25/2014 Legea, azaroaren 27koa, Nazioarteko Tratatuen eta Akordioena
2014-11-27Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/11/28, 288. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
12326 |
25/2014 Legea, azaroaren 27koa, Nazioarteko Tratatuen eta Akordioena. |
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:
HITZAURREA
I
Tratatuen Zuzenbideari buruzko Vienako Konbentzioak, 1969ko maiatzaren 23koak, asmo unibertsalez kodetzen ditu estatuen artean nazioarteko tratatuak egiteko, indarrean jartzeko, betearazteko, aplikatzeko eta interpretatzeko prozesuaren oinarrizko alderdiak. Nahiz eta arlo batzuk arautzen ez dituen –tratatuen arloko estatuen ondorengotza eta ez-betetzearen ondoriozko erantzukizuna, besteak beste–, oraindik ere «Tratatuen tratatua» dela eta gaiaren inguruko ohiturazko zuzenbidea islatzen duela esan daiteke.
Estatuen eta Nazioarteko Erakundeen arteko edo Erakundeen arteko Tratatuen Zuzenbideari buruzko Vienako Konbentzioak, 1986ko martxoaren 21ekoak, oraindik indarrean jarri ez denak, osatu egiten du 1969ko Konbentzioaren aplikazio materialaren eremua, eta estatu baten edo batzuen arteko eta nazioarteko erakunde baten edo batzuen arteko tratatuak arautzen ditu, bai eta nazioarteko erakundeen artean egindakoak ere.
Espainia Tratatuen Zuzenbideari buruzko 1969ko Vienako Konbentzioaren estatu kide da, eta 1990eko uztailaren 24an eman zuen 1986ko Konbentzioari lotetsita gelditzeko adostasuna. Bi konbentzio horiek lege honen erreferentziazko esparrua osatzen dute.
Gure ordenamendu juridikoan, tratatuak arautzeko berariazko arau bakarra martxoaren 24ko 801/1972 Dekretua da, Estatuko Administrazioaren jarduera nazioarteko tratatuen arloan antolatzeari buruzkoa. Bere garaian, dekretu horrek Espainiako ordenamendu juridikoa Nazioarteko Zuzenbideak nazioarteko tratatuen arloko eskakizunetara egokitzea lortu zuen, eta erantzun bat eman zien 1969ko Vienako Konbentzioak barne-zuzenbidera egiten zituen igorpenei.
Hala ere, denborarekin, martxoaren 24ko 801/1972 Dekretua zaharkituta geratu da, hala Nazioarteko Zuzenbideak azken lau hamarkadetan izan duen garapen nabarmenagatik nola Espainiak 1972. urtetik aurrera politikaren eta Konstituzioaren eremuetan izan dituen aldaketa sakonengatik. Hori guztia dela eta, beste araudi bat ezarri behar da dekretu haren ordez, modu sistematikoan eta eguneratuan erregula dezan Estatuak nazioarteko tratatuen eta nazioarteko bestelako akordioen arloan izan beharreko jarduera. Beharra bai herri-administrazioek, bai eremu akademikoak eta doktrinalak nabarmendu dute.
II
Nazioarteko Zuzenbideak, izan duen garapenaren ondorioz, gaur egun duen egoerak oso zerikusi txikia du martxoaren 24ko 801/1972 Dekretua onetsi zenean zegoenarekin. 1969ko eta 1986ko Vienako konbentzioak nazioarteko tratatuen arloko erreferentziazko esparrua dira, zalantzarik gabe, baina ezin baztertuzkoak dira nazioarteko komunitatearen barruan oraintsukoak diren fenomeno eta aldaketak, horiek ere ondorio sakonak izan
baitituzte estatuen nazioarteko praktikan eta, oso bereziki, haien konbentzio-jardueran. Horrela, bada, lehenengo eta behin, nabarmendu behar da biderkatu egin direla kasu askotan estatuekin nazioarteko akordioak egiteko gaitasuna duten nazioarteko erakundeak. Bereziki azpimarratzekoa da Europar Batasunaren kasua; izan ere, nazioz gaindiko izaera izatean eta kanpo-gaien arloan eskumen zabalen jabe izatean, nazioarteko akordioak egitera jotzen du, eta, akordio horien artean, bereziki nabarmentzekoak dira hirugarren herrialdeekin egindako akordio mistoen kategoria berezi eta konplexua, kide diren estatuentzat dauzkaten ondorioengatik
Bigarrenez, kontuan izan behar da konbentzioen inguruko jarduera sendotzen, zailtzen eta aberasten joan dela borondatearen autonomiaren printzipioan oinarrituta, eta horrek akordio mota berriak eta aplikaziorako arazoak ekarri dituela. Hori horrela, estatuetako barne-zuzenbideak tratatuen eta nazioarteko beste akordio batzuen arteko bereizketa ezar dezake; aukera hori berariaz dago jasota 1969ko eta 1986ko Vienako konbentzioetan, bien 2.2 artikuluetan. Horrela, akordioen modu berriei dagokienez, nazioarteko tratatuak betearazteko akordioak aipatu behar dira –Espainiako jardunean, eskuarki, «nazioarteko administrazio-akordio» izenez ezagun direnak–, bai eta nazioarteko akordio ez-arauemaileak ere, sarritan Akordio Memorandum izenez ezagunak edo MOU siglez identifikatzen direnak (ingeleseko Memoranda of Understanding) , konpromiso politikoak hartzeko bitarteko direnak. Hala ere, horrek ez du eragozten lege honetan araututako hiru horiez bestelako kategoria batzuk ere egotea, guztiak ere estatuetako barne-zuzenbideak arautzen dituela.
Barne-ikuspegitik, 1978ko Espainiako Konstituzioaren 56., 63.2 eta 93.etik 96.era bitarteko artikuluek Estatuaren kanpo-jarduera arautzen dute, nazioarteko tratatuei dagokienez, eta, hein handi batean, martxoaren 24ko 801/1972 Dekretua ez da horiekin bateragarria. Espainiako Konstituzioa indarrean sartu zenean, bere xedapen indargabetzaile bakarraren hirugarren paragrafoaren bidez, Magna Cartarekin bateraezinak ziren martxoaren 24ko 801/1972 Dekretuaren zatiek utzi egin zioten indarrean egoteari; besteak beste, dekretu horren V. eta VI. tituluek. Egun arte, araudiaren hutsune hori betetzeko, hiru bide nagusi baliatu dira. Lehenengo eta behin, nazioarteko tratatuen eta nazioarteko beste akordio posible batzuen barne-izapidetzean jarraitu beharreko izapideak han-hemenka antolatzen joan diren zirkular eta ministro-agindu ugariak. Bigarrenik, Konstituzio Auzitegiaren interpretazio-zeregina, bai eta Estatu Kontseiluaren eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren Nazioarteko Aholkularitza Juridikoaren aholkularitza-zeregina. Eta, hirugarrenik, martxoaren 24ko 801/1972 Dekretuak ez duenez ezer xedatzen aplikazioari dagokionez, epaile arruntek lehen mailako zeregina bete dute.
Era berean, 1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean sartu ondoren Estatuan ezarritako lurralde-diseinuak eskumen garrantzitsuak ekarri dizkie autonomia-erkidegoei kanpo-ekintzaren arloan, haien autonomia-estatutuen bidez. Horrela, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoaren ondorioz, Estatuak eskumen esklusiboa du nazioarteko harremanen arloan, eta, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia finkatuaren arabera, eskumen horren gune gogorrean nazioarteko tratatuak egiteko gaitasuna dago; ius ad tractatum delakoa, hain zuzen. Hala ere, autonomia-erkidegoek kanpo-ekintzako zenbait jarduera egiteko eskumena dute; besteak beste, nazioarteko akordio ez-arauemaileak egiteko. Halaber, eskumena dute nazioarteko administrazio-akordioak egiteko, tratatu bat zehaztearren edo betearaztearren. Kanpo-ekintzako beste alderdi batzuen gaineko eskumenak ere badauzkate, eta eskumen horiek ondorioak dauzkate Estatuaren kanpo-politikan, nazioarteko tratatuak egiteari dagokionez; hortaz, arautu egin behar dira, Espainiako Konstituzioaren 97. eta 149.1.3 artikuluetan xedatutakoaren ondorioz Estatuaren eskumen esklusiboa denaren barruan egoki integratzen direla bermatzeko. Horren adibide da, esaterako, autonomia-erkidegoek interes justifikatua dutela egiaztatzen duten arloei buruzko tratatuak egiteko negoziazioak irekitzeko proposamena egiteko duten eskubidea, autonomia-erkidegoen eskumenetan eragina duten nazioarteko tratatuen negoziazioaren gaineko informazioa eskuratzeko eskubidea edota Gobernuari autonomia-erkidegoen eskumenetan eragina duen
nazioarteko tratatua negoziatzen ari den Espainiaren ordezkaritzan parte hartzeko eskaera egiteko eskubidea.
Era berean, Espainia Europar Batasunekoa izateak eragin sakonak ditu nazioarteko tratatuak eta nazioarteko beste akordio batzuk egitean. Batasunak berezko nortasun juridikoa du, bai eta kanpo-gaietan eskumen ugari ere; hori horrela, hirugarren herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin nazioarteko akordioak egiteko aukera du. Akordio horiek lotesleak dira hala Batasuneko erakundeentzat nola Estatuentzat, eta izaera desberdina dute, Batasuna oinarritzen den eskumenaren arabera. Beraz, Batasunak hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde batekin egindako akordioak egon daitezke, Estatu kideen inolako partaidetzarik gabe egin gabeak, Batasunak horretarako eskumen esklusiboa badu. Baina, beste akordio batzuetan, Batasunarekin batera, Estatu kideek ere parte har dezakete, baldin eta eskumen partekatuak badira; hain zuzen ere, horregatik sortu da akordio mistoen kategoria berezia. Aldi berean, akordioen aukera zabala dago, haien edukia, izaera eta helburua kontuan hartuta: elkarketa-akordioak, merkataritza-akordioak, atxikipen-akordioak, eta abar. Esparru espezifikoa da, inondik ere; estatu kide bakoitzak ematen duen tratamendu juridikoak zehaztasun batzuk eskatzen ditu, bai eta malgutasuna ere, nazioz gaindiko integrazioprozesuko partaide izateak dakartzan berezitasunak bere gain hartu ahal izateko.
Egoera horrelakoa izanik, beharrezkoa da Estatuak nazioarteko tratatuen eta nazioarteko beste akordio batzuen arloan duen jardueraren antolamendua arautzen duen agerkari juridikoa eguneratzea, eta lege-maila da egokien Estatu Kontseiluaren gomendio izandakoei erantzuteko. Hori horrela, martxoaren 24ko 801/1972 Dekretua prestatzen ari zen garaian, hauxe ohartarazi zuen Estatu Kontseiluak 1971ko azaroaren 19ko 37.248 eta 37.068 zenbakietako irizpenetan: «interes publikoa eta segurtasun juridikoa aintzat hartuta, lege-mailako xedapena» ematea da gomendagarriena. Era berean, 1978ko Espainiako Konstituzioa jada indarrean zela, Estatu Kontseiluak ildo bereko oharra egin zuen 1985ean tratatuen legeari buruzko aurreproiektuaren inguruan emandako txostenean, 1985eko otsailaren 21eko 47.392 zenbakiko irizpenean, nahiz eta, azkenean, aurreproiektua ez zen Gorte Nagusietara iritsi. Izan ere, besteak beste, «gaiak eragina du Konstituzio-organoen arteko harremanetan eta, era berean, nazioko eta nazioarteko ordenamendu juridikoen artekoetan; konbentzioei buruzko arau juridikoen ekoizpena eta aplikazioa arautzen ditu (Espainiako Konstituzioa, 96. art.) ; eta, azkenik, Espainiako Konstituzioaren 63.2 artikuluak lege-erreserba ezartzen du berez». Xedapen horrek ezartzen duenez, «Erregeari dagokio Estatuaren adostasuna agertzea, tratatuen bidez nazioartean betebeharrak bereganatzeko, Konstituzioarekin eta legeekin bat etorriz».
III
Horrela, bada, nazioarteko tratatuei eta beste akordio batzuei buruzko lege honen edukia bost titulu nagusiren inguruan antolatzen da. Abiapuntua I. tituluko xedapen orokorrek osatzen dute; Legearen norainoko materiala zehazten dute eta legean erabiltzen diren kontzeptu nagusien definizioak jasotzen dituzte. Jarraian, legearen oinarrizko nukleo gisa, II. tituluan nazioarteko tratatuak egiteko eskumenari eta tratatuak egiteari buruzko guztia arautzen da, eta, Tratatuen Zuzenbideari buruzko 1969ko Vienako Hitzarmenak bezala, Espainiaren nazioarteko ordezkaritzaren, tratatuak egiteko prozesuaren, argitalpen eta erregistroaren, exekuzioaren eta betetzearen eta zuzenketaren, etetearen eta salaketaren arteko bereizketa egiten du. Hortik aurrera, legearen hurrengo bi tituluak nazioarteko jardueran gero eta garrantzi handiagoa daukaten baina nazioarteko tratatuen izaera ez daukaten nazioarteko akordioen bi modalitate garrantzitsu arautzera zuzenduta daude; alegia, nazioarteko administrazio-akordioak, III. tituluan, eta nazioarteko akordio ez-arauemaileak, IV. tituluan. Bi modalitate horien hainbat alderdi arautu egin behar dira, hala nola izaera, kalifikazioa, izapidetzea eta, kasuen arabera, argitalpena edo administrazio-erregistroa. Azkenik, gure Estatu autonomikoaren izaera kontuan hartuta, bai eta autonomia-erkidegoek dagozkien autonomia-estatutuen bidez kanpo-ekintzaren arloan dauzkaten eskumenak ere, legeak arreta berezia eskaintzen dio autonomiaerkidego horien partaidetzari, V. tituluan, bai nazioarteko tratatuak egitean, bai nazioarteko
administrazio-akordioak zein akordio ez-arauemaileak egitean. Azkenik, legea dagozkion xedapen gehigarriekin, indargabetzailearekin eta azken xedapenekin amaitzen da.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
I. KAPITULUA
Xedea eta definizioak
1. artikulua. Xedea.
Lege honen xedea hauxe da: Espainiak 2. artikuluan zehaztutako nazioarteko tratatuak, nazioarteko administrazio-akordioak eta nazioarteko akordio ez-arauemaileak egiteko eta aplikatzeko modua arautzea.
2. artikulua. Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, honako termino hauek honela ulertzen dira:
a) «nazioarteko tratatua»: Espainiaren eta Nazioarteko Zuzenbideko beste subjektu baten edo batzuen artean idatziz egindako akordioa, Nazioarteko Zuzenbideak arautua, agerkari bakarrean edo lotuta dauden bi agerkari edo gehiagotan jasoa, ematen zaion izendapena edozein dela ere.
b) «nazioarteko administrazio-akordioa»: gaiaren inguruan eskumena duten Nazioarteko Zuzenbideko subjektu baten organoek, organismoek edo erakundeek egiten duten nazioarteko akordioa, tratatua ez dena; akordio hori egitea aurreikusita dago betearazten edo zehazten den tratatuan, eta eduki teknikoa du eskuarki, izena edozein duela ere, eta Nazioarteko Zuzenbideak arautzen du. Organo, organismo edo erakunde horiek egiten duten akordioa barne-ordenamendu juridiko batek arautzen duenean, akordio hori ez da nazioarteko administrazio-akordioa izango.
c) «nazioarteko akordio ez-arauemailea»: nazioarteko tratatua edo nazioarteko administrazio-akordioa ez den nazioarteko akordioa, Estatuak, Gobernuak, Estatuko Administrazio Orokorreko organoek, organismoek eta erakundeek, autonomia-erkidegoek eta Ceutako eta Melillako hiriek, toki-erakundeek, unibertsitate publikoek eta horretarako eskumena duten Zuzenbide Publikoko bestelako subjektuek egiten dutena; nazioarteko akordio horrek asmoen deklarazioak jasotzen ditu edota eduki politikoko, teknikoko edo logistikoko jarduketa-konpromisoak ezartzen ditu; ez da nazioarteko obligazioen iturri, eta ez du Nazioarteko Zuzenbideak arautzen.
d) «Nazioarteko Zuzenbideko subjektua»: nazioarteko tratatuak egiteko gaitasun juridikoa duen Estatua, nazioarteko antolakundea edo nazioarteko bestelako erakundea.
e) «ahal osokoa» edo «ahal osoak»: pertsona batek edo batzuek Espainia ordezkatzeko egiaztapena jasotzen duen dokumentua, nazioarteko tratatu baten testua negoziatzeko, onartzeko edo kautotzeko prozesuetan, tratatuaren betebeharrak bere gain hartzeko edota tratatu baten inguruko beste edozein egintza betearazteko.
f) «negoziatzea»: nazioarteko tratatuaren testua prestatzeko prozesua.
g) «negoziatzailea»: nazioarteko tratatuaren testua prestatzen eta onartzen parte hartzen duen Nazioarteko Zuzenbideko subjektuaren ordezkaria.
h) «onartzea»: Espainiak nazioarteko tratatu baten testuarekin ados dagoela adierazteko egiten duen egintza.
i) «kautotzea»: Espainiak nazioarteko tratatu baten testua zuzena, benetakoa eta behin betikoa dela adierazteko gauzatzen duen egintza.
j) «errubrikatzea»: Espainiak nazioarteko tratatu bat kautotzeko gauzatzen duen egintza, sinadura laburtuaren bidez edo ahal osokoaren inizialen bidez.
k) «sinatzea»: Espainiak nazioarteko tratatu bat kautotzeko gauzatzen duen egintza, edo tratatu horretako betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko gauzatzen duen egintza.
l) «ad referendum sinatzea»: Espainiak nazioarteko tratatu bat sinatzeko gauzatzen duen egintza, baina aurretik Ministroen Kontseiluaren baimenik eduki gabe. Sinatze horrek behin betiko sinaduraren balioa izango du Ministroen Kontseiluak ad referendum sinadura onetsi ondoren.
m) «agerkariak trukatzea»: Espainiak eta Nazioarteko Zuzenbideko beste subjektu batek agerkariz eratutako tratatu bateko betebeharrak beren gain hartzeko adostasuna kautotzeko edo adierazteko gauzatzen duten egintza, egintza horrek ondorio hori izango duela xedatzean edota, beste modu batera, jasotzen denean Nazioarteko Zuzenbideko bi subjektuek ondorio hori izatea erabaki dutela.
n) «berrestea»: Espainiak, kautotzeko sinaduraren ostean, nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko egindako egintza, lege honen 22. artikuluan araututako agerkariaren bidez.
ñ) «atxikitzea»: Espainiak alde anitzeko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko egindako egintza, tratatu hori Espainiak aurrez sinatu edo berretsi ez duenean, lege honen 22. artikuluan araututako agerkariaren bidez.
o) «ontzat ematea», «onestea» eta «jakinaraztea»: Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko egintza, tratatuaren testua jada sinatuta egon edo ez. Egintza horiek, izen desberdina jaso arren, ondorio berberak sortzen dituzte.
p) «kontratatzailea»: nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna eman duen Nazioarteko Zuzenbideko subjektua, tratatua indarrean egon edo ez.
q) «alderdia»: nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna eman duen Nazioarteko Zuzenbideko subjektua. Subjektu horrentzat, indarrean dago tratatua.
r) «erreserba»: Espainiak nazioarteko tratatu bat sinatzean, berrestean, ontzat ematean edo onestean edo horri atxikitzean egiten duen alde bakarreko adierazpena, tratatua Espainian aplikatzean haren xedapen batzuen ondorio juridikoak baztertzeko edo aldatzeko, haren enuntziatua edo izendapena edozein dela ere.
s) «erreserba baten inguruan eragozpena adieraztea»: Espainiak egiten duen alde bakarreko adierazpena; horren bidez, Espainiak adierazten du ez dagoela ados aurretik Nazioarteko Zuzenbideko beste subjektu batek egindako erreserbarekin.
t) «adierazpen interpretatzailea»: Espainiak egiten duen alde bakarreko borondateadierazpena, nazioarteko tratatuari edo bertako xedapenetako bati ematen dion zentzua edo norainokoa zehazteko edo argitzeko, enuntziatua edo izendapena edozein dela ere.
u) «salatzea»: Espainiak egindako egintza, tratatu batetik eratorri zaizkion betebeharrak amaitutzat emateko adostasuna agertzeko.
II. KAPITULUA
Nazioarteko tratatuen eta beste akordio batzuen gaineko eskumenak
3. artikulua. Ministroen Kontseiluaren eskumenak. Ministroen Kontseiluari dagokio:
a) Nazioarteko tratatuen sinatzea baimentzea, bai eta sinaduraren antzeko egintzak ere, 14. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
b) Ad referendum sinadura onestea.
c) Behin-behineko aplikazioa baimentzea, lege honek ezarritako baldintzetan.
d) Gorte Nagusiei Konstituzioaren 93. artikuluan aurreikusitako lege organikoaren proiektuak bidaltzea onetsi eta erabakitzea.
e) Aurretiko baimen-eskabidea erabakitzea eta, horretarako, Gorte Nagusiei nazioarteko tratatuak igortzea xedatzea, Konstituzioaren 94.1 artikuluan ezarritako kasuetan.
f) Diputatuen Kongresuari eta Senatuari gainerako nazioarteko tratatuak bidaltzea xedatzea, Espainiako Konstituzioaren 94.2 artikuluaren ondorioetarako.
g) Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adieraztea erabakitzea, eta, hala badagokio, baita formulatu nahi dituen erreserbak ere.
h) Nazioarteko administrazio-akordioez eta ez-arauemaileez arduratzea, daukaten garrantzia aintzat hartuta egoki denean.
4. artikulua. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren eskumenak.
1.Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak:
a) Nazioarteko tratatuen arloko eskumen orokorra gauzatuko du, bai eta beste ministerio batzuei ez dagozkien eskumenak ere, baldin eta, gaia kontuan hartuta, negoziazioan eta horien jarraipenean eskuduna bada.
b) Laguntza teknikoa emango die, Nazioarteko Zuzenbidean espezializatuta dagoen saila den aldetik, tratatuak eta nazioarteko beste akordio batzuk egiten parte hartzen duten organo eta erakundeei, eta aholkularitza emango die gai horren inguruan, Estatuari eta Erakunde Publikoari Laguntza Juridikoa emateari buruzko azaroaren 27ko 52/1997 Legean ezarritakoaren arabera.
c) Konbentzio-jardueraren jarraipena egingo du, Gobernuko kide anitzeko organoei horren berri emango die, eta egoki diren erabaki-proposamenak egingo ditu organo horien aurrean.
2.Gainerako herri-administrazioei dagokienez, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak aholkularitzaeta koordinazio-zereginak beteko ditu, bai eta lege honetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak ere.
5. artikulua. Ministerio-sailen eskumenak.
Ministerio-sailei dagokie, beren eskumenen eremuan eragina duten nazioarteko tratatuei eta bestelako akordioei dagokienez:
a) Tratatua edo akordioa negoziatzeko ekimena izatea.
b) Negoziazioa planteatzea, garatzea eta amaitutzat jotzea.
c) Tratatuak edo akordioak egitean, aplikatzean eta jarraipena egitean presente egotea eta parte hartzea.
d) Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioa tratatuen edo akordioen negoziazioaren, aplikazioaren eta jarraipenaren jakitun mantentzea.
e) Ministroen Kontseiluari, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioarekin batera, errubrika, sinadura, agerkarien truke edo ad referendum sinadura baimentzeko akordioen proposamena egitea, horiek kautotzeko, bai eta behin-behineko aplikazioaren proposamena egitea ere.
6. artikulua. Tratatuen eta nazioarteko beste akordio batzuen gaineko ministerioen arteko Koordinazio Batzordea.
Tratatuen eta nazioarteko beste akordio batzuen gaineko ministerioen arteko Koordinazio Batzordea sortzen da, ministerio-sailen informazioeta koordinazio-trukearen kide anitzeko organo gisa; horren osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko dira.
Batzorde horrek Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hirien arteko lankidetza eraginkor egiteko modua ezarriko du,
informaziorako izango dena, bai eta Espainiak formalizatutako nazioarteko konpromisoen betearazpenean partaidetza eraginkor egiteko modua ere.
7. artikulua. Autonomia-erkidegoen, Ceutako eta Melillako hirien eta toki-erakundeen eskumenak.
Autonomia-erkidegoek nazioarteko tratatuak egiteko prozesuan parte hartu ahalko dute. Era berean, autonomia-erkidegoek, Ceutako eta Melillako hiriek eta toki-erakundeek nazioarteko beste akordio batzuk egin ahalko dituzte, nazioarteko tratatuek, Espainiako Konstituzioak, autonomia-estatutuek eta gainerako ordenamendu juridikoak ematen dizkieten eskumenen esparruan, lege honen V. tituluan ezarritako baldintzetan.
II. TITULUA
Nazioarteko tratatuak
I. KAPITULUA
Espainiaren nazioarteko ordezkaritza
8. artikulua. Espainiako Estatuaren izena.
Espainiako Estatuaren izen ofiziala, nazioarteko tratatuetan, «Espainiako Erresuma» izango da.
9. artikulua. Espainiaren ordezkariak izendatzea.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak, gaian eskumena duen edo duten ministerioaren edo ministerioen proposamenari jarraiki, Espainiaren ordezkariak izendatuko ditu, nazioarteko tratatu baten inguruko edozein nazioarteko egintza betearazteko.
10. artikulua. Ahal osoak.
1.Espainiaren izenean nazioarteko tratatu baten inguruko edozein nazioarteko egintza gauzatzeko eta, bereziki, tratatuaren testua negoziatzeko, onartzeko eta kautotzeko, bai eta Espainiak tratatuaren betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko ere, jardungo duen edo duten pertsonak edo pertsonek Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak Erregearen izenean sinatutako ahalguztia eduki beharko dute.
2.Honako hauek ez dute ahalguztia behar izango Espainia ordezkatzeko:
a) Erregeak, Gobernuko presidenteak eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak.
b) Ordezkaritza diplomatikoko eta etengabeko ordezkaritzako buruek, nazioarteko antolakunde baten aurrean, Espainiaren eta daukaten egiaztapenaren araberako estatuaren edo antolakundearen arteko nazioarteko tratatuaren testua negoziatzeko, onartzeko eta kautotzeko.
c) Atzerriko estatu batera edo batzuetara bidalitako ordezkaritza bereziko buruek, Espainiaren eta ordezkaritza bidali den edozein estaturen arteko nazioarteko tratatuaren testua negoziatzeko, onartzeko eta kautotzeko.
d) Nazioarteko konferentzia baterako edo nazioarteko antolakunde baterako edo horien organo baterako egiaztapena duten ordezkariek, konferentzia, antolakunde edo organo horretan egindako nazioarteko tratatuaren testua negoziatzeko, onartzeko eta kautotzeko.
3.Ahal osoak ez dituen pertsona batek nazioarteko tratatu bat egiteko prozesuaren inguruko nazioarteko egintza bat gauzatzeak ez du ondorio juridikorik izango, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak egintza baliozkotu ezean.
II. KAPITULUA
Nazioarteko tratatuak egitea
11. artikulua. Negoziatzea.
1.Ministerio-sailek dagozkien eskumenen esparruan negoziatuko dituzte nazioarteko tratatuak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioarekin koordinatuta.
2.Nazioarteko tratatu bat negoziatzeko prozesua ireki baino lehen, Gobernuko kide anitzeko organoei horren berri emango zaie, Estatuko Idazkarien eta Idazkariordeen Batzorde Orokorraren bidez. Horretarako, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak, ministerio interesdunen ekimenez, txosten bat prestatuko du, proposatzen diren negoziazio-prozesuen zerrendarekin; txosten horretan, prozesu horietako bakoitzak Espainiako kanpo-politikaren esparruan duen egokitasunari buruzko balioespena jasoko da.
3.Autonomia-erkidegoek eta Ceutako eta Melillako hiriek nazioarteko tratatuen negoziazioetan parte hartu ahalko dute, V. tituluan ezarritako baldintzetan.
12. artikulua. Onartzea.
Negoziatzaileei dagokie nazioarteko tratatuen testua onartzea. Nazioarteko konferentzia batek edo nazioarteko antolakunde batean egindako testuen kasuan, onartzea konferentzia horren erregelamenduarekin, antolakundearen arauekin eta, halakorik ezean, Nazioarteko Zuzenbidearen arau orokorrekin bat emango da.
13. artikulua. Kautotzea.
1.Nazioarteko tratatu baten testua bertan agintzen den edo negoziatzaileek hitzartzen duten prozeduraren bidez kautotuko da. Aurreikuspenik edo akordiorik ezean, testua kautotuta geldituko da tratatuaren testuan edo testu hori jasotzen duen nazioarteko konferentziaren amaierako aktan sinadura, ad referendum sinadura edota errubrika ipiniz.
2.Espainiak sinatutako aldebiko nazioarteko tratatuak espainieraz idatzita egongo dira beti, eta hala jasoko da horietan; nolanahi ere, Espainiako autonomia-erkidegoetan ofizial diren beste hizkuntza batzuetan ere jaso ahalko dira, edota atzerriko hizkuntzetan.
14. artikulua. Sinaduraren baimentzea eta antzeko egintzak.
1.Ministroen Kontseiluak nazioarteko tratatuak errubrikatzeko, sinatzeko edo agerkariak trukatzeko baimena emango du, kasuan kasu, eta ad referendum sinatzea onetsiko du.
Ministroen Kontseiluari Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak egingo dio proposamena eta, hala badagokio, gaian eskumena duen ministerio-sailaren titularrarekin batera.
2.Gobernuko presidenteak eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak nazioarteko edozein tratatu sinatu ahal izango dute ad referendum. Espainiaren beste edozein ordezkarik, ad referendum sinatu ahal izateko, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroaren baimena beharko du.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak, gaian eskumena duen ministeriosailaren titularrarekin batera, Ministroen Kontseiluari emango dio onespenerako ad referendum sinadura, eta gordailuzainari edo, hala dagokionean, beste alderdiari emango dio onespenaren berri.
3.Ministroen Kontseiluak tratatu bat ad referendum sinatzeari onespena ematea kautotze-ondorioak dituen behin betiko sinatzearen baliokidea izango da.
15. artikulua. Behin-behinean aplikatzea.
1.Ministroen Kontseiluak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroaren proposamenari jarraiki, eta negoziatzeko eskumena duen sailaren ekimen arrazoituaz, nazioarteko tratatu bat indarrean sartu aurretik osotasunean edo zati batean behinbehinean aplikatzeko baimena emango du. Lehendakaritza Ministerioak baimenerabakiaren berri emango die Gorte Nagusiei.
2.Behin-behineko aplikazioa ezin izango da baimendu Espainiako Konstituzioaren
93. artikuluan adierazten diren nazioarteko tratatuei dagokienez.
3.Espainiako Konstituzioaren 94.1 artikuluan zehaztutako kasuren bateko nazioarteko tratatua izanez gero, Gorte Nagusiek ez badute tratatu hori gauzatzeko beharrezko baimena ematen, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak berehala jakinaraziko die gainerako kontratatzaileei –tratatua behin-behinean aplikatzen direnen artean– Espainiak ez duela horren partaide izateko asmorik, eta tratatuak une horretan utziko dio behin-behinean aplikatzeari.
4.Ministroen Kontseiluak baimena emango du Herri Ogasunerako finantzabetebeharrak eragingo dituzten nazioarteko tratatuak behin-behinean aplikatzeko, eta berretsi eta indarrean jarri aurretik funtsak ordaintzeko, eskumena duen sailaren ekimen arrazoituaz, baldin eta Estatuko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago, aurreikusitako ordainketa-egutegiaren arabera; aurrez Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren txostena beharko da, eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta jardungo da.
16. artikulua. Espainiak tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adieraztea.
1.Ministroen Kontseiluak erabakiko du Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adieraztea, Espainiako Konstituzioarekin eta legeekin bat, negoziatzaileek hitzartutako eran.
2.Espainiako Konstituzioaren 93. eta 94.1 artikuluetan jasota egon daitezkeen tratatuen kasuetan, Espainiaren ordezkariek tratatua amaitutzat eman aurretik Gorte Nagusien adostasuna eskuratzeko aukera ematen duten baimena adierazteko moduak erabaki ahal izango dituzte soilik.
17. artikulua. Nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazi aurretiko barne-izapideak.
1.Espainiak Espainiako Konstituzioaren 93. eta 94.1 artikuluetan jasotako nazioarteko tratatuetako betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazi baino lehen, Gorte Nagusiek baimena eman beharko dute, manu horietan adierazitako baldintzetan.
2.Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak, Nazioarteko Aholkularitza Juridikoak tratatuaren izapidetzeari buruz emandako txostena ikusita, eta tratatuaren xede den gaian eskumena duen ministerioarekin koordinatuta, Estatu Kontseiluari igorriko dio, Estatu Kontseiluaren apirilaren 22ko 3/1980 Lege Organikoaren 22.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, tratatu baten betebeharrak bere gain hartzeari buruzko adostasuna eman aurretik Gorte Nagusien baimena behar izateari buruzko kontsulta. Era berean, Ministroen Kontseiluari dagokio, Estatu Kontseiluak irizpena eman ondoren, tratatua Gorte Nagusiei helburu horrekin bidaltzeko proposamena egitea.
3.Ministroen Kontseiluak Gorte Nagusiei bidaliko die tratatua, dauden txosten eta irizpenekin batera, bai eta tratatuaren beste edozein eranskin edo dokumentu osagarri ere, Espainiak egingo dituen edo beste estatu batzuek egin dituzten erreserbak edo adierazpenak eta, hala badagokio, tratatuaren behin-behineko aplikazioa dagoelako adierazpena.
18. artikulua. Diputatuen Kongresuari eta Senatuari informazioa ematea.
1.Espainiako Konstituzioaren 94.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernuak berehala emango die Diputatuen Kongresuari eta Senatuari amaitutzat emandako nazioarteko tratatu ororen berri, eta testu osoa bidaliko die, Espainiak egindako erreserbekin eta adierazpenekin batera, eta bildutako irizpen eta txostenekin batera.
2.Ganberek eta beren batzordeek, haien lehendakarien bidez, tratatu ororen inguruan beharrezko argibideak eta laguntza jaso ahal izango dituzte Gobernuaren eskutik, horren sailen eskutik eta Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako eta Ceutako eta Melillako hirietako agintarien eskutik.
19. artikulua. Aldez aurreko konstituzionaltasun-kontrola.
Espainiako Konstituzioaren 95. artikuluan ezarritako nazioarteko tratatuen aldez aurreko konstituzionaltasun-kontrola Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 78. artikuluan eta Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren Erregelamenduetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
20. artikulua. Berresteko, ontzat emateko, onesteko eta atxikitzeko agerkariak trukatzea edo gordailutzea.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak beharrezko neurriak hartuko ditu, Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazteko baliatzen diren agerkariak trukatzeko, gordailutzeko edo horiek kontratatzaileei edo gordailuzainari jakinarazteko.
21. artikulua. Erreserbak eta adierazpenak.
1.Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasunaren adierazpenari Espainiak erabaki dituen erreserbak eta adierazpenak erantsiko zaizkio, hala dagokionean.
2.17. artikuluak aipatzen duen Parlamentu-baimena behar duten nazioarteko tratatuen kasuan, adostasunaren adierazpenari erreserbak eta adierazpenak erantsiko zaizkio, hala dagokionean, eta Gorte Nagusiek baimendutako moduan.
3.Ganberek aurretik baimendutako nazioarteko tratatuei dagokienez, beste alderdi kontratatzaileek aurkeztutako erreserbak ontzat eman dituen edo haiekiko eragozpenen bat aurkezteko duen jakinaraziko die Gobernuak Gorte Nagusiei.
22. artikulua. Erregeak adostasuna adierazteko agerkaria sinatzea.
Erregeak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak berretsita, Espainiak nazioarteko tratatu bateko betebeharrak bere gain hartzeko adostasuna adierazten duten berrespeneta atxikipen-agerkariak sinatuko ditu.
III. KAPITULUA
Nazioarteko tratatuak argitaratzea eta erregistratzea
23. artikulua. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta indarrean sartzea.
1.Modu baliodunean egindako nazioarteko tratatuak osorik argitaratuko dira «Estatuko Aldizkari Ofizialean». Argitalpen hori tratatua Espainiarako indarrean sartzen den unean egin beharko da, edota lehenago, baldin eta modu sinesgarrian jakiten bada zein egunetan sartuko den indarrean.
2.Tratatu bat edo horren zati bat behin-behinean aplikatzea hitzartuz gero, berehala argitaratuko da. Dagokionean, argitaratuko da tratatua zein egunetan sartuko den indarrean Espainiarako edo, hala badagokio, zein egunetan utziko dion behin-behinean aplikatzeari.
3.Nazioarteko tratatuak barne-ordenamendu juridikoaren zati izango dira, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen direnetik aurrera.
24. artikulua. Argitalpenaren edukia.
1.«Estatuko Aldizkari Ofizialean» nazioarteko tratatu bat argitaratzean, tratatuaren testu osoa jasoko da, agerkari eta agiri erantsi edo osagarri ororekin batera, bai eta tratatuaren mendeko diren alde bakarreko egintzak ere. Argitalpenean, gainera, tratatua indarrean sartuko den eguna zehaztuko da eta, hala badagokio, behin-behineko aplikazioaren eta amaieraren data.
2.Nazioarteko tratatu baten aplikazioan eragina duen geroko edozein egintza ere argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean.
25. artikulua. Erregistratzea.
1.Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernuak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren bidez, Nazio Batuen Idazkaritzan erregistratuko ditu Espainia alderdi den aldebiko tratatuak, bai eta Espainia gordailuzain den tratatu multilateralak ere. Neurri horiek hartuko dira dagokion beste edozein nazioarteko antolakundetan ere.
2.Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak Nazio Batuen Idazkaritzari eta dagokion beste edozein nazioarteko erakunderi jakinaraziko dio Espainiak gerora egindako egintza oro, nazioarteko tratatu horiek aldatzen edo eteten dituenean, edo haien aplikazioa amaiarazten duenean.
26. artikulua. Zaintzea eta gordailutzea.
1.Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak Espainiak egindako nazioarteko tratatuen testu originalak zainduko ditu edo, hala badagokio, horien ale baimenduak, bai eta tratatu baten inguruko beste edozein agerkari edo komunikaziorenak ere.
2.Espainia nazioarteko tratatu baten gordailuzain izendatzen denean, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak beteko ditu dagozkion gordailu-zereginak.
27. artikulua. Aldizkako argitalpenak.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeari kalte egin gabe, Kanpo Arazoetako eta
Lankidetzarako Ministerioak, aldian behin, Espainiaren partaidetza duten eta indarrean dauden tratatuen bildumak argitaratuko ditu.
IV. KAPITULUA
Nazioarteko tratatuak aplikatzea eta interpretatzea
28. artikulua. Eraginkortasuna.
1.Modu baliodunean egindako nazioarteko tratatuen xedapenak tratatuetan euretan aurreikusitako moduan soilik indargabetu, aldatu edo eten ahal izango dira, edota Nazioarteko Zuzenbideko arau orokorrek zehaztutako moduan.
2.Modu baliodunean egindako eta ofizialki argitaratutako nazioarteko tratatuek tratatuak berak zehazten duen egunetik aurrera sortuko dituzte ondorioak Espainian, eta, halakorik zehazten ez bada, indarrean sartzen den egunetik.
29. artikulua. Betetzea.
Estatuko botere publiko, organo eta organismo guztiek errespetatu beharko dituzte Espainia alderdi duten eta indarrean dauden nazioarteko tratatuetako betebeharrak, eta tratatu horiek behar bezala betetzen direla zaindu beharko dute.
30. artikulua. Gauzatzea.
1.Nazioarteko tratatuak zuzenean aplikatzekoak izango dira, salbu eta horien testutik ondorioztatzen bada aplikatu baino lehen egoki diren legeak edo erregelamenduzko xedapenak onetsi behar direla.
2.Gobernuak nazioarteko tratatu bat gauzatzeko beharrezkoak diren lege-proiektuak igorriko dizkie Gorte Nagusiei.
3.Gobernuak, autonomia-erkidegoek eta Ceutako eta Melillako hiriek Espainia alderdi den nazioarteko tratatuak gauzatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, beraien eskumeneko eremuei eragiten dieten alderdiei dagokienez.
31. artikulua. Tratatuen nagusitasuna.
Modu baliodunean egindako eta ofizialki argitaratutako nazioarteko tratatuetan jasotako arau juridikoek nagusitasuna izango dute barne-ordenamenduko beste edozein arauren aurrean, haien artean gatazkarik sortuz gero, Konstituzio-lerruneko arauen aurrean izan ezik.
32. artikulua. Konstituzio-aurkakotasun adierazpena.
Nazioarteko tratatuen Konstituzio-aurkakotasun adierazpena Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren II. tituluan araututako prozeduraren bidez izapidetuko da.
33. artikulua. Erreserben ondorio juridikoak, lurralde-eremua, nazio mesedetuenaren klausula eta gai berari buruzko ondoz ondoko tratatuak aplikatzea.
1.Nazioarteko Zuzenbidearen arau orokorrekin bat, eta tratatuan bertan ezarritakoaren arabera, ondoko hauek zehaztuko dira:
a) Espainiaren partaidetza duen nazioarteko tratatuaren xedapenetan eragina duten erreserben ondorio juridikoak.
b) Erreserba horiei eragozpenak jartzeak dakartzan ondorio juridikoak.
c) Tratatuaren lurralde-aplikazioaren eremua.
2.Espainiaren partaidetza duten nazioarteko tratatuetan nazio mesedetuenaren klausularen ondorio juridikoak Nazioarteko Zuzenbidearen arauekin bat zehaztuko dira.
3.Espainia gai berari buruzko ondoz ondoko nazioarteko tratatu biko edo gehiagoko alderdi denean, nagusituko diren xedapenak zehazteko, tratatu horietan aurreikusitako modua baliatuko da eta, bestela, Nazioarteko Zuzenbidearen arau orokorretan zehaztutakoa.
34. artikulua. Erreserbak eta erreserben eragozpenak kentzea.
1.Erreserbak kentzeko, bai eta Espainiak egindako adierazpenak edo eragozpenak kentzeko ere, Ministroen Kontseiluaren baimena beharko da, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak hala proposatuta. Era berean, beste alderdi batzuek erreserbak eta adierazpenak kentzean, Ministroen Kontseiluari horren berri eman beharko zaio eta, hala dagokionean, ontzat emango ditu.
2.Horiek kentzeak Gorte Nagusiek onetsitako erreserba eta adierazpenei eragiten dienean, aurretik haien baimena beharko da. Gainerako kasuetan, Gorte Nagusiei horren berri emango zaie.
35. artikulua. Interpretazio-arauak.
1.Nazioarteko tratatuen xedapenak honako arau hauetan jasotako irizpideen arabera interpretatuko dira: Nazioarteko Zuzenbidearen arau orokorretan, Tratatuen
Zuzenbideari buruzko 1969ko maiatzaren 23ko Vienako Konbentzioaren 31. artikulutik 33.era bitartekoetan, eta tratatuan bertan jasotako irizpideen arabera.
2.Nazioarteko erakundeak eratzeko nazioarteko tratatuak eta nazioarteko erakunde baten eremuan hartutako tratatuak interpretatzean, erakundearen arau egoki oro hartuko da kontuan.
3.Espainiak egindako adierazpenen eraginpeko nazioarteko tratatuen xedapenak adierazpen horietan emandako zentzuaren arabera interpretatuko dira.
4.Espainia alderdi den nazioarteko tratatuak betearazteko emandako xedapenak garatzen duten tratatuaren arabera interpretatuko dira.
5.Espainia alderdi den nazioarteko tratatu baten interpretazioari eta betearazpenari buruzko zalantzak eta desadostasunak Estatu Kontseiluak ebatziko ditu, Estatu Kontseiluaren apirilaren 22ko 3/1980 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera; Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak igorriko dio auzia, gaiaren gainean eskumena duen ministerioarekin koordinatuta.
V. KAPITULUA
Nazioarteko tratatuak zuzentzea, salatzea eta etetea
36. artikulua. Zuzentzea.
1.Nazioarteko tratatuen zuzenketak tratatuan bertan aurreikusitako moduan egingo dira, edota, bestela, alderdiek tratatu berri bat eginda.
2.Nazioarteko tratatuak nazioarteko tratatu berri bat behar ez duen zuzenketaprozedura aurreikusten duenean, Espainiako barne-zuzenbidean prozedura hauetakoren bati jarraituko zaio:
a) Ministroen Kontseiluak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta, zuzenean indarrean sartuko den zuzenketaren berri izatea, tratatuan aurreikusitako prozeduraren bidez, eta alderdi den Estatuaren erabaki gehigarririk behar izan gabe.
b) Ministroen Kontseiluak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta, alderdi den estatuak ontzat eman edo baztertu dezakeen zuzenketa onartzea edo baztertzea, tratatuan horretarako ezarritako epean.
Epe horretan kontrakorik adierazi ez bada, zuzenketa isilbidez onartuko da, eta Ministroen Kontseiluak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak proposatuta, indarrean sartu dela jakingo du.
37. artikulua. Salatzea eta etetea.
1.Ministroen Kontseiluak nazioarteko tratatu baten aplikazioa salatzea edo etetea erabaki ahalko du, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak hala proposatuta, tratatuaren xede den gaiaren inguruan eskumena duen ministerioarekin koordinatuta, tratatuan bertan jasotako arauen edo Nazioarteko Zuzenbidearen arau orokorren arabera.
2.Premiazko zioengatik, eta behar bezala justifikatuta, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak eta, hala badagokio, tratatuaren xede den gaiaren inguruan eskumena duen ministerioarekin koordinatuta, tratatu baten aplikazioa etetea erabaki ahalko du, eta, berehala, Ministroen Kontseiluaren onespena eskatuko du.
3.Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, Espainiako Konstituzioaren 93. eta 94.1 artikuluetan jasotako nazioarteko tratatuak salatu ahal izateko, Gorte Nagusien aurretiazko baimena beharko da, Espainiako Konstituzioaren 96.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.Gobernuak berehala emango die Gorte Nagusiei nazioarteko tratatu baten salaketaren edo aplikazioa etetearen berri.
5.Gorte Nagusiek onetsitako nazioarteko tratatu baten aplikazioa etetea erabakitzen denean, Gobernuak, berehala, etetea berresteko eskatuko die Gorte Nagusiei. Gorte Nagusiek berrespena onesten ez badute, Gobernuak errebokatu egingo du tratatuaren aplikazioa eteteko erabakia.
III. TITULUA
Nazioarteko administrazio-akordioak
38. artikulua. Betekizunak.
1.Herri-administrazioetako organoek, organismoek eta erakundeek nazioarteko administrazio-akordioak egin ahalko dituzte nazioarteko tratatuak gauzatzeko eta zehazteko, tratatuak berak hala aurreikusten duenean.
2.Nazioarteko administrazio-akordioak nazioarteko tratatuan bertan izendatutako agintariek baino ezin izango dituzte sinatu, edota, horrelakorik ezean, gaiaren inguruan eskumena duten herri-administrazioetako organo, organismo eta erakundeen titularrek.
3.Nazioarteko administrazio-akordioek errespetatu egin beharko dute estaldura ematen dien nazioarteko tratatuaren edukia, bai eta tratatu horrek ezarritako mugak ere. Gaztelaniaz idatzi beharko dira, Estatuaren hizkuntza ofiziala den aldetik, baina autonomia-erkidegoetan ofizial diren beste hizkuntza batzuetan ere idatzi ahalko dira.
4.Lege honek araututako nazioarteko administrazio-akordioetan, «Espainiako Erresuma» erreferentzia jasoko da beti, akordioa egiten duen organoaren, organismoaren edo erakundearen aipamenarekin batera.
39. artikulua. Txostena.
1.Nazioarteko administrazio-akordioen proiektu guztiak, sinatu aurretik, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioari igorriko zaizkio, Nazioarteko Aholkularitza Juridikoak haien izaeraren eta formalizazioaren inguruko nahitaezko txostena eman dezan. Zehazki, proiektua nazioarteko tratatu gisa edota nazioarteko akordio ez-arauemaile gisa formalizatu behar litzatekeen ebatziko du. Era berean, sinatu aurretik, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari bidaliko dizkio finantza-konpromisoak dakartzatenak, konpromiso horiei erantzuteko finantza-aurrekontu egokia eta nahikoa dagoen adieraz dezan.
2.Nazioarteko Aholkularitza Juridikoak eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak hamar eguneko epea izango dute dagozkien txostenak emateko.
40. artikulua. Barne-izapidetzea.
1.Nazioarteko administrazio-akordioak izapidetzeko, ez da lege honen II. tituluan aurreikusitako prozedura jarraitu beharrik izango. Sinatzaileek izapidetze-prozedura erabakitzeko autonomia izango dute; prozedura horrek, betiere, errespetatu egin beharko du akordioari estaldura ematen dion tratatuan xedatutakoa.
2.Ministroen Kontseilua, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak hala proposatuta, nazioarteko administrazio-akordioen jakitun egongo da, daukaten garrantzia dela eta egoki denean.
41. artikulua. Argitaratzea eta indarrean sartzea.
1.Indarrean dagoen legeriari jarraiki, nazioarteko administrazio-akordioak akordioa sinatzen duen herri-administrazioari dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta, bertan, akordioa indarrean noiz sartuko den adierazi beharko da.
2.Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzekoak direnak Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioko idazkari tekniko nagusiak hala ebatzi duelako izango dira.
3.Aurreko 1. paragrafoan adierazitakoari kalterik egin gabe, eta publizitateondorioetarako, nazioarteko administrazio-akordio guztiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
4.Modu baliodunean egindako nazioarteko administrazio-akordioak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, barne-ordenamenduaren zati izango dira.
42. artikulua. Bildumak.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak, aldian behin, Espainiak egindako nazioarteko administrazio-akordioen bildumak argitaratuko ditu.
IV. TITULUA
Nazioarteko akordio ez-arauemaileak
43. artikulua. Izaera.
Nazioarteko akordio ez-arauemaileak ez dira nazioarteko betebeharren iturri.
44. artikulua. Eskumena.
Gobernuak, ministerio-sailek, Estatuko Administrazio Orokorreko organo, organismo eta erakundeek, autonomia-erkidegoek, Ceutako eta Melillako hiriek, toki-erakundeek, unibertsitate publikoek eta horretarako eskumena duten Zuzenbide Publikoko beste edozein subjektuk nazioarteko akordio ez-arauemaileak egin ahalko dituzte Nazioarteko Zuzenbideko organo, organismo, erakunde, administrazio eta beste subjektu batzuen pertsonifikazioekin, beraien eskumenak egikaritzean.
45. artikulua. Txostena.
Nazioarteko akordio ez-arauemaileen proiektuen inguruko txostenak akordioak egiten dituen organoaren edo organismo publikoaren Zerbitzu Juridikoak egingo ditu, izaerari, prozedurari eta Nazioarteko Zuzenbidearen araberako instrumentazio egokienari buruz, eta proiektu hori nazioarteko tratatu gisa edo nazioarteko administrazio-akordio gisa formalizatu behar den adieraziko du. Era berean, akordioa egiteko eskumenari buruzko xehetasunak emango ditu, eta eskumenen banaketaren Konstituzio-aginduari nola egokitzen zaion zehaztuko du txostenean. Finantza-betebeharrak dakartzan akordio ez-arauemaileei buruzko espedientean, horiek dakartzaten konpromisoei erantzuteko finantza-aurrekontu egokia eta nahikoa dagoela egiaztatuko da, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak emandako txostenaren bidez.
46. artikulua. Barne-izapidetzea.
1.Nazioarteko akordio ez-arauemaileak izapidetzeko, ez da II. tituluan aurreikusitako prozedura jarraitu beharrik izango. Sinatzaileek izapidetze-prozedura erabakitzeko autonomia izango dute.
2.Ministroen Kontseiluak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroaren eta gaiaren arabera eskuduna denaren proposamenari jarraiki, nazioarteko akordio ez-arauemaileak aztertuko ditu, duten garrantziagatik komenigarria denean, ministro horiek elkarrekin egindako balioespenaren arabera.
47. artikulua. Estatuari berariazko aipamena egitea.
Nazioarteko akordio ez-arauemaileetan, «Espainiako Erresuma» erreferentzia jasoko da beti, sinatzailearen aipamenarekin batera.
48. artikulua. Erregistratzea.
Indarrean dagoen legeriari jarraiki, nazioarteko akordio ez-arauemailea sinatu ostean, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioari haren kopia bat bidaliko zaio, dagokion administrazio-erregistroan inskriba dezan.
V. TITULUA
Autonomia-erkidegoak, Ceutako eta Melillako hiriak eta toki-erakundeak
I. KAPITULUA
Autonomia-erkidegoek nazioarteko tratatuetan parte hartzea
49. artikulua. Negoziazioak irekitzeko proposamena.
Autonomia-erkidegoek nazioarteko tratatuak egiteko negoziazioak irekitzeko eskaera egin ahal izango diote Gobernuari, tratatu horiek autonomia-erkidegoen eskumeneko edo interes espezifikoko gaiak dituztenean xede, edota haien lurralde-eremuari modu berezian eragiten diotenean. Gobernuak arrazoitu egingo du eskari horren inguruko ebazpena, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak eta gaian eskuduna denak proposatuta, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aurretik eskumenen banaketaren Konstituzio-aginduari nola egokitzen zaion azaltzen duen txostena emanda.
50. artikulua. Informatzeko betebeharra.
1.Gobernuak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren bidez, nazioarteko tratatuen negoziazioari buruzko informazioa igorriko die autonomiaerkidegoei, tratatu horien arloa autonomia-erkidegoen eskumeneko edo interes espezifikoko gaiak direnean, edota autonomia-erkidegoen lurralde-eremuari modu berezian eragiten diotenean.
2.Autonomia-erkidegoek negoziazioari buruz komenigarritzat jotzen dituzten oharrak igorri ahalko dizkiote Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioari. Oharren gainean onartutako erabakiak arrazoitua izan beharko du eta autonomia-erkidegoei komunikatu beharko zaie.
3.Autonomia-erkidegoei Espainiak egindako tratatuen berri emango zaie, baldin eta haien eskumenetan eragina badute, haien interes espezifikokoak badira edota haien lurralde-eremuan eragin berezia badute.
51. artikulua. Espainiaren ordezkaritzan parte hartzea.
1.Autonomia-erkidegoek eta Ceutako eta Melillako hiriek nazioarteko tratatu bat negoziatzen ari den Espainiaren ordezkaritzan parte hartzeko eskaera egin ahal izango diote Gobernuari, tratatu horrek haien eskumeneko edo interes espezifikoko gaiak dituenean xede, edota haien lurralde-eremuari modu berezian eragiten dionean.
2.Gobernuak ebazpen arrazoitua emango du partaidetza horren egokitasunaren inguruan, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak eta gaian eskuduna denak batera egindako proposamenari jarraiki. Eskabidearen gainean onartutako erabakia autonomia-erkidegoei eta hiri autonomoei komunikatu beharko zaie.
II. KAPITULUA
Autonomia-erkidegoek, Ceutako eta Melillako hiriek eta toki-erakundeek nazioarteko administrazio-akordioak eta akordio ez-arauemaileak egitea
52. artikulua. Nazioarteko administrazio-akordioak egitea.
1.Autonomia-erkidegoek nazioarteko administrazio-akordioak egin ahalko dituzte nazioarteko tratatuak betearazteko eta zehazteko, haien eskumeneko arlokoak badira, eta, betiere, nazioarteko tratatuak berak xedatzen duena betez. Hiri autonomoek eta tokierakundeek ere egin ahalko dituzte nazioarteko administrazio-akordioak, haien eskumeneko gaiak dituztenean xede.
2.Nazioarteko administrazio-akordio horien betekizunak, barne-izapidea, argitalpena eta indarrean sartzea, hurrengo paragrafoan xedatzen denari kalterik egin gabe, lege honen III. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
3.Nazioarteko administrazio-akordioen proiektuak, sinatu aurretik, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioari igorriko zaizkio, Nazioarteko Aholkularitza Juridikoak haien izaeraren, prozeduraren eta Nazioarteko Zuzenbidearen araberako instrumentalizazio egokienaren inguruko txostena eman dezan. Zehazki, proiektua nazioarteko tratatu gisa edota nazioarteko administrazio-akordio gisa formalizatu behar litzatekeen ebatziko du. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak, bere txostena prestatu ahal izateko, behar beste txosten eskatuko ditu. Hamar eguneko epea izango du txostena emateko.
53. artikulua. Nazioarteko akordio ez-arauemaileak egitea.
1.Autonomia-erkidegoek nazioarteko akordio ez-arauemaileak egin ahalko dituzte beren eskumenekoak diren gaietan. Ceutako eta Melillako hiriek eta toki-erakundeek ere egin ahalko dituzte, beren eskumenen eremuko gaietan.
2.Nazioarteko akordio ez-arauemaile horien barne-izapidea eta erregistroa, hurrengo 3. paragrafoan xedatzen denari kalte egin gabe, lege honen IV. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
3.Nazioarteko akordio ez-arauemaileen proiektuak, sinatu aurretik, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioari igorriko zaizkio, Nazioarteko Aholkularitza Juridikoak haien izaeraren, prozeduraren eta Nazioarteko Zuzenbidearen araberako instrumentalizazio egokienaren inguruko txostena eman dezan. Zehazki, proiektua nazioarteko tratatu gisa edota nazioarteko administrazio-akordio gisa formalizatu behar litzatekeen ebatziko du. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak, bere txostena prestatu ahal izateko, behar beste txosten eskatuko ditu. Hamar eguneko epea izango du txostena emateko.
Lehenengo xedapen gehigarria. Nazioarteko Zuzenbideko beste subjektu batzuei komunikatzea.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak Espainiarekin harremanetan dauden Nazioarteko Zuzenbideko subjektu guztiei emango die lege honen berri, kide den nazioarteko erakundeei barne.
Bigarren xedapen gehigarria. Europar Batasunaren kanpo-ekintzaren araubidea.
Lege honetan xedatutakoak ez die kalterik egingo Espainiak Europar Batasuneko Zuzenbidea betetzeko betebeharraren ondorioz nazioarteko akordioen arloan izan ditzakeen berezitasunei; bereziki, Batasunaren kanpo-ekintza arautzen duten Europar Batasunaren Tratatuaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren xedapenak betetzeko betebeharretik eratortzen direnei.
Hirugarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa betetzeko beharra.
Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluarekin bat eta, batez ere, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, egingo diren nazioarteko tratatu, nazioarteko administrazio-akordio eta nazioarteko akordio ez-arauemaile guztiek zorrozki bete behar dituzte aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak. Horretarako, Herri Ogasunari finantza-betebeharrak ekarriko dizkioten tratatu edo akordioei buruzko espedientean, egungo eta geroko gastu eta diru-sarrera publikoetan izango dituzten ondorio eta eraginei buruzko balioespena jaso beharko da, eta, hala badagokio, horien ondoriozko konpromisoei erantzuteko aurrekontu-finantziazio egokia eta nahikoa dagoela egiaztatu beharko da.
Laugarren xedapen gehigarria. Estatuko Administrazio Orokorraren eta bere mendeko erakunde publikoen ekarpenak, nazioarteko tratatu eta akordioetan aurreikusten ez direnak.
Lege honen 2. artikuluko a) , b) eta c) paragrafoetan zehaztutakoez bestelako agerkari juridikoak sinatzeko edo formalizatzeko, baimena eman beharko du Ministroen Kontseiluak, baldin eta horien bidez Estatuko Administrazio Orokorrak edo bere mendeko erakunde publikoek nazioarteko erakunde edo programei, publikoak zein pribatuak izan, eta nahiz eta Nazioarteko Zuzenbideari lotuta ez egon, ekarpenak edo kontribuzioak egiteko konpromisoa hartzen badute, eskumena duen sailak proposatuta eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak kanpo-politikaren helburuetara, jarraibideetara eta xedeetara nola egokitzen den eta izaera, prozedura eta instrumentazio juridiko egokiena zein den azaltzen duen txostena eman ondoren. Ministroen Kontseiluari ematen zaion espedienteari nahitaez gehitu beharko zaio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren aldeko txostena.
Bosgarren xedapen gehigarria. Zerga-ezarpen bikoitza ekiditeko nazioarteko tratatuak eta transferentzia-prezioei buruzko akordioak.
Zerga-ezarpen bikoitza saihesteko nazioarteko tratatuak aplikatzeko egintzak ez dira lege honetako xedapenen mende egongo; zehazki, zerga-ezarpen bikoitza saihesteko tratatuen aplikazioaren inguruan sortutako gatazkak ebazteko adiskidetasun-akordioak. Lotutako pertsona edo erakundeekin egindako eragiketak balioesteko zergaadministrazioen arteko akordioak ere ez dira lege honetako xedapenen mende egongo.
Seigarren xedapen gehigarria. Euskal foru-araubidea.
Euskadiko erakunde eskudunek eskubide historikoak xede dituen nazioarteko tratatua negoziatzen ari den Espainiaren ordezkaritzan parte hartuko dute, bai eskubide horien eguneratze orokorra Autonomia Estatutuaren bidez egin bada, bai eskubide horiek legegile arruntak eguneratu baditu, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren eta, hala badagokio, Euskadiren Autonomia Estatutuaren esparruan.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Erkidegoaren araubide berezia.
Nafarroako erakunde eskudunek eskubide historikoak xede dituen nazioarteko tratatua negoziatzen ari den Espainiaren ordezkaritzan parte hartuko dute, bai eskubide horien eguneratze orokorra Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren bidez egin bada, bai eskubide horiek legegile arruntak eguneratu baditu, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren esparruan.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren web orrian irisgarri egotea.
Indarreko tratatu eta akordioen bildumen argitalpena, 27. eta 42. artikuluetan aurreikusia, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren web orriaren bidez eskuratu ahalko da.
Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira lege honetan aurreikusitakoaren kontra doazen lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, nazioarteko tratatuen inguruan Estatuko Administrazioaren jardueraren antolamenduari buruzko 801/1972 Dekretua, martxoaren 24koa.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.3 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da; artikulu horrek nazioarteko harremanen gaineko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.
Azken xedapenetako bigarrena. Nazioarteko akordio ez-arauemaileen erregistroa.
Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak beharrezko neurriak hartuko ditu, nazioarteko akordio ez-arauemaileen administrazio-erregistroa martxan jartzeko eta mantentzeko; erregistro horren publizitatea administrazio-erregistroen publizitatea arautzen duten xedapenen arabera egingo da.
Azken xedapenetako hirugarrena. Araudia garatzea.
Gobernuari eta ministerio-sailetako titularrei baimena ematen zaie lege honetan ezarritakoa behar bezala garatzeko behar beste xedapen emateko, euren eskumenen esparruan.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen denetik hogei egunera sartuko da indarrean.
Hortaz,
Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.
Madrilen, 2014ko azaroaren 27an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|