Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

2/2013 Lege Organikoa, apirilaren 19koa. Honen bidez, baimena ematen da Espainiak Irlandako herriaren Lisboako Tratatuari buruzko kezken gaineko Protokoloa berrets dezan (Bruselan sinatu zen protokolo hori, 2012ko ekainaren 13an)

2013-04-19

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/4/20, 95. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4187

2/2013 Lege Organikoa, apirilaren 19koa. Honen bidez, baimena ematen da Espainiak Irlandako herriaren Lisboako Tratatuari buruzko kezken gaineko Protokoloa berrets dezan (Bruselan sinatu zen protokolo hori, 2012ko ekainaren 13an).

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ZIOEN AZALPENA Lisboako Tratatua indarrean sartuko bada –Portugalgo hiriburuan sinatu zen, 2007ko abenduaren 13an–, berretsi egin behar dute Europar Batasuneko (EB) estatu kideek, nork bere konstituzio-arauen arabera.

Irlandako Errepublika edo Irlandari dagokionez, esaterako, haren Konstituzioak ezarritako baldintza da erreferendum bat egitea, berretsi aurreko urrats gisa. Hala, 2008ko ekainaren 12an, kontsulta egin zen, eta emaitza ezetza izanik, arriskupean geratu zen Europa eraikitzeko prozesua.

Ikusirik Taoiseach delakoak –alegia, Irlandako lehen ministroak– zenbait konturi buruz azaldutako kezkak, hala nola bizitzarako eskubideari, hezkuntzarako eskubide, familia, politika fiskal, eta EBko segurtasun- eta defentsa-politika erkideari buruz, Kontseilu Europarrak, 2008ko abenduaren 11n eta 12an egindako bilkuran, erabaki zuen irtenbide instituzional bat bilatzea, Irlandako herriaren interes horiek aintzat hartzeko.

Ondoren, 2009ko ekainaren 18ko eta 19ko Kontseilu Europarrak I. Eranskinean jaso zuen Irlandako herriak Lisboako Tratatuari buruz zituen kezkak direla-eta EBko 27 estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuek onartutako erabakia. Estatuburuek edo gobernuburuek honako hau adierazi dute Erabaki hori dela eta:

–  Berme juridikoa ematen du Lisboako Tratatua indarrean sartzeak ez diela eragingo Irlandako herriaren kezkei.

–  Erabaki horren edukia eta Lisboako Tratatua bateragarriak dira, eta, beraz, ez da Lisboako Tratatua berriro berretsi beharko.

–  Erabakia loteslea da zuzenbidez, eta Lisboako Tratatua indarrean sartzearekin hasiko da ondorioak eragiten.

– Hurrengo atxekimendu-tratatua egiten denean emango dituzte, Europar Batasunaren Tratatatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaion protokolo batean, erabaki erantsiaren xedapenak.

Behin 2009ko abenduaren 1ean Lisboako Tratatua indarrean sartuz gero, Irlandako gobernuak, Europar Batasunaren Tratatuaren 48. artikuluarekin bat etorriz, gutun bat bidali zion Kontseiluari 2011ko uztailaren 20an, Irlandako herriak Lisboako Tratatuari buruz zituen kezken gaineko Protokoloaren proiektuaren proposamenarekin.

Behin Kroaziako Errepublika Europar Batasunari atxikitzeko Tratatua sinatu ondoren (Bruselan sinatu zen, 2011ko abenduaren 9an), bete ziren, horrenbestez, Irlandako herriaren kezken gaineko erabakiaren xedapenak protokolo batean jasotzeko bete behar ziren baldintzak.

Hori dela eta, Europar Batasuneko 27 estatu kideek, 2012ko ekainaren 13an, Irlandako herriak Lisboako Tratatuari buruz zituen kezken gaineko protokoloa sinatu zuten Bruselan.

Artikulu bakarra.  Berresteko baimena ematea.

Baimena ematen zaio Espainiari Irlandako herriak Lisboako tratatuari buruz dituen kezken gaineko Protokoloa sina dezan (Bruselan egin zen protokoloa, 2012ko ekainaren 13an).

Azken xedapenetako lehena.  Eskumen-titulua.

Espainiako Konstituzioaren 149.1.3 artikuluak Estatuari esleitzen dio nazioarteko harremanen gaineko eskumen esklusiboa.

Azken xedapenetako bigarrena.  Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2013ko apirilaren 19an.

JUAN CARLOS E Gobernuko presidentea MARIANO RAJOY BREY

IRLANDAKO HERRIAK LISBOAKO TRATATUARI BURUZ DITUEN KEZKEN GAINEKO PROTOKOLOA, BRUSELAN EGINA 2012KO EKAINAREN 13AN.

Belgikako Erresuma, Bulgariako Errepublika, Txekiako Errepublika, Danimarkako Erresuma, Alemaniako Errepublika Federala, Estoniako Errepublika, Irlanda, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Italiako Errepublika, Zipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Luxenburgoko Dukerri Handia, Hungaria Malta Herbehereetako Erresuma, Austriako Errepublika, Poloniako Errepublika, Portugalgo Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika, Eslovakiar Errepublika, Finlandiako Errepublika, Suediako Erresuma, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua, Aurrerantzean «Tratatugile Goren» gisa aipatuko ditugunek, Gogoan izanez Europar Batasuneko 27 estatu kideetako estatuburuek edo gobernuburuek 2009ko ekainaren 18ko eta 19an Europar Kontseiluaren baitan bildurik hartutako Erabakia, Irlandako herriak Lisboako Tratatuari buruz agertutako kezken gainekoa; Gogoan izanez estatuburuek edo gobernuburuek 2009ko ekainaren 18an eta 19an Europar Kontseiluan bildurik egin zuten adierazpena, alegia, hurrengo atxikitze-tratatua egiten zen unean adieraziko zituztela erabaki horren xedapenak Europar Batasunaren Tratatuari edo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsitako Protokolo batean, nork bere konstituzio-arauen arabera.

Ohartuta Tratatugile Gorenek sinatu egin dutela Kroaziako Errepublika Europar Batasunari atxikitzekari buruz Tratatugile Gorenek eta Kroazioako Errepublikak egindako Tratatua; Bat etorri dira honako xedapen hauek onartzeko, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio: I. TITULUA Bizitzarako eskubidea, familia eta hezkuntza 1. ARTIKULUA Lisboako Tratatuan Funtsezko Eskubideen Gutunari estatutu juridikoa esleitzen dioten xedapenek eta Tratatu horretan askatasunari, segurtasunari eta justiziari buruz ezarritako xedapenek ez diete eragingo, inola ere, ez bizitzarako eskubidearen babesaren irismenari eta aplikagarritasunari –Irlandako Konstituzioaren 40.3.1, 40.3.2 eta 40.3.3 artikuluetan dago jasota babes hori–, ez familiaren babesari –41. artikulua–, ez eta hezkuntzaren arloko eskubideen babesari ere –Irlandako Konstituzioaren 42., 44.2.4 eta 44.2.5

artikuluak–.

II. TITULUA Fiskalitatea 2. ARTIKULUA

Lisboako Tratatuko xedapenetako batek ere ez dakar inolako aldaketarik, ezein estatu kiderentzat, Europar Batasunak fiskalitatearen arloan duen eskumenaren irismenean edo erabileran.

III. TITULUA Segurtasuna eta Defentsa 3. ARTIKULUA Europar Batasunaren nazioarteko ekintza honako printzipio hauetan oinarritzen da:

demokrazia; zuzenbide-estatua; giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna; giza duintasunaren errespetua; berdintasun- eta elkartasun-printzipioak, eta Nazio Batuen Gutuneko nahiz nazioarteko zuzenbideko printzipioen errespetua.

Europar Batasunaren segurtasun- eta defentsa-politika erkidea atzerri- eta segurtasunpolitika erkidearen zati bat da; segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen bidez, Europar Batasunak badu gaitasun operatiboa bere mugetatik kanpo misioak abiarazteko, bakeari eutsi, gatazkak prebenitu eta nazioarteko segurtasuna sendotzeko helburuarekin, betiere Nazio Batuen Gutunaren printzipioen arabera.

Horrek ez dio eragiten, ordea, estatu kide bakoitzaren defentsa- eta segurtasunpolitikari (Irlandarenari ere ez), ez eta politika hori dela eta bakoitzak dituzkeen betebeharrei.

Lisboako Tratatuak ez dio eragiten Irlandaren ohiko neutraltasun militarreko politikari, ez da politika horren kaltean.

Estatu kideei dagokie (baita Irlandari berari ere), elkartasun espirituz eta bakoitzaren ohiko neutraltasun militarreko politikaren kalterik gabe, bere lurraldean eraso terrorista bat edo eraso armatu bat jasan duen estatu kideari zer laguntza mota eman behar zaion erabakitzea.

Defentsa erkidea eraikitzeko erabaki bat hartzeko, edozein dela ere, Kontseilu Europarraren aho batezko erabakia beharko da. Estatu kideei (Irlandari ere bai) dagokie erabakitzea defentsa erkidearen aldeko erabakia hartzea edo ez, betiere Lisboako Tratatuan eta bakoitzaren konstituzio-arauetan xedatutakoaren arabera.

Titulu honetan jasotako xedapenetako batek ere ez dio eragiten beste edozein estatu kidek defentsa- eta segurtasun-arloan duen jarrerari edo politikari, ez da horien kaltean.

Orobat, estatu kide bakoitzari dagokio erabakitzea, Lisboako Tratatuan eta bakoitzaren barne-antolamendu juridikoan ezarrita dagokeenaren arabera, ea lankidetza egituratu iraunkorreko moduren batean edo Europako Defentsa Agentzian parte hartuko duen edo ez.

Lisboako Tratatuan ez dago aurreikusita europar armada bat sortzea. ez eta inolako prestakuntza militarrerako errekrutatzerik egitea ere.

Tratatuak ez dio eragiten Irlandak nahiz estatu kideek bakoitzak bere defentsa- eta segurtasun-gastuaren zer-nolakoa eta tamaina erabakitzeko eta bakoitzak bere defentsaahalak nolakoak izan behar duten erabakitzeko duten eskubideari.

Irlandari edo estatu kide bakoitzari dagokio erabakitzea, bakoitzaren barneantolamendu juridikoko arauen arabera, ea operazio militar batean parte hartuko duen edo ez.

IV. TITULUA Azken xedapenak 4. ARTIKULUA

2012ko ekainaren 30a arte dute Tratatugile Gorenek epea protokolo hau sinatzeko.

Hala Tratatugile Gorenek nola Kroaziako Errepublikak berretsi egin beharko dute protokolo hau, baldin eta, beranduenez ere Kroaziako Errepublika Europar Batasunari atxikitzen zaion egunean, artean ez bada indarrean sartu. Nork bere konstituzio-arauen arabera sinatu beharko du protokoloa. Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.

Protokolo hau, ahal dela, 2013ko ekainaren 30ean sartuko da indarrean, betiere ordurako berrespen-agiri guztiak gordailuan utzi badira, eta, hala ez bada, dagokion estatu kideak azken berrespen-agiria gordailuan utzi eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean.

5. ARTIKULUA Protokolo hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz, txekieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz.

Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboan utziko dira gordailuan. Italiako Errepublikako Gobernuak, bestalde, kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatu kideetako gobernuei.

Behin Kroazioako Errepublikak, Kroaziaren atxikimendurako baldintzei buruzko aktaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, protokolo honekiko betebeharrak bere gain hartu ondoren, protokolo honen kroazierazko testua, zeina lehenbiziko paragrafoan aipatzen diren testuak bezain kautoa izango baita, Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan gordailutuko da, eta, Italiako Errepublikako Gobernuak, bestalde, kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatu kideetako gobernuei.

Horren fede emanez, beheko sinatzaile ahal osokoek izenpetzen dute protokolo hau.

Bruselan egina, bi mila eta hamabigarren urteko ekainaren hamahiruan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra