Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzkoa

2000-07-03

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2000/7/7, 82. zk.

4/2000 FORU LEGEA, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzkoa

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioak, eta gure kasuan Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak ere, herritarrei aitortzen dizkien eskubideak eta libertateak defendatzeko hainbat instituzio publiko daude gure antolamendu juridikoan; horien artean, arartekoa.

Konstituzioak horretarako aukera ematen duenez, Espainiako autonomia erkidego ugarik sortu dute instituzio hori, autonomia erkidegoaren administrazioaren jarduera, toki administrazioarena, eta horien ente eta enpresa publiko zein menpekoena behatzeko; halaber, 1978ko Konstituzioko lehen tituluan ezarritako eskubideak hobeki babesteko ere sortu dute instituzio hori.

Nafarroako Foru Komunitateak badu eskumenik instituzio hori -arartekoa, alegia- sortzeko eta arautzeko, Konstituzioa buru duen egungo antolamendu juridikoak, eta bereziki, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49-1. artikuluak, gure Karta Magnaren 148.1, 1. artikuluarekin bat, horrela aitortzen baitio. Instituzio horrek harreman zuzena izanen du Nafarroako Parlamentuarekin; eginkizun propioak edukiko ditu eta koordinatu eginen ditu Gorte Nagusiek izendatutako arartekoak dauzkan eginkizunekin, horrela ezartzen baitu apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 12. artikuluak.

Gainera, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi du jurisprudentziaren aldetik, autogobernurako erakundeak arautzeko ahalmenak horiek sortu ahal izatea ere barneratzen duela, estatutuaren arauetan halakorik berariaz jasoko ez balitz ere (gure kasuan, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan).

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak behatu eginen du Nafarroako Foru Komunitatearen jarduera, toki administrazioarena eta baita horien eragileena ere; beraz, arartekoak, bere kabuz edo norbaitek hala eskaturik, administrazio publikoen egintza edo ebazpenak argitzea helburu duen edozein ikerketa hasi eta horrekin jarraitu ahalko du. Berezko pertsonek nahiz pertsona juridikoek, inongo mugarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarengana jo ahalko dute eta parte har dezala eskatu egintza, ebazpen eta jokabide jakin batzuk argitzen, horiek pertsona bat edo pertsona talde bat kaltetu dutenean eta Nafarroako Foru edo Toki administrazioan eman direnean.

Figura hau herritarrengandik gertu dagoen erakundea da, doanekoa, arina, eta kontrol-prozeduraren malgutasuna, ikerketa-metodoak eta arazoak ebazteko sistemak ditu ezaugarri nagusi.

Azken batean, legezkotasun printzipioak eta administrazio jarduketa arautzen dutenak aplikatuz, arartekoa Administrazioa iristen ez den alorretara irits daiteke, herritarren mesederako, eta bereziki, babesgabeenen alde. I. TITULUA

Estatutua

1. KAPITULUA

Izaera eta hautatzea

1. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatuko du Nafarroako Parlamentuak. Herritarrak Administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea izango du eginkizun nagusi.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak Foru lege honek ezarritako eginkizunak beteko ditu; eginkizun horiek Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin koordinatuko ditu, legeria orokorrari jarraituz, eta lagundu eginen du ararteko hura, hark hala eskatuz gero; halaber, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak laguntza eskatuko ahalko dio Gorte Nagusiek izendatutako arartekoari.

3. Horretarako, eta foru lege honek ezartzen dizkion eginkizunak betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ondoko hauen administrazio jarduera ikuskatu ahalko du: Foru Komunitateko Administrazioarena, Nafarroako Parlamentuko organoena eta Parlamentuak berak sortutako erakundeetako organoena; Nafarroako toki administrazioarena, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Nafarroari eskumenak aitortzen dizkion gaiei dagokien orotan; eta halaber nortasun juridikoa duten haren ente eta enpresa publiko zein menpekoena begiratuko du.

Halaber, administrazio kontzesio bidez pertsona fisiko edo juridikoak kudeatutako zerbitzuak ere begiratu ahalko ditu eta, oro har, edozein erakunde edo entitate, pertsona juridiko edo pribatu, baldin eta zerbitzu publiko batean diharduela, nolabaiteko administrazio kontrol edo tutoretza egiten badiote, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Nafarroako Foru Komunitateari eskumenak ematen dizkion gai orotan.

2. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuak hautatuko du; sei urterako, hain zuzen. Arartekoak Parlamentura jotzen badu, Parlamentuko Lehendakariaren bidez eginen du.

2. Foru Araubide Batzordea arduratuko da -Parlamentuko Erregelamenduaren 58. artikuluak arautzen du batzorde hori- Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarekin harremanak izateaz, eta, halaber, batzorde horren ardura izanen da Osoko Bilkurari behar diren guztiak jakinaraztea.

3. Arestian aipatutako batzordeak, bere kideen hiru bostenen aldeko botoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izateko hautagaia proposatuko dio Biltzarraren Osoko Bilkurari.

4. Hautagaia edo hautagaiak proposatu, eta Osoko Bilkura deituko da hamabost egunen buruan, gutxienez, bil dadin eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa hauta dezan. Parlamentarioen botoen hiru bostenen gehiengoa nork lortu, hura izendatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko ararteko. 5. Adierazi den gehiengo hori lortzen ez bada, batzordea berriz bilduko da, gehienez ere hilabeteko epean, proposamen berriak egiteko.

6. Artikulu honetako 4. idatz-zatian lortutako gehiengoa lortuz gero, hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izendatuko da.

3. artikulua. Eskubide zibil eta politiko osoak dituen edozein pertsona hautatu ahalko da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa izateko, eta, betiere, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 5. artikuluaren araberako nafartasun politikoa badu.

4. artikulua. 1. Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak bere sinaduraren bidez Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren izendatzea egiaztatuko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak Parlamentuko Mahaiaren aurrean hartuko du karguaren jabetza, eta, ekitaldi horretan, Nafarroako foru eraentza errespetatu, Espainiako Konstituzioari eta legeei men egin eta kargua zintzo beteko duela zin egin edo hitz emanen du.

2. KAPITULUA

Abantailak eta bateraezintasunak

5. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa ez zaio inongo aginduri lotuko; ez du inongo agintariren jarraibiderik jasoko; eginkizunak autonomiaz beteko ditu eta bere irizpide propioei jarraituz.

6. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ukiezintasun eta inmunitatearen berme- sistema izanen du, eta baita, indarrean dagoen legegintzaldian, orokorrean, arartekoaren antzeko erakunde autonomikoetarako ezarritako babes berezia, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Nafarroako Gorteetako kideentzat zehazki ezarritakoak ere izanen ditu.

7. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa izatea hurrengo hauekin bateraezina da:

a) Herri-hautatze bidezko edozein ordezkaritza.

b) Izendatze libreko edozein kargu politiko.

c) Alderdi politiko bateko kide izatea, edota sindikatu edo enpresario elkarte batekoa.

d) Elkarte edo fundazioren batean zuzendaritza eginkizunak izatea.

e) Edozein administrazio publikotan zerbitzu aktiboan jardutea.

f) Epaile edo fiskal karreran jardutea.

g) Edozein lanbide, jarduera liberal, merkataritza- jarduera edo lan jardueratan aritzea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ezin izanen du inongo propaganda politikorik egin. 3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, baterazintasunik badu, izendatu eta hurrengo hamar egunetan utziko du bateraezintasuna sorrarazten dion kargua, eta, betiere, karguaren jabetza hartu baino lehen utzi beharko du; hala egiten ez badu, izendatzea ez duela onartzen uste izanen da.

4. Bateraezinatasuna karguaz jabetu ondoren sortzen bada, bateraezintasun hori gertatutakoan karguari uko egin diola uste izanen da.

5. Foru Araubide Batzordeak izanen du eskumena, batzordearen botoen hiru bostenen gehiengoarekin, -Parlamentuko Erregelamenduaren 58. artikuluak arautzen du batzorde hori- Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarekin zerikusia izan dezaketen bateraezintasun egoerei buruzko eztabaida edo zalantza oro argitzeko. Batzorde horrek Parlamentuko Osoko Bilkurari aurkeztuko dio txostena.

3. KAPITULUA

Kargu uztea eta ordezkatzea

8. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak hurrengo arrazoi hauetakoren bat dela medio utziko du kargua:

a) Uko egitea. Horren berri berariaz eman beharko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari.

b) Ezarritako epea amaitzea.

c) Heriotza, edo ezintasuna sortzea karguaz jabetu ondoren.

d) Nafarroako Parlamentuak kargutik kentzea, karguan arduragabekeria nabarmenez jarduteagatik.

e) Dolozko delitua dela eta epai irmoz kondenatua izatea.

f) Bateraezintasuna sortzea, karguaz jabetu ondoren.

g) Nafartasun politikoa edo eskubide zibil eta politikoak galtzea.

2. Arartekoaren heriotza, uko egitea, edo kargualdia amaitzea gertatzen denean, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak kargua hutsik dagoela deklaratuko du. Gainerako kasuetan, parlamentarien hiru bostenen gehiengoak erabakiko du zer egin, eztabaidatu eta interesatuari entzun ondoren.

3. Kargua hutsik delarik, Nafarroako Foru Komunitateko ararteko berri bat izendatzeko prozedura hasiko da; prozedura hori hilabete baino lehen abiarazi beharko da.

4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren kargu uztea gertatu, edota hark behin-behineko ezintasuna izanen balu, eta Nafarroako Gorteek beste bat izendatu bitartean, behin-behinekoz, arartekoaren ondokoak beteko ditu haren eginkizunak.

4. KAPITULUA

Arartekoaren ondokoa 9. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ondoko bat izan ahalko du. Arartekoak aldi batez eginkizunak betetzerik ez duenean, edota kargua uzten duenean, eginkizunak ondokoari eskuordetu eta horrek ordezkatuko du.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak izendatu eta kenduko du kargutik ondokoa; betiere, 2.3 artikuluaren 2. lerrokadan aurreikusitakoari jarraikiz eta Foru Araubide Batzordeak onespena eman ondotik.

3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ondokoaren izendatzea eta kargu uztea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4. Nafarroako arartekoaren ondokoari foru lege honetako 3, 6, 7 eta 8. artikuluetan Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarentzat xedatutakoa, azken hau behar denean, aplikatuko zaio.

5. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ezin izanen dizkio ondokoari inola ere eskuordetu zenbait eginkizun: Parlamentuaren, Gobernuaren edo kontseilariekin harremana, edo horien jarduera administratibo hutsaren aurka jardutea.

10. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ondokoak kargua utziko du Parlamentuak izendatutako Nafarroako Foru Komunitateko ararteko berria karguaz jabetzearekin bat.

2. Foru Lege honetako 8.4 artikuluan aipatutakoa gertatzen bada, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren bulegoko aholkulariek beren eginkizunetan jarraituko dute; behin-behineko hutsunea betetzen duen arartekoaren ondokoak ezin izanen ditu aholkulariak kargutik kendu, Biltzarreko Foru Araubide Batzordearen onespenik izan gabe.

II. TITULUA

Eginkizunak eta prozedura

1. KAPITULUA

Eskumenen esparrua

11. artikulua. 1. 3 artikuluan aipatzen diren administrazio publiko eta entitateen jarduera begiratzen ahal du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak; betiere, foru lege honek ezarritako eskumenen esparruan. Apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 12. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin koordinatuko ditu bere eginkizunak, eta, beharrezko denetan, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak laguntza emanen dio Gorte Nagusiek izendatutakoari.

12. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, halaber, bere eginkizunak direla eta, Estatuko arartekoarengana jotzen ahalko du, edota beste autonomia erkidego batzuetako ararteko edo antzeko instituzioengana; horrela, Nafarroako lurralde-esparruaren gaindiko jarduketak koordinatu ahalko dira.

13. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, baldin eta Justizia Administrazioak Foru Komunitatean duen funtzionamenduari buruzko kexak jasotzen baditu, fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari zuzenduko dizkio; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko txostenean espreski aipatzeko.

2. Nolanahi ere, hori egin aurretik, kexa horiek igorri ahal izanen ditu ukitutako organo judizialera, Nafarroako Entzutegira edo Nafarroako Auzitegi Nagusira.

14. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, bere jarduna dela-eta, foru lege honetako 1.3 artikuluan aipatzen diren administrazio publikoetako edozein agintari, eragile edo langileri erantzukizuna eskatu behar zaiola irizten badio, erantzukizun-akzioari ekinen dio bere kabuz, edo organo edo instituzio eskudunera joko du, azken honek dagokion erantzukizuna eska dezan.

2. Babes errekurtsoa edo konstituzio kontrakotasun errekurtsoa jarri behar bada, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak Espainiako arartekoarengana joko du eta eskatuko dio gauzatu ditzala behar diren akzioak.

15. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ahalmenen barruan sartzen dira bai egintzak eta ebazpenak bai eta horien eza ere.

16. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak hauxe egin dezake:

a) 1.3 artikuluak aipatzen dituen entitateen egintza edo jokabideren batek pertsona bat edo pertsona talde bat kaltetu duenean, egintza edo jokabide hori argitzeko ikerketa hasi eta aurrera eraman.

b) Gomendioak zuzendu edo legeak ezarritako agindua gogorarazi organo eskudunei eta administrazio publikoen zerbitzuko langileei; horren helburua da legezkoak edo bidezkoak ez diren egintzak zuzentzen saiatzea edo Administrazioaren zerbitzua hobetzen saiatzea.

c) Legediaren hutsuneak ikusarazi eta gomendioak eman, administrazioaren jarduna eta zerbitzu publikoak behar bezain objektiboak izan daitezen eta herritarren eskubideak modu eraginkorrean berma daitezen. Gomendio horiek Parlamentura igortzen ahalko dira eta baita ere Gobernura, toki entitateetara eta hauek osatzen dituzten edo hauen menpekoak diren entitate edo erakundeetara.

d) Dituen eskumenen esparruan txostenak egin, baldin eta hala eskatzen badiote Parlamentuak edo 1.3 artikuluak aipatzen dituen entitateetako batek.

e) Bere esku dituen bitarteko guztiak erabiliz,eta batez ere komunikabide publikoen bidez, egiten duen lanaren izaera, egiten dituen ikerketak eta urteko txostena zabaldu. Horiek horrela, Foru Komunitatearen jabetzakoak diren komunikabideek Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lekua utzi beharko diote, honi iruditzen zaionean komenigarri dela bai bere eginkizunak hobeto betetzeko bai herritarrek bere jardueraren berri izateko.

17. artikulua. Dituen eginkizunak eta eskumenak zuzen gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bitarteko informal eta helburua arin lortzekoak erabiliko ditu. Horretarako hurrengo hauek egin ahal izanen ditu:

a) Ikuskaketa-bisitak egin 1.3 artikuluak aipatzen dituen organismo eta entitateetara, eta agiriak aztertu edo galdatu, organoak eta administrazio publikoen zerbitzuko langileak entzun eta bidezko jotzen dituen informazioak eskatu. b) Bidezko iruditzen zaizkion ikerketak egin, baldin eta ez badituzte kaltetzen pertsonen eta kontrolpeko entitateen eskubide edo bidezko interesak.

c) Konponbideak lortu, betiere organo eta zerbitzu eskudunekin elkarlanean, eta izan daitezela pertsonen bidezko interesen ahalik eta aldekoenak. Halaber, administrazio-organoak hurrengo printzipio hauetara lotu daitezela lortu: objektibotasunaren printzipioa, eraginkortasunarena, hierarkiarena, deszentralizazioarena, deskonzentrazioarena, koordinazioarena, eta legeari eta zuzenbideari erabat egin behar zaiela men agintzen duen printzipioa.

d) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa behatzen ari den administrazioen zerbitzuko edozein funtzionario edo langileren agerraldia eskatu, ikergaiari buruzko informazioa eman dezaketenean.

2. KAPITULUA

Ikerketa hastea eta ikerketaren edukia

18. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, bere kabuz edo norbaitek hala eskaturik, edozein ikerketa hasi eta horrekin jarraitu ahalko du pertsonekin zerikusia duten egintzak, ez betetzeak edo ebazpenak argitzeko; hain zuzen ere, 1.3 artikuluak aipatzen dituen administrazio publikoen egintzak, ez-betetzeak eta ebazpenak, eta baita horien eragileenak ere. Hori Konstituzioko 103.1 artikuluaren arabera eginen da, eta Konstituzioko I. tituluak aitortutako eskubideak eta libertateak babesteko.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ahalmenen barruan sartzen dira gobernukideen administrazio-jarduera eta, baita ere, administrazio-agintari, funtzionario edo foru lege honetako 1.3 artikuluak aipatzen duen edozein Administrazio Publikoetako zerbitzuko guztiena.

19. artikulua. 1. Berezko pertsonek nahiz pertsona juridikoek, inongo mugarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarengana jo ahalko dute. Ez dira horretarako oztopo izanen nazionalitatea, egoitza edo auzotartasun zibila edo administratiboa, sexua, arraza, adingabekotasuna, herritarraren lege-gaitasuna, espetxean edo beste nonbait sartuta egotea edo administrazio edo botere publiko batekiko lotura berezia edo haren menpeko izatea.

2. Parlamentariek -zein bere aldetik-, ikerketa batzordeek eta Foru Araubide Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren esku-hartzea eskatu ahalko dute, idatzi arrazoituaren bidez, 1.3 artikuluak aipatzen duen edozein Administrazio Publikoan gertatutako jarrera, ebazpen eta egintza jakinak argitu eta iker ditzan, baldin eta bere eskumenen esparruan pertsona bati zein pertsona talde bati eragiten badiote.

3. Administrazio-agintariek ezin izanen dute kexarik aurkeztu Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren aurrean, baldin eta dituzten eskumenei dagokiena bada.

20. artikulua. 1. Nahiz eta Nafarroako Parlamentua bilduta ez egon, edo Parlamentuaren agintaldia bukatuta egon, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna ez da etengo.

2. Horrelakoetan, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak Parlamentuko Batzorde Iraunkorrera joko du. 3. Salbuespen-egoera edo setio-egoerak ez du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna etengo, ezta herritarrek arartekoarengana jotzeko duten eskubidea ere; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izanen Konstituzioaren 55. artikuluak xedatutakoa ezartzeko.

3. KAPITULUA

Kexak izapidatzea

21. artikulua. 1. Kexa guztiak interesatuak sinatuta aurkeztuko dira, eta zio eta guztizko idatzi baten bidez, izen-deiturak, helbidea eta Nortasun Agiri Nazionala edo, dagokionean, identifikazio agiria adieraziko ditu, paper arruntean eta kexaren oinarri diren egitateak ezagutu eta, gehienez ere, urtebeteko epean.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduketa guztiak dohainik izanen dira interesatuarentzat, eta ez da aginduzkoa izanen legelari edo prokuradore baten laguntza. Kexa guztiei buruzko jasoagiri bat emanen da.

22. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko ararteko edo haren ondokoak edo aholkulari edo kolaboratzaileek eta edozein pertsonak izaniko gutun trukean eta era guztietako komunikazioetan ezin izanen da inolako kontrolik, entzuketarik, zentsurarik egin ezta horietan interferentziarik egin ere, legeri orokorrean aurreikusitako moduan.

2. Aurreko kasuan sarturik daude atxilotuta, edo zentroren batean sartuta edo haren zaintzapean daudenek igorritako komunikazioak.

23. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak erregistratu eginen ditu aurkeztu zaizkion kexak, eta tramitatu edo atzera botako ditu. Azken kasu horretan, idazki arrazoitu bat eman beharko du, eta interesatuari informazioa eman ahalko dio, zein diren biderik egokienak bere egintza gauzatzeko, baldin eta halakorik badela uste badu; interesatuak, jakina, bidezko iruditzen zaizkionak erabili ahalko ditu.

2. Epai irmoa jaso duten edo ebazpen judizialaren zain dauden kexak banan-banan aztertzen ez da hasiko Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa, eta azterketa eten eginen du, baldin eta kexak aztertzen hasi ondoren interesatu batek salaketa, kereila, demanda edo errekurtso bat aurkezten badu auzitegi arruntetan, edo horietan autoak irekitzen badira.

Zernahi dela, horrek ez du eragotziko agertutako kexetan aurkeztu arazo orokorrak ikertzea. Beti ere, Foru Administrazioari zuzendutako eskaerak eta errekurtsoak hark, behar den denboran eta moduan, berariaz ebaz ditzan zainduko du arartekoak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak izengabeko kexak baztertu eginen ditu. Beste batzuk ere baztertu ahal izanen ditu, ohartzen bada asmo txarrez egindakoak edo oinarririk gabekoak direla edo ezer ez dela eskatzen; orobat, kexaren tramitazioak besteren baten bidezko eskubidea kaltetzen badu, edo kexa egiteko herritarrak administraziora jo ez badu. Erabaki horren kontra ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu. Kexatzen den pertsonaren izena isilpean gordeko da, kasu guztietan.

24. artikulua. 1. Kexa onartu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bidezko ikerketa labur eta informala bultzatuko du, kexaren suposamenduak argitzeko. Kasu guztietan, eskabidearen edukiaren berri emanen dio dagokion erakunde edo sail administratiboari, haren buruak, edo haren gaineko batek, txosten idatzi, deklarazio edo dokumentazioa igor dezan, hamabost egun balioduneko epean. Epe hori zabaldu egin ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren iritziz inguruabarrek hala eskatzen badute.

2. Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien gainekoek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu eginen du.

3. Gauza bera gertatuko da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin.

25. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak partikularrak etorrarazten dituenean informatzera, horiek izandako gastuak edo kalte materialak direla-eta, konpentsazioa jasoko dute arartekoaren aurrekontuaren kargura, behar bezala frogatu ondoren.

4. KAPITULUA

Laguntza eman beharra

26. artikulua. 1. Foru Komunitateko botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan.

2. Kexa bat ikertu eta egiaztatzeko aldian edo arartekoak bere kabuz hasitako espedientean, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa, haren ondokoa edo haiek eskuordetutako pertsona joan ahal izanen dira 1.3 artikuluan aipatzen diren Administrazio Publikoen edozein egoitzatara, eta baita haien mendekoen edo zerbitzu publiko bati atxikitakoen edozein egoitzatara, behar beste datu egiaztatzera, banakako elkarrizketak egitera edo beharrezko diren espedienteak eta dokumentazioa aztertzera.

3. Aurreko horri dagokionez, ezin izanen zaio ukatu espediente zein dokumentazio administratiborik edo ikergai den xedearekin lotutakorik.

27. artikulua. 1. Baldin eta ikertu nahi den kexa Administrazio Publikoetako zerbitzuko langilleen jokabideari eta betetzen duten eginkizunari buruzkoa balitz, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak horren berri emanen lioke ukitutakoari eta bere zuzeneko nagusiari edo, ukitua zer erakunderen mendekoa den, erakunde hari.

2. Ukituak idatziz erantzunen du, eta egoki juzkatzen dituen dokumentu eta testigantza guztiak ekarriko ditu, ezartzen zaion epean. Epe hori sekula ere ez da izanen hamar egun baliodunekoa baino gutxiagokoa, eta hasieran emandako epearen erdia gehi dakioke, alde batek hala eskatzen badu.

3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak aurreko idatz-zatian aipatzen diren dokumentu eta testigantza horien egiazkotasuna konprobatu ahal izanen du, eta ukitutako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei datu, agiri edo testigantza gehiago emateko elkarrizketa bat proposatu ahal izanen die. Laguntza emateari uko egiten diotenei edo laguntza ematen ez dutenei, arartekoak eskatu ahal izanen die idatziz azaltzeko erabaki hori justifikatzen duten arrazoiak.

4. Ikerketa prozesuan, Administrazio Publikoen zerbitzuko langilea den batek testigantzaren bidez ematen duen informazioa isilpekoa izanen da; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izanen delitu izan daitezkeen egitateen salaketari buruz Judiziamendu Kriminalari buruzko Legeak xedatutakoa ezartzeko.

5. Ikergai den egintza, ez egite, jokabide edo zerbitzuarekin zerikusirik ez duten partikularrei eta erakundeei inolako berririk eman gabe burutuko dira Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ikerketa (honek iraun bitartean) eta prozedura-tramiteak.

28. artikulua. Nagusi hierarkiko edo organismoren batek bere agintepeko edo zerbitzuko funtzionarioari edo kontratupekoari debekatzen badio Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren eskaerari erantzutea edo harekin hizketan aritzea, funtzionarioari eta arartekoari berari bidalitako zio eta guztizko idatziaz adierazi beharko du hori. Ordutik aurrera, arartekoak behar dituen ikerketa- jarduketak aipatu nagusi hierarkikoaren bitartez eginen ditu.

29. artikulua. 1. Indarrean dagoen legediari jarraiki, agiri bat edo informazio bat sekretu ofizial gisara kalifikatzen bada ere, horrek ez du eragotziko, hala behar bada, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak hura ezagutzea eskatu ahal izatea, betiere legeak ezartzen duen bezala.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, Gobernuak, erabaki arrazoitu baten bidez, ukatu ahal izanen dio Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari informazio edo dokumentazio hori begiratzea. Arartekoak uste badu ikerketa behar bezala egiteko informazio edo agiri hori ezagutzea funtsezkoa dela, Parlamentuari edo organo edo erakunde eskudunari eman ahalko dio gobernu- erabakiaren berri.

3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak edo haren mendeko langileek egindako ikerketak, betiere, gordean eginen dira; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen arartekoaren ustez Nafarroako Gorteetarako txostenetan egoki diren azalpenak sartzeko, betiere legea betez.

5. KAPITULUA

Agintarien eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen erantzukizuna

30. artikulua. Egindako jarduketek agerian uzten dutenean kexaren sorburua Administrazio Publikoen zerbitzuko langilea den pertsona baten abusua, bidegabekeria, bazterkeria, errakuntza, arduragabekeria edo ez egitea izan dela, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ukitutakoarengana jo dezake gaiaren inguruan duen iritzia azal dezan. Egun berean, idatzi horren berdina igorriko dio funtzionarioaren nagusi hierarkikoari edo menpean duen erakundeari, egoki irizten dituen oharrak, iradokizunak eta abar azalduz.

31. artikulua. 1. Administrazio Publikoetako zerbitzuko edozein organismok edo pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ikerketei kontra edo oztopo egiteari eusten badio, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak txosten berezi bat egin dezake horri buruz, urteko txostenean dagokion atalean hori azpimarratzeaz gain. 2. Horretaz gain, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere ebazpenak ez betetzeari eusten diotenak edo bere jarduera oztopatzen dutenak nor diren esan ahalko du, guztiaren berri eman ondoren erantzule den agintari gorenari.

32. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, karguaren eginkizunak betetzeagatik, delitu izan daitezkeen jokaera edo egitateen berri izaten duenean, berehala jakinaraziko dizkio fiskaltzari.

2. Nafarroako Auzitegi Nagusiko fiskalen buruak, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak eskaturik hasitako jarduketen tramitazioa zertan den jakinarazi ahalko dio, arartekoak hala eskatzen duenean.

III. TITULUA

Ebazpenak

1. KAPITULUA

Edukia

33. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, nahiz eta Administrazioaren egintzak edo ebazpenak aldatu edo baliogabetzeko eskumenik ez izan, egintza eta ebazpenak sortzean erabilitako irizpideak aldatzeko eskatzen ahal du.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren esku-hartzeak ez du inoiz ere epeen iragaitea etenen.

2. Egindako ikerketen ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa ziur badago araua zorrotz aplikatzeak justiziaren aurkako edo herritarren kalterako egoerak sor ditzakeela, organo legegile eskudunari edo Administrazioari hura aldatzeko eskatu ahal izanen dio.

3. Administrazio-egintza batek partikular bat zerbitzuak egiteko gaitu, eta zerbitzu horiek ematean gertatzen badira jarduketak, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak administrazio-agintari eskudunak premiatzen ahal ditu, beren ikuskatzailetza eta zehapen eskumenak erabil ditzaten.

34. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, egiten dituen ikerketak direla eta, oharpenak, gomendioak, lege-betebeharren gogorarazpenak eta neurri berriak hartzeko iradokizunak egin ahal izanen dizkie Administrazio Publikoen zerbitzuko agintariei eta funtzionarioei.

2. Behin gomendioak egin ondoren, ukitutako agintari administratiboak bi hilabeteko epe batean neurri egokirik hartzen ez badu ildo horretan, edo Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari ez badio ematen neurri horiek ez hartzeko arrazoien berri, arartekoak gai horren aurrekariak eta aurkeztutako gomendioak, oharpenak, gogorarazpenak edo iradokizunak jakinarazi ahal izanen dizkio ukitutako administrazioaren agintari gorenari. Hala jokatuta ere justifikazioa lortzen ez badu, gai hori urteko txostenean edo txosten berezian sartuko du, jarrera hori izan duten agintarien edo Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen izenen berariazko aipamenarekin, eta betiere arartekoaren iritziz konponbide positiboa izan zezaketen eta konponbide hori lortu ez den kasuen artean.

2. KAPITULUA Jakinarazpenak eta komunikazioak

35. artikulua. 1. Egindako ikerketa eta kudeaketen emaitzen berri emanen dio Nafarroako arartekoak interesa duen alderdiari, baita inplikatutako administrazioak edo bere zerbitzuko langileek emandako erantzunaren berri ere.

2. Arartekoaren esku-hartzea foru lege honetako 19. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera hasi denean, arartekoak lortutako emaitzen berri emanen dio eskaera egin duen foru parlamentariari edo batzorde eskudunari, behin ikerketak bukatuta. Era berean, esku ez hartzea erabakitzen duenean, horren arrazoien berri eman beharko du.

3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak egindako ikerketen emaitza positibo edo negatiboaren berri emanen dio ukitutako agintari, funtzionario edo kontratatuari edo bulego administratiboari.

4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren erabakien aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu.

IV. TITULUA

Parlamentuarekiko harremanak

1. KAPITULUA

Nafarroako Parlamentuarentzako txostena

36. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak urtero emanen dio egindako kudeaketei buruzko txostena Nafarroako Parlamentuari; ohiko bilkuraldian aurkeztu beharko dio txosten hori.

2. Egitateen larritasunak, garrantziak edo presak horretarako bide ematen dutenean, ezohiko txosten bat edo txosten monografiko bat aurkeztu ahalko dio Parlamentuko Batzorde Iraunkorrari, Parlamentua bildurik ez badago.

3. Urteko txostenak eta, halakorik bada, ezohiko txostenak edo txosten monografikoak "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko dira.

37. artikulua. 1. Urteko txostenean, aurkeztutako kexen kopurua eta motak, eta horietatik zenbat utzi diren alde batera eta zergatik azalduko du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, baita zenbat gai ikertu diren eta ikerketa horien emaitzak ere; gainera, Administrazioak onartu dituen ohar, iradokizun, gogorarazpenak edo gomendioak zehaztuko dira..

2. Txostenean ez da emanen ikerketa-prozeduran interesa dutenen datu pertsonalik haiek nor diren ezagutzera ez emateko; hala ere, hori ez da eragozpen izanen 34. artikuluan xedatutakoa ezartzeko.

3. Txostenak eranskin bat ere izanen du. Eranskinaren hartzailea Nafarroako Parlamentua izanen da. Eranskin horretan, erakundearen dagokion aldiko aurrekontuaren likidazioa agertuko da.

4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak txostenaren laburpen bat azalduko du, ahoz, Parlamentuan; ondoren, Parlamentuko taldeek parte hartu ahal izanen dute beren jarrera azaltzearren. V. TITULUA

Arartekoarekiko harremanak

1. KAPITULUA

Autonomia eta lankidetza

38. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak modu independiente eta autonomoan funtzionatuko du Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekiko, eta 1.3 artikuluan aipatzen diren erakundeen, organismoen eta entitateen inguruko ikerketa-ahalmenak erabiltzea dagokio; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izanen apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 12. artikuluari jarraiki arartekoak izaten ahal dituen ahalmenak izan ditzan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak hitzarmenak egin ahal izanen ditu Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin, elkarrekin eginen dituzten jarduketetarako irizpideak finkatzeko, bi erakundeen arteko koordinazioa, lankidetza eta elkarlana gauzatzearren.

3. Egiten dituzten hitzarmen orokorren berri emanen zaio Nafarroako Parlamentuari, haien berri izan eta ones ditzan. Hitzarmenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

39. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa, bere kabuz edo norbaitek hala eskaturik, arartekoari zuzendu ahal izanen zaio, arrazoiturik, hark, bidezkotzat jotzen duenean, herritarren interesak defendatzearren jarduketa hauetakoren bat egin dezan:

a) Konstituziokontrakotasun errekurtsoa edo babes errekurtsoa jarri edo erabili.

b) Estatuko Administrazioari gomendioak edo iradokizunak zuzendu, baldin eta 1.3 artikuluan aipatzen diren organo eta entitateen funtzionamendu akatsak Estatuko Administrazioaren funtzionamendu akatsetatik sortzen direnean edo Estatuaren eskumeneko arauetatik eratorriak direnean.

VI. TITULUA

Giza-baliabideak eta baliabide materialak

1. KAPITULUA

Langileak

40. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak askatasunez izendatu eta kargutik kenduko ditu bere eginkizunak betetzeko behar dituen aholkulariak eta konfiantzazko langileak, Erregelamenduari jarraiki, eta duen aurrekontuaren mugen barruan. Horiek, Nafarroako Parlamentuko konfiantzazko langileen araubideari lotuko zaizkio.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren gainerako langileak Nafarroako Gorteen plantillako langileak izanen dira, eta haien esku egonen da destinoa ematea, diziplina-ahalmena -zerbitzutik kentzea izan ezik- eta lan kontratatu edo funtzionario egoerari dagozkion gainerako egintzak. 41. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren zerbitzuko langileak, izendapen librekoak, Foru Komunitatearen Administraziotik edo Nafarroako Toki Enteetatik datozenean, zerbitzu horiei atxiki aurretik zuten lanpostua eta destinoa gorde eginen zaizkie, eta egoera horretan iragandako denbora kontuan hartuko zaie ondorio guztietarako.

2. Langileak beste administrazio publiko edo entitate batzuetatik datozenean, aurrekoak ez beste batzuetatik, aplikatzekoa den legediak xedatuaren arabera jokatuko da.

42. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren bulegoari atxikitako aholkulariek eta laguntzaileek eta Nafarroako Gorteetako plantillakoak ez diren langileek kargua utziko dute Nafarroako Foru Komunitateko ararteko berriak kargua hartzen duen unean bertan.

2. KAPITULUA

Baliabide materialak

43. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere aurrekontuaren aurreproiektua eginen du, eta Parlamentuko Aurrekontuaren proiektua arautzen duten arauei jarraiki tramitatuko da.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren dotazio ekonomikoa Nafarroako Parlamentuaren Aurrekontuko kontusail bat izanen da.

44. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa kontabilitaterako, kontuhartzailetzarako, gastuak baimentzeko, kontrataziorako eta ondasun eta eskubideak eskuratzeko Nafarroako Parlamentuak horretarako duen araubide beraren mendean egonen da.

45. artikulua. Partikularrek 25. artikuluan xedatutakoaren arabera izandako gastuei edo kalte materialei aurre egiteko, kontusail bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoren aurrekontuan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak proposaturik, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak onetsiko du erakunde honen antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua, bai eta aurrerago eginen zaizkion aldaketak ere.

Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartu eta ondorengo lau hilabeteen barruan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa izendatzeko prozedura hasiko du.

Hirugarrena.-Foru lege honek indarra hartu eta bost urte igarota, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak arrazoitutako txosten batean egin beharreko aldaketak oro proposatu ahalko dizkio Nafarroako Parlamentuari.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Kexen iturburua Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak jabetza hartu baino urtebete lehenago emandako administrazio-egintza bat bada edo, administrazioaren isiltasuna izan denean, jabetza hartu baino urtebete lehenago igaro baldin bada epea, kexak horiek ez dira aintzat hartuko; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen arartekoak bere kabuz ikerketa bat hasi ahal izateko, kexaren kausa Administrazioaren funtzionamendu orokorraren akatsa dela uste izanez gero.

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra