9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa, taxiei buruzkoa
2005-07-06Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2005/7/15, 84. zk.
9/2005 FORU LEGEA, uztailaren 6koa, taxiei buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.
TAXIEI BURUZKO FORU LEGEA.
ZIOEN AZALPENA 1
Nafarroako Foru Diputazioaren 1979ko ekainaren 6ko Erabakiaren bidez, eskatu ahalako TI motako garraio zerbitzuak (taxiak) erregulatzeko arauak onetsi ziren.
Ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legeak errepideko hiri garraio publikoa arautzen du. Foru lege horren 20. eta 21. artikuluak hiriko taxi zerbitzuari buruzkoak dira.
Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du ibilbidea osoki Nafarroako lurraldean duten lurreko garraioen gainean, Nafarroako Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) artikuluan xedatutakoaren arabera. Komeni da, eskumen hori erabiliz, Nafarroako taxien sektorearentzat lege-testu berria egitea denboraren buruan zaharkituak gelditu diren arauen ordez. Testu horrek aplikatzekoak diren arau guztiak bilduko ditu eta mota guztietako taxi zerbitzuak arautuko ditu, bai hirikoa bai hiriartekoa. Toki entitate eskudunek ordenantzen bidez garatu ahal izango dute.
2
Badira garrantzizko arrazoiak foru lege hau onesteko: Iruñean eta Iruñerrian taxi zerbitzuaren egoera hobetzeko taxuzko konponbideak behar dira, taxi zerbitzua moldatu beharra dago Nafarroako biztanle gutxiko aldeetarako, mugikortasun urriko pertsonentzako arreta hobetu beharra dago eta taxien sektoreko profesionalen nahiz erabiltzaileen eskubide eta betebeharren zerrenda zehatza egin beharra dago.
Erabiltzaileentzat mesedegarria delakoan, elkarrekin lotura estua duten neurri batzuk ezarri dira; adibidez, lizentzien erreferentzia-indize orokorra ezartzea edo soldatapeko langileak kontratatu ahal izatea.
Administrazioaren esku-hartzea lehen bezala mantendu da. Administrazioak emandako gaikuntza- titulua beharko da jarduera egin ahal izateko eta administrazioak onetsiko ditu tarifak.
3
Foru lege honetan Iruñeko eta Iruñerriko taxi zerbitzuaren egoera larriari ekin zaio, premiaz zuzendu beharreko egoera baita. Eskaintza behar adina gehituko dela bermatu behar zaie herritarrei, arazoak eragiten dien toki entitateen laguntzaz.
Horretarako, Iruñerrian bidaiarien garraio erregularra arautzen duen ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legean ezarritakoen antzeko mekanismo juridikoak ezarri dira.
4 Foru lege honek hamar kapitulu ditu.
I. kapituluan foru lege honen xedea, definizioak eta printzipioak azaltzen dira. Hiriko taxi zerbitzuak eta hiriartekoak bereizten dira, eta, beste printzipio orokor batzuen artean, garraiobide publiko gisa taxi zerbitzua sustatzeko lankidetzaren printzipioa ezartzen da.
II. kapituluan gaikuntza-tituluak arautzen dira. Jarduera egin ahal izateko gaikuntza-titulua eskuratu beharra ezartzen da. Hiriko taxien lizentziei dagokienez, hauek dira berrikuntza nagusiak: lizentzien erreferentzia-indize orokorra ezarri da, lizentziak eskualdatzeko arauak ezarri dira eta taxien lizentzien erregistroa arautu da. Lehen bezala, pertsona fisikoei bakarrik emanen zaizkie taxien lizentziak Nafarroako Foru Komunitatean taxi zerbitzua egiteko, eta pertsona bakoitzak lizentzia bakarra eduki ahalko du.
Hiriarteko taxi zerbitzurako baimenei dagokienez, lizentzia eta baimenen arteko loturaz eta horiek emateko prozedura koordinatuaz lehendik zeuden arauei jarraitu zaie.
III. kapituluko gaiak zerbitzu edo jarduera bera, gidariak eta ibilgailuak dira. Gai horietan berrikuntza garrantzitsuak sartu dira, hala nola taxi gidari profesionalentzako udal baimenak, soldatapeko langileak, ibilgailuetako publizitatea eta ezaugarriak eta gurpil-aulkian dauden erabiltzaileak garraiatzeko moldatutako ibilgailuak.
IV. kapitulua taxi zerbitzuaren araubideaz ari da. Bertan arautzen dira zerbitzua kontratatzeko erregimen orokorra, zerbitzua eserlekuka kontratatu eta ordaintzeko modua eta biztanle gutxiko aldeetako edo landa aldeetako taxi zerbitzuak. Azkenik, tarifak onesteko eskumena esleitzen da eta zerbitzua hasteko eta taximetroa martxan jartzeko moduak arautzen dira.
V. kapituluan erabiltzaileen, lizentzia eta baimenen titularren eta taxi gidarien betebehar eta eskubide guztien zerrenda ematen da.
VI. kapituluan hiriarteko taxi zerbitzuen hasiera arautzen da, eta taxiak zein kasutan etor daitezkeen abiaburuko udalerriaz kanpotik zerbitzua egitera azaltzen da.
VII. kapitulua udalen arteko koordinazioaz ari da. Udalek hitzarmenak egin ditzakete elkarrekin koordinatzeko, eta aurrerago, nahi izanez gero, baterako zerbitzurako eremuak osa ditzakete. Udalez gaindiko eremu horietatik irten gabe egiten diren taxi zerbitzuak hiriko zerbitzutzat joko dira. Horrelako eremuak ezartzeko prozedura, eskumenak, araubide ekonomikoa, eta taxi zerbitzuaren eta beste hiri garraio batzuen arteko integrazioa arautzen dira. Arau orokor horiek gorabehera, foru lege honen xedapen gehigarrian arau bereziak ezartzen dira, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan aplikatuko direnak.
VIII. kapituluko gaiak taxien sektoreko lanbide-elkarteak eta ordezkaritza dira.
IX. kapituluan Nafarroako Taxien Kontseilua sortzen da. Nafarroako Foru Komunitatean taxi zerbitzuen arloko kontsulta eta aholku organoa izanen da.
Azkenik, X. kapituluan zehatz-mehatz arautzen dira arau-hausteak eta zehapenak. Betiere Konstituzioaren 25. artikuluan jasotako legezkotasun printzipioari jarraitzen zaio arau-hausteen sailkapenean eta zehapenen ezarpenean. 5
Foru lege honetan, Nafarroa osorako arau orokorrez gain, Iruñean eta Iruñerrian bakarrik aplikatuko diren arau bereziak ere jaso dira. Komeni da baterako taxi zerbitzurako eremu bat mugatzea Iruñerrian, eta hori kudeatzeko ardura Iruñerriko Mankomunitateari ematea. Iruñerriko eremu horretako udalek egin dituzten hitzarmenek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ekimen hori berresten dute. Horren ildotik, xedapen gehigarriak Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremua ezartzen du eta haren alderdi nagusiak arautzen ditu.
Foru lege honetako xedapen iragankorretan ondoko gaiak arautzen dira: udal ordenantzak lege- esparru berriari egokitzeko modua, udalek taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra lortzeko duten epea, oraingo lizentzien titularrei taxi gidari profesionalentzako udal baimena ofizioz ematea, taximetrorik ez duten ibilgailuetan taximetroa jartzeko epea, eta Nafarroako Taxien Kontseilua eratu arteko trantsizio aldia.
Azkenik, foru lege honek baditu xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru lege honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean hiriko eta hiriarteko taxi zerbitzuak arautzea da.
2. artikulua. Definizioak.
Foru lege honetan xedatutakoari dagokionez, honako definizioak hartuko dira aintzat:
a) Taxi zerbitzuak: gehienez bederatzi eserleku dituzten ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publikoa, besteren kontura ordain ekonomikoaren truke egiten dena, zerbitzua ematen duenak horretarako behar diren gaikuntza-tituluak dituela.
b) Hiriko taxi zerbitzuak: udalerri batetik irten gabe egiten diren taxi zerbitzuak. Foru lege honetan xedatutakoaren arabera baterako zerbitzurako eremuak ezartzen direnean, horrelako eremu batetik irten gabe egiten diren taxi zerbitzuak hiriko zerbitzutzat joko dira.
c) Hiriarteko taxi zerbitzuak: aurreko letrako definizioan sartzen ez diren taxi zerbitzu guztiak.
3. artikulua. Printzipio orokorrak.
Taxi zerbitzua ondoko printzipioei lotuko zaio:
a) Taxi zerbitzua garraio zerbitzu publikoa da. Administrazioak gaitutako titular pribatuek egin dezakete. b) Administrazio publikoak, taxien sektorea eta erabiltzaileen ordezkariak elkarlanean ariko dira, bakoitza bere eskumeneko eremuan, taxi zerbitzuaren erabilera sustatzen, garraiobide publikoa den aldetik.
c) Taxi zerbitzuaren plangintza eta sustapena eta beste garraiobide publikoena koordinatu egin behar dira.
d) Erabiltzaileen eskubideak errespetatu behar dira.
e) Taxien sektorearen gaineko eskumena mugatua izanen da eta administrazioak esku hartu ahal izanen du, taxi zerbitzuaren interes publikoa bermatu behar delako.
f) Zerbitzua nahikoa izatearen eta jarduera errentagarria izatearen arteko oreka zaindu behar da.
g) Eremu desberdinetako taxi zerbitzuak koordinatu behar dira.
h) Taxien sektorearen modernizazioa, zerbitzua hobeki ematea ahalbidetzen duten aurrerapen teknikoetara egokituz, eta ingurumenaren babesa.
II. KAPITULUA
Gaikuntza-tituluak
1. ATALA
Administrazio araubidea
4. artikulua. Gaikuntza-tituluak.
1. Taxi zerbitzuak egin ahal izateko gaikuntza-tituluak lortu behar dira aurretiaz.
Hiriko taxi zerbitzuetarako gaikuntza-tituluak lizentziak dira. Kasuan kasuko udalak ematen ditu, edo, baterako zerbitzurako eremuetan, toki entitate eskudunak.
Hiriarteko taxi zerbitzuetarako gaikuntza-tituluak baimenak dira. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen Departamentuak ematen ditu.
2. Oro har, taxi zerbitzuetarako baimena lizentziari lotuta egonen da eta biak modu koordinatuan emanen dira, kapitulu honetako 4. atalean ezarritako prozedurari jarraituz.
2. ATALA
Hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak
5. artikulua. Lizentziak emateko araubidea.
1. Taxi lizentziak emateari dagokionez, foru lege honetan xedatutakoa eta udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek onetsitako ordenantzetan ezarritakoa beteko da. 2. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek emanen dituzte taxi lizentziak, lehiaketaren bidez. Foru lege honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsona fisikoek parte hartu ahal izanen dute batean zein bestean. Ibilgailuen eta aseguruen inguruko baldintzak betetzeko konpromiso idatzia aurkeztu ahal izanen da. Baldintza horiek bete beharko dira taxi lizentzia behin betiko eman aurretik.
3. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek eskubidea izanen dute lizentziak emateko prozeduretatik sortzen diren dirusarrerak hartzeko.
4. Taxi lizentziaren eskualdaketa ez da lizentzia-ematetzat joko.
5. Lizentziak emateko prozeduran taxien arloan eskudunak diren udal edo entitateek jarduketak jarriko dituzte abian emakumea sektorean sartzeari begira.
6. artikulua. Taxi lizentzien titulartasuna.
1. Baldintza hauek bete beharko dira taxi lizentziaren titularra izateko:
a) Pertsona fisikoa izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.
c) Ibilgailuaren erabiltzeko modua frogatzea (jabetza, errentamendua edo ordenamendu juridikoan onartutako beste edozein titulu).
d) Indarra duen araudian ezarritako zerga betebeharrak, lan arlokoak eta gizarte arlokoak betetzea.
e) Zerbitzuan eragin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalita izatea, indarra duen araudian eta zerbitzua arautzen duten ordenantzetan ezarritako moduan.
f) Taxi gidari profesionalaren baimena edukitzea, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ordenantzetan hala eskatzen badu.
2. Gehienez lizentzia baten titularra izan daiteke.
7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.
Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da. Gainera, ordenantzan datu gehiago eskatu ahalko dira, ibilgailua identifikatzeko beharrezkotzat jotzen badira.
8. artikulua. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra.
1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, 4.000 biztanle edo gehiago dituen udalerri edo baterako zerbitzurako eremu bakoitzean, honako taulan ezarritakoa izanen da: 4.000-10.000 bizt. 0,40
10.001-50.000 bizt. 0,50
50.001-100.000 bizt. 0,80
100.000 bizt. baino gehiago 1,33
Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorraren aplikazioari dagokionez, udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko biztanle kopurutzat honakoa joko da: Estatistikaren Institutu Nazionalak udalerrietako biztanle kopuru ofizialen azken argitalpenean emandakoa.
2. Erreferentzia-indize orokorra lortzeko helburuarekin taxi lizentziak ematen direnean, hiriarteko taxi zerbitzurako baimena eman beharko da lizentziarekin batera, baldin eta eskatzaileak indarra duen araudian ezarritako betekizunak betetzen baditu.
9. artikulua. Indize orokorra aldatzea.
1. Behin udalek edo baterako zerbitzurako eremuek, foru lege hau aplikatuta, aurreko artikuluan ezarritako erreferentzia-indize orokorra lortzen dutenean, beren lurralde esparruko taxi lizentzien indize orokorraren gehikuntza onetsi ahal izanen dute, behar den prozedura tramitatuz. Prozedurari hasiera emateko, mugikortasunaren eta egoera sozioekonomikoaren gaineko azterketa egin beharko dute, honako irizpide hauek kontuan hartuta, gutxienez:
a) Beren lurralde esparruko taxi zerbitzuen eskaria eta eskaintza.
b) Biztanleen garraio beharrizanak noraino betetzen diren mota guztietako garraio zerbitzu publikoen bidez.
c) Taxi zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetasun maila.
d) Udalerri bakoitzean taxi zerbitzuaren eskaria sor dezaketen jarduerak: merkataritza, industria, turismoa eta bestelakoak.
e) Beren lurralde esparruko zerbitzu publikoen azpiegiturak (osasuna, irakaskuntza, gizarte zerbitzuak, aisiarako tokiak, jolas eta kirol jarduerak), garraioak eta taxi zerbitzuen eskariari eragiten dioten beste faktore batzuk.
2. Azterketa hori egindakoan, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak lizentzien indize orokorra aldatzeko proposamenari buruzko txostena eskatuko dio Nafarroako Taxien Kontseiluari. Txosten hori espedientera bilduko da.
3. Ondoren, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak espediente osoa igorriko dio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuari, eta taxi lizentzien indize orokorraren gehikuntza dela-eta baimenak eman ala ukatu behar diren adierazteko eskatuko dio.
Garraioen arloko eskumena duen departamentuak aztertu eginen ditu udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko egoera eta baimen berriek garraio sistema orokorraren funtzionamenduan nahiz taxien sektorean bertan izanen luketen eragina. Hiru hilabeteko epean adierazi beharko du bere erabakia, kontseilariaren foru agindu baten bidez. Epe horretan ezer adierazten ez badu, baimenak ematea ezetsi duela ulertuko da.
Hiriarteko garraiorako baimena ematearen aurkako erabakia adierazten badu, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak taxi lizentzien indize orokorra gehitu ahal izanen du baldin eta hiriko zerbitzu hutsaren beharra eta errentagarritasuna espedientean behar adina egiaztatu direla irizten badio.
10. artikulua. Taxi lizentzien indize orokorra lortzea.
1. Aldian behin, biztanleriaren bilakaeraren arabera, udalek eta baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek indarra duen indize orokorra beren lurralde esparruetan betetzeko behar diren taxi lizentziak eman beharko dituzte.
2. Biztanle kopurua gutxitzen bada, emandako lizentzien kopuruari eutsiko zaio, salbu eta udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak lizentziaren bat baliogabetu beharra dagoela erabakitzen duenean, 14. artikuluko c) letran xedatutakoari jarraituz.
11. artikulua. 4.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak.
4.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan, foru lege honek indarra hartu aurretik emandako taxi lizentziak mantendu ahal izanen dira.
Biztanle kopuru hori gainditzen ez duten udalerrietan taxi lizentzia gehiago eman ahal izateko, udalek 9. artikuluko prozedura tramitatu beharko dute, hau da, taxi lizentzien indize orokorra aldatzeko prozedura.
12. artikulua. Lizentziak eskualdatzea.
1. Taxi lizentziak eskualdatu ahal izateko, udalaren edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunaren baimena beharko da aldez aurretik. Ez da lizentzia eskualdatzeko baimenik emanen eskuratzaileak ez baditu betetzen foru lege honen 6. artikuluan lizentzia emateko ezarritako baldintza guztiak.
2. Halaber ez da taxi lizentzia eskualdatzeko baimenik emanen eskualdatzailea lizentziaren titular egin zenetik 5 urte baino gehiago iragan ez badira.
Azken baldintza hori ez da aplikatuko titularrak erretiroa hartzen badu, hiltzen bada edo taxilari lanetan aritzeko ezintasun iraunkorra duela deklaratzen bada.
3. Lizentzia eskualdatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta bi hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, salbu eta foru lege honetan xedatutakoa urratzen denean.
4. Taxi lizentziak eskualdatzeko baimena eman dadin ezinbesteko baldintza izanen da eskualdatzailea egunean egotea toki entitateak eska ditzakeen eta taxien zerbitzuaren jarduerarekin loturik dauden tributuen ordainketan, bai eta foru lege honetan adierazitako isunak ordainduak izatea, administrazio bideari amaiera eman dion ebazpen baten bidez ezarriak badira. 5. Taxi lizentziaren eskualdaketa kostubidezkoa izan daiteke. Hala denean, lizentziaren eskuratzaileak transakzio ekonomikoaren zenbatekoa jakinarazi beharko dio eskualdaketarako baimena eman duen administrazioari. Lizentzia eskualdatu eta hilabeteko epean egin beharko dio jakinarazpen hori.
6. Lizentziaren titularra hiltzen bada, jaraunsleek taxi lizentziari dagozkion eskubideak eta betebeharrak bereganatuko dituzte, eta lizentzia ustiatu ahal izanen dute, foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatuz gero; edo bestela hirugarren bati eskualdatu ahal izanen diote, artikulu honetan ezarritakoa betez.
7. Eskualdatutako taxi lizentzia lehengo ibilgailu berarekin erabili ahal izanen da, titular berriak ibilgailu hori erabiltzeko eskubidea bereganatzen badu.
8. Taxi lizentzia eskualdatzen duena ezin izanen da beste lizentzia baten titular izan ordenantzetan zehaztuko den epea iragan arte, betiere 10 urtetik gorakoa.
13. artikulua. Lizentzien indarraldia, ikus-onespena eta etendura.
1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen aldiro ikus-onetsi behar dira, foru lege honen 6. eta 60.b) artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
Taxi lizentziak urtero ikus-onetsi behar dira. Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ikus-onetsiko ditu, ordenantzetan ezartzen den moduan.
2. Aurreko idatz-zatian aipatutako aldiroko ikus-onespenaz gainera, administrazio eskudunak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak ematerakoan eskatu ziren baldintzak edo bestelako baldintza funtsezkoak betetzen ote diren, eta horretarako beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatu ahalko dizkie lizentzien titularrei.
3. Taxi lizentzien titularrek lizentziaren etenaldia eskatu ahal izanen diote udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari, bi urterako gehienez. Frogatu egin beharko dute gaixorik daudela, istripua izan dutela, ibilgailua matxuratuta dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.
Lizentzia eteteko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu ebazpenik ematen eta jakinarazten.
Etenduraren epea amaitu eta handik hilabetera zerbitzuak etenda irautea lizentzia iraungitzeko arrazoia izanen da.
14. artikulua. Taxi lizentzien amaiera.
1. Taxi lizentziak hauetakoren bat gertatuz gero amaituko dira:
a) Titularrak uko egitea, udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari zuzendutako idazkiaren bidez. b) Lizentzia baliogabetzea foru lege honen 6. eta 60.b) artikuluetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik edo 59. artikuluko b), f) edo k) letretan azaltzen diren arau-hausteak behin eta berriz egiteagatik.
c) Lizentzia baliogabetzea komenigarria delako. Horrelakoetan titularrak kalte-ordain ekonomikorako eskubidea izanen du. Lizentziaren benetako balioa zehazten duten parametro objektiboen arabera kalkulatuko da kalte-ordainaren zenbatekoa.
d) Hurrengoak direla-eta lizentzia iraungitzat jotzea:
d.1) Lizentzia eman zenean ezarritako epea iraganik, zerbitzua hasi gabe dagoelako.
d.2) Zerbitzua hogeita hamar egun baino gehiagoz etenda egon delako, edo, urtebeteko epean, tarteka, hirurogei egun baino gehiagoz, non eta kasuko ordenantzetan beste epe bat ezartzen ez den. Horretarako, ez dira zenbatuko ordenantzetan ezarritako atsedenaldiak eta oporraldiak, ez eta udalak edo baterako zerbitzurako eremuan eskuduna den toki entitateak, 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, lizentzia etendako aldiak ere.
d.3) Lizentziaren etenduraren epea amaitu eta handik hilabetera zerbitzua berriz hasi gabe dagoelako.
2. Taxi lizentziak amaiarazteko prozedura ordenantzetan zehaztuko da. Betiere interesdunari entzuteko izapidea egin beharko da. Prozedura abiarazteko eskumena duen organoak, prozedura tramitatu bitartean, lizentzia eskualdatzea debekatu ahal izanen du, edo ibilgailua prezintatzeko agindu, edo ematekoa den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko egokitzat jotzen duen beste edozein neurri hartu ahal izango du, ebazpen arrazoituaren bidez, behin-behineko neurri gisa.
15. artikulua. Taxi lizentzien erregistroa.
1. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek taxi lizentzien erregistroa eduki beharko dute. Erregistro horretan titularraren, gidariaren eta ibilgailuaren identifikazio datuak jasoko dira, eta, behar denean, honako datuak gehituko zaizkio: taxi lizentzia duen ibilgailua moldatutako ibilgailua dela; taxi lizentzia zein irratiri atxikita dagoen; aldiroko ikus-onespenak; lizentziaren etendurak; baimendutako eskualdaketak eta haien zenbatekoa; administrazio bideari amaiera eman dioten ebazpenen bidez ezarritako zehapenak; taxi lizentziaren amaiera, eta gainerako inguruabar jakingarriak, ordenantzetan zehazten direnak.
2. Lizentzia-emateak, atxikitako ibilgailuak, baimendutako eskualdaketak eta haien zenbatekoak, baimendutako etendurak eta lizentzien amaiera direla-eta erregistroko datuetan aldaketaren bat gertatzen denean, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak, hilabeteko epean, horren berri eman beharko dio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuari.
3. Taxi lizentzien erregistroetako datuen tratamenduari eta lagapenari dagokienez, administrazio erregistroei eta datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudian ezarritakoa beteko da.
3. ATALA
Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimenak 16. artikulua. Baldintzak eta baimenen kopuruaren zehaztapena.
1. Hiriarteko taxi zerbitzuetarako baimenak emateko, aldatzeko eta amaitzeko baldintzak errepideko bidaiari-garraioaren arloan indarra duen araudian ezarritakoak izanen dira. Halako baimenak emateko, aldatzeko eta amai daitezen erabakitzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio.
2. Garraioen arloko eskumena duen departamentuak, foru agindu bidez, behar denean arauak ezarri ahal izanen ditu garraio sistema orokorraren funtzionamendu egokia bermatzeko, eta udalerri edo baterako zerbitzurako eremu bakoitzean gehienez zenbat baimen eman daitezkeen zehaztu ahal izanen du, biztanle kopuruaren eta beste inguruabar sozioekonomiko batzuen arabera. Kontuan hartuko ditu parametro objektibo hauek, besteak beste: bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularrak, komunikazio bideak, zerbitzu publikoak eta beste instalazio batzuk -hala nola, aireportuak, geltokiak, industrialdeak eta ospitaleak-, behin-behineko biztanleria, eta eskualdeko turismo, administrazio edo unibertsitate jarduerak.
Foru agindua onetsi aurretik txostena eskatuko zaio Nafarroako Taxien Kontseiluari, eta entzunaldia emanen zaio ukitutako udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari.
4. ATALA
Lizentzien eta baimenen arteko lotura. Lizentziak eta baimenak emateko prozedura koordinatua
17. artikulua. Lizentzien eta baimenen arteko lotura.
1. Hiriarteko zerbitzuak egiteko baimena eman aurretik taxi lizentzia lortu beharko da. Salbuespen modura, ibilgailuaren egoitzako udalerriak hala eskatu eta arrazoiak azaldu ondoren, garraioen arloko eskumena duen departamentuak hiriarteko zerbitzuetarako baimenak eman ahal izanen dizkie udal lizentziarik ez dutenei, baldin eta udal lizentziaren beharrik ez badago, hiriko zerbitzuek garrantzi txikia izateagatik eta zerbitzuen eskariarekin zerikusia duten beste inguruabar batzuengatik.
Udal lizentziarik ez dutenei hiriarteko zerbitzuak egiteko baimenak emandakoan udalak taxi lizentziak emateko prozedura tramitatzen badu, lizentziak zuzenean adjudikatu ahal izango dizkie udaleko baimen baten titular izanik lizentziarik ez dutenei, hauek ados badaude, ordenantza arautzailean ezartzen den moduan.
2. Foru lege honen 9. artikuluan xedatutakoari jarraituz, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak taxi lizentziak eman ahal izanen ditu hiriarteko zerbitzurako baimenik eman gabe, baldin eta espedientean behar bezala egiaztatzen badira hiriko zerbitzu hutsaren beharra eta errentagarritasuna.
3. Hiriko taxi zerbitzurako lizentzia amaitzen bada, hiriarteko taxi zerbitzurako baimena baliorik gabe geldituko da, salbu eta organo eskudunak indarrean iraun behar duela erabakitzen duenean, bidezko arrazoiengatik. Hori dela eta, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak taxi lizentziaren amaiera jakinarazi beharko dio garraioen arloko eskumena duen departamentuari.
18. artikulua. Lizentziak eta baimenak emateko prozedura. 1. Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak adjudikatuko ditu taxi lizentziak, foru agindu honetan xedatutakoari loturik.
2. Taxi lizentziaren adjudikazioaren hartzaileak, adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; bereziki, zerbitzurako behar diren ibilgailuak badituela, aseguruak kontratatu dituela eta, hala denean, soldatapeko gidaria kontratatu duela frogatu beharko du.
3. Agiri horiek aurkeztu ondoren, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak behin betiko emanen dio taxi lizentzia adjudikazio-hartzaileari.
4. Taxi lizentziaren titularrak hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena eskatuko dio garraioaren arloko eskumena duen departamentuari. Eskatzaileak aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betez gero, Departamentuak baimena eman beharko dio, foru lege honen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako iritzi-adierazpenean baimen hori ematearen aurkako iritzia azaltzen den kasuetan izan ezik.
Bi hilabeteko epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, baimen eskaera baietsi dela ulertuko da.
5. Oro har, lizentzia edo baimena eman zaiela jakinarazi eta 60 egun naturaleko epean hasi beharko dute zerbitzuan titularrek, ordenantzetan beste epe bat ezartzen ez bada.
III. KAPITULUA
Zerbitzua egitea
1. ATALA
Jarduera eta gidariak
19. artikulua. Jarduera.
Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betez.
20. artikulua. Soldatapeko langileek zerbitzua egitea.
1. Lizentziaren titularrak gehienez ere soldatapeko gidari bat kontratatu ahal izanen du lan gutxiko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako eta antzeko aldietarako.
2. Soldatapeko langileak urtean guztira egiten duen zerbitzu denbora ezin izanen da lizentziaren titularrak egiten duena baino gehiago izan.
3. Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra edo zerbitzua egitea eragozten dion beste edozein egoera suertatzen bada, soldatapeko langileak kontratatu ahal izanen dira lizentzia aldi baterako ustiatzeko, 2. idatz-zatian ezarritako baldintza bete beharrik izan gabe. Betiere egoera horiek behar bezala frogatu beharko dira. Nolanahi ere, egoera honen gehieneko iraupena ez da bi urtetik gorakoa izanen.
4. Soldatapeko langileak kontratatu aurretik baimena eman beharko du udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak. Baimen hori lizentziaren titularrak eskatu beharko du. Soldatapeko langileak kontratatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu ebazpenik ematen eta jakinarazten. Baimena lortu ondoren, hilabete bateko epean, entitate eskudunaren aurrean aurkeztuko da langilearen lan-kontratuaren kopia eta gizarte segurantzako alta.
5. Taxi zerbitzua behar bezala egiten ez bada, lizentziaren titularra izanen da erantzulea udalaren edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunaren aurrean.
21. artikulua. Gidariak.
1. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunek, beren ordenantzetan hala ezarrita badago, taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko agindu ahal izanen diete gidariei, lizentzien titularrak izan nahiz soldatapeko langileak izan. Baimen horren bidez frogatuko da gidariak indarreko araudian eskatzen den motako gidabaimena duela eta behar adinako ezaguerak dituela erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko eta zerbitzua ongi egiteko.
Ordenantzetan zehaztuko da zein baldintza eskatuko diren eta zein prozedura beteko den taxi gidari profesionalaren baimena emateko, baimen horrek zenbat denbora iraunen duen indarrean eta noiz amaituko den.
2. Betiere, gidariek indarreko araudian eskatzen den motako gidabaimena eduki beharko dute.
Idatz-zati berria. Hala erregelamenduen nola udal ordenantzen bidez, lizentzien titularrei zuzendutako prestakuntza eta birziklatze profesionaleko programak taxutuko dira.
2. ATALA
Ibilgailuak
22. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.
1. Ibilgailuek turismotzat sailkatuta egon behar dute beren ezaugarri teknikoen fitxan, eta indarra duen araudian eskatutako ezaugarriak izan behar dituzte; gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonentzat moldatutako ibilgailuek berariazko baldintza eta zehaztapenak bete behar dituzte.
2. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek baldintza gehiago ezarri ahal izanen dituzte, egoki irizten badiote, erabiltzaileei zerbitzua behar bezala eginen zaiela bermatzeko. Zehazki, gutxien kutsatzen duten erregaien erabilerari, segurtasunari eta lekuari buruzko baldintzak ezarri ahal izanen dituzte.
3. Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak (gidariaren eserlekua barne dela). Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.
4. Ibilgailuaren okupazioari dagokionez, haurrek eserleku erdi betetzen dutela joko da, eta trafikoari eta bide segurtasunari buruz indarra duen araudian xedatutako moduan egokituko dira ibilgailuan.
23. artikulua. Gurpil-aulkian dauden erabiltzaileentzat moldatutako ibilgailuak.
1. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek beren ordenantzetan xedapen egokiak jaso beharko dituzte, gurpil-aulkian dauden pertsonak eramateko moldatutako behar adina taxi egon dadin.
2. Eginkizun horretarako egokituak izan diren ibilgailuen gutxieneko kopurua, ordenantzetan ezarritakoa, dauden beharrizanei erantzuteko adinakoa izanen da, kasuan kasuko populazioaren eta eskualdeko egoera sozioekonomikoaren arabera. Horri dagokionez, toki entitateek honakoak egin ahalko dituzte:
a) Baldintza gisa ezartzea ezen ematen diren lizentzia berriek ibilgailu egokituetarako izan behar dutela, behar adinako kopurua lortu arte.
b) Lizentziak emateko lehiaketaren baremoan puntuak ematea ibilgailu egokitu bat eskuragarri izateagatik.
Edozein kasutan ere, moldatutako ibilgailuen gutxieneko kopurua izanen da ondoko taulan ezartzen dena:
11-50 lizentzia %10
51-200 lizentzia %7 (5 lizentzia gutxienez)
200dik gora lizentzia %5 (15 lizentzia gutxienez)
3. Gurpil-aulkidun erabiltzaileak eramateko moldatutako ibilgailuetarako lizentziak dituzten udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek ordutegiak koordinatzeko araubidea ezarri beharko dute, bai eta horrelako ibilgailuak erabili ahal izateko asteko egutegia ere.
24. artikulua. Bereizgarriak.
1. Taxi lizentzia duten ibilgailuak identifikatzeko kolorea eta bereizgarriak udalak zehaztuko ditu, edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak.
Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ezer zehaztu ezean, ibilgailuak zuriak izanen dira eta aurreko ateetan hamar zentimetro zabaleko zerrenda horizontal gorri bana izanen dute.
2. Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak bestelako araurik ezartzen ez badu, ibilgailuen kanpoaldean, zerrenda gorrien gainean, lizentziaren zenbakia eta udalerriaren edo baterako zerbitzurako eremuaren izena jarri behar dira, ongi ikusteko moduan. 3. Gainera, betiere ibilgailuaren barrualdean plaka bat jarri behar da ongi ikusteko moduan, lizentziaren zenbakiarekin eta ibilgailuak dituen eserlekuen kopuruarekin.
4. Irratiak kudeatzeko elkarteetako kideak badira, taxi lizentzien titularrek beren elkarteko bereizgarria eduki ahal izanen dute. Zerbitzuan parte hartzen duten elkartekide guztiek bereizgarri bera izanen dute.
Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek ordenantzetan zehaztu ahal izanen dute bereizgarri horiek nolakoak izan behar duten eta zein baldintza bete behar dituzten.
5. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek ikur bereziak ezarri ahal izanen dituzte baldintza jakinak betetzen dituzten ibilgailuak identifikatzeko; batez ere, gutxiago kutsatzen duten motorrak eta erregaiak dituzten ibilgailuak, eko-taxi izenekoak, besteetatik bereizteko.
25. artikulua. Publizitatea.
1. Taxi lizentzien titularrek publizitatea kontratatu eta ibilgailuan ikusgai jarri ahal izanen dute, taxi zerbitzuari buruzko ordenantza aplikagarrietan hala xedatzen bada.
2. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki erakunde eskudunek arautuko dituzte ibilgailuen barrualdean zein kanpoaldean jartzen diren iragarkien eta publizitate-euskarrien ezaugarriak. Betiere publizitateari eta bide segurtasunari buruz indarra duen araudia beteko da, ibilgailuaren estetika zainduko da, ez da ikuspena galaraziko, ez eta arriskurik sortuko ere, eta hiriko paisaiaren gaineko eragina ahalik txikiena izanen da.
3. Halaber, udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek publizitatea ustiatzeko araubide ekonomikoa ezarri ahal izanen dute beren ordenantzetan. Administrazioek publizitatea ustiatzeko kanonak ezarri ahal izanen dituzte.
26. artikulua. Dokumentazioa.
1. Foru lege honetan araututako zerbitzuak egiten diren bitartean, ibilgailuan agiri hauek eduki behar dira, erabiltzaileen eta ikuskatzaileen eskura:
a) Behar diren lizentziak eta baimenak.
b) Ibilgailuaren agiriak eta taximetroa kontrolatzekoak.
c) Indarra duten tarifak.
d) Nahitaezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.
e) Erreklamazio liburuak, ordainagirien eta fakturen taloitegiak.
f) Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek ordenantzetan eskatzen dituzten gainerako agiriak. 2. Betiere, indarra duten tarifen taula eduki behar da ibilgailuaren barrualdean, erabiltzaileek ongi ikusten duten tokian. Taula hori udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak onetsitako ereduari lotuko zaio.
27. artikulua. Taximetroa, modulua eta pilotua.
1. Taxi lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuek taximetroa eduki behar dute, behar bezala prezintatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan eskumena duen organoak ezarritako arauei jarraituz.
Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak besterik xedatu ezean, taximetroa ibilgailuaren karrozeriaren barrualdean egonen da, aurrean, erdiko herenean kokatuta, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.
2. Ibilgailuek modulu bat eduki behar dute, tarifa aplikagarria agertuko duena ibilgailuaren kanpoaldean, indarra duen araudi teknikoan zehaztutakoaren arabera.
3. Gainera, ibilgailuek barrualdean zein kanpoaldean ikus-sistema eduki behar dute, ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez adierazteko. Ordenantzetan bestelako prozedurarik zehaztu ezean, taxiaren sabaian argi-sistema jarriko da: taxia zerbitzurako prest dagoenean pilotu berdea piztuko da. Barrualdean ere, kartel batek taxia zerbitzurako prest dagoela adieraziko du. Kartel hori haizetakoaren atzean jarriko da, kanpotik ongi ikusteko moduan.
28. artikulua. Ibilgailuen antzinatasuna eta berriztapena.
1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.
2. Taxi lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuak lehen aldiz matrikulatu zirenetik zortzi urte iragan baino lehen, haien ordez beste batzuk jarri beharko dira.
3. Lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuen ordez beste batzuk jarri ahal izanen dira, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak baimena emanez gero, baldin eta ordezko ibilgailua bestea baino berriagoa bada eta zerbitzua egiteko eskatzen diren baldintza eta ezaugarri guztiak biltzen baditu.
29. artikulua. Ordezko taxi-ibilgailuak.
1. Ordenantzetan hala ezartzen bada, taxi lizentzien titularrek irratiak kudeatzeko osatutako elkarteek udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari baimena eskatu ahal izanen diote zenbait taxi-ibilgailu prest edukitzeko, lizentzien titularrek beren ibilgailuen ordez erabili ahal ditzaten istripua edo matxura izaten dutenean. Ibilgailu horiek foru lege honetan taxi zerbitzua egiteko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2. Ordezko taxi-ibilgailu bat erabili aurretik horren berri eman beharko zaio lizentzia eman duen udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari. 3. Ordezko taxi-ibilgailu horiek identifikazio-sistema egokia eduki beharko dute agerian, bai kanpoaldean bai barrualdean, ordezten duten ibilgailuaren lizentziaren zenbakiarekin.
4. Taxilari elkarte bakoitzak bere ordezko taxi-ibilgailuak aldi baterako lagatzeko ardura izanen du.
30. artikulua. Teknologia berriak sartzea.
Administrazio eskudunek, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteekin batera, sustapen lana eginen dute taxi zerbitzuak egiteko modua eta segurtasuna hobetzeko behar diren berrikuntza teknologikoak pixkanaka sar daitezen, zerbitzua ordaindu eta fakturatzeko sistema automatikoak eta nabigazio sistemak erabil daitezen, ibilgailuen zarata maila beheratu dadin, erabiltzen diren materialen birziklapena ahalik onena izan dadin eta sektorean agertzen diren beste berrikuntza guztiak aintzat har daitezen.
31. artikulua. Gutxiago kutsatzen duten erregaiak. Eko-taxiak.
1. Administrazio eskudunek, taxien sektorea ordezkatzen duten elkarteekin eta lizentzia eta baimenen titularrekin batera, sustapen lana eginen dute gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabil daitezen. Teknologia horiek bereganatzen dituzten ibilgailuen sustapenerako xedapen eta programak ezarri ahal izanen dira.
2. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek beren ordenantzetan ezarri ahal izanen dituzte gutxiago kutsatzen duten motor eta erregaien programei atxikitzen zaizkien ibilgailuak kalifikatu eta identifikatzeko baldintzak. Halako ibilgailuei eko-taxien ikurra edo antzekoa emanen diete.
3. ATALA
Ibilgailuen zerbitzua eskuratzea
32. artikulua. Geltokiak.
Udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki erakunde eskudunek behar bezala seinaleztatutako geltokiak ezarriko dituzte, ibilgailuak bidaiarien zain egon daitezen.
Taxi geltokiak ezarri, lekuz aldatu edo kendu aurretik entzunaldia emanen zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta tokian tokiko erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei. Baterako zerbitzurako eremuetan, entzunaldia emanen zaie geltokien kokalekuari buruzko erabakiak zuzenean eragiten dien udalei ere.
33. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.
1. Erabiltzaileek eremu publikoan eskatu ahal izanen dute zerbitzua, libre dagoen taxi bat geldiaraziz. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, salbu eta bide segurtasuna kolokan jartzeko, trafikoari traba egiteko edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena dagoenean.
Erabiltzaileak ezin izanen du prozedura hori erabili taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo beste erabiltzaileren bat taxiaren zain. 2. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien, aireportuen eta tarteka erabiltzaile asko biltzen diren beste instalazio batzuen inguruetan, baldin eta era horretara taxi geltokietan itxaroten dauden erabiltzaileak jasotzeko araubide egokia eragozten badute.
34. artikulua. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzea.
1. Erabiltzaileak telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez eskatu ahal izanen du taxi zerbitzua, bai eta mugikortasun urria duten beste pertsona batzuentzat bereziki egokiak diren beste sistema batzuk erabiliz, hala nola telefaxa, posta elektronikoa edo antzekoak.
2. Irratiak kudeatzen dituzten elkarteek eta telefonoz nahiz beste sistema teknologiko batzuen bidez zerbitzuak kontratatzen diharduten gainerako pertsona fisiko edo juridikoek administrazio eskudunei nahi adina informazio eman beharko diete taxi zerbitzua egiteko moduari buruz eta erabiltzaileentzako arretari buruz. Bereziki, kontratatutako zerbitzuen kopurua eta nondik norakoak, erabiltzaileek eskatu arren ezin egin izan diren zerbitzuak eta erabiltzaileen kexak eta erreklamazioak jakinarazi behar dizkiete.
Administrazio eskudunari ez bazaio informazio hori ematen edo informazio faltsua ematen bazaio, arau-hauste larria eginen da eta kasuan kasuko elkarteari egotziko zaio erantzukizuna.
Taxi zerbitzua eskatzeko erabiliko diren irrati eta komunikazio sistema guztiek beharrezko izanen dute aurretiazko baimen administratiboa. Baimen hori, bai eta baimena denboran zehar mantentzea ere, lizentzien titularrek askatasunez elkartzeko bermea izateari baldintzaturik egonen da.
35. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.
Arau orokor gisa, erabiltzaileek geltokian aurreneko tokian dagoen taxia hartu behar dute; mugikortasun urria duten pertsonentzat moldatutako ibilgailuaren beharra dagoenean beste ibilgailu bat hartu ahal izanen da.
Betiere, ibilgailua aukeratzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun urria dutenek.
IV. KAPITULUA
Zerbitzuaren araubidea
36. artikulua. Zerbitzua kontratatzea. Araubide orokorra.
Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.
37. artikulua. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalako taxi zerbitzua eserlekuka kontratatu eta ordaintzea.
1. Biztanle gutxiko tokietan, garraio publiko kolektiborik ez badago edo behar adinakoa ez bada, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuak baimena eman ahal izanen dute, hurrenez hurren, hiriko edo hiriarteko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalakoak, eserlekuka kontratatu eta ordaintzeko. 2. Baimen hori eman aurretik txostena eskatu behar zaio Nafarroako Taxien Kontseiluari eta entzunaldia eman behar zaie kasuan kasuko eremuan erabilera orokorreko bidaiari-garraioetako zerbitzu erregularren kontzesioa dutenei.
3. Baimen hori aldi baterako emanen da, urtebeterako gehienez ere, eta urtero berritu ahal izanen da, titularrak administrazio emaileari hala eskatuz gero. Aldi baterako baimen horretan zerbitzua egiteko baldintzak zehaztuko dira. Taxi lizentzien erregistroan inskribatuko da, hala behar denean. Baimendutako ibilbideak, joan-etorrien maiztasuna, tarifak eta baimenaren amaiera agerraraziko dira.
38. artikulua. Zerbitzua kontratatzea biztanle gutxiko aldeetan edo landa aldeetan.
1. Biztanle gutxiko aldeetan eta landa aldeetan, taxi zerbitzurik ez badago, garraioen arloko eskumena duen departamentuak, udal interesdunek hala eskatuz gero, pertsona fisiko edo juridikoei aldi baterako baimena eman ahal izanen die bidaiari-garraio publikoan aritzeko, foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzeko eskatu gabe.
2. Baimen hori eman aurretik txostena eskatu behar zaio Nafarroako Taxien Kontseiluari eta entzunaldia eman behar zaie kasuan kasuko eremuan erabilera orokorreko bidaiari-garraioetako zerbitzu erregularren kontzesioa dutenei.
3. Berariazko baimen hori zerbitzua eginen den eremurako soilik emanen da. Baimendutako pertsonak asegurua eduki behar du, garraio zerbitzuan erabiltzaileei kalte edo galerarik eragiten badie erantzukizun zibila estaltzeko.
4. Baimen hori aldi baterako emanen da, urtebeterako gehienez ere, eta urtero berritu ahal izanen da, titularrak garraioen arloko eskumena duen departamentuari hala eskatuz gero. Baimenean zerbitzua egiteko baldintzak zehaztuko dira, eta baimendutako ibilbideak, joan-etorrien maiztasuna eta tarifak agerraraziko dira.
39. artikulua. Zerbitzuaren antolamendua.
1. Udalek edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunek zerbitzua (ordutegiak, egutegiak, atsedenaldiak eta oporraldiak) antolatu eta koordinatzeko arauak ezarri ahalko dituzte. Betiere taxi zerbitzua jarraitua izan dadin arduratuko dira.
Halaber, eremu, geltoki, egun eta ordu jakinetan zerbitzua nahitaez egin beharra ezarri ahal izanen dute. Hori egiten badute, taxi lizentzien titularrak koordinatzeko arau egokiak onetsiko dituzte, zerbitzuak berdintasun irizpideen arabera beteko direla ziurtatzeko.
2. Artikulu honetan araututako zerbitzuen antolamendua onetsi aurretik entzunaldia eman behar zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta tokian tokiko erabiltzaile, kontsumitzaile eta mugikortasun urria duten pertsonen elkarteei.
3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoa ez betetzeak lizentzien amaiera eragin dezake, 14. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako prozedurarekin bat.
40. artikulua. Tarifak. 1. Hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki erakunde eskudunari dagokio. Onespen horrek indarra duen legeriaren arabera baimendutako prezioen araubidea izanen du. Onespenaren aurretik, betiere entzunaldia eman beharko zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta tokian tokiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.
2. Hiriarteko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio.
Era berean, biztanle gutxiko aldeetan edo landa aldeetan, 38. artikuluan ezarritakoaren arabera, taxi zerbitzuak egiten direnean, garraioen arloko eskumena duen departamentuak onetsiko ditu zerbitzu horien tarifak.
Bi kasuetan ere entzunaldia emanen zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.
3. Tarifen araubideak taxi zerbitzuaren ustiapen ekonomiko egokia eta garraiobide publiko horren erabileraren sustapena uztartu behar ditu.
4. Arau orokor gisa, tarifek osagai hauek izanen dituzte: abiasaria; kilometroko prezioa edo geldirik egindako denboraren prezioa, abiasariaren ondoriozko frankiziarekin; garraiobideen geltokietan sartzeagatiko osagarria; gaueko osagarria, jaiegunetakoa edo antzekoa; eta fardelak edo bestelako gauzakiak garraiatzeagatiko osagarriak. Aurrekoa gorabehera, udalerri edo baterako zerbitzurako eremu batean aplikatu beharreko tarifen taulan edo hiriarteko tarifen taulan beste kontzeptu batzuk sartu ahal izanen dira, taxi zerbitzua behar bezala egiteko egokitzat jotzen badira.
5. Onetsitako tarifen arteko bereizketa egin ahal izanen da, eremu geografikoen banaketan oinarrituta, zerbitzuaren abiapuntuaren eta helmugaren arabera.
6. Lizentzia eta baimenen titularrek, ibilgailuen gidariek eta erabiltzaileek nahitaez erabili beharko dituzte onetsitako tarifak. Administrazio eskudunek tarifen aplikazioa behar bezala kontrolatzeko neurriak hartuko dituzte.
7. Taxi zerbitzu batzuk aurretiaz ituntzen dira prezio eta guzti, ezaugarri bereziak dituztelako, hala nola ibilbide bera behin eta berriz egitea, ordutegiak eta beste batzuk. Garraioen arloko eskumena duen departamentuak tarifen araubidea aplikatu beharretik salbuetsi ahal izanen ditu horrelako zerbitzuak. Zerbitzua egiteko baldintza berezi horiek edukiz gero ez da taximetroa erabili beharrik izanen. Betiere, itundutako prezioa agiri batean jaso behar da eta agiri hori ibilgailuan eraman behar da zerbitzua egin bitartean.
8. Administrazioak berariazko tarifa araubidea ezarri ahalko du eserlekuka kontratatu eta ordaintzen diren zerbitzuetarako.
41. artikulua. Zerbitzua hastea eta taximetroa martxan jartzea.
1. Erabiltzaileak taxia eremu publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa. Zerbitzua telefonoz edo antzeko prozeduraren baten bidez eskatzen bada, ordenantzetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio taximetroa martxan jartzeko, eta ordenantzetan ezarritako tarifa-sistema erabiliko da.
2. Zerbitzua ordaintzeko eta erabiltzaileari, eskatuz gero, ordainagiria emateko, taxi zerbitzua arautzen duten ordenantzetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
V. KAPITULUA
Eskubideak eta betebeharrak
42. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
1. Administrazio eskudunek taxi zerbitzua egiteko baldintzak jakinarazi behar dizkiete erabiltzaileei, eta zerbitzuaren berdintasuna, kalitatea eta segurtasuna sustatu behar dituzte.
2. Taxi zerbitzuaren erabiltzaileek zerbitzuaren erabilerari buruz ezartzen diren arauak bete beharko dituzte eta betebehar hauek izanen dituzte:
a) Egindako zerbitzuaren prezioa ordaintzea, indarra duten tarifen arabera.
b) Zerbitzua egiten zaien bitartean portaera egokia izatea, eta gidariaren edo gainontzekoen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen ezer ez egitea.
c) Ibilgailua gelditu arte itxarotea sartu edo irteteko, gidariari arreta galarazten dion ezer ez egitea bidezko arrazoirik izan gabe, eta ibilgailua abian dagoela gidariaren lana ez eragoztea.
d) Zerbitzua erabiltzen duten adingabeen portaera zaintzea eta arriskua edo ibilgailuaren elementuen narriadura eragin dezaketen portaera gogaikarriak kontrolatzea.
e) Zerbitzua ongi egitearren gidariak ematen dizkien aginduak betetzea, baldin eta agindu horiek erabiltzaileen eskubideak urratzen ez badituzte.
f) Ibilgailuaren elementuak behar bezala erabiltzea, ezer manipulatu edo hondatu gabe. Debekaturik dago ibilgailuan gidariaren baimenik gabe jan edo edatea.
3. Indarra duen araudian onartutako eskubide orokorrez eta foru lege hau garatzeko ematen diren arauetan onar daitezkeen gainerako eskubideez gain, taxi zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubideak izanen dituzte:
a) Zerbitzua jasotzea, hura ukatzeko bidezko arrazoirik izan ezean.
b) Taximetroa martxan jartzea, foru lege honen 40. artikuluko 7. idatz-zatian azaltzen den kasuan izan ezik.
c) Zerbitzuaren ibilbidea erabakitzea, salbu eta ibilbide horrek ibilgailua edo gidariaren, erabiltzailearen nahiz gainontzekoen segurtasuna arriskuan jartzen badu.
d) Gidariak erabiltzailearekin egoki portatzea.
e) Gidariak zirkulazio arauak betetzea. f) Barrualdean zein kanpoaldean higiene eta kontserbazio baldintza egokiak betetzen dituen ibilgailuan jasotzea zerbitzua.
g) Erabiltzailea garraiatu nahi ez badu, gidariak agintaritzaren agente baten aurrean bere ukoa justifikatu behar izatea.
h) Fardelak edo paketeak garraiatu ahal izatea, maletategian sartzen badira eta ibilgailuari kalterik egiten ez badiote. Gidariak berariazko tokian jarri behar ditu erabiltzaileen fardelak.
i) Erreklamazio liburua eskura izatea.
j) Tarifak eta lizentziaren zenbakia ibilgailuaren barrualdean ongi ikusi eta irakurri ahal izatea.
k) Kanbioak jasotzea -txanponak nahiz billeteak-, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ezarritako mugaraino.
l) Egindako zerbitzuaren ordainagiria edo faktura jasotzea.
m) Gidariari irratia edo bestelako soinu-aparatuak itzaltzeko edo bolumena beheratzeko eskatzea.
n) Ibilgailuan sartu edo bertatik irten ahal izatea, erabiltzaileen eta gainontzekoen segurtasuna bermatuta dagoen eta zirkulazioari traba egiten ez zaion tokietan.
ñ) Gidariari berogailua, aire girotua edo klimatizagailua martxan jartzeko edo kentzeko eskatzea.
o) Tabakoaren kontsumoari buruzko arauak eta mugak betearaztea. Betiere, erretzen ez duenaren eskubidea lehenetsiko da, indarra duen araudiarekin bat.
43. artikulua. Lizentzia edo baimenen titularren eta taxi gidarien eskubideak eta betebeharrak.
1. Zerbitzua behar bezala egin dadin, taxi lizentzien edo baimenen titularrek, zuzenean edo taxi gidarien bitartez, betebehar hauek izanen dituzte:
a) Foru lege honetan eta lizentziaren edota baimenaren gaineko eskumena duen administrazioaren ordenantza eta xedapen orokorretan ezarritako guztia betetzea.
b) Erabiltzaileek geltokietan, telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez nahiz eremu publikoan eskatzen dituzten zerbitzuak egitea.
c) Ibilgailua zaintzea, kanpoaldean eta barrualdean segurtasun, garbitasun eta erosotasun baldintzak bete ditzan.
d) Aintzat hartzea erabiltzaileen eskubideak, 42. artikuluko 3. idatz-zatian zehazten direnak.
e) Taximetroari buruzko informazio osoa ematea, ordenantzetan ezarritako mekanismoen bitartez.
2. Lizentzia edo baimenen titularrek eta taxi gidariek eskubide hauek izanen dituzte:
a) Egindako zerbitzua kobratzea. b) Erabiltzaileek begirunez eta adeitasunez trata ditzaten.
c) Erabiltzaileek ibilgailua behar bezala erabiltzea.
d) Laburren edo azkarrena iruditzen zaien ibilbidea aukeratzea, erabiltzaileek ibilbide zehatzik adierazten ez badiete.
e) Zirkulazio arauak zehatz-mehatz betetzea, erabiltzaileek horretarako eragozpenik jarri gabe.
f) Ibilgailuaren barruan babes pertsonalerako sistemak erabiltzea (manparak eta antzekoak), ordenantzetan zehazten denari jarraituz.
g) Laneko atsedenaldiak egitea.
h) Bide publikoetan garraio publikoko ibilgailuentzat dauden erreiak erabiltzeko lehentasuna izatea.
i) Erabiltzaileek 42. artikuluko 2. idatz-zatian azaltzen diren betebeharrak betetzea.
44. artikulua. Mugikortasun urria duten pertsonak.
1. Administrazio eskudunek bideak jarriko dituzte erabiltzaile guztiek erabili ahal izan dezaten taxi zerbitzua. Bereziki, mugikortasun urriko pertsonentzat moldatutako ibilgailuen erabilera sustatuko dute, foru lege honetan eta indarra duen araudian ezarritakoari jarraituz.
Horrelako erabiltzaileei, behar izanez gero, itsu-zakurra eramaten utziko zaie zerbitzuaren prezioa igo gabe.
2. Moldatutako ibilgailuak mugikortasun urria duten pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.
3. Taxi zerbitzua egiten duten gidariek ibilgailuan sartzen eta bertatik irteten lagundu behar diete mugikortasun urria duten pertsonei, eta erabiltzaileek mugitzeko behar dituzten aparatuak ibilgailuko toki egokian kargatzen ere lagundu behar diete.
4. Gidariena izanen da euskarriak eta segurtasun uhalak lortzearen ardura, eta, era berean, haiena izanen da gurpil-aulkian dauden edo bestelako ezintasunen bat duten pertsonen sarrera-irteerak errazteko moldatutako ibilgailuetan instalaturik dauden ekipoak erabiltzearen ardura.
45. artikulua. Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea.
1. Taxi zerbitzuan esku hartu edo hartan interes legitimoa duten alderdien artean merkataritzako eztabaidaren bat sortzen denean, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak aztertuko du, bere eskumenak erabiliz.
2. Halaber, batzorde horrek txostenak eta irizpenak emanen ditu taxi zerbitzuetako kontratuak betetzeko baldintzez, tarifa aplikagarriez, kontratazio baldintza orokorrez eta merkataritzako jardunbide orokorrez, hori guztia bere araudi erregulatzaileari jarraituz.
VI. KAPITULUA Hiriarteko zerbitzuak
46. artikulua. Hiriarteko taxi zerbitzuen abiaburua.
Foru lege honetako hurrengo artikuluan zehazten diren kasuetan izan ezik, taxi lizentzia jaso den udalerrian bertan hasi behar dira hiriarteko taxi zerbitzuak, edo, lizentzia baterako zerbitzurako eremu batean jaso bada, eremu horretako edozein udalerritan.
Hori dela eta, bidaiariak ibilgailuan jasotzen diren tokia izanen da zerbitzuaren hasiera tokia edo abiaburua.
47. artikulua. Abiaburuko udalerriaz kanpotik etorritako taxiak zerbitzua egitea.
1. Zenbait lekutan, esate baterako tren edo autobus geltokietan, aireportuetan, azoka eta merkatuetan, industrialdeetan eta merkataritza edo aisia guneetan, trafiko handia izaten da, udalerri batean baino gehiagotan eragina izaten duena. Udalerriko taxiak gutxiegi badira horrelako guneetako garraio eskaria asetzeko, edo inguruabar ekonomiko eta sozialek hala eskatzen badute, garraioen arloko eskumena duen departamentuak, aldez aurretik ukitutako udalei txostena eskatuta, berariazko araubidea ezarri ahal izanen du, beste udalerri batzuetako lizentzia duten taxiek zerbitzuak egin ahal izan ditzaten trafiko-gune horietatik abiatuta.
2. Batere lizentziarik ez duten udalerrietan ere, beste udalerri edo baterako zerbitzurako eremu batzuetako taxi lizentzien titularrek bidaiariak jaso ahal izanen dituzte.
VII. KAPITULUA
Baterako zerbitzurako eremuak
48. artikulua. Udalen arteko koordinazioa. Baterako zerbitzurako eremuak.
1. Taxi lizentziak emateko eskumena duten udalek, Nafarroako Taxien Kontseiluari txostena eskatu ondoren, udalen arteko koordinaziorako bideak ezarri ahal izanen dituzte beren udalerrietan taxi zerbitzua egiteko.
Zerbitzua antolatu eta kudeatzeko koordinazioaren nondik norakoak zehazteko, udal interesdunek lankidetza-hitzarmenak eginen dituzte, edo indarra duen araudian aurreikusitako bestelako bitartekoak erabiliko dituzte.
2. Inguru bereko zenbait udalerritako taxi zerbitzuek elkarrengan eragina duten kasuetan, hau da, zenbait udalerrik batera halako zerbitzuak egoki antolatzeko interesa duten kasuetan, baterako zerbitzurako eremuak ezarri ahal izanen dira. Hartara, baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak emandako lizentzia duten ibilgailuek ahalmena izanen dute eremu horretako mugarte osoan zerbitzuak egiteko.
Baterako zerbitzurako eremu bat ezarriz gero, bertako mugak gainditu gabe egiten diren taxi zerbitzu guztiak hiriko taxi zerbitzutzat joko dira. Baterako zerbitzurako eremu bat ezarri ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: hura osatuko duten udalerrien jarraitasun geografikoa, lurralde-koherentzia, bideragarritasun ekonomikoa eta kudeaketaren bideragarritasuna.
49. artikulua. Baterako zerbitzurako eremuak ezartzeko prozedura.
1. Baterako zerbitzurako eremuak honela ezarriko dira:
a) Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremua foru lege honen bitartez ezarriko da, xedapen gehigarrian adierazten den moduan.
b) Nafarroako gainerako tokietan halako eremuak foru legez ezarriko dira. Udal interesdunek ekinen diote halako eremuak osatzeari. Eremua ezar dadin, bertan sartzeko proposatzen zaien udalerrien bi herenek, gutxienez, baiezko erabakia hartu behar dute, eta sartu nahi duten udalerri horiek eremuko biztanleen 100eko 75 bildu behar dituzte gutxienez.
2. Baterako zerbitzurako eremua ezartzen denean ondokoak zehaztu behar dira: Eremuaren lurraldea; eremuan eskumena izanen duen toki entitatea; foru lege honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera eremuak izan behar duen taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra; indize hori lortzeko egutegia eta prozedura; lizentzien indize orokorra 9. artikuluan aurreikusi bezala aldatzeko baldintzak; eta eremuaren lurraldea aldatzeko prozedura.
3. Nafarroako Gobernuak aldatuko ditu baterako zerbitzurako eremuetako lurraldeak, Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena eman ondoren, kasuan kasuko eremua eratu zenean ezarritakoari jarraituz.
50. artikulua. Eskumenak eta araubide ekonomikoa.
1. Baterako zerbitzurako eremu batean eskudun izendatutako toki entitateak eskumena izanen du hiriko taxi zerbitzua arautu eta antolatzeko behar diren eginkizun guztiak betetzeko.
2. Baterako zerbitzurako eremu bat ezarri eta bertako udalek atxikipen erabakiak onetsi ondoren, toki entitate eskudunak eremuaren ezarpena berretsiko du eta aldi berean bere gain hartuko du eremuko udalerrietako taxi zerbitzua kudeatzeko ardura. Eremuko toki entitate eskudunak baterako zerbitzurako eremuko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza onetsiko du.
Baterako zerbitzurako eremuan taxi zerbitzua arautzen duten ordenantzek eta tarifek indarra hartu arte, indarrean iraunen dute eremuko udalerrietan zerbitzua arautzeko lehengo baldintzek.
3. Baterako zerbitzurako eremuko udalek ordura arte emandako lizentziak, ondorio guztietarako, eremuko toki entitate eskudunaren menpean geldituko dira. Ordenantza arautzaileak indarra hartzen duen egunetik aurrera lizentzia guztiek araubide juridiko bera izanen dute, zein udaletakoak izan diren kontuan hartu gabe.
4. Baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskuduna izanen da dirusarrera publiko guztien titularra (tasak, kanonak, lizentziak adjudikatzeko prozeduren ondoriozko dirusarrerak eta indarreko araudiaren arabera bidezkoak diren beste guztiak). Dirusarrera horiek baterako zerbitzurako eremuko hiri garraioko sistemara bideratuko dira, 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. Baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak bere gain hartuko ditu eskumenak erabiltzearen ondoriozko gastuak, eremua erregulatzeko arauetan besterik ezarri ezean.
6. Baterako zerbitzurako eremuetako toki entitate eskudunek gaitasuna izanen dute beste administrazio batzuekin hitzarmenak egiteko eta Espainiako, Europako edo nazioarteko programetan parte hartzeko, taxi zerbitzuaren garapena helburu.
51. artikulua. Hiriko garraio moten integrazioa.
Baterako zerbitzurako eremu bakoitzeko taxi zerbitzua erabat sartuko da eremuko hiri garraioko sisteman, eremuko garraio publikoaren plangintza, koordinazioa, batasun ekonomikoa, sustapena eta garapena bateratzeko. Baterako zerbitzurako eremu bakoitzeko hiri garraioko sisteman sartuko dira eremua kudeatzen duen toki entitatearen eskumeneko garraio publiko mota guztiak. Baterako zerbitzurako eremu bakoitzeko toki entitate eskudunaren baliabide ekonomikoak eremuko hiri garraioko sistemako zerbitzuei loturik egonen dira.
VIII. KAPITULUA
Lanbide-elkarteak eta ordezkaritza
52. artikulua. Taxien sektoreko lanbide-elkarteak eta ordezkaritza
1. Taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkartetzat joko dira hala eratuta daudenak eta aurrerantzean hala eratzen direnak, indarra duen araudiari loturik, baldin eta kasuan kasuko jarduera- eta ordezkaritza-eremuan emandako lizentzien eta lizentziarik gabeko baimenen titular guztien 100eko 5 biltzen badituzte, gutxienez.
2. Foru lege honetan edo ordenantzetan ezarritakoaren arabera taxien sektoreko lanbide-elkarteei entzunaldia eman behar zaienean honela eginen da:
a) Kontsultatu behar den gaiak zein lurraldetan duen eragina, lurralde hartan ordezkagaitasun handiena duten bi lanbide-elkarteei emanen zaie entzunaldia. Ordezkagaitasuna neurtzeko, kontuan hartuko da kontsultaren gaiak eragiten dion lurraldeko lizentzien eta lizentziarik gabeko baimenen titularretatik zenbat biltzen dituen lanbide-elkarte bakoitzak.
b) Lanbide-elkarte bakar batek betetzen badu a) letrako baldintza, berari emanen zaio entzunaldia, eta kontsultaren gaiak eragiten dion lurraldean behar adinako ordezkagaitasuna duen lanbide- elkarterik ez badago, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkagaitasun handiena duen elkarteari emanen zaio entzunaldia.
IX. KAPITULUA
Nafarroako Taxien Kontseilua
53. artikulua. Nafarroako Taxien Kontseilua sortzea. 1. Nafarroako Taxien Kontseilua sortuko da, Nafarroako Foru Komunitateko taxi zerbitzuen arloko kontsulta eta aholku organo gisa.
2. Nafarroako Taxien Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Taxien sektorearen eta administrazio eskudunen arteko kontsulta organo gisa aritzea.
b) Administrazio eskudunekin lankidetzan aritzea taxi zerbitzuak gero eta hobeak izan daitezen eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabil ditzaten lortzeko.
c) Txostenak ematea, foru lege honetan aurreikusitako kasuetan.
d) Administrazio eskudunei txosten, proposamen eta iradokizunak aurkeztea Nafarroako Foru Komunitateko taxien sektorea hobetzeko.
e) Foru lege hau garatzeko arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizun guztiak.
3. Nafarroako Taxien Kontseilua garraioen arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio.
54. artikulua. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren, Nafarroako toki entitateen, sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteen eta kontsumitzaile eta erabiltzaile eta mugikortasun urria duten pertsonak ordezkatzen dituzten elkarteen ordezkariek osatuko dute Nafarroako Taxien Kontseilua, foru dekretu bidez zehaztuko den moduan.
2. Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko dira.
X. KAPITULUA
Kontrol, ikuskapen eta zehapen araubidea
1. ATALA
Ikuskapena
55. artikulua. Ikuskapen organoak.
1. Lizentziak emateko eskumena duten udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki entitateek berariaz izendatzen dituzten organoek zaindu eta ikuskatuko dituzte hiriko taxi zerbitzuak.
2. Garraioen arloko eskumena duen departamentuko organoek zaindu eta ikuskatuko dituzte hiriarteko taxi zerbitzuak. Hori guztia, beste administrazio batzuek ikuskapenaren arloan izan ditzaketen eskumenak eragotzi gabe.
3. Beren eginkizunetan ari diren ikuskatzaileak agintari publikotzat hartuko dira.
4. Ikuskapen zerbitzuen akta eta txostenetan edo garraioa zaintzeko legezko gaitasuna duten indarren salaketetan egiazkotzat jasotzen diren gertaerek froga-balioa izanen dute. Herritarrek ere frogak seinalatu edo aurkeztu ahal izanen dituzte beren eskubide edo interesak defendatzeko. 5. Ikuskatzaileek, beren eginkizunak eraginkortasunez betetzeko, laguntza eskatu ahal izanen diete udaltzainei, foruzainei eta beste segurtasun indar eta kidego batzuei, baita beste administrazio batzuetako ikuskapen zerbitzuei ere.
56. artikulua. Ikuskapen lanak.
1. Ikuskapenak ofizioz eginen dira, aurretik salaketa egon nahiz ez.
2. Foru lege honetan aipatutako lizentzia eta baimenen titularrek eta, oro har, foru lege honetako arauei lotutako pertsona guztiek, beren ibilgailuak eta aldean eraman behar dituzten agiriak aztertzen utzi behar diete beren eginkizunetan ari diren ikuskatzaileei, foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ahal dezaten.
2. ATALA
Zehapen araubidea
57. artikulua. Erantzukizunari buruzko arauak.
1. Taxi zerbitzuei buruzko arauak hausten direnean honakoei egotziko zaie erantzukizun administratiboa:
a) Norberaren lizentzia edo baimenaren babespean egindako taxi zerbitzuetako arau-hausteen erantzukizuna lizentzia edo baimenaren titularrari egotziko zaio.
b) Besteren izenean emandako lizentzia edo baimenen babespean egindako taxi zerbitzuetako arau- hausteen erantzukizuna lizentzia edo baimena erabili duen pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio, eta lizentzia edo baimenaren titularrari ere bai, ez badu frogatzen bere lizentzia edo baimena erabiltzeko baimenik eman ez duela.
c) Lizentzia edo baimenik gabe egindako taxi zerbitzuetako arau-hausteen erantzukizuna ibilgailuaren titularrari egotziko zaio.
d) Erabiltzaileek eta, oro har, aurreko idatz-zatietako kasuetan egon gabe, aipatu arauen eraginpeko jarduerak egiten dituzten pertsonek arau-hausteak egiten dituztenean, erantzukizuna egotziko zaio kasuan kasuko araua bete beharra duen pertsona fisiko edo juridikoari, edo araudiak berariaz erantzule egiten duenari.
2. Aurreko idatz-zatian aipatutako pertsona fisiko edo juridikoei egotziko zaie erantzukizun administratiboa, betiere ukatu gabe pertsona horiek bidezko ekintzak balia ditzaketela arau-hausteak materialki egozten ahal zaizkien pertsonen aurka.
58. artikulua. Arau-hausteak.
1. Foru lege honetan ezarritako arauen kontra doloz, erruz edo zabarkeria hutsez egiten diren ekintzak eta omisioak arau-hauste administratiboak izanen dira.
2. Taxi zerbitzuen arloko arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke. 3. Foru lege hau garatzeko ematen diren arauetan zehatzago azaldu ahal izanen dira hemen ezarritako arau-hausteak, eta zehapena duten jokaerak hobeki identifikatzeko xehetasunak eman ahal izanen dira, betiere arau-hauste berririk ezarri gabe eta sailkatutako arau-hausteen izaera aldatu gabe.
59. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Arau-hauste oso larritzat joko dira:
a) Taxi zerbitzuak egitea horretarako behar den lizentzia, baimena edo ikus-onespena eduki gabe.
b) Taxi zerbitzuak egitea pertsonen segurtasunerako arrisku larria eta zuzenekoa sortzeko moduan. Bereziki taxi gidatzea mozkorturik edo sorgorgarrien eraginpean.
c) Ikuskapen zerbitzuei legez edo erregelamendu bidez eman zaizkien eginkizunak betetzea galaraztea, trabak edo eragozpenak jarriz.
d) Besteren izenean emandako lizentziak edo baimenak erabiltzea.
e) Administrazio eskudunak zerbitzuari buruz ezarritako betebeharrak ez betetzea.
f) Taximetrorik ez edukitzea, taximetroa manipulatzea, modu ezegokian funtzionatzen jartzea edo erabiltzaileei hura ikusten ez uztea.
g) Taxi zerbitzua egiten duen pertsona lizentzia edo baimenaren titularra edo hark kontrataturiko pertsona bera ez izatea, edo, taxi gidari profesionalaren baimena behar delarik, baimen hori ez duen pertsonak taxi zerbitzua egitea.
h) Taxi lizentzia eskualdatzen denean, eskuratzaileak administrazio eskudunari eskualdaketaren zenbateko ekonomikoa ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean, edo zenbatekoari buruzko datu faltsuak jakinaraztea.
i) Foru lege honen 20. artikuluan soldatapeko langileentzat ezarritako araubidea ez betetzea.
j) Mugikortasun urria duten pertsonak baztertzea.
k) Taxi zerbitzuak egitea ibilgailuan doazen erabiltzaileen kopurua araudi indardunak baimendutako eserleku kopurua baino handiagoa denean.
60. artikulua. Arau-hauste larriak.
Arau-hauste larritzat joko dira:
a) Lizentzia edo baimenari atxikitako ibilgailua ez beste bat erabiltzea zerbitzuak egiteko, salbu eta hori arau-hauste oso larria denean, aurreko artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera.
b) Lizentziaren funtsezko baldintzak ez betetzea, salbu eta hori arau-hauste oso larritzat sailkatu behar den kasuetan. Funtsezko baldintzak dira 6. artikuluan titular izateko eskatutako guztiak, eta gainera honako hauek: b.1) Hiriarteko zerbitzuak, turismo-ibilgailuetan, lizentzia eman den udaletik abiatuta egitea, 47. artikuluan ezarritakoa salbu.
b.2) Ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatzea, hala egin behar den kasuetan.
b.3) Ibilgailuaren baldintza teknikoak, segurtasun baldintzak eta antzinatasunari buruzkoak betetzea; zerbitzua kontrolatu ahal izan dadin ibilgailuan nahitaez instalatu behar diren tresnak instalatzea eta haien funtzionamendu egokia zaintzea.
b.4) Tarifen araubidea betetzea.
c) Baimendutako lurralde-eremutik kanpo zerbitzuak egitea.
d) Behar diren kontrol-agiriak ez edukitzea edo agiri horiek faltsutzea.
e) Zerbitzuan egonik erabiltzaileen eskaerei jaramonik ez egitea, edo hasitako zerbitzua bertan behera uztea, bidezko arrazoirik izan gabe.
f) Erabiltzaileek erreklamazioak egin ditzaten eduki behar den agiria ez edukitzea edo erabiltzaileei ez ematea, eta erabiltzaileen erreklamazio edo kexak administrazioari ezkutatzea edo berandu jakinaraztea bidezko arrazoirik izan gabe.
g) Ikuskapen zerbitzuen lana oztopatzea, aurreko artikuluko c) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direnean.
h) Administrazioari jakinarazi behar zaizkion datuak ez jakinaraztea.
i) Baimendu gabeko bereizgarriak eramatea ibilgailuko edozein tokitan.
j) Ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporraldien araubidea eta foru lege honen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz ezartzen diren nahitaezko zerbitzuena ez betetzea.
k) Aurreko artikuluan azaltzen diren arau-hausteetako edozein egitea, baldin eta, haren izaera edo inguruabarrak ikusirik, oso larritzat sailkatu beharreko arau-haustea ez bada. Inguruabar horiek frogatu egin behar dira eta ebazpenean arau-haustearen sailkapenaren arrazoiak azaldu behar dira.
l) Taximetroa martxan jartzea erabiltzailea ibilgailuan sartu aurretik, ordenantzetan ezarritakoaren arabera.
m) Lizentzia edo baimena duen ibilgailuaren ordez aldi baterako hartutako ibilgailua modu ezegokian erabiltzea.
n) Aurreko idatz-zatietan aurreikusi gabeko beste edozein arau-hauste, lurreko garraioa arautzen duten legeetan larritzat jotzen bada.
61. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arintzat joko dira: a) Zerbitzuak egitea horretarako legezko gaitasuna ematen duten agiriak edo egiten ari den garraio mota behar bezala egiaztatzeko eska daitezkeen agiriak ibilgailuan eduki gabe, salbu eta arau- hauste hori oso larritzat sailkatu behar den kasuetan, 59. artikuluko a) letran xedatutakoaren arabera.
b) Ibilgailuan behar diren bereizgarriak ez eramatea, edo nekez ikusteko moduan eramatea, eta bereizgarri horiek modu ezegokian erabiltzea.
c) Behar diren tarifa-taulak eta erabiltzaileei erakutsi behar zaizkien gainerakoak falta izatea.
Taula horien faltaren pareko arau-haustea izanen da taulak toki ezegokian egotea, edo erabiltzaileei haien edukiaz jabetzea eragozten dieten akatsak izatea (neurriak, ulergarritasuna, idazkera eta abar).
d) Foru lege honen 42. artikuluan erabiltzaileentzat ezarritako eskubideak ez errespetatzea, salbu eta arau-hauste hori oso larritzat edo larritzat sailkatu behar den kasuetan, 59. eta 60. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
e) Erabiltzaileek ibilgailuan zerbait uzten dutenean, ordenantzetan ezarritako epean agintari eskuduna jakinaren gainean ez jartzea.
f) Ibilgailuetako publizitateari buruz ezartzen diren arauak ez betetzea.
g) Zerbitzua egiteko ibilbide ezegokia hautatzea, edo erabiltzailearen interes ekonomikoen kalterako dena, edo erabiltzaileak agindutakoarekin bat ez datorrena, bidezko arrazoirik izan gabe.
h) Erabiltzaileek dagozkien betebeharrak ez betetzea, salbu eta erabiltzaileentzako arau horiek dituen araudian arau-hauste hori berariaz larritzat jotzen den kasuetan.
i) Aurreko artikuluan azaltzen diren arau-hausteetako edozein egitea, baldin eta, haren izaera edo inguruabarrak ikusirik, larritzat sailkatu beharreko arau-haustea ez bada. Inguruabar horiek frogatu egin behar dira eta ebazpenean arau-haustearen sailkapenaren arrazoiak azaldu behar dira.
62. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
Arau-hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta arinak urte baten buruan. Betiere preskripzio epea arau-haustea egiten den egunean hasiko da.
Interesduna jakitun delarik zehapen prozedura hasten denean, preskripzio-epea eten eginen da. Berriz hasiko da kontatzen zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik egoten bada ustezko arau- hausleari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.
63. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena egin edo/eta 300 euro bitarteko isuna ezarriko da; arau- hauste larriengatik 1.300 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta arau-hauste oso larriengatik 2.600 euro bitarteko isuna. Muga horien barruan isunaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da arau- hausteak gizartean zer nolako eragina duen, nahita egin ote den, zenbaterainoko kaltea eragin duen eta arau-hauslea berrerori ote den. 2. 59. artikuluko a) eta b) idatz-zatietako arau-hausteak egiten direnean, zehapena ezartzeaz gain, garraiorako erabiltzen den ibilgailua prezintatu eta lizentzia edo baimena gehienez urtebeterako kendu ahal izanen da.
3. Zerbitzua egin bitartean 59. artikuluko a) edo b) idatz-zatiko arau-hausteak egiten ari direla ikusten bada, ibilgailua berehala geldiarazteko agindu ahal izanen da eta neurri horrek indarrean iraunen du harik eta arau-haustea eragiten duten arrazoiak desagertu arte. Horrelakoetan administrazio eskudunak behar diren neurriak hartu ahal izanen ditu erabiltzaileek ahalik eragozpen gutxien jasan dezaten.
4. Berrerortzea da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
5. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez du ezertan galaraziko lizentzia baliogabetzea, foru lege honen 6. eta 60.b) artikuluetan definitzen diren funtsezko baldintzak betetzen ez badira.
64. artikulua. Organo eskudunak.
Hiriko taxi zerbitzuei dagokienez, udalek edo baterako zerbitzurako eremuetako toki erakundeek ezarriko dituzte foru lege honetan aurreikusitako zehapenak, legez edo erregelamendu bidez horretarako eskumena duten organoen bitartez.
Hiriarteko taxi zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuak ezarriko ditu zehapenak, legez edo erregelamendu bidez horretarako eskumena duten organoen bitartez.
65. artikulua. Zehapen prozedura.
1. Zehapen prozeduraren ebazpena urtebeteko epean jakinarazi behar da, prozedura hasten den egunetik hasita. Epe hori iraganik, espedientea iraungitzat deklaratu eta jarduketa guztiak artxibatu beharko dira.
2. Foru lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozedura bat etorriko da guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeetan eta zehapen prozedurari buruzko foru araudian xedatutakoarekin. Hala behar denean, kontuan hartuko dira lurreko garraioaren arloan indarra duen araudian edo ordenantzetan dauden zehaztapenak.
3. Zehapenen betearazpena dela-eta, administrazio prozedurari buruzko legeetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketari buruzko Erregelamenduan dauden arau orokorrak aplikatuko dira.
4. Administrazio bideari amaiera eman dioten ebazpenen bidez ezarritako isunak ordaintzea nahitaezko baldintza izanen da lizentziak ikus-onesteko, lizentzien eskualdaketarako baimen administratiboa emateko eta ibilgailuen transferentziarako baimen administratiboa emateko, betiere arau-haustea horiekin egin bada.
5. Zehapen espedientearen hasiera jakinarazi eta hurrengo hamabost egunen barruan interesdunak bere borondatez isuna ordaintzen badu, isunaren zenbatekoa ehuneko 25 murriztuko da. Zehapen ebazpena eman baino lehen isuna ordaintzen bada, prozedura amaituko da, salbu eta isunak berekin bestelako zehapenen bat dakarren kasuetan; horrelakoetan, beste zehapen horri dagokionez, prozedura azkeneraino beteko da.
66. artikulua. Zehapenen pilaketa eta aplikazioa.
1. Zehapen prozedura tramitatu bitartean, organo eskudunak erantzukizun administratiborik ez eskatzea erabakiko du, gertaera berarengatik aurretik zehapen penal edo administratiboren bat ezarri dela eta subjektua eta oinarria ere oraingo berberak izan direla egiaztatzen bada.
2. Arau-hauste bat egitearen ondorioz halabeharrez beste arau-hausteren bat egin bada, arau- hauste larrienari dagokion zehapena bakarrik ezarriko da.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremua
1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremua ezartzen da. Udalerri hauek sartuko dira eremu horretan: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain-Elortzibar, Oltza, Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia. Oso-osorik eremu horretako mugartean egiten diren taxi zerbitzuak hiriko taxi zerbitzutzat joko dira.
2. Aipatu udalek mankomunitatean antolatu eta kudeatuko dute eremu horretako taxi zerbitzua. Iruñerriko Mankomunitatea izanen da toki entitate eskuduna Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan.
3. Foru lege honek indarra hartzen duenetik bi hilabeteko epean, udalek taxi zerbitzua kudeatzeko Iruñerriko Mankomunitatean sartzeko erabakia hartu ahal izanen dute.
4. Baldin eta 1. idatz-zatian aipatutako udalerrietako baten bat taxi zerbitzua kudeatzeko Iruñerriko Mankomunitatean sartzen ez bada, edo inoiz haietakoren bat Mankomunitatetik bereizten bada, honako arauak aplikatuko dira:
a) Gutxienez udalerrien bi herenak, Eremuko biztanleen 100eko 75 edo gehiago biltzen dituztenak, Mankomunitatean sartzen badira edo bertan irauten badute, Nafarroako Gobernuak Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko lurraldea aldatuko du, integratu gabeko udalerriak kanpo utzita. Hala gertatuz gero, 1. idatz-zatian adierazitako mugartean egiten diren taxi zerbitzuak, abiapuntua eta helmuga eremuaren barruko udalerrietan badituzte, hiriko taxi zerbitzutzat joko dira, nahiz eta ibilbidean tarteka eremutik irten.
b) Aurreko a) letran ezarritako portzentajeak lortzen ez badira, Nafarroako Gobernuak beste formula bat onetsi ahal izanen du Iruñerrian taxi zerbitzua egoki arautu eta antolatzeko.
5. Lehen idatz-zatian aipatutako udalerri guztiek atxikipen erabakiak hartu ondoren, edo, hala suertatuz gero, 4. idatz-zatiko a) letran aurreikusitakoa aplikatu ondoren, Iruñerriko Mankomunitateak, hilabeteko epean, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuaren ezarpena berretsiko du, eta aldi berean bere gain hartuko ditu eremuko udalerrietako taxi zerbitzuak kudeatzeko eskumenak. Epe berean Mankomunitateak hasierako onespena emanen dio eremuko taxi zerbitzua arautzeko ordenantzari.
Baterako Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan taxi zerbitzua arautzen duten ordenantzek eta tarifek indarra hartu arte, indarrean iraunen dute eremuko udalerrietan zerbitzua arautzeko izandako baldintzek.
6. Nafarroako Gobernuak, garraioen arloko eskumena duen departamentuaren proposamenez, 1. idatz-zatian aipatutakoez gain beste udalerri batzuk sartu ahal izanen ditu Iruñerriko Mankomunitatean, taxi zerbitzuari dagokionez, aldez aurretik udal interesdunak hala eskatuta, Iruñerriko Mankomunitateak erabakia hartuta eta Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena emanda.
7. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñeko Eremuan taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra honakoa izanen da: 1,33 lizentzia 1.000 biztanleko. Hurrengo idatz-zatian ezarritako baldintzak beteko dira.
8. Iruñerriko Mankomunitateak behar adina lizentzia emanen du, hau da, taxi lizentzien gutxieneko indize orokor hori aplikatuta ateratzen den kopurua ken eremuko udalerrietan guztira dauden lizentzien kopurua. Prozedura honi jarraituko zaio:
A) Baterako zerbitzurako eremu honetan Iruñerriko Mankomunitateak eskumenak hartuko dituen mementotik aitzina 90 lizentzia emanen dira. Prozesu hori 2006ko urtarrilaren 1etik eta 2007ko apirilaren 1era bitarteko epean eginen da.
B) Iruñerriko Mankomunitateak 2007. urtean berariazko azterketa eginen du Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko taxi zerbitzuaren egoeraren gainean. Mugikortasuna eta alderdi sozioekonomikoak aztertuko ditu, ondoko irizpideak, gutxienez, kontuan harturik:
a) Bere mugarteko taxi zerbitzuen eskaria eta eskaintza.
b) Biztanleen garraio beharrizanak noraino betetzen diren mota guztietako garraio zerbitzu publikoen bidez.
c) Taxi zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetasun maila.
d) Eremuan taxi zerbitzuaren eskaria sor dezaketen jarduerak: merkataritza, industria, turismoa eta bestelakoak.
e) Bere mugarteko zerbitzu publikoen azpiegiturak (osasuna, irakaskuntza, gizarte zerbitzuak, aisiarako tokiak, jolas eta kirol jarduerak), garraioak eta taxi zerbitzuen eskariari eragiten dioten beste faktore batzuk.
f) Taxi zerbitzua ematearen azterketa ekonomikoa.
Nafarroako Taxien Kontseiluak nahitaez emanen du azterketa horri buruzko txostena.
C) Iruñerriko Mankomunitateak, dituen eskumenen esparruan, lizentzia gehiago emateko egutegia eta prozedura ezarriko ditu, B) letran ezarritako azterketan ageri diren ondorioak eta proposamenak oinarri, eta honakoak kontuan hartuko ditu: a) Baldin eta lizentzia berrien kopurua, azterketako proposamenen aplikazio eperako, ez bada 7. idatz-zatian ezarritako erreferentzia-indize orokorrera iristen, erreferentzia-indize horri eutsiko zaio helburu izan dadin etorkizuneko azterketetan.
b) Baldin eta lizentzia berrien kopurua, azterketako proposamenen aplikazio eperako, 7. idatz-zatian ezarritako erreferentzia-indize orokorra baino handiagoa bada, erreferentzia-indize berri hori ezarriko da.
9. Iruñerriko Mankomunitateak azterketa eginen du bere eraginpeko eremuko hiriko taxi zerbitzuaren egoeraz, Eskualdeko Garraio Plan bakoitza egitearekin batera. Azterketa horretan aurreko idatz- zatiko B) letran aipatutako gaiak jorratuko dira, gutxienez. Behar izanez gero, azterketa horrek bide emanen du Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan lizentzien indize orokor berria ezarri eta aplikatzeko, foru lege honen 9. artikuluan aipatutako izapideak eginda.
10. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera hurrenez hurren egin behar diren azterketak Eskualdeko III. Garraio Plana egin eta onesten denean hasiko dira. Hurrengo garraio planetarako horrelako azterketa gehiago eginen dira.
11. Eremuko taxi zerbitzua arautuko duen ordenantzan araubide egokia ezarri beharko da eremuko udalerri guztietan taxi-ibilgailuak eskuragarri izanen direla ziurtatzeko.
LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantzak egokitzea
1. Udalerri guztiek, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan sartzen direnek izan ezik, beren ordenantzak foru lege honetan xedatutakoaren arabera egokituko dituzte, foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.
2. Udalerri horietan ordenantzak egokitu bitartean oraingo ordenantzak erabiliko dira, foru lege honekin bat datozen heinean.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Udalerriek taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra lortzeko izanen duten epea
Baterako zerbitzurako eremuetan sartzen ez diren udalerriek 36 hilabeteko epea izanen dute, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita, foru lege honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera dagokien erreferentzia-indize orokorra lortzeko. Lizentzien kopuru hori iristeko egutegia ezarri ahalko da.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Taxi gidari profesionalaren baimena
Foru lege honek indarra hartzen duen egunean taxi lizentzien titular diren pertsona fisikoei ofizioz emanen zaie taxi gidari profesionalaren baimena, baldin eta kasuan kasuko udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak baimen hori eskatzen badie taxi zerbitzuari buruzko ordenantzan. LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Taximetroa
Foru lege honek indarra hartzen duen egunetik hasita urtebeteko epea egonen da taximetrorik gabeko ibilgailuei taximetroa jartzeko, baldin eta kasuan kasuko udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak epe laburragoa ezartzen ez badu.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Foru legea nola aplikatu Nafarroako Taxien Kontseilua eratu arte
Nafarroako Taxien Kontseilua eratu arte, foru lege honetan Kon- tseiluari kontsulta egin, entzunaldia eman edo txostena eskatu behar zaiola aurreikusten den kasuetan, kontsulta, entzunaldi edo txosten izapidea taxien sektorea ordezkatzen duten elkarteekin, ukitutako toki entitateekin eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak ordezkatzen dituzten elkarteekin eginen da.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indarrik gabe utzi dira errepideko hiri garraio publikoa arautzen duen ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legearen 20. eta 21. artikuluak, eskatu ahalako TI motako garraio zerbitzuak (taxiak) erregulatzen dituzten arauak, Nafarroako Foru Diputazioaren 1979ko ekainaren 6ko Erabakiaren bidez onetsiak, eta foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
Zehapenak eguneratzea
Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du arau-hauste administratiboengatiko zehapenak, foru lege honetako X. kapituluan ezarritakoak, berrikusi eta eguneratzea.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Arauen garapena
Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA
Indarra hartzea
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.