5/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Kontingentzia-neurriak hartzen dituena Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua Europar Batasunaren Tratatuak 50. artikuluan jasotako akordioa lortu gabe ateratzen bada ere Europar Batasunetik.
2019-03-01Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 03/02/2019, 53. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
2976 5/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Kontingentzia-neurriak
hartzen dituena Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua Europar Batasunaren Tratatuak 50. artikuluan jasotako akordioa lortu gabe ateratzen bada ere Europar Batasunetik.
2017ko martxoaren 29an, Erresuma Batuak Europako Kontseiluari ofizialki jakinarazi zion Europar Batasunetik alde egiteko asmoa zuela, Europar Batasunaren Tratatuak 50. artikuluan aurreikusten duen prozedurari helduta. Irteera hori 2019ko martxoaren 30ean gauzatuko da, non eta ez den irteteko erabakia bertan behera uzten edo irteteko ezarritako epea aho batez luzatzen.
Izan ere, egun hartan bi urteko epea hasi zen Europar Batasunak eta Erresuma Batuak irteera bera eta geroko harremanak arautzeko akordio bat negozia zezaten, irteera ordenatua lortzearren.
Bi aldeetako negoziatzaileek irteera-akordioaren testuari buruzko kontsentsu bat lortu zuten 2018ko azaroaren 14an. Europako Kontseiluak, 2018ko azaroaren 25ean egindako bilera berezian, berretsi egin zuen Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua Europar Batasunetik eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegotik irteteari buruzko Akordioa, eta hura 2019ko martxoaren 30ean indarrean jarri ahal izateko behar ziren xedapenak eman zitzatela eskatu zien Batzordeari, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari. 2019ko otsailaren 19an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 11ko 2019/274 (EB) Erabakia argitaratu zen, Europar Batasunaren eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoaren izenean akordio hori sinatzeari buruzkoa. Horrekin batera, akordioaren testua eta Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harremanen esparrua azaltzen duen adierazpen politikoa argitaratu ziren. Erresuma Batuak berretsi egin behar du irteera-akordioa, bere Konstituzioaren eskakizunekin bat etorriz.
Britainia Handiko parlamentuak, iragan urtarrilaren 15ean, proposatutako irteera-akordioaren kontra bozkatu zuen, eta ez dago bermatuta adostutako irteerarik lortzea 2019ko martxoaren 30a baino lehen. Akordioa onartu zein ez, 2019ko martxoaren 30ean Erresuma Batuak Europar Batasuneko estatu izateari utziko dio, salbu eta Erresuma Batuak irteteko erabakia bertan behera utzi nahi duela jakinarazten badio Batasunari edo Erresuma Batuak eta Batasunak negoziazio-aldia luzatzea adosten badute.
Europako Kontseiluak, akordioa berresteko prozesuaren inguruko zalantzak ikusita, hainbat aldiz errepikatu du lehendik ere Batzordeari eta estatu kideei egindako deia: Erresuma Batuaren irteerak esparru guztietan izango dituen ondorioei aurre egiteko lanak biziagotu behar dituzte, eta gerta daitezkeen egoera guztiak hartu behar dituzte kontuan.
Europar Batasunaren eremuan, Batzordeak hiru komunikazio aurkeztu ditu. Lehenengoa, 2018ko uztailaren 19koa, edozein jokalekuri aurre egiteko prestatzeko lanei buruzkoa da. Bigarrenak, 2018ko azaroaren 13koak, jada kontingentzia-plangintzan jarri zuen arreta, eta Europar Batasuneko kontingentzia-neurriak ezartzeko printzipio orokorrak eta esparruak zehaztu zituen. Hirugarrenak, 2018ko abenduaren 19koak, Batzordearen kontingentzia-planaren aplikazioa zehaztu zuen, Europan egin nahi diren egintza juridikoak zerrendatuz eta horietarako egutegia emanez.
Gainera, Batzordeak ohar sektorialak argitaratu izan ditu, Erresuma Batuak alde egitearen ondorioen berri emateko estatu kideei, eragile ekonomikoei eta herritarrei.
Hurrenez hurreneko komunikazioetan Batzordeak estatu kideei, enpresei eta herritarrei eskatu die haiek ere presta daitezela Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak ezinbestez ekarriko dituen ondorioei aurre egiteko, bakoitzak bere eskumeneko eta ardurapeko arloan.
Erresuma Batuak Europar Batasunetik alde egiteko erabakia jakinarazi zuen unetik, Gobernuak ministerioen arteko eta lurralde-administrazioekiko koordinaziorako sistema bat ezarri zuen brexitari buruz informazioa emateko eta lan egiteko, Erresuma Batua EBtik Irteteko Prozesuaren Jarraipenerako Ministerioarteko Batzordearen eta horren menpeko lantaldeen bitartez.
2018ko urritik aurrera biziagotu egin ziren akordiorik gabeko irteerak ekarriko lukeen egoerarako prestatzeko lanak.
Autonomia-erkidegoei kontsulta egin zaie Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Konferentziaren bidez, eta administrazioen arteko koordinaziorako sistema bat sortu da, puntu fokalez osatua, informazio-trukea errazte aldera.
Gobernuaren kontingentzia-plangintzak bi helburu nagusi ditu. Lehenik, irteera-eguna baino lehen zirkulazio askerako eskubidea baliatu duten espainiarren eta britainiarren interesak babestea. Bigarrenik, Espainiaren merkataritza-fluxuen ohiko martxa eta interes ekonomikoak babestea. Helburu horiek lortzeko, hiru jarduketa-ildo antolatu dira: araugintzakoa, logistikoa eta komunikazio-arlokoa.
Araugintzako jarduketei dagokienez, eta Europako Batzordearekiko komunikazioetan jasotako orientabideen arabera, maila guztietako kontingentzia-neurriak printzipio sail bati lotu behar zaizkio.
Aldi baterakoak izan behar dute, sektoretik sektorera alda daitezkeen epeekin. Errespetatu egin behar dute tratatuek ezarritako eskumen-banaketa, eta Batasuneko zuzenbidearekin bateragarriak izan behar dute.
Gidalerro horien esparruan, errege lege-dekretu honetan jasotako neurrien xedea hauxe da: tratatuek eskainitako askatasunen babesean eskumen nazionaleko eremuetan zirkulazio askerako eskubidea baliatu duten herritarren eta eragile ekonomikoen interesak zaintzea, Erresuma Batuaren irteerak eragin diezaiekeen heinean. Gibraltarko Koloniaren kasu berezian (aurrerantzean, Gibraltar), kontuan hartu beharko da halaber Erresuma Batuarekin 2018ko azaroaren 29an sinatu ziren lau akordio-memorandumetan ezarritakoa.
Neurrien bitartez, Erresuma Batuak akordiorik gabe alde egitearen ondorio kaltegarriak arindu nahi dira, ahal den neurrian, Estatuaren eskumeneko arlo batzuetan, egoera berrirako trantsizioa egokia ahalbidetzeko ezinbestekotzat jotzen diren arloetan.
Azpimarratu beharra dago, hala ere, aldi baterako neurriak direla, Erresuma Batua hirugarren estatutzat jotzearen ondoriozko egoera berriranzko iraganbidea erraztea helburu dutenak. Horrela, bada, neurriek indarrean egoteari utziko diote kasu bakoitzean adierazten den epea amaitzen denean, edo lehenago, baldin eta arau honetan jasotako gaietan Erresuma Batuarekiko harremanak modu iraunkorrean arautzeko tresnak onartzen badira, barnekoak zein nazioartekoak.
Horrez gain, hala ezartzen denetan, errege lege-dekretuak arautzen dituen egoera juridikoek denboran irauteko, Erresuma Batuko agintariek ere pareko tratamendua eman beharko diete Espainiako herritarrei eta eragile ekonomikoei. Elkarrekikotasunaren baldintza hori bete beharko da, ezinbestean, errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero, berariaz horretarako antolatzen diren mekanismoen bitartez.
Lehen kapituluak («Xedapen orokorrak») arauaren xedea azaltzen du, aurreikusten diren legegintzako neurrietako batzuetarako eskatu ahal izango den elkarrekikotasunaren mekanismoa arautzen du, hala ezartzen den kasuetan neurriak aldi baterako izango direla adierazten du eta horien indarraldia luzatzeko aukera ematen du.
Errege lege-dekretuan arautzen diren neurrietako batzuk, indarrean jartzen direnetik bi hilabeteko epea gutxienez igarotakoan, Gobernuak eten egingo ditu, baldin eta britainiar agintari eskudunek ez badiete pareko tratamendua ematen, ukitutako arlo guztietan, Espainiako nazionalitatea duten pertsona fisiko edo juridikoei.
Indarraldi mugatua duten neurriek, berriz, indarraldi hori amaitzen denean, indarrean egoteari utziko diote berez, salbu eta Gobernuak hura luzatzen badu.
Bigarren kapituluak herritartasunari buruzko xedapen batzuk aurreikusten ditu, presaz onartu behar direnak, Erresuma Batuak akordiorik gabe Europar Batasunetik alde egingo balu ere. Irteera-eguna baino lehen zirkulazio askerako eskubidea baliatu duten Erresuma Batuko herritarrei horrelako irteera batek ekarriko lizkiekeen ondorio kaltegarrienak saihestu nahi dira xedapen horien bitartez. Gainera, gizarte-segurantzaren eta osasun-laguntzaren arloetako zenbait neurri jaso dira, Erresuma Batuarekin loturak dituzten edo izan dituzten herritarrei eskubide horietarako irispidea bermatzeko. Hala, bada, Erresuma Batua akordiorik gabe irteten bada, herritar horien eskubideak babestuta egongo dira, eta segurtasun juridikorik osoena bermatuko zaie.
Bigarren kapitulu horren 1. atalak Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi direnen eta haien familien bizilekuaren eta lanaren nondik norakoak arautzen ditu. Xedapen horiek presaz onartu beharra dago. Bestela, akordiorik gabeko irteera gertatuz gero, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenak eta haien familietako kideak goizetik gauera hirugarren herrialdeetako herritar bihurtuko lirateke migrazioaren ondorioetarako. Europar Batasuneko herritarren erregimenean egoteari utzi eta atzerritarren erregimen orokorrean sartuko lirateke, horretarako behar dituzten dokumentuak eduki gabe. Gerta litekeen irregulartasun-egoera saihestearren, atal horretan erregimen bat sortzen da propio, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenak eta haien familietako kideak irteera-eguna baino lehen Espainian bizi badira hirugarren herrialde bateko herritar gisa dokumentatu ahal izateko.
Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe irteten bada, handik hogeita bat hilabeteko epea igaro aurretik aurkeztu beharko da dokumentazio hori lortzeko eskaera. Erregistro-ziurtagiria edo Batasuneko herritarren ahaideentzako bizileku-txartela dutenek aurkeztu ahalko dute eskaera, baita horrelakorik eduki ez arren irteera-eguna baino lehen Espainian bizi direla frogatzen dutenek ere.
Egun horretara arte, erregistro-ziurtagiriek eta ahaideen txartelek baliozkoak izaten jarraituko dute, dokumentu berriekin ordezten ez diren bitartean. Gainera, irteera-egunaren aurretik Espainian bizi diren Erresuma Batuko herritarren eta haien ahaideen segurtasun juridikoa bermatze aldera, EBko ziurtagiriak edo EBko herritarren ahaideentzako txartelak eduki zein ez, berretsi egiten da haiek legezko bizilekua izaten jarraituko dutela Espainian.
Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi diren pertsonek eta haien familietako kideek iraupen luzeko bizileku-baimena lortzeko bete beharko dituzten betekizunak ere arautzen ditu errege lege-dekretuak. Espainiako lurraldean legez eta etengabe gutxienez bost urtean bizi izana izango da baldintza bat.
2. atalak, berriz, Erresuma Batuko nazionalitatea duten mugaz gaindiko langileei lan-baimena emateko prozedura arautzen du.
Bi atal horietan arautzen diren inguruabarren berezitasuna kontuan harturik, errege lege-dekretuak iragartzen du Ministro Kontseiluak jarraibide batzuk onartuko dituela aipatutako prozeduren alderdi teknikoenak arautzeko. Jarraibideok emateko, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren lehenengo xedapen gehigarriaren laugarren apartatua hartuko da oinarritzat, hor aurreikusten baita jarraibideak ematea garrantzi bereziko kasuei buruz, arautu gabe badaude, eta ekonomia-, gizarte- edo lan-egoerak hala eskatzen duenean. Erregelamendu horrek urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa garatzen du (atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa).
Bigarren kapituluaren 3. atalak Erresuma Batuko nazionalitatea dutenen lanbideratzea eta lanbide-jarduera arautzen ditu, eta Espainiako administrazio publikoetako enplegatu publiko bihurtzeko eta halakoak izaten jarraitzeko aplikatuko zaizkien arauak ezartzen ditu.
Erresuma Batuaren irteera gauzatzen den unean Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean modu iraunkorrean ari diren eta horretarako behar dituzten lanbide-kualifikazioen onarpena lortua duten Erresuma Batuko herritarren egoerari heltzen dio 7. artikuluak. Lanbide horretan edo lanbide-jarduera horretan jarraitu ahal izango dute lehendik onartuta daukaten modu berean, baldin eta jarduerarako gainerako baldintzak betetzen badituzte; estatu kide bateko nazionalitatea beharrezkoa den lanbideetan sartzeko eta aritzeko ere balioko du arau horrek.
Ildo beretik, Espainiako nahiz Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenek, bai eta Batasuneko zuzenbideak zein zuzenbide nazionalak trataera baliokidea aitortzen dien hirugarren herrialdeetakoek ere, Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean modu iraunkorrean ari badira eta horretarako Erresuma Batuan edo Gibraltarren eskuratutako lanbide-kualifikazioen onarpena lortua badute, lanbide horretan edo lanbide-jarduera horretan jarraitu ahal izango dute lehendik onartuta daukaten modu berean, baldin eta jarduerarako gainerako baldintzak betetzen badituzte.
Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek ere parte hartu ahal izango dute zenbait lanbidetan aritu ahal izateko gaitasun-probetan, eta nazionalitatearen dispentsaren izapidea beharrezkoa den probetan ez dute izapide hori bete beharrik izango, baldin eta proba horietarako deialdia Erresuma Batuaren irteera gauzatzen den eguna baino lehen egin bada.
Artikulu horrek luzatu egiten du indarrean dagoen araubide juridikoaren aplikazioa, Erresuma Batuan, Gibraltarren edo beste zeinahi estatu kidetan lortutako lanbide-kualifikazioen aitorpen-eskaeretarako, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek horrelako eskaerak aurkezten badizkiete Espainiako agintariei errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen edo hurrengo bost urteetan, betiere kualifikazioa lortzeko ikasketak edo jarduerak Erresuma Batuaren irteera baino lehen hasi badira. Beste horrenbeste ezartzen da espainiarrek edo beste estatu kide bateko nazionalitatea dutenek Erresuma Batuan edo Gibraltarren lortutako lanbide-kualifikazioak aitortzeko eskaeretarako, Espainiako agintariei halakoak aurkezten bazaizkie errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik edo hurrengo bost urteetan, eta, betiere, kualifikazioa lortzeko ikasketak edo jarduerak Erresuma Batuaren irteera baino lehen hasi badira.
Manu horretan ezartzen da, halaber, zer araubide aplikatuko zaien aitorpen automatikoko prestakuntza-tituluei, Espainian aldi baterako edo behin-behinean lanbide batean edo lanbide-jarduera batean ari direnei, profesionalen sozietateei eta Kontuen Auditoretzaren Erregistro Ofizialean inskribatutako kontu-auditore eta auditoretza-sozietateei.
Artikulu horretan ezarritakoa aplikatzeko, britainiar agintaritza eskudunek ere pareko tratamendua eskaini beharko dute.
Erresuma Batuko nazionalitatea duten enplegatu publikoen egoeraz dihardu 8. artikuluak, eta britainiarrek funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesuetan parte hartzeko izango dituzten aukerez.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) 57. artikuluan arautzen du nola irits daitezkeen enplegu publikora beste estatu batzuetako herritarrak, eta Europar Batasuneko langileen eta haien ahaideen tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzen ditu, enplegu publikora iristeari dagokionez.
Estatuko, autonomia-erkidegoetako nahiz toki-erakundeetako administrazioetan edo unibertsitateetan dagoeneko karrerako, praktiketako edo bitarteko funtzionarioak diren Erresuma Batuko herritarren egoerari heltzen dio 8.1 artikuluak. Aurreikusten du lanean jarraitu ahalko dutela lehengo baldintza berekin, baldin eta Erresuma Batuaren irteera gauzatu baino lehen hasi badira lanean. Jarraitutasun bera aurreikusten da, halaber, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 57.2 artikuluan azaltzen diren inguruabar pertsonalak biltzen dituzten pertsonentzat, hau da, britainiarren ezkontideentzat, baldin eta zuzenbidez bananduak ez badaude, bai eta haien eta ezkontideen ondorengoentzat ere, baldin eta gurasoak zuzenbidez bananduak ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo zaharragoak baina mendekotasuna badute.
8. artikuluaren 2. paragrafoak onartzen du britainiarrek parte hartu ahal izatea funtzionarioen hautapen-prozesuetan, baldin eta eskaerak aurkezteko epearen azken eguna Erresuma Batuaren irteera gauzatzekoa den eguna baino lehenagokoa bada. Hor ere jasotzen da, beraz, hautapen-prozesuetarako jada aurreikusitako arau orokorra; funtzio publikoan sartu ahal izateko betekizunak bete behar dira hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
Azkenik, 8. artikuluaren 3. paragrafoan, langile lan-kontratudun gisa enplegu publikora iristeko aukera aurreikusten da, agintzen baita Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 57.4 artikulura jotzeko: «(...) Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrak administrazio publikoetara iritsi ahal izango dira, langile lan-kontratudun modura, espainiarrek dituzten baldintza berdinetan». Xedapen hori bat dator, halaber, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak (atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa) xedatzen duenarekin, bai eta hura garatzen duten xedapenekin ere. Izan ere, Espainian bizi diren atzerritarrek, aipatutako arauetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, eskubidea dute ordaindutako jarduerak egiteko inoren kontura, bai eta gizarte-segurantzako sistema baliatzeko ere, legeria indardunarekin bat etorriz.
Laugarren atalak «Lan-harremanak» du izenburua, eta aurrerantzean ere langileen lekualdaketa-kasuetarako araudia aplikatuko zaiela bermatzen die Espainian lan egiten duten Erresuma Batuko herritarrei. Europako enpresa-batzordeen iraupena ere bermatzen du.
Bosgarren atalak «Gizarte-segurantza» du izenburua. Bi artikulutan, gizarte-segurantzako Erresuma Batuko eta Espainiako sistemetako langileak babesteko behar diren neurriak jasotzen ditu, bi sistemen koordinazioa modu iraunkorrean arautuko duen nazioarteko tresnarik ezean, garrantzitsuentzat jotzen diren eta presaz ekin behar zaien alderdietan. Neurri horiek, esparru horretan, Erresuma Batuaren irteera-eguna baino lehen sortutako egoerei bakarrik dagozkie.
11. artikuluak gizarte-segurantzako eskubideak babesteko zenbait neurri biltzen ditu Erresuma Batuko nazionalitatea dutenentzat; zehazki, irteera-egunean edo lehenago gizarte-segurantzari buruzko Espainiako legeriaren pean daudenentzat edo egon direnentzat, edo, langile aktibo gisa nahiz pentsiodun gisa Erresuma Batuko legeriaren pean egonik, irteeraren egunean Espainian bizi direnentzat.
Ildo horretan, Espainiak jarraituko du esportatzen gure gizarte-segurantzako sistemak Erresuma Batuko nazionalitatea dutenei aitortutako kotizaziopeko pentsioak eta dagozkien igoerak, onuradunak edozein herrialdetan bizi direla ere.
Era berean, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek irteera-egunaren aurretik Espainian eta Erresuma Batuan egiaztatutako aseguru-aldiak metatzea aurreikusten da, pentsio eta prestazioetarako eskubidea sortzeko eta zenbatekoa kalkulatzeko: bai erretiroko, ezintasun iraunkorreko eta heriotza eta biziraupeneko pentsioenak, baita aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko eta aitatasuneko prestazioenak ere.
Bestalde, Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi direnei dagokienez, irteera-eguna baino lehen Erresuma Batuan gertatzen edo kobratzen diren egitate, gertaera, prestazio edo diru-sarrerek Espainian gertatu izan balira bezalako ondoreak sortuko dituzte, Espainiako barne-legeria aplikatzeari dagokionez.
11. artikulu horretan jasotako neurrien arabera, halaber, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek Espainian ordaintzen diren langabeziako prestazioak eskuratu ahal izango dituzte, irteera baino lehen Erresuma Batuan kotizatu duten aldiengatik, baldin eta Espainian egin badituzte azken kotizazioak eta Espainian bizitzen jarraitzen badute.
12. artikuluak ere gizarte-segurantzaren alorreko zenbait neurri biltzen ditu, Erresuma Batuaren irteerak eragiten dien espainiarren eskubideak babesteko, bai eta Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako eta Suitzako nazionalitatea dutenen eskubideak ere.
Gure sistemaren kargura kobratzen duten pentsiodun espainiarrek kotizaziopeko pentsioak jasotzen jarraituko dute, bai eta dagozkien igoerak eta gutxienekora iristeko onartuta eduki ditzaketen osagarriak ere, nahiz eta irteera-egunaren ondoren Erresuma Batuan bizi.
Era berean, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenentzat 11. artikuluan aurreikusten den bezala, Espainiako nazionalitatea dutenek, frogatzen badute herrialde horretan eta Espainian kotizatu dutela irteera-eguna baino lehen, aseguru-aldiak metatu ahalko dituzte eskubidea sortzeko eta zenbatekoa kalkulatzeko: bai erretiroko, ezintasun iraunkorreko eta heriotza eta biziraupeneko pentsioena eta bai aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko eta aitatasuneko prestazioena, halakorik badagokie.
Espainiako nazionalitatea izan eta Erresuma Batuan bizi direnei dagokienez, halaber, irteera-eguna baino lehen herrialde horretan gertatzen edo kobratzen diren egitate, gertaera, prestazio edo diru-sarrerek Espainian gertatu izan balira bezalako ondoreak sortuko dituzte Espainiako barne-legeriaren aplikazioari dagokionez.
12. artikulu horretan jasotako neurrien arabera, halaber, Erresuma Batuan edo Gibraltarren irteera-eguna baino lehen kotizatutako aldiak kontuan hartuko dira Espainiako eta Europar Batasuneko herrialdeetako nazionalitatea dutenei langabeziako prestazioak aitortzeko Espainiaren kargura, baldin eta Espainian egin badituzte azken kotizazioak eta Espainian bizitzen jarraitzen badute.
Kontingentzia-neurri berariazko bat jaso da 12. artikuluan, Espainian bizi eta egunero Gibraltarrera lanera joaten diren Europar Batasuneko herritarrek eskuratu ahal izan ditzaten Espainiak aitortutako langabezia-prestazioak Gibraltarren irteera-egunaren aurretik eta ondoren kotizatutako aldiengatik. Berezitasun gisa, ez da beharrezkoa izango Espainiako gizarte-segurantzako sisteman kotizatu izana kontingentzia horrengatik.
Seigarren atalak osasun-laguntza emateko arauak jasotzen ditu nazioarteko berariazko tresna bilateral edo multilateralik ezean. Arau horiek bi printzipio dituzte oinarri: jarraitutasuna eta elkarrekikotasuna. Hala, bada, berariaz aurreikusten da ezen, errege lege-dekretua indarrean jartzen denetik hogeita bat hilabete igaro arte, Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretiko modu berean eta baldintza berekin jarraituko duela Espainiak osasun-laguntza ematen, baldin eta Erresuma Batuak beste horrenbeste bermatzen badie Espainiaren kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea duten pertsonei.
Orobat, osasun-laguntzaren prestazio egokia ziurtatzearren, argitu egiten da emandako osasun-txartelen baliozkotasuna, bai eta halako txartelik ezean Espainian osasun-laguntza jaso ahal izateko aurkeztu beharko diren dokumentuak ere; fakturazio- eta itzulketa-prozeduraren ezaugarriak azaltzen dira, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari eta Itsasoko Gizarte Institutuari esleitzen zaie hemen aurreikusitakoaren ondoriozko prozedurak kudeatzeko eskumena.
Zazpigarren atalak Erresuma Batuko eta Gibraltarko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleei aukera ematen die, 2019-2020ko eta 2020-2021eko ikasturteetarako, Espainiako unibertsitateetan sartzeko prozeduretan parte hartzeko Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleentzat aurreikusitako baldintza berberetan, baldin eta beren hezkuntza-sistemek beren unibertsitateetan sartzeko eskatzen dizkieten betekizun akademikoak betetzen badituzte.
Hirugarren kapituluak nazioarteko lankidetza polizial eta judiziala arautzen du. Europar Batasunetik irtendakoan Erresuma Batuari ez zaizkio aplikatuko honako lege hauek: azaroaren 20ko 23/2014 Legea, Europar Batasunean zigor-arloko ebazpenak elkarri aitortzeari buruzkoa; maiatzaren 21eko 11/2003 Legea, Europar Batasuneko zigor-arloko ikerketa-talde bateratuak arautzen dituena; azaroaren 12ko 7/2014 Lege Organikoa, Europar Batasunean zigor-aurrekarien informazioa trukatzeari eta zigor-arloko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzkoa, eta uztailaren 27ko 31/2010 Legea, Europar Batasuneko estatuetako segurtasun-zerbitzuen arteko informazio- eta inteligentzia-trukea sinplifikatzeari buruzkoa. Halaber, ez zaizkio aplikatuko Europar Batasunaren esparruan arlo zibilean eta merkataritza-arloan lankidetza judizial zibilerako dauden tresnak. Egun horretatik aurrera, beraz, bi herrialdeen arteko nazioarteko lankidetza judizialerako prozedurak alderdien artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren bidez eta aplikatzekoa den legeria nazionalaren bidez arautuko dira.
Europar Batasunari atxiki baino lehenago Espainiak eta Erresuma Batuak elkarrekin eginak zituzten tratatu eta hitzarmen bilateralak gerora Europar Batasunaren zuzenbideko arauekin ordeztu ziren. Tratatu eta hitzarmen horiek -esate baterako, Espainia eta Erresuma Batuaren arteko Estradizio Tratatua, Londresen egina, 1985eko uztailaren 22an- ez dira berriro indarrean jarriko Erresuma Batua Europar Batasunetik irtete hutsagatik, eta, horrenbestez, ez dira sartzen errege lege-dekretu honetan aipatzen diren nazioarteko hitzarmenen multzoan.
Hori guztia dela-eta, beharrezkoa da lankidetza polizial eta judizialeko prozedurei aplikatu beharreko araubide iragankorra argitzea, kontuan hartuta noiz hasiak diren prozedurok, errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik ala ondoren.
Laugarren kapituluak «Jarduera ekonomikoak» du izenburua, eta lau atal biltzen ditu.
Lehenengoak esparru bat ezartzen du jarraitutasuna bermatu ahal izateko Erresuma Batuan edo Gibraltarren kokatutako finantza-erakundeek Espainian ematen dituzten finantza-zerbitzuen kontratuei. Erresuma Batua akordiorik gabe Europar Batasunetik irteteak eragina izan lezake finantza-sisteman, Londres delako finantzagune global nagusietako bat. Ziurgabetasuna handitzeak eta Europako merkaturako irispidea galtzeak finantza-egonkortasunari eragitea edota finantza-zerbitzuen bezeroei kalte egitea saihestu nahi da, eta, horretarako, finantza-zerbitzuekin zerikusia duten kontingentzia-neurriak ezartzen dira atal batean. Europako Batzordeak hartutako neurrien osagarri da atal hori, Batzordearen ekintzak Erresuma Batuaren merkaturako irispidearen mende dauden Europako finantza-sistemaren funtzio kritikoak baino ez baititu bermatu.
Europar Batasuneko pasaportea galtzeak berekin ekarriko luke Erresuma Batuan edo Gibraltarren kokatutako finantza-erakundeek hirugarren herrialdeetako araubideei egokitu beharra izatea Espainian zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko, lehenago sinatu diren baina Erresuma Batuaren irteeraren osteko muga-eguna duten kontratuen ondoriozko zerbitzuak barne. Segurtasun juridikoa indartu, bezeroak babestu eta finantza-egonkortasunaren kontrako arrisku oro saiheste aldera, errege lege-dekretu honen 19. artikuluak berretsi egiten du Erresuma Batuaren irteerak ez duela eragingo kontratuen indarrean. Europako Batzordeak ere gauza bera adierazi izan du bere komunikazioetan. Gainera, aldi baterako araubide bat ezartzen da, hirugarren herrialdeetako araubideei egokitzeak kontratu horiei loturiko zerbitzuen prestazioan etenaldirik ez dakarrela bermatzeko, edo, bestela, erakundeak ez badu Espainian jarduten jarraitu nahi, kontratuen birkokatzea edo azkentzea errazteko. Baimena behar duten jardueretarako ezartzen da aldi baterako araubide hori. Baimenik behar ez duten kontratuen kudeaketari lotutako jarduerek, berriz, aldi baterako araubidera bildu beharrik izan gabe jarraitu ahal izango dute.
Bigarren atalaren xede bakarra hau da: aduana-agintariei baimena ematea ukitutako operadoreek Europar Batasuneko Aduana Kodearen 22. artikuluan aurreikusita dauden erabaki-eskaerak aurkezten dizkietenean eskaera horiek izapidetzeari ekin diezaioten, errege lege-dekretu hau argitaratzen denetik aurrera eta berau indarrean jarri arte itxaron gabe, Erresuma Batua hirugarren estatutzat joko litzatekeen uneari aurrea hartuz.
Hirugarren atalak Erresuma Batuko edo Gibraltarko operadore ekonomikoek izango duten egoera iragankorra arautzen du, kontratazio publikoko prozedurei dagokienez. Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretik hasitako kontratazio publikoko prozeduretan parte hartutako operadore ekonomikoei segurtasun juridikoa ematea eta kalterik ez eragitea da erregulazio horren helburua. Horrelako kasuetan, operadore ekonomiko britainiarrak Europar Batasuneko kide diren estatuetako enpresak bezala erabiliko dira. Egoera hori bat dator, gainera, Espainian kontratazio publikoa arautu izan duen zuzenbide iragankorrarekin.
4. atalaren barruan dago 22. artikulua, eta haren xedea Espainian bizi eta Erresuma Batuko gidabaimena duten herritarrei konponbide egokia eskaintzea da. Erresuma Batuko gidabaimena gaur egun baliozkoa da gure herrialdean gidatzeko, Europar Batasuneko kide den estatu batek eman duelako, baina baliozkoa izateari utziko dio Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten bada.
Hala, bada, bederatzi hilabeteko trantsizio-aldia ezartzen da. Epe horretan, britainiar agintariek emandako gidabaimenen titularrek, bizilekua Espainian badute, beren gidabaimenaren truke Espainiako beste bat jaso ahal izango dute, trafikoaren arloan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, eta gure herrialdean gidatzen jarraitu ahal izango dute, Erresuma Batua Europar Batasunetik irten arren.
Aurrekoa gorabehera, bederatzi hilabeteko trantsizio-epe horretan gidabaimenen trukea egin ahal izango da, baldin eta Europar Batasunean gidabaimenak egiaztatzeko gaur egun erabiltzen den sistema mantentzen bada; bestela, ezinezkoa litzateke Erresuma Batuan emandako gidabaimenen trukea egitea.
Bederatzi hilabeteko epea amaitutakoan, hirugarren herrialdeek emandako gidabaimenei buruzko Espainiako araudia aplikatuko litzaieke britainiar agintariek emandako gidabaimenei, eta jada ezingo lirateke Espainiako gidabaimenekin trukatu, harik eta gidabaimenak trukatzeko aldebiko hitzarmenen bat sinatu arte Erresuma Batuarekin.
Beste estatu kide batzuetan edo hirugarren herrialdeetan emandako gidabaimenen trukeari dagokionez, Gidarien Erregelamendu Orokorrak (maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaren bidez onartua) 18. eta 21. artikuluetan ezartzen du gidabaimenen titularrek Espainian izan behar dutela ohiko bizilekua, eta kontzeptu horren definizioa ematen du bigarren xedapen gehigarrian.
23. artikuluak dio baliozkoak izaten jarraituko dutela Erresuma Batura esportatzen edo handik inportatzen diren defentsarako materialen, bestelako materialen eta erabilera bikoitzeko produktu eta teknologien kanpo-merkataritza kontrolatzeko Erregelamenduaren 2. artikulua aplikatuta eman diren eta indarrean dauden baimenek (abuztuaren 1eko 679/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).
24. artikuluaren edukiari dagokionez, kontuan izanik Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretik arma, lehergai, piroteknia-gai eta kartutxoen transferentzietarako emandako baimenek eta aurretiazko adostasunek bete egiten dituztela segurtasun-betekizunak eta -baldintzak, egiaztatu egin baitira hornitzaileak eta hartzaileak, artikulu horretan egokitzat jotzen da baimen horiek iraungi arte onartzea, baldin eta Erresuma Batuko agintariek beste horrenbeste egiten badute. Hau ere zehazten da: lehergai edo piroteknia-gairen baten bat-etortzea ebaluatzeko prozeduran Erresuma Batuko erakunde jakinaraziren batek parte hartu badu, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunetik aurrera produktu hori ezingo da merkaturatu.
Bosgarren kapituluan, lurreko garraioaren arloko xedapenak jaso dira. Xedapen horiek, elkarrekikotasun-baldintzak errespetatuz gero, Espainia eta Erresuma Batuaren arteko jarduera ahalbidetzen diete garraio-enpresei; bidaiariak Erresuma Batuko aireportu baterako asmoan hegazkineratzeko prestazio publikoak ere ezartzen dira kapitulu horretan.
Erresuma Batuan kokatutako garraio-enpresek gure herrialdera edo gure herrialdetik salgai-garraioak egin ahal izateko neurriak biltzen ditu 25. artikuluak. Betiere, enpresa horiek baimena eduki behar dute Erresuma Batuan garraioak egiteko, non eta ez diren gaur egun Europar Batasuneko araudian liberalizatuta dauden garraioak.
Erresuma Batuan kokatutako enpresek Espainiako lurraldean autobusez egiten dituzten eskatu ahalako bidaiari-garraioei aplikatu beharreko esparrua, 26. artikuluak aurreikusten duenez, bai Erresuma Batuak bai Espainiak edo Europar Batasunak sinatutako nazioarteko tratatuetan ezarritakoa izango da, edo, bestela, bai Erresuma Batua bai Espainia edo Europar Batasuna kide diren nazioarteko erakundeen arauetan ezarritakoa; izan ere, apirilaren 1ean Erresuma Batua eskubide osoko kide gisa batuko da Interbus Akordiora.
Gaur egun Erresuma Batuaren eta Espainiaren lurraldeen artean nazioarteko bidaiari-garraio erregularrean aritzeko indarrean dauden baimenak, bestalde, beren iraungitze-datara arte baliozkoak izango direla xedatzen da.
Aireportu-zerbitzuei dagokienez, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak eragin handia izango luke Aireko Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legeak eta AENAren administrazio-kontseiluaren urteroko ebazpenek aurreikusitakoaren arabera Aena SME SAk kobratzen dituen prestazio publikoetan (administrazio-kontseiluak prestazio publikoen zenbatekoa finkatzen du urtero, eta haren ebazpenak martxoaren 1etik aurrera sortzen ditu ondorioak).
Hori dela-eta, Erresuma Batua nazioarteko helmugatzat jotzeko unea, 21/2003 Legean aurreikusitako ondare-prestazioei dagokienez, 2020ko otsailaren 28ra arte atzeratzea aurreikusten da, aldaketa horren eragina mailakatu ahal izateko, bidaiari britainiarren etorreran izan dezakeen eragina minimizatuz.
Errege lege-dekretuaren amaierako zatian, erregulazioa osatzeko beharrezkoak diren xedapen gehigarriak eta azken xedapenak daude.
Lehen xedapen gehigarrian, Erresuma Batuaren irteerak estatu horrekiko merkataritza-harremanetan ondorioak izango dituela eta egoera horretan Espainiako enpresek babesaren beharra izango dutela kontuan harturik, baimena ematen zaio ICEX España Exportacion e Inversiones EPE MPri teknikarien lanbide-talderako lan-kontratuko zortzi plazaren deialdia egiteko. Zortzi plaza horiek haren giza baliabideen berrezarpen-tasako plazei gehitu beharrekoak dira, eta beharrezkoak dira ICEXen jarduera indartzeko bai Espainian bai Londresko merkataritza-bulegoan.
Ildo beretik, bigarren xedapen gehigarrian, portuetako agintariei baimena ematen zaie lan-kontratuko berrogeita hamar plaza gehigarriren deialdia egiteko, portuetako eragiketetan segurtasuna bermatze aldera, hala dena delako dokumentazio espezifikoa eskatzeko nola linea erregularretako bidaiarien kontrola edo salgaien kontrola egiteko.
Hirugarren xedapen gehigarriak zehazten du nola aplikatu ahal izango den Gibraltarren abiapuntua edo helmuga duten salgai-garraioen eta autobusezko bidaiari-garraioen araubidea.
Laugarren xedapen gehigarriak Erresuma Batuko unibertsitate, zentro eta erakundeetatik datozen tituluak homologatzeko eta baliokide deklaratzeko eskaerak arautzen ditu. Ez da eskatuko Hagako Hitzarmeneko apostillarik, baldin eta eskaera Erresuma Batuaren irteera gauzatu aurretik aurkeztu bazaie Espainiako agintariei.
Bosgarren xedapen gehigarriaren arabera, sektore publikoaren esparruan kontraturen bat egin beharra badago errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak gauzatzeko edota egoera Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearen ondorioei egokitzeko, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 119. eta 120. artikuluetan xedatutakoa aplikatu ahal izango da, artikulu horietan bertan ezarritako eran.
Azken xedapenetako lehenak dioenez, errege lege-dekretu honek aldatzen dituen erregelamenduzko xedapenak gerora ere aldatu ahal izango dira erregelamendu-mailako xedapenen bitartez. Azken xedapenetako bigarrenak azaltzen du zeintzuk diren Estatuaren eskumen-tituluak, eta, zehazki, zeintzuk manu ematen diren eskumen horietako bakoitza erabiliz.
Azken xedapenetako hirugarrenean, araubide sinplifikatu bat aurreikusten da etorkizunean nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak edo nekazaritzako elikagaiak Erresuma Batura esportatzeko beharrezkoak izan litezkeen albaitaritzako ziurtagiriak, osasun-ziurtagiriak eta ziurtagiri fitosanitarioak emateko.
Azken xedapenetako laugarrenean aurreikusita dagoenez, errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera finantzatuko dira, aurrekontuko baliabide-mugak gainditu gabe.
Azken xedapenetako bosgarrenak Gobernuari eta ministerio-departamentuetako titularrei, bakoitzari bere eskumen-eremuan, ahalmena ematen die errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko. Gobernuari ahalmena ematen dio, halaber, hemen ezarritako epeak errege-dekretu bidez luzatzeko, eta ex lege adierazten du, Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 27. artikuluaren ondorioetarako, presaz izapidetu behar direla errege lege-dekretu hau garatzekoak diren xedapen orokorren proiektuak, eta izapidetze horren berri emango zaiola Ministro Kontseiluari. Jakitun dela adierazteko erabakian, Ministro Kontseiluak epea ezarriko du Estatu Kontseiluak irizpena eman dezan, irizpena nahitaezkoa izanez gero. Nahitaezkoak diren gainerako irizpenak ere presaz eman beharko dituzte kontsulta-organoek, bakoitzak araututa daukan presako prozedura erabiliz.
Amaitzeko, azken xedapenetako seigarrenak errege lege-dekretua indarrean noiz jarriko litzatekeen ezartzen du: Europar Batasunaren Tratatuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz Europar Batasunaren tratatuak Erresuma Batuari aplikatzeari uzten zaion egunean jarriko litzateke indarrean eta beteko luke egoera horrek eragingo lukeen arau-hutsunea.
Aurrekoa gorabehera, errege lege-dekretua ez da indarrean jarriko baldin eta goian aipatutako egunaren aurretik indarrean jartzen bada Europar Batasunak eta Erresuma Batuak Europar Batasunaren Tratatuaren 50.2 artikuluari jarraituz formalizatutako irteera-akordio bat.
Errege lege-dekretu hau koherentea da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan jasotzen dituen erregulazio onaren printzipioekin.
Aurreko apartatuetan azaldutakoaren arabera, argi dago premiaren eta efikaziaren printzipioak betetzen direla. Halaber, errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasunaren printzipioarekin, zeren eta aipatutako helburuak lortzeko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen baitu, eta, aldi berean, segurtasun juridikoaren printzipioari egokitzen zaio.
Gardentasunaren printzipioari dagokionez, ez da aurretiazko kontsulta publikoaren izapidea bete, ez eta entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea ere; Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 26.11 artikuluak horretarako aukera ematen du.
Araugintzaren Koordinaziorako eta Kalitaterako Bulegoaren nahitaezko txostena eskatu da.
Konstituzioaren 86. artikuluaren arabera, Gobernuak lege-dekretuak eman ditzake, «premia apartekoa eta presazkoa egonez gero», baldin eta xedapenok ez badute eraginik ez Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrean.
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baina, horretarako, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 epaia, 7. oinarria), presazko legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntzea izan behar da, Gobernuaren helburuen barruan laguntzea betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duen egoera batean laguntzea -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.
Beraz, ziurtatuta geratu behar da badela «ezinbesteko lotura bat zehaztutako presazko egoeraren eta egoera hori konpontzen laguntzeko neurri zehatzaren artean (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982 epaia, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 182/1997 epaia, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa, eta 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa)».
Europar Batasuneko estatu batek Europar Batasunaren Tratatuaren 50. artikuluan aurreikusitako prozedurari helduta alde egitea Europar Batasunaren historian aurrez sekula gertatu ez den zerbait da. Gainera, irteera-akordioa berresteko ezarritako epea amaitzear dagoen honetan, Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe eta -horrenbestez-trantsizio-aldirik gabe irteteak ekarriko lituzkeen ondorioen garrantzia kontuan izanik, beharrezkoa da presako neurriak hartzea, ahalik gehiena arintzeko ordenatu gabeko irteera batek ezinbestean eragingo lituzkeen nahasmenduak.
Beraz, errege lege-dekretu honen helburua, Europar Batasunak onartu duen ekintza-planaren ildo beretik, kontingentzia-neurriak ezartzea da, Estatuaren eskumen-eremuaren barruan, behar-beharrezkoak baitira egoera berrirako trantsizioa errazteko eta, horrela, akordiorik gabeko irteera baten ondorio kaltegarriak ahal den neurrian leuntzeko eta tratatuetan ematen zaizkien askatasunen babesean beren eskubideak baliatu izan dituzten herritar eta operadoreen interesak zaintzeko.
Neurri horiek aplikatzeko presa hainbestekoa izanda, argi dago, legegintzako prozedura arrunta erabiltzen bada, presaz izapidetuta ere ez litzatekeela lortuko akordiorik gabeko irteera baten eraginak leuntzeko neurri horiek garaiz ezartzea. Irteera horren ondorioz, tratatuak eta Europar Batasunaren altxor osoa Erresuma Batuarekiko harremanetan aplikatzeari utziko litzaioke 2019ko martxoaren 30etik aurrera.
Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan eragiteko debekuari dagokionez, Konstituzio Auzitegiaren doktrina sendo-sendo batek honela interpretatzen du debeku hori, uztailaren 31ko 139/2016 epaian laburbilduta (6. oinarri juridikoa):
«1. Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, errege lege-dekretuak ezin du eraginik sortu Espainiako Konstituzioaren I. tituluan araututako eskubide, eginbehar eta askatasunetan, baina Konstituzio Auzitegiak baldintza horren interpretazio zabala egitea baztertzen du; izan ere, horrela eginez gero, errege lege-dekretuaren figura hutsalduko litzateke, eta «ez luke balioko Konstituzioaren I. tituluan sartzen diren arloei buruzko ezein alderdi arautzeko».
2. Baldintza hori errege lege-dekretuaren figura ezerezean ez gelditzeko moduan ulertu behar da; izan ere, Konstituzioaren arabera debekatzen dena da eskubide, eginbehar eta askatasun horien araubide orokor bat ezartzea edo eskubide horietako batzuen edukiaren edo oinarrizko elementuen aurka egitea (Konstituzio Auzitegiaren 111/1983 epaia, abenduaren 2koa, 8. oinarri juridikoa, eta geroagoko batzuen bidez berretsia).
3. Auzitegiak ez du lege-erreserbaren printzipioa gai jakin batean nola ageri den bakarrik kontuan hartu behar; aitzitik, aztertu behar du ea lege-dekretuak «erasan» ote dien Espainiako Konstituzioaren I. tituluan araututako eskubide, betebehar edo askatasunei, eta, horretarako, kontuan hartu beharko ditu kasu bakoitzean ukitutako eskubide, betebehar edo askatasunak Konstituzioan duen konfigurazioa eta are Konstituzioan duen kokapen sistematikoa eta kasuan kasuko arauketaren norainokoa (...)»
Errege lege-dekretu honek errespetatu egiten du Konstituzio Auzitegiaren doktrina hori. Izan ere, ez du ukitzen Konstituzioko eskubide, betebehar eta askatasunen araubide orokorra eta ez die aurka egiten haien edukiari eta funtsezko osagaiei; Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi direnen interesak eta haien ahaideenak aldi baterako babestu baino ez du egiten.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko presidenteorde eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministroak, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak, Justiziako ministroak, Defentsako ministroak, Ogasuneko ministroak, Barneko ministroak, Sustapeneko ministroak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak, Trantsizio Ekologikorako ministroak, Ekonomia eta Enpresako ministroak, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko ministroak eta Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako ministroak proposatuta, eta 2019ko martxoaren 1eko bileran Ministro Kontseiluak eztabaidatu ondoren, honako hau
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Errege lege-dekretu honen xedea Espainiako ordenamendu juridikoa egokitzeko neurriak hartzea da, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua (aurrerantzean, Erresuma Batua) eta Gibraltarko Kolonia (aurrerantzean, Gibraltar) Europar Batasunaren Tratatuaren 50.2 artikuluan xedatutakoaren araberako akordiorik egin gabe Europar Batasunetik irteten badira sortuko diren ondorioei aurre egiteko.
2. artikulua. Elkarrekikotasuna eta aldi baterako neurriak.
1. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabeteko epea igarotakoan eten egingo dira bertan araututako neurriak, berariaz hala aurreikusten den kasuetan, baldin eta britainiar agintari eskudunek ez badiete elkarrekikotasunezko tratamendurik ematen Espainiako nazionalitatea duten pertsona fisiko edo juridikoei, ukitutako eremu guztietan.
Ministro Kontseiluaren erabakiz gauzatuko da etete hori, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroaren proposamenari jarraituz, eta gaiaren arabera eskumena duen ministerioak txostena egin ondoren. Bertan zehaztuko da etetearen eguna.
2. Indarrean egoteko epe mugatua duten neurriek, besterik gabe, epe hori amaitzen zaienean utziko diote indarrean egoteari, salbu eta Gobernuak hura luzatzen badu erabaki baten bidez.
Herritartasuna
1. atala. Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi direnen eta haien familien bizilekua eta lana.
3. artikulua. Aplikazio-eremua eta bizilekuaren egiaztapena.
1. Atal honetako xedapenak Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta irteeraren eguna baino lehenagotik Espainian bizi direnei aplikatuko zaizkie, bai eta haien familietako kideei ere, azken horien nazionalitatea edozein izanda ere. Horri dagokionez, otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuak 2. artikuluan aurreikusten dituenak joko dira familiako kidetzat, bai eta errege-dekretu horren 2 bis artikuluan aipatzen diren beste ahaideak ere (Europar Batasuneko estatuetako herritarrak eta Europako Esparru Ekonomikorako Akordioan zehaztutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzkoa da 240/2007 Errege Dekretua).
2. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenen kasuan, honela egiaztatu ahal izango da Espainian irteera-eguna baino lehenagotik bizi direla:
a) Otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren 7.5 artikuluan aurreikusten den erregistro-ziurtagiria badutela eta irteera-eguna baino lehen lortu dutela egiaztatuz.
b) Zuzenbidean onartutako beste edozein frogabideren bitartez, ez badute erregistro-ziurtagiri hori lortu irteera-eguna baino lehen. Horrelakoetan banan-banan aztertu beharko dira haien egoerak, errege lege-dekretu honen 4. artikuluko prozedura betez.
3. Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi den pertsona baten ahaideren batek hirugarren herrialde bateko nazionalitatea badu, honela egiaztatuko da ahaide hori irteera-eguna baino lehenagotik Espainian bizi dela:
a) Otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen den txartela, hau da, Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartela baduela eta irteera-eguna baino lehen lortu duela egiaztatuz.
b) Zuzenbidean onartutako beste edozein frogabideren bitartez, ez badu Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartel hori lortu irteera-eguna baino lehen. Horrelakoetan banan-banan aztertu beharko dira ahaide horien egoerak, errege lege-dekretu honen 4. artikuluko prozedura betez.
4. artikulua. Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainian bizi diren pertsonen eta haien ahaideen dokumentazioa.
1. Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta irteera-eguna baino lehenagotik Espainian bizi direnek eta haien ahaideek beren egoera berriari dagokion dokumentazioa eskatu beharko dute, eta horretarako bete beharreko izapideei buruzko jarraibideak onartuko ditu Ministro Kontseiluak, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren lehen xedapen gehigarriaren laugarren apartatuaren babesean. Erregelamendu horrek urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa garatzen du, zeinaren bidez arautzen baitira atzerritarrak Espainian dituzten eskubideak eta askatasunak eta haien gizarteratzea. Jarraibide horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
2. Dokumentazio hori lortzeko eskaera hogeita bat hilabeteko epean aurkeztu beharko da, Erresuma Batua akordiorik gabe Europar Batasunetik irteten denetik hasita. Epe horretan zehar, Espainian legez bizitzen jarraituko dute Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta irteera-eguna baino lehenagotik Espainian bizi direnek eta haien ahaideek. Aurreko artikuluan aipatzen diren erregistro-ziurtagiriek eta Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartelek dokumentu berriekin trukatzen diren arte balioko dute, edo indarraldia amaitzen zaien arte, eta titularra Espainian legez bizi dela frogatzeko erabili ahalko dira.
3. Erresuma Batuko nazionalitatea duen pertsonak edo haren ahaideak lehendik badu erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartela, artikulu honen 1. apartatuan aipatutako jarraibideetan zehaztuko den unitateari zuzenduko zaio eskaera, eta hark, ziurtagiri edo txartel horren ordez, atzerritarren nortasun-txartela emango du.
4. Ez badu lehendik erregistro-ziurtagiririk edo Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartelik, eskaera, artikulu honen 1. apartatuan aipatutako jarraibideetan zehaztuko diren agiriekin batera, jarraibide horietan zehaztuko den unitateari zuzenduko zaio. Unitate horrek baimenari buruz ebatzi eta gero, pertsonalki eskatu beharko da atzerritarraren nortasun-txartela, eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da agiri hori egin eta ematea, Ministro Kontseiluak onartuko dituen jarraibideetan berariaz adieraziko diren lekuetan.
5. Dokumentazio-prozedura horretan kontuan hartuko dira, aipatutako jarraibideetan adieraziko den eran, aurretiaz Espainian bizi izandako aldiak, bai eta otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren 7.1 eta 10. artikuluetan aurreikusten diren egoiliar-kasuetatik interesduna zeinetan dagoen ere, hala badagokio.
5. artikulua. Iraupen luzeko bizileku-baimena eskuratzea.
1. Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta irteera-eguna baino lehenagotik Espainian bizi direnek eta haien familietako kideek iraupen luzeko bizileku-baimena lortu ahal izango dute, baldin eta gutxienez bost urtean bizi izan badira legez eta etenik gabe Espainiako lurraldean.
Espainian Europar Batasuneko herritar gisa edo Europar Batasuneko herritar baten ahaide gisa bizi izandako aldiak kontuan hartuko dira bost urte horien kalkuluan.
Espainian etenik gabe bizi izateri dagokionez eta baimena lortzeko prozedurari dagokionez, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak (atzerritarrak Espainian dituzten eskubideak eta askatasunak eta haien gizarteratzea arautzen dituena) 32. artikuluan eta lege organiko horren erregelamenduak VI. tituluko lehen kapituluan xedatzen dutenari jarraituko zaio.
2. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek, irteera-eguna baino lehen erregistro-ziurtagiri iraunkorra lortu badute, eta, halaber, hirugarren herrialdeetako nazionalitatea dutenek, Erresuma Batuko herritar baten familiakoak badira eta irteera-eguna baino lehen Europar Batasuneko herritarren ahaideen txartel iraunkorra lortu badute, pertsonalki eskatu beharko dute iraupen luzeko biztanle atzerritarraren nortasun-txartela. Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak egin eta emango du agiri hori, berariaz adieraziko diren lekuetan. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pasaporte osoa, indarrean dagoela.
b) Dagokion tasa ordaindu izana frogatzeko inprimakia.
c) Argazki bat, nortasun-agiri nazionalari buruzko araudian ezarritako betekizunak betetzen dituena.
Horrelako kasuetan pentsatuko da betetzen dela bost urtean legez eta etenik gabe Espainian bizi izanaren betekizuna.
2. atala. Mugaz gaindiko langileak
6. artikulua. Erresuma Batuko nazionalitatea duten mugaz gaindiko langileen dokumentazioa.
1. Erresuma Batuko nazionalitatea izan, Espainiatik kanpo bizi eta irteera-egunean Espainian mugaz gaindiko langile direnek, inoren konturako langile izan nahiz beren konturako langile izan, egoera hori frogatzeko dokumentazioa eskatu beharko dute, Ministro Kontseiluak urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren lehen xedapen gehigarriaren laugarren apartatuaren babesean onartuko dituen jarraibideetan ezarriko diren irizpideak betez.
Mugaz gaindiko langilearen dokumentazioa eskatzea eta izapidetzea ez da inola ere oztopo izango langileak Espainian bere jarduerak gara ditzan.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoari eusteko, britainiar agintari eskudunek ere pareko tratamendua eman beharko diete Espainiako herritarrei, 2.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
3. atala. Lanbideak eta funtzio publikoa
7. artikulua. Lanbideratzea eta lanbidean jardutea.
1. Erresuma Batuaren irteera gauzatzen den unean Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean modu iraunkorrean ari diren eta horretarako behar dituzten lanbide-kualifikazioen onarpena lortua duten Erresuma Batuko herritarrek lanbide horretan edo lanbide-jarduera horretan jarraitu ahal izango dute lehendik onartua duten modu berean, baldin eta jarduerarako gainerako baldintzak betetzen badituzte.
2. Espainiako nahiz Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenek, bai eta Batasuneko zuzenbideak zein zuzenbide nazionalak trataera baliokidea aitortzen dien hirugarren herrialdeetakoek ere, Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean modu iraunkorrean ari badira eta horretarako Erresuma Batuan edo Gibraltarren eskuratutako lanbide-kualifikazioen onarpena lortua badute, lanbide horretan edo lanbide-jarduera horretan jarraitu ahal izango dute lehendik onartua duten modu berean, baldin eta jarduerarako gainerako baldintzak betetzen badituzte.
3. Erresuma Batuaren irteera gauzatzen den unean Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean modu iraunkorrean ari diren Erresuma Batuko herritarrek lanean jarraitu ahal izango dute lehen bezala eta izapide gehiagoren beharrik gabe, nahiz eta lanbide horretan sartzeko eta aritzeko baldintza izan estatu kide bateko nazionalitatea izatea. Betiere, jarduerarako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.
4. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek parte hartu ahal izango dute zenbait lanbidetan aritu ahal izateko gaitasun-probetan, eta nazionalitatearen dispentsaren izapidea beharrezkoa den probetan ez dute izapide hori bete beharrik izango, baldin eta proba horietarako deialdia Erresuma Batuaren irteera gauzatzen den eguna baino lehen egin bada.
5. Erresuma Batuan, Gibraltarren edo beste zeinahi estatu kidetan lortutako lanbide-kualifikazioak aitortzeko eskaerei dagokienez, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek horrelako eskaerak aurkezten badizkiete Espainiako agintariei errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen edo hurrengo bost urteetan, Erresuma Batuaren irteeraren aurretik indarrean egondako araubide juridikoari jarraituz ebatziko dira eskaerak, baldin eta kualifikazioa lortzeko ikasketak edo jarduerak Erresuma Batuaren irteera baino lehen hasi badira, eta ezertan eragotzi gabe 7. apartatuan xedatzen dena.
6. Espainiarrek edo beste estatu kide bateko nazionalitatea dutenek Erresuma Batuan edo Gibraltarren lortutako lanbide-kualifikazioak aitortzeko eskaerei dagokienez, Espainiako agintariei halako eskaerak aurkezten bazaizkie errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen edo hurrengo bost urteetan, Erresuma Batuaren irteeraren aurretik indarrean egondako araubide juridikoari jarraituz ebatziko dira, baldin eta kualifikazioa lortzeko ikasketak edo jarduerak Erresuma Batuaren irteera baino lehen hasi badira, eta ezertan eragotzi gabe 7. apartatuan xedatzen dena.
7. Ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuak 29. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean prestakuntza-tituluen aitorpen automatikorako eskaerak aurkezten bazaizkie Espainiako agintariei errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen edo hurrengo bost urteetan, aitorpen hori lortu ahalko da baldin eta titulua lortzeko ikasketak akordiorik gabeko irteera baino lehen hasi badira; berdin dio noiz eman den titulua. Ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretu horrek Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua; zuzentarau horrek aldatu egiten ditu 2005/36/EE Zuzentaraua (lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa) eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua (Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez administrazioko lankidetza emateari buruzkoa, BMI Erregelamendua). Erresuma Batuak edota Gibraltarrek titulu horietakoren bat lortzeko behar den prestakuntza aldatu eta Europa mailan ezarritako gutxieneko prestakuntza-baldintzetatik asko urruntzen badute, apartatu honek aplikagarria izateari utziko dio. Inguruabar hori Ministro Kontseiluaren erabaki baten bidez berretsiko da.
8. Erresuma Batuan, Gibraltarren edo Europar Batasuneko estatu batean kokatuta dauden Erresuma Batuko herritarrek eta Erresuma Batuan edo Gibraltarren kokatuta dauden Europar Batasuneko estatuetako herritarrek, Espainian lanbide batean edo lanbide-jarduera batean ari badira aldi baterako edo behin-behinean, ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren II. tituluan eta Espainiako gainerako arau indardunetan aurreikusitako baldintzetan jarraitu ahal izango dute lanean, baina Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunean indarrean dirauten kontratuak betetzeko soil-soilik; dekretu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua txertatzen du Espainiako ordenamendu juridikoan, eta zuzentarau horrek aldatu egiten ditu 2005/36/EE Zuzentaraua (lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa) eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua (Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez administrazioko lankidetza emateari buruzkoa, BMI Erregelamendua).
Aurreko paragrafoko pertsonek, beren lanbidean edo lanbide-jardueran aldi batez edo behin-behinean jarduteko asmotan aurretiazko adierazpena egina badute Espainian, adierazpen horren indarraldian lanean jarraitu ahal izango dute ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren II. tituluan aurreikusitako baldintzetan, baldin eta aplikatu beharreko gainerako baldintzak betetzen badituzte.
9. Erresuma Batuko edo Gibraltarko legeriaren arabera eratuta dauden eta helbidea, administrazio zentrala nahiz jardueragune nagusia Erresuma Batuan edo Gibraltarren duten lanbide-sozietateek, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunera arte Espainian ohikotasunez jardun izan badute, egun horren osteko urtebetean jarraitu ahal izango dute xede soziala duten jarduera Espainian egiten, Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legeak eskatzen dituen betekizunak eta aplikatu beharreko gainerako arauak betetzen badituzte.
Aurreko paragrafoan aipatutako sozietateen xede den jardueran Espainian ari diren pertsonek kasuan kasuko lanbide-elkargoko kide izan beharko dute.
10. Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunean Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden kontu-auditoreei eta auditoretza-sozietateei, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunaren osteko urtebetean, ez die eragingo Erresuma Batua hirugarren herrialde bihurtzeak, Kontu Auditoretzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legeak 10. eta 11. artikuluetan ezartzen dituen betekizunak betetzeari dagokionez. Epe hori amaitzen denean Erresuma Batua hirugarren herrialdetzat joko da aipatutako ondorioetarako.
11. Artikulu honetako 2. eta 6. apartatuak ez beste guztiak aplikatzeko, britainiar agintari eskudunek ere pareko tratamendua eman behar dute, 2.1 artikuluan aurreikusitako moduan.
8. artikulua. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenak Espainiako administrazio publikoetako enplegatu publiko bihurtzeko eta halakoak izaten jarraitzeko arauak.
1. Espainiako administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, bitartekoek edo praktiketakoek, Erresuma Batuko nazionalitatea badute edo Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak 57.2 artikuluan aurreikusten dituen inguruabar pertsonalak badituzte eta Erresuma Batuaren irteera gauzatu baino lehen sartu edo hasi badira zerbitzuan, lanean segituko dute, lehengo baldintzekin (testu bategin hori urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
2. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek Espainiako administrazio publikoetako funtzionarioak hautatzeko prozesuetan parte hartu ahalko dute, baldin eta parte hartzeko eskaerak aurkezteko epearen azken eguna Erresuma Batuaren irteera-eguna baino lehenagokoa bada.
3. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek enplegatu publiko lan-kontratudun izaten jarraitu ahalko dute, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 57.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
4. atala. Lan-harremanak
9. artikulua. Zerbitzu-prestazio baten esparruan aldi baterako lekualdatutako langileei aplikatu beharreko araubide iragankorra.
Espainian kokatuta dauden enpresek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 16ko 96/71/EE Zuzentarauak adierazten duen moduan langileren bat Erresuma Batura aldi baterako bidalita badaukate irteeraren egunean (zerbitzu-prestazioen esparruan langileak lekualdatzeari buruzkoa da 96/71/EE Zuzentaraua), zuzentarau horren transposizioa egiten duen Erresuma Batuko legeria aplikatu beharko dute langile hori han dagoen bitartean.
Errege lege-dekretu honen 2.1 artikuluarekin bat etorriz, aurreikuspen hori aplikatuko da baldin eta britainiar agintari eskudunek pareko tratamendua ematen badiete Erresuma Batuan kokatutako enpresek 96/71/EE Zuzentarauan adierazten den moduan Espainiara aldi baterako bidalitako langileei.
10. artikulua. Europako Erkidegoan hedatuta dauden enpresetan edo enpresa taldeetan enpresa-batzorde europarrak mantentzea Erresuma Batuarekin.
Zuzendaritza zentrala Espainian izanik Erresuma Batuko langile edo enpresaren bat barruan hartzen duten eta Europako Erkidegoan hedatuta dauden enpresetako edo enpresa taldeetako enpresa-batzorde europarrek edo langileei informazioa emateko eta kontsulta egiteko ordezko prozedurek, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den eguna baino lehen eta apirilaren 24ko 10/1997 Legeari jarraituz eratu edo adostu badira, indarrean jarraituko dute lege horretan aurreikusitako baldintzekin, lege horretan bertan aurreikusitako moduan aldatzen ez diren bitartean (10/1997 Legea Europako Erkidegoan hedatutako enpresetako eta enpresa taldeetako langileen informazio- eta kontsulta-eskubideei buruzkoa da).
5. atala. Gizarte-segurantza
11. artikulua. Erresuma Batuko nazionalitatea dutenen gizarte-segurantza.
Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe irteten denetik hogeita bat hilabete igaro arte, Espainiako eta Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko honako arau hauek aplikatuko dira, ez bada lehenago onartzen nazioarteko tresna bilateral edo multilateralen bat:
a) Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Erresuma Batuaren irteera-egunaren ondoren Espainian legez bizi eta lan egiten dutenek, gizarte-segurantzari buruzko Espainiako legeriaren pean badaude, espainiarren eskubide eta betebehar berak izango dituzte arlo horretan, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak gaiari buruz ezarritakoarekin bat etorriz (4/2000 Lege Organikoa atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa da; Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, berriz, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
b) Irteera-egunean Espainian legez bizi eta lan egiten duten eta apirilaren 29ko 883/2004 (EE) Erregelamenduaren II. tituluan xedatutakoaren aplikazioaren ondorioz gizarte-segurantzari buruzko Erresuma Batuko legeriaren pean dauden pertsonek, berriz, egoera horri eutsi ahal izango diote erregelamendu horretan aurreikusitako aldia amaitu arte, kasua bada.
Aipatutako epea igaro ondoren Espainian lan egiten jarraitzen badute, langile horiek gizarte-segurantzari buruzko Espainiako legeriaren menpera pasatuko dira. Aldez aurretik, gizarte-segurantzako araubide egokian afiliatzeko eta alta eskatzeko izapideak egingo dituzte Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian.
Aurreikuspen hori aplikatuko da, baldin eta britainiar agintari eskudunek pareko tratamendua ematen badiete Erresuma Batuan edo Gibraltarren legez bizi eta lan egiten duten eta aipatutako erregelamenduaren II. tituluan aurreikusitakoaren ondorioz Espainiako legeriaren menpe dauden langile espainiarrei; hori guztia bat dator 2.1 artikuluan ezarritakoarekin.
c) Erresuma Batuko nazionalitatea izan eta Espainiako gizarte-segurantzako sistemaren kargura pentsioa jasotzen dutenek, irteeraren unean Espainiatik kanpo bizi badira, kotizaziopeko pentsioak kobratzen jarraituko dute egun horretatik aurrera, bai eta dagozkien igoerak ere, gutxienekora iristeko osagarriak izan ezik.
d) Albora utzi gabe bereiz kalkulatu ahal izango direla Espainiako eta Erresuma Batuko legerien araberako kotizaziopeko pentsioak, bidezkoa denean, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenei aintzat hartuko zaizkie Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sisteman irteera-egunaren aurretik egiaztatutako aseguru-aldiak, Espainian edota Europar Batasuneko nahiz Europako Esparru Ekonomikoko kide den beste edozein estatutan edo Suitzan ere aseguru-aldiak eginak badituzte egun horren aurretik, eta, garaia denean, kontuan hartuko zaizkie erretiroko, ezintasun iraunkorreko eta heriotza eta biziraupeneko pentsioak kobratzeko eskubidea sortzeko eta zenbatekoa kalkulatzeko; hala, bada, herrialde guztietan egiaztatutako aldiak batuko dira, denak berdin hartuta eta irteera-eguna baino lehen ezarritako baldintza berberei lotuta. Nolanahi ere, gizarte-segurantzako Espainiako sisteman kotizatutako denboraren araberako zenbateko proportzionala baino ez da ordainduko Espainiaren kargura.
e) Irteera-eguna baino lehen gizarte-segurantzari buruzko Espainiako legeriaren pean egondako Erresuma Batuko herritarrek Erresuma Batuan eta Gibraltarren egindako aseguru-aldiak, era berean, Espainian egiaztatutako aldiei batuko zaizkie, behar izanez gero, gizarte-segurantzako Espainiako sistemaren kargura aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko eta aitatasuneko prestazioetarako eskubidea sortzeko. Prestazio horiek, irteera-egunerako aitortuta badaude, legez ezarritako iraunaldia amaitu arte ordainduko dira.
Artikulu honetako d) eta e) letretako neurriak aplikatzeko, Erresuma Batuak ere pareko tratamendua eman beharko die irteera-egunean herrialde horretan lanean ari diren espainiarrei, 2.1 artikuluan aurreikusi bezala.
f) Gizarte-segurantzako prestazioak edo bestelako diru-sarrerak jasotzeak Espainiako legeriaren arabera ondorio juridiko jakin batzuk sortzen baldin baditu, kasuan kasuko xedapenak era berean aplikatzekoak izango dira Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek irteera-eguna baino lehen Erresuma Batuko legeriaren arabera eskuratutako prestazio baliokideak edo herrialde horren lurraldean eskuratutako diru-sarrerak jasotzen dituzten kasuetan ere.
g) Baldin eta, Espainiako legeriaren indarrez, ondorio juridikoak esleitzen bazaizkie egitate edo gertaera jakin batzuei, Espainiako erakundeek, Erresuma Batuko nazionalitatea dutenei dagokienez, kontuan hartuko dituzte Erresuma Batuan edo Gibraltarren irteera-egunaren aurretik gertatutako antzeko egitate edo gertaerak, haiekin lotuak, Espainiako lurraldean gertatu balira bezala; horretarako, betiere, Erresuma Batuko agintari eskudunek pareko tratamendua aplikatu beharko diete egoera berean dauden espainiarrei, 2.1 artikuluan aurreikusi bezala.
h) Langabezia-prestazioa eta jarduera uzteagatiko prestazioa -Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) III. eta V. tituluetan arautzen dituen horiek- Erresuma Batuko nazionalitatea dutenek eskuratzeari dagokionez, kontuan hartuko dira EBko edozein estatutan irteera-egunaren aurretik egiaztatutako aseguru-aldiak -Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sisteman egindakoak barne- kotizazioak azkenengoz Espainian egiten diren kasuetan langabezia-prestazioak kalkulatzeko, baldin eta Espainian legez bizitzeko eskubidea mantentzen bada. Xedapen hori gizarte-segurantzako sistemen koordinazioari buruzko EE erregelamenduekin bat etorriz aplikatuko da.
12. artikulua. Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako, Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako edo Suitzako nazionalitatea dutenen gizarte-segurantza.
Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe irteten denetik hogeita bat hilabete igaro arte, Espainiako eta Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko honako arau hauek aplikatuko dira, ez bada lehenago onartzen nazioarteko tresna bilateral edo multilateralen bat:
a) Irteera-egunean Erresuma Batuan edo Gibraltarren legez bizi eta lan egiten duten eta apirilaren 29ko 883/2004 (EE) Erregelamenduaren II. tituluan xedatutakoaren aplikazioaren ondorioz Espainiako legeriaren pean dauden pertsonek Espainiako legeriaren pean jarraituko dute erregelamendu horretan aurreikusitako aldia amaitu arte, hala onartzen badute Erresuma Batuko agintari eskudunek ordain gisa; izan ere, errege lege-dekretu honek beste horrenbeste xedatzen du Espainian lan egin eta aipatutako erregelamenduaren II. tituluan ezarritakoaren ondorioz gizarte-segurantzari buruzko Erresuma Batuko legeriaren pean dauden pertsonentzat.
Erresuma Batuko bandera duen ontzi batean egindako jarduera estatu horretan egin dela iritziko zaio. Hala ere, Erresuma Batuko bandera duen ontzi batean lanean diharduen pertsonari ordaintzen dion enpresak edo pertsonak estatu kide batean badu egoitza edo helbidea, langile hori estatu horretako legeriari lotuta egongo da, bertan bizi bada.
b) Espainiako gizarte-segurantzako sistemaren kargura pentsioa kobratzen duten eta irteeraren unean Erresuma Batuan edo Gibraltarren bizi diren pertsonek beren kotizaziopeko pentsioak eta dagozkien igoerak kobratzen jarraituko dute egun horretatik aurrera.
Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunaren aurretik pentsioei gutxienekora iristeko gehitutako osagarriak ordaintzen jarraituko da pentsioduna Erresuma Batuan edo Gibraltarren bizi den kasuetan.
c) Albora utzi gabe bereiz kalkulatu ahal izango direla Espainiako eta Erresuma Batuko legerien araberako kotizaziopeko pentsioak, bidezkoa denean, aintzat hartuko dira Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sisteman irteera-egunaren aurretik egiaztatutako aseguru-aldiak, garaia denean, erretiroko, ezintasun iraunkorreko eta heriotza eta biziraupeneko pentsioak kobratzeko eskubidea sortzeko eta zenbatekoa kalkulatzeko. Espainian eta, kasua bada, Europar Batasuneko nahiz Europako Esparru Ekonomikoko beste edozein estatutan edo Suitzan egiaztatutako aldi guztiak batuko dira, denak berdin hartuta eta irteera-eguna baino lehen ezarritako baldintza berberei lotuta. Nolanahi ere, gizarte-segurantzako Espainiako sisteman kotizatutako denboraren araberako zenbateko proportzionala baino ez da ordainduko Espainiaren kargura.
d) Irteera-eguna baino lehen Erresuma Batuan egindako aseguru-aldiak, era berean, Espainian egiaztatutako aldiei batuko zaizkie, behar izanez gero, gizarte-segurantzako Espainiako sistemaren kargura aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko eta aitatasuneko prestazioetarako eskubidea sortzeko. Prestazio horiek, irteera-egunerako aitortuta badaude, legez ezarritako iraunaldia amaitu arte ordainduko dira.
e) Gizarte-segurantzako prestazioak edo bestelako diru-sarrerak jasotzeak Espainiako legeriaren arabera ondorio juridiko jakin batzuk sortzen baldin baditu, kasuan kasuko xedapenak era berean aplikatzekoak izango dira irteera-eguna baino lehen Erresuma Batuko legeriaren arabera eskuratutako prestazio baliokideak edo Erresuma Batuaren lurraldean nahiz Gibraltarren eskuratutako diru-sarrerak jasotzen diren kasuetan ere.
f) Baldin eta, Espainiako legeriaren indarrez, ondorio juridikoak esleitzen bazaizkie egitate edo gertaera jakin batzuei, Espainiako erakundeek kontuan hartuko dituzte Erresuma Batuan edo Gibraltarren irteera-egunaren aurretik gertatutako antzeko egitate edo gertaerak, haiekin lotuak, Espainiako lurraldean gertatu balira bezala.
g) Langabezia-prestazioa eta jarduera uzteagatiko prestazioa -Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) III. eta V. tituluetan arautzen dituen horiek- Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea dutenek eskuratzeari dagokionez, kontuan hartuko dira Erresuma Batuko gizarte-segurantzako sisteman irteera-egunaren aurretik egiaztatutako aseguru-aldiak, kotizazioak azkenengoz Espainian egiten diren kasuetan langabezia-prestazioak kalkulatzeko. Xedapen hori gizarte-segurantzako sistemen koordinazioari buruzko EE erregelamenduekin bat etorriz aplikatuko da.
h) Espainian bizi eta egunero Gibraltarrera lanera joaten diren Europar Batasuneko herritarrek aurreko letran aipatzen diren langabezia-prestazioak eskuratu ahal izango dituzte Gibraltarren irteera-egunaren aurretik eta ondoren kotizatutako aldiengatik, kotizazioak azkenengoz Espainian egin beharrik izan gabe.
Irteera-egunaren ondoren Gibraltarren egiaztatutako edo egindako aseguru-aldiei dagokienez, Espainiak ordaintzen dituen prestazioen itzulketa erreklamatuko zaie Erresuma Batuko agintari eskudunei, letra honetan aipatutako langileentzako langabezia-prestazioak emateko eta itzultzeko lankidetza-mekanismoak ezarri behar dituen nazioarteko tresna adosten denean.
6. atala. Osasun-laguntza
13. artikulua. Osasun-laguntzarako eskubidea.
1. Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe irteten denetik hogeita bat hilabete igaro arte, honako arau hauek aplikatuko dira, ez bada lehenago onartzen nazioarteko tresna bilateral edo multilateralen bat:
a) Erresuma Batuan edo Gibraltarren britainiar erakunde eskudunen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea duten pertsonek Espainiako Osasun Sistema Nazionalean osasun-laguntza jasoko dute irteera-egunaren aurretik ezarritako modu berean eta baldintza berekin, baldin eta Erresuma Batuak osasun-laguntza ematen badie Espainiaren kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea duten espainiarrei edo beste herrialde batzuetako herritarrei irteera-egunaren aurretik ezarritako modu berean eta baldintza berekin, eta Espainiari itzultzen badizkio Espainiako Osasun Sistema Nazionalean Erresuma Batuko nazionalitatea dutenei edo Erresuma Batuan nahiz Gibraltarren britainiar erakunde eskudunen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea duten beste edozein herrialdetako herritarrei osasun-laguntza emateak eragindako gastuak.
b) Aurreko letran aipatzen diren herritarrei emandako osasun-txartelek indarrean jarraituko dute eta eraginkortasun osoa izango dute Osasun Sistema Nazionalean osasun-laguntza jasotzeko.
Egonaldi mugatuen eta programatutako tratamenduen kasuan, a) letran aipatutako pertsonek britainiar erakunde eskudunen kargurako osasun-laguntzaren frogagiria aurkeztu beharko dute, eta Osasun Sistema Nazionaleko osasun-etxe guztietan onartuko da agiri hori.
Espainian bizi badira eta osasun-txartelik ez badute, a) letran aipatutako pertsona horiek britainiar erakunde eskudunen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea dutela frogatzeko agiria aurkeztu beharko diote Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari, britainiar agintariek horretarako berariaz emanda.
c) Britainiar erakunde eskudunen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubideak, a) letran aipatutako pertsonen kasuan, lehentasuna izango du, Espainian bizitzeak edo egoteak sor diezaiekeen beste edozein eskubideren aldean.
d) Espainiak britainiar erakunde eskudunei ordaindu egingo die Espainiako herritarrek eta Espainiaren kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea duten beste herrialde batzuetakoek hango osasun-sistema publikoan jasotako osasun-laguntza, irteera-egunaren aurretik indarrean egondako baldintza berdinetan, baldin eta erakunde horiek gauza bera egiten badute Espainiarekin.
e) Espainiak a) letran aurreikusten den osasun-laguntzaren kostuak fakturatuko dizkie britainiar erakunde eskudunei.
f) Artikulu honen arabera ematen den osasun-laguntzaren kostuak fakturatzeko eta itzultzeko prozedurak, bai eta zenbatekoak eta horiek eguneratzeko eta ordaintzeko irizpideak ere, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunera arte erabilitako berak izango dira.
g) Artikulu honetan aurreikusten diren prozedurak kudeatzeko eskumena irteera-egunetik aurrera ere Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak edo Itsasoko Gizarte Institutuak izango du.
2. Erresuma Batuan egindako errezeten truke botikak ematen jarraituko da Errezeta medikoari eta botikak emateko aginduei buruzko abenduaren 17ko 1718/2010 Errege Dekretuan ezarritako moduan, baldin eta Erresuma Batuak beste horrenbeste egiten badu.
3. Lehenengo eta bigarren apartatuetan aurreikusitako tratu baliokidea emateari edota gastuak itzultzeari uko egiten bazaio, errege lege-dekretu honen 2.1 artikuluan adierazten den moduan jokatuko da.
7. atala. Hezkuntza
14. artikulua. Unibertsitaterako sarbidea.
Erresuma Batuko eta Gibraltarko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleek aukera izango dute, 2019-2020ko eta 2020-2021eko ikasturteetarako, Espainiako unibertsitateetan sartzeko prozeduretan parte hartu ahal izateko Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleentzat aurreikusitako baldintza berberetan, baldin eta beren hezkuntza-sistemek beren unibertsitateetan sartzeko eskatzen dizkieten betekizun akademikoak betetzen badituzte.
Nazioarteko lankidetza polizial eta judiziala
15. artikulua. Europar Batasunean zigor-arloko ebazpenak elkarri aitortzeko prozeduren araubide iragankorra Erresuma Batuarekiko.
Europar Batasunean zigor-arloko ebazpenak elkarri aitortzeari buruzko azaroaren 20ko 23/2014 Legeak xedatzen duenaren babesean elkarren aitorpenerako tresnak emateko, onartzeko eta gauzatzeko prozedurak, errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasiak badira, arau horretan ezarritakoari jarraituz izapidetuko dira. Prozedura izapidetzen amaitu eta gero, Espainia eta Erresuma Batuaren artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen eta legeria nazional aplikagarriaren bidez arautuko dira haren ondorioak.
Aurreko apartatuan ezarritakoari dagokionez, honako hauek izango dira prozedurak hasteko egunak:
a) Atxilotzeko eta entregatzeko Europako aginduetarako, erreklamatutako pertsona Espainian atxilotzen duten eguna.
b) Ebazpenak elkarri aitortzeko gainerako tresnetarako, eskaera jasotzen den eguna.
Indarrean dauden Europako atxilotze-aginduak indarrik gabe geratuko dira Erresuma Batua Europar Batasunetik irten eta gero. Irteera-prozesu horren aurretik hasitako ikerketei jarraipena emate aldera, Interpolek informazio-trukerako ezarri dituen mekanismoen erabilera sustatuko da, bai eta Espainiaren eta Erresuma Batuaren arteko polizia-lankidetzarako beste edozein akordio bilateral ere.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero zigor-arloko nazioarteko lankidetza judizialerako abian jartzen diren prozedurak, Espainiako organo judizialek haiek emateari dagokionez edo Espainian haiek aitortu eta betetzeari dagokionez, alderdien artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren bidez eta aplikatu beharreko legeria nazionalaren bidez arautuko dira.
16. artikulua. Indarrean dauden ikerketa-talde bateratuei aplikatu beharreko araubide iragankorra.
Espainia eta Erresuma Batuaren arteko ikerketa-talde bateratuek, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunean bukatu gabe badaude, indarrean jarraituko dute maiatzaren 21eko 11/2003 Legearen babesean (lege horrek Europar Batasuneko zigor-arloko ikerketa-talde bateratuak arautzen ditu), haiek eratzeko akordioan aurreikusitako egunera arte. Taldearentzat hasieran ezarritako iraunaldia amaitzen denean, ordea, Espainiaren eta hirugarren estatuen arteko ikerketa-talde bateratuak eratzeko eta jarduteko aplikatzen den berbera izango da luzapenei, taldearen handitzeari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko araubide juridikoa.
17. artikulua. Erresuma Batuarekiko arlo zibileko eta merkataritza-arloko lankidetza judizialerako prozeduren araubide iragankorra.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik Europar Batasuneko tresnetatik edozeinen babesean arlo zibileko eta merkataritza-arloko lankidetza judizialerako hasitako prozedurak hasi zirenean indarrean zegoen araudiari jarraituz izapidetuko dira. Prozedura izapidetzen amaitu eta gero, Espainiaren eta Erresuma Batuaren artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen eta legeria nazional aplikagarriaren bidez arautuko dira haren ondorioak. Horri dagokionez, prozeduraren hasierako eguna eskaera jaso den eguna izango da.
Espainiaren eta Erresuma Batuaren artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmen multilateralen eta aplikatu beharreko legeria nazionalaren pean egongo dira, halaber, errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoren arlo zibileko eta merkataritza-arloko lankidetza judizialerako abiarazten diren prozedurak.
18. artikulua. Informazio-trukea
1. Espainiak eta Erresuma Batuak pertsona fisikoen zigor-kondenei buruzko informazioa trukatzeko prozedurak, azaroaren 12ko 7/2014 Lege Organikoa (Europar Batasunean zigor-aurrekarien informazioa trukatzeari eta zigor-arloko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzkoa) oinarri dutenak, lege organiko horretan ezarritakoari jarraituz izapidetuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasiak badira. Prozedura izapidetzen amaitu eta gero, bi estatuen artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen eta legeria nazional aplikagarriaren bidez arautuko dira haren ondorioak.
Aurreko apartatuan ezarritakoari dagokionez, eskaera egiten zaion estatuko agintari eskudunak informazio-eskaera hori jasotzen duen eguna izango da prozeduraren hasiera-eguna.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero zigor-aurrekariei buruzko informazioa trukatzeko abian jartzen diren prozedurak, Espainiako organo judizialek haiek emateari dagokionez edo Espainian haiek aitortu eta betetzeari dagokionez, alderdien artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren bidez eta aplikatu beharreko legeria nazionalaren bidez arautuko dira.
2. Espainiako eta Erresuma Batuko segurtasun-zerbitzuek uztailaren 27ko 31/2010 Legearen babesean (Europar Batasuneko estatuetako segurtasun-zerbitzuen arteko informazio- eta inteligentzia-trukea sinplifikatzeari buruzko Legearen babesean) informazioa eta inteligentzia trukatzeko prozedurak, errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik hasiak badira, aipatutako legean ezarritakoari jarraituz izapidetuko dira. Prozedura izapidetzen amaitu eta gero, bi estatuen artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen eta legeria aplikagarriaren bidez arautuko dira haren ondorioak.
Aurreko paragrafoan ezarritakoari dagokionez, estatuko segurtasun-zerbitzu eskudunak informazioa edo inteligentzia eskatzen duen eguna izango da prozeduraren hasiera-eguna.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero informazioa eta inteligentzia trukatzeko abian jartzen diren prozedurak, Espainiako segurtasun-zerbitzuak haiek eskatzeari edo Espainiak erantzuteari dagokionez, alderdien artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren bidez eta aplikatu beharreko legeria nazionalaren bidez arautuko dira.
Jarduera ekonomikoak
1. atala. Finantza-zerbitzuak
19. artikulua. Kontratuen jarraitutasuna.
1. Banku-, balore- edo aseguru-zerbitzuak edo bestelako finantza-zerbitzuak emateko kontratuetan, helbidea Erresuma Batuan edo Gibraltarren duen eta Erresuma Batuko edo Gibraltarreko agintari eskudunak baimenduta edo erregistratuta dagoen erakunde batek Espainian horrelako zerbitzu bat ematen duenean, kontratua Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunaren aurretik sinatua bada, kontratu horrek indarrean iraungo du irteeraren ostean, eta, horrenbestez, kontratuetako alderdien betebeharrek ondoreak sortzen jarraituko dute.
2. Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunetik aurrera, sektoreko legerian hirugarren estatuetako erakundeentzat aurreikusten den araubidea aplikatuko zaie goian aipatutako erakundeei, baina horrek ez du eragozten lehenago sinatutako kontratuek indarrean irautea, aurreko apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz; baimen berria lortu beharko da kontratuok berritzeko edo aldaketak egiteko -aldaketek berekin badakarte Espainian zerbitzu berriak ematea edo eragina badute alderdien funtsezko betebeharretan-, edota kontratuen kudeaketari lotutako jarduerek baimena behar duten kasuetan, bai eta kontratu berriak egiteko ere. Kontratu horien kudeaketatik eratorritako jarduerek, aurrez azaldutako kasuetako batean ere ez badaude, ez dute baimen berri baten beharrik izango.
3. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, britainiar agintari eskudunak 1. apartatuko erakundeei hasiera batean emandako baimenak edo erregistroak behin-behinean indarrean jarraituko du Erresuma Batua Europar Batasunetik irten eta gero, bederatzi hilabetez, irteera horren aurretik sinatutako kontratuen kudeaketari dagokionez, kudeaketa horrek baimenaren beharra baldin badu, helburu hauetarako:
a) Kontratua era ordenatuan amaitzea edo behar bezala baimendutako erakunde bati lagatzea, kontratuko klausulei jarraituz.
b) Espainian baimena eskatzea, legeria indardunean aurreikusitako araubideetatik edozeinen babesean, filial baten sorrera barnean dela. Kasu horretan, behin-behineko indarraldia erakundeak baimena eskatzen duen egunean hasiko da, edo errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunean, eskaera-eguna lehenagokoa bada. Behin-behineko indarraldi hori bertan behera geratuko da baldin eta eskaera ezetsi egiten bada araubide aplikagarriarekin bat etorriz.
4. Hirugarren apartatuan aurreikusitako kasuetan, finantza-erakundeek Erresuma Batua Europar Batasunetik irten baino lehen aplikagarri izan duten araubide juridikoari lotuta jarraituko dute. Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak gainbegiratzeko ahalmena izango dute, bakoitzak bere eskumeneko eremuan, eta, bereziki, aipatutako erakundeei eskatu ahal izango diete edozein dokumentu edo informazio aurkezteko edo behar diren jarduketak egiteko. Erakundeok ez badute eskatutakoa egiten horretarako emandako epearen barruan, agintari gainbegiratzaileek indarrik gabe utzi ahalko dute 3. apartatuan aurreikusitako araubide iragankorra, kasuan kasuko erakundeari dagokionez. Halakoetan, ukitutako erakundeari adieraziko zaio jarduera erreserbatu bat egiten ari dela baimenik gabe, eta jarduera erreserbatuak baimenik gabe egiten dituztenei Espainian aplikatzen zaien zehapen-araubidearen pean dagoela.
5. Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, bakoitzak bere eremuan, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak eragin diezaiekeen finantza-zerbitzuen erabiltzaileen segurtasun juridikoa bermatzeko eta haien interesak babesteko.
2. atala. Aduanak
20. artikulua. Aduana-agintarien erabakiak.
Errege lege-dekretu hau argitaratzen den egunetik aurrera, Erresuma Batua hirugarren estatu bihurtu arte itxaron gabe, Espainiako aduana-agintariek erabaki-eskaera hauek izapidetuko dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduak (Europar Batasuneko Aduana Kodea ezartzen duena) 22. artikuluan aipatzen dituen horiek, Erresuma Batuan kokatutako operadoreek edo Espainian kokaturik Erresuma Batuarekiko ondasun-salerosketak egiten dituzten operadoreek aurkeztuak. Erabaki horiek ez dute ondorerik sortuko Erresuma Batuaren irteera gauzatu arte.
3. atala. Kontratazio publikoa
21. artikulua. Kontratazio publikoko prozedurei aplikatu beharreko araubide juridikoa.
1. Azaroaren 8ko 9/2017 Legeari, urriaren 30eko 31/2007 Legeari edo abuztuaren 1eko 24/2011 Legeari lotutako adjudikazio-prozeduretan parte hartzen duten Erresuma Batuko edo Gibraltarko operadore ekonomikoek, Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretik hasia badute kontratazio-espedientea, lege horietan eta beroriek garatzeko arauetan Europar Batasuneko estatuetako enpresentzat aurreikusita dauden arauak aplikatzen jarraituko dute (azaroaren 8ko 9/2017 Legea sektore publikoko kontratuena da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/ EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora; urriaren 30eko 31/2007 Legea ur-, energia-, garraio- eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzkoa da, eta abuztuaren 1eko 24/2011 Legea, berriz, sektore publikoko defentsa- eta segurtasun-arloetako kontratuei buruzkoa).
Horri dagokionez, kontratazio-espedientea hasita dagoela ulertuko da baldin eta kontratua adjudikatzeko prozeduraren deialdia ordurako argitaratuta badago. Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuen kasuan, kontratuaren hasiera-unea zehazteko, baldintza-agiriak onartutako data hartuko da kontuan.
2. 2.1 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz britainiar agintari eskudunek ere Espainiako operadore ekonomikoei pareko tratamendua ematea izango da artikulu honetan aurreikusitako araubidea aplikatzeko baldintza.
4. atala. Baimenak eta lizentziak
22. artikulua. Gidabaimenak.
1. Britainiar agintariek emandako gidabaimen indardun eta baliozkoek gure herrialdean gidatzeko gaituko dituzte titularrak, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunetik bederatzi hilabeteko epea igaro arte.
Epe horretan, Gidarien Erregelamendu Orokorraren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztenek gidabaimena trukatu ahal izango dute, baldin eta betekizun horiek egiaztatzeko egungo sistemari eusten bazaio, Europar Batasuneko estatuek ematen dituzten baimenetarako aurreikusitako baldintza berekin, trafiko-arloan indarrean dagoen araudian xedatutakoarekin bat etorriz (Gidarien Erregelamendu Orokorra maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
2. Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu ondoren, britainiar agintariek emandako gidabaimenen araubidea hirugarren herrialdeetan emandako baimenena izango da, trafiko-arloan indarrean dagoen araudian erregulatutako moduan.
23. artikulua. Defentsarako eta erabilera bikoitzeko materialen inportazioa eta esportazioa Erresuma Batuarekin.
Aurrerantzean ere baliozkoak izango dira Defentsarako materialen, bestelako materialen eta erabilera bikoitzeko produktu eta teknologien kanpo-merkataritza kontrolatzeko Erregelamenduaren 2. artikuluaren babesean Erresuma Batura esportatzeko edo handik inportatzeko indarrean dauden baimenak (abuztuaren 1eko 679/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Aipatutako erregelamenduaren 20. artikuluan deskribatzen diren baimen mota guztiei aplikatuko zaie aurrekoa.
24. artikulua. Arma, lehergai, piroteknia-gai eta kartutxoen gaineko baimenak.
1. Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretik arma, lehergai, piroteknia-gai eta kartutxoen transferentzietarako emandako baimenak eta aurretiazko adostasunak baliozkoak izango dira baimen edo aurretiazko adostasun horietan bertan ezarritako epea amaitzen den egunera arte.
2. Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunetik aurrera, transferentzietarako baimenak eta aurretiazko adostasunak emateari utziko zaio, eta salgaien inportaziorako, joan-etorrietarako eta esportaziorako araubide orokorra aplikatzen hasiko da.
3. 2.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz britainiar agintari eskudunek ere pareko tratamendua ematea izango da artikulu honetan aurreikusitakoa aplikatzeko baldintza.
4. Lehergai edo piroteknia-gairen baten bat-etortzea ebaluatzeko prozeduran Erresuma Batuko erakunde jakinaraziren batek parte hartu badu, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten den egunetik aurrera produktu hori ezingo da merkaturatu.
Garraioa
1. atala. Errepideko garraioa
25. artikulua. Salgaiak errepidez garraiatzea.
1. Ibilgailu motordunek edo ibilgailu motordun bati lotutako ibilgailu multzoek, Erresuma Batuan kokatutako garraio-enpresek salgaiak garraiatzeko soilik erabiltzen badira, kargatuta zirkulatu ahal izango dute Espainiaren lurraldean, abiapuntua Erresuma Batuaren lurraldean eta helmuga Espainiako Erresumaren lurraldean duten garraio-eragiketak edo alderantzizkoak egiteko.
Ibilgailuok Espainiaren lurraldean kargarik gabe zirkulatu ahal izango dute, halaber, bidaia hori aurreko paragrafoan azaldutako garraio-eragiketa horietakoren baten ondorio edo aurrekari denean.
2. Artikulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, Erresuma Batuan kokatutako garraio-enpresek Erresuma Batuan garraioan aritzeko gaitzen dituen baimena edo lizentzia eduki beharko dute.
3. Ez da aurreko apartatuan aipatutako Erresuma Batuko lizentzia eduki beharrik izango honako garraio hauek egiteko:
a) Posta-garraioa, zerbitzu unibertsal gisa.
b) Kalteak edo matxurak izan dituzten ibilgailuen garraioa.
c) Ibilgailu motordunetan salgaiak garraiatzea, ibilgailuek karga eta guzti eduki dezaketen gehieneko masa (atoiena ere barne) 3,5 tonatik gorakoa ez denean.
d) Larrialdietan eta, bereziki, hondamendi naturaletan laguntza medikoa emateko botika, aparatu, tresna eta gainerako gaien garraioa.
e) Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten salgai-garraioak:
1. Garraiatutako ondasunak enpresaren jabetzakoak izatea, edo enpresak saldutakoak, erositakoak, alokatu edo kontratatutakoak, ekoitzitakoak, erauzitakoak, landutakoak nahiz konpondutakoak izatea.
2. Ondasunak enpresara edo enpresatik garraiatzea izatea bidaiaren helburua, edo haiek enpresaren barruan nahiz kanpoan enpresaren beraren beharrizanetarako mugitzea.
3. Garraiorako erabiltzen diren ibilgailu motordunen gidariak enpresako langileak edo enpresaren esku jarritako langileak izatea eta kontratupean aritzea.
4. Enpresak bere izenean edukitzea erabilitako ibilgailuak, dela jabetzan, dela finantza-errentamenduan nahiz errentamendu arruntean.
5. Egindako garraioa enpresaren jarduera orokorrari laguntzeko eragiketa baino ez izatea.
26. artikulua. Bidaiariak autobusez garraiatzea.
1. Erresuma Batuan kokatutako garraio-enpresek bidaiariak garraiatzeko soilik erabiltzen diren autobusek kargatuta zirkulatu ahal izango dute Espainiaren lurraldean, bidaiarien nazioarteko garraioak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badute bai Erresuma Batua bai Espainiako Erresuma edo Europar Batasuna partaide diren nazioarteko tratatuek, edo, bestela, horrela aurreikusita badago bai Erresuma Batua bai Espainiako Erresuma edo Europar Batasuna partaide diren nazioarteko erakundeen arauetan.
Aipatutako tratatu edo arauetan ezarritako moduan eta baldintzetan egin beharko dira garraio horiek.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, gaur egun Erresuma Batuaren lurraldearen eta Espainiaren lurraldearen artean baimenduta dauden bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak ematen jarraitu ahal izango da harik eta haietarako baimenen indarraldia amaitu arte, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den unean aplikatzekoak zaizkien modu eta baldintza berberetan.
Bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuetarako baimen horiek, kasua bada, luzatu ahal izango dira, edo maiztasunak, tarifak nahiz ordutegiak egokitzeko aldatu, eman zirenean aplikagarria zen araubide berari jarraituz.
27. artikulua. Salgaiak eta bidaiariak errepidez garraiatzeko aplikatu beharreko baldintzak.
1. Erresuma Batuan kokatutako enpresek, 25. eta 26. artikuluetan aurreikusitako garraioak egiten dituztenean, Espainian aplikatu beharreko arauak bete beharko dituzte: gidarien lanaldia; gidatzen ematen duten denbora eta atseden-denbora; takografoaren eta abiadura-mugagailuaren instalazioa eta erabilera; gidarien prestakuntza; errepideko garraio-ibilgailuetarako baimendutako gehieneko pisuak eta neurriak; ibilgailuetan segurtasun-uhalak eta haurrak atxikitzeko sistemak nahitaez erabiltzea; langileen lekualdaketa, eta autokar eta autobusetako bidaiarien eskubideak. Arau horiek bete ezean, dagozkien neurriak aplikatuko zaizkie.
2. Atal honetan aurreikusitako neurriak gaiari buruz sinatzen edo onartzen diren tresna bilateral edo multilateralekin edota Europako zuzenbideko arauekin bat etorriz interpretatuko dira.
3. 2.1 artikuluan ezarritako moduan britainiar agintari eskudunek ere Espainian kokatuta dauden garraio-enpresei pareko tratamendua ematea izango da atal honetan aurreikusitako araubidea aplikatzeko baldintza, eta 2019ko abenduaren 31ra arte mantenduko dira, ezertan eragotzi gabe 2.2 artikuluan xedatutakoa.
2. atala. Aireportuetako zerbitzuak
28. artikulua. Erresuma Batuko aireportu batera joateko hegazkineratutako bidaiarien irteeragatiko prestazio publikoak.
2020ko otsailaren 28ra arte, Erresuma Batuko aireportu batera joateko hegazkineratzen diren bidaiariak Europako Esparru Ekonomikoko aireportu batera joateko hegazkineratu balira bezala jokatuko da, bidaiarien irteerarengatik eta maiordomotza- edo «catering»-zerbitzuarengatik ordaindu beharreko prestazio publikoen zenbatekoak finkatu eta eguneratzeari dagokionez, Aireko Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legeak 78. eta 89.1.5 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Lehenengo xedapen gehigarria. Lanpostu gehiago baimentzea ICEXEspaña Exportacion e Inversiones EPE MPri.
ICEX España Exportacion e Inversiones EPE MPk lan-kontratuko zortzi plazaren deialdia egin ahalko du teknikarien lanbide-talderako, aldez aurretik Ogasun Ministerioak eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak baimena emanda, Aurrekontu eta Gastuetako eta Funtzio Publikoko estatu-idazkaritzen bitartez. Haren giza baliabideen berrezarpen-tasako plazei gehitu beharrekoak izango dira zortzi plaza horiek.
Bigarren xedapen gehigarria. Lanpostu gehiago baimentzea portuetako agintariei.
Portuetako agintariek lan-kontratuko berrogeita hamar plazaren deialdia egin ahalko dute, aldez aurretik Ogasun Ministerioak eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak baimena emanda, Aurrekontu eta Gastuetako eta Funtzio Publikoko estatu-idazkaritzen bitartez. Haien giza baliabideen berrezarpen-tasako plazei gehitu beharrekoak izango dira plaza horiek.
Hirugarren xedapen gehigarria. Kontingentzia-neurrien aplikagarritasuna Gibraltar inguruko garraioan.
Gibraltar abiapuntu edo helmuga duten salgai-garraioen eta autobusezko bidaiari-garraioen arloan, Gobernuak, erabaki bidez, honako araubide juridiko hau aplikatu ahal izango du:
1. Ibilgailu motordunek edo ibilgailu motordun bati lotutako ibilgailu multzoek, Gibraltarren kokatutako garraio-enpresek salgaiak garraiatzeko soilik erabiltzen badira, kargatuta zirkulatu ahal izango dute Espainiaren lurraldean, abiapuntua Gibraltarren lurraldean eta helmuga Espainiako Erresumaren lurraldean duten garraio-eragiketak edo alderantzizkoak egiteko.
Ibilgailuok Espainiaren lurraldean kargarik gabe zirkulatu ahal izango dute, halaber, bidaia hori aurreko paragrafoan azaldutako garraio-eragiketa horietako baten ondorio edo aurrekari denean.
2. Bederatzi jarleku (gidariarena barne) baino gehiago dituzten ibilgailuek, Gibraltarren kokatutako garraio-enpresek bidaiariak garraiatzeko soilik erabiltzen badira, kargatuta zirkulatu ahal izango dute Espainiaren lurraldean, abiapuntua Gibraltarren lurraldean eta helmuga Espainiaren lurraldean duten garraio-eragiketak edo alderantzizkoak egiteko.
Ibilgailuok Espainiaren lurraldean kargarik gabe zirkulatu ahal izango dute, halaber, bidaia hori aurreko paragrafoan azaldutako garraio-eragiketa horietakoren baten ondorio edo aurrekari denean.
3. Aurreko bi apartatuetan ezarritakoaren ondoreetarako, Gibraltarren kokatutako garraio-enpresek Erresuma Batuan garraioan aritzeko gaitzen dituen baimena edo lizentzia eduki beharko dute.
4. Ez da aurreko apartatuan aipatutako lizentzia eduki beharrik izango honako garraio hauek egiteko:
a) Posta-garraioa, zerbitzu unibertsal gisa.
b) Kalteak edo matxurak izan dituzten ibilgailuen garraioa.
c) Ibilgailu motordunetan salgaiak garraiatzea, ibilgailuek karga eta guzti eduki dezaketen gehieneko masa (atoiena ere barne) 3,5 tonatik gorakoa ez denean.
d) Larrialdietan eta, bereziki, hondamendi naturaletan laguntza medikoa emateko botika, aparatu, tresna eta gainerako gaien garraioa.
e) Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten salgai-garraioak:
1. Garraiatutako ondasunak enpresaren jabetzakoak izatea, edo enpresak saldutakoak, erositakoak, alokatu edo kontratatutakoak, ekoitzitakoak, erauzitakoak, landutakoak nahiz konpondutakoak izatea.
2. Enpresara edo enpresatik ondasunak garraiatzea izatea bidaiaren helburua, edo haiek enpresaren barruan nahiz kanpoan enpresaren beraren betekizunetarako mugitzea.
3. Garraiorako erabiltzen diren ibilgailu motordunen gidariak enpresako langileak edo enpresaren esku jarritako langileak izatea eta kontratupean aritzea.
4. Enpresak bere izenean edukitzea erabilitako ibilgailuak, dela jabetzan, dela finantza-errentamenduan nahiz errentamendu arruntean.
5. Egindako garraioa enpresaren jarduera orokorrari laguntzeko eragiketa baino ez izatea.
5. Aurreko apartatuen aplikazio-eremuan dauden garraio-enpresek, apartatu horietan arautzen diren garraioak egiten dituztenean, Espainian aplikatu beharreko arauak bete beharko dituzte: gidarien lanaldia; gidatzen ematen duten denbora eta atseden-denbora; takografoaren eta abiadura-mugagailuaren instalazioa eta erabilera; gidarien prestakuntza; errepideko garraio-ibilgailuetarako baimendutako gehieneko pisuak eta neurriak; ibilgailuetan segurtasun-uhalak eta haurrak atxikitzeko sistemak nahitaez erabiltzea; langileen lekualdaketa, eta autokar eta autobusetako bidaiarien eskubideak. Arau horiek bete ezean, dagozkien neurriak aplikatuko zaizkie.
6. Espainian kokatutako garraio-enpresek ere beren ibilgailuek Gibraltarren zirkulatzen dutenean pareko trataera jasotzea izango da, errege lege-dekretu honen 2.1 artikuluan adierazten den moduan jasotzea ere, aurreko apartatuetan aurreikusitako araubidea aplikatzeko baldintza; eta 2019ko abenduaren 31ra arte mantenduko da, ezertan eragotzi gabe errege lege-dekretu honen 2.2 artikuluan xedatutakoa.
Laugarren xedapen gehigarria. Erresuma Batuko unibertsitate, zentro eta erakundeetatik datozen tituluak homologatzeko eta baliokide deklaratzeko eskaerak.
Erresuma Batuko unibertsitate, zentro eta erakundeetatik datozen tituluak homologatzeko eta baliokide deklaratzeko eskaeren dokumentuek ez dute Hagako Hitzarmeneko apostillarik eduki beharko, baldin eta eskaera Erresuma Batuaren irteera gauzatu aurretik aurkeztu bazaie Espainiako agintariei, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako prozeduraren babesean (dekretu horrek unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko eta ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen Espainiako esparruko mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko eta diplomadunen goi-mailako titulu ofizialei dagokienez).
Bosgarren xedapen gehigarria. Aurreikusitako neurriak gauzatzeko kontratazio publikoa.
Sektore publikoaren esparruan kontraturen bat egin beharra badago errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak gauzatzeko edota egoera Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearen ondorioei egokitzeko, azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 119. eta 120. artikuluetan xedatutakoa aplikatu ahal izango da, artikulu horietan bertan ezarritako eran (azaroaren 8ko 9/2017 Legea sektore publikoko kontratuen legea da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora).
Azken xedapenetako lehena. Erregelamenduzko xedapenak aldatzea.
Errege lege-dekretu honek aldatzen dituen erregelamenduzko xedapenak gerora ere aldatu ahal izango dira erregelamendu-mailako xedapenen bitartez.
Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-tituluak.
Errege lege-dekretu hau Estatuaren eskumen hauen babesean ematen da:
II. kapituluaren 1. eta 2. ataletan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.2 artikuluaren babesean ematen dira; artikulu horrek immigrazioaren, emigrazioaren eta atzerritartasunaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.
II. kapituluaren 3. atalean eta laugarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 30., 7. eta 18. paragrafoen babesean ematen dira; horiek Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen diote ikasketa- eta lanbide-tituluak lortzeko, emateko eta homologatzeko baldintzen erregulazioaren gainean, lan-arloko legeriaren gainean eta administrazio publikoetako funtzionarioen estatutu-araubidearen gainean, hurrenez hurren.
II. kapituluaren 4. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren babesean ematen dira, artikulu horrek lan-arloko legeriaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.
II. kapituluaren 5. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren babesean ematen dira, artikulu horrek gizarte-segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.
II. kapituluaren 6. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.16 artikuluaren babesean ematen dira, artikulu horrek osasun-arloaren oinarrien eta koordinazio orokorraren gaineko eskumena esleitzen baitio Estatuari.
II. kapituluaren 7. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.30 artikuluaren babesean ematen dira; Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak ezartzeko eskumena esleitzen dio artikulu horrek Estatuari, botere publikoek alor horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.
III . kapituluan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 6. eta 29. zenbakien babesean ematen dira, horiek Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitiote legeria prozesalaren gainean eta segurtasun publikoaren gainean, hurrenez hurren.
IV . kapituluaren 1. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 11. eta 13. zenbakien babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, kredituaren, bankuen eta aseguruen antolaketaren oinarriak ezartzeko eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak ezarri eta hura koordinatzeko.
IV. kapituluaren 2. atalean jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.10 artikuluaren babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitio aduana-araubidearen eta aduana-zergen alorrean.
IV. kapituluaren 3. atalean eta bosgarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitio Administrazioaren kontratu eta emakidei buruzko oinarrizko legeriaren arloan.
22. artikuluan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 artikuluaren babesean ematen dira; artikulu horrek ibilgailu motordunen trafikoaren eta zirkulazioaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.
23. artikuluan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 4. eta 10. zenbakien babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, defentsaren eta indar armatuen arloan eta kanpo-merkataritzaren arloan.
24. artikuluan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 26. eta 29. zenbakien babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, arma eta lehergaiak ekoizteko, salerosteko, edukitzeko eta erabiltzeko araubidearen arloan eta segurtasun publikoaren arloan.
V. kapituluan jasotako aurreikuspenak Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 20. eta 21. zenbakien babesean ematen dira, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, interes orokorreko aireportuen gainean eta autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dituzten lurreko garraioen gainean.
Azken xedapenetako hirugarrena 149. artikuluaren 1. apartatuaren 10. zenbakian eta 16. zenbakiko lehen tartekian ezarritakoaren babesean ematen da, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, kanpo-merkataritzaren arloan eta kanpo-osasunaren arloan.
Azken xedapenetako hirugarrena. Esportatzeko behar den dokumentazio sanitarioa edo fitosanitarioa.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioak, bakoitzak bere eskumeneko eremuan, dokumentu sanitarioak edo fitosanitarioak eskatzeko, izapidetzeko eta emateko prozedura erraztuak ezarriko dituzte, hartara osasun-ziurtagiria, albaitaritzako ziurtagiria edo ziurtagiri fitosanitarioa behar duten salgaiak esportatu ahal izan daitezen Espainiatik Erresuma Batura: animaliak, animalia-jatorriko produktu eta azpiproduktuak, produktu zoosanitarioak, landareak, landare-produktuak eta gainerakoak.
Azken xedapenetako laugarrena. Aurrekontu-kredituak.
Errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera finantzatuko dira, aurrekontuko baliabide-mugak gainditu gabe.
Azken xedapenetako bosgarrena. Erregelamendu bidezko garapena.
1. Gobernuari eta ministerio-departamentu guztietako titularrei, bakoitzari bere eskumen-eremuan, ahalmena ematen zaie errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
2. Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 27. artikuluaren ondoreetarako, errege lege-dekretu hau garatzea helburu duten xedapen orokorren proiektuak presaz izapidetuko dira beti, Ministro Kontseiluak erabaki bidez presa deklaratu beharrik izan gabe. Hala ere, proposamena egiten duen ministerio-departamentuak izapideen hasieraren berri eman beharko du Ministro Kontseiluaren hurrengo bileran. Jakitun dela adierazteko erabakian, Ministro Kontseiluak epea ezarriko du Estatu Kontseiluak irizpena eman dezan, irizpena nahitaezkoa izanez gero. Nahitaezkoak diren gainerako irizpenak ere presaz eman beharko dituzte kontsulta-organoek, bakoitzak araututa daukan presako prozedura erabiliz.
Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea.
20. artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, Europar Batasunaren Tratatuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz Europar Batasunaren tratatuak Erresuma Batuari aplikatzeari uzten zaion egunean jarriko da indarrean errege lege-dekretu hau.
Hala ere, errege lege-dekretu hau ez da indarrean jarriko baldin eta goian aipatutako egunaren aurretik indarrean jartzen bada Europar Batasunak eta Erresuma Batuak Europar Batasunaren Tratatuaren 50.2 artikuluari jarraituz formalizatutako irteera-akordio bat.
Madrilen, 2019ko martxoaren 1ean.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON