Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa

2005-07-01

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2005/7/8, 81. zk.

8/2005 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.

FORU LEGEA, NAFARROAKO BABES ZIBILARI ETA LARRIALDIEN KUDEAKETARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA 1.

Espainiako Konstituzioak, 15. artikuluan, adierazten du bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea funtsezko eskubideetan lehenengoa eta garrantzitsuena dela. 9.2 artikuluak, berriz, ezartzen du botere publikoek behar diren baldintzak sustatu behar dituztela herritarren eta herritarrak biltzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoa eta eragingarria izan daitezen, eskubide horiek oso-osorik erabiltzea oztopatzen edo zailtzen duten trabak desagerrarazteko lan egin behar dutela eta herritar guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzeko bideak jarri behar dituztela. Botere publiko guztiei dagokien betebehar horrek bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea bermatzeko neurri eragingarriak hartu beharra dakar berekin eta, horretarako, eskubide hori oso-osorik baliatzeko traba guztiak kentzen saiatu behar dira.

Ez Espainiako Konstituzioaren, ez foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Foru Legearen eskumenen artean, ez da babes zibilaren aipamenik egiten. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak emandako hainbat epaitan _123/1984 eta 133/1990 epaiak_, adierazi du babes zibila "segurtasun publikoaren arloan" estatuari dagozkion eskumenen artean kokatzen dela, deusetan galarazi gabe polizia autonomikoaren arloan autonomia erkidegoei dagokien eskumena edo segurtasun publikoarekin zerikusia duten beste eskumen batzuk, konparazio batera, eraikinak eta instalazioak zaintzekoak edo osasunaren, errepideen, mendien eta basoen gaineko eskumenak besteak beste. Hortaz, Konstituzioaren jurisprudentziaren arabera, babes zibilaren gaineko eskumena estatuarena eta autonomia erkidegoena da, nahiz eta Espainia osoko edo autonomia erkidegoez gaindiko larrialdi, katastrofe edo hondamendietan babes zibilaren arauak ematea estatuari dagokion ezinbestean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateak foru lege hau aldarrikatzeko duen eskumena Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikotik dator, babes zibilari loturiko eskumen asko aitortu eta esleitzen baitizkio. Zehazki, segurtasun publikoaren gaineko eskumena aipatu beharra dago, 51. artikuluan jasoa, eta, orobat, herrilan eta ikuskizunen gaineko eskumen osoa, 44. artikuluan agertzen dena, foru araubidearen ondorioz trenbideen, errepideen, trafikoaren eta zirkulazioaren, naturgune babestuen eta mendien arloetan Nafarroari dagokion eskumen esklusiboa (49. eta 50. artikuluak) eta, azkenik, osasunaren, industriaren, ingurumenaren eta ekologiaren arloetako eskumenak, hurrenez hurren, 53., 56. eta 57. artikuluetan adierazten direnak. Horiek guztiak babes zibilaren arloko eskumena legitimatzen duten benetako baliabide gaikuntza-emaileak dira, beste administrazio publiko batzuei dagozkien esparruak errespetatuz betiere.

2. Nafarroan babes zibila eta larrialdien kudeaketa arautzeko arau bat beharrezkoa da. Arau horrek foru legearen maila izan behar du ezinbestean, bere baitan biltzen diren helburuak eraginkortasunez betetzeko behar diren neurri, beharkizun eta eskubide guztiak ezarri ahal izateko.

Foru lege honen helburua babes zibileko eta larrialdietako ekintzak antolatzea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Horretarako, batetik, Nafarroako administrazio publiko bakoitzaren jarduketak arautuko dira, bai arriskuen prebentzio eta kontrol arlokoak, bai, gerta litezkeen larrialdi, katastrofe eta hondamendi publikoen kudeaketari dagozkionak, eta, beste alde batetik, jarduera arriskutsuak hartzen dituzten establezimendu publiko eta pribatuei autobabeserako neurriak eskatuko zaizkie, hots, arriskua sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten pertsona edo enpresek beraiek jarduera horien ondorioak aurreikusteko eta, horrenbestez, beren burua babesteko abian jarri behar dituztenak. Horrekin, larrialdiak kudeatzeko sistema integratu eta bateragarri bat beti eskura egotea bermatu nahi da, Nafarroako lurralde eremuan gertatzen diren egoera kaltegarri edo arriskutsuetan edo hondamendietan egin beharreko lan guztiak egoki koordinatu, zuzendu eta kontrolatzeko.

Foru lege honek estatuak arlo honetan duen eskumena errespetatzen du, interes nazionalekotzat jotzen diren larrialdiak legearen eskumenen esparrutik kanpora uzten baitira. Administrazio publikoek, oinarrizko legediaren arabera, babes zibilaren eta suteen prebentzio eta itzaltzearen arloetan dituzten eskumenak ere errespetatzen ditu lege honek, horiek estatuko eta autonomia erkidego bakoitzeko arauek ezarritakoaren arabera erabiliko baitira, eta hori da, hain zuzen, foru lege honen helburua, arauketa hori egitea.

3.

Foru legea bost titulutan banatuta dago. Hirurogeita bederatzi artikulu ditu, sei xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

I. tituluan foru legearen xedapen orokorrak bildu dira: helburu eta aplikazio esparrua, legean gehien erabiltzen diren terminoen definizioak eta Nafarroako administrazio publikoek babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan jorratu beharreko ekintzak. Horrez gainera, larrialdietan jardun behar duten zerbitzu operatiboak dituzten administrazio publikoek eta erakunde publiko edo pribatuek horrelakoetan segitu beharreko irizpideak finkatzen dira.

II. tituluak larrialdi kolektibo egoeretako babes zibila arautzen du. Ildo horretan, I. kapituluan ohiz kanpoko larrialdietan Nafarroako administrazio publikoei dagozkien oinarrizko jarduketak arautu eta antolatzen dira. Lehenbizi, arrisku egoeren aurreikuspena eta prebentzioa aztertzen dira. Horretarako, Nafarroako arriskuen katalogoa eta mapa eta jarduera arriskutsuen katalogoa egitea aurreikusten da; bigarrenik, larrialdietan eman beharreko erantzuna planifikatzeko arauak ematen dira, babes zibilerako planak prestatu eta onetsi beharra ezartzen baita, horiek baitira horrelako egoerei aurre egiteko antolamenduko baliabideak. Horri dagokionez, Nafarroako Babes Zibilaren Lurraldeko Plana, udaletako lurralde planak, plan bereziak, plan berariazkoak eta autobabeserako planak bereizten dira. Hirugarrenik, planak abian jarri ondoren esku hartzeko jarduketak arautzen dira. Arlo honetan, larrialdietako neurri bereziak hartzeko aukera aurreikusten da, baliabideak mobilizatzeko irizpideak finkatzen dira eta hondamendiko larrialdia deklaratzeko aukera ere aurreikusten da. Laugarrenik, normaltasun egoerara itzultzeko jarduketak arautzen dira; II. kapituluan arlo honetako antolamendu administratiboa ematen da eta foru zein toki administrazioan eskumena izanen duten organoei eginkizun berariazkoak esleitzen zaizkie; III. kapitulua herritarren lankidetzari buruzkoa da eta bertan babes zibileko lanetan herritarrei dagokien parte-hartzea arautu eta hori sustatzeko neurriak ematen dira; azkenik, IV. kapituluan pertsonei, ondasunei edo ingurumenari ohiz kanpoko kalteak eragiten ahal dizkieten jarduera, zentro edo establezimenduak ikuskatzeko ahalmena arautzen da.

III. tituluak larrialdi edo hondamendi egoeren kudeaketa arautzen du, horietan sektore batek baino gehiagok lan egiten duenean edo larrialdi egoeretan laguntza ematearekin zuzeneko edo zeharkako zerikusia duten zerbitzu publiko edo pribatuak mobilizatu eta koordinatzeko neurriak hartu behar direnean.

IV. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako dituzten zerbitzu publikoak arautzen ditu; izan ere, zerbitzu horiek babes zibilaren eremuan dauden zerbitzu publikoetan garrantzitsuenetakoak dira eta, horrenbestez, larrialdiei aurre egiteko beharrezko bermea ere badira, denbora guztian eskura daudelako eta lortu duten espezializazioagatik.

Azkenik, V. tituluak foru lege honen zehapen araubidea ezartzen du. Bertan, arau-hausteak sailkatzen dira (arinak, larriak eta oso larriak), horiei dagozkien zehapenak aurreikusten eta zehapen prozedura administratiboaren oinarrizko manuak finkatzen.

Foru lege honen azkeneko partean xedapen gehigarriak, iragankorrak eta azkenekoak daude. Bertan, larrialdietako osasun laguntzako zerbitzuen sistema egituratzen da; suhiltzaile boluntarioaren figura arautzen da; toki araubideko legediaren arabera suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako zerbitzuak eman behar dituzten toki entitateek horren dispentsa lortzeko prozedura ezartzen da; su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak ezarri eta hobetzeko kontribuzio berezia arautu eta, partez, aldatzen da; eta azkenik, babes zibileko planak foru lege honetako zehaztapenei egokitzeko aldi baterako araubidea ezartzen da.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru lege honek babes zibileko eta larrialdien kudeaketaren inguruko jarduketak arautu nahi ditu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, baina deusetan galarazi gabe interes nazionaleko larrialditzat jotzen diren egoerak arautzeko Espainiako arauek xedatzen dutena eta, halakorik izanez gero, aplikatzekoa den Europako araudiak xedatzen duena.

2. Foru lege honen ondorioetarako, hona hemen babes zibileko jarduketatzat hartzen dena: euren tamainarengatik katastrofetzat edo hondamendi publikotzat jo daitezkeen eta planifikazio egokia eskatzen duten larrialdiak aztertu, aurrez ikusi eta haietan laguntzea.

3. Foru lege honen ondorioetarako, hona hemen larrialdietarako laguntzatzat hartzen dena: pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa babestea helburu dutenak, baita ondasunak eta ingurumena zaintzekoak, gizakiak nahiz naturak eragindako larrialdiak gertatzen direnean. 2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek erabiliko dira:

a) Larrialdia: bat-batean sortzen den egoera, pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arrisku handian jartzen dituena edo kaltetzen dituena eta berehalako neurriak hartzea eskatzen duena, arriskua eten edo kalteak murrizte aldera.

b) Katastrofea: tamaina handikoa den larrialdia, eragindako eta eragin daitezkeen kalteen ondorioz sortzen den laguntza beharraren eta sistemak behar horri erantzuteko dituen aukeren artean desproportzioa ekartzen duena, haietan laguntzeko ezohiko baliabideak erabili beharra dakarrena.

c) Hondamendi publikoa: biztanleengan eragin orokorra duen katastrofea.

d) Arriskua: gertakari jakin batek pertsonei edo ondasunei kalteak eragiteko posibilitatea ohikoa baino handiagoa deneko egoera.

3. artikulua. Ekimen publikoa babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan.

Nafarroako administrazio publikoek babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan egiten duten lanak helburu hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitatean dauden arriskuak identifikatu, lokalizatu eta aztertzea, gero horien ondorioak eta, aurreikusten den arrisku egoera bakoitzean, lurraldearen eta herritarren alderdi ahulak ebaluatzeko.

b) Arrisku bakoitzean hartu beharreko prebentzio neurriak ezartzea, kalteak gertatzeko aukerak murriztu edo desagerrarazteko.

c) Nork bere burua babesteko ardura sustatzea kolektibo guztietan, herritarrak gauza izan daitezen pertsonei edo ondasunei kalteak eragiten ahal dizkieten zoritxarreko gertakariak aurreikusi eta horiei aurrea hartzeko eta, zorigaitza gertatuz gero, hura deuseztatzeko, ondorioak gutxitzeko eta jende- hustuketan laguntzeko.

d) Pertsonek eta ondasunek kalteak izanez gero, eman beharreko erantzuna planifikatzea. Horretarako, larrialdi planak ezarriko dira, ezbeharrean parte hartu beharko duten zerbitzu guztien jarduketa koordinatua ahalbidetuko duten funtzio eta hierarkia egiturak jasoko dituztenak.

e) Ezbeharra sortzen duten zergatietan batera esku hartzea, ezbeharraren hedadura eta ondorioak murrizteko.

f) Oinarrizko zerbitzuak berriz ezartzea eta ezbeharrek kaltetutako tokiak lehengoratzeko programak egitea.

g) Esku hartzeko zerbitzuko langileei prestakuntza egokia ematea.

h) Larrialdietan kalteak jaso ditzaketen herritarrei informazioa eta prestakuntza ematea.

4. artikulua. Jarduketaren printzipioak. 1. Nafarroako administrazio publikoek, foru lege honen helburuak betetze aldera eta nork bere eskumenen esparruan, larrialdien kudeaketarako sistema integratu eta bateratua izanen dute, egin beharreko lanak behar bezala koordinatu, zuzendu eta kontrolatzeko.

Sistema diseinatzeak neurriak abian jartzea eta baliabideak arian-arian aplikatzea ahalbidetuko du, larrialdien larritasun mailaren arabera, halako moldez non horien eragingarritasuna eta efizientzia bermatuko den.

2. Aurreko lerrokadan aurreikusitakoaren ondorioetarako, larrialdiren batean erabiltzeko moduko zerbitzu operatiboak dituzten Nafarroako administrazio publikoek eta entitate publiko edo pribatuek lankidetza, koordinazio, efizientzia eta proportzionaltasun printzipioei segituko diete eta beren jarduketak egokitu beharko dituzte, dauden baliabideak bateragarritasunaren eta subsidiariotasunaren arabera erabiliko baitira. Hori helburu, mobilizatzeko eta esku hartzeko erabili ohi duten prozedura Nafarroako Gobernuak larrialdiak kudeatzeko garatzen duen sistema integratuaren menpe jarri beharko dute.

3. Herritarrek foru lege honen helburuak betetzen lagundu beharko dute, lege honetan eta aplikatzekoa den ordenamendu juridikoko gainerako legeetan ezartzen diren eskubideak baliatuz eta betebeharrak betez.

II. TITULUA

Babes zibila larrialdi kolektiboetan

I. KAPITULUA

Babes zibileko jarduketak

1. ATALA

Xedapen orokorra

5. artikulua. Oinarrizko jarduketak.

Nafarroako administrazio publikoek, nork bere eskumenen esparruan, babes zibilaren arloan egin behar dituzten oinarrizko jarduketak hauek dira: arrisku egoerak aurreikusi eta horiei aurrea hartzea, plangintzak egitea, esku-hartzea (babes zibileko planak abian jarri ondoren), egoera normaltasunera ekartzea, eta herritarrei eta babes zibileko zerbitzuetako langileei argibideak eta prestakuntza ematea.

2. ATALA

Ezbeharrak aurreikustea eta haiei aurrea hartzea

6. artikulua. Aurreikustea.

1. Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako arriskuen katalogoa eta mapa eginen ditu eta bertan identifikatu eta kokatuko ditu foru lurraldean dauden arriskuak, administrazio publikoetako organo eskudunek eginen dituzten azterketetatik eta dauden aurrekarietatik abiatuta. 2. Babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako arriskuen katalogoa eta mapa garatu eta hedatzeko lana egin beharko du. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko eta estatuko administrazio eta erakunde publiko zein pribatuei behar beste datu eskatzen ahalko dizkie eta lankidetzarako hitzarmenak eta bestelakoak sinatzen ahalko ditu.

3. Nafarroako arriskuen katalogoan eta mapan arrisku kolektibo larriak sor ditzaketen egoera oro jasoko dira. Horretarako, babes zibileko plan berezien aztergai diren egoera arriskutsuen mapa tematikoak eta identifikaturik dauden gainerako arrisku mapak hartuko dira aintzat.

4. Nafarroako arriskuen katalogoa eta mapa Nafarroako babes zibileko lurralde planaren barrenean izanen dira.

7. artikulua. Aurrea hartzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek, nork bere eskumenen esparruan, arriskuak gutxitzeko eta larrialdiei, katastrofeei eta hondamendi publikoei aurrea hartzeko jarduketak bultzatuko dituzte. Arreta berezia jarriko dute egoera horiei aurre egiteko zerbitzu operatiboen gaitasuna hobetzeko eta herritarren prestakuntza eta lankidetza sustatzeko jardueretan. Horrez gainera, arauek arlo honetan ezartzen dituzten xedapenak betetzen direla begiratuko dute. Horretarako, behar izanez gero, ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmena erabiliko dute.

2. Larrialdia, katastrofea edo hondamendia sor dezaketen jarduerak egiten dituzten pertsona, enpresa eta entitateek autobabeserako neurriak hartu beharko dituzte eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren langileak eta baliabideak eduki.

3. Erregelamenduz, pertsona edo ondasunei arrisku larria sor diezaieketen jardueren katalogoa prestatuko da, hala nola jarduera horiek garatzen direneko zentro, establezimendu, leku eta instalazioena. Katalogoa prestatu aurretik, jarduera horietako titularrei entzunaldia emanen zaie, dela zuzenean, dela erakunde ordezkarien bidez.

4. Aurreko lerrokadan aipatutako katalogoan sartzen diren jarduerak egiten dituzten zentro, establezimendu, instalazio eta lekuetako titularrek autobabeserako plana eduki beharko dute, foru lege honen 15. artikuluan ezartzen denaren araberakoa, eta arriskuen ondoriozko kalteak estaltzeko adinako asegurua kontratatu beharko dute, suteen kontrakoa eta erantzukizun zibil orokorrekoa behinik behin.

5. Pertsona asko biltzen dituzten edo pertsonen edo taldeen joan-etorriak sortzen dituzten ikuskizun eta jarduerak egiteko, organo eskudunak sektore horretako araudiaren araberako baimena eman beharko du. Baimen eskaerarekin batera, arriskuari aurrea hartzeko eta, kasua bada, ebakuazioa egiteko aurreikusi diren giza, gauza eta antolamenduko baliabideen azalpena aurkeztu beharko da, hala nola litezkeen kalteak behar bezala estaltzeko kontrataturiko aseguruak, suteen kontrakoak eta erantzukizun zibil orokorrekoak behinik behin. Kasuan kasuko administrazio publikoaren organo eskudunak, babes zibilaren arloan, aztertu eta txostena eginen du, baimena eman aurretik. Txostena baimena ematearen aurkakoa bada edo prebentzio neurriak ezartzen baditu, loteslea izanen da.

6. Hezkuntza sistemako ikasmaila guztietan larrialdietarako prestakuntza eta informazio jarduerak egin beharko dira eta noizean behin ikastetxea husteko simulazio bat egin beharko da, ikastetxearen autobabeserako planean aurreikusitakoari jarraikiz. 8. artikulua. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

1. Lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako jardueretan babes zibileko zehaztapenak kontuan hartu beharko dira, arriskuen katalogoan eta mapan eta jarduera arriskutsuen katalogoan adierazitakoari jarraikiz.

2. Lurraldearen antolamenduko tresnak eta hirigintzako tresnak hasiera batez onetsi ondoren, babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuak aginduzko txostena eman beharko du, haietan onartzen den lurralde-ereduak sor ditzakeen arrisku kolektibo larriko egoerei dagokienez.

Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak, lurraren ezaugarri geoteknikoak, morfologikoak edo hidrologikoak aztertuta, arazo larririk atzematen badu edo bestelako arrisku bateraezinen bat, edo pertsonen, ondasunen edo ingurumenaren segurtasunerako dagoen arriskua dela-eta, hirigintzako aprobetxamendua egitea ez dela gomendagarria erabakiz gero, eta horrenbestez, jarduketen kontrako berariazko eragozpen-txostena ematen badu, txosten hori loteslea izanen da.

Txostena antolamendurako tresna igorri eta bi hilabeteko epean eman beharko da. Epe horretan txostenik ematen ez bada, lurraldearen antolamenduko edo hirigintzako tresnaren edukiarekin ados dagoela ulertuko da.

3. Onetsi bai baina gauzatu gabe dauden hirigintzako planeamenduetan, hirigintza arloko eskumenak dituen organoak ahalmena izanen du, arriskupeko eremuetan, arriskuak gutxitzeko behar diren aldaketak egin daitezela sustatzeko edo, aldaketak egiterik ez badago, lizentziak baliogabetzeko.

3. ATALA

Plangintza

9. artikulua. Babes zibileko planak.

1. Babes zibileko planak arrisku kolektibo larriko egoera, larrialdi, katastrofe edo hondamendi publiko baten aurrean eman beharreko erantzuna antolatzen duten baliabide nagusiak dira. Egoera horietan herritarrak, ondasunak eta ingurumena babesteko behar diren giza eta gauzazko baliabideak mobilizatu, koordinatu eta zuzentzeko bideak ezartzen dituzte.

2. Babes zibileko planen egitura eta edukia Babes Zibileko Oinarrizko Arauan, foru lege honetan eta, kasua bada, horiek garatzen dituzten arauetan ezartzen denaren araberakoak izanen dira.

3. Babes zibileko planak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Lurralde planak.

b) Plan bereziak eta plan berariazkoak.

c) Autobabeserako planak.

4. Erregelamenduz, Nafarroako babes zibileko planen erregistro publiko bat eratuko da, informazioa emateko bakar-bakarrik. 10. artikulua. Lurralde planak.

Lurralde planak lurralde eremu zehatz batean gerta daitezkeen larrialdi orokorrei aurre egiteko antolaketarako tresna dira. Helburu hauek dituzte:

a) Arriskuak identifikatu, aztertu eta ebaluatzea.

b) Aplika daitezkeen prebentzio neurriak zehaztea.

c) Arriskuei eta prebentzio neurriei buruzko informazio eta kontzientziazio jarduerak planifikatzea herritarrentzat.

d) Arlo honetan diharduten administrazio publikoen babes zibila antolatzea. Horretarako, erabil daitezkeen baliabideen katalogoa eta horiek jarduteko eta koordinatzeko irizpideak agertuko dira.

e) Plana eta esku hartzeko prozedurak aplikatzeko nahiz zerbitzuak berrezartzeko eta normaltasuna berreskuratzeko agintari eskuduna ezartzea.

f) Eremu handiagoko planak abian jartzeko irizpideak ematea.

11. artikulua. Nafarroako babes zibileko lurralde plana.

1. Nafarroako babes zibileko lurralde plana Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean gertatzen diren larrialdietan eman beharreko erantzun generikoa antolatzeko baliabidea da, ezbeharraren izaera, hedadura edo administrazio baten baino gehiagoren lana koordinatu beharra ikusita, zuzendaritza autonomikoa behar den kasuetarako, betiere Estatuko administrazio orokorreko organo eskudunek interes nazionalekotzat jotzen ez badute.

2. Nafarroako babes zibileko lurralde planean, plan zuzendaria den aldetik, Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren babes zibileko plan guztiak prestatu, onetsi eta homologatzeko jarraibide eta betebeharrak bilduko dira.

3. Nafarroako Gobernuari dagokio, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordearen txostena eginik, Nafarroako babes zibileko lurralde plana onestea. Plana estatuko araudiak xedatutakoari jarraikiz homologatuko da.

4. Nafarroako babes zibileko lurralde plana lurraldearen antolamendurako baliabidetzat joko da, Nafarroako lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

12. artikulua. Babes zibileko lurralde planak, udalekoak edo udalez gaindikoak.

1. Foru Komunitatearen eragin eremu osoa hartzen ez duten babes zibileko lurralde planak udalekoak edo udalez gaindikoak izan daitezke, planifikatzen den lurralde eremuaren arabera; izan ere, udalerri bakar bat edo udalez gaindiko izaera duen toki entitate batean baturik dauden udalerri bat baino gehiago har ditzakete.

2. Ondokoak daude behartuta udalaren babes zibileko plana prestatu eta onestera: a) Hogei mila biztanle eskubidedun baino gehiago dituzten udalerriak.

b) Udalerriaren kokapenagatik edo udalerrian bertan ala ondoko udalerrietan garatzen den industria edo turismo jardueragatik, Nafarroako arriskuen katalogoan eta mapan agertzen diren udalerriak.

3. Babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuari dagokio hogei mila biztanle eskubidedun baino gehiago dituzten udalerrietan babes zibileko planak egin daitezen bultzatzea, bai, halaber, udalerriaren kokapenagatik edo udalerrian bertan edo inguruetan garatzen den industri jardueragatik, Nafarroako arriskuen katalogoan eta mapan arrisku berezikotzat hartzen direnetan ere.

4. Udaleko edo udalez gaindiko babes zibileko lurralde planak kasuan kasuko toki entitateetako osoko bilkurek edo organo gorenek onetsi beharko dituzte, eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak homologatu beharko dituzte betiere. Udalez gaindiko planek ukitutako udalei entzuteko tramitea beteko dute.

5. Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak lurralde planak homologatzeko, plana Nafarroako babes zibileko lurralde planaren xedapenetara egokitzen ote den ikusi eta egiaztatuko du, azken hori plan zuzendaria eta integraziorako markoa baita.

13. artikulua. Plan bereziak eta plan berariazkoak.

1. Plan bereziak arrisku jakin batzuei aurre egiteko antolamendu orokorrerako tresnak dira, metodologia tekniko-zientifiko berariazkoa behar dutenak, estatuko administrazio orokorrak, arrisku kasu bakoitzari dagokion plangintzarako oinarrizko jarraibidearen bidez, araubide berezia ezarri duelako jarduera sektore horretarako, horrelako larrialdietarako edo jarduera jakin baterako.

2. Nafarroako babes zibileko lurralde plana plan zuzendaria eta integraziorako markoa da. Beraz, larrialdietako plan berezi eta berariazko guztiak haren xedapenetara egokituko dira.

3. Plan bereziak Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, babes zibilaren arloan eskumena duen kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena emanik. Estatuko araudiak xedatutakoari jarraikiz homologatuko dira.

4. Plan berariazkoak Nafarroarako eragin bereziko arriskuei aurre egiteko antolamenduko tresna orokorrak dira, erreferentziako oinarrizko jarraibiderik ez dutenak.

5. Plan berariazkoak babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak eginen ditu, foru lege honetan eta Nafarroako babes zibileko lurralde planean ezartzen diren irizpideei jarraikiz. Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, departamentu horretako kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena emanik.

14. artikulua. Udalaren jarduketa planak.

1. Udalaren jarduketa planak udal mugape osoan edo zati batean dagoen arrisku bati aurre egiteko planak dira, plan berezi edo berariazko batean ezarritakoari jarraikiz udalek egin beharrekoak.

2. Udalaren jarduketa planaren egitura eta edukia kasuan kasuko plan berezian edo plan berariazkoan ezartzen diren jarraibideen araberakoak izanen dira. 3. Udalaren jarduketa planak onesteko prozedura udal babes zibileko lurralde planentzat ezarri den berbera izanen da.

15. artikulua. Autobabeserako planak.

1. Autobabeserako planen ardura 7.3 artikuluan adierazi den katalogoan arrisku sortzailetzat jotzen diren jarduerak edo larrialdiko egoeran egon daitezkeen jarduerak egiten dituzten zentro, establezimendu, leku eta instalazioetako titular edo legezko ordezkariei dagokie, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezartzen diren irizpideei jarraikiz eta, orobat, foru lege honetan onartzen diren garapen xedapenetan eta Nafarroako Babes Zibileko Lurralde Planean ezartzen diren irizpide eta xedapenekin bat.

2. Aplikatzekoak diren arau edo planetan ezartzen dena gorabehera, autobabeserako planetan, gutxienez, honako hauek jaso beharko dira:

a) Jardueraren eta instalazioen azalpena.

b) Jarduerak sortzen dituen arriskuak identifikatu eta ebaluatzea.

c) Arriskuak gutxitu edo desagerrarazteko neurriak jasotzen dituen prebentzio plana.

d) Larrialdietarako plan bat, egoera horietan (alarma-egoera, sorospena, jende-hustuketa, etab.) hartu beharreko neurriak eta jardunbidea jasotzen dituena.

e) Instalazioetan lan egiten dutenentzako informazio eta prestakuntza neurriak eta eduki beharreko ekipamendu egokiari buruzkoak, eta erregelamenduz ezartzen den kasuetarako, baliabide berekiekin eratutako sorospen eta laguntza talde profesional berezituen antolamendua.

f) Pertsona baten izendapena, autobabeserako planean biltzen diren neurrien eragingarritasunaren erantzule izateko eta babes zibilaren arloan eskumena duten agintariekiko harremanak bideratzeko.

g) Gainean dituen lurralde planekin, plan bereziekin eta plan berariazkoekin koordinatzeko eta integratzeko irizpideak.

3. Autobabeserako planak onestea kasuko jarduera, instalazioa edo lekua baimentzeko eskumena duen organo berari dagokio, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak aginduzko txostena eman ondoren.

4. Autobabeserako planak egin beharra duten zentro edo establezimenduetako titularrek edo legezko ordezkariek planak eta horien aldaketak igorri beharko dituzte babes zibilaren arloan eskumena duten administrazioetara.

5. Babes zibileko agintariek eskumena izanen dute plana egitera behartua daudenei plana presta dezatela eskatzeko eta, plana onartzeko orduan aintzat hartutako inguruabarrak aldatuz gero, hura alda, gaurkotu edo berrazter dezatela ere. Ematen den epean errekerimenduari kasu egiten ez badiote, babes zibileko agintariek ondoko neurriren bat har dezakete (arrazoiak emanda betiere), sor litekeen arrisku egoera zenbaterainokoa den posible eta norainoko garrantzia izan lezakeen ikusita, deusetan galarazi gabe zehapena jartzeko duten ahalmena: a) Isun hertsatzaileak ezartzea, foru lege honen 66. artikuluan ezarri bezala.

b) Beharrezkotzat jotzen diren babes neurriak hartzea, hartu beharko lituzkeenaren kontura; izan ere, diru hori bere ondasunen kontura ordaintzea eskatuko zaio premiamendu bidez, nahitaezko dirubilketarako ezarrita dagoen prozeduraren arabera.

6. Behartua dagoenak autobabeserako planak prestatu, aldatu, berrikusi edo gaurkotzen ez baditu eta, horren ondorioz, jarduerak arrisku nabarmena sortzen badu edo zentroa, establezimendua edo lekua, objektiboki begiratuta, arrisku egoera larri batean egon badaiteke, administrazioak, behar den zehapen prozedura hasi ondoren, arriskua sortzen duen jarduera etetea erabaki lezake, neurri hertsatzaile gisara, edo zentroa edo instalazioa ixtea, eskatzen zaiona bete arte.

16. artikulua. Planen edukia.

1. Babes zibileko planen edukia egitura homogeneo bati jarraikiz antolatuko da, denak bateratzeko asmoz. Beraz, honako hauei buruzko informazioa eta aurreikuspenak jaso beharko dira, gutxienez:

a) Planaren eragin esparruko lurraldearen, biztanleen eta ondasunen ezaugarriak.

b) Arriskuen azterketa.

c) Dauden arriskuei aurre egiteko jarduketak. Ongi bereiziko dira prebentzio neurriak eta larrialdietako jardunbidea.

d) Larrialdietako arduradunen antolaketa: planaren zuzendaria, kontseilu aholku-emailea eta informazio kabinetea.

e) Zerbitzu operatiboak, gutxienez honako talde eduki behar dituztenak: ekintza taldea, sorospen eta salbamendu taldea, segurtasunekoa, osasunekoa, gizarte ekintzakoa eta hornidura eta laguntza logistikokoa. Horrez gainera, koordinazioaren egituraren berri eman beharko da, zuzendari tekniko baten gidaritzapean.

f) Larrialdiei aurre egiteko dauden baliabideak eta mobilizatzeko prozedurak. Ahal delarik, lehentasuna emanen zaio titularitate publikoko baliabideei.

g) Azpiegitura operatiboa. Gutxienez, alarma deiak jasotzeko zentro bat, koordinazio operatiborako zentro bat eta aginte aurreratuko zentroak izan beharko dira.

h) Planaren aplikazio mailak, alerta, alarma eta larrialdi egoeren arabera antolatuak, eta maila bakoitzarentzako neurriak.

i) Plana abian jartzeko prozedura.

j) Beste plan batzuekin integratu eta lotzeko prozedurak.

k) Herritarrak babestu eta haiei informazioa emateko neurriak.

l) Plana ezartzeko eta simulazioak egiteko programa.

m) Planaren mantentze, gaurkotze edo egokitze eta berraztertze programa. 2. Nafarroako Gobernuak finkatuko du, erregelamendu bidez, udaletako edo udalez gaindiko babes zibileko planen, plan berezien eta plan berariazkoen eta autobabeserako planen edukien egitura, salbu eta Nafarroako babes zibileko lurralde planean agertzen bada.

4. ATALA

Esku-hartzea

17. artikulua. Babes zibileko lurralde planak, plan bereziak eta plan berariazkoak abian jartzea.

1. Lurralde plan batean, plan berezi batean edo plan berariazko batean aurreikusitako arrisku larriko egoera edo larrialdi bat atzematen denean, dagokion babes zibileko plana formalki abian jar dadila aginduko du plan motaren arabera eskumena duen agintariak.

2. Abian jartzearen deklarazioa eginda, larrialdiari aurre egiteko lan guztien zuzendaritza eta koordinazioa planaren zuzendariaren esku geldituko dira. Horrek planean ezarrita dauden neurriak hartuko ditu, beharrezkoak diren aldaketa taktiko eta guzti.

3. Larrialdiaren bilakaera, arriskua nolakoa den eta eskura dauden baliabideak ikusita, gomendagarria baldin bada goragoko babes zibileko plan bat abian jartzea, bide hori hartuko da, Nafarroako babes zibileko lurralde planean eta kasuan kasuko planetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Horrelako kasuetan, lanen zuzendaritza eta koordinazioa goragoko planaren arabera eginkizun hori duen agintariaren esku geldituko dira.

4. Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmenak sinatu ahalko ditu aldameneko autonomia erkidegoekin, eremu mugakideetan gerta daitezkeen eta eragin txikikoak izanik interes nazionalekotzat jotzen ez diren larrialdiei aurre hartze aldera.

18. artikulua. Autobabeserako planak abian jartzea.

1. Autobabeserako planak abian jartzea planen zuzendariei dagokie, haietan ezarrita dagoen larrialdi egoeraren bat gertatzen denean. Plan horien abian jartzearen berri babes zibilaren arloan eskumena duten agintariei emanen zaie eta horiek planeko jarduketen segimendua egin beharko dute.

2. Lurralde plan baten, plan berezi baten edo plan berariazko baten zuzendariak ahalmena izanen du autobabeserako plan bat abian jar dadila agintzeko, zuzendariari errekerimendua eginda horrek kasurik egiten ez duenean. Horrelako kasuetan, planeko langile eta baliabideak plana abian jarri duen babes zibileko agintariaren agindupean jarriko dira.

3. Larrialdia amaitutakoan, autobabeserako planaren zuzendariak larrialdia amaitu dela jakinarazi beharko dio babes zibilaren arloan eskumena duen agintariari.

19. artikulua. Larrialdietako neurriak.

Babes zibileko planen bat abian jarriz gero, babes zibileko agintariek eskumena izanen dute herritarrentzako larrialdietako neurri hauetakoren bat ezartzeko:

a) Edonolako ondasunak hondatu edo suntsitzeko agindua ematea, behar-beharrezkoa baldin bada eta betiere egoeraren larriaren arabera. b) Behar-beharrezkoak diren ondasun edo zerbitzuak behin-behinekoz okupatzea, haietan esku hartzea edo errekisatzea.

c) Esku hartzeko eta sorospen eremuetatik jendea ateratzeko agindua ematea.

d) Jendea etxeetan edo lokaletan gelditzeko agindua ematea.

e) Operazio eremuetan jendea sartzeko debekua ezartzea.

f) Zerbitzu publikoen erabilera eta ondasun batzuen kontsumoa mugatzea eta baldintzatzea.

g) Ekintza batzuk ez egiteko agindua ematea eta, beharrezkoa bada, derrigorrezko zerbitzu pertsonalak egiteko agintzea. Zerbitzu emate hori sortu den egoeraren eta norberaren ahalmenen araberakoa izanen da eta ez du, nahitaez, kalteordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

20. artikulua. Baliabideak mobilizatzea. Printzipioak.

1. Eskura dauden baliabideak aplikatu beharreko planetan xedatuta dagoenaren arabera edo, hori ezean, agintari eskudunaren jarraibide eta aginduen arabera erabiliko dira.

2. Baliabideak printzipio hauen arabera erabiliko dira: berehalakoan erantzun beharra, larrialdia gertatu den tokitik hurbil egotea, baliabideen erabilgarritasuna, profesionalizazioa, parte-hartzaileen espezializazioa, baliabideak bateragarriak izatea eta subsidiariotasuna.

3. Babes zibileko planak abian jartzen direnean, foru lege honen 41. artikuluan aipatzen den larrialdiak kudeatzeko zentroa izanen da planean parte hartzen duten subjektu guztien koordinazioaz arduratuko dena, abian jartzen diren planetan koordinaziorako agertzen diren beste baliabide batzuk deusetan galarazi gabe.

21. artikulua. Planak geldiaraztea.

Babes zibileko planak geldiarazteko, kasuan kasuko planean ezartzen den prozedurari jarraikiko zaio.

22. artikulua. Katastrofe egoerak.

1. Larrialdi bat hain handia denean edo halako hedadura hartzen duenean non erantzuteko ahalbideak gainditzen dituen, Nafarroako Gobernuak katastrofetzat har dezake, babes zibilaren arloko eskumenak dituen departamentuko kontseilariak proposaturik.

2. Katastrofe egoera deklaratuz gero, Nafarroako Gobernuko lehendakariak hartuko du bere gain Nafarroako lurralde planaren zuzendaritza.

3. Nafarroako Gobernuari dagokio katastrofe egoeraren deklarazioaren edukia eta ondorioak finkatzea, eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko neurri bereziak ezartzea.

4. Estatuak autonomia erkidegoaz gaindiko eragina edo alarma egoera deklaratuz gero, Nafarroako Gobernuko lehendakariak larrialdiko jarduketen zuzendaritza eta koordinazioa lanak eskuordetzeko eskatzen ahalko dio nazioko gobernuari, estatuko legedian ezarritakoarekin bat. 5. ATALA

Lehengoratzea

23. artikulua. Neurriak.

1. Administrazio publikoek, nork bere eskumenen esparruan, oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko neurriak hartzea sustatuko dute, zerbitzu horien faltak, berez, larrialdiko egoera sortzen badu edo lehengoratzeko lanak galarazten baditu.

2. Katastrofe egoera deklaratzen denean edo beharrezkotzat jotzen denean, Nafarroako Gobernuak Lehengoratze Batzordea era dezake, lehengoratzeko neurriak edo programak aztertu eta proposatzeko. Batzorde horretan administrazio publikoetako eta kaltetutako sektoreetako ordezkariak egonen dira.

3. Lehengoratze programa horiek helburu hauek izanen dituzte:

a) Eragindako kalte eta galerak identifikatu eta ebaluatzea.

b) Ukitutako administrazio publikoek beraiek edo beste administrazio batzuek hartu beharreko neurriak proposatzea.

c) Nafarroako Gobernuak eman beharreko edo beste administrazio batzuei eskatu beharreko laguntza eta dirulaguntzak proposatzea.

d) Arriskua kentzeko edo gutxitzeko hartu beharreko neurriak sustatzea, etorkizunean galerak ebitatzearren.

4. Lehengoratze Batzordeak ebaluazio eta lehengoratze lanen segimenduaren ardura nagusia izanen du.

II. KAPITULUA

Antolaketa administratiboa

1. ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta Gobernua

24. artikulua. Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernua, bere eskumenen esparruan, babes zibilaren zuzendaritza eta koordinaziorako organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean. Hortaz, eginkizun hauek dagozkio:

a) Babes zibilaren arloan prestatzen diren xedapen orokorrak onestea.

b) Nafarroako babes zibileko lurralde plana eta babes zibileko plan berezi eta berariazkoak onestea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko jarduera arriskutsuen katalogoa onestea. d) Katastrofe egoera deklaratzea.

e) Prebentzio, planifikazio, esku-hartze eta lehengoratze arloetarako oinarrizko jarraibideak ematea.

f) Zehapen ahalmena erabiltzea, foru lege honetan ezarritako moduan.

g) Indarreko legeek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

25. artikulua. Departamentu guztien parte-hartzea.

Babes zibila Nafarroako Foru Komunitateko departamentu guztiei dagokie. Beraz, bakoitzak bere eskumenen arabera, eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Arrisku mapak prestatzen laguntzea eta babes zibileko larrialdiak sor ditzaketen arriskuak aurreikustea, ebaluatzea eta haiei aurrea hartzea.

b) Babes zibileko planak prestatzeko lanetan parte hartzea eta departamentuaren zerbitzu eta baliabideak planaren zerbitzura jartzea.

c) Kudeatzeko protokolo operatiboak diseinatzen laguntzea.

d) Dagozkien eginkizunak egitea eta beste administrazio publikoei edo sektore pribatuari dagozkienak sustatzea.

e) Behar diren neurriak hartzea departamentuetako zerbitzuetan babes zibileko planen zabalkundea bermatzeko eta ziurtatzeko horien aplikazioan esku hartu behar duten arduradunek eta langileek behar adina ezagutzen dutela edukia.

26. artikulua. Babes zibilaren arloan eskumena duen departamentua.

1. Sorreraren eta egitura organikoaren gaineko arauetan babes zibilaren arloko eskumena esleitua duen departamentuaren eginkizunak hauek izanen dira:

a) Babes zibileko politika eta programak garatu eta koordinatzea, Nafarroako Gobernuak ematen dituen jarraibideen arabera.

b) Nafarroako babes zibileko lurralde plana eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko plan berezi eta berariazkoak prestatzea eta, orobat, foru lege honetan aurreikusitako babes zibileko udal planak eta udalez gaindiko planak prestatzen laguntzea.

c) Ukitutako enpresen ordezkariekin batera larrialdietarako kanpo planak prestatzea, gai arriskutsuak tartean diren istripu larriek berekin dakartzaten arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzko araudiaren arabera egin behar direnak.

d) Nafarroako arriskuen katalogoa eta mapa, jarduera arriskutsuen katalogoa eta baliabide erabilgarrien katalogoa prestatu eta gaurkotzea.

e) Gainerako administrazio publiko eta entitate publiko edo pribatuei eta partikularrei laguntza eskatzea, foru lege honetan ezarritako betebeharrak bete daitezen. f) Nafarroako Foru Komunitateko larrialdiak kudeatzeko zentroa mantentzea.

g) Beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan aritzeko bideak ezartzea, behar izanez gero, haien baliabideak eskatzeko eta, orobat, foru komunitatearenak haien esku jartzeko.

h) Larrialdietan esku hartzeko zerbitzuak ezarri eta mantentzea.

i) Ezbeharrei aurrea hartzeko, haien ondorioak arintzeko eta, oro har, herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko jarduketak sustatzeko neurriak hartzea.

j) Herritarrek babes zibileko jardueretan borondatez eta irabazi asmorik gabe parte hartzea sustatu eta laguntzea.

k) Foru lege honetan ezartzen dena betetzen ote den begiratzeko ikuskapen lana egitea.

l) Behar diren neurriak hartzea administrazio publikoetan eta ukitutako zerbitzuetan babes zibileko planen zabalkundea bermatzeko eta ziurtatzeko horien aplikazioan esku hartu behar duten arduradunek eta langileek behar adina ezagutzen dutela edukia.

2. Babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari eginkizun hauek dagozkio:

a) Nafarroako Gobernuari aurkeztea Nafarroako babes zibileko lurralde plana, larrialdietako plan berezi eta berariazkoak eta babes zibilaren arloan beharrezkoak diren gainerako xedapen orokorrak, onets ditzan.

b) Nafarroako babes zibileko lurralde planean eta larrialdietako plan berezi eta berariazkoetan finkatzen diren zuzendaritza lanak bere gain hartzea, salbu eta 22. artikuluan aurreikusi den egoeran.

c) Nafarroako Gobernuari proposatzea katastrofe egoera deklara dezala.

d) Nafarroako Babes Zibileko Batzordeko buru izatea.

e) Larrialdiak kudeatzeko zentroaren protokolo operatiboak onestea.

f) Zehapen ahalmena erabiltzea, foru lege honetan ezarritako moduan.

g) Indarreko arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. ATALA

Toki entitateak

27. artikulua. Udalak.

1. Udalek nork bere eskumenen esparrurako babes zibilaren arloko politika prestatu eta betearaziko dute. Horretaz den bezainbatean, honako hauek dagozkie:

a) Babes zibileko udal plana eta udal jarduketaren planak prestatu eta onestea. b) 15. artikuluan ezarri denaren arabera, dagozkion autobabeserako planak onestea.

c) Baliabide erabilgarrien katalogoa eta udalerriko arriskuen inbentarioa prestatzea eta gaurkotua izatea.

d) Babes zibilerako udal egitura bat antolatu eta sortzea.

e) Udal planean agertzen diren larrialdietako zerbitzu eta baliabideak ikuskatzea.

f) Boluntarioek babes zibilaren arloan udalerrian egiten dituzten ekimenak bideratu eta antolatzea.

g) Aurreikuspen eta prebentziorako udal programak prestatu eta betetzea, horretarako biztanleen kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatuz, autobabeserako neurriak zabalduz eta babes zibileko praktikak eta simulazioak eginez.

h) Erakunde pribatuei eta herritarrei foru lege honetan ezarritakoa betetzeko behar den laguntza eskatzea.

i) Indarreko legediak esleitzen dizkien gainerako eginkizunak.

j) Behar diren neurriak hartzea ukitutako zerbitzuetan babes zibileko planen zabalkundea bermatzeko eta ziurtatzeko horien aplikazioan esku hartu behar duten arduradunek eta langileek behar adina ezagutzen dutela edukia.

2. Babes zibilaren arloko agintari gorena udalerrian alkatea da eta, horrenbestez, hari dagokio udal plana abian jar dadila agintzea eta, kasua denean, hartan ezarritako zuzendaritza eta koordinazio lanak bere gain hartzea, plana geldiaraztea, beste administrazio publiko batzuen baliabideak eskatzea eta goragoko plan bat abian jar dezatela eskatzea.

28. artikulua. Udalez gaindiko entitateak.

1. Sortzeko arauetan babes zibilaren arloko eskumenak jaso dituzten udalez gaindiko entitateek aurreko artikuluan udalei esleitzen zaizkien eginkizunak beteko dituzte euren lurralde esparruan eta udalez gaindiko planen arabera.

2. Udalez gaindiko entitateko buruak aurreko artikuluan alkatearen esku uzten diren eginkizunak beteko ditu, bere lurralde esparruan eta udalez gaindiko planen arabera.

3. ATALA

Nafarroako Babes Zibileko Batzordea

29. artikulua. Zer den eta zer eginkizun dituen.

1. Nafarroako Babes Zibileko Batzordea babes zibilaren arloan administrazio publiko guztiak koordinatu eta haien lankidetza bideratzeko kide anitzeko organoa da.

2. Nafarroak Babes Zibileko Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Babes zibileko jarduerak koordinatze-lanetan parte hartzea. b) Nafarroako babes zibileko lurralde planari buruz, Babes Zibileko Batzorde Nazionalean homologatu beharreko plan bereziei buruz eta plan berariazkoei buruz txostena egitea.

c) Babes zibileko lurralde planak homologatzea, udaletakoak eta udalez gaindikoak.

d) Babes zibilaren arloko arautegien proiektuei buruz txostena egitea.

e) Organo eskudunei babes zibilaren gaineko xedapen eta planak berrikus daitezela proposatzea.

f) Arrisku egoerak edo hondamendi publikoak saihesteko prebentzio neurriak aztertzea eta organo eskudunei proposatzea.

g) Babes zibileko planen funtzionamendua berrikustea, gorabehera aipagarri bat gertatzen den bakoitzean.

h) Babes zibileko planen organo betearazleei mota guztietako laguntza ematea.

i) Indarreko legediak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

30. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Babes Zibileko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko da. Batzordean, Estatuko administrazio orokorraren, Foru Komunitateko administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen ordezkariak izanen dira.

2. Batzordeak, bere eginkizunak hobeki antolatzeko, batzorde tekniko edo lantaldeak era ditzake. Talde horietan batzordeko kideak eta, zer helburutarako sortzen diren, beharrezkoak diren kanpoko teknikariak arituko dira. Era berean, kanpoko edozein entitate edo pertsona fisiko edo juridikori eskatzen ahalko diote informazioa.

III. KAPITULUA

Herritarren lankidetza

31. artikulua. Informazioa jasotzeko eta laguntza emateko eskubideak.

1. Herritarrek beraiengan eragina izan dezaketen arrisku kolektibo larriei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dute eta, orobat, haien kausa eta ondorioei buruz, arriskuei aurre egiteko aurreikusita dauden jarduketei buruz, hartu beharreko segurtasun neurriei buruz eta segitu beharreko jokabideari buruz.

2. Herritarrek babes zibileko lanetan laguntzeko eskubidea dute, babes zibileko planetan zehaztua dagoen bezala.

3. Babes zibilaren arloko eskumena duten administrazio publikoekiko ohiko lankidetza honakoen bidez bideratuko da: babes zibileko talde eta erakundeak, suhiltzaile boluntarioenak eta lege honetan aurreikusitako babes zibileko oinarrizko jarduketak bermatzeko behar diren beste guztiak. 4. Boluntarioen talde eta erakundeetako kide diren boluntarioek aseguru bat izanen dute, kasuan kasuko erakundearen kargura, eginkizunak betetzeak dakartzan istripu arriskua eta erantzukizun zibila bere gain hartuko dituena.

5. Edozein herritarrek eman dezake larrialdi egoera bat eragin dezaketen inguruabar edo jardueren berri, babes zibilaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian edo haren bulego periferikoetan horren inguruko frogagiriak aurkeztuz.

32. artikulua. Betebeharrak.

1. Herritarrak, adinez nagusiak direnez geroztik, babes zibileko lanetan laguntzera beharturik daude, giza indarra eta baliabideak eskainiz, planetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunen jarraibideen arabera. Betebehar horrek, funtsean, eginkizun hauek dakartza: prebentzio eta autobabeserako neurriak betetzea, simulazioetan parte hartu beharra, eskatzen zaien lanetan esku hartzea eta, arrisku kolektibo larriko egoeretan, larrialdietan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan, agintari eskudunek ezartzen duten giza laguntza ematea.

2. Norberak nahitaez eman beharreko zerbitzuak egoeraren araberakoak eta norberaren gaitasunaren araberakoak izanen dira eta behar-beharrezkoa den denbora iraunen dute. Ez dute kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko, salbu eta prestazioa dela kausa laguntza-emailearen ondasun edo eskubideetan sortzen diren kalteen ondoriozkoak.

3. Agintari eskudunek ondasunak okupatu, kontrolatu edo errekisatu behar izanez gero, jarduketa horietan kaltea jasotzen duten pertsona eta entitateek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, indarreko legedian ezarritakoari jarraikiz.

33. artikulua. Laguntza emateko betebehar bereziak.

1. Pertsonen eta haien ondasunen prebentzio, laguntza, sorospen eta segurtasunarekin zerikusia duen jardueran aritzen diren entitate publiko edo pribatuak bereziki beharturik daude esku-hartzeko zerbitzuekin batera laguntza ematera larrialdi egoeretan.

2. Larrialdi kolektiboetan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan, komunikabide pribatu eta publikoek babes zibileko agintariek ematen dituzten informazio, ohar eta jarraibideak hedatu beharko dituzte, oso-osorik eta, beharrezkoa baldin bada, lehenbailehen eta berri horiei lehentasuna emanez, informazioa zein agintarik eman duen adieraziz.

34. artikulua. Babes zibileko boluntarioak.

1. Foru Komunitateko administrazioak eta udalek larrialdietarako boluntarioen taldeak bultzatuko dituzte, babes zibilaren arloan egiten duten lanari buruzko informazioa eman eta zabaltzeko eta boluntarioen lana goresteko kanpainak eginez eta boluntarioei prestakuntza eta laguntza teknikoa emanez.

2. Babes zibileko boluntarioen elkarteak Boluntarioei buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritakoari segituko diote eta babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuan erregelamenduz ezartzen diren erregistroetan izena eman beharko dute.

IV. KAPITULUA Ikuskapenak

35. artikulua. Ikuskatzeko ahalmena.

1. Autobabeserako plana behar duten jardueretan, zentroetan, establezimenduetan edo lekuetan, eta oro har jarduera sailkatu guztietan, babes zibilaren arloko ikuskapen lanak egiteko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta toki entitateei dagokie. Foru Komunitateak babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren bidez gauzatuko du eskumen hori.

2. Nafarroako Gobernuak behar den laguntza teknikoa emanen die toki entitateei aurreko atalean aipatutako ikuskapen lanak egin ditzaten, entitateek horretarako langile kualifikaturik ez badute eta, betiere, haiek eskatuz gero.

36. artikulua. Ikuskapen lanen xedea.

Aurreko artikuluan aipatu den instalazio eta jardueren ikuskapenaren helburua babes zibilaren arloko legediaren araberakoak ote diren bermatzea da, eta zehazki, hauek egiaztatuko dira: lizentzietan adierazitako segurtasun baldintzak betetzen ote diren eta eragingarriak ote diren, jarduera lizentzian adierazi bezala egiten ote den, ekarritako informazioa egiazkoa ote den eta autobabeserako planean ezarritako neurriak benetan hartzen ote diren.

37. artikulua. Ikuskatzaileak.

1. Babes zibilaren arloko eskumena duten agintariek ikuskapen lanak egiteko izendatutako langile ofizialak agintariaren agente gisara arituko dira dagozkien eginkizunetan.

2. Eskumena duten administrazio publikoek kontrolerako erakunde publiko bateko ikuskatzaileen laguntza izan dezakete, egin behar diren ikuskapenetarako gaitasun eta prestakuntza tekniko egokiak izan beharko dituztenak. Era berean, kanpoko langileen laguntza teknikoa izan ahalko dute, horiek ikuskatzailetzat hartu gabe inola ere.

3. Ikuskatzaileek lan jardueran egiten dituzten akta eta txostenak agiri publikotzat hartuko dira, eta horien abiapuntu izan diren egintzak frogatzeko balioko dute, interesdunek ekar edo adieraz ditzaketen frogak deusetan galarazi gabe.

4. Ikuskatzaileei honako lan hauek dagozkie:

a) Foru lege honetan tipifikaturiko arau-haustetzat har daitezkeen egintzen berri ematea organo eskudunari.

b) Ikuskapenean atzeman den arau-haustea legezko egoerara ekartzeko behar diren neurriak har daitezela proposatzea organo eskudunari.

c) Ikuskatu den jardueraren lizentzia aldatu, berrikusi edo bertan behera uztea proposatzea organo eskudunari, lizentzia horrek pertsonentzat edo ondasunentzat arrisku larria sor badezake.

38. artikulua. Lagundu beharra. Ikuskatzen diren jardueretako titularrek ikuskapen lana egiten duten langileei sartzen utzi beharko diete eta behar duten laguntza eman.

III. TITULUA

Larrialdietako jardunbidea

39. artikulua. Larrialdiak kudeatzeko sistema publikoa.

1. Larrialdi egoeretan laguntza materiala ematearekin zuzen nahiz zeharka lotutako jarduera batean aritzen diren administrazio eta entitate publikoak larrialdiak kudeatzeko sistema publikoaren parte dira eta beharturik daude betetzera foru lege honek dakartzan betebeharrak, bai eta erregelamenduzko garapenean eta kasuan kasuko protokolo operatiboetan ezartzen direnak ere.

2. Honako hauek dira larrialdiak kudeatzeko sistema publikoaren parte:

a) Larrialdiak kudeatzeko zentroa.

b) Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak, ospitaleetako larrialdi zerbitzuak eta oinarrizko osasun laguntzakoak, ospitale eta osasun etxe publikoak eta osasuneko garraio publiko eta hitzartua, hala nola osasun zerbitzu publikoak.

c) Nafarroako administrazio publikoetako prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak eta toki entitateetako suhiltzaile boluntarioak.

d) Nafarroako Foruzaingoa, Estatuko segurtasun indar eta kidegoak eta Nafarroako udaltzaingoak.

e) Errepide eta herrilanetako mantentze zerbitzuak, ingurumena babestekoak eta telekomunikazioen, uraren, gasaren eta argindarraren sareen hornidura, mantentze eta zainketa zerbitzuak.

f) Gizarte zerbitzuak.

g) Babes zibileko boluntarioen entitateak.

40. artikulua. Larrialdietako deiei erantzuteko zerbitzua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak larrialdietako deiei erantzuteko zerbitzu publikoa emanen du 112 telefono zenbakiaren bidez edo Europako legedian finkatzen den beste baten bidez.

2. Zerbitzu honen barrenean herritarrek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan egiten dituzten laguntza deiak hartu eta larrialdietako osasun laguntzaren, su-itzaltze eta salbamenduaren, herritarren segurtasunaren, babes zibilaren arloetan eta larrialdiaren izaera dela-eta eskatu daitezkeen beste batzuen eskumena duten zerbitzu publikoen bidez kudeatzea sartzen da.

3. Zerbitzu publiko hori Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak emanen du zerbitzu publikoak kudeatzeko onartuta dauden modalitateetatik edozein erabiliz, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuaren zuzendaritzaren eta kontrolaren pean.

41. artikulua. Larrialdiak kudeatzeko zentroa. 1. Foru Komunitateko administrazioak larrialdiak kudeatzeko zentro bakarra eta integratua izanen du Nafarroako lurralde osorako, larrialdietako deiak jasotzeko eta esku hartu behar duten zerbitzuak koordinatzeko etengabeko zentro gisa arituko dena, zerbitzu horietako aginte eta koordinazio zentroak alde batera utzi gabe.

2. Larrialdiak kudeatzeko zentroa koordinazio eragileko zentro bihurtuko da hala egitea aurreikusten duten babes zibileko planak abian jartzen direnean.

3. Nafarroako Gobernuak, erregelamendu bidez, zentro horren eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua arautuko ditu.

42. artikulua. Larrialdietan lagundu beharra.

1. Administrazio publikoek eta, zuzenean edo zeharka, larrialdietan laguntza emateko jardueretan aritzen diren erakunde publiko eta pribatuek larrialdiak kudeatzeko zentroko langile eta agintariei lagundu beharko diete.

2. Aurreko atalean aipatzen diren administrazio publiko eta entitateek gertakarian edo larrialdian jarduteko eta mobilizatu behar diren zerbitzu guztiak koordinatzeko behar den informazioa eman beharko diote larrialdiak kudeatzeko zentroari. Zehazki, laguntza lanetan parte hartzeko dituzten langileak eta baliabide teknikoak zenbat diren eta non dauden jakinaraziko dute. Horrez gainera, haien ezagutzara iristen diren larrialdi egoeren berri eman beharko dute eta, horietan parte hartuz gero, larrialdien segimenduaren eta bukaeraren berri ere bai.

43. artikulua. Protokolo operatiboak.

1. Protokolo operatiboa larrialdiak kudeatzeko zentroaren lanerako baliabidea da. Protokolo operatiboetan herritarren laguntza deietan jokatzeko modua ezartzen da eta haiek sailkatzeko eta, gertakaria nolakoa den ikusita, behar bezalako erantzuna eman eta baliabideak mobilizatzeko irizpideak finkatzen dira.

2. Protokolo operatiboak babes zibilaren arloan eskumena duen kontseilariak onetsiko ditu, parte hartzen duten baliabideen titularrekin adostu ondoren.

3. Onesten diren protokolo operatiboetan jasota ez dagoen zerbait gertatuz gero, baliabideen erabilera foru lege honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

44. artikulua. Zuzendaritza operatiboa.

Zerbitzu bat baino gehiago mobilizatu beharreko kasuetan, parte-hartzaile guztien jarduera bateratu beharra badago, gertaeraren tokian egin beharreko lanen koordinazioa eta zuzendaritza abian jartzen den planaren edo kasuan kasuko protokolo operatiboaren arabera dagokionaren esku geldituko dira.

IV. TITULUA

Prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak

45. artikulua. Zerbitzu motak eta eginkizunak. 1. Prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzu publikoak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, honako hauek osatuko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere lurralde osoan emana.

b) Toki entitateek emanak, nork bere lurralde eremuan.

2. Prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzu publikoei, bakoitzaren eskumenen esparrua errespetatuz, honako eginkizun hauek dagozkie:

a) Suteen prebentzio eta itzaltzearen inguruko jarduerak eta mota guztietako ezbehar eta arrisku egoeretan pertsona eta ondasunen babes eta salbamendua.

b) Suteen aurkako babes eta salbamendurako sistema eta teknikak aztertu eta ikertzea.

c) Babes zibileko operazioetan parte hartzea, babes zibileko planetan eta kasuan kasuko protokolo operatiboetan ezarritakoari jarraikiz.

d) Larrialdietako planak egiten laguntzea.

e) Ezbeharren zergatiak, garapena eta kalteak ikertzea eta horien inguruko txostenak egitea eta, bereziki, agintari eskudunen errekerimenduak betetzea.

f) Herritarrendako informazio eta prestakuntza jarduerak antolatzea, prebentzioari buruz eta ezbeharretan jokatzeko moduari buruzkoak.

g) Interes publikoko zerbitzuetan lan egitea, zerbitzuko kideen gaitasun berariazkoa eta eskura dituen baliabideak aprobetxa daitezkeenean.

h) Larrialdietako osasun garraioetan parte hartzea.

i) Suteen eta ezbeharren prebentzio lana betetzea eta bereziki parte hartzea horren inguruko araudia betetzen dela ikuskatzeko zereginetan.

j) Uretako eta ur azpiko salbamenduan parte hartzea, bai eta mendiko erreskate eta salbamenduetan ere.

3. Nafarroako Gobernuak ezarriko du su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuen arteko koordinazioa eta zerbitzua Foru Komunitateko lurralde osoan behar den gutxieneko mailarekin emanen dela ziurtatzeko bermea, erregelamenduzko arau zehatz batzuk eta aldizkako planak eginez, hartara zehazteko zer giza eta gauza baliabide beharrezkoak diren.

46. artikulua. Zerbitzuen finantzaketa.

1. Foru Komunitateko administrazioaren menpeko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua Nafarroako aurrekontu orokorretan aurreikusitako zuzkiduren kargura finantzatuko da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak honakoak jaso ahalko ditu: a) Udalen ekarpenak, zerbitzua ematera beharturik egonik betebehar horretatik salbuetsirik gelditu eta Foru Komunitateko administrazioarekin zerbitzua emateko lankidetza hitzarmenak izenpetu dituzten horienak.

b) Hurrengo artikuluan arautzen den kontribuzio berezia eta zerbitzuak emateagatik legez bidezkoak diren tasak.

c) Dirulaguntzak, dohaintzak eta zuzenbide publikoko nahiz pribatuko beste dirusarrera batzuk.

3. Larrialdiak kudeatzeko zerbitzuek izaera publiko eta unibertsala dutenez, haiek ematea ezin du inolaz ere baldintzatu tributu bat ordaindu behar izateak aldez aurretik. Xedapen horrek ez dio eraginen larrialdiaz arduratzea ez den laguntza teknikoko zerbitzuak emateagatik ordaina eskatzeari.

47. artikulua. Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzua jarri eta hobetzeagatik dagokion kontribuzio berezia.

1. Kontribuzio honen zergapeko egintza Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua izatetik datorren onura da, erabili ala ez.

2. Kontribuzio berezi honen subjektu pasiboak suteen arriskutik babesten diren ondasunen jabeak dira. Dena dela, kontribuzio berezia ordaintzea eskatuko zaie arrisku hori betetzen duten aseguru enpresei, zergapekoaren ordez.

3. Kontribuzio berezi horren zerga-oinarria Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren Su- itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak urte osoan duen kostu osoa izanen da.

4. Zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren arabera. Diru-muga bildutako primen ehuneko 5 izanen da. Zenbat diru bildu den kalkulatzeko eta dagokion likidazioa egiteko, babes zibilaren arloko eskumena duen departamentuak ahalmena izanen du aseguru enpresekin edo horien ordez aritzen diren elkarteekin hitzarmenak sinatzeko.

5. Kontribuzio berezia urteko abenduaren 31n sortuko da. Martxoaren 31 baino lehen, aseguru enpresek aurreko urtean bildutako primen zenbatekoa finkatu beharko dute babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuarekin batera, edo hori ezean, haien gaineko aitorpena aurkeztu.

6. Likidazioa eginda, kuota urteko bigarren hiruhilekoan ordaindu beharko da.

48. artikulua. Langileen araubidea.

Nafarroako administrazio publikoen menpeko su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko arau orokorretan ezarritakoaren menpe egonen dira, baina foru lege honetan ezartzen diren zehaztapenak kontuan hartuta.

49. artikulua. Lan-kontratudun langileak.

Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak dituzten Nafarroako administrazio publikoek lan-kontratudun langileak kontrata ditzakete zerbitzu horiei loturiko sasoiko edo aldi baterako lanak egiteko. 50. artikulua. Agintaritzako agenteak.

Suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzu publikoetako langileak, lanean jarduten dutenean, agintaritzako agentetzat hartuko dira, arriskuan dauden pertsona eta ondasunen babesa egokiago bermatzearren.

51. artikulua. Berariazko eskubideak.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritakoez gainera, suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako kideek honako eskubide hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien eginkizunetarako lanbide prestakuntza teorikoa eta praktikoa izateko eskubidea.

b) Lanbidean gora egiteko eskubidea.

c) Norberaren lanerako jantzi eta tresna egokiak izateko eskubidea.

d) Beren eginkizunetan eginikoengatik erantzunbeharra eskatzen zaien auzi guztietan, kasuan kasuko administrazio publikoak izendaturiko profesionalek ordezkatu eta aldezteko eskubidea, administrazio horren kontura. Dena dela, epaileen erabakian egiaztatzen bada langilearen dolo edo errua dagoela edo utzikeria larriaz jokatu zuela, administrazioak atzerabidea har dezake.

e) Bizi, istripuen eta erantzukizun zibileko aseguru batek babestua izateko eskubidea.

52. artikulua. Berariazko betebeharrak.

Administrazio publikoen zerbitzuko langileei buruzko araudian ezarritakoa deusetan galarazi gabe, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako kideek berariazko eginkizun hauek dituzte:

a) Zerbitzua emateko aginduak jakitea; beraz, ezin izanen du argudiatu ez dituela ezagutzen. Gainera, eginkizunak agintariek agindu bezalaxe egin beharko ditu, betiere delituzkoak ez badira edo legeen kontrakoak nabarmen.

b) Laneko arauzko jantziak erabiltzea. Uneoro jantziak egoera onean eduki beharko ditu eta itxura txukuna erakutsi.

c) Aldian behin, gorputz-egoera egokiari eusten diola bermatzeko azterketa psikofisikoak eta medikuntza prebentiboko probak egitea.

d) Zerbitzuari atxikita dauden instalazioak eta materialak egoera onean zaintzea.

e) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko egokiari eustea.

f) Legearen arabera ezartzen den lanaldia eta ordutegia betetzea. Arriskuko edo larrialdiko egoeretan, ohiko lan orduetatik kanpo lan egitea eskatzen ahalko zaie, eta zerbitzualdian ez dauden langileei deitzea erabaki daiteke.

g) Ezbehar batean lanean ari delarik, dagokion ordutegia bukatuta egonda ere, lanean segitzea, ordezkoak etorri bitartean edo, ezbeharraren larria ikusita, beharrezkoa den arte. h) Zerbitzu egokia emateko antolatzen diren prestakuntza teoriko-praktikoko ikastaroetan eta prestakuntza fisikoa hobetzeko jardueretan parte hartzea.

53. artikulua. Lanpostuak eta eginkizunak.

1. Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetan lanpostu hauek izanen dira, eta kasu bakoitzean ezarritako eginkizun orokorrak izanen dituzte:

a) Suhiltzaile-ofiziala, A mailakoa. Zerbitzuaren unitate tekniko eta operatibo gorenen zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak dagozkio, bai eta goi mailako eginkizun teknikoak ere prebentzioaren, ikuskaritzaren, su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloan.

b) Suhiltzaile-ofizialordea, B mailakoa. Zerbitzuaren unitate tekniko eta operatibo ertainen zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak dagozkio, bai eta erdi mailako eginkizun teknikoak ere prebentzioaren, ikuskaritzaren, su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloan.

c) Suhiltzaile-sarjentua, B mailakoa. Zerbitzuaren unitate operatiboen ikuskaritza eta aginte eginkizunak, bai eta erdi mailako eginkizun teknikoak ere prebentzioaren, ikuskaritzaren, su- itzaltzearen eta salbamenduaren arloan, goiko agintedunen zuzendaritzapean.

d) Suhiltzaile-kaboa, C mailakoa. Zerbitzuaren unitate operatiboen ikuskaritza eta aginte eginkizunak dagozkio, goiko agintedunen zuzendaritzapean.

e) Suhiltzailea, C mailakoa. Esku-hartze operatiboko eginkizunak eta betetze-eginkizunak dagozkio, goiko agintedunen zuzendaritzapean.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako lanpostu bakoitzaren eginkizunak erregelamenduz garatuko dira, bai eta aldi baterako kontratudunen eginkizunak, praktiketako funtzionarioenak eta su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako gainerako langileenak.

54. artikulua. Kidegoan sartu eta gora egitea.

1. Suhiltzaileen lanpostu hutsak funtzio publikoan sartzeko deialdi publikoa eginda beteko dira, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez. Hautaproben artean, betiere, Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Ikastaroak dirauen bitartean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira.

Araudi orokorrean ezarritakoa galarazi gabe, suhiltzaile lanpostuan sartzeko hautaprobetarako nahiko izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketa edo baliokidea izatea, halako moduz non, aurreko lerrokadan aipatutako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo ez akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan ere.

2. Suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaileen artean. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko baldintza izanen da, suhiltzaile lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea.

3. Suhiltzaile-sarjentuen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Suhiltzaile-kaboek barneko igoera txandan parte hartzen ahalko dute, baldin eta frogatzen badute kabo lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela eta erregelamenduz ezarritako titulua, unibertsitatekoa, erdi edo goi mailakoa, badute edo bestela frogatzen badute Nafarroako edozein administrazio publikotan bost urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela.

4. Suhiltzaile-ofizialordeen lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile-sarjentuen artean. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko baldintza izanen da suhiltzaile-sarjentu gisa hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea.

5. Suhiltzaile-ofizialen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez edo lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira, eta Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat eginen da. Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile-ofizialordeek parte hartzen ahalko dute oposizio- lehiaketa murriztuan, baldin eta frogatzen badute ofizialorde lanpostuan bost urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela eta erregelamenduz ezarritako titulua, unibertsitateko goi mailakoa, badute. Oposizio- lehiaketa horretan betetzen ez diren lanpostu hutsak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko A mailako funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketaren bidez beteko dira, betiere beraien lanposturako suhiltzaile-ofizial izateko erregelamenduz ezarritako unibertsitateko goi mailako titulazioa eskatu baldin bazieten. Horren ondotik ateratzen diren lanpostu hutsak txanda irekiko oposizio-lehiaketaren bidez beteko dira.

6. Aurreko ataletan aipatzen diren sarrera eta igoera prozedurak ebatzi aitzin, dauden lanpostu hutsak Nafarroako edozein administrazio publikotan lanpostu berdinak betetzen dituzten funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketara aterako dira.

55. artikulua. Bigarren jarduera.

1. Suhiltzaileen edo suhiltzaile-kaboen lanpostuetan aritzen diren funtzionarioek 55 urte betetakoan destino hauetako bat aukeratzen ahalko dute:

a) Lanpostu berean gelditzea 60 urte bete arte. Horretarako, osasun azterketa eta gaitasun fisikoko probak gainditu beharko dira urtero, lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak dituztela frogatzeko.

b) Dauden zerbitzu berean bigarren jarduerako lanpostu batera pasatzea (zerbitzu osagarriak). Horrelako lanpostuak izanen dira laguntzarako edo prestakuntzarako jarduerak edo jarduera osagarriak egitekoak, langile bakoitzaren ahalmenaren araberakoak, hau da, lanbide honetan aritu diren denboran ikasitakoa eta bizitakoa garatzeko aukera ematen dutenak, baina ezbeharretan zuzenean parte hartu gabe. Hori ezinezkoa baldin bada, dela bigarren jarduerako lanposturik ez dagoelako, dela langilea horretan aritzeko gaitua ez dagoelako, bere mailari eta titulazioari dagokien administrazio publiko bereko beste lanpostu batean zerbitzu osagarriak egitera pasatzen ahalko dira; erregelamenduz ezarriko dira lanpostu aldaketa horiek egiteko prozedura eta lanpostu horietan aritzeko baldintzak. 2. Eritasuna edo istripua dela-eta, bere lanpostuaren eginkizunak betetzeko ezindurik dauden su- itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako funtzionarioak ere bigarren jarduerako lanpostu batean aritzera pasatzen ahalko dira (zerbitzu osagarrietan), eta horrek operazio-taldean lanpostu hutsa sortuko du.

3. Bigarren jarduerako lanpostu batean ari direnek ezin izanen dute aurreko artikuluan gora egiteko ezarritako prozeduretan parte hartu.

56. artikulua. Diziplina araubidea.

1. Suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuko langileen diziplina araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen gaineko arauetan ezarritakoa izanen da. Dena dela, zerbitzuko ezaugarri bereziak direla eta, estatutu horretan tipifikaturiko hutsegiteez gainera, artikulu honetan tipifikatzen direnak ere izanen dira diziplina arloko hutsegiteak:

2. Hutsegite oso larriak dira:

a) Zerbitzuan egonda, ezbeharren deiei kasurik ez egitea.

b) Ezbehar baten gaineko ikerketak oztopatzea, ikerketaren elementuren bat gordez edo suntsituz.

c) Gaineko agintariei edo buruei ez obedientzia, bakarka nahiz taldeka, eta haien legezko jarraibideak desobeditzea.

d) Kargua dela-eta jakiten dituen gaietan, lanbide sekretua edo isiltasuna urratzea, interes orokorrei kaltea eragiten zaienean.

e) Greba dagoenean, gutxieneko zerbitzuak ez egitea.

f) Mozkortzea edo droga toxikoak, sorgorgarriak edo substantzia psikotropikoak hartzea, horrek zerbitzuan eragina izan badu edo izan bazezakeen, eta horretarako egiaztapen mediko eta teknikoak egiteari uko egitea arrazoirik gabe.

g) Zerbitzuak babespean dituen agiriak faltsutu, ebatsi, gorde edo suntsitzea.

h) Zerbitzuko materiala edo norberaren ekipotik gauzak ebastea.

i) Edozein zerbitzu emateagatik esker-sariak eskatzea edo jasotzea.

j) Aginte abusuaz jokatzea karguan ari dela, jokabide horrek kalte larria eragiten badie administrazioari edo herritarrei.

3. Hutsegite larriak dira:

a) Funtzionarioaren duintasunari eta zerbitzuaren irudi eta izen onari kalte egiten dioten egintza eta jokabideak.

b) Laneko jantziak edo zerbitzuko materiala zerbitzutik kanpoko egoeretan erabiltzea. c) Bere eskurantzak gehiegikeriaz erabiltzea, herritarren kaltetan, jokabide hori hutsegite oso larria ez bada.

d) Zerbitzutik libre egonda, sute edo ezbeharren bat gertatuz gero eta joateko deituz gero, laguntza ematera ez agertzea.

e) Goiko agintarien baimenik gabe lanpostutik ihes egitea, dela ezbehar batetik, dela zerbitzuaren egoitzatik.

f) Bidezko diren azterketa fisikoak eta medikuntza prebentibokoak egiteari uko egitea.

g) Agintariei jakin beharreko edo lehenbailehen erabaki beharreko aferei buruz informazioa eman beharra ez betetzea.

h) Menpean dituen langileek egindako hutsegite arinak estaltzea edo huts egite horiei ez ikusiarena egitea.

i) Zerbitzualdian edari alkoholdunak hartzea edo hori frogatzeko egiaztapen teknikoak egiteari uko egitea.

4. Hutsegite arinak dira:

a) Norberaren txukuntasun falta.

b) Txanda aldaketa egitera behin eta berriz berandu iristea.

c) Txanda aldaketa egitera behar bezala jantzi gabe agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

d) Oinarrizko eginkizunen bat ez betetzea, betiere jokabide hori hutsegite larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada.

V. TITULUA

Zehapen araubidea

57. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Administrazio arau-haustetzat hartuko dira foru lege honetan tipifikaturiko egintza eta ez-egiteak, deusetan galarazi gabe zilegi diren erantzukizun zibil eta penalak.

2. Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

58. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan, honako jokabide hauek hartuko dira arau-hauste oso larritzat:

a) Larrialdietan doloz edo zuhurtziagabetasun ausartegiaz jokatzea, horren ondorioz, pertsonei edo ondasunei kalte larriak eragiten bazaizkie. b) Babes zibileko planetan ezarritako neurriak hartzera behartuta dagoenak neurri horiek ez hartzea, horren ondorioz, pertsonei edo ondasunei kalte larriak eragiten bazaizkie.

c) Foru lege honen 19. artikuluan aurreikusitako ohiz kanpoko neurriak aplika daitezela galaraztea edo nabarmen oztopatzea.

d) Hedabideek babes zibileko agintari eskudunek emanten dituzten ohar, jarraibide eta informazioen berri eman beharra ez betetzea.

e) Autobabeserako plana abian jarri dela ez jakinaraztea Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroari.

f) Jendea ebakuatzeari buruzko neurriak ez betetzea eta arau orokorretan edo baimen edo lizentzietan ezartzen diren prebentzio neurriak ez hartzea, horren ondorioz, eskatzen den segurtasun maila modu arriskutsuan apaltzen baldin bada.

g) Plan baten zuzendariaren aginduz abian jartzen den babes zibileko plan bati atxikitako baliabidea edo zerbitzua ez mobilizatzea.

h) Hirigintza planeamendua onetsi aurretik arriskuak ikertzeko eskatzen diren azterlan osagarriak faltsutzea.

59. artikulua. Arau-hauste larriak.

Babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan, honako jokabide hauek hartuko dira arau-hauste larritzat:

a) Arau-hauste oso larritzat hartu ezin badira ere, doloz edo zuhurtziarik gabe jokatzea, horren ondorioz pertsonei edo ondasunei kalteak eragiten bazaizkie.

b) Larrialdietako plan bat abian jarri edo larrialdiaren deklarazioa eginez gero, babes zibileko agintari eskudunak emandako jarraibideak ez betetzea.

c) Sektore jakin bateko legedi berariazkoan ezarritako prebentzio neurriak ez hartzea eta jendea ebakuatzeko ezarritako neurriak ez betetzea, betiere jokabide hori arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

d) Autobabesaren arloan edo barne-larrialdietarako aginduzkoak diren plangintzak ez egitea.

e) Aginduzkoak diren aseguruak kontratatuta ez izatea edo aseguru kontratu horiek arriskuak estaltzeko desegokiak eta/edo ez-nahikoak izatea.

f) Foru lege honen 19. artikuluan aurreikusitako ohiz kanpoko neurriak aplikatzeko oztopoak jartzea.

g) Larrialdiko plan bat abian jarriz gero, babes zibileko organo eskudunak agindutako prestazio pertsonalak egiteari uko egitea, justifikatutako arrazoirik gabe.

h) Babes zibileko agintari eskudunak planen bat abian jarriz gero, planean agertzen diren zerbitzuei atxikitako pertsonek eta babes zibileko boluntarioen erakundeetako kideek mobilizazio-deiei kasurik ez egitea. i) Babes zibileko agintari eskudunak eskatuta, babes zibileko plangintza egiteko behar den informazioa ez ematea.

j) Agintaritzako agenteak ikuskapen lanetan ari direla, sartzen ez uztea edo, nola edo hala, ikuskapen lanak oztopatzea edo egiten ez uztea.

60. artikulua. Arau-hauste arinak.

Babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan, honako jokabide hauek hartuko dira arau-hauste arintzat:

a) Larrialdietan lagundu beharra ez betetzea.

b) Simulazioetan babes zibilaren arloko agintariek ezartzen dituzten jarraibide eta neurriei men ez egitea.

c) Simulazio baterako mobilizazio deia eginda, bertan parte hartu behar duten zerbitzuetako eta boluntarioen erakundeetako kideak ez agertzea.

d) Herritarrei babes zibileko plangintzaren gaineko informazioa eta aurreikusita dauden arriskuei eta hartu beharreko neurriei buruz eskatzen dutena ukatzea, informazio horrek herritarrengan zuzeneko eragina baldin badu.

e) Larrialdietako telefonora gezurrezko larrialdien berri emanez deitzea, datu engainagarriak ematea edo beste edozein modutan zerbitzuaren funtzionamendu eraginkorra trabatzea.

f) Foru lege honetan edo garapenerako onesten diren erregelamenduetan xedatutakoa urratzen duen beste edozein egintza edo ez-egite, arau-hauste larritzat edo oso larritzat hartua ez bada.

61. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste oso larriak 200.001 eurotik 2.000.000 euro bitarteko isunekin zehatzen ahalko dira.

2. Arau-hauste larriak 12.001 eurotik 200.000 euro bitarteko isunekin zehatzen ahalko dira.

3. Arau-hauste arinak 12.000 euro arteko isunekin zehatzen ahalko dira.

4. Arriskua sor dezaketen eta/edo autobabeserako plana behar duten jarduerei dagozkien arau- hauste larri edo oso larrietan, zehapenarekin batera jarduera aldi baterako edo betiko ixtea erabaki daiteke.

5. Ezin izanen da, inolaz ere, arau-haustearen ondorioz ateratzen den etekina isuna baino handiagoa izan. Horrelakoetan, zilegi izanen da isuna handitzea, lortutako etekina halako bi egin arte.

62. artikulua. Inguruabar astungarriak.

Honako hauek erantzukizunaren inguruabar astungarriak izanen dira: pertsonen osotasunean eragindako kaltea norainokoa izan den eta arriskua zenbateraino handitu den, kaltea konponezina izatea, tokiaren ezaugarriak, arau-haustea egiteko asmoa eta berregilea izatea, deusetan galarazi gabe administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko legedian ezarritako gainerako astungarriak.

63. artikulua. Zehatzeko eskumena.

1. Zehatzeko ahalmena udalei eta Nafarroako foru administrazioari dagokie, artikulu honetan ezarritako moduan, arau-haustetzat jotzen den jokabideak planaren zer arlo ukitzen duen, horren arabera.

2. Arau-hauste arin eta larriak zehatzea alkateari dagokio, salbu eta, arau-hauste larrien kasuan, isunaren zenbatekoa dela-eta, babes zibilaren arloko kontseilari eskudunari badagokio. Arau-hauste oso larriak zehatzea, isunaren zenbatekoaren arabera, babes zibilaren arloko kontseilari eskudunari edo Nafarroako Gobernuari dagokio.

3. Babes zibilaren arloko eskumena duen kontseilariak, ikuskapenak egiteko dagokion ahalmena erabiliz, uste badu alkateak zehatu beharreko arau-hausteren bat egin dela, haren berri emanen dio, behar bezala joka dezan. Hilabeteko epean, alkateak ez baditu behar bezalako zehapen jarduketak egiten, eskumen hori babes zibilaren arloan eskumena duen kontseilariak hartuko du bere gain.

4. Isunak jartzeko eskumena honako agintari hauek izanen dute, isunen zenbatekoaren arabera:

a) Alkateak, 30.000 euro bitartekoak.

b) Babes zibilaren arloko eskumenak dituen kontseilariak, 600.000 euro bitartekoak.

c) Nafarroako Gobernuak, 2.000.000 euro bitartekoak.

64. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapenak jartzeko orduan, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean ezarritako printzipio orokorrei eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako prozedurari segituko zaie.

2. Zehapen prozeduraren ebazpena urte bateko epean jakinarazi beharko da gehienez, hasiera ematen zaion egunetik hasita. Epe hori bukaturik, prozedura iraungi dela deklaratuko da.

65. artikulua. Aurreneurriak.

1. Zehapen prozedura hasitakoan, hura ebazteko organo eskudunak bidezko jotzen dituen aurreneurriak hartzen ahalko ditu, ezartzen den ebazpena beteko dela bermatzeko eta, nolanahi ere, legeak beteko direla bermatzeko.

2. Aurreneurriak ezartzeko ebazpena eman baino lehen, entzunaldia emanen zaio, gehienez ere hamabost eguneko epean bidezko jotzen duena alega dezan.

66. artikulua. Hertsatzeko isunak.

Foru lege honetan eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean adierazitako kasuetan, zehapen organoek hertsatzeko isunak jartzen ahalko dituzte. Isun horren zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko egindako arau-hausteari dagokion gehieneko zehapenaren herena.

67. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Foru lege honetan araututako zehapenen erantzuleak egileak dira, pertsona fisikoak edo juridikoak izan.

2. Arau-haustean esku hartu duten pertsona fisikoen edo juridikoen parte-hartze maila zehazterik ez dagoenean, erantzukizuna solidarioa izanen da.

68. artikulua. Zigor-erantzukizuna.

1. Arau-haustea zigor bidean zehatzeko modukoa baldin bada, administrazioak Ministerio Fiskalari igorriko dio espedientea eta, horrenbestez, administrazio bidean zehapen jarduketa etenda geldituko da.

2. Zigor-epaia errugabetzekoa baldin bada, jarduketei ekingo zaie bidezko administrazio zehapena ezartzeko.

69. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste oso larriengatik jarritako zehapenak lau urtera preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik jarritakoak bi urtera eta arau-hauste arinengatik jarritakoak sei hilabetera.

2. Zehapenen preskripzioari dagokionez, aurreko atalean ezarritako epe berberak aplikatuko dira.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Larrialdietako osasun laguntzako sistema.

1. Larrialdietako osasun laguntzako sistemaren barrenean dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak larrialdietako osasun laguntzaren beharrei erantzuteko dituen baliabide guztiak, berekiak eta itunduak, batez ere ospitaleez kanpoko larrialdietako zerbitzua eta larrialdietako osasun garraioaren sarea.

2. Larrialdietako osasun laguntzako sistemari ondoko lan hauek dagozkio:

a) Babes zibileko operazioetan parte hartzea, kasuan kasuko planaren aurreikuspenei jarraikiz, osasun arloko eginkizunak eta agintzen zaizkion gainerakoak ere bere gain hartuz.

b) Kaltetuak arrisku-tokitik ateratzeko eta osasun arloan dituzten beharrei erantzuteko hartu beharreko osasun neurriak sailkatu eta lehentasunak finkatzea.

c) Kaltetuei behar duten zainketa ematea, osasun arloan dituzten beharrei erantzuteko ezarritako lehentasunen arabera.

d) Kaltetuei dagozkien osasun edo laguntzako zentroetara garraiatzea.

e) Larrialdietan parte hartzen duten gainerako zerbitzuei osasun arloko aholkuak ematea. f) Goitik behera Osasungintzakoak diren prozedura operatiboak aztertu eta garatzea, larrialdietako, estualdietako eta katastrofeetako medikuntzari loturikoak.

g) Herritarrendako informazio eta prestakuntza jarduerak antolatzea, ezbeharrei aurrea hartu eta, gertatuz gero, osasunari dagokionez, segitu beharreko jokamoldeari buruzkoak.

h) Indarreko arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Suhiltzaile boluntarioak

1. Suhiltzaile boluntarioak dira, libreki eta modu altruistan, suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako Nafarroako Foru Komunitateak dituen zerbitzuei laguntzera biltzen direnak.

2. Nafarroako Gobernuak suhiltzaile boluntarioen parte-hartze aktiboa bultzatuko du eta horretarako suhiltzaile boluntarioen herriko taldeak sortzen dituzten toki entitateei laguntzak emanen dizkie. Bestalde, haien prestakuntza ere bermatuko du Nafarroako Segurtasun Eskolaren bidez. Dena dela, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eskaintzen dituen dirulaguntzak, laguntza teknikoa eta laguntza berariazkoa jaso ahal izateko, babes zibilaren arloan eskumena duen departamentuak adierazi beharko du taldea eratzearekin ados dagoela, udalerri horrek larrialdiei aurre egiteko duen babes maila Foru Komunitateko gainerako udalerriena baino baxuagoa ote den ikusita.

3. Lan altruista eta desinteresatua egiten dutenez gero, suhiltzaile boluntarioak ez dira administrazio publikoaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratuduntzat hartuko eta ez dute ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

4. Suhiltzaile boluntarioak kasuan kasuko suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako zerbitzuaren menpe egonen dira.

5. Suhiltzaile boluntarioek honako eskubide hauek dituzte:

a) Taldean onartua izateko eskubidea, inolako bazterkeriarik gabe.

b) Suhiltzaile boluntario izatetik libreki uztekoa.

c) Taldeko helburuen, antolamenduaren eta funtzionamenduaren berri izatekoa.

d) Esleitzen zaizkion eginkizunetarako prestakuntza jasotzekoa.

e) Taldeko izaeraz eta helburuez kanpoko lanak egitera ez bidaltzekoa.

f) Zerbitzu-egintzan gertatzen ahal zaizkion istripuen arriskuaren aurkako asegurua izatekoa, suhiltzaile profesionalen baldintza berdinetan.

g) Bere eginkizunak betetzearen ondoriozko erantzukizun zibila estaltzeko asegurua izatekoa.

h) Esleitzen zaion lana betetzeko behar dituen baliabideak jasotzekoa.

i) Bere lanak sortzen dizkion gastuak eta kalte-ordainak jasotzekoa. j) Lanean aritzeko dagokion kredentziala lortzeko eta taldean parte hartzearen ziurtagiria jasotzekoa.

6. Suhiltzaile boluntarioek betebehar hauek dituzte:

a) Dagokien lana ahal duten ardura handienarekin egitea, taldeko adierazgarri eta kreditazioak behar bezala erabiltzea eta beren eskura jartzen diren baliabideak egoki erabiltzea.

b) Taldeko helburuak, xedeak eta funtzionamendu arauak eta ematen zaizkien aginduak onartzea.

c) Larrialdietan, babes zibileko planak abian jartzen direnetan edo simulazioak egiten direnetan agintari eskudunek deia eginda ahalik eta lasterren agertzea, lan arrazoiengatik edo behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa duenean izan ezik.

d) Jakiten dituzten larrialdi guztien berri ematea larrialdiak kudeatzeko zentroari.

e) Babes zibileko agintariek proposatzen dizkieten prestakuntza jarduera guztietan modu aktiboan parte hartzea.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Enpresako suhiltzaileak

1. Foru lege honen ondorioetarako, enpresako suhiltzaileak izanen dira enpresa publiko edo pribatuetan prebentzio, su-itzaltze eta autobabeserako lanetan ari diren langile espezializatuak. Enpresako suhiltzaileek Nafarroako Segurtasun Eskolak emandako kreditazioa eduki beharko dute.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek suhiltzaileen eta/edo autobabeserako taldeak dituzten enpresekin hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte su-itzaltze eta salbamendu lanetan elkarri laguntza emateko.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Toki entitateek suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzua eman beharraz salbuestea

1. Toki araubideko legeen arabera, bakarka edo elkartuta suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzua eman beharra duten 20.000 biztanletik gorako udalerriek zerbitzu hori eman beharraz salbuesteko dispentsa eskatzen ahalko diote Nafarroako Gobernuari, betebehar hori ezinezkoa edo oso zaila gertatzen zaienean.

2. Aurreko atalean aipatutako dispentsaz gainera, suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako zerbitzua emateari begira, udalerri horiek indarreko legeetan ezarrita dauden beste lankidetza eta laguntza bide batzuk erabil ditzakete.

3. Toki araubideko legediaren arabera suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako zerbitzua eman beharrik ez duten edo aipatutako dispentsa hori duten udalerrietan, babes zibilaren arloko eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko departamentuak bermatu beharko du zerbitzu hori. 4. 20.000 biztanletik gorako udalen batek ez badu suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzurik egiten, 1. atalean aipatutako dispentsa eman ez bazaio edo xedapen gehigarri honen 2. atalean aipatutako lankidetza bideren bat aukeratu ez badu, Foru Komunitateko administrazioari dagokio zerbitzu hori udalerrian ematea subsidiarioki, Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren bitartez. Horrelakoetan, Nafarroako Gobernuak, ukitutako udalari entzunaldia eman ondoren, finkatuko du udalak zenbateko ekarpen ekonomikoa egin behar duen zerbitzu hori finantzatzeko.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Iruñeko Udaleko suhiltzaile zerbitzuaren transferentzia

1. Iruñeko Udalak erabakiko du zer egin bere suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuarekin: bere horretan utzi ala Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenean integratu.

2. Aurreko atalean aipatutako integrazioa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatu beharreko integrazio hitzarmenaren bidez eginen da.

3. Integrazio hitzarmenean honako hauek ezarri beharko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak bere gain hartuko dituen eginkizunak.

b) Horretara transferitzen diren langileen zerrenda.

c) Langileak homologatzeko irizpideak.

d) Eskualdatzen diren ondasunen zerrenda.

e) Udalak urtero egin behar duen diru-ekarpena finantzaketan proportzionaltasunez laguntzeko eta, hala badagokio, gaurkotze formula.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Suhiltzaileen eta polizien deialdietan parte hartzeko baldintzen harmonizazioa

Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuko suhiltzaile izateko eta Nafarroako polizia kidegoetako polizia edo agente izateko baldintzak harmonizatzeko, beharrezkoa da Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legeko 32.1 artikulua aldatzea (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen foru lege horren testu bategina). Honela geldituko da artikulu hori:

"1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izateko hautaprobetan onartua izateko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta deialdian ezarritako adina ez gainditzea.

c) Kargurako eskatzen den titulu edo lanbidea izatea. Hala ere, polizia edo agente lanpostuan sartzeko hautaprobetarako nahiko izanen da eskola- graduatua, lehen mailako lanbide-heziketa edo baliokidea izatea, halako moduz non, 35. artikuluan aipatutako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, maila horretako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan ere.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta ez egotea erregelamenduz ezarriko den baztertzeko arrazoi medikoen taulan.

e) Deialdian ezartzen den gutxieneko garaiera izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Deialdian aipatzen den ibilgailu mota gidatzeko baimena edukitzea."

LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA

Babes zibileko planen egokitzapena

1. Foru lege honek indarra hartu aurretik prestatutako babes zibileko planak foru lege honetan ezartzen denari egokitu beharko zaizkio, legeak indarra hartu eta bi urteko epean.

2. Jarduera arriskutsuen katalogoan sartuta dauden jarduera, zentro, leku edo instalazioetako titularrek, irekitzeko lizentzia edo funtzionamendu baimena baldin badute betiere, lege honek indarra hartu eta hiru urteko epea izanen dute 15. artikuluan adierazitako autobabeserako plana administrazio eskudunean aurkezteko.

Aurreko lerrokadan aipatutako planak onetsi eta hiru hilabeteko epean ezarri beharko dira, edo planean zehazki adierazten den epean.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Enpresako suhiltzaileen kreditazioak

Foru lege honek indarra hartzen duenean enpresa publiko edo pribatuetan aritzen diren enpresako suhiltzaileei, bost urteko antzinatasuna badute, ez zaie eskatuko foru lege honen hirugarren xedapen gehigarrian adierazi den kreditazioa, Nafarroako Segurtasun Eskolak eman beharrekoa. Antzinatasun txikiagoa dutenek hemezortzi hilabeteko epea izanen dute kreditazio hori lortzeko."

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzeak

Indarrik gabe uzten dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren hamabosgarren xedapen gehigarria, Zenbait zerga aldatzeari buruzko urriaren 20ko 12/1992 Foru Legearen 9. artikulua eta foru lege honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Erregelamenduak emateko baimena

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamendu guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Aurrekontu baimena

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan babes zibileko eta su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuak zuzenean kudeatzeko erakunde autonomo bat sortuz gero, behar diren kontusailak sortu eta handitzeko, sortzen diren gastuak egoki aplika daitezen.

Horren finantzaketa, betiere, aurrekontuetan "Su-itzaltze eta salbamendua" eta "Babes zibila" izena duten programen kargura eginen da.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra