean kontuan hartzeko:

a) Halakoek bake, gerra edo gizateriaren aurkako delituak egin dituztela, delitu horiek zehaztuta daudela mota horretako delituei buruzko nazioarteko instrumentuetan;

b) Bizilekua zein herrialdetan finkatu eta hortik kanpo izaera politikoa ez duen delitu larria egin dutela, herrialde horretan onartua izan aurretik;

c) Nazio Batuen asmo eta printzipioen aurkako egintzak egiteagatik errudunak direla.

2. artikulua. Betebehar orokorrak

Aberrigabe orok, zein herrialdetan egon eta herrialde horri dagokionez, betebeharrak baditu, betebehar horiek bereziki legeen eta erregelamenduen aurrean men egitea dakarte, eta, era berean, ordena publikoa zaintzeko onartutako neurriak ontzat ematea.

3. artikulua. Bereizkeria debekatzea

Estatu kontratugileek Konbentzio honen xedapenak aplikatuko dizkie aberrigabeei, inolako bereizkeriarik gabe, arraza-, erlijio- edo jatorrizko herrialde-arrazoiengatik.

4. artikulua. Erlijioa

Estatu kontratugileek, euren lurraldean dauden aberrigabeei emango diete gutxienez euren nazionalei ematen dieten besteko tratu onuragarria, euren erlijioa praktikatzeko askatasunari eta euren semeei erlijio-heziketa emateko askatasunari dagokienez.

5. artikulua.- Konbentzio hau kontuan hartu gabe emandako eskubideak

Konbentzio honen xedapenak ezin izango dira interpretatu estatu kontratugileek, Konbentzio hau kontuan hartu gabe, aberrigabeei emandako eskubide eta onuren kaltetan.

6. artikulua.- “Inguruabar berberetan” esamoldea

Konbentzio honen ondorioetarako, “inguruabar berberetan” esamoldeak adierazi nahi du interesdunak, aberrigabea izango ez balitz zein baldintza eskatu eta baldintza horiek guztiak bete behar dituela (batik bat egonaldiaren eta bizialdiaren iraupenari eta aurreko horien baldintzei dagokienez) kasuan kasuko eskubidea egikari ahal izateko; aberrigabeak, bere izaeragatik, bete ezin dituen baldintzak salbu.

7. artikulua.- Elkarrekikotasunaren salbuespena

1. Konbentzio honetan aurreikusitako xedapen mesedegarriagoei kalterik egin gabe, estatu kontratugile orok emango die aberrigabeei, orokorrean atzerritarrei ematen dien tratu berbera.

2. Estatu batean hiru urte bizi ondoren, aberrigabe guztiek izango dute estatu kontratugileen lurraldean lege-elkarrekikotasunaren salbuespena.

3. Estatu kontratugile orok jarraituko du aberrigabeei dagozkien eskubide eta onurak ematen, nahiz eta elkarrekikotasunik ez egon, estatu horretan Konbentzio hau indarrean jartzen den datan bertan.

4. Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute, nahiz eta euren arteko elkarrekikotasun izan ez, zer eta, aberrigabeei, 2 eta 3. paragrafoaren arabera dagozkien eskubide eta onuraz gain, beste batzuk ere emateko aukera, eta elkarrekikotasun salbuespena 2 eta 3. paragrafoetan aurreikusitako baldintzek biltzen ez dituzten aberrigabeei ere luzatzea.

5. 2 eta 3. paragrafoen xedapenak aplikatuko dira, dela Konbentzio honen 13, 18, 19, 21 eta 22. artikuluetan aurreikusitako eskubide eta onurei, dela Konbentzioan aurreikusten ez diren eskubide eta onurei ere.

8. artikulua.- Ezohiko neurrien salbuespena

Estatu atzerritar baten nazional edo nazional ohi diren pertsona, ondasun edo interesen aurka onetsi daitezkeen salbuespen-neurriei dagokienez, estatu kontratugileek ez dizkiete aberrigabeei neurri horiek aplikatuko, horretarako arrazoi bakarra bada estatu horren naziotasuna izatea. Estatu kontratugileek ezin dutenean euren legeen arabera artikulu honetan aipatu printzipio orokorra aplikatu, orduan, dagozkien kasuetan, aberrigabeen mesederako salbuespenak emango dituzte.

9. artikulua. Behin-behineko neurriak

Konbentzio honen xedapenek ez dute eragotziko, gerra denboran edo beste inguruabar larrietan eta salbuespenekoetan, estatu kontratugile batek behin-behineko izaeraz har ditzan, pertsona zehatz bati dagokionez, halako neurriak, horiek nahitaezko iruditzen bazaizkio nazio-segurtasunerako; noiz eta delako estatu kontratugileak zehaztu arte pertsona hori benetan aberrigabea den, eta, hala denean, neurri horiekin jarraitzea beharrezkoa den nazio-segurtasunerako.

10. artikulua.- Bizilekuan jarraitzea

1. Aberrigabea Bigarren Mundu Gerran erbesteratua izan bada eta estatu kontratugilearen lurraldera eraman badute, eta orain hor bertan bizi bada, nahitaezko bizialdi horren epea lurralde horretan eginiko lege-bizialdi moduan hartuko da.

2. Aberrigabea estatu kontratugile baten lurraldetik erbesteratua izan bada Bigarren Mundu Gerran, eta estatu horretara itzuli bada Konbentzio hau indarrean jarri aurretik, bertan bizilekua ezartzeko, erbesteratzearen aurreko eta atzeko aldia etengabeko aldi moduan hartuko da, etengabeko bizialdia eskatzen den kasu guztietan.

11. artikulua.- Aberrigabeko itsasgizonak

Estatu kontratugile baten bandera daraman itsasontziko tripulazio kide gisa eskuarki enplegatutako aberrigabeen kasuan, estatu horrek borondate onez aztertuko du aberrigabe horiek estatu horren lurraldean bizitzeko baimena izatea eta horiei bidaia-agiriak emateko aukera edota horiek aldi baterako estatu horren lurraldean onartzeko aukera, batik bat, beste herrialde batean bizi ahal izatea errazteko helburuarekin.

II. Kapitulua: Egoera juridikoa

12. artikulua. Estatutu pertsonala

1. Aberrigabe ororen estatutu pertsonala, zein herrialdetan izan egoitza eta herrialde horren legeak arautuko du, eta egoitzaren ezean, bizilekua zein herrialdetan izan eta herrialde horren legeak.

2. Estatu kontratugile orok errespetatu beharko ditu aberrigabeak aurretiaz eskuratutako eskubideak, estatutu pertsonalaren mende daudenak, bereziki, ezkontzak eragin dituenak, betiere, beharrezkoa bada horretarako estatu horren legeriak eskatzen dituen betebeharrak betetzea eta eskubide hori estatuaren legeriak aitortu badu, artean interesduna aberrigabe bihurtu ez bada.

13. artikulua.- Ondasun higigarriak eta higiezinak

Estatu kontratugileek aberrigabe orori ahal den traturik mesedegarriena emango diote eta inola ere ez, orokorrean inguruabar berberetan atzerritarrei ematen zaiena baino onura gutxiago dakarrena, ondasun higiezinak eta higigarriak erosteari dagokionez eta ondasun higiezinei eta higigarriei lotutako beste eskubide, errentamendu eta bestelako kontratuei dagokienez.

14. artikulua.- Jabetza intelektualaren eta industria-jabetzaren eskubideak

Industria-jabetza babesteari dagokionez, eta batik bat, asmaketei, marrazki eta modelo industrialei, fabrika-markei, izen komertzialei eta jabetza literarioaren inguruko eskubideei dagokienez, aberrigabe orori, zein herrialdetan izan ohiko bizilekua eta herrialde horretan emango zaio herrialde horren nazionalei emandako babes berbera. Beste edozein estatu kontratugileren lurraldean emango zaio lurralde horretan zein herrialdetan izan ohiko bizilekua eta herrialde horren nazionalei emandako babes berbera.

15. artikulua.- Elkartzeko eskubidea

Elkarte ez politikoei, irabazi-asmorik gabekoei eta sindikatuei dagokienez, estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez bizi diren aberrigabeei ahalik eta traturik mesedegarriena emango diete; nolanahi ere, inguruabar berberetan orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago ez dakarrena.

16. artikulua Auzitegietara jotzea

1. Estatu kontratugileen lurraldean, aberrigabe orok askatasuna izango du auzitegietara jotzeko.

2. Aberrigabe orok, bere ohiko bizilekua zein estatu kontratugiletan izan eta estatu horrengandik jasoko du nazionalak duen tratu berbera, auzitegietara jotzeari dagokionez, gizarte-laguntza etacautio judicatum solvisalbuespena barne.

3. Aberrigabeak ohiko bizilekua zein estatutan izan eta 2. paragrafoak aipatu gaiei dagokienez, gainerako estatu kontratugileen lurraldean halako tratua jasoko du, ohiko bizilekua zein herrialdetan izan eta herrialde horren nazionalak jasoko duen tratu bera.

III. Kapitulua: Irabazi-asmoa duten jarduerak

17. artikulua. Ordaindutako enplegua

1. Estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez bizi diren aberrigabeei ahalik eta tratu mesedegarriena emango diete eta, edonola ere, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago ez dakarrena, ordaindutako enplegua izateko eskubideari dagokionez.

2. Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute, ordaindutako enpleguak betetzeari dagokionez, aberrigabe guztien eskubideak eta nazionalen eskubideak parekatzea, batez ere, estatu horietako lurraldean eskulan kontratu-programei esker eta immigrazio-planei esker sartu diren aberrigabeentzat.

18. artikulua.- Norberaren konturako lana

Estatu kontratugile orok estatu horren lurraldean dauden aberrigabeei ahalik eta traturik mesedegarriena emango die eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena, norberaren kontura nekazaritzan, industrian, eskulangintzan eta merkataritzan lan egiteko eskubideari dagokionez, eta merkataritza- eta industria-konpainiak ezartzeko eskubideari dagokionez.

19 artikulua.- Lanbide liberalak

Estatu kontratugile orok bere lurraldean dauden aberrigabeei, estatu horren agintari eskudunek aitortutako diplomak dituztenei eta lanbide liberaletan jardun nahi dutenei, ahalik eta traturik mesedegarriena emango die eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena.

IV. Kapitulua: Ongizatea

20. artikulua.- Errazionamendua

Biztanleria oso-osorik errazionamendu-sistemaren mende dagoenean, eta horrek banaketa orokorra erregulatzen duenean elikagaiak urri direlako, aberrigabeek nazionalen tratu berbera jasoko dute.

21. artikulua.- Etxebizitza

Etxebizitza dela eta, legeek eta erregelamenduek arautzen duten heinean edota agintari ofizialen kontrolaren mende dagoen heinean, estatu kontratugileek euren lurraldeetan legez bizi diren aberrigabeei ahalik eta traturik mesedegarriena emango diete eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena.

22. artikulua. Hezkuntza publikoa

1. Estatu kontratugileek nazionalei ematen dieten tratu berbera emango diete aberrigabeei, oinarrizko irakaskuntzari dagokionez.

2. Estatu kontratugileek aberrigabeei ahalik eta traturik mesedegarriena emango diete eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena, oinarrizko irakaskuntza ez den horri dagokionez eta, bereziki, ikasketak jasotzeari, atzerrian luzatutako ikasketa-ziurtagiriak, unibertsitateko diplomak eta tituluak aitortzeari, ordainsarien eta zamen salbuespenari eta bekak emateari dagokienez.

23. artikulua. Laguntza publikoa

Estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez bizi diren aberrigabeei euren nazionalei emandako tratu bera emango diete, laguntza eta sorospen publikoari dagokienez.

24. artikulua. Lan-legeria eta gizarte segurantza

1. Estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez bizi diren aberrigabeei euren nazionalei emandako tratu bera emango diete, ondorengo gaiei dagokienez.

a) Ordainketa, familia-diru laguntzak barne, horiek ordainketa osatzen dutenean, lanorduak, laneko aparteko orduei buruzko xedapenak, ordaindutako oporrak, etxean lan egiteko murrizketak, enplegurako gutxieneko adina, lanbide-ikaste eta -heziketa, emakumeen eta nerabeen lana eta lanerako kontratu kolektiboen onurak baliatzea, gai horiek legeek eta erregelamenduek arautzen dituzten neurrian, edo administrazio-agintarien mende dauden heinean;

b) Gizarte-aseguruak (lan-istripuei buruzko lege-xedapenak, lanbide-gaixotasunak, amatasuna, baliaezintasuna, zahartzaroa, heriotza, langabezia, familia-erantzukizunak eta gizarte-aseguru plan batek aurreikusten duen beste edozein gertakizun, nazio-lege edo -erregelamenduekin bat etorriz) hori guztiori ondorengo mugen mende:

i) Xedapen egokien aukera, eskuratutako eskubideak eta eskuratu daitezkeenak gordetzeko;

ii) Zein herrialdetan izan bizilekua eta herrialde horren nazio-legeek eta -erregelamenduek xedapen berezietan arautzeko aukera, zeri buruz eta, irabaziei edo horien zati bati buruz, horiek osotasunean diru publikoarekin ordaindu behar direnean, edota pentsio arrunta jasotzeko araututako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei ordaindu beharreko diru-laguntzei buruz.

2. Lan-istripuen edo lanbide-gaixotasunaren ondorioz aberrigabea hiltzeagatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea badago, eskubide horri ez dio kalterik egingo eskubideduna estatu kontratugilearen lurraldetik kanpo bizitzeak.

3. Estatu kontratugileek aberrigabeei zabalduko dizkiete euren artean hitzartutako edo hitzar daitezkeen erabakien onurak, gizarte-segurantzaren arloan eskuraturiko eskubide edo eskuratzeko bidean dauden eskubideei dagokienez, eta onura horiek kasuan kasuko erabakiak sinatu dituen estatuetako nazionalei aplikatzen zaizkien baldintzen mende geratuko dira soil-soilean.

4. Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute aberrigabeei aplikatzea, ahal den guztian, antzeko akordioek eragindako onurak, horiek indarrean badaude edo indarrean jarriko badira estatu kontratugile eta ez kontratugileen artean.

V. kapitulua:Administrazio-neurriak

25. artikulua.- Administrazio-laguntza

1. Aberrigabeak eskubide baten egikaritzarako agintari atzerritarren laguntza eskuarki behar duenean eta horiengana ezin badu berak jo, aberrigabea zein estatu kontratugilearen lurraldetan bizi eta estatu horrek hartuko ditu beharrezko neurriak bere agintariek eman diezaioten laguntza hori.

2. 1. paragrafoan aipatu agintariek aberrigabeei luzatuko dizkiete edo euren ikuskaritzapean halakoa egitea aginduko dute, zer eta eskuarki atzerritarrei euren agintari nazionalek edo horien bitartez luzatuko lizkieketen agiri eta ziurtagiriak.

3. Horrela luzatutako agiri eta ziurtagiriek ordezkatuko dituzte atzerritarrei agintari nazionalek edo horien bitartez egindako agerkari ofizialak eta fede emango dute, kontrakoa frogatzen ez bada.

4. Pertsona behartsuei ematen zaien salbuespenezko tratuari kalterik egin gabe, artikulu honetan aipatu zerbitzuei tasak ezarri dakieke, baina tasa horiek neurrizkoak izango dira eta antzeko zerbitzuengatik nazionalek dituzten araberakoak.

5. Artikulu honen xedapenek ez diete kalterik egiten 27 eta 28. artikuluei.

26, artikulua.- Askatasunez zirkulatzea

Estatu kontratugile orok bere lurraldean dauden aberrigabeei emango die lurralde horretan bizitzeko tokia aukeratzeko eskubidea eta bertan askatasunez zirkulatzeko eskubidea, betiere, inguruabar berberetan orokorrean atzerritarrei aplikatzen zaizkien erregelamenduak betetzen badituzte.

27. artikulua.- Nortasun-agiriak

Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean dauden aberrigabe orori emango dizkiote nortasun-agiriak, bidaiatzeko baliodun agiririk ez duenean.

28. artikulua.- Bidaia-agiriak

Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean legez dauden aberrigabeei bidaia-agiriak luzatuko dizkiete, lurraldetik kanpora joan ahal daitezen, hori ez egiteko ezinbesteko arrazoiak egon ezik, nazio-segurtasunari eta ordena publikoari begira. Era berean, Konbentzio honen eranskinaren xedapenak agiri horiei aplikatuko zaizkie. Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean dagoen beste edozein aberrigabeari luzatu ahal izango dizkiote bidaia-agiri horiek; estatuek borondate onez aztertuko dute bereziki aberrigabeen kasua, horiek estatu horien lurraldetan badaude eta euren lege-bizilekua zein herrialdetan izan eta herrialde horretako bidaia-agiririk lortu ezin dutenean.

29.artikulua. Karga fiskalak

1. Estatu kontratugileek ez diete aberrigabeei inolako tasarik, kargarik edo zergarik ezarriko, baldin eta halakoak estatu horiek antzeko baldintzetan diren nazionalei eskatzen edo eskatzeko moduan daudenekin bat ez badatoz edo horiek gainditzen badituzte.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du eragozten atzerritarrei ezarritako tasei dagozkien lege eta erregelamenduak aberrigabeei aplikatzea, administrazio-agiriak luzatzearren, nortasun-agiriak barne.

30 artikulua.- Hartzekoen transferentzia

1. Estatu kontratugile bakoitzak, bere lege eta erregelamenduekin bat etorriz, baimena emango die aberrigabeei, berlekukotzeko helburuarekin zein herrialdetan onartuak izan eta, herrialde horretara transferitzeko estatu haren lurraldera eurekin eramandako hartzekoak.

2. Estatu kontratugile bakoitzak borondate onez aztertuko ditu aberrigabeek egindako eskabideak, edonon daudela ere, onartuak izan diren herrialdean berlekukotzeko beharrezko hartzekoak transferitzeko.

31. artikulua.- Kanporatzea

1. Estatu kontratugileek ez dute estatu horien lurraldean legez dagoen aberrigaberik kanporatuko, nazio-segurtasunari edo ordena publikoari begira, horretarako arrazoiak egon ezik.

2. Aberrigabea bakar-bakarrik kanporatuko da, hala denean, indarrean dauden prozeduren arabera hartutako erabakiarekin bat etorriz. Nahitaezko nazio-segurtasun arrazoirik egon ezean, aberrigabeari baimena emango zaio bere buruaren mesederako zuribide-frogak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko eta ondorio honetarako, ordezkariaren bitartez agintari eskudunaren aurrean edo agintari eskudunak beren-beregi izendatutako hainbat pertsonen aurrean agertzeko.

3. Estatu kontratugileek, kasu horretan, bidezko epea emango diote aberrigabeari, epe horren barruan bidera dezan legezko onarpena beste herrialde batean. Estatu kontratugileek euren eskubidea erreserbatzen dute, epe horretan, barruko ordenaren beharrezko neurriak aplikatzeko.

32. artikulua.- Bertakotzea

Estatu kontratugileek, ahal dela, erraztasunak emango dizkiete aberrigabeei, horiek berdinetsi eta bertakotu daitezen. Ahaleginak egingo dituzte, bereziki, bertakotze-izapideak arintzeko eta izapideen tasak eta gastuak ahalik eta gutxien izateko.

VI. Kapitulua:Azken klausulak

33. artikulua.- Nazio-legeei eta -erregelamenduei buruzko informazioa

Estatu kontratugileek Nazio Batuen Idazkari Nagusiari jakinaraziko dizkiote Konbentzio honen aplikazioa bermatzeko aldarrikatzen dituzten lege eta erregelamenduak

34. artikulua.- Eztabaidak konpontzea

Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, alderdien arteko eztabaida oro Justiziaren Nazioarteko Gortearen mende utziko da, eztabaidan dagoen edozein alderdik hala eskatuta, betiere, eztabaida beste bide batzuetatik konpondu ez bada.

35. artikulua.- Sinadura, berrespena eta atxikimendua

1.Konbentzio hau Nazio Batuen egoitzan sinatzeko geratzen da, 1955eko abenduaren 30era arte.

2.Sinatu ahal izango dute:

a) Nazio Batuen estatu kide orok;

b) Beste edozein estatuk, Aberrigabeen Estatutuaren gaineko Nazio Batuen Konferentziak bertan parte hartzeko gonbitea egin badio; eta

c) Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, Konbentzioaren sinadura edo atxikimenduaren ondorioetarako, zein estaturi gonbitea egin eta estatu horrek.

3. Konbentzio hau berretsi egingo da eta berrespen-atxikimenduak Nazio Batuen Idazkari Orokorraren esku utziko dira, horrek gordailu ditzan.

4. Artikulu honen 2. paragrafoak aipatu estatuek atxikimendua eman ahal izango diote Konbentzio honi. Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, horrek gordailu dezan.

36. artikulua.- Lurralde-aplikaziorako klausula

1. Sinadura-, berrespen- eta atxikimendu-unean, estatu orok adierazi dezake Konbentzio hau zabalduko dela estatu horrek zein lurralderen nazioarteko harremanak izan bere ardurapean eta lurralde horietara, oso-osorik edo zati batean. Adierazpen horrek eragina izango du estatu interesdunarentzat Konbentzio hau indarrean jartzen den unetik bertatik.

2. Geroagoko edozein unetan, zabaltze hori Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez egingo da eta eragina izango du, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak zein datatan jaso jakinarazpena eta data horren laurogeita hamargarren egunean edota estatu horrentzat Konbentzioa indarrean jartzen denetik, azken data hori geroagokoa bada.

3. Sinadura-, berrespen- eta atxikimendu-unean, Konbentzioa zabaldu ez den lurraldeei dagokienez, estatu interesdun bakoitzak aztertuko du ahalik eta lasterren beharrezko neurriak hartzeko aukera, Konbentzio honen aplikazioa zabaldua izan dadin lurralde horietara, lurralde horietako gobernuen adostasunari kalterik egin gabe, halakoa beharrezkoa bada konstituzio-arrazoiengatik.

37. artikulua.- Klausula federala

Estatu federalei edo ez bateratuei dagokienez, ondorengo xedapenak aplikatuko dira:

a) Konbentzio honen artikuluei dagokienez, horien aplikazioa botere legegile federalaren egintza legegilearen mende badago, gobernu federalaren betebeharrak dira, neurri berean, estatu ez federalak diren alderdien berberak.

b) Konbentzio honen artikuluei dagokienez, horien aplikazioa estatu, probintzia edo kantoi konstituzio egileen egintza legegilearen mende badago eta horiek, federazioaren konstituzioaren erregimenarekin bat etorriz, ez badaude behartuta neurri-legegileak hartzera, orduan, gobernu federalak, ahalik eta lasterren eta aldeko gomendioa eginda, artikulu horien testua jakinaraziko die estatu, probintzia eta kantoietako agintari eskudunei.

c) Konbentzio honen alderdi den estatu federal orok, federazioan eta bere unitate osatzaileetan indarrean dauden legeria eta eginerak aurkeztuko ditu; horretarako eskabidea igorriko dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiak, beste estatu kontratugileetako batek hala eskatuta; eta adierazpen horrek barneratuko du Konbentzioaren xedapen zehatz bati dagokiona, eta, ildo beretik, adieraziko du xedapen hori zein neurritan gauzatu den, egintza legegile edo beste izaerako baten bidez.

38. artikulua. Erreserbak

1.Sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean, estatu orok erreserbak egin ditzake konbentzioaren artikuluei buruz, horiek ez badira 1, 3, 4, 16 (1), eta 33tik 42rakoak, biak barne.

2.Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera erreserbaren bat egin duen estatu orok, edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.

39. artikulua. Indarrean jartzea

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua zein datatan gordailutu eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

2.Seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua gordailutu ondoren Konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat Konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

40. artikulua. Salaketa

1.Estatu kontratugile orok salatu ahal izango du Konbentzio hau edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpenaren bitartez.

2.Salaketak, estatu kontratugile horri dagokionez, ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

3.36. artikuluaren arabera, adierazpena edo jakinarazpena egin duen estatu orok geroagoko edozein unetan adierazi ahal izango du, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez, Konbentzioa ez dela aplikatuko jakinarazpenean adierazitako lurralde zehatz batean.Idazkari Nagusiak jakinarazpen hori zein datatan jaso eta urtebete igaro ondoren, Konbentzioa ez da lurralde horretan aplikatuko.

41. artikulua. Berrikuspena

1.Estatu kontratugile orok edozein unetan eska dezake Konbentzio hau berrikustea, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpena igorriz.

2.Nazio Batuen Biltzar Orokorrak erabakiko ditu, hala denean, eskabide horren inguruan hartu beharreko neurriak.

42. artikulua.- Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren jakinarazpenak

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta 35. artikuluan aipatu estatuei, hain zuzen ere, erakundearen kide ez direnei:

a) 35. artikuluan aurreikusitako sinadura, berrespen eta atxikimenduak:

b) 36. artikuluan aurreikusitako adierazpenak eta jakinarazpenak;

c) 38. artikuluan aurreikusitako erreserbak, egindakoak nahiz kendutakoak;

d) 39. artikuluaren arabera, Konbentzio hau indarrean jartzeko data;

e) 40. artikuluan aurreikusitako salaketak eta jakinarazpenak;

f) 41. artikuluan aurreikusitako berrikuste-eskabideak.

Hori guztiori aitortuz, behean sinatzen dutenek, behar bezala baimenduta daudela, Konbentzio hau sinatzen dute bakoitzaren gobernuen izenean.

New Yorken egina, mila bederatziehun eta berrogeita hamalauko irailaren hogeita zortzian, ale bakarrean, berori gordailutuko dela Nazio Batuen artxiboetan; berebat, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindako testuak kautoak dira; ildo beretik, behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Estatu Batuen estatu kide guztiei eta 35. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere,kide ez direnei.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra